Testuliburuetatik domeinu-modulu eleaniztunak eraikitzen

Irudia: Wikipedia baliatuz, topikoak mapatzen dira beste hizkuntzetako topiko baliokideekin.
Teknologikoki garatutako gizarteetan, hezkuntza elebidunak eta eleaniztunak eragin zuzena izan du, oro har, Informazio eta Komunikazio Teknologietan, eta bereziki Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnetan. Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnak ezinbesteko bihurtu dira hainbat hezkuntza erakundetan. Adibidez, hainbat hezkuntza erakundetan, ezinbesteko bihurtu dira Moodle moduko ikasketa kudeatzeko sistemak eta MOOC (Massive Open Online Courses) gisako plataformak lineako ikastaro ireki masiboak lantzeko.
Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnek domeinu-modulua —hots, ikasi beharreko domeinuaren adierazpen pedagogikoa— behar dute. Domeinu-modulua da Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako edozein tresnaren muina, hark adierazten baitu ikasleek ikasi beharreko ezagutza guztia. Ikasi beharreko topikoak adierazteaz gain, identifikatu behar dira horien arteko erlazio pedagogikoak, ikasketa-saioak nola planifikatu zehazten dutenak, eta ikasteko erabiliko diren hezkuntzarako baliabideak (definizioak, adibideak, ariketak etab.). Domeinu-modulu eleaniztunetan, gainera, topiko bakoitza lotuta dago hizkuntza bakoitzean dagokion izenarekin, hau da, beste hizkuntza horretako bere itzulpenarekin. Hizkuntza desberdinetan parekideak diren baliabide didaktikoen arteko lotura ere kudeatu beharko da.
Azkeneko urte hauetan, berrerabilpena bultzatzeko saiakerak egin dira hezkuntzarako informatikan. Batetik, hezkuntza baliabideak deskribatzeko estandarrak sortu dira. Bestetik, hezkuntzarako baliabide berrerabilgarriak garatu dira. Gero eta ohikoagoak dira ikastaro berriak sortzeko behar diren baliabide pedagogikoak eskaintzen dituzten biltegiak eta horien sareak.
Domeinu-modulua sortzea ez da lan arina, ordea. Are eta zailagoa da, oraindik, domeinu-modulua era automatikoan erauztea testuliburu eta dokumentu elektronikoetatik, eta zer esanik ez domeinu-modulu eleaniztunak erauztea.
Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du LiDom Builder plataforma-informatikoak. Horretarako, Hizkuntzaren Prozesamendurako eta Ikaste Automatikorako teknikekin batera, baliabide eleaniztunak erabiltzen ditu: nagusiena, Wikipedia. Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleaniztuna eta Interneten argitaratua.
LiDom Builder plataforman, hasiera batean, hizkuntza jakin batean idatzitako dokumentu batetik erauziko da domeinu-modulua eta, baliabide eleaniztunak erabiliko dira, gerora, bai topikoak bai baliabide didaktikoak beste hizkuntzetan ere lortzeko. Egun.
Lehen urratsean, LiDom Builderrek ingelesez idatzitako edozein ikaste-domeinutako testuliburu batetik abiatuta, identifikatzen ditu domeinuaren topikoak eta, Wikipedia baliatuz, topiko horiek mapatzen dira beste hizkuntzetako topiko baliokideekin. Bigarren urratsean, topikoen arteko erlazio pedagogikoak erauzten dira. Hauek adieraziko dute, adibidez, ikasle batek topiko bat ikasten hasi aurretik, beste topiko zehatz bat dagoeneko landuta izan behar lukeela edo bi topiko ikuspegi pedagogiko batetik oso gertu daudela eta, beraz, posible litzatekeela biak batera lantzea. Azken urratsean, baliabide didaktikoak erauziko ditu, abiapuntuko testuliburutik ez ezik Wikipedia bezalako ezagutza-baseetatik.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 31
- Artikuluaren izena: Testuliburuetatik domeinu-modulu eleaniztunak eraikitzen
- Laburpena: Lan honetan LiDom Builder tresnaren analisia, diseinua eta ebaluazioa aurkezten dira. Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du LiDom Builderek. Ezagutza eskuratzeko, Hizkuntzaren Prozesamendurako eta Ikaste Automatikorako teknikekin batera, zenbait baliabide eleaniztun erabiltzen ditu, besteak beste, Wikipedia eta WordNet.
- Egileak: Angel Conde, Ana Arruarte, Mikel Larrañaga, Jon A. Elorriaga eta Ruben Urizar.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 117-132
- DOI: 10.1387/ekaia.16284
—————————————————–
Egileez: Angel Conde Ikerlan taldekoa da; Ana Arruarte, Mikel Larrañaga eta Jon A. Elorriaga UPV/EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema informatikoak Sailekoak dira; Ruben Urizar UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailekoa da.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Testuliburuetatik domeinu-modulu eleaniztunak eraikitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
«The Copper Basin 300» lasterketako txakurrak

———————————————————————————————————–
Aurreko atalean ikusi dugun bezala, narra-txakurrak dira erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak. «The Copper Basin 300» izena du narra-txakurrek parte hartzen duten lasterketa horietako batek.
Irudia: “The Copper Basin 300” lasterketan txakurrek 490 km egiten dituzte 70 ordutan.
Txakurrek 490 km-ko distantzia egiten dute, eta lasterketak 70 orduko iraupena du, atsedenak barne. Beraz, 7 km h-1-koa da txakurren batez besteko abiadura. Lasterketa, -35 °C eta -10 °C tartean alda daitezkeen tenperaturetan burutzen da. Era horretako lasterketen artean ez da gogorrena, ez eta gutxiagorik ere, baina ezin esan proba samurra denik ere.
«The Copper Basin 300» lasterketan parte hartzen duten txakurrek egiten duten ahaleginaren erakusle ezin hobeak dira txakurren metabolismoaren parametro nagusiak. Txakurrek, eguneko 47.100 kJ-ko energia-gastua egiten dute lasterketa-egunetan. Kontuan hartzen badugu entrenamendu bera duten baina bizimodu normala duten txakurrek korrika egin gabe eguneko 10.500 kJ gastatzen dutela, berehala ohartzen gara 4’5 bider handiagoa dela lasterka egiteari dagokion gastua.
Energia-gastuari dagozkion horiek bat datoz aurreko atalean eman ditugun narra-txakurren bihotz-funtzioaren datuekin. Korrika egiten ari direnean 300 min-1-ko bihotz-taupada dute eta hori da gutxi gorabehera espero genezakeena, korritzen ez duen txakur baten batez besteko taupada-maiztasuna 70 min-1-ko ingurukoa dela onartzen badugu[1].
Eman ditugun energia-gastuaren datu horiek behar bezala balioztatzeko, azter dezagun kontua beste ikuspegi batetik. Baldintza artikoetan aritzen diren eta jarduera-maila oso altua duten soldaduek 29.800 kJ gastatzen dute eguneko, eta Frantziako Tourrean lehiatzen diren ziklistek 33.000 kJ. Jakina, kirolari horien masa txakurrena baino hiru bider handiagoa da gutxi gora-behera, eta datuak ezin erka daitezke besterik gabe. Egokia den zuzenketa eginez[2] ateratzen diren gastuak hauek dira: 14.000 kJ soldaduena eta 15.000 kJ ziklistena. Narra-txakurrena hiru bider handiagoa da! Harritzeko modukoa, bai, txakur horiek garatzen duten jarduera-maila, horri baitagokio egindako gastua. Hasieran esan bezala, ez dago, seguru asko, narra-txakurrak bezalako ugaztunik.
Oharra:
Lasterketan parte hartu aurretik 3 hilabeteko (1.800 km) entrenamendua egindako txakurrei dagozkie hemen aurkezturiko datuak. Txakurrek, batez beste 24’3 kg pisatzen zuten lasterketa hasi baino lehen eta 23’2 kg, bukatu ondoren. Jana ad libitum eman zitzaien lasterketan zehar, eta eguneko 44.600 kJ-eko energia metabolizagarria barneratu zuten. Kontuak atereaz gero, galdutako pisua (1’1 kg) bat dator, gutxi gorabehera, energia-balantzeari dagozkion datuekin (energia-sarrera = 44.600 kJ d-1 eta energia-gastua: 47.100 kJ d-1).
[1] Lo dauden txakurren maiztasuna 40-60 min-1-koa zen eta ibilian dabiltzanena 80-100 min-1-koa. Pentsatzekoa da bizimodu normala duen txakur baten jarduera-maila bi horien artekoa izango dela.
[2] Animalia handiek txikiek baino energia-gastu handiagoa dute, baina gastua ez da tamaina handitzen den neurri berean handitzen. Gastuaren (r) eta tamainaren (W) arteko harremana ezaguna da eta r1=r2(W1/W2)0’75 ekuazioa erabiliz kalkula daiteke W1 masa duen animalia baten energia-gastua (r1), beste animalia baten masa (W2) eta energia-gastua (r2) ezagunak badira.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post «The Copper Basin 300» lasterketako txakurrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Haurdunaldiko goragale larria bi generekin lotu dute
Umetxo berria etxera heltzear da. Ama edo aita izan diren guztiek ondo dakitenez, une polita bezain konplikatua da hori. Praktikan, amatasun eta aitatasun ikastaro azkarra jasotzen da hilabete horietan, eta besopean ogirik ez baino ordura arte guztiz ezezagunak ziren hitz berriak datoz umearekin batera. Batzuk zinez ederrak dira, baina, tamalez, kezka eragiteko moduko termino asko ere sartzen dira etxeko atetik. Horietako bat haurdunaldiaren hiperemesia da.

1. irudia: Ohikoa da haurdunaldian goragaleak izatea, baina zenbait kasutan ezinegona izatetik benetako arazo izatera igaro daiteke hori, amaren eta haurtxoaren osasunaren kalterako. (Argazkia: Tawny Nina)
Goragaleek eta okek haurdun diren emakumeen %50-80ri eragiten diete, eta bost emakumetatik batek botikak hartzen ditu egoera hori arindu nahian. Zenbait kasutan, baina, sintoma desatsegin horiek arazo larri bilaka daitezke. Medikuek haurdunaldiaren hiperemesia izenarekin ezagutzen dute gaitz hori. Haurdunaldien %0,3-2tan nozitzen da gaixotasuna.
Batez ere goizean goiz izaten dira gorakoak, eta kasurik larrienetan emakumeak ospitalera joan behar du, batez ere gutxienezko elikadura eta hidratazioa bermatu ahal izateko. Baina haurdunaldiari lotutako kasu gehienetan gertatu ohi den modura, ondorioak ez dira soilik amarentzat. Haurdunaldiko hiperemesia izatea ere haurtxoarentzat ere kaltegarria izan daiteke. Besteak beste, erditze goiztiarra, garapen neurologikoaren atzerapena eta K bitamina faltak eragindako enbriopatia eragin ditzake.
Jatorri ezezaguneko gaitza bada ere, orain arte egindako ikerketek erakutsi dute genetikak zeresan handia izan dezakeela gaixotasunaren abiapuntua ulertzeko orduan, zenbait familiatan gaitza bereziki errepikatzen delako. Horregatik, UCLA Los Angeles Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde bat saiatu da gaitzaren jatorria argitzen; genetikara jo dute erantzunen bila. Gaitzaren jatorria guztiz argitu ez badute ere, jomuga zehatza identifikatu dute: hiperemesia GDF15 eta IGFBP7 geneei loturik dagoela argitu dute. Besteak beste, bi gene hauek plazentaren garapena eta jateko gogoa arautzen dituzte. Aurretik jakina da gene horiek ere lotura dutela kakexiarekin, hiperemesiaren antzeko sintomak duen gaitza, eta minbiziak jota dauden lagunei bereziki eragiten diena.
Nature Communications aldizkarian aurkeztu dituzte UCLAko zientzialariek egindako lanaren emaitzak. Bertan diotenez, “goragaleek eta okek prebalentzia handia dute, eta haurdunaldiko hiperemesia gaitz larria da. Hala eta guztiz ere, hamarkadatan zehar egindako ikerketek ezin izan dute identifikatu gaitzaren zioa, eta arlo klinikoan ezin izan da aurkitu ondo egiaztatutako tratamendu ziur eta eraginkor bat”.
Ustezko errudunak, jomuganHalakoetan egin ohi den moduan, gaitza duten eta gaitza ez duten lagunen genomak alderatu dituzte, ezberdintasunik ote zegoen jakiteko. Behin jakinda GDF15 eta IGFBP7 geneetan aldea bazegoela, beste ikerketa batean baieztatu dute hiperemesia jasan duten emakumeengan berezitasun genetiko hori bazegoela.

2. irudia: UCLA Unibertsitateko Marlena Fejzo medikuak gidatu du ikerketa. Behin gaitza eta geneen arteko korrelazioa ikusita, kausalitatea aurkitzea du oraingo erronka. (Argazkia: UCLA)
Ikerketaren egile nagusi Marlena Fejzo-k adierazi duenez, “aspalditik ziurtzat eman da haurdunaldiko hormonak, giza gonadotropina korionikoa edo estrogenoa izan direla muturreko goragaleen eta oken errudunak, baina gure ikerketan ez dugu aurkitu ideia hau berresten duen frogarik”.
Ikerketa honi esker, orain medikuek gaitzari aurre egiteko aukera berriak izango dituzte. Izan ere, eta jatorri genetikora bideratzen zuten zantzuak baziren ere, orain arte ez zegoen argi jatorria psikologikoa ala fisikoa ote zen. Behin lotura genetiko bat aurkituta, gero eta argiago dago jatorri fisikoa duen gaitza dela. Beraz, errazagoa izango da goragaleen kontrako botiken inguruan ikertzea, sintomen arintze hutsetik harago.
Dena dela, eta UCLAk zabaldutako bideo batean aitortu duenez, erronketako bat izango da bi gene horien eta gaitzaren arteko kausalitatea frogatzea. Izan ere, eta hala dirudien arren, berez lotura egoteak ez du halabeharrez esan nahi gene horiek gaitzaren “errudunak” direnik.
Halaber, ohi bezala, kausalitate hori bilatzea ikerketa garatzeko bidea eman dezake. Bilaketa horretan ari direla, ikertzaileek gaitza arintzeko edo guztiz sendatzeko estrategia bat garatu nahi dute. Fejzok berak esan duenez, ikertzaileek ikusi nahi dute orain ez biderik ote duten modu ziur batean haurdunaldian zehar gene horiek kodetzen dituzten proteinen mailak aldatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Marlena S. Fejzo et al. Placenta and appetite genes GDF15 and IGFBP7 are associated with hyperemesis gravidarum. Nature Communications, volume 9, Article number: 1178 (2018). DOI:10.1038/s41467-018-03258-0
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Haurdunaldiko goragale larria bi generekin lotu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure baleak ziren
Garai hartan, baleen arrantzarako akordio bat zuten euskaldunek eta islandiarrek. Euskaldunek bale-arrantzarako gune bat eraiki zuten Mendebaldeko Fiordoetan. Arrantza garaia bukatuta, etxerako bidea hartu zuten euskaldunek, baina ekaitz batek eta izotz-mendiek eraginda, haien hiru itsasontzik lehorrera egin zuten eta kostaldeko arroketan gelditu ziren mugitu ezinik. Euskaldun gehienak onik atera ziren eta etxera itzuli ziren, baina batzuk, bertan gelditu ziren. Hurrengo hilabetean, hor geratu zirenak erail egin zituzten, euskaldunak hiltzea baimentzen zuten legeari jarraiki. Bertako agintariek egin berria zuten lege hori. Euskaldun batek baizik ez zuen biziraun.

1. irudia: XVII. mendeko baleontzi euskalduna.
Islandian, XVII.mendearen hasieran egin ziren balea-arrantzaleen lehenengo aipuak. 1610.ean egin ziren, Mendebaldeko Fiordoen zonaldean, uhartearen ipar mendebaldean. Hala ere, Alex Agular Bartzelonako Unibertsitatekoak eta beste batzuek esan izan dute 1412.eko dokumentuetan aurkitu dutela aipua. Era berean, esaten da 1608.ean hiru balea-arrantzale euskaldun zeudela Strandiren, eta beste bat 1613.ean toki berean. Azken honek lehorrera egin zuen baleen gantza atera ahal izateko. Horixe zen beren merkatu-produktu preziatuena eta “sain” deitzen zioten euskaldunek. 1614.ean, lau itsasontzi iritsi ziren, eta 1615.ean 16 itsasontzi. Azken hauen artean daude hondoratu egin ziren horiek, lehen aipatu ditugunak. Islandiar kronikek diote itsasontzi horietan Martinus de Billa de Franca, Pedro de Aguirre eta Stephan de Telleria ziren kapitain. Lehorrera iritsi ziren 82 marineletatik, 13 erail zituzten gaua igarotzen ari zirela. Beste 18 hil ziren tokiko biztanleek beraien aurka egin zuten kanpainan, beti ere Ari Magnusson bertako gobernadoreak eraginda.
Hurrengo hamar urteetan, ez zen bale-arrantzale atzerritarren aipurik egin. Geroago, badaude noizean behinkako aipuak XVIII. mendea hasi arte. 1712.ean idatzizko aipuak egin ziren azkeneko aldiz, eta geroago, Islandiako agintariek debekatu egin zuten aipuak egitea. Hala ere, urte horietan oso estua izan zen islandiarren eta euskaldunen arteko harremana, zeren eta hiru euskara/islandiera glosario egin baitziren XVII-XVIII mendeetan. Hainbat adituk aztertu dituzte glosarioak eta haien artean badago Viola Giulia Miglio, Californiako (Santa Barbara) Unibertsitatekoa bera. Glosarioak Reykjaviken daude zenbait fitxategitan.
Baleek eta gizakiek aspalditik izan dituzten harremanak. Izan ere, duela 6.000-8.000 urteko arroketan aurkitu dira horren inguruko irudiak Alaskan, eta 9.000-10.000 urteko arroketan Norvegian. Euskal Herrian duela 13.000 urteko balea-arpoi aurkitu dira Lekeitioko Lumentxa kobazuloan.
Marc Pétillonek (Tolosako Unibertsitatea) dio Pirinioetako ipar isurialdean bazeudela orain 13.000-15.000 urte balea-hezurren industria bat, armak eta tresnak ekoizten zituena. Batez ere tamaina handiko lantzen puntak egiten zituzten. Isturitzen (Iparralde) aurkitutako gauzen irudiak plazaratu zituen, industria-arrastoen proba gisa. Proba zaharrena izango litzateke hura. Tresna gehiago aurkitu zituen Pirinioetako ipar aldean, ekialdetik mendebaldera. Atlantikoko jatorria zuten hezur horiek beti ere.

2. irudia: Balea-hezurrez egindako gauzak, Pétillonek deskribatuak.
Tresna horietako batzuk, gutxienez 350 km mugitu zituzten beren egileek, aurkitu diren tokiraino. Haietako batzuek 17.000 bat urte izango dituzte. Ez dira ordea aurkitu tresna horiek egin zituzten tokiak, eta ez dakigu era berean, balea arrantzatuak ala berez lehorreratuak izan ote zituzten. Edonola, tresna kopuruak eta distantziak kontuan hartuta, ez dirudi baleak noizean behinka edo ustekabean lortzen zituztenik. Pétillonek dio ehiza bide sistematiko bat izan beharko zutela.
Balea-aztarna berriagoak aurkitu dira Gijónetik gertu, Campa de Torres izeneko toki batean. 2.300-2.400 urte dituzte, beti ere balea arrantzatuak ala lehorreratuak izan ote ziren ez dakigularik.
Euskaldunek harrapatzen zuten baleari, behar bezala, euskaldunen balea esaten zioten. Ingelesez right wale eta bestela balea frantsesa: Eubalaena glacialis. 60 tonako pisua zuten, beti ere 36-72 tartean. 15-17 metrokoa zen eta 270 balea-bizar zituzten.
Udan, iparrera egiten zuten euskaldunen baleek, Savalrd, Norvegia eta Islandiara. Neguan aldiz, hegoaldera joaten ziren Madeira, Azoreetara eta Afrikako ipar mendebaldera. Zer esanik ez Bizkaiko Golkora ere etortzen ziren. Erditzeko garaia zen, eta epe jakin batean, ama eta kumea elkarrekin ibiltzen ziren. Horretatik at, garai horretan sinatzen zituzten kontratuak balea-arrantzaleek eta armadoreek eta finantzatzaileek. Talaiako gizonak ere kontratua sinatzen zuen, eta berak esaten zuen balea bat kostaldera hurbiltzen zetorrela. Talaia asko galdu dira baina badaude oraindik batzuk, hala nola Donostiakoa Ulia mendian.
“Txalupa” izen ezaguna erabiltzen zuten beren itsasontzia izendatzeko eta beste zenbait izen ere erabiltzen zituzten horretarako. Itsasontziak gutxi gorabehera 10 metroko eslora zuen eta 2-2.5 metroko zabalera. 12 bat marinela zihoazen, eta 10 arraunlari, lemazaina popan eta arpoilaria brankan. Bazeramatzaten gazta, ardoa, mantak eta hotzerako jantziak. Orion adibidez, bazeramatzaten 150 metro soka, bi arpoi, bi xabalina handi eta xabalina txiki bat.

3. irudia: Eubalaena glacialis, norvegiar fiordo batean.
Gantza zen baleek ematen zieten produktu garrantzitsuena, “sain” izenekoa. Eraikinak argiztatzeko eta berotzeko erabili zen Europa osoan zehar. Balea-bizarrak malguak ziren, baina urriak, eta oso erabiliak. Bizar horietako hezurrak tresnen euskarriak egiteko erabiltzen ziren, batez ere aiztoenak egiteko. Balearen okela fresko jaten zen, baina era berean, lehortu eta gazitu egiten zen, gero Europa osoan saltzeko.
1059.ekoak dira euskal balea-arrantzaleei buruzko lehen idatziak, Baionan eginak, eta zetazeo honen okelaren salmentari buruzkoak. Salmenta horren arauei buruzkoa eta zergei buruzkoa da ordea Donostian 1181ean plazaratutakoa. Santoñako idatziak ere badaude (1190.ekoak) eta Mutrikukoak (1200.ekoak). Asturiasen, 1232.ekoa da lehenengo idatzia eta Galizian 1371koa. Kantauri aldean, balea-arrantzarako 47 gune egon ziren, eta haietatik 14k balea bat daukate bere armarrian.
Azpiegitura, ohiturak, praktikak eta teknologia eta arautegi jakin bat behar ziren jarduera hau aurrera eraman ahal izateko. Toki askotara joaten ziren euskaldunak: Islandia, Ternua, Spitzberg uharteak eta Groenlandia. Bidaia horietan baleak ehizatzeko, aurretik ikasi behar zuten etxean nola egin itsasontziak, dirua lortu behar zuten, eta bukatzeko, elikagaiak eta bestelako baliabideak ere. Itzulitakoan gainera, jakin egin behar zuten non saldu lortutakoa, eta batez ere okela eta gantza.
Egileek iritzi desberdinak dituzte. Batzuek pentsatzen dute XII-XIII mendeetan gertatu zela jarduera honen gailurra, eta beste batzuek aldiz XIV-XV mendeetan kokatzen dute une hori. XVI.ean, nabarmen behera egin zuten ikusitako baleek, eta XVII.erako, ia desagertuak zeuden. Agian horregatik jo zuten euskaldunek iparrera eta mendebaldera. Izan ere arrantzale hauek bazuten baleen ipar/hego joan-etorrien berri eta besterik gabe, beraien atzetik joan ziren. Idazle batzuek baieztatu dute XVI. mendean 100 ale lortu zirela. Kasu askotan, balea eta bere balekumea elkarrekin zeuden. Izan ere, ezaguna zuten kumea errazagoa zela harrapatzen, eta eta harrapatuz gero, amak ez zuela beregandik urrunera egingo.
Era berean, esan beharrekoa da euskaldunek Ternuan bakailao eta baleak harrapatzen zituztela XVI. mendetik aurrera baina agian lehenagotik ere. Agian garai hartan bertan ezagunak ziren Europako Ipar Atlantikoan, eta zehazki Islandian.

4. irudia: Balea bat zatitzen Deban (Gipuzkoa). Herrirako sarreretako baten ondoan, saina egiten zen labeak ikus daitezke. Hurbilago, balea-txalupa bat urruntzen, eta talaiako ke-seinalea. (Ilustrazioa: Jose Ignacio Trekuren irudia/Deba kalez kale)
Horko aldeko herrialdeek berehala ikasi zuten zeinen onuragarria zen baleak harrapatzea. Badirudi euskaldunengandik ikasi zutela hori, zeren eta oso ohikoa baitzen euskaldun arpoilariak kontratatzea Holandan edo Ingalaterran. Jaconbo II Ingalaterrako erregeak legeztatu zuen hori 1612.ean.
Ez da erraza zenbat balea harrapatzen ziren jakitea. Lagungarria izan daiteke mandatari batzuei edo Elizari ordaintzen zitzaizkien zergak kontuan izatea. Oso gutxi gorabehera bada ere, diru-kopuru horietatik ondoriozta liteke zenbat balea zeuden garai hartan. Zarautz, Getaria eta Lekeitioko datuak bildu dituzte Alfredo Salvadorrek eta Carlos Noresek. Lehenengoa Madrilgo Natur Zientzien Museokoa da, eta bigarrena Oviedo Unibertsitatekoa. Beraiek uste dute 35 balea harrapatu zirela XVI. mendearen hasieran, eta XVIII. mendean ordea 5 baizik ez zirela izan. Batzuek esaten dute 1766.ean bukatu zela betiko arrantza hau Kantauri itsasoan. XVIII eta XIX mendeetan balearen bat harrapatu zen noizean behin, baina tresnak, ohiturak eta hurbiltzeko eta harrapatzeko teknikak ere galdu egin ziren.
Azkeneko balea Orion harrapatu zen 1901eko maiatzaren 14.ean. Dinamita erabilita hil zuten, teknika zaharrak ahaztuta zeudelako.
Islandiara ez ezik, Ternuara ere joan ziren euskaldunak. Bertan bakailaoetan aberatsak ziren itsasoak zeuden. Izan ere, batzuek iradoki dute agian bakailaoa arrantzeko joango zirela hasiera batean, eta geroago erreparatuko zietela baleen joan-etorriei.
Ternuan, XVI. mendeko bigarren laurdenean plazaratu ziren euskaldunen lehenengo aipuak. Selma Huxley dio 1531koak direla idatzi horiek. Ikertzaile hau Ternuako St.John’s Unibertsitatean ari da lanean. Horrela ba, Euskal Herrira ekartzen zituzten bakailaoa, balea-okela gatzunetan eta satina eta balea-hezurrak. Garai hartan, oso garapen handiko ontziolak zeuden Euskal Herrian, eta material hauek iritsi zirelarik, ekonomia-jarduerak burdinan, tresnetan eta armetan oinarritu ziren nagusiki. Jakina, baleetan eta bakailaoetan ere bai. Euskal marinelak izan ziren baleak harrapatzeko gizarte-antolakuntza bat lortu zuten lehenengoak, beti ere ekonomia-helburuei begira. Era berean, onartu ohi da euskaldunenak zirela itsasontzirik onenak XVI. mendearen lehenengo zatian. Horrela ba, euskal marinelak ziren nagusi Ternuan mende horretan.

5. irudia: Bizkaiko Golkoan harrapatu zen 1901. urteko maiatzaren 14an azken sardako balea, eta Orioko arrantzaleek arpoia erabili beharrean dinamita erabili zuten animalia hiltzeko.
XVI. mende osoan zehar, 15-20 itsasontzi iristen ziren udan Ternuara, eta Euskal Herrira itzultzean, 9.000 barril ekartzen zituzten. Mendearen bukaeran, behera egiten du jarduera honek, eta itsasontzi gutxi gerturatzen ziren Ternuara. Gehienak Felipe II erregeak behartuta zihoazen Itsas Armada Garaiezinean, Ingalaterraren aurka. Armada horrek pairatu zuen hondamendiak kalte egin zion euskal armadari, itsasontziak zein eskarmentu handiko marinelak galdu zirelako. Utrechteko itunak bukaera eman zion balea-arrantzaleen joan-etorriei, lur haiek frantsesen eta ingelesen artean bananduz.
Islandian bezala, Ternuan ere harreman estuak gauzatu zituzten euskaldunek bertan indiarrekin, eta batez ere mik’mac indiarrekin. Oraindik ere, badiraute euskarazko hitz batzuek hango hizkuntzan, eta Kanadako frantsesean.
William Fitzhugh (Smithsonianekoak) Hare Harboureko aztarnategian ari zela, aurkikuntza batzuk egin zituen Petit Mécatina uhartean, San Lorenzoko Golkoan. Bertan Groenlandiako baleen aztarnak daude, ez euskaldunen baleen aztarnak. Bakailao-aztarnak ere aurkitu dituzte. Bere dietan, bestelako batzuk ere suma daitezke. Batetik, baitzuten hegaztiak, hala nola alkalak, lanperna-musuak, kaiak, antzarak, ahateak, zisneak, eperrak eta beleak; bestetik bazituzten ugaztunak, adibidez fokak, etxeko txerria, basurdea, karibua, behia eta azeria; bukatzeko frutak jaten zituzten: hurrak, intxaurrak, mertxikak eta okaranak.
Egun, euskaldunen balea nekez aurkitzen da Ipar Mendebaldeko Atlantikoan, eta Ipar Amerikan, eta are urriagoa da Ipar Ekialdeko Atlantikoan, hots, Europan. Zaila da zenbat gelditzen diren jakitea. XX.mendearen hasieran, suntsitzetik gertu zeuden, 60 ale zeudela uste baitzen. Hala ere hori badaezpadako kalkulu baten ondorioa zen. Gero, gora egin zuen berriz pixkanaka kopuruak, baina 90.eko hamarkadan behera egin zuen berriro.
1980-2000 tartean Ingalaterra Berriko Akuarioak 10.000 zetazeo-behaketa fotografiatu zituen, eta Masami Fujiwara eta Hal Caswellek (Woods Holeko Institutu Ozeanografikoa), euskaldunen baleen 300 ale identifikatu zituen, hau da, Eubalaena glacialis espeziearen 300 ale antzeman zituen mende honen hasieran. Badirudi ugalkor ziren emeak hiltzen ari zirela. Egileek esan izan dute agian populazioa egonkortu egingo litzatekeela urtero bi eme ugalkor zainduko balira. Nazioarteko legeak aditzera eman du espezie hau dela tamaina handiko espezieen artean desagertzeko arriskurik bizienean dagoena.
Maiz, esan izan da euskaldunek eragin zutela XVI. mendean egoera hau Ipar Amerikan behintzat. Horri, Estatu Batuek hurrengo bi mende eta erdian egindako jarduerak gehitu beharko litzaizkioke (gogoan izan Moby Dick). Esan beharrekoa da ordea Brenna McLeod eta Trent Unibertsitateko bere taldeak (Kanada), euskaldunen balearen hezur bakar bat aurkitu zutela, Red Baylp (Labrador) balea-arrantzarako euskal guneko 218 balea-hezurren ADNa aztertu zutenean. Gehienak Balaena mysticetus espeziekoak ziren. Horri Groenlandiako Balea edo Balea Boreala esaten zaio. Euskaldunak Groenlandiara iritsi orduko, uste baino askoz ere txikiagoa zen Eusbalaena glacialis espeziearen populazioa. Ez da ahaztu behar euskaldunena izan dela historian zehar gehien harrapatu den balea.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Aguilar, A. 1996. A review of old Basque whaling and its effect on the Right Whales (Eubalaena glacialis) of the North Atlantic. Reports of the International Whaling Comission Special Issue, 10: 191-199.
- Arrinda, A. 1977. La pesca en Euskalerria. Caja de Ahorros Municipal. San Sebastián. 261 pp.
- Azkarate, A. et al. 1992. Balleneros vascos del siglo XVI (Chateau Bay, Labrador, Canadá). Estudio arqueológico y contexto histórico. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz. 261 pp.
- Azpiazu, J.A. 2000. Balleneros vascos en el Cantábrico. Ttarttalo. Donostia. 172 pp.
- Bakker, P. 1991. “La lengua de las tribus costeras es medio vasca”. Un pidgin vasco y amerindio utilizado por europeos y nativos americanos de Norteamérica, h. 1540-h. 1640. Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” 25: 439-467.
- Barthelmess, K. 2009. Basque whaling in pictures, 16th-18th century. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco 6: 643-667.
- Campos Santacana, M.K. & M. Peñalba Otaduy. 1997. La caza de la ballena. Su influencia en los usos y costumbres desde la Edad Media. Zainak, Cuaderno de Antropología y Etnografía, 15: 251-262.
- Ciriquiain Gaiztarro, M. 2010 (1961). Los vascos en la pesca de la ballena. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. San Sebastián. 270 pp.
- Edvardsson, R. & M. Rafnsson. 2006. Basque whaling around Iceland. Archeological investigation in Strakatangi, Steingrimsfjordur. The Natural History Institute of Vestfirdir. Bolungarvik, Iceland. 25 pp.
- Escribano-Ruiz, S. & A. Azkarate. 2015. Basque fisheries in Eastern Canada, a special case of cultural encounter in the colonizing of North America. En “Archaeology of culture contact and colonization in Spanish and Portuguese America”, p. 239-256. Ed. por P.P.A. Funari & M.X. Senatore. Springer Int. Publ. Switzerland.
- Estes, J.A. et al (Eds.). 2006. Whales, whaling, and ocean ecosystems. University of California Press. Berkeley.
- Fujiwara, M. & H. Caswell. 2001. Demography of the endangered North Atlantic right whale. Nature 414: 537-541.
- Graells, M.P: 1889. Las ballenas en las costas oceánicas de España. Memorias de la Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales de Madrid XIII: 1-115.
- Huxley Barkham, S. 1984. The Basque whaling establishments in Labrador 1536-1632 – A summary. Arctuc 37: 515-519.
- Jenkins, J.T. 1921. A history of whale fisheries, from the Basque fisheries of the tenth century to the hunting of the finner whale at the present date. H.F & G. Witherby. London. 336 pp.
- Kurlansky, M. 2000. La historia vasca del mundo. Ed. El Gallo de Oro. Bilbao.
- McLeod, B.A. et al. 2010. DNA profile of a sixteenth century western North Atlantic right whale (Eubalaena glacialis). Conservation Genetics 11: 339-345.
- Michelet, J. 1999 (1861). El mar. www.elaleph.com
- Miglio, V.G. 2008. “Go shag a horse!”: The 17th-18th century Basque-Icelandic glossaries revisited. Journal of the North Atlantic. 1: 1-12.
- Orue-Etxebarria, X. 2012. Hierro, ballenas y barcos: factores del poder económico de Bizkaia durante la Edad Media (I/II). Euskonews 623-624. 4 y 11 mayo.
- Otero, X. 2017. William W. Fitzhugh. Zazpika 21 mayo: 23-31.
- Pétillon, J.-M. 2008. First evidence of a whale bone industry in the western European Upper Paleolithic: Magdalenian artifacts from Isturitz (Pyrénées-Atlantiques, France). Journal of Human Evolution 54: 720-726.
- Pétillon, J.-M. 2013. Circulation of whale-bone artifacts in the northern Pyrenees during the late Upper Paleolithic. Journal of Human Evolution 65: 525-543.
- Salvador, A. & C. Nores. 2011. Ballena de los vascos – Eubalaena glacialis (Müller, 1776). En “Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles”. Ed. por A. Salvador & J. Cassinello. Museo Nacional de Ciencias Naturales. Madrid.
- Unsain, J.M. 2012. Balleneros vascos. Imágenes y vestiugios de una historia singular. Untzi Museoa – Museo Naval. Donostia-San Sebastián. 175 pp.
- Wikipedia. 2017. History of Basque whaling. 4 March.
- Zulueta, J. de. 2000. The Basque whalers: The source of their success. Mariner’s Mirror. International Quarterly Journal of the Society for Nautical Research 86: 261-271.
—————————————————–
Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Gure baleak ziren appeared first on Zientzia Kaiera.
Ponpeiako freskoak kontserbatzeko biozida

Irudia: Ponpeiako muralak babesteko biozida gartu du UPV/EHUko ikerketa talde batek.
Ponpeiako aztarnategiko muralak hondatzen dituzten mikroorganismoen agerpena eragozten duen biozida naturala garatu eta patentatzeaz gain, degradazio biologikoarekiko erresistentea den berriztapen morteroa ere garatzen dabiltza. Horretaz gain, Ponpeiako etxeetan erabilitako materialak eta muraletan erabili ziren pigmentuak analizatu dituzte ikerketan. Lanaren emaitza praktikoak izan dira biozida eta berriztapen morteroa.
Bi dira IBeA ikerketa taldeak Ponpeiako aztarnategian dituen ikerketa lerro nagusiak:
- Aztarnategiaren hondamenerako konponbideak proposatzea.
- Freskoen pigmentuak analizatzea, haien jatorrizko itxura argitara ateratzeko.
X izpien fluoreszentzian oinarritutako espektrometro eramangarria erabili dute, jatorrian okre gorriz (hematitaz) margotutako Ponpeiar muralak identifikatzeko, gaur egun gorri ikusten diren baina horiz margotuak izan ziren muralen aldean. Izan ere, Ponpeia suntsitu zuen erupziotik etorritako material bolkaniko izugarri beroak sortutako inpaktuaren ondorioz pigmentu horiek gorrira jo zuten. Antzeko lana ari dira egiten arrosa eta purpura koloreak bereizteko, (SERS) azalera anplifikatuko Raman espektroskopia bitartez.
Ponpeiako etxeetako pareten mortero erromatarren narriadura azaltzeko hainbat kausa zehaztu ostean, konponbideak proposatzea izango da hurrengo urteetako lana. Aztarnategian bertan dauden landare esentzialen olioekin sortutako biozida probatuko dute. Espero bezala funtzionatuko balu, nabarmenki hobetu eta merkatuko litzateke konplexuaren kontserbazio lana, landare eta mikroorganismoek hormak kolonizatzea eragotziko bailuke.
Kontserbazioaren alorrean badute beste helburu bat ere: jatorrizko erromatar formulazioan oinarritutako berriztapen mortero bat garatzea, jatorrizkoarekin bateragarria izan beharko dena. Egiaztatu egin behar da mortero berriak ez duela izango narriadura fabora lezakeen iturburu agenterik.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskadiko berrikuntza, Ponpeiako freskoak kontserbatzeko
The post Ponpeiako freskoak kontserbatzeko biozida appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #196
Itsaspeko eremu berri bat aurkitu dute: arrarofotikoa eta bertan arrain asko daudela ohartu dira ikertzaileak. Murgilaldiak Curaçao uhartearen hegoaldean dagoen uharri eremu batean egin dituzte, Venezuelako ipar-mendebaldean. 80 murgilaldi inguru izan dira. Ontzi horrekin 309 metroko sakonera heltzeko aukera izan dute. Horiei esker, itsas eremu berria aurkitu dute: arrarofotikoa, 130 eta 300 metro arteko sakoneran kokatu dutena. Aztertutako 71 espezietatik, 31 bertan bizi dira batez ere.Ikertzaileek uste dute uharrietako eremurik sakonenek babesleku gisa funtzionatzen dutela.
Malgutasun izugarria du narra-txakurren bihotzak. Artikuluak ematen dizkigun datuen arabera, lo daudenean txakurren bihotz-taupadaren maiztasuna 40-60 min-1-koa da, 80-100 min-1-ko baliora igotzen da ibilian doazen txakurretan. Lasterketa aurreko urduritasunagatik 100-150 min-1-ra igotzen da eta 300 min-1-raino lasterka egiten dutenean. Narra-txakurrek ahalmen metaboliko ikaragarria dute. Lasterka ari diren artean indar handia garatzen dute eta, hala ere, urrun daude garatu dezaketen indar handienetik.
Beatriz Fernandez (Bilbo, 1984) Antartikatik itzuli da. Bertan, EHUko ikertzaile talde batek hilabetez ikertu du nola irauten duten bizirik likenek eta goroldioek euren ehunetan urik gabe. Topstep proiektuaren baitan, helburua ekoizpen masiboaren eta landareek sufritzen duten estresaren arteko erlazioa topatzea da, Fernandezek dioenez. “Antartikan, zera jakin nahi genuen: nola eusten dieten landareek tenperatura hotzei eta ur likidorik gabeko garai luzeei”, gehitzen du ikertzaileak. Antartikan topatutako landareei dagokienez, bi hodidun landare espezie besterik ez daude eta horietako bat ere ikertu dute. Biomasari dagokionez, ikertzaileak dio Antartikako kosta eremua aberatsa dela: “Esaterako, 400 liken espezie baino gehiago topa ditzakegu bertan”.
NeurozientziakUgaztunen helduaroan zehar, neuronak sortzen dira garunaren hipokanpoan memoriarekin lotutako funtzioentzat lagungarri delarik. Gizakietan ere hori gertatzen zela uste zen, baina orain argitaratu den ikerketa batek zalantzan jarri du hori. Asiako, Europako eta AEBko hainbat unibertsitatetako zientzialariek elkarlanean egindako ikerketa zabal baten arabera, hipokanpoan gertatzen den neuronen sorkuntza gelditu egiten da heldu egiten garenean. Hipokanpoko neurona berrien kopurua murrizten da jaio ostean eta helduaroan ez dago sorkuntzarik.
Ingeniaritza eta teknologia2018. urtea mugarritzat edukiko duten hamar teknologien zerrenda argitaratu du Massachusetts Institute of Technologyk eta Berriak jaso ditu artikulu interesgarri honetan. Adibidez, hiru dimentsioko inpresioak ez du ekarri benetako iraultza oraindik plastikoarekin egin delako. MITen arabera, metalezko piezak merke eta azkar inprimatu ahal izateak aldatuko du hori. Horren harira, azpimarratu dute 90.000 euro baino merkeagoa den lehen Metal 3D inprimagailua merkaturatu dutela azken hilabeteotan. Halaber, ugaztunak artifizialki ugaltzeko bidea zabalik dagoela ohartarazi dute. AEBko Michigango Unibertsitatean eta Rockefeller Unibertsitatean dagoeneko ari dira giza enbrioi artifizialak sortzen zelula amekin. Argitaratutako zerrenda horretan bada lekua aurikular itzultzaileentzat. Hizkuntza batetik bestera hitz egin ahala itzultzen duten gailuen urtea izango da aurten, MITen arabera. Badaude beste teknologia adibide batzuk artikuluan. Ez galdu!
5G sistemen ezaugarri berritzaile bat, aurreko arkitekturekin konparatuta, datu eta kontrol mailen bereizketa da. Lan honek ziklo kognitibo zentralizatu eta banatuen erabilera konbinatua aztertzen du 5G sareen maila ezberdinetan parte hartuz. Bereziki, cloudean oinarritutako maila anitzeko ziklo kognitiboa aurkezten du, 5G arkitekturaren kontrol- eta kudeaketa-atazak bermatzeko. Ondorioz, maila baxuko ziklo kognitibo banatuak erabaki logika erabiltzailearen aldirian mantentzen du. Baina, era berean, operazio informazio baliagarria cloud zerbitzarietara igotzen da.
Leeuwenhoeken mikroskopio iraultzaileen sekretua argitu dute. XVII. mendean, Anton van Leeuwenhoek, berak egindako mikroskopioei esker, inork ikusten ez zituen gauzak ikusten hasi zen. Lenteetan zegoen gakoa. Guztira, bostehun bat mikroskopio egin zituen. Orain, Delfteko ikertzaileek aztertu dute hark erabilitako bat eta ikusi dute haren lentea nola egina dagoen. Orain jakin nahi dute beira-mota bereziren bat erabiltzen ote zuen.
PaleontologiaDuela 90.000 urte neandertalek landutako zurezko tresnak aurkitu dituzte Aranbaltzan. 2013an hasi ziren aztertzen Barrikan dagoen aztarnategia. Orain arteko informazioari esker, jakin badakigu neandertal-taldeen bizileku izan zela duela 100.000 eta 44.000 urteen artean eta orain jakin da duela 90.000 urte landutako zurezko tresnak zuedela. Joseba Rios Garaizarrek (CENIEH) zuzendu du ikerketa eta harentzat “izugarrizko aurkikuntza da”. Tresnen artean, 15 cm-ko objektu zorrotz bat nabarmentzen da. Analisiak egin ondoren, zehaztu dute haginezko adar bat landuta eta sutan gogortuta egin zutela, eta lurrean zuloak egiteko erabili zutela.
Emakumeak zientzianAda Yonathek Kimikako Nobel Saria jaso zuen 2009.urtean. Haren aurkikuntza ezagutu nahi duzu? Bada, 80ko hamarkadan, israeldarrak argitu zituen erribosomaren egitura eta bere izaeran parte hartzen duten mekanismoak; hala nola, proteinen biosintesia. Ildo horri jarraiki, antibiotikoak aukeratzeko oinarri estrukturala argitu zuen. Horrela, bide berri bat ireki zuen antibiotikoak patogenoen erribosomari zuzenean eragiteko, antibiotikoen erresistentziari kontra eginez. Halaber, egitura biologikoetan kristalografia aztertzeko teknika berri bat sortu zuen: krio bio-kristalografia. Horrekin erribosoma bat nolakoa zen ezagutu zuen, hiru dimentsiotan irudikatu baitzuen.
Gailu informatikoen barruan gertatzen dena azaltzen digu Code.org-k. Horretarako bideo sorta bat aurkeztu digute. “Howcomputerswork” deitu diote bideo serie horri. Bertan, teknologia digitalaren munduan dabiltzan emakume batzuk aurkezten dizkigute.
MedikuntzaKimika, fisika, biologia, ingeniaritza eta medikuntzaren alorrean aritzen diren zientzialariak bildu dira Donostian, ESMI Europako Irudi Molekularreko Elkarteak antolatutako kongresuan aste honetan. Irudi molekularreko teknikak izan dira mintzagai eta hauek nola erabilgarriak diren gaixotasunak garapenaren lehen faseetatik antzemateko eta tratamenduen aurrean organismoak ematen duen erantzuna ebaluatzeko.“Tresna horiei esker, aukera dugu bizidunetan gertatzen diren prozesu biologikoak aztertzeko, betiere modu ez-inbaditzaile batean, hau da, kalterik sortu gabe”, azaldu du CIC Biomaguneko ikertzaile Jordi Llop-ek.
Gizonentzako pilula antisorgailu bat segurua dela frogatu dute. Albo-ondorio nagusienak hauexek ziren: aknea, aldarte-aldaketak, depresioa eta gizentzea. Orain, ondorio txarri ez duen pilula bat aurkeztu du Washingtongo Unibertsitateak. Halere, hau saio klinikoen hasiera besterik ez da izan. Oraindik eraginkorra dela frogatu behar dute eta ondoren, dosiak zeintzuk izango diren zehazteko probak egin.
Osteoporosia gaztarotik prebeni daiteke, jarduera fisiko moderatu-biziarekin eta bai kaltzioan bai D bitaminan aberatsa den dietarekin, UPV/EHUko ikerketa baten arabera. Egoera fisikoarekin eta dietarekin lotu da gaixotasuna; hau da, jarduera moderatu-bizia eta inpaktuzko kirolak gomendagarriak dira, dieta egokiarekin lagunduta, betiere gehiegikerietan erortzen ez bagara.
GenetikaGenerik ikertuen artean, beste adibide bat aurkeztu digute: APOE. Gene hau kolesterola eta antzeko molekulen prozesamendurako oso garrantzitsua da. Bereziki gibelean eta giltzurrunetan aktiboa da. Beste prozesu batzuekin ere lotura dauka: Alzheimer gaixotasunean, sistema immunologikoan eta kognizioan.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #196 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #209
Zenbait bakteriok ezin diote fagozitosiari aurre egin eta makrofagoak, sistema inmunearen zelulak, Troya zaldi gisa erabiltzen dituzte. NuRCaMein-ek azaltzen digu A new pathway to avoid macrophage pathogenic infections
Bestelako primateek baino gutxiago lo egiteaz gain, beharko luketen baino gutxiago egiten dute lo gizakiek, bizi estiloari dagozkion hainbat faktore kontuan izanik. Zergatik? Rosa García-Verdugok Humans, the non-sleeping primates
Atomo bat imajinatzeko eskatuk banizu, zientzia fisikoetako egungo ereduekin zerikusirik ez duen zerbait imajinatuko duzu, ziur aski. DIPC-ko jendea Our current image of atoms
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #209 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ada Yonath (1939- ): Erribosomaren egitura deskodetzea amets zuen emakumea

1. irudia: Ada Yonath kristalografoa lanean laborategian. (Argazkia: Wikimedia)
Tortolosa baten itxura dute erribosomek lehen begi-kolpean. Barruan, labirinto amaigabea. RNAz eta proteinaz osatuta daude, eta zelula guztietan aurkitzen dira, espermatozoideetan izan ezik. Hala, zelula prokariotoetan (bakterioak, adibidez) zein eukariotoetan aurki daitezke, azken hauetan, egia da, handiagoak direla eta osagai gehiago dituztela. Oso garrantzitsua da egiten duten lana; ezinbesteko prozesu batean parte hartzen baitute, proteinen sintesian, alegia. DNAn dagoen kode genetikoa RNA mezularira (RNAm) igarotzen da RNA polimerasari esker –transkripzioa deritzo honi–. Horren ondotik, erribosomak RNAm horrek dakarren informazioa irakurri eta itzulpena egiten du. Azkenik, erribonukleotido sekuentzia batek aminoazido sekuentzia bat osatzen du, proteina, hain zuzen ere.
2009an Kimikako Nobel Saria jaso zuen Ada Yonath kristalografoak, Venkatraman Ramakrishnan eta Thomas A. Steitz lankideekin batera erribosomaren egitura eta funtzioen inguruan egindako ikerketengatik. Egitura biologikoetan kristalografia aztertzeko teknika berri bat sortu zuen: krio bio-kristalografia. Horri esker, hiru dimentsioko erribosoma sortzea erdietsi zuen eta hala, organulu horren tunela ezagutu zuen, baita proteinaren luzatze prozesua, sinkronizazioa, zelula barneko erregulazioa eta trafikoa ahalbidetzen duten elementuen dinamika ere.
Ametsetik errealitateraAda Yonath Jerusalemen jaio zen, 1939an. Bere gurasoek Poloniatik emigratu zuten Israelera. Bertan, janari-denda bat ireki zuten. Haien egoera ekonomikoa ez zen ona, dendak ez zuen diru-sarrera handirik ematen. Halere, eskola ospetsu batera bidali zuten Ada. Bere aita hil zenean, etxez aldatu ziren, Tel Avivera joan ziren bizitzera. Bertan, Tichon Hadash eskolan izena eman zuen. Haren amak ezin zuenez matrikula ordaindu, Adak matematika klaseak eman zituen matrikulatu ahal izateko.
Horren ondotik, Jerusalemera itzuli zen berriz eta kimikan graduatu zen Hebrear Unibertsitatean, 1962an. Bi urte geroago, biokimikako masterra lortu zuen. 1968an, Wizmann Institutuan doktoregoa egin zuen. Bertan, kolagenoaren egituraren inguruan X izpien kristalografia ikasketak egiteko abagunea izan zuen. Doktoretza ondoko ikasketak Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT) eta Carnegie Mellon Unibertsitatean (Pensylvannia) egin zituen, prestigiotsuak biak. Bietan ala bietan, proteinen kristalografia ikertzen hasi zen.

2. irudia: Ada Yonath haren ikerketa-taldeko kideekin Grenoblen dagoen Sinkrotroi Erradiazioen Laborategi Europarrean (ESRF) (Argazkia: Micheline Pelletier/Corbis)
1970ean, proteinen kristalografia laborategi bat sortu zuen Israelen estreinakoz. Hortik aurrera, erribosomak izan zituen aztergai zenbait zentrotan, hala nola Max Planck Institutuko egitura molekular genetikoko sail batean (Hamburg, Alemania) eta Wizmann Institutuan –ikerketa-talde biak Yonathek gidatu zituen–. 1980an, bi leku horietan lanean ari zela, lehendabiziko erribosoma mikrokristala sortu zuen 25.000 saiakera egin ostean. Halaber, erribosomak hobeto ezagutzeko teknika berri bat garatu zuen: krio bio-kristalografia; hasiera batean zientzialari askok kritikatu eta ukatu zutena. Zertan datza teknika hori? Nitrogeno likidoak kristalak hozten ditu, difrakzio makina baten bidez. Hala, bere izaera kristalografikoa mantentzen da. Teknika horren bitartez, Yonathek erribosomaren egitura ezagutu zuen. 2000-2001 bitartean, bakterioaren erribosoma baten bi zatiko egitura hiru dimentsiotan egitea lortu zuen.
Erribosomaren egitura ikertu nahi zuela erabaki zuenean, bere lankideek ameslari hutsa zela esan zioten. Yonathek behin adierazi zuen moduan: “Nire bizitza guztian zehar esperimentuak egin ditut, kuriositate hutsez. Behin etxeko balkoiaren garaiera neurtu nahian nenbilela, lurrera erori eta beso bat apurtu nuen”. Ameslaria izatea ez da gauza txarra, amets horri lana eta ahalegina gehituz gero. Ada Yonathek hori bera egin zuen, ezinbestean zientzia zuelako amets:
“Zientzian buru-belarri aritzea plazera da; ezagutza berriak sortzen ditu eta gizateria garatzea ahalbidetzen du. Maite dudana egiten badut, pertsona hobea izango naizela pentsatzen dut”.
Egun, biologia estrukturala irakasten du Weizmann Institutuan. Erribosomen ikerketan dihardu; bidenabar, antibiotikoek organulu horietan nola jokatzen duten aztertuz.
Iturriak:
- Encyclopædia Britannica: Ada Yonath
- Mujeres con Ciencia: Ada E. Yonath: “La ciencia es la fuerza para el futuro”
- Nobel Prize: Ada E. Yonath
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Ada Yonath (1939- ): Erribosomaren egitura deskodetzea amets zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaitasun kognitiboen aplikazioa 5G sareetako kontrol eta kudeaketa mailetan
Beraz, 5G sistemen ezaugarri berritzaile bat, aurreko arkitekturekin konparatuta, datu eta kontrol mailen bereizketa da. Sare elementuen hardware eta software funtzioen desakoplamendua bai logikoki bai fisikoki burutzen da hurrengo helburuekin: hedapen eta eguneratze prozesu koste-eraginkorrak, eskaeraren araberako denbora errealean egin daiteken sare konfigurazio eta optimizazio automatikoa, koste eraginkortasuna eta sare baliabideen berkokapena.
Desakoplamendu hau hiru teknologiatan oinarritzen da: sarearen softwarizazioa, birtualizazioa eta cloud konputazioa. Aurresandako teknologia gaitzaileak batzean, 5G sareen kudeaketa/kontrol maila orokorrean hiru azpimaila definitu daitezke:
i) zerbitzuen konfigurazioa kudeatzeko.
ii) zerbitzu hauen bizi zikloa kontrolatzeko.
iii) hardware baliabideen banaketa antolatzeko.
Egoera konplexu honetan, ziklo kognitiboek kudeatzaile ezberdinen erabaki prozesuan lagundu dezakete, azpimaila bakoitzeko baliabideak optimizatzeko helburuarekin, bai oinarri-estazioetako baliabideen erabilera eraginkorra eta jasangarria sustatzeko, eta baita cloudean burutzen diren atazak optimizatu eta kudeatzeko ere. Haririk gabeko sareei gaitasun kognitiboez hornitzeak bere funtzionamenduan sortzen den kudeaketa eta kontrol informazioa ustiatzea posible egiten du. Horrela, egoera lokalari buruzko ezagutza ondorioztatu eta ustiatu daiteke etekin globala handitzeko.
Lan honek ziklo kognitibo zentralizatu eta banatuen erabilera konbinatua aztertzen du 5G sareen maila ezberdinetan parte hartuz. Alde batetik, birtualizazio teknologiarekin erlazionatuta dauden azpimaila bakoitzeko kudeatzaileak bere menpe dauden baliabideen antolaketa bere kabuz egin dezake. Horretarako, ziklo kognitibo bateratu bat erabili daiteke. Modulu bakoitzak inguruko datu lokalak jaso eta bertan prozesatzen dira erabaki egokienak hartzeko.
Bestalde, cloud teknologiaren filosofia eredu kognitibo banatu batekin dator batera hobeto. Horrelako ereduak oinarri-estazioan sortutako operazio lokalaren informazioa behatu eta biltzen dute geroago era heuristikoan prozesatu eta jakintza berria ateratzeko. Emaitza bezala, erabaki erregela berriak sortu eta erabaki osagaietan gordetzen dira hurrengo iterazioetan erabiltzeko. Funtzionamendu modu honek latentzia baxua, ingurune-jakintza, data zirkulazio minimizatua eta sare pilaketa murriztua indartzen ditu.
Bi ideia hauek batuz, 5G sareen kudeaketa/kontrol azpimaila bakoitzean jarduten duten erabaki-moduluetan ziklo kognitibo bat inplementatzen da. Modulu hauek era askean jardun dezakete modu bateratu baten, baina bere operazioa beharrezkoa denean eguneratua izan daiteke goiko mailetako jakintza baliagarria gehituz. Horretarako, cloud teknologia erabiliz, ziklo kognitibo banatuak inplementatu daitezke azpimailen arteko lotura egiteko.
Ondorioz, ertz-lausotu efektua lortzen da: maila baxuko ziklo kognitibo banatuak erabaki logika erabiltzailearen aldirian mantentzen du. Baina, era berean, operazio informazio baliagarria cloud zerbitzarietara igotzen da. Honela, bi zentzuko efektu glokala lortzen da: lehenbizi, erabaki mudulu barruan inplementatutako ziklo kognitiboak informazio lokalarekin soilik funtzionatu dezake, goiko azpimailetan dagoen motore kognitiboa elikatzen du, sarearen errendimenduaren hobekuntza globala lortuz. Aldiz, motorearen jakintza emaitzak azpiko mailako ikasketa eskema ere berkonfiguratzen du, geroko laginentzat erabaki zorrotzagoak eskainiz. Horrela, maila anizkuneko ziklo kognitiboak sare ertzaren eta cloud ingurunearen arteko elkarreragiketa bermatzen du, bi paradigmak banatzen dituen lerroa lausotuz: irrati eragiketa zentralizatua eta ertzeko zerbitzu mugikorrak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 31
- Artikuluaren izena: Gaitasun kognitiboen aplikazioa 5G sareetako kontrol eta kudeaketa mailetan
- Laburpena: Hurrengo belaunaldiko sareen kudeaketak eskakizun erronkariei aurre egin behar izango die goraka ari diren teknologia gaitzaileen aplikazioaren bitartez. Horrelako kudeaketa-egoera konplexuan, adimen artifizialaren erabilpena ziklo kognitibo gisa erreminta ezberdintzaile eta ahaltsua bilaka daiteke sistemaren errendimendu orokorra hobetzeko. Lan honek cloudean oinarritutako maila anitzeko ziklo kognitiboa aurkezten du, 5G arkitekturaren kontrol- eta kudeaketa-atazak bermatzeko. Eredu berriztatzaile honek eskema kognitibo zentralizatu eta banatuak konbinatzen ditu modulu erabakitzaileetan sare-arkitekturaren maila ezberdinetan, ertzaren eta cloud ingurunearen arteko elkarreragina sustatzeko.
- Egileak: Bego Blanco, Jose Oscar Fajardo, Fidel Liberal, Ianire Taboada.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 145-156
- DOI: 10.1387/ekaia.16366
—————————————————–
Egileez: Bego Blanco, Jose Oscar Fajardo, Fidel Liberal, Ianire Taboada, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak dira.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Gaitasun kognitiboen aplikazioa 5G sareetako kontrol eta kudeaketa mailetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Narra-txakurren bihotza

———————————————————————————————————–
Narra-txakurrek iraupen luzeko lasterketetan hartzen dute parte (hiru egunetik bi asterainokoak, zenbait orduko atsedenak barne) eta oso arau termiko gogorren menpe egiten dute korrika, 0 °C azpitik beti. Lasterka egiten duten bitartean, metabolismo aerobiko gorenaren erdia da mantentzen duten maila metabolikoa.
Irudia: Ahalmen metaboliko izugarria dute narra-txakurrek.
Edozein erresistentzia-ariketaz ari garenean, bihotzaren funtzionamendua da burura datorkigun lehen kontuetako bat. Malgutasun izugarria du narra-txakurren bihotzak; horren erakusle argiak dira ondoko datu hauek: lo dauden txakurren bihotz-taupadaren maiztasuna 40-60 min-1-koa den artean, 80-100 min-1-ko baliora igotzen da ibilian doazen txakurretan. Lasterketa aurreko urduritasunaren ondorioz 100-150 min-1-ra igotzen da eta 300 min-1-raino lasterka egiten dutenean. Bihotz-taupadaren datu horiek harrigarriak dira. Ikus dezagun zergatik.
Kontuan hartzen badugu txakur horien pisua gutxi gorabehera 25 kg-koa dela, atsedenaldiari dagozkion frekuentzien baliokidea 30-45 min-1-koa izango litzateke 75 kg-ko gizabanako batean[1]. Horiexek dira, hain zuzen ere, iraupen luzeko probetako kirolari onek atseden-egoeran dituzten bihotz-taupadak. Beraz, atseden-egoerari erreparatzen badiogu, kirolari on horien antzeko funtzionamendua du narra-txakurren bihotzak.
Kontuak, baina, oso desberdinak dira korrika dabiltzanean duten taupaden maiztasunari (300 min-1) dagokionez. Lehenago egin dugun eragiketa bera eginez, 75 kg-ko txakur bati legokiokeen maiztasuna kalkulatu dugu: 225 min-1-koa izango litzateke. Oso altua da, bai. Izan ere, iraupen luzeko probetako kirolari onenen muga aerobikoa 180 min-1-ko bihotz-maiztasunaren inguruan dago; horrek esan nahi du hortik gora metabolismoaren bide anaerobikoak aktibatu behar direla beharrezkoa den energia-emaria (ATP) ekoitzi ahal izateko. Baina txakurrei ez zaie horrelakorik gertatzen. Egon ere, urrun daude muga horretatik, zeren, lehenago esan dugun bezala, metabolismo aerobiko gorenaren erdia baita korrika egiten ari diren artean mantentzen duten maila metabolikoa.
Horrek esan nahi du narra-txakurrek ahalmen metaboliko ikaragarria dutela. Lasterka ari diren artean indar handia garatzen dute eta, hala ere, urrun daude garatu dezaketen indar handienetik. Bihotzaren malgutasuna gakoa da ahalegin luze eta handiak egin ahal izateko, baina, aurrerago ikusiko dugunez, ez da gako bakarra.
[1] Animalia handiek txikiek baino bihotz-maiztasun apalagoa dute. Bihotz-taupadaren (f) eta tamainaren (W) arteko harremana ezaguna da eta f1=f2(W1/W2)-0’25 ekuazioa erabiliz kalkula daiteke W1 masa duen animalia baten bihotz-taupada (f1), beste animalia baten masa (W2) eta bihotz-taupada (f2) ezagunak badira.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Narra-txakurren bihotza appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsaspeko eremu berria aurkeztu dute: arrarofotikoa
2010eko maiatzean, Mexikoko Golkoan Deepwater Horizon petrolio plataforma hondoratu eta hilabete eskasera, Sylvia A. Earle ozeanografoak itsasoaren ikerketaren aldeko aldarria egin zuen AEBetako Kongresuaren aurrean. 1960an Marianetako itsas hobira egindako esplorazio historikoa gogora ekarri zuen. “Ordudanik, inoiz ez da bertara bueltatu”, kexu mintzo zen ozeanografoa. “Inor ez da joan ere Mexikoko Golkoko punturik sakonera, Sigsbee hobira. Yucatanetik gertu dago, itsas azaletik bost kilometrora. Izatez, inork ez daki zehazki non dagoen Golkoko punturik sakonena”. Egun horretan, zientzialariak hondamendi ekologikoak eragindako egoeraren larritasuna baliatu zuen itsas ikerketaren beharra azpimarratzeko. Ezagutza hori eskuratzeko baliabideei zegokienean, argi hitz egin zien Kongresuko kideei: “AEBek zientzia ikerketarako eta itsasoaren zaintzarako duten itsaspeko eta urruneko kontroleko ibilgailu zein autonomoen flota patetikoa da. Eskandalagarria”.

1. irudia: Haptoclinus dropi espezie berriko arraina. Espeziea izendatzeko ‘Deep Reef Observation Project’ egitasmoaren akronimoa baliatu dute. (Argazkia: Carole Baldwin / Smithsonian)
Itsasoaren ikerketari buruz hitz egiten denean, sarritan errepikatutako topikoa da. Agian, topikoen artean zabalduena: gizakiok gehiago dakigu kanpo espazioaz itsasoaz baino. Baina topiko izateak ez du esan nahi, noski, egia ez denik. Sylvia A. Earlek berak The World is Blue liburuan behin eta berriz gogoratzen du ezagutza falta hori; baina, batez ere, ezagutza falta horrek logikarik ez duela dio. “Estralurtarrak Lurreko bizitzaren funtsaren bila abiatuko balira, haiek seguruenera planetako ezaugarririk agerikoenean jarriko lukete arreta: itsasoan. ‘Jarraiozue urari’- esango lukete- . ‘Bizi forma guztiek ura behar dute eta… begira! urdina da planeta!’. Bertan murgiltzean konturatzen hasiko lirateke azkenean gizakiok konturatzen hasten ari garen ideia berdinaz: mundu osoan –eta, dakigunagatik, unibertso osoan- bizi kopururik handiena eta anitzena hor azpian dagoela, itsasoaren azalean hasita, eta tokirik sakonetaraino”.
Earlek egindako nabardura hori bereziki garrantzitsua da: “Itsasoaren azalean hasita”. Normalean uste baita egiteko dauden aurkikuntzak itsas hondoetan baino ez direla izango. Beste aditu batek ideia hori berretsi du orain. “Ozeanoaren zati bat baino ez da esploratu. Kostaldetik milaka miliatara, eta miliatako sakoneran dauden eremuen kasuan, hau ulergarria izan daiteke. Baina tropikoetako uharri sakonak justu sakonera gutxiko uharrien azpian daude, eta azken hauek oso ondo ikertuta daude. Funtsean, hauek geure atzeko patioak lirateke”. Carole Baldwin-en hitzak dira.
Umeek lehengo aldiz atzeko patioetara hurbiltzean mundu berri bat aurkitzen duten modu berean, Carole Baldwin itsas biologoak ere ezusteko galanta hartu du itsasoko atzeko patiora jaitsi denean. Esperokoa baino gauza gehiago aurkitu ditu bertan. Gainera, 300 metro inguru baino ez ditu egin behar izan orain arte zientziarentzat ezezagunak ziren espezie berri batzuk aurkitzeko.
Smithsonian Institutuak gidatzen duen Uharri Sakona Behatzeko Proiektuko zuzendaria da Baldwin, eta, beste zenbait kiderekin batera, ikusitakoa Scientific Reports aldizkarian jarri du zientzia komunitatearen eskura.
Sailkapen berri batMurgilaldiak Curaçao uhartearen hegoaldean dagoen uharri eremu batean egin dituzte, Venezuelako ipar-mendebaldean. 80 murgilaldi inguru izan dira, Curasub izeneko ikerketa itsaspeko bat baliatuta. Ontzi horrekin 309 metroko sakonera heltzeko aukera izan dute.

2. irudia: Carole Baldwin itsas biologoa eta Adriaan ‘Dutch’ Schrier, Curasub itsaspekoan (Argazkia: Barry Baldwin)
Horri esker, 4.436 behaketa egin dituzte, eta 71 arrain espezie identifikatu dituzte. Horietatik, batzuk orain arte espezie ezezagunak ziren zientziarentzat. Sakoneraren eta tenperaturaren arabera, espezieen banaketa zehaztasun handiarekin deskribatu dute. Eskuratutako datuen arabera, uharriei lotutako itsas eremu berria proposatu dute: arrarofotikoa. Berez, 130 eta 300 metro arteko sakoneran kokatu dute eremu hori, baina ikerketa artikuluan azaldu dutenez, beheko muga arbitrarioa da, erabilitako itsaspekoaren irismenaren araberakoa baita: beherago ezin izan dute iritsi.
Ozeanoetako eremuak zehazteko erabiltzen diren ohiko sailkapenak uharrietan baliagarri ez direla azaldu dute ikertzaileek; ondorioz, sailkapen berria proposatu dute ikerketa artikuluan. Eremuen arteko mugak, noski, gutxi gorabeherakoak dira, eta itsasoaren edo urtaroaren arabera alda litezke.
- Altufotikoa: 0-40 metro. Ondo argiztatutako eremua da. Koralezko uharri asko daude bertan. Urpekariek normalean eremu hau dute eskura, sakonera gehiagora sartzeak arazoak ekar ditzakeelako.
- Mesofotikoa: 40-150 metro. Bertan bizi dira argiaren dependentzia duten koralak. Eremu honetako mugarik sakonena definitzeko irizpidea, hain zuzen, argiaren irismena izan da: fotosintesia ahalbidetzeko nahikoa argi ez dagoenean bukatzen da eremua.
- Arrarofotikoa: 130-300 metro. Beheko muga 300 metrotan ezarri dute, itsaspekoaren irismenaren arabera (309 metro). Aztertutako 71 espezietatik, 31 bertan bizi dira batez ere. Bertako koralek ez dute mantentzen gainerako koralek zooxantela motako algekin izan ohi duten harreman sinbiotikoa, eta ez dute uharririk sortzen.
- Afotiko sakona: 300 metrotik behera. Batere argirik gabeko eremua. Bertan, fauna abisala baino ezin da garatu.
Oraindik argitzeko dago eremu arrarofotikoak betetzen duen funtzio ekologikoa, baina funtzio hori gorago dauden arazoei loturik dagoen susmoa dute. Bertan dauden arrainek lotura gehiago dute gorago dauden eremuekin, itsas hondokoekin baino.
Sakonera txikira dauden uharrien kaltetzearen arrazoiak argitzea izan da, hain zuzen, eremu hau aztertzeko arrazoietako bat. Izan ere, ikertzaileek hipotesi bat dute esku artean: uharrietako eremurik sakonenek babesleku gisa funtzionatzen dute. Agian beroagoak diren goiko uretatik aldentzen diren animaliek bertan aterpe bilatzen dutela proposatu dute, edo koral uharrien kalteetatik babesteko. Diotenez, zioak ez daude argi oraindik.
Erreferentzia bibliografikoa:
Baldwin, C.C., Tornabene, L. and Robertson, D.R. 2018. Below the Mesophotic. Scientific Reports (2018) 8:4920 DOI: 10.1038/s41598-018-23067-1
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Itsaspeko eremu berria aurkeztu dute: arrarofotikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Neurogenesia zalantzan jartzeko unea

1. irudia: Garunaren funtzionamenduari buruz oraindik asko dago ikertzeko, eta ikerketa berrien emaitzek aurrez uste zena kolokan jar dezakete. (Argazkia: geralt- domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Asiako, Europako eta AEBko hainbat unibertsitatetako zientzialariek elkarlanean egindako ikerketa zabal baten arabera, hipokanpoan gertatzen den neuronen sorkuntza gelditu egiten da heldu egiten garenean. Neurogenesi prozesua, hortaz, ez litzateke gertatuko bizitza guztian zehar eta, antza, helduaroan hipokanpoko neurogenesia eten egingo litzateke. Duela urte batzuk, Nature aldizkarian argitaratu den ikerketan parte hartu duten zientzialariek baldintza onetan mantendutako helduen garunak aztertu zituzten. Garunaren atalak aztertzen zihoazen neurrian, neurona gazteak aurkitu zituzten, baina, hipokanpoan bat bera ere ez.
Ikusitakoak harrituta, hipokanpoko laginak aztertzea erabaki zuten. Hainbat garun aztertu zituzten, adin desberdinetakoak -fetuetatik hasi eta 70 urteko garunetaraino-. Ondorioa argia izan zen: hipokanpoko neurona berrien kopurua jaio ostean murrizten hasten da eta helduaroan ez dago sorkuntzarik. Ikerketaren ondorioa martxoaren 7an argitaratu zen eta eztabaida handia eragiten ari da zientzia-komunitatean, orain arte neurogenesiaz uste zena zalantzan jartzen duelako. Ikerketaren emaitzak berresten badira, gainera, garunarekin lotutako zenbait gaixotasunei sendabidea aurkitzea urrundu egin daiteke; izan ere, kasu askotan garunak duen neuronak sortzeko gaitasunean oinarritzen dira Alzheimerra edo Parkinsona sendatu ahal izateko itxaropenak.
Zalantzak eta eztabaidaZenbait neurozientzialarik eta adituk zalantzak dituzte argitaratu berri den ikerketaren emaitzekin; izan ere, aurrez argitaratutako ebidentzia askoren aurka doa, zeinetan frogatu ahal izan den helduaroan hipokanpoan neurogenesia gertatzen dela. Orain arteko ezagutzaren arabera, jakina da neurogenesia moteldu egiten dela gizakiaren adinak aurrera egin ahala, baina, hipokanpoko neurona berrien sorkuntza ez da inoiz gelditzen eta bizitza osoan zehar jarraitzen dugu neurona berriak sortzen. Zentzu horretan, eztabaida handia piztu du Arturo Alvarez-Buylla neurozientzialariak zuzendutako taldeak plazaratu dituen ondorioak. Haien ikerketen emaitzen arabera, hipokanpoko neurogenesia ikusi duten garunik zaharrena 13 urteko gazte batena zen.

2. irudia: Garunean 85.000-100.000 milioi neurona daudela jotzen da, nerbio-sistemaren zelula nagusienak dira. Haien funtzio nagusia sinapsia egitea da, neuronen arteko elkarrekintzari esker garunak bere funtzioak bete ahal izan ditzan.(Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com
Ikerketa hau, gainera, zientziaren déjà vu modukoa dela esan daiteke. Hain zuzen ere, 90eko hamarkada arte pentsatu zen helduaroan ez zela neurona berririk sortzen eta froga asko aurkeztu ziren hipokanpoko neurogenesiaren alde. Beti egon da eztabaida neurogenesiaren funtzioari eta garrantziari buruz, baina, oro har, zientzia-komunitatean adostasun nabaria zegoen helduen hipokanpoan neuronak sortzen direla pentsatzeko. Horren aldeko ikerketak argitaratu dira, baina, metodologiak konplexuak dira eta emaitzak interpretatzea ez da erraza izan. Gakoa neurona gazteak ikusteko erabiltzen diren markatzaileetan dago; izan ere, teknika immunohistokimiko klasikoen bidez aztertzen dira neuronak eta, baliteke, neuronak gazteak egonda horiek ez detektatzea -azken ikerketari egindako kritika horixe da-, baina baliteke neurona gazteak egon gabe markatzaileak positibo faltsuak ematea -ikerketaren egileek hori diote, eta ohiko markatzaileen positibo faltsuen mekanismoa azaldu dute-.
Zalantza eta galdera horiek baieztatzen edo ezeztatzen diren bitartean -zientzian egin ohi den moduan-, argitaratu berri den ikerketa garrantzitsua da arlo horretan ikertzen jarraitzea hauspotuko duelako. Horrekin batera, hipokanpoko neurogenesia ikertzeko teknika eta markatzaile hobeak garatzea eramango du eta, ziur asko, animalion garuna hobeto ulertu eta ezagutu ahal izango da.
Informazio osagarria:
- Shen, H. (2014). New brain cells erase old memories. Nature News. DOI: 10.1038/nature.2014.15186
- Snyder, J.S. (2018). Questioning human neurogenesis. Nature, 555, 315-316. DOI: 10.1038/d41586-018-02629-3
- Sorrells, Shawn F. et al. (2018). Human hippocampal neurogenesis drops sharply in children to undetectable levels in adults. Nature, 555, 377–381. DOI: 10.1038/nature25975
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Neurogenesia zalantzan jartzeko unea appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaztaroan has daiteke osteoporosiaren prebentzioa

Irudia: Jarduera fisiko moderatu-biziarekin batera bai kaltzioan bai D bitaminan aberatsa den dietak osteoporosia prebenitzen lagun dezake.
Osteoporosiari aurre egiteko, batik bat, tratamendu farmakologikoak baliatzen dira behin gaixotasuna detektatuta. 18 eta 21 urte bitarteko gazteen hezur osasuna aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek eta egoera fisikoarekin, alde batetik, eta dietarekin, bestetik lotu du, osteoporosia prebenitzen eta geldotzen laguntzen duten faktoreak identifikatzeko.
Orain arte hezurraren kalitatearentzat erabakigarriak diren faktoreen atzera begirako azterlanak egin izan dira nagusiki, helduaroan eta hezurren gainbeheraren hasieran zentratzen direnak: osteoporosian eta, batik bat, 50 urtetik aurrerako emakumeetan. Ikerketa hau bezalako aurretiko azterlanak egitea garrantzitsua izan daiteke hezurren kalitatean positiboki zerk eragiten duen jakiteko; izan ere, hobekuntza tartea zabalagoa da, aurretik hamarkada bat baino gehiago baitago mineralizazioa ahalik eta lasterren areagotzeko.
Azterlanak 18 eta 21 urteko 156 ikasleren (61 gizon eta 95 emakume) hezurren osasuna aztertu du. Oraindik hezurren heldutasun goreneko puntura iritsi ez diren helduen hezur kalitateari buruz egin diren ikerketa gutxietako bat.
Jarduera eta baldintza fisikoa, gorputz konposizioa eta gazteen nutrizioa aztertu dira 2016ko irailetik 2017ko maiatzera arte. Ezaugarri antropometrikoak, kontsumo dietetikoa, gaitasun aerobikoa, muskuluen indarra eta egiten duten jarduera fisikoa erregistratu dira. Horretaz gain, hezurren egoera ere neurtu dute inbaditzaile ez diren ultrasoinuen bidez.
Parte hartzaileek hezur kalitate ona dutela ikusi da ikerketan. Gehienek kirola egiten dute: biziago gizonek eta moderatuago emakumeek. Gizonek egunean, batez beste, 1.080 mg kaltzio kontsumitzen dituztela (OME-k gomendatutako 1.000 mg-ak baino gehiago) ikusi dute eta emakumeek egunean gomendatutako kantitatea baino gutxiago, 814 mg. D bitaminari dagokionez, ez batzuek ez besteek ez dira OMEren gomendatutako kantitatera ailegatzen: mutilek egunean 3,88 mg hartzen dituzte eta neskek 3,10 mg.
Jarduera fisikoa, neurrianNahiz eta aztertutako gazteek hezur kalitate ona duten, adinarekin gertatuko den hezur murrizketa geldotzeko hobetu liteke. Hezur eraketan laguntzen duten faktoreak ezagutzeak balio dezake osteoporosia eta osteopenia prebenitzeko. Jarduera fisikoak muskulua hobetu eta hezurra indartzen du; jarduera bizia bada, gainera, biak hobetzen dira: urteetan hobeto iraungo dute eta hobeto egingo diote aurre hezurren gainbeherari.
Beraz, jarduera moderatu-bizia eta inpaktuzko kirolak gomendagarriak dira, dieta egokiarekin lagunduta. Muskuluen tentsioak eta indarrak hobetu egiten du hezurraren mineralizazioa, baina horrek ez du esan nahi zenbat eta gehiago hobeto; izan ere, frogatu da eliteko kirolariek ere osteoporosia izaten dutela. Jarduera fisikoak moderatu-bizia izan behar du, gehiegikerietan erori gabe, bereziki emakumeen kasuan. Ariketa oso bizia denean, nutrizio beharrak ere oso altuak izaten dira eta, emakume kirolarien kasuan, oso zaila da horiei egoki erantzutea, emakumeen ezaugarri fisiko eta hormonalengatik. Hori dela eta, pentsatzen dena baino ohikoagoa da eliteko kirolarien artean osteoporosi kasuak egotea.
Kaltzioan eta D bitaminan nutrizio egokia izateaz gain, jarduera fisikoak laguntzen du hezur mineralak pilatzen. Horrela, helduarora iristean, hezurren zurruntasunaren indizea altua izaten eta 30-35 urtetik aurrera eta batez ere 50 urtetik aurrera gertatzen den gainbeherari aurre egiten laguntzen du.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Osteoporosia gaztetatik jarduera fisikoarekin eta nutrizio egokiarekin prebeni daiteke
Erreferentzia bibliografikoa:
Hervás G, Ruiz-Litago F, Irazusta J, Fernández-Atutxa A, Fraile-Bermúdez AB, Zarrazquin I. Physical Activity, Physical Fitness, Body Composition, and Nutrition Are Associated with Bone Status in University Students. Nutrients. 2018; 10(1):61. DOI: 10.3390/nu10010061
The post Gaztaroan has daiteke osteoporosiaren prebentzioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #195
Afrikako ekialdean duela 300.000 urte inguru bizi ziren gizakiek distantzia handietan lehengaiak garraiatzen zituztela proposatu du ikertzaile talde batek. Lehen “merkataritzaren” hastapenak lirateke hauek. Tresnen artean, bereziki deigarriak dira landutako obsidianak. Obsidiana sumendien inguruan magma arin hoztearen ondorioz sortzen den beirazko arroka da. Science aldizkarian garai horretan izandako ingurumen aldaketak aztertu dituzte. Aurkitutako animalien fosilei esker berreraiki ahal izan dute kliman izandako bilakaera. Duela 800.000 bat urte ingurune hezea zegoen; baina eskualdeak lehorrera jo zuen. Hipotesiak dio elikagaien eskuragarritasunean egondako gorabeherak zirela eta, gizakiek etorkizunean etor zitezkeen bolada txarren aurrean prestatu zituztela haien buruak.
BiokimikaBeldurraren eta antsietatearen mekanismoak ikertzeko Caenorhabditis elegans zizarea erabiltzen ari dira. Bere predatzaile naturalak jariatzen dituen sulfolipidoak lurrean jarrita, bere burua babesten du: sulfolipidoak sumatzen dituenean, norabidea aldatzen du eta arrautzak jartzeari uzten dio. Jariakin horien presentzia hutsak lau zirkuitu neuronal aktibatzen ditu! Salk Institutuak egin du ikerketa eta ondorioztatu du erantzun neuronala oso antzekoa dela zizare eta gizakietan.
BiologiaEz dago narra-txakurrak baino ugaztun gogorragorik eta erresistentzia handiagokorik. Are gehiago, posiblea da erresistentzia fisiko handiena duten ugaztunak izatea. Inuitek betidanik erabili dituzte garraiorako, eta Kanadako Iparraldea eta Alaska kolonizatu zuten europar jatorrikoentzat ere, ezinbestekoak izan ziren, ez baitzegoen beste animaliarik antzeko zereginak baldintza gogorrenen menpe bete zezakeenik. Datozen asteotan, haien fisiologia-ezaugarriak azalduko dizkigute. Adi!
Erleak bizirik mantentzea da erlezain askoren kezka egun. Udaberriro berritu behar dute erle kopurua; urtero %30 eta %40 inguru galtzen dituzte, eta, gaur egun normaltzat hartzen bada ere, Mikela Untsain erlezainak ohartarazi du hori ez dela normala. Zeintzuk dira arrazoiak? Ugari daude: lore barietate gutxiago, kutsadura, eritasunak eta Asiako liztorra. Horietan artean bada bat adituek azpimarratu dutena: prestakuntza. Aurtengo negua hezea eta luzea izan denez, horrek ere eragina izan du. “Erlea multzo txiki bat izaten da neguan, 10.000 eta 15.000 ingurukoa, eta gero, eguraldi onarekin, handitu egiten da, kopuruz zein tamainaz, 40.000, 50.000 edo 60.000ko kolonia izateraino. Hori atzeratu egin da”, azaldu du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak.
Bioteknologia, mikrobiologia aplikatuaLupulurik gabe garagardoari lupulu-zaporea ematea lortu dute. Nola? Garagardoa egiteko erabiltzen den legamia eraldatuta. Ikertzaileek geraniola eta linaloola sortzeko gai den legamia sortu dute. Bi molekula horiek lupuluaren olio esentzialaren parte dira, eta lupulu-zaporearen erantzule nagusiak. Mendaren eta albakaren DNA txertatu dute legamiarenean eta horrela lortu dute lupulu-zaporea. Elhuyar aldizkariak kontatu digu horren inguruko lana.
IngeniaritzaMIT-Massachusettseko Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileek Twitter sarean 2006tik 2017ra zabaldu diren 160.000 mezu jario aztertu dituzte. Guztira, 3 milioi lagunek ingelesez zabaldutako mezuak kontuan hartu dituzte. Emaitza, etsigarria: albiste faltsuak azkarrago eta zabalago hedatzen dira benetakoekin alderatuz gero. Horretaz gain, konturatu dira gizakiak omen direla albiste faltsu gehien zabaltzen dutenak eta ez botak. Albiste horiek eragiten dituzten emozioak ere ikertu dituzte. Zurrumurru faltsuek, adibidez, sorpresa, beldurra eta atsekabea eragiten dituzte. Benetako albisteak, berriz, tristura, ikusmin, alaitasun eta konfiantza iturri dira.
MatematikaRobert Langlands kanadarrak irabazi du 2018ko Abel saria, matematikaren hainbat diziplina bateratu izanagatik. Orain saritu duten teoria 1967an garatu zuen eta hartan matematikaren bi esparru lotu zituen: zenbakien teoria eta analisi armonikoa. Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiaren arabera, “pentsatzeko modu berria ekarri du” alorrera.
MedikuntzaMinbizia sakonean ezagutzeko beste atal bat izan dugu aste honetan irakurgai. Kasu honetan, minbizi-zelula amak izan dira protagonistak. Baina tumoreetan daude zelula horiek azaldu aurretik, testuaren egileek lehenik tumoreen heterogeneotasuna zer den azpimarratu dute. Tumore baten barruan, minbizi-zelula guztiak ez dira berdinak eta azpipopulazio desberdinak aurki daitezke. Minbizi-zelula amak dira azpipopulazio horietako bat. Hainbat zelula ama desberdindu ahal ditugu beren potentzialitatearen arabera. Horrela, badaude zelula ama totipotenteak, pluripotenteak, multipotenteak, eta unipotenteak. Horrela garatzen goazen heinean gure gorputzeko zelulek potentzialitatea galtzen dute eta azkenik gure organoetan multipotente edo unipotenteak baino ez dira gelditzen ehunak berriztatzeko. Ama-zelulek garapenean egiten duten bidea ondo irudikatu zuen Waddingtonek. Irakurri artikulua osorik jakiteko zein den minbizia eta Waddingtonek egin zuen irudiaren artean.
Nanopartikulak baliatuta odol hodien hazkuntza txikitu eta modu honetan arratoietan koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia %80 gutxitzea lortu dute. Organo batean hazten ari den tumore bateko zenbait zelula askatu, beste organo batera iritsi eta hura kolonizatzen dutenean gertatzen da metastasia. Ohiko odol hodietan ez bezala, tumore zelulek bidaltzen dizkieten seinale batzuk tarteko, zelula endotelial normalak baino gehiago hazi, metastasi masarantz mugitzen dira eta tumore zelulei hazten laguntzen diete. Zelula endotelial horiek jasaten duten aldaketa hori ikertu dute. miR-20a aukeratu dute –zelula endotelial osasuntsuetan agertzen da elementu hori, baina ez tumorearen eraginpean daudenetan– eta elementu hori desagertzearen ondorioz, zelula endotelialetan proteina batzuk agertzen direla eta orduan aldatzen dela haien portaera, orduan hasten direla hazten eta mugitzen ikusi dute ikertzaileek.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #195 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #208
Historiako garairik onenean edo txarrenean bizi garen eztabaidagarria da. Baina, zertaz ari gara, zehazki, ebaluatzeko? Jesús Zamorak ematen dizkigu xehetasunak: The Enlightenment wars (2): the details
Zerk funtzionatzen du hobeto, erabakiak aho batez hartzeak ala gehiengoa eta beto eskubideren bat baliatuta hartzeak? José Luis Ferreira, Majority with veto rule versus unanimity
Zergatik dute atomoek duten tamaina eta ez txikiagoa? Modu erraz eta intuitiboan uler daiteke erantzuna: ziurgabetasun eta errelatibitate kontua da. DIPCkoek The size of atoms, uncertainty and relativity
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #208 appeared first on Zientzia Kaiera.
Leire Ibaibarriaga: “Arrantza baliabideak modu jasangarrian ustiatzeko zientzia ezinbestekoa da” #Zientzialari (91)
Euskal Herriak, haren kokapena dela-eta, beti izan du lotura handia itsasoko lanekin. Asko izan dira euskal arrantzaleek ustiatu dituzten arrain motak eta sarritan ustiapena ez da modu kontrolatuan gauzatu. Zorionez, egun, ustiapen jasangarriago baten aldeko kontzientzia garatuago daukagu.
Arrantzaren jasangarritasun iraunkorra ziurtatzeko ezinbestekoak dira ikerketa- eta bideragarritasun-txostenak. Hauei esker, arrantza-baliabideen egoera ezagutu eta arrantza-flota lehiakorra, jarduera arduratsua eta arrantza-politikari dagozkion erabaki egokiak bideratu daitezke.
Itsasoko arrainen populazioa, itsas-baliabideen eta prozesu biologikoak aztertzen dituen Leire Ibaibarriaga ikertzaile eta matematikariarekin egon gara. Leire Ibaibarriaga AZTI-Tecnaliako ikertzailea da eta bideragarritasun-txostenetan biltzen diren datuak eskuratzeko dituzten eredu estatistikoez mintzatu zaigu. Bestalde, arrantza kudeatzen duten arduradunen erabakietan datu hauek zer-nolako oihartzuna duten azaldu digu. Ikertzailearen esanetan, herrialde garatuetan jasangarritasunari buruzko kontzientzia gero eta zabalduago egon arren, arrainen harrapaketen %80ak ez du inongo ebaluaziorik.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Leire Ibaibarriaga: “Arrantza baliabideak modu jasangarrian ustiatzeko zientzia ezinbestekoa da” #Zientzialari (91) appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik egiten digu alkoholak kalte?

Irudia: Nahiz eta oso onartua izan, alkohola drogatzat hartzen du Munduko Osasun Erakundeak. Izan ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriekin erlazionatuta dago.
Etanola, aho bidez emanda, xurgapena prozesu zinetikoa jasan behar izaten du odolera iristeko. Odolera iritsita, ehun eta gorputzeko likidoetara ailegatzen da eta bere efektu akutuak (euforikoak zein kaltegarriak) eragiten ditu. Alkohola gibelean metabolizatzen da eta gernu, arnas eta gorozkien bitartez iraizten da. Hori dela eta, arnas bidez kanporatzen den alkohola erabiltzen da alkoholemia-kontrolak egiteko.
Alkohol kantitate handia hartzearen ondorioz intoxikazio akutua gertatzen da. Koadro klinikoan oldarkortasuna, sexu-jokabide ezegokia, oroimen galerak edo gogo-aldartearen aldaketa zakarrak, besteak beste, agerian jartzen dira. Intoxikazio ondoko sintomak oso anitzak dira (buruko mina, egarria, bertigoa, goragaleak…) eta pare bat egunean desagertzen dira.
Alkoholaren luzaroko kontsumoaren ondoren, organismoak zenbait moldaketa garatzen ditu, batez ere sistema GABAergikoan eta glutamatergikoan. Egoera honetan, gorputzak normaltasunez funtziona dezake nahiz eta alkoholaren eraginak nabaritu. Gizakia alkoholaren menpeko bihurtu denean eta ez duenean alkohola eskuragarri, abstinentzia-sindromea pairatzen du. Beste alde batetik, alkoholaren luzaroko kontsumoak efektuen intentsitatea murrizten du, hau da, tolerantzia garatzen da. Tolerantzia hiru mailatan gertatzen da: (1) gibeleko alkohola metabolizatzeko ahalmena handitzen da, (2) organismoa konpentsazio mekanismoak garatzeari esker egoera egokian lan egitera ohitzen da eta (3) organismoan aldaketak gertatzen dira alkoholaren eragin jarraituari egokitzeko.
Alkohol-kontsumoa bertan behera uzteak abstinentzia-sindromea eragiten du. Alkohol-kontsumoaren iraupenak, kantitateak eta metabolismo-abiadurak baldintzatzen dute sindromearen larritasuna. Sindrome honen sintomak alkoholaren efektuen errebotearenak dira. Hurrengo 6-8 orduetan arinak agertuko dira (goizeko suminkortasuna, anorexia, takikardia edo hipertentsio arinak). Sintoma hauek 3-5 egun iraun dezakete. Hurrengo egunetan gerta daitezke konbultsioak eta haluzinazio alkoholikoak izenekoak. Une horretan egoera okerragotzen bada delirium tremens gerta daiteke, ospitalean tratatu beharreko gaitza. Tratamendu egokia jaso ezean, pazienteen %15a hil egiten da.
Alkohol-kontsumoaren kontrola galdu duenari alkoholikoa deritzo. Gaur egun, alkoholismoaren intzidentzia areagotuz doa. Ez dago alkoholismoaren jatorri eta jarraitasuna azaltzen den zergati bakarra, izan ere, badirudi gaixotasun honetan parte hartzen dutela gene eta adina bezalako fisiologia-faktoreek. Denborarekin, alkoholikoak oroimen-alterazioak eta kontsumo-kontrolaren galera izaten ditu eta ez da higienez, lanpostuaz edo harreman pertsonalez batere arduratzen. Desintoxikazioak bi helburu ditu, alkoholarekin lotutako sintomak ezabatzea eta gaixoari alkohola edatea saihestea. Zoritxarrez, tratamenduak arrakasta izan arren gaixoa berriro edaten hasten da sarritan eta etanolak eragindako arazo kronikoak ere tratatzeko beharra dago gaixo hauengan. Ager daitezkeen gaixotasunen artean, gibel-gutxiegitasuna, pankreatitis akutua, neuropatia alkoholikoa edo gastritis kronikoa aipa daitezke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 31
- Artikuluaren izena: Zergatik egiten digu alkoholak kalte?
- Laburpena: Gaur egun, alkohol-kontsumoa oso hedatua dago gure gizartean. Nahiz eta gizartearen aldetik oso onartua egon, iradoki izan da batetik efektu euforikoak eragiten dituela, eta bestetik asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriak eragin diezazkiokeela organismoari. Alkoholaren zinetika nahiko aldakorra izan daiteke eta horrek nabarmen baldintzatzen ditu organismoan sortzen diren eragin akutuak. Bestalde, alkoholaren luzaroko kontsumoak ere efektu kaltegarriak ditu, esate baterako, menpekotasuna. Ondorioz, gizakiak alkoholdun edariak hartzeko behar handia sumatzen du. Horrekin lotuta, alkoholikoak tolerantzia garatuko du, eta gero eta alkohol kantitate handiagoak beharko ditu. Artikulu honetan, berrikusi egingo dira gorputzeko alkohol kontzentrazio handiagoak baldintzatzen dituzten prozesu zinetiko garrantzitsuenak, baita alkoholak eragindako efektu akutuak zein kronikoak ere.
- Egileak: Teresa Morera-Herreras, Irrintzi Fernandez-Aedo, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 21-32
- DOI: 10.1387/ekaia.16356
—————————————————–
Egileez: Teresa Morera-Herreras, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira eta Irrintzi Fernandez-Aedo, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saila I.ekoa.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zergatik egiten digu alkoholak kalte? appeared first on Zientzia Kaiera.
Narra-txakurren balada

———————————————————————————————————–
Ruper Ordorikaren Memoriaren mapan diskoko lehen kantaren hitzak balada batekoak dira. Diskoan esaten denaren arabera, Guram Sulakauri abenturazale eta iraultzaile georgiarrak idatzitako balada bateko hitzak dira.
Irudia: Erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak dira narra-txakurrak.
Diskoko testuaren arabera, Guram Sulakauri inuitekin bizi izan zen Groenlandian eta baliteke geroago ere inuitekin bizi izana, Errusiako iraultzaren ondoren, Stalin-engandik alde egin zuenean. Ondo ezagutu zituen inuitak eta inuiten txakurrak, zalantzarik ez dago. Ruper Ordorikak abesten duen baladaren hitzak 1914 urtekoak dira eta narra-txakurrak ditu protagonista:
«Balea hezurrez eginiko lera daramazuen
zakur begi urdinok, aiaiai,
zer dela eta zoazte ipar haizearen kontra
elur eternalezko lautadetan barrena.
Izotzezko itsaso mortuari azkura egiten diozuen
zakur salbaia eta gosetuok, aiaiai,
nor da zuen jabe, zein dama zuri zerbitzatzen duzue
latigopean, aho behelainozko bidean.
Zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatik
lehertzen zarete ekinean, aiaiai,
baldin eta helburua, mandatua, fantasia
ez bada sekula zeuena izanen.
Gizajendea igloo tipira sartuko denean
zuek kanpoan geratuko zarete, aiaiai,
zeuetako lagun ahulena akabatu beharko duzue
gosea berdindu beharrez.
Itzal luzeen herrialdeko zuritasun eternaleko
zakur zuri proletariook, aiaiai,
ez duzue zaunka egiten eta, uluka,
oihan epeletako otsoen antza duzue.»
Baladak ederki adierazten du zein gogorra den narra-txakurren bizitza. Seguru asko, ez dago txakur horiek baino ugaztun gogorragorik eta erresistentzia handiagokorik. Narra-txakurrak baitira erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak. Inuitek betidanik erabili dituzte garraiorako, eta Kanadako Iparraldea eta Alaska kolonizatu zuten europar jatorrikoentzat ere, ezinbestekoak gertatu ziren, ez baitzegoen beste animaliarik antzeko zereginak baldintza gogorrenen menpe bete zezakeenik.
Hainbat tokitan oraindik garraiorako erabiltzen badituzte ere, lera-lasterketetan parte hartzeagatik ikertu izan dira txakurrok. Horri esker dakigu txakur horiei buruz dakigun guztia edo gehiena. Datozen hiru ataletan haien fisiologia-ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Narra-txakurren balada appeared first on Zientzia Kaiera.
Duela 300.000 urte kokatu dute lehen giza sareen agerpena
Kenyako hegoaldean kokatuta dagoen Olorgesailieko aztarnategiak leku propioa nahi du paleoantropologiaren historian. Rifteko haranean dauden beste hainbat aztarnategitan gertatzen den bezala, bertan ederki gorde dira gizakiaren arbasoek utzitako aztarnak. Science aldizkarian kaleratutako ikerketa multzo batek aztarnategi honen garrantziaren neurria eman du. Horien artean, George Washington Unibertsitateko ikertzaile Alison Brooks antropologoak gidatutako ikerketa artikulu batek lehen giza sare konplexuen agerpena iradoki du.

1. irudia: Olorgesailie izeneko aztarnategian eskuratu dituzte lehen gizaki modernoek landutako tresnak. Irudian, Rick Potts ikertzailea, aztarnategia arakatzen. (Argazkia: Human Origins Program / Smithsonian)
Paleoantropologian gertatu ohi den moduan, oraingoan ere proposamen ausartak jarri dira mahai gainean. Jakina da: gainerako zientzietan gertatzen denarekin alderatuz, ezagutza arlo honetan guztiz iraultzaileak diren emaitzetara ohituta gaude aspalditik. Ezagutzaren bidezidorrean zabuka doan zientzia dela eman dezake, baina, dudarik gabe, ziztu bizian doa paleoantropologia.
Proposamen berriaren arabera, duela 300.000 urte inguru Afrikako ekialdean bizi ziren gizakiek haien bizilekutik kanpo ekarritako tresnak eta pigmentuak erabiltzen zituzten. Hala izanez gero, horrek adieraziko luke lehen garai horietan bazirela zerbitzuak partekatzen zituzten giza sareak. Funtsean, eta komatxo askoz hornituta, lehen “merkataritzaren” hastapenak lirateke hauek. Edo, bederen, lehengaien garraioaren lehen adierazpenak.
Kasu honetan, datak nahiko zuhurrak direla dirudi, datazioak egiteko argona eta uranioaren serieak erabili dituztelako, eta geologiarekin ikuspuntutik estratigrafia ondo zehaztuta omen dagoelako. 295-320 milioi urteko tartea eskaini dute datazio horiek. Hainbat hedabidetan jasotako adituen iritziak ikusita, badirudi oraingoan ere desadostasunak objektu horien funtzioei buruzko interpretazioan egongo direla.
Obsidiana eta pigmentuakArazoetako bat da garaiko gizakien fosilik ez dagoela bertan. Halere, kontuan izanda duela gutxi Jebel Irhoud-en (Marokon) garai horretako Homo sapiens espezieko aztarnak identifikatu direla, eta Afrikako Ekialdeko aztarnategian topatutako tresnen ezaugarriak ikusita, gure espezieari leporatu diote harrizko tresna horien ekoizpena.
Tresnak barra-barra daude aztarnategian. Bertan bizi izan ziren hominidoek nukleoak eta puntak landu zituzten, eta pigmentua eskuratzeko arrokak ustiatu zituzten, antropologoek egin duten interpretazioaren arabera.
Tresnen artean, bereziki deigarriak dira landutako obsidianak. Obsidiana sumendien inguruan magma arin hoztearen ondorioz sortzen den beirazko arroka da. Kultura eta garai askotan sarri erabili izan da, bereziki bi arrazoiengatik. Batetik, apurtzean oso sorbatz zorrotzak sortzen dituelako, eta mozteko tresnak egiteko aproposa da beraz. Bestetik, zinez arroka ederra delako, eta apaingarriak edo prestigiozko objektuak egiteko erabili izan da maiz. Burdin Arotik aurrera, metalen erabilera orokortu zenean ere, hainbat herritan funtzio zeremoniala mantendu zuten obsidianaz egindako armek.
“Obsidiana garraiatu zuten, eta pigmentuak bildu eta prozesatu zituzten. Horrek adierazten du sare sozialak garatu zirela, eta distantzia handietan gure espezieko kideen arteko hartu-emanak izan zirela”, laburbildu du Brooksek, George Washington Unibertsitateak (AEB) plazaratutako ohar batean.

2. irudia: Besteak beste, pigmentuak eskuratzeko landu omen ziren harri arrastoak aurkitu dituzte. (Argazkia: Human Origins Program / Smithsonian)
Pigmentuei dagokienez, manganesoa duten arroketatik beltza lortu zuten, eta burdin asko zuten arroketan berdin egin zuten kolore gorria edo okrea eskuratzeko. Egileek proposatu dute pigmentu horien erabilerak pentsamendu sinbolikoa adierazten duela. Gogoratu dutenez, hainbat kulturatan pigmentuak erabiltzen dira zeregin sinbolikoetarako, bereziki gorputzak margotzeko. “Norbanakoek zein taldeek bata bestearekin eta paisaiarekin zuten harremanari dagokionean, praktika hauek aldaketa esanguratsuak adierazten dituzte”, idatzi dute ikerketa artikuluan.
Materialen garraioa kalkulatzeko, bereziki obsidianaren azterketan oinarritu dira. Obsidiana benetako harribitxia da arkeologoentzat, sortu den lekuaren arabera marka geokimiko desberdina duelako, eta, hortaz, bere jatorria zehaztasun handiarekin kalkula daitekeelako. Kasu honetan, 25-50 kilometroko distantzietatik materialak garraiatu zituztela proposatu dute ikertzaileek.
“Nukleoak, landutako harriak eta bukatutako tresnak: iturri urrunetatik etorritako halako lehengaiak daudenez -eta objektu horiek duten antzinatasuna ikusita-, badirudi gizakien errepertorioan portaera berri bat dagoela: eremu garrantzitsu batean trukatzeko edo eskuratzeko sareak eratu zirela”, azaldu dute ikerketa artikuluan.
Diziplinan ohikoa den moduan, aurkikuntzak testuinguruan jartzeko gaur egungo ehiztari-biltzaileen bizimoduan jarri dute arreta ikertzaileek. Kasu honetan, Kalahariko basamortuaren inguruan bizi diren lagunek 100 kilometroko distantzian hartu-emanak izaten dituzte; baina, oro har, batez bestean 20 kilometroko ekintza-eremu batean baino ez direla mugitzen azaldu dute ikertzaileek.
Bestetik, material horiek guztiak biltegi desberdinetan aurkitu dituzte, eta hortik ondorioztatu dute nolabaiteko antolaketa zegoela materialak bereizterakoan.
Scienceko aldizkariko ale berean argitaratutako beste artikulu batean, garai horretan izandako ingurumen aldaketak aztertu dituzte. Bereziki, aurkitutako animalien fosilei esker berreraiki ahal izan dute kliman izandako bilakaera. Duela 800.000 bat urte ingurune hezea zegoen; baina, pixkanaka, eskualdeak lehorrera jo zuen. Ikertzaileek uste dute iraganean izandako klima-aldaketa hori akuilu izan zela berrikuntza sortzeko. Esku artean duten hipotesiaren arabera, elikagaien eskuragarritasunean egondako gorabeherak zirela eta, gizakiek etorkizunean etor zitezkeen bolada txarren aurrean prestatu zituzten haien buruak, beraien arteko sustengu sareak osatuz.
Estraturik zaharrenetan Acheulear garaiko tresnak ageri dira: bereziki, eskuzko aizkora handiak eta karrakailuak erabiltzen zituzten, eta Homo erectus espeziak sortu zituela uste dute. Tamalez, duela 500.000 – 320.000 urteko denbora tarteak desagertuta daude aztarnategian, higadurak tarte horri dagokien estratuak desagerrarazi dituelako.
Erreferentzia bibliografikoa:
Brooks, Alison S. et al. Long-distance stone transport and pigment use in the earliest Middle Stone Age. Science, 15 Mar 2018: eaao2646. DOI: 10.1126/science.aao2646
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Duela 300.000 urte kokatu dute lehen giza sareen agerpena appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak
Zelula ama bat beste zelula mota bat sortzeko gai da. Gutariko bakoitza gizaki konplexuak garen heinean zelula ama bakar bat izan ginen. Gure amaren obulua eta aitaren espermatozoidea batu zirenean zigoto izeneko zelula berri bat sortu zen. Zelula berri honek gure gorputzeko edozein zelula sortzeko gaitasuna zuen eta izan ere, horrela joan zen ugaltzen, eta zelulak berriak sortzen. Hasierako zigoto edo zelula bakarra biderkatzen joan zen eta zelula masa bat sortzen, baina garatzen zioan heinean zelulak desberdintzen joan ziren. Horrela, zelula bakoitza espezializatzen joan zen, eta egun hainbat zelula mota desberdinak bereiz daitezke gure gorputzean.

1. irudia: Minbizia oso gaixotasun heterogeneoa da, ez baitaude minbizi berdin bi.
Garapenaren hasierako faseetan zelulek potentzialitate handia daukate gorputzeko edozein zelula sortzeko, baina garatzen goazen heinean zelula hauek desberdindu eta espezializatu egiten dira. Esan dugu zelula ama baten ezaugarri nagusia beste zelula mota bat bihurtzea dela eta izan ere zigotoa beste edozein zelula mota bihurtzeko gai da. Baina zigotoa ez da zelula ama mota bakarra. Hainbat zelula ama desberdindu ahal ditugu beren potentzialitatearen arabera. Horrela, badaude zelula ama totipotenteak, pluripotenteak, multipotenteak, eta unipotenteak. Totipotenteak gorputzeko edozein zelula eta karena sortzeko gai dira, baina pluripotenteak gorputzeko zelulak soilik. Multipotenteak leinu jakin bateko zelulak sor ditzakete eta unipotenteak zelula mota bakar bat. Horrela garatzen goazen heinean gure gorputzeko zelulek potentzialitatea galtzen dute eta azkenik gure organoetan multipotente edo unipotenteak baino ez dira gelditzen ehunak berriztatzeko. Ama-zelulek garapenean egiten duten bidea ederto deskribatu zuen Waddingtonek bere irudi ospetsuen bidez (Irudia). Bertan ama-zelula bat bailara baten punturik gorenean agertzen da; gero, zelula hau jaisten hasten da eta bidegurutze bakoitzean alde batera edo bestera joateko erabakia hartuko du. Erabaki bakoitzak atzerako bueltarik ez dauka eta ondorioz betirako zelula mota jakin bat izatera bideratuko da. Grabitatearen ondorioz zelula ezingo da atzera joan.

2. irudia: Waddingtonen eskemaren irudi bat. Zelula desberdindugabeak mendi tontorrean agertzen dira eta desberdintzen diren heinean bailaretara jaisten dira. (Ilustrazioa: Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López)
Eta non dago minbizia eta Waddingtonen irudiaren arteko lotura? Zelulen atzerako itzuleran. Hau da, minbizi-zelula bat funtsean bailarako tokirik sakonenetik atzera igotzen da: desberdintzapen prozesuan atzera egiten du. Minbizi-zelula guztiek ez dute ordea bide hori maila berean egiten. Ikusi da batzuk bailarako tokirik garaienera igotzen direla eta hauek dira minbizi-zelula amak. Tumore batzuetan guztiz desberdindugabeak diren zelulez osatutako azpipopulazio bat aurkitzen dugu. Zelula hauen ezaugarriak zelula ama multipotenteen antzerakoak dira. Ikusi da minbizi-zelula desberdindugabeagoek ez dituzten hainbat ezaugarri ere badituztela. Alde batetik, hainbat babes-mekanismo dituzte, adibidez proteina antiapoptotikoen adierazpen altua eta ABC ponpak. Apoptosia zelula normalek duten gaitasun bat da. Hauek akatsen bat detektatzen dutenean euren buruaz beste egiten dute modu programatu batean. Minbizi-zeluletan ikusi da gaitasun hau erregulatu gabe dagoela eta nahiz eta zelulek akatsak pilatu, ez dute bere buruaz beste egiten. Minbizi-zelula ametan apoptosiaren erregulazio falta oraindik ere nabarmenagoa da. ABC punpak ere aipatu ditugu. Hauek zelularen mintzean dauden punpa berezi batzuk dira eta zelulan sartzen diren sustantzia arrotzak, botikak kasu; zuzenean kanporatzen dira eta ondorioz jaitsi egiten da tratamenduen eraginkortasuna. Bestalde, migratzeko gaitasuna daukate, eta horren ondorioz metastasia sortzeko gaitasuna ere badute. Tratamenduekiko oso erresistenteak direnez, gai dira urte luzez ehun batean “hibernatzen” egoteko. Uste da biltegi moduan funtzionatzen dutela eta berragertzeen eragile nagusiak direla. Jatorriari buruz bi eredu daude eta ez dira kontrajarriak. Batetik, uste da zelula desberdindu batek, minbizia sortu ondoren pairatzen dituen mutazio pilaketaren ondorioz desberdintzapenean atzera egin eta zelula ama baten ezaugarriak hartzen dituela. Beste ereduaren arabera zelula ama bat minbizi-zelula bihurtzen da eta denborarekin gainera gero eta desberdindugabeagoa bihurtzen da.
Dena dela, argi dago zelula hauek etorkizuneko tratamenduen jomugan jarri direla eta minbizi mota batzuen osatzea ez dela gertatuko hauek suntsitu gabe.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Borah, A. et al., 2015. Targeting self-renewal pathways in cancer stem cells: clinical implications for cancer therapy. Oncogenesis, 4(11), p.e177.
- Clarke, M.F. et al., 2006. Cancer stem cells – Perspectives on current status and future directions: AACR workshop on cancer stem cells. Cancer Research, 66(19), pp.9339–9344.
- Clevers, H., 2011. The cancer stem cell: premises, promises and challenges. Nature medicine, 17(3), pp.313–9.
- Medema, J.P., 2013. Cancer stem cells: The challenges ahead. Nature Cell Biology, 15(4), pp.338–344.
- Moitra, K., 2015. Overcoming Multidrug Resistance in Cancer Stem Cells. BioMed Research International, 2015: 635745, doi:10.1155/2015/635745
———————————————————————————-
Egileez:Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.
Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.
José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta
The post Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak appeared first on Zientzia Kaiera.