Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 18 min

Asteon zientzia begi-bistan #336

Ig, 2021-02-07 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, bularreko minbizia da gehien hedatuta dagoena, biriketakoa baino gehiago. Azken bi hamarkadetan ia bikoiztu egin da detektatutako minbizien kopurua. Berriak azaldu digunez, 2000. urtean 10 milioi paziente inguru ziren, eta iaz, 19,3 milioi.

COVID-19ari dagokionez, Ana Galarragak Berrian azaldu digu zertan datzan Zero COVID estrategia (Contain covid delakoa). Horren helburua da birusaren intzidentzia guztiz txikitzea eta hari maila apalean eustea. Artikuluan adierazten denez, zenbait herrialdetan lortu dute: Taiwanen, Japonian, Zeelanda Berrian, Vietnamen, Singapurren… Europan, oraingoz ez da abian jarri.

Nerea Irigoyen birologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, SARS-CoV-2 birusaren aldaerez eta bere garapenaz mintzo da. Irigoyen ikerketa talde bateko zuzendaria da Cambridgeko Unibertsitatean. Haren irudiko, izurriari erantzun “globala” eman behar zaio, baina alarmismorik gabe.

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak, bere aldetik, txertoen eraginkortasunaz hitz egin digu Berriako testu honetan. Pfizer eta Modernaren txertoek, adibidez, %50eko eraginkortasuna dute lehen dosiarekin, eta %95ekoa bigarren dosiarekin, entsegu klinikoetan. Baina bestelako txertoak ere izan ditu mintzagai. Ez galdu!

Orain arteko informazioari jarraiki, SARS-COV-2 birusaren transmititzeko modu nagusia arnasbideetatik igortzen diren tantaxkak eta aerosolak inhalatzea dela berretsi dute artikulu batean. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu, arraroa dela gainazaletan eta objektuetan egon daitezkeen birusen bitartez kutsatzea.

SARS-COV-2 birusaren gertatutako kasu berezi bat ekarri digu Josu Lopez Gazpiok. Gizon bati ehun linfatikoen minbizi mota bat diagnostikatu zitzaion. Hortik gutxira, PCR proba egin eta SARS-CoV-2 positibo eman zuen. Lau hilabete geroago, gongoilen hantura murriztu egin zen, linfomaren murrizketa orokorra gertatu zen. Ez da miraria: minbizia duten zenbait gaixok hobekuntzak izaten dituzte infekzio birikoen ondorioz. Ez galdu azalpenak.

Ingurumena

Munduko marrazoen eta arrainen populazioak %70 murriztu dira 1970tik, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Ikerketa erraldoi batean aztertu dute 31 espezieren bilakaera, eta ondorioztatu dute, horietatik 24 desagertzeko arriskuan daudela, eta horien arteko 3 galzori larrian daudela.

Antropologia

Ikerketa lan batean ikusi da egungo eredu psikologikoetan eragina izan dutela elizaren tabu bereziak, familia politikak eta ahaidetasunean oinarritutako erakunde iraunkorrak. Mendebaldeko gizarteetan nabaritu da hori; jendea indibidualistagoa, independenteagoa eta prosozialagoa izaten da modu inpertsonalean.

Kimika

Elementuen balentziaz (beste atomo batzuekin konbinatzeko duen gaitasunaren neurketa) eta lotura kimikoaz hitz egin digute artikulu honetan. Kimikariek historian zehar emandako urratsen, eztabaiden eta aurkikuntzen errepaso zehatza dugu hauxe. Ez galdu!

Einsteinioaren propietate batzuk neurtzea lortu dute Berkeley Laborategiko eta Georgetown Unibertstitateko ikertzaile batzuk. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, elementu hori 1952an aurkitu zuten lehen hidrogeno-bonbaren hondakinetan. Baina ez dira esperimentu asko egin orain arte, sortzeko oso zaila eta oso erradioaktiboa delako.

Emakumeak zientzian

Uzuri Albizu matematikaria da eta baita Hala Bediko irratiko esataria ere. Saio horietan, jakina, zientziaz hitz egiten du bere lankide Estitxu Villamor fisikariarekin. Matematikako irakaslea da Albizu. Horretaz gain, Ikerketa Feministak eta Generoko Masterra egiteak eman dion beste ikuspegi horretaz mintzo da: “Feminismoak, maila pertsonalean, eman dizkit erremintak ulertzeko nolakoa izan den nire ibilbidea matematikan; jabetu naiz nire generoak zenbateraino baldintzatu duen karreran izandako esperientzia”.

Elikagaiak

Idiazabalgo gaztaren ekoizpena eta teknologia hobetzeko lanean ari da Lactiker ikerketa taldea. Luis Javier Rodriguez Barron da ikertzaile nagusia eta bere asmoa argia da: Idiazabalgo gazta hobetzea. Hori lortzeko, arazoei irtenbideak aurkitu eta, ekoizteko bideak hobetu behar dira. Adibidez, ezaugarri sentsorialak aztertu dituzte euren ikerketetan. Berrian informazioa.

Gaztatik San Blaseko opiletara egin dugu jauzi. Ziur asko asteon opilen bat jan duzue. Baina badakizue zein den opil hauen jatorria eta berezitasuna? Bi dira nagusiki: arrautzaren zuringoarekin lorturiko gainazal zuria eta anis zaporea. Azken honen inguruan aritu dira testu honetan Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #336 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #339

La, 2021-02-06 09:00

Neurologiaren ikuspuntutik autismoaren kontrakoa da Williams sindromea. Biak dituen ume baten kasua topatu da, hala ere. J.R. Alonsoren Williams syndrome and autism in the same child

Klima-aldaketa transformazio izugarria eragiten ari da Ozeano Artikoan. Arctic Ocean: climate change is flooding the remote north with light – and new species Jørgen Berge et al.-ren eskutik.

Espin polarizatzaileek sortutako korrontea da espintronikaren faktore mugatzaileetako bat. Ia ideala den bat topatu dute DIPCn, ezin sumatuzko tokian: egitura metal-organikoan (MOF).  A 3D metal-organic framework as ideal electron spin filter

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #339 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Uzuri Albizu, matematikaria: “Zientzia boterea da; feministok ezin dugu alde batera utzi”

Or, 2021-02-05 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Uzuri Albizu Mallearen ahotsa oso ezaguna da arabar askorentzat, Hala Bedi irratiko esataria baita. Estitxu Villamor Lomasekin batera aritzen da, eta haien saioetan nabarmen antzematen dira ikuspegi feminista eta espiritu kritikoa. Gainera, bata matematikaria eta bestea fisikaria izanik, zientziaz ere aritzen dira.

Albizuren esanean, oso gaztetatik gustatu izan zaio zientzia, baina baita bestelako arloak ere: “Berez, ikasgai guztietan moldatzen nintzen ondo, eta letretako diziplinak erakargarriak iruditzen zitzaizkidan. Baina zientzietan ere emaitza oso onak nituen, eta, horrelakoetan, zientzietara bultzatzeko joera dago. Gainera, ni baino bost urte zaharragoa den lagun batek matematika egin zuen, eta oso gustura zegoen. Hala, nik ere matematika aukeratu nuen”.

Uzuri AlbizuIrudia: Uzuri Albizu Mallea matematikaria.

Lehen urteak oso gogorrak egin zitzaizkion, baina gero neurria hartu zion karrerari, eta zenbait irakaslerekin ere oso gustura aritu zen. “Asko zaintzen gintuzten, eta hori ez da oso ohikoa unibertsitatean”, gogoratu du Albizuk.

Hala ere, azken bi urteetan, kostatu egin zitzaion matematikaren abstrakzioa onartzea. “Mugimendu sozialetan nenbilen, eta astuna egiten zitzaidan matematikak errealitate horrekiko duen deskonexioa. Hortaz, karrera amaitu nuenean, urtebete hartzea erabaki nuen. Lana eginez diru pixka bat aurreztu nuen, eta, azkenean, matematikaren didaktikan espezializatzea erabaki nuen”.

Granadan egin zuen didaktikako masterra, eta, jarraian, baita Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzako masterra ere, eta han hasi zen matematikaren hezkuntzan dauden korronte interesgarri batzuk ezagutzen: matematika kritikoa, etnomatematika… Hala, master-amaierako lana etnomatematikari buruzkoa izan zen.

Azaldu duenez, etnomatematikak konstruktu sozialtzat hartzen du matematika bera, eta hortik lantzen du hezkuntza ere. “Ez irakastea matematika egia absolutu bat balitz bezala, edo gizartetik guztiz deslotuta dagoen zerbait, baizik eta giza jardunetik hurbilago dagoen zerbait bezala. Hori da abiapuntua; eta lekuan lekukoa irakastea”.

Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntzan masterra eginda, matematika irakasten hasi zen, San Fermin ikastolan lehenik, eta gero unibertsitatean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Dioenez, erronka handia da Lehen Hezkuntzako gradua ikasten ari direnei matematika irakastea, gero ikasle horiek haurren irakasle izango baitira, eta haiek ere matematika irakatsi beharko baitituzte, beste eduki askoren artean: “Matematikarekiko sentitzen duten maitasuna, frustrazioa edo dena delakoa transmitituko diete; hortaz, niretzat erronka bat da da matematika gustagarri izan dezaten”.

Ikuspegi feminista

Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterra egiteak ere beste ikuspegi bat eman diolakoan dago. “Feminismoak, maila pertsonalean, eman dizkit erremintak ulertzeko nolakoa izan den nire ibilbidea matematikan; jabetu naiz nire generoak zenbateraino baldintzatu duen karreran izandako esperientzia, adibidez, nire segurtasun-gabeziak eta beldurrak zenbateraino zeuden lotuta generoari. Horrez gain, aukera eman dit matematikaren didaktika beste era batera egiteko: lehiakortasuna bultzatu beharrean, elkarlanean oinarritzea; diziplinen arteko horizontaltasuna aldarrikatzea; hierarkiak puskatzea…”

Alderantziz ere, uste du matematika eta zientzia mesedegarriak direla feminismoarentzat, gaur egungo gizartean ezinbestekoa baita zientifikoki alfabetatuta egotea. “Metodo zientifikoak errealitatea ulertzeko tresnak ematen dizkigu; eta errealitatea iraultzeko, ezagutu egin behar dugu. Azken finean, zientzia boterea da; feministok ezin dugu alde batera utzi”.

Fitxa biografikoa:

Uzuri Albizu Mallea Munitibarren jaioa da, 1989an. Matematikan lizentziatu ondoren, Matematikaren Didaktikan Masterra, eta Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntzan Masterra egin zituen. Jarraian, beste master bat ere egin zuen: Ikerketa Feministak eta Generokoak. 2016tik, matematikako irakasle da EHUren Gasteizko Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta 2018tik tesia egiten ari da, EHUko Ikerketa Feministak eta Generokoak Doktoretza programan, hezkuntza matematikoari buruz.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Uzuri Albizu, matematikaria: “Zientzia boterea da; feministok ezin dugu alde batera utzi” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Balentziaz eta lotura kimikoaz (I)

Og, 2021-02-04 09:00
César Tomé López

XVIII. mendean (eta are lehenago) uste zen konbinazio kimikoa “afinitate kimiko”aren legeek gobernaturik zegoela, afinitate hori neurtu ohi zen eran (beste era batzuen artean) energia oinarri zelarik, eta azidoak zein baseak gatzak sortzeko konbinatzen ziren proportzioak oinarri zirelarik. Teoria atomikoa eta elektrokimika garatzen hasi zirenean, ia batera XIX. mendearen hasieran, teorialari gehienek uste zuten konposatu kimikoak osatzen zituzten atomoek indar elektrostatiko polarrengatik irauten zutela elkarrekin.

Substantzia baten elektronegatibotasuna edo elektropositibotasuna neurtu ahal zen zelula elektrokimiko batean erakusten zuen jokaeragatik; intentsitatea eta zeinua aldatu egiten zen substantziaren arabera, eta elementu bakoitzaren oinarrizko ezaugarria zen. Jacob Berzelius-ek 1810. urtearen eta 1820ko hamarkadako erdialdearen artean garatua, dualismo elektrokimikoaren teoriak balio zuen konposatu ez-organikoetarako, baina jada 30eko urteetan zailtasun handiekin egin zuen topo kimika organikoan.

balentziaIrudia: Elementu baten balentzia beste atomo batzuekin konbinatzeko duen gaitasunaren neurketa da, konposatu kimikoak edo molekulak eratzen dituenean. (Argazkia: Anandasandra – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hainbat elementu, itxuraz, gai ziren beste batzuk ordezkatzeko konposatuetan, beren izatasun elektrokimikoa gorabehera. Edward Frankland-ek 1852an buruturiko konposatu ez-organiko eta organometalikoen ikerketa batek ondorioztarazi zuen nitrogeno-, fosforo-, antimonio-, eta artseniko-atomoak, itxuraz, konbinatzen zirela hiru edo bost atomorekin, elektrokimikak eraginik ez zuelarik. Hamarkadaren amaieran, Franklanden lagun bat, Hermann Kolbe, ideia hori konposatu organikoei aplikatzen hasi zitzaien.

Franklanden 1852ko artikulua plazaratu baino are lehenago ere, Alexander Williamson-ek (jada) ohartarazia zuen erradikal organiko jakin batzuen izatasun “bibasiko”az, eta berehala aplikatuko zuen kontzeptua oxigenoa sartzeko. Williamsonen ideiari jarraiki, Charles-Adolphe Wurtz-ek, William Odling-ek eta August Kekulé-k aztertu zuten haren aplikazioa kimika organikoan, oxigeno, sufre, nitrogeno eta, azken batean, karbonorako.

Kekulék auziaren egoera laburtu zuen 1857 eta 1858an argitaratutako bi artikulutan. Berak zioen elementu bakoitzaren atomoek, itxuraz, bazutela halako ahalmen finko bat elementu beraren edo beste elementu batzuen atomoekin konbinatzeko; konbinatze-ahalmena zuten osagai horiei “afinitate-unitateak” izena eman zien. Hidrogeno- eta kloro-atomoek bazuten unitate horietako bat, zeinek berea. Oxigenoak eta sufreak, bi; nitrogenoak, fosforoak eta antimonioak, hiru; eta karbonoak, lau. Ia hamar urte geroago, kontzeptuari “balentzia” esan zitzaion.

Kekulék idatzi zuen uraren formulak (H2O) esan nahi zuela hidrogenoaren bi atomo monobalente oxigenoaren atomo dibalente batekin konbinatzen zirela; etanoarenak (H3CCH3) berriz, elkarturik irauten zuen metilo talde bakoitzak (CHH3) erabili gabe zeukalako karbono tetrabalentearen balentzia-unitate bat, eta elkar asetzen zuten elkarrekin “katigatzean”; eta, halaxe, gainerako formulekin. Balentzia atomikoaren teoria horrek laster aurkitu zituen aldeko froga asko, eta kimikari garrantzitsu gehienek denbora gutxian berretsi zuten.

Kekulék balentzia-kontzeptuak erabili zituen “egitura kimikoaren” teoria bat garatzeko. Karbono-atomoek, idatzi zuen, beren balentzietako batzuk erabili ahal zituzten beren artean elkartu eta karbono-“kateak” sortzeko, molekula baten “hezurdura” osatuz. Balentzia-arauei jarraiki, beste elementu batzuen atomoak, hala nola hidrogenoa, oxigenoa eta nitrogenoa, erantsi ahal ziren hezurdura horretan, eta, zekienagatik behintzat, ordu arte ezagun ziren elementu guztien molekulak eratuko zituzten.

Ideia osagarrien formulazioak, hala nola lotura anizkunen existentziak (etilenoa, H2C=CH2; formaldehidoa, H2C=O, eta abar), frogatu zuen egitura-teoriak formula organikoen sorta handi bat azaldu ahal zuela. 1865ean Kekulék frogatu zuen karbonoaren tetrabalentzia erabili ahal zela itxura hartuz zihoan formula bat eratortzeko, bentzenoaren molekula erabakigarria irudikatzeko hautagai zena: C6H6, konposatu aromatiko izeneko guztien prototipoa. Kekulék iradokitzen zuen egitura zen karbonoaren sei atomoren eraztun itxi bat, lotura bakun eta bikoitzak txandakaturik zituena, eta hidrogeno-atomo bat zuena karbono bakoitzari lotuta. Formula hori laster onartu zen.

Franklandek eta Kolbek garrantzizko ekarpenak egin zituzten balentzia- eta egitura-teoriaren hasierako garapenean, baina, hala ere, arbuiatu egin zituzten teoria haren inplikazioak. Franklandek azkenean teoria onartuko zuen, bentzenoaren formula argitaratu aurretik. Aurkitzen zuten arazo bat zen hipotesi osagarri ugari behar zirela teoriak funtziona zezan. Gainera, ez zegoen argi balentzia elementu bakoitzaren propietate iraunkor eta bereizgarria ote zen ala inguru kimikoaren arabera aldatzen ote zen, Franklandek hasiera batean proposatu zuen bezala. Balentzien iraunkortasunaren gaineko eztabaidek zenbait hamarkadaz jarraitu zuten, eta ez ziren argitu harik eta loturaren teoria garatu zen arte, XX. mendea aski aurreratua zelarik.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

The post Balentziaz eta lotura kimikoaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

San Blas opila eta anisa, bai bikote gozoa

Az, 2021-02-03 09:00
Ainara Sangroniz, Leire Sangroniz

Otsailaren 3an San Blas eguna ospatzen da, eta, tradizioari jarraituz, herri askotan San Blas opilak bedeinkatzen dira. Gaur egun hainbat herritan hedatuta dagoen ohitura bada ere, opil hauen jatorria Eibarren dago eta bertatik inguruko herrietara zabaldu zen. Opil hauen berezitasun nagusia arrautzaren zuringoarekin lorturiko gainazal zuria eta anis zaporea dira. Bada, hurrengo lerroetan anisaren inguruan mintzatuko gara.

1. irudia: San Blas opila. (Argazkia: Theklan – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Hemen gehien erabiltzen den anisa Pimpinella anisum landaretik lortzen da. Landare hauek Asian eta mediterraneoan aurki daitezke. Haien haziak edari alkoholdunak zein alkohol gabeak, haragia, gozokiak edo opilak gozatzeko erabiltzen dira.

Anis olioa Pimpinella anisum landarearen hazien destilaziotik lortzen da eta koloregabea zein horixka izan daiteke. Olioa lortzeko, lurruna landarearen hazietatik pasarazten da, haien osagai hegazkorrak eraman ditzan. Lurrun hau kondentsatu egiten da eta olio eta ur nahaste bat lortzen da. Olioa goiko aldean gelditzen da, eta uretatik erraz banandu daiteke horrela. Olio horren konposatu nagusia anetola da, %75-90 inguruko proportzioan. Konposatu organiko hau da, hain zuzen ere, anis haziei usain gozo eta aromatikoa ematen diena.

Anetola jakietan, lurringintzan eta industria farmazeutikoan erabiltzen da. Hazien anetola kantitatea zenbait ezaugarriren araberakoa da, hala nola, genotipoa, irrigazioak edota landare populazioak.

san blas opila2. irudia: Anis haziak, hauei esker lortzen du zapore berezia San Blas opilak. (Argazkia:  Rajesh Rajput – erabilera publikoko irudia. Iturria: unsplash.com)

Konposatu honek ezaugarri antifungikoak ditu, erabilgarria da zenbait bakterioren aurka eta antioxidatzailea, antiseptikoa eta estimulatzailea da.

Anetola daukan beste fruitu bat izar anisa deritzona da, Illicium anisatum (japoniarra) eta Illicum verum (txinatarra) zuhaitzetatik lortzen dena. Fruitu honek 6-8 puntako izarrak eratzen ditu eta lehortutakoan kolore marroi-gorrixka dauka. Bi zuhaitz mota hauen fruituak bereiztea nahiko zaila omen da; kontuz ibili behar da japoniarrak oso toxikoak baitira, eta txinatarrak, berriz, jan daitezke. Izar anis txinatarrak Tamifluaren molekula aktiboaren aurrekari bat dauka eta horrek interes handia piztu du fruitu hauen inguruan. Hala ere, gaur egun beste bide batzuk erabiltzen dira molekula aktibo hori lortzeko.

Aipatzekoa da anisean oinarritutako edari alkoholdun ugari daudela; esaterako, anisa Espainian, pastisa Frantzian, sanbuka Italian edota ouzo deritzona Grezian.

3. irudia: Anis-belar txinatarraren (Illicium verum) fruituak izar itxura dute. Sukaldaritzan ez ezik izar anisa te forman erabili izan da kolikoaren eta erreumatismoaren aurkako erremedio gisa. (Argazkia: FLAVORI – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Pastisa Frantzian sortu zen absenta debekatu zenean. Hain zuzen ere, absenta belar eta landareetatik lortutako edari alkoholikoa da eta zenbait kasutan haren alkohol proportzioa %90ekoa izan daiteke. XIX. eta XX. mendeetan Frantzian edari hau oso hedatua zegoen, batez ere idazle eta artisten artean, haientzat inspirazio iturria baitzen. Absentak haluzinazioak sortzen zituela uste zen garai hartan. Ondorioz, edari honen kontsumoa debekatu egin zen Europako herrialde askotan; haien artean Frantzia. Debeku honi aurre egiteko, absenta egiten zuten zenbait ekoizlek pastisa deritzon edaria sortu zuten, izardun anisa, anis arrunta eta erregaliza nahastuz eta alkoholaren portzentajea jaitsiz.

Pastisa edateko, normalean uretan diluitzen da, alkohol maila %7 ingurura jaisteko. Pastisa gardena da, baina uretan diluitzean zurixka bihurtzen da. Horren arrazoia anis olioan dago. Anis olioaren konposatu nagusia, lehen aipatu den bezala, anetola da eta hark disolbagarritasun handia dauka alkoholean, baina ez da ondo disolbatzen uretan. Pastisa %55 inguru ur eta %45 alkohol da, eta olioa oso portzentaje txikian dago. Honela, olioa disolbagarria da ur eta alkohol nahaste horretan eta edaria gardena da. Baina edateko uretan diluitzen denean, olioa ez da disolbagarria, ur gehiegi dagoelako, eta uherra bihurtzen da, olio tantak disoluzio horretan barreiatuak gelditzen direlako, kolore zurixka hartzen duelarik.

Erreferentzia bibliografikoak:

Peter, K. V. (2012). Handbook of Herbs and Spices. Sawston, Erresuma Batua, Woodhead Publishing.

Kubo, I.; Fujita, K.-I.; Nihei, K.-I. (2008). Antimicrobial activity of anethole and related compounds from aniseed. Journal of the Science of Food and Agriculture, 2 (88), 242-247. DOI: https://doi.org/10.1002/jsfa.3079

Iturriak:
  • Koester, Vera (2020). Anise Chemistry. Chemistry views, argitaratze-data: 2020ko abenduaren 15a. DOI: 10.1002/chemv.202000141
  • Arney, Kate (2016). Shikimic acid. Chemistry world, argitaratze-data: 2016ko ekainaren 8a.
  • Iruin, Juan José (2008). El hada verde. El blog del búho, argitaratze data: 2008ko maiatzaren 13a.
Egileez:

Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

The post San Blas opila eta anisa, bai bikote gozoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eta, agian, COVIDak minbizia sendatu zion…

Ar, 2021-02-02 09:00
Josu Lopez-Gazpio

Sarritan birusak, eta bereziki SARS-CoV-2a maltzurtzat hartzen ditugun arren, ez ginateke bizirik egongo Lurrean birusak ez baleude. Naturaren bideak ezin asmatuzkoak dira eta, kasu batzuetan, birusen ezaugarriak gure alde erabili ditzakegu. Birusak minbizien aurka eraginkorrak izan daitezkeela aspalditik dakigu eta birus onkolitikoak erabiltzen dira zenbait kasutan minbizien aurkako tratamenduan. Oraingoan, baina, SARS-CoV-2arekin gertatutako kasu baten berri eman dute Erresuma Batuan.

COVIDakIrudia: Ikerketa batek ohartarazi duenez, baliteke zenbait kasu zehatzetan SARS-CoV-2ak minbiziaren aurkako erantzuna aktibatzea. (Argazkia: Anastasia Gepp – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

British Journal of Haemathology aldizkarian kasu berezi baten berri eman zuten urtarrilaren hasieran. 61 urteko gizon batek pisu galera nabarena eta gongoilen hantura zuen. Arrakastarik izan ez zuen giltzurruneko transplante baten kausaz hemodialisia jasotzen zuen eta hiru urtez terapia immunodepresiboa izan zuen. Frogen ostean, III. faseko Hodgkinen linfoma diagnostikatu zitzaion, ehun linfatikoen minbizi mota bat. Diagnostikoa PCR proba bati esker egin zen, Hodgkinen linfoma sortzeko erantzulea den Epstein-Barr birusean positibo izan baitzen. Oraindik ez dago guztiz argi Hodgkinen linfoma zerk sortzen duen, baina, arrazoi arruntenen artean aipatutako birusaren infekzioa dago.

Gizonaren lehen diagnostiko horren ostean, epe labur batean, arnasteko zailtasunaren kausaz ospitaleratu zuten eta hortik gutxira SARS-CoV-2 positibo eman zuen PCR proban eta birusak eragindako pneumonia diagnostikatu zioten. Hamaika egun beranduago gaixotasunak hobera egin zuen eta etxera bidali zuten. Ospitaleratuta egon zen bitartean ez zuen ez kortikosteroiderik ezta immunokimioterapiarik jaso. Orain arte, gizonaren zorte txarraz aparte, ez dago ezer aipagarririk.

Hala ere, lau hilabete geroago linfomaren jarraipenerako probetan ikusi zenez, gongoilen hantura murriztu egin zen, linfomaren murrizketa orokorra gertatu zen eta Epstein-Barren birusaren PCR bidezko kontaketa 4800 kopia/ml-tik 413 kopia/ml-ra jaitsi zen. British Journal of Haemathology aldizkarian argitaratutako lanaren egileen arabera, SARS-CoV-2 birusaren infekzioak minbiziaren aurkako erantzun immunitarioa eragin zuen. Azaldu dutenez, litekeena da infekzioaren erantzun gisa ekoiztutako zitokinek minbiziaren aurkako T zelula espezifikoak eta beste zelula hiltzaile batzuk aktibatu izana.

Gertatutakoak miraria dirudien arren, horrelako kasuak lehenago ere deskribatu izan dira eta, hain zuzen ere, biroterapia onkolitikoaren jatorria horixe da: minbizia duten zenbait gaixok hobekuntzak izaten dituzte infekzio birikoen ondorioz. Jakina, hori ez da arruntena, baina, kasuak egon badaude. Pneumonia infekziosoen ondoren beste linfoma mota batzuk murriztu egin direla dokumentatu da eta Clostridium difficile bakterioak eragindako kolitisaren kasuan ere tumoreen aurkako erantzunak ikusi dira -azken kasu honetan bakterio bat litzateke eragilea eta ez birusa-.

Erresuma Batuko gizonari gertatutakoa gertakari garrantzitsua izan den arren, zientzian ez da hain arrotza. Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete, baina, sendaketan ere lagundu dezakete. Wiliam Coleyk egindako aurkikuntzei esker, XIX. mende amaieratik ezaguna da minbizi kasu batzuetan mikroorganismo infekziosoek eragin positiboa izan dezaketela. Kimioterapia eta erradioterapiari esker, tratamendu mota horrek ez zuen arrakasta handirik izan, baina, egungo ingeniaritza genetikoak ematen dituen aukerei esker, lehen birus onkolitikoak diseinatu ahal izan dira.

Birus onkolitikoak genetikoki eraldatutako birusak dira, minbizi-zelulei modu selektiboan aurre egiteko diseinatutakoak, zelula osasuntsuei kalterik sortu gabe. Zentzu horretan, kimioterapia edo erradioterapia baino tratamendu selektiboagoa izan daiteke. Geroago ikusi denez, birus onkolitikoek bi funtzio betetzen dituzte: alde batetik, minbizi-zelulak suntsitzen dituzte, baina, beste aldetik, organismoaren immunitate-sistema aktibatzeko gaitasuna dute gorputzak bere kabuz minbiziari aurre egiteko. Litekeena da, hortaz, bigarren hori izatea Erresuma Batuko 61 urteko gizonari gertatutakoa.

Gaur egun birus onkolitikoak ikertzen ari dira eta hainbat ikerketa-lerro interesgarri daude martxan. Adibide bat Celyvir delakoa da, eta 2010. urtean argitaratu zen lehen sendagai horri buruzko lehen ikerketa-lana. Ikuspuntu klinikotik birus onkolitikoek ez dituzte albo ondorio kaltegarriak sortzen -horretarako diseinatuta daude- eta etorkizuneko medikuntzaren esparru interesgarria izan daiteke. SARS-CoV-2aren kasuan, jakina, Hodgkinen linfomaren murrizketa zorizko gertakaria izan da -birus onkolitiko gehienak ingeniaritza genetikoz diseinatzen dira-, baina, batek daki hainbeste kalte ekarri digun birusak zerbait ona ere utziko ote digun. Momentuz, gertatutakoa anekdota bat da zientziaren ikuspuntutik; izan ere, kasu bakar batean oinarritutako hipotesia besterik ez da, baina, era berean zentzua du argudiaketa zientifikoari dagokionez.

Eta Naturaren bideak ezin asmatuzkoak dira…

Informazio gehiago:

López-Goñi, Ignacio (2021). El extraño caso del hombre al que la Covid-19 le curó un linfoma de Hodgkin, El Español, 2021eko urtarrilaren 28a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Challenor, S., Tucker, D. (2021). SARS-CoV-2-induced remission of Hodgkin lymphoma. British Journal of Haematology, 192 (3), 415.  DOI: 10.1111/bjh.17116

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Eta, agian, COVIDak minbizia sendatu zion… appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Honelakoak egin gintuen Elizak: indibidualistak, independenteak eta prosozialak, pertsonala ez bada

Al, 2021-02-01 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

506. urtean, Mendebaldeko Elizak, Frantziako Agde herrian egindako kontzilio batean, Europaren bilakaeran ondorio sakonak izango zituen erabaki bat hartu zuen, eta, horregatik, zeharka bada ere, baita gizateriaren bilakaeran ere. Intzestuarekin amaitzeko, lehengusu-lehengusinen arteko ezkontzak debekatu zituen, eta, ordutik aurrera, familia bereko kideen artean ezkontzeko debekua zabaldu zuten arau batzuk onartu zituen.

Bigarren milurtekoaren hasieran, debekuak seigarren graduko lehengusuei eragin zien. Adopziozko senideekin eta ezkontzazko ahaideekin ezkontzea debekatu zen. Era berean, Elizak ezkontideen «aukerako» ezkontzak ere sustatu zituen, adostutako ezkontzen praktika tradizionalaren aurka, eta, sarritan, ezkonberriak euren gurasoengandik independentea zen egoitza batean (egoitza neolokala) bizitzea eskatzen zuen. Halaber, legezko adopzioa, bigarren ezkontzak, edozein poligamia mota eta ohaidetza debekatu zituen.

Bada, datu bolumen izugarri baten azterketan oinarritutako azterlan baten arabera, erabaki horrek, gizarte egituran dituen eraginen bidez, mendebaldeko biztanleengan munduko gainerako biztanleena ez bezalako psikologia eragin du, kideen indibidualismo, konfiantza, onespen eta pentsamendu analitikoaren mailari dagokionez.

elizakIrudia: 2019. urtean argitaratutako ikerketa batek iradokitzen du gaur egungo eredu psikologikoetan eragina izan dutela kultura-prozesu ebolutibo sakonek. Elizaren tabu bereziak, familia politikak eta ahaidetasunean oinarritutako erakunde iraunkorrak barne. (Argazkia: Peter H – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketaren egileen arabera, Elizak hartu zituen neurrien ondorioz, 1500. urte inguruan, Europako zati handi baten ezaugarriak honakoak ziren: ahaidetasun harreman ahuletan oinarritutako gizarte egitura, familia unitate monogamoekin, aldebiko ondorengoekin, ezkontza berantiarrekin eta egoitza neolokalekin. Gizarte egitura hori argi eta garbi bereizten zen munduko gainerako gizarte gehienetako egituren aldean, gutxienez Europaren eragina jaso zuten arte.

Ahaidetasunean oinarritutako erakundeak izan dira giza historian zehar bizitza soziala antolatzeko erabili diren egiturak. Horrez gain, Neolitoaren hasieratik, nekazaritzaren agerpenarekin, eta bilakaera kulturalaren prozesu baten bidez, zabaldu eta indartu egin ziren ahaidetasun intentsiboko arauak, hala nola lehengusu-lehengusinen arteko ezkontzak, familia klanen eraketa eta egoitza berean familia zabalak elkarrekin bizitzea. Horrek guztiak gizarte kohesioa, interdependentzia eta lankidetza sustatzen zituen taldearen barruan.

Gizarte-arauek jendearen motibazioak, emozioak eta pertzepzioak moldatzen dituztenez, ahaidetasun lotura sendoetan oinarritutako erakundeak dituzten gizarteetan hezi eta elkarrekin bizi direnek ezaugarri psikologiko jakin batzuk garatzen dituzte, beren sare sozial trinkoaren berezko ingurune kolektibistaren eskaeretara egokitzea errazten dietenak. Ahaidetasun intentsiboko arauek taldearen barruko onespena, obedientzia eta leialtasuna saritzen dituzte, eta, aldi berean, indibidualismoa, independentzia eta justizia eta lankidetza sustatzen dituzten motibazio inpertsonalak baztertu.

Horregatik guztiagatik, mendebaldeko gizarteetan, ahaidetasun loturetan oinarritutako gizarte egitura lausotu egin denez, jendea indibidualistagoa, independenteagoa eta prosozialagoa izaten da modu inpertsonalean, eta, aldi berean, onespen eta leialtasun txikiagoa du kide den taldearekiko. Gizarte horiek ingelesezko WEIRD akronimoaz izendatzen dira: white (zuria), educated (hezia), industrialized (industrializatua), rich (aberatsa), democratic (demokratikoa).

Azterlan honen ondorioak zuzenak izanez gero, baliteke Elizaren asmo xume bat, intzestuarekin amaitzea, Mendebaldeko herrialdeen oparotasun bitxiaren sorburu izatea, neurri batean behintzat. Ez da kasualitatea, beraz, esandako akronimoaz gain weird hitzak ingelesez bitxi esanahia izatea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schulz, Jonathan F., Bahrami-Rad, D., Beauchamp, Jonathan P., Henrich, Joseph (2019). The Church, intensive kinship, and global psychological variation. Science, 366 (6466), eaau5141. DOI: 10.1126/science.aau5141.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Honelakoak egin gintuen Elizak: indibidualistak, independenteak eta prosozialak, pertsonala ez bada appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #335

Ig, 2021-01-31 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

COVID-19arekin hasiera emango diogu aste honetako albiste bildumari. Zehazki, Elhuyar aldizkariak argitaratu duen berri itxaropentsu honekin: txertoek ez dute albo-ondorio kezkagarririk eragin. Halaxe adierazi du Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak txosten batean. Zehazki, txertatutakoen % 0,08k izan du albo-ondorioren bat, baina gehienak ez dira larriak izan.

SARS-CoV-2 birusari dagokionez, gaixotasun honetan sexuak duen eragina aztertzeko eskatu dute, Elhuyar aldizkariak esan duenaren arabera. Yale Unibertsitateko bi ikertzaile emakumezkok esan dute ezinbestekoa dela jakitea sexuak nola eragiten duen erantzun immunitarioan. Xehetasun gehiago, hemen.

Oso zaila da jakitea zergatik jendeak ez dituen sintoma berdinak. Badirudi horietako faktore bat elikadura izan daitekeela, D bitamina, zehazki. Testu honen bitartez, Miren Basarasek azaldu digu honen papera eta azkenaldian D bitaminaren mailaren eta arnasbideko gaixotasunen artean egin diren ikerketak.

Leku itxietako airea noiz eta zenbat berritu behar den kalkulatzen duen sistema bat diseinatu du Ana Ruiz Ilundain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako ikasleak. Elhuyar aldizkariak kontatu dizkigu xehetasunak.

Ikerketa batek 2019-2020ko neguko Twitterreko txioak aztertu ditu eta ikusi dute COVID-19a bazegoela Europan zabalduta. Elhuyarrek azaldu digunez, “Pneumonia” hitza duten txioak bildu dituzte, hedabideetan COVID-19ak hartu zuen oihartzuna baino lehen idatzitakoak, jakina.

Arkeologia

Ikerketa baten arabera, txakurrak duela 23.000 urte etxekotu zituzten Siberian. Berriak azaldu digu albistea: gizakia txakurrekin iritsi zen Amerikara, duela 15.000 urte. Siberiakoak ziren Amerikara heldu zirenak eta horiek Europara eta Asiara zabaldu ziren txakurrekin.

Biologia

Ikerketa batek zehaztu du Posidonia oceanica itsas landareak itsasoan dauden plastiko hondakinak harrapatu eta itsasotik ateratzen dituela. Landareak sortzen dituen aegagropiletan harrapatzen dituela. Prozesua kontatu digute artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!

Gure gorputzeko tenperatura jaitsi egin da 1800az geroztik. Hala adierazi du Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde batek. Bizi-baldintzak hobetu diren heinean joan da gorputzaren tenperatura aldatzen. Uxune Martinezek azaldu digu afera testu interesgarri honetan.

Fisika

Bereizketarik egiten al duzue soinua, zarata eta musikaren artean? Batzuetan ez da erraza horien arteko mugak ondo zehaztea. Bada, Marta Urdanpilleta Landaribar saiatu da hori egiten testu honen bitartez, elementu horien arteko mugak difusoak diren arren.

Astrofisika

Marteri buruzko informazio berria eskuratzeko asmoz, Hope zunda, Twianwen-1 zunda eta Perseverance planetara ailegatuko dira otsailean, Berriak jakinarazi digunez. Besteak beste, jakin nahi dute ea bizirik baden edo inoiz izan den. Irakur ezazue osorik erreportajea.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #335 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #338

La, 2021-01-30 09:00

 

Barrera hematoentzefalikoak babesten du entzefaloa, gauza potentzialki kaltegarriak iritsi ez daitezen euspen sistema da barrera. Zelan lor dezake SARS-Cov-2ak ailegatzea? Musukoa gaizki erabiltzen dutenek airean uzten duten bidea erabilita: sudurra. José R. Pinedaren Is the intranasal route a “backdoor” used by SARS-CoV-2 to reach the brain fortress?

Gizonezkoen edo emakumezkoen garunak ba al daude? Agian, baina edozein distribuzio estatistikotan bezala, grisak dira ohikoena. Barbara Jacquelyn Sahakian et al.-ek aurkezten dute ‘Male’ vs ‘female’ brains: having a mix of both is common and offers big advantages

Orbital naturaletan oinarritutako kimika kuantikoko kalkuluak egiteko kode irekiko sistema informatiko berria garatu dute DIPCko ikertzaileek, haien hitzetan, konputazionalki dentsitateko funtzionalean oinarritutako klasikoek baino eraginkorragoak Donostia Natural Orbital Functional (DoNOF), an open-source program for quantum chemistry

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #338 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jesse Barandika: “Kaparrek transmititzen dituzten gaixotasunak goiz diagnostikatu behar dira larriagotu ez daitezen ” #Zientzialari (146)

Or, 2021-01-29 09:00

Munduan zehar zomorro espezie askok gaixotasunak transmititzen dituzte, adibidez, eltxoek. Hala ere, gure inguru hurbilean, artropodo txiki batzuk sortzen dute transmisio-arazorik larriena: kaparrek. Kaparrak eritasun gehien transmititzen dituztenen artean daude, izan ere, bakterioak eta birusak kutsatu ahal dituzte. Horrez gain, araknido hauek animaliak eta gizakiak gaixotzeko gai dira, esaterako, Lyme-ren gaitzaz.

Lyme-ren gaixotasuna nahiko larria izan daiteke. Ipar hemisferioan kaparrek gehien kutsatzen duten gaixotasuna da eta, gutxienez, Estatu Batuetan, ziztada baten bidez gehien kutsatzen dena.

Gaixotasun hauek, nahiz eta oso larriak ez izan, lehenbailehen diagnostikatu behar diren eritasunak dira. Denbora pasa ahala, kasu hauek, gero eta larriagoak bihurtu daitezkeelako.

Kaparrek bezalako artropodoek eta bestelako intsektuek kutsatu ditzaketen gaixotasunei eta kontrol-metodoei buruz gehiago jakiteko Jesse Barandikarekin, Neiker-Tecnaliako Animalien Osasun Saileko ikertzailearekin, bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jesse Barandika: “Kaparrek transmititzen dituzten gaixotasunak goiz diagnostikatu behar dira larriagotu ez daitezen ” #Zientzialari (146) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Soinua, zarata, musika: argi al daude mugak?

Og, 2021-01-28 09:00
Marta Urdanpilleta Landaribar Zure bizilagun gaztearen motorrak ez al zaitu lasai jaten uzten? Etxe azpiko tabernarekin ezin al duzu lo egin? Ez al duzu zure bikotekidearen solasa jatetxe batean ulertzen, ondoan badago ere? Zaratarengatik dela ados egongo ginateke guztiok.

Halere, zarataren mugak ez dira horren argiak: zuri musika iruditzen zaizuna, zure amonarentzat zarata hutsa izan daiteke. – Itzal ezak irrati hori, arraio! Buruko mina besterik ez dit ematen zarata horrek!- entzungo zenuen noizbait, beharbada, gaztetan. Batzuetan ez da erraza soinua, zarata eta musikaren arteko mugak ondo zehaztea.

1. Irudia. 1 Formulan, 145 dB-ko soinu-mailak lortzen dira. (Argazkia: Mark McArdle, Wikimedia Commons).Dezibel gehiegi?

Ohiko definizio batean, zarata gizakion jarduerekiko oztopo den soinu ez nahia edo kaltegarria da. Baino nola definitu zer den kaltegarri? Adibidez, 1 Formula-ko lehiaketan, zaletuek eta gidariek kexu zeuden, 2014an motor hibridoak ezarri zirenean. Aldaketarekin, lasterketak horren ikusgarriak egiten dituzten soinu-mailak baxuegiak bihurtu ziren, bere esanean. Eta soinu-mailari begiratzen badiogu, ikusten dugu zaletuek min egiten eta entzumena kaltetzen duten soinu-mailak exijitzen zituztela 1 Formulan! 140 dB-tik gorako mailak, hain zuzen ere. Zarata edo soinu da hau, orduan?

Ikusten dugu orduan goiko zarataren definizioa behatz artean erori daitekeela, hondarra balitz bezala. Soinu-maila magnitude fisiko petoa da eta, beraz, era guztiz objektiboan neurtu eta zehaztu daiteke tresneria egokia erabilita, sonometro bat, hain zuzen ere. Zarataren kontzeptuak, ordea, kutsu peioratiboa dauka, horregatik subjektiboa da eta ezin dugu tresna batekin zehaztu estimulu bat zarata den ala ez. Hori bai, dagokion soinu-maila inongo anbiguotasunik gabe finka daiteke dezibeletan.

Dezibel gutxiegi?

Dezibelen tarteko beste muturrean, munduko lekurik isilenetarikoen artean, anekoiko motako sala batek -20,53 dBA-ko marka dauka. Bertan pertsona gehienek ez dituzte 45 minutu baino gehiago jasaten, horren da sakona eta erradikala nabaritzen den sentsazioa. Orduan, isiltasuna egungo mundu azeleratuan luxu bat iruditzen bazaigu ere, neurri bateko soinu-maila beharrezkoa daukagu gizakiok; neurrizko dezibelio maila bat behar dugu ondo sentitzeko. Ikusi daiteke orduan soinu-maila gehiegizkoak kalte egiten duela, baina soinu maila minimo bat behar dugu entzuten hasteko eta baita ere eroso egoteko. Bi muga horien artean, soinuak plazera sortu dezake gugan. Hor, musikarekin topo egiten dugu.

2. Irudia. NASA-k Voyager zundan bidalitako Sounds of Earth Golden Record-en estalkia. (Argazkia: NASA/JPL, Wikimedia Commons)Musika

Zer kontsideratzen dugun musika eta zer zarata ez dago ere batere argi, eta horren adibide dira musika kultu garaikideko pieza ugari, edota John Cage konposatzaile estatubatuarraren 4’33’’ pieza famatuaren estreinaldia 1952n. NASAko Voyager misiotan, Golden Record grabazio famatuan, gizakiok espaziora Lurreko argazki, irudi eta diagramak, musika eta soinuak bidali genituen, noizbait beste organismo inteligenteek informazio hau interpretatu ahal izango dutelakoan. Ezin jakin orduan estralurtarrek, existitzekotan, fenomeno hauekiko sentsibilitatea daukaten ala ez (Steven Spielberg-en 3. Motako Hurbileko Topaketak filmean, estralurtar musikalak ezagutu genituen). Esan dezakegu, hori bai, existitzen direla munduan musika melodiak, tonuak edota erritmoak barneratu, interpretatu eta prozesatzeko gaitasun edo sentsibilitaterik ez duten pertsonak: amusia deitzen zaio trastorno honi, eta Oliver Sacks neurologoak oso ondo deskribatzen du bere Musicofilia liburuan [1]. Beraientzat, normalean musika kontsideratzen duguna zarata deseroso izan daiteke.

Ez da, ba, harritzekoa Charles Darwinek esatea musika egiteko gaitasuna eta musikarekin lortzen dugun gozamena gizakion dohainik misteriotsuenen artean daudela.

Ezin dugu gailu baten bidez zehaztu soinu bat zarata den ala ez; ezin dugu ezta ere erraz ulertu zergatik daukagun gizakikok musikarekiko zaletasuna, edota zergatik kontsideratzen dugun soinu bat musika. Soinuak, zaratak eta musikak muga difusoak dauzkate eta, batzuetan, ezin ditugu zientifikoki mugatu. Gaiak eztabaida subjektiborako esparru zabala uzten digu eta zientziatik harago joan behar dugu, orduan. Eta zientzia ederra dela badiogu, eztabaida hau ere oso polita dela esan daiteke.

Erreferentzia Bibliografikoa

[1] SACKS O. 2009. Musicofilia. Ed. Anagrama, Barcelona.

Iturria:

Urdanpilleta Landaribar, Marta (2019). «Soinua, zarata, musika: argi al daude mugak?»; Ekaia, 35, 2019, 277-290. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20041)

 

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Soinua, zarata, musika: argi al daude mugak?
  • Laburpena: Zure bizilagun gaztearen motorrak ez al zaitu lasai jaten uzten? Etxe azpiko tabernarekin ezin al duzu lo egin? Ez al duzu zure bikotekidearen solasa jatetxe batean ulertzen, ondoan badago ere? Zaratarengatik dela ados egongo ginateke guztiok. Halere, zarataren mugak ez dira horren argiak: zuri musika iruditzen zaizuna, zure amonarentzat zarata hutsa izan daiteke. —«Itzal ezak/ezan irrati hori, arraio! Buruko mina besterik ez zidak/zidan ematen zarata horrek!»— entzungo zenuen noizbait, beharbada, gaztetan. Ikusiko dugun bezala, batzuetan ez da erraza soinua, zarata eta musikaren arteko mugak ondo zehaztea.
  • Egileak: Marta Urdanpilleta Landaribar
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 277-290
  • DOI: 10.1387/ekaia.20041

————————————————–
Egileez:

Marta Urdanpilleta Landaribar UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I sailean dabil.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Soinua, zarata, musika: argi al daude mugak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gure gorputz-tenperatura ez da guk uste duguna

Az, 2021-01-27 09:00
Uxune Martinez

Denok hazi gara, gorputzaren tenperatura 37 gradu zentigradukoa zela jakinda baina ikerketek zalantzan jarri dute giza tenperatura “normala” 37 gradukoa denik, tenperatura hori altuegia dela adierazten baitute azken urteotako lanek. Horren harira, Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde batek zehaztu du estatu batuarren batez besteko gorputz-tenperatura jaitsi egin dela 1800az geroztik.

gorputz-tenperatura1. irudia: Gorputzen edo sistemen tenperatura neurtzeaz arduratzen da termometria. Horretarako, termometroa erabiltzen da, gorputzak beroarekin dilatatzeko propietatean oinarritzen den tresna. Honek barruan duen likido baten dilatazio/uzkurduraren bidez neurtzen du tenperatura. (Argazkia: Adriano Gadini – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

1851n Carl Reinhold August Wunderlich mediku alemaniarrak 25 000 pertsonen gorputz-tenperatura neurtu zuen besapeetan. Datuen analisiari esker, ondorioztatu ahal izan zuen giza gorputzaren batez besteko tenperatura normala 37 °C-takoa zela. Balioa mende bat baino gehiagoan onartua izan da baina XXI. mendean egindako ikerketek adierazten dute gure batez besteko gorputz-tenperatura baxuagoa dela. Esaterako, Erresuma Batuan, 2016. urtean, 35 000 pertsonarekin egindako azterketa baten arabera, batez besteko gorputz-tenperatura 36,6 gradukoa omen da.

Diferentzia horiek azaltzeko, besteak beste, bi arrazoi nagusi egon litezke: lehena, agian Wunderlich medikuaren neurketak okerrak zirela, edo, bigarrena, gizakiaren gorputzaren batez besteko tenperatura jaitsi egin dela garai hartatik gaur arte. Auziari argia emateko Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek Estatu Batuetan historiako hiru unetan bildutako datu-multzoak aztertu dituzte:

  1. 1862 eta 1930 artean AEBko Gerra Zibileko soldadu beteranoei hartutako gorputz-tenperaturaren datuak, guztira 83 900.
  2. 1971 eta 1975 bitartean osasun eta nutrizioari buruzko lehenengo inkesta nazionalaren bidez jasotako 15 301 partaideen tenperaturaren datuak.
  3. 2007 eta 2017 bitartean Stanford Health Care ospitalera hurreratu ziren paziente helduen gorputz-tenperatura, 578 222 datu.

Guztira, 677.423 tenperatura-neurketa hartu eta gorputzeko tenperaturaren joerak aztertu dituzte, tenperatura denborarekin tartekatuz garatu duten eredu lineal bati esker. Azterketak ondorioztatu du:

  • Batetik, Wunderlichen garaitik hona izandako tenperatura-aldaketek benetako eredu historikoa islatzen dutela, hau da, ez ziren akatsak egon mediku alemanaren neurketatan.
  • Bestetik, helduen aho-tenperatura normala 0,03 °C-tan jaitsi dela, batez beste, jaiotza-hamarkada bakoitzeko.
  • Horrez gain, aurreko azterketetan ezagutzen ziren gorputz-tenperaturaren joerak berretsi ditu ereduak, baita ezagutzen ziren ezaugarri batzuk ere: gorputz-tenperatura altuagoa dutela gazteek, emakumeek, tamaina handiagoko pertsonek eta orokorrean, egunaren amaieran.
  • Azkenik, azken 200 urteetan gure inguruan gertatu diren aldaketen ondorioa dela gorputzeko tenperatura jaistea, eta aldaketa fisiologikoak eragin dituztela aldaketa horiek.
Bizi-baldintzen eragina gorputz-tenperaturan

Denborak aurrera egin ahala hainbat aurrerapen teknologiko eta ohitura aldaketa gizarteratzen joan gara, bizi-baldintzak hobetuz. Ikertzaileek iradoki dute gorputzaren tenperaturaren aldaketa nabarmen eta jarraitu horrek azken 157 urteotan izandako bizi -baldintzen hobekuntzan duela oinarrietako bat eta tenperatura jaitsierak lotura zuzena duela azken mendeko bizi-itxaropena eta bizitza-luzeraren igoerarekin. Ikertzaileen esanetan, bizi-baldintza hobeagoei esker, metabolismo-tasak edo erabiltzen dugun energia-kantitatea murriztu egin da eta hori izan daiteke gorputz-tenperaturaren beherakadaren arrazoia.

2. irudia: Infekzio kronikoak gutxitu izana eta etxebizitzen bizigarritasun faktoreen hobekuntzak azaltzen dute, besteak beste, giza gorputzaren tenperatura normalaren aldaketa. Horiez gain, jarduera fisikoaren aldaketak, gorputz-osaera, antibiotikoen erabilera eta ingurune termikoa gorputz-tenperaturaren aldi baterako jaitsieraren arrazoiak izan daitezke ere. (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zuzeneko harreman honen azalpenak hainbat izan daitezke. Batetik, osasun publikoa izugarri hobetu da azken 200 urteetan, tratamendu medikoen aurrerapenak, higiene hobea, elikagaien eskuragarritasun handiagoa eta bizi-maila hobetu direlako eta infekzio kronikoak gutxituz joan dira pixkanaka eta horrek eragina du gorputz-tenperaturan. Gorputzaren tenperatura metabolismo-tasaren erlazionatzen da; tasa hori hazi egiten da infekzio kronikoekin (% 10 bat), energia metabolikoa erabili behar baitu gorputzak infekzioei aurre egiteko. Baina infekzioak kronikoak gutxitzerakoan metabolismo-tasan ere eragina du.

Bestalde, gaurko etxebizitzetan berogailuei eta aire girotuei esker giro tenperatura konstantea dugu. Hori dela eta, ez dago metabolismoa modulatu beharrik, energia gastatzeko beharrik, hotzari edo gehiegizko beroari aurre egin eta gorputz-tenperatura konstante mantentzeko.

Azkenik, aldaketa hau eguneroko jarduera fisikoa gutxituz joan delako ere gerta liteke, lan sedentarioagoekin lotuta. Herrialde garatu gehienetan XIX. mendean nekazaritzan edo industrian gogor lan egiten zen eta eguneroko ohiturak aktiboak ziren. Orain orduak ematen ditugu geldirik gure pantailen aurrean edo egonean eserita. Ez da ahaztu behar jarduera fisikoak gorputz-tenperatura igotzea eragiten duela, eta hori egin eta ordu batzuetara arte iraun dezakeela. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen duenez, “Geure bero iturri nagusia metabolismoa bera denez, animalia endotermoak baikara, zenbat eta jarduera gutxiago egin, orduan eta bero gutxiago ekoitziko dugu, eta, beraz, gutxiago berotuko gara”.

Bizi garen ingurunea aldatu egin da, gure etxeetako ezaugarriak, mikroorganismoekiko kontaktua edota eskura ditugun elikagaien kopurua. Aldaketek, besteak beste, bizi-baldintza hobeagoak ekarri dituzte eta horrek gure gorputzaren tenperaturaren jaitsiera eragin du azken hamarkadetan. Eta, hori berri ona da, bizi-itxaropena luzatu egin delako.

Erreferentzia bibliografikoak:

Protsiv, M., Ley, C., Lankester, J., Hastie, T., & Parsonnet, J. (2020). Decreasing human body temperature in the United States since the industrial revolution. eLife, 9, e49555. DOI: https://doi.org/10.7554/eLife.49555

Gurven, M.,  Kraft, T.S., Alami, S., Copajira, J., Cortez, E., Cummings, D., Rodriguez, D. E., Hooper, P. L., Jaeggi, Adrian V.,  Quispe, R., Maldonado, I., Seabright, E., Kaplan, H., Stieglitz, J., Trumble, B. (2020). Rapidly declining body temperature in a tropical human population. Science Advances, 6 (44), eabc6599. DOI: 10.1126/sciadv.abc6599

Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Gure gorputz-tenperatura ez da guk uste duguna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsasoko plastikoa harrapatzen duten landareak

Ar, 2021-01-26 09:00
Ziortza Guezuraga

Posidonia oceanica itsas landareak itsasoan dauden plastiko hondakinak harrapatu eta itsasotik ateratzen ditu, ikerketa baten arabera.

Bartzelonako Unibertsitateko Itsas Geozientzien Ikerketa Taldeak burutu du ikerketa Mallorcako kostaldean, Mediterraneoan hazten den posidonia itsas landareak plastikoak harrapatu eta zelan lehorreratzen dituen aztertzeko. Zonalde horretan daude posidonia landarearen belardi ugarienak eta baita Mediterraneo itsasoaren ur gaineko plastiko hondakin gehienak ere. Posidonia landareak sortzen dituen aegagropiletan (Neptuno bola, itsas-bola) harrapatzen ditu belardietan dauden dentsitate altuko plastikoak eta bola horiekin batera ateratzen dira plastikoak itsasotik hondartzetara, nagusiki eguraldi ekaiztsuan.

posidonia1. irudia: Plastikoak harrapatu, aegagropilak osatu eta lehorreratzen dituzte posidonia landareek. Aegagropilek, Neptuno bola edo itsaso-bola izena ere hartzen dute. (Argazkia: Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021)-etik eraldatuta)

Itsasoa garbitzeaz gain, hainbat berezitasun ditu itsasoko belar honek. Esan behar den lehenengo gauza zera da: posidonia landarea da, ez alga. Klima epeleko espeziea da eta Mediterraneo itsasoan endemikoa. Bertan belardiak sortzen ditu 0.5 eta 40 metroko sakoneran.

Lau atal nagusi ditu landareak: hostoak, zorroak, errizoma eta sustraiak. Hostoak landarearen alde fotosintetikoa dira eta hosto-zorroaren bidez (pigmenturik ez duena eta zuntzez osatutakoa) lotzen zaio errizomari.

posidonia2. irudia:Posidonia oceanicaren atalak. (Argazkia: Kaal, Joeri, et. al., (2016)-etik eraldatuta)

Oso paper garrantzitsua du posidoniak habitat sortzaile moduan. Klima-aldaketa arintzen ere du zeregina, CO2 hustubidea baita. Sortzen dituen ohantzeek (udazkenean hostoak galtzen ditu, itsaso olatuek eta korronteek hosto solteak hondartzetara eramaten dituzte, bertan ohantzeak sortzen dituztelarik) urertza babesten dute eta kostaldeko higadura eragozten dute, olatuen energia arintzeaz gain. Ez hori bakarrik, dunetako landaredian ere eragina dute, nutrienteak hornitzeaz gain, substratu aridotasuna galarazten baitute.

2015eko ikerketa baten arabera 1 224 707 hektareako distribuzioa du Posidonia oceanicak. Estimazioen arabera, azken 50 urteetan %34 egin dute atzera posidonia belardiek.

Plastikoak itsas-boletan harrapatzen

Plastiko garbiketari bueltatuz, bi modutara eragiten du posidoniak:

  1. Iragazki moduan. Lurretik itsaso zabalera doazen plastikoak harrapatuta geratzen dira posidonia hostoetan, iragazki lana egiten duelarik.
  2. Plastikoa itsasotik ateratzen. Inguruan duen plastikoa itsas-bolan harrapatu eta honekin batera itsasotik lurrera bueltatuz.

Bigarren honetan landarearen hosto-zorroek hartzen dute garrantzia. Izan ere, ligninan aberatsak dira zorroak, bestelako itsas landareen zorroak ez bezala. Ligninak ematen du itsas-bolak sortzeko behar den zurruntasuna.

Udazkenean, landareak hostoak galtzen dituenean, hosto zorroek higadura jasaten dute eta zuntzak askatzen dituzte. Itsasoaren mugimendua dela eta (korronteak, olatuak) zuntzak korapilatu egiten dira bolak sortuz: aegagropila (Neptuno bola, itsas-bola). Bola sortzen den bitartean inguruan plastikoa badago, bolaren zati bilakatzen da eta itsas-bolarekin batera hondartzan bukatzen du, bereziki ekaitza dagoenean.

Itsas-bolen kanporatzea itsasok mugimenduaren menpekoa da, olatuen mendekoa. Udazkenean eta neguan olatuak biziagoak dira Mediterraneo itsasoan eta momentu horretan ateratzen dira itsas-bola gehiago itsasotik hondartzetara. Hala ere, urte osoan zehar topa daitezke itsas-bolak hondartzetan.

posidonia3. irudia: Itsas-bolek plastikoa zelan harrapatzen duten eta hauek lehorreratzeko prozesua ikusgai. (Argazkia: Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021)-etik eraldatuta)Nolakoak dira harrapatutako plastikoak?

Tamainari dagokionez, gehienbat mikroplastikoak (5 milimetro baino gutxiagokoak) eta mesoplastikoak (5 eta 25 milimetro artekoak) dira itsas-bolekin batera itsasotik ateratzen direnak.

Nolakotasunari dagokionez, itsasoko ura baino dentsoagoak diren plastikoak harrapatzen ditu Posidonia oceanicak, hondoratu egiten direnak. Haien artean, PET (botilak, ontziak eta ehunak egiteko asko erabiltzen den plastikoa), PVC (hodiak, ateak eta leihoak, pelikulak, jostailuak, e.a. egiteko erabiltzen dena), poliuretanoa (isolatzailea dena, besaulkiak, koltxoiak, hodien isolatzaileak, e.a. egiteko erabiltzen dena) ala poliamida (nylona).

Formari begira, filamentuek eta zuntzek presentzia handia dute. Itsas-boletan harrapatuta geratzeko erraztasun handiagoa dute, hosto-zorroen zuntzekin korapilatzen baitira.

Posidonia landareak itsaspean sortzen dituen zelaiek zeregin garrantzitsua dute itsas ekosisteman, izan ere, oso sentikorrak dira kutsadurarekiko. Hori dela eta, uren egoeraren adierazle onak dira, biomonitore natural gisa eta, ikerketa berri honi esker, agerian gelditu da itsasoa plastikoz garbitzeko tresna naturalak ere badirela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021). Seagrasses provide a novel ecosystem service by trapping marine plastics. Scientific Reports, 11, 254. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-020-79370-3

Telesca, L., Belluscio, A., Criscoli, A. et al. (2015). Seagrass meadows (Posidonia oceanica) distribution and trajectories of change. Scientific Reports, 5. 12505 (2015). DOI: https://doi.org/10.1038/srep12505

Iturriak:

La mecánica del caracol (2021): Posidonia atrapa-plásticos. Euskadi Irratia, emisio-data: 2021-01-19.

 

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

The post Itsasoko plastikoa harrapatzen duten landareak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

10 urte kultura zientifikoa zabaltzen

Al, 2021-01-25 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak lehen hamarkada bete du 2020. urtearen amaiera aldera. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Kultura Sailaren arteko akordio bati esker sortu zen. Katedraren sorrera arrazoitzeko unibertsitateko Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion agirian, kultura zientifikoa hedatzearen garrantzia azpimarratzen zen. Kultura zientifikoa gizartean hedatzea komenigarritzat jotzen zen, alde batetik, arrazoi kulturalengatik, eta, beste batetik, irizpide iturri izan zedin banako zein taldeko erabakiak hartzerakoan.

kultura zientifikoa

Urte hauetan zehar, katedrak jarduera bizia izan du hainbat esparrutan, eta askotariko euskarriak baliatu ditu. Hitzaldiak antolatzen ditugu era askotako testuinguruetan, argitalpenak egiten ditugu hedabide digitaletan, lehiaketak antolatzen ditugu, dokumentalak eta bideoak ekoizten ditugu zenbait formatutan, gazteei zuzendutako lantegiak egiten ditugu, erakusketak antolatzen ditugu, ikastaroak eta graduondokoak sustatzen ditugu, eta beste dibulgazio jarduera batzuk egiten ditugu. 1o.zientzia.info gunean ikus dezakezue gure jardueraren zatirik handiena, laburbilduta.

Interneteko jarduera

Azpimarratzekoa da Interneten dugun jarduera; irismen handia du eta gure gainerako jarduerak ezagutarazteko plataforma da. Horregatik, zenbait datu zehatz aipatuko ditut. Guztira, 11.500 artikulu inguru argitaratu ditugu, eta, orotara, 32 milioi bisitatik gora izan dituzte. Cuaderno de Cultura Científica (CCC) 2011ko ekainean hasi zen; Mapping Ignorance (MI), 2012ko abenduan; Zientzia Kaiera (ZK), 2013ko irailean, eta Mujeres con Ciencia (McC), 2014ko maiatzean.

Baliabide horiek, esaterako, 2020an lortu duten hedapena zifra gutxi batzuetan laburbildu daiteke:

  • Cuaderno de Cultura Científica blogak 8,5 milioi bisita izan ditu (10 milioi orrialdetik gora bisitatu dituzte); bisita horietatik % 67 Latinoamerikakoak izan dira, eta % 13, beste herrialde batzuetakoak.
  • Mapping Ignorance guneak 300.000 bisita baino gehiago jaso ditu (385.000 orrialdetik gora bisitatu dituzte); bisita horietatik % 40 AEBkoak izan dira, % 8, Erresuma Batukoak; % 5, Kanadakoak, eta % 39, atzerriko beste herrialde batzuetakoak.
  • Zientzia Kaierak 75.000 bisitatik gora izan ditu (130.000 orrialde); bisita gehienak (% 84) Euskal Autonomia Erkidegokoak izan dira; % 4 Nafarroakoa izan da; % 8, AEBkoak, eta % 4, munduko beste herrialde batzuetakoak.
  • Mujeres con Ciencia blogak 2,5 milioi bisitatik gora izan ditu (3,5 milioi orrialdetik gora); bisita horietatik % 50 Latinoamerikakoak izan dira; % 5, AEBkoak, eta % 10, atzerriko beste herrialde batzuetakoak. Balio metatutan, 11,375 milioi saio dira; baliabide horiek beren bizitza urteetan zehar izan duten trafiko osoaren herena da hori. Beraz, agerikoa da urteek aurrera egin ahala hazkunde nabarmena izan dutela.

Baliabide digitalek izandako hedapena, hein handi batean, sare sozialetan izandako jarduerari esker izan da. Beste alde batetik, Youtubeko gure kanalean 400 bideo baino gehiago argitaratu ditugu, eta 2,5 milioi alditan baino gehiagotan ikusi dira. Gainera, Ciencia Clip bideo zientifikoen txapelketa abian da 2016az geroztik; 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute, eta 1.350 bideo aurkeztu dituzte.

Bidelagunak eta ekimenak

2010eko urrian jaio zenetik, eta joan den abendura arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jaso du katedrak bere jardueretarako. 2013an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila laguntza ematen hasi zen, euskarazko eduki zientifikoak zabaltzeko, eta, gerora, areagotu egin da laguntza hori, hezkuntzarekin eta STEAM diziplinen sustapenarekin lotutako proiektuak bultzatzeko, batez ere. 2015etik aurrera, Bizkaia Talent ekimenak zenbait programa sustatu ditu, zientzia eta teknologia nerabeei eta gazteei gerturatzea xede dutenak. Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza ekimenaren bidez, Naukas Bilbao Euskalduna Jauregiko auditoriumean eta beste areto batzuetan egiteko aukera eman du. FECyTk ere lagundu izan digu gure jarduera batzuetan, 2016. eta 2017. urteetan.

Aurreko horiez gainera, beste erakunde publiko batzuek ere lagundu digute gure programetan eta jardueretan. EiTB taldeak, bere Nahieran eta Kosmos kanalen bidez, guk programatu ditugun ia hitzaldi eta jaialdi guztiak eman eta grabatu ditu, eta jendearen eskura jarri.

kultura zientifikoa1. irudia: EiTBko kamerak Euskalduna Jauregian, Naukas Bilbao saioa jarraitzen. (Argazkia: Iñigo Sierra / Kultura Zientifikoko Katedra – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Donostia International Physics Center izan da gure bazkide zientifiko nagusia. Hainbat jardueratan (Naukas Bilbao ekimenean, bereziki) eman digun laguntza behar-beharrezkoa izan da haiek egin ahal izateko. Gainera, beste ekimen batzuetan ere parte hartu dugu, hala nola Gipuzkoako Bertsozientzia saioetan, Naukas Donostia eta Passion for Knowledge jaialdietan.

Ikerbasque fundazioarekin egindako lankidetzari esker, ikastaro bat antolatu dugu urtero UPV/EHUren udako ikastaroen esparruan, eta erakundearen laguntza izan dugu, halaber, beste eremu batzuetan. Basque Center for Applied Mathematics zentroarekin izandako lankidetzari esker, Matemáticas para mentes inquietas programako mintegiak eta tailerrak egin ahal izan ditugu zenbait urtez, bai eta Pi eguna antolatu ere, 2018. eta 2019. urteetan. Orobat, era askotako jarduerak antolatu ditugu –jardunaldiak, hitzaldiak eta mintegiak, batez ere– beste ikerketa zentro batzuekin batera, hala nola Biofisika-Basque Center for Biophysics, BCMaterials, Plentziako Itsas Estazioa, eta Achucarro-Basque Center for Neuroscience zentroekin.

2011tik 2019ra, Naukas jaialdia egin da urtero Bilbon, izen bereko dibulgazio plataformaren arduradunen ahaleginari eta lagundu duten pertsonen parte hartze eskuzabalari esker.

kultura zientifikoa2. irudia: Gazteentzako matematika tailerrak. (Argazkiak: Iñigo Sierra / Kultura Zientifikoko Katedra – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Azkuna Zentroan, Zientziateka programa egin zen 2012tik 2018ra. Bestalde, Bidebarrieta liburutegian hitzaldi sorta zabala egin da 2018tik aurrera, Bidebarrieta Zientifikoa programaren baitan. Metro Bilbaori esker, Bilboko itsasadarrari buruzko infografia erakusketa egon zen ikusgai geltokietan, 2020an. Bilbao 700 Fundazioak ere parte hartu zuen Naukas Bilbaoren zenbait ediziotan. Euskadiko Eskola Kontseiluari esker, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Promaestro Fundazioari esker, beste erkidego batzuetan, Hezkuntzaren frogak programa geografiako beste puntu batzuetara zabaldu ahal izan da. Ekimena 2017an abiarazi zen, eta arrakasta nabarmena izan du. Halaber, lankidetzan jardun dugu Jakiunde elkartearekin, haren Jakin-mina programako Bizkaiko zikloetan. Eta, 2017az geroztik, eduki zientifikoko hitzaldiak ematen ditugu Goienagusi elkartearen programazioaren baitan, Debagoienan (Gipuzkoa).

Euskaltel eta Petronor enpresek laguntza eman dute Naukas Bilbao jaialdirako, zenbait ediziotan. Eta Iberdrola enpresak, 2018az geroztik, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatzeko egiten dugun bideoaren ekoizpenean lagundu digu.

  1. bideoa: Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren baitan ekoiztutako lehen bideoa: “Leku hori”. (Bideoa: K200 / Jose Antonio Pérez Ledo / Kultura Zientifikoko Katedra)

TVE-ko La 2-eko Órbita Laika zientzia saioaren 1., 2., 5. eta 6. denboraldietan emandako bideoak K2000 telebistarako ekoiztetxearekin egindako lankidetzaren emaitza izan dira. Catástrofe Ultravioleta zientzia podcastaren ekoizpenean ere lagundu dugu, 2014ko otsailean sortu zenez geroztik. Podcastak online saio onenarentzako Ondas saria jaso zuen 2017an.

Gainera, lankidetza jarraitua izan dugu irratiko zenbait saiorekin: La mecánica del caracol (Radio Euskadi), Zientzia eta Pazientzia (Faktoria, Euskadi Irratia), Lau Haizetara (Bizkaia Irratia), Zientzialari (Bilbo Hiria Irratia), Euskadi Hoy Magazine (Onda Vasca) eta Zebrabidea, Arrosa Irratien Sareak ekoitzitako programa.

Gure ibilbidearen lehenengo urteetan, lankidetzan jardun genuen Elhuyar Fundazioarekin, Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa (2010-2011) azterlanaren lanketan eta Zientzia Live 2012 proiektuan. Orobat, Zientzia eta teknologiaren pertzepzioa Euskadin 2012 azterlanean ere parte hartu genuen.

2016an, Big Van taldearekin elkartu ginen, Ciencia Show lehiaketa antolatzeko. Arte eszenikoak (stand-up comedy edo bakarrizketa umoristikoak) baliatzen dituen heziketa proiektu bat da, eta haren xedea da zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteen artean.

kultura zientifikoa3. irudia: 2017an Bizkaia Aretoan izan zen Science+ jardunaldiaren une bat. (Argazkia: Iñigo Sierra / Kultura Zientifikoko Katedra – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

2015 eta 2017an, beste erakunde batzuekin batera, Science+ antolatu genuen. Ekitaldi hauetan, hainbat esparrutik etorritako goi-mailako hizlariek zientziaren munduko aukera profesionalen ikuspegi zabala eskaintzen diete graduatu gazteei. Jardunaldiok Alemaniako Errepublika Federaleko Zientzialari Espainiarren (CERFA) eta Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren (CERU) elkarteekin eta Bizkaia Talent-ekin elkarlanean antolatu ditugu.

2015az geroztik, UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailaren Kristalografia Taldeak antolatzen duen Kristalizazioa Eskolan txapelketan laguntzen dugu. Halaber, 2018az geroztik, lankidetzan dihardugu Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailarekin, Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat jardunaldietan. 2016tik aurrera, zenbait jarduera antolatu ditugu gure unibertsitateko Zientzia Astea ekimenerako, eta Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu genuen 2019an, haren ikerketa lana ezagutarazteko. Gure unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzarekin eta Ekaia aldizkariarekin batera, euskaraz egiten den ikerketa lana ezagutarazteko lanean dihardugu 2015az geroztik.

Gure ibilbidearen hasieratik, otsailaren 12an, Zirkulu Eszeptikoarekin batera, Darwinen Eguna antolatu dugu. Eboluzioari buruzko bi hitzaldiko programa batekin ospatzen dugu, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoriaren aitaren jaiotzaren urteurrena.

4. irudia: 2020ko Darwinen egunaren kartela. (Argazkia: Kultura Zientifikoko Katedra)

2018an, LOGOS elkartearekin lankidetzan hasi ginen Zientziaz Blai dibulgazio zientifikorako proiektuan. Proiektuaren xedea da kultura hurbiltzea Bilboko eremu zaurgarri eta behartsuenetara, eremu horien estigmatizazioaren aurka borroka egiteko eta bizikidetza sendotzeko.

Honako erakunde edo talde hauekin ere izan dugu lankidetza: Asociación Española de Comunicación Científica, Guggenheim Bilbao Museoa, Innobasque, Scenio plataforma, Bergarako Laboratorium, EHUgune, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala, Pint of Science eta zenbait kultura elkarte, hala nola Zientziaren Giltzak, ZarautzOn eta Lemniskata.

Kolaboratzaileak eta lantaldea

Kultura Zientifikoko Katedrak egitura bikoitz bat du oinarri. UPV/EHUko gainerako luzapen katedrek bezala, zuzendari bat du, eta, horrez gain, kolaboratzaile batzuk, guztiak ere unibertsitatearen beraren akademikoak. Gure kasuan, agiri hau sinatzen duena –neroni– da katedrako zuzendaria, eta kolaboratzaileak dira Ana Arrieta, Aitor Bergara, Raúl Ibáñez eta Miren Bego Urrutia –antolatzen ditugun ekintzen antolaketaz eta aurkezpenaz arduratzen dira–, eta Marta MachoMujeres con Ciencia blogeko editorea eta erredaktorea da–. Beste alde batetik, Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateak funtzionatzeko behar-beharrezkoak dituen zerbitzuak ematen dizkio katedrari. Gure jarduerei euskarri ekonomikoa ematen dieten hitzarmenen administrazio eta kudeaketa lan gehienak egiten ditu, bai eta hedapen lanak ere. Benetan funtsezkoa den bigarren lan horretan aritzen dira honako hauek: Ziortza Guezuraga, komunikazio lanen arduraduna eta ekitaldien antolaketako laguntzailea; César Tomé, Mapping Ingnoranceren eta Cuaderno de Cultura Científicaren editorea eta erredaktore nagusia; eta Uxune Martinez, Zientzia Kaieraren editorea, eta katedrako jardueren koordinatzaile nagusia.

Hamar urteotako ekintzetan, eragile ugarik lagundu dute nolabait. Ezer ez litzateke posible izango erakundeen laguntzarik gabe (eta haietako buruen laguntzarik gabe, noski), euskarri ekonomikoa ematen baitiote guztiari. Urte hauetan zehar sortu dugun ikerketa zentroen eta erakunde laguntzaileen sareak gure katedraren egitura txikia orekatzen du. Kolaboratzaileen zerrenda luzea dugu, lankide profesionalena zein modu eskuzabalean dihardutenena; horiek funtsezko laguntza eman digute, zikloak, mintegiak eta jardunaldiak zuzentzen, hitzaldiak ematen eta programatzen ditugun ekitaldietan txostenak aurkezten baitituzte. Ezin ditut guztiak aipatu. Eta, nola ez, katedraren eguneroko lanari eusten dioten pertsona horiek dira gure lorpen guztien arduradun. Eskerrak eman nahi dizkiet horiei guztiei, zuzendari gisa, beren laguntza ordainezinagatik, eta bakarra den proiektu hau errealitate bihurtzeagatik.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post 10 urte kultura zientifikoa zabaltzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #334

Ig, 2021-01-24 09:00
Uxue Razkin ilustrazioIrudia: Mostafa Elturkey – erabilera publikoko ilustrazioa. Iturria: pixabay.com.Medikuntza

Elhuyar aldizkarian jakinarazi digu Aitziber Agirrek seinale positiboak aurkitu dituztela Ivermectina botikarekin egindako entsegu kliniko baten. Emaitzek medikamentuak SARS-CoV-2aren transmisioa eragotz lezakeela iradokitzen baitute. Sintomen iraupena murrizteaz gain, gaixo daudenen karga birala txikitu eta birusaren transmisioa murrizten lagundu dezake.

Jarduera fisikoa egitea osasungarria da denontzat. Eta, bestalde, kaltegarria da aulkian eserita edo sofa batean botata igarotzen baditugu egunak eta egunak. Baina lanagatik eserita orduak pasa behar badituzu, komenigarria litzaizuke hogei minutuan behin altxatzea eta berriz eseri aurretik pare bat minutuz mugitzea. Zure osasunak eskertuko baitu. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen du zergatik.

Pobrezia energetikoak eragina du osasunean, Bartzelonan egindako ikerketa batek argitu duenez. Juanma Gallegok ematen dizkigu datuak eta xehetasunak: bronkitis kronikoa izateko aukera 4,9 aldiz handiagoa da pobrezia energetikoa duten emakumezkoetan, eta 5,4 aldiz handiagoa gizonezkoetan.

Jakin badakigu 1955ean Jonas Salkek erabilera orokorreko poliomielitisaren aurkako txertoa garatu zuela baina bere aurretik, Isabel Morgan birologoak eman zituen urrats oso garrantzitsuak: hark sortu zuen poliomielitisaren aurkako txerto esperimentala, tximinoetan probatu zutena.

Kimika

Konposatu kimikoen historian murgildu gara César Toméren artikulu honen bidez. Denboran zehar izan diren kimikariak eta euren aurkikuntzak azaltzen dira testu honetan. Konposatu kimikoen izaera ahalik eta zehatzenen izendatzea zuten helburu. Ez galdu!

Soziologia

Elhuyar aldizkarian, Ana Galarragak Michigango eta Templeko Unibertsitateetako Soziologia sailetako ikerketa interesgarri baten emaitzak argitaratu ditu asteon. AEBko STEM arloko 21 elkarte profesionaletako 25.324 lagunei (1.006 LGTBIQ taldekoak) bideratuko inkesta baten emaitzak izan dira eta hauek adierazten dute bereizketa sistematikoa jasaten dutela arlo zientifikoko LGTBIQ taldeko langileek. Emaitzen arabera STEM alorreko LGBTQ langileek gainontzekoek baino muga profesional gehiago dituzte eta jazarpen eta gutxiespen handiagoa pairatzen dute.

Adimen artifiziala

MITeko ikertzaileek birusen mutazioak aurreikusteko tresna bat garatu dute, Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkariak azaldu duenez. Zehazki, A gripearentzat, GIBarentzat, eta SARS-CoV-2arentzat garatu dituzte ereduak.

Genetika

Faltan botatzen nituen Koldo Garciaren artikulu zientifikoak. Asteon, animaliei buruz hitz egin digu Zientzia Kaieran, hain zuzen, ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak kontatu dizkigu. Horien artean, ornitorrinkoa. Horri jarraiki, aipatu du zientzia-lan batean gene-sekuentzien kromosoma-kokapena zehazteko ornitorrinko ar baten genoma sekuentziatu dutela. Horri esker ikertzaileek ikusi dute, besteak beste, ornitorrinkoaren genoman erantzun immunean parte hartzen duten geneen antolaketa ugaztunak ez diren ornodunen antzeko antolaketa dela; eta ornitorrinkoen pozoiaren jatorria defensinak deitutako gene-familia dela.

Paleontologia

1996an Otxola espeleologia-taldeko kide batzuek Mainea haitzuloan (Uitzi, Nafarroa) aurkitu zituzten fosilak ikertu dituzte orain UPV/EHUko eta Aranzadiko paleontologoek. Fosil horiek duela 46.000 urtekoak direla neurtu dute eta erakusten dute errinozero iletsuak eta mamutak bazkatzen zirela larre horietan. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Zientzia eta artea

Ilustrazio zientifikoari buruzko erreportaje interesgarria publikatu dute Berrian. Bertan, adibidez, Vega Asensio UPV/EHUko Ilustrazio Zientifiko graduondokoaren koordinatzaileak hitz egin du ilustratzailearen figuraz. Gainera, ilustrazio zientifikoan diharduten Mikel Rodriguezen eta Nuria Hernandezen hitzak bildu dituzte eta denek berresten dute zientzia azaltzeko irudiak ezinbesteko bidea direla, are gehiago espezializazio handiko gaiak komunikatzeko orduan.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #334 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #337

La, 2021-01-23 09:00

gaitz

Depresioa gure gizartearen gaitz bat da. Medikamentuen eta terapien osagarria edo alternatiba bat zuzeneko estimulazio transkraniala izan daiteke. Jose Ramon Alonsok ekarri du gaia asteon Transcranial direct current stimulation and depression artikuluan.

Galdera hau ez da nolanahikoa. Eta, gizateria etorkizuneko pandemietatik babesteko egin behar den gauza bakarra gure seme-alabak genetikoki editatzea bada? Hori berori lantzen du Yusef Paolo Rabia ikertzaileak: Editing the DNA of human embryos could protect us from future pandemics.

Atomo baten barruan gertatzen diren trantsizioak, esaterako Auger efektua, esperimentalki neur daitezke attosegundoetan. DIPC zentroko ikertzaileek azaltzen dizute zelan: Sub-femtosecond resolution of the Auger effect via self-referenced attosecond streaking.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #337 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Isabel Morgan (1911-1996) polioaren txertoaren bidean, lehen urratsak eman zituen birologoa

Or, 2021-01-22 09:00
Uxue Razkin

Zaila da norberak ezagutzen ez duenaren kontra egitea. Gatazka hori are neketsuagoa da gizateriaren osasuna modu larrian kaltetzen ari den epidemiari buru egin behar bazaio. XX. mendean, birus batek hondamendia eragin zuen, eta ez zegoen ia informaziorik haren inguruan. Gaixotasuna etxe guztietan sartu zen, familiek ez zuten besterik buruan; beldurrak eraginda, zurrumurrua ahopeka transmititzen hasia zen. Jakina zen poliomielitisak (polio ere deitua), aldi baterako paralisia edo paralisi iraunkorra eragiten zuela haurrengan, eta, batzuetan, baita heriotza ere. Birusa gorputzean sartu eta odol-fluxuaren bidez, nerbio-sisteman sartzen zen. Bada, zer zen hura? Eta nork geldiarazi zezakeen?

1. irudia: Isabel Morgan birologoa. (Argazkia: Wikipedia)

Guztiok gai gara imajinatzeko egoera hori Daniel Defoeren Diario del año de la peste eleberriari esker. Bertan, zurrumurruak eta ezjakintasuna nagusi dira, eta horiek nahasmena eta izua sortu ohi dute. Esaterako, narratzaileak kontatzen du behin emakume batek, elizan, jendez betetako banku batean eserita zegoela, usain txarra nabaritu zuela. Izurria banku jakin hartan zegoela ondorioztatu zuen, eta ondoan zegoenari bere teoria azaldu zion. Ondoren, zutitu eta alde egin zuen emakumeak. Jakina, zurrumurruak aise bete zituen elizako zoko-moko guztiak. Denak irten ziren elizatik jakin gabe zer demontre zen eliza horretan zegoen gauza kaltegarria.

Poliomielitisaren kasuan, zurrumurru horiek isilarazteko, birusaren jatorria eta garapena ezagutzeko, eta, modu berean, epidemia hori desagerrarazteko, ikertzaile talde askok oso gogor lan egin zuten txerto antipoliomielitikoa aurkitzeko. Besteak beste, Johns Hopkins Unibertsitateak egindako lana da azpimarratzekoa. Bertan, Isabel Morgan birologoak jardun zuen, David Bodian eta Howard Howe zientzialariekin batera. Hark sortu zuen poliomielitisaren aurkako txerto esperimentala, tximinoetan probatu zutena. Lana funtsezkoa izan zen, 1955ean Jonas Salkek erabilera orokorreko txertoa aurki zezan (Espainian ez zen 1964ra arte merkaturatu).

XX. mendean izurik handiena eragin zuen gaixotasunetako bat izan zen poliomielitisa. Espainian, 1956 eta 1963 artean haurrak izan ziren kaltetuenak; 12.000 ezintasun fisiko larri eta 2.000 hildako inguru eragin zituen. Hala ere, epidemiaren punturik gorenena Estatu Batuetan jazo zen, 1952an, non 60.000 kasu atzeman eta 3.000 heriotza baino gehiago izan ziren. Munduko gainerako herrialdeen egoera ez zen hobea;  besteak beste, iparraldeko herrialdeetan, Erdialdeko Europan eta Britainia Handian ere kasuak izan ziren.

Lehenengo ikerketak

Isabel Morgan, 1933an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Thomas Hunt Morgan genetistaren alaba, Stanfordeko Unibertsitatean graduatu zen. Bakteriologiako doktoregoa Pennsylvaniako Unibertsitatean egin zuen eta ondoren Rockefeller Institutuan ikertzaile gisa lan egin zuen. Bere lankideek baino gutxiago kobratzen zuen, batik bat, emakumea zelako. Desagerrarazi nahi zuen epidemia bezain iraunkorra zen diskriminazioa.

Isabel Morgan2. irudia: Polioaren aurkako txertoaren aurkikuntzari buruzko berriak (Argazkia: March of Dimes – erabilera publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bere maisuetako batzuek zioten Morganek ikertzen zuenean beti bide berriak bilatzen zituela. Zientziarako zuen talentua aski ezaguna zen. Johns Hopkinsen lanean hasi zenean, 1944an, esperimentuak egin zituen birusari buruz gehiago jakiteko asmoz. Bere taldea gai izan zen poliobirusaren sarrera digestio-aparatua zela zehazteko, nahiz eta momentu hartan uste zuten gakoa arnasbidea zela. Era berean, hiru birus mota zeudela ohartarazi zuen, eta gaixotasunaren garapenean fase “biremiko” bat zegoela frogatu. Birusa odoletik nerbio sistema zentralera hedatzen denean gertatzen da hori, hain zuzen. Dorothy Horstmannekin egindako elkarlanari esker lortu zuten informazio hau guztia.

Ikerketan garatutako txerto esperimentalaren emaitzak itxaropentsuak izan ziren: tximinoek eutsi egin zieten poliobirus biziaren kontzentrazio handiko injekzioei. Gerora, Jonas Salkek poliomielitisaren aurkako lehen txertoa garatu zuen, eta hala, ospetsu egin zen. Alabaina, jendeak ahaztu zuen lehen entseguak Isabel Morganek egin zituela. Hasieran ematen diren urrats txikiak azken jauzia bezain garrantzitsuak dira, ezbairik gabe.

Eten egin zen karrera zientifikoa

Gogorra da erretiroa hartzea nolabaiteko ospea lortzen duzunean, eta Isabelek ikerketa bertan behera utzi zuen arrakastarik handiena lortu zuenean. 1949an Joseph Mountainekin ezkondu zen, New Yorken lan egiten zuen Air Forceko koronel batekin. Bikotea Westchesterrera joan zen bizitzera, eta bertan haren familia zaintzea erabaki zuen. Lana utzi zuenean, beste inork ez zuen bere ikerketekin jarraitu.

Isabel Morgan3. irudia: Polio Hall of Fame. Ezkerretik eskuinera: Jakob Heine, Karl Oskar Medin, Ivar Wickman, Karl Landsteiner,
Thomas Milton Rivers, Charles Armstrong, John R. Paul, Albert Sabin, Thomas Francis Jr., Joseph L. Melnick,
Isabel Morgan, Howard A. Howe, David Bodian, John F. Enders, Jonas E. Salk, Franklin D. Roosevelt eta Basil O’Connor. (Argazkia: March of Dimes – erabilera publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Handik aurrera, ez dago Morganen informazio askorik: Columbiako Unibertsitatean bioestatistikako masterra egin zuen eta Manhattaneko Memorial Sloan-Kettering cancer Centerren (MSK) aholkulari zientifiko gisa aritu zen. Utzitako ondareari dagokionez, Georgiako Roosevelt Warm Spring Institute for Rehabilitation delakoan irudikatuta dago Morgan; poliomielitisa ikertu zuten bere kideekin batera agertzen da busto batean, The Polio Hall of Famen.

Iturriak: Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Isabel Morgan (1911-1996) polioaren txertoaren bidean, lehen urratsak eman zituen birologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Konposatu kimikoez

Og, 2021-01-21 09:00
César Tomé López

XVII. mendean, protokimikariek gai konposatuak izendatzeko erabiltzen zuten “mistura” hitzak ez zituen ia bereizten konbinazio kimikoak eta nahasketa fisikoak. Hala ere, XVIII. mendean zehar bereizketa argi bat hasi zen egiten. Dictionaire de chymie-n (1766), adibidez, Pierre Joseph Macquer kimikariak bereizi egiten zituen, batetik, “konbinazio edo konposizio kimikoa […], zeinean, konbinazioaz gainera, substantzien artean elkarrekiko atxikidura egon behar den”, eta, bestetik, “misturak, hots, nahasketa sinple bat, atalen tartekatze soil bat”.

Georg Ernst Stahl mediku eta kimikariak sortu zuen konposatu-mailen ideia, elementu bakunetatik edo printzipioetatik hasten zena, eta konplexutasun mailari jarraiki, honakoekin jarraitzen zuena: “mixtes, composés, décomposés eta surdécomposés”. Macquerrek nahiago izan zuen izendapen ugaritasun hori saihestu, eta lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako composés direlakoez mintzo zen. Gaztelaniazko testuetan, composésen ordainez konposatuak itzultzen zuten (itzulpena egiten zutenean).

konposatuIrudia: Konposatu kimikoa taula periodikoko bi elementu edo gehiagoren konbinazio kimikoak osatzen duen substantzia da eta formula kimiko baten bidez adierazten da. (Argazkia: bdyczewski – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

XVIII. mendean, konposatu hitzaren definizioek ez zuten aipatzen konposatuen atalen proportzioak konstanteak izateko beharrik. Hala ere, gauza jakina zen konposatu-mota aztertuena ―gatz neutroak― azido batek eta base batek osatzen zutela, eta hauek proportzio jakinetan nahasi behar zirela “elkar asetzeko” (hau da, tintaroiari kolorea emango ez zion konposatu bat sortzeko).

1754an, Guillaume François de Rouelle kimikariak gatz neutro mota berri bat deskribatu zuen; gatz mota horrek azido gehiegi zuen, kristalak eratzen zituen, eta tintaroia gorri bihurtzen zuen. Mota horretako gatz bat sortzeko beharrezko azido gehigarria proportzio zehatz batean ageri zen ere, gatz neutroa sortzeko behar zen azidoarekiko, eta halaxe ohartarazi zuen Torbern Olof Bergman kimikariak 1775ean, gatz azidoak bere afinitate-taulan sartu zituenean.

Antoine Laurent Lavoisier zientzialarik ahalegin handiak eskaini zizkion zehazteari zein ziren “aire finkatu”an (geroago, azido karbonikoaren gasa; gaur egun, karbono dioxidoa) konbinatutako karbonoaren eta oxigenoaren proportzioak eta ura osatzen zuten “aire sukoi”aren (geroago, hidrogenoa) eta oxigenoaren proportzioak pisuan. Erretzen edo kiskaltzen direnean metalek eta ez-metalek oxigenoa xurgatzen dutela frogatu ondoren, Lavoisierrek haien konbinazio-proportzioak ere zehaztu zituen, eta konturatu zen haietako batzuek lau oxigenatze-maila zituztela. Proportzioak zehazteko ahalegin hori bere kontulari-arrazoibidea abiarazteko egin zuen Lavoisierrek, balantzeetan —materiarenak kasu honetan— oinarritutako arrazoibidea, izan ere.

XVIII. mendearen bukaeran konposatu kimikoen izaeraren gainean zegoen jakintza ez zen behar bezain zehatza proportzioen konstantziaren datu esperimentalak azaltzeko. Claude Louis Berthollet kimikariak zioen 1803an “hipotesi” hutsa zela konposatuak proportzio zehatzetan ageri ziren osagaiek osatzen zituztela, eta ideia horren abiapuntua disoluzioen eta konbinazioen arteko –oinarri gutxiko– bereizketa zela. Bertholleten ustez, substantziek kimikoki eragiten zuten beste substantzia batzuengan beren masa eta afinitateekiko indar proportzionalaz. Disoluzioan, partikulak edozein proportziotan konbinatuko lirateke. Hala ere, proportzio jakin batek lurrunkortasun edo kohesio maximoa zuen konbinazio bat sortzen baldin bazuen, delako konbinazioa banandu egingo zen proportzio horrexek ezaugarritutako substantzia gisa. Gasek “beste konbinazio batzuek baino proportzio uniformeagoak” agertuko zituzten, beren osagaiak konbinatzean uzkurdura handiagoa jasaten dutelako. Horrela, Berthollet izan zen lehena konbinazio kimikoaren teoria orokor batetik eratorritako azalpenak ekartzen, logika apur bat ematen zietenak “konbinazio jakin batzuen proportzio finkoak zehazten dituzten antolaera eta egoerei”. Baina, hori egitean, orobat adierazi zuen proportzioak baldintza berezien ondorio zirela; eta baldintza horiek “eten” egiten zuten substantzia batek beste baten gainean zuen akzio kimiko arrunta.

Eztabaida historiko batean ―bi aldeen gizalegeagatik eta lehiaren mailagatik ospetsua, baita aztergaien garrantziagatik ere―, Joseph Louis Proust kimikariak zalantzan jarri zuen bai Bertholleten ikuskera orokorra, bai bere baieztapenak funtsatzeko erabilitako oinarri esperimentala; oinarri horren arabera, hainbat gatz eta oxido proportzioen maila jarraitu batean osatu daitezke. Proustek oinarrizko bereizketa bat egin zuen: batetik, disoluzioak, aleazioak eta beirak, eta bestetik, “benetako konposatuak”. Konposatu bat, esan zuen, “naturak proportzio finkoak ematen dizkion produktu pribilegiatua da […] Benetako konposatuen ezaugarriak beren elementuen arrazoiak bezain finkoak dira”. Nahiz eta konposatu kimikoen proportzio finkoen aldeko froga esperimentalen sorta handia eman zuen ―baita zalantzazko kasuetarako ere― Proust ez zen gai izan benetako konposatuaren definizio zehatz bat emateko, disoluzio batetik edo proportzio aldakorreko beste substantzia homogeneoetatik ezberdintzeko.

Pisu erlatiboak identifikatzean elementuak definitzeko propietate gisa, John Dalton zientzialariak “konbinazio-pisu”en esanahia eraldatu zuen. Haien zehaztapena jada ez zen xedea berez, baizik eta honakoa bilatzeko bidea: “partikula konposatu bat osatzen duten partikula elemental sinpleen kopurua, eta partikula konposatuago baten sorreran sartzen diren partikula ez hain konposatuen kopurua”. Gai konposatuak atomoen zenbaki oso eta txikiek osatzen dituztelako doktrinak funtsezko bihurtu zituen haien proportzio zehatzak bere definizioan, eta ez esperientzia analitikoaren emaitza.

Ezaguera kimikoaren bilakaerak ―bereziki mineral, kristal eta organismo bizien konposizio zehaztuaren ezaguerak― bertolidoetatik bereizteko daltonido deitutako konposatu-multzo oso zehatz batera mugatu zuen Daltonen definizioa. Gaur egun, IUPACek (Gold Book, 2.3.3, 24/02/2014 bertsioa), ezaguera hori guztia egokitze aldera, substantzia kimikoaren —konposatuaren— definizioan ez ditu proportzioak aipatzen; konposizio konstantedun materia aipatzen du, osatzen duten atalek ezaugarritua (atomoak, molekulak, unitate-formula), eta ezaugarri fisiko zehatzengatik identifika daitekeena (dentsitatea, errefrakzio-indizea, urtze- eta irakite-puntuak, etab.).

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

The post Konposatu kimikoez appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak

Az, 2021-01-20 09:00
Koldo Garcia

Animalia bitxitzat jotzen dugu: ahatearena du mokoa, kastorearena buztana eta igarabarenarena hankak. Pozoitsua da eta, ugaztuna bada ere, arrautzak erruten ditu. Australiako ekialdean eta Tasmaniako irlan bizi da. Ornitorrinkoa da.

Bizirik jarraitzen duen ugaztun primitiboen ordezkaria da ekidnekin batera; biak dira monotrema taldearen ordezkariak, hain zuzen ere. Ekidnak Australian eta Ginea Berrian aurki daitezke eta haiek ere erruleak dira. Ugaztun hauen bitxikeriak beren gene-materialean ere aurki daitezke. Ornitorrinko eme baten genoma sekuentziatuta bazegoen ere, sekuentzien %25 bakarrik zegoen kromosometan kokatuta; nolabait, gene-puzzlea bukatu gabe zegoen.

Gene-sekuentzien kromosoma-kokapena zehazteko lan berri batean ornitorrinko ar baten genoma sekuentziatu dute hainbat teknika erabilita. Gainera, ekidna ar baten genoma ere sekuentziatu dute, modu hain sakonean ez bada ere. Horrela, monotremen inguruko zehaztasunak lortu nahi izan dituzte, bai gainontzeko ugaztunekin erkatzeko, bai monotremen arteko ezberdintasunak aztertzeko. Zeren, ugaztun-talde primitibo bereko kideak badira ere, ornitorrinkoek eta ekidnek moldaketa ezberdinak dituzte: ornitorrinkoak karniboroak dira eta elektroerrezepzioa erabiltzen dute orientaziorako; ekidnak, aldiz, intsektiboroak dira eta usaimena erabiltzen dute.

ugaztun ornitorrinkoa1. irudia: Ornitorrinkoa. (Argazkia: Christine Ferdinand – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Sekuentziazio berri horri esker posible izan da ornitorrinkoen genomaren %98 kromosometan kokatzea. Hala, ikertzaileek ikusi dute monotremen genomaren sekuentziaren ia erdia gene-osagai mugikorrek osatzen dutela, ornodunetan ohikoa den gertaera, hain zuzen ere; eta gene-osagai mugikor horiek narrastien genometan agertzen direnen antzekoak direla, ez ugaztunetan agertzen direnen antzekoak. Gainera, ornitorrinkoaren genoman 20.742 gene aurkitu dituzte eta ekidnan 22.029 gene.

Genoma-sekuentziak erkatuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten orain dela 187 milioi urte banandu zirela monotremak gainontzeko ugaztunetatik; eta orain dela 55 milioi urte banandu zirela ornitorrinkoak eta ekidnak . Gainera, ikertzaileek ondorioztatu zuten bi ugaztun primitibo hauen eboluzio-tasa –hau da, izan duten mutazio-kopurua– gainontzeko ugaztunen eboluzio-tasaren parekoa zela. Era berean, ikusi zuten bazeudela ugaztunetan kontserbatuta dauden gene-sekuentziak. Sekuentzia horietan kokatzen dira garunaren garapenean parte hartzen duten gene-osagaiak. Azkenik, gizakiaren, Didelphidae martsupialaren, Tasmaniako deabruaren, ornitorrinkoaren, oiloaren eta sugandilaren kromosomak erkatu zituzten ondorioztatzeko zeintzuk ziren ugaztunen jatorrizko kromosomak. Horrela, ikusi zuten ugaztunen arbaso komunak 30 kromosoma bikote zituela; eta aztertutako ugaztunetan 918 kromosomen berrantolaketa-gertaera egon zirela. Horretaz gain, ikusi zuten ugaztunen arbaso komunean erantzun immunean eta ilearen hazkundean parte hartzen duten gene-familien hedapena egon dela. Ikertzaileek ikusi zuten, gainera, ornitorrinkoaren genoman erantzun immunean parte hartzen duten geneen antolaketa ugaztunak ez diren ornodunen antzeko antolaketa dela; eta ornitorrinkoen pozoiaren jatorria defensinak deitutako gene-familia dela.

2. irudia: Ekidna. (Argazkia: gabecollett – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Monotremen gene-ezaugarri oso bitxi bat da sexu-kromosoma bat baino gehiago dutela, gainontzeko ugaztunek bikote bakarra duten bitartean. Sekuentziazio berri horri esker lortu da ornitorrinkoaren bost sexu-kromosoma bikoteen sekuentziak osatzea. Hala, ikertzaileak gai izan dira sexu-kromosoma horien jatorria eta ezaugarriak aztertzeko. Ikertzaileek ondorioztatu zuten monotromen sexu-kromosomak sortu zirela hegaztien eta ugaztunen sexu-kromosomak sortu ziren antzerako gene-mekanismoen bidez; eta sortu zirela ugaztunen aitzindari komunak zituen kromosomen arteko berrantolaketen bidez. Beste berezitasun bat ere badute monotromen sexu-kromosomek: bata besteari lotzen zaizkiola kate antzeko bat eratuta. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu zuten sexua ezartzen duen AMH genea kokatzen den gene-eskualdetik hasi zela sortzen ornitorrinkoen sexu-kromosomen antolaketa berezi hori. Aipatutako kromosomen arteko ez-ohiko lotura hori ikusteaz gain, ikertzaileek ornitorrinkoaren sexu-kromosomen arteko elkarrekintzak ikusi zituzten. Gainontzeko kromosomek elkarrekintzak bakarrik beren buruarekin zituzten bitartean, sexu-kromosoma ezberdinetan kokatzen diren gene-osagaien arteko elkarrekintzak detektatu zituzten.

Dietan parte hartzen duten geneei dagokiela, monotremen aitzindariak hortzak bazituen ere, ornitorrinkoek eta ekidnek ez dute hortzik. Izan ere, hortzen garapenean zerikusia duten hainbat gene galdu dituzte bi espezie hauek, hortzak ez dituzten beste ugaztun batzuetan gertatu den bezala. Gainera, bi espezie hauek digestioan parte hartzen duten gene asko galdu dituzte, urdailaren eta arearen garapenean behar-beharrezkoa den gene bat gorde badute ere. Usaimenari dagokiola, ekidnetan usaimen-erraboilaren garapena handiagoa da ornitorrinkoetan baino. Horrek bere isla du genoman: usainen pertzepzioan parte hartzen duten geneen kopurua bikoitza da ekidnetan.

ugaztun ornitorrinkoa3. irudia: Ornitorrinkoa. (Argazkia: Dr. Philip Bethge – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Monotremen ezaugarri deigarriena, ugaztunak izanda, arrautzak erruten dituztela da. Hortaz, beren genoma baliagarria izan daiteke obiparotzatik –arrautzak errutetik– bibiparotzarako –enbrioia umetokian gelditzerako– trantsizioa ikertzeko. Egia esateko, monotremen kasuan, arrautzek proteina asko izateak ez du garrantzi handirik, enbrioiek nutrienteak lortzen dituztelako uteroko sekrezioetatik eta kumeek edoskitzean zehar. Izan ere, martsupialetan gertatzen den bezala, monotremek edoskitze luzea dute eta esnearen osagaiak aldatzen doaz kumearen beharrak asetzeko. Hala, prozesu horiek isla dute gene-osagaietan: arrautzen proteina-kopuruan parte hartzen duen gene-kopurua narrastietan baino txikiagoa da; eta monotremen genometan aurkitu egin dira gainontzeko ugaztunetan esnearen sorreran parte hartzen duten gene gehienak.

Laburbilduz, ornitorrinkoen eta ekidnen bitxikeriak ez dira soilik mugatzen beren itxurara edota portaerara, beren gene-materialean ere badaude: sexu-kromosomen banaketa berezia dute eta haien genometan narrasti, hegazti eta ugaztunen genomek dituzten ezaugarriak aurki daitezke. Gainera, ugaztun primitibo hauek ikertzeak abagunea eman du ugaztunen eboluzioa sakonago aztertzeko. Espero ez izatekoa bada ere, arrarotasunean gene-arrasto baliagarriak aurki daitezke.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zhou, Y., Shearwin-Whyatt, L., Li, J. et al. (2021). Platypus and echidna genomes reveal mammalian biology and evolution. Nature. DOI:https://doi.org/10.1038/s41586-020-03039-0

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa

Ar, 2021-01-19 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Jarduera fisikorik ezak ondorio kaltegarriak ditu osasunean, kutsakorrak ez diren zenbait gaixotasun izateko arriskua areagotzen duelako. Gaixotasun kardiobaskularrak, 2. motako diabetesa eta zenbait motatako minbiziak izateko probabilitatea handiagoa da jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonen artean. Jarduera fisikorik eza, beraz, heriotza goiztiar batzuen eragilea da; hori modu esanguratsuan murriztuko balitz, bizi-itxaropena zortzi hilabete igoko litzateke, batez beste, gizateria osoarentzat.

Aurreko paragrafoan esandakoa aski jakina da honezkero. Agian ezezagunagoa da gimnasiora joaten direnen edo egunero tarte batez korrika aritzen direnen artean ere ondorio kaltegarriak dituela jarduera fisikorik ezak. Eta ez, bi esaldi horiek ez dira kontraesanezkoak. Jarduera fisikoak ondorio osasungarriak ditu, jakina. Baina egiten duenak bere denboraren zatirik handiena sofan etzanda edo ordenagailuko pantailaren aurrean eserita ematen badu, eragin onuragarriak murriztu egiten dira.

sofaIrudia: Gure gorputzak aldatu egin dira denboran zehar atsedena hartu ahal izateko, baina aulkian eserita eta sofa batean botata egoteak kalteak eragin ditzakegu epe luzean. (Argazkia:  Wokandapix – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Dena den, jarduera fisikoak osasungarria izaten jarraitzen du, baita oso gomendagarria ere, mugimendu gutxiko bizimodua baldin badugu. Zozketaren metafora erabiliz: zenbat eta txartel gehiago erosi, orduan eta handiagoa da tokatzeko probabilitatea. Eserita denbora laburra emanez gero, egoera osasungarrian egoteko txartelak erosiko ditugu; kirolen bat edo jarduera fisikoren bat maiz eginez gero ere bai. Txartel ezberdinak dira. Zenbat eta gehiago erosi, orduan eta handiagoa da osasun ona egokitzeko probabilitatea eta alderantziz.

Entzima lipoproteinlipasak funtsezko rola jokatzen du zozketa horretan. Odol kapilarren barruan dago –argian–, endoteliora erantsita, hau da, hodiak estaltzen dituen zelula geruzara. Odolean zirkulatzen duten dentsitate baxu-baxuko eta oso baxuko lipoproteinen triglizeridoen gainean eragiten du eta molekula bihurtzen ditu. Horiek, halaber, zelula muskularretan sartzen ditu, bere metabolismorako, baita adiposoetan ere, metatzeko.

Egonean egotea osasunerako kaltegarria da, muskuluak ez mugitzeak lipoproteinlipasaren mailak murriztea eragiten duelako, eta, hala, zelula muskularretan sartu behar zuten molekulak odolean geratzen dira. Ondorioz, triglizeridoak kontzentrazio handia izatera eta arazoak sortzera irits daitezke.

Gogora dezagun, amaitzeko, mundu guztiak ez duela bizitza erdia pantailaren aurrean ematen. Are gehiago, batzuek ez daukate aulkirik. Duke Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzerrek hadzen metabolismoa aztertu du, hots, ehiztari eta biltzaile afrikar talde batena. Ez daukate ez aulkirik, ez antzeko ezer, baina lo egiteaz gain, atseden hartzen dute; egunean hamar bat orduko atsedenaldia egiten dute, Mendebaldeko herrialdeetan eserita ematen ditugun orduen adinakoa. Eta, hala ere, hadzek ez dute triglizerido maila alturik odolean. Pontzerren arabera, atseden hartzeko moduan datza gakoa, orpoen gainean kukubilko edo belauniko, orekari eusteko nolabaiteko aktibitate muskularra eskatzen duten jarreretan. Badirudi ezberdintasun «txiki» hori nahikoa dela arazoak saihesteko. Baina haiek imitatzeko asmotan bazaude, hobe ez saiatzea: haurtzarotik egiten ez bada, ez da erraza eta, azkenean, lesio bat izan dezakezu.

Beraz, saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa, baina, zure lanaren edo beste edozein arrazoiren eraginez ordu asko eman behar badituzu eserita, gutxi gorabehera hogei minutuan behin altxatzea eta berriz eseri aurretik pare bat minutuz mugitzea komeni da. Eta, horrez gain, egunero ordutxo bat  ematen baduzu jarduera fisiko moderatua egiten, hainbat txartel erosiko dituzu bizitza osasungarria izateko.

Erreferentzia bibliografikoak: Lee, I.M., Shiroma, E.J., Lobelo, F., Puska, P., Blair, S.N., Katzmarzyk, P.T. (2012). Effect of physical inactivity on major non-communicable diseases worldwide: an analysis of burden of disease and life expectancy. Lancet, 380 (9838), 219-29. doi: 10.1016/S0140-6736(12)61031-9.

Pontzer, H.,  Raichlen, D. (2020). How changing the way you sit could add years to your life. New Scientist, 3291.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak