Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa
Bartzelonan egindako azterketa batek ondorioztatu du pobrezia energetikoak eragin esanguratsua duela kinka horretan dauden lagunen osasunean. Besteak beste, bronkitisarekin eta depresioarekin lotu dute etxea behar beste berotu ezin izatea.
Ezaguna da hainbat eta hainbat faktorek osasunean eragiten dutela, baina beti ez da erraza faktore horien garrantzia eta eragin zehatza ezagutzea. Tartean gaixotasun larriak daudenean, are garrantzitsuagoa da lotura horiek argitzea, eta polemika galantak sortu ohi dira horren harira. Agian adibiderik ezagunenak dira minbizia izateko joera indartzen duten faktoreen inguruan Osasunaren Munduko Erakundeak egiten dituen berrikuspenak, baina, horiez gain, sarritan argitaratzen dira hain mediatikoak ez diren ikerketak.
Halakoetan, normalean arazorik handiena da oso zaila dela eraginak maila molekularrean frogatzea, eta, ezinbestean, korrelazioen munduan sartu beharra dagoela. Horien bitartez, aldagaien arteko lotura estatistikoei erreparatzen zaie. Gehienetan, datu medikoak bizi-ohiturekin edota ingurumenean dauden faktoreekin alderatzen dira, atzean horien arteko kausalitatea egon ote daitekeen argitu aldera. Normalean halako ikerketek ezin dute finkatu behin betiko kausalitate bat, baina, abiapuntu duten oinarri estatistikoaren eta azterketaren diseinuaren kalitatearen arabera, arreta sakonagoa merezi duten gaiei buruz oso zantzu interesgarriak eman ditzakete.

Hau bereziki garrantzitsua da oso gutxi landu izan diren harreman posibleen kasuan. Horren adibide argia da pobrezia energetikoak osasunean izan dezakeen eragina. Orain arte, ikerketa gutxi egin dira horren inguruan, mendebaldeko herrialde garatuen kasuan bederen. Gaia gehiago landu da, ordea, garapen bidean dauden herrialdeetako etxeen barruan kozinatzeko zein berotzeko erabiltzen diren suteen kutsadurari dagokionez: bereziki errekuntzaren ondorioz sortutako karbono monoxidoa da kalte gehien eragiten duena; batzuetan, gainera, heriotza ere ekar dezake, ohartu gabeko intoxikazioen bidez.
Herrialde garatuetan, berriz, pobrezia energetikoa etxebizitzaren behar energetikoak behar bezala asetzeko ezintasunarekin lotu ohi da. Egoera horrek osasunean izan dezakeen eragina aztertu du ikertzaile talde batek. Kasu honetan, Bartzelonako datuak baliatu dituzte, bertan eskuragarri izan dituztelako pobrezia energetikoko egoeran dauden bizilagunen datu base bat, eta horiei inkesta bat egin diete. Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dituzte emaitzak.
Pobrezia energetikoaren aurka Bartzelonako Udalak egin zuen programa baten barruan dauden 2.470 lagunen datuak jaso dituzte azterketan (1.799 emakumezko eta 671 gizonezko), eta datuok 2016an egindako osasun publikoaren gaineko inkesta baten arabera energiaren alorrean aparteko arazorik ez duten 2.608 lagunekoekin alderatu dituzte (kasu honetan, 1.393 emakumezko eta 1.215 gizonezko).
Energía, la justa lelopean, 2016an populazio zaurgarrietan pobrezia energetikoa arintzeko egitasmo hori abiatu zuten Bartzelonan. Programak hiru oinarri izan zituen, emaitzen analisia egin zuen ebaluazio batean azaltzen denez: efizientzia energetikoa ahalbidetzeko ohiturak sustatzea, bonu sozialaren tramitazioaren bitartez aurrezkia lortzea, eta etxeetan kontsumo baxuko bonbillak jartzea.
Egileek azaldu dutenez, etxe barruan behar adinako beroa eta bestelako bizi-baldintza egokiak ez izateagatik, neguan heriotzen eta gaixotasunen tasak handitu direla ondorioztatu da aurreko ikerketa batzuetan. Horietan, arnas sistemari eta sistema kardiobaskularrari lotutako arazoak aurkitu dira, eta baita osasun mentalari dagozkionak. Baina orain arte ez da jorratu horrelako ikerketarik Europa hegoaldean.

Diotenez, Europar Batasunaren baitan, arazoa bereziki kezkagarria da ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeetan, eta egoera larriagoa egin zen 2008tik aurrera higiezinen burbuilak eztanda egin zuenetik. Klima epelagoa izan arren, egileek argudiatu dute Europa hegoaldeko herrialdeek arazoarekiko zurgarritasun handiagoa dutela, babes sozialerako sistemak “zatikatuta eta gutxi garatuta” daudelako, berotze sistema egokiak faltan daudelako, eta etxebizitzen kalitatea txarragoa delako. “Egoera ondorengo faktoreen elkarrekintzari lepora dakioke: batetik, etxebizitzaren alorreko politika eskasei; bestetik, truke-balioa beharrean erabilera-balioa lehenesten duen eta merkatura bideratuta dagoen etxebizitzen produkzioari. Eskuragarria, egokia eta kalitatezkoa den etxebizitza bat izateko eskubidean txarrerako eragiten du bigarren faktoreak”.
Inkestan, norberak informatutako osasun egoera kontuan hartu dute. Hau da, inkestatutakoak izan dira haien osasun egoeraren berri eman dutenak. Baina egileek babestu dute datu horien balioa. Ikerketaren egile nagusi Juli Carrere soziologoak posta elektroniko bitartez argitu duenez, beste ikerketa batzuek erakutsi dute osasun erregistroak eta norberak emandako erantzunak maila handi batean bat etorri ohi direla.
“Oro har, nolakoa da zure osasun egoera?” galdetu diete parte hartzaileei. Modu berean, aurreko 12 hilabeteetan asma, bronkitis kronikoa, depresioa edota antsietatea izan ote duten galdetu zaie. Haien etxeetan dagoen egoera ere izan dute hizpide: tenperatuta egokia mantentzen duten, edota fakturak ordaintzeko zailtasunik izan ote duten; etxebizitzen egoeraz ere galdetu diete. Datu horiekin guztiekin, hiru mailatan sailkatu dituzte parte hartzaileak: pobrezia energetikoko maila baxua, ertaina edo altua.
Bronkitis kronikoa izateko aukera 4,9 aldiz handiagoa da pobrezia energetikoa duten emakumezkoetan, eta 5,4 aldiz handiagoa gizonezkoetan. Osasun mentalari dagokionez, depresioa eta antsietatea izateko aukera 3,3 aldiz handiagoa da emakumezkoen artean, gizonezkoetan 4 aldiz handiagoa izanik. Ikertzaileek diotenez, familien egoeraren eta osasunaren arteko lotura indartsuagoa da pobrezia energetikoa handiagoa den kasuetan. Aldagai guztietan aurkitu dute harremana, batean izan ezik: gizonezkoek informatutako bronkitis kronikoa.
Egileek hiru faktore jo dituzte egoeraren abiapuntutzat: familiaren egoera sozioekonomikoa, etxearen errendimendu energetikoa eta energiaren prezioak. Faktore horiek, noski, testuinguru politiko, sozial eta ekonomiko zabalago baten barruan daudela ohartarazi dute. “Umeak, adineko pertsonak, emakumeak, etorkinak eta klase baxuko populazioak zaurgarriagoak dira pobrezia energetikoaren aurrean”, idatzi dute. Arazoaren tamaina ikusita, gaia jorratuko duten “politika publikoen beharra” nabarmendu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Carrere, Juli; Peralta, Andres; Oliveras, Laura; López, María José; Marí-Dell’Olmo, Marc; Benach, Joan; Novoa, Ana M. (2020). Energy poverty, its intensity and health in vulnerable populations in a Southern European city. Gaceta Sanitaria. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gaceta.2020.07.007
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #333
Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia irakasleak abenduan abiatutako txertaketa prozesuaren erritmoa jarri du ezbaian artikulu honetan. Haren irudiko, beharrezkoa da datozen asteetan abiadura etengabe batean arintzea.
Ildo horri jarraikiz, honatx Elhuyar aldizkariak dakarrena asteon: eztabaida sortu du txertoen bigarren dosia atzeratzeko auziak. Izan ere, bigarren dosia oso berandu hartzeak arazoak sor litzake, adibidez, birusak erresistentziak garatzea.
Txertoen historiari erreparatu dio Ana Galarragak artikulu honetan. Zehazki, txertoen garapenean egon diren emakumeak: Mary Wortley, Marie Laurent, Leone Farrell. Modu berean, COVID-19aren txertoen garapenaren atzean dauden emakumeak aipatu ditu, horien artean, Katalin Karikó.
Txertotik botiketara. Garatzen ari direnen artean, bi multzo: batzuk, antibirikoak, besteek ez dute zuzenean birusaren aurka egiten, gaixotasun larriaren sintomen kontra baizik. Miren Basarasen eskutik bi talde horietako adibideen azalpenak topatuko dituzue Berriako testu honetan.
IngurumenaTrafikoaren eta kutsaduraren arteko harremana ikertu dute Nafarroako Agrobioteknologia Institutuan. Horretarako metodo berritzaile bat erabili dute, Berriak azaldu duen moduan: ezkien hostoetan metatutako metal astunen kontzentrazioen bitartez egin dute neurketa.
Ikerketa batek erakutsi du biodibertsitateak gizakion osasunean izan dezakeen garrantzia. Elhuyar aldizkariak azaldu duen moduan, kitridiomikosiak eragindako anfibioen gainbeherak malaria-agerraldiak areagotu zituen 1990eko eta 2000ko hamarkadetan Erdialdeko Amerikan, azterlan batek ondorioztatu duenez. Xehetasun gehiago, hemen.
BiokimikaProteinen munduan murgildu gara erreportaje honen bidez. Horien egiturak ezagutzeko metodo ezberdinak erabiltzen dira. Duela gutxi, esparru honetan egindako aurrerapen teknologiko bat azaldu digute testu honetan: adimen artifizialaren bidez, algoritmo batek (AlphaFold 2, deitua) proteinen egitura zehaztu du, asmatze maila oso handiarekin, haien aminoazidoen sekuentziatik abiatuz.
KristalografiaAsteon elurra mara-mara aritu da eta ezin hobeto datorkigu azalpen hau: elur malutak izotz-kristal multzoez osatuta daude baina nola osatzen dira kristal hauek? Zergatik dute horrelako itxura konplexuak? Artikulu honetan galdera horien erantzunak topatuko dituzue. Ez galdu!
IngeniaritzaAireko garraio ekologikoagoak, jasangarriagoak eta eraginkorragoak lortze aldera, kontuan hartzen dira elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez). MEA motako hegazkinetan bi aplikazio elektriko daude: aktuadore elektromekanikoak (EMA, Electro Mechanical Actuator, ingelesez) eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Horri buruzko azalpena, hemen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #333 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #336
Lesboseko marismetan asmatu zuen biologia Aristotelesek, sekulako ondorioekin. The ‘prehistory’ of philosophy of science (7): The invention of biology Jesús Zamorarena.
Gainerako ozeanoekin konparatuta, ezberdina da ozeano Antartikoa, arrazoi askorengatik, gainera. Eta planetaren etorkizunerako duen garrantzia izugarria da. Berarekin erlazionatutako guztia da izugarria. An ocean like no other: the Southern Ocean’s ecological richness and significance for global climate Ceridwen Fraser et al.-en eskutik.
Javalambre-Photometric Local Universe Surveyren lehen datuen analisiek oso ondorio interesgarriak ditu. Haien artean, urrun izarrak uste genuen zenbait elementu, quasarrak direla. DIPC-k The brightest end of the Lyman alpha luminosity function.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #336 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Rodriguez-Larrad: “Gure osasun fisikoa, afektiboa eta kognitiboa oso lotuta daude, elkarrekintza estu batean” #Zientzialari (145)
Jarduera fisikoak osasunean eragiten du. Izan ere, bizitzan zehar egiten ditugun mugimenduek eragina dute gure osasun fisiko, kognitibo eta afektiboan. Baina zein da inpaktu-maila?
Ariketa fisikoko esku-hartze programak erreminta baliagarriak dira eraginak neurtzeko. Esaterako, ikusi da mugitzeko arazoak dituzten pertsonek edo zaharren egoitzetako egoiliarrek ariketa fisikoko esku-hartze programetan parte hartzen dutenean, erorketa kopurua jaitsi egiten dela eta menpekotasun maila ere murrizten dela.
Ana Rodriguez-Larrad ikertzaileak, besteak beste, ariketa fisikoko esku-hartzeen diseinua eta ebaluazioan eta esklerosi anizkoitza duten pertsonen exoeskeletoen esku-hartzeak ditu ikergai. Ageing On ikerketa taldeko kidea da eta UPV/EHUko Fisiologia saileko ikertzailea eta irakaslea ere, eta berarekin bildu gara gaia hauetan gehiago sakontzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Rodriguez-Larrad: “Gure osasun fisikoa, afektiboa eta kognitiboa oso lotuta daude, elkarrekintza estu batean” #Zientzialari (145) appeared first on Zientzia Kaiera.
Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa
Aireko garraioari dagokionez, Advisory Council for Aviation Research and innovation in Europe (ACARE) elkartearen helburua da % 80ko murrizketak lortzea nitrogeno oxidoen (NOx) isurketetan, eta % 20ko murrizketak lortzea CO2 isurketetan. Bestalde, Europar Batasuneko “Flightpath 2050” txostenean 2050erako % 75eko murrizketa proposatzen da helburu bezala, CO2 isurketei dagokionez, 2000. urteko isurketa-tasekin konparatuz. Horrez gain, % 90eko NOx kutsatzaileen murrizketa proposatzen da, eta baita ere % 65eko murrizketa hegazkinek sortzen duten zaratan. Hori guztia kontuan hartuta, elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez) kontsideratzen dira jarraitu beharreko paradigma.
Konbentzionalki, lau sistema-mota nagusi erabiltzen dira hegazkinetan:
- Sistema pneumatikoak.
- Sistema hidraulikoak.
- Sistema mekanikoak.
- Sistema elektrikoak.
Motorrek sortutako airea aprobetxatzen dute sistema pneumatikoek, hegazkinaren ingurugiroaren kontrola (presurizazioa eta aire girotua) eta hegaletako izotzaren aurkako sistemak gauzatuz. Aldiz, hegazkinaren eragintza guztiaz arduratzen dira sistema hidraulikoak: lurreratze-trena, balaztak eta hegaldirako kontrol-aktuadoreak, besteak beste. Bestalde, erregaiaren eta olioaren ponpaketaz arduratzen da sistema mekanikoa. Azkenik, argiztapen-sistemaz, entretenimendu sistemaz eta hegazkinaren elektronikaz arduratzen dira sistema elektrikoak. Sistema horiek guztiek hegazkinaren konbustiozko motorretatik edota turbinetatik jasotzen dute energia.

Aldiz, MEA kontzeptuak sistema elektrikoek hegazkinetan duten protagonismoa handitzea proposatzen du. Hori da, propultsio-motorretik lau sistema mota elikatuta izan beharrean, MEAk proposatzen duena da iturri horretatik sorkuntza-elektrikoa bakarrik elikatzea. Horrela, sorgailu elektrikoak elikatuko ditu azpisistema guztiak. Era horretara, konpresore elektrikoek ordezkatuko dituzte sistema pneumatikoak, erregaiaren ponpaketa ponpa elektrikoen bidez gauzatuko da eta eragintza hidrauliko guztia aktuadore elektro mekanikoek (EMA, Electro Mechanical Actutator, ingelesez) ordezkatuko dituzte.
Guzti horren helburua da sistema konbentzionalek dituzten desabantailak neurri batetan kentzea. Adibidez, eragintza hidraulikoari dagokionez, olio-banaketarako sistema bat behar da, handia eta pisutsua dena, eta sarritan isurketak sortzen dituena. MEA kontzeptuaren beste abantaila bat da sistema konbentzional bakoitza konektatuta duen kargaren potentzia maximoari erantzuteko diseinatuta dagoela. Hala ere, potentzia-mutur horiek ez dira aldi berean ematen; energia-iturriak sistema elektrikoan bateratuz, osagaien dimentsionamendu egokiagoa egin daiteke, hegazkinaren beharrizan errealetara hobeto egokituz. Ondorioz, hegazkinaren pisua eta bolumena nabarmen murriztu daiteke, erregai fosilen kontsumoa murriztuz. Horrez gain, komunitate zientifikoan adostasuna dago esatean ezinbestekoa dela hegazkinen propultsio-sistemen elektrifikazio partziala edo totala gauzatzea ere, hasieran aipatutako murrizketa-helburuak lortu nahi baldin badira
Elektrifikatu beharreko bi aplikazio kritiko nabarmendu daitezke hegazkinean: EMAk eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Osagai horien kritikotasuna nabarmena da, sistema
horietan gertatutako hutsegiteek bidaiarien segurtasuna jartzen baitute arriskuan. Alde horretatik, motor elektrikoak eta potentzia-bihurgailuak dira sistema horien osagai nagusienetakoak. Horien hutsegite-tolerantzia hobetzeak sistema elektriko horien fidagarritasuna hobetzea dakar, sektore aeronautikoak eskatzen dituen segurtasun-mailak betetzeko. Lan honetan, potentzia sistema trifasikoen ordez hutsegite-tolerantzia handiagoa duten sistema polifasikoen ezarpena aztertu da, diren aukera ezberdinak esploratuz. Horien ikerkuntzan jarraituko dute autoreek, topologia horiek hegazkinetan integratzeko eta, kontrol-algoritmo aurreratuen bidez hutsegite-tolerantzia eta hutsegiteen ondorengo funtzionamendua optimizatzeko.
Iturria:
Sierra, Andres Mauricio; Ibarra, Edorta; Kortabarria, Iñigo; Andreu, Jon; Lasa, Joseba (2019). «Hegazkinen elektrifikazioa: aktuatzaile elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa»; Ekaia, 35, 2019, 257-275. (https://doi.org/10.1387/ekaia.19780) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa.
- Laburpena: Gaur egun, elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez) kontuan hartzen dira aireko garraio ekologikoagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko. Alde horretatik, tradizionalak diren sistema pneumatikoak, hidraulikoak, eta mekanikoak sistema elektrikoengatik ordezkatu nahi dira, denborarekin, MEA kontzeptuaren helburuak lortzeko. Bi aplikazio elektriko nabarmentzen dira MEA motako hegazkinetan: aktuadore elektromekanikoak (EMA, Electro Mechanical Actuator, ingelesez) eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Teknologia horien teknologiaren egoera garatzen da lan honetan, eta egileek EMA prototipo erreal batean lortutako emaitzak azaltzen dira. Horrez gain, sistema horien elementu nagusi diren potentzia-sistemak eta motor elektrikoak aztertzen dira, industria aeronautikoaren beharrizan zorrotzak direla-eta egokienak izan daitezkeen fase anitzeko topologietan zentratuz.
- Egileak: Andres Mauricio Sierra, Edorta Ibarra, Iñigo Kortabarria, Jon Andreu, Joseba Lasa
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 257-275
- DOI: 10.1387/ekaia.19780
————————————————–
Egileez:
Andres Mauricio Sierra Tecnalia Research and Innovationen dabil eta Edorta Ibarra, Iñigo Kortabarria, Jon Andreu eta Joseba Lasa UPV/EHUkoIngeniaritza eskolako Teknologia Elektronikoa Sailean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Izotz-kristalen zientzia
Azken egunotan elurra mara-mara aritu da Euskal Herriko txoko askotan. Elur malutak izotz-kristal multzoez osatuta daude. Forma geometriko eder eta harrigarriak osatzen dituzte, artelan bat balira bezala. Baina nola osatzen dira kristal hauek? Zergatik osatzen dituzte horren geometria konplexuak? Hurrengo lerroetan horretaz mintzatuko gara.

Izotz-kristalak mikroskopikoak dira eta lainoetan osatzen dira, ur-lurruna edota egoera likidoan dagoen ura atmosferan dauden partikulekin kontaktuan jartzean. Kristal hauek elur malutak osatzen dituzte, zenbaitetan kristal gutxi batzuez osatuak daude, baina bestetan kristal multzo handiak dira. Azken hamarkadetan argazkigintzan eta beste alorretan egin diren aurrerakuntzek izotz-kristalen itxura sakonago aztertzea ahalbidetu dute. Hala ere, elur malutak osatzen dituzten kristalek harridura eta interesa piztu izan dute aspalditik, nahiz eta iraganean begi hutsez soilik aztertu ahal ziren, ez baitzegoen beste tresna egokiagorik.
Izotz-kristalen itxura hexagonala, hots, 6 aldeko itxura geometrikoa, dagoeneko ezaguna zen Kristo aurreko 2. mendean, Txinako zenbait dokumentutan jasotzen denez. Alberto Magno teologo eta pentsalariak XIII. mendean identifikatu zituen izar itxurako kristalak. 1611. urtean Kepler astronomo eta matematikariak izotz-kristalen simetria hexagonala aztertu zuen, De nive sexangula izeneko lanean. Lan hau Wacker von Wackenfels diplomatikoari oparitu zion urte berrian. Keplerren hitzetan, opari bikaina zen, izotz-kristalak zerutik baitatoz eta izar itxura baitaukate. Beraren ustez izotz-kristalek itxura hexagonala zuten hori delako paketatze egokiena materialean ahalik eta hutsune txikiena gelditzeko. Ideia hau Thomas Harrior astronomo eta matematikariari zor dakioke; izan ere, Keplerrekin harremanetan egon zen, itsasontzi batean kanoi balak gordetzeko modu eraginkorrena bilatu nahian. Garai hartan atomoen teoria oraindik ez zegoen garatua, baina berak partikula esferikoetan pentsatzen zuen. Paketatze hexagonalak hutsarte txikienak uzten dituen egitura izateari Keplerren hipotesia deritzo eta 1998an frogatu zen, metodo konputazionalak erabiliz. Edozein kasutan, Keplerrek izotz-kristalen inguruan ikerketa sakonagoa behar zela uste zuen.
XIX. mendean Amerikan zein Europan elur-maluten argazkiak egiten hasi ziren. Argazkilari horietako bat Wilson Bentley zen, Vermont-eko baserritar bat. Beraren ama irakaslea zen eta etxean mikroskopio bat zeukaten. Bentleyk gaztetatik erabiltzen zuen mikroskopioa ur tantak, hegaztien lumak edota beste objektu batzuk aztertzeko. Izotz-kristalekin liluratuta, mikroskopioan ikusten zituen irudiak kopiatzen zituen eskuz, baina, marrazkietatik haratago joan nahian, mikroskopioarekin bat eginda erabil zitekeen argazki-kamera bat erosi zuen. Izotz-kristalen argazkiak ateratzea zuen helburu eta, bere kasa ikasiz, 1885ean tamaina mikroskopikoa zuen izotz-kristal baten lehen argazkia lortu zuen. 1885etik 1931ra elur maluten argazkiak ateratzen igarotzen zituen neguak. Milaka izotz-kristal aztertu zituen eta zenbait ikerketa-artikulu eta liburu argitaratu zituen. Bentleyren arabera ez daude bi izotz-kristal berdin.
Garai bertsuan, 1930 inguruan, Nakaya Ukichiro fisikari japoniarra naturan sortzen diren izotz-kristalak aztertzen hasi zen, haien egitura, erorketa-abiadura edota tamaina-banaketa zehazten ahaleginduz. Kristalak sakonago ikertzeko, haiek modu artifizialen sortzeari ekin zion, eta horretarako izotz-kristalak tenperatura eta hezetasun kontrolatuan sortzeko makina bat garatu zuen. Hala ere, laborategian izotz-kristalak eratzea erronka handia zen: hasieran kristal-pilaketak lortzen zituen, baina izotzen eraketa-prozesua aztertzeko, kristal bakar baten hazkuntza jarraitu behar da. Horretarako behar den substratua, hau da, kristala hazteko behar den oinarria, aldatzen joan zen, filamentu desberdinak erabiliz, kotoia edo zeta esaterako, baina emaitza onik lortu gabe. Azkenean, untxi baten ilea erabiliz, kristal bakar bat lortu zuen eta haren hazkuntza-prozesua jarraitu ahal izan zuen. Horrela tenperaturaren eta hezetasunaren araberako diagrama bat osatu zuen, kristalek hartzen zuten itxura azaltzen zuena. Grafiko hau Nakaya diagrama izenaz ezagutzen da. Baldintzen arabera, xaflak, orratzak, dendritak edo era askotariko zutabeak eratu daitezke. Oro har, ur-lurrun gehiago dagoenean forma konplexuagoak eta tamaina handiagoa hartzen dute. Tenperaturari dagokionez, 0 eta -30 °C artean osatzen dira.
Izotz-kristalen morfologia tenperaturaren eta hezetasunaren araberakoa dela orain dela 80 urte jakin bazen ere, ez dago azalpen zehatz bat mendekotasun hau modu egokian azaltzeko. Kontuan izan behar da kristalen hazkuntza egoera ezegonkorrean gertatzen dela. Prozesu dinamikoa da eta, Kenneth Libbrechet fisikariaren arabera, horrek zaildu egiten du kristalen azterketa. Libbrechetek erlazio hau ikertzen jarraitzen du, tenperaturak egiturari eta kristalaren hazkuntza-prozesuari nola eragiten dien aztertuz. Bere laborategian ia berdinak diren kristal-izotzak sortzeko gai izan da. Halako kristalak aldi berean sortzen ditu baldintza berdinetan, eta horrek hazkuntza antzekoa izatea eragiten du.
Erreferentzia bibliografikoak:Higashi, A. (1962). Ukichiro Nakaya—1900–1962. Journal of Glaciology, 4 (33), 378-380. doi: 10.3189/S0022143000027763
Libbrecht, K. G. (2005). The physics of snow crystals. Reports on Progress in Physics, 68 (4), 855-895. doi: 10.1088/0034-4885/68/4/R03
Ball, P. (2011). In retrospect: On the Six-Cornered Snowflake. Nature, 480, 455. doi: https://doi.org/10.1038/480455a
Libbrecht, K. G. (2017). Physical Dynamics of Ice Crystal Growth. Annual Review of Materials Research, 47 (1), 271-295. doi: 10.1146/annurev-matsci-070616-124135
Iturriak:- Snow Crystals.com
- Blanchard, Duncan C. (1970). Wilson Bentley, the Snowflake Man. Weaherwise, 23, 261-269. doi: 10.1080/00431672.1970.9932907
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
The post Izotz-kristalen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
AlphaFold 2: proteinen forma aurresaten duen algoritmoa
Max Perutzek Nobel saria jaso zuen 1962an hemoglobinaren –hau da, odolari kolore gorria ematen dion proteinaren– egitura aurkitzeagatik.
Ziurrenik, proteina hitza irakurtzean, ia automatikoki haragiarekin lotuko dugu, elikagaietan pentsatuz gero, edo gorputzeko muskuluetan, giza gorputza baldin badugu buruan. Hala da, muskuluek proteina asko dituzte, molekula horien filamentuak baitira lerradura bidez uzkurdura sortzen duten egiturak.

Muskuluak uzkurtzea eta, hala, horiek lan egitea eragiteaz gain, proteinek izaki bizidunentzat funtsezkoak diren beste zeregin batzuk ere betetzen dituzte. Organismoetan gertatzen diren ia erreakzio kimiko guztiak katalizatzen dituzte: arnasketa organoetatik ehunetara oxigenoa eramaten dute, substantziak zelulen kanpoaldetik barnealdera garraiatzen dituzte edo garraiatzen laguntzen dute, askotariko funtzioak betetzen dituzten zelulen barne arkitekturak eratzen dituzte, eta zelularen kanpoaldetik seinaleak jaso eta informazioa barrualdera eramaten dute, funtsezko beste zeregin batzuen artean.
Proteinek aminoazidoak dituzte, karbonoz, hidrogenoz, oxigenoz eta nitrogenoz osatutako molekula txikiak, eta horietako bat, zisteina, sufrez ere osatuta dago. Izaki bizidun gehientsuenek gehienez ere horrelako hogei aminoazido dituzte. Proteinak molekula horien kateak dira, askotariko luzeratakoak. Proteinen hiru dimentsioko egitura beren osaketaren mende dago, hau da, berauek osatzen dituzten aminoazidoen eta katean duten ordena zehatzaren mende. Egitura oso garrantzitsua da, proteinen funtzioa finkatzen duelako, eta oso sentikorra, beraz, giroko hainbat faktorek –erradiazioak, beroak eta pHak, besteak beste– alteratu egin dezakete eta, ondorioz, proteinak bere funtzioa betetzea oztopatuko lukete.
Gaur egun, egitura ezagutzeko zenbait metodo erabiltzen dira. Ohikoena X izpien kristalografia da, horiek egoera kristalinoan dagoen substantzia batera zuzentzen direnean osatzen den difrakzio ereduaren azterketan oinarritua. Teknika horretan, X izpien eta kristalaren elektroi hodeiaren arteko elkarrekintzak irudi bereizgarri bat sortzen du, difrakzio eredua, zeinak atomoen kokapena deduzitzea ahalbidetzen duen eta, beraz, baita molekularen egitura ere. Arazoa da metodo hori nekeza dela eta egitura askotan ezin dela aplikatu. Kriomikroskopia elektronikoa berriagoa da, oso tenperatura baxuetan izoztutako laginekin lan egin eta hala artefaktuak agertzea saihesten duen mikroskopia modalitate bat.

Bada, duela egun batzuk, esparru horretako aurrerapen teknologiko oso garrantzitsu bat ezagutarazi da, DeepMind enpresaren eskutik. Adimen artifizialaren bidez, algoritmo batek (AlphaFold 2 izenekoa) proteinen egitura zehaztu du, asmatze maila oso handiarekin, haien aminoazidoen sekuentziatik abiatuz.
AlphaFold 2 metodoa ez da oinarritzen molekulen propietate fisiko-kimikoen ezagutzan eta, ezagutza horretatik abiatuta, haien propietateen eta formaren dedukzioan. AlphaFoldek ehun eta hirurogeita hamar mila proteinako aminoazidoen egiturak eta sekuentziak konparatzen ditu (naturan berrehun milioi proteina daude); erkatze horretatik abiatuz «ikasi» egiten du eta egitura ezezaguna izan arren sekuentzia ezaguna duten proteinen forma aurresaten du.
AlphaFolden sortzaileen ustez, garapen hau xede espezifikoetan eragiteko forma egokia duten sendagaiak diseinatu eta ekoizteko atea izango da. Agian goizegi da hori esateko. Baina aurrerapena ikaragarria da eta izaki bizidunen egituren ezagutzan eta horren aplikazio posibleetan mugarri bat ezarriko du.
Erreferentzia bibliografikoak:Le Page, Michael (2020). DeepMind’s AI biologist can decipher secrets of the machinery of life. New Scientist, 3311. 2020ko abenduaren 5ean argitaratua.
Service, Robert F. (2020). ‘The game has changed.’ AI triumphs at solving protein structures. Science Magazine. doi:10.1126/science.abf9367
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post AlphaFold 2: proteinen forma aurresaten duen algoritmoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Plaken tektonikaren historia
1912an, Alfred Wegerner fisikari alemaniarrak kontinenteen jitoaren edo masa kontinentalen desplazamenduaren hipotesia formulatu zuen. Proposamen hori luze eztabaidatu zen, besteak beste, Britainia Handiko eta Australiako unibertsitateetan. Hala ere, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, magnetismo fosilizatua sistematikoki kartografiatzen zuten geologoek ondorioztatu zuten bazirudiela Ipar poloak iraganean posizioa etengabe aldatu zuela.
Era guztietako hipotesiak aztertu ziren aurkikuntza horri erantzuna emateko: haren tresnek sortzen zutela efektua, eremu magnetikoa ez zela beti dipolarra izan, kontinenteak besteekin alderatuz nahiko mugitu zirela, edo poloak elkarrengandik modu independentean desplazatu zirela. Datu horien eta beste batzuen ondorioz, berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Londresko eta Australiako unibertsitateetako zientzialari-talde bat konturatu zen kontinenteak lekuz aldatu zirela. Ikertzaileok Newcastleko Unibertsitateko Keith Runcorn fisikaria buru zuten eta egindako lanari esker, kontinenteen jitoaren teoria ahulari berpizteko aukera eman zioten.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Plaken tektonikaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #332
UPV/EHUko biokimikari eta Ikerbasqueko ikertzailea den Ugo Mayor elkarrizketatu dute Berrian. Bertan pandemiaren garapenaz eta txertoaren inguruan aritu da. Eusko Jaurlaritzaren erabakiak eta hartutako neurriak, kultura zientifikoaren garrantzia eta hori ongi komunikatzeko beharra izan ditu mintzagaiak.
Koronabirusak eragin duen krisi hau ulertzeko, zientzia behar dugu. Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak azaldu digu argiro Berriako artikulu honetan RNA txertoak zer diren eta horiek zer egiten duten. Medikuaren esanetan, “euren eraginkortasuna erakutsi dute eta epe laburreko ziurtasuna ere bai”.
COVID-19ak bereganatu du arreta guztia 2020 urtean zehar baina arlo zientifikoan izan dira beste kontu batzuk, aurkikuntza ugari, kasu. Astronomia, adimen artifiziala, biologia, neurozientzia,… Irakurri artikulua osorik esanguratsuenak izan diren horiek ezagutzeko!
Kontzientziazio kanpainak izan dira erdigune erreportaje honetan. Uxune Martinezek, Euskampus fundazioko zabalkunde zientifikorako arduradunak, eta Nahia Idoiagak, UPV/EHUko psikologia irakasleak erakunde publikoek osasun arloan egiten dituzten kanpainak aztertu dituzte Berriako artikulu honetan. Horiei buruzko analisia eta iritziak aurkituko dituzue.
MedikuntzaUPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute astrozitoak gako direla Parkinsonaren garapenean, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Artikuluan azaltzen den moduan, frogatu dute astrozito disfuntzionalek parkinsonaren ohiko prozesu neurodegeneratiboa areagotzen dutela, eta lagundu egiten dutela Parkinsonen gaixotasuna hedatzen.
AcceXible sortu dute, pertsonen ahotsaren bidez narriadura kognitibo eta dementzia arina azkar eta % 93ko eraginkortasunarekin atzemateko sistema bat. Javier eta Carla Zaldua dira plataforma honen sortzaileak eta Quironsaluden Donostiako eguneko ospitalean eta Osakidetzako lehen arretako hiru zentrotan probatuko dute teknologia berria. Berrian xehetasun guztiak.
AstrofisikaUnibertsoari neurria hartu diogu testu honi esker. César Tomé Lopezek azaldu dizkigu historian zehar egin diren aurkikuntzak eta garatutako teknologiak, unibertsoa noiz sortu zen eta bere tamaina zein den zehazten lagundu dutenak. Ez galdu!
KimikaOdeuropa proiektuak helburu bitxia du: adimen artifiziala erabiliz testu zaharrak aztertu nahi dituzte duela mende batzuk Europak nola usaintzen zuen ezagutzeko. Usainen entziklopedia bat osatu nahi dute lortutako informazioarekin. Oso interesgarria eta harrigarria Josu Lopez-Gazpiok dakarren gaia!
BiologiaAsier Gorostidik eta Igor Sarraldek Euskal Herriko basoetan eta uretan bizi diren 50 espezietik gora bildu dituzte elkarlanean egin duten ‘Euskal Herriko animaliak’ liburu ilustratuan. Gorostidik dio: “Animalia asko daude Euskal Herrian, eta jendea harritu egiten da horren ezagunak ez diren animaliak bertan ditugula konturatzean”. Berrian informazio osoa.
Emakumeak zientzianSaioa Martinez de Lahidalga Azkuek txikitatik izan du medikuntza ikasteko gogoa. Artikulu honetan aipatzen du hasieran pediatrian ikusten zuela bere burua baina azkenean erabaki zuen paziente helduak nahiago zituela, haurrekin komunikazioa mugatuagoa baita. Medikuntzaz gain, Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan graduondokoa egin du. Amaierako lanean, adinekoen osasun-arretan hizkuntzak duen eragina ikertu du.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #332 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #335
Afrikako ekialdeko zibilizazioen sare komertzialak, Indonesiakoak ala Txinakoak ozeano Indikoan gurutzatzen dira. Itsasbide hauek, montzoiak bultzatuta, ozeano honen iragana eta oraina markatzen dute. Exploring the Indian Ocean as a rich archive of history – above and below the water line, Isabel Hofmeyr eta Charne Lavery.
Gobernuek eta haien komunikatzaileek bietako bat: edo ez dakite grafikoak erabiltzen edo nahita erabiltzen dituzte gaizki. Hona arau batzuk jakiteko aurrean duguna inkonpetentzia, manipulazioa ala biak diren: What children can teach governments about making graphs, Craig Anderson et al.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #335 appeared first on Zientzia Kaiera.
Saioa Martinez de Lahidalga: “Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte”
Saioa Martinez de Lahidalga Azkue buru-belarri dabil BAME azterketarako prestatzen. Iaz egin zuen, baina ez zitzaion nahi bezain ondo atera, eta, ez duenez bizilekua aldatu nahi, berriro egingo du, emaitza hobea aterako duen itxaropenarekin. Horrekin batera, bere intereseko gaietan formatzen jarraitzen du, osasungintzarekin lotura estua baitute: hizkuntza eta generoa.
Txikitatik izan du medikuntza ikasteko gogoa, baina, dioenez, ez daki nondik datorkion, familian ez baitauka medikurik: “Fakultateko ikaskide askok familian bazuten osasungintzan aritzen zen edo aritua zen norbait: medikua, erizaina… Gurean ez dago halakorik, ezta zientzialaririk ere. Baina beti izan dut gustuko biologia, eta, giza gorputza ikasten hasi ginenean, oso erakargarria egin zitzaidan. Eta, neurri batean besteei laguntzeko gogoa ere banuen”.

Dena dela, ikasten ari zela, ohartu zen medikuntzaren jarduna askotarikoa dela, eta, batzuetan, zalantzan jartzen dela bokazioarena, sarritan aipatzen bada ere. “Niri pazienteekin sortzen den harremana da gehien gustatzen zaidana”, aitortu du. Hasieran pediatrian ikusten zuen bere burua, oso gustuko baitzuen haurrekin egotea. Praktiketan, ordea, ohartu da nahiago dituela paziente helduak, haiekin komunikazioa aberasgarriagoa baita. “Haurrekin oso polita da, oso gogorra ere bai, baina komunikazioa mugatuagoa da. Konturatu naiz asko betetzen nauela entzute aktiboak, nahiz eta kontsultetan zaila den, denbora-faltagatik. Horrelakoetan, saiatzen gara hitzordu bikoitzak ematen, edo etxera bisita egiten…”
Hori jakinda, erraz ulertzen da zergatik den hain garrantzitsua hizkuntza Martinez de Lahidalgarentzat. Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan graduondokoa egin du, eta, amaierako proiektuan, adinekoen osasun-arretan hizkuntzak duen eragina ikertu du.
Gradu-amaierako lanean, berriz, beste kezka bati heldu zion, generoari. Dioenez, oso kirolzalea da, eta ikusi zuen, kirolarien inguruko ikerketa mediko asko bazeuden ere, gehien-gehienetan gizonezkoak baino ez zituztela aztertu. Horrenbestez, emakume kirolariak subjektutzat zituen ikerketa bat egin nahi izan zuen. “Hasieratik argi nuen emakumezkoen fisiologian ardazturiko lana izango zela. Emakumeon fisiologia emakumeak ikertuz aztertu behar da, ez gizonezkoengan aztertutakoa eta haietan lortutako emaitzak emakumeongan aplikatuz. Haurrak tamaina txikiko helduak ez diren bezala, emakumeok ez gara zakilik gabeko izakiak”.
Gogoan du noiz hartu zuen erabakia: “Duela hiru edo lau urte, estropada bat ikustera joan nintzen, eta, hura amaitu zenean, emakumezko talde bateko gizonezko prestatzaile fisiko bati entzun nion hay que entrenar como tíos. Esaldi horrek piztu zuen nigan sugarra. Horri erantzun bat ematea eta gure prozesu fisiologikoek errendimenduan izan dezaketen eragina aintzat hartzea izan nituen helburu nagusi. Bagarenez nor, eskatuko nuke azter gaitzatela, galde diezagutela eta baieztapenetan kontutan har gaitzatela”. Hala, Hilerokoaren zikloaren eragina emakume arraunlarien errendimenduan: hilerokoaren hautematea bi emakume taldetan eta arraunlarien errendimenduan duen eragin subjektibo eta objektiboa aztergai lana burutu zuen.
Egiteko askoMartinez de Lahidalgak garbi du bazterketa-faktoreek bat egiten dutela kasu askotan, eta horiek are gutxiago daude ikertuta. “Generoa, adina eta hizkuntza batera aztertzen dituen ikerketa bakarra topatu dut. Turkian emakume migratzaile adinekoekin egindako ikerketa bat da, baina bibliografian ez dut besterik topatu. Asko dago egiteko”.
Hain zuzen ere, hizkuntzen-kudeaketari buruzko graduondokoa egin ondoren, hizkuntza gutxituen ikuspegitik zer hutsune zeuden aztertzen aritu ziren, bigarren edizioan zer egin zitekeen ikusteko. “Nire ustez generoaren aldagaia txertatzea falta zela esan nien: ez da gauza bera medikua izatea hizkuntza gutxitu batean emakumezkoa izanda edo gizonezkoa izanda. Gure artean, askotan aipatu dugu praktiketara joatean emakumeok beti laguntzaile gisara izendatzen gaituztela, eta gizonak, berriz, lankideak ei dira”.
Ardatz horren inguruan arituko da baita UEUko uda-ikastaroetan ere, hitzaldi bat prestatzen ari baita osasungintzan hizkuntza gutxituak eta emakumeak gaitzat hartuta. Dioenez, historikoki osasungintzan aitakeriaz jokatu izan da. “Eta oraindik, medikuen eta erizainen ehunekorik handiena emakumezkoa den arren, zerbitzuburu asko eta asko gizonak dira”.
Onartu du beti ez dela erraza bazterkeriaz jabetzea: “Bilbora ikastera joan nintzen arte, ez nintzen konturatu nire hizkuntza-eskubideak ez daudela bermatuta. Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte. Horregatik da garrantzitsua kontzientzia hartzea, eta ingurukoekin bat egitea, eskubideen alde elkarrekin egiteko, bai hizkuntzaren aldetik, baita generoarenetik ere”.
Eskubideen urraketak pazienteei ere zuzenean eragiten die. Adibidez, AEBn egindako ikerketa batean ikusi zuten, osasun-arreta beren hizkuntzan jaso ez zutenen artean, tratamenduarekiko atxikimendua, asebetetze-maila eta osasun-zerbitzuen erabilera txikiagoak direla. “Hizkuntza, azken finean, ez da hautu soila; norberarentzat funtsezkoa da, eta ez dut uste daukan garrantzia ematen zaionik osasungintzan”.
Fitxa biografikoa:Saioa Martinez de Lahidalga Azkue Getarian jaioa da (Gipuzkoa), 1995ean. Medikuntza gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, berriki, Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan graduondokoa, UEUn eta UPV/EHUn. Orain BAME (Barneko Mediku Egoiliar) azterketa egiteko ikasten ari da.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Saioa Martinez de Lahidalga: “Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte” appeared first on Zientzia Kaiera.
Unibertsoaren adinaz eta tamainaz
XVII. mendearen bukaeran, Isaac Newtonek ulertzen zuen unibertsoa Jainkoak hitzetik hortzera sortua zela, eta erabat mugagabea. Kontzeptualizazio horrek lekuz kanpo uzten zuen unibertsoaren tamainaz hausnartzea; era berean, bere adina zehaztea historialarien egiteko gisa uzten zuen, eta ez zientzialarien jarduera moduan. Principia argitaratu ondotik, bi mende baino gehiagoan zehar distantzia astronomikoak zehazteko ahalegin orok eguzki sistema eta hurbileko izar gutxi batzuk baizik ez zituen kontuan izan.

Teleskopioak gero eta handiagoak zirenez, eta argazkigintza nahiz espektroskopia agertzearekin batera, izugarri hobetu zen astronomoek eskuragarri zituzten datuen aniztasun eta zehaztasuna. Nolanahi ere, XIX. mendearen bukaeran oraindik ezezaguna zen Esne Bidearen tamaina, eta, beste sistema batzuen existentziaz espekulatzen bazen ere, astronomo gutxik sinesten zuen −baten bat egon baldin bazegoen− gure galaxiatik kanpo zer edo zer existitu zitekeela unibertsoaren huts amaigabean.
Izarrarteko distantziak zehazteko teknika berriek, azkenean, Esne Bidearen tamaina eta forma deskribatzea ahalbidetu zieten astronomoei, 1910 eta 1930 artean. Aldi berean, Vesto Slipher eta Edwin Hubble astronomoek nebulosa kiribil jakin batzuen espektroak gorrirantz noraino lerratzen ziren neurtu zuten, eta emaitza gisa adierazi zuten ia denak abiadura erradial handietan urruntzen zirela Lurretik.
1929rako Hubblek kalkulatuta zeukan hainbat nebulosatara arteko distantzia zein zen, eta, lehen aldiz, froga nahikoa eman zuen nebulosa kiribilak Esne Bidetik haragoko izar-elkarketak zirela esateko (ez zuen esan orain badakiguna, alegia, galaxiak direla). Are garrantzitsuagoa izan zen berak egindako beste aurkikuntza bat: zenbat eta urrunago egon nebulosa, orduan eta abiadura erradial handiagoan urrunduko da Lurretik.
Hubblen aurkikuntzek izar kontaezinez jantzi zuten Newtonen huts kosmikoa, baina ez hori bakarrik: unibertsoa estatikoa ez zela erakutsi zuten, hau da, hedatzen ari dela. Unibertsoaren hedapenaren ideia hori Willen de Sitterek 1917an proposatu zuen maila teorikoan, 1922an Alexander Freedmanek, eta 1927an Georges Lemaîtrek. Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorreko ekuazioen emaitzetan agertzen zen anomalia bat konpontzeko modua zen hori. Edonola ere, Hubblen lanari esker hasi ziren astronomoak benetan hausnartzen unibertsoa hedatzen ari zelako ideiaz, eta, ondorioz, bere adin eta tamaina kalkulatzeko modua zegoela.
Hedatzen ari den unibertsoaren adina −hortaz, tamaina ere bai−, kalkulatzeko gakoa galaxiarteko abiadura/distantzia zatiketaren zatidura zehaztean datza (Hubbleren konstantea deritzon hori, hain zuzen). Hubblek berak kalkulatu zuen konstantearen lehen balioa hogeita hamarreko hamarkadan. Horren arabera, unibertsoaren adina 2.000 milioi urte ingurukoa zen. Emaitza hori paradoxikoa zen, Lurraren adinaren zehaztapen erradiometrikoak askoz handiagoak zirenetik.
Walter Baade eta Allan Sandage astronomoen lanen ondorioz, berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetan hurrenez hurren (baina ez bakarrik beraien lanengatik), Hubbleren konstantean onartzen ziren balioak errotik berrikusi behar izan ziren. Hirurogeiko hamarkadarako, astronomoak ados zeuden unibertsoaren adina 10.000 eta 20.000 milioi urte artekoa zela, eta, tamaina, 10.000 milioi argi-urte ingurukoa. Datuok bat egiten zuten Big Bang hipotesi arrakastatsuarekin, zeren eta kosmologoei eta astrofisikariei eredu fisiko kausala eskaini zien, non unibertsoa hedatzen ari baitzen, bat-bateko hasiera-unea zuen eta adin zein tamaina finituak baitzeuzkan.
Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, ziztu-bizian garatu ziren teknika eta teknologia berri ugariek aukera eman zien astronomoei unibertsoaren mugara hurbiltzeko (behagarrira). Laurogeita hamarreko hamarkadan Hubbleren konstanteari emandako balioa zehaztea lehentasuna bilakatu zen Hubble Espazio Teleskopio berriarentzat.
Dena den, laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran ika-mika handia zegoen unibertsoaren adin eta tamainari buruz, Hubbleren konstantea birkalkulatzeko nork bere aldetik egindako kalkulu ugariak bat ez zetozelako: XX.aren bukaeran zenbait astronomo konbentzituta zegoen unibertsoaren adina 12.000 eta 15.000 milioi artekoa izango zela; beste batzuek, ordea, uste zuten ezinezkoa zela 10.000 eta 20.000 milioi arteko tartea baino adin zehatzagorik lortzea. Bi tresna berri behar izan ziren, WMAP eta Planck, unibertsoaren adina egun (2013) adostuta dagoen balioan finkatzeko: 13.798 ± 0,037 milioi urte.
Tamaina, ordea, beste gauza bat da. Hedatzen ari den unibertsoarena, noski, adinaren araberakoa izango da, baina kosmologia-teoria berrienek, baita Alan Guth eta beste batzuen inflazioaren ereduek ere, iradokitzen dute gure unibertso behagarria, agian, egitura are handiago baten zati (txiki) bat baino ez litzateke izango.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Unibertsoaren adinaz eta tamainaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Europako usainen entziklopedia
Odeuropa delako proiektuak 2,8 milioi euro jaso berri ditu Europar Batasunetik eta bere helburua nahiko bitxia da, hasiera batean: adimen artifiziala erabiliz testu zaharrak aztertu nahi dituzte duela mende batzuk Europak nola usaintzen zuen ezagutzeko. Lortutako informazioarekin usainen entziklopedia osatu nahi dute eta, ez hori bakarrik, usain horietako batzuk berriro sortu nahi dituzte.

Odeuropa proiektuan hainbat unibertsitatek eta ikerketa-taldek hartzen dute parte eta helburu komuna dute: Europako usaimen-ondarea identifikatzea, gordetzea eta ezagutaraztea. Horretarako, liburu, dokumentu eta irudi zaharretan dagoen informazio digitalizatua hartuko dute abiapuntu gisa. Informazio horretaz baliatuz, testu zaharretan usainei egindako erreferentziak identifikatu nahi dituzte usainak berak identifikatzeko. Adimen artifiziala izango da ikerketaren oinarria eta hizkuntza desberdinak aztertuko dituzte. Hizkuntza desberdinetan usainak nola deskribatzen diren eta zerekin lotzen diren ere jakin nahi dute.
Hain zuzen ere, usainak deskribatzeko hizkuntza nahiko mugatua erabiltzen dugu -koloreak deskribatzeko erabiltzen dugun terminologiarekin alderatuta, esaterako- eta normalean, antzekotasunen bidez deskribatzen ditugu usainak. Alabaina, usaimena zentzumen kimiko oso konplexua eta garatua da eta, jakina denez, usainek giza portaerak aldatzeko eta gidatzeko ahalmena dute. Odeurope proiektuak XVI. mendetik XX. mendera bitarteko usainak izango ditu aztergai eta erronka ez da makala izango. Ikerketa aurrera eraman ahal izateko, duela gutxi EU Horizon 2020 programaren 2,8 milioi euro jaso dituzte hiru urtetan zehar lan egiteko. Urte honen hasieran bertan proiektua martxan jarriko dela aurreikusita dago.
Taldeak usainak irakurtzeko gai izango den adimen artifiziala sortu beharko dute eta gero teknologia hori digitalizatutako margolanei, liburuei, eleberriei, medikuntzako testuei eta abarrei aplikatzeko asmoa dute. Usainei egindako erreferentzia horiekin usainen herentziaren entziklopedia osatu nahi dute, Europa zaharraren ondarea betirako mantendu ahal izateko eta gure ikuspegitik XVI. mendeko usainak jaso ahal izateko. Usainen eta lurrinen jatorria zein zen, Europara noiz iritsi ziren eta zertarako erabiltzen ziren ezagutzea ere ikerketaren helburua izango da.
Usainek duten eboluzioa ulertzeko, tabakoaren adibidea jarri dute ikertzaileek. Tabakoa XVI. mendean iritsi zen Europara eta, hasiera batean, usain exotiko eta atsegin gisa hartu zen. Alabaina, denboraren poderioz usain desatsegina bihurtu zen eta XVIII. mendean lehen kexak dokumentatuta daude, hain zuzen ere, antzokietan sortzen zen tabako kiratsarengatik. Beste usain batzuk ere historian zehar egondako gertakariekin lotzen dira, esate baterako, izurri bubonikoaren kausaz sortzen ziren kiratsak purifikatzeko erromeroa, sandaloa, irasagarra eta bestelakoak erretzen ziren. Adibide batzuk besterik ez dira, baina, argi erakusten dute usainak eta historia lotuta doazela, sarri askotan.
Esan bezala, Odeuropa proiektuaren helburua XVI. eta XX. mendeetan zeuden usainak ezagutzea da, baina, usainak ezagutzeaz gainera, horietako batzuk sortu egingo dituzte proiektuan parte hartzen duten lurringileei esker. Ziur asko, ez ditugu usain gozoak espero behar; izan ere, XVI. mendean orokorrean kiratsak ziren nagusi. Adibidez gisa, kontuan hartu XX. mendera arte gorputzak ondo usaintzea ez zen lehentasuna, are gutxiago herri xehearen kasuan. Hala ere, historian zehar usainak oso garrantzitsuak izan dira eta Grezian eta Erroman ere zenbait usain oso preziatuak ziren: intsentsua, mirra, azafraia eta antzekoak gizarte-mailaren erakusleak ziren. Jakina, usain guztiak naturatik lortzen zituzten; izan ere, XIX. mendera arte ez ziren iritsi sintesi kimikoz egindako lehen lurrinak.
Asko daukagu ikasteko Europa zaharraren usainetatik eta ziur Odeuropa proiektuak bide horretan lagunduko duela. Adimen artifizialari esker, alegia, ordenagailuak hitz eta testuinguruak identifikatzen entrenatuz, antzinako usainak berreskuratu eta ulertu ahal izango ditugu. Horrek historian zehar gertatu denaren berri ere emango digu, esaterako, badakigu industrializazioak eragin handia izan zuela hirien inguruan sortzen ziren usainetan eta gizartean ere eragina izan zuen. Horrek kontzientzia sortzen ere lagunduko digu; izan ere, kutsadura normalean kiratsekin lotuta egoten da.
Informazio gehiago:- Davis, N. (2020). Scents of history: study hopes to recreate smells of old Europe. The Guardian, 2020ko azaroaren 17a.
- Leemans, I. (2020). Odeuropa awarded €2.8M grant for research project on European olfactory heritage and sensory mining. Odeuropa.eu, 2020ko azaroaren 17a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Europako usainen entziklopedia appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientziarako garai hobeak
2016. urtearen amaieran, munduaren behatzaile honek atsekabez eta ezkortasunez amaitzen zuen urtea. 2016a urte oparoa izan zen aurkikuntzetan, grabitazio-uhinen aurkikuntza izan zela mugarririk handiena. Baina, bestalde, AEBn Donald Trumpen garaipena eta Erresuma Batuan Brexit-aren aldekoen garaipena ere izan ziren; beste hitz batzuekin esana, “gertaera alternatiboen” eta egia-ostekoen arrakasta. Beraz, duela lau urte, zientziaren etorkizuna iluna zen.

2020an, Covid-19ak arreta guztia bereganatu du, baina arlo zientifikoan urteak gehiago eman du. Are gehiago, aurkikuntzetan bereziki emankorra izan da. Ikus ditzagun abenduan ezagututako batzuk, adibide adierazgarri gisa.
Astronomian: gure galaxiaren historia berridazten ari dira. Hayabusa2 zunda japoniarrak Ryugu asteroidearen hautsaren lagin bat ekarri ahal izan du Lurrera. Eta Txinak ia 19.000 krater berri aurkitu ditu Ilargian.
Adimen artifiziala: adimen artifizialak emaitza ikusgarriak ekarri ditu. Alpha Fold 2 algoritmoak proteinen forma arrakastaz iragartzen du aminoazidoen sekuentziatik abiatuta. Duela gutxi, Schrödingerren ekuazioa ebaztea lortu dute, kimika kuantikoko iraultza oso bat, atomoek espazioan duten antolaketatik abiatuta, molekulen propietateak aurreikusteko aukera ematen baitu.
Biologia: 2020ko azken egunean ezagutzera eman zen, biologia estruktural eta molekularrari dagokion metodo berri bat. Metodo honek genoma sekuentziatzen du eta bere egitura espaziala erakusten du ukigabeko lagin biologikoetan.
Neurozientzia: arlo honetan, pertsonen adimena manipulatzea eta estimulazio entzefaliko ez-inbaditzailearen bidez ametsak sortzea lortu da. Honek aukera ematen du, orain dela gutxi arte imajinaezina izan arren, adimenaren sekretuetan barneratzeko.
Ingurumen zientziak: ingurumen zientzietan ikusi da Erdialdeko Amerikako lurraldeetako igelen biodibertsitatearen galerak malariaren agerraldi gogorragoak sor ditzakeela. Honek agerian utzi du osasunaren eta ekosistemen arteko lotura estua. Bestalde, urakanen portaera aurresateko, atmosferaren poluzioaren eragina kontuan hartu behar dela ere ikasi dugu.
Bioteknologia: bestelakoa da, esaterako, Singapurrek laborategian hazitako lehen haragi-produktua (haragi artifiziala) giza kontsumorako baimena ematea. Haragiaren ekoizpena eta hau kontsumitzeko modua aldatzeko lehen urratsa da, industriaren emisioak murrizteko eta animalien sufrimenduarekin akabatzeko.
Aurkikuntza horiek oso garrantzitsuak dira berez eta dakartzaten guztiarengatik. Baina denak txiki gelditzen dira covid-19aren aurkako txertoen diseinu eta ekoizpenaren aurrean. Zeregin hori historiako lorpen zientifiko handiena dela esan baitezakegu. Oztopoak gaindituz gero eta txertoak zentzuzko erritmoan egiten badu aurrera, milaka milioi bizilagunen immunizazioa izango da zientziari berrespen handiena emango dion giza erredentzioaren tresna. Hori da 2020aren amaierako albiste nagusia.
Gehiago dago. Trumpek Etxe Zuria utzi behar izatea da Estatu Batuetako zientziari gerta dakioken berri onena, eta berri ona da ere, esparru horretan, gizateria osoarentzat. Eta Europar Batasuna gai estrategikoetan batera jarduteak duen garrantziaz jabetu da azkenik; baliteke, aurrerantzean, orain arte baino gehiago egitea modu horretan ikerketa zientifiko eta teknologikoan.
Hala, aurrerapen eta ongizate handiagoko garai baten abiapuntua izan liteke covid-19aren aurkako txertoen garapena. Beste aro baterako trantsizio sasoia izan liteke, garai hobeetarako bidea.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Zientziarako garai hobeak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurraren erradioaren historia
Filosofoa eta matematikaria izan zen Greziako Tales Miletokoa eta haren ustetan Lurra itsaso bateko ur gainean zegoen disko bat zen. Haren dizipulua zen Anaximandrok, ostera, pentsatzen zuen Lurra ekumenea (jendea bizi den mundua) tapa lauetako batean zuen zilindro bat zela. Hala ere, azkenean antzinako grekoek antzeman zuten Lurrak forma esferikoa duela.
Planetaren forma ezagutu ondoren, hurrengo pausoa gure planetaren tamaina zein zen jakitea izan zen, eta, horretarako, grekoek Lurraren perimetroaren estimazio batzuk egin zituzten, geometria erabiliz. Lurraren perimetroaren neurketa entzutetsu eta zuhurrena, seguruenik, Eratostenes polimataren eskutik etorri zen. Baina Al-Biruni astronomo persiarrak garatu zuen metodo zehatzagoa. Al-Birunik ekuazio trigonometrikoak aplikatu zizkion mendi baten gailurraren eta haren oinetan kokatutako plano baten arteko angeluari. Hala, X. mendean kalkulatu zuen Lurreko erradioak 6 339,9 km zituela, benetan dituenak baino 17 km gutxiago.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Lurraren erradioaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #331
COVID-19aren aurkako txertoa, zalantzarik gabe, lorpen zientifiko handia izan da. Oraindik bide luzea gelditzen zaigu baina ezin da ukatu aurrerapauso handia izan dela. Honi jarraiki, Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak, COVID-19aren historia laburra azaltzen digu. Ez galdu!
COVID-19ak bizitza guztiz aldatu digu eta zurrunbiloan murgilduta, aparteko garrantzia izan du kultura zientifikoak. Berriako elkarrizketa honetan, Juan Ignacio Perez Iglesias Jakiundeko presidenteak eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak ezagutza nola sortzen den, kultura zientifikoaren beharra, komunikazio gardenaren eginkizuna eta beste hainbat kontu hausnartu ditu Berrian, lerro bat begi-bistan izanik: zientzia eta berori ondo komunikatzeaz.
Azken egunotan entzun dugu SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriak atzeman direla Erresuma Batuan. Horri jarraiki, Miren Basaras mikrobiologoak azaldu digu zer diren birus baten aldaerak eta horiek nola gertatzen diren.
Antigorputzak desagertuta ere, immunitate-sistemaren memoria-zelulek irauten dutela iradoki dute Australiako Monash Unibertsitateko ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaltzen denaren arabera, zortzi hilabetez egin dute pazienteen jarraipena eta frogatu dute, gutxienez, denbora horretan irauten dutela B zelulek.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek aztertu dute nanoplastikoek animalietan eragiten dituzten ondorioak. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, nanoplastikoak animalia ornogabe zein ornodunen organismoan sartu eta hesteetako edo biriketako epitelioan itsasten direnean, hango zelula immuneak aktibatzen dituztela erakutsi dute, hesteetako mikrobiomaren osaera eta funtzionaltasuna aldatuz.
Klima-aldaketaKlima-aldaketaren eraginez, Artikoan dauden animalia asko efektuak sumatzen ari dira. Beste gauza batzuen artean euren jokabideak ere aldatzen ari dira. Artikulu interesgarri honetan, migrazioan, ugalketan eta egokitze erantzunetan sortarazitako aldaketak bildu dituzte ikertzaileek, fenologia oinarri hartuz. Fenologia hitzak zera adierazi nahi du: faktore klimatiko eta izaki bizidunen bizi-zikloen arteko erlazioa.
AstrofisikaLurretik kanpo egon zitekeen biziaren bilaketan bi arlo oso desberdinak daudela azaltzen digu Juanma Gallegok: biosinadurak eta teknosinadurak. Azken hauei erreparatu diete berriki. Proxima Centauri izarretik ei datorren teknosinadura baten seinalea jaso du Breakthrough Listen ekimenak. Ez galdu azalpena!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #331 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #334
Zenbait bulego modernotan kristal gardenak dira hormak, botoi bat sakatuta opaku bilakatzen direlarik. Leiho adimendun hauek material elektrokimikoa dute: tungsteno oxidoa. Material hauekin dabiltza lanean BC Materialsen biosentsoreak sortzeko: Electrochromic materials enable smarter biosensors
Harritzeaz gain, bestelako erabilera ere badute ilusio optikoek: gure garuna zelan funtzionatzen duen ezagutzea. Kontzientzia bera ulertzeko ere balio litezke. Visual illusion that may help explain consciousness Henry Taylor-en eta Bilge Sayim-en eskutik.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #334 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nobel saridunen erruleta
2021. urteko lehen egunerako, joko bat proposatzen dizugu. Fisika, Kimika eta Fisiologia edo Medikuntzako zientzia-diziplinetako batean Nobel saria jaso duten zientzialariei buruz dituzun ezagutzak probatzeko. Sari entzutetsu horietako bat lortu duten 22 emakumeen erruleta bat osatu dugu.

Nobel sariak 1901ean hasi ziren ematen, Fisika, Kimika, Fisiologia edo Medikuntza, Literatura eta Bakea kategorietan. Ekonomiako Nobel saria 1969an eman zuten lehen aldiz.
119 urteko ibilbidea egin dute sariek eta tarte honetan 876 aldiz eman zaie Nobel saria gizonei (guztira 873 saritu dira), 58 alditan emakumeei (guztira 57 saritu dira; Marie Curiek bi aldiz jaso zuen) eta 28 aldiz erakundeei eman zaie (25 izan erakunde sarituak).
Diziplina bakoitzari erreparatzen badiogu, 107 lagunek eta 28 erakundek jaso dute Bakearen Nobel saria, horietatik 17 izan dira emakumeak. Literaturako Nobel saridunak 117 izan dira baina bakarrik 16 emakumeak. Ekonomiako Nobel sariari dagokionez 86 izan dira saridunak, guztietatik 2 emakumeak. 222 izan dira Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saridunak, baina 12 izan dira emakume sarituak. 186 Kimikako Nobel sari eman dira, hauetatik 7 emakumeei. Fisikako Nobel saridunak 216 izan dira, guztietatik bakarrik 4 eman zaie emakumeei.
Fisika, Kimika eta Fisiologia edo Medikuntzako Nobel sarien 119. urteei erreparatuz gero ohartuko gara bakarrik 22 emakumeek jaso dutela saria. Portzentaje oso txikia! Emakume batek Nobel saria irabaztea erruletan jokatuz arrakasta lortzea baino zailagoa dirudi…
Zientzietako Nobel sariak, protagonistarik gabeAzpian, diziplina zientifikoetan emandako Nobel sarien zerrenda dago. Bertan, zein diziplina edo arlo, urtea eta saria emateko arrazoia ageri dira. Hurrenkera saria emandako urtearen araberakoa da. 21 sari daude, baina 22 emakumek jaso dituzte 23 aldiz.
- Fisika (1903): «Henri Becquerelek aurkitu zituen erradiazioaren fenomenoei buruzko ikerketengatik».
- Kimika (1911): «erradioa eta polonioa aurkitzeagatik, erradioa isolatzeagatik eta elementu kimiko horren izaera eta konposatuak aztertzeagatik».
- Kimika (1935): «elementu erradioaktiboen sintesiagatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1947): «glukogenoaren konbertsio katalitikoaren mekanismoa aurkitzeagatik».
- Fisika (1963): «geruzen egitura nuklearrarekin lotutako aurkikuntzengatik».
- Kimika (1964): «substantzia biomediko garrantzitsuen egituren X izpien tekniken bidez egindako determinazioengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1977): «hormona peptidikoen erradioimmunosaioen garapenagatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1983): «elementu genetiko mugikorren aurkikuntzagatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1986): «hazkunde-faktoreen aurkikuntzengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1988): «botiken bidezko tratamenduen printzipio garrantzitsuak aurkikuntzengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (1995): «enbrioi-garapenaren lehen etapetako kontrol genetikoari buruzko aurkikuntzengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (2004): «usaimen-hartzaileen eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko aurkikuntzengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (2008): «giza immunoeskasiaren birusa aurkitzeagatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (2009): «telomerasa entzima aurkitu eta kromosomak telomeroez zelan babestuta dauden azaltzeagatik».
- Kimika (2009): «erribosomaren egituran eta funtzioan egindako ikerketengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (2014): «garunean posizionatzeko sistema osatzen duten zelulen aurkikuntzengatik».
- Fisiologia edo Medikuntza (2015): «malariaren aurkako terapia berrien inguruan egindako aurkikuntzengatik».
- Fisika (2018): «laserraren fisikan egindako ekarpen iraultzaileengatik eta pintza optikoen erabilera sistema biologikoetan aplikatzeagatik».
- Kimika (2018): «entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik (ingeniaritzari aplikatua)».
- Fisika (2020): «gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik».
- Kimika (2020): «edizio genetikoko tekniken garapenean egindako ekarpen iraultzaileengatik».
Urteberri-eguneko erruleta prestatu dugu. Aurreko bi esteketatik edozeinetan klik eginez gero bertan aurkituko zara. Erruleta martxan jartzeko sakatu GO agindua eta biraka hasiko da. Goiko argazkien mosaikoan agertzen diren 22 zientzialarietako baten izena jasoko duzu. Horietako bakoitza diziplina, urte eta saria jasotzeko arrazoiarekin lotzen du. Eta, ohartxo bat, izen bat bilatu nahi duzun bakoitzean orria kargatu behar duzu, (sakatu F5 tekla).
Probatu zure ezagutzak! Eta, noski, behar izanez gero bilatu informazio Zientzia Kaiera blogean, bertan duzu informazio lagungarria.
Erruletaren soluzioaErantzun zuzenak ikusi nahi badituzu (eta zientzialariak nortzun diren jakin nahi baduzu), esteka honen bidez egin dezakezu.
Egileez:Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Nobel saridunen erruleta appeared first on Zientzia Kaiera.
Teknosinaduren zantzurik ez… momentuz
Noizean behin itxaropena pizten den arren, balizko zibilizazio estralurtarren seinaleen bila ari diren zientzialariek ez dute orain arte arrakastarik lortu. Haien bilaketa, ordea, ez da antzua, besteak beste, astronomiaren alorrean ezagutza mordoa eskuratzen ari direlako.
Bai, TikTok eta halakoetan maisu zareten millennial belaunaldiko ondorengo horiek: zuen dantza birala munduaren beste punta batean zabaldu daiteke, baina zuek ez duzue unibertsoaren zaratan arakatu pijaman, zibilizazio estralurtarren aztarnen bila. Aurreko belaunaldietako asko lagun, berriz, bai. Corel Draw eta Word Perfect itxi ondoren, GeoCities-en irakurritako hori Yahoo News-en foroetan eztabaidatu ostean, i486 ordenagailua erabiltzeari utzi eta kolore biziko pantaila babeslea ateratzen zen ordenagailuan. Hori gertatzen zenean, erraza zen grafiko horiei begira lelotuta geratzea, hor artean gizadiak inoiz egin lezakeen aurkikuntzarik zirraragarrienaren bat egon ote zitekeen itxaropenaz. Horiek bai garaiak!
SETI@home proiektua zen, banatutako konputazioan lehen proiektuetako bat, eta orain modan dagoen herritar zientziaren aitzindaria. Egitasmo sinple bezain zirraragarria zen: Areciboko behatokiak unibertsotik jasotako irrati seinaleak jaso, zatitu eta horiek mundu osoko ordenagailuen bitartez analizatzea. Funtsean, duela gutxira arte martxan izan den egitasmoak teknosinadurak bilatzea zuen helburu.

Oro har, Lurretik kanpo egon zitekeen biziaren bilaketan bi arlo oso desberdinak daude. Bizia bera bilatzea eta seinaleak sortzeko bezain garatutakoa den bizi adimentsua aurkitzea. Horregatik, adituek bereizten dituzte biosinadurak eta teknosinadurak. Ez da zertan filologoa izan behar ondorioztatzeko lehenek edozein bizi zantzuri egiten dietela erreferentzia, eta bigarrenek teknologia garatu baten adierazpenei.
Bietan sortzen dira, aldian-aldian, inpaktu eta polemika asko sortzen duten ikerketak. Biosinaduren alorrean, 2020an bertan Artizarrari antzemandako fosfinen afera ikustea besterik ez dago. Baina 2020. urtea teknosinaduren alorrean ere ezusteko batekin amaitu da. Lerro hauek idazteko unean, ustez Proxima Centauri izarretik ei datorren teknosinadura baten seinaleak piztu du arreta. Momentuz, horren inguruko ezer gutxi dago: The Guardian egunkariari egindako filtrazio bat eta beste hainbat hedabideetan hainbat adituk emandako informazio apurra.
Breakthrough Listen ekimenak jaso du seinalea. SETI erakundea mantentzen den arren, praktikan Breakthrough Listen da 2015etik Lurretik kanpoko zibilizazioen zantzuen bila ari den ekimena, antzeko asmo handiko beste helburu dituen Breakthrough Initiatives erakundearen baitan. Australian kokatuta dagoen Parkes behatokian jaso zuten irrati seinalea 2019an 980 MHz-eko bandan, eta printzipioz gizakiek bidalitako espazio ontziek transmititzen ez duten bandan legoke. Seinale bakarra izan omen da, eta ez dirudi inolako informaziorik kodetuta duenik. Baina ikusi omen dute frekuentzian aldaketak badirela, eta, zabaldutako informazio apurraren arabera, horrek exoplaneta baten lurrazaletik transmititzen deneko adierazle izan zitekeen. Dena dela, azken hau ez dirudi oso argudio indartsua: momentuz astronomoek dakitenagatik, eta gure bizi estandarren arabera, Proxima Centauriren inguruan dauden bi exoplaneten artean bizia mantentzeko moduko aukera gutxi daude, batez ere izar hori nano gorri bat delako, eta halakoek X izpien erradiazio indartsua sortu ohi dutelako.
Hortaz, eta blog honen filosofiari jarraiki, oinarri sendoagoren bat egon arte ez dugu horretan gehiegi sakonduko. Hau irakurtzen duzun dataren arabera, baliteke dagoeneko seinale horren jatorria argituta egotea. Seguruenera, eta tamalez, positibo faltsu bat izango da, Lurretik bertatik eragindako interferentziaren bat edo; baina, tira, inoizko albisterik harrigarriena izateko itxaropena da galtzen den azkena.
Hirugarren aukera bat dago: oraindik ezagutzen ez dugun fenomeno astronomiko baten adierazpena izatea. Eta hau da, momentuz, SETI bezalako proiektuek zientziari egin dioten ekarpenik handiena. Horren adibiderik argiena da pulsarren aurkikuntza. Aurrenekoz behatu zituenean, Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria ez zen Lurretik kanpoko teknologia bilatzen ari, baina hain maiztasun zehatzarekin errepikatzen zen fenomenoaren atzean ezinbestean adimen bat egon behar zela pentsatu zuen. Horregatik, topatutako lehen pulsarraren ezizena LGM-1 izan zen, atzean Little Green Men batzuk egon zitezkeelakoan.

Oinarrizko zientziarekin gertatu ohi den moduan, sektore batzuek ez dute begi onez ikusten SETI bezalako proiektuetan baliabideak jartzea, baina halako zereginetan daudenek behin baino gehiagotan erakutsi dute bilaketa horren balioa. Adibidez, 2020ko ekainean, Breakthrough Listenek Exotica katalogoa argitaratu zuen, teknosinaduren atzean egindako bilaketan ezaugarritako objektuen katalogoa. Gida baten antzera, mota guztietako 700 bat objektu mota bildu dituzte bertan. Bere garaian pulsarrak guztiz exotikoak ziren modu berdinean, hemen ere unibertsoaren aniztasunaren erradiografia osatu bat jarri dute mahai gainean.
Katalogoak lau kategoria biltzen ditu. Lehenik eta behin, prototipoak daude, unibertsoan ezagutzen den objektu mota bakoitzeko adibide bat. Superlatiboak dira muturreneko ezaugarriren bat dituztenak, hala nola planetarik beroenak edota dentsitate handiena duten galaxiak. Anomalien alorrean oraindik azalpen argirik ez duten fenomenoak sailkatu dituzte. Tabbyren izarra edota Oumuamua izarrarteko objektua jarri dituzte adibidetzat. Azkenik, kontrolerako hainbat objektu ere sartu dituzte katalogoan, hasiera batean emaitza positiborik emango ez dutela diruditenak.
Ezagutza eskuratzeaz gain, halakoetan ere bizi adimentsua aurkitzeko aukera berriak zabaltzen direla aldarrikatu dute egileek. Argudiatu dutenez, askotan antropozentrismotik abiatutako aurreiritziek eragin dezakete guretzat bizigarri ez diren eremuetan ez begiratzea, bizia bertan ezinezkoa delakoan. Exoplaneten adibidea jarri dute. Diotenez, gaur ezagutzen ditugun exoplaneta asko eta asko begiratzeko aproposak ez ziruditen eremuetan daude.
Baina batek daki zer ezaugarri izango dituen oraindik ezagutzen ez dugun bizi horrek. Gainera, gero eta gehiago ari da zabaltzen ideia bat: gure muga biologikoak direla eta, gizakiok nekez gainditu ahal izango ditugu izar batetik bestera bidaiatzeko behar diren distantzia itzelak, eta agian horregatik izarrarteko lehen bidaiariak gizakiak sortutako adimen artifizialean oinarritutako izakiak izango dira. Balizko beste zibilizazioek antzeko zerbait garatu zezaketen. Noski, horrek biderkatzen ditu bizia sustengatzeko moduko ingurumenak egotea, baina agian aurkituko duguna ez da espero genuena. Pentsa, izaki berdeak aurkitu beharrean, Siri edo Alexa moduko adimen garatuak.
Hortaz, argi dago unibertsoak esaten digunari adi jarraitu beharko dugula, bai Lurretik kanpoko bizia bilatzeko zein munduaren beraren inguruan gehiago ikasteko. Beste egun baterako eztabaida da ea gizakiok nahita bidali behar ote ditugun mezuak, SETI aktiboa edo METI moduko egitasmoen bidez. Horren kontra daudenek The Dark Forest edo Baso Ilunaren argudioa erabiltzen dute, Liu Cixin idazleak idatzitako trilogia baten izenburuetako batean abiatuta. Horren arabera, unibertsoan diren zibilizazioek jakin badakite beste zibilizazio batzuek akabatuak izan daitezkeela, eta hobe dutela isilik mantentzea, arreta gehiegi erakarri gabe.
Hori litzateke, gainera, Fermiren paradoxari emandako erantzun sinple bezain atsekabea. Liu-ren trilogian gauzak zeharo konplikatzen dira, Alpha Centauri sistematik etorritako mehatxu batean gauzatuta. Baina fikzio horretan beldurgarriena ez da estralurtarren jardun maltzurra, gizateria akabatzeko plan horretan gizaki askok estralurtar horiekin modu aktiboan kolaboratzen dutela baizik. Larriena da lehen kontuak zientzia fikzio hutsa dirudiela, baina hori baino sinesgarriagoa dela gizateriaren kontra eta estralurtarren alde arituko diren lagun mordoa irudikatzea. Eta… tira, munduaren amaiera TikTok batean jasotzeko kapazak izango dira, gainera.
Erreferentzia bibliografikoa:Lacki, Brian C. et al. (2020). One of Everything: The Breakthrough Listen Exotica Catalog. Preprint. arXiv:2006.11304
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Teknosinaduren zantzurik ez… momentuz appeared first on Zientzia Kaiera.
Artikoko animalien jokabide-aldaketa, klima-aldaketa dela eta
Dakigunez, klima-aldaketa prozesu global bat da, Lurrari osotasunean eragiten diona. Badaude lurralde batzuk ordea, non aldaketa hauek azkarragoak eta nabariagoak diren. Eremu hauetako bat ba hain zuzen, Artikoa. Bertan, joera batzuk nabarmendu dira jada klima-aldaketaren eraginez, hala nola neguko tenperaturen igoera, eremu batzuetako izotz gabezia eta udaberriko elurraren urtze aurreratua. Lurralde Artikoa, besteak beste, animalia migratzaile askoren behin-behineko bizilekua da eta haiek ere, klima-aldaketaren efektuak sumatzen hasi dira, bai eta beren jokabideak aldatzen ere.

Animalia migratzaileen jokabide-aldaketak, haien aldaketa fenologikoak aztertuz antzematen dira. Fenologia hitzak zera adierazi nahi du: faktore klimatiko eta izaki bizidunen bizi-zikloen arteko erlazioa. Izan ere, animalia migratzaile bakoitzak bizi-ziklo berdingabe eta zehatza izaten du, eta aldaketa fenologiko txikienak ere eragin ikaragarria izan lezake espezie migratzaile baten bizi-zikloan. Aldaketa fenologiko hauek duten eragina dokumentatzeko eta aztertzeko, alabaina, hamarkada askotako datuak behar dira, Artiko osoa estaltzen dutenak eta maila trofiko askotarikoak, denboran zehar eta eremu zabalean gertatzen diren aldaketak baitira.
Funtzio hau betetzeko sortu da, zehazki, Artikoko Animalien Mugimenduen Artxiboa (AAMA, ingeleseko sigletan). Ehun eta hogeita hamar ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute proiektu paregabe honetan eta espresuki Artikoko animalien jarraipenerako den bilduma bat sortu dute, animalia itsastar nahiz lehortarren datuak bilduz. Movebank mundu mailako datu-basearen parte izatera iritsi da. Artikoko animalien inguruko azterketara dago bideratuta, noski, baina bere barruti geografikoak barne hartzen ditu gainera eremu azpi-artiko batzuk, hala nola taiga edo baso boreala. Bilduma honek baditu bere aurrekariak hala ere, besteak beste IOOS-ATN, IMOS, OBIS-SEAMAP eta RAATD datu-baseak, itsas ekologiaren inguruko ezaguera eskaintzen dutenak. Animalia lehortarren mugimenduaren inguruko datu-baseak ordea, oso gutxi dira eta erregio edo taxoi jakin batean soilik zentratzen dira. Gaur egun, AAMA bildumak 86 espezie ezberdinen jarraipena egiten du 1991 urtetik aurrera. Bilduma hori erabiliz, Artikoko hiru kasu espezifikoren fenologia aztertu da, klima-aldaketa espezie hauetan izaten ari den eragina aztertzeko.
Migrazioa, ugalketa eta egokitzapena aztergaiIkertutako espezieetako bat arrano beltza izan da (Aquila chrysaetos). Espezie horretako indibiduoen migrazioa udaberrian jazotzen da, iparralderantz egiten baitute hegan arrautzak erruteko leku apropos baten bila. Hegazti hauen ugalketarako eremura iristeko garaiak konparatu dira denboran zehar, 1993tik 2017rako datuak erabiliz. Harrigarria izan da aurkikuntza: urtero zertxobait lehenago iristen dira arrano beltzak beren helmugara, elurra lehenago urtzen baita. Gainera, adin ezberdinetako hegaztien artean desberdintasun nabariak ageri dira, hegazti gazteak lehenago iristen baitira ugalketa eremura hegazti helduak baino. Hau adin ezberdinetako indibiduoen arteko lehiaren ondorio dela ondorioztatu dute ikertzaileek, gazteek helduen aldean abantaila izango baitute bertan lehenago kokatzeagatik.
Fenologiarekin zerikusia duen beste prozesu bat erditze garaia da, populazio basatien demografian eragin handia baitu eta aldaketa klimatikoekiko erantzunak erakuts baititzake. Ugaztun askorentzat, haurdunaldi amaiera eta eradoskitze amaieraren arteko garaian gertatzen da energia-eskari handiena eta, horregatik, landarediaren garai gorenarekin erregulaturik dago. Azterketa honetarako karibu espeziea aztertu zen, Ipar Amerikako gune boreal eta Artikoetan bizi den ugaztun belarjalea. Ehunaka karibu indibiduoren erditze garaiak konparatu dira 2000 urtetik 2017 urtera bitartean eta oso emaitza interesgarriak lortu zituzten: iparraldean bizi diren karibuek erditze garaiak aurreratu dituzte urteak joan ahala baina ez da joera berdina ikusi hegoalderago bizi diren populazioetan. Ikerketa honek karibuen klima-aldaketarekiko erantzunaren lehenengo ebidentzia erakutsi du.

Azkenik aipatzeko, fenologiarekin zerikusia duen beste prozesu bat eguraldi aldaketen aurrean energia aurrezteko jokabideak gauzatzea da. Hau da, ikertzaileen aurreikuspenen arabera, animaliak gehienak gutxiago mugitzen dira egunean zehar neguan udan baino, energia aurrezteko mekanismo moduan. Ikerketa honetarako, bi espezie belarjale (karibua eta altzea) eta hiru haragijale (hartz beltza, grizzly hartza eta otsoa) aztertu dira 1998 eta 2019 urteen artean. Aztertu ahal izan dutenez, esperotako emaitza lortu da; hau da, murriztu egiten da, oro har, animalien mugimendua neguan udarekin konparatuta. Alabaina, ustekabeko patroi bat ere ageri da lortutako datuetan. Izan ere, azken urteetako tenperatura-igoeren eraginez, karibuak eta altzeak beren egunean zeharreko aktibitatea handitu dute, baina kontrakoa gertatzen ari da harraparien kasuan. Klima-aldaketarekiko erantzun asinkroniko honek eragin ikaragarria izan dezake maila trofiko ezberdinetako espezieen arteko elkarrekintzetan, hala nola harrapari eta harrapakinen arteko topaketetan, elikatze-arrakastan nahiz energia-gastuetan. Beste modu batera esanda, erantzun hauek ondorio demografiko oso larriak izan ditzake, bai harrapari bai harrapakinentzat.
Beraz, erakutsi duen moduan, AAMA bildumak konponbide ezin hobea eskaintzen du Artikoko hainbat animaliaren datuak bildu eta partekatzerako garaian. Erreferentzia eta iturri aparta da animalien distribuzio-aldaketak aztertzeko eta oso baliagarria suertatuko da, ziur, datozen urteetan. Izan ere, fenologian gertatzen ari diren aldaketak erronka bilakatu dira espezie migratzaileentzat. Hainbat espezierentzat hain garrantzitsuak diren erditze garai edo elikatze-ibilbideak abiada bizian ari dira aldatzen eta honek guztiak, dudarik gabe, Artikoko animalien bizitza aldatuko du etorkizunean.
Erreferentzia bibliografikoak:Davidson, S.C., Bohrer, G., Gurarie, E., LaPoint, S., Mahoney, P. S., Boelman, N. T., Hebblewhite, M., et al. (2020). Ecological insights from three decades of animal movement tracking across a changing Arctic. Science, 370 (6517), 712–715. DOI: 10.1126/science.abb7080
Gilg, O., Kovacs, K. M., Aars, J., Fort, J., Gauthier, G., Grémillet, D., Bollache, L. (2012). Climate change and the ecology and evolution of Arctic vertebrates. Annals of the New York Academy of Sciences, 1249 (1), 166–190. DOI: 10.1111/j.1749-6632.2011.06412.x
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Artikoko animalien jokabide-aldaketa, klima-aldaketa dela eta appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 71
- 72
- 73
- 74
- 75
- 76
- 77
- 78
- 79
- …
- hurrengoa ›
- azkena »