Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 44 min 30 seg

Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean

Al, 2020-09-21 09:00
Javier Franco fauna leheneratzeaIrudia: Bilboko itsasadarra Bizkaia Zubia aurrez duela eta haren atzean portua. (Argazkia: Jose Castanedo – CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)

Bilboko itsasadarra estuario nahiko handia da, eta bertan elkartzen dira Nerbioi-Ibaizabalen arroaren ur geza eta Kantauri itsasoko ur gazia. Gaur egun, sistemaren egoera ez da batere naturala; jatorrizko azaleraren zati handi bat galdu da, bai eta ingurune nagusiak ere, batik bat marearteko zonetan. Gaur egun, oso urriak dira.

Bilboko itsasadarra eta bere ertzak Kantauri itsasoko erlaitz osoaren eremu industrializatuena eta populatuena dira. Geografikoki ongi kokatuta dago eta oso aberatsa da baliabide mineraletan. Hori dela eta, garapen industrial handia eta biztanleriaren hazkunde handia izan zituen zonak, batik bat XIX. mendeaz geroztik.

Giza presio handia ekarri zuen horrek eta, urte luzez, sortzen ziren hiri eta industria efluenteak itsasadarrera isuri zituzten, inolako tratamendurik gabe. Hamarkadatan, estuarioaren erdiko eta barneko zonek oxigenazio arazo larriak izan zituzten. Gainera, kutsadura maila handiak zituen sistemak, bai uretan, bai sedimentuetan. Horregatik, estuarioaren barneko zonaren hondoa animaliarik gabe gelditu zen eta, itsasadarraren gainerakoan, oso urriak ziren fauna populazioak; espezie gutxi zeuden, kutsadurarekiko erresistenteenak baino ez.

Saneamendu Plana

1979an, Bilbo Handia Eskualdeko Saneamendu Plan Integrala onartu zen; anbizio handiko proiektu bat zen, eta xede zuen sistema ingurumenaren ikuspegitik leheneratzea. Kalitate estandar bat zehaztu zuen; hots, uren oxigenazioa % 60koa izatea. Oxigeno disolbatua zen, inongo zalantzarik gabe, fauna sartzea eta bertan gelditzea gehien mugatzen zuen faktorea.

1989an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sistemaren egoeraren segimendua martxan jarri zuen. Zenbait alderdirena, hain zuzen: fisiko-kimikoa, biologikoa eta, ondorioz, ekologikoa. Segimendu horren barruan, ingurune fisikoa, horren ezaugarri kimikoak eta komunitate biologiko askotarikoak aztertu ziren.

fauna leheneratzea1. ilustrazioa: Industrializazioaren garaian, Bilboko itsasadarrak fauna-komunitate pobrea zuen. Garai hartan, poluzioa onartzen zuten bizidunen populazioak baino ez zeuden. (Irudia: NorArte Studio)Estuarioa eta bertako fauna leheneratzea

Uraren kalitate fisiko-kimikoa asko hobetu da. Gaur egun, oxigenoa ez da uretan bizitza egoteko faktore mugatzaile bat. Kalitate estandarra estuario osoan betetzen da. 1990ean urak tratatzen hasi ziren Galindoko araztegian, eta horrek ekarri du hobekuntza.

2001ean, tratamendu biologikoa egiten hasi ziren, eta efektu handia izan du uren kalitatearen hobekuntzan. Nitrogenoaren eta bakterio fekalen kontzentrazioak izugarri murriztu dira (30 urte baino 40 aldiz gutxiago eta 200 aldiz gutxiago daude orain, hurrenez hurren), eta urak gardenagoak dira orain. Itsasadarreko sedimentuek ere orain dela 30 urte baino kutsatzaile kontzentrazio askoz txikiagoak dituzte.

Aurreko horregatik guztiagatik, baina, batez ere, oxigenazio baldintzak hobetzeagatik, sedimentuetan bizi diren organismo ugari leheneratu dira. Organismooi komunitate bentoniko esaten zaie. Ehunka ornogabe espezie bizi dira gaur egun itsasadarreko sedimentuetan.

Hauek dira talde garrantzitsuenak: anelidoak (harrak), moluskuak (magurioak eta berberetxoak, kasu), krustazeoak (karramarroak eta izkirak, esate baterako) eta ekinodermatuak (trikuak eta itsas izarrak). Barneko zonan da bereziki garrantzitsua hori, 2000. urtea baino lehen azoikoa baitzen (ez zuen bizitzarik). Gaur egun estuarioan dauden komunitate bentonikoak askotarikoak eta iraunkorrak dira.

fauna leheneratzea2. ilustrazioa: Tratamendu biologikoa hasi zenean, uraren oxigeno-maila hobetu egin zen, eta komunitate biologikoak berreskuratu egin ziren. (Irudia: NorArte Studio)

Sedimentuetan bizi diren animaliez gain, hondoaren gainean bizi diren komunitateen egoera analizatzea ere oso interesgarria da. Fauna demertsal esaten zaie haiei, eta arrainek eta krustazeoek osatzen dute. Unera arte, 57 arrain espezie eta 33 krustazeo espezie erregistratu dira estuarioan, eta organismoen kopurua ere progresiboki ari da handitzen.

Hauek dira arrain espezie arruntetako batzuk: hareatako zarboa (hondotik gertu bizi den arrain txiki bat), mihi arraina, muxarra, platuxa, lupia, aingira eta barbarina. Gainera, itsasokoak diren zenbait espezie ere ikus daitezke; tartean, txitxarroa eta antxoa. Zenbait izkira eta karramarro espezie ere oso ugariak dira.

Nabarmentzekoak dira estuarioaren barneko zonan gertatutako aldaketak; Olabeagaren eta Euskaldunaren artean, hain zuzen. Bertan, bereziki esanguratsua izan da hobekuntza, 2002. urtera arte ez baitzegoen ez arrainik, ez krustazeorik. 2002an, zenbait arrain espezie aurkitu zituzten eta, harrezkero, espezie gehiago eta gehiago aurkitu dituzte urtez urte. Azken kanpainetan, askotariko izkirez eta karramarroez gain, arrain espezie ugari ere agertu dira. Hauek, besteak beste: hareatako zarboa, zarbo beltza, aingira, lupia, muxarra, muxar buztanbeltza, akula, korrokoia, txopa, platuxa, platuxa leuna eta mihi arraina. Arrain eta krustazeo espezie ugari daude jada zona horretan.

3. ilustrazioa: Uraren oxigenazio-maila onak eta kutsaduraren beherakadak aniztasun handiko fauna-komunitatea egotea ahalbidetzen dute gaur egun. (Irudia: NorArte Studio)

Gainera, azken urteetan egiaztatu izan denez, espezie gehiago daude, bai eta estuarioa negua igarotzeko, atseden hartzeko eta elikatzeko erabiltzen duten hegazti gehiago ere. Batetik, uraren kalitateak baldintza onak eskaintzen dizkielako espezie horiei (batzuk igerilariak eta murgilariak dira) eta, bestetik, elikagaia dutelako itsasadar osoan, arrainak eta ornogabeak daudelako.

Etorkizunari begira

Sistema natural oso-oso kutsatuak leheneratzea prozesu luze, zail eta, oro har, garestia izan ohi da. Ezinezkoa da, gainera, halako sistemak jatorrizko baldintzetara bueltatzea lortzea. Nolanahi ere, ikusi dugun bezala, posible da galdutako naturaltasunaren zati bat leheneratzea. Horren adibide argia da Nerbioi ibaiaren estuarioaren leheneratze progresiboa.

Saneamendu Plana abiarazteak eta progresiboki garatzeak aukera eman du egoera lehengoratzeko: orain dela hamarkada batzuk, narriatzeko joera zuen eta, orain, hobetzekoa. Oraindik ere badago zer egin eta zer hobetu. Gaur egun, neurriak ezartzen ari dira oraindik arazo gabe dauden urak biltzeko, arroko erdiko eta goiko aldeko uren tratamendua hobetzeko eta saneamendu sistemaren gaitasuna handitzeko. Horrek guztiak efektu positiboa izango du itsasadarreko faunan, zalantzarik gabe.

Egileaz:

Javier Franco San Sebastián biologian doktorea da eta AZTIko Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen-Kudeaketa arloko ikertzailea.

Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

The post Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #316

Ig, 2020-09-20 09:00
Uxue Razkin

Klima aldaketa

2020koa inoizko udarik beroena izan da ipar hemisferioan, Berrian irakurri dugunez. Hain zuzen, ekainaren eta abuztuaren arteko tenperatura batezbestekoa baino 1,17 gradu beroagoa izan da. Planeta osoa kontuan hartuz gero, bigarren beroena izan da NOAAk nabarmendu duenez. Datu gehiago irakurtzeko, jo ezazu artikulu honetara.

Astronomia

Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan. Bada, zer esan nahi du horrek? Badakigu Lurrean batez ere fosfanoa iturri biologiko anaerobikoek sortzen dutela. Dena den, Artizarraren azaleko kondizioak bizia sortzeko ez direla egokiak gogorarazi dute ikertzaileek. Ez galdu Elhuyar aldizkarian emandako azalpena!

Genetika

Koldo Garcia genetistak asteon SARS-CoV-2a birusa hobeto ulertze aldera, beste bost zientzia-pilula prestatu dizkigu. Eta, horrez gain, tuatarez, Zeelanda Berrian bizi diren narrastiez, hitz egin digu. Azaltzen digun moduan, orain dela 250 milioi urte inguru sortutako animalia-leinu batetik bizirik dirauen ordezkari bakarrak dira. Berriki sekuentziatu dute haren genoma eta gene-altxorrak badituela ohartu dira. Bitxia, ezta?

Bukatzeko, Nature Reviews Genetics aldizkariak 12 ikertzaileri genetikaren eta genomikaren etorkizunaz aritzeko eskatu die. Koldo Garciak iritzi horiek Edonola blogera ekarri eta horiei buruz hausnartu du. Oso interesgarria da, ez galdu!

Azterlan batek euskaldunon geneetan “efektu fundatzailea” aurkitu dute, duela 2.000 urtekoa. Hasteko, argitu dezagun zen den gertaera fundatzaile bat. Sustatun azaltzen digute afera: talde jakin batek multzo txiki batean eta garai zehatz batean sortutako efektu fundatzaile baten aztarna genetikoa duela, alegia.

Paleontologia

Lystrosaurus generoko animaliaren –Pangea kontinente osoan zehar hedatuta egon ziren – letaginak aztertuz, ikertzaile talde batek hibernazioaren antzeko egoera baten lehenengo aztarna izan daitekeena aurkeztu du. Juanma Gallegok azaltzen digunez, toki desberdinetan bizi izan ziren bi animalia multzo alderatu dituzte: Antartikan aurkitutako sei fosil eta Hegoafrikako lau.

Biologia

Ezpel-sitsaren –Cydalima perspectalis– egoera kontrolez kanpo dago Iruñerrian. Hauek zomorro hegalariak dira, espezie exotiko inbaditzailea, alegia. Ezpelen izurria da, eta kalte handia egiten die zuhaitzei, Berrian azaldu digutenez.

Asteon galdera bat ere bota digute: zergatik dute gizonek bizarra eta emakumeek ez? Hautespen sexuala deritzon prozesua hizpide hartuta, erantzuna ematen saiatu da honetan Juan Ignacio Perez Iglesiasek. Eta horrez gain, alternatibak proposatu ditu. Esaterako, bizarrak babes fisikoa ematen duelako ideia kontuan hartu da zientzialarien artean, hau da, bizarrak masailezurra babesten duela.

Joanne Chory biologoa saiatzen ari da klima aldaketa atzeratzen. Jakina denez, atmosferan CO2 gehiegi dago gizakiaren jardueraren ondorioz. Nola egingo diogu aurre horri? Choryk badauka erantzuna: “superlandareak”. Egungo landareek baino hogei aldiz karbono dioxido gehiago xurgatu, eta lehorteei eta uholdeei aurre egin diezaiekeen landare bat garatzen ari da. Ez galdu artikulua!

Geologia

Bilboko itsasadarrean murgiltzeko aukera dugu Alex Cearreta eta Marije Irabien geologoekin. Zehazki, bertako sedimentuak aztertu eta artikuluan azaltzen digutenez, sedimentu gehienak duela 12.000 urteko azken klima aldaketaren aurretik ibaiak ekarritako legarrak dira. Egun, itsasadarra guztiz artifiziala da.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #316 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #320

La, 2020-09-19 09:00
usainaIrudia: Sudeera Seneviratne / Unsplash

Gorputzaren usaina izan du bidelagun giza espeziak haren eboluzioan. Agian horregatik sartu dugu gorputzaren usaina gure erabakiak hartzeko unean. José Ramón Alonsok azaltzen du gaia: Smelling armpits.

Zientziaren filosofia existitzen zen… zientziaren filosofia existitu aurretik, baina beste izen batzuez izendatzen zuten. Jesús Zamora Bonilla zientziaren filosofiaren oinarriak ikertzen hasi da serie berri baten: The ‘prehistory’ of philosophy of science (1): By way of introduction.

Garrantzi industriala dute monoxidoa karbono dioxido bihurtzen duten platinozko katalizatzaileek (eta gogora dezagun osasunerako monoxidoa toxikoa dela). Kontua da ez dakigula guztiz zelan jarduten duten baina DIPCko ikertzaileek modu burutsuak dituzte erreakzioaren mekanismoak hobeto ezagutzeko: Simultaneous ignition of the CO oxidation on a curved platinum surface.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #320 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Joanne Chory (1955): klima aldaketa atzeratu nahi duen biologoa

Or, 2020-09-18 09:12
Uxue Razkin

Klima aldaketari aurre egitea da gizateriak duen erronka nagusietako bat. HBOren Years and Years telesail distopikoan, pertsonaietako batek bizi dugun egoera etsigarria azaltzen du bakarrizketa bikain baten bidez: “Bada jendea oraindik esaten duena: ‘Hamar urte falta dira hori gertatzeko. Baina 30 urte daramatzagu horrela. Ez zaigu denborarik gelditzen. Guztiok dakigu hori. Birziklatu, kanpaina bat egin eta kexatu zaitezke, baina uholdeak eta suteak gertatuko dira, eta goseak egongo gara”. Telesailak etorkizun iluna islatzen du, baina ez da beharrezkoa denboran asko aurrera egitea –seriean halaxe egiten dute– arazo horrek dakarren mehatxua ikusteko. Atmosferan CO2 gehiegi dago gizakiaren jardueraren ondorioz. Baina nola egingo diogu aurre horri?

Joanne Chory1. irudia: Joanne Chory, botanikaria eta genetista. (Argazkia: Salk Institutua)

Baliteke gakoa “superlandareetan” egotea. Bai, ondo irakurri duzu. Horrela esanda, badirudi Emilio Bueso idazleak Transcrepuscular liburuan sortu zuen munduko izaki batez ari naizela, edo etorkizun distopiko bat irudikatu dudala, baina egia esanda, ez gaude errealitate hartatik hain urrun. Joanne Chory, 2019an Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuena, egungo landareek baino hogei aldiz karbono dioxido gehiago xurgatu, eta lehorteei eta uholdeei aurre egin diezaiekeen landare bat garatzen ari da. Haren jarduna are esanguratsuagoa da klima aldaketa atzeratu dezaketela kontuan hartzen badugu.

Joanne Chory biologian graduatu zen Oberlin Collegen (AEB) eta Mikrobiologiako doktoregoa egin zuen Illinoisko Unibertsitatean, 1984an. Lau urteren buruan, doktoretza ondokoa burutu zuen Harvardeko Medikuntza Eskolan. Minutu bakar bat ere galdu gabe, Salk Institutuan hasi zen irakasle laguntzaile gisa. Horren ondotik, 1994an, irakasle agregatua izan zen bertan eta 1998an, ikerketa zuzendari izendatu zuten. 1997an, Howard Hughes Mediku Institutuan hasi zen lanean eta 1999an, San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateko biologia zelularra eta garapenaren fakultatean irakasle elkartu izendatu zuten. Halaber, iaz Asturiasko Printzesa saria jaso zuen landareen biologia arloari egindako ekarpenagatik: “Landareak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta dibertsitate biologikoaren defentsan garrantzitsuak dira”.

Egun, Salk Institutuko Plant Molecular and Cellular Biology laborategiko zuzendaria eta Howard Hughes Mediku Institutuko ikertzailea da. Haren ikerketek genetika molekularra dute abiapuntu; oro har, landareek euren inguruari nola erantzuten dioten aztertzen du: argia nola jasotzen duten, nola sortzen dituzten hazkuntza-hormonak, eta estres hidrikoari nola erantzuten dioten. Azken batean, ingurumen-baldintza desberdinen aurrean, landareen erantzun molekular eta genetikoak ikertzen ditu.

Suberina da gakoa

25 urte baino gehiagotan, esperimentu mordoa gauzatu du. Horien artean nabarmentzekoa da landareek karbono dioxidoa hartzea eta biltegiratzea, eta baldintza klimatiko desberdinetara egokitzea lortu nahi duen ikerlana. Karbono-erretentzio sistema honetan, suberina izeneko biopolimeroa ei da giltza.

Joanne Chory2. irudia: Arabidopsis thaliana landarea. (Argazkia: Alberto Salgero – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Landareek produktu natural hori sortzen dute, sustraietan aurki daitekeena, hain zuzen. Modu honetan, xurgatu duten karbonoa egonkortu eta onura ekarriko dien zerbaitetan bihur dezakete. Ildo honi jarraiki, Choryk hitzaldi batean azaldu zuenez, landareek suberina gehiago sortu behar dute eta “are eraginkorragoak bilakatu”. Horretarako, hiru “superbotere” behar dituzte: biopolimero horren kantitate gehiago sortzea, sustrai gehiago edukitzea eta horiek sakonagoak izatea. Ezaugarri horiek guztiak konbina daitezke landare bakar batean eta hain zuzen ere, horixe bera ari dira probatzen Arabidopsis thalianarekin. Helburu hori lortuta, hamar urte barru laborantza-landareekin gauza bera egitea da asmoa.

Bestelako ekarpenak

“Superlandare” horiek sortzeaz gain, Choryk zuzentzen zuen taldeak ikusi zuen landareek hormona esteroide bat ekoizten eta horri erantzuten diotela, euren azken tamaina kontrolatze aldera. Ikerketa genetiko batean, landare-hormonen seinalizazio-sistema oso bat mapeatu zuten. Horrela, esteroideak atzemateko paradigma berri bat zehaztu zuten, gizakiarenaren aldean desberdina dena.

Joanne Chory3. irudia: Joanne Chory ikertzailea 2017an. (Argazkia: Wikipedia – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Era berean, Arabidopsis thaliana landare-espezieak dituen 30.000 geneen %90 eguneko une berezi batean nabarmenki espresatzen direla ohartu ziren ikertzaileak. Informazio hori baliagarria izan liteke nekazarientzat eta baita klima aldaketaren ondorioei eraginkortasun handiagoz aurre egin ahal izateko ere. Horretaz gain, fitokromoaren papera eta fotosintesian parte hartzen duten geneen koerregulazioari buruz gehiago jakiteko aukera eman du aurkikuntzak.

Landareen ezagutza saritzea

Choryren zientzia-bideak eman ditu fruituak, sarien itxura izan badute ere. Horien artean, azpimarratzekoa da Breakthrough Prize Saria (2018), eguzki argia energia kimiko bihur dadin, landareek euren hazkundea, garapena eta zelula-egitura nola optimizatzen dituzten aurkitzeagatik jaso zuena. Horrez gain, Genetikako Gruber Saria (2018), eta Emakumeak Zientzian izeneko L ‘Oréal-UNESCO Saria (2000) irabazi zituen. 2012an, AEBtako genetika elkartearen domina jaso zuen. Ezin dugu ahantzi Royal Society eta Frantziako Zientzien Akademiako kide atzerritarra dela eta 1998tik aurrera, Estatu Batuetako Arteen eta Zientzien Akademiako, eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide ere badela.Choryk landareen munduan orbitatu du bere bizitza osoan zehar. Protagonistak berak behin adierazi zuenez, “CO2 xurgatzeko makina bikainak dira [landareak]. Eta primeran egiten dute lan hori, 500 milioi urte baino gehiago daramatzatelako horretan“. Apika, Years and Years gisako telesailek irudikatzen duten etorkizun beltza alda genezake. Apika, garaiz gabiltza bide zuzena aukeratzeko.

Iturriak: Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Joanne Chory (1955): klima aldaketa atzeratu nahi duen biologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hibernazioa: gutxienez 250 milioi urte dituen trikimailua

Og, 2020-09-17 09:00
Juanma Gallego

Dinosauroak eta ugaztunak agertu baino lehen bizi izan zen animalia baten letaginak aztertuz, ikertzaile talde batek hibernazioaren antzeko egoera baten lehenengo aztarna izan daitekeena aurkeztu du.

hibernazioa1. irudia: Letargian dagoen listrosauro baten irudikapena. Duela 250 milioi urte bizi izan zen animalia horretan portaera hori ondorioztatu dute, baina paleontologoek uste dute beste espezie askotan ere ematen zela. (Irudia: Crystal Shin)

Azken hamarkadetan paleontologoek informazio mordoa eskuratu dute hortzen morfologia arakatuta, eta hori egiten jarraitzen dute gaur egun ere. Baina azken garaietan, beste behin ere, teknologia eta ezagutza berrien agerpenak benetako iraultza ekarri du diziplinara. Funtsean, gero eta gehiago, adituak gai dira hortz baten barruan nolabaiteko estratigrafia bat hautemateko eta estratu horietan guztietan animalia edo pertsona baten bizitzan izandako pasarte batzuk ondorioztatzeko. Batez ere, elementu kimiko desberdinen isotopoak alderatuta lortzen da informazio hori, zenbait isotoporen proportzioa une bakoitzeko elikaduraren eta ingurune geografikoaren arabera aldatu daitekeelako.

Ez da bide bakarra, eta gaurkoan dakargun gaia horren adibide bikaina da. Kasu honetan, paleontologoek aspaldiko animalia batengana jo dute: Lystrosaurus generoko animaliarenak dira arakatutako aztarnak. Gure begietatik ikusita, animalia horiek itxura guztiz berezia zuten. Pangea kontinente osoan zehar hedatuta egon ziren, eta ugaztunen eta narrastien ezaugarriak zituzten. Hortzeriarik ez baizik bi letagin luze zituzten. Seguruenera, belarjaleak zirenez, harrapakarietatik babesteko edo belar eta sustraien artean janaria eskuratzeko erabiliko zituzten. Permikoaren iraungipen masibotik onik ateratzen moldatu ziren, eta Triasikoan beste 5 milioi urtez bizirik irauteko gai izan ziren. Haien arrakastaren ondorioz, animalia horien fosil asko iritsi zaizkigu, eta, horregatik, arrasto horien arteko konparaketak egiteko moduan daude zientzialariak. Hala egin dute oraingoan, eta fosilizatutako letaginetan ikusi dute hibernazioaren antzeko egoera baten aztarna badagoela. Zientzialariek Communications Biology aldizkarian azaldu dute aurkikuntza.

Lehenik eta behin, zehaztu beharra dago zergatik hitz egiten duten “hibernazioaren antzeko egoeraz”. Izan ere, eta hainbat animaliak egiten dutena hibernaziotzat jo ohi dugun arren, adituek egoera desberdinak bereizten dituzte. Oro har, hibernazioak prozesu metabolikoak gutxieneko mailetara jaistea dakar: arnas eta bihotz erritmoak moteltzen dira, eta gorputzaren tenperatura zenbait gradutan jaisten da. Dena den, ugaztun batzuek besterik ez dute egiten benetako hibernazioa: saguzarrak, lemurrak, muxarrak, trikuak eta beste karraskari eta intsektujale batzuk dira horietako batzuk. Letargiaren kasuan, prozesu horiek ez dira hain muturrekoak, eta tarte laburragoez gertatu ohi dira. Adibidez, zenbait saguzar txiki eta kolibri espezie batzuk gauez sartzen dira letargian. Prozesuen gelditze hori edozein modukoa izanik ere, guztiek dute helburu berdina: hotzari eta baliabide eskaseko uneei eutsi ahal izatea, gorputz tenperatura jaitsita. Izotzez beteriko eremuetan are beharrezkoa da estrategia hori, negu hotz eta ilunean energia alferrik ez xahutzeko.

hibernazioa2. irudia: Pangea kontinentearen egoera, Triasiko berantiarrean. Urdinez, Antartikako fosilen kokapena. Laranjaz, Hegoafrikakoak. (Irudia: Megan Whitney / Christian Sidor)

Erregistro fosilaren bitartez jardun hori ondorioztatzea ez da batere erraza, baina orain adituak hori egiteko gai izan dira. Horretarako, listrosauroen letagin fosilizatuak erabili dituzte. Toki desberdinetan bizi izan ziren bi animalia multzo alderatu dituzte: Antartikan aurkitutako sei fosil eta Hegoafrikan jasotako beste lau. Kokapen biak garaiko Pangean zeuden arren, Antartikako fosilak hego latitudeko 72º-tan zeuden, —zirkulu polar antartikoaren barruan, hain justu—, Hegoafrikakoak iparralderantz 550 kilometrora zeuden bitartean.

Letaginetan, dentinazko geruzak zirkulu zentrokideetan agertzen dira, zuhaitz eraztunen gisa. Horietan, antzeko hazte patroiak aurkitu dituzte, baina Antartikako fosilen kasuan zerbait berezia ikusi dute: eraztun batzuk ohi baino trinkoagoak dira. Zuhaitzen kasuan horrelako egitura bat urte lehorra baten adierazle izan ohi den modu berean, letagin horietan ikusitako egiturak estres markak direlakoan daude zientzialariak. Gaur egun bizi diren hainbat animaliaren hortzetan hibernazio garaietan halako markak sortzen direla azaldu dute ikertzaileek.

Halere, ezin izan dute zehaztu marka horiek benetako hibernazio baten adierazle ala beste letargi mota batena ote den. Baina uste dute latitude horietan bizi izan ziren listrosauroek modu bateko ala besteko egokitzapena egin behar zutela hotzari aurre egiteko. Izan ere, garaiko tenperaturak gaur egungoak baino altuagoak ziren arren, zirkulu polar antartikotik harago alde handiak zeuden urteko tenperaturetan, eta bertan bizi ziren animaliek horiei aurre egiteko estrategiak garatu beharko zituzten.

Egileek zehaztu dutenez, latitude garaietan bizi ziren beste hainbat ornodunek halako hibernazio edo letargia garatuko zuten seguruenera, baina hortzen analisiaren bitartez fenomenoa aurkitzeko modurik ez dute, animalia horien kasuan hortzak ez direlako etengabean hazten. Halakoetan, ohikoa da bizitzan zehar hortzak galtzea eta berriak garatzea.

“Lehenengo aurkikuntza hauek erakusten dute hibernazio egoera batean sartzea ez dela oso egokitzapen berria, aspaldikoa baizik”, laburbildu du prentsa ohar batean artikuluaren egile nagusi Megan Whitney paleontologoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Whitney, M.R., Sidor, C.A. (2020). Evidence of torpor in the tusks of Lystrosaurus from the Early Triassic of Antarctica. Communications Biology, 3, 471. DOI: https://doi.org/10.1038/s42003-020-01207-6

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Hibernazioa: gutxienez 250 milioi urte dituen trikimailua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Giza bizarra

Az, 2020-09-16 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik duen pauma arrak halako isatsa? Ikusgarria da benetan, emearena baino askoz handiagoa eta koloretsuagoa. Zer hautespen presiok eragin du halako zerbait, hain handia, deigarria eta kolorez betea? Zaila da tamaina horretako apaingarri bat mantentzea, eta zailtasun hori beste behar batzuk betetzearen kalterako da.

Paumaren isatsa, beste ezaugarri asko bezala –gehienetan, maskulinoak–, ugalketa bikotekideek –oro har, emeek– aukeratu izan dutelako garatu da animalien munduan. Nolakotasun horiek oztopo dira arraren biziraupenerako eta ugalketa ahalmenerako, eta, horregatik, halako ezaugarriak dituzten banakoek osasun eta forma fisiko bikaina izan behar dute. Horregatik, banako hori «egokia» dela adierazteko balioko lukete (terminologia darwindarrean, fitnessa); beraz, horrelako ezaugarriak modu guztiz nabarmenean dituzten arrekin parekatuko lirateke emeak. «Gene onenak» dituzten arrak dira, nolabait esateko, beren ondorengoei ondare biologikorik onena utziko dietenak. Jakina, hori ez da modu kontzientean gertatzen. Automatikoki diharduten mekanismoak dira. Prozesu horri hautespen sexual deritzo.

Galdetu al diozu inoiz zeure buruari zergatik garen hain desberdinak gizonak eta emakumeak aurpegiko ilearen dentsitateari dagokionez? Espezie baten ezaugarri jakin bat oso desberdina denean arrengan eta emeengan, espezie horrek dimorfismo sexuala duela esaten dugu. Bada, gure espeziean dimorfismo sexuala dago aurpegiko ileari dagokionez. Egin dezagun orain galdera hori bera beste modu batean: Galdetu al diozu noizbait zeure buruari zergatik duten gizonek bizarra eta emakumeek ez?

bizarraIrudia: Zenbait ikertzailek proposatu dute bizarrak lehoi baten adatsen antzekoa funtzioa bete dezakeela, gure gorputzeko atal batzuk babesteko balioko lukeela, hala nola eztarria eta masailezurra eraso edo istripuetatik babesteko. (Argazkia: StockSnap – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Baliteke zure erantzuna izatea gizakion bizarra hautespen sexualaren ondorio dela, paumaren isatsarekin gertatzen den bezala. Agian, uste duzu emakume heterosexualek nahiago izaten dituztela gizon bizardunak bikotekide gisa. Baina bizarra izateak eragozpenak ere sortzen ditu: janari hondarrak pilatu daitezke, parasitoak erakartzen ditu eta, kasu batzuetan, komunikazioa oztopatzen du. Hala ere, gizon bizardunak bizarra moztuta daukatenak baino maskulino, menderatzaile eta oldarkorragoak direla hauteman ohi da. Darwinek, izan ere, bizarra hautespen sexualaren adibide bat zela uste zuen.

Ziurrenik, ez dugu baztertu behar bizarra mekanismo horren arabera sortu zenik. Hala ere, badaude aukera alternatiboak. Indarkeria fisikoa askoz ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta, bi gizon borrokan ari direnean, aurpegia izan ohi da kolpeen helburua. «Aurpegia hautsiko dizut» esaldia entzun izan duzu, ezta? Izan ere, ustez, horrexegatik da sendoagoa gizonen aurpegiaren hezur anatomia emakumeena baino.

Horregatik, agian, bizarrak babes fisikoa ematen duelako ideia kontuan hartu da. Eta esperimentuen bidez horixe ikusi da, hain zuzen ere, bizarrak masailezurra babesten duela; masailezurra hautsi ohi da errazen bi gizabanakoren arteko borroketan; eta halako hausturen ondorioak, kirurgia modernoa iritsi aurretik, hilgarriak izan zitezkeen. Azpiko ehunen gaineko inpaktuaren indarra murrizten duelako babesten du aurpegia bizarrak, kolpearen energia xurgatu, eta sakabanatu egiten baitu. Inpaktu baten bidez transferitutako energiaren % 30 xurgatzera ere irits daiteke aurpegiko ilea, eta murrizketa hori erabakigarria izan daiteke masailezurra ez hausteko.

Dena den, ondorio horiek zuhurtziaz hartu behar dira. Izan ere, faktore baten baino gehiagoren efektua ezin da beti mugatu. Eta hori bereziki egia da agian aldi berean jardun zuten –edo, beharbada, denboran zehar bata bestearen atzetik gertatu ziren– balizko hautespen presio batez baino gehiagoz ari bagara.

Erreferentzia bibliografikoa:

Beseris, E.A.,  Naleway, S.E., Carrier, D.R. (2020). Impact Protection Potential of Mammalian Hair: Testing the Pugilism Hypothesis for the Evolution of Human Facial Hair. Integrative Organismal Biology, 2(1), obaa005. DOI: https://doi.org/10.1093/iob/obaa005 

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Giza bizarra appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tuatara, gene-altxorra

Ar, 2020-09-15 09:00
Koldo Garcia

Tuatarak Zeelanda Berrian bizi diren narrastiak dira, eta orain dela 250 milioi urte inguru sortutako animalia-leinu batetik bizirik dirauen ordezkari bakarrak dira. Maorieran “erpinak bizkarrean” esan nahi du tuatara izenak eta maorientzat taonga da animalia hau –altxor hitzaz itzul genezake–, hau da, maorien kulturarentzako preziatua den balioa, eta, hortaz, maoriak tuatararen zaindariak dira. Tuatararen genoma sekuentziatu berri dute eta agerian gelditu dira dituen gene-altxorrak.

tuatara1. irudia: Tuatarak du genomarik luzeena orain arte sekuentziatu diren ornodunen artean. (Argazkia: Nel Botha – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Tuatararen genoma orain arte ornodunen artean argitaratu den genomarik luzeena da: bost mila milioi baseko luzera du, gizakion genomak baino bi mila milioi base gehiago. Tuatararen genoman hamazazpi mila gene inguru kokatzen dira eta gene horien % 75 agertzen dira hegaztietan, dortoketan eta krokodiloetan. Gainera, sakonago aztertu zituzten ikusmenean, usaimenean, immunitatean, termoerregulazioan eta bizitza-luzeran parte hartzen duten geneak eta beste espezie batzuen geneekin konparatu. Ikusmenari dagokiola, tuatara animalia gautarra bada ere, egunekoa zen arbasoaren geneak mantendu ditu eta, ondorioz, koloreetan ikusteko gaitasuna mantendu du, bai eta argi-maila baxuetan ere. Usaimenari dagokiola, hegaztiek beste usain-hartzaile dituzte tuatarek, baina krokodiloek edo dortokek baino gutxiago. Bi ezaugarri horiek direla eta, ikerlanaren egileek iradokitzen dute tuatarek, hegaztiek bezala, ikusmena erabiltzen dutela ehizatzeko eta ez, sugeek bezala, usaimena. Immunitatean parte hartzen duten geneei dagokiela, gene horien edukia eta konplexutasuna anfibioen eta ugaztunen antzekoa bada ere, gene horiek bestelako moduan antolatuta daude tuatararen genoman. Gorputzeko tenperaturan parte hartzen duten geneak aztertzerakoan, funtzio horretan parte hartzen duten hainbat gene aurkitu zituzten eta horietan ere hautespen-zantzuak aurkitu zituzten. Azkenik, tuatararen bizi-itxaropena oso luzea denez –batez beste 60 urtez bizi dira, baina 100 urtera arte bizi daitezke– oxidazioa murrizten duten geneak aztertu zituzten, zehazki selenoproteinak kodetzen dituzten geneak, eta ikusi zuten mota horretako gene gehiago dituztela gizakiak duen kopuruarekin alderatuta.

Tuatararen genoma hain luze izatearen arrazoia da haren ia bi heren errepikatzen diren gene-osagaiak direla; ornodunetan, batez beste, genomaren erdia izan ohi dira halako gene-osagaiak. Harritzekoa da errepikatzen diren gene-osagai horiek narrastien nahiz ugaztunen halako gene-osagaien ezaugarriak dituztela, ornodunen eboluzioa ulertzeko garrantzitsua izan daitekeen aurkikuntza. Errepikatzen diren gene-osagai horien artean transposonak aurkitzen dira, genomaren eskualde ezberdinen artean jauzi egiteko gaitasuna duten gene-osagaiak, hain zuzen ere. Ikertzaileek aurkitu zuten tuatararen genoman transposonen sorta zabalagoa dagoela beste ornodunen genomekin konparatuta. Gainera, horietako hainbat transposon orain gutxi arte aktibo egon direla ikusi zuten. Jakina da transposonak aktibo egoteak genomak moldatzen laguntzen duela eta, hortaz, ondoriozta daiteke transposonek tuatararen genoma moldatzen lagundu dutela. Ikertzaileek gaineratzen dute, genoma hain luzea izateko arrazoien artean, tuatararen genomaren heren bat inguru mila eta laurehun mila basetako sekuentzia berdinen kopiak direla.

tuatara2. irudia: Tuatararen genomak narrastien eta hegaztien genomen ezaugarriak ditu. (Successful4 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Tuatararen genoma beste 26 ornodunen genomarekin konparatu zuten narrasti eta hegaztien eboluzioan sakontzeko. Hala, baieztatu zuten tuatararen ahaiderik gertuenak sugeak eta muskerrak direla eta haiengandik orain dela 250 milioi urte inguru banatu zela. Baieztapen hori oso garrantzitsua da bai tuatararen bai suge eta lizarren sorrera eta eboluzioa hobeto ulertzeko.

Gainera, konparaketa horiek ere baliagarriak izan dira tuatarari buruzko eztabaida bat ebazteko: fosil bizidun bat al da? Ez da hau lehen aldia Zientzia Kaieran fosil bizidunen genomek dituzten berezitasunak aztertzen dituguna, eta zinez dira interesgarriak. Tuatararen kasuan eztabaida dator erregistro fosila guztiz osatua ez delako. Tuatara orain dela 230-240 milioi urte bizi izan zen ahaidearen oso antzekoa bada ere, ordutik hona fosil askorik iritsi ez zaigunez, ezin daiteke jakin tuatarak zein ezaugarri partekatzen zituen egun desagerturik dauden ahaideekin. Genoma aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten eboluzio-tasa motela duela eta horrek iradoki lezake tuatara fosil bizidun bat izatea. Gainera, eboluzio-tasa motel horrek, bere gorputz-tenperatura baxuarekin eta belaunaldi-denbora luzeekin batera, bereziki zaurgarria egiten du klima-aldaketaren aurrean.

maori3. irudia: Maoriak tuataren zaindariak dira eta beren parte-hartzea ezinbestekoa izan da tuatararen genoma aztertzeko. (Argazkia: Nydegger René – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Klima-aldaketak ekar dezakeen arriskua kontuan izanda, tuatararen kontserbaziorako gakoa espeziaren egitura jakitea izan daiteke. Horretarako aztertu zituzten hamarkadetan zehar eskuratu ziren laginak, eta ondorioztatu zuten tuatara espezie bakarra dagoela, Cooken itsasartean kokatzen den populazio bat pixka bat ezberdina bada ere. Horrela, gene-informazio hori erabilita, tuatararen kontserbaziorako eraginkorrak diren erabakiak har ditzakete beren zaindariek.

Azpimarratu beharra dago horrelako ikerketa bat egiteko beharrezkoa dela kalitatezko laginak lortzea. Hasieran aipatu bezala, tuatara maorientzat balio handiko altxorra da. Hori dela eta, lan hau gauzatzeko, ikertzaileak Zeelanda Berriko iparraldeko irlan kokatzen den komunitatearekin elkarlanean aritu dira, Ngātiwai iwi-arekin–jendearekin–, hain zuzen ere. Ikerketan erabakiak hartzeko orduan Ngātiwaiek parte hartu dute eta, horrela, maoriak eta beren usadioak aitortu, babestu eta errespetatu dira. Izan ere, ikertzaileek Ngātiwai iwi-arekin sinatutako akordioa eskuragarri jarri dute mota honetako ikerketak egiteko orduan eredu bezala erabili ahal izateko.

Laburtuz, lan honi esker tuatararen gene-altxor asko ezagutu ditugu eta, gainera, maorien interesak eta usadioak errespetatu dira. Izan bedi lan hau zientzia onaren, arduratsuaren eta gertukoaren eredu.

Erreferentzia bibliografikoak:

Gemmell, N.J., Rutherford, K., Prost, S. et al. (2020). The tuatara genome reveals ancient features of amniote evolution. Nature, 584, 403–409 (2020). DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-020-2561-9

Johnson, R. (2020). The remarkable tuatara finds its place. Nature, 584, 351-352. doi: 10.1038/d41586-020-02063-4

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Tuatara, gene-altxorra appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?

Al, 2020-09-14 09:00
Alejandro Cearreta eta Maria Jesus Irabien bilboko itsasadarreko sedimentuakIrudia: Bilboko itsasadarreko estuarioaren satelite-ikuspegia 2005ean. (Argazkia: NASA – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bilboko itsasadarra Kantauri itsasoko estuariorik handiena izan zen garai batean. Bertan metatutako sedimentuen altuera oso aldakorra da: Areatzan, adibidez, 10 m ditu, eta Areetan 30 m.

Sedimentu gehienak duela 12.000 urteko azken klima aldaketaren aurretik ibaiak ekarritako legarrak dira; horien gainean, itsasoaren goraldiak hurrengo milurtekoetan sartutako harea dago eta, azkenik, azken 4.000 urte hauetan pilatutako lohiak, itsas mailaren aldaketarik gabeko garai batean.

Naturak emandako funtsezko bi elementuren gainean oinarritu zen Bilboko garapen ekonomiko itzela: burdin minerala, lehengaia; eta estuarioa edo portu naturala. Biak muturreraino ustiatu dira azken 700 urteetan.

bilboko itsasadarreko sedimentuak1. ilustrazioa: Nerbioi ibaiaren eta haren inguruen geologiaren ezaugarriak. (Irudia: NorArte Studio)

Itsasadarraren jabaria eta haraneko lurrak izan dira, gainera, XX. eta XXI. mendeetako industria jardueren eta hiriaren hazkundearen euskarri fisikoa. Itsasadarra, egun, sorkuntza guztiz artifiziala da. Dikeen artean harrapatu zuten eta ibilbidea moldatu zuten, nabigatzeko egokia izan zedin. XIX. mendean hasita, paisaia berri bat gailendu zitzaien gainerako guztiei: fabriketako kea, burdinbideak, hiriaren hazkunde itogarria… Hitz bitan, industriak ekarritako etenik gabeko mugimendua.

1854an itsasadarreko paduretan lehen labe garaiak eraiki zirenetik, inguruaren ezaugarri naturalak eraldatu zituen gizakiak, hiriaren, industriaren eta portuko jardueren garapenaren mesedetan. Jatorrizko estuarioaren tamaina murriztu zen eta jabaria okupatu zen, hiritik itsasoraino zihoan itsas kanal bat osatu arte (1885).

Azken 150 urteetan, kontrolik gabe isuri dira itsasadarrera meatzeetako, fabriketako eta etxeetako hondakinak. Horren ondorioz, ibaiaren ezaugarri fisiko-kimikoak narriatu egin ziren. Uretako oxigeno kontzentrazioa izugarri murriztu zen, egoera anoxikoak eragiteraino. Uraren kalitate mikrobiologikoa eskasa zen, eta sedimentuetan konposatu kimiko organiko eta inorganikoen kontzentrazio handiak pilatu ziren.

Garapen jasanezin horren eraginez, 1970eko hamarkadarako itsasadarra estolda nabigagarri bat zen, eta Europa osoko hiri kutsatuenetako bat zeharkatzen zuen.

Sedimentuen azterketa geologikoak arazoaren muntaren ikuspegi historiko bat ematen digu eta aukera ematen digu hiru zona definitzeko, gainazaletik beherantz:

  1.  Mikrofaunarik gabeko aldi industrial bat, muturreko metal kontzentrazioekin eta mikrofosilik gabekoa, 1950eko hamarkadatik aurrera.
  2. Aldi industrial mikrofaunadun bat, non batera ageri baitira metal kantitate handiak eta mikrofosil ugariak, 1850etik 1950era.
  3. Industriaurreko aldi bat, metalen eta mikrofosilen kontzentrazio naturalak dituena, eta klima aldaketaren ondorengo milurtekoetan itsasoaren igoerarekin batera sortutako itsasadarrari dagokiona.
bilboko itsasadarreko sedimentuak2. ilustrazioa: Itsasadarreko sedimentuek Bilbo hiriaren garapen-etapen berri ematen dute. (Irudia: NorArte Studio)

Alabaina, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan nabarmen murriztu zen itsasadarrera botatako materia organiko eta gai kutsatzaileen kopurua, batik bat ingurumena babesteko politikak abiarazi zirelako, fabrika handi batzuk itxi zirelako isurketa sistemak hobetu zirelako, 1984an abiarazitako saneamendu integraleko plan instituzional baten bidez.

Epe luzeko monitorizazio-programek erakutsi zuten hobekuntza nabaria zela uraren ezaugarrietan, gainazaleko sedimentuen kalitatean eta ingurumen parametroetan. Horrez gain, metalen kontzentrazioek behera egin zuten oro har 1997tik eta 2003ra, kutsaduraren iturriak murriztu zirelako eta tratamendu biologikoa egiten hasi zirelako Galindoko araztegian, 2001ean.

Hobekuntza horiek gorabehera, 2003an itsasadarraren eremu zabalean baldintzak ez ziren biotaren garapenerako aproposak oraindik ere. 2009tik aurrera, ordea, organismoak nabarmen ugaldu eta zabaldu ziren. Horrela, estuarioaren beheko eremutik goikoa ere kolonizatu zuten. 2014rako, itsasadar guztira zabaldua zegoen espezieen indibiduo bizien kopuru esanguratsu bat.

2003ko geruza industrialaren gainean, organismoen dentsitate onak ditugu, bai eta metal kantitate hobetu baina aldakorrak ere. XXI. mendearen hasieran, aldaketa sozioekonomikoek ekonomia industrial batetik zerbitzu ekonomia baterako trantsizioa ekarri zuten, eta hondakin uren bidezko kutsadura murrizteko neurriak funtsezkoak izan ziren suspertze biologikorako. Jatorrizko ingurumen egoeratik urrun gaude oraindik, baina goiko azken sedimentu-geruza hau «eremu postindustrial» berri gisa defini dezakegu.

Bilboko itsasadarrean gertatzen ari diren ingurumen hobekuntzako prozesuekin batera, bere horretan dirauen herentzia negatibo bat dugu: sedimentuetan lurperatutako gai kutsatzaileen kantitate handiak. Aldaketa batzuk itzulezinak dira (adibidez, hiriaren eta industriaren okupazioaren ondorioz galdutako estuarioko jatorrizko ekosistemak). Beste batzuk, ordea, hasiak dira hobera egiten, hala nola ur eta sedimentuen kalitate geokimikoa eta komunitate biologikoen garapena.

Jalkitzen ari den sedimentu geruza berri horien jarraipen erregular batek informazio erabilgarria emango digu ingurumen kudeaketari buruzko erabaki egokiak hartzeko eta itsasadarraren leheneratzearen eta giza jardueren arteko oreka hauskorra mantentzen lagunduko du.

Egileez: Alejandro Cearreta EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da eta Maria Jesus Irabien EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da.

Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

The post Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #315

Ig, 2020-09-13 09:00
Uxue Razkin Solar System Electricity Production PhotovoltaicOsasuna

COVID-19aren txertoaren proba klinikoak eten dituzte Oxford Unibertsitateak eta Astrazenecak saio klinikoen III fasean, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez. Badirudi partaideetako batek osasun-arazo larriak izan dituela. Dena den, adituek esan duten moduan, honek erakusten du txertoak garatzeko prozedura gardena eta fidagarria dela. Oraindik, beste zortzi hautagai daude III fasean.

COVID-19aren txertoa iristen denean, etikoki banatzeko proposamen bat egin dute nazioarteko etika-adituen talde batek, Osasunaren Mundu Erakundearen babesa duela. Bi aukera daude mahaigainean: alde batetik, dosiak herrialdeek duten populazioaren proportzioan jasotzea eta bestetik, adinekoek eta osasun-langileek lehentasuna izatea. Xehetasun gehiago Elhuyar aldizkarian dituzue irakurgai!

COVID-19aren inguruko informazio eguneratua ekarri digu beste behin Koldo Garciak. Karaktere gutxitan dena azaldu digu. Ezin duzue hau galdu!

COVID-19a dugu begi-bistan, baina ezin dugu ahaztu gripearen sasoia hastear dagoela. Une egokia da horri buruz gehiago jakiteko!

Koronabirusaren sintomak luzaroan dituzten gaixoak elkarrizketatu dituzte honetan. Horien artean dago Irantzu Espartza. Berrian kontatzen duenez, martxoan gaixotu eta sendatu zen, baina maiatzean berriro agertu zitzaizkion sintomak eta geroztik, bereziki, muturreko nekea du.

Ingurumena

Ingurumen kutsadurak zortzi heriotzatik bat eragiten du Europan, Europako Ingurumen Agentziak argitaratutako txosten baten arabera. Airearen poluzioa da eragile nagusia: 400.000 heriotza eragiten ditu. Haren atzetik: kutsadura kimikoa, akustikoa eta klima aldaketa. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.

Energia berriztagarriek meatzaritzaren bitartez lortzen ditu ere bere osagaiak eta Queenslandeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek meatzaritza horrek bioaniztasunean duen eta izango duen inpaktua kalkulatu dute. Ikusi dute munduan 50 milioi kilometro karratu egokiak izan daitezkeela meatzaritza egiteko. Horretaz gain, baliabideak zeintzuk diren identifikatu eta euren erabilgarritasunari erreparatu diote.

Astrofisika

Txinako Espazio Administrazio Nazionalak (CNSA) ilargira bidali zituen Chang’e 4 espazio-ontzia eta Yutu 2 ibilgailua. Azken honen radarrari esker, lehen emaitzak jaso dituzte. Ilargiaren historia geologikoa ezagutu nahi? Ez galdu Elhuyar aldizkariak eman dizkigun datuak!

Kimika

Abuztuaren 4an Beiruten gertatutako eztandari buruz irakurtzeko aukera izango duzu artikulu honetan. Zehazki,leherketa hori zergatik gertatu zen ulertzeko abagunea dugu. Amonio nitratoaren eraginez gertatu zen. Baina, zer da, beraz, amonio nitratoa?

Mikrobiologia

Ikerketa batek dio tenperaturen gorakadaren arabera hedatuko direla Sahara azpiko Afrikan eltxoek transmititzen dituzten gaitzak. Adibidez, malariak behera joko du, baina dengea eta chikungunya bezalako gaitzek gora joko dutela aurreikusi dute ikertzaileek, batez ere hirietan. Elhuyar aldizkariak azaldu dizkigu xehetasunak.

Geologia

XIX. eta XX. mendean zehar, Bizkaiak garapen ekonomiko, teknologiko eta soziala bizi izan zuen. Izan ere, garapen erraldoi horren atzean bazeuden faktore batzuk, hala nola ekonomia eta legeria baldintza egokien sorrera, eskulan ugaria eta merkea, meatzaritzaren arloko enpresa garapena eta batez ere, ezaugarri ekologiko oso egokiak. Azken ezaugarri horren azalpenari heldu dio Alex Francok honetan. Ez galdu!

Neurozientzia

Pentsamenduak bizio sistematikoen eragin handia du. Adibide batzuk eman dizkigute testu honetan. Esaterako, gainerakoen iritzietan hautematen ditugu isuriak edo joerak, baina ez gureetan. Efektu horrek badu izena: puntu itsuko aurreiritzia. Beste bat: statuquo izenekoa. Beste modu batera esanda: gauzek bere horretan jarraitzea nahi dugu.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #315 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #319

La, 2020-09-12 09:00

 

 

Gaixotasun neurodegeneratiboetan ohikoak diren amiloide plaken irregulartasunak aztertzea ahalbidetzen du mikroskopia metodo berri batek. Ohiko piezekin egina eta kode irekia du gainera. Rosa García- Verdugoren A microscopy method to look at amyloid protein structure

Gilaren urpekuntziaren txisteak zioen: “kolorea ondo, baina ez du flotatzen”. Osasun materiala transportatzeko dronak erabiltzearen ideia oso ona da, bereziki muturreko lekuetan, baina praktikoa izateko limitazio gehiegi ditu. Julián Estévez-en The limitations of drones for medicine delivery

Informazio esperimental ez osoa duten fenomenoetan ezinbesteko dira lehen printzipioen simulazioak. Hidrogeno metalikoa, esaterako. DIPCkoek jakin dute fase honetan infragorriari gardena dela, metal beltza dela. Black metallic hydrogen due to proton quantum fluctuations

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #319 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ane Zabaleta: “Uraren plangintza eta lurraren antolamendua, biak bat joan behar dira” #Zientzialari (138)

Or, 2020-09-11 09:00

Ur-sistemak ulertzen saiatzen garenean, ura prezipitazioetatik lurrera sartzen denetik lurruntzean irteten denera arte aztertu behar dugu. Gainera, sistema hauek ikertzean ez ditugu iturburu edo ibai konkretuak analizatzen, akuiferoak edo ibai arroak baizik.

Ur-sistemak ezagutzea oso baliagarria izan daiteke lurraldearen erabilera eta ziklo hidrologikoen artean dagoen erlazioa ulertzeko, adibidez. Izan ere, landareek, basoek edo larreek esaterako, ur kantitate desberdinak kontsumitzen dituzte.

Gai honetan sakontzeko Ana Zabaletarekin bildu gara. Ane, UPV/EHUko Hidroingurumeneko Prozesuak ikerketa-taldeko ikertzailea da eta Zientzia Fakultateko Geodinamika Saileko irakaslea.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ane Zabaleta: “Uraren plangintza eta lurraren antolamendua, biak bat joan behar dira” #Zientzialari (138) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Energia berdea ere mineralez gose dator

Og, 2020-09-10 09:00
Juanma Gallego

Energia berriztagarriek meatzaritzaren bitartez baino lortu ezin daitezkeen osagaiak behar dituzte, eta, horretarako, lurra zulatu behar da ezinbestean. Ikertzaile talde batek meatzaritza horrek bioaniztasunean duen eta izango duen inpaktua kalkulatu du.

energia1. irudia: Zibilizazioaren hastapenetatik zabalduta dago meatzaritza, baina orain mundu osora hedatu da, baita bioaniztasunaren ikuspuntutik garrantzi handikoak diren guneetara ere. (Argazkia: Dominik Vany / Unsplash)

Gutxi dira munduan meatzaritzatik kanpo geratzen diren eremuak, eta gutxiago izango dira etorkizunean. Eskurago dauden mineralak agortzen diren heinean, leku zailagoetan bilatu beharra dago. Horren adibide da Citronen fiordoan (Groenlandia) dagoen nikel meatzea. Globalizazioaren paradoxak, Australiako enpresa bat dago munduaren beste puntan dagoen proiektuaren atzean, txinatarren laguntza ekonomikoarekin. Urte batzuk daramatzate munduan iparrekoen dagoen meatze horri etekina atera nahian, baina ez da kontu erraza. Ez da, inolaz ere, proiektu bakarra; Groenlandia osoa urratu gabeko baliabideen paradisua da, eta bertako biztanleek urteak daramatzate eztabaida etiko baten erdian: Danimarkatik datozen laguntzen bidez bizitzen jarraitu ala horiei uko egin eta independentzia eskuratu, bertako baliabideak kanpotarrei salduta.

Groenlandian bezala, munduko leku askotan meatzaritza proiektuek eta natura basatiak talka egiten dute, eta arazoak luze joko du. Ez pentsa mineralen beharra petrolioan eta ikatzean oinarritutako ekonomia zahar baten oroimena denik. Are gehiago, bidean den ekonomia berriak mineralekiko duen dependentzia ekonomia zaharrak zuena baino handiagoa izango da.

Queenslandeko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek talka horri zenbakiak jarri dizkiete. Horretarako, mundu osoan zehar meatzaritzari lotutako 62.381 toki kontuan hartu dituzte: oraindik martxan jartzekoak direnak, martxan direnak edota dagoeneko itxita dauden instalazioak. Jomugan duten baliabidearen arabera sailkatu dituzte ustiaketak, energia berriztagarrietarako beharrezkoak diren metalak eta mineralak ote diren jakiteko. Ondoren, gune horietatik gertu dauden naturaguneen egoerari erreparatu diete. Horretarako, puntu bakoitzaren inguruan 50 kilometroko erradioa duen zirkulu bat marraztu dute, eta bertan dagoen bioaniztasunaren egoera jaso dute.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako analisi batean ikusi dute munduan 50 milioi kilometro karratu egokiak izan daitezkeela meatzaritza egiteko. Horrek munduko lur idorraren %35 suposatzen du, Antartika alde batera utzita. Eremu horien %82 energia berriztagarrietarako beharrezkoak diren materialen jatorri dira. Horietatik, %12 babestutako eremuak dira, %7 bioaniztasunerako gako dira, eta %14 eremu basatiak dira.

Baliabideei dagokienez, orotara 40 bat kontuan hartu dituzte, guztiak energia berriztagarrietan erabiltzeko modukoak. Adibidez, litioa, grafitoa eta kobaltoa baterietarako beharrezkoak dira; zinka eta titanioa, energia eoliko eta geotermikorako; eta kobrea, nikela eta aluminioa erabilera sorta zabal batean erabilgarriak dira.

Laura Sonter ikertzaileak nabarmendu du energia berriztagarriek erregai fosilek baino materialen kontsumo handiagoren beharra dutela, eta, hortaz, aurreikusi daitekeela material horien kontsumoa indartuko dela datozen hamarkadetan. Ez da susmo hutsa: Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, halako materialen ekoizpena %500 handituko da 2050. urtearen bueltan.

energia2. irudia: Mapa batean marraztu dute energia berriztagarrietan erabiltzeko modukoak diren meatzeen dentsitatea, materialaren arabera: funtsezko mineralak direnean, urdinez; bestelako mineralak direnean laranjaz. Mineral mota biak jomugan dituzten ustiategiak, arrosaz. Kolorearen bizitasuna meatze-dentsitatearen araberakoa da. (Irudia: Nature Communications – Juanma Gallegok euskaratuta)

3.000 milioi tona beharrezkoak izango dira mende honetan batez besteko tenperaturek 2 ºC baino gehiago ez igotzea nahi badugu. Gaur egun mundu mailan mix energetikoaren %17 lortzen da energia berriztagarrien bitartez —Europako Batasunak 2030. urtean portzentajea gutxienez %27 izatea nahi du—, eta aditu gehienak bat datoz: portzentaje hori handitu beharko da klima aldaketaren ondorioak arintzeko. Gauzak horrela, martxan jartzen ari diren meatze berri gehienak (%84) material hauek dituzte jomugan. Orain jardunean ari diren meatzeen kasuan, berriz, portzentajea %73 da.

James Watson ikertzailearen esanetan, orain arte faktore hau ez da kontuan hartu nazioarteko klima politiketan, ez behintzat “modu serioan”. Horregatik, gaiaren haritiko “plangintza estrategiko” bat garatu behar delakoan dago.

The Conversation hedabidean idatzitako artikulu batean adituek ikertutako gaian sakondu dute. Lerroburua bera laburpen guztiz argigarria da: “Energia berriztagarriek mundu naturala salba dezakete; baina, kontuz ibiltzen ez bagara, kalte egin ahal diote ere”.

Australiaren adibidea jarri dute ikertzaileek. Herrialde horrek munduko litioaren erdia ekoizten du, eta lur arraroak dituzten herrialdeen artean, seigarrena da. Baina, modu berean, arriskuan dauden espezie asko ere badira bertan, eta baita bizimodu tradizionala mantentzen duten komunitate indigenak ere.

Ohartarazi dute askotan leku zaurgarrietarako egiten diren kontserbazio planetan ez direla kontuan hartzen meatzaritzari lotuta agertu daitezkeen arriskuak. Hortaz, arrisku horiei aurre egiteko estrategiak prest edukitzeko gomendioa egin dute.

Ohi bezala, artikuluak txaloak jaso ditu, baina baita kontrako iritziak ere, The Conversation atarian bertan, sare sozialetan edota Science Media Centre bezalako guneetan irakur daitekeenez. Gehien kritikatutako irizpidea meatze baten eragin potentziala 50 kilometrokoa izatea da. Gurera ekarrita, horrek esan nahiko luke ontzat jo dutela Amurrion kokatutako meatze batek Urdaibaiko edota Urkiolako bioaniztasunean eragina izan dezakeela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sonter, L.J. et al. (2020). Renewable energy production will exacerbate mining threats to biodiversity. Nature Communications, 11, 4174. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-020-17928-5

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Energia berdea ere mineralez gose dator appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ustezko gehiagotasuna eta beste bizio mental batzuk

Az, 2020-09-09 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Inork ez du bere burua ergeltzat hartzen. Are gehiago, ez dugu guztiek uste edozein ergel egiatan ergela denik; ziur aski, haren familiakoek eta adiskideek ere ez dute senideaz edo lagunaz hain iritzi txarra izango.

ustezko gehiagotasunaIrudia: Dunning-Kruger efektuak autoebaluazioak eragiten duen isuri kognitiboa deskribatzen du. (Argazkia: Elias Sch. – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kontu hori objektibatzeko eta gure ezagunak nahiz gu geu zenbateraino mugatuak garen adosteko zailtasunak ditugu, hein batean, pentsamenduak bizio sistematikoen –isuri deritzenen– eragin handia duelako. Bizitzen laguntzen diguten bizioak dira, eta batzuk behintzat buruan sendo errotuta ditugu, gure arbasoei ondorengoak izaten lagundu zietelako; hori dela eta, joera horiek iraun eta betikotu egin dira. Beste batzuk, agian, adimenak lan egiten duen moduaren azpiproduktu saihetsezinak dira. Hala ere, komeni da horiez kontziente izatea eta haiek geure baitan identifikatzen ahalegintzea. Horrela bakarrik arinduko ditugu haien ondorioak, nahiz eta ez garen horiez inoiz guztiz libratuko. Hona adibideak.

Gainerakoen iritzietan hautematen ditugu isuriak edo joerak, ez ordea gureetan. Efektu horri puntu itsuko aurreiritzia deitzen zaio, eta autohobekuntza izeneko motibazioan du jatorria; alegia, geure buruaz iritzi positiboa izatea eragiten digu. Jakina, oso erabilgarria da, bai oztopoak gainditzen laguntzen digulako, bai zoritxarretan gure onena eman dezagun. Kontrara, asko zailtzen ditu hobekuntzak, are gutxiago beste batzuek esaten badigute ez garela ondo ari.

Beste isuri oso zabaldu bat statu quo izenekoa da; hau da, gauzek bere horretan jarraitzea nahiago dugu, aldaketa gure kalterako dela uste baitugu (edozein aldaketak okerrera egingo duen sentimendua). Joera horren ondorioz, adibidez, ohiturei eusten diegu, hauteskundeetan boza nori eman finkatzen dugu edo ez dugu aldatzen freskagarri marka kutuna.

Bestelakoa da jokalariaren (apustulariaren) falazia; hau da, lehenago askotan gertatu den zerbait berriz ere gertatzeko probabilitatea txikiagoa dela uste izatea, edo alderantziz. Falazia horren oinarria da: iraganeko ausazko gertaerek etorkizunekoak baldintzatzen dutela ustea. Txanpona airera jaurtitzen dugun hurrengo aldian aurkia irtengo den probabilitatea ez da handiagoa lehenagoko sei alditan ifrentzua irteteagatik. Baina baietz pentsatzen dugu.

Joera bat nabarmendu behar banu, gizarte inplikazioei dagokienez bederen, Dunning-Kruger efektua hautatuko nuke. Oso sinplea da, baina sekulako ondorioak ditu. Ustezko gehiagotasuna ere esaten zaio; gaitasun intelektual txikia duten pertsonek kontrakoa uste izateko joera dute. Alegia, oro har, ezgaienek besteak bezain ezgaiak ez direla uste izaten dute; izan ere, oso buruargiak direla uste dute. Horrela pentsatzeko arrazoia da beren ezintasunak berak eragozten diela horretaz konturatzea. Intelektualki gogobetegarria den mundu batean bizi dira, eta gainerakoak baino argiagoak diren uste osoa dute, erabat engainatuta badaude ere.

Efektu horrek atzealdea ere badu: ohiko samarra da gaitasun intelektual edo talentu handiena dutenek iruzurgilearen sindromea edukitzea. Alegia, alboan dituztenak baino gutxiago direla uste dute eta are euren konpainia merezi ez dutela ere.

Isuri gutxik izan dezakete Dunning-Kruger efektuak bezalako eragin suntsitzailea: pentsa, bestela, bizitza profesionala birusen eta pandemien ikerketan eman dutenak baino gehiago dakitela uste duten ezjakin horietan guztietan.

Oharra: Duning Kruger efektuari buruz informazio gehiago “Lo que los sabelotodos no saben, o la ilusión de competencia” artikuluan.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Ustezko gehiagotasuna eta beste bizio mental batzuk appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Beiruteko leherketa eta amonio nitratoa

Ar, 2020-09-08 09:00
Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz

Abuztuaren 4an Beiruten gertatutako eztandak oihartzun handia izan du mundu osoan; iturri ofizialen arabera 190 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago egon ziren eta milaka lagunek beren etxeetatik alde egin behar izan zuten. Portuan gertatuko leherketa ikaragarria izan zen: handik 3 kilometrora dauden etxebizitzen leihoak ere apurtu zituen hedatze-uhinak. Baina zerk eragin zuen eztanda bortitz hau? Leherketa amonio nitratoaren eraginez gertatu zen.

amonio nitratoaIrudia: Beiruteko portua leherketaren ostean. (Argazkia: telam.com.ar)

Amonio nitratoa gatz zuri bat da, amonioa eta azido nitrikoa erreakzionatuz lortzen dena. Batez ere ongarriak egiteko erabiltzen da, nitrogenoan aberatsa baita. Horretaz gain, lehergailuak egiteko ere erabiltzen da, meatzaritzarako eta eraikuntzarako.

Amonio nitratoa giro tenperaturan baldin badago eta ez badu beste ezpurutasunik ezin du eztanda egin, substantzia oxidatzailea baita. Baina berotuz gero edo ezpurutasunen presentzian eztanda egiteko duen gaitasuna nabarmen areagotzen da. Amonio nitratoa 230 °C-ra berotzen bada deskonposatu egiten da eta, 260 °C-tik gora, eztanda egin dezake. Ezpurutasunei dagokienez, substantzia organikoak baldin baditu areagotu egiten da eztanda egiteko probabilitatea, substantzia organikoek erregai bezala jokatzen baitute. Amonio nitratoa deskonposatzerakoan nitrogenoa, ur lurruna eta oxigenoa gasak sortzen dira. Gas horiek eta prozesuan askaturiko energiak eragiten dute uhin hedatzaile suntsitzailea. Beiruteko kasuan Richter eskalan 3.3 graduko dardara erregistratu zen.

Eztanda gertatu eta berehala itxura oso berezia duen lainoa sortu zen, onddo antzekoa. Laino mota honi Wilson lainoa deritzo eta eztanda ingurune hezean gertatzen denean sortzen da. Honela, leherketan sortu den gas beroa igotzen hasten da, baina igo ahala hoztuz doa, eta inguruko airearen tenperatura berdina duenean dispertsatu egiten da. Beiruten izandako eztandan ke gorria ere ikusi zen. Horrek leherketan amonio nitratoa zegoela adierazten zuen; izan ere, albo-erreakzioetan nitrogeno dioxidoa sortzen da, kolore gorria daukan konposatua.

Zoritxarrez, amonio nitratozko eztanda ugari egon dira historian zehar. Egin diren estimazioen arabera, amonio nitratoak eragindako eztanda handiena Frantzian gertatu zen 1947an. Bertan konposatu horren 3.000 tonak eztanda egin zuten, eta 30 hildako, milaka zauritu eta kalte handiak sortu zituzten. Texasen ere antzeko kantitate batek egin zuen eztanda, 2.960 tonak, eta ia 600 hildako eta 3.000 zauritu baino gehiago utzi zituen. Datu horien arabera, Beiruten gertatutako leherketa amonio nitratoak eragindako handienen artean kokatzen da (2.750 tona), Frantziakoaren eta Texasekoaren ondoren. Eztanda txikiagoak ere gertatu izan dira Txinako Tainjin hirian (2015, 800 tona), Alemaniako Oppau hirian (1921, 450 tona) edota Irango Neyshabur hirian (2004, 400 tona).

Amonio nitratoaren ahalmen suntsitzailea dela eta, Vytenis Babrauskas zientzialariak historian zehar egon diren istripuak aztertu ditu. Egindako azterketaren arabera, istripu guztiak sute baten ondoren gertatu ziren. Babrauskasen arabera, bi estrategia daude amonio nitratoaren arriskua murrizteko: alde batetik, amonio nitratoa gordetzeko erabiltzen diren biltegiek suarekiko babestuta egon behar dute eta sute bat sortzen denerako modu azkar eta eraginkorrean itzaltzeko instalazio egokiak izan behar dituzte. Bestalde, amonio nitratoari murriztu egin behar zaio sua hartzeko erraztasuna. Horretarako, nitrato purua erabili ordez beste konposatu kimiko batzuk gehitzeko aukerak ikertu dira.

Erreferentzia bibliografikoa:

Babrauskas, V. (2016). Explosions of ammonium nitrate fertilizer in storage or transportation are preventable accidents. Journal of Hardous Materials, 204, 134-149. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhazmat.2015.10.040

Iturriak: Egileez:

Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

The post Beiruteko leherketa eta amonio nitratoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako: erantzunak

Al, 2020-09-07 16:00
Javier Duoandikoetxea

1. Niko eta Aneren artean 80 euro dituzte. Nikok Aneri honek duen beste diru eman dio. Ondoren, Anek Nikori galdetu dio ea zenbat diru duen eta beste horrenbeste eman dio. Gero, Nikok berriro eman dio Aneri honek duen beste diru eta ezer barik gelditu da. Zenbat diru zuen Nikok hasieran?Erantzun zuzenak heldu dira eta ondo azalduta. Bide aljebraikoa, aldagaiak erabiliz, edo atzekoz aurrera, aljebra erabili barik; bietara ikusi dugu erantzuna.

Hasieran Nikok x euro eta Anek y euro badituzte, hauek dira urratsak:

Niko

Ane

x

y

x-y

2y

2x-2y

2y-(x-y)=3y-x

2x-2y-(3y-x)=3x-5y

6y-2x

 


Amaieran Nikok 0 euro eta Anek 80 euro dituztenez, urrats bakoitzean nork bikoizten duen kontuan hartuta, atzekoz aurrerako taula hau bete dezakegu:

Niko Ane 0 80 40 40 20 60 50 30

Hortaz, hasieran Nikok 50 euro zituen eta Anek, 30.

2. Karta batzuetan idatzita daude bi zifrako lehen bederatzi zenbaki lehenak (11 da txikiena eta 41 da handiena). Kartak ordenatu nahi ditugu erregela hau betez: elkarren alboan dauden karten zenbakien aldea 2-ren berretura da. Zenbat modutan egin dezakegu?

Erantzun zuzen bat hartu dugu: lau modutan egin daiteke. Badirudi baten batek ez zuela galdera ulertu, zenbaki lehen terminoa zer zen ez zekielako. Argi dezagun, hasteko, euskarazko zenbaki lehen hori número primo (es) edo nombre premier (fr) dela.

Bi zifrako lehen bederatzi zenbaki lehenak hauek dira: 11, 13, 17, 19, 23, 29, 31, 37 eta 41. Eta ordenatzeko agindua da elkarren alboan dauden zenbaki biren arteko aldea 2, 4, 8 edo 16 izatea. Eskema honek erakusten du zein joan daitekeen zeinen alboan:

Bistan da 41 mutur batean egongo dela. Jar dezagun hasieran. Derrigorrean, 41-37-29 izango dugu, eta hurrengoa 13 edo 31 izango da. Erraz ikusten da 13-rekin jarraituz gero, ezin direla denak hartu. Beraz, 41-37-29-31-23-19 lortuko dugu. Hortik amaitzeko aukera bi ditugu, 17-13-11 edo 11-13-17. Gainera, zerrenda biak atzekoz aurrera hartuta, beste bi lortzen dira. Hauek dira soluzioak:

3. ABC triangelua zuzena da (A-n du angelu zuzena). AB = 3 m eta AC = 4 m dira. DE eta BC paraleloak dira eta 1 m da bien arteko distantzia. Zein da ADE triangeluaren azalera?

Triangeluak antzekoak dira (angeluak berdinak, aldeak proportzionalak). Luzeren arteko erlazioa aurkitu behar dugu.

Triangelu handiaren katetoak 3 eta 4 direnez, hipotenusa 5 izango da. Azalera (3×4)/2 = 6 m2 da. Hortaz, hipotenusari dagokion altuera (A erpinetik beheraino), 2.4 m da. DE-tik oinarrira 1 m dagoenez, triangelu txikiaren altuera 1.4 m izango da. Beraz, luzeren arteko proportzioa 1.4/2.4 edo 7/12 izango da. Triangelu txikiaren aldeak 3×7/12, 4×7/12 eta 5×7/12 izango dira. Eskatutako azalera 49/24 m2 da. Iñakiren erantzuna zuzena da, beraz.

4. 39-ren zatitzaileak 1, 3, 13 eta 39 dira. Zatitzaileen azken zifrak 1, 3 eta 9 dira. Zein da zatitzaileen azken zifretan 0-tik 9-rainoko guztiak dituen zenbakirik txikiena?

Zatitzaile baten amaierako zifra 0 bada, zenbakiarena ere bai. Hortaz, 10-en multiplo bat behar dugu. Beste zatitzaile baten azken zifra 9 bada, zatitzaile hori 9, 19, 29… izango da.

Demagun 9 dela zatitzailea; orduan, 90-en multiplo bat bilatzen dugu. 90-en zatitzaileak 1, 2, 3, 5, 6, 9, 10, 15, 18, 30, 45 eta 90 dira. Bakarrik 4 eta 7 amaierak falta dira. Baldin 90 x 2 = 180 hartzen badugu, 4 amaiera lortzen dugu, baina ez 7.  Baina 90 x 3 = 270 hartuz gero, orduan bai ditugu amaiera guztiak, 27 eta 54 zatitzaileak direlako.

Zergatik da 270 txikiena? 19 zatitzailea bada, 190-en multiploak beharko genituzke. 190 berak ez du baldintza betetzen eta gainerakoak 270 baino handiagoak dira. 29 edo handiagoa bada 9 amaiera duen zatitzailea, edozein aukera 270 baino handiagoa da.

Koldotxuk erantzun zuzena utzi digu. Bidalitako beste erantzunak, 2520,  ariketaren baldintza orokorra betetzen du, baina ez da lor daitekeen txikiena.

5. Zirkulu baten erradioa Zati bat jan diogu, zentrotik pasatzen den 1 erradioko zirkulu bat gainezarriz. Zenbat da zirkulu handiari gelditzen zaion azalera?

 

Zirkulu handiaren azalera 2p da eta txikiarena, p.

Irudiko OAB triangelua zuzena da, Pitagorasen teoremak erakusten duenez. Triangelu horren azalera 1 da.

 

AB zuzenkia zirkulu txikiaren diametroa denez, horren ezkerretara kendu dugun azalera, p/2 izango da. Eskuinetara kendu dugun azalera kalkulatzeko, zirkulu handiaren OAB sektoreari triangelua kendu beharko diogu. Sektorea zirkulu osoaren laurdena da, zentroan eratzen duen angelua zuzena delako. Beraz, sektorearen azalera 2p/4 = p/2 izango da, eta kendu duguna p/2-1.

 

Dena kontuan hartuta, zirkulu handiari gelditzen zaiona hau izango da:

Galder Gonzalezek eman du erantzun zuzena ariketa honetan.

6. Zenbaki oso bati 52 kenduta eta 52 gehituta, bietan karratu perfektuak (zenbaki osoen karratuak) lortzen dira. Aurkitu propietate hori duten zenbaki guztiak.

Izan bedi N bilatzen dugun zenbakia. Hau dakigu:

Hemen, p eta q zenbaki osoak dira. Ekuazioen kendura eginez, edo batean N askatuta bestean ordezkatuz, hau lortzen dugu:

104 zenbaki oso biren biderkadura moduan honela idatz daiteke:

Hortik, aukera hauek ditugu:

  • q + p = 104,  q – p = 1;
  • q + p = 52, q – p = 2;
  • q + p = 26, q – p = 4;
  • q + p = 13, q – p = 8.

 

Bakarrik bigarrenak eta hirugarrenak ematen dituzte balio osoak p eta q-rako, eta hauek dira:

Horiekin,  N = 677  eta  N = 173 balioak ateratzen dira.

Iñakik eman du ariketa honen erantzun zuzena.

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean

Al, 2020-09-07 09:00
Alex Franco burdin mearen garraioa1. irudia: Bilboko itsasadarra, Portugalete eta Getxo artean. (Argazkia: LBM1948 – Creative Commons Attribution-Share Alike 4.0 International lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Bizkaiak garapen ekonomiko, teknologiko eta soziala izan zuen XIX. mendearen bigarren erdian, eta bere goreneko mailara iritsi zen mende horren bukaeran eta XX. mendearen hasieran.

Garapen hori zenbait faktorek bat egitearen ondoriozkoa izan zen:

  • Ezaugarri geologiko oso egokiak. Azaleratutako burdinaren mineralizazio handia, eta mineralak ustiatzea eta garraiatzea ahalbidetzen zuen geomorfologia egokia.
  • Mineral kopuru handiak ustiatzeko eta esportatzeko lagungarri izan ziren ekonomia eta legeria baldintza egokien sorrera.
  • Eskulan ugaria eta merkea, inguruko herri eta eskualdeetatik etorria. Jo eta ke lan egin zuten, kasu batzuetan baldintza penagarrietan, baina balio eta garrantzi sozial handiko elkarte mugimenduetan antolatzeko adorea eta harrotasuna ere izan zuten. 1910ean, 13.000 pertsona inguruk egiten zuten lan meategietan.
  • Meatzaritzaren arloko enpresa garapena, zeinak tokiko negozioak sortzeko erraztasuna, aukera eta sena izan baitzuen, baina esparru ekonomiko zabalagoarekin. Meatzaritzaren garapen horrek berekin ekarri zuen beste sektore batzuk ere garatzea: bankuak, aseguru etxeak, enpresa siderurgikoak, trenen arlokoak, ontziolak, ontzi konpainiak, etab.).
1. ilustrazioa: Nerbioi ibaiaren eta haren inguruen geologiaren ezaugarriak. (Irudia: NorArte Studio)

Faktore horietako bati emango diogu arreta: ezaugarri geologikoei. Faktore hori esanguratsua izan zen, batetik, burdin meatokiak zeudelako bertan eta, bestetik, sortutako geomorfologia egokia zelako garraiobideak sortzeko, mineralak barne mailan garraiatzeko nahiz esportatzeko.

Bilboko itsasadarra inguratzen duen eremuko zorupea arroka sedimentarioek osatzen dute nagusiki. Arroka horiek arro sedimentario batean material detritikoak eta biogenikoak (nagusiki hareharriak, lutitak, kareharriak, margak eta margokareharriak) metatzearen, litifikatzearen, tolestearen eta higatzearen bidez sortzen dira. Kasu honetan, fenomeno hori Eusko-Kantauriar Arroan gertatu zen, zeina Iparraldeko Ozeano Atlantikoa eta Bizkaiko Golkoa zabaltzean sortu baitzen.

Ordutik, arro horrek bilakaera izan du eta itsas sedimentu ugari metatu dira bertan, higadura edo sedimentazio kontinentaleko egoeretatik igaroz, alboko presioak jasotzera iritsi arte (Orogenia Alpetarrean plaka iberiko eta eurasiarrek talka egin eta pixka bat biratzearen ondorioz). Presio horien ondorioz, lehendik zeuden arrokak tolestu, apurtu eta, beranduago, higatu egin ziren, egungo egoerara iritsi arte.

2. ilustrazioa: Bilboko itsasadarraren inguruko lurzoruaren azpian askotariko material eta egiturak daude. Kareharriak, hareharriak, bolkanikoak, lutitak eta margak, baita faila arrunt bat eta alderantzizko beste bat ere. (Irudia: NorArte Studio)

Eusko-Kantauriar Arroaren bilakaera luze horretan zehar, gainjarritako gertakari geologiko ugari erregistratu dira, baina bi hauek dira garrantzitsuenak aztergai dugun gairako:

  1. Burdin meatokiak sortzea eta oxidazio bidez aberastea.
  2. Ibaiko garraioa garatzeko geomorfologia egokia sortzea.

Bilbo inguruko burdin mineralizazio handienak Behe Kretazeoko kareharrietan ikus daitezke (Aptiarra eta Albiarra; 125 eta 90 milioi urteko antzinatasuna dute). Elkarren artean nahiko paraleloak diren bi zerrendatan multzokatuta daude, zeinak bat baitatoz eskualde erako egitura antiklinal baten (Bilboko Antiklinala) iparraldeko eta hegoaldeko alpeekin. Eremu mineralizatua Basauri eta Mioño (Kantabria) udalerrien artean dago.

Eremu horren sorrerari buruzko hainbat interpretazio daude. Meategi guztiak ez dira mota berekoak, baina bi taldetan sailka daitezke: masiboak eta filoniarrak.

Masiboak kareharrien ordezkapenei dagozkie. Kareharrietan (CaCO3) dauden siderita masak dira (FeCO3), hauekin batera: ankerita, kaltzita eta sulfuroak. Ordezkapenean parte hartzen duten bolumenak oso aldakorrak izan daitezke. Gallartako Bodovalle meategiak, 1993an itxitakoak, 50 Mt erreserba zituen kubikatuta.

3. ilustrazioa: Behe Kretazeoko kareharriak (~125-90 milioi urte), Bilboko Antiklinalaren bi aldeetan zeudenak, burdinaz aberastu ziren mineralizazio-prozesu batzuen bidez. (Irudia: NorArte Studio)

Filoniarrak ere oso ugariak dira. Filoi gehienek NW-SE orientazioa dute. Eskualde eskalako apurketekin lotzen dira. Lodiera desberdinak izan ditzakete, zentimetro batzuetatik metroetaraino bitartekoak (filoi ustiagarriak). Horien mineralogia mineralizazio masiboenaren antzekoa da: siderita, kuartzoa, ankerita eta, mineral gehigarri gisa, sulfuroak.

Uneren batean, kareharriak dagoeneko sedimentatuta eta trinkotuta zeudenean (edo prozesu horretan), baina oraindik presio fase Alpetarrek deformatu gabe, katioi disolbatuak garraiatzeko gai ziren soluzio hidrotermalak (beroak), gatz soluzioak eta soluzio kloruratu-sodikoak gehitu ziren, apurketen eta estratifikazio planoen mesedetan. Burdina hornitu zuten, Ca++ katioia Fe++ katioiarekin ordezkatuz eta siderita eta ankerita sortuz. Mineralizaziodun filoi gehienek fluido hidrotermalek igotzeko erabili zituzten apurketen betegarria erakusten dute.

Toleste prozesuan zehar, gaineko sedimentuen igoera eta higadurari lotuta, arroka mineralizatuak kontaktuan jarri ziren giroko oxigenoarekin eta, hala, alterazio bat sortu zen azaleko eremuetan. Ondorioz, mineral karbonatatuak (nagusiki siderita) burdin oxido eta hidroxido bihurtu ziren (hematiteak, goethita eta limonita), zeinak askoz ere burdin eduki handiagoa baitute eta metalurgian tratatzeko errazak baitira.

Ustiapenaren lehen urteetan, lehiakortasun abantaila bikoitza sortu zen; batetik, burdin gehien zuten mineralak (oxidoak eta hidroxidoak) aire zabalean ustiatu ziren, eta, bestetik, ez zen beharrezkoa horiek aldez aurretik tratatzea labe garaietan sartzeko. Beranduago, XX. mendean aurrera eginda, karbonatoak ustiatzen hasi ziren. Karbonatoak sakonera handiagotik erauzten ziren, kasu askotan zorupeko meatzaritzaren bidez, eta, gainera, aldez aurretik tratatu egin behar ziren, kaltzinazio labeen bidez, beren burdin edukia aberasteko eta metalurgia arazoak ekiditeko.

Geologiaren ikuspegitik, Bizkaiaren garapen ekonomikorako bigarren faktore erabakigarria zorupearen bilakaera geomorfologikoa izan zen; izan ere, Bilboko estuarioa sortu zen, zeina portu natural gisa erabiltzen baitzen (eta oraindik ere erabiltzen da). Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera arte, itsasadarra Gaztelatik zetozen produktuen merkataritza ardatz nagusia izan zen. Meatzaritzarekin lotutako jarduera ekonomikoa eta industria, berriz, XIX. mendearen erdialdean eta XX. mendean zehar sortu ziren.

4. ilustrazioa: Bilboko estuarioko egitura kartografiko handien ibilbidea, ibairen ibilguarekin bat datozenak. (Irudia: NorArte Studio)

Bilboko estuarioaren morfologia zuzena eta NW-SE orientazioa urrunetik behatuta, argi ikusiko dugu kokapen hori ez dela kasualitatea. Tolestura nagusien (antiklinorioa eta sinklinorioa) norabidea bat dator guztiz ibai ibilguaren norabide nagusiarekin. Material konpetenteak (nagusiki, kareharriak eta hareharriak) txandakatuta zeuden sedimentu askoz ere bigunagoekin (lutitak eta margak). Horri esker, egiturazko akzidente nagusien bidez (failak, ahultasun planoak, diaklasak, kontaktu estratigrafikoak), urak sedimentu bigunago horietan zehar igaro ziren, ibaiadarretatik (Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal) iritsitako emariak gidatuz eta birbideratuz.

Horrek guztiak estuario bat sortzea ekarri zuen. Estuario horren ahoaren inguruko eremuan, ibaiek higadura ahalmen txikiagoa zuten eta sistema itsasaldien eraginpean zegoen, eta, hortaz, sedimentuen metaketa handiak sortu ziren. Ondorioz, paduren ekosistemak sortu ziren eta ibai ibilguak zuzenak izatetik meandro itxurakoak izatera igaro ziren.

5. ilustrazioa: Bilboko itsasadarraren ertzean zeuden mineral zamalekuen kokapena. (Irudia: NorArte Studio)

Ibai ibilguetan barrena ibiltzen zen garraio sare bikaina bazegoen ere, horien zingoa ez zen nahikoa izaten kasu askotan eta garaiaren arabera aldatzen zen; batzuetan urtaroaren araberakoa ere izaten zen. Beharrezkoa izan zen ibaiak artifizialki bideratzea, horien zingoa behar adinakoa zela bermatzeko eta zamaleku egonkorrak eraikitzeko. Dozenaka mineral zamaleku egon ziren estuarioaren ezkerraldean barrena, 2. panelean ikus daitekeen moduan. Panel horrek mineral zamalekuetaraino eramaten zuten trenbideak irudikatzen ditu.

Egileaz:

Alex Franco San Sebastián geologoa da eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Geologia eta Meatzaritza Arloko arduraduna.

Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

The post Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #314

Ig, 2020-09-06 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Jakina denez, koronabirusak eragindako krisi honi aurre egiteko garrantzitsua da testak egitea, birusa nork duen jakiteko bide bakarra delako. Erreportaje honetan, laborategietako lana ikusteko aukera dugu: nolakoa den jarduna, zenbat test egiten dituzten egunero, zenbateko lan zama duten osasun-langileek, etab. Ez galdu!

COVID-19a detektatzeko teknika azkar bat garatu du Yaleko Unibertsitateak: pazientearen listu-lagin batetik analisia egin ahal izateko prozedura. Egun, SARS-CoV-2 birusa atzemateko kotoi-zotzen bidez jaso ohi dira laginak baina prozesu hau nahiko desatsegina da. Xehetasun gehiago, Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue.

COVID-19aren inguruan errepaso bat eman nahi? Zer dakigu orain arte gaixotasun honi buruz? Lasai, Koldo Garcia itzuli da eta artikulu honen bidez, 5 puntutan laburbildu du birusari buruz orain arte dakiguna.

PCR teknikaren nondik norakoak ere azaldu dizkigu Koldok honetan.

Horretaz gain, Hego Euskal Herriko datuak bildu ditu eta bizi dugun egoeraren erradiografia egin du. Argi dagoena zera da: COVID-19a ez dela gripe bat.

Emakumeak zientzian

Nagore Martinez Merino Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea da eta bere tesiari buruz mintzatu da honetan: ikerketa espetxe barruan egin nahi zuen, emakumeekin. “Bai kirola, bai kartzela, biak dira oso androzentrikoak, eta horri nolabait aurre egiteko gogoa nuen”, dio. Ikerketan, frogatu zuen kirola praktikatzen zutenek onurak nabaritzen zituztela: psikologikoak, sozialak eta fisikoak.

Psikologia

Badago loturarik musika ikastearen eta gaitasun kognitiboaren artean? Ikerketa batzuek harremana aurkitu dute baina beste batzuek ez. Lotura aurkitu dutenek ikusi dute oro har musika ikasteak adimena indartzen duela. Zehazki, batzuek diote epe laburreko oroimena hobetzen laguntzen duela. Orain, hori zalantzan jartzen duen ikerketa bat argitaratu dute. Atera duten ondorio nagusia da musika ikasteak ez dakarrela gaitasun kognitiboen hobetzea.

Astrofisika

Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute, bi zulo beltzen fusioaren lorratza dela adierazi dute zientzialariek. Ikertzaileek azaldu duten moduan, 2015ean atzeman zituzten estreinakoz uhin horiek. Aurkikuntzak galdera berri asko ekarri dituela onartu dute. Xehetasun gehiago Berrian dituzue irakurgai.

Geofisika

Noiz hasi ziren Lurraren magnetismoari buruz ikertzen eta nola hedatu ziren ikerketa eta teoria horiek? Historian zehar, mendez mende, egin diren ikerketa eta horiek bultzatu dituzten ikertzaileak eta aurkikuntzak irakurtzeko aukera duzue testu honetan: magnetismo fosilizatua, kontinenteen jitoaren teoria,… ez galdu!

Ingurumena

Munduko kutsadura globalaren % 10 moda-sektoreari dagokio. Industria horren ingurumen inpaktua lau osagaien bidez gertatzen da: kontsumitzen den ura, erabiltzen diren materialak, produktu kimikoen erabilera eta deuseztapena, eta energia gastua. Modaren industriak duen eragin handiaz eta moda lasterra fenomenoari buruz irakurtzeko aukera duzue hemen.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #314 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #318

La, 2020-09-05 09:00

 

Fisikaren legeak, maila mikroskopikoan, aldi baterako itzulgarriak direnez, denboraren geziaren definizioa erabat probabilistikoa da: probableagoa da noranzko batean (aurrera) bestean (atzera) baino. Zelan definitzen da, baina, denbora gezia neurri kuantikoan?Daniel Manzanoren Quantum measurement and the Arrow of Time

Behin minbizia diagnostikaturik, tratamendu posiblea kimioterapia da. Kimioterapiak, baina, minbizia dena baino gehiago hiltzen baitu. Minbizia baino erasotu ez dezan lan egiten dabiltza BCMaterialsen: Killing cancer without toxic drugs

Aukera izugarriak ditu barrunbe fotonikoen alorrak: sentsore biologikoetatik, qbit biltegiratzera. Eraginkorrago eta txikiago izan daitezen aldera dabil lanean DIPC: A photonic picocavity in action

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #318 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nagore Martinez, ikertzailea: “Nire ustez, ikerketa eraldaketarako tresna izan beharko luke”

Or, 2020-09-04 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Ikerketa ugari egin dira kirolaren eragina ezagutzeko, osasunaren ikuspegitik zein sozialetik. Hala ere, badaude aztertu gabeko ertzak, eta haietako bati erreparatu dio Nagore Martinez Merinok, bere doktorego-tesian: emakume presoak.

Nagore MartinezIrudia: Nagore Martinez Merino, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.

Martinezek azaldu duenez, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientziak ikasi zituen, eta beti pentsatu izan du kirolak baduela balio sozial bat eta eraldaketarako tresna izan daitekeela. “Hori sinetsita, erabaki genuen kirol-eskuartze bat egitea adin txikikoen zentro batean, uste genuelako kirola onuragarria izan zitekeela beren harremanetarako, ohituretarako… Lehen esperientzia horren ondoren, iruditu zitzaidan kirolak edo jarduera fisikoak eragin desberdina zeukala askatasun-egoeran eta askatasunik gabekoan. Hor sakontzeko, erabaki nuen tesia espetxean egitea, eta, gainera, emakumeekin, oso ikerketa gutxi baitaude haien gainean”.

Ez zen erraza izan. Martinezen asmoa ikerketa espetxe barruan egitea bazen ere, ez zuelako horretarako baimenik lortu. Hortaz, literaturaren berrikuspen sistematiko bat egin zuen, eta kalera ateratzeko aukera zuten emakume presoak elkarrizketatu zituen, adibidez, hirugarren graduan zeudenak edo zigorra bete berria zutenak.

Hala ere, ez zuen atzera egin, interes handia baitzuen ikerketa hori egiteko, batez ere generoaren ikuspegitik: “Bai kirola, bai kartzela, biak dira oso androzentrikoak, eta horri nolabait aurre egiteko gogoa nuen”, esan du Martinezek.

Ikerketan, frogatu zuen kirola praktikatzen zutenek onurak nabaritzen zituztela: psikologikoak, sozialak eta fisikoak. “Beste bi aldagai ere detektatu ditugu, aurrera egiteko interesgarriak iruditu zaizkigunak”, azpimarratu du: “Bat da eraldaketarako balio duela: kondena hobeto eramateko, drogak uzteko, kartzelatik ateratakoan helduleku bat izateko… Eta bestea, mikroerresistentziarako tresna gisa erabiltzen dutela. Badakitenez espetxe-zaintzak kirola egitea ondo baloratzen duela, onurak lortzeko erabiltzen dute”.

Kirola edo ariketa fisikoa egitea onuragarria dela baieztatu duten arren, espetxeetan emakumeei ez zaie inolako erraztasunik ematen kirola egin dezaten; alderantziz baizik. “Edonola ere, ez dut kirolaren eragina erromantizatu nahi”, ohartarazi du Martinezek. “Espetxea espetxea da, eta kirola ez da panazea bat”.

Espero gabe, ikertzaile

Tesia aurkeztu ondoren, doktoretza-ondorengoa egiteko asmoa zuen, bide horretan sakontzen joateko, droga kontsumitzen duten emakumeekin. Baina EHUn ordezkapenak egiteko aukera sortu zitzaion, eta irakasle aritu da Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Orain berrartu du ikerketa, eta gogotsu dago. Hala ere, onartu du ikasketak hasi zituenean ez zuela espero ikertzaile izatea, inondik inora ere.

“Gogoratzen naiz graduko bigarren mailan Ikerketa ikasgaia genuela, baina ez nion kasurik egin. Aurrerago, baina, masterra egitean, ez neukan Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza egiteko gogorik, eta Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Ikerketa egitea erabaki nuen, baina ez hori nire bidea izango zela pentsatzen nuelako, baizik eta nire lanarekin bateragarria zelako, besterik gabe. Hor bi irakaslerekin topo egin nuen, EHUko Oidui Usabiaga eta Valentziako Unibertsitateko Daniel Martos, eta haien bitartez hasi nintzen emakume presoekin, master-amaierako lanean. Oso lan xumea izan zen, baina oso interesgarria, eta horrek piztu zidan jakin-mina eta ikertzen jarraitzeko gogoa.

Bestalde, nabarmendu du beretzat funtsezkoa dela ikerketa-taldearen laguntza eta babesa izatea, bestela oso gogorra egiten baita. Zorionez, giro ona du, eta gaiarekin ere interes handia duenez, jarraitzeko asmo betea du. Beti ere, ikerketa eraldaketarako tresna izateko helburuarekin.

Fitxa biografikoa:

Nagore Martinez Merino, Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea, Zarautzen jaio zen, 1990an. Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien lizentziatura, ikerketa masterra, eta doktoretza burutu ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Irakasle Atxikia eta Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldeko (GIKAFIT) kidea da.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nagore Martinez, ikertzailea: “Nire ustez, ikerketa eraldaketarako tresna izan beharko luke” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Musikak ez zaitu adimentsuago bihurtuko, baina, nori axola zaio?

Og, 2020-09-03 09:00
Juanma Gallego

Musika ikastea eta gaitasun kognitiboen hobetzea lotu dituzte zenbait ikerketek, eta oso zabalduta dago musikak adimena bultzatzen duela dioen ideia. Gaiari buruz egin den azken berrikuspenak, ordea, bestelako ikuspegia eman du.

musika1. irudia: Musika ikastea gaitasun kognitiboen hobekuntzarekin lotu izan da sarritan, baina ikerketa berri batek ustezko lotura hori gezurtatu du. (Argazkia: Felix Koutchinski / Unsplash)

Aspalditik errotutako ustea da: musika ikasteak adimena sustatzen du. Nolatan ez da izango, bada? Harreman hori logika hutsezkoa da, eta atzean dagoen ideia ere nahiko argia da: kognizioaren ikuspuntutik ahalegin handia eskatzen duten atazetan trebatzeak ezinbestean kognizio gaitasunak handitzea dakar. Baina, batzuetan, logikoa dirudiena eta errealitatea ez datoz bat. Halakoetan, noski, hoberena da datuetara jotzea.

Halere, datuak ez dira beti argi mintzatzen, edo horien interpretazioa bederen ez da beti erraza. Gaurkoan hizpide dugun gaiaren inguruan, orain arte egin diren ikerketek emaitza kontrajarriak izan dituzte. Batzuek musikaren ikasketaren eta gaitasun kognitiboaren arteko harremana aurkitu duten arren, beste batzuek ez dute atzeman lotura berezirik.

Harremana aurkitu duten ikerketen kasuan, adituek hainbat azalpen aurkeztu dituzte. Batzuek argudiatu dute musika ikasteak orokorrean adimena indartzen duela. Beste batzuk zertxobait zehatzagoak izan dira, eta proposatu dute epe laburreko oroimena hobetzen laguntzen duela. Zuhurtzia gehiago erabili dutenek, berriz, soinuaren pertzepzioan izandako hobekuntzan jarri dute arreta: hobekuntza horren ondorioz prozesatze fonologikoa hobetuko litzateke, eta, horrekin batera, irakurtzeko gaitasuna.

Epe luzerako ondorioak tartean daudenean gertatu ohi den moduan, momentuz honetan neurologiak ezer gutxi esan dezake, eta korrelazioen mundu labainkorrean sartu beharra dago, halabeharrez. Eta, hasieran aipatu dugun bezala, horietan denetariko emaitzak atera dira. Egoera argitu nahian, gaiari buruz egin diren ikerketen eta esperimentuen gaineko berrikuspena egin dute Giovanni Sala eta Fernand Gobet ikertzaileek. Memory & Cognition aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aspaldi errotutako mitoa apurtu dute: atera duten ondorio nagusia da berez musika ikasteak ez dakarrela gaitasun kognitiboen hobetzea.

1986-2019. urte tartean argitaratutako 54 ikerketa kontuan hartu dituzte berrikuspenean. Orotara, ikerketa horiek guztiek 6.984 haurren inguruko datuak biltzen dituzte.

Datuetan oinarrituta, ikusi dute musika ikasteak ez dituela hobetzen ez gaitasun kognitiboak ezta eskola emaitzak ere. Gaitasun horiek, gainera, atalez atal aztertu dituzte: ahozkoak zein ahozkoak ez direnak bereizi dituzte, eta ikasketaren abiadurari loturiko faktoreak ere kontuan hartu dituzte.

Parte-hartzaileen adina edota ikasketaren iraupena edozein izanda ere, harremanik ez dute aurkitu. Arreta berezia jarri dute kalitate handiko ikerketetan, hau da, haien esperimentuetan kontrol-taldeak erabili izan dituzten artikuluetan. Horietan, musika ez baina antzeko jarduerak egin dituzten umeak ere kontuan hartu dituzte. Adibidez, dantza edo kirola egiten duten umeak. Beste modu batean esanda, musika ez diren aldagaiak ere kontuan hartu dira esperimentu horietan.

musika2. irudia: Gaitasun sozialen hobetzea edota autoestimuaren handitzea izan daitezke musika ikastearen abantailetako batzuk, baina horien inguruko datu nahikorik ez dago. (Argazkia: Rod Long / Unsplash)

Egileek azaldu dute musikan trebatzetik eratortzen diren ustezko onuren inguruan adituek erakutsi ohi duten baikortasuna aurreko ikerketetan jasotako datuen interpretazio okerretik abiatu daitekeela. Berreste alderako isuria aipatu dute, atzean egon daitekeen arrazoietako bat bezala.

Giovanni Sala egile nagusia argi mintzatu da prentsa ohar batean: “gaitasun kognitiboak edo akademikoak hobetzeko helburu soila duen musikaren irakaspena alferrikakoa da. Garuna trebatu daiteke modu batean non, musika jotzen baduzu, musikan trebeagoa bihurtuko zaren; baina onura hauek ez dira orokortzen modu batean non, musika jotzen baduzu, zure burua matematikan hobetuko duzun”.

Egileen arabera, arlo kognitiboan abantailarik ez egoteak ez du zertan esan nahi musikak bestelako onurak izan ez ditzakeenik, hala nola gaitasun sozialen hobetzea edota autoestimuaren handitzea. Halere, gaitasun horietan musika lagungarri ote direneko daturik ez dute aurkeztu, eta, are gehiago, onartu dute horren inguruan oso ikerketa gutxi egin direla orain arte. Agian, batek daki, etorkizunean beste ikerketa batek esango du hori ere mito bat dela.

Dena dela, ikerketa askok behin baino gehiagotan erakutsi dute musikak plazera ematen duela, eta hori argi azaltzen da neurologoek musika entzuten ari den garuna euren tramankuluekin aztertzen dutenean. Plazeraren guneak piztu egiten dira, accumbens gunea bereziki. Hortaz, ez dago argudio askorik behar zibilizazioaren agerpen bera baino lehenagotik gurekin dagoen jardun horren balioa aitortzeko.

Eta ez pentsa musika mota bati loturiko balioa denik: gustuen arabera, estilo guztiek plazera sortzen dute. Ez dago entzefalogrametara jotzeko beharrik: nork du inoiz sentitu plazer ederra auto baten leihatiletatik ateratzen den reggaetoia aldendu eta isiltasunaren musika ederra nagusitu denean?

Erreferentzia bibliografikoa:

Sala, G., Gobet, F. (2020). Cognitive and academic benefits of music training with children: A multilevel meta-analysis. Memory & Cognition. DOI: 10.3758/s13421-020-01060-2

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Musikak ez zaitu adimentsuago bihurtuko, baina, nori axola zaio? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak