Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 16 min 56 seg

Asteon zientzia begi-bistan #319

Ig, 2020-10-11 09:00
Uxue Razkin

eguzki koroa

Nobel sariak

Asteon, sariak izan ditugu barra-barra. Eta ez edonolakoak: Nobelak! Kimikakoarekin hasiko gara: genoma editatzeko CRISPR/Cas9 metodoa garatu zutenek jaso dute. Bi saridun izan dira eta biak emakumeak! Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak hemen.

Fisikako Nobel saria zulo beltzen ikerketan jardun dutenei eman diete. Hala, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Roger Penrosek jasoko du sariaren erdia, erlatibitatearen teoria orokorrak zulo beltzen sorrera iragartzen duela erakusteagatik. Bestalde, Reinhard Genzelek eta Andrea Ghezek jasoko dute beste erdia, gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik.

Azkenik, Medikuntzako Nobel saria C hepatitisaren birusa aurkitu zutenek jasoko dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Hiru dira ikertzaileak: Harvey J. Alter, Michael Houghton eta Charles M. Rice.

Osasuna

Miren Basarasek Berriako artikulu honen bidez eskura ditugun testak errepasatu ditu. PCR probak eta test azkarrak direnak. Horien artean, antigenoaren detekzioa ahalbidetzen duen testaz mintzo da. Horretan, azaltzen duen moduan, koronabirusak geruzan duen proteina bat atzematen da.

Koronabirusarekin jarraituz, Antonio Salas genetistak eta ikertzailearen hitzak aurkituko ditugu elkarrizketa interesgarri honetan, Berrian. Koronabirusaren lehen agerraldiak izan ditu ikergai; Espainiako Estatuko COVID-19aren mutaziorik garrantzitsuenak aztertu ditu eta ondorioztatu du otsailaren 11n Gasteizen zela birusa. 

Asteon ere, COVID-19aren inguruko usteak desmuntatzen saiatu dira Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoak Berriako erreportaje honetan. Oraingo honetan, PCR testen inguruko uste okerrak!

Arkeologia

Ikertzaile talde batek Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean hatz-markak aurkitu ditu eta horien analisia eginda, ondorioztatu du 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituztela irudiak. Gazte hori, gainera, emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Informazio guztia artikuluan.

Paquita Sanez de Urturi arkeologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, kontatzen da lehen profesionala izan dela Arabako arkeologian eta egun erretiratua dagoela baina ikertutako guztia idazten dabilela, galdu ez dadin. Haren lehen indusketak, unibertsitateko ikasketak, eta sektoreari buruz hitz egin du honetan. Ez galdu!

UPV/EHUko ikertzaileek eta Osakidetzak elkarlanean egin duten ikerketa batean ikusi dute lotura dagoela elikadura eta hainbat minbizi moten artean. Zehazki, ondesteko minbizia izan da aztertutakoa. Berriako artikulu honetan Iker Alegria Lertxundi ikertzaileak eman dizkigu lotura horren xehetasunak.

Mikrobiologia

Bakterioek antibiotikoen aurka garatzen duten erresistentzia hizpide, ikertzaile talde batek Flemingen onddoak berreskuratu eta haien sekuentzia genetikoa aztertu du.  Penizilina ekoizpena hiru genek gidatzen dute eta horiexek izan dira ikergai nagusiak. Ikertzaileek ikusi dutenez penizilina ekoizpenaz arduratzen diren geneek aminoazido desberdintasun nahiko altua dute populazio desberdinek. Josu Lopez Gazpiok azaldu dizkigu ikerlanaren xehetasunak.

Astrofisika

Eguzkiaren koroa zergatik da horren beroa? Zientzialariek erantzuna topatu dute: “nanozurrusta” fenomenoak daude horren atzean, Berriak azaldu digunez.  Eguzkiaren koroak milioika kelvin baino gehiago ditu. koroa eguzkiaren azala baino beroagoa da.

Botanika

Bakterioek Arabidopsis landarearen hazkuntzan nola eragiten duten argitzeko, 185 espezieko komunitate bakteriano sintetikoaz inokulatu du landarea ikertzaile talde batek. Elhuyar aldizkariak azaldu digu genero bakteriano batek (Variovorax izenekoa) duela landareen hazkuntzan eragin handiena, landareen hormona-maila manipulatu eta beste bakterioek eragindako aldaketak inhibitu baititzake.

Medikuntza

Aurreko astean, Elhuyar aldizkariak aurreratu zuen albistea: nanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Neuronen arteko konexio horri erreparatu dio Berriak asteon. Pedro Ramosen, Biomaguneko Ikerbasque irakaslearen eta Erresonantzia Magnetiko Bidezko Irudi Unitateko buruaren azalpenak dituzue irakurgai. Ez galdu!

Genetika

Gene-datu baseak izan ditu mintzagai Koldo Garciak Edonola blogean. Zehazki, kontatu digu SARS-CoV-aren sekuentziak datu-base publikoetan eskuragarri jarri direla eta bi datu-basek eskaintzen duten informazioa aztertu du testu honetan: alde batetik, Washington-ko Unibertsitateko genoma-nabigatzailea. Eta bestetik, Kaliforniako Unibertsitatea- Santa Cruzeko genoma nabigatzailea.

Nature Reviews Genetics aldizkarian 12 ikertzailek genetikaren eta genomikaren etorkizunaz esan dutena biltzen ari da Koldo. Gaurkoan ere badator zientzia pilula interesgarri batekin: Eileen Furlongen, Europako Biologia Molekulareko Laborategiko Genomaren Biologiako buruaren hitzak ekarri dizkigu. Zehazki, gene-areagotzaileen ikerketa eta enbriogenesiaren ikerketak izan dira azalpen artikulu honetan.

Antropologia

Gizakiak baditu ezaugarri propio batzuk. Horien artean, sexua praktikatu ohi dugun modua. Testu honetan azaltzen den moduan, Hominidae familiakoekin alderatuta, gure espeziekoak etengabe dira sexualki harkorrak eta, halaber, obulazioa ezkutatzen dutela. Halaber, beste ezaugarri bat azaltzen zaigu: gizakiak monogamo sozialak gara.

Geologia

Meatzaritza ustiaketa eta horien garraioaz hitz egin digute artikulu honetan. Bertan, azaltzen da, adibidez, Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara burdina eramateko zabaldu zen trenbide sarea, eta oro har, aipatzen da minerala nola garraiatzen zen.

 

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

 

The post Asteon zientzia begi-bistan #319 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #323

La, 2020-10-10 09:00

 

Deabru baten kontua izango da informazioaren eta atzeraezintasunaren arteko harremana. Daniel Manzano Instituto Carlos Iko Daniel Manzanok ondo daki: Maxwell’s demon and the relationship between information and irreversibility

Buru barruan gertatzen da Matrix filma. Erreala balitz sentiarazi dezake Matrixek entzefalora bidalitako bulkada elektrikoak baino ez direnak. Zientzia fikzio dirudiena, gero eta gertuago: How to smell a smell that is actually not there Rosa García-Verdugoren eskutik.

Elektronika berriaz ari garenean, atomo bat, literalki atomo bat, hemen edo han erabat aldatzen du kontua. DIPC-k: The critical role of single atoms on the electronic properties of a metal organic network

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #323 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Joseba Bikandi: “Sekuentziazio osoaren teknikarekin mikroorganismoen sailkapen oso sakon bat egin dezakegu” #Zientzialari (140)

Or, 2020-10-09 09:00

Mikroorganismoen tipifikazioari esker mikroorganismoen ezaugarriak ezagutu ahal ditugu, haien arteko erlazioak aurkitu eta horren arabera sailkatu. Tipifikazioa egiterakoan mikroorganismoen informazio genetiko ugari lortzen dugu, besteak beste, bakterioetan kaltea eragiteko gaitasuna duten edo antibiotikoekiko erresistente izateko geneak dauden.

Hainbat teknika daude tipifikazioa aurrera eramateko, baina sekuentziazio osoaren bidez mikroorganismoaren informazio guztia lortzen da. Teknika honek, osasun zerbitzu publikoetan ohiko diren teknikak baino informazio gehiago ematen duenez, ikertzaileek espezie bereko mikroorganismoak zehaztasun gehiagorekin bereizteko gai dira.

Mikroorganismoen tipifikazioari buruz eta sekuentziazio osoaren teknikaren inguruan gehiago jakiteko Joseba Bikandirekin, UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakaslearekin batu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Joseba Bikandi: “Sekuentziazio osoaren teknikarekin mikroorganismoen sailkapen oso sakon bat egin dezakegu” #Zientzialari (140) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Artelan neolitiko baten egiletza argitara ekarriz

Og, 2020-10-08 09:00
Juanma Gallego

Hatz-marketan abiatuta, ikertzaile talde batek Neolito aroko artelan baten egileen profila ondorioztatu du: gazte batek eta gizonezko heldu batek parte hartu zutela uste dute. Gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute.

artelan1. irudia: Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean aurkitu dituzte hatz markak. (Argazkia: F. Martinez Sevilla / Granadako Unibertsitatea)

Askotan esan ohi da: arkeologoak iraganaren detektibeak dira. Profesional horiek egindako aurkikuntzak saltzeko argudio polita da, eta hedabideetan gustuko dugu horrelakoak erabiltzea. Topiko bat da noski: arkeologoen lana arrastoei tiraka historia argitzea den modu berdinean, kazetarion lana unean-uneko istorioak saltzea da; eta, batzuetan, kontakizun horiek zertxobait apaindu behar dira. Detektibeei dagokienez, argitu gabeko kasuei irtenbidea ematea da haien jardun topiko eta tipikoa.

Ogibide horien inguruko ikuspegi erromantiko bat zabalduta dago sarritan, baina errealitatea ez da beti hain polita. Arkeologoen lana askotan zikina eta emaitzarik gabekoa da, eta hilabeteak edo urteak eman ditzakete burokraziaren paperetan zein lokatz artean galduta. Detektibeek ez dute denbora ematen azaldu gabeko hilketak argitzen, hankan mina izateagatik laneko bajan dagoen eta hala ere eskiatzen dabilen lotsagabe horri jarraipena egiten baizik. Kazetarioi dagokigunez… tira, hobe isilduko gara, autozentsura Jainkoak ematen duen dohain horietako bat delako.

Batzuetan, ordea, topiko horien atzean dagoena inoiz baino errealagoa bilakatzen da. Hori gertatu da oraingoan, ikertzaile talde bat duela 7.000-5.000 urte margotutako horma irudi batzuen aurrean jarri denean. Detektibeek bezala, hatz-markak aurkitu dituzte, eta, horien analisian oinarrituta, margo horiek zeinek egin zituen argitzeko moduan egon dira. Teknika hori baliatuta ondorioztatu dutenez, 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituzten irudiak. Aztertutako ezaugarrien arabera, gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Antiquity aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dute ondorio horretara iristeko jarraitu duten prozesua.

artelan2. irudia: Orotara, 32 irudi daude panelean, eta arte eskematiko izeneko estiloaren barruan sailkatzen dira. B argazkian, irudi tratamendu bitartez koloreak ase dira, hobetu ikusarazteko. (Argazkia: F. Martinez Sevilla / Granadako Unibertsitatea)

Los Machos izeneko harpean daude aztertutako horma irudiak, Granadako Jabalcon muinoan. Neolitoan marraztutako 32 irudi dira, adituek arte eskematikoaren baitan sailkatzen dituztenak. Izenak berak argi uzten duenez, arte figuratiboa da, oso modu sinplean marraztua, baina, aldi berean, oso aberatsa. Irudi antropomorfoak eta geometrikoak dira, eta atzean egon daitekeen mezua ez da oraindik argitu.

Baina irudien artean beste zerbait ere bazegoen: bi hatz-marka. Edo, adituen hizkeran, bi paleodermatoglifo; iragan urrun batean utzitako hatz-markak, hain justu. Horiek ikertzeko, daktiloskopia edo lofoskopiaren teknika erabili dute. Jakina denez, batez ere polizia da hori baliatzen duena delituak eta bestelako gertakariak argitzeko, hatz-marka baten egilea identifikatuz. Horretarako, gordeta dauden hiritarren hatz-marken datu basearekin alderatzen dira krimenaren gertalekuan jasotako markak.

Esan beharrik ez dago: Neolitoan bizi zirenen hatz-marken datu baserik ez dago. Baina horrek ez ditu ate guztiak ixten. Izan ere, marka horiek ere islatzen dituzte pertsonaren hainbat ezaugarri, oso modu orokorrean bada ere. Adinaren eta sexuaren arabera, marka horiek pixka bat desberdinak dira, eta ezagutza horretan oinarritu dira artelanaren egileen sexua eta adina ondorioztatzeko. Sexuaren arabera, hatzetan dauden gandor papilarren kopuruan eta zabaleran aldeak daude, gizonezkoen gandorrak emakumezkoenak baino handiagoak direlako. Adinarekin, gainera, gandorren arteko distantzia handituz doa, eta helduarora iritsita baino ez dira egonkortzen.

artelan3. irudia: bi fase bereizi dituzte artelanean. Hatz markak kolore ilunagoa duen bigarren fasean aurkitu dituzte. (Irudia: F. Martinez Sevilla et al. / Antiquity)

Hau kontuan hartuta, marka horiek gaur egungo gizakiek dituztenekin alderatu dituzte. Horretarako, Espainiako 546 lagunen hatz-marken aldean jarri dituzte (304 emakumezko eta 242 gizonezko), konparaketa estatistikoak eginez. Horretan oinarritu dute egin duten atribuzioa.

Bestetik, koloreen arabera ebatzi ahal izan dute bi fase desberdinetan egin zirela marrazkiak. Kasu bietan, atzamarrekin margotu zuten. Hatz-markak okre ilunez margotutako bigarren faseari dagokie.

Labar artean ez ezik, zeramikaren alorrean ere agertu daitezke halako markak; poteak eta bestelakoak egiterakoan, erraza izan daitekeelako nahigabean hatzen aztarnak uztea. Halako kasuetan, egon ohi den arazorik handiena kontserbazioarena da. Los Machos harpeko artelanak, berriz, nahiko ondo mantendu dira: marraztuta dauden tokia ekialdera begira dagoenez, gehienetan mendebaldetik etortzen diren haizeek eta euriek ez dute asko kaltetu.

Behin bide hau irekita, metodologia beste zenbait eremutara eramateko aukera ikusten dute egileek, gaur artetzat jotzen dugun jardun horren atzean zeuden motibazioak eta egileen inguruko xehetasunak argitu aldera. “Norbanakoak identifikatzeko gaitasunak inferentzia berriak eskuratzeko bidea eman dezake, bai lekuaren beraren inguruan zein arte hori sortu zuten lagunen inguruan”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Egiletzari buruzko ikerketan hemen erabili dugun metodologiak mundu osoko labar artearen kokaguneetan dimentsio sozial zabalagoak aurkitzeko baliogarria izan liteke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez-Sevilla, F., Arqués, M., Jordana, X., Malgosa, A., Lozano Rodríguez, J.A., Sánchez Romero, M., Sharpe, K.y Carrasco Rus, J. (2020). Who painted that? The authorship of Schematic rock art at the Los Machos rockshelter in southern Iberia. Antiquity, 94 (377), 1133-1151. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2020.140

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Artelan neolitiko baten egiletza argitara ekarriz appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Flemingen onddoak oraindik badu zer esana

Az, 2020-10-07 09:00
Josu Lopez-Gazpio

Ia mende bat igaro da Alexander Flemingek bere laborategian, kasualitatez, penizilina aurkitu zuenetik. Aurkikuntza hori eta antibiotikoen arloan geroago iritsi ziren beste batzuk iraultza izugarria izan ziren medikuntzaren munduan. Antibiotikoen erabilerari esker hainbat gaixotasun hilgarri sendatu daitezke eta milioika lagun sendatu ahal izan dira. Hala ere, bakterioek antibiotikoen aurka garatzen duten erresistentzia kezka larria da egunotan. Bide horri argia emateko asmoz, ikertzaile talde batek Flemingen onddoak berreskuratu eta haien sekuentzia genetikoa aztertu du.

onddoak

Irudia: Penizilina onddo mota batek ekoizten duen antibiotikoa da. (Argazkia: Shutterbug75  – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Fleming 1881ean jaio zen Darvel-en (Eskozia). Lehen Mundu Gerran kanpaina-ospitaletan lan egin zuen eta garai hartako antiseptikoen arriskuaz konturatu zen. Zauriek baino kalte gehiago egiten zituzten ondorengoko infekzioek eta tratamendu antiseptikoek. Bere ikerketei esker immunitate-sistema ulertzeko aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren, baina, zalantzarik gabe, 1928ko gertakariarengatik da ezaguna Fleming. Istorioa nahiko ezaguna da: Fleming udako oporralditik laborategira itzuli zenean, ahaztutako bakterio kultibo bati erreparatu zion. Kultiboan lizun berde bat hazi zen eta lizun horren inguruan bakterioak hilda zeuden. Lizun berdea Penicillium rubens -duela gutxi arte Penicillium notatum zela uste zen- onddoa zen eta bakterioak onddo horrek jariatutako substantzia baten ondorioz hil ziren: penizilina. Oxfordeko Howard Florey eta Ernst Chain ikertzaileek egindako lanak tarteko, antibiotikoen aroari hasiera eman zitzaion.

Gure egunetara itzuliz, Ayush Pathak eta bere lankideek argitaratu berri dituzte haien ikerketen emaitzak eta, hain zuzen ere, Flemingen jatorrizko Penicillium onddoaren sekuentzia genetikoa lortu dute. Horren ondoren, onddo-andui hori beste birekin alderatu dute, genomaren egiturari eta penizilina ekoizten duten geneei erreparatuz. Andui horien arteko desberdintasun genetikoak zeintzuk diren eta zergatik gertatu diren ulertuz, erresistenteak diren bakterioen aurkako antibiotikoak lortzeko bide berriak lor daitezkeela uste dute.

Antibiotikoen erabilpena iraultza izugarria izan zen bakterioek eragindako infekzioen tratamenduan. Flemingek penizilina aurkitu zuenetik, bakterioen aurkako tresna garrantzitsuak garatu dira eta antibiotiko mota desberdin asko erabili ahal izan dira. Hala ere, antibiotikoak erabiltzen hasi eta gutxira jakin zen, tamalez, antibiotikoek ere bazituztela hainbat arrisku. Hain zuzen ere, bakterio patogenoak erresistente bihur daitezke eta, ondorioz, antibiotikoak ez dute balio haiek akabatzeko. Bakterio erresistenteei aurka egin ahal izateko, Pathak eta bere lankideek Naturako mekanismoetan jarri nahi dute fokua. Natura, berez, mikroorganismoek antibiotikoen ekoizpena hobetzen dute erresistenteak bihurtzen diren bakterioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, mikroorganismoek haien antagonistak akabatzeko ekoizten dituzte antibiotikoak, baina, hautespen naturala tarteko, bakterioak ere geroz eta eraginkorragoak dira antibiotiko jakin bati aurre egiteko. Ondorioz, antibiotikoak ere aldatzen joan behar dira erresistente izateko eboluzionatu duten bakterioen aurka egiteko. Horrexegatik, bakterioek eboluzionatzen duten bezala, antibiotikoen ekoizpenak ere eboluzionatu egin behar du. Ikertzaileek lortu duten genomaren sekuentziazioak prozesu natural horiek ulertzen lagunduko du eta ezagutza hori antibiotikoen garapenean erabili izango da, diotenez.

Azken hamarkada hauetan lan handia egin da bakterioen erresistentziaren nondik norakoak ulertzeko eta eraldaketa horiek nola gertatzen diren ezagutzeko. Alabaina, antibiotikoen ekoizpenean gertatzen den eboluzio naturala ez da hainbeste ikertu. Hutsune hori betetzera etorri dira Pathak eta bere lankideak. Antibiotikoen eta bakterioen erresistentziaren koeboluzioa lasterketa moduko bat da; izan ere, lehen pausoa ematen duenak txoko ekologiko oparoagoa izango du. Prozesu horiek hobeto ulertzen badira, bakterioen erresistentziaren eboluzioari aurre egiteko metodoak diseinatzea errazagoa izango da. Ez da gutxi: OMEren arabera, bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia mundu mailako osasun arazo handienetakoa da eta farmakoen erabilpen desegokia kalte asko egiten ari da.

Scientific Reports aldizkarian argitaratu berri duten ikerketan, Flemingen onddo-anduia ekoizpen industrialean erabili diren beste bi anduirekin alderatu da desberdintasun genetikoak sakonki aztertzeko. Penizilina ekoizpena hiru genek gidatzen dute eta horiexek izan dira ikerketagai nagusiak. Ia ehun urte igaro dira Alexander Flemingen aurkikuntzatik, baina, onddo horiek ondo gordeta egon dira -munduko hainbat lekutan daude gordeta- eta horrexegatik izan da posible ikerketa. Momentuz lortutako emaitzak oso hasierakoak dira, baina, ikertzaileek ikusi dutenez penizilina ekoizpenaz arduratzen diren geneek aminoazido desberdintasun nahiko altua dute populazio desberdinek. Horixe da espero litekeena populazio bakoitzak bakterio-mota desberdinei aurre egiteko eboluzionatzen badu eta hori da gertatzen dena. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Naturan hautespen-naturalak bideratzen duen penizilina ekoizpenaren eboluzioa interesgarria izan daiteke antibiotiko berriak diseinatzeko eta bakterio erresistenteei aurre egiteko. Agian bitxia dirudien arren, Naturan duela milioika urte martxan dauden irtenbideak erabili beharko ditugu guk ere etorkizunean.

Informazio gehiago: Erreferentzia bibliografikoa:

Pathak, A., Nowell, R.W., Wilson, C.G., Ryan, M.J., Barraclough, T.G. (2020) . Comparative genomics of Alexander Fleming’s original Penicillium isolate (IMI 15378) reveals sequence divergence of penicillin synthesis genes. Scientific Reports, 10, 15705. DOI: 10.1038/s41598-020-72584-5

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Flemingen onddoak oraindik badu zer esana appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berezkoa gizakian

Ar, 2020-10-06 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Gizakiak baditu ezaugarri propio batzuk. Gizakiok sexua praktikatu ohi dugun modua, adibidez, berezkoa da gure espeziean, baita gure sexu harremanen ezaugarri jakin batzuk ere.

Beste primate batzuekin eta, zehazkiago, Hominidae familiako beste espezie batzuekin –orangutan, gorila, txinpantze eta bonoboak–, hau da, gure hurbileneko ahaideekin, alderatzen badugu sexua praktikatzeko modua, haiengatik bereizten gaituen edo, hobeto esanda, giza emeak eta espezie horietako emeak bereizten dituen ezaugarrietako bat da gure espeziekoak etengabe direla sexualki harkorrak eta, halaber, obulazioa ezkutatzen dutela.

berezkoaIrudia: Bikote bat aire zabalean. (Argazkia: Free-Photos – erabilera publikoko irudia. Iturria: Pixabay)

Gainerako primateen emeak, ordea, fisiologikoki ernal daitezkeenean baino ez dira harkorrak, hots, obulazioaren ondoren. Emeak egoera horretan daudenean, arrei asko interesatzen zaie hura estaltzea; izan ere, orduan baino ezin da gertatu sabelaldia eta, horrenbestez, beste banako baten jaiotza. Baina emakumeak beti daude harkor, bai zikloaren barnean obulu bat ernal daitekeen fasean, bai fase horretatik kanpo; horregatik, ondoriozta dezakegu gure espeziean sexu harremanek ugalketaz besteko funtzioak dituztela.

Gizakion beste ezaugarri bat da, oro har, monogamo sozialak garela. Hau da, gure espeziean bikote egonkor samarrak sortzen ditugu. Monogamo sozialak gara, bai, baina monogamo sexualak, ez hainbeste. Sexu harremanak bikotekidearekin baino ez izatea da monogamia sexuala. Oso ohikoa da monogamia sozialarekin batera ez etortzea monogamia sexuala; horrek esan nahi du bikote egonkorreko kide batek –edo biek– beste norbaitekin kopulatu nahi izaten duela (eta batzuetan lortu ere lortzen duela). Egia da badaudela gizarte poliginikoak, non gizonezko bakar batek ugalketarako bikotekide femenino bat baino gehiago izan ditzakeen; orobat, gizarte poliandrikoak ere badira, non emakume bakar batek bikotekide maskulino bat baino gehiago baititu (nolanahi ere, gizarte poliandriko gutxi daude). Baina halako egoerak ez dira ohikoenak.

Monogamia soziala gure espeziearen ezaugarri bereizgarri bat da; izan ere, gure ahaide gertukoenek ez dute praktikatzen monogamia soziala. Orangutan eta gorilen artean, alfa arra izateko lehia handia egon ohi da; bere lurraldeko emeekin (orangutanaren kasuan) edo taldekoekin (gorilari dagokionez) kopulatzen duena da alfa arra. Txinpantzeak eta bonoboak, ordea, promiskuoak dira, alegia, ez dute bikote egonkorrik osatzen. Egiazta daitekeen bezala, horietako batek ere ez ditu sexu harremanak esklusiboki bikotekide bakar batekin izaten, lehenik eta behin, horien artean ez dagoelako bikoterik.

Gure espeziearen eta gainerako hominidoen arteko beste desberdintasun nabarmen bat da gu ezkutatu egiten garela sexua praktikatzeko. Normala iruditzen zaigu, baina, egia esan, bitxikeria da ohitura hori. Orangutanak, gorilak, txinpantzeak eta bonoboak ez dira ezkutatzen, taldeko beste kideen aurrean kopulatzen dira. Sexu harremanak pribatuan izatea ez da ezaugarri kultural bat gure espeziean. Ezein giza taldetan ez da, normalean, besteen aurrean sexua praktikatzen, salbu eta erritu izaerako sexu praktika arraroren baten kasuan edo orgiak egiten direnean (jeneralean, drogaren bat hartu delako). Pribatutasun hori ez da taldearen kode moralaren araberakoa; giza nolakotasun unibertsal bat da.

Beharbada, gure espeziean seme-alabak haztea oso neketsua delako gertatzen da arestian azaldutako guztia. Izan ere, beharrezkoa da bikoteko bi kideen ekarpena, eta horrek bien artean lotura estua izatea dakar. Hori dela eta, harremana monogamoa da. Horregatik dira, seguruenik, monogamoak giza harremanak. Testuinguru horretan, araldia ezkutatzeak eta emeak etengabe sexualki harkorrak izateak, lotura indartzeko funtzioa beteko luke. Eta sexua pribatuan izateak, seguru asko, helburu bera lortzen laguntzen du, harremanari intimitate handiagoa ematen baitio.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

 

The post Berezkoa gizakian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala

Al, 2020-10-05 09:00
Eneko Perez mineralen garraioa1. irudia: Olabeaga 1932. urtean. Bilboko itsasadarrean minerala kargatzeko zegoen zamalekuetako bat. (Argazkia: Bilboko Portuaren Agintaritza. Iturria: Industria Ondarearen eta Herri Lanaren Euskal Elkartea)

Antzina, Trianoko mendiak eta bertako burdin meatzeak -erromatarren garaian ezagunak zirenak- herri ondasunak ziren.

Somorrostro haraneko [1] herritarrek konbinatu egiten zituzten nekazaritza eta abeltzaintza lanak, venera [2] izenez ezagunak ziren meatzeetako lanarekin eta mineralaren garraioarekin. Mineralok portura eramaten zituzten, mando gainean edo idiek tiratutako gurdietan. Gero, bertatik burdinoletara eramaten zituzten.

Meatzaritza ezinbestekoa zen baserriak ematen zituen diru sarrera prekarioak osatzeko. 1864an, Trapagarango bidea honela zegoen: “burdin meak tindatzen du, eta egun osoa dago mineral aberatsa Galindoko kaietara edo Ortuellako deposituetara daramaten gurdiz eta zamariz beteta” [3].

“Portu” nagusiak Ugarten, Kauson eta Galindon zeuden (Trapagaranen eta Sestaon). Itsasertzetik gertu zeuden lurzatiak baino ez ziren. Minerala lurrean metatzen zen, noiz ontziratuko. Errentari batek zaintzen zuen; hartara, jabeen eta gurdizainen izenak apuntatu eta zainaren kalitatea kontrolatzen zuen. 1846an, Ugarten 225 depositu zeuden, 61 zamari edo venaquerorenak.

mineralen garraioa2. irudia: Ugarteko portuaren planoa, 1897. urtekoa. (Argazkia: Trapagarango Udal Artxiboa)

Galindo eta Granada ibaietan zehar, zingo txikiko ontzitxoak baino ezin ziren ibili, adibidez, gabarrak. 1826an, 20 bat gabarra zeuden, 40 marinelekin, zaina garraiatzeko. 1850ean, aldiz, 48 gizonezko gabarrari eta 20 emakumezko zamari zeuden. Marea aldeko zutenean, minerala zirgarekin ateratzen zuten itsasadarrera, eta bertatik Asuara (Erandio), Sestaora, Portugaletera edo Bilbora eramaten zuten.

Han zeudela, itsasontzi eta zamari bidez eramaten zuten barrualdera. Zamarien ontzi gehienak (patatxak eta ketxemarinak) Plentziatik eta Mundakatik zetozen. 1850ean, 200 eta 300 itsasontzi bitartean zeuden, eta 1.000 bat marinel aritzen ziren merkataritza lan horretan.

XIX. mendearen erdialdean, aldaketa handiak egon ziren Europan gertatzen ari zen Industria Iraultzaren ondorioz. 1849an, baimendu egin zen minerala atzerrira esportatzea, ordura arte Bizkaiko Foruak debekatzen baitzuen. 1863an, minerala esportatzeagatik ordaindu beharreko ia zerga guztiak desagerrarazi ziren, eta horrek atzerriko kapitalak iristeko beharrezkoa zen azken bultzada eman zion sektoreari. Hala, Europako siderurgia handiek meatzaritza enpresak sortu zituzten, besteak beste Orconera (ingelesa zena) eta Franco-Belga de Minas de Somorrostro.

Gauzak horrela, 1876aren eta XX. mendeko 30. hamarkadaren bitartean gertatu zen meatzaritza ustiaketa handia deritzona. Izan ere, Europako meatzerik garrantzitsuenak izatera iritsi ziren, funtsezko lau arrazoi direla bide: mineralaren kalitatea, ugaritasuna, minerala ateratzeko erraztasuna eta itsasoaren gertutasuna. Mineral gehien-gehiena esportatu egin zen, batez ere Ingalaterrara, eta horretarako meatzeak eta itsasadarra zuzenean lotzen zituen trenbide bat sortu zen. Bertan, kai modernoak jarri zituzten, mineralak ontzietan kargatzen zituztenak.

mineralen garraioa1. ilustrazioa: Burdina Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara eramateko zabaldu zen trenbide sarea. (Irudia: NorArte Studio)

Meatzeetako trenek burdin kantitate handiagoa garraiatzen zuten denbora gutxiagoan, eta, beraz, bertan behera geratu ziren ibaietako portu tradizionalak. Trapagarango herritarrek sabotajea egin zieten Trianoko trena eraikitzeko lanei; izan ere, mineralaren garraioa zen beren bizimodu nagusia, eta horrek kalte egingo zien.

Azkenik, 1865ean inauguratu zen. Hala ere, minerala zamarien bidez garraiatzen jarraitu zen, baina ez portuetara eramateko. 1886an, oraindik ere “Somorrostroko meatzaldeko errepide eta bideetan idiek tiratutako gurdi asko zeuden, meatzeetako minerala kargatzen zutenak, trenetara eramateko” [4].

Azkenik, Ugarteko portuak bakarrik jarraitu zuen neurri batean aktibo. Izan ere, 1878an kanal bat eraiki zen portu horretara iristen zen minerala Parcocha meatzeko airetiko tranbiaren bidez ateratzeko. 1924ko aipamen bat ere badago: “Ugarteko portutxoa (non oraindik ere gabarrak dauden), eta egun itsasadarra lurrez beteta dagoelako eta mineralak uretatik urrun garbitzen direlako erabiltzen diren Galindo, Kauso eta Salcedillokoa” [5].

Alabaina, XIX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadatik, mineral gehiena itsasadarrean bertan kargatzen zen. Meatzeetako erauzketaren eta garraioaren modernizazioak Somorrostroko haraneko bizimodu tradizionalaren amaiera ekarri zuen berekin.

Oharrak:

[1] Somorrostroko harana: Enkarterriren parte zen eta Hiru eta Lau Kontzejuek eta Portugalete hiribilduak osatzen zuten. Hiru Kontzejuak, gaur egun, Trapagaran, Santurtzi eta Sestao dira, eta Lau Kontzejuak, aldiz, Abanto Zierbena, Zierbena eta Muskiz.

[2] Venera: vena edo zaina (purutasun handiko hematite gorria) duen meatzea.

[3] Delmas, JR: Guía histórico descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya, en 1864. Madril, 1944, 526. or.

[4] Alzola, B: “Informe relativo a los recursos de que la industria nacional dispone para las construcciones y armamentos navales”, Madril, 1886, 10. or.

[5] Balparda eta de las Herrerías, G: Historia crítica de Vizcaya y sus Fueros, Bilbo, 1974, I. lib., 487. or .

Egileaz:

 Eneko Perez Goikoetxea historialaria da eta Meatzaldea-Peñas Negras Ekoetxea ikastetxeko ingurumen-hezkuntzako taldeko kidea.

Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

The post Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #318

Ig, 2020-10-04 09:00
Uxue Razkin

belea

COVID-19

Margarita Del Val, Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko birologo eta immunologoari elkarrizketa interesgarria egin dio Berriak honetan. Besteak beste, SARS-CoV-2 koronabirusari buruz gaur gaurkoz dakigunaz, udazkeneko arriskuez eta testez mintzatu da. Ez galdu!

Bigarren olatu honetan kezka dira asintomatikoak. Horren harira, negazionisten ustea da asintomatikoek ez dutela kutsatzen. Baina horrek ez du oinarri zientifikorik. Asintomatikoek birusa transmititu dezakete. Oro har, COVID-19aren inguruko usteak desmuntatzen saiatu dira Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoak Berriako erreportaje honetan.

Berriako artikulu honetan, The Lancet aldizkariak argitaratutako txosten baten berri eman digute. Bertan, bederatzi herrialdek konfinamenduaren ondoren egin duten kudeaketa alderatu dute: Hong Kong, Japonia, Zeelanda Berria, Singapur, Hego Korea, Alemania, Norvegia, Erresuma Batua eta Espainia. Azken bi hauek dira bilakaera okerrena izan dutenak.

The Lancet-en arabera, COVID-19a ez da pandemia bat, sindemia bat baizik. Zer dakigu kontzeptu horri buruz? Elhuyar aldizkariak azaldu digu: termino hori Merrill Singer antropologoak sortu zuen 1990eko hamarkadan. Eta kontzeptuak biltzen ditu elkarreragin biologiko eta sozialak.

Koronabirusarekin jarraituz, Euskal Herrian egin den ikerketa baten arabera, birusak eragindako pneumonia kasu larrien bilakaera hobetu daiteke metil-prednisolona glukokortikoidea dosi handitan emanda, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Bertan azaltzen dutenez, hiru egunez glukokortikoide-pultsu bat ematean, % 60 murrizten da haien heriotza-tasa eta ZIUn sartu eta intubatzen direnen kopurua.

Iraide Ibarretxe Antuñano #Reframecovid egitasmoren sortzaileetako bat da. Proiektu honetan, COVID-19 irudikatzeko erabiltzen diren metaforak ikertzen dituzte eta hori izan du mintzagai artikulu honetan. Oso interesgarria da ikustea nola erabiltzen ditugun metaforak osasun-kontuetan.

Medikuntza

Nanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaldu digu nola lortu duten neuronen arteko konexio hori berrezartzea eta lesioa konpontzea.

Berriki argitaratu den ikerketa erraldoi batean ondorioztatu dute bi urte eta erdi bete arte loaren helburu nagusia garunaren garapena dela. Hortik aurrera, neuronen mantentze- eta konponketa-lanari ekiten dio loak. Kaliforniako Unibertsitateak (UCLA) zuzendu duen ikerketaren xehetasunak hemen topatuko dituzue.

Arkeologia

Labar-artea duten kobazuloak aurkitzeko sistema bat garatu dute Kantabriako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Diego Garate Maidaganek zuzendu du ikerketa eta EAEn aplikatu duten arren, sistema munduko txoko guztietan erabili daiteke. Hemen topatuko dituzue xehetasun gehiago.

Genetika

Gainpisua edo gehiegizko pisuari buruz eta genetikak horretan duen eraginari buruz hitz egin digute artikulu honetan. Testuan azaltzen den legez, gainpisua gorputz masaren indizearen bidez neurtzen da -pisua (kg-tan) altueraren koadroarekin (m-tan) zatituz kalkulatzen da-. Munduko gainpisu eta obesitatearen indize handienak Ozeano Bareko artxipelagoan eta uharteetan daude. Honen harira, berriki argitaratu den ikerketa batek aditzera eman du lotura handia dagoela gorputz masaren indizearen eta CREBRF geneko mutazio baten artean.

Koldo Garciak ez du inoiz hutsik egiten, beti ekartzen dizkigu zientzia-pilula oso interesgarriak. Aurreko asteetan bezalaxe, Nature Reviews Genetics aldizkarian 12 ikertzailek genetikaren eta genomikaren etorkizunaz esan dutena bildu du Edonola blogean. Genetika (eta haren etorkizuna) gai konplexua da baina Garciak lana errazten digu bere azalpenekin!

Biologia

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 1979an martxan jarri zenak, izandako inpaktua eta ekarri dituen onurak errepasatu dituzte artikulu honetan. Itsasadarraren egoera eta bilakaera ezagutzeko, jo ezazue artikulu honetara.

Zer desberdintasun daude ugaztunen eta hegaztien garunen artean? Ikertzaileek ikusi dute hegaztien neuronak txikiagoak direnez, informazioa prozesatzeko neurona-kopuru askoz ere handiagoa dutela tamaina bereko ugaztun-garunek baino. Ikertzaileek azaldu dutenez, badirudi garunaren azalean neurona-dentsitate handiagoa izateak gaitasun kognitiboa handitzen duela. Elhuyar aldizkarian duzue informazioa irakurgai.

Ikerketa batek ondorioztatu dute abiadura funtsezko faktorea izan daitekeela arrainen portaera kolektiboa azaltzeko. Esperimentua arraina dirudien robot batekin egin dute eta horrekin arrain talde baten portaera aztertu dute. Poecilia reticulata espezia hautatu dute ikerketa egiteko. Datu gehiago irakurtzeko jo ezazue artikulu honetara.

Matematika

Vicent Caselles saria jaso du aurten Judit Muñoz Matute matematikariak. Doktoretza ondoko ikertzailea da BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskuratu du atzerrian ikasteko; urtarrilean, Ameriketako Estatu Batuetara joango da. Besteak beste, matematikaz eta ikertzaileen munduaz mintzatu da Berriako elkarrizketa honetan.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #318 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #322

La, 2020-10-03 09:00

Berebiziko garrantzia dute simetriek fisikan, bereziki mundu kuantikoan. Simetriadun sistema kuantiko irekietan eremu magnetikoek duten eraginaren inguruko teoria berri baten garapenean hartu dute parte Instituto Carlos Iko ikertzaileek: Magnetic fields and quantum symmetries, two old (and new) friends

Gaixotasun kronikoek eragin izugarria duten ez bakarrik arlo pertsonalean, baizik eta ekonomiko eta sozialean ere. Eragin hori gutxitzeko ezinbestekoa da gaixotasun hauek hobeto ezagutzea. BGBK (buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa) duten gaixoen bizi-kalitateari denboran zehar zein aldagaik eragiten dien gehiago estatistikoki aztertu dute BCAMen: Health-related quality of life in chronic obstructive pulmonary disease patients

Teknika burutsuak behar dira botika berri batek organismo bizidun batean zelan metabolizatzen den ikertzeko. Urrean oinarritutako minbiziaren aurkako botikekin DIPCn garatu berri dutena bezala: Labeling anticancer gold complexes to study their organ accumulation in vivo

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #322 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Iraide Ibarretxe, hizkuntzalaria: “Metaforek zure ikuspegiaren berri ematen dute”

Or, 2020-10-02 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

#Reframecovid (berkokatu covid) egitasmoren sortzaile eta hedatzaileetako bat da Iraide Ibarretxe Antuñano. COVID-19az hitz egiteko erabiltzen diren metaforak bildu, ikertu eta proposatzen dituzte.

Aitortu duenez, orain eremu zientifikoan dabilen arren, berez, “letretakoa” da. Hain zuzen, ingeles filologia ikasi zuen unibertsitatean, eta zientziarekiko ez du sekula izan zaletasun handiegirik. Txikitatik, paleontologia, arkeologia eta halakoak gustuko zituen, eta kimikan, biologian eta geologian bazuen interesa, “baina matematiketan, inoiz ez”, dio, zalantza izpirik gabe.

Bidean aurrera egin ahala, ordea, ikerketara bideratu da: “Guk, humanitateetakook, beti esaten dugu gure ikerketak zientzia direla, baita literaturakoak badira ere, metodologia erabiltzen dugulako eta hori guztia. Edonola ere, Deustuko Unibertsitatean ikasten hasi nintzenean, hizkuntzalaritza aurkitu nuen, eta ohartu nintzen literatura ondo dagoela liburuak irakurtzeko baina ez hainbeste aztertzeko”.

Irudia: Iraide Ibarretxe Antuñano hizkuntzalaria.

Laugarren mailan, Erasmus programarekin, Manchesterreko Unibertsitatera joan zen, eta, han, hizkuntzalaritza-sailean egin zuen egonaldia. Orduan berretsi zuen gustuko zuela esperimentuak egitea, jendeari galdeketak egitea eta halakoak. Deustun bukatu zuenean, doktoretza egin zuen Edinburgoko Unibertsitatean, aditzen esanahia aztertzen, zergatik hiztunok aukeratzen ditugun egitura batzuk eta ez besteak.

“Nahiz eta gehien bat hiztegiekin egiten nuen lana, hasi nintzen hiztunen datuak jasotzen. Eta bukatu nuenean, AEBra joan nintzen, Berkeleyko Unibertsitatean, eta han, hizkuntzalaritza-sailean ez ezik, psikologiakoan ere egon nintzen. Orduan hasi nintzen esperimentu psikolinguistikoak egiten”.

Izena eta izana

#Reframecovid egitasmoan, COVID-19 irudikatzeko erabiltzen diren metaforak ikertzen dituzte. “Hizkuntzalariok uste dugu hitzek barnean esanahia gordetzen dutela, eta esanahi hori gure gorputzean eta munduarekiko dugun esperientzian oinarritzen dela”, azaldu du Ibarretxek. COVID-19az hitz egiteko erabiltzen diren esapideak eta metaforak ere ez ditugu nolanahi aukeratzen: “horretaz jabetu ala ez, zure ikuspegiaren berri ematen dute; horregatik dira hain garrantzitsuak.”

Ikerketa oso modu informalean sortu zen, eta lantalde irekia da. Kide guztiak emakumeak dira, eta ez du uste kasualitatea denik, hizkuntzalaritzan ez baitago alde nabarmenik generoaren arabera.

Edonola ere, hasieran, gudarekin zerikusia zuten metaforak eta hitzak erabili ziren, batez ere, COVID-19az hitz egiteko. “Garai hartan, martxoan, berezia izan zen nola jendea hasi zen esaten bera ez zela soldadua. Hor ikusten da hitzek esanahiak gordetzen dituztela, eta hartzailearengan emozioak sorrarazten dituztela. Orduan, beste aukera batzuk bilatzen hasi ginen”.

Beste ikerketa batzuk erakutsi dute, adibidez, zer eragin duen antzeko hizkera erabiltzeak gaixotasunetan, adibidez, minbizia. “Minbiziduna gerlari izendatzea kalte handia egin dezake: gaitza gainditzen ez badu, aditzera ematen baita nahikoa ez duela borrokatu; errudun dela, nolabait“.

COVID-19a gerratzat jotzeak, balkoietako poliziak eta eremu bereko izenak eta pentsamoldeak ekarri zituen. Horrez gain, animaliak eta natura-fenomenoak ere erabili ziren: tsunamia, sutea… Horiek guztiak beste hondamendi batzuetan ere erabili izan direla nabarmendu du Ibarretxek.

Denborarekin, metaforak aldatzen joan direla ikusi dute. Adibidez, orkestra batekin alderatu zuen politikariren batek, eta denok elkarrekin jotzeko dei egin zuen.

Orain artikulu zientifiko batzuk idazten ari dira: bat, aurkezteko zergatik sortu zuten egitasmoa, adibide batzuk emanaz; beste bat, azalduz nola sortzen diren metafora berriak, eta beste pare bat, beste talde batekin elkarlanean.

Bestalde, ikusi dute pandemia, birusa eta haiekin zerikusia duten hitzak beste eremu batzuetan erabiltzen hasi zirela, esaterako, plastikoen pandemia. “Oso interesgarria da ikustea nola metaforen sorburua bihurtu den COVID-19a”, azpimarratu du. “Agian hemendik aurrera hori ikertu beharko dugu; nola aldatzen diren gauzak!”

Horrez gain, esperimentu psikolinguistiko bat egin nahi dute, jakiteko zer emozio sorrarazten dien jendeari jaso dituzten metaforek. Helburua da ezagutzea zergatik metafora batzuk diren besteak baino eraginkorragoak edo indartsuagoak diren eta zer eratako emozioak sortzen dituzten. “Garrantzitsua da erakustea erabiltzen diren metaforak ez direla hutsalak, eta badituztela ondorioak, onerako zein txarrerako”.

Fitxa biografikoa:

Iraide Ibarretxe Antuñano Bilbon jaioa da, 1972an. Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretan Lizentziaduna da, eta Hizkuntzalaritzan doktoratua Edinburgoko Unibertsitatean (Erresuma Batuan). Ikertzaile gisa lan egindakoa da Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, Max Planck Psikolinguistika Institutuan (Herbeheretan) eta Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, irakasle katedraduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Academia Europaea ikertzaile-elkarteko kidea. Bere ikerlanak hizkuntza eta kognizioaren arteko harremanak aztertzen ditu.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Iraide Ibarretxe, hizkuntzalaria: “Metaforek zure ikuspegiaren berri ematen dute” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik lo egin, txuntxurrun berde?

Og, 2020-10-01 09:00
Uxune Martinez

Jaioberri batek egunean 16 orduz lo egiten du, gutxi gorabehera 3-4 orduko loaldietan, eta tartean esna-aldiak izaten ditu. Heldu gehienek, aldiz, ohikoa dute gauero zazpi ordu eta erdi bat lotan ematea. Helduek baino lo gehiago egitea behar dute haurrek, bi aldiz gehiago, gutxi gorabehera. Atsotitz zahar batek dio “loa umeen mantenuaren erdia” dela, askoren esanetan janaria bezain garrantzitsua da. Argitaratu berri den ikerketa bat harago joan da eta ondorioztatu du bi urte eta erdi bete arte loaren helburu nagusia garunaren garapena dela. Hortik aurrera, ordea, zereginez aldatu eta haren funtzioa garunaren mantentze- eta konponketa-lana da.

loaIrudia: Urte bete inguru duen haurra lotan. (Argazkia: Mladen Spehar – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lo egitea garrantzitsua da ume, gazte zein helduontzat. Ikerketek erakutsi dute loak hainbat funtzio betetzen dituela. Esaterako, berregokitze neurala, metabolitoen iraizpena edo zirkuitu neuronalen berrantolaketan laguntzen du. Horrez gain, badakigu loaren gabeziak osasun arazo larriak ekar ditzakeela. Baina ba al dakigu zergatik den hain garrantzitsua lo egitea gure osasunerako?

Kaliforniako Unibertsitateak (UCLA) zuzendu duen ikerketa batek arestian aipatutako galdera erantzutea izan du xede. Neurozientzia, biologia, estatistika eta fisika alorreko ikertzailez eratutako talde batek gauzatu du lana, eta orain arte egin den loaren azterketa estatistiko osatuena burutu du. Gizakien eta bestelako ugaztunen loari buruzko 60 ikerketetan bildutako datuak analizatu dituzte. Besteak beste, giza garapenean zehar lotan ematen diren orduen kopurua, REM fasearen iraupena eta, garunaren eta gorputzaren tamainen datuak aztertu dituzte. Ondoren, eredu matematiko baten bidez, garunaren eta gorputzaren tamaina aldatu ahala loaren funtzioak nola aldatzen diren ikertu dute. Eta ikusi dute loaren funtzioak denbora tarte laburrean aldatzen direla

Zientzialariak ohartu dira bizitzaren lehenengo 2-3 urteetan loak garunaren azpiegitura osatzen laguntzen duela eta hortik aurrera neuronen mantentze- eta konponketa-lanari ekiten diola. Beraz, inflexio-puntu bat dago adin horretan eta loaren eginkizuna aldatu egiten bat-batean. Ikertzaileen esanetan, trantsizio hori garunaren garapenean gertatzen diren aldaketei dagokie eta garapenaren mugen eta loaren bilakaeraren arteko interakzio konplexua adierazten du.

Azterketak erakutsi du, bi urte eta erdira arteko haurren REM loaldian (begiak bizkor mugitzen dira eta garunak jarduera handia du fase honetan), garuna lanpetuta dagoela neuronak elkarrekin lotzen eta komunikatzen laguntzen dieten egiturak finkatzen. Hau da, sinapsiak sortzen. Horregatik, ikertzaileen esanetan, garrantzitsua da haurrak ez esnatzea loaren REM fasean daudenean, burmuinean prozesu garrantzitsuak gauzatzen baitira. Zientzialariek ikusi dutenez, adin horretatik aurrera, garunaren eta gorputzaren tamaina handitzen den neurrian, REM loa murriztu egiten da. Esaterako, jaioberriek loaldiaren %50 inguru ematen dute REM loan; 10 urterekin, aldiz, %25, eta portzentajeak beherako joera du adinean aurrera egin ahala. Beraz, loaren funtzioaren aldaketa 2-3 urteren bueltan gertatzen da, garuna eta gorputzaren tamainak gora egiten duenean eta REM loaren denbora tartea urritzen denean. Ikertzaileek diotenez, trantsizio hori ura izoztu eta izotz bihurtzearen antzeko zerbait da.

Ikerketan parte hartu duen Van M. Savage biomatematikariaren esanetan, “Lo egiten dugun bitartean, gure garunak ez du atseden hartzen eta miragarria da loak zelan egiten duen bat gure nerbio-sistemaren beharrekin. Izan ere, animalia guztiek pairatzen dituzte kalte neurologiko txikiak esna daudenean, eta loak kalte horiek konpontzen laguntzen du”.

Beraz, lo egitea gauza ederra da. Lo onak gure osasunari egiten dio mesede. Eta doakoa da.

Loa, loa txuntxurrun berde,
loa, loa masusta…

Erreferentzia bibliografikoa:

Cao, J., Herman, A. B., West, G. B., Poe, G., Savage, Van M. (2020). Unraveling why we sleep: Quantitative analysis reveals abrupt transition from neural reorganization to repair in early development. Science Advances,  6 (38), eaba0398. DOI: 10.1126/sciadv.aba0398

Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Zergatik lo egin, txuntxurrun berde? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat

Az, 2020-09-30 09:00
Juanma Gallego

Arrain baten itxura duen robot bat erabilita, sardan ibili ohi diren arrain batzuen portaera aztertu dute, eta ondorioztatu dute arinago doazen banakoek taldearen lidergoa eskuratzen dutela.

Eguneroko kezketan murgilduta, landa eremu batean autoa gidatzen edo paseoan doan gizakumeari naturak noizean behin eskaintzen dion ikuskizun txiki baina zoragarri horietako bat da: izaki erraldoi bat mugitzen da goian, leku batetik bestera, arratseko zeru gorrixkan dantza izugarri ederra marraztuz. Ehunka arabazozoez osatutako saldoa da, baina, itxuran, izaki bakar baten mugimendua dirudi.

Arabazozoena ez da antzeko ikuskizun bakarra. Euskal Herrian horrelakorik ez dugun arren, telebistaren aurrean bazkalostea eman duen edozeini aise etorriko zaizkio gogora dokumentaletan ikusten diren ugaztunen mugimendu handiak, eta oroituko du ere harrapakariei zeinen zaila egiten zaien horien erdian ehizatzea. Urpean, sardinzarrek (Clupea harengus) eta beste zenbait espeziek osatzen dituzten sardetan ere antzeko jokabidea ikusten da. Era indibidualean, arrainek ezin dute osotasuna ikusi, baina, halere, guztien arteko mugimenduari esker, badirudi harrapakarien aurreko erantzun bikaina lortzen dutela.

abiadura1. irudia: Animalia askotan ematen da jokabide kolektiboaren fenomenoa: arrainetan, ugaztunetan edota intsektuetan. Baina gizakiarentzat agian ikusgarriena da hegaztiek egiten dutena, aise ikus daitekeelako. (Argazkia: James Wainscoat / Unsplash)

Intsektu sozialek erakusten dituztenak bezala —nahiz eta konplexutasun txikiagoan—, horiek guztiak jokabide kolektiboaren adierazpenak dira, eta zientzialariek urteak daramatzate horien atzean dauden sekretuak argitu nahian. Nola gidatzen dira horrelakoak? Zein abantaila dituzte? Nola atera daitezke mugimendu horiek horren sinkronizatuak?

Hipotesi asko garatu dira gaiaren bueltan, eta, pixkanaka, esperimentuen, ordenagailu bidezko simulazioen eta landa behaketen bidez azalpen horietako batzuk indartzen ari dira. Agerienetako bat segurtasunari dagokiona da: begi eta belarri asko adi egonda, errazagoa da harrapakariren bat ote datorren asmatzea, eta, beraz, taldearen babesean, animalia bakoitzak denbora gehiago eman dezake janari bila. Bestetik, eta probabilitateei begira, banakoak aukera gehiago izango lituzke eraso batetik bizirik ateratzeko, eta multzoan ibiltzeak ere zenbait harrapakari atzera botako lituzke. Multzoa erasotzera ausartzen diren harrapakarietan ere nolabaiteko nahaste-efektu bat sortzen da, horrenbeste harrapakin egonda, jazarpenean zehar zailagoa baita animalia bakar batean arreta mantentzea.

Ez da erraza azaltzea nola abiatzen den prozesu guztia, baina, urteen poderioz, ikertzaileek ondorioztatu dute guztia arau sinple bakar batzuetan oinarritzen dela: alboko animalia gehiegi hurbiltzen bada, urrundu. Asko urruntzen bada, hurbildu. Bitartean, jarraitu mugimenduan edo gelditu, multzoaren erritmoan.

Horrela, alboetan dagoen animaliak arrisku batez jabetu eta mugitzen hasten direnean, mugimendu horren transmisio azkar eta koordinatu bat hedatuko da multzo osoan zehar. Beste modu batean esanda, animaliek informazio lokalari baino ez diote erantzungo, baina informazio hori aise zabalduko da, eta taldeak egoeraren kontrol deszentralizatu moduko bat lortuko du.

Hori zehazki nola gertatzen den azaltzea ez da, noski, hain sinplea. Erasorik ez dagoenean, zeren arabera mugitzen da taldea? Hori argitu nahian, Konstantzako Unibertsitateko (Alemania) zientzialariek arrainen talde portaeran sakondu dute. Horretan laguntzeko, arrain bat dirudien robot txikia eraiki dute.

Biology Letters of the Royal Society aldizkarian argitaratutako artikulu batean adierazi dutenez (hemen artikuluaren aurreargitalpena, irekian), abiadura funtsezko faktorea izan daiteke arrainen portaera kolektiboa azaltzeko. Hori izan da atera duten ondorio nagusia, arrain espezie batekin egindako esperimentu baten bidez: banakorik azkarrenak dira taldean eragin gehiago dukatenak.

abiadura2. irudia: Arraina dirudien robota prestatu dute, eta horrekin arrain talde baten portaera aztertu ahal izan dute. Arrainek kidetzat jo dute robota, eta haren alboan ibili dira, normaltasunez. (Argazkia: David Bierbach / Leibniz-Institute of Freshwater Ecology and Inland Fisheries)

Poecilia reticulata espezieko arrainarekin egin dute esperimentua. Ur gezako arraina da; jatorriz, tropikoetakoa, baina akuarioetan erabili ohi dena. Akuariofiliaren munduan Guppy izenez ezagutzen da espeziea. Robotari dagokionez, ahalik eta errealistena egiten saiatu dira; ez soilik itxuran, jokabidean baizik. Zientzialari batzuek erakutsi ohi duten irudimen-ateraldi horietako batean, Robofish izena eman diote.

Hortaz, eta banan-banan, arrainei robota pare-parean jarri diete, haren mugimendu guztiak kopiatuta. Horretarako, bideokamera batekin etengabeko jarraipena egin diete bikoteei, eta berrelikadura sistema bat erabili dute denbora errealean arrainen mugimenduei erantzun ahal izateko. Robotari ez diote eman mugitzeko inolako lehentasunik, kidearen mugimenduak imitatzera mugatu delarik. Animalia talde askotan aurretik ikusi diren arau sinple horiek jarraitu ditu robotak: arrainekiko tarte berdina mantendu du, eta haren parean egin du aurrera.

Ikusi dutenez, dantza horretan arintasunez aritzeak garrantzia izan du. Guppy-a abiadura handiagoan zihoan kasuetan, bikoteak askoz lerratuagoak eta koordinatuagoak zeuden, kohesioa txikiagoa izanda ere; guppya argiago agertu zen lider gisa”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Abiaduraren eta lidergoaren arteko harreman positibo indartsua behatu dugu”.

Kohesioaren beherakadaren eta abiaduraren arteko korrelazioari azalpen bat aurkitu diote: azkarrago mugituta, arrainak lehenago aldatzen du posizioa gainerako taldekideekiko, eta, hauek mugitu arte, kohesio falta hori ikusten da.

Azaldu dutenez, arrainak duen tamainaren, adinaren eta izaten den gosearen araberakoa da abiadura. Horregatik, hurrengo pausua izango da argitzea zein den faktore hauen garrantzia abiadura-mailak ezartzerakoan. Momentuz, jakin badakigu, —arrain espezie honetan bederen— arinen doanaren arabera mugitzen dela taldea. Beste espezie edo animalia mota batzuetan hori ere hala ote den argitu beharko da orain.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jolles, J.W., et al. (2020). Group-level patterns emerge from individual speed as revealed by an extremely social robotic fish. Biology Letters of the Royal Society, 16 (9), 20200436. DOI: 10.1098/rsbl.2020.0436

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gene aurreztaile bat

Ar, 2020-09-29 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Ingurumen faktoreek eragina dute obesitatean, baina oinarri genetiko garrantzitsu bat ere badago. Egungo gizarteetan iraganean baino jarduera fisiko gutxiago egiten da. Gainera, erraz digeritzen eta xurgatzen den janari gehiegi dugu gaur egun. Munduko gainpisu eta obesitatearen indize handienak Ozeano Bareko artxipelagoan eta uharteetan daude: Nauru edo Kiribatin (Mikronesia) eta Samoa, Tonga, Hawaii edo Tuvalun (Polinesia). Eta deigarria da, toki horietako bizilagunen obesitate maila askoz handiagoa dela antzeko janari hornidura duten herrialdeetakoena baino.

Gainpisua –edo gehiegizko pisua– gorputz masaren indizearen bidez neurtzen da; zehazki, pisua (kg-tan) altueraren koadroarekin (m-tan) zatituz kalkulatzen da. 25eko balioa gainditzeak esan nahi du eraginpeko pertsonak gehiegizko pisua duela, eta 30 baino balio handiagoa izateak, berriz, obesitatea duela. Samoan, aipatutako uhartedietako batean, indize horren batez besteko balioa 31’7 da, soilik Nauru uhartearen (32’5) eta Tonga uhartediaren (31’9) azpitik. XXI. mendearen hasieran, samoar gizonen % 68k eta emakumeen % 84k gainpisua zuten; hamar urte geroago, ehuneko horiek % 80ra eta % 91ra igo ziren, hurrenez hurren.

obesitateIrudia: Zortzi seme-alabako familia samoar bat, 2003. urtean. (Iturria: Wikiwand)

Duela sei hamarkada inguru, James Neel genetistak proposatu zuen 2 motako diabetesa aldaera genetiko jakin baten hautespenaren ondorio negatiboa dela beharbada, berak «gene aurreztaile» deitu zuenaren ondorio, hain zuzen ere; gene horren eramaileek gaixotasun hura pairatzeko joera dute. Geroago, hipotesi horretan obesitatea barne hartu zen, haren beste ondorio gisa. Diabetes metabolikoa (2 motakoa) eta obesitatea askotan elkarrekin agertzen diren ezaugarriak dira; hala, hipotesi horretan zera proposatzen zen, aldaera genetiko bat onuragarria izan zitekeela iraganean, janari gutxiagorekin bizirik irautea ahalbidetuko zukeelako, baina ugari dagoenean, ordea, aldaera hori arazo bihurtzen dela.

Duela gutxi egindako ikerketa batean jakin dute lotura handia dagoela gorputz masaren indizearen eta CREBRF geneko mutazio baten artean; oso arraroa da aztergai izan den mutazio hori Samoatik kanpo, baina oso ugaria uhartedi horretan. Harreman horretaz gain, ikertzaileek esperimentuak egin zituzten adipozitoekin –erreserbako koipeak gordetzen dituzten zelulekin–, eta ikusi zuten CREBRF geneko mutazioak gantz gehiago biltegiratzea eta energia gutxiago erabiltzea sustatzen duela. Beraz, ondorioztatu zuten neurri batean behintzat, aldaera horrek eragiten diela gainpisua izatea Samoako biztanle gehienei. Ondorioz, «gene aurreztailearen» hipotesia indartu egin da.

Obesitatearekin zerikusia duten gene gehienek energia balantzearen erregulazio zentralean –nerbio erregulazioan eta hormonalean– eragiten dute. CREBRF geneak, ordea, metabolismo zelularrean du eragina. Eta antzeko kasuak egon litezke beste giza talde batzuetan.

Samoarrak, beste polinesiar batzuk bezala, ozeanoan zeharreko itsasaldi handiei ekitera ausartu izan dira azken 3.000 urteetan, jakin gabe zenbateko iraupena izango zuen eta nora eramango zien Bidaia horietan, segurtasun osoz, gosea eta hotza igaro ziren.itsasaldiak. Katamaranaren garapenari eta nabigatzaile gisa duten trebetasun handiari esker egin ahal izan dituzte halako ibilbideak. Bidaia horietan, seguru asko, gosea eta hotza izan zuten.

Egoera gogor horietatik bizirik ateratzen zirenek baino ez zituzten izan ondorengoak. Eta horietako askok metabolismo aurreztailea zutelako iraun zuten bizirik. Iraganeko abantaila hori kaltegarria da nabigatzaile haien ondorengoentzat, obesitate orokortua baitute gaurko samoarrek, egungo egoera –elikagai ugari eta konfort termikoa– arbaso haiek gainditu behar izan zutenen guztiz kontrakoa izanik. Giza odisearen pasarte harrigarrienetako batentzako batere epikoa ez den amaiera.

Erreferentzia bibliografikoa: Minster, Ryan L. et al. (2016). A thrifty variant in CREBRF strongly influences body mass index in Samoans. Nature Genetics, 48 (9), 1049-1054. DOI: 10.1038/ng.3620 Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Gene aurreztaile bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte

Al, 2020-09-28 09:00
Pedro Maria Barreiro 1. irudia: Bilboko itsasadarraren bokalea 1976. urtean. (Argazkia: El correo.com)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integrala jarri zuen martxan 1979an, Euskadin inoiz egindako ingurumen proiektu garrantzitsuena, eta 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri duena.

Europar Batasunak hondakin uren tratamenduaren arloan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, planak gure ibaien, itsasadarraren eta inguruko hondartzen ingurumena berreskuratzeko aukera eman du. Hasitako lana ez da oraindik amaitu, badago oraindik ere zer egin, saneamenduaren arloan beti baitago zer hobetu.

Baina argi dago azken 40 urteotako lanak posible egin duela, seguruenik gazteenek goratu ere egiten ez duten, irudi bat historiarako uztea: Bilboren DNAren ezinbesteko parte zen itsasadar marroi, usain txarreko eta animalia- edo landare-bizitzarik gabekoa.

1. ilustrazioa: 1900. eta 1975. urteen bitartean itsasadarra hondakinen kolektore bihurtu zen, eta bizitza ezinezkoa zen. Egunean 2.000 tona hondakin jasotzen zituen. (Irudia: NorArte Studio)

Saneamenduko Plan Integralak itsasadarraren irudia goitik behera aldatu du eta hiria egituratzen duen espazio berri bilakatu du, herritar guztiak gozatzeko moduko espazioa. Guztira 280 kilometro inguruko sarea osatzen duten kolektore eta hodi biltzaileek jasotzen dituzte etxeko hondakin urak zein industrialak, eta ibaia azpitik gurutzatzen duten zenbait pasabidek ur zikinak Galindoko (Sestao) hondakin uren araztegira eramaten dituzte, baita itsasadarraren eskuin ertzetik ere.

Zalantzarik gabe, Galindokoa da Ur Partzuergoak egindako saneamendu lanik garrantzitsuena: araztegia 1990ean lanean hasi zenetik, egunero 850.000 bizkaitarrek sortutako ur beltzak garbitzen dira bertan, 350.000 litro egunean gutxi gorabehera. Bizkaiko araztegi nagusia da Galindokoa, baina ez bakarra. Izan ere, lurralde historiko guztian zehar banatutako beste 31 araztegi ere badaude.

Baina goazen gure iraganera begiratu eta zuri-beltzezko Bilbo hura gogoratzera. XIX. mendearen erdialdera, itsasadarraren inguru osoak industrializazio prozesu indartsua abiatu zuen, batik bat, burdin mearen esplotazioan eta esportazioan eta industria siderurgikoan oinarritutakoa.

Portu txiki bat izatetik, Bilboko itsasadarra Estatuko eta Europako industria eta merkataritza foku nagusietako bat bihurtu zen. Urte gutxiko epean, itsasadarraren fisionomiak eta paisaiak eraldaketa sakona izan zuten. Ibaiaren ertzak fabrika eta portuko azpiegiturez bete ziren, eta, eskulan beharrak eragindako migrazio mugimendu indartsuak, ingurune guztian biztanleriaren hazkunde azkarra eragin zuen. 1900etik 1975era bitartean, biztanleria laukoiztu egin zen.

2. ilustrazioa: Bilbo Metropolitarra Eskualdearen Saneamenduko Plan Integrala gauzatzeko martxan jarri ziren egitura sarearen ezaugarriak. (Irudia: NorArte Studio)

Garapen horrekin batera, itsasadarreko uren kutsadura areagotzen joan zen, maila zinez kezkagarrira heldu arte. Antolatu gabeko hazkunde urbanoak eta ingurumen kontzientzia ezak eraginda, hondakin urak –etxekoak zein industrialak– zuzenean isurtzen ziren estuariora, aldez aurreko inolako tratamendu gabe. Itsasadarra hondakin biltzaile izugarria bihurtu zen, bizia ezinezko bihurtzeraino.

Itsasadarrak egunero-egunero 900 tona hondakin solido jasotzen zituen, nagusiki, meatze ustiategietatik, baita 400 tona isurpen azido, 80 tona metal eta bestelako zianuro eta nitrogeno konposatuak ere. Labur esanda, ia 2.000 tona hondakin jasotzen zituen egunero, eta, ezinbestean, itsasadarra oxigenorik gabeko estolda bilakatu zen.

Horregatik, Saneamenduko Plan Integralaren helburu nagusietako bat Bilboko itsasadarraren ingurumen leheneratzea izan zen, eta, horretarako, uren kalitate estandar gisa % 60ko oxigenazioa finkatu zen. Kolektore kilometro ugari eraiki eta etxe zein industrietako hondakin urak jasotzen hasi ziren hodiok, dagoeneko ibaira ez doazen urak, baizik eta araztegietara.

Lehen esan bezala, sistema osoaren funtsezko pieza da Galindoko araztegia, 1990eko hamarkadatik Bizkaiko urak garbitzen dituen ezinbesteko giltzurruna. Emaitza gaur egun daukagun itsasadar bizia da, gero eta egokiagoa dena kirola egiteko edo erabilera nautiko berrietarako.

Obra hidrauliko horiekin guztiekin batera, 1989an, Ur Partzuergoak eta URA – Uraren Euskal Agentziak finantzatuta, Saneamendu Plan Integralak hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko segimendu-azterketak egiten hasi ziren. Honen helburua zen, hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzea, batez ere, ingurune urtarrean. AZTI-ko adituak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, dira ingurumen zaintzako lan hori aurrera eramateko ardura dutenak. Urtero egiten dira itsasadarren egoera eta bilakaera ezagutzeko kanpainak eta laginketak, besteak beste, uraren kalitatea, jalkinak, fauna eta flora aztertuz.

3. ilustrazioa: Bilbo Metropolitarraren saneamendurako kolektore-sistemak egunero 350.000.000 litro ur arazten ditu. (Irudia: NorArte Studio)

Saneamenduko Plan Integralak itsasadarrean izandako ondoriorik garrantzitsuena oxigeno maila normala berreskuratu izana da. Pentsa, 1990eko hamarkadaren hasieran saturazio mailak % 40 ingurukoak edota are txikiagoak baziren, gaur egun % 90eko balioak ditugu. Oxigenazio arazoak dituen zona bakar bat ere ez dago dagoeneko estuarioan.

Horrek guztiak sistema osoan zehar komunitate biologikoak agertzea ahalbidetu du, Bilbo barnean hasi eta Abraraino. Besteak beste, 60 arrain mota bizi dira itsasadarrean (mihi arraina, zarboa, muxarra, platuxa, korrokoia, lupia, barbarina, txitxarroa, aingira…), baita algak eta sedimentu eta substratu arrokatsuetan bizi diren beste organismo batzuk ere.

Honakoa da, beraz, Bizia itsasadarrera itzuli zeneko historia. Orain, guztioi dagokigu ur masak kontserbatzea eta saneamendu sistemak behar bezala erabiltzea. Izan ere, funtsezko pieza dira planetaren jasangarritasuna bermatzeko, erabiltzen dugun ura garbi itzultzen baitute bere ingurunera bere ziklo naturalari jarrai diezaion.

Egileaz:

Pedro Maria Barreiro industria ingeniaria da eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerentea.

Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.

“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:
  1. Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
  2. Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
  3. Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
  4. Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
  5. Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
  6. Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
  7. Planktona Bilboko itsasadarrean
  8. Aliron, aliron, Nerbioiko geologia

The post Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #317

Ig, 2020-09-27 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Osasun krisi honetan, asintomatikoen afera kezka da, izurriaren kontrola zailtzen duelako ezinbestean. Horren kariaz, Berriako artikulu honetan, asintomatikoei buruz lau datu esanguratsu eman dizkigute, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle Joseba Bikandiren azalpenak kontuan harturik.

UPV/EHUk Miren Basaras mikrobiologoa izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun, Berriak jakinarazi duenez.

COVID-19a oraindik galdera eta zalantza asko sortzen ari da. Kasu honetan, berrinfekzioei buruz mintzatu da Basaras artikulu honetan. Haren esanetan, hori benetakoa dela esateko lehenengo infekzioaren eta bigarren infekzioaren birusen sekuentziazio genetikoa egin behar da, eta genetikoki ziurtatu birus andui ezberdinak direla. Egoera horietan aukera ezberdinak aurreikusten dira. Jo ezazu Berrriako artikulura horiek irakurtzeko.

Pandemiaren bost urteko bilakaera ikusteko eredu interaktibo bat garatu dute Princetongo unibertistateko ikertzaileek. Zenbait aldagai eta faktore hartu dituzte kontuan. Hauek izan dira aldagaiak, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez: SARS-CoV-2 infekziora egokitzeko aukera, urtarokotasunak transmisio-tasan izan dezakeen eragina, neurri ez-farmakologikoak ezartzea, txertoaren eskuragarritasuna eta eraginkortasuna, txertoei uko egitea, klima…

COVID-19aren arriskuei buruz informatu eta herritarrak sentsibilizatzeko abiatu diren kanpainak hizpide hartuta, horien analisia egin du honetan Uxune Martinezek. Hau da, osasun arloko kanpainiak eraginkorrak al dira? Nolakoa izan ohi da gizartearen erantzuna eta portaera horien aurrean? Ez galdu!

Klima-aldaketa

Siberiako Lena ibaiaren deltan permafrostraren higadura neurtu dute Alfred Wegner Institutuko adituek, eta gertatzen ari diren karbono eta metano isuriak kalkulatu dituzte. 1960ko hamarkadatik hartutako irudiei esker egiaztatu dute handik gaur egunera egoerak txarrera jo duela. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.

Zementu eta hormigoiez inguratuta gauden honetan, material horiek zer nolako inpaktua duten aztertu dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digunez, metal astunak atmosferara igorri eta baliabide naturalak erauzteaz gain, zementua ekoizteak CO2-igorpen esanguratsua eragiten duela ondorioztatu dute ikertzaileek. Artikuluan datu gehiago irakurtzeko aukera duzue.

Genetika

Azken urteotan, ikertzen hasi dira DNA molekulak informazio digitala biltegiratzeko euskarri gisa duen potentziala. Artikulu honetan, esperimentu interesgarri bezain bitxi baten berri eman digute, duela hilabete batzuk egindakoa, hain zuzen: plastikozko untxi baten ‘genoma’. Ez galdu Berriako artikulua!

Nola jorratzen dute genetika telesailetan? Koldo Garciak Designated Survivor (2016-2019) hartu du adibide gisa galdera horri erantzuna emateko. Hirugarren denboraldian konspirazio bat azaltzen da eta horrek genetika du oinarri. Spoilerrik egin gabe, oso interesgarria da Koldok egin duen analisia Edonola blogean!

Bukatzeko, Nature Reviews Genetics aldizkariak 12 ikertzaileri genetikaren eta genomikaren etorkizunaz aritzeko eskatu die eta aurreko astean bezalaxe, iritzi horiek bildu eta Edonola blogean azaldu ditu Koldo Garciak. Asteon,  Afrikako genomikari buruz hausnartu du. Ez galdu!

Biologia

Etxekotze sindromeari buruz irakurtzeko abagunea dugu artikulu honetan. Sindromeak berezkoak diren ezaugarriak ditu, hala nola belarri eroriak, pigmentazio irregularra aurpegi edo mutur motza, atzeko hagin txikiagoak, garezur biribil eta txikiagoa, eta gorputza ere txikiagoa. Testuan azaltzen diguten moduan, gandor neuraleko zelulen kopuruaren defizit arin batzuen ondorio da etxekotze sindromea.

Naturarentzako Mundu Funtsak lurreko biodibertsitatearen egoera zein den ikertu du eta jakinarazi du , besteak beste, ornodunen populazioa %68 gutxitu dela 1970etik 2016ra. Gizakiaren jarduna horren atzean dagoela ondorioztatu dute Living Planet Report 2020 (Lur Planeta Bizia 2020) txostenean. Berrian aurkituko dituzue xehetasun gehiago.

Flamenkoak agertu dira Euskal Herrian. Ezohikoak diren espazioetan topatu dituzte, hala nola Irunen, Zarautzen eta Urdaibain. Berriak eman du albistea.

Bilboko itsasadarreko fauna izan dute aztergai artikulu honetan. Testuan azaltzen da oso urriak zirela fauna populazioak eta espezie gutxi zeudela, kutsadurarekiko erresistenteenak zirenak baino ez. Egun, uraren oxigenazio-maila onak eta kutsaduraren beherakadak aniztasun handia ekarri du. Ildo horri jarraiki, faunaren berreskuratze lan horretan egon diren aldaketak azaltzen ditu testuak.

Farmakologia

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientzietako Saileko eta Achucarro Zentroko ikertzaileek, saguekin egindako ikerketetan, ikusi dute astrozitoen mitokondriatan CB1 kanabinoideen hartzaileak aktibatzeak eragotzi egiten duela garunean glukosa metabolizatzea eta laktatoa sortzea. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, horren ondorioz, asaldurak gertatzen dira eta zehazki, kalte egiten dio elkarrekintza sozialeko jokabideari.

Medikuntza

Erditzeetan umekien asfixia neurtzeko teknologia berria garatu du CIC Nanogunek. Prototipoa prest dute Orain, dirua behar dute gailua merkaturatzeko. Ikerketa taldeak nabarmendu du haien teknologia zesarea kopurua murriztuko lukeela. Nola da garatutako gailuaren prozedura? Berriak azaldu digu. Ez galdu!

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #317 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #321

La, 2020-09-26 09:00

 

Bigarren garuna dugu hestea, batzuen arabera. Eta horrela esanda, tontakeria da. Baina zer edo zer badago. Lo ezak eragina du bide horretatik, saguetan, bederen: Lack of sleep kills…from the gut

Hipocrates ez da historiaurreko pertsonaia, bai ordea Jesús Zamora Bonillak idazten ari den zientziaren aurrehistorian lehenengoa: The ‘prehistory’ of philosophy of science (2): Is there a doctor on board?

Orekatik kanpo badaude kostu termodinamikoak behar dituzte sistemek abiadura nahi badute. Abiadura mugak kalkulatu dituzte DIPCn eta, sorpresa, informazio transferentzien abiaduren fluktuazioen araberakoak dira. Universal speed limits in thermodynamics away from equilibrium

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #321 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Unai Pascual: “Naturaren mugak onartu behar ditugula esaten digu ekonomia ekologikoak” #Zientzialari (139)

Or, 2020-09-25 11:30

Ekonomia ekologikoa hainbat diziplinaren elkargunea da. Ekonomia ekologikoa ekonomiaz gain, besteak beste, ekologiaren arlotik edota giza-zientzien esparrutik datozen ikertzaileekin batera, ez-jasangarritasun egoeren azterketa eta diagnostikoak egiten dituen jakintza-arloa da.

Ekonomiak natura sistemaren kanpoan geratzen den zerbait bezala ulertzen du. Hau da, natura behar ditugun baliabideez eta lehengaiez hornitzeko ustiatu dezakegun zerbait dela. Ekonomia ekologikoak, aldiz, naturaren mugak onartu eta ulertu behar ditugula esaten du.

Gai honen inguruan hitz egiteko Unai Pascualekin, Basque Centre for Climate Change – BC3ko Ikerbasque ikertzailearekin bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Unai Pascual: “Naturaren mugak onartu behar ditugula esaten digu ekonomia ekologikoak” #Zientzialari (139) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Abian diren aldaketen testigantza, permafrostaren amildegian

Og, 2020-09-24 09:00
Juanma Gallego Siberiako labar batean gertatzen ari den higadura neurtuta, permafrostaren urtzearen ondorioz karbonoa eta metanoa oso modu azkarrean askatzen ari direla egiaztatu dute.

Berrelikadura. Sorgin-gurpila. Feedback. Deitu nahi duzun moduan, baina kontzeptu hori klima aldaketaren inguruko testu batean irakurriz gero… tira, jarraian doazenak seguruenera albiste txarrak izango dira. Zientzialariek eredu klimatiko bikainak eraiki ahal dituzte, baina eredu horietan beti ere badira bi faktore ezezagunak direnak: gizakiok zenbat CO2 gehiago isuriko dugun eta berrelikadurak. Lehenengoari dagokionez, aldagai hori kontuan hartu daiteke, eta, hala, eredu horiek gradu zentigraduen arabera doitzen dira: 1,5 ºC, 2 ºC, 4 ºC … horien arabera osatzen dira aurreikuspenak, beldur dezente sortzen dutenetatik benetako amesgaizto baten parekoak direnetara arte.

permafrosta1. irudia: Geruza aktibo baten azpian dago permafrosta. Gehiena izotza da, baina karbonoa eta metanoa ere daude bertan. (Argazkia: Alfred-Wegener-Institut/Guido Grosse)

Baina, haien izaera beragatik, berrikadurak kontuan hartzea guztiz zaila da, ez dagoelako batere garbi zer nolako ibilbidea izango duten: ozeanoen azidotzea, metano hidratoen askatze masiboa, izotz geruzaren albedoaren jaitsiera… horiek aurreikuspenak erabat aldatu ditzakete, kasu gehienetan, txarrerako norabidean.

Sorgin-gurpil horien artean, permafrostaren desagerpena da kezka gehien sortzen duenetako bat. Ez da gutxirako. Teknikoki, bi urte baino gehiago jarraian izoztuta dagoen lur geruza da permafrosta, baina gehienak milaka urte daramatza izoztuta. Lur idorraren ia laurden bat egoera horretan dago, batez ere Himalaiaren inguruan, Kanadan, Alaskan eta, bereziki, Errusian.

Horren gainetik, sakoneran lau metro arte izan ditzakeen geruza bat dago, lurraz eta detritu begetalez osatuta. Neguan izoztu eta udan urtzen den geruza aktibo honek isolatzaile baten funtzioa betetzen du, permafrosta babestuz. Arazoa da hainbat lekutan neguan gertatzen zen izoztea dagoeneko ez dela izaten. Hasiera batean bitxia izan badaiteke ere, elurte handiak daudenean arazoa handitzen da, lurreko beroa askatzen uzten ez duen tapaki baten efektua sortzen delako.

Tenperaturak gora ari direnez, udan ez ezik, mikrobioak denbora luzeagoz egon daitezke materia organikoa deskonposatzen, eta horrek isurien handitzea dakar. Ez da kontu hutsala. Kalkuluen arabera, geruza horretan 1.600-1.800 gigatona karbono egon daitezke, gutxi gorabehera atmosferan dagoen karbonoaren bikoitza, hain justu.

Karbono eta metano isurien aldean arazo askoz txikiagoa izanik ere, urtzearen beste ondorio bat bertan bizi diren bizilagunek nozitzen dute: lurren ezegonkortasunaren ondorioz, errepideek, eraikinek era bestelako azpiegiturek haien oinarriak galtzen dituzte, kalte ekonomiko eta sozialak sortuz. Horrez gain, eta permafrostaren bosten batek izotz gordailu handiak dituela kontuan izanda, laku txiki eta lokatzez osatutako paisaia sortzen da ingurune horietan.

permafrosta2. irudia: Higaduraren ondorioz, Sobo-Sise izeneko labarreko lurrak Lena ibaira erortzen ari dira, duela 50.000 urtetik gordetako permafrosta askatuz. (Argazkia: Alfred-Wegener-Institut/Thomas Opel)

Ez dira ondorio bakarrak. Paleontologiaren alorrean ere zorioneko ezustekoak gertatzen ari dira, azken glaziazioan bizi ziren animalien arrastoak agertzen ari direlako, askotan ederki kontserbatuak gainera, hotzari esker. Zoritxarrez, ez dira askatuko diren arrasto bakarrak: oraindik kasu askorik ez bada ere, askoren ahotan dago gizakiarentzat edo beste bizidunentzat kaltegarriak izan daitezkeen birus edo bakterioen askatzea. Lehenengo kasuak ikertzen hasiak dira.

Egoeraren berri izateko, permafrosta abiadura handiz desagertzen ari den leku batera joan dira Artikoaren ikerketa helburu duen Alfred Wegener Institutuko adituak: Siberian (Errusia) kokatuta dagoen Lena ibaiaren deltara. Bertan permafrostaren higadura neurtu dute, eta horren ondorioz gertatzen diren karbono eta metano isuriak kalkulatu dituzte. Frontiers in Earth Science aldizkarian jaso dituzte emaitzak.

Satelite bidezko irudiak ere baliatu dituzte. Normalean horiekin ez dago permafrosta ikertzeko modurik. Espaziotik, adibidez, izotz bankisaren bilakaerari jarraipena egiteko aukera dago, baina permafrostaren desagerpena gehienetan ez da ondo ikusten. Kasu honetan, ibai batera doan labar baten higadura denez gero, sateliteak lagungarriak izan dira.

1960ko hamarkadatik hartutako irudiak aztertu dituzte, eta egiaztatu dute handik gaur egunera egoerak txarrera jo duela. Satelite bidez hartutako irudi horietan abiatuz, kalkulatu dute lehen hamarkada horietan batez bestean ibaiak urteko bost metro lur eramaten zituela, baina 2015 eta 2018 bitartean kopuru hori ia 16 metrokoa izan dela. Orotara, 1965-2018 artean 322 eta 679 metro artean galdu direla kalkulatu dute. Higaduraren tamaina “asaldagarria” da, zientzialarien hitzetan.

Satelite bidezko datuak aztertzeaz gain, tokian bertan ere arakatu dute lurraldea. Arreta berezia jarri dute Sobo-Sise izeneko labarrean. Gehienez 27 metro dituen egitura hau permafrostaren urtze prozesuaren puntu kritikoa da. Beste toki askotan bezala, bertakoa jedoma motakoa da, materia organiko —eta, ondorioz, karbono— asko duen permafrosta, hain justu. Baina baita izotz asko ere. Sobo-Siseren kasuan, %88 izotza da, eta gainerakoa lohia, zohikatza eta harea. Zohikatza da karbono eta nitrogeno gehien dituena, hein handi batean erdi deskonposatutako goroldioez eta ihiez osatuta dagoelako. Ez dira, gainera, duela gutxiko arrastoak: geruza horrek 50.000 urte inguru ditu.

permafrosta3. irudia: irudia: Satelite bidezko irudiak ere baliatu dituzte Lena ibaiaren deltan izaten ari den lurren desagerpena aztertzeko. Irudian, Landsat 7 satelitearen bitartez 2000ko uztailean hartutako irudia. (Argazkia: NASA/USGS).

Hartutako laginekin, higaduragatik askatzen diren karbono eta metano kopuruak kalkulatzeari ekin diote. Metro kubiko bakoitzeko 26 kilo karbono eta bi kilo nitrogeno daudela ikusi dute. Hortaz, ondorioztatu dute 2015-2018 tartean 15.000 tona karbono eta 1.000 tona metano askatu direla Lena ibaira.

Askatzearen ondorioz, elementu horiek mikroorganismoen eskura daude orain. Karbono asko duten arrasto horiek prozesatzen dutenean, karbono dioxidoa askatzen dute atmosferara. Bestetik, isuriek Lena ibaian bertan bertako nutrienteen zikloa aldatzen dute, baina momentuz horren ondorioak zeintzuk izango diren zehazteko modurik ez daukatela aurreratu dute. Beste ekosistema askotan, lakuetan bereziki, nutrienteen gehiegizko emari horrek algen hazkunde handia ekarri du, eutrofizazioaren ondorioz urazpiko basamortuak sortuz.

Hortaz, prozesuak maila lokalean zein maila globalean eragina duela azaldu dute. “Lurretik ibaira eta handik Ozeano Artikora doaz karbono eta nitrogeno organikoa. Leku honetatik eta beste hainbat agertokitatik izaten den garraio honek Laptev itsasoko kostaldetik gertuko eremuetako geokimikan eta ekologian ondorio larriak izan ditzake, eta berdina gertatzen da antzinako karbonoaren eta nitrogenoaren mugimenduan eta isurian ere”, ohartarazi dute zientzia artikuluan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fuchs, M. et al. (2020). Rapid fluvio-thermal erosion of a yedoma permafrost cliff in the Lena River Delta. Front. Earth Sci. 8:336, 2020. DOI:doi.org/10.3389/feart.2020.00336

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Abian diren aldaketen testigantza, permafrostaren amildegian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Osasun publikoko kanpainak etxekalte direnean

Az, 2020-09-23 09:00
Uxune Martinez

Osasun-krisi batean berregokitzen dira herritar gehienak eta portaera moldatzen dute arau berriak jarraituz. Baina gomendatzen diren ohitura berriak denbora luzez bete behar badira, aldaketak ez dira erraz normalizatzen, are gehiago giza elkarrekintzaren ohiko jardunak aldatu behar direnean.

Horrelako egoerei aurre egiteko osasun publikoko kanpainak abiatzen dira, herritarrak ohartarazteko, sentsibilizatzeko eta kalteak murrizteko. Kanpaina ugarik sentimenduak erabili dituzte (errukia, beldurra, lotsa…) arreta bereganatu eta herritarren lankidetza lortzeko. Estrategia hau asmo onenarekin erabili bada ere, ezin da ahaztu kontrako erantzunak eragin ditzakeela. Esaterako, erresistentzia eta portaera transgresoreak.

1. irudia: Kanarietako Gobernuko Osasun Sailak uztailean martxan jarri zuen publizitate kanpainaren irudi bat. Kanpaina herritarrak kontzientziatzeko helburuaz bideratu zen. Esaterako, familiarekin edo lagunekin egiten diren bileretan gomendioak ez betetzeak dituen arriskuez ohartarazteko. (Argazkia: Kanarietako Osasun Saila)

Kanarietako Gobernuak publizitate kanpaina bat jarri zuen martxan uztailean COVID-19aren arriskuei buruz informatu eta herritarrak sentsibilizatzeko. Uztailetik hona bideo-sorta bat argitaratu du. Lehenak, aitonaren urtebetetzea ospatzeko familiako bazkari bat erakusten du, urtebetetzeko pastel, kandela, opari eta guzti. Baina ospakizunak aitona ZIUra darama, festan kutsatzen baita. Azken bideoak eskolara buelta du ardatz. 10-12 urteko alaba batek amari, eskolan hasi behar duela eta, lasai egoteko esaten dio eta bizitzan zehar amak erakutsi dizkion jarrera egoki guztiak birpasatzen dituzte etxeko txoko gozoan: semaforoa gorri dagoenean espaloian itxaroten, adorea izaten gauzak esateko eta segurtasun neurriak hartzen koronabirusaren aurrean. Bideoak minutu bat pasatxokoak dira eta gure sentimenduak ukitu nahi dituzte ikus-entzunezko deiadarren bidez.

Bi hilabeteren ondoren, herritarrak nekea eta iritzi negatiboak agertzen hasi dira euren Gobernuko marketin estrategia dela eta (batez ere sare sozialetan). Hainbat arrazoi ematen dituzte: mezu ezkorrak bideratzen dituztela eta beldurra sustatu, lar betegarriak direla, formetan ez dutela asmatu, bideoetan agertzen diren familia ereduak urrun daudela bertako errealitatetik, edota ez direla koronabirusaren aurrean lanean ari direnei babesa emateko baliagarriak (adibidez, eskoletako langileak, irakasleak, zuzendaritza taldeak eta abar).

Beraz, galdetu diezaiokegu gure buruari: eraginkorrak al dira honako kanpainak?

Geu vs gainerakoak

Osasunaren arloko marketin sozialeko kanpaina gehienek portaeran eragitea dute helburu, neurri jakin batzuk har ditzagun. Neurri horiek ez jarraitzeak dakartzan ondorioak erakusten dizkigute horrelako kanpainetan: heriotza goiztiarrak, elbarritasun fisikoak, ingurukoen atsekabea edo kaltea gure ongizatean. Segurtasun-uhalaren aldeko edota tabakoaren aurkako kanpainek agerian utzi dute zer nolako eragina duen gure bizitzan eta osasunean gomendiorik ez jarraitzeak. Aldiz, koronabirusaren inguruko hainbat kanpainak gure portaerak besteengan duen eragina azpimarratu dute. Hau da, lehen motako kanpainetan, portaera aldaketaren zuzeneko onuraduna “geu” gara eta bigarren kasuan onuradunak “gainerakoak” dira; gure jokabideak koronabirusaren aurrean ahulenak diren pertsonak babesten ditu.

2. irudia: 2008. urtean Osasun eta Kontsumo Ministerioak GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen prebentziorako eta diagnostiko goiztiarrerako abian jarritako kanpainaren irudia. (Argazkia: Osasun Ministerioa)

Julia Marcus epidemiologoaren ustez, Estatu Batuetan maskaren erabileraren inguruan sortu diren zalantzak eta aurkako iritziak maskarak “besteak” babesteko direla mezuan dute oinarria. Hau da, mezu publikoek azpimarratu dute erabilerak ondokoa babesten duela, ez dute erakutsi norberarengan duen onura, eta horrek ez dio erabilerari bultzada eman; kasu askotan kontrakoa sustatu du. Izan ere, maskara ipintzeak ez badu gure burua babesten, ez erabiltzeak egoera berdinean uzten gaitu, beraz, askok uko egin dio erabiltzeari.

Baina “geu” eta “besteak” binomioan badago ere kezkarako beste ardatz bat. Osasun publikoko komunikazioa aztergai duen Deborah Lupton soziologoak, bere aldetik, aipatzen du kanpaina hauetan dikotomia argi bat plazaratzen dela. “Bestea” desberdina balitz bezala agertzen zaigu: segurtasun-uhalik erabiltzen ez duena, alkohola edan eta kotxea hartu eta istripu bat eragiten duena, higiene neurririk hartu ez eta hurbilekoa kutsatzen duena. Hori bestea da. Begi-bistan “errudun” bat agertzen zaigu, hau da, bestearen portaerak arrisku bat dakarkigu eta horrek talde batzuen marjinazioa eta estigmatizazioa sortzen du, eta baita lotsa, antsietatea eta beldurra, jasan daitekeen gaitzespenaren aurrean.

Adituen ustez, kontuan izan behar da, kasu batzuetan, portaera horiek faktore sozial eta ekonomikoen elkarreragin konplexuari zor zaizkiola. Beraz, “neu” eta “bestea” figura kontrajarri gisa aurkezteak eragina izan dezake dagoeneko baztertuta dauden taldeak gehiago alboratzeko orduan. Izan ere, egoera ahulean dauden taldeek zailtasunak izan ditzakete osasun publikoko publizitate kanpainek proposatzen dituzten neurriak hartzeko, eta horrek are gehiago kaltetzen ditu.

Hortaz, ondo aztertu beharko lirateke aurretik, alde batetik, kanpainek bideratuko dituzten mezuak eta mezuarekin bat zabaltzen diren irudiak eta istorioak.

Bumeran efektua

Izan ere, kanpaina batek ez baditu aurrekoak kontuan hartzen kontrako emaitzak jaso ditzake.

Gizarte-psikologian bumeran efektua deritzogu norbait limurtzeko lanetan ari garenean hura konbentzitu beharrean kontrako jarrera jasotzeari. Besteak beste, bumeran efektua ager daiteke askatasun murrizketa bat sentitzen denean, aldaketak galera ekonomiko bat eragiten digunean edo eskatzen zaizkigun neurriak hartzeko baliabide nahikorik ez dugunean. Orduan, desadostasuna edo ezintasuna erakusten da arauei uko eginez edo hauek hautsiz.

3. irudia: Mexikoko haurren eta helduen diabetesaren eta obesitatearen eragile nagusietako bat freskagarrien kontsumoa dela eta, “12 koilarakada” izeneko informazio eta sentsibilizazio kanpainaren irudi bat. (Argazkia: Alianza por la Salud Alimentaria)

Bumeran efektutzat har ditzakegu, esaterako, koronabirusa dela eta egunotan ikusten diren 10 pertsona baino gehiagoko bilerak egiteko edo kale-zurrutean ibiltzeko debekuen urraketak. Gomendio biak betetzeak errotuak egon diren ohituren aldaketa eta elkarreragin sozialei uko egitea dakar askorentzat, are gehiago hainbat hilabeteko itxialdiaren ostean. Betebeharra, beraz, gure askatasunari muga bat jarriko balitzaio bezala ikus daiteke eta, ondorioz, hainbatek agerikoak egiten dituzte desadostasuna eta erresistentzia erakundeek bultzatu nahi dituzten jarreren kontrakoa eginez.

Ezezko erantzunak erakusle

Osasun publikoko marketin kanpainek bereganatzen dituzten ezezko erantzunei nekez erreparatzen zaie tentuz eta arretaz. Baina kontrako erantzunak oso baliagarriak dira testuinguruaren berri izateko. Hau da, aukera bat ematen du ezagutzeko zer dela eta ez diren onartzen irizpideak eta hartzaile horiek zein egoeratan dauden. Horrela, neurri lagungarriak jar daitezke martxan.

Esaterako, egun bizi dugun egoeran gazteei elkarrekin jarduteko aukeren berri eman ahal zaie iragarki laburren bidez (herrietako kultur agendak zabalduz, aire zabalean egin ditzaketen jarduerak zeintzuk diren erakutsiz, aisialdirako proposamenak eginez…), kale-zurrutetik harago egitekorik badagoela erakutsiz. Helduei, segurtasun tarteak eta higiene neurriak betetzeak duten onurak erakutsi diezaiekegu baina modu positiboan. Horrelako jarrerek duten baliagarritasuna azpimarratuz, esaterako, osasun sistemaren zama minimizatzen laguntzen dutela erakutsiz eta, adibidez, horrek duen onura ekonomikoa agertuz.

Azken finean, jendeari osasun publikoaren estrategiari buruz gustatzen ez zaiona antzemateak, oztopoak non dauden ikusten eta arazoak ulertzen lagunduko digu. Eta jakina da, behin problema bat ulertzen dugunean, errazagoa zaigula berorri heltzea.

Iturriak: Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

 

The post Osasun publikoko kanpainak etxekalte direnean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Euren burua etxekotutako azeriak

Ar, 2020-09-22 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Dmitri Beliaiev genetista zen, eta Mendelen genetika zientzia faltsutzat hartzen zeneko garai eta herrialde batean bizi eta lan egin zuen. Herrialdea Errusia zen, eta garaia, berriz, Iosif Stalinek Sobietar Batasuna gobernatzen zuenekoa, XX. mendearen erdialdeko hamarkadak, hain zuzen. Genetista batzuei zigor gogorrak ezarri zizkieten zientziarekiko atxikimendua izateagatik, eta zenbaitzuk hil ere egin ziren horregatik. Beliaievek, ordea, Larrugintzarako Animalien Ugalketako Departamentuan zuen lanpostua mantentzea lortu zuen, bere ikerlanak fisiologia ikerketa gisa aurkezten zituelako. 1948an, ordea, kendu egin zioten departamentuko zuzendari kargua. 1953an, Stalin hil zenean, gauzak hobetu egin ziren genetistentzat, eta 1958an SESBeko Zientzien Akademiako Siberiako Dibisioan hasi zen lanean, eta horko Zitologia eta Genetika Institutuko zuzendari izendatu zuten 1963an, eta lanpostu hori izan zuen hil arte (1985).

Institutu horretan, Liudmila Trut zientzialariarekin batera, esperimentu bat garatu zuen, zeina biologiaren historian irismen handieneko bat bihurtu den, bai iraupenagatik (martxan jarraitzen du), bai edukiagatik. Azeri zilarkarak (Vulpes vulpes espeziaren barietate bat) itxian hazi zituzten, eta belaunaldi bakoitzetik otzanenak hautatzen zituzten. Hamargarren belaunaldian, kumeen % 18 otzanak ziren, eta hogeigarrenean, berriz, otzantasun hori banakoen % 33ra ere iritsi zen. Horrela, otzanenak hautespen artifizial bidez ugaltzeko programa baten bidez, azeri zilarkara etxekotuak lortu zituzten.

Irudia: Bi azeri gazte hirigunean. (Argazkia: Klaus Reiser – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Beliaiev eta Truten esperimentu horren alderdirik interesgarriena da egiaztatu zutela azeri etxekotuetan ezaugarri multzo bat agertzen ari zela: etxekotze sindrome edo fenotipo deritzo ezaugarri multzo horri. Beste espezie batzuetan jada ikusitako zerbait da etxekotze sindromea, eta Darwinek berak ere deskribatu zuen. Sindromearen berezko ezaugarri anatomikoak, etxekoturiko animalia espezie guztietan agertzen ez badira ere, honako hauek dira: belarri eroriak, pigmentazio irregularra (batzuetan orbanekin), aurpegi (edo mutur) motza, atzeko hagin txikiagoak, garezur biribil eta txikiagoa, eta gorputza ere txikiagoa. Helduaroan haurtzaroko ezaugarri jakin batzuk mantentzen dituzte (neotenia deritzo fenomeno horri), eta emankorragoak dira. Gainera, kanpoko estimuluekiko erreakzioaren atalasea altuagoa da animalia etxekotuetan, eta gutxiago beldurtzen dira beste espezie batzuk dituztenean gertu.

Etxekotze sindromea, dirudienez, gandor neuraleko –ornodunen enbrioi garapenaren egitura bereizgarri bat– zelulen kopuruaren defizit arin batzuen ondorio da. Eta, dirudienez, defizit horrek enbrioi egitura horren garapen goiztiarrean inplikatutako gene jakin batzuen aldaketa epigenetikoetan izan lezake jatorria.

Ia azken mende osoan, azeri arruntak hiri handietan sartuz joan dira, ez bakarrik Europa kontinentalean, Britainia Handian eta Australian ere bai. Azken hamarkadetan, azeri arrunta asko gehitu da, eta, batez ere, hiriko azeriei esker gertatu da hori. Modu batean edo bestean gizakiek botatzen dituzten hondakinak baliatzera moldatu dira, eta beldurra galdu diote gizakiengana hurbiltzeari. Dirudienez, komentsalismo harreman bat hasi dute azeriek pertsonekin, txakurrak –eta, beharbada, baita beste espezie batzuk ere– etxekotzea eragin zuenaren oso antzekoa. Ziurrenik, horregatik ez dira gizakiengana hurbiltzeko beldur. Eta, aurten bertan jakin dugunez, aldaketa anatomiko batzuk izan dituzte halako azeriek, etxekotze sindromearekin bateragarriak direnak.

Prozesu hori martxan badago, azeriak euren burua etxekotzen ari dira. Ez genuke harritu behar horrengatik: azken batean, azeriek bezala, gizakiok ere geure burua etxekotu dugu.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Euren burua etxekotutako azeriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak