Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela min 1 56 seg

Puzkerren kimikari buruzko eguneraketa

Az, 2020-07-08 09:00
Josu Lopez-Gazpio Puzkerren gaia errepikakorra da zientziaren dibulgazioan eta, hedabide honetan bertan hesteetako gasen kontua Eduardo Angulo biologoak aztertu zuen. Oraingo honetan kimikaren ikuspegia ematen saiatuko naiz eta, neurri batean, ekarpen horren eguneraketarako baliogarria izatea espero dut. Puzkerrak zientzia erakusteko oso tresna interesgarria dira eta hainbat gairekin lotu daitezke: gasen legeak, usaimena, soinua, hartzidura-prozesuak… Ederra gozamena!

Irudia: Hesteetako gasak, alegia, puzkerrak ekoiztea oso arrunta da eta egunero egunero ia hogeita hamar puzker botatzera iritsi gaitezke. (Argazkia: Darko Djurin – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hesteetako gasen jatorria mota desberdinetakoa da. Alde batetik, irentsitako gasak dira azalpenetako bat. Zerbait jaten dugun bakoitzean airea irensten dugu, edari karbonatatuek ere gasa dute eta, jakina, fruta eta barazkiek ere aire kantitate garrantzitsua dute. Beste alde batetik, urdailean gertatzen den neutralizazioa ere kontuan hartu behar da. Urdaileko urin gastrikoan azido klorhidrikoa dago eta horrek konposatu basikoekin erreakzionatzen duenean, esaterako, bikarbonatoarekin, karbono dioxidoa sortzen da -gas horrek ere nonbaitetik atera behar du-. Hesteetan difusio prozesu garrantzitsuak ere gertatzen dira, hain zuzen ere, oxigenoa eta nitrogenoa odoletik lumenera, alegia, barrualdera doaz, baina, karbono dioxidoarekin kontrakoa gertatzen da eta hor beste gas iturri bat agertzen da. Azkenik, zuntzak eta digeritu ezin diren substantziak koloneko bakterioek hartzitzen dituzte. Hartzidura prozesuan ere hainbat gas ekoizten dituzte bakterioek, besteak beste, hidrogenoa, metanoa, karbono dioxidoa eta sufredun gasak. Horrexegatik, puzker kopurua eta konposaketa elikagaien osagaien araberakoa da. Digeritu ezin diren osagai gehiago badituzte, gas gehiago sortuko da, normala den bezala. Digeritu ezin diren, edo nekez digeritzen diren osagaien artean, aipatzekoak dira: zelulosa -elikagai-zuntzetan eta elikagai integraletan dagoena-, lekadunen hainbat osagai, kitina -itsaskien oskoletan eta perretxikoetan dagoena-, azak, azaloreak eta antzeko barazkiek dituzten sufredun konposatuak, tipulak, porruak eta antzekoek duten inulina eta, kasu berezi moduan, laktosarekiko intolerantzia dutenen kasuan, laktosa ezin dutenez digeritu gas gehiago pilatzen dute laktosa duten elikagaiak jaten badituzte.

Puzkerrei buruzko hainbat datu ematea ere beharrezkoa da. Egoera normalean, egun batean 500 eta 2500 mL gas inguru kanporatzeko gai gara, gutxi gorabehera 10 eta 25 puzkerretan banatutabai, horri buruzko ikerketak ere egin dira-. Horrek esan nahi du, puzker bakoitzak 20 eta 250 mL arteko bolumena duela -kalkulu matematiko sinpleak bakarrik kontuan hartuta, noski-. Gasen konposizio kimikoari buruz ere badago zer esana. Ikuspuntu kimikotik, puzkerrak nagusiki nitrogenoz, oxigenoz, karbono dioxidoz, hidrogenoz, metanoz eta hidrogeno sulfuroz osatuta daude. Sarritan, kontrakoa dirudien arren, kanporatzen ditugun gasen %1 soilik da kiratsaren erantzulea. Gainontzeko gasek ez dute usainik. Jakina, emandako datu horiek asko aldatzen dira pertsona batetik bestera, eta baita elikaduraren arabera ere. Puzkerrak nahaste oso konplexuak eta aldakorrak dira.

Gaizki usaintzen duten gasen kasuan, normalean sufre atomoren bat duten molekulak izaten dira, esaterako, metanotiola, dimetil sulfuroa edo azido sulfhidrikoa. Hala ere nitrogenoa duten konposatuak ere usain txarrekoak izan daitezke, adibidez, indola eta eskatola. Usain txarreko nitrogenodun konposatuak ezagunak ditugu; izan ere, putreszina eta kadaberina dira, besteak beste, gorpuen kiratsaren erantzuleetako batzuk, Kaieran bertan aztertu genuen bezala. Sufredun eta nitrogenodun konposatu horiek, kantitate oso txikietan egon daitezke, baina, gure usaimena oso eraginkorra da eta kontzentrazioa ñimiñoak antzemateko gai da.

Interneten bideo mordoa dago ikusgai puzkerren errekuntzari buruz eta hor ere kimika asko dago ikertzeko. Juan José Iruin kidearen blogean irakurgai dituzue horri buruzko zenbait ohar interesgarri. Laburtuz, puzkerren errekuntzaren erantzule nagusiak hidrogenoa eta metanoa dira, oso sukoiak diren gasak, hain zuzen ere. Hala ere, hesteetan ekoizten den hidrogeno guztia ez dugu puzkerretan kanporatzen; izan ere, zenbait bakterio arduratzen dira hidrogenoa beste konposatutan eraldatzen -metanoa eta hidrogeno sulfuroa, kasu-. Pertsona bakoitzak hidrogeno eta metano kantitate desberdinak ditu puzkerretan eta, hori bereizteko badago modu bitxi bat. Pospoloak eta metxeroak uzkira hurbiltzen dituztenek jakingo duten moduan, puzkerrei su ematen bazaie garraren kolorea ez da beti berdina. Metano kantitate handiagoa dutenen garrak kolore urdinxka izaten du eta, kontrako kasuan, kolore horixka nagusitzen da -erretako hidrogenoaren ondorioz-.

Gasen soinua ere ez da zientziatik kanpo geratzen. Guztiok saiatu gara noizbait ezpainekin puzkerren soinua imitatzen eta, konturatuko ginen bezala -espero dut, irakurle, orain ez egotea horrelako saiakerak egiten-, ezpainak zenbat eta gehiago estutu soinua altuagoa da eta ezpainak gehiago banatzen baditugu, aldiz, soinua baxuagoa da -tonuari dagokionez, beti ere, musikaren zientzian azaldu nizuen bezala-. Bada, uzkiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Hortaz, gasaren kanporaketari jarritako erresistentziaren arabera, puzkerrek soinu desberdina egiten dute. Hortxe dago zientzia.

Azken ohar modura, SARS-CoV-2 birusarekin lotutako informazioa aipatu behar da. Zenbait hedabidetan adierazi denez, COVID-19a puzkerren bidez ere kutsatu daiteke. Jakina denez, hesteetan ere pilatzen da koronabirusa eta gorotzetan detektatu daiteke. Era berean, SARS-CoV-2aren arrastoak aurkitu dira gorotz-uretan. Gorotzek COVID-19a kutsatzeko gaitasuna dutela dirudi eta, hortik, puzkerrek ere arrisku hori izatea pentsatzeko bidea egon daiteke. Hala ere, hesteetako gasen gaitasun kutsakorra oso mugatua izango da, ziur aski. Gainera, kutsadura gertatzeko materia fekal solidoa edo likidoa izan beharko luke puzkerrak; izan ere, bertan pilatzen dira SARS-CoV-2 birusak. Oraindik ez dago ezer ziurra puzkerren munduan, baina, agian, zientzialariren bati ikerkuntza-lerro garrantzitsua garatzeko ideiak ematen ari naiz…

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Puzkerren kimikari buruzko eguneraketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Euskal Herriko neandertal berriak (eta izateari utzi dioten batzuk)

Ar, 2020-07-07 09:00
Asier Gómez-Olivencia, Nohemi Sala, Aida Gómez-Robles, Diego López Onaindia, Mikel Arlegi, Antoine Balzeau, Ana Pantoja Pérez, Carmen Núñez-Lahuerta, Alfred Sanchis, Ignacio Arganda-Carreras, Joseba Rios-Garaizar

Iraganean berreskuratutako bilduma arkeo-paleontologikoen berrikuspenak aurkikuntza berri eta garrantzitsuak eman ditu Europako neandertalen paleobiologia eta portaera ulertzeko. Azken 15 urteetan, bildumak berrikusiz identifikatu dira neandertalen fosil asko: horixe gertatu da Spy eta Goyet aztarnategietan (Belgika), eta La Ferrassie eta Regourdou aztarnategietan (Frantzia), adibidez. Industeko teknika zehatzagoen bidez eta azken urteotan neandertalen anatomiari buruz pilatutako ezagutza dela medio, hezur kopuru handiagoa identifikatzen da gaur egun indusketetan. Gauza bera gertatzen da makrofaunaren fosilekin: gaur egun, xehetasun handiagoz ezagutzen da aztarnategietan berreskuratzen diren makroornodun espezieen anatomia. Guri dagokigunez, beste proiektu baten barruan, kuoiaren (Cuon alpinus) arrasto fosil berriak identifikatu nahian ari ginela, Axlorko (Dima, Bizkaia) aspaldiko indusketen aztarnak berrikusten hasi ginen. Kuoia gaur egun Asian bizi den kanido bat da, baina Pleistozenoan Europan ere bizi zen, eta bere hezurrak otsoarenekin nahasteko arriskua dago. Axlorko aztarnategia (1. irudia) 1932an aurkitu zuen Jose Migel Barandiaran euskal arkeologo ezagunak, eta 1967 eta 1974 artean berak induskatu zuen azken aztarnategia izan zen. Axlorko indusketetan aurkitutako aztarnak, fosilak zein harrizko industriako, Bilboko Arkeologi Museoan daude gordeta, eta toki berean daude ikusgai 1967an aurkitutako hiru giza fosilak, Jose Maria Basabe euskal antropologoak 1973an argitara atera zituenak.

1.irudia: Axlorko leizeko aztarnategiaren testuinguru orokorra (Dima, Bizkaia, Iberiar penintsulako iparraldea). (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Arkeologi Museoko bildumak berrikusteak bi ustekabe ekarri zituen. Lehena ebaki markak zituen hegazti izterrezur bat identifikatzea izan zen, eta bigarrena, faunaren aztarna zehaztugabeen artean esneko giza hagin bat identifikatzea (2. irudia). Ustekabeko aurkikuntza horiek garrantzi handia zuten, ezohikoak zirelako; horrenbestez, diziplina anitzeko lantaldea antolatu behar izan zen, aurkikuntza berriak aztertzeko eta Barandiaran bildumaren azterketa sistematikoa egiteko. Giza fosil berririk ote zegoen ikusteko, bai eta gizakiek eraldatutako haragijaleen edo hegaztien hezurrik ere (ebaki markekin, adibidez). Axlorko Barandiaran bilduma lehenago ere aztertu zen, 2005ean, J.E. González Urquijok koordinatuta, eta bi fosil identifikatu ziren: esneko hortz bat eta garezur zati bat. Lantalde horretako paleontologoak (P. Castaños) zenbait aztarna isolatu zituen, giza aztarnak izan zitezkeelakoan. Hau da, baziren zenbait giza fosil eta gizakienak izan zitezkeen beste batzuk, inoiz xehetasunez aztertu gabe zeudenak, eta Basabek argitaratutakoak ez zeuden aztertuta estatistika eta irudi teknika berriak erabiliz. Hortik aurrera, ustekabe ugari egon ziren.

2. irudia: Fauna aztarnen artean identifikatutako neandertalen esneko hortzaren ikuspegi oklusala. Ezkerrean, jatorrizko fosilaren ikuspegia; eskuinean, 3D berreraikitzea, non dentina (urre kolorez) eta esmaltea (zuriz) bereizten diren. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2020) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Faunaren azterketa sistematikoan ebakien markak aurkitu genituen hiru hegazti hezurretan (bi, arrano beltzarenak –3. irudia–, eta hirugarrena, belearena), eta bi haragijale fosiletan (otso bat –4. irudia– eta katamotz bat). Axlorkoaren gisako aztarnategi batean, ohikoa da ebaki markak eta muina lortzeko hezurrak hautsi izanaren frogak aurkitzea zenbait espezietan, hala nola orein, bisonte eta basahuntzenetan, horiek baitziren eskualde honetako neandertalek ehizatu ohi zituzten animaliak. Arrano beltzaren eta katamotzaren izterrezurretan aurkitutako ebaki markak haien haragia lortzeko egin zituzten seguruenera; eta otsoari dagokionez, oso litekeena da haragia zein larrua baliatzeko egitea. Neandertalek animaliak ehizatzen zituzten, elikatzeko ez ezik, baita bestelako baliabideak lortzeko ere, hala nola larruak, hezur zatiak –tresnak egin ahal izateko (adibidez, akabera ziriak, harrizko tresnak lantzeko erabilitako hezurrezko elementuak)–, tendoiak –lokailuak egiteko–, eta, noizbehinka, apaingarriak egiteko (moluskuak, atzaparrak eta hegaztien lumak). Hori dela eta, neandertalek egiten zuten hegaztien ustiapenak gero eta interes gehiago dauka ikertzaileentzat; izan ere, portaera konplexuekin lotzen da hori, ikuspegi bikoitz batetik. Lehenik, hegaztien kontsumoa dieta zabalagoarekin lotu ohi delako eta, haiek harrapatzeko, animalia txikiak eta azkarrak direnez, estrategia jakin batzuk erabili behar direlako, neurri ertain eta handiko ungulatuak (adibidez, ahuntzak, zaldiak, bisonteak, oreinak) harrapatzeko erabilitakoez bestelakoak. Bigarrenik, Europako aztarnategi batzuetan, portaera sinbolikoekin lotutako hegazti ustiapenen frogak aurkitu direlako. Ikerketa horrek oihartzun handia izan zuen, Iberiar penintsulako Kantauri inguruko neandertalek haragijaleak eta hegaztiak ustiatzen zituztelako lehen froga baita.

3. irudia: Ebaki markak dituen arrano beltzaren (Aquila chrysaetos) eskuineko izterrezurra. Hezur hau haragia lortzeko manipulatu zuten seguruenik. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

4. irudia: Ebaki marka duen otsoaren (Canis lupus) erradioa, haragia kentzearen edo larrutzearen ondorioz. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Giza fosil “berriei” dagokienez, hortzen eta garezurraren azterketa morfologikoa eginda, neandertalen ohiko morfologia zutela ondorioztatu zen. Aitzitik, 1973an argitaratutako hortzek gure espeziaren hortzen (Homo sapiens) antzeko morfologia eta neurriak zituzten. Azterketa zehatza egin ahal izateko, hortz guztien mikro OTAk (ordenagailu bidezko tomografia axiala; bereizmen handiko serie erradiografikoak, 3D berreraikuntza ahalbidetzen duena) egin genituen CENIEHn (Burgosen) (5. irudia). Era horretan, kanpoko morfologia aztertu ahal genuen, zenbait hortzen higaduragatik batzuetan oso agerikoa ez dena, baina baita barneko morfologia ere, hortzei kalterik egin gabe. Mikro OTA horiek aukera eman ziguten, orobat, hortz mamiko barrunbearen eta hortz erroen kanalen morfologia birtualki berreraikitzeko, ordenagailu bidez ikusteko teknika modernoak automatikoki erabilita. Emaitza horiek harrigarriak izan zirenez, Axlorko giza fosil guztien testuinguru arkeologikoa eta jatorria ere aztertzea erabaki genuen. Horretarako, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari baimena eskatu genion J.M. Barandiaranen indusketa koadernoak ikusi ahal izateko. Koaderno horietan daude zehaztuta aztarnategian 1967tik 1973ra bitartean egindako jarduerak; hau da, aztarnategia indusketaren hasieran nola aurkitu zuten adierazi eta kanpaina bakoitzean aurkituriko aztarnarik garrantzitsuenen zerrenda biltzen dute. Aztarnategia aurkitu zuteneko egoerari dagokionez, Barandiaranek uste du 1932tik –aurkitu zuten urtetik, alegia– jalkinak atera dituztela handik:

“Nere ustez, 1932n ezkero, lur asko atera izan dek arpe ortatik”.

Hiru fosil “berriei” dagokienez, harritu egin ginen; izan ere, 1969an berreskuratutako aurkitutako garezur zatia giza hezurtzat jo zuen Barandiaranek, baina, bitxia bada ere, ez da inoiz argitaratu. Bi esneko hortzei dagokienez, ez dago horiei buruzko berariazko erreferentziarik, baina haien jatorri estratigrafikoari buruzko informazioa bat zetorren Erdi Paleolitoko testuinguru batekin. Basabek (1973) argitaratutako hortzak aztarnategi horretan aurkituriko lehen giza fosilak izan ziren, 1967ko irailaren 7 eta 8 bitartean (6. irudia), eta haiek nola aurkitu zituzten azaltzeko Barandiaranek esandakoa egin zaigu deigarrien: lur soltean, haitzaren azpian eta ondoan, fauna-hondarrekin eta silex zatiekin batera.

–“Lur ariñean, aitzaren azpian eta bere ondoan. Aldamenean bezte ezur (abelezur asko eta suarri-malera).”–

Leizearen alde horretan, orain dela gutxiko indusketetan izan dugun esperientzia kontuan hartuta, material arkeologikoak sedimentu trinkoan aurkitu beharko lirateke; Barandiaranek adierazi bezala lur soltean aurkitu izanak testuinguru arkeologikoa susmagarria zela iradokitzen zuen. Izan al zitezkeen Goi Paleolitikoko giza fosialak? Axlorren gure espezieko ehiztari-biltzaileen okupazioen ebidentziak aurkitu dira goi mailetan. Izan al zitezkeen oraintsuko Historiaurrearen aztarnak (Neolitikoa-Brontze Aroa)? Leize honetan ez dago okupazio ebidentziarik, baina Euskal Herrian populazio horiek hamaika haitzulo erabili zituzten hilobi gisa, gertu dagoen Baltzola leizea, esaterako. Kontuan izanda hortz horiek aurkitu ziren eremuan eragin handiena izan zuela 1932tik aurrerako sedimentu-erauzketak; hori dela eta, karbono-14 bidez fosilak datatu arte, ezin izango diogu galdera horri ziurtasunez erantzun.

5. irudia: Basabek argitaraturiko bost hortzetatik hiruren berreraikitze birtuala (beste biak galduta daude) ezpain aldeko ikuspegian (goian) eta ikuspegi oklusalean (behean). Fosil horiek gure espeziearen (Homo sapiens) antzeko morfologia eta neurriak dituzte, eta ez neandertalenak bezalakoak.

6. irudia: J.M. Barandiaranen koadernoaren orria; zerrendatuta daude irailaren 7an eta 8an Axlorko 13E eta 13F koadroetan aurkituriko aztarna arkeo-paleontologikoak (giza fosilak barne). (Iturria: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak utzitako irudia)

Mendebaldeko Eurasian 200 mila urtez baino gehiagoz –aldi glaziarretan eta glaziazio arteko aldietan– bizi izan ziren ehiztari-biltzaileak ziren neandertalak, duela 40 mila urte inguru desagertu zirenak. Axlorren, oso litekeena da korbido, hegazti harrapari eta kanidoak neandertalen jankide izatea, eta gizaki haiek uzten zituzten hondarrak sarraskitzea. Hori dela eta, animalia horiek neandertalengana hurbilduko ziren, eta baliteke haiek ehizatzea noiz edo noiz. Neandertalen dietaren nondik norakoei buruzko informazio gehigarria emateaz gain, gizaki horiek ingurunearekin interakzio konplexua zutelako ideia indartzen du gure azterketak. Horrez gain, leizean bizi ziren neandertalen taldeetako bi umek, gutxienez, galdu zituzten esneko hortzak aztarnategian. Garezur zatiari dagokionez, oraindik argitu gabe dago zergatik agertu zen aztarnategian, baina gogoratu behar da neandertalak kultura eta ohitura ugariko giza espeziea izan zirela; batzuetan, hildakoak lurperatzen zituztela, eta beste batzuetan kanibalismoa praktikatzen zutela.

Horregatik guztiagatik, eta oraindik industeko asko geratzen denez, uste dugu Axlorrek desagertutako gizaki horiei buruzko informazio gehiago eman dezakeela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Gómez-Olivencia, A., López-Onaindia, D., Sala, N., Balzeau, A., Pantoja-Pérez, A., Arganda-Carreras, I., Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Gómez-Robles, A. (2020). The human remains from Axlor (Dima, Biscay, northern Iberian Peninsula). American Journal of Physical Anthropology, 172, 475-491. DOI: doi.org/10.1002/ajpa.23989

Gómez-Olivencia, A., Sala, N., Núñez-Lahuerta, C., Sanchis, A., Arlegi, M., Rios-Garaizar, J. (2018). First data of Neandertal bird and carnivore exploitation in the Cantabrian Region (Axlor; Barandiaran excavations; Dima, Biscay, Northern Iberian Peninsula). Scientific Reports, 8, 10551. DOI: doi.org/10.1038/s41598-018-28377-y

Gehiago jakiteko:

  • Basabe, J.M. (1973). Dientes humanos del Musteriense de Axlor (Dima. Vizcaya). Trabajos de Antropología, 16, 187-207.
  • Rios-Garaizar, J. (2017). A new chronological and technological synthesis for Late Middle Paleolithic of the Eastern Cantabrian Region. Quaternary International, 433 (B), 50-63. DOI: 10.1016/j.quaint.2016.02.020
  • Rougier, H., Crevecoeur, I., Beauval, C., Posth, C., Flas, D., Wißing, C., Furtwängler, A., Germonpré, M., Gómez-Olivencia, A., Semal, P., van der Plicht, J., Bocherens, H., Krause, J. (2016). Neandertal cannibalism and Neandertal bones used as tools in Northern Europe. Scientific Reports, 6, 29005. DOI: 10.1038/srep29005
  • Galarraga, A. (2016). Europako Iparraldeko neandertal kanibalak, gertutik. Elhuyar aldizkaria, 323, 30-33.

—————————————————–
Egileez: Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean. Nohemi Sala Juan de la Cierva ikertzailea da Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). Aida Gómez-Robles irakaslea da University College of Londoneko Antropologia Sailean. Diego López Onaindia (@DLopezOnaindia) doktoretza ondoko ikertzailea da Bordeleko Unibertsitatean eta UPV/EHUn. Antoine Balzeau (@abalzeau) CNRSko ikertzailea da Historia Naturaleko Museo Nazionalean, Parisen. Ana Pantoja Pérez UCM-ISCIII zentro mistoko giza eboluzioari buruzko doktoretza aurreko ikertzailea da. Carmen Nuñez-Lahuerta (@CarmenNL7) Lisboako Universidade Novako doktoretza ondorengo ikertzailea da. Alfred Sanchis Valentziako Historiaurreko Museoko ikertzailea eta bilduma kudeatzailea da. Mikel Arlegi (@ArlegiMikel) UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko doktoretza ondorengo ikertzailea da. Ignacio Arganda-Carreras (@IgnacioArganda) Ikerbasque ikertzailea da Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan eta UPV/EHUko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Sailean. Joseba Rios-Garaizar (@jorios) ikertzailea eta harri bildumen kudeatzailea da Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH).

—————————————————–

The post Euskal Herriko neandertal berriak (eta izateari utzi dioten batzuk) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Harea, ezinbestekoa, diskretua eta jaberik gabea

Al, 2020-07-06 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Norbaitek galdetzen badizue gure zibilizazioa zer produktu nagusiren gainean eraiki den, oso litekeena da petrolioa erantzutea. Baliteke, halaber, burdina aipatzea. Baten batek, agian, plastikoa esango du. Eta nik papera gehituko nuke. Baina gutxik pentsatuko lukete harean, hots, bereziki kuartzoz (silizea) –osaera jatorriaren arabera aldatzen da, halere– osatutako eta 0,06 eta 2 milimetro arteko neurriko aleek eratutako produktu horretan.

Irudia: dflasñdfa (Argazkia: Myriam Zilles en Pixabay)

Harea ez da petrolioa, burdina edo plastikoa bezain nabarmena, eta, horregatik, ez gara ohartzen agian zer neurritan gauden haren mende. Baina ezinbestekoa zaigu: hareaz egiten dira herrixkak, hiriak eta hiri modernoak altxatzeko, eta horiek lotzen dituzten bideak eraikitzeko erabiltzen diren hormigoia, adreilua eta igeltsua. Hareaz egiten da gure etxeetara argia sartzea ahalbidetu duen beira. Eta mikrotxipak.

Harea diskretua da, baina oso kantitate handietan erabiltzen dugu: 2010ean bakarrik, 11.ooo miloi tona erabili ziren munduan hormigoia egiteko, hau da, harearen gastu osoaren bi heren inguru. Gaur egun 40.000 miloi tonatik gora harea eta legar erabiltzen direla kalkulatzen da. Baliabide honek, petrolioak bezala, denbora luzea behar izan du eratzeko, eta ez da berritzen. Gainera, gero eta zailagoa da lortzen, eta hura erauzteak kalte larriak dakarzkie itsas ekosistemei. Eta ez, Saharako eta beste basamortu batzuetako hareak ez du balio; horko aleak oso meheak dira eta biribilduegi daude haizearen higaduraren eraginez. Hormigoia egiteko harearik onena ibai oheetakoa da; itsasokoa ez da egokia, dituen kloruroak korrosiboak baitira altzairuzko armaduretarako.

Harea behar-beharrezkoa da, eta Italian mafia ere sartu da negozioan horregatik. Indian ere talde mafioso ugari daude haren inguruan. Marokon, Aljerian, Vietnamen, Indonesian eta Malasian harearen legez kanpoko erauzketak daudela dokumentatuta dago, baina 70 herrialdetan ohikoak direla uste da. Indonesian, 24 uharte gutxienez desagertu dira harearen piraten ondorioz. Pirata horiek Singapurren saltzen dute, itsasoari eremua kentzeko.

Ordezko aukerak aurkitu bitartean, komeniko litzateke hormigoi beharrak gutxitzea, eraikin eta azpiegitura berrien eraikuntza murrizten saiatuz, baina oraingo eraikinak egoera onean mantentzeko ere asko behar da. Hormigoia kontserbatzeko zenbait prozedura saiatzen ari dira, bakterio eta onddo jakin batzuek kaltzio karbonatoa sortzeko duten ahalmenean oinarrituta. Era horretan, denborarekin sortzen diren pitzadurak betetzeko erabiliko litzateke hori, baina bide horrek ez du irtenbiderik ematen arrazoizko epeetan. Beste aukera bat birziklatzea da, baina eraispenen ondorioz birziklatu ahal den bolumena ez da iristen beharren % 20tik harago.

Oso litekeena da eraikitzeko oraingo metodoak aldatu behar izatea, eta bada pentsatzen duenik irtenbidea izan daitekeela egitura handiak hiru dimentsiotan inprimatzea ad hoc diseinatutako materialekin. Hala ere, ziurrenik irtenbideak ez dira iritsiko orain pentsatzen den metodo edo materialetatik, baizik eta prozedura guztiz berriren batetik.

Kantitate handiak adierazteko, oso metafora erabilia da munduko harea aleen kopurua aipatzea. Baina ez da infinitua. Baliabide honek ez du jaberik, urria da eta guztiek balia dezakete; planeta osoko «ondasun komunen tragediak» eragiten dion baliabide bat da.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Harea, ezinbestekoa, diskretua eta jaberik gabea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #309

Ig, 2020-07-05 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Zer egin behar dugu eguzkitik babesteko? Artikulu honen arabera, krema jartzeaz gain, beste parametro batzuk kontuan hartu behar ditugu, hala nola eguzkitakoak, janzteko eta bainatzeko arropa, eta elikagaiak. Egunotan hondartzara joateko asmoa baduzu irakur ezazu hau.

Baraua egitea osasungarria al da? Nutrizionistak ez dira ados jartzen. Berriako testu honetan aditu batzuek iritziak bildu dituzte. Esaterako, Endika Montiel nutrizionistak “barau kontzientea” aldarrikatzen du. Bere ustez, “ezarrita dagoen elikadura ereduak gehiegi jatea bultzatzen du, eta hori kaltegarria da gorputzarentzat”. Bestalde, Nerea Segura dietista-nutrizionistak bere pazienteei ez die gomendatzen barauldia egitea. Eta zuk, zer deritzozu? Noizbait egin al duzu halakorik?

SARS-CoV-2 birusaren birulentzia oraindik kezka da. Badirudi orain antzematen ari diren kasuetan gaixotasuna arinagoa dela. Miren Basarasek dio horren atzean arrazoi ezberdinak egon daitezkeela. Adibidez, orain diagnostikatzen diren kasuak ez dira bakarrik larrienak. Halere, argi dio: birusak duen birulentzia berdina da, eta gaixotasunaren “arintasuna” zuhurtziaz hartu behar dugu.

COVID-19ari jarraiki, BMJ aldizkariak aditu emakumezkoen hutsunea salatu du; gaixotasunak agerian utzi du gizartean dagoen genero-bereizkeria. Elhuyar aldizkariak bildu dizkigu datu batzuk: munduan, osasungintzan ari diren langileen %70 baino gehiago emakumezkoak dira, eta, hala ere, Osasunaren Mundu Erakundearen COVID-19aren Larrialdi Batzordean %20 baino ez dira.

Barazkiak eta frutak oso epe laburrean usteltzen dira. Horri aurre egiteko, izozteko aukera dugu. Baina hori egitean, elikagai horien nutrienteak galdu egiten al dira? Oro har, daukagun iritzia da izoztutako elikagaiak kalitate baxuagokoak direla. Baina badirudi hori ez dela zuzena, egin diren ikerketen arabera. Josu Lopez-Gazpiok argitu digu afera artikulu honetan. Ez galdu!

Fisika

Neutroiak ardatz dituen zientziaz aritu dira artikulu honetan. Horiek material ugari ikertzeko erabiltzen dira. Oro har, arlo zientifiko ugaritan erabiltzen den zientzia da. Horiek zeintzuk diren ezagutu nahi dituzu? “Bizitza hobe baterako materialen” belaunaldi berri batera iristen lagunduko ei digu.

Ezaguna egiten zaigu Big Bang-a, unibertsoa nola hasi zen azaltzeko teoria, alegia. Baina oraindik azaldu gabe dagoen fenomenoa dugu. Testuan azaltzen diguten moduan, hasierako eztanda horretan materia bezainbesteko antimateria sortu zen. Eta bi horiek topo egitean elkar deuseztatzen dute beraz, teorian ez zen unibertsorik existitu behar. Misterio horretan badute zeresana neutrinoek. Oso bitxiak dira! Ez galdu!

Astrofisika

2020. urteari trama asko gehitzen ari zaizkio. Gehiegi, agian. Europako Behatoki Australeko (ESO) astrofisikariak konturatu dira galaxia nano batean dagoen izar masibo ezegonkor bat desagertu dela! Zientzialariek bi azalpen bota dituzte: alde batetik, baliteke izar horren distiraren desagerpena espazio-hautsak sortutako ezkutaketa baten ondorioa izatea. Eta bestetik, izar hori azken fasera iritsi da, eta zulo beltz bihurtu da, baina supernoba bat eragin gabe. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Nanoteknologia

Nanopartikula metaliko kiralak egiteko teknika bat garatu dute CIC biomaGUNEn. Hala azaldu digu Elhuyar aldizkariak: metodoa sinplea da eta aplikazio-aukerak zabaltzen ditu, hala nola, optikan, katalisian, detekzio biologikoan eta irudigintza biomedikoan. Teknikari buruz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura.

Arkeologia

Urpean zeuden arkeologia-aztarnategiak azaleratu dituzte Australian, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Gutxienez duela 7.000 urtekoak diren 270 objektu arkeologiko aurkitu dituzte. Horietatik bat duela 8.500 urtekoa dela uste dute. Artikulu honetan aurkituko dituzte xehetasun guztiak.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #309 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #313

La, 2020-07-04 09:00

Mundua gris eskalan ikusten duenik bada, koloreak ikusteko gaitasuna ez duelako. Pertsona hauek ez dira daltonikoak, akromatopsikoak, baizik. Terapia genikoa izan daiteke hauen irtenbidea. Rosa García-Verdugoren Gene therapy safe and potentially effective against colour blindness

Zer egin daiteke zaborrera botatzen den janariarekin? Konpost moduan berziklatu? Energia eskuratzeko erre? Beste alternatiba egon daiteke, Daniel González-Muñozen arabera: Irradiating food waste for energy production.

Kaosetik ordenera pasatzeak akatsak agertzea dakar. Unibertso goiztiarrean gertatu zen eta baita kristala eratzean ere. Non, nola eta zenbat desagertzen diren eta haien agerpenak zer nolako legeren arabera gertatzen den ezagutzeak interes handikoa da oinarrizko zientziarentzat eta baita ingeniaritzarentzat. Defektu topologikoen estatistika ulertzeko pausu teorikoa egin du DIPCk: Signatures of universality beyond the mean number of topological defects

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu

The post Ezjakintasunaren kartografia #313 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

FBIra joko dute, guztia nola hasi zen argitu nahian

Or, 2020-07-03 09:00
Juanma Gallego Unibertsoa sortu zenean, materia bezainbesteko antimateria zegoen, baina ondoren antimateria gehiena ezerezean geratu zen. Neutrinoek izan dezakete fenomeno hori azaltzeko gakoa, baina partikula horiek in fraganti harrapatzea ez da batere erraza. Orain, zientzialariek kontua argitzen lagundu dezakeen tresna berria asmatu dute.

Munduan azaldu gabe dauden misterioen artean, badago bat gainerakoetatik gailentzen dena: materiaren eta antimateriaren arteko asimetriarena. Horrela esanda, ez dirudi bereziki kontu deigarria, baina atzean zinez misterio zirraragarria dago: den-dena nola hasi zelako misterioa.

1. irudia: Sortu duten molekula fluoreszentea bario atomo bat detektatzeko gai da. Horri esker, neutrinoen izaera argitzeko moduan egongo diren esperantza dute zientzialariek. (Irudia: DIPC)

Gaur egun nahiko ezaguna da gure unibertsoa nola hasi zen azaltzeko finkatuen dagoen teoria: dena Big Bang batean hasi zen. Baina bertan abiatzen da ere oraindik azaldu gabe dagoen fenomeno garrantzitsu bat. Eredu teorikoen arabera, hasierako eztanda erraldoi horretan materia bezainbesteko antimateria sortu zen, kopuru berdinetan. Eta, materia mota biek topo egitean elkar deuseztatzen dutela kontuan izanda, teorian ez zen unibertsorik existitu behar.

Zorionez, unibertsoa bada. Baina ingurura begira jartzen garenean, ikusten dugun gehiena materia da. Hortaz, zerbait gertatu behar izan zen: deuseztatu gabe mantendu zen antimateria kopuru txiki bat geratu zen. Unibertsoa deitzen diogu deuseztapenaren ondoren geratu zen puska horri.

Misterio hori argitu nahian, kosmologoek neutrinoetara jo dute, hasierako prozesu horretan gako izan zitezkeelakoan. Zeharo bitxiak dira neutrinoak. Elektroien antzekoak dira euren propietateetan, baina karga elektrikorik ez dute, eta haien masa izugarri txikia da: elektroiena baino milioi bat aldiz txikiagoa. Hain masa txikia edukita, oso hartu-eman gutxi dituzte gainerako partikulekin, eta ez da batere erratza horiek hautematea. Baina neutrinoa beste arrazoi batengatik ere erakargarria da ikertzaileentzat. Beste partikula elementalekin gertatzen den moduan, neutrinoa eta antineutrinoa daudela onartzen da, baina, kasu honetan, adituek uste dute neutrinoa eta antineutrinoa partikula bera izan daitezkeela (Majorana partikula bat, fisikarien hizkeran). Teoria baten arabera, neutrinoei egotzi behar zaie Big Bang eta gero materia garaile atera izana, euren desintegrazioan kargaren eta parekotasunaren urratzea deritzona gertatu zelako.

Baina hori horrela izan zela demostratu beharra dago. Besteak beste, zeregin horretan ari dira Canfranceko Lurrazpiko Laborategian kokatuta dagoen NEXT esperimentuan. Bertan, presio altuan dauden xenonezko gas ganbarak erabiltzen dituzte, neutrinoen desintegrazioa detektatzen saiatzeko. Ereduen arabera, neutroia haren antipartikula propioa balitz, oso desintegrazio bitxia gertatuko litzateke: horren ondorioz, xenona bario ionizatua bihurtuko litzateke, prozesuan bi elektroi askatuz. Askatze hori atzematea da zientzialarien helburua; eta horregatik daude, hain justu, mendi baten azpian ezkutaturik, modu naturalean dagoen erradiazioaren zaratatik —izpi kosmikoetatik, bereziki— babesteko.

Lurpean kutsadura horretatik zertxobait salbu mantendu arren, prozesua hain da txikia ezen sentikortasun handiko detektagailua behar baitute. “Kontxako hondartzan hondar ale berde bat aurkitzen saiatzearen parekoa litzateke”, azaldu dute Fernando Cossio kimikariak eta Juan Jose Gomez-Cadenas fisikariak Radio Euskadiko La mecánica del caracol irratsaioan. DIPC, Ikerbasque eta EHUko ikertzaileek gidatutako talde bateko kideak dira, eta, momentuz martxan ez badago ere, detektagailu hori eraikitzeko bidea garatu dute. Prozesua Nature aldizkarian deskribatu dute.

2. irudia: Somporteko trenbidearen tunelean kokatuta dago NEXT esperimentua, Pirinioen azpian, izpi kosmikoetatik eta bestelako erradiazioetatik ahalik eta isolatuen egoteko. (Argazkia: LSC)

Fluorescent Bicolor Indicator izendatu dute prozesua: FBI. Eta, bai; nahita egin dute. Ez pentsa titular guztiak kazetari aldrebesei leporatu behar zaizkienik. Hitzez hitz diotenez, FBI erabiliko dute materia eta antimaterian agente doble gisa aritzen den neutrinoa atzemateko. Puntako zientzia eta umorea tartekatzeko gai den jendea ez al da ba zoragarria?

Molekula berriari esker, Kontxako hondartzan zegoen ale berde hori “laser baten moduan arreta erakartzen duen hondar ale urdin” bilakatu nahi dute. Gomez-Cadenasek laburbildu du prozesuaren funtsa: “Gasaren erdian barioa sortzen denean, eremu elektriko baten bitartez katodo batera eramango dugu, eta bertan barioak topo egingo du molekula-baso batekin. Askatuko diren bi elektroiei jarraipena eginez, gainera, jakingo dugu non bilatu; eta gero eremu horretara laser ultramore bat bideratuko dugu, barioa hartu duen molekularen distira pizteko”. Prozesua, noski, dezente konplexuagoa da, eta, esaterako, argibide teknikoagoak nahi dituenak, Cesar Tome Lopezek idatzitako azalpen honetan aurki ditzake.

Bestetik, berde eta urdin espektroetan izango diren aldaketa horiek ikusi ahal izateko biomedikuntzaren alorrean kornearen irudiak lortzeko garatu den mikroskopio mota bat erabiliko dute. Oraingo erronketako bat da lortzea molekula horretaz osatutako basoak eraikitzea.

Zientzialariek onartu dutenez, oraindik urratzeko geratzen den bidea handia da, baina “errepidea ikusten” dute. Ibilbide horretan, xenon pila baten erdian sortzen den bario atomo ionizatu bat detektatzea izango dute helburu. Fisikan gertatu ohi den bezala, hain tamaina txikiko froga batek irauli lezake unibertsoaren hasierari buruzko ezagutza bera ere. Lurrazpiko tunel batetik eta FBIren laguntzaz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Rivilla, I., Aparicio, B., Bueno, J.M. et al. (2020). Fluorescent bicolour sensor for low-background neutrinoless double β decay experiments. Nature 583, 48–54. DOI: 10.1038/s41586-020-2431-5

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post FBIra joko dute, guztia nola hasi zen argitu nahian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Joanes Lizarraga: “Unibertso primordiala edo jatorrizkoa gaur egungo unibertsoarekin alderatuta oso ezberdina zen” #Zientzialari (135)

Og, 2020-07-02 09:00

Unibertso primordialak edo gazteak unibertsoaren sorreraren lehen uneak hartzen ditu. Izan ere, gaur egun unibertsoak lau mila milioi urte baditu, primordialak unibertsoaren lehen segundoa hala segundo horren lehen frakzioak hartuko lituzke.

Garai labur hartan ez zegoen ez planetarik, ez izarrik, ez galaxiarik, ezta atomorik ere; izan ere, dena nahasita zegoen, modu dentsoan, plasma-zopa batean bezala. Izatez, oraindik ez dakigu nola funtzionatzen zuten fisikaren legeek momentu hartan.

Natura eta unibertsoa ulertzea, hau da, nondik gatozen ulertzea, helburu duen ikerketa lerro honi buruz gehiago ikasteko, kosmologoa den Joanes Lizarragarekin hitz egin dugu. Joanes UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saileko ikertzaile eta irakaslea da.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Joanes Lizarraga: “Unibertso primordiala edo jatorrizkoa gaur egungo unibertsoarekin alderatuta oso ezberdina zen” #Zientzialari (135) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nutrienteak galtzen al dituzte izoztutako frutek eta barazkiek?

Az, 2020-07-01 09:00
Josu Lopez-Gazpio Eguneroko bizitzaren gorabeherek sarritan ez digute denborarik uzten egunean eguneroko erosketak egiteko. Elikagai gehienekin ez da arazorik egoten, erosten direnetik hondatzen diren arte nahiko denbora izaten dugulako produktuak kontsumitzeko. Alabaina, fruta eta barazkien kasuan, arazo handiagoa gerta daiteke; izan ere, epe nahiko laburrean usteltzen eta galtzen dira. Barazkiak eta frutak edozein momentutan eskuragarri izateko modu bat elikagai horiek izoztea da, baina, zer gertatzen da nutrienteekin fruta eta barazki freskoak izozten direnean?

1. irudia: Pentsatzen denaren aurka, frutek eta barazkiek ez dituzte nutrienteak galtzen izozten direnean. (Argazkia: naturfreund_pics – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Fruta eta barazki freskoa ala izoztua? Sarri askotan, galdera horren aurrean erantzun argia daukagu: freskoa bada, hobe. Ikerketek erakutsi dutenez, izoztutako elikagaiekiko joera negatiboak ditugu freskoekin alderatuz gero. Oro har, pentsatzen da izoztutako elikagaiak kalitate baxuagokoak direla, edo nutriente galera garrantzitsuak gertatu direla izozteko prozesuan. Oro har, latetan edo izoztuta dauden elikagaiak ez ditugu elikagai freskoak bezala ikusten. Jaso berri den barazki horrek nola izango ditu, baina, izoztutakoak baino nutriente gutxiago? Bada, ikerketek erakutsi dutenez, pentsatzen den hori ez da zuzena.

Hori guztia ulertzeko, lehenik eta behin bioerabilgarritasuna zer den azaldu behar da. Zenbait elikagaik dituzten mikronutrienteak oso modu sendoan daude lotuta janariari eta, hortaz, gure organismoak ezin ditu berarentzat erabilgarri bihurtu. Bioerabilgarritasunak adierazten duena da benetan gure organismoak nutriente horren zer kantitate erabili dezakeen. Bioerabilgarritasunaren adibide bat Zientzia Kaieran bertan aipatu da. Espinakek eta dilistek burdin kantitate nahiko handiak dituzte, baina, azido oxaliko kontzentrazioa ere nahiko altua da. Horregatik, espinakak eta dilistak ez dira burdin iturri aproposenak. Azido oxalikoak burdinaren bioerabilgarritasuna murrizten du eta, jotzen denez, espinaketan dagoen burdinaren %5 bakarrik asimilatzeko gai gara. Kozinatzean, nutrienteen bioerabilgarritasuna aldatu egiten da: kasu batzuetan handituz eta beste kasu batzuetan txikituz. Esaterako, gantzetan disolbatzen diren bitaminak -A, D, E eta K- asimilatzea errazagoa da gantzekin batera hartzen baditugu. Horrexegatik, elikagaiak osotasunean aztertu behar dira; izan ere, elikagaietan presente dauden osagai batzuk beste osagaiengan eragina izan dezakete.

Produktu freskoen ekoizpenari dagokionez, kasu askotan fruta eta barazkiak heldu gabe daudenean biltzen dira eta garraioa gertatzen den bitartean gertatzen da heltzea. Hori horrela egingo ez balitz, elikagai fresko asko usteldu egingo ziren kontsumitzailearengana iritsi baino lehen. Horrek lotura handia du izoztutako elikagai freskoen ekoizpenarekin. Izoztu behar diren fruta eta barazkiak heldu direnean biltzen dira eta gero izozten dira. Horren ondorioz, nutrienteak egoera onenean dauden unean jasotzen dira frutak eta barazkiak. Izozte prozesuan ez da nutrienterik galtzen eta, horrexegatik, fruten eta barazkien kasuan izoztuta egon ala freskoak izan, hasiera batean, nutriente kantitate berdinak dituzte. Beste era batera esanda, ez dago desberdintasun adierazgarririk izozte prozesua egin bada edo ez bada egin.

Elikagai batzuk dituzten nutrienteak hobeto mantentzen dira lehenbailehen kontsumitzen badira, baina, beste elikagai batzuen kasuan izozte prozesuaren ondoren nutriente gehiago dituztela ikusi da. Edozein kasutan, desberdintasuna oso txikia da. Mikrobioen hazkuntzari dagokionez, aldiz, elikagaiak izoztu ohi diren tenperaturan ohiko patogeno gehienak hil egiten dira. Hozkailuan edo giro tenperaturan mikroorganismoen hazkuntza azkarragoa da. Jakina, horrek ez du esan nahi kantitate arriskutsuak egongo direnik fruta edo barazki hori jan baino lehen, baina, arriskua handiagoa da.

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat zera da: normalean, frutak eta barazkiak erosi ondoren ez dira berehala kontsumitzen. Oso ohikoa da elikagaia egun batzuk hozkailuan edo sukaldean egotea kontsumitzen diren arte. Prozesu horretan zehar frutak eta barazkiak hondatu egiten dira, pixkanaka bada ere. Izoztutakoen kasuan aldiz, galera hori neurri txikiagoan gertatzen da eta, horregatik, zenbait kasutan izoztutako elikagaiek bitamina eta nutriente gehiago dituzte. Fenomeno hori Linshan Li eta bere lankideek ikusi zuten hainbat fruta eta barazki aztertu zituztenean. Ikerketan C bitamina, A probitamina eta folatoen kontzentrazioa aztertu zituzten hainbat fruta eta barazkitan.

Ikerketaren ondorioetan azaltzen den moduan, aztertutako konposatuen kasuan ez zen desberdintasun adierazgarririk ikusi produktu fresko eta izoztuen artean. Freskoen kasuan, esan bezala, kontuan hartu zuten elikagaiak egun batzuk egoten direla etxean kontsumitu baino lehen. Erosi ondoren hozkailuan gordetzen badira bost egunez, kasu horretan bai, efektu negatiboa zuela ikusi zuten -kasu horretan, izoztutako frutek eta barazkiek nutriente gehiago dituzte-. Hortaz, produktu freskoak ez badira berehala kontsumitu behar, izoztutakoak kontsumitzea alternatiba ona da. Edozein kasutan, ikerketa guztiek erakusten dutenez, nutrienteei dagokienez ez dago alderik izoztutako fruten eta barazkien eta freskoen artean.

Informazio gehiago:

Erreferentzia bibliografikoa:

Li, Linshan; Pegg, Ronald B.; Eitenmiller, Ronald R.; Chun, Ji-Yeon; Kerrihard, Adrian L. (2017). Selected nutrient analyses of fresh, fresh-stored, and frozen fruits and vegetables. Journal of Food Composition and Analysis, 59, 8-17. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jfca.2017.02.002.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Nutrienteak galtzen al dituzte izoztutako frutek eta barazkiek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Neutroien zientzia, “bizitza hobe baterako materialak” garatzeko oinarrizko tresna

Ar, 2020-06-30 09:00
Ainara Valverde, Arkaitz Fidalgo-Marijuan, Jose Maria Porro, Viktor Petrenko, S. Lanceros-Mendez 1932ra arte, uste zen atomoa osatzen zutela, batetik, nukleo atomikoaren barnean kokatutako karga positiboek, protoiek alegia, eta, bestetik, elektroi bezala identifikaturik zeuden karga negatiboek, nukleoa elektrikoki neutro egiteko inguratzen dutenak. Hala ere, 1932an James Chadwick fisikariak neutroia aurkitu zuen, kargarik gabeko partikula bat, protoiaren antzeko masa zuena eta nukleoan kokatuta zegoena. Funtsezko aurkikuntza honi esker, James Chadwickek Fisikako Nobel Saria irabazi zuen 1935ean. Dena den, hamarkada batzuk igaro ziren zientzialariak neutroiak zunda gisa erabiltzen hasi ziren arte materia karakterizatzeko, eta horri esker, Bertram N. Brockhouse eta Clifford G. Shull fisikariek 1994ko Fisikako Nobel Saria jaso zuten, “materia kondentsatuaren ikerketetarako neutroiak sakabanatzeko tekniken garapenari egindako ekarpen aitzindariengatik” [1].

Ordutik, neutroiak sarri erabili dira materialak karakterizatzeko [materialen ezaugarriak zehazteko], eta horrela, X izpien osagarri bihurtu dira. Bi partikula ezberdin dira beraz, neutroiak eta X izpi deiturikoak. X izpiak, masa gabeko partikulez osatutako erradiazio elektromagnetikoak dira; fotoi deritze partikula horiei, eta energia altua eta 0.1etik 100 Å-era bitarteko uhin luzerak dituzte. Neutroiak masa duten baina karga elektrikorik ez duten partikulak dira, eta, uhin luzeraz, 0.0003 Å-etik gora erakusten dute neutroi azkarretarako, eta 495 Å-eraino, berriz, neutroi ultrahotzetarako. Hala ere, neutroiek X izpiek baino energia txikiagoak dituzte, eta, ondorioz, ez dira hain suntsitzaileak.

Neutroiek eta X izpiek materiarekin elkarreragiteko duten modua ere oso desberdina da. X izpiek atomoen hodei elektronikoarekin elkarreragiten dute, eta, horregatik, atomo astunekin elkarreragin hobea dute arinekin baino, dituzten hodei elektroniko handiagoengatik. Horrek esan nahi du arazo asko dituztela material biologikoen bereizgarriak diren elementu arinagoak zundatzeko, halako elementuen kasuan, neutroiak funtsezkoak baitira egitura eta dinamika irudikatzeko. Izan ere, neutroiek atomoen nukleoekin elkarreragiten dute, eta elkarrekintza hau ez da soilik zenbaki atomikoaren araberakoa (nukleoko protoi kopurua). Hori hiru ezaugarri esanguratsutan bilakatzen da:

  • Neutroiek X izpiek baino hobeto aztertu ditzakete elementu arinak, hidrogenoa adibidez.
  • Neutroiek hobeto bereiz ditzakete zenbaki atomiko hurbilak dituzten atomoak.
  • Neutroiek isotopoak bereiz ditzakete, nukleo desberdina baitute.

Gainera, neutroiek une magnetiko bat dute, egitura magnetikoak modu ezberdinetan aztertzea ahalbidetzen duena (1. Irudia).

1. irudia: Neutroi-sakabanatze teknikak ikerketen luzera eta denbora eskalen funtzio gisa [2].

Gaur egun, neutroiak material ugari ikertzeko erabiltzen dira. Neutroien esperimentu tipiko batean, neutroi sorta bat ikerketapeko objektutik igarotzen da, eta laginarekin elkarreragin ondoren, objektua zeharkatu duen neutroi sortaren ezaugarriak nola aldatzen diren aztertzen da. Laginetik pasatzen den neutroi sortan gertatzen diren aldaketei esker, zientzialariek laginaren barne-egiturari eta/edo osaerari buruzko informazio zehatza lor dezakete, neutroien sakabanaketa berariazko esperimentuaren arabera [3].

Neutroi-sakabanaketa teknika erabilienak honako hauek dira:

  • Neutroien Irudiak (NI, Neutron Imaging), materialen barne-egitura ebaluatzeko;
  • Neutroien Difrakzioa (ND, Neutron Diffraction), egitura kristalinoa zehazteko;
  • Angelu Txikiko Neutroien Dispertsioa (SANS, Small-Angle Neutron Scattering);
  • Neutroien Erreflektometria (NR, Neutron Reflectometry), eskala handiko egituren karakterizaziorako (eskala nanometrikotik mikretara).
  • Neutroien sakabanatze Inelastiko/Kuasielalstikoa (QENS), berriz, mugimendu atomiko eta molekularrak aztertzeko erabiltzen da.

Metodo bakoitzak bere modua eskaintzen du sakabanatze-ereduak lortzeko, eta bakoitza egokia da material mota bati aplikatzeko (1. Irudia).

Neutroien irudiak objektuen barne-egitura ebazpen mikrometrikoz ikertzeko erabiltzen dira. Osasun arloan erabiltzen diren X izpiekin lortzen diren erradiografien nahiko antzekoa da. Neutroiek sarketa-sakonera handiak dituztenez eta material bakoitzak neutroiak modu batean indargabetzen dituenez, asko erabiltzen da NI, adibidez, industria aeroespazialean, hegazkin-motorren turbinen palak edo programa espazialetarako osagaiak probatzeko, besteak beste. NI artefaktu arkeologikoak edo artelanak aztertzeko metodo erakargarria ere bada (2. Irudia).

Neutroien Difrakzioa solido kristalinoak, gasak, likidoak edo material amorfoak aztertzeko erabiltzen da. Neutroien difrakzio-esperimentuen ondoriozko difrakzio-patroia neutroi barreiatuen intentsitatearen tontor serie gisa erregistra daiteke, atomoen kokapenari eta haien arteko distantziei buruzko informazioa jasoz.

Neutroien Erreflektometria eta Angelu Txikiko Neutroien Dispertsioa material lauen eta materialen interfazeen egitura ikertzeko erabiltzen dira. Egiturak 1 nanometro inguruko luzerako eskaletan zundatu daitezke, 100 nanometro baino gehiagoraino. NR eta SANS aplikazioen aukera zabala dute, polimero eta molekula biologikoen azterketetatik hasi eta nanopartikuletaraino, mikroemultsioetatik eta liposometatik igaroz, baita geruzetako nanoegituretatik ere.

Neutroi Inelastikoak eta Kuasielastikoak sakabanatzeko esperimentuek neutroien energia zinetikoaren aldaketa aztertzen dute laginean zehar igaro ondoren. Atomo edo molekulen mugimenduek material baten ezaugarri bereizgarrien kopuru handi baten eragile dira, une atomikoko banaketak, bibrazioak eta erlaxazio fenomenoak barne. Beraz, dinamika atomikoa eta magnetikoa ulertzea funtsezkoa da polimeroen zientzietan edo informazioaren eta komunikazioaren teknologietan.

2. irudia: Neutroietan oinarritutako zientziak askotariko diziplina eta arlo zientifikoetan zehar [4].

Neutroi-zientziako esperimentuek zientziari, teknologiari eta gizarteari egindako ekarpenen adibideek diziplina ugari hartzen dituzte, zientziaren, ingeniaritzaren eta biomedikuntzaren arloetan. Sistema biologikoen arloan, neutroien esperimentuak funtsezkoak dira haien egitura eta portaera zehazteko. Makromolekula biologikoen egitura eta dinamika ulertzeko beharrari heltzeko, neutroiak barreiatzeko hainbat teknika konbinatu ahal dira, hala nola INS/QENS, Neutroi Irudiak edo SANS. Material farmazeutikoak edo kimika supramolekularra, non hidrogeno-loturak zeregin garrantzitsua betetzen duen molekula konplexuak eta egitura handiagoak elkartzen, neutroien difrakzioaren eta INS [5] /QENSaren [6] bidez karakteriza daitezke, azken hori kimikan dinamika molekularrak aztertzeko ere erabiltzen den teknika delarik [7].

Materia biguna –polimeroak, tentsioaktiboak edo kristal likidoak sartzen dira hor– asko aztertzen da neutroiak sakabanatzeko esperimentuen bidez, neutroiek hartzen dituzten luzera- eta denbora-eskalen egokitasunagatik eta elementuen arteko kontrastea hobetzeko gaitasunagatik materialaren osagai jakin baten deuterazio espezifikoaren bidez [8]. Neutroiek dispertsio magnetiko puruko jokaeren bidez material magnetikoak zundatzeko duten ahalmena portaera magnetiko eta material magnetiko berriak argitzeko ere baliatzen da. Horien artean daude trantsizio-tenperatura altuagoak dituzten material supereroaleen garapena, materia topologikoaren azterketa edo propietate magnetiko aurreratuak dituzten aleazio berritzaileen karakterizazioa [9], [10]. Azkenik, neutroia hiru quarkez osatuta dagoenez, neutroien arteko talkak bezalako gertaerak, guztiek argiaren abiaduratik gertu dauden abiadura erlatibistetan bidaiatzen dutenez gero, fisika berriaren ezagutza partikulen fisikaren Eredu Estandarretik haratago lortzeko erabiltzen dira [11].

Beste ikuspegi batetik materialak aztertzeko tresna paregabetzat har daiteke neutroien zientzia, eta gaur egun politika zientifikoek zehazten dituzten kontzeptu-esparru nagusietako baten barruan dago: egungo gizartearen erronka handiei egoki ekiteko egiten duen ekarpena. Ingurumen-erronkei, hala nola kutsadurari, aurre egin dakieke neutroien erreflektometriaren eta difrakzio-esperimentuen bidez, kutsatzaileen berezko izaera zehazten baitute kutsatzen duten inguruneen barruan [12]. Energia sortzea eta biltegiratzea neutroiek lagun dezaketen eremuak dira, ingurumenarekin abegikorragoak diren materialetarako trantsizioarekin eta ekonomia zirkularreko paradigmekin batera, [13]. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere neutroien zientziei esker hobetzen dira; izan ere, neutroiekin asko aztertzen ari dira gailu spintronikoak, material ferroelektrikoak, datu magnetikoak biltegiratzeko materialak eta sentsoreak edo eragingailuak, besteak beste [14]. Neutroien bidez, egiturak denbora errealean erakusteko sakoneko irudi-tresna ez-inbaditzaile gisa dituzten gaitasun bakarrei esker, kultura-ondareko askotariko materialen barne-zatien 3Dko irudiak lor daitezke [15]. Gainera, neutroien sakabanatze-esperimentuak funtsezkoak dira endekapenezko gaixotasunak –Alzheimerra adibidez–, farmakoak emateko sistemak edo hortzen eta hezurren inplanteak, besteak beste, aztertzeko [16].

“Bizitza hobe baterako material berriak” garatzeko bikaintasun-zentro gisa, BCMaterials Materialen, Aplikazioen eta Nanoegituren Euskal Zentroak teknologia aurreratu eta jasangarriei lagunduko dien materialen belaunaldi berri bat garatzen dihardu. Eremu horretan, neutroien zientziak funtsezko tresna dira materialen diseinua eta aplikazioak gidatzen dituzten materialak ulertzeko. Zientzia azaltzen duen nazioarteko ahaleginari esker, gure ikertzaileek arrakastaz egin ahal izan dituzte neutroien sakabanatze-esperimentuak mundu osoko neutroi-iturrietan; besteak beste, Grenobleko Laue Langevin Institutuan (ILL) (Frantzia), Oxfordshireko neutroien eta muoien ISIS iturrian (Erresuma Batua), Municheko FRM-II zentroan (Alemania), Budapesteko Neutroien Zentroan (Hungaria), Dubnako Ikerketa Nuklearrerako Institutu Bateratuaren IBR-II zentroan (Errusia), edo Estatu Batuetako Oak Ridgeko Laborategi Nazionalaren zati den Spallation Neutron Source (SNS) azeleragailuan.

Hurrengo, gure ikertzaileek neutroien sakabanatze-teknikak erabiliz egindako esperimentu zientifikoen bost adibide espezifiko aurkezten dira. Lehen adibidea, energia-aplikazioetarako materialen, arloko neutroi difrakzioa, NR eta SANS esperimentu-konbinazio bat da, eguzki-zelula organikoen belaunaldi berri bat ikertzeko, iraunkortasun hobetua duena eta funtsezkoa dena energia sortzeko paradigma berrietarako. Zehatzago esanda, perovskitan oinarritutako eguzki-zelula organikoen degradazio-mekanismoak neutroiak sakabanatzeko hiru teknikaren konbinazioaren bidez aztertzen ari dira gaur egun: neutroien erreflektometria, angelu txikiko neutroien dispertsioa eta neutroien difrakzioa. Bigarren adibidea material multifuntzional aurreratuen azterketari dagokio, esaterako, forma-memoria duten aleazio ferromagnetikoen azterketari. Material magnetiko hauek, eremu magnetiko baten aplikazioarekin % 15eraino deformatzen dira, eta neutroien difrakzio-teknika mota batzuk konbinatuz aztertzen ari dira, hala nola: hauts, monokristal eta monokristal polarizatu neutroi difrakzioak. Neutroien esperimentu hauek aipatutako materialen egitura atomikoaren okupazioak eta spin magnetikoaren dentsitateak aztertzeko egiten ari dira, eta lortutako informazioa osatzeko, X izpien xurgapen neurketak egin dira Japoniako SPring-8 sinkrotronean (3. irudia).

3. irudia: Irudia: BCMaterials zentruko ikertzaileak Grenobleko (Frantzia) ILLn dagoen D17 neutroi-erreflektometroan esperimentua egiten.

Hirugarren adibide bat biomedikuntzarako material nanoegituratuen azterketan dago, SANS esperimentuen bidez bakterio magnetotaktikoetan txertatutako magnetosoma-kateen egitura azaleratzeko helburua duena; hipertermia magnetikoaren bidezko minbiziaren tratamendua hobetzeko ikerketa da. Laugarren adibidea ingurumen-arazoei heltzeko materialei dagokie, hala nola uraren erremediatzea eta elementu astunen arazketa, Egitura Metal-Organikoko (MOF, Metal-Organic Framework) materialen metalen adsortzio- eta funtzionalizazio-prozesuak ikertuz, neutroi inelastikoen eta kuasielastikoen dispertsio-esperimentuen bidez. Azkenik, zientzialariek BCMaterial zentruan egindako neutroien esperimentuen azken adibidea fabrikazio eta teknologia aurreratuen arloan dago, non lur arrarorik gabeko iman iraunkor berriak edo sentsore eta eragingailuetarako materialak neutroien difrakzio-esperimentuen bidez ikertzen ari diren.

Beraz, erronka konplexu bat du zientziak aurrean material aurreratuak eta multifuntzionalak garatzeko, eta gaur egungo teknologia berri ugarien artean funtsezko gisa ageri da neutroien zientzia, berandu baino lehen “bizitza hobe baterako materialen” belaunaldi berri batera iristen laguntzeko.

Esker ona:

Eusko Jaurlaritzako Industria eta Hezkuntza Sailetako ELKARTEK, HAZITEK eta PIBA (PIBA-2018-06) programei.

Bibliografia:

[1] Brockjouse, Bertram, N., Schull, C. G., (1994). The Nobel Prize in Physics 1994, (n.d.).

[2] Brückel, T. (2005). Forschung mit Neutronen in Deutschland – Status und Perspektiven.

[3] Willis, B.T.M., Carlile, C.J., (2009). Experimental Neutron Scattering. Anim. Genet. 39, 561–563.

[4] ESS project reports 2003 and update 2004, (n.d.).

[5] Doster, W., Cusack, S., Petry, W. (1989). Dynamical transition of myoglobin revealed by inelastic neutron scattering. Nature, 337 (1989) 754–756. DOI: https://doi.org/10.1038/337754a0.

[6] Neumann, D.A., Copley, J.R., Cappelletti, R.L., et al. (1991). Coherent quasielastic neutron scattering study of the rotational dynamics of C60 in the orientationally disordered phase. Phys Rev Lett, 67 (27), 3808-3811. DOI: 10.1103/PhysRevLett.67.3808.

[7] M. (Universite des S. et des T. de L.F.A. (France). L. de D. des C.M. Bée, Quasielastic Neutron Scattering, 1988.

[8] Shu, F., Ramakrishnan, V., Schoenborn, B.P., (2000). Enhanced visibility of hydrogen atoms by neutron crystallography on fully deuterated myoglobin. Proceedings of the National Academy of Sciences, 97 (8), 3872-3877. DOI:10.1073/pnas.06002469.

[9] Huang, Q., Qiu, Y., Bao, W., et al. (2008). Neutron-diffraction measurements of magnetic order and a structural transition in the parent BaFe2As2 compound of FeAs-based high-temperature superconductors. Phys Rev Lett, 101 (25), 257003. DOI: 10.1103/PhysRevLett.101.257003.

[10] Katmis, F., Lauter, V., Nogueira, F.S., et al. (2016). A higherature ferromagnetic topological insulating phase by proximity coupling. Nature. 533 (7604), 513–516. DOI: 10.1038/nature17635

[11] Dubbers, D., Schmidt, M. G., (2011). The neutron and its role in cosmology and particle physics. Reviews of Modern Physics, 83 (4), 1111–1171. DOI: 10.1103/RevModPhys.83.1111.

[12] Cuello, G.J., Román-Ross, G., Fernández-Martínez, A., Sobolev, O., Charlet, L., Skipper, N.T. Pollutant Speciation in Water and Related Environmental Treatment Issues, in: 2009: pp. 491–520. DOI: https://doi.org/10.1007/978-0-387-09416-8_17.

[13] Mulder, Fokko; Dingemans, Theo; Schimmel, H.; Ramirez-Cuesta, A.; Kearley, G. (2008). Hydrogen Adsorption Strength and Sites in the Metal Organic Framework MOF5: Comparing Experiment and Model Calculations. Chemical Physics, 351, 72-76. DOI: 10.1016/j.chemphys.2008.03.034.

[14] Baker, M., Guidi, T., Carretta, S. et al. (2012). Spin dynamics of molecular nanomagnets unravelled at atomic scale by four-dimensional inelastic neutron scattering. Nature Phys 8, 906–911. DOI: 10.1038/nphys2431.

[15] Casali, F., Bettuzzi, M., Brancaccio, R., Morigi, M.P., (2010). New X-ray digital radiography and computed tomography for cultural heritage, in: Science for Cultural Heritage. Case Stud. Mar. L. Archaeol. Adriat. Reg. Inl. Veli Losinj, Croat. 28 – 31 August 2007, 2010: pp. 85–99. DOI: https://doi.org/10.1142/9789814307079_0008.

[16] Yong, W., Lomakin, A., Kirkitadze, M.D., Teplow, D. B., Chen, S.H., Benedek, G.B. (2002). Structure determination of micelle-like intermediates in amyloid β-protein fibril assembly by using small angle neutron scattering. Proceedings of the National Academy of Sciences, 99 (1), 150–154. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.012584899.

—————————————————–
Egileez: Ainara Valverde eta Arkaitz Fidalgo-Marijuan BCMaterials zentroko (Basque Center on Materials, Applications and Nanostructures) ikertzaileak dira eta Jose Maria Porro, Viktor Petrenko eta S. Lanceros-Mendez Ikerbasque ikertzaileak dira BCMaterialsen (@BCMaterials).

—————————————————–

The post Neutroien zientzia, “bizitza hobe baterako materialak” garatzeko oinarrizko tresna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eguzkitako kremak ez dira aski. Zer hartu behar dugu kontuan eguzkitik babesteko?

Al, 2020-06-29 09:00
María Victoria de Gálvez Eguzkitako kremez gain, eguzkitik babesteko orduan komeni da beste parametro batzuk ere kontuan hartzea, larruazalaren osasunak udan kalterik ez hartzea bermatuko badugu. Hau da: eguzkitakoak, janzteko eta bainatzeko arropa, baita elikagaiak ere.

1. irudia: Azken hamarkadetan adituek gomendatu dute eguzkia gehiegi ez hartzea, kalteak eragiten baitituzte azalean eta, batez ere, azaleko minbizi arriskutsu bat sortarazi dezakeelako, melanoma. (Argazkia: Viviane Monconduit – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Indize ultramorea (UVI)

Eguzkiaren erredurak saihesteko, Osasunaren Mundu Erakundeak indize ultramorea (UVI) ezarri du. Indize horrek 1etik (txikia) 11ra (oso handia) arteko balioak ematen ditu. Gomendatzen dute eguzkitik babesteko neurriak hartzea 3ko UVI baliotik aurrera.

Tokiko UVIren datuak ezagutzeko zenbait informazio bide ditugu, hala nola web orriak, EUSKALMET edo AEMETena, adibidez eta mugikorrerako aplikazioak, UV-DERMA izenekoa, esaterako. Aplikazio hori Málagako Unibertsitateak sortu du, eta Espainiako Dermatologia eta Benereologia Akademiak (AEDV) abalatuta dago.

Fotobabeserako gomendioak emateaz gain, aplikazioak kalkulatzen du pertsona bat zenbat denbora egon daitekeen eguzkipean erre gabe, bere fototipoa eta kokapen geografikoa aintzat hartuta.

Oro har, komeni da honako hau kontuan hartzea: fotobabesle topikoak gehien erabilitako neurria badira ere, egunaren ordu zentraletan eguzkipean ez egotea da eraginkorrena. Hau da, 12:00etatik 16:00etara bitartean, ordu tarte horretan baita handien Lurrera iristen den eguzki irradiantzia. Krema dosiak, bestalde, axola du. Oraintsuko azterketek aditzera eman dute eman ohi ditugun kantitateak ez direla aski gure larruazala erradiazioetatik babesteko.

Itzalaren araua

Eguzki erredura pairatzeko arrisku handien noiz dagoen ezagutzeko era soil bat geure itzalari begiratzea da. Gure garaiera baino altuagoa bada, horrek esan nahi du eguzki izpiek tangentzialki eragiten dutela eta ez direla arriskutsuak. Aitzitik, gure itzala gure altuera baino laburragoa bada, eguzki erradiazioa zuzenagoa da eta, ondorioz, erredura pairatzeko arrisku handiagoa dugu.

Iaz, Málagako Fotobiologia Dermatologikoko Laborategian UVILISCO izeneko gailua garatu genuen. Islatutako itzalaren arabera UVIa zehazteko gauza da. Obelisko formako gailu soil bat da (hortik datorkio izena), xede didaktikoz pentsatua, eta erraz ezar daiteke ikastetxe eta hezkuntza zentroetako jolastokietan.

Horren bitartez eskola garaian fotobabesari buruz kontzientziatzea da xedea, bizitzaren garai horretan jasotzen baitugu eguzkiaren erradiazio gehien. Komeni da neurriak adin goiztiarretan hartzea, frogatu baita fotobabes neurriek % 80 ere prebenitu dezaketela fotoinduzitutako larruazaleko minbizia.

2. irudia: Eguzkiarekin kontu handia izan behar da, eta, hartzekotan, ez egin eguneko ordu zentraletan. Horrez gain, estali burua, arropa egokiarekin eta eguzkitako betaurrekoekin, eta, ahal dela, 30 baino gehiagoko babesa duen eguzkitako krema eman. (Argazkia: chezbeate – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Arropak eta ehunak

Arropa eta ehun bidezko fotobabesa oso baliagarria da, eta guztiok erraz erabiltzeko modukoa. Uste okerra bada ere, oso hedatuta dago pentsatzea ehun argiek gehiago babesten dutela, baina egia da kolore ilunek fotobabes hobea eskaintzen dutela.

Komeni da kontuan hartzea hezetasunak ehunen babesa % 30 ere gutxitu dezakeela. Horregatik, oso garrantzitsua da jakitea hondartzetan eguzkipean elastikoak bustita luzaro dauden umeek eta helduek ez dutela erabateko babesik. Halaber, ingurumen kutsadurak ere baliteke fotobabes maila murriztea.

Gure laborategian, udan erabili ohi diren zenbait ehun aztertu ditugu. Gure emaitzek erakusten dute fotobabes oso handia ematen dutela, baina babes hori txikiagoa izaten da puntu lasaiko ehun naturaletan, lihozko alkandoretan, esate baterako.

Jolas jardueretan, aire zabaleko kiroletan edo lanbide jakin batzuetan (sorosleak, lorezainak…) eguzkipean luze gaudenean, ezinbestekoa da arropa fotobabesle espezifikoa erabiltzea, bai eta hegal zabaleko kapelak edo txanoak ere. Bereziki udan.

Eguzkitakoak eta olanak erabiltzea

Hondartzetan eguzki erredurarik ez izateko, funtsezkoa da eguzkitakoak eta olanak erabiltzea. Ez dugu pentsatu behar, halere, horrelakoek erabateko babesa ematen digutenik. Kontua ez da eguzkitakoaren oihalak eguzkiaren erradiazio ultramorea ez blokeatzea (zenbaitetan hala gerta daiteke), baizik eta ahaztu egiten dugula hareatik, soropiletik eta gauden gainaldetik islatzen den eguzki erradiazioa.

Erradiazio islatu hori gainaldearen islatze koefizientearen edo albedoaren mende egongo da; % 10 eta % 20 artekoa izaten da –baina gainalde batzuek (elurra, adibidez) jasotzen duten erradiazioaren % 80 arte isla dezakete–.

Antioxidatzaileak

Eguzkiak ahalmen oxidatzaile handia du, eta pertsonok antioxidatzaile naturalak ditugu haren kontrako eraginak indargabetzeko. Hala ere, eguzki esposizio handiko egoeretan organismoan oxigeno espezie erreaktiboak sortzen dira eta, antioxidatzaile naturalek horiek neutralizatzen badituzte, estres oxidatiboa gertatzen da. Estres oxidatiboak zahartzeko prozesuak bizkortzen ditu, kalte egiten dio zelulen DNAri eta handiagotu egiten du epe luzera larruazaleko kaltea.

3. irudia: Melokotoiak eta albertxikoak kontsumitzea onuragarria da eguzkia hartzerakoan ematen den estres oxidatiboari aurre egiteko, antoxidatzaile ugariko elikagaiak baitira. (Argazkia: Couleur – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hori indargabetzeko, farmazia-industriaren oraingo joera eguzki kremei antioxidatzaileak eranstea da (eta, alderantziz, fotobabesleak eranstea zahartzearen kontrako kremei). Antioxidatzaileak ahotik ere eman daitezke, kapsula edo pilulatan. Eguzki erreduraren kontra eskaintzen duten babesa oso-oso txikia bada ere, fotobabeserako osagarri ona dira, bereziki eguzkiaren gehiegizko eragina dugun egoeretan eta eguzki alergiak dituzten pertsonentzat.

Beste aukera bat antioxidatzaile ugariko elikagaiak hartzea da, eguzkiaren eragin oxidatzaileak indargabetzeko. Oro har, barazkiek eta fruta freskoek antioxidatzaile ugari dituzte, eta horietako asko pigmentuen parte dira. Horregatik, horien kontsumoa bereziki adierazita dago uda garaian.

Hala, adibidez, betakarotenoek (A probitamina) kolorea ematen diote larruazalari, eta fruta eta barazki laranjetan daude, hala nola mertxikan eta azenarioan. Mahatsaren erresberatrola edo tomatearen likopenoa dira eguzki irradiantzia handiko garaietan gomendatzeko antioxidatzaile naturalen beste adibide batzuk.

—————————————————–
Egileaz: María Victoria de Gálvez, Malagako Unibertsitateko dermatologiako irakaslea da.

—————————————————–

Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2020ko maiatzaren 27an: Las cremas solares no bastan: lo que debemos tener en cuenta para protegernos del sol.

The post Eguzkitako kremak ez dira aski. Zer hartu behar dugu kontuan eguzkitik babesteko? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #308

Ig, 2020-06-28 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Hondakin urak ikertzeko bi proiektu abiatu dituzte, alde batetik UPV/EHUk eta beste aldetik, Nafarroako Gobernuaren Nilsa eta Nasertic agentziek. Euren helburua COVID-19aren trazak antzematea da. Orain arte jasotako laginen artean, “SARS-CoV-2aren arrasto gutxi batzuk” agertu direla nabarmendu du Nilsako kudeatzaileak. Honen inguruko informazio osagarria Berriako artikulu honetan topatuko duzue.

Miren Basaras mikrobiologiako irakasleak artikulu honetan dio umeak arnasbidetik transmititzen diren hainbat birusen kutsatzaile profesionalak direla. Ildo horri jarraiki, COVID-19 gaitzaren kasuan, kontatzen du, umeak sintomarik gabeak edo oso arinak izan dituztela, eta horren zergatia frogatu duten hainbat ikerketa bildu ditu Berriako testu honetan.

Denok badakigu azukrea txarra dela gure osasunerako. Are gehiago, azukrea kronikoki kontsumitzeak hainbat gaixotasun ekar ditzake: hipertentsioa, gibeleko eta bihotzeko gaitzak, obesitatea, pankreatitisa, eta abar. Eta orduan, zergatik gustatzen zaigu hainbeste? Artikulu honetan azaldu digute horren atzean arrazoi ebolutibo bat egon daitekeela. Ez galdu!

Musika tresna garrantzitsua izan da konfinamendu garaian estresa arintzeko. Emily Abrams Ansari Western Unibertsitateko ikertzailearen arabera, konfinamenduan %28 jaitsi ziren Spotify plataformako zerrendetako lehen lekuetan zeuden abestien entzunaldiak, Berriak azaldu digunez. Aldiz, musika instrumentala asko igo zen. Beste batzuek nahiago izan dute isiltasuna musikaren aurrean. Hori dela eta, Isiltasunaren proiektua (The Quiet Project) sortu dute Erresuma Batuko Akustika Institutuak eta Zarata Aholkularien Elkarteak.

Medikuntza

Garuneko beste zelula batzuk neurona funtzional bilakatzea lortu dute saguetan. Elhuyar aldizkarian azaltzen duten moduan, parkinsonaren kasuan, garuneko eremu batzuetan neurona dopaminergikoak galtzen dira. Hala, ikerketa honi esker ikusi dute garunean ugariak diren zelula batzuk, astrozitoak, neurona dopaminergiko bihur daitezkeela.

Psikologia

Zer pentsatzen dute umeek Peter Pan, Bizarzuri eta dinosauroei buruz? Non kokatzen dute errealitatearen muga? Egindako ikerketa batean egiaztatu dute gehienek jakin badakitela dinosauroak noizbait existitu zirela eta Peter Pan bezalako pertsonaiak fikziozkoak direla. Baina badira beste hainbat pertsonaia erdibidean mantentzen direnak. Eta zein da honen arrazoia? Ikertzaileen arabera, erritual kulturaletan parte hartzeak sustatzen du umeek errealtzat jotzea hainbat pertsonaia.

Emakumeak zientzian

Deborah Doniach immunologo kliniko eta gaixotasun autoimmuneen arloan aitzindaria ezagutu dugu artikulu honen bidez. Bere karrera zientifikoan zehar eritasun autoimmuneak izan zituen ikergai, haren lanak ekarri zuen horien gakoa Hashimotoren Tiroiditisean aurkitzea, alegia.

Emakumeak teknologiaren historian asmatzaileak eta aitzindariak (Erein, 2020) liburua berriki aurkeztu du Gontzal Avila autoreak. Berriako artikulu honetan, historian zehar teknologia alorrean aritu diren emakumeei buruz mintzatu da.

Genetika

Ikerketa berri baten inguruan aritu zaigu Koldo Garcia, hain zuzen, argaltasunarekin lotura izan dezaketen geneak izan dira ikerlanaren erdigune. Badirudi ALK genea dela gakoa, hau da, garunaren eta gantz-ehunen arteko komunikazioan eragina duela, gantzen metabolismoa alda dezakeela eta, hortaz, pisuan eragin. Baina oraindik gizakietan gauza bera gertatzen ote den ikertu behar dute.

Materialak

Pandemiaren eraginez, maskara eta eskularru kontsumoa hazi da. Horretaz gain, paper-zapi hezeen erabilera %49 hazi da, baita erabilera bakarreko plastikozko ontziak ere. Zaborrontzi horiaren kudeatzailearen arabera, erabilera bakarreko ontzien kontsumoa %15 handitu da. Honen gainean, adituek ziurtatu dute erabilera bakarreko plastikoa ez dela berrerabilgarria baino seguruagoa. Berrian duzue testua irakurgai.

Ingurumena

Jakina da zuhaitzak landatzea izan dela klima aldaketari aurre egiteko moduetako bat. Bada, zuhaitz-landaketen eragin hori kalkulatzeko orain arte erabili izan diren irizpideak okerrak izan litezke. Ikerketa batek aditzera eman duenez, zuhaitzak landatuta ez da beti lortzen karbono gehiago finkatzea. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Ikertzaile talde batek ondorioztatu du gehiegizko kontsumoa eta kapitalismoan oinarritutako aberastasuna direla ingurumen-arazoak abiatzen dituzten faktore nagusiak. Kontuak hartu dituzten faktoreak klima, bioaniztasuna eta elikadura izan dira. Ikertzaileek hazkunde ekonomikoaren paradigma zalantzan jartzeko beharra aldarrikatu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digu afera.

Izotzak sekretu asko gordetzen ditu naturaren historiaren eta sortu zen uneko ingurumen baldintzen inguruan. Esaterako, Suitzako Colle Gnifetti glaziarrean egindako azterketa aipatzen da testuan. Bertan, ikertzaileek urtez urte metatuz joandako izotz geruzen kronologia zehaztu dute. VII. mendean, Europako erdialdean eta ipar-mendebaldean erabat eraldatu zen sistema monetarioa: txanponak urrezkoak izatetik zilarrezkoak izatera igaro ziren. Datuei esker jakin daiteke trantsizio hori nola izan zen. Ez galdu!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #308 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #312

La, 2020-06-27 09:00

Umea jaiotzean bera eraman eta norbait berezi uzten duten izakiak daudela dio kondairak. J.R. Alonsoren The changelings: fairy tales about autism?

Korporazio baten aurrekontua zuzendaritzak egin beharrean, jendeak egiten badu, parte-hartuta eta bozkatuta, jendearen interesekin lerrokatuago egongo dira… Ezta? Annick Laruelleren Participatory budgeting, some issues

Neutrinoak euren antipartikula baldin badira, hau da, Majorana partikulak badira, unibertsoaren ulermenean pausu erraldoia emango genuke. Zelan detektatu da kontua. DIPCk aurrerapausua eman du: How to detect the daughter atom of a neutrinoless double beta decay

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu

The post Ezjakintasunaren kartografia #312 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Umeen sinesmenak elikatzen dituzten konspirazio txikiak

Or, 2020-06-26 09:00
Juanma Gallego Haur gehienek badakite dinosauroak existitu zirela, eta Elsa printzesa fikzioko pertsonaia dela. Baina badira beste hainbat pertsonaia muga lauso batean geratzen direnak. Helduek sustatutako erritualak omen daude horren atzean.

Hortzen Maitagarria, Perez Sagutxoa edo Mari Teiletako. Bizarzuri, Errege Magoak edo Olentzero. Aukera sorta zabala dago aukeratzeko, norberaren gustuen, usadioen edota asmo identitarioen arabera. Telebistan bezala, Nahieran. Are gehiago, aldatzen doan kontua da folklorearena; batzuetan nahita, besteetan, modu oharkabean. Beste garaietan pertsonaia batzuk asmatu ziren modu berean, helduok gai gara pertsonaia berriak eraikitzeko, eta aspaldiko arketipoak gaur egungo ideologiei egokitzeko ere. Sorgin maltzur tradizionala basoetako botikari askatzaile bihurtu zaigu, eta etxera garaiz bueltatzen ez ziren umeen gantzak hartzen zituen Sakamantekas beldurgarria justizia sozialaren alde egiten duen heroi inklusiboa izateko moduan legoke gaur egun.

Alabaina, norberaren mundu ikuspegiaren arabera helduok mundua salbatu nahian gabiltzan bitartean, umeek bestelako interesak dituzte. Badirudi beraientzat oparitxoa jasotzea edota jai batean aparra egotea dela garrantzitsuena. Baina, egia esanda, gutxi dakigu haien mundu ikuskeraz eta sinesmenez.

1. irudia: Zenbait pertsonaiari dagokienez, umeek argi daukate errealak ala irrealak ote diren, baina kulturaren baitan txertatutako pertsonaiekin arazo handiagoak dituzte. (Argazkia: Anthony Tran / Unsplash)

Zertan izan daiteke lagungarri umeen sinesmenak ikertzea? Ezagutza berria eskuratze soila merezi duela erantzun lezake baten batek, baino harago doa kontua. Gizartean duten eragin zuzena txikia izan arren, umeak gizartearen parte garrantzitsu dira. Zentzu honetan, The World Until Yesterday liburuan, Jared Diamond geografoak aldarrikapen polita egiten du: “Umeak gizarte baten erdira izatera irits daitezke. Gizarte baten erdia alboratzen duen soziologo batek ezin izango luke esan gizarte hori ulertzen duenik”.

Bada, helduen mundu ikuskeran erlijioak izugarrizko pisua duen modu berean, umeen jardunean ere garrantzi handia dute gurasoek sustatutako sinesmenek. Horietako asko gezur funtzionalen bidez transmititzen dira. Javier Pelaezek artikulu honetan azaltzen duen moduan, askotan gezur horiek tradizio desberdinak dituzten gizarteetan erabiltzen dira umeen portaeran nolabaiteko eragina izateko.

Mundu magiko horretan pertsonaia desberdinak egon daitezke, baina, helduen sinesmenetan bezala, pertsonaia horiek ez daude maila berean. Aurretik egindako ikerketengatik, adituek bazekiten gutxi gorabehera hiru urte dituztenetik umeak gai direla bereizteko zer den erreala eta zer ez, baina oraingoan jakin nahi izan dute zehazki mugak non kokatzen diren. Umeen panteoi horretan sakondu aldera, Australiako ikertzaile talde batek aztertu du umeek nola ebaluatzen duten hainbat pertsonaiaren egiazkotasuna. Horretarako, galdeketa bat abiatu dute. PLoS ONE aldizkarian azaldu dituzte emaitzak.

Orotara, bost kategoriatan sailkatu daitezkeen 13 pertsonaia erabili dituzte ikerketa abiatzeko. Pertsona errealak (umeak ezagutzen duen pertsona bat eta The Wiggles taldekoak – Australiako musika talde bat–), pertsonaia kulturalak (Bizarzuri, Pazko untxia eta Hortzen maitagarria), pertsonaia anbiguoak (dinosauroak eta estralurtarrak), pertsonaia mitikoak (adarbakarrak, mamuak eta dragoiak) eta fikziozko pertsonaiak (Frozen filmeko Elsa printzesa eta Peter Pan).

Bi eta hamaika urte artean dituzten 176 ume australiarri inkesta egin diete, eta galdetu diete zeintzuk diren pertsonaia errealak eta zeintzuk irrealak. Egiazkotasun hori zerotik zortzira arteko eskala batean kokatzeko eskatu diete umeei. 56 helduz osatutako beste talde batean aurkitutako emaitzekin alderatu dituzte datuak.

Emaitzak argigarriak izan dira. Egiaztatu dute gehienek jakin badakitela dinosauroak noizbait existitu zirela eta Peter Pan bezalako pertsonaiak fikziozkoak direla. Baina badira beste hainbat pertsonaia erdibidean mantentzen direnak. Zalantzazko eremu labainkor batean.

Umeen irudikoz, errealenak dinosauroak eta The Wiggles taldekoak izan dira (zazpi punturekin). Elsa printzesa eta Peter Pan pertsonaiek lau puntu izan dituzte. Baina Bizarzuri eta Hortzetako Maitagarria sei puntutan kokatu dira.

Hortaz, argi dago umeen artean mundu errealaren eta irrealaren arteko muga lausoa dela, nolabaiteko gradazio baten barruan. Egileen esanetan, asmatutako pertsonaia kulturalak, beraz, erdibideko “purgatorio” batean daudela ematen du.

Aurreikusi zitekeen bezala, helduen artean datuak oso bestelakoak izan dira. Hauek guztiek oso ondo bereizi dituzte fikziozko pertsonaiak (zerotik gertuko emaitzak). Bizarzuri eta dragoiek puntu batetik gertu egon dira. Mamuak eta estralurtarrak, berriz, bi eta lau puntu artean kokatu dira, helduen artean pertsonaia horien inguruan zalantza gehiago sortzen diren adierazle.

2. irudia: Gizarte osoaren laguntzarekin, gurasoek bultzatutako erritualek laguntzen dute umeen artean halako pertsonaien sinesgarritasuna txertatzen. (Argazkia: Juanma Gallego)

Oro har, emaitzen arabera, umeek lau taldetan banatzen dituzte pertsonaiak: errealak, kulturalak, anbiguoak eta fikziozkoak. Helduen artean, berriz, hiru multzora mugatzen da sailkapena: errealak, anbiguoak eta fikziozkoak. Hortaz, helduek oso argi daukate pertsonaia kulturalak usadioan besterik ez daudela.

Ikertzaileen hipotesiaren arabera, erritual kulturaletan parte hartzeak sustatzen du umeek errealtzat jotzea hainbat pertsonaia. Adibidez, inkestatutako umeen %40 inguruk dio Bizarzuri ikusi dutela bizitza errealean. Eguberri garaian merkataritza gune batera joatea edota telebistako albistegi bat ikustearekin nahikoa da egiaztatzeko Bizarzuri, Errege Magoak edota Olentzero benetako pertsonaiak direla.

Rohan Kapitany egile nagusiaren hitzetan, “erritualek sinesmena erraztu, sustatu eta lagundu egiten dute”. Eta gizarteak, noski, pertsonaia horien inguruko erritual asko eratzen ditu. Sinesmena sustatzen duten erritual horietan ezinbestekoak dira gurasoak. Izan ere, hauek hainbat lan egiten dituzte tradizioa elikatzeko, hala nola apaindutako zuhaitz bat etxera eramanda, burkoaren azpian txanpon distiratsu bat jarrita edo Eguberri eguneko goizean opariak eta Napo astoak erdi jandako azenario bat utzita.

“Tradizioan oinarritzen diren testigantzek sinesmena indartzen duten arren, gure argudioa da ez dela kasualitatea umeek errealtzat hartzen dituzten pertsonaia tradizionalak izatea umeei kulturaren arabera aritzeko eskatzen dieten berdinak”, idatzi dute artikuluan.

Umeen aldetik, zerbait arraroa gertatzen ari delako lehen susmoak hasten dira gurasoek halako pertsonaien inguruan darabilten hizkeragatik eta mintzaira patroiengatik. Scientific American aldizkariari Kapinatyk azaldu dionez, “Bizarzuri erreala dela” esaten zaie umeei, baina ez dago esan beharrik, adibidez, amona erreala denik. Portaera horiek lehen susmoak piztuko lituzkete haurren artean. Gauzak uste baino konplikatuagoak diren lehen seinaleak, hain justu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kapitany, R., Nelson, N., Burdett, E.R.R., Goldstein, T.R., (2020). The child’s pantheon: Children’s hierarchical belief structure in real and non-real figures. PLoS ONE, 15 (6), e0234142. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0234142

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Umeen sinesmenak elikatzen dituzten konspirazio txikiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Deborah Doniach (1912-2004): gure organismoaren autosuntsiketaren bila

Og, 2020-06-25 09:00
Uxue Razkin Gure gorputzaren autosuntsiketa baino gauza misteriotsuagorik ez dago. Hala, medikua den lagun bati gaixotasun autoimmuneei buruz galdetu egin nion; erantzunak behar nituen, istorioarekin jarraitu ahal izateko liburua argira hurbiltzen duen irakurleak bezala. Haren azalpenean, nik uler nezan arras sinplifikatu zuena, “alderdi bereko sua” aipatu zidan, hau da, gudu batean tiroak alde beretik datozenean. Zehazki, helburua ondo identifikatzen ez delako gertatzen diren akatsak dira. “Gorputzak bere buruari eraso egiten dio, suntsitu egiten zaitu”, esan zuen nire adiskideak. Une horretan, gudu-zelai bat imajinatu nuen, eta gerra hori nire baitan bistaratzen saiatu nintzen.

Immunitate-sistemak gaixotasunen eta infekzioen aurka babesten gaitu, baina gaitz horietako bat izanez gero, sistemak erreakzionatu, eta akatsa batek jota bere organoen eta ehunen aurka egiten du. Azalpen metaforiko hark Las defensas liburua gogoratzera eraman ninduen, duela hiru urte Gabi Martínezek idatzi zuen obrara. Bertan, urteetan zehar ikertu zuen gaixotasun autoimmune baten ondorioz erotu zen neurologo baten benetako historia kontatzen da. Haritik tiraka, autosuntsiketa honen jatorrira iritsi nintzen, Deborah Doniach immunologo kliniko eta gaixotasun autoimmuneen arloan aitzindaria ezagutzera, hain zuzen ere.

Irudia: Deborah Doniach immunologoa. (Argazkia: Royal College of Physicians)

Tiroide guruina eta Hashimoto izeneko mediku bat

Deborah Doniach Parisen hazi zen eta medikuntza ikasi zuen Sorbonan. Dena dela, Sonny Doniachekin ezkondu bezain laster, ikasketak eten behar izan zituen, 1934an. Horren ondotik, Londresera joan zen bizitzera eta han bere karrera abiatu zuen berriro, Royal Free Medical Schoolen. Hiru urtez mediku lanetan aritu zen etxez etxe, baita zirujau moduan ere Londreseko Konderriko Kontseiluko zerbitzuaren esanetara. Ondoren, lau urte igaro zituen Middlesex Ospitalean, patologia kimikoko irakasle laguntzaile gisa. 1951n, Royal Freera itzuli zen eta bi urte beranduago, Middlesexen hasi zen berriro endokrinologo gisa; hemen aritu zen lanean erretiroa hartu zuen arte. 60ko hamarkadan, ospitale hartan sortu berria zen Immunologia Sailera batu zen; han lortu zuen lehen immunopatologoetako bat izatea, eta irakasle bihurtu zen 1974an.

Oro har, eritasun autoimmuneak izan zituen ikergai; izan ere, haren lan nekaezinak ekarri zuen horien gakoa Hashimotoren Tiroiditisean aurkitzea. Gaixotasun horrek tiroide guruina suntsitu egiten du eta hipotiroidismoa eta goloa sortzen ditu. Izen hori Hakaru Hashimoto mediku japoniarrari zor zaio, berak identifikatu eta deskribatu baitzuen lehen aldiz patologia hori. Afekzio hau tiroide guruinari eraso egiten dion immunitate-sistemak berak sortzen du, eta gure organismoak behar bezala funtzionatzeko hormona garrantzitsuak sortzea eragozten du, hau da, immunitate-sistemak berak hura suntsitzen duten antigorputzak sortzen ditu.

Modu honetan, Doniachek ikusi zuen odolean proteina immunitario maila altua zuten pazienteei tiroidea kirurgikoki kentzen bazitzaien, maila horiek normaltasunera itzultzen zirela. Era berean, ohartu zen guruin horrek zelula plasmatiko ugari zituela, -normalean infekzioen aurka borrokatzeko antigorputzak sortzen zituztenak ziren-, baina paziente horiengan tiroideen barruko estimulu bati erantzuten ziotela. Antigorputz gehiegi izatea tiroide guruinaren aurkako erreakzio autoimmunea zela ondorioztatu zuen, kanpoko infekzio baten aurkakoa izan beharrean.

Doniach ez zegoen bakarrik ikerlan honetan murgilduta, Ivan Roitt eta Peter Campbelllan zientzialariak izan zituen bidelagun. Hirurek, euren intuizioari jarraituz, ikusi zuten antigorputzek ez zietela aurre egingo kanpoko agenteei. Hipotesi hori berretsi egin zuten Hashimotoren gaixotasuna zutenen pazienteen serumak tiroide guruin arruntaren aterakinekin erreakzionatzen zuela frogatu zuten momentuan. 1956. urtea zen, autoimmunitateaz lehenengoz mintzatzen hasi zirenean.

Esan beharra dago zientzialari horien arteko lankidetza oso emankorra izan zela, tiroidearen osagaietako zeinek estimulatzen zuen erantzun immunea zehaztu baitzuen hirukoteak. Baina Doniachentzat hori ez zen izan landu zuen azterlan bakarra, gaixotasun autoimmune gehiago ikertu baitzituen, hala nola anemia perniziosoa, behazun-zirrosi primarioa eta 1 motako diabetesa. Haren lana funtsezkoa izan zen gaur egun erabiltzen den immunologiako diagnostiko klinikoaren metodologia finkatzeko.

Sariei dagokienez, Doniachek Van Meter saria jaso zuen American Goitre Association erakundearen eskutik (1957). Horrez gain, Gairdner saria (1964), Graduondoko Britainiar Federazioaren saria (1967) eta Emakume Zientifiko Amerikarren Elkartearen eskutik Urteko Emakume Zientifikoaren saria (1984) irabazi zituen. 70eko hamarkadan erretiroa hartu zuen arren, bere arloan lanean jarraitu zuen; immunologiari buruzko bere azken artikulua 2000. urtean idatzi zuen. Jakina da oraindik enigma modukoak direla gaixotasun autoimmuneak, baina Doniachek bere harri koskorra ekarri zuen.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Deborah Doniach (1912-2004): gure organismoaren autosuntsiketaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik gustatzen zaigu azukrea?

Az, 2020-06-24 09:00
Josu Lopez-Gazpio Egunero jaten dugun azukreak menpekotasuna sortzeko ahalmen handia du. Osasunean duen eragina alkoholarenarekin pareka daiteke. Horixe esan zuten The toxic truth about sugar -azukrearen egi toxikoa- artikulua sinatu zuten Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek. Haien aburuz, alkohola zein azukrea kronikoki kontsumitzeak hainbat gaixotasun ekar ditzake: hipertentsioa, gibeleko eta bihotzeko gaitzak, obesitatea, pankreatitisa, eta abar. Oro har, nahiko argi daukagu denok azukrea ez dela ona -zein ondorio izan ditzakeen hain argi ez daukagun arren-, hortaz, zergatik ez dugu dietatik azukrea kentzen? Zergatik erakartzen digu hainbeste tarta batek, izozkiek, gozokiek, opil gozoek eta, aldiz, ez ditugu hain gustura jaten brokoliak, espinakak edo azak? Bada, litekeena da arrazoi ebolutibo bat egotea gozoarekiko dugun zaletasun madarikatu horretan.

1. irudia: Azukrearekiko zaletasunak arrazoi ebolutiboa izan dezake. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Robert Lustig, Laura Schmidt eta Claire Brindis ikertzaileek 2012an Nature aldizkarian argitaratutako hitzek zalaparta handia sortu zuten eta, oraindik ere, eztabaida bizia dago. Esan zutenez, azukreak eta alkoholak antzeko eragina dute osasunean eta azukrearen kontsumoa murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eztabaida piztuta dago eta, batzuek diotenez, azukrea ez da hain kaltegarria, obesitatea baizik. Besteek uste dutenez, aldiz, azukrea bera ia pozoitzat hartu beharko genuke. 2012ko artikuluak sortutako eztabaida baino lehen ere zientzialariek bazekiten azukrea ez dela ona osasunarentzat. Alabaina, azukrea erakargarriagoa da nutriente gehiago dituzten beste elikagai mota batzuk baino. Guretzat hain kaltegarria bada -azukreak kaloria hutsak besterik ez ditu-, zergatik gustatzen zaigu hainbeste?

Zientzialariak galdera horri erantzuna ematen saiatu dira behin baino gehiagotan, behatutako fenomenoetan oinarrituta. Lehen faktore nabaria hauxe da: heldu askok azukrea atsegin badute ere, ume gehienek guztiek ez esateagatik gozokiak eta jaki gozoak atsegin dituzte txikitatik. Bada, ikerketek berretsi dute hori horrela dela eta, gainera, haurrek elikagai gozoekiko duten lehenespena sortzetikoa dela. Ondorioztatu denez, gozoarekiko zaletasuna jaioberriek ere badute eta, bestalde, munduko kultura eta leku gehienetan errepikatzen den eredua da. Umeen kasuan, gainera, ez dago gozotasun mailaren mugarik. Hau da: helduen kasuan, edariekin frogatu da, esaterako, maila batetik gora edaria gozoegia dela eta ez dela hain gustukoa. Haurren kasuan, aldiz, mugarik ez dagoela ikusi da, alegia, edari batean posible den azukre guztia disolbatuta ere -disoluzioaren asetasun maila gaindituta- haurrek edaria atsegin dute.

Egia da azukrea, neurri batean, beharrezkoa dela; izan ere, energia-iturri gisa kaloria asko ditu. Energia hori beharrezkoa bada, azukreak eskaintzen ditu. Arazoa da behar baino kaloria gehiago hartzen badira azukrearen bidez. Haurren kasuan, baliteke azalpena hezurren hazkuntzan egotea. Hazten ari diren hezurrek hormonak jariatzen dituzte eta hormona horiek metabolismoan eragina izan dezakete. Beste hormona batzuek ere eragina dute, esaterako, jakina da intsulina eta leptina hormonek haurren garunean eragiten dutela jateko gogoari eraginez eta elikagai gozoak lehenetsiz.

Zein da, ordea, azukrea hainbeste maitatzeko arrazoia? Hasieran esan bezala, arrazoi ebolutiboetara jo behar da erantzuna aurkitzeko. Gizakion eboluzioaren lehen etapetan, kaloria gehien jaten zituzten gizabanakoek denbora luzeagoz bizirauteko aukera zuten eta, hortaz, haien geneak ondorengoei transmititzea probableagoa zen. Litekeena da frutaz elikatzen ziren gizakiak bizitza luzeagoa izatea barazkiez elikatzen zirenak baino; izan ere, frutek kaloria gehiago dituzte barazkiek baino. Frutak azukre kantitate handiagoak ditu eta, hortaz, barazkiak eta beste elikagai mota batzuk baino gozoagoak dira. Eboluzioaren, hautespen naturalaren eta denboraren poderioz, pixkanaka, elikagai gozoak lehenestea arrunta bilakatu zen: abantaila ebolutiboa zen.

Gaur egun ez gara bizi hasierako gizaki haien munduan eta, jakina, orain ez da abantaila ebolutiboa elikagai gozoak lehenestea. Hala ere, geneetan txertatuta daukagu ezaugarri hori eta, horrexegatik, sortzetiko ezaugarria da gozokiak jan nahi izatea. Gainera, askotan jaten dena ez da fruta -nutriente gehiago dituena-, azukre soila baizik -kaloria hutsak-. Egun ez dago arazorik kaloriak lortzeko eta, noski, gure bizitzak ez dauka zer ikusirik hasierako gizakien bizitzarekin: ez dauzkagu energia premia berak. Frutaren azukrea erauzten dugu, modu kontzentratuan beste elikagai batzuetan gehitzeko, hortaz, azukrea neurrigabe hartzeko arrisku handia dago. Arazo horri aurre egin behar diogu obesitate mailak -batez ere haurrena- murrizteko, baina, lehen pausoa azukre beharraren atzean dagoen kimika eta biologia ulertzea da.

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zergatik gustatzen zaigu azukrea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Argaltasunaren genetika

Ar, 2020-06-23 09:00
Koldo Garcia Uda hasi da, eta udarekin batera, hondartza sasoia. Urtero bezala, bainujantzia probatzen dugu eta agerian gelditzen dira soberan ditugun kilo horiek. Aurten, gainera, itxialdiaren eragina gehitu behar zaio urteroko drama horri. Pisu pixka bat galtzeko, osasuntsuago eta gutxiago jatea erabakitzen dugu; baina sakrifizioa handiegia da lortzen ditugun emaitzetarako. Tira, guztioi gertatzen zaigula pentsatuz kontsolatzen gara. Baina jakin badakigu gure artean badaudela jaten dutena jaten dutela ere loditzen ez direnak. Ez gorrotatu pertsona horiek, gorrotatu beren gene-aldaerak.

Pisuaren gene-oinarria aztertzen denean obesitatea da aztertu ohi dena. Horrela, hainbat gene proposatu dira gehiegizko pisuarekin lotura dutenak, adibidez, FTO genea. Gutxiago aztertu da kontrakoa, hau da, pisua irabaztea galarazi egiten duten geneak gutxitan aztertu dira. Ikerketa berri batek hori aztertu du eta, hortaz, argaltasunarekin lotura izan dezaketen geneak aztertu dituzte.

1. irudia: Pertsona batzuek ez dute pisurik irabazten jaten dutena jaten dutela. (Argazkia: Steve Buissinne – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lehen pausoa izan zen Estoniako biobankua aztertzea. Biobanku horretako datuak arakatu zituzten eta gorputz-masaren indize txikiena zuten pertsonen gene-aldaerak aztertu zituzten. Talde horretatik kanpo gelditu ziren pisuan eragina izan dezaketen gaixotasunak edo nahasmenduak zituzten pertsonak. Gorputz-masa indize txikia zuten pertsonen gene-aldaerak erkatu zituzten gorputz-masa indize ohikoa duten pertsonen gene-aldaerekin genoma-osoko analisiaren bidez. Gene-aldaerak aztertu ostean bost gene-eskualde lotu zituzten argaltasunarekin; hau da, eskualde horietako gene-aldaera batzuk maiztasun handiagoarekin agertzen ziren gorputz-masaren indize txikia zuten pertsonetan. Gene-eskualde horietan eta gene-eskualde horien inguruan ia 40 gene zeuden kokatuta.

Bigarren pausoa izan zen ozpin-eulian gene horiek aztertzea. Ozpin-eulia genetikan asko erabiltzen den eredu-organismoa da, berarekin lan egiteko erraztasunagatik. Gizakietan aurkitutako 40 gene horien parekoak ziren geneak bilatu zituzten ozpin-eulian eta azter zitezkeenak hautatu zituzten, guztira 24 gene. Egin zutena izan zen gene horien funtzioa oztopatu eta gene bakoitzaren funtzioa oztopatzeak triglizerido-mailan zuen eragina aztertu. Ikertzaileek ikusi zuten bost generen funtzioa oztopatzerakoan modu esangarrian jaisten zela triglizeridoen metaketa ozpin-euliaren ehunetan. Bost gene horien artean Alk genea zegoen. Gene horren funtzioa oztopatzerakoan ikusi zuten triglizeridoen metaketa jaisten zela bai dieta arruntean, bai azukre asko zuen dietan. Nolabait Alk geneak babesa ematen ziela pisua irabaztearen aurrean, ozpin-euliek jaten zutena jaten zutela.

Gainera, aztertu zuten aurretik jakina ote zen bost gene horiek metabolismoaren ezaugarriekin edo neurriekin lotura ote zuten gizakietan. Horrela, ikusi zuten lehendik ALK genearen gene-eskualdea lotu izan dela gorputz-masa indizearekin, plasmako triglizerido-mailarekin edota glukosa-mailekin. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten ALK genea sakonago aztertu behar zutela.

2. irudia: Gorputz-masaren indizean eragina dute geneek. (Argazkia: Vidmir Raic – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hirugarren pausoa izan zen saguetan Alk genea aztertzea. Horretarako, Alk genea ez zuten saguak sortu zituzten, geneen funtzioa zehazteko erabili ohi den prozedura, hain zuzen ere. Ikertzaileek ikusi zuten, oro har, Alk gabeko saguek ez zutela inolako ezberdintasunik sagu normalekin alderatuta antsietate-mailan, lokomozioan, koordinazioan, minaren pertzepzioan, ehunen itxuran, odol-osaketan edota serumeko kimikan. Ezberdintasuna izan zen 5. astetik aurrera Alk gabeko saguak argalagoak zirela, heldu aroan mantentzen zen ezaugarri bat, baina tamainan eraginik izan gabe. Gainera, ikusi zuten gantz-kantitatea txikiagoa zen bitartean gihar-kantitatea normala zela. Dieta aztertzerakoan, ikertzaileek ikusi zuten Alk gabeko saguek sagu normalek bezain beste jaten zutela eta beren hesteek sagu normalen hesteek bezala funtzionatzen zutela.

Gainera, Alk gabeko saguei loditzeko dieta bat eman bazitzaien ere, ez zuten pisurik irabazi; eta, lehen esan bezala, gantz-kantitatea baxua izan zen gihar-kantitatea normala zen bitartean. Zer gertatzen ari zen jakiteko, ikertzaileek saguen energia-gastua aztertu zuten eta ikusi zuten Alk gabeko saguek energia askoz gehiago gastatzen zutela eta, ondorioz, dietak eragindako obesitatearen aurrean babestuta zeudela.

3. irudia: ALK genearen aldaerek gantza metatzea galarazten egiten dute. (Argazkia: Shutterbug75 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Alk genea saguen zein ehunetan aktibo zegoen aztertu zutenean, ikusi zuten nerbio-sisteman aktibo zegoela, garuneko hipotalamoan batez ere. Hipotalamoko neuronek energia-gastua doitzeko gaitasuna dute gantza gordetzen den ehunak kontrolatzen dituztelako. Hortaz, badirudi Alk geneak garunaren eta gantz-ehunen arteko komunikazioan eragina duela, gantzen metabolismoa alda dezakeela eta, hortaz, pisuan eragin. Gizakiaren ALK genearekin gauza bera gertatzen dela pentsa daiteke, baina orain hori ikertu behar da.

Laburbilduz, badirudi ALK genearen aldaerek eragina dutela argal mantentzeko, jaten dena jaten dela. Hortaz, jaten duzuna zaintzen baduzu ere, edo ariketa fisikoa egiten baduzu ere, argaltzea lortzen ez baduzu, lasai hartu, ezin baituzu zure geneen aurka borrokatu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Orthofer, M., et al. (2020). Identification of ALK in thinness. Cell, 181 (6), 1246-1262.e22. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2020.04.034.

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

—————————————————–

The post Argaltasunaren genetika appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Izotzean grabatutako historia

Al, 2020-06-22 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Ehunka eta milaka urtean pilatutako izotzak informazio baliagarria gordetzen du bai naturaren historiari buruz, bai sortu zen uneko ingurumen baldintzei buruz. Hain zuzen, planetako izotz masa handietako edozein da historiaren gordailu paregabea. Arazoa, noski, informazio hori guztia dagokion aro historikoarekin nola lotu izaten da.

Baina badira analisi hori zehaztasun handiz egiteko modua ematen duten teknikak. Suitzako Colle Gnifetti glaziarrean egindako azterketa batean, adibidez, urtez urte metatuz joandako izotz geruzen kronologia zehaztu dute ikertzaileek, bereizmen handiko zenbaketa egin eta gero laserraren laguntzarekin. Egindako kalkulua oso zehatza da, data jakineko erreferentziekin alderatzeko aukera izan baitute, adibidez, zenbait sumendiren erupzioek izotzean utzitako aztarna kimikoarekin.

Irudia: Oraingo aroko 660. urte inguruan Melle herrian egindako penny baten aurkia eta ifrentzua. (Iturria: Loveluck et al. (2018).)

Ikertzaileek oraingo aroko VII. mendeko izotz geruzetako berun kontzentrazioa ere neurtu zuten, espektrometriako teknika aurreratua erabiliz. Ikertzaileek interes handia zuten zilarraren erauzketa eta galdaketa jardueretan, eta, horrenbestez, beruna erabili zuten adierazle gisa, zehazki, atmosferatik etorritako eta izotzean harrapatuta geratutako beruna. Garai batean zilarra galenatik lortzen zen (berun sulfuroa), non kontzentrazioa % 1 ingurukoa izatera hel daitekeen; bada, galena erauzteko meatzaritza lanek zein ondorengo galdaketa lanek atmosferara berun kantitate handiak askatzen zituzten, eta, azkenerako, berun horren zati bat ondoz ondoko izotz geruzetan jalkitzen zen.

Horrez gain, ikertzaileek matematikoki modelatu zuten zirkulazio atmosferikoa, aurkitutako berun aztarnak gutxi gorabehera zer meategitatik iritsitakoak ziren jakiteko. Ondorioztatu zutenez, ziurrenik Frantziako Melle herriko meategietatik ateratako beruna zen, hau da, glaziarraren mendebaldean, Charante ibaiaren zertxobait iparraldean, kokatutako gunetik. Lortutako datuak izotzaren laginketatik jasotako ingurumen erregistroekin alderatu zituzten, eta informazio numismatikoa, arkeologikoa eta idatzizko iturrietatik lortutakoa ere erabili zuten.

VII. mendean, Europako erdialdean eta ipar-mendebaldean erabat eraldatu zen sistema monetarioa. Mendearen bigarren erdialdean txanponak urrezkoak izatetik zilarrezkoak izatera igaro ziren, eta, Suitzako glaziarretik ateratako datuei esker, trantsizio hori nola izan zen askoz ere argiago jakin daiteke orain. Aldaketa bi fasetan izan zen. Lehena, lehendik ere ezaguna, 640. urte inguruan izan zen; garai horretan, txanponen urre kantitatea % 92-94tik % 30-60 bitartera jaitsi zen merovingiar erreinuetan. Eta aldaketa horretarako beharrezkoa zen zilar ekoizpenak arrastoa utzi zuen berun modura Colle Gnifetti glaziarrean.

Izotzetik ateratako datuen arabera, aldaketaren bigarren fasea 660. urte inguruan izan zen, txanponak soilik zilarrezkoak izatera igaro zirenean. Lehen, ustea zen aldaketa hori 675. eta 680. urteen artean izan zela, zilarrezko txanponen idatzizko lehen erreferentzia 682. urtekoa baita. Aldiz, glaziarreko erregistro izoztuko berunak adierazten du aldaketa hogei bat urte lehenago gertatu zela.

Erromatar Inperioa erori ondorengo bi mendeko gainbeheraren ondoren, Mantxako kanalaren bi aldeetan 680. urterako jada egonkortuta zeuden itsas portu garrantzitsuak. Bada, sistema monetarioaren aldaketaren kronologia berriak iradokitzen duenez, litekeena da Mantxako kanalean eta Ipar Itsasoan izandako itsas trafikoaren igoera eta Lundenwic (Londres) eta Quentovic portuen indarra hogei urte lehenago hasitako txanpon kopuruaren gorakadak eragindakoa izatea. Beste behin ere, ezagutzaren diziplinen arteko mugak lausotu egin dira, eta, horri esker, Mendebaldeko historiaren aro ilunenetako bat pixka bat argitzea lortu da.

Erreferentzia bibliografikoa:

Loveluck, Christopher P., et al. (2018). Alpine ice-core evidence for the transformation of the European monetary system, AD 640–670. Antiquity 92 (366), 1571-1585. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2018.110.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Izotzean grabatutako historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #307

Ig, 2020-06-21 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Aldaera genetikoek COVID-19aren larritasunean eragina dutela baieztatu dute, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Egindako ikerketak islatu du, adibidez, O odol-taldekoek arrisku txikiagoa dutela arnasgailuak behar izateko (%35 txikiagoa); aldiz, A taldekoek, %50 arrisku handiagoa.

COVID-19aren txertoa lortze aldera, oraindik zailtasunak daude abiatu diren munduko ikerketetan. Badirudi hautagai aurreratuenak prest daudela saio klinikorako baina hori egin ahal izateko milaka boluntario behar dira. Horretaz gain, horiek infektatzeko arriskuan egon behar dute eta hori ez da erraza, saio klinikoak izurria aktibo dagoen lekuetan egitea komeni delako. Sciencealdizkariak argitaratutakoa bildu du Elhuyar aldizkariak honetan.

Tentuz ibili behar dugu distantzia fisikoarekin eta maskaren erabilpenarekin. Dakigunez, birus honen agerraldi ia guztiak jende asko pilatzen den leku itxietan gertatu dira. Horren ondorioz, badakigu birusa airean dagoela eta airetik transmititzen dela. Horretaz gain, arnasketa aktiboarekin zerikusia duen edozein jarduerak ere birusa transmititzeko arriskua areagotu dezake. Birusaren esposizioaren iraupenari dagokionez, zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa da kutsatzeko arriskua. Hau guztia Berrian duzue irakurgai.

Elgorriaren birusa uste zena baino askoz lehenago agertu zela kalkulatu du ikertzaile talde batek, alegia, K.a. lehen milurtekoan agertu zela, zehazki, K.a. 1.174. eta K.o. 165. urteen artean. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu honi buruzko xehetasunak hemen.

Mikrobiologia

Billete eta txanponetan mikroorganismo ugari aurki daitezke, eta hori frogatzen duten ikerketa batzuk irakurgai dituzue artikulu honetan. Esaterako, 2017.urtean egindako ikerketa bateko emaitzen arabera, New York hiriko dolar bateko billeteetan ehunaka mikroorganismo desberdin aurkitu zituzten. Gainera, AEBtako diru-papearen %80ean kokaina arrastoak ere badaudela jakina da. Halaber, beste ikerketa batek Staphylococcus aureus, E. Coli eta Enterococcus feaecium bakterioen koloniak aztertu zituzten.

Ingurumena

Mundu osoko milaka hiri mapa aztertu dituzte, hirien barne konektibitatea eta herrialde batzuen eta besteen konektibitatearen arteko aldeak ebaluatzeko. Testuan azaltzen digutenaren arabera, erreferentziazko hiru hiri eredu identifikatu dituzte: sare itxurakoa, Erdi Arokoa eta “kale itsu” delakoa. Artikuluan, eredu horiei buruzko xehetasunak aurkituko dituzue. Zeintzuk dira kaleak hobekien konektatuta dauzkaten hiriak?

Matematika

Matematika tresna aproposa da epidemien bilakaera aurreikusteko tresnak ematen dituelako. Eredu matematikoak izan dira mintzagai artikulu honetan eta horien erabilerak zientzietan. Testu honetan, zehazki, SIR eredua azaldu digute. Bizitzen ari garen unea dela eta, beharrezkoa dugu ezagutzea zertan datzan. Ez galdu!

Biologia

Konfinamendu garaian, animalia asko ikusi ditugu hirietatik barna. Irudi horrek zur eta lur utzi gaitu baina Juan Ignacio Perez Iglesiasek dioen moduan ez da hain harrigarria, berez “hirietan animalia asko daudelako”. Horri buruz mintzatu zen aditua aurreko astean Animales urbanitasizeneko hitzaldian eta bertan esandakoa Juanma Gallego kazetariak bildu du artikulu honetan. Ugaztunak, hegaztiak,… zeintzuk dira hiriak kolonizatu dituzten animaliak? Ez galdu!

Kimika

Utah-ko Unibertsitateko ikertzaileek ohartarazi dute mikroplastikoen euria euri azidoa baino larriagoa izan daitekeela. Jaso dituzten euri-laginen %98k zituen mikroplastiko-partikulak; partikula atmosferiko guztietatik %4 ziren polimero sintetikoak. Mikroplastiko-laginak jasotzeaz gain, ekaitz bakoitzaren jatorria ere aztertu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digu ikerketaren nondik norakoak hemen.

Adimen artifiziala

Gorka Azkune UPV/EHUko Informatika fakultateko irakasleak eta ikertzaileak neurona sare sakonei buruz hitz egin digu Berrian. 2012an AlexNet sareak 60 bat milioi parametro zituela argitaratu zela dio bertan. Azkuneren esanetan, horrek esan nahi du sarea osatzen duten neuronen artean 60 bat milioi konexio daudela. Eta galdera bat planteatzen du horren harira: nahikoa al da neurona-sare baten tamaina handitzea “boteretsuago” bilakatzeko?

Geologia

Kuaternario garaiko hamabi kosta lerroren kokapena eta morfologia zehaztu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek euskal kostaldean, hiru dimentsioko mapen bidez. Euren helburua zen “ikustea eta ulertzea nolako eboluzioa izan duen gure lurraldeak azken 2,58 milioi urteetan: zelan dauzkagun paisaia hauek eta, batez ere, zelan sortu ziren”. Berriak jaso ditu ikertzaileen azalpenak.

Genetika

Koldo Garciak amaiera eman dio “Itxialdirako Genetika” atalari, konfinamenduan aspertzeko aukerarik eman ez duen bilduma interesgarriari, alegia. Hauexek izan dira bukaera borobildu duten pilulak:

eta, azkenik, zientzian hainbeste maite ditugun plot twistak irakurgai dituzue hemen. Kasu honetan, AB0 odol-sistema izan da protagonista. Zein da bere misterioa?

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #307 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #311

La, 2020-06-20 09:00

Istripu zerebrobaskularrek eragindako kalteak tratatzeko baliagarriak izan daitezke zelula amak. Arratoietan, momentuz. Rosa García-Verdugoren Induced pluripotent stem cells can help revert brain stroke damage in mice.

“Plaketa kontzentratuen iraungipen data eta patogenoen murrizketarako teknikak”. Zertan egin dezake lan honako titulua duen artikuluaren autoreak? Hain justu, matematikak. Mikel Lezaunen Pathogen reduction technologies and the shelf life of platelet concentrates

Mugikor batean ala auto batean erabil daiteke bateria elektrikoa. Fase bateria memoria kuantiko supereroalea fasez aldatzeko balio du. Hau arraroxeago da. Existitzen da hau, baina? Eta DIPCn esango dute: orain bai. The first Josephson phase-battery device

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu

The post Ezjakintasunaren kartografia #311 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak

Or, 2020-06-19 09:00
Juanma Gallego Fauna sorta zabala biltzen da hirietan, askotan horren jakitun ez garen arren. 2020ko udaberriko konfinamenduan gaia hedabideetara eta sareetara igaro da, baina presentzia hori aspaldikoa dela gogoratu du Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak.

Gora eta behera dabil gaur egungo gizaki hirikumea, eta, gehienetan, ez die erreparatzen alboan dituen bizidun bitxiei. Baina, egon, badaude; hasiera batean eman dezakeena baina kopuru handiagoan, gainera. Gaiaren harira aritu da EHUko fisiologia katedradun eta Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Juan Ignacio Perez Iglesias, 2020ko ekainaren 11n Bidebarrieta Zientifikoa ekimenaren barruan izandako Animales urbanitas hitzaldian.

Koronabirusaren krisiak eragindako konfinamenduan hirietan sartu diren animalien kasu ugari ezagutarazi diren arren, Perez Iglesiasek dio horrek irudi distortsionatua eman dezakeela, berez “hirietan animalia asko daudelako”. Landa eremuan bereziki, aspaldikoak dira hartu-emanak. Vega de Tirados (Salamanca) herrian izandako anekdota bat ekarri du gogora Perez Iglesiasek. Herriko tabernaren atzeko aldean arratsaldero azaltzen zen azeri bat, eta tabernako jabeak janari soberakinak ematen zizkion. Ez dira, gainera, familiatik gertu izandako halako esperientzia bakarrak. Londresen etxeko sukaldean agertutako azeri bat, esaterako, edota hiriko metroan ikusitako beste bat aipatu ditu.

1. irudia: Hiri batzuetan azeri-dentsitate oso altuak daude, gizakietatik gertu animalia hauek janaria aurkitzen dutelako. (Argazkia: Erik McLean / Unsplash)

Halako behaketak ez dira arraroak, Londresko datuei erreparatuz gero: 2006an 10.000 azeri inguru zeuden hirian, baina kopuru hori dezente handitu da. Erresuma Batu osoko datuak oso adierazgarriak dira: 1990ean, 33.000 ale zeuden. 2018rako, berriz, 150.000 ziren. Baina, halakoetan, dentsitate datuak dira agian argigarrienak: Londresen kilometro koadroko 20 azeri daude. Bournemouth bezalako hiri batean, 23 azeri kilometro koadroko; eta Bristolen 36 izatera iritsi ziren, gaixotasun batek kopuru hori txikitu zuen arte. “Hirietara sartzen ari dira bertan janaria dagoelako”, nabarmendu du Perez Iglesiasek. Ez da hurbiltze berria: Londresen kasuan, esaterako, 1940ko hamarkadan agertzen hasi ziren.

Testuinguruan sakontzeko, etxekotzearen historiara jo du adituak. Animalien etxekotzean hainbat bide aipatu zituen, horien artean komentsalismoan oinarritutako harremana. Komentsalismoaren emaitza da seguruenera gizakiok animalia askorekin izan dugun lotura sakona. Txakurren kasua da ezagunena: uste da hondakinen artean janaria eskuratzeko hurbildu zirela lehen otsoak giza taldeen inguruetara. Mendebaldeko herrietan maskotatzat hartzen ditugu, baina datu harrigarria eman du katedradunak: munduko txakurren %85 zabortegietako txakurrak dira, eta kalean elikatzen dira.

Geroago etxekotu ziren arren, litekeena da katuekiko harremana komentsalismo horretan abiatzea; eta berdin gertatu zen basurdeekin. Basurdeetatik txerrietarako aldaketan oso ondo ikusten dira, hain justu, fenomeno interesgarri baten ondorioetako batzuk: animalien tamainan aldaketak egon dira. Hasieran txikitu egin ziren, baina, janari gisa erabiliak izan direnez, gizakiak egindako hautaketekin pixkanaka tamainak berriro handitu zen. Entzefaloaren tamaina ere txikitu egin zen, eta, gainera, erantzun emozionalari dagokien eremuetan eman zen gutxitze hori.

Aldaketa horiek etxekotze sindromea edo etxekotze fenotipo gisa ezagutzen den fenomenoaren parte dira. Espeziaren arabera ezberdina izan arren, badira nahiko zabalduta dauden ezaugarri batzuk: muturra laburtzen da, eta belarriak jausten dira. Azalean agertzen den pigmentazioan ere islatzen da fenomenoa. Baina, itxuran ez ezik, portaeran ere azaltzen dira berezitasunak; estimuluen aurrean erantzute-atari handiagoa erakusten dute: basa animaliekin alderatuta, ez daude hain adi inguruan dituzten estimuluetara. Mantsotasun handiagoa erakusten dute, eta ez dute horrenbeste beldur erakusten, ez gizakiarekiko ez beste espezieekiko. Modu berean, ugalkorragoak dira.

Ezaugarri hauetako asko Dmitri Beliaiev genetista errusiarrak etxekotutako azerietan egiaztatu zituen esperimentu baten bidez. Siberian azeriak etxekotzen ibili zen, eta arrakasta handia izan zuen: hogei belaunaldiren ondoren, kumeen herena mantsoak izatea lortu zuen, horretarako joera gehien zuten animaliak aukeraketa soilarekin. Azken ikerketen arabera, enbrioi-garapenean zehar gandor neuraleko zeluletan izaten den defizit txikian legoke honen abiapuntu biologikoa, eta epigenetika ere tartean egon daitekeela uste dute ikertzaileek.

Bizilagun hegalariak

Ugaztunei ez ezik, hegaztiei ere erreparatu die Perez Iglesiasek. Horien artean, badira aspaldian gurekin dauden espezieak. Usoen kasua erdibidean dagoen horietako bat da: batzuetan gizakiek nahita hautatu eta erabili izan dituzte (mezuak bidaltzeko batez ere, baina batzuetan kontsumitzeko ere), baina, oro har, komentsalismo harreman horren barruan mantentzen dira. Kaxoi berean sartzen dira ere kurloiak, tabernen inguruan ogi puskak lapurtzen dituzten txikitxo lotsabako horiek. Baina, duda izpirik gabe, atrebentzia gehien erakusten dutenak kaioak dira. Tradizionalki arrantzaleen inguruan bildu izan dira, arrantza kaietara eramaten denean ahal dutena eskuratzen saiatzen direlarik. Baina, pixkanaka, zabortegietara ere egokitu dira. “Harrigarria da ikustea nola haztegietatik zabortegietara eguneroko migrazio txiki bat izaten den, non eta Madrilen!”, nabarmendu du adituak. Gure artean ere, kostaldetik barruko herrietara mugitzen ari direla azaldu du, eta Getxon edo Barakaldon, esaterako, hegazti horiek teilatuetatik uxatzeko kanpainak abiatu behar izan dituztela dio. “Oso erasokorrak dira, gainera, eta jendeari janaria kentzeraino iristen dira”.

2. irudia: Berez kaioak arrantza itsasontzien eta kaien inguruan biltzen ziren, bertan janaria lapurtzeko, baina orain hirietako zabortegietara ere ondo egokitu dira. (Argazkia: Thomas Park / Unsplash)

Korbidoen artean, berriz, mikak dira gure bazterretan gero eta gehiago zabalduta dauden hegaztiak. Parkeetan aise ikusten dira, eta, zenbait kasutan, kaioekin borrokatzen ikusi zaie. Oso argiak izan arren, momentuz, korbido hauek ez dira iritsi Japonian ikusi izan diren portaerak erakustera. Bertako belabeltzek nazioarteko ospea eskuratu dute, erakusten duten portaeragatik: intxaurrak hartu eta, semaforoa gorri dagoenean, zoruan uzten dituzte, autoek euren gurpilekin zapaldu eta oskolak apur ditzaten. “Are gehiago, hori egiten ikasteaz gain, gainerako kideei ere irakatsi diete teknika hori”.

Gurekin batera bizi bai baina etxekotuta ez dagoen beste espezie interesgarria da sorbeltza.”Bizitza osoa eman dezake lurra hartu gabe, eta soilik txitak elikatzen ari denean lotzen da hormei”. Gauez zeruan gora egiten du hegaztiak, haize lasterretan, eta, seguruenera, izurdeek egiten duten bezala, garunaren zati bat adi edukita lo egiten du. Kaioek bezala, inguru naturaletan labarretan habiak egiten dituzte, baina hirietako eraikinek betetzen dute orain labarren rola. Horrek beste ezaugarri biologiko interesgarri batera eramaten gaitu: aurretiko joera. Horren arabera, hainbat espeziek joera gehiago izango dute hiriak kolonizatzeko, horretarako ondo egokituak daudelako. Kramerren papagaia (Psittacula krameri) hegaztiaren zabalpena da beste adibide argigarri bat. Eremu beroetatik maskota gisa ekarria, espezie inbaditzailea bihurtu da orain. Kasu honetan, badirudi hirien inguruan sortzen diren bero uharteek erraztu dutela animaliaren hedapena.

Amaitzeko, ugaztunetara bueltatu da Perez Iglesias, gaur egun gertatzen ari den zenbait fenomeno bitxiren berri emaneko. Batetik, azaldu du duela gutxi Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitaratutako ikerketa batean alderatu dituztela Erresuma Batuko landa eremuko eta hiri eremuetako azerien garezurrak, eta ikusi dute hirietakoek baraila indartsuagoak eta mutur motzagoak dituztela. Buru txikiagoa eta borobilagoa dute ere: “finean, badirudi azeriak etxekotze prozesu batean daudela”. Bestetik, koioteak izan ditu hizpide, bereziki AEBetan beste kanido batekin gertatzen ari den hibridazio bat. Otsoekin batera ugaltzen ari dira koioteak, eta aldaera berriari Coywolf izena eman diete ingelesez. Gainera, badirudi kanidoen ménage à trois ebolutibo horretan txakurrak ere sartuta daudela.

Hortaz, aspaldiko bizilagunez gain, badirudi kide berriak etorriko direla, eta eboluzioaren garapenean fenomeno harrigarriak ikusten ikusteko moduan egongo garela. Baita hirietan ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schilthuizen, Menno, (2019). Darwin viene a la ciudad. La evolución de las especies urbanas, Madrid, Editorial Turner.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak