Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 37 min 24 seg

Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (1): Diru-trukea

Al, 2020-07-27 15:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure lehen ariketa: Diru-trukea.

1) Niko eta Aneren artean 80 euro dituzte. Nikok Aneri honek duen beste diru eman dio. Ondoren, Anek Nikori galdetu dio ea zenbat diru duen eta beste horrenbeste eman dio. Gero, Nikok berriro eman dio Aneri honek duen beste diru eta ezer barik gelditu da. Zenbat diru zuen Nikok hasieran?

———————————————————————————-

Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (1): Diru-trukea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pisua galtzeko, eta berriro ez hartzeko

Al, 2020-07-27 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Badakigu pisua galtzeko modurik seguruena gutxiago jatea dela; elikagai osasungarriak jatea ere komeni da, eta ariketa fisikoa ere egiten badugu, oraindik hobeto. Hori badakigu, baina horrek ez du esan nahi argaltzea erraza denik. Horregatik eta obesitateak eta gainpisuak osasun arazo ugari sortzen dituztelako, komeni da jakitea argaltzeko zer estrategia diren eraginkorrak, praktikan jarrita hala direla frogatu delako.

Horretarako, bost herrialdetako (Alemania, Estatu Batuak, Finlandia, Grezia eta Portugal) datuak biltzen dituzten 50 argitalpen zientifikoren emaitzak aztertu dira. Datu horiek denbora luzez milaka pertsonari buruz egindako pisu erregistroetan oinarrituta lortu dira. Horrela, 51 estrategia pertsonalen eragina ebaluatu ahal izan dute, baita 30 ezaugarrik –psikologikoak, soziodemografikoak eta jokabidearekin loturikoak– pisu-galeraren zenbatekoan eta galera horrek irauten duen denboran izan dezaketen eragina ere. Azterlanean jasotako datuak gutxi gorabehera 20-30 kg galtzea lortu duten pertsonei dagozkie eta, kasu gehienetan, zenbait urtetako denbora tarteetan pisu egonkorra –75 kg ingurukoa– mantendu duten pertsonei.

Irudia: PubMed, Web of Science eta Scous datu-baseetan 2018ko azarora arte argitaratutako artikuluen bidez, pisu-galerari arrakastaz eusteari buruzko informazioaren lehen berrikuspen sistematikoa gauzatu dute. (Argazkia: Michal Jarmoluk – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Espero zen bezala, pisua galtzeko eta ondoren mantentzeko estrategiarik eraginkorrenak ariketa fisikoa egitea eta hartzen den energia eta koipea murriztea da. Beste jarduera onuragarri batzuek nolabaiteko planifikazioa dakarte eurekin, hala nola etxean elikagai osasungarriak izatea; beste batzuek, ordea, dietaren kalitatea hobetzea eskatzen dute, hala nola landare jatorriko elikagaien kontsumoa handitzea; are gehiago, bi portaera horiek bat datoz gida ofizialetan bilduriko gomendioekin. Eta literatura zientifikoa ez bada ere eztabaidaezina horri buruz, badirudi egunero gosaltzea ere lagungarria dela, baita proteina eta proteinatan aberatsak diren elikagai gehiago hartzea ere.

Pentsatzekoa zen bezala, emaitza onak izan ohi dituzte, halaber, errazio txikiagoak hartzeak, pisua maiz kontrolatzeak eta helburu zehatzak ezartzeak, bai elikagai kantitateari eta motari dagokienez, bai jarduera fisikoari dagokionez. Portaera horiek lagungarriak dira pisua galtzeko eta pisu horri luzaroan eusteko. Oro har, halako portaerei esker, pertsonak bere bilakaeraren gaineko nolabaiteko kontrola izan dezake eta bere jokabidea lortu nahi duen helburura egokitu dezake. Amore ez emateko, garrantzitsua da, gainera, helburuak – bai jaten denarekin lotuak, bai ariketa fisikoari buruzkoak– bakoitzaren ezaugarrietara egokituak eta errealistak izatea.

Tartean gomendio medikoak daudenean, galdutako pisua errazago mantentzen da denboran zehar, izan ere, ziurrenik, gomendio horiek jaso dituzten pertsonek gehiegizko pisuari egozten dizkiote beren osasun arazoak, eta motibazio berezia dute osasuna berreskuratzeko edo okerrera ez egiteko. Aitzitik, estimulu emozionalei erantzunez jaten dugunean, pisu gutxiago galtzen dugu, eta zailago egiten zaigu pisu hori luzaroan mantentzea. Eta, jakina, noizbehinkako oturuntza edo tripakadak ere ez dira lagungarriak.

Azkenik, interesgarria da egiaztatzea pertsona arduratsu eta arretatsuek gainerakoek baino errazago galtzen dutela pisua. Izan ere, hauek gaitasun handiagoa izan ohi baitute beren burua kontrolatzeko, eta, horrenbestez, gutxiago kostatzen zaie epe luzera pisua ahalik eta gehien galtzeko baliagarriak diren portaerak hartzea eta mantentzea.

Ziur asko, hemen esandakotik ezer ez edo ia ezer ez da berria izango, baina lagungarria da egiaztatzea ohiko gomendio dietetikoak eraginkorrak direla praktikan. Bai, behintzat, pixka bat gehiago jateko gogoarekin geratzeko jardun gogorrari ekiten diogunontzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Paixão, C., Dias, C.M., Jorge, R., et al. (2020). Successful weight loss maintenance: A systematic review of weight control registries. Obesity Reviews, 21 (5), e13003. DOI: 10.1111/obr.13003

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Pisua galtzeko, eta berriro ez hartzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #312

Ig, 2020-07-26 09:00
Uxue Razkin

Genetika

Hondartzara joaten garenean eguzkia hartzera ez dugu geneetan pentsatzen. Koldo Garcia genetistak bai, ordea. Artikulu honen bidez azaldu digu eguzkitan gaudenean zeintzuk diren aktibatzen diren geneak. Eta horretarako, orain dela lau urte egindako ikerketa bat izan du oinarri; bertan ikertzaileek aztertu zuten eguzkia jaso zuten eta jaso ez zuten azal-zatien geneen adierazpena.

Kimika

Zalantzarik gabe uda aipatzen dugunean, garagardoa datorkigu burura: terraza batean gustura edaten dugun edari alkoholduna da, kontsumituenetakoa, baina zientziaren ikuspuntutik, badakigu nola egiten den garagardoa? Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu artikulu honen bitartez haren prozesua. Ez galdu!

Osasuna

Basamortuko hautsak Afrikako haurretan duen eragina aztertu dute eta emaitzak kezkagarriak dira: airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela ikusi dute. Hain zuzen ere, emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du. Juanma Gallego kazetariaren eskutik datu guztiak.

Emakumeak zientzian

Eloise Giblett zientzialariak egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: adenosina desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana. Uxue Razkin kazetariak hurbiltzen digu haren istorioa.

Biologia

Ikerketa baten arabera, azeriek gizakiarekiko mantentzen duten komentsalismoak gutxienez 42.000 urte ditu. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikertzaileek Alemaniako hego-ekialdean, Goi eta Erdi Paleolito aroetako aztarnategitan aurkitutako zenbait animaliaren arrastoetan bildutako karbono eta nitrogeno isotopoak alderatu dituzte.

Astronomia

Eguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan dauden bi planeta erraldoi behatu dituzte, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Planeta-sistemak TYC 8998-760-1 du izena eta Musca konstelazioan dago. Izarra Eguzkiaren antzekoa da baina gazteagoa: 17 milioi urte ditu. Planetei dagokienez, gasezkoak dira eta Eguzki-sisteman daudenekiko oso bestelakoak dira.

Ingurumena

Mikroplastikoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko kostako itsas hondotik gertu bizi diren marrazoetan. Lau marrazo espezie aztertu dituzte; guztira, 46 marrazoetatik %67k zuntz artifizialak eta mikroplastikoak dituzte urdailean eta digestio hodietan. Aurkikuntza honek agerian utzi du plastikoaren kutsaduraren arazoa. Xehetasun gehiago Berrian topatuko dituzue.

Fisiologia

Dukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak kirol proba ugaritako parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du, hala nola iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak aintzat hartu dituzte. Horretaz gain, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere kontuan hartu dute. Zeintzuk dira jarduera horiei dagozkien bitarte metabolikoak?

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #312 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #316

La, 2020-07-25 09:00

Autismoaz ari garenean, badirudi dena entzefalora eta haren funtzionamenduaren ondoriora mugatzen dela, hau da, portaerara. Hala ere, entzefaloak oraingoz ez dira elementu isolatuak, eta gorputz baten eta haren biologiaren parte dira. Horregatik da hain logikoa eta harrigarria immunitate-sistemaren eta autismoaren arteko harremana egotea. José Ramón Alonsok azaltzen digu Interleukin-35 and autism artikuluan.

Esan liteke garuna nonahiko organoa dela. Orain, bihotzak hiru dimentsiotan zer itxura duen jakin dezakegu Filadelfiako Thomas Jefferson Unibertsitateko ikertzaile-talde baten lanari esker. Rosa García-Verdugok kontatzen du For the first time, we have a 3D image of the heart’s brain artikuluan.

Materialen gainazalarekiko elkarrekintza kritikoa da elektroien edo spinen fluxuarentzat. Gainazal baten testura spintronikoa zeren mende dagoen ulertzea funtsezkoa da material berrien etorkizunerako, elektronikatik haratago mundu baterako (spintronikoa, valletronikoa). Rashba efektuak materialen gainazalen testura spintronikoa bereizten ditu. Gainazalek bi dimentsio dituzte, kuboek hiru. Eta zertara dator hau guztia? Ba, DIPCko ikertzaileek benetan bitxia den testura bat aurkitu dutelako: An exotic cubic Rashba mechanism.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #316 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Saharako hautsa: ederra, bizi emailea eta hiltzailea

Or, 2020-07-24 09:00
Juanma Gallego Basamortuko hautsak Afrikako haurretan duen eragina kuantifikatu dute zientzialariek, eta ondorio kezkagarria atera dute: kutsadura iturri naturala izan arren, hautsak haurren heriotza tasa izugarri handitzen du.

Paisaia izugarri politak eskaintzen dizkigu hautsak. HDR edota iragazki berezirik behar izan gabe, ilunabar gorrixka dotoreak azaltzen dira argazkietan hautsa dagoenean. Euskal Herrian ez da oso ohikoa, baina, hegoalderantz joanez gero, aukera gehiago dago ikusteko. Saharatik gertu egonda, Kanariar Uharteetan ederki nabaritzen da hauts horren eragina. Aireportura iritsi bezain laster, eguraldi goibeletik ihesean doazen euskal bidaiari giriek berehala eskertzen dute hegazkinetik ateratzean aurpegira doakien aire beroko kolpea. Eta, berarekin batera, kalima famatua. Hasieran, Out of Africa filmean bezala sentituta, eskertzen da kalimak ematen duen exotikotasuna. Baina, denborarekin, hasierako xarma hori eztarrian eta birikietan nozitutako ondoeza bilakatzen da.

Fenomeno beraren bi aldeak dira, ona eta txarra. Turistaren ikuspegi hutsala alde batera utzita, eta mundu mailako eraginetara joanda, nabaritzen dira ere alde horiek. Alde positiboarekin hastearren, basamortuetan abiatzen diren hautsak funtsezkoak dira mundu osoko ekosistemak ongarritzeko. Eduardo Angulo biologoak artikulu honetan azaldu ditu hauts hodeiek betetzen duten funtzioetako batzuk.

1. irudia: Txaden kokatutako Bodele Sakonunean sortzen da munduko hauts gehiena, eta horrek eragin handia dauka osasunean, batez ere haurren artean. (Argazkia: George Steinmetz)

Hodei horiek basamortu askotatik abiatzen diren arren, Saharako basamortua da munduko hauts abiapunturik handiena. Hautsek batez ere Ozeano Atlantikoan zehar bidaiatzen dute, Ameriketara iritsita, satelite bidez ederki ikusten diren hodeietan. Batez ere udaberriaren amaieran eta udaren hasieran sortzen dira baldintzarik aproposenak horrelako hodeitzarrak sortzeko. Garai horren bueltan, hotzagoak diren ozeanoko aire masek atmosferan gora eramaten dute Saharako hautsa.

Besteak beste, horrelako hodeiek burdina eta fosforoa eramaten dituzte, eta elementu horiek funtsezkoak dira bai lurreko landareentzat zein ozeanoetako fitoplanktonarentzat. Lurreko landareen kasuan, bereziki Amazonian da lagungarria airez datorren ongarritze hau, bertako lurretan berez fosforo gutxiegi dagoelako horrenbeste bioaniztasun handiari eutsi ahal izateko.

Guztira, ehunka milioika tona hautsek zeharkatzen dute ozeanoa urtero, baina aurtengoa bereziki nabarmena izan da. 1979. urtetik —satelite bidezko behaketak egiten direnetik—, orain arteko trinkoena izan da, National Geographic-en jasotako informazioaren arabera. Bestetik, hain aire lehorra izanda, zientzialari batzuek susmatzen dute urakanen sorreraren aurkako eragina dutela, horrelako ekaitz handiek aire hezea behar dutelako euren makinaria meteorologiko itzelak elikatzeko, eta hauts hodeiek ez dute horretan laguntzen.

Sahara oso zabala izanda ere, hauts gehiena ez dator dunetatik, horiek osatzen duten hondar partikulak handiegiak direlako urrunegi joateko. Aldiz, basamortuko beste hainbat tokitan sortzen da hautsa, batez ere partikula txikiagoak biltzeko gai diren eremu baxuetan. Horien artean, Txadeko Bodele Sakonunea da handiena: are gehiago, munduan dagoen hauts sorrera gunerik garrantzitsuena da. Batez bestean, urtean 100 egunetan hauts ekaitzak daude bertan.

Bada, zientzialari talde batek sakonune horretan jarri du arreta, Afrikan izaten den aire kutsadura gehiago ulertu aldera. Duela bi urte egindako ikerketa batean ikertzaile hauek berretsi zuten airean dauden partikula ñimiñoek (PM2,5 partikulek, batez ere) heriotza ugari eragiten dituztela, bereziki txikienen artean: 2015eko datuak aintzat hartuta, urte horretan partikula hauekiko esposizioak 400.000 haurren heriotza eragin zuen.

Oraingoan, hautsaren eta heriotza horien arteko harremana aztertu dute. Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako emaitzak arreta emateko moduak dira. Saharaz hegoaldeko Afrikako 30 herrialdetan jasotako datuak erabilita, ikusi dute airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela.

2. irudia: Hauts hodeiak ozeanoa zeharkatzeko gai dira. Argazkian, ekainean Ipar Atlantikoaren gainean Suomi NPP sateliteak hartutako hodeia. (Argazkia: NASA/NOAA)

Azken 15 urteetan bildutako datuei erreparatuta, Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen diren hauts kontzentrazioak aztertu dituzte, eta informazio hori jaiotzen inguruko datuekin alderatu dute: milioi bat jaiotza kontuan hartu dituzte, eta baita satelite bitartez neurtutako partikula mailetan izandako aldaketak ere. Korrelazio argia ikusi dutela argudiatu dute. Emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du.

Bereziki bost urte baino gutxiago dituzten haurrak dira zaurgarriak airean dauden partikulen aurrean. Prentsa ohar batean nabarmendu dutenez, azken hamarkadetan Afrikan aurrerapauso handiak eman dira haur osasunaren alorrean, baina, halere, hainbat eskualdetan bereziki haurren heriotza tasek espero baino handiagoak izaten jarraitzen dute. Alde hori hautsari egotzi diote.

Nola ez, arlo honetan klima-aldaketaren eragina nolakoa izango den kuantifikatzen saiatu dira ikertzaileak. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago hautsaren eta klimaren arteko harremana konplexua dela. Hala, hautsak hesi baten funtzioa bete dezake. Egoeraren arabera, hesi hori eguzkiaren erradiazioa islatzeko gai da, hoztea eraginez, baina berotzea ere ekar dezake, lurreko beroa harrapatzen duenean. Mundu mailako klimari dagokionez, hautsak zeharka izan dezakeen eragina are handiagoa da, batez ere hauts honi esker izandako ongarritzeek fitoplankton eztandak bultzatzeko bidea ematen dutelako, eta horrek atmosferako karbono mailaren gutxitzea dakar.

Bada, Afrikako eraginari dagokionez, aditu hauek uste dute Bodele Sakonunean egongo diren baldintzen araberakoa izan daitekeela arazoaren garapena, Txadeko eremu horretan sortzen baita Afrikan —eta munduan— dagoen hauts gehiena. Sakonune horretako prezipitazioetan izango diren aldaketen arabera, ikertzaileek kalkulatu dute haurren heriotza tasa %12 handitu edo %13 gutxitu litekeela.

Harago joanda, proposamen ausarta egin dute, batez ere ingurumenari lotutako sektore askotan begi onez ikusten ez den horietakoa: eguzki energia erabilita, eskualdean dagoen lurpeko urarekin hondarra bustitzea, hauts gutxiago sor dadin. Eskala txikiagoan, Kaliforniako Owens bailaran antzeko proiektu bat egin dela argudiatu dute. Halako ureztatze batek urteko 37.000 haurren heriotza ekidingo zituela kalkulatu dute, hauts gutxiago sortuko litzatekeelako. Bizitza bakoitzaren “kostua” 24 dolarretan finkatu dute, eta, Afrikako gaur egungo egoera sozioekonomikoa kontuan izanda, aukeran egon daitezkeen beste irtenbideen aldean efizienteagoa eta errealistagoa izango litzatekeela babestu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Heft-Neal, S., Burney, J., Bendavid, E. et al. (2020). Dust pollution from the Sahara and African infant mortality. Nature Sustainability. DOI: 10.1038/s41893-020-0562-1

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Saharako hautsa: ederra, bizi emailea eta hiltzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eloise Gibletten (1921-2009) ezagutza etengabea

Og, 2020-07-23 09:00
Uxue Razkin Lantzean behin, norbaitek aurretik ezagutzen ez zenuen zerbait azaltzen duenean, liluratuta gelditzen zara; jakina, beti dago deus ez ulertzeko arriskua baina noizbehinka bada zerbait, hitz bat edo esaldiren bat burutik kendu ezin duzuna. Azalpen horrek jakin-mina pizten du ezinbestean; bat-batean denak hartzen du zentzua, esku artean giltza-sorta astun bat izan eta lehenengo saiakeran, begi aurrean duzun atea irekitzeko gai izango bazina bezala. Eloise Gibletteri, Elo deitzea nahiago zuenari, antzeko zerbait gertatu zitzaion haren nebak kimikaz lehen aldiz hitz egin zionean. Ordura arte ez zuen zientziekiko interesik erakutsi, baina hark atomoak eta molekulak izendatu zituenean aurpegia erabat aldatu zitzaion.

1. irudia: Eloise Giblett. (Argazkia: NAS)

“Edertasun dastatzaileak zeinahi lekutan aurkituko du edertasuna”, idatzi zuen Marguerite Yourcenarrek Memorias de Adriano liburuan. Gibletteri antzeko zerbait gertatu zitzaion; txikitan musika maite zuen –bereziki oso fina zen biolinarekin–, baina baita mikrobiologia, genetika eta hematologia bezalako adar zientifikoak ere. Ildo horretatik, egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: Adenosina Desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa –horietako batek bere izena darama– eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana.

Odolaren bidea

Elo Giblett Tacoman (Washington) jaio zen, 1921ean. Beka bat lortu zuen Mills Collegen ikasteko; bertan, bi urte igaro zituen kimikako espezializazioa egiten. Ondoren, Washingtongo Unibertsitatean mikrobiologia hautatu, eta 1942an bukatu zuen gradua. Ikasketak amaitu ondoren, unibertsitateko Mikrobiologia Sailean irakasle izateko lanpostua eskaini zioten, baina Spokane-ra (Washington) itzultzea erabaki zuen.

Pearl Harbourren aurkako erasoaren ondoren, 1944an WAVESen izena eman zuen (ingelesez “Women Accepted for Volunteer Emergency Service”), soilik emakumez osatutako AEBtako Itsas Armadaren dibisioan, hain zuzen. San Diegoko Ospitaleko Itsas Unitatean hasi zen; munduko ospitalerik handienetakoan, eta han medikuntza-teknologiari buruz ikasteko abagunea izan zuen eta, gainera, odol-frotisaren bidez meningitisa detektatzeari buruzko artikulu bat idazteko. Gerraren ondoren, Giblettek berriro ekin zion bere ikasketei Washingtongo Unibertsitatean; 1947an bukatu zuen mikrobiologiako masterra.

2. irudia: Eloise Giblett (1955). (Argazkia: UW Medicine)

Arnasa hartzeko ia denborarik gabe, urte horretan bertan medikuntzan matrikulatu zen, unibertsitateak ireki zuen eskola berri batean. Lehenengo urtea amaituta, ikerketa-lanean murgildu zen Charles Evans Mikrobiologia Saileko zuzendariarekin batera. Evans larruazaleko mikrobiota bakterianoaren zahartzearen efektua aztertzen ari zen. Horren gainean bion artean egindako ikerlana 1950ean argitaratu zuten Journal of Investigative Dermatology delakoan.

Lanak pilatzen hasi ziren, liburuek mesanotxean egiten duten moduan. Honek, baina, ez zion trabarik egiten. Erresidentzia amaitu ondoren eta bi urteko hematologia ikerketa beka bati esker, Clement Finch hematologo ospetsuarekin lan egin zuen. Hark eritrozinetika ikertzen zuen, globulu gorrien ekoizpena eta suntsipenaren inguruko diziplina, alegia. Hori gutxi balitz bezala artikulu ugari argitaratu zituen eta horietako zenbaitetan lehen egile gisa ere sinatu zuen.

Ez ziren hemen bukatu Gibletten eta beste lankideen arteko harremanak. Arno Motulsky genetistarekin ere jardun zuen. Izan ere, 1960an, Motulskyk populazio ikerketa bat egin zuen Kongon eta ehunka odol lagin bidali zituen. Giblettek horiek aztertu zituen polimorfismoen bila. Hogeita hamar urte geroago ustekabeko emaitza batekin topo egin zuen: lagin horietako batean gizakietan Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) lehen arrastoa aurkitu zuen.

Ikertzailea izatetik, zuzendaria izatera

Haren bizitzak beste norabide bat hartu zuen garai hartan King County Central Blood Bank (orain Puget Sound Blood Center) zuzendariarekin, Richard Czajkowskyrekin, elkartu zenean. Laborategian eskarmentua zuen norbait behar zuten eta Elo egokiena zen kargurako. Behin hautatu zutela, sei hilabete igaro zituen Ikerketa Medikoko Kontseiluaren odol-transfusioaren Ikerketa Unitatean, Londresen, punta puntako teknologiaz ikasteko asmoz. Horrela, Seattlera itzultzean, zentroaren zuzendarikidetza hartu ahal izango zuen Czajkowskyrekin batera. Han, laborategiaren arduradun bihurtu, eta globulu gorrien antigenoen genetika eta proteina serikoen aldaketa genetikoak ikertu zituen. Une horretan, odoleko edozein aldaketa genetiko transfusioen segurtasunerako garrantzitsua izan zitekeela jabetu zen. 1979an zuzendari bihurtu zen eta 1987an erretiroa hartu zuen.

Erretiroa hartu arte erronka handiak hartu behar izan zituen, hala nola 1981ean immunoeskasiari zuzenean lotutako gaixotasun berri bat agertu zenean. Une hartantxe ikusi zuten diagnostikatutako kasu mordoa gizon homosexualen artean gertatzen ari zela. Epidemiologoek odolaren bidez eta sexu bidez gaixotasuna transmiti zitekeelako susmoa zuten. Ideia horrek indarra hartu zuen odol-transfusioak erregulartasunez jaso zituzten zenbait hemofilikok HIESaren sintomak garatu zituztenean. Horren kariaz, Estatu Batuetako makina bat odol bankuk uko egin zion beste gizon batzuekin sexu harremanak zituzten gizonen odola jasotzeari. Elo krisi honi aurre egiten saiatu zen, zentroan odol emaileak detektatzeko politika berri bat garatuz.

3. irudia: Genetic markers in human blood, Eloise Gibletten liburua. (Irudia: Mujeres con ciencia)

Era berean, aipagarria da Dottie Thomas eta bere senarra Edward Donnall Thomas laguntzeko egin zuen lana. Bikotea hezur-muina transplantatzeko teknikan, eta leuzemia eta odol-arazo batzuk aztertzen aitzindaria izan zen. Elok odol-antigenoetan eta odol-zelulen entzimetan oinarritutako markatzaileak garatu zituen hartzailea emailearengandik bereizten laguntzeko. Gainera, ikerketa biomedikoan lagundu zuen; funtzio immunearen eta pirimidinen eta purinen metabolismoaren arteko lotura aurkitu baitzuen. Berrehun artikulu baino gehiago eta Marcadores genéticos en la sangre humano (1969) liburua ondu zituen, eta 1980an, Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide hautatu zuten.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Eloise Gibletten (1921-2009) ezagutza etengabea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Garagardoaren zientzia (I): Nola egiten da garagardoa?

Az, 2020-07-22 09:00
Josu Lopez-Gazpio Garagardoa edari alkoholdun kontsumituenetakoa da. Espainiako 2010eko datuen arabera, adibidez, kontsumitutako alkoholaren erdia garagardotik zetorren. Nola bihurtzen dira, baina, garagar-ale zaporegabeak likido gozagarri horretan? Bada, osasungarria den alkohol kontsumorik ez dagoela gogoratuz, garagardoa egiteko prozesuan bete-betean sartuko gara eta zatika argitaratuko den artikulu-sorta honetan garagardoan zientzia asko dagoela ikusiko dugu. Lehen ekarpen honetan, prozesu osoari gainbegiratua emango diogu.

1. irudia: Garagardoaren osagai nagusienak ura, alkohola eta karbohidratoak dira. (Argazkia: Alexas_Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Garagardoa eta ardoa bereizten hasiko gara. Bi edari alkoholdun horiek lehengai oso desberdinekin egiten dira. Ardoa egiteko mahatsak erabiltzen dira eta garagardoa egiteko, aldiz, garagarra -aurrerago ikusiko dugu hori ez dela aukera bakarra-. Bi lehengai horiek antzekotasunak dituzte, baina, baita desberdintasunak ere. Mahatsa fruta bat da eta bertan azukreak metatzen dira. Frutak gozoak izaten dira animaliei erakartzeko eta, horri esker, hazia urruti dauden lekuetara iritsi daiteke. Mahatsak azukre hartzigarriak dituenez, alkohola -etanola, hain zuzen ere- sortzeko ezinbestekoa den hartzidura prozesurako ez da beharrezkoa azukre horiek prestatzea. Garagardoaren kasuan, berriz, garagar-aleek oro har, ale guztiek bezala ez dituzte azukre hartzigarriak, almidoia baizik. Almidoia edo fekula, glukosa molekulez osatutako polimeroak dituen makromolekula bat da. Horrek zera esan nahi du: garagarraren kasuan, aleak prestatu egin behar dira azukre hartzigarriak lortzeko.

Almidoia azukre hartzigarrietan bihurtzeko prozesu hori da zerbeza ekoizteko prozesuaren lehen etapa. Ingelesez hitz berezi bat dute zerbeza egitea adierazteko: brewing. Ardoa egiteko, adibidez, horrelako hitzik ez dago. Hartzidura ulertzeko, jakin behar da prozesu hori izaki bizidunek egiten dutela, legamiek hain zuzen ere. Legamiak onddo mikroskopikoak dira eta ingurune anaerobioan oxigenorik gabe, alegia hartzidura alkoholikoa egiteko gai dira. Muztioan dauden azukre hartzigarrien -glukosa, nagusiki- hartziduraren ondorioz, karbono dioxidoa eta etanola lortuko dira. Karbono dioxidoari esker garagardoak gasa eta aparra izango du eta alkoholari esker, jakina, edari alkoholduna izatea.

2. irudia: Garagar-aleekin egindako malta da garagardoaren osagai garrantzitsuenetakoa. (Argazkia: Peggy Choucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Garagar-aleetan dagoen almidoi makromolekulak zatitu eta azukre hartzigarriak lortzeko hainbat modu daude, baina, gaur egun gehien erabiltzen dena maltatze prozesua da. Malta lortzeko, garagar-aleak uretan jartzen dira eta ernamuintzen uzten dira. Aleak uretan jartzen direnean garagarra hazten hasten da, baina, ernetzea hasi eta gutxira -zurtoinaren tamaina haziaren tamainaren berdina denean-, prozesua eten egiten da aire beroa erabiliz. Horrekin lortu dena zera da: garagar-aleetan dauden entzimek almidoi kateak zatitu eta glukosa molekulak -hartzigarriak direnak- aske egotea. Hortaz, garagar-aleak lehortzen direnean lortzen den produktua garagarraren malta da eta prozesuari maltatzea deritzo. Maltatzearen ondoren, azukreak legamiarentzat prest daude.

Gure antzinako arbasoek garagardoa edaten zutela ezaguna da eta, ebidentzien arabera, Egipton Babilonian eta Sumerian garagarra eta garia erabiliz garagardoa egiten zuten. Maltatze prozesua ezaguna zen haientzat: garagarraren ekoizpenaren herena edo erdia garagardoa egiteko gordetzen zuten. Gainera, garagardoak ogiarekin lotura asko dauka eta gure arbasoek malta laberatzen egia egiten zuten eta ogi hori uretan bustitzen zuten gero garagardoa egiteko. Esan behar da, bestalde, ogia egiteko eta garagardoa egiteko erabiltzen den legamia bera dela: Saccharomyces cerevisiae. Hala ere, legamia hori ez da garagardoa egiteko erabiltzen den legamia bakarra.

Malta lortu ondoren, eho egiten da, baina, ez gehiegi: ez da irina lortu behar. Malta ehotua urarekin nahasten da eta muztioa, garagardoaren aurrekaria, beratzen uzten da. Beratze prozesua maltatzearen jarraipena dela esan daiteke; izan ere, prozesu honetan zehar azukre hartzigarri gehiago lortzen dira garagarraren entzimek lanean jarraitzen dutelako. Muztioa beratu ostean, malta iragazi egiten da solidoak kentzeko. Horren ondoren, muztioa irakiteko prest dago. Irakitearen helburuetako bat likidoa esterilizatzea da, bertan egon daitezkeen mikroorganismoak hiltzeko. Bigarren helburua, muztioaren zapore gozoa orekatzea da eta, horretarako, lupulua gehitzen da etapa honetan. Lupulua marihuanaren familiako landare igokari baten kono erretxinatsuak dira eta zapore mikatza ematen diote garagardoari. Dakigunez, lupulua 900. urtearen bueltan hasi ziren erabiltzen Bavarian eta, egun ere, lupulua erabiltzen jarraitzen da. Lupulua egosketa fasearen etapa desberdinetan gehitu daiteke eta lupulu-mota desberdinak daude. Guzti horren arabera, garagardoak zapore eta mikaztasun desberdina izango du. Erreferentzia gisara, gehitzen den lupulu kantitatea litroko 0,5 eta 5 gramo artekoa izaten da. Lupuluak bi elementu bereizgarri ematen dizkio garagardoari: alfa azido fenolikoen mikaztasuna eta olio esentzialen aroma.

Muztioa egosi ondoren, lupuluaren azido disolbaezinak forma disolbagarri bihurtzen dira, mikaztasuna garatzen da eta garagarraren entzimak inaktibatu egiten dira. Jarraian, egosi berri den muztioa hoztu egiten da, jarraian legamia gehitu behar delako -tenperatura altuan legamia hil egin daiteke-. Hortaz, behin muztioa hoztuta legamia gehitzen da eta hartzidura prozesua hasten da. Oro har, bi legamia mota erabiltzen dira garagardoa egiteko eta legamiaren, lupulu mota eta kantitatearen, malta-motaren eta erabilitako uraren arabera, hainbat garagardo mota desberdin lortzen dira. Erabilitako legamiaren arabera -hemen beste xehetasun batzuk ere hartzen dira kontuan, hori bai-, garagardoak bi talde handitan banatzen dira: Ale eta Lager motakoak. Desberdintasun bakarra ez den arren, erabilitako legamian dago gakoa. Ale garagardoak -mikatzagoak, sendoagoak- Saccharomyces cerevisiae legamiarekin egiten dira eta lagerrak, aldiz, Saccharomyces carlsbergensis edo Saccharomyces uvarum legamiekin egiten dira. Azken horiek, arinagoak eta orekatuagoak dira. Tabernan hartuko genukeen kaña arrunta lagerra da, hain zuzen ere.

Hartzidura gertatzen den bitartean, muztioan zeuden azukre hartzigarriak karbono dioxido eta etanol bihurtzen dira eta garagardoak bere amaierako zaporea hartuko du, pixkanaka. Hartziduraren ostean, hortaz, garagardoa ia prest dago. Tarte batez garagardoa heltzen utzi daiteke -ardoaren antzera- eta jarraian, botilaratu egiten da. Azken etaparen amaieran, garagar-ale zaporegabeak likido azido, mikatz eta burbuiladuna lortzen da. Garagardoaren pH-a 4 ingurukoa da eta %90 inguru ura da. %1 eta %6 arteko alkohol kantitatea dauka normalean eta %2 eta %10 artean karbohidratoak dira. Osagai nagusi horietaz gainera, usaina eta zaporea ematen dioten beste ehundaka konposatu ditu garagardoak.

Pixkanaka, joango gara likido horretan gehiago murgiltzen…

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Garagardoaren zientzia (I): Nola egiten da garagardoa? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eguzkia maite duten geneak

Ar, 2020-07-21 09:00
Koldo Garcia Uda bakoitzean Javier Duoandikoetxeak jartzen dizkigun ariketak asko gustatzen zaizkit. Eguzkia hartzen nagoela ariketak nola ebatzi pentsatzen dut: batzuetan asmatzen dut, gehienetan pot egiten dut, baina berdin-berdin gozatzen ditut. Hori dela eta, oporrak hasi baino lehen, antzeko zerbait egin nahi nuen baina… zein gene-ariketa jar nezakeen? Ez zirudien gauzagarria. Hortaz, beste ertz batetik joko dut: Javik jarriko dizkigun ariketak egiten ditugun bitartean eguzkitan aktibatzen zaizkigun geneez arituko naiz, behin bainu-jantziaren drama pasa ostean.

1. irudia: Ez da erraza udarako gene-ariketak aurkitzea. (Argazkia: Arek Socha – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Jasotzen ditugun eguzki-izpiak inguruneko aldagai garrantzitsuak dira. Eguzki-izpiak onuragarriak izan daitezke –adibidez, D bitamina sortzeko beharrezkoak dira–; edo kaltegarriak –DNAn kalteak sor ditzaketelako, hots, mutazioak–. Hortaz, eguzki-izpien aurrean erantzuten duten geneak eta beren eboluzioa ezagutzea baliagarria da eta, horrela, gure espeziea ingurunera nola moldatu den ezagutu daiteke. Horretarako, orain dela lau urte egindako ikerketa bat ekarriko dugu hona.

Lan hartan, hasteko, ikertzaileek aztertu zuten eguzkia jaso zuten eta jaso ez zuten azal-zatien geneen adierazpena, hau da, gene horien aktibitatea ehun horietan. Horretarako, GTEx egitasmoko datuez baliatu ziren. Bertan daude giza ehun askoren datuak eskuragarri; horien artean 300 laginetik gora eguzkia jaso zuten azalei dagozkionak –hanken behealdeko azala–; eta 200 lagin inguru eguzkia jaso ez zuten azalei dagozkionak –pubiseko azala–. Guztira 37.000 generen adierazpena aztertu zuten eta horietatik heren bat inguruk aktibitate ezberdina izan zuen bi azal motak konparatuta. Hau da, eguzkiak azala laztantzeak 12.000 gene ingururen aktibitate-patroia aldatzen du. Aktibitate ezberdina zuten gene horietatik 500 gene inguruk bere aktibitatea bikoiztu zuen eguzkiaren presentzian edo gabezian. Oro har, gene horiek azalaren garapenarekin lotutako geneak izan ziren. Gainera, aurretik egindako lanak aztertu zituzten ikusteko ea aurkitu zituzten emaitzak errepikatzen ote ziren. Horrela, baieztatu zuten gene horien adierazpenak antzeko joera zuela izpi ultramoreen esposizioa izan duten azaletan ere; izpi ultramoreen esposizioa izan duten azaleko zeluletan ere; eta Europar nahiz Afrikar jatorriko pertsonetan ere. Aipatu beharra dago, gene-kopurua hain handia izanda, zaila dela ezberdintzea zenbat genek zuzenean eragiten duten eguzki-izpien aurreko erantzuna eta zenbatek moldatzen duten beren aktibitatea erantzun horren ondorioz, modu sekundarioan, alegia. Horrez gain, nabarmendu behar da horietako gene askotan xumeak izan zirela aktibitatearen aldaketa horiek.

2. irudia: Eguzki-izpien aurrean beren aktibitatea aldatzen dute hainbat genek (Argazkia: Tim Hill – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Zailtasun horiek direla eta, eguzkiaren ondorioz beren aktibitatea aldatzen duten gene horiek guztiak behin identifikatuta –eta emaitzak sendoak zirela baieztatuta– aztertu egin zituzten gene horien aktibitate-mailan eragin zezaketen gene-aldaerak. Modu horretara lor daiteke eguzki-izpien aurreko erantzuna eragiten zuten geneen zerrenda murriztea. Emaitza okerrak saihesteko, tentu handiz aukeratu zuten zein gene-aldaerak aztertu eta hainbat metodo ezberdin erabili zituzten emaitza sendoak lortzeko. Besteak beste, aztertu zuten ea gene-aldaerarik ote zegoen gene baten aktibitatearen aldaketan eragina zuena ehun batean bestean baino gehiago; edo gene-aldaerak genearen aktibitatean eragina ote zuen ehun batean baina ez bestean. Horrela, 10 gene-aldaera aurkitu zituzten geneen aktibitate-mailan eragina zutenak. Gene horien artean aurkitzen ziren azalaren garapenean eragina duten geneak, adibidez RASSF9 genea; edota izpi ultramoreen aurreko erantzunean parte hartzen duten geneak; adibidez, SLC45A2 genea, azalaren pigmentazioan eboluzioak nola jokatu duen azaltzeko erabiltzen den ohiko gene-adibidea, hain zuzen ere.

Azkenik, hamar gene-aldaera horiek aztertu zituzten jakiteko ea tokian tokiko moldaerak eragina ote zuen. Horretarako, gene-aldaera horiek giza populazio ezberdinetan duten maiztasuna aztertu zuten eta arakatu zuten ea harremanik zegoen giza populazio horiek jasotzen duten eguzki-erradiazioaren kantitatearekin, bai urte osoan zehar, bai uda eta negua banatuta. Horrela, ikusi zuten RASSF9 genearen funtzioan eragiten duen gene-aldaera lotuta zegoela neguan jasotzen den eguzki-erradiazioarekin. Gainera, ikusi zuten gene-aldaera horiek hautespena orain dela gutxi jaso dutela, hau da, tokian tokiko moldaerak izan daitezkeela, moldaera horien seinalea beste hautespen-prozesu batzuen seinalea baino ahulagoa bazen ere.

3. irudia: Eguzki-izpiekin kontuz ibili behar da, onuragarriak badira ere kalteak sor ditzakete. (Argazkia: Thomas Gerlach – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Laburbilduz, eguzkiaren ondorioz aktibatzen diren geneak genetikaren eta ingurunearen arteko elkarrekintzaren adibide ederra dira. Hainbat gene-aldaerak gene batzuen funtzionamenduan eragiten dute eta, tokiko ingurunera hobeto moldatu direnez, bertan bizi den populazioan gene-aldaera horien maiztasuna handitzen da. Horrela, uda honetan eguzkiaren izpiak jasotzen dituzun bitartean, Javiren ariketak egiten zaudela garagardo bat hartuz, badakizu zure azalean zer gertatzen ari den eta, agian, ingurune jakin batera moldatzearen ondorio dela. Edonola ere, ez ahaztu krema jartzeaz, DNAren mutazioak saihestu behar ditugulako gure geneek behar bezala funtziona dezaten. Uda ona izan, eta irailera arte!

Erreferentzia bibliografikoa:

Kita, R. & Fraser, H.B. (2016). Local Adaptation of Sun-Exposure- Dependent Gene Expression Regulation in Human Skin. PLoS Genetics, 12 (10), e1006382. DOI: 10.1371/journal.pgen.1006382

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

—————————————————–

The post Eguzkia maite duten geneak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Giza jardueraren muga energetikoa

Al, 2020-07-20 09:20
Juan Ignacio Pérez Iglesias Pertsona batek egin dezakeen esfortzuaren intentsitatea haren iraupenaren araberakoa da. Zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta txikiagoa izango da intentsitatea. Zerbaitetan egin daitekeen esfortzua adierazteko modu baliagarri bat «bitarte metaboliko» deritzona dugu, hau da, jarduera jakin bat egitean sortzen den gastuaren eta atsedenean dagoen gastu metabolikoaren arteko zatidura.

Dukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du kirol proba ugaritan, eta datu horiek bildu egin ditu. Proben artean iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak daude. Eta datu horiek osatzeko, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere neurtu zuten.

Irudia: Energiaren gastu maximo jarraituaren mugak ez daude argi, baina interesgarriak dira, ugalketa, termorregulazioa eta jarduera fisikoa mugatzen baitituzte. (Argazkia: pasja1000 – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Hogeita bost orduko ultramaratoi bati dagokion bitarte metabolikoa 9 da, hau da, lasterketa horietako batean gastatutako energia, atseden-egoeran dagoen lasterkari batek bederatzi aldiz gastatzen duen energia kantitatea da. Hamar eguneko iraupena duen batean, 6 edo 7 da. Frantziako Tourrean edo hiru asteko beste edozein txirrindularitza itzulitan bitarte metabolikoa 5 edo txikixeagoa da. Hiru hilabeteko Antartikako zeharkaldi batean, gutxi gorabehera, atsedenean erabilitako energia halako 3,5 gastatzen da. Eta AEBn zeharreko lasterketan, berriz, balio hori ia 3ra murrizten da.

Jarduera normaleko egoeran (gaur egungo Mendebaldeko estandarren arabera), gastu maila gutxienekoaren –alegia, atseden egoerari dagokiona– eta gutxienekoaren bikoitzaren artean egon ohi da. Beste hitz batzuekin esanda, gure ohiko bizitzan egiten ditugun jarduera guztiak aintzat hartuta, ez dugu gastatzen gure organismoak atsedenean erabiltzen duen energiaren bikoitza baino gehiago.

Bestalde, denbora tarte luzeei dagokien bitarte metabolikoa 2,5 da, jarduera mota edozein dela ere. Muga hori ez dago esku hartzen duten giharren eta ehunen motaren mende, ezta energia erabiltzeko duen ahalmenaren mende ere. Eta tenperaturaren mende ere ez dago; hortaz, ez du baldintzatzen, antza denez, jatorri metabolikoko beroa barreiatzeko ahalmenak. Dirudienez, elikagaiak irentsi, digeritu eta asimilatzeko gaitasunak jartzen du muga; hau da, giza organismoak ezin dio mugagabe eutsi atsedenean duena baino 2,5 handiagoko gastua dakarkion jarduera maila bati, elikagai eta digestio sistema ez delako gai horretarako beharko lukeen energia eskuratzeko.

Giza espeziea da anatomikoki eta fisiologikoki ondoen hornitutako primatea, jarduera bizia luzaroan egin ahal izateko. Gainerako hominidoekin alderatuta, arduratsuak eta langileak gara. Hainbesteraino gara, ezen jardueraren mugak energia eskuratzeko dugun sistemak ezartzen baititu, une batean ez bailuke gehiago emango. Eta muga horrek badu ondorio bat, agian ez horren ustekabekoa (amentzat): energiaren ikuspegitik, haurdun dagoen emakume bat eta fetua digestio sistemak eman dezakeenaren mugan bizi dira. Hori horrela da haurdun dagoen emakume baten bitarte metabolikoa gutxi gorabehera 2 delako, hau da, denbora asko luzatzen diren jardueretarako gehienez dagoena baino 0,5 gutxiago bakarrik. Bada, 0,5eko alde horrek ahalbidetzen du soberakin energetikoa gelditzea garatzen ari den fetua elikatzeko. Mugan jaio ginen eta horrela bizi gara, gure egunak amaitzen diren arte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thurber C. et al. (2019). Extreme events reveal an alimentary limit on sustained maximal human energy expenditure. Science Advances, 5 (6), eaaw0341. DOI: 10.1126/sciadv.aaw034

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Giza jardueraren muga energetikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #311

Ig, 2020-07-19 09:00
Uxue Razkin Astrofisika

Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zundak Eguzkiari gertutik egindako irudietan fenomeno bat ikusi dute: izarra “su txikiz” osatuta dago eta zientzialarien arabera, horiek edonon daude: “Lurretik ikusten ditugun Eguzki erupzioen senide txikiak dira, halako milioi bat edo milaka milioi txikiagoak”. Lortutako lehen irudiei dagokienez, ez zuten halako emaitza onak hasieratik lortzea espero. Berrian dituzue irakurgai xehetasunak.

Ingurumena

Ikerketa batean kalkulatu dute urtero autoen jardunaren ondorioz sortutako ia 200.000 tona mikroplastiko iristen direla ozeanoetara eta bestelako ur ekosistematara. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ozeanoetako mikroplastikoen %30 errepidean sortzen da eta horietatik gehienak pneumatikoen urraduraren ondorioz sortzen dira.

Biologia

Onon kukuari buruz hitz egin digu testu honetan Josu Lopez-Gazpiok. Ikertzaile talde batek jarritako lokalizagailuari esker ikusi dute kukuak 26.000 kilometroko bidaia egin zuela Mongoliatik Afrikako hegoalderaino, hau da, lurreko hegazti baten kasuan dokumentatu den bidaiarik luzeenetakoa. Eta gai honi jarraiki, testuan aukera izango duzue kukuen ezaugarriei eta ugalketari buruz irakurtzeko.

Kimika

Badakizue zer den dopin teknologikoa? Ekipamenduak kirolari bati abantailak ematen dizkionean gertatzen da. Artikulu honetan, igeriketa hartu dute adibide gisa, hain zuzen, bainujantzien afera pasa den hamarkadan zalaparta handia sortu baitzuen Olinpiar Jokoetan. Nolakoa izan da jantzi honen bilakaera historikoa? Ez galdu!

Osasuna

Zer dakigu orain arte SARS-CoV-2 birusaren aurkako erantzun immune zelularrari buruz? Berriak kontatu digunez, azken ikerketek ohartarazi dute T zelulen garrantziaz koronabirusaren infekzioa kontrolatu ahal izateko. Adibidez, Suediako Karolinska Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute sintoma arinak dituztenek edo asintomatikoak direnek, nahiz eta antigorputzik ez izan, oroimeneko T zelulak detektagarriak dituztela.

Geofisika

1928an Milanetik Italia izeneko baloi gidatu bat abiatu zen; Ipar Polora airez iristen bigarrena izatea zuen helburu. Espedizio hartatik itzultzean, baina, haizete indartsuek baloi gidatua eraman zuten eta 17 kide hil ziren. Ikertzaileek bidaia tragiko hori aztertu dute eta horren gainean esan dute afera honetan zeresan handia izan zuela espazio eguraldiak, euren esanetan, naufragoak irrati hutsune baten eraginpean egon ziren.

Genetika

NHGRI erakundeko zientzialariek giza kromosoma baten zehaztasun handiko sekuentzia osoa eskuratu dute, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Testuan agertzen den moduan, ikertzaileek iritzi diote lorpen honek “aro berria” ireki duela genomikan, orain arte kontuan hartu ez diren genomaren zatiak kontuan hartuko dituztelako hemendik aurrera.

Biokimika

Kikunae Ikeda kimikako irakasleak 1909. urtean, umai-a (zaporea japonieraz) zapore berri gisa aurkeztu zuen artikulu batean. Umai-a Japonian hegaluze deshidratatuarekin eta konbuarekin egiten den saldaren (dashi) bereizgarria da. Azkenean, Umami gisa izendatu zuen zapore berria. Zein da bere jatorria eta oinarrian duen konposatua? Ez galdu!

Klima-aldaketa

Artikoko kasko polarra murriztu da 40 urtean, Errusiako Rosgidroment hidrometeorologia agentziako zerbitzuburu Igor Shumakovek jakinarazi duenez. 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro zeuden eta 2019an, berriz, 4,1. Horretaz gain, izotz geruza gero eta meharragoa da, eta neguan azkarrago urtzen da. Berriak eman dizkigu xehetasunak.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #311 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #315

La, 2020-07-18 09:00

Zer ezberdintasun eta zer antzekotasun dituzte autistak diren autisten amak eta autistak ez diren autisten amek? J.R. Alonsoren Maternity and autism

COVID-19aren inguruko ikerketa korrelazio bitxiak azaleratzen dabil: Genetic risk for Alzheimer’s also predisposes for COVID-19 infection Rosa García-Verdugoren eskutik.

Material nanofotoniko berri bat erabiltzeko zelan “funtzionatzen” duen jakin behar da. Material natural batek zelan egiten duen jakin du DIPCko jendeak. An accurate and predictive model for the infrared dielectric function of a van der Waals material

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu

The post Ezjakintasunaren kartografia #315 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Espazio eguraldia: aspaldi bidalitako SOS batetik ikasitakoak

Or, 2020-07-17 09:00
Juanma Gallego 1928an baloi gidatu batek izandako istripuaren ondoren gertatutakoa aztertu du zientzialari talde batek, espazio eguraldiaren ikuspuntuarekin. Halako gertakarietatik asko ikasi daitekeela babestu dute, eta espazio esplorazioan antzekorik ez gertatzea espero dute.

Garai epikoak izan ziren, gure planetaren eremu bakar batzuek artean urratu gabe jarraitzen zutenekoa. Abiazioaren lehen pausoak ere duela gutxi emanak hasiak ziren, eta antzeko egoeran zeuden haririk gabeko komunikazioak. Mugarri horiek guztiek bat egiten zuten uneetan, zeharo istorio bitxiak gertatu ziren. Horietako bat Ipar Polora baloi gidatuz egindako espedizio batena izan zen. 1928ko apirilaren 15ean abiatu zen Milanetik Italia izeneko baloi gidatua, Ipar Polora airez iristen bigarrena izatea helburuarekin —bi urte aurretik Norge baloi gidatua izan zen lehena—. Eta horixe bera lortu zuten, maiatzaren 24an. Pozaren pozez, ontzitik jaistear egon ziren, elurra oinekin zapaltzeko, baina azkenean ez zuten egin, itxura kezkagarria zuen ekaitz polar bat gainean zutelako. Itzulia, ordea, amesgaizto bihurtu zen. Italia amildu egin zen, eta haizete indartsuek baloi gidatua eraman zuen. Espedizioko 17 kidek modu lazgarri horretan galdu zuten bizia.

Saski nagusian zihoazen bederatzi lagunek zorte hobea izan zuten, eta, asko zaurituta zeuden arren, izotz plaka baten gainean bizirik irautea lortu zuten, Svalbard uharteditik 400 bat kilometrora. Istriputik onik atera ziren hainbat hornidura erabiltzeko moduan egon ziren, tartean irrati telegrafo bat. Salbazioa eskura zutela zirudien.

1. irudia: “Italia” baloi gidatuko espedizioak Ipar Polora airez iristen bigarrena izan nahi zuen. Lortu zuten, baina bueltarako bidean gauzak okertu ziren. (Argazkia: Bundesarchiv, Bild 102-05738 / Georg Pahl / CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikipedia)

Baina gizakien patua, batzuetan, guztiz apetatsua da. Irratia eskuragarri zuten, baina laguntza eskatzeko bidaltzen zituzten mezuek ez zuten erantzunik jasotzen. Frekuentzia desberdinetan behin eta berriz saiatu arren… ezer ez. Horrek ez zeukan ez hankarik ez bururik. Beraiek irratia entzun entzuten zuten: 4.000 kilometrora zegoen Erromako irrati etxe bat entzuteko gai ziren, eta baita ere Svalbardetan zegoen Citta di Milano itsasontziak bidalitako mezuak. Espedizioan laguntzaile lanetan zegoen itsasontzi hori, baina itsasontzian ez zituzten espedizionarioen laguntza mezuak entzuten. Ustezko isiltasun horretan, munduak galdutzat jo zituen esploratzaile guztiak.

Hamar egun geroago, eta dena galduta zegoela zirudienean, Errusiako irrati-zale batek SOS seinale bat jaso zuen. Bizirik zeuden! Ondorengo erreskate lanak ez ziren batere errazak izan, eta asteak eman behar izan zituzten izotz plaka baten gainean, jitoan. Baina hori beste noizbaiterako kontakizuna da. Orain dagokiguna da irrati bidezko mezu horiekin gertatutakoa argitzea. Edo, hobeto esanda, horren haritik beste batzuek ikertutakoa zuei helaraztea. Space Weather aldizkarian argitaratu duten artikulu batean ahalegindu dira argitzen gertatu zena.

Eta, bai, aldizkariaren izenetik iragarri daitekeenez, espazio eguraldiak zeresan handia izan zuen. Afera aztertu duten adituen esanetan, naufragoak irrati hutsune baten eraginpean egon ziren. Halakoak gertatzen direnean, gertuko distantzietan uhinak zuzen doazenez, mezuak entzuteko modukoak dira. Urruneko distantzietan, berriz, ionosferan islatu egiten dira uhinak, eta irratia ere entzun daiteke. Baina bi gune horien artean geratzen den tartean irrati bidezko komunikazioak askoz zailagoak dira. Halako eremuetan irrati isilunea gertatzen da.

Hutsune horren kokapen zehatza ionosferaren baldintzen arabera aldatu daiteke, eta 1928an hori gertatu zela uste dute ikertzaileek. Kontuan izan behar dugu irrati bidezko komunikazioek 50-1.000 kilometro arteko altueran kokatuta dagoen ionosfera erabiltzen dutela distantzia handietan zabaldu ahal izateko. Funtsean, irrati uhinak geruza horretan eta lurrean islatu egiten dira, errebotean, eta horrek ahalbidetzen du transmisioa. Baina poloetatik gertu, normalean nahiko egonkorra den geruza hori ezegonkorragoa bihurtzen da.

2. irudia: Irrati bidez egiten diren luzera handiko komunikazioetan irrati hutsunearen fenomenoa gertatzen da, baina tarte horren luzera aldatu daiteke, ionosferaren egoeraren arabera. (Irudia: Zolesi, B. et al. / Space Weather / Eraldatua).

Gaur egun horrelakoak gertatzen direla dakigun arren, Italia-ren garaian ez zuten modurik jakiteko eguzki ekaitzek irrati igorpenei eragiten zietenik. Jakin bazekiten Ipar Poloaren inguruko eguraldia zinez gogorra zela, baina ezin zuten imajinatu ere eremu horretan espazio eguraldia izeneko zerbait kontuan hartu behar zenik.

Egileek uste dute eguzki ekaitzei lotutako hainbat fenomeno batera eman zirela data horien bueltan. Naufragoek eskura zuten irrati eramangarriak 9,1 eta 9,4 megahertz arteko frekuentzietan igortzen zuen, baina tarte horretan lehen aipatu dugun irrati hutsunearen fenomenoa ematen zen Svalbardetan, laguntzarako itsasontzia zegoen eremuan, hain justu. Bestetik, eguzki ekaitz batek egoera okertu zuen, irrati uhinen xurgatzea handitu zuelarik. Horregatik egileek uste dute lehen egunetan bederen erabiltzeko moduko frekuentzien tartea asko gutxitu zela.

Egun horietan ionosferak izan zuen egoera berreraikitzeko zenbait behatokitatik bildutako datu historikoak erabili dituzte: Erresuma Batuko Abinger (gaur egungo, Hartland izenez ezagututa) eta Lerwick behatokietakoak, eta Belgikako Errege Behatokikoak.

AGU Ameriketako Geofisika Batasuneko EOS aldizkariari egindako adierazpenetan, Ljiljana Cander fisikariak nabarmendu duenez, “hau irakaspen historikoa da, eta berriro gerta daiteke beste esplorazio batzuetan, hala nola ilargi edo planeten arteko bidaietan; hortaz, espazio eguraldiaren ondorioz izaten diren egoera kaskarrak kontuan hartu behar dira gaur egun ere”.

Ikertzaileek nabarmendu dute iraganeko gertakariak ikertzea informazio iturri oso erabilgarria izan daitekeela oraindik nahiko diziplina gaztea den espazio eguraldiaren alorrean. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, adibidez, zein garrantzitsua den Carrington gertakaria aztertzea, erregistro historiko fidagarriak daudenetik ezagutzen den eguzki ekaitzik handiena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zolesi, B., Pezzopane, M., Bianchi, C., Meloni, A., Cander, L. R., & Tozzi, R. (2020). The shipwreck of the airship “Dirigibile Italia” in the 1928 polar venture: A retrospective analysis of the ionospheric and geomagnetic conditions. Space Weather, 18 (7), e2020SW002459. DOI: https://doi.org/ 10.1029/2020SW002459

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Espazio eguraldia: aspaldi bidalitako SOS batetik ikasitakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Olatz Pampliega: “Zilio primarioak aztertuz hainbat gaixotasunen oinarri biologikoak ezagutu ditzakegu” #Zientzialari (136)

Og, 2020-07-16 09:00

Zilio primarioa gorputzeko ia zelula mota guztietan dagoen “antena” itxura duen organulua da. Zelularen mintz plasmatikoan kokatuta dago eta zelulaz kanpoko espaziora ateratzen da. Prozesu horretan, zilioak kanpoko seinaleak sentitu eta zelula barnera pasatzen ditu, hainbat prozesu aktibatuz.

Duela urte batzuk, Olatz Pampliegak, Achucarro Basque Center for Neuroscience eta UPV/EHUko Neurozientzia Saileko Ramón y Cajal ikertzaileak, zilio primarioak autofagia prozesua (zelula barneko birziklatze sistema) aktibatzeko gai zirela frogatu zuen.

Ikerketa lerro horretan oinarrituta, gaur egun astrozito eta neuronetan zilioak modulatutako autofagiarik dagoen aztertzen du bere taldeak. Baita zer nolako baldintzetan gertatzen den prozesu hau ere. Olatzekin lotu gara ikerketa honi eta bere erronka nagusiei buruz gehiago jakiteko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Olatz Pampliega: “Zilio primarioak aztertuz hainbat gaixotasunen oinarri biologikoak ezagutu ditzakegu” #Zientzialari (136) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Onon kukuaren bidaia

Az, 2020-07-15 09:00
Josu Lopez-Gazpio Kukuak hegazti bereziak dira, sarritan kultura herrikoiarekin eta folklorearekin lotuta daudenak. Egiten duten migrazioaren kausaz, kukuaren kantua entzutea neguaren eta hotzaren amaierarekin lotzen da, udaberria datorreneko seinalea. Hainbat esaera zahar ditugu kukuarekin lotuta, agian ezagunena denak dio, apirileko lehen egunetan kukuaren kantua lehen aldiz entzutean poltsikoan dirua badaukagu, urte oparoa izango dela. Ez dakit norbaitek Onon kukuaren kantua entzun ote duen, baina, zientzialariak txundituta utzi dituen migrazioa egin berri du: 26.000 kilometroko bidea egin du Mongoliatik Afrikako hegoalderaino eta bidea egiten zuen bitartean, ospetsua egin da Indian, Kenian eta Suedian.

Irudia: Kuku arrunta, Cuculus canorus. (Argazkia: TheOtherKev – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Onon kukua Mongoliatik aldetzen hasi zen 2019ko ekainean, ikertzaile-talde batek jarritako lokalizagailuarekin batera. Beste lau kukuri ere jarraipena egiteko tresnak jarri zizkieten eta noski, ikertzaileek ez zekiten beste noizbait kuku haien berri izango ote zuten. Duela gutxi, bai, bost kukuetako baten berri izan dute berriro, Onon kukua, eta bere gailua aztertzean emaitza ikaragarriak lortu dituzte. Onon kukuak 26.000 kilometroko bidaia egin zuen, lurreko hegazti baten kasuan dokumentatu den bidaiarik luzeenetakoa. Maiatzaren 27an itzuli zen Onon Mongoliara eta tarte guzti horretan, Mongolia Cuckoo Project ekimenari esker online jarraitu ahal izan da bere migrazioa. Koronabirusak eragindako pandemiak gure mugak eta mugikortasuna oztopatzen zituen bitartean, Ononek hogeita zazpi muga zeharkatu ditu eta hamasei herrialde desberdinetatik pasa da. Hedabideek kukuaren bidaiaren jarraipena egin dute eta, horrexegatik, zenbait lekutan Onon kukua ezaguna bilakatu da. Une honetan ikertzaileak kukuaren gailua aztertzen ari dira kukuen migrazio luzeak hobeto ulertu ahal izateko; izan ere, Onon kukuaren bidaia bereziki luzea izan da. Kukuek egunean 1.000 kilometro egin ditzakete elikagai bila egiten dituzten migrazioetan. Kukuek beldarrak atsegin dituzte eta horiek ugariagoak dira leku eguzkitsu eta beroetan. Euskal Herrian apiriletik irailera egoten dira kukuak eta, ondoren, Afrikan igarotzen dute negua. Mongolia inguruko kukuek, aldiz, Asia hegoaldean edo Australasian igarotzen dute negua, baina, kasu honetan Ononek nahiago izan du Afrikarainoko bidea. Oraindik ez dago guztiz argi zein den bidaia luze horren arrazoia, baina, litekeena da Ononek nahiko elikagai aurkitzea bidean eta, hortaz, beste espezie batzuk baldin bazeuden Asia hegoaldean, erosoagoa izan liteke Afrikarainoko bidea. Udaberria Euskal Herrian igarotzen duten kukuen kasuan, 9.000 kilometro inguruko bidaia egin behar izaten dute Afrika hegoalderaino eta normalean gauez bakarrik egiten dute. Kukuak animalia bereziak dira oso eta, ziur aski, haien berezitasunik nabarmenena ugalketa da. Har dezagun bada, Onon kukuak eman digun aukera kukuen ugalketa zertan den azaltzeko.

Kukuaren ezaugarriak eta ugalketa

Kuku arruntaCuculus canorus- Cuculidae familiako hegaztia da. 32 eta 36 cm arteko luzerakoa eta 54 eta 60 cm arteko hego-zabalerakoa. Tamaina ertaina du, isats zabala eta puntadun hegalak. Horrexegatik, hegaldian hegazti harrapari txiki baten antza du, esaterako, gabiraia edo belatz gorria. Kukuaren ezaugarri bereizgarrienetako bat arrautzak hegazti txikiagoen habietan jartzean datza, alegia, habi-parasitismoan oinarritzen da kukuaren ugalketa. Kukuak beste hegaztien habietan jartzen ditu arrautzak eta, horrela, hegazti horrek inkubatzen ditu arrautzak eta baita txita elikatu ere. Eme bakoitza hogeita bost arrautza inguru jartzera iritsi daiteke, banaka-banaka, beste habietan -bertan zegoen arrautzetako bat ere kentzen du-. Parasitatutako hegaztiak ez badira konturatzen arrautzak ez direla haienak, inkubazioak aurrera jarraituko du. Esan behar da, bestalde, kukuaren arrautzak parasitatutako hegaztien arrautzak imitatzen dituztela. Kukuak kaskabeltzen eta txantxangorrien habietan jartzen ditu arrautzak, besteak beste, baina, ehunaka espezie desberdinetako habietan arrautzak jartzeko gai dela dokumentatu da. Era berean, kukuak harrapari txikien antza duenez, errazagoa da habiaren jabeak uxatzea.

Kukuaren estrategia bikaina da, Naturaren konplexutasunaren adierazle zoragarria. Kukuak parasitatzen dituen hegaztien inkubazioa pixka bat luzeagoa da kukuarena berarena baino. Kaskabeltzaren eta txantxangorriaren inkubazioa hamalau egunekoa da, baina, kukuarena hamabi egunekoa besterik ez. Bi egun horietako epea gakoa da kuku jaioberria handiagoa eta indartsuagoa izateko beste txitak jaiotzen direnean. Zein da, baina, horren helburua? Bada, kuku jaioberriak nahikoa indar daukanean, oraindik ireki ez diren arrautzak eta beste txita jaioberriak habiatik botatzeko gai da. Horrela, habiaren jabe diren gurasoen arreta eta elikagai guztiak kukuarentzat dira. Azaldutakoa ondo ikusi daiteke jarraian dagoen bideoan eta, zalantzarik gabe, Naturaren gordintasuna agerian geratzen da.

Ziur asko, gure ikuspegitik zaila egiten zaigu horrelako irudiek ez aztoratzea, baina, ez dugu ahaztu behar animaliak bizirik irauteko eta modu eraginkorrean ahalik eta gehien ugaltzeko diseinatuta daudela. Hobeto esanda, hori modurik onenean lortu duten espezieek jarraitzen dute aurrera. Ikuspuntu horretatik, kukuaren estrategia oso eraginkorra da. Nolanahi ere, kukuak hamahiru eta hogei egun artean pasatzen ditu habian eta ondoren, alde egiten du. Esan behar da kuku eme bakoitza espezie mota bat parasitatzen espezializatzen dela, ziur aski, bera jaio zen habiako espezie bera. Guzti horren gainetik, nekez esan daiteke kukua hegazti ankerra denik. Naturaren legeetara ondo egokitu den animalia zoragarria da eta gure basoetan lan garrantzitsua egiten du. Pinudiak erasotzen dituzten pinu-beldarrak jaten ditu eta baita beste hainbat intsektu ere. Naturaren oreka bermatzeko ezinbestekoa den animalia da kukua. Bada, laster esango diogu agur kukuari edo, hobeto esanda, hurrengo urtera arte!

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Onon kukuaren bidaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bainujantziak eta dopin teknologikoa

Ar, 2020-07-14 09:00
Leire Sangroniz, Ainara Sangroniz Zientzia eta teknologiaren garapenak material hobeak eta arinagoak lortzea ahalbidetu du eta kirolarien errendimendua areagotu da, ondorioz. Baina non dago muga? Izan ere ekipamenduak kirolari bati, aurkarien aurrean, abantailak ematen dizkionean dopin teknologikoaz hitz egiten da. Dopin teknologikoa zenbait kiroletan gertatu izan da: txirrindularitzan, tenisean, atletismoan eta baita golfean ere. Adibide guztien artean aipatzekoa da igeriketaren kasua; izan ere, pasa den hamarkadan bainujantziek zalaparta handia sortu zuten Olinpiar Jokoetan.

XX. mende hasieran bainujantziak diseinatzerakoan ez zen kontuan hartzen igerilariak izango zuen abiadura: artilezko kamiseta eta galtzak berehala bustitzen ziren eta pisua hartzen zuten. Baina garai hartan pentsaezina zen arinagoa den zerbait eramatea.

1. irudia: Arne Borg igerilari suediarra 1927. urtean Speedo etxearen Racerback bainujantzi batekin. (Argazkia: V&A / Museum of Applied Arts and Sciences)

Lehenengo aldaketa garrantzitsua 1927an gertatu zen, Speedo etxeak Racerback bainujantzia merkaturatu zuenean; hark sekulako iraultza eragin zuen, izan ere bainujantzia estu moldatzen zen gorputzera. Sorbaldak eta bizkarra agerian uzten zituen mugimendua errazteko eta artilez beharrean zetaz egina zegoen. Bere garaian bainujantzi hau oso berritzailea izan zen eta hondartza askotan debekatu egin zen hura erabiltzea. Ondorengo urteetan oihal sintetikoen garapenak, hau da polimeroz eginiko oihalak, bainujantzi arinagoak egitea ahalbidetu zuen, horien artean nylona (poliamida) 50eko hamarkadan edo elastanoa (polieter poliurea kopolimeroa) 70eko hamarkadan. Material hauek nahiko berriak ziren garai hartan, XX. mende hasieran eta erdialdean sortu baitzituen, hurrenez hurren, DuPont etxeak. Hurrengo urteetan joera berdina izan zen: polimerozko oihalak eta bainujantzi txikiagoak, arinagoak eta estuagoak.

Speedo etxeak aurrerapenak egiten jarraitu zuen 2000 urtean Fastskin bainujantzia garatuz. Hark V itxurako markak zituen gainazalean urarekiko erresistentzia txikitzeko eta kirolariek Sydneyko jokoetan erabili zuten. Ondoren, 2008an LZR Razer bainujantzia garatu zuten; bainujantzi horrekin argi geratu zen teknologiak kirolarien errendimenduan daukan eragina, bereziki igeriketan. Beijingeko Olinpiar Jokoetan (2008) igeriketako 25 munduko marka hautsi ziren. Emaitza hauen atzean kirolarien sasoi ona ez ezik zerbait gehiago zegoen: aipaturiko Speedo etxearen LZR Racer bainujantzia. Hain zuzen ere domina bat irabazi zuten igerilarien % 98k bainujantzi hori zeraman.

Bainujantzi honek igerilarien errendimendua hobetzen zuen igerilarien muskuluak konprimituz eta itxura hidrodinamikoago bat lortuz. Gainera zangoetatik eskumuturretara estaltzen zuen gorputza eta bainujantziaren eta larruazalaren arteko aire burbuilak harrapatzen zituen flotagarritasuna handituz.

Aipatzekoa da jantzia hidrofobikoa den poliuretano materialaz egina zegoela, horrek badu abantaila bat: ura aldaratzen du. Hala ere bainujantzia ezin zen poliuretano hutsez egin jantzia hauskorra bihurtzen baitzen. Hori dela eta, beste polimero bat gehitzen zitzaion, bereziki tratatutako poliamida, hidrofobizitatea areagotu eta urik ez xurgatzeko. Gainera haren piezak ultrasoinu bidez zeuden lotuta josturarik ez izateko eta erresistentzia txikitzeko.

2. irudia: Nađa Higl igerilaria 2010eko Europako Ur Txapelketan 2008an Jaked etxeak plazaratu zuen “Super-body Jaked J01” bainujantziarekin. (Iturria: Wikipedia – domeinu publikoko argazkia)

Egindako ikerketen arabera, bainujantzi honen arrakasta flotagarritasunean zegoen; izan ere, igerilarien azalaren eta bainujantziaren artean gelditzen ziren aire burbuila txikiek flotagarritasuna hobetzen zuten. Airearekiko erresistentzia urarekikoa baino askoz txikiagoa denez, edozein aldaketa txikik eragin handia dauka abiaduran.

Beste etxeek ere aurrerapenak egin zituzten; esaterako, Arenak guztiz poliuretanoz eginiko bainujantzia garatzea lortu zuen. Horrela Speedoren bainujantzia zaharkitua geratu zen; izan ere, Arenaren poliuretano hutsez egindako bainujantziak erresistentzia txikiagoa azaltzen du urarekiko guztiz iragaztezina eta hidrofobikoa baita. 2009ko munduko igeriketa txapelketan ia igerilari guztiek Arena etxeko bainujantzi bat zeramaten.

Egoera hau ikusita, Nazioarteko Igeriketa Federazioak (FINA) arazo bat zegoela ikusi zuen. Munduko markak erraz hausten ziren eta balioa galdu zuten, eta, ondorioz, horrek kirolari eta ikusleen artean haserrea piztu zuen. Dopin teknologikoaz hitz egin zen, hain zuzen ere lorturiko emaitzak teknologiari esker erdietsi zirelako eta ez soilik igerilariaren ahaleginari esker. Erakundeak mota honetako bainujantziak debekatzea erabaki zuen 2009 urte amaieran. Aurrerantzean soilik iragazkorrak ziren oihalak; hau da, aire burbuilak osatzen ez dituzten jantziak erabili beharko ziren. Horretaz gain, bainujantziaren dimentsioak ere mugatu zituzten: gizonen kasuan gerritik belauneraino soilik; emakumeen kasuan, berriz, ezin dira sorbalda baino haratago joan, ezta belauna baino beherago.

Ziur aski etorkizunean ere, zientzia eta teknologiak aurrera egin ahala, agerian geratuko da kirol ekipamenduaren hobekuntzaren eta dopin teknologikoaren arteko muga estua.

Iturriak:

  • Roberst, Jacob (2017). Winning Skin. Science History Institute, 2017ko otsailaren 9a.
  • Morrison, Jim (2012). How Speedo Created a Record-Breaking Swimsuit. Scientific American, 2012ko uztailaren 27a.
  • Trinidad Morales, A.; Tamayo Fajardo, J. A.; González-García, H. (2019). High-Speed Swimsuits and Their Historical Development in Competitice Swimming. Frontiers in Psychology, 10, 2639. DOI: 10.3389/fpsyg.2019.02639
  • Blanco, J.F., Hunt-Hurst, P. K., Doerin, M.D., Vaughan-Lee, H. (2016). Clothing and Fashion: American Fashion from Head to Toe. ABC-CLIO, Santa Barbara, California.
  • Nasa Spinoff. Space Age Swimsuit Reduces Drag, Breaks Records. 2020ko uztailaren 2an kontsultatua.

———————————————————————————-

Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

———————————————————————————-

The post Bainujantziak eta dopin teknologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Umami

Al, 2020-07-13 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias 1909. urtean, Kikunae Ikeda kimikako irakasleak artikulu bat argitaratu zuen japonieraz, eta bertan ordura arte aitortu gabe zegoen oinarrizko zapore bat aldarrikatzen zuen: umai-a, (zaporetsua japonieraz). Ordura arte, gizakiok zapore gozo, gazi, garratz eta mingotserako berariazko dastamen-hartzaile sentsorialak genituela uste zen. Horiek ziren oinarrizko lau zaporeak, bakoitza bere hartzailearekin.

Umai-a Japonian hegaluze deshidratatuarekin eta konbuarekin (Saccharina japonica alga marroiaren izen arrunta) egiten den saldaren (dashi) bereizgarria da. Ikedak umami izendatu zuen oinarrizko zapore berria; japonieraz, mi atzizkiak esentzia esan nahi du.

Irudia: Saccharina japonica alga korearrez dasima (다시마) bezala ezagutzen da. Iruditan dasima platera, barazki gisa, bi saltsez lagunduta. (Argazkia: Wikiwand)

Hogeita hemezortzi urratseko erauzte prozesu baten bidez, Ikedak zapore hori bera zuten kristalak zeuzkan substantzia bat atera zuen algatik: azido glutamiko gisa identifikatu zuen. Konposatu horrek sodio gatzaren forman eman zuen –sodio glutamatoa– umami zapore onena eta biziena. Azido glutamikoa aminoazido bat da, proteinen osagaietako bat, beraz, baina proteinak, gainera, beste funtzio batzuk betetzen ditu izaki bizidunetan. Esaterako, bide metaboliko askotan bitartekari nagusia da. Eta neurotransmisore (neurona artean informazioa transmititzen duen molekula) garrantzitsua da, ugariena ornodunen nerbio-sisteman.

Glutamatoa dute proteina askoko elikagaiek; okelak, kasu. Gainera, janarian duen presentzia detektatzeko gai gara, baita kontzentrazio txikitan ere; ondorioz, nutrizio balioaren adierazle bikaina da. Asko dira aminoazido horretatik kantitate handia duten elikagaiak; esaterako, tomate prestatuak eta elikagai hartzituek (gazta, adibidez). Gizakiaren esneak 10 aldiz glutamato gehiago du behi esneak baino; seinale aminoazido hori oso garrantzitsua dela gizakientzat jaiotzatik bertatik.

Glutamatoak zaporean zuen garrantzia aurkitu ondoren, Ikedaren ikasle batek beste substantzia bat atera zuen hegaluze deshidratatutik: inosinatoa, zeinak umai zaporean ere –dashiaren bereizgarri– laguntzen duen. Inosinatoa nukleotido bat da, glutamatoaren eragina indartzen duena. Efektu bera eragiten du guanilatoak –beste nukleotido bat–, zeina beste ikertzaile japoniar batek urte batzuk geroago legamiatik atera zuen. Guanilatoa barazkietan eta onddoetan dago, eta legamiatik bezala, shitaki onddo deshidratatuetatik ere kantitate handiak atera daitezke. Inosinatoa zein guanilatoa, baita glutamatoa ere, elikagai baten nutrizio balioaren adierazleak dira; horregatik dauzkagu substantzia horien hartzaile espezifikoak.

Aurkikuntzaren ondoren, Ikedak glutamato monosodikoa ekoizteko metodo bat patentatu zuen, eta ordutik aurrera asko erabili da zaporea indartzeko. Gaur egun konbutik ateratzen da. Horretarako, urtean bi mila bostehun milioi tona alga biltzen dira Txinako kostetan. Saccharina japonica algaren masa lehorraren % 2-3 artean glutamatoa da. Kantitate handi horren arrazoia hauxe da: algari bere zelulen barruan glutamatoa edukitzeak balio dio bere solutuen barne kontzentrazioa itsasoko urarenarekin berdintzeko eta, horrela, deshidratazioa eragozteko. Interesgarria da, halaber, jakitea itsas animalia batzuek ere beren ehunetan glutamatoa eta beste aminoazido batzuk pilatzen dituztela, zehazki, algen arrazoi beragatik: ura, efektu osmotikoa dela eta, ez da barnetik irteten. Hona naturaren kapritxo eder horietako bat: arazo beraren aurrean, animaliek eta landareek konponbide bera hartu izana, eta konponbide horretan egotea guk jaki batzuk besteak baino gustukoago izateko sekretua.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Umami appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #310

Ig, 2020-07-12 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Paduako unibertsitatean eta Londreseko Imperial College-ean egindako ikerketa batean ikusi dute aztertutako pazienteetatik ehuneko berrogeiak ez zituela inolako COVID-19 sintomarik. Honek erakutsi du asintomatikoek sintomatikoek bezala kutsa dezaketela. Asintomatikoei buruz hitz egin digu Miren Basarasek, Berrian.

Nicola G. A. Abrescia Ikerbasqueko birologoak argi du: “Distantzia da oraingoz dugun tresna eraginkor bakarra” COVID-19aren aurrean. Hark birusen egitura aztertzen du eta Berriako elkarrizketa honetan SARS-COV-2 birusari buruz mintzo da: haren berezitasunez hitz egin du, baita ekarri dituen ondorioez ere. Ez galdu!

Medikuntza

Garunaren zahartzearen kontra ariketa fisikoa egitea oso onuragarria da eta orain, ikerketa baten arabera, jakin dute horren gakoa proteina hepatiko batean egon daitekeela. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikertzaileek ondorioztatu dute gibelean sortzen den Gpld1 proteinak funtsezko rola jokatzen duela zahartze kognitiboaren kontra.

Kimika

Puzkerren gaiari heldu dio Josu Lopez-Gazpiok honetan, eta hainbat datu interesgarri eman dizkigu horiei buruz. Adibidez, egun batean 500 eta 2500 mL gas inguru kanporatzeko gai gara, gutxi gorabehera 10 eta 25 puzkerretan banatuta. Eta harrigarria bada ere, kanporatzen den gasen %1 soilik da kiratsaren erantzule. Horien usaimenaz eta soinuaz ere irakurtzeko aukera izango duzu! Ez galdu!

Emakumeak zientzian

Izarrei buruzko ezagutzaz ari bagara, “Harvardeko kalkulagailuen” lana nabarmendu beharko genuke eta horien artean Antonia Maury dugu protagonistetako bat. Hamahiru emakumek osatutako talde honek Harvardeko Astronomia Behatokian jardun zuen XIX. mendearen amaieran. Mauryk Ipar hemisferioko izar espektroak sailkatu zituen, esaterako.

Ekologia

Itsaspeko meatzaritzak izan dezakeen inpaktua kezka iturri izan da zientzialarien artean. Hori ikertzen ari dira, adibidez, DISCOL izeneko esperimentuan (1989an abiatu zuten ikerketa): itsaspeko meatzaritza simulatzen du eta horren emaitzak aurkeztu dituzte. Eragindako erreien ondorioz, mikroorganismoen herena desagertu dira, eta euren jarduna lau aldiz gutxitu da.

Erresuma Batuko errepide-sareak hegaztien bioaniztasunean nola eragiten duen ikertu dute. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, herrialde horretako errepideen inguruan bereziki ohikoak diren hegazti-espezieak biltzen dira. Ezohikoagoak direnak, berriz, errepideetatik aldentzen dira.

Arkeologia

Axlorko (Dima, Bizkaia) aspaldiko indusketen aztarnen berrikusketaren gaineko artikulua dugu hau eta azterketa horrek ekarri zituen bi ustekabe azaldu dizkigute honetan. Alde batetik, ebaki markak zituen hegazti izterrezur bat identifikatzea izan zen, eta bestetik, faunaren aztarna zehaztugabeen artean esneko giza hagin bat identifikatzea.

Materialak

Zer dakigu hareaz? Askotan ahazten dugun produktua da edo ez diogu merezi duen garrantzia ematen baina ezinbestekoa da, testu honetan azaltzen diguten moduan. Oso kantitate handitan erabiltzen dugu, adibidez, hormigoia egiteko: 2010ean bakarrik, 11.000 miloi tona erabili ziren munduan. Egun, 40.000 miloi tonatik gora harea eta legar erabiltzen direla kalkulatzen da.

Fisika

Sukaldaritzaren eta zientziaren arteko fusioa ez da hain arraroa, are gehiago, interesgarria da oso. Artikulu honen bidez, Eneko Atxa sukaldariaren eta Eneko Axpe fisikariaren hitzak irakurtzeko aukera izan dugu. Biak bi diziplina horien arteko loturaz aritu dira elkarrizketa interesgarri honetan, Berrian.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Asteon zientzia begi-bistan #310 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #314

La, 2020-07-11 09:00

Autismoaren ezaugarri fisiko esanguratsuenetarikoa izan daiteke garunaren bi hemisferioak batzen dituen gorputz kailukararean berezitasunak. José Ramón Alonsoren Corpus callosum and autism

Genetikoki editatuko zelula amak garaiko arazoetako bati erantzuna izan daiteke: diabetesa. Rosa García-Verdugoren Gene-edited stem cells: the new weapon against diabetes

Osoa da Chern zenbakia. Negatiboa ala positiboa izan daiteke. Materia kondentsatuaren fisikan Chern zenbakia definitzea beste kontu bat da. DIPCk, kristal semimetaliko baten Chern zenbakia esperimentalki neurtzea lortzeaz gain, zeinua zein izango den erabakitzeko modua ere topatu du. Berebiziko garrantzia du honek material topologikoen erabileran eta ulermenean. Horrenbeste, Science aldizkarian argitaratu dela:Chirality can be used to control the sign of a maximal Chern number

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu

The post Ezjakintasunaren kartografia #314 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ohikoa ez den meatzaritzaren ondorio ikusezinak

Or, 2020-07-10 09:00
Juanma Gallego Hiru hamarkada urte pasata, itsaspeko meatzaritza simulatzen duen proiektu baten emaitzak aurkeztu dituzte. Eragindako erreien ondorioz, mikroorganismoen herena desagertu dira, eta euren jarduna lau aldiz gutxitu da.

1974ko udan itsasontzi zeharo berezia atera zen Kaliforniako kostaldetik. Hughes Glomar Explorer izeneko itsasontzia zen, eta Howard Hughes enpresari ezagunaren azken proiektu bitxia zen. Ontziak zulatze dorre handi bat zuen, eta helburu argia zuen: Ozeano Barearen erdian manganeso noduluak biltzea. Nodulu horiek mundu osoko itsas hondoetan barreiatuta daude, eta industrian erabiltzeko moduko mineralez osatuta daude. Arazoa, noski, horiek eskuratzea da, mineral horiek jasotzeko egin behar diren gastuak oso handiak direlako. Baina Hughesek argi zeukan hori egiteko modua bazegoela, eta bera prest zegoen artean irekitzeke zegoen altxor kutxa hori eskuratzeko.

1. irudia: GEOMAR institutu ozeanografikoak gidatutako SO242/1 espedizioaren baitan arakatu dute DISCOL esperimentuan zehaztutako eremua. (Argazkia: Emanuel Wenzlaff / GEOMAR – CC BY 4.0 lizentziapean)

Hilabete batzuk lehenagotik ere, gaiaren bueltan ibilitakoak ziren ere hainbat aditu, itsaspeko meatzaritzari buruzko mintegi eta hitzaldietan aukera berri horri buruzko azalpenak ematen. Aditu horiek, baina, ez ziren meatzaritzan adituak, inteligentzian baizik. Izan ere, dena CIAren amarrua izan zen. Espedizioaren benetako helburua bestelakoa zen: sei urte lehenago Ozeano Barean hondoratutako K-129 sobietar itsaspekoren arrastoak eskuratzea. Hughesen oniritziarekin, AZORIAN proiektua abiatu zuen CIAk, sobietarren misil nuklearren eta komunikazio sistemen inguruko informazioa eskuratzeko. Ahalegin erraldoia izan zen, baina, antza, arrakasta mugatukoa. Izan ere, itsaspekoaren zati bat baino ez zuten berreskuratu, barruan sei gorpu zeudela. Misio sekretua izanik, gorpu horiek ez zizkieten bueltatu Sobietar Batasunari, baina ingelesez eta errusiarrez marinelei egin zieten hileta bideo batean grabatu zuten, eta 1992an Boris Jeltsini eman zioten grabazioa. Gaiaren inguruko informazioa partzialki desklasifikatu den arren, oraindik ere badira argitu ez diren puntu ugari, eta ez dago guztiz argi norainokoa izan zen operazio horri esker estatubatuarrek eskuratu ahal izan zuten inteligentzia.

Hortaz, maila teorikoan itsaspeko meatzaritza aspalditik aukera bat izan den arren, oraindik ez da garatu maila industrialean, eta horretara bideratutako ahaleginik handiena Gerra Hotzaren logikari lotutako azpijoko bat izan zen. Norabide horretan izan den saiakerarik sonatuena Nautilus Minerals izeneko enpresak duela hainbat urte egindako iragarpena izan zen: Papua Ginea Berriko uretan halako meatzaritza mota bat martxan jartzeko baimenak eskatu zituen, Bismarck Itsasoan dauden tximinia hidrotermalen inguruetan urrea eta kobrea eskuratzeko. 2019an, ordea, enpresak porrot egin zuen. Antzeko jarduna asteroideetan egitea helburu zuen Planetary Resources enpresak ere patu bera izan du. Argi dago, momentuz merkeagoa dela lurrazalean mineralak eskuratzen jarraitzea, itsaspean edo espazioan baino.

Dena dela, itsaspeko meatzaritzak izan dezakeen inpaktua aspaldiko kezka iturri izan da zientzialarien artean. Eragin horri jarraipena egiten dion proiektu bat 1989an martxan jarri zuten, eta, zailtasunak zailtasun, oraindik jarraipena egiten diote. DISCOL izeneko esperimentua da (Disturbance and Recolonization, hau da, Asaldura eta Birkolonizazioa), eta Hegoaldeko Ozeano Bareko Peru arroan kokatuta dago.

Bertan duela hiru hamarkada manganeso noduluen meatzaritza egiten zutela simulatu zuten, itsas hondotik 11 kilometro koadroko eremu batean golde bat itsas hondotik pasata. Prozesuan, sedimentuak nahasi zituzten, 10-15 zentimetroko sakontasuneraino. Area zirkular baten inguruan 78 errai marraztu zituzten, gutxi gorabehera, modu zentrokidean. Horrela, inpaktu maila desberdinak lortzen zituzten: zirkuluaren erdiko eremuan inpaktu handia egina zuten, inguruetako triskantza txikiagoa zelarik.

2. irudia: Manganeso noduluak mundu osoko itsas hondoetan barreiatuta daude, baina horiek eskuratzea oso zaila da, sakontasun handian daudelako. (Argazkia: ROV Team / GEOMAR)

Urte hauetan zehar ozeanografoak behin baino gehiagotan bueltatu dira eremu horretara, inguruko itsaspeko ekosisteman berreskurapena nola zihoan ikertzeko. Aurreko batean makrofaunari erreparatu zioten, baina orain mikroorganismoetan izandako eragina aztertu dute. Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aurkeztu dituzte emaitzak.

2015eko espedizio batean bildutako datuak dira orain aztertu eta aurkeztu dituztenak. Bertaratu zirenean, olagarroak, arrainak edota itsas luzokerrak ikusi zituzten inguruetan, baina 26 urte lehenago egindako erraietan bilduta zeuden mikroorganismoak aztertu dituztenean jabetu dira begi hutsez ikusten ez diren kalteez. Bi hamarkada eta erdi igarota ere, urpeko mikroorganismoak artean ez ziren berreskuratu.

Zehazki, eta orain emandako datuen argitara, 1989an egin zituzten erraietan mikrobioen oraingo jarduna lau aldiz txikiagoa da, eta horien masa %30 gutxitu da. 2015ean errai berriak egin zituzten, eta, horietan, bost egunetara mikroorganismoak %50 gutxitu ziren. Horrez gain, materia organikoaren errotazio txikiagoa, nitrogenoaren zikloaren gutxitzea eta mikrobioen hazkunde tasa txikiagoak egiaztatu dituzte. Modu beran, ikusi dute karbonoa finkatzeko ahalmena mantsotu egin dela.Eta hau guztia begi hutsez ikusten ez diren gizaki ñimiño batzuen populazioetan golde batekin egindako eraldaketaren ondorioa izan da. Ez da arraroa. Hain txikiak izan arren, mikroorganismoek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte ekosistema guztietan, eta hau berdin gertatzen da itsas hondoan ere. Horien artean, garrantzitsuena da nutrienteen birziklatzea.

Kalte gehien jaso duten eremuetan jasotako datuetatik ondorioztatu dute ekosistema horiek gutxienez 50 urte beharko dituztela zenbait funtzio berreskuratzeko, baina erabateko berreskurapena are luzeago joko duela uste dute.Dituzten berezko ezaugarriengatik, ekosistema bentonikoek berreskurapenerako zailtasun bereziak dituzte. Izan ere, berreskurapen hori hein handi batean sedimentu berrien sortzearen ondorioa izango da, eta jakina da sedimentazioa oso prozesu mantsoa dela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Vonnahme, T.R. et al. (2020). Effects of a deep-sea mining experiment on seafloor microbial communities and functions after 26 years. Science Advances, 6 (18), eaaz5922. DOI: 10.1126/sciadv.eaaz5922.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ohikoa ez den meatzaritzaren ondorio ikusezinak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Antonia Maury (1866-1952): Izarrak ezagutzen zituen emakumea

Og, 2020-07-09 09:00
Uxue Razkin

Sara Teasdale estatubatuarrak izarrak ezagutzen zituela aitortu zuen poema honetan:

I know the stars by their names

Aldebaran, Altair,

And I know the path they take

Up Heaven’s broad blue stair.

(Izarren izenak ezagutzen ditut / Aldebaran, Altair, / eta egiten duten bidea ezagutzen dut / zeruko eskailera urdin zabaletik.)

Oso jende gutxik esan eta baiezta lezake halakorik izarrei buruz; Nerudak agian, izan ere, Oda a una estrella poeman azaltzen duenez, gau batean, izar bat hartu eta poltsikoan gorde zuen haren edertasunarekin liluratuta zegoelako. Haatik, izarrei buruzko ezagutzaz ari bagara, “Harvardeko kalkulagailuen” lana nabarmendu beharko genuke. Hamahiru emakumek osatutako talde honek Harvardeko Astronomia Behatokian jardun zuen XIX. mendearen amaieran. Izarrak zenbatzea eta sailkatzea zuten xede –astro bakoitzaren distira, posizioa eta kolorea neurtzen zuten argazki-plakei esker–. Eta talde horretan bazegoen distira paregabea zuen emakume bat: Antonia Maury, zeruan galtzen ez zen astronomoa.

1. irudia: Antonia Maury gaztetan. (Argazkia: Vassar College – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Izar baten sorrera

Antonia Maury 1866an jaio zen, New Yorken, zientzia maite zuen familia batean. Astronomia miretsi zuen hasieratik bi pertsonari esker: alde batetik, haren aitona John William Draper dugu, 1840an Ilargiaren lehen argazkia egin eta New Yorkeko Zientzia Akademian aurkeztu zuen historialaria eta kimikaria. Beste aldetik, haren osaba Henry Draper; harekin ordu mordoxka igarotzen zuen laborategian. Mauryk bere patuari jarraituz, Vassar Collegen ikasi zuen. 1887an graduatu zen, Maria Mitchell astronomoaren babespean.

Ikasketak amaitu ostean, Harvardeko Behatokian hasi zen lanean beste emakume batzuekin batera. Bertako zuzendariak, Edward Charles Pickeringek, emakumeak bakarrik kontratatu zituen. Garai hartan arraroa zen halako irudi bat ikustea, hau da, kopuruari begira emakumeak gizonak baino gehiago izatea zientzia arloko lantalde batean. Halere, esan beharra dago Pickeringek ez zuela hori egin genero-berdintasunaren alde zegoelako, hark soilik enpresa-errentagarritasuna baitzuen buruan. Haren aburuz, emakumeak gizonak baino hobeak ziren, askoz ere zehatzagoak izarrak sailkatzeko lanean, alegia. Baina gizonek ez bezala, emakumeek gutxiago kobratzen zuten eta hori zen hark ikusten zuen abantaila nagusia.

Katalogo erraldoia

Garai hartan, Pickeringek proiektu handi bat zuen esku artean: izarren espektroen katalogoa amaitzea. Antoniaren osaba izan zen proiektu hori lehendabizikoz abiatu zuena, eta hura hil zenean, haren emaztea arduratu zen zeregin hori berriz martxan jartzeaz. Azkenean, Behatokiko arduradun berriak, Pickeringek, hartu zuen erreleboa eta horretan jardun zuten “Harvardeko kalkulagailuek”. Esaterako, Mauryk Ipar hemisferioko izar espektroak sailkatu zituen.

Lan horretan ziharduenean, Pickeringek izarrak sailkatzeko sistema alfabetikoa kontuan hartzea eskatu zion. Sistema hori haren kide Annie Jump Cannonek garatu zuen; bertan, izarrak zazpi mailatan multzokatzen ziren. Alabaina, Mauryk beste bide batetik jo zuen, prozedura konplexuago bat otu zitzaion:aurreko eskemak jasotzen ez zituen espektro bereizketa maila batzuk zeudela ikusi zuen eta horren kariaz, plan berri bat asmatu zuen. Hogeita bi talde irudikatu zituen tenperaturaren beheranzko sekuentzia batean, eta bertan, espektroak lerroen zabaleraren eta argitasunaren arabera sailkatzeko gehitu zuen.

2. irudia: Antonia Maury Harvardeko Behatokian. (Argazkia: Harvard College Observatory – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Sistemaren berrantolaketa hau ez zuen zuzendariarekin aurretik adostu eta hori egin zuela jakitean, Mauryrekin izugarri haserretu zen agindutako lana ez zuelako hark esan zuen moduan burutu. Egindakoa gustatu ala ez, ez dago zalantzarik lortutako emaitzak iraultzaileak izan zirela. Are gehiago, 1913an, Hertzprung-Russell diagrama sortu zenean, Maury zuzen zebilela frogatu zen. Horregatik, 1922an, Nazioarteko Astronomia Elkarteak bere sailkapena onartu nahi izan zuen, eta 1943an, William Wilson Morgan, Philip Childs Keenan eta Edith Kellman astronomoek Mauryk proposatu zuena aintzakotzat hartu zuten Draper katalogoa berriz aztertu zutenean (MK sistema). Urte berean, Annie J. Cannon saria jaso zuen estatubatuarrak.

Antonia Mauryk berrogei urtez jardun zuen “Harvardeko kalkulatzaile” gisa. Denbora tarte hartan, desadostasun handiak izan zituen Pickeringekin, baina ez zion inoiz garrantzi handirik eman, ez zuen horretan denbora galdu nahi. Karmelo C. Iribarren poetak Diario de K liburuan idatzi zuen moduan: “Onarpen hutsa jasotzen duzunean, joatea duzu onena (“Cuando solo te admiten, lo mejor es irse”). Eta hala egin zuen: 1890. urtean behatokitik alde egin zuen, baina ez behin betiko, aldizka itzuli baitzen, bere lana 1897an argitaratu zen arte. Horren ondotik, Miss Masson eskolan klaseak eman zituen eta Draper Park Museoaz arduratu zen. 1948an erretiroa hartu zuen baina hori egin aurretik, beste behin itzuli zen Harvardera laguntzaile gisa 1918an, jada Harlow Shapley behatokiko zuzendaria zelarik. 1933an, Beta Lyrae izarrari buruzko haren ikerlanik ospetsuenetakoa argitaratu zuen.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Antonia Maury (1866-1952): Izarrak ezagutzen zituen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak