Gizatasunaz gogoetarik egingo al dugu adimen artifizialak gidatutako Makinaren Aroan?
Gure garaia Makinaren Aroa da, makinak gizakiari indar, kalkulu eta erabaki askotan erdigunea kendu dion sasoia; gizakiak makinari, bizitza eta harremanak zuzentzeko ardatz izan dadin, erdialdea eman dion aldia.
Gaur egun, makina aurreratuenak ordenagailuak dira, eta haien programarik eraginkorrenak, adimen artifiziala eragile eta prozesatzaile dutenak. Teknologia hori jende xehearen eskutan ugari da, eta gailuen dirdirak, erabilera-etekinak eta usain gabeziak hainbat ekintza eta ondorio estaltzen dituzte haien atzean. Hala, aurrerakuntza teknologikoa ikaragarrizkoa izan da azken mendeetan, baina aurrerapen humanoa ez. Alderatu ezin diren bide bi dira.

Hori dela eta, Makinaren Aroa ahalbidetu duen pentsamendu makinistaren izaera eta eginkizuna ulertu behar ditugu, eta, erabileraren gaineko gogoeta gutxietsi gabe, adimen artifizialaren gainean gogoeta egitea ezinbestekoa da. Bere horretan. Zergatik? Teknologia ez delako neutroa. Lorpenak eragitera zuzenduta dago; hura bere izaera, produktiboa izatea, produkzioa behartzea. Teknologia bitartekaria da, eta bere helburuak ditu, erabilerara heldu aurretik. Zer-nolako bidea ireki dugu, hortaz, adimen artifizialari, giza erabakien gainetik, lehentasuna emanik? Gizakia, zer eta arrazoiketa mailan, makinaren atzetik jarririk, zer esan behar dugu gizatasunaz? Hona hemen ortzi-muga hurbilean dauden hiru joera nagusiak.
Teknologia gizakiaren baitaraPentsamendu teknologikoak, behin giza gogoaren gidaritza harturik, teknologia natura, gizartea eta giza norbanakoaren edozein arlotara eraman du, azaleko mailan zein barneko mailan aplika dadin. Lehenik eta behin, gizakiak logika ezagutu eta eremu praktikora mugatu zuen; ondoren, bere barne munduan leku egin zion; gero, objektuetara eraman zuen; orain, gizakiaren barnera logika bere barruan duen makina eramatekotan dago.
Datorren bide nagusietako bat, hortaz, adimen artifiziala barne zein kanpo eremuetan lan egiten jartzea da. Gizakiari helduz, espezie biomekanikoa gero eta desiragarriagoa egiten ari da teknozientzian, transhumanismoari esker. Ondorioz, giza barnea eta kanpoa zer diren lausotu egingo da.
Gizakia teknologiaren baitaraTeknologia bera tresna izatetik eremu izaterako bidea gero eta handiagoa da. Gaur egun, espazio gozagarri legez, eremu birtuala gailentzen hasi da. Jende askok birtualitatea errealitatearen aurretik lehenesten du, edota bien arteko aldea lausotzen. Horretan, eremu digitalak garrantzi handia dauka. Teknologiaren barne mundua erakargarri, ikusgarri, gozagarri, egiten du inoiz ez bezala, eta giza gogoa gero eta atseginago dago bere baitan.
Teknologiaren helburua izango da, hortaz, gizakia ahalik eta gehien –gogoz eta gorputzez– bere baitan izatea. 3 dimentsiotan birtualitatea ahalik eta sinesgarri eta erosoen egingo duten pantaila, betaurreko zein gelen garapenak hori berori erakusten du. Eta, sinesgarritasun horretarako, adimen artifizial sortzailea banakoari egokitzea izango da hurrengo urratsa, mundu (tekno)propioa ahalik eta onena izan dakion.
Higiene teknologikoaPentsamendu teknologikoa eta tresna teknologikoa nagusi diren, eta gero eta gailenago izango diren, munduan, beraz, garbitasuna lortzeko gogoa ere agertuko da. Gutxiengo joera izango da, borondate irmoz landua, eta joera nagusietan lerratutakoek zigortua. Izan ere, makina (larregirik) gabeko mundu, gizarte edo gizakiak pentsamendu makinista bako (g)izateria eskatzen du, baina teknologia oso ideologikoa da: hemen eta orain mundurik onena eratzeko agintza du, eta hori zalantzan jartzea onartezina da bere eremuan.
Adimen artifizialak, hortaz, erronka handia jarri dio makina susmopean jartzeko gai denari. Kostu sozio-ekologiko handikoa da –energia, azpiegitura, sarbidea, bereizketa, esklabotza, deshumanizazioa–, baina kostu espirituala oraindik izugarriagoa izango da. Arreta lehen horietan jartzeko joera ere izango da; azken horretan, aldiz, ziurrenik ez.
Antzina jakintza zen helburu, eta ezagutza lagungarri. Modernitatean, ezagutza zen helburu, eta haren praktikotasunerako datuak lagungarri. Egun, datuak dira helburu, eta haien etekinerako giza objektua lagungarri. Norabide eta aldaketa horien jabe izatea da, beraz, adimen artifizialaren sasoiko galdegai nagusirako gako: Gizakia zer da eta zer izango da Makinaren Aroan?
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Gizatasunaz eta pentsamendu teknologikoaren ibilbideaz.
- Laburpena: Testu honetan, ordenagailua eta adimen artifiziala agertzeko ezinbesteko izan den Mendebaldeko kontzientziaren historia egingo dugu, eta, horretarako halabeharrezko izango zaigu, labur bada ere, logika giza gogoetetan nola sartu zen ezagutzea, une jakin batean giza eremurik atera eta makinen eremuan txerta zedin. hau da, logika giza pentsamenduan nola sartu, nola errotu eta nola atera den aztertuko dugu, eta azalduko dugu ibilbide horrek gizatasunari zer ondorio eragin dizkion eta gaurgeroko joera nagusiak zein izango diren. Gure sakoneko abiapuntua honako hau da: adimen artifizialaren makina transhumanismo modernoaren ekarpenik nabariena da. Gizakiaren baieztapena edo ezeztapena jokoan daude nihilismoak itzalitako garai honetan. Testu honen helburua, beraz, adimen artifizialaren agerpenak berak, erabilera jakinak baino lehen, aspaldiko galderaren aurrean dakarrena aztertzea da: zer da gizaki?
- Egilea: Jon Mentxakatorre Odriozola
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 257-278
- DOI: 10.1387/ekaia.26245
Jon Mentxakatorre Odriozola Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzailea da
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Gizatasunaz gogoetarik egingo al dugu adimen artifizialak gidatutako Makinaren Aroan? appeared first on Zientzia Kaiera.
Eva Nogales: «Biologia molekularra txundigarria da»
Eva Nogales (Colmenar Viejo, 1965) ikertzailea da Howard Hughes Institutu Medikoan, Biokimika eta Biologia Molekularrean katedraduna (Bekeleyko Kaliforniako Unibertsitatea) eta zientzialari seniorra Lawrence Berkeley National Laboratory instituzioan. Nazioarteko liderra da bere esparruan, kriomikroskopia elektronikoa erabiltzen baitu zelulen osagaiak maila atomikoan aztertzeko. Bere lanari esker, minbizia eta beste gaixotasun batzuk tratatzeko garrantzitsuak diren funtzio zelularraren alderdi batzuk deskubritu ditu. Beste aintzatespen askoren artean, Bizitza eta Medikuntzaren Zientzietako Shaw saria jaso zuen 2023an.

Biofisika molekularraren esparruan lan egiten dut. Zehazki, biologo estrukturala naiz, eta kriomikroskopia elektronikoa erabiltzen dut konplexu makromolekularrak ikertzeko. Alde batetik, mikrotubuluak eta zelula banaketan eta neuronetan materialak garraiatzeko prozesuan haiekin interakzionatzen duten beste osagai zelular batzuk aztertzen ditugu. Eta, beste alde batetik, gene adierazpena transkripzioaren eta gene-isiltzearen mailan erregulatzen duten proteinen konplexuak ikertzen ditugu.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?Biologia molekularra txundigarria da. Hasieran fisika ikasi nuenez, niretzat biologia molekularra da modurik egokiena zelularen bizitzarako eta organismorako oinarrizkoak diren prozesu biologikoak maila atomikoan ulertzeko, horien funtzionamenduaren atzean dauden kimika eta fisika ulertzearen bidez.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?Beti aipatzen ditut institutu garaiko matematika, fisika eta biologiako irakasleak; emakume inspiratzaileak ziren, bai eta profesional bikainak ere.
Nire karreran zehar, pertsona askok izan dute eragina nigan; adibidez, Mina Bissellek, Lawrence Berkeley National Laboratoryko biologo zelularrak —laborategi horretan egin nituen doktorego ondoko ikasketak—. Bisellek moldeak hautsi zituen bularreko minbiziaren ikerketan, eta sostengu handia izan da emakumezko zientzialari gazteentzat. Eta egungo erreferente bat Berkeleyko nire kide eta lagun Jennifer Doudna da, egunez egun erakusten baitu oso urrun irits gaitezkeela zientzian eta teknologian. Kimikako Nobel saria irabazi zuen CRISPR/Cas9 garatzeagatik edizio genetikorako tresna gisa.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?Milaka gauza! Interes handia dut mikrotubuluek funtzio zelular asko integratzeko duten gaitasunean, gainazalean elkarrekin komunikatzen diren faktoreekiko interakzioen bidez. Gainera, horrek lagundu egiten du zitoeskeletoak gure kromosomak jariatzeko duen rolean, zelula bat banatzen den bakoitzean, edo neuronen arteko sinapsirako beharrezkoa den garraio intrazelularra ahalbidetzen duen axoiaren antolakuntzan. Halaber, interesatzen zait gure genomaren irakurketak erregulatzeko duen modua, histonen itzulpen ondoko aldaketaren mailan, transkripzioari mesede egiteko, edo ez. Erregulazio horretarako, proteinen konplexu handien jarduera behar da, eta horiek domeinu funtzional trukagarriak dauzkate. Bada, ulertu nahi nuke nola eboluzionatu zuten, eta nola funtzionatzen duen horrek guztiak modu integratuan.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?Literatura zientifiko asko irakur dezatela; martxan jar daitezela laborategietan sartu eta esperientzia lortzeko, albait arinen; inspiratzen dituzten ikertzaileez ingura daitezela, haiengandik ikasteko; eta zientzia egiteko modu bat baino gehiago ikas ditzatela, ahal bada, bidaiatuz eta herrialde ezberdinetan lan eginez.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 15ean: Eva Nogales: «La biología molecular es fascinante».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.
The post Eva Nogales: «Biologia molekularra txundigarria da» appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizateria osoa
Gizaki modernoa, Homo sapiens, Afrikan garatu zen, orain dela 300.000 urte baino gutxiago. Lehen txangoak orain dela 215.000 urte inguru egin ziren, baina benetako hedapena 70.000 eta 50.000 urte artean hasi zen, lehenengo Hegoaldeko Asiatik Australiaraino, gero Europara eta Ameriketara, eta azkenik Ozeaniako eta Artikoa bezalako lurraldeetara. Gizakiak klima, dieta eta bizimodu askotara moldatzeko gaitasuna izan du, eta kultura izan da horretarako giltza.
Bidaia horiek berreraikitzeko genetika dugu lagun. DNA mitokondriala amaren bidez igarotzen da eta mitokondriako DNA berbera jaso duten pertsona guztiek “haplotalde” bat osatzen dute. Bestalde, Y kromosomaren bidez, berriz, aitaren lerroa ezagutu dezakegu. Azterketa horiei esker, ikertzaileek gure arbaso genetiko komunak identifikatu dituzte: “Eva mitokondriala”, duela 155.000 urte Ekialdeko Afrikan bizi izan zen emakumea, eta “Y-kromosomaren Adam”, duela 275.000 urte Ipar-Mendebaldeko Afrikan bizi izan zen gizona. Horrelako ikerketek erakutsi digute gizakiak etengabe mugitu eta nahastu direla, kolore askotako gizateria bakarra osatuz.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.
The post Gizateria osoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Nanopartikula lipidikoak: preeklanpsiaren tratamendurako itxaropena
Preeklanpsia haurdunaldiko arazo larria da. Mundu mailan haurdunen % 5 ingururi eragiten die, eta % 2ri gure inguruko herrialdeetan. Honako hauek dira preeklanpsiaren ezaugarriak: tentsio arteriala igotzen da, maiz proteinuriarekin lotuta (gernuaren bidez proteinak galtzea, giltzurrunetako kaltearen ondorioz), likidoak atxikitzen dira eta fetuaren hazkundea murrizten da. Ondorio larriagoak ere izan ditzake, hala nola eklanpsia (konbultsioak, koma) eta HELLP sindromea. Preeklanpsia amaren heriotzaren kausa nagusietako bat da. Urtero 75.000 emakume inguru hiltzen dira arrazoi horrengatik, eta milioi erdi haurdunaldi eteten dira. Ez dago tratamendu espezifikorik. Amaren hipertentsioa kontrolatu eta erditzea eragin baino ezin da egin. Horrexegatik da hain garrantzitsua preeklanpsia prebenitu edo sendatzeko bide terapeutiko berriak ikertzea.

Gaur egun, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zergatik gertatzen den preeklanpsia, baina badakigu plazentaren garapen akastunarekin eta plazentako ehunen perfusio baskular desegokiarekin hasten dela (1. irudia). Plazentak erreakzionatu egiten du oxigeno-ezaren aurrean, eta amaren endotelio baskularraren disfuntzioa eragiten duten molekulak sortzen ditu, eta, batzuetan, preeklampsiaren sintomak.
Plazentak amaren zirkulaziora gehiegi jariatzen dituen molekulen artean, Flt1 hartzailearen forma disolbagarria nabarmentzen da. Proteina hori, normalean, hodien endotelioan egoten da, eta VEGF (endotelio baskularraren hazkunde faktorea) faktore garrantzitsuaren hartzaile gisa jarduten du. VEGF funtsezkoa da endotelioaren fisiologia normalerako, bai eta angiogenesi izeneko prozesuan eremu hipoxikoetarantz haz dadin ere.

Flt1 hartzailearen forma disolbagarria (sFlt1) FLT1 genetik eratorritako RNA mezulariaren prozesamendu alteratu baten ondorioz sortzen da. Alterazio horrek mintz endotelialekin lotzeko eremurik ez duen proteina bat sortzen du; hortaz, sFlt1 gehiegik zirkulatzen du aske odolean, eta horrek ondorio toxikoak izaten ditu. Arazoa da plazentak gehiegi sortzen duen sFlt1a hori VEGFari lotzen jarraitzen duela, bahitu egiten duela eta eragotzi egiten duela VEGFaren zeregina: endotelioa mantentzea (2. irudia). Horrexegatik da zirkulazioan VEGF gehiago zuzkitzea preeklanpsiaren tratamendurako aukeretako bat, baina nahi ez diren albo ondorioak izan ditzake. Odola gorputzetik kanpoko gailu baten bidez iragazi eta sFlt1aren molekulak ezabatzea ere iradoki da.
Aukera askoz ere erakargarriago bat garatu du Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertalde batek eta Nature aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean dago jasota. COVID-19aren aurkako txerto nagusiak garatzeko erabili zenaren antzeko teknologia aplikatzea da asmoa. Gogora dezagun txerto horiek nanopartikula lipidikoak zirela eta SARS-CoV-2 birusaren proteinak kodetzen zituen RNA mezulari bat zutela. Gure organismoan, RNA mezularia proteina bihurtzen zen, eta proteina horrek immunitate sistema aktibatu eta birusaren aurkako antigorputzak sortzen zituen.
Preeklanpsiari dagokionez, nanopatikulak VEGF proteina kodetzen duen RNA mezulariarekin kargatzea da asmoa. Arazoa da nanopartikula horiek batik bat plazentara bideratu behar direla, eta horixe da, hain zuzen ere, azterlan horren berrikuntza. Taldeak markatzaile fluoreszentea zuten nanopartikula lipidikoen 98 mota diseinatu zituen. Sagu ernalduetan injektatu ostean, nanopartikulek plazentara bideratzeko eta haren fluoreszentzia adierazteko joera handiagoa zutela egiaztatu zen. Horietako batek, LNP-55ek, eman zituen emaitzarik onenak, hau da, plazentarekiko afinitate handiagoa erakutsi zuen laborategian erabili ohi diren nanopartikulek baino. Gainera, LNP-55ek abantaila bat du: ez du plazentaren hesia zeharkatzen eta ez dio fetuari eragiten.
LNP-55 partikulak VEGFrako RNA mezulariarekin kargatu zituzten eta sagu ernalduetan injektatu. Sagu horietako batzuek lipopolisakaridoen injekzioa jaso zuten, hau da, inflamazioa eta preeklanpsiaren antzeko sintomak eragiten dituen substantzia batena. Beste batzuk, berriz, sFlt1 gehiegi eta preeklanpsiaren sintoma berberak eragiten zituzten adenobirusekin tratatu zituzten. Bi kasuetan, LNP-55/VEGF bidezko tratamenduak murriztu egin zuen amen tentsio arteriala eta proteinuria, hobetu egin zuten plazentako perfusioa eta areagotu egin zuten fetuen hazkundea.
Emaitza hori oso esperantzagarria da, nahiz eta oraindik bide luzea egin behar den gizakien preeklanpsia tratatzeko tratamendura iristeko. Adibidez, iradoki da plazentak berez ekoizten duen hazkunde faktorea, PlGF delakoa, VEGFa bera baino interesgarriagoa litzatekeela. Izan ere, amaren odoleko sFlt1/PlGF ratioa preeklanpsiaren ondoriozko konplikazioen adierazle ona da. Halaber, LNP-55ek barearekin afinitatea duela ikusi da, eta baztertu egin behar da organo horretan VEGF adierazpenak nahi gabeko ondoriorik ez eragitea.
Edonola ere, RNA mezulariren “etxera eramateko” teknologian egin diren aurrerapenek itxaropena ematen diote dute gaur egun, oraindik ere, suntsitzailea izaten jarraitzen duen sindromeari.
Erreferentzia bibliografikoak:Swingle, Kelsey L.; Hamilton, Alex G.; Safford, Hannah C.; Geisler, Hannah C.; Thatte, Ajay S.; Palanki, Rohan; Murray, Amanda M.; Han, Emily L.; Mukalel, Alvin J.; Han, Xuexiang; Joseph, Ryann A.; Ghalsasi, Aditi A.; Alameh, Mohamad-Gabriel; Weissman, Drew; Mitchell, Michael J. (2024). Placenta-tropic VEGF mRNA lipid nanoparticles ameliorate murine pre-eclampsia. Nature, 637, pages 412–421. DOI: 10.1038/s41586-024-08291-2
Thadhani, Ravi; Karumanchi, S. Ananth (2024). Lipid-delivery system could treat life-threatening pregnancy complication. Nature. DOI: 10.1038/d41586-024-03853-w
Egileaz:Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko abenduaren 30ean: Nanopartículas lipídicas: una esperanza para tratar la preeclampsia.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Nanopartikula lipidikoak: preeklanpsiaren tratamendurako itxaropena appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraia Garcia Santisteban, biokimikaria: “Ezustean aurkitu nuen nire ikerketa-lerroa irekitzeko bidea”
Iraia Garcia Santisteban biokimikariarentzat betitik izan da erakargarria ikerketa-mundua. Tira, txiki-txikitan ile-apaintzailea izan nahi zuela aitortu du, barre artean, baina, gerora, bere erreferenteak zientziara bideratu dute, bereziki, DBHn izan zituen bi irakasle, natur zientzietakoa, eta biologia eta kimikakoa (biak emakumeak), eta, batez ere, bere izeba Marisol, zeinak ikertzaile gisa ibilbide aberatsa izan baitu.
“Izebak honetan ez sartzeko esaten zidan”, gogoratu du Garciak. “Baina betitik gustatu zait, eta ez naiz damutzen”. Hortaz, unibertsitatean biologia ikasten hasi, eta, jada bigarren mailan, biologia zelularreko laborategi batean hasi zen ikertzen: “2005a zen, eta Prestige ontziko isurien eragina ikertzen genuen muskuiluetan”. Biologia zelularretik genetikara aldatu zen, eta Jose Antonio Rodriguez Perez medikuntzako irakaslearekin hasi zen ikertzen.

“Hura ere erreferente bat da nire bizitzan, beti laguntzeko prest. Berekin egin nituen masterra, eta gero tesia, deubikitinasen inguruan. Proteina horiek zeluletan daude, eta minbizi mota batzuetan mutatuta agertzen dira”, azaldu du. Laborategi hartatik, Amsterdameko NKI Herbehereetako Minbizi Institutura joan zen, doktoretza-ondorengoko beka batekin.
Itzuli zenean, Ana Zubiaga Elordietarekin egon zen, Rodriguezek eta biek partekatzen duten laborategian. Bi urteren ondoren, irakaskuntzan ordezkapen bat egiteko aukera izan zuen, eta orduan ikusi zuen lan hori ere gustuko zuela eta bide bat izan zitekeela. “Ikerbasque beka eskatu nuen, Juan de la Cierva ere bai, eta, curriculum ona neukan arren, ez nuen bekarik lortu. Izan ere, ez da nahikoa ona izatea; besteak baino hobea izan behar duzu”.
Irakaskuntzan ere, oposizioetara aurkeztu zen, eta ez zuen irabazi. Baina, ezustean, beste ate bat ireki zitzaion orduan: “Nirekin aurkeztu zen beste neskak irabazi zuen, Nora Fernandez Jimenezek. Eta justu bere taldean doktoretza-ondorengoko plaza bat sortu zen. Aurkeztu nintzen, eta aukeratu ninduten. Orduan, guztiz aldatu zen nire norabidea. Hasi nintzen gaixotasun konplexuen genomikarekin eta bioinformatikarekin lanean, eta harremanetan jarri nintzen klinikarekin, Gurutzetako ospitalearekin. Hala, Gurutzetako ginekologo batzuekin batera, nire lerro propioarekin hasi nintzen!”
Endometriosia, gaitz konplexu eta ezezagunaEndometriosia ikertzen hasi zen, eta, horri esker, curriculuma osatu zuen, eta hurrengo plaza irabazi zuen. Garciaren esanean, endometriosia gaixotasun konplexu bat da, eta ikergaitzat hartzeko arrazoia, neurri batean, pertsonala izan zen, justu aurreko urtean diagnostikatu baitzioten. “Diagnostikatu zidatenean ez nekien zer zen; ez neukan ia entzunda ere. Atera kontuak zenbateko desinformazioa dagoen”. Horrenbestez, endometriosiaren diagnostikoa egiteko biomarkatzaileak ikertzen hasi zen. “Ea gure ikerketaren ekarpenarekin, urte batzuen buruan ez den hainbeste urte itxaron behar diagnostikoa izateko”.
Gaur egun, gure eguneroko produktu eta elikagaietan dauden kutsatzaileek endometriosia izateko arriskuan duten eragina aztertzen dabil Amaia Irizar Loibiderekin batera, Zihara Alonso ikaslearen laguntzarekin. Ikerketa egiteko, endometriosia duten boluntarioak behar dituzte, euren odol menstruala ikertzen baitute. Horretarako, helbide hauetara idatzi dezakete: iraia.garcia@ehu.eus; amaia.irizar@ehu.eus.
Bere lanaz grinatsu hitz egiten badu ere, ez ditu ezkutatzen zailtasunak, eta bi oztopo aipatu ditu amaieran. Batetik, amatasuna eta ikerketa uztartzeko egiturazko eragozpenak. Eta, bestetik, beti finantziazioaren bila ibili beharra. Hori jakinda, are balio handiagoa du taldekideekin batera uko egin izana Europako proiektu batean sartzeari, Israel dagoelako tartean.
Fitxa biografikoa:Iraia Garcia Santisteban Zallan jaio zen, 1986. urtean. Biokimikan lizentziatua da, eta Biología Molekularra eta Biomedikuntzan doktorea. Amsterdameko NKI Herbehereetako Minbizi Institutuan egin zuen doktoretza-ondorengoa, eta, itzulitakoan, aurrena postdoc junior moduan egon zen EHUn, eta gero postdoc senior bezala Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuan. 2021ean irakasle atxiki plaza lortu zuen, eta orain irakaskuntza eta endometriosiaren genomikaren ikerkuntza uztartzen ditu, afiliazio bikoitzarekin: EHU eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutua.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Iraia Garcia Santisteban, biokimikaria: “Ezustean aurkitu nuen nire ikerketa-lerroa irekitzeko bidea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraganeko ur gezako landare arbasoek egungo nekazaritza hobetu dezakete
Inori ez zaio arraroa iruditzen inguruneko landareak 3D-an hazten badira, baina lur-landareek ez dituzte gaur egun normalak iruditzen zaizkigun gaitasunak azken urteetan zein mendeetan garatu. Hain zuzen ere, 500 milioi urte baino gehiago pasa dira lur-landareen alga arbasoak ezaugarri hauek garatu zituenetik. Orain, ikertzaileek arbaso bakar horren leinuen genomak ikertzen dituzte egungo nekazaritzaren jasangarritasuna hobetzeko asmoz.
Azken hamarkadetan, material genetikoa ikertzeko tresnetan egindako aurrerapenei esker, zientzialariek landareen eboluzioari buruzko aurkikuntza liluragarriak egin ahal izan dituzte. Egun, badakigu lur-landareen eta beren arbaso diren ur gezatako algen artean konexio ugari daudela, lur landareek lurrera iritsi baino askoz lehenago garatu baitzituzten zenbait ezaugarri, hala nola gaur egungo landareek estresari aurre egiteko edo 3D-an hazteko duten gaitasuna.

Alabaina, egungo lur-landareen jatorri ebolutibo bakarra bilatzean zailtasun ugari suertatzen dira. Izan ere, ur gezetako arbasoa duela 500 milioi urte bizi izan zen eta, geroztik, 3 leinu ezberdinetan eboluzionatu dute egun existitzen diren hepatizeoak, antocerotak eta goroldioak. Lur-landareen artean goroldioak dira ezagunenak, baina hiru leinuek azaltzen dute ezaugarri nagusi berdina: hirurak baldintza hezeetan bizi diren landare ez-baskularrak dira, hau da, ez daukate beste landareek bezala gizakien arteria eta benak simulatzen dituzten egitura baskularrak (xilema eta floema).
Hala ere, genoma aztertzeko orduan antocerotak dira arbaso bakarretik hurbilen daudenak eta, beraz, ezinbestekoak bilakatu dira beren kode genetikoa argitzeko ikerketetan. Arbasoen inguruko informazio genetikoa lortzeak lagundu egiten digu eboluzioan zehar lurreko landareen ezaugarri jakin batzuk nola agertu diren ulertzen eta, gainera, eredu gisa erabil dezakegun informazioa da. Horiek horrela, Nature Plants aldizkarian argitaratutako artikuluan, mundu osoko ikertzaileek lur-landareen arbaso bakarraren genoma argitu nahi dute beren ondorengo diren hiru leinuen genomak aztertuz.
Iraupen luzeko lasterketa2025ko udan, Current Biology aldizkarian argitaratutako berrikusketa batean, mundu osoko ikertzaileek lur-landareen arbasoak ikertzeko eredu-sistema bateratuak garatzeko deia egin dute. Izan ere, gaur egun, alga horien genomen sekuentziazio soiletik harago doa ikerketa. Gene horien funtzionamenduan sakontzen ari dira ikertzaileak, eta geneek algei bizirik irauten eta funtzionatzen nola laguntzen dieten aztertzen ari dira.
Hori lortzeko, kasu askotan 5 urtetik gorako lan esperimentala behar da; eta hori da antoceroak ikertu zituzten nazioarteko zientzialariei gertatu zitzaiena: “Hiru urte behar izan genituen antozeroteak nola landatu eta haien bizitza sexualaren zikloa laborategiko ingurumenean errepikatzeko, eta beste hiru urte haien genomak behar bezala aztertu eta idazteko”, dio Szövényi-k, Zurich unibertsitateko ikerketaburuak.
Arbasoaren baliabideak ustiatzenLeinuen genomak ikertzean, zientzialariek antozeroteak karbono dioxidoa kloroplastoetan kontzentratzeko duten mekanismoa argitu nahi zuten. Nahiz eta ur gezako hainbat algak azukre gehiago ekoizteko metodologia hau erabiltzen duten, lur landareetan artean antozeroteak dira gaitasun hau duten bakarrak. Cornell Unibertsitateko ikerketaburua den Li-ren hitzetan, “karbono-kontzentrazioko mekanismo hori hazkuntza-landareetan instalatu ahal izango balitz, gehiago hazi ahalko lirateke ongarri kantitate gutxiagorekin”.
Ikertaldeak, gainera, landare gutxik erakusten duten baliabide-pilaketa mekanismo bat antzeman zuen. Hain zuzen ere, landareek zianobakterioekin duten harreman sinbiotiko batean nitrogeno-iturria susta lezaketen 40 gene identifikatu zituzten. “Funtzio paregabea da”, adierazi zuen Li-k: “Oso landare gutxik egin dezakete hori”.
Horrela, ikerburuak nabarmendu egiten du garrantzi handia izan dezakeela dugun gaitasuna garatzeak ur-landareetan antzeman ditugun bi ezaugarri horiek nekazaritza ingurunetan erabiltzeko; alegia, baliabideak pilatzeko gaitasun genetikoa eta erlazio sinbiotiko onuragarriak. Ikerburuaren beren hitzetan, “Nekazariek ongarri nitrogenatu gutxiago erabili ahal izan dezaten lortzeko zianobakterioekin antzeko harreman sinbiotikoa garatzerik balego, onuragarria izan liteke ingurumenerako. Izan ere, laborantzako nitrogeno gehiegi iristen da ibai-bideetara, eta hor alga hilgarrien loraldiak eragin ditzake”.
Uretatik lurreraIkerketak lur lehorra menderatu zuten lehen landareen inguruko informazioa ere azaleratu du. Orain arte ere jakina zen aipatutako hiru leinuak lurra kolonizatu zuten lehen landareak zirela, baina hala ere, emaitzek hiru taldeen arteko harremanak argitu ditu. “Lurreko landareen erlazioari dagokionez, eztabaida handia egon da antozeroteei dagokien kokalekuaren inguruan” esan zuen Li-k. “Hemen, hepatizeoek, antozeroteek eta goroldioek landare baskularrekin baino elkarrekiko lotura estuagoa dutela adierazten duen ebidentzia sendoa dugu. Halaber, frogatu dugu hepatizeoak eta goroldioak elkarren artean lotura estuagoa dutela, antozeroteekin baino”.
Nahiz eta lortutako emaitzek lurreko landareen bilakaera ulertzeko hutsune oso garrantzitsua betetzen duten, ahaleginak batzeko beharra nabarmentzen du aurten ur gezetako arbasoak ikertzen dituzten zientzialariek argitaratutako berrikusketak. Izan ere, komunitate zientifiko txikia da alga hauek ikertzen dituena eta ezinbestekoa da protokoloak, metodoak eta alga-laginketak estandarizatzea.
Erreferentzia bibliografikoak:Li, Fay-Wei; Nishiyama, Tomoaki; Waller, Manuel; Frangedakis, Eftychios; Keller, Jean; Li, Zheng; Fernandez-Pozo, Noe; Barker, Michael S.; Bennett, Tom; Blázquez, Miguel A.; Cheng, Shifeng; Cuming, Andrew C.; de Vries, Jan; de Vries, Sophie; Delaux, Pierre-Marc; Diop, Issa S.; Harrison, C. Jill; Hauser, Duncan; Hernández-García, Jorge; Kirbis, Alexander; Meeks, John C.; Monte, Isabel; Mutte, Sumanth K.; Neubauer, Anna; Quandt, Dietmar; Robison, Tanner; Shimamura, Masaki; Rensing, Stefan A.; Villarreal, Juan Carlos; Weijers, Dolf; Wicke, Susann; Wong, Gane K.-S.; Sakakibara, Keiko; Szövényi, Péter (2020). Anthoceros genomes illuminate the origin of land plants and the unique biology of hornworts. Nature Plants, 6, 259–272. DOI: 10.1038/s41477-020-0618-2
Carrillo-Carrasco, Vanessa Polet; Hernandez-Garcia, Jorge; Girou, Camille; Grubor, Ivana; Keller, Jean; Lim, Elodie; Schmidt, Vojtech; Sørensen, Iben; Vosolsobe, Stanislav; Buschmann, Henrik; Delaux, Pierre-Marc; Domozych, David; Holzinger, Andreas; Nakagami, Hirofumi; Nishiyama, Tomoaki; Petrasek, Jan; Renault, Hugues; Rensing, Stefan A.; Rose, Jocelyn K.C.; Sekimoto, Hiroyuki; Delwiche, Charles F.; Weijers, Dolf ; de Vries, Jan(2025). A roadmap to developing unified streptophyte algal model systems. Current Biology, 35, 14, 725–738. DOI: 10.1016/j.cub.2025.05.023
Egileaz:Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.
The post Iraganeko ur gezako landare arbasoek egungo nekazaritza hobetu dezakete appeared first on Zientzia Kaiera.
Ig nobel sariak: saguzar mozkorrak eta oinetako kirasdunak
Ig Nobel sariek, lehenengo, barrea eragiten duten eta ondoren pentsarazten duten ikerketak saritzen dituzte ezagutza arlo ugaritan. Sariak Boston-en banatu ziren irailaren 18an. Helburua jendartean zientziarekiko interesa piztu eta ikerketa gerturatzea da. Orain arte, sarituek 10 trilioi dolarreko txekea jasotzen zuten, baina Zinbaweko dolarrak zirenez, non inflazioa oso handia zen, sariak euro bat baino gutxiago balio zuen. Aurten, ordea, diru-sariaren ordez, irabazleek paper-zapi bat jaso dute. Behean aurtengo lan sarituak aipatzen dira arlo bakoitzeko.
Behiak marra zuri-beltzez margotzen badira eta zebren itxura eman, murriztu egingo da jasotzen duten euli-ziztaden kopurua. Lan honek jaso du biologiako saria. Ikertzaileek hiru behi multzo aztertu zituzten: behi arruntak, marra beltzez margotutakoak eta marra zuri-beltzez margoturikoak. Azken hauek zebra itxura zeukaten. Euliek behi mota bakoitza zenbat aldiz ziztatzen zuten aztertu eta gero, marra zuri-beltzak zituzten behiek, behi arruntek baino ziztada gutxiago zutela ikusi zuten. Horrela, marra zuri-beltzak margotzea eulien ziztadak ekiditeko metodo eraginkorra dela egiaztatu dute. Metodo honek pestiziden erabilera ordezkatu dezake, ondorio onuragarria abereentzat eta ingurugirorako.

Pasta gazta- eta piperbeltz-saltsarekin jatea ohikoa da Italian, baina saltsa hau lortzea ez da batere erreza! Hain zuzen ere, fisikako saria saltsa honen fase-portaera aztertu duten zientzialarientzat izan da. Ikerketa horretan, saltsa egiteko, gazta-, ur- eta almidoi-proportzio ugari erabili dituzte eta zenbait tenperaturatan prestatu dute. Pasta egostean, almidoia pastatik ur-fasera pasatzen da. Haren kontzentrazioa txikia denean (% 1 azpitik) pikorrak osatzen dira eta saltsaren testura ez da egokia. Horregatik, komeni da almidoi kontzentrazioa % 1-3 artean mantentzea. Osagaien proportzio eta tenperatura egokiak zeintzuk diren jakitea ez da erraza; horregatik, zientzialariek gazta- eta piperbeltz-saltsa perfektua egiteko errezeta proposatu dute.
Ezaguna da tefloia material inertea dela. Hori aintzat hartuta zientzialari talde batek material horixe proposatu du elikagai-gehigarri bezala asetasuna areagotzeko, ez baitu kaloriarik. Hori izan da kimikako saria jaso duen lana. Horretarako, Dupont etxeak 60ko hamarkadan egindako lan batean oinarritu dira, non saguei tefloiarekin nahastutako janaria ematen zieten (% 25 tefloia) 90 egunez. Saguek ez zuten azaldu erantzun toxikorik eta pisua galdu zuten. Taldeak ideia patentatu bazuen ere, Elikagai eta Sendagaien Administrazio estatubatuarrak (FDA) ez du tefloia elikagai gehigarri bezala onartzeko asmorik.
Ezaguna da, oinetakoen kiratsa ekiditeko, haiek ondo aireztatu eta garbitu behar direla. Oinetakoak ez badira ondo aireztatzen bakterio ugari hazten dira bertan. Bakterioek larruazaleko zelula hilak eta izerdia kontsumitzen dituzte eta sufre-konposatuak ekoizten dituzte, oinetakoei kirats bereizgarria ematen dietenak. Zapatilak ondo aireztatu gabe oinetako-altzarian gordetzen badira, altzari hori erabiltzea ez da oso atsegina izango. Hori dela eta, ikertzaile talde batek oinetakoen altzarien diseinua hobetzea proposatzen du argi ultramore-lanpara bat jarriz bertan. Lanpara honek argi ultramorea igortzen du, bakterioak hiltzeko gai dena, kiratsaren arazoa ekiditeko. Lan honek irabazi du ingeniaritzako saria.

Ezaguna da alkohola edatea eta gidatzea bateraezina dela. Bada saguzarren kasuan ere mozkortuta hegan egitea ez dela aproposa frogatu dute. Hain zuzen ere, alkoholak saguzarren hegan egiteko ahalmenean daukan eragina aztertzen duen lanak jaso du hegazkintza saria. Ikertzaileek alkoholik gabeko eta % 1 alkohol duen janaria eman zieten saguzar talde banari eta haien portaera aztertu zuten. Alkohola kontsumitu duten saguzarrek denbora gehiago behar dute distantzia jakin bat egiteko eta arazoak dituzte ekolokalizatzeko; hau da, soinu-uhinen bidez inguruan daukaten eremuaren irudia osatzeko. Horrek arriskuan jarri ditzake saguzarrak. Izan ere haien erreakzio-denbora murrizten du eta, ondorioz, harrapakin errazagoa bihurtzen ditu gaueko harraparientzat. Beraz, ez da harritzekoa saguzarrek alkohola daukaten frutak ekiditea.
Gutariko askok gustuko dugu baratxuria; bularreko haurrek ere gogoko dute baratxuri-zaporea daukan esnea. Hain zuzen ere, ikerketa honek jaso du pediatriako saria. Amak baratxuria jatean, aldatu egiten da ekoizten duen esnearen usaina; haurrek gogoko dute hura, eta luzeagoak bihurtzen dira hartualdiak. Ikerketa honek eragin handia izan zuen bere garaian (1995), bularra ematen zuten amei baratxuria ez jatea gomendatzen baitzitzaien umeak esnea gustuko izango ez zuelakoan. Jaio berritan izandako zapore esperientziek eragina daukate gustuko izango ditugun elikagaietan.
Gizakiak ez ezik, muskerrak ere pizza-zaleak dira Togon. Baina ez dute gustuko edozein pizza, lau gaztakoa gogoko dute baina lau urtarokoari muzin egiten diote. Zientzialariek zelai batean lau gazta-pizza eta lau urtaro-pizza zatiak jarri dituzte agerian eta harrituta ikusi dute muskerrek soilik lau gaztako pizza jaten dutela. Lan honekin irabazi dute nutrizioko saria.
Umeek adimenaren inguruan eskolan edo gurasoengandik jasotzen duten iritziak eragin handia dauka beren adimenaren pertzepzioan. Helduetan ere, kanpotik jasotzen diren iritziek eragin nabarmena izan dezakete. Hori aztertzeko, 361 pertsonako talde batekin egin dute lan, batzuei azkarrak direla esanez, eta besteei, motelak. Azkarrak direla esateak nartzisismoa sustatzen duela frogatu da. Ikerketaren arabera, bizitzan zehar norbaitek bere ahalmenen inguruan jasotzen duen iritziak eragin handia dauka norbanakoaren adimen-pertzepzioan. Lan honekin psikologia saria jaso dute.
35 urtez azazkalen hazkuntza aztertu duen lanarentzat izan da literatura saria. Azazkal bakoitza abiadura batean hazten da; erdiko hatza azkarren eta hatz lodia edo txikiena motelen. Azazkalen arteko abiadura-erlazioa konstantea denez, azazkal bat zenbat hazten den jakinda gainontzekoen hazkuntza kalkulatu daiteke. 35 urtez gaia ikertu ondoren, adinarekin azazkalen hazte-abiadura moteldu egiten dela frogatu dute.
Alkoholak eragin kaltegarriak dituela ezaguna den arren, badirudi atzerriko hizkuntza baten ahoskera hobetu dezakeela. Hori da hain zuzen ere ikertzaile talde batek frogatu duena: horretarako, nederlandera bigarren hizkuntza bezala ikasten ari diren 50 aleman aukeratu dituzte. Taldeko pertsona batzuei alkoholdun edariak eta besteei alkoholik gabekoak eman eta beren artean nederlanderaz egindako eztabaida bat grabatu zuten. Grabazio horren azterketak erakutsi du ahoskeran puntuazio altuagoa lortzen dutela alkohola edan dutenek. Lan honek bakearen saria jaso du.
Erreferentzia bibliografikoak:Kojima, Tomoki; Oishi, Kazato; Matsubara, Yasushi; Uchiyama, Yuki; Fukushima, Yoshihiko; Aoki, Naoto; Sato, Say; Masuda, Tatsuaki; Ueda, Junichi; Hirooka, Hiroyuki; Kino, Katsutoshi (2019). Cows painted with zebra-like striping can avoid biting fly attack. PLoS One, 14. DOI: 10.1371/journal.pone.0223447
Bartolucci, G.; Busiello, D. M.; Ciarchi, M.; Corticelli, A.; Di Terlizzi, I.; Olmeda, F.; Revignas, D.; Schimmenti, V. M. (2025). Phase behavior of Cacio e Pepe sauce. Physics of Fluids, 37. DOI: 10.1063/5.0255841
Naftalovich, Rotem; Naftalovich, Daniel; Greenway, Frank L. (2016). Polytetrafluoroethylene ingestion as a way to increase food volume and hence satiety without increasing calorie content. Journal of diabetes science and technology, 10, 971-976. DOI: 10.1177/1932296815626726
Kumar, Vikash; Mittal, Sarthak (2021, December). Smelly Shoes-An Opportunity for Shoe Rack Re-Design. In International Conference of the Indian Society of Ergonomics (pp. 287-293). Singapore: Springer Nature.
Sánchez, Francisco; Melcón, Mariana; Korine, Carmi; Pinshow, Berry (2010). Ethanol ingestion affects flight performance and echolocation in Egyptian fruit bats. Behavioural Processes, 84, 555-558. DOI: 10.1016/j.beproc.2010.02.006
Mennella, J. A.; Beauchamp, G. K. (1991). Maternal diet alters the sensory qualities of human milk and the nursling’s behavior. Pediatrics, 88, 737-744. PMID: 1896276
Dendi, Daniele; Segniagbeto, Gabriel Hoinsoude; Meek, Roger; Luiselli, Luca (2023). Opportunistic foraging strategy of rainbow lizards at a seaside resort in Togo. African Journal of Ecology, 61, 226-227. DOI: 10.1111/aje.13100
Zajenkowski, Marcin; Gignac, Gilles E. (2021). Telling people they are intelligent correlates with the feeling of narcissistic uniqueness: The influence of IQ feedback on temporary state narcissism. Intelligence, 89. DOI: 10.1016/j.intell.2021.101595
Bean, W. B. (1980). Nail growth: thirty-five years of observation. Archives of internal medicine, 140(1), 73-76. DOI: 10.1001/archinte.140.1.73
Renner, Fritz; Kersbergen, Inge; Field, Matt; Werthmann, Jessica (2018). Dutch courage? Effects of acute alcohol consumption on self-ratings and observer ratings of foreign language skills. Journal of Psychopharmacology, 32(1), 116-122. DOI: 10.1177/0269881117735687
Egileez:Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.
The post Ig nobel sariak: saguzar mozkorrak eta oinetako kirasdunak appeared first on Zientzia Kaiera.
Adimen artifizialaren eragina kontrolaren esparruan
Adimen artifizialaren erabilera bizitzako esparru askotan ematen ari da. Ingeniaritza arloan asko zabaldu diren teknikak ditugu eta zehatzago Sistemen Ingeniaritza eta Automatika eremuan eman direnak aztertzen dira Ekaia aldizkarira aurkeztutako lan honetan.
Automatika eta Kontrolaren arloan erabiltzen diren adimen artifizialeko teknika hauen artean, sistema adituak, logika lausoa, algoritmo ebolutiboak eta neurona-sare artifizialak aurkezten dira. Honez gain, hauen nondik-norakoak eta aplikazioak aztertzen dira.

Sistema Adituak 70. hamarkadan hedatu zen teknika bat da, non prozesuei buruz izan daitekeen ezagutza aditua erregela bidez adieraztea den helburua. Erregela hauek prozesuan suertatu daitezkeen gertakizunei erantzuna eman ahal izateko sortzen dira. Ezagutza hau giza adituena izan ohi da, eta behin erregela bidez adieraziz gero ezagutza oinarria sortzen da. Ezagutza oinarri honen eta prozesuaren datuak kontuan hartuz, erabakiak automatiza daitezke. Modu honetan, giza adituaren ezagutza ez da galtzen eta errepikatzeko aukera dago. Honen adibide gisa, ur depositu baten tenperaturaren kontrola aurkezten da, non adituaren ezagutzak adierazten digun 50ºC baina gutxiago baditugu berogailua piztu beharko dela eta berau itzali baldin eta 75ºC pasaz gero.
Logika lausoak sistema adituen oinarriak erabiltzen ditu (hala nola; erregela bidezko ezagutza). Erregela hauek boolearrak izan ordez, multzo lausoak erabiltzen dituzte, modu honetan kontzeptu zehaztugabeak adierazteko (adibidez, zer da prozesu batean tenperatura altua edo baxua izatea?). Logika lausoa prozesuen kontrolagailu eta prozesuen eredu gisa erabili ohi da. Ur deposituaren tenperatura kontrolarekin jarraituz, tenperatura neurketa lausotze prozesu batetik pasatzen da, eta zenbakizko datua tenperatura baxua edo altu gisa aztertzen da. Nolabait, gizakiok erabil dezakegun hitz egiteko modu bati gerturatzen da logika lausoa.
Algoritmo ebolutiboak naturan ematen den eboluzio biologikoari begira dagoen teknika multzoa da, bertan sailkatu ditzakegu algoritmo genetikoak, partikula-multzo bidezko optimizazioa edo inurrien kolonia bidezko optimizazioa. Teknika multzo hauek prozesuetan eta hauen kontrolean agertzen diren optimizazio arazoei aurre egiteko erabiltzen dira, baita diseinu atalean ere, optimizazio arazo konplexuei aurre egiteko aurkezten duten onuragatik.
Azkenik, gaur egun oso ezagunak diren neurona-sare artifizialak aurkitzen dira. Hau ere naturari begira dagoen teknika bat da, non giza burmuinak dituen neuronak eredu gisa erabiltzen dituen informazioa prozesatu ahal izateko. Hauen potentziala askatzeko, sare batean elkartzen dira neuronak eta honela daukaten prozesamendu ahalmena biderkatzen da. Sare hauek prozesuen datu eta informaziotik ikas dezakete, eta lortutako informazioa modu ezberdinetara aplika daiteke, adibidez ereduztapenean, kontrolean, etab.
Hemen adierazi diren teknika ezberdinak badute beraien erabilera kontrol esparruan, baina ez dira bakarrak. Teknika esanguratsuenak eta hauen aplikazioak aurkeztu nahi izan dira Ekaia aldizkarian argitaraturiko lanean. Honez gain, teknika bakoitzean aurkitu daitezkeen ikertzaile garrantzitsuenetarikoak ere izendatzen dira irakurleak teknika konkreturen baten ildoa jarraitu nahiko balu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Adimen Artifizialaren eragina kontrolaren esparruan.
- Laburpena: Adimen artifizialak kontrolaren esparruan duen eraginari buruzko ikuspegi bat eman nahian sortu da lan hau. Kontrol-teknika klasikoak alde batera utzi gabe, kontrol adimentsua zer esparrutan zabaltzen den aztertu dugu, horretarako ikuspegi akademikoa eta industriala uztartuz. Adimen konputazionaleko zenbait teknika azaldu, eta haien aplikazio-esparrua aztertu dugu, kontrol-arazoak ebaztean egiten den aplikazioaren adibide argigarriak emanez. Gaur egun, adimen artifizialean oinarritutako aurrerapen teknologikoen hazkunde esponentziala nabarmena den unean, horrek ingeniaritzan eta konputazioaren zientzian duen eragina azaldu dugu.
- Egileak: Mikel Larrea Sukia, Aritz Etxebarri Coello, Eloy Irigoyen Gordo eta Lucia Iturbe Rey
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 203-227
- DOI: 10.1387/ekaia.26345
Mikel Larrea Sukia eta Aritz Etxebarri Coello EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira.
Eloy Irigoyen Gordo eta Lucia Iturbe Rey EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Adimen artifizialaren eragina kontrolaren esparruan appeared first on Zientzia Kaiera.
Elena Vecino: «Glaukoman itsumena eragiten duen kausa deskubritu nahi nuke, hura eragotzi ahal izateko»
Elena Vecino Cordero Biologia Molekular eta Histologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, bai eta neuroftalmologiako munduko aditurik handienetako bat ere. Bere lanen artean nabarmentzekoak dira glaukomari, malkoari (gure osasunari buruzko informazio iturri gisa) eta erretinosi pigmentarioari buruzkoak. Horrez gain, Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eskultura modalitatean. Bere alderdi artistikoa zientzia dibulgazioaren alde erabili du nazioko zein nazioarteko museo eta kultura espazioetan eginiko erakusketen bidez. Ikerketan lortutako emaitzen ondorioz, sariak jaso ditu nazioarteko erakundeen eskutik. Besteak beste: Estatu Batuetako Glaukomaren Fundazioa (2004), Fundaluce (2004), Fundación ONCEren Nazioarteko Lehen Saria (2005) eta Alcon Fundazioaren Saria Glaukomaren Ikerketako Bikaintasunari (2015).

Neuroftalmologia. Glaukoma eragiten duten kausak ikertzen ditut. Glaukoma gaixotasun neurodegeneratiboa da, bai eta munduan itsutasuna eragiten duen lehen kausa ere. Erretina neurobabesteko eta malkoan biomarkatzaileak identifikatzeko terapiak diseinatzen saiatzen gara, gaixotasun neurodegeneratiboak goiz diagnostikatu ahal izateko.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?1981ean biologiako karreran ikasketak hasi nituenetik, nerbio sistema eta, bereziki, ikusmen sistema interesatu zitzaizkidan. Lehenengo urteetan ikusmen sistemaren eta erretinaren funtzionamendua ikasi nituen sakonago, bereziki anatomia konparatuaren eta garapenekoaren ikuspegitik. Baina, duela 30 urte Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean sartzean, balantzak biomedikuntzaren eta oftalmologiaren arlorantz jo zuen, eta ikertalde bat osatu genuen (GOBE). Taldean oftalmologiako doktoregoko ikasleak sartzeak medikuntzara aplikatutako ikerketarantz motibatu nau.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?Pertsona askok izan dute eragina nire ibilbide profesionalean; gauza asko ikasi ditut haiengandik, eta horrek ere markatu du nire ibilbidea. Karrera profesionala hasten ari nintzela, New York Medical Collegeko Sansar C. Sharma doktoreak bere laborategira gonbidatu ninduen, oraindik doktorego tesia amaitu gabe nengoenean. Harengandik ikasi nituen ikertzailea izateko oinarriak: sen kritikoa, proiektu bat eskatu eta ebaluatzeko modua, artikulu bat idazteko prozesua. Eta, egun, harremanetan jarraitzen dut berarekin. Erretiratuta dago jada, baina proiektuei buruz eztabaidatzen jarraitzen dugu. Zalantzarik gabe, maisu figura bat izan da.
Ikerketaren aplikazioaren alderdiari dagokionez, Pennsylvaniako Unibertsitateko Gustavo Aguirre doktoreak ikerketa preklinikoan parte hartzeko aukera eman zidan, eta, horri esker, ikusmen sisteman lehen terapia genikoa izan denaren lehen urratsak ikusi ahal izan nituen.
Parisko Hôpital Pitie-Salpêtrière ospitaleko ikertzaile Cuca Alvarado-Mallart doktorea izan zen nire lehen emakumezko ikertzaile erreferentea. Bere jakintzak eta profesionaltasunak, eskuzabaltasunak, umiltasunak eta adeitasunak pentsarazi zidaten egunen batean ezaugarri horiek guztiak eta Cucaren jarrera bilduko zituen ikertalde bat zuzendu nahi nuela. Ez dut sekula ahaztuko.
Horrez gain, Lundeko Unibertsitatean (Suedia) nire tesiko zuzendari izan zen Peter Ekström doktoreak ere eragina izan du nire lanean; zalantzarik gabe, nire laborategiko ordenak eta diziplinak suediar jatorria dute. Mundu osoko hamahiru laborategitan egin dut lan, eta horietako guztietako langileekin jarraitzen dut harremanetan eta lankidetzan. Egonaldi bakoitzean ikasi dut zerbait nire lankideengandik, eta horrek guztiak nire ibilbidea bideratu du pixkanaka. Egun, ikasten jarraitzen dut egin behar dudanari eta egin behar ez dudanari buruz.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?Glaukoman itsumena eragiten duen kausa deskubritu nahi nuke, hura eragotzi ahal izateko. Eta jada glaukoma duten pertsonei begira, ikusmena berreskuratu ahal izateko terapia bat garatu nahi nuke.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?Ikerketa txundigarria da, baina pasioa eta jakingura sentitzea ezinbestekoa da lan horretarako, oso gogorra baita. Hasteko, oso aldi gogorrak bizi behar dira egonkortasuna lortu eta zure esparruan ikerketa eta aintzatespen nitxo bat aurkitzeko. Eta, ondoren, bizitza osoa dedikatzen dugu finantzaketa aurkitzera. Ikerketaren emaitzei dagokienez, beti egongo dira frustrazio uneak, euforiaz eta zoriontasunaz ere lagunduta. Hau da, oso ziur egon behar da eta jakingura izan behar da ikerketako karrera batera arrakastaz dedikatzeko. Barru-barruan sentitu behar da; oso bokazionala da.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 1ean: Elena Vecino: «Me gustaría descubrir la razón que causa la ceguera en el glaucoma y poder impedirla».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.
The post Elena Vecino: «Glaukoman itsumena eragiten duen kausa deskubritu nahi nuke, hura eragotzi ahal izateko» appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure lehengusu neandertalak
Gizaki anatomikoki modernoak Eurasiara iritsi zirenean, Neandertalak aurkitu zituzten: sendoagoak, indartsuagoak eta klima hotzera moldatuagoak ziren lehengusuak. Ez dira gure arbaso zuzenak… edo agian bai? Teknologia nahiko sofistikatua zuten, Mousteriar kulturako harrizko tresnak, sua pizteko gaitasuna, arropa sinpleak, sendabelarrak erabiltzeko ezagutza eta janaria sukaldatzeko moduak. Baliteke pentsamendu sinbolikoa eta hizkuntza artikulatua ere izatea. Anatomikoki, ordea, ez ziren gu bezalakoak: bekoki atzeratua, sudur handiagoa eta kokotsik gabea zuten, baita argi gutxiko ingurura moldatuta zeuden.
Orain dela 40.000 urte inguruan desagertu ziren, baina zergatik ez dakigu ziur: Homo sapiensen presioa, populazio txikien isolamendua, klima-aldaketak edo sumendi baten eztanda izan zitezkeen arrazoiak. Hala ere, guztiz desagertu ez ziren: gizaki modernoekin nahastu ziren eta gaur egungo europar eta asiarren genomaren % 3 inguru neandertalen jatorrikoa da. Gainera, Denisovarrekin egindako nahasketek are konplexuagoa egiten dute gure arbasoen sarea. Gaur dakigunez, gure arbasoak Afrikatik atera eta beste giza taldeekin gurutzatu ziren, giza historia korapiloz betetako sare handia bilakatuz.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.
The post Gure lehengusu neandertalak appeared first on Zientzia Kaiera.
Benetako Brexit geologikoa
Arrantza ontzi batean igotzen baldin bagara Ipar itsasoan eta arraste sare bat botatzen baldin badugu Herbehereetako kostaldearen aurrean, uretatik atera dezakegun itsas altxorrik ohikoena ez dira legatzak edo bakailaoak, baizik eta mamut, errinozero iletsu eta haitzuloetako lehoien hondar fosilak. Eta horien presentziak Atlantidaren kondairen tankerako urperatutako munduen historia txundigarria kontatzen du.
Abenturari ekiteko, 20.000 urte inguru egin behar dugu atzera. Aldi horri Azken Maximo Glaziar deritzo, hau da, unerik hotzena, zeinetan azken glaziazioko izotz mantu eta kasko kontinentalek aurrerapen handia egin zuten ipar hemisferioan. Izotz pilatze hori gertatu zen itsasoko ur lurrundua lur irmoan bahituta geratzen zelako. Izan ere, kontinentean prezipitazio forman erortzen zenean, berehala izozten zen, ozeanora azaleko ur gisa itzultzeko aukerarik izan gabe, eta horrek saihetsezina zena ekarri zuen: itsas maila jaitsi zen; are gehiago, egungoaren 120 metro azpitik ingurura iritsi zen.

Itsas maila baxuko baldintza horietan, Europako Ozeano Atlantikoaren itxura guztiz bestelakoa zen egungoarekiko. Egun Britainiar uharte gisa ezagutzen duguna Europa kontinentalera zegoen lotuta Danimarkako iparraldetik Frantziako iparralderaino luzatzen zen lur adar baten bidez, eta horrek guztiak Doggerland izeneko penintsula erraldoia osatzen zuen.
10.000 urte inguruan zehar, Doggerlandek itsas mailaren igoerari eutsi zion. Igoera hori azken aldi glaziarrean glaziar kontinentaletako ura ozeanoarekin fusionatzearen ondoriozkoa izan zen. Horiek horrela, itsasbazterreko ingurune gisa mantendu zen, eta bertan estuario eta padura zabalak sortu ziren. Leku horiek faunaren etengabeko igarobidea ziren, egungo Europa kontinentalaren eta Britainiar uharteen artean: mamutak, errinozeroak, oreinak eta, jakina, gizakiak barne. Izan ere, Ipar itsasoan eginiko urpeko arkeologiako ikerketetan, kokaleku mesolitiko batzuk aurkitu dituzte, non giza populazioek ornodun handien ehiza aise egiten zuten.

Litekeena da holozenoaren beroaldian gertatutako itsas mailaren igoera geldiezinak Doggerland urpetu izana, Britainiar uharteak isolatuta utzita. Baina, Brexit politikoak bezalaxe, Britainiar uharteen banaketa geologikoa ere ekitaldi katastrofikoa izan zen.
Duela 8.200 urte inguru, Storegga lerradura gisa ezaguna den ekitaldia gertatu zen (hitzaren jatorria norvegiarra da eta “ertz handi” esan nahi du). Sedimentuen askatze handia izan zen –kalkuluen arabera, Islandiako egungo uhartearen bolumenekoa–, Norvegiako plataforma kontinentaletik Norvegiako itsasoko ozeano hondorantz. Oraindik ez dago oso argi zerk eragin zuen lerradura hori, Norvegiako bazter kontinentalari eragin zion urpeko lurrikara baten edo sedimentuen egonkortasun ezaren ondoriozkoa izan zen, elkarri lotuta mantentzen zituen izotz mantua urtu ondoren; baina badakiguna da horrek zer-nolako eragina izan zuen inguruan zegoen guztiarengan. Sedimentuen bolumen hori itsas hondora erortzean, ozeanoko milioika ur tona lekualdatu zituen, eta 10 metrotik gorako olatuko tsunami erraldoi bat sortu zen. Tsunamiak Norvegiako itsasbazter osoa suntsitu zuen, egungo Ipar itsasoaren bidez iparralderantz sartuta. Han, urak Doggerlandeko estuarioen esparru osoa urperatu zuen, bidean aurkitzen zituen kokaleku mesolitiko guztiak hondatuz eta milaka pertsona suntsituz.

Tsunamia amaitu eta urak baretu zirenean, Doggerlandeko lur adarra desagertu zen, eta Mantxako kanala oztopo bihurtu zen Britainiar uharteak eta Europa kontinentala banatuz. Horrek itsasertzeko fauna handiek alde batetik bestera igarotzeko aukera eten zuen, bai eta tribu mesolitiko britainiarren eta europarren arteko kultur trukea ere. Horren ondorioz, gizartearen bilakaera ez zen berdina izan bi bazterretan. Hau da, benetako Brexita duela 8.200 urte inguru gertatu zen.
Beti esaten dudan moduan, Geologia zientzia liluragarria da, eta hari esker uler dezakegu gure gizartearen bilakaera denboran zehar. Herbehereetako itsasertzaren aurreko itsas hondoan aurkitutako mamut eta errinozeroen hondar fosilen aurkikuntzarekin hasi zen istorioari esker, honi guztiari buruz hitz egin ahal izan dizuet: klima-aldaketa, itsas mailaren aldakuntzak, duela milaka urteko gizakion kokalekuak, eta Erresuma Batuaren (eta Irlandaren) Europar Batasunetiko jatorrizko irteera (geologikoa). Espero dut harri eta zur utziko zintuztedala.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko otsailaren 13an: El verdadero Brexit geológico.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Benetako Brexit geologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Jeanne Villepreux-Power, itsas faunaren ikerketari dedikatutako bizitza
Akuario batera joatea esperientzia zoragarria da edozein adinetan. Arrainak eta beste organismo urtar batzuk beren eremu naturalean nola bizi diren gertutik ikusteko aukerak txundituta uzten ditu publiko guztiak.
Jeanne Villepreux-Power (1794-1871) Frantziako naturalista autodidakta bat izan zen, eta bere zientzia esperimentu gehienak Messinan (Italia) egin zituen. Bertan asmatu zituen akuarioak, egun ezagutzen ditugun moduan, animalien bizimoduarekiko zuen jakingurari esker.
1794ko irailaren 25ean jaio zen Juillac komuna frantsesean, Akitania Berria eskualdean. Jatorri xumekoa zen, eta Frantziako Iraultzaren ondoko garairik zailenetako batean bizi izan zen. 18 urte zituenean, Parisera lekualdatu zen, eta Europako goi gizarteko bezeroak zituen jostun baten laguntzaile gisa aritu zen.

Siziliako printzesa batentzako eztei-jantzi bat egiten parte hartu zuenean, Jeannek James Power merkataria ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen 1818an Messinan.
Messina eta animaliekiko eta naturarekiko maitasunaItaliako eskualde horretan bizi izan zen 20 urtez baino gehiagoz. Han hasi zen sentitzen naturarekiko erakarpena, eta modu autodidaktan prestatzeari ekin zion. Irlan zeharreko ibilbideetan ikusten zuen flora eta fauna guztia erregistratzen eta deskribatzen hasi zen. Mineralak, fosilak eta tximeleta eta maskorren espezie ezberdinak ere jaso zituen.
Baina Jeannek gehien maite zuena animaliak ziren. Eta horietan kuttunenak izaki urtarrak zituen. Horrexegatik, hain zuzen ere, asmatu zuen horiek gertutik aztertu ahal izateko modua.
Itsas munduarekiko lilurak bultzatuta, akuarioak asmatu zituen, itsas zientzien garapenerako oinarrizko tresnetako bat. Izan ere, espazio horietan espezieen portaerari buruzko ikerketak egin daitezke —aske bizi direnean ezinezkoa dena—, eta animalien ongizatean eta kontserbazioan hobekuntzak aplika daitezke.
Jeannen akuario motakJeannek hiru akuario mota sortu zituen: lehena kristalezkoa zen, bere bulegoan bertan zeukan eta egun ezagutzen ditugunen antzekoa zen; bigarrena ere kristalezkoa zen, baina sareta batek inguratzen zuen, itsasoan sartu eta molusku txikiak ikertu ahal izateko; eta, azkena, molusku handientzako kaiola bat zen, sakontasun jakin batean aingura zitekeena.
Baina, akuarioak asmatzeaz gain, tresna horien erabilera handienetako bi ere aurkitu zituen: horien bidez itsas fauna eta haren portaera aztertu ahal izan zituen, baina haztegi gisa ere erabili zituen, ia desagertuta zeuden arrainekin errekak birpopulatzeko.
Gazte frantziarrak moluskuak ikertu zituen nagusiki, batez ere Argonauta argo zefalopodoa. Bere miaketa lan nekaezinari esker, deskubritu zuen animalia horrek bere maskorra fabrikatzen duela bere gorputza estaliz, eta ez maskorra beste animalia batzuengandik hartuta, ordura arte uste zen moduan.

Ospe handia lortu zuen eginiko ikerketengatik. Izan ere, 1832az geroztik, Cataniako Natur Zientzien Akademiako lehen emakumea —eta bakarra— izan zen. Kide korrespontsala ere izan zen beste 17 akademiatan, Zoological Society of London barne. Azken hori Jeannek Italian gauzatzen zituen lanen hartzailea zen.
1839an, bere lehen liburua argitaratu zuen, Observations et expériences physiques sur plusieurs animaux marins et terrestres, non bere esperimentuetako emaitza asko bildu baitzituen. Hiru urte geroago, bigarren liburua argitaratu zuen, Guida per la Sicilia, irlako ingurumenaren deskribapen xehatua.
Baina, liburu horrek, Siziliako natura deskribatzeaz gain, kontserbaziorako ekarpen gisa ere balio izan zuen, jasotzen zituen iradokizunei esker. Liburuari esker, halaber, eskualdeko akuikulturaren oinarriak finkatu ziren: gomendatu zen arrainak harrapatu eta elikatzea uretan berriro sartzeko tamaina lortu arte, eta gero horiekin errekak birpopulatzea.
Naturalista eta senarra 1843an joan ziren Siziliatik, Paris eta Londres artean bizitzeko. Tamalez, bidaia horietako batean, Jeanneren bildumaren zatirik handiena —oharrak eta marrazkiak, adibidez— zeraman itsasontzia hondoratu egin zen Erresuma Baturako bidean, eta material hori guztia galdu egin zen.
1870eko iraila eta 1871ko urtarrila bitartean, Parisko gertakari historiko zailenetako bat jazo zen: Prusiako Erresumako armadak hiria setiatu zuen. Horren ondorioz, hiritik alde egin eta Juillac bere sorterrira itzuli zen; eta han zendu zen urte batzuk geroago.
Jeanne Villepreux-Power eta bere obra ezezagunak izan ziren mende batez baino gehiagoz, bere eskuizkribu, bilduma eta ohar asko itsasoan galdu ondoren. Hala ere, XX. mendearen azken urteetan, Jeannen figura eta akuariofilian izan zuen funtsezko rola aldarrikatu ziren. 1995ean, Messinako Sozietate Historikoak Jeanneren bigarren liburua argitaratu zuen berriro, eta 1997an, Artizar planetako krater bati bere izena jarri zioten.
Iturriak:- Association Jeanne Villepreux-Power
- Rodríguez, Patricia (2014ko azaroaren 9a). La gran bióloga de los océanos. Principia.
- Jeanne Villepreux. Inventó los acuarios para estudiar la fauna marina, Oceánicas.
- Manteca Vilanova, Francisco Javier (2023ko apirilaren 24a) ¿Por qué los acuarios ayudan a la supervivencia en libertad de delfines, belugas y otros mamíferos marinos?. The Conversation.
Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 29an: Jeanne Villepreux-Power, una vida dedicada al estudio de la fauna marítima.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Jeanne Villepreux-Power, itsas faunaren ikerketari dedikatutako bizitza appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik mugitzen dira planetak?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Zergatik mugitzen dira planetak?
Planetak irauteko mugitzen dira: izar baten inguruan orbitatuko ez balute, izarrak irentsi egingo lituzke. Hala ere, ez da batere erraza hori egitea, oso abiadura zehatzean mugitu behar baitira, ikusiko dugun legez.
Gakoa inertzia daGorputz orok inertzia bat dauka, hau da, joera du bere abiadura ez aldatzeko, ez zenbatekoan ez norabidean. Hortaz, inongo indarrik ezartzen ez bazaio, gorputz horrek geldi jarraituko du hasieran geldi bazegoen, eta, mugitzen ari bazen, lerro zuzenean mugitzen jarraituko du, eta abiadura berean.
Adibidez, kotxean azeleratzean, badirudi gorputza pixka bat atzera joaten zaigula, bere joera delako lehendik zeukan abiadura txikiagoan jarraitzea. Aldiz, frenatzen dugunean, badirudi aurrerantz makurtzen garela, gure inertziak bultzatzen gaituelako lehen geneukan abiadura handiago horretan jarraitzera.
Alabaina, objektu bati ezartzen bazaio indar bat, perpendikularra dena objektuaren abiaduraren norabidearekiko, beste gauza bat gertatuko da: norabidea kurbatu egingo zaio. Horixe gertatzen da baloi bat altura batetik eta guztiz horizontalki jaurtitzen badugu: grabitatearen indarrak (perpendikularrean aplikatzen baitzaio pilotaren hasierako norabideari) haren ibilbidea aldatuko du, beherantz kurbatuz eta, lehenago edo geroago, baloia lurrera erortzera behartuz.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/09/planeten-grabitatea.mp4 Kanpoko inongo indarrik ezartzen ez bazaio, gorputz bat lerro zuzenean eta abiadura konstantean mugituko da. Alabaina, indar perpendikular bat ezartzen bazaio, adibidez grabitatea, gorputz horren ibilbidea kurbatu egingo da grabitatea sortzen duen objekturantz. Wisconsin-Madisoneko UnibertsitateaGorputz batek indar perpendikular hori luzaroan jasaten badu eta bidean oztoporik aurkitzen ez badu, gerta liteke ibilbidea zirkulu batean ixtea. Imajinatu harri bat soka batetik lotuta duzula eta zeure buruaren gainetik bueltaka jartzen duzula: sokaren tentsioa uneoro perpendikularra denez abiadurarekiko, harriaren ibilbidea zirkunferentzia perfektu bat izango da.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/09/planeten-grabitatea-1.mp4 Gorputz batek uneoro jasaten badu indar bat (gezi urdina) perpendikularra dena bere abiadurarekiko (gezi berdea), eta indarra eta abiadura aldatzen ez badira, gorputzaren ibilbidea zirkunferentzia bat izango da. Animalia Life Oreka ia ezinezkoaPlaneta batek izar baten inguruan orbita zirkularra egin dezan, oreka jakin bat gertatu behar da: gorputz hori orbitaren erdigunera erakartzen duen indarra (grabitatea) berdina izan behar da orbita horretatik uxatzen duen indarrarekin (indar zentrifugoa).
Lehenengoa —grabitatea— sortzen da gorputz biek (izarrak eta planetak) badaukatelako masarik, eta bigarrena —indar zentrifugoa— planetaren inertziagatik sortzen da. Bi indarren arteko oreka abiadura jakin batekin lortzen da. Hori formula honen bidez adierazten da: v2 = G·M/d. Bitxia bada ere, ez dago planetaren masaren menpe, ezpada izarraren masaren (M), izarraren eta planetaren arteko distantziaren (d) eta grabitazio unibertsalaren konstantearen (G) menpe.

Planetaren abiadura handiagoa bada oreka-abiadura baino (hau da, grabitatea eta indar zentrifugoa berdinak diren abiadura berezi hori baino), orduan planeta orbita horretatik irtengo da, izarretik urrunduz eta urrunduz; ziur aski, planeta alderraia bihurtuko du azkenean. Aitzitik, haren abiadura txikiagoa bada oreka-abiadura baino, orbitaren erdigunerantz jausiko da. Orduan, seguruenik, izar horrek irentsi egingo du.
Baina… eta Keplerren legeak?Pentsa liteke planeta baten abiaduraren eta distantziaren balio inbariante hauek bateraezinak direla Keplerren legeekin, baina ez da hala.
Gogora ditzagun legeok labur-labur:
- Planeta guztiak Eguzkiaren inguruan mugitzen dira, ibilbide eliptikoa (ez zirkularra) eginez.
- Planeta bat Eguzkiarekin lotzen duen lerro zuzenak azalera berdina estaltzen du denbora tarte berdinetan (beraz, abiadura ez da konstantea).
- Planetak orbita osatzeko behar duen periodoaren karratua proportzionala da Eguzkirako batez besteko distantziaren kuboarekiko.
Orbitak ez dira zirkularrak Eguzki sistemako planetak ez daudelako bakarrik. Gure auzune kosmikoko munduen arteko grabitatearen ondorioz, planetek pixka bat aldatzen dute Eguzkiarekiko distantzia beren bidaian barrena, orbita eliptikoa sortuz.
Distantzia aldaketa hori dela eta, planetek abiadura egokitu behar dute periastroan dauden (hau da, izarretik gertuen dagoen puntuan) ala apoastroan dauden (hau da, izarretik urrunen dagoen puntuan). Eta Keplerren hirugarren legeak orbita eliptiko batera egokitzen du v2 = G·M/d formulak adierazten duen baldintza.
Abiaduraren jatorriaGurea bezalako planeta sistema batean gorputz ia guztiek (izarrek, planetek, ilargiek, asteroideek, kometek…) jatorri bera dute: molekula laino baten grabitazio kolapsoa.
Laino hauen alderdi batzuetan material gehiago biltzen da. Bestela esanda: “pinporta” batzuk sortzen dira, baina tamaina astronomikokoak. Gertaera kosmikoren batek, adibidez gertuko supernoba baten leherketak, pinporta horietako batzuk elkarrengana hurbiltzen baditu, masa metaketa horrek sortutako grabitateak bere inguruko materiala erakarriko du eta are gehiago haziko da.
Horrela, lainoa trinkotzen hasiko da alderdi txiki batean. Bertan, handik milioika urteetara, izar bat sortuko da bere planetekin.

Bere baitara amiltzen den bitartean, lainoak bere errotazioa azeleratzen du, biraka dabilen irristatzaile batek besoak biltzen dituenean bezala. Errotazio abiadura behar bezain handia denean, indar zentrifugoak zeregin garrantzitsua betetzen du berriz. Indar zentrifugoa da kurba batean edo zaldiko-maldikoetan gabiltzanean kanporantz sakatzen gaituena, eta masa esferiko bat disko lau bihurtzen duena errotazioan biraka ari denean.
Izar bat eratzen ari denean, bere inguruan materialezko disko bat dabil jiraka, eta disko horretan sortuko dira planetak. Milioika eta milioika urte igaroko dira, eta prozesu asko gertatuko dira (partikulen akrezioa, gorputzen fusioa, inpaktuak…), harik eta Lurra edo Jupiterren moduko planeta bat sortu arte. Prozesuan, gorputzen abiadura aldatuz joango da. Eguzkirainoko distantziarako egokia den abiadura lortzen dutenek baino ez dute iraungo, guk geure buruari galde diezaiogun: zergatik mugitzen dira planetak?
Egileaz:Itziar Garate Lopez EHUko Fisika Aplikatua Saileko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea.
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué se mueven los planetas? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com
The post Zergatik mugitzen dira planetak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Tximisten sorreran izotzak izan dezakeen rola
Zientzialari talde batek aurkitu du izotzak flexoelektrizitatea duela: tolesten denean elektrizitatea sortzen du. Tximisten sorrera azaltzeko ez ezik, aurkikuntza honek gailu berriak sortzeko balio dezakeelakoan daude.
Esan beharrik ez dago: horri dezente ohituta gauden arren, izotzak izugarrizkoak diren paisaiak marrazten ditu. Lur planetan ez ezik, Ilargiko edota Marteko poloetan, edota Pluton bezalako mundu urrunetan egitura zirraragarri bezain ederrak zizelkatzen ditu. Baina naturan zein gure eguneroko bizitzan bertan leku askotan dagoen egitura izan arren, izotzak oraindik sekretu asko gordetzen ditu. Horietako bat hasiera batean bederen oso oinarrizko kontu bat dirudien gai batetik abiatzen da: elektrizitatea. Izan ere, eta harrigarria ematen badu ere, oraindik ekaitz elektrikoak zehazki nola sortzen diren ez da guztiz ezagutzen, eta are gutxiago horietan izotzak zer nolako rola betetzen duen.

Berez, tximistak hodeietan dauden izotz partikulen arteko talketatik sortzen dira, hodeiak elektrikoki kargatzen direnean eta potentzial erraldoi bat metatzen denean. Behin puntu batera iritsita, tximista bezala deskargatzen da pilatutako potentziala. Kontua da izotza ez dela piezoelektrikoa, beste hainbat material ez bezala, eta, hortaz, ezin daitekeela kargatu talka hutsagatik. Hoys, orain arte ezagutzen zen hodeietan sortzen diren deskarga elektrikoak izotz partikulen arteko talketatik abiatzen direla, baina ez zegoen argi zer nolako prozesua gertatzen den hori gertatzen denean.
Gauzak argitu bidean egon daitezke, ordea, Nature Physics aldizkarian ezagutarazi duten ikerketa batean jaso dutenez. Jiaotong (Xi’an, Txina) eta Stony Brook (New York, AEB) unibertsitateetako ikertzaileekin elkarlanean ICN2 Kataluniako Nanozientzia eta Nanoteknologia Institutuko ikertzaileek aurrenekoz demostratu dute izotz hexagonalak elektrizitatea sortu dezakeela tolesten denean. Horregatik, uste dute ekaitz hodeietan,elkar jo eta modu irregularrean deformatzen direnean, izotz partikulek karga elektrikoak sor ditzaketela.
Izotz hexagonala naturan dagoen izotzaren aldaerarik zabalduena da. Besteak beste glaziarretan, kazkabarrean edo elur malutetan aurkitu daiteke izotzaren egituraketa hori. Orain demostratu dutenez, deformatzean, izotzaren egiturak karga elektrikoa sortzen du. Flexoelektrizitate esaten zaio fenomenoari.
Kontua aztertzeko, ikertzaileek bi izotz metalikoren artean purutasun handiko ura izoztu dute, eta ondoren mugimenduak sortu dituzte, izotza tolestuz eta bertan den elektrizitatea neurtuz. Laborategian egindako esperimentuez gain, ikertzaileek ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte. Azken hauen bitartez ikusi nahi izan dute nolakoa den izotzaren portaera ziztu bizian deformatzen denean, ekaitzetan gertatzen den bezala.
“Aurkitu dugu izotzak karga elektrikoa sortzen duela tenperatura guztietan estres mekanikoaren aurrean”, azaldu du Xin Wen egile nagusiak prentsa ohar batean .
Ikertzaileek diote neurtutako baloreak “bateragarriak” direla ekaitzetan izan diren baldintza berdinetan izotz partikulen arteko talketan ikusten diren egoerekin. Hots, egileen arabera, simulazio horietan sortzen den elektrizitatea bat letorke naturan izaten diren ekaitzetan gertatzen denarekin.

Nabarmendu dute izotzak eman duen erantzun elektrikoa oso indartsua izan dela, eta parekatu daitekeela gaur egun gailu teknologikoetan erabiltzen diren puntako zenbait materialarekin, hala nola titanio dioxidoarekin edota estrontzio titanatoarekin.
Modu berean, datu berri hauek agerian uzten dute izotzaren portaera elektrikoa desberdina dela tenperaturaren arabera. Izan ere, egiaztatu dute izotzak bi modutan sor dezakeela elektrizitatea. Batetik, oso tenperatura baxuetan (-113 ºC-tik behera) izotzaren azalerak polarizazio elektriko naturala garatzen du ferroelektrizitatea sortuz. Tenperatura altuagoetan —hots, zero gradura iritsi artekoetan–, berriz, izotza tolestean sortzen da elektrizitatea, aipatutako flexolektritatea dela eta.
“Honek esan nahi du izotzaren azalerak polarizazio elektriko naturala sor dezakeela, eta horri buelta eman dakiokeela, iman bateko poloak alderantzikatzen diren modu berean”, azaldu du Wenek.
Zientzialariek diote ekaitzen elektrifikazioaren puzzlean oraindik argitzeko dagoen pieza izan daitekeela. Etorkizunean ikertu nahi dituzte fenomeno honetan eragina izan ahal duten beste faktore batzuk, hala nola izotzaren haustura, masa transferentzia edota materialaren barruko ezpurutasunak. Funtsean, izotzak naturan parte hartzen dituen prozesuen gaineko berrazterketa zabala egin nahi dute, orain arte aintzat hartu ez den izotzaren ezaugarriren bat ote dagoen aztertu aldera. Halako ikerketetan ohikoa den bezala, egileek ohartarazi dute oraindik ikerketa gehiago beharrezkoak direla behin betiko ondorioetara iristeko.
Gatzarekin, are indartsuagoHonetara mugatu ez, eta bigarren zientzia artikulu batean erakutsi dute izotz arruntari gatza gehitzeak dezente handitzen duela tolestean elektrizitatea sortzeko duen gaitasuna. Hala, behin izotzak duen flexoelektrizitate gaitasuna aurkituta, ezagutza honetaz baliatu nahi izan dira elektrizitatea sortzeko aukeretan sakontzeko, eta oraingoan ere, antza, ezustekoa hartu dute, espero ez zituzten propietateak aurkitu dituztelako.
Oraingoan Nature Materials aldizkarian argitaratu dute ikerketaren berri ematen duen artikulua. Bertan azaldu duenez, ikerketa berrian ikusi dute gatzaren kontzentrazioa %25 handituz karga elektrikoa sortzeko izotzak duen gaitasuna mila aldiz biderkatzen dela. Diotenez, maila hori iristen da gaur egun elektronikaren munduan erabili ohi diren material piezoelektrikoek daukatenera.
Kasu honetan, aurkitu duten azalpena da izotza tolestean ur molekulak eta harrapatutako gatz ioiak tolestutako eremuetatik tenkatuetara mugitzen direla, eta mugimendu horrek korrontea sortzen duela.
Erreferentzia bibliografikoak:Wen, X.; Ma, Q.; Mannino, A.; Fernandez-Serra, M.; Shen, S.; Catalan, G. (2025). Flexoelectricity and surface ferroelectricity of water ice. Nature Physics. DOI: 10.1038/s41567-025-02995-6
Wen, X.; Ma, Q.; Liu, J.; Saeed, U. ; Shen, S.; Catalan, G. (2025). Streaming flexoelectricity in saline ice. Nature materials. DOI: 10.1038/s41563-025-02332-5
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Tximisten sorreran izotzak izan dezakeen rola appeared first on Zientzia Kaiera.
Bootstrap ez-parametrikoa algoritmoen errendimenduaren konparaketarako estatistika bayestarraren alternatiba gisa
Adimen artifiziala eremu ia gehienetan txertatzen ari den garai honetan, erronka berriak agertzen ari dira egunero. Nola diseina eta entrenatu ditzakegu geroz eta konplexuagoak diren ereduak gizakiok ditugun portaera eta jokabideak ahalik eta ondoen simulatzeko? Nola azaldu daitezke hizkuntza ereduek, adibidez, aurkezten dituzten portaerak parametro-kopurua handitzearen ondorioz? Adimen artifizialeko aplikazioak garatzean zein algoritmo erabiltzea komeni da? Badago hori hobetzea? Argi dago asko direla erantzun beharreko galderak eta landu beharreko esparruak, eta horretan datza adimen artifizialaren gaineko ikerketa, besteak beste.
Planteatu berri ditugun galdera horietatik guztietatik, adimen artifizialerako erabil daitezkeen algoritmoen errendimenduaren ingurukoak tratatzea garrantzitsua deritzogu, ezinbestekoa baita erabiltzen ditugun algoritmoen errendimendua aztertzea intereseko aplikazio ahaltsuak eraiki nahi baditugu. Alabaina, algoritmoen errendimendua neurtzea eta kuantifikatzea kasu askotan lan nekeza izan ez ezik, errendimenduen arteko konparaketak egitea ere ez da batere erraza. Izan ere, kasu gehienetan, algoritmo baten bitartez lortutako emaitzak erabilitako datuen izaeraren eta algoritmoen estokastizitatearen arabera aldakorrak dira, eta honek konparaketa zaildu egiten du.

Alegia, ziurgabetasuna tartean egonik, eskura ditugun datuetan lortutako errendimenduaren adierazle diren emaitzez harago joan beharra dago. Zorionez, egon badaude metodologia eta teknika desberdinak arazo horiei aurre egiteko, gaur egun oso erabiliak direnak ikerketa munduan. Dena den, metodologia horiek aplikatzeko eta bereziki emaitzak interpretatzeko estatistikaren ezagutza sakona ezinbestekoa da, eta honakoa sarritan kontuan hartzen ez den aspektu bat da. Horren adibide garbiak ziurgabetasunaren kuantifikaziorako urteetan zehar erabili diren estatistika frekuentistako hipotesi-probak ditugu, beren gabeziak kontuan hartu gabe begi itsuan aplikatu direnak.
Testuinguru horretan kokatzen da artikulu honen muina, algoritmoen errendimenduen konparaketarako erabil daitezkeen teknika batzuen azterketa bat proposatzen baita. Zehazki, ziurgabetasunarekin lan egiteko estatistikaren ikuspegi frekuentista eta bayestarra aurkezten dira hasieran, arreta berezia ipiniz bi hurbilpenetan oinarritutako tekniken indargune eta gabezietan. Hipotesi-proba frekuentista ohikoek intereseko galderari erantzunik ematen ez diotela ikusita, test bayesiarrak alternatiba interpretagarriago gisa begi onez ikusi dira azken urteotan. Alabaina, hurbilpen bayestarrak izaera konplexuagoa duenez, baita erabiltzailearen susmoen edo suposizioen gaineko menpekotasuna ere, ez da erraza hura zuzentasunez erabiltzea.
Hau dena kontutan izanik, ziurgabetasunarekin lan egiteko bi hurbilpenen baitan badira beste metodo batzuk oraindik gehiegi esploratu ez direnak, eta artikulu honetan ziurgabetasuna ilustratzeko bootstrap ez- parametrikoaren erabilera aztertuko dugu. Metodo frekuentista honek zenbait abantaila ditu, intuitiboa dela, besteak beste, baina bere erabilera algoritmoen errendimenduaren konparaketa egiteko ez da ohikoa. Bootstrap ez-parametrikoaren bidez emaitza koherente eta interesgarriak lortu daitezkeelakoan, metodo honen portaera estatistika bayestarrarekin alderatuko dugu esperimentu sorta baten bidez, antzekotasunak eta desberdintasunak agerian jarriz. Beharbada, teorikoki desberdinak izan arren, hurbilpen frekuentista eta bayestarra ez dira praktikan hain desberdinak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Bootstrap ez-parametrikoa algoritmoen errendimenduaren konparaketarako estatistika bayestarraren alternatiba gisa.
- Laburpena: Adimen artifiziala eremu ia gehienetan txertatzen ari den garai honetan, ezinbestekoa da erabiltzen ditugun algoritmoen errendimenduen konparaketak egitea. Sarritan, algoritmo baten bitartez lortutako emaitzak erabilitako datuen izaeraren eta algoritmoen estokastizitatearen arabera aldakorrak dira, eta horrek konparaketa zailtzen du. Testuinguru horretan, beraz, algoritmoen arteko konparaketa egitean, lortutako ziurgabetasunaren kuantifikazioa alderdi garrantzitsua da, baina gehienetan ez zaio nahikoa garrantzi ematen. Izan ere, ziurgabetasunaren kuantifikaziorako urteetan zehar erabili diren estatistika frekuentistako hipotesi-probek gabezia nabariak dituzte arlo honetan. Alternatiba gisa, estatistika bayestarra da soluziorik onartuena gaur egun, baina badira beste metodo batzuk oraindik esploratu ez direnak. Artikulu honetan, ziurgabetasuna azaltzeko, bootstrap ez-parametrikoaren erabilera aztertuko dugu, eta metodo horren portaera estatistika bayestarrarekin alderatu eta antzekotasunak eta desberdintasunak agerian jarriko ditugu.
- Egileak: Izei Múgica, Usue Mori eta Borja Calvo
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 185-201
- DOI: 10.1387/ekaia.26327
Izei Múgica, Usue Mori eta Borja Calvo EHUko Informatika Fakultateko Intelligent Systems Group taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Bootstrap ez-parametrikoa algoritmoen errendimenduaren konparaketarako estatistika bayestarraren alternatiba gisa appeared first on Zientzia Kaiera.
María Ángela Nieto, minbiziaren eta zahartzearen aurkako terapia eraginkorren bila
María Ángela Nieto Toledano (Madril, 1960) Alacanteko Neurozientzien Institutuko Ikerketako irakaslea (CSIC-UMH), CSICen Conexión Cáncer sarearen koordinatzailea eta Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) Kontseiluko presidentea da. Bere ekarpen nagusia izan da aztertzea enbrioien geneak berraktibatzeak zer-nolako inpaktua duen gaixotasun batzuetan; esaterako, minbiziaren aurrerapenean eta organoen endekapenean. Espainiako, Europako, Frantziako eta Latinoamerikako Zientzien Akademietako kide da, eta, besteak beste, honako sari hauek jaso ditu: 2019an Santiago Ramón y Cajal ikerketa sari nazionala, eta 2022an Europarako L’Oréal-UNESCO for Women in Science saria.

Biomedikuntza.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?Txiki-txikitatik hori egin nahi izan dudalako. Aztergai dugun prozesua funtsezkoa da enbrioiak garatzeko; aldiz, helduetan aktibatzen denean, minbiziak aurrera egitea eta organoak endekatzea ekar dezake. 30 urte daramatzagu prozesu hori aztertzen.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?Emakume adoretsu eta eskuzabalak.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?Gustatuko litzaidake gure ezagutzari esker minbiziaren eta zahartzaroaren aurkako terapia eraginkorragoak sortzea.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?Zehaztasunez, pasioz eta eskuzabaltasunez lan egiteko.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko otsailaren 15ean: María Ángela Nieto, buscando terapias eficientes contra el cáncer y el envejecimiento.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.
The post María Ángela Nieto, minbiziaren eta zahartzearen aurkako terapia eraginkorren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Cro-Magnonen ondorengo al gara?
Orain dela 40.000 urte, gure Europako arbasoak txirulak egiten, gizakien forma zuten estatuak sortzen eta kobazuloetako paretak margotzen hasi ziren. Anatomikoki modernoak ziren, gure antza zuten, baina portaeran jauzi handia egin zuten eta portaera guztiz modernoa garatu zuten. Cro-Magnon izenarekin ezagutzen ditugu, Neandertalen ondoren iritsi ziren Europako lehen biztanle modernoak.
Ehunka mila urtez gizakien garapen teknologikoa motela izan zen, baina Cro-Magnonek berrikuntza ugari izan zituzten: tresna berriak, jantziak, apaingarriak, Venus estatuak eta labar-artea. Sinismenak zituztela erakusten duten lurperatzeak egin zituzten, eta baliteke hizkuntza sinboliko garatu bat erabiltzea ere. Cro-Magnonak gure arbasoak izan ziren, baina ez da kategoria erraza definitzen; hainbat olatutan iritsi ziren eta geroago nahasi egin ziren beste giza-taldeekin.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.
The post Cro-Magnonen ondorengo al gara? appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: tardigradoak
Ur-hartzak edo goroldiozko txerriak izen bitxien atzean, izaki harrigarri bat ezkutatzen da: tardigradoa. 0,5 milimetro inguru besterik ez dute neurtzen eta mikroskopioz soilik ikus daitezke, baina bizirauteko gaitasun ikaragarriak dituzte. Izan ere, muturreko baldintzetan ere moldatzen dira.
Gaur, Kiñuk animalia nimiño hauen munduan murgilduko gaitu. Zer egiten dute hain bereziak? Nolatan gai dira muturreko egoerak jasateko? Eta nola lortu dute izaki mikroskopiko izanik ikertzaile askoren ikerketa-gaia izatea? Gure kirikiñoak azalduko dizkigu animalia hauek dituzten berezitasunak eta bizirauteko estrategiak.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: tardigradoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Judith Graham Pool, hemofilikoak ez odolusteko modua deskubritu zuen fisiologoa
Judith Graham Pool biokimikaria eta fisiologoa izan zen. Hemofiliaren ikerketan espezializatu zen, eta metodo bat garatu zuen erraz gorde zitezkeen eta odol-jarioaren kasuetan patologia hori zuten pazienteei aplika zekizkiokeen koagulazio faktoreak erraz eskuratzeko. Horiek horrela, paziente horien bizi itxaropena hobetu eta odolusteko arriskua murriztea lortu zuen.
Giza gorputzak badu mekanismo bat odolustuta hiltzeko arriskuari aurre egiteko, eta zauria benetan larria ez bada, funtzionatu egiten du: odoleko plaketak zaurian jarri eta solidotzen dira; hau da, koagulatzen dira, odola irteten jarrai dadin saihesteko. Aldeak gorabehera, igeltsero trebe batek urei eusteko dike batean zulo bat estaltzeko erabiliko lukeen sistema bera da, ura dagokion aldean gera dadin.
Hemofilia odolaren nahasmendu hereditarioa da; eta kasu horretan, igeltseroaren zementua ez da gogortzen, dikeko zuloa ezin da estali, eta ura etengabe isurtzen da egon behar ez duen lekurantz. Odolustuta hiltzeko arriskuak ez du mekanismo eraginkorrik. Hemofilia duten pazienteen osasuna arrisku larrian egon daiteke beste batzuek tirita, benda edo, asko jota, pare bat punturekin konponduko lituzketen zaurien ondorioz.

Judith Graham Pool New Yorkeko Queens auzoan (Estatu Batuak) jaio zen 1919an. Bere aita burtsako artekaria zen, eta bere amak eskola batean irakasten zuen; Judith hiru seme-alabatik nagusiena izan zen. Institutua amaitu ondoren, Chicagoko Unibertsitatean egin zuen matrikula, eta Fisika eta Biokimika ikasi zituen. Unibertsitateko lehenengo urtean ezkondu zen, 1938an, zientzia politikoetako ikasle batekin. Gerora, bi seme izango zituzten.
Karrera amaitu ostean, denbora batez lan egin zuen bere saileko laguntzaile gisa, eta ondoren baita fisikako irakasle gisa ere Genevako Hobart Collegen (New York). Bitartean, tesia idazten jarraitu zuen, zuntz muskularren elektrofisiologiaren azterketari buruz; zehazki, isolatutako zuntz muskular bakar baten potentzial elektrikoari buruz. Azkenean, 1946an lortu zuen tesia.
Doktoregoa lortu ondoren, familia osoa Kaliforniara lekualdatu zen, Poolek lanpostu bat lortu baitzuen Stanfordeko Ikerketa Institutuan. 1953. urtean, Bank of America eta Giannini Fundazioaren beka bat jaso zuen, eta bere espezialitatea izango zen esparrua ikasten hasi zen Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan: odolaren koagulazioa. Hurrengo urtean argitaratu zuen lehenengo ikerketa. Ordurako modu independentean ari zen lanean; eta hori ez zen oso ohikoa esparruan urtebete besterik ez zeramala aintzat hartuta.
Denbora gutxian ikertzaile elkartu senior izendatu zuten, eta egonaldi bat egin ahal izan zuen Oslon (Norvegia), beka bati esker. 1972an ospe handia zuen jada; eta, ondorioz, irakasle izendatu zuten zuzenean, irakasle eta ikertzaile izateko ohiko bideko hainbat urrats saihestuta.
VIII faktorea eskuratzea eta horrek hemofilikoengan duen eraginaOdolaren koagulazioaren eremuan, Poolen ekarpen handiena izan zen beste bi kiderekin gauzatutako lana, zeinetan faktore antihemofilikoa edo VIII faktorea isolatzea lortu zuten. Faktore hori erabiltzen zen, eta oraindik ere erabiltzen da, hemofilikoei odol-galerak kontrolatzeko egiten zaizkien transfusioetan. Poolek metodo bat garatu zuen, krioprezipitazio izenekoa, odol-plasmatik abiatuta VIII faktore hori duten proteinen kontzentrazio altuko soluzio bat modu kontrolatuan lortzeko.

Metodo horri esker, substantzia horren kantitate handia lor zitekeen odol-emaile bakar batengandik, edo emandako odol kantitate handietatik; eta, horrela, hemofilikoen tratamendua askoz soil eta merkeagoa zen: zauri baten aurrean, osagai hori ematen zitzaien odol-galera kontrolatzeko, galdutako odola berrezartzeko hainbat transfusio egin beharrean. Pazienteari kirurgia egin aurretik ere eman ziezaioketen, haren ondoko arriskua murrizteko. Horiek horrela, beharrezkoak ziren baina arrisku handia zela-eta egiten ez ziren operazioak egiteko aukerak zabaldu ziren.
Poolek eta bere kideek garatutako prozesua 1964an argitaratu zen lehen aldiz, eta denbora gutxian hemofilikoen tratamendu estandarra izan zen.
Hemofilikoentzako eta emakumezko ikertzaileentzako legatuaPoolen beste ekarpenetako bat izan zen odolaren koagulazioa neurtzeko tekniken ikerketa. Zehazki, VIII faktorearen beraren substantzia inhibitzaile baten presentzia neurtzean zentratu zen. Substantzia hori transfusio asko jaso dituzten hemofilikoen % 10-20ak garatzen du, eta odol-galerak nabarmenki txarragoak izatea eragiten du.
VIII faktorearen krioprezipitatuaren deskubrimenduak mundu mailako ospea eman zion Pooli bere esparruaren barruan. Gonbidapenak bidali zizkioten mundu osoko unibertsitate eta ikerguneetatik horietan hitzaldiak emateko, eta Gurutze Gorriko eta Osasunaren Institutu Nazionalen Odola Emateko Programako aholkularitza batzordeetako kide izendatu zuten. Horrez gain, sari ugari jaso zituen.
Poolek bere ospea baliatu zuen zientzian genero-berdintasuna sustatzeko eta emakumeen presentzia eta haientzako aukerak areagotzeko. Publikoki ere hitz egin zuen gaiari buruz: “Orain pixka bat hobeto ulertzen dugu emakumeek lanbide eskoletan eta gradu eskoletan sartzean aurkitzen duten erresistentzia, eta jakitun gara, gero eta gehiago, horrek eragiten duen kalteaz, maila txikian zein handian, unibertsitate, gobernu-agentzia eta industriaren arloko aurrerapenei dagokienez”, adierazi zuen behin prentsaren aurrean. Emakumeak Zientzian Elkarteko presidentekidea izan zen, bai eta Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Zentroko Emakume Profesionalen elkarteko lehenengo emakumezko presidentea ere.
Tamalez, Poolek ezin izan zuen bere legatua handitzen jarraitu, erlatiboki gazte hil baitzen, 56 urte zituela, garuneko tumore baten ondorioz. Hil ondoren, Hemofiliaren Fundazio Nazionalak Poolen izena jarri zien erakundearen urteko ikerketa bekei.
Iturriak:- Judith Ethel Graham Pool, Wikipedia
- Hampton ,Kathleen (1971ko abuztuaren 10a). Women Scientists Probing Discrimination In Their Field, The Ann Arbor News.
- Creger, William P.; Maffly, Roy; Payne, Rose. Memorial Resolution Judith Graham Pool, Stanford University
- Pool, Judith Graham (1919–1975), Encyclopedia
- Judith Pool, biochemist at Stanford and co-president of AWIS, AWIS
- Lepson, Lisa. Judith Graham Pool, The Shalvi/Hyman Encyclopedia of Jewish Women.
- Sicherman, Barbara; Hurd Green, Carol (1980). Notable American Women: The Modern Period : a Biographical Dictionary, Volume 4. Harvard University Press. 553-554 or.,
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 19an: Judith Graham Pool, la fisióloga que descubrió cómo ayudar a las personas hemofílicas a no desangrarse.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Judith Graham Pool, hemofilikoak ez odolusteko modua deskubritu zuen fisiologoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Baso-suteen eragin gero eta handiagoa herritarrengan
Harrigarria badirudi ere, azken hamarkadetan erretako baso-azalera murriztu egin da mundu mailan. Hala ere, datu hau engainagarria izan daiteke; izan ere, nahiz eta kiskaldutako azalera txikiagoa izan, gero eta bortitzagoak dira baso-suteak. Klima-aldaketaren, biztanleriaren hazkundearen, migrazioen eta ohiko landa-lanen desagerpenaren ondorioz, ugaritu egin dira herritar gehiagori eragiten dieten baso-suteak.
Aurtengo udan iberiar penintsulan gertatutako baso-suteek ireki dituzte munduko albistegi guztiak. Izan ere, Espainian azken hamarkadan piztu diren 50 sute handienetatik 19 izan dira abuztuko bi aste eskasetan, Europako baso-sute informazio-sistemaren arabera. Hain zuzen ere, abuztuaren 8tik 23ra suteek 358 mila baso-hektarea suntsitu zituzten eta, jada aurten, 2024 urtean erretako 400 mila hektareak gainditu dira.

Hala ere, paradoxa bat suertatzen da. Izatez, azken hamarkadetako datuak aztertzen baditugu, berehala ikus dezakegu erretako azaleraren joera beheranzkoa dela. Hain zuzen ere, mundu mailan, azken hamarkadetan erretako baso-azalera % 25 murriztu da1. Harrigarria badirudi ere, berdina da joera Espainian. Izan ere, aurten eta 2022ko udan jasandako baso-suteak ohikoak ziren XX. mendearen amaieran. Beraz, zergatik ikusten ditugu geroz eta indartsuagoak diren suteak? Zergatik eragiten diete gehiago herri-inguruneei eta herritarrei? Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek azaldu du zergatik, erretako azalera murriztu arren, handitzen den urtero herritarrek suteen aurrean duten esposzioa2.
20 urtez jasotako datuakIkerketa egiteko, Kaliforniako Irvine unibertsitateko ikertzaileek 2002 urtetik 2022 urtera mundu osoan jasotako datuak ikertu zituzten. Emaitzak aztertzean, mundu osoan 20 urte horietan gertatutako baso-suteek zuzenean guztira 400,2 milioi pertsonari eragin zietela aurkitu zuten zientzialariek, gutxi gorabehera Europar Batasuneko biztanleria osoaren pareko kopurua.
Sute indartsuenak Europan, AEBetan eta Ozeanian gertatzen diren arren, ikerketaren arabera herritarrengan duten inpaktua nabarmenagoa izan da Afrikan. Bertan, mundu osoan gertatu den su-eraginaren % 85,6 elkartzen da. Hain zuzen ere, Afrika erdialdeko bost herrialdek (Kongok, Hego Sudanek, Mozambikek, Zambiak eta Angolak) munduko giza esposizioaren erdia osatu zuten. Ordea, Estatu Batuek, Europak eta Australiak, guztizkoaren ehuneko % 2,5 baino gutxiago osatzen dute.
Bestalde, aztertutako aldian, baso-suteen aurreko giza esposizioa urtero 382.700 pertsona handitu zela aurkitu zuten ikertzaileek. Horrela, guztira 2022 urtean 7,7 milioi pertsona gehiago zeuden baso-suteen eraginpean.
Biztanleriaren hazkundea, klima-aldaketa eta migrazioakGiza esposizioaren bat-bateko igoera hori ez zen gertatu sute-jardueraren hazkunde globalagatik, baizik eta, batez ere, biztanleriaren hazkundeagatik, klima-aldaketarengatik, landa-paisaien aldaketarengatik eta herritarren migrazioarengatik. Izan ere, ikertutako urteetan mundu mailako biztanleria ia 2 mila milioi pertsona handitu zen eta, ikertzaileen arabera, populazio-dinamikak albo batera utziz gero, giza esposizioa nahiko egonkorra izango zen mundu osoan.
Bestalde, klima-aldaketak azken hamarkadetan izugarri handi du ikertzaileek “su-eguraldia” izendatu duten fenomeno meteorologikoaren frekuentzia. Gertakari horrek mundu osoan handiagotu ditu zenbait fenomeno atmosferikoen presentzia; besteak beste, berote handiak, hezetasun txikiak eta haize bortitzak. Horren ondorioz, muturreko suteak % 50 baino gehiago hazi dira azken lau hamarkadetan mundu mailan.
Hala ere, ikertzaileek Europan eta Ozeanian baso-suteen esposizioa murriztu egin zela ikusi zuten. Izan ere, eskualde hauetan herritarrek landa-eremuetatik hiri-eremuetara aldatzeko joera izan dutelako. Gertakari horrek, ordea, areagotu egiten du eremu horien baso-suteen arriskua eta agerian uzten du gizarte- eta ingurumen-faktoreen funtsezko zeregina.
Horiek horrela, biztanleriaren migrazio-dinamikak mundu mailan aztertzean, ikertzaileek aurkitu zutena da herritarrak sute-arrisku handiko eremuetara mugitzen ari direla. Amir AghaKouchak-ek, Kaliforniako Irvine unibertsitateko irakasleak, dioen bezala “Erretako azalera murriztearen eta giza inpaktua handitzearen paradoxa globala, neurri handi batean, giza kokalekuen eta suteak izateko joera duten paisaien arteko gainjartze gero eta handiagoari zor zaio”.
Prebentzioaren garrantziaEgoera honi aurre egiteko, arreta baliabide gutxiko herrialdetan jartzearen garrantzia nabarmentzen dute zientzialariek. Eremu hauetan, handiagoa da gizakiek baso-suteen aurrean duten ahultasuna eta, horregatik, ezinbestekoa da hor prebentzio-estrategia proaktiboak garatzea.
Hala ere, prebentzioa ez da soilik ingurune horietara mugatu behar. Aurtengo udan Galiziako hegoaldean eta Gaztela eta Leoneko iparraldean ikusi den bezala, baso-suteen maiztasuna eta indarra handitzeko egoera paregabea sortzen dute klima-aldaketak, biztanleriaren mugimenduak eta landa-lanaren murrizketak. Horregatik, AghaKouchak-ek aipatzen duenez “Klima-aldaketak suteetarako klima egokia areagotzen duen neurrian eta munduko populazioak landa-lana murrizteko eta suteetarako joera duten eremuetara hedatzen jarraitzen duen heinean, prebentzio proaktiboa egitea gero eta garrantzitsuagoa izango da etorkizunean, baso-suteek eragindako hondamendien arriskua murrizteko”. Zenbait dira eskura dauden prebentzio-teknikak; besteak beste, landaretza kudeatzeko teknika, hezkuntza publikoa edota gizakiak eragindako suteak murrizteko ingeniaritza-soluzioak.
Erreferentzia bibliografikoak:[1] Andela, N; Morton, D.C.; Giglio, L.; Chen, Y.; Van Der Werf, G.R.; Kasibhatla, P.S.; DeFries, R.S.; Collatz, G.J.; Hantson, S.; Kloster, S.; Bachelet, D.; Forrest, M.; Lasslop, G.; Li, F.; Mangeon, S.; Melton, J.R.; Yue, C.; Randerson, J.T. (2017). A human-driven decline in global burned area. Science, 356, 1356–1362. DOI: 10.1126/science.aal4108
[2] Seydi, Seyd Teymoor; Abatzoglou, John T.; Jones, Matthew W.; Kolden, Crystal A.; Filippelli, Gabriel; Hurteau, Matthew D.; AghaKouchak, Amir; Luce, Charles H.; Miao, Chiyuan; Sadegh, Mojtaba (2025). Increasing global human exposure to wildland fires despite declining burned area. Science, 389, 826–829. DOI: 10.1126/science.adu6408
Egileaz:Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.
The post Baso-suteen eragin gero eta handiagoa herritarrengan appeared first on Zientzia Kaiera.