Ezjakintasunaren kartografia #541
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.
Gure hortzetako zelulak hartuz, gure entzefaloa tratatzeko erabil daitezkeen beste zelula batzuk gara daitezke. How to (potentially) repair our brain using our wisdom teeth, Beatriz Pardo-Rodríguez, Gaskon Ibarretxe eta José R. Pineda.
Hiltzen garenean, argia emititzeari uzten diogu. Lasai, kimika hutsa da. Living beings emit light that extinguishes upon death
Donald Trump mundua iraultzen ari da, baina agian ez berak espero zuen bezala. Munduko erreserba-moneta jaulkitzeak dakarren pribilegio ikaragarria amaitu edo, gutxienez, oso murriztua ikus dezake. Could the euro replace the dollar as global reserve currency? It’s not getting any less likely, Sergi Basco.
Haien magnetismoa kontrolatzeko, molekularki diseinatutako grafeno zatitxoak etorkizuneko gailu espintronikoen oinarrian egon litezke. DIPCko jendeak bereak egiten ditu Unlocking magnetism in nanographenes: The role of oxyradicals and molecular design
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #541 appeared first on Zientzia Kaiera.
Edith Graef McGeer, alzheimerraren aurkako neurologo nekaezina
Mendeetan zehar, emakumeek ezagutzaren ia adar guztiak nola galarazten zitzaizkien ikusi dute: medikuntza (oro har, erditzeak izan ezik, eta batzuetan hori ere bai), ingeniaritza, arteak, filosofia. Gizateriaren historiaren zatirik handienean, emakumeek ikasteko marjina estua izan dute. Edith Graefek erabaki zuenean kimikaria izan nahi zuela, ez baitzuten kidetzat hartzen emakumea izateagatik, konturatu zen eremu hori ere konkistatu egin behar zuela.
Eta eskerrak egin zuela, bere ibilbidean alzheimerra aztertu zuelako, zehazki nola prebenitu eta tratatu. Patrick McGreer senarrekin egindako lana erabakigarria izan zen arlo horretan; horregatik, hain zuzen ere, ikerketa-talde garrantzitsuenetakotzat hartu zituzten eta beste ikertzaile batzuek milaka aipamen egin zizkieten. 2012an enpresa bioteknologiko bat sortu zuen azido aurintrikarboxilikoak eta haren osagaiek hainbat gaixotasunetan dituzten ondorioak aztertzeko.
Familiako buru argiaGraef New York hirian jaio zen 1923ko azaroaren 18an, Bronxen finkatutako tradizio medikoko familia batean. Aurreikusitako ibilbidearen arabera, nebari lan eta jarduera formal eta serioenak utziko zizkion, eta Graefek bere generorako egokiagotzat jotzen ziren prestakuntza eta zereginak hartuko zituen bere gain. Hala ere, bere nebak beti azpimarratu zuen Graef zela familiako azkarra.

Eskola ibilbide osoan irakurle amorratua eta matematiketako jenioa izan zen. 16 urte zituela, beka nazionala lortu zuen kimikako ikasketak finantzatzeko Swarthmore College-n (Pennsylvania), Sociedad Religiosa de los Amigos elkarteko kideek (kuakeroak ere esaten zaie) sortutako erakundean. 1944an graduatu ondoren, bi urte geroago doktoratu zen Virginiako Unibertsitatean.
Nork esan du kimika ez dela emakumeentzat?Hori guztia egin zuen bere irakasleen erresistentziari aurre egiteari utzi gabe, argi uzten baitzioten ez zutela uste kimika emakumeentzako arlo egokia zenik. Ez zuen inoiz eztabaidatzen, bere lana egitera mugatzen zen. Azkenik, horri esker Swathmore-n iritziz aldatzea lortu zuen, eta Kimika saileko buruak laborategiko laguntzaile izendatu zuen, bere laguntzaile izandakoak, gizonak guztiak, Bigarren Mundu Gerrara deitu zituztenean.
22 urte zituela, 1946an, ikertzaile gisa hasi zen lanean Dupont Estazio Esperimentalean, lehen laborategi industrialetako batean. Bertan, aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, tetrazianoetilenoa sintetizatzeko modu bat. Horrek, bidea eman zuen kimika organikoaren adar berri bat sortzeko, eta ondorioz, patenteak garatu eta beste ikertzaile batzuen argitalpenetan aipamen ugari ere lortu zuen.
Nebaren itsasontzian nabigatzea eta enpresako zelai klubean golfean jokatzea gustatzen zitzaion. Graer oso kontziente zen diskriminazio kasuez, eta haien aurka zegoen. Kanpaina egin zuen, adibidez, zelai klubeko pertsona beltzen segregazioarekin amaitzeko. Hasieran, enpresako pertsona bakar baten babesa lortu zuen, Patrick McGeer. Urte horretan bertan ezkondu ziren eta hurrengo hirurogei urteetan elkarrekin lan egin zuten, neurozientziaren eremua garatzen lagundu zuen ezagutza sortuz.

1954an Vancouverrera (Kanada), Paten jatorrizko hirira, joan zen bizitzera. McGeerren aita 1901ean portuko lehen doktorea izan zen hiri horretan. Bertan, Columbia Britaniarreko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako Ikerketa Neurologikoko Dibisioan lan egin zuen, ikerketa laguntzaile gisa eta geroago sail hori zuzendu zuen. Senarrarekin batera, Ikerketa Neurologikoko Kinsmen Laborategian lan egin zuen, eta han irakasle emeritua izan zen hainbat urtez 65 urte bete ondoren.
2012an, senarrarekin batera, Auryn Biotech enpresa bioteknologikoa sortu zuen, alzheimerra prebenitzeko eta tratatzeko sendagaiak ikertu, garatu eta merkaturatzeko asmoz.
Bere ibilbidean zehar, hamar patente lortu zituen, 525 artikulu zientifiko argitaratu zituen eta Ugaztunen Garunaren Neurologia Molekularra izeneko testuliburu baten egilekidea izan zen. Kanadako Errege Elkarteko kide izan zen eta Kanadako Ordenako maila desberdineko hiru domina lortu zituen.
Bere senarra hil eta urtebetera, 2023ko abuztuaren 28an Vancouverren hil zen, eta haren omenezko heriotza oharretan iragarri zuten ez zela elizkizunik egingo, ikertzaileak hala eskatu zuelako. Halaber, loreak bidali beharrean, ikerketa zientifikoak finantzatzen zituzten erakunde filantropikoei euren izenean dohaintzak egitea eskatu zuten.
Iturriak:- Lewis, Marilyn C. A life in the Lab, Swarthmore College, 2015
- Edith Graef McGeer, Wikipedia
- Raymond, Lynn A.; Brown, Louise A. IN MEMORIAM: Dr. Edith G. McGeer, Professor Emerita, The University of British Columbia
- Edith McGEER, Obituary, Vancouver Sun and Province, 2023ko irailaren 9a
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko otsailaren 13an: Edith Graef McGeer, la neuróloga incansable contra el alzhéimer.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Edith Graef McGeer, alzheimerraren aurkako neurologo nekaezina appeared first on Zientzia Kaiera.
Ama Lur miresgarria
Ba zenekien Euskal Herriko haritz espezie batek orri iletsuak dituela? Edo hegazti bati kaskabeltz handia esaten diogula hogei gramo ozta-ozta pisatu arren? Ba zenekien garo edo iratze mota batek bi metro eta erdiko hostoak dituela? Eta gure mendietan intsektuak ehizatzen dituzten landare haragijaleak hazten direla? Ama Lur miresgarria. Landare eta animalia harrigarriak (2024) liburuan Euskal Herriko landare eta animalien hamaika berezitasun aurkituko ditugu.

Joseba del Villar natura-argazkilaria eta Amador Prieto biologoak begirada liluragarri bat eskaintzen dute gure naturan barrena, bertako espezie ugariren bizitza eta ekosistemak modu erakargarri eta didaktikoan azaltzen dituena. Amador Prietoren testuak, dibulgazio zientifikoko estiloari eutsiz, xehetasun handiz azaltzen ditu Euskal Herriko basoak, txilardiak, haitzarteak edo zohikatzak bezalako habitatetan bizi diren espezieak, bai landareak, bai animaliak. Baita ingurumeneko aldaketen eragina espezieetan, eta horiek nola egokitzen diren muturreko baldintzetara: tenperatura aldaketak, elikadura urriak edo gizakiak eragindako aldaketak.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Ama Lur miresgarria. Landare eta animalia harrigarriak
- Egileak: Amador Prieto eta Joseba del Villar
- Argitaletxea: Sua Edizioak
- Urtea: 2024
- Orrialdeak: 208 orrialde
- ISBNa: 978-84-82168-74-6
Sua Edizioak: Ama Lur miresgarria
The post Ama Lur miresgarria appeared first on Zientzia Kaiera.
Albo-ondorio kaltegarriak dituzten tratamenduak eraginkorragoak ote?
Alemaniako ikertzaile talde batek berriki aztertu du tratamenduen eraginkortasunean zer eragin izan dezaketen tratamenduekiko aurreikuspenek eta albo-ondorioen presentziak. Ikerketaren emaitzak harrigarriak ─eta barregarriak─ dira eta, horrexegatik, 2024ko Medikuntzako Ig Nobel saria jaso zuten ikertzaileek.
Hedabide honen bilatzailea erabiliz ikus dezakegu duela hamar urte baino gehiago aipatu zirela lehen aldiz Ig Nobel sariak. Antonio Martínez Ron-ena da lan hori eta bertan dio, baita ondo esan ere, Ig Nobel sariak itxuraz barregarriak diren ikerketen erakusleihoa direla. Bada, harrezkero Ig Nobel sariak ematen jarraitu dute, urtero-urtero, hutsik egin gabe. Antolatzaileen arabera sarien helburua da lehendabizi barrea, eta, gero, hausnarketa eragitea. Igelei imanen bidezko lebitaraztea, basahateen nekrofilia homosexuala edo gazten kiratsa izan dira, besteak beste, Ig Nobel saria merezi izan duten ikergai batzuk.

Nik neuk ere behin baino gehiagotan hartu ditut Ig Nobel saria jaso duten lanak eredu gisa. Espagetiak zergatik ezin diren erdibitu kontatu nuen, eta hortik abiatuta espagetien inguruko ikerketen azken aurrerapausoen berri eman nuen. Aztergai izan nuen errusiar mendiak giltzurruneko harrien tratamendurako erabili ote daitezkeen, eta billeteetan hazten diren mikroorganismoen inguruko lanaren laburpena ere ekarri nuen hona. Komunzulotik irteten diren aerosolak eta tronuko nire gogoetak ere Ig Nobel sarietan oinarrituta zeuden.
Kasu honetan 2024an Ig Nobel saria jaso zuen lan interesgarri baten ondorioak azaltzera nator, lotura zuzena dutenak sasimedikuntzaren inguruan egin ditudan zientzia-dibulgazioko lanekin. Ikerketa-lana Hamburg-Eppendorf Medikuntzako Unibertsitate-zentroko ikertzaileek argitaratu dute; hain zuzen ere, Lieven A. Schenk, Tahmine Fadai eta Christian Büchel izenekoek. Ikerlana 2024an argitaratu zen Brain zientzia-aldizkari entzutetsuan. Ikerketaren egileek medikuntza-tratamenduen albo-ondorioak aztertu zituzten eta ondorio harrigarrietara iritsi ziren.
Uste orokorra da pentsatzea medikuntzako tratamendu idealak ez lukeela albo-ondoriorik eragin beharko. Era berean, gauza jakina da sendagai batek albo-ondorioak izan ditzakeela pentsatzeak probableagoak egiten dituela albo-ondorio horiek. Horrelakoxeak gara, antza. Bada, kasu honetan, Schenk-ek eta haren lankideek honako hipotesia formulatu zuten: gerta al daiteke albo-ondorio kaltegarriek tratamenduaren eraginkortasuna handitzea? Hipotesiaren planteamenduan kontuan hartu zuten susmo bat: albo-ondorioak egotea tratamenduarekiko espektatibak hobetzeko modua izan daiteke. Nolabait, gaixoak pentsa dezake albo-ondoriorik ez badago tratamendua desegokia dela edo ez dela baliagarria. Aurreko ikerketek bat egiten dute hipotesi horren oinarriarekin; izan ere, frogatuta dago plazebo aktiboek plazebo-efektu handiagoa dutela plazebo inerteek baino.
Hipotesia baieztatzeko edo ezeztatzeko, 77 lagun osasuntsu aukeratu zituzten eta sudurreko esprai bat probatzera jarri zituzten. Parte-hartzaileek sudurreko espraia erabili behar zuten, eta gero min termiko kontrolatua aplikatu zitzaien. Parte-hartzaile multzo bati esan zioten espraiak fentaniloa izan zezakeela ─minaren aurkako konposatua─ eta beste multzoari, aldiz, espraia plazeboa besterik ez zela. Ikertzaileek ez zuten fentanilorik jarri espraietan, eta, horren ordez, lehen multzoan kapsaizina jarri zuten. Kapsaizina piper pikanteek duten osagaia da, erredura-sentsazio arina sortzen duena. Kapsaizinaren bidez, albo-ondorio kaltegarri arinak sortu nahi izan zituzten ikertzaileek, ustezko tratamenduak sor zitzakeen desberdintasunak aztertzeko ─ikertzaileek bakarrik zekiten parte-hartzaile bakar batek ere ez zuela benetako sendagairik jasoko─.
Sudurreko espraia aplikatu ondoren, parte-hartzaileei min termiko kontrolatua aplikatu zieten. Horrela, tratamenduarekiko espektatibak eta albo-ondorio kaltegarrien eragina aztertu ahal izan zuten, Brain aldizkarian argitaratutako lanaren zehaztasunetan azaltzen den moduan. Ikusi zutenez, albo-ondorioen agerpenak tratamenduarekiko espektatibak hobetzen zituen eta, ondorioz, tratamenduaren eraginkortasuna hobetzen zuen ─hain zuzen: kapsaizina zuen espraia arnastu zutenek min gutxiago sentitu zuten bigarren atalean─.
Hortaz, ikertzaileek frogatu ahal izan zuten albo-ondorio kaltegarriak dituzten tratamendu faltsuak eraginkorragoak direla albo-ondorioak ez dituzten tratamenduak baino. Ikerketaren eztabaidari dagokion atalean Schenk-ek eta haren lankideek aipatzen dute ondorio kliniko garrantzitsu bat dagoela ikerketaren atzean; hain zuzen ere, tratamendu batekiko espektatibek eragin zuzena dutela haren eraginkortasunean. Nolabait, espektatiba horiek hobetzeko mekanismoak bilatzea garrantzitsua dela diote, hortaz. Era berean, albo-ondorio kaltegarri arinak onuragarriak izan daitezkeela diote. Agian urrutiegi joatea da, baina ikertzaileek proposatzen dute aukera bat izan daitekeela artifizialki albo-ondorio arinak sorrarazten dituzten osagaiak erabiltzea sendagaien eraginkortasuna hobetzeko.
Esan bezala, ikerketa honek Ig Nobel saria jaso zuen 2024an; alegia, barregarriak diruditen ikerketak izanik, hausnartzen jartzen gaituzten lanentzako saria. Bada, ea nork egiten duen barre parazetamolaren efektuak hobetzeko kakapirria eragiteko osagaiak gehitzen badituzte…
Erreferentzia bibliografikoa:Schenk, Lieven A.; Fadai, Tahmine; Büchel, Christian (2024). How side effects can improve treatment efficacy: a randomized trial. Brain, 8, 147, 2643–2651. DOI: 10.1093/brain/awae132
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Albo-ondorio kaltegarriak dituzten tratamenduak eraginkorragoak ote? appeared first on Zientzia Kaiera.
Datu-zentroen energia-erronkak eta biltegiratze elektrokimikoko soluzio berriak
Adimen artifiziala (AA) eguneroko jardunean gero eta errotuago dagoen honetan, haren funtzionamendurako ezinbestekoak diren datu-zentro erraldoiak garatzen ari dira. Baina zer dira datu-zentroak? Datu-zentroak informazio digitala biltegiratu, prozesatu eta kudeatzeko erabiltzen diren azpiegitura konplexuak dira.
Gaur egun, enpresa, erakunde eta gobernuek etengabe erabiltzen dituzte datu-zentroak; alde batetik, zerbitzu digitalak eskaintzeko eta, bestetik, AA ereduak entrenatzeko. Datu-kantitate izugarriak kudeatzen dituzte, eta horrek energia-kontsumo handia dakar. 2024an, Europako datu-zentroek energia-kontsumo osoaren % 3 eragin zuten, eta joera goranzkoa da, gero eta informazio gehiago sortzen eta prozesatzen baita. Azpiegitura hauek energia-kudeaketa oso konplexua eskatzen dute, errendimendua optimizatzeko eta, batez ere, etenik gabeko zerbitzua bermatzeko. Izan ere, ustekabeko etenek milioi askoko diru-galerak sor ditzakete. Biltegiratze elektrokimikoa izan daiteke konponbidea. Sistema hauetan, erreakzio kimikoen bidez energia metatzen da eta, behar denean, elektrizitate gisa askatzen da, hala nola litio-ioi baterietan eta superkondentsadoreetan gertatzen den moduan.

Baina behar berrien aurrean konponbide berriak ditugu. Horretarako, bai sodio-ioi bateriak (energia biltegiratzeko), bai superkondentsadoreak (potentzia eskaintzeko), bai haien arteko sodio-ioi kondentsadoreak (energia eta potentziaren arteko oreka lortzeko) erabil ditzakegu. Korrika egiteari buruz hitz egingo bagenu, hau maratoilarien, erdi-distantziako korrikalarien eta sprinterren arteko desberdintasunak aztertzea bezalakoa litzateke.
Maratoilariak: sodio-ioi bateriakMaratoilariak denbora luzean energia hornitzeko prestatuta daude, distantzia luzeko lasterketetan errendimendua mantentzeko. Antzera, sodio-ioi bateriak energia kantitate handiak biltegiratzeko diseinatuta daude eta denbora luzean energia askatzen dute modu jarraituan. Haien funtzio nagusia sistemaren autonomia bermatzea da, etengabeko energia hornidurarekin.
Distantzia ertaineko korrikalariak: sodio-ioi kondentsadoreakErdi-distantziako korrikalariek bi munduen arteko oreka bilatzen dute, erresistentzia eta abiadura uztartuz. Sodio-ioi kondentsadoreek antzera jokatzen dute: energia biltegiratzea eta azkar askatzea ahalbidetzen dute aldi berean. Teknologia honek potentzia handiko momentuak kudeatzen ditu, baina bateriek baino azkarrago erantzuten du, energia biltegiratzeko gaitasuna galdu gabe.
Esprinterrak: superkondentsadoreakEsprinterrek ahalik eta potentzia gehien askatzen dute denbora oso laburrean, baina energia-erreserba txikia dute. Superkondentsadoreek portaera bera dute: oso denbora laburrean potentzia handia eskaintzen dute, baina mugatua da energia kopurua. Ezaugarri hau bereziki erabilgarria da gehieneko potentzia eskaerei erantzuteko; adibidez, datu-zentroetan gailurrak kudeatzeko.
Teknologia hauek aukera jasangarriago eta merkeagoak izateko aukera daukate energia biltegiratzeko teknologia konbentzionalek —litio-ioi bateriak eta berun-azido bateriak— baino, baina oraindik ere ikerketa, garapena eta merkaturatzea behar dute.
Alde batetik, datu-zentroetan ezinbestekoa da energia-horniduraren egonkortasuna. Egonkortasun hau mantentzeko behar den energia-kudeaketa hiru mailatan banatu dezakegu. Bat-bateko hornidura-etenek sistemaren kolapsoa eta informazio-galera handiak sor ditzakete. Horregatik, Uninterruptible Power Supply (UPS) erabiltzen da: elektrizitate-hornidura eteten denean edo tentsio-aldaketak daudenean ekipo kritikoak funtzionamenduan mantentzeko erabiltzen dira, segundo gutxiren buruan energia hornituz berriz ere argindarra berrezarri arte. Gaur egun, UPS gehienak berun-azido bateriez osatuta daude, baina gain dimentsionatzea behar dute bat-bateko erantzuna emateko. Sodio-ioi bateriek erantzun hobea eskain dezakete, haien karga azkarragoari esker, eta, gainera, mantentze-lanik behar ez duen teknologia jasangarriagoa dira. Litio-ioi bateriekin alderatuta, sodio-ioi bateriek lehengai kritikoen erabilera ekiditeko aukera eskaintzen dute, aukera jasangarriago eta merkeagoa dira, beraz.
Bestalde, datu-zentro modernoek energia aurrezteko estrategia berriak behar dituzte, CO2 isuriak minimizatzeko. Beraz, energia berriztagarriak gero eta ohikoagoak dira datu-zentroetan. Hala ere, haien energia-ekoizpena aldakorra izan daiteke ingurune-baldintzen arabera —haizea, eguzkia— edota sorkuntza ez datorrenean bat kontsumoarekin. Sodio-ioi kondentsadoreak irtenbide egokiak dira kasu honetan, gailu hauek energia berehala gorde eta askatzeko gaitasuna baitute, fluktuazio horiek leundu eta sarearen egonkortasuna bermatzeko. Gainera, energia berriztagarriak integratzen dituzten datu-zentroek eraginkortasun handiagoa lortzen dute gailu hauekin, CO2 isuriak gutxitzen baitituzte eta energia-horniduraren fidagarritasuna hobetzen.
Azkenik, datu-zentroek une batzuetan (egia esan, ia uneoro) ikaragarri laburrak diren potentzia-gailurrak izaten dituzte; adibidez, prozesu konplexuetan edo informazioa aldi berean zerbitzari askotan prozesatzen denean, tentsio edo frekuentzia-desorekak sortzen dira. Gailur hauek sarea desegonkortu dezakete, eta, ondorioz, konektaturik dauden gailu elektronikoen errendimendua jaitsarazi, edo beren funtzionamendua kaltetu (tentsioa jaisten edo igotzen den arabera) eta kasu larrienetan sarea ere eten daiteke. Beraz, gailu elektronikoen errendimendua eta funtzionamendu egokia bermatzeko, eta kasu larrienetan sarearen hornidura eten ez dadin, erantzuna milisegundo batzuen buruan gertatu behar da, eta superkondentsadoreek bakarrik dute gaitasun hori. Gainera, urtean zehar milioika potentzia-gailur gerta daitezke, eta superkondentsadoreek bakarrik dute gaitasuna milioika karga-deskarga ziklo operatzeko degradatu gabe.
Laburbilduz, datu-zentroak gero eta handiagoak dira eta gero eta energia gehiago behar dute eta, haien etengabeko funtzionamendua bermatzeko, ezinbestekoak dira energia-kudeaketarako sistema eraginkorrak eta fidagarriak. Egonkortasuna bermatzeko eta CO2 isuriak minimizatzeko funtsezkoak dira UPS sistemak, energia berriztagarrien integrazioa eta potentzia-gailurren kudeaketa estrategikoak. Baina datu-zentro hauek energia-erronka berri baten aurrean jartzen gaituzte. Testuinguru honetan, energia elektrokimikoko biltegiratze berrien garapena izan daiteke konponbidea. Sodio-ioi bateriak, superkondentsadoreak eta haien arteko konbinazioak aukera jasangarri eta eraginkorrak dira ohiko litio-ioi edo berun-azido bateriak ordezkatzeko. Etorkizuneko datu-zentroak ez dira energia-kontsumitzaile hutsak izango, sare elektrikoarekin modu adimentsuan integratuko diren sistemak ez ezik, energia baliabideen optimizazioan lagunduko dutenak. Horretarako, beharrezkoa da ikerketa eta garapena sustatzea, teknologia horiek industria mailan zabal ezarri ahal izan daitezen.
Egileaz:Jon Ajuria Ioi metalikoen kondentsadoreak eta Sodiozko ioien bateriak ikerketa-lerroen arduraduna CIC energiGUNE ikerketa-zentroan.
Zentroari buruz:CIC energiGUNE energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzean eta konbertsioan espezializatutako ikerketa-zentro bat da, Europa mailan erreferentea izanik. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) kide da.
Basque Research & Technology Alliance (BRTA) 17 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroen aliantza bat da. Partzuergo honek Euskadiren etorkizuneko erronka sozioekonomiko globalei aurrea hartzen die, ikerketa eta garapen teknologikoaren bidez erantzuna emanez eta nazioartean proiektatuz. BRTAko zentroek ezagutza sortzen eta ezagutza hori euskal gizarteari eta industriari transferitzen laguntzen dute, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
BRTA aliantzak Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du, eta, gaurtik aurrera, BRTA osatzen duten zentroen artikuluak publikatuko dira Zientzia Kaieran euren ikerlanen berri emateko.
The post Datu-zentroen energia-erronkak eta biltegiratze elektrokimikoko soluzio berriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Liztor asiarraren aurkako jakiak hobetzeko estrategia berria
Jakien erabilgarritasun mugatua da liztor asiarraren aurkako borrokaren arazo nagusietako bat, eta hori konpontzeko gakoak aurkitu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko FARMARTEM ikerketa-taldeak. Lan horretan ondorioztatu da biozida duten jaki proteikoek ez dutela eraginkortasuna galtzen, baldin eta hotzean eta CO2-arekin biltegiratzen badira. Hala, kontrol-metodo horren erabilera eraginkorra bermatu da, eta funtsezko tresna bat eskaini zaie enpresa ekoizleei eta erlezainei.
Vespa velutina nigrithorax espezie inbaditzailea, Asiako liztor izenez ezagutzen dena, 2010ean iritsi zen Euskal Herrira; orduz geroztik, kalteak eragiten ari da ingurumenean eta giza osasunean, bai eta galera ekonomiko handiak ere nekazaritzan eta erlezaintzan. Azken sektore hori da kalte gehien jasan duenetako bat, espezie hori intsektuen harraparia baita, ezti-erleena bereziki. Liztor asiarrek proteina behar dute habian dauden larbak elikatzeko, eta erleetatik hartzen dute proteina hori, proportzio handi batean, harrapakin errazak baitira berentzat.

Horregatik, interes berezia du liztor asiarrak kontrolatzeko tresnak garatzeak. Rosa María Alonso Kimika analitikoan katedraduna UPV/EHUn eta baita FARMARTEM ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez.“biozidadun jaki proteikoak erabiltzea metodo eraginkorra, ekonomikoa eta sinplea dela erakutsi dute. Liztorrek habiara eramaten dute larbek garatzeko behar duten proteina, eta proteina horrek txertatua duen biozidak larbak hiltzen ditu; ondorioz, habia ez da gehiago garatzen”
Hala ere, “tranpa gisa erabiltzen diren substantzia proteikoek erabilera-denbora mugatua dute, beren osaera dela eta. Haien osagaien oxidazioak, entzima-jarduerak eta mikroorganismoek narriadura-konposatuak sortzen dituzte”, azaldu du Alonsok. Haien eraginez, kolorea eta testura aldatzen da, usain desatseginak agertzen; ondorioz, liztorrek uko egiten diote jakiari. UPV/EHUko FARMARTEM ikerketa-taldeak zer baldintza diren egokiak eraginkortasunik galdu gabe jaki horiek biltegiratzeko eta kontserbatzeko ikertu du. Horretarako, taldeak jakien egonkortasuna aztertu du zenbait biltegiratze-baldintzatan: giro-tenperaturan, hozkailuan eta izozkailuan.
Hotzaren eta CO2-aren laguntzarekinIkerketaren emaitzen arabera, “hilabetez izoztuta kontserbatutako proteina-jakiek beren propietateei eusten diete, narriatu gabe”. Gainera, “hezetasuna murrizten duten agenteak erabiliz prestatutako jakiak CO2-z betetako poltsa termozigilatuetan sartuta (CO2-ak atmosfera babeslea eratzen du) eta hozkailuan kontserbatuta, gutxienez 14 egunez izan ziren eraginkorrak. CO2-a erabiltzeak moteldu egiten du narriaduraren seinale diren eta liztorretan arbuioa eragiten duten konposatuak agertzea. Horrek tranpen iraupena luzatzea bermatzen du”, Alonsok azaldu duenez.
Erlategietan saiakuntzak egin dira zenbait baldintzatan edukitako jakiekin, liztorrek haietako zein arbuiatzen zituzten jakiteko. Lortutako emaitzetan oinarrituta, “datuak tresna estatistiko eta kimiometrikoen bidez tratatu ditugu, egon daitezkeen arbuio-markatzaileak identifikatzeko, jakien kontserbazioa optimizatzeko eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko”, Rosa María Alonsok adierazi duenez.
Azterketak argi utzi du zein diren jaki horiek fabrikatzeko eta biltegiratzeko baldintzarik egokienak, eta horrek informazio garrantzitsua ematen die jakiak ekoizten dituzten enpresei, baita erlezainei ere, zeinek aurre egin behar baitiote liztor asiarra kontrolatzeko eta erlauntzak babesteko erronkari.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Liztor asiarraren aurkako jakien bizitza baliagarria luzatu egiten da hotzean eta CO2-arekin biltegiratuz gero.
Erreferentzia bibliografikoa:de la Hera, Omaira; Quintanilla-Casas, Beatriz; Bro, Rasmus; Fañanas, Roberto eta Alonso, Rosa M. (2024). Volatile organic compound profile for the search of rejection markers in protein baits used as Vespa velutina control method. Microchemical Journal, 207, 111685. DOI: 10.1016/j.microc.2024.111685
The post Liztor asiarraren aurkako jakiak hobetzeko estrategia berria appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #533
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Shöningeneko lantzak, osorik dauden ehiza-tresna zaharrenetakoak, berriki 200.000 urte dituztela ondorioztatu dute, aminoazidoen errazemizazioan oinarritutako analisi-metodo bati esker. Egurrean zizelkatuta, Erdi Paleolitikokoa, lehenengo neandertalen aroko, Alemaniako aztarnategi batean aurkitu ziren. Aztarnategiak ehizaren ebidentzia argiak eskaintzen ditu, bereziki zaldiena, eta horrek gizakien lankidetza eta espezializazioa erakusten du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Australian aurkitu dituzte orain arte ezagutzen diren amnioto baten oinatzik zaharrenak, duela 356 milioi urtekoak. Hori, amniotoak agertu zirela uste zen garaia baino 35-40 milioi urte lehenagokoa da. Oinatzek bost atzeko erpe dituzten sauropsido primitibo baten arrastoak izan litezkeela uste dute, eta 80 cm inguruko luzera izan zezakeela kalkulatu dute. Aurkikuntzak iradokitzen du amniotoen eboluzioa askoz lehenago eta azkarrago gertatu zela uste zena baino. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Datuak Elhuyar aldizkarian.
TeknologiaOrakuluak, galdera espezifikoei berehala eta zuzen erantzuten dieten gailu hipotetikoak, konplexutasun konputazionalaren teoria aztertzeko tresna indartsuak dira. Ikertzaileek orakuluak erabiltzen dituzte konplexutasun moten arteko harremanak aztertzeko, eta ulertzeko ea problema batzuk benetan zailak diren ala ez; hala nola errazak diren problemak «P» deiturikoak eta egiaztatzeko errazak diren problema motak «NP» deiturikoak. Orakuluen bidez, P = NP edo P ≠ NP diren egoerak simulatu daitezke. Gainera, ordenagailu kuantikoen ahalmena aztertzeko eta algoritmo berriak garatzeko baliagarriak izan dira. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
MedikuntzaNature aldizkariko ikerketa batek erakutsi du aspirinak metastasia saihestu dezakeela. Aspirinak COX-1 entzimaren jarduera inhibitzen du, eta horren bidez TXA2 tronboxanoaren ekoizpena murrizten du. TXA2 honek T linfozitoen jarduera immunologikoa oztopatzen du; beraz, TXA2 gutxitzeak immunitateak minbizi-zelulei aurre egitea ahalbidetzen du. Entsegu klinikoek baieztatu dute aspirinak metastasiak gutxitzen dituela eta bizi-itxaropena luzatzen duela. Hala ere, albo-ondorioak (urdailaren kaltea, odoljarioak) direla eta, ikertzaileek mekanismo horretan esku hartuko duten botika espezifikoagoak garatzea proposatzen dute. Datuak Zientzia Kaieran.
OsasunaAriketa fisiko egokitua COVID iraunkorra dutenentzat onuragarria dela ondorioztatu du Nora García Alonso fisioterapeutak bere doktoretza-tesian. Indarra eta potentzia ariketak lantzen dituen programa batek nekea, ahulezia, arnasa hartzeko zailtasunak eta estresa murriztu ditu, eta gaitasun funtzionala nahiz bizi-kalitatea hobetu ditu. Navarrabiomed ikerketa-zentroan egin da ikerketa ehun bat parte-hartzaileekin eta emaitzak European Heart Journal aldizkarian argitaratu dira. Ariketa fisikoa praktika klinikoan txertatzeko ebidentziak lortu dituztela berretsi du egileak. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du gaitasun kognitiboek ez dutela zertan gainbehera egin behar adinean, baldin eta irakurketa eta matematikako ohiturak mantentzen badira. 16-65 urte bitarteko 3.000 alemaniarren datuak aztertuta, ikusi dute gaitasunak 40 urtera arte hazten direla eta, lantzen badira, 65 urtera arte egonkortzen direla. Hezkuntza-maila eta lanbideak ere eragina dute, eta ohiturak ez dituztenen kasuan, bereziki aritmetikaren arloan, beherakada nabariagoa da. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.
NutrizioaUPV/EHUko Gluten 3S ikerketa-taldeko ikertzaileek GLUTLEARN programa garatu dute zeliakiei eta haien zaintzaileei zuzenduta, Instagram bidez nutrizio ezagutza hobetzeko. Sei asteko online programak gaixotasunaren eta glutenik gabeko dietaren inguruko ezagutza handitu du, elikagai seguruak identifikatzeko eta kontaktu gurutzatua saihesteko konfiantza areagotuz. Parte-hartzaileen % 90ek eduki gehienak ikusi dituzte, eta % 84k programa “ezinbestekotzat” jo dute. Ikerketak sare sozialen erabilera osasun hezkuntzan eraginkorra dela frogatu du, baldin eta zorroztasun zientifikoa bermatzen bada. Computers in Biology and Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Datuak Alea aldizkarian.
PsikologiaPentsamenduak gure esperientzietatik, pertzepzioetatik eta emozioetatik abiatuta sortzen diren eraikuntza mentalak dira, eta garunaren jarduera koordinatuaren ondorioz agertzen dira. Hala azaldu du María del Carmen Sanjuan Artegain psikologo kognitiboak Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleek egindako “Nola sortzen dira pentsamenduak?” galderari erantzunez, Zientzia Kaierako Gazte-galderak atalean. Garuna organo fisikoa da, baina gogoa haren jardueratik sortzen den software antzeko sistema bat litzateke. Psikologiaren eta neurozientziaren arabera, pentsamenduak ez dira ausaz sortzen: irudikapen mentalen konbinazioa dira, eta hizkuntza eta oroimena bezalako azpisistemek elkarrekin lan eginez eraikitzen dituzte.
Klima-aldaketaBC3 ikerketa-zentroak nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketaren arabera, Europako hiri gehienak atzera daude klima-aldaketara egokitzeko neurrietan. Aztertutako egokitzapen-planen % 70ek ez dute funtsik, eta ia inork ez ditu komunitate kalteberak kontuan hartzen. Horrek ekitate sozialean eta arriskuen kudeaketan hutsune handiak sortzen ditu. Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketak ohartarazten du Europaren berotzea azkarragoa dela eta plan integratu, datuetan oinarritutako eta ahulenei arreta emango dieten estrategiak beharrezkoak direla. Ikerketak, gainera, planak ebaluatzeko tresna berriak eskaintzen ditu. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
GenetikaLehen aldiz, CRISPR edizio genetikoaren terapia pertsonalizatua erabili da gaixotasun genetiko arraro batekin jaio zen haur bat tratatzeko, eta arrakasta izan du. KJ izeneko haurrak CPS1 genean mutazio larriak zituen, eta horrek sintoma hilgarriak eragiten zituen. Filadelfiako eta Penn Medicineko (AEB) haur-ospitaleko ikertzaileek base-editoreen teknika erabili zuten —DNA moztu gabe nukleotidoak aldatzen dituen metodoa— eta terapia nanopartikula lipidikoetan kapsulatuta eman zioten. Lehen dosia 2025eko otsailean jaso ondoren, haurra behar bezala garatzen garatzen ari da. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #533 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #540
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.
Hamletek ere bere Schrödinger unea izan zuen. Hamlet revisited TILKUTen bineta bat.
Hawkingen erradiazioak zulo beltz bat lurruntzea lortzen badu, edozer lurrundu dezake, unibertsoa bere osotasunean barne. Universe expected to decay much sooner than thought.
Zelula jakin batzuek ahalbidetuko lituzkete portaera adimenduna deritzogun hori eragiten duten konexioak. Specific brain cells enable intelligent behaviour, Mohamady El-Gaby.
Ondo trebatutako adimen artifizialak giaza begiari ihes egiten diona ikus dezake. DIPCko jendeak kode irekiko plataforma berri bat garatu du, biologoei zientzian zentratzeko aukera ematen diena, eta ez programazioan. BiaPy, analising bioimages made easy
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #540 appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta espazioan jantzi aproposik gabe ibiliko bagina?
Espazioko baldintzak ez dira egokienak gizakiontzat inondik ere, eta zaila litzateke bertan bizirautea.
Espazio zabalean tenperatura -270 ºC-koa da (zero absolutua deritzona) eta huts ia perfektu bat. Horren ondorioz, izozteaz gain puztu egingo ginateke presio aldaketagatik.
Eguzki irradiazio ultramorea ere bortitza litzateke babesik gabe. Eta noski, ezin ahaztu oxigenoa, ezpazio zabalean eta huts ia perfektuan, ezingo baikenuke arnasik hartu.
Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.
The post Eta espazioan jantzi aproposik gabe ibiliko bagina? appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola sortzen dira pentsamenduak?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Zergatik dituzte hegoak pinguinoek ezin badute hegan egin?
Galdera hori egiten duzunean, zerbait harrigarria gertatzen da zeure buruan: barne hausnarketa bat egiten du eta nola pentsatzen duen pentsatzen ari da.
Hain gauza harrigarri horri metakognizioa esaten zaio; zure gogoak linterna bat piztuko balu bezala da, barruan begiratzeko. Gaitasun horri esker, geure burua hobeto ezagutu dezakegu, nola ikasten dugun eta arazoak nola konpontzen ditugun uler dezakegu, baita ikasteko eta pentsatzeko gure modua hobetu ere.

Baina goazen hasierako galderara: nola sortzen dira pentsamenduak? Hori ulertzeko, lehenik eta behin gogoa zer den jakin behar dugu. Gogoa eta garuna gauza bera al dira?
Gogoa eta garunaren arteko desberdintasunakGaruna organo fisiko bat da, eta sare oso konplexuen bidez seinale elektrikoak bidaliz elkarrekin komunikatzen diren milaka milioi neuronek osatzen dute. Antzinatik, gizakiok uste dugu garuna eta gogoa erlazionatuta daudela. Adibidez, badakigu lehenak kalteak jasaten baditu, adimen gaitasun garrantzitsuak gal ditzakegula, hala nola oroimena, hitz egiteko edo aurpegi ezagunak ezagutzeko gaitasuna.
Bestalde, gogoak ez du forma fisikorik, baina egiten dugun guztiaren atzean dago: pentsatzea, usain bat sentitzea, poza edo tristura sentitzea, dibertigarria den zerbait gogoratzea, erabakiak hartzea edo arreta jartzea. Zuzenean behatu ezin den arren, zientzialariek gure portaera aztertuz eta esperimentuak eginez aztertzen dute, esperientziek gure jokabidea nola aldatzen duten edo gauza berriak nola ikasten ditugun ulertzeko.
Gaur egun, zientzialari askok uste dute garuna eta gogoa ez direla gauza bera, eta azkena lehenengoaren jardueratik sortzen dela. Zure telefono mugikorrarekin eta harekin egin dezakezunaren antzekoa da: deitzea, jolastea, bideo‑deiak egitea edo argazkiak partekatzea. Telefonoa gailu fisikoa den arren, haren funtzioak ez. Esan dezakegu telefonoa hardwarea dela, eta funtzioak, aldiz, softwarea.
Gogoa ikertzen duten psikologo kognitiboek uste dute softwareak bezala funtzionatzen duela. Ez du programa bakarra, baizik eta informazioa prozesatzeko sistema oso bat, elkarrekin lan egiten duten azpisistemez osatua: pertzepzioa, arreta, memoria, emozioak, ikaskuntza, hizkuntza eta erabakiak hartzea, besteak beste. Haien ustez, pentsamenduak prozesu horien jarduera koordinatuaren ondorioz sortzen dira.
Nondik datoz pentsamenduak?Gure gogoak jasotzen duen informazioa erabiltzen eta antolatzen duenean sortzen dira pentsamenduak. Esperimentatzen dugun guztia (ikusten, entzuten, ukitzen, usaintzen edo sentitzen duguna) prozesatu egiten da eta oroimenean gorde daiteke irudikapen mental gisa. Irudikapen horiek barne aztarnen antzekoak dira: irudiak, oroitzapenak, emozioak, kontzeptuak, gauzak erlazionatzeko moduari buruzko ideiak (adibidez, hodeiek euria iragartzen dute) edo zerbait egiteko moduari buruzkoak (adibidez, bizikletan ibiltzea).
Pentsatzen dugunean, irudikapen horiek aktibatzen ditugu, konbinatu, alderatu, aztertu, ebaluatu edo egoera berrietan imajinatzen ditugu.
Legoren piezen antzeraPentsamenduak gure esperientzietatik, pertzepzioetatik eta emozioetatik eratorritako piezak konbinatzen dituzten eraikuntza mentalak direlako ideia bat dator psikologia kognitiboaren eta neurozientzia kognitiboaren (garunak prozesu mentalak nola sortzen dituen ikertzen du) teoria garaikide askotan.
Adibidez, txikia zineneko zure logela nolakoa zen gogoratzen baduzu eta egungoarekin alderatzen baduzu, iraganeko eta egungo esperientzien blokeak erabiltzen dituzu pentsamendu hori eraikitzeko. Agian oroitzapena agertu zen zure haurtzaroa gogorarazi zizun zerbait ikusi zenuelako (pieza bat) edo zure lehengo logelaren mira izan duzulako (beste pieza bat), edo, besterik gabe, beste pentsamendu batek oroitzapen hori aktibatu zuelako (beste pieza bat).

Askotan, pentsamenduak bilatu gabe agertzen dira. Gure gogoak pertsona, objektu, leku edo emozio jakin batzuk erlazionatzen ikasi duelako gertatzen da hori.
Motor bat ikusten baduzu, izan zenuen istripu bati buruzko pentsamendu bat etor dakizuke automatikoki, gogoratu nahi ez baduzu ere. Beste batzuetan, ordea, arazo bat konpontzeko, zerbait gertatzeko aukerak ebaluatzeko, plan bat antolatzeko edo erabaki garrantzitsu bat hartzeko kontzienteki pentsatzea aukeratzen dugu.
Hitzen botereaGainera, pentsamenduak lotura handia du hizkuntzarekin. Pentsatzen duguna adierazteko hitzak erabiltzeaz gain, askotan, hizkuntzaren bidez, beste pertsona batzuek pentsamenduak eragiten dituzte gure gogoan.
Norbaitek hitz egiten digunean, irudiak, oroitzapenak edo ideiak aktibatzen ditu automatikoki. Adibidez, norbaitek esaten badizu: “Pedro ikusi dut autobusean”, hitz horiek eszena bat, ideia bat edo irudi bat sortzen dute berehala zure gogoan, ahalegin kontziente baten beharrik gabe. Gauza bera gertatzen da liburuak irakurtzen ditugunean. Irakurtzeak gure aurrean ez dauden gauzak sortzea ahalbidetzen digu, beste bizitza batzuk bizitzen edo mundu ikusezinak esploratzen ariko bagina bezala.
Baina kontrakoa ere gertatzen da: hitz egiteak pentsatzea dakar. Hitz egokiak aukeratzeak, zentzua duten esaldiak eraikitzeak edo istorio bat kontatzeak ideiak mentalki antolatzea eskatzen du. Horregatik, hizkuntzak eta pentsamenduak lotura izateaz gain, askotan txanpon beraren bi aldeak izan daitezke.
Izan ere, Jerry Fodor zientzialariak dio biek antzeko arauak eta konbinazioak dituztela.
Zertarako balio dute pentsamenduek?Pentsatzeko gaitasuna inguratzen gaituen mundura hobeto egokitzen eta besteekin elkarrekin bizitzen laguntzeko garatu da. Pentsamenduak oso tresna ahaltsuak dira: horiei esker planifikatu, aukerak baloratu, ondorioak aurreikusi eta gure aurreko esperientziak erabaki egokiagoak hartzeko erabil ditzakegu. Horri esker, zuzenago joka dezakegu.
Hori gutxi balitz, beste pertsona batzuen lekuan jartzen laguntzen digute, eta nahi duguna ez ezik, besteentzat onena dena ere kontuan hartzen duten erabakiak har ditzakegu.
Adibidez, imajinatu hurrengo asteburuan zer egin erabaki behar duzula: lagunekin irten, bikotekidearekin geratu, ikasi edo, besterik gabe, atseden hartu. Pentsatzean, zure gogoak aukera horiek baloratzen ditu, antzeko egoeretan nola sentitu zinen gogoratzen du eta inplikatutako pertsonak nola senti daitezkeen. Gainera, nahi duzuna eta una horretan behar duzuna ebaluatzen duzu, baita erabaki bakoitzaren balizko ondorioak ere. Horixe egiten dugu pentsatzen dugunean: informazioa erabili bide bat aukeratzeko.
Eta, azkenik, pentsamenduek aukera ematen digute etorkizuna imajinatzeko, gauza berriak sortzeko eta inguratzen gaituen mundua eraldatzeko.
Behin artikulua irakurrita, saiatu galdera honetan pentsatzen: zure ustez, pentsa genezake aurretik nolabait esperimentatu dugun zerbaitekin inolako loturarik ez duen zerbaitetan?
Egileaz:María del Carmen Sanjuan Artegain Arreta, pertzeptzioa eta motibazioko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo se forman los pensamientos? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com
The post Nola sortzen dira pentsamenduak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Adinak ez du halabeharrez buruaren abilezia gutxitu behar
Ikerketa batek dio zahartzearekin batera gertatzen den gainbehera kognitiboari aurre egin ahal zaiola, matematika eta irakurketa landuz gero.
Esan ohi da urteak ez direla debalde pasatzen, eta errealitate ukaezina da hori munduan den ezein bizidunentzat. Bizitzak aurrera egiten du etengabean, atzerapausorik gabeko bidaia bakar eta errepikaezin batean. Eta bidaia horretan, noski, indarrekin batera, gaitasunek ere gora eta behera egiten dute bizi zikloan zehar.

Gaitasun kognitiboei dagokienez, orain arte uste izan da 30-40 urteren bueltan horiek gainbeheran hasten direla, baina ikerketa berri batek dio gutxienez 40 urte izan arte goraka ari direla. Are, adin horretatik aurrera egonkortzen direla, eta pixkanaka moteltzen direla ondorioztatu dute. Eta hala eta guztiz ere, moteltze hori ez da halabeharrez gertatu behar, eguneroko bizitzan gaitasun hauek lantzen dituztenen kasuan bederen. Hala, Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluak dio matematikari eta irakurketari lotutako gaitasunak lantzeko ohiturak mantentzen dituzten lagunek ez dutela narriadura kognitiborik jasaten.
Oraingoan populazio lagin konkretu bati jarraipena egin diote denboran zehar —ikerketa longitudinala eginez—. Aurreko ikerketek, aldiz, esaten zuten adinarekin batera gaitasun kognitiboak gainbeheran zeudela, baina hori ondorioztatu zuten adin desberdinetan zeuden taldeen jarraipena eginez —hots, ikerketa transbertsala eginez—: une jakin betean adin desberdina duten pertsonen gaineko datuak izan dira orain arte jorratu izan direnak.
Azken ikerketa honetan, berriz, talde beraren gaineko jarraipena egin dute, hainbat urteko aldea igarotzen utzita. Hortaz, hurbilpen hau oso bestelakoa izan da, aukera eman duelako jende berdinarekin lan egiteko, behin denbora tarte hori pasata. Modu horretan konprobatu ahal izan da ea gainbehera kognitiboa hasi ote den.
Berez, ez dituzte galdetegiak prestatu, eta dagoeneko egina dagoen inkesta multzo batean oinarritu dira. Datu horiek Alemanian aurkitu dituzte. Ikerketarako PIAAC Helduen Gaitasunak Ebaluatzeko Nazioateko Programaren datuetatik abiatu dira. Bertan, 16 eta 65 urte artean dituen Alemaniako populazio baten gaitasun linguistiko eta matematikoak aintzat hartu dituzte, eta hiru urte eta erdi ondoren bigarren ebaluazio bat egin dute, bilakaera aztertzeko. Orotara, 3.000 helduren gaineko datuak izan dituzte eskura. Horrela, adinarekin batera gaitasun kognitiboen gaineko irudi erreal bat lortu nahi izan dute zientzialariek.
Galdetegietan parte hartzaileek adierazi dute zeintzuk izan diren gaitasunei lotutako beren ohiturak, etxeko eguneroko bizitzan zein lanean. Irakurketari dagokionez, adierazi dute zenbatean behin irakurri dituzten produktuen jarraibideak, posta elektronikoak, artikuluak, liburuak edo eta erreferentziazko materialak. Matematikaren edo zenbakien kasuan, kostuen kalkulua, portzentajeen edo zatikien erabilera edota grafikoen interpretazioa izan dira galdetegian erabili izan diren erreferentzietako batzuk. Parte hartzaileek aldagai horiek guztiak 1etik 5era sailkatu behar izan dituzte, inoiz ez (1) eta egunero (5) adierazpenen arteko tarte batean.
Kasu gehienetan, 40 urte ingurura arte handitzen dira gaitasun kognitiboak, baina adin horretatik aurrera gainbeheran doaz. Alabaina, etxean edo lanean matematika eta irakurketa batez bestekoaren gainekin lantzen dutenen kasuan ez dute gainbeherarik izan, ikertutako adin tartean bederen —65 urtera arte—. Are, 50 urtera arte gaitasunek gora egin dute, eta adin tarte horren bueltan egonkortu dira. Kontrara, gainbeherak ikusi egin dira bereziki gaitasunak batez bestekoa baino gutxiago erabiltzen dituztenen kasuan.

Irakurketari lotutakoak gutxi jaitsi badira ere, aritmetikarenak modu nabarmenagoan hasi dira gainbeheran. Baina hau ez da berdin gertatu pertsona guztien artean: adinaz gain, hezkuntzak eta lanbide motak ere zeresanik baduela dirudi. Hala, lan administratiboak egiten dituztenek zein hezkuntza maila handiagoa duten pertsonek gero eta gaitasun gehiago erakutsi dituzte galdetegietan, 40 urte baino gehiago izanda ere.
Logikoa denez, bi faktore horiek lotzen direnean, emaitza are handiagoa da. Hots, ikasketa aurreratuak eta lanbide administratiboak dituzten eta gaitasun kognitiboak batez bestekoaren gainetik landu dituztenek ez dute batere gainbeherarik jasaten; are, gaitasun horiek zertxobait handitu dira karrera profesionalean aurrera egin ahala.
Beste ondorio garrantzitsu bat generoari lotuta dago. Izan ere, adinarekin, matematikari lotutako gaitasunak gehiago jaitsi dira emakumezkoen artean, gizonezkoen artean baino. Kasu horretan, ez dirudi gaitasunen erabilerak guztiz azaltzen duenik gainbehera hori, eta, horregatik, egileak sinetsita daude beste faktore batzuk tartean egon daitezkeela. Aurreko ikerketetan hori hala jaso izan dela argitu dute.
Ikerketaren muga nabarmena da Alemaniako datuekin baino ez dituztela lan egin, eta, ondorioz, ez dago garbi norainokoa izan daitekeen bertako kultura eta hezkuntza sistemaren eragina ondorioak beste herrialdeetara orokortzerakoan. Bestetik, datu eta tratamendu estatistiko indartsua eduki arren, gogora ekarri beharra dago ikerketa korrelazioan oinarritzen dela, eta, beraz, ezin duela kausaren eta efektuaren arteko harremanik finkatu.
“Adinaren eta helduen gaitasun kognitiboen arteko korrelazioak erakusten du norainoko garrantzia izan dezakeen etengabeko ikasketak”, nabarmendu dute egileek. Ondorio logikoa da helduaroan zehar ohitura horiek modu aktiboekin jarraitzea gako izan daitekeela horiek mantendu edota hobetzeko. Jakina denez, gaitasun kognitiboek inpaktu handia dute norbanakoen zein herrialdeen ekonomian, are gehiago demografikoki zaharkitze prozesu sakon batean murgilduta dauden mendebaldeko ekonomien kasuan. Hori dela eta, egileek nabarmendu dute bizitzan zehar gaitasun horiek lantzen jarraitzeko beharra, eta politika publikoek ohitura hori indartu beharko luketela adierazi dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Hanushek, Eric A.; Kinne, Lavinia; Woessmann, Ludger (2025). Age and cognitive skills: Use it or lose it. Science Advances, 11, 10. DOI: 10.1126/sciadv.ads1560
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Adinak ez du halabeharrez buruaren abilezia gutxitu behar appeared first on Zientzia Kaiera.
Aspirinak metastasia saihesten du
Horrelako izenburuak oso ohikoak izaten dira komunikabide ez espezializatuetan, eta sarri, zientzialariok haserretu egiten gara gisa honetako baieztapenak sentsazionalistegiak iruditzen zaizkigulako; baina oraingoan Nature aldizkari ospetsuan agertu da: “Aspirin prevents metastasis by limiting platelet TXA2 suppression of T cell immunity“. Eta zer dago artikulu honen atzean? Zer ikusi dute lan honetan parte hartu duten zientzialariek?
Aspirina moduan ezagutzen dugun botikaren printzipio aktiboa azido azetilsalizilikoa da; berau Charles Frederic Gerhardt kimikariak lortu zuen ekoiztea lehen aldiz 1853. urtean, baina ez zion garrantzirik eman eta albo batera utzi zuen. Ez zen aspirinaren eraginkortasuna frogatu 1899. urtean Bayer konpainiak minaren aurkako botika moduan inskribatu zuen arte Alemaniako Patenteen Bulego Inperialean. Baina azido azetilsalizilikoa ekoizteko beharrezkoa den azido salizilikoa aspalditik erabili da. Kristo aurreko V. mendean, medikuntzaren aitatzat dugun Hipokratesek sahatsaren (Salix Latinum) azalarekin egindako edabea erabiltzen zuen mina eta sukarra kontrolatzeko. Erdi Aroan ere ohikoa zen sahatsaren azala mina tratatzeko erabiltzea, baina debeku baten ondorioz ahaztuta gelditu zen. Sahatsaren azala otzarak egiteko erabiltzen zen, eta hori lehenetsi zen erabilera farmakologikoaren gainetik.

Azido azetilsalizilikoak ziklooxigenasak izeneko (COX) entzima taldea blokeatzen du. Entzima hauek azido arakidonikoaren oxidazioa ahalbidetzen dute eta prostaglandinak sortzen dira horrela. Prostaglandina hauetariko batzuk dira sukarra, hantura eta mina sortzen dutenak; hortaz, COX entzimen inhibizioak prostaglandinen ekoizpena ekiditen du eta, horrela, mina, hantura eta sukarra arintzen ditu.
Ziklooxigenasen beste eginkizun bat tronboxanoak ekoiztea da; eta hori berori egiten du ziklooxigenasa-1 entzimak (COX-1); plaketetan azido arakidonikoa bihurtu A2 tronboxano (TXA2). TXA2 agente koagulatzaile garrantzitsu bat da eta hortik dator aspirinaren erabilera antikoagulatzaile moduan. Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan ikusi denez, TXA2 tronboxanoak koagulatzaile izateaz gain badu beste funtzio bat: T linfozitoak blokeatzen ditu eta haien ugaltzeko eta minbizi-zelulei aurre egiteko gaitasuna inhibitzen du.
T linfozitoak immunitate-sistemako zelula zitotoxikoak dira eta, tumore bat sortzean, bertaratu eta berau suntsitzen ahalegintzen dira. Kasu honetan, plaketek sortzen duten TXA2 tronboxanoak, koagulazioa hauspotzeaz gain, T linfozitoen erantzuna apaltzen du. Aspirinak ziklooxigenasak blokeatzen dituenez, COX-1 ere blokeatzen du eta TXA2 tronboxanoaren ekoizpena inhibitzen du plaketetan; ondorioz, TXA2 gabeziagatik, koagulazioa ekiditeaz gain, T linfozitoak ez dira blokeatzen eta haiek aurre egin diezaiekete tumore-zelulei.
Aspirinak eta metastasiaMetastasia tumore-zelula batek egiten duen bidaia da, sortu den organotik beste organo batera. Metastasiaren hasierako faseetan, tumore-zelula gutxi batzuk baino ez dira heltzen jomuga duten organora, eta tumorea bera ez dagoenez guztiz egonkortuta, zaurgarria izaten da immunitate-sistemaren erasoen aurrean. Egoera honetan, metastasi prozesuari aurre egiteko, oso garrantzitsua da TXA2 moduko immunitate-sistema inhibitzen duten molekulak ezabatzea. Zelula eta molekula mailan aspirinaren eragin antimetastasikoa demostratzearekin batera, hainbat entsegu klinikotako datuak ere sakonki aztertu dira, eta argi ikusi da aspirinaren erabilerak, paziente onkologikoen metastasiak gutxitzeaz gain, bizi-itxaropena luzatzen duela.
Aspirina COX entzimen inhibitzaile den heinean, beste efektu batzuk ere eragiten ditu gorputzean, hala nola urdaileko arazoak. Prostaglandina mota batek urin gastrikoaren gehiegizko ekoizpena ekiditen du eta parte hartzen du urdaila babesten duen mukiaren sintesian. Lehen aipatu den moduan, aspirinak COX entzimak blokeatzean ditu eta, ondorioz, ekidin egiten du prostaglandinen ekoizpena. Prostaglandinarik ez badago, urdaileko zelulak babesten dituen muki gutxiago sortzen da eta azido gehiago, urdailaren kaltetan. Aspirinak odoljarioak ere sor ditzake, TXA2 tronboxano agente koagulatzailearen ekoizpena blokeatzen duelako. Hortaz, kasu honetan aspirinaren erabilera antimetastasikoa deskribatu den arren, lehentasun bilakatu da TXA2 tronboxanoak T linfozitoetan duen eragin zuzena ikertzea; horrela linfozitoaren barnean TXA2k eragiten dituen mekanismoetan eraginez botika berriak sortu ahalko lirateke aspirinak dituen albo kalteak ekidinez.
Erreferentzia bibliografikoak:Yang, J., Yamashita-Kanemaru, Y., Morris, B.I. et al. (2025). Aspirin prevents metastasis by limiting platelet TXA2 suppression of T cell immunity. Nature, 640, 1052–1061. DOI: 10.1038/s41586-025-08626-7
Fabregate, R., Sabán, J., Fabregate, M., Utrilla, A. (2009). Perspectiva histórica. Personajes más relevantes de la patología cardiovascular. Principales avances del siglo XX en J. Sabán (Ed.), Control global del riesgo cardiometabólico: La disfunción endotelial como diana preferencial (pp. 5-30). Ediciones Díaz de Santos.
Mann, Charles C., Plummer, Mark L. (1991). The aspirin wars: money, medicine, and 100 years of rampant competition. Alfred a Knopf Inc.
Egileaz:Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.
The post Aspirinak metastasia saihesten du appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik kontsultatzen dituzte orakuluak informatikariek?
Galderak azkar eta zehaztasunez erantzun ditzaketen gailu hipotetikoak tresna indartsu bihurtu dira konplexutasun konputazionalaren teorian.
Egin galdera bat 8 Bola Magiko bati, eta baiezko batekin, ezezko batekin edo zehaztasun gabeko zerbait amorragarriarekin erantzungo dizu. Guretzat haurrentzako jostailu bat besterik ez da, baina konputazioaren teorialariek antzeko tresna bat erabiltzen dute. Askotan imajinatzen dute orakulu izeneko gailu hipotetikoak kontsulta ditzaketela. Gailu horiek berehala eta zuzen erantzun diezaiekete galdera espezifikoei. Fantasiazko esperimentu mental horiek algoritmo berriak inspiratu dituzte eta ikertzaileei konputazioaren paisaia mapatzen lagundu diete.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/05/Oracle_Comp.mp4 Bideoa: Mark Belan – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta MagazineOrakuluei hel egiten dieten ikertzaileek informatikaren azpieremu batean egiten dute lan, konplexutasun konputazionalaren teoria izenekoa. Problemen berezko zailtasunaz arduratzen dira, hala nola zenbaki bat lehena den ala ez zehaztea edo sare batean bi punturen arteko biderik laburrena aurkitzea. Problema batzuk erraz ebazten dira, beste batzuek askoz ere zailagoak dirudite, baina egiaztatzeko errazak diren konponbideak dituzte, eta beste batzuk berriz, errazak dira ordenagailu kuantikoentzat, baina itxuraz zailak ordenagailu arruntentzat.
Konplexutasunaren teorialariek itxurazko zailtasunean dauden desberdintasun horiek funtsezkoak diren ulertu nahi dute. Existitzen al da problema batzuetan berez zaila den zerbait, edo, besterik gabe, ez gara soluzio on bat aurkitzeko behar bezain argiak? Ikertzaileek galdera horiei heltzen diete problemak «konplexutasun motetan» sailkatuz —adibidez, problema erraz guztiak mota batean eta egiaztatzeko errazak diren problema guztiak beste batean— eta mota horien arteko harremanei buruzko teoremak frogatuz.
Zoritxarrez, badirudi zaila dela zailtasun konputazionalaren paisaia mapatzea. Beraz, 1970eko hamarkadaren erdialdean, ikertzaile batzuk konputazioaren arauak desberdinak balira zer gertatuko litzatekeen aztertzen hasi ziren. Eta hor sartzen dira orakuluak.
8 Bola Magikoak bezala, orakuluak baiezko eta ezezko galderak berehala erantzuten dituzten gailuak dira, bere barne funtzionamenduari buruz ezer erakutsi gabe. 8 Bola Magikoek ez bezala, beti erantzuten dute bai ala ez, eta beti dute arrazoi: fikziozkoak izatearen abantaila. Gainera, edozein orakuluk galdera mota jakin bati baino ez dio erantzungo, hala nola «Hau zenbaki lehena al da?».
Zergatik dira fikziozko gailu horiek mundu erreala ulertzeko baliagarriak? Laburbilduz, konplexutasun mota desberdinen arteko ezkutuko konexioak erakuts ditzakete.
Har ditzagun bi konplexutasun mota ospetsuenak. Ebazteko errazak diren problemak daude, ikertzaileek «P» deitzen diete, eta egiaztatzeko errazak diren problema motak, «NP» deitzen dietenak. Egiaztatzeko errazak diren problema guztiak ebazteko errazak al dira? Hala balitz, horrek esan nahiko luke NP P-ren berdina izango litzatekeela, eta enkriptazio guztia haustea erraza izango litzateke (beste ondorio batzuen artean). Konplexutasunaren teorialariek uste dute NP ez dela P‑ren berdina, baina ezin dute frogatu, nahiz eta 50 urte baino gehiago daramatzaten bi moten arteko harremana zehazten saiatzen.
Orakuluek lagundu diete hobeto ulertzen zerekin ari diren borrokan. Ikertzaileek hainbat problema ebazten laguntzen duten galderak erantzuten dituzten orakuluak asmatu dituzte. Ordenagailu bakoitzak orakulu horietako batekin zuzeneko lotura duen mundu batean, erraz egiazta daitezkeen problema guztiak ere erraz ebatziko lirateke, eta P eta NP berdinak izango lirateke. Baina hain baliagarriak ez diren beste orakulu batzuek kontrako efektua dute. Orakulu horiez beteriko mundu batean, P eta NP modu frogagarrian desberdinak izango lirateke.
Ikertzaileek ezagutza hori erabili dute P NP‑ren aurkako problema hobeto ulertzeko. P eta NP-ren arteko harremana zehazteko lehen saiakerek diagonalizazioa izeneko trikimailu dotore bat erabili zuten, informatikako beste emaitza garrantzitsu batzuetarako funtsezkoa. Hala ere, ikertzaileak laster konturatu ziren diagonalizazioan oinarritutako edozein froga ordenagailu bakoitzak orakulu bera kontsultatu ahal zuen edozein mundutan ere aplikatuko zela. Horrek arazoak ekarri zituen, orakuluek aldatu egin baitzuten P eta NP galderen erantzuna. Ikertzaileek diagonalizazioa erabili ahal izango balute mundu errealean P eta NP desberdinak direla frogatzeko, froga berak erakutsiko luke P eta NP desberdinak direla orakuludun mundu batean, non argi eta garbi baliokideak diren. Horrek esan nahi du P NP-ren aurkako problemaren diagonalizazioan oinarritutako edozein soluzio autokontraesankorra izango litzatekeela. Ikertzaileek ondorioztatu zuten teknika berriak beharko zituztela aurrera egiteko.
Orakuluak ere baliagarriak izan dira konputazio kuantikoaren azterketan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, ikertzaileek fisika kuantikoa aprobetxatzeko moduak deskubritu zituzten, ordenagailu «klasiko» arruntentzat zailak ziruditen zenbait problema azkar ebazteko. Baina, problema horiek zailak dirudite edo benetan zailak dira? Modu batera edo bestera frogatzeak teknika matematiko erabat berriak eskatuko lituzke.
Horregatik, ikertzaileek ordenagailu kuantikoek orakuluak inplikatzen dituzten problemei nola heltzen dieten aztertu dute. Ahalegin horiek zeharkako ebidentzia eman dezakete ordenagailu kuantikoak benetan klasikoak baino ahaltsuagoak direla frogatzeko, eta ikertzaileei lagundu diezaiekete kualitatiboki berriak diren zereginak esploratzen, non ordenagailu kuantikoak nabarmendu daitezkeen. Batzuetan, aplikazio praktikoak ere izan ditzakete. 1994an, Peter Shor matematikari aplikatuak orakuluei buruzko emaitza berri bat oinarri hartu zuen zenbaki handiak faktorizatzeko algoritmo kuantiko azkar bat garatzeko. Lan horren ustezko zailtasuna gure lineako informazioa seguru mantentzen duten sistema kriptografikoetan oinarritzen da. Shorren aurkikuntzak ordenagailu kuantiko indartsuak eraikitzeko jarduera bati hasiera eman zion, eta gaur egun arte jarraitzen du.
Zaila da konplexutasunaren teoriaren etorkizuna iragartzea, baina eremuaren ibilbideari buruzko galdera guztiak ez dira erantzuten zailak. Ikertzaileek orakuluak kontsultatzen jarraituko dute? Seinaleek baietz diote.
Jatorrizko artikulua:Ben Brubaker (2025). Why Computer Scientists Consult Oracles, Quanta Magazine, 2025ko urtarrilaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Zergatik kontsultatzen dituzte orakuluak informatikariek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #532
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

UPV/EHUko ikerketa batek frogatu du planifikatu gabeko haurdunaldiek ama baten osasun orokorrean eragin negatibo handiagoa dutela, batez ere 30 urtetik beherakoetan. Depresio-arriskua erditu aurretik handiagoa dela planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten emakumeen artean ere ikusi da emaitzetan, baina ez da alde nabarmenik ikusi erditu ondoko osasun mentalean. Luzetarako azterketak alderdi fisikoak eta psikologikoak barne hartu ditu eta planifikatu gabeko haurdunaldien barruan, nahi ez direnak eta nahi baino lehenago gertatzen direnak bereizten ditu. Datuak Zientzia Kaieran.
KimikaJosu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea, zientziaren rola auzitegietan berrikustera bultzatu zen kasuari buruz idatzi du Zientzia Kaieran: Lafarge kasua. 1840ko urtarrilean, Charles Lafarge hil zen eta bere emaztea, Marie Lafarge, artsenikoz pozoitzea leporatu zioten. Defentzako abokatuak Parisko Mateu Orfila zientzialari ospetsuaren lanetara jo zuen. Lafargeren epaiketan gertatutakoa baliagarria izan zen garai hartako prozedura toxikologikoak berrikusteko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstrofisikaZulo beltz supermasiboek isurtzen duten erradiazio ultramoreak ez duela zertan bizia suntsitu ondorioztatu dute. Alderantziz, baldintza jakin batzuetan —planetaren atmosferan oxigenoa badago, bereziki— erradiazio horrek ozono geruza sortzea eta loditzea eragin dezake, eta horrek bizia babestu eta garatzeko aukera eman dezake. Hau ordenagailuz egindako simulazioetan oinarritzen da, eta erakutsi dute, nahiz eta erradiazioa hasiera batean arriskutsua izan, planeta bat nahikoa oxigenatua badago, ozonoa bizkor sortzen dela eta erradiazio kaltegarri gehiago islatzen laguntzen duela. Horrela, erradiazioa ez ezik, bere eragin positiboa ere kontuan hartu behar dela nabarmendu dute ikertzaileek. Informazioa Zientzia Kaieran.
EnergiaNazioarteko Energia Agentziaren (IEA) azken txostenaren arabera, iaz 610 milioi tona metano isuri ziren atmosferara, baina isurien % 70 inguru saihestu daiteke teknologia erabiliz eta kosturik gabe. Metanoa klima-aldaketaren eragile handi bat da baina biltegiratzeko eta erabili ahal izateko egungo teknologiari erreparatuz gero, etekina lor daiteke. IEAk Norvegiako eredua jarri du adibide; herrialde hori 1971n hasi zen metano isuriak apaltzeko neurriekin eta 2015etik, isunak ezartzen ditu metanoa erretzeagatik. Herrialde horren eredua jarraituz gero, metano isurien % 90 murriztu daiteke. Datu guztiak Berria egunkarian.
BiologiaUPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute gizakien hortz-mamiko zelula amak neuronen antzeko zelula kitzikakor bihur daitezkeela. Zelula hauek GABA neurotransmisorea ekoizten dute eta jarduera elektrikoa dute, gene-eraldaketarik gabe. Aurkikuntzak patologia neurodegeneratiboak ikertu eta tratatzeko bide berriak irekitzen ditu, galdutako neuronak ordezkatzeko eta garuneko zirkuituak birsortzeko aukera emanez. Zelulek ez dute tumorerik sortzen, eta hurrengo pausoa animalia bizietan transplantatzea izango da, garuneko zirkuituetan integratzen diren ebazteko. Ikerketa Stem Cell Research & Therapy aldizkarian argitaratu. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaUPV/EHUko Ekopol ikerketa-taldeak Amalur EIS sistema aurkeztu du, Europako industria-inpaktua ebaluatzeko tresna berritzailea. 2007-2022ko 31.388 industria-instalaziotako datuak biltzen ditu, lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruz. 78 kutsatzaile eta bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo kontuan hartzen ditu ere. Emaitzen arabera, klima-aldaketa da Europako inpaktu osoari ekarpen handiena egiten diona (% 68,6), eta energia-sektorea da inpakturik handiena sortzen duen industria-jarduera (% 59,5), batez ere Alemanian. Euskal Herrian, Petronor da nagusiki eragile kutsatzailea. Sistema hau erabilgarria da ingurumen-politikak diseinatzeko eta iraunkortasunerako trantsizioa neurtzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Matematika1943an, ingeniaritza eskoletan emakumezko ikasleak izatea oso ohikoa ez zen garaian, Marília Chaves Peixoto ingeniaritza zibilean graduatu zen. Brasilgo lehen emakumea izan zen matematikako doktoregoa lortzen 1949an. Bere tesiari esker, Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Katedra lortu zuen ere. Bere ekarpenik garrantzitsuenetakoa sistema dinamikoen egonkortasunari buruzkoa izan zen, senarrarekin batera Peixotoren teorema garatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #532 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #539
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.
Continuuma zenbaki transfinitorik txikiena zela ez frogatu ezta ezeztatu ere ezin zela frogatu zuen Paul Cohenek 1963an, eta infinituaren bitxitasuna eta paradoxa erakutsi zituen. Orain, Jesús Zamorak pentsatua ematen dio arazoari: Wittgensteining the continuum (1): The continuum problem.
Filmetan efektu berezi gisa ikusi izan dira espazioko erlatibitatearen efektuak. Orain diren bezalakoak ikus daitezke. The Terrell-Penrose effect: special relativity made visible
Brilli-brilliaren arazoa da azkenean itsasora iristen dela eta itsas animalien hezurren eraketari eragiten diola. The darker side of glitter
Nola liteke espero baino lehenago elektroi bat iristea grafeno-geruza bat zeharkatzean? Eta ez, ez da tunel efektuagatik. DIPCko jendea Zooming through graphene: The strange world of electron transit time
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #539 appeared first on Zientzia Kaiera.
Marília Chaves Peixoto, sistema dinamikoetan aditua
Egin zituen ikerketen balio eztabaidaezinaz gain, Marília Peixotok ausardiaz hautsi zuen emakumeak jakintza-arlo jakin batzuetan eta lan-jarduera jakin batzuetan aritzeko animoa kentzen zien diskurtso zital eta errotua. Diskurtsoa, normalean, genero atributu biologikoen artean zalantzarik gabeko harremana existitzen den ideian oinarritzen zen, non femeninoa etxeko lanak egitera eta lanbide gutxi batzuetara mugatzen den, oro har prestigio sozial eta ordainsari txikiagokoak. Ordura arte gizonezkoentzat bakarrik zen arlo batean erreferentziazko profesionala bihurtu zenez, Marília Peixoto matematikariak duintasun aurrekari bat ireki zuen Brasilgo emakume guztientzat, eta oraindik ere berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzen baitute ikasketa formalen eta lanaren esparruan.
Aurreko hitzak Dorinha Seabra Rezende politikari eta Brasilgo unibertsitateko irakaslearenak dira. 2020an, bere herrialdeko Diputatuen Ganberaren II. eranskineko 13. osoko bilkurari Marília Chaves Peixoto izena emateko ebazpena aurkeztu zueneko hitzak.
Matematika ikasteko irrikanMarília Chaves 1921eko otsailaren 24an jaio zen Sant’Ana do Livramenton, Hegoaldeko Rio Granderen (Brasil) hego mendebaldean dagoen hirian. Tullio de Saboia Chavesen (Rio de Janeiroko Medikuntza Kirurgikoko Fakultateko irakaslea) eta Zillah da Costa Magalhãesen hiru seme‑alabetatik zaharrena zen (Lucia 1924an jaio zen eta Livio 1926an).

Gurasoen laguntzari esker, Santana do Livramentoko ikastetxe batera joan ahal izan zen; izan ere, neskek ezin zuten modu ofizialean ikasi. Ikasle pribatua zenez, azterketak mutilekin egin ahal izan zituen.
Ondoren, gutxienez urtebete eman zuen Colégio Andrews-en, Isabella Robinson Andrews-ek 1918an sortua. Ikastetxe horretan neskato eta mutikoei hezkuntza laikoa eskaintzen zitzaien. Hori nahiko ezohikoa zen garai hartan Brasilen. Erakunde horrek maila guztietako 1.500 ikasle inguru zituen orduan; eta neskatoak zein mutikoak prestatzen zituzten Medikuntza, Zuzenbide eta Ingeniaritza eskoletan sartzeko.
Maríliak matematika ikasi nahi zuen eta Brasilgo Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola Nazionalean sartzeko prestatzen ari zen Rio de Janeiron; 1939an hirugarren postua lortu zuen izena ematea lortu zuten 73 ikasleen artean. Plaza lortzen zuten emakumeak ez ziren ikasle guztien % 7ra iristen; ez zen oso ohikoa garai hartako ingeniaritza eskoletan emakumezko ikasleak izatea.
Ikasgela partekatu zuen Maurício Matos Peixoto eta Leopoldo Nachbinekin; hirurek matematika ikastaro aurreratuak egin zituzten, haien asmoa ez baitzen ingeniaritza ibilbide bat jarraitzea. 1943an, Marília Chaves ingeniaritza zibilean graduatu zen.
1946ko irailaren 6an, Marília eta Maurício Matos Peixoto Rio de Janeiron ezkondu ziren. Bi seme‑alaba izan zituzten, Marta (1949) eta Ricardo (1953).
Irakasten eta sistema dinamikoak ikertzenMaríliak 1949an aurkeztu zuen bere tesia; matematikako doktorego baterako onartu zuten, eta Chaves Peixoto gai horretan doktoregoa lortu zuen lehen emakume brasildarra izan zen. Eta horri esker, Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Katedra lortu zuen eta kalkulu diferentziala eta integrala irakatsi zuen bertan.
1951ko uztailaren 1ean, Brasilgo Zientzien Akademiako kide elkartua izendatu zuten, eta erakunde horretako kide aukeratu zuten lehen emakume brasildarra izan zen. Haren aurretik, Marie Curie atzerriko kide elkartua hautatu zuten 1926an.
1955ean Cálculo vetorial eskuliburua argitaratu zuen ingeniaritzako ikasleentzat. Marília hil eta hiru urtera, liburua berrargitaratu egin zen Maurício Peixotoren hitzaurre batekin, non, besteak beste, honako hau idatzi baitzuen:
Argia, metodikoa, objektiboa eta ondo egina, bere gaitasun didaktikoen eta irakaskuntzari eskainitako dedikazio eredugarriaren adierazgarri da.

Maríliak eta bere senarrak elkarrekin lan egin zuten sistema dinamikoen egiturazko egonkortasunean; Maríliak funtsezko ekarpena egin zuen Peixotoren teorema frogatzeko, sistema estrukturalki egonkorren karakterizazioa ematen baitu barietate bidimentsionaletan. 1959an, Marília eta Maurício Peixotok Structural Stability in the plane with enlarged boundary conditions baterako artikulua argitaratu zuten. Hori izan zen gai horri buruzko hiru artikuluetako bat (beste biak Mauríciok bakarrik argitaratu zituen), eta gaur egun Peixotoren teorema bezala ezagutzen dena enuntziatzen lagundu zuten 1962an argitaratutako artikulu batean. Matematikariak honela zioen:
Aipatu nahi nuke egiturazko egonkortasunari buruzko lan hori, funtsean, jarraian aipatzen diren hainbat artikulutan gauzatu zela, eta horietako bat nire lehen emazte Maríliarekin lankidetzan egin zela, zeinak ez baitzuen abentura honen amaiera ikusi. Hala ere, haren eragina handia izan zen urrezko egun erabakigarri eta urrun haietan, 1957ko udazkenean Princetonen.
Hil osteko ohoreakMarília Chaves Peixoto 1961eko urtarrilaren 5ean hil zen bihotzeko arazoen ondorioz. Urte horretan bertan, Maria Laura Mozinho matematika hezkuntzako adituak hitzaldi bat eman zuen Brasilgo Zientzien Akademian, eta honako hau esan zuen:
Begi handi eta adierazkorrak zituen neska lasai hura ikustean, norbaitek xuxurlatu behar izan zigun Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Kalkulu eta Mekanika irakasle ospetsua zela, kementsua, eta, aldi berean, eskuzabala, eta, gainera, adimen zorrotza zuela, ikerketa matematikoan murgiltzen zena.
Sant’Ana do Livramento bere jaioterriko kale batek Rua Marília Chaves Peixoto izena du.
1971n Maurício Peixotok Escuela Municipal Marília Chaves Peixoto Udal Eskola sortzen lagundu zuen Controes de Petrópolis eskualdean. Maríliaren aitak lursail bat laga zuen ikastetxea sortzeko landa-eskualde horretan. Ekimena txalotua izan zen, bertako herritar asko analfabetoak zirelako eta gertuen zegoen eskola hamar kilometrora zegoelako. Ia 40 urtez, hirurehun ikasle baino gehiago joan ziren lehen hezkuntzako eskolara. 1969an, Maurício Peixotok Bunge Fundazioaren Prêmio Moinho Santista jaso zuen, bere izena daraman eta Maríliari hainbeste zor zion teoremagatik. Peixotok sariaren dirua erabili zuen eskola hori finantzatzeko.
Iturriak:- O’Connor, John J.; Robertson, Edmund F. Marília de Magalhães Chaves Peixoto, MacTutor History of Mathematics archive, University of St Andrews
- Circe Mary Silva da Silva, Marília Chaves Peixoto. Uma matemática brasileira à sombra, XIII SNHM, 150-170, 2019ko abuztuan
- Marília Chaves Peixoto, Wikipedia
Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko martxoaren 5ean: Marília Chaves Peixoto, especialista en sistemas dinámicos.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Marília Chaves Peixoto, sistema dinamikoetan aditua appeared first on Zientzia Kaiera.
Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek?
Umearen lehenengo begiratuak eta irribarreak, estreineko pausoak, aurreneko hitzak… mirari txiki horiek noiz gertatuko zain egoten dira gurasoak, haurraren garapenaren mugarri gogoangarri diren horien lekuko izateko irrikitan.

Nola / noiz gertatzen da hotsak bakarrik egiten zekien jaioberria hiztun bihurtze hori?
Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? liburua (2022) haurrek, euskaldunek bereziki, hizkuntza-ezagutza nola garatzen duten azaltzeko saiakera bat da, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik idatzitakoa. Alde batetik, hizkuntza zer den eta nola garatzen den azaltzen da, beti ere kontuan izanda hizkuntzak hostunak zein hotsik gabekoak izan daitezkeela, eta hizkuntza-gaitasuna garatzeko baldintzak desberdinak direla zentzumen- edo adimen-urritasuna duten haurrentzat. Bestetik, Euskal Herriko egungo gizartean pil-pilean dauden euskararen, elebitasunaren eta eleaniztasunaren inguruko galderak ere mahai-gaineratzen dira. Adibidez,
Noiz hasten dira haurrak hizkuntza ikasten?
Noiz bukatzen dute: bost urterekin? hamarrekin?
Haur guztiek berdin ikasten al dute hizkuntza? Euskara ere bai?
Bi urteko gelan haur batzuk hizti hutsak dira.
Beste batzuk berriz ez. Zer ote da normalena?
Kaltegarria al da bi hizkuntza txikitan ikastea?
Irakurleak galdera hauei eta beste askori erantzuteko baliagarriak diren hainbat ikerketa esanguratsuren emaitzak aurkituko ditu liburuan zehar.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek?
- Egileak: M. José Ezeizabarrena eta M. Juncal Gutierrez Mangado
- Argitaletxea: Erein
- Urtea: 2022
- Orrialdeak: 352 orrialde
- ISBNa: 978-84-9109-224-7
Erein argitaletxea: Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek?
The post Hotsetik hitzera. Nola bereganatzen dute hizkuntza haur euskaldunek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Akabatu ez ezik, zulo beltzek bizia hauspotu dezakete
Ordenagailu bidezko simulazioen bitartez ondorioztatu dute zulo beltz supermasiboen erradiazioak ez duela halabeharrez bizia suntsitzen, planetetan ozonoaren sorrera ahalbidetu dezakeelako.
Zientziaren dibulgazioan klasiko bat da azaltzea zer gertatuko litzatekeen zulo beltz batera hurbilduz gero. Baina, egia esanda, kuriositateaz gain, inplikazio erreal gutxi izan ditzake horrek. Alabaina, zulo beltz batek inguruko planetetan izan dezakeen eragina argitzeak ondorio oso garrantzitsuak izan ditzake bizigarritasun aukerei dagokienez.
Kontua are garrantzitsuagoa da galaxia handi gehienen erdian dauden zulo beltz supermasiboen kasuan, horien eragina nabarmena izan daitekeelako galaxiaren zentroarekiko hurbilen dauden planetetan. Izar arteko gasa zulo beltz horietan erortzen denean, galaxia nukleo aktibo —AGN gisa ezagutzen da, ingelesezko siglen arabera— bihur daiteke, eta, horren ondorioz, galaxian zehar energia altuko erradiazioa isurtzen da. Besteak beste, materia erakartzen duten bitartean, erradiazio ultramorea askatzen da zulo beltzaren inguruan eratzen den zurrunbilotik.

Logikoa denez, hori arazo handia izan daiteke galaxiaren erdigunetik gertuen dauden planetetan bizia ahalbidetzeko, eta, lehen itxura batean, ez dirudi halako egoera batek bizia garatzeko aukera asko eman dezakeenik. Baina askotan, logikoa dirudienak ñabardurak izan ditzake. Ñabardura garrantzitsuak, kasu batzuetan. Hala, ikertzaile talde batek dio egoera ez dela zertan hala izan. The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, erradiazio horrek bizia ahalbidetuko duen efektu bat izan dezake.
Berez, ez da behaketen bitartez erraz ikertu daitekeen zerbait, galaxia nukleo aktibo bihurtzeko trantsizioak milaka urte iraun dezakeelako. Ohi bezala, honetan ere zientzialariek gaiari heltzeko modua aurkitu dute; neutroi izarren kasuan, antzeko prozesuak egun edo hilabete batzuen bueltan gertatzen dira, eta, modu horretan, aukera dute antzeko fenomenoa ikertzeko.
Oraingoan, baina, planetetan jasotako erradiazioa ikertzeko, ordenagailu bidezko simulazioetatik abiatu dira Dartmouth Collegeko (AEB) eta Exeterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileak. Berez, exoplaneten atmosferak modelatzeko sortuta dagoen PAELO izeneko softwareaz baliatu dira zulo beltzen erradiazioaren eragina aztertzeko, konturatu direlako hori ere izan daitekeela erabilgarri ikerketa honetarako. Askotan gertatu ohi den bezala, bi ikertzaileren arteko harreman pertsonala funtsezkoa izan da horretaz jabetzeko. Bada, simulazio horien bitartez, argitu nahi izan dute zulo beltz hauek sortutako erradiazio ultramoreak norainoko eragina izan dezakeen planeta baten atmosferan.
Eredu horietan, gerta daitekeen erreakzio kimiko bakoitza jaso dute. Une bakoitzean uhin luzera desberdinetan iristen den erradiazioak aintzat hartu dituzte, bai eta atmosferan dauden gasen kontzentrazioa ere.
Oro har, ondorioztatu dute eragin hori kaltegarria edo onuragarria izan daitekeela zulo beltzarekiko distantziaren arabera, bai eta planeta horretan garatutako balizko biziak hartu duen garapenaren arabera ere. “Behin bizia existitzen dela eta atmosferan oxigenoa dagoela, erradiazioa ez da horren suntsikorra izaten; are, onuragarria izan daiteke”, adierazi du Kendall Sippy ikertzaileak. Erantsi du une batera iritsita planeta erresilienteagoa bihurtzen dela erradiazio ultramorearekiko, eta babestuta dagoela gertatu litezkeen iraungitze gertaeren aurrean.
Lur planetan ez ezik, askotariko atmosferak izan ditzaketen Lurraren antzeko planetetako datuekin egin dituzte simulazioak. Simulazio horien bitartez ikusi dute atmosferan oxigenoa egonez gero erradiazioak ozono geruzaren handitzea ekarriko lukeela. Gero eta oxigeno gehiago izanda, orduan eta ozono gehiago sortuko litzatekeela ondorioztatu dute, babesa eskainiz.

Hau ulertzeko, gogoratu beharra erradiazio ultramoreak aise erreakzionatzen duela oxigenoarekin, eta molekula atomo bakanetan zatitzen duela. Horren ondorioz, atomoak berriro ere birkonbinatu daitezke, ozonoa sortuz. Bada, ozonoak atmosferan gero eta gehiago igotzen denean, orduan eta erradiazio kaltegarri gehiago islatzeko gaitasuna gehiago du sistemak. Zientzialariek gogora ekarri dute hori bera gertatu zela Lurraren kasuan, duela 2.000 milioi urte inguru oxigenoa askatzen zuten lehen mikrobioen agerpenarekin. Pixkanaka, planetaren babes geruza lodituz joaten zen heinean, bizia loratu ahal izan zen: berrelikadurari esker, gurpil zoro baten efektua sortu zen, gero eta oxigeno eta ozono gehiago sortuz. Berrelikadura honek ahalbidetu zuen, hein handi batean, bizia gaur egun ezagutzen dugun moduan garatzea. Dena dela, argi dago horrelakorik gertatzeko halabeharrez hasiera batean oxigenoa egon behar dela planetaren atmosferan. Bestela, erradiazioak bizia ezinbestean akabatuko luke.
“Biziak planeta baten atmosfera azkar oxigenatu baldin badezake, ozonoa lagungarria izan daiteke atmosfera erregulatzeko, eta biziak hazteko behar dituen baldintzak faboratzeko”, adierazi du Jake Eager-Nash ikertzaileak.
Lurraren kasuan, gure planeta ez dago Esne Bidearen erdian dagoen Sagittarius A* zulo beltzetik gertu, eta, beraz, ezin du bere eraginik izan, baina ikertzaileek jakin nahi izan dute zer gertatu zitekeen zulo beltzetik gertuago egonda eta AGN bat gertatuz gero.
Arkear eonean oxigenorik gabeko atmosfera batean zulo beltzetik isuritako erradiazioak ia-ia ezinezkoa bihurtuko luke bizia garatzeko aukera. Baina, oxigeno eta —ondorioz— ozono mailak handitu ahala, bizia garatzeko aukerak handituko lirateke. Zientzialariek onartu dute “harrituta” geratu direla simulazioek erakutsi dutelako ozonoa oso azkar garatuko zela —egun batzuen bueltan, hain zuzen—.
Modu berean, beste galaxia zaharrago batean, zulo beltzetik gertuago dagoen Lurraren pareko planeta baten bilakaera simulatu dute, eta guztiz bestelakoak diren efektuak ondorioztatu dituzte. Hala, NGC 1277 bezalako galaxia batean, eraginak erabat hilgarriak izango lirateke. Are masiboak diren galaxia eliptikoen kasuan —Esne Bidea bera edo Messier-87 aipatu dituzte prentsa oharrean—, handiagoak direnez, aukera gehiago daude zulo beltzetik urrun egoteko, eta, beraz, haren eragin hilgarrietatik babestuta geratzeko.
Hortaz, ikertzaileek uste dute lan honek aukera ematen duela oinarritik berraztertzeko zulo beltzek isuritako erradiazioak planeten bizigarritasunean duten rola: kaltegarria izan badaiteke ere, hori baino gehiago ere bada, eta baldintza egokietan ozono geruzaren osaketan lagungarria izan daiteke erradiazio hau, eboluzionatzen ari diren organismoen onerako. “Beraz, orain arte soilik kaltegarritzat jotzen genituen indar kosmikoek konplexutasun ekologikoaren eta biologikoaren katalizatzaile izan daitezke, oxigenazioa bezalako atalase kritikoak lortuz gero”, babestu dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa:Sippy, Kendall I.; Eager-Nash, Jake K.; Hickox, Ryan C.; Mayne, Nathan J.; Brumback, McKinley C. (2025). Impacts of UV Radiation from an AGN on Planetary Atmospheres and Consequences for Galactic Habitability. The Astrophysical Journal, 980, 221. DOI: 10.3847/1538-4357/adac5d
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Akabatu ez ezik, zulo beltzek bizia hauspotu dezakete appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
1840. urteko urtarrilean, Charles Lafarge izeneko gizonezkoa hil zen. Haren heriotza hilketa izan zela ebatzi zuen epaileak, artseniko bidezko pozoiketa bat, hain zuzen ere. Gaur egun ere ez dakigu ziur zer gertatu zen benetan, baina Lafarge kasua ospetsua izan zen XIX. mende erdialdeko Frantzian eta aldaketa handiak ekarri zituen toxikologiaren esparruan, zientzia hasiberria orduan.
Hil baino lehen, Lafargek okada ugari eta urdaileko min larriak izan zituen. Lafarge jauna familia oneko gizona zen, sutegi eta monasterio banaren jabea, eta hilketaren lehen susmagarria bere emaztea izan zen, Marie-Fortunée Lafarge izeneko emakume gaztea. Val McDermid-ek (2014) bere liburuan aipatzen duen bezala, badirudi Mariek ezkontzea onartu zuela Charles aberatsa zelakoan, baina ezkondu ostean jakin zuen dirurik ez zegoela soberan. Charlesek ere, ezkontzea onartzeko, kontuan hartu zuen horregatik jasoko zuen ezkonsaria ─90.000 franko─. Edozein kasutan, Marie ez zegoen gustura bere senarrarekin, baina akordio batera iritsi ziren eta testamentua egin zuten, heriotza kasuan bakoitzak zituen ondasun guztiak besteari uzteko. Lafarge andreak ez zekien bere senarrak testamentu sekretu bat egin zuela ondasun guztiak bere amari utziz.

Horren ostean, Mariek hainbat amodio-gutun idatzi zizkion Charlesi eta Gabonetan, bidaia batean zegoela, gutunarekin batera berak egindako tarta bidali zion. Gaixotzen hasi eta, etxera bueltan, gaixorik jarraitu zuen. Kolera izan zezakeela pentsatu zuten medikuek. Egun gutxi batzuk pasata, urtarrilaren 13an, hil egin zen Charles Lafarge. Esan bezala, lehen susmagarria Marie izan zen; izan ere, etxeko langileek hauts zuri bat prestatzen ikusi zuten eta jakin zen tarta egin aurretik artsenikoa erosi zuela -arratoiak akabatzeko zela esan omen zuen- Marie Lafarge berehala atxilotu zuten eta poliziak ikerketa abiatu zuen heriotza argitzeko: Charlesen urdailaren eta okaden laginak hartu zituzten, eta baita etxean zeuden elikagaiena ere. Ikertzaileek arrautza-pontxean eta urdailean artseniko aztarnak aurkitu zituzten, baina okadaren laginetan ez.
Marie Lafargeren etorkizuna iluna zen, baina bere abokatuak bazekien artsenikoa detektatzeko erabilitako esperimentuek hutsuneak izan zitzaketela. Horretarako, Parisko zientzialari ospetsu baten lanetara jo zuen abokatuak, Mateu Josep Bonaventura Orfila i Rotger izenekoa. Mateu Orfila Menorkan jaio zen 1787an, baina Valentzian eta Bartzelonan medikuntza ikasi ondoren, Parisera joan zen. Bertan kimikaren eta toxikologiaren arloko hainbat lan garrantzitsu egin zituen eta gaur egun toxikologiaren aitzindaritzat hartzen da. 1813an Traité des Poisons ou Toxicologie Générale idatzi zuen eta 1817an Eléments de Chimie Médicale, toxikologiaren oinarrizko bibliografia osatu zuten lanak.
Marie Lafargeren kasura itzuliz, esan bezala, bere abokatuak Orfilaren lanetara jo zuen artsenikoaren proba zalantzan jartzeko. Orfilak aipatu zuen proba horiek zalantzan jartzekoak zirela; izan ere, James Marsh-ek diseinatutako artsenikoaren proba berria ─Marshen proba─ hobea eta eraginkorragoa zen. Proba hau jada aipatu genuen John Bodle-ren auzian, baina kontuan hartu behar dugu 1836an eman zela proba horren berri; hortaz, Charles Lafargeren hilketaren epaiketan ziurrenik bertako medikuek ez zuten, artean, Marshen proba ezagutzen. Hori horrela izanik, epaileak beste aditu batzuk ekarri zituen Limoges hiriburutik, Marshen probaren arabera egin zitzaten analisiak.
Bigarren analisi horietan ez zen artseniko arrastorik aurkitu. Alabaina, fiskaltzak ere Orfilaren lanak ezagutzen zituen eta bazekiten okada ugari izan ostean artsenikoa desagertzea posible zela eta, beraz, Charles Lafargeren organoak aztertzeko eskaera egin zuten. Hirugarren analisia lehen eta bigarren analisietako adituek burutu zuten, eta, horretarako, hamar hilabete lurpean pasa zituen Lafargeren gorpua atera zuten. Kasu honetan analisiak aire zabalean egin zituzten, ekitaldi publikoan. Garaiko testigantzek diotenez, jende mordoa hurbildu zen bertara eta, antza denez, bertan zegoen kiratsa ezin da hitzen bidez deskribatu. Hirugarren analisian ez zen artsenikorik aurkitu eta Lafarge andrea negar batean hasi zen pozaren pozez. Fiskalak adituei galdetu zien ea zenbat aldiz egin zuten Marshen proba lehenago eta guztiek egia onartu behar izan zuten: ez zuten inoiz proba hori egin.
Instrukzio-epaileak ezin izan zuen erabaki argirik hartu, kontuan hartuta autopsiak artseniko-intoxikazioa iradokitzen zuela, baina analisi kimikoen ondorioak kontrajarriak zirela. Gauzak horrela izanik, Orfila bera eta Parisko aditu talde bat ekarri zuten Frantziako hiriburutik laugarren analisia burutzeko. Orfilak Marshen proba tentuz egin zuen, horretan aditua baitzen. Lafarge jaunaren organoetan artsenikoa zegoela frogatu zuen ─eta artseniko hori ez zetorrela hilerriko lurretik. Era berean, Orfila gai izan zen aurreko analisien akatsak zehazteko eta, esan zuenez, Marshen proba modu desegokian egin izanagatik gertatu ziren akats gehienak.
Orfilaren arabera normala zen bezala, bertako medikuek ez zituzten ezagutzen Marshen probaren xehetasunak eta idatzitako liburuetan bakarrik oinarrituta oso zaila zen proba modu zuzenean egitea: ezinbestekoa zen eskarmentu eta prestakuntza praktikoa. Defentsak azken ahalegina egin zuen Orfilaren lana zalantzan jartzeko, baina ahalegina berandu iritsi zen eta epaileak amaitutzat emanak zituen lanak. Marie Lafarge errudun jo zuten eta biziarteko zigorra ezarri zioten. Kartzelan zegoela bere memoriak argitaratu zituen eta bertan berriro ere adierazi zuen errugabea zela. Tuberkulosiak jota, hogeita hamasei urterekin hil zen, eta azken unera arte esan zuen berak ez zuela senarra hil.
Lafarge kasuak eztabaida piztu zuen akademiaren munduan; izan ere, egindako proba toxikologikoek bazuten zalantzarako puntua eta, urteak pasata ere, parlamentuko batzordeak eratu ziren epaiaren egokitasuna berraztertzeko. Edozein kasutan, Lafargeren epaiketan gertatutakoa baliagarria izan zen garai hartako prozedura toxikologikoak berrikusteko, bai eta eta laginak jasotzeko eta analizatzeko moduak berraztertzeko. Frantzian artsenikoa detektatzeko proben inguruan eztabaida bizia egon zen. Liskarrak ugariak izan ziren Medikuntzako Akademiaren ─Orfilaren aldekoa─ eta Zientzien Akademiaren ─Orfilaren metodoak zalantzan jartzen zituena─ artean. Aipatzekoa da Mateu Orfilak botere instituzional nabarmena zuela Parisen eta botere hori erabili zuela bere zientzia-argudioak babesteko. Ez zen erraza beste mediku edo adituak Orfilaren aurka egotea; izan ere, medikuen karrera profesionaletan erabaki garrantzitsuak har zitzaketen batzordeetan zegoen Orfila. Horri guztiari buruzko analisi sakona egin du Bertomeu Sánchez-ek Sentido y sensibilidad: Mateu Orfila, el ensayo de Marsh y el caso Lafarge (2006) izenburu duen lanean.
Xehetasun horiek alde batera utzita, Lafarge kasua ez zen ulerterraza izan gizartearen ikuspegitik. Garai hartako egunkari batean argitaratu omen zen Marie Lafarge zientziak absolbitu zuela bi egun geroago kondenatzeko. Ziur horrela izan zela kasu honetan eta beste batzuetan; izan ere, kimika analitikoak huts egiten zuen, artean, puntu askotan eta horrek XIX. mendeko pozoitzaileen lana errazten zuen.
Erreferentzia bibliografikoak:- Bertomeu Sánchez, José Ramón (2006). Sentido y sensibilidad: Mateu Orfila, el ensayo de Marsh y el caso Lafarge, Cuadernos de la Fundación Antonio Esteve, 6, 73-97.
- McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
- Viajes Jurídicos (2021eko otsailaren 6a). El arsénico en la historia del crimen. El caso Bodle, Lafarge y otros. viajesjuridicos.com
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:
- Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
- Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
- Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
- Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
- Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
The post Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua appeared first on Zientzia Kaiera.
Planifikatu gabeko haurdunaldietan osasun-narriadura handiagoa da
UPV/EHU-ko Ikerbasque ikertzailea den Anna Barbusciaren azterlan batek ondorioztatu du erditu ondoren osasun orokorraren okerragotze nabarmenagoa izaten dutela emakumeek, haurdunaldia planifikatua izan ez den kasuetan. Ikerketak ekarpen handia egin dio literatura zientifikoari, ezohiko era batez heldu baitio gaiari. Erditu aurreko eta ondoko datuak aztertuta, emaitza biribilagoak lortu ditu atzera begira egindako ikerketek baino.
Azken hamarkadetan planifikatu gabeko haurdunaldien kopuruak behera egin badu ere, uste da mundu osoko haurdunaldien % 23 dela nahi gabekoa. Eta zenbakiak antzekoak dira sistema antisorgailuak oso erabiliak diren herrialdeetan. Hala frogatu du UPV/EHUren azterketak: Frantziako 11.500 ama baino gehiagoren datuak aztertuta, ikusi da % 20k ustekabeko haurdunaldia izan zutela. Baina ehunekoa ezagutzeaz gain, Anna Barbuscia Ikerbasque ikertzailearen helburua izan da aztertzea zer ondorio fisiko eta mental dituzten planifikatu gabeko haurdunaldiek emakumeengan: “Emaitzek erakutsi dutenez, erditu ondoren ama guztien osasuna okerrera egiten duen arren, narriadura askoz ere handiagoa da haurrik izateko asmorik ez zeukaten kasuetan”.

Ikerketari esker ikusi ahal izan da planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten amen artean adinaren arabera aldatzen direla osasunaren gaineko eraginak. Emaitzek erakutsi dutenez, erditu ondoko lehen bi urteetan, 30 urtetik beherako emakumeek okertze bortitzagoa izaten dute zaharragoek baino. “Honela interpretatu dugu: gazteenentzat, beren egoera sentimentala eta lan-egoera hauskorragoak izaten direlako izan daitezke ezegonkortzaileagoak ezusteko haurdunaldiak: batzuk ikasten ari dira, beste batzuek ez dute lan egonkorrik… Dena den, ikusi dugu epe luzera errazago leheneratzen direla gazteak, 30 urtetik gorako ama berriak baino, hasieran osasun hobea baitute gazteek”, azaldu du Barbusciak, UPV/EHUko OPIK ikerketa-taldeko kideak.
Bestalde, planifikatu gabeko haurdunaldien barruan, nahi ez direnak eta nahi baino lehenago gertatzen direnak bereizten ditu azterketak. Barbusciak argitu du: “Ez da gauza bera haurrik eduki nahi ez izatea edo haur gehiago eduki nahi ez izatea eta etorkizunean edukitzeko asmoa izan eta lehenago geratzea haurdun”. Haren azterlanak bereizita aztertu ditu bi haurdunaldi-mota horiek, eta egiaztatu du gogoz kontrakoek eragin negatiboagoa dutela amen ongizatean.
Azkenik, azpimarratu behar da aipatutako datu guztiak osasun orokorrari buruzkoak direla, alderdi fisikoak eta psikologikoak barne hartuta. Nolanahi ere, osasun mentalaren gaineko ondorio espezifikoak ere aztertu ditu ikerketak. Emaitzak ustekabeko datuak atera ditu: “Gure hipotesiaz bestera, ikusi dugu erditu ondoren depresio-sintomak izateko arriskua ez dela handiagoa planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten emakumeen artean. Erditu aurretik, bai, ordea; joera handiagoa dute ondorio psikologikoak izateko, baina, erditu ondoren, sintomak ez zaizkie areagotzen nahita izandako haurdunaldiak dituzten amei baino areago”, azaldu du Barbusciak.
Luzetarako metodoa, emaitza biribilak lortzeko gakoaPlanifikatu gabeko haurdunaldien ondorioak aztertu zituzten hainbat lan bazeuden ere, UPV/EHUren ikerketaren ekarpena garrantzitsua izan da. Izan ere, emaitzak biribilagoak dira, analisia luzetara egin dutelako. Hau da, datuak denboran zehar bildu eta aztertu dituzte, eta ez soilik a posteriori, tradizionalki egin den moduan. “Gure ikerketan parte hartu duten emakumeek beren osasunari eta haurdun geratzeko zituzten asmoei buruzko galdetegiei erditu aurretik eta ondoren erantzun diete. Ondorioz, emaitzak hobeto egokitzen dira errealitatera. Erditu ondoren baino ez galdetzeak areagotu egiten du amek hasierako planak berrikusteko arriskua”, zehaztu du Barbusciak.
Halaber, egileak azpimarratu du luzetarako diseinuari esker ikusi ahal izan dela amen osasuna okertzeko erabakigarria den benetan haurdunaldia planifikatua izatea ala ez izatea beste faktore sozioekonomiko batzuk aparte utzita. “Aurreko azterlanetan ez zegoen modurik jakiteko ea beste faktore batzuk (hala nola familia- edo lan-egoera) ezberdinak ziren erditu aurretik eta ondoren. Beraz, ezin zen zehaztu benetan zeren ondorio ziren osasun-aldaketak”, azaldu du.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Erditu ondoko osasun-narriadura handiagoa dute planifikatu gabeko haurdunaldia izan duten emakumeek.
Erreferentzia bibliografikoa:Barbuscia, Anna; Pailhé, Ariane; Solaz, Anne (2024). Unplanned births and their effects on maternal Health: Findings from the Constances Cohort. Social Science & Medicine, 361. DOI: 10.1016/j.socscimed.2024.117350
The post Planifikatu gabeko haurdunaldietan osasun-narriadura handiagoa da appeared first on Zientzia Kaiera.