Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 13 min

Ezjakintasunaren kartografia #136

La, 2016-11-26 09:00

ezjakintasunaren-kartografia-136

Gauzak zelan biltegiratu aztertzeko hainbat modu daude. Bata, behin eta berriz probak egitea da; bestea, aldiz, oso desberdina da: hasieratik hastea. Carles Martík diosku zelan egin: Ab initio modeling the chemical storage of alternative energy.

Sexu kontuengatik frustrazioa sentitzen dutenek edanari ematen diote. Zer? Baina, zer diozu? Ez da izango! Ignacio Amigok kontatzen digu haren artikuluan: Sex, alcohol and flies.

Molekulak mikroskopio egokitik “ikuste”aren kontuak, materialen zientzietan eta biomedikuntzan interesgarriak diren erreakzio kimikoak aztertzeko modua goitik bera aldatu du. Eta gaiari heldu diote DIPCko ikertzaileek: Warheads on gold form dimers when heated.

Datu-prozesamenduak funtsezko garrantzia du ikerketan. Koldo Garcia-Etxebarriak dakarkigun kasua, non parte-hartze zuzena eta aktiboa izan zuen lan honetan, oso argigarria da: The recycling of data unveils genomic regions related to celiac disease.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #136 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jon Legarreta: “Lurretik kanpo, momentuz ez da ezagutzen bizia erraztu dezakeen atmosferarik” #Zientzialari (61)

Or, 2016-11-25 09:00

Nola sortu ziren eguzki-sistemako planeta ezberdinen atmosferak? Zergatik dira atmosferak hain ezberdinak beraien artean? Zer dira planeta gaseosoak eta harrizko planetak? Zeintzuk dira Artizarra, Marte, Urano, Jupiter, Saturno edo Neptunoko atmosferen ezaugarriak?

Galdera guzti hauek argitu dizkigu Jon Legarreta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileak Zientzialariren atal berri honetan. Bere esanetan, momentuz ez da ezagutzen Lurretik kanpo bizia erraztu dezakeen atmosferarik.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jon Legarreta: “Lurretik kanpo, momentuz ez da ezagutzen bizia erraztu dezakeen atmosferarik” #Zientzialari (61) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dromedarioen ur-biltegiaren kondaira

Og, 2016-11-24 09:45
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Plinio Zaharrak, bere Naturalis Historia liburuaren VIII. liburukian honakoa zioen: «Egarriari eusten diote, bai eta lau egunetan zehar ere, eta edateko aukerarik dagoenean, iraganetik eta etorkizunetik hartzen dute ura; hori bai, ostiko eginez ura uhertu ondoren, bestela ez baitute urik edan nahi.» Plinio Zaharraren eta, seguru asko, haren garaikideen ustetan, dromedarioek ur-biltegi bat zeukaten beren baitan. Mendeetan zehar bilatu izan dute biltegi hori, eta naturazaleek hainbat organo proposatu izan dituzte zeregin horretarako. Batzuek, esaterako, errumena zela uste zuten. Gero, ura metabolismotik lor zitekeela jakin zenean, konkorrean gordetzen ziren lipidoetatik atera zezaketela proposatu zuten beste batzuek.
1. irudia: Dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdu duten ura berreskuratzeko da eta ez ura pilatu eta gordetzeko.

Horrelako ustekizunak ziren nagusi Schmidt-Nielsen fisiologo handiak kontua aztertu zuen arte. Bazituen kanguru-arratoiari buruz egindako beste zenbait lan eta bazekien kanguru-arratoia urik edan gabe bizirik manten zitekeela. Baina dromedarioak desberdinak dira: aski ezaguna zen ura edan behar dutela, nahiz eta ur-eskasia ongi baino hobeki jasan. Bada, Schmidt-Nielseni jakin-mina piztu zitzaion eta Algeriako basamortu sakonean dagoen oasi batera jo zuen emaztearekin eta hiru seme-alabekin urte oso baterako. Sahararen erdian zegoen oasi hori; han, udan, 43 °C-tik gora igo daiteke tenperatura. Bere autobiografian (The camel’s nose, 139 or.) oasi horretan udan egiten zuen beroaz idatzi zuen:

Lagrib could again buy eggs, but it was so hot we had to eat them immediately; if we kept them for a day, a chick promptly started developing. Lagrib had an ingenious approach to the problem of getting fresh eggs: if a woman had more than two eggs for sale, he didn’t buy any, but if she had only one or two, he felt reasonably certain that they had been laid the same day. Usually he was right.

«Lagrib-ek arrautzak eros zitzakeen berriro, baina hain zen bero, berehala jan behar genituen; egun oso baterako gordetzen bagenituen, berehala garatzen zen txita bat. Lagribek bazuen arrautza freskoak lortzeko modu azkarra: emakume batek bi arrautza baino gehiago bazituen salgai, ez zion erosten, baina arrautza bat edo bi baino ez bazituen, egun berean errunak zirela pentsa zezakeela uste zuen. Gehienetan asmatu egiten zuen.»

Schmidt-Nielsen berehala konturatu zen gameluek ez zutela ur-biltegi berezirik; izan ere, gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainerako hausnarkariena oso antzekoak dira. Konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur-iturri egokia. Lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste substratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da, eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdutakoa berreskuratzeko dela, ez ur gehiago gordetzeko.


2. irudia: Gameluek duten ilajeari esker isolatze egokia lortzen dute eta eguzkiari so esertzen dira eguzkiaren irradiazioaren intentsitatea gutxitu nahian.

Gameluen jasankortasun handia, beraz, beste ezaugarri batzuei zor zaie. Hasteko, gorputzaren bero-irabaziak mugatu egiten dituzte. Errepara diezaiogun ilajeari, esaterako; oso trinkoa da, eta, horri esker, isolatze egokia lortzen dute. Gainera, distiratsua da, eta horrela eguzki-irradiazioaren zati bat islatzen da. Jokabidea ere garrantzitsua da: eguzkiari so esertzen dira, irradiazioaren intentsitatea murriztuaz.

Moldaerarik eraginkorrenak, baina, fisiologiari dagozkio. Oso zorrotzak dira ura aurrezten eta ez dute erraz galtzen. Hortaz, gernu gutxi ekoizten dute, eta gernu-ekoizpena areago murrizten dute urik edan ezin dezaketenean. Hori dela eta, kontzentrazio altuko gernua sortzen dute: odolarena baino 8 aldiz altuagoa da gameluen gernuaren kontzentrazio osmotikoa[1]. Azkenik, gorotzetan ere ur gutxi galtzen dute (% 45eko ur-edukia dute bakarrik).

Animalia askok arnas azaleretatik galtzen dute urik gehiena (horixe gertatzen zaio kanguru-arratoiari, esaterako). Gameluek, baina, oso gutxi galtzen dute horrela, biriketan lurruntzen den uraren zati handi bat arnas aparatuaren goi-bideetan eta sudurrean berreskuratzen dutelako. Botatzen duten airearen hezetasun erlatiboa % 50eraino hel daiteke. Sudurraren ohiko jariakinak eta epitelio-zelula hilak lehortu egiten dira, eta epitelioaren gainean geratzen den geruza hori oso higroskopikoa da, hau da, ur-lurruna xurgatzeko ahalmen handia du; gauza bera gertatzen zaie, adibidez, gailetei giro hezean gordetzen direnean, bigundu egiten dira airearen hezetasuna xurgatu egiten dutelako.

Schmidt-Nielsen izan zen hori guztia frogatu zuena. Berak proposatu zuen gorago esan dugun azalbidea basamortuko ikerketak egin ostean. Gameluak kanporatutako airearen hezetasuna neurtu eta % 50ekoa zela ondorioztatu zuen, baina ez zekien biriketatik ote zekarren hezetasun hori ala lurrun-edukia arnasbideetan aldatzen ote zen. Uste zuen biriketako albeoloetatik irtendako airea % 100eko hezetasun-mailatik gertu zebilela, baina, gero, arnasbideetatik, aireari ur pixka bat kentzen zitzaiola. Hipotesi hori frogatu ahal izateko, sudur artifizial bat sortu zuen laborategian; sudur horretan, geruza higroskopiko artifiziala erabili zuen. Lorturiko emaitzek bat egin zuten basamortuan gamelu deshidratatuei egindako esperimentuetatik erdietsitako emaitzekin.

 Gamelu bat Gobiko basamortuan.
3. irudia: Gamelu bat Gobiko basamortuan. Beste edozein animaliak ezingo luke gameluek eta dromedarioek edaten duten beste ur edan. Izan ere, urez pozoituko litzateke.

Ura berreskuratzeak, baina, badu alde txar nabarmen bat: sudurra berotu egiten da, eta sudurrarekin batera gorputza. Hau da, airea sartzean ura lurrunduz beroa galtzen den bezalaxe, alderantziz gertatzen da airea irtetean, ur-lurruna kondentsatzean beroa irabazten baita. Hori dela eta, deshidrataturik badaude, gameluek ez dute gorputz-tenperatura guztiz konstante mantentzen. Izan ere, 6 °C-ko tenperatura-aldaketa jasan dezakete deshidrataturik daudenean (41 °C-raino). Artean, garuna babestuta dago, arteria karotidaren rete mirabile delakoak hotzago mantentzen duelako.

Ur-galera ikaragarriki jasaten dute dromedarioek. Txakurrek edo zaldiek, esaterako, ezin dute uraren % 15 baino gehiagoko galerarik onartu. Dromedarioei buruz, berriz, badakigu % 25eko ur-galerak paira ditzaketela, baina askoz galera handiagoak ere jasan ditzakete, nahiz hori jakin ahal izateko inork ez duen dromedario bat hiltzen utzi. Janaritik ere, noski, ur apur bat lortzen dute, orixek edo basamortuetako beste animaliek bezala. Nolanahi ere, zenbait egun (udan) edo zenbait aste (sasoi hotzetan) egon daitezke urik edan gabe. Egia da gero ur-bolumen handia edaten dutela. Beren masaren % 33 edaten ikusi zituen Knut Scmidt-Nielsen-ek deshidrataturik zeudenean. Beste edozein animalia, horrenbeste edanez gero, urez pozoituko litzateke. Honek guztiak ez du esan nahi gameluek gorputzean ur-biltegi bat dutenik; bolumen hori edanaz berrezarri egiten dute lehenago galdutako ura, ez besterik.

Sudurraren zereginari buruzko lana Proceedings of the Royal Society aldizkari ospetsura bidali zuen Schmidt-Nielsenek argitara emateko, baina ezusteko handia hartu zuen artikulua argitaratu aurretik, Peanuts komiki-bineta ezagunean sudurraren zeregin horren aipamena ikusi zuenean. Honela kontatzen digu autobiografian:

In the first panel Charlie Brown says to Lucy: “I just found out why camels can go so long without water. It has something to do with their big noses.” In the next panel Lucy turns to the dog Snoopy and suggests that with his large nose he could go for years without a drink. We had been scooped! I wrote to Charles Schulz, the artist, to ask how he had learned of our unpublished work. A secretary replied that Mr. Schulz couldn’t remember. At any rate, in the scientific literature we retained our priority.

«Lehenbiziko binetan, Charlie Brown-ek honakoa esaten dio Lucy-ri: “Jakin berri dut nolatan egon daitezkeen gameluak hain denbora luzean urik edan gabe. Haien sudur handiekin omen du zerikusia.” Hurrengo binetan, Lucyk Snoopy txakurrari begira iradokitzen du duen sudur luzeaz urteetan egon litekeela ezer edan gabe. Aurkikuntza berria lapurtu ziguten! Charles Shultz margolariari idatzi nion gure lan argitaratu gabearen berri nola izan zuen galdetzeko. Idazkari batek erantzun zigun esanez Schultz jaunak ezin zezakeela gogoratu. Nolanahi ere, zientzia-argitalpenean lehentasuna bermatu genuen.»


4. irudia:Schmidt-Nielsen fisiologoak ustekabe handia hartu zuen, gamelu eta dromedarioei buruzko ikerketaren ondorioetako nagusia Peanuts komikian plazaratu zenean, aldizkari zientifikoetan baino arinago.

Oharra:

[1] Gernu-kontzentrazioaren eta odol-kontzentrazioaren arteko aldea handia bada ere, badira alde hori baino alde handiagorik duten ugaztunak ere; honetan, dromedarioa ez da punta-puntako adibidea.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Dromedarioen ur-biltegiaren kondaira appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hontzen isiltasunaz bada zer ikasi

Az, 2016-11-23 09:30
Amaia Portugal Lumatxa leun eta apartari esker, hontzek ez dute soinurik egiten hegan ari direnean, eta oso baliagarria zaie hori ehizarako. Hegoen gainean dituzten iletxoen egitura aztertu eta hiru dimentsiotan kopiatu dute ikertzaile batzuek, aerosorgailuei atxikita, turbinek eragiten duten soinua ere gutxitu ahal izateko.

Besteren batean ere hitz egin izan dugu biomimetikaz Zientzia Kaieran. Hau da, naturan dauden diseinu, prozesu eta sistemak hartu, eta horietan oinarritutako teknologia garatzeaz. Horren adibide dira, esaterako, erleen hegan egiteko modua kopiatzen duten robot txikiak. Bada, kasu honetan, hontzen hegoei erreparatu diete ikertzaileek, hartara, aerosorgailuentzat onuragarriak izan daitezkeen gauzak ikas ditzaketelakoan.

Hontz espezie handientzat isiltasuna da ehizarako arma nagusia. Hegan ari direnean 1,6 kilohertzetik gorako soinu frekuentziatan aritzeko ahalmena dute; giza entzumenak ezin du hori antzeman, adibidez. Horrenbestez, AEBtako Lehigheko Unibertsitateak zuzendutako ikertzaile talde batek isiltasun horren gakoak aztertu ditu, aerosorgailuei aplikatu eta turbina horiek egiten duten zarata leundu ahal izateko. Journal of Sound and Vibration aldizkarian eta aeroakustikari buruzko AEBtako biltzar batean eman dute lanaren berri.

 Peter Trimming / CC BY 2.0)
1. irudia: Hontz handiak bere hegoen isiltasuna baliatzen du, ehizan aritzeko. (Argazkia: Peter Trimming / CC BY 2.0)

Hontzek lumatxa berezia dute, beste hegazti batzuena ez bezalakoa. Ile finez osatutako geruza belusatu batek estaltzen du hegoen gainazal guztia. Horri esker, soinurik egin ez, eta ezustean atxikitzen dituzte harrapakinak.

Ikertzaileok tentuz aztertu dute lumatxa horren egitura eta forma. Iletxo horiek lumaren azalerarekiko zut abiatzen dira, angelu zuzena osatuz, baina norantza aldatu eta airearen fluxuarekin bat eginez doaz pixkanaka; zuhaitzak basoan nola. Gainera, ile bakoitzak bizar moduko bat du muturrean, eta horren bitartez, elkarlotu egiten dira. Haren azpian geratzen diren lumen gainazala baino askoz ere leunagoa da goiko geruza hori, eta hegan egitean, aerodinamika erraztu eta soinua murrizten du.

 Ian A. Clark et al.)
2. irudia: Bubo bubo, Strix nebulosi eta Bubo scandiacus hontzen lumak ageri dira hemen. (Argazkia: Ian A. Clark et al.)

Lumatxaren eredua hartuta, eta hiru dimentsiodun inprimagailua erabilita, haren egitura kopiatzen duten hegatsen itxurakoak eraiki dituzte, aerosorgailuen xaflatan itsasteko. Hala ere, ez dute hontzen estalkiaren erabateko erreplika egin: iletxoen norantza bera dute eta airearen fluxuari men egiten diote inprimatutako hegatsek ere, baina ez dute bizarrik muturrean, hala aerodinamika hobea delakoan. “Hontzaren hegoetako lumatxak soinua leuntzen du. Gure diseinuak hori kopiatzen du, baina gurutzatzen den zuntzik (bizarrik) gabe. Guztia norantza bakarrean doa. Oinarrian, gurea hontzarena baino urrats bat hobea da”, dio Justin Jaworski ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek.

Egiaztatu dutenez, sortu duten asmakizunak nabarmen murrizten du aerosorgailuen soinua: hamar dezibeliotan. Hori ez ezik, zimurtasuna eta herrestatzean egiten den soinua gutxitzeko antzeko diseinuak egin ote daitezkeen ere ari dira aztertzen ikertzaileok. Gainera, aerosorgailuez gain, bestelakoetan ere (autoetako ateak, leihoak…) aplikatu daitekeela uste dute artikuluaren egileek, horietan ere soinua murrizte aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ian A. Clark et al. Bio-inspired canopies for the reduction of roughness noise. Journal of Sound and Vibration, Vol. 385, 22 December 2016, Pages 33–54. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.jsv.2016.08.027

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hontzen isiltasunaz bada zer ikasi appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Santa Maria Katedraleko grafitiak

Ar, 2016-11-22 09:30
Grafitiak katedralean

Gasteizko Santa Maria Katedrala bisitatu baldin baduzue, agian hormetan grafiti gorrien antza duten ikurrak aurkitu dituzue bertatik ibiltzerakoan. Baliteke hauek ikustean zuen jakin-mina piztu izana. Ikur gorri horien goraipamenak dira, eta gaztelaniaz “vítor” izenez ezagutzen diren interjekzioak dira.

1739. urtean horrela definitu zuen goraipamen hau Diccionario de Autoridadesek: “Pozezko interjekzio bat da. Eginkizun bat aurrera eraman duen pertsona bat txalotzeko erabiltzen den goraipamena”. Era berean, honela definitu du Diccionario de la Real Academia deritzonak: ”Hormaren gainean zuzenean idatzitako izkribua, bai eta kartel zein oholtxo baten gainean idatzitakoa ere, balentria, ekintza edo igoera loriatsu batengatik pertsona bat txalotzeko xedea duena”.


Irudia: Gasteizko Santa Maria Katedralean dauden horma-irudiak. (Argazkia: Wikipedia. Egilea: Benjamín Núñez González)

Goraipamenok, besteak beste, XIV. mendean Salamancako, Alcala de Henareseko edo Sevillako unibertsitateetan doktore titulua lortzen zutenen omenez egiten zituzten horma-irudiak itxura emanez. Muralak pigmentu gorriz edo beltzez margotzen ziren, eta anagrama itxura ematen zieten ‘V I C T O R’ edo ‘V I T O R’ letra larriekin (gaztelaniaz ‘viva’ [gora] esan nahi dute hitz horiek), omendutakoaren izenarekin batera.

Egun, Sevillako Katedralean edo Indiako artxibategian ikus daitezke honako goraipamenen arrastoak. Horregatik, ez da arraroa aipatutako oroitzapenezko irudiak aurkitzea Gasteizko Santa Maria Katedralean. Horietako batzuk XVIII. mendean daude datatuta, eta goraipatutako pertsonaien izenak agerian dituzte.

Iturria:Berriak Triforiotik’ buletinaren 36. zenbakia.

—————————————————–

Testuaren editorea Uxune Martinez.

—————————————————–

The post Santa Maria Katedraleko grafitiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Energia berriztagarriak, autonomia energetikoaren gakoa uharte-sareetan

Al, 2016-11-21 15:00
Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia, Esther Torres, Igor Albizu eta José Ignacio San Martín Sistema elektriko garrantzitsuenak elkarkonektaturiko sare sendoak izan arren, azken urteotan interesa handiagotu egin da uharte-sareetan eta interkonexio ahuldun sistemetan, hots, sare ahuletan. Sare nagusiei lotura ahulen bitartez konektaturiko azpisistemak dira sare ahulak; hau da, urrutian kokatutako kargak eta ‘offshore parke eolikoak, baita sare isolatuak ere, uharteak eta mikrosareak bezala. windmill-1206385_1280
Irudia: Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta.

Uharte-sare txikiak ahulak dira ikuspegi estatiko zein dinamikotik. Energiaren sorkuntza sorgailu-talde gutxiren esku egoten da, gehienbat olio astunez elikatutako inertzia baxuko unitate txikiak. Sorgailuen tamaina kargarekiko handia izan ohi da arrazoi ekonomikoak direla eta. Hortaz, sare elkarkonektatuetan baino erreserba-marjina handiagoak behar dira. Eskari-ereduei dagokienez, eskari minimo eta maximoen arteko ratioak baxuak izaten dira. Turismoa duten uharteek, aldiz, neguan karga baxua eta udan altua izan ohi dituzte. Ezaugarriok direla eta, uharte-sareetan arazo tekniko eta ekonomikoak sortzen dira.

Sare ahuletan elektrizitatearen hornidura etetea ohikoa izaten da, eta etendura horien maiztasuna eta iraupena sare interkonektatuetan baino altuagoa izan ohi da. Horrez gain, sorgailu-unitateak zerbitzuz kanpo izatea ere sarri gertatzen da, eta kanpoko konexio elektrikorik gabeko sareetan arazo larriak ekarri ahal ditu. Perturbazio-patroi horiek, sare ahulen berezko ezaugarriekin batera, tentsio eta maiztasun-erregulazioari eta egonkortasunari lotutako arazo teknikoak sor ditzakete.

Beste alde batetik, uharte-sareetako sistema elektrikoan berebiziko garrantzia du alderdi ekonomikoak. Gainontzeko sareetatik isolatuta egoteak elektrizitatearen sorkuntza garestitzen du, elektrizitatea tokian sortu behar baita. Operazio- eta erregai-kostuak ere igo egiten dira. Gainera, uharte-sare gehienek %30-40 arteko sorkuntza-marjinekin lan egin behar dute fidagarritasuna ziurtatzeko. Hortaz, elektrizitatearen sorkuntza elkarkonektaturiko sareetan baino %15-20 garestiagoa izan ohi da. Hala ere, solidaritate-politikak aplikatzea ohizkoa izaten da sare ahuletan eta eredu ekonomiko egokituak sustatzen dira.

Energia berriztagarriak, ordea, aukera egokia izan daitezke arazoak gainditu eta sistema isolatuen autonomia energetikoa bermatzeko. Izan ere, baliabide energetikoak ugariak izaten dira uharte-sareetan. Baina arazo tekniko eta ekonomikoak ere areagotu egiten dira energia berriztagarrien penetrazio-ratioak gora egin ahala, energia berriztagarriak zeharo aldakorrak eta aurresangarritasun mugatukoak baitira. Arazo teknikoak ekiditeko asmoz, sistema elektriko batzuetan mugatu egin dute energia berriztagarrien penetrazioa. Oro har, %15eko proportzioa muga maximotzat dago. Ondorioz, energia berriztagarriek noiz edo noiz sortzen duten potentzia mugatu behar dute, energia-iturria alferrik galduz. Ez da bide optimoa, energia berriztagarrien integrazioa maximizatzea uharte-sareen etorkizun energetikorako irtenbide egokia delako.

Horrenbestez, ekimen berriak eta proiektu berriztatzaileak sustatu dira azken urteotan uharte-sareetan, hala nola: energiaren kudeaketa eraginkorreko sistemak, baliabideen aurresangarritasuna eta eskariaren kudeaketa barne; energia berriztagarrien ustiapen optimoa eta epe motzeko operazioa; sare elektrikoaren eta aktiboen hobekuntza; zentral termiko malguagoak eta performantzia altukoak; kontrol algoritmo berriak bihurgailuetan; edo potentzia aktiboaren metaketa (adib. bateriak, ponpaketa, inertzia-bolanteak…). Horrez gain, sistema-operatzaileek baldintza tekniko zorrotzak ezarri dituzte arauetan, maiztasun eta potentzia aktiboari edo/eta tentsio eta potentzia erreaktiboari dagokionez. Sorkuntza sinkrono konbentzionalen gisan, gaur egun energia berriztagarrietan oinarritutako sorgailuei ere eskatzen zaie sistemaren kontrolean eta segurtasunean aktiboki parte hartzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Energia berriztagarrien integrazioa uharte-sareetan.
  • Laburpena: Interkonexio ahuleko sistema elektrikoak eta sare elektriko isolatuak, maiz, energia-iturri berriztagarritan aberatsak izaten dira. Hala ere, elektrizitatearen hornidurak hainbat arazo tekniko eta ekonomiko sortzen ditu, hurbileko beste sistema elektrikoen sostengurik gabe. Artikulu honek deskribatzen ditu, hain zuzen, uharte sareetako dibertsifikazio elektrikoaren alderdiok. Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri eta autonomo baten giltza izatera deituak daude uharteetan, teknologiak eskainitako soluzio berrietan oinarrituta. Azkenik, Açores uhartediko Terceira irlaren operazio estatikoa eta dinamikoa aztertzen dira artikuluan, energia berriztagarrien integrazioaren adibide gisara.
  • Egileak: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia, Esther Torres, Igor Albizu, José Ignacio San Martín.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 39-53
  • DOI: 10.1387/ekaia.14590

—————————————————–
Egileez: Agurtzane Etxegarai, Pablo Eguia eta Esther Torres UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko irakasleak eta ikertzaileak dira: Igor Albizu eta José Ignacio San Martín Eibarko Industria Ingeniartzia Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakasleak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28

The post Energia berriztagarriak, autonomia energetikoaren gakoa uharte-sareetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bot kalakari eleaniztunak, itzulpen automatikoari esker

Al, 2016-11-21 09:40
Gizakion portaera imitatzen duen sistema informatikoa “bot” izenarekin ezagutzen da egun. Hainbat bot mota daude eta, besteak beste, webgune baten erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai direnak, bot kalakariak edo hiztunak. Azken hauek, “txatbot” izena daramate. Txabotak eta erabiltzailearen arteko elkarrizketa testu bidezkoa izaten da normalean, eta egon badaude interfaze multimediak dituztenak ere. UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, txatbot adimentsuetara pasatzeko ikerketa garatzen ari dira. QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) ikerketa-proiektuari esker, aurrerapauso bat eman dute interakzio-modu berri honetan, eta hemendik aurrera, itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzeko txatbot eleaniztunak aurkitzea.

 

 

robots-764951_1280
1. irudia: UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, elkarrizketa bat mantentzeko gai diren robotak edo txaboten itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, Europako zortzi erakunderen partzuergoan, itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko. Egun, Interneteko aplikazioetatik txatbot adimentsuetara pasatzen ari gara, oztopo linguistikoak gaindituz mundu digital osora mugitzeko aukera emanaz.

Eneko Agirre irakaslearen aburuz “ordenagailu pertsonalen etorrerarekin, enpresek eta erakundeek web gunea garatu behar izan zuten bere presentzia digitala bermatzeko. Gerora, telefono mugikorrekin, mundu digitalera iristeko app aplikazioak sortzea ezinbestekoa izan da. Adimen Artifizialeko (AA) azken aurrerapenak ikusita, hurrengo urratsa txatbotak edo elkarrizketarako robotak izango direla dirudi, hainbat hizkuntzatan erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzea erraztuko dutenak“.

Arlo honen inguruan ari da lanean QTLeap—Quality Translation by Deep Language Engineering lankidetzako europar ikerketa-proiektua, Europar Batasunak finantzatutakoa eta zortzi partaideko partzuergo batek aurrera eramana (Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultatearen bitartez; Adimen Artifizialerako Ikerketa Zentro Alemana; Berlineko Humboldt Unibertsitatea; Bulgariako Zientzien Akademia; Groningeneko Unibertsitatea; Lisboako Unibertsitatea; Pragako Charles Unibertsitatea; eta, Higher Functions enpresa portugaldarra). QTLeap proiektuak Itzulpen Automatikorako metodologia berritzaile bat ikertu eta garatu du, elkarrekintza globalerako teknologia-belaunaldi berri honi oztopo linguistikoak gainditzen laguntzeko.

 Ane, UPV/EHUko laguntzaile birtuala.
2. irudia: Ane, UPV/EHUko webguneko laguntzaile birtuala. Unibertsitatean sartzear dauden ikasleei laguntza eskatzen die online elkarrizketa bat mantenduz ehu.eus atariaren bidez.

“Emaitzen arabera, gure proiektuan garatutako Itzulpen Automatikoaren teknologiarekin, txatbota hizkuntza berri batera egokitu behar denean, kostuak %20an murriztu daitezke, hizkuntzaren arabera. PCMedic izeneko online motako laguntza-zerbitzu batean lortu dira emaitza hauek. Sortutako zerbitzuan, erabiltzaile batek informazio-teknologiako gailu edo zerbitzu batean duen arazoa duenean, galdera egingo dio txatbotari. Galdera edozein hizkuntzatan eginda ere, galdera hori itzuli eta galdera-erantzunen datu-basean bilatuko da. Sistemak, erantzuna automatikoki itzuli eta bere hizkuntzan erantzungo dio. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.”, argitzen du Eneko Agirrek.

Halaber, emaitzek erakusten dute proiektuan garatutako itzulpen sakoneko teknikek “egoeran aurrerapauso bat ekarri dutela. Ikusten da teknika hauek orain arteko teknologia estandarrak baino itzulpen hobea lortzen dutela, %85eko probabilitateaz, hizkuntzaren arabera”. Egindako ikerketa hizkuntzaren prozesamendu sakonean datza, “esaldiak egitura sakonaren eta esanahiaren arabera analizatuz gero, hizkuntzen arteko ezberdintasunak gutxitu egiten dira, itzulpena erraztuz”, azaldu du Eneko Agirre ikertzaileak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itzulpen automatikoak txatbot teknologia merkatu batu digitalera hurbiltzen du.

The post Bot kalakari eleaniztunak, itzulpen automatikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #129

Ig, 2016-11-20 11:00
Uxue Razkin

zientzia-begi-bistan

Biologia

Oryx generoko espezieak bizi diren basamortuetan ez du ia euririk egiten. Horrelako tokietan bizitzeko moldaera bereziak behar dituzte bertan bizi diren animaliak. Hasteko, ura bereganatzeko dituzten aukera guztiak baliatzen dituzte: ahal duten guztietan edaten dute ura eta, inoiz, erreketako ubide lehorretan indusketak egiten dituzte ura bilatzeko. Denbora luzea igaro dezakete urik edan gabe: 34 hilabete. Janaritik ere ura ateratzen dute; basamortuko arboletako (akazietako) hostoak jaten dituzte eta baita belar lehorrak ere. Ura eskuratzeko aukerez gain, ura aurrezteko moldaerak ere badituzte antilope hauek.

Astronomia

Irailaren 14an Europako Espazio Agentziaren GAIA misioak ateratako irudia orain arte lortu den Esne Bidearen irudirik osoena eta zehatzena da. Bertan, 1.142 milioi izar azaltzen dira. 14 hilabeteetan jasotako datuak biltzen ditu. Misioaren amaierarako, hemendik 5 bat urtera, Eske Bideko bilioi bat izan inguru neurtu nahi dira. Horretarako, objektu bakoitza 70 aldiz eskaneatuko da. Oso prozesu luzea da; izan ere, jasotako datuak tratatu behar dira eta azkenik emaitzak egiaztatu. GAIAk ez du bakarrik galaxia aztertzea helburu, izar-lagin handia aztertuko du. Hortaz, mota askotako izarrak egongo dira bere katalogoan.

Interesgarriak dira beste planeten atmosferetan egiten diren aurkikuntzak, “horietan baldintza fisiko eta kimikoak desberdinak dira, baina ereduak iker ditzakegu Lurrean aplikatzeko”, adierazten du Agustin Sanchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariak. Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak deskubritu ditu taldeak. Saturnoren atmosfera gas multzo erraldoi bat da, Lurrarena baino hamar aldiz handiagoa, eta hidrogenoz dago osatua batez ere. Eguzki Sistemako planeta guztiek baino zorrotada korronte zabalagoa eta biziagoa du. Ekuatorean 1.650 kilometro orduko abiadura ere hartzen dute haizeek. Mendebaldetik ekialdera ibiltzen dira, Lurraren ekuatorean sortzen diren urakan haize suntsitzaileen indar hirukoitzarekin.

Neurozientzia

Eskuineko hanka mugitzerik ez zuen tximino batek natural ibiltzea lortu du ikerketa-talde batek, Suitzan egindako interfaze bati esker. Teknologia honen bitartez, garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko komunikazioa berreskuratu dute. Aurrerapausoa eman du talde horrek bi zentzutan Amaia Portugalek azaltzen digunez. Batetik, eskuineko hankan paralisia duen tximino batekin egin dutelako lan; gizakiarengandik askoz ere gertuago dagoen animalia bat. Baina gainera, oraingoan subjektuak berak erabaki du hanka hori nola mugitu, hau da, tximinoaren garunak emandako aginduak deskodetu eta mugimendua gauzatzea lortu dute, bizkarrezur muina kaltetuta egon arren. Erabilitako interfazeak elementu hauek ditu: garuneko inplantea, garun grabagailua, ordenagailua, pultsu sorgailua eta bizkarrezurreko inplantea.

Achucarro eta UPV/EHUko ikertzaileek eta CIC biomaGUNEko ikertzaileek elkarlanean egindako ikerketa batek iktusaren ondorioak murrizteko itu terapeutiko berriak identifikatu ditu. Iktusa garuneko odol-fluxua une batez edo behin betiko murrizten denean gertatzen da, eta garuneko kalte askoren eragilea da. Glutamatoa da neurotransmisore kitzikatzailerik ugariena garunean eta glutamato-maila aztoratzeak eragiten ditu kalte horietako asko. Duela bi urte, glutamato-mailako aztoramendu horretan inplikatutako proteina bat identifikatu zuten bi ikerketa-taldeek, eta oraingo ikerketan, proteina horrek berak iktusaren ondoren gertatzen den hanturan ere parte hartzen duela argitu dute.

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Marianne North (1830-1890) izan dugu protagonista Zientzia Kaieran. Munduko botanika ilustratu zuen emakume honek. Artea eta zientzia fusionatu daitezkeela erakutsi zuen bere landareen eta loreen ilustrazioekin. Mundu osotik bidaiatu zuen; Jamaikan, Chilen, Tenerifen eta Estatu Batuetan egon zen, besteak beste. Bere ilustrazioak Londreseko Kew museoan daude ikusgai; erakusketa iraunkorra da, hori lortzen lehen emakumea izan zen

Paleontologia

Sussexen, Ingalaterran, duela hamar urte baino gehiago topatutako fosil berezi bat dinosauro baten lehen garun fosildua dela baieztatu dute. Iguanodonaren ahaide baten garuna da, 113 milioi urte ditu eta meningeak, odol-hodi batzuk eta inguruko ehunak ikusten dira. Ikertzaileek fosilaren egiturak aztertu dituzte, ekorketazko mikroskopio elektronikoaren (SEM) bidez eta frogatu dute dinosauroen gaur egungo ondorengoen garunen antza dutela. Adibidez, hegaztien eta krokodiloen meningeen oso antzekoak dira. Baina badira desberdintasunak ere. Informazio osagarria estekan topatuko duzue.

Geologia

Fracking edo haustura hidraulikoan injektatzen diren likidoek aldizkako lurrikarak eragin ditzakete, hilabeteetan. Kanadako mendebaldean egindako ikerketak horixe ondorioztatu du. 2014ko abendua eta 2015eko martxoa bitartean gertatu ziren seismoak aztertu dituzte. Guztira, sei fracking-puntutako jarduerak eragindako seismoak izan ziren eta azkena –handiena- haustura hidraulikoa amaitu eta bi astetara gertatu zen. Oraingoz Kanadakoak izan dira mota horietako lurrikara bakarrak, AEBko erdialdean jazotakoak ez baitira zuzenean haustura hidraulikoak eragindakoak.

Osasuna

Tabakoa osasunarentzat kaltegarria dela badakigu baina halere, jendeak erretzen jarraitzen du. Egoera horren aurrean, zientzialariek ez dute amore ematen eta minbiziari aurre egiteko terapiak bilatzeaz gain, tabakoak eragindako kalteen inguruko datuak mahai gainean jartzen jarraitzen dute. Londresko King’s College Unibertsitateko, Wellcome Trust Sanger Institutuko (Erresuma Batua) eta Los Alamos Laborategi Nazionaleko (AEB Ameriketako Estatu Batuak) adituak, milaka genoma aztertuta, tabakoak organoetan eragiten dituen mutazio zehatzak aurkitzeko gai izan dira. Ondorioztatu dutenez, egunean tabako pakete bat erretzeak urteko 150 mutazio eragiten ditu biriketako zelula bakoitzean. Horrez gain, tabakoak 97 mutazio eragiten ditu laringeko zeluletan, 39 faringekoetan, 23 ahokoetan eta hemezortzi maskurikoetan.

Ildo horretatik, bada topiko bat usu erabiltzen dena: gorputzeko zelula gehienak urteen poderioz berritzen direla eta horregatik tabakoaren kontsumoak eragindako kalteak nolabait arintzen direla. “Hori ez da horrela”, zehaztapena egin du Iñigo Martinkorena biologoak.

Kimika

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikerketa batek egiaztatu du, lignina zura babesteko produktuak ekoizteko lehengai moduan erabiltzea etorkizun handiko aukera dela. Ildo horri jarraiki, ligninan oinarritutako bi produktu garatu ditu Patricia Soares Bilhalva dos Santos ikertzaileak. “Ondorioztatu dugu bioolio- eta lignina-metal konplexu-emultsioak zura babesteko etorkizun oparoko produktuak direla. Dena den, oso garrantzitsua da aurrerantzean bestelako analisi batzuk egitea, produktu horien erabilera zur-mota guztietan aplikatzea posible ote den edo ez bermatzeko, besteak beste.”

Argitalpenak

Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes” liburuan Albert Cortina eta Miquel-Ángel Serrren beste liburuan –Gizakiak ala postgizakiak? (¿Humanos o posthumanos? (2015))-aipatzenziren ideia nagusiak berresten dira, egileek eztabaida gaiak aipatzen dituzte eta etorkizunari begira ikuspegi baikorra ematen dute. Nazioarteko Menéndez Pelayo Unibertsitateak Santanderreko Magdalena Jauregian 2015ko irailaren 2tik 4ra antolatu zuen “Singularidad tecnológica y mejoramiento humano y neuroeducacional” ikastaroko hitzaldia du oinarri liburuak. Hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu zen: berezitasun teknologikoa, giza hobekuntza eta neuroheziketa. Teknologia emergenteen ondorioz giza espeziea modu artifizialean garatuko da eta gizaki mota berri bat sortuko da.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #129 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #135

La, 2016-11-19 10:30

ezjakintasunaren-kartografia-135

Noizbait hidrogenoa gasolinaren ordezko erregai alternatibo bat izan dadila nahi badugu, segurtasunarekin garraiatzea eta maneiatzea ezinbestekoa litzateke. Baina, zergatik ez dugu grafenoa erabiliko hau lortzeko? Jell Vekemanek planteatzen du gaia: Hydrogen gas as alternative fuel.

Eragiten ote dute gure hauteskundeetako arauek hautatu beharreko hautetsien kalitatean? Oso esperimentu interesgarria kontatzen digu Jose Luis Ferreirak galderaren erantzuna eman nahian: How electoral rules affect political selection.

Nola da posible bi berilio atomo elkarrengandik inoiz baino hurbilagoak egotea, eta lotura kimikorik ez izatea euren artean? DIPCko ikertzaileen kontuan: Beryllium: closer than ever, not bonded though.

Lurrean ezinezkoak liratekeen talken ondorioz, atomoak galdu dituzten knockout molekulak daude espazioan. Giovanna D’Angelok ikertzen du gaia: Knockout space molecules: much to learn we still have.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #135 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Marianne North (1830-1890), margolari ibiltaria, ez da paper zuriaren beldur

Or, 2016-11-18 09:00
Uxue Razkin Badira artea eta zientzia, olioa eta ura nahastea bezalakoa dela diotenak. Literaturaz -idatzitako arteaz- ariko bagina ere, emaitza berdina izango litzateke batzuen irudiko. Miguel Delibes de Castro biologoak –bai, Miguel Delibes idazlearen semea- esan zuen behin, zenbait adierazpen matematiko jakitera emateko, poesiaren zorroztasun terminologikoa eta edertasuna behar zirela. Hala, zientzia eta artea –azken hau edozein sortze-lan moduan ulertuta- errealitatera gerturatzeko bi aukera dira, bi lengoaia ezberdin, bata bestearen osagarri izan daitezkeenak, gainera.

Badira, jakina, historian zehar zientzian inspirazioa aurkitu duten artistak, eta hainbat zientzialari artearekin halako zerikusia izan dutenak ere. Publikatutako zientzia-liburuetan ikus daiteke bereziki bi ideia horien arteko ezkontza posiblea dela; izan ere, argitaratutako aurkikuntza esanguratsuekin batera eskuz egindako marrazkiak eta margolanak agertu izan ohi dira letren ondoan. Gehienetan, gainera, begi kolpe batez kontzeptu horren muinera iristen da irakurlea, irudikatutako trazu zehatzei esker.

 Wikipedia)
1. irudia: Santiago Ramón y Cajalek egindako ilustrazioetako bat. 1900. urtean argitaratu zuen “La retina de los Mamíferos” liburuan. (Argazkia: Wikipedia)

Errealitatea irudikatzeko modu bat da ilustrazioarena. Hori pentsatu ei zuen Santiago Ramon y Cajalek, orri zuri bat begi aurrean zuela, Golgi metodoaz inpregnatutako zelula neurogliak marrazten hasi zenean. Bada, artea eta zientzia fusionatu zituen emakumerik ere bazen; hala nola, Maria Sibylla Merian entomologoa (1647-1717) eta Marie Tharp geologoa (1920-2006), atal honen bitartez ezagutu ditugunak. Gaurkoan, Marianne North (1830-1890) margolari britaniarraren txanda da, munduko botanika ilustratu zuena, hain zuzen.

 North ilustrazi
2. irudia: Marianne North ilustratzailea. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Marianne North 1830ko urrian jaio zen Hastingsen (Ingalaterra). Abeslaria izan nahi zuen baina bere ahotsak ez zituen exijitzen ziren parametroak gainditzen. Azkenean, uko egin behar izan zion hasierako amets horri. Une hartatik aurrera, marrazkiekiko interesa piztu zitzaion. 1855ean bere ama hil zen eta bere aitarekin batera -Frederick North, lur-jabe aberatsa eta parlamentaria- bidaiatzen hasi zen Europa eta Ekialde Hurbiletik. Bidaia horietan klase ugari eman zituen eta horrela, bere marrazteko teknika hobetu zuen. Bere aita hil zenean, 1870ean, berak jaso zuen familiaren ondarea eta hori erabili zuen mundu osotik bidaiatzeko.

Errealitatea koaderno batean kabitzen da

Margolari ibiltariaren aztarnak, munduko lore eta landareak, orri zurietan agertzen hasi ziren: trazu zehatzak, kolore biziak. Berdea, arrosa, urdina, laranja, horixka… Naturaren koloreak margotzen hasia zen North. 1871 eta 1872 urte bitartean, Jamaika, Estatu Batuak, Kanada eta Japonia bisitatu zituen. Ondoren, Brasilen gelditu zen urtebetez. Oihanean kokatuta zegoen txabola batera joan zen bizitzera eta dozenaka marrazki egin zituen bertan. 1875ean, Tenerifen igaro zituen hilabete batzuk, Little’s Placen (Sitio Litre). Bertan, 29 ilustrazio egin zituen, hain berezkoa den Tenerifeko flora marraztuz. Nabarmentzekoa da Vision of Eden obran, esaterako, ilustratzerako garaian inguruan zituen baldintza gogorrak deskribatzen zituela. Eguzkia, euri zaparradak, bide traketsak, gaixotasunak, izainak, armiarma erraldoiak,… baina horrek guztiak ez zuen bere pasioa hil inondik inora.


3. irudia: Marianne Northek 1873 urtean egindako ilustrazioa. Brasilgo zuhaitz baten hostoak parasito eta epifitoz beteta. (Iturria: Wikiart)

Hurrengo bi urtetan, Kalifornia, Japonia, Borneo, Java eta Sri Lanka bisitatu zituen. 1878an Indiara joan zen eta ondoren, Londresera itzuli. Keweko Lorategi Botanikoan erakutsi nahi zuen bere lana eta bertan, espazio bat izateko proposamena egin zien museoko arduradunei. Erakusketak iraunkorra behar zuen izan eta arduradunek onartu egin zuten Northen eskaria.

Erakusketa iraunkor bat museo batean aurkeztu zuen lehen emakumea izan zen. James Fergusson arkitektoak diseinatu zuen museoko eraikin berria eta urte horretan bertan ireki zuten. Northen galeria ekialde partean zegoen, Marianne North galeria deitu zutena. Artistak berak erabaki zuen margolanen ordena, geografikoki banatu zuena. ilustrazioak aztertzean, publikoa txundituta gelditzen zen bere lanek islatzen zuten bizitasuna eta edertasunarekin. Arrakastak ez zuen geldiarazi eta Charles Darwinen proposamenari men eginez –bere aitaren laguna zen-, Australia, Zeelanda Berria eta geroxeago, Hegoafrika, Seychelleak eta Txilera joan egin zen. Guztira, 832 margolanetan irudikatu zuen mundu osotik barrena ikusi zuen flora.

 1875. urtean Tenerifen egindako ilustrazioa. Aloe Vera landarea loretan.
4. irudia: 1875. urtean Tenerifen egindako ilustrazioa. Aloe andarea loretan. (Iturria: Wikiart) Munduko botanika bere patrikan

Northen margolanen irakurketa ez da bakarrik zentzu artistikoan egin behar, bere lana zientziarentzat baliotsua izan delako hein handi batean. Kasu honetan, botanika arloan. Bere margolanak omentzeko, zenbait landareri bere izena jarri zioten: Areca northianaCrinum northianumKniphofia northianaNepenthes northiana y Northea seychellana (Hegoafrikako bi, eta Borneoko beste bi). Bere ahizpa Catherine North Symondsek, bere lan erraldoia ez ahazteko, publikatu zituen bere obraren gaineko bi liburuki: Recollections of a Happy Life (1892) eta Some Further Recollections of a Happy (1893).

800 margolan baino gehiago burutu ostean, Marianne Northek Gloucesterhireko herri txiki batera erretiratu zen 1890ean. Esnatu bezain pronto, leihora hurbiltzen zela eta ingurua aztertuko zuela imajinatzea ez da zaila; bitartean egindako bidaiak, eta bere eskuak orri zuria ukitzean egiten zuen soinua izango zituen burrunbaka buruan, jada margotzen ez zuelako, jada bidaiatzeari utzi ziolako. Egia da esaten den hori, irudi batek ez duela mila hitzek baino gehiago balio. Baina laguntzen du.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Marianne North (1830-1890), margolari ibiltaria, ez da paper zuriaren beldur appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Basamorturik lehorreneko ugaztunak

Og, 2016-11-17 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Hiru espezie ditu Oryx generoak: Oryx gazella (orix arrunta), Oryx beisa (orix beisa) eta Oryx leucoryx (orix arabiarra). Hirurak bizi dira toki lehorretan, munduko leku idorren eta beroenetan ziurrenik. Oryx generoko espezieak bizi diren basamortuetan ez du ia euririk egiten, urtean behin gehienez ere.

Jakina, horrelako tokietan bizitzeko moldaera bereziak behar dituzte, ura aurrezteko guztiz eraginkorrak diren moldaerak. Hasteko, ura bereganatzeko dituzten aukera guztiak baliatzen dituzte: ahal duten guztietan edaten dute ura eta, inoiz, erreketako ubide lehorretan indusketak egiten dituzte ura bilatzeko. Denbora luzea igaro dezakete urik edan gabe: 34 hilabete, egiaztatu izan denez, nahiz adituek hiru urtez ere urik edan gabe egon daitezkeela uste duten.

oryx-828992_1280
1. irudia: Oryx beisa.

Basamortuetan bizi diren beste ugaztunek bezala, ur metabolikoa baliatzen dute ur-beharra asetzeko, baina horrela behar guztien % 25 baino gehiago ez dute asebetetzen. Janaritik ere ura ateratzen dute. Orixek basamortuko arboletako (akazietako) hostoak jaten dituzte eta baita belar lehorrak ere; harrigarria bada ere, akazietako hostoek % 50-% 60ko ur-edukia dute. Beste jokabideek ere garrantzi handia dute: esaterako, egunsentian eta egunak argitu aurretik jaten dute, ordu horietan baita altuen landare idorren hezetasun-maila. Gainera, zulo handiak (1 m) egin ditzakete, horrela % 50eko ur-edukia duten landareen sustraiak edo tuberkuluak eskuratzeko.

Ura lortzeko moldaera hauek ez dira orixek erakusten dituzten aparteko ezaugarri bakarrak. Ura eskuratzeaz gain, ura aurrezteko moldaerak ere badituzte antilope hauek. Tenperaturaren erregulazioari dagokio horietako bat; izan ere, orixek ez dute gorputzaren tenperatura guztiz konstante mantentzen. Neguan, ingurune-tenperatura 13 °C eta 27 °C-ko tartean alda daiteke, eta orixen gorputzena 37’5 °C eta 39’1 °C-en artean; udan, berriz, ingurumeneko tenperatura 29 °C eta 44 °C artean egon ohi da, eta orixen gorputzarena, 36’5 °C eta 40’5 °C-ko tartean alda daiteke. Udan, gorputz-tenperatura igotzeari uzten diote, horrela ur asko aurreztuaz. Egunean zehar gorputz-tenperatura aldatzen dutenez, ez dute ura lurruntzera jo behar gorputza hozteko eta, gauez, tenperatura jaisten denean hoztu egiten dira; hau da, ez dute gorputz-tenperatura ura lurrunduz jaitsi behar, irradiazioz eta konbekzioz jaisten delako. Horri esker, eguneko 0’3 l ur aurrezten dute. Gainera, barne-tenperatura 40’5 °C-ra igotzearen ondorioz, 4 °C-ko tenperatura-gradientea besterik ez dute mantendu behar; gorputzeko tenperaturari igotzen utziko ez baliote, gradientea 7 °C-koa izango litzateke. 40’5 °C oso tenperatura altua da, batez ere garunarentzat, baina kontuan hartu behar da toki beroetako ugaztunek badutela garuna hozteko sistema berezi bat, arteria karotidaren rete mirabile bat.

 Oryxak zulo handiak egiten ditzake landareen sustraietako ur-edukia xurgatzeko edo tuberkuluak eskuratzeko.
2. irudia: Orixak zulo handiak egin ditzake landareen sustraietako ur-edukia xurgatzeko edo tuberkuluak eskuratzeko.

Gernuari ere erreparatu behar zaio: Oryx generoko antilopeek oso gernu-bolumen txikia kanporatzen dute. Horrela, iraitzi behar duten nitrogeno-hondarra oso kontzentrazio altuan geratzen da gernuan, giltzurrunean ur-bolumen handia birxurgatzen baitute. Izan ere, haien gernua odola baino 8 aldiz kontzentratuago dago; hori baino kontzentrazio altuagorik ere bada animalietan, baina ugaztun handien artean dik-dik-a (Madoqua kirkii izen zientifikoa duen antilope ipotxa) da gernurik kontzentratuena sortzen duena, antilope horren gernua odola baino 12 aldiz kontzentratuagoa baita.

Orixak toki idorretan bizitzeko ondo baino hobeto moldatuta daude, eta berezi samarrak dira jokabidearen eta fisiologiaren aldetik. Haien tamainako animalia gehienak baino eraginkorragoak dira ura lortzen eta ura aurrezten, bestela ezingo lirateke bizi munduko tokirik lehorrenetan.
—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Basamorturik lehorreneko ugaztunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Paralisia gainditzeko zubi lanak

Az, 2016-11-16 09:30
Amaia Portugal Eskuineko hanka mugitzerik ez zuen tximino batek natural ibiltzea lortu du, Suitzan egindako interfaze bati esker. Teknologia honen bitartez, garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko komunikazioa berreskuratu dute, paralisia eragiten duen lesioaren gainetik by-pass moduko bat eraikiz.

Duela bi urte, paralisia zuen arratoi bat mugiaraztea lortu zuten Lausanako Eskola Politeknikoak gidatutako proiektu batean. Estimulazio elektriko kontrolatua aplikatu zioten haren bizkarrezur muinari, eta animaliak eskailerak igo eta jaitsi zitzan lortu zuten, telegidatutako auto baten moduan zuzenduta. Lorpen handia izan zen, baina jakina, hori ez da paralisiaren aurkako irtenbidea: norbanakoak erabaki behar du nora eta nondik joan nahi duen.

Orain, urrats garrantzitsua egin du talde horrek berak, bi zentzutan. Batetik, kasu honetan, eskuineko hankan paralisia duen tximino batekin egin dutelako lan; primate bat, gizakiarengandik askoz ere gertuago dagoen animalia bat. Baina gainera, oraingoan subjektuak berak erabaki du zango hori nola mugitu. Ikerketa honetan, paralisiaren ondorioz garunaren eta hankaren artean hautsita dagoen zubiaren gainetik beste bat eraiki baitute: teknologiaren bitartez, tximinoaren garunak emandako aginduak deskodetu eta mugimendua gauzatzea lortu dute, bizkarrezur muina kaltetuta egon arren. Hala azaldu dute Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan.


Ikerketaren berri ematen duen bideoa, ingelesez.

Ibiltzearekin zerikusia duten seinaleak garuneko kortex motorretik datoz. Normalean, seinale horiek bizkarrezur muinean behera egiten dute, lunbarrera iritsi arte. Nerbio sistemaren sare konplexua dago gerriaren atzealde horretan, eta seinaleak bertara iristen direnean, garunak agindu duenaren arabera aktibatzen dira muskuluak, ibiltzeari ekiteko.

Bizkarrezur muina kaltetuta dagoenean, ordea, haria eten egiten da: garunak igorritako seinalea galdu egiten da bidean. Hau da, burmuinak ohi bezala egiten du transmisioa, eta sare neural konplexuak izan badu muskuluak mugiarazteko ahalmena, baina goitik etorri beharko lukeen agindua ez da iristen. Hartzaileak ez du igorlearen mezua jasotzen.

Etendako haria atzera lotzea da kontua, eta horretarako, by-pass moduko bat egin dute ikerketa lan honetan. Bizkarrezurreko lesioaren gainetik zubi lanak egiteko gai den interfaze neuro-prostetiko bat sortu dute. Garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko komunikazioa birbideratu dute hala, eta eskuineko hankan paralisia duen tximinoak mugimendua berreskuratu du, natural antzean ibiltzeraino.

 Alain Herzog / EPFL)
Irudia: Interfazearen elementuetako batzuk. (Argazkia: Alain Herzog / EPFL)

Interfazeak elementu hauek ditu: garuneko inplantea, garun grabagailua, ordenagailua, pultsu sorgailua eta bizkarrezurreko inplantea. Denbora errealean eta haririk gabeko teknologia baliatuz, kortex motorrak sortutako jarduera erregistratu eta ordenagailuak jasotzen ditu datuok. Bertan, garunak agindutakoa deskodetu, eta informazioa pultsu sorgailuari bidaltzen zaio. Honek lotura zuzena du bizkarrezurrean, lesioaren azpian, inplantatutako elektrodo sistemarekin. Elektrodoek estimulazio elektriko oso zehatzak jasotzen dituzte orduan, garunak igorritako kodearen araberakoak; nerbio sistemaren sarea modulatuz, eta hala, muskuluak aktibatuz.

Tximino honek paralisia hanka bakarrean badu ere, ikertzaileon arabera, bizkarrezur muineko lesio are larriagoekin ere funtzionatu behar luke interfazeak. Hala ere, litekeena da zailagoak diren kasu horietan farmakoen laguntza behar izatea, eraginkorra izateko. “Garunaren deskodetzearen eta bizkarrezur muinaren estimulazioaren artean lortutako lotura hori berria da erabat. Aurrenekoz, erabateko paralisia duen pertsona batek, interfaze honen bitartez, bere hankak mugitu ahal izango dituela irudikatzeko gai naiz”, esan du Jocelyn Bloch Lausanako Ospitaleko zirujauak eta inplanteak garunean eta bizkarrezurrean txertatzeko ardura izan duenak.

 EPFL)
Infografia: Ikerketa laburbiltzen duen grafikoa, ingelesez. (Egilea: EPFL)

 

Teknologia berri honi ondo erantzun diote primateek, eta hori albiste ona da oso, baina horrek ez du esan nahi tximinoetatik gizakietarako jauzia berehalakoa izango denik. Gregoire Courtine ikerketa honen arduradunak adierazi bezala, “neuroteknologia honek primateen lokomozioa berreskuratu du lehenbizikoz. Baina erronka asko ditugu orain aurrez aurre, eta urte batzuk igaroko dira ziurrenik, aplikazio honen osagai guztiak gizakiengan probatzea lortzen dugun arte”.

 

Erreferentzia bibliografikoa

Marco Capogrosso et al. A brain–spine interface alleviating gait deficits after spinal cord injury in primates. Nature, 539, 284–288 (10 November 2016). doi:10.1038/nature20118

Informazio gehiago:

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Paralisia gainditzeko zubi lanak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

A zer aberatsa Esne Bidea!

Ar, 2016-11-15 09:00
Naiara Barrado eta Itziar Garate Irailaren 14ean Europako Espazio Agentziaren GAIA misioak honako irudi hau argitaratu zuen:  ESA/Gaia/DPAC, A. Moitinho & M. Barros (CENTRA-University of Lisbon).
1. irudia: GAIAk lortutako zeruaren lehen mapa. (Iturria: ESA. Copyright: ESA/Gaia/DPAC, A. Moitinho & M. Barros -CENTRA-University of Lisbon-) Orain arte lortu den Esne Bidearen irudirik osoena eta zehatzena da. Bertan, 1.142 milioi izar azaltzen dira.

Irudi honek GAIAk lehen 14 hilabeteetan jasotako datuak biltzen ditu (2014eko uztailetik 2015eko irailera). Misioaren lehen irudia edo datu multzoa da, baina ez azkena. GAIAk Esne Bidearen hiru dimentsioko mapa xehea egitea du helburu. Misioaren amaierarako, hemendik 5 bat urtera, Esne Bideko bilioi bat izar inguru neurtu nahi dira (galaxian dauden izarren %1a gutxi gorabehera); beren kokapena, distantzia eta mugimendua ahalik eta modu zehatzenean jakin nahi da. Horretarako, objektu bakoitza 70 bat aldiz eskaneatuko da.

Oso prozesu luzea eta konplexua da sateliteak jasotzen duen informazio ‘gordina’ izarren kokapenari buruzko datu erabilgarri eta fidagarri bihurtzea. Jasotako datuak tratatu egin behar dira (interesatzen zaigun seinalea iragazi eta egokitu), ondoren Astronomian magnitude esanguratsuak direnetara aldatu (distantzia edo distira bezalakoetara aldatu) eta azkenik emaitzak egiaztatu. Horregatik behar izan du lan-taldeak urtebete irudia argitaratzeko.

Ezkerretik eskuinera dagoen zonalde distiratsua da Esne Bidea, milioika izarrez argiztatua. Zonalde horren gainetik ikusten diren gune ilunak, izarrarteko hodeiak dira, disko galaktikoaren eta GAIA satelitearen artean dauden hodei xurgatzaileak. Irudiaren behe-eskuin aldean ikusten diren bi gune argitsuak Magallanes-en Hodei Nagusia eta Txikia dira, 180.000 argi urtera ditugun bi galaxia auzokide. Irudi osoan ikusten diren marra eta hainbat artefaktu, GAIAren zerua eskaneatzeko moduak sortuak dira (ikusi ondoko bideoa). Zeruko eremu batzuk besteak baino gehiagotan aztertu dira, eta, beraz, estaldura hobea dute. Misioa aurrera doan heinean marra horiek desagertzen joango dira.

Bideoa: GAIAren tresnen modulua ikus daiteke animazio honen lehenengo atalean. Modulu horretan teleskopioak, plano fokalak eta behar den elektronika guztia dago. Animazioaren bigarren atalean, aldiz, GAIAk zerua nola eskaneatzen duen ikus daiteke. (Copyright: ESA – C. Carreau)

GAIA satelitea Eguzkiaren inguruko orbita batean dago, Lagrangeren 2. puntua deritzonean (L2). Puntu hau Lurretik 1,5 milioi km-ra dago, Eguzkiaren aurkako norantzan. Lurrarekin batera biratzen du Eguzkiaren inguruan, hau da, urtebete behar du Eguzkiaren inguruan bira bat emateko. Horrek esan nahi du L2 puntutik zeru osoa beha daitekeela urtebetean. Gainera, Eguzkiaren eta Lurraren grabitateen eraginak direla eta, L2 puntua oso leku berezia da; satelite bat bertan mantentzeko ez da ia bat ere erregairik behar, Eguzkiaren eta Lurraren grabitateen konbinaketak ematen baitio sateliteari orbitan mantentzeko behar duen indar zentripetoa.

Satelitearen punta-puntako teknologiari eta kokapenari esker, GAIAren katalogoak aurreko katalogoak baino 20 aldiz izar gehiago ditu, eta informazioaren zehaztasuna bikoiztu egin da. Aurreko katalogoa ESAren Hipparcos misioarena da, bi hamarkada lehenagokoa (ikusi 2. irudia astrometriaren bilakaera aztertzeko).


2. irudia: Astrometria, zerua mapeatzeko zientzia, astronomiaren atalik zaharrenetakoa da. Irudi honetan izarren kokapena eta distantziak neurtzeko izan dugun gaitasunaren bilakaera ikus daiteke kualitatiboki. (Iturria: ESA. Copyright: ESA)

Hipparcos katalogoan badaude 80 izar talde, gehienez 1.600 argi-urtera daudenak. GAIA katalogoan aldiz, badaude 400 izar talde, 4.800 argi urterainoko distantziara aurki daitezkeenak. Errolda berri honetan oso interesgarriak diren 3.194 izar aldakor ere badaude. Gehienak Magallanesen Hodeietakoak dira, lehen hilabetean eremu hau behin eta berriz eskaneatu baitzen. Misioaren amaierarako, espero da gainontzeko eremuetako izar aldakorren kokapena zehaztasun handiz ezagutzea, distantzia kosmikoei buruzko informazioa ematen digutelako.

Garrantzitsua da izarrek zeruan duten kokapena eta mugimendua ahal den modu doienean ezagutzea, Esne Bidearen iraganeko historia eta ezaugarriak ezagutzeko. Baina baita gertaera astronomiko batzuen jarraipena egiteko ere. Adibidez, izar-estaltze batzuk Lurreko zonalde jakin batzuetatik baizik ezin dira ondo ikusi, eta beraz, izarraren ezagutza zehatza beharrezkoa da teleskopioak destatzerako orduan.

Hala ere, GAIAk ez du bakar-bakarrik galaxia aztertzea helburu. GAIAk izar-lagin oso handia aztertuko du, eta beraz, mota askotako izarrak egongo dira bere katalogoan. Horrek, aukera ikaragarria emango digu izarren egituraz eta bilakaeraz dugun jakintza areagotzeko. Baita izarren barne-egituraren modelo teorikoak hobetzeko beta eta Eguzki-sistemaren ezagutza hobetzeko aukera. Bestalde, GAIAk asteroide askoren kokapen eta abiadurak neurtuko ditu, euren orbitak mugatzeko moduan egongo delarik. Aldi berean, ehun bat asteroideren masa neurtzeko gai izango da, eta bi asteroideen arteko grabitazio ekintza aztertuko du. Azkenik, GAIAren emaitzak lagungarri izango dira planeten orbiten parametroak eta exoplaneten masarekiko banaketa hobeto ulertzeko. Eta planeta-sistemen sorrerari, migrazioari eta haren dinamikaren bilakaerari buruzko modelo teorikoak mugatzeko datu garrantzitsuak eskainiko ditu. Beraz, adi-adi jarraitu beharko dugu misioari begira.

—————————————————–

Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.

—————————————————–

The post A zer aberatsa Esne Bidea! appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gizakion erronka etikoak, teknologia berrien aurrean

Al, 2016-11-14 15:00
Arantxa Arzamendi Orain dela ia urtebete Zientzi Kaiera blog honetan Albert Cortina eta Miquel-Àngel Serraren beste liburu bat aipatu nuen, Gizakiak ala postgizakiak?, ¿Humanos o posthumanos? (2015). 2016an argitaratu duten  “Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes” bigarren liburu honetan, lehen aipatzen ziren ideia nagusiak berresten dira, egileek eztabaida gaiak aipatzen dituzte eta etorkizunari begira ikuspegi baikorra ematen dute.

humanidad

Liburuaren edukia Nazioarteko Menéndez Pelayo Unibertsitateak Santanderreko Magdalena Jauregian 20153ko irailaren 2tik 4ra antolatu zuen “Singularidad tecnológica y mejoramiento humano y neuroeducacional” ikastaroko hitzaldia dira. Ikastaroak Tatiana Pérez de Guzmán el Bueno Fundazioaren babesa izan zuen eta hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu zen: berezitasun teknologikoa, giza hobekuntza eta neuroheziketa.

Teknologia emergenteen ondorioz giza espeziea modu artifizialean garatuko da eta gizaki mota berri bat sortuko da. “Hobekuntza” hauen ondorioz azkarragoak izango gara, bizitza luzatuko da eta zoriontsuagoak izango gara, baina aurrerakuntza teknologikoek eragina izango dute etika mailan. Aldaketa horiei aurre egiteko prest al gaude? Edo, alderantziz gure ondare genetikoa kontserbatu behar dugula defenditzen dugu, gure askatasun eta duintasun besterenezinekin?

Bideoa: “Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes” liburuaren aurkezpena.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes
  • Koordinadoreak: Albert Cortina, Miquel-Ángel Serra
  • Argitaletxea:Ediciones Internacionales Universitarias, 2016
  • Orrialdeak: 413
  • Prezioa: 24 €
  • ISBNa: 9788484693383
  • Non eskuratu: Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostiako udal liburutegietan; Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian eta Aiete Kultur Etxeko liburutegian.

———————————————————————————-

Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.

———————————————————————————-

The post Gizakion erronka etikoak, teknologia berrien aurrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lignina, zuraren bizia luzatzeko gai den polimeroa

Al, 2016-11-14 09:00
Lignina zuraren osagaietako bat da eta, horrez gain, lurrean dagoen konposatu aromatiko ugariena ere bada. Lignina zaila da degradatzen eta zelulosa zuntzak loturik edukitzen ditu. Hori dela eta, adibidez, papera egiterako orduan kendu egiten da produktua ilundu eta gogortzen duelako. UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikerketa batek egiaztatu du, lignina zura babesteko produktuak ekoizteko lehengai moduan erabiltzea etorkizun handiko aukera dela. Horrela, egun, merkatuan dauden mota horretako produktuek ingurumenean sortzen duten kaltea murriztea edo saihestea lortuko litzateke. wood-482288_1280
Irudia: Lignina, fenilpropano polimero amorfoa, zelulosa‐zuntzei zurruntasuna ematen die.

Gaur egun asko erabiltzen den baliabidea da zura. Iraunkortasun baxua du, ordea, eta horrenbestez, ezinbestekoa da hori ongi babestu eta tratatzea balio-bizitza luzatzeko. Bereziki kanpoaldean dauden zurei tratamendu bat eman behar zaie denboraren poderioz, urak edota onddoen zein zenbait intsekturen erasoek zur hori kaltetu ez dezaten. Gaur egun zura babesteko existitzen diren produktu asko toxikoak eta garestiak dira. Lan honen helburua izan da “lignina erabiltzea zura babesteko produktu berriak ekoizteko, eta, hala, egun merkaturatzen diren produktu toxiko horiek ordezkatzeko bidea aurkitzea”. Patricia Soares Bilhalva dos Santos ikertzaileak dionez, kasu horietan, kontuan izan behar den beste faktore bat “faktore ekonomikoa da. Izan ere, materiala babesteko erabilitako produktuen balioak tratatutako zuraren balioa baldintzatzen du”.

Lignina zuraren oinarrizko hirugarren osagaia da, eta gaur egun, zelulosaren industriaren hondakinetatik eratorritako ligninak ez du balio komertzialik. Horrenbestez, erregai fosilak ordezkatzeko aukera paregabea izan liteke. Bere ezaugarri eta konposizioari esker, ligninak zura mikroorganismoetatik babesteko gaitasuna du eta, aldi berean, zuraren gogortasuna areagotzen du, besteak beste.

Zura babesteko bi produktu, lignina oinarri hartuta

Ligninan oinarritutako bi produktu garatu ditu ikertzaileak. Batetik, “bioolien zenbait emultsio prestatu ditugu, ligninaren despolimerizazioari esker” azaldu du Soaresek. Bestalde, “zenbait emultsio prestatzeko lignina-metal konplexu batzuk sortu ditugu. Izan ere, lignina-metal konplexu horiek ligninak zura babesteko duen gaitasuna areagotzen dute. Horretarako, kadmio, kobre, kromo edo zink metalak erabili ditugu, ezaugarri antifungikoak dituzten konposatuak baitira eta pestizidetan esaterako sarri erabiltzen dira” erantsi du ikertzaileak.

“Bioolioekin egindako emultsioek emaitza onak erakutsi dituzte Pinus eta Eucalyptus zuretan iraunkortasunari dagokionez, % 40an murriztu baita pisu-galera Trametes versicolor onddoen eraginpean jarri ostean, tratatu gabeko laginekin alderatuz gero” adierazi du Soaresek. “Halaber, zuraren higroskopikotasuna —hezetasuna xurgatzeko materialek duten gaitasuna— hobetu da eta sutze-prozesua atzeratzeko ahalmena areagotzen dela ikusi dugu” dio.

“Lignina-metal konplexuen emultsioekin tratatutako zuraren higroskopikotasuna hobetu egin da; zizailadura-erresistentzia areagotu da, eta gainera, sutze-prozesua atzeratzeko gai da” adierazi du.

Ikertzaileak azaldu duenez, “emaitza horiek guztiak atarikoak besterik ez dira, baina kasu guztietan tratatutako laginekin emaitza hobeak lortu ditugu tratatu gabeko laginekin baino. Ondorioz, bioolio- eta lignina-metal konplexu-emultsioak zura babesteko etorkizun oparoko produktuak direla ondorioztatzen dugu. Dena den, oso garrantzitsua da aurrerantzean bestelako analisi batzuk egitea, produktu horien erabilera zur-mota guztietan aplikatzea posible ote den edo ez bermatzeko, besteak beste”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Zurari bizia luzatuz.

The post Lignina, zuraren bizia luzatzeko gai den polimeroa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #128

Ig, 2016-11-13 09:00
Uxue Razkin

glass-ball-1746506_1280

Kimika

Röntgen izpi katodikoekin ikertzen ari zen, eta ikusi zuen gelaren beste muturrean material fluoreszente bat argiztatzen zela, erradiazio-iturria paper beltzez estali eta gela ilun utzi zuenean. Alemaniar zientzialari honek berehala ulertu zuen izpi batzuek ahalmena zutela papera zeharkatu eta material fluoreszentea aktibatzeko. X izpia izena jarri eta aztertzeari ekin zion. Laster ikusi zuen X izpiek hobeto zeharkatzen zituztela material batzuk beste batzuk baino. Horrela, giza ehun bigunak erraz zeharkatzen zituzten, baina zailagoa zitzaien metalak eta hezurrak zeharkatzea. Historian egin izan den lehenengo erradiografia, bere emazte Bertharen eskuarena izan zen. Arlo honetan egin izan zuzen lan bikainagatik, Nobel Saria eman zioten Röntgeni 1901ean. Erradiografiek izugarrizko aurrerapena ekarri zuen medikuntzan. Ondoren, beste eremuetan praktikatu zen: ingeniaritzako piezak edo artelanak hartu zituzten aztergai.

Elikagaiak biltzeko materialetatik plastikoa, papera, beira, altzairua, aluminioa eta zenbait konglomeratu dira erabilienak. Hauek beren alde txarra ere badute. Adibidez, ingurumen-inpaktu handia sortzen dute. Hori dela eta, konponbide posibleen artean aurkitzen da zenbait biopolimerotatik eratorritako filmak. Hauek ingurumena errespetatzen dute biodegradagarriak baitira. Horiek egiteko gehien erabilitako biopolimeroak proteinak eta polisakaridoak dira. Lan honetan arrain-gelatinazkoak egin dira. Horrela, hondakinak kontsideratzen ziren arrain, hezur eta azalei erabilera bat ematea lortzen da. Arrain-gelatinazko film hauek aurkezten dituzten abantailak, film komertzialek eskaintzen dituztenen aurrean, dira, esaterako, gaztak bere koipea mantentzea eta ez lehortzea ahalbidetzen dutela. Zehatz-mehatz propietate egokienak azaltzen dituen filma % 10 azido zitriko portzentajea duena da. Konposizio hau duten filmak gardenak dira baina, aldi berean, argiarekiko erresistentziari dagokionez, oso erantzun ona aurkezten dute. Horri esker, ontziratutako elikagaiaren kalitatea denbora luzeagoan mantentzen lagunduko dute.

Hizkuntzalaritza

UPV/EHUko Maria Jose Ezeizabarrena irakasleak eta Tania Barberán doktoregaiak Cambridgeko Unibertsitateko Napoleon Katsosek zuzendutako proiektu batean parte hartu dute eta lortutako emaitzak ikuspegi berria gehitu dio hizkuntzaren unibertsaltasunari. Oraingoan, ikerketa honek konfirmatu du hizkuntzak ikasteko patroi unibertsalak daudela, eta patroi horiek ez datoz bat hizkuntzak sailkatzeko erabiltzen diren hizkuntza unibertsalekin. Aurkikuntza honek, hizkuntza guztietan erabilgarriak izan daitezkeen hizkuntza testak garatzeko bidea abiarazten du.

Astronomia

Ekaitz erraldoi bati jarraituz, Saturnoko jet korronte handiaren ezaugarriak aztertu dituzte EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek. Eguzki Sistemako jet korronterik zabalena eta bortitzena da. Ikertzaileek xehetasun gehiagoz aztertu ahal izan dute fenomenoa; Hubble Espazio Teleskopioa erabiltzeko baimena lortu zuten. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira”, azaldu du Sánchez Lavegak, lanaren lehen sinatzaile eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. Orban distiratsua 7.000 km inguruko ekaitz erraldoi bat zen eta informazio berria lortu dute egiturari buruz. Ikusi dute atmosferan zenbat eta sakonago, orduan eta indartsuagoak direla haizeak. Goi atmosferan 1.100 km/h abiadurak neurtu dituzte, eta 150 km inguruko sakoneran 1.650 km/h-koak. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan oso aldakorrak dira korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera, intsolazio-zikloaren eraginez. Saturnoren eraztunen itzalpean indartu egiten dira haizeak. Horretaz gain, beste hainbat fenomeno meteorologikok ere haizean eragiten dutela ikusi dute.

Botanika

Landareei ere erreparatu behar diegu eboluzioa ulertzeko. William Friedman botanikoa (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1959), Harvardeko Unibertsitateko Arnold Arboretum lorategi botanikoko zuzendaria, irailaren amaieran Donostian izan zen, DIPC Donostia International Physic Centerrek antolatutako Passion For Knowledge topaketan eta landareen garrantziaz eta horiek oinarri diren ikerketez hausnartu zuen Jose Iñaki Hormaza (Donostia, 1965) botanikoarekin batera. Friedmanen arabera, oraindik misterio bat da landareena: “Egun badakigu lehendabiziko landare loredunek lore txiki-txikiak zituztela, baina oraindik ez dakigu zein izan zen horiek ekarri zituen jauzia”, azaltzen du. Landareetan badira ere kasu deigarriak. Adibidez, Ginko biloba izeneko landarea, oso bitxia dena: “Orain dela 200 milioi urteko fosilak aztertu, edo oraingo ginko biloba landareenak, eta ia igualak dira. Ez dira ia batere aldatu”, dio. Haren esanetan, landare organismoak eta animalienak ez dira hain ezberdinak. Izan ere, “biokimika, oinarria, bera da; DNA, proteinak, aminoazidoak… Horiek guztiak komunak dira animalia eta landareetan”. Giza jardueraren ondorioz, izadiak pairatzen duena ekarri du solasaldira. Horren gainean dio klima-aldaketa dela egun gure bizitzan ditugun erronka nagusietako bat: “Ez espezieak desager daitezkeelako bakarrik; Sirian egun gertatzen diren arazoetako asko ere klima-aldaketaren ondorioz gertatzen direla ulertu behar da”.

Teknologia

Euskal Herriko Ekaingo haitzuloa bisitatzeko aukera egongo da app baten bidez edo web bidez. Barnetik erabat digitalizatzeko lanak egin dituzte, kobazuloan aurkitutako Goi Paleolitoko labar-pinturak bereizmen handiarekin ikusteko gai izango gara. Ikusgarriak dira figurak, hauen ingerada eta margolanetan erabili zen teknika argiro ikustea ahalbidetzen duten hartualdi infragorriak ere barne hartzen dituztelako.

Ingurumena

Azaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egiteko. Erronka handia dute aurretik: mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ezin da bi gradu baino gehiagora igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta. Hitzarmena sinatu duten Estatuek konpromiso hori hartu dute. Horrez gain, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian. Halere, Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik.

Biologia

Serengetin dauden ugaztun belarjaleek migratu egiten dute urtero. Hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara, hain zuzen. Euri-sasoian nahiko ur dago eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak eta ibaiak lehortzen dira. Ur-ingestioaren menpeko diren belarjaleek migratzen dute. Adibidez, ñu urdinek eta zebrek, ura edan behar dutelako. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik. Antilope ipotxa ere aurkezten zaigu testu honetan eta honek ez du ia urik edaten.

Medikuntza

Gure gorputzak sortzen dituen kannabinoideek zein Cannabis landarearen kannabinoideek gure memorian galera eragiten dute, neuronen arteko komunikazioa oztopatzen dutelako. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu neuronetako mintz-hartzaile batzuk inhibitzen dituztela, eta ondorioz, ez da ia neurotransmisorerik sortzen. Orain arte uste zuten kannabinoideek neuronen mintz plasmatikoan eragiten zutela, baina orain ikusi dute mitokondrioetako mintzetan ere eragiten dutela, mitokondrioetako energia-sorrera blokeatzea lortuz. Ikerketa berri hau UPV/EHUKO Neurozientziak Saileko ikertzaileek Frantziako ikertzaile batzuekin elkarlanean egindakoa da.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #128 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #134

La, 2016-11-12 10:00

ezjakintasunaren-kartografia-134

Oxido bi nahastea oso gauza sinplea da, eta honek askotariko aplikazio nanoteknologiko izan ditzake. Andi Cukok kontatzen dizkigu Nanoscale mixing: the case of titanosilicates artikuluan.

Saturno bezalako planeta bateko korronte atmosferikoen egiturak guztiz konplexuak izan daitezke. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioko Santiago Pérez-Hoyos astrofisikariak azaltzen digu zergatik: Winds of change in Saturn.

Zergatik egiten dugu negar pelikulak ikusten ditugunean? Zer dela eta gustuko dugu negar egitea film bat ikusterakoan? Zer nolako onurak ditu negar egiteak honako kasuetan? José Ramón Alonsok ematen dizkigu erantzun guztiak: Endorphins and tearjerker movies.

Munduko lenterik txikiena sortzeko lankidetzan aritu dira DIPCko ikertzaileak. Leiar ñimiño honek argia atomo baten kontzentratzeko ahalmena du. Hona hemen azalpena: When Optics goes Atomic.

Zer gertatzen zaie botikei, mahai gainean ahaztuta utzi edota ez badituzu ondo biltegiratu eta argiak ematen badie? Aukeren artean bat ikaragarria da, toxikoak bihur daitezke. Neus Aguilera-Portak kontatzen digu zelan gertatzen den hau: Can drugs become toxic when exposed to light?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #134 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Alain Ulazia: “Energia eolikoa energia iturri lehiakortzat hartzen da gaur egun” #Zientzialari (60)

Or, 2016-11-11 09:00

Gaur egun, energia eolikoa sortzeko erroten ahalmena duela 10 urte baino 5 aldiz handiagoa da. Horren agergarri da Eskozia eta Alemania bezalako herrialdeak azken urteotan haize erroten alde egiten ari diren apustua. Izan ere, egungo 100 haize errota zentral nuklear batek zor dezakeen energia kopurua berdintzeko gai direla uste da. Baina, zein da egoera gurean? Egokia al da Euskal Herria haizearen bitartez lortutako energia sortzeko? Nolako haizea daukagu gure lurraldean?

Gai hauek errepasatu ditugu Alain Ulazia Eibarko UPV/EHUko Energía Berriztagarrien graduko irakaslearekin Zientzialariren atal berri honetan. Bere esanetan, Euskal Herriko haizea aztertzerakoan iparraldea eta hegoaldea bereiztea ezinbestekoa da, ezberdinak baitira oso bateko eta besteko baldintzak.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Alain Ulazia: “Energia eolikoa energia iturri lehiakortzat hartzen da gaur egun” #Zientzialari (60) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Serengetiko belarjale handien migrazioak

Og, 2016-11-10 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Afrikan, iraganean, ugariak ziren herbiboro handien migrazio luzeak; orain, berriz, oso herbiboro gutxi gelditzen dira eta, gelditzen direnak Serengetin eta antzeko beste zenbait ekosistematan bizi dira. Serengetin ugaztun belarjale asko daude oraindik, eta horietako batzuek migratu egiten dute. gnu-1632266_1280
1. irudia: Ñu urdinak, Connochaetes taurinus.

Urteko migrazio handi bat gertatzen da Serengetin. Migrazio horretan esku hartzen duten belarjaleak hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara. Euri-sasoian nahiko ur dago txoko guztietan eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak lehenengo eta ibaiak gero, denak lehortzen dira. Putzu txiki batzuk baino ez dira gelditzen. Ur-ingestioaren menpeko ez diren belarjaleek ez dute migratzen, bertan gelditzen dira. Besteek, ordea, bai, migratu egiten dute. Gero, sasoi hezea itzultzen denean hego-ekialdera bueltatzen dira.

Ur-beharren araberakoak dira, beraz, Serengetin gertatzen diren migrazioak. Ñu urdinek eta zebrek migratzen dute. Ura edan behar dute; uraren menpekoak dira eta horregatik migratzen dute. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik.

madoqua_kirkii_-_male_namutoni
2. irudia: Damara dik-dika Namibiako Etosha Parke Nazionalean. (Argazkia: Wikipedia, CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Egilea: Yathin S Krishnappa)

Grant gazela eta antilope ipotxa (dik-dik) ez daude ura edatera behartuta eta, beraz, ez dute ur bila migratu beharrik. Ur-ekonomiari dagokionez, desberdintasun nabariak daude ñu urdinaren eta Grant gazelaren artean. Ñu urdinak gerizpeak bilatzen ditu berorik egiten ez duenean ere, baina Grant gazelak ez du zertan bilatu, ez baitu gerizperik behar. Batak gerizpea bilatzean ur-lurruntzeari aurre egin nahi dio; besteari, berriz, berdin dio horrek. Grant gazela ez da uraren menpeko; horri esker ur-iturrietatik asko urrun daiteke eta, horrela, beste belarjaleek ustia ezin ditzaketen baliabideetara irits daiteke.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Serengetiko belarjale handien migrazioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Parisko akordioa betetzea ez da nahikoa

Az, 2016-11-09 09:10
Amaia Portugal Lurraren batez besteko tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago igo: horixe izan da ituna sinatu duten agintariek hartu duten gutxieneko konpromisoa. Frantziako bi ikertzailek egin duten lanaren arabera, baina, bi gradutan ez, 1’5 gradutan dago benetako lerro gorria. Hortik gora, Mediterraneoaren zati handi bat basamortu bihurtzeko eta baso ugari galtzeko arrisku larria dago.

Azaroaren 4az geroztik, ofizialki martxan dago klimari buruzko Parisko Akordioa, eta aste honetan eta hurrengoan Marrakexen (Maroko) dute hitzordua agintariek, akordio hori gauzatzeko urratsak egite aldera. Erronka ez da makala. Mendea bukatzerako, Lurraren batez besteko tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago igo, industria aurreko garaian genuenarekin alderatuta: horixe da hitzarmena sinatu duten estatuek hartu duten konpromisoa. Eta are gehiago, langa hori 1’5 gradutara mugatzen ahalegindu behar dutela ere zehaztu dute idatzian.

Frantziako bi ikertzailek ondorioztatu dutenez, ordea, bi graduko helburua ez da nahikoa, eta 1’5 graduak ez gainditzeko ahalegina ez da borondate kontua, hil ala bizikoa baizik. Izan ere, egin duten azterketaren arabera, mendea bukatzerako tenperatura bi gradu edo gehiago igotzen bada, klima-aldaketak lurralde mediterraneoetan eragingo dituen gorabeherak galantak izango dira, Holozenoan inoiz ikusi gabeak. Hori saihesteko lerro gorria 1’5 gradutan dagoela estimatu dute. Ez gehiago. Hala azaldu dute Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.

 Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)
1. irudia: Punta-puntako agintariak, iaz, Parisen. Aurtengo azaroaren 4tik martxan da akordioa. (Argazkia: Presidencia de la Republica Mexicana / CC BY 2.0)

Mediterraneoari behatu diote Joel Guiot eta Wolfgang Cramer ikerketaren egileek, lurralde horietan inon baino agerikoagoa baita klima-aldaketaren aztarna. Horren erakusle, 1880-1920 denbora tartetik gaur egun arte, tenperatura 1’3 gradu epeldu da bertan; munduan, aldiz, 0’85 gradu, batez beste. Gainera, Mediterraneoak ekarpen handia egiten dio munduko biodibertsitateari, eta ur garbia eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. Bertan gertatzen den edozer bereziki kezkagarria da, beraz.

Ikerketa egiteko, Mediterraneoko sedimentuetako polen nukleoak baliatu dituzte, eta horiei esker, azken hamar mila urteotan (Holozenoa) klimak eta ekosistemak izan duten aldakortasuna berreraiki dute. Zer dela eta polena? Bada, polen mota bakoitza landare edo zuhaitz bati dagokiolako, eta landare edo zuhaitz bakoitzak habitat eta kondizio zehatz batzuk dituelako bereizgarri; haritzek eta pinuek ez dituzte klima eta toki berberak gustuko, adibidez. Horrenbestez, polen mota batzuk besteak baino maizago aurkituz gero, baditugu zantzuak, klimaren historia berreraikitzeko.

Iragana aztertu eta bildutako informazioan oinarrituta, etorkizunera begira jarri dira gero bi ikertzaileak. Izan ere, simulazioak egin dituzte, tenperaturaren halako edo bestelako aldaketak ekosisteman zer ondorio izango lukeen aurresateko.

 Colin C Wheeler / CC BY-SA 3.0 es)
2. irudia: Almeriako basamortua. Neurri zorrotzak hartzen ez badira, horrelakoak hedatu egin daitezke Espainia hegoaldean. (Argazkia: Colin C Wheeler / CC BY-SA 3.0 es)

Hala, inolako neurririk hartzen ez bada eta orain arte bezala jarraitzen badugu, Espainia hegoalde osoa basamortu bihurtuko dela ondorioztatu dute, Mediterraneoko baso hostogalkorrek mendian gora egingo dutela, eta orain baso horiek dauden tokiak sasiz beteko direla. Zehatz esateko, lau gradutik gorako berotzeak Europa hegoalderainoko basamortutzea ekarriko luke. Hiru gradu artekoak, aldiz, Afrika iparraldea idortuko luke, eta mendietako basoen kopurua murriztu.

Artikuluaren arabera, eraiki duten matematika ereduak adierazten duenez, Parisko Akordioa ozta-ozta beteta ere, ez litzateke nahikoa: mendea bukatzerako, tenperatura industria aurreko garaikoa baino bi gradu epelagoa bada, Mediterraneoak gogotik ordainduko du. Horrenbestez, 1’5 graduko langa gainditzen ez duen agertokia da ondorio hain larriak ez dakartzan bakarra. Azken kasu horretan, klima-aldaketak ez lituzke gorabehera hain apartak eragingo; ez, behintzat, Holozenoko une batzuetan izan direnak baino handiagoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Joel Guiot, Wolfgang Cramer. Climate change: The 2015 Paris Agreement thresholds and Mediterranean basin ecosystems. Science, 28 Oct 2016: Vol. 354, Issue 6311, pp. 465-468. DOI: 10.1126/science.aah5015

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Parisko akordioa betetzea ez da nahikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak