Argiak zuzendutako tratamendu alternatiboa minbiziaren kontra
Ikerkuntza zientifikoaren aztergaiak gizartearen kezkekin eta eskaerekin batera doaz. Osasun esparruan, gaixotasunak sendatzeko metodo terapeutiko berriak eta eraginkorragoak bilatzea erronka erakargarria eta beharrezkoa da. Minbiziak ardura nabarmena sortzen du biztanlerian, izan ere heriotza kausa ohargarrienetarikoa da mundu osoan. Gainera, minbizia tratatzeko erabiltzen diren metodo terapeutiko ohikoenak, kimioterapia eta erradioterapia, ez dira selektiboak eta albo-efektu kaltegarriak dauzkate gizakien osasunean. Ondorioz, ahalegin ugari egiten ari dira minbiziaren kontra egiteko metodo eraginkor eta selektiboagoak aurkitzeko. Ildo honetatik terapia fotodinamikoa (TFD) agertu da etorkizun handiko alternatiba bezala. Tratamendu honetan gizakiontzako toxikoak ez diren fotosentikortzaile izeneko molekulak erabiltzen dira. Molekula hauek minbiziaren ingurunean kokatzen dira eta bere efektu terapeutikoa argiaren bidez kontrolatzen da. Izan ere, irradiazioaren ondorioz fotosentikortzaileek oxigeno singletea ekoizten dute inguruneko oxigenotik. Espezie gako hau oso erreaktiboa da eta bere ingurunean dauden zelula kantzerigenoak suntsitzen ditu. Irradiazioa gelditzen denean aktibitate zitotoxikoa desagertzen da eta fotosentikortzailea guztiz geldoa da, inongo eraginik gabe inguruko zelula osasuntsuetan.
Irudia: Terapia fotodinamikoa (TFD) agertu da etorkizun handiko alternatiba bezala minbiziari aurre egiteko. (Argazkia: betexion – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Argiak zuzendutako terapia berritzaile hau eraginkorra izateko fotosentikortzaileen diseinu aproposa ezinbestekoa da. Alde batetik, argia xurgatzeko ahalmen altua eduki behar dute, batez ere gorriko (650 nm-tik gora) edo infragorri hurbileko (750 nm-tik gora) eremu espektraletan, eta luzaro iraun etengabeko irradiazio jasateko. Modu honetan bermatzen da argia sakonki sartzea ehunetan (3 eta 5 mm inguru) eta eraginkortasunez iristea minbizira, inguru biologikoarekin interferentziak murriztuz. Beste alde batetik, sistemen arteko gurutzaketaren probabilitate handia eduki behar du. Egoera kitzikatuan eta irradiazioaren ondorioz gertatzen den prozesu fotofisiko hau ezin bestekoa da oxigeno singletea sortzeko.
Betebehar hauek guztiak lortzeko molekula organikoak aproposak dira, haien biobateragarritasunagatik eta molekula-egitura borondatez eraldatzeko erraztasunagatik. Hori dela eta, azken urteotan BODIPY izeneko (BOron DIPYrromethene) koloratzaileek jarrera bikaina erakutsi dute fotosentikortzaile bezala minbizia tratatzeko TFD-ren bidez. Kromoforo hau kimikoki oso egonkorra da eta moldakortasun kimiko handia erakusten du. Beraz, bere oinarrizko egitura erraz eraldatu daiteke eta propietate fotofisikoak modulatu borondatez. Adibidez, haien xurgapen gunea ikusgaiko alde gorrira eramateko talde aromatikoak eransten dira eta sistemen arteko gurutzaketa bultzatzeko eta, bide batez, oxigeno singletearen sorrera ahalbidetzeko, estrategia desberdinak daude. Hala nola, atomo astunak eranstea, karga-transferentzia prozesuak sortaraztea, edota biak konbinatzea. Ondorioz BODIPYan oinarritutako fotosentikortzaileak garatu dira non oxigeno singletearen sorrera lortu den %95-eko etekinarekin 650-800 nm uhin luzeradun kitzikapenaren ondorioz.
Hala eta guztiz ere aurrerapauso gehiago behar dira terapia fotodinamikoa minbizia sendatzeko alternatiba erreal bezala guztiz inplementatzeko. Momentuz, batez ere erabiltzen da tratamendu osagarri bezala larruazaleko gaixotasunetarako. Izan ere, argiaren barneratzea ehunetan 1 cm-ko sakontasunekoa da kasu onenetan, nahikoa epidermisa eta dermisa zeharkatzeko, baina argia sakonagoko organoetara bideratzea ez da erraza. Hurrengo erronka oxigeno singletearen sorrera kontrolpean modulatzea da molekula-egituraren bidez. Hau da, fotosentikortzaileak ahalmen fluoreszentea neurri batean mantentzea, oxigeno singletea sortzeko gai den bitartean. Modu honetan, molekula berbera erabil daiteke minbizia tratatzeko, oxigeno singletearen bidez, eta baita honen kokapena detektatzeko, bere igorpen fluoreszentea jarraituz. Hau da, molekula bera erabiliz diagnosia eta terapia egitea, teragnosia bezala ezagutzen dena. Honetarako, fotosentikortzaileak zelula kantzerigenoetara selektiboki bideratzea oso interesgarria da hauen sentikortasuna bultzatzeko, zeren eta argiztatutako gunean bakarrik sortuko baita oxigeno singletea, kaltetutako zelulen inguruan. Berriro, BODIPY plataforma molekular ideala da baldintza hauek guztiak batera betetzeko molekula bakar batean.
Iturria:
Sola, Rebeca; García Martínez de la Hidalga, Enrique; Bañuelos, Jorge (2020). «Argiak zuzendutako tratamendu alternatiboa minbiziaren kontra»; Ekaia, 37, 2020, 145-157. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20722)Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Argiak zuzendutako tratamendu alternatiboa minbiziaren kontra.
- Laburpena: Osasunaren esparruan, minbizia da gaixotasunen artean gizartearen kezka garrantzitsuenetarikoa beraren heriotza-tasa altua dela eta. Ikerkuntzan ahalegin nabariak eta ugariak egiten ari dira minbizia sendatzeko, metodo terapeutiko berriak bilatzeko, eta erradioterapiaren eta kimioterapiaren albo-efektu kaltegarriak ekiditeko. Azken bolada honetan, alternatiba osagarri gisa terapia fotodinamikoak arrakasta izan du, batez ere larruazaleko minbiziak tratatzeko. Metodo honetan argiak fotosentikortzaile bat aktibatzen du oxigeno singletea sortzeko. Izan ere, azken espezie hori zitotoxikoa da, eta aktibitate antikantzerigenoa erakusten du. Lan honetan, arreta fotosentikortzaileetan jartzen da. Zehazki, horien zenbait alderdi garrantzitsu azaldu eta aztertzen dira, hala nola haien diseinu molekularra, bete behar dituzten eskakizunak aipatuz, eta orobat azalduz zer prozesu fotofisiko dauden argiak zuzendutako oxigeno singletearen sorreraren atzean. Bukatzeko, adierazten dira gaur egun eskuragarri dauden fotosentikortzaile organikoak, bereziki BODIPY izeneko koloratzaileak azpimarratuz.
- Egileak: Rebeca Sola, Enrique García Martínez de la Hidalga, Jorge Bañuelos
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 145-157
- DOI: 10.1387/ekaia.20722
————————————————–
Egileez:
Rebeca Sola, Enrique García Martínez de la Hidalga eta Jorge Bañuelos UPV/EHUko Zientzia eta teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Argiak zuzendutako tratamendu alternatiboa minbiziaren kontra appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021eko udarako: erantzunak
Kantitate bat ordaindu ahal bada, horri 5en multiploak gehituta lortzen diren guztiak ere ordaindu ahal dira. Horretan oinarrituta, 5ekiko zatiketek uzten duten hondarraren arabera antolatuko ditugu zenbakiak.
5 10 15 20 25 30 35 1 6 11 16 21 26 31 36 2 7 12 17 22 27 32 37 3 8 13 18 23 28 33 38 4 9 14 19 24 29 34 39Lerro bakoitzean gorriz daudenak ezin dira lortu 5eko eta 7ko txanponak erabiliz. Lehen lerroko guztiak 5eko txanponekin lortzen dira. Beste lerroetan, lehen zenbaki beltza 7ko txanponekin lortzen da eta besteak 5ekoak gehituta. Ordaindu ezin den kantitate handiena 23 da, beraz.
Joseluren eta Koldoren erantzunak zuzenak dira. Joselurena ederto azalduta, gainera.
ABC triangelua zuzena denez, Pitagorasen teorematik AC = 5 cm ateratzen dugu. Orduan, ACD triangelua isoszelea da eta CM altuerak bi triangelu zuzen berdinetan zatitzen du. AM = MD = 3 cm denez, hiru triangelu zuzen berdin ditugu. Bakoitzaren azalera (3 x 4) : 2 = 6 cm2 da. Hortaz, laukiaren azalera 18 cm2 izango da.
Iñakik, Estik, Koldok eta Joseluk zuzen eman dute 18 balioa. Batzuek 18 cm idatzi dute, 18 cm2 beharko zuen lekuan.
3. Zenbat triangelu egin daitezke hiru erpinak kolore bereko puntuetan hartuta?
Kolore bakoitzeko puntuekin zenbat hirukote egin daitezkeen kalkulatu behar dugu eta hirukotearen puntuak lerro zuzen berean suertatzen diren kasuak kendu.
Sei puntu gorriek (6 x 5 x 4) : (3 x 2) = 20 hirukote ematen dituzte, eta hamar puntu urdinek, (10 x 9 x 8) : (3 x 2) = 120 hirukote. (Konbinazioetarako formula erabili dugu.) Denetara, 140 hirukote ditugu.
Irudian ikus daitekeenez, bi hirukote gorrik dituzte puntuak lerrokatuta. Urdinen kasuan, alde batetik bost hirukote kendu behar dira (irudiko 3tik 7ra), eta beste alde batetik azken zutabeko lau puntuek kendu beharreko lau hirukote ematen dituzte. Denetara, 11 hirukote kendu behar dira.
Hortaz, 140 – 11 = 129 triangelu egin ditzakegu erpinak kolore bereko puntuetan hartuta.
Joseluk zuzen eman du erantzuna.
Hasierako abc zenbakiak 100 a + 10 b + c adierazten du; amaierako cba, 100 c + 10 b + a izango da. Kenketa eginez, 99 c – 99 a = 99 (c – a) km egin ditu Jonek. Ibili den ordu kopurua t bada, 99 (c – a) = 55 t edo 9 (c – a) = 5 t dugu. Hortik, c – a = 5 ateratzen dugu. Izan ere, c – a 5en multiploa izan behar da eta 0tik 9rainoko zifrak izanik, c – a = 0 edo 5 bakarrik gerta daitezke. Ezarritako baldintzak kontuan hartuta, c = 6, a = 1 eta b = 0 lortzen dira. Hasieran kontagailuak 106 markatzen zuen.
Koldok, Joseluk eta Iñakik zuzen erantzun dute.
Egin dezagun OAB triangelua irudiak erakusten duen moduan.
OA = 2 cm (zirkuluaren erradioa) eta OM = √3 cm (karratuaren aldearen erdia) dira. Pitagorasen teorema erabiliz, AM = 1 cm dugu. Beraz, AB = 2 cm da eta OAB triangelua aldeberdina da. Orduan, triangeluaren angeluak 60 o dituzte eta AB arkua zirkunferentzia osoaren seirena da. Zirkunferentziaren luzera 4π denez, 4π/6 = 2π/3 cm da arkuarena. Karratuaren alde bakoitzari 2 cm kendu dizkiogu (AB-ren luzera). Dena kontuan hartuta, irudiaren perimetroa hau da:
4 (2π/3 + 2√3 – 2) = 8 (π/3 +√3 – 1) = 14.23398687…
Mendibero eta Iñakiren erantzunak zuzenak dira.
Bilatzen ari garen zenbakiari 1 gehituta hondar guztiak 0 bilakatuko dira, hau da, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9 zenbakien multiploa izango dugu. Hortaz, zenbaki horien guztien multiplo komun txikiena aurkituko dugu. Nahikoa da 5, 7, 8 eta 9ren multiploa izatea, horrek ziurtatzen baitigu 2, 3, 4 eta 6ren multiploa izatea. 5, 7, 8 eta 9ren multiplorik txikiena 5 x 7 x 8 x 9 = 2520 da. Beraz, ariketak eskatzen duen zenbakia 2519 da.
Mendibero eta Iñakiren erantzunak zuzenak dira.
——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.
——————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako: erantzunak appeared first on Zientzia Kaiera.
Akatsek genetikaren ikerkuntza oztopatzen dutenean
Zientziaren oinarrietako bat da emaitzak errepikatu ahal izatea. Hau da, esperimentu bat baldintza berdinetan eta prozedura berdinarekin errepikatzen bada, emaitza berberak lortu beharko lirateke. Hori posible egiteko, ikertzaileek azaldu egin behar dituzte esperimentuaren xehetasun guztiak eta berri eman emaitzei buruz zehatz-mehatz. Hala, posible da beste ikertzaile batzuek esperimentu horiek errepika ditzaten eta emaitzak erka daitezen. Baina zer gertatzen da bidean akatsen bat egiten bada?
Genetikan bada oso xelebrea eta ezaguna den akats bat: geneen izenak nahi gabe aldatzea. Arazo horren jatorria dago Excel edo Google Sheets programa ospetsuen autozuzentzaileetan. Autozuzentzaileek uste dute SEPT4 edo MARCH1 geneak datak direla eta “irailak 4” edo “martxoak 1” izenpean gordetzen dituzte. Honek arazoak sortzen ditu zerrenda horien analisi gehigarriak egiteko orduan –analisi berri horietan ez baitira gene horien izenak kontutan hartuko–; edo zerrenda horiek berrerabiltzeko orduan. Hala, analisi berriak eta erkaketak ez dira izan beharko liratekeen bezain zorrotzak eta zuzenak izango.
1. irudia: Excel programaren autozuzentzaileak geneen izenak aldatzen ditu. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Arazo honen berri eman zen lehenengo aldiz 2004. urtean. Arazoaren hedapena, berriz, 2016. urtean aztertu zuen lan batek. Lan horretan aztertu zituzten genomikako aldizkaririk garrantzitsuenetan informazio gehigarri gisa argitaratzen ziren kalkulu-orriak. Bada, kalkulu-orri horien %20k izan zuten akatsen bat geneen izenetan. Esan bezala, arazoa aspalditik ezaguna bada ere, oraindik buruhausteen iturri da. Lan berri batean aztertu dira 2014. eta 2020. urteen artean argitaratu diren 11.000 artikulurekin batera eskuragarri jarri diren kalkulu-orriak, eta horien heren batean akatsak aurkitu dira geneen izenetan.
Arazo hau hain hedatua dagoenez –eta arazo hau saihesteko saiakerek huts egin dutenez–, giza geneak izendatzen dituen erakundeak 27 generi aldatu die izena. Adibidez, SEPT4 genea orain SEPTIN4 izendatzen da eta MARCH1, berriz, MARCHF1. Gaineratu behar da erakunde horrek lehenetsi egiten duela geneen izenak egonkor mantentzea; baina erabaki hori hartu behar izan du arazo honen larritasunaz jabetuta. Hala ere, oraindik goiz da neurri horrek arazoa saihestu ote duen jakiteko. Arazoari aurre egiteko beste estrategia batzuk izan daitezke akats horiek egiten ez dituzten kalkulu-orriak erabiltzea –adibidez, LibreOffice– edo kalkulu-orriak erabiltzeari uztea. Baina ohiturak aldatzea zaila da.
2. irudia: Artikulu batzuek ez dituzte erabilitako metodoak modu egokian azaltzen. (Argazkia: Michal Jarmoluk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Genetikaren alorrean argitaratutako artikuluetan aurki daitekeen beste arazo bat ez da hain xelebrea eta, agian, ez da nahi gabe egiten. Arazo hori da okertzea gene bat ikertzeko erabili den sekuentziari buruz berri ematean.
2015. urtean hasi zen Jennifer Byrne ikertzailea genetikako artikuluetan akatsak aurkitzen. Orduan akatsak zituzten bost zientzia-artikulu aztertu zituen. Bost lan horietan ohiko esperimentu bat egiten zen: DNA sekuentzia labur bat erabiltzen zen gene baten funtzioa minbizi-zeluletan oztopatzeko eta, horrela, bere eragina zein zen aztertu ahal izateko. Bada, artikulu horietan aipatzen ziren sekuentziek ez zuten gene horien funtzioa oztopatzen. Byrne-ren susmoa da artikulu horiek jatorri berdina izan zutela. Ordutik, bost artikulu horietatik lau okerrak zirela onartu dute aldizkariek edo egileek.
2017. urtean Byrne-ri batu zitzaion Cyrik Labbé ikertzailea eta garatu egin zuten arazo hori aztertzeko programa bat. Programa horrek aztertu egiten zuen artikuluetan aipatzen ziren sekuentziak gene horienak ote ziren eta arazoren bat aurkitzerakoan ikertzaileek eskuz aztertzen zuten artikulua. Orain, garatu zuten programa hori erabili dute aztertzeko Gene aldizkariaren 7.400 artikulu eta Oncology Reports aldizkariaren 3.800 artikulu. Gainera, Byrne-k eta bere taldeak akats horiek aztertu dituzte, gainera, minbiziaren genetikaren hiru arlotan: microRNA deitzen diren gene-osagaiak aztertzen duten lanetan, botika jakinen eragina aztertzen duten lanetan, eta minbizian parte hartzen duten 17 geneen funtzioa aztertzen duten lanetan, hain zuzen ere. Guztira mota horretako 600 artikulu inguru aztertu dituzte. Hala, guztira bost mota edo iturritako 11.000 artikulu inguru aztertu ostean, 700 artikulu inguruk ez zuen berririk eman sekuentzia zuzenari buruz. Akastun artikulu horiek 78 aldizkari zientifikotan argitaratu ziren eta 17.000 aipu inguru jaso dituzte. Hau da, arazo oso hedatua da eta, agian, oharkabean pasatzen ari dena.
3. irudia: Batzuetan zaila da akatsik ez egitea. (Argazkia: RobinHiggins – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Aipatutako akatsak nahi gabe eginda egon daitezke, baina Byrne-ren iritziz susmagarria da giza geneekin erlaziorik ez duten sekuentziak giza geneak aztertzeko erabili direla esatea. Akats horien eraginez, ikerkuntza horiek erabilgarriak ez izatea suerta daiteke; edo halako lanak errepikatzea denbora alferrik galtzea izatea; edo arlo horretako ikerkuntzan dagoen konfiantza galtzea. Aspaldidanik aipatzen da ikerkuntzan errepikatzeko gaitasunari dagokiola arazo handia dagoela. Argi dago akatsek –nahi gabe edo nahita eginda– arazo hori handitzen dutela.
Genetikaren ikerkuntzan jarduten dugunok gizakiak gara eta, ondorioz, akatsak egingo ditugu. Baina gure eskuetan dago akats horiek saihestuko dituzten lanabesak, prozedurak eta kontrolak izatea, jokoan baitago sortzen dugun jakintzaren zuzentasuna, sinesgarritasuna eta erabilgarritasuna.
Erreferentzia bibliografikoak:Else, Holly (2021). Errors in genetic sequences mar hundreds of studies. Nature. Doi: https://doi.org/10.1038/d41586-021-02136-y
Lewis, Dyani (2021). Autocorrect errors in Excel still creating genomics headache. Nature. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-02211-4
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Akatsek genetikaren ikerkuntza oztopatzen dutenean appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: RNA eraldatutik sortutako hezurrak eta 3D inprimagailuak
Herrialde garatuetan biztanleria zahartuz doa. Ekonomia, osasun eta gizarte aurrerapenak direla eta, emakumeek ez dituzte hainbeste seme-alaba izaten eta, beraz, horretan ere zahartuz doaz, adinaren batezbestekoari begiratuta askoz ere gazteagoak badira ere. Gauza jakina da zahartze orokortua makrojoera demografiko eta, horrenbestez, ekonomiko handienetako bat dela aurreikus daitekeen etorkizunean.
Zahartzearekin batera, aldaketak gertatzen dira kontsumoan –zer eta nola kontsumitzen den– eta gaixotasun ohikoena zein izango diren ere esan daiteke, adinekoek izan ohi dituztenak direlako. Adibidez, minbizia eta gaixotasun neurodegeneratiboak geroz eta ohikoagoak izango dira, eta horrek estatistikoki ilundu egiten ditu gaixotasun horien aurka egiteko egiten diren aurrerapenak. Horregatik da hain garrantzitsua prebentzioan, oinarrizko zientziaren garapenean eta ondorengo terapietan inbertitzea, hala, tratamenduek aurrea har dezaten.
Zahartzeari lotuta dauden eta hain deigarriak ez diren beste patologia batzuk hezurren endekapenarekin lotuta daude, besteak beste, osteoporosia. Kalkuluen araber, mundu osoan 50 urte baino gehiagoko hiru emakumetik batek eta bost gizonetik batek hezur haustura osteoporotiko bat izango du. Gainera, haustura gehienak tratamendu egokiarekin arazorik gabe osatuko badira ere, beste kasu batzuetan hezurren birsorkuntzan kaltea gertatzen da; adibidez, auto istripuetan traumatismo handiak gertatzen direnean gero izaten diren infekzioetan.
Irudia: Zahartzeari lotuta dauden eta hain deigarriak ez diren beste patologia batzuk hezurren endekapenarekin lotuta daude, besteak beste, osteoporosia. (Argazkia: Taokinesis – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Odolaren ondoren, hezurrak dira gehien transplantatzen den ehuna eta, beraz, transplanteak egiteko hezurren eskaria gehitu egingo da etorkizunean. Horregatik, hezurra birsortzen edo berregiten saiatzeaz gain, beharrezkoa da hezur ehunari lotutako behar berriak tratatzea.
AO Research Institute Davosek (Suitza) gidatutako cmRNAbone proiektuaren xedea da terapia geniko berri bat garatzea, zauri traumatiko handiak edo hezurretako gaixotasun degeneratiboak –besteak beste, osteoporosia– dituztenen bizi kalitatea hobetzeko.
Proposatu duten ikuspegian, ikerketa genetikoa, nanoteknologia eta bioteknologia aurreratua eta 3D inprimaketa uztartzen dira: RNAko agente terapeutikoekin lotutako aurkikuntza zientifiko berriak erabiliz, partzuergo horren xedea da kimikoki eraldatutako RNA garatzea (cmRNA, ingelesez) eta, horren ondoren, neurogenesi, baskulogenesi eta osteogenesirako proteina espezifikoak kodifikatzea, hiru prozesu horiek ezinbestekoak baitira osatze prozesuan aurrera egiteko. Sortutako RNA multzoak biralak ez diren emate bitartekoekin (bektoreak) konbinatuko dira, biomaterialeko tintaren formulazio batean eransteko RNA hornidura. Bereziki inplanteetarako diseinatutako 3D inprimagailua erabilita, errazagoa izango da praktikan frogatzea hezurrak birsortzeko dituen gaitasunak.
Aurkikuntza berriak aldi bereko bi azterketa aurreklinikotan aplikatuko dira, hezurretako akats osteoporotikoetan eta larrietan diseinatutako terapiaren baliozkotasuna eta garrantzia klinikoa frogatzeko. Aholku batzorde kliniko eta zientifiko baten babesarekin, zenbait enpresa txiki eta ertainek zuzendutako partzuergo horrek ziurtatuko du proiektua bukatzean erraz eta azkar itzuliko dela klinikaren eremura. Epe luzera, aurkikuntzek, gazteen eta adinekoen haustura txikietarako eta hezurretako kalte handietarako ikuspegi birsortzailea izateaz gain, milioika pazientek dituzten beste gaixotasun handietarako ere ikuspegi bera izan dezakete.
Hain zuzen, CIDETEC Nanomedicine euskal enpresak garatuko ditu polisakaridoetan oinarrituta egongo diren cmRNA bektoreak, ez-biralak, garatutako matrizera egokituak, hala, hezurra birsortzeko.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: RNA eraldatutik sortutako hezurrak eta 3D inprimagailuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Litio-ioi bateriak: irtenbidea edo arazo berria?
Litio-ioi bateriak boladan daude. 2019 urteko Kimika Nobel saria, hain zuzen, bateria hauen hastapenetan nabarmendu ziren hiru ikertzaileri eman zieten: Stanley Whittingham, John Goodenough eta Akira Yoshino.
Sari hau, ordea, ez zen garapen teknologiko aipagarri baten sortzaileei emandako aitortza soilik; gaur egun, industria garrantzitsu baten interesa dute atzetik bateria hauek: autogintzarena. Izan ere, erregai fosilen ekoizpen-arazoak eta agortzeak energia elektrikoa erabilita mugitzen diren autoen garapena bultzatu du; energia elektriko hori metatzeko, ezinbesteko protagonista bilakatu dira litio-ioi bateriak.
Ez da berria auto elektrikoen kontu hau, baina hautsak harrotzen ari da azken urteetan. Izan ere, auto hauen ekoizpena (erabat elektrikoak eta hibridoak kontuan izanda) %60 handitu da urtetik urtera. Hibridoak alde batera utziz gero, gasolina edo gasoliorik gabeko auto elektrikoen ekoizpena ez zen milioi erdira iristen 2014ean, eta 4,5 milioikoa izan zen 2019an. 9 bider handiagoa bost urtean, alegia. Horietatik erdia baino gehiago Txinak ekoitzi zituen; Europak eta AEBk egindakoen batura ez delarik Txinak ekoitzitakoen adinakoa. Horrek argi uzten du gaur egun non dagoen kokatuta industria honen gotorlekurik nabarmenena.
1. irudia: Auto elektriko kopuruaren bilakaera urteekin zenbait herrialdetan. BEV: bateriadun auto elektrikoak dira (battery electric vehicles) eta PHEV: auto elektriko hibrido entxufagarriak (plug-in hybrid electric vehicle). (Iturria: iea.org)Gero eta auto elektriko gehiago ditugu inguruan, eta joerari eutsiz gero, are gehiago izango dira etorkizunean. Beraz, suposatzen da erregai fosilekiko dependentziari iskin egin eta eredu berdeago baten alde egin ahal izango dugula. Irudi ederra, ezta? Bai, zalantzarik gabe. Baina, egiazkoa al da?
Bateriak ez dira energia-iturriaBateriak energia metatzeko eta askatzeko erabil daitezke, sekula ez energia sortzeko. Horrek esan nahi du, bateriak erabili ahal izateko, energia beste nonbaitetik eskuratu behar dugula. Alde batetik, bateriak iturri berriztagarriak erabilita karga daitezke, eta hori litzateke ikuspuntu ekologiko batetik erakargarriena. Bestetik, herrialdeen energia-eredua goitik behera aldatu behar da ideal hori egikaritzeko. ElectricityMap aplikazioaren bidez energiaren kontsumoari buruzko datuak ezagutu ditzakegu. Bertan daude eskuragarri zenbait herrialderen datuak eta baita hauetan ekoizten den energia-iturriei buruzko xehetasunak ere. Aplikazioa arakatuz gero, erraz ikus daiteke ingurumen-inpaktua gutxi murriztuko dela auto elektrikoen erabilerarekin, auto hauen bateriak kargatzeko egungo energia ekoizte-ereduari eusten badiogu behintzat.
2. irudia: electricityMap aplikazioaren hainbat pantaila-irudi.Energia sortzeko ereduaz gain, bada auto elektrikoen erabilera zabalduz gero beharbada aldatu beharko dugun beste ohitura bat: kargatzea. Dirudienez, ohikoa da auto elektrikoen erabiltzaileen artean lanetik etxera itzuli eta autoa kargatzen jartzea. Ondorioz, erabiltzaile kopurua nabarmen handituz gero, arratsaldeko 17:00ak eta 19:00ak bitartean sortuko den energia-eskaera handia izango da. Eta, tamalez, zaila dirudi energia eolikoz eta eguzki-indarraz behar horiei erantzutea.
Materialen jatorriaBateriak eredu jasangarriago baten alde egitearen ideiarekin lotzen ditugu. Hala ere, haiek eraikitzeko erabiltzen diren materialen jatorria zalantzagarria da jasangarritasunaren ikuspuntutik. Materiak horien artean, kobaltoa da gehien aipatzen direnetako bat. Metal hau oxido moduan erabiltzen da, beste zenbait metalen oxidoekin batera, litio-ioi baterien elektrodoetan. Baterien ikerketa-komunitatea ahalegin handia egiten ari da metal honen erabilera murriztu edota deuseztatzeko. Izan ere, metal honen %60 Kongoko Errepublikan erauzten da, ingurumenarekiko eta langileekiko meatzaritza-metodo zalantzagarriak erabiliz. Dena den, bada bateriaren industria (biziki) kezkatzen duen beste faktore bat: kobaltoaren prezioa. Metal honek egonkortasun handia ematen die bateriei, baina ezegonkortasun handia eragiten die bateria-ekoizleei. Ondoko irudian mining.com ataritik eskuratutako kobaltoaren azken 16 urteetako prezioaren eboluzioa ikus daiteke:
3. irudia: Kobaltoaren prezioaren eboluzioa ($/lb) azken 16 urteetan. (Iturria: mining.com)Kobaltoaren prezioa 22,90 $/lb da gaur egun, baina bikoitza izan zen orain dela 3 urte eta ia hirukoitza 2008an. Arazo honi aurre egiteko, kobaltoa nikelarekin ordezkatzea da estrategia nagusia. Baterien iraupena handitu daiteke ordezkapen honekin, baina karga-deskarga ziklo gutxiago egin daitezke eta bateria lehenago hondatzen da. Gainera, material honen gaineko erauzketaren kontrol nagusia Indonesiak dauka, eta dagoeneko egin du mugimendu kezkagarriren bat, 2017an gauzatu zuen kanpo-salmentaren mugatzea kasu.
Baterioi izena ematen dien litioa hobeto dago banatua. Metal honek duen arazoa da erauzi ahal izateko egiten diren meatze-eragiketa batzuek inpaktu negatiboa izan dezaketela ingurumenean. Ezin dugu ahaztu Li-ioi bateriekin lortu nahi den helburuetako bat erregai fosilek ingurumenean duten eragin kaltegarria mugatzea dela. Beraz, zentzugabea da alternatibak ere ingurumen-inpaktu nabarmena eragitea.
Azkenik, grafitoa da Li-ioi baterien anodoen (elektrodoetako baten) osagai nagusia. Izan ere, litio-ioi bateriek grafito gehiago dute kobaltoa, litioa edota nikela baino. Orain arte, grafito naturala (zuzenean erauzitakoa) erabili izan da, ezaugarri elektrokimiko onak baitauzka. Hala ere, grafito naturala Lehengai Kritikoen zerrendan dago, eta hainbat material-ekoizle kalitate handiko grafito artifiziala sortzen hasi dira azken urteetan.
Baterien bigarren bizitzaEnergia-eskakizun handia duten gailuetarako bateriak, auto elektrikoenak kasu, bateria txikiak bata bestearekin konektatuta eraikitzen dira. Bateriatxo hauek zelda izena dute. Gure telefonoaren tapa ireki eta, bertan, zelda bat aurkituko dugu: zelda hauek gaitasuna dute beste zeldarik gabe lan egiteko, baina energia-eskaera handia bada motz geratu daitezke. Ezinezkoa da telefono baten zelda (bateria) batekin auto bat abiaraztea, baina ehunka telefonoren zelden energia batuta lor daiteke.
Normalean, bateria bat erabat kargatuta (bateria %100ean) dagoenetik erabat deskargatuta dagoenera (bateria %0an) igarotzen den denborari iraupena edo kapazitatea deitzen zaio. Iraupen hori geroz eta murritzagoa da karga-deskarga zikloak metatu ahala, eta hasierako iraupena %80ra murrizten denean bateria horren bizitza amaitutzat hartzen da. Hala ere, horrek ez du esan nahi bateria handi bat osatzen duten zeldak beste zerbaiterako erabili ezin direnik. Baterien materialak erauzteak eragiten duen inpaktu ekologiko eta ekonomikoa malgutzeko estrategia garrantzitsu bat zelda horien berrerabilpena (bigarren bizitza) da. Iraupenaren %80ra iritsi diren zelda horiek energia-eskaera apalagoa duten gailuetan erabil daitezke: bizikleta elektrikoetan, esaterako. Eta kontrako estrategia ere jarrai daiteke: bateriak zeldetan banatu ordez bateria ezberdinak elkarrekin konekta daitezke makrobateria bat osatu eta, esate baterako, argindar sareak huts egiten duenean gailu elektrikoak elikatzeko.
BirziklapenaBigarren, hirugarren… bizitza eman diezaiekegu gure bateriei, baina uneren batean ezin izango dira gehiago zukutu. Une horretan bateriak zabaldu eta bere osagaiak berreskuratzeko garaia izango da. Horrela, posible izango da ekonomia zirkularra bultzatu eta materialen erauzteak ingurumenean eragiten duen kaltea murriztea. Gaur egun garestiagoa da, kasu askotan, bateriak material berrien bidez eraikitzea material birziklatuz egitea baino. Hala ere, ikusi dugun bezala, metalen prezioa gorabeheratsua izan daiteke, eta meatzeak ustiatzen jarraituz gero gora egingo dute prezio hauek. Birziklapenaren inguruko ikerketa bultzatzeak ekonomikoki bideragarria bihurtu dezake etorkizun hurbilean prozesu honen alde egitea. Gainera, material hauetako batzuk estatu gutxi batzuen kontrolpean egotearen ondorioak ekiditen lagunduko du (gogoan izan nikelaren kasua).
Azkenik, gogoratu: birziklatu ezean, bateria hauek hondakindegietara eramango dira azkenean. Dirudienez, auto elektrikoen salmentak gora egingo du nabarmen eta, ondorioz, hondakin gehiago sortuko dira. Hondakindegi asko eta handiak beharko dira, beraz, eta zabortegiok ingurumen-arazoak sor ditzakete.
Honenbestez, litio-ioi baterien komertzializazio masiboak hainbat arazo eragin ditzake, baina estrategia egokiak jarraituz etorkizun berdeago baterako giltzarri izan daiteke. Zentzuz jokatzea da, gehienetan bezala, gakoa.
Testu honen edukia neurri batean argitaratu da Tolosaldeko Atariaren astekarian. Nire esker ona medio honi eta Olatz Artola Apezteguiari zuzenketa lanengatik.
Egileaz:Imanol Landa Medrano (@ilanmed) Kimikan doktorea da eta Cidetec zentroko Energiarako Materialen Unitateko ikertzailea.
The post Litio-ioi bateriak: irtenbidea edo arazo berria? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #359
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaZientzia Kaieran irakur daitekeenez, Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak. Indize bat diseinatu dute hiri bizkaitarreko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko. Gainera, hiri-mota guztietarako balio duen indizea dela ziurtatzen dute.
TeknologiaXavier, izen euskalduneko polizia robota Singapurreko kaleetan patruilatzen hasi dela azaltzen dute Sustatu agerkarian. Herritarren portaera zibiko zehatz batzuk zaintzea da ibilgailu txiki honen lana. Esaterako, erretzea debekatuta dagoen tokietan araua errespetatzen den edo ez. Xavierrek sistema konplexu baten bidez hautematen ditu jokabide desegokiak. Inguruko irudiak hartu eta kontrol zentrora bidaltzen ditu. Hauek denbora errealean aztertu eta arauak betetzen ez dituenarekin harremanetan jartzen da robota panel interaktibo bati esker. Berrian azaltzen dituzte ere euskaratik izena datorkion robotaren ezaugarriak.
Perseverance ibilgailu robotikoak Marteko zorutik lagin bat hartzea lortu duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. Aurreneko saiakerek huts egin zuten, baina, oraingoan, beste arroka-mota batekin lortu dute azkenean. Hurrengo misio bateko beste ontzi batek Lurrera ekarriko du aztertu ahal izateko.
Aste honetan Zientzia Kaieran, Asier López ingeniariari egin diote elkarrizketa, ikasketa automatikoaren inguruan. Azaldu duenez, ikasketa automatikoa, datu desberdinen pilaketari esker, elkarrizketa sistema naturalagoak sortzea ahalbidetzen duen prozesua da. Hainbat abantaila ditu eta bitxia bada ere, Asierrek azaltzen du, esaterako, hizkuntza jakin bat ezagutu gabe, hizkuntza horretan berba egiten duen sistema bat eratzea posible egiten duela. Adibidez, beraiek norvegieraz hitz egiten duen sistema bat egin dute, hizkuntza hori ez dakiten arren.
Berrian irakur daitekeenez, Sopela eta New York eta Cornwall (Ingalaterra) lotuko dituen ur azpiko kable bat jarriko du Googlek. Euskal Herrian hasiko dira lanean eta bi hilabete beharko dituzte kablea New Yorkeraino eramateko. Googleko arduradunek Sopelan azaldu dituzte egitasmoaren xehetasunak eta Joseba Zubiaren iritziz, Komunikazio Optikoetako katedraduna EHUn, honi esker abiadura handiagoaz jasoko ditugu Internet bidez datuak.
OsasunaEmakumezkoen lehen heriotza kausa oraindik ikertu gabe dagoela dio dakargu Garak. Gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen lehen heriotza kausa munduan baina ez dira behar beste diagnostikatzen, ezta aztertzen. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkoek ez dituzten modu berean adierazten gaixotasun berdinak, sintomak ez baitira berdinak batean zein bestean. Eta hori oso argia da, esaterako, bihotzekoaren kasuan.
Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen inguruan irakur daiteke Zientzia Kaieran. Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Hauen epidemiologia eta kontrolaren inguruan idatzi dute Mikele Macho eta Miren Basaras mikrobiologek.
Indiak SARS-CoV-2 birusarekiko immunitatea sustatzeko txerto bat baimendu berri duela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. DNA-kate zirkular batean oinarritzen da txerto hau eta Indian bertan garatu dute. ZyCoV-D izena du eta 3 dosiko txertoa da baina orratzik gabe ematen da dermis barneko aplikatzaile bati esker. Honekin, Indiak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat COVID-19rako lehen txertoa lortu du. Txertoa helduentzako ere baliagarria da. du elduez gain.Berezitasun handiena: ez dago ziztatu beharrik, larruazalean ematen da
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #359 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #364
Eduardo Anguloren “Preparados para matar” seriea ingelesera itzultzeaz gain, mundu anglosaxoira ari da moldatzen Julio Ozores psikiatrak, erreferentzia berriak gehituta. Irakurtzera eta berrirakurtzera gonbidapena. Assasins
Boro nitruro hexagonalari prezisio atomikoarekin ehundura emateko modua topatu dute DIPCn. Ehunka aplikazio izan ditzake metodoak. Texturing of hexagonal boron nitride with atomic precision
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #364 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asier López: “Ikasketa automatikoak elkarrizketa sistema konplexuak eratzea ahalbidetzen du ” #Zientzialari (159)
Lengoaia naturala erabiliz pertsonekin komunikatzeko gai diren sistemak dira elkarrizketa sistema automatikoak. Hauek diseinatzeko bi metodologia nagusi erabiltzen dira. Lehenengoa, sistemak erabiltzaileari eman ahal dizkion erantzunak eskuz diseinatzea eta programatzea da. Baina, zer gertatzen da elkarrizketa konplexua eta luzea bada? Horretarako bigarren prozedura bat baliatzen da, zeinetan oinarria ikasketa automatikoaren teknikak dira.
Ikasketa automatikoa, datu desberdinen pilaketari esker, elkarrizketa sistema naturalagoak sortzea ahalbidetzen duen prozesua da. Edozein hizkuntzatan elkarrizketak gauzatzeko gai diren makinak sortzeko, hizkuntza zehatz bateko datuak pilatu eta ordenatu behar dira. Datu horiek sistemari helarazten zaizkio, kasu bakoitzean zein erantzun mota eman behar duen ikas dezan.
Ikasketa sistema automatikoaren eta horren barruan kokatzen den elkarrizketa sistemen nondik-norakoez gehiago jakiteko, Asier Lópezekin, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Asier López: “Ikasketa automatikoak elkarrizketa sistema konplexuak eratzea ahalbidetzen du ” #Zientzialari (159) appeared first on Zientzia Kaiera.
Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola
Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) osasun-eremu ezberdinetan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek pairatu ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan azaltzen bakarrik; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan %5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainian osasun-zentro berean izandako infekzio nosokomialen prebalentzia %6,2koa da. Urteetan zehar OAEI mota ohikoenen hurrenkera aldatzen bada ere, Espainian infekziorik usuenak kokapen kirurgikoko infekzioak dira, arnasbidekoak, gernubidekoak eta bakteriemiak jarraiki.
Mikroorganismo ezberdinek eragin ditzakete infekzio mota hauek, baina bakterioak dira ugarienak. Horien artean kezka gehien sorrarazten dutenak antimikrobianoen aurkako erresistentziak garatu dituztenak dira, metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus bakterioa (MRSA), zefalosporinekiko edo karbapenemikoekiko erresistenteak diren enterobakterioak edota bankomizinarekiko erresistenteak diren enterokokoak, besteak beste. Mikroorganismo horiek eragindako infekzioak larriak eta sendatzeko zailak izateaz gain, osasun-eremuetan pertsona batetik bestera hedatzeko erraztasun handia dute.
Irudia: infekzioak murrizteko osasun-eremua ahalik eta garbien mantentzea funtsezkoa da, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen transmisioa gutxitzeko neurriak hartzea. (Argazkia: leo2014 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Paziente batek osasun-eremuan OAEIa garatzeko faktore ezberdinen arteko elkarreragina egon behar da, esate baterako, gaixoaren berezko arrisku-faktoreak, antimikrobianoen erabilera, ospitaletako edo egoitzetako egonaldiaren iraupena eta prozedura inbaditzaileen eragina. Esate baterako, zain barneko kateterra, gernu-kateterra edo aireztatze mekanikoa bezalako gailuek edota diagnostikorako edo tratamendurako beharrezkoak diren bestelako prozedura inbaditzaileek (zain barneko tratamenduak, biopsiak, endoskopio bidezko azterketak, etab.), pazientearen azal eta mukosetako babesak ahuldu egiten dituzte, mikroorganismoen sarrera erraztuz.
Aipaturiko infekzioak murrizteko osasun-eremua ahalik eta garbien mantentzea funtsezkoa da, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen transmisioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik eta paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude, hau da, mikroorganismo eragilearen gordelekua, transmisio-mekanismoa eta populazio gaixokorra. OAEIak eragiten dituzten mikroorganismoen gordelekua gizakia (pazienteak, osasun-langileak, bisitariak) edo ingurugiroa (objektuak edo fomiteak, gainazalak, airea, ura) izan daitezke. Infekzio nosokomialen transmisio-mekanismoak, aldiz, aire bidezkoa, tanta bidezkoa eta kontaktu bidezkoa dira. Azken hau ospitale eta bestelako osasun-eremuetan mikroorganismoak transmititzeko biderik ohikoena da eta, batez ere, kutsatutako eskuen bidez gertatzen da. Populazio gaixokorrari dagokionez, pazientearen osasun-baldintzek, hala nola, zahartzaroa, immunodepresioa, diabetesa, neoplasia gaiztoa etab. indargetu egiten dute gaixoaren osasun-egoera, infekzioaren aurrean sentiberagoa bilakatuz.
OAEIak prebenitzeko neurriak, beraz, lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumeneko neurriak eta infekzioen kontrola eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean, eskularruak, maskarak edo mantala jartzea dago; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; osasun-tresneriaren desinfekzioa eta esterilizazioa; elikagaien eta hondakinen kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko Osasun Erakundeak aipatzen duen moduan “Arreta garbia, arreta seguruagoa” kanpainan.
Estatu eta autonomia-erkidego ezberdinetan osasun-zainketa ezberdinen eta mikroorganismoen hedapena murrizteko prozeduren jarraipena egiten da OAEIak prebenitzeko helburuarekin. Horrez gain, antimikrobianoen aurka erresistenteak diren edota populazioan erraz hedatzen diren infekzioen eragile ezberdinen zaintza egiten da. Izan ere, infekzioak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak har daitezke.
Iturria:
Macho, Mikele; Basaras, Miren (2020). «Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola»; Ekaia, 37, 2020, 25-44. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20753) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola.
- Laburpena: Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioak (OAEI) hainbat osasun-eremutan osasun-arreta jasotzeagatik gaixoek paira ditzaketen infekzioak dira. Infekzio hauek ez dira gaixoetan bakarrik azaltzen; osasun-langileei, bestelako langileriari eta gaixoen bisitariei ere kalte egin diezaiekete. Infekzio hauen ondorioz, gaixoen morbilitatea eta heriotza-tasa areagotu egiten da eta, aldi berean, antimikrobianoen aurkako erresistentziak eta kostu ekonomikoak handitu egiten dira. Europa mailan % 5,7k (3,2 milioi pertsona) pairatzen du honelako infekzioa urtero eta Espainia mailan infekzio hauen prebalentzia % 4,8koa da. Espainian, OAEI usuenak dira gernubidekoa, arnasbidekoak, kokapen kirurgikoko infekzioak eta bakteriemiak. Mikroorganismo ezberdinak daude inplikatuak infekzio mota horietan, baina bakterioak dira ugarienak. Infekzioak murrizteko, funtsezkoa da osasun-eremua ahalik garbiena mantentzea, eta bertan biltzen den pertsona orok mikroorganismoen trans- misioa gutxitzeko neurriak hartzea. Hori dela eta, OAEIen zaintza eta prebentziorako neurriak aurrera eramatea funtsezkoa da ahalik paziente gutxiena kaltetzeko. Neurri horiek infekzioaren kate epidemiologikoaren elementuak moldatzera bideratuta daude eta lau taldetan sailka daitezke: neurri estandarrak, transmisio-bidearen araberako neurriak, osasun-eremuaren ingurumen neurriak eta infekzioen kontrol eta zaintzarako prozedura espezifikoak. Horien artean daude eskularruak, maskarak edo mantala jartzea; airearen edo ur laginen kontrol mikrobiologikoa; elikagaien kudeaketaren gainekoak; gaixoen eta osasun-langileen txertoen bidezko immunizazioa edo antibiotikoen bidezko profilaxia. Baina neurri horietatik garrantzitsuena eta mundu-mailan hedatuta dagoena osasun-profesionalek, bisitariek eta baita pazienteek ere burutu behar duten eskuen higienea da, hori baita infekzio hauek murrizteko ekintzarik eraginkorrena, Munduko osasun Erakundeak aipatzen duen moduan »Arreta garbia, arreta seguruagoa» kanpainan. OAEIak eragin ditzaketen mikroorganismo ohikoenak zeintzuk diren jakinik, horien transmisioa ekiditeko eta, horrela, infekzioen tratamendu egokiena aukeratzeko neurriak hobeto har daitezke.
- Egileak: Mikele Macho, Miren Basaras
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 25-44
- DOI: 10.1387/ekaia.20753
————————————————–
Egileez:
Mikele Macho Basurtuko Unibertsitate ospitaleko Mikrobiologia kliniko eta Infekzioaren kontrolaren Zerbitzukoa da.
Miren Basaras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailekoa da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen epidemiologia eta kontrola appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (6): Zatitzen, zatitzen
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure seigarren ariketa: Zatitzen, zatitzen.
Zenbaki bat 2-rekin zatitu dugu eta hondarra 1 da; 3-rekin zatitu eta hondarra 2 da; eta horrela, hondarrak 3, 4, 5, 6, 7 eta 8 dira, hurrenez hurren, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9-rekin zatitzerakoan. Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?
———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (6): Zatitzen, zatitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: siderurgiaren ingurumen inpaktua neurtzen
Edozein egunetan ekonomiari buruzko egunkari bat hartu, eta begiratzen badugu inbertsioei buruzko atala, behin baino gehiagotan agertuko zaizkigu sigla hauek: ESG. Ingurumena, gizarte inpaktua eta gobernu ona adierazten duen ingelesezko sigla da ESG, eta enpresak hiru atal horien arabera sailkatzen dituen metodologia batean oinarritzen da. Hala, planetako edozein lekutako inbertsiogile batek ingurumen inpaktu txikiena duten enpresetan inbertitzea aukeratu dezake, langileentzat eta enpresa horiekin hartu-emana dutenentzat berdinzaleenak, justuenak eta seguruenak direnetan, eta kudeaketan kontrol eta gardentasun estandarrik handienak ezarrita dauzkaten eta betetzen dituztenetan.
Herrialde garatuetako enpresa munduan argi dago etorkizuna, izatekotan, ESG izango dela. Inbertsiogile asko aktibista bihurtu dira, edo beren inbertsioetarako aukeratzen dituzten enpresetan ESG sailkapena hobetzea sustatzen dute, edo ez dute inbertitzen ESG baxua dutenetan, edo biak egiten dituzte.
Hori da indar sustatzaileetako bat; beste bat ingurumen kontzientzia bera izango litzateke, edota enpresa berritzaileenak beren inpaktua murrizteko lantzen ari diren neurrien ondoriozko ekoizpen ziklo eraginkorragoek dakarten kostu murrizketa.
Berehala agertzen den korapiloetako bat neurtzearena da. Badakigu neurtzen duenak soilik dakiela; neurtzen ez duenak, ustea baino ez du. Baina, nola neurtu jarduera batek duen eragin globala? Ez da langintza erraza, ez horixe. Hain da horrela, ezen neurketa sistema diseinatzea bera da lorpen zientifiko bat. Eta orain agertzen da produktuaren ingurumen aztarnaren kontzeptua.
Irudia: Produktuaren ingurumen aztarna kalkulatzea ez da beti erraza, adibidez, altzairuan, gauzak korapilatu egiten dira. (Iturria: Pixabay.com)Gure lantegietatik irteten diren produktuen guztizko ingurumen inpaktua kalkulatzeko metodologia bat da Europar Batasunaren Produktuaren Ingurumen Aztarna (PIA). Horren helburua da produktuei buruzko informazio fidagarria eta konparagarria eskaintzea, merkatu jasangarriagoa sustatzeko. Arauari buruzko lanketak 2011n abiatu ziren, orduan aztertu baitziren aurretik zeuden metodologiak.
Zenbait irizpide oinarritzat hartuz, ondasun batek, produktu industrial edo zerbitzu batek bere bizialdi osoan duen ingurumen inpaktua zenbatesteko balio du PIAk. Helburu orokorra da jarduketa ildoak ezartzea haien ingurumen inpaktua murrizten saiatzeko, hornikuntza kateko jarduera guztiak kontuan hartuta (lehengaien erauzketatik hasi eta azken hondakinen kudeaketaraino, tartean ekoizpena eta erabilera daudelarik).
Produktuaren ingurumen aztarna oro Produktuaren Ingurumen Aztarnako Kategoria Arauetan (PEFCR ingelesez) oinarritzen da; horiek, bada, gida tekniko zehatz bat ematen dute produktu kategoria bakoitzean ingurumen aztarnaren azterketa nola egin azaltzeko. PEFCR arauak ingurumen aztarnaren gaineko orientazio metodologiko orokorraren osagarri dira: produktuaren zehaztapen gehiago eman, eta azterketen koherentzia eta erreproduktibitatea ziurtatzen dute.
Teoria ongi dago, baina hori praktikan jarri nahi izaten denean, adibidez, altzairuan, lurraldean eta energian inpaktu handia duen material hain intentsiboan, gauzak korapilatu egiten dira, eta ez gutxi ere. Enpresa bakar baten jarduketa gainditzen duen zerbait da hori. Horregatik, adibidez, Siderex Euskadiko siderurgiaren klusterra ari da HAMBEMET proiektua gidatzen: eskala handiko proiektu bat, PIA zenbatesteko lehendik dagoen (eta Europar Batasunaren gidalerroetan oinarritzen den) metodologia hori egokitzeko Arania bezalako enpresa historikoen produktu hiperespezializatuetarako.
Baina PIA soilik ez da nahikoa. Osatu egin behar da enpresaren jarduerak bere osotasunean duen karbono aztarnaren zenbatespenarekin, ingurumen inpaktu orokorraren ideia bat eduki ahal izateko. Neurketa gehigarri hori, adibidez, Jatorri Berriztagarriaren Bermearen kudeaketaren bitartez lortzen da.
Nola jakin kontsumitzen den energiaren jatorria zein den? Hori kausitzeko adostu zen nazioarteko hitzarmen bat, urtebetean ingurumen faktorea ziurtatzeko gai den akordioa: Elektrizitatearen Jatorriaren eta Etiketatzearen Bermea. Hornidura elektrikoaren kantitate jakin baten ekoizpena energia berriztagarrien eta kogenerazioaren bidezkoa dela egiaztatzen duen ziurtagiriak dira jatorri berriztagarriaren bermeak.
Berme horren bitartez, enpresa batek informazio zehatza eman diezaieke bere bezeroei, jasotzen duen energiaren jatorriari eta bere produkzioak ingurumenean duen inpaktuari buruz. Jatorri ez-fosiletatik sortutako energia esan nahi du jatorri berriztagarrikoa izateak: energia eolikoa, eguzki energia, aerotermikoa, geotermikoa, hidroelektrikoa, biomasa…
Horrelako kontuez arduratzen dira etorkizunean lehiakorrak izateko asmoa duten enpresetako goi mailako arduradunak.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: siderurgiaren ingurumen inpaktua neurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu dituzte
UPV/EHUn egindako azterlan batean, indize bat definitu dute hiriko espazio berde eta urdinek ematen dituzten hiru ekosistema-zerbitzuren eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak ebaluatzeko (jariatze-urak atxikitzea, airea araztea eta ingurunea hoztea), eta etorkizuneko plangintza-prozesuetako helburu espezifikoak zehazteko. Bilbon aplikatu dute metodologia, eta, emaitzen arabera, lehentasuna eman behar zaie Abando eta San Frantzisko auzoei.
Hiri-garapenari lotutako inpaktuak eta presioak murrizten laguntzen dute hiriko ekosistemek. Hirietako gizarteak hain beharrezko dituzten ekosistema naturaletatik urruntzen ari direnez, inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako, eta azpiegitura berdea —hiriko espazio berde eta urdinez osatua— ondorio garrantzitsuak ari da eragiten hirien etorkizunerako, naturaren eta pertsonen arteko zubi garrantzitsua baita. Eremu naturalen eta erdinaturalen sare estrategikoki planifikatuak dira azpiegitura berdeak, eta ekosistema-zerbitzu ugari (pertsonek naturatik eskuratzen dituzten onurak) eskaintzeko diseinatu eta kudeatutako ingurumen-ezaugarriak dituzte.
Irudia: inoiz baino garrantzi handiagoa ari dira hartzen hiri-ekosistemak pertsonen ongizaterako. (Argazkia: javierAlamo – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)“Aisialdirako eta olgetarako guneak izateaz gain, berdegune batetik hurbil egoteak ongizatea sentiarazten baitu, hiriko azpiegitura berdeek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak ere eskaintzen dituzte, hala nola airea arazten dute, hiriko tenperatura erregulatzen edo jariatze-urak atxikitzen —dio Beatriz Fernández de Manuel UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako ikertzaileak—. “Hiriguneetako berdeguneak, parkeak eta eremu ‘naturalenak’ hobeto kudeatuz, hirietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetu daiteke”.
Oro har, hiri-gainazal iragazgaitzek mesede egiten diete prezipitazioek eragindako azaleko jariatze-urei; izan ere, landarez osatutako estalki trinkoa duten hiri-berdeguneek jariatze-urak atxikitzeko eta iragazteko gaitasun handiagoa dute, eta uholdeak prebenitzeko baliabide naturala dira. Gainera, halako eremuek airea arazteko ahalmena ere handitzen dute, landare-estalkiak eragina baitu kutsatzaileak xurgatzeko, sakabanatzeko eta/edo metatzeko prozesuan. Landarediak inguruko airearen tenperatura ere murriztu dezake, zuhaitzen adaburuen azpian itzala sortzen baita eta egunean zehar ebapotranspirazioa gertatzen baita.
Hiri-mota guztietarako balio duen indizeaBeatriz Fernández de Manuel ikertzaileak hiriko azpiegitura berdearen eraginkortasunaren adierazle berri bat proposatu du, ekosistemen zerbitzuen ebaluazioan oinarritua: “Indize horrek aukera ematen du gaur egun udalerriek duten azpiegitura berdearen kalitatea ebaluatzeko, edo azpiegitura berdearen elementu berriak planifikatzeko udalerrietako hirigintzan”. Ikertzaileak azpimarratzen du garrantzitsua dela arlo horretan eragiteko lekuak lehenestea.
Aipatutako hiru zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak aztertu dituzte ikertzaileek Bilbon, hiriko auzuneen mailan, eta “emaitzek erakusten dute desoreka nabarmena dagoela azterketa-eremuko zerbitzu ekosistemikoen eskaintzaren eta eskariaren artean”, dio Fernández de Manuelek. Zer eremutan esku hartu behar den eta zer jarduera proposatzen duten jakinarazi diote Bilboko Udalari jada. Ikertzaileak bereziki azpimarratzen ditu Abando eta San Frantzisko auzoetako desorekak.
Hala ere, “indizea Europako zein Euskadiko edozein udalerritako edozein auzotan aplika daiteke, auzo-eskalara egokituta baitago. Hiri baten barruan, auzoen ezaugarriak desberdinak izan daitezke, eta, gainera, kontuan hartu behar da auzo bakoitzeko biztanleria zein den”. Ikertzaileen asmoa da “zerbitzu ekosistemiko gehiago ikertzen jarraitzea; izan ere, udalerrietako espazio berde eta urdinek hiru zerbitzu baino gehiago eskaintzen dituzte, adibidez, karbono-metaketa, klima-aldaketa arintzen laguntzen duena; olgeta-zerbitzua, han bizi diren pertsonen aisialdia bultzatzen duena, etab. Horien guztien ebaluazioak egiteko metodologiak garatzen jarraituko dugu”, esan du.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Hiriko azpiegitura berdeak hobetzeko jarduerak eta eremuak lehenesteko indize bat proposatu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Fernández de Manuel, B., Peña, L., Ametzaga, I., Onaindia, M. (2020). Gida praktikoa ekosistemen zerbitzuak lurralde- eta hirigintza- plan eta -programen formulazioan integratzeko. Universidad del País Vasco (UPV/EHU). Leioa, España. ISBN: 978-84-1319-238-3.
The post Bilboko ekosistema-zerbitzuen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak neurtu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #363
Burmuina gazte eta abila jarraitzen izan dadin sistemak iragartzen dira han hemen.“Brain training” delakoa, bideojoko baten izena hartzen duena. Baina ez du funtzionatzen: Brain training does not improve cognition Rosa García-Verdugoren.
Arautu barik dago espazioa. Zaborrez eta satelite pribatuez beteta dago eta gau zerua ez da izan beharko litzatekeena. It’s not too late to save the night sky, but governments need to get serious about protecting it Samantha Lawler eta Aaron Boley.
Las Vegasko kasino baten fatxadaren, zein autobus baten karrozeriaren forma har ditzaketen material malguak behar dira eguzki energia garatzeko. Material horiek, ziur aski, organikoak izango dira eta, seguruenik, egitura kristalino zehatzen araberakoa izango da haien errendimendua. DIPCren Polymorphism in non-fullerene acceptors for organic solar cells.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #363 appeared first on Zientzia Kaiera.
Itziar Irakulis, ingeniari geomatikoa: “Alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela”
Itziar Irakulis Loitxate Etxanoko baserri batean jaio zen, eta beti egon da naturaz inguratuta. Hala, behatzeko, esperimentatzeko eta jakin-mina asetzeko aukerak izan ditu, eta etxekoek ere ikertzera bultzatu dute. Eskolan ere, zientzietako gaiak zituen gustukoen. Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zenean, berriz, zalantza handiak izan zituen, ia karrera guztiak gustatzen baitzitzaizkion.
“Oso zaila egin zitzaidan aukeratzea. Nire joera natura-zientziak ziren, baina marrazketa teknikoan, matematiketan eta fisikan ere ona nintzen, eta, beraz, ingeniaritzek ere erakartzen ninduten. Azkenean, Geomatika eta Topografia Ingeniaritzako Gradua aurkitu nuen. Natura-zientzien zati bat du (geologia, meteorologia, geomorfologia…), eta beste bat ingeniaritzakoa (matematika, fisika, marrazketa teknikoa…), baita espazioaren esplorazioarena ere (sateliteak eta abar). Ate pila bat zabaltzen zituela iruditu zitzaidan, eta hortik jotzea erabaki nuen”, gogoratu du Irakulisek.
Irudia: Itziar Irakulis Loitxate, ingeniari geomatiko eta topografikoa.Erabaki ona izan zela onartu du: “Aukeratu dudan bide honen alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela, eta zientzian, oro har, hala izaten da. Orain Lurraren behaketan nabil, sateliteak erabiliz, eta sateliteen bidez ia dena ikus daitekeenez, arlo asko ikusteko eta haiei buruz ikasteko aukera ematen dit. Hori da ikerketan aritzearen alderik onena: gauza batean jartzen duzu arretan, baina beste asko ere ikasten dituzu aldi berean”.
Haren tesia sateliteen bidezko berotegi-gasen detekzioari buruzkoa da, batez ere, metanoarena, bereizmen handian. Irakulisen ustez, klima-larrialdiarekiko orain ardura handiagoa dago, hasi zenean baino. Orduan, lau talde baino ez zeuden mundu-mailan: Harvardeko talde bat, JPL (NASA), Environmental Defense Fund erakundea eta besteren bat. “Elkarlanean aritzen gara, baina, hain jende gutxi dabil honetan, dena dago egiteko. Berez, ikerketa ondo doa, baina, egia esan, ikusten ari garen isuriak ikaragarriak dira. Gehienak erregai fosilen erauzketan sortzen dira, eta harritzekoa da nola ez duten konpontzen, isuriak izugarri handiak baitira”.
Larrialdi klimatikoari aurre egitenIrakulisen esanean, isuri horiek ez dira aintzat hartu orain arte, gutxietsi egin dira. “Oraindik lan asko dago egiteko. Duela gutxi argitaratu da nire lehen artikulua, Science Advance aldizkarian, eta AEBko Arro Permiarreko (Permian Basin) isuriei buruzkoa da. Arro horretan egiten AEBko petrolio- eta gas-erauzketa nagusiak, eta bereizmen handiko sateliteak erabili ditugu ikusteko nondik datozen isuriak, eta pila bat detektatu ditugu”.
Emaitza zientifikoak alde batera utzita, gustuko du ikerketa-mundua, nahiz eta garai bereziak egokitu zaizkion. Hain zuzen, iaz hasi zuen doktoretza, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta, handik gutxira, pandemia agertu zen. Beraz, oraindik ez du ikertzailearen bizimodu normala ezagutzerik izan, baina, lan handia duen arren eta lankideekin duen harremana urrunetik den, pozik dago. “Masterra egin aurretik, enpresa batean aritu nintzen lanean, kartografian, eta han geratzeko aukera izan nuen, baina askoz ere erakargarriagoa zait ikertzea. Gainera, larrialdi klimatikoari aurre egiteko zerbait egin dezakedala sentitzen dut, eta horrek asko asetzen nau”.
Bukatzeko, aipatu du bere taldea orekatuta dagoela generoaren aldetik, baina beste taldeetan gizonak nagusitzen direla, nabarmen. “Badirudi sateliteak gizonen kontua direla. Nire ustez, ordea, aberasgarriagoa izango litzateke emakume gehiago egongo balira; ikuspegia osatuagoa izango litzatekeela iruditzen zait”.
Fitxa biografikoa:Itziar Irakulis Loitxate Amorebieta-Etxanon jaio zen 1996an. UPV/EHUn Geomatika eta Topografiaren Ingeniaritza gradua egin ondoren, Teledetekzio Masterra egin zuen Valentziako Unibertsitatean. 2020tik doktoretza egiten ari da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, LARS Lur eta Atmosferaren Teledetekzio taldearen barruan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Itziar Irakulis, ingeniari geomatikoa: “Alderdirik onena da beti gauza berriak ikasten nabilela” appeared first on Zientzia Kaiera.
CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten
Azken urteetan teknologiaren iraultza izugarria gertatu da, bizitzaren erritmoa azkartu eta egoera erosoagoak erraztu dizkigunak. Gizartearen garapen ekonomiko, teknologiko eta industrialak orain arte erregai-fosilen bidez asetzen zen energia-beharra areagotu du; izan ere, erregai fosilen konbustioaren bidez energia kantitate handiak lortzen dira. Baina iturri hauen kontsumoa beraien birsorkuntza baino azkarragoa da eta agortzen ari dira, beraien konbustio prozesuak aldaketa klimatikoaren eragilea den karbono dioxidoa (CO2) atmosferara emititzeaz gain. Egoera honen aurrean, zientzialariok berotegi-efektua murriztu eta energia-beharrak ase ditzakeen CO2-ren birziklapen prozesua garatzea proposatzen dugu.
Irudia: Badago prozesu natural bat fotokatalizatzaileak eta eguzki-argia soilik behar dituena: landareen fotosintesia. Beraz, fotosintesi artifizialak arazo hau erregulatu dezake, kontsumo energetiko gehigarririk eta ingurumenean kalterik eragin gabe. (Argazkia: dmarr515 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Urtero gutxienez 32.000 milioi tona CO2 emititzen dira atmosferara eta horietatik 200 milioi baino gutxiago aprobetxatzen dira. Hori dela eta, Carbon Capture and Storage (CCS) teknologiak garrantzia hartu du, karbono dioxidoa jaso eta berrerabiltzeko aukerei ateak zabaldu dizkiolako. Karbono dioxidoa transformatzeko prozesu ugari badaude ere, CO2 molekula apurtzeko tenperatura eta boltaje altuak behar dira, prozesuen kostua handituz eta jasangarritasuna murriztuz. Baina badago prozesu natural bat fotokatalizatzaileak eta eguzki-argia soilik behar dituena: landareen fotosintesia. Prozesu honetan, landareek atmosferako CO2 hartu eta elikagaietan transformatzen dute erreakzio fotokatalitikoen bidez. Beraz, fotosintesi artifizialak arazo hau erregulatu dezake, kontsumo energetiko gehigarririk eta ingurumenean kalterik eragin gabe.
Fotokatalisian aplikagarriak diren material ezberdinak badaude ere, oraindik ez da aurkitu emaitza adierazgarriak eman dituen konposaturik. Horregatik, aurretik ezagunak diren materialak hobetu, edota aplikazio honetarako egokiak diren material berriak diseinatu, sintetizatu eta garatu behar dira. Azken urteotan metal-organic framework (MOF) izeneko konposatu hibridoetan jarri da ikusmira. MOFak funtzionalizatu daitezkeen material kristalino mota berri bat dira, nodo metaliko eta molekula organikoak elkartuz sortutakoak, eta dimentsio bateko, biko edo hiruko koordinazio sareak osa ditzakete. Beraien izaera hibrido horretan dago gakoa: metalak eta ligandoak nahi bezala konbinatu daitezke, material berri eta ezberdinak sortzeko. Hori kimikariontzako abantaila handia da, MOFa propietate jakin batzuk lortzeko diseinatu dezakegulako, metalak eta ligandoak modu egokian aukeratuz. Hori dela eta, material berri hauen aplikagarritasuna oso anitza da. Fotokatalisirako MOF interesgarrienak hiru dimentsiokoak dira arrazoi ezberdinengatik:
1) Egitura porotsuari esker fotokatalisirako gainazal eskuragarria handitzen da. Porositatea aukeratutako metal eta ligandoen arabera moldatu daiteke, poroen tamaina eta forma aldatuz erreaktiboen garraioa errazteko materialean zehar.
2) Eguzki-argiaren espektro ikuskorrean lan egiteko diseinatu daitezke.
3) Baldintza katalitikoak jasateko beharrezkoak diren egonkortasun kimiko eta termikoa erakusten dute.
4) Erreakzioatik erraz banatu daitezke berrerabiltzeko aukera emanez, katalizatzailearen bizitza-denbora luzatuz eta hondakin eta kutsatzaile kopurua murriztuz.
Fotosintesi artifiziala burutzeko gehien ikertu den MOFetako bat NH2-UiO-66 izan da, Osloko Unibertsitatean aurkitutako materiala (UiO = University of Oslo), eta ondorengo eskemako mekanismoa jarraitzen du:
1) CO2 poroetatik difusioaren bidez pasatzean NH2-UiO-66ren gainazalean adsorbatzen da.
2) Fotokatalizatzailea argiarekin irradiatuz aktibatzen da.
3) Ligando-metal karga-transferentzien bidez, nodo metalikoa kitzikatzen da.
4) Nodo metalikoak adsorbatutako CO2 erreduzitzen du eta, aldi berean, erreakzio mediora gehitutako ura oxidatu egiten da CO2-ren erredukzio produktuari hidrogenoak emateko.
5) Karbono dioxidoa erreduzitzean, azido formikoa askatuko litzateke produktu modura.
Iturria:
Huizi-Rayo, Uxua; San Sebastian, Eider; Cepeda, Javier (2020). «CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten»; Ekaia, 37, 2020, 189-209. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20860)Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten.
- Laburpena: Gaur egungo energia-beharra dela eta, energia-iturri fosilak agortu eta CO2– isuriak hazten ari dira. Horrek energia-iturri alternatiboekin bultzatutako gizartearen ideiari indarra ematen dio. CO2-emisioen papera klima-aldaketan aski ezaguna da. Horregatik, kutsatzaile horren birziklapenak energia-beharra eta klima-aldaketa erregula ditzakeela pentsatzen da. CO2 eraldatzeko prozesu bat baino gehiago badaude ere, gehienetan tenperatura eta boltaje oso altuak behar dira, erredukzio fotokatalitikoaren kasuan izan ezik. Horrek landareen fotosintesia simulatzen du, baina, prozesuari bere etekin guztia ateratzeko, fotokatalizatzaileak hobetu behar dira. MOFak metalak eta molekula organikoak koordinatuz osatutako material nanoporotsu mota bat dira, adsortzioaren bidez molekula txikiak harrapatu ditzaketen zulo edo kanalak dituztenak. MOFaren diseinu egokiarekin, metalak eta ligandoak ondo aukeraturik, material horiek CO2-aren erredukzio fotokatalitikoa burutzeko gai izan daitezke.
- Egileak: Uxua Huizi-Rayo, Eider San Sebastian, Javier Cepeda
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 189-209
- DOI: 10.1387/ekaia.20860
————————————————–
Egileez:
Uxua Huizi-Rayo, Eider San Sebastian, Javier Cepeda UPV/EHUko Donostiako Kimikako Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post CO2-ak bultzatutako gizarte baterantz: landareetatik ikasten appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (5): Perimetroaren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bosgarren ariketa: Perimetroaren bila.Goiko irudia egiteko √12 zentimetroko aldea duen karratu bat 2 zentimetroko erradioa duen zirkulu baten gainean ezarri dugu, biak zentro bera izanik. Zein da irudiaren perimetroa?
———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (5): Perimetroaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa
Eritasun zeliakoa asaldu autoimmune konplexu bat da, eta genetikoki aurrez prestatuta dauden pertsonei eragiten die. Egun, diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egitea beharrezkoa da. Hau prozedura desatsegina izateaz gain, nahiko garestia izaten da. Alde batetik, gaixotasun zeliakoaren sintomatologia duten pazienteei endoskopia egiten zaie, baina kontuan euki behar da sintomak (tripako mina, pisu galera edo anemia, besteak beste) oso arruntak izaten dira, alegia, beste gaixotasun askoren antzekoak. Era berean, gaixotasun zeliakoa garatzeko arrisku handiena ematen duen aldaera genetikoa populazio osasuntsuaren ehuneko handi batean dago. Ondorioz, sintoma eta arrisku genetikoa duten paziente ez-zeliako askori behar ez den endoskopia bat egiten zaie.
Irudia: Listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa da. (Argazkia: Tho-Ge – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Orain, Ikerbasqueko eta UPV/EHUko ikertzaileek, Biodonostia eta Biocruces institutuekin eta Txagorritxu eta Galdakaoko ospitaleekin lankidetzan, burutu berri duten ikerketa batean, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoan laguntzeko metodo ez inbaditzaile bat garatu dute listua erabiliz. Endoskopia horiek ekidin edota murrizte aldera, ikerketa honetan listua erabiliz gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzaile baten garapena posible dela erakutsi dute.
Metodoa garatzeko prozeduraLehenik eta behin, listuan ere zeliakoen hestean ikusten den inflamazioa ikusteko gai zirela ziurtatu zuten Ainara Castellanos ikerlari nagusiak eta Maialen Sebastian doktoratu aurreko ikasleak. Ondoren, paziente zeliakoen eta paziente kontrolen (hau da, paziente ez zeliako) listu laginetan inflamazioa kuantifikatu zuten. Listu lagin horietan gaixotasun zeliakoaren arrisku genetika ere aztertu zuten. Datu hauekin (inflamazioa eta arrisku genetika) iragarpen formula bat sortu zuten. Azkenik, eredu honen iragarpen ahalmena 100 listu laginetan itsuan frogatu zuten eta lortutako asmatze tasa %73koa izan zen. Gainera, euren iragarpen ereduak %91ko sentikortasuna aurkeztu zuen, hau da, gaixotasun zeliakoa dutenen artean asmatze tasa %91koa izan zen.
Iragarpen ereduak sentikortasun altua du eta beraz, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa baztertzeko egokia izan daiteke. Era berean, gogoratu behar da ereduarekin emaitza onak lortu diren arren ez dela %100 zehatza, eta beraz gaur egungo diagnostiko metodo tradizionala ezin dela guztiz baztertu. Ondorioz, eredu honek zeliakotzat iragartzen dituen pazienteei endoskopia egin beharko zaie. Edozein kasutan ere, metodo hau erabiliz egiten diren endoskopia kopurua asko murriztuko litzateke.
Gainera, konprobatu da, listu lagin berdinean gaixotasunaren arrisku genetika ere aztertu ahal denez, odolean egiten diren proba genetikoen alternatiba ez-inbaditzailea ere izan daitekela, listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa baita.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzailea.
Erreferentzia bibliografikoa:Sebastian-delaCruz M, Olazagoitia-Garmendia A, Madrigal AH, Garcia-Etxebarria K, Mendoza LM, Fernandez-Jimenez N, Casales ZG, Navarro EdlC, Calvo AE, Legarda M, Tutau C, Irastorza I, Bujanda L, Bilbao JR, Castellanos-Rubio A. (2021). A novel non-invasive method based on salivary inflammatory biomarkers for the screening of celiac disease. Non-invasive diagnosis for celiac disease. Cellular and Molecular Gastroenterology and Hepatology DOI:10.1016/j.jcmgh.2021.05.01
The post Gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna
Koordinazio polimeroek (CPs) azken urteetan jasan duten hazkundea ikaragarria izan da material ez-organiko hibridoen arloan. Konposatu hauen karakteristikarik erakargarriena beraien egitura kristalinoa diseinatzeko erraztasuna eta hauek aurkezten dituzten propietate ugariak dira. Egitura horiek eraikitzeko bi osagai beharrezkoak dira: estekatzaileak eta metalak. Estekatzaileak atomo emaileak dituzten molekula organikoak dira eta nodoak metal edo kluster metalikoak (1. irudia).
1. Irudia. Metalen (berdea) eta estekatzaileen arteko konbinaketa sare moduko eraikin kristalinoa osatzen duen koordinazio polimeroa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Esan bezala, konposatu horiek propietate anitzak erakusten dituzte haien egitura hibridoa dela medio, eta horrek hainbat aplikaziotan erabiltzeko gaitasuna ematen die. Horien artean, gehien nabarmentzen den erabilera gas edo molekula txikien (H2, CO2…) adsortzioa da, gas horien biltegiratze edo banaketarako prozesuak goitik behera aldatu dutenak “Metal-Organic-Frameworks” (MOFs) deritzon koordinazio polimeroetan. Bestalde, konposatu horiek beste ezaugarri interesgarri batzuk eskaintzen dituzte hala nola katalisi arloan edo luminiszentzian. Azken horien interesa asko hazi da azken urteetan gailu argitsu hobeak sortu ditzaketelako, aplikazio-esparru anitzak dauzkatenak, hala nola trafiko-seinaletan, pantaila digitalean edo faltsifikazio sistemetan. Halaber, ezaugarri hori konbina daiteke molekula zehatzak detektatu ditzaketen sentsore gisa erabil daitezkeen material berriak sortzeko.
Luminiszentziari materialak argia igortzeko duten gaitasunari deritzo, aldez aurretik energia xurgatu behar izan duelarik. Bi argi igorpen mota bereiz ditzakegu: fluoreszentzia eta fosforeszentzia. Lehenengoaren kasua argi igorpena oso azkarra da, aurrez aurretik xurgatuta energia xurgatu bezain laster bueltatzen dute argi moduan; beraz, energia iturria kenduz gero argia igortzeari uzten diote. Fosforeszentzian berriz, xurgatutako energiaren igorpena argi moduan askoz motelagoa da, igorpenak denboran luzatzea ahalbidetzen duena eta kitzikatze iturria behin kenduta argia igortzen jarraitzen dute. Denboran luzatzeko argi igorpenari iraupen luzeko fosforeszentzia (ingelesez Long-Lasting Phosphorescence, LLP) deitzen zaio.
2. Irudia. Koordinazio-polimero baten argi igorpena kitzikatzearen ondorioz. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Luminiszentzia konposatuaren izaera hibrido metal-organikotik dator, hau da, metalaren eta estekatzailearen ezaugarrien arteko konbinaziotik. Horretarako, metalaren eta estekatzailearen aukeraketa egokia egitea ezinbestekoa da gure konposatuak luminiszenteak izan dezaten. Metalen artean, geruza osoko metalak dira egokienak, hala nola zink (II) edo kadmio (II), biek d10eko konfigurazio elektronikoa dute. Geruza osoa izateagatik, d-d trantsizioetan oinarritutako erlaxazio prozesu ez-erradiatiboak (ez dutenak argirik igortzen) ezin dira eman eta ondorioz igorpen luminiszentea bermatzen du. Horrek esan nahi du beste metal batzuk ere baliagarriak direla koordinazio polimero luminiszenteak eraikitzeko baldin eta geruza osoko metalak baldin badira, hala nola metal-lurralkalinoek. Estekatzailearen aldetik, konposatu organikoak elektroi pare bakartiak dituzten atomoak eduki behar ditu, adibidez oxigeno, nitrogeno edo fosforo atomoak, eta elkarrekintza supramolekularrak sortzen laguntzen dituzten talde funtzionalak, hala nola eraztun aromatikoak edo karboxilato taldeak.
Dena den, konposatu hauek aurreko mendetik ezagunak diren arren, azkenengo hamarkadan hazkunde handia jaso dute bere egituraren natura hibridoa metal-organikoak osagaien konbinaketa mugagabea eskaintzen duelako eta horren ondorioz propietate luminiszenteak egokitzea erraza suertatzen delako. Horrenbestez, molekula adimenduak sor ditzakegu sistema optiko gisa erabiltzeko. Igorpen luminiszenteak dituzten koordinazio-polimeroak aplikazio gutxi batzuetan sustatu badira ere, bere garapena abiapuntuan baino ez dago eta; hortaz, ibiltzeko geratzen den bidean tarte handia dago oraindik ere iraupen luzeagoko argi igorpena erakusten duten material berri eta hobeak sortzeko.
Iturria:
Pajuelo Corral, Oier; Seco, Jose Manuel; Cepeda, Javier (2020). «Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna»; Ekaia, 37, 2020, 159-174. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20840) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna.
- Laburpena: Koordinazio-polimero luminiszenteak aurreko mendetik ezagutzen diren arren, izugarrizko hazkundea izan dute aurreko hamarkadatik gaur egun arte, erakusten duten argi-igorpen gaitasun paregabeei esker. Material horiekin, gailu argitsuen arloan belaunaldi berri bat garatzen hasi da, bereziki sentsore gisa edo faltsifikazio-sistemetan erabiltzeko. Material hauen aplikazio gehienek intentsitate handiko igorpenak edota igorpen iraunkorrak izatera behartzen dute. Zentzu horretan, koordinazio-polimeroak aukera egokiak dira, beren izaera metal-organikoa dela eta; haien egitura kristalinoa nahi diren propietate fotoluminiszenteak erakusteko diseina daitezke, horrela eginkizun zehatz batera bideratzeko. Azpimarratzekoa da azken urteotan ikusi egin dela koordinazio-polimeroek iraupen luzeko argi-igorpenak emateko gaitasuna daukatela. Lan honen helburu nagusia da koordinazio-polimero luminiszenteak eta, bereziki, argi-igorpen fosforeszenteak sortzen dituztenak nola eraiki eta haietan gertatzen diren fenomenoak azaltzea.
- Egileak: Oier Pajuelo Corral, Jose Manuel Seco, Javier Cepeda
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 159-174
- DOI: 10.1387/ekaia.20840
————————————————–
Egileez:
Oier Pajuelo Corral, Jose Manuel Seco eta Javier Cepeda UPV/EHUko Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko Kimika Ez-organiko Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Koordinazio polimero luminiszenteak: gailu argitsuen etorkizuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (4): Auto ibilbidea
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure laugarren ariketa: Auto ibilbidea.Jonek ibilbide bat egin du kotxez. Batez besteko abiadura 55 km/h izan da eta ordu-kopuru oso bat behar izan du ibilbidea egiteko. Hasieran, kilometro-kontagailuak abc markatzen zuen, a ≥ 1 eta a + b + c ≤ 7 izanik. Amaieran, cba irakurri du Jonek kontagailuan. Zein zen hasierako abc zenbakia?
———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (4): Auto ibilbidea appeared first on Zientzia Kaiera.
Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak
Zanbranako (Araba) paisaia subtropikalean orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen (sasizaldi) beste bi espezie ezezagunak deskribatu ditu UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak. Leire Perales-Gogenolak zuzendutako ikerketa honi buruz Journal of Vertebrate Paleontology nazioarteko aldizkariak artikulu bat argitaratu du duela gutxi. Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni izendatu dituzte espezie berriak, Miguel Ángel Cuesta eta Jens Lorenz Franzen paleontologoen omenez (lehendabizikoa Palentzian sortua, eta bigarrena, berriz, Bremengoa; biak ere Europako Eozenoan adituak).
Gaur egun, ugaztun hipomorfoen (edo ekuoideoak) barruan genero bakar bat (Equus) eta zaldi, asto eta zebra espezie gutxi batzuk baino ez daude, baina Eozenoan (duela 56-33,9 milioi urte bitarte) aniztasun handiagoa zegoen. Paleoteridoak izan ziren Europan gehien hedatutako taldeetako bat –garai hartan Europa artxipelago bat zen–. Montmartreko (Paris) harrobietan topaturiko fosiletatik abiatuta, George Cuvier naturalista frantses ospetsuak 1804an deskribatutako Palaeotherium generotik datorkie izena.
1. irudia: Duela 37 milioi urteko Zanbrana lakuaren ertzaren xehetasuna (Araba). Ezkerrean, Leptolophus cuestai motako paleoterido berria, eta erdian eta eskuinean, beste perisodaktilo ekuoideo bat, Pachynolophus zambranensis. (Argazkia: Paleoilustrazioa, Ulises Martínez Cabrera. Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Europako artxipelagoan, paleoteridoen (edo sasizaldien) dozena erdi genero baino gehiago zeuden, erdiak baino gehiago endemikoak Iberiar uhartean, eta Eozenotik Oligozenorako trantsizioan izaniko krisi klimatiko-biologikoan (Stehlinen Grande Coupure edo Eten Handia ere esaten zaio) desagertu ziren. Gorputzaren itxura aintzakotzat harturik, paleoteridoak egungo zaldien antzekoak ziren, baina txikiagoak. “Imajinatzen duzue fox terrierraren, dogo alemaniarraren eta asto baten neurriko hiru behatzeko zaldiak Arabako paisaia subtropikal batean? Sasizaldi horietako asko Zanbranako aztarnategian deskribatu dira –zehaztu du Ainara Badiola doktore eta ikertaldeko kideak–. Adibidez, Pachynolophus zambranensis eta Iberolophus arabensis espezieak kokagune paleontologiko horretantxe definitu ziren lehenbizikoz”.
Orain arte ezagutzen ez ziren espezie horien hortzen ezaugarri atipikoek pentsarazten dute eremu iberiarrean ingurumen baldintzak desberdinak zirela Europako erdialdekoekin alderatuta. Baita areagotu egiten dute paleoteridoen faunen erregistro fosila eta biodibertsitatea. “Atzeko haginek koroa oso altua dute, eta zementuzko geruza lodi batez estalita daude. Hortz mota hori beste paleoterido iberiar batzuetan ere ageri da, eta litekeena da eremu iberiarraren eta Europa erdialdearen arteko ingurune-baldintzen diferentziaren adierazgarri izatea: Iberia aldean baldintza idorragoak edo baso ez hain itxiak, eta eremu irekiagoak izatea”, azaldu du Perales-Gogenolak.
Europan, baso intertropikalak galduz joan ziren Eozeno amaieran, eta bide eman zieten landare komunitate epelagoei, eremu irekiagoei. Zaldi modernoak edo ekidoak gerora agertu ziren Europan, Miozenoan (23-5,3 milioi urte). Haien hortzek koroa oso garaiak dituzte, eta egokiturik daude silize askoko landaredian bazkatzeko (larreak). Zanbranako (Araba) goi Eozenoko aztarnategiko Leptolophus cuestai espezie berriaren atzeko haginek ere ohi baino koroa altuagoak dituzte, Europako lehen ekidoetako batzuen antzekoak.
Interes paleobiologikoaz gainera, Zanbranako ugaztunen askotariko fosilek –primateak, karraskariak, martsupialak, haragijaleak, artiodaktiloak eta perisodaktiloak– informazio berria ematen digute Europan eta gure inguruan denbora geologikoan izaniko klima eta ingurumen aldaketei buruz.
Gaur egun, UPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldea paleoteridoen material gehiago deskribatzen ari da, eta litekeena da perisodaktilo ekuoideoen artean ezohiko hortz ezaugarriak dituzten genero eta espezie berriak deskribatzea.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak
Erreferentzia bibliografikoa:Leire Perales-Gogenola, Ainara Badiola, Asier Gómez-Olivencia & Xabier Pereda- Suberbiola. (2020). New Leptolophus (Palaeotheriidae) species from the Iberian Peninsula and early evidence of hypsodonty in an Eocene perissodactyl. Journal of Vertebrate Paleontology. DOI:10.1080/02724634.2021.1912061
The post Duela 37 milioi urteko sasizaldi espezie ezezagunak appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 55
- 56
- 57
- 58
- 59
- 60
- 61
- 62
- 63
- …
- hurrengoa ›
- azkena »