Kakalardo nekazarien lan isilak milioika urte ditu
Elikatzeko onddoak lantzen dituzten kakalardoak badira. Anbarean harrapatutako fosilak aztertu ondoren, ikertzaile talde batek ondorioztatuta du harreman hori uste baino zaharragoa izan daitekeela, eta duela 100 milioi urte hasi zela.
Gutxitan erreparatzen diegu kakalardoei, baina zenbait espeziek portaera guztiz bitxiak dituzte, batez ere haien ondorengoak babestu behar dituztenean. Portaeren artean, agian ezagunena kakalardo pilotagileena da. Intsektu horiek gorotzak bilatzen dituzte, eta, horiekin pilotak sortzen dituzte, bertan arrautzak jarri eta, larbak jaiotzean, jatekorik izan dezaten. Antzeko zerbait egiten dute kakalardo sarraskijaleek. Kasu honetan, gorotza beharrean, hilik aurkitutako animalien gorpuak baliatzen dituzte, horiek lurperatuz, haien larbek bazka egokia izan dezaten. Animalien hondarrak handiegiak direnean, lurperatu beharrean, zerraldoetan edo inguruetan arrautzak jartzen dituzte. Entomologo forentseek ederki dakiten moduan, gainera, kakalardoak ez dira horrelako gauzak egiten dituzten intsektu bakarrak.
1. irudia: Scolytinae azpifamiliako kakalardoak enborretan bizi dira, eta espezie batzuk onddoak lantzen dituzte. Irudian Dendroctonus micans kakalardoa. (Argazkia: Gilles San Martin CC-BY-SA-3.0)Portaera bitxien katalogoan, baina, bada oinarrizko planteamenduan bederen gugandik askoz gertuago egon daitekeen beste bat: kakalardo espezie batzuk onddoak lantzen dituzte; hortaz, zentzu batean, esan liteke beraiek ere, gizakiok bezala, nekazariak direla. Anbrosia izeneko onddoak (Fusarium generoa) lantzen dituztenez, kakalardo hauek anbrosia kakalardo gisa ezagunak dira (teknikoki, Scolytinae eta Platypodinae azpifamilietan biltzen dira intsektu hauek).
Elkarlanaren abiapuntua sinplea da: kakalardoek zuhaitzetako enborrak zulatzen dituzte, bertan arrautzak jarri eta babestutako ingurune egokia izateko. Hobia zulatzean, anbrosia onddoaren esporak zabaltzen dituzte. Onddo horiek izango dira helduen zein kakalardo larben bazka. Hori ez ezik, behin nagusitzen direla eta etxetik alde egiteko unea iristen zaienean, heldu berriek beraiekin eramango dituzte onddoen esporak, haien enbor berriaren barruan ereiteko. Kakalardoak ez dira ogibide honetan trebatuta dauden intsektu bakarrak: termita, labezomorro eta inurri espezie batzuk ere onddoak lantzen dituzte.
Prozesua ezagutzen bada, oraindik badira hutsune asko intsektu hauen ezagutzan. Haien jardun gehiena zuhaitzen barruan egiten dutenez, ez da erraza haien portaera aztertzea. Haien zuhaitz barruko bizipenez lortu diren datu apurrek, halere, erakusten dute hein batean portaera soziala ere badutela.
Bada, kakalardoen kasuan, harreman sinbiotiko hau uste baino zaharragoa izan daitekeela proposatu dute Bartzelonako eta Bergengo (Norvegia) Unibertsitateetako ikertzaileek Biological Reviews aldizkarian.
Orain arte, zientzialariek kalkulatu dute kakalardoen eta onddoen arteko harremana duela 50 milioi urte hasi zela. Horretarako, baina, ikerketa filogenetikoetan oinarritu dira. Hau da, biziaren zuhaitzean atzera jo dute, espezie batetik bestera zer puntutan desberdintzen diren kalkulatuz, eta, horren arabera, denbora estimazioak egin dituzte. Beste zenbait ikerketek are atzerago jo dute, harreman sinbiotiko hori duela 86 milioi urte hasi zela proposatuz.
2. irudia: Erregistro fosilera jo dute harremana noiz hasi zen argitzeko. Argazkian, egurra zulatzen zuen intsektu baten fosila, Myanmarren aurkitutako anbar batean kontserbatuta. (Argazkia: Peris et al.)Orain, ikertzaile hauek proposatu dute harremana duela 100 milioi urte hasi zela. Argudiatu dutenez, Kretazeoan bazen harreman mota hori onddoen eta intsektu batzuen artean, baina, orain arte, lotura hori igarri ez dela argudiatu dute.
Ondorio horretara iristeko, erregistro paleontologikora jo dute. Kretazeoan datatutako anbaretan harrapatuta geratu diren fosilak aztertu dituzte, eta konturatu dira anbrosia onddoak gaur egun nekazaritza jardun horretan aritzen diren kakalardo motak baino zaharragoak direla. Horregatik, sinetsita daude garai horietan bestelako intsektu batzuk izango zirela onddo horiek zabaltzea ahalbidetzen zutenak.
Aurreko beste hainbat ikerketatan ikusi izan dute badirela anbrosiaren kakalardoaren antzeko portaerak dituzten beste koleopteroak (batez ere, Lymexylidae familiakoak). Horiek zaharragoak dira erregistro fosilean. Egileen irudikoz, horiek izan daitezke iragan urrun horretan onddoak landu zituztenak.
Ikertzaileek egin duten azalpenaren arabera, Kretazeoan onddo zein egurraz elikatzen ziren kakalardo ugari bizi ziren, eta horrek ahalbidetu zuen intsektuek esporak enbor batetik bestera garraiatu izana. Denborarekin, “bientzako onuragarri zen harreman hori eboluzionatu zen, intimoagoa zen sinbiosi mota batera”, azaldu dute egileek prentsa ohar batean. Horrela, eta beti ere eboluzioari lotutako hizkera erabilita, kakalardoek onddo horiek etxekotu zituzten.
Ikerketa honen interesa ez da zientziaren alorreko jakin-mina asetzera mugatzen. Izan ere, kakalardo hauek baso eta zuhaitz sail ugaritan izurriteak sortzen dituzte, eta, horregatik, premiazkoa da bizidun hauen portaera ondo ulertzea, ekosistemetan eta jardun ekonomikoetan sortzen diren galerak gutxitu aldera. Baina, horretaz gain, enbor baten barruan garatzen den jardun ikusezin hori azaleraztea ere soberako arrazoia da gehiago ikasteko.
Erreferentzia bibliografikoa:Peris, D., Delclos, X. and Jordal, B. (2021). Origin and evolution of fungus farming in wood-boring Coleoptera – a palaeontological perspective. Biological Reviews. DOI: https://doi.org/10.1111/brv.12763
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Kakalardo nekazarien lan isilak milioika urte ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #360
Animalia sozialentzat gosearen antza du bakardadeak. Hungry lonely brains Rosa García-Verdugorena.
Aurreikusi daitekeen etorkizuneko gutxienez bi arazoren (klima-aldaketa eta ur edangarria), irtenbide osagai komuna dute: basoak Reforesting Europe would increase rainfall Elizabeth Lewis, Edouard Davin eta Ronny Meier.
Konposatu organikoetan oinarritutako etorkizuneko elektronikaren bidean, konposatuak bezain garrantzitsuak dira egingarriak diren sintesi prozesuak. DIPC-k: On-surface synthesis of triply linked porphyrin nanotapes
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #360 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alice Hamilton (1869-1970), Laneko Medikuntzan aitzindaria
Gutxik esan dezakete aldaketa baten buru izan direla. Jende guztia noranzko berean zihoan garaian, Alice Hamilton medikuak buelta eman eta kontrako bidea hartu zuen.
Laneko gaixotasunak eta istripuak izan zituen bere ikerketen ardatz, langileek jasaten zituzten arriskuak ezagutzeko eta, beraz, murrizteko. Kezka handia sortzen zioten langileen segurtasunak eta osasunak, eta haiek babestuko zituzten lehen legeak onartzea lortu zuen. Harvardeko Unibertsitateak irakasle izateko kontratatu zuen lehen emakumea izan zen.
Alice Hamilton New Yorken jaio zen, 1869an, eta Fort Wayne hirian (Indiana) hazi zen. Montgomery Hamilton eta Gertrude Pond senar-emazteen seme-alaba guztiek ikastetxe onenetan egin zituzten ikasketak, familia aberatsekoak baitziren. Alicek txikitatik oso argi zeukan medikuntzan aritu nahi zuela, baina lanak izan zituen aita konbentzitzeko. Azkenean, bere asmoan tematuta, 1893an medikuntzan graduatu zen Michigango Unibertsitatean. Baina bere bokazioa ez zen kontsultan aritzea; berak ikertzailea izan nahi zuen. Curriculuma osatzeko, Mineapoliseko Emakumeen eta Haurren Ospitalean praktikak egiten aritu zen, baita Ingalaterra Berrikoan ere.
1. irudia: Alice Hamilton, medikua. (Argazkia: National Library of Medicine – erabilera publikoko irudia. Iturria: Wikipedia)XIX. mendearen amaieran, oso ohikoa zen zientzialari estatubatuarrak Europa aldera joatea, batez ere Alemaniara, euren karreretan trebatzen jarraitzeko. Hala egin zuen Alicek ere –halaber bere ahizpa Edithek, greziar kulturan eta mitologian espezializatu zen idazle ospetsuak–. Frankfurten, Munichen eta Leipzigen bakteriologia eta patologia ikastea lortu zuen arren (1895-1897), bai Alicek eta bai bere ahizpak diskriminazioa jasan zuten emakume izateagatik. AEBra itzultzean, Johns Hopkins Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean graduondoko ikasketak egiten jarraitu zuen, ikerkuntzako laguntzaile gisa. Bertan, Simon Flexner, geroago Rockefeller Institutuaren agintea hartuko zuen patologoarekin, eta William H. Welch eta William Osler zientzialariekin egin zuen lan.
Itzuli zenean, anatomia patologikoko irakasle lanetan hasi zen Northwestern Unibertsitateko Emakumeentzako Medikuntza Fakultatean. Ondoren, bakteriologo aritu zen Chicagoko Gaixotasun Infekziosoen Institutuan, 1909ra arte.
Chicagon finkatu bezain laster, lan osasunaren arloarekiko interesa sortu zitzaion. Hamiltonek asko ikasi zuen mediku lanetan arituta Hull House izeneko harrera etxean. Hull House Jane Addams gizarte langileak sortu zuen –Bakearen Nobel sariaren irabazlea 1931n–. Han, laguntza eskaintzen zieten Europako migratzaileei eta txirotasunean murgilduta baldintza txarretan aritzen ziren langileei. Alicek Osasunerako Hezkuntzari buruzko eskolak eman zituen, eta zenbait gaixotasun ikertzen aritu zen, hala nola sukar tifoidea eta tuberkulosia. Izan ere, gaixotasun horiek gogor astintzen ari ziren komunitatea, laneko baldintza txarren ondorioz.
Aitzindaria izan zen Lan Medikuntzan (ingelesez, Industrial Medicine; geroago, Occupational Medicine). Ordura arte, ez zen AEBn ikerketa lerrorik ireki. Bera izan zen aitzindaria: 1908an, gaiari buruzko lehen artikulua argitaratu zuen.
2. irudia: Alice Hamilton 1947. urtean, bere etxeko lorategian. (Argazkia: Radcliffe Institute – Harvard University. Iturria: National Library of Medicine)Bere espezializazioa zela eta, Illinoiseko Gaixotasun Profesionalen Batzordeko kide izendatu zuten –herrialdean sortu zen lehen ikertaldea izan zen hura–, lanarekin lotutako gaixotasunak ikertzeko. Zehazki, berunarekin, artsenikoarekin, merkurioarekin eta radioarekin lan egiteak zekartzan arriskuak aztertu zituen. Hainbat gomendio eman zituen, langileek kalte gutxiago jasan zitzaten, eta metal eta konposatu kimikoek pertsonentzat eta ingurumenerako dituzten ondorio kaltegarrien arriskuaz ohartarazi zuen. Berunaren bidezko pozoitzearen ikerketan aditua bihurtu zen. Halaber, lehergailuak fabrikatzearen ondorioei buruz ikertu zuen Lehenengo Mundu Gerran. Artikulu zientifiko asko idatzi zituen, bai eta bi liburu ere: Industrial Poisons in the United States (1925) eta Industrial Toxicology (1934).
1919an, sortu berria zen Harvardeko Industria Medikuntzako Departamentuak irakasle laguntzaile aritzeko kontratatu zuen. Erakunde horrek irakasle aritzeko kontratatu zuen lehenengo emakumea izan zen. Ezustekoa hain izan zen handia, ezen New York Tribune aldizkariak izenburu hau jarri baitzion albisteari: «A Woman on Harvard Faculty — The Last Citadel Has Fallen — The Sex Has Come Into Its Own». Hamiltonek, hala ere, diskriminazioa pairatu behar izan zuen. Bere arloan onena zen arren, batzuek ez zuten begi onez ikusten emakumea izatea. Kontratatu egin zuten, baina debekuren bat ezarri zioten. Adibidez, ezin zuen unibertsitateko graduazio ekitaldietara joan.
1924 eta 1930 artean, Nazioen Ligako Osasun Batzordeko emakume bakarra izan zen Hamilton. 1935ean erretiratu zen Harvardetik, baina irakasle emeritua izaten jarraitu zuen. Ondoren, AEBko Lan Arauen Dibisioko aholkulari medikoa izan zen. 1943an, bere autobiografia argitaratu zuen: Exploring the Dangerous Trades. 1947an, Zerbitzu Publikoaren Albert Lasker saria jaso zuen. 1995ean, zigilu bat sortu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Posta Zerbitzuan, bere ibilbidea eta osasun publikoari egindako ekarpena oroitzeko. Alice Hamilton berak bultzatutako aldaketak gauzatuta ikusi gabe hil zen. Hil eta hiru hilabetera, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak langileen egoera hobetuko zuen Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Legea onartu zuen.
Iturriak:- Retratos de Médicos, Alice Hamilton.
- Science History Institute, Alice Hamilton.
- Wikipedia, Alice Hamilton.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Alice Hamilton (1869-1970), Laneko Medikuntzan aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Europar Batasuneko Energia-testuingurua. Eraginkortasun Energetikoa Industrian
Europar Batasunak (EB) energia merkatu aldakor bati aurre egin behar dio, eta ildo horretan, “Horizon 2020” deritzon programa jarri du indarrean.
1. irudia: Europar Batasunak hainbat neurri hartu ditu energiari eta klima-aldaketari dagokionez. (Iturria: Alexas_Fotos, Pixabay).Bertan, 2020ra arteko epealdia ezarri dute honako xede hauek bideratu ahal izateko:
- Kontsumitutako energiaren % 20ak jatorri berriztagarria izan behar du.
- Eraginkortasun energetikoa hobetu behar da energia primarioaren erabilera % 20 murrizteko.
- 1990. urteko balioekin alderaturik, berotegi efektuko gasak % 20 murriztu behar dira.
Eraginkortasun energetikoa bideratzeko indarrean dauden “Eraginkortasun Energetiko Plana” eta “Eraginkortasun Energetiko Direktiba 2012/27/EU” definitu dira. 2011ko Eraginkortasun Energetiko Plana, planetaren baliabideak errespetatzean oinarritzen da, karbono-baxuko sistemak ahalbidetuz. Eraginkortasun Energetiko Direktiban helburu nagusia estatu kide guztiak lege berberaren pean egotea da, 2020 urterako %20ko eraginkortasun energetikoa lortzeko. Zuzentarauak; energiaren transformaziotik, banaketa eta bukaerako kontsumora arte, energiaren segida osoa kontuan izaten du.
Bestetik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko erkidego internazionalak lehenengo urratsa eman du, ingurumeneko batezbesteko tenperatura 2ºC baino gehiago ezin dela igo hitzartuz. Tenperatura gehikuntza hori, klima aldaketari buruzko Pariseko Hitzarmenean adostu egin zen. Aldaketa klimatikoak erlazio estua dauka energia sektorearekin, berotegi efektuko gasak horren arduradunak baitira. Hori dela eta, EBk gogotsu lan egiten ari da emisioak mugatzeko, eta horretarako “cap and trade” mekanismoa eta “2020 klima eta energia paketea” azaldu dira. “Cap and trade” politikak mekanismo bat da kostu teknologiko minimoan berotegi efektuko gasen emisioa murriztea sutatzen duena.
Dena den, ikerkuntza eta garapen teknologikoak ezinbestekoak dira “Horizon 2020” xedeak betetzeko, beraz, “Set-Plan” edo “Energia Teknologia Estrategikoa” ezinbestekoa izan da horretarako. 2007tik aurrera, EBko energia eta klima politikan, Set-Plan ikerkuntza eta garapen teknologikoaren ardatz bihurtu baita. Ildo honetan, industriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko, SPIREk proiektu anitzetan lan egiten dago; adibidez, ondar beroa berreskuratzeko Indus3Es, I-ThERM, TASIO, SusPIRE eta Smartrec proiektuak daude, bakoitzak teknologia desberdinak erabiltzen dituelarik. Labe industrialen diseinua eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko VULKANO, DREAM eta IMPRROF proiektuetan dihardu. Bestalde, energia eraginkortasun kudeaketan EPOS eta MAESTRI proiektuetan jarduten du.
Azkenik, EBk 2030 eta 2050 urteetarako helburu berriak ezarri dira. 2030 urterako 1990. urteko mailarekin alderaturik, berotegi efektuko gasak % 40 murriztuko dira, energia berriztagarrien parte hartze minimoak % 27koa izan behar du, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza minimoak % 27koa izan behar du eta azkenik, % 15eko elektrizitate interkonexioa egongo da. Horretaz gain, 2050 urterako karbono-baxuko ekonomia izateko nahia dago; beraz 2050eko energia bide-orriak honako hau adierazten du: 1990. urteko mailarekin alderatuta, berotegi efektuko gasak %80 murriztu behar direla. Beraz, 2030 eta 2050 urteko helburuak lortzeko ikerkuntza lerroak dira; karbono baxuko teknologia, industrian, garraioan eta eraikuntzetan eraginkortasun energetikoa hobetu, energia berriztagarrien erabilera sustatu elektrizitatea ekoizteko, emisiorik gabeko garraioan apustu, ordezko erregai fosilak edo errekuntza metodologia berriak erabili emisioak murrizteko (flameless combustion, hidrogenoa erregai moduan, egoera superkritikoan gas diren erregaiak), karbono hartze eta biltegiratze teknologia potentzia instalakuntzetan aplikatu eta hiri ondarea murriztu. EBren helburua azkenean, 32 urte igarota, elektrizitate kontsumo osoa energia berriztagarrietatik izatea nahi da; EBk lortuko duela uste al duzue?
Iturria:
Romero Anton, Naiara; Martin-Escudero, Koldobika; del-Portillo-Valdés, Luis Alfonso (2019). «Europar Batasuneko Energia-testuingurua. Eraginkortasun Energetikoa Industrian»; Ekaia, 36, 2019, 191-207. (https://doi.org/10.1387/ekaia.19698) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Europar Batasuneko Energia-testuingurua. Eraginkortasun Energetikoa Industrian.
- Laburpena: Europar Batasunak (EB) energia merkatu aldakor bati aurre egin behar dio eta, ildo horretan, «Horizon 2020» deritzon programa jarri du indarrean. Bertan, 2020ra arteko epealdia ezarri dute honako xede hauek bideratu ahal izateko: (1) kontsumitutako energiaren % 20ak jatorri berriztagarria izan behar du, (2) eraginkortasun energetikoa hobetu behar da energia primarioaren erabilera % 20 murrizteko eta, azkenik, (3) 1990. urteko balioekin alderaturik, berotegi efektuko gasak % 20 murriztu behar dira. Eraginkortasun energetikoa bideratzeko indarrean dauden «Eraginkortasun Energetiko Plana» eta «Eraginkortasun Energetiko Direktiba 2012/27/EU» definitu dira. Bestetik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko eta emisioak murrizteko EBk aplikatutako «cap and trade» mekanismoa eta «2020 klima eta energia paketea» azaldu dira. Dena den, ikerkuntza eta garapen teknologikoak ezinbestekoak dira «Horizon 2020» xedeak betetzeko, beraz, SET-planaren jarduerak ere aztertu dira. Horrez gain, eraginkortasun energetikoak industrian dituen aukerak aztertu dira eta, adibide moduan, SPIREk bultzatutako proiektuak deskribatu dira. Azkenik, EBk 2030 eta 2050 urteetarako proposatutako helburuak eta ikerkuntza lerroak aztertu dira.
- Egileak: Naiara Romero-Anton, Koldobika Martin-Escudero, Luis Alfonso del-Portillo-Valdés
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 191-208
- DOI: 10.1387/ekaia.19698
————————————————–
Egileez:
Naiara Romero-Anton, Koldobika Martin-Escudero, Luis Alfonso del-Portillo-Valdés UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina eta Motor Termikoak Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Europar Batasuneko Energia-testuingurua. Eraginkortasun Energetikoa Industrian appeared first on Zientzia Kaiera.
Txirrindularien kaskoen azpian dagoen zientzia
Egun hauetan Frantziako Tourra dugu bete-betean eta txirrindularien ekipamenduaren artean kaskoak berebiziko garrantzia dauka haien segurtasunerako. Hain zuzen ere, kaskoak txirrindulariaren burua babesten du erorikoetan gerta daitezkeen lesioak murrizten lagunduz.
Irudia: Kaskoa nahitaezkoa da txirrindulari guztientzat hiriarteko bide batetik doazenean. Horrez gain, legeak adierazten du babes-elementu hauek homologatuta egon behar direla. (Argazkia: pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Gaur egun kaskoaren erabilera derrigorra bada ere txirrindularitza profesionalean, ez zen horrela izan 2003. urtera arte. UCI elkartea (The Union Cycliste Internationale) 1991n kaskoaren nahitaezko erabilera ezartzen saiatu zen, baina zenbait txirrindulari ez zeuden ados; ondorioz, UCIk atzera egin behar izan zuen. 2003. Urtean, ordea, Kivilev txirrindulari gazteak eroriko bat izan zuen, eta buruarekin jo zuen zorua. Zorigaiztoko erorikoak eragindako zaurien ondorioz hil zen. Gertakari honen aurrean kaskoaren nahitaezko erabilera arautu zuen UCIk.
Oro har, kaskoek bi zati nagusi dituzte: kanpoko azal gogorrak inpaktu baten indarra azalera handiagoan banatzea du helburu, garezurra haustea saihesteko. Bestalde, barneko geruza bigunak inpaktuaren energia xurgatzen du burura energia gutxiago transmititu dadin. Horretaz gain, kaskoak beste zati batzuk ditu: aurreko bisera, edota kaskoa lotzeko tirak, besteak beste.
Gaur egun forma aerodinamikoa duten arren, lehenengo kaskoak larruzko zintez eginda zeuden eta ez zuten gehiegi babesten. Polimeroen garapenarekin, ordea, sektore honen iraultza etorri zen. Izan ere, polimeroak arinak dira, erraz prozesatu daitezke nahi den itxura eta kolorea emanez eta ezaugarri egokiak dituzten polimeroak aukeratu daitezke.
Polimerozko lehenengo kaskoak poliesterino-aparrez zeuden eginak, baina kolpe bat jasotzean puskatu egiten ziren. Aparra babesteko, kanpoko geruza gogor bat gehitu zuten, polietilen tereftalato bezalako polimero zurrunez egina. Handik urte batzuetara kaskoaren fabrikazio-prozesua aldatu zen, kanpoko geruzan zuzenean poliestirenoa hedatu nahi baitzen geruza bien artean hutsarterik geldi ez zedin. Helburu horrekin, kanpoko geruzan polikarbonatoa erabiltzen hasi ziren, haren propietate fisikoak egokiagoak baitira. Aparra poliestirenoa edo poliuretanoa izan daiteke. Bi abantaila nagusi dituzte aparrek: talka batean energia xurgatzeko ahalmena dute eta oso arinak dira.
Kasko hauek burua babesten badute ere, kontuan izan behar da talka bat edo eroriko bat dagoenean zenbait indarrek parte hartzen dutela. Alde batetik indar lineala dago, baina, bestalde, indar errotazional bat dago, talka angelu batekin gertatzen denean. Buruak angelu batekin kolpatzen badu lurra, burmuinean tentsioa sor daiteke eta horrek burmuineko lesioak sor ditzake. Indar errotazional hori murrizteko, 2010 urtean MIPS (Multi-directional Impact Protection System) teknologia garatu zen. Buruaren eta kaskoaren artean plastikozko xafla bat ezartzen da, kaskoa modu independentean biratu ahal izan dadin buruarekiko; horrela murriztu egiten da, neurri batean, burmuinak jasaten duen indar errotazionala. Berriki, Wavecel teknologia deritzona garatu dute. Kasu honetan hiru dimentsiotako zeldatxoak dituen xafla bat dago kaskoaren barneko aldean buru osoa estaltzen. Horrela, talka bat dagoenean energia zeldatxoetan banatzen da eta txikiagoa da burura transmititzen den talkaren indar errotazionala.
Iturriak:- Bicycle Helmet Safety Institute: How Bicycle Helmets are Made
- Fotheringham, William (2003). Safety call as Kivilev dies. The Guardian, 2003ko martxoaren 13a.
- WaveCel: The next evolution in helmet safety for skiers and snowboarders.
Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta Colorado State University-ko Kimika Saileko ikertzailea. Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzailea Polymat Institutuan.
The post Txirrindularien kaskoen azpian dagoen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: adimen artifiziala 4.0 industriarako prozesuetan
«Kolorezko zurrusta da mundua» abesten zuten Disneyren ekoizpenetako batzuen sarreran; bada, pantailan xarmanta den hori, ez da zuzena. Datu zurrusta den mundu batean bizi gara; eta garrantzizko informazioa lortzeko ahalegina egiten du gure entzefaloak, baina ez beti arrakastaz.
Datuak aktibo ekonomiko bat direlako kontzientzia gorpuzten ari da Facebook eta halako enpresetan; erabiltzaile elemenia baten datuak biltzen, antolatzen eta sailkatzen ari baitira, beren produktuentzat publiko zehatz bat aurkitu nahian dabiltzan iragarleei eskueran ipini ahal izateko.
Egunero munduan sortzen den datu kopurua egundokoa da. Eta haietatik informazioa lortzea ez da erraza, alajaina, horrenbesteko datu kopurua maneiatzeko behar den gaitasuna dela-eta, eta informazio baliagarria ateratzeko gai izango diren algoritmoen diseinua eta garapena dela-eta. Horregatik irabazten du dirua Facebookek.
1. irudia: Egunero munduan sortzen den datu kopurua egundokoa da. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Baina ez da sare sozialetan amaitzen guztia. Gaur egun masiboki ari dira garatzen produktuak eta zerbitzuak hainbat alorretan: gauzen interneta, robotika, biki digitalen garapena [1], fabrikazio gehigarria (3D inprimaketa), errealitate areagotua eta beste asko. Ezaugarri komun hauek dituzte guztiek: datuak, datu gehiago eta datuen analisia. Pentsa dezagun tailerra baino zertxobait gehiago den lantegi batek teraka datu sortzen dituela egunean.
Datuen trataera adimenduna gauzen fabrikazioa iraultzen ari da: 4.0 industria deitzen denaren parte da. Big Data deitu ohi dena Huge Data deitu beharko litzateke, bil eta prozesa litekeen datu kopuru ikaragarria kontuan izanda. Genioen bezala, edozein lantegik teraka datu sortzen dituela egunean. Hain dira handiak aurrean ditugun datu kopuruak, non oso zaila baita prozesatzea erabilpen baliagarri baterako. Hori nahikoa ez, eta topo egiten dugu datuen jatorriaren pikortasunarekin: prozesu industrial bakoitzak bere denbora zikloari erantzuten dio, eta litekeena da horietako asko deterministak ez izatea; eta horrek berekin dakar denborazko serieak birdefinitu beharra [2].
4.0 industrian, gainera, gogoan eduki behar da datu-prozesaketan zenbait maila daudela:
- Gailu/makina/etapa mailakoa. Prozesuarekin interakzio fisikoan diharduten sentsoreek eta eragingailuek ematen dituzte datuak. Gauzen interneta baino harago doa hori, eta berariazko garapenak eskatzen ditu, batzuetan hodeiarekiko (hitz egingo dugu gero horretaz) konexioa ere behar dezaketenak. Izena ere badauka horrek, edge computing, mundu fisikoaren eta digitalaren arteko interfasea baita.
- Ekoizpen lerroaren (gauza zehatz bat ekoizten duten gailu/makina/etapa koordinatuen multzoa) mailakoa. Fabrikazio baten faseak elkarren artean komunikatzen dira, eta, hala, prozesu industriala optimizatzeko aukera dago. Horretarako ere badugu izena: fog computing, behe-lainoko konputazioa; behe-lainoa, dakigun bezala, lurrari erantsita dagoen hodeia dugu.
- Lantegi/enpresa mailakoa. Ekoizpen lerro guztiak koordinatu egin behar dira enpresaren sailekin (erosketak, salmentak, administrazioa, langileak, kalitatea, segurtasuna eta higienea), eta, hala, elkarreragin gurutzatu asko eta optimizatzeko aukera gehiago sortzen dira. Hor agertzen da cloud computing [3] deitzen dena, non egundoko datu kantitateak jasotzen baitira hainbat iturritatik, eta guztiak prozesatzen baitira ardura bakarreko zerbitzari batean. Operazio horiek gehienbat enpresaren eta ekoizpenaren zuzendaritzarako izaten dira.
Zer egiten dugu datu horiekin guztiekin? Era askotako helburuetarako lagunduko digun informazioa bilatzen dugu haietan: hobeto ekoitzi, hobeto saldu, kalitatea optimizatu eta horrekin guztiarekin enpresaren irabazkina hobetu [4]. Horretarako, datuen zientzia erabiltzen da, korrelazioak, patroiak eta jarraibideak aurkitzeko datuetan.
2. irudia: Laser bidezko fusio selektiboaren (SLM) eskema. (Iturria: Wikimedia Commons)Edge computingaren punta-puntako adibide bat. Hauts-ohantze bidezko fusioa da doitasunezko eta geometria konplexuko metalezko objektuak fabrikatzeko teknologia lehenetsia. Zenbait prozesu daude horretarako, erabiltzen den bero iturria (laser sorta edo elektroi sorta) eta materialaren fusio maila (sinterizatua edo fusioa) zein den. Metalezko piezak fabrikatzeko prozesu ohikoena laser bidezko fusio selektiboa (selective laser melting, SLM) izaten da. SLM bidez prozesa litezke material hauek, besteak beste: altzairu herdoilgaitza, erremintetako altzairuak, titanio aleazioak, nikela oinarri duten aleazioak eta aluminio aleazioak.
Lortek kooperatibak, adibidez, aldi berean 4 laserrekin lan egiten duen makina bat erabiltzen du SLMrako. Datuak denbora errealean monitorizatzea bera bada jada datu kantitate handi baten igorpen (big data streaming), azterketa (data analytics) eta adimen artifizialeko ariketa bat, akatsik gabe fabrikatzea helburu dela. Adimen artifizialari dagokionez, esan behar da Lortek enpresak deep learning (ikasketa sakona) erabiltzen duela, ezagutza kausitzeko algoritmoak, zeinek hutsetik abiatuz ikasten duten, landuz. Algoritmo horiek gai dira prozesuan estres egoerak detektatzeko, zenbait baldintzatan akatsak egiteko probabilitatea iragartzeko, baita horiek nola eragotzi aholkatzeko ere.
Eta hori guztia makina bakarrean…
Oharrak:[1] Produktu, zerbitzu edo sistema erreal baten erreplika birtuala da biki digitala, eta arazoei aurrea hartzeko eta funtzionalitate berriak abian jarri baino lehen arriskurik gabe esperimentatzeko bidea ematen du.
[2] Denborazko serie bat da une jakin batzuetan neurtutako eta kronologikoki antolatutako datuen segida bat.
[3] Oinezko arruntak (Internetera konektatuta bizi den hankabiko ugaztunak) uste izaten du Amazonek onlineko bere saltoki handiekin irabazten duela dirua. Irabazten du, bai, baina oso gutxi; % 2ko marjina, doi-doi. Cloud computinga da Amazonen negozio potoloa.
[4] Komeni da gogoan izatea enpresak dirua irabazteko sortzen direla. Irabazkinik ez badago, desagertu egiten dira; eta, haiekin batera, enplegua eta zergak, nola enpresak ordaintzen dituenak hala langileenak. Jende jantzia poztu egiten da enpresek irabaziak dituztenean.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: adimen artifiziala 4.0 industriarako prozesuetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota zeuden Izotz Aroan
Francis Crick Institutuko, Oxfordeko Unibertsitateko eta Vienako Unibertsitateko hainbat zientzialarik eta 10 herrialde baino gehiagotako hainbat arkeologok zuzendu duten antzinako txakurren DNAren inguruko azterketa global batean frogatu denez, duela 11.000 urte baino gehiago, Izotz Aroan, hainbat txakur mota zeuden.
Science aldizkariak argitaratutako ‘Origins and Genetic legacy of Prehistoric dogs’ azterketan jaso da ikerketa-taldearen lana. Lan horretan, 27 txakurren antzinako DNA sekuentziatu zuten; txakur horietako batzuk duela 11.000 urtera arte bizi izan ziren, Europan, Ekialde Hurbilean eta Siberian. Jasotako datuen arabera, Historiako garai hartan, justu Izotz Aroaren ondoren eta beste edozein animalia etxekotu aurretik, jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota zeuden. Gaur egun ikusten ditugun Europako txakurrek formaren aldetik izugarrizko barietatea duten arren, genetikoki, existitu ohi zen dibertsitateko azpitalde oso estu batetik datoz.
Aurkikuntza horrek erakusten duenez, gaur egun munduko hainbat lekutako txakurren artean ikusten den dibertsitatea gizakiak oraindik ehiztari eta biltzaileak zirenean sortu zen. Crick’s Ancient Genomics laborategiko buru Pontus Skoglunden arabera, “gaur egun kalean dabiltzan txakurren artean ikusten diren aldaeretako batzuk Izotz Aroan sortu ziren. Garai haren bukaeran, txakurrak jada oso zabalduta zeuden Ipar Hemisferio osoan”.
Irudia: Gaur egun munduko hainbat lekutako txakurren artean ikusten den dibertsitatea gizakiak oraindik ehiztari eta biltzaileak zirenean sortu zen. (Argazkia: pixel2013 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Antzinako genomika aztertzeak hezurdurako materialetik DNA atera eta aztertzea dakar. Iraganerako leiho bat eskaintzen du eta, horri esker, ikertzaileek duela milaka urte gertatutako aldaketa ebolutiboak ezagutu ditzakete.
Ikerketa horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Aritza Villaluengak parte hartu du. Ikerketa-taldeak frogatu duenez, azken 10.000 urteetan lehenengo txakur mota horiek nahastu eta mugitu egin ziren eta horren ondorioz sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun txakurrak. Adibidez, Europako lehenengo txakurrak, hasieran, askotarikoak ziren eta bi populazio oso ezberdinetatik zetozela zirudien, bata, Ekialde Hurbileko txakurrekin lotua, bestea, berriz, Siberiako txakurrekin. Baina uneren batean dibertsitate hori galdu egin zen, izan ere, gaur ez dago halakorik Europako txakurren artean.
Bilakaera paraleloaTxakurrek historian zehar izan duten bilakaera gizakien, bizi ohituren eta migrazioen bilakaerarekin alderatu dute, era berean, ikertzaileek. Kasu askotan, aldaketa parekagarriak gertatu ziren, izan ere, gizakiek beraiekin eramango zituzten txakurrak mundu osoan migratzen zuten bitartean. Gure lagun animalien azterketak beste geruza bat eransten dio giza historiaren inguruko gure ulermenari.
Baina beste kasu batzuetan, gizakien eta txakurren historiak ez daude lotuta. Adibidez, Europa goiztiarrean txakurren artean zegoen dibertsitatea galdu izana txakur arbaso bakarra zabaldu eta horrek beste populazioak ordezkatzearen ondorioa da. Gertaera dramatiko hori ez dago giza populazioetan islatuta, eta zehazteke dago zerk eragin zuen Europako txakurren arbaso aldaketa hori.
Oxfordeko Unibertsitateko Paleogenomika eta Bioarkeologiako Ikerketa Sareko zuzendari Greger Larsonen ustez, “txakurra gure animalia lagun zaharrena eta hurbilena da. Antzinako txakurren DNA erabiltzeak gure historia partekatua zein aspaldikoa den erakusten digu eta, azken beltzean, harreman sakon hura noiz eta non hasi zen ulertzen lagunduko digu”.
Nahiz eta azterketa honek txakur populazioen, gizakiekiko harremanen eta haien arteko harremanen historia goiztiarrari buruzko ezagutza berri garrantzitsuak eskaintzen dituen, oraindik galdera asko geratzen dira. Bereziki, txakurrak lehenengo aldiz non eta zein giza testuinguru kulturaletan etxekotu ziren jakiteko ahaleginetan ari dira oraindik ikerketa-taldeak.
UPV/EHUren ekarpenaAritza Villaluenga UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikia da eta Historiaurreari buruzko Talde Finkatuko (IT-1223-19) kidea Arabako Campusean. Villaluengak Gipuzkoako aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako Goi Paleolitotik aurrerako kanidoen arrastoak identifikatuz lagundu du ikerketan. Guztira, 32 ale; horietatik azkenean bakarra zen txakur batena, gainerakoak, beharbada, otsoak izango ziren (Canis lupus) edo kuoiak (Cuon alpinus). “Lan honek txakurraren etxekotzearen (Canis familiaris) jatorria aztertu du –esan du–. Gai horri buruz asko eztabaidatu da eta lehenengo aldiz eskala globalean aztertu da, duela 10.000 urtetiko testuinguru arkeologikoetan Asian, Afrikan, Amerikan eta Europan aurkitutako animaliak barne hartuz”.
Azterlanaren barruan sartu ahal izan den animalia bakarra Marizulo kobazulotik (Urnieta) dator. J.M. Barandiaranek induskatu zuen kobazulo hori, 1962 eta 1967 artean. Animalia hori azterlan honen barruan sartu da eta 5.390±34 BP urte dituela ikusi da (C14 AMS datazioa), hau da, duela 6.173-6.287 urtekoa dela.
Genetikoki, txakur mota hori Neolitikokoa zen. Horiek Paleolitikoko lehenengo txakurrak ordezkatu zituzten eta, era berean, geroago Brontze Aroko txakurrek ordezkatu zituzten Neolitikokoak, hau da, gaur egungo Europako txakurren arbasoek, besteak beste, euskal artzain txakurrenek.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Antzinako txakurren DNAren azterketa batek txakurren Izotz Arora arteko dibertsitatearen arrastoari segitu dio
Erreferentzia bibliografikoa:Bergström, Anders et al. (2021). Origins and Genetic Legacy of Prehistoric Dogs. Science, 370 (6516), 557-564. DOI: 10.1126/science.aba9572.
The post Jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota zeuden Izotz Aroan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #358
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Biologia
Klonak sortzea, organismo bizien kopia genetikoki berdin-berdinak sortzean datzan teknika bioteknologikoa da. 90eko urteen erdialdean, Ian Wilmut enbriologian adituak, errapearen zelula helduetatik abiatuta urrats bat eman zuen arloan: ardi bat klonatzea. Baina ez zen bide erraza izan. Ikerlanean 277 porrot izan zituzten eta saio arrakastatsu bat. Horren ondorioz ardi bat jaio zen 1996ko eta Dolly izenaz bataiatu zuten. 25 urte igaro dira ordutik hona eta mugarri bat izan zen jaiotza haren nondik-norakoak ekarri ditu Berriako Nagore Arinek plazara: 25 urte bete dira Dolly ardiaren jaiotzatik: zelula helduekin klonatu zuten lehen ugaztuna.
GenetikaMundu mailan urbanizazioa areagotzen eta hiriguneak hazten ari dira. Bertako bizilagunak ere gehiago dira eta horien artean ditugu landa-eremuetatik etorritako animalia basatiak. Ingurune berriei erantzuteko animaliak egokitu egin dira baina egokitzapen horien azpian dauden aldaketa genetikoak ez dira oso ezagunak. Koldo Garcia genetistak heldu dio kontuari eta Europako bederatzi hirietako kaskabeltz handien azterketak eman dituen emaitza interesgarriak azaldu dizkigu Zientzia Kaieran. Besteak beste, gizakion hedapenak aldatu egin duela kaskabeltz handien gene-egitura. Xehetasun guztiak Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa artikuluan.
TeknologiaEguzkiak erruz joko du egunotan eta horren ondorioz, esaterako, gaurko beroa handia dago iragarrita. Diotenez, eguzkiaren gauzarik onena itzala da eta hori berori eskaintzen du Shadowmap aplikazioak. Shadowmap-ek argia eta itzala bistaratzen ditu hiru dimentsioko mapen sareko aplikazio interaktibo batean. Horretarako, eraikinak, orografia eta lurrazala kontuan hartzen ditu ere. Sustatu agerkarian eman digute horren berri: Shadowmap, itzala non egongo den esaten dizun mapa.
César Tomék operazio-geletan zirujauen lanean parte hartzen duten robotei buruz hitz egin digu. Robot hauek kalkuluetan laguntzen diete zirujauei, esaterako, ebakuntzan sor daitezken kalteak eragozteko edota denbora errealean monitorizatzeko pazientearen posizioa, zirujauek saihestu dezaten arrisku zonak ukitzea. Horretan datza Euskal Herriko bi erakundek abian duten ELCANO proiektua. Datu guztiak tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak artikuluan.
IngurumenaAdituen kalkuluen arabera, mila milioi itsas animalia baino gehiago hil dira Kanadako Ozeano Bareko kostan, aurreko asteko bero-bolada gogorragatik. Christopher Harley itsas biologoak eta haren taldeak ohartarazi duenez, muturreko tenperaturetara ohituta ez dauden ekosistemen zaurgarritasuna nabarmena da. Iraitz Madariagak eman du honen berri Argia aldizkarian: Mila milioi itsas animalia hil ditu aurreko asteetako bero bortitzak Kanadan.
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #358 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #359
Efektu handiagoa du emakumeengan emakume izateagatik jasandako jazarpenagatik, esaten dutenagatik baino. Martha Villabonak Online harassment toward women.
Korrelazioa dago inteligentzia testek neurtzen duten dena delakoaren eta arrakasta akademiko eta profesionalaren artean. Baina bada testetatik kanpo geratzen den gauza oso garrantzitsua: IQ tests can’t measure it, but ‘cognitive flexibility’ is key to learning and creativity, Barbara Jacquelyn Sahakian, Christelle Langley eta Victoria Leong.
Erakutsi daitekeen baino askoz konplexuagoak dira sistema kuantikoak, ingurunearekin elkarrekintzan ez dagoen sistema kuantikorik ez baitago. Sistemen fisikan oinarritutako hurbilketak baliatu behar dira, beraz. DIPCk Simulation methods for open quantum many-body systems
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #359 appeared first on Zientzia Kaiera.
Lore Zumeta: “Biziraupenerako analisiari esker lesio bat sufritzeko arriskua estima daiteke” #Zientzialari 157
Biziraupenerako analisia gertaera bat izan arteko denbora aztertzen duen teknika estatistikoen multzo bat da. Horrela, hainbat gertaera ikertzeko oso erabilgarria den analisia bilakatu da, hala nola medikuntzan, farmakologian edota kirolean aplika daitekeena.
Nola jakin dezakegu kirolari batek lesio bat sufritzeko duen arriskua zein den? Estatistikari esker. Izan ere, posible da kalkulatzea zein den denbora tarte jakin batean zehar lesio bat sufritzeko probabilitatea. Horretarako, esposizio denbora kalkulatu behar da, hau da, kirolari batek kirola egiten hasi eta lesionatu arte igarotzen den denbora. Horrez gain, eredu estatistikoen bidez, faktore fisiologiko zein psikologikoek lesio batean izango duten eragina jakin dezakegu.
Kirol lesioak estatistika ikuspuntutik ikertzearen abantailak eta etorkizun hurbilean izan ditzakeen erronkei buruz gehiago jakiteko Lore Zumetarekin, BCAM zentroko Estatistika Aplikatua taldeko ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Lore Zumeta: “Biziraupenerako analisiari esker lesio bat sufritzeko arriskua estima daiteke” #Zientzialari 157 appeared first on Zientzia Kaiera.
Simetriaz eta bere hausturaz (II)
Egungo simetria kontzeptua objektuen simetria geometrikoa deskribatzearekin batera hasi zen zedarritzen, matematika zein fisika arloetan. Hartu elur-maluta perfektu bat, bere erdigunea ardatz harturik eta horri finko eutsita 60º biratu, eta ez da hasierako elur-malutatik bereizterik izango. Aitzitik, 90º biratuz gero, errotazioaren eragina sumatu ahalko dugu. Biraketaz jabetzeko, baina, erreferentzia bat beharko dugu, edo beste era batera esanda, biraketak elur-maluta transformatuko du, baina betiere kanpo-erreferentzia batekin alderatuta.
Hala, bada, objektu baten simetriari dagozkion transformazioek (errotazioak orokortzea) bereizezin bihurtzen dituzte hasierako eta bukaerako egoerak, garrantzizkotzat ditugun propietateei erreparatuta behintzat. Simetria ulertzeko modu hori (transformaziorik egon den ala ez bereizi ezin izatea) oso emankorra izan da azken 400 urteetako zientzia-ikerketan. Hiru dira garapen aipagarrienak: (I) kontzeptua simetria fisikoetara zabaltzea, (II) talde-teoriaren garapena eta haren aplikazio zientifikoak, (eta III) «simetria-haustura» kontzeptuaren garrantzi gero eta handiagoa.
Talde-teoria eta bere aplikazioakTalde kontzeptua XVII. mende bukaeratik XIX.aren hasierara arteko matematiketan sortu zen. XIX. mendeko 30eko hamarkadaren hasieran, Evariste Galois matematikariak talde diskretuak erabili zituen (elementu kopuru finitu bat zeukaten taldeak) ekuazio polinomikoen ezaugarriak emaitzen ezaugarri estrukturalen arabera deskribatzeko. 70eko hamarkadan, berriz, Sophus Lie matematikariak gauza bera egiteari ekin zion ekuazio diferentzialekin, eta hari horretatik tiraka heldu zen talde analitiko jarraituetara (Lieren taldeetara). Felix Klein matematikariaren Erlangen programak (1872) geometria bat zer zen azaltzeko definizio formal bat ematea zuen helburu, intuizioetatik haratago. Geometrien ezaugarriak deskribatzeko, talde-teoria erabili zuen. Horren ondorio gisa, geometria ez-euklidearrak euklidearren maila berean egotera igaro ziren, eta, gerora, berebiziko rola hartu zuten erlatibitate orokorrean.
Talde-teorien lehen aplikazio zientifikoetako bat kristalak aztertu ahal izatea izan zen. René-Just Haüy frantziarrak simetria erabili zuen kristalinoen egitura eta eraketa sailkatzeko eta ezaugarritzeko, bere Traité de mineralogie lanean (1801). Aplikazio horrekin, kristalografiak disziplina izaera hartu zuen, mineralogiatik bereizi zuen bide berria urratuaz. Haüyren lanetik abiatuta, bi ikerketa-lerro berri hasi ziren. Emaitza: 32 transformazio puntual motak eta 14 Bravais sareak, den-denak talde diskretuen arabera definigarriak. Transformazio puntualen eta sareen arteko baturaren emaitza, azkenean, E.S. Fedorov (1891), Artur Schönflies (1891) eta William Barlow (1894) zientzialarien 230 talde espazialak izan ziren.
Talde diskretuen teoriak funtsezkoa izaten jarraitzen du solido-egoeraren fisikan; kimikan; materialen zientzian; eta eremuen teoria kuantikoan, CPT teoremaren bidez.
Simetria jarraituak bi motatakoak dira: globalak, translazio edota galilear errotazioen modukoak, eta lokalak, hala nola elektromagnetismoko Gauge simetriaren tankerakoa edo erlatibitate orokorraren eremu-ekuazioen koordenadak transformatzean egoten den inbariantzaren modukoa. Teoriak eraikitzeko orduan simetria jarraituek duten garrantzia indartu egin zen 1918an, Emmy Noether matematikariak frogatu zuenean lotura orokor bat zegoela simetria jarraituen eta kontserbatutako kopuruen artean, eta lagundu zuenean simetria lokaldun teorien egitura argitzen.
Talde-teoriek eta simetriek asko lagundu dezakete teoriak zehazten eta garatzen. Esaterako, partikulen fisikan simetria globalak erabiltzen dira partikulak sailkatzeko eta partikula berriak iragartzeko. Horren adibide da omega barioi negatiboa, zeina 1962an iragarri zen Lie SU(3) talde baten bitartez, eta 1964an detektatu.
1918an Hermann Weyl matematikariak simetria eskala lokalera zabaldu zuen, grabitazioaren eta elektromagnetismoaren teoria bateratua eraikitzeko. Helburua, berak aitortu moduan, erlatibitatearen teoria orokorra ordezkatzea zen. Weylen ideiak ez zuen aurrera egin, ezta Chen Ning Yang eta Robert Mills fisikariek 1954an proposaturikoa ere, nahiz eta proposamen hori, gaur egun, lehen Gauge teoria lokal moderno gisa hartzen den. Alabaina, 60ko hamarkadako aurrerapenen ostean, Gauge simetria lokalen bitartez azalduriko teoriak dira nagusi oinarrizko fisikan.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
Simetriari buruz idatzitako artikulu-sorta:- Simetriaz eta bere hausturaz (I)
- Simetriaz eta bere hausturaz (II)
- Simetriaz eta bere hausturaz (eta III)
The post Simetriaz eta bere hausturaz (II) appeared first on Zientzia Kaiera.
Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa
Eguneko lehenengo argi-izpiekin batera txoriak abesten hasten dira. Beren kantuarekin esnatu egiten gara eta gure bizitzen soinu-bandaren parte dira. Hirietan nahiz landetan txio egiten dute txoriek, baina argi dago hirietako eta landetako inguruneak guztiz ezberdinak direla. Horrek eraginik ote du beren gene-egituran? Ezberdinak ote dira hirietako eta landetako txoriak?
Orain dela gutxi argitaratutako lan batean, ikertzaile-talde batek aztertu eta erkatu egin du hirietan eta landetan bizi diren 192 kaskabeltz handien (Parus major) gene-informazioa. Lan hori gauzatzeko laginketak Europako 9 hiritan egin zituzten eta gertuko landa-eremu batean; horrela aztertu nahi zituzten urbanizatutako eta urbanizatu gabeko pareko guneak. Honakoak izan ziren hiri horiek: Bartzelona, Glasgow, Göteborg, Lisboa, Madril, Malmö, Milan, Munich eta Paris. Kaskabeltz handi bakoitzean milioi erdi gene-aldaeratik gora aztertu ziren, txori hau ikertzeko zehazki diseinatu zen genotipazio txip bat erabilita, hau da, gizakien gene-aldaerak aztertzeko ohikoa den teknologia moldatuta.
1. irudia: Hirietako eta landetako kaskabeltz handiek gene-ezberdintasunak dituzte. (Argazkia: Oldiefan – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Aztertutako toki ezberdinetako kaskabeltz handiak nahiko antzekoak izan ziren, genetikoki bederen. Salbuespenak izan ziren Lisboako eta Glasgoweko kaskabeltz handiak, espezie honen bizi-eremuaren ertzetan kokatzen diren tokiak, hain zuen ere. Beste era batera esanda, gene-osaketak ez zuen islatu hirien arteko ezberdintasun handirik. Hala ere, aztertutako hiri guztietan –Munichen eta Parisen izan ezik– hiri-eremuetako eta landa-eremuetako txoriek izan zituzten gene-ezberdintasunak.
Ondorioz, lanaren egileek iradokitzen dute hirien kolonizazioa landa-eremuetatik abiatu zela, hiri bakoitzean modu independentean. Adibidez, zozoek (Turdus merula) hiriguneak horrela kolonizatu zituztela proposatu zen antzerako beste lan batean. Gainera, egileek detektatu zuten Glasgoweko eta Lisboako kaskabeltz handien artean gene-elkartrukea egon zela eta, ondorioz, proposatzen dute bide horren bidez urbanizazioa erraz dezakeen gene-informazioaren elkartrukea egon zitekeela.
Hiri-eremuetako eta landa-eremuetako kaskabeltz handien gene-ezberdintasunak sakonago aztertzerakoan, egileek ikusi zuten gene-aldaera batzuen maiztasuna aldatu egin dela hiri-eremuetako kaskabeltzetan. Ondorio horretara heltzeko, bi metodo ezberdin erabili zituzten. Metodo batek detektatu zituen 2.758 gene-aldaera urbanizazioarekin lotura zutenak; besteak, aldiz, bakarrik 70 gene-aldaera. Horietatik 34 gene-aldaera bi metodoek detektatu zituzten. Lanaren egileen aburuz, seguru asko, 34 gene-aldaera horiek dira hiriguneetara moldatzeko prozesuan parte hartu dutenak. Gainera, ikusi zuten gene-aldaera horiek kokatuta zeudela genomako eskualde berdintsuetan hiri gehienetako txorietan. Hala, ikertzaileek ondorioztatu zuten hiriguneetara moldatzeko prozesuan hainbat gene-aldaerak parte hartzen dutela, eta aldaera horietako gutxi batzuetan nabarmenagoak direla hirietako eta landetako kaskabeltzen arteko ezberdintasunak.
2. irudia: Kaskabeltz handiak hiriguneetara moldatu dira. (Argazkia: Steffen Wachsmuth – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Aipatutakoaz gain, lan honen egileek aztertu egin zuten hautespen naturalak nola jokatu duen gene-ezberdintasun horien sorreran. Adibidez, ezaguna da halako eboluzio-prozesua izan dutela New Yorkeko arratoiek (Rattus norvegicus). Gainera jakin nahi zuten ea hirigune bakoitzean espezifikoa izan ote zen hautespen hori edo zenbait lekutan partekatua. Hala, ondorioztatu zuten hiriguneetara moldatzeko gene-aldaera horien hautespena gertatu berria dela edo gertatzen ari dela eta, orotara, 127-173 gene-eskualdek izan dutela hautespen hori. Gainera, hirietako kaskabeltz handietan detektatzen diren gene-aldaketa horietatik gehienak hiri bakoitzeko populazioak berezkoak zituen, gene-aldaketa batzuk komunak baziren ere. Komunak ziren eskualde horiek, gehienera, bost populaziok partekatzen zuten eta ez zuten zerikusirik ez banaketa geografikoarekin, ezta populazioen distantzia genetikoarekin ere. Migrazioek eragindako gene-elkartrukea baztertu ezin badaiteke ere, litekeena da populazio bakoitzean modu independentean gertatu izana hautespen prozesu hori. Ondorioz, egileek uste dute kaskabeltz handiek urbanizatzerakoan antzeko gene-mekanismoak erabiltzen dituztela, baina modu independentean garatu dituztela mekanismo horiek.
3. irudia: Gizakion hedapenak aldatu du kaskabeltz handien gene-egitura (Argazkia: MabelAmber – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hautespena izan duten gene-aldaera eta gene-eskualde horiek zein gene eta funtzio biologikotan kokatzen ziren aztertzerakoan, lanaren egileek ikusi zuten aldaerek eta eskualdeek lotura zutela jokaera ezartzen duten ezaugarriekin, gaitasun sentsorial eta kognitiboekin eta neuronen garapenarekin. Alegia, beste espezie basati batzuen urbanizazioan detektatu diren funtzio biologikoak, hain zuzen ere. Lan hau egin baino lehenago, ezaguna zen hirietako kaskabeltz handien abestien egitura ezberdina zela edo ihes egiteko estrategiak ezberdinak zirela. Ezezaguna zen, ordea, ezberdintasun horiek hiriguneetara moldatzeko ondorio zirenik edo espeziearen berezko ezaugarriekin azal zitezkeenik. Lan honek iradokitzen du ezberdintasun horiek hiriguneetara moldatzeko gertatu diren gene-aldaketen ondorio direla.
Laburbilduz, Europan zehar kaskabeltz handiak aldaketak izan ditu bere gene-egituran hiriguneetara moldatzerakoan. Moldaketa horrek, hautespen naturala medio, eragina izan du jokaera ezartzen duten eta neuronen garapenean parte hartzen duten geneetan, hiri bakoitzean modu independentean gertatu bada ere. Hortaz, badirudi, edonon, hirien bizimodura moldatzeko eta ohitzeko jokaera- eta zentzumen-moldaketak behar direla. Baita txorietan ere.
Erreferentzia bibliografikoa:Salmón, P., Jacobs, A., Ahrén, D. et al. (2021). Continent-wide genomic signatures of adaptation to urbanisation in a songbird across Europe. Nature Communications, 12, 2983. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-021-23027-w
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak
Automatizazioa etorkizuna zen orain dela 50 urte. Robotizatzea hain da etorkizun hurbila, oraina baita. Eta giza jardueraren arlo guztiak robotizatzea, dirudienez, joera geldiezina da. Baina ez dugu zertan robot guztiz autonomoetan pentsatu behar, Isaac Asimoven 1950eko izen bereko liburuan oinarritutako Yo Robot (Alex Proyas, 2004) filmekoak bezalakoetan.
Laguntzaile gisa integratuko dira robotak gure eguneroko ekintzetan. Horren adierazgarri dira, adibidez, oso tentuz egin beharreko ebakuntza kirurgikoetan laguntzaile gisa baliatzen diren robotak.
1. irudia: Ebakuntza-gela baten lanean. (Argazkia: Artur Tumasjan – Unsplash lizentziapean. Iturria: unsplash.com)Demagun bizkarrezurreko ebakuntza bat egin behar dugula, baina ez dugula nahi ebakuntza hori apenas inbaditzailea izatea. Oso modu sinplean esateko, halako ebakuntzetan erabateko zehaztasunez jakin behar da torlojuak non jarri ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, eta ziur egon behar da orno muina ukitzen denean konpondu nahi dena baino kalte handiagorik ez dela eragingo.
CEIT eta Egile erakundeak lankidetzan ari dira ELCANO proiektuan; mota horretako ebakuntzetarako irtenbide integratu eta robotizatu bat garatzeko jomuga du, hain zuzen, ELCANO proiektuak. Kirurgiaren arduraduna da ebakuntza erabakitzen eta egiten duena; robotak kalkuluetan lagunduko dio, eta kalteak sor daitezen eragozteko ere baliagarria izango zaio. Laguntza hori hiru arlotan gauzatzen da; lehen biak dira hirugarrena –hots, robotaren jarduketa– ahalbidetzen dutenak:
- ebakuntzaren plangintza birtuala,
- nabigazio sistema edo trackinga,
- laguntzaile robotizatua (COBOT).
Ospitaleek irudi bidezko komunikazio eta artxibatze sistema bat izan ohi dute (PACS, ingelesezko sigletan). Sistema horren funtzio nagusia irudiak gordetzea eta ospitaleko zerbitzuen arteko komunikazioa erraztea da. PACS sistema perfektuak irudiaren ibilbide osoari erantzun behar dio: atzematea, diagnostikoa, txostena egiteko prozesua eta monitorizazioa.
Ebakuntza baino lehen*, plangintza software batek (viewIT-spine) pazientearen historian bildutako informazioa erauzten du PACS sistematik, eta pazientearen eredu birtual bat taxutzen du, eskuragarri dauden TACeko irudietan oinarrituta. Horrekin zirujauak ebakuntzaren plangintza egin dezake, bere bulegotik pazienteari sartu nahi dizkion torlojuen posizioa eta orientazioa zehaztuta. Behin bukatu ondoren, plangintza ebakuntza gelara igortzen da.
Nabigazio sistema/trackingaEbakuntza gelan instalaturiko gailu batek denbora errealean monitoriza dezake pazientearen posizio erreala, eta, hala, korrelazio bat sortzen du paziente errealaren jarreraren eta planifikatzailearekin taxututako eredu birtualaren artean. Horretarako, viewIT-spine softwarearen modulu bat denbora errealean exekutatzen da ebakuntza gelan.
3. irudia: Ebakuntza-gelaren prototipoa, 6 askatasun-graduko robot batean oinarritua. (Argazkia: Cuaderno de Cultura Científica bloga)Laguntzaile robotizatua (COBOT)COBOT sistema robotiko bat da, planifikatzailearen informazioa jasotzeko gai dena. Robot hori gai da mugimenduaren murrizte aktibo batzuk taxutzeko eta zirujauarekin elkarlanean aritzeko (COllaborative roBOT), ebakuntza errazte aldera. Horrekin batera, mugimendu murrizketek zirujauaren mugimenduak mugatzen ditu, arrisku zonak ez ukitzeko.
* Profesionalentzako oharra:
Torloju transpedikularrak erabiliz egindako lotura ebakuntzak. Kontzeptua bestelako ebakuntzetarako ere aplikagarria da, hala nola alde batetik egindako artrodesi intersomatikorako (ALIF edo TLIF).
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
The post Tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak appeared first on Zientzia Kaiera.
Bilboko itsasadarra, etengabeko bilakaeran
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita
Merkataritza-hiribildu izatetik, industria-hiri izatera eta, egun, zerbitzu-sektorean diharduen hiria pasa da Bilbo, etengabeko bilakaeran. Eraldaketa horretan, Trianoko mendiekin batera, ezinbestekoa izan da itsasadarra.
Erabileran ez ezik, eraldaketa fisikoak ere ikusgarriak izan dira Bilboko itsasadarrean:
- 1300. urtean portua Areatzan zegoen.
- 1654an Uribitarteko uhartea sortu zen, uholdeak ekiditeko.
- 1887an Portugaleteko hareazko barra kendu zen, itsasontzi handiei nabigazioa errazteko.
- 1905ean kanpoko portuaren lehen kaia eraiki zen.
- 1968an Deustuko ubidea zabaldu zen.
- 1992an kanpoko portua handitu zen.
- 2018an Zorrozaurre uhartea sortu zen.
Bilakaeran ezinbestekoak izan dira zientzia eta teknologia.
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusitaIbaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.
Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.
Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak:
- Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia
- Berreskurapena Bilboko itsasadarrean: fauna
- Meatzaritza: itsasadarra garraio bide
- Bizia itsasadarrera bueltatzeko azpiegitura
- Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri
- Metroak Bilboko itsasadarrean dituen pasabideak
- Flora eta faunaren bilakaera Abran
- Bizkaia Zubia, Aro Industrialaren ikonoa
The post Bilboko itsasadarra, etengabeko bilakaeran appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #357
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
OsasunaAinize Odriozola ugalketaren biologian espezializatua dago eta egun gizonezkoen antzutasun arazoak ikertzen ditu helburu jakin batekin: baliabide terapeutikoak izan daitezkeen erremintak sortzea. Hori da bere doktorego-tesiaren oinarria eta Unibertsitatea.net atarian elkarrizketatu dute eskuartean duen ikerlerroa ezagutzeko: “Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi dugu“.
MikrobiologiaGizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien (eta batez ere ornodunen) gaitzei deitzen zaie zoonosia. Zientzialariek ohartarazi gintuzten egun bizi dugun pandemia bat bezalakoa etor zitekeela. Kontua da, bizi izan dugun guztiak prestatu gaitu beste pandemia bati hobeto aurre egiteko? Juanma Gallego kazetariak Guillermo Quindós mikrobiologoarekin eta Neikerreko Marta Barral ikertzaileekin aztertu du gaia. Besteak beste, adituek uste dute baliabide gehiago eskuratu ditugula etor litekeen izurriteari aurre egiteko, adibidez, sekuentziazio masiborako tresna berriek abantaila nabarmena ematen dutelako patogenoei buruzko ezagutzan. Hala ere, ezinbestekoa da bidean egon daitezkeenei adi egotea.
BiologiaInurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. Normalean inurriek larba edo pupa forma dutenean harrapatzen dituzte esklabistak haien koloniara eramateko. Behin inurri langileak bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Juan Ignacio Pérez biologoak kontatu digu istorio harrigarri hau: inurriak esklabo bilatzen dituzten inurriak.
PaleontologiaUPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen espezie berri bi deskribatu ditu, hau da, bi sasizaldi-espezie berri: Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni. Biak Arabako paisaia subtropikalean kokatzen dira eta Eozeno berantiarrean bizi zirela zehaztu dut ikertzaileek. Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian jaso ditu datu guztiak: duela 37 milioi urteko bi sasizaldi-espezie berri aurkitu dituzte Araban.
EkologiaKontrol biologikoa esaten diogu uztetan kalteak eragiten dituzten izurriteak kontrolatzeko etsai naturalak askatzeari. Nekazaritzan erabiltzen den estrategia hau, esaterako, lorezaintzan ere usu ikusten da. Berrian Enekoitz Telleriak azaltzen du Hernaniko Udalak mantangorrien larbak jarri dituela hainbat zuhaitzetan zorriei aurre egiteko. Kazetariak adituekin hitz egin du eta gako bat nabarmentzen dute hauek, biodibertsitatea mantentzea oinarrizkoa da. Izan ere, geroz eta biodibertsitate handiagoa, izurriak hobeto kontrolatzen dira. Datu guztiak intsektuak intsektuen kontra artikuluan.
Antonio Turiel Fisika Teorikoan doktorea da eta Bartzelonan dagoen CSICeko Itsas Zientzien ikertzailea. “Petrocalipsis” liburua argitaratu berri du, non petrolioaren ekoizpenaren gailurra gainditu ondoren, produkzioaren gainbeherak eragindako krisi sistemikoa aztertzen du. Iñaki Petxarromanek elkarrizketatu du Berrian eta Turielen esanetan energia krisiari aurre egiteko “Energia tokian tokian aprobetxatzeko sistemak antolatzea da alternatiba, modu eraginkorrago batez, material eta inpaktu gutxiagorekin. Elikadura industria eta banaketa sistema aldatzea, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartuz.”
MatematikaErabaki indibidualak, esaterako, zer produktu erosi edo arrisku-portaera bat hartu ala ez, sarritan beste pertsona batzuen erabaki, jokabide edo egoeren araberakoak izaten dira. Baina jendeak oso gutxitan izaten du besteen egoerei buruzko ezagutza osoa, baizik eta haien gizarte-harremaneni buruzko pertzepzioak ditu abiapuntu gisa. Horregatik, sare batean oro har arraroa den egoera bat gainbaloratua egon daiteke. Efektu horri “gehiengoaren ilusioa” deitzen diogu, eta egoera horren prebalentzia sistematikoki gehiegi estimatzera eramaten ditu norbanakoak. Josu Doncel matematikariak azaltzen du Zientzia Kaieran: Gehiengoaren ameskeria.
AstrofisikaLehenengo aldiz, bi zulo beltzen eta bi neutroi-izarren arteko fusioa detektatu dute zientzialariek. Gertaera 900 milioi argi-urte inguruko distantzian dauden bi galaxiatan gertatu zen, bi zulo beltzek bi neutroi-izar irentsi zituzten, eta prozesuan grabitazio-uhinak sortu zituzten. Talkak hain bortitzak eta masiboak izan ziren, ezen, distantzia horretan ere, ikertzaileek detektatu ahal izan zituztela sortutako grabitazio-uhinak. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Zulo beltz batek bere orbita-sistemako neutroi-izarra irentsi duela detektatu dute.
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #357 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #358
ESA Europar espazio agentziaren astronauta izateko prozesuan izena emateko epea bukatu da orain dela gutxi. Izena eman dutenak, printzipioz, oso argiak dira. Eta oso-oso ausartak… Spaceflight affects mitochondria Rosa García-Verdugorena.
Ez duzu begiekin ikusten. Begiak datuak baino ez dituzte harrapatzen, burmuinarekin ikusten duzu. Horregatik zara gai begiak itxita pertsona, objektu edo egoera bat bistaratzeko. Pertsona guztiek ezin dute, baina. Gainera, ez dauden gauzak ikusteko gai da burmuina. Pseudo-hallucinations: why some people see more vivid mental images than others – test yourself here Reshanne Reederena.
Fisika edo kimika ikasi baduzu dipolo hitza ezagutuko duzu, monopolo ere. Baina seguru anapolo berria dela. DIPC eta fotonika: Kerker anapoles
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #358 appeared first on Zientzia Kaiera.
Andrea Cabezas, erizain ikertzailea: “Lehen ikuspegi biomedikotik lantzen zen erizaintza; ez zen aztertzen ingurune soziala”
Pertsona batzuek garbi dute txikitatik zer ikasi nahi duten eta zertan egin nahi duten lan; Andrea Cabezas Rodríguez ez zen horietakoa: ez zuen erizaintza ikasiko zuela imajinatzen, eta, are gutxiago, ikertzaile izango zela. Alabaina, bidean sortzen joan zaizkion aukerei heldu die, eta, gaur egun, tesia egiten ari da, osasun mentaleko genero-desberdintasunen gainean.
Horra iristeko, batxilergoa bukatu zuenean erizaintza ikastea erabaki zuen. “Beti gustatu izan zitzaizkidan biologia eta osasuna, eta, azkenean, erizaintza aukeratu nuen. Ikasketak asko gustatu zitzaizkidan, eta, tesia egiten hasi aurretik, Osakidetzan lana egiteko aukera izan nuen, eta hori ere benetan gustuko izan nuen”, aitortu du.
Irudia: Andrea Cabezas Rodríguez, erizain ikertzailea.Laneko bigarren urtean, EHUko Osasun Publikoko Masterra egiten hasi zen, eta desberdintasun-sozialak osasunean gaiak harrapatu zuen: “Erizaintzako ikasketetan, gaia aipatu, aipatzen da, baina, oro har, alderdi klinikoari jartzen zaio arreta. Hau orain aldatzen ari da, baina, nire garaian, batez ere ikuspegi biomedikoarekin lantzen zen, eta ez zen hainbeste aztertzen ingurune soziala eta nola eragiten duten baldintzatzaile sozialek osasunean”.
Hala, masterraren amaierarako, desberdintasun sozialek haurren osasunean duten eraginari buruzko lan bat egitea erabaki zuen. “Orain OPIK ikerketa-taldean nire lankidea denarekin egin nuen, Yolanda González Rábagorekin. Ustekabean, tesia egitea proposatu zidaten, eta, aurrez horretarako asmorik ez nuen arren, aukera erakargarria iruditu zitzaidan. Azken finean, praktika klinikoa beti izango dut hor, baina agian ez nuen inoiz gehiago izango tesi bat egiteko aukera. Beraz, aurrera egin nuen”.
Berez, desberdintasun sozialek adinekoetan duten eraginari buruz ikertzeko asmoa zuen, baina ez zuen horretarako finantziaziorik lortu. Aldiz, osasun-mentalean genero-desberdintasunak ikertzeko proiektu bat aurrera atera zen, eta hor aritzeko aukera sortu zitzaion. Oso interesgarria iruditu zitzaionez, baiezkoa eman zuen, eta, orain, arlo horretan egingo du tesia.
Talde-lana, aberasgarriTaldean lantzen ari diren gai bat izanik, beste lankideekin elkarlanean dabil tesia egiten, eta horrek asko asebetetzen du: “Askotan esaten da tesia egitea oso bakartia dela. Talde baten barruan daudenak ere, askotan bakarrik egiten dute lana. Gurean, ordea, ez da horrela. Bakoitzak bere gaia duen arren, elkarlanean aritzen gara. Gainera, diziplina askotakoak gara: soziologoak daude, medikuren bat ere badago… Hortaz, oso aberasgarria da, eta lortzen diren emaitzak osoagoak dira”.
Onartu du, erizaintzan sartu zenean, ez zuela irudikatzen zein neurritaraino eragiten duten osasunean baldintzatzaile sozialek eta bizi-zirkunstantziek. Ezta ikertzaile izango zenik ere! “Orain, baina, benetan gustura nago. Eta irakasle izatea ere ez nuen sekula imajinatu, eta dagoeneko egokitu zait mintegiren bat ematea, eta hori ere gustatu zait”. Horrenbestez, aurrerantzean ere hor nahiko luke jarraitu lanean.
Bukatzeko, bere lantaldearen ezaugarri bat ere aipatu du: kide guztiak, bat izan ezik, emakumeak dira. “Uste dut horrek baduela eragina lana egiteko gure moduan. Bestetik, adierazgarria da emakumeak arduratzea halako kontuez”. Gogoetarako gaia utzi du, beraz.
Fitxa biografikoa:Andrea Cabezas Rodríguez Abanto-Zierbenan jaio zen, 1993an. Erizaintzan graduatu ondoren, Osasun Publikoko Masterra egin zuen. Gaur egun, osasun mentaleko genero-desberdintasunei buruzko doktorego-tesia egiten ari da, UPV/EHUko OPIK Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldearen barruan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Andrea Cabezas, erizain ikertzailea: “Lehen ikuspegi biomedikotik lantzen zen erizaintza; ez zen aztertzen ingurune soziala” appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikrotxantiloiak fabrikatzen eta horien aplikazioak biomedikuntzan
Mikrotxantiloiak, definizioz, gainazaletan (2 dimentsiotan) egiten diren maila mikrometrikoko formak dira eta albo-neurri gisa nanometro eta milimetro arteko dimentsioak dituzte. Gainera, horrelako egiturak gainazal mota ugaritan eta material mota anitzetan egin daitezke.
Mikrotxantiloiek substratu jakin baten gainazala zelulak itsats daitezkeen eta itsats ezin daitezkeen sektoreetan banatzen dute, hau da, zelulen itsaspen-selektiboa sustatzen dute. Modu horretara, zelula-hazkuntza norabidetua eta zelulen dentsifikazioa ere lor daitezke. Funtsean, gainazalen topografiak, zimurtasuna, poroak eta orientazioa barnean hartuta, baliagarriak dira zelulen portaera, hala nola, itsaspena, orientazioa, mugikortasuna, hazkuntza eta diferentziazioa kontrolatzeko.
1. irudia: . a) Hiru geometria ezberdinetako silikonazko mikrotxantiloiak: zutabe artekatuak, sareak eta irloteak. b) Mikroskopio optikoz ateratako mikrotxantiloien argazkiak. c) Mikrotxantiloien errepresentazio grafikoa.Mikrotxantiloiak zelulen biologiako oinarrizko ikerketetarako oso erabiliak dira. Izan ere, horien bidez, zelulen kokapen espaziala eta tamaina kontrola daitezke eta beraz, hauen proliferazioan eta diferentziazioan nabarmen eragin daiteke. Hala, tamaina eta forma ezberdinetako txantiloiek zelula-zelula eta zelula-substratu interakzioak kontrola ditzakete. Hauen aplikazio zuzenak dira adibidez, biosentsoreak, ehun-ingeniaritzarako in vitro eginiko kultibo zelularrak eta inplante gainazal egokiak sortzea.
Itsaspen-selektiboa ahalbidetzen duten mikrotxantiloi polimerikoak: ikerketa lanaGaur egun, material polimerikoen gainean zelulak itsatsiko diren mikrotxantiloi polimerikoak fabrikatzeko teknika mota ezberdinak existitzen dira eta hauen artean fabrikazio-gehigarria bereiz daiteke. Esaterako, horietako batzuk dira litografia biguna, fotolitografia, fotopolimerizazioa eta 3D-inprimaketa. Azken hau izan da Biomaterial Polimerikoen Zientzia eta Ingeniaritza ikerketa taldeak (ZIBIO) erabilitako teknika mikrotxantiloi polimerikoak fabrikatzeko.
Jorratutako proiektuaren helburu nagusia zelulen itsaspen-selektiboa eta lerrokatzea lortzea izan da. Hau estrusio bidezko 3D inprimaketaz lortu da, mikrotxantiloi zehatzak, errepikakorrak eta egonkorrak fabrikatzeko teknika egokia delako. Aurreko helburua lortzeko bi estrategia nagusi jorratu dira: (1) zelulak itsatsiko ez diren substratu baten gainean (polifluorurozko binilidenoa) zelula-itsaspena sustatuko duen geometria ezberdinetako mikrotxantiloiak inprimatu dira (poli-L-laktida-Dopamina). (2) Zelula-itsaspena sustatuko duen substratu baten gainean (polidopaminaz estalitako poli-L-laktida) zelulak itsastea ekidingo duten geometria ezberdinetako mikrotxantiloiak inprimatu dira(silikona). Behin mikrotxantiloi optimoak ditugunean, HeLa motako zelulak ezarri dira.
Emaitzak aztertuz ikusi da, mikrotxantiloiak zelulen itsaspen-selektiboa lortzeko baliagarriak direla baldin eta materialak ondo aukeratzen badira.
2. irudia: Silikonazko mikrotxantiloietan zelulen kokapen selektiboa (gorriz zelulen zitoeskeletoa eta urdinez nukleoa).OndorioakMikrotxantiloiak hainbat aplikazio ezberdinetan erabilgarriak dira eta etorkizunean oraindik erabilpen handiagoa izango dutela aurre ikusten da. Hori dela eta, euren fabrikazio tekniken eta propietateen ezagutza izatea garrantzitsua da. Hala ere, oraindik erronka handia da mikrotxantiloietan zelulek nahi dugun portaera izatea eta zelula mota bakoitzerako material eta geometria egokienak zeintzuk izango diren zehaztea. Dena den, behin hori lortuta, aplikazio biomedikoetarako oso erabilgarriak izango direla uste da.
Iturria:
Aldalur, Eider; Sarasua, Jose-Ramon; Larrañaga, Aitor; M. Ugartemendia, Jone (2019). «Mikrotxanti-loien fabrikazioa eta haien aplikazioak biomedikuntzan»; Ekaia, 36, 2019, 15-30. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20157). Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Mikrotxantiloien fabrikazioa eta horien aplikazioak biomedikuntzan
- Laburpena: Azken aldian, biobateragarriak diren eta zelulen itsaspen selektiboa baimentzen duten gainazalak biomedikuntzako zenbait aplikazio ezberdinetarako oso desiragarriak bihurtu dira. Bide horretatik, material biobateragarrietan horrelako gainazalak lortzeko, posible da mikrotxantiloiak (maila mikrometrikoan eginiko gainazaleko formak) erabiltzea; izan ere, horiek substratu zehatz baten gainean zelula-hazkunde kontrolatua eta bideratua baimendu ditzakete. Lan honetan, hain zuzen ere, mikrotxantilioak lortzeko teknikak berrikusten dira, hauek ehun-ingeniaritzan eta biomedikuntzan aurkitzen dituzten aplikazio nagusiak azpimarratuz, hala nola, biosentsoreak, ehun-ingeniaritzarako in vitro eginiko kultibo zelularrak eta inplante gainazal egokiak sortzea. Azkenik, zelulen itsaspen selektiboari dagokionez, gure ikerketa taldean 3D inpresioz sortutako mikrotxantiloi polimerikoen aurre-emaitzak aurkezten dira. Hala, emaitza horietatik ondorioztatu da 3D inpresioa teknika egokia dela mikrotxantiloi zehatzak, errepikakorrak eta egonkorrak fabrikatzeko.
- Egileak: Eider Aldalur, Jose-Ramon Sarasua, Aitor Larrañaga, Jone M. Ugartemendia
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 15-30
- DOI: 10.1387/ekaia.20157
————————————————–
Egileez:
Eider Aldalur, Jose-Ramon Sarasua, Aitor Larrañaga, Jone M. Ugartemendia UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Biomaterial Polimerikoen Zientzia eta Ingeniaritza taldea (ZIBIO), Meatze-Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saila eta POLYMAT -ekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Mikrotxantiloiak fabrikatzen eta horien aplikazioak biomedikuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.
Gehiengoaren ameskeria
Baliteke noizbait ideia bitxiak entzun izana Interneten (edo beste komunikabideren batean), jende askok defendatuak, baina gure intuizioak onartzen ez dituenak. Hori gertatu da azkenaldian, esate baterako, COVID-19aren aurkako txertoen inguruan azaldu diren usteekin. Fenomeno horri gehiengoaren ameskeria deitzen zaio eta matematikak erabiliz (grafoen teoria eta sare konplexuen teoria, hain zuzen ere) nola aztertu ahal den ikusiko dugu.
Lehenik eta behin, definitu dezagun zer den gehiengoaren ameskeria: sare batean (sare sozial batean adibidez), gutxiengo batek duen ustea gehiengoak gehiengoaren ustetzat jotzen duenean gertatzen den fenomenoa da. Gehiengoaren ameskeria Lerman, Yan eta Wu ikertzaileek aztertu zuten lehen aldiz The “Majority Illusion” in Social Networks artikuluan. Ondo ulertzeko zertan datzan fenomeno hau, ondoko adibidea erabiliko dugu.
Sareak aztertzeko, grafoak erabiltzen dira normalean. Goiko irudian 14 erpineko grafo bat ikus daiteke. Grafo honetan bi motatako erpinak daude: laranjak eta urdinak. Hortaz, sare honetan bi iritzi posible daudela pentsatuko dugu (COVID-19aren txertoen aldekoa eta txertoen kontrakoa, adibidez), erpinen koloreek aldeko edo kontrako iritzia adierazten dutelarik. Alegia, kolore laranjako erpinak COVID-19aren txertoen alde daudela onartuko dugu eta kolore urdineko erpinak, berriz, txertoaren kontra. Horiek horrela, argi ikusten da gehiengoa txertoaren aldekoa dela sare honetan eta gutxiengoa kontra. Hala ere, ikusiko dugu gehiengoaren ameskeriaren fenomenoa gertatzen dela sare honetan, hau da, nodo gehienek pentsatzen dutela gehiengoa txertoen kontra dagoela.
Grafo honetako ertzek erpinen arteko harremanak adierazten dituzte. Hau da, bi erpin lotuta badaude, haien iritzia partekatzen dute beren artean (edo kontaktuak direla ere esango dugu). Hala nola, 1 erpina eta 8 erpina lotuta daudenez, 1 erpinean dagoen pertsonak ikusi ahal du zein den 8 erpineko pertsonaren iritzia, eta 9 erpinean dagoen pertsonak ikusi ahal du zein den 1 erpineko pertsonaren iritzia. Horrela, 1 erpinari galdetzen badiogu bere kontaktuen artean zein den txertoaren aldeko iritzia, haren erantzuna zein izango da? Berak, bi erpinekin lotuta dagoenez (8 erpinarekin eta 11 erpinarekin, alegia) eta bi erpin horiek txertoaren kontrakoak direnez, bere kontaktu guztiak txertoaren kontrakoak direla ondorioztatzen du. Bestalde, 5 erpinarekin gauza bera egiten badugu, konturatuko gara lau erpinekin dagoela lotuta (2 erpinarekin, 6 erpinarekin, 8 eta 11 erpinarekin, alegia) eta lau erpin horietatik hiru txertoaren kontra daudela eta bat alde. Hortaz, 5 erpinak ondorioztatzen du bere kontaktuen gehiengoa txertoaren kontra dagoela. Izan ere, grafo honetako beste erpin laranja guztiak begiratzen baditugu, konturatuko gara erpin laranja bakoitzaren kontaktu guztiak (edo gehiengoa) txertoaren kontrakoak direla. Horrela, kolore laranjako nodo bakoitzak (argi gera bedi, sare honetan dauden 14 nodoetatik 11 erpin kolore laranjakoak dira eta, hortaz, gehiengoa kolore laranjako erpinak dira) pentsatuko du txertoaren kontrako iritzia gehiengoa dela eta, arestian ikusi dugun bezala, hori ez da horrela.
Eta zergatik gertatzen da hori? Kolore urdineko erpinek kontaktu asko dituztelako eta kolore laranjakoek, berriz, gutxi. Edo grafo teoriako terminoak erabiliz, kolore urdineko erpinak gradu handiko erpinak dira eta kolore laranjakoak, ordea, gradu txikikoak. Gainera, erpin bakoitzak ezin du ikusi sare guztiaren iritzia, baizik eta beraren kontaktuena baino ez.
Argi dago goiko adibidean ez dela zaila jakitea erpin guztien iritzia (izan ere, 14 erpin besterik ez daude). Alabaina, gaur egungo sare sozialetan parte hartzen duen gizaki kopurua askoz ere handiagoa da eta sortzen den grafoaren konplexutasuna erraldoia da. Beraz, sare hauetan ezin da jakin zein den erpin guztien iritzia. Horregatik, askotan agertzen da gehiengoaren ameskeria deituriko fenomenoa gaur egungo sare sozialetan. Fenomeno honetaz baliatzen dira publizitatea egiteko, esate baterako. Izan ere, kontaktu asko duen jendeak (gradu handiko erpinak, alegia) produktuak erakusten ditu YouTubeko bideoetan eta, hori egiten dutenean, produktua jende askok ikustea lortzen dute.
Bukatzeko, gehiengoaren ameskeriari esker, okerrak diren usteak ontzat eman ahal ditugula jakinarazi nahi dizuet (goiko adibidean, txertoaren kontrako iritzia, adibidez). Horregatik, komeni da ahalik eta iturri gehienetara jotzea fenomeno baten alde edo kontrako iritzia sortu aurretik.
Erreferentzia bibliografikoa:Lerman, K., Yan, X., Wu, X-Z (2016). The “Majority Illusion” in Social Networks. PLoS ONE, 11(2), e0147617. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0147617
Egileaz:Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.
The post Gehiengoaren ameskeria appeared first on Zientzia Kaiera.
Inurriak esklabo bilakatzen dituzten inurriak
Zuzen ari gara esklabista deitzen diegunean. Esklaboak ez dira bere espezie berekoak, ikuspuntu biologikotik oso gertu dagoen beste batekoak baizik. Esklabo bilakatzen dituzte haien ahaide genetikoak, nolabait esatearren.
Inurri esklabista batzuek esklabo bilakatzen duten espezieko langileak harrapatzen dituzte, eta haien koloniara daramatzate, haientzat lan egin dezaten: haien kumeak zaintzen dituzte, defendatzen laguntzen diete, elikagaiak bilatzen dituzte eta koloniak garbi mantentzen dituzte. Ohikoena da garapen fase oso goiztiarretan harrapatzea banakoak, larba edo pupa forma dutenean; haien koloniara eramaten dituzte eta, inurri langile bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Baina, espezie batzuetan, langile helduak harrapatzen dituzte.
Irudia: Inurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. (Argazkia: Alexa_Fotos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Inurrietan eusozialitatea agertzeak, alegia, sozietate konplexuak garatzea, eta zeregin jakin batzuk dituzten (lana, ugalketa, defentsa) eta koloniak irauteko nahiz ondorengoak hazteko elkarlanean diharduten inurri kastak egoteak, molekula kimiohartzaileak –bai usaimenekoak bai dastamenekoak– kodetzen dituzten geneak ugaritzea ekarri zuen. Horrek erakusten du nolako garrantzia duen espezie horietan komunikazio kimikoak. Hori dela eta, interes berezia du inurri esklabisten langileak ugaltzeko gai izateak. Esan liteke ezaugarri hori berreskuratu dutela; ugalketa jarduera inhibitzen duten inurri erreginaren feromonak hautemateko eta haiei erantzuteko gaitasunaren galerari egozten zaio.
Oraintsuko azterlan batean, zortzi inurri espezieren genoma sekuentziatu dute: hiru parasito, haien hiru espezie parasitatu eta bi espezie ez parasitatu. Horren bidez ikertu nahi izan dute hiru espezie parasito horietan kimiohartzaileak galdu ote diren. Eta aurkitu dutena da parasitoek beste bost espezieen dastamen hartzaileen erdiak dituztela, eta usaimen hartzaileen hiru laurden. Beste modu batera esanda, espezie horietan galdu egin da % 50ean dastamena eta % 25ean usaimena. Beraz, bide horietatik parasitatuak identifikatzen dituztenak baino askoz substantzia gutxiago identifikatzeko gai dira.
Dastamen hartzaileen galera horren motiboa omen da espezie horiek dagoeneko ez dutela elikagairik bilatzen; izan ere, haien ordez, parasitatuek bilatzen dituzte –haiek aginduta– eta, beraz, ez dute zertan bide horretatik hainbeste informazio jaso eta deskodetu. Eta usaimen hartzaileen galeraren motiboa omen da, zati batean behintzat, espezie horietan izan den izaera eusoziala galdu edo ahuldu egin dela. Oso logikoa da, eusozialitateak kimiohartzaileak biderkatzea ekarri zuen moduan, kimiohartzaile horietako batzuk galdu izanak ezaugarri berezi horren moteltzea eragitea.
Espezie parasitoek galdutako usaimenaren gene horietako asko ohikoak dira aztertutako hiruretan. Beraz, biologook konbergentzia diogunaz ari gara; izan ere, gene horien galera independenteki gertatu da espezie horietan. Eta halako gauzak kasualitatez nekez gertatzen direnez, ondorioztatzen dena da galera abantailatsua dela, balio moldatzaile handikoa dena, seguru asko haiek sortzeak eta mantentzeak eragiten duen kostua ez delako irabazi baliokide batekin konpentsatzen.
Metafora iradokitzailea da: inurrietan, esklabotzak eusozialitatearen eta hura posible egiten duten zentzumen gaitasunen ahultzea edo galera dakar. Eboluzioak ez dio denbora gezi bati jarraitzen; giza historiak, seguru asko, ere ez.
Erreferentzia bibliografikoa:Jongepier E. et al. (2021). Convergent loss of chemoreceptors across independent origins of slave-making in ants. bioRxiv. https://doi.org/10.1101/2021.05.11.443570
EgileaJuan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Inurriak esklabo bilakatzen dituzten inurriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 57
- 58
- 59
- 60
- 61
- 62
- 63
- 64
- 65
- …
- hurrengoa ›
- azkena »