Biomarkatzaile berrien identifikazioa giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako
Giltzurrun gutxiegitasun kronikoa (GGK) da arazo funtzional zein estrukturalen ondorioz giltzurrunek bere zeregina betetzeko duten gaitasunaren galera. GGKaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, eta hori dela eta, populazio-talde horietan morbilitate eta heriotza-tasak handiak dira. Ildo horretan, esku-hartze terapeutiko eraginkorra lortzeko, diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. Egun, gaixotasunaren diagnostikoan serumeko kreatinina biomarkatzaile klasiko bezala erabiltzen bada ere, faktore anitzek kreatininaren kontzentrazioa aldatzea eragin dezakete. Hori dela eta biomarkatzaile honek sentikortasun mugatua du, bereziki gaixotasunaren lehenengo faseetan. Hortaz, diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea lortzeko biomarkatzaile berriak aurkitzeko beharra dago GGK pairatzen duten paziente pediatrikoetan.
Metabolomika lagin biologikoen profil metabolikoaren azterketa sistematikoaren bidez biomarkatzaile berriak aurkitzea ahalbidetzen duen tresna da, 1500 Da arteko molekula txikiak helburu dituena. Kontrol-taldearen eta talde gaixoaren arteko profil metabolikoen konparaketan zenbait metabolitoren kontzentrazioen igoera edo jaitsiera identifika daiteke, eta hortaz, metabolito horietako batzuk biomarkatzaile bezala erabili daitezke.
Irudia: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren ondorioz, haurrek zailtasun-metabolikoak, zailtasun-kardiobaskularrak eta garapen-zailtasunak pairatzen dituzte, beraz diagnostiko azkarra ezartzea premiazkoa da. (Argazkia: Wagner Souza e Silva – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)Lan honetan bi estrategia erabili dira haurretan gertatzen den GGKaren diagnostiko azkarra ezartzeko: metabolomika bideratua (edo targeted) eta metabolomika ez-bideratua (edo untargeted). Ikerlan hauetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean jasotako GGK zuten haurren eta haur osasuntsuen plasma erabili da.
Metabolomika bideratua bide metaboliko, entzima sistema edota talde metaboliko jakinekin erlazionatuta dauden eta aldez aurretik definitutako metabolito ezagunen determinazioan eta kuantifikazioan oinarritzen da. Kasu honetan, analizatzen diren konposatuak ezagunak direnez, laginaren tratamendua oso espezifikoa da eta analisiak sentsibilitate ahalik eta handiena izateko diseinatzen da. Aurretik egin diren ikerketetan oinarrituz, urearen zikloan, argininaren metilazioan eta arginina-kreatina bide metabolikoetan parte hartzen duten 16 aminoazido, aminoazidoen eratorri eta erlazionatutako metabolito ezberdinak GGK duten haurren eta kontrolen plasman analizatzeko helburua planteatu da. Horretarako, metabolomika metodo bideratu bat garatu eta balioztatu da, likido kromatografia-masa espektrometria bidez kuadrupolo-hegaldi denbora analizatzailearekin (LC-QTOF). Gurutzetako haurren plasma laginak analizatu eta emaitzak aldagai anitzeko analisi estatistikoaren bidez aztertu eta gero, GGK zuten pazienteen plasman kreatinina, zitrulina, S-adenosilmetionina eta dimetilarginina simetrikoaren kontzentrazioa altuagoa dela ikusi da. Hortaz, azken hiru metabolito hauek biomarkatzaile berri posibletzat hartu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera.
Metabolomika ez-bideratuaren helburua, ordea, jatorri desberdineko lagin taldeen artean ahalik eta metabolito gehienen konparazioa egitea da, inongo aldez aurretikako hautaketarik gabe, bi taldeen artean esanguratsuak diren metabolitoak soilik identifikatzeko. Kasu honetan, lan fluxua ondorengoa izaten da: laginen prestaketa eta bereizmen altuko masa espektrometria ekipoen bitarteko analisia (QTOF erako ekipoak, kasu), datuen prozesamendua, analisi estatistikoa edo kimiometrikoa eta azkenik, adierazgarriak diren metabolitoen identifikazioa, datu baseen eta kandidatuen estandarren analisiaren bidez. Gurutzetako haur osasuntsuen eta GGK pairatzen zuten haurren plasmak LC-QTOF teknikaren bidez konparatu eta gero, 232 entitate ezezagun lortu dira. Analisi kimiometrikoaren bidez entitate murrizketa egin eta gero, GGK duten haurren eta haur osasuntsuen metabolomen artean estatistikoki desberdinak diren 5 entitate aurkitu dira. Azkenik, bost metabolito horien artean lau identifikatzea posible izan da datu-baseak eta estandar analitikoak erabiliz: n-butirilkarnitina, cis-4-dezenoilkarnitina, bilirrubina eta esfingosina-1-fosfato.
Ikerketa metabolomiko bideratu eta ez-bideratu hauen emaitzak batera hartuta, kreatinina biomarkatzaile klasikoaz gain beste zazpi biomarkatzaile berri proposatu dira GGK duten haurren diagnostiko goiztiarra egitea ahalbide lezaketenak. Etorkizunera begira, zazpi biomarkatzaile horiek GGK duten haurrak eta haur osasuntsuak bereizteko esanguratsuak diren egiaztatzeko populazio pediatriko ezberdin eta zabalago bat ikertzea proposatzen da.
Iturria:
Benito, Sandra; Unceta, Nora; Sánchez-Ortega, Alicia; Gómez-Caballero, Alberto; Goicolea, M. Aránzazu; Barrio, Ramón J. (2020). «Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako»; Ekaia, 37, 2020, 65-81. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20859)
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Ikerketa metabolomikoek bultzatutako biomarkatzaile berrien identifikazioa haurretan ematen den giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako.
- Laburpena: Giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren (GGK) ebaluazioa egiten da iragazpen glomerularraren tasaren (IGT) bidez, eta kalkulatzen da serumeko kreatininaren kontzentrazioan oinarritutako ekuazioen bidez. Hala ere, serumeko kreatinina kontzentrazioa hainbat faktoreren arabera alda daiteke, eta horrek GGKaren diagnostikoa arriskuan jar dezake, bereziki gaixotasunaren fase goiztiarrenetan. Haurretan GGKak, arazo metaboliko eta kardiobaskularrez gain, garapen-arazoak eta malnutrizioa eragiten ditu. Haur osasuntsuekin alderatuta, zailtasun horiek 30 aldiz handitzen dute heriotza-tasa GGkaren fase aurreratuenetan dauden haurretan. oro har, gaixotasun jakin baterako biomarkatzaileen presentziak diagnostiko goiztiarragoa eta erantzun hobea ahalbidetzen dute. Hori dela eta, GGK pairatzen duten helduetan ikerketa integrala egin da biomarkatzaile berriak topatzeko, baina populazio pediatrikoan ikerlanak oraindik oso mugatuak dira, eta biomarkatzaile berrien beharra dago. Helburu horrekin, haur osasuntsuen eta GGK pairatzen duten haur gaixoen arteko profil metabolikoen konparazioa egin da, metabolomika bideratu zein ez-bideratuak aplikatuz. Ikerketaren ondorioz, GGK pediatrikoaren detekzio goiztiarrean erabilgarri izan daitezkeen zazpi metabolito berri aurkitu dira, kreatinina biomarkatzaile klasikoarekin batera. Metabolito horiek, kreatininarekin batera erabiliz, kreatinina soilaren erabilerarekin ez bezala, haur gaixoak eta osasuntsuak bereiztea ahalbidetzen dute.
- Egileak: Sandra Benito, Nora Unceta, Alicia Sánchez-Ortega, Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 65-81
- DOI: 10.1387/ekaia.20859
————————————————–
Egileez:
Sandra Benito, Nora Unceta, , Alberto Gómez-Caballero, M. Aránzazu Goicolea eta Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira
Alicia Sánchez-Ortega UPV/EHUko Lascaray Ikerguneko Analisirako Zerbitzu Zentralekoa da
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Biomarkatzaile berrien identifikazioa giltzurrun gutxiegitasun kronikoaren diagnostikorako appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (3): Triangelu koloredunak
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure hirugarrenn ariketa: Triangelu koloredunak.Zenbat triangelu egin daitezke hiru erpinak kolore bereko puntuetan hartuta?
———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021eko udarako (3): Triangelu koloredunak appeared first on Zientzia Kaiera.
Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta
UPV/EHUko Lactiker – Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikerketa-taldeak egiten dituen ikerketen artean, nabarmena da artzaintzan oinarritutako Idiazabal gazta ekoizpen-sistemarekikoena. Honek diziplina anitzekoa da. Besteak beste, gaztaren kalitate teknologiko, nutritibo eta sentsorialean zuzenean eragiten duten ekoizpeneko prozesu biokimiko, mikrobiologiko eta teknologikoen karakterizazioan egiten du lan; bai eta higiene- eta osasun-segurtasunean ere, helburu izanik kalitate eta segurtasun handiko produktua lortzeko behar den informazioa helaraztea ekoizpen-sektoreari. Baita ekoizpen-sistemaren gaur egungo ahuleziak artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari dela pixkanaka, adibidez
Taldeak 25 urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean, eta Idiazabal jatorri-deiturako gazta-ekoizpenaren alderdi guztiak aztertu ditu. Taldearen beste ekarpen zientifiko nagusietako bat izan da “Idiazabal gaztaren ezaugarri sentsorialak zehaztea, karakterizatzea eta parametrizatzea, berez ezagutzen dugun bezala ezagutzeko”, azaldu du Luis Javier R. Barrónek, Lactiker taldeko ikertzaile nagusiak. Horretarako, UPV/EHUko Zentzumen Analisiaren Laborategiarekin (LASEHU) lankidetzan ari dira. Laborategi hori Idiazabal gaztaren kalitate sentsoriala kontrolatzeko ziurtatuta dago, eta han aztertzen dute “gaztek Idiazabalgo baldintza sentsorialak betetzen dituzten. Desberdintasun sentsorialak daude gazta batzuetatik besteetara, eta horrek adierazten du ekoizleek askotariko usain-, zapore- eta testura-ñabardurekin egiten dutela gazta; eta horri guztiari balio handia ematen dio kontsumitzaileak”, erantsi du.
1: irudia: Gazta egiteko parametroen kontrola araututa dago, baina ez da modu automatizatuan egiten, beraz, esan daiteke gaztandegi txikietan egindako gaztak egile-produktuak direla. (Argazkia: AnthonyArnaud – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ezagutzaren transferentziaren garrantziaTaldea Idiazabal gazta egiten duten artisau-gaztandegi txikiekin aritzen da lankidetzan. “Gaztandegi horietan erabakigarria da gaztagilearen zeregina; izan ere, gazta egiteko parametroen kontrola araututa dago, baina ez da modu automatizatuan egiten. Esan daiteke halako gaztandegi txikietan egindako gaztak egile-produktuak direla”, azaldu du UPV/EHUko katedradunak.
Berriki egindako azterlan batean, gazta egiteko baldintzen eta gazuraren propietateen eta lortutako gaztaren propietateen arteko erlazioak ikertu dira, gaztaren errendimendua hobetzeko eta produktuaren kalitateari eusteko helburuarekin. Ikertzailearen arabera, lortutako emaitzak “lagungarri izan daitezke koagulazioko eta gazura kentzeko prozesuetan jarraibide espezifikoak ezartzeko, eta, hala, Idiazabal gazta artisauaren ekoizpen-prozesua hobetzen lagundu dezakete”. Lactikerrek berriki egin duen beste azterlan batek balio izan du aztertzeko zer neurritan eragiten duten ingurumen- edo teknologia-baldintzek haraneko edo mendiko gaztandegietan ekoitzitako ardi-esne gordinezko gazten bereizketa sentsorialean.
Lactiker taldeak, artisau-gaztandegi txikiekin lan egiteaz gain, jatorri-deiturarekin eta ekoizle-elkarteekin ere lan egiten du, hala nola Artzai-Gazta elkartearekin. Ane Aldalur doktoreak egindako doktorego-tesiaren emaitza gisa, gaztandegi txikiei zenbait gomendio ematen dizkien triptiko bat argitaratu eta banatu du taldeak: “Gure ustez, gaztagileentzat lagungarri izango da, fabrikazio-prozesua hobeto kontrola dezaten. Guk gaztagileengandik ikasten dugu, eta haiek gugandik. Haiek dute gazta egiteko esperientzia, eta guk zergatiak eta hobekuntza posibleak bilatzen ditugu, baita arazo batzuk nola konpondu ere”, esan du taldeko ikertzaile nagusiak.
2. irudia: Europako eta Mediterraneoko, beste herrialde batzuetako eremu askotan gertatzen ari den bezala, artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari dira pixkanaka (Iturria: Pixabay)Era berean, Lactiker taldeak zenbait urte daramatza elikagaiak ekoizteko sistemen (bereziki artzaintzan oinarritutakoen) jasangarritasuna ebaluatzeko helburu nagusia duen ikerketa-lerro batean lanean. Beste ikerketa-talde batzuetako lankideekin ari da lan hori egiten. Artzaintzan oinarritzen diren sistemen jasangarritasuna ebaluatzeko moduak bilatzen dituzte; jasangarritasuna ekonomian, ingurumenean, elikagaien kalitatean eta segurtasunean, gizartean, kulturan eta abarretan oinarritzen dena. Ikertu behar dute ea epe ertain edo luzera sistema horiek jasangarriak izango diren bizi dugun mundu globalizatu honetan. Gaztandegi txikiek jasangarriak badira egin ahal izango dute aurrera. Eta hori ere gizarteari helarazi behar zaio. Arazo eta zailtasun ugari daude, baina esanguratsuenetako bat —eta Europako eta Mediterraneoko beste herrialde batzuetako eremu askotan gertatzen ari dena— da artzaintza-sistemak bertan behera uzten ari direla pixkanaka: larratzen diren ardien esnetik ez datorren gazta egiten bada, Idiazabal gaztak gaur egun dituen ezaugarri eta propietateak izateari utziko dio, eta pixkanaka galduko dira artzaintzak landa-eremuko ingurumenari, biodibertsitateari, kulturari eta garapenari eragiten dizkion ondorio positiboak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta
Erreferentzia bibliografikoaAne Aldalur, María Ángeles Bustamante, Jesús Salmerón and Luis Javier R. Barron. (2021). Relationships between cheese-processing conditions and curd and cheese properties to improve the yield of Idiazabal cheese made in small artisan dairies: A multivariate approach. Journal of Dairy Science DOI:10.3168/jds.2020-18926
Gustavo Amores, Francisco José Pérez-Elortondo, Marta Albisu, and Luis Javier R. Barron. (2021). Short communication: To what extent do environmental or technological conditions affect the sensory differentiation of raw ewe milk cheeses produced in valley or mountain farms? Journal of Dairy Science DOI:10.3168/jds.2020-18358
The post Artzaintza uzteak arriskuan jarriko luke gaur egun ezagutzen dugun Idiazabal gazta appeared first on Zientzia Kaiera.
CO2-aren erabilera, negutegi-efektua murrizteko estrategia
Asko izan dira azken hamarkadetan munduan egin diren aurrerapenak, eta horiei esker bizi-kalitatea hobetzeaz gain, bizi-itxaropena ere luzatu egin da. Hala ere, demografiaren eta industriaren hazkundearen ondorioz, kontsumoa ere areagotu da, eta horrek, ingurumenaren kaltetan, hondakinen eta kutsatzaileen gorakada ekarri du. Gero eta nabariagoak dira Lurrak pairatzen dituen kalteak. Erregai fosilen inguruan garatu den industriak eta gizarteak, erregai hauek erabiltzeak dakartzan arazoei aurre egin behar die.
Negutegi efektuaren eragile diren gasen artean ugariena da karbono dioxidoa. Konposatu egonkorra da eta, beraz, denbora luzez atmosferan iraun eta metatzen da, Lurraren tenperatura igoaraziz. CO2-ak jatorri naturala izan dezakeen arren (jarduera bolkanikoa, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoak (erregai fosilen errekuntzak, alegia) bilakatu du klima-aldaketaren eragile nagusia. Beraz, klima-aldaketa arintzeko ezinbestekoa da CO2-aren isurketak murriztea.
Irudia: CO2-aren eliminazio biologikoa landare berdeek edo algek egindako fotosintesian oinarritzen da. Prozesu horretan, klorofilak eguzkitiko argia hartzen du, eta CO2 eta ura eraldatzen ditu, karbohidratoak ekoitziz. (Argazkia: photosforyou – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Helburu hori betetzeko Carbon Capture and Utilization teknologia (CCU, CO2-aren bahiketa eta erabilera) lagungarria izan daiteke. Horretan, lehenengo urratsa energia-planta edo industrietan sortzen den CO2 bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. Ondoren, industrialki erabiliko duten instalazioetaraino garraiatzen da, eta bertan produktu komertzial bilakatzen da. CCU teknologien abantaila nagusia CO2-aren erabilera jarduera errentagarria bihurtzea da, hondakinetatik abiatuz lortutako produktuak sal daitezkeelako.
CCU teknologiak bi taldetan sailka daitezke CO2-ari dagokionez: a) inolako aldaketarik jasan gabe zuzenean erabiltzen dutenak (zuzeneko erabilera); b) lehengai modura erabiltzen dutenak, zenbait produktu ekoizteko (eraldatu ondorengo erabilera).
a) Zuzeneko erabilera
CO2-aren zuzeneko erabilerari dagokionez, hurrengo aukerak daude:
- Injekzioa, ustiatze-etekina hobetzeko. EOR (Enhanced Oil Recovery) eta ECBM (Enhanced Coal Bed Methane) izeneko prozesuetan. Lehenengoan, CO2-a petrolioaren erauzte-etekina handitzeko erabiltzen da, petrolio-hobietan. ECBM izeneko prozesuan, aldiz, ikatz-hobi ustiaezinetako gas naturala erauzteko.
- Sistema geotermikoak. Energia geotermikoa berreskuratzeko sistemen etekina hobetzeko ere erabiltzen da CO2, uraren ordez, EGS (Enhanced Geothermal Systems) izeneko sistemetan.
- CO2 uretan disolbatutako solidoak kentzeko erabil daiteke, edateko ura ekoizteko edo hondakin-urak arazteko.
- Zenbait industriak zuzenean erabiltzen dute CO2. Gainazalak garbitzeko edota elikagaien eta edarien industrian. Azken hauetan ugariak dira CO2-ak dituen aplikazioak: karbonatazio-agentea, kontserbagarria, disolbatzailea, usainak eta kafeina kentzeko, ontziratzeko gasa. Bestalde, industria farmazeutikoan ere erabil daiteke, botikak ekoizteko bitarteko gisa.
b) Eraldatu ondorengo erabilera
CO2 hondakin moduan hartu beharrean, lehengai modura erabil daiteke, erregaiak eta zenbait produktu kimiko ekoizteko. Hala ere, CO2-ak iturri petrokimikoak ordezka ditzakeen arren erregaiak eta produktu kimikoak ekoizteko, muga garrantzitsuak daude, nagusia CO2 molekularen egonkortasun handiarekin lotuta egonik. Teknologia hauen artean hurrengoak ditugu:
- Algen hazkundea (eraldaketa biologikoa). Biomasa energia-iturri berriztagarritzat hartzen da, denbora-tarte labur samarrean ekoitzi daitekeelako, iturri fosilekin alderatuz. CO2-aren eliminazio biologikoa landare berdeek edo algek egindako fotosintesian oinarritzen da. Prozesu horretan, klorofilak eguzkitiko argia hartzen du, eta CO2 eta ura eraldatzen ditu, karbohidratoak ekoitziz.
- CO2 kantitate handiak finka daitezke karbonatazio minerala izeneko prozesua erabiliz. Karbonatazioan, CO2-aren eraldaketa naturala edo artifiziala ematen da karbonatoak ekoizteko.
- Produktu kimikoen eta erregaien ekoizpena (eraldaketa kimikoa). CO2 lehengai modura erabil daiteke balio erantsiko produktuak ekoizteko, bai produktu kimikoak zein erregaiak. Prozesu hauek katalizatzaileen beharra dute, eta egoera idealean, energia iturri berriztagarrietatik lorturiko energia erabiliz, CO2 atmosferara isurtzea ekiditen da. Teknologia hauek egungo errekuntza-ondorengo CCS (Carbon Capture and Storage) teknologien jarraian erantsi daitezke.
Iturria:
Ateka, Ainara; Portillo, Ander ; Sierra, Irene ; Ereña, Javier (2020). «CO2-aren erabilera, berotegi-efectua murrizteko estrategia»; Ekaia, 37, 2020, 257-270. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20905) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: CO2-aren erabilera, berotegi-efectua murrizteko estrategia.
- Laburpena: Gero eta arreta handiagoa eskaintzen ari zaio erregai fosilen errekuntzatik sortutako klima- aldaketari. karbono dioxidoa (CO2) berotegi-efektuaren eragile diren gasen artean ugariena da, eta klima-aldaketa arintzeko ezinbestekoa da haren isurketak murriztea. Helburu hori betetzeko, CCU teknologia (karbono dioxidoaren bahiketa eta erabilera) lagungarria izan daiteke. Horretan, lehenengo urratsa energia-plantetan edo industrietan sortzen den CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. ondoren, industrialki erabiliko duten instalazioetaraino garraiatzen da, eta horietan produktu komertzial bilakatzen da. CO2-a zuzenean erabil daiteke, eraldatu gabe, zenbait aplikaziotarako: uren gatzgabetzea, gainazalen garbiketa, elikagaien eta edarien ekoizpena eta petrolio- eta gas-hobien ustiatze-etekina hobetzeko. Bigarren aukera CO2-a lehengai modura erabiltzea da, produktu kimikoak zein erregaiak lortzeko. CCU teknologien abantaila nagusia CO2-aren erabilera jarduera errentagarria bihurtzea da, hondakinetatik abiatuz lortutako produktuak sal daitezkeelako. Hala ere, zenbait arazo daude CCU teknologiari lotuta: (i) produktu kimikoen eskaria ez da nahikoa CO2-aren kantitate esanguratsua bahitzeko, (ii) CO2-a erregaiak ekoizteko erabiltzen bada, isurketak atzeratu egiten dira, saihestu beharrean, (iii) zenbait produktu kimikotan egindako CO2-aren «biltegiratzeak» bizitza laburra izan dezake.
- Egileak: Ainara Ateka, Ander Portillo, Irene Sierra, Javier Ereña
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 257-270
- DOI: 10.1387/ekaia.20905
————————————————–
Egileez:
Ainara Ateka, Ander Portillo eta Javier Ereña UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoak dira.
Irene Sierra UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoa da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post CO2-aren erabilera, negutegi-efektua murrizteko estrategia appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (2): Laukiaren azalera
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bigarren ariketa: Laukiaren azalera.ABCD laukiaren aldeen luzerak hauek dira: AB = 3 cm, BC = 4 cm, CD = 5 cm eta DA = 6 cm. Baldin B erpineko angelua zuzena bada, zein da laukiaren azalera?
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (2): Laukiaren azalera appeared first on Zientzia Kaiera.
EAEko lau lagunetik batek sentitzen du nahi gabeko bakardadea
UPV/EHUko OPIK ikerketa-taldeak ikertu du zenbateko prebalentzia daukan nahi gabeko bakardadeak bizi-ziklo osoan, eta desberdinkeria sozialen arabera; halaber, ebatzi du eragin handia duela osasunean oro har eta osasun mentalean, bereziki heldu gazteen populazioan. Emaitzek, “Gaceta Sanitaria” aldizkarian argitaratu direnak, agerian jarri dute garrantzitsua dela nahi gabeko bakardadea murrizteko esku-hartzeak diseinatzea, baita adin-talde gazteentzat ere, zuzentasun-ikuspegi batetik.
Gure sare sozialaren benetako ezaugarrien eta desio ditugunen arteko aldeak eragiten duen sentimendu gisa definitzen da nahi gabeko bakardadea. Gure ingurunean, gero eta kezka handiagoa eragiten du gai honek, bai arlo mediatikoan, bai gizartearen eta osasun publikoaren ikuspegitik ere. Arazo honek duen tamainaren, bilakaeraren eta osasunean dituen eraginen ondorioz, osasun publikoko arazo garrantzitsutzat hartzen da gaur egun. Azken urteotan, gai honi buruzko literatura zientifikoa ugarituz joan da, eta agerian geratu da nahi gabeko bakardadeak baduela eragina osasunean. Nazioartean egindako ikerketa batzuek erakutsi dute bakardadea lotuta dagoela osasun orokorreko egoera okerragoarekin, hilkortasun handiagoarekin (kausa edozein delarik ere), hipertentsioa eta gaixotasun koronarioak izateko arrisku handiagoarekin, osasun mentaleko arazoekin, bai eta osasunarentzat kaltegarri diren jokaerak izateko probabilitate handiagoarekin ere.
Irudia: Nahi gabeko bakardadeak eragin handia du osasunean oro har eta osasun mentalean, bereziki heldu gazteen populazioan Argazkia: Anemone123 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko OPIK Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeak ebatzi du nahi gabeko bakardade-sentimendua daukatela EAEko emakumezkoen % 29,7k eta gizonezkoen % 23,3k. Baieztapen hori egin dute 2018ko EAEko Osasun Inkestan parte hartu zuten 5.700 lagunen datuak aztertu ondoren. Lanaren egileetako batek, Unai Martín doktoreak, adierazi duenez, “bakardadea osasun publikoko arazo bat da, eta ez die bakarrik adineko pertsonei eragiten. Izan ere, bakardadearen prebalentzia altuagoa da 80 urtetik gora, baina eragin handiagoa dauka 25 eta 44 urte bitarteko lagunen osasunean”.
Ikerketan hauteman dutenez, bakarrik sentitzeko arriskua desberdina izan zen sexuaren eta posizio sozioekonomikoaren arabera. Nahi gabeko bakardadearen prebalentzia handiagoa izan zen emakumezkoetan (gizonezkoena baino % 30 handiagoa), eta nabarmen handiagoa izan zen eskulangintzari dagokion klase sozialeko lagunen artean eskulangintzari ez dagokion klase sozialekoen artean baino. Nahi gabeko bakardadearen eta osasunaren arteko erlazioa aztertzean, ikusi zuten handiagoa zela bakarrik sentitzen diren pertsonek beren buruaz duten osasun-pertzepzio txarraren prebalentzia (bi aldiz handiagoa) eta osasun mental txarraren prebalentzia (lau aldiz handiagoa). Horrez gainera, egileak adierazi duenez, “pertsona heldu gazteen artean handiagoak izan ziren bakardadearekin lotutako desberdintasun sozialak eta orobat bakardadearen eta osasun txarraren arteko lotura. Osasunaren gain duen eragina, beraz, handiagoa izan liteke pertsona gazteengan, adinduengan baino”.
Bakardadea murrizteko esku-hartzeen beharraUnai Martínen iritziz, ikerketaren emaitzek ondorio garrantzitsuak dituzte nahi gabeko bakardadea murrizteko eta prebenitzeko esku-hartzeetarako, eta nabarmendu egiten dute bizi-zikloaren eta desberdintasun sozialen garrantzia. “Merezi du arazo honi fokua jartzea eta pentsatzen hastea zergatik dauden nahi gabeko bakardadearen hain maila altuak, zergatik sentitzen diren bakarrik hainbeste pertsona; gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea zer eragin duen horrek osasunean”, nabarmendu du Martín doktoreak.
Ikerketa honetako datu guztiak COVID-19ak eragin duen pandemiaren aurretikoak dira, eta, testuinguru horretan, UPV/EHUko ikertzaileak dei egiten du pertsonen bakardadea arintzearekin lotutako gaiak sartzera agendan: “Gaur egun bizi dugun honen guztiaren aurretik halako bakardade-sentimendua baldin bazegoen, eta erakusten badugu bakardadeak osasun orokorrerako eta osasun mentalerako zer garrantzi duen, pentsa zein izango den egoera orain bizi dugun krisi honetan, zeinetan oso gutxi hartu baita aintzat epidemiaren kudeaketa pertsonen osasunean izaten ari den eragina, kutsatzeetatik harago. Litekeena da pairatzen ari garen nolabaiteko bakartze sozial hau osasunean inpaktu handia eragiten aritzea”, esanez amaitu du.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: EAEko lau lagunetik batek sentitzen du nahi gabeko bakardadea
Erreferentzia bibliografikoaUnai Martín Roncero, Yolanda González-Rábago. (2020). Soledad no deseada, salud y desigualdades sociales a lo largo del ciclo vital. Gaceta Sanitaria. DOI:10.1016/j.gaceta.2020.07.010
The post EAEko lau lagunetik batek sentitzen du nahi gabeko bakardadea appeared first on Zientzia Kaiera.
Listu-Guruinaren Enbriogenesia eta Seinalizazio-Bideak
Badakizue aho barneko listua ekoizteko organo bat daukagula? Listu-guruina egitura epitelial bat da, oso adarkatuta garatzen dena eta listua ekoizteko eta jariatzeko diseinatuta dagoena.
Listua hitz egiteko, dastamenerako, murtxiketarako, irensketarako eta liseriketarako ezinbestekoa da. Gizakietan, hiru listu-guruin nagusi daude eta milaka listu guruin txiki aho barrunbetik sakabanaturik, guztiak kanporantz konektaturik daude jariapen-hodien bitartez. Listu-guruin bakoitza azino- eta jariapen-hodiz osaturik dago. Azinoak serosoak edo mukosoak izan daitezke, jariakinaren arabera (urtsua edo likatsua den, hurrenez hurren). Muki-zelulek muzinak jariatzen dute, karbohidrato kateak dituzten glikoproteina luzeak. Azino serosoetako zelulek proteinak jariatzen dituzte (adibidez, amilasa). Jariapena erregulatzeko azinoen uzkurketa nerbio-sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren estimuluen menpe dago.
Irudia: Gizakietan, hiru listu-guruin nagusi daude eta milaka listu guruin txiki aho barrunbetik sakabanaturik: saguetan aldiz, barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garai ezberdinetan banatzen da.Saguaren barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garai ezberdinetan banatzen da. Listu-guruinaren garapenaren hasiera, ektodermoko zelula epitelialen proliferazio eta adarkatze koordinatu batekin hasten da. Biribil-itxurako epitelioa, kimu deiturikoa, hazi egiten da inguratzen duen mesenkima bultzatuz doan heinean. Aldi berean, zelulak mugitzen, hiltzen eta elkarrekin erlazionatzen dira. Epitelioko zelulak mesenkimako zelulekin, neuronekin eta endotelioko zelulekin harremanetan jartzen dira. Ondoren desberdintzapena gertatzen da, eta zelula mota ezberdinak sortzen dira.
Garapena gidatzen duten seinale molekularrek duten potentziala aztertzea beharrezkoa da ere. Seinalizazio-bideen artean, fibroblastoen hazkuntza-faktoreak barneratzen dituen seinalizazioa bide ikertuenetakoa da, zelula barneko eragile molekularren aktibitatea pizten duena, adibidez oso ohikoak diren, Ras bidea, Src tirosina-kinasen familia, PI3K/AKT, PLC-γ/PKC eta STAT3 bidea. Sonic Hedgehog beste seinalizazio-bide garrantzitsu bat da. Seinalizazio-bidearen molekulak zelulen biziraupenean, proliferazioan, desberdintzapenean eta enbrioi-patroien sorreran parte hartzen du. Notch seinalizazio-bidearen funtzio nagusia zelulen zoria kontrolatzea dela iradoki da. Notch bitartez egindako zelulen arteko komunikazioa aldameneko zelulen hartzaile eta lotugaien arteko adierazpenen arabera gertatzen da, eta gure emaitzak diotenez ezinbestekoa da saguen barailako listu-guruinaren enbrioi garapenerako. Wnt bide kanonikoa listu-guruinaren garapenarekin eta birsorkuntzarekin erlazionatu da, izan ere, listu-guruinaren mesenkiman adieraziz adarkatze morfogenesian parte hartzen du. Azkenik ektodisplasina listu-guruinaren morfogenesirako ezinbestekoa dela ikusi da. Eta seinalizazio-bidetaz gain, zelulaz kanpoko matrizeak eta neuronen inerbazioa funtzio garrantzitsua dute listu-guruinaren garapenean.
Maiz zenbait gaitzen, gaixotasunen edo buruko eta lepoko minbizien kontrako erradioterapiek listu-guruinaren funtzioa kaltetzen dute. Asaldura horiek xerostomia («aho lehorraren sindromea») izeneko disfuntzioa eragiten dute, pazienteentzat deserosoa dena eta haien bizi-kalitatean eragin negatiboa duena. Beraz, listu-guruinen garapena ezagutzea behar-beharrezkoa da birsorkuntzarako estrategiak diseinatzeko, eta horrek interes handia pizten du. Horretarako, beharrezkoa da listu-guruinaren zelula amen biologia ezagutzea, inerbazioa eta listu-guruinaren morfogenesia zuzentzen dituzten seinalizazio-bideak sakonki ikertzea.
Iturria:
Garcia-Gallastegi, Patricia; Crende Arruabarrena, Olatz (2020). «Listu-guruinaren enbriogenesia eta seinalizazio-bideak»; Ekaia, 36, 2020, 163-174. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20733) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Listu-guruinaren enbriogenesia eta seinalizazio-bideak.
- Laburpena: Ugaztunen listu-guruina egitura epitelial bat da, oso adarkatuta garatzen dena eta listua ekoizteko eta jariatzeko diseinatuta dagoena. Gizakietan hiru listu-guruin nagusi daude. Hala ere, barailapeko listu-guruina da aztertuena. Berrikuspen honetan, saguaren barailapeko listu-guruinaren enbrioi-garapeneko garaiak azaltzen dira. Aldi berean, garapeneko prozesu honek gidatzen dituen oinarrizko seinalizazio-bideak eta mekanismoak laburbiltzen dira: FGF, Shh, Notch, Wnt, Eda, ECMak eta nerbio-sistema. Garapenean zehar agertzen diren mekanismoak hobeto ulertzea funtsezkoa da kaltetutako guruinaren birsorkuntza-terapia eraginkorrak diseinatzeko.
- Egileak: Patricia Garcia-Gallastegi, Olatz Crende Arruabarrena
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 163-174
- DOI: 10.1387/ekaia.20733
————————————————–
Egileez:
Patricia Garcia-Gallastegi UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Sailekoa da.
Olatz Crende Arruabarrena UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Sailekoa da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Listu-Guruinaren Enbriogenesia eta Seinalizazio-Bideak appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (1): Prezioak txanponekin
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure lehen ariketa: Prezioak txanponekin.Herrialde batean txanponen balio bakarrak 5 eta 7 dira. Zein da, era horretako txanponak erabiliz, ordaindu ezin daitekeen kantitate osorik handiena?
———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2021. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
The post Dozena erdi ariketa 2021ko udarako (1): Prezioak txanponekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Lapak historiaurreko klimaren eta orduko giza portaeraren adierazle gisa
UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile batzuek Kantabriako Unibertsitatearekin eta Max Planck Institutuarekin lankidetzan egindako ikerketa batek erakutsi du Patella depressa espezieko lapak bereizmen handiko adierazle klimatikoa direla, eta ondorio garrantzitsuak izango dituela etorkizuneko ikerketa arkeologiko eta paleoklimatikoetan.
Itsas moluskuetako oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren (δ18O) erlazioen analisiei esker, iraganean zer kondizio ozeanografiko zeuden ebatz daiteke, bai eta historiaurreko giza populazioek zer-nolako bizimodua zeukaten ere. Hala ere, lagin arkeologikoak aztertu baino lehen, nahitaezkoa da gaur egungo oskolak analizatzea, jakiteko ea hautatutako espeziea adierazle egokia den banakoa hazi bitartean izan diren klima-kondizioak islatzeko. Patella depressa da Europako kostalde atlantiko osoko Holozenoko erregistro arkeologikoan gehien jaso izan den espezieetako bat, eta, hala ere, orain arte ez zen testatu itsasoaren tenperaturaren bilakaera berreraikitzeko adierazle gisa.
Irudia: Patella depressa da Europako kostalde atlantiko osoko Holozenoko erregistro arkeologikoan gehien jaso izan den espezieetako bat (Argazkia: H. Zell. Iturria: Wikimedia Commons)Lehen aldiz frogatu da Patella depressa espeziea klima-adierazle egokia dela, UPV/EHUko Asier García Escárzaga ikertzaileak lankidetzan zuzendutako ikerketa batean. Nazioarteko Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology aldizkarian argitaratu dute, oskolen hazkunde-patroien azterketa eta oxigenoaren isotopo egonkorren analisia konbinatu dute.
Oskolek hazi bitartean erregistratutako klima-aldaketakIkertzaileek adierazi dute lagin modernoen balio isotopikoetatik abiatuta determinatutako itsasoko tenperaturek zuzen islatzen dituztela aztertutako espezimenen bizitzan zehar itsasoko tenperaturan izandako aldaketak. Emaitzek berretsi egiten dute, beraz, Patella depressa espeziearen oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren analisiak gaur egungo eta iraganeko klima-kondizioen adierazle bikainak direla.
Ikerketa berritzaile honek, gainera, oso ondorio garrantzitsuak izango ditu etorkizuneko ikerketa paleoklimatiko eta arkeologikoetan. Zehazki, oskol arkeologikoen analisiak aukera emango du historiaurrean giza populazioek itsas ingurunea nola ustiatzen zuten jakiteko eta iraganeko klima-aldaketek giza talde haietan zer eragin izan zuten determinatzeko.
Informazio osagarria:Asier García Escárzaga Eusko Jaurlaritzako doktoretza osteko programari esker da UPV/EHUko ikertzailea. Gaur egun, Giza Historiaren Zientziarako Max Planck Institutuan (Alemania) ari da doktoretza osteko egonaldi bat egiten, zeina sartuta baitago aipatutako programaren laguntzan. Bi urteko nazioarteko egonaldia amaitu ondoren, 2021ean, UPV/EHUko Letren Fakultateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean hasiko da lanean, Historiaurrea ikerketa-taldean. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren (MINECO) diru-laguntza jasotzen duen Palaeoshells ikerketa-proiektuaren barnean sartzen da ikerlan hau. Palaeoshells proiektuaren helburu nagusietako bat da kantauriar eskualdeko itsasertzeko baliabideen historiaurreko ustiapen-ereduak aztertzea.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Lapak historiaurreko klimaren eta orduko giza portaeraren adierazle gisa
Erreferentzia bibliografikoa:Asier García-Escárzaga, Igor Gutiérrez-Zugasti, Manuel R. González-Morales, Alvaro Arrizabalaga, Jana Zech, Patrick Roberts. (2020). Shell sclerochronology and stable oxygen isotope ratios from the limpet Patella depressa Pennant, 1777: Implications for palaeoclimate reconstruction and archaeology in northern Spain. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology. DOI:10.1016/j.palaeo.2020.110023
The post Lapak historiaurreko klimaren eta orduko giza portaeraren adierazle gisa appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #362
Material berriak nahitaezkoak izango dira ingurumen-kudeaketan: deskarbonizazioan, erregai jasangarrien produkzioan edota konposatu toxikoen inaktibazioan, esaterako. Honelako materialak garatzeko modurik onena natura imitatzea dela erakusten du BCMaterialsek: Mimicking nature to face the green environmental transition
Kontzientzia fenomeno kuantikoa deneko ideia, geografo batentzat Lurra laua deneko ideia bezalakoa da neurozientziaz dakitenentzako. Hala ere, fisikoek hurbilketa oso interesgarriak topatzen dituzte. Can consciousness be explained by quantum physics? My research takes us a step closer to finding out, Cristiane de Morais Smithena.
Kimika konputazionalak asko du esateko minbiziaren aurka, minbizien % 85ean inplikatutako egitura batzuk hobeto ezagutzeko aukera ematen duen neurrian. DIPC: How to model G-quadruplexes
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #362 appeared first on Zientzia Kaiera.
Sarah Frances Whiting, emakumezko astronomoen irakaslea
“Gaur egungo emakume gazteek ate guztiak dituzte zabalik, eta ezin dute imajinatu ere egin duela mende erdi baino gehiago ezagutzaren arlo guztietako ateak bultzada batez zabaldu zituztenen zailtasunak edo gogo bizia.” Annie Jump Cannon (1863-1941), astronomoa.
Hala hasten zen, bere heriotza dela eta, 1927an Popular Astronomy aldizkarian argitaratutako Sarah Frances Whiting astronomoari buruzko artikulu biografikoa; Annie Jump Cannon, haren ikasle ohiak idatzi zuen. Izarrak katalogatzen egin zuen lana funtsezkoa izan zen egungo izarren sailkapenerako. Whiting ezagutzaren ate horiek sakada batean ireki zituzten eta atzetik zetozenak sartzeko ateei eutsi zieten emakumeetako bat izan zen.
Akademikoen alaba, Mayflower-en kolonoen ondorengoaSarah Frances Whiting Wyoming konderrian jaio zen, New Yorkeko estatuan, 1847ko abuztuaren 23an. Bere aita, gerora Ameriketako Estatu Batuak bihurtu ziren lurretara Mayflower ontzian iritsi ziren kolonoen zuzeneko ondorengoa zen eta unibertsitate hezkuntza zuen, eta irakaskuntzan aritu zen, karguak betez hainbat ikastetxetan estatuan zehar. Sarah zientzian interesatzen hasi zen, aitari eskolak emateko frogapenak eta esperimentuak prestatzen laguntzen ziolako. Ez zuen hezkuntza formalik jaso, eta aita izan zuen tutore; hark erakutsi zizkion matematikak eta fisika.
1.irudia: Sarah Frances Whitingek emakume askori eman zien fisikako eta astronomiako prestakuntza eta, ondoren, haien ibilbidea interes handiz jarraitu zuen (Iturria: Wikimedia Commons)1865ean, lehen titulu akademikoa lortu zuen Ingham Unibertsitatean, Le Roy herrian (New York), eta eskolak eman zituen emakumezkoen hezkuntza erakunde batean 1876ra arte; gainera, klase eta hitzaldi zientifikoetara joaten eta inguruko laborategiak bisitatzen jarraitu zuen. Horietako batzuetan piztu zitzaion astronomiari aplikatutako espektroskopiaren inguruko lilura, eta horretan espezializatu zen gerora.
AEBetako fisikako bigarren laborategia, lehena emakumeentzat1878an, Boston hiriko emakumeen unibertsitate berri batean eskolak emateko kontratatu zuten. Hara joan zenean, Massachusetts estatuko Institutu Teknologikoko fisikako laborategira joaten hasi zen, MIT ospetsura, han egiten zena ikasi eta enplegu berrian aplikatzeko. Hura izan zen Ameriketako Estatu Batuetako graduatu aurrekoentzako lehen fisikako laborategia.
1878an, herrialdeko bigarrena ireki zuen berak Wellesley College unibertsitatean; emakumeentzako hezkuntza erakunde bateko lehena. Behaketa zientifiko eta astronomikorako aurrerapen eta aurkikuntza berrien garaia zen. 1895ean, Wilhem Roentgen fisikariak X izpiak aurkitu zituela argitaratu zenean, Whitingek behar zen ekipamendua eskuratu eta Ameriketako Estatu Batuetako lehen erradiografiak egin zituen: lehena, poltsa bateko txanpon batena, eta, aurrerago, esku bateko eta beso bateko hezurrena.
Ingalaterra Berriko Sozietate Meteorologikoan parte hartzera gonbidatu zuten lehen emakumea izan zen, eta gai horren inguruko ikastaro bat ematen hasi zen. Behaketa meteorologikorako estazio bat jarri zuen abian, eta bere ikasleek datuak biltzen zituzten Ameriketako Estatu Batuetako Eguraldiaren Bulegorako, ez baitzegoen antzeko beste instalaziorik hurbil.
Astronomiako irakaslea marmol zuriko behatokianHala ere, Whiting ezaguna da, bereziki, espektroskopioarekin eginiko lanagatik eta 20 urtez Wellesley Collegen ia ekipamendurik gabe emandako astronomiako eskolengatik. Astronomiako irakasle lanetan, ikasleak terraza eta teilatuetara eramaten zituen, fenomenoei behatzeko, esaterako, 1882ko Kometa Handiaren igaroa, edo Artizarraren trantsitua urte horretako abenduan. 1900. urtean, azkenean, funts dohaintza bati esker, errefrakzio-teleskopio bat, laborategi espektroskopiko bat eta fotometro bat erosi ahal izan ziren. Hala, unibertsitatetik hurbil behatoki bat eraiki zen; marmol zuriz egin zen, ekipamenduaren jatorrizko jabearen izenaren (White), dohaintza emailearen abizenaren (Whitin) eta irakaslearen abizenaren (Whiting) omenez.
2. irudia: Whitin behatokia Wellesley College unibertsitatean. (Iturria: Wikimedia Commons)Aparatu horiek beste herrialde batzuetan fabrikatzen ziren, eta ez zegoen haiek hautatzeko katalogorik; beraz, behar zena zer zen jakiteko, beste kide batzuen laborategiak bisitatu behar zituen Whitingek. Beti tratatu zuten adeitasunez, baina berak zioenez, “sumingarria zen emakumerik espero ez zen lekuetan egotea, lehenago ezein emakumek egin ez zituen gauzak egiten”.
Eskualdean eginiko bidaietan, zientzialari handiak ezagutu zituen, besteak beste, lord Kelvin; ospetsua da bere izena daramalako eskala termiko batek, hots, Kelvin graduenak. “Beste zientzialari asko ez bezala, sir William ez zen harritu ez asaldatu emakume bat matematikan eta fisikan jarduteagatik”, idatzi zuen Withingek ezagutu ziren aldiaz. Baina, bestalde, sir William Crookes kimikariak, bere laborategia atsegin handiz erakutsi ondoren, honako hau galdetu zion: “Emakume guztiek espektroskopioen inguruan hainbeste ikasten badute, nork prestatuko ditu gosariak?”
Goizeko behaketak, eragin handiko emakumeen mentoreaAmeriketako Estatu Batuetako Fisika Sozietateko kide izan zen; sozietateak, hasieran, ez zituen emakumeak gonbidatzen banketeetara. Bere garaian, Zientziaren Aurrerapenerako Ameriketako Estatu Batuetako Elkarteko kide hautatu zituzten bost emakumeetako bat izan zen. 1905ean, Tufts College unibertsitatean ohorezko titulua jaso zuen, irakaskuntzari eginiko ekarpenengatik.
1912an, Whitingek Fisika departamentuko lanak utzi eta Astronomiako irakasle lanetan jarraitu zuen; hala, goizetan zenbait behaketa eta ariketa, eta arratsaldeetan beste batzuk egiteko ohitura ezarri zuen, datu tarte eta behatu beharreko fenomeno gehiago lortzeko.
Batik bat irakasle lanengatik aintzatetsi izan dute: emakume askori eman zien fisikako eta astronomiako prestakuntza eta, ondoren, haien ibilbidea interes handiz jarraitu zuen. Haietako asko irakasle izan ziren eta zientzia ikerketekin jarraitu zuten; Whitingek animatu egiten zituen haien ingurunean ezagutzak baliatuta eragin handiko irudi izatera. 1916an, ia lau hamarkadaz lan egin ondoren, Wellesley College utzi zuen irakasle emerituaren karguarekin. Ondoren, Wilbraham herrira (Massachusetts) joan zen bere ahizparekin bizitzera; ahizpak ere berarekin jardun zuen elkarlanean irakaskuntza urteetan. 1927an hil zen, “lasai hilezkortasunaren gaineko fede irmoagatik, eta ahal goren batean tinko sinetsiz”, zioen, amaitzeko, Jump Cannon, beharbada bere ikasle ezagunenak, hil ondoren idatzi zuen nekrologikoak.
Iturriak:- Cannon, Annie J. (1927). Sarah Frances Whiting, Popular Astronomy, 35 (1927) 539-544.
- Passport To Knowledge, Women in Meteorology Before World War II
- Wikipedia, Sarah Frances Whiting
Rocio P. Benavente (@galatea128) kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko ekainaren 17an: “Sarah Frances Whiting, maestra de astrónomas“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Sarah Frances Whiting, emakumezko astronomoen irakaslea appeared first on Zientzia Kaiera.
Aurrerapen terapeutikoak Parkinsonen gaixotasunean
Parkinsonen gaixotasuna (PG), gaixotasun neurodegeneratiboen artean ohikoena da, Alzheimer gaixotasunaren atzetik. PGaren kasu gehienek ez dute inolako erlaziorik gordetzen asaldura genetikoekin, zahartzea arrisku faktore nagusiena izanik. Mendebaldeko batezbesteko bizi itxaropenaren handitzea aintzat hartuta, PG pairatzen duten gaixo kopuruak gorakada esanguratsua izan du. Klinikan, ezaugarri bereizgarrienak: bradikinesia (mugikortasunaren moteldura), dardara, zurruntasuna eta ezegonkortasuna dira. Substantia nigra pars compacta (SNc) deritzon burmuineko gunearen endekapen neuronala zein gune ildaskatuko dopamina mailaren galera %50-80koa denean lehenengo sintomak agertzen dira. Normalean, une horretara arte ez da gaixotasuna diagnostikatzen ezta tratatu ere. Sintoma motor klasikoak agertu aurretik, gaixotasunaren aldi goiztiarrean, baliogabetze edo ezintasun handia eragin dezaketen sintoma ez motorrak agertzen dira, hauek sarritan gutxietsiak badira ere (esfinterren disfuntzioa, ez-ohiko jokaera psikiatrikoa eta hondatze kognitiboa, besteak beste).
Irudia: Parkinsonen Gaixotasunaren etiologia ezezaguna denez, tratatzeko eskuragarri dauden terapiek, soilik, sintomak baino ez dituzte tratatzen. (Argazkia: Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)PGaren etiologia ezezaguna denez, tratatzeko eskuragarri dauden terapiek, soilik, sintomak baino ez dituzte tratatzen. Kasu gehienetan, egindako ikerketetan oinarrituta, gaixotasunaren aldi goiztiarra tratatzeko lehenengo aukera tratamendu farmakologikoa da. Gaur egun, eskuragarri dagoen tratamendurik eraginkorrena L-dopa da. Honek bereziki, mugimenduen geldotasuna eta zurruntasuna hobetzen dituen arren, dardara eta jarrera asaldurak neurri txikiagoan ere hobetzen ditu. Alabaina, L-dopak gaixotasunaren garapena ez gelditzeaz gain, denborak aurrera egin ahala, bere eraginkortasuna murriztu egiten da eta pazienteen %50ean tratamendua hasi eta 5 urtera fluktuazio motorrak eta kaltegarriagoak diren diskinesiak eragiten ditu.
PG tratatzeko dagoen beste aukera terapeutikoa sistema dopaminergikoan aktibazio zuzena eragiten duten farmakoak erabiltzea da. Horien artean, agonista dopaminergiko ez-ergotikoak dira erabilienak. Hauek, L-doparen tratamendua atzeratzea baimentzen dute eta ondorioz, epe luzerako eragin kaltegarrien agerpena. Horretaz gain, L-doparekin batera administratzen diren B-motako monoamina oxidasaren inhibitzaileak eta katekol-o-metil-transferasaren inhibitzaileak erabil daitezke. Hauek, dopaminaren degradazioa inhibituz, L-doparen ekintza denbora luzatzea ahalbidetzen dute. Antikolinergikoak ere erabiltzen dira dopaminaren efektuak bultzatzen baitituzte.
Azken urteetako ikerketa klinikoek L-doparen eragozpenei aurre egiteko terapia eta farmakoak frogatu dituzte (farmako serotonergiko eta glutamatergikoak, farmakozinetika hobetzeko formulazioak edota garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoa (rTMS), besteak beste) beti ere PGren terapeutika hobetzeko helburuarekin.
Entsegu kliniko batzuetan, sarizotanek eta eltoprazinek, sistema serotonergikoa bultzatzen duten farmakoak, L-dopak eragindako diskinesiak murrizten dituzte. Horretaz gain, PGaren aurkako efektuaren luzapena ere eragiten dutela ikusi da. Hala ere, oraindik ikerkuntza-lan gehiago beharrezkoa da farmako horiek merkaturatu ahal izateko. Bestalde, PG zein honi lotutako diskinesietan sistema glutamatergikoaren hiperaktibitatea aurkitu da, eta igorpen glutamatergikoaren normalizatzeak diskinesiak murriz ditzake. Izan ere, diskinesiei aurre egiteko komertzializaturik dagoen aukera farmakologiko bakarra amantadina farmakoa da. Gainera, sistema honetako blokeatzaileak diren farmakoak entsegu kliniko batzuetan diskinesien aurkako nolabaiteko efektua erakutsi dute, ikerketa berrien beharra ondorioztatu den arren. Azken urteotan, askapen kontrolatutako formulazioak eta administratzeko bide berriak (larruazal edo inhalazio bidez administratzeko formulazioak) frogatu dira bi helburu nagusirekin: alde batetik etengabeko estimulazio dopaminergikoa lortzea eta bestetik L-doparen berehalako askapen formulazioa aurkitzea. Horietako batzuk, etorkizun hurbilean Espainian merkaturatuta egotea espero da. Azken urteotan PGean rTMS ere frogatzen ari da eta lortutako emaitzak nahiko itxaropentsuak dira. Beraz, ikertzen ari diren farmakoak gaixotasunaren sintomatologia gero eta gehiago arintzen ari dira. Nolanahi ere, etiologia ezezaguna denez, egun ez dago babeslea den edota endekapen prozesua gelditzeko aukera terapeutikorik.
Iturria:
Duque, Mailen; Sagarduy, Ainhoa; E. Ortega, Jorge; Morera-Herreras, Teresa (2020). «Aurrerapen terapeutikoak Parkinson gaixotasunean»; Ekaia, 36, 2019, 49-64 (https://doi.org/10.1387/ekaia.20833)Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Aurrerapen terapeutikoak Parkinson gaixotasunean
- Laburpena: Parkinson gaixotasuna (PG) adinarekin erlazionatutako gaixotasun neurodegeneratiboa da. PGren prebalentzia gorantz doa, eta hurrengo 40 urteetan kasuak bikoiztuko direla uste da. Gaur egun, farmako erabilgarrien artean, L-dopak tratamendurik eraginkorrena izaten jarraitzen du, baina ez du endekapena geldiarazten edo moteltzen. Horrez gain, denbora pasatu ahala, haren eraginkortasuna murriztu egiten da, eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu: esate baterako, diskinesiak. Berrikuspen honek PG tratatzeko aurrerapen terapeutiko berriak laburbiltzen ditu; besteak beste, farmako serotonergikoak eta glutamatergikoak, farmakozinetika hobetzeko forma farmazeutikoak edo garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoa.
- Egileak: Mailen Duque, Ainhoa Sagarduy, Jorge E. Ortega, Teresa Morera-Herreras
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 49-64
- DOI: 10.1387/ekaia.20833
————————————————–
Egileez:
Mailen Duque, Ainhoa Sagarduy, Jorge E. Ortega, Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Aurrerapen terapeutikoak Parkinsonen gaixotasunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Txoriak ahaztutako abestia
Kultura, hegaztiena izan zein gizakiona, espezieko kideen arteko elkarrekintzari esker mantentzen da eta horrela zabaltzen da belaunaldi batetik bestera. Ikerketek erakutsi berri dutenez, espezie baten populazioaren dentsitatearen murrizketak kultura galera ekar dezake eta horrek espeziearen desagertze prozesua azkartu dezake. Australiako ezti-txori erregeordeari horixe gertatzen ari zaio; izan ere, arren %27ak bakarrik mantentzen ditu espeziearen jatorrizko txio-doinu bereizgarriak.
Irudia: Ezti-txori baten argazkia Tarongako (Australia) zooan. (Argazkia: Jss367 – CC BY-SA 4.0. Iturria: Commons.wikimedia.org)
Ezti-txori erregeordea, Anthochaera phrygia izen zientifikoduna, Australian bizi den hegazti txiki bat da. Kontinente ekialdeko basoetan bizi da eta azken hamarkada hauetan bere populazioa modu kezkagarrian murriztu da. Hain zuzen ere, une honetan arriskuan dagoen espeziea da eta nagusiki habitat galeragatik gertatzen ari da desagertzea. Horrek arazo bitxi bat ekarri die ezti-txori gazteei. Geroz eta gutxiago daudenez, gazteek ez dituzte aurkitzen erreferente helduak txio egiten ikasteko. Txori har gazteek ez dituztenez ikasten emeak erakartzeko eta ugalketarako ezinbestekoak diren txioak, are zailagoa da espeziearen biziraupena.
Ross Crates eta bere lankideek Australiako ezti-txoriaren txioak eta ugalketa ikertu dituzte eta argitaratu berri duten ikerketaren emaitzen arabera, ezti-txoriak beste espezie batzuk egiten dituzten txioak ikasten eta imitatzen saiatzen dira, baina, teknika horrekin ez dute ugaltzeko arrakastarik lortzen. Ikerketaren ondorioetara iristeko hainbat urtetan zehar egindako grabaketak eta txori zenbaketak hartu dituzte kontuan eta, ikusi dutenez, ezti-txori erregeordeen %12ak ere ez dakizki bere espeziearen txio-doinuak. Deforestazioaren ondorioz gertatzen ari den habitat galeraz gain, hortaz, espeziea desagertzear -edo arrisku larrian behintzat- erakusten dio txio-doinuen galerak. Litekeena da hegazti arrunt baten kasuan ugalketan lauzpabost aldiz arrakasta ez izateak ez lukeela arazo larririk ekarriko, baina, kontuan hartuta Australian une honetan dagoen ezti-txoriren kopurua oso urria dela, ugalketan arrakastarik ez lortzea arriskutsua izan daiteke espeziearen biziraupenerako. Hain zuzen ere, dauden hegaztiak ez badira ugaltzen kaltea are larriagoa da.
Ikertzaileek 2015 eta 2019 artean ezti-txori erregeordeen hainbat audio-grabaketa egin dituzte eta 1986tik jasotako txio-doinuak ere aztertu dituzte. Horri guztiari esker, txio-doinuen analisi eta sailkapena egin ahal izan dute. Ikertzaileek aurreikusi dute txio-doinuen galera hori espeziearen desagertzearen aurreko pausoa izan daitekeela eta hortxe dago ikerketaren beste muinetako bat. Nolabait, txoriak haien txio egiteko moduaren kultura galtzen ari dira. Egindako ikerketa istorio triste baten moduan deskribatu dute zientzialariek; izan ere, espeziea desagertzen ari dela adierazten du, zalantzarik handirik gabe, baina, ez dago irtenbide magikorik. Deforestazioak geroz eta habitat egoki gutxiago uzten dizkie eta geroz eta zailagoa da txoriak elkarrekin kontaktuan egotea txiokatzen ikasteko. Horrexegatik, ezti-txori erregeordeak hain jatorrizko doinuak ahazten ari dira pixkanaka eta mantentzen dituzten doinuak geroz eta sinpleagoak dira.
Ikerketek erakutsi dutenez baliteke lan hau beste espezieetara estrapolatzeko modukoa izatea. Hau da, espezie edo populazio batek bere identitatea, bere kultura, galtzen duenean, desagertzeko arriskuan egon daiteke. Nolabait, kultura hori ezinbestekoa da ugaltzeko eta espeziaren eboluzioa eta biziraupenarentzat ezinbestekoak diren funtzioak betetzen jarraitzeko. Crates eta bere lankideen ikerketak oraindik hainbat galdera erantzun gabe utzi ditu, baina, informazio interesgarria eskainiko duten beste hainbat lanen abiapuntua da. Ikerketak, gainera, baditu zenbait lotura gizakion kultura mantentzearekin; izan ere, Australiako edo Ameriketako Estatu Batuetako jatorrizko gizarteak jar litezke adibide gisa. Azken batean, populazioa galtzearen eta sakabanatzearen ondorioz haien hizkuntza eta kultura neurri batean galdu egin zen. Ba ote daukagu zerbait ikasteko ezti-txori erregeordeari gertatzen ari zaion egoeratik?
Erreferentzia bibliografikoa:Crates, R., Langmore, N., Ranjard, L., Stojanovic, D., Rayner, L., Ingwersen, D., Heinsohn, R. (2021) Loss of vocal culture and fitness costs in a critically endangered songbir. Proceedings of the Royal Society B, 288. DOI: 10.1098/rspb.2021.0225
Informazio gehiago:Mike Ives (2021). ¿Cómo era esan canción? Este pájaro no sabe, The New York Times, 2021eko martxoak 20.
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Txoriak ahaztutako abestia appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: neurritasuna gurpiletan, ingurumen inpaktua gutxitzeko
Garapen jasangarria da gizateriak aurrean duen mundu mailako erronka garrantzitsuenetako bat. Horretarako, erabakigarria da tokiko, eskualdeko eta mundu mailako garraioa eraldatzea, eraginkortasun handiena ingurumen inpaktu txikienarekin erdiesteko. Trenak zeregin handia du garraioaren deskarbonizazioan.
Gaur egun munduko bidaiarien eta merkantzien garraioaren % 8 trenbidez egiten bada ere, UIC (Union Internationale des Chemins de Fer) elkargoak dioenez, garraio sektorearen emisioen % 2 baino ez dagokio trenbideari; eta, beraz, gaur bertan jada garraio erlatiboki efiziente eta jasangarria da.
Irudia: Garapen jasangarria da gizateriak aurrean duen mundu mailako erronka garrantzitsuenetako bat. (Argazkia: ceparedonda – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hitz bakarrean laburbiltzen den abantaila funtsezko baten onuradunak dira trenbide sareak: neurritasuna, zeina klima aldaketaren arazoei aurre egiteko funtsezko bertutea baita.
Neurritasuna energia-kontsumoan: bai per capita energiari erreparatuta, bai globalki kontuan hartuta, trenbideak eta garraio publikoa eraginkorrak baino eraginkorragoak dira: pertsona bakoitza automobilez edo hegazkinez mugitzeko behar den energiaren hamarrena baino gutxiago behar du bidaiarien tren garraioak.
Neurritasuna espazio publikoan: hiri eremuan zein landa eremuan, espazio publiko gutxi hartzen du; trenbideko garraioa bultzatuta, herritarrek espazio publiko gehiago erabiltzeko aukera dute, aire kalitate hobearekin eta eremu seguruagoarekin.
Neurritasuna bizitza zikloei dagokienez: trenen bizitza baliagarria 50 urte artekoa izan daiteke; hala, minimizatu egiten da berriztagarriak ez diren baliabideetan aldian-aldian berrinbertitu beharra.
Klima aldaketa ez da trena konponbide izan daitekeen arazo bakarra. Helburu bezala, 2050erako trenbide azpiegiturak paisaia naturalean txertatuta egon behar luke eta, beraz, “sare berde” bat izan, biotopoak konektatuko dituena, espezieen migrazioak ahalbidetuko dituena eta hainbat espezieri habitat desberdinak eskainiko dizkiena. Horretarako, funtsezko zenbait gai landu behar dira; esate baterako, baliabideen (balastoa, hormigoia, altzairua, ura…) ustiapen eta erabilpen jasangarria sustatzea, lurzoruaren erabilpen jasangarria, eta airean esekiduran dauden partikulak neurtzea eta kontrolatzea.
Gai erabakigarri horietako bat zarataren eta bibrazioen zaintza arretatsua eta kontrol metodoak dira. Horrek esan nahi du, besteak beste, egoera onean dauden gurpilak erabiltzea; behar bezainbat soilik, eta behar besteko mantentze lanarekin, ez gehiagorekin; alegia, neurritasuna gurpiletan. Horretarako beharrezkoa da gurpilen higadura gainbegiratzeko eta kontrolatzeko sistema berriak ezartzea; Europako tren nagusietan lehendabizi, eta mundu osokoetan gero; trenbideko garraioaren operadoreei informazio zehatza eta denbora errealean eskainiko diena, prebentziozko mantentze lanak egin ahal izateko.
Horixe da, hain zuzen, Euskotren, Danobat eta Idekoren partaidetzarekin sortutako WheelWatcher proiektuaren azken helburua. Asmoa da gurpilen egoera ebaluatzea jarduketa eta geldialdi handien beharrik gabe. Trena trenbidean dagoela gurpilen profila neurtzeko kanpoko sistema bat lantzen ari dira proiektuan, ordenagailuz lagundutako ikuspen algoritmoetan oinarrituta, eta algoritmo horiek abiadura handiko trenen gurpilak neurtzeko gaitasuna ere badute, 0,1 mm inguruko zehaztasun eta doitasunarekin. Gainera, kalibratzeko, autodiagnosirako eta datuak kudeatzeko software-tresna pakete oso bat biltzen du proiektuak, garrantzizko informazioa lortzea ahalbidetu eta dagozkion erabakiak hartzea erraztuko duena.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: neurritasuna gurpiletan, ingurumen inpaktua gutxitzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Material magnetiko topologiko berriak aurkitzeko metodo bat diseinatzea lortu dute
Nature aldizkariak argitaratu du UPV/EHU, DIPC eta Ikerbasquen parte-hartzea duen ikerketa, eta dagoeneko 100 isolatzaile eta erdieroale magnetiko topologiko berri baino gehiago aurkitzeko aukera eman du.
Taula periodikoak elementuak euren propietate kimikoen arabera sailkatzen ditu, hala nola elektroi kopurua edo elektronegatibitatea. Sailkapen honek, bere egunean, elementu berrien iragarpenera eta ondorengo aurkikuntzara eraman zuen. Era berean, solido kristalino ez-magnetikoak – erregularki kokatutako elementu bildumak – berriki sailkatu dira taula periodiko “topologiko” baten bidez, Kimika Kuantiko Topologikoaren teorietan eta Simetria Adierazleetan oinarrituta. Horri esker, dozenaka mila material topologiko ez-magnetiko identifikatu dira, eta, hortik abiatuta, milaka isolatzaile topologiko berri aurkitu dira.
Irudia: Ikerketa honetan aurkitutako NpBi isolatzaile topologiko magnetiko idealaren mugako egoerak. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Baina, bere homologo ez-magnetikoak ez bezala, orain arte konposatu magnetikoak ezin ziren sailkatu metodo topologiko automatizatuak aplikatuz. Honen ordez, material topologiko magnetikoei buruzko ikerketak ad hoc egiten ziren, haien aplikazio posibleak ikusirik. Adibidez, bihurgailu termoelektriko eraginkorragoak, ordenagailu kuantikoen nukleoa izan daitezkeen energetikoki eraginkorrak diren gailu mikroelektronikoen osagaiak edo memoria magnetiko hobetuen euskarriak izan baitaitezke. Nahiz eta material topologikoen eta horien propietateen lehen azterketa teorikoak, 1980ko hamarkadaren hasieran eginikoak, sistema magnetikoetan garatu ziren – ahalegin horiek 2016an Fisikako Nobel Saria jaso zuen –, paradoxikoki, material topologikoen aurkikuntzan egindako azken 40 urteetako aurrerapenak, neurri handi batean, isolatzaile eta erdieroale topologiko ez-magnetikoetan gertatu dira.
Material topologiko magnetikoak aurreikusteko lanaMaterial magnetiko topologikoetarako hautagaien gabezia erlatiboa komposatu kristalalino magnetikoen simetria konplexuei, eta iman kuantikoak simulatzeak eta neurtzeak dakartzan zailtasun teoriko eta esperimentalei egotz dakieke. Alde batetik, dauden datu-baseetan egitura kristalino ez-magnetiko ezaguna duten ehunka mila konposatu bila daitezkeen bitartean, material magnetiko handienen datu-baseetan esperimentalki neurtutako ehunka egitura magnetiko baino ez daude. Bestetik, egitura ez-magnetikoak 230 talde espazialetan sailkatzen diren bitartean, material magnetikoak 1.421 talde espazial magnetikotan sailkatzen dira. “Horrez gain, sistema magnetiko guztietan beste interakzio batzuk ere kontuan hartu behar ditugu, simulatzen zailagoak direnak. Horren ondorioz, material topologiko magnetikoak aurreikusteko lana askoz ere zailagoa da, baita zenbakiak hobeak izango balira ere”, adierazi du B. Andrei Bernevig Princetongo Unibertsitateko fisikako irakasleak, eta gabezia horren arazoa konpondu nahi duen ikerketaren egilekideak.
Nature aldizkarian argitaratutako Bernevig taldearen ikerketa lanean, Halle eta Dresdengo Max Planck Institutoko, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Ikerbasque Fundazioko, Donostia International Physics Centerreko (DIPC), CNRS eta Parisko Ecole Normale Superieure Institutuko, Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT), Shangaiko Unibertsitate Teknikoko, Oxfordeko Unibertsitateko eta Princetongo Unibertsitateko ikertzaileek osatutako nazioarteko talde batek, propietate elektroniko topologikoak dituzten material magnetikoak aurkitzeko aurrerapauso handia egin du.
Aurretik, 2017an, Princetongo Unibertsitateko, UPV/EHUko, Max Planck Institutoko eta DIPCko ikertzaile talde batek, ikuspegi oso eta berritzaile bat garatu zuen material ez-magnetikoen banda-egitura ulertzeko. “Teoria honetan, Kimika Kuantiko Topologikoa (TQC) deitua, material baten ezaugarri topologikoak bere azpiko kimikarekin lotu genituen. Horrek bihurtu zuen material topologiko ez-magnetikoen bilaketa, modu eraginkor batean automatizatu zitekeen zeregin batean”, adierazi du Luis Elcorok, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta bi ikerketen egileetako batek. TQC teroria marko unibertsal bat da, banda-egitura eta material kristalinoen egitura posible guztiak iragartzeko eta ezaugarriak zehazteko. Teoria hau esperimentalki ezagutzen ziren 35.000 konposatu ez-magnetikoei aplikatu zitzaien eta 15.000 material topologiko berri aurkitzera eraman zuen.
Prosezuaren oztopo nagusiakMaterial ez-magnetikoekin lortutako arrakasta erreproduzitzeko, ikertzaileek bi oztopo nagusiri egin behar zieten aurre: alde batetik, material magnetiko jakin baten banda-topologia aztertzeko argitu behar den makineria teorikoa konplexua da oso. Eta, bestetik, egitura magnetikoa modu fidagarrian ezagutzen den material magnetikoen kopurua nahiko txikia da.
Informazio magnetikoa, neurri batean Elcoro irakasleak garatu duen Bilbao Crystallographic Server laborategian dago gordeta. Ikerketan 100 material magnetiko topologiko baino gehiago daudela iragarri dute. Halaber, naturan material magnetiko topologikoen proportzioa (549tik 130) konposatu ez-magnetikoetan dagoen proportzioaren antzekoa dela aurkitu dute.
Egileak baikor agertu dira emaitzekin; izan ere, nahiz eta konposatu magnetikoen kopuru absolutua txikia izan, orain arte aztertutako material ez-magnetikoekin alderatuta, ezaugarri liluragarrien aniztasun handiagoa aurkitu dute, eta, ondorioz, oso interesgarriak dira etorkizuneko esperimentuak diseinatzeko.
Ikertzaileek online datu-base bat ere sortu dute ikerketa honen emaitzetara askatasunez sartzeko. Hainbat bilaketa-tresna erabiliz, erabiltzaileek aztertutako 500 egitura magnetiko baino gehiagoren propietate topologikoak arakatu ditzakete. “Egitura magnetiko topologikoen katalogo baten oinarriak ezarri ditugu”, esan du Elkorok. Espero izatekoa da simetria magnetikoaren erabilera ingurune esperimental eta teorikoetan estandarizatzeak, lan honetan garatutako tresnak era orokor batean hartzearekin batera, material magnetikoetan aurkikuntzen eztanda handia ekarriko duela datozen urteetan.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Material magnetiko topologiko berriak aurkitzeko metodo bat diseinatzea lortu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Y. Xu, L. Elcoro, Z. Song, B. J. Wieder, M. G. Vergniory, N. Regnault, Y. Chen, C. Felser and B. A. Bernevig. (2020). High-Throughput Calculations of Magnetic Topological Materials. Nature. DOI:10.1038/s41586-020-2837-0
The post Material magnetiko topologiko berriak aurkitzeko metodo bat diseinatzea lortu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #361
Burutik atera ezinik izaten ditugun melodia horiek asko esaten dute garunaren funtzionamenduaz. JR Alonsok hitz egin zigun honen inguruan eta, orain, melodia horiek alde batera uzteko teknikak dakartza. Horietako bat txiklea murtxikatzea da: Earworms revisited
Modan daude kriptomonetak, inbertsio munduan arriskutsua izaten dena. Ezagunena Bitcoin da, Elon Musken txioen arabera igo eta jaitsi egiten dena eta inbertsio andana lortzen duena. Haren aurka, Bitcoinen meatzaritzak duen ingurugiro inpaktua dago. Bestelako moneta batzuk martxan jarri dira hau baliatuta Bitcoin garaitzeko. Altcoins could provide a green solution to energy-guzzling cryptocurrencies, Sankar Sivarajah eta Kamran Mahroof .
Ezagutza osoa atzitzeko gai den gizakirik ez da gaur egun. Metatutako ezagutzaren aurrean, errenazimendua beluritu egiten da. Disziplina arteko harremanak galtzen dira ondorioz, DIPCk esku hartu arte. Mining Wikipedia to unveil emergent interdisciplinary knowledge
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #361 appeared first on Zientzia Kaiera.
Edorta Santos: “Terapia zelularrak estrategia terapeutiko berriak garatzeko aukera ematen du” #Zientzialari 158
Terapia zelularrean zelulak erabiltzen dira osagai aktibo gisa eta medikamentu arruntek dituzten mugetatik haratago joatea ahalbidetzen du estrategia terapeutiko berriak garatuz. Medikuntzaren arloan aplikagarritasuna izan dezake gaixotasun kroniko, neurodegeneratibo zein inmunogenikoetan.
Honen harira, zelula amek zeresan handia dute terapia zelularrean, ez bakarrik eraldatzeko duten gaitasunagatik, baizik eta, gorputzean dauden beste zelulen jokaera aldatzeko duten gaitasunagatik. Esaterako, hanturazko osagai bat duten patologietan, gaixotasuna behin desagertuta, beste zelulei kaltetutako ehun edo organoak berreraikitzeko momentua dela ulerrarazten diote sistema immuneari.
Terapia zelularren nondik-norakoez, ikertzen dabilen zelula ametan oinarritutako hesteetako hanturazko gaixotasunaren tratamendurako sistema terapeutiko berrien garapenaz eta alor honetan etorkizun hurbileko erronkez jakiteko, Edorta Santos UPV/EHUko Farmazia Fakultateko ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Edorta Santos: “Terapia zelularrak estrategia terapeutiko berriak garatzeko aukera ematen du” #Zientzialari 158 appeared first on Zientzia Kaiera.
Simetriaz eta bere hausturaz (eta III)
Egungo simetria kontzeptua objektuen simetria geometrikoa deskribatzearekin batera hasi zen zedarritzen, matematika zein fisika arloetan. Hartu elur-maluta perfektu bat, bere erdigunea ardatz harturik eta horri finko eutsita 60º biratu, eta ez da hasierako elur-malutatik bereizterik izango. Aitzitik, 90º biratuz gero, errotazioaren eragina sumatu ahalko dugu. Biraketaz jabetzeko, baina, erreferentzia bat beharko dugu, edo beste era batera esanda, biraketak elur-maluta transformatuko du, baina betiere kanpo-erreferentzia batekin alderatuta.
Hala, bada, objektu baten simetriari dagozkion transformazioek (errotazioak orokortzea) bereizezin bihurtzen dituzte hasierako eta bukaerako egoerak, garrantzizkotzat ditugun propietateei erreparatuta behintzat. Simetria ulertzeko modu hori (transformaziorik egon den ala ez bereizi ezin izatea) oso emankorra izan da azken 400 urteetako zientzia-ikerketan. Hiru dira garapen aipagarrienak: (I) kontzeptua simetria fisikoetara zabaltzea, (II) talde-teoriaren garapena eta haren aplikazio zientifikoak, (eta III) «simetria-haustura» kontzeptuaren garrantzi gero eta handiagoa.
Simetriaren hausturaZientzia modernoan, simetriaren haustura simetria bera bezain garrantzitsua izatera iritsi da. Hainbesteraino, non haustura hitzaren bidez adierazten dugun, erabat hautemangarri eta materiala den zerbait puskatuko balitz bezala. Izan ere, praktikan hala ulertzen da kontzeptua.
1894an, Pierre Curie frantziarrak simetriaren garrantzia nabarmendu zuen simetriaren printzipioaren —edo, bere omenez, Curie printzipioa ere deritzonaren– bidez. Haren arabera, efektu batek ezin du bere kausak baino simetria gutxiagorik izan; alegia, efektu batek beti gordeko du bere kausak zeukan simetria edo simetria falta.
Curieren printzipioa fin-fin bete zen berrogeita hamar urte baino luzaroagoan zientziaren alor guztietan, baina arazo ugariri egin behar izan zion aurre 50eko hamarkadan, funtsezko zenbait aurkikuntza egin zenean. Printzipioak zutik iraun zuen erronka horien ostean ere, baina ia ezagutezin bihurtu arte aldatuta.
Curieren printzipioak aurre egin behar izan zion lehen erronka supereroankortasunaren testuinguruan agerturiko berezko simetria-hauste fenomenoa izan zen (eremuen teoria kuantikoan ere azalduko zen berriro geroago). Emaitzen egonkortasunari zegokion. Izan ere, problema simetriko baten emaitza simetrikoa ezegonkorra izan zitekeen; emaitza egonkorra, berriz, ez zen bere kausa bezain simetrikoa. Beraz, bazirudien Curieren printzipioa urratzen zela. Efektu kontzeptuaren esanahia zabalduta konpondu zen arazoa: teorikoki, kausa batek efektu multzo bat eragiten du (emaitza multzo bat, beraz), denak maila berean probableak, nahiz eta aldi bakoitzean bat baino ez ikusi; ondorioz, multzo osoa da kausaren simetria daukana, eta ez ikusitako efektua soilik. Arrazoibide bihurritu samarra da, baina balio izan zuen printzipioa baztertu behar ez izateko.
Bigarren erronka paritatearen urraketak ekarri zuen. Bertan, esperimentu baten emaitza posibleak bere ispilu-irudia menderatzen du. Urraketa hau Tsung Dao Lee eta Chen Ning Yang fisikariek aurreikusi zuten 1956an, eta Chien Shiung Wu fisikariak eta haren laguntzaileek detektatu zuten esperimentalki 1957an. Kasu honetan, kausa kontzeptua aldatuta da posible printzipioak irautea. Interakzio nuklear ahula gobernatzen duen legeak simetria hausten du, eta, Curieren printzipioa mantentzeko, legea kausaren barruan dagoela ulertu behar da.
Laburbilduz, Curieren simetria-printzipioak iraun du, baina zabaldu eta aldatu egin behar izan dira kausak eta efektuak ulertzeko moduak.
XX. mendearen bigarren erdian berezko simetria-hausteak biologian ere hartu zuen garrantzi handia. Fisikan ikusi dugun arrazoibidearen antzeko ibilbideari jarraitu zitzaion. Organismo oro (birusak kanpo) simetria handiko izaki gisa hasten da; sinplifikatuta, zelula isolatu eta esferiko gisa. Organismoa garatu eta hazi ahala, egoera simetrikoa gero eta ezegonkorragoa bihurtzen da, izan barneko indar eta tentsioengatik edo ingurumenekoengatik. Ezegonkortasun horrek simetria haustea eragiten du: organismoak aukeran dituen taxutze guztien artean, egonkorrena hautatuko du, nahiz eta hain simetrikoa ez izan. Hala, egonkortasunaren eta simetria-haustearen arteko dinamikak mugatu egiten ditu organismo batek hazkuntzan har ditzakeen forma posibleak. Organismoak une bakoitzean aukeran dituen egoera posibleetako zein aukeratuko duen bere barneak kontrolatuta egon daiteke (adibidez, DNAren barruko jarraibideen bidez), edo ingurumenak kontrolatuta (esaterako, tenperaturak edota konposatu jakinen presentziak).
Hortik ondorioztatu daiteke berezko simetria-hausteak errotik aldatu duela eboluzioaren teoria ulertzeko modua.
Darwinen ikuspuntutik, eboluzioak hamaika aukeraren artean esploratzeko askatasuna du, eta hura modu oso orokorrean soilik mugatzen dute lege fisiko eta kimikoek. Ustezko askatasun horrek, ordea, gertaera paradoxiko, edo, behintzat, arras deigarriak ekarri ohi dizkigu. Adibidez, espezieen leinu ezberdinetan oso itxura antzekoak garatzea, edo, teorian aukera ia infinituak egonda, errealitatean aukeren azpi-multzo nahiko mugatua baino ez gauzatzea.
Gertaera deigarri horientzako azalpen posible bat da dinamikoki egonkorra denak asko baldintzatzen duela biologikoki posiblea dena. Ikusi dugun bezala, hori ulertzeko giltzarri da simetria-haustearen kontzeptua.
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
Simetriari buruz idatzitako artikulu-sorta:- Simetriaz eta bere hausturaz (I)
- Simetriaz eta bere hausturaz (II)
- Simetriaz eta bere hausturaz (eta III)
The post Simetriaz eta bere hausturaz (eta III) appeared first on Zientzia Kaiera.
Ingurune azidoetara moldatutako arrainak
Klima-larrialdiak eta bere ondorioek hamaika ertz dituzte. Aurreko batean hona ekarri genuen basoen gene-dibertsitateak klima-aldaketari nola egiten dion aurre. Gaurkoan beste ingurune batera begira jarriko gara klima-aldaketa eta gene-informazioa gurutzatzen diren lekua ezagutzeko. Orain hondartza-sasoian bete-betean gaudela, itsasora bidaia bat egingo dugu.
Klima-aldaketak itsaso eta ozeanoetan hainbat ondorio eragingo ditu, hala nola, hipoxia –hau da, oxigeno gutxiago egotea eskuragarri–, tenperaturen igotzea eta azidotzea. Azken honi erreparatuta, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa handitzen den heinean, ozeanoek gas hori xurgatzen dute eta, ondorioz, azidoagoak bilakatzen dira. Horrek ozeanoetako pH jaistea eragiten du. Ozeanoak azidoagoak izateak bertan bizi diren bizidun guztiei eragiten die eta, hortaz, ondorioak itsas ekosistementzat. Ingurune azidoetan bizirik irauteko, hau da, pH-aren aldaketari aurre egiteko, itsas organismoek beren fisiologia moldatu behar dute, eta hori erdiesteko mekanismo bat da geneen funtzionamendua doitzea.
1. irudia: Forsterygion lapillum arraina ingurune azidoetara moldatu da. (Argazkia: Ian Skipworth – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)Ingurune azidoetan geneen funtzionamendua nola aldatzen den aztertzeko, aproposak dira sumendien aktibitatea duten itsas hondoak. Bereziki aproposak dira karbono dioxidoa itsas hondotik borborka ateratzen den lekuak, ozeanoen azidotzearen antzeko baldintzak sortzen baitira. Nolabait, gerta daitekeenaren laborategi naturalak dira ingurune horiek. Halako leku gutxi badaude ere, Zeelanda Berriko White Island deitutako irla bolkanikora jo du ikertzaile-talde batek, bertan aipatutako baldintzak baitaude. Irla horretako itsas hondoan Forsterygion lapillum arrainaren laginak jaso zituzten eta erkatu zituzten baldintza ez horren azidoetan bizi diren espezie bereko arrainekin.
Baldintza normaletan eta baldintza azidoetan bizi ziren arrain horien geneen funtzionamendua aztertzeko gonadak erabili zituzten, hau da, sexu-organoak. Ikertzaileek erkatu zuten organo horietan geneek duten aktibitatea eta ondorioztatu zuten ehun bat generen funtzioa aldatuta zegoela. Horietatik ia 70 genek zuten bere funtzioa areagotua, ingurune azidoetara moldatzearen ondorioa izan daitekeena. Gene horien funtzioen artean egon ziren zelularen homeostasia mantentzea, energiaren produkzioa eta proteinen jarduerarekin lotura zuten funtzioak. Funtzio horiek areagotuta egoteak isla dezake ingurune azidoetan zeluletan pH mantentzeak sortzen duen lana, bai energiaren kontsumoari dagokiola, bai parte-hartu behar duten zelulako osagaiei dagokiola. Gainera, arrek izan zituzten aldaketa gehien geneen funtzioan eta lanaren egileek iradokitzen dute hori lotua egon daitekeela espezie horretan arrek habia zaintzeko duten zereginarekin. Nolabait, arren erantzukizuna denez ondorengoak zaintzea, arrak ingurune azidoetara hobeto moldatzea bultzatu du eboluzioak.
2. irudia: Itsaspeko sumendiak laborategi naturalak dira azidotzea aztertzeko. (Argazkia: NOAA – Domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia)Aipatutako geneen funtzionamendua doitu egin da hainbat gene-aldaeraren bitartez. Bada, lanaren egileek ondorioztatu zuten gene-aldaera horiek epe luzeko hautespen naturala jaso dutela, hau da, espezie horren gene-ondarean aspalditik dauden aldaerak direla. Gainera, ondorioztatu zuten gene-aldaera horiek ingurune ez-azidotuetan ez zutela eraginik arrainen ugaltzeko gaitasunean eta, hortaz, arrain horren populazioan arazo handirik gabe heda daitezkeela, ez baitute inolako desabantailarik sortzen egoera normaletan. Baina ingurune azidoetara moldatzeko gaitasuna emendatzen dutenez, helduleku bat izan daitezke ozeanoen balizko azidotzeari aurre egiteko.
Lan honen egileek gaineratu dute ingurune azidoetara moldatzen laguntzen duten gene-aldaera horiek arrain horren populazioan barreiatuta mantentzen direla. Arrain espezie askok ohitura dute pH ezberdinak dituzten inguruneetan ibiltzeko eta, ondorioz, azidotasun-maila ezberdinetara moldatzeko malgutasun hori populazioan mantentzea abantaila izango litzateke eboluzioaren ikuspuntutik. Izan ere, arrain batzuetan larbek dispertsio handia dute eta, modu horretara, ahalbidetu egiten da espezie bereko populazio ezberdinen arteko gene-informazioaren trukaketa. Horrek posible egingo luke azidotzeari aurre egiteko gene-aldaeren fluxua eta, ondorioz, gene-oinarri sendo bat izatea ingurunearen aldaketei aurre egiteko.
3. irudia: Ozeanoen pH-aren aldaketa 1700 eta 1990 urteen artean. (Irudia: Plumbago – CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)Ez da gene-mekanismo bat proposatzen den lehenengo aldia itsas bizidunak ingurune azidoetara moldatzeko. Adibidez, itsas triku morean (Strongylocentrotus purpuratus) edo Mediterraneoko muskuiluan (Mytilus galloprovincialis) detektatu zen azidotzeari aurre egiteko gene-aldaerek eragin kaltegarria zutela larben biziraupenean. Hala, ingurune azidoetara moldatzea arina bazen ere, helduen populazioaren tamaina txikiagoa zen, eta horrek mugatu egingo luke aldaketa berriei aurre egiteko gaitasuna. Forsterygion lapillum arrainean, aldiz, ez dago helduen populazioaren tamainan galerarik. Hori dela eta, lanaren egileek ondorioztatzen dute arrain horretan ingurune azidoetara moldatzea errazten duten gene-aldaerek ez dutela inolako ondoriorik larben biziraupenean. Ondorioz, proposatzen duten ideia da itsas espezie bakoitzak gene-mekanismo ezberdinak erabili dituela ingurune azidoei aurre egiteko gaitasuna eskuratzeko: itsas triku morean moldapena gene-aldaera gutxi batzuek eragiten duten bitartean, Forsterygion lapillum arrainean gene-aldaera askok hartzen dute parte, bakoitzak abantaila txiki bat ematen duelarik.
Laburbilduz, Forsterygion lapillum arrainaren populazioan hedatuta daude gene-lanabesak ozeanoaren azidotzeari aurre egiteko. Hala, itxarotekoa da espezie honek moldatzeko gaitasuna izatea klima-aldaketak sortuko dituen baldintza berrietara. Jakiteko dago gauza bera gertatuko ote den beste espezie batzuetan, gurea barne.
Erreferentzia bibliografikoak:The University of Hong Kong. (2021eko maiatzaren 27a). Fish adapt to ocean acidification by modifying gene expression. ScienceDaily.
Petit-Marty, N., Nagelkerken, I., Connell, S.D., Schunter, C. (2021). Natural CO2 seeps reveal adaptive potential to ocean acidification in fish. Evolutionary Applications. 00, 1– 13. DOI: 10.1111/eva.13239 Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Ingurune azidoetara moldatutako arrainak appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: bakteriofagoak bakterio erresistentziaren aurka
2020ko uztailaren 31n eguneratutako deskripzio oharrean, Osasunaren Mundu Erakundeak dio antibiotikoekiko erresistentzia dela gaur egun munduko osasunaren, elikadura segurtasunaren eta garapenaren arrisku larrienetako bat. Gero eta infekzio gehiago daude gero eta tratamendu zailagoa dutenak –esate baterako, pneumonia, tuberkulosia, gonorrea eta salmonellosia–, antibiotikoak eraginkortasuna galtzen ari baitira.
Bakterio infekzioen prebentzio eta tratamendurako erabiltzen diren medikamentuak dira antibiotikoak. Antibiotikoekiko erresistentzia gertatzen da bakterioak mutatu egiten direnean farmako horien erabilpenari erantzuteko. Bakterioak dira, beraz, eta ez gizakiak ez animaliak, antibiotikoekiko erresistentzia lortzen dutenak. Bakterio farmakorresistente horiek infekzioak sorraraz ditzakete gizaki eta animalietan; eta infekzio horien tratamendua zailagoa da erresistentziarik gabekoena baino.
Antibiotikoekiko erresistentziak kostu medikoak handitzea, ospitaleko egonaldiak luzatzea eta hilkortasuna gehitzea dakar.
Irudia: Antibiotikoekiko erresistentziak kostu medikoak handitzea, ospitaleko egonaldiak luzatzea eta hilkortasuna gehitzea dakar. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Behar-beharrezkoa da lehenbailehen aldatzea antibiotikoak preskribatu eta erabiltzeko era. Medikamentu berriak garatzen badira ere, gaur egungo portaerak aldatzen ez badira, aurrerantzean ere mehatxu larria izango da antibiotikoekiko erresistentzia. Portaera aldaketen artean egon behar dute infekzioen hedapena gutxitzeko neurriak ere, hala nola txertaketa, eskuak garbitzea, sexu harremanetako segurtasuna eta elikadura higiene txukuna.
Antibiotikoekiko erresistentzia handitzen ari da mundu osoan, oso modu arriskutsuan. Egunetik egunera ari dira agertzen eta barreiatzen planeta osoan erresistentzia mekanismo berriak, gaixotasun infekzioso ohikoenak tratatzeko dugun gaitasuna arriskuan ipintzen dutenak. Antibiotikoek eraginkortasun galdu ahala, gero eta gehiago dira tratatzen gero eta zailagoak –eta batzuetan, ezinezkoak– diren infekzioak, hala nola pneumonia, tuberkulosia, septizemia, gonorrea edo elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak.
Antibiotikoak errezetarik gabe gizakiekin edo abereekin erabiltzeko eros litezkeen lekuetan okertzen ari da farmakorresistentziaren agerpena eta zabalkundea. Zuzentarau terapeutiko normalizaturik ez duten herrialdeetan, osasuneko eta albaitaritzako langileek gehiegitan preskribatzeko joera izaten dute –eta herritarrek, oro har, haiek hartzekoa–.
Neurriak lehenbailehen hartzen ez badira, munduak aurre egin beharko dio antibiotikoen ondorengo aro bati, non infekzio arruntak eta lesio txikiak hilgarriak izan ahalko baitira berriro ere. Ikus dezagun arazoaren adibide zehatz bat, eta har litezkeen neurriak.
Kanpilobakteriosia, gehienetan, Campylobacter bakterioarekin kutsatutako oilasko okela kontsumitzeagatik gertatzen da; Europako elikadura intoxikazio ohikoena da, 2019an 220.682 kasu erregistratu ziren, eta 2.400 milioi euroko kostua du urtean.
Gaur egungo kontrol neurriak antibiotikoen erabilpenean oinarritzen dira nagusiki; eta horrek Campylobacter anduiak barreiatzea dakar. Antibiotikoekin ez bada, ba ote dago bakterio horri aurre egiteko beste modurik?
Merkatuan badaude jada hainbat produktu fagoak oinarritzat dituztenak; izaki horiek bakterio itu jakin batzuk infektatu eta suntsitu egiten dituzte; esate baterako, Listeria monocytogenes, Escherichia coli eta Salmonella elikagai-patogenoak. Hala ere, oraindik ez dago produktu espezifikorik Campylobacter-ari aurre egiteko.
C-SNIPER (frankotiratzaile da ingelesez sniper) proiektuaren buruan ari da AZTI, eta hutsune hori beteko duen produktu bat lantzen ari dira. Fagoez baliatzen den arintze estrategia baten bitartez, ekimen horrek Campylobacteraren presentzia gutxitu egingo luke etxeko hegaztien haztegietan, hiltegietan eta prozesamendu instalazioetan. Gainera, Campylobacteraren aurkako tresna hori aise txertatu ahalko litzateke ekoizpenerako eta prozesaketarako jada ezarrita dauden higiene protokoloetan.
Antibiotikoentzako alternatiba bat da, eta guztiz espezifikoa denez bakterio genero bakar baten (Campylobactera) aurka, kaltegabea da landareentzat eta animalientzat, gizakiak barne, bai eta inguruko mikrobiota natural guztiarentzat. Gainera, konponbide horri esker errazagoa litzateke patogeno horren zabalkundea kontrolatzea azken produktuaren itxuran eta kalitatean kalterik egin gabe.
Fagoen espezifikotasuna gorabehera, C-SNIPER proiektuak beren-beregi eta esperimentalki aztertzen du konponbide horrek animaliaren hazkundean, osasunean eta ongizatean duen eragin orokorra. Horretarako, azterlanak egiten ari dira desorekak bazterresteko hegaztien hesteetako floran, eta tratamenduaren ondorengo bakteriofagoekiko erresistentziak. Hala, ebidentzia zientifiko berriak gehituta, proiektua lagungarria izango da bakteriofagoen erabilpenari buruzko erregulazioa finkatzeko; izan ere, AEBek, Kanadak eta Suitzak, adibidez, bakteriofagoak elikagaietan erabiltzea onetsi badute ere, Europar Batasunean oraingoz ez dago berariazko erregulaziorik horretaz.
(AZTI teknologia-zentroaren bideoa ingelesez, azpitituluak gaztelaniaz)
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: bakteriofagoak bakterio erresistentziaren aurka appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 56
- 57
- 58
- 59
- 60
- 61
- 62
- 63
- 64
- …
- hurrengoa ›
- azkena »