Eman diezaiogun seme-alabei estropezu egiteko aukera
Haur batzuk frustrazioetatik erabat babestuta daudenez, haurtzaroan edozein oztopo topatzea eragozteko ahalegin betea egin denez, porrotari ikara diote eta edozein arrisku saihesten dute. Hezkuntzaren esparruan, horrek esan nahi du, benetan ikasteaz baino gehiago arduratzen direla zerbait badakitela adierazteaz edo jakitearen itxurak egiteaz.
Ikasketa berriak, lan ibilbide bat edo zeregin profesional bat abiatu behar dutenean, depresioak, antsietateak eta estresak erraz eragiten diete. Jessica Lahey irakasleak El regalo del fracaso liburuan dioenez, seme-alabek nahigaberik izan ez dezaten, gurasoek txikitatik bizitza deuseztatzen diete, babestuz eta hazkuntza aro bakoitzean landu ditzaketen erronkei aurre egitea eragotziz. Gainera, erronka saihetsezin horietako bat agertzen denean, beste norbaitek babak eltzetik ateratzeko zain egon ohi dira seme-alabak edo, bidea zapaldu baino lehen, hartxintxarrak kenduta egotearen zain geratzen dira. Beti amaren eta aitaren babesa beharko dute.
Gure umeengan eragin kaltegarria izateaz gain, mendekotasun horrek gurasoengan ezinbestekoak izatearen sentimendua sortzen du eta, batzuetan, seme-alaben lorpenen meritua beretzat hartzeko tentazioa izaten dute.
Laheyk adierazi duenez, gure seme-alaben porrota kosta ahala kosta saihesteak “ezgaiak izatearen eta gure konfiantza merezi ez izatearen” mezua helarazten die.
1. irudia: Jessica Lahey irakasle eta idazlearen esanetan, gurasoek ikasi behar dute seme-alabek desilusioak eta frustrazioak sentitu behar dituztela eta gehiegizko babesak ez diela aukerarik ematen bere arazoak konpontzen ikasteko. (Argazkia: Quebble_nl – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hainbat azterlanek bat egiten dute Laheyren iritziarekin. Baina, gainera, ebidentziak iradokitzen duenez, gehiegizko babesak neskengan eragin handiagoa du. Garrantzitsua da konturatzea neskak erronketatik babesteak mutilengan ez bezalako eragina izango duela. Neskek akatsak egiten dituztenean, probableagoa da haiek porrota dohainen bat falta zaien seinale gisa interpretatzea -distira, bikaintasuna, jenialtasuna edo adimena bezalako ezaugarriren bat, adibidez. Hau da, nekez aldatu daitekeen ezaugarriren bat falta izatearekin lotzen dute. Mutilek, aldiz, porrota inguruabar edo egoera kontrolagarriagoei egozteko joera dute.
Fenomeno hori, neurri batean, hezitzaileek mutilekin eta neskekin hitz egiteko moduarekin lotu da. Irakasleen jokabideak aztertu zituzten azterlanetan, irakasleek neskei gaitasunarekin lotutako akatsak egin zituztenean eskatzen zieten zuzentzeko; mutilekin, berriz, batez ere jokabidearekin lotutako esku-hartzeak egiten zituzten (“Isildu!”, “Utzi paperezko hegazkinak botatzeari”, etab.). Beste azterlan batzuetan jaso denez, egoera akademiko estresagarri baten aurrean probableagoa da neskek amore ematea. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasle batzuekin egindako ikerketa batean, nahita zeregin anbiguo bat emanda (Dweck, 2006), neskek bukaerara iritsi baino lehen utzi zuten, nahasmena sortzen zielako. Mutilek enuntziatua askatzen jarraitu zuten, ez zitzaielako axola lehenengo minutuetan nahasita sentitzea. Bereziki, adimen koziente handieneko neskak izan ziren amore ematen lehenengoak. Unibertsitarioen artean gauza bera gertatzen da: beti nota altuak atera dituzten neskek irakasgairen batean bikain ateratzea lortzen ez badute utzi egiten dute. Hala, hasieran aipatu dugun jokabide bat areagotzen da: arrakasta itxurari eustea, ikasteari uko egiteko prezioa ordainduta ere, norbere buruaren balioa defendatzea eta ahultasunik edo zalantzarik ez erakustea inoiz.
2000ko hamarkadaren hasieran, haurrek porrota bizitzeko moduan generoarekin lotutako beste ezberdintasun bat identifikatu zen. Estereotipoaren mehatxua, neskek matematikan eta zientzietan txarrak izatearen estereotipoari aurre egiten diotenean jasaten duten zama. Hori haien zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketako (STEM) errendimendu maila txikiarekin lotu da. Estereotipoaren mehatxuaren eraginez, neskentzat porrot egitea mingarriagoa da. Autobetetako profezia gisa funtzionatzen du. Neskek matematikan txarrak izatearen estereotipoa onartzen dutenean, ilusioa eta denbora eskaintzen jarraitzeko moduko erronka gaindigarritzat hartzeari uzten diote, eta, hala, mundu osoak ezagutzen duen egitatea bihurtzen da: neskak direnez gaitasun txikiagoa dute. Esperientzia horiek, ikertzaileek diotenez, “estresa eta zalantzak gehitzen dizkiete nesken hezkuntza esperientziei eta esparru akademikoko kide izatearen sentimendua murrizten dute”.
Kontuan hartu beharreko beste alderdietako bat da neskei porrotetik babesteak motibazioa galarazten diela, mutilei baino gehiago. Barne motibazioa dugunean hobeto ikasten dugu, hau da, zerbait berria probatzen dugunean, esperientzia horretaz gozatze hutsagatik. Barne motibazioa ikasteko bitarteko baliotsuenetako bat da. Erronka bateko une zailak eramaten eta maite duguna egiten jarraitzera animatzen gaitu. Garunari erronkak gustatzen zaizkio, gauza berriak, eta helburu bat lortzen dugun bakoitzean saritze zirkuitu neuronal bat aktibatzen da.
2. irudia: Jakin-minak, esploratzeak, gauzak probatu, erabili eta maneiatzeak barne motibazioa suspertzen du. (Argazkia: Bingo Naranjo en Pixabay )Autonomia barne motibazioaren funtsezko faktore bat da. Hau da, libreki eta geure borondatez egin dezakegunean ikasi nahi izateko joera handiagoa daukagu. Beste batzuk tartean sartzen edo guk zeregin bat egiteko modua kontrolatzen saiatzen ari direla sumatzen dugunean, nahiz eta modu sotilean izan –sariak eskainiz, zigortzeko mehatxuak eginez edo gehiegizko laudorioak eginez–, gure motibazioak lur jotzen du.
Edward L. Deci eta Richard M. Ryan irakasleek, motibazioa aztertzen aitzindariek, diote beren autonomia eta motibazioa mehatxatuta egoteak neskengan eragin handiagoa duela (Deci eta Ryan, 1985). Gainontzekoen aurrean neskatoak atseginak izateko hezten direnez, irakasleen eta gurasoen iruzkinez gehiago kezkatzeko joera dute eta, beraz, kontrolatuta sentitzearekiko sentikorragoak dira. Decik eta Ryanek adierazi dutenez, emakumeek “ebaluatzaile batek zoriontzen dituenean, hari atsegin eman izanaren ebidentzian arreta handia jartzen dute”. Beren joera zientifikoa definituta zirudienean STEMen emaitza negatiboak izatearen gakoa honako hau izan daiteke: ikasketa horiek egitera animatzeko jasotako laudorioek sortutako presioa eta kale egin nahi ez izateak, irakasleak, familiak edo beste talde batzuek zoriontzea lortu nahi izateak, sortutako antsietatea. Kasu horietan, atsegina izateko ahaleginak ez die nahikoa konpentsazio ekartzen, ez die merezi eta ikasketak uzten dituzte.
Orduan, zerk funtzionatzen du neskentzat? Dirudienez, zeregin bat ondo egin dutela deskribatzeko laudorio informatiboak erabiltzeak (“Proba hori oso ondo egin zenuen”), interpretazio bat egin beharrean (“Oso azkarra zara”), haurren barne motibazioa areagotzen du. Sendo frogatuta dago gaitasuna baino gehiago ahalegina goraipatzeak (“Horretan lan handia egin zenuen”) bai mutilak bai neskak motibatzen dituela.
Hala ere, ondo legoke haurrei eta geure buruari akatsak egiten uzteko aukera aztertzea. Jarrera hori ikasi egiten da eta ez legoke gaizki, hezitzaile gisa, haiei bidea errazteko tentaziotik aldentzea. Honela, beren buruarengan konfiantza izateko aukera emango diegu, bai mutilei bai neskei. Tresnak, estrategiak eta erreferenteak eman behar dizkiegu eta haien ondoan egon, gogoraraziz gutako bakoitzak ez daramala inolako etiketarik josita gainean. Ona litzateke haiek noizbait entzutea beren ametsak lortu dituzten gizon eta emakumeek akatsak egin zituztela eta aurre egin zietela; problema baten enuntziatua berriz irakurri zutela edo hurrengo azterketari animatuta eta gogoz egin ziotela aurre, baina orduak emanez.
Erreferentzia bibliografikoak:- Deci, E.L., Ryan, R.M. (1985). Intrinsic motivation and self-determination in human behavior. New York, US: Plenum
- Dweck, C.S. (2006). Is Math a Gift? Beliefs That Put Females at Risk. En Ceci SJ, Williams W (eds.) Why aren’t more women in science? Top researchers debate the evidence. Washington DC, US: American Psychological Association
- Lahey, J. (2016). The Gift of Failure. New York, US: Harper Paperbacks
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2020ko abenduaren 20an: “La oportunidad de tropezar“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Eman diezaiogun seme-alabei estropezu egiteko aukera appeared first on Zientzia Kaiera.
Monokristal-monokristal eraldaketak polioxometalatoetan oinarritutako sistemetan
1. irudia: MKMK trantsizio bidezko (H3O)[K(15-zikloeter-5)2][CuCl4] (berdea, A) eta [K(15zikloeter-5)2][CuCl3] (gorria, B) espezieen arteko eraldaketa. Gezietan transformazioa eragiten duen kanpo estimulua adierazten daBeraien garrantzia ezaugarri berriak dituzten produktuak emateko gaitasunean eta materialaren propietateetan gertatzen diren aldaketak egitura kristalinoak jasaten dituenekin erlazionatzeko ahalmenean oinarritzen da. Prozesu hauetan zehar gerta litekeen kristalinitatearen galera ekiditeko, polioxometalatoak (POMak), trantsizio metal eta oxigenoz osatutako kluster anioniko zurrunak, erabil daitezke. Orokorrean, POMak MO6 (M= V, Mo, W, oxidazio zenbaki altuenetan) oktaedroen kondentsazio azidotik eratorritako klusterrak dira, haien egitura, konposizio eta propietateen aniztasunaren ondorioz, aplikazio ugari aurkezten dituztenak (katalisia, materialen zientzia, magnetismoa, biomedikuntza…) [1].
MKMK trantsizioak aurkezten dituzten POMetan oinarritutako sistemen adibide urrien artean aipatzekoak dira termikoki aktibatutakoak. Orokorrean, tenperaturaren igoerak konposatuko disolbatzaile molekulen galera dakar eta ondorioz, materialaren propietateren baten aldaketa eragin dezaketen egitura-aldaketak gertatzen dira [2]. Sistema mota hauek lortzeko hurbilketa sintetikoen artean, POM eta estekatzaile zikliko tetrahorzdunetan oinarritutako kobre(II)-konplexuen arteko erreakzioak MKMK (monokristal-monokristal) trantsizioak jasateko gai diren konposatuak prestatzeko bidea direla ikusi da. Modu honetan, hasiera batean propietate berezirik edo erabilgarritasun argirik ez zuten konposatuek gasak selektiboki xurgatzeko edota katalizatzaile gisa jokatzeko ahalmena aurkeztu dute fase trantsizioetatik eratorritako aldaketen ondorioz. Bereziki nabarmentzekoak dira {Cu(cyclam)}2+ (1,4,8,11-tetraazaziklotetradekanoa) konplexuan oinarritutako sistemak eta hauen artean, bi adibide:
Lehen kasuan, banadato ioien eta aipatutako konplexuen arteko erreakzioa arinki azidoa den ingurune urtsuan (pH = 4–6) burutzean, dekabanadato klusterretan oinarritutako [Cu(cyclam)][{Cu(cyclam)}2(V10O28)]∙10H2O (1) sarea lortzen da. Izaera porotsua duen egitura honetan, hidratazio ur molekulak kanal isolatuetan aurkitzen dira eta beroa aplikatzean, molekula hauek galdu egiten dira, guztiz irmoa eta itzulgarria den MKMK trantsizio baten bidez; hots, sare kristalinoa ez da ia aldatzen eta kanalek berdintsuak izaten jarraitzen dute (2. irudia). Hutsik dauden kanalen tamaina ikusita, gasen adsortziorako ahalmena aztertzea erabaki zen eta ikerketek konposatu anhidroa negutegi efektuaren erantzule den CO2-a, N2-aren presentzian, selektiboki adsorbatzeko gai zela azaleratu zuten. Gainera, sare honek bereziki egonkorra den adamantano alkano triziklikoaren oxidazio heterogeneoa katalizatzen zuela ikusi zen [3].
2. irudia: 1 (goian) eta 2 (behean) konposatuetan ematen diren MKMK eraldaketen eskema, beraien aplikazio nagusiekin batera.Bestetik, aipatu berri dugun lana wolframatoetara hedatzean, [{Cu(cyclam)}3(W7O24)]·15.5H2O (2) formuladun hibridoa lortzen da. Konposatu honetan, hiru dimentsiotako egitura porotsua behatzen da eta hidratazio ur molekula guztiak elkargurutzatutako kanaletan kokatzen dira. Sistema berotzean, bi MKMK trantsizio dinamiko sekuentzial gertatzen dira. Horrela, 60 ˚C-tan partzialki deshidratatutako [{Cu(cyclam)}3(W7O24)]·12H2O (2a) lortzen den bitartean, 120 ˚C-tan [Cu(cyclam)]0.5[{Cu(cyclam)}2(W7O24)] (2b) egitura anhidroa lortzen da. Eraldaketa hauetan, aldaketa sakonak gertatzen dira, besteak beste, konplexu metal-organikoen geometrian. Azpimarragarria da kasu honetan sistemaren itzulgarritasuna; fase anhidroa (2b) gai da partzialki hidratatutako formara (2a) bueltatzeko, aldiz azken hau ez da inolaz ere hasierako fase hidratatura (2) bueltatzen (1. irudia). Azkenik, egitura anhidroa porotsua zela ikusita, CO2 eta N2 bezalako gasak adsorbatzeko gai zela behatu zen [4].
Gaur egun, termikoki aktibatutako adibideak gailentzen badira ere, etorkizunean, propietate ezberdinak (kolorea, lumineszentzia, magnetismoa…) dituzten POM anioi eta konplexu kationikoekin jolastuz, gai izango gara trantsizioak aktibatzen dituzten kanpo estimuluen (tenperaturaren, argiaren…) sentsoreak prestatzeko. Laburbilduz, ikerketa esparru honen lehen pausoetan bagaude ere, potentziala handia da zinez.
Erreferentzia bibliografikoak:[1] Artetxe, B., Reinoso, S. eta Gutiérrez-Zorrilla, J. M. 2017. «Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau!». Ekaia, 32, 97-112.
[2] Reinoso, S., Artetxe, B., San Felizes, L. eta Gutiérrez-Zorrilla, J. M. 2016. Polyoxometalates: Properties, Structure and Synthesis. Nova Science Publishers, New York.
[3] Martín-Caballero, J., San José Wéry, A., Reinoso, S., Artetxe, B., San Felices, L., El Bakkali, B., Trautwein, G., Alcañiz-Monge, J., Vilas, J. L. eta Gutiérrez-Zorrilla, J. M. 2016. «A robust open framework formed by decavanadate clusters and copper(II) complexes of macrocyclic polyamines: permanent microporosity and catalytic oxidation of cycloalkanes». Inorganic Chemistry, 55, 4970-4979.
[4] Martín-Caballero, J., Artetxe, B., Reinoso, S., San Felices, L., Castillo, O., Beobide, G., Vilas, J. L. eta Gutiérrez-Zorrilla, J. M. 2017. «Thermally-triggered crystals dynamics and permanent porosity in the first heptatungstate-metalorganic three-dimensional hybrid framework». Chemistry-A European Journal, 23, 14962-14974.
Iturria: Fernández-Navarro, Leticia; Ruiz-Bilbao, Estibaliz; Artetxe, Beñat; San Felices, Leire; Iturrospe, Amaia; Reinoso, Santiago (2019). «Monokristal-monokristal eraldaketak polioxometalatoetan oinarritutako sistemetan: termikoki aktibatutako zenbait adibide»; Ekaia, 36, 2019, 239-254. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20759) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Monokristal-monokristal eraldaketak polioxometalatoetan oinarritutako sistemetan
- Laburpena: Kanpo-estimuluen bitartez aktibatutako fase-trantsizioak, eta haien artean kristal bakun izaera mantentzen duten kasuak, hots monokristal-monokristal (MKMK) eraldaketak, interes handikoak dira; izan ere, gai dira i) ezaugarri berriak dituzten produktuak emateko eta ii) materialaren propietateetan gertatzen diren aldaketak, egitura kristalinoak jasaten dituenekin erlazionatzeko. Polioxometalatoen (POMen) kasuan bezala, egiturei zurruntasuna ematen dieten oinarrizko unitateak erabiltzea bide egokia da prozesuan zehar gerta litekeen kristalinitatearen galera saihesteko. Gaur egun POMetan oinarritutako sistemetan aurki daitezkeen MKMK eraldaketa urrien artean, aipatzekoak dira termikoki aktibatutako adibideak. Lan honetan azken hauek laburbilduko dira eta bereziki gure ikerketa taldean prestatutako konposatuak eta haien erabilerak (katalisia eta gasen xurgapen selektiboa) goraipatuko ditugu.
- Egileak: Leticia Fernández-Navarro, Estibaliz Ruiz-Bilbao, Beñat Artetxe, Leire San Felices, Amaia Iturrospe, Santiago Reinoso.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 239-254
- DOI:10.1387/ekaia.20759
————————————————–
Egileez:
Leticia Fernández-Navarro, Estibaliz Ruiz-Bilbao eta Beñat Artetxe UPV/EHUko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira, Leire San Felices Zientzia eta Teknologia fakultateko Ikerketarako Zerbitzu Orokorretakoa, Amaia Iturrospe Materialen Fisika Zentrokoa eta Santiago Reinoso Nafarroako Unibertsitate Publikoko InaMaten dabil.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Monokristal-monokristal eraldaketak polioxometalatoetan oinarritutako sistemetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Neurri ulertezinen azalpenak
Une honetan COVID-19a gogor jotzen ari da eta laugarren olatuan bete-betean murgilduta gaude, kasuen gorakada handiarekin. Laugarren olatuaren tontorrera noiz iritsi zain gauden bitartean, aditu gehienen iritzia antzeko norabidean doa -informazio osagarrian dituzue zerrendatuta-. Gaurko ekarpenean iritzi kutsua hartuko du irakurleak hasieratik eta hori argi utzi nahi dut. Hau ez da ohiko dibulgazio-artikulua, baina, bai beharrezkoa den horietako bat. Haserrea eta nekea albo batera utzita, eman diezaiogun egoerari ikuspegi analitikoa.
Irudia: Pandemiari aurre egiteko neurri eta erabaki desberdinak hartu daitezke, baina, ezinbestekoa da agintariek azalpenak ematea. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Txertaketa prozesuaren abiadura motela kontuan hartuta eta etorkizun hurbilean gertatuko dena aurreikusiz, argi izan behar dugu egoera larrian gaudela eta, gainera, okertzeko arriskua handia dela. Hau nire aurreikuspen hutsa da, baina, bata bestearen atzetik etorriko diren hainbat olatu izango ditugula irudikatzen dut, agian urte honen amaierarako zazpigarren edo zortzigarrena iritsiz. Oraindik bide luzea egin beharko dugu eta guztion esku dago bide horren amaierara guztiok iristea.
Pandemiari aurre egiteko osasun eta higiene neurriak ditugu eta, horietaz gainera, gobernatzaileek ezartzen dizkiguten neurri murriztaileak dira babes-neurri bakarrenetakoak. Guztiok gure inguruan ditugun pertsonak eta egoerak analitikoki behatzen baditugu, argi dago biztanleriaren nekea eta haserrea geroz eta handiagoa dela. Hori guztiz logikoa da; izan ere, sarritan geure pazientziaren mugekin topo egiten ari gara. Geroz eta zailagoa da neurri murriztaileak betetzea eta, era berean, geroz eta azalpen gehiago eman behar dira neurriak betetzeko erabakia hartzen denean -ustez egokiak direlakoan-.
Gizartearen osasun emozionala kolokan jartzen ari dira eta ulertezinak diren neurriak inongo azalpenik gabe hartzen dituztenean geroz eta zailagoa egiten dute neurriak erantzukizunez betetzea. Neurri bat hartu izanaren arrazoiak azaltzen direnean askoz errazagoa da neurri hori erantzukizunez betetzea. Horrexegatik, pandemiari aurre egiteko ardura dutenek erantzukizuna jarri beharko lukete erdigunean eta ez neurriak bete behar izatearen agindua. Hartutako osasun-neurrien eta neurri murriztaileen atzean dauden justifikazioak ez azaltzeko bi arrazoi daude soilik:
- justifikazio horiek ez daude eta horregatik ezin dira eman, edo
- neurrien justifikazioak ez direla ulertuko pentsatzen dute eta horregatik ez dira ematen.
Nire ustez, hartu diren neurri gehienek justifikazioa badute, baina, ez da azalpenik eman nahi izan. Jokabide hori zenbait gurasok haien seme-alabekin dutenaren antzekoa da: gauzak horrela egin behar dira eta kito.
Azalpenen falta horrek arazo asko ekar ditzake epe luzera. Gizartearen haserrea geroz eta handiagoa da eta edozein aukera ona da neurriak ez betetzeko. Aste Santuan zehar bizikideen arteko bilerak soilik egin zitezkeen etxebizitzetan, baina, ziur nago inor gutxik bete duela arau hori. Bide batez, esan behar da neurriak modu egokian betetzea ere ez dela erraza; izan ere, zer egin daitekeen eta zer ez jakitea kasu askotan lan nekeza da. Zenbait kasutan argi dago zaila dela neurri batzuk koherenteak direla pentsatzea. Esaterako, mendian bakarrik dagoen lagun batek maskara jarrita eraman behar izatea guztiz inkoherentea da. Hala ere, horrelako egoeren aurrean arauak salbuespenak izango balitu, ziur aski ezinezkoa litzateke maskara eramateko araua betetzen dela bermatzea. Horrexegatik, arau errazena da musukoa beti erabili behar dela arautzea. Horrekin ados nago, baina, zalantzarik gabe azalpenak eman behar dira kasu guztietan.
Mugikortasuna mugatzea da gobernatzaileek hartzen duten neurri murriztaileenetakoa, baina, mugitzen zaren ala ez baino erabakigarriagoa da joan zaren leku horretan egiten duzuna. Ba al dauka zentzurik udalerrien itxiera perimetralak udalerri barruan inolako osasun-neurririk ez bada betetzen? Dakigunez, itxiera perimetralak kasu zehatzetan bakarrik dira eraginkorrak. Intzidentzia altua duen udalerri baten itxiera koherentea da inguruan intzidentzia baxua duten herriak daudenean. Gainera, itxiera perimetralak benetakoa izan behar du eta ez salbuespenez jositakoa. Itxitako udalerritik ateratzea posible bada erosketak egiteko, ikastera edo lanera joateko, kirola egiteko… itxieraren eraginkortasuna guztiz diluitzen da. Horrexegatik, benetako itxierak lortzeko beste neurri osagarriak ezarri behar dira -telelana kasu-. Are gehiago, aerosolen bidezko kutsatzea saihesten duten benetako neurrietan dago gakoa.
Dirudienez, zero COVID estrategiaren ordez intzidentzia baxu -baina, egonkor- baten alde egin dugu. Horrekin lotuta, argi izan behar dugu Hego Euskal Herrian 100.000 biztanleko 300 kasuko intzidentzia onartzeak egunero sei hildako ekarriko dituela. Europako Gaixotasun Kutsakorren Kontrolerako Erakundeak intzidentzia onargarria 50 kasutan jarria dauka, ideia bat egite aldera. Ikerketek erakutsi dutenez, aerosolen bidezko kutsatze gehienak eremu itxietan gertatzen dira, hortaz, aerosolen aurkako neurri egokiak hartu beharko lirateke. Maskarak oso eraginkorrak dira aerosolik sor ez dadin, baina, musukoen erabilera egokia egitea eta musukoak edonorentzat eskuragarri egotea ezinbestekoa da. Eremu irekietan arriskua askoz ere txikiagoa da, hortaz, egin beharreko jarduerak eremu irekietara eraman beharko lirateke. Eremu itxietan aireztapena egokia dela bermatu behar da -aireztapen gurutzatua dagoela ziurtatuz edo karbono dioxido sentsoreen bidez, esaterako-, baina, edozein kasutan eremu itxietan ezinbestekoak diren jarduerak bakarrik egin beharko lirateke eta inoiz ez maskararik gabe. Nagusiki zirrikitu horretatik sartzen zaigu birusa. Jakina, neurri horrek ekarri ditzakeen kalteen aurrean laguntza ekonomiko eta sozialak jarri behar dira martxan.
Herritarrei informazio argia eta zuzena ematea ezinbestekoa da, bestela, hartutako erabakiak ezin dira ulertu eta erabaki horien atzean beste interesak daudela pentsa daiteke. Bereziki aipatu nahiko nuke Aste Santuaren aurretik hartutako erabaki ulertezinak, inongo azalpenik gabe hartutakoak. Lehenago hartutako erabakiekin koherentziarik izan gabe, itxialdi perimetrala ezartzeko hamalau egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 400ekoa baino handiagoa izan behar zen eta ez 500ekoa, orain arte bezala. Orain zerrendak astelehenetan eguneratzen dira eta ez astean bitan, orain arte bezala. Gainera, Aste Santuko jaiegunen ondorioz hainbat salbuespen egin dira. Bereziki mingarria izan da itxita egon diren udalerrietatik irteteko aukera izatea neurriak jakinarazi baino lehen erreserbak eginda zeudenean. Beste modu batera esanda, itxitako udalerrien kasuan, egindako gomendioak jarraituz ahalik eta gutxien mugitzeko erabakia hartu zuenak jaiegunak herritik atera gabe igaro behar izan ditu, baina, kanpora joatea erabaki zuenari ez zaio inongo trabarik jarri. Neurri horrek sortzen duen diskriminazio sozioekonomikoaz aparte, bidegabea eta ulertezina da. Era berean, erkidegotik ateratzeko aukerarik ez dago, baina, Europako beste herrialde batera joatea posible da -intzidentzia altuagoko herrialdeak izanik ere-.
Oro har, erantzukizunez jokatzen dutenek ez dute arau berezirik behar. Informatuta daudenez badakite zer egin daitekeen eta zer ez eta horren arabera jokatzen dute. Horretarako, noski, ezinbestekoa da informazioa: birusa nola zabaltzen den jakitea, aerosolen aurkako neurri eraginkorrak ezagutzea eta abar. Labur esanda, guztiok nahiko argi daukagu zer egin behar den: elkarrekintza soziala murriztu eta aerosolen bidezko kutsatzea saihestu. Ikerketek erakutsi dutenez, neurri desberdinek antzeko emaitzak eman ditzakete eta, gainera, sarritan emaitza bera –edo hobea– lor daiteke obligazioaren ordez informazioa, komunikazioa eta erantzukizuna erabiltzen badira. Beti egongo dira desegoki jokatuko dutenak, baina, biztanleriaren gehiengoak erantzukizunez jokatzen du azalpen egokiak ematen badira. Azalpen horiek, noski, ez dira beti zientzian oinarritutakoak izan behar. Horrekin esan nahi dudana zera da: agintariek informazio zientifikoa jaso eta kontuan hartu behar dute, baina, argi dago haien erabakietan beste balio batzuk ere sartu behar direla -etikoak, kulturalak, sozialak, ekonomikoak…-. Hala ere, ezinbestekoa da herritarrek hartutako erabaki horiei buruzko azalpenak izatea. Esaterako, arrisku handiko jarduera dela jakinda ere, tabernen eta jatetxeen barruko eremuak irekita mantentzeko arrazoiak egon daitezke -ekonomikoak, sozialak, erabaki hori ez hartzearen ondorio okerragoak-, baina, azalpenak jaso beharko genituzke.
Neurri desberdin asko hartu daitezke pandemiari aurre egiteko eta herrialde bakoitzak erabaki desberdinak hartu ditu, baina, argi dagoena da neurri bat ezartzearen edo beste bat ez ezartzearen arrazoiak ematen ez direnean nekez eska dakiokeela biztanleriari erantzukizunez jokatzea. Ez da nahikoa esatea arauak batzorde tekniko batek hartu dituela. Era berean, erantzukizunez jokatu ez duten pertsonen atzean ezin da gorde pandemiaren kudeaketa desegokia. Asko daukagu hobetzeko, baina, horretarako ezinbestekoa da gardentasunez lan egitea eta hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzea. Analisi horien ondorioz etorkizunean neurri hobeak hartuko dira, baina, arauen ondorioen ebaluaziorik ez bada egiten, nola demontre jakingo dugu bide onetik goazen ala ez? Pandemia honetan zehar, gardentasuna eta informazioa desagertuta egon da hasieratik. Pentsatzen dute azalpenak ez direla beharrezkoak eta ez da beharrezkotzat jotzen ezer esatea. Agian, pentsatzen dutelako ez ditugula ulertuko, horien aurka egongo garela. Kontrakoa: errazago beteko ditugu arauak zergatik bete behar diren dakigunean. Jakina, orduan ere guztiok ez dugu erantzukizunez jokatuko, baina, guztiz zentzugabea da erantzukizuna eskatzea azalpenik eman gabe.
Aireztatu gabeko eremu itxi batean jateko maskara kendu dezakegula esaten digutenean, mendi tontor batean bakarrik egonda ere musukoa jarrita izan behar dugula esaten digutenean -erretzeko gogorik ez badaukagu behintzat-, Iruñera ez baina Atenasera joan gaitezkeela esaten digutenean edo ez hankarik eta ez bururik ez duten arauak bete behar ditugula esaten digutenean, ez dezatela erantzukizunik eskatu azalpenik eman ez badigute.
Informazio gehiago:- Basaras, Miren (2021). Zenbat birus. Berria, 2021eko otsailak 23.
- Galarraga, Ana (2021). Ez dute azaltzen zergatik hartzen dituzten neurri batzuk, eta ez beste batzuk. Hamaika, 2021eko urtarrilak 12.
- Garcia, Koldo eta Santin, Izortze (2021). Birusaren aldaera britainiarra eta LABIren azken erabaki zentzugabeak. Naiz Irratia, 2021eko martxoak 30.
- Mayor, Ugo (2021). Bada zer hobeturik? Berria, 2021eko martxoak 17
- Orive, Gorka (2021). Por favor, no guarden más vacunas. Crónica Vasca, 2021eko apirilak 2.
- Pérez, Juan Ignacio (2021). No somos, o no se nos considera, responsables. Deia, 2021eko apirilak 1.
- Zubia, Felix (2021). Aerosolez eta haien kontrako neurriez. Berria, 2021eko martxoak 28.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Neurri ulertezinen azalpenak appeared first on Zientzia Kaiera.
Igelak eltxoa jaten du
Joakim Weill ekonomialariak, Kaliforniako Unibertsitateko (Davis) kideak, 2020aren amaieran Ameriketako Geofisika Elkartean aurkeztu zuen komunikazio batean adierazi zuenez, baliteke azken hamarkadetan Costa Rican eta Panaman gertatutako malaria agerraldi gogorrak anfibioen populazioen murrizketen ondorio izana. Jatorri geografiko askotako nazioarteko talde batek egin zuen ikerketa eta 1976tik 2016ra bitarteko epea aztertu zuten egileek. Malaria agerraldien garaia eta zabalkundea aztertu zuten, eta, zenbait faktoreren eragin posiblea aztertzen duen prozedura estatistiko bat erabiliz, horrek anfibioen gainbeherarekin izan zezakeen lotura.
Anfibioen populazioak 80ko hamarkadako lehen urteetan hasi ziren apaltzen eremu horretan, Batrachochytrium dendrobatidis onddoak eragindako kitridiomikosi baten ondorioz. Mikosiak mundu osoko anfibio populazioetan eragin suntsigarriak izan ditu, eta horri egozten zaio 90 espezie desagertu izana, baita beste ehunka batzuetako aleak murriztu izana ere.
Irudia: Duela gutxi argitaratu den azterlan baten emaitzak, anfibioen kolapsoak eta malaria agerraldien areagotzearen arteko harremana plazaratu du. (Argazkia: Geoff Gallice – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ikertaldeak ikusi zuen aztertutako kantoietan (Costa Rica) eta barrutietan (Panama) malariaren eragina handitu egin zela hiru urtez, anfibioak galdu ondoren, harik eta egonkortu zen arte. Gero, egonkortze horrek beste bost urte iraun zuen, eta, ondoren, eragin maila jaitsi egin zen. Mila biztanleko 1,5 (Costa Rica) eta 1,1 (Panama) kasuko gehieneko intzidentzia mailetara iritsi ziren. Intzidentzia horretatik, 0,76 eta 1 artean anfibioen populazioen murrizketaren eraginari egotz ziezaiokeen. Anfibioen aniztasunaren galera ez zen izan malariaren intzidentzian eragin zuen faktore bakarra –zuhaitzen murrizketak ere eragina izan zuen–, baina faktore nagusia izan zen. Aipatutako zortzi urteak igarotakoan intzidentzia murriztea, segur aski, gaixotasunari eusteko ezarri zituzten osasun publikoko neurrien ondorioa izan zen.
Malaria Plasmodium generoko protozoo parasitoek sortutako gaixotasun bat da, eta gizakiei Anopheles generoko eltxoek transmititzen diete. Anfibioek eltxoak jaten dituzte –zorionez–, beraz, lehenengoak murrizteak bigarrenak ugaritzea eragin dezake, anfibioen ordez eltxoak jango dituen bestelako espezierik ez badago. Horrenbestez, esan daiteke anfibioen eta malariaren arteko lotura eltxoak izango direla, protozooaren bektore diren aldetik.
Laburbil dezagun: onddo patogenoak anfibioak hiltzen ditu; anfibio gutxiagok eltxo gutxiago jaten dituztenez, eltxoak ugaritu egiten dira; eltxo emeek, zeinak orain ugariagoak diren eta odolez elikatzen diren, gizaki gehiago ziztatzen dituzte eta protozooa transmititzen diete; ondorioz, pertsona gehiagok dute malaria gaixotasuna. Gogoan hartzekoa da mikosiaren zabalkundea –anfibioei eragiten diena, kasu–, askotan, giza jarduerek sortzen dutela –adibidez, animalia bizidunen legez kanpoko trafikoak– edo salgaien nazioarteko zirkulazioak errazten duela.
Azterketa hau aitzindaria da, eta emaitzek beste batzuen bermea behar dute ondorioak erabat balioztatzeko. Baina egileek proposatzen duten eredua sinesgarria da, eta indartu baino ez du egiten gizakien osasuna ziurtatzeko ekosistemena eta bertako kideena ere zaindu behar delako ideia. «One health» (osasun bakarra) ideia da, gizakien eta animalien osasunerako hurbilpen bat, sistema naturalen osasunean eragin dugun kalteak sortzen dizkigun erronkei erantzun onena eman diezaiokeen hurbilpena.
Erreferentzia bibliografikoak:Springborn, M., Weill, J., Lips, K., Ibáñez, R., Ghosh, A. (2020). Amphibian Collapses Exacerbated Malaria Outbreaks in Central America. DOI: 10.1101/2020.12.07.20245613
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Igelak eltxoa jaten du appeared first on Zientzia Kaiera.
Torradak eta kanelaren kimika
Aste Santua dugu eta ziurrenik askok torradak jan ditu egunotan. Torradak munduko hainbat txokotan prestatzen dira, txoko bakoitzean bere berezitasunarekin eta sasoi jakin batzuetan, batez ere aste santuan eta inauterietan. Hala ere, gaur egun badaude urte osoan ere gozo honetaz disfrutatzen dutenak.
Torradak egiteko, oro har, ogia, esnea, kanela eta arrautzak erabiltzen dira. Bada, hurrengo lerroetan kanelaz mintzatuko gara, osagai hau baita torradei zapore bereizgarria ematen diena.
Kanela gaur egun munduan gehien erabiltzen den espezietako bat da eta lehenengotarikoa izan zen Mediterraneora iristen. Asiako Cinnamomum generoko zuhaitzetatik lortzen da: zuhaitzaren barruko azala ebakitzen da, lehortzen utzi eta kiribildu egiten da.
Irudia: Kanela herri askotako gozogintzan erabiltzen den produktua da. (Argazkia: ValverdeRedactor – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Mota askotako zuhaitzak badaude ere, oro har bi kategoriatan banatzen dira: batetik, Ceylon edo Sri Lankako kanela; mota honek kolore argia dauka, hauskorra da, geruza ugari ditu kiribilduta eta zapore leuna dauka, gozoa delarik. Bigarren mota nagusia Asiako edo Txinako kanela da, cassia izenaz da ezagun, lodia eta gogorra da, iluna, zapore sendoagoa dauka eta mikatza da. Beste mota hau Txina, Indonesia eta Vietnamen ekoizten da eta gogokoena da munduko zati handienean.
Antzinako egiptoarrek kanela erabiltzen zuten momiak baltsamatzeko eta Testamentu Zaharrean hainbat aldiz azaltzen da. Asia eta Ekialde Hurbilean jakiak ontzeko erabili izan dute aspalditik eta, ondoren, baita Europan ere. Haragia eta edariak ontzeko erabiltzen da, esaterako ardo beroaren prestaketan, baina ohikoena plater gozoak edo gozokiak ontzeko erabiltzea da.
Kanelari zaporea ematen dion konposatu nagusia zinamaldehidoa da; hain zuzen ere, kanela-azalaren olioaren %90 zinemaldehidoa da. Cassia motako kanelak Sri Lankakoak baino zinemaldehido gehiago dauka. Sri Lankakoak zapore leunago eta konplexuagoa dauka, lore eta iltze ukituekin (eugenola eta linalola). Zinamaldehidoa, bere aldetik, kolore horixka duen likido likatsua da. Behin gorputzean azido zinamikoa emanik oxidatu egiten da eta, ondoren, azido bentzoiko edo azido hipuriko bihurtzen da eta gernuaren bidez kanporatzen da. Horretaz gain, dozenaka konposatu gehiago aurki daitezke kanelan; esaterako eugenola, alkohol zinamikoa eta azido zinamikoa.
Kanelan aurki daitekeen beste konposatu bat kumarina da. Kumarinak banillaren antzeko lurrina dauka; hori dela eta, hura ordezkatzeko erabili izan da lurringintzan.
Azken bi hamarkadetan modan jarri da kanelaren erronka deritzona: koilarakada bat kanela-hautsa irentsi behar da ura edan gabe, minutu bat baino gutxiagoko denboran. Erronka hau betetzea ia ezinezkoa izateaz gain mingarria eta arriskutsua da, hauts kantitate handiak arnasten baitira. Horrek eztula eragiten du, bai eta eztarriko narritadura. Areagotu egiten ditu, gainera, hautsa arnasteagatik arnasa hartzeko zailtasunak eta, horrekin, pneumonia izateko arriskua.
Iturriak:- Hoskins, J.A (1984). The occurrence, metabolism and toxicity of cinnamic acid and related compounds, Journal of applied toxicology, 4 (6), 283-292. DOI: 10.1002/jat.2550040602
- Koester, Vera (2020). Cinnamon Chemistry. Chemistry Views, argitaratze data: 2020ko abenduaren 8a.
- McGee, Harold (2007). On Food and Cooking: The Science and Lore of the Kitchen. London, U.K.: Simon and Schuster.
- World of Chemicals. The principle of cinnamon challenge, kontsultaren data: 2021eko martxoaren 27a.
Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
The post Torradak eta kanelaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #344
Ikertzaileek hamarkada batzuk daramatzate izarren arteko ingurunean biomolekulak atzematen. Izan ere, partikula horiek bizitzaren jatorriaren hasierako prozesuari buruzko aztarnak eman ditzakete. Zientzialariek, besteak beste, funtsezko molekulak bilatzen aritu dira dira: aminoazidoak, base nitrogenatuak, bizitzako gantz-azidoak edo azukreak. Espazioan edozein molekula bilatzeko, espektroskopia errotazionala erabiltzen da. Teknika horri esker, molekula isolatu bakar baten egitura doitasun handiz zehaztu daiteke. Hori da lortu duena UPV/EHUko ikertalde batek, espektroskopia errotazionalaren bidez, eritrulosaren (zeto-azukre natural bat) egitura molekular hiperzehatza determinatzea lortu du, eta azukre horren seinale espektroskopikoak bilatu ditu espazioan. Elhuyar aldizkarian ematen digute honen berri: Izarrarteko espazioan azukreak bilatzen ari dira EHUko ikertzaileak.
OsasunaIkerketa ugarik agerian utzi dute desplazamendu aktiboa sustatu eta laguntzeko ekimenek heriotza-arriskua eta gaixotasun kroniko garrantzitsuen karga murriztu ditzaketela. Hori berori berretsi dute 2017an eta 2020an Erresuma Batuan egindako ikerketek. Izan ere, ikertzaileek ikusi zuten, esaterako, lanera bizikletaz joaten zirenen artean edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskua % 41 gutxiago zela, autoz edo garraio publikoz joan-etorriak egiten zituztenekin alderatuta. Emaitzen nondik norakoak Juan Ignacio Pérez biologoaren eskutik: Lanera pedalei eraginez joateak bizi asko salba ditzake.
GenetikaSevillako katedralean gordeta dauden Kristobal Kolonen hezurren azterketak, haren jatorriari buruzko zalantzak argituko ditu adituen ustez. Jose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko Auzi Medikuntzako katedraduna buru duen ikerketa-taldeak emaitzen aurrerapen bat emango du maiatzean baina Joxe Mari Ertzilla historiazaleak aurreratu duenez: “Kolonen DNA alderatu dute haren ondorengoak izan daitezkeen 380 lagunenarekin, «eta ez dute antzekotasunik topatu”. Xehetasunak, Berrian: Kolonen DNAren azterketen emaitzak, aurten.
TeknologiaProsum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Gutako bakoitzak 19 kg hondakin elektroniko sortu zituen 2019. Zaborrera botatzen ditugun hondakin hauetako asko, konpontzen ez diren tresna elektrikoak dira. Izan ere, konpondu ezineko eta iraupen gutxiagoko tresnen kopurua asko hazi da eta honek ingurumen arazoak ekartzen ditu, hala nola klima larrialdia. Hondakin elektronikoen nondik norakoak plazaratu ditu asteon Izaro Basurko ikertzaileak: Zaharkitze programatua.
Biologia2006an vespa velutina izeneko liztorra iritsi zen Europara eta harrez geroztik zabal hedatu da. Habitati zabala du eta, ondorioz, ikus daiteke eraikin, nekazaritza-lur, abeltzaintza intentsiboko zonalde, baso, hiri-gune, larre natural, erribera zein gune hezeetan. Hala ere, adierazgarria da, ur-iturriren batetik gertu kokatzen direla beti. Velutina espezie exotiko inbaditzailea da eta hainbat kalte eragin ditu, besteak beste, ez duelako harraparirik izan, orain arte. Izan ere, Galiziako Xuntaren aginduz Alcala de Henaresko Unibertsitateak egindako ikerketa batek agerian utzi du: zapelatz liztorjaleak Asiako liztorraren habiei gogor erasotzen diela. Datuen arabera 24.500 habia desegin zituen Galizian 2018an. Enekoitz Telleriak azaltzen du Berrian: Liztor beltza du begiz jota.
KimikaBiomonitoreak kutsatzaileak metatzeko gaitasuna duten organismoak dira. Fakultate honi esker, kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lor daiteke eta baita kutsatzaile horiek izaki bizidunengan duten eraginari buruzkoa ere. Goroldioak edo likenak, esaterako, biomonitoreak izan liteke eta UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak egindako azterlan batek adierazi du, esaterako, UPV/EHUk zehaztu du Grimmia generoko goroldioak metalen kutsadura atmosferikoaren biomonitore pasibo gisa erabil daitezkeela. Emaitza guztiak Zientzia Kaieran: Goroldioak, metalen kutsadura atmosferikoa antzemateko tresnak.
FisikaCésar Tomé dibulgatzailean fisikaren oinarrizko kontzeptuen historiaren beste atal bat ekarri du asteon eta “kuantuez” hitz egin du. “Kuantu” hitza XIX. mendean erabiltzen zen arren, Philipp Lenard fisikariak aipatu zuen idatziz XX. mendean, eta fisika arloko testu baten erabili zuen, 1902. urtean efektu fotoelektrikoari buruzko artikulu batean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #344 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ada Lovelace: dena kalkulatua zuen matematikaria
“Zenbakien liluratzaile honek haren aztikeria bota du zientziaren artean abstraktuena denaren gain, eta gizon adimentsu gutxik (gure herrialdean behintzat) haren gainean eragin zezaketen indarrarekin baino gogorrago heldu dio.”
Charles Babbagek Michael Faradayri idatzitako gutuneko esaldi bat, 1843ko irailaren 9a.
1. irudia: “Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komikiaren hasierako irudia. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)Ada jakin-minez betetako neskatoa izan zen beti. Txikitan hegan egiteko makinak asmatzen zituen eta matematikan zuen interesa hazi egin zen bera ere hazten zihoala. Charles Babbage matematikari eta ingeniariak makina analitiko bat diseinatu zuen tabulazio- edo konputazio-programak egiteko eta horrek Adaren interesa piztu zuen. Tramankulu haren askotariko aukerak antzeman zituen Adak, sortzaileak berak imajinatzen zituen gauzetatik harago jo eta askoz gehiago ikusten zuelarik. Bere matematika ezagutzekin eta bere sorkuntzarako zuen gogo eta senarekin, Adak algoritmo bat idatzi zuen, Babbagen makina analitikoak kalkuluak giza esku-hartzerik gabe egitea lortuko lukeena. Hau izan zen, askok historiako lehen programa informatikotzat hartzen duten formula matematikoa.
Augusta Ada King matematikaria, Lovelaceko kondesa (1815-1852), abenduaren 10ean jaio zen. Batez ere, Charles Babbageren makina analitikoari buruzko lanagatik da ezaguna baina horrez gain, ordenagailuek zenbakizko kalkulu sinpleak gainditzeko duten ahalmena iragarri zuen.
2. irudia: “Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” komikiaren amaiera. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)“Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira. Orain arte, Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles edota Hipatiaren istorioak argitaratu dituzte.
Irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, besteak beste, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu egitasmoak. Horrez gain, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi da, eta erakustea zientzia ez dutela jenio handiek egiten, zientzialari guztiek elkarrekin pentsatuz baizik.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Ada Lovelace, zenbakien liluratzailea
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar, 2020
- Orrialdeak: 47 orrialde
- ISBNa: 978-84-17538-99-6
The post Ada Lovelace: dena kalkulatua zuen matematikaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Kuantuez (I)
«Kuantu» hitza XIX. menderako erabiltzen bazen ere, fisikan XX. mendean agertu zen lehenengoz Philipp Lenard fisikariaren eskutik, efektu fotoelektrikoari buruzko 1902ko artikulu batean. Kontzeptuaren lehen agerpena, berriz, Max Planck fisikariari egozten zaio normalean; 1900. urtean idatzitako artikulu harrigarri batean erabili zuen. Dena den, Ludwig Boltzann fisikaria izan zen lehena proposatzen sistema fisiko bateko energia ezin zela maila diskretuetan baizik egon, 1877an.
1900eko artikulu hartan, Planckek formula bat aurkeztu zuen ordurako ezagunak zitzaizkien gorputz beltzaren erradiazio-datu enpirikoak doitzeko. Formula horretan, elektrizitatez kargaturiko «erresonadore harmoniko» batzuen E energia v maiztasunean E=hv izan behar zen. «Erresonadore harmonikoak» nolabaiteko malguki sinple batzuk ziren, eta erradiazio elektromagnetikoa igorri edo xurgatzen zuten atomoak irudikatzen zituzten; h, ostera, konstante berri bat zen, zeina beharrezkoa izan zitzaion datu esperimentalak doitzeko. Formula eratortzean, Planckek bere burua behartuta ikusi zuen, konponbide posible bakar gisa, Ludwig Boltzmann fisikariak sortu zuen gasaren entropiarako probabilitate-kalkulua erabiltzera. Planck ez zen konturatu, ordea, kalkulua gorputz beltzaren erradiaziora egokitzean, goitik behera aldatzen ari zela erradiazioa deskribatzeko erabili zituen fisika-teoriak.
Irudia: Ludwig Boltzmann fisikariak 1896an gas teoriari buruzko hitzaldi batzuetan aurkeztu zuen marrazkia: iodo molekula. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica bloga)Izan ere, Planckek konfiantza osoa zuen James Clerk Maxwell eta Hendrik Antoon Lorentz fisikariek egindako eremu elektromagnetikoaren deskribapenean. Planckek eta bere garaiko fisikari gehien-gehienek uste zuten erradiazioa fenomeno jarraitua zela, datuen argitan: lehenik, elektromagnetismoa eta argia bateratu izana; bigarrenik, Heinrich Hertzek frogatutako uhin elektromagnetikoen existentzia; azkenik, Maxwell eta Lorentzen ekuazioek deskribatzen zituzten hainbat uhin-fenomeno.
Fisikari gehien-gehienak, ordea, ez dira guztiak: Albert Einstein gaztea zalantzati zebilen. Planckek, gorputz beltzaren erradiazioaren dentsitate espektralaren formula sortzeko orduan, zenbait oinarri mekaniko-estatistiko hartu zituen ardatz gisa, eta Einsteinek ordurako xeheki analizatuak zeuzkan oinarri horiek. 1905 urtea heldu zenean, Einstein gazteak ondorioztatua zuen fenomeno berriak –adibidez, Lenardek deskribatzen zuen efektu fotoelektrikoa– erraz azal zitezkeela baldin eta argi monokromatikoaren energia hv magnitudeko argi-kuantu kopuru finitu bat bazen. Beraren ustez, argi-kuantu horiek espazioko hainbat puntutan daude, eta unitate gisa soilik xurgatu daitezke.
Garai berean, Einsteinek logikak eskatzen zuen hurrengo urratsa eman zuen. Plancken erradiazioaren teoriak beharrezkoa zuen erresonadoreen energia-edukiak erroan ez-jarraituak (hau da, diskretuak) izatea. Efektu fotoelektrikorako bere «hipotesi heuristikoa» erabilita, Einsteinek diskretutasuna eremu elektromagnetiko askera eta argiaren zein materiaren arteko interakziora hedatu zuen.
1907an, Einsteinek solido sinpleen bero espezifikoa, tenperatura baxuan behatzerakoan, 3Nk balio klasikotik nola desbideratzen zen azaldu zuen. Balio horretan, gramoko atomo kopurua zen N, eta k, berriz, Planckek gorputz beltzaren erradiazioan sartutako bigarren konstante unibertsal bat (hala ere, Boltzmann konstantea izena eman zitzaion). Azalpen hark hipotesi kuantikoa berresten zuen.
Einsteinen solidoen ereduan, beraz, atomo guztiak dira baliokideak eta v maiztasun berdinean dardaratzen dira beren oreka-puntuaren inguruan. Kuantuak existitzeak berekin dakar osziladore bakoitzak En = nhν energiak soilik eduki ahal izatea; bertan, n zenbaki arrunt bat da. Plancken formulak, berriz, 3Nk bero espezifiko klasikoa ematen du hv kT baino askoz txikiagoa den mugan (T=tenperatura). Tenperatura baxuan, non muga hori aplikatzen ez den, bero espezifikoaren balioak desbideratzen direla ikus daiteke. Beste batzuen artean Walter Nernst fisikari eta kimikariak frogatu zuen esperimentalki Einsteinen emaitzaren doikuntza, 1910ean.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Kuantuez (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Goroldioak, metalen kutsadura atmosferikoa antzemateko tresnak
Biomonitoreak kutsatzaileak metatzeko gaitasuna duten organismoak dira. Horiei esker, modu kuantitatiboan kalkula daiteke ingurunearen kalitatea, kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lor daiteke eta baita kutsatzaile horiek izaki bizidunengan duten eraginari buruzkoa ere.
Biomonitoreen erabilerak hainbat abantaila ditu: kostu txikikoa da, emaitzak azkar lortzeko aukera ematen du eta informazio metatua, osoa eta toki zehatzari lotutakoa eskaintzen du. Izan ere, biominotoreek inguruneko aldaketei aurre egiteko duten gaitasunari esker, eremu jakin batean kutsatzaileek duten eragina kontrolatzeko eta ebaluatzeko tresna baliagarriak dira.
1. irudia: Grimmia pulvinata goroldioa. (Argazkia: Michael Becker – GNU lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Kutsadura “zaintzeko” gaitasuna duten organismoen artean, biomonitore pasiboak eta aktiboak ditugu. Biomonitore pasiboak berez azterketako eremuan bizi diren organismoak dira eta kutsadura-iturriak beste inolako tresna gehigarririk gabe identifikatzeko gai dira. Biomonitore aktiboak, berriz, beste leku batzuetatik baldintza kontrolatuetan ekarritakoak dira (transplantatutako). Biomonitore pasiboen artean aurki ditzakegu, esaterako, goroldioak edo likenak eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek Grimmiaceae familiako goroldioak aztertu ditu Bilboko metropoli-barrutiko metal astunen poluzio atmosferikoa neurtzeko.
Grimmia generoko goroldioak, metal astunen bidezko kutsadura atmosferikoa neurtzeko, biomonitore pasibo gisa erabilgarriak diren aztertu du UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Bizkaiko Muskiz, Getxo, Lutxana, Zamudio, Basauri eta Zornotza herrietan hartu ditu goroldio laginak eta morfologiaren eta taxonomiaren arabera identifikatu ondoren, ikertzaileek zehaztu dute:
- material partikulatua metatzeko duten gaitasuna,
- metatutako partikula metaliko nagusiak zeintzuk ziren,
- goroldio laginetan metatutako metal-mailak.
Lortutako emaitzen arabera, goroldioek harrapatutako eta metatutako material partikulatuan hautemandako metal astunak oso lotuta daude jarduera antropogenikoekin. Hau da, ibilgailuen zirkulazioa, trenbideko eta itsasoko zirkulazioaren emisioak, burdinaren industrien emisioak, petrolio-findegien isuriak, zentral elektrikoen emisioak edota mundruna destilatzeko industriekin lotuta metal astunak aurkitu dituzte. Hala ere, ikertzaileek adierazi dute ez dutela osasunerako kontzentrazio kezkagarririk hauteman.
2. irudia: Goroldioen laginak hartu ziren tokien argazkiak – Muskizeko San Julian auzoa (A), Getxo Punta Begoñako galeriak (B), Lutxana (C), Zamudioko Parke Teknologikoa (D), Basauri (E) eta Zornotza (F). (Argazkia: IBeA ikerketa-taldea – Iturria: Gallego-Cartagena, Euler et al. (2021))Aurkitutako metal astunen artean aipatzekoa da Punta Begoñako (Getxo) berun-kontzentrazio handia, laginketa-puntuetan baino hamar aldiz handiagoa baitzen. Kasu horretan, beste euskarri gehigarri batzuetan, esaterako, eraikuntza-materialetan hazten den zarakar beltzetan metatutako partikuletan, lortutako ebidentzia esperimental batzuk kontuan hartuta, baieztatu ahal izan zuten ingurune hark berun-emisio bidezko kutsadura handia izan zuela iraganean.
Bestalde, titanioa, kobrea, zinka, burdina eta manganesoa bezalako metal astunen kontzentrazio altuagoak aurkitu zituzten Lutxanan, gainerako laginketa-puntuetan baino. Ondorioz, ikertzaileek ebatzi dute Lutxana dela goroldioetan harrapatutako material partikulatu atmosferikoan metal-kontzentrazio handienak erakutsi duen laginketa-puntua. Aldiz, kutsadurarik txikiena Zamudioko laginetan aurkitu dituzte.
Etorkizunera begira, atmosferara partikula metalikoak igorri dezaketen iturri antropogenikoen azterketa zabaltzea dute helburu ikertzaileek. Euskal Autonomia Erkidegoko eremu zehatz hauetan ateratako ondorioak garatzea nahiko lituzkete, goroldio genero bera erabiliz, baina beste ezaugarri eta baldintza batzuk dituzten kokapeneko laginak aztertuz.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Metal astun bidezko kutsadura atmosferikoaren adierazle izateko balio duten goroldioak.
Erreferentzia bibliografikoa:Gallego-Cartagena, Euler, Morillas, Héctor, Carrero, José Antonio, Madariaga, Juan Manuel, Maguregui, Maite (2001). Naturally growing grimmiaceae family mosses as passive biomonitors of heavy metals pollution in urban-industrial atmospheres from the Bilbao Metropolitan area. Chemosphere, 263, 128190. DOI: 10.1016/j.chemosphere.2020.128190
The post Goroldioak, metalen kutsadura atmosferikoa antzemateko tresnak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lanera pedalei eraginez joateak bizi asko salba ditzake
Norbaitek esango balizu gaixotasun kardiobaskular baten, minbiziaren eta kausa posible guztien eraginez hiltzeko arrisku arrunta ia erdiraino murrizten duen tratamendu bat dagoela, seguru asko, ez zenuke sinetsiko. Edo, sinetsiz gero, tratamendu hori berehala emateko eskatuko zenuke. Eta, hala ere, baliteke tratamendu hori jende askoren eskura egotea: nahikoa da lanera bizikletaz joatea.
Hala adierazten du Erresuma Batuan egindako azterlan batek. Azterlan horretan, lanera joateko erabilitako garraiobidearen arabera, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia izateko arriskua neurtu zuten, baita bi kausa horietako baten edo beste edozein kausaren eraginez hiltzeko arriskua ere. Ikerketan, 22 herritako 263.450 pertsonak parte hartu zuten (% 52 emakumeak ziren; batez besteko adina: 52,6 urte). Parte hartzaileak lau kategoriatan banatu zituzten: oinezkoak, txirrindulariak, mistoak eta inaktiboak (ibilgailu publiko edo partikularra erabiltzen dutenak).
Irudia: Desplazamendu aktiboa sustatu eta laguntzeko ekimenek heriotza-arriskua eta gaixotasun kroniko garrantzitsuen karga murriztu ditzakete. (Argazkia: Vedant SHAH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Heriotza-tasaren azterketaren jarraipena egin zuten ikertzaileek bost urtez, bihotzeko gaixotasunek, minbiziek eta heriotzak eragindako gorabeherak erregistratuz. Epe horretan ia parte hartzaileen % 1 (2.430) hil zen: 496, arazo kardiobaskular baten eraginez; 1.126, minbiziaren eraginez eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik hil ziren. Bestalde, 3.748 pertsonak minbizia izan zuten, eta 1.110ek, gaixotasun kardiobaskularren bat. Horrez gain, ikusi zuten edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskuari dagokionez, txirrindularitza heriotza-arriskuaren murrizketarekin lotzen zela, baita gaixotasun kardiobaskularrek eta minbiziak eragindako intzidentzia eta hilkortasunari dagokien kasuetan ere.
EmaitzakIkertzaileek ikusi zuten lanera bizikletaz joaten zirenen artean edozein kausaren ondorioz hiltzeko arriskua % 41 gutxiago zela, autoz edo garraio publikoz joan-etorriak egiten zituztenekin alderatuta. Eta, bizikleta eta paseoa konbinatzen zutenen heriotza-arriskua %24 txikiagoa zela, «inaktiboekin» erkatuz.
Azterketa minbizira mugatuz gero, emaitzak are hobeak ziren. Pertsona inaktiboekin konparatuz gero, lanera joateko pedalei eragiten zietenen artean, minbiziagatik hiltzeko arriskua % 40 gutxiago zen eta minbizia izateko arriskua, aldiz, %45 txikiagoa. Bestalde, bizikleta eta paseoa uztartzen zutenekin konparatuz gero, bizikleta erabiltzen zutenen arriskuak txikiagoak ziren: hiltzeko arriskua, %24 gutxiago eta minbizia izateko, %36 gutxiago, hurrenez hurren.
Jarduera fisikoaren emaitzak ere hobeak izan ziren istripu kardiobaskularra izateko probabilitatea edo arrazoi horregatik hiltzeko arriskua aztertzen zenean. Lanera bizikletaz joaten zirenen artean bihotzeko gaixotasun bat izateko arriskua %46 txikiagoa zen, autoan, autobusean edo metroan zoazenekin alderatuta. Aldiz, lanera oinez zihoan pertsona batek gaixotasun kardiobaskularra izateko probabilitatea pertsona «inaktibo» batena baino %27 txikiagoa zen. Arrazoi horrengatik joan-etorriak egiteko moduak heriotza-tasan izan zituen ondorioak are handiagoak izan ziren: bizikletan zihoazen pertsonen hiltzeko probabilitatea, autoan edo garraio publikoan zihoazenen %48 izan zen, eta oinez zihoazen pertsonen kasuan, %64.
Ikerketa honetako ondorioez gain, jarduera fisikoak osasunean dituen onurak baieztatu dituzten beste ikerketa batzuetan lortutakoekin bat datoz. Eta, zehazki, minbiziren bategatik edo istripu kardiobaskularren baten ondorioz hiltzeko probabilitateari buruz. Azterlan honen ondorio interesgarriena honako hau da: a priori oso sinplea den neurri bat hartzeak, hau da, lanera pedalei eraginez joateak, eragin ikusgarriak izan ditzakeela hiltzeko arriskuan.
Pentsa dezagun zer ondorio izango lituzkeen bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko ohitura zabaltzeak osasun sistemaren kostuetan, batetik, eta gutako bakoitzaren bizi-kalitatean eta itxaropenean izango lituzkeenetan, bestetik.
Erreferentzia bibliografikoa:- Celis-Morales, C. A., Lyall, D. M., Welsh, P., Anderson, J., Steell, L., Guo, Y., et al. (2017). Association between active commuting and incident cardiovascular disease, cancer, and mortality: prospective cohort study. BMJ, 357, j1456. DOI:10.1136/bmj.j1456
- Gill, J., Celis-Morales, C. A. (2017). Cycling to work: major new study suggests health benefits are staggering. The Conversation. 2021eko martxoaren 27an kontsultatua.
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Lanera pedalei eraginez joateak bizi asko salba ditzake appeared first on Zientzia Kaiera.
Zaharkitze programatua
Zenbat denbora iraun du zure sakelako telefonoak martxan? Zure aiton-amonen hozkailua oraindik ba al dabil, eta zurea jada pare bat aldiz aldatu behar izan duzu azkeneko urteetan? Ez kezkatu, normala da. Zaharkitze programatua gurean dugu eta!
Wikipedian begiratzen badugu, zaharkitze programatua produktu baten bizitza erabilgarriari aldez aurretik bukaera zehatza ezartzea dela irakurriko dugu. Hau da, produktu ekoizleak artifizialki eta bere interesen arabera erabakitzen du noiz arte izango den erabilgarria produktua. Diseinu eta material jakin batzuk erabiliz, sortzen diren produktuen bizitza moztea du helburu. Helburu xelebrea dirudi, ezta? Ba horixe da gaur egungo industria eta ekonomiaren zati handi baten xedea.
Historia argitzenPhoebus kartela zaharkitze programatua adostu zeneko lehenengo ituna dugu. 1924ko abenduaren 23an Genevan bildu ziren garai hartako munduko bonbilla ekoizle nagusiak, bertan zeudelarik Alemaniako Osram, Herbeheretako Philips, Frantziako France’s Compagnie des Lampes eta EEBB General Electric. Dokumentu bat sinatu zuten denek, produktuen bizitza erabilgarria 1.000 ordura mugatzeko konpromisoa biltzen zuena, ordura arte iristen ziren 2.500 orduen ordez. Bizitza laburragoa zuen bonbilla diseinatzeak etekin handiagoak ekarriko zizkiela aurreikusi zuten, eta kartel horrek gaur egun zaharkitze planifikatu gisa ezagutzen den estrategia industriala hasi zuen.
1. irudia: Bonbilla bat argi artifiziala ematen duen gailua da. Hainbat motatakoak daude eta batez besteko iraupena ez da kasu guztietan berdina. Esaterako, LED bonbillaren kasuan, batez beste 15.000-50.000 ordu egon daitezke piztuta. (Argazkia: Comfreak – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Urte batzuk geroago,1932an, mundua Depresio Handian murgildurik zebilenean, Bernard Londonek idatzia argitaratu zuen; eta bertan azaldu zuen ikuspegiaren arabera, zaharkitze programatua erabili beharreko tresna zen munduko ekonomiak bizi zuen estualdia gainditzeko. Hori arautzeko, gobernuaren, industriaren eta gizartearen arteko sare artikulatu bat eratzea aurreikusten zuen, produktuak suntsitzeko konpromisoa hartuko zuena, denbora jakin baterako sortu eta behin iraungita.
1950eko hamarkadan, AEBn auto industrian ere hasi ziren kalitatearen inguruko kritikak egiten; autoak gero eta material eskasagoaz eginak zeudela eta haien “Higadura kontrolagarria” ikertzen ari zirela ere argitaratuz (Packard, 1960).
Ordutik gaur arte, ezaguna da zaharkitze programatua gero eta arlo gehiagotan erabiltzen dela. Europar PROMPT proiektu independentearen arabera, gailuek dituzten arazoen % 42 lehen 2 urteetan sortzen dira, produktua oraindik bermean dagoenean, eta jakinarazitako akatsen %24 erosi eta 2 eta 3 urte bitartean gertatzen dira, bermealdia amaitu eta berehala. Prozesu hau barneratua dago ekonomia eta industrian, eta zaharkitze estrategia mota bat baino gehiago aurki dezakegu (Poppe, 2019):
- Atzeratutako zaharkitzea: estrategia honen bidez, merkaturatzen den produktuak kalitate baxuagoa du enpresak ikertutako teknologiak baino hori eginda, merkaturatzen den lehen produktua segituan zahar bihurtzen zaigu, eta berria berriz saltzeko aukera du enpresak. Noski, erosleak jakin gabe! Honen adibide bat estereo sistemetan aurki dezakegu. 1931an jada bazegoen patentea eginik, baina ez zen 1950 arte merkaturatu, saldutako fonografo guztiak berritzeko kanpaina egin arte, alegia.
- Zaharkitze sistemikoa: sistema eguneratu edo aldatzera behartzen du eroslea, funtzio berriak edo aldaketak eginez. Horrek sistema edo gailuaren erabilera zailtzen du, eta askotan erabilezin bihurtu. Ordenagailu eta sakelakoen softwarean ditugu adibide argiak.
- Zaharkitze teknikoa estrategia teknikoa dela esan genezake, nahita egina diseinu edo zati fisikoa zaharkitzeko edo urte gutxi batzuk soilik irauteko programatuz.
- Psikologikoa: desioarekin erlazionatzen den estrategia. Produktu bat bere itxuragatik, diseinuagatik, zaharkituta dagoela ikusarazteko estrategia da. Produktua erabilgarria da, baina jada ez da punta-puntakoa, eta ez da hain desiragarria. Hau gertatzea ohikoa da, baina estrategia bezala erabiltzea, hots, produktua hau gertatzeko diseinatzen badugu, zaharkitze psikologikoarekin jolasten ibiliko ginateke. Eta ez pentsa gauza arraroa denik, asko erabiltzen den estrategia da, auto industrian ezarri zen lehen aldiz baina beste hainbat arlotara ere hedatu da. Guide Slade-k bere “Made to Break: Technology and Obsolescence in America” liburuan argi azaltzen du nola depresio handiaren ondoren, Ameriketako industria ingeniarien eskuetatik diseinatzaileen eskuetara pasa zen, eta etekin askoz ere handiagoak lortu zituen horrelako estrategiak erabiliz.
Zaharkitzearen ondorio kaltegarriak argiak dira: gero eta konpondu ezineko eta iraupen gutxiagoko tresna gehiago sortuz hondakin arriskutsuak ugaritzen ditugu, eta garraio beharrak ere bai. Azken finean ingurumen arazoak, hala nola klima larrialdia, areagotzen ari da etekinak ateratzeko jokabide hau.
Eurobarometroaren inkesta baten arabera, Europan herritarren % 77 prest egongo litzateke bere produktuak konpontzeko, baina ia inoiz ez du egiten, garestiegia delako haientzat. %73 bere kabuz konpontzen saiatu zen, baina % 32k bakarrik izan zuen arrakasta. Konponketaren arrakasta, hori bai, desberdina da produktu multzo batetik bestera: inprimagailu akastunen % 21 baino ezin izan ziren konpondu, eta lehorgailuetan, berriz, arrakasta-tasa % 64koa izan zen.
Bateriek berebiziko garrantzia dute: bateriekin lotutako akatsen proportzioa % 51koa izan zen telefono mugikorren kasuan, % 36koa tableten kasuan eta % 33koa ordenagailu eramangarrien kasuan. “Erabili eta botatzeko” kontsumoa ezarri eta normalizatu egin da gure gizartean, baliabide naturalak agortzen ari diren bitartean eta munduko zabortegiak baso edo elikagai produkzioari lekua irabazten ari diren bitartean.
2. irudia: Prosum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Gutako bakoitzak 19 kg hondakin elektroniko sortu zituen 2019. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Bestalde, 2020ko azaroaren 25ean, Europako Parlamentuak “konpontzeko eskubideari” buruzko ebazpena onartu zuen. Ekimen horrek oraingoz ez du derrigorrezko betebeharrik, Europako Batzordea baita legeak proposatu behar dituena, baina etorkizuna bideratzen du zaharkitze programatuari aurre egiteko.
Zer egin honen aurrean?Hementxe dituzue aholku batzuk kontuan izan ditzazuen:
- Konpontzeko ahalmenean jarri zuen arreta; hau da, erosi edo erabiltzen dituzuen gailuak apurtuz gero konpondu ote daitezkeen galdetu zuen buruei. Erosteko orduan galdetu saltzaileari, zuen buruei, zer gertatuko litzatekeen atal edo osagai bat apurtuz gero.
- Gailu modularrak sortzea litzateke egoera honetatik ateratzeko beste modu bat, Dabid Martinez informatikari eta aktibistak Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz artikuluan azpimarratzen duen bezala. Denbora luzeko osagai elektronikoak sortu, diseinatu, erosi, zaharkitzearen aurka prestaturikoak. Zaharkitze programatua duten produktu eta softwareak ekidin. Informa zaitez produktuak erosi baino lehen ea zer nolako garantia duten, birziklatzeko errazak ote diren, nondik datozen materialak, etab. Saiatu erosle kontzientea eta kontzientziaduna izaten.”
- Ekonomia soziala eta ahalik eta hondakin gutxien sortzen duena sustatu; berrerabiltzea, konpontzea eta bizitza luzea eta ingurumenarekin arduratsuak diren ekimenak sustatu.
- Behin zaharkitzea zer den badakizula, zure lagunei azaldu, eta saiatu jartzen dizkiguten amarruetan ez erortzen!
Koopera Electro proiektuak etxean erabiltzen ez diren aparatuak ahalik eta gehien berreskuratzea du helburu. Bertan lanean dabilen eta zaharkitzearen aurkako esperientzia handia duen lagunaren hitzak partekatu nahi nituzke bukatzeko: “Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko!”
Informazio gehigarria:- Poppe, Erik & Longmuß, Jörg (2019). Geplante Obsoleszenz. Düsseldorf, Deutschland: Hans Böckler Stiftung.
- Pope, Kamila (2017). Understanding Planned Obsolescence. Unsustainability Through Production, Consumption and Waste Generation. London, U.K.: Kogan Page.
- Cooper, Tim (2010). Longer Lasting Products. Alternatives to the Throwaway. London, U.K.: Routledge.
- Slade, Giles (2007). Made to Break.Technology and Obsolescence in America. Cambridge, USA: Harvard University Press.
- Packard, Vance (1960). The Waste Makers. London, U.K.: LongMans.
- London, Bernard (1932). Ending the Depression through Planned Obsolescence. Wikimediaren bidez.
Izaro Basurko Pérez de Arenaza UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea da.
The post Zaharkitze programatua appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #343
AstraZenecaren txertoak hautsak harrotu ditu. Baina ohikoak diren beste sendagaiekin alderatuz gero, oso antzekoak diren albo ondorioak ditu txerto honek. Berriako artikulu honetan, AstraZenecaren eta beste sendagaien prospektuak aztertu dituzte, maiztasun handikoak, txikikoak eta ezohiko eraginak islatuz.
COVID 19ari dagokionez, gaixotu diren eta ospitaleratu behar izan dituztenen artean, ariketa fisikoa egiten dutenen hilkortasuna bizitza sedentarioa egiten dutenena baino zortzi aldiz txikiagoa dela ondorioztatu du San Carlos Ospitale Klinikoko (Madril) kardiologo-talde batek. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu datuak.
GenetikaUPV/EHUko genetikariek ikusi dute lehen aldiz glutenak zuzenean RNA molekuletan aldaketak eragiten dituela. Elhuyar aldizkariak azaldu digu XPO1 geneak hesteetako hanturaren garapenean parte hartzen duela, eta glutenak honen RNA aldatzen duela. Informazio gehiago artikuluan topatuko duzue.
Gene-terapiari heldu diote artikulu honetan. Tratamendurik ez duten gaixotasunak sendatzeko terapia da. Artikulu honetan, begietako gaitzak izan dituzte mintzagai eta horiek tratatzeko sortu dituzten medikamentu berriez mintzo dira.
Mamutak, ze animalia bitxiak! Genetikaren ikuspuntutik, Koldo Garciak horiei buruz idatzi du, mamuten eboluzioa aztertuz. Ez galdu bere azalpena hemen!
MedikuntzaElhuyar aldizkariak kontatu digu CIC biomaGUNEko ikertzaileek lehen aldiz monitorizatu dutela nanorrobot-multzo batek sagu bizien barruan duen portaera, eta arrain-sarden moduan mugitzen direla ikusi dute. Ez galdu!
MaterialakEnergia elektrikoa metatzeko eta energia-bihurketarako sistema garatzeko 3D-inprimaketak duen rola aztertu dute Edurne Redondo Negretek eta kideek, Elhuyar aldizkariak azaldu duenez. Jo ezazue artikulu honetara xehetasunak irakurtzeko.
Adimen artifizialaAdimen artifizialaren alorrak oso gauza bitxiak dakartza. Duela gutxi adimen artifizial bat pertsona bat zer musika pieza entzuten ari den identifikatzeko gai izan da. Delfteko Teknologia Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaileek elektroentzefalografia ekipamendu bana jarri zien entzungailuekin musika entzuten zuten bitartean, eta haien uhin entzefalikoak erregistratu zituzten.
MatematikaBazenekien jatetxe batera goazenean, zein plater eskatuko dugun aurreikusi daitekeela? Horren atzean dago matematika, zehazki, joko-teoria alorra. Horrekin batera, jatetxe batean egindako esperimentu bat duzue irakurgai. Oso interesgarria!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #343 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #346
Robot hitza entzutean, makina bat datorkigu burura, ziur aski, forma humanoidea duena, baina forma definitu eta konstantearekin. Arnold Schwarzeneggeren Terminator, esaterako. Beste pertsonai bat ere badago: T-1000 (Arnoldena T-800a da). T-1000 ez da T-800a bezain indartsua, baina forma alda dezake egoeraren arabera. Norabide horretan aurrerapausua: Shape-shifting robots in the wild: the DyRET robot can rearrange its body to walk in new environments David Howard eta Charles Martin.
Satelitea edo dena delakoa lurraren orbitan jartzea ez da kontu ñimiñoa. Kalkuluak egiteko matematikak, berez, nahiko konplexuak dira. BCAMen, eredu matematikoa egiteaz gain, interneten jarri dute eskuragai: HOMA: a space orbit simulator
Uhin elektromagnetikoak ez dira beti lauak. Lauak dira antena batetik oso urrun badaude. Gainerako kasuetan bibrazio moduak gauzak korapilatzen dituzte. Nanobarrunbe fotoniko batean konplexutasuna areagotu egiten da, klasikoak baliorik ez duenean eta eremu elektromagnetikoa kuantizatu behar denean. Baina, horretarako daude IFIMAC eta DIPC: Few-mode quantum description of any electromagnetic spectral density
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #346 appeared first on Zientzia Kaiera.
Marta Urdanpilleta: “Artilea isolatzaile termiko eta akustiko natural ona izan daiteke ” #Zientzialari (150)
Egun, bi polimero mota aurki ditzakegu: alde batetik, petroliotik eratorritako polimeroak eta bestetik, jatorri naturala dutenak, izaki bizidunok sortzen ditugunak, alegia. Jatorri naturaleko polimeroen barnean proteinak aurkitzen dira, keratina, esaterako. Keratina ilean edota artilean aurki daitekeen proteina da.
Prozedura kimikoek artilearen proteina beste polimero batzuekin nahastea ahalbidetzen dute eta horri esker, bio medikuntzan erabiltzea posible litzateke, adibidez. Honek alde positiboa dauka, ardi latxen artilearen proteinak jatorri berriztagarria baitu, material jasangarria eta biodegradagarria izanez.
Bestalde, bere egitura malguari esker, ardi latxen artilea isolatzaile termiko natural ona da. Eraikuntzaren arloari dagokionez, artilearen porositatea eta dentsitatea oso egokiak dira soinu akustikoa xurgatzeko ahalmena ez ezik, tenperatura oso altuak jasan ditzakeelako ere. Ardi latxen artilearen proteina beste biopolimero konpostagarri batekin nahasteko aukerak eta bere ikerketaren nondik norakoak ezagutzeko Marta Urdanpilletarekin, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako eta Biomat taldeko ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Marta Urdanpilleta: “Artilea isolatzaile termiko eta akustiko natural ona izan daiteke ” #Zientzialari (150) appeared first on Zientzia Kaiera.
Gene-terapia: Ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan
Gene-terapia azido nukleiko terapeutikoen (azido erribonukleikoa (RNA) edo azido desoxirribonukleikoa (DNA)) administrazioan oinarritzen da gaixotasunak tratatzeko, geneen adierazpena areagotzeko, blokeatzeko edo aldatzeko helburuarekin. Gene-terapian ekintza-lekua zelularen barnean dago eta arrakastatsua izan dadin material genetikoaren askapena bermatu behar da itu zeluletan. Horretarako, material genetikoa garraiatzen duen, inguruko erasoetatik babesten duen eta ekintza-lekuan askatzen duen administrazio sistema eraginkor eta seguru baten beharra izaten da.
Azido nukleikoen administrazio sistemak biralak edo ez-biralak izan daitezke.
- Bektore biralak zelulen barnera sartzeko birusen berezko gaitasunaz baliatzen dira, baina ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatzen dira infekziorik sortu ez dezaten. Hala ere, hauek arazo immunologikoak eta kantzerigenoak eragin ditzakete, ondorioz, bektore ez-biralen diseinua sustatu da.
- Bektore ez-biralak seguruagoak dira eta ekoizpena errazagoa da, baina hauen muga nagusia eraginkortasun baxua da. Sistema ez-biral ikertuenak kimikoak dira, eta hauen artean, gure organismoan aurkitzen ditugun lipidoz osatutakoak dira esanguratsuenak.
Ikusmen-desgaitasun larria eta itsutasuna eragiten dituzten gaixotasunak tratatzeko aukera terapeutikoak oso mugatuak direla kontuan hartuta, begietarako gene-terapia baliabide berriak ahalbidetzen dituen alternatiba itxaropentsua da. Gene-terapiaren bidez begiaren aurreko (adibidez, kornea) zein atzeko (adibidez, erretina) atalak kaltetzen dituzten gaitz ugari sendatu daitezke, alabaina, gutxi dira kornearen gaixotasunak gene-terapiaren bidez tratatzen dituzten entsegu klinikoak.
2. irudia: Gene terapiak ikertzeko interesgarria da begia.Begiak gene-terapian erabiltzeko abantaila interesgarriak ditu, organo eskuragarria eta aztertzeko erraza baita. Gainera, immunitate sistematik babestuta dago. Bestalde, azido nukleikoen administrazioa begian bide ezberdinetatik burutu daiteke. Begietarako gene-terapiarako sistemen administrazioa erretina-azpiko injekzioz burutu ohi da, baina erosoagoak diren inbasiorik gabeko beste bide batzuk ebaluatzen ari dira, bide topikoa esaterako, begiaren aurrealdea kaltetzen duten gaixotasunak tratatzeko batez ere.
Azken urteetan begietarako gene-terapiaren inguruan lortutako emaitza arrakastatsuek, hasiera eman diete gizakietan burututako entsegu klinikoei. Egun arte, begietako gene-terapiaren inguruan 37 entsegu kliniko burutu dira edo abian daude. Begietako gaitzak tratatzeko orain arte egindako entsegu klinikoetan bektore biralak erabili dira, bektore ez-biralak fase aurreklinikoetara mugatzen diren bitartean.
Gene-terapiaren bidez tratatzeko begietako gaixotasun hautagai nagusiak glaukoma, adinari lotutako makula-endekapena eta erretinaren herentziazko distrofiak dira. Adibidez, Sylentis enpresa biofarmazeutiko espainiarrak gene-terapian oinarritutako medikamentu berri bat garatu du, Bamosirán, glaukomaren tratamendurako. Medikamentu honek begi-barneko presioa gutxitzen du, eta II faseko entsegu kliniko batean ebaluatu da duela gutxi. Adinari lotutako makula-endekapenaren tratamendua gene-terapiaren beste erronka bat da eta estrategia ezberdinak proposatu dira gaixotasun honen aurka. Erretinaren herentziazko distrofiak asko ikertzen ari dira, oinarri genetikoa izanik, gene-terapiaren bidez tratatzeko egokiak baitira. Garrantzizkoa da azpimarratzea begietarako gene-terapian izandako arrakastarik handiena erretinaren herentziazko distrofia biren tratamendua izan dela. Izan ere, 2018an Estatu Batuetan eta Europan gene-terapian oinarritutako begirako lehen medikamentuaren komertzializazioa onartu zen, Luxturna®, Sortzetiko Leberren Amaurosiaren eta erretinosi pigmentarioaren tratamendurako.
Gene-terapiaren inguruan egindako ahaleginei eta aurrerapenei esker, begietako gaitzak tratatzeko medikamentu berriak garatu dira. Horietako asko entsegu klinikoetan ebaluatzen ari dira oraindik, baina beste batzuk jada merkatura eta pazienteetara iritsi dira.
Bibliografia
Del Pozo-Rodriguez A., Rodriguez-Gascon, A., eta Solinis, M.A. 2018. Terapia génica. Síntesis, Madrid.
Iturria:
Rodríguez-Castejón, Julen; Gómez-Aguado, Itziar; Vicente-Pascual, Mónica; Rodríguez-Gascón, Alicia; Isla; Arantxazu; Solinís, María Ángeles; del Pozo-Rodríguez, Ana (2019). «Gene-terapia: ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan»; Ekaia, 36, 2019, 31-48. https://doi.org/10.1387/ekaia.20754 Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Gene-terapia: Ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan
- Laburpena: Gene-terapia etorkizun handiko tresna bezala sortu da tratamendurik ez duten asaldurentzat. Azido nukleiko terapeutikoen administrazioan oinarritzen da gaixotasunak tratatzeko. Gene-terapia arrakastatsua izan dadin material genetikoaren askapen eraginkorra bermatu behar da itu-zeluletan. Geneen administrazio-sistemen artean, bektore biralak asko erabili dira ahalbidetzen duten transferentzia genikorako gaitasun onarengatik. Hala ere, horien arrisku nagusien ondorioz (immunogenizitatea eta mutagenesia), bektore ez-biralen diseinua sustatu da. Bektore ez-biralak seguruagoak dira eta ekoizpena errazagoa da, baina hauen muga nagusia transfekzio-eraginkortasun baxua da. Gene-terapiarako organo interesgarri bat begia da, eskuragarria eta aztertzeko erraza baita. Gainera, immunitate-sistematik babestuta dago. Gene-terapia entsegu kliniko guztien % 1,3 bakarrik tratatzen dituzte begietako gaitzak, baina etorkizun handia aurkeztu dute azken urteetan. Izan ere, 2018an Estatu Batuetan eta Europan gene-terapian oinarritutako begirako lehen medikamentuaren komertzializazioa onartu zen, Luxturna®, Sortzetiko Leberren Amaurosiaren tratamendurako. Berrikuspen honetan, begiko administrazio-bideak, gene-terapia estrategiak eta transferentzia geniko eraginkorrerako gainditu behar diren begiko mugak aurkezten dira. Halaber, gene-terapiaren bidez tratatzeko hautagai diren begietako gaitz ezberdinak ere biltzen dira. Gene-terapiaren inguruan egindako ahaleginei eta aurrerapenei esker, begietako gaitzak tratatzeko medikamentu berriak garatu dira. Horietako asko entsegu klinikoetan ebaluatzen ari dira oraindik, baina beste batzuk jada merkatura eta pazienteetara iritsi dira.
- Egileak: Julen Rodríguez-Castejón, Itziar Gómez-Aguado, Mónica Vicente-Pascual, Alicia Rodríguez-Gascón, Arantxazu Isla, María Ángeles Solinís, Ana del Pozo-Rodríguez
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 31-38
- DOI: 10.1387/ekaia.20754
————————————————–
Egileez:
Julen Rodríguez-Castejón, Itziar Gómez-Aguado, Mónica Vicente-Pascual, Alicia Rodríguez-Gascón, Arantxazu Isla, María Ángeles Solinís, Ana del Pozo-Rodríguez UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldekoak (PharmaNanoGene) dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Gene-terapia: Ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan appeared first on Zientzia Kaiera.
Milioi eta erdi urteko gene-bilduma
Mamutek leku berezia dute imajinario kolektiboan. Hitz hori irakurtzean elefante itxurako animalia erraldoi iletsu horiek irudikatzen ditugu Siberiako estepa izoztuetan. Irudi horri, agian, gure arbaso urrunena ere gehitzen dizkiogu, animalia hauek elurretan ehizatzen.
Hala ere, mamut-espezie guztiak ez ziren iletsuak –iparraldean bizi ziren mamut-espezieen ezaugarria zen– eta, bai, mamut-espezie gehienek hortz luze eta kurbatuak zituzten. Animalia hauek orain dela bost milioi urtetik duela lau mila urte arte bizi izan ziren eta talde honen espezie ezagunenen artean aipa daitezke estepako mamuta (Mammuthus trogontherii) –Eurasiako Iparraldean bizi zen mamuta–, mamut iletsua (Mammuthus primigenius) –Asiako Ekialdean bizi zen mamuta, gure imajinarioan dagoen espeziea, hain zuen ere– eta Columbiako mamuta (Mammuthus columbi) –Ipar Amerikan bizi zen mamuta–. Esan bezala, orain dela lau mila urte desagertu ziren, agian kliman gertatutako aldaketengatik, agian gizakiaren eraginagatik. Hori horrela izanda, desagertuta egonda, haien genetikari buruz zerbait jakin dezakegu?
1. irudia: Mamut baten eskeletoa. (Argazkia: Nattnewl – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: WikimediaAntzinako DNA izena ematen zaio antzinako laginetatik eskuratzen den DNAri. Denborarekin, hainbat prozesuren ondorioz, DNA degradatzen doa eta gene-material berria baino zatikatuagoa eskuratzen da. Degradatua eta zatitua egoteak DNA sekuentziatzea zailtzen badu ere, antzinako DNA aztertzeko teknikak hobetu dira, eta horrek ahalbidetu egin du halako DNA aztertzea. Orain arte, sekuentziatzea lortu zen laginik zaharrena eskuratu zen orain dela 560.000 eta 780.000 urte bitartean bizi izan zen zaldi baten hankatik. Lan berri batek marka guztiak hautsi ditu eta halako laginek irauteko duten gaitasunaren muga teorikora hurbildu da.
1970eko hamarkadan Siberian egindako indusketetan mamuten hiru hortz berreskuratu ziren. Krestovka izena jarri zioten hortza estepetako mamut batena zen, orain dela 1,1 eta 1,6 milioi urte bitartekoa; Adycha izena jarri zioten hortza ere estepetako mamut batena zen, orain dela 1-1,3 urtekoa; azkenik, Chukochya izena jarri zioten hortza, aldiz, mamut iletsu batena zen, orain dela 500.000-600.000 urte bitartekoa. Hortz horiek ondo kontserbatuta zeuden Siberiako permafrostean zeudelako, hau da, beti izoztuta dagoen lurzoruan lurperatuta zeudelako. Orain, hortz horietan gordeta zegoen gene-materiala sekuentziatzeko gai izan dira sekuentziazioan eta konputazioan egon diren aurrerakuntzei esker. Horrela, gai izan dira Krestovka hortzetik 49 milioi DNA letra eskuratzeko, Adychatik 884 milioi DNA letra, eta Chukochyatik 3,7 mila milioi DNA letra. Balentria hau lortu duten ikertzaileek onartzen dute DNA oso zatituta zegoela eta laginak berriagoak izan balira, baztertu egingo zituztela. Baina laginak hain zaharrak izanik, saiatzeak merezi zuela erabaki zuten. Orain, emaitzak ikusita, espero dute beste ikertzaile-talde batzuk ere saiatzea halako laginetatik gene-informazioa eskuratzen, lagin guztiak aproposak ez badira ere.
2. irudia: Interesgarriak izan daitezkeen laginak egon daitezke permafrostean kontserbatuta. (Argazkia: Brandt Meixell, USGS) – Domeinu publikoa. Iturria: Wikimedia)Izoztutako gene-materiala oso erabilgarria da espezieen eboluzioa aztertzeko. Denbora puntu ezberdinetako laginak edukitzeari esker, espeziaren garapenari buruzko informazio baliagarria lortzen da. Hala, mamut espezie ezberdinen gene-materiala erkatuz, ikertzaileek ikusi zuten Adycha eta Chukochya mamut iletsuen leinukoak zirela; lehenengoa sabanako mamutetik gertuago, bestea mamut iletsuen aitzindarietatik gertuago. Krestovkaren kasua, aldiz, harrigarriagoa izan zen. Gene-analisiek ondorioztatu zuten Krestovka orain arte ezezaguna zen mamut-leinu batekoa zela eta leinu hori mamut iletsuko leinuarekin gurutzatu zela –hots, hibridatu zela—Columbiako mamutaren sorreran. Izan ere, Columbiako mamutaren genomaren %40ren jatorria leinu ezezagun horretan egongo litzateke, eta gainontzeko %60 mamut iletsuan, orain dela 420 mila urte baino gehiago gertatu zen nahastekaren ondorioz. Orain gutxira arte uste zen espezie berriak isolamenduaren ondorioz sortzen zirela, hau da, espezie bereko bi populazio elkarrengandik aldentzen zirenean. Azken aldian, gero eta indar gehiago hartzen ari da espezie bat nahasketaren ondorioz sor daitekeela, baina lehen aldia da antzinako DNAn oinarrituta halako ondoriora heltzen dela.
Lortutako gene-datuei esker, mamut iletsuaren eboluzioa azter daiteke eta jakin noiz gertatu ziren hotzari aurre egiteko eta habitat irekietan bizitzeko eboluzio-moldaketak. Adycharen eta Chukochyaren gene-sekuentziak erkatu zituzten Afrikako eta Asiako elefanteen gene-sekuentziekin eta ikusi zuten jada Adychan eta Chukochyan agertzen zirela mamuten espezifikoak ziren gene-aldaerak. Izan ere, mamut iletsuaren kasuan, ilearen hazkundean, erritmo zirkadianoan, tenperatura nabaritzean eta gantzen metaketan parte hartzen duten gene-aldaera gehienak Adycha eta Chukochyan hortzetan ere aurkitu zituzten. Hau da, estepako mamuten aitzindariek ere garatuta zuten ilea, eta hotzari eta latitude altuei aurre egiteko moldapenak. Salbuespen aipagarriena TRPV3 genea izan zen. Gene hori mamut iletsuan sakonean aztertu izan da tenperatura nabaritzen eta ilearen hazkundean parte har dezakeelako. Bada, mamut iletsuaren aitzindari den Chukochyan ez dituzte mamut iletsuan dauden gene-aldaerak detektatu gene horretan. Ondorioz, ikertzaileek iradokitzen dute gene horretan zeuden mutazioak mamut iletsuaren eboluzioan zehar gertatu zirela, hau da, mamut iletsuaren eboluzioan zehar gertatu den moldapena direla.
3. irudia: Antzinako DNA sekuentziatzeko mugara heldu ote gara? (Argazkia: lisichik – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Permafrostean izoztutako hiru hortz horiek mamutei buruzko zehaztasun berriak eman dizkigute, mamut espezieen bilakaerari eta eboluzioari buruz, hain zuzen ere. Adituek iradokitzen dute hainbat espezieri buruzko –hala nola, idi musketaduna, altzea eta leminga– gene-informazioa ere permafrostean izoztuta egongo dela eta, ondorioz, espezie horiei buruzko zehaztasunak nork aurkituko zain daudela.
Hala ere, permafrostaren muga 2,6 milioi urtekoa da, ordukoak baitira lehenengo izozteak latitude altuetan. Hortaz, teorikoki, posible litzateke bertan dagoen material genetikoa eskuratzea eta sekuentziatzea. Horrela, hainbat espezieren eboluzioa hobeto ulertzeko aukera zabaltzen da eta espeziazioa denboran zehar nola gertatzen den aztertzeko gene-informazioa izango genuke. Baina, horretarako, beharrezkoa da lagin egokiak aurkitzea eta aldaketa klimatikoaren ondorioz permafrosta ez desegitea. Antzinako zenbat gene-bilduma degradatu eta galduko ote dira izoztuta zeuden parajeen beroketagatik?
Iturria:Callawat, E. (2021). Million-year-old mammoth genomes shatter record for oldest ancient DNA. Nature, 590, 537-538. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-00436-x
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Milioi eta erdi urteko gene-bilduma appeared first on Zientzia Kaiera.
Musika, elektroentzefalograman
Iaz, adimen artifizialeko (AA) teknikak erabiliz, proteinen egitura aurreikusi ahal izan zuten, horien aminoazidoen sekuentzian oinarrituz. Urtea amaitu baino pixka bat lehenago, teknika berberen bidez Schrödingerren ekuazioa ebatzi ahal izan zela argitaratu zen. Duela aste batzuk jakin dugunez, AAri esker, halaber, Heterocephalus glaber (sator-arratoi biluzia) espezieko kideak beren koloniaren dialekto propio batean komunikatzen dira haien artean eta dialekto horiek kulturalki transmititzen dira. Eta jakinarazi berria denaren arabera, adimen artifizial bat pertsona bat zer musika pieza entzuten ari den identifikatzeko gai izan da, pieza hori entzuten ari zen bitartean erregistratutako elektroentzefalogrametatik lortutako uhin entzefalikoen ereduak aztertuz.
Irudia: Ikerketa batek ikusi du abesti bat entzuteak eredu espezifikoak sortzen dituela garunean, eta eredu horiek aldatu egiten direla pertsonatik pertsonara. (Argazkia: Ulrich Wechselberger – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Elektroentzefalografiaren (EEG) teknikak garuneko potentzial elektrikoaren aldaketak hautematen ditu, garezurreko hainbat tokitan kokatutako elektrodoen bitartez. Aldaketa horiek elektrodo bakoitzaren ondoan kokatutako neurona taldeen jarduera elektrikoaren sinkronizazioa islatzen dute, eta hori, era berean, haien mintzetan gertatzen diren ioi mugimenduen ondorio da. Bertsio inbasibo batzuek –elektrokortikografiak deiturikoak– garun azalean elektrodoak sartzea eta horiek garuna zeharkatzea eskatzen dute, baina teknika gehienak ez dira inbasiboak. Normalean, gizabanakoari estimuluren bat eragiten zaionean edo ekintza bat egiten duenean jarduera elektrikoan gertatzen diren aldaketak hautemateko erabiltzen dira.
Delfteko Teknologia Unibertsitateko (Herbehereak) ikertalde batek hogei pertsonari elektroentzefalografia ekipamendu bana jarri zien, entzungailuekin musika entzuten zuten bitartean, eta haien uhin entzefalikoak erregistratu zituzten. Horretarako, hamabi musika pieza erabili zituzten. Partaideei begiak itxi zizkieten eta gela isil batean izan zituzten, giroko batere estimulurik izan ez zedin, musikaz gain, emaitzak baldintzatuko zituzkeen bestelako informazio sentsorialik izan ez zedin.
Pertsona bakoitzaren erregistroak segmentu motzetan zatitzen zituzten eta, zegozkien musika pasarteekin batera, AA bat trebatzeko erabiltzen ziren. Hala, entzefalogramako segmentu bakoitza zegokion musika pasarteari lotuz, bi informazio sekuentzien artean korrespondentzia ereduak identifikatzeko gai izatea lortu nahi zuten.
Jarraian, trebatzeko erabili gabeko EEG segmentuak eman zitzaizkion AAri, zegokion musika pieza identifikatu zezan. AA pertsona bakoitzak entzundako musika piezak identifikatzeko gai izan zen kasuen % 85ean. Asmatze maila hori interesgarria izan zen, baita AAri beste pertsona batek entzundako musika identifikatzeko eskatzen zitzaionean asmatze maila % 10ekoa bakarrik izatea ere.
Esperimentua egin zutenen ustez, honakoa da alde handi horren zergatia: pertsona bakoitzak musika pieza jakin bat entzuten duenean, nork bere esperientzia estetikoa duenez, pasarte batzuetan besteetan baino arreta handiagoa jartzen du. Beste hitz batzuetan esanda, musika pasarte bakoitzean dagoen informazioa prozesatzeaz gain, garuneko uhinek esperientzia estetikoa ere islatzen dute.
Hala ere, pertsonek musikari ematen dioten erantzun elektroentzefalografikoko alderdi komunak identifikatzea da ikertaldeari gehien interesatzen zaiona; hau da, osagai hedonikoaren eraginpean ez dauden alderdiak identifikatzea. Horrela, entzefaloaren funtzionamenduari buruz gehiago jakin nahi dute, eta, azken batean, zergatik gustatzen zaigun musika.
Dhananjay Sonawane, Krishna Prasad Miyapuram, Bharatesh Rs, eta Derek J. Lomas (2021). GuessTheMusic: Song Identification from Electroencephalography response. 8th ACM IKDD CODS and 26th COMAD. Association for Computing Machinery, New York, NY, USA, 154–162. DOI: https://doi.org/10.1145/3430984.3431023
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Musika, elektroentzefalograman appeared first on Zientzia Kaiera.
Afarien ordainketak joko matematikoen bidez aztertuz
Jatetxe batean zein plater eskatuko dugun aurreikusi daiteke. Horretarako, joko-teoria erabili daitekeela ikusiko dugu.
Joko-teoria matematiko arlo bat da eta bertan eredu matematikoak sortzen dira agente berekoien portaera aztertzeko. Makina bat aplikazio du joko-teoriak, ekonomian eta kirolean, esate baterako. Izan ere, joko-teoriako ereduetan, parte hartzen duen jokalari bakoitzari funtzio bat esleitzen zaio haren onura neurtzen duena eta, horiek horrela, jokalari baten onura izango da berak hartutako erabakien araberakoa, baita jokoan parte hartzen duten beste jokalarien erabakien araberakoa ere.
Teoria honen sortzailea John F. Nash zientzialaria dela esaten da. Berak frogatutako teoremaren arabera, ondorioztatu ahal da badagoela egoera bat non jokoan parte hartzen duten agente edo jokalari guztiek interesik ez duten hartutako erabakia aldatzeko. Egoera honi (edo estrategia-multzo honi), izan ere, Nash oreka deritzo. Nashek Ekonomia Zientzietako Omenezko Nobel saria jaso zuen 1994an eta haren bidez joko-teoriak egindako lana saritu zuten.
Irudia: Esperimentu baten emaitzek erakutsi dute afari bat taldeko guztion artean ordaindu behar denean, hau da kostua denen artean partekatu behar denean, mahaikideek gehiago kontsumitzen dutela edo plater garestiagoak aukeratu. Bakoitzak berea ordaindu behar badu, aldiz, norberaren galerak minimizatzen dira plater merkeagoaz eskatuz. (Argazkia: Nenad Maric – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Artikulu honetan, jatetxe batean eskatzen diren plateretan joko-teoria aplikatzen dela ikusiko dugu. Lehenik, presoaren dilema deituriko eredua aurkeztuko dut. Demagun bi preso atxilotuta daudela eta poliziak jakin nahi du zein den erruduna. Horretarako, presoak banandu dituzte eta bakoitzari bi aukera ematen diote: alde batetik, poliziarekin kooperatzea eta aitortzea; eta bestetik, uko egitea laguntzeari. Bestalde, bi presoen zigorra haien erabakien araberakoa izango da. Biek kooperatzea aukeratzen badute, preso bakoitzaren zigorra sei urtekoa izango da. Aldiz, biek laguntzeari uko egiten badiote, preso bakoitzaren zigorra urte batekoa izango da. Bestalde, preso batek kooperatzen badu eta besteak ez, kooperatzen duena libre ateratzen da eta bestearen zigorra hamar urtekoa izango da.
Adibide honen Nash oreka bi presoek poliziarekin kooperatzea da. Izan ere, biek kooperatzen badute, alde bakarreko erabaki-aldaketak ez du onurarik izango presoentzat, alegia, denbora gehiago egongo dira kartzelan (sei urtetik hamar urtera igoko litzateke erabakia aldatzen duen jokalariaren atxiloketa-denbora). Aldiz, argi dago bi presoentzat hoberena izango litzatekeena biek kooperatzeari uko egitea (bakoitzak urte bat baino ez lukeelako igaroko kartzelan). Eredu honek erakusten duena da joko-teoriak duen propietate interesgarri bat: modu berekoian hartzen diren erabakiak (hau da, Nash orekakoak) ez direla beti guztientzat hoberenak diren erabakien berdinak. Edo beste modu batean esanda, modu berekoian jokatzean hartutako erabakiak eta guztien onura bilatze aldera hartutako erabakiak ez direla beti berdinak.
Orain afariaren ereduari begiratuko diogu. Demagun n lagunez osatutako talde bat afaltzera irten dela jatetxe batera. Jatetxe horretan bi aukera baino ez daude: A eta B platerak. Bi plater hauen artean, A platera gozoagoa dago, baino askoz garestiagoa da. Pertsona bakoitzak erabaki behar du A edo B platera hartu nahi duen. Bi plateren salneurriaren diferentzia handia denez, bakoitzak bere platera ordaindu behar badu, ez du merezi A platera ordaintzea. Hala ere, kontua guztien artean ordainduz gero, mahaikide batek A edo B platera eskatzen badu ez da egongo diferentzia handirik guztien kontuan. Zer egingo du mahaikide bakoitzak?
Mahaikide kopurua n bada, egoera arestian aurkeztutako presoaren dilemaren ereduaren baliokidea da, baina n jokalariz osatua kasu honetan. Hortaz, afari horretan ekartzen den jokoaren soluzioa (hau da, Nash oreka estrategia-multzoa), kontua partekatuz gero, mahaikide bakoitzak plater garestia eskatzea izango da. Izan ere, guztiek A eskatzerakoan, inork ez du alde bakarreko aldaketarik egingo eskatutako platerean. Aldiz, bakoitzak bere platera ordaintzen badu, jokoaren soluzioa mahaikide bakoitzak plater merkea eskatzea izango da.
Egoera hau abiapuntutzat hartuta, The Inefficiency of Splitting the Bill artikuluan ondoko esperimentua egin zuten. Hainbat afariren kontuak aztertu zituen (mahaikide kopuru berdinekin eta plateren salneurri berdinekin), haien arteko ezberdintasun bakarra izanik kontua ordaintzeko modua: batzuen kasuan bakoitzak bere platera ordaintzen zuen eta beste batzuen kasuan kontua partekatzen zuten. Bakoitzak bere platera ordaindu zutenen batez besteko kontua 37,3 dolar izan zen; ordainketa partekatu zutenen artean, berriz, batez besteko kontua, 50,9 dolar. Hortaz, kontua partekatu zutenek plater garestiagoak eskatu zituzten. Hori horrela, artikulu horretako autoreek ondorioztatu zuten joko-teoriak emandako soluzioarekin bat zetorrela mahaikideen portaera.
Erreferentzia bibliografikoa: Gneezy, U., Haruvy, E., & Yafe, H. (2004). The Inefficiency of Splitting the Bill. The Economic Journal, 114(495), 265-280. Egileaz:Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.
The post Afarien ordainketak joko matematikoen bidez aztertuz appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #342
Urari prezioa jarriko diote Wall Streeten. Josu Lopez Gazpiok azaldu digu Kaliforniako arro nagusienetako ura burtsan kotizatzen hasi dela eta horrek ekar ditzakeen arriskuez mintzatu da ere testu honetan. Gainera, ezin dugu ahaztu ura baliabide gero eta urriagoa dela.
Sufrearen bidezko kutsadura ez dela bukatu, eta ur ekosistemak kutsatzen jarraitzen duela ohartarazi dute IGB Ur Gezako Ekologia eta Barneko Arrantza Institutuko ikertzaileek. Horren aurrean, proposamen bat: bioerremediazioaren aukera. Euri azidoa gaindituta ere, sufreak uretan dirau testuan azaltzen duen moduan Juanma Gallego kazetariak, estrategia horren bitartez, prokariotoak, onddoak edota algak erabiltzen dira kaltetutako eremuak lehengoratzen saiatzeko.
Amelie Carraut biologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, koralaz hitz egin du, itsaspeko ekosistemaren giltzetako bat baita. Izan ere, itsas espezieen %25 koralen mende daude. Koralak ornodun, ornogabe, arrain eta karramarro espezie askoren aterpe dira; elikagai eta haurtzaindegi ere. Irakurtzekoa!
Emakumeak zientzianLandareak dokumentatu zituen Ynes Mexiak; Mexiko eta Hego Amerikako hainbat espezimen bildu zituen. Guztira, 1500 espezimen baino gehiago bildu zituen. Horretaz gain, berak identifikatu zuen Compositae (Asteraceae) familiako genero berria, Mexianthus; eta mimosa mexiae ere aurkitu zuen.
GeologiaEuskaltzaindiak aurkeztu du Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoa. Lanak bi zati ditu: batean, geografia, geologia, meteorologia, mineralogia, ozeanografia eta paleontologia arloko euskarazko hitzen 1.609 sarrera bildu dituzte (ingelesezko, gaztelaniazko eta frantsesezko ordainekin). Bestean, ingeles-euskara, gaztelania-euskara, frantses-euskara zerrendak sartu dituzte eta lan osoa interneten dago ikusgai. Hau da orain arte aurkeztu duten dokumenturik mardulena.
KimikaPolimeroak zer diren ezagutzeko aukera dugu Polimeroez artikuluaren bidez. Polimero hitza 1830. urtetik datorkigu, Jöns Jacob Berzelius kimikariak erabili zuen lehen aldiz eta “zati asko” esan nahi du. Polimero-motak, eta historian zehar egindako aurkikuntza garrantzitsuenak bildu ditu testu honetan. Gaur egun, oso presente ditugu polimeroak, ez galdu aukera horiek ezagutzeko!
MatematikaLászló Lovászek eta Avi Wigderson matematikariek jaso dute Abel saria, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Biak matematika eta konputazioaren zientzia elkartu dituzten bi zientzialari aitzindariak dira eta saria eman diete zientzia konputazional teorikoari eta matematika diskretuari egindako oinarrizko ekarpenengatik, eta ekarpen horiek matematika modernoaren erdigune gisa konfiguratzeko egindako lan nabarmenagatik.
AstronomiaIlargia ustiatu nahi dute. Lurrera hurbiltzen diren asteroideen ustiaketa ere gauza ezaguna da 1997. urtean John S. Lewisek, Arizonako Unibertsitateko planeta-zientzia irakasleak, Mining the Sky liburua idatzi zuenetik. Espazioaren erabileraren oinarrizko araudia zaharkitua gelditu da. Esaterako, 1972. urtean sinatu zen Artemisa akordioak. Gero eta herrialde gehiagok parte hartzen dute espazio programetan eta horren inguruko galdera-erantzun sorta irakurtzeko aukera duzue, zalantzak argitzeko, Berrian.
OsasunaAstraZenecaren txertoa izan da aste honetako protagonista. Tronbosiak eragiten ahal zituela pentsatuta, gelditu zuten txertaketa hainbat herrialdetan. Orain Sendagaien Europako Agentziak esan du “segurua eta eraginkorra” dela. Eta gaineratu du: “Ez da ziurtatu txertoak tronbosiak areagotzen dituenik”. Berrian dituzue xehetasunak.
Horren harira, AstraZenecaren auzia argitzeko asmoz, gertatutakoaren inguruko kronika argia eta zehatza idatzi du Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian. Eta txerto horrekiko sortu den errezeloaz mintzatu da Galarraga Berriako artikulu honetan. Etorkizuna irudikatzen saiatu da hausnarketa argi batez. Ez galdu!
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) COVID-19a gainditzeko gomendio batzuk argitaratu ditu, Elhuyar aldizkariak berri honetan azaldu digun moduan. Gomendioak zeintzuk diren irakurri nahi badituzu, jo ezazu artikulu honetara: COVID-19aren osteko leheneratze osasungarri baterako manifestua kaleratu du OMEk.
Ikerketa batek aztertu du bi pertsona multzoren egoera fisikoa eta kognitiboa: batzuk 1910ean eta 1914an jaiotakoak dira eta besteak ia hiru hamarkada geroago. Azterlan horretan ikusi dute hiru hamarkada geroago jaiotakoen taldekoak azkarrago ibiltzen zirela eta indartsuagoak zirela.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #342 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #345
Groenlandiako arroka batean aurkitu dira Lurra menperatu zuten magmaren ozeanoetako seinaleak, Infernua izan zen garaian. Helen Williamsek azaltzen digu zuzenean Earth’s early magma oceans detected in 3.7 billion year-old Greenland rocks artikuluan.
Pandemia honek zerbait erakutsi badu, besarkadaz gosez uzten gaituela da. Jose Ramon Alonsok besarkadaren ondorio neurobiologikoak kontatzen dizkigu Hungry for hugs-en.
Optoelektronikan erabiltzen diren material organiko berrien bilaketan, DIPCko ikertzaileek orain arte izan den estarfeno puru handiena lortzen parte hartu dute (goiko irudian ikus daiteke duen itxura, bereizmen handiko tunel-efektuko mikroskopioa erabilita lortutakoa). Xehetasun guztiak Largest unsubstituted starphene to date artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #345 appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 62
- 63
- 64
- 65
- 66
- 67
- 68
- 69
- 70
- …
- hurrengoa ›
- azkena »