Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 44 min

Ez naiz behar bezain ona

Az, 2021-05-19 09:00

8 urtera arte, ez dago alderik nesken eta mutilen arteko konfiantza mailetan; hala ere, adin horretatik aurrera, % 30 murrizten da neskek beren gaitasunetan duten ziurtasuna. Ondorio esanguratsu hori atera zuten Katty Kay eta Claire Shipman kazetariek 8 eta 18 urte bitarteko 1 400 neska-mutil elkarrizketatu ostean. Lagineko 800 neskatoen gurasoek zer gertatu ote zen galdetzen zioten beren buruari, beren alabek beren buruaz orain lehen baino zalantza gehiago izateko.

Kattyren eta Claireren ikerketak argi eta garbi erakusten du, neskak azken urteetan asko murrizten ari direla beren buruengan duten konfiantza eta erronkei aurre egiteko segurtasunak behera egiten duela nerabezarora hurbiltzean.

Prozesu horretan, norberarengan konfiantza izateak dakarren arriskuarekiko irekitasuna seinale biologiko eta kultural pilo baten azpian ezerezten da, eta seinale horiek esaten diete kontuz ibiltzeko, perfekzioa baloratzeko eta kosta ahala kosta porrot egitea ekiditeko. Gurasoek eta gizarteak mezu eta jokabide horietako asko indartzen dituzte, eta, aldi berean, nesken garunak estrogenoz gainezka daude; horrek emozioen intentsitatea areagotu, eta arriskurako joera moteltzen du. Sentsibilitate afektibo horrek inguruan duten egoera emozionala hobeto irakurtzeko aukera ematen die, baina, era berean, gehiago behatzen dute, zuhurragoak izaten dira eta gauza berriei ekiteko beldur handiagoa izaten dute.

ona1. irudia: Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre egiten. Izan ere, zulo asko dituen bide bati aurre egiteak konfiantza handiagoa sortzen du norberarengan, arazorik gabeko bideari ekiteak baino.  (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Arlo askotan, neskak inoiz ez bezala nabarmentzen ari dira, eta, bereziki, alor akademikoan, mutilek baino gehiago egiten dute lan. Aldi berean, neskatoen antsietate tasak nabarmen egin du gora azken hamar urteetan. Hainbat arrazoi daude: alde batetik, familiak eta irakasleek dituzten lorpen itxaropenak, eta, bestetik, haurtzarotik buruan iltzatuta duten helburua: “neska zintzoak” izatea.

Mutilak erraztasun handiagoa dute ausartu eta porrot egiteko, eta, horrela, beren buruarenganako konfiantza garatzen dute. Neskengan, ordea, askotan joera perfekzionistak sustatzen dira hainbat alderditatik, eta positibotzat jotzen da besteen gustuko izateko egiten duten ahalegina.

Badakigu erronkei aurre egiteak, balizko porrotak eta osatzeko prozesuak konfiantza sortzen duela norberarengan. Baina, benetan, ez diegu horrelakorik egiten uzten nerabe gehienei (eta ez hain nerabeei). Etapa horretan, arriskuak nonahi daude eta gurasoak ia guztiaren beldur dira. Inguruan tentazioak, bizipen berriak eta seme-alaben haurtzaroan ez zeuden erronkak daude. Baina neska-mutilek beren buruengan segurtasuna eraikitzea nahi badugu, garrantzitsua da haiei bidea etengabe errazteko bultzada kontrolatzea. Estrategiak eta baliabideak, babesa eta maitasuna behar dituzte, eta horiek eskaintzea izan beharko litzateke familiaren funtsezko zeregina. Behin funtsezko tresna horiek edukita, utzi egin behar diegu hanka sartzen, akatsak egiten eta, gero, nola osatu jakiten.

Kattyren eta Claireren ikerketetan, badirudi neskek ez dutela beren buruenganako konfiantza hori sortu; izan ere, emaitzek erakusten dutenez, nerabezaroaurrean eta nerabezaroan, neskek beren buruarengan sinesteko duten gaitasuna % 71tik % 38ra jaisten da. Gainera, neska nerabeen erdiek baino gehixeagok perfektuak izateko presioa sentitzen dute. Estatistika horiek ikusita, ondoriozta dezakegu nesken ehuneko handi batek zailtasunak dituela bere burua den bezala onartzeko, buruan sartuta baitute besteek nahi duten bezalakoak izan behar direla. Ildo horretan, garrantzitsua da adi egotea haurrek eta nerabeek sare sozialak erabiltzeko moduari. Egia da abantaila asko dituztela: konektatuta egoteko, talde bateko kide sentitzeko eta beren interesak birtualki aztertzeko aukera ematen diete, eta beste aukera ugari eskaintzen dizkiete. Baina nonahikotasuna dela eta, nerabeek beren buruengan duten konfiantzan eragina izan dezakete, oso zaila baita sare sozialek identitateak sortzeko duten eraginetik ihes egitea. Lagunekin edo etsaiekin erraz sortzen dira arazoak, zalantzak eta gaizki-ulertuak, eta komunikazio onaren ñabardurak galdu egiten dira, besteak beste, WhatsApp, Twitter, Facebook edo Instagrameko hitzen eta irudien artean. Irudi birtual perfektua izateaz gehiegi kezkatzeak ere perfekzionismo kezkagarri bat sustatzen du, nesken artean batez ere. Gainera, perfektuak izateko presioa larrigarria izatera irits daiteke, etengabe konparatzen baitute beren burua erabat moldatuta dauden perfekziozko emakumeen irudiekin.

Sare sozialen munduaren onura oso interesgarri bat azpimarratu behar dugu; izan ere, neskek interes zientifikoak, literarioak, eta abar partekatzen dituzten emakumeei jarraitzen dietenean, beren ikuspegia zabaltzen dute. Aurretik imajinatu ez zituzten aukerak ikusteko gai dira, eta horrek ikuspegi murriztutik ateratzen laguntzen die, eta alde batera uzten dute onespena bilatzea, itxura zaintzea, pertsona famatua izateko nahia, eta abar.

ona2. irudia: Sozializatzeko eta entretenitzeko beharrak nerabeak onlineko zerbitzuak eta plataformak erabiltzera bideratzen ditu. (Argazkia: Marco Wolff – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Orduan, mugikorren eta sare sozialen aurka maldan gora borrokatu beharrean, alabei interesatzen zaizkien arloetan lanean ari diren hiruzpalau emakumeren jarraitzaile izateko esan diezaiekete gurasoek. Horrela, ahalegintzen eta huts egiten duten emakumeek iradokitako helburu ilusionagarri eta errealista berriak ezagutuko dituzte.

Alferkeria hutsagatik genero estereotipo eta dimentsioak alde batera uzten dituen beste faktore bat eskola da. Askotan, neskatoei dena ondo egitea eskatzen zaie. Baina kontua ez da perfektua izatea eta txaloen zain egotea. Kontua saiatzea eta egitea, huts egitea eta aurrera jarraitzea da. Irakasle bikainak daude irizpide horri jarraitzen diotenak, uste osoz baina beti ikasleen ondoan daudenak.

Ikusten dugu aldagai asko elkartzen direla, baina zergatik lortu nahi dute hainbeste neskek perfekzionismoa? Berria da ala beti hor egon da?

Ikuspuntu biologikotik, emakumeen garunak lehenago garatzen du kortex prefrontala, eta, beraz, hobeak izaten dira inferentziak egiten eta estrategiak lantzen. Askotan, emakumeek ondorioak aurreikusteko joera dutenez, aukera seguruak hautatzen saiatzen dira, arriskutsuenak hautatu ordez. Aurreko kortex zingulatua ere, kezkaren erdigune ere esaten zaiona, garatuago dago emakumeen burmuinean, eta horrek esan nahi du emakumeek edozein ekintzaren ondorio posibleak azkar hautematen dituztela, baita negatiboak ere. Beraz, larritasun sentsazioa agertzen da, ondorio guztiak batera kontuan hartzen baitituzte.

Pentsamendu errepikakorrek eta etengabeko hausnarketek itzali egiten dute neskatoen konfiantza eraikitzeko borondatea, eta porrot eginarazi diezaieketen oro saihesten dute. Perfekzioa lortzen saiatzen badira –ezinezko zeregina da hori–, horrek esan nahi du ezin dutela huts egin, eta, beraz, ez dute arriskurik hartuko.

Esku artean dugun ikerketaren datuek erakusten dutenez, huts egin ezin dutela uste duten nesken ehunekoa % 150 handitzen da 12 eta 13 urte bitartean, eta 13 urteko nesken % 45ek diote ez direla gai sentitzen porrota jasateko.

Badakigu funtsezkoa dela erronkei aurre egitea, horixe balioetsiko baita positiboki mundu errealean, arlo akademikoaren eremu segurua utzi ondoren. Beraz, oso komenigarria da neskak arrisku osasungarri baten eraginpean jartzea eta beren buruei eguneroko bizitzan akatsak egiteko baimena ematea. Konfiantza ekintzaren araberakoa da. Gure pentsamenduak ekintza bihurtzen dituen nolakotasuna da; hau da, ausazko bulkada mentalak ekintza erreal bihurtzen ditu. Eta prozesu horrek, oro har borroka eta porrota ere barne hartzen dituen arren, segurtasun handiagoa sortzen du. Neskek gauza berriak, gauza zailak probatzen dituztenean, beren konfiantza handitu egiten da. Erraztasunez egin ditzaketen gauzak bakarrik egiten badituzte, ez dute asertibitatea eta ekimena areagotuko.

Kattyren eta Claireren ikerketak erakusten duenez, nerabeen gurasoei zailagoa egiten zaie neskek porrot egin dezaketela onartzea neskato txikiagoen gurasoei baino; dirudienez, hazi ahala, ez zaizkie hainbeste akats onartzen edo haiengandik nolabaiteko jokabide femeninoa espero da.

3. irudia: Iruzurgilearen sindromea fenomeno psikologikoa da. Hau dela eta, jendea ez da gai bere lorpenak barneratzeko, eta beldur dira besteek iruzurgiletzat ikusiko ote dituzten. (Argazkia: Blake Carpenter – Unsplash lizentziapean. Iturria:  unsplash.com)

Edonola ere, alaben konfiantza zehatz neurtzeko orduan aitak amak baino hobeak dira. Izan ere, % 26 aukera gehiago dute konfiantza hori zuzen neurtzeko. Amentzat, beren konfiantza arazo propioek eta autoexijentziak eragina dute alabak epaitzeko gaitasunean. Pertzepzio diferentzia bat da. Konfiantza arrakalaren ondorioz, emakumeek alabengandik gehiago espero dute, beraiengandik besteek ere gehiago espero baitzuten, eta alabak gehiago ebaluatzen dituzte, beraiek ere gehiago ebaluatu baitzituzten.

Emakumeek, amek, inoiz ez badituzte beren porrotak onartzen edo partekatzen, neskek beren burua estandar faltsu baten oinarrituta neurtuko dute (eta estandar faltsu asko daude bizitzako edozein esparrutan). Oso garrantzitsua da alabei erakustea zer esan nahi duen hanka sartzeak eta zein aberasgarria den gero osatzea. Amak oso lanpetuta badaude perfektuak izaten, hori nabarituko dute gehien alabek; alferrik da konfiantzari buruzko liburu mordoa ematea.

Emakumeak, oraindik asko, arriskuetatik urruntzen dira. Baina arriskua sentimendu unibertsal bat da? Clairek –kazetaria bera– ikusi zuen, adibidez, telebistako saioak egiten ari zenean, bere buruari esan behar ziola lan gehiena ona izango zela eta noizean behin bakarrik izango zela perfektua. Horrek aukera eman zion gauza gehiago egiteko eta zeregin gehiago bere gain hartzeko, gauero goizaldera arte gidoi batean lanean aritu beharrean; uste zuen gobernuko goi funtzionarioekin egiten zituen elkarrizketetan ez zuela behar bezala jardungo; kezkatu egiten zuen behar bezain “aditua” ez izateak. Baina ikusi zuen inor ez zela konturatzen haren ezgaitasunaz. Ez zuen gehiago iruzurtiaren sindromerik izan, eta konturatu zen ez zuela dena jakin behar parte hartu ahal izateko.

Berak dio pentsatzeko modu ona eguneroko erabakien % 10 erabaki okerrak izango direla pentsatzea dela; eta hori ondo dago, ondorioei aurre egingo zaielako eta ikasteko prozesu aberasgarri bat egongo delako. Baina eguneroko erabakien % 90 zuzenak izango dira, eta hori asko da aurrera egiteko.

Claireri bezala, agian adierazpen hauek ezagunak egingo zaizkigu: “Ez naiz behar bezain ona”, “Ez dut jakingo nola egin”, “Nire iritzia ez da garrantzitsua”. Pentsatzeko modu hori iruzurtiaren sindromearen ezaugarri argi bat da. Iruzurtiaren sindromea jasaten duten pertsonek, kasu honetan emakumeek, autoexijentzia maila oso altua dute eta beren gaitasunak eta trebetasunak zalantzan jartzen dituzte, iruzur egiten ari direla sentitzen dute eta zenbait esparrutan espero bezala jokatzen ez dutela sentitzen dute.

Sindrome horren okerrena da pairatzen duenaren erabakiak baldintzatzen dituela, aukera asko galdarazten dituela: ez du jendaurrean hitz egiten, ez du taldeetan iritzirik ematen, ez du eztabaida interesgarrietan parte hartzen, ez du ideia berririk proposatzen edo ekarpenik egiten, proiektu garrantzitsuak, lankidetzak, sustapenak eta abar baztertzen ditu.

Laburbilduz, neska nerabeei ikusarazi behar diegu ona dela arriskuak hartzea eta, are gehiago, garrantzitsua dela porrot egitea konfiantza eraiki dezaten, osatzeko gaitasuna dutela egiaztatu ondoren. Diren modukoak izan daitezela esan behar diegu behin eta berriz, akatsetatik ikas dezatela, eta, batez ere, ausartak izan daitezela esan behar diegu behin eta berriro, ez perfektuak.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Voyer, D., Voyer, S.D. (2014). Gender differences in scholastic achievement: A meta-analysis. Psychological Bulletin 140(4), 1174-1204. DOI: 10.1037/a0036620
  • Gillies, G., Flett, G.L. (1991). Estrogen Actions in the Brain and the Basis for Differential Action in Men and Women: A Case for Sex-Specific Medicines. Pharmacological Reviews 62(2), 155–198. DOI: 10.1124/pr.109.002071
  • Hewitt, P.L., Flett, G.L. (1991). Perfectionism in the self and social contexts: Conceptualization, assessment, and association with psychopathology. Journal of Personality and Social Psychology 60(3), 456-470. DOI: 10.1037/0022-3514.60.3.456
  • Kay, Katty, Shipman, Claire, Riley, Jill Ellyn (2019). The Confidence Code for Girls. A Guide to Embracing Your Amazingly Imperfect, Totally Powerful Self. Glasgow, Erresuma Batua: Harper-Collins.
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko apirilaren 13an: “No soy lo suficientemente buena“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Ez naiz behar bezain ona appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mikatz babeslea

Ar, 2021-05-18 09:00

Oinarrizko bost zapore daudela esaten dugu, baina agian baten bat gehiago egongo da. Zapore horietako bakoitzarentzat errezeptore bat edo gehiago identifikatu dira. Zapore gozoa –bi sentsore ezagutzen dira– jaiotzen garenetik gustatzen zaigu, elikagaiek energia kopuru handia dutela adierazten digulako. Horien artean azukre naturalak daude, eta, neurri txikiagoan, molekula batzuen –ogiaren edo pataten almidoia eta sasoiko muskuiluen glukogenoa, kasu– ahoko digestio partzialaren ondorioz sortzen direnak. Eta edoskitzean ematen diguten esnea.

Umamia glutamatoaren eta antzeko molekula batzuen zaporea da. Haragiak, arrain batzuek, barrengorriek, gazta eta tomate batzuek eta saltsa hartzituek –adibidez, soja saltsa, misoa eta arrain saltsak, garuma kasu– glutamato kopuru handia izaten dute. Horrez gain, amaren esneak umami zapore bizia du eta hori da umamiarekiko joera handiarekin jaiotzearen beste arrazoietako bat.

Zapore gazia konplexuagoa da: janari gazia neurri bateraino bakarrik gustatzen zaigu; gatz gehiegi izanez gero, desatsegina iruditzen zaigu. Plasmako sodio kontzentrazioa tarte nahiko estu baten barruan mantendu behar dugulako gertatzen da hori. Zapore gaziaren harreran bi motatako zelula-populazioek esku hartzen dute: batzuk gatz kontzentrazio txikikoak dira eta plazera iradokitzen duten eremu entzefalikoekin lotuta daude; beste batzuk, berriz, kontzentrazio handikoak dira eta nazka ematen duten eremuekin lotuta daude. Kontzentrazio handiaren sentsorea ezaguna da, ENaC (Epithelial Sodium (Na) Channel) edo sodio-kanal epiteliala  deitzen zaio, baina baxuarena ezezaguna da.

mikatzaIrudia: (Argazkia: Tỉnh Vũ – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Zapore garratzak nazka eman ohi du, batez ere bizia bada, hartzitzea adierazten duelako –esne garratzaren kasuan adibidez– eta, beraz, elikagaiak baldintza txarretan daudela. Digeritzeko zailak diren elikagaiek ere zapore hori izaten dute, adibidez: fruta heldugabeak. Jaioberriek zapore garratza baztertu egiten dute, ezer ikasi behar izan gabe. Zapore garratzak sentsore bakarra du, berau estimulatzen duen substantzia, protoia, bakarra delako.

Hala, zapore horiek errezeptore bat edo bi besterik ez dituzte behar bereizi ahal izateko. Horregatik, zapore mikatzetarako 25 errezeptore izatea oso deigarria da. Batzuk substantzia askorekin lotuta daude; beste batzuk, berriz, bakarrarekin. Mikatzak iruditzen zaizkigun gehienak landareetatik datoz eta horietako askoren funtzioa, kafeinarena –kafearena– eta isozianatoena –brokoliarena– esaterako, landarea bakterio edo onddo infekzioetatik babestea da, edo harrapakariengandik babestea –intsektuengandik, nagusiki–. Beste osagai mikatz batzuk bakterioek sortzen dituzte. Hala, landareek toxinak edo infekzio bakterianoak dituztela adierazten du zapore mikatzak eta, beraz, dagokion elikagaia baztertzea eragiten du. Jaioberriek substantzia mikatzak baztertu egiten dituzte, nazka aurpegiera argia jarriz, mihia aterata. Berezkoa da.

Elkarren artean egiturazko harremanik ez duten milaka substantzia daude, zapore mikatza eragin dezaketenak. Ikus ditzagun bi adibide. T2R38 errezeptoreak bakterioetatik datozen substantzia mikatzak detektatzeko ahalmena du, baita glukosinolatoetatik datozenak ere –landare kruziferoen ezaugarria izaten da, adibidez, brokoliarena eta Bruselako azena–. Eta T2R1 errezeptoreak, beste batzuek bezala, isohumulonak detektatzen ditu; hau da, lupuluaren loreari eta, hedaduraz, garagardoari zapore mikatza ematen dioten substantziak. Horrek guztiak gauza bat erakusten digu: inguruan dabiltzan substantzia arriskutsu ugariak detektatzea interesatzen zaigula. Baina brokolia edo garagardoa gustatzea beste logika batekin lotuta dago eta neurri batean kulturala da, gustua hezi egiten delako, denbora eta aukera emanez gero.

Erreferentzia bibliografikoa:

Linden, David (2020). Unique: The New Science of Human Individuality. New York, AEB: Basic Books.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Mikatz babeslea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berreskurapena Bilboko itsasadarrean: fauna

Al, 2021-05-17 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Fauna da Bilboko itsasadarrak izandako garrantziaren erakusle. Gizakien esku-hartzearen ondorioz, Ibaizabal itsasadarrean eta bere ingurunean bizi den faunak hainbat aldaketa jasan ditu. Kanalizazioek, ibilgu aldaketak eta lur altxaketek eragina izan bazuten ere, industrializazioak ekarri zuen aldaketarik bortitzena. Eta, honekin batera, egoera leheneratzeko abian jarritako saneamendu plana.

Industrializazioaren ondoren Bilboko itsasadarreko fauna ez zegoen egoera onean. Kutsadura maila oso altua zen eta fauna komunitate oso pobrea zuen: kutsadura onartzen duten espezieak baino ez zeuden, aingirak, karramarro berdeak edota zenbait poliketo, esaterako.

Itsasadarreko uraren arazketa hasi eta gutxira uraren egoera hobetu eta fauna berreskuratzen hasi zen. Izan ere, uretako oxigeno disolbatua zen fauna faltaren faktore nagusia. 1990. urtean arazketa hasi zen Galindoko araztegian eta gaur egun oxigeno disolbatua ez da faktore mugatzailea.

2000. urterako fauna barietate handiagoa aurki zitekeen itsasadarrean: korrokoiak, mihi-arrainak, gasteropodoak, kaio hankahoriak…

2001. urtean tratamendu biologikoa hasi zen eta efektu oso handia izan du. 2018rako saneamendu plana amaitutzat jo zen. Gaur egun dibertsitate handia dago itsasdarrean. Besteren artean txangurroa, muskuiluak, lupinak, txopak, txitxarroak, margolak, ofiurak, mikak, ubarroiak, e.a. aurki daitezke.

Zientziaren eta teknologiaren ikuspuntutik begiratuta Ibaizabal itsasadarraren eta bere leheneratzearen prozesua, garrantzia eta ondorioak ikus daitezke.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko fauna eta bere berreskurapena

The post Berreskurapena Bilboko itsasadarrean: fauna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #350

Ig, 2021-05-16 09:00

nautilus

Akustika

Akustika fisikaren adarra da eta soinuak, infrasoinuak eta ultrasoinuak aztertzen ditu eredu fisiko eta matematikoen bidez. Fisikak baditu tresnak soinua bera kuantifikatzeko modu objektiboan, izan ere soinua, soinu-iturri bateko bibrazioak sortzen duen uhina da. Baina ezin du alde subjektiboa neurtu. Izan ere, soinuak badu subjektiboa den beste alde bat, jenagarritasuna (edo sortzen duen deserosotasuna), eta hori, antza, norberak soinuaz duen pertzepzioan oinarritzen da. Ainize Madariaga kazetariak landu du gaia Berrian: Zergatik dira soinuak atseginak edo jasangaitzak?

Genetika

Azeriaren ahaide hurbila da baina mapatxeekin duen antzagatik mapatxe txakurra deitu zaio. Kanidoen familiakoa da eta jatorria Ekialdeko Asian du baina XX. mendearen hasieran Errusiara ekarri zuten haren larrua erabiltzeko asmoz. Gizakiari kalte egin diezaioketen zenbait gaixotasunen ostalaria izan daiteke, horregatik, haren genoma eskuratu dute, aztertu eta hobeto ezagutzeko. Arabako Alean datuak, Juanma Gallego kazetariaren eskutik: “Mapatxe txakurraren genoma eskuratu dute“.

Astronomia

“Parsec” astronomian erabiltzen den neurri-unitatea da eta argi-urtea baino handiagoa da. Unitate hori honela definitzen da: Lurraren orbitaren batez besteko erradioak arku-segundo bateko angelua hartzen duen distantzia. Adiera hertsian, unitate astronomiko batek (UA) arku-segundo bateko angelua (1 µ) igotzen duen distantzia da parseca. Horren haritik tiraka egin du asteon César Tomé dibulgatzaileak “Paralaxiaz” artikuluan.

Geologia

Nautilus izena jarri zion Jules Verne idazle frantsesak “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” eta “Irla misteriotsua” eleberrietan agertzen den fikziozko itsaspekoari. Nautilus hitza grekotik dator eta marinela esan nahi du, eta molusku zefalopodoen genero bat izendatzen du. Egun, 3 bat espezie bizi dira. Amoniteak, esaterako, desagertutako molusku zefalopodoen azpimota bat dira eta Mutrikun amonite erraldoi fosilen etxea zabaldu dute,  Nautilus. Bertan tailerrak eta bestelako ekintzak gauzatuko dituzte ondare geologikoaren transmisioa bermatzeko. Ane Insausti kazetariak azaldu digu Berrian: “Amonite erraldoiek etxea“.

Martin Ladrón de Guevara ikertzailea elkarrizketatu dute Unibertsitatea.net atarian. Martinek Kretazeo garaiko Euskokantauriar arroaren zabaltzeari loturiko prozesu hidrotermalak ikertzen dihardu EHUko Geologia Sailean. Egun, Andoainen hasi eta Oiartzun ekialdera arte iristen den zonaldean ari da lanean. Haren ikerketaren xehetasun guztiak elkarrizketan: “Hiperluzaturiko arroen ikerketa pil-pilean dagoen gaia da; kontinenteen apurketa ulertzeko modu berritzaile bat aurkezten du“.

Mikrobiologia

Leku itxien aireztapenaren garrantziaz ohartu gara azken hilabeteotan. Besteak beste, airean esekita gelditzen diren aerosolen ondorio kaltegarriak saihesteko. Eta kontu berria badirudi ere, 1975. urtean Charles P. Gerba mikrobiologoaren ikerketak agerian utzi zuen komuneko ponpa tiratu ondoren sortzen den zipriztin gandorrak  bi metroko distantziaraino sakabanatzen den bioaerosola eratzen duela. Josu Lopez-Gazpio kimikariak gairen inguruko gogoetak ekarri dizkigu asteon: “Tronuko gogoeten gogoetak“.

Afrikako hominidoaren ahoko mikrobiomaren eboluzioa aztertu du ikerketa-talde batek, azken 100 000 urteetako gizakien eta neandertalen hortzetako biofilmak txinpantze, gorila eta tximino orrolarienekin konparatuz.  Ikerketaren datuak Aitziber Agirreren eskutik Elhuyar aldizkarian: Giza ahoko mikrobiomaren eboluzioa ikertu dute.

Osasuna

Elhuyar aldizkariak Ana Galarragak jakitera eman digu, etorkizuneko pandemiei aurre hartzeko estrategia aurkeztu duela OMEren lantalde independente batek. Adituek bi multzotan aurkeztu dituzte gomendioak. Alde batetik, berehalako gomendio batzuk COVID-19aren kutsatze-arriskua murrizteko. Bestalde, nazioarteko prestakuntza- eta pandemien aurrean erantzun-sistema eraldatuko dituzten gomendioak, etorkizunean gaixotasun infekziosoen agerraldia pandemia bihur ez dadin.

Ekologia

Basque Centre for Climate Change – BC3 zentroak adimen artifiziala erabiliz, naturaren balioa eta ekosistemek gizakien ongizatean duen eragina neurtzeko kode irekiko teknologia bat garatu du. Aries du izena plataformak eta kapital naturala neurtzeko nazioarteko estandarra dela azaldu du Ferdinando Villa ikertzaileak. Hainbat herrialdetan erabiltzen den baliabide honen nondiko-norakoak jorratu ditu Jakes Goikoetxeak Berrian: Naturaren ekarpena eta balioa zenbatzeko tresna.

1995. urtean FAOk Arrantza Arduratsurako Jokabide Kodea onartu zuen eta handik hogeita bost urtera, arrantza- eta akuikultura-baliabideak arduraz erabiltzearen garrantzia onartu eta lehenetsi da. Kodeak nazioarteko tresna, politika eta programen garapenari buruzko informazioa eskaintzen du, mundu mailan, eskualde mailan eta nazio mailan kudeaketa ahalegin arduratsuak bultzatzeko. FAOren txostena oinarri hartuta Juan Ignacio Pérez biologoak munduko akuikultura ekoizpenari so egin dio “Arrantza eta akuikultura munduan” artikuluan.

Adimen artifiziala

Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek “idazketa mentala” deskodetu eta testu bihurtzeko software bat garatu du. Honen bidez, lepotik behera paralisia duen pertsona batek, letra edo sinbolo bat idazten zuela imajinatzen zuen bitartean, bere garunean ezarritako sentsoreek jarduera elektrikoaren ereduak hauteman zituzten, eta algoritmo batek interpretatu zituen ordenagailuko pantailan idatziz letrok. Egoitz Etxebestek kontatu du Elhuyar aldizkarian: Eskuz idaztea, garunetik ordenagailura.

Fisika

Argiaren Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzaren 16a. 2015. urtea Argiaren Nazioarteko Urtea izan ondoren, izendatu zuen UNESCOk gaurko eguna argiaren aurrerapenek eta ekarpenek gizakien bizitzaren eremu eta alderdi guztietan duten garrantzia ezagutarazteko. Izan ere, argia ezinbestekoa da bizitzarako, gizakion ongizaterako eta zientzia zein teknologiaren garapenerako. Elhuyar aldizkarian Simone Eizagirre Barkerren eskutik: Argiaren nazioarteko eguna: argitasunari eusteko ospakizuna.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #350 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #351

La, 2021-05-15 09:00

 

2017an Eduardo Angulok Cuaderno de Cultura Científica -n “Preparados para matar” (Hiltzeko prestatuak) artikulu sorta idatzi zuen, non espeziearen jokaera bortitza analizatzen zuen. Julio Ozores psikiatraren eskutik ingelesezko bertsio moldatua dugu: Prepared to kill: Some ideas to debate.

Giza gorputzaren kinada nagusietako bat dira elektromekanikoak. Gorputzean eragiteko material piezoelektrikoak diseinatzeko erabili dezakegu. Electroactive microenvironments as a major driver of cell behavior BCMaterialseko Unai Silván eta Senentxu Lanceros-Méndez.

Grafenoa gora, grafenoa behera, espintronika eta grafeno zintak etorkizuna direla… Ultrahutsetik ateratzean zinten intereseko kontua pikutara doa, baina. Airean jartzean zehazki zer gertatzen den dakigu DIPCri esker: Graphene nanoribbons need to be protected from oxygen to remain functional

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #351 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zuriñe Baña: “Itsas zabaleko mikroorganismoen azterketak aldaketa klimatikoa aurreikusteko aukera ematen du” #Zientzialari (153)

Or, 2021-05-14 09:00

Itsas zabalaren aktibitate eta masa gehiena mikroskopikoa da. Beraz, komunitate mikroskopikoen ezaugarriak eta hauek baldintzatzen dituzten faktoreak ezagutzea garrantzitsua da. Esaterako, prokarioto-komunitateen konposizioa, dibertsitatea eta aktibitatea aztertzeak, itsasoko materia organikoaren eraldaketan zerikusia duten prozesuen arteko erlazioa ezagutaraz dezake.

Itsasoko materia organikoaren eraldaketa ekosistemaren araberakoa da. Besteak beste, mikroorganismoak dira aldaketa hori eragiten duten faktore nagusienetakoak. Izan ere, bakterioek konplexutasun maila desberdina duen materia organikoa eralda dezakete.

Lurrazalaren portzentaje handi bat urez estalita dago. Hortaz, mikroorganismo itsastarren jarduera eta aniztasunaren azterketak, ziklo biogeokimikoan egon daitezkeen mugimenduak eta aldaketa klimatikoari buruzko datu zehatzagoak ezagutzeko aukera eman dezake. Horregatik da garrantzitsua prokarioto-komunitatearen ikerketa.

Itsasoko prokarioto-komunitatearen eta materia organikoaren eraldaketa lantzen duen ikerketari buruzko xehetasunak ezagutzeko, Zuriñe Baña UPV/EHUko Mikrobio Itsastarrak ikerketa-taldeko ikertzailearekin elkartu gara.  

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Zuriñe Baña: “Itsas zabaleko mikroorganismoen azterketak aldaketa klimatikoa aurreikusteko aukera ematen du” #Zientzialari (153) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Paralaxiaz

Og, 2021-05-13 09:00

Paralaxia objektu baten posizioa behatzailearen posizioaren araberakoa izateari deritzo eta angelu moduan adierazi ohi da.

Paralaxia, astronomian, izar baten −nahiz bestelako gorputz baten− eta Lurraren arteko distantzia adierazteko modu bat da: behatutako gorputzak lur-orbitaren erradioarekiko daukan aurkako angelua da (astronomia-unitate bat, 1 AU). Angelu hori segundo batekoa denean, gorputza parsec (pc) bateko distantzian dagoela esaten da, edo, beste era batera esanda, 3,2616 argi-urtera.

Arku-segundoen neurriko paralaxiak neurtzea kontu arazotsua zen Kopernikoren jarraitzaileentzat, garai hartako tresnak erabilita egiteko, baina haiek tinko eutsi zioten Lurrak Eguzkiaren inguruan −eta ez alderantziz− biratzen zuela defendatzeari. Horretarako, izarrak distantzia itzeletara zeudela argudiatzera behartuta ikusten zuten euren burua.

Galileo zuzeneko neurketaz bestelako aukera batzuen bila aritu zen. Paralaxiaren antza zuen zerbait proposatu zuen: izarren posizio erlatiboan jartzea arreta. Horretarako, izar guztiek argitasun berdina daukatela zioen (egun badakigu ez dela hala), eta, ondorioz, uste zuen zeruan ahulago antzematen zen izar batek beste distiratsuago batzuk baino urrutiago egon behar zuela; horrela, izarra behatzen nahikoa denbora emanez gero, aldaketak hauteman ahalko ziren haren posizio erlatiboan.

paralaxiaIrudia: Parsec, astronomian erabiltzen den neurri-unitatea definitzen duen diagrama geometrikoa. (Iturria: Wikipedia)

Robert Hooke zientzialaria, Londresko Royal Society elkarteko esperimentuen arduraduna, konturatu zen auzi horrek ospea eskuratzeko aukera emango ziola paralaxia neurtzeko modua aurkituko zuenari; izan ere, Lurra mugitu egiten dela frogatuko zukeen aurkikuntza horrek. Hauxe idatzi zuen 1674an: «[…] Kopernikok auzia berpiztu zuenetik, Lurra mugitzen den ala geldi dagoen ikertzeak geure astronomo zein filosofo moderno onenen zorroztasuna findu du». Hookek elkarteari bidaltzen zizkion txostenak soilik ikusita, bazirudien saiakerak arrakastatsuak zirela, baina ez zuten interes handiegirik sorrarazi, segur aski inork ere ez zituelako sinesgarritzat jotzen.

XVIII. mendeko hogeiko hamarkadara arte itxaron behar izan zen saiatze horretan beste urrats bat ikusteko: garai horretan James Bradley astronomoa saiatu zen Hookek 1669ko txostenean baieztaturikoa egiaztatzen. Aitzitik, argiaren aberrazioa aurkitu zuen ustekabean; alegia, izar batek duen itxurazko posizio-aldaketa Lurra mugitzen den norabidean; Lurraren mugimendu horren froga, beraz. Paralaxia hautematea, ordea, ezinezkoa zitzaien oraindik ere.

Tresneria hobetzearekin batera baino ez zen lortu paralaxia antzematea. Hautemate hori astronomoen arteko berebiziko lasterketa bilakatu zen, bai aurkikuntzak zekarren izen onagatik, bai neurriari buruz lor zitekeen informazio interesgarriagatik ere. Izar ezberdinak ikertzen zihardutela, paralaxia ikusi zuten 1838. urtean Friedrich Bessel eta Fredrich Struve astronomoek, Königsberg (egungo Kaliningrad) eta Dorpat (egungo Tartu) hirietako behatokietatik, hurrenez hurren (Struvek geroago Polkovo-tik ere bai, San Petersburgotik gertu). Hala ere, Thomas Henderson astronomoak hautatu zuen, Esperantza Oneko Lurmuturreko Behatokian lanean zebilenean, paralaxia zehazteko zegoen izarrik onena, Lurretik gertuen dagoena izan ere: Alpha Centauri. Hendersonek 1833an hautemango zuen paralaxia beranduenez, baina bere neurketak ez ziren Bessel eta Struverenak bezain zehatzak izan. Ziurgabetasunak jota, Henderson izan zen datuak argitaratzen azkena eta Struve lehena. Bessel, berriz, fenomenoa behatzen bigarren baino ez zen izan, baina berak eman zuen xehetasun gehien, eta zehaztasun handiaz. Hortaz, beraren lana izan zen sinesgarriena.

Badugu izar-paralaxia, beraz, –edo paralaxi trigonometrikoa, bestela deituta– baina paralaxi espektroskopikoa ere badago. Izarren ezaugarri espektroskopikoen eta magnitude absolutuen (hau da, 10 parsec-eko distantzian balego izar batek edukiko lukeen itxurazko magnitudearen) arteko korrelazio enpiriko batetik abiatuta —Hertzprung-Russel diagrama deritzon korrelazioa–, posible da izar batekiko distantzia zehaztea haren itxurazko magnitudea izar ezagunen magnitude absolutuekin konparatuta.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

The post Paralaxiaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tronuko gogoeten gogoetak

Az, 2021-05-12 09:00

Duela bospasei urte Tolosaldeko Atarian Tronuko gogoetak izeneko dibulgazio-artikulu xelebrea idazteko plazera izan nuen. Umore ukitua emanez, komuneko tapa igo ala jaitsi behar ote genuen aztertu nuen eta zientziak aferari buruz zer zioen kontatu nahi izan nien irakurleei. 2015eko lan hartan, urak, hondakin biologikoek eta gorotz-germenek aerosol bat bioaerosola osatzen dutela eta nahaste hori bainugela guztian hedatzen dela azaltzen saiatu nintzen. Orduan dena barre-algara izan zen, baina, ziur orain askok gogoratu dutela artikulu hori SARS-CoV-2a komuneko aerosolen bidez kutsa daitekeela jakin dutenean.

bioaerosolaIrudia: Ikerketa harrigarri eta xelebreenak erabilgarriak izan daitezke noizbait. (Argazkia: Alexas_Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Tolosaldeko Atarian bakarrik ez, tronuko gogoeta haiek Jakinduriek mundue erreko dau bertsozientzia saioetan ere zabaldu nituen -hemen naukazue, adibidez, 2017ko Ondarruko kartelean-. Kike Amonarrizek tronuko gogoetak non otu ote zitzaizkidan galdetu ohi zidan eta nik, erantzun, bistakoa zela. Garai hartan komun zulotik irteten ziren bioaerosolak guztiz ezezagunak ziren eta aerosol hitza ere apenas erabiltzen genuen eguneroko hizkuntzan. Alabaina, Charles P. Gerba zientzialari aitzindariak 1975. urtean hasi zituen bere ikerketak eta komuneko ponpa tira ondoren sortzen den gandorratoilet plume- tentuz aztertu zuen. Gerbak adierazi zuenez, bioaerosola komunean eratzen da eta ia bi metroko distantziaraino sakabanatzen diren tantatxoak sortzen ditu.

Harrezkero ikerketa gehiago ere egin dira eta, ikusi denez, milioika birus eta bakterio dituen laino ikusezinak segundo gutxi batzuetan bainugelako pareta guztiak, atea, konketa eta gainazala guztiak estaltzen ditu. Gu bertan bagaude, jakina, arnas aparatutik sartzen da aerosola -hori ez al zaigu orain ezaguna egiten?- eta mikrokokoak, estafilokokoak, enterokokoak, estreptokokoak eta beste hainbat birus eta bakterio arnastu ditzakegu. Hortaz, aspalditik ezaguna da eta aspalditik ikertu da komuneko aerosolek gaixotasunen kutsatzean duten eragina. Komuneko ponpak aerosol kantitate handiak sortzen ditu eta, esaterako, MERS-CoV koronabirusa, Ebolaren birusa edo gastroenteritisa sortzen duen norobirusa komuneko aerosolizazioaren bidez zabaldu daitezkeela frogatuta dago.

Zenbait ikerketetan oso modu argian ikusi da hori, bertsozientzia saioetan aipatzen nuen moduan. 1989ko ikerketa batean, esaterako, gurutzaontzi baten itsas-bidaietako batean gertatutako birus baten hedapena aztertu zuten. Ikerketaren emaitzen arabera, ez zen aurkitu infekzioen eta elikagaien edo uraren arteko loturarik. Alabaina, partekatutako komunak zituzten bidaiarien artean infekzioa izateko probabilitatea bikoitza zen bakarkako komunka zituztenekin alderatuta. 2005. urteko beste ikerketa bat antzeko ondorioetara iritsi zen, baina, kasu horretan hegaldi luze bat izan zen aztergaia. Hegazkinean norobirus baten hedapena ikertu zuten zientzialariek eta, ikusi zutenez, itxuraz garbiak zeuden komunetan ere infekzioa gertatu zen. Ikerketaren amaieran zientzialariek hegazkinak birusen hedatze guneak izan zitezkeela azpimarratzen zuten. 2005. urtean, berriro diot. Gaur egun, hori ere ez zaigu batere arraroa egiten SARS-CoV-2ari buruz dakiguna kontuan hartuta.

Komuneko aerosolen kontu honek gogorarazten du, sarritan, hasiera batean zentzu handirik ez duten ikerketak, barregarriak izan daitezkeenak haien planteatzeko moduan, azkenean erabilgarriak izan daitezkeela. Horren adibide ditugu, esaterako, Ig Nobel sariak. Sariok Nobel sarien parodia modukoak dira, baina, ikerketa saridunek hasiera batean barrea eragiten duten arren, seriotasun osoa dute -horren adibide izan daitezke billeteetan dauden mikroorganismoen analisia edota errusiar mendiak erabiltzea giltzurruneko harriak kentzeko-.

Nolanahi ere, komunetako aerosolak aztertu zituzten ikerketak oinarri hartuta, Jesse H. Schreck eta bere lankideek Covid19aren garai honetan komunetako aerosolek izan dezaketen balizko eragina ikertu berri dute. Aztertu dutenez, komuneko ponpa tira eta hurrengo 30 minutuetan tantatxoen kopurua asko handitzen da. Gainera, hainbat mikroorganismok komun zuloko uretan gelditzen dira ponpa gutxienez hogeita lau aldiz tira arte. Aerosolen bidezko sakabanatzeko hori saihesteko modu bat, Tronuko gogoetak artikuluan aipatzen zen moduan, ponpa tira aurretik tapa jaistea da. Bada, argitaratu berri den ikerketa honetan berretsi den moduan, tapa lehenago jaistea eraginkorra da aerosol kantitatea murrizteko, baina, ez da guztiz eraginkorra; izan ere, zenbait tantatxo taparen eta komun-ontziaren artean dagoen tartetik ihes egin dezakete.

Schreck eta bere lankideek komunak aipatzen dituzte Covid-19a kutsatzeko gune potentzial gisa eta, diotenez, birusaren transmisioan elementu garrantzitsua izan daiteke. Txinan, esaterako, gorotz-aerosolen bidezko Covid-19aren kutsatzea dokumentatu zen. Kasu horretan, komunen aireztapena soilik partekatzen zuten bertikalki kokatutako etxebizitzen artean gertatu ziren kutsatzeak. Ez dirudi gorotz-aerosolen bidezko kutsatzea transmisio mota arruntena denik, noski, baina, kontuan hartu beharreko iturria da, batez ere, lagun askok erabiltzen dituzten komunen kasuan. Oraindik ez dakigu zenbat denbora iraun dezakeen laino kutsakorrak, baina, komunak gune bereziki arriskutsuak izan daitezkeela dirudi. Alde batetik, arnasketa bidez kanporatzen ditugun tantatxoak inguruan geratzen direlako eta, bestetik, komun zulotik ihes egiten duten aerosolak daudelako. Horrexegatik, komunetan higiene-neurriak eta maskara inon baino garrantzitsuagoak dira.

Physics Fluids aldizkarian Schreck eta bere lankideek argitaratu duten lanaren ondorioen arabera, komun zulotik irteten den material biologikoaren aerosolizazioa arnasketa-gaixotasunen eta urdail-hesteetako arazoen hedapenean faktore garrantzitsua da. Horrexegatik, zentzuzkoa da pentsatzea Covid-19aren kasuan ere antzeko transmisioa gerta daitekeela eta, beraz, komunak kontrolatu beharreko guneak direla. Aireztapen egokia ezinbestekoa da eta erabiltzaileok ere hedapena saihesten lagundu dezakegu tapa jaisten badugu ponpa tira aurretik. 2015eko Tronuko gogoeta haietan esandakoak gaur egun ere balio du eta orain inoiz baino garrantzitsuagoa da. Agian norbait tapa jaisten hasi zen dibulgazio-artikulu horri esker eta agian horrek lagun bat gutxiago kutsatzea ekarri du. Batek daki.

Edozein kasutan, ikerketek erakutsi dutenez, gorotz-aerosolen bidezko kutsatzea gerta daiteke. Ez dago argi zenbaterainoko kutsatze-iturria izan daitekeen, baina, 1975. urtean Gerbak egindako lan aitzindari agian xelebre horiei esker dakigu gaur egun dakiguna. Baliteke ez izatea iturri garrantzitsua, baina, badaezpada ere, nik ez dut maskara kentzen komunean eta beti, beti-beti, tapa jaisten dut ponpari tira aurretik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Schreck, J.H., Lashaki, M.J., Hashemi, J., Dhanak, M., Verma, S. (2021). Aerosol generation in public restrooms. Physics Fluids, 33, 033320. DOI: 10.1063/5.0040310

Informazio gehiago:

 

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Tronuko gogoeten gogoetak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arrantza eta akuikultura munduan

Ar, 2021-05-11 09:43

2018an, munduan 97 milioi tona (Mt) arrain, krustazeo eta molusku harrapatu ziren. Hazkuntzaren bitartez 82 Mt ekoitzi ziren. Beraz, animalia urtarren ekoizpen osoa 179 milioi tonakoa izan zen. Kopuru horretatik 22 Mt arrain irinak eta olioak ekoiztera bideratu ziren, beraz, 157 Mt giza kontsumorako izan ziren. Azken mende erdian, arrainaren kontsumo orokorra urtean % 3,1 hazi da; ia populazioaren bikoitza (% 1,6). 2018an, gizaki bakoitzak, batez beste, 20,5 kg arrain kontsumitu zituen; 1961ean kontsumitutakoaren (9 kg) bikoitza baino gehiago. Hala dago jasota FAOk munduko akuikultura baliabideei buruz egiten duen bi urtean behingo txostenean.

akuikulturaIrudia: 1995. urtean FAOk Arrantza Arduratsurako Jokabide Kodea onartu zuen eta handik hogeita bost urtera, arrantza- eta akuikultura-baliabideak arduraz erabiltzearen garrantzia onartu eta lehenetsi da. Kodeak nazioarteko tresna, politika eta programen garapenari buruzko informazioa eskaintzen du, mundu mailan, eskualde mailan eta nazio mailan kudeaketa ahalegin arduratsuak bultzatzeko. (Argazkia: Jacek Kijewski – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Akuikulturak ekoizpen osoaren % 46 eman zuen, baina gizakien kontsumoari bakarrik erreparatzen badiogu, % 52ra igo zen horren ekarpena. Joan den mendeko 1980ko hamarkadatik etengabe hazi da ehunekoa. Aldiz, arrantza harrapaketen kopuru osoa gutxi-asko egonkorra izan da orduz geroztik. Arrain ekoizpenaren igoera, batez ere, Asiako –nagusiki, Txina– ur kontinentaletako hazkuntzaren ondorioz izan da. 1980ko hamarkadaren aurretik, akuikulturako ekoizpenaren zati handiena, alde handiagatik, itsasotik zetorren eta, nahiz eta oraindik itsasoa den arrain hornitzaile nagusia, ur kontinentalek gero eta garrantzi handiagoa dute, hain zuzen ere, akuikulturaren ekarpenaren ondorioz.

Herrialde garatuak 1961ean pertsonako 17,4 kg kontsumitzetik (PCK) 2017an 24,4 kg kontsumitzera igaro gara (kontsumo handiena 2007koa izan zen, 26,4 kilokoa). Aldiz, garabidean dauden herrialdeetan 1961ean 5,2 kiloko PCKa izatetik 2017an 19,4koa izatera igaro dira. Herrialde txiroenetan ere handitu da kontsumoa, baina gutxiago: 1961ean 4 kiloko PCKa izatetik 2017an 93 kilokoa izatera igaro dira.

2018an gehien harrapatu zen espeziea antxoaren antzeko den antxobeta, Engraulis ringens, izan zen (7 Mt), Theragra chacogramma Alaskako bakailaoa ondoren (3,4 Mt) eta lanpo sabelmarraduna, Katsuwonus pelamis, hirugarren (3,2 Mt). Sekuentzia horrek espezie taldeen, arrain txiki pelagikoen, bakailaoen eta antzekoen eta atunaren familiakoen garrantzia –ordena horretan– egoki islatzen du. Akuikultura kontinentala ur gezako arrainetan oinarritzen da (47 Mt), batez ere, espezie iragazleetakoetan (8 Mt); itsasoko akuikulturan, berriz, moluskuak dira (17,3 Mt) baliabide nagusia, arrainen (7,3 Mt) eta krustazeoen aurretik (5,7 Mt).

Gaur egun, arrantza stocken % 66 biologikoki jasangarriak dira (1974an % 90 ziren), baina zati handiena (% 60) mugan dago, ekoitzi bezainbeste arrantzatzen baita. Egoera okerrenean dauden arrantza eremuak Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean daude (stocken % 62,5 maila ez jasangarrian daude); stock jasangarriak dituzten eremuen zati handiena, berriz, Pazifikoan dago (Pazifikoaren hego-ekialdea kenduta).

Datu multzo horren aurrean, nire ondorioak honako hauek dira:

  1. aurrera egiten ari diren herrialdeetan arrain kontsumoa hazten ari da;
  2. munduko eskaeraren hazkundea, batez ere, akuikulturako baliabideen bidez asetzen da, espezie gehienen stockak mugan daudelako;
  3. natura baliabideak biologiaren eta populazioen dinamikaren ezagutzan oinarrituz kudeatu behar dira ezinbestean, epe ertain-luzean kudeaketa hori jasangarria izateko;
  4. eta ezagutzan inbertitzen jarraitu beharko da, akuikulturaren bidez gizakien arrain eskaera gero eta handiagoa asetzeko eta hori jarduera horien ingurumen inpaktua minimizatuz egin beharko da.
Erreferentzia bibliografikoa:

FAO. (2020). The State of World Fisheries and Aquaculture. Sustainability in accion.  Roma, Italia: Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea (FAO).

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Arrantza eta akuikultura munduan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia

Al, 2021-05-10 09:00

 

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

 Gizakien esku-hartzearen eredurik badugu inguruan Ibaizabal itsasadarra eta bere ingurunea dira. Kanalizazioak, ibilgu aldaketak, lur altxaketak, e.a. egin dira itsasadarrean. Industrializazioarekin batera etorri ziren, hala ere, aldaketa azkarren eta bortitzenak. Eta protagonistetako bat inguruko geologia izan zen.

Bilboko inguruko geologia izan zen industrializazio prozesu horren oinarrietako bat. Izan ere, Alex Francok azaltzen duen bezala, ezaugarri geologiko oso egokiak ditu: azaleratutako burdinaren mineralizazio handia eta, horretaz gain, mineralak ustiatzea eta garraiatzea ahalbidetzen zuen geomorfologia egokia.

Noski, prozesu honetan parekorik ez zuen izan protagonista izan zen burdina. Bizkaiko burdinarekin hasi zen prozesu hau guztia baina, zergatik dago burdina Bizkaian? Erantzun sinplifikatua da kareharriak hainbat mineralizazio jasan eta burdinarekin aberastu zirelako.

Dirudien baino konplexuagoa baita zapaltzen dugun zorua. Batetik, antiklinorioa eta sinklinorioa dugu Bizkaian. Antiklinorioan arroka zaharrenak nukleoan daude eta berrienak goian, sinklinorioan, aldiz, arroka zaharrenak goiko geruzetan daude eta gazteenak nukleoan.

Horretaz gain, lurrean hainbat material mota topa daitezke: kareharriak, hareharriak, lutitak, tupak… Egitura eta prozesu guzti hauek Bizkaiko industrializazioa ekarri eta erraztu zuten, honek izan dituen ondorio ekonomiko, sozial eta ekologiko guztiekin.

Zientziaren eta teknologiaren ikuspuntutik begiratuta Ibaizabal itsasadarraren eta bere inguruaren alderdi ikusezinak azaleratzen dira.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia

The post Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #349

Ig, 2021-05-09 09:00
Osasuna

Duela aste batzuk iragarri zuen Erresuma Batuko Gobernuak astean bi test azkar egiteko baliabideak eskainiko zizkiela herritarrei doan. Test azkarrena, britainiarrek pandemia kontrolatzeko hartu duten neurrietako bat da, ekonomia pixkanaka irekitzen den bitartean. COVID-19ari aurre egiteko testak funtsezko erremintak izan dira eta horiei erreparatzen die Arantxa Iraola kazetariak Ugo Mayor ikertzailea, Miren Basaras mikrobiologoa eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzailearen ekarpenekin. Adituen ustez,  testek egoeraren argazki finkoak ematen dituzten arren, oso informazio baliagarria eskaintzen dute. Berrian: “Testak: gehiago egin daitezke“.

Iera Hernández ikertzaileak Ocoxin nutrizio osagarriaren eragina aztertu du, minbizia tratatzeko eta kimioterapia indartzeko helburuarekin. Ocoxin elementu natural desberdinez osaturiko nutrizio osagarria da eta propietate antiinflamatorio, antioxidatzaile eta immunoerregulatzaileak ditu. Hori dela eta, minbizia tratatzeko baliagarria ote ze zen aztertu izan du. Unibertsitatea.net atarian ikerketaren xehetasunak: Iera Hernández Unzueta: “Ocoxin konposatu naturala kimioterapia indartzeko erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute lortutako emaitzek”.

Biologia

Animaliak bitxiak izateaz gain, liluragarriak dira. Asteon Ziortza Guezuragak sator biluziaren komunikazio gaitasunaren bitxikeria bati so egin dio: sator biluziek dialekto ezberdinak dituzte, bizi diren kolonien araberako, eta berezkoak barik, ikasi egiten dituzte. Komunikazio gaitasun hau zertan datzan jakiteko eta sator biluzien kalaka entzun nahi izanez gero, jo artikulura: Ugaztunik arraroena… are konplexuago.

Psikologia

Konformismoa edozein egoera publiko edo pribatutara erraz egokitzen denaren praktika bezala ezagutzen da. Praktika hau sarri askotan gure taldearen portaerak baldintzatzen du. Izan ere, taldekide gisa onartuak izatea da partaideen asmoa eta hori lortzeko sarritan sumisio jarrera bat hartzen dugu. Hori dela eta gehiengoaren kontra ez joateagatik, gehiengoaren iritzia okerra dela jakin arren, bat egiten dugu taldearekin desadostasunak eta tirabirak saihesteko. Marta Bueno pedagogoak azaltzen digu “Konformistak edo asertiboak?” artikuluan.

Arkeologia

Arabako Errioxako ondare historiko-arkeologiko aberatsaren berri ematen du “La Prehistoria en Rioja Alavesa. Guía para su conocimiento y visita” liburuak.  Bertan, labur-labur azaltzen da eremu horretan azken laurogei urteotan egin diren indusketa arkeologikoen emaitzak. 1935ean Sorginaren Txabola trikuharria aurkitu zenetik gaur egun arte. Alean eman dute argitalpenaren berri: “Arabako Errioxako aurkikuntza arkeologikoak gidaliburu batera eraman dituzte“.

Duela 3.500 urte, txakurren elikadura gizakion mende zegoen ere, gaur egun bezala. Hori agertu du ikerketa batek, Sabadelleko Can Roqueta aztarnategiko 82 kanidoren arrastoak aztertu ondoren. Juanma Gallego kazetarik azaldu digu lan horri esker, Brontze Aroko eta lehen Burdin Aroko txakurren elikadura berreraikitzeko gai izan direla. Eta egiaztatu ahal izan dute berez haragijaleak diren animalia hauen arrastuetan zerealak eta lekadunen zantzuak daudela ere.

Fisika

Atmosferan hainbat motatako gertakariak izaten dira, aireari, argiari, elektrizitateari eta urari lotuak. Batzuk oso arruntak dira guretzako, esaterako, haizea, ortzadarra, tximista edo euria baina badira ez direnak hain ezagunak, esaterako parhelioa eta halo efektuak. Parhelio efektua ikusi izan da asteon gure zeruan. Onintze Salazar meteorologoak azaldu zuen Twitterren efektua “Hodei altuekin, bereziki zirruekin ikus daiteke. Eguzki-izpiek hodeien izotz-kristalekin talka egitean sortzen den efektu optikoa da”. Hain gauza ederra izanik, Edu Lartzangurenek Berrian eta Luistxo Fernandezek Sustatun erreparatu diote ere. 

Kimika

Material aktibo gisa jarduten duten polipeptidoetan oinarrituta, metalik gabeko bateriak diseinatu dituzte. Aitziber Ruiz de Arkautek azaldu Elhuyar aldizkarian material aktibo horiek egonkor mantentzea lortu dutela bateriaren funtzionamenduan, eta, ondoren degradatu egiten direnez baldintza azidoetan, birziklagarriak izan daitezkeela. Bateria hauek, bateria berde eta jasangarriak lortzeko lehen pausoa izan daitezke. Xehetasunak “Bateria organikoak diseinatu dituzte, metalik gabekoak” artikuluan.

Geologia

Maiatzean izaten da Geolodia, zapaltzen ditugun lekuak “begi geologikoekin” behatzea helburu duen egitasmoa. Araban, esaterako, Alearen bidez jakin dugu aurten Gasteizko akuiferoak izan dituztela begi-bistan eta bertako urtegi ikusezina erakutsi dutela. Geologoen azalpenei esker, parte-hartzaileek ezagutu dute Gasteizko akuiferoa belaki baten antzekoa dela eta ura euritik eta inguruan dituen ibaietatik jasotzen duen arren gehienbat hareez eta legarrez osatuta dagoela.

Astrofisika

Perseverance ibilgailua Marteko txoko ezkutuak arakatzen dihardu eta UPV/EHUko ikertzaileek haren nondik norakoak jarraitzeko operazio zentro bat dute Martina Casiano zentro teknologikoan. Bertan, Marteko misioaren jarraipena egiteaz gain misioaren hurrengo pausuak zehazten dituzte ere. Perseverancek bidaltzen dituen argazkiak argazkiak aztertu ondoren, ikertzaileek erabakitzen dute hurrengo egunean zein puntutan egin behar diren neurketak. Beraz, Lurretik Martera aginduak bidaltzen dira. Datu guztiak Jakes Goikoetxearen eskutik, Berrian: Marte iritsi da Euskal Herrira.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #349 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #350

La, 2021-05-08 09:00

 

Gizaki-tximino kimeren sorrera mugarri zientifikoa izan da, baina baita arazo etiko baten lehen seinalea: First human-monkey embryos created – a small step towards a huge ethical problem  Julian Savulescu eta César palacios-González

Logika modernoaren asmakizuna XIX. mendean Gottlob Fregeri egozten zaio. Eta Crisipo de Solos (III K.a.) plagiatu bazuen? Jesús Zamora Bonillaren The ‘prehistory’ of philosophy of science (10): From logical stoicism to logical positivism

Izarren eta galaxien neurketa espektroskopiken neurketetatik abiatuta unibertsoaren mapa tridimentsionala egiteko eredu kosmologikoa behar da.  DIPC ren parte-hartzearekin: How to analyse data from galaxy spectroscopic surveys without assuming a cosmological model

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #350 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Izaskun Alberdi, zientzia-ilustratzailea: “Batzuetan ezustekoak hartzen ditut, eta asko asebetetzen naute”

Or, 2021-05-07 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Izaskun Alberdi Landaluze zientzia-ilustratzailea da. Ilustrazioak ala zientziak, lehenago zerk harrapatu zuen galdetuta, ez du zalantzarik egiten: zientziak. “Biak izan ditut gogoko txikitatik, baina beti bereizita bizi izan ditut. Txikitan, eskolatik kanpo, marrazketa klaseetara joaten nintzen. Baina, bestela, zientziak erakartzen ninduten, bereziki, bizidunek. Jakin-min handikoa naiz, eta garbi nuen biologia ikasi nahi nuela”.

Ingurumenaren eta espezieen biodibertsitatearen inguruko ikerketa lerroek erakarrita, Biodibertsitate eta Biologiaren Kontserbazioan espezializatu zen. Gogoan du, ikasten zuen bitartean, eskemak eta laburpenak modu bisualean egiten zituela, marrazkien bidez, “baina sekula pentsatu gabe gero honetan arituko nintzela”.

Irudia: Izaskun Alberdi Landaluze zientzia-ilustratzailea.

Lanean hasi zenean ere, oso urruti ikusten zuen ilustrazio zientifikoaren mundua. Halako batean, jakin zuzen EHUk Ilustrazio Zientifikoko Graduondoko bat atera behar zuela; hori izan zen bide berriari heltzeko lehen pausoa: “Portfolio bat prestatu nuen nire marrazkiekin, eta hartu egin ninduten. Ordura arte erabiltzen ez nituen teknika asko ikasi nituen: akuarela, ordenagailu bidezko marrazketa… baita kontzeptuak azaltzeko moduak ere. Eta geroztik, hemen nabil, ilustrazio zientifikoan, bete-betean”.

Hain zuzen, graduondoko ikasketak bukatu zituenean, Vega Asensio Herrerok sortutako estudioan hasi zen lanean (NorArte Visual Science), eta han jarraitzen du. Bezeroek eskatutako ilustrazio zientifikoak egiteaz gain, ikastaroak eta tailerrak ere ematen ditu, eta bi jarduerak ditu gustuko.

Ilustrazioak egitean, aitortu du, hasiera batean, gai batzuk errazagoak egiten zizkiola beste batzuk baino; adibidez, biologiakoak. “Hala ere, bestelako gaiak lantzen ere asko gozatzen dut. Agian, ahalegin handiagoa eskatzen didate ondo ulertzeko eta ilustrazio bidez nola adierazi irudikatzeko, baina, batzuetan, ezustekoak ere hartzen ditut, eta asko asebetetzen naute”.

Baliabide zabala eta eraginkorra

Hezkuntzan, berriz, Ilustrazio Zientifikoko Graduondoan eskolak eman ditu. Horrez gain, ikastaroak ere ematen ditu, bai zientzialariei, bai marrazketa-zaleei. “Zientzialariei, tresnak ematen dizkiegu, eduki zientifikoa irudien bitartez hobeto azaltzeko. Diseinu grafikoko jarraibideei esker, gauza erakargarriagoak eta bisualagoak egiten laguntzen diegu. Gazteekin, berriz, ilustrazio tradizionaleko tailerrak egiten ditugu, eta arrakasta handia izaten dute”.

Alberdik azaldu duenez, gazteei asko gustatzen zaizkie akuarelak, pintzelak, koloretako arkatzak… Eta marrazketa modu ona da inguruko biodibertsitatea ezagutzeko. “Gure inguruan ditugun animalia eta landare asko ezezagunak zaizkigu, eta, marrazteko, arreta handia jarri behar duzu haietan, eta ondo aztertu behar dituzu. Beraz, modu ona da lekuko biodibertsitatea ezagutzera bultzatzeko”.

Besteak beste, Bergarako Laboratorium museoan, Elhuyarrek antolatutako Bizilabe tailerretan, eta EHUren Zientzia Astean eman ditu ikastaroak. “Guk, normalean, ordenagailuan eta bakarka egiten dugu lana, eta ikastaroek aukera ematen didate jendearekin egoteko, haurrei irakasteko… Oso polita da ikustea nola haurrek, askotan, gure aurreikuspenak gainditzen dituzten, eta guk uste duguna baino hobeto ulertzen dituzten irudikatutako ideia zientifikoak”.

Azken finean, irudiak tresna baliagarriak iruditzen zaizkio zientzia transmititzeko eta memorian gordetzeko. Hartu duen bidetik jarraitu nahiko luke etorkizunean, eta erakutsi ilustrazio zientifikoa oso baliabide zabala eta eraginkorra dela.

Fitxa biografikoa:

Izaskun Alberdi Landaluze Eibarren jaioa, 1991ko udaberrian. Izaki bizidunen inguruko zientziak erakarrita biologia arloan burutu zituen ikasketak. Betidanik marraztu izan badu ere, zientzia eta ilustrazioa bide desberdinetatik bizi izan ditu beti, Ilustrazio Zientifikoko graduondoak gustuko zituen bi kontzeptu hauek elkartzeko aukera eman zion arte. Egun NorArte Visual Science estudioan egiten du lan, zientzia-ilustratzaile eta diseinatzaile gisa.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Izaskun Alberdi, zientzia-ilustratzailea: “Batzuetan ezustekoak hartzen ditut, eta asko asebetetzen naute” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago

Og, 2021-05-06 09:00
Bingen Gutiérrez Izaki bizidunok azido nukleiko, gluzido, proteina eta lipido izenez ezagutzen diren biomolekula organikoz osatuak gaude. Guzti hauek, ezinbestekoak diren funtzioak betetzen badituzte ere, historikoki garrantzia gehiago eman zaie proteina edota azido nukleikoei eta honek, lipidoak bigarren maila batean kokatzea eragin du. Dena den, azken urteotan lipidoen inguruan egin diren hainbat aurkikuntza esanguratsuen ondorioz, beraien gaineko interesak gorako joera hartu du. 1. irudia: Ezkerrean: gizakien azaleko stratum corneumeko lipidoz osatutako mintz naturala eta eskuinean txerriaren birika surfaktanteko mintzak.

Lipidoak batez ere karbono eta hidrogenoz, eta parte txikiago batean oxigenoz, osatutako molekula hidrofobikoak dira; hau da, uretan disolbagaitzak baina disolbatzaile organiko ez-polarretan disolbagarriak dira. Dena den, zenbait lipidok, atal hidrofobikoaz gain, atal polarra edota hidrofilikoa ere badaukate. Kasu hauetan, lipidoa anfipatikoa dela esaten da. Bestalde, aseak edota asegabeak izan daitezkeen karbono kate luzez osatuak daude. Beraien artean antolatzeko daukaten erari dagokionez, bigeruza lipidiko izenez ezagutzen den egitura da ezagunena. Dena den, mizela, liposoma edota beste forma konplexuago batzuetan ere antola daitezke.

Zelula batean aurkitzen den lipido talde ugariena glizerofosfolipidoena da. Izenak dioen bezala, beraien atal polar gisa fosfato talde bat edukitzeagatik nabarmentzen dira. Glizerofosfolipidoen barnean aurkitzen dira hain zuzen ere mintz plasmatikoan ugariak baina gainontzeko mintzetan urriak diren esfingolipidoak. Esfingolipido guztiek, esfingosina izenez ezagutzen den aminoalkohol bat daukate oinarritzat eta honi, kate luzeko gantz azido ase edo asegabe bat lotu dakioke zeramida izenez ezagutzen den lipidoa sortzeko.

Azken urteotan lipido ikerketan berezituak diren hainbat talde zientifikok egindako lan sakonei esker, esfingolipidoak, egitura edota erreserba funtzio soilak izateaz gain,  lipidoak zelula mailan ezinbestekoak diren hainbat prozesutan ere garrantzitsuak direla onartu da. Zeramidak zelulen heriotza programatuarekin daukan lotura zuzena da hain zuzen ere, prozesu horien artetik zabalduena. Izan ere, mitokondrietan ematen den zeramida kontzentrazio igoera, apoptosi prozesuaren hasieratzat jotzen da. Honetaz gain, hazkuntza zelularra gelditzearekin, seneszentziarekin, diferentziazio zelularrarekin edota erantzun immunearekin lotutako eginkizunak ere izan ditzake. Gainera, esfingolipidoek, kaltetutako DNAren aurrean ematen den erantzunean parte hartzen dutela, eta gibelean ematen den drogen glutazio eta detoxifikazio prozesuan ere zerikusia daukatela uste da.

Kontutan eduki behar da mintzetan aurkitzen diren lipido mota ezberdinak era heterogeneo batean nahastuak daudela eta beraien artean elkarrekintzak gertatzen direla. Zenbait ikerketetan ikusi denez, estres egoeren aurrean esfingolipidoen eta kolesterolaren arteko elkarrekintzak gerta daitezke. Gainera, elkarrekintza hauek zenbait seinalizazio bidezidorren hasiera izan daitezkeela uste da.

Azkenaldian, hainbat esfingolipidok izan dezaketen tumoreen aurkako terapiekiko kimio-erresistentzia mekanismoaren teoria bolo-bolo dabil. Izan ere, hainbat drogekiko erresistentzia daukan ABCB1 proteinarekin lotu dira. Dena den, azken hamarkadan, lipido-lipido elkarrekintza eta esfingolipido bidezko seinalizazio ebidentzi gehienak mintz ereduetan deskribatu direnez, gaiaren inguruko ikerketa aurreratuenak eredu konplexuago batera eraman beharko lirateke. Hau da, zelula mintzetara edota in vivo eginiko esperimentuetara. Horrela, egitura eta funtzioaren arteko erlazioa guztiz argituko luketen ereduak garatuko lirateke. Gainera, eredu hauek minbiziaren aurkako terapien inguruko jakinduria hobetzean eta tumoreen aurkako tratamenduen eragina handitzean garrantzitsuak izatea espero da.

Iturria:

Monasterio, Bingen G.; García-Arribas, Aritz B.; Alonso, Alicia; Goñi, Felix M. (2019). «Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago»; Ekaia, 36, 2019, 109-126. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20791) Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago
  • Laburpena: Esfingolipidoek, beren buru polarrean dauzkaten talde polarren bidez, geruza bikoitzean existitzen diren beste lipido batzuekin sare konplexu bat eratzeko ahalmena daukate. Sare konplexu honen eraketa, -OH eta -NH- taldeekin hidrogeno-zubiak eratuz lortzen dute hain zuzen ere. Azken urteotan, lipido-urmaelaren hipotesiaren barruan, esfingomielinaren eta kolesterolaren arteko elkarrekintza espezifikoa asko ikertzen ari da, eta ikerketa honen emaitza da, estres-egoeren aurrean, zelulen mintzetan, esfingomielina-zeramida konplexuak sortzen direla proposatu izana. Gainera, kolesterol-zeramida elkarrekintzak ere gertatzen direla erakusten duten artikuluak gero eta ugariagoak dira. Existitzen diren esfingolipido moten inguruan jartzen ari den arretak gaiaren inguruko jakinduria handitzera garamatza. Izan ere, azkenaldian, deoxiesfingolipidoak bezalako esfingolipido aldakorren eta N-azil katearen luzerak edota lipidoen asegabetze-mailek daukaten efektuaren inguruko ikerketa gehiago egiten ari dira. Aldakortasun horiek garrantzitsuak izan daitezke zeramidarekin lotutako droga terapeutiko edota gaixotasun ezberdinen tratamenduak garatzeko; horien artetik garrantzitsuenak minbiziarekin lotutako terapiak dira.
  • Egileak: Bingen Gutiérrez Monasterio, Aritz B. García-Arribas, Alicia Alonso, Felix M. Goñi.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 109-126
  • DOI: 10.1387/ekaia.20791

————————————————–
Egileaz:

Bingen Gutiérrez UPV/EHUko Biofisika Institutuan dabil.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Esfingolipidoak eta kolesterola, egitura lipidoak baino gehiago appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Brontze Aroko txakurren elikadura, azalera

Az, 2021-05-05 09:00
Juanma Gallego

Duela hiru milurteko txakurretan pilatutako isotopoak alderatuta, ikertzaile talde batek ondorioztatu du gizakiek dagoeneko animalia hauek elikatzen zituztela. Ordurako, txakurren elikaduran zerealak eta animalia jatorriko proteinak sartzen zituzten.

Lagun finak ditugu txakurrak, eta gizaki askok haiekin partekatzen dute euren bizitzaren zati garrantzitsu bat. Egia da zaintza lanetan edota ehiza bezalako jardunetan erabiltzen direla ere, baina nahiko agerikoa da gaur egun lagun egitea dela haien funtzio nagusia. Ez da beti horrela izan. Historian zehar, jardun ekonomikoetan laguntzaile gisa erabili izan dira, baina gerretan ere baliatu izan dira; azken honen kasurik ezagunena da Ameriken konkistarena, baina asiriarren horma irudietan agertzen dira gerra txakurrak, eta, are goizago, egungo Danimarkan dagoen Hjortspring izeneko botozko itsasontzian gerra txakurren zantzuak aldarrikatu dituzte; non eta Burdin Aroan.

txakurren elikadura1. irudia: Artzaintzaren garapenarekin batera, txakurrak artaldeak babesteko tresna garrantzitsu bilakatu ziren. Etxekotze prozesu horretan, gizakiak txakurren elikaduran eragin nabarmena izan zuen, orain agerian geratu denez. (Argazkia: William Milliot / Unsplash)

Txakurrak tresna gisa erabili izanak ez du halabeharrez esan nahi, noski, haiekiko lotura emozionala indartsua ez zenik. Lan gogorrei eta erronka handiei ekin behar zaienean sortu ohi dira harremanik indartsu eta jarraituenak. Idazkera asmatu zenean, lotura horien froga idatziak geratu zaizkigu, baina Historiaurrean eta historiaren hastapenetan idazketarik ez zuten komunitateen kasuan zailagoa da lotura hori norainokoa zen igartzea. Baina aztarnategietan geratzen diren zantzuetan abiatuta, harreman posible horien printza ederrak antzematen zaizkie estratu desberdinetan txertatutako arrastoei.

Arkeologian ohikoa denez, ehorzketetan igartzen dira hoberen lotura horiek. Kasu batzuetan, gainera, herrietan txakurrak ehorzten dira. Hori gertatzen da, adibidez, Sabadelleko Can Roqueta aztarnategian. Bertan ehortzitako 82 kanidoren arrastoak daude, ia gehienak txakurrenak. Identifikatu gabeko bi kanido handiren (otsoak, seguruenera) eta azeri baten arrastoak badira ere. Batzuetan, gainera, animalia horiek nahita hil eta gizakiekin batera ehorzten zituzten, gizarte horretan txakurrek dagoeneko hartua zuten garrantziaren adierazle.

Txakur horietatik, ikertzaile talde batek 36 aztertu ditu, hezurretan aurkitutako isotopoei erreparatuta. Arrastook Kristo aurreko 1300-550 urte artean datatuta daude. Horrela, Brontze Aroko eta lehen Burdin Aroko txakurren elikadura berreraikitzeko moduan egon dira. Journal World Prehistory aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dutenez, haien elikadura, hein handi batean, gizakiek prestatutakoa izan zen.

Aipatu bezala, isotopoen analisian oinarritu dute ikerketa. Zehazki, hezurretan aurkitutako Karbono-13a eta Nitrogeno-15a alderatu dituzte. Jasotako elikaduraren arabera, zenbait isotoporen kopuruak desberdinak dira; hortaz, horiek neurtuta eta alderatuta, ondorioztatu daiteke gutxi gorabehera elikadura horren oinarriak.

Askotan horrelako ikerketatan ziurtasun gutxi eta espekulazio ugari jasotzen dira. Alabaina, kasu honetan, ezin daiteke esan emaitza ziurra ez denik. Izan ere, egiaztatu ahal izan dute berez haragijaleak diren animalia hauen arrastuetan zerealak eta lekadunen zantzuak daudela. Eta hau, noski, soilik giza komunitateekin mantendu zuten harremanari baino ezin dakioke egotzi.

txakurren elikadura2. irudia: Can Roqueta aztarnategian txakur askoren arrastoak aurkitu dira, horietako asko oso ondo kontserbatuta, gainera. Argazkian horietako bat azaltzen da. (Argazkia: Bartzelonako Unibertsitatea)

Elikadura mistoa zen animalia hauek Neolitotik gizakien aldetik jasotzen zutena, aipatutako elikagaiez gain haragia ere jasotzen duelako. Ikertzaileek suposatzen dute zerealen irina urarekin nahasten zutela, eta animalien puskak ere ematen zizkietela. Hau da, Neolito aroko gizakiek txakurrak artatzeko denbora eta baliabideak bideratzen zituzten.

Ikerketa honen berritasunik handiena, baina, artatxikia bezalako zereal berrien sarrera egiaztatzea izan da. Glutenik gabeko zereal hau Brontze Aroaren erdialdean sartua izan zen iberiar penintsularen ipar-ekialdean, eta, ikertzaileek prentsa ohar baten bitartez azaldu dutenaren arabera, aldaketa garrantzitsua ekarri zuen. Batetik, nekazaritza sendoagoa egitea ahalbidetzen zuen, ur askorik behar izan gabe azkar hazten delako, eta horrek aukera ematen du urtean zehar laborantzak dibertsifikatzeko. Bestetik, glutenik gabeko zereala izanda, horren kontsumoa arinagoa zela argudiatu dute.

Egiaztatu ahal izan dutenez, txakur horien guztien elikadura ez zen guztiz uniformea. Eskuratutako datuetan oinarriturik, bi txakur talde bereizi dituzte: elikadura haragijalea izan zutenak eta nagusiki begetaletan oinarritutakoa izan zutenak. Horrek, noski, dibertsifikazio funtzional baten zantzua izan litekeela ondorioztatu dute, eta norabide berdinean ulertu dute denbora joan ahala aztarnategiko arrastoetan gero eta gehiago nabaritu den tamainen desberdintasuna. Alde hauek Burdin Arotik aurrera nagusitzen hasi zirela aurreratu dute.

Ikertzaileek uste dute txakurrik handienak ardiak zaintzeko erabiliak izan zirela. Izan ere, Burdin Aroa aurrera egin ahala, jardun horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, are konplexuagoak bihurtzen ari ziren egitura sozial eta ekonomikoekin batera. Garapen horretan, abereek garrantzi handia izan zuten, baina, animalia horietatik guztietatik, soilik txakurrekin –eta maila apalago batean, katuekin– eratu zen harreman guztiz berezia. Gaurdaino. Kuriosoa da ikustea nola, gizaki egiten gaituzten gauzen artean, beste animalia bat laguntzat hartzeko gaitasun paregabea dugun.

Erreferentzia bibliografikoa:

Albizuri, Silvia, et. al. (2021). Dogs that ate plants: changes in the canine diet during the late Bronze Age and the first Iron Age in the northeast Iberian Peninsula. Journal World Prehistory, 34, 75–119. DOI: https://doi.org/10.1007/s10963-021-09153-9

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Brontze Aroko txakurren elikadura, azalera appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ugaztunik arraroena… are konplexuago

Ar, 2021-05-04 09:00
Ziortza Guezuraga

Esaten dute “hartzen dugun ezaugarria ia edozein dela ere, ez da sator biluzia bezain ugaztun bitxirik”. Eta ikerketek aurrera egin ahala, konfirmatu egiten da. Oraingoan sator biluziek dialekto ezberdinak dituztela eta berezkoak barik, ikasi egiten dituela jakin dute zientzialariek.

sator biluziak1. irudia: Sator biluziek kolonien araberako dialektoak dituztela aurkitu du ikerketa batek. (Irudia: Javier Ábalos – CC BY-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Inoiz entzun al dituzu bi sator biluzi hizketan? Hona:

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2021/04/Sator-biluzia.wav

.

Funtzionalki itsuak dira sator biluziak eta kirrinkak baliatzen dituzte komunikatzeko. Egindako ikerketak gutxienez 17 bokalizazio ezberdindu ditu. Ez hori bakarrik, bizi diren kolonien araberako dialektoak ere identifikatu dira.

Ikerketa egiteko bi urtez 7 kolonietako 166 animaliaren 36 190 kirrinka aztertu dituzte. Informazio horrekin ikasketa automatikoko algoritmo bat trebatu zuten. Tonua ala frekuentza maximoa bezalako zortzi ezaugarri izan zituen kontuan algoritmoak klasifikazioa egiteko.

Kolonia ezberdinetako kirrinkak identifikatzeko gai izan zen algoritmoa, bataz beste, %74ko zehaztasunarekin eta indibiduoak ere identifikatzeko gaitasun mugatua erakutsi zuen: %45etik eta %84ra arteko zehaztasunarekin.



Ikerketaren bideoan ikus daiteke zelan erantzuten duen B koloniako indibiduo batek hainbat estimuluri. Gainjarritako sonograman ikus daitezke S1 etiketarekin ikertzaileek erreproduzitutako audioa da eta r etiketarekin sator biluziaren erantzuna. Lehen audioa indibiduoaren koloniako soinuak dira, bigarren audioa bestelako kolonia batekoa eta hirugarrena indibiduoaren koloniako kirrinken ezaugarriekin sortutako kirrinka artifizialak.

Bideoan ikus daitekeen bezala, tutuz lotutako hiru kameradun egitura baliatuta, kirrinkak erreproduzitu zituzten. Deiadar guztiei erantzuten die sator biluziek, baina erantzuna indartsuagoa izan da kolonia berako kirrinkekin, baita artifizialki sortutakoekin ere.

Ikasia eta erreginaren menpekoa

Dialektoa ikasia den ala genetikoa den jakiteko oraindik “hitz egiten” ez zekiten kumeak koloniaz aldatu zituzten eta haiek egiten dituzten kirrinkak aztertu. Adopzio koloniaren dialektoa ikasi zuten koloniaz aldatutako hiru kumeek. Beraz, genetikoa baino, ikasia da dialektoa.

Esperimentua garatzen ari zen bitartean kolonietako batean (S kolonian) bi erregina galdu zituen. Honi esker aztertu izan ahal da zer nolako aldaketak dauden kirrinketan erreginaren presentziari lotuta.

Eta ikusi dute dialektoaren aldakortasuna handitu egiten dela erreginarik gabeko aldietan. Algoritmoaren aurresan gaitasuna ere %75etik %39ra jaitsi zen.

2. irudia: Denbora gutxian bi erregina galdu zituen koloniaren kideen kirrinkak aztertuta, ikusi egin da erreginak eragina duela dialektoan. (Irudia: Ziortza Guezuraga: Barker, Alison J., et. al. (2021)-etik eraldatua)

Laburbilduz, hiru ondoriotara ailegatu dira:

  1. Kolonia bati pertenentzia adierazteko/identifikatzeko baliagarriak dira kirrinkak.
  2. Kolonia batean adoptatutako kanpoko satorrak dialekto berria ikasten zuen. Dialektoa ikasi egiten dela iradokitzen du honek. Hau da, transmisioa genetikoa baino, kulturala dela.
  3. Dialektoak aldatu egiten dira eta koloniaren erreginak zerikusia du honekin. Dialektoaren kohesioan erreginek paper garrantzitsua dutela iradokitzen du honek.

Garrantzitsua da hau guztia, kontuan izaten bada sator biluziaren bizimodua eta egitura soziala.

Animalia bitxia

Izan ere, ezagutu zen lehen ugaztun eusoziala da sator biluzia eta, Cryptomys damarensis Damara satorrarekin batera, ezagutzen diren bakarrak dira. Eusozialismoa intsektuetan da ezaguna batez ere, inurri eta erleen artean.

Zer da, zehazki, eusozalismoa? Koloniak antolatzeko modu berezitua da non:

  • Kumeak modu kooperatiboan zaintzen diren.
  • Hainbat belaunaldi dauden kolonia berean.
  • Banaketa dagoen ugaltzen diren kideen eta ugaltzen ez diren kideen artean, kastetan.

Hortaz, erleen eta inurrien kasuan bezala, sator biluziak ere ugalketarako erregina bat eta bat, bi edota hiru ar dituzte kolonian. Gainerako kideak langileak ala soldaduak dira.

Lur azpian bizi da, zulatutako tuneletan, Etiopia, Kenya eta Somalian. Funtzionalki itsua da eta ezagutzen den odol hotzeko ugaztun bakarra. Teknikoki homeotermoa da, baina animalia ektotermoa da, Animalien Aferen artikulu honetan azaltzen duten moduan. Kanpoko faktoreen bidez doitzen du gorputz-tenperatura.

Minbiziari erresistentzia dio sator biluziak. Hori dela eta asko erabiltzen da eredu gisa minbizi ikerketan. Bi sator biluzitan minbizi kasuen berri eman zuten zientzialariek 2016an, hala ere, biak zoologikoetan jaiotakoak[1].

Zahartzea ikertzeko ere baliatzen da, izan ere, oso bizitza luzea du: 30 urtera arte bizi daiteke. Gainerako karraskariekin alderatuta, oso bizitza luzea da. Izan ere, arratoi beltza, bataz beste, bizpahiru urte bizi da eta txintxilla, karraskari adintsuenetarikoa, 10 urte (20 urte bizitzera hel badaiteke ere). Horren bizitza luzearen arrazoia zera da: hilkortasun ratioa ez da adinarekin handitzen[2].

Aurreko guztia gutxi balitz, oxigeno barik ere hainbat minutuz euts diezaioke bizitzari. Zehazki, 18 minutuz. Eta zelan egiten dute? Metabolismoa glukosatik fruktosara aldatuz[3].

Ugaztunik arraroena, benetan. Eta hori guztia duen itxura kontuan izan gabe.

Iturria:

Barker, A., et. al. (2021). Cultural transmission of vocal dialect in the naked mole-rat. Science 371(6528), 503-507. DOI: 10.1126/science.abc6588

Bibliografia:

[1]  Delaney, M. A., et. al. (2016). Initial case reports of cancer in naked mole-rats (Heterocephalus glaber). Veterinary Pathology, 53(3), 691–696. DOI: https://doi.org/10.1177/0300985816630796

[2] Ruby, J., Smith, M., & Buffenstein, R. (2018). Naked mole-rat mortality rates defy Gompertzian laws by not increasing with age. eLife 2018;7:e31157 DOI: 10.7554/eLife.31157. Kontsultatuta Apirilak 28, 2021.

[3] Park, T., Reznick, et. al. (2017). Fructose-driven glycolysis supports anoxia resistance in the naked mole-rat. Science 356 (6335). 307-311
DOI: 10.1126/science.aab3896

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

The post Ugaztunik arraroena… are konplexuago appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Konformistak edo asertiboak?

Al, 2021-05-03 09:00
Marta Bueno Saz

Askotan, ez dugu behar besteko konfiantzarik gure gaitasunetan. Gainerakoek guri buruz zer iritzi duten, halako balioa dugula uste dugu. Inoren aitorpenen eta onarpenen arabera ebaluatzen dugu geure burua. Gainera, ikus dezakegu bizi garen gizarteak ez duela behar beste balioesten ahalegina, talentua eta espiritu kritikoa ezagutzeko eta elikatzeko beharra.

Buruargiak direlako edo jakintza eta sormenarekin lotutako gaitasun bat dutelako nabarmentzen diren pertsonak jomugan daude, batik bat horrekin disfrutatzen dutela argi asko azaltzen dutenak. Hortaz, aurpegi txarrik nahi ez badugu, onena da oharkabean pasatzea, isilik egotea edo lorpenak disimulatzea. Kexen eta oinazeen, eta “hauxe daukagu” eta “orain hau tokatzen da” eta halako esaldien garai hauetan, ematen du zuhurrena ilusioak eta ezagutzak partekatzeko gogoa ezkutatzea dela.

konformismoa1. irudia: Zein da gure jokabidea talde baten barruan guztiak bat datozenean eta guk ez dugunean iritzi berdina? Hainbat ikerketen emaitzek erakutsi dute gehiengoak eragina duela gure portaeran, hau da, gutxiengoa den norbanakoan. (Argazkia: congerdesign – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Baina, zein da konformismoaren arrazoia? Emakumeengan eragin handiagoa dute gainerakoen iritziek? Denok bilatzen dugu berdin gainerakoen onarpena?

Solomonen sindromea

1951n, Solomon Asch psikologo estatubatuarrak ikusmen pertzepzioko proba bat egin zuen zenbait unibertsitate ikaslerekin. Hori esan zien behintzat 123 parte hartzaile gazteei. Berez, giza portaeraren alderdi sozialei buruzko esperimentu bat zen. Esperimentua oso sinplea zen: zazpi ikasle bildu zituen –Aschen konplizeak ziren proban–. Beste ikasle bat, zortzigarrena, gelara sartzen zen, gainerako kideak ere jarduera berean parte hartzen ari zirelakoan. Oftalmologo baten plantak eginez, Aschek txartel bat erakusten zien, non lerro zuzen bertikal bat marraztuta zeukan. Jarraian, lehen txartel horren ondoan, beste bat jartzen zuen; horrek hiru lerro bertikal zituen, luzera ezberdinekoak, eta hiruretako bat lehen txartelean marraztutakoaren berdin-berdina zen. Aschek parte hartzaileei eskatzen zien ozen esateko hiru lerroetako zein zen lehenaren berdina. Dena ondo pentsatuta zeukan benetako parte hartzailea beti azkena izan zedin parte hartzen, gainerako gezurretako zazpi parte hartzaileen iritzia entzun ondoren.

Erantzuna oso nabaria eta erraza zen; ia ez zegoen huts egiteko aukerarik. Eta Aschek aukeratutako zazpi ikasleek banan-banan esaten zuten erantzun oker berbera. Hemezortzi aldiz errepikatu zen ariketa esperimentuan parte hartu zuten 123 boluntarioetako bakoitzeko. Denei gauza bera eskatu zitzaien: ordena ezberdinean jarritako lau lerro bertikal berberak konparatzeko. Parte hartzaileen % 25ek baino ez zioten beren irizpideari eutsi galdetu zitzaien aldi guztietan; beren buruarekin fidatu ziren eta erantzun zuzena eman zuten. Gainerakoek gutxienez behin jarraitu zioten beste parte hartzaileen erantzun okerrari. Benetako parte hartzaileek aldien heren batean baino gehiagotan eman zuten okerreko erantzuna gehiengoaren kontra ez joateagatik. Esperimentua amaitu ondoren 123 ikasle boluntarioek onartu zutenez, bikain bereizten zuten zein zen lerro zuzena, baina ez zuten ozen esan, taldean nabarmentzeko beldur zirelako. Ondorioz, bada, uste dugun baino baldintzatuago gaude irizpide propio bati eusteko, gure irizpidea oso sendoa bada ere. Pertsona askorentzat, gehiengoak esaten duenak oso eragin boteretsua du bere portaeran. Ez ditugu libreki hartzen erabakiak, baldintzatzaile asko ditugu, eta eragin handia dute gugan estereotipoek, ziurtasunik ezak eta beldurrek.

2. irudia: Adostasuna neurtzen zuen Aschen esperimentuan erabilitako karta-pare bat. Ezkerreko kartak erreferentzia-lerroa du, eta eskuinekoak, berriz, konparatzeko hiru lerro. (Argazkia: Wikimedia – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Solomonen sindromea daukagu, taldean ez nabarmentzeko jarrerak hartzen ditugunean, esan dezakeguna baliagarria izan daitekeela jakin arren. Jarrera horretara iristeko, ezinbestekoa da norberaren buruari boikot egitea, harik eta pertsona grisak garela uste izateko profezia betetzen den arte. Helburua da nola edo hala taldekide gisa onartuak izatea. Horretarako, gutxiago izatearen edo norberarenaz bestelako iritzien mendeko izatearen jarrera hartzen da (sumisio jarrera bat); hau da, konformistek gainerakoen egoa zaintzen dute, ez dute haien ezjakintasuna azaltzen, desadostasunak eta tirabirak saihesteko.

Generoaren araberako konformismoa

Kolektibo jakin batzuetan pentsatzen ari gara? Entzun dugu inoiz emakumeengan eragin handiagoa dutela besteen kritikek? Horri buruzko azterlanak analizatuta, agertu agertzen da generoaren araberako desoreka hori, baina oso eztabaidagarriak dira esperimentuen kalitatea, erabilitako metodologia, testuinguruak, eta abar. Ikerketa berriagoetan baztertu egiten da emakumeengan besteen iritziak eragin handiagoa duten ideia hori. Aldagai askok esku hartzen dute jarrera konformistan, tartean, nork bere buruaz iritzi ona ez izatea eta ingurumen baldintzak; esaterako, taldearen osaera, aginpidea, onartua izatearen garrantzia, konpromiso indibiduala eta zaurgarritasun baldintzak.

Batzuetan, ez nabarmentzeko hartzen den estrategia inkontzientea da, eta automatizatua dagoela ematen du oso asertiboak ez diren pertsona askotan eta besteen erreakzioaren beldur direnetan. Espiritu kritikoz egindako autokontzientzia ariketa tresna ona da gutako bakoitzaren inertziak eta konformismoak aurkitzeko. Nolanahi ere, kontziente izatea ez da nahikoa asertiboak izateko; deigarriegi agertzearen beldur gara, are gure ekarpenak argudio onekin oinarritu ditzakegunean ere.

Askotan, mota horretako portaeren atzean, gure gizarteak aurrera egiteko dituen oztopo handienetako bat dago: inbidia. Erraz ulertzen da zer dela-eta geldiarazten duen sentimendu horrek aurrerapena edozein arlotan. Batetik, nabarmendu nahi ez dutenek, beren ekarpen onak geldiarazten dituztenek, beren gabeziei erreparatzen diete, bere akatsei, egiten ez dakiten horri edo ondo egiten ez duten horri, eta ondorioa argia da: hutseratu egiten dituzte beren pentsamenduak eta ilusioak, inbidiarik ez eragiteko. Autoestimu baxua sortzen du horrek eta, azkenean, akabo; itzali egiten da pertsona horien sormena. Bestalde, ekarpen posibleak, are ideia bikainak ere, esan gabe uzten dira, oso tolerantea ez den eta ezagutzen ez duenari iseka egiten dion inguru batek isilarazita.

konformismoa3. irudia: Edozein egoera publiko edo pribatutara erraz egokitzen denaren praktika da konformismoa. (Argazkia: Cole Stivers – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Solomonen konplexua gainditzeko lehen urratsa hau da: ulertzea zeinen zentzugabea den gainerakoen iritziak sortzen digun ondoeza. Arretaz pentsatzen badugu, ideia onak proposatzeari uzten diogu gutxi batzuek –ia beti beren ezjakintasunak sortzen dien egonezinak bultzatuta– beren gabeziak konpentsatzeko guri buruz esan dezaketenaz beldur garelako.

Senak esaten digu jarrera hori oso garrantzitsua dela ikasgeletan. Hezitzaileak oso erne egon behar dugu autoestimu baxua duten ikasleek disimulu taktika horiek baliatzen dituztenean. Haurrei, nerabeei eta gazteei adierazi behar diegu beren ekarpena beti ongi hartzen dela. Irakasleak ikasgelan ekarpenak egiten dituenari eskuzabaltasuna aitortu behar dio, baina ona litzateke, halaber, gainerako kideek ere jakitea zeinen interesgarria den beste ikasle batek ekarritako ikuspuntua izatea. Beti da ona norbera nabarmentzea norberak zer pentsatzen duen, zintzotasunez, taldeari jakinarazteko denean. Parte hartzeko parada horiek aprobetxa ditzakegu, kide batek ikasi duena partekatzeko egiten duen ahalegina balioesteko, eta are espantu egin gabe hitzez adieraz dezakegu, inoiz aipatu gabe gainerakoek zer ez dakiten edo zer landu ez duten.

Ikasle askok eskolako arrakasta gainerako kideek haiek baztertzearekin lotzen dute, eta hori aintzat hartzeko beste puntu bat da. Nota onak izatea edo onartuak izatea: bata balantzaren alde batean eta bestea bestean. Eragin handia dute haiengan burlek eta inbidiek, eta ez parte hartzera eramaten dituzte, ekarpen baliagarria badute ere. Hori saihesteko, kideen arteko loturak indartu egin beharko dira ikasgelan, eta giro ireki eta tolerante bat sortu.

Pentsa neska-mutil lotsatiak eta zailtasun edo behar bereziren bat duten ikasleetan; aukera gehiagotan pentsa dezakegu, adibidez, irizpide propioari eusteko zailtasunak dituzten kolektiboetan. Halaber, egoera jakin batzuetan ia ezinezkoa da asertiboa izatea. Konformismoak –bai inkontzientea bada, bai estrategia bat bada– pentsamendu propioak, erabakiak eta portaerak aldatzea eskatzen du, zertarako eta gehiengoaren iritziarekin bat etortzeko. Konformismoak gizarte baten aurrerapena geldiarazten du, hobetzeko aukerak galtzen baititu. Konformismoak konformisten zoriontasuna apaltzen du, eta bai gizonen, bai emakumeen autoestimua, indibidualtasuna eta konpromiso pertsonala arriskuan jarri.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Asch, S.E. (1951). Effects of group pressure on the modification and distortion of judgments. H. Guetzkow (ed.)-tan, Groups, leadership and men (orr. 177–190).  Lancaster, Erresuma Batua: Carnegie Press.
  • Maupin, H.E., Fisher, R. J. (1989). The effects of superior female performance and sex-role orientation on gender conformity. Canadian Journal of Behavioural Science / Revue canadienne des sciences du comportement, 21 (1), 55-69. DOI: 10.1037/h0079777
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko urtarrilaren 26an: “¿Conformistas o asertivas?“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Konformistak edo asertiboak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #348

Ig, 2021-05-02 09:00
Uxune Martinez

DNA

Fisika

Oinarrizko partikulak dira muoiak eta 2001ean esperimentu batek iradoki zuen muoiaren propietate batek ez zuela jarraitzen eredu estandarrean adierazitakoa. Ildo horri tiraka esperimentuak abiatu zituzten Fermilaben, energia altuko fisikaren laborategian. Fermilabeko azeleragailuak muoi asko sortzen ditu eta zehaztasun handiz neurtzen du partikulen elkarreragina eremu magnetiko batekin. Bertan egindako esperimentu batek 2001eko emaitza berretsi du. Horrek esan nahi du eredu estandarrean kontuan hartzen ez diren partikula edo indar berriak egon daitezkeela eta ondorioz, behar bada fisikako legeak berrikusi beharko direla. Guillermo Roak ematen ditu zehaztasunak Elhuyar aldizkarian: Muoiak: fisikaren eredu estandarra, kolokan?

Neurozientzia

Irakurketa eta haren garapena haurtzarotik nerabezarora ezagutzeko asmoz, 2019ko irailean, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak Dysthal proiektua jarri zuen martxan. Proiektu honetan, 9 eta 16 urte bitarteko 900 haur elebidunek hartu dute parte eta helburua, besteak beste, garuneko zirkuituek irakurketari eta haren aldaketei nola eusten dieten ikustea da. Berrian eman ditu egitasmoaren nondik norakoak Jakes Goikoetxea kazetariak: Hitzak irakurtzetik garuna irakurtzera.

Biologia

Kameleoien ezaugarrietako bat da kamuflatzeko gaitasuna. Hala ere, animalia honek badu beste trikimailu bitxi bat, mihiaren proiekzio balistikoa. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen du Zientzia Kaieran, gorputzaren luzeraren bikoitza izan dezaken mihia duten arren, kameleoiak oso azkar jaurtitzen du mihia, 0’07 segundotan luza baitezake (400 ms-2-ko azelerazioa).

Ingurumena

Itsas ekosistemen osasuna aztertzen dute Miren Cajaraville eta Manu Soto ikertzaileek. Plentziako Itsas Estazioan dihardute lanean eta itsasoan pilatzen diren material toxikoen eragina aztertzen dute. Asteon Eli Pagolak elkarrizketatu ditu Naiz irratian eta solasaldia irakurgai bihurtu dute “Zilarrezko nanomaterialak toxikoenak dira organismo urtarrentzako“. Mikroplastikoak, disolbatzen ez diren metalen partikula ñimiñoak, medikamentuen arrastoak, … gure ekosistema kaltetzen duten tamaina txikiko zatikiak dira eta horien artean, zilarrezkoak genotoxikoak dira. Zeluletan dagoen material genetikoa, DNA eraldatzeko gai baitira.

Medikuntza

Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak Pfizer-BioNTech konpainiak nerabeekin egindako entsegu baten emaitzak ekarri dizkiagu. COVID-19aren aurkako txertoa ipini diete 12 eta 15 urte bitarteko parte-hartzaileei eta entseguaren emaitzak positiboak izan direla jakinarazi dute. Txertoak %100 eraginkortasuna erakutsi omen du nerabeen artean eta baita antigorputzen bidezko erantzun sendoa ere: COVID-19aren txertoak, adin txikikoentzat.

Astrozitoak nerbio-sistema zentralean dauden zelulak dira, besteak beste, garunean eta bizkarrezur-muinean aurki daitezke. Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Paula Ramos ikertzaileak Parkinsonen gaixotasunaren aldaera genetiko arruntenaren ondorioz, garuneko astrozitoetan gertatzen den atrofia identifikatu du. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian: Parkinsona duten pertsonetan garuneko zelulen atrofia gertatzen dela ikusi dute.

Genetika

2003. urteaz geroztik, XX. mendeko aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako bat da gogoratzen dugu apirilean: azido desoxirribonukleikoaren (DNA) helize bikoitzeko egituraren aurkikuntza. DNAren Eguna da, 1953ko apirilaren 25ean Nature aldizkarian “Molecular Structure of Nucleic Acids: A Structure for Deoxyribose Nucleic Acid” artikulua argitaratu zelako. Nazioarteko egunaren harira Koldo Garcia genetistak galdetu du, baina… beharrezkoa al da DNAren eguna? Kontuan izanik Koldok dioena, biziaren oinarria DNAn dagoela, zelan ez dugu ba ospatuko horrelako gauza bat?

DNAren Egunari so egiteaz gain, Koldo Garciak beste auzi garrantzitsu bat ekarri du begi-bistara. Ikerketa genetikoak aurrerapauso handiak eman ditu. Esaterako, baldintza jakin batzuei lotutako hainbat aldagai genetikoen aztarnak lortzen ari dira ikertzaileak. Baina aurrerapen horietako askok talde bakar bati egin diote mesede: sustrai europarrak dituztenei. Bestela esanda, zuriei. Nola konpontzen dugu hori? DNA datu-base anitz eta osoagoak lortuz. “Informazioa guztia Gizakion gene-informazioari koloreak falta zaizkio” artikuluan.

Osasuna

Oso garrantzitsua da eserita, lanean edo telebista ikusten denbora gehiegi ez pasatzea, eta ahalik eta aktiboenak izatea. Jarduera fisiko gehiegirik egiterik ez badugu, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gogoratu digu ematen ditugun pauso guztiek onurak ekartzen dituztela. Zihara Jainaga kazetariak erreparatu dio gomendioari eta “Milaka pauso osasuntsu egoteko” artikuluan OMEk emandako kopuru biribil bat eman digu: 10.000 pauso. Izan ere, pauso kopuru hori egin beharko genuke egunero osasuntsu mantentzeko.

Ingeniaritza

Minbizia detektatzeko metodo berri bat garatu du Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Idoia Ochoa ikertzaileak. “Moss” du izena eta maiztasun txikiko nukleotido (SNV) bakar baten aldaera somatikoak identifikatzeko metodo bat da. Honi esker, tumorean dauden mutazio multzoen informazio osoagoa lor daiteke eta, ondorioz, diagnostiko goiztiarrak egiteko edo tratamendu pertsonalizatu egokiak gauzatzeko oso lagungarri izan daiteke. Elhuyar aldizkarian Aitziber Ruiz de Arkauteren eskutik: Tumoreetako mutazio txikienak detektatzeko gai den metodoa aurkeztu dute.

Paleontologia

Nazioarteko ikerketa-talde batek, UPV/EHUk partaidetza duenak, neandertalen DNA nuklearra erauzi du sedimentuetatik abiatuta. Siberiako bi haitzulotako eta Atapuerca mendilerroko Haitzulo Nagusian dagoen Estatuen Galeriako laginetatik lortutakoak izan dira eta honi esker, etorkizunean ez da beharrezkoa izango giza fosilik historiaurreko haitzulo bateko biztanleak identifikatzeko. Iban Azparren kazetariak eman ditu datu gehiago Naiz.info-n: “DNA nuklearra, eboluzioa ikertzeko giltza” eta Jakes Goikoetxeak, Berrian: “Lurrak gordetako DNA“.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #348 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #350

La, 2021-05-01 09:00

Arrisku sozial garrantzitsuak dituzte jatorria ezagutzeko azterketa genetikoek. Anna Källén eta Daniel Strand analisia egiten dute bikingoak adibide hartuta. Viking DNA and the pitfalls of genetic ancestry tests

Zer gertatzen da garunean burua saihetsetik ateratzen denean? Zer garrantzia du honek garuna bera zelan funtzionatzen duen eta kontzientzia zer den jakiteko? JR Alonsok azaltzen du: Mind wandering around the hills of Úbeda

Ekuazio kimikoa idatzi eta kuartzoa zelan disolbatzen den dakizula uste duzu. DIPCkoek loturaz lotura azaltzen dute: How quartz dissolves, bond-by-bond

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #350 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Basilio Sierra: “Ikasketa Automatikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko ereduak sor ditzake” #Zientzialari (152)

Or, 2021-04-30 09:00

Adimen artifizialak estatistikak ematen dituen datuak aztertuz, zientziaren hainbat arlotan aplika daitezkeen paradigmak eskaintzen ditu. Robotikaren arloan, robot sozialen ikerketak aipatzekoak dira, izan ere, haien prosodia, autonomia, harremanetarako gaitasunak eta naturaltasunaren azterketak, Ikasketa Automatikoaren barnean kokatzen dira.

Ikasketa Automatikoak arlo jakin bateko datuak ikertu eta portaera eredu bat eratzeko aukera ematen du, hau da, sailkatzaile bat sortzen du hurrengo urratsetarako oinarritzat hartuko dena. Automobil autogidatuek eta minbizia diagnostikatzeko probek, besteak beste, Ikasketa Automatikoen teknikak erabiltzen dituzte. Bestalde, ingurumenari dagokionez, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko ahaleginak egiten dituzte industrietan eta hirietan kontsumo maila hoberena lortzeko.

Basilio Sierra, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Katedraduna eta RSAIT taldeko buruarekin elkartu gara, Ikasketa Automatikoak eta adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerei buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Basilio Sierra: “Ikasketa Automatikoak minbizia diagnostikatzeko eta tratatzeko ereduak sor ditzake” #Zientzialari (152) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak