Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 41 min

Kuantuez (eta III)

Og, 2021-04-29 09:00
César Tomé

1920ko hamarkadaren lehen urteetako problematika garrantzitsuek azalpena behar zuten. Horiei erantzuna emango zien kuantuen mekanika argigarri berrira iristeko bidean bide-erakusle izan zen Niels Bohr fisikariaren korrespondentzia-printzipioa. 1913an eskema moduan adierazi zuen, eta behin eta berriro findu, harik eta, 1918an, azkenik, gutxi gorabehera behin-betikoa behar zuen itxura hartu zuen arte. Printzipioaren arabera, egoera geldikorren arteko jauzi kuantikoetan igorririko zein xurgaturiko erradiazio-maiztasunak, zeinek ez zioten elektrodinamika klasikoari jarraitzen, azkenean bat egiten dute teoria klasikoaren bitartez kalkulatzen direnekin, betiere mugan daudenean, alegia, egoera geldikorrek oso zenbaki kuantiko handiak dituztenean eta elkarrengandik oso gutxi bereizten direnean.

Hendrik Kramers fisikaria, Bohren laguntzailea, lehenengoetarikoa izan zen printzipioa erabiltzen; izan ere, oso era burutsuan aplikatu zion atomo sinpleek igorririko argiaren intentsitate- eta polarizazio-kalkuluari.

Kramers berak nahiz Werner Heisenberg fisikari teorikoak ideia hau argiaren sakabanatzea azaltzeko ere erabili zuten, eta metodoak garatu zituzten egoera geldikor bakan batekin zerikusia zuten kopuru klasikoak bi egoerak edo gehiagok parte hartzen zuten kopuru kuantikoetara itzultzeko.

mekanika kuantikoaIrudia: Schrödingerren katuaren paradoxa edo esperimentua erabili zuen fisikariak mekanika kuantikoan sortzen diren interpretazio gainjarriak azaltzeko. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Max Born fisikariak −Werner Heisenbergen irakaslea Göttingeneko Unibertsitatean− 1924an adierazi zuen «mekanika kuantiko» oso bat behar zela kalkuluetan aldagai kuantikoak zuzenean erabili ahal izateko. Urtebete baino gutxiagoren buruan, Heisenbergek halako bat proposatu zuen, hiru oinarri zituena ardatz.

  • Lehena: Bohren korrespondentzia-printzipioari jarraitzea, hots, teoriak mugan emaitza klasikoak eman behar zituen.
  • Bigarrena: aintzat hartzea «teoria kuantiko zaharraren» arazoen jatorrian zinematikaren haustura zegoela, horixe baitzen dinamika klasikoaren oinarria.
  • Hirugarrena: teoria aldagai behagarrien arteko hartu-emanetara mugatzea.

Bornek, Heisenbergek, eta lehenengoaren ikasle Pascual Jordanek laster garatu zuten Heisenbergen mekanika kuantikoa, formalismo matematiko finagoaz jantzita. Teoria itxia eraiki zuten, eta, harrigarriro, mekanika klasikoaren antza zuen hainbat alderditan, baina fenomeno kuantikoak egoki azaltzeko gai zen. Lan horrek teoria kuantiko sendo baten oinarriak eskaini zituen, baina, horren truke, uko egin behar izan zion kalkulatzen zituen prozesuen irudi fisiko, begi-bistako bat emateko aukerari.

Horregatik ulertzen da Planckek, Einsteinek eta Lorentzek hartu zuten lasaitua, 1926an Erwin Schrödinger, guztiz bestelako ibilbidean aurrera egin ostean, hasi zenean uhin-mekanika delakoaz argitaratzen. Zirudienez, Heisenbergen formulazioaren ezohiko ezaugarriak alde batera uzten zituen (besteak beste, matrize-kalkulua) eta oinarri tradizionalagoak erabiltzen zituen, baita kalkulu arrunt eta errazagoak ere: aldakuntza-printzipioak, ekuazio diferentzialak eta uhinen propietateak.

Schrödingerrek jaramon egin zien Louis de Broglie eta Einsteinen hainbat ideia eta iradokizuni. Einsteinek partikulen ezaugarriak ikusi zituen uhin-erradiazioan, eta de Brogliek ikuspegi horren osagarria argitaratu zuen: materia diskretua uhin-propietatez hornitzea.

Irudimenez betetako zenbait analogia eginez eta erlatibitatearen printzipioari jarraituz, de Brogliek honela lotu zituen v maiztasun-uhina eta λ uhin-luzera p momentu-partikularekin eta E energiarekin: ν = E/h, 1/λ = p/h. Modu horretan, erradiazioaren uhin-korpuskulu bitasuna materiara zabaldu zuen.

1927ko bi esperimentuk, bata George P. Thomsonek Erresuma Batuan egina eta bestea Clinton Davissonek eta Lester Germerek AEBn, difrakzio-patroiak antzeman zituzten elektroi-sorta batean; hala, de Broglieren hipotesia berretsi zuten.

Uhin-luzera ezagututa, Schrödinger gauza izan zen Ψ anplitudedun uhin baterako ekuazio diferentzial egokia topatzeko. Schrödingerrek Ψ funtzioa uhin-material erreal baten deskribapen moduan hartzen zuen, eta elektroia ez zeukan partikulatzat, baizik eta kargaren banaketa gisa, zeinaren dentsitatea uhin-funtzioaren karratu kalkuluak ematen baitzuen.

1926ko ekaineko artikulu labur batean, Bornek Schrödingerren ikuspuntua arbuiatu zuen, eta Ψ probabilitatean oinarrituz interpretatzea proposatu zuen: Ψ(x,t) uhin-funtzioak elektroia aurkitzeko probabilitatea erabakitzen zuen x posizioan eta t denboran.

Gauzak horrela, 1926an fisikari ugarik erakutsi zuen bai Born, Heisenberg eta Jordanen «matrize-mekanikak», bai Schrödingerren «uhin-mekanikak», biek ala biek eskaintzen zituztela emaitza numeriko berdinak.

Mekanika kuantiko izenez egin ziren biak batera ezagun, baina praktikan uhin-forma erabili ohi da, errazagoa baita matematika aldetik. Mekanika klasikoa ez bezala, zeinek ez baitu eskalarik eta edozein domeinu fisikotan aplika baitaiteke, mekanika kuantikoak adierazten zuen mundu fisikoa hierarkiaz osatua dela: zenbait konstante fisikoren eraginez, geruzatan banatu behar da unibertsoa, ulertu ahal izateko. P.A.M. Diracek bere Principles of Quantum Mechanics  monografikoaren lehen edizioan –mekanika kuantikoaren printzipioak laburtzen eta argitzen dituen lan hori gairako erreferentzia nagusi izan da gaurdaino– esango zuen (1930) Plancken konstantearen bidez mundua alor makroskopiko eta mikroskopikoan bereiz daitekeela.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

Kuantuei buruz idatzitako artikulu-sorta:

The post Kuantuez (eta III) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kameleoien mihiaren proiekzio balistikoa

Az, 2021-04-28 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Tenperaturak eragin handia izan dezake animalien jardueran. Erreakzio kimikoen abiadura tenperaturaren men dago, honen araberakoa da; beraz, erreakzio kimikoetan oinarritutako funtzio guztiak tenperaturaren araberakoak dira; hori gertatzen da muskulu-uzkurdurarekin edo hesteetako mantenugaien xurgapenarekin, adibidez. Horregatik, tenperatura baxuek animalia poikilotermoen mugimendu ahalmena mugatu dezakete, eta horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake. Esaterako, harrapakin bat harrapatzeko mugimenduren bat egin behar da, eta gauza bera esan daiteke harrapari batetik ihes egitea tokatzen denean.

Ondorio hain garrantzitsuak izan ditzakeen kontua izanik, animalia poikilotermo askok mekanismo eraginkorrak garatu dituzte, neurri batean behintzat, jardueraren dependentzia termikoa neutralizatzeko. Hau da, lortu dute metabolismoa eta baita haren jarduera-maila orokorrak tenperaturaren mende egotea, espero zitekeena baino gradu bat gutxiagoan, efektu termikoa inplikatutako erreakzio kimikoetan eragin zinetiko zuzena soilik balitz bezala. Ahalmen horri esker, espezieen nitxo ekologikoa, gaitasun hori gabe izan zitekeena baino handixeagoa izan daiteke. Eta hau oso garrantzitsua da lehorreko animalietan; izan ere, uretako inguruneetan, eta batez ere itsasoan, aldaketa termikoak ez dira hain handiak izaten, eta, ia beti, askoz ere gradualagoak dira.

proiekzio balistikoaIrudia: Chamaeleo zeylanicus. (Ilustrazioa: María Lezana)

Animalia askok duten mendekotasun termikoa arintzeko gaitasunaz gain, badira “tirania” termiko horren ondorioak konpentsatzeko beste taktika batzuk garatu dituzten espezieak ere. Taktika horietako bat ikusiko dugu jarraian, esan liteke kameleoiek garatu duten trikimailu bat dela.

Kameleoiak, narrasti bizidun guztiak bezala, poikilotermoak dira baina nitxo ekologiko oso zabala dute, batez ere, elkarren antz handia duten muskerrekin konparatzen baditugu. Kameleoiak “eseri-eta-itxaron” (sit-and-wait) modalitateko harrapariak dira. Kameleoiak mugimendu motelekoak dira, eta oso kriptikoak, oso ondo ezkutatzen baitira. Ahalmen horri esker, harrapakin potentzialak ez dira konturatzen haien presentziaz. Gainera, oso ehiza-prozedura berezia erabiltzen dute: mihiaren proiekzio balistikoa. Seguru asko, denok ditugu gogoan kameleoi baten mihiaren proiekzioren baten irudiak, telebistako dokumentaletan oso ohikoak baitira irudiok. Kameleoiek abiadura handian proiektatzen dute mihia, nahiz eta honen luzera gorputzekoa halako bi izatera irits daitekeen. Izan ere, kameleoiak 0’07 segundoan luza dezake mihia (400 m s-2-ko azelerazioan). Mihian substantzia itsasgarri bat dute eta bertan harrapatutako intsektuak itsatsita geratzen dira. Hori da, hitz gutxitan, ehiza-metodoa.

Aurrerago esan bezala, kameleoiek nitxo ekologiko oso zabala dute, tenperatura-tarte zabal batean ehizatzeko gai baitira. Gaitasun hori mihiaren mugimenduaren ezaugarriari zor zaio. Izan ere, kameleoiaren mihiaren mugimendua ez da muskulu-mugimendua, kolagenozko osagai elastikoak hedapenaren ondorioa baizik. Dirudienez, muskulu-jardueraren zeregina da mihia batzea —hau da, biribiltzea eta tenkatzea—. Mihia batuta dagoenean, osagai elastikoak uzkurtuta daude, eta, harrapakin baterantz proiektatzean, mihia batzerakoan sortutako tentsioa askatzen da. Neurri batean, balezta baten funtzionamenduaren antzekoa da. Balezta muntatzearen antzekoa da mihia biltzea; bi kasuetan lan bat egin behar da. Eta, behin muntatuta dagoenean, norberak nahi duenean askatzea besterik ez dago. Mihiak, ondorio guztietarako, jaurtigai gisa funtzionatzen du.

Mekanismo honen erabilerari esker, mihiaren proiekzioak tenperaturarekiko dependentzia gutxi du: 10 °C-ko jaitsierak mihiaren proiekzio abiadura eta potentzia %10 eta %20 bitartean murriztea baino ez du eragiten. Aldiz, mugimendu hori muskulu-uzkurduran oinarritu izan balitz, jaitsiera termiko berberak %40tik gorako murrizketa eragingo lukeen, mihiaren proiekzio abiaduran eta baita potentzian. Hau da, tenperatura baxuek ez dute gehiegi murrizten proiekzio abiadura, baina bai ondorengo biltze abiadura. Baina, noski, intsektuak harrapatzeko gakoa ez da mihia azkar biribiltzea, abiadura handian botatzea baizik.

Mekanismo bitxia eta erabilgarria da kameleoien mihiaren proiekzio balistikoa. Horri esker, tenperatura desberdineko hainbat lekutan bizi daitezke, eta, gainera, goizean goiz hasita ehizan ibili daitezke toki hotzetan. Eta hori berori, hotza dela eta, ezinezkoa zaie beste narrasti batzuei. Bagenekien kameleoien kamuflaje-gaitasuna egokitzapen baliotsua dela. Baina artikulu honetan deskribatutako mekanismoa, mihiaren proiekzio balistikoa (mizto jaurtigaia), oso baliotsua da, lehiarako abantaila baita.

Erreferentzia bibliografikoa:

Anderson, Christopher V., Deban, Stephen M. (2010). Balistic tongue projection in chamaleons maintains high performance at low temperature. PNAS, 107 (12), 5495-5499. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.0910778107

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Kameleoien mihiaren proiekzio balistikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gizakion gene-informazioari koloreak falta zaizkio

Ar, 2021-04-27 09:00
Koldo Garcia

Giza genomaren sekuentzia eskuratu zenetik 20 urte pasa dira. Gizateriarentzat mugarri handia izan zen eta abagunea eman zuen genetikaren ikerkuntzari sekulako bultzada emateko. Behin gure gene-informazioaren liburua eskuetan izanda, haren erabilerek mugagabeak ziruditen eta promesik handiena izan zen gaixotasunak inoiz ez bezala ezagutzeko aukera emango zuela. Baina giza talde guztiek ez dituzte gene-informazioaren onurak modu berean jaso.

20 urte hauetan zehar, pixkanaka, hainbat gaixotasunen gene-oinarria aztertu da eta argitu da ehundaka gene-aldaerak gaixotasunetan duten eragina. Gene-informazioa biltzeari esker garatu da medikuntza pertsonalizatuaren kontzeptua. Haren helburua da, pertsona baten gene-informazioan oinarrituta, aztertzea gaixotasunak garatzeko duen probabilitatea eta ahalbidetzea gaixotasunen aurrean tratamendurik eraginkorrena aukeratu ahal izatea. Baina estrategia hori, batez ere, europar jatorriko populazioetan garatu da, gainontzeko populazioak onura horietatik kanpo utzita. Azter dezagun zerk egin duen huts.

koloreak1. irudia: Giza genomari dibertsitatea falta zaio. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gizaki guztion gene-informazioa ia berdina da: bi pertsonaren arteko ezberdintasuna genoma osoaren %0,1koa da asko jota. Ezberdintasun horiek –gene-informazioaren aldaerak, mutazioak, txertatutako edo ezabatutako sekuentzia-zatiak– dira ikusten ditugun ezaugarrien aniztasunaren oinarri, osasunaren eta gaixotasunen gene-oinarriak barne. Hortaz, zentzuzkoa dirudi erreferentzia den giza genoma bat edukitzea.

Erreferentzia izango zen giza genoma sekuentziatzeko 60 pertsona ingururen DNA erabili zen. Genoma horren %70en jatorria pertsona batean egon zen, zeinaren gurasoek europar eta afrikar jatorria zuten. Beste 10 pertsonaren gene-informazioa genomaren %23 osatzeko erabili zen; haien artean, europar jatorriko zazpi pertsona eta Asia Ekialdeko pertsona bat. Genomaren gainontzeko %7 eskuratu zen 50 pertsonaren DNAtik, horietako askoren jatorria ezezaguna zelarik. Hitz gutxitan esanda, erreferentzia den giza genoma oso zuria da.

Gainera, aldakorra den %0,1 hori aztertu denean jakiteko gaixotasunetan duen eragina, batez ere europar jatorria zuten pertsonetan egin ziren ikerketak. Gero eta giza populazio gehiago aztertzen badira ere, populazio horien proportzioa motel doa handitzen: 2009. urtean halako azterketak egin zituzten ikerketetan parte-hartzaileen %96 europar jatorrizkoak izan ziren; 2016. urtean, %81. Hau da, gene-aldaeren eta gaixotasunen arteko harremanari buruzko informazioa ere oso zuria da.

koloreak2. irudia: Gene-ikerketetan aniztasuna bermatu behar da. (Argazkia: truthseeker08 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ezaugarri eta gaixotasun batzuetan eragina du jatorriak. Giza populazio batek izango ditu jatorrizko bizi-tokian ingurunera hobeto moldatzea ahalbidetzen dioten gene-aldaerak. Hortaz, ezaugarri edo gaixotasunen batean gene-aldaera horiek parte hartzen badute, giza populazioaren arabera ezberdina izango da gene-aldaera horren eragina. Adibidez, esklaboen ondorengo afro-amerikarrek giltzurruneko gaixotasun gehiago dituzte, odol-presio altuagoa eta bularreko eta prostatako minbizi jakin batzuetatik gehiago hiltzen dira baina osteoporosi gutxiago pairatzen dute. Bada, gakoa TRPV6 genean egon liteke, zelulek kaltzioa xurgatzea errazten duen gene batean, hain zuzen ere. Afrikako Mendebaldeko Niger-Congo hiztunek –esklaboak bahitu zituzten ingurua, hain zuzen ere– beren dietan kaltzioa hartzeko aukera gutxi dute eta hautespen naturalak bultzatutako gene-alderen ondorioz, kaltzioa modu eraginkorragoan hartzea posible egiten duen TRPV6 genearen aldera bat dute. Egun, beren ondorengoek oso xurgatzailea den gene horren aldaera dute, eta dietan kaltzio nahikoa hartzen dutenez, kaltzio gehiegi ari dira xurgatzen. Gainera, emakume zuriei bezala kaltzio gehiago hartzeko gomendioa emakume hauei ere egiten bazaie, kaltzio gehiegi hartuko dute. Horrek guztiak azal lezake giza populazio horrek dituen osasun arazoen zati bat.

Hala ere, giza populazioa edo etnia oinarri gisa hartzea kalterako izan daiteke. Bihotzekoak edo garun-isuriak ekiditeko erabiltzen den clopidogrel konposatua modu inaktiboan hartzen da, eta gibelean aktibo egiten du CYP2C19 geneak. Baina gene horren aldaera batzuek ez dute gaitasun aktibatzaile hori eta, ondorioz, botika hartzen bada ere, ez du eraginik. Halako aldaerak ohikoagoak dira Asiako eta Pazifikoko irletako pertsonetan afrikar edo europar jatorriko pertsonetan baino. Baina irla guztietan ez da berdin banatzen: Melanesian eraginkorrak ez diren aldaerak hedatuagoak daude –batez ere Vanuatun– Polinesian baino. Hortaz, giza populazioa ez litzateke nahikoa izango halako aurreikuspen bat egiteko, eta pertsona bakoitzean CYP2C19 genearen zein aldaera duen ebatzi beharko litzateke tratamendu eraginkor bat bermatzeko.

koloreak3. irudia: Gene-ikerketen onurak gizaki guztiontzat izan beharko lirateke. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hortaz, nola berma daiteke giza genomari buruz dugun informazioa giza populazioen dibertsitatea islatzea? Pentsa dezakegu hainbat giza populazioren genomak sekuentziatuz gero egon daitekeen dibertsitatea harrapa daitekeela. Baina ikertzaileek iradokitzen dute Afrikako populazioak sekuentziatuta dibertsitate gehiago eskura daitekeela, bertan baitago gene-dibertsitaterik handiena. Adibidez, Afrikako 50 giza populazio ordezkatzen zituzten 426 pertsonaren genomak sekuentziatu ostean aurkitu zituzten ezezagunak ziren hiru milioi gene-aldaera. Gainera, Afrikako giza taldeak oso askotarikoak dira haien artean. Adibidez, Nigeriako Berom etnia –2 milioi pertsonak osotzen duten etnia, hain zuzen ere– Afrikako Ekialdeko giza taldeetatik gertuago dago inguruko giza taldeetatik baino. Izan ere, Nigeriako Yoruba etnia erabili ohi da gene-ikerkuntza askotan Afrikako ordezkari bezala eta, argi dago, talde hori ez da nahikoa ezta Nigeriako dibertsitatea ordezkatzeko ere. Aurreko guztia dela eta, 3 milioi genoma afrikar egitasmoa abiatu dute, Afrikako populazioen genomen informazio zehatza lortzeko eta giza genomaren dibertsitatea handitzeko.

Hala ere, gene-dibertsitatea aztertzeak kezkak ere sortzen ditu, batez ere diskriminazioarekin lotutakoak. Nolabait, genomaren %0,1 diren gene-aldaera horiek erabiltzea giza populazioen arteko arrakalak handitzeko, giza populazioak iraintzeko eta populazio horietan estigmak sortzeko. Giza populazioetan dauden gene-aldaerak beren historia ebolutiboaren ondorio badira ere, ingurune jakinetara moldatzearen ondorio badira ere, gene-informazio hori onerako edo kalterako erabili daiteke. Zientzian gertatzen den edozein aurkikuntzarekin bezala. Hortaz, ikertzaileok buruan izan behar ditugu iraganean gertatu diren diskriminazioak gene-informazioaren bilketa etikoa izan dadin eta haren onurak giza populazio guztietara hel daitezen. Gertatu diren diskriminazioen ondorioz eta balizko onura horiek jaso ez dituztenez, giza talde batzuek erabaki dezakete genomak ikertzeko egitasmoetatik kanpo gelditzea eta halako ikerketetan ez parte hartzea. Izan ere, giza talde askok pairatzen dituzten osasun-desberdintasunek lotura gehiago dute azpiegitura faltarekin eta osasun zerbitzuak jasotzeko zailtasunekin gene-informazioa ez edukitzarekin baino.

Ulertzekoa denez, pertsona horientzat lehentasun handiagoa du zerbitzu horiek jasotzeak gene-ikerketetan parte hartzeak baino. Gainera, talde txikien kasuan, gene-ikerketetan parte hartzea erabaki indibiduala baino, komunitatearen erabakia izatea proposatzen dute ikertzaile batzuek. Azken finean, talde guztiaren gene-informazioa ia guztia lor daiteke pertsona bakar batekin. Gainera, aipatu bezala, talde hauetan esperimentatu bada ere –askotan modu ez oso etikoan–, bakarrik zuriek jaso dituzte onura medikoak. Agian, gene-ikerketaren onurak giza talde gehiagotara zabalduz mesfidantza eta erresistentzia hauek gaindituko lirateke. Hau da, zientzia arduratsua eginda, zientzia hobeagoa egitea erdietsiko litzateke.

Laburbilduz, giza genomari eta gizakioi buruz dagoen gene-informazioa oso zuria da, koloreak eta ñabardurak falta zaizkio. Batetik, egin diren ikerketak europar jatorriko populazio handien onurarako egin direlako; bestetik, giza populazio asko mesfidati direlako diskriminazioa jasan izateagatik. Hortaz, gene-informazioa aztertzea zientzia-auzi bat baino gehiago da, haren erabilera eta onurak giza populazio guztietara heltzea denon ekarpena eskatzen duen auzia baita.

Iturria:

Hesman, Tina (2021). DNA databases are too white, so genetics doesn’t help everyone. How do we fix that? Science News. 2021eko martxoaren 4a.

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Gizakion gene-informazioari koloreak falta zaizkio appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hezkuntza moden joan-etorriak (eta II)

Al, 2021-04-26 09:00
Marta Ferrero

Hezkuntza moden joan-etorriak (I) artikuluan moda hauen testuinguruan murgildu ginen. Jakin badakigu, honezkero, hezkuntza modak beti egon direla eta hauek, ez direla baliozko teorietan oinarritzen. Izan ere, haien eraginkortasuna ez dago azterlan zientifikoen bidez frogatuta. Beraz, zelan atzeman oinarririk gabeko proposamen metodologiko hauek?

hezkuntza modakIrudia: Ez dira nahasi behar hezkuntzaren berrikuntza eta hezkuntza modak, baina nola bereizi? Estatu Batuetako Emory Unibertsitateko ikertzaileek, zientzia eta pentsamendu zientifikoa oinarri hartuta, hezkuntza modak atzemateko 10 irizpide landu zituzten 2012an. (Argazkia: Лариса Мозговая
– Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gure gizarteak eskura dauden frogarik onenetan oinarritutako hezkuntza nahi badu, eta ez joan-etorrian dauden hezkuntza modak, funtsezkoa da hezkuntza komunitateko eragile guztien kultura zientifikoa hobetzea. Hori gertatu arte, hona hemen irakasleek eraginkortasunari buruzko baliozko frogarik ez duten hezkuntza jardunbideak atzemateko erabil ditzaketen hamar alerta seinale (Lilienfeld, Ammirati & David, 2012):

1.- Faltsugarritasun falta eta ad hoc hipotesien gehiegizko erabilera

Faltsugarritasuna teoria bat ebidentziaren laguntzaz ezeztatzeko gaitasuna da. Teoria bat eztabaidaezin bihurtzeko modu bat ad hoc hipotesiak erabiltzea da. Hau da, fenomeno jakin bati buruzko hipotesi berriak aipatzea, teoriaren aurreikuspenak zergatik berretsi ez diren azaltzeko. Adibidez, irakurtzen ikasteko metodo orokorra ez denez alfabetikoa bezain ona, metodo orokorra defendatzen dutenek esan dezakete irakurketaren abiadura eta zehaztasuna neurtzeko ariketak ez direla egokiak.

2.- Autozuzenketa falta

Baieztapen zientifikoei etengabe egiten zaizkie mailaz mailako zuzenketak, baina sasizientziek bere horretan mantentzeko joera dute, defendatzen duten ideiaren aurka gero eta ebidentzia gehiago badago ere. Autozuzenketa falta horren adibide bat ikaskuntza estiloen teoriaren inguruan ikus daiteke. Baliorik ez duela erakusten duen ebidentzia gero eta ugariagoa eta sendoagoa den arren, oraindik oso zabalduta dago eskoletan.

3.- Berrespena nabarmentzea

Berrespenaren alborapena norberaren hipotesiak babesten dituen ebidentzia bilatzean datza; aldi berean, aurkako hipotesiak alde batera utzi edo modu selektiboan berrinterpretatzen dira. Horren adibide da, adibidez, Berard metodoa. Ikaskuntza eta jokabide arazoetarako eraginkorra dela defendatzeko (ikus azken alerta seinalea), sortzaileek zenbait testigantza bildu dituzte webgune ofizialean, metodoak bizitza aldatu diela baieztatzen dutenak. Hala ere, webgune horrek ez du aipatzen metodoak ez duela zertan haur guztiekin funtzionatu.

4.- Parekoen ebaluazioa saihestea

Perfektua ez bada ere, parekoen ebaluazioak nolabaiteko babesa ematen du kalitate gutxiko ikerlanen kontra. Ebaluazio mota honetan, ikertzaile independente batzuek –askotan hiruk edo gehiagok– ikerlanak berrikusten dituzte argitaratu aurretik. Dena den, aldizkari guztiek ez dute parekoen berrikuspena egitea eskatzen ikerlanak argitaratzeko. Horren adibide da Brain Gym metodoa. Garuna lantzeko metodo hori 80 herrialdetan baino gehiagotan erabili da (Hyatt, 2007), eta, bere webgune ofizialeko atal batean, ustez eraginkorra dela erakusten duten ikerlanen zerrenda luze bat biltzen du. Hala ere, ikerlan kualitatiboak dira gehienak. Eta, ikerlan esperimentalen artean, bi bakarrik argitaratu dira parekoen berrikuspena eskatzen duten aldizkarietan.

5.- Gehiegizko konfiantza anekdota eta testigantzetan oinarritutako frogetan

Anekdotak ez dira egitateen baliokide. Zaila da anekdotak egiaztatzea; oso adierazgarritasun eztabaidagarria dute, eta oso ahulak dira azalpen alternatibo askoren aurrean. Esku hartze baten eraginkortasuna defendatzeko anekdotak erabiltzearen adibide argia Doman metodoan aurkitu dezakegu. Ez dago haren eraginkortasunari buruzko azterlan enpiriko baliodunik, baina bai erabiltzaile partikularren testigantza ugari; «niri funtzionatzen dit» delakoa defendatzen dute, eta beren arrakastaren froga gisa aurkezten dituzte metodoaren sustatzaileek.

6.- Konexio falta

Konexioa egoteko, baieztapen multzo batek aldez aurretik baliozkoak diren baieztapenetan edo aurkikuntzetan oinarrituta egon behar du, edo horiekin lotuta. Sasizientziek, askotan, ez dute lotura hori. Adibidez, batzuen arabera, hemisferio nagusiaren desberdintasunek (ezkerreko garuna, eskuineko garuna) lagun dezakete azaltzen ikasleen arteko desberdintasun indibidualak. Ideia horren aldekoek alde batera uzten dituzte ikerketa ugari, bereziki garuneko bi hemisferioek beti elkarrekin lan egiten dutela erakusten dutenak, bai eta bi hemisferioak informazioa prozesatzeko orduan antzekoak direla erakusten dutenak ere.

7.- Ohiz kanpoko baieztapenak

Ohiz kanpoko baieztapenak egiteko, ohiz kanpoko egitateak behar dira. Hala ere, sasizientzia askok ez dute premisa hori betetzen. Horren adibide dira haur indigoak; hain zuzen ere, Asiri metodoaren (gure herrialdera iritsi da) sortzaileek aldarrikatzen dituztenak. Haien arabera, ikuspegi espiritual eta mentaletik, haur horiek haratago doaz giza eboluzioan. Hala ere, ez dute aurkeztu baieztapen harrigarri hori egiaztatzen duen frogarik.

8.- Ad antiquitatem falazia

Tradiziora jotzean datza; «horrela egin izan da beti» esatea, jardunbide zehatz baten baliozkotasuna defendatzeko. Gure herrialdeko haur hezkuntzako ikastetxe askotan gertatzen da hori; zehazki, ikasgeletan Doman metodoa eta patterning metodoa (egile berarena) urte luzez erabili dutenetan. Beste adibide argi bat proba proiektibo batzuen erabilera da, hala nola giza irudiaren marrazkia eskola psikologiaren eremuan, haren baliozkotasunari buruzko frogarik ez badago ere.

9.- Hizkera hiperteknikoaren erabilera

Komunitate zientifikoaren barruan, sarritan, termino berriak sartu behar dira aurkikuntza berri bat deskribatzeko. Hala ere, sasizientzien eremuan, gehiegi erabiltzen da jargoi teknikoa, baieztapenei sinesgarritasun handiagoa emateko. Adibidez, entzumen terapien –hala nola Tomatis edo Berard metodoak– aldekoek hizkuntza hipertekniko batera jotzen dute maiz; esate baterako, ustez konpontzen dituzten arazoak deskribatzeko, «soinuarekiko hipersentikortasuna», «interferentzia, soinu seinaleen prozesamendu eraginkorrarekin» eta halako adierazpenak erabiltzen dituzte.

10.- Muga baldintzarik ez

Zientzialariek egiten dutenaren kontra, jardunbide sasizientifikoen aldekoek ez dituzte definitzen defendatzen dituzten jardunbideen mugak. Hau da, ez dute zehazten esku hartzeak zer kasutan diren eraginkorrak eta zer kasutan ez. Izan ere, beren metodoaren erabilera kasu gehiegitarako defendatzen dute. Hori da, adibidez, Irlen metodoaren kasua. Metodo horren sustatzaileek arazo fisiko (adibidez, erosotasuna eta argiarekiko sentikortasuna) eta psikologiko ugaritarako (adibidez, arreta eta kontzentrazioa) balio duela defendatzen dute.

Oharra: Alerta bakoitzerako adibide zehatz bat edo bi eman badira ere, ia adibide guztiak erabil daitezke hamar alerta horietako asko adierazteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lilienfeld, S. O., Ammirati, R., and David, M. (2012). Distinguishing science from pseudoscience in school psychology: science and scientific thinking as safeguards against human error. Journal of School Psychology, 50, 7-36. DOI: 10.1016/j.jsp.2011.09.006

Egileaz:

Marta Ferrero (@ferrero_mar) Psikologian doktorea da eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hezkuntza eta Prestakuntza Fakultateko irakaslea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 17an: “El ir y venir de las modas educativas“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Hezkuntza moden joan-etorriak (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #347

Ig, 2021-04-25 09:00
Uxune Martinez

gastrolitoak

Medikuntza

Kukutxeztula Bordetella pertussis bakterioak eragiten duen goiko arnasbideetako infekzioa da. Pertsona batetik bestera erraz zabaltzen den gaixotasuna da, kutsatutako pertsona batek doministiku egiten duenean edo eztula egiten duenean. Gaixotasun horrek eztul bortitz eta kontrolaezina eragiten du, eta horrek arnasketa zaildu dezake. Gaur egun, kukutxeztularen aurkako txertoa txertaketa-egutegien parte da eta txertoa, neurri handi batean Margaret Pittmanen lanari zor diogu. Rocio Benaventek azaldu du zergatik: Margaret Pittman, kukutxeztularen soinu zakarra apaldu zuen bakteriologoa.

Israeleko txertaketa-kanpainaren emaitzak ikusteko ikerketa batek COVID-19aren kasu berrien eta ospitalizazioen kopuruaren denbora-dinamika aztertuko du. Emaitzek erakutsi dute, besteak beste, ospitalizazioak jaitsi egin direla txertaketa-kanpainan lehentasuna izan duten taldeetan. Esaterako, txertoaren bi dosiak hartu zituzten 60 urtetik gorakoen ospitalizazioa lehenago eta gehiago jaitsi da. Ikertzaileen ustetan, ikerketak pandemia baten dinamikan txertaketa-kanpaina nazional batek bizitza errealean duen eragina erakusten du. Egoitz Etxebesteren eskutik xehetasunak, Elhuyar aldizkarian: Txertatu ahala, nabarmen gutxitu dira COVID-19 kasuak eta ospitaleratzeak Israelen.

Jacinto Lopez Sagasetak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea, SARS-CoV-2aren eta giza gorputzaren zelulen arteko lotura eragozteko gaitasuna duten molekulak diseinatzen dihardu. Haren lanaren berri eman digu Uxue Rey kazetariak Berrian. Ikertzaileak eta haren taldeak helburua lortuz gero, errazagoa izango litzateke infekzioari eustea eta horrek gaixoen egoeraren bilakaeran lagunduko luke.

Ekologia

Landarediak eragin zuzena izan ohi du ingurumenean eta baita gure erreketan ere. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko Ibaien ekologia ikerketa-taldea alor hori ikertzen dabil. Horren baitan, eukaliptoek ibaietan sor ditzaketen kalteak aztertu dituzte. Izan ere, 1986 eta 2019 urteen bitartean, eukalipto-landaketen azalera %300 baino gehiago handitu zen Euskadin. Eukaliptoa hazkunde azkarreko espeziea da, ur asko kontsumitzen du eta, besteak beste, lehorteak areagotu ditzake. Horrela adierazi du asteon Aitor Larrañaga ikertzaileak Berrian: Uholdeak eta lehorteak, biak sortzen ditu eukaliptoak. Horrez gain, Irati Diez biologoak ere landu gaia Zientzia Kaieran, Eukaliptoak, euskal ibaien gosete kronikoaren erantzule artikuluan eta, baita, Berrian Iñaki Petxarroman kazetariak: Pinuen lekua eukaliptoentzat.

Euskararen eta naturaren balioen artean harreman dagoela ondorioztatu du, BC3ko Unai Pascual eta Bristolgo Unibertsitateko Dylan Inglis, ikertzaileen ikerketa batek. People and Nature aldizkari zientifikoan argitaratu duten artikuluaren arabera, hizkuntzak baldintzatu egiten du kolektibo sozial batek ingurumenarekin eta naturari buruzko balioekin duen harremana. Ikerketa Euskal Herriko ekialdean burutu zuten 2019 urtetik geroztik, Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoa ibarretan eta bertako bizilagunek Iratiko eta Arbailetako basoekiko dituzten balioak aztertu zituzten. Berrian eman digu honen berri Igor Susaeta kazetariak, Ikerlan batek dio loturak daudela euskararen eta naturaren balioen artean artikuluan eta Sustatu agerkarian ere jaso dute ikerlana: Lur eta naturaren zaintza, eta hizkuntzarekiko konpromisoa, elkarlotuta

Paleontologia

Gastrolitoak animalia batzuek urdailean janaria birrintzeko irensten dituzten harri biribildu eta leunduak dira. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian dinosauroen gastrolitoei egin die so. Izan ere, ikerketa-talde batek jatorria duten lekutik 1.600 km harago aurkitu ditu kuartzo gorrizko harri biribildu leun batzuk. Eta ikertzaileen ustetan, baliteke dinosauroen digestio hodietan joan izana harriak hain distantzia luzera: Dinosauroek garraiatu ote zituzten jatorritik 1.600 kilometrotara aurkitutako harriak?

Osasuna

Ana Galarragak asteazkenean Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) txosten bat argitaratu du asteazken honetan, eta bertan txertoei esker, egoera jakinetan neurriak malgutu daitezkeela proposatu du. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian, erakundeak uste duela maskaren erabilera eta koronabirusaren aurkako txertoa jaso duten pertsonen urruntze sozialeko arauak lasaitu daitezkeela egoera jakinetan. Hala ere, azpimarratzen du babes-neurrien erlaxazioa pixkanaka gauzatu behar dela, horri lotutako arriskuen ebaluazio arduratsua egin ondoren.

Biologia

Pilotu-izurde tropikala, tamaina handiko izurde bat da, 4 m-ko luzera izan dezake eta 4 000 kg baino gehiagoko pisua. Haren izenak itsaso tropikaletako espeziea dela adierazten badu ere, Kantauri itsasoaren iparraldean ere ikus daiteke, Bizkaiko golkoaren hegoaldean zehazki. Animalia honek janaria harrapatzeko ehiza sekuentzia berezi bat erakusten du: urperatze sakonak egiten dituzte eta sakonera maximoko puntura iristen dira esprint azkarra eginez, behin helduta burrunba egiten dute. Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu du asteon: Pilotu-izurde tropikala, ur sakonetako gepardoa.

Teknologia

Txema Pitarke CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia eta Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da UPV/EHUn. Nanopartikulen eskalan murgilduta, Jakes Goikoetxea kazetariari azaldu dio Berrian, haren ustez, nanoteknologiak merkatuan izango dituen eragin eremu nagusiak hiru izango direla: elektronika, energia eta biomedikuntza.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #347 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #349

La, 2021-04-24 09:00

 

Zer dela eta zelula arrunta izan behar zena, minbizi zelula bihurtzen da? Ezinbestekoa da erantzuna topatzea eta, horretarako, oinarrizko zientzia behar-beharrezkoa. Dr. Jekyll and Mr. Hyde: what changes in a stem cell to become malignant? Por José R. Pineda

Gizateria Afrikan sortu zela badakigu. Dakigunaren parte handia, baina, Afrikaren “zati” bat da. Ikuspuntu arkeologikotik esploratu gabe dauden hainbat lurralde daude, arrazoi historikoak eta geografikoak direla medio. Hauek esploratzeak dakiguna alda lezake. Archaeology in West Africa could rewrite the textbooks on human evolution por Eleanor Scerri.

Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta arraroagoa da supereroaletasuna. Lur arraroen hidruroen presio eta tenperatura altuko supereroaletasunak ez ditu egungo teoriak jarraitzen. DIPCren New physics: the anomalous high-temperature superconductivity of yttrium hydride

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #349 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Margaret Pittman, kukutxeztularen soinu zakarra apaldu zuen bakteriologoa

Or, 2021-04-23 09:00
Rocio P. Benavente

Gaur egun, kukutxeztulak, birikei eragiten dien gaixotasun infekzioso horrek duela zenbait hamarkada baino askoz ere beldur gutxiago ematen du, eta, neurri batean, Margaret Pittmanen lanari esker da hori. Pittman mikrobiologoak kukutxeztularen aurkako txertoa garatu zuen, eta gaur egun, oraindik ere, munduko leku askotan ematen diren txertoen oinarritzat erabiltzen da. Kukutxeztularen aurkako txertoek ez dute % 100eko immunitatea ematen, baina asko gutxitu dute gaixotasunaren zirkulazioa, eta, infekzioa izanez gero, ez da hain larria izaten.

Ez da gutxi. Kukutxeztulak, oso kutsakorra izan arren, ez du pronostiko larririk izaten haur nagusiengan edo helduengan, baina heriotza eragin diezaieke haurtxoei, kutsatzen baldin badira. Gaur egun, kukutxeztularen aurkako txertoa txertaketa-egutegien parte da, eta mundu garatuan haur gutxi hiltzen dira kukutxeztularekin. Eta, esan bezala, Margaret Pittmani esker da neurri handi batean.

Margaret Pittman1. irudia: Margaret Pittman 1938. urtean lanean, Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionaleko laborategian. (Argazkia: National Institutes of Health (NIH) – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Aitaren kontsulta-laguntzaile

Pittman Arkansasen (AEB) jaio zen 1901ean. Aita medikua zuen. Pittmanek eta ahizpak askotan laguntzen zuten aitaren kontsultan, pazienteei anestesia edo txertoak ematen. Aitaren heriotza goiztiarraren ondoren, ama beste herri batera joan zen, eta jostun lanetan eta elikagai kontserbak egiten aritu zen, Pittman eta haren ahizparen eta nebaren ikasketak ordaintzeko.

1923an matematikan eta biologian graduatu zen Hendrix College unibertsitatean, eta aldi batez bertako unibertsitate eskola batean eman zituen eskolak. Horren ondoren, Chicagoko Unibertsitatean matrikulatu zen, eta Bakteriologiako master titulu bat lortu zuen 1926an. Handik, ikertzaile lanpostu bat betetzera joan zen New Yorkeko Medikuntza Ikerketako Rockefeller Institutura. Gero, Chicagoko Unibertsitatera itzuli zen, eta han doktoratu zen, 1929an.

Espainiako gripearen ondorengo urteak

Sasoi hartan bakteriologia zientziaren adar berri samarra zen. Asko aurreratu zen infekzioen ezagutzan eta azterketan, baina artean ez zekiten infekzio asko nola prebenitu, hala nola difteria, pneumonia edota kukutxeztula.

Pittmanen bizitzan, 1918. urtea urte beltza izan zen infekzioei dagokienez Espainiako gripearen pandemia zabaldu baitzen (gaixotasun horrek izen hori hartu zuen Mendebaldeko herrialdeetatik, Espainiak ez zuenez I. Mundu Gerran parte hartu, herrialde horrek bakarrik ematen zuelako pandemiari buruzko informazioa egunkarietan). Espainiako gripearen ondorioz, 40 milioi pertsona hil ziren mundu osoan, erdiak Estatu Batuetan. Pittmanen ikerketa-ibilbidea ondorengo urteetan hasi zen, gobernuak eta gizarteak, oro har, osasun publikoko neurrien bidez, baliabide asko bideratu zituzten gaixotasun infekziosoak kontrolatzera.

Lehenengo aurkikuntzak eta argitalpenak

Pittman Rockefeller Institutuan zientzialari-lanetan aritu zenean, Haemophilus influenzae bakterioa aztertu zuen. Bakterio horrek bronkitisa, sinusitisa edo antzeko infekzioak sortzen ditu gizakiengan. Berak ikusi zuen bakterioaren andui batzuk kapsula batez inguratuta daudela, eta horri esker odol-zirkulazioan sar daitezkeela organismoaren defentsak engainatuta. Guztira, andui horietako sei identifikatu zituen, eta horietako batek haurren meningitis mota bat sortzen zuen. Horrek eta pneumonia batzuk eragiten dituen pneumokokoari buruzko zenbait argitalpenek nazioarteko ospea ekarri zioten bere arloan oso denbora gutxian.

Margaret Pittman2. irudia: Margaret Pittman 1947. urtean. (Argazkia: The Rockefeller University. Iturria: Digital Commons @ RU)

1936an, Osasun Institutu Nazionalean hasi zen lanean (NIH, gaur egun, Osasun Institutu Nazionala, Estatu Batuetako ikerketa biomedikoko erakunde publikoa da), eta, besteak beste, tifusaren, koleraren edo kukutxeztularen aurkako txertoak ekoizten, probatzen eta estandarizatzen lan egin zuen. Txerto baten eraginkortasuna laborategian neurtutako potentziarekin zuzenean lotuta zegoelako ideia bultzatu zuen, eta, beraz, potentzia hori neurtzeko metodoak garatu zituen.

II. Mundu Gerran, ahalegin belikoaren alderdi sanitarioan lagundu zuen, odol plasma prozesatzeko estandarrak garatu baitzituen. Une hartan, odol transfusioak erabiltzen ziren zaurituak tratatzeko, baina, batzuetan, horrek sukar altuak eta beste arazo batzuk sortzen zituen, eta, beraz, Pittmanek eta bere lankide Thomas Probeyk, odoleko plasmaren baldintza egokiei eusteko eta horiek egiaztatzeko metodoak garatu zituzten, pazienteari transfusioa egin aurretik.

Kukutxeztularen aurkako lana

Aldi horretan, 1943an, kukutxeztularen inguruko lanari ekin zion. Beste lankide batzuekin batera, txertoaren segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzeko metodoa garatu zuen, eta lan hori bihurtu zen kukutxeztularen aurkako txertoari eskatzen zaizkion nazioarteko potentzia-eskakizunen oinarri. Baldintza hori ezarri eta bost urteko epean, gaixotasun horrek eragindako heriotza tasak nabarmen egin zuen behera. Horixe izan zen, bere iritziz, lorpen handienetako bat, txertoa garatu eta inplementatzeko orduan arazo ugari izan bazituzten ere. Kukutxeztularen aurkako txertoak albo-ondorio larriak sortzen zituen, eta 1976an, Pittman arazo hori konpontzeko lanean ari zen. Egun batean, gaixotasuna exotoxina batek, bakterio batek eragindako toxinak, eragiten zuela konturatu zen, difteriarekin edo kolerarekin gertatzen den bezala. Kukutxeztula toxina batek eragindako infekzio gisa ulertuta, txerto seguruagoa garatu ahal izan zen.

Margaret Pittman3. irudia: 1960. urtea, Margaret Pittman txerto baten eraginkortasunerako proba bat azaltzen. (Argazkia: National Institutes of Health (NIH). Iturria: The NIH Catalyst)Zuzena, kementsua, berrizalea eta lider eraginkorra

Pittmanek Produktu Bakterianoen Laborategiko Estandar Biologikoen Dibisioa zuzendu zuen 1957tik 1971ra, eta Osasun Institutu Nazionaletan laborategi handi bateko burua izan zen lehen emakumea izan zen. Ospetsua zen zuzena eta sistematikoa zelako eta beti indartsu agertzen zelako, gauza berri guztien aukerak ezagutzeko gai zelako eta aukera horiek aprobetxatzeko gogoz egoten zelako. 1970ean Emakumeen Sari Federala jaso zuen, eta arrazoi hau eman zuten horretarako: «Arazoak identifikatzeko, ikerketa bultzatzeko eta emaitzak ebaluatzeko duen trebetasunak ezohiko lider eraginkorra bihurtu du».

1960tik 1970era kolerari buruzko ikerketa batean parte hartu zuen Pakistanen, NIHetan kolera ikertzeko zuzendaria izan zen eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aholkulari aritu zen 1959 eta 1983 urteen artean zenbait garaitan. 1971n hartu zuen erretiroa, baina ordainsaririk jaso gabe jarraitu zuen lanean NIHetan, eta OMEren noizbehinkako aholkulari gisa.

1986an, Ameriketako Estatu Batuetako Pediatria Akademiako ohorezko kide izateko aukeratu zuten, «haurren bizitza eta ongizatea hobetzeko egindako ahaleginengatik», eta NIHetako beka batek bere izena du, erakundeko kide gisa izan zituen lorpenen omenez.

Marylanden hil zen, 1995ean.

Iturriak: Egileaz:

Rocío P. Benavente (@galatea128) kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko apirilaren 8an: “Margaret Pittman, la bacterióloga que ayudó a hacer la tosferina una infección menos peligrosa“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Margaret Pittman, kukutxeztularen soinu zakarra apaldu zuen bakteriologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

HVAC sistemetan koroa-efektuaren agerpena detektatu eta aztertzeko metodologia

Og, 2021-04-22 09:00
Ane Miren Larrea, Agurtzane Etxegarai, Manuel Antonio de la Hoz, Javier Mazón, Elvira Fernández Aireko lineetako eroaleen gainazaleko tentsio altua denean, inguruko airea ionizatu egiten da eremu elektrikoaren gradiente handiaren ondorioz. Hortaz, aireko molekulak eroale bihurtzen dira.

Eremu elektriko uniformeetan, airearen ionizazioaren deskarga arku elektriko modura gertatzen da eta ez-uniformeetan, aldiz, koroa-efektua deritzogu fenomeno horri. Material bat ez-eroale izatetik eroalea izatera pasatzeko, haustura-tentsioa delakoa gainditu behar da. Haustura-tentsio hori bakarra da arku elektrikoa eta koroa-efekturako. Koroa-efektua ekiditea ezinbestekoa da goi-tentsioko korronte alternoko linea elektrikoetan. Izan ere, fenomeno horren ondorioz energia-galerak agertzen dira. Gainera, eroaleak eta isolagailuak ere honda daitezke.

Honako artikuluan, koroa-efektuaren agerpena antzemateko metodologia bat proposatzen da, fenomenoaren ikerketan maila mikroskopikoa eta makroskopikoa aztertu direlarik. Towsend-en haustura-mekanismoan eta Meek-ek proposatutako ekuazio diferentzialean oinarrituz, haustura-tentsioaren balioa baldintza normaletan kalkulatu behar da lehen urrats modura. Horren arabera, ionizatzen diren elektroiek elektroi-oldeak sortuko dituzte hain zuzen ere. Elektroi kopurua zenbatesteko, Towsendek α ionizazio-koefizientea definitu zuen, eremu elektrikoaren mende egonik. Elektroi-olde horiek lerro kritikoaren ibilbidea jarraitzen dute. Hala, pieza baten gainazaleko eremu elektrikoko puntu maximotik hasita, masa arbuiagarria daukan elektroi batek egiten duen ibilbidea jarraitzen dute.

Bestalde, Meekek bi g(x) kurba definitu zituen, bata eremu elektriko ez-uniformean eta, bestea, eremu elektriko uniformean. Bi kurbek bat egiten badute punturen baten, koroa-efektua agertuko delakoaren seinalea izango da eta horrenbestez, haustura-tentsioa gainditu dela. Hortaz, artikuluan proposatutako metodologiaren arabera, lerro kritikoak kurban zehar dauzkan eremu elektrikoaren balioekin, ionizazio koefiziente kalkula daiteke Ver Planck-en formulak erabiliz. Ionizazio-koefizientea distantziarekiko integratuz, eremu-elektriko ez uniformean g(x) kurbaren balioa ere lor daiteke. Ondoren, eremu elektrikoaren balioa zehazteko, elementu finituen metodoa erabili behar da.

Behin metodologia esfera-esfera geometrian egiaztatu ondoren, hainbat parametro aldatu dira lan honetan, hala nola, ingurune-baldintzak, geometria eta simulazio-ingurunea. Ingurune-baldintzek (tenperatura eta presioa), Paschen-en ekuazioan oinarrituz, eremu elektrikoa aldatzen dute. Tenperatura handituz edo presioa txikituz, koroa-efektua agertzeko probabilitatea handitzen da. Geometriak, aldiz, eremu elektrikoa guztiz aldatzen du. Geometriaren kurbadura zenbat eta zorrotzago izan, haustura tentsioa orduan eta txikiagoa izango da; hau da, koroa-efektua lehenago agertuko da. Simulazio-ingurunearen dimentsioek ere eragin zuzena daukate. Dena den, dimentsio batetik aurrera eremu elektrikoa ez da aldatzen. Beraz, esan daiteke balio horretatik aurrera aire zabaleko baldintzak simulatzen direla.

Laburbiltzeko, koroa-efektua antzemateko metodoa aurkeztu ondoren, eremu elektrikoaren mendekotasuna aztertu da honako artikuluan. Koroa-efektua ingurune-baldintzen, geometriaren eta simulazio-ingurunearen mende dagoela ondorioztatu da, aplikatutako tentsioaz gain. Faktore horiek haustura-tentsioan eragin zuzena dute, koroa-efektuaren agerpena aurreratuz edo atzeratuz. Hortaz, koroa-efektuaren detekzioa ez da begi bistaz egin daitekeen eragiketa.

Iturria:

Rodríguez-Castejón, Julen; Gómez-Aguado, Itziar; Vicente-Pascual, Mónica; Rodríguez-Gascón, Alicia; Isla; Arantxazu; Solinís, María Ángeles; del Pozo-Rodríguez, Ana (2019). «Gene-terapia: ikuspegi terapeutiko berria begietako gaitzen tratamenduan»; Ekaia, 36, 2019, 31-48. https://doi.org/10.1387/ekaia.20754 Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: HVAC sistemetan koroa-efektuaren agerpena detektatu eta aztertzeko metodologia
  • Laburpena: Airearen  ionizazioa  dela  eta,  tentsio  altuko  lineetan  koroa-efektua  sortzen  da, elektrizitate-galerak eta lineetan kalteak eraginez. Hortaz, artikulu honen helburua koroa-efektua eta haren  detekzioa  aztertzea  da korronte  alternoko  goi-tentsioko  sistemetan.  Ikerketa-metodologiak Jorgensen  eta  Pedersen-ek  lortutako  datu esperimentalak  erabili  ditu,  kalkuluak  Townsend-en teorian  oinarrituta  egonik.  COMSOL  multiphysics  softwarea  erabili  da  eremu  elektrikoaren kalkulurako,   beharrezko   parametroa   baita   koroa-efektuaren   kalkuluan.   Lortutako   emaitzak MATLAB  bidez  aztertu  dira.  Behin metodologia  egiaztatuta, presioa,  tenperatura, geometria eta simulazio-inguruneak koroa-efektuan duten eragina aztertu dira.
  • Egileak: Ane Miren Larrea, Agurtzane Etxegarai, Manuel Antonio de la Hoz, Javier Mazón, Elvira Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 127-150
  • DOI: 10.1387/ekaia.20867

————————————————–
Egileez:

Ane Miren Larrea, Agurtzane Etxegarai, Manuel Antonio de la Hoz, Javier Mazón eta Elvira Fernández UPV/EHUko Ingeniaritza Elektrikoa Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post HVAC sistemetan koroa-efektuaren agerpena detektatu eta aztertzeko metodologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eukaliptoak, euskal ibaien gosete kronikoaren erantzule

Az, 2021-04-21 09:00
Irati Diez Virto

1986 eta 2019 urteen bitartean, eukalipto-landaketen azalera %300 baino gehiago handitu zen Euskadin. Beste modu batera esanda, 5.000 hektarea inguru izatetik ia 20.000 hektarea izatera iritsi ginen 33 urteko denbora-tartean. Landaketa hauetatik gehienak lursail pribatuetan kokatzen bada ere, mendi publikoen azaleraren %14-19 inguru eukaliptoz estalia dago gaur egun.

Eukalipto deritzegun zuhaitzek Myrtaceae familiako zenbait espezie hartzen dituzte barne, eta haien banaketa naturalak Ozeaniaren parte handi bat estaltzen du, Tasmania, Australia, Kaledonia Berria, Ginea Berria, Indonesia eta Filipinak, hain zuzen. Espezie batzuk, alabaina, munduko beste hainbat herrialdetan landatu izan dira egur-industriaren eskutik, zuhaitz hauen egur-kalitate handiak eta hazkuntza bizkorrak abantailez baliatuz. Estimatzen da, gaur egun, eukaliptoek 20 milioi hektarea inguru estaltzen dituztela mundu-mailan eta euskal lurraldeak ere, onura horiez jakitun, bere mendiak estali ditu zuhaitz australez, pinuaren tradizioa kolokan jarriz.

eukaliptoakIrudia: Zientziak erakutsi du, besteak beste, UPV/EHUn egindako ikerketek, eukalipto sail zabalek kalte egiten dietela ibaietako eta basoetako ingurumenari. (Argazkia: Abel Domínguez – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Eukaliptoak izan duen mundu-mailako arrakasta zuhaitz honek duen adaptazio-ahalmenari zor dio, lurzoru eta klima ezberdin askotan bizitzeko gaitasuna baitu eta belarjale, intsektu fitofago eta patogenoentzat ez baita oso erakargarria. Nola haziko litzateke bestela hain indartsu espezie australiar bat Euskal Herrian? Baina bateragarritasun hau, zoritxarrez, ez da noranzko bikoa, euskal ekosistemak ez baitira eukaliptora ongi egokitzeko gai izan. Jakina da zuhaitz-monolaborantzek (bai eukaliptoek bai pinu-landaketek) baso-ekosistema osoak ordezkatzen dituztela eta eragin ikaragarria dutela lurzoruetan, besteak beste, bertako materia organiko eta mantenugaiak gutxitzen dituztelako. Hala ere, agian hain nabariak ez diren ondorioak dakartza bertako baso bat eukalipto-landaketa batez ordezkatzeak. Ondorio horietako bat da, hain zuzen, Euskadin gehien ikertu den alderdietako bat, eukalipto-landaketei dagokienez: monolaborantza hauek euskal erreketan duten eragina, hain zuzen. Baina, nola eragin diezaioke zehazki ekosistema lurtar batek inguruko ekosistema urtar bati?

Hau ulertzea errazagoa egingo da analogia bat erabiliz. Ekosistemak, ikuspuntu energetiko batetik, “telefono apurtua” jokoarekin aldera daitezke: hitzak (gure kasuan, energia) jokalari batetik bestera pasatzen dira eta, hitz horietako batzuk bidean eraldatu edo galtzen badira ere, jokoaren funtsa, hitzak jokalari guztien belarrietatik pasatzean datza. Ekosistemen kasuan, jokalariak maila trofiko ezberdinetako organismoak izango lirateke, hala nola ekoizleak, kontsumitzaileak eta deskonposatzaileak. Honela, ekosistema ororen funtsa energiaren transmisioa izango da eta haren osagarriak diren organismoak, bestalde, energiaren “gordailuak” eta “transmititzaileak”. Organismoek, energia bildu eta, era berean, eskuragarri utziko dute maila trofiko goreneko organismoentzat, beren elikagai bihurtu ondoren.

Baina zeinek esaten du joko honetako lehen hitza? Edo, gure kasuan, zeinek sartzen du sisteman energia? Munduko ekosistema gehienen kasuan, sistema ekologikoen funtzionamendurako beharrezkoa den energia ekoizle primario deituriko organismoek ekoizten dute; horra hor beren izenaren jatorria. Organismo horiek, jakina denez, eguzki-energia, energia kimiko bihurtzen dute fotosintesiaren bidez eta, honela, energia gainerako maila trofikoentzako erabilgarri eta transferigarri bilakatzen dute. Erreka-ekosistemak, alabaina, bereziak dira alderdi honetatik; izan ere, sisteman sartzen den energia gehiena ez datorkie ekoizle primarioetatik, ibaira erortzen diren inguruko arbolen hostoetatik baizik.

Bi sistemen arteko harreman hauskor hau da, hain zuzen ere, eukalipto-landaketek ezegonkortzen dutena, erreken inguruko basoen konposizioa aldatzeak errekara iritsiko den elikagai kantitate eta kalitatean eragingo baitu. Eukalipto-hostoak mantenugaietan eskasak dira eta, ondorioz, elikagai-iturri pobrea dira organismo askorentzat. Gainera, argizariz estalitako kutikula gogorra dute, hondoen infekzioak galarazten dituena. Bestalde, olio esentzialen kontzentrazio altuak izaten dituzte, mikrobio eta belarjaleen aurkako eragina dutenak. Ezaugarri hauengatik guztiengatik, eukalipto-hostoen deskonposaketa geldoagoa da beste edozein orbelekin konparatuz, eta, horregatik, oso balio baxuko elikagaia da euskal erreketako organismoentzat. Gainera, ikusi izan da beste espezie batzuen hostoen deskonposaketa ere moteldu dezakeela, errekako elikagai ustiagarri kantitatea nabarmenki gutxituz. Batez beste eta eskala globalean, orbelaren deskonposaketa-tasa %23 gutxitzen da eukalipto-landaketez inguraturiko erreketan.

Eragin hauek gehien pairatzen dituen organismo taldeetako bat erreketako ornogabeak dira, zenbait ikerketatan ikusi den moduan. Aitor Larrañagak, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, eukalipto-landaketen azpian kokaturiko erreketan ornogabeen dentsitatea %23 baxuagoa zela aztertu zuen beste baso mota batzuez estalita zeuden errekekin konparatuz, eta, ornogabe-espezieen dibertsitatea, %11 baxuagoa. Hau gutxi balitz, zenbait ornogaberen gorputz-tamainak ere konparatu zituzten ikerketa honetan eta eukaliptoekin erlazionatutako erreketako ornogabeen gorputz-tamaina %37 txikiagoa zela ikusi zuten. Horrek zera adierazten du: euskal baso autoktonoetako orbela eukalipto-orbelez ordezkatzeak erabat baldintzatzen du animalia talde honen bizimodua, elikagai-eskasia eragiten baitu eta, ondorioz, indibiduo kopurua eta aniztasuna murrizteaz gain, indibiduo bakoitzaren hazkuntza mugatzen baitu.

Laburbilduz, eukalipto-landaketek eragin oso handia dute euskal erreketan eta, oro har, kutsadura urbano eta industrialek baino inpaktu ahulagoa badute ere, pinu-landaketak baino kaltegarriagoak dira. Oro har, erreka-ekosistemen ahultze eta sinplifikatzea dakarte, eta edozein asaldura pairatzeko jasangarritasuna murrizten dute. Horregatik, erreka-ekosistemen iraunkortasuna erabat kolokan jartzen dute. Jatorri antropikoko biodibertsitate-galeraren beste adibide bat gehiago izan zitekeen hau azken finean, baina kasu honetan gure lurraldeko ondare naturala dago jokoan, euskal erreken biziraupena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Elosegi, A., Cabido, C., Larrañaga, A., & Arizaga, J. (2020). Efectos ambientales de las plantaciones de eucaliptos en Euskadi y la península ibérica. Munibe Ciencias Naturales, 68, 111–136. DOI: https://doi.org/10.21630/mcn.2020.68.20

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Eukaliptoak, euskal ibaien gosete kronikoaren erantzule appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pilotu-izurde tropikala, ur sakonetako gepardoa

Ar, 2021-04-20 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Moby Dick eleberrian idatzi zuen Melvillek “zeroiak zazpirena arnasten du bakarrik, beraien garaiko igandea”. Hala, Melville zetazeo odontozeto handi honek ur azpian egoteko duen sekulako gaitasunaz ari zen. Izan ere, kaxaloteak, gainerako zetazeoak bezala, urpekari bikainak dira. Batzuk sakonera handietan murgiltzen dira, nahiz eta urpean ezin duten arnasa hartu.

Izan ere, zetazeoak ugaztunak dira, eta, beraz, ezin dute uretan disolbatutako oxigenoa erabili, arrainek eta ornogabeek egiten duten bezala. Arnasten duten oxigenoak atmosferikoa izan behar du eta uretatik atera behar dira arnasa hartzera. Zeroiak, Ahab kapitaina itsutzen zuen bale zuri handia bezalaxe,  1.000 metroraino jaisten dira, are gehiago harrapakin bila badoaz. Beste batzuk, pilotu-izurdeak, esaterako, ez dira hain behera joaten, baina sakonera handietan murgiltzen dira ere.

pilotu-izurde tropikalaIlustrazioa: Kaxalote baten marrazkia. (Ilustrazioa: María Lezana)

Pilotu-izurde tropikala, Globicephala macrorhynchus izen zientifikoa duena, Delphinidae familiakoa da. Pilotu-izurde tropikala, beraz, izurde bat da, baina tamaina handikoa: 4 m-ko luzera izan dezake, eta 4 000 kg baino gehiagoko masa. Haren izen arruntak itsaso tropikaletako berezko espeziea dela adierazten badu ere, hedapenari dagokionez, Kantauri itsasoaren iparraldean du ipar-muga eta, beraz, Bizkaiko golkoaren hegoaldean ikus daiteke.

Duela urte batzuk, Tenerifeko uretan marka digitalak erabiliz egindako ikerketa batean (DTAG), La Lagunako Unibertsitateko Natacha Aguilar ikertzailearen taldeak 23 pilotu-izurderen mugimenduak erregistratu zituen. Horrez gain, ikerketa-taldeak pilotu-izurde tropikalek sortzen zituzten ekolokalizazioko “klikak” ere erregistratu zituen. Erregistro horiei esker, Globicephalak ehizarako darabilen estrategiaren ezaugarri batzuk ezagutzen ditugu.

Lortutako erregistroen arabera, jakin ahal izan da ehizan doazenean 500 eta 1 000 m arteko sakoneretara jaisten direla eta, batez beste, 20 minutu inguru irauten dutela urpean. Harrapakinen bila urperatzen direnean klik sekuentzia luzeak igortzen dituzte (geolokalizazioko soinu-uhinak) eta batzuetan, kliken sekuentzien artean, burrunbak igortzen dituzte. Burrunbak, antza, harrapakina heltzeko saiakerekin lotuta daude.

Urperatze sakonak egiten dituztenean, sakonera maximoko puntura iristen dira esprint azkarra egin ondoren, eta une horretan burrunba egiten dute. Hori da pilotu-izurdeen ehizaren sekuentzia. Urperatzen hasten direnean, mantso mugitzen dira, baina esprinta egiten dutenean 9 m s-1 abiadurara iristen dira. Abiadura ikaragarria ur azpian mugitzen den ugaztun batentzat. Esprintek 20 eta 80 segundo artean irauten dute, eta, energia-gastuari dagokionez, oso garesti ateratzen zaizkie pilotu-izurdeei. Izan ere, esprinta urperaldiko denboraren %2 eta 8% artekoa den arren, kalkulatzen da energia-gastu osoaren %10 eta %36 kontsumitzen duela.

Jokabide arriskutsua da. Bakarrik saiakeren erdiak izaten dira arrakastatsuak; beste erdietan ez dute asmatzen. Kontuan hartzen badugu ehizaren kostua handia dela, harrapakinaren tamaina ona edo egokia izan behar da, bestela ez litzateke errentagarria izango eta ez lukete ehiza-mota hori erabiliko.Ikerketa hori egin arte, zetazeoen artean ez zen ezagutzen “arrisku handia-errendimendu handiko” ehizarik, nahiz eta ezaguna izan predatzaile lehortarren artean. Lurreko ugaztunen artean, agian gepardoa da taktika horren adibiderik onena.

Beste zetazeo batzuek, moko-baleek esaterako, estrategia desberdinak erabiltzen dituzte. Ziphiidade familiakoak dira moko-baleak, eta haien ezaugarririk bereizgarriena mutur luzea eta mehea da; izurdeak dirudite. El Hierron ikertu diren moko-baleak denbora tarte luzeagoz urperatzen dira, ordu eta erdira arte. Horregatik, ez daude esprint biziak egiteko moduan, odoleko eta muskuluetako oxigenoa ez baita nahikoa urperaldi luzeak egin eta esprint batekin amaitzeko. Jakina, moko-baleen elikatzeko jokabidea ez da “arrisku handia-errendimendu handiko” tankerakoa, askoz ere kontserbadoreagoa baita. Urperatze bakoitzean 30 bat pieza hartzen dituzte, nahiz eta presa txikiak izan, bakoitzak elikagai kantitate txiki bat ematen du. Dena den, moko-baleen lokomozio kostuak txikiak direnez, denbora luzez egon daitezke urpean janari bila, eta azkenean, batzuek, pilotu-izurde tropikalak, eta besteek, moko-baleak, behar dutena lortzen dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aguilar, N.,  Johnson, M. P., Madsen, P. T., Díaz, F., Domínguez, I., Brito, A., Tyack, P. (2008). Cheetahs of the deep sea: deep foraging sprints in short-finned pilot whales off Tenerife (Canary Islands). Journal of Animal Ecology, 77 (5), 936-947. DOI: https://doi.org/10.1111/j.1365-2656.2008.01393.x

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Pilotu-izurde tropikala, ur sakonetako gepardoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hezkuntza moden joan-etorriak (I)

Al, 2021-04-19 09:00
Marta Ferrero

Hezkuntza modak beti egon dira. Proposamen metodologiko edo hezkuntza baliabideak dira; une jakin batean, eskola eremu batean sartzen dira, bete-betean, eta denbora bat igaro ondoren –laburra nahiz luzea–, desagertu egiten dira, ikasleen ikaskuntzari mesede egin izanaren froga sendorik utzi gabe.

Hezkuntza moda guztiak ez dira berdinak. Moda batzuk «kaltegabeak» dira, ez baitute ez aldaketa ez neurri nabarmenik inplikatzen; esate baterako, ikasgeletan Mozarten musika sartu zuen moda hura, ikasleen errendimendu kognitiboa hobetzeko asmoz. Baina, beste batzuk, oso kaltegarriak dira, dela eraginkortasun frogatua duten metodologietara bideratu daitekeen denbora eta dirua gastatzen delako (Busso eta Pollack, 2014), dela ikasle guztien edo, behintzat, ikasle batzuen ikaskuntza eragotz dezaketelako (Carnine, 2000). Moda kaltegarrien lehen kasu horren adibide bat askotariko adimenen teoria da (Hodge, 2005). Bigarren kasuaren adibide bat, berriz, irakurtzen ikasteko metodo orokorra da (edo zen, pentsatu nahi dut) (Stahl, 1999). Hain zuzen ere, moda horiek aztertuko ditugu bi artikuluren bidez.

Aurrera egin aurretik, komeni da argitzea «hezkuntza moda» terminoa ez dela, halabeharrez, hezkuntza berrikuntzaren sinonimo. Hezkuntza modak ez dira baliozko teorietan oinarritzen, eta haien eraginkortasuna ez dago azterlan zientifikoen bidez frogatuta. Eskuarki, metodoaren aldeko enpresa edo pertsona jakin batzuek zabaltzen dituzte modak irakasleen, hezkuntza agintarien edo irakasleen beraien etengabeko prestakuntzako arduradunen artean, liburuak, aldizkako argitalpenak edo kalitate gutxiko lehenagoko azterlanak baliatuta (Slavin, 1989). Aitzitik, hezkuntza berrikuntzak hezkuntza sisteman edo ikastetxe batean sartzen diren elementu berritzaileei egiten die erreferentzia, ikastetxearen ideiak, jardunbideak, produktuak edo zerbitzuak aldatzeko helburuarekin sartu ere (Carrier, 2015). Aldaketa hori ebidentziak babes dezake, edo ez.

hezkuntza modak1. irudia: Ez dira nahasi behar hezkuntzaren berrikuntza eta hezkuntza moda, baina nola bereizi? (Argazkia: Stefan Meller – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Nola zabaltzen dira hezkuntza modak?

Nathalie Carrierrek lan bat argitaratu zuen 2017an, bere doktorego tesiaren ondorioz, eta bere helburua zen zehaztea zer estrategia erabili ziren zazpi hezkuntza moda zehatz zabaltzeko, eta zer toki zuen ebidentziak fenomeno horretan; berak «berrikuntza» terminoa erabiltzen du beti. Hezkuntza modak nola zabaltzen diren zehazteko, dibulgaziozko hezkuntza aldizkariak eta aldizkari komertzialak, tokiko egunkariak eta blogak aztertu zituen. Eta, hedabide horien edukia aztertzeko, gizarte psikologiari buruzko literaturan jasotzen diren sei pertsuasio irizpide erabili zituen: Aurreko ideiekiko bateragarritasuna, erabilerraztasuna azalpen argien bidez, ikasgelan lan egiteko praktikotasuna, ebidentzia edo babesten duen ikerketaren kalitatea, informazio iturrien sinesgarritasuna eta erakargarritasuna (hau da, ea berrikuntza profesionala, pertsonalizatua eta/edo dibertigarria den). Modak onarpen handikotzat jotzeko, sei baldintzetako lau bete behar zituzten; adibidez, sarrera bat izatea hamar blogetan, Twitterren hashtag bat edo Facebooken orri bat izatea edo 10.000 lagunek, 10 ikastetxek edo 5 eskola barrutik erabili izana.

Hona hemen Carrierren lanaren ondorio nagusiak. Oro har, hezkuntza modak sustatzeko gehien erabili ziren estrategien artean, erakargarritasuna izan zen nagusi, eta, gero –alde handiarekin–, sinesgarritasuna, ebidentziaren, praktikotasunaren, erabilerraztasunaren eta bateragarritasunaren aurretik. Horrekin batera, hedabideek, moda jakin horren publizitatea egiteko, hizkera zirraragarria edo deskriptiboa erabiltzen zuten, eskura dagoen ebidentzian oinarritutakoa baino. Gainera, oso dokumentu gutxik aipatzen zituzten iragarritako modei buruzko azterlanak, esku hartzeen eraginkortasuna zehazteko, eta dokumentu bakar batek ere ez zituen deskribatzen ez sakonki aztertzen azterlan horiek. Kontsultatutako dokumentuek oinarritzat zuten ebidentzia azterlan informalak ziren, esperientzia pertsonaletan oinarritutako anekdotak edota moden inguruko arazoei edo erabilerari buruzko estatistika datu orokorrak.

Hezkuntza metodo jakin bati buruzko informazioak konbentzi dezake, istorio edo anekdota hunkigarriekin apaintzen bada edota modaren aldeko sinesteko moduko iturriak aipatzen badira. Baina, beharbada, informazio hori ez dago egiaztatuta, argudio oker eta landugabeetan oinarrituta baizik. Hori dela eta, egileak irakasleei gomendatzen zien erne egoteko hezkuntza modak zabaltzeko erabiltzen diren estrategien eraginen eta joeren aurrean. Horrez gain, gomendatzen zien zentzudunak izateko eta moda horiei buruzko galdera kritikoak egiteko; adibidez, zer azterlanek jartzen duten zalantzan haren eraginkortasuna, edo, behintzat, zeintzuek jartzen dituzten zalantzan haien eragozpen posibleak. Amaitzeko, Carrierrek zioen bere ikerlanaren bitartez atzemandako estrategiek eraginkortasunik gabeko modak, alferrekoak eta ikasleentzat kaltegarriak ere zabaldu ditzaketela.

2. irudia: Hezkuntza modak gero eta ugariagoak dira, baina, sarritan, ez datoz justifikatzen dituzten frogekin batera. (Argazkia: Willfried Wende – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

1989an, Robert E. Slavin psikologo eta ikertzaileak hezkuntza modek hezkuntza komunitatean zabaldu arte igarotzen dituzten etapak deskribatu zituen. Laburbilduz, ikertzaile horren arabera, lehenengo etapan, metodo jakin bat argitaratzen da liburu batean, aldizkari ezagun batean edo hezkuntza ekitaldi batean; eta, gero, atariko emaitzak eta emaitza esperantzagarriak aurkezten dira, baina, oro har, froga gutxirekin. Edonola ere, metodoa zenbait eskola barrutitan zabaltzen da; gero, berrikuntza gustuko duten beste ikastetxe batzuetan, eta, gero, irakasleen prestakuntzako arduradunen, hezkuntza ikuskatzaileen eta abarren artean. Azkenik, metodoa berehala iristen da beste ikastetxe batzuetara, lantegi laburren bitartez, metodoaren sortzaileek, prestatzaile profesionalek edo horretarako berariaz prestatutako ikastetxeko langileek emanak. Zoritxarrez, programa modan dagoenean eta irakasle askok ikasgeletan aplikatzen dutenean hasten dira haren eraginkortasunari buruzko ebaluazio zorrotzak egiten. Izan ere, kalitatezko azterlanak eta berrikuspenak –maiz emaitza txarrekin– argitaratzen hasten direnerako, berandu da. Halaber, askotan gertatzen da ordurako metodoaren inguruko interesa jaistea eta beste moda bat interesatzea irakasleei.

Zer egin daiteke hezkuntza modak ikastetxean sar ez daitezen?

Pendulu hau edo hezkuntza moden joan-etorriak geldiarazteko, Slavinek dio (1989) aldatu egin behar direla hezkuntza berrikuntzak aukeratu, ezarri, ebaluatu eta instituzionalizatzeko irizpideak. Egile horren arabera, hezkuntza komunitateak eskaintzen diren hezkuntza proposamenei buruz ebaluazio zorrotzak eskatu behar ditu, ikasgeletan txertatu aurretik. Halaber, azpimarratzen du prestakuntza ikastaro edo tailer laburrak egin ordez, luzeagoak egin behar direla, eta horien jarraipena egin behar dela epe ertainera eta luzera, hezkuntza proposamenak funtzionatzen duen ala ez ikusteko. Proposamenaren eraginkortasunari buruzko ebaluazio edo jarraipen horrek talde esperimental bat eta kontrola bildu behar ditu, probak egin aurreko eta osteko neurriekin (ahal dela, estandarizatuak), eta ikasgelan aplikatzen den proposamena benetako baldintzen arabera eta benetako denbora tarteetan ebaluatu direla bermatuta. Gainera, gomendagarria litzateke ebaluazio hori eskala txikian egitea lehendabizi, eta eskala handian gero.

2006. urtean, Ben Goldacre zientzialari eta dibulgatzaileak ohartarazi zuen irakasleei behar besteko autonomia eta tresnak eman behar zitzaizkiela kritikoki epaitzeko ea hezkuntza metodo batek froga nahikoak eta baliodunak dituen ikasgeletan inplementatzeko, horrela, irakasleak ez liratekeelako kanpoko esku hartzeen mende egongo (adituen iritziak, alde bateko eta besteko ideologiak, etab.). Hala ere, hainbat seinalek adierazten dute oraindik ere helburu horretatik urrun gaudela. Esate baterako, gure herrialdeko eta kanpoko irakasleek, bai prestatzen ari direnek bai lanean ari direnek, hainbat ideia oker dituzte hezkuntza teorien eta metodoen inguruan (Cunningham, Perry, Stanovich & Stanovich, 2004; Dekker, Lee, Howard-Jones, & Jolles, 2012; Echegaray-Bengoa & Soriano-Ferrer, 2015; Ferrero, Garaizar, & Vadillo, 2016; Fuentes & Risso, 2015; Tardif, Doudin, & Meylan, 2015; Washburn, Mulcahy, Musante, & Joshi, 2017). Gainera, dibulgaziozko aldizkari gehiago kontsultatzen dituzte, zientifikoak baino (Ferrero et al., 2016); eta, uste dute aldizkari zientifikoak ez direla prestakuntza lantegiak eta ikastaroak bezain fidagarriak, eskuragarriak eta baliagarriak (Landrum, Cook, Tankersley & Fitzgerald, 2002). Azkenik, hezkuntza ikasleek ikerketaren, estatistikaren, datu-baseetako bilaketen eta artikulu zientifikoen arloan jasotzen duten prestakuntza ez da nahikoa (Ferrero, 2018), eta horrek etorkizuneko irakasleak hezkuntza arloko aurrerapen zientifikoez ez baliatzea ekar dezake.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Busso, D. S., & Pollack, C. (2014). No brain left behind: Consequences of neuroscience discourse for education. Learning, Media and Technology, 1-19. DOI: https://doi.org/10.1080/17439884.2014.908908
  • Carnine, D. (2000). Why education experts resist effective practices (and what it would take to make education more like medicine). Recuperado de http://www.wrightslaw.com/info/teach.profession.carnine.pdf
  • Carrier, N. (2017). How educational ideas catch on: The promotion of popular education innovations and the role of evidence. Educational Research, 59, 228-240. DOI: https://doi.org/10.1080/00131881.2017.1310418
  • Carrier, N. (2015). What catches on? The role of evidence in the promotion and evaluation of educational innovations (tesis doctoral). Universidad de Toronto, Ontario, Canadá.
  • Cunningham, A. E., Perry, K. E., Stanovich, K. E., & Stanovich, P. J. (2004). Disciplinary knowledge of k-3 teachers and their knowledge calibration in the domain of early literacy. Annals of Dyslexia, 54,139-167.
  • Dekker, S., Lee, N. C., Howard-Jones, P., & Jolles, J. (2012). Neuromyths in education: Prevalence and predictors of misconceptions among teachers. Frontiers in Psychology, 3, 429.
  • Echegaray-Bengoa, J., & Soriano-Ferrer, M. (2016). Conocimientos de los maestros acerca de la dislexia del desarrollo: Implicaciones educativas. Aula Abierta, 44, 63-69.
  • Ferrero, M. ¿Qué saben los estudiantes de educación sobre métodos de investigación? Un estudio de los programas docentes españoles (en preparación).
  • Ferrero, M., Garaizar, P., & Vadillo, M. A. (2016). Neuromyths in education: Prevalence among Spanish teachers and an exploration of cross-cultural variation. Frontiers in Human Neuroscience, 10, 496.
  • Fuentes, A., & Riso, A. (2015). Evaluación de conocimientos y actitudes sobre neuromitos en futuros/as maestros/as. Revista de Estudios de Investigación en Psicología y Educación, 6, 193-198.
  • Goldacre, B. (2006). Brain Gym – Name & Shame [Blog post]. Recuperado de http://www.badscience.net/2006/03/the-brain-drain/
  • Hodge, E. E. (2005). A best-evidence synthesis of the relationship of multiple intelligence instructional approaches and student achievement indicators in secondary school classrooms (tesis doctoral). Universidad Cedarville , Ohio, Estados Unidos.
  • Hyatt, K. J. (2007). Brain Gym®: Building stronger brains or wishful thinking? Remedial and Special Education, 28, 117-124.
  • Landrum, T. J., Cook, B. G., Tankersley, M., & Fitzgerald, S. (2002). Teacher perceptions of the trustworthiness, usability, and accessibility of information from different sources. Remedial and Special Education, 23, 42-48.
  • Lilienfeld, S. O., Ammirati, R., and David, M. (2012). Distinguishing science from pseudoscience in school psychology: science and scientific thinking as safeguards against human error. Journal of School Psychology, 50, 7-36.
  • Tardif, E., Doudin, P-A., & Meylan, N. (2015). Neuromyths among teachers and student teachers. Mind, Brain and Education, 9, 50-59.
  • Slavin, R. E. (1989). PET and the pendulum: Faddism in education and how to stop it. Phi Delta Kappan, 752–758
  • Stahl, S. A. (1999). Why innovations come and go (and mostly go): The case of whole language. Educational Researcher, 28, 13-22.
  • Washburn, E. K., Mulcahy, C.A., Musante, G., Joshi, R. M. (2017). Novice teachers’ knowledge of reading-related disabilities and dyslexia. Learning Disabilities: A Contemporary Journal, 15, 169-191.
Egileaz:

Marta Ferrero (@ferrero_mar) Psikologian doktorea da eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hezkuntza eta Prestakuntza Fakultateko irakaslea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 17an: “El ir y venir de las modas educativas“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Hezkuntza moden joan-etorriak (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #346

Ig, 2021-04-18 09:00
Uxune Martinez lankidetza Elikagaiak

Lactiker, UPV/EHUko Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikertaldea da. Talde honek, besteak beste, gaztaren kalitatean eragiten duten ekoizpeneko prozesu biokimiko, mikrobiologiko eta teknologikoen ezaugarri bereziak zehazten dihardu. Xabier Izaga kazetariak lan horri eman dio isla GAUR8n Idiazabal gazta, bizimodua baino gehiago den sistema batek emandako produktua artikuluan. Bertan, ikertzaileek agertzen dute artzaintzaren gainbeherak aldaketak ekarriko lituzkeela gaztaren produkzioan. Esaterako, Idiazabal gaztak gaur dituen ezaugarri eta propietateak galduko lituzke edota biodibertsitatean galerak egongo lirateke.

Antropologia

Kontu-kontariak gara. Istorioak kontatzea eta entzutea gustuko dugu. Izan ere, ezaugarri unibertsala omen da. Narrazioek betetzen duten paperari buruzko ikerketa baten emaitzak ekarri dizkigu asteon Juan Ignacio Pérez biologoak. Agta ehiztari-biltzaileek zabaltzen eta kontatzen dituzten narrazioak izan ditu begi-bistan azterketa batek. Emaitzek erakutsi dute narrazioek egokitze-funtzio garrantzitsua bete dezaketela sistema kooperatiboak antolatzen, lankidetzarako arauak “transmititzeko” funtzioa betez. Izan ere, badirudi istorioak kontatu eta zabaltzeak taldeen barruko lankidetza sustatzen duela.

Medikuntza

AztraZeneca txertoaren balizko albo-ondorio larriak direla eta bi ikerketaren berri eman digu Ana Galarrak Elhuyar aldizkarian. New England Journal Of Medicine aldizkarian argitaratu diren bi artikuluetan jakitera eman dituzte ikerketen nondik norakoak. Batek, txertoa hartu eta 10 egun beranduago Osloko Unibertsitate Ospitalean ingresatu zituzten 32 eta 54 urte bitarteko bost osasun langileen tronbosi kasu larriak deskribatzen ditu. Besteak, Alemania eta Austrian txertaketaren ondoren tronbosia edo tronbozitopenia (odoleko plaketen maila baxua, normala baino txikiagoa) izan duten hamaika norbanako. Ikerketek antzeko emaitzak eman dituzte, antza odol bilduak izan dituztenen immunitate-sistemak erantzun desegokia izan du baina ez dakite txertoaren zein osagaik eraginda.

Marteko muturreko hotzari aurre egin behar zion Ingenuity helikopteroak planeta gorriko zeruak zeharkatu aurretik. Erronka gainditu du hegazti teknologiko honek, Jezero kraterrean astebete baino gehiago egon baita eta haren bateriak ez du kalterik izan. Baina hegoak astintzen hastekoa zenean NASAk helizeetan arazo batekin egin zuen topo eta atzeratu egin du hegaldia. Beñat Zalduaren eskutik etorri dira detaile guztiak Naiz.eus-en: Posible al da Marten hegan egitea?

Biologia

Juanma Gallego kazetariak mezu argi bat eman digu egunotan: biodibertsitatea ez da nahikoa lehorteei aurre egiteko. Guadarrama mendilerroan egindako ikerketa bat hartu abiapuntu Gallegok, non pinuak eta haritzak aztertu dituzte ikertzaileek. Bi espezieen masa mistoak, bai nahasi gabekoak ikertu dituzte azken 60 urteetako hazkuntza analizatzeko eta emaitzak adierazten du: klima-aldaketari aurre egiteko ez dela nahikoa izango basoetan biodibertsitatea handitzea. Hori dela eta egoera idorrei aurre egiteko estrategiak diseinatzean, espezieen nahastea “tentuz” aztertu behar dela gomendatzen dute ikertzaileek.

Entzumen absolutua entzumen-estimulu isolatu baten maiztasuna identifikatzeko gaitasuna da, betiere, erreferentziazko entzumen-estimulurik gabe. Entzumen absolutua dohain berezia da gizakien artean baina ez da arraroa animalien erreinuan. Hegazti kantari askok, otsoek, arratoiek eta beste karraskari batzuek badute eta, honi esker, beraien espezieko beste kide batzuk ezagutzen dituzte txorrotxio, ulu edo deien tonuagatik. Horrek esan nahi du gai direla soinuen oinarrizko maiztasuna modu absolutuan identifikatzeko eta egun batetik bestera gogoratzeko. Datu gehiago Entzumen absolutua, belarri finen gaitasuna artikuluan.

Paleontologia

DNA nuklearrak mitokondrialak baino informazio gehiago ematen du, baina zailagoa da nukleoko DNA sekuentziatzea. Bestalde, batez ere,  fosiletatik lortu izan dira laginak orain arte. Asteon antzinako DNAren analisia duten ikerketan aurrerapausoa izan daitekeen berri bat ezagutzera eman da: ikertzaileek neandertalen DNA nuklearra lortu baitute sedimentuetatik, laginak giza hezurretatik hartu beharrik izan gabe. Elhuyar aldizkarian ematen dizkigu xehetasunak Aitziber Agirrek. Atapuerca mendilerroko Estatuen Galeriako sedimentuetan lortutako DNA arrastoak sekuentziatu dituzte, gutxi gorabehera duela 110.000 urte bizi izan zen , gizonezko neandertal batenak.

Mamutak tamainaz animalia handiak izateaz gain leku hotzetan bizitzeko moldaerak zeuzkaten, esaterako iletsuak ziren. Baina mamut-espezie guztiak ez ziren iletsuak, hori iparraldean bizi ziren mamuten ezaugarria zen. Beraz, nolakoak izango ote ziren gure lurraldean bizi zirenak? Jakes Goikoetxeak Berrian Izturitze kobazuloan aurkitu zituzten mamuten arrastoei egin erreparatu die. Leize-zuloan 1998an aurkitu zituzten mamut gazte baten omoplatoa edo sorbalda hezurra eta ikerketa berri batek erakutsi duela 29.000 urteko arrastoak direla. Ikertzaileek diotenez, garai hartan ohikoak ziren mamutak Euskal Herrian baina salbuespena zen haiek ehizatzea.

Teknologia

Arabako Alean Juanma Gallegok GEOINT edo adimen geoespaziala ekarri du erakusleihora. Besteak beste, teknologia honek Lurrean zehaztuta dauden erreferentzia-puntu geografikokien ezaugarri fisikoak deskribatu, ebaluatu eta irudikatzen ditu. Honen erabilera gobernu eta enpresa handien esku egon da orain arte baina Google Earth aplikazioak gehitu du haren zerbitzura. Aukera berria probatu du Gallegok Arabako lurraldean eta ikusi du tresna berri hori Arabara aplikatuz gero, azken 37 urteetan lurraldean hainbat aldaketa eman direla. Esaterako, Gasteizen azpiegitura berrien inpaktua handia izan dela.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #346 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #348

La, 2021-04-17 09:00

detektagailu

Zientziaren ontziaz ari bagara, agian Otto Neurath filosofoa etorriko zaizu burura (eta beteranoentzat, izen bereko ontzian igaro genituen une onak). Agian berria irudituko zaizuna irudia Epikurotik datorrela jakitea da. Horrela azaltzen digu Jesús Zamorak The ‘prehistory’ of philosophy of science (9): Epicurus’ vessel and the origin of empiricism artikuluan.

Ispiluaren aurrean norberaren burua ezagutzea autokontzientziaren froga omen da. Eta badirudi zaldiek autokontzientzia duten edo ez egiaztatzen duen ispiluko proba gainditzen dutela. Ali Boyle ikertzaileak kontatzen du Horses can recognise themselves in a mirror artikuluan.

DIPCko ikertzaileek, detektagailu infragorrien belaunaldi berri baterako funtsezkoa izan daitekeen aurkikuntza esperimental batean parte hartu dute. Gailu optoelektroniko berritarako funtsezkoa izan daiteken efektu bat litzateke: Topological longitudinal circular photogalvanic effect in a chiral semimetal.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #348 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Aitor Payros: “Arroken erregistro geologikoaren analisiak klima-aldaketak aurreikusteko aukera ematen du” #Zientzialari (151)

Or, 2021-04-16 09:00



Paleoklimatologia antzinako klimak ikertzen dituen zientzia da. Hortaz, erregistro geologikoaren azterketa paleoklimatikoak Lurrean dauden eta milioika urte dituzten arrokak aztertzen ditu, sedimentuak eratu ziren garaietan eman ziren aldaketa klimatikoen aztarnak bilatzeko helburuarekin. 

Arrokek, sortu ziren garaiko ingurumen baldintzen araberako ezaugarri fisiko, geokimiko, paleontologiko eta mineralogikoak dituzte. Beraz, hauek aztertzean Lurrak historian zehar izan dituen klimaaldaketei buruz gehiago jakin dezakegu. Izan ere, egindako ikerketei esker baieztatu da Lurrak hainbat motatako klima-aldaketa izan dituela.

Aldaketa hauen artean hiru nabarmenduko lirateke. Lehenengoa, iraupen luzeko hozte eta berotze motelak, nagusiki Lurraren aldaketa geografikoen ondorioz gertatu ohi direnak. Bigarrena da, iraupen laburreko ziklo klimatiko periodikoak, Lurraren parametro astronomikoen aldaketak eta Milankovitchen zikloek eragindako intsolazio-aldaketen ondorioz gertatzen direnak. Azkenik, iraupen oso laburreko gertakari hipertermalak daude, atmosferan negutegi-efektua eragiten duten gasak pilatzearen ondorioz, berotze globalarekin erlazionatzen direnak. 

Aitor Payros, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia saileko ikertzailearekin elkartu gara, paleoklimatologiak eta arroken analisiak klima-aldaketaren ikerketan eskaintzen dituzten aukerei buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Aitor Payros: “Arroken erregistro geologikoaren analisiak klima-aldaketak aurreikusteko aukera ematen du” #Zientzialari (151) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kuantuez (II)

Og, 2021-04-15 09:00
César Tomé

Metalei buruzko bere doktore-tesian (1911), Niels Bohr fisikariak ondorioztatu zuen ezin zirela metalen propietate magnetikoak azaldu fisika klasikoak atomoen eraikuntzaz esaten zuenaren bitartez. Handik gutxira, Manchesterren lanean zebilela Ernest Rutherford fisikariaren laborategian –Rutherfordek eta bere taldeak proposatu berri zuten atomoaren eredu nuklearra–, Bohr atomoen errotiko ezegonkortasun elektro-mekanikoa azal zezakeen teoria bat garatzen hasi zen. Egon ziren ordurako bestelako saiakerak hipotesi kuantikoa atomoei aplikatzeko, baina batek ere ez zuen behar bezala azaltzen atomoek izan behar zuten egonkortasunaren zergatia. Azalpena emateko, Bohrek proposatu zuen “egoera geldikor” batzuk existitzen zirela, arau kuantiko jakin batzuek gobernatuak, baina gainerakoan, Bohren ikuspegitik, Rutherforden atomoak lege fisiko klasikoak betetzen zituen.

kuantuIrudia: «Kuantu» hitza XIX. menderako erabiltzen bazen ere, fisikan XX. mendean agertu zen lehenengoz Philipp Lenard fisikariaren eskutik, efektu fotoelektrikoari buruzko 1902ko artikulu batean. (Argazkia: Tomislav Jakupec – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Mekanikaren legeak, baina, ezin ziren bi egoera geldikor arteko trantsizioan aplikatu. Trantsizioa gertatu bitartean, atomoak hv energia kuantu bat igorri edo xurgatzen zuen, bi egoera horien arteko energia-aldearen adinakoa. Beste era batera esanda, Bohren hipotesian erradiazioa ez zen igortzen (edo xurgatzen) Maxwell-Lorentzen elektrodinamikak esaten duen modu jarraituan.

Bohren postulatuak −hots, atomoari egonkortasuna ematen zioten arau kuantiko horiek− gai ziren hidrogenoaren espektroko erregulartasunak azaltzeko (Balmerren formula esperimentala), baita ioi monoelektrikoen espektrokoak; adibidez, helio He+-enak (1913-1914).

Lehen Mundu Gerrak Europa triskatzen zuen bitartean, Arnold Sommerfeld fisikariak Bohren postulatuen aplikazio-eremua hedatzen ziharduen, elektroiaren orbita eliptikoetara ere iristeko −Bohrenak zirkularrak baitziren− eta, gerora, hiru dimentsiotara −Bohren orbitak plano bakarrean zeuden−. Hala, Sommerfeld gai izan zen bikotedun eta hirukotedun espektroak azaltzeko, bai eta Zeeman efektua eta X izpien espektroetako erregulartasunak. Hurrengo urteetan, Atombau und Spektrallinien liburuan (1919) agertu ziren emaitza horiek guztiak. Liburua erreferentzia nagusi bilakatuko zen hurrengo urteetan kuantuei buruz jakin-mina zuten fisikari guztientzat.

1920ko hamarkadaren hasieran, Bohrek taula periodikoaren azalpen fenomenologiko bat osatu zuen, oinarri zuena elektroi anitzeko atomoetako elektroiak Coulomben legeak gobernatutako orbitetan kokatzea. Gerora, fisikari ugari saiatu zen Bohren azalpena justifikatzen, baina, 1925 urte hasierako Wolfgang Pauli fisikariaren esklusio-printzipioak izan ezik, ahalegin horietatik batek ere ez zuen oinarri sendo eta egonkorrik sortu atomoen dinamika azaltzeko. Lan horiek, ordea, probetxugarriak izan ziren, zeren eta argi utzi baitzuten kuantuen teoria berri batek zer gai argitu beharko zituen.

1917an Albert Einsteinek urrats garrantzitsua egin zuen beste mekanika horren norabidean. Artean erradiazioa korpuskulu ikuspuntu batetik azaltzeko ideian buru-belarri sartuta zegoela, kalkulu berriak egiteari ekin zion, jakiteko zenbateko probabilitatea zegoen atomo batek berezko erradiazioa igortzeko egoera geldikor batetik besterako trantsizioan. Hala, erradiazioaren teoria kuantikoaren oinarria ezarri zuen, eta, horrek, bere aldetik, testuingurua sortu zuen laserra garatzeko lehen urratserako. 1924an, berriz, Satyendra Nath Bose fisikariaren artikulu batek erraz eratortzen zuen Plancken legea printzipio estatistiko berrietatik abiatuta. Artikulu hori Albert Einsteinek berak itzuli zuen alemanera, eta bere aldeko iruzkin bat argitaratu zuen, «Plancken Legea eta Argi-Kuantuen Hipotesia» zeritzona.

1923an, Arthur Compton fisikariaren esperimentuetatik abiatuta, X izpiak hv energiadun eta hv/c momentudun partikulak bailiran jokatzen zutela ondorioztatu zen (bertan, c da argiak hutsean duen abiadura). Emaitza horien argitan, Einsteinek esan zuen: «argiaren bi teoria daude, biak ezinbestekoak… baina elkarrekiko konexio logikorik gabeak». Teoria korpuskularrak atomoen propietate optikoak azaltzen zituen; uhin-teoriak, aldiz, efektu makroskopikoen propietate optikoak. Hogeiko hamarkadaren hasieran erabatekoa zen nahasmendua.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

Kuantuei buruz idatzitako artikulu-sorta:

The post Kuantuez (II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Biodibertsitatea ez da nahikoa lehorteei aurre egiteko

Az, 2021-04-14 09:00
Juanma  Gallego

Ikertzaile talde batek baieztatu duenez, baso mistoek ekosistemen emankortasunean eragin positiboa duten arren, ez dute hobekuntzarik bermatzen lehorte handien aurrean.

“Zuhurtziagabeko presarekin basoak suntsitzen direnean, Europako landatzaileek Amerika osoan egiten ari diren moduan, iturburuak guztiz ahitzen dira, edo ur emaria gutxitu egiten da. Ibaietako ohantzeak, urte gehiena lehor ematen dutenak, uholde bilakatzen dira goiko eremuetan euri handiak izaten direnean”. Alexander von Humboldt jakintsu eta naturalista ospetsuaren hitzak dira. Gaur egun halakoak irakurtzea agerikotzat eta normaltzat hartzen dugu, baina kontuan izan behar dugu horiek XIX. mendeko lehen urteetan idatzitako ondorioak direla. Von Humboldt guztiz aitzindaria izan zen alor askotan, baina, horietatik guztietatik, ekologiaren sorrera zor diogu, hein handi batean. Adituen zirkuluetatik kanpo, behar baino gutxiagotan aitortzen zaio meritu hori. Haren biografo handienaren Andrea Wulf-en hitzei jarraiki, prusiarra “zientziaren heroi galdua” izan zen.

Humboldtek aurreikusi bezala, basoak ezinbestekoak dira ekosistemetako oreka mantentzeko, eta toki askotako berezko klima, hein batean, basoek uretan eta hezetasunean duten eraginaren menpekoak ere badira. Horien eragina ez da, noski, ahalguztiduna, eta bestelako faktoreek klima aldatzen dutenean, basoek aldaketa horren ondorioak nozitzen dituzte. Basoen osaketa zein den, horren arabera ezberdinak izan daitezke klimarekiko loturak, eta zientzialariek hori guztia zehaztasunez ezagutu nahi izan dute, are gehiago klima-aldaketaren arazoa guztion ahotan dagoen garaiotan.

lehorte1. irudia: Basoetan biodibertsitateak eragin positiboa du klima-aldaketari aurre egiteko. Ez, ordea, muturreko lehorteen aurrean, ikerketa batek ohartarazi duenez. (Argazkia: Juanma Gallego)

Nahiko argi dago espezie askorekin osatutako basoek malgutasun handiagoa dutela arazoei aurre egiteko, eta logikak agintzen du hala beharko lukeela ere klima-aldaketari dagokionez. Bada, harreman hori ikertu du zientzialari talde batek, eta hasierako uste hori egiaztatu duten arren, ñabardura garrantzitsu bat ondorioztatu dute ere.

Oraingoan, klima mediterraneoko basoak aztertu dituzte. Madrilgo hiru unibertsitateren (Konplutentse, Alcala eta Autonomoa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko elkarlan honen emaitzak Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztu dituzte. Zehazki, Madrilgo Guadarrama mendilerroan dauden basoetan egin dute landa lana. Bertako pinu gorriak (Pinus sylvestris) eta ametzak (Quercus pyrenaica) aztertu dituzte, eta kontuan hartu dituzte bai nagusiki espezie bakarrarekin osatutako basoak zein bi espeziez osatutakoak.

Horren atzean dagoen arrazoia da basoaren osaketaren arabera ezberdina dela lehorteekiko erantzuna. Ekologiaren alorrean ohikoa denez, espezieen artean sortzen diren harremanak oso konplexuak dira, eta, modu berean, harreman horiek aldatu daitezke klimaren bilakaeraren arabera. Kontuan izan behar da espezie ezberdinetakoak diren zuhaitzek ez dutela horrenbeste lehiatzen baliabideengatik, horietaz egiten duten erabilera desberdina delako. Ez da gauza bera gertatzen biodibertsitate baxua duten ekosistemetan.

Ekologoek jakin badakite uniformetasunak mesede gutxi egiten diela ekosistemei. Egoera are larriagoa da gizakiak basoetan monolaborantzak sartzen dituenean. Kasu horietan, gehienetan benetako triskantza ekosistemikoak eragiten dira, lehen itxura batean —eta adituenak ez diren begietatik ikusita— baso batek garbia eta polita eman dezakeen arren.

Adituek ikusi dutenez, klima-aldaketari aurre egiteko, biodibertsitatea lagungarria izan daiteke, baina ez da nahikoa muturreko eguraldiaren ondorioz sor daitezkeen lehorteei aurre egiteko, klima mediterraneoan ohikoak diren basoetan bederen. Lehorteen gaineko kezka ez da asmatutakoa. Izan ere, klima horren eragina duten eskualdeetan ura nahiko eskasa izan ohi da, eta, hortaz, adituek estres hidrikotzat jotzen dutena jasan ohi dute basoek.

2. irudia: Madrilgo Guadarrama mendilerroan egin dute landa lana. Bertako 120 zuhaitzi erreparatu diete, azterketa dendrokronologikoa egiten. (Argazkia: Daniel Llorente/Unsplash)

Klimaren arabera zuhaitzek izan duten bilakaera historikoa aztertzeko, dendrokronologiara jo dute, haien eraztunak ikertuz. Orotara, 120 zuhaitzi erreparatu diete, eta batez ere ale horien bizitzaren azken 60 urteetan zentratu dira. Denbora tarte horretan lehorteen aurrean izan duten hazkundea aztertu dute.

Datuek diotenez, ametzak hobeto hazi dira baso mistoetan, batez ere lehorteak izan ez diren urteetan. Pinuak, berriz, hobeto moldatu dira lehorte garaietan. Lehorteen aurrean espezie bakoitzak erakutsi duen erantzuna desberdina izan da. Hala, baso mistoetan pinuek erresistentzia gehiago izan dute estres hidrikoari aurre egin behar izan diotenean, baina berreskuratze gaitasun txikiagoa erakutsi dute. Egoera berdinean, ametzek kontrako joera izan dute, erresistentzia txikiagoa baina berreskuratze handiagoa izanik.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute espezie bakoitzaren erantzun espezifikoa kontuan hartzearen garrantzia. “Oro har, batezbesteko baldintza klimatikoetan, nahasteak eragin positiboa du epe luzerari begirako egonkortasunari dagokionez; baina gero eta maizago izaten diren muturreko lehorteei dagokienez, epe laburrean ez dago eraginik erresilientzia gaitasunean”, idatzi dute zientzia artikuluan. Horregatik planteatu dute egoera idorrei aurre egiteko estrategiak diseinatzean, espezieen nahastea “tentuz” aztertu behar dela, basoen produktibitatea indartu arren, ez dutelako bermatzen arazoaren arintzea gertatuko denik.

Hortaz, atera duten ondorio nagusia izan da klima-aldaketari aurre egiteko ez dela nahikoa izango basoetan biodibertsitatea handitzea, muturreko gertakariak handituko diren testuinguru batean bederen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Muñoz-Galvez, Francisco J., Herrero, Asier, Perez-Corona, M. Esther, Andivia, Enrique (2021). Are pine-oak mixed stands in Mediterranean mountains more resilient to drought than their monospecific counterparts? Forest Ecology and Management, 484, 118955. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foreco.2021.118955.

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Biodibertsitatea ez da nahikoa lehorteei aurre egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Istorioak entzutea gustatzen zaigu

Ar, 2021-04-13 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Gizakiok gustuko dugu istorioak konta diezazkigutela. Narrazioak gustatzen zaizkigu. Eta batzuek gustuko dugu ere istorioak kontatzea. Ez dira bakarrik elkarri ahoz kontatzen dizkiogun istorioak. Irakurri ere egiten ditugu. Edo, gero eta gehiago, telebista edo irrati programetan ikusten edo entzuten ditugu. Denbora asko ematen dugu istorioak entzuten eta dirua ere inbertitzen dugu zeregin horretan, istorioak entzuten, irakurtzen edo ikusten. Ezaugarri kultural unibertsala da: gizaki guztiok atsegin ditugu narrazioak.

Bada ezaugarri unibertsal horren izateko arrazoiari buruz galdetu duenik. Azken finean, gizaki guztiok narrazioak maite baditugu, logikoa da pentsatzea eboluzioaren ikuspegitik abantailaren bat baduela edo eman digula jarduera honek. Hainbat diziplinetako ikertzaileekin osatutako nazioarteko ikerketa-talde batek, Londresko University Collegeko Andrea Bamberg Migliano antropologoak zuzenduta, honako hipotesia kontrastatu du: istorioen narrazioak funtzio garrantzitsua bete du giza lankidetzaren bilakaeran, taldearen portaera koordinatzeko aukera ematen duten arau sozialak eta kooperatiboak transmitituz.

istorioak entzuteaIrudia: Gizakiak istorioen ekoizle eta kontsumitzaile porrokatuak gara. Telebistako azken serieak ikusten ditugu gogoz baina oraindik ere su baten inguruan batzen gara iraganeko istorioak kontatzeko. (Argazkia:  Toa Heftiba. Iturria: Unsplash

Antropologoen talde honek giza talde bat lankidetzan aritu dadin aztertzeko, ebatzi beharreko bi arazo identifikatu zituen lehenik: alde batetik, nola zigortu lankidetzan aritzen direnen kideez baliatuz, ez dutenei laguntzen, hau da, lankidetzan aritzen ez direnei (ingelesez free-rider bezala ezagutzen da portaera hau). Bestalde, beharrezkoa litzateke ere taldekideek besteen portaerari buruz dakitena partekatzea; beste modu baten esanda, ez litzateke nahikoa izango egoera jakin batean nola jokatu jakitea, taldeko kideek jakin behar dute gainerako kideek ere badakitela nola jardun. Lanaren egileek metaezagutza deitzen diote horri. Testuinguru horretan, hizkuntza funtsezkoa da, noski, komunikabide gisa, baina, hizkuntzaz gain, taldeko kideek besteekin jarduteko arauak eta moduak partekatu behar dituzte, gainontzekoek ere ezagutu behar dituztelako. Eta horretarako, ikertzaileen esanetan, istorioak oso tresna garrantzitsuak izan daitezke.

Hasierako hipotesia egiaztatzeko, ehiztari-biltzaileen herriak aztertzea proposatu zuten egileek; izan ere, talde horiek dira historian zehar giza taldeek bizi izan duten egoeretara hobeto moldatu direnen ordezkariak. Beraz, ikertzaileek agtak aukeratu zituzten, Filipinetan bizi diren ehiztari-biltzaileak. Helduek elkarri kontatzen dizkioten istorioak eta baita helduek haurrei kontatzen dizkieten zenbait kontu aztertu zituzten. Horrez gain, hainbat jatorritako ehiztari-biltzaileen taldeetan kontatutako 89 istorio ere batu zituzten, eta haien edukiaren eta transmititzen dituzten arau edo portaeren arabera sailkatu zituzten istorioak. Besteak beste, baloratu zuten ea taldean narratzaile onak egoteak eragina duen taldearen barruko lankidetza-mailan, eta ea narratzaileei, nolabait, mesede egiten zion euren paperak gizarte harremanetan edo ugalketan duten arrakastagatik. Azken bi faktore hauen azterketaz jakin nahi zuten ea taldearentzat baliagarria zen gaitasun batek, hau da, istorio onak kontatzeak, onurarik ekartzen ote zien narratzaileei.

Emaitzen arabera, agtek beraien taldeen ezaugarriak transmititzen dituzten istorioak kontatzen dituzte: lankidetza, emakume eta gizonen arteko parekotasuna eta gizarte-berdintasuna sustatzen dituzten mezuak. Agtatarrak ez ezik, badirudi beste giza talde batzuetan kontatzen diren istorioak ere prestatuta daudela jokabide soziala koordinatzeko eta lankidetza sustatzeko. Istorioak kontatzeko lagun gehiago dituzten herrixketako norbanakoak kooperatiboagoak dira. Istorioak ondoen kontatzen dituztenak estimatuagoak dira kuadrillako kide bezala edo lagun gisa, eta ugalketa-arrakasta handiagoa dute.

Lan honen ondorioz, egileen konklusioa da istorioak kontatzeak adaptazio-balioa duen ezaugarri kultural bat dela, ehiztari-biltzaileen gizarteetan lankidetza sistema eraginkorrak antolatzen laguntzen baitu. Gainera, ikertzaileek azpimarratu dute portaera edo ezaugarri indibidual batzuk, taldearentzat onuragarriak direnak, banaka ere aukera daitezkeela. Dena den, kontakizunek funtzio horiek betetzea ez da oztopo beste zeregin batzuk betetzeko edo bestelako onura batzuk sortzeko.

Ipuin-kontalariak gara. Istorioak kontatzen, entzuten, irakurtzen edo ikusten gozatzen dugu. Pentsatzen dugun modua ere zuzenean lotuta dago narrazioaren egiturarekin. Ez balitz bereizgarri baliotsua, ez litzaiguke hainbeste gustatuko eta ez luke horrenbesteko garrantzirik izango gure bizitzan. Narrazioek lankidetza sustatzen dutela ezagutzea oso ideia erakargarria da baina, agian, badira arrazoi gehiago hainbeste gozatzeko kontatzen dizkiguten ipuinekin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Smith, D., Schlaepfer, P., Major, K. et al. (2017). Cooperation and the evolution of hunter-gatherer storytelling. Nature Communications, 8, 1853 (2017). DOI: 10.1038/s41467-017-02036-8

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

 

The post Istorioak entzutea gustatzen zaigu appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Entzumen absolutua, belarri finen gaitasuna

Al, 2021-04-12 09:00

Mozartek entzumen absolutua zuen. Gaitasun honek botere harrigarri bat eman zion eta zazpi urte eskasekin, Salzburgoko gortean zeuden musikarien akatsak zuzentzeko gai zen. Mozartek soinu bat entzuten zuen eta zehatz-mehatz zekien zein nota zen. Gainera, egun batetik bestera soinu zehatzak gogoratzeko gai zen, inolako erreferentzia osagarririk gabe eta zehaztasun handiz. Musikari klasikoek entzumen absolutuaren gaitasuna errazago garatzen omen zuten, txiki-txikitatik jasotzen baitzuten musika entrenamendua, eta horrek laguntzen zien. Hala ere, entzumen absolutua ez da ohikoa gizakietan. Bai ordea, animali batzuen artean.

Irudia: Entzumen absolutua entzumen-estimulu isolatu baten maiztasuna identifikatzeko gaitasuna da, betiere, erreferentziazko entzumen-estimulurik gabe. (Argazkia: tung256 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com))

Entzumen absolutua, gizakien artean hain berezia, ez da dohain arraroa animalien erreinuan. Hegazti kantari askok entzumen gaitasun hau dute. Hegaztiez gain, otsoek, arratoiek eta beste karraskari batzuek ere, beraien espezieko beste kide batzuk ezagutzen dituzte txorrotxio, ulu edo deien tonuagatik. Horrek esan nahi du gai direla soinuen oinarrizko maiztasuna modu absolutuan identifikatzeko eta egun batetik bestera gogoratzeko.

Animalia horientzat soinu bakoitzaren maiztasuna garbia da, gizakientzat koloreren pertzepzioa argia den bezala. Bitxiena da, ikertzaileek uste dutela sasoi baten gizakiok ere entzumen absolutua genuela baina denborarekin galdu egin dugula.

Hala ere, gure entzefaloak eta beste tximinoenak tonuen irudikapen zuzena egiten dute. Gure belarrian bada koklea deitzen den organo bat eta honek soinuaren frekuentziak bereizten ditu. Koklea luzetara banatuta dago, mintz basilarraren bitartez, mintz hau gogorra da baina ez neurri berdinean mintz osoan zehar. Une batzuetan gogorragoa da eta beste batzuetan gutxiago eta horri esker mintzak modu selektiboan bibratzen du toki baten edo bestean soinua baxua edo altua bada. Frekuentziak gure entzumen-kortexera iristen dira, bertan mapa tonotopiko da eta mapa hori modu batean edo bestean aktibatzen da “sol”,”la” edo “si” baten soinua bada.

Erresonantzia funtzionaleko tekniken bidez ikusi da, entzumen absolutua dutenek tonua hautemateko garun-area handiago dutela. Hala ere, ikertzaileak paradoxa baten aurrean aurkitu dira: pertsona bat zein nota entzuten ari den antzeman dezakegu garuna aktibatzeko patroiak behatze hutsarekin. Baina pertsona bera ez da gai informazio hori kontzienteki eskuratzeko. Informazioa nola lortu ahaztu izan balu bezala da.

Hori da, hain zuzen ere, musikaren eta hizkuntzaren antropologo eta psikologo batzuen hipotesietako bat. Duela ehunka mila urte gure arbaso guztiek entzumen absolutua zutela uste dute. Baina mendeak aurrera egin ahala, galdu egin omen genuen gaitasun hori, eboluzioari dagokionez askoz erabilgarriagoa zen beste bat menderatzeko: hizkuntza. Gure mintzamenaren ingurunea, prosodiaren emozioak eta beste gizaki batzuekin komunikatzen garen bakoitzean aireratzen ditugun doinuak ezagutzeko dugun gaitasuna gure belarri erlatiboaren mende dago, eta gaitasun hori, eboluzioari dagokionez, entzumen absolutua baino askoz bereziagoa da.

Entzumen erlatiboa, gutxi gorabehera, musika bitarteak, tonalitateak eta notak identifikatzeko gaitasuna da. Hau da, belarri erlatiboa noten arteko erlazioari esker ingurune melodikoa hautematean datza. Entzumen absolutua duten animaliek, esaterako, ez dute gaitasun hori. Gure entzumena, aldiz, harreman, distantzia eta bitarte melodikoei sentikorra da, batez ere. Hori da bere benetako superboterea, abesti berbera entzuteko gaitasuna izatea nota guztiak aldatu badira ere.

Entzumen absolutuak nota bakartu baten doinu altua identifikatzeko balio duen bitartean, GPS koordenatuak bezalako zerbait litzatekeena, entzumen erlatiboa soinuen arteko distantziekiko sentikorra da, berdin dio non dauden, bat ezagututa, beste guztiak kalkula ditzake.

Entzumen erlatiboaren arrakastaren sekretua soinuen maiztasunaren arteko proportzioak ezagutu ahal izatea da; musikan, bitarte deitzen zaio horri. Guztiok partekatzen dugun gaitasuna da, agian horregatik ez dugu behar bezala baloratzen.

Iturriak:
  • Pérez Iglesias, Juan Ignacio (2017). El oído absoluto y las lenguas tonales. Cuaderno de Cultura Científica, 2017ko uztailaren 31.
  • Castro, Almudena (2021). El oído absoluto de Mozart. Cuaderno de Cultura Científica, 2021eko martxoaren 25a.
  • Castro, Almudena (2021). El oído absoluto de los animales. Cuaderno de Cultura Científica, 2021eko apirilaren 8a.
Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Entzumen absolutua, belarri finen gaitasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #345

Ig, 2021-04-11 09:00
Uxune Martinez

Fisika

ITER, International Thermonuclear Experimental Reactor, 1985 hasi zuten eta Jakes Goikoetxeak Berrian adierazten digunez, 2025ean bukatuko dituzte lanak. ITER egitasmo bat da, izatez, esperimentu bat da, munduko esperimentu zientifikorik handienetakoa. Hala ere, egitasmoak helburu zehatza du: fusio nuklearra probatzea, ikertzea eta garatzea, gerora etekina atera ahal izateko eta, ahal izanez gero, etorkizuneko energia iturrietako bat bihurtzeko.

Biologia

Bemisia tabaci euli zuria nekazaritzarako izurritea da, besteak beste, oso polifagoa baita (jateko gogo handia du). Horrez gain, birus fitopatogeno larri ugari garraiatzen ditu, eta eredu bikaina da landareen defentsak gainditzen dituzten mekanismo molekularrak ikertzeko. Aitziber Agirrek euli zuriei buruzko ikerketa berri baten emaitzak ekarri dizkigu Elhuyar aldizkarian. Bertan azaltzen du euli zuriek landareetatik eratorritako BtPMaT1 genea hartu dutela. Gene horri esker, landare askok intsektuetatik babesteko darabilten glukosido fenoliko izeneko toxina neutraliza dezake euli zuriak eta ondorioz, pozoitzeko arriskurik gabe jan ditzake landareok.

Batrachochytrium dendrobatidis onddo patogenoaren ondorioz anfibioak galera handia izan dute Costa Rica eta Panamako herrialdeetan. Ikerketa batek agerian utzi du, herrialde horietan izandako anfibioen populazioren murrizketak harremana izan dezakeela bertan gertatutako malaria agerraldi gogorrekin. Gertaera honek gogora ekartzen digu bioaniztasunak pairatzen dituen kalteak giza osasunean ere eragina dutela. Juan Ignacio Pérez biologoak Igelak eltxoa jaten du artikuluan zehazten du gertatutakoa. Izan ere, 80ko hamarkadan hasi ziren apaltzen anfibioak eta gerora malariaren eragina handitu egin zela hiru urtez aipatutako bi herrialdeetan, anfibioen galera hasi eta handik zortzi urtera.

Labetik ateratako ikerketa bat ekarri digu asteon Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian. Nazioarteko ikerketa-talde batek mendiko gorilen komunikazio keinuak aztertu ditu eta bularrean ematen dituzten kolpeen danbor-soinuen bidez informazio transmititzen dutela ondorioztatu dute. Besteak beste, gorputzaren tamainari buruzko argibideak plazaratzen dituzte, gizabanakoak identifikatzeko aukera emanez. Horrela, ahozko komunikazioa erabili gabe, transmititutako informazioaren bidez lehiakideen borrokarako gaitasuna neur dezakete. Azterlan honen arabera, bularreko kolpeen hotsak baso tropikal zerratuetan komunikatzeko gaitasuna ematen die gorilei.

Zientziametria

1923an “sortu” zuten Nicolas Bourbaki matematikaria. Ustezko matematikaria agertarazi zuten sasoiko intelektual batzuen zinismoa agerian jartzeko. Izan ere, garai hartan, askok edozein azalpen ontzat ematen zuen, behar bezain korapilatsua izanez gero. Ia mende bat beranduago 2020an Camille Nous ikertzaile oparoa plazaratu dute ikertzaile frantsesek. Camille Nous oso produktiboa da, berak sinatutako 200 bat artikulu argitaratu dira urtebetean zientzia-aldizkarietan, eta oso arlo desberdinekoak gainera: biologia molekularra, astrofisika edo konputazioa, besteak beste. Baina Camille Nousen figurak badu helburu bat, ikerketaren eta zientziaren arrakasta ebaluatzeko sistema agerian uztea. Datu guztiak Berrian Jakes Goikoetxearen eskutik: Nous, gezurrezko ikertzailea.

Ekologia

Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian baso tropikalen deforestazioari egin dio so. Egun, deforestazioak biodibertsitaterako mehatxu handia suposatzen du eta areagotu egin da mundu osoan oinarrizko produktuen eskaera hazi egin delako. Hainbat ikerketek deforestazioa hornidura-kate globalekin lotu dute baina teledetekzio-datuak eta hainbat eskualdetako sarrera-irteeren eredua erabili duen ikerketa batek, 15 urtez (2001-2015) deforestazio globalaren aztarnetan izan diren aldaketak kuantifikatu ditu. Emaitzek adierazi dute, besteak beste, G7ko herrialdeetako kontsumo-ereduek pertsonako eta urteko 3,9 zuhaitzen galera eragiten dutela, batez beste.

Kimika

Kanela herri askotako gozogintzan erabiltzen den produktua da. Seguru asko, egunotan kanela usaindu dugu eta dastatu ere torradak jan baditugu. Torradak Aste Santuko platera da eta Ainara eta Leire Sangroniz kimikariek kanelari erreparatu diote “Torradak eta kanelaren kimika” artikuluan. Bertan azaltzen dute kanela mota nagusi bi daudela. Alde batetik, Sri Lankako kanela: kolore argiduna, hauskorra, kiribildutako geruza ugari, zapore leuna eta gozoa dituenak. Bestetik, Txinako kanela: cassia izenaz ezagutzen da, sendoa eta gogorra, iluna eta zapore biziagoa eta mikatza dituenak.

Astrofisika

Ingenuity du izena eta helikoptero bat da. Ez ditu gure zeruak zeharkatuko, NASAk Martera bidali baitzuen Perseverance ibilgailuari atxikia eta bertan egingo du bere lehen hegaldia. Jakes Goikoetxea kazetariak aurreratu dizkigu xehetasunak Berrian. Helikopteroak hegoak astindu orduko Marteko muturreko hotzari egin beharko dio aurre. Izan ere, tenperatura zero azpiko 90 gradura iritsi daiteke planeta gorrian eta honek helikopteroaren osagaiak honda ditzake.

Komunikazioa

Zer esaten den eta zelan esaten den funtsezkoa da. Asteon honen garrantziaz ohartu gaituzte Josu Lopez-Gazpio kimikariak eta Marta Bueno fisikari eta pedagogoak. Josuk COVID-19aren inguruko komunikazioa izan du hizpide, azpimarratuz pandemiari aurre egiteko hartutako neurri eta erabaki desberdinek ezinbestean azalpen argiak eta zabalak behar dituztela. Horien faltan, nahasmendua, mesfidantza eta nekea sorrarazten baitira gizartean. Bestalde, Marta Buenok neska-mutilen gaitasunak baloratzeko orduan batzuei zein besteei modu diferentean hitz egiten diegula azaldu du. Mutilek akatsen bat egiten dutenean, euren portaerari buruzko iruzkinak egiten dizkiegu: “Isildu!”, “Egon zaitez geldi”. Aldiz, nesken kasuan, akatsa zuzendu egiten diegu: “Hori ez dago ondo egina!”, “Gaizki egin duzu!”. Beraz, zelan jokatu? Erantzuna Eman diezaiogun seme-alabei estropezu egiteko aukera artikuluan.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #345 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #347

La, 2021-04-10 09:00

BOE

Zurrumurruak ugaritu dira azken asteotan CERNen, partikulen fisikako laborategi handienean, fisika berria izan daitekeenaren detekzioa dela eta. Partikulen hiru fisikarik, Harry Cliff, Konstantinos Petridis eta Paula Álvarez Cartellek, beren baikortasunaren zergatia kontatuko digute, ordena baten barruan: Evidence of brand new physics at Cern? Why we’re cautiously optimistic about our new findings.

Estatuko aldizkari ofiziala eta bestelako baliabide baliokide batzuk ez dira magikoak; izan ere, bideo-joko baten antzekoak dira. Esaterako, BOEn zerbait debekatzen baduzu horrek ez du esan nahi hori automatikoki, bizitza errealean, egiteari utzi eta albo batean gelditzen denik. Batzuetan debekuak pizgarri bat sor dezake eta jarduera (errentagarria bada eta demanda badago) delitugileen esku geldi daiteke. Hiruko erregela berberagatik, gure energia-iturriak aldatu behar direla esaten duenak pizgarriak sortzen ditu zentzu batean eta bestean. Eta, errealitateak materialekin (baliabide mugatua, ez bideo-jokoetan bezala), haien erabilgarritasunarekin eta geopolitikarekin talka egitera eraman zaitzake. Silvia Románek azaltzen du Craving for minerals: the delicate balance of the energy transition artikuluan.

Material desberdinen monogeruzen supereroankortasunak ez du geldiunerik. Angelu magiko batengatik ez denean, gatza eta piperra jarri eta, horra hor!, berriz ere magia. DIPCko ikertzaileek antzeko zerbait egin dute trantsizioko metal dikalkogenuro baten geruza bakarrekin: Hybrid 2D materials as a novel platform for tunable superconductivity.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #347 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak