- Gaurtik hasi eta maiatzaren 21era arte, “Bi ilunabarren eguna” erakusketa ibiltaria egongo da ikusgai museoko lorategian
- Maiatzaren 16an, larunbatean, 11:30ean, erakusketaren doako bisita gidatua eta dibulgazio-tailerra antolatu dira
- Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, erakusketaren doako bisita gidatua programatu da
- Ekainaren 11n, Seminarixoan, “Eklipseak eta asmakizunak” hitzaldia eskainiko du Mikel Falxa DIPCko Doktoretza Ondoko Ikerlariak
- Azkenik, uztailaren 3an, Ilartargi Elkarteko Josu Gonzalezen eskutik “Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten” solasaldiaz gozatzeko aukera izango da
Datorren abuztuaren 12an ikusi ahal izango den eguzki-eklipse osoa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Jakindari osatzen duten erakundeekin elkarlanean – horien artean dago Laboratorium Museoa –, zientzia-dibulgazioko egitarau ibiltari zabal bat jarri du abian. Testuinguru horretan, Bergaran, fenomeno astronomiko hori herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin sei jarduera egingo dira maiatza eta uztaila bitartean. Ekintza horiek guztiak ZTBk (Zientzia, Teknologia, Berrikuntza) urte osoan zehar garatzen duen programaren barnean kokatzen dira.
“Aparteko gertakari astronomiko baten aurrean gaude, eta Bergarako herritarrek fenomeno hau behar bezala bizitzeko aukera izatea nahi dugu. Horretarako, eklipseen inguruko ezagutza ipiniko dugu jarduera desberdinen bitartez Bergarako eta eskualdeko herritarren eskura”, azpimarratu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak.
“Jakindari bezalako erakundeekin eraikitako lankidetzak, publiko guztientzat pentsatuta diseinatu ditugun jarduera horien eragina handiagotzeko aukera ematen digu, eskola-umeetatik hasi eta familia eta pertsona helduetaraino irismena bermatuta. Zientziak irisgarria eta partekatua izan behar du eta hori lortzeko bidean lanean jarraitzen dugu buru-belarri”, gaineratu du.
Gauzak horrela, museoa izango da programazio horren foku nagusietako bat, jakin-min zientifikoa piztu eta ezohiko ekitaldi baten ulermena errazteko topagune bilakatuta.

Erakusketa, bisita gidatuak, tailerra eta hitzaldiak
Jardueren artean, “Bi ilunabarren eguna” erakusketa nabarmentzen da. Gaurtik hasi eta maiatzaren 21era arte doan bisitatzeko aukera izango da museoko lorategian. Ilustrazio zientifikoek osatzen dute erakusketa, eta eguzki-eklipse osoaren hurbilketa didaktiko, irisgarri eta bisualki erakargarri bat proposatzen du. Horrez gain, ikastetxe ugarik goizeko ordutegian antolatutako bisitetan parte hartuko dute.
Aste honetan bertan, maiatzaren 16an, larunbatean, 11:30ean, erakusketaren bisita gidatua egingo da, publiko orokorrari eta familiei zuzendutako dibulgazio-tailer batekin batera. Era berean, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, beste doako bisita gidatu bat eskainiko da ordutegi berean. Izen-ematea doakoa da, baina ezinbestekoa da 943 769 003 telefonora deitzea edo mezu elektroniko bat bidaltzea laboratorium@bergara.eus helbide elektronikora.
Ekainaren 11n, Seminarixoan, “Eklipseak eta asmakizunak” hitzaldia emango du Mikel Falxa DIPCko Doktoretza Ondoko Ikerlariak. Jarduerak Kutxa Fundazioaren laguntza ere badu. Hitzordua 18:30ean izango da, euskaraz, eta sarrera doakoa edukiera bete arte.
Azkenik, uztailaren 3an, 19:00etan, Ilartargi Elkarteko Josu Gonzalezek “Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten” hitzaldia eskainiko du, hau ere Seminarixoan, euskaraz eta doan edukiera bete arte. Hitzaldiak eklipseen ulermenean sakontzeko gonbita egiten dio publikoari, ikuspegi dibulgatzaile eta hurbil batetik.
Programazio honekin, Bergarak zientziaren dibulgazioan erreferente gisa duen rola indartzen du, herritarrei eklipseen fenomenoa hobeto ulertzeko tresnak eskainiz eta zerura begi berriekin begiratzeko eta azken urteotako gertakari astronomiko aipagarrienetako baterako prestatzeko gonbidapen irekia eginez.

ZTB, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Bergaran
ZTB Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak batera bultzatzen duten urteko zientzia-dibulgazioko programa da. Zientzia, teknologia eta berrikuntza gizarteratzea eta sustatzea du helburu, arlo hauek guztion egunerokoan duten eragina kontuan hartuta. Programaren barruan, urte osoan zehar hainbat jarduera antolatzen dira, adin guztietako publikoari zuzenduta. Horren gailurra, urritik azarora bitartean ospatzen diren ZTB Jardunaldiak dira, non bi astetan zehar hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta mahai-inguruak elkartzen diren. Eklipsearen inguruko jarduera hauek programa horren barruan kokatzen dira, ZTBk Bergaran sustatzen duen zientzia-dibulgazioko ekosistema bizi eta etengabearen isla direlarik.
