Zure garunak egiten duena ezer ez duzunean egiten
Zure burua noraezean dabilenean, zure garuneko neurona-sarea aktibatuta dago «hala lehenetsita dagoelako». Duela 20 urte izan zen horren berri, eta ondorioz, hainbat ikerketa egin dira garuneko eskualdeen sareei eta horien arteko elkarrekintzari buruz.
Egitekoren bat modu aktiboan egiten duzun aldiro (adibidez, gimnasioan pisua altxatzea edo azterketa zail bat egitea), horretarako behar diren garuneko aldeak «aktibatu» egiten dira, neuronek jarduera elektrikoa areagotzen dutenean. Baina zure garuna aktibo dago sofan erdi-lo zaudenean ere?
1. irudia: Argazkia: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine.Ikertzaileek aurkitu dutenaren arabera, bai. Azken hamarkadetan lehenetsitako neurona-sarea esaten zaiona definitu dute. Sare hori itxuraz loturarik ez duten garuneko zenbait eremuk osatzen dute, eta aktibatu egiten dira ez zarenean ezer egiten ari. Aurkikuntza horrek garunaren funtzionamenduari buruzko informazioa eman du, egiteko zehatzak garratziarik izan gabe, eta ikerketa sustatu du garuneko sareek (garuneko eskualdeez gain) duten egitekoaren inguruan gure barneko esperientziaren kudeaketan.
XX. mendearen amaieran neurozientzialariak teknika berriak erabiltzen hasi ziren eskaner bidez jendearen garunaren irudiak hartzeko, zerbait egiten ari ziren bitartean. Espero zen bezala, garuneko eskualde batzuetako jarduera areagotu egiten zen egiteko batzuetan. Baina ikerlarien harridurarako, beste eremu batzuetako jarduera moteldu egiten zen aldi berean. Neurozientzialariei deigarria iruditu zitzaien garuneko eremu berberek etengabe murriztu egiten zutela beren jarduera, egiteko ugaritan, gainera.
Bazirudien eremu horiek aktibo zeudela pertsona ez zenean ezer egiten ari, eta gero itzali egiten zirela, garunak arreta zerbaitetan jarri behar zuenean.
Ikertzaileek eremu horiei “egiteko negatiboak” izena jarri zieten. Lehenengo aldiz identifikatu zirenean, Marcus Raichle Washington Unibertsitateko (St. Louis) Medikuntza Fakultateko neurologoak uste zuen egiteko negatiboko eremu horiek zeregin garrantzitsua zutela garuna atsedenean zegoenean. «Horregatik planteatu zen: “Zein da garunaren oinarrizko jarduera?”», gogoratzen du Raichlek. Esperimentu batean, eskanerretan jarritako pertsonei eskatu zien begiak ixteko eta burua noraezean uzteko, berak garunaren jarduera neurtzen zuen bitartean.
Ikusi zuenez, atsedenean gure buruaren baitan murgiltzen garenean, egiteko negatiboko eremuek garunaren gainerako eremuek baino energia gehiago erabiltzen dute. 2001eko artikulu batean, Raichlek jarduera horri «garunaren funtzionamenduko modu lehenetsia» izena jarri zion. Handik bi urtera, bereizmen handiagoko datuak sortu ondoren, Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko talde batek aurkitu zuen egiteko negatiboen jarduera horrek garuneko eskualdeen sare koherentea definitzen zuela, eta lehenetsitako sare neuronala izena jarri zitzaion.
Lehenetsitako sare neuronalaren aurkikuntzak neurozientzialarien jakin-mina piztu zuen, oso interesgarria baitzen jakitea garunak zer egiten duen kanpo-ingurunetik datorkion zereginik ez duenean. Nahiz eta ikertzaile batzuek uste zuten sarearen egiteko nagusia esna gaudenean amets egiteko esperientzia sortzea zela, beste susmo gehiago ere baziren. Beharbada kontzientziako korronteak kontrolatzen zituen, edo iraganeko esperientzien oroitzapenak aktibatzen zituen. Eta lehenetsitako sare neuronalaren disfuntzioa nahasmendu psikiatriko eta neurologiko ia guztien balizko ezaugarritzat planteatu zen, baita depresioa, eskizofrenia eta Alzheimerrarenak ere.
Orduz geroztik, lehenetsitako sareari buruzko ikerketa saldoak korapilatu egin du hasierako ulermena. «Lehenetsitako sarea tartean duten egiteko eta paradigma mota asko aztertu dira azken 20 urteetan, eta oso interesgarria izan da horiek ikustea», dio Lucina Uddinek, Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariak.
Lehenetsitako sarea izan zen zientziak bereizi zuen garuneko lehenengo sareetako bat. Garuneko zenbait eskualdek osatzen dute, batzuk garunaren aurreko aldekoak; hala nola, kortex prefrontal medial dortsala eta bentrala. Beste gune batzuk organo osoan zehar barreiatuta daude, esaterako, atzeko kortex zingulatua, prekuneoa eta bira angularra. Eskualde horiek memoriari lotuta daude, baita esperientzien errepikapenari, aurresateari, ekintzen kontsiderazioari, sariari/zigorrari eta informazioa integratzeari ere. (Beheko irudian kolorez azpimarratutako eremuek adierazten dute garuneko kanpoaldeko eremu batzuk aktiboagoak direla lehenetsitako sarea aktibatzen denean).
2. irudia: Argazkia: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine.Aurkitu zenetik, neurozientzialariek zenbait sare gehigarri identifikatu dituzte, garunean itxuraz urrun dauden eremuak aktibatzen dituztenak. Aktibatutako eremu horiek ez dira modu independentean aritzen, baizik eta elkarrekin sinkronian harmonizatzen dira. «Ezin da orkestra sinfonikorik irudikatu soilik biolinekin edo oboeekin», esaten du Raichlek. Antzekoa gertatzen da garunean, garuneko sarean aldeak elkarrekintzan aritzen dira, soilik elkarrekin eragin ditzaketen ondorioak eragiteko.
Ikerketaren arabera, lehenetsitako sare neuronalaren ondorioetan sartzen dira burua noraezean ibiltzea, iraganeko esperientziak gogoratzea, besteen gogamen egoeretan pentsatzea, etorkizuna bistaratzea eta lengoaia prozesatzea. Alderdi horiek guztiek kognizioarekin zerikusirik ez dutela iruditu arren, Vinod Menonek, Stanfordeko Neurozientzia Kognitibo eta Sistemikoaren Laborategiko zuzendariak, duela gutxi plazaratu zuen hipotesiaren arabera, funtzio horiek erabilgarriak izan daitezke barneko narratiba eraikitzeko. Bere iritziz, lehenetsitako sare neuronalak lagundu egiten dizu pentsatzen nor zaren besteetzat, zure iraganeko esperientziak gogoratzen eta ondoren hori guztia autonarratiba koherentean laburtzen.
3. irudia: 2001ean Marcus Raichle neurologoak identifikatu zuen garuna noraezean dabilenean aktibatzen den garunaren jarduera sarea eta garuneko funtzioren “modu lehenetsia” deitu zion. (Argazkia: Marcus Raichlek eskainia. Iturria: Quanta Magazine)Argi dago lehenetsitako sarea zeregin konplikatu baterako dela; erabat deskribatu ezin diren prozesu askotan sartuta dago. «Apur bat leloa da pentsatzea honako hau noizbait esan ahal izango dugula: ‘Garuneko eskualde edo sare honek gauza bat egiten du’», dio Uddinek. «Ez dut uste horrela funtzionatzen duenik».
Uddin autoezagutzan interesatuta zegoen, eta horregatik hasi zen lehenetsitako sare neuronala ikertzen. Bazirudien autoezagutzarekin erlazionaturako zeregin asko sare horri lotuta zeudela, besteak beste, zure aurpegia edo ahotsa identifikatzea. Azken urteetan garuneko sareen arteko elkarreraginetan jarri du arreta. Garuneko hainbat eremuk elkarreraginean sareak eratzen dituzten bezala, hainbat sarek ere elkarri eragiten diote modu esanguratsuan, Uddinen esanetan. «Sareen arteko elkarreraginak aztertzea argigarriagoa da, nolabait, sare isolatu bat aztertzea baino; izan ere, elkarrekin aritzen dira lanean, gero banandu egiten dira eta hala, aldatu egiten dute egiten dutena denboran zehar».
4. irudia: Lucina Uddin neurozientzialariak garuneko sareek elkarri nola eragiten dioten aztertzen du, baita lehenetsitako sareak ere. (Argazkia: Lucina Uddinek eskainia. Iturria: Quanta Magazine)Uddini bereziki interesatzen zaio nola eragiten dioten elkarri lehenetsitako sare neuronalak eta prominentzia-sareak. Badirudi elkarrekintza hori lagungarria zaigula informazio garrantzitsuena identifikatzeko, une jakin batean. Haren lanak iradokitzen duenez, prominentzia-sareak hautematen du noiz den garrantzitsua zerbaiti adi egotea, eta gero lehenetsitako sare neuronalarentzako itzaltzeko etengailu baten lanak egiten ditu.
Ikertzaileek aztertu dute, halaber, depresioa eta antzeko osasun mentaleko nahasmenduek zerikusia ote duten lehenetsitako sare neuronaleko arazoekin. Orain arteko aurkikuntzak ez dira erabakigarriak izan. Depresioa duten pertsonen artean, esaterako, ikertzaileek aurkitu dute sareko noduluak konektatuegi daudela, aldiz, beste batzuek aurkakoa aurkitu dute: noduluak ez daudela konektatuta. Eta azterketa batzuetan lehenetsitako sare neuronala berez ez da anormala, baina bai beste sareekin dituen elkarrekintzak. Aurkikuntza horiek bateraezinak dirudite, baina duela gutxiko aurkikuntzen ildo berean daude, esaten baita beharbada depresioa antzeko sintomak dituen nahasmendu desberdinen multzoa dela.
Bien bitartean, Menonek sare hirukoitzaren teoria deitzen duena garatu du. Haren hitzetan, lehenetsitako sare neuronalen, prominentzia-sarearen eta sare frontoparietala izeneko hirugarren sare baten arteko elkarreragin anormalak osasun mentaleko nahasmenduekin zerikusia izan dezake, hala nola eskizofrenia, depresio, antsietate, dementzia eta autismoarekin. Gehienetan, lehenetsitako sare neuronalaren jarduera txikitu egiten da norbaitek kanpoko estimulu bati arreta jartzen dionean. Aldiz, beste bi sareena handitu egiten da. Menonek uste du sareen arteko tira-bira hori balitekeela horrela ez izatea nahasmendu psikiatrikoak edo garapenekoak dituzten pertsonetan.
Deanna Barchek gaixotasun mentalen neurobiologia aztertzen du Washingtoneko Unibertsitatean, St. Louisen, eta sare hirukoitzaren teoriari buruzko jakin-mina du. Ikertzaileak azaldu du sareak desberdin konektatuta dauden ikertzea lagungarria izan daitekeela osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonetan, azpiko mekanismoak aurkitzeko eta tratamenduak garatzeko. Hala ere, ez du uste sareen arteko elkarreragin horiek beren kabuz azalduko dituztenik gaixotasun mentalak. «Uste dut konektibitatearen aldeak ulertzea abiapuntua dela», dio Barchek. «Ez da azkeneko puntua».
Seguru asko gaur egun lehenetsitako sare neuronalaz dagoen ulermena ere ez da azkeneko puntua izango. Aurkitu zenetik, neurozientzialariek garunaren banako eskualdeen erantzukizunez harago pentsatu dute, hain zuzen ere, garuneko sareen arteko elkarreraginen ondorioez. Eta pertsona askok kontuan hartu dituzte gure buruaren baitan murgiltzen garenean dauden garunaren jarduerak; izan ere, esna gaudela amets egiten dugunean edo atsedenean gaudenean ere, gure garuna gogor ari da lanean, egonean jarrai dezagun.
Jatorrizko artikulua:Nora Bradford (2024). What Your Brain Is Doing When You’re Not Doing Anything, Quanta Magazine, 2024ko otsailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Zure garunak egiten duena ezer ez duzunean egiten appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #479
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaHondakin elektronikoen hazkundeaz ohartarazi du NBEk. Azaldu dutenez, hondakin elektronikoen sorkuntza bost aldiz azkarragoa da birziklapena baino, eta horren ondorioz, hainbat arazo sortzen dira mundu mailan. Kalkulatzen da berreskuratu gabe geratzen diren materialek 57 mila milioi euro balio dutela. Aurreikuspenen arabera, gainera, datozen urteetan hondakin gehiago sortuko dira eta gutxiago birziklatuko dira. Egoera horrek kalte ikaragarria egiten dio ingurumenari. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Dirudunak garestiegiak dira Lurrarentzat. Hala adierazi dute Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako datuak plazaratu dituzte, eta adierazi dute 2020-2022 bitartean, munduko pertsonarik dirudunen %1ek 2019an gizateriaren bi heren pobreenak isuri zuen karbono dioxidoa adina isuri zutela. Gainera, aipatzekoa da %1 horrek munduan sortutako aberastasunaren ia bikoitza bereganatu zuela. Horrenbestez, egileek argudiatu dute jendeak diru asko pilatzea ekitatea ezinbestekoa dela jasangarritasunerako. Datuak Berrian.
Klima-larrialdiaIkerketa berri batek ondorioztatu du klima-larrialdiaren ondorioz, urtean 3,2 puntu handitu daitekeela elikagaien inflazioa. Ikertzaileek 1991tik 2020ra bitarteko 121 herrialdetako prezioen hileko indizeak eta datu meteorologikoak aztertu dituzte, eta datu horiek erabiliz, etorkizuneko iragarpenak kalkulatu dituzte. Gainera, emaitzek erakutsi dute, inflazioa mundu osoan izango den arren, gehiago eragingo diela hegoalde globaleko herrialdeei, batez ere Afrikakoei eta Hego Amerikakoei. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Klima-larrialdiak ardoaren geografia aldatuko duela ohartarazi dute. Eremu bakoitzak jasango duen beroketa-mailaren arabera, ekoizpen lurralde asko ez dira ekonomikoki bideragarriak izango mendearen amaierarako. Arabako Errioxa adibidez, arrisku maila “arin” edo “ertainean” egon daiteke. Iberiar penintsularen kasuan, Mediterraneo aldeko eta penintsularen erdialdeko lurraldeak izango dira arrisku gehien izango dutenak. Datuak Alea aldizkarian.
AntropologiaBalkanetako penintsulako lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehenengo berreraikuntzan hartu du parte UPV/EHUk. Lan horren ondorioetako bat izan da Balkanak Erromatar Inperioaren muga izan zirela, eta erori baino askoz lehenago hartu zituela Inperioak herri barbaroak. Gainera, emaitzek erakutsi dute VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Balkanetako historia genomikoa.
ArgitalpenakIntsektuen inbentarioa liburua Virginie Aladjidik idatzi zuen eta Oihan Plak euskarara itzuli zuen 2023an. Intsektuei buruz ikasteko liburu aparta da, ez bakarrik irudikapen grafiko ikusgarriak dituelako, baita anatomia, elikadura eta ekologia bezalako hainbat gai tekniko ulerterrazak egiten dituelako ere. Bertan, 65 intsektu espezie biltzen ditu, bai Europakoak, eta baita mundu osokoak ere. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektuen inbentarioa.
OsasunaBasauriko eskoletako nitrogeno dioxido kantitate handiak aurkitu ditu Sagarrak ekologista taldeak. Ikerketan hiru parametro izan dituzte kontuan airearen kalitatea nolakoa den zehazteko: egungo muga legala, Europako agintariek etorkizunean ezarri nahi duten muga, eta OMEk gomendatu duena. Ikerketaren emaitzek erakutsi dute Basauriko hezkuntza zentro guztietako nitrogeno dioxido kantitateak OMEk gomendatutako maximoa gainditzen duela. Hori ikusita, trafikoa murrizteko neurriak eskatu dizkiote udalari. Datuak Berrian: Arnasketa arazoen eragile.
MedikuntzaEHUren parte-hartzea izan duen ikerketa batek frogatu du odoleko lipidoak COVID iraunkorraren biomarkatzaileak izan daitezkeela. Lipidomikako teknikak eta adimen artifiziala erabilita, plasmako ia 400 lipido desberdinetatik batzuk COVID iraunkorraren ezaugarriekin lotu dituzte. Ikertzaileek gogorarazi dute gaitz horren inguruko ikerketa gehienak fase akutuaren ingurukoak direla, eta COVID iraunkorra nahiko ezezaguna dela oraindik. Emaitza hauek, beraz, ekarpen garrantzitsua dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
KimikaMusketa-usaina lurringintzan mendeetan zehar erabili da. Ohikoena, orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzailearen jariakinetik lortzea zen, baina beste zenbait animaliatan eta landare batzuetan ere auki zitekeen. Orein musketaduna desagertzeko arriskuan egon zen, eta gaur egun, debekatuta eta kontrolatuta dago musketa naturalaren merkataritza. Josu Lopez-Gazpiok azaldu ditu Zientzia Kaieran konposatu horren nondik norakoak, artikulu-sorta baten lehen alean: Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala.
AstrogeologiaInSight misioa Marteko jarduera sismikoaren informazio eskaini digun lehenengo izan da. Haren sismometroak 1.300 lurrikara baino gehiago detektatu zituen, eta horietan handiena 2022ko maiatzaren 4an izan zen; 4.7 magnitudekoa. Ikertzaileek zalantza zuten ea lurrikararen jatorria kanpoko gorputz batekin izandako talka bat izan zen, edo planetaren beraren aktibitatea. Azken ikerketen arabera, lurrikararen jatorria tektonikoa izan zen. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Marteko lurrikaren zergatia.
MatematikaJudit Muñoz matematikariak emaitza zehaztu gabe duten ekuazioen soluzio posibleak simulatzen ditu ordenagailuz, algoritmo matematikoen bidez. Muñoz BCAMeko doktoretza ondoko ikerlaria da, eta Texasko Unibertsitatean dago orain. Uhin optikoen programazioak lantzen ditu, zuntz optikoak diseinatzeko. Adierazi du bere lanbidean logikak ez ezik, sormenak ere baduela garrantzia, eta inspirazioa behar dela problemen konponbidea lortzeko. Azalpenak Berrian.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #479 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #486
“Margotzen dudanean, begiak ixten ditut, eta ikuspen batean ikusten dudana kopiatzen dut”, Instagramen duela gutxiko bideo bateko esaldi bat da. Antzeko gauzak aurkitzen dira musika konposatzearekin, interpretatzearekin edo teorema bat frogatzearekin. Badirudi kontzientzia kosmikoarekin harremanetan jarrita dauen mistikoz beteta daudela sare sozialak. Totem animaliak bakarrik falta dira. Mugimendua filosofia liburuetara ere iritsi zen duela urte batzuk. Neo-animismoa esaten zaio horri. Jesús Zamorak Raiders of the lost purpose (3): Philip Goff’s neo-animism
Elementu arraroa da Tantaloa. Zentzu batean baino gehiagotan. Adibidez, bere isotopoetako bat, Ta-180a, etengabe kitzikatuta dago eta ez da inoiz ikusi desintegratzen denik. Searching for the decay of nature’s rarest isotope: Tantalum-180m
Litekeena da ornodunen artean bizkarroi-enbrioien kasu bakarra izatea. Hori ikusgarria izanik, deigarriena da garapenaren oso fase goiztiarretan dauden egokitzapenak. Parasitic fish embryos: adaptations and acrobatics in early development
Agintari geologikoek hitz egin dute: Antropozenoa ez da existitzen. 15 urteko eztabaidaren ondoren, ondorioa ezetz da. Hori, zientzia hutsa izan beharko lukeena, auzi soziologiko, etiko eta epistemologikoen sarea da. José Luis Granados Anthropocene rejected and what it means from an epistemological perspective artikuluan.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #486 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: menopausia
Urte askoz hala pentsatu bazen ere, menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria. Orain dela gutxi arte, itsas ugaztun batzuetan ere dokumentatuta zegoen menopausia, eta orain txinpantzea sartu da talde horretan. Eboluzioaren ikuspuntutik, paradoxa bat da ugaltzeko gai ez diren izakiek bizirautea. Ikertzaileak bi hipotesiren bidez saiatu dira menopausiaren zergatia ulertzen. Txinpantze komunitate isolatu batean dokumentatu da emeek menopausia dutela. Argitzeko dago oraindik txinpantzeen berezko ezaugarri bat ote den. Gainera, badirudi espezie horren kasuan “amonaren hipotesia” ez dela betetzen.
Kiñu kirikinoak menopausiari buruzko hainbat datu interesgarri azalduko dizkigu, bai gizakien kasuan, eta baita beste animalia batzuetan ere.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: menopausia appeared first on Zientzia Kaiera.
Intsektuen inbentarioa
Intsektuen inbentarioa liburuko protagonistak duela 400 milioi urtetik bizi dira Lurrean. Burruntzi erraldoiak hegaldaka zebiltzan jadanik duela 350 milioi urte, dinosauroak agertu aurretik…
Irudia: “Intsektuen inbentarioa” liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Etxea)Inbentario (irudiduna) honek 65 intsektu espezie biltzen ditu, Europakoak eta mundu osokoak: koleopteroak, lepidopteroak, dipteroak, himenopteroak, isopteroak… Soilik artropodoek mundu guztiko animalien % 80 baino gehiago osatzen dute. Zientzialariek milioi bat intsektu baino gehiago katalogatu dituzte, baina kalkulatzen dute benetako kopurua bost eta hamar milioi espezie artekoa dela. Ororen gainetik, izaki hagitz baliagarriak dira, loreak polinizatzen laguntzen baitute eta beste animalia batzuen elikagai baitira. Liburu honetako ilustrazioak estilo zientifikoan eginak daude, zehatz-mehatz, naturalistek garai bateko landa-koadernoetan irudikatzen zituzten bezala: profilak errotulagailuz eta tinta txinatarrez eginak daude, eta akuarelek laguntzen dute koloreekin eta gardentasunekin jostatzen.
Liburu erakargarria, ez bakarrik intsektuen irudikapen grafiko ikusgarriarengatik, baita hainbat gairi buruzko eduki tekniko ulerterraz eta jakingarriengatik ere: anatomia, habitata, elikadura, soinuak eta irudiak hautemateko moduari buruzko bitxikeriak edota metamorfosiak dakarren garapen fisiologikoa.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Intsektuen inbentarioa
- Egilea: Virginie Aladjidi
- Itzultzailea: Oihan Pla
- Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
- ISBNa: 978-84-9172-332-5
- Argitaletxea: Kalandraka; Pamiela
- Hizkuntza: Euskara
- Orrialdeak: 48
- Urtea: 2023
Pamiela etxea: Intsektuen inbentarioa.
The post Intsektuen inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko lurrikaren zergatia
Marteko azalerara iritsi diren misioetatik hiruk baino ez dituzte eraman sismometroak karga zientifikoko gauzen artean: Viking Lander 1 eta 2 misioek 1970eko hamarkadan eta InSight-ek aurreko hamarkadaren amaieran. Zoritxarrez, lehenengo bien datuak ez ziren oso erabilgarriak izan sismikotasun global handirik ez zegoela esateko beste ezertarako.
Horregatik esan dezakegu Marteko jarduera sismikoaren uneko argazki bat –sensu lato– egiaz eskaini digun lehenengo misioa InSight izan dela; lau urteko bizia izan du, oso denbora-tarte laburra, baina planetaren barnealdea zehatzago ezagutu ahal izan dugu eta planetaren jarduera geologikoari buruzko hipotesiak testatu ahal izan ditugu.
1.440 eguneko misioan, InSighten sismometroak 1.300 lurrikara baino gehiago detektatu zituen. Batzuek jatorri tektonikoa zuten, eta beste batzuk planetako azaleran izandako inpaktuek eragindakoak izan ziren. 2022ko maiatzaren 4an izan zen planetan detektatutako magnituderik handieneko lurrikara; 4.7 magnitudekoa izan zen, ordura arte detektatutako handiena.
Lurrikara horrek sei orduz dardaraz izan zuen Marteren azalera, InSightek hautemateko moduan. Baina zein zen jatorria? Sismometroak jasotako uhin sismikoen forma ikustean zientzialariek pentsatu zuten Marteren azalerarekin zerbaitek talka egiten duenean izaten direnen antzekoak direla. Baina Fernando et al. (2023) taldeak egindako azterketa berri batek baztertu egin du hori izatea gertakari sismikoaren zergatia.
1. irudia: S1222a gertakariaren sismograma. (InSight Mars SEIS Data Service-ek emandako datuak)Talka bat izan bazen, kraterra 300 metroko diametrokoa izango zen gutxi gorabehera, datu sismikoak kontuan izanda, eta seguru asko Marteren azaleran dagoen hauts gorria 100 kilometro baino gehiagoko distantzian astinduko zuen. Dimentsio horiek kontuan izanda, Marte inguruan orbitan dabiltzan misioek detektatzeko nahiko erraza izan behar zen, eta datu sismikoen kokapena nahiko zehatza izan daitekeenez, kamerak nora begira jarri ere jakin zitekeen.
Eta nahiko erraza dela diot, azaleraren argazkiak egiteko mugak baitaude. Hasteko, sateliteak ez dira egunero azaleraren puntu berdinetik igarotzen. Bestalde, irudiak hartzeko eskaria egin behar da, gehienetan aurrez ezarritako plan bat izaten baitute, eta zenbaitetan azaleraren irudiak ez dira jarraituan hartzen, zundaren biltegiratze gaitasunagatik eta komunikatzeko eta Lurrera igortzeko bandaren zabaleragatik.
2. irudia: Duela gutxiko talka baten kraterra Marten, argi ikusten da, hortik kanpora irteten diren eiekta izpiengatik. Haren diametroa 10 metrokoa da gutxi gorabehera. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona)Balizko kraterrik ez zen aurkitu, eta atmosferan asteroide txikiren bat lehertu izanaren probarik ere ez da aurkitu –Txeliabinskeko gertakariaren antzeko zerbait–, ordu inguru horretan hartutako irudietan ez baita horrekin zerikusirik duen inolako fenomeno atmosferikorik ikusten; hodeiak, adibidez.
Pasa den abuztuan argitaratutako azterlan baten arabera, (Maguire et. al., 2023) gertakariak jatorri tektonikoa izan zuen, hau da, Elysium Planitia inguruan izandako falla alderantzikatu batek eragin zuen, aurrez kartografiatutako failetatik gertu. Faila horiek planetaren uzkurdura termikoagatik eratuko ziren eta uste da Marteko lurrikaren mekanismorik garrantzitsuenetako bat izan daitezkeela. Baina ez da bazter uzten lurrikara Marteko goiko lurretan gertatu izana, eta faila arrunt baten mekanismoa izatea, hau da, hedadurazkoa.
Txorakeria iruditu arren bereizten saiatzea egiazko lurrikara bat izan den (hitzaren zentzu hertsian) ala talka bat, kontutan izan behar da talka batek pista ugari eman diezazkigukeela. Izan ere, lurrikara bat okerrago lokaliza dezakegu estazio sismiko bakar batekin, baina talka batek, eta are gehiago eskala horretakoa izanda, uhin sismikoen jatorrizko puntua zehaztasun handiz jakiteko aukera emango liguke. Ondorioz, sismometrora arte uhinek egindako ibilbidea hobeto berreraiki ahal izango genuke.
3. irudia: Izar urdinak adierazten du S1222a gertakari sismikoaren epizentroa eta lerro urdin ez jarraituek kokapen horren ziurgabetasuna adierazten dute; ondorioz, iparralderago edo hegoalderago egon daiteke, mekanismoaren interpretazioa aldatuta. Lerro beltz meheak inguru horretan kartografiatutako failei dagozkie. (Iturria: Maguire et al. (2023))Dena dela, hautemandako lurrikaren jatorria ulertzeko aukera ematen diguten azterlan horiek funtsezkoak dira: talka bidezkoak badira, Marteko azaleran zenbateko maiztasunarekin gertatzen diren ikus dezakegu, denborari dagokionez ez ezik, tamainari dagokionez ere bai.
Eta planetaren jarduera sismikoagatik bada, Marte zenbateko “bizi” dagoen jakiteko balio dezakete, bai eta arrisku sismikoa kalibratzeko planeta horretan… Eta zertarako balio du horrek?
Oinarrizko zientziaz harago (ezagutzaren funtsezko ardatza dena), horrelako azterlanak funtsezkoak izango dira etorkizunean giza presentzia duten baseak finkatzen badira Marten. Misio horien arriskuak ezagutzeko eta baseak kokatzeko tokirik egokienak zein diren jakiteko balio izango dute.
Aldi berean, Marteri aplikatutako datu sismikoen algoritmo berrien garapenak Lurrean ere erabili ahal izango dira beharbada, eta datu sismikoak aprobetxatzeko gaitasuna hobetuko genuke. Era berean, Martera eta beste toki batzuetara –Artizarrera, esaterako– etorkizunean egingo diren misioetarako baliagarriak izan daitezke, azaleran sismometro bat izan baitezakete noizbait.
Erreferentzia bibliografikoak:- Benjamin, Fernando; Daubar, Ingrid J.; et al. (2023) A Tectonic Origin for the Largest Marsquake Observed by InSight. Geophysical Research Letters 50, 20. DOI: 10.1029/2023GL103619
- Kawamura, Taichi; et al. (2023). S1222a—The Largest Marsquake Detected by InSight. Geophysical Research Letters 50, 5. DOI: 10.1029/2022GL101543
- Maguire, R; et al (2023). Focal Mechanism Determination of Event S1222a and Implications for Tectonics Near the Dichotomy Boundary in Southern Elysium Planitia, Mars. Journal of Geophysical Research, Planets 128, 9. DOI: 10.1029/2023JE007793
- InSight Mars SEIS Data Service. SEIS raw data, Insight Mission (2016-2022). IPGP, JPL, CNES, ETHZ, ICL, MPS, ISAE-Supaero, LPG, MFSC. DOI: 10.18715/seis.insight.xb_2016
Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 30ean: La causa de los terremotos marcianos.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Marteko lurrikaren zergatia appeared first on Zientzia Kaiera.
Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala
Musketa izena lurringintzan ezaguna eta ohikoa den lurrinarekin lotzen dugu, baina zer da musketa? Bada, musketa orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzailearen jariakina da. Guruina sabelaren eta organo genitalen artean kokatzen da. Orein musketaduna Moschidae familiakoa da eta ez da benetako oreina; izan ere, ez da Cervidae familiakoa. Orein musketadunak hurbilagoa du Bovidae familia, alegia, antilopeak, ardiak edo ahuntzak biltzen dituena.
Irudia: Orein musketaduna, Moschus moschiferus (ezkerrean) eta erauzitako guruina (eskuinean). (Iturria: Wikimedia Commons, CC-BY-SA)Esan bezala, musketa orein musketadunaren guruinetik lortzen da, eta mendeetan zehar erabili da lurringintzan. Gaur egun ere usain hori erabiltzen da, baina haren aldaera sintetikoa da gure eguneroko bizitzan ditugun produktuetan topatuko dugun musketa-usaina. Horregatik, argigarria da, kasu honetan, musketa naturala —oreinaren guruinetik erauzten dena— eta musketa sintetikoa bereiztea —musketa-usaina duten eta laborategian sintetizatu diren konposatuak—. Gaur egun musketa naturala ez da asko erabiltzen; izan ere, orein musketaduna desagertzeko arriskuan egon zen bere ohiko bizilekuetan: India, Txina, Tibet, Mongolia eta Siberian, besteak beste. Orein musketaduna aipatu dugun arren, esan behar da beste zenbait animaliatan ere aurki daitezkeela musketa-usaina duten jariakinak; esaterako: idi musketaduna, arratoi musketaduna eta ahate musketaduna. Landare batzuek ere badute musketa-usaina.
Lurringintzan interesa duen konposatua oreinaren jariakinean %0,5-2,0 arteko proportzioan dago eta oreina hil egin behar da guruina erauzteko, noski. Aipatutako molekula hori muskona da: 15 atomoko zikloa eta C16H30O formula molekularra duen zetona makroziklikoa —3-metil-1-ziklopentadekanona, hain zuzen ere—. Esan bezala, orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen, eta gaur egun legez kanpoko ehiza murriztu den arren, oraindik arriskuan dagoen espeziea da. Hala eta guztiz ere, ziurrenik oreinak salbatu dituena musketaren prezio altua izan da: musketa naturala produktu oso garestia zen, eta 30.000-50.000 $/kg-ko prezioa zuen —1998ko datua—. Erreferentzia gisa, esan behar da garai horretan urrearen prezioa 10.000 $/kg ingukoa zela. Animalia-jatorriko produkturik garestienetakoa da, hain zuzen. Gaur egun musketa-usaina lurringintzako, zainketa pertsonaleko zein garbiketako hainbat produktutan aurki dezakegu, baina, jakina, erabiltzen dena ez da musketa naturala. Haren ordez, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira, merkeagoak eta legezkoak baitira.
Musketa naturala antzinatik erabili izan da Txina eta India zaharretan. Musketak izugarrizko garrantzia kulturala zuen gizarte horietan eta droga unibertsal bezala erabiltzen zen. Gurutzatuek Ekialdetik Europara ekarri zuten musketa eta, orduan, Europako lurringintzan osagai preziatua izatera pasa zen. Hain zuzen ere, musketak ezaugarri oso bereziak ditu eta gai da lurrinen usaina, nolabait, orekatzeko, biribiltzeko eta harmonizatzeko. 1979. urtetik debekatuta eta kontrolatuta dago musketa naturalaren merkataritza, CITES konbentzioaren bitartez —Afganistan, Bhutan, India, Myanmar, Nepal eta Pakistanen kasuan debekua osoa da eta beste herrialdeen kasuan zorrotz kontrolatzen da merkataritza—. Hala eta guztiz ere, medikuntza tradizional txinatarrean musketa naturalak garrantzi handia izaten jarraitzen duenez, erabilera horretarako urtean 100.000 orein musketadun hiltzen direla da estimazioa.
Musketa naturala lortzeko zailtasunak aspalditik ezagutzen dira Europan eta musketa-usainak modu sintetikoan lortzeko lehen ahaleginak 1759. urtetik daude dokumentatuta, Marggraf kimikariak zenbait saiakera egin baitzituen. Hala ere, lehen esperimentuak ez ziren oso arrakastatsuak izan, baina bilaketa hauspotu zuten. Alabaina, zorizko aurkikuntza bat oso garrantzitsua izan zen gaur egun musketa-usaina hain ohikoa izateko. Hain zuzen ere, Albert Baur izeneko kimikaria lehergai egonkorrak sintetizatzen ari zenean konturatu zen sortu berri zuen lehergaiak usain ederra zuela eta agian etorkizun hobea izango zuela lurringintzan…
Erreferentzia bibliografikoak:Sommer, Cornelia (2004). The role of musk and musk compounds in the fragrance industry, The Handbook of Environmental Chemistry Vol. 3, Part X: 1–16. DOI: 10.1007/b14130
Lopez-Gazpio, Josu eta Millán, Esmeralda (2016). Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia, Ekaia, ale berezia. DOI:10.1387/ekaia.14129
Informazio gehiago:Lopez-Gazpio, Josu (2017ko martxoaren 6a). Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen. zientziakaiera.eus.
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala appeared first on Zientzia Kaiera.
Balkanetako historia genomikoa
Balkanetako penintsulako lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehenengo berreraikuntzan hartu du parte UPV/EHUk. Ikerketak agerian utzi du Balkanak, antzinako Erromako mugako erregioa izanik, inperioaren erdigunea bezain kosmopolitak izan zirela. Baita gaur egungo Balkanetako herrien jatorriaren % 30 eta % 60 artean VI. mendetik aurrera Balkanetara iritsi zen migrazio eslaviarra dela.
Iñigo Olalde, UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaile eta Ramón y Cajaleko ikertzaileak, Biologia Ebolutiboko Institutuarekin (IBE: CSIC-UPF) eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera, ikerketa bat gidatu du, zeinean Balkanetako penintsulako lehenengo milurtekoaren historia genomikoa lehen aldiz berreraiki baitute. Horretarako, garai horretan Kroazian eta Serbian bizi izan ziren 146 pertsonaren antzinako genoma berreskuratu eta analizatu du taldeak. Lan horren ekarpena da Balkanak Erromatar Inperioaren muga global eta kosmopolita izan zirela; halaber, eslaviar herriak erregio horretara iristearen historia berreraikitzen du. Ikerketa Cell aldizkarian argitaratu da.
1. irudia: Europako ekialdearekin lotura duten jatorrien proportzioak (beltzez), egungo Balkanetako eta Egeoko populazioetan. (Argazkia: Iñigo Olalde eta Pablo Carrión. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)Lehenengo aldiz, taldeak afrikar jatorriko hiru pertsona identifikatu ditu, Balkanak Erromako inperioaren mende zeuden bitartean han bizi zirenak. Bestalde, ikerketak berresten du VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela; horren eragin kulturalak gaur egun arte iraun du.
Erromatar Inperioak erregio global bihurtu zituen BalkanakErromatar Errepublikak, lehenik, eta Erromatar Inperioak, ondoren, Balkanak beren barnean txertatu zituzten, eta mugako erregio hura komunikazioen bidegurutze eta kulturen arrago bihurtu zuten. Ikerketak hori baieztatzen du, eta erakusten du inperioaren bizitasun ekonomikoak erregio horretara erakarri zituela leku urrunetako etorkinak.
Antzinako DNA analizatzeari esker, taldeak identifikatu du ezen, erromatarrek erregioa menderatu zuten bitartean, ekarpen demografiko handia egon zela penintsula anatolikotik (egungo Turkian kokatua), eta horrek aztarna genetikoa utzi zuela Balkanetako populazioetan. Hala ere, aztertutako genometan ez da jatorri italikoaren arrastorik ikusten. “Ekialdetik etorritako herri horiek erabat integratu ziren Balkanetako bertako gizartean. Viminaciumen, adibidez (erromatarren hiri nagusietako bat, gaur egungo Serbian kokatua), sarkofago bereziki aberats bat aurkitu genuen, zeinean bertako jatorria zuen gizon bat eta jatorri anatolikoko emakume bat lurperatu baitzituzten”, dio Olaldek, UPV/EHUko BIOMICs taldeko Ikerbasque ikertzaile eta Harvardeko Unibertsitateko ikertzaile elkartu denak.
Era berean, taldeak azaleratu du afrikar jatorriko hiru gizabanakok distantzia luzeko lekualdatzea egin zutela, era esporadikoan, Balkanetako penintsula inperioaren menpe zegoenean. Haietako bat nerabe bat zen, jatorri genetikoa gaur egungo Sudanen zuena, antzinako Inperioaren mugetatik kanpo. “Hortz-sustraien azterketa isotopikoaren arabera, analizatutako beste banakoekin alderatuta, haurtzaroan oso bestelako itsas dieta izan zuen”, dio Carles Lalueza-Fox Biologia Ebolutiboko Institutuko (IBE) ikertzaile nagusi eta Bartzelonako Natur Zientzien Museoko (MCNB) zuzendariak.
Gainera, olio lanpara batekin lurperatu zuten, zeinak Jupiterrekin lotutako arranoaren ikonografia bat irudikatzen baitu; hain zuzen, hura zen erromatarrentzat jainkorik garrantzitsuenetako bat. “Haren ehorzketa arkeologikoki analizatzean, agerian geratzen da Erromako indar militarren kide izan zitekeela. Beraz, badirudi K.o. II. mendeko Balkanetara oso urrutitik bidaiatu zuen etorkin bati buruz ari garela”, Lalueza-Foxek adierazi duenez. “Horrek erakusten digu Erromatar Inperioa askotarikoa eta kosmopolita zela, Europako kontinentetik askoz harantzagoko jendea hartzen zuena”.
Erori baino askoz lehenago hartu zituen Erromatar Inperioak herri barbaroakIkerketak Europako iparraldeko jatorriko zenbait gizabanako identifikatu ditu, penintsula balkanikoan III. mendean bizi izan zirenak —erromatarren okupazio betean—, bai eta jatorria estepetan zuten zenbait ere. Garezurren azterketa antropologikoak agerian uzten du haietako batzuk artifizialki deformatu zituztela; hori estepetako herri batzuen eta hunoen ohitura bat zen; askotan “barbaroak” deitzen zitzaien.
2. irudia: Oraingo Aroko (O.A.) 4. mendearen inguruko garezur deformatua; estepetako gizabako batena dela jotzen da. Jatorrian, arkeologoek gepido edo godo posibletzat jo zuten (hunoek ere deformatzen zituzten garezurrak). (Argazkia: Carles Lalueza-Fox. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)Emaitza horiek ikerketa historiko eta arkeologikoen alde jokatzen dute. Mendebaldeko Inperioa erori baino asko lehenago Inperioaren mugez kanpotik —Danubioaz haragotik— etorritako banakoen presentzia erakusten dute. “Inperioaren mugak gaur egungo estatuenak baino askoz lausoagoak ziren. Danubiok Inperioaren muga geografiko gisa jokatzen zuen arren, komunikazio-bide gisa jarduten zuen, eta oso irekia zen pertsonen joan-etorriei dagokienez”, dio Pablo Carrion IBEko ikertzaile eta ikerketaren lehenengo egilekideak.
Eslaviar herriek erregio balkanikoaren demografia aldatu zutenMendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, eta, bereziki, VI. mendetik aurrera, azterlanak erakusten du Balkanetara gizabanakoen oldeak iritsi zirela, genetikoki Europako ekialdeko eslaviar hizkuntzetako egungo herrien antzekoak zirenak. Haien aztarna genetikoa gaur egungo herri balkanikoen jatorriaren % 30 eta % 60 artekoa da. Hain zuzen, Migrazio Handien garaian Europako edozein lekutan izan den aldaketa demografiko iraunkorrik handienetako bat da.
Nahiz eta azterlanak detektatzen dituen Europako ekialdetik noizean behin iritsitako gizabanakoak ere, VI. mendetik aurrera migrazio-olde handia nabarmentzen da. “Gure antzinako DNA-analisien arabera, zenbait belaunalditan zehar iritsi ziren eslaviar hizkuntzetako populazio horiek Balkanetara, eta gizon eta emakumez osatutako familia-talde osoek hartu zuten parte horretan”, azaltzen du Carriónek.
Halaber, ikerketak identifikatzen du eslaviar populazio gehiago finkatu zirela Balkanen iparraldean; hala, horren arabera, egungo Serbian % 50 eta % 60 arteko ekarpen genetikoa egin zuten, eta, hegoalderantz goazela, gero eta txikiagoa: % 30 eta % 40 artekoa Grezia kontinentalean, eta % 20 artekoa Egeoko irletan. “Haien ondare genetikoa nabaria da eslaviar hizkuntzetako egungo populazioetan ez ezik, baita gaur egun eslaviar hizkuntzarik mintzatzen ez den erregioetako beste talde batzuetan ere, adibidez Errumanian eta Grezian”, zehazten du David Reich Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileak, zeinaren laborategian egin baitzen antzinako DNAren berreskurapena eta sekuentziazioa.
Balkanetako historia berridazteko koordinazioa eta elkarlanaJugoslaviako gerraren eraginez, herri balkanikoak banandu eta gaur egungo erregioa osatzen duten herrialdeak sortu ziren; orduko ondorioek gaur egun oraindik bizirik diraute. Hala eta guztiz ere, azterlanean erregio osoko ikertzaileek hartu dute parte. “Azterlanean kroaziar eta serbiar ikertzaileak aritu dira elkarlanean. Elkarlan-eredu bikaina da penintsula balkanikoaren historia hurbila kontuan izanik. Aldi berean, horrelako lanek erakusten dute nola datu genomiko objektiboek lagundu dezaketen iraganeko narrazio epikoetan oinarrituta egon diren identitate kolektiboei lotutako arazo sozial eta politikoak atzean uzten”, dio Lalueza-Foxek.
Lantaldeak lehenengo aldiz sortu zuen Serbiako populazioaren datu-base genetiko bat, Balkanen historia berreraikitzeko. “Ohartu ginen ez zegoela egungo serbiar populazioaren datu-base genomikorik. Hura eraikitzeko eta azterlan honetan konparazio-erreferentzia gisa erabiltzeko, partekatzen zituzten ezaugarri kultural jakin batzuen arabera beren burua serbiartzat zuten pertsonen bila ibili behar izan genuen —nahiz eta Serbiaz besteko herrialdeetan bizi, hala nola Montenegron edo Ipar Mazedonian—”, dio Miodrag Grbic Wester Ontarioko irakasle eta Errioxako Unibertsitateko irakasle bisitariak.
Balkanetako historia hurbilak nabarmendu duen alderdi identitarioa gorabehera, kroaziarren eta serbiarren genomek herentzia partekatu bat erakusten dute, neurri berean partekatua orobat eslaviar populazioen eta Mediterraneoko populazioen artean.
“Gure iritziz, antzinako DNAren analisiak lagundu dezake, datu arkeologikoekin eta erregistro historikoekin batera, herri balkanikoen historia nahiz Europako hegoaldeko eslaviar herri deiturikoen sorreraren historia berreraikitzen”, ohartarazten du Lalueza-Foxek.
“Sortzen den irudia ez da zatiketarena, historia partekatuarena baizik. Burdin Aroan Balkanetako erregioan bizi ziren pertsonek migrazioen antzerako eragina jaso zuten Erromatar Inperioaren garaian eta, geroago, eslaviar migrazioen garaian. Biak batuta, eragin horien emaitza egungo Balkanetako profil genetikoa izan zen, estatuen mugak gorabehera”, ondorioztatzen du Grbicek.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Balkanetako zenbait antzinako genomak Europa eslaviarra nola osatu zen erakusten dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Ibarra-Berastegui, Gabriel; Sáenz, Jon; Ulazia, Alain; Sáenz-Aguirre, Aitor eta Esnaola, Ganix (2023). CMIP6 projections for global offshore wind and wave energy production (2015–2100). Scientific Reports, 13. DOI: 10.1038/s41598-023-45450-3
The post Balkanetako historia genomikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #478
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian
Matilda Smith Londresen dagoen Kew-ko lorategi botanikoko artista ofiziala izan zen. Lehenengo emakumea izan zen lorategi botaniko batean halako postua izaten; munduko garrantzitsuenetako batean, gainera. Lorategiak Curtis’s Botanical Magazine izeneko aldizkari bat zuen eta, 40 urtez, Smithek 2.300 lamina baino gehiago marraztu zituen bertan. Ordea, hogei urte igaro zien aldizkariko artista ofizial izendatu zuten arte. Horretaz gain, Smith Linnaean Society elkarte zientifiko ospetsuko bigarren emakumezko kidea ere izan zen. Azalpenak Zientzia Kaieran.
IngurumenaMendebaldeko Mediterraneoan, jarduera ekonomikoak kostaldeko eremuetan kontzentratu dira gehienbat, eta horren ondorioz, ingurumen-eraldaketa esanguratsuak gertatu dira. Izan ere, kostaldea desertifikazio-prozesuan dago, basoko suteen arriskua handitu da, eta ur eskasia areagotu egin da eremu horretan. Egoera hobetzeko, ikerketek adierazi dute basoen kudeaketa egokia erabilgarria izan daitekeela. Basoek euri gehiago egitea eragin dezakete, eta pentsatzen da ur eskasia hobetu dezaketela, baita desertifikazioari aurre egiten lagundu ere. Informazio gehiago Berrian.
Liztor asiarraren populazioa bizkor handitu da Ipar Euskal Herrian, eta biodibertsitatean eragin kaltegarria izaten ari da. Liztor asiarrak erleen populazioan eragin zuzena duela ikusi da, eta horrek ondorio ekologikoak eta ekonomikoak izan ditzake. Izan ere, uda partean liztorrak kumatu egiten dira, eta erleak dira haien elikagai nagusia. Azalpenak Berrian.
TeknologiaIbilgailu autonomoen segurtasuna frogatzeko ikerketak egin dituzte. Zehazki, ibilgailu horiei informazioa helarazteko erabiltzen diren ikasketa automatikoko algoritmoen emaitzak aztertu dituzte. Ibilgailu autonomoek pertzepzio-sistemak dituzte, eta sistema horiek duten errorea kalkulatu dute. Hala, ondorioztatu dute ibilgailuetako pertzepzio-sistemen ziurgabetasuna tarte espezifiko baten barruan mantentzen bada, ibilgailu horren segurtasuna berma daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
OsasunaVenki Ramakrishnan biologoak hiru faktore nagusi identifikatu ditu bizitza luzatzeko: loaren kalitatea, dieta osasuntsua eta egonkortasun ekonomikoa. Wired aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu ditu zergatiak, eta adierazi du, konponbide miragarriak baino, eguneroko ohiturak eta gizarte-baldintzak direla faktore garrantzitsuenak. Informazio gehiago Sustatun: Bizitza luzerako giltza: loa, dieta eta dirua.
Kafeak gure garunaren funtzionamenduan eragin positiboa izan dezake, batez ere depresioarekin erlazionatuta. Ikerketek erakutsi dute kafeak aktibatu egiten dituela astrozitoak (garuneko zelula mota batzuk). Astrozitoek garunaren funtzionamendu egokia bermatzen dute, besteak beste, nutrienteen banaketa eginez, eta zelula nerbiosoen arteko komunikazioan lagunduz. Kafeak zelula horiek aktibatzen dituenez, ikertzaileek ikusi dute depresioaren sintomak arindu ditzakeela. Datu guztiak Sustatun.
Etxeetan intsektizidadun pintura erabiltzea eraginkorra da eltxoek transmititzen dituzten gaixotasunei aurre egiteko. Hala ondorioztatu du Cabo Verden egindako ikerketa batek. Intsektizidekin egindako hiru pinturarekin egin dituzte probak, eta lehenengo hilabetean, hiru pinturek Aedes aegypti eltxo guztiak hil zituzten. Bi pinturek eraginkortasuna galdu zuten denborarekin, baina batek urte oso bat iraun zuen. Eltxo horrek malaria, dengea, zika eta beste hainbat gaixotasun transmititzen ditu. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaDownen sindromea duten adinekoetan alzheimerra infradiagnostikatuta dagoela frogatu dute. Down-Syndrome Basque Alzheimer-Initiative ikerketa-proiektuak aurrera eraman du ikerketa. Ekimenaren lehen urtean, 114 helduk parte hartu dute, eta ikertzaileek ikusi dute partaideen % 36ak alzheimerraren sintomak zituela. Alabaina, % 5,7ak soilik zuen aurrez diagnostikatuta. Proiektu horren beste helburu bat da Downen sindromea duten pertsonak ere kontutan hartzea goi-mailako ikerketa kliniko eta traslazionaletan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
MikrobiologiaGazten biokimika aztertzeaz arduratzen dira EHUko Lactiker Animalia Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna ikerketa taldeko ikerlariak. Azaldu dutenez, gazta esne gordinarekin edo esne tratatuarekin egin daiteke, eta lehenaren bidez, animaliak berez dituen mikrobioak eta bakterioak igarotzen dira gaztara. Bakterio horiek kalitatearekin eta segurtasunarekin lotura daukaten konposatuak sortzen laguntzen dute, eta horrek sortzen ditu desberdintasunak gazten artean. Informazio gehiago Berrian.
FarmakologiaErabilera medikorako kalamua sailkatzeko teknika berri bat garatu dute, EHUko IBeA taldeko ikertzaileek. Irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabiltzen dituen teknika analitiko azkar bat aplikatuta, landareak kimiotipoen arabera sailkatzea lortu dute. Teknika horrek aukera ematen du kalamu medizinaleko landareen trazabilitatea edo kalitate-kontrola era automatikoan ziurtatzea, maila industrialean. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
ArkeologiaAna Benito aitzindaria izan da itsaspeko arkeologian. Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Arkeologiako espezialitatea egin zuen gero. Aranzadirekin hasi zen lanean, eta Jaime Rodriguez Salis arkeologoak aginduta, Higer lurmuturrean hainbat urpekarik jasotako materiala sailkatzen ibili zen. Hor piztu zitzaion itsasoari eta erromatarrei lotutako gaiekiko interesa. Urpekari titulua atera zuen, eta horri esker, Iturritxikiko indusketa egin ahal izan zuen, euskal kostaldean alor horretan egindako aurkikuntzarik bereziena. Informazio gehiago Berrian.
Duela 100.000 urteko neandertalen hortzak aurkitu dituzte Axlor aztarnategian (Diman). Ikertzaileek azaldu dutenez, 10-12 urteko bi haurren eta heldu gazte baten hortzak dira, eta Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zaharrenetakoak dira. Garai berezi bateko aztarnak dira, Europako neandertalek sapiensekin harremana izan baino lehenagokoak baitira. Gainera, analisi-metodologia berri bat erabili dute sailkapen taxonomikoa egiteko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakOrnodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna liburua erabilgarria izan daiteke dibulgazioaren zaleentzat zein naturazaleentzat. Joxerra Aihartza biologoak idatzi zuen 2010ean, eta bertan, ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egiten da. Beste gai batzuen artean, ornodunen ezaugarri orokorrak, garapen-ereduak eta anatomia konparatua jorratzen dira. Joxerra Aihartza irakaslea eta ikertzailea da EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AntropologiaKulturak genetikak baino eragin handiagoa dauka giza taldeen eraketan. Hala ondorioztatu zuen Taiwango ikerketa talde batek, bederatzi populazio indigena aztertu ostean. Ikertzaileek populazio horien arteko distantzia kalkulatu zuten, bi modutan: genetikoki, eta herri-kantei begira. Emaitzek erakutsi zuten populazio indigena horiek neurri handiagoan bereizi zirela kultura ezaugarrietan ezaugarri genetikoetan baino. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Adimen artifizialaUnai Elordi adimen artifizialean aditua da eta Komunikazioa adimen artifizialaren menpe? jardunaldian parte hartu du. Hain zuzen ere, adimen artifiziala komunikazioan nola erabil daitekeen aztertu du jardunaldian. Berrian elkarrizketatu dute Elordi, eta haren esanetan, adimen artifizialak produktibitatean eta autonomian eragingo du gehienbat. Abantaila asko dituela dio, baina azkar garatzen dela, eta gogoetak ere batera joan behar duela uste du. Jardunaldiaren inguruko informazio gehiago topatu daiteke Sustatun.
NautikaItsasontzien brankaren beheko aldean dagoen konkorrak hidrodinamika hobetzen du. Izan ere, urak marruskadura handiena itsasontziaren brankan sortzen du. Uhinak ere eragiten ditu gainera, eta oztopoa are gehiago handitzen da. Brankan erraboil bat jarrita, ordea, azken honek beste uhin bat sortzen du, eta brankak sortutakoarekin elkar deuseztatzen dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #478 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #485
Botika batek funtziona dezan, haren diana sentikorra izatea lortu behar da. Tratamendua oso espezifikoa den minbizi mota batzuen tratamenduan garrantzitsua da hori: Targeting mitochondrial structure sensitizes acute myeloid leukemia to Venetoclax treatment Marta Irigoyenen eskutik.
Gazteagoa izan nahi duzu? Erraz, zelula zaharrak kendu. Rejuvenation through the eradication of accumulating senescent cells José R. Pinedak.
Misterioak dirau edo, agian, handiago bihurtzen da. Azken behaketek unibertsoaren hedapen-abiadura berresten dute. Zerbait ez dago ondo. Telescopes affirm universe’s expansion rate, puzzle persists
Schrödinger’s cat delakoaren paradoxarako beste hurbilketa bat: nori galdetzen diozun. TILKUTek.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #485 appeared first on Zientzia Kaiera.
Matilda Smith, artista prestigiotsua lorategi botaniko handi batean
Matilda Smith izan zen munduko lorategi botaniko garrantzitsuenetako bateko lehenengo emakume artista ofiziala: Kew-ko lorategi botanikokoa; Londres hego-mendebaldean dago (Royal Botanical Gardens edo Kew Gardens) eta askotariko bilduma botanikoak ditu. Lorategi honek oso baloratutako aldizkari bat du, Curtis’s Botanical Magazine, 1787an sortua. Aldizkarian hainbat espezieren deskripzioa dago eta horietako asko aldizkarian argitaratu ziren lehenengoz. Deskripzio horiekin batera kontu handiz egindako ilustrazio ederrak daude, testua osatzeko eta bizia emateko. Aldizkari aipagarri horretan argitaratu ziren 40 urte baino gehiagoz Matilda Smith marrazkilari handiaren lanak.
1. irudia: Matilda Smith astista botanikoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Artista botaniko akreditatua izateaz gain, Smith izan zen Linnaean Society elkarte zientifiko ospetsu eta errespetatuko bigarren emakumezko kidea. Elkarte hori historia naturala, eboluzio biologikoa eta taxonomia aztertu eta hedatzen aritzen da. XVIII. mendeko ilustrazioaren produktu gisa, munduko elkarte biologikorik antzinakoena da eta historikoki garrantzitsua da landare eta animalien biologiari buruz argitaratutako aldizkari eta liburuen ondorioz. Gainera, instituzioak domina prestigiotsuak eta oso baloratutako zenbait sari ematen ditu.
Arteari eta zientziari eskainitako bizitzaBritainia Handiko bikote baten alaba, Matilda Smith Mumbain jaio zen (India) 1854ko uztailaren 30ean, baina familia Ingalaterrara itzuli zen haurra txikia zela. Botanikarekiko eta arte botanikoarekiko interesa goiz hasi zitzaion, batez ere Joseph Dalton Hooker (1817-1911) lehengusu txikiaren eraginez, talentu handiko botanikaria baitzen.
1865ean Londresko Kew Gardens-eko zuzendari izendatu zuten Hooker, eta aipatutako Curtis’s Botanical Magazine aldizkariko editore ere bai. Handik urte batzuetara, Walter Hood Fitch (1817-1892) ilustratzaile nabarmenak Kew-ko kargua utzi zuenean, J. D. Hooker zuzendariak bazuen Matilda Smithen marrazteko gaitasunaren berri eta erakundean sartzea proposatu zion, ilustratzaile zientifiko gisa trebatzeko. Gazteak gustura hartu zuen proposamena, Wellington Unibertsitateko (Zeelanda Berria) F. Bruce Sampson, irakaslearen hitzetan. «Sir Josep Hooker, dio Sampsonek, gaitasun nahikoa zuen marrazkilari botanikoa zen eta erakusteko eta egiten zuen lana gainbegiratzeko erantzukizuna hartu zuen».
Matilda Smithek berehala hartu zuen trebezia handia marrazkilari zientifiko gisa eta 1878ko urrian Curtis’s Botanical Magazine aldizkariak lehenengoz argitaratu zuen haren lanetako bat. Data horretatik aurrera berehala bihurtu zen aldizkariko ilustratzaile garrantzitsuena. Are gehiago, 1879-1881 aldian argitalpen bakoitzean Smithen hogei bat marrazki izaten ziren.
Era berean, 1879-94 urteetan, Anne Henslow Barnardek ere, Cambridgeko Unibertsitateko John Stevens Henslow botanikari eta irakaslearen alabak, lamina ederrak egin zituen Curtis’s Botanical Magazine aldizkarirako, Smithek baino askoz gutxiago egin arren.
Matilda Smithi dagokionez, azpimarratu beharra dago berrogei urtez, 1878tik 1923ra, 2.300 lamina eder baino gehiago marraztu zituela aldizkarirako; bere aurrekoak, Walter H. Fitch itzal handikoak, baino 600 gutxiago soilik. Baina Bruce Sampsonek esan bezala, ilustrazioen kalitatea aitortzen zen arren, hogei urte behar izan zituen 1898an aldizkariko artista ofizial izendatu zuten arte. Eta kalitatea izan arren, bizitzan zehar Matilde Smithek lan bikainagatik aitortza gutxiago jaso zituen Walter H. Fitchek baino.
2. irudia: Matilda Smithen ilustrazioa (Curtis’s botanical magazine v.126,1900). (Iturria: Mujeres con Ciencia)Kew Gardens lorategiarekin izan zuen harreman luzean Smithek aipatutako aldizkarirako egindako ilustrazioez gain, 1500 lamina sortu zituen Icones Plantarum bolumenetarako; lorategiko bildumen azterketa handia zen eta lorategiko Herbarioan aukeratutako landareen ilustrazioak eta deskripzioak zituen. Era berean, zenbait liburutako ilustrazioak egin zituen, adibidez George Watt-en The Wild and Cultivated Cotton Plants of the World liburu aintzatetsia; kotoi landareei dagokien generoari buruz 1907an argitaratutako azterketa garrantzitsua.
Artista botaniko oparo honen lanetan bada bestelakorik ere, esaterako, Kew Gardens-eko liburutegian egoera txarrean zeuden liburukietako lamina kaltetuak edo osatu gabeak konpontzea edo osatzea. Era berean, Bruce Sampsonek gogorarazi du Matilda Smith izan zela Zeelanda Berriko flora luze eta zabal deskribatu zuen lehenengo artista botanikoa. Eta hainbat egilek miretsi dute artista honek zuen trebezia «espezimen lehor eta zapalduak pizteko, askotan karaktereak deformatuta izan arren, ilustrazio egokiak egiten baitzituen».
Ilustratzaileak, gainera, Kew Gardens-era joaten ziren bisitariei harrera egin eta informatu ere egiten zituen. Era berean, tokiko gai publikoetan partaidetza aktiboa izan zuen eta Kew Guild delakoaren lehenengo presidente emakumezkoa izan zen, lorategi ospetsu horretako langile ohien erakundekoa.
1921ean Matilda Smithek sari nabarmen bat jaso zuen, Londreseko Linnean Society elitistako bazkide hautatu baitzuten; ohore hori lortu zuen bigarren emakumezkoa izan zen. Era berean, Silver Veitch Memorial Medal saria eman zioten, Royal Horticultural Society-k urtero ematen zuena; marrazki tekniko botanikoan zuen trebezia azpimarratu zuten, oro har, eta bereziki, Curtis’s Botanical Magazine delakoan egindako ekarpenak, Bruce Sampsonek nabarmendu duen bezala.
Hil ondoren Matilda Smithek jaso zituen sariei dagokienez, interesgarria iruditu zaigu aipatzea XX. mendearen erdialdean nagusi zen sexismoaren ondorioz, Wilfrid Blunt arte irakaslea The Art of Botanical Illustration (1950) liburuan, seguru asko arte botanikoaz garai hartan ospe handiena zuenean, oso kritikoa izan zela ilustratzailearen gaitasunarekin. Kalitate txikiko artista zela esan zuen, eta ez zen gai izan artista botanikoaren lan zehatz eta ederraren balioa laudatzeko.
Catherine Horwood idazleak Women and their Gardens (2012) liburuan salatu du Bluntek ilustratzailearen obrari balioa kentzeko asmoz egin zituela bere idatziak; azpimarratu zuen Matilda Smithek Kew Gardenseko loredun landare berri eta interesgarriak marraztean alferrikako lana egin zuela, bestela margotuko ez ziren landareen erregistroa sortzeko. Halaber, Smith amaierara arte marrazkirako gaitasunik gabea izan zela esan zuen, eta azpimarratu egiten zuen ahalegin eta esfortzu handiagatik gehiago gogoratzen zela, trebeziagatik baino.
Caroline Jackson-Houlston britainiar ilustratzaileak ere 2006an Blunten mentalitate estua kondenatu zuen, viktoriar garaiko ereduari jarraitu ziola adierazi zuen, garai horretan arte botanikoak balioa galdu baitzuen pixkanaka, emakumeak alor horretan profesionalki hasi ziren heinean.
3. irudia: Smithiantha cinnabarina landarea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Komenigarria da gogoratzea Kew-ko emakumeen langileen historiari buruzko azterlan batean, The history of working women at Kew delakoan, Michele Losse idazle britainiarrak 2011n adierazi zuela emakume zientzialariak gero eta gehiago zirela XX. mendearen hasieran, batez ere 1915az geroztik. 1950eko hamarkadan emakume zientzialari horiek zeresan nabarmena zuten, batez ere ezkondu ondoren lanean jarraitzeko baimena eman zienean lege batek. Gaur egun, dio Lossek, emakumeek inplikazio aktiboa dute Kew-en, hainbat egiteko baitituzte.
Egungo eta bere garaiko egile hainbatek goraipatu egin dute Matilda Smithen marrazkien kalitatea, argitasuna eta zehaztasuna, bat etorri dira eta denek azpimarratu dute lau hamarkadaz lan egitea «britainiar botanikaren erdigunean, Kew Gardensen, haren obraren balio jarraituaren lekuko da» eta berriro diote marrazkiak ederrak izateaz gain, zorroztasun zientifiko formal eta argia dutela.
Zentzu horretan, kontuan izan behar dugu naturalisten izan dezaketen aintzatespenik handiena landare bati beren izena jartzea dela. Matilda Smithek bi genero ditu bere izenarekin betiko, Smithiantha, hamahiru espezie dituena, eta Smithiella, espezie bakarrekoa. Azkeneko horri Stephen Troyte Dunn-ek jarri zion izena, Kew-ko botanikarietako batek, eta honako hau idatzi zuen 1920an: «Genero hau errespetu osoz eskaintzen zaio Miss Matilda Smithi, […] Miss Smithen kontaezin ahala loregatik eta hainbat urtez ederkiro marraztu eta pintatu dituen lan ugariengatik Botanical Magazine, Icones Plantarum eta Kew Bulletin‑en».
4. irudia: Joseph Dalton Hookerri eskainitako plaka. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Matilda Smithi eman zitzaion beste ohoretako bat Joseph Dalton Hooker (1817-1911) britainiar botanikari eta esploratzaile ospetsuari eskainitako plaka diseinatzea izan zen; plaka hori St. Anne elizan dago, Kew Gardens-etik gertu. Erdian Hookerren profila dago eta inguruan bost landare ditu Smithek ederki marraztu; landare bakoitza botanikariaren bizitzan garrantzitsua izandako eskualde batekoa da, hau da, Malaysia, India, Zeelanda Berria, Peru eta Afrika tropikala.
1920an erretiratu zen botanikari ospetsua, azkeneko ilustrazioa Botanical Magazine aldizkarirako egin zuen eta 1923ko otsailean argitaratu zen. Urte batzuk lehenago, 1915ean, Kew-ko kotzejua (Kew Guild) hasia zen Matilda Smith Memorial Prize saria ematen botanika aplikatuko ikaslerik hoberenari, eta hori ere aintzatespen nabarmena izan zen ilustratzailearentzat.
1926 amaieran hil zen Matilde Smith Gloucester Road-eko (Kew) bere etxean. Bulletin of Miscellaneous Information (Royal Botanic Gardens, Kew) delakoak eman zuen heriotzaren berri ohar baten bidez: «Matilda Smith, abenduaren 29an hil zen 73 urte zituela eta heriotza horren berri emateko betebeharra dugu; artista botaniko aintzatetsia izan zen eta 44 urtez lotura estua izan zuen Kew-ko Royal Botanic Gardensekin». Ilustratzailea Richmond Cemeteryn ehortzi zuten, Britainia Handiko pertsona nabarmen zenbait bezala.
Egileaz:Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Mujeres con Ciencia blogean 2023ko azaroaren 15ean argitaratu zen artikulua: Matilda Smith, prestigiosa artista en un gran jardín botánico.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Matilda Smith, artista prestigiotsua lorategi botaniko handi batean appeared first on Zientzia Kaiera.
Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna
Dibulgazioaren zaleentzat zein naturazaleentzat erabilgarri izan daitekeen liburua da Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna. Joxerra Aihartza biologoak idatzi zuen 2010ean, eta UEUk argitaratu.
Irudia: “Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna” liburuaren azala. (Iturria: UEU)Biologia gradurako testuliburu gisa sortua izan arren, liburua osatzen duten 490 orrialdetan eta 780 iruditan bildutako informazioa baliagarria izango da interesatutako edozein naturazalerentzat ere. Liburuaren lehen atalean ornodunen definizioa, ezaugarri orokorrak eta garapen-eredua jorratzen dira. Bigarren atalean, berriz, anatomia konparatua egiten da, eta ornodunen aparatu bakoitzaren deskribapena, funtzionamendua eta eboluzioaren oinarriak azaltzen dira. Amaitzeko, hirugarren atal zabalean animalia hauen eboluzioa eta aniztasun morfologiko eta etoekologikoak lantzen dira.
Ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egiteaz batera, animalia hauei buruzko ezagumenduak gure eboluzio-historia azalduko digu ezinbestean, eta gure izatea eta bilakaera bera hobeki ulertzen lagunduko digu.
Joxerra Aihartza Azurtza (Donostia, 1962) Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Fakultateko irakaslea da Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean. Euskal Herriko faunari buruzko dibulgazio-lanetan jardun izan du, eskola eta institutuetan hitzaldiak ematen, artikuluak idazten, eta irrati eta telebistarako saioak egiten.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna
- Egilea: Joxerra Aihartza Azurtza
- ISBN: 978-84-8438-287-4
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2010
- Orrialdeak: 492
UEU: Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna.
The post Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Kulturak genetikak baino eragin handiagoa dauka giza taldeen eraketan
Herri kantak giza populazioen iraganaren benetako erregistroak dira. Horien arteko aldeak giza taldeek denboran zehar egindako ibilbide ezberdinen isla dira. Hizkuntza eta bestelako elementu kulturalekin batera, osagarri baliotsua eskain diezaiekete ikerketa genetikoei, iragana ezagutzeko tresna gisa.
Gizakiak planetan zehar sakabanatzean, genomak bereizteaz gain, hizkuntzak eta beste ezaugarri kultural batzuk ere dibertsifikatu ziren. Izan ere, posible da, eta ez hain zaila, talde genetikoen eta hizkuntza familia edo barietateen artean elkarrekikotasunak ezartzea. Hala ere, askotan, eta hainbat arrazoirengatik, giza taldeek jatorrizko hizkuntza galdu dute beste bat eskuratzeko. Hori dela eta, talde genetikoen eta hizkuntza taldeen arteko jatorrizko elkarrekikotasuna lausotu egin da, eta horrek zailtzen du aurpegiko ezaugarri horien multzoa aztertzea, adibidez, giza talde batzuen eta besteen arteko historia eta harremanak karakterizatzeko.
Irudia: hizkuntzaz gain, musika tradizionala ere giza taldeen artean bereiziz joan da talde horiek banandu eta genetikoki dibertsifikatu diren heinean. (Argazkia: Genaro Servín – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)Hizkuntzaz gain, musika tradizionala ere giza taldeen artean bereiziz joan da talde horiek banandu eta genetikoki dibertsifikatu diren heinean. Floyd Reed populazioen genetistak, American Anthropological Associationen 2007ko urteko bileran, Afrikako 39 giza talderekin eginiko ikerketa bat aurkeztu zuen, zeinetan erakusten baitzuen konexio estua zegoela horien genetikaren eta abesten zituzten kanten artean. Emaitza horien bidez egiaztatu zuen musikak giza populazio ezberdinen arteko harreman sakonak identifikatzen lagun dezakeela. Dirudienez, musika beste ezaugarri kultural batzuk baino erresistenteagoa da aldaketarekiko; batzuetan, hizkuntza baino erresistenteagoa ere bai.
Floyden ikerketarako erabilitako kantak karakterizatzeko prozedura Alan Lomax eta Victor Grauer musikologo eta etnografoek garatu zuten. Lomaxek, Woodie Guthrie eta Lead Belly ezagun egin zituenak, artxibo bat osatu zuen 857 kulturatatik hartutako 5.500 abesti ingururekin. Bi etnomusikologoek diseinatutako sistema horrek, Cantometrics (kantumetrika) izenekoak, kantak sailkatzen ditu melodiaren zenbait ezaugarrirekin zerikusia duten 37 trazuko eskala batean oinarrituta.
Floyden metodoak kultura musikalen pareen arteko distantzia zehaztea ahalbidetzen zuen, eta egiaztatu zuen benetan korrelazio nabarmena zegoela distantzia musikalen eta distantzia genetikoen artean. Ikusi zuen musikalki taldekatzen ziren herriek markagailu genetikoak partekatzeko joera zutela. Erabilitako metodoak zalantzak piztu zituen; izan ere, sailkapenean erabilitako ezaugarrien kuantifikazioa subjektiboa da, eta horrek maila unibertsalean aplikatzeko gaitasuna mugatzen du. Hala ere, metodoaren defendatzaileek adierazten dute emaitzak metodoaren baliozkotasunaren bermea direla.
Ildo berean, 2014an Taiwango ikerketa baten emaitzak argitaratu ziren, zeinetan bederatzi populazio indigena ikertu baitzituzten. Giza talde horien genetika ezaguna zen, eta askotariko generoetako herri kanten erregistro asko zeuden, batez ere erritu kantenak. Ikerketaren egileek 220 kanten lagin batekin lan egin zuten. Kantumetrika (ahots estiloa, ornamentazioa eta dinamika islatzeko) eta beraiek garatutako CantoCore izeneko metodoa (erritmoa, tonua, testua, testura eta forma islatzeko) konbinatu zituzten kantak kodifikatzeko. Guztira 41 karaktere erabili zituzten (15 kantumetrikakoak eta 26 CantoCorekoak) kanta bakoitzaren ezaugarriak kodifikatzeko.
Pareka, bederatzi populazioen arteko distantzia kalkulatu zuten, bai genetikari begira (DNA mitokondriala) bai kantei begira. Halaber, hizkuntzen arteko distantziak estimatu zituzten, ikerketan aztertutako kulturetako oinarrizko hiztegiko sustraikide lexikaletatik abiatuta. Bederatzi populazio aztertu zituztenez, 36 pare osatu zituzten; hortaz, aztertutako ezaugarri bakoitzerako (genetika, hizkuntza eta kantak) 36 distantzia lortu zituzten. Funtsean, analisi estatistikoa bariantza-analisian oinarritu zen –kulturen baitako eta kulturen arteko aldakortasuna baloratzeko– bai eta hiru ezaugarrietako bakoitzetik abiatutako distantzia estimatuen arteko korrelazioetan ere –ezaugarri genetiko eta kulturalen arteko elkarrekikotasun maila ezartzeko–.
Distantzia musikalen eta distantzia genetikoen arteko korrelazioa nabarmena izan zen (r = 0,417; p = 0,015) eta nabarmen izaten jarraitu zuen (r = 0,385; p = 0,032) populazioen arteko distantzia geografikoaren efektua deskontatu ondoren ere. Nabarmena izan zen, halaber, distantzia genetikoen eta linguistikoen arteko korrelazioa (r = 0,492; p = 0,006); baina, kasu horretan, pisu hori desagertu zen (r = 0,321; p = 0,071) analisian distantzia geografikoak sartzean. Horrek esan nahi du seguru asko kanten arteko distantziek harreman sendoagoa dutela distantzia genetikoekin azken horiek distantzia linguistikoekin dutenarekin baino. Ikerketaren egileek ondorioztatu zuten ziurrenik taiwandarren genoma mitokondrialaren eta musikaren kobariazio bat gertatu dela arbaso partekatu batetik abiatutako adarkatze baten bidez. Horiek horrela, alde genetikoak eta musikalak ez lirateke soilik izango populazio horien duela gutxiko banaketa geografiko baten ondoriozkoak.
Lortutako korrelazio balioak antzekoak izan ziren; eta horrek esan nahi du distantzia linguistikoek zein musikalek antzera islatzen dutela giza taldeen bereizketa maila. Nolanahi ere, oso interesgarria da distantzia musikalen eta linguistikoen arteko korrelazioa erlatiboki ahula izatea (r = 0,411; p = 0,085). Horrek iradokitzen du elementu kultural baten eta bestearen bereizketek ez dutela prozesu bera izan. Horiek horrela, musikak, alde batetik, eta hizkuntzak, bestetik, aztertutako giza taldeen historiaren alderdi ezberdinak gordetzen dituzte.
Ikerketan aztertutako elementu guztietatik, atentzio gehien eman didana izan da elementu batzuen eta beste batzuen arteko aldeen magnitude erlatiboa. Izan ere, distantziak aztertzeko metodologia berbera erabilita, herri kanten eta hizkuntzen artekoak genetikoak baino nabarmenagoak dira. Kasu guztietan –hizkuntza, herri kantak eta genoma–, populazio bakoitzaren barneko bariazioa nabarmenagoa da populazioen arteko bariazioa baino; baina, termino erlatiboetan, bariazio handiagoa dago populazioen artean herri kantetan eta hizkuntzan genoma mitokondrialetan baino.
Hau da, giza taldeak neurri handiagoan bereizten dira kultura ezaugarrietan ezaugarri genetikoetan baino. Eta, informazio horretatik abiatuta, ondorio interesgarri hau atera daiteke: giza taldeak elementu kulturalak oinarri hartuta eratu eta bereizten dira. Edo, beste era batera esanda, herriak sortzeko orduan, kultura da talde baten edo bestearen kide egiten gaituena, eta ez gure organismoari forma eta funtzioa emateko proteinak kodifikatzen dituzten geneak.
Erreferentzia bibliografikoa:Brown, Steven; Savage, Patrick E.; Ko, Albert Min-Shan; Stoneking, Mark; Ko, Ying-Chin; Loo, Jun-Hun; Trejaut, Jean A. (2014). Correlations in the population structure of music, genes and language. Proceedings of the Royal Society B, 281. DOI: 10.1098/rspb.2013.2072
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Kulturak genetikak baino eragin handiagoa dauka giza taldeen eraketan appeared first on Zientzia Kaiera.
Branken hidrodinamikaren eragina itsasontzien abiaduran
Noizbehin galdetu diozu zure buruari zertarako balio duen itsasontzien brankaren beheko aldean dagoen konkorrak? Ba ezinezkoa dirudien arren, horri esker azkarrago nabigatu ahal du itsasontziak, hidrodinamikoagoa bihurtzen delako kroskoaren forma aldatzean. Hortaz, konkor hori eraginkortasuna bilatzen duen diseinua da.
1. irudia: itsasontzi baten bulbo-branka. (Argazkia: Saberwyn – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Uraren dinamika eta itsasontziakHidrodinamika fluidoen mekanikaren adar bat da eta itsasontzien inguruan mugitzen den uraren dinamika aztertzen du kroskoko obra bizian, hots, ur azpian dagoen aldean. Horrez gain, kontuan izaten du zelan eragiten dion nabigazioari ere. Hidrodinamikak kontuan hartzen ditu, besteak beste, kroskoaren forma, pisuen banaketa eta propultsioa.
Itsas garraioak nazioarteko merkataritzan hain pisu handia izanda, jokoan sartzen da garraio hori gauzatu ahal izateko eraginkortasuna. Horrek esan nahi du itsasontzi batek baldintza jakin batzuez nabigatzen badu (kargaren pisua, pisuen banaketa, tripulazioa, motorren potentzia, kontsumitutako erregaia… konstante mantentzen bada) abiadurari begira azkarrago izatea bilatzen dela. Era horretan, itsasontziak denbora laburragoan egingo du bidaia, erregai gehiago behar izan barik. Hori dela eta, itsasontzi bat ontziolan eraikitzeko orduan, haren azterketa hidrodinamikoa egiten da.
Hidrodinamikaren ondorioak aztertzean, hobetu beharreko eremuak identifika daitezke, nabigazio eraginkorragoa eta seguruagoa lortzeko. Urak ez dio itsasontziari aurrera egiten uzten, moteldu egiten duelako kroskoaren obra bizian talka egitean. Beraz, marruskadura-eremuak murrizten edo kroskoaren formak aldatzen baldin badira fluidoa irrista dadin, erresistentzia gutxitzea lortuko da. Hori dela eta, abiadura handiagoetan nabigatuko da aurreko ahalegin berbera eginda. Aipatu beharra dago neurri txikiagoan bada ere aireak ere ez diola uzten aurrera egiten, baina hori aerodinamikaren aztergaia da.
2. irudia: presio hidrodinamikoa. (Marrazkia: Josip Basic. Iturria: Basic, Josip & Degiuli, Nastia & Dejhalla, Roko. (2017). Total resistance prediction of an intact and damaged tanker with flooded tanks in calm water)Adibidez, bigarren irudian ikus daiteke nola urak presio handiagoa eragiten duen alde batzuetan (gorriz) eta gutxiago besteetan (urdin ilunez). Itsasontziak uretan aurrera egin ahala, oposiziorik handiena brankan topatzen du; urak itsasontziaren kroskoarekin talka egiten duelako alde horretan. Gainera, talka honek uhinak eragiten ditu, eta uhin hauek are gehiago moteltzen dituzte itsasontziak.
Egoera horri aurre egiteko, brankan erraboil bat jarri ohi da uhin horiek desagerrarazteko eta urak itsasontziaren mugimenduari oposizio txikiagoa eragiteko. Baina… nola lor dezake erraboil batek presio-lerroak gorritik urdinera pasatzea?
Uhin-sistemen jokoa: erraboila eta brankaBrankako erraboilaren helburua beste uhin bat sortzea da, hark sortutako uhinak eta brankak sortutakoak elkar deusezta dezaten. Uhin-luzera bera dute; baina desfasearen ondorioz, bat datoz brankako uhinaren gailurra eta erraboilaren uhinaren harana. Bi uhinak gainjartzeak dakarrena da olatu gutxiago sortzen direla, olatu gutxiago sortzen dira; eta, beraz, itsasontziak aurrera egiteko duen erresistentzia murrizten da.
Hurrengo irudietan argiago ikus daiteke nola erraboilak (1) uhin-sistema bat sortzen duen eta itsasontziaren brankak (2) sortutako beste uhin-sistemaren uhin-luzera berbera duen. Hortaz, lehen azaldu den bezala, bi uhin-sistemak gainjartzean uhinak (3 eta 4) deuseztatzen dira.
3. irudia: brankako erraboilaren funtzionamendua. (Ilustrazioak: Tosaka – Ainhize Gamarrak moldatuak – CC BY-SA 3.0 Deed lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Itsasontziaren kroskoari forma ematean eta uraren azpian erraboil bat jartzean murriztu egiten dira uhinak brankaren aurrean (aurreko irudian agerian den bezala); eta horrekin batera, urak kroskoan eragindako talka. Ondorioz, fluidoaren oposizioa murrizten da. Horri esker, azkarrago nabigatzea ahalbidetzen da; eta aldi berean, erregaiaren kontsumoan asko aurrezten da. Azken ikerketen arabera, itsasontziaren erresistentzia hidrodinamikoa % 15 inguru jaisten da.
Erraboilaren helburu bakarra uhin-sistema bat sortzea da; hain zuzen ere, brankak sortutako uhin-sistema deuseztatzen duena. Erraboilak beste funtziorik ez duenez, hutsik du barrualdea, ahalik eta pisu gutxien izateko. Erraboilaren forma eta tamaina bereziki diseinatzen dira itsasontzi batentzat eta darabilen ohiko abiadurarentzat.
Hori dela eta, ontziolan itsasontzi baten diseinua garatzen denean, simulagailu batekin egiten dituzte probak nabigazio-abiadura zehatz baterako duen jarrera ezagutu ahal izateko branka-forma ezberdinekin (oro har erabiliko duen abiadurarako).
Adibide gisa, beheko irudian ikusten dira simulagailu horietariko batean lortutako emaitzak. 20 korapiloan nabigatuko duen itsasontzi bat diseinatzen ari direnez, egiaztatu egin dute abiadura horretan izango duen presioa branka-forma ezberdinekin. Irudi horretan presio handiena jasatean horiz margotzen da eta gutxien jasatean urdinez. Beraz, diseinurik eraginkorrena, hori gutxien eta urdin gehien daukan branka da, hots, goitik hasita hirugarrena.
4. irudia: presio lerroak 20 korapiloan nabigatuko duen itsasontzian. (Iturria: Leal, L., Flores, E., Fuentes, D., eta Verma, B. (2018). Hydrodynamic study of the influence of bulbous bow design for an Offshore Patrol Vessel using )Nabigatzean aldentzen den urak uhin bat eratzen du, itsasontziaren brankatik gertu hasten dena eta kroskoaren gainean presioa eginez poparantz higitzen dena, hau da, itsasontziaren atzealderantz. Uhinaren luzera kroskoaren abiadurarekiko proportzionala da: zenbat eta azkarrago mugitu, orduan eta luzeagoa izango da brankako uhina. Horregatik, diseinua espezifikoa da abiadura tarte baterako. Hori dela eta, abiadura espezifiko horretatik kanpo kontrako eragina izaten du eta eragin kaltegarria.
Hurrengoan, talaiako tabernan batean zerbait edaten zauden bitartean itsasontzi baten brankan ur azpian erraboil bat antzematen dela nabaritzen baduzu, jakingo duzu ez dela konkor bat, baizik eta eraginkortasuna lortzen eta erregai-kontsumoa murrizten duen ingeniaritza-diseinua.
Glosarioa:- Branka: itsasontziaren aurrealdea.
- Krosko: itsasontzi-gorputzaren kanpo egitura.
- Obra bizia: ur azpian dagoen itsasontziaren kroskoaren atala.
Ainhize Gamarra itsas makinista da eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea Nautika eta Itsas-makineria arloetan.
The post Branken hidrodinamikaren eragina itsasontzien abiaduran appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibilgailu autonomoen segurtasuna bermatzea
Ordenagailu bidez gidatutako automobilak eta aireontziak gero eta ohikoagoak diren honetan, ikertzaileek diote istripuak prebenitzeko gakoa ez dakiguna jakitea dela.
Gidaririk gabeko automobilak eta aireontziak ez dira etorkizuneko kontu bat. San Frantzisko hirian soilik, bi taxi enpresek gidaritza autonomoko 12,9 milioi kilometro erregistratu dituzte kolektiboki 2023ko abuztura arte. Eta, Estatu Batuetan, 850.000 aireontzi autonomo edo drone daude erregistratuta, militarrenak zenbatu gabe.
1. irudia: Estatu Batuetan, 850.000 aireontzi autonomo edo drone daude erregistratuta, militarrenak zenbatu gabe. (Ilustrazioa: Señor Salme. Iturria: Quanta Magazine)Hala ere, segurtasunari buruzko kezka justifikatuak ere badaude. Adibidez, 2022ko maiatzean amaitu zen 10 hilabeteko aldian, Estatu Batuetako Errepideetako Trafiko Segurtasunaren Administrazio Nazionalak moduren batean kontrol autonomoa erabiltzen zuten automobilak tartean izan zituzten 400 istripu jakinarazi zituen. Istripu horien ondorioz, sei pertsona hil ziren, eta beste bostek zauri larriak izan zituzten.
Arazo horri aurre egiteko modurik ohikoena “kasuen bidezko frogantza” da; hau da, sistema horiek behin eta berriz frogatzea seguruak direla sinetsita egon arte. Baina ezin dugu ziur jakin prozesu horren bidez akats potentzial guztiak deskubrituko direnik. «Jendeak beren baliabideak eta pazientzia agortzen dituzten probak egiten ditu», azaldu du Sayan Mitrak, Urbana-Champaigneko Illinoisko Unibertsitateko informatikari zientzialariak. Hala ere, probek, beren kabuz, ezin dute bermerik eman.
Mitra eta haren kideek, berriz, bai. Mitraren taldeak automobilen erreiak jarraitzeko gaitasunaren eta aireontzi autonomoen lurreratze sistemen segurtasuna frogatu du. Egun, taldeak aplikatutako estrategia hori erabiltzen ari da hegazkin ontzietan droneak lurreratzeko, eta Boeing-ek hegazkin esperimental batekin ere probatu nahi du aurten. «Muturretik muturrera segurtasun bermeak emateko metodo hori oso garrantzitsua da», adierazi du Corina Pasareanuk, Carnegie Mellon Unibertsitateko eta NASAren Ames Ikerguneko zientzialari ikertzaileak.
Bere lana da ibilgailu autonomoei informazioa helarazteko erabiltzen diren ikasketa automatikoko algoritmoen emaitzak bermatzea. Oro har, ibilgailu autonomo askok bi osagai dituzte: pertzepzio sistema bat eta kontrol sistema bat. Pertzepzio sistemak esaten dizu, adibidez, zein distantziara dagoen zure autoa erreiaren erdigunearekiko, edo zer norabidetan doan hegazkin bat eta zein den haren angelua horizontearekiko. Sistemak honela funtzionatzen du: kamera eta beste tresna sentsorialetatik hartutako prozesatu gabeko datuak elikatzen dizkie ibilgailuaren kanpoaldea birsortzen duten sare neuronaletan oinarritutako ikasketa automatikoko algoritmoei.
Ondoren, ebaluazio horiek sistema independente bati bidaltzen zaizkio, kontrol moduluari, eta horrek erabakitzen du nola jokatu. Oztopo batekin talka egingo bada, adibidez, sistema horrek erabakitzen du frenoak aplikatuko dituen edo biratu egingo duen oztopoa saihesteko. Massachusettseko Teknologia Institutuko Luca Carlone irakasle elkartuaren hitzetan, kontrol modulua ondo ezarritako teknologian oinarritzen bada ere, «pertzepzioaren emaitzetan oinarritutako erabakiak hartzen ditu, eta ez dago bermerik frogatzeko emaitza horiek zuzenak direnik».
Segurtasun berme hori emate aldera, Mitraren taldeak ibilgailuaren pertzepzio sistemaren fidagarritasuna bermatzeko lan egin du. Hasieran suposatu zuten segurtasuna bermatzea posible dela kanpoaldeko irudikapen perfektua izanez gero. Ondoren, zehaztu zuten zenbatekoa den pertzepzio sistemak ibilgailuaren ingurua birsortzean izan dezakeen errorea.
Estrategiaren gakoa da tartean dauden ziurgabetasunak kuantifikatzea, errore bandak deritzenak, edo “ezezagun ezagunak”, Mitrak adierazten duen moduan. Kalkulu horren jatorria Mitrak eta bere taldeak pertzepzio kontratu deritzena da. Software ingeniaritzan, kontratu bat konpromiso hau da: ordenagailu programa baterako sarbide jakin baterako, irteera tarte espezifikatu batean egongo da. Baina tarte hori kalkulatzea ez da lan erraza. Zenbateko zehaztasuna dute autoko sentsoreek? Zenbateko lainoa, euria edo eguzki distira jasan dezake drone batek? Baina ibilgailua ziurgabetasun tarte espezifiko baten barruan manten badezakezu, eta tarte horren zehaztapena behar bezain doia bada, Mitraren taldeak frogatu zuen ibilgailu horren segurtasuna berma dezakezula.
2. irudia: Sayan Mitra Urbana-Champaigneko Illinoisko Unibertsitateko informatikariak sistema autonomo jakin batzuen segurtasuna bermatzeko ikuspegi sistematiko bat garatzen lagundu du. (Argazkia: Virgil Ward II. Iturria: Quanta Magazine)Oso zehatza ez den abiadura-neurgailu bat daukan orok ondo ezagutzen du egoera hori. Baldin badakizu gailua ez dela inoiz 5 kilometro ordu baino gehiago desbideratzen, abiadura muga gainditzeagatiko isuna ekidin dezakezu beti abiadura mugatik 5 km/h beherago mantenduta (erabat fidagarria ez den zure abiadura neurgailuak adierazten duenari jarraikiz). Bada, pertzepzio kontratu batek antzeko segurtasun berme bat ematen du ikasketa automatikoaren menpeko sistema inperfektu batean.
«Ez da pertzepzio perfektua behar», azaldu du Carlonek. «Lortu nahi dena da pertzepzioa segurtasuna arriskuan ez jartzeko bezain ona izatea». Bere ustez, taldeak eginiko ekarpen nagusiak izan dira «pertzepzio kontratuen ideia osoa aplikatzea» eta horiek eraikitzeko metodoak ematea. Horretarako, egiaztapen formal izeneko informatikaren adarreko teknikak erabili dituzte. Adar horrek forma matematiko bat ematen du sistema baten portaerak betekizunen multzo bat asetzen duela egiaztatzeko.
«Hala ere, ez dakigu zehatz-mehatz nola egiten duen sare neuronalak egiten duen hori»; Mitrak adierazi duen moduan, frogatu dute oraindik posible dela zenbaki bidez frogatzea sare neuronal bateko irteerako ziurgabetasuna muga batzuen barruan dagoela. Eta, hala bada, orduan sistema segurua izango da. «Hortaz, berme estatistiko bat eman dezakegu sare neuronal jakin batek benetan muga horiek beteko dituen (eta zer neurritan) adierazteko».
Sierra Nevada enpresa aeroespaziala segurtasun berme horiek probatzen ari da orain, drone bat hegazkin-ontzi batean lurreratzean. Arazo hori, neurri batean, automobilak gidatzea baino zailagoa da, hegan egiteak berekin dakarren dimentsio gehigarria dela eta. “Lurreratzean, bi eginkizun nagusi daude”, azaldu du Dragos Margineantuk, Boeing-eko AAren teknologo buruak, “hegazkina pistarekin lerrokatzea eta pistan oztoporik ez dagoela bermatzea. Sayanekin egindako lanaren bidez bi funtzio horietarako bermeak lortu nahi ditugu”.
«Sayanen algoritmoa erabiltzen duten simulazioetan lerrokatzea [hegazkin batena lurreratu aurretik] hobetzen da», adierazi du. Hurrengo urratsa da sistema horiek erabiltzea Boeing-en hegazkin esperimental bat lurreratu bitartean; eta froga hori urte honen amaierarako aurreikusi dute. Erronka nagusietako bat, Margineanturen arabera, ez dakiguna deskubritzea izango da – “gure estimazioetan ziurgabetasuna zehaztea” –, eta ikustea zer-nolako eragina duen horrek segurtasunean. «Akats gehienak gertatzen dira ustez badakizkigun gauzak egiten ditugunean, eta ez genekizkiela deskubritzen dugu».
Jatorrizko artikulua:Steve Nadis (2024). How to Guarantee the Safety of Autonomous Vehicles, Quanta Magazine, 2024ko urtarrilaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Ibilgailu autonomoen segurtasuna bermatzea appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #477
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaAnimalia-espezieak galtzera eraman ditzaketen klima-aldagaiak identifikatzen saiatu da ikerketa bat. Erregistro fosileko 290.000 fosil baino gehiagotan oinarritu dira horretarako. Ondorio nabarmenetako bat zera izan da: bizirik irauteko aukera gehien duten animaliak eremu geografiko handia hartzen dutenak direla. Bestalde, ikusi dute bereziki zaurgarriak direla muturreko klimetara egokitutako animaliak, eta animalia txikiak ere errazago galtzen direla. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
AZTIk ondorioztatu du tenperaturen igoerek Europako itsas ekosistema aldatu dutela. Azaldu dutenez, Ozeano Atlantikoan ur beroetako espezieak ugaritu egin dira. Kontrara, Mediterraneoan eta Baltiko itsasoan ur hotzetakoak murriztu dira. Murrizketa horien adibide modura, AZTIk Mediterraneoko sardina europarra eta Baltikoko bakailaoa aipatu ditu. Espezie horiek baliabide ekologiko eta komertzial garrantzitsuak dira, eta populazio batzuk kolapsatzeko arriskua dutela ohartarazi dute. Datuak Berrian.
MedikuntzaCOVID-19a duten pazienteen bilakaera txarra klinikoki aurresateko tresna sortu dute UPV/EHUko matematikarien eta Galdakao-Usansolo Ospitaleko medikuen lankidetzari esker. Eredu prediktibo bat lortzeko helburuarekin, 380.081 pazienteren datuak erabili dituzte, eta ospitaleratzeekin, bilakaera txarrarekin eta hilkortasunarekin lotutako faktoreak identifikatu dituzte. Datu horiekin guztiekin, oso erraz kalkula daitezkeen zenbait arrisku-eskala proposatu dituzte. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Zeinu patognomoniko deitzen dira gaixotasun baten diagnostiko zehatza egitea ahalbidetzen duten agerpen klinikoak. Hau da, zeinu horrek gaixotasun jakin bat identifikatzen du % 100eko probabilitatearekin. Nahiko arraroak dira, eta ez dira paziente guztietan agertzen. Horren adibide dira, besteak beste, eritema migratzaileak Lyme-ren gaixotasunean, Koplik-en orbanak elgorrian, edo hidrofobia izatea amorruaren kasuan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
ZoologiaBaleek bokalizazioak sortzeko duten modua argitu du ikertzaile talde batek. Izan ere, baleek ez dute ahots kordarik. Lehorreratutako hainbat baleen gorpuetan laringearen ingurua aztertu dute ikertzaileek, eta ikusi dute U itxurako egitura bat dutela. Ikertzaileek uste dute baleek airea bultzatzen dutenean, egitura horrek bibratu egiten duela, eta laringearen barruan dagoen gantz kuxin baten aurka jotzen duela. Hala sortuko lituzkete bokalizazioak. Datuak Zientzia Kaieran.
Izokinak topatu dituzte Urdazubin (Nafarroan). Ikerketa baten arabera, 25 bat izokin igo dira herri horretaraino, Ugarana ibaian gora. Aurkikuntza hori erlazionatuta dago alboko Ainhoa herrian erauzitako presarekin. Open Rivers europar proiektuak apurtu zuen presa 2023an, eta ikertzaileek azaldu dute hori izan dela izokinak hain gora igotzea ahalbidetu duena. Elkarte eta administrazioko arduradunak oso pozik azaldu dira. Azalpen guztiak Sustatun.
OsasunaOMEk bereganatu egin ditu SAGER sexu- eta genero-ekitaterako gidalerroak. Gidalerro horietan zehazten dira ikerketa batean sexua eta generoa aintzat hartzeko praktika egokiak. Espero da ekintza horrek beste erakunde batzuk bultzatzea berdina egitera, aurrerapauso handia baita sexu- eta genero-eskubideen alde. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Klima-aldaketaren eraginez, polenari alergia goizago eta indartsuago agertzen da. Alejandro Joral Donostialdeko ESIko Alergologia Zerbitzuko buruak azaldu du zuhaitzek eta gramineoek goizago polinizatzen badute, sintomatologia ere aurreratu egiten dela. Bestalde, Joralek adierazi du, paradoxikoki, polenari alergia izatea ohikoagoa dela hiri eremuetan landa eremuan baino; kutsadura da arrazoia. Datuak Berrian.
GenetikaErritmo zirkadiano malguagoa izatea neandertaletatik jasotako ezaugarria da, azken ikerketen arabera. Gizaki modernoaren arbasoak Eurasiara iritsi zirenerako, neandertalek eta denisovarrek 400.000 urte baino gehiago zeramatzaten bertan. Latitude horietan, Afrikako eremu ekuatorialetan ez bezala, urtaroen eta egun-argiaren iraupenaren aldaketak nabarmenagoak dira, eta neandertalekin hibridatuz lortu zuen gizakiak egoera horretara hobeto ohitzea. Informazio gehiago Berrian.
FisikaArtur Ekert fisikariak bi hitzaldi eman zituen IKUR Hitzaldi Kuantikoak egitasmoan, eta Berrian elkarrizketatu dute. Ekertek fisika kuantikoan eta komunikazio seguruko protokoloetan egiten du lan. 1990eko hamarkadan, Bellen ezberdintasunen aldakuntza teoria datuen segurtasunarekin konbinatu zuen Ekertek. Haren esanetan, gaur egun datuak dira ondasun preziatu berria, eta gauzak honela, ordenagailu kuantikoen baliagarritasuna zalantzan jarri du.
ArgitalpenakEinstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz liburua Karmele Artetxe ikertzaile eta irakaslearen doktorego-tesian oinarritzen da. Lan horretan Artetxek 36ko gerra aurreko euskarazko zientzia testuak biltzen ditu, eta deskribapen orokor bat egiten du. Baina, horretaz gain, interpretazio-marko berri bat ere proposatzen du, gerraurreko euskarazko ekoizpen jasoa ulertzeko. Euskarak duen rola kontuan izanik, testuak sailkatu eta multzokatu egiten ditu. Argitalpen honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #477 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #484
Grafenoa zoragarria dela bagenekien. DIPCko jendeak berarekin egiten du lan imajina daitezkeen modu guztietan: hasi han eta hemen atomoak sartzen bere propietate magnetikoak modulatzeko (Charge transfer and symmetry affect π-magnetic nanostructures) eta bi geruza gainjarri eta arin-arin mugitzean sortzen diren eredu konplexuei azalpenik sinpleenak topatu (Simple explanations for some complex patterns in twisted bilayer graphene).
Human races do not exist, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek egina. Orain, ingelesez, norbaitek jakin ez bazuen ere.
Mikroskopio batek ustez ikus dezakeena baino gehiago ikustea lortzeko moduak badaude:Atomic force images beyond the fundamental limit
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #484 appeared first on Zientzia Kaiera.
Hoyle Big Bangaren kontra
Fred Hoyle astronomo eta matematikari aparta izan zen. Beste meritu batzuen artean, Izarren nukleosintesiaren teoriaren sortzailea izan zen. Baina hainbat ika-mika ere izan zituen bere ibilbide profesionalean; horietako bat Georges Lemaître apaiz eta astronomo belgiarrarekin.
1930ean, Lemaîtrek “Arrautza kosmikoaren” teoria plazaratu zuen. Bertan, azaldu zuen unibertsoa singulartasun batetik sortua zela, eta lehen atomo horretan emandako eztanda batetik sortu zela. Fred Hoyle ez zegoen bat ere ados ideia horrekin, eta teoria gutxiesteko intentzioarekin, Big Bang izena jarri zion.
Izendapen horrek izugarrizko arrakasta izan zuen gizartean, eta hala ezagutzen dugu gaur egun ere.
UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Hoyle Big Bangaren kontra appeared first on Zientzia Kaiera.
Einstein Euzkadin
Einstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz liburuak, besteak beste, 36ko gerra aurreko zientzia testuak biltzen ditu. Argitalpena Karmele Artetxe ikertzaile eta irakaslearen doktorego-tesian oinarritzen da, bertan euskarazko produkzio zientifikoaren argazki bat egitea eta prozesu horren deskribapen orokor bat egitea zuen helburu. Ikerlan horri esker bereziki 36ko gerrarteko, XX. mendeko lehen hiru hamarkadetako, idazlanak aztertzen ditu.
Gerraurrean zientziari buruzko artikulu eta liburuak argitaratu ziren euskaraz, eta baita hainbat hitzaldia eskaini ere. Sarritan aipatutako lan horiek euskarazko prosa zientifikoaren aitzindari gisa laudatzen dira, ulertu gabe zein testuingurutan eta zein helbururekin sortu ziren. Hori dela eta, Einstein Euzkadin liburuan proposamen bat planteatzen du Karmele Artetxek interpretazio-marko berri bat proposatzen du gerraurreko euskarazko ekoizpen jasoa ulertzeko, hau da, garai horretako autore eta erakundeen lanak sailkatzeko eta interpretatzeko proposamen berria bideratzen du.
Gerraurreko testu jasoak sailkatu eta multzokatu egiten ditu euskarak multzo bakoitzean duen rola kontuan izanik eta egileei ere erreparatzen die. Izan ere, eliza inguruan sortutako testuak kenduta, gainontzeko testuen egileak, esaterako, nekazaritzakoari buruzko idatzi zutenak, borondate oneko norbanakoak izan ziren, ez zituzten publikatu erakunde jakin baten babespean. Horren adibide izan zen 1923. urtean Euzkadi egunkarian Agustin Anabitarte idazleak argitaratutako Einsteinen teoriaren euskarazko bertsioa “Einstein’en ustariak” izenburupean. Honekin, hain gai abstraktua euskara ekartzeko ahalegina egin zuen Anabitartek, euskara gai konplexuak plazaratzeko tresna ere izan zitekeela agertzeko. Lan hau izan zen “Fisikari buruz euskaraz idatzi lehen testua“.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Einstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz
- Egilea: Karmele Artetxe
- ISBNa: 978-84-941044-1-1
- Argitaletxea: Utriusque Vasconiae
- Hizkuntza: euskara
- Orrialdeak: 108
- Urtea: 2013
ADDI artxiboa: Einstein Euzkadin. Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz
The post Einstein Euzkadin appeared first on Zientzia Kaiera.
Zeinu patognomonikoa: medikuntzako «begien bistakoa»
Paziente bat medikuaren kontsultara joaten den bakoitzean, prozesu diagnostiko konplexu bat hasten da: lehenengo, elkarrizketa klinikoa egiten da, eta gero, miaketa fisikoak eta proba osagarriak eska daitezke (odol analisia, erradiografiak, endoskopiak, elektrokardiogramak…). Pauso horien ostean, kasu gehienetan, sendagileak arazorik gabe identifika dezake gaitza, eta dagokion tratamendua agindu. Alabaina, askotan ez da % 100eko ziurtasunik izaten. Medikuntza ez da zientzia zehatza, gaixo bat diagnostikatzeak ia beti nolabaiteko ziurgabetasun maila izaten baitu. Arrazoi horrengatik eta beste batzuengatik, legez, ezin zaizkie emaitzak eskatu medikuei (medikuntza estetikoan izan ezik), baina bai ezagutza zientifiko gaurkotuenen arabera jarduteko eta jardunbide egokienak aplikatzeko.
1. irudia: Trousseau-ren zeinua da hipokaltzemia egoeretan behatutako tetania zantzuetako bat. (Argazkia: Tmdswan – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)«Ez dago gaixotasunik, gaixoak baizik» atsotitz mediko ezagunak ulertarazten duen moduan, gaitzak oso modu aldakorrean ager daitezke pertsona bakoitzean, eta alde horrek diagnostikoa egiteko zailtasun handia dakar. Eritasun asko oso errazak izan daitezke identifikatzeko aurkezteko modu bereizgarria dutelako, hala nola 1 motako diabetesa. Beste batzuk, ordea, benetako erronka izan daitezke, baita espezialista beteranoentzat ere, agertzen diren zeinuak eta sintomak oso atipikoak direlako edo ez direlako argiak. Gainera, gaixotasuna arraroa bada edo kausa ezagunik ez badu, diagnostiko egoki batera iristea prozesu benetan konplexu eta motela izan daiteke.
Zorionez, zenbait eritasunetan agerpen kliniko batzuk laguntza handia dira medikuarentzat diagnostikoa egiteko; agerpen horiei «zeinu patognomoniko» deitzen zaie. Zeinu patognomoniko bat dagoenean, ez dago zalantzarik: % 100eko probabilitatearekin zeinu horrek gaixotasun jakin bat identifikatzen du, eta ez beste bat. Gaixotasun guztiek beti eta era goiztiarrean agertuko liratekeen zeinu patognomonikoren bat izango balute, diagnostikatzea haur jolasa izango litzateke. Zoritxarrez, arraroak dira zeinu benetan patognomonikoak eta ez dira gaixotasun bat duten paziente guztietan agertzen.
Zeinu patognomoniko oso bisual bat eritema migratzailea da: azaleko erupzio zirkularra bat da, diana forma duena, eta Borrelia generoko bakterioek infektatutako akain batek hozka egin ondorengo egun edo asteetan agertzen da. Erupzio hori agertzeak esan nahi du Lyme-ren gaixotasuna fase goiztiarrean dagoela, eta berehala joan behar da larrialdietara antibiotikoen tratamendu goiztiarra jasotzeko. Infektatutako pertsonen % 70-80k zeinu partikular hori dute, eta egunak pasa ahala, 2-3 zentimetro handituz joaten da azalean (horri zor zaio «migratzaile» deitzea).
2. irudia: Eritema migratzailea. (Argazkia: Hannah Garrison – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Beste zeinu patognomoniko oso tipiko bat Koplik-en orbanak dira; elgorria baieztatzen dute % 100ean. Orban zurixka txikiak dira, hondar ale itxurakoak, hondo gorri distiratsu baten gainean, eta aho mukosan agertzen dira gaixotasun infekzioso horren hasierako etapetan. Elgorriaren ohiko azaleko lesioak azaldu baino 2-3 egun lehenago agertu ohi dira. Txertaketa orokortuak gaixotasun infekzioso horren kasuak asko murriztu aurretik, lesio horiek oso erabilgarriak ziren gaixotutako banakoak gainerakoengandik isolatzeko fase goiztiarrean. Nolanahi ere, Koplik-en orbanok bi alde txar handi dituzte: elgorria duten pertsonen % 50-70ean soilik detektatzen dira eta agertu eta 24 ordura desagertu ohi dira; hortaz, oso erraza da oharkabean pasatzea.
3. irudia: Koplik-en orbanak. (Argazkia: CDC – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Bereziki deigarria delako gehien nabarmentzen den zeinu patognomonikoetako bat urari beldurra izatea da (hidrofobia). Amorrua fase aurreratuan duten pertsonek izaten dute. Paziente horiek benetako izua sentitzen dute edateko edozein likido duen edalontzi bat ematen zaienean. Zergatik? Amorruaren birusak nerbio sistemari erasotzen dio eta laringearen eta eztarriaren espasmo bortitzak eragiten ditu. Espasmo horiek, halaber, gaixo bat zerbait edaten ahalegintzen denean ere sor daitezke; horren ondorioz, ezin dute likido tantarik ere irentsi, nahiz eta oso egarri izan.
Pazientea laster ohartzen da baso bat ur edo beste likido batez betetako edalontzi bat hurbil izateak soilik irensteko erreflexua sor diezaiokeela, eta, horrekin batera, espasmo biziak jasaten hasi; ondorioz, izu handia sor dakioke. Mekanismo ezin hobea da amorruaren birusa transmititzeko: pertsonak ia ezin duenez likidorik irentsi, ez eta bere listua ere, birusa listu guruinetan meta daiteke, eta, horrela, pazienteak norbaiti hozka egingo balio birusa transmititzeko probabilitateak areagotuko dira (hori gutxitan dokumentatu den arren, zorionez).
https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/c/cc/Hydrophobia_in_rabies.webm Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 20an: Signo patognomónico: el «blanco y en botella» de la medicina.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zeinu patognomonikoa: medikuntzako «begien bistakoa» appeared first on Zientzia Kaiera.