Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 40 min ago

Zelulak autoantolaketa globalaren bidez mugitzen direla frogatu dute lehen aldiz

Mon, 2024/11/04 - 09:00

UPV/EHU buru duen diziplina anitzeko talde batek frogatu du zelulen lekualdatzeak orain arte ezezaguna zen mekanismo batek zuzentzen dituela

Ildefonso Martínez de la Fuente UPV/EHUko ikertzaileak 700 zelula indibidualen mugimendu-ibilbideen teknika zientifiko aurreratuen bidezko analisi xehea gidatu du diziplina anitzeko ikerketa batean. Ikertzaileek ikusi dute du zelula osatzen duten ia prozesu fisiologiko guztien baterako jarduera autoantolatu baten mende daudela zelulen lekualdatzeak. Horrela, lehen aldiz frogatu da zelula bizidun guztietan berez sortzen den funtsezko prozesu autoantolatu batek zuzentzen eta arautzen duela zelulen mugimendua.

zelulen lekualdatzeakIrudia: mugimendu zelularra arabazozoen sistema edo mugimendu autoantolatuarekin aldera daiteke. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Martínez de la Fuente Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika saileko ikertzailearen arabera, “mekanismo molekular autoantolatu horien ondorioz, zelulan gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional bat osatzen dute, osotasun bakar gisa erabat integratua dagoena, eta milaka prozesu fisiologiko entitate bakar bihurtzen dituzte. Funtsezko indar horren bidez, portaera integratu bat gertatzen da zelulan, migratzean oso egitura ordenatu eta koordinatuak osatzen dituzten milaka  arabazozoen mugimendu autoantolatuarekin konpara litekeena, edo inurriek portaera kolektibo autoantolatuen bidez inurritegia egituratzeko duten gaitasunarekin”.

Ikerketaren egileak nabarmendu duenez, orain arte ez da zientifikoki onartu zelulen lekualdatze-mugimenduak maila globalean jarduten duten izaera sistemikoko prozesu autoarautuek gobernatzen dituztela. “Aurkikuntza zientifiko honek ikuspegi berri bat eransten dio zelulari berari eta haren gaitasun funtzionalei buruz dugun kontzeptuari”, gaineratu du. Gainera, “zelulen migrazioaz ikuspegi sistemiko batetik egiten diren ikerketak eta ohiko azterketa molekularrak konbinatzea erabakigarria izan daiteke zelulen migrazio eskasak eragindako gaixotasunekin lotutako patologien terapia eraginkorren belaunaldi berri bat garatzeko”, Martínez de la Fuentek adierazi duenez.

Mugimendu zelularra prozesu giltzarria da giza gorputzaren garapenerako eta funtzionamendu egokirako. Zelulak mugitzen dira, adibidez, organismo bat enbrioian garatzen ari denean, zauri bat orbaintzen denean edo metastasian zehar. Zelulen mugimendua gaizki kontrolatzean gertatzen diren akatsek ondorio larriak izan ditzakete gaixotasun garrantzitsu batzuetan, hala nola Crohn-en gaixotasunean, garunaren sortzetiko desordena jakin batzuetan eta zenbait patologia immunologiko edo baskularretan.

Datu esperimentalen eta analisi kuantitatiboen konbinazioa

Hamarkadetan zehar, lan zientifikoek ahalbidetu dute zelulen mugimenduan esku hartzen duten tokiko mekanismoak identifikatzea. Hala ere, ahaleginak ahalegin, ezin izan da funtsezko galdera argitu: nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren mugimenduak.

“Zelulen migrazioa gidatzen duten indar molekularrak aurkitzea zailtasun itzeleko erronka zientifikoa da —adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak—. Izan ere, ikerketa horretarako propio sortutako laborategiko gailu berezi konplexu batzuk prestatzeaz gainera, beharrezkoa izan da diziplina anitzeko teknikak erabiltzea, haien bidez azterketa esperimentalak metodo kuantitatibo aurreratuekin uztartzeko”.

“700 zelularen mugimenduaren ezaugarriak aztertu ditugu. Horretarako, mekanika estatistikoan —fisikaren funtsezko parte bat— erabili ohi diren teknikak erabili ditugu. Aplikatu ditugun metodoetako bi Albert Einstein Nobel saridunak garatu zituen. Era berean, lan honetan, Ilya Prigogine Nobel saridunak garatutako autoantolaketa disipatiboaren printzipioak —koherentziaz antolatutako egiturak— erabili ditugu”, Ildefonso Martínez de la Fuentek dioenez.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurkitu dute nola kontrolatzen eta gobernatzen dituzten zelulek beren lekualdatzeak

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez De la Fuente, Ildefonso; Carrasco-Pujante, Jose; Camino-Pontes, Borja; Fedetz, Maria; Bringas, Carlos; Pérez-Samartín, Alberto, Pérez-Yarza, Gorka; López, José I.; Malaina, Iker; Cortes, Jesus M. (2024). Systemic cellular migration: The forces driving the directed locomotion movement of cells. PNAS Nexus, 3, 5, p.171. DOI: 10.1093/pnasnexus/pgae171

The post Zelulak autoantolaketa globalaren bidez mugitzen direla frogatu dute lehen aldiz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #505

Sun, 2024/11/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Matematika

Konplexutasun konputazionaleko lan berri batek ekitate algoritmikoko tresnak erabiltzen ditu, hala nola, zehaztasun anitza eta multikalibrazioa, arazo zailak aztertzeko. Algoritmoen ekitatea bermatzeko diseinatu ziren tresna horiek, eta arazo konputazional baten zatirik konplexuenak identifikatzen laguntzen dute. Ikuspegiak hobetu egiten du Impagliazzoren funtsezko lema, eta aukera ematen du arazo baten input zailak modu eraginkorragoan isolatzeko, analisiaren konplexutasuna handitu gabe. Horrek ikuspegi berriak eskaintzen ditu konplexutasunaren teoriaren arazoak lantzeko eta sinplifikatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

Munduko Meteorologia Erakundearen urteko txostenaren arabera  CO2 isuriak % 11 egin du gora azken bi hamarkadetan. Baso-suteak eta erregai fosilen emisioak dira errudun nagusiak. Ohartarazi dute El Niño bezalako fenomenoek egoera larriagotzen dutela, CO2 isuriak areagotzen dituztelako eta ekosistemek xurgatzeko duten gaitasuna murrizten dutelako. Emisioen murrizketa erabakigarria bada ere, berotze globalaren gaineko ondorioek hamarkadatan jarraituko lukete. Datuak Berrian.

Astronomia

Zientzialari talde batek inoiz ikusitako zurrustarik luzeenak aurkitu ditu, Lurretik 7.500 milioi argi-urtera dagoen zulo beltz supermasibo batetik datozenak. “Porfirion” izena eman diote egiturari.  Zurrustek 11,5 milioi argi urte neurtzen dituzte, eta 2.000 milioi urtez egon dira zuzen, azalpen zientifikoei desafio eginez. Aurkikuntza horrek iradokitzen du zorrotada horiek zeresan handia izan zutela galaxien eraketan eta unibertso goiztiarraren bilakaeran, eta eragina izan zutela sare kosmikoko materiaren banaketak eta magnetismoak. Informazioa Zientzia Kaieran.

Fisiologia

Monasheko Unibertsitateak (Australia) egindako ikerketa baten arabera, ondorengoak izatearen energia-kostua gutxietsi egin da. Pertsona baten kasuan, gastua aurrez kalkulatutakoa baino 24 aldiz handiagoa da. 81 espezietan egindako ikerketek, gizakiak barne, ugalketaren zeharkako kostua, haurdunaldiko metabolismoa kasu, nabarmen handiagoa dela erakusten dute. Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Blanca Martinez geologoak, aprobetxatuz Paris hiria aurten Olinpiar Jokoen egoitza izan dela, Parisko arroaz dihardu. 250 milioi urteko sedimentuak dituen formazio geologikoa, erreferentzia-eredu da arro sedimentarioak aztertzeko mundu mailan. Eozeno garaian, Luteciense pisua identifikatu zen, Paris izen zaharraren omenez, Lutezia. Garrantzi geologikoa ez ezik, geologiak denboran zehar eboluzio anatomikoa ulertzeko izan duen eragina ere nabarmentzen du arroak. Datuak Zientzia Kaieran.

 Osasuna

Ainara San Juan Escudero, osasun biologoa eta osasun publikoan aditua, auzoek biztanleen osasunean nola eragiten duten ikertzen ari da. Bilboko hiru auzori buruzko ikerketan, jarduera fisikoari eragiten dioten faktoreak identifikatu zituen, hala nola irisgarritasuna, trafikoa eta segurtasuna. Bizilagunekin batera, inguruaren oztopoak eta aukerak aztertu zituzten, konponbideak proposatuz. Emaitzak Udalarekin partekatu zituzten, baina oraindik denbora falta da aldaketa zehatzak ikusteko. Auzo osasuntsuagoak eta bidezkoagoak sortzeko erabakiak hartzerakoan herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Escuderok. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Adimen artifiziala

Nature Computational Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, adimen artifizial sortzaileko sistemek 1,2 eta 5 milioi tona hondakin elektroniko sor ditzakete 2030erako, batez ere hardwarekoak, hala nola prozesadoreak eta elikadura-sistemak. Zabor elektronikoak metal arriskutsuak izango ditu, beruna eta kromoa, besteak beste. Txinako Zientzia Akademiak gidatuta, hondakin horiek % 86ra arte murrizteko ekonomia zirkularra iradokitzen du analisiak. Ikerketak AAren eta bere hondakinen erabileran eta kudeaketan neurri arduratsuak hartzeko premia nabarmentzen du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Zetazeoek plastikoa janariarekin nahastu dezakete, antzekotasun akustikoak direla eta. Zehazki, ilunpetan ehizatzeko erabiltzen dituzten ultrasoinuek beren harrapakinen antzera detektatzen dute plastikoa. Zetazeoen urdailetan ohikoak diren plastikoak aztertzean (poltsak, botilak, sokak), ikertzaileek aurkitu zuten horietako askok, bereziki film plastikoek, elikagaiek dituzten antzeko soinuak igortzen dituztela. Horrek azal lezake kaxaloteak eta antzeko zetazeoek sarritan plastikoak irenstea. Ikerketa Marine Pollution Bulletin aldizkarian argitaratu da. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpena

Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) (2019) ehun bat fruta, barazki eta landare jangarri baino gehiagoren hautaketa aurkezten du, haien aniztasuna eta sukaldaritzako erabilerak nabarmenduz. Kolorearen arabera sailkatuta, elikagai gordinak eta kozinatuak barne hartzen ditu, baita tea, kafea eta txokolatea bezalako produktu eratorriak ere. Obra honek azpimarratu nahi du biodibertsitatearen, jasangarritasunaren eta elikadura osasungarriaren garrantzia. Datuak Zientzia Kaieran.

Botanika

Beatrix Potter, haurrentzako ipuinengatik ezaguna, artista botaniko eta mikologo trebea ere izan zen. Naturarekiko maitasuna haurtzaroan hasi zitzaion eta interes bat garatu zuen floran, bereziki onddoetan eta likenetan. Charles McIntosh naturalistari esker, behaketa eta mikroskopia teknika hobetu zituen, eta 350 lamina zientifiko baino gehiago sortu zituen. Emakume gisa komunitate zientifikoan oztopo ugari izan zituen arren, hala nola Linnean Societyk bere artikulua errefusatu izana, Potterrek ondare bat utzi zuen botanikan. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Eboluzioa

Ugaztunak narrastien gisara ibiltzetik tente egotera pasatzea trantsizio konplexua eta ez-lineala izan zen, eta uste baino askoz beranduago gertatu zen. Harvardeko ikertzaileek, eredu biomekanikoak eta datu fosilak erabiliz, egungo espezieen eta fosilen postura eta lokomozioa aztertu zuten, gorputz-adarren indarrak mugimenduaren eboluzioan nola eragin zuen behatuz. Ondorioztatu zuten trantsizio horrek, narrastien jarrera etzanetik ugaztun modernoen tente jartzeraino, aldaketa anatomiko handiak ekarri zituela, eta terioen arbaso komunetik gertu finkatu zela, lehen sinapsidoak baino geroago. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #505 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #512

Sat, 2024/11/02 - 09:00

Abeltzaintza-ustiategi asko dago Espainian. Eta abeltzaintzako ustiategi asko dauden lekuetan simaur asko dago. Eta simaurra biogas bihur daiteke. Eta zenbat eta biogas gehiago izan, orduan eta gas gutxiago erosten duzu. Biogas from livestock manure, unlocking Spain’s potential: Ben Wunderlich, Esther Acha, Erlantz Lizundia, Estibaliz Sáez de Cámara eta Ion Agirre.

Klima-aldaketa eragin neurgarria izaten ari da baso-suteetan, bai suteen kopuruan, bai haien birulentzian eta portaeran. Increasing effects of global warming found on wildfire dynamics

Fisikako eta Kimikako azken Nobel saridunek joera berri bati ekiten diote, non saridunek ez duten zertan diziplina horietan espezialistak izan. AI tools and the science to come por Nello Cristianini.

Gauge eremuko teorien matematikak konplexuak edo konplexuak dira, konmutatiboak badira edo oso konplexuak, abeliarrak ez badira. DIPCko jendeak azken hauen simulazio kuantikoak egiteko modu bat asmatu du: Quantum simulations of lattice gauge theories

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #512 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (I)

Fri, 2024/11/01 - 09:00

Batez ere haurrentzako ipuin ilustratuen liburuengatik ezaguna den arren, Beatrix Potter naturaren miresle eta artista botaniko bikaina ere izan zen. Ingalaterran jaioa, ehunka xafla xehatu eta zehatz margotu zituen, eta horiekin onddo eta likenen edertasun ezkutua agerian jartzea lortu zuen. Linda Learren arabera (bere biografoetako bat), «Potterrek ez zituen inoiz ikusi artea eta zientzia elkar baztertzailetzat; ikusten zuena erregistratu zuen erantzun estetiko bat gogora ekartzeko».

Beatrix Potter erdi-goi mailako familia batekoa zen, eta hezkuntza arduratsua jaso zuen etxean, etxe andereñoen eskutik, anaiarekin batera, beste haurrengandik apur bat urrun. Aitak eta amak talentu artistikoa zuten eta biek gozatzen zuten landako bizitzaz. Familiak batez ere Ingalaterrako ipar mendebaldean zegoen Lake District izeneko eskualde batean pasatzen zituen oporrak, gaur egun Parke Nazionala dena. Bertan, mendi paisaia ederrak daude, non Beatrixek paisaiarekiko, florarekiko eta faunarekiko maitasun handia garatu zuen, arreta handiz behatu eta margotzen baitzituen.

Potter1. irudia: Beatrix Potter britainiar idazlea, ilustratzailea eta naturalista izan zen.(Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

15 urte zituenean, Potterrek bere sormen bikainaren bilakaera ulertzeko funtsezkotzat jotzen den eguneroko bat hasi zuen. Leslie Linder idazleak (2012) adierazi du berari «literatur esperimentu gisa» balio izan ziola, idatziek Potterren interes artistiko eta intelektualen heldutasunaren bilakaera, bisitatzen zituen tokiei buruzko ikuspegi harrigarria eta natura behatu eta deskribatzeko ezohiko gaitasuna islatzen dutelako. Egunerokoa 1881ean hasi eta 1897an amaitu zen. Azken urte horretatik aurrera, Potterren energia artistiko eta intelektualak bere ikerketa zientifikoek xurgatu zituzten, eta ahalegin handiak egin zituen bere marrazkiak argitaratzeko.

Beatrix Potterren garapen pertsonalean, landa bizitzak eta naturarekiko zuen interesak eragin nabarmena izan zuten. Hasiera batean, Linda Learrek azaldu duenez, jakin-min handia piztu zitzaion zientziaren adar guztietan, baina denborarekin mikologian jarri zuen interesa, onddoak aztertzen zituen diziplinan, hain zuzen ere. Txikitatik, atsegin handia aurkitu zuen organismo horiek margotzen, eta trebetasun eta edertasun harrigarriz margotzen zituen, Charles McIntoshek (1830-1922) akuilatuta, Eskoziako landa postari bat, familiaren laguna eta bertako flora eta faunaren behatzaile arduratsua. Naturalista autodidakta hori oso ezaguna zen «posta banatzeko ibilbideak aire zabaleko laborategi handi gisa erabiltzeagatik», eta Marta McDowell idazleak kontatu duenez, Beatrix gaztearengan zaletasun ilusionagarria piztu zuen.

Charles McIntoshek, Potterri ale asko emateaz gain, sailkapen zientifikoan eta mikroskopiaren hasierako urratsetan trebatu zuen, egitura txikiak behatzeko hain baliagarriak diren xehetasun txikiei arreta jartzeko beharra azpimarratuz. Byron Breedlove idazleak nabarmendu duenez, erakarrita sentitu zen «onddoen forma eta koloreen aniztasunagatik, akuarelaren teknikarako [berak erabiltzen zuena] adierazten zuten erronkaz gain».

Beatrix Potterrek onddoekiko zuen interesa gero eta zorrotzagoa bihurtu zen. Bere lehen lan ezaguna 1887ko udan egindako pintura bat izan zen, hogei urte besterik ez zituenean. The British Mycological Society webgunean azpimarratzen da ondoren 350 xafla zehatz ekoitzi zituela, batez ere onddo eta likenenak.

McIntoshen aholkuei jarraituz, bere ilustrazioetan mikroskopioan behatutako zeharkako sekzio zehatzak sartzen hasi zen, espora fungiko ñimiñoen marrazki xeheekin batera. Gogora dezagun esporak zelulabakarreko egitura mikroskopiko garrantzitsuak direla onddoak, iratzeak, goroldioak, gibel belarrak eta alga berdeak ugaltzeko. Ordu luzez behatu ondoren, gazteak marrazki delikatuak egin zituen eta hainbat esplorazio egin zituen espora fungikoen ernetzeari buruz eta prozesu horretan giroak duen eraginari buruz (The British Mycological Society).

Beatrix Potter ezagutzera eman zen mikologo trebe eta gartsu gisa. 1896 inguruan hainbat onddo mota arrakastaz landatzea lortu zuen beirazko plaketan, eta mikroskopioan miaketa zehatzak egiten zituen. Linnean Societyren webguneak dio «behaketa arretatsuan eta trebetasun artistiko handian oinarrituta zegoela. Zalantzarik gabe, ilustratzaile bikaina zen, arretaz behatu eta ikusten zuena fideltasunez erregistratzen baitzuen».

Potter2. irudia: Beatrix Potter ezagutzera eman zen mikologo trebe eta gartsu gisa (Argazkia: Charles G.Y. King – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Beatrix Potterren interes zientifikoa bere osaba Sir Henry Roscoe (1833-1915) kimikari ingeles bikainak bultzatu zuen, neskaren talentu artistikoa aitortu eta onddoekiko zaletasuna baloratu zuena. Bere mentore nagusia bihurtu zen, eta hainbat bide erabiliz saiatu zen Kew-eko Lorategi Botanikoan ikasle gisa onartua izan zedin, baina ez zuen lortu. Antza denez, William Thistleton-Dyer (1843-1928) lorategiko zuzendariak ez zion jaramon handirik egin eta ez zuen onartu, ziur asko emakumea izateagatiko arrazoi bakarragatik.

Hala ere, The British Mycological Society webguneak deskribatzen duenez, arbuio horrek ez zuen Potterren interesa gutxitu eta gutxienez hamarkada batez mikroskopioan espora fungikoak aztertu zituen arretaz, ernetzea eta ezaugarriak sakon aztertuz. Gaiari buruz behar bezain seguru sentitu zenean, artikulu bat idatzi zuen izenburu honekin: «On the germination of the spores of Agaricineae», eta 1897an Londresko Linnean Society elkartean aurkeztu zuen, argitara zezaten (Agaricineae terminoak onddo talde zabal bati egiten dio erreferentzia). Zoritxarrez, eskuizkribua ez zen onartua izan; misoginiaren beste seinale bat?

Lan zientifiko baten arbuio gatazkatsua

Hainbat egileren arabera, Beatrix Potterrek denbora luzea eman zuen On the germination… artikulua prestatzen, eta «1897ko apirilaren 1ean irakurri eta eztabaidatu zen» Linnean Society-n. Ez zuen berak egin ohiko irakurketa lana hura epaitu behar zutenen aurrean. Bertsio batzuen arabera, hala izan zen araua zelako; izan ere, ohiko jardunbidearen arabera, egilea ez beste norbaitek irakurtzen zituen artikuluak, normalean idazkariek (Linnean Society of London).

Beste iritzi batzuen arabera, esaterako, Linda Learrek dioenez, ez zioten bere artikulua aurkezten utzi emakumea zelako. Izan ere, hainbat ikertzailek azaldu dutenez, garai hartan ez zen onartzen emakumeak ekitaldi zientifikoetara joatea eta are gutxiago artikuluak argitaratzea; emakumeen jarduera gisa, botanikako gaiak soilik ilustratzea onartzen zen.

Irakurri ondoren, atzera bota zen jatorrizko dokumentua; izan ere, ondorioztatu zen, inprimatu baino lehen, lan gehigarriren bat behar zela. Horri buruz, Potterrek bere lagun McIntoshi idatzi zion, hau esanez: «artikulua Linnean Society elkartean irakurri zen jaso bezain laster […], baina inprimatu aurretik lan gehiago behar zuela esan zuten». Apirilaren 8an, ustez zuzenketak egiteko asmoz, egileak bere eskuizkribua erretiratu zuen, eta Linnean Societyren arabera, hori da gertatu ohi dena, lanak ez baitira automatikoki argitaratzen, gehienak berrikusi egin behar direlako.

Beatrix Potterrek ez zuen bere artikulua berriro aurkeztu, argitaratzeko beharrezko zuzenketekin. Ondorengo garaietan, horrek eztabaida ugari sortu ditu, gertakariak hainbat interpretazio izan baititu. Gaur egun, ikerlari horren bizitzak eta lanak garrantzia hartu du botanikaren historian, eta haren gutunak, artikuluak eta portaera zehaztasun handiz aztertu dira.

Iturriak: Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Mujeres con Ciencia blogean 2024ko maiatzaren 22an argitaratu zen artikulua: Beatrix Potter (1866-1943), asombrosa y controvertida estudiosa de hongos y líquenes.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Beatrix Potter, onddo eta likenen aztertzaile harrigarri eta eztabaidagarria (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Fruitu eta barazkien inbentarioa

Thu, 2024/10/31 - 09:00

Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) (2019) liburuak ehun bat mokadu goxo biltzen ditu: landare jangarriak, gordinik edo kozinatuta jan daitezkeenak. Fruituak, zurtoinak, erraboilak, sustraiak, haziak, hostoak, loreak… baita horien lehengaietatik ateratzen diren produktuak ere, hala nola tea, kafea, marmelada, edo txokolatea.

barazkienIrudia: Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Etxea)

Fruituen artean, drupak (fruitu hezurdunak), baiak (hezurrik gabe, baina bihi bat edo batzuk dituztenak), oskoldunak (intxaurrak, esate baterako), zitrikoak, eta beste batzuk ikusiko ditugu hemen.

Barazkien artean, lekaleak, barazki berdeak eta tuberkuluak bereiziko ditugu. Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) liburuan aipatuko dituzte, baita ere, elikagai elaboratuago batzuen jatorrian dauden landareak.

Espeziak, perretxikoak eta algak ere jaso dira. Batzuk oso ezagunak ditugu: esate baterako, mahatsa edo patata; beste batzuk, arrotz samarrak dira, hala nola karanbola, edo izen bitxia dutenak, Judasen belarria, kasu.

Kolorearen arabera sailkatuta, inbentario eder honetako fruitu eta barazkiak modu askotara agertzen dira: jatorria duten loreari loturik, naturan aurkitzen diren bezala edo bertatik bildu ondoren, osorik edo zatikatuta… Horrela, obra honek azpimarratu nahi du biodibertsitatearen, jasangarritasunaren eta elikadura osasungarriaren garrantzia.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Fruitu eta barazkien inbentarioa
  • Egilea: Virginie Aladjidi
  • Itzultzailea: Mikel Taberna eta Juanjoxe Petrirena
  • Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
  • ISBNa: 978-84-9172-100-0
  • Argitaletxea: Pamiela etxea; Kalandraka
  • Hizkuntza: Euskara
  • Orrialdeak: 80
  • Urtea: 2019
Iturria:

Pamiela etxea: Fruitu eta barazkien inbentarioa.

The post Fruitu eta barazkien inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geologia, diziplina olinpikoa

Wed, 2024/10/30 - 09:00

Uda honetan, mundu osoak jarri du begirada Europako hiri batean: Parisen. Izan ere, Frantziako hiriburuak mundu mailako kirol ekitaldirik handiena hartu du: olinpiar jokoak. Ekitaldi hori lau urtean behin egiten da (pandemia tartean), eta kirol berriak deskubritzeko eta mapamundian kokatzen jakingo ez genukeen herrialdeak ezagutzeko aukera ematen digu. Baina, igerilekuko luze, gimnasiako pabiloiko jauzi nagusi hirukoitz eta saskibaloiko pabiloiko jaurtiketa libreen artean ere, zerbait ikas dezakegu geologiari buruz. Horretarako, ez dugu arreta jarriko dominak forjatzeko erabiltzen diren metaletan, baizik eta kirolaren arloko izar guztien eta Frantziaren erdiguneko egoitza olinpiko guztien azpian dagoen horretan: Parisko arroa.

Termino geologikoetan, arroa lurrean dagoen sakonune bat da eta, bertan, sedimentuak pilatzen dira. Eta horixe da, hain zuzen, Parisen eta Frantziaren erdialdeko eremu osoan gertatzen dena duela milioika urte. Baina, kontua behar bezala ulertzeko, iraganera joan behar gara.

250 milioi urte sedimentuak pilatzen

Dena hasi zen duela 250 milioi urte inguru, Periodo Permiarraren amaieran eta Periodo Triasikoaren hasieran, gure planetako azken superkontinente handia, Pangea, hausten hasi zenean. Ordutik, Lurraren azaleran kontinenteen egungo kokapena eragin duten mugimendu tektonikoak direla eta, Frantziako erdigune osoak subsidentzia prozesu ia jarraitu baten menpe egon da. Hau subsidentzia termino geologikoa da eta lurra modu jarraitu baina motelean konkatzea esan nahi du. Horren eraginez, sakonune bat sortzen da, igerileku olinpiko bikainaren lanak egingo lituzkeena. Eta, bertan, sedimentuak pilatu dira azken 250 mila urteetan, ia atsedenik gabe.

Parisko1. irudia: Parisko arroaren mapa geologikoa eta mendebalde (W) – ekialde (E) orientazioko sakonerako materialen zeharkako sekzioaren berreraikuntza. (Iturria: Mas, P., et. al. (2022)).

Hori argi eta garbi ikus daiteke Frantziako mapa geologikoari begiratuta; batez ere, berreraikitzean arreta jartzen badugu, non materialak sakontasunean, lurraren azpian, nola banatzen diren ikus daitekeen. Xehetasun handiz nabarmentzen da herrialdearen erdigunea ertzak baino hondoratuago dagoela. Eta, hori dela eta, material geologikoak pilatu dira bertan Triasikoaren hasieratik (material horiek beheko aldean daude) gaur egun arte (material berrienak azaleran daude). Gainera, irudikapen grafiko horri esker, Parisko arroaren morfologia defini dezakegu. Morfologia hori tiro egiteko hobian xede gisa erabiltzen diren plateren antzekoa da, edo atletismo estadioko soropilezko pistan jaurtitzen dituzten diskoen antzekoa. Horregatik, eta, dakizuenez, Geologian gauzak izendatzeko gehiegi konplikatzen ez garenez, horrelako arro sedimentarioei “platertxo erako arro” deitzen zaie.

Pariskoa, erreferentziako arroa

Parisko arroa erreferentziako eredu teorikoa da, eta platertxo erako arro sedimentarioak denboran zehar nola portatzen eta bilakatzen diren ulertzeko erabiltzen da. Izan ere, oso handia da eta, beraz, sedimentuak pilatu ditu Mesozoikoan eta Zenozoikoan zehar; eta, gainera, Frantzia kokaleku garrantzitsua da Europako Geologiaren arloan. Baina, horrez gain, mundu mailako erreferente bihurtzen duen beste ezaugarri geologiko bat ere badu, Zenozoikoaren hasierako materialen arten ezkutuan dagoena (mapan kolore laranjatuaz markatuta).

Parisko2. irudia: Parisko Lutetiarreko gasteropodoen fosilen ilustrazioak jasotzen dituen irudia, Lister ahizpek 1692an eginikoa. (Iturria: Merle, D. (2008)).

XIX. mendearen hasieran, Charles Lyell, Geologiaren aitetako bat, Frantziaren hegoaldean aritu zen lanean, eta Parisko arroaren material berrienak aztertu ahal izan zituen. Eremu zabal horretako azaleratze itzelen behaketan oinarrituta, geologoa ordura arteko Garai Tertziarioa (termino hori zaharkituta dago Geologian) hiru periodotan banatzera ausartu zen: Eozenoa, Miozenoa eta Pliozenoa.

Hala ere, Lyell ez zen izan eremuko Geologia aztertu zuen lehena. XVIII. mendetik, beste aitzindari frantses batzuek Parisko kanpoaldean aurkitutako aztarnategi ugarietako milaka fosil bildu zituzten. Eta fosil horiek aztertuta, Georges Cuvier baroia anatomia konparatuari buruzko ideiak lantzen hasi zen; eta Jean Baptiste Monet, Lamarckeko zalduna, eboluzioari buruzko bere hipotesi partikularra osatzen joan zen. Are gehiago, XIX. mendearen amaieran, Albert de Lapparent Lyell baino haratago joan zen, eta Parisko aztarnategi horietan oinarritutako Eozenoaren azpi aroen proposamen bat ere egin zuen. Eta horrelaxe sortu zen Eozenoaren bigarren estaia, duela 47,8 eta 41,3 milioi urte artean kokatzen dena, eta zeinari Frantziako hiriburuaren omenezko izena jarri zitzaion. Baina ez, ez da estai parisiarra deitzen. Izan ere, Lapparentek proposatu zuen hiriaren izen zaharra erabiltzea, guztiok Astérixen komikiei buruz ezagutzen duguna: Lutezia. Hau da, estai lutetiarra izena hartzen du.

Espero dut Paris 2024ko Olinpiar Jokoetan pentsatzen duzuenean, gogoan izan dezazuela egoitza olinpikoak markak hausten dituen arro sedimentario bateko materialen gainean daudela eraikita. Izan ere, uda honetan kirola izan zen Frantziako hiriburuko protagonista, baina Geologia izan da eta izango da beti Parisko izar nagusia.

Esker ona:

Artikulu hau eskaini nahi diet Radio Nacional de España irratiko kazetari Daniel Ampuerori eta Gonzalo Da Cuñari, Parisko olinpiar jokoetan lanean aritu zirenak, kirolarekiko sentitzen duten maitasuna nirekin partekatzen dutelako.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko abuztuaren 1ean: La Geología, disciplina olímpica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Geologia, diziplina olinpikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zulo beltz baten zurrusta luzeenak aurkitu dituzte

Tue, 2024/10/29 - 09:00

Unibertsoa orain baino askoz dentsoagoa zen une batekoa da egitura, eta adituek ez dakite zelan mantendu ahal izan zen horren zuzen.

Hiritar zientzian eta ikasketa automatikoan oinarritutako zeruaren azterketa zabal baten ostean, zientzialari talde batek orain arte aurkitutako zulo beltz baten zurrusta parerik handienaren berri eman du. Objektu astrofisiko batek inoiz sortutako egitura handiena dela diote aurkikuntza egin duten ikertzaileek, baina kontua ohiko errekor astronomiko hutsetatik harago doa, egiturak berak astrofisikariei galdera garrantzitsuak mahai gainean jarri dizkielako.

Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eman dute zulo beltz supermasibo batetik goiko eta beheko aldeetatik ateratzen da zurrusta parearen berri. Porfirion izena eman diote egiturari, greziar mitologiaren erraldoietako bati aipamena eginez. Galaxien erdigunean egon ohi diren zulo beltz supermasiboek horrelako jet edo zurrusta itzelak sortzen dituzte. Kasu honetan, galaxiaren tamaina bera ere arras adierazgarria da, Esne Bidearen masa halako hamar baita.

zurrusta1. irudia: unibertsoak oraingo adinaren erdia inguru zuenekoa da aurkitutako egitura. Irudian, egituraren irudikapen artistikoa. (Irudia: E. Wernquist / D. Nelson (IllustrisTNG Collaboration) / Ituriria: M. Oei CC BY-NC-ND lizentziapean)

Astrofisikan ohikoa denez, objektuaren urruntasuna bikoitza da halabeharrez, denboran zein espazioan. Aurkitutako egitura Lurretik 7.500 milioi argi urtera dago, eta horrek esan nahi du unibertsoak egungo adinaren erdia zuenekoa dela; duela 6.300 milioi urtekoa, hain zuzen.

Jakina denez, unibertsoa zabaltzen ari da, eta, beraz, garai horietan oraingoa baino askoz dentsoagoa zen, eta galaxiak bata bestearengandik gertuago zeuden. Horregatik, zientzialariek uste dute zurrusta horiek eragina izan zutela unibertso gaztean galaxiak eratu zirenean. Izan ere, garai horretan, galaxiak elikatzen dituzten harizpi difusoak —sare kosmiko gisa ezagutzen den egitura osatzen dutenak— gertuago zeuden, oraingo unibertsoarekin alderatuz.

Orain arte egindako behaketek zioten halako zurrusten tamaina 5 megaparsecekoa —16 bat argi urte— baino gutxiagokoa izan behar zela, baina orain aurkitutakoak 7 megaparsecekoak dira. Tamainaren ideia bat izateko, ikertzaileek gure galaxiarekin alderatu dute bi zurrusten luzera: Esne Bideak diametroan duen tamaina halako 140 da hori. Modu honetan, “erraldoi” hau aurretik aurkitutako beste baten aurrean gailendu da: Altzioneo. Oraingo aurkikuntza egin duen talde berak topatu zuen 2022an Esne Bidearen luzera halako 100 den zurrusta pare hori.

Unibertsoan den egiturarik handiena da sare kosmikoa, eta armiarma sare baten parekoa da. Sare horren barruan huts kosmikoak badira ere, galaxiarik gabeko eremuak. Unibertsoa zabaltzen ari den arren, sare horren bitartez galaxiek nolabait konektatuta jarraitzen dute. Baina, behatutako zurrusten tamaina ikusita, orain zientzialariak hasi dira pentsatzen unibertsoa dentsoagoa zenean zurrusten garrantzia uste baino handiagoa izan zela, eta galaxien arteko loturak ahalbidetzen zituztela.

Hori dela eta, zurrusta horiek, proportzioan, gaur egungoak baino askoz sakonago barneratzen ziren sare kosmikoan. Galaxien arteko hutsune kosmikoek, batez bestean, 15 milioi argi urte izan ohi dituzte. Behatutako zurrusta bakoitzak, berriz, 11,5 milioi argi urte ditu, eta horrek esan nahi du nolabaiteko zubi lana egin ahal zutela. Gainera, zientzialariek diote milioika urtez mantendu daitezkeela, eta, hori gertatzen denean, hainbat modutara izan dezakete eragina galaxien arteko materiaren fluxuan. Besteak beste, elektroiak, beroa, nukleo atomikoak eta eremu magnetikoak aurki daitezke zurrustetan.

Zurrusten bitartez izpi kosmikoek galaxien arteko hutsuneak zeharkatu ahal dituztenez, egileek diote balitekeela jet horiek unibertsoaren eboluzioa bizkortu izana. Oro har, adituek uste dute zulo beltz masibo eta supermasiboek galaxien hazkundea arautzen dutela, baina ez dakite ongi hau zelan gertatzen den. Hori dela era, interes handia dute fenomeno honen ikerketan.

Sare kosmikoa ikertzen ari zirenean aurkitu dute Porfirion, eta, hori egin ahal izateko, gaur egun ikerketan balio handikoak diren bi tresna osagarriez baliatu dira zientzialariak: adimen artifiziala eta hiritar zientzia. Izan ere, irudiak begi hutsez aztertzeaz gain, zurrustak errazago aurkitzeko ikasketa automatikoko algoritmoak ere erabili dituzte, eta mundu osoko hiritar kolaboratzaileen esku ere jarri dituzte irudiok, horiek xehetasun handiagoaz aztertu aldera. Aintzat hartu behar da zeruaren kartografia horretan ortziaren %15a baino ez dutela aztertu, eta, halere, ia 11.000 egitura inguru atzeman dituztela. Aurreratu dute halako jardunei esker aurki 8.000 zurrusta pare aztertzen dituen beste ikerketa bat argitaratuko dutela.

Porfirionen kasuan, LOFAR behategiarekin aurkitu dute, eta, horrez gain, hiru behatoki erabili dituzte egitura ezaugarritzeko: Indiako GMRT irrati-teleskopioa, Arizonako DESI espektrografoa eta Hawaiiko W. M. Keck behatokia. Detekzio mugan aurkitu dute, ia-ia behaketa zarataren gainetik gailenduta.

Besteak beste, orain jakin nahi dute halako zurrustak eduki dituzten zenbat galaxia egon diren, uste dutelako horrekin unibertsoaren eboluzioari buruzko ereduak findu ahal izango dituztela.

zurrusta2. irudia: Aurkitutako zurrusta parearen zuzentasuna da zientzialariei atentzio gehien eman diena. Irudian, LOFAR behatokiaren bitartez behatutako zurrustak. (Irudia: LOFAR)

Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko (AEB) doktorego ondorengo ikertzaile Martijn Oeik ikerketaren garrantzia nabarmendu du: “Orain arte, zurrusta erraldoien sistema hauek unibertsoan duela gutxiko fenomenoak zirela ematen zuen. Halako zurrusta urrunek sare kosmikoaren eskalara iritsi ahal baziren, orduan noizbait unibertsoaren leku guztietan eragina izan ahal zuten”.

Bestetik, Martin Hardcastle ikertzaileak azaldu du aurretik ere horrelako egiturak ezagutzen zituztela, baina ez zutela espero horrenbeste izatea. Baina askoz gehiago izango direla sumatzen dute. Are, Oeiren arabera, aurkitutakoa “izozmendiaren punta” izan daiteke.

“Astronomoek uste dute galaxiek zein beren erdiko zulo beltzek elkarrekin eboluzionatzen dutela, eta, honetan, gako da ikustea garraiatu ahal duten energia kantitate erraldoiek eragin izan dezaketela bai beren galaxietan bertan zein ingurukoetan”, nabarmendu du George Djorgovski ikertzaileak.

Zuzen, milioika urtez

Ikerketan sakontzeko duten helburuetako bat da ea zurrusta erraldoi hauek magnetismoa zabaldu ote duten unibertsoan zehar. Oeik azaldu du kezka hori: “Jakin badakigu magnetismoak sare kosmikoa blaitzen duela; gero, galaxiara eta izarretara zabaltzen da, eta, azkenean, planetetara. Baina, galdera da: non hasten da?”. Besteak beste, norabide horretara bideratu nahi dute ondorengo ikerketa.

Diotenez, tamaina baino, tamaina hori izanda ere mantendutako zuzentasuna da atentzio gehien eman diena. “Nolatan da posible ia 23 argi urte urteko diametroa dagoen zerbait ia–ia guztiz zuzena izatea?”, galdetu diote egileek beren buruari The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean.

Orain arte bahatutako antzeko egitura gehienak ez dira horren zuzenak. Hori da, hain justu, normalena, horren distantzia handian faktore askok desbideratu dezaketelako zurrusta. Besteak beste, hodei trinkoak, zulo beltzaren orientazioaren aldaketa, eremu magnetiko indartsuak, edota galaxia arteko “haizea” ere. Baina orain ikusitako zurrustak 2.000 milioi urte inguruz horrela mantendu direla kalkulatu dute ikertzaileek, eta, halere, bere horretan mantendu dira denbora honetan zehar.

Kontu horri ez diote azalpen errazik aurkitzen. Diotenez, horren zurrusta luzea “elikatzeko”, galaxia arteko gas asko izan behar da eskura, baina, modu berean, horrelako inguru bat ez da egokia zurrusta zuzenak mantentzeko.

Askotan eman dezakeen irudiaren kontra, zulo beltzetatik ez da materiarik ateratzen. Kontrara, ikusten diren zurrusta horiek zulo beltzera hurbildu baina kanporatua izaten den materiaren emaitza dira. Hori ere aipatu dute egileek, dibulgazio atari ezagunean. “Materia zulo beltzera erakarria denean, patu desberdinak izan ditzake. Zati bat guztiz irentsia da. Beste zati batek, zulo beltzaren inguruan orbitatzen du, disko bat sortuz. Beste zati bat kiribildu egiten da, eta eremu magnetiko indartsuetan korapilatzen da; gero ia-ia argiaren abiaduran ziztu bizian askatzen diren bi zurrustetan ateratzen da”, laburbildu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

S. S. L. Oei, Martijn; Hardcastle, Martin J.; Timmerman, Roland; Gast, Aivin R. D. J. G. I. B.; Botteon, Andrea; Rodriguez, Antonio C.; Stern, Daniel; Calistro Rivera, Gabriela; van Weeren, Reinout J.; Röttgering, Huub J. A.; Intema, Huib T.; de Gasperin, Francesco; Djorgovski, S. G. (2024). Black hole jets on the scale of the cosmic web. Nature, 633, 537–541 . DOI: 10.1038/s41586-024-07879-y

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Zulo beltz baten zurrusta luzeenak aurkitu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ekitatearen gaiak argitu egin du zer den zaila

Mon, 2024/10/28 - 09:00

Konplexutasun konputazionaleko teorialariek deskubritu egin dute problema jakin batzuk zail bihurtzen dituen hori zer den ulertzeko modu berri eta harrigarri bat.

Informatikari teorikoak ideia konplexuez arduratzen dira. Baina ahal duten neurrian, beti nahiago dute ideia sinpleekin lan egitea. Erregulartasunaren lema izeneko 2009ko tresna batek hori egiteko modu bikaina eskaintzen die. Izan ere, problema edo funtzio konputazional jakin bat zati sinpleagoetan banatzea ahalbidetzen die.

ekitate1. irudia: lan berri batek ulertzeko zailak diren problemak aztertzeko modu bat ekarri digu espero ez zen informatikaren arlo batetik: ekitate algoritmikoa. (Ilustrazioa: Nash Weerasekera – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Konplexutasun konputazionalaren teorialariek problema ezberdinen zailtasun erlatiboa aztertzen dute, eta sinplifikatzeko gaitasun horrek maneiatzeko zailak diren funtzio matematikoak ulertzen lagundu die denbora luzez. Baina zati konplexuak dituzten problema batzuek erronka planteatzen diote oraindik ere analisiari.

Orain, lan berri batek ulertzeko zailak diren problema horiek aztertzeko modu bat ekarri digu. Eta aurrerapena espero ez zen informatikaren arlo batetik etorri da: ekitate algoritmikoa. Horren bidez, banketxeek eta aseguru etxeek erabiltzen dituztenen moduko algoritmoak aztertzen dira, bermatzeko pertsonak bidezko tratua jasotzen dutela. Emaitza berriek erakutsi dute ekitate tresnek behar bezala mapatu ditzaketela problema zail baten zatiak, bai eta ebaztea zailtzen duten problemaren eremu zehatzak isolatu ere.

“Lan zoragarria da benetan. Eta oso zirraragarria”, adierazi du Michael Kimek, lan berrian berrerabili den ekitate tresnetako bat sortzen lagundu zuen Cornell Unibertsitateko zientzialari informatikariak. «Espazio horietan lan egiten duen teorialari gisa, emaitza bikaina da norbaitek arlo jakin bateko zure lana hartu eta beste arlo batera aplikatzea».

Doitasun pronostikoak

Erakundeak gero eta erosoago sentitzen dira algoritmoak erabilita erabakitzeko nork jasotzen duen banku mailegu bat, adibidez, edo nori eman behar zaion baldintzapeko askatasuna; eta, ondorioz, gero eta garrantzitsuagoa da kalkuluetan giza aurreiritziak sartzen ari ez direla egiaztatzeko modu formal bat izatea. Baina badago bidezkoa zer den neurtzeko modu bat baino gehiago.

Has gaitezen iragarpen baten doitasuna neurtzeko problema orokorrarekin. Plantea dezagun zure hirian euria egingo duen iragartzen duen ordenagailu programa bat bururatzen zaizula, eta haren doitasuna neurtu nahi duzu. Esan dezagun urteko egunen % 40an euria egiten duela, gutxi gorabehera. Multidoitasun izeneko ekitate tresna erabiltzen baduzu, zure algoritmoa doitzat jo liteke % 40aren inguruko batez besteko iragarpena egiten badu. Eta hori lor liteke algoritmoak euri probabilitatearen % 40 iragartzen badu urteko egun guztietan, edo euriaren % 100 iragartzen badu soilik egunen % 40an (izan ere, batezbestekoa berbera litzateke). Hala ere, espezifikoagoa izatea nahi baduzu (euria egingo du asteartean?), – gerta daiteke algoritmo berbera doia ez izatea.

Har dezagun orain mailegu eskatzaileek ordainketa guztiak egitearen probabilitatea iragartzen duen algoritmo bat. Ez da nahikoa tasa orokor zuzena iragartzen duen algoritmo bat izatearekin (hau da, aurreko adibideko euri probabilitatearen % 40a). Populazio talde ezberdinetako norbanako espezifikoen tasa iragarri behar du, modu doi bezain bidezkoan.

Iragarpen doiak, oro har, murriztu egiten dira konplexutasun geruzak gehitzen diren neurrian, hala nola eguraldi pronostikorako egun jakin bat edo mailegu bat eskatzen duen pertsona jakin bat. Benetako bizitzako egoerak berehala bihurtzen dira konplexuegiak doitasun anizkuna horiek neurtzeko modurik onena izateko.

2018an, Kim eta ekitatearen esparruko beste ikertzaile batzuek multikalibrazio izeneko ekitate paradigma berri eta solidoago bat sortu zuten, konplexutasun maila horiek kontuan izaten dituena. Tresna berriak iragarpen “kalibratuak” ematen ditu, hau da, sistemak konplexutasun geruza guztiak kontuan izaten ditu. Multikalibrazioak esan nahi du algoritmo baten iragarpenak doiak direla, egunero begiratuta zein asteartean soilik. Edo pertsona guztientzako mailegu iragarpenak egiten ari bagara zein pertsona mota jakin batentzako soilik. Multikalibrazioak ekitatea bermatu behar luke esparru guztietan.

Baina erabilgarria da ere beste gauza batzuetarako.

Ekitateaz harago

Iaz, informatikari teorilarien talde batek tresna horiek beste esparru batean aplikatzeko aukera aztertu zuen. Frogatu zuten multidoitasuna eta multikalibrazioa grafoen teoriako teoremekiko (matematiken arloko diziplina horrek objektuen arteko harremanak aztertzen ditu) baliokideak zirela. Horren ondorioz, Salil Vadhanek, Harvard Unibertsitateko zientzialari informatikariak, bere buruari galdetu zion zein esparrutan izan zitekeen tresna hori erabilgarria.

«Ikusi genuen emaitzak lortzen ari zirela multikalibrazioa grafoen teorian [erabilita]», azaldu du Vadhanek, 2009ko erregulartasunaren lemaren eta lan berriaren egileetako batek. «Orain, gauza bera egin nahi dugu konplexutasunaren teoriarekin». Horretarako, Harvardeko lankide Cynthia Dworkekin (hura ere grafoen teoriari buruzko artikuluko egileetako bat) eta Sílvia Casacuberta bere graduko ikaslearekin (egun graduondoko ikaslea da Oxfordeko Unibertsitatean) elkartu zen.

ekitate2. irudia: ezkerretik hasita: Cynthia Dwork, Salil Vadhan, eta Sílvia Casacuberta; ekitate algoritmikoaren esparruko tresna bat egokitu zuten problema zail jakin batzuei buruzko gure ulermena hobetzeko. Iturriak: (ezkerretik hasita) Cynthia Dwork; Eliza Grinnell/Harvard SEAS; Allison Olivia Choat/Harvard University

Hirukoteak hiztegi moduko bat sortu zuen, ekitate tresnen eta konplexutasunaren teoriaren ideien arteko itzulpenak egiten zituena. Frogatu zuten edozein populazio (izan pronostikoa egiteko egunak izan mailegu eskatzaileak) itzul litekeela problema konputazional baterako sarrera posibleen panorama batean.

Konexioak ezarri ondoren, ikertzaileek frogatu zuten multidoitasuna, ekitate tresnarik ahulena, erregulartasunaren lemaren baliokidea dela: funtzio sinple bat —euriaren batez besteko iragarpena, adibidez— funtzio konplexu batera hurbil daiteke —hala nola benetako batezbestekoa— (benetako eurialdiak kalkulatuta). «Multidoitasunarekiko eta erregulartasunarekiko konexioa terminologia aldaketa bat besterik ez da», adierazi du Vadhanek.

Eta hori frogatu ondoren, ikertzaileek beren buruari galdetu zioten ea multikalibrazioa, ekitate tresna sendoena, ezin ote zen aplikatu gai solidoagoren bat frogatzeko. Eta zuzen zebiltzan: deskubritu zuten ekitate algoritmo batek azpipopulazioen barruan iragarpen doiak mantentzeko gaitasuna aplika litekeela beste lema bat indartzeko; hain zuzen ere, Impagliazzoren oinarrizko lema. Lema horrek laguntzen digu problema zail baten egitura ulertzen, izan ditzakeen sarrera (input) guztiak aztertuta; eta, horietatik, ebazteko zailena zein den galdetu behar diogu gure buruari.

Input jakin batzuekin bakarrik zaila den problema bat imajinatzeko, har dezagun berriro euria. Imajina dezagun urtaro euritsu bat —zeinetan euria egiten duen ia egunero— eta urtaro lehor bat —zeinetan ez duen apenas euririk egiten— dituen eskualde bat. Horri esker, zuzen iragar dezakegu euria egingo duen denboraren % 90ean. Gainerako % 10a (pentsatzekoa denez, bi urtaroen arteko muga egunetan, zeinetan euria egiteko eta zerua oskarbi egoteko probabilitatea berdina den) input zailak dira. Egun horietarako iragarpenak ez dira izango ausazko usteak baino hobeak.

«[Funtzio zail batek deskribatutako] problema konputazional batean, zein input dira errazagoak eta zein zailagoak?»; horixe galdetu zion bere buruari zendutako Luca Trevisanek, Italiako Bocconi Unibertsitateko zientzialari informatikari teorialariak (2009ko erregulartasunaren lemaren egileetako bat ere bazen). Impagliazzok frogatu zuen edozein problema zailetarako algoritmo efiziente guztientzat zailak diren puntu zailen multzo komun bat dagoela beti.

Lan berriaren egileek frogatu dute multikalibrazioaren eskakizun zorrotzak aplikatzeak lema hobetzen duela, hura orokortuz, problema gehiagotara aplikatu ahal izateko. Problema baten input zehatzak identifikatzeko aurreko saiakerek —existitzen zirela soilik frogatzearen ordez—, inplikatzen zuten inputak zati txikiagoetan zatitzea eta funtzionatzen jarraitzen zuen hurbilketa funtzio bat bilatzea. Eta, ondoren, nahikoa zatiketa egin ostean, hurbilketarik jasan ezin zuten inputak identifikatu ahal ziren. Hor dagoen arazoa da zatiketak prozesatu beharreko zatien kopuru esponentzial bat eragiten zuela; eta, beraz, ikuspegi hori ez zen bideragarria. Multikalibrazioa aplikatzean, berriz, ikertzaileek zatiketen guztizko kopurua murriztu ahal izan dute; eta, horrela, funtzio zailaren hurbilketa egiteko ikuspegia sinplifikatzea lortu dute.

«Asko gustatu zait emaitza», esan du Huijia (Rachel) Linek, Washingtoneko Unibertsitateko zientzialari informatikari teorialariak (iazko grafoen teoriari buruzko artikuluaren egileetako bat ere bada). «[Oinarrizko lema] klasikora itzultzean datza, norabide berri bat emateko».

«Polita da ikustea konplexutasunean inspiratutako iragarpen ikuspegi hori badugula, eta horren ondorioz ideia eder berriak sortu direla ekitatean. [Eta] polita da konplexutasunera itzultzen direla ikustea, zirkulua itxita», esan du Kimek. «Badugu beti esperantza horrelako gauzak gertatzeko».

Jatorrizko artikulua:

Lakshmi Chandrasekaran (2024). The Question of What’s Fair Illuminates the Question of What’s Hard, Quanta Magazine, 2024ko ekainaren 24a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Ekitatearen gaiak argitu egin du zer den zaila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #504

Sun, 2024/10/27 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Klima-aldaketa

Klima-aldaketa arintzeko itsasoak duen garrantzia nabarmendu du Maxi Castrillejo itsas zientzialariak, karbonoa eta beroa xurgatzen dituelako. Beste ikertzaile batzuekin batera, klima-aldaketak itsas ekologian dituen eraginak aztertu ditu Groenlandian, hala nola izotza urtzea eta horrek fitoplanktonean duen eragina. Klima-aldaketak Groenlandiako gizartean eta ekonomian jada eragina duela ohartarazi zuen, eta ezinbestekoa dela CO2 isuriak murriztea. Beroketa globala mugatzeko ekonomiaren desazkundea beharrezkoa dela adierazi du, bizimodu jasangarriagoetara itzultzea proposatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.

Genetika

Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, rapanuiak, Pazko uharteko biztanleak, Kristobal Kolon baino bi mende lehenago iritsi ziren Amerikara. 15 gorpuen DNA analisiak % 90eko polinesia eta % 10eko amerikar jatorria adierazten du, eta Europa iritsi aurretik kontaktu transpazifikoa baieztatzen du. Aurkikuntza honek, aurretik egindako ikerketak gezurtatzen ditu eta “ekozidioaren” mitoa desmuntatzen du, rapanuiek euren uharteko baliabideak agortu zituztela iradokitzen zuena. Kolapsatu beharrean, populazio txiki eta egonkor bat mantendu zuten Europako kolonizatzaileak iritsi arte, gaixotasunak eraman zituztela irlara. Azalpenak Gara egunkarian.

Itsasoa

EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak 40 urte daramatza euskal kostaldean substratu gogorreko itsas komunitate bentonikoak aztertzen. Algen eta makroornogabeen analisian eta giza jarduerek, hala nola kutsadurak eta klima-aldaketak, ekosistema horietan duten inpaktua ebaluatzean oinarritzen da bere lana. Itsasoko bioaniztasunaren hondatzea eta komunitateetan gertatu den aldaketa dokumentatu dituzte, eta neurri zuzentzaileen garrantzia nabarmendu dute, besteak beste, ur zikinen tratamendua. Informazio guztia Gara egunkarian.

Ekologia

EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailak egindako ikerketa batek frogatu du sarrazenoak gariak baino hobeto erantzuten diela etorkizuneko baldintza klimatikoei, lehortea, tenperatura altuak eta CO2 maila altuak ezaugarri dituztenak. Baldintza horietan, gariaren hazkuntza mugatua da eta fotosintesia murriztu egiten da; sarrazenoak, berriz, hazten jarraitzen du eta fotosintesia hobetzen du. Aurkikuntza horrek iradokitzen du laborantza alternatiboak, sarrazenoa kasu, giltzarri izan litezkeela nekazaritzarako, klima-aldaketa latza dagoen agertoki batean. Datuak Zientzia Kaieran.

Landare endemikoen babesean uharteek duten garrantzia nabarmendu du Nature aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa batek. Lurrazalaren % 5 baino ez diren arren, landare espezieen % 31 bizi dira bertan, 63.280 espezie endemikorekin. Uharteek, beren isolamenduaren eta baldintza paregabeen ondorioz, espezie berrien eboluzio azkarra bultzatzen dute, Kanarietan bezala. Hala ere, klima-aldaketaren eta itsas mailaren igoeraren aurrean kalteberak dira landare horiek. Azterketak kontserbazio-estrategia eraginkorragoak garatzen lagunduko du. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Materialak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek eraikinen tenperatura murrizten duen zementu bat sortu dute, haien propietate islatzaileak hobetzen baititu mikropartikula eta nanopartikula iraunkorren bidez. Zementu horrek eguzki-erradiazio gehiago islatzen du, eta beroa kanporantz igortzen du, gainazalak fresko mantenduz eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Egindako probek etorkizun handiko emaitzak erakusten dituzte, eta horrek klima-aldaketa arintzen lagunduko duten eraikuntza-material jasangarrien belaunaldi berri bat bultza lezake. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Hizkuntzalaritza

Helduaroan bigarren hizkuntza ikastea zailagoa da, garunean aldaketak gertatzen direlako,eta zaila egiten zaigu bigarren hizkuntzako fonema berri horiek dituzten hitz berriak sortzea eta ulertzea. Gogo Elebiduna (UPV/EHU) taldeak berriki egindako ikerketa batek frogatu du hitz kognatuak (bi hizkuntzen arteko antzeko hitzek) erraztu egiten dutela hizkuntza berrietako egitura sintaktikoak ikastea. Euskaraz oinarritutako hizkuntza artifizialekin egindako esperimentu batean, kognatuak erabili zituzten parte hartzaileek akats gutxiago egin zituzten esaldiak prozesatzean. Horrek iradokitzen du kognatuek hizkuntza-ikaskuntza azkartu dezaketela. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Ikertzaile talde batek 2.000 urteko inskripzio paleohispaniko bat aurkitu du Lantzeko meategi batean (Nafarroa), eta mota horretako lehen aurkikuntza izan da eskualdean. Inskripzioak hiru sinbolo ditu, eta “ikae” edo “igae” izenarekin transkribatu dute, ziurrenik jatorri baskoikoa, baina oraindik aztertzen ari dira. Aurkikuntza aipagarria da, erromatartze garaiko tokiko alfabetatzea erakusten baitu. Duen garrantzia dela eta, kobazuloa itxi egin dute jendearentzat, tokia gordetzeko. Aurkikuntza hau Irulegiko Eskuaren garaikidea da. Azalpen guztiak Berrian eta Sustatun.

Astronomia

Marteren hego poloko izotzaren azpian ura egon daitekeela aurkikuntza garrantzitsua da astrobiologiarentzat, bizitzeko egokiak diren inguruneak adieraz baititzake. 2018tik egindako ikerketek iradoki dute 1500 metroko sakoneran ur gaziko masak daudela, Antartikan eta Groenlandian erabilitako teknikek lagunduta. Hala ere, azken ikerketek zalantzak sortzen dituzte, eta iradokitzen dute radar islak hauts eta izotz estratigrafiak eragin ditzakeela, ez ur likidoak. Adostasunik ez badago ere, etorkizuneko misioek glaziazio azpiko laku horien existentzia eta bizitzarako duten inplikazioa berrets lezakete. Datuak Zientzia Kaieran.

Biokimika

Alejandro Garcia Igandea-Aldama Biologia Molekularreko ikertzaileak TEDC2 proteina eta zelulen banaketan duen zeregina aztertzen ditu. TEDC2 zentrosoma bikoizteko funtsezkoa dela aurkitu zuen, zelulen zatiketan kromosomak banatzeko funtsezko egitura bat. Proteina horren maila desegokiak ezegonkortasun genomikoa eragin dezake, minbiziarekin zerikusia duena. Bere ikerketa argitaratze fasean dago, eta TEDC2ren gainadierazpenak zentrosometan akatsak sor litzakeela planteatzen du, zatiketa zelularra kaltetuz. Txiotesia lehiaketan parte hartu zuen, eta publikoaren saria irabazi zuen. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Geologia Lurraren datazioaren historia kontatzen du Ekaia aldizkarian argitaratutako artikulu batek. William Thomsonek 100 milioi urte zituela kalkulatu zuen, planetaren hoztean oinarrituta. Ondoren, erradioaktibitateak arroken adina kalkulatzeko aukera eman zien Bertram Boltwood eta Arthur Holmes zientzialariei, besteak beste. Azkenik, 1953an, Clair Cameron Pattersonek proposatu zuen meteoritoen adina, 4.55 mila milioi urte, Lurrarenaren berdina zela. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #504 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #511

Sat, 2024/10/26 - 09:00

Mark Zuckerbergek bere enpresaren izena Facebooketik Metara aldatu zuenean, metabertso terminoa modan jarri zen. Egindako inbertsio izugarria fruitu pixka bat ematen ari dela adieraz lezakete azken garapenek. Hala ere, Jesús Zamora Bonillak No metaverse in sight (1) lanean argudiatzen du metabertsoaren promesak, ontologikoki, inprobableak direla ezinezkoak ez direnean.

Arkeologia bezalako gauza hauskor batean zale pila baten indarra eta gogoa erabiltzeak fruituak eman ditzake. Assessing the quality of citizen science in archaeology

Adimen artifizialak lan batzuk ordezkatuko ditu, baita sormenezkoak ere. The writer, TILKUTen bineta bat.

Materia iluna osatzen duten partikulak axioiak direla egiaztatzeko modu bat isolatzaile axionikoetan eszitazio axionikoak egitea da. DIPCko jendeak isolatzaile axioniko bat kristal fotoniko batean sortzeko oinarri teorikoak ezarri ditu: A photonic axion insulator in a 3D photonic crystal

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #511 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: oxigenoa

Fri, 2024/10/25 - 09:00

Hilabete honetan, Kiñuk Lurreko bizitzarako funtsezko elementuari erreparatu dio; hori oxigenoa da. Gure atmosferan dioxigeno moduan (O₂) aurkitzen dugun oxigenoa molekula diatomiko bat da, hau da, lotuta dauden bi oxigeno atomoz osatuta dago. Koloregabea, zaporegabea eta usainik gabea da, baina ezinbestekoa animaliek zein landareek arnasa hartu ahal izateko.

Gure trikuak gogorarazten digu ugaztun guztiak oxigenoaren mende gaudela. Baina, ugaztun guztiak baldintza berdinetan bizi ez garenez, egokitzapen ezberdina daukagu arnasteko. Itsas txakurrek, adibidez, ez dute aire-kantitate handirik metatzen biriketan urpean igeri egiten dutenean, baizik eta oxigenoa metatzen dute odolean eta muskuluetan. Gizakiek baino hemoglobina eta mioglobina gehiago dituzte, eta, horri esker, ur azpian luzaroan egon daitezke. Nahiz eta guk ere biltegi berberak izan, itsas ugaztunek, sakonean murgiltzeko, askoz ere edukiera handiagoa dute.

Oxigenoa

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: oxigenoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina

Thu, 2024/10/24 - 09:00

Lur planetaren adinaren ikerketaren istorioan Arthur Holmes geologoak XIX. mendeko William Thomson fisikari ospetsuenari (Lord Kelvin) «gol galanta» sartu zion.

Harrigarria badirudi ere, Mekanika Kuantikoaren iraultza eta Erlatibitate Bereziaren eta Orokorraren teoriak aski ezagunak zirenean, oraindik inork ez zekien zein zen Lurraren adina. Artikulu honetan istorio eder hori kontatzen da. Biblian oinarrituriko kronologien bidez eginiko lehen datazioek 6.000 urte inguruan jartzen zuten Lurraren adina. Zientzialari oso ospetsutzat dauzkagun Keplerrek eta Newtonek ere metodo ez-zientifiko bera erabili zuten antzeko balioetara heltzeko. Horrek agerian uzten du sasoiko zientzialarien trantsizioa metodo zientifikora ez zela bapatekoa izan.

adinaIrudia: Biblian oinarrituriko kronologien bidez eginiko lehen datazioek 6.000 urte inguruan jartzen zuten Lurraren adina. (Argazkia: urikyo33 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Alabaina, Naturalistek ez zioten Lurrari ez hasierarik ez amaierarik ikusten, hau da, ez zuten onartzen Lur planeta gazte bat existitu zenik.

XIX. mendean fisikariak Lurraren adina aztertzen hasi ziren eta William Thomson ingelesa izan zen nabarmenena. Thomsonek suposatu zuen hasieran Lurra tenperatura homogeneoa zuen esfera guztiz urtu oso beroa zela, eta Lurra gaurko eguneko egoera hotz honetara iristeko zenbat denbora pasa den kalkulatu zuen. Kalkulu horien bidez Lurraren adina 100 milioi urteko eskalan zegoela zenbatetsi zuen.

Thomsonen kalkuluek naturalistak larritu zituen, eroso baitzeuden mugagabeko denboraren ideiarekin. Hala ere, XIX. mendea bukatzear zegoenean geologo gehienek onartzen zuten Lurraren adina 100 milioi urte ingurukoa zela. Halaber, Thomsonen kalkuluek geologoak bezain beste, asaldatu zituen biologoak. Izan ere, oso zalantzan jartzen zuten Darwinen eboluzioaren teoria.

1896ean Henri Becquerelek erradioaktibitatea aurkitu ostean, Pierre Curie eta Albert Laborde zientzialariak, radio elementu kimikoak beroa sortzen duenaz jabetu ziren. Ondorioz, interes handia piztu zen beste energia mota horren inguruan zeinetan Thomsonen kalkulua ez zen kontuan eduki.

Izan ere, erradioaktibitatearen bitartez arroken adina datatu zitekeela ikusi zuten. Bertram Boltwood kimikaria eta Ernest Rutherford izan ziren datazio erradioaktiboaren aitzindariak. Boltwoodek geologiako argitarapen garrantzitsu batean 2.000 milioi urteko arroken datazioak argitaratu arren, inpaktu eskasa jaso zuen. Egiatan, hainbat geologok datu geologikoak eta fisikoak «errefinatu» zituzten Thomsonek lorturiko Lurraren adinari buruzko balioak zuzenak zirela erakusteko!

Arthur Holmes geologo ingelesa asko interesatu zen datazio erradioaktiboan, baina Boltwoodi gertatu bezala Holmesen lana ere baztertua izan zen. Hala eta guztiz. ere, Holmes oso tematia zen eta azkenean bere lanek 1921ean fruitua jasotzen hasi ziren, nahiz eta «guardia zaharreko» hainbatek ez zuen oraindik onartzen Lurrak 100 milioi urte baino gehiago eduki zezakeenik. Azkenean, guda 1926 urtean irabazi zuen Holmesek Estatu Batuetako Ikerketa Kontseilu Nazionalak erabaki zuenean erradioaktibitateak ematen duen denbora geologikoaren eskala dela dagoen eskala fidagarri bakarra.

Egungo teknikek Holmesek bideratutako hurbilketa berdinak jarraituz, Lurraren arroka zaharrenak duela 3,8 mila milioi urte eratu zirela diote. Hala ere, Lurraren arroka zaharrenen adinak Lurraren adinarekin bat egiten al du? Horrek ez digu ematen gas/hauts hodei espiralak Eguzki Sistema kondentsatzeko behar izan zuen denbora (balio hori 3,8 mila milioi urteko balioari gehitu beharko genioke). 1953an Clair Cameron Patterson zientzialariak meteoritoen adina eta Lur planetarena berdinak direla proposatu zuen. Hipotesi hau balio osokoa dela frogatu zen eta Pattersonek argitaratutako artikuluan Lurraren adina eta meteoritoena 4.55 mila miloi urtekoa dela frogatu zuen; hau da, Lurra primigenioaren adina 4.55 mila milioi urtekoa dela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina.
  • Laburpena: Artikulu honetan saiatuko naiz erakusten xx. mendeko, eta bereziki mendearen lehen erdiko, fisikaren nagusitasuna ez zela arlo guztietara heldu. Izan ere, izenburuak dioen bezala, Geologiak gol galanta sartu zion fisikari garai hartan. Hala ere, eta bigarren artikulu batean azalduko denez («Geologia 1-Fisika 1» artikuluan hain zuzen), xx. mendearen laugarren laurdenean, fisikaren arrakasta edo eraginkortasuna hain handia ez zenean, fisikak partida berdintzea lortu zuen. Beraz, artikulu honi, «Geologia 1-Fisika 1» izenburua duen beste artikulu batek jarraituko dio.
  • Egilea: Fernando Plazaola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 253-281
  • DOI: 10.1387/ekaia.22983
Egileaz:

Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Glaziar azpiko lakuak Marten?

Wed, 2024/10/23 - 09:00

Gaur egun gure eguzki sisteman eremu bizigarriak bilatzeko unean fenomeno preziatuenetariko bat egoera likidoan dagoen ura da. Izan ere, bizitza ulertzeko dugun moduan (ez dakigu beste modurik dagoen) ezinbesteko osagaia da: substantzia ugari disolbatzeko eta garraiatzeko balio du, egonkortasun termikoa sortzea ahalbidetzen du, hainbat erreakzio biokimikotan parte hartzen du… eta ziur bizitzarako ezinbesteko molekula bihurtzen duen bestelako propietateren bat ahaztu dudala.

Gainera, ura modu egonkorrean existitzeko gai bada -maila geologikoko denbora-eskalei buruz ari gara-, ura existitze hutsak askoz ere garrantzi handiagoa du, objektu interesgarriagoa baita astrobiologiarentzat; izan ere, hala eta guztiz, ziurrenik biziak denbora beharko du agertu eta garatzeko, baina baita mantentzeko ere, noizbait agertu bazen; halaber, litekeena da ingurune-baldintza egonkorragoak behar izatea bizia sortzeko.

Gure eguzki-sisteman ura egoera likidoan (ur-masa txikiak, gutxienez) egotekotan, Marteko hego poloko izotzaren azpialdean egon daiteke. Orosei et. al.-ek (2018) Mars Express zundaren bidez 2012 eta 2015 bitartean jasotako radar-profil desberdinak aztertu zituzten eta ikusi zuten pare bat eremu zeudela radarraren isla bizia eragiten zutenak. Hortaz, hasiera batean Marteko hego hemisferioko kasko polarraren azpian urez blaitutako material geologikoak zeudela interpretatu zuten.

Glaziar azpiko1. irudia: Marteko hego poloa, Mars Express europar misioaren kameren bidez. (Iturria: ESA/DLR/FU Berlin/Bill Dunford-ek eskainita)

Ur masa txiki horiek izotzaren azpian egongo lirateke, 1.500 metroko sakoneran, harriaren eta kasko polarraren arteko interfazean. Ziurrenik ura ez litzateke elementu bakarra izango, gatzunaren antzeko zerbait izango litzateke, disoluzioan dauden gatzei esker izozte-puntua txikiagoa izan dadin. Ur gazi hori nahikoa da ura egoera likidoan mantentzeko, eta, beraz, ez da bestelako mekanismorik behar; izan ere, gatzei esker ura izozteko beharrezkoa den tenperaturak behera egiten du. Hori hala ez balitz, adibidez, eremu horretan gradiente geotermiko handiagoa beharko litzateke lurzoruaren tenperatura igotzeko, eta, hortaz, ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.

Aurrerago Lauro et. al.-ek (2021) egindako ikerlan berri batean aurreko ikerlana zabaldu zen, Marteko hego poloan dagoen Ultimi Scopuli eremua aztergaitzat hartuta. Antartikan edo Groenlandian egindako ikerlanetan erabilitako teknikak aplikatzea izan zen alderdi interesgarrienetariko bat; izan ere, izotzaren eta harriaren arteko interfazean geruza lehorrak eta hezeak bereiztea ahalbidetzen dute, eta horrek glaziar azpiko ur masak lokalizatzen laguntzen du.

Ikerlan horretan azaltzen da Marten aldaketa klimatiko garrantzitsuak izan direla denboran zehar -geologiaren eskalan, jakina-, eta aldaketa horiek eragin nabarmena dute tenperatura globalean eta poloetako izotz deposituetan. Hori oso garrantzitsua da, iradokitzen baita une beroagoetan harriaren interfazean izotzak urtzeko eta glaziar azpiko ur masak osatzeko behar adinako tenperatura lortuko zela. Hala ere, urtzea ahalbidetzeko bero nahikoa izaten lagun zezakeen gradiente geotermiko altua egoteko aukera ere aipatzen da.

Glaziar azpiko2. irudia: hiru irudi hauetan, ezkerraldean, glaziar azpiko balizko laku batzuen aurkikuntzaren testuinguru geografikoa ikus dezakegu; erdialdean, radarrean isla handiena duten eremuak, urdinez; eta eskuinaldean, berriz, radarraren profila, non glaziar azpiko balizko lakuak egongo liratekeen izotz-harriaren interfazea ikus daitekeen. (Iturriak:  NASA/Viking/NASA/JPL-Caltech/Arizona State University; MARSIS datuak: ESA/NASA/JPL/ASI/Univ. Rome; R. Orosei et. al. 2018)

Baina ikerlan horretan beste altxor bat ere aurki dezakegu: balizko ur masa bat detektatzeaz gain, haren inguruan masa txikiagoak edo urez blaitutako sedimentuak izan ditzaketen eremu batzuk ere agertzen dira; hortaz, glaziar azpiko lakuak, edo, behintzat urez blaitutako sedimentuak ohikoagoak izan litezke eremu horretan.

Hego poloaren azpian ura dagoela frogatu ahal izateko arazoetako bat da ezin dugula zuzenean ikusi -eta are gutxiago ur-masa horietara iritsi-. Hala ere, radarraz gain, datuak hobeto interpretatzen eta datu guztien emaitza bera den egiaztatzen lagundu diezaguketen bestelako zeharkako ebidentziak egon daitezke.

Hori dela eta, Arnold et. al.-ek (2022) lakuak detektatzeko beste modu bat proposatu zuten: balizko laku horien eremuan erliebearen anomaliak ikertzea, gure planetan Antartikako edo Groenlandiako glaziar azpiko lakuekin egiten den bezala.

Artikulu horretan MOLA (Mars Orbiter Laser Altimeter, ingeleseko siglen arabera) tresnatik eratorritako topografia erabili zuten Ultimi Scopuli eremuaren erliebean anomaliak bilatzeko. Emaitzen arabera, anomalia bat dago. Horrek adierazten du izotzaren marruskadura basala txikia dela, mugimenduaren lubrikatzaile gisa jarduten duen ur likidoa baitago. Hala ere, artikuluan aipatzen denez, ohiz kanpoko gradiente geotermikoa beharrezkoa da ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.

Glaziar azpiko3. irudia: Antartikan satelite bidezko irudiei esker aurkitu diren glaziar azpiko bi laku, horien gainean sakonune topografikoak sortzearen ondorioz. Kasu horretan, lakuak 3 kilometrotik gorako sakoneran egongo lirateke. (Iturria: NASAk emandako irudia)

Urtebete geroago, Sulcanese et. al.-en (2023) artikuluaren ondorioa antzekoa izan zen: Eremu nahiko lau bat aurkitu zuten, hain zuzen ere, ur likidoaren masak egon beharko liratekeen tokiaren gainaldean. Erliebe aldaketa hori oreka hidrostatiko baten ondoriozkoa zela interpretatu zuten, Lurreko glaziar azpiko lakuetan gertatzen den bezala, hala nola Vostok lakuan (Antartika).

Glaziar azpiko ur masak egon daitezkeela erakusten duten froga horiek gorabehera, duela aste batzuk berri txarrak jasotzen zituen artikulu zientifiko bat argitaratu zen. Lalich et. al.-en (2024) interpretazioaren arabera, radarraren isla bizienak hauts eta izotz geruzen artean sortutako interferentzia eraikitzailearen ondoriozko fenomenoa dira, eta ez hainbeste izotza eta harriaren arteko interfazean dagoen ur likidoaren ondoriozkoak.

Ondorio horretara iristeko, 10.000 simulazio inguru egin zituzten, uhinek izotz geruzak zeharkatzean aurkituko zuten estratigrafiaren arabera radarraren isla nolakoa izango litzatekeen ikusteko. Hortaz, milaka agertoki desberdin sortu behar izan zituzten. Horietatik guztietatik, 216 kasutan simulatutako islak Mars Express zundaren MARSIS radarrak jasotakoen antzekoak ziren.

Autore horien ustez estratigrafia nahikoa litzateke beraiek glaziar azpiko lakuak egin daitezkeela dioten eremuetan aurkitutako radarraren isla sortzeko, fenomeno hori azaltzeko izotzaren azpian ur geruza bat sartu behar izan gabe, eta, hortaz kolpe batez laku horien existentzia baztertu zuten.

Ikerlan horietako zein da zuzena? Egia esanda, gaur egun ezinezkoa dirudi eztabaida ebatziko duen erantzun zehatza ematea. Hortaz, etorkizunean bereizmen handiagoko radar aurreratuagoen laguntzaz misio gehiago egin beharko ditugu laku horiek existitzen diren edo ez jakiteko. Hala ere, inolako zalantzarik gabe, aurkikuntzek Marten bizitzeko moduko giroak egon daitezkeela amets eginarazten digute.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sulcanese, Davide; Mitri, Giuseppe; Genova, Antonio; Petricca, Flavio; Andolfo, Simone; Chiarolanza, Gianluca (2023). Topographical analysis of a candidate subglacial water region in Ultimi Scopuli, Mars. Icarus, 392. DOI: 10.1016/j.icarus.2022.115394

Lauro, Sebastian Emanuel; Pettinelli, Elena; Caprarelli, Graziella; Guallini, Luca; Rossi, Angelo Pio; Mattei, Elisabetta; Cosciotti, Barbara; Cicchetti, Andrea; Soldovieri, Francesco; Cartacci, Marco; Di Paolo, Federico; Noschese, Raffaella; Orosei, Roberto (2020.) Multiple subglacial water bodies below the south pole of Mars unveiled by new MARSIS Data. Nature Astronomy, 5, 63–70. DOI: 10.1038/s41550-020-1200-6

Arnold, N. S.; Butcher, F. E.G.; Conway, S. J.;Gallagher, C.; Balme, M. R. (2022).Surface topographic impact of subglacial water beneath the south polar ice cap of Mars. Nature Astronomy, 6, 1256-1262). DOI: 10.1038/s41550-022-01782-0

Orosei, R.; Lauro, S. E.; Pettinelli, E.; Cicchetti, A.; Coradini, M.; Cosciotti, B.;Di Paolo, F.; Flamini, E.; Mattei, E.; Pajola, M.; Soldovieri, F.; Cartacci, M.; Cassenti, F.; Frigeri, A.; Giuppi, S.; Martufi, R.; Masdea, A.; Mitri, G.; Nenna, C.; Noschese, R.; Restano, M.; Seu, R.(2018). Radar evidence of subglacial liquid water on Mars. Science, 361, 6401, 490–493. DOI: 10.1126/science.aar7268

Lalich, Daniel E.; Hayes, Alexander G.; Poggiali, Valerio (2024) Small variations in ice composition and layer thickness explain bright reflections below martian polar cap without liquid water. Science Advances, 10, 23. DOI: 10.1126/sciadv.adj9546

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 8an: ¿Lagos subglaciales en Marte?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Glaziar azpiko lakuak Marten? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola erraztu bigarren hizkuntzen ikasketa helduaroan

Tue, 2024/10/22 - 09:00

Hizkuntzak ikasteko hainbat prozesu konplexu jarri behar dira abian. Fonemak ikasi behar ditugu, haiek konbinatuz hitzak sortu, hitzak esanahi jakin batekin lotu eta egitura gramatikalen bidez esaldiak eraiki. Haur jaioberriek erraz eta naturalki jabetzen dute inguruan duten hizkuntza. Baina, ematen ditugun pausuak antzekoak izanagatik, bigarren hizkuntza bat helduaroan ikasi nahi dugunean, bestelakoa izan ohi da kontua. Heldu bihurtzeko prozesuan, gure burmuinak jasaten dituen aldaketa fisiologikoek zaildu egiten dute prozesu guztia.

Bigarren hizkuntza bat ikasten dugunean helduaroan, gure lehenengo hizkuntzan ez dauden fonemekin egingo dugu topo. Gure burmuinari asko kostatzen zaio fonema berriak ikastea eta erabiltzea. Zaila egiten zaigu bigarren hizkuntzako fonema berri horiek dituzten hitz berriak sortzea eta ulertzea. Egitura sintaktiko berriekin ere antzera gertatzen zaigu: zaila egiten zaigu gure lehenengo hizkuntzan ez dauden egitura sintaktikoak bigarren hizkuntzan prozesatzea. Argitaratu berri den ikerketa batean, Gogo Elebidunako ikertzaileek erakutsi dute bigarren hizkuntzak ikastean zail egiten zaizkigun egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu daitekeela. Horretarako, lehenengo hizkuntzan ezagunak diren hitzak erabili dituzte, hitz kognatuak hain zuzen ere.

hitz kognatuakIrudia: bigarren hizkuntzak ikastean zail egiten zaizkigun egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu daiteke hitz kognatuak direnei esker. (Argazkia: StockSnap – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)Hitz kognatuak, itxura eta esanahia oinarrian

Bi hizkuntzetako hitzek itxura antzekoa badute eta esanahi bera badute, hitz kognatuak direla esaten da, katu (euskaraz) eta gato (espainolez) esaterako. Hainbat ikerketak erakutsi dute hitz kognatuak azkarrago eta errazago ekoizten, ikasten eta irakurtzen direla ez-kognatuak baino. Gainera, badakigu hitz kognatuek egitura sintaktikoen prozesamendua ere erraz dezaketela. Orain, lehenengo aldiz erakutsi da kognatuek hizkuntza berrien egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu eta azkartu egiten dutela.

Ikerketa hau egiteko, euskara oinarrian zuten bi hizkuntza artifizial sortu ziren. Bi hizkuntza haiek bi hiztun talderi irakatsi zitzaizkien. Lehenengo hizkuntza espainola zuten eta ez zekiten euskaraz. Talde bakoitzak hizkuntza bat ikasi zuen. Biek egitura sintaktiko berberak ikasi behar izan zituzten, hots, subjektuek -k atzizkia hartu ohi zutela eta subjektu eta objektuen arteko hurrenkera malgua zela. Egitura sintaktikoak berberak izan arren, hiztegiaren itxura desberdina egiten zen: talde batek, ez-kognatua izena jaso zuenak, Sorosleak suhiltzailea elkarrizketatu du moduko perpausak entzun zituen bitartean, beste taldeak, talde kognatuak, Sokorristak bonberoa entrebistatu du modukoak entzun zituen. Partaideek, perpausak entzuten zituzten bitartean, haien esanahia adierazten zuen irudi zuzena aukeratu behar zuten. Bakoitzak ikasitakoa neurtzeko, zenbatu egin ziren aukera zuzenak eta okerrak.

Emaitzek erakutsi zuten sasi-euskararen egitura sintaktikoa ikasteko kognatuak erabili zituzten partaideek akats gutxiago egin zituztela perpausak eta irudiak parekatzeko orduan. Lehenengo hizkuntza espainiera zuten partaideentzat errazagoa bihurtu zen hiztegiaren ikasketa-prozesua ezagunak ziren hitz kognatuak erabiltzerakoan, eta beraz, baliabide gehiago izan zituzten egitura sintaktiko berrien ikasketarako. Aldiz, talde ez-kognatukoek hiztegiari arreta handia jarri behar izan zioten euskarazko perpausak irudiekin parekatzean, eta ondorioz, baliabide gutxiago geratzen zitzaizkien ikasi berri zuten egitura sintaktikoa erabiltzeko.

Hitz kognatuak eta haien aplikagarritasuna

Hortaz, ikerketa honen emaitzek adierazten dute sarbide lexikoa errazteaz gain, eta egitura sintaktikoen prozesamendua errazteaz gain, hitz kognatuek egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua ere erraz dezaketela. EHUko Gogo Elebiduna taldearen ikerketa hau hizkuntzalaritza esperimentaleko laborategi batean egin da, sasi-hizkuntza artifizial miniaturizatuak erabiliz eta ahalik eta kontrol handiena ezarriz partaideen homogeneotasuna lortzeko. Hitz kognatuen errazte-efektuen inguruan eta hizkuntzen ikasketa-prozesuen inguruan oraindik ikerketa gehiago egin behar bada ere, badira zenbait aplikagarritasun emaitza hauekin lot daitezkeenak.

  • Burura datorkigun lehen aplikagarritasuna hizkuntzen ikaskuntzarena da. Ikasleak bigarren hizkuntza bat ikasten hasten diren unean, ezagunak zaizkien hitzak eta egiturak erabil ditzakete, oso modu oinarrizkoan bada ere. Hortaz, bigarren hizkuntzen irakaskuntzako curriculumak diseinatzeko orduan, unean uneko beharren arabera, egitura konplexuak ikasteko lana erraztu diezaieke ikasleei hiztegiaren arintzeak eta, horrela, arrakasta handiagotu eta ikasleen frustrazio-egoera saihestu.
  • Hezkuntza-sisteman arindu egin daiteke, era berean, tokian tokikoa ez den hizkuntza bat hitz egiten duten haurrek eskolak jarraitzeko duten aukera ere. Hau da, herrialde jakin batera iritsi berria den ikasle batek eskolako gaiak menderatzeko behar dezakeen ahalmen kognitibotik hizkuntzaren karga kentzen badugu, errazago bereganatuko ditu behar dituen ezagutzak.
  • Sistema adimendunen kasuan, hizkuntza ikasteko aplikazioek eta adimen artifizialean oinarritutako plataformek kognatuak oinarritzat hartzen dituzten moduluak integratu ditzakete egitura sintaktiko berriak aurkezterakoan. Ikaskuntza intuitiboagoa egingo du horrek, eta ikaskuntza-fasean hasierako karga gutxituz, hobetu egin dezake erabiltzaile-esperientzia. Era berean, ikaskuntza-sistema egokituak sor daitezke non algoritmoek ikaslearen aurrerapenera egokitzeko aukera ematen duten, eta sintaxiarekin zailtasunak dituzten ikasleei kognatu gehiago eskaini ahal zaizkie, ez-kognatuak pixkanaka sartuz trebetasuna handitzen doazen heinean.
  • Bukatzeko, gobernuek har ditzaketen hizkuntza-politiketan ere eragina izan dezakete ikerketa honen emaitzek. Alde batetik, gero eta gehiago entzuten den hezkuntza elebidunaren kasuan, tokian tokiko hizkuntzak eta nazioarteko hizkuntzak errazago eta azkarrago ikastea ekar dezaketen plangintzak sor daitezke kognatuen erabilera uztartuz. Eta bereziki, Europa eta antzeko eremuetan, non hizkuntza anitzeko testuinguruak gertatzen diren, hizkuntzen artean topatzen diren antzekotasunek (hizkuntza erromantzeen artean dauden kognatu kopuru handien kasuan bezala) herrialde ezberdinetako hiztunek elkarri errazago ulertzea ekar dezakete.

Behin erakutsita hiztegiaren karga arintzeak egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraz dezakeela, etorkizunari begira, Gogo Elebiduna ikerketa-taldeak hiztegiaren eta sintaxiaren arteko elkarreragina ikertzen jarraituko du laborategian egin ohi den modu kontrolatuan. Epe laburrean, ikustea espero da bigarren hizkuntza bat erabiltzen ari garenean, kognatuen erabilerak natiboen antzeko prozesamendua eragin dezakeen ala ez.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Díaz, Begoña; Erdocia, Kepa; de Menezes, Robert F.; Mueller, Jutta L.; Sebastián-Gallés, Núria; Laka, Itziar (2016). Electrophysiological correlates of second-language syntactic processes are related to native and second language distance regardless of age of acquisition. Frontiers in Psychology, 7, 133. DOI:10.3389/fpsyg.2016.00133
  • Hopp, Holger (2017). Cross-linguistic lexical and syntactic co-activation in L2 sentence processing. Linguistic Approaches to Bilingualism, 7 (1) , 96–130. DOI:10.1075/lab.14027.hop
  • Pallier, Christopher; Colomé, Angels; Sebastián-Gallés, Núria (2001). The Influence of Native-Language Phonology on Lexical Access: Exemplar-Based Versus Abstract Lexical Entries. Psychological Science, 12 (6), 445-449. DOI:10.1111/1467-9280.00383
  • Kroll, Judith F.; Dussias, Paola E.; Kinsey, Bice; Perrotti, Lauren (2015). Bilingualism, mind, and brain. Annual Review of Linguistics, 1, 377–394. DOI:10.1146/annurev-linguist-030514-124937
  • Sanahuja, Noèlia; Erdocia, Kepa (2024). The impact of cognate vocabulary on explicit L2 rule learning. Language Teaching Research, 0 (0). DOI:10.1177/13621688241254
  • Zawiszewski, Adam; Gutiérrez, Eva; Fernández, Beatriz; Laka, Itziar (2011). Language distance and non-native syntactic processing: Evidence from event-related potentials. Bilingualism: Language and Cognition, 14 (3), 400–411. DOI:10.1017/S1366728910000350
Egileez:

Kepa Erdozia Uriarte, Hizkuntzalaritzan doktorea eta UPV/EHUko irakaslea da; Noèlia Sanahuja Cobacho, Hizkuntzalaritzan doktorea da eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzaileak dira biak.

gogo elebiduna

The post Nola erraztu bigarren hizkuntzen ikasketa helduaroan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei

Mon, 2024/10/21 - 09:00

Gariak eta artobeltzak CO2-maila eta tenperatura altuko lehorte-egoeretan nola erantzuten duten ikertu dute UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean.

Berotegi-efektuak eragingo dituen lehorte, tenperatura eta CO2-maila altuko baldintzek arriskuan jarriko dituzte gari-ekoizpenak. Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek egiaztatu dute artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela muturreko kondizio horietan, landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuta.

Datuek argi uzten dute: etorkizuneko klima-kondizioak muturrekoak izatera irits litezke. Pello eta otsoa ipuin ezagunean bezala, “otsoa badatorrela” esaten dute datuek. Atmosferako CO2-a esponentzialki igo da azken hamarkadetan, eta hala jarraituko du hainbat urtez. Horren ondorioz, berotegi-efektua areagotu egingo da; litekeena da tenperatura globalak 3 °C igotzea, eta, hala, ur-eskasia ere areagotu egingo da planetako hainbat tokitan.

artobeltzakIrudia: artoblentza (Fagopyrun esculentum) landarea.(Ilustrazioa: Prof. Dr. Otto Wilhelm Thomé – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Horrenbestez, laboreek etorkizunean lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan behar izango dituzte, CO2-maila eta tenperatura altuekin batera. Kondizio horiek kalte egiten diete labore konbentzionalei, hala nola gariari, eta horrek arriskuan jar lezake mundu mailan milioika pertsonak elikagaiak eskuratzeko duten aukera. Pello eta otsoaren ipuineko herritarrek ez bezala, zientzialariek badakite klima-aldaketa etorri badatorrela edota dagoeneko gertatzen ari dela. Ez dute ikuspegi baikorrik zentzu horretan, baina buru-belarri ari dira “otsoa” etortzen denerako erremedioak bilatzen.

UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean, adibidez, ikertzen ari dira “ea etorkizuneko baldintza horietan zer labore alternatibok izan dezaketen aukera gehiago aurre egiteko —dio Xabier Simón ikertzaileak—. Litekeena da etorkizunean labore konbentzional askoren erabilera murriztea (garia, artoa…), eta haien ordez egoera berrietan hobeto aurrera egiten duten laboreak erabiltzea. Hortxe daude, adibidez, artobeltza, basartoa, espelta eta abar. Beraz, funtsezkoa da jakitea espezie horiek zer gaitasun izango duten lehorte handiko, tenperatura altuko eta CO2-maila handiko egoerak jasateko”.

Garia vs artobeltza

Etorkizunerako aurreikusten diren kondizioetan gariak eta artobeltzak nola erantzuten duten aztertu du Xabier Simónek, Jon Miranda eta Usue Pérez FisioKlima-AgroSosT taldeko ikertzaileekin lankidetzan: “Hazkuntza-ganbera batean hazi ditugu bi espezie horien landareak, tenperaturaren, CO2-aren eta lehortearen baldintzak kontrolatuz”. Landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuz ikusi dute “artobeltzak baduela potentziala gariaren ordezko labore alternatibo izateko. CO2-maila eta tenperatura altuetan, lehorterik egon ez arren, jada hautematen da gariaren zenbait parametrok okerrera egiten dutela: gariaren hazkuntza mugatu egiten da, eta artobeltzarena, ordea, ez; bestalde, artobeltzaren fotosintesi-maila handitu egiten da, eta gariarena, txikitu. Oro har, agerian geratu da lehorte-egoeretan artobeltzak hobeto erantzuten duela gariak baino”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei

Erreferentzia bibliografikoa:

Simón Martínez-Goñi, Xabier; Miranda-Apodaca, Jon; Pérez-López, Usue (2024). Enhanced photosynthesis, transpiration regulation, water use-efficiency and growth in buckwheat outperforms wheat response to high [CO2], high temperature and drought. Environmental and Experimental Botany, 222. DOI: 10.1016/j.envexpbot.2024.105756

The post Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #503

Sun, 2024/10/20 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Europako

Biologia

Lurreko mikrobio eta organismo asko lozorroan sartzen dira baldintza txarrei aurre egiteko. Duela gutxi, Balon permafrost artikoan hibernatzen duten bakterioa aurkitu zuten, zeluletan proteinen ekoizpena gelditu eta berehala berrabiarazten duena, jarduera betean erribosomak etenez. Hibernazio mekanismo hori bakterioetan ohikoa da, eta funtsezkoa izan daiteke organismoek muturreko inguruneetan edo klima-aldaketaren aurrean bizirauteko. Hibernazioa funtsezko estrategia da Lurreko bizitzarako, eta baldintzak hobetzen direnean bizirauteko aukera ematen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Teknologia

Etorkizuna zalantzazko helmuga baino gehiago da; gure erabaki eta aurrerapen zientifikoak gidatzeko tresna da. Gaur egungo gizarteak etorkizunaren ikuspegi iluna izateko joera badu ere, Gisela Bañosek kontatzen duen bezala, garai bakoitzak modu desberdinetan irudikatu du. Zientziarekiko eszeptizismo gero eta handiagoa izan arren, zientziak funtsezkoa izaten jarraitzen du aurrerapenerako. Etorkizuna oraingo erabakietan eta posible dena irudikatzeko gaitasunean oinarrituta eraikitzen da, baina ez beti egiantzekoa. Datuak Zientzia Kaieran.

Biokimika

Magnetosomen degradazioa biriketako kartzinoma eredu batean ikertu du Magnetismo eta Material Magnetikoen Taldeak. Nano-XANES teknika erabili dute magnetosomak degradatu egiten direla behatzeko, giza zelulek harrapatu eta ferritinaren barruan magnetita bihurtzen dituzten burdin ioiak askatuz. Prozesu hori zelulen oxidazio-estresarekin lotuta egon liteke. Aurkikuntzak funtsezkoak dira nanopartikula magnetikoek gaixotasun neurodegeneratiboetan duten papera eta minbizia tratatzeko duten potentziala ulertzeko, bereziki epe luzera eta dosi txikiagoetan. Journal of Nanobiotechnology aldizkarian argitaratu da ikerketa. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

UPV/EHUk eta Paueko Unibertsitateak EDUTEC aldizkarian argitaratu dute ikerketa bat, non Adimen Artifizialak nola erantzuten dien etorkizuneko irakasleen ebaluazioei aztertu dute. AAko hiru sistema erabiliz (ChatGPT, Gemini eta Copilot), Lehen Hezkuntzako testuak ebaluatu zituzten. ChatGPT giza ebaluazioetara gehiago hurbildu zen % 70eko zehaztasunarekin. Errendimendu akademiko hobea zuten irakasleek lerrokatze handiagoa erakutsi zuten AArekin, eta horrek prestakuntzaren eta ebaluazioko AAren zehaztasunaren arteko erlazioa iradokitzen du. Ikertzaileek nabarmendu dute AAk ebaluazio zama murriztu eta irakaskuntza pertsonalizatu lezakeela ikasgela jendetsuetan. Azalpenak Alea aldizkarian.

Klima-aldaketa

Europako Ingurumen Agentziaren txosten baten arabera, Europako azaleko uren % 37 baino ez daude egoera ekologiko onean, eta % 29 egoera kimiko onean daude. Besteak beste, klima-aldaketa, nekazaritza- eta industria-poluzioa eta gehiegizko ustiapena eragiten dituzte. Lurpeko urak egoera hobean badaude ere (% 77 kimikoki osasuntsuak), Europako segurtasun hidrikoa arriskuan dagoela ohartarazi du txostenak. Pestiziden erabilera murriztea eta praktika iraunkorrak sustatzea eskatu dute. Europako Ingurumen Agentziak ur-kontsumoa murrizteko eta ekosistemak leheneratzeko eskatu du, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Datuak Berrian.

Matematika

Camerata Fiorentina, Giovanni Bardi kondearen babespean Florentzian (1572-1587) bildutako artista eta pentsalari taldea, funtsezkoa izan zen operaren sorkuntzan. Poesia eta musika harmonizatzea bilatzen zuten, Giulio Caccinik eta Jacopo Perik sartutako errezitatiboa bezalako tekniketan oinarrituta, bertsoei adierazkortasun handiagoa emateko. Vincenzo Galileik printzipio matematikoak aplikatu zizkion harmonizazioari, konposizioetan disonantzia eta kontsonantzia deskribatuz. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Hezkuntza

Olatz Etxebarria Perez de Nanclares Psikodidaktikan doktorea da, eta hezkuntza sisteman trans identitateak txertatzeko gakoak ikertzen ari da. Irakaskuntzan izandako esperientziatik eta Harvardeko egonalditik abiatuta, funtsezko bost arlo identifikatu zituen: eskolako giroa, irakasleen formakuntza falta, igarotzea, sexu bidez segregatutako espazioak eta ongizate emozionala. Haren emaitzek agerian uzten dute irakasleen prestakuntza falta eta ikuspegi inklusiboago baten beharra. Gainera, Etxebarriak “Pre-Texts” metodologia proposatu du, ikasleen arteko komunikazioan eta lankidetzan oinarrituta. Hezkuntza inklusiboago baten bidez aldaketa soziala sustatzea du helburu, ikasgeletan genero binarismoa gaindituz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Hizkuntzalaritza

Hizkuntzaren izaera ikuspegi filosofiko, neurozientziazko eta linguistikoetatik aztertzen du Beatriz Fernandezen Hizkuntza gogoan (2020) liburuak. Hizkuntzari buruzko galderen bidez, haur basatiek hitz egiten ikas dezaketen edo animaliek hizkuntza duten, esaterako, Fernandezek erakusten du denok garela hizkuntza sortzaileak. Besteak beste, genozidioaren eragin kulturala eta linguistikoa, nazioarteko adopzioetan ama hizkuntza galtzea, eta hizkuntzaren eta emozioen arteko harremana jorratzen ditu. Liburuak irakurlearen jakin-mina piztu nahi du hizkuntzaren inguruan, ikerketan oinarritutako erantzunak eskainiz. Datuak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #503 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #510

Sat, 2024/10/19 - 09:00
Christoph Burgstedt/Science Photo Library via Getty Images

Aurten, Fisikako eta Kimikako Nobel saridunek harreman estua dute. Fisikakoak ikasketa automatikoaren oinarri fisikoak saritu dituen bitartean, kimikakoak makina-ikaskuntza horren ordura arteko garrantzi zientifiko handieneko aplikazioetako bat nabarmendu du. Nobedadea zera da: enpresa pribatu batean egindakoa, Deep Mind. Machine learning cracked the protein-folding problem and won the 2024 Nobel Prize in chemistry, Marc Zimmerren eskutik.

Kimikarekin jarraituz, argi-bisturi bat erabilita ultraestimazioko kirurgia egitea bezala da honako hau. Using light to replace an oxygen atom with a nitrogen atom in a furan molecule.

Matematikak partikula-azeleragailuen teknologiari ematen diona, bere egileetako batek azalduta: New linear optics of particle accelerators using Moebius transformation, Victor Etxebarria.

Onartu beharra dago. Energia nuklearrak onura nabarmenak ditu. Nuclear rockets could travel to Mars in half the time, Dan Kotlyarrek egina.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #510 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eta Ilargia existituko ez balitz?

Fri, 2024/10/18 - 09:00

Zer gertatuko litzateke Ilargia existituko ez balitz? Mareak, Lurraren errotazioa eta tenperaturak kaltetuko liratekeela, eta bizitzeko lekurik ez litzateke izango guretzat.

Ilargia da gure ozeanoetan eragin gehien duena, eta desagertuko balitz, mareak askoz ere ahulagoak izango lirateke.

Baina, horretaz gain, Ilargiak gure Lurraren errotazioa moteltzen du; Ilargia kenduta, egunek zortzi orduko iraupena izango lukete, eta 200 km/h-ko haizea arrunta litzateke lurrazalean.

Lurraren errotazio-ardatza ere egonkortzen du Ilargiak, eta, harik gabe, urtaroak ere desagertuko lirateke.

Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.

The post Eta Ilargia existituko ez balitz? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hizkuntza gogoan

Thu, 2024/10/17 - 09:00

Hizkuntza gogoan (2020) liburuak hamaika filosofia erreferentzia, neurozientzialari, hizkuntzalari, aktore, bertsolari, literaturako pertsonaia, pasadizo eta kontakizun ditu. Zer da hizkuntza galderari erantzun nahi izatetik hasita, denok garela sortzaile esango digu Beatriz Fernándezek.

Irudia: Hizkuntza gogoan liburuaren azala. (Iturria: Erein)

Jakin-minak zehazten du ikertzaileen lanaren norabidea. Dena delako gaiari buruz arazo bat aurkitzen da, galderak sorrarazten ditu eta erantzuna ematen zaie. Halaxe gorpuzten da zientzia, eta zientzien artean, hizkuntzalaritza. Zer da hizkuntza? Haur basatiek hizketan ikas dezateke? Gu al gara hitz egiteko gai diren animalia bakarrak? Txinpantzeek hizketan ikas dezakete? Xibarta baleek beti kantu bera kantatzen al dute? Arrazoia ote zuen Nelson Mandelak zioenean “[inori] bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bere bihotzera joaten dela”? Zergatik hiltzen dituzte Kanadan Lehen Nazioetako neskato eta emakumeak? Genozidioak ba al du zerikusirik hizkuntza eta kulturarekin? Ama hizkuntza galtzen al dute atzerrian adoptatutako haurrek? Gure barruko ahotsa hizketaldi bihur daiteke soinurik ahoskatu gabe? Hauexek dira irakurleak liburu honetan aurkituko dituen galderetako batzuk eta ikerkuntzak eman dizkien erantzunak. Ziur aski ez dira behin betiko erantzunak izango, baina irakurlearen jakin-mina hauspotuko dute beharbada.

Beatriz Fernández Fernández UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle titularra da. 1997an doktoratu zen unibertsitate berean. Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea da 2013az geroztik. Euskarari eta aldakortasun sintaktikoari buruzko zenbait lan eta liburu idatzi eta editatu ditu hemen zein nazioartean.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Hizkuntza gogoan
  • Egilea: Beatriz Fernández
  • ISBN: 978-84-9109-728-0
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2021
  • Orrialdeak: 120 or.
Iturria:

Erein argitaletxea: Hizkuntza gogoan

The post Hizkuntza gogoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Poesia harmonizatzeko metodo matematikoak

Wed, 2024/10/16 - 09:00

Camerata Fiorentina delakoa musikari, poeta eta humanista talde bat izan zen, gutxi gorabehera 1572 eta 1587 urteen artean jardun zuena Florentzian, Giovanni Bardi kondearen babesaren pean eta haren jauregian. Cameratako kide garrantzitsuenetako batzuk Vincenzo Galilei musikaria, Giulio Caccini eta Jacopo Peri kantariak eta Ottavio Rinuccini poeta izan ziren. Haiek ezarri zituzten gaur egungo opera deitzen diogun horren oinarri intelektual, teoriko eta praktikoak.

arau matematiko1. irudia: Florentziako Palazzo Bardiko patioa,  Bruneleschi-rena, ustez. Bertan biltzen zen Camerata Fiorentina. (Argazkia: Francesco Bini – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Poesia harmonizatzea: errezitatiboak eta tonemak

Cameratak antzinateko poema edo drama klasiko garrantzitsuak modernizatu, musikatu eta antzokietan antzeztu nahi zituen. Giulio Caccinik eta Jacopo Perik bertsoen eta elkarrizketen errezitatiboa sortu zuten, sekulako asmakuntza musikala, antzezle eta abeslarien giza ahotsa goratzeko pentsatua. Giza hizkuntzen ohiko intonazioan oinarritzen zen, baina —ahotsaren inflexio egokien bitartez— adierazkortasun, komunikazio, sentimendu eta musikaltasun hobea emanez.

Fonetikan esaldi baten intonazioa tonemen bitartez sistematiza dezakegu. Tonemek ahots tonuaren igoerak eta jaitsierak markatzen dituzte. Esaldi bera, tonema desberdinekin intonatua, baieztapen bat, zalantza bat edo galdera bat izan daiteke, edo haserrea, poza, tristura edo beste sentimendu batzuk adieraz ditzake. Caccinik eta Perik ahotsaren inflexio adierazkor horiek formalizatu zituzten, testuan nota musikalak idatziz, poema bateko bertsoak edo antzerki lan bateko esaldiak musikalki errezitatzeko. Errezitatiboaren teknika, beraz, lehen pausoa izan zen poesia eta literatura musikatzeko, eta funtsezkoa izan zen opera garatzeko.

Matematika: melodia, intonazioa, eufonia eta ebazpena

Poema bat harmonizatzeko, ahots bat baino gehiago sartu behar ditugu, eta lortu behar dugu biak aldi berean eufoniko entzutea. Vincenzo Galileik Della musica antica et della moderna obran, matematikoki azaldu zituen aldi berean entzuten diren bi noten disonantzia eta kontsonantzia, Gioseffo Zarlino musika teorialariaren ideiak oinarri hartuta. Arau matematiko soil batzuk eman zituen aldibereko bi esaldi musikal ebazteko. Noten progresio ordenatu bat proposatu zuen, eufonia handiago edo txikiagoarekin. Amaieran nota biren arteko jauzi tentso bat zegoen, eta jarraian itzulera erlaxatu bat giza hizkuntzan espero den azken notara.

Beraz, arau matematiko horizontal (melodia eta intonazioa) eta bertikal (eufonia eta ebazpena) soil batzuk erabiliz, azaltzen da intuitiboki bi ahotsetan kantatzen ari diren bi pertsonaren arteko harmoniarik sinpleena eta ezagunena, hirudun, bostun, zortzidun edo unisonoen bitartez, pitagorikoek jadanik altxorra bezala maite zutena, bere purutasunagatik. Arau berak aplikatzen dira aldi berean entzun behar direnak ahots bi baino gehiago badira.

Händelen adibidea

Musikara dedikatzen diren pertsonek “letretako” jendetzat jo ohi dute beren burua, beharbada ez dietelako azaldu arteek, eta bereziki musikak, matematikatik edaten dutela. Poesia harmonizatzearen adibide bat emateko, bizitzan ikaragarrizko arrakasta, aitorpena eta zoriona ezagutu zituen konpositore handi bakanetako baten praktika sinple bat ikusiko dugu: Georg Friedrich Händel dugu musikari hori, guztiz maitatua izan zena bera adoptatu zuen herrialdean, eta ohore guztiez lurperatu zutena Westminsterreko Abadian.

Händelen lehen opera Rinaldo izan zen, 1711ko otsailaren 24an estreinatua Haymarketen Queen’s Theatren. Egileak ikasitako opera estilo italiarrak eta Giacomo Rossi poetaren italierazko libretoak sekulako arrakasta izan zuten.

1. irudian Rinaldoren II. aktoaren jatorrizko eskuizkribuaren zati bat ikusten da. Arganteren errezitatibo bat hasten da: Oscura questo pianto il bel fuoco d’amor, ch’in me s’accese per te, mia cara. Honela erantzuten dio Almirenak: In questi lacci avvolta, non è il mio cor soggetto d’un amoroso affetto. Errezitatibo batean zein bestean, Giulio Caccini eta Jacopo Periren asmakuntza musikalari bete-betean jarraituz, Händelek nota musikalen bidez kokatu ditu tonemak, esaldiei intonazio egokia emateko.

arau matematiko1. irudia: G. F. Händelen Rinaldoren jatorrizko eskuizkribua (II. aktoa, IV. eszena): Arganteren errezitatiboa (“Oscura questo pianto”) eta Almirenaren errezitatiboa (“In questi lacci avvolta”), eta Almirenaren ariarik famatuenetako baten (“Lascia ch’io pianga”) lehen konpasak. Wikimedia Commons.

1. irudiko eskuizkribuaren beheko zatian dago opera honetako —eta Händelen opera errepertorio osoko— aria ezagunenetako baten lehen konpasen harmonizazio osoa. Har ditzagun bertso lerro hauek:

“Lascia ch’io pianga mia cruda sorte,

e che sospiri la libertà.”

Orain pasa dezagun garbira haien harmonizazio sinple-sinplea, adibide bat ikusteko zortzi konpasekin (lau konpas lerro bakoitzeko). Musika irakurtzen ez badakizu ere, ez du axola orain azalduko duguna ulertzeko.

arau matematiko2. irudia: ariako lehen lerroa, lau ahotsetan (1. biolina sopranoaren baliokidea da)arau matematiko3. irudia: ariako bigarren lerroa, lau ahotsetan (1. biolina sopranoaren baliokidea da)

Hasteko, esango dugu Almirenaren aria fa maiorren dagoela. Harmonizazioa lau ahotsetan eginda dago. Hari laukote bat edo hari orkestra txiki bat balitz bezala kokatu dugu. Lerrorik akutuena lehen biolinak edo sopranoa dira: horrek abesten ditu hitzak.

Irakurketa horizontala eta bertikala

2. eta 3. irudietan, lehen lerroa horizontalean irakurriz, sopranoak melodia abesten du. Gainera, bi lerro erritmikoak markatuta daude une adierazkor giltzarrietan kokatutako intonazio azentu inportanteen konbinazioaren bidez (cru-da) eta erritmo eten funtsezkoen (hau da, isiluneen) bitartez.

2. irudia bertikalean irakurtzen badugu, lehen konpasa ikusiko dugu, tonalitatearen lehen notan (fa-n) oinarritua. Akorde eufoniko hori, oso pitagorikoa, fa-la-do da, eta zenbaki erromatar bat ezarriko diogu (I). Ikus dezakegu nola aplikatzen diren Galileiren arau matematiko soilak —akordeen progresio ordenatua eta esaldi horien ebazpena— partituran baxuaren partean zenbaki erromatarrei erreparatuz. Ia ez dira mugitzen, bigarren eta hirugarren konpasetako disonantzia xumeren batzuk gorabehera. Horrek lehen lerroa amaitzeke uzten du, ia-ia galdera bat bezala, erantzun eske.

3. irudiari erreparatuta, bertikalean irakurtzen segitzen badugu eta zenbaki erromatarrei jarraituz, ikusiko dugu bigarren lerroko progresioa amaitzen dela triada tentso batez (V) eta jarraian modu erlaxatuan itzuliz giza hizkuntzan espero den azken notara (I), Camerata Fiorentinak azaldu zuen bezala. V-I itxiera horri musikan “benetako kadentzia” (erorketa) esaten zaio, eta amaiera ematen die esaldiei ia edozein estilo musikaletan.

Poema bat harmonizatzea ez da “letretako” kontu bat bakarrik. “Zientzietakoa” ere bada: haren arau matematikoek sentimenduak adierazten dituzte, eta istorio hunkigarri bat kontatzen dute. Entzun dezagun harmonizazio sinple honen emaitza, eta ikusiko dugu zergatik izan zen Händel hain estimatua bere garaian bertan ere:

Egileaz:

Víctor Etxebarria Ecenarro Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan diplomatutako luthierra da, eta Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 28an: Métodos matemáticos para armonizar la poesía.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Poesia harmonizatzeko metodo matematikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages