Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 59 mins 51 segs

Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia

Hace 9 horas 24 segs

Ziurrenik pozoiak dira auzitegi-zientziaren atalik erakargarri eta misteriotsuena. Aurreko atal batean aipatu genuen bezala, drogak eta pozoiak hilketen errege-erreginak izan dira historian zehar eta ohikoak, era berean, zineman eta literaturan. Horrek guztiak eman die pozoiei intrigaren eta misterioaren usaina.

Toxikologia substantzia toxikoak aztertzen dituen zientzia da, baina, horrez gain, substantzia toxiko horien eraginak ere aztertzen ditu. Auzitegi-toxikologia, aldiz, auzitegi-zientziekin lotura duen toxikologiaren atala da; alegia, pozoiak eta pozoiketak aztertzen dituen auzitegi-zientzia.Ez da erraza pozoia zer den esatea. Jatorrian venenum hitza egon daiteke, aldi berean wen jatorri indoeuropearreko hitzean oinarritzen dena -maitatu, beneratu-. Hau ez da kasualitatea; izan ere, Venus jainkosa erromatarrean kokatzen da hitzaren jatorria.

pozoiakIrudia: toxikologiak substantzia toxikoak eta haien ondorioak aztertzen ditu. (Argazkia: Davide Baraldi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Venus, besteak beste, maitasunaren jainkosa zen eta, hasiera batean, venenum-ak maitasuna eta erakarpen sexuala eragiteko edabe magikoak ziren. Hortaz, hasieran venenum-ek ez zuten zentzu negatiborik. Hala ere, pixkanaka droga eta edabe guztietara zabaldu zen hitza -bai sendagai gisa erabiltzen zirenak, bai heriotza edo kalte larriak eragiteko gai zirenak-. Era berean izendatzen ziren edabeak, Afrodita -Venusen pareko jainkosa grekoa- izenean oinarrituta. Kasu honetan, izenak ez du zentzu-aldaketarik izan eta gaur egun ere afrodisiako deritze desio sexuala handiagotzen duten substantziei. Venenum hitzaren kasuan, aldiz, zalantzak sor zitezkeen substantzia onuragarria edo kaltegarria ote zen eta, horrexegatik, venenum bonum edo venenum malum gisa markatzen ziren. Erdi Aroan pozoi hitza substantzia kaltegarrientzat bakarrik erabiltzen hasi ziren eta, aldiz, sendagaiak zirenak farmako gisa ezagutzen ziren.

Hala eta guztiz ere, azalpen terminologikoak ez ditu argitzen gure zalantzak. Pozoiak organismoan kalteak eragiteko gai diren substantziak dira; alegia, substantzia toxikoak. Toxikoa da organismoan asaldurak eragiteko gai den edozein substantzia, baina beti ere toxikotasuna hartu behar da kontuan. Toxikotasunak substantzia jakin batek toxikoa izateko duen gaitasunaren maila ematen du; izan ere, esan daiteke edozein substantzia izan daitekeela toxiko. Zein da, bada, pozoi baten eta substantzia toxiko baten arteko desberdintasuna?

Galdera hori erantzuteko Parazeltso mediku suitzarraren hitz ezagunetara jo behar dugu: dosis sola facit venenum, hau da, dosiak soilik egiten du pozoia. Hain zuzen ere, esaldi horrek argi uzten du edozein substantzia izan daitekeela toxikoa, zenbatekoa den haren bere kontzentrazioa. Ura bera ere toxikoa da, eta dosi hilgarria ere badu: 90 g/kg. Horrek esan nahi du ura pozoia dela? Jakina, ez, ohiko kontzentrazioan urak ez baitu kalterik eragiten.

Antzeko zerbait esan daiteke sendagaiei buruz; izan ere, gaixotasunen aurkako eragin onuragarria dute, baina dosi toxikora iritsiz gero kaltegarriak dira. Hori guztia kontuan hartuta, zenbait adituren arabera toxikoa litzateke kantitate txikian ere arriskutsua den substantzia, eta pozoia, aldiz, dosi toxiko altuagoa izan dezakeen substantzia. Hala ere, esan bezala, definizioak ematea ez da kontu erraza. Hizkuntza arruntean pozoiak asmo bat ere adierazten du; alegia, ekintza kriminal bat burutzeko helburuarekin erabiltzen den substantzia litzateke: norbait hiltzeko edo bere organismoan kalteak eragiteko helburuarekin erabiltzen den substantzia. Aldiz, intoxikazioak nahi gabe gertatu izanaren adiera ere badu, pozoitze batek ez duena.

Gaur egun, hala ere, ‘toxiko’ eta ‘pozoi’ sinonimotzat har ditzakegu, nahiz eta ‘toxiko’ litzatekeen ikuspuntu zientifikotik hobetsi beharrekoa; izan ere, horrek biltzen ditu pozoi klasikoak eta baita dosiaren arabera kaltegarriak izan daitezkeen substantziak. Toxikoa da, beraz, organismoan sartzean bizi ahal izateko ezinbestekoak diren prozesu biokimikoak asaldatzen dituen edozein eragile kimiko. Hortik eratorrita, toxikologia toxikoak aztertzen dituen zientzia da. Oro har, toxikologiak aztertzen du bizidunengan substantziek eta produktu kimikoek duten toxikotasuna, baina ez hori bakarrik: toxikologiak aztergai ditu, horrez gain, substantzia toxikoen akzio-mekanismoak eta intoxikazioen diagnostikoa, prebentzioa eta tratamendua. Auzitegi-toxikologiak, berriz, auzitegietako esparruan egiten ditu azterketa horiek; alegia, intoxikazioen analisia eta intoxikazioak eragiten dituzten substantzien analisia ¾pozoiak, drogak eta sendagaiak, besteak beste¾.

Hasieran esan dugun bezala, pozoiak ezagutzen diren armarik zaharrenetakoak dira eta toxikologoak aspalditik ahalegindu dira substantzia hilgarriak detektatzen eta antidotoak bilatzen. Lan hori sistematizatzeko ahalegina egin zuen lehena, toxikologiaren aitzindaria, Mateu Josep Bonaventura Orfila i Rotger izan zen, 1787an Menorcako Maó hirian jaioa. Orfilak toxikologiaren oinarriak ezarri zituen eta XIX. mendearen erdialdean parte hartu zuen Frantzia astindu zuen epaiketa ospetsuenetakoan. Epaiketa horretan, hiltzailea harrapatzeko gako nagusia izan zen artikulu-sorta honetan aipatua dugun Marsh-en testa, baina horretaz hurrengo atalean arituko gara.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Esteban Santos, Soledad (2023). Venenos en la Toxicología Forense. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (349-389 or.). UNED
  • McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
  • Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia

The post Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Mundu kuantikoan erreferentzia esparruak ere zalantzazkoak dira

Lun, 2025/03/31 - 09:00

Behatzaileek gertaera kuantikoak ikusteko erabiltzen dituzten erreferentzia esparruek zenbait kokapen izan ditzakete aldi berean, eta hori ondorio garrantzitsuak dituen aurkikuntza da.

Irudika ezazu zeure burua nasa batean zutik tranbia bat pasatzen ikusten. Tranbian doan neska bati pilota gorri distiratsu bat erortzen zaio. Neskaren ustez, pilota beherantz erori da zuzen-zuzenean. Baina, nasatik, ikusten duzu pilotak arku bat egiten duela tranbiaren lurra ukitu aurretik. Biek gertaera bera ikusten duzue, baina erreferentzia esparru desberdinetatik: batek tranbiatik bertatik eta besteak nasatik.

erreferentzia1. irudia: erreferentzia esparruen izaera kuantikoak gertaeren hautemandako ordenari ere eragin diezaioke. (Ilustrazioa: Michele Sclafani – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Erreferentzia esparruen ideiak historia luzea du fisika klasikoan: Isaac Newton, Galileo eta Albert Einstein esparru horietan oinarritu ziren mugimenduaren gaineko ikerketak egiteko. Erreferentzia esparru bat, funtsean, koordenatuen sistema bat da (zero puntu baten edo “jatorriaren” kokapenak eta denborak zehazteko modu bat), eta mugimenduan egon daiteke. Einsteinek erreferentzia esparruak erabili zituen erlatibitatearen teoriak garatzeko, zeinak aditzera eman zuten espazioa eta denbora ez direla unibertsoaren hondoko oihal finkoak, baizik eta luzatu, uzkurtu edo deformatu daitezkeen entitate malguak.

Baina fisika kuantikoak, neurri handi batean, alde batera utzi ditu erreferentzia esparruak. Alicek eta Bobek, fisika kuantikoko esperimentu askotako fikziozko behatzaileek, kokapen fisiko desberdinak izaten dituzte, baina suposatzen da erreferentzia esparru bera dutela. Hori aldatzen ari da orain. Fisikari kuantikoak konturatzen ari dira ezin dutela ahaztu Alice dagoen erreferentzia esparruak (tranbiaren edo nasaren antzekoa) kokapen posible ugari izan ditzakeela aldi berean. Edo Bobek denbora neurtzeko erabiltzen duen erlojua ziurgabetasun kuantikoari lotuta egon daitekeela.

“Mundu kuantikoan, erreferentzia esparruak teoria kuantikoaren teoriaren formalismoaren bidez [ere] deskribatu beharko lirateke”, dio Zuricheko Suitzako Teknologia Institutu Federaleko fisikari teoriko Renato Rennerek.

Vienako Unibertsitateko Optika Kuantikoko eta Informazio Kuantikoko Institutuko fisikari Časlav Bruknerek eta bere kideek aurten argitaratutako artikulu batean erakutsi zuten luzez aztertutako fenomeno kuantikoen ikuspegi berri bat eskaintzen dutela erreferentzia esparru kuantikoek, hala nola gainezarpena eta korrelazioa. Aurkikuntza horien ondorioz, Rennerrek susmoa hartu zuen erreferentzia esparru kuantikoek esperimentu mental kuantikoetan sortzen diren paradoxa bitxietako batzuk ebazten lagundu lezakeela.

erreferentzia2. irudia: Vienako Unibertsitateko fisikari eta Optika Kuantikoko eta Informazio Kuantikoko Institutuko zuzendari Časlav Bruknerrek erreferentzia esparru kuantikoak aztertu ditu duela gutxi argitaratutako artikulu batzuetan. (Argazkia: Magdalena Ziychek eskainitako argazkia. Iturria: Quanta Magazine)

Anbizio handiagoz, Bruknerrek eta bere kideek espero dute erreferentzia esparru kuantikoen logikan pentsatzeak grabitate kuantikoari buruzko ezagutza berriak sor ditzakeela, grabitatea gainerako funtsezko indarrek jartzen duten leku berean kokatu nahi duen ikerketa programa.

Rennerren arabera, erreferentzia esparru kuantikoetan esku hartze berri honekin, “oso handia den zerbaiten hasieran baino ez gaude”.

Kokapen lausoak

Erreferentzia esparru kuantikoen ideia 1984an sartu zen lehenengo aldiz, baina zenbait taldek 2019. urtearen inguruan ekin zioten berriro ideia horri. Horrek azterlan berri ugari abiarazi ditu. Argudioek bi propietate kuantiko nagusiri buruz pentsatzeko dugun modua aldarazten digute. Honako hauek dira bi propietate horiek: gainezarpena, zeinetan objektu bat egoera posible ugaritan egon daitekeen aldi berean; eta korrelazioa, zeinetan zenbait partikulak egoera kuantiko bakarra partekatzen duten, eta bat neurtzeak bestearen egoera zehazten du berehala, beraien arteko distantzia gorabehera.

3. irudia: ezkerretik eskuinera: Vienako Optika Kuantikoko eta Informazio Kuantikoko Institutuko Luca Apadula, Anne-Catherine de la Hamette eta Viktoria Kabel. Elkarrekin zuzendu zuten erreferentzia esparrua hautatzeak ustez korrelazioan edo gainezarrita dauden sistemei eragiten diela agerian uzten duen azterlan bat. (Argazkia: Andrea Di Biagio. Iturria: Quanta Magazine)

Nola gertatzen den ikusteko, har ditzagun aintzat bi erreferentzia sistema. A eta B deituko ditugu. Eman dezagun Aren jatorria zenbait kokapen izan ditzakeen objektu kuantiko batean dagoela. Bren ikuspegitik, Aren kokapena lausotuta dago eskualderen batean. Baina Aren ikuspegitik, Brekiko distantzia lausotuta dago. Badirudi B dagoela gainezarpen batean.

Kontuak hobera egiten du. Eta B bi kokapenen gainezarpen batean dagoen objektu kuantiko batean badago? Orduan, Aren egoera kuantikoa bi modutara lausotzen da, Bren kokapen posibleen arabera. Bren egoera kuantikoa zehazteak Aren egoera zehatzen duenez, orain A eta B korrelazioan daude.

erreferentzia4. irudia: Zuricheko Suitzako Teknologia Institutu Federaleko fisikari Renato Rennerrek uste du, erreferetzia esparru kuantikoak arduraz aztertuz gero, mundu kuantikoa ulertzeko dugun moduaren paradoxak ebatziko direla. (Argazkia: Giulia Marthaler. Iturria: Quanta Magazine)

Aurreko adibidean, sistema kuantikoen funtsezko bi propietate (gainezarpena eta korrelazioa) erreferentzia esparruaren mende daude. “Mezu nagusia da oso garrantzitsutzat jotzen ditugun eta, modu batean, absolutuak diren propietate asko erlazionalak edo erlatiboak direla”, dio argitaratu berri den artikuluaren egilekide Anne Catherin de la Hamettek.

Gertaeren ordena ere erreferentzia esparru kuantikoen zorroztasunaren mende dago. Adibidez, erreferentzia esparru batetik detektagailu baten klika ikusi ahalko genuke, une jakin batean gertatzen dena, baina beste erreferentzia esparru batetik klika gainezarpen batean amai lezake baldin eta beste gertaeraren baten aurretik edo ondoren gertatzen bada. Klika une jakin batean gertatuko balitz bezala edo hainbat gertakariren ordenaren gainezarpena balitz bezala ikustea erreferentzia esparrua aukeratzearen araberakoa da.

Urrats bat grabitaterantz

Ikertzaileek espero dute ikuspegi kuantiko horiek erabiltzea grabitatearen izaera nahasgarriari zentzua emateko. Einsteinen erlatibitate orokorrak (grabitatearen teoria klasikoak) dio grabitatea espazio-denbora ehunaren deformazioa dela, objektu masibo batek eragindakoa. Baina nola deformatu daiteke espazio-denbora baldin eta objektua bera bi kokapenen gainezarpen batean badago? “Oso zaila da galdera horri erantzutea ohiko fisika kuantikoaren eta grabitatearen bidez”, baieztatzen du Bruknerren taldeko ikertzaile eta artikulu berriaren egilekide Viktoria Kabelek.

Hala ere, jatorria gainezarpen batean duen erreferentzia sistema batera aldatzen badugu, objektu masiboak kokapen zehatz batean amai dezake. Orain grabitate eremua kalkula daiteke. “Erreferentzia sistema kuantiko egokia aurkituz gero, ebatzi ezin dugun arazo bat har dezakegu [eta arazo bihurtu], eta, horretarako, ezagutzen dugun fisika estandarra erabil dezakegu”, adierazten du Kabelek.

Ikuspegi aldaketa horiek baliagarriak izan beharko lukete etorkizuneko esperimentuak (masa txikiak-txikiak gainezarpenetan jartzea helburu dutenak) aztertzeko. Adibidez, Oxford Unibertsitateko Chiara Marletto eta Vlatko Vedral fisikariek proposatu dute bi masa, bakoitza bi kokapenen bi gainezarpenetan jartzea eta ondoren aztertzea horrek nola eragiten dien grabitate eremuei. Erreferentzia esparru kuantikoak formalki deskribatzeko ahalegin gero eta handiagoak lagungarriak izan litezke grabitatearen eta teoria kuantikoaren arteko interakzioari buruzko ikerketa horiei zentzua emateko, grabitate kuantikoaren teoria bateranzko funtsezko urratsa.

Rennerrek uste du erreferentzia esparru kuantikoak ere funtsezkoak izan daitezkeela fisika kuantikoaren oinarriak argitzeko. Duela urte batzuk berak eta bere kide Daniela Fauchigerrek kontraesan logikoa eragiten duen esperimentu mental kuantiko bat diseinatu zuten. Badirudi, ondoriozko paradoxaren arabera, fisikariek gure munduari buruz onartutako ideia ugarietako bati gutxienez uko egin behar diotela, hala nola honi: teoria kuantikoa unibertsala da eta gizakiei zein atomoei aplikatzen zaie.

Hala ere, Rennerrek orain susmatzen du paradoxa soilik sortzen dela fisikoek ez dituztelako arretaz aintzat hartu erreferentzia esparruak. Oraindik inork ez du deskubritu nola berridatzi esperimentu hori edo beste batzuk erreferentzia esparru kuantikoak erabiliz; baina, baliteke, hori eginez gero, “paradoxa ebatzi ahal izatea”, baieztatzen du.

Ez da erraza izango, erreferentzia sistema kuantikoek ebatzi gabeko arazo asko dituztelako. Adibidez, erreferentzia sistema klasikoekin, zure ikuspegia sistema batetik beste batera aldatzen baduzu, eraldaketa hori itzulgarria da, zure hasierako ikuspegira itzul zaitezke. Ez dago argi gaur egun hori modu unibertsalean egin daitekeen erreferentzia sistema kuantikoekin.

Gainera, une honetan ez dago erreferentzia sistema kuantiko horiek definitzeko eta aldatzeko modu estandarrik. Fisikari talde desberdinek ikuspegi diferenteak dituzte. “Lehen begiratuan, denak zentzuzkoak dirudite, baina ez dira baliokideak beraien artean”, dio Rennerrek.

Denborak aurrera egin ahala, ordea, erreferentzia esparru kuantikoak funtsezkoak izan litezke mundu kuantikoari zentzua emateko.

Jatorrizko artikulua:

Anil Ananthaswamy (2024). In the Quantum World, Even Points of View Are Uncertain , Quanta Magazine, 2024ko azaroaen 22a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mundu kuantikoan erreferentzia esparruak ere zalantzazkoak dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #526

Dom, 2025/03/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ikuspegi

Ingurumena

UPV/EHUko Life Cycle Thinking taldeak Ekuadorreko Yasuni Parke Nazionaleko 16. eta 67. blokeetako petrolioaren eragina aztertu du. Diru-sarreren % 79 herrialde aberatsetara doa, eta ingurumen-inpaktuen % 19,6 Amazoniak pairatzen ditu. Gainera, erauzketak indigena-komunitateetan kultura-eraldaketak eragin ditu, hala nola menpekotasun ekonomikoa eta genero-biolentziaren gorakada. Petrolioaren bizi-ziklo osoa aztertuta, ikertzaileek gidarien erantzukizuna nabarmentzen dute eta erregaiaren jatorria argitzeko neurriak proposatzen dituzte, kontsumitzaileen kontzientzia pizteko. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

UPV/EHUko eta BC3ko ikertzaileen metaanalisiak erakutsi du polinizatzaileen dibertsitate-galerak landare basatien eta laborantzakoen ugalketa-arrakasta murrizten duela. Dibertsitate-galera horren faktore nagusiak klima-aldaketa, habitat-galera eta nekazaritzaren intentsifikazioa dira. Polinizatzaile basatiek ezti-erleek baino eragin handiagoa dute, eta ornogabeen, gautarren eta basatien galerak ondorio larriagoak eragiten ditu. 46 herrialdetako 207 ikerketaren analisiaren arabera, polinizatzaile guztiek rol garrantzitsua dute ekosistemen jasangarritasunean, eta ezinbestekoa da dibertsitatearen galera murriztea ikuspegi zabal batetik. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Egeo itsasoan aurkitutako sedimentuek erakutsi dute gizakiak duela 5.200 urte hasi zirela ingurumena berunarekin kutsatzen. Hala ere, erromatarrek Grezia konkistatu zutenean (duela 2.150 urte) kutsadura nabarmen handitu zen, metal-ustiapena, nekazaritza eta deforestazioa haztearekin batera. Heidelbergeko Unibertsitateko ikertzaileek X izpien fluoreszentzia (XRF) eta masa espektrometria (ICP-MS motakoa) erabili dituzte sedimentuen analisiak egiteko. Ondorioek erakusten dute moneta eta meatzaritza hedatu ahala, ingurumen-inpaktua handitu zela, eta deforestazio larriak gertatu zirela. Azalpenak Zientzia Kaieran.

UMass Amhersteko ikertzaileek ohartarazi dute Litioaren Triangeluan uste baino askoz ere ur gutxiago dagoela litio-meatzaritzarako. Orain arteko estimazioek ur-baliabideak gehiegi zenbatetsi dituzte, eta eredu berriak urteko 2-33 mm-ko emaria kalkulatu du, aurreko 90-230 mm-en aldean. Meatzaritza-prozesuek gero eta ur gehiago behar dute, eta horrek ekosistema zaurgarriak eta komunitate indigenak arriskuan jartzen ditu. Litioaren eskaria 40 aldiz handituko dela aurreikusita, ikertzaileek elkarlan zientifikoa eta jasangarritasun-irizpide zorrotzagoak eskatzen dituzte. Informazioa Elhuyar aldizakarian.

Biologia

New Yorkeko Langone ospitalean egindako ikerketa batek erakutsi du papagaitxoek eta gizakiek bokalizazioekin lotutako garun-eremu eta mekanismo antzekoak dituztela. Nature aldizkarian argitaratutako azterketak identifikatu du arcopalium anterior eremuaren erdiko nukleoa dela papagaitxoen bokalizazioen kontrol-zentroa, gizakien garunaren antzera. Eremu hori siringearekin konektatuta dago (hegaztien organo bokala), bokalizazio konplexuak ahalbidetuz. Horrek iradokitzen du papagaitxoak eredu baliagarriak izan daitezkeela komunikazio-arazoen, hala nola iktusaren ondoriozko nahasmenduen, azterketan. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Antropologia

Giza izaera betidanik aztertu da, baina ezin da erraz neurtu. Matematikak uhinen fenomenoa modelatu du, eta zenbaki konplexuen bidez ikuspegi ideologikoak ordenatu daitezke. Victor Etxebarria Ecenarrok azaltzen du Zientzia Kaieran zelan Eulerren formulak giza ideologia eskala moduan interpretatzeko aukera ematen duen. Horrela, ikuspegi moderatua erdigunean, eskuinera ikuspegi kontserbadorea eta ezkerrera ikuspegi progresista jarri daitezke. Muturreko ideologiak (±180º) autoritario bihurtzen dira. Joera ideologikoak analizatzerakoan, garrantzitsua da muturreko ikuspegiak antzekoak direla kontuan hartzea, nahiz eta kontrakoak diruditen.

Osasuna

Obesitatean jatearen plazera galtzea gantz askoko dietek garuneko zirkuitu neuronaletan eragiten dutelako gerta daiteke, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Saguekin egindako azterketek erakutsi dute gantz askoko dietek neurotentsinen maila murrizten dutela; horrek dopaminaren jarduera gutxitzen du eta, ondorioz, janari gozoek ematen duten plazera apaltzen da. Neurotentsina-maila berreskuratzean, saguek elikadura-portaera osasuntsua berreskuratu zuten eta antsietatea murriztu zitzaien. Aurkikuntza honek ikuspegi neurologiko berriak eskain ditzake obesitatearen tratamendurako, nahiz eta oraindik gizakietan gehiago ikertu behar den. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

Nafarroako eta Stanfordeko unibertsitateek Gennius proiektua garatu dute, adimen artifiziala erabiliz sendagaien eta proteinen arteko konexioak aztertzeko. Grafoen bidez, sendagai ezagunek beste erabilera batzuk izan ditzaketela aurkitu dute, tratamenduak pertsonalizatzeko. Metodo honek ez du sendagai berriak sortzen, baina tratamenduak hobetzen eta saiakuntza klinikoak azkartzen laguntzen du. Etorkizunean, pazienteen datu biologikoak integratu nahi dituzte, sendagai egokienak hautatzeko. Informazioa Berrian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #526 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #533

Sáb, 2025/03/29 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Zientzian egiantzekotasunaren kontzeptua azaleratu ondoren, metodo zientifikotzat hartzen duguna berreraikitzeko ordua iritsi da. Closer to the truth (5): Reconstructing ‘the scientific method’, Jesús Zamorarena.

Bateriak berotu egiten direla eta horrek eragina duela errendimenduan, jakin badakigu. Teknika berri bat, hozte likido zuzena, aplika daiteke orain kudeaketa hobetzeko. Direct liquid cooling, a game-changer in battery thermal management, Nanex Larrañaga/CIDETEC.

Imajinatu herrialde demokratiko bateko lider batek betebehar konstituzional bat urratzen duela. Onartzen badiozu, prestatu gauza askoz okerragoak onartzeko. Ralph Hertwig eta Stephan Lewandowskyren The paradox of democracy’s success.

Nola eragiten dio bi dimentsioko niobio seleniuro xafla baten superkonduktibitateari grafenozko xafla baten gainean uzteak? DIPCko jendeak ikertu egin du, oso emaitza interesgarriekin. How substrates influence superconductivity through moiré phonons

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #533 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kiñuren begirada: zaporeak

Vie, 2025/03/28 - 09:00

Elikagai bat dastatzen dugunean, haren zaporeak gure zentzumenak piztu eta esperientzia atsegina edo, batzuetan, desatsegina sor dezake. Baina, zaporeak gozatzeaz gain, gure garunak elikagaien kalitateari eta osasungarritasunari buruzko mezu garrantzitsuak jasotzen ditu. Gaurkoan, Kiñuk zaporeei erreparatu die eta hauek nola antzematen ditugun azaltzen digu.

Zaporeak substantzia jakinen eta gure dastamen-errezeptoreen arteko elkarreraginaren emaitza dira. Gizakiok bost zapore nagusi bereizten ditugu: gozoa, garratza, mikatza, gazia eta umamia. Horietako batzuek energia edo elikagai onuragarriak adierazten dituzte, eta beste batzuk, berriz, arriskuen seinale izan daitezke.

Zaporearen errezeptoreak, beste zentzumen-errezeptore batzuekin gertatzen den bezala, belaunaldiz belaunaldira aldatzen joaten dira. Animalia espezie bakoitzak bere dietaren arabera garatu ditu ere errezeptore hauek. Goaz zaporeak aztertzera, gure kirikiñoak intsektu batzuk jaten dituen bitartean.

zaporeak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: zaporeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du?

Jue, 2025/03/27 - 09:00

Imajinatzen duzu zure garuna etengabe lanean ari den superordenagailu bat dela? Ba, horrela da, bai. Gure burmuina izugarri konplexua eta harrigarria da, eta hori hobeto ulertzeko, azalpen eta marrazkiak eskaintzen ditu Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du? (2021) liburuak.

funtzionatzenIrudia: Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du? liburuaren azala. (Iturria: Ttarttalo)

Organo honen zeregina eta nondik norakoak duen jakin nahi dituzu? Liburu honek bidaia zirraragarri bat proposatzen dizu zure burmuinaren barrunbeetan zehar. Ilustrazio ederrak eta azalpen errazak erabiliz, haurrek (eta helduek) garunaren sekretuak ezagutzeko aukera izango dute.

8 urtetik gorako irakurleei zuzendua dagoen arren, edonor liluratuko duen liburua da. Betina Ip neurozientzialariak dibulgazioa erraz eta erakargarri egitea lortzen du, umorez eta irudimen handiz.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du?
  • Egilea: Betina Ip
  • Ilustratzailea: Mia Nilsson
  • ISBNa: 978-84-9843-891-8
  • Argitaletxea: Ttarttalo
  • Hizkuntza: Euskara
  • Orrialdeak: 32
  • Urtea: 2021
Iturria:

Ttartalo argitaletzea: Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du?

The post Nolakoa da gure garuna? Eta nola funtzionatzen du? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Giza izaera zenbaki konplexuen bidez

Mié, 2025/03/26 - 09:00

Gizakiok gure izaera aztertu dugu antzina-antzinatik. Giza izaera jakintzarik konplexu eta erakargarrienetako bat da pentsamendua aztertzen dutenentzat, izan giza zientzien, arteen, gizarte zientzien edo zientzia naturalen ikuspegitik. Gure pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduen zergatia gure kodifikazio genetikoa oinarri hartuta azaltzen saiatu gara, baina agerikoa da gure geneen adierazpena bizi garen gizartearekiko interakzioaren, hazterakoan ikusten dugun familia ereduaren edo jasotzen dugun heziketaren —zentzurik zabalenean­— eraginpean dagoela.

Zientzialariok fenomeno naturalak neurtzea maite dugu. Momentuz, ez dirudi giza izaera neurtu ahal denik, baina esparru horretarako ideiaren bat ekar dezakegu.

giza izaera1. irudia: momentuz, ez dirudi giza izaera neurtu ahal denik, baina esparru horretarako ideiaren bat ekar dezakegu. (Argazkia: Jake Nackos – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)Uhin ekuazioa

Matematikariek, fisikariek eta bestelako zientzialariek uhinen fenomenoa matematikoki modelatu ahal izan zuten zientziaren historian zehar. Urmael batera harri bat botatzean edo musika instrumentu bat jotzean hautematen diren uhin mekanikoak azaltzeari esker, XVIII. mendean neurtutako uhinak oso ondo deskribatzen zituen deribatu partzialetako ekuazio diferentzial bat ezarri ahal izan zen. XIX. mendearen erdialdean, J.C. Maxwellen elektromagnetismoaren ekuazioek uhin elektromagnetikoen existentziaren iragarpena barne hartu zuten, ordura arte inork neurtu ez zituen entitate harrigarriak. Gutxi geroago, H. Hertzek bere laborategian ikusi zuen Maxwellen ekuazioetatik deduzitu daitekeen uhin ekuazioari jarraitzen zioten uhin elektromagnetiko horiek benetan existitzen zirela.

1926an, E. Schrödingerrek bere uhin ekuazioa proposatu zuen. Horren soluzioak zenbait partikularen egoera kuantikoa deskribatzea ahalbidetzen du. Eta bi urte geroago, P. Diracek mekanika kuantikoa erlatibitate bereziarekin uztartzeko gai zen lehendabiziko uhin ekuazioa plazaratu zuen. Beste alde batetik, A. Einsteinen erlatibitate orokorrak uhin grabitazionalen existentzia iragarri zuen. Uhin horiek 2015eko irailean neurtu ziren zuzenean lehen aldiz, LIGO nazioarteko esperimentuaren bidez; esperimentu hori XXI. mendearen lehen laurdenean egindakoen arteko zirraragarrienetarikoa da.

Fasoreak

1748an Berlinen egon zen garaian, L. Eulerrek bere obra garrantzitsuenetako bat argitaratu zuen: “Introductio in analysin infinitorum”. Matematikariak ekarpen handiak egin zituen analisi matematikoaren esparruan, baina oraingo honetan VII. kapituluan jarriko dugu arreta (“De quantitatibus transcendentibus ex Circulo ortis”), non Eulerrek, ia magikoki, Zirkuluaren “kantitate garrantzitsuak” ateratzen baititu. Esponentzial konplexuari buruz ari gara, zientzia eta ingeniaritza guztietarako formularik famatu eta erabilgarriena. Gainera, angelu laurako kasu partikularrean adierazita, Eulerren ekuaziorik ederrena da: eiπ+1=0.

Eulerren formula erabiltzean zirkulu baten edozein angelutarako, zenbaki konplexuak grafikoki adieraz ditzakegu fase bektoreen bidez. Bi lexemak batuta, entitate horiek fasore izendatzen dira. Uhin ekuazio guztietan erabiltzen dira zenbaki konplexuak eta Eulerren esponentzial konplexua uhinak definitzen dituzten magnitudeak karakterizatzeko: anplitudea, maiztasuna, eta esku artean daukagun kasuari lotuta, fasea.

Ikuspegien arteko gatazka

Lecturas y Conjeturas” izeneko blogean, J.I. Pérez Iglesiasek 2024ko maiatzean argitaratu zuen erreseina bikain eta oso ilustratibo bat [1] Thomas Sowell ekonomialariak bere liburu ezin interesgarriagoan [2] deskribatzen zuen giza ikuspegien arteko gatazkari buruz. Giza izaerari buruzko azterlan horrek pertsonen alde ideologikoak deskribatzen saiatzen da. Arazo oso zaila baina zoragarria da, “progresismo” edo “konserbadurismo”, “ezker” edo “eskuin”, “sozial” edo “indibidual” izendatzen dugunaren arteko aldeen atzeko arrazoiei buruz eztabaidatzeko. Sowellek oso oinarri sendoak aurkezten ditu gaiaren hondoari buruz.

Haren azalpenak osatu gabe badaude ere, eta teorema matematiko bat ez den arren, Sowellen giza izaeraren tratamendu zientifikoa bikaina da, eta hari esker giza ideologia sailkatzeko nolabaiteko aukera bat izan dezakegu, baita gure kontraesanetako batzuk azaltzen saiatzekoa ere.

Giza izaeraren eskala

Oraindik ez gara gai giza izaera neurtzeko, baina nolabaiteko neurketa eskala bat ezar dezakegu Sowellen ideietako batzuk erabilita. Plano konplexua eta Eulerren zirkulua hartu eta azken hori birbideratzen badugu, koherente bihur ditzakegu fasore sinple baten adierazpenak gure lengoaia arruntarekin giza ideologiak deskribatzean.

Irudian ikuspegien arteko eztabaida ordenatzeko modu bat aurkezten dugu, Steven Pinker psikologoaren termino argiago batzuen laguntzarekin. Pinkerrek nahiago du ikuspegi “tragikoa” vs “utopikoa” erabiltzea, Sowellen izendapen ez hain ilustratiboaren ordez (“mugatua” vs “mugatu gabea”).

Irudiaren goialdetik hasten bagara (0º), ideologia zentral, moderatu eta humanista batean gaude, non kontziente garen gure gizarteak nolabaiteko merkatua eta inposizioa behar dituela. Merkatuaren liberalizazioaren eta zergak jaistearen aldekoak bagara, eskuinetara joango gara (>0º). Eta, aitzitik, merkatua are gehiago erregulatzea nahi badugu eta zerga sistemaren aldekoak bagara, ezkerretara joango gara (<0º).

Argi eta garbi, +90º neurrian ikuspegi tragikoa daukagu, kontserbadore, eskuineko edo ikuspegi indibidual gisa ere ezagutzen duguna. Eta -90º neurrian, aldiz, utopikoa litzateke, progresista, ezkerrekoa edo ikuspegi sozialekoa.

Eta neurria irudiaren behealdera eramaten badugu, +180º edo -180º neurrietatik gertu, muturrekoak izango gara. Eta eremu horretan izaera tragikoa edo utopikoa desagertzen da, eta ideologia bakar bat dago: autoritarioa, biolentoa, irrazionala eta antidemokratikoa. Eulerren formulak adierazten digu, ondore guztietarako, oszilagailu batean, +180º edo -180º (+π, -π) fasea berbera dela.

giza izaera2. irudia: giza ikuspegien eskala posiblea. Ohartu “giza izaeraren neurgailu” horren gezi adierazlea fase bektore (fasore) bat dela.

Ez daukagu baliabide zehatzik pertsonen izaera neurtzeko, baina geure neurrian bertan zarata maila jakin bat badago ere, geure buruarekin zintzoak baldin bagara, gure neurgailuaren seinale/zarata maila nahikoa izan daiteke zirkuluaren sektore batean kokatzeko.

Joera ideologiko baten aldekoak baldin bagara, aurkako estremismoa era bortitzean kritika dezakegu, baina batzuetan geure estremismoa bera justifikatzen edo ulertzen dugu. Eta hori gizakion kontraesan oso ohikoa da; baina gogoratu bi ikuspegiak, muturrekoak badira, gatazkatik kanpo daudela, berbera baitira.

Iturriak:

[1] Pérez Iglesias, Juan Ignacio (2024). Dos visiones en conflicto de la naturaleza humana. Substack.

[2] Sowell, Thomas (2007). A conflict of visions. Basic Books ISBN: 978-0465004669

Egileaz:

Víctor Etxebarria Ecenarro Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan diplomatutako luthierra da, eta Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 5ean: Naturaleza humana con números complejos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Giza izaera zenbaki konplexuen bidez appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Berun bidezko kutsadurarik zaharrena aurkitu dute

Mar, 2025/03/25 - 09:00

Egeo itsasoan topatu duten kutsadura hau duela 5.200 urtekoa bada ere, erromatarrek Grezia konkistatu zutenean bereziki handitu zen ingurumenera botatako beruna, orain dela urte 2.150 inguru.

Zer egin dute ba erromatarrek gure alde? Life of Brian film ospetsuko pasarte ezagunetako bat da, seguruenera errealitate zurrun bat agerian uzten duelako: hein handi batean gure zibilizazioaren hainbat oinarri Erromak jarri zituen. Bada, zerrenda horri beste ekarpen bat gehitu dakioke, baina, oraingoan, ez dirudi ospatzeko moduko zerbait denik: berun bidezko kutsaduraz ari gara.

Berun1. irudia: METEOR ikerketa ontziarekin Egeo itsasoko sedimentu nukleoak eskuratu dituzte. Horri esker, gizakien jarduera ekonomikoak ekosistemetan izan zuen eragina berreraiki dute. (Argazkia: Studgeogr – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Egiari zor, eta gauza gehienetan bezala, berez fenomenoaren agerpena aurretikoa izango da seguruenera, baina erromatarrek beste maila batera eraman zuten. Oro har, prozesu hori zibilizazioen garapenarekin batera indartu zen Mediterraneoaren ekialdean giza jarduerak izandako inpaktua aztertu duen Heidelbergeko unibertsitateko (Alemania) ikertzaile talde bat garapen hori berreraikitzen ahalegindu da. Hala, Egeo itsasoan eta inguruko kostetan hartutako sedimentuen analisiek erakutsi dute gizakiak duela 5.200 urte hasi zirela ingurumena kutsatzen berunarekin, Communications Earth & Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez.

Orain arte berunagatiko kutsadura zaharrena Balkanetako penintsulan aurkitutako aztarnak ziren, duela 4.000 urte inguru Crveni Potok izeneko aztarnategian aurkitutakoak. Hortaz, neurketa berriek milurteko bat atzeratu dituzte atzemandako lehen aztarnak. Garai urrun horretatik poluitzaileen arrastoak aurkitu dituzten arren, kutsadura handiena duela 2.150 gertatu zela ondorioztatu dute. Eta hemen sartzen dira tartean, noski, erromatarrak. Izan ere, Kristo aurreko 146. urtean izandako Korintoko batailaren ondoren gailendu ziren erromatarrak greziarren aurrean, eta, handik aurrera, Grezia konkistatzaile berrien eskuetan geratu zen. Erromatarren iristearekin batera, berun kutsadura asko handitu zen, garai horretan metalen ustiapenak gorakada nabarmena izan zuelako, eta gauza bera gertatu zen nekazaritzaren zabalpenarekin eta deforestazioarekin. Ondorengo Bizantziar Inperioan ere atzeman dute poluitzaileen aztarna.

Ondorio hauetara iristeko itsas hondoan eta Tenaghi Philippon (Grezia iparraldean) izeneko zohikaztegian pilatutako sedimentuak ikertu dituzte. Modu horretan, Egeo itsasoaren ekialdean iraganean zegoen kutsaduraren gaineko informazioa eskuratu ahal izan dute. Horrez gain, polen analisiak egin dituzte landarediaren aldaketak aztertzeko, eta erradiokarbono bidezko datazioak ere erabili dituzte kronologia zehazteko. Horiekin guztiekin historia klimatikoa berreraiki dute.

Metalei dagokienez, urrea, zilarra eta beste hainbat metal erauzi eta landu zituzten, besteak beste, txanponak ekoizteko. Andreas Koutsodendris ikertzailearen esanetan, “zilarraren ekoizpenean beruna askatzen denez, besteak beste, ingurumenean gertatu zen metal astun honen kontzentrazioen gorakada aldaketa sozioekonomiko handi baten adierazle da”. Ikusi dute, oro har, ordura arte gizakiaren eragina lokala zela, baina, handik aurrera, eskala handiago batera pasa zela.

Berun2. irudia: Egeo itsasoan bildutako 14 laginetan oinarritu dute ikerketa, berun eta polen aztarnen analisian abiatuta. (Argazkia: Koutsodendris, Andreas; et. al (2025) Communications Earth & Environment)

Polenaren azterketari esker, ikusi ahal izan dute eremu geografiko hori nola aldatu zen duela 5.000 eta 2.000 urte artean. Izan ere, garai horren bueltan, berun kontzentrazioetan ez ezik, landaredian ere aldaketak atzeman dituzte. Aldaketa nagusienak lautadetako basoetan gertatu ziren, horiek murriztu zirenean. Modu berean, nekazaritzaren zabalpenaren berri izan dute, batez ere olibondoen eta mahatsondoen laboreak handitu zirelako zantzuak aurkitu dituztelako polenetan.

Emaitzen arabera, deforestazio handia gertatu zela ondorioztatu dute. Hau bereziki bi faktoreri lotuta dago: nekazaritzaren gorakadari, eta, beste behin, meatzaritzaren zabalpenari. Izan ere, gero eta lur gehiago bideratu ziren laboreak jartzera, eta horrek basoen murrizketa ekarri zuen. Baina, modu berean, metalak lurretik ateratzeko eta gero horiek funditzeko egur asko erabili behar izan zuten, deforestazioaren arazoa handituz.

Prentsa ohar batean Jörg Pross irakasleak nabarmendu du berun bidezko kutsaduraren eta landarediaren garapenaren gaineko datuek erakusten dutela “zehazki noiz gertatu zen nekazaritza gizarte baten eta moneta gizarte baten arteko trantsizioa, eta nola eragin zion ingurumenari”.

Berunaren kontzentrazioa neurtzeko, X izpien fluoreszentzia (XRF) eta masa espektrometria (ICP-MS motakoa) erabili dituzte. Orotara, hamalau sedimentu nukleo jaso eta aztertu dituzte. Itsasoko sedimentuen kasuan, Meteor eta Aegaeo itsasontzi ozeanografikoekin 2001 eta 2021 bitartean hartutako laginetan oinarritu dute ikerketa, baina kostaldeko lurretan ere jaso dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Koutsodendris, Andreas; Maran, Joseph; Kotthoff, Ulrich; Lippold, Jörg; Knipping, Maria; Friedrich, Oliver; Gerdes, Axel; Kaboth-Bahr, Stefanie; Bahr, André; Schulz, Hartmut; Sakellariou, Dimitris; Pross, Jörg (2025). Societal changes in Ancient Greece impacted terrestrial and marine environments. Communications Earth & Environment, 6, 25. DOI: 10.1038/s43247-024-01921-7

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Berun bidezko kutsadurarik zaharrena aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean

Lun, 2025/03/24 - 09:00

UPV/EHUko Life Cycle Thinking ikerketa-taldeak Ekuadorreko bi bloketatik ateratako petrolioaren eraginak aztertu ditu, eta ondorioztatu du diru-sarreren % 21 geratzen dela bertan. Ikerketak azalarazi duenez, onura ekonomikoen gehiengoa kanpora joan arren, batez beste, ingurumen inpaktuen % 19,6 Amazoniak sufritzen du. Bestalde, erauzketen ondorioz indigena-komunitateetan kultura-eraldaketak gertatu direla antzeman du azterketak.

Egindako ikerketak erakutsi du Yasuni Parke Nazionaleko 16. eta 67. blokeetako petroliotik sortutako diruaren % 79 herrialde aberastuetara doala: % 20 erauzketa-enpresek irabazten dute; % 21 findegiek zein banaketa-bitartekariek; eta % 38 Espainiako Gobernuak, zergen bidez. “Baliabidearen jatorrizko herrialdean, Ekuadorren, diru-sarreren  % 21 soilik geratzeak agerian uzten du onuren eta kalteen banaketa ez dela ekitatiboa. Gure ikerketak zenbakitara ekarri du petrolioaren ustiapenak ipar eta hego globalean dituen ekonomia- eta ingurumen-inpaktuen banaketa desorekatua”, azaldu du Ortzi Akizuk, lanaren ikertzaileetako bat.

petrolioarenIrudia: 16. eta 67. blokeetako petrolio gordina erauzteko eta garraiatzeko prozesuak eta lekuak. (Iturria: Eugenio, C. et. al.)

Izan ere, ez diote irabazi ekonomikoei bakarrik erreparatu. Ekuadorreko bi putzu horien 24 urteko ustiapenaren aztarna ekologikoa ere neurtu dute, eta ondorioztatu dute, batez beste, produkzioak eta kontsumoak eragiten dituzten ingurumen-inpaktuen % 19,6 zuzenean Amazoniak berak pairatzen dituela.

Emaitza horiek lortzeko, petrolioaren bizi-zikloaren analisia erabili dute UPV/EHUko ikertzaileek. Bereziki, ibilgailu pribatuetako erregai modura erabiltzen dugunean sortzen den karbono-aztarna neurtu dute. Hau da, Yasuni Parke Nazionaleko bi bloke horietatik petrolioa erauzten den unetik, findegietara garraiatu, bertan tratatu, gasolindegietara banatu eta autoetako ihes-hoditik irten arte sortzen diren CO2-emisioak kuantifikatu dituzte. Emaitzen arabera, isurien % 38,7 zuzenean ibilgailuek motorra martxan mantentzearen ondorioz eragiten dira; % 37,1 ibilgailua eta azpiegiturak eraikitzerakoan; eta % 24,3 erauzketa-, fintze- eta banaketa-lanetan.

Akizuk, datu hauen bidez, azken kontsumitzaileen kontzientzia piztea nahiko luke: “Agerian geratzen da gidarien erantzukizuna handia dela. Askotan ihes-hoditik irteten den CO2-ari bakarrik begiratzen diogu, baina ohartu behar dugu gidatzeko ekintzaren ingurumen-aztarna luzeagoa dela eta beste herrialde batzuetan ere sortzen direla kalteak. Ez gara enpresa pribatuek eta gobernuek sortutako eredu energetikoen arduradunak, baina aldaketarako agente izan gaitezke”.

Inpaktu soziala indigena-komunitateetan

Ingurumenean izandako eraginaz gain, Yasuni Parke Nazionaleko erauzketek tokiko talde indigenengan duten inpaktu soziala ere aztertu du UPV/EHUko ikerketak. Waorani etniako taldeen buruzagiekin elkartu dira eta zenbait kultura-eraldaketa antzeman dituzte. Besteak beste, menpekotasun ekonomikoa eta zenbait ohituren galera. Bestalde, ondorioztatu dute Amazonian petrolioa ustiatzeak alkoholismoaren agerpena eta genero-biolentziaren gorakada ekarri duela. “Baina azterketa egiterakoan ikusi dugunez, enpresek eta gobernuek, ez dituzte kuantifikatzen kalte sozial horiek. Ezta ingurumenari dagozkionak ere. Apropos egiten dute, eraginak ez neurtzeak inpaktuak egiten jarraitzeko aukera ematen duelako eta kuantifikatu gabeko kalteen konpentsazio arbitrarioa ahalbidetzen duelako”, argitu du Akizuk.

Ikerketak ekarpena egin du eraginak ezagutzeko lehen urrats horretan, baina egileak azpimarratu du pauso gehiago eman behar direla. Esaterako, proposatzen du gasolindegietan petrolioaren jatorria jartzen hastea: “Erosten dugun fruta nongoa den galdetzera ohitu garen bezala eta bertako sagarrengatik bikoitza ordaintzeko prest gauden bezala, begira dezagun ibilgailuei botatzen diegun erregaia nondik datorren eta zer modutan produzitzen den. Euskal gizarteak badauka egungo eredu energetikoan aldaketak sortzeko potentziala”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Eugenio, Cinta; Montoya-Torres, Jacid; Akizu-Gardoki, Ortzi; Urkidi, Leire; Villalba-Eguiluz, Unai; Larrea, Carlos; Pappuccio, Sylvia; Calle-Calderón, Angélica; Quirola, Dania. Environmental impacts of oil extraction in blocks 16 and 67 of the Yasuní Reserve in the Amazonian Forest: Combined qualitative and Life-Cycle Assessment. Science of The Total Environment, 950. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2024.175189

The post Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #525

Dom, 2025/03/23 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

egurrezkoArgazkia: Alarde Bizkaiko Dantzak – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.comFisika

Innsbruckeko Unibertsitateko ikertzaileek supersolidoen zurrunbilo kuantikoak behatu dituzte lehen aldiz eta Nature aldizkarian argitaratu dute bere lana. Supersolidoak aldi berean solido eta superfluido diren materiaren fase paradoxikoak dira. Esperimentuak materia kondentsatuaren eta neutroi izarren barne-egituraren ulermena hobetzeko balio du. Ikertzaileek eremu magnetikoak eta hozte teknikak erabili dituzte tornado txiki kuantikoak sortzeko eta haien portaera aztertzeko. Aurkikuntzak pulsarretan gertatzen diren akats teknikoak azaltzeko balio ere balio du, eta materiaren fase exotikoen ikerketa sakontzen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

UPV/EHUko, Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko (CNRS) eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek Irati oihaneko liken eta goroldioetan kutsatzaile organiko iraunkorrak (PAH, PCB eta OCP) detektatu dituzte. Kutsaduraren jatorria hiriguneetako emisioak, nekazaritza-errekuntzak eta iraganeko pestizida eta isolatzaile elektrikoak dira. PAHen kontzentrazioa nabarmena da, eta kutsatzaile horiek atmosferaren bidez urrunera garraiatzen dira. Nahiz eta balioak ez diren alarmagarriak, toxikotasuna dela eta, ikertzaileek bilakaera gertutik jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, ingurune babestu eta garbia den Iratin kutsadura metatzea saihesteko. Informazioa Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Berriki argitaratutako ikerketa batek artsenikoaren bizi-zikloa aztertu du, Pic du Midi-ko ikerketa zentroko laino- eta euri-laginak baliatuz, kutsadura-iturriak identifikatzeko. Emaitzek erakusten dutenez, jarduera antropozentrikoetan igorritako konposatu kimikoak atmosferara heltzen dira −zuzenean giza ekintzen emisioen bidez ez bada ere − landare, onddo, bakterio, alga eta gainerako izakietan gertatzen diren zenbait transformazio kimiko prozesuen ondorioz. Iberiar penintsulak eta Frantziak ozeano Atlantikoak eta itsaso Mediterraneoak baino artseniko lurrunkor kopuru handiagoak igortzen dituztela aurkitu dute. Azterlanak erakusten du artsenikoaren ziklo globalaren azterketan iturri naturalak kontuan hartu behar direla hemendik aurrera. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Mikrobiologia

Leartiker Esneki Zentroak GAZTANOLA proiektua abiarazi du egurrezko apalek gazten ontze-prozesuan dituzten onurak aztertzeko. Egurrezko apalek hezetasuna erregulatzeko eta mikroorganismo onuragarrien biofilma sortzeko gaitasuna dute, gazten ezaugarri organoleptikoak hobetuz. Ikerketaren arabera, egurrezko apalek errendimendu hobea eta segurtasun mikrobiologikoa bermatzen dute, Listeria monocytogenes bakterio patogenoa haztea eragozten baitu. Euskadiko gaztandegietan oraindik oso hedatuta ez badago ere, egurrezko apalen erabilera berreskuratzea gaztagintzaren dibertsifikazioan eta kalitatean lagungarria izan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

Otsailean itsas-izotzaren zabalerak minimo historikoa erregistratu zuen; hilabete horretan bataz besteko izotz-zabalera baino % 8 gutxiago zegoen. Copernicus behatoki klimatikoaren arabera, berotze globalaren ondorioz izotzaren urtzea azkartzen ari da, eta horrek klima, ekosistemak eta pertsonak kaltetzen ditu. Izotzak eguzkiaren beroa islatzen duenez, haren galera itsasoko uraren beroketa bizkortzen ari da. Ipar Poloan bataz besteko tenperaturak 11 graduak gainditu ditu. Azalpenak Gara egunkarian.

Munduko glaziarrak, baita Pirinioetakoak ere, azkar ari dira desagertzen. 2023an, munduko eskualde glaziar guztiek izotz masa galdu zuten lehen aldiz. Pirinioetan, 2016an 22 glaziar bazeuden, baina gaur egun 15 besterik ez dira geratzen, eta gehienak 2030erako desagertuko dira. Glaziarren urtzeak ur horniduran, ekosistemetan eta paisaian eragin handia du. Gainera, luiziak eta uholdeak areagotu ditzake. Unescok 2025a Glaziarren Kontserbaziorako Urte izendatu du, egoera larri honen aurrean kontzientzia sortzeko. Informazio guztia Berrian.

Jasangarritasuna

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) elkarri lotuta daudela, eta batzuek besteak indartu edo oztopa ditzaketela ondorioztatu du Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikerketa batek. Ikerketa horren arabera, munduko herrialde bakar bat ere ez da iritsiko GJH betetzera 2030erako. Ekintza klimatikoa eta kontsumo arduratsua elkar babesten dute, baina egungo sistema ekonomikoak oztopatzen ditu. Pobrezia desagerraraztea, aldiz, sinergikoa da beste helburu gehienekin. Ikerlariek GJHen arteko erlazioak kontuan hartzen dituen ikuspegi berria proposatu dute helburuak modu eraginkorragoan betetzeko. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.

Biomedikuntza

Jaione Auzmendi Iriarte (Lazkao, 1993) Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan doktorea da. BioGipuzkoan garuneko minbizia ikertu ostean, CIC bioGUNEn prostatako minbizi metastasikoan ikertzen ari da, immunitate-sistemaren eta tumoreen arteko harremanak aztertuz. Bere ikerketak makrofagoen eta neutrofiloen eragina tumorearen garapenean ulertzea du helburu. Zientzia-dibulgaziorako hainbat ekimenetan parte hartutakoa da kultura zientifikoa gizartean zabaltzeko. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.

Eboluzioa

Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek giza eboluzioari buruzko ikuspegi berri bat proposatu dute. Cobraa algoritmoa erabiliz, ikusi dute Homo sapiens bi espezie desberdinen ondorengoa dela, duela 300.000 urte hibridatu zirenak. Espezie batek gure genoman % 80ko arrastoa utzi zuen, eta besteak, % 20koa (azken honek, batez ere garunaren funtzioekin lotutako geneetan). Ikerketak iradokitzen du gure arbasoek arbaso komun bat zutela duela 1,5 milioi urte. Nature Genetics aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

James Webb espazio-teleskopioak lehen aldiz detektatu du karbono dioxidoa eguzki-sistematik kanpoko planeta batean, HR 8799 sisteman. Lurretik 130 argi-urtera dagoen sistema horretan lau planeta erraldoi daude, eta haien atmosferan CO₂ eta beste elementu astunak (karbonoa, oxigenoa, burdina) aurkitu dituzte. Horrek iradokitzen du planetak Jupiterren eta Saturnoren antzera sortu zirela, nukleoen akrezioz (nukleo solidoen metaketa geldoaren bidez). Aurkikuntzak erakusten du James Webb teleskopioa gai dela exoplaneten atmosferak zuzenean aztertzeko. Ikerketa The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Geometria, konbinatoria eta topologia erabil daitezke euskal dantzetako mugimenduak eta kokapena deskribatzeko. Dantzarien mugimenduak eta posizioak irudi geometrikoetan antolatzen dira, hala nola zirkunferentzietan, laukizuzenetan eta poligonoetan. Musikaren erritmoa zatikiekin adierazten da (adibidez, 2/4 arin-arinean, 5/8 zortzikoan). Konbinatoriak dantzarien posizio-aldaketak modelizatzen ditu, eta txirikorden teoriak zinta dantzako mugimenduak azaltzen ditu. Matematikaren bidez, dantzaren edertasuna eta egitura hobeto uler daitezke, baita dantzen bidez kontzeptu matematikoak modu bisual eta praktikoan irakatsi ere. Informazioa Berrian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #525 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #532

Sáb, 2025/03/22 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Gizakiok geure burua deuseztatzera kondenatuta gaude. Edo antzeko zerbait. TILKUT bineta bat: Humans

humans

Bizitzaren sorrerarako, ez ziren tximista izugarriak beharrezkoak izan molekulak sortzeko. Miller-Ureyren esperimentu berrikusia.  ‘Microlightning’ in water droplets, a twist in the Miller-Urey experiment

Atapuercak harritzen jarraitzen du. Maria Martinon Torresen Western Europe’s oldest human face discovered in Spain

DIPCko jendeak X izpien fluoreszentzia erabiltzen du zelulen biofisikaren eta biokimikaren inguruko puntako ikerketetan. Bi adibide bikain X-ray fluorescence imaging, a pivotal tool in modern biological research

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #532 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Eta erreaktore nuklear baten igerilekuan murgilduko bagina?

Vie, 2025/03/21 - 09:00

Jacuzzi batean bezala egongo ginateke. Gutxi gorabehera.

Erreaktore nuklearren igerilekuen hondoan biltegiratzen da erreaktoreak erabilitako erregai guztia, normalean uranioa edo plutonioa. Erradioaktibitatearen ondorioz, igerilekua bero dago; 30-50ºC artean. Horregatik izango litzateke jacuzzi batean egotearen antzekoa.

Eta, hala ez badirudi ere, ez da hain ideia txarra erreaktore nuklearreko igerilekuan sartzea, azaletik gertu geratuta, betiere. Izan ere, altuagoa da erradiazioa kanpoan, ur azalean baino.

Igerilekuaren hondoa oso inguru erradiaktiboa eta arriskutsua da. Hondotik 2-3 metrotara, ostera, eremu segurua izango litzateke, ura ezkutu bikaina baita: 7 cm bakoitzeko, erdira murrizten da erradiazio dosia.

Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.

The post Eta erreaktore nuklear baten igerilekuan murgilduko bagina? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kointzidentzien jokoaren azterketa bat

Jue, 2025/03/20 - 09:00

Kointzidentzia-karten jokoa Pierre Rémond de Montmortek (1678-1719) enuntziatu zuen lehen aldiz 1708an, Jeu du Treize izenarekin. Karta frantsesekin jokatzen da, 4 koloretako 13 kartarekin (52 karta).

Jokalari kopurua nahi den edozein da, eta batek eskuarena egiten du. Eskuak, kartak zoriz nahastu ondoren, bata bestearen ondotik botatzen ditu ‘bat’ izendatuz eta ahoskatuz lehen karta botatzen duenean, ‘bi’ bigarren karta botatzen duenean, ‘hiru’ hirugarrena botatzen duenean, eta horrela ‘erregea’ den hamahirugarreneraino. Orduan, karta-segida honetan guztian ez badu bat bera ere bota izendatu dituen mailaren arabera, jokalari bakoitzari mahai-jokoan jarri duena ordaintzen dio. Baina hamahiru karta horien segidan, adibidez, ‘bat’ izendatzen duenean bateko bat botatzen badu eskuak, edo biko bat ‘bi’ izendatzen duen unean, edo hiruko bat ‘hiru’ izendatzen duen unean, eta abar, mahai-jokoan dagoen guztia hartzen du.

jokoaIrudia: kointzidentzia-karten jokoa Pierre Rémond de Montmortek enuntziatu zuen lehen aldiz 1708an. Karta frantsesekin jokatzen da, 4 koloretako 13 kartarekin (52 karta). (Argazkia: Nhu Tran – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Jokoa matematikoki aztertzearren, edozein jokalari kopuru bat baino, bi jokalari besterik ez dira hartzen kontuan: A (eskua) eta B (beste jokalaria). Gainera, eskuak 1etik  n-ra zenbakituak dauden n karta, gehienez, botatzen ditu, 13 karta bota ordez. Jokoa ebaztea galdera honi erantzuna ematea da: zein da jokalari bakoitzak duen irabazteko probabilitatea?

Erantzuna da A jokalariak irabazteko 0.6321 probabilitatea duela, eta B jokalariak 0.3679.

Matematikari askok egin diote aurre problema honi, eta ohikoa bihurtu da probabilitate-kalkuluaren testuetan. Jokoaren ebazpena konbinatorian eta probabilitate-kalkuluan dago oinarrituta. Idazlan honetan testu horietan azaltzen den soluziobideaz gain, beste bi soluziobide ematen dira, eta bakoitzaren ezaugarriak adierazten.

Lehendabizikoa simulazio-prozesu bat da. Probabilitate-kalkulua ezagutu gabe, baina programatzeko gaitasuna izanda, erantzun bat eman dakioke galderari, praktikoki nahi bezain zehatza. Konputagailu baten bitartez n tamainako hainbat permutazio (N)  sortzen dira zori hutsez (n tamainako permutazio guztiek gertatzeko probabilitate berdina izanda), eta horietako bakoitzean kointzidentzia kopurua zenbatzen da. Bilatutako probabilitateak kointzidentzia kopuruaren maiztasunen bidez zenbatesten dira.

Bigarrena behaketa-prozesu bat da. n bakoitzerako permutazio guztiak sortzen dira, eta horietako bakoitzean kointzidentzia kopurua (k) zenbatzen da (honetarako ere, n txikia ez denean, konputagailu bat eta programa informatiko bat ezinbestekoak dira). Horrela osatzen da T(n,k) izeneko taula bat. Taulari begira, zenbakien arteko zenbait erlazio behatzen dira, galderari erantzun bat ematen diotenak.

T(n,k) kointzidentzien taula

Hirugarrena, konbinatoriako barneratze-kanporatze erregela delakoan oinarritutako bide analitikoa da. Hauxe da probabilitate-kalkuluari buruzko ohiko testuetan azaltzen den arrazoibidea.

Lehenengo bi soluziobideak matematika esperimentalari dagozkio, eta emaitzak indukzioz lortu dira. Biak dira ibiltzeko errazak, eta beren ahalmenak adierazten ditut. Idazlan honen ikuspegi nagusia osatzen dute.

Idazlana bukatzeko hiru soluziobideei buruzko zenbait iruzkin azaltzen ditut. Alde batetik, esperimentazioaren bitartez lortutako zenbait formulen egiazkotasuna azaltzen dut konbinatoriaren arrazoibidea erabiliz. Bestetik, hiru soluziobideen arteko loturak aztertzen ditut.

Bukatzeko, emaitzak lortzeko bideen inguruko zenbait iruzkin egiten ditut. Konputagailuen bitartez lortutako  emaitzak (enpirikoak, nolabait esateko) ez daude matematikoki frogatuta, baina simulazioaren emaitzak bi jokalariek duten irabazteko probabilitateak iradokitzen ditu, eta taularen behaketek formula sakon pare bat iradokitzen dute. Begien aurrean irudi bat edo formula bat edukita, modu esperimentalean bada ere, adierazpen konbinatorio bat ematea ez da oso zaila izaten (nahikoa izaten da formula hausnartzearekin), baina beste gauza  bat da hasieratik arrazoibide konbinatorio bat soilik erabiliz formula batera iristea. Horretan datza da esperimentazioaren indarra.

Matematiketan esperimentalki jokatzea ohikoa da, baina testu akademiko gehienetan ez da inoiz alderdi hau erakusten (asmatze prozesua ezkutatua izan ohi da). Halako testuetan, Euklides-en bideari jarraiki, lortutako erlazioen egia dedukzioz frogatu behar da, erakutsi gabe nola bururatu den erlazioa. Matematiketan bi alderdiak dira beharrezkoak, induktiboa eta deduktiboa.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Kointzidentzien jokoaren azterketa bat
  • Laburpena: Kointzidentzien jokoa lehendabizikoz Pierre Rémond de Montmort-ek (1678-1719) enuntziatu zuen 1708an ‘Jeu du Treize’ izenarekin. Jokoaren ebazpena konbinatorian eta probabilitate-kalkuluan dago oinarrituta. Idazlan honetan hiru soluziobide ematen dira, eta bakoitzaren ezaugarriak adierazten. Lehenengo biak matematika esperimentalei dagozkie.
  • Egilea: Yosu Yurramendi Mendizabal
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 109-128
  • DOI: 10.1387/ekaia.25706
Egileaz:

Yosu Yurramendi Mendizabal UPV/EHUko Informatika fakultateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

jokoa

The post Kointzidentzien jokoaren azterketa bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kutsadura atmosferikoaren ibilbidea marrazten

Mié, 2025/03/19 - 09:00

Arnasten dugun airean aurkitu ditzakegun substantzia kimiko kaltegarriak giza ekintzek zuzenean igorritako konposatu kimikoen ondorioa direla pentsa dezakegu askotan. Hala ere, gehienetan, emisioaren ondorioz suertatzen diren ondorengo erreakzio fisiko-kimikoak dira kutsatzaileen lurrunkor eta kaltegarrien sortzaile. Berriki argitaratutako artikulu batean artsenikoaren bizi-zikloa ikertu dute emisio-iturriak aurkitzeko. Ikerketarako, urteetan zehar atmosfera askean −Pic du Midi-n− jasotako euri- eta laino-laginak erabili dituzte. Emaitzek erakusten dutenez, jarduera antropozentrikoetan igorritako konposatu kimikoak atmosferara heltzen dira −zuzenean giza ekintzen emisioen bidez ez bada ere − landare, onddo, bakterio, alga eta gainerako izakietan gertatzen diren zenbait transformazio kimiko prozesuen ondorioz.

Jakina da artsenikoak 4-5 eguneko biziraupena duela airean, euri tanten edo hezetasunaren ondorioz lurrazalera erori baino lehen1. Beraz, ingurune kaltetuak aztertzeko orduan, ezinbestekoa da kontuan hartzea artsenikoa, tokian bertan igorritako kutsatzaile atmosferikoa ez ezik, urruneko iturrietatik igorritako kutsatzailea izan daitekeela. Ildo horretatik, ETH Zurich-eko suitzar ikertzaileek, Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikuluan, artsenikoak zeruan jarraitzen duen ibilbidea marraztu dute laino- eta euri-laginak aztertuz2. Ikerketaren helburu nagusia da artsenikoaren iturri potentzialak aurkitzea kutsatzaileen eboluzio-, garraio- eta deposizio-prozesuak iragarriz.

artseniko1. irudia: Pic du Midi-ko ikerketa zentroa. Irudiaren ezkerraldean laginketa tresna. (Iturria: Esther Breuninger-ETH Zurich)

Gure planetaren atmosfera nitrogenoz, oxigenoz, argonez eta karbono dioxidoz dago ia guztiz osaturik. Hala ere, kontzentrazio txikietan, bestelako gasak ere aurki daitezke. Horietako bat da artsenikoa, zeinetatik, ikerketen arabera, 31 tona inguruk orbitatzen dute lurra. Elementu hau gehienetan egoera inorganikoko hauts fin eran agertzen den arren, gas fasean dagoen artseniko metiliko eran ere agertzen da.

Artsenikoa elementu toxikoa dela badakigu, baina, ETH Zurich-eko Lenny Winkel irakaslearen arabera, toxikotasun horrek nahastearekin du zerikusia. Izan ere, taula periodikoan artsenikoa fosforoaren azpian agertzen da, eta zelulak ez dira beti gai bi elementuak bereizteko. Hala ere, zientzialariak ingurumenerako eta gizakientzako arriskurik ez dagoela azaltzen du; hain zuzen ere, dioenez “atmosferan dugun kontzentrazioa oso murritza da, litroko 2 nanogramo artseniko besterik ez dugu aurkitu”. Gainera, kontzentrazio hauek neurtzeko, detekzio-metodoak hobetu behar izan zituzten, eta, ondorioz, “orain dugun neurketa-muga aurreko metodoetan lortutakoa baino hogei aldiz txikiagoa da”.

Inguru garaiko laginketa Pic du Midi-n (2877m)

Troposfera askeko baldintzak, hau da, kutsadura lokalik gabeko baldintzak bilatzeko asmoz, ikertaldeak laginketa-kanpaina zabala egin zuen Frantziako Pirinioetan kokatutako ikerketa-zentroa garaian. Ikerketarako, bost urtez jasotako aerosol-laginak aztertzeaz gain, hilabete batez jasotako laino- eta euri-laginak ere ikertu zituzten.

Zientzialariek lainoetan euri tantetan baino bi aldiz kutsatzaile gehiago dagoela aurkitu zuten eta, euri tantak aztertzean, artseniko mota ugari aurkitu zituzten. Gainera, lortutako emaitzak erabiliz, aire-masen mugimenduak aztertzen dituen eredu konplexu bat garatu zuten kutsatzailearen iturri-fokuak identifikatzeko. Horrela, adibidez lagin batek sodio edo karbono organiko ugari erakusten bazuen, ikertzaileek ondorioztatu zezaketen artsenikoa Pirinioetarako bidean nahastu egin zela itsasoko sodio kloruroarekin (gatzarekin) edo lurreko jarduerek igorritako karbonoarekin.

artseniko2. irudia: itsasoko eta lurreko artseniko ekarpenak atmosferako aire fluxuei2. (Iturria: ETH Zurich / Nature Communications)

Kutsatzaileen iturri-fokuak konparatzean, Iberiar penintsulak eta Frantziak ozeano Atlantikoak eta itsaso Mediterraneoak baino artseniko lurrunkor kopuru handiagoak igortzen dituztela aurkitu zuten. Emisio-iturriek, eremu hauetan jorratzen diren giza ekintzen ondorio dira, eta, horrez gain,  lotura handia dute kostaldeekin. Izan ere, ikerketaren arabera, esparru hauetan kokatutako algek xurgatzen duten artseniko inorganikoa erredukzio-erreakzioen bitartez eraldatu eta igortzen dute atmosferara.

Prozesu biologikoen garrantzia

Laginak aztertzean, artseniko inorganikoaz gain metilikoa ere aurkitu zuten, eta aurkikuntza honek informazio gehiago eskaini zien artsenikoaren jatorriaren inguruan. Molekula kimiko hau (artseniko metilikoa) alga, onddo, landare edo bakterioen defentsa-sistemak sortzen du artseniko inorganikoa xurgatu eta isurtzean. “Orain arte meatzaritza eta erregai fosilen ustiapena jotzen ziren artseniko atmosferikoaren iturri nagusitzat, baina lortutako emaitzek frogatu egiten dute kutsatzaileen eboluzioan iturri naturalek duten garrantzia”, azaltzen du ikertzaile nagusiak.

Etorkizunean artsenikoaren ziklo globala aztertzeko erabiliko diren ereduek kontuan izan beharko dute prozesu biologikoen eragina; izan ere, “organismo bizidunek artsenikoak eragindako kutsadura historikoa mugiarazten dute haien metabolismoaren bidez kutsatzailea globalki banatuz”, dio ikertzaileak. Nahiz eta azken hamarkadetan lurrunkorrak diren artsenikoen emisio antropozentriko zuzenak murriztu diren, Pic du Midi-n jasotako datuek argi erakusten dute egungo artseniko atmosferikoa giza ekintzen (meatzaritzan, ikatz-errekuntzan, metalen galdaketan eta herbizidetan) eta prozesu biogenikoen transformazioaren ondorioa dela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Wai, Ka-Ming; Wu, Shiliang; Li, Xueling; Jaffe, Daniel A.; Perry, Kevin D. (2016) Global atmospheric transport and Source-Receptor Relationships for Arsenic. Environ Sci Technol, 50 (2016) 3714–3720. DOI: 10.1021/acs.est.5b05549

Breuninger, Esther S.; Tolu, Julie; Aemisegger, Franziska; Thurnherr, Iris; Bouchet, Sylvayn; Mestrot, Adrien; Ossola, Rachele; McNeill, Kristopher; Tukhmetova, Dariya; Vogl, Jochen; Meermann, Björn; Sonke, Jeroen E.; Winkel, Lenny H. E. (2024). Marine and terrestrial contributions to atmospheric deposition fluxes of methylated arsenic species. Nature Communications, 15, 1–13. DOI: 10.1038/s41467-024-53974-z.

Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

The post Kutsadura atmosferikoaren ibilbidea marrazten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Egurrezko apalek onurak dakartzate gazten ontze-prozesuan

Mar, 2025/03/18 - 09:00

Basque Research & Technology Alliance (BRTA) 17 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroen aliantza bat da. Partzuergo honek Euskadiren etorkizuneko erronka sozioekonomiko globalei aurrea hartzen die, ikerketa eta garapen teknologikoaren bidez erantzuna emanez eta nazioartean proiektatuz. BRTAko zentroek ezagutza sortzen eta ezagutza hori euskal gizarteari eta industriari transferitzen laguntzen dute, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izan daitezen. 

BRTA aliantzak Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du, eta, gaurtik aurrera, BRTA osatzen duten zentroen artikuluak publikatuko dira Zientzia Kaieran euren ikerlanen berri emateko.

Gaztagintzan egurrezko apalak erabili izan dira, tradizioz, gaztak ontzeko. Gaztei hainbat onura ematen dizkieten propietateak dituzte egurrezko apalek, baina zenbait arrazoi direla medio, denborarekin egurra baztertzen joan da Euskadiko gaztandegietan. Gazten ontze-prozesuan egurrezko apalek eskaintzen dituzten abantailak jakitera emateko, 2023an GAZTANOLA ikerketa-proiektua jarri zuen martxan Leartiker Esneki Zentroak.

Gazten elaborazio-prozesua amaitu ondoren, haien  ezaugarri sentsorialak (zapore, usain, ehundura, itxura, etab.) garatzeko, ontze-etapa bat iragan behar dute. Horretarako, gaztari ingurumen-baldintza eta zainketa bereziak ematen zaizkio. Besteak beste, tenperatura eta hezetasun kontrolatua, azalaren garbiketa, buelta ematea, etab., eta horien arabera garatuko ditu gazta bakoitzak bereizgarriak dituen ezaugarri organoleptikoak.

Egurrezko apalek1. irudia: ardi-gazta onduak egurrezko apaletan ontzen. (Iturria: Leartiker)

Egurra oso lagungarria da gazta fintzeko prozesuan. Material porotsua den heinean, hezetasuna kontrolatzen laguntzen du, ingurunean gehiegi dagoenean gordetzen du eta gutxi dagoenean askatzen du. Horri esker, gaztak beharrezkoa duen gutxieneko hezetasuna bermatu daiteke, era egokian osa dadin haren ontze-prozesua. Gainera, gaztek pisu-galera txikiagoa izango dute eta, beraz, handiagoa izango da era zuzenean lortutako etekina.

Bestetik, egurrak baditu beste abantaila batzuk ere: apalen gainazalean mikroorganismo onuragarriez osatutako biofilm bat sortzen da. Pelikula hori osotzen duten mikroorganismoak zein motakoak diren, horren arabera garatuko ditu gazta bakoitzak itxura, zapore, usain eta ehundura bereizgarriak. Egurrezko apalen gainean sortzen den biofilma bakarra izango da gaztandegi bakoitzean eta gazta mota bakoitzean, inguruneko baldintzen araberakoa izango delako. Plastikoa edo metala moduko materialek aldiz, ez dute mikroorganismoz osatutako biofilm hori eratzen uzten. Gainera, zenbait ikerketek erakutsi dute egurrezko apalak seguruak direla Listeria monocytogenes bakterio patogenoaren aurrean. Egurrezko apaletan dagoen mikrobio-biofilmak bakterio hori haztea eragozten baitu eta, ondorioz, elikagaien segurtasuna bermatu.

Industriaren eta higiene-arauen garapenarekin batera, ordea, egurra moduko materialak baztertuz joan ziren herrialde batzuetan. Haren ordez, altzairu herdoilgaitza eta plastikoa moduko materialak erabiltzen hasi ziren. Material hauek errazagoak dira garbitzen eta desinfektatzen, eta osasun-agintarien begietara seguruagoak.

Urteak pasa ahala, zenbait ikerlan egin dira esparru honetan, eta agerian utzi dute egurrezko apalek hainbat onura eskaintzen dituztela gaztagintzan. Horri esker, herrialde askotan sustatuz joan da material honen erabilera eta, gaur egun, Europa mailako gaztandegi artisauetan guztiz errotuta dago egurrezko apalak erabiltzea. Adibidez, egurrezko apaletan ontzen dira hain preziatuak diren Gruyère gazta suitzarra, Stichelton gazta ingelesa edo Comté gazta frantsesa egurrezko apaletan  ontzen diren gaztak dira.

Lortutako ebidentzia zientifikoak ugariak diren arren, Euskadiko gaztandegietan gaur egun oraindik ez dago oso hedatuta edo normalizatuta egurrezko apalak erabiltzea.

Egurrezko apalek2. irudia: egurrezko apalen laginketa prozesua. (Iturria: Leartiker)

Gaztagintza sektorea hazten ari da, urtez urte gehiago dira sortutako gaztandegi berriak, baita merkaturatzen dituzten gazta motak ere. Gaztandegiek berrikuntza eta dibertsifikazioa bilatzen dute beren lehiakortasuna bermatzeko asmoz. Ezaugarri desberdin eta bereizgarriak dituzten gaztak ekoiztu nahi dituzte, eta helburu honetan zeregin garrantzitsua hartzen dute egurrezko apalek. Hori dela eta, hainbat dira egurrezko apalak erabiltzeko interesa erakutsi duten gaztandegiak.

Egoera honen aurrean, Leartiker Esneki Zentroak esneki-sektore artisauaren beharrizanei erantzuna ematea nahi izan du. Horretarako, GAZTANOLA ikerketa- eta garapen-proiektua gauzatu du, gazten ontze-prozesuan egurrezko apalak erabiltzea dakartzan onuren inguruko ikerlanetan sakontzeko.

Ikerlanak bi modutan egin dira; batetik, modu esperimentalean, Leartiker Esneki Zentroko ekoizpen gunean gazta loteak ekoiztuz, eta bestetik, egurrezko apalak erabiltzen dituzten gaztandegietan laginketa eta analisiak eginez.

Leartiker Esneki Zentroan ekoiztutako gazta loteak, ingurumen baldintza berdinetan ondu dira. Hau da, tenperatura- eta hezetasun-baldintza berdinetan, eta gaztei emandako zainketa motak eta kopuruak ere berdinak izan dira. Baina gaztak ontzeko 3 material ezberdin erabili dira; batzuk egurrezko apaletan ondu dira, eta beste batzuk sare zein kutxetan. Azken bi hauek gaztandegietan erabiltzen diren ohiko materialak dira. Ikerlanetan zenbait analisi mota egin dira; analisi mikrobiologiko espezifikoak bai gaztetan eta bai ontze-gainazaletan ere, ekoizpen- eta ontze-denbora ezberdinetan; gazten pisaketak ontze aurretik eta amaieran; eta analisi sentsorialak gazten ontze-prozesua amaitutakoan.

Egurrezko apalek3. irudia: lizun eta legamien hazkuntza DRBC hazkuntza-medioan. (Iturria: Leartiker)

Lortutako emaitzak bat datoz erreferentziazko ikerlanen argitalpenekin:

  • Mikroorganismo onuragarrien kontaketak: egurrezko apaletan izandako mikroorganismo onuragarrien kontaketak beste bi materialetan lortutakoak baino altuagoak izan dira. Gainera, gaztandegietan egindako egurren analisietan jaso diren mikroorganismo-kontaketak are altuagoak izan dira saiakera esperimentaletan lortutakoak baino. Horrek eragin zuzena izan dezake segidan azaltzen diren bi puntuekin.
  • Listeria monocytogenes bakterio kaltegarria: bakterio patogeno hau ez da aurkitu analizatutako lagin batetan ere. Mikroorganismo onuragarrien hazkuntzak Listeria monocytogenes bakterio patogenoaren hazkuntza inhibitu dezake.
  • Ezaugarri sentsorialak: analisi sentsorialen emaitzek honakoa ondorioztatu dute; gazten ontze-prozesuan erabilitako materialak eragin zuzena duela gazta mota bakoitzean garatutako ezaugarri sentsorialetan. Egurrezko apaletan ondutako gaztek desberdintasunak erakutsi dituzte, ezaugarri sentsorialen aldetik, beste bi materialetan ondutako gaztekin alderatuz gero. Horiek horrela, hezetasuna mantentzen laguntzen duenez, gainazalean lizun-aniztasun handiagoa garatzen da eta, ondorioz, azaleko itxura aldatzeaz gain, gaztaren ehundura ere aldatzen da. Era berean, flora-aniztasun horrek eragina du gaztaren zapore eta usainean eta, ondorioz, ezaugarri organoleptiko desberdinak ematen dizkio.
  • Errendimendua: egurrezko apaletan ondutako gaztek errendimendu hobea dutela egiaztatu da. Aurretik azaldu den bezala, egurrak hezetasuna erregulatzen du. Egurrezko apalen gainean ondutako gaztek pisu-galera txikiagoa erakutsi dute beste bi materialetan ondutakoekin alderatuz.

GAZTANOLA proiektuan lortutako emaitzek agerian utzi dute egurrezko apalek abantailak eskaintzen dituztela gazten ontze-prozesuan. Gaztei ezaugarri sentsorial bereizgarriak ematen dizkiete eta etekin handiagoa lortzen lagun dezakete, segurtasun arloko galerarik gabe. Baieztatu daiteke, beraz, tradiziodun material hau baliagarria dela gazten ontze-prozesua aurrera eramateko.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Busseta, Gabriele; et al. (2024). The wooden shelf surface and cheese rind mutually exchange microbiota during the traditional ripening process. International Journal of Food Microbiology, 409, 16. DOI: 10.1016/j.ijfoodmicro.2023.110478
  • Nepomuceno, Angel; Thomas, Paul (2019). Wood and traditional materials in dairy processing. FACENetWork.
  • Galinari, Éder; et al., (2014). Microbiological aspects of the biofilm on wooden utensils used to make a Brazilian artisanal cheese. Braz J Microbio, 45, 713-720. DOI: 10.1590/s1517-83822014000200047
  • Imhof, René; et al. (2017). Sanitising wooden boards used for cheese maturation vy means of a steam-mediated heatinig process. Journal of Consumer Protection and Food Safety, 12, 255-263. DOI: 10.1007/s00003-017-1114-0
  • Irlinger, Françoise; et al. (2009). Microbial interactions in cheese: implications for cheese quality and safety. Current Opinion in Biotechnology, 20, 2 , 142-148. DOI: 10.1016/j.copbio.2009.02.016
Egileaz:

Eider Fernandez Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua da, eta ikertzailea Leartikerreko Esneki Zentroan.

Zentroari buruz:

LEARTIKER, Polimeroen eta Elikagaien Teknologia esparruetan ikertzen duen zentro teknologikoa da. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) parte da, eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako eta Mondragon Korporazioko kidea da.

The post Egurrezko apalek onurak dakartzate gazten ontze-prozesuan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Tornado kuantikoak detektatu dira “supersolido” batean biraka

Lun, 2025/03/17 - 09:00

Zurrunbilo mikroskopikoen behaketa berriek materiaren fase paradoxiko bat dagoela baieztatu dute, eta neutroi izarren barruan ere sor daiteke.

Alpe austriarretako tontor malkartsuen artean dagoen laborategi batean, lur arraroetako metalak lurrundu eta labe batetik irteten dira, borroka hegazkin baten abiaduran. Gero, laserren eta pultsu magnetikoen konbinazio batek gasa ia gelditu arte geldiarazten du, espazioaren sakontasuna baino hotzago bihurtuz. Gasaren 50.000 atomo inguruk nortasun guztia galtzen dute eta egoera bakar batean batzen dira. Azkenik, inguruneko eremu magnetikoaren biraketa batekin, tornado txikiek bizia hartzen dute eta iluntasunean birak ematen dituzte.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/02/Supersolids-comprimido.mp4 Supersolido bat birarazten denean, bat-bateko zurrunbiloak sortzen dira. Bideoa: Ibrahim Rayintakath eta Rui Braz Quanta Magazine aldizkariarentzat.

Hiru urtez, Francesca Ferlaino fisikariak eta Innsbruckeko Unibertsitateko bere taldeak lan egin dute zurrunbilo horien irudiak eskala kuantikoan lortzeko. “Jende askok esan zidan hori ezinezkoa izango zela”, kontatu zuen Ferlainok uda honetan bere laborategira egindako bisita batean. “Baina ziur nengoen lortuko genuela”.

Orain, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, zurrunbiloen argazkiak argitaratu dituzte, supersolido izenez ezagutzen den materiaren fase exotiko batean luzaroan bilatutako seinalea baieztatuz.

Supersolidoak, materiaren fase paradoxikoak, aldi berean solidoen artean zurrunena eta fluidoen artean jariakorrena denak, materia kondentsatuaren fisikariak liluratu ditu 1957an iragarri zenetik. Fase horren zantzuak handituz joan ziren, baina esperimentu berriak bere existentziaren ebidentziaren azken pieza garrantzitsua ziurtatzen du. Egileen ustez, supersolidoetan sortzen diren zurrunbiloek propietateak azaltzen lagun dezakete sistema anitzetan, tenperatura altuko supereroaleetatik hasi eta gorputz astronomikoetaraino.

Zurrunbiloek unibertsoko baldintza muturrekoenetako batzuetan materiaren portaera erakuts lezakete. Pulsarrek, neutroi izar birakariek (erretako izarren gorpu izugarri trinkoak), barrualde supersolidoak dituztela susmatzen da. “Egia esan, sistema analogoa da eta oso ona da” neutroi izarrentzat, azaldu du izar horietan aditua den Royal Hollowayko (Londresko Unibertsitatea, Erresuma Batua) Vanessa Graber fisikariak. “Oso emozionatuta nago horrekin”.

Zurruna eta jariakorra

Imajina ezazu hainbat materiaz betetako ontzi bat birarazten duzula. Solido batek birak emango ditu ontziarekin batera, ontziaren eta materialaren atomo sare zurrunaren arteko marruskaduraren ondorioz. Likido batek, bestalde, barne marruskadura gutxiago duenez, zurrunbilo handi bat sortuko du ontziaren erdian (kanpoko atomoek ontziarekin biratzen dute, eta barrukoak, aldiz, atzean geratzen dira).

Likido batzuk behar adina hozten eta sakabanatzen badira, atomoak interakzioa izaten hasten dira distantzia handiagoetan zehar, eta olatu erraldoi batean elkartzen dira. Olatu hori jariakorra da, inolako marruskadurarik gabe. Superfluido izenez ezagutzen direnak Errusiako eta Kanadako fisikariek 1937an deskubritu zituzten lehen aldiz, helioan.

supersolido1. irudia: Francesca Ferlaino Innsbruckeko Unibertsitateko fisikariak supersolidoen ezaugarri bereizgarria behatu du. (Argazkia: M Vandory/Innsbruckeko Unibertsitatea. Iturria: Quanta Magazine).

Saiatu superfluidoz betetako ontzia birarazten, eta superfluido hori geldirik egongo da, baita ontziak haren inguruan birak ematen dituenean ere. Superfluidoak kuboa ukitzen jarraitzen du, baina materiala erabat iragazgaitza da marruskadurarekiko, ontzia biraketa abiadura jakin batera iritsi arte. Puntu horretan, biratzeko bulkadari aurre egitean, superfluidoak bat-batean zurrunbilo kuantiko bakarra sortzen du: atomo zurrunbilo bat, ondoaren hondoraino hedatzen den ezeren zutabe bat inguratzen duena. Ontzia azkartzen jarraituko du, eta tornado perfektu gehiago ertzetik irristatuko dira.

Superfluidoak aurkitu eta hogei urtera, Eugene Gross fisikari estatubatuarrak iradoki zuen kolektibismo kuantiko bera sor zitekeela solidoetan. Fisikariek hainbat hamarkadatan eztabaidatu zuten superfluido eta solido hibrido hori existitu ote zitekeen. Azkenik, supersolidoaren irudi teoriko bat sortu zen. Eremu magnetikoa superfluido baten inguruan doitzean, atomoen arteko aldaratzea murritz daiteke, horrela, elkartzen has daitezen. Pikor horiek guztiak eremu magnetikoarekin lerrokatuko dira, baina elkarrengandik aldenduko dira, eta kristal eredu batean antolatuko dira, eta beren portaera arraroa mantenduko dute marruskadurarik gabe.

Ontzi birakari batean supersolido bat jartzen bada, atomoak sinkronian mugituko dira; hala, pikorren sareak ontziarekin biratzen duela dirudi, solido bat bezala. Baina superfluido bat bezala, behar bezain azkar biratzean, materiala zurrunbilotan hautsiko da, eta atomo pikorren artean harrapatuta geratuko dira. Supersolidoa zurruna eta jariakorra izango da aldi berean.

Grossen iragarpenak laborategian supersolidoen bilaketa luze bati hasiera eman zion.

supersolido2. irudia: supersolido bateko disprosio atomoen 2D dentsitateko mapa honetan, atomoen talde dentsoek kristal-antolamendua hartzen dute; zurrunbilo kuantikoak, berriz, tarteko espazioan eratzen dira. (Irudia: Ferlainoren taldea. Iturria: Quanta Magazine)

Ikertzaileek 2004an lehen aldiz aurkikuntza bat iragarri zuten, baina gero atzera egin zuten. 2017an eta 2019an aktibitate eztanda berriak gertatu ziren, Stuttgart, Florentzia eta Innsbruckeko taldeek supersolidotasunaren seinaleak aurkitu zituztenean dimentsio bakarreko sistemetan. Taldeak disprosio eta erbio atomoen gasekin hasi ziren, eta horiek barrako iman txiki gisa jarduteko bezain magnetikoak dira. Eremu magnetiko bat aplikatzearen ondorioz, atomoak modu naturalean taldekatzen dira, erregulartasunez banatutako taldeetan, kristal sare bat osatuz. Gero, ikertzaileek tenperatura eta dentsitatea murriztu zituztenean, atomoen arteko elkarrekintzek modu naturalean uhin koherente bat bezala oszilatzea eragin zuten, superfluido baten ezaugarri guztiekin.

2019ko esperimentuek supersolidoaren “bi izaerak lehian” ikusi zituzten, Elena Poli Innsbruckeko taldeko graduondoko ikasleak azaldu duenez. Ordutik, taldeak bere ustezko supersolidoa dimentsio batetik bi dimentsiora hedatu du, eta ikertu egin du aurresandako propietate desberdinak detektatzeko.

Baina “funtsean, supersolidoen ebidentzia ukaezina falta zen”, dio Jens Hertkornek, Massachusettseko Institutu Teknologikoko fisikari eta Stuttgarteko taldeko kide ohiak. Superjariakortasunaren zigilu bereizgarria errotazioan sortzen diren zurrunbiloen segida da. Urteetako saiakerak gorabehera, “inork ez zuen lortu supersolido bat arrakastaz biraraztea”, dio Hertkornek.

Supersolido bat biratzen

Bere supersolidoak errotazioari nola erantzuten dion ikusteko, Innsbruckeko taldeak eremu magnetiko bat erabili zuen, koilara bat balitz bezala, atomoen barneko eremu magnetikoak segundoko 50 bat aldiz kentzeko. Hori zurrunbiloak sortzeko bezain azkarra da, baina fase kuantikoa zaintzeko bezain leuna. «Oso-oso egoera delikatua da: edozein aldaketa txikik suntsitu egingo luke», azaldu du Ferlainok.

Zikloi txiki horiek detektatzea erronka handia izan zen. Taldeak hiru urte eman zituen ekaitz kuantikoen atzetik. Azkenik, Alessio Recati Trentoko Unibertsitateko fisikariaren 2022ko proposamena gauzatu zuten. Fase supersolidoan zurrunbiloak sortzea iradokitzen zuen, eta, ondoren, materiala berriro superfluido batean urtzea, kontraste handiagoko zurrunbiloen irudiak lortzeko.

supersolido3. irudia: Francesca Ferlainoren laborategia Innsbruckeko Unibertsitatean. (Argazkia: Patscheider. Iturria: Quanta Magazine)

Ostiral gau batean, joan den urtearen hasieran, graduondoko hiru ikasle pub ilun batean sartu ziren Innsbruckeko campusetik gertu, ordenagailu eramangarri bat eskuan zutela. Taldeko bi doktoratu ondokoren bila zebiltzan, zeintzuek egiaztatu baitzuten tornado bat harrapatu zutela gas kuantikoan. “Guztiz emozionantea izan zen”, kontatu du Thomas Bland doktoratu ondokoetako batek. Graduondoko ikasleak laborategira itzuli ziren, eta Bland eta bere kidea ospakizun erronda baterako geratu ziren.

“Denok uste dugu zurrunbilo kuantikoa dela”, dio Recatik, zeinak ez zuen esperimentuan parte hartu. Ikertzaileek tornadoen errotazio abiadura neurtu zain dago iragarpen teorikoak erabat baieztatzeko, baina irudiak, berez, balioztatze egokia dira, baieztatu duen arabera. “Oso garrantzitsua da komunitate fisiko osoarentzat”.

Hertkornek beste talde batzuek emaitzak errepikatzea nahi du, eta seinaleak baldintza esperimental desberdinetan nola aldatzen diren ikusteko jarraipena egitea. Hala ere, Innsbruckeko taldea goraipatu du, hain neurketa zaila egitean izandako iraunkortasunagatik. “Benetan ikaragarria da, ikuspuntu esperimentaletik, hori behagarria izatea”, ondorioztatu du.

Konexio kosmikoak

Joan den maiatzean, Ezequiel Zubietak, Buenos Aires kanpoaldeko herri txiki batean erregositako bat jaten ari zela, hildako izar bat dardarka ikusi zuen ordenagailu eramangarriaren pantailan. Zubieta, La Platako Unibertsitate Nazionaleko astronomiako graduondoko ikaslea, Vela pulsarraren (11.000 urte inguru lehertu zen izar masibo baten soberakin magnetizatua) errotazio izugarri egonkorra jarraitzen egon zen.

Biraka dagoela, Velak Lurrean distiratzen duten erradiazio izpiak igortzen ditu bere poloetatik, segundoko 11 aldiz, gizakiek eraiki ditzaketen erloju onenekin lehiatzen den erregulartasunarekin. Baina egun hartan, izarrak bira eman zuen ohi baino segundoko 2,4 mila milioiren azkarrago.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/02/VelaPulsarTimelapse-comprimido.mp4 NASAren Chandra X izpien behatokiaren film batek Vela pulsarretik (Lurretik 1.000 argi urtera dagoen neutroi izarra, segundoko 11 aldiz biratzen duena) ziztu bizian ateratzen den partikula zorrotada erakusten du. Arku formako formak izarretik urruntzen diren materia uhin hedakorrak direla uste da. (Bideoa: NASA/CXC/Torontoko Unibertsitatea/M. Durant et al. Iturria: Quanta Magazine)

Zenbait hamarkadatan zehar, astronomoek galdetu dute zerk eragin dezakeen objektu masibo horiek bat-batean beren errotazioa azkartzea. Askok espero dute pulsarren akats tekniko horiek lagungarri izatea faro kosmiko berezi horien barne funtzionamendua deszifratzeko.

Zientzialariek badakite izar gorpuak neutroiz beteta daudela (neutroi izar baten koilarakada txiki batek Everest mendiak adina pisatuko luke). Inor ez dago ziur zer gertatzen zaien neutroiei baldintza horietan, baina astronomoek susmatzen dute izarraren kanpoko azal solidoaren azpiko geruza batean neutroi presurizatuek ezohiko formak hartzen dituzten pikorrak eratzen dituztela, eta horri sarritan “pasta nuklear” esaten zaio. Eredu nagusiek gnocchien, espagetien eta lasagnaren antzeko faseak dituzte.

2022an egindako konferentzia batean, Ferlainok astronomo batzuk entzun zituen pasta nuklearraren ustezko ezaugarriei buruz hitz egiten. Askok uste dute neutroi-pikorrak, pastaren antzekoak, fusionatu egingo liratekeela superfluido bat osatzeko, baina ez dago argi material horrek akats teknikoak nola eragin ditzakeen. Ferlainok susmatu zuen horiek bere laborategian prestatzen aritu zen supersolidoen seinale izan zitezkeela eta, horregatik, ikertzea erabaki zuen.

supersolido4. irudia: izarrak neutroiz betetzen dituzten neutroi presurizatuek “pasta nuklear” gisa ezagutzen diren forma ugari hartzen dituztela uste da. (Irudia: Ferlainoren taldea. Iturria: Quanta Magazine)

Iaz, bere taldeak supersolidoaren ordenagailu bidezko simulazio bat erabili zuen, neutroi birakariko izar baten barruan antzeko material bat balego zer gertatuko litzatekeena modelatzeko. Ikusi zuten, zurrunbiloak sortu ondoren, horietako bat askatu eta aldamenekoarekin talka egin zitekeela, eta horrek tornado bat eta olde bat sortzen ditu, eta haren energia edukiontzira transferitzen dute. Proposatu zutenez, tornadoen talka kopuru handi batek neutroi izarraren errotazioa azkartu lezake laburki, eta horrek akats tekniko bat eragingo luke.

Graberrek neutroi izarrentzako laborategiko analogoen berrikuspena argitaratu zuen urte batzuk lehenago, eta emozionatu egin zen artikulua aurkitzean. Gogoratu du “Ene Jainkoa, bada hor erabil dezakedan beste zerbait!” pentsatu zuela artikuluan deskribatutako supersolido birakarien propietateen inguruan. “Testua irakurrita bakarrik, pentsatu nuen: ‘Hau da daukadana, hau da daukadana, eta hau da daukadana’”.

Ferlainoren taldeak bere supersolidoan zurrunbiloak identifikatu ditu, eta orain asmoa da tornadoak nola sortzen, migratzen eta desagertzen diren ikertzea. Pulsarren akats teknikoen ustezko mekanismoa ere erreplikatu nahi dute, zurrunbilo olde batek mundu errealeko supersolido batek biraketa azkartzea nola eragin dezakeen erakusteko. Fisikariek ere espero dute azterketa horiek materiaren beste fase exotiko batzuk deszifratzeko erabiltzea. Fase horietan, zurrunbiloek funtsezko eginkizuna betetzea espero da, tenperatura altuko supereroaleetan, esaterako.

Bien bitartean, zenbait astronomok, esaterako Graber eta Zubietak, espero dute lan honi esker pulsarrak diagnostikatzeko tresna berri bat garatzea. Zurrunbiloen dinamika hobeto ulertuz gero, pulsarren akats teknikoen behaketak erabil litezke pasta nuklearraren konposizioa eta portaera ondorioztatzeko.

“Fisika horrek eskala txikian nola funtzionatzen duen ulertzen badugu, hori benetan baliotsua da guretzat”, dio Graberrek. “Ezin dut teleskopio bat erabili eta neutroi izar baten azalaren barruan begiratu, baina haiek, funtsean, informazio hori dute”.

Ferlainoren taldea supersendotasuna izan dezaketen beste sistema batzuen bila ari da, eta aplikazioak naturaren funtsezko konektagarritasunaren isla gisa ikusten ditu. “Fisika unibertsala da”, dio, eta “jokoaren arauak ikasten ari gara”.

Jatorrizko artikulua:

Zack Savitsky (2024). Physicists Spot Quantum Tornadoes Twirling in a ‘Supersolid’, Quanta Magazine, 2024ko azaroaren 6a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Tornado kuantikoak detektatu dira “supersolido” batean biraka appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #524

Dom, 2025/03/16 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

eragina

Kimika

UPV/EHUko Katalisi metalikoa eta Organokatalisia Ikerketa Taldeak metodologia berritzaile bat garatu du zenbait molekula desimetrizatzeko, enantiomero zehatzak selektiboki sortuz. Horrek egitura berriak sortzeko aukera ematen du, balizko aplikazio terapeutikoekin. Prozesu horretan, kobrezko katalizatzaileak erabiliz, molekulen plano-simetria hautsi eta asimetria mota berriak lortu dituzte. Aurkikuntza honek biziaren jatorriari buruzko teoriak indartu ditzake, desimetrizazio espontaneoa eredu gisa aurkeztuz. Angewandte Chemie aldizkarian argitaratu den ikerketa honek farmakologia eta kimika organikoa garatzeko bide berriak ireki ditzake. Informazioa Zientzia Kaieran.

Materialen propietate fisikoak haien banda-egitura elektronikoaren arabera definitzen dira, DNA genetikoaren antzera. Banda-egitura horrek erabakitzen du material batek elektrizitatea eroango duen edo ez, eta kolorea edo magnetismoa bezalako ezaugarriak baldintzatzen ditu. Mekanika kuantikoaren eta fisika klasikoaren printzipioak konbinatuz, elektroiek energia-mailetan duten banaketa aztertzen da. Materialen portaera esperimentalki neur daiteke, sinkrotroi-erradiazioa eta simulazio informatiko aurreratuak erabiliz. Azterketa horiek aukera ematen dute propietate espezifikoak dituzten material berriak diseinatzeko eta aplikazio berritzaileak garatzeko. Datuak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

UPV/EHUko zientzialariek muturreko egoeretara egokitzeko espezie batzuek garatutako mekanismoak ikertzen ari dira Antartikan. Mikroalgek eragindako elur arrosa fenomenoa eta ezkutuko prezipitazioa (lainoak eta elur horizontala) aztertzen dituzte, Antartikako lurreko ekosistemetan duten eragina ulertzeko. Lehen aldiz, bertan ebaluatzen ari dira landare-espezieen erantzuna CO₂ kontzentrazioaren igoerari. Ikerketa honek klima-aldaketak biodibertsitatean izango dituen ondorioak ulertzen lagunduko dezake, eta beste ekosistema batzuetan edo laboreetan aplikagarri izan daitekeen ezagutza eskain dezake. Azalpenak Gara egunkarian.

UPV/EHUko ikertzaileek pinu-zerrautsetik abiatuta superkondentsadore hibrido bat garatu dute, energia metatzeko sistema jasangarri eta merkea eskainiz. Intsinis pinuaren biomasatik sortutako ikatzak erabiliz, elektrodo eraginkorrak prestatu dituzte, baterien eta superkondentsadoreen abantailak uztartuz: energia handia biltegiratzea, potentzia handian funtzionatzea eta karga-deskarga ziklo ugari jasatea. Prozesu energetikoki efizientea eta 700 °C azpiko sintesia erabili dute, karbono-eduki handiko hondakinak balioztatuz. Ikerketak litio ioizko kondentsadoreak hobetzeko alternatiba jasangarri eta errentagarri bat eskaini dezake. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek obesitatearekin lotutako DENND1B genea identifikatu dute labrador arrazako txakurretan eta gizakietan eta bi espezieetan antzeko eragina duela frogatu dute. Gene horren aldaera jakin bat duten txakurrek % 8 gantz gehiago metatzen dute. Ikerketak garrantzia du, txakurren eta haien jabeen bizi-ohiturak eta ingurunea partekatzeak faktore horien eragina aztertzeko aukera ematen duelako. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute DENND1B ez dela argaltzeko botikentzako helburu egokia, funtzio biologiko garrantzitsuetan parte hartzen duelako. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) ikertzaileek mikroplastikoen eta nanoplastikoen osasun arriskuak aztertu dituzte, eta erakundeei neurri zehatzak hartzea eskatu diete herritarrak babesteko. PlasticHeal proiektuaren barruan, zientzialariek frogatu dute mikroplastikoak eta nanoplastikoak giza odolera iritsi daitezkeela eta aldaketak eragin ditzaketela DNAn, digestio-sisteman, hainbat inflamaziotan eta beste asaldura batzuetan, hala nola minbizian. Azalpenak Gara egunkarian.

Astronomia

Antropologo talde batek espaziora bidalitako objektuak ondare gisa aitortzea eskatu du, Marteren kasuan bereziki. Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako artikuluan, Marten kokatutako zundak, rover-ak eta bestelako gailuak babestu behar direla diote, gizateriaren zabalkundearen aztarnak direlako. Objektu horiek zabor gisa hartu beharrean, arkeologia espazialaren bidez aztertu eta kontserbatu beharko liratekeela esan dute ikertzaileek. Horretarako, Nazio Batuen erregistro bat edo datu-base espezifiko bat erabil daiteke. Geoarkeologiaren bidez, Marteko ingurumenak objektu horietan duen eragina ulertzea ere garrantzitsua dela diote. Datuak Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Atapuercako aztarnategian Europa mendebaldek giza aurpegirik zaharrena duen Homo affinis erectus fosila (ezizenez Pink) topatu dute. Aurpegiaren ezaugarri bereziek Homo erectus-en eta Homo antecessor-en arteko lotura iradokitzen dute, baina ez dator bat orain arte ezagutzen diren espezieekin. Masailalbo-hezurraren eta matrailezurraren azterketek adierazten dute ezaugarri primitiboagoak dituela, eta zaharrenetakoa izan litekeela. Ikertzaileek aztarnategian lanean jarraituko dute, informazio gehiago biltzeko eta eboluzio-harremanak argitzeko. Aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Tinshemet kobazuloan (gaur egungo Israelen) egindako ikerketak agerian utzi du neandertalak eta sapiensak elkarrekin bizi zirela Erdi Paleolitoan, tresnak, ehiza, okrea eta ehorzketa-ohiturak partekatuz. Elkarrekintza horrek jakintza eta kultura trukatzeko aukera eman zuen. Tinshemet, Qafzeh eta Skhul kobazuloetan, gorpuak hobiratze formalak egiteko erabili zituzten, adinaren eta sexuaren araberako desberdintasunik gabe, agian hil ondorengo bizitzan sinetsiz. Honek giza talde desberdinen arteko harremanen konplexutasunaren eta berrikuntzaren adierazle gisa balio du. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Mikrobiologia

Epstein-Barr birusaren aurkako antigorputz batzuek esklerosi anizkoitza garatzeko arriskua handitzen dute, aldaera genetiko jakin batzuk dituzten pertsonetan. Karolinska Institutuko eta Stanford Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketak baieztatu du EBNA1 proteinaren aurkako antigorputzek nerbio-sistemako beste proteina batzuk kaltetzen dituztela. Esklerosi anizkoitza duten pertsonek antigorputz horien maila altua dute, eta hori faktore genetikoekin lotuta dago. Ikerketa PNAS aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #524 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #531

Sáb, 2025/03/15 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

 

Leku txikietan geratzen denean, ura hoztean izotz-kristalak sortu beharrean, solido amorfoa sor dezake, beira esaten zaiona. Fenomenoa sakon ezagutzeak eremu desberdinenetan ditu aplikazioak. DIPCko jendeak Confined water vitrification-en.

Noizbait Marten biziaren antzeko zerbait aurkitzen bada, bakterio baten antzeko zerbaiten antza izatea da probableena. Maria Rosa Pino Otín Life on Mars? It probably looks like something you’d find in your stomach

Duela zortzi urte aurreikusi zen bere existentzia, eta orain esperimentalki oso modu burutsuan frogatu da. Quantum tornado in momentum space experimentally demonstrated

Menopausiaren sintoma batzuk oso ezgaitzaileak izan daitezke emakumeentzat, agian ez haibeste fisikoki, psikologikoki baino. Hormonak erabiltzea eskatzen ez duen irtenbide bat egon daitekeela pentsatzeko zantzuak daude. Elinzanetant, a (possible) relief for menopausal hot flashes, Rosa Garía-Verdugo.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #531 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling

Vie, 2025/03/14 - 09:00

Londres hego-mendebaldean dagoen Kew Gardens edo Kew Errege Lorategi Botanikoa munduko lorategi botaniko garrantzitsu eta ederrenetako bat da. Lorategiak, halaber, izen handiko aldizkari bat du, Curtis’s Botanical Magazine, 1787an sortutakoa. Bertan jasotzen dira espezie asko eta asko, irudi ederrez lagunduta; irudi horien xedea da testua osatzea eta hari bizitza ematea.

Aurreko artikulu batean, Matilda Smith (1854-1926) ilustratzaile handia aipatu genuen. Hura izan zen aldizkarian lan egin zuen lehen emakumezko artista ofiziala, eta bidea ireki zien beste emakumezko marrazkilari handi batzuei. Besteak beste, artea eta zientzia uztartzeko gaitasun zail hori zuten bi zientzialari bikain gogorarazi nahi ditugu artikulu sorta honetan: Lilian Snelling (1879–1972) eta Stella Ross-Craig (1906-2006).

Snelling1. irudia: Lilian Snelling XX. mendearen lehen erdiko Erresuma Batuko artista botaniko garrantzitsuenetako bat izan zen. (Iturria: Mujeres con ciencia)

Baina, jarraitu aurretik, adierazi behar dugu ilustrazio botanikoa mendetako historia duen tradizio zientifikoa dela. Marraztu nahi den objektua xehe-xehe behatu behar da, eta organismoa zehaztasun eta doitasun handiz marraztu, lamina batean islatzeko. Hau da, estetika xede hutsekin loreak marrazteaz oso bestelako jarduera da. Alice R. Tangerini Estatu Batuetako ilustratzaile botaniko ezagunak hainbat aldiz argitu duenez, «jarduera horren helburu nagusia da landare bat marraztea doitasun eta zehaztasun maila handiarekin, gutxienez generoa eta are espeziea ezagutzeko adinakoarekin».

Lilian Snelling, ilustratzaile entzutetsua

Lilian Snelling XX. mendearen lehen erdiko Erresuma Batuko artista botaniko garrantzitsuenetako bat izan zen. Lamina ugari marraztu zituen Curtis’s Botanical Magazine aldizkarirako 1921 eta 1952 artean. Ilustrazio horiei buruz, Catherine Haines idazle eta artistak adierazi du «marrazkiak zehaztasun eta doitasun handikoak izateaz gain, benetan ederrak» zirela.

Lilian Snelling 1879an jaio zen Kenten (Erresuma Batua), familia ugari batean. Margaret Elizabeth Colgalt eta John Carnell Snelling garagardo fabrikatzailearen alaba zen. 1915 eta 1916 artean, bere lehendabiziko ordainpeko lana egin zuen. Henry John Elwes botanikari eta bidaiariak, landareen bildumagile aberatsa ere bazenak, gaztearen gaitasun artistikoak ikusi zituen, eta Annika Erikson arte adituak deskribatu duen moduan, Snelling kontratatu zuen bidaietan bildutako loreak marrazteko.

Aurrerago, Lilian Snelling ilustratzaile gisa hasi zen lanean Edinburgoko Lorategi Botanikoan (Royal Botanic Garden Edinburgh), eta hantxe jardun zuen lanean bost urtez. Denbora tarte horretan, 430 akuarela eta marrazki egin zituen, gutxi gorabehera. Horien artean, hiru laurden inguru errodendroak edo azaleak dira (Rhododendron), eta gainerakoak, nagusiki, udaberri loreak edo sanjose loreak (Primula); izen hori hartzen dute udaberrian loratzen diren lehen loreak direlako.

Snelling2. irudia: Rhododendron dauricum var. sempervirens. (Ilustrazioa: Lilian Snelling – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Marrazkigilearen gaitasun artistikoak gero eta aintzatespen handiagoa jasotzen hasi ziren, eta 1921ean Kew Errege Lorategi Botanikoko aldizkariak Snelling kontratatu zuen artista nagusi gisa. Lan bikaina egin zuen bertan, eta kideek benetan aintzatetsi zuten. 1929tik aurrera, Snellingek Stella Ross-Craig marrazkigile gaztearen kolaborazioa izan zuen. Gerora, Ross-Craig ere izango zen artista botaniko aintzatetsia.

Hogeita hamar urtez baino gehiagoz, Snelling ilustratzaile aritu zen Kewn, eta 1952an erretiratu zenean, Curtis aldizkariak 169. ale osoa dedikatu zion. Beste aintzatespen batzuen artean, liburukian honela deskribatu zuten artista: «ilustratzaile botanikoak samurtasun eta zehaztasun handiz, koloreak bikain erabiliz eta tonuen gradazio ederraz, aldizkari honetan agertu diren landare gehienak marraztu ditu 1922tik 1952ra bitartean».

1954an, arteari eta zientziari eginiko ekarpenak aitortzeko, Lilian Snellingek bere herrialdean oso baliotsua den domina bat jaso zuen: Most Excellent Order of the British Empire, MBE (Britainiar Inperioko Ordena txit garaia). Eta 1955ean baratzezaintzako Victoria Medal of Honour (VMH) sari nabarmena ere eman zioten. Horrez gain, Lilian Snelling emakume ilustratzaileen talde batean hautatu zuten, 1959an Kew Errege Lorategi Botanikoan eginiko erakusketa garrantzitsu batean parte hartzeko. Erakusketa horren xedea zen erakundeak botanikari dedikatutako 200 urteak ospatzea (Kew’s Aid to Botany over 200 Years).

1972ko urriaren 12an, Lilian Snelling 93 urterekin zendu zen Kenteko bere etxean. Hala ere, hogeita hamabost urte igaro behar izan ziren 2007an Edinburgoko Lorategi Botanikoak (Royal Botanic Garden Edinburgh) merezitako omenaldia egin zion arte. Erakusketa ederra antolatu zuten, artistaren obra osoa jendaurrean jarrita hamar astez.

Iturriak: Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Botanika britainiarra edertzen artikulu-sorta:

  1. Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling
  2. Botanika britainiarra edertzen (II): Stella Ross-Craig

Mujeres con Ciencia blogean 2024ko uztailaren 31an argitaratu zen artikulua: Lilian Snelling y Stella Ross-Craig: embelleciendo la botánica británica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian ote?

Jue, 2025/03/13 - 09:00

Oinarrizko partikulen eredu estandarrak, SM-k, indar elektromagnetikoaren, nuklear ahularen eta nuklear bortitzaren bidez funtsezko partikulak eta horien elkarreraginak deskribatzen ditu. SM ereduak sekulako arrakasta izan du, baina fisikariek denbora luzez ulertu dute SM eredua osatu gabe dagoela: ez da Ororen/Guztiaren Teoria osoa. Hala ere, XXI. mendearen hasieran instalazio garrantzitsuetatik jasotzen zen albiste bakarra SM ereduak ondo funtzionatzen zuela zen.

2001ean berriz, Brookhaven National Laboratory-n muoien g−2 esperimentuak muoiaren momentu magnetikoa neurtu zuen eta SM ereduan oinarritutako kalkuluekin ez zegoen ados. Desadostasuna 2.7σ baliokoa zen, zirraragarria! Esperimentu horiek berriro egin dira Fermilabean eta 2023ko udan aurkeztutako muoiaren g−2 esperimentuaren emaitzak SM eredua kinka larrian utzi ote duten kezka dago, balio esperimentalen eta teorikoen arteko desadostasunak, «anomaliak», 5σ balioa hartu duela iragarri baita. Horrek adierazten du neurtutako emaitzak 5 desbideratze estandar urruntzen dela SM ereduak ematen duen baliotik. «Anomalia» baten honelako balioak eredua ez dela gai neurketa esperimentalak azaltzeko adierazi ohi du, eta, beraz, nahitaez, eredua aldatu behar dela, hau da, Fisika berria behar dela esperimentua azaltzeko. Balio horretara iritsita ere, oraindik ez da txanpaina ateratzeko garaia. 2011n, OPERA esperimentukoek prentsa agerraldi batean ere informatu zuten neutrinoak argiaren abiadura baino arinago mugitzen neurtu zituztela. Behaketa 6σ baino esanguratsuagoa izan zen, baina —agian ez ustekabean— akats esperimentala izan zen.

SMIrudia: Fermilaben aireko ikuspegia. Lehen planoan ikus daitekeen eraztuna Xiringatzaile Nagusia da, eta atzerago ikus daitekeena Tevatrona. (Argazkia: Fermilab, Reidar Hahn – jabetza publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Ikuspegi klasikoan oinarriturik, bere simetria ardatzaren inguruan biraka dabilen e eta m kargako eta masako elektroiaren momentu magnetikoa eta angeluarra proportzionalak dira, eta proportzionaltasun-konstantea ge/2m da, ge=1 izanik. Dirac-ek 1928an bere ekuazio kuantikoa idatzi ondoren ge=2 zela kalkulatu zuen. Bigarren mundu gerraren ostean, teknika esperimental berrituek zioten elektroiaren momentu magnetikoa Dirac-ek lortutakoa baino handixeagoa behar zuela. 1948an, Schwingerrek 2.0023228 balio teorikoa lortu zuen. Egun SM-ren bidez lortutako balioa esperimentuekin adostasun handiena duen balio teorikoa da, 12 hamarrekotara heltzen da adostasuna. Itzela!!

Zergatik da ge kostantea 2 baino handiagoa? Elektrodinamika Kuantikoaren arabera, bigarren kuantizazioaren ondorioz ikuspegi klasikotik ezezagunak diren fenomeno berriak sor daitezkelako; hutsaren polarizazioa adibidez (materia-antimateria partikula-bikote birtualen sorrera kanpoko eremu elektromagnetiko baten aurrean). Artikuluan azaltzen da hutsa, etengabe sortzen eta desagertzen diren partikula birtualez beterik dagoela, eta partikula birtual horiek edozein partikulekin elkar eragin dezakete, eremu magnetiko baten barneko partikularen erantzuna aldatuz; hots, partikularen momentu magnetikoa eta g−faktorea aldatuz. Teorikoek, SM ereduaren barnean existitzen diren partikulak kontuan hartuz g−faktorea kalkula dezakete.

Prozedura bera jarraituz muoiaren kasuan teoria eta esperimentuen arteko adostasuna, “bakarrik” 8 hamarrekora mugatzen da (eta ez 12 hamarrekora). Aipatu bezala muoiaren g−2 esperimentuaren «anomalia», 5σ balioa hartu duela prentsa agerraldi batean iragarri da.

Autoreak kezkak azaltzen ditu iragarritako «anomalia» horrekin, eta orokorki emaitzak iragartzeko hainbatetan erabiltzen diren prentsa agerraldiekin. Zientzialariak ere egungo hedabideek erakusten duten “morboaren” eta “presaren” joera beretara hurbiltzen ari dira. Muoiaren g−2 esperimentuan aipatutakoa oso agerian geratzen da. Autorearen ustez, datu esperimental guztiak aztertu ostean emaitzak nazioarteko argitalpen zientifiko batean plazaratu behar dira. Halaber, talde teorikoen artean adostasunik ez dagoenean ezin da «anomalia» handiena ematen duen balio teoriko soilarekin alderatu; esperimentukoek prentsa agerraldian egin zuten bezala.

Artikulua apustu batekin amaitzen da: muoiaren g−2 esperimentuaren emaitzek ez dute SM eredua hankaz gora jarriko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Oinarrizko partikulen eredu standarra, SM, kinka larrian ote?
  • Laburpena: 023ko udan aurkeztutako muoiaren g–2 esperimentuaren emaitzak oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian utzi ote duten kezka dago, balio esperimentalen eta teorikoen arteko desadostasuna, «anomalia», 5σ balioa hartu duela iragarrita. «Anomalia» baten balio horrek adierazi ohi du eredua ez dela gai neurketa esperimentalak azaltzeko, eta, beraz, nahitaez, eredua aldatu behar dela. Autoreak kezkak azaltzen ditu emaitzak iragartzeko hainbatetan aukeratzen diren prentsa agerraldiez, eta artikulu honen idazleak apustu egiten du muoiaren g–2 esperimentuaren iragarritako emaitzak ez duela SM eredua hankaz gora jarriko.
  • Egilea: Fernando Plazaola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 57-85
  • DOI: 10.1387/ekaia.25874
Egileaz:

Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian ote? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas