Trantsizio sozioekologikoaren kartela
Noiz: 
2021/01/12 to 2021/02/23
Non: 
Bergarako Seminarixoan
Nori zuzendua: 
Herritar oro

Urtarrilaren 12an hasi eta otsailaren 23a bitarte lau saioz osatutako hitzaldi-sorta antolatu du Bergarako Udalak trantsizio soziologikoaren inguruan. Erpin desberdinetatik aztertuko dute gaia hizlariek, izan ere, arlo asko barnebiltzen ditu.

Bergara eta Debagoiena bailara murgilduta daude datozen urteetarako herrien eta eskualdearen diseinu lanetan, eraldaketa oinarri, Debagoiena 2030 ekimenaren bitartez. “Hitzaldi hauen bitartez, arlo desberdinetako adituek etorkizunean nahiko genituzkeen herriak sortzen hasteko ekarpen interesgarriak egin ditzakete”, Gorka Artola alkatearen ustez, “gure helburua baita herritarrek hobeto bizitzeko aukera izan dezaten, herri jasangarri, inklusibo, komunitarioan...”

“Laboratorium Museoaren helburuetako bat eraldaketa sozialaren dibulgazioan ekarpena egitea den heinean, bete betean kokatzen da, gai honetan gure jarduna. Garapen jasangarriaren eta gizarte berrikuntzaren kontzeptuak barneratuta lan egiten dugu eta hauek ezagutarazteko hainbat ekimen gauzatzen ditugu. Hitzaldi-sorta honetan, norabide horretan urrats berri bat emango dugu, eraiki nahi den etorkizun berri horretan dibulgazio-lana bultzatuz”, Rosa Errazkinen hitzetan.

Gorka Artola alkatearekin batera, Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariak, Debagoiena 2030 ekimeneko Elena Herrartek eta Goienerreko Oier Etxebarriak egin dute hitzaldi-sortaren aurkezpena. Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak antolatutako hitzaldi hauek Seminarixoan egingo dira, 18:00etan.

Hitzaldiak

URTARRILAK 12: Trantsizio sozioekologikoa eta Debagoiena 2030 ekimena.

Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko irakasleak eskainiko du hitzaldia eta Debagoiena 2030 ekimena aurkeztuko dute bertako kideek. Debagoiena 2030 eskualdearen eraldaketarako sortu den lankidetza ekimena da, sektore anitzetako eragileek osatzen duena. Egungo gizarteek erronka konplexu eta sakonak dituzte aurrean, klima aldaketa da horren erakusgai nabarmenena. Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050 urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da.

Ikusi gehiago (hitzaldiaren grabazioa barne)>>

 

URTARRILAK 26: Bioaniztasuna eta basogintza. "Pinutik eukaliptora? Euskal Herriko basogintzaren erronkak”.

Hizlariak Arturo Elosegi (EHUko irakaslea) eta Iñaki Madinabeitia (Mendia Bizirik) izango dira. Euskal Herriko basogintza aspaldi krisian dago: prezioen gorabeherek, errelebo faltak eta landaketetan izandako izurriek, pinuaren gainbehera eta basogintzaren etorkizuna birplanteatzeko beharra ekarri dute. Azken urteotan gertatzen ari den aldaketa handiena eukaliptoen hedapena izan da. Argitaratutako ikerketa zientifikoek nabarmen utzi dute zuhaizti horiek ingurumen-eragin kaltegarria dutela, bereziki biodibertsitatean. Beraz, Euskal Herriko ingurumena zainduko duen basogintza-eredu bat bilatzeko erronka handia dugu aurrean.

Ikusi gehiago (hitzaldiaren grabazioa barne) >>

 

OTSAILAK 9: Elikadura burujabetzarako bidea nola egin.

Mirene Begiristain (EHUko irakaslea) eta Aitzol Iturbe (nekazaria). Gizarte antolaketa ereduen arteko talkak isla du nekazaritzan ere. Interes orokorrari erantzuten dion eredua agroekologikoa dela ikusiko dugu, eta "eredu konbentzionala" deiturikoak dakartzan kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak azalduko ditugu, besteak beste.

Ikusi gehiago (hitzaldiaren grabazioa barne) >>

 

OTSAILAK 23: Goiener eta energia komunitateak.

Santi Otxoa eta Oier Etxebarria izango dira hizlariak. Europako Erakundeek bultzatzen duten eta herrialde desberdinek arautu behar duten kontzeptu berri bat da energia komunitatearena. Goienerrek Energia Trantsiziorako baliabide erabakigarria dela uste du, herritarren esku ipintzen duelako, orain arte enpresa handien esku zegoen energiaren arloa. Beste gauza batzuen artean, herritarrak ahalduntzeko, aztarna ekologikoa gutxitzeko eta bertako ekonomia bultzatzeko balio dute.

Ikusi gehiago (hitzaldiaren grabazioa barne) >>

 

Izen-ematea

Ez da beharrezkoa. Aforoa bete arte sartu ahal izango dira entzuleak.

On-line jarraitzeko

Hitzaldi guztiak garbatuko dira eta Bergarako Seminarixoaren Youtube kanalean ikusi ahalko dira.