Amarenak markaren “BER-GARA” bildumak eta Bedelkarreko merkatarien parte-hartzeak bete-betean uztartu dituzte moda eta memoria

Bergarako Laboratorium Museoa jendez goraino bete da bertan ospatu den Donostiako Moda Jaialdiaren irekiera desfilean. Laboratoriumek lehen aldiz hartu du parte ekitaldi honetan, Balenciaga eta San Telmo museokin batera, Gipuzkoako modaren hiru agertoki nagusietako bat bihurtuz. Museoaren 10. urteurrenaren testuinguruaren baitan egindako moda ekitaldiak ehungintzaren historia eta moda garaikidea uztartu ditu, giro hurbil eta emozional batean. Okasiorako jantzi da Laboratorium Museoa. 

Goizeko lehen orduetatik nabari izan da mugimendua: muntaketa-lanak, musika probak, arropak entregatzera datozen merkatarien joan etorria, ileapaindegi eta maikillaje saioak… dena prest arratsalderako desfile handira begira. Giroa pixkanaka berotzen joan da museoan, eta 17:30etarako jada jende-ilara luzea bildu da sarreran, sartzeko irrikaz. Behin guztiak barruan eserita, bi solairuetako pasabideak argiz eta musikaz jantzi dira, eta publikoa isilik geratu da lehen modeloak agertzean.

Tokiko merkataritzak pasarela hartu du

Guztira 120 jantzi baino gehiago aurkeztu dira, tokiko saltokien eta diseinatzaileen lanaren erakusgarri. Moda ekitaldiaren lehen zatian,  Bedelkar elkarteko 18 merkatarik herriko saltokien aniztasuna eta kalitatea erakutsi dute, herriko bizitzaren eta modaren arteko lotura agerian utziz. Bitxitegi, oinetako, arropa eta optika saltokietako jantzi eta osagarriak izan dira ikusgai, Bergarako merkataritza txikiaren nortasuna eta indarra pasarela gainean islatuz. 

Azken zatian, Amarenak markaren BER-GARA bildumak hartu du protagonismo osoa: Bergarako oihal fabrika historikoen hondarretatik sortutako jantziek emozioz tindatu dute Laboratorium Museoa, industria-iraganari eta etorkizun jasangarriari begira jositako pieza bakoitzarekin. Bergarako urdinaren tonuek museoko giroa hartu dute, eta lehen modeloak agertzean, isilune kolektibo bat sortu da: iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa hunkigarria, arropa prenda bakoitzean kontatutako istorio baten bidez arropa bakoitzak kontatutako istorioa.

Edukiera mugatua izanik, guztira 180 lagun inguru bildu dira museoan. Izen-emate bidezko plazak minutu gutxitan agortu ziren, ekitaldiak herritarren artean sortu duen interesaren isla. Gonbidatuen artean egon dira tokiko merkatariak, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak, guztiak harro, Bergarak beste behin modaren mapan bere izena josi duelako.

Moda, historia eta zientzia eskutik

Ekitaldi hau Donostiako Moda Jaialdiaren momentu berezienetako bat izan da dudarik gabe, Laboratorium Museoa Gipuzkoako modaren eszenako agertoki kulturaletako bat bihurtuz. Ekitaldiaren amaieran, bai antolakuntza bai publikoa ere pozik azaldu da bizi izandako esperientzarekin. 

Bergarako alkate Gorka Artolak azpimarratu du ekimenak “herria Gipuzkoa mailan kultura eta sormen erreferente gisa kokatzen lagundu duela, bere historia berriro jantzi eta komunitatearekin partekatuz”. Ildo beretik, Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariak Bergarako historia modaren bidez berriro josi dutela azaldu du ekitaldia amaitu eta gero. “Museoak erakutsi du zientzia, kultura eta moda elkarrekin bizi daitezkeela”, gaineratu du.

10 urte, ibilbide baten jarraipena

Moda ekitaldi honek hamargarren urteurreneko ospakizunean beste mugarri bat markatu du, Laboratorium Museoaren izaera berritzaile eta diziplinartekoa indartuz. Hurrengo hilabeteetan museoak urteurreneko programazioarekin jarraituko du, erakusketa eta jarduera bereziekin.

​​Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Bedelkar elkarteari eta bertako merkatari guztiei, ekitaldi hau posible egiteagatik eta Bergarako merkataritzaren indarra eta nortasuna pasarelan erakusteagatik.