José Miguel Mulet Salort

Klima-aldaketa benetan ukaezina da, dagoeneko nabaritzen ari gara horren eraginak eta, geldiarazten ez badugu, ondorio latzak izango ditu gizateriarentzat. Egunero hartzen ditugun erabakiek eragin zuzen-zuzena dute ingurumenean, eta beraz, erabaki horiek aldatuz gero, gure ingurumen-aztarna ahalik eta txikiena izatea lor dezakegu.

Baina, zeintzuk dira ingurumena benetan babesten duten ekintzak? Zein dieta da jasangarriena? Hobe da auto elektriko bat erostea? Zergatik da hain garestia argiaren erreziboa, eguzki-argia eta haizea doan badira? Egia da obsoleszentzia programatuarena? Nola murriztu dezaket nire etxeko edo opor-etxeko aztarna ekologikoa? Hitzaldian, ingurumenaren zaintzari buruzko sasiegia ugari argituko ditugu, betiere ikuspegi zientifiko batetik. Horrela ikusi ahal izango dugu urte hauetan erakunde ekologistek defendatu dituzten proposamen askok ez dutela oinarri zientifikorik eta, aplikatuz gero, oso ondorio kaltegarriak izan ditzaketela.

 

Curriculum vitaea

J. M. Mulet (Denia, 1973) Bioteknologiako katedraduna da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta Landareen Biologia Molekular eta Zelularraren Institutuan ikerketa-lerro bat zuzentzen du lehorte eta hotz giroan aurrera egin dezaketen landareak garatzeko. Halaber, Landareen Bioteknologia Molekular eta Zelularraren Masterreko zuzendaria da. Zientziaren dibulgatzaile gisa, honako hauek argitaratu ditu: Los productos Naturales ¡vaya timo!, eta Destino argitaletxean Comer sin miedo (2014ko Prismas saria, gaztelaniaz argitaratutako zientzia-liburu onenarentzat), Medicina sin engaños, La ciencia en la sombra, Transgénicos sin miedo, ¿Qué es comer sano? eta ¿Qué es la vida saludable? Hainbat podcast-etako eta irratsaiotako partaide izateaz gain, El País Semanal aldizkariko "Ciencia sin Ficción" sekzioa egiten du, bai eta Métode zientzia-dibulgazioko aldizkariko "Fotogramas de ciencia" sekzioa ere, eta Tomates con genes bloga; eta horrez gain, tuitlari konpultsiboa da (@jmmulet).

 

Ikusi informazioa ZTBren web-gunean

Hitzaldi honen bideoa ikusgai hemen