

- Sei pantaila didaktiko eta ikus-entzunezkoren bidez fisika kuantikoa publiko orokorrera hurbiltzen duen esperientzia interaktiboa izango da Bergaran
- Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen barruan kokatzen den proiektu honek gai konplexu bat publiko guztiei hurbiltzea du helburu
- Visiones cuánticas instalazioa Tabakaleraren ekoizpena da, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien barruan, Visiones cuánticas (Ikuspegi kuantikoak) instalazioa izango da ikusgai Bergarako Laboratorium Museoan, urriaren 29tik abenduaren 14ra. Instalazio hau Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen testuinguruan kokatzen da, eta gai konplexu hori publiko guztiei modu irisgarrian hurbiltzea du helburu.
Gure pertzepzio zuzenetik harago dagoen errealitatearen esentziaren inguruan sortzen diren kontraesanak eta zalantzak aztertzen ditu instalazioak, artearen eta zientziaren arteko elkargune gisa. Fisika kuantikoak azken mendean ekarri duen iraultza intelektual eta kulturala du ardatz, eta erakusketan ikuspegi artistiko, zientifiko eta filosofiko anitzak elkartzen dira errealitatea ulertzeko modu berriak proposatzeko.
Instlazioa inauguratzeko, urriaren 29an, kuantikaren inguruko hitzaldia eta mahai-ingurua egingo dira Bergarako Seminarixoan goizeko 9:00etan. Ekitaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak hartuko du parte. Haren hitzaldiaren ostean, solasaldi bat egingo da Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendariarekin eta Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariarekin.
Kuantika publiko orokorrera hurbiltzen duen esperientzia interaktiboa
Donostiako Tabakaleratik, Bilboko Azkuna Zentrotik edota Gasteizeko Hibridalabetik igaro ondoren, Bergaran amaituko du bere ibilbidea Visiones cuánticas instalazioak. Gelaren erdigunean, fisika kuantikoaren printzipioak modu bisualean azaltzeko dibulgazio-gune interaktiboa egongo da. Sei pantaila bertikal eta ukipen-pantaila zentral handi batek ikus-entzunezko esperientzia eskainiko dute.
Visiones cuánticas instalazioa Tabakaleraren ekoizpena da, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin. Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen esparruan, dibulgazio espazio hau gonbidapen bat da unibertso berri, ezezagun eta kontraintuitibo batean barneratzeko eta pentsatzeko, eta errealitateari begiratzeko modu berri batera irekitzeko. Proposamena, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Tabakalerak 2025eko otsailetik ekainera bitartean antolatutako Visiones cuánticas erakusketaren programa-ibiltariaren parte da.
Instalazioarekin batera, publiko gazteari eta familiei zuzendutako jarduera bereziak antolatuko dira. Ikastetxeentzako bisita dinamizatuetan, parte-hartzaileek argiarekin eta optikarekin lotutako esperimentuen bidez fisika kuantikoaren oinarrizko kontzeptuak modu praktikoan ezagutzeko aukera izango dute. Familientzako tailerretan, berriz, haurrek eta helduek elkarrekin parte hartuko dute jarduera interaktiboetan, unibertso kuantikoaren misterioak modu ludiko eta esperimentalean esploratzeko. Helburua da zientzia eta sormena elkartzea, adin guztietako bisitariek ikasteaz gain, jakin-mina eta irudimena pizteko aukera izan dezaten.
ZTB jardunaldiak publiko guztientzako
Zientzia eta teknologia kuantikoa ardatz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiak ospatuko dira datozen asteetan Bergaran. Urriaren 29tik azaroaren 19ra, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak edota mahai inguruak eskainiko dira adin-tarte guztietarako.
Egitarau osoa www.ztbergara.eus webgunean kontsultatu daiteke.
