Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 38 min 10 sec ago

Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak

Mon, 2022/12/05 - 09:00

Supernoba deritzo oso masiboak diren izar batzuen bizialdiaren amaieran gertatzen den izar-leherketari. Bukaera bortitz honetan, izarrak talka-uhin baten bidez jaurtitzen du kanpoko geruzetako materiala, honen osagaiak ikusteko aukera erraztuz.

Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque ikertzaile eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaile elkartua partaide duen nazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu, kolore desberdinetan, lehen planoan kokatutako galaxia baten handitze-ahalmenari esker. Ikerketaren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dira.

Ikerketa-taldeak galaxiaren grabitazio-eremuaren eredua garatu zuen lente bezala erabiltzeko, eta horri esker zehaztu zuten hiru irudi horien argiek hiru bide egin zituztela, egun gutxi batzuen aldearekin. Horrexek argitzen du irudietan lortutako hiru koloreen jatorria, izan ere, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. Zenbat eta tenperatura handiagoa izan, orduan eta urdinagoa da igorritako argia, eta tenperaturak behera egin ahala, igorritako argiak gorrira jotzen du. Hartara, irudi urdina izar-leherketa gertatu eta ordu gutxira supernoba nola zegoen islatzen duen argazkia da, eta irudi berdea eta irudi gorria eztanda gertatu eta 2 egun eta 8 egun geroagokoak dira, hurrenez hurren.

SupernobaIrudia: supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. (Argazkia: Jean Beaufort. Iturria: Publicdomainpictures.net)

Informazio honetan oinarrituta, eztanda egin zuen izarra Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela jakin ahal izan da, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela, duela 11.500 milioi urte alegia, gure galaxia ustez sortu zen une berean. Supernoba honen irudiak Hubble Teleskopio Espazialarenak dira, baina oso handituta daude lentearena egiten duen galaxia hurbilago baten grabitazio-eremuaren eraginez, eta honi esker, gertuko galaxietako supernoba lokal guztiak baino askoz ere urrunago ikus dezakegu, distantziari eta denborari dagokienez.

Izar supererraldoi gorrien leherketei buruzko ikerketaren emaitzak bat datoz, elementu atomikorik astunenak izarren barruan eta supernoben leherketetan sortu zirela iradokitzen duen egungo hipotesiarekin: izarren barruan forjatutako elementuak supernoben leherketetan askatzen dira, eta horietan sortutako gas eta materialaren hurrengo belaunalditik sortuak dira eguzki-sistemak eta bizitza bera, egun ezagutzen ditugun bezalaxe. Leherketa horiek gertatu izan ez balira, egungo galaxietako gasak Big Bangean sortutako hidrogenoa eta helioa besterik ez lituzke izango, eta ez lioke eutsiko beste elementu kimiko astunago batzuk behar dituen egungo bizitza konplexuari. Gainera, grabitazio-lente baten bidez egindako supernoba honen behaketak argi utzi du unibertso urruneko gertaera bat hainbat aldiz ikus daitekeela, eta printzipioz, behatzeko tresnak behar bezala orientatuz gero, xehetasun osoz ikusi ahal izango genukeela supernoba bihurtuko den izar baten erupzioa.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Espazio urruneko supernoba bati esker, unibertsoko elementuen jatorria uler ditzakegu

Erreferentzia bibliografikoa:

Chen, W.; Kelly, P. L.; Oguri, M.; Broadhurst, T. J. ; Diego, J. M.; Emami, N.; Filippenko, A. V.; Treu, T. L.; Zitrin, A. (2022). Shock cooling of a red-supergiant supernova at redshift 3, in lensed images. Nature 611, 256-259. DOI: 10.1038/s41586-022-05252-5

The post Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #418

Sun, 2022/12/04 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

 

Argitalpenak

Zientzia Kaieran 1995ean argitaratutako liburu bat aurkeztu dute, Oliver Sacks neurologoak idatzitako Antropologo bat Marten liburua. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Sacks doktorea bere neurologo-esperientziatik abiatzen da zuzenean tratatu dituen kasu horien inguruan hausnartzeko. Atal hau Zientzia Kaierak ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumatik atera du.

Emakumeak Zientzian

Jone Iraeta Orbegozo ingurumen-psikologoa da. Ez da egunerokotasunean entzuten den terminoa. Diziplinartekoa dela nabarmendu du, eta modu batean psikologia eta biologia batzeko modua aurkitu du Orbegozok diziplina honetan. Hasiera batean psikologia klinikoa egiteko asmoa zuen, baina Txilera joan zen karrerako hirugarren urtean, ingurumen-psikologo bat ezagutu zuen bertan. Ordua ikusi zuen hori zela berak egin nahi zuena. Sevillan zientzia sozialak ingurumenera aplikatuta izena zuen masterra ikasi zuen horrela, eta masterra amaitzean Global Training bekari esker Kolonbian egon da lanean, aholkularitza sozial batean. Orain lan-bila dabil ingurumen-psikologo moduan, ingurumenean dugun eragina aztertzeko, eta ingurumenak gugan duen eragina ulertzeko. Elhuyar Zientziarekin elkarlanean egindako atal hau Zientzia Kaieran dago irakurgai.

Osasuna

Tximino-baztangari ingelesez Mpox deitzea erabaki du OMEk. Hau da, gaitzaren izenak tximino-baztanga izaten jarraitu du, eta hura eragiten duen birusaren izena, berriz, Orthopoxvirus monkeypox. Berri hau Elhuyar aldizkarian argitaratu da.

Abenduaren 1a Hiesaren Nazioarteko Eguna izan da, eta Alea aldizkariko Emaize Sexologia Zentroa atalak gogora ekarri nahi izan du pandemia hori. GIBa birus bat da, eta pertsona bat infektatzean, sistema immunologikoko zeluletan sartzen da eta pixkanaka hauek suntsitzen ditu. Infektatu ostean sistema immuneak defentsarako zelulak sortzeko gai izaten jarraitzen du tarte baterako, eta “seropositiboa” izatea deritzo. Alabaina, momentu batean birusak defentsak gaindituko ditu, eta Hiesa gaixotasuna azaleratuko da. Honetaz gain, argi izan behar da infektatuak sintomarik sumatzen ez badu ere, kutsatzeko gaitasuna duela, lau jariakinen bitartez: odola, semena, baginako fluxuak eta ama-esnea. Datu guztiak Alea aldizkarian: Ez egin ihes hiesari.

Gaiarekin jarraiki, diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk. Hiesaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu du OMEk mezu hori argi uzteko; izan ere, ugaritzen ari dira halako kasuak. Gaitzaren sorburua birus hori izaten da, eta, azaldu dute behar bezala atzematen ez bada, gaitzaren transmisioa ezin dela eten. Birusa berandu atzemanda, halaber, zailagoa izaten da pazientea ez eritzea, eta tratamendu egoki batekin asmatzea. Erakunde berak eman berri dituen azken datuen arabera, munduan 38 milioi GIBdun daude, 5,9 miliok ez dute tratamendurik jasotzen, eta lau milioi inguruk ez dakite birusa dutenik ere. Gauzak horrela, Europako gaitz infekziosoen prebentziorako zentroak eta OMEk helburu dute diagnostiko testak egiteko bideak erraztea. Azalpen guztiak Berrian.

Gaixotasun honen ildotik jarraiki, Berria GIB birusari aurre egiteko estrategien inguruan aritu da. Prebenitzeko neurriak beste ezeren gainetik egon behar dira, eta birus honen infekzioari izkin egiteko alternatiba bat Prep botika da, hau da, esposizio aurreko profilaxia. Prep GIBa ez duten lagunentzako prebentzio neurri biomediko bat da, eta egunero infekzioa eragozten duten botika bat hartzean datza. Botika horrek alderantzizko transkriptasa deitutako entzimaren ekoizpena blokeatzen du. Estrella Mikeleiz farmazian lizentziatuak eta Nafarroako GIB/Hies programaren koordinatzaileak azaldu du Euskal Herrian bostehun lagunek baino gehiagok hartzen dute Prep botika. Alabaina, argi utzi du neurri biomedikoa preserbatiboaren osagarria baino ez dela, eta lehena dela infekzio askori aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Astronomia

Artemis I misioa espero baino urrunago doa. Azaroaren 16an abiatu zuen NASAk misioa, eta ibilbidearen erdian da Orion ontzia. Oraingoz, bidaiariak eraman ditzaketen ontzien artean, Lurretik urrutien egon dena da. 430.000 kilometrora dago, eta are urrutiago ere joango da Ilargiaren inguruko buelta amaitzean. Izan ere, Ilargia orbitatzen ari da ontzia, Ilargiak Lurra orbitatzen duen kontrako norazkoan. Misio hau ordea etorkizunean Ilargira bidaiariak eramateko froga bat da, eta misioa amaitzean, beste bi urte itxaron beharko da Artemis II misioa abiatzeko. Datuak Berrian: Artemis I misioa espero baino «harago» doa.

Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek. Orain arte Gliese 486b eta Gliese 486 esaten zieten, urrenez urren. Alabaina, Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032 tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, Astronomoen Nazioarteko Batasunak 20 planetarentzat hizkuntza indigenetatik datozen izenak proposatzeko eskatu du. Hala, iaz aipatutako planeta topatu zuen ikerketa-taldeak eta beste zenbat zientzialarik eta pertsonaiak ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak proposatu dituzte, planeta hori eta bere izarrarentzat. Beroarekin loturiko izenak aukeratu dituzte, tenperatura beroak baitituzte Gliese 468 izarrean eta Gliese 486b haren planetan. Informazio gehiago Berrian eta Alea aldizkarian.

Ekonomia

Ikertzaile- eta aktibista-talde batek Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) azterketa egin du ikuspegi ekofeministatik, eta ondorioak zein trantsizio ekofeministarako proposamenak argitaratu ditu txosten batean. Zehazki, osasunean, energian, nekazaritzako elikagaietan, uran eta zaintzan oinarritzen da txostena. Egileen esanean, ikerketaren helburua da egungo politika ekonomikoei eta finantziazio publikoaren kopuruez ikuspegi feministatik eztabaidatzen laguntzea. Gainera, trantsizio ekofeminista baterako antolaketa sozial eta politikoari buruzko gogoeta egin dute, eta proposamen bat ere landu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: ESEPEen azterketa kritikoa eta proposamenak, ikuspegi ekofeministatik.

Unai del Burgo ekonomialaria da, UEUko Ekonomia Saileko kidea eta bere kontabilitate-administrazio ataleko teknikaria. Gainera, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko ikertzailea ere bada, eta zenbait ikerketa egin ditu alor horretan, bereziki ekonomia sozialaren inguruan. Tesian zehar, emaitza ekonomiko eta sozialaren arteko oreka neurtzeko tresnak aztertu zituen. Azaldu duenez, Ekonomia Sozialeko erakundeetan, emaitza ekonomikoak helburu sozialak lortzeko bitartekoak dira, eta aldagai sozialen eta ekonomikoen arteko oreka lortu behar da; hori bideratzeko, beraz, kudeaketarako neurketa-sistema berezi bat diseinatu dute Burgo eta lankideek. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Unai del Burgo: “Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen ‘bihotza’ kontutan hartuko duena”.

Teknologia

EHUko informatikari-talde bat zeinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira, bideoetatik ateratako eskuen erreferentzia-puntuak erabilita. Zehazki, Argentinako zeinu-hizkuntza identifikatzeko sistema garatzen ari da. Baina eskuaren posizioa eta mugimenduaz gain, orientazioa detektatu behar dute, keinu batek esanahi desberdina izan baitezake orientazioaren arabera. Ikertzaileek onartu dute, keinu-hizkuntza ulertzeko ezinbestekoa dela eskuen keinuez gain aurpegiko keinuak ere jasotzea. Alabaina, oraingoz eskuen keinuetan soilik oinarritu diren arren, emaitza oso onak lortzen ari direla adierazi dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Keinuen hizkuntza identifikatzeko sistema automatiko bat garatzen ari dira EHUn.

Zizare-zulo holografiko baten simulazio kuantikoa egin dute, lehen aldiz ordenagailu kuantiko batean. Maria Spiropulu Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzailearen lantaldeak lortu du, eta Nature aldizkarian argitaratu da lana. Spiropuluren taldeak sistema sinple bat diseinatu du zizare-zulo holografiko bat simulatzeko. Bertan, diseinatutako sistema kuantiko baten propietateak bat baitatoz grabitazio-sistema batean espero denarekin. Izan ere, printzipio holografikoa erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa bateratzen saiatzen da, eta printzipio horretan oinarritu dira simulazio hori diseinatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Ordenagailu kuantiko bidezko simulazioa, grabitate kuantikoa ikertzeko.

Biologia

Zientzialari batzuk konturatu dira erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela. Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da. Ebidentzia honek beste ikerketa-esparru bat ireki du; izan ere, erleen karga elektrikoa sortzeko gaitasunak eragina izan dezake karga elektriko atmosferikoan, eta, ondorioz, ekaitzen sorreran. Azaldu dutenez, orain arte ekaitzen sorreran aintzat hartu diren prozesuak abiotikoak dira, hala nola hodeien elektrifikazioa, tximisten sorrera, prezipitazioa, aerosolak etab. Baina orain horiei intsektuen eragina gehitu beharko zaie. Datuak Zientzia Kaieran: Intsektuen ezusteko eragina atmosferan.

Populazioaren gene-ondarean eragina izan dezake bikotekidea nor eta nola aukeratzen dugun. Prozesu horretan zeresan handia du parekatze selektiboak, eta gure espeziean oso ohikoa da. Parekatze selektiboak zera esaten du: antzekoak diren pertsonek bikotekide izateko aukera gehiago dutela zoriz itxaron daitekeena baino. Ikusi da prozesu horrek eragina duela populazio jakin bateko gene-informazioan. Besteak beste, homozigotoen kopurua handitzen da, urrun kokatuta dauden gene-aldaeren arteko korrelazioak sortzen dira eta gene-informazioak ezaugarrietan duen eragina handitzen da populazio-mailan. Gai honen inguruan Japoniako biobankuko datuak erabilita analisi berri bat egin dute, parekatze selektiboaren gene-arrastoa detektatu da 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta nattō– eta jogurt-ahorakinean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Nolako bikotea aukeratu, halako gene-ondarea sortu.

Neurologia

Haurdunaldiak aldatu egiten du amaren garunaren egitura eta jarduera. Ikerketa berri batean argitu dutenez, aldaketa horiek hormonen eraginarekin lotuta egon litezke, eta lagungarri izan litezke fetuarekiko eta haurrarekiko lotura indartzeko, haurren seinaleei fisiologikoki erantzuteko, eta umean iritsierarako prest egoteko. Ikerketan zehar emakumeen garuneko hainbat datu jaso ziren haurdunaldiaren fase ezberdinetan. Horrela ikusi ahal izan dute materia grisaren bolumen-aldaketak gertatzeaz gain, haurdunaldian zehar aldatu egiten dela sare neuronalaren antolaketa, eta handitu egiten dela elkarrekin konektatutako garuneko eskualde batzuen jarduera. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Frogatu dute lurraren %30 eta itsasoaren %24 kontserbatzeak eragin positiboa izanen lukeela giza ongizatean. Unai Pascual Ikerbasqueko ikerlariak parte hartu duen ikerketa batean heldu dira ondorio horretara, eta mundu osoko aktibo natural kritikoak identifikatu dituzte bertan. Ikerketan adierazi dutenez, giza ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatuko balira, errazagoa izango litzateke biodibertsitate, klima eta garapen helburu globalak lortzea. Ekosistema horiek munduan barrena banatuta daude, eta, dokumentuaren arabera, herrialde guztietan aurkitu daitezke mundu zabaleko biodibertsitateari eusteko ezinbestekoak diren eremuak. Datuak Berrian irakur daitezke, eta egunkari berean idatzi du Unai Pascual ikertzaileak gaiaren inguruan.

Farmakologia

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek errotik aztertu dute psilozibina haluzinogenoak duen eragin-mekanismoa eta bere bigarren mailako ondorio posibleak. Badirudi psilozibina erabilgarria dela depresioa eta adikzioaren moduko zenbait patologia psikiatriko tratatzeko, eta saiakuntza klinikoen fase aurreratuetan dago. Modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan, baina 1972az geroztik debekatuta dago haluzinogeno hori erabiltzea eta banatzea. Ikerketak ordea, aurrera jarraitu du, eta UPV/EHUko ikerketa-taldeak ikusi du epe luzerako ondorioen artean, psilozibinarekin tratatutakoek aldaketa positiboak hautematen dituztela umorean eta aldartean. Ondorio horien azpian dauden mekanismoak ez dira erabat ezagunak, baina plastikotasun neuronalaren gehikuntzekin erlazionatu dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #418 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #424

Sat, 2022/12/03 - 09:00
Tapio Haaja / Unsplash

Itsasoa izozten bada, ez da soilik gainazalarekin kontaktuan dagoen airea hotz dagoelako, baizik eta mekanismo bat dagoelako beheko geruzen kalitate handiagoko urak gainazalera igotzea eragozten duena. Mekanismo honen gakoa gazitasuna da. Salinity of ocean’s surface water and Earth’s climate

Kaosetik sinkronia bat sor daiteke, eta kaosa mantendu. Ipurtargien komunikazioen kasua da. Synchrony with chaos, Raphael Sarfati.

Elektronika berri baten oinarri gisa erabil daiteke kristal baten kiraltasuna. Kanpo eremu magnetikoan egindako aldaketak garraio elektronikoan aldaketa eragiten duen lehen materiala aurkitu du DIPCk. Strong chiral transport switched by small magnetic field changes.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.Ezjakintasunaren kartografia #423

The post Ezjakintasunaren kartografia #424 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Jone Iraeta Orbegozo, ingurumen-psikologoa: “Ingurumenean dugun eragina eta ingurumenak gugan duena ulertzeko”

Fri, 2022/12/02 - 09:00

Jone Iraeta Orbegozok lehen hitzetik aitortu du jendeak aurpegi arraroarekin begiratzen diola, ingurumen-psikologoa dela esaten duenean. Hori dela eta, ingurumen-psikologoen zeregina zertan datzan argitu du, hasteko: “Pertsonek beren ingurune fisikoarekin duten harremana aztertzen dugu”. Diziplinartekoa dela nabarmendu du, eta lagungarria dela ingurumenean dugun eragina eta ingurumenak gure pentsamendu, sentimendu eta jokaeretan duen eragina ulertzeko. “Gizartearen ongizatea lortu nahi da, eta hau ezinezkoa da inguratzen gaituena kontuan izan gabe”, adierazi du Iraetak.

Ingurumen-psikologiara iristeko bideak etxean du abiapuntua: gurasoak biologoak ditu. “Zer ikasi aukeratzeko garaia iritsi zenean, zaila egin zitzaidan, mila interes nituelako. Baina psikologia beti iruditu izan zait nahiko diziplinartekoa dela, eta horregatik aukeratu nuen azkenean: ezin nuen erabaki zientziak ala letrak, dena gustatzen zaidalako, eta psikologiak biak barneratzen ditu. Beti geratu nintzen, hala ere, biologia ikasteko gogo horrekin. Dena den, psikologiak nire aurreikuspenak bete zituen”, azaldu du Iraetak.

Jone IraetaIrudia: Jone Iraeta Orbegozo, ingurumen-psikologoa. (Argazkia: Elhuyar)

Psikologia klinikoa egiteko asmoa zuen, baina, hirugarren urtean, Txilera joan zen, eta, dioenez, orduan bide “pixka bat alternatiboa” hartu zuen. “Txileko Unibertsitatean asko lantzen dute psikologia soziala, komunitarioa, batez ere. Eta asko gustatu zitzaidan. Kasualitatez, bidaiatzen ari nintzela, ingurumen-psikologo bat ezagutu nuen. Ordura arte, ez nekien ezer horri buruz. Hark bere proiektuak kontatu zizkidan, eta orduan ikusi nuen hainbeste interesatzen zaizkidan arloak ez daudela hain urruti. Izan ere, klima-larrialdira egokitzeko prozesuetan dabil lanean, komunitateekin; baita energia-kontuetan ere Alemanian”.

Pentsatzeko denbora bat hartu ondoren, master bila hasi zen. Europan, ingurumen-psikologia Herbehereetan baino ez dago, eta oso zaila da han sartzea. Baina Sevillan beste bat aurkitu zuen, diziplinartekoa, eta hura egitea erabaki zuen. Zientzia sozialak ingurumenera aplikatuta izena du masterrak, eta, Iraetaren esanean, benetan da diziplinartekoa: “Han batzen dira ingurumen-arlotik datozenak, adibidez, biologia, ingeniaritza eta horrelakoak egin dituztenak, eta antropologia eta soziologia eta halakoetatik datozenak. Bueno, psikologiatik, ni nintzen bakarra. Baina master horrek duen gauza politenetako bat hori da; alor desberdinetako jendea elkartzen dituela”.

Kolonbiatik hona, eta edonora joateko prest

Masterrean konturatu zen hori zela bere bidea. Jarraian, Global Training bekari esker Kolonbian egon da, 8 hilabete, aholkularitza sozial batean. Haren esanean, Kolonbian ikuspegi askoz ere zeharkakoagoa dute lana egiteko; “hau da, taldeak beti dira diziplinartekoak, eta ingurumeneko proiektuetan beti hartzen dute aintzat alderdi soziala, eta alderantziz. Ikasteko sekulako aukera izan da”.

Iraeta proiektuen koordinazioan aritu da. Adibidetzat, hasi berria zuten proiektu baten gaia aipatu du: erauzketa egitasmoen eta energia berriztagarrietan oinarritutakoen finantzen gardentasuna. Zehaztu du hori dena egitasmoak kokatzen diren lurraldeetako jendearekin batera egiten dela, ikusiz haientzat zer datu diren interesgarrienak, formakuntza emanez datuak erabiltzen jakin dezaten, datuen eskuragarritasunaren balorazioa… Prozesu guztia lurraldeko talde ezberdinen partaidetzari esker gauzatzen da.

Kolonbiatik hona etorrita, Iraetak uste dut ate bat irekitzen ari dela hemen ere horrela lantzeko proiektuak, eta gero eta ohikoagoa izango dela. Esaterako, orain arte, klimari lotutako ikerketetan, zientzia gogorretakoak ari ziren ikertzen, eta orain gero eta gehiago dira gizarte zientzietakoak. “Dagoeneko, hasi dira beste kontzeptu batzuk aipatzen; justizia klimatikoa, pobrezia energetikoa eta halakoak“.

Hala ere, bide hori oraindik hastapenetan dagoenez, lana aurkitzea zaila dela esan du. “Lan-deialdi gutxi daude, eta esperientzia dutenak hartzen dituzte”. Gaztea izatea, beraz, muga bat izaten ari da; ez, ordea, emakumea izatea. “Orain arte ez dut diskriminaziorik sentitu generoagatik, eta gero ere ez dut uste arazorik izango dudanik, horrelako lanetan emakume asko aritzen baitira, eta ondo hartuak dira”.

Momentuz Euskal Herrian bilatzen ari da, baina, urrunago zerbait sortzen bazaio, irekita dago edonora joateko: “Proiektu interesgarriak daude edozein lekutan, eta, profesionalki ez ezik, pertsonalki ere oso aberasgarria da atzerrira joatea”.

Fitxa biografikoa:

Jone Iraeta Orbegozo Ikaztegietan jaioa da, 1997an. Psikologian gradua lortu ondoren (EHU, 2019), Ingurumenean Aplikaturiko Gizarte-zientziak masterra egin zuen (UPO, Sevilla, 2021). Jarraian, Global Training bitartez, praktikak egin ditu ingurumen-arloan eta alor sozialean jarduten duen aholkularitza enpresa batean (Bogota, 2022).

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Jone Iraeta Orbegozo, ingurumen-psikologoa: “Ingurumenean dugun eragina eta ingurumenak gugan duena ulertzeko” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Antropologo bat Marten

Thu, 2022/12/01 - 09:00

Antropologo bat Marten liburua, Oliver Sacks neurologoak idatzitakoa, 1995 argitaratu zen. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Giza garunak gobernatzen dituen funtzioen zenbait akats edo matxura nabarmen ikergai, bere neurologo-esperientziatik abiatzen da Sacks doktorea, zorroztasun sakonez eta bihotz samurrez, zuzenean tratatu dituen kasuok bere baitan hausnartu eta guri biziaraztera.

Antropologo batIrudia: Antropologo bat Marten liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Lehenbiziko paradoxa: argi berezia emango digute huts horiek psikearen beteaz. Bigarrena: nolabaiteko akastun diren gizakiok, sanoen aldean dituzten galera edo eskasiekin batera, badituzte maiz, ordainetan, hainbat dohain miresgarri.

Hala, pertsona da hemen, bere osotasunean, protagonista, bere aldarte, borroka eta gorabehera guztiekin, eta ez gaixoa edo haren gaitza soilik. Eta pertsonaia biziak ditugu zazpiak ere, gogoangarriak. Toles eta ñabarduraz beteak, ez azalpenen aitzakia huts. Bere jakintza-esparrutik giza izatearen zabalera jauzi eginez, trebeki bilakatzen ditu Sacksek kasuok literatura: aberasgarri bezain atsegin. Literatura eta zientzia eskutik joatea ez da, hemen, paradoxa.

Oliver Sacks-ek (Londres 1933 – New York 2015) neurologiako irakasle eta aholkulari gisa lan egiten zuen  idazten zuen aldi berean. Gizakiaren arazo psikikoez arduratzen zen, giza garunaz eta gogamenaz. Sacks doktorearen liburuak bestseller bihurtu dira mundu osoan. Unibertsitatean sarri erabiltzeaz gainera, zinemara eta antzerkira ere eraman izan dira batzuk: Iratzarraldiak, Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona…

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Antropologo bat Marten
  • Egilea: Sacks, Oliver
  • Itzultzailea: Xabier Olarra
  • ISBN: 84-8373-563-6
  • Formatua: 16 x 24 cm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2003
  • Orrialdeak: 324 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Antropologo bat Marten

 

The post Antropologo bat Marten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nolako bikotea aukeratu, halako gene-ondarea sortu

Wed, 2022/11/30 - 09:00

Aurreko batean, hemen bertan azaldu genuen geneek baldintzatzen dutela aurpegi bat erakargarritzat jotzea edo ez. Aurpegi erakargarria edukitzeaz gain, hainbat faktorek eragiten dute pertsona bat bikotekide gisa aukeratzerako orduan, eta ez dute, faktoreak, genetikoak izan beharrik. Hala ere, populazioaren gene-ondarean eragina izan dezake bikotekidea nor eta nola aukeratzen dugun.

Gure espeziean ohikoa da parekatze selektiboa, hau da, antzekoak diren pertsonek bikotekide izateko aukera gehiago dute zoriz itxaron daitekeena baino. Antzekotasun horiek askotarikoak izan daitezke: adinaren arlokoak, geografikoak, etnikoak, erlijiosoak, sozioekonomikoak, fisikoak, izaeraren arlokoak edo ezaugarri psikologikoak. Bikotekideen ezaugarriak aztertuta, ikusi egin da parekatze selektiboa gerta daitekeela eta horrek eragina duela populazio jakin bateko gene-informazioan: homozigotoen kopurua handitzen da, urrun kokatuta dauden gene-aldaeren arteko korrelazioak sortzen dira eta gene-informazioak ezaugarrietan duen eragina handitzen da populazio-mailan.

Orain arte, muga teknikoak egon dira parekatze selektiboa ikertzeko: lagin-tamaina handiak behar ziren edo eskuragarri egon behar zuten bikotekideen gene-informazioak eta ezaugarriak. Izan ere, azken metodo honen bidez europar jatorriko populazioetan parekatze selektiboa detektatu da altueran, gorputz-masa indizean, ikasketa-mailan eta alkohol-kontsumoan.

bikotea1. irudia: parekatze selektiboak gene-ondarean duen eragina aztertu da Japonian (Argazkia: Uki Eiri – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Biobankuek eta analisi berriek ahalbidetu egin dute parekatze selektiboa sakonago aztertu ahal izatea, urrun kokatuta dauden gene-aldaeren arteko korrelazioek ezaugarrietan duten eragina aztertuta. Hala, parekatze selektiboaren zantzuak detektatu dira altueran eta hezkuntza-mailan, Erresuma Batuko biobankuko datuak erabilita. Orain, analisi hori Japoniako biobankuko datuak erabilita egin dute.

Japoniako biobankuko datuen azterketa

Lehenengo, 150.000 norbanakotik gora aztertu zituzten parekatze selektiboaren zantzuak detektatzeko, populazioaren egituraketak izan dezakeen eragina saihestuta. Gero, emaitzak erreplikatzeko asmoarekin, sei kohorte erabili zituzten: Japoniako biobankuko Ryukyuko taldea, Osakako Unibertsitateko kohorte osasuntsua, Nahagamako bi kohorte, Japoniako informatika biologikoko partzuergoa eta Erresuma Batuko Biobankuan, Asiako ekialdean jatorriko duten pertsonen multzoa. Azkenik, Erresuma Batuko Biobankuko europar jatorriko pertsonen multzoa erabili zen emaitzak konparatzeko.

81 ezaugarri aztertu ziren –ezaugarri antropometrikoak, biomarkatzaileak, dieta-ohiturak, izaera-ezaugarriak eta gaixotasunak, hain zuzen ere– lehenengo taldean eta 81 horietako bost ezaugarritan parekatze selektiboaren zantzuak detektatu ziren: 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta nattō– eta jogurt-ahorakinean. Alkohol-kontsumoan eta erretzean –aurretik parekatze selektiboaren zantzuak detektatu diren ezaugarriak–, aldiz, ez zen zantzurik detektatu.

bikotea2. irudia: populazioaren gene-ezaugarrietan eragina du bikotekide nor aukeratzen dugun (Argazkia: StockSnap – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Emaitzak erreplikatzeko orduan, ez zen emaitza sendorik lortu aztertutako sei kohorte japoniarretan, bakoitzak bere emaitza izan baitzituen. Aldakortasun horrek islatzen duena izan daiteke tokian tokiko ezberdintasunak daudela parekatze selektiboan edo kohorte horien tamaina txikiegia zela seinale argiak aurkitzeko.

Erresuma Batuko biobankuko emaitzekin konparatzerakoan, ikertzaileek ikusi zuten altueran parekatze selektiboaren eragina handiagoa zela europar jatorriko populazioan japoniarrean baino. Hala, eragin honek bat egingo luke aurretik jakinak diren bi emaitzekin: Mendebaldeko herrialdeetako bikoteetan altueren arteko korrelazioak nabarmenagoak direla Mendebaldekoak ez diren herrialdeetako bikoteetan baino; eta europarretan, altuerari dagokionez, hautespen naturalaren zantzuak detektatu direla eta japoniarretan ez. Parekatze selektiboaren eragina, aldiz, altuagoa izan zen japoniarretan 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta jogurt-ahorakinean –nattō-ahorakina ez zen aztertu, Erresuma Batuko biobankuan datu hori ez baitago, Japoniako janari tradizionala baita–. Horrek iradokiko luke parekatze selektiboa populazioaren araberakoa dela eta, ondorioz, gene-ondarean sortzen dituen eraginak populazioaren araberakoak direla.

Gainera, eragin geografikoa aztertu zuten, nahastu egin daitezkeelako parekatze selektiboa eta eskualdeen arteko ezberdintasunak. Hala, ikusi zuten eskualdeen artean ezberdintasunak zeudela 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean, ariketa fisiko arinean eta nattō– eta jogurt-ahorakinean. Hori horrela, analisiak berregin zituzten geografia kontuan hartzeko eta ondorioztatu zuten parekatze selektiboaren zantzuak detektatzen zirela 2 motako diabetesean, arteria koronarioetako gaixotasunean eta barazki-ahorakinean. Hortaz, badirudi geografiak ez zuela baldintzatzen parekatze selektiboa hiru ezaugarri horietan eta, ondorioz, hiru ezaugarri horien gene-egituran baduela eragina parekatze selektiboak.

3. irudia: oraindik populazio askotan dago aztertzeke parekatze selektiboak gene-ondarean duen eragina (Argazkia: Alisa Dyson – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hala ere, gabezia hauek ditu lanak, besteak beste: ez da ikasketa-maila aztertu, Japoniako biobankuan eskuragarri ez dagoen ezaugarria baita. Europar jatorriko populazioetan eragin handia du ikasketa-mailak parekatze selektiboan, baina japoniarretan egin den beste ikerketetan eragin hau ez da oso argia, emaitza kontraesankorrak baitaude eta, ondorioz, argitzeko gelditu den alderdia da hau. Gainera, ezin izan dituzte emaitzak baieztatu bikotekideak aztertuta, ez baitago informazio nahikoa eskuragarri halako analisiak egiteko. Era beran, kontuan izan behar da Japoniako biobankua ospitaleetako datuetan oinarrituta dagoela eta, ondorioz, ez dituela nahitaez islatzen populazio osoaren ezaugarriak. Azkenik, geografiari buruzko informazioa mugatua denez eta eskualde geografiko bakoitzetik parte hartu duen pertsona-kopuruan alde handiak daudenez, posible da eragin geografikoa guztiz saihestu ez izana.

Laburbilduz, parekatze selektiboaren gene-arrastoa detektatu da Japoniako populazioan, halako analisia Europatik kanpo egiten den lehenengo populazioan, hain zuzen ere. Hala, ikusita parekatze selektiboaren eragina populazioaren araberakoa dela, beharrezkoa izango da beste populazio batzuk ikertzea, jakiteko nola eragiten duen bikotekidea aukeratzeak gene-ondarean. Askotan uste dugu gure erabakiek ondorio mugatuak dituztela, baina, agian, zure bikotekidea aukeratzeko erabiltzen dituzun irizpideek moldatu egiten dute populazioaren gene-ondarea.

Erreferentzia bibliografikoa:

 

Yamamoto, K., Sonehara, K., Namba, S. et al. (2022). Genetic footprints of assortative mating in the Japanese population. Nature Human Behaviour. DOI: 10.1038/s41562-022-01438-z

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

 

The post Nolako bikotea aukeratu, halako gene-ondarea sortu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Intsektuen ezusteko eragina atmosferan

Tue, 2022/11/29 - 09:00

Erle multzo baten inguruan sortzen den karga elektrikoa neurtu dute zientzialariek, eta konturatu dira ekaitz hodei batek sortzen duen kargaren tamainakoa izan daitekeela.

Ezaguna da tximeleta baten hegazkadari buruz esaten dena: munduaren punta batean egindako mugimendu txiki batek urakana eragin dezake munduaren beste puntan. Ez da horrela, noski. Baina berdin dio, ideia horrek balio duelako irudikatzeko ideia nagusi bat: eguraldia bezalako sistema kaotiko batean faktore andana aintzat hartu beharra dago. Hortik dator eguraldiaren aurreikuspena egiteko zailtasuna.

Faktore hauen guztien artean tenperatura, presioa edota aire masa mugimendua dira nabarmenenak, baina karga elektrikoak ere badu zeresanik. Hasieran aipatutako adibidean, tximeletaren hegazkadak airean eragindako mugimendua kontuan hartuko genuke, baina inork ez luke imajinatuko tximeletaren presentziak karga elektrikoan eragina izan zezakeenik.

Bizidunen eta elektrizitatearen arteko lotura aspalditik ezagutzen da. Kasurako, zenbait ur animalik deskarga elektrikoak erabiltzen dituzte harrapakinak lortzeko. Jakina denez, elektrizitatea hobe transmititzen da uraren bitartez, eta, horrela, ikaraio pikartek edo aingirek 600-1000 volt arteko deskargak eragin ahal dituzte, bai ehizarako zein harrapakarietatik babesteko ere.

intsektuen eragina1. irudia: atmosferan dagoen karga elektrikoan eragina dute erlekumeek. Orain, ikusi nahi dute zer nolako eragina izan dezaketen bestelako intsektu multzoek. (Irudia: Ellard Hunting)

Lurrean, halakorik ez da gertatzen, baina horrek ez du esan nahi elektrizitatea erabiltzen ez denik. Zenbait armiarmaren kasua da. Aspalditik ezagutzen da “hegan egiteko” gai direla. Charles Darwin bera horretaz konturatu zen, ozeanoaren erdian egonda Beagle ontzira armiarma txikiak ailegatzen zirela ikusi zuenean. Baina duela gutxira arte ez da ondo jakin garraio berezi horretan norainoko eragina zuten haizeek eta norainokoa karga elektrikoek.

Duela gutxi, ordea, laborategian probatu ahal izan da elektrizitatea garrantzi handikoa dela horretarako. Gakoa hanketan dituzten iletxo itxurako organo txiki batzuetan datza —trichobothria izenekoak, ingurua hautemateko ezinbestekoak zaizkienak—. Horiei esker, zenbait armiarma airean dagoen karga elektrostatikoaz baliatzen dira airean gora egiteko. Funtsean, gizaki baten adatsa ere elektrizitate estatikoaren aurrean mugitzen diren modu berdinean, karga elektrikoak hautematen dituzte iletxo hauek, eta horrela armiarmak baldintza egokiak detektatzeko gai dira.

Baina kontua harago doala dirudi, orain jakin denez. Ikertzaile talde batek argitu nahi izan du norainokoa izan daitekeen intsektuen eragina atmosferan. iScience aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte xehetasunak.

“Ebidentzia teoriko eta enpirikoa bateratzen ditugu demostratzeko erlekumeek eragin zuzena dutela atmosferako elektrizitatean, eragin hori erlekumearen dentsitatearen araberakoa izanik”, idatzi dute egileek zientzia artikulu horretan.

Azaldu dutenez, orain arte aintzat hartu diren prozesuak abiotikoak dira. Eskala handian, maila globalean dauden ekaitzek eremu elektriko handiak eragiten dituzte. Eskala txikiagoan, ordea, askoz gehiago dira aintzat hartu behar diren faktoreak. Hala nola, hodeiek elektrifikazioa, tximisten sorrera, prezipitazioa, aerosolak eta erradioaktibitatea. Maila txikiagoan, adituek uste dute eragin txikia izan dezaketela ere bestelako faktoreek. Kasurako, gizakiek eragindako kutsadura, bolkanismoa, eta “potentzialki, lurrikarak ere”.

intsektuen eragina2.irudia: landa lanean neurketak egiten ari zirela konturatu ziren bazegoela zerbait datuak kutsatzen zituena. Ondoren jabetu ziren erleak zirela. (Irudia: Ellard Hunting)

Horiei guztiei intsektuen eragina gehitu beharko zaie orain. Antza, biologoak ezustean konturatu ziren erleen eraginaz. Landa lanean ari zirenean, ikusi zuten neurketak aldatzen zirela erle talde bat gerturatzen zenean. Kide fisikariengana jo zuten, fenomenoari azalpen bat aurkitu nahian, eta horrela diziplina arteko lana abiatu zen. Pazientzia askorekin egin zituzten neurketa berriak, oraingoan, beren-beregi erle multzoen atzetik. Era horrela egiaztatu ahal izan zuten erle bakar batek eragin dezakeen karga elektriko ñimiñoa biderkatzen dela multzoka ari direnean.

Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) biologo Ellard Huntingek ikerketa bitxi honen abiapuntua azaldu du prentsa ohar batean: “Beti arakatu izan dugu fisikak biologian duen eragina, baina une batean konturatu ginen biologiak ere fisikan eragina izan zezakeela”. Horregatik, behin erleen eraginaz jabetu direla, eta karga horiek edonon aurkitu daitezkeelako, hainbat animaliak egiten duten kanpo elektriko estatikoen erabileran sakontzea erabaki dute.

Ondorioztatu dutenez, erle multzo baten eraginez, atmosferan dagoen karga metro bakoitzeko 100 voltetik 1.000 voltera igarotzen da —voltek bi puntuen arteko energia potentziala neurtzen dute—. Eragin horren tamainaz jabetzeko, ekaitz hodei batek izaten duen karga elektrikoaren parekoa izan daitekeela diote. Txikia izan arren, horrelako kargek eragina izan ahal dute ekaitzen sorreran edota hautsaren jokaeran.

Ikertzaileek azaldu dutenez, arlo horretan lan egiten zientzialariek Gradiente Potentziala izeneko faktorea erabiltzen dute lan egiteko. Izendapen horrekin definitzen dute Lurraren eta metro bateko altueran dagoen puntu baten artean dagoen alde elektrikoa. Bada, gradiente elektriko horretan eragina dute erle multzoek.

Erleekin eskuratutako datuetan abiatuta, ikertzaileek kalkulatu dute zein izan zitekeen beste intsektuen eragina. Oro har, intsektuek duten tamainaren eta dentsitatearen araberakoa da atmosferako elektrizitatean duten eragina. Kalkulu horretan, arreta berezia jarri dute otietan. Jakina denez, intsektu horiek kopuru erraldoietan mugitzeko gai dira. “Seguru aski beren eragina erleena baino askoz handiagoa da”, espekulatu dute.

Zientzialari hauek konturatu dira “eskala espazial desberdinetan ezusteko lotura espazial asko egon daitezkeela; adibidez, lurreko mikrobioak, landareen eta polinizatzaileen arteko elkarrekintzak, intsektu multzoak eta agian baita zirkuitu elektriko globala ere”. Beraz, ikerketa arlo zabala ireki zaie orain.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hunting, Ellard R.; O’Reilly, Liam J.; Harrison, R. Giles; Manser, Konstantine; England, Sam J.; Harris, Beth H.; Robert, Daniel (2022). Observed electric charge of insect swarms and their contribution to atmospheric electricity. iScience Vol. 25, Issue 11. DOI: 10.1016/j.isci.2022.105241

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Intsektuen ezusteko eragina atmosferan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko

Mon, 2022/11/28 - 09:00

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek artikulu zientifiko bat argitaratu dute, zeinean errotik aztertzen baitute psilozibina haluzinogenoak duen eragin-mekanismoa. Saiakuntza klinikoen fase aurreratuetan dago psilozibina zenbait patologia psikiatriko tratatzeko, hala nola depresioa eta adikzioak.

Psilozibina sendagai potentzialki baliagarri bihurtu da zenbait gaixotasun neuropsikiatrikotarako, azkar ekiten baitio jardun terapeutikoari. Hala ere, oraindik ere ez dago oso garbi zer mekanismok eragiten dituzten ondorio horiek. UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldearen lan batek errotik aztertzen du psilozibina haluzinogenoak saguetan duen eragin-mekanismoa. Lortutako emaitzak garrantzitsuak dira ondorio terapeutikoon azpian dagoen eragin-mekanismoa ulertzeko, baina baita substantzia psikodeliko horren bigarren mailako ondorio posibleen berri izateko ere.

PsilozibinaIrudia: Psilozibina modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan, adibidez Psilocybe generokoetan. (Argazkia: Alan Rockefeller – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Psilozibina modu naturalean topa daiteke onddo-espezie haluzinogeno batzuetan (Psilocybe generokoetan, besteak beste), eta joan den mendeko 60ko hamarkadan aztertu zen zenbait nahasmendu mental tratatzeko. 1972az geroztik, ordea, debekatuta dago psilozibina erabiltzea eta banatzea. Azken urteotan, halere, komunitate zientifikoak berriro ekin dio substantzia hori eta antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk ikertzeari —horien artean, MDMA edo LSDa—. Ildo horretan, Europan zein Amerikan eginiko saiakuntza klinikoek emaitza itxaropentsuak iradokitzen dituzte. “Ikerketa horien emaitzak ikusi ondotik, Amerikako Estatu Batuetan deskriminalizatu egin dituzte psilozibina eta potentzial terapeutikoa duten beste haluzinogeno batzuk, eta hori aurrerapauso bat da etorkizunean agentzia arautzaileek (batez ere AEBko FDA Elikagai eta Sendagaien Administrazioak eta EMA Europako Sendagaien Agentziak) substantzia horien erabilera klinikoa onar dezaten”, azaldu du Ines Erkizia doktorego aurreko ikertzaile eta artikuluaren lehen egileak.

Luze-zabal deskribatu izan dituzte psilozibinaren eta haren metabolito aktiboaren (psilozina) efektu akutuak, dela ingurune klinikoetan, dela aisialdi-giroetako erabiltzaileen bitartez. Efektu horien artean daude pertzepzio-aldaketak —hala nola entzumen- edo ikusmen-haluzinazioak—, bai eta esperientzia mistikoak edo espiritualak ere. Epe luzerako ondorioen artean, erabiltzaileek aldaketa positiboak hautematen dituzte umorean eta aldartean, eta baliteke horrek gaixotasun psikiatriko batzuen sintomatologia hobetzea. Ondorio horien azpian dauden mekanismoak ez dira erabat ezagunak, baina garun-azalaren konektibitatean ustez alterazioak eragiten dituzten plastikotasun neuronalaren gehikuntzekin erlazionatu dira.

“Antzeko psilozina-profil farmakologikoa baieztatu dugu gizakietan eta karraskarietan —adierazi du ikertzaileak—. Gainera, azterketa farmakologiko sakona egin zen etorkizunean azterlan zientifikoetan baliatu beharreko dosi optimoak identifikatzeko, bai oinarrizko ikerketarako, bai ikerketa klinikorako. Gure aurkikuntzek datu baliotsuak ematen dituzte sistema serotonergikoak psilozibinaren ondorioetan duen inplikazioari buruz”, nabarmendu du Ines Erkiziak.

Ikerketa horren emaitzek bestelako ikuspegi bat eman dezakete farmakoaren xede terapeutikoei buruz, etorkizunean azterketa klinikoetan baliatzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko

Erreferentzia bibliografikoa:

Erkizia-Santamaría, I.; Alles-Pascual, R.; Horrillo, I.; Meana, J.J.; Ortega, J.E. (2022). Serotonin 5-HT2A, 5-HT2C and 5-HT1A receptor involvement in the acute effects of psilocybin in mice. In vitro pharmacological profile and modulation of thermoregulation and head-twitch response. Biomedicine & Pharmacotherapy Vol. 154. DOI: 10.1016/j.biopha.2022.113612

 

The post Droga psikodelikoak patologia psikiatrikoak tratatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #417

Sun, 2022/11/27 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aztertu

Emakumeak zientzian

Nazioarteko ikertzaile-talde batek ikerketa ekonomikoan generoak lankideen edo parekoen ekarpenen bikaintasunaren aitortzan duen eragina aztertu du. Proiektu hau egiteko zientzia elkarte nagusietako emakume eta gizon zientzialarien profilak bildu eta alderatu dira. Ondorioztatu dutenez, gaur egun, emakume akademikoek gizonek baino aukera handiagoa dute aintzatetsiak izateko ekonomiaren arloko munduko elkarte garrantzitsuenetan. Beraz, azken hamarkadan aldaketa nabarmena gertatu da emakumeek erakunde horien aintzatespena lortzeko probabilitatean. Datuak Zientzia Kaieran: Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa.

Paleontologia

EHUko zientzialari talde batek ondorioztatu du Europako etxe-txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zela. Duela 17.000 urte bizi izan zen etxe-txakur baten humero hezurra aurkitu zuten Zestoako Erralla kobazuloan. Aurkikuntza 1985. urtean egin zuen Jesus Altuna arkeologoak zuzenduriko talde batek, baina orain izan dute hura aztertzeko aukera. EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldea iritsi da ondorio honetara, karbono-14aren teknikaren bitartez isotopoak aztertu, DNA arakatu eta formari erreparatu ondoren. Azalpen guztiak Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Filosofia

Aste honetan unibertsitatea.net webgunean Marta Garciari, filosofian lizentziatua eta doktoreari, egin diote elkarrizketa. Garciak Filosofiaren amaieraren inguruan dagoen auzia aztertu zuen tesian. Azaldu duenez, bi teoria nagusi ezberdindu daitezke gai honetan: batetik, filosofia amaitu egin dela adierazten duten teoriak, eta bestetik, horien aurrean filosofiaren berariazkotasuna deskribatzen saiatzen direnak. XX. mende erdialdetik esplizituki agertzen dira filosofiaren defentsak eremu akademikoan, eta azken urteotan komunikabide eta elkarrizketa publikora igaro dira. Garciaren ustetan, filosofiak bere buruaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta zailagoa egiten zaio bere existentzia justifikatzea.

Estatistika

Zientzia Kaieran 2016an argitaratu zen ikerketa bitxi baten nondik norakoak irakur daitezke. Azterketa horretan indoeuropar hizkuntzen zuhaitz filogenetikoa erreferentziatzat hartuta, 275 “magia ipuinen” presentzia aztertu zuten hizkuntza horietako berrogeita hamarretan. Zehazki, Aarne Thompson Uther katalogoko ipuinak erabili zituzten, 200 gizarte baino gehiagoko 2.000 ipuinetik gora biltzen dituen katalogoa. Ipuin horien artean daude, besteak beste, Hansel eta Gretel eta Ederra eta piztia ipuinak. Honela, kalkulatu zuten lau ipuin indoeuropar hizkuntzen jatorrian sortu zirela, duela 7.000 urte baino gehiago, % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak.

Teknologia

Alemaniako ikertzaile-talde batek laser bidezko teknologia erabili du kafea ur hotzarekin modu bizkorrean prestatzeko. 3 minutuko laser bidezko irradiazioari esker, kafe-aleen osagaiak giro-tenperatura erauztea lortu dute. Oro har, kafe edaria prestatzeko, tenperatura altuan dagoen ura erabiltzen da, kafe-aleen osagaiak modu eraginkorrean erauzi ahal izateko. Alabaina, orain modan jarri da cold brew kafea, hau da, ur hotzetan egindako kafea. Kafe mota hau prestatzeko, 12-24 orduko infusio-denborak behar dira erauzketa emateko. Alemaniako ikertzaile-talde honek itxaron denbora luze horiei aurre egiteko modua asmatu du. Datuak Zientzia Kaieran: Laserra goizeko kafea prestatzeko.

Nature aldizkariko azken editorialean azaldu denez hidrogenoa erregai fosilak ordezkatzeko aukera onenetakotzat jotzen da, baina erregai hobeak eta eraginkorragoak badaudela ohartarazi du. Hidrogeno askea (H 2 ) erabiltzen da erregai moduan, baina hau ez dago aske, beste atomo batzuei lotuta baizik, eta haietatik askatzeko prozesuetan energia asko behar da. Kalkulatu da 2050. urterako hidrogenoaren ekoizpena gaurkoa baino bost aldiz handiagoa izango dela, eta honek zero igorpenaren helburua arriskuan jar dezake. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Hidrogenoa ez da denerako erantzunik onena, Natureren editorialaren esanean.

Genetika

Betizu Euskal Herriko behi-arraza Europako azken behi basatietako bat da, eta desagertzeko arriskuan dago. Alabaina, gaur egunera arte betizuaren kontserbazioa bermatzeko ikerketa-lanak egin dira, eta Asier Alvitek bere GRALean orain arteko genetikako ezagutza eguneratu, osatu eta zabaldu nahi izan du. Horretarako, genotipazio-txipek eskaintzen duten informazio molekular masiboa erabili du, egitura genetikoaren eta taldeen arteko erlazioen azterketa zehatzagoa egiteko. Gainera, homozigosi-eskualdeak identifikatu eta aztertu ditu, odolkidetasuna aztertu du eta elkartze-azterketak egin ditu genoma osoan. Informazio honek guztiak depresio endogamikoa agertzea saihestuko duten gurutzamenduak diseinatzea ahalbidetzen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa.

Biologia

Toxoplasma gondii parasitoaren eraginpean dauden otsoek arriskuak hartzeko joera handiagoa dute, baita taldeko lider izateko probabilitate handiagoa ere. Yellowstone Parke Nazionalean 229 otsoren odol-laginak ere aztertu zituzten, T. gondii protozooaren aurkako antigorputzak detektatzeko. Honela ikusi dute parasitoarekin infektatutako otsoek 6 hilabeterekin % 50eko probabilitatea dutela taldea uzteko; Oro har, 21 hilabeterekin iristen dira puntu horretara. Emeek kasuan berriz, 48 hilabetera iristean % 25eko probabilitatea izan ohi dute taldea uzteko, eta infektatuek 21 hilabeterekin. Ikertzaileek nabarmendu dute, gainera, otsoak animalia sozialak izanik, taldearen portaerari ere eragiten diola parasitoak. Datuak Elhuyar aldizkarian.

EHUren ikerketa batek ondorioztatu du mendiko artzaintzak onura sozioekologikoak dakarzkiola gizarteari. SOSTEPASTO proiektuko ikertzaileek azpimarratu dute abeltzaintza eredu hau larreen biodibertsitatea eta nutrizio kalitate handia mantentzeko lagungarria dela, bai eta lurzoruaren karbono dioxidoaren fluxua murrizteko ere. Gainera, azaldu dute ezaugarri sentsorial bereizgarriak aurkitu dituztela artalde horien esnearekin egindako gaztan, eta, horrez gain, gantz azidoen profil osasungarria eta konposatu antioxidatzaile osasungarriak ere identifikatu dituzte. Horregatik, horiek kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko diziplinarteko metodologia bat proposatu dute. Azalpen guztiak Alea aldizkarian: Mendiko artzaintzaren onurak nabarmendu dituzte.

Bardean kakalardoen errolda egiten duen taldeak orain arte ezagutzen ez zen espezie bat aurkitu du: Troglops bardena. 2,5 milimetroko tamaina du, eta arren buruko sakonunea du bereizgarri. Entomologo talde hau bost urtez aritu da errolda hori egiteko lanetan, eta 1.500 espezie sartu dituzte katalogoan. Errolda egiteko hamabostean behin joaten dira Bardeara, eta tranpak paratzen dituzte intsektuak biltzeko. Bi asteren buruan erori direnak hartu eta tranpak hutsik uzten dituzte. T. bardena koleoptero arren aurpegiko sakonune horretan sexu kitzikapenarekin lotura izan dezaketen estruktura bereziak aurkitu dituzte: feromona emisoreak. Haiek uste dute emea erakartzeko baliatzen duela. Ezaugarri morfologikoez gainera, ikusi dute Bardeako kakalardo helduek udaberrian hegan egiten dutela: batik bat apiriletik ekainera. Datuak Berrian: Bardeako kakalardoa.

Osasuna

Izortze Santin EHUko irakaslea eta Biocruces Bizkaia Institutuko ikertzaileak bere liburuaz idatzi du Berrian. Santin birusek gaixotasun autoimmuneen, eta, espezifikoki, diabetesaren garapenean eduki dezaketen eraginean interesatuta dago. Diabetesa, eta zehazki I motako diabetesa, ingurune-faktore eta genetikaren arteko interakzioaren ondorioz garatzen den gaixotasun konplexua da. Alabaina, oraindik guztiz onartuta ez dagoen arren, gero eta argiagoa dago enterobirusek eragindako infekzioak izan daitezkeela I motako diabetesaren garapenaren erantzuleak. Azalpenak Berrian: Han eta hemen, birusak non-nahi.

Bronkitisa berriz itzuli da pandemiako bi urtean eta gero. Javier Benito Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako zerbitzuburuak aitortu du epidemia betean daudela. Biriketako gaitz bat da bronkitisa, eta 2 urtetik beherako umeei erasotzen die. Birus jakin batek eragiten du normalean. Hain zuzen, arnas-birus sintzitialak eragiten ditu kasuen %90. Arnas aparatuko beste birus askoren antzeko sintomak ditu eritasunak, baina ume txikietan askotan kezka motibo nagusia izaten da arnasa hartu ezina. Umeak handitu ahala, alabaina, gaitzaren eboluzioa hobea izaten da. Bestalde, ez dago medikamenturik, eta beraz, sintomak arintzera bideratzen dituzte mediku eta erizainek egun beren ahalegin eta aholkuak. Informazio gehiago Berrian: Bronkiolitis «epidemia» betean.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #417 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #423

Sat, 2022/11/26 - 09:00

Hominino desagertuei eta giza eboluzioari buruzko aurkikuntzek jaso dute aurten Medikuntza edo fisiologiako Nobel saria, Svante Pääbori eman diote. Aurkikuntza horiek egin zirenetik bi iraultza izan dira, bata soziala (irakur bitez banakako jatorriak aurkitzeko analisi genetikoak) eta bestea zientifikoa. Lehenengoa interesgarria izanik, bigarrena garrantzitsuagoa da. Nola egokitzen ziren zientzia ezberdinak (historia, arkeologia, antropologia) oilar genetiko berrira, eta nola egingo dute hemendik aurrera? What’s next for ancient DNA studies after Nobel Prize honors paleogenomics Mary Prendergast-en eskutik.

Material genetiko espezifiko bat txertatzen da bakterio-zelula batzuetan eta oinarrizko ate logiko programagarriak inplementatu ditzakezue. Entzuten duzuena. Neuromorphic electronics into bacterial cells.

Metalak beti izan dira katalizatzaileak. Orain katalizatuak izango dira eta hau esploratu beharreko unibertsoa da. DIPCko jendeak Metal substrates in catalytic reactions

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #423 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: tomatea

Fri, 2022/11/25 - 09:00

Eduardo Angulo biologoak tomatearen nondik norakoak azaldu dizkigu artikulu sorta batean. Fruituak dituen osagaiak aparte, bere jatorria eta etxekotze hipotesiak ere aurkeztu dizkigu.

Patataren ondoren, bigarren baratze labore garrantzitsuena da. Asian ereiten da gehien eta, haren atzetik, Afrikan, Europan, Amerikan eta Ozeanian.

Askotariko tamainak daude, esaterako cherry barietatea eta idi-bihotza. Ohikoena da saltzen diren tomateek 5-6 zentimetroko diametroa izatea.

Tomatearen idatzizko lehen erreferentziei erreparatu dio gaurkoan Kiñu kirikiñoak.

tomatea

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: tomatea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa

Thu, 2022/11/24 - 09:00

Betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. Betizuak animalia iheskorrak dira, eta Euskal Herriko mendietan irauten dute oraindik ere, milaka urtez, modu basatian.

Populazio hori orografia malkartsura eta klimatologia hezera egokituta dago. Baserriko ekonomiaren giltzarria da, eta naturarekiko iraunkorra den abeltzaintza estentsiboa ahalbidetzen du. Gainera, eskualde horretako espezieen biodibertsitate zabalari eusten laguntzen dio. Hala ere, mende luzez mendi, baso eta zelaietan egon diren animalia horiek gutxitu egin dira, landa-biztanleria zahartzearen eta landa-ingurune sozioekonomiko tradizionala desagertzearen ondorioz. Horregatik, beharrezkoa da arrazaren egoera hain delikatua ezagutaraztea, gizarteak ondare horri balioa eman diezaion eta desagertu ez dadin eta landa-sektorearen ekonomia estentsiboan eta naturan txerta dadin.

BetizuIrudia: betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bestalde, betizua kontserbatzeko ahaleginetan aritu diren pertsonek ikertzen eta informazioa biltzen egindako lanari esker, gaur egun oinarri baliotsua dugu. Lan honen bidez, orain arteko genetikako ezagutza eguneratu, osatu eta zabaldu nahi da.

Betizu populazioaren azterketa genetikoaren aurrekari bakarrenetakoa, lan hau egin arte, Fernando Rendok bere doktorego-tesirako egindako ikerketa-lana da. Lan horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ardi-, behi- eta zaldi-arraza autoktonoen populazioen genetikari buruzko azterlana egin zuen. Betizu arrazarekin lortutako emaitzei dagokienez, arrazaren egitura genetikoa eta harreman filogenetikoak aztertu zituen, markatzaile mikrosateliteak erabiliz. Ikerketaren ondorioen arabera, betizu arrazak, 250 abelburu inguru izan arren, aldakortasun genetiko handia ageri zuen. Bestalde, piriniotar behi-arraza betizutik genetikoki hasieran espero baino urrutiago zegoela ikusi zuen. Azkenik, arrazaren gehiengoaren jatorria ia mestizajerik gabe iraun zuten talde gutxi batzuetan zegoen, eta, beraz, betizu arrazak odolkidetasun handia eduki behar zuela ondorioztatu zuen.

GRAL honetarako egin dugun azterketan, betizu indibiduoen lagin espezifiko baten bidez, azterketa genetikoa eguneratu da. Horretarako, genotipazio-txipek eskaintzen duten informazio molekular masiboa erabili da, populazioen genetika-azterketa ugari egiteko aukera ematen baitu. Horien artean, egitura genetikoaren eta taldeen arteko erlazioen azterketa zehatzagoa egiteko aukera ematen du, homozigosi-eskualdeak identifikatzeko eta aztertzeko (ROH – Runs of homocigosity), odolkidetasuna aztertzeko eta elkartze-azterketak egiteko genoma osoan (Genome-wide Association -GWAS-). Egitura genetikoa eta homozigosi-eskualdeak aztertzeko, genotipazioetako informazioa besterik ez da behar; elkartze eta hautespen genomikoko azterketek, berriz, informazio fenotipikoa duen datu-base bat ere behar dute, eta, beraz, ezin izan dira lan honetan aztertu.

Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua ematen dute arrazaren kontserbazio-programan erabakiak hartzeko. Izan ere, beste informaziorik ez dagoenez, depresio endogamikoa agertzea saihestuko duten gurutzamenduak diseinatzea ahalbidetzen du.

Egindako lanari esker, Betizuen 3 talde nagusiekin bat egiten duten 3 jatorri daudela atzeman da. Bestalde, galtzeko zorian dagoen arraza dela kontuan izanik, arrazaren biziraupenerako oraindik arriskutsua ez den batez besteko odolkidetasun genomikoa zenbatestu da -gomendagarria izanik estalketen plana ezartzea-. Azkenik, informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak ziren ahaidetasun-erlazioak argitzeko balio izan du, indibiduoen jatorria ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa.
  • Laburpena: Ikerketa lan honen bidez, Euskal Herrikoa, hemengoa den eta galtzeko zorian dagoen betizu behi-arraza erdi basatiaren ezaguera handitu nahi izan da. AxiomTM Bovine Genotyping v3 genotipazio-txiparekin abereen lagin adierazgarri baten azterketa genetikoa egin da. Azterketa horren helburua behi-taldearen barruan egon zitezkeen azpipopulazioak atzematea eta taldean dagoen odolkidetasun-maila aztertzea izan da. Galtzeko zorian dagoen arraza den arren, odolkidetasuna ez da espero zen bezain handia izan: batez beste % 13,4. Gaur egungo betizuen abere-azienda birpopulatu duten animalia talde nagusiekin bat egiten duten hiru azpipopulazio aurkitu dira. Ahaidetasuna zehazteko, erlazio genomikoen matrizea kalkulatu da, eta informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak diren ahaideak argitzeko duen gaitasuna egiaztatu da. Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua eman dute arraza kontserbatzeko programan erabakiak hartzeko; izan ere, depresio endogamikoa agertzea saihesten duten gurutzamenduak diseinatzeko aukera eman dezake, informazio genealogikoa ez dagoen egoera batean.
  • Egileak: Asier Alvite Arregui, Juan Altarriba Farrán, Luís Varona Aguado
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 127-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.22701
Egileez:

Asier Alvite Arregui Lurgintza Nekazal Kooperatibako ikertzailea da.

Juan Altarriba Farrán eta Luís Varona Aguado Zaragoza Unibertsitateko Albaitaritza Fakultateko Genetika saila eta Anatomia, Enbriologia eta Animalien Genetika saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Laserra goizeko kafea prestatzeko

Wed, 2022/11/23 - 09:00

Kafearekin harreman estua dugu gutako gehienok. Modu batera edo bestera, edozein egun arruntetan egin genezake topo kafearekin. Kafeak mundua aldatu duela dioenik ere bada, baina gu zientziaren alorrera hurbilduko gara. Ur hotzetan prestatutako kafearen –cold brew coffee- modari so, laser bidez kafea prestatzeko balizko prozesuaz arituko gara gaurkoan.

kafeaIrudia: kafea ur hotzetan prestatzeko arazoetako bat erauzketa-denbora da, baina baliteke laser teknologiaren bitartez hori konpondu ahal izatea. (Argazkia: Gabriela Sanda – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kafea munduan gehien kontsumitzen den edarietako bat da –hirugarren postuan uraren eta tearen atzetik- eta, Zientzia Kaieran ere, behin baino gehiagotan izan dugu kafea hizpide. Koldo Garciak, Kafe bat lau gene-koskorrekin, mesedez artikuluan argitu zizkigun Coffea arabica espeziearen genomaren atzean dauden sekretuak. Matematikan fokua jarriz, Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila zebiltzan ikertzaileen berri eman nizuen 2018. urtean eta, geroxeago, kafea nola deskafeinatzen den azaldu nizuen.

Edari bizigarria da kafea eta kafeina du estimulatzaile nagusi. Kafeinaz ere behin baino gehiagotan hitz egin dugu blog honetan bertan. Ez bakarrik kafeak duen kafeinaz; izan ere, Uxune Martinezek argitu zuen bezala, pil-pilean dagoen gaia dira edari energetikoen kontsumoak gazteengan eragiten/sortzen dituen kalte-galerak. Edari energetikoekin eta kafeinaren gehiegizko kontsumoarekin arduratuta, kafeinaren arriskuetako batzuk zerrendatu nituen alkohola eta kafeina, eztanda egin arte artikuluan.

Oro har, kafea prestatzeko, tenperatura altuan dagoen ura erabiltzen da, kafe-aleen osagaiak modu eraginkorrean erauzi ahal izateko. Alabaina, azken urteotan moda-modan dagoen beste kafe mota bat cold brew delako kafea da; alegia, ur hotzetan egindako kafea. Kafe-aleen substantziak azkar erauzteko tenperatura altua behar denez, cold brew motako kafeak egiteko, erauzketa-denbora luzatu behar da. Errezetak errezeta, 12-24 orduko infusio-denborak behar dira cold brew kafe bat prestatzeko. Kontuz: ez da nahastu behar aipatutako kafe hori eta, besterik gabe, modu arruntean prestatutako kafe hotza. Erauzketa ur hotzetan egiten bada, lortutako edariak izango dituen osagaiak ez dira berdin-berdinak izango. Cold brew kafearen zaleek diotenez, kafe mota horrek zapore puruagoa du, garbiagoa. Antza, kafe hori ez da hain mikatza ezta hain azidoa ere. Zaletasunak zaletasun, ez gara horretan sartuko.

Hala eta guztiz ere, argi dago kafe hotzaren arazoetako bat erauzketa-denbora luzea dela. Horren ondorioz, kafetegi batean ezingo litzateke momentuan bertan cold brew kafea prestatu. Bada, Alemaniako ikertzaile talde batek laser bidezko teknologia erabili du arazo horri aurre egiteko. Erabili eta lortu ere bai, izan ere, npj Science of Food aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, 3 minutuko laser bidezko irradiazioari esker, kafe-aleen osagaiak giro-tenperatura erauztea lortu dute. Lortutako kafeina-kontzentrazioa 25 mg-koa izan da 100 ml-ko -gutxi gorabehera ohiko kafe batek duen kafeina kontzentrazioa -. Laser bidez prestatutako kafearen analisiak erakutsi duenez, konposatu lurrunkorren kontzentrazioa, piridina esaterako, altuagoa da tenperatura altuan prestatutako kafearen kasuan baino. Hain zuzen ere, horixe da cold brew kafearen ezaugarri bereizgarria; beraz, laser bidezko kafeak ere antzeko ezaugarriak dituela pentsa daiteke. Oraingoz lehen saiakera bakarrik izan den arren, badirudi emaitza interesgarriak lortu direla.

Gaur-gaurkoz ez dirudi teknologia hori auzoko kafetegian laster izango dugunik, erabili beharreko laser tresna bereziak duen kostu altuarengatik –30.000 $-. Hala ere, modek haizea hartzen dutenean gertatzen den bezala, batek daki hamarkada bat barru sartuko ote zaren tabernara honela: kafesne bat, bi ebaki eta hiru laser-kafe, mesedez!

Informazio gehiago:

Fish, Greg (2022). Laser coffee, coming soon to a café near you?, worldofweirdthings.com, 2022ko urriaren 8a.

Rawat, Sachin (2022). Scientists make cold brew coffee in 3 minutes using lasers, bigthink.com, 2022ko abuztuaren 2a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ziefuss, A.R., Hupfeld, T., Meckelmann, S.W., Meyer, M., Schmitz, O.J., Kaziur-Cegla, W., Tintrop, L.K., Schmidt, T.C., Gökce, B., Barcikowski, S. (2022). Ultrafast cold-brewing of coffee by picosecond-pulsed laser extraction, npj Science of Food, 6(19). DOI: 10.1038/s41538-022-00134-6

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Laserra goizeko kafea prestatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak

Tue, 2022/11/22 - 09:00

Litekeena da ipuin herrikoi ezagunenetako batzuek historiaurrean izatea erroa. Ondorio hori ateratzeko, metodo estatistikoak eta konputazionalak baliatu dituzte; biologian, adibidez, espezie batzuen historia ebolutiboa eta aurreko beste espezie batzuen jatorria berregiteko erabiltzen dira.

Azterketa biologikoak espezieen sekuentzia genetikoen –edo leinuen– alderaketan oinarritzen dira; horrela, haien historia marrazten da. Informazio genetikoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina, batzuetan, DNAren kateak mutazioak izaten ditu erreplikatzean, eta leinu berriak sortzen dira, jatorrizkoaren ondoz ondoko adarkaduren ondorioz. Hizkuntzen bilakaerarekin eta adarkatzearekin ere antzeko azterketak egiten dira, baina geneen ordez, hitzak transmititzen dira. Hitzek denboran zehar izaten dituzten aldaketen ondorioz, beste hizkuntza batzuk sortzen dira, aurreko hizkuntzetatik adarkatzen direlako. Jatorri bereko hitzen artean une honetan dauden desberdintasunak irizpide gisa erabiltzen dira hizkuntzen bilakaera berregiteko.

ipuinIrudia: Warwick Gobleren irudia, Ederra eta piztia ipuinaren 1913ko argitalpen batean erabilia. (Marrazkia: Warwick Goble – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Hizpide dugun ikerketan, indoeuropar hizkuntzen zuhaitz filogenetikoa (“genealogia”) zuten erreferentziatzat, eta 275 “magia ipuinen” presentzia aztertu zuten hizkuntza horietako berrogeita hamarretan. Ipuinok Aarne Thompson Uther nazioarteko katalogokoak dira; guztira, 200 gizarte baino gehiagoko 2.000 ipuinetik gora biltzen ditu katalogoak. Hansel eta Gretel eta Ederra eta piztia, esaterako, ipuin horien artean daude. 275 ipuinetatik 199 baztertu zituzten, ziurrenik horizontalki transmititu zirelako, alegia, gizarte batetik gertuko beste gizarte batera. Nahiko argi zuten, baina, gainerako 76ak bertikalki transmititu zirela, belaunaldi batetik hurrengora, gizarte beraren barruan. Hansel eta Gretel ipuina, adibidez, ez zen hurrengo fasera pasatu. Ederra eta piztia, aldiz, bai.

Gero, kalkulatu zuten ea zer probabilitate zuen ipuin bakoitzak hizkuntza azpifamilia handiak sortzea eragin zuten adarkatzeak gertatu ziren garaian egoteko. Probabilitate hori aipatu narrazioek hizkuntza garaikideetan duten presentziaren araberakoa da, kontuan hartuta, baita ere, hizkuntza horiek zuhaitz filogenetikoan duten posizioa. 76 ipuin horietatik, 14 –Ederra eta piztia, besteak beste– hizkuntza zelten, erromantzeen, germaniarren eta eslaviarren jatorri den hizkuntzan existitu ziren % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, eta uste dute hizkuntza hori duela 6.800 urte jaio zela. Hamalau horietatik, lau indoeuropar hizkuntzen jatorrian –zuhaitzaren oinean– sortu ziren, % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, duela 7.000 urte baino gehiago.

Aspaldiko garai hartan existitzeko probabilitate handiena duen ipuina (% 87) Errementaria eta deabrua da; istorio horren oihartzuna, hain zuzen, Fausto kondairara iritsi zen. Duela 7.000 urteko ipuin bat errementari bati buruzkoa izatea ez da harritzekoa izan behar. Galdaketen lehen ebidentziak duela 8.000 urtetakoak dira, Çatal Höyükoak (Anatolia). Oraingo aroaren aurreko VI. milurtekoan ere kobre galdaketak egiten ziren Anatolian bertan eta egungo Kurdistanen, eremu horiek aberatsak baitziren mineral horretan.

Ipuin batzuen jatorria hain zaharra bada, esan nahi du, alde batetik, ipuinok transmititzen dituzten gizataldeengan hezkuntza eginkizun bat betetzen duten bizi egoeren eta kondizioen berri ematen dutela. Eta, bestetik, ipuinok transmititzeko moduak gure ezagutzaren ezaugarriak ustiatzen dituela eta transmisioa leiala izaten laguntzen duela. Eredu izateko istorioak dira, kontakizun eredugarriak.

Erreferentzia bibliografikoa:

da Silva, S.G., and Tehrani, J.J. (2016). Comparative phylogenetic analyses uncover the ancient roots of Indo-European folktales. Royal Society Open Science, 3, 150645. DOI: 10.1098/rsos.150645

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa

Mon, 2022/11/21 - 09:00

Bere ibilbidearen hasieratik, Nagore Iriberri UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomiako irakasle eta ikertzailea mintegietara joaten zen eta ez zituen emakume asko ikusten. Erreferentziazko emakumeen gabezia hori zela eta, galdera hau egin zion bere buruari: Lanbide honetan zer gertatzen da emakumeekin?

Ikerketaren oinarri gisa Econometric Society eta nazioarteko beste elkarte batzuk hartuta, Nagore Iriberrik, David Card-ek, Stefano DellaVigna-k eta Patricia Funk-ek osatzen duten ikertzaile taldeak generoak lankideen edo parekoen ekarpenen bikaintasunaren aitortzan duen eragina aztertu du. Hau da, ezagutza arlo bateko zientzialariek beren lanbideko kideen kalitatea baloratzeko aintzatespen prozesuan. Erakunde zientifiko horien aitorpena lortzen duten kideak elitea dira eta dagokien arloan erreferentzia garrantzitsutzat hartzen dira; kasu honetan, ekonomian. Emakumezko ikerlariek gizonezko lankideen aintzatespen bera izan al dute beren ekarpen zientifikoengatik?

bilakaera positiboaIrudia: emakume akademikoen aintzatespena aldatuz joan da azken hamarkadetan. (Argazkia: RAEng_Publications – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketan ondorioztatu dutenez, gaur egun, emakume akademikoek gizonek baino aukera handiagoa dute aintzatetsiak izateko ekonomiaren arloko munduko elkarte garrantzitsuenetan. “Fenomeno horren arrazoiak hiru izan daitezke. Lehena: akademikoak jabetu dira emakume zientzialariek historian zehar jasan dituzten oztopoez eta prozesuari buelta ematen saiatzen ari dira. Bigarrena: baliteke ordezkaritza paritarioa izateak balio erantsia dakarrela pentsatzea. Azkena: zientziaren mundua konturatu da denek aukera berdinak dituztela pentsatu arren emakumeek zailagoa dutela”, azaldu du Nagore Iriberrik.

Proiektu hau egiteko datu base bat erabili da. Horren bidez, zientzia elkarte nagusietako emakume eta gizon zientzialarien profilak bildu eta alderatu dira; besteak beste, Econometric Society (EC), American Academy of Arts and Sciences (AAAS), American Economic Association (AEA), National Academy of Sciences (NAS) eta Sloan fundaziokoak (goi mailako kalitateko ikerketa zientifikoak babesten ditu). Datu base hori osatzeko, erakunde eta elkarte horietako bakoitzak sortu zenetik gaur egunera arte bere webgunean argitaratutako milaka datuak erabili dira. Datu horiek deskargatu ondoren, aintzatespena lortzeko hautagai izan zitezkeen ikertzaile guztien datu basea ere sortu da, argitaratutako artikuluak eta horiek guztiek jasotako aipamenak kontuan hartuta. Antzeko ezaugarriak dituzten profilak sortuz, haien artean alderaketak egin ahal izan dira eta generoak aintzatespen horretarako izendatua edo hautatua izateko probabilitatean duen eragina zehaztu ahal izan da.

Lortutako emaitzetan oinarrituta, honako hau ondorioztatu da: “Generoak eragina du aintzatespen horretarako izendatua eta/edo hautatua izateko probabilitatean. Hori horrela, emakume akademikoen aintzatespena aldatuz joan da azken hamarkadetan.

Bilakaera positiboa azken urteotan

Econometric Society elkartearen lehen urteetan, 1933 eta 1979 bitartean, “emakume akademikoen kasuan koefiziente negatiboa” ikusten da aitorpen mota horretarako aukeratuak izateko probabilitatean. Bestalde, “1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eragin positibo txiki bat ikusten da” emakumeak hautatzeko probabilitatean, baina estatistikoki oso txikia da. 2000tik 2009ra bitartean, hautatuak izateko probabilitatean “efektu positibo moderatua” ikusten da. “Azkenik, 2010etik 2019ra bitartean, aurrekoetan baino eragin positibo handiagoa antzeman daiteke”.

AAASen eta NASen kasuan –akademikoek zuzenean izendatzen dituzte beren parekoak–, historian zehar emakumeen presentziari dagokionez oso antzeko bilakaera izan dutela ikus daiteke. Bestalde, AEAk eta Sloan fundazioak –batzorde batek egiten ditu izendapenak– bilakaera konstanteagoa izan dute urteetan zehar.

Beraz, ikusten denez, azken hamarkadan aldaketa nabarmena gertatu da emakumeek erakunde horien aintzatespena lortzeko probabilitateari dagokionez. Tasa negatibo batetik abiatuz tasa positibora batera pasatu dira.

“Nire ustez, denborarekin arlo honetako emakumeen ehunekoa gizonenaren antzekoa izango da, baina horretarako lan egin behar da, eta ez zientziaren arloan bakarrik, gizarte osoan baizik, txikitatik banaketa parekidea bultzatzeko», zehaztu du Iriberrik.

Aniztasun geografikoaren garrantzia

Ikerketak agerian utzi du, halaber, aniztasun geografikoaren garrantziak ere pareko bilakaera izan duela. Ikusten denez, 1990eko hamarkadan Estatu Batuetako unibertsitate ospetsuetako ekonomialariak izendatu ohi ziren aintzatetsiak izateko. Gaur egun, azpiordezkatutako eskualde bateko kideak hautatzeko aukera hiru aldiz handiagoa dela ikusten da. Aldaketa horretan Batzordeak rol garrantzitsua izan du, bistan denez; izan ere, hautaketa paperetan aldaketak egiten joan da, eskualde horien protagonismoa nabarmentzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa

Erreferentzia bibliografikoa:

Card, David; DellaVigna, Stefano: Funk, Patricia; Iriberri, Nagore (2022). Gender Differences in Peer Recognition by Economists. Econometrica Vol. 90, Issue 5 1937-1971. DOI: 10.3982/ECTA18027

 

The post Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #416

Sun, 2022/11/20 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

marrazo

Arkeologia

Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu du Aranzadik Arangurenen, Nafarroan, K.a. I. mendekoa den esku baten formako brontzezko xafla baten. Irulegiko eskua izendatu dute eta lau lerroko inskripzio bat dauka grabatuta hizkuntza baskonikoan. Lehen hitza sorioneku gisa transkribatu daiteke euskarara. Hizkuntza horretan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena da, eta frogatu du garai hartako herritarrak hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela. Leire Malkorra izan zen Irulegiko eskua lehen aldiz ukitu zuen pertsona, eta Berriak elkarrizketatu du bera. Arkitektoa da Leire, baina zazpi urte daramatza Aranzadirekin lanean. Joaquin Gorrotxategi EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedradunarekin ere egon da Berria, eta onartu du ia sinetsita zegoela euskaldunak analfabetoak zirela Antzinaroan. Honetaz gain, Gorrotxategik azaldu du hizkuntza baskonikoan dagoela idatzita, ez euskaraz, azken hau XVI. mendetik gutxi gorabehera ulertzen dugun hizkuntza bat baita. Aurkikuntza honen inguruko gogaberak Sustatun  eta Garan ere irakur daitezke.

Astronomia

Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da. Jamie Klair gaztea izan da aurkikuntzaren egilea. Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, Klair eta bere taldekideek izar-mapa astronomiko baten pasartea aurkitu dute. Eskuizkribua arakatzen ari zela Klair jabetu zen, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere bazirela orrialde batzuetan. Horrela, irudi multiespektralaz baliatu ziren izkriburen atzean zeuden geruzak ikustarazteko. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko, eta koordenada astronomiko batzuekin egin zuten topo. Ikertzaileen ustez, pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da, modu sistematikoan zerua kartografiatzeko egin zen lehen saiakera. Datuak Zientzia Kaieran.

Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu dituzte galaxia baten handitze-ahalmena erabiliz. Galaxiaren grabitazio-eremuak leiar gisa funtzionatu du supernobaren eta Lurraren artean, eta horrela, eztandaren argia egun gutxiren aldearekin nola aldatu zen jasotzea lortu dute. Eztanda egin zuen izarrak Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuela zehaztu dute, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela; duela 11.500 milioi urte, gutxi gora bera. Aurkikuntza honi buruzko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke: Unibertso urruneko supernoba bat, hiru denboratan.

Azaroak 15ko gauean abiatu zen Artemis misioa, etorkizunean emakume bat Ilargira eramateko helburuarekin. Baina, ibilaldi hori egin baino lehenago, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen du lehenbiziko misioak. Lehenbiziko misio honetan bidaiaria Moonikin Campos izeneko maniki bat da, komandantearen lekuan eseria, eta hegaldian tripulazioak zer sentituko duen aztertzeko balioko du. Beste bi eserlekuetan Zohar eta Helga doaz, emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginiko panpin modukoak. Artemis misioaren berezitasuna da, beraz, emakumeek protagonismoa izango dutela espazioko bidaia honetan. Azalpenak Berrian.

Ingurumena

Prestige itsasontziaren hondoratzeak 20 urte bete ditu aste honetan. Euskal kostaren parera abenduan iritsi ziren Prestige itsasontzitik isuritako fuel olioaren orbanak. Euskal kostaldea, bereziki, erkidego bakarra izan zen non itsasoan fuel olio gehiago jaso baitzen lehorrean baino; lehorrean jasotako tona bakoitzeko, itsasoan sei jaso ziren. Urteurren hau beteta Berria Ionan Marigomezekin egon da, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariarekin. Marigomezek hondamendiaren inguruan hartu ziren hainbat erabakiren inguruan hitza izan zuen. Azaldu dunez, erabakiak hartzerakoan osasun publikoa arriskuan jar zezaketen tokiak garbitu ziren, hau da, hondartzak eta gizakientzat eragina zuten inguruak; baina beste guztia utzi egin zen. Bestalde, argudiatu du honelako hondamendien ondorioak askotarikoak direla, baina Prestigen kasuan ez dela behar bezain beste ikertu. Izan ere, prentsatik gaia desagertu, eta ia ikerketa dena desagertu omen zen. Gai honen inguruko informazio gehiago Berrian aurki daiteke.

Biologia

AZTIko ikerketa batek erakutsi du atunen eta marlinen populazioek hobera egin duten arren, marrazoena, aldiz galtzeko bidean jarraitzen duela. Indize berri bat garatu du AZTIk honetarako, eta azken 70 urteetan atunek, marlinek eta marrazoek izan duten bilakaera aztertu dute horrekin. Datu horiekin agerian geratu da harrapari horien egoera zuzenean lotuta dagoela arrantzak haiengan duen eraginarekin. Ikertzaileek adierazi dute arratzaren helburu-espezieak direnak gero eta maila jasangarriagoetan daudela, baina nahi gabe marrazoak ere arrantzatzen da. Hori da, hain zuzen ere, arrantzaren arazo handienetako bat, eta frogatzen du arrantzaren kudeaketan ez direla behar adina neurri hartzen. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu du tumoreetako mikrobiotak hauen sorreran eragiten dutela. Ikertzaileek bakterioek infektatutako minbizi-zelulak erauzi, eta haien RNA sekuentziatu dute. Horrela ikusi ahal izan dute bakterioek eragina izan dezaketela tumorearen zenbait prozesutan; besteak beste, inflamazioan, metastasian edota latentzia zelularrean. Gainera, azaldu dute tumoreetako bakterioek banaketa espazial oso antolatua dutela, eta ugariagoak direla gutxi baskularizatutako ehunetan eta immunologikoki deprimituagoak daude guneetan. Beraz, bakterioak gako izan daitezke tumoreen hedapena kontrolatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Farmakologia

Hilekoaren odol-jarioa handitzea COVID-19aren mRNA-txertoen albo-ondorioetan sartu zituen Sendagaien Europako Agentziak. Moderna eta Pfizer txertoak dira mota honetakoak. Orain ikerketa berri batek frogatu du egia dela, eta odol-jarioak handitzeaz gain, zikloa luzatzea ere eragin dezakete. Horren zergatia aztertuta, baztertu egin dute txertoen osagairen baten ondorioz izatea. Horrela, uste dute hilekoaren hormonen funtzionamenduan eta immunitateak umetokiaren zelulen berritzean duten zereginean eragiten dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren txertoen eta hilekoaren asalduren arteko erlazioa baieztatu dute.

Fisika

John Shore ospetsu egin zen tronpeta bakarlaritzat zuen birtuosismoagatik. Alabaina, ezpainean izan zuen istripu baten ondorioz, tronpeta utzi eta instrumentuak konpontzen, berrikuntzak egiten eta teknika berriak ikasten hasi zen. Horrela lautea tonuan jarri nahian zebilela 1.711an diapasoiaren ideia otu zitzaion. John Shorek Händeli oparitu zion diapasoia eta geroago, diapasoi guztiek ematen zuten tonua estandarizatzea bihurtu zen arazo. Horrela, 1859an, Frantziako gobernuak agindu zuen une hartatik aurrera 435 Hz-ko la ezarriko zela herrialde osoan. Istorio honi buruzko informazio osoa Zientzia Kaieran irakur daiteke: La unibertsalaren bila.

Iñigo González de Arrieta Martínez Fisikan Graduatu zen UPV/EHUn eta Fisika Aplikatua Sailean egin zuen tesia. Egun, CNRS  Orleansen egiten du lan, espektroskopia infragorria eta materialen propietate termofisikoak aztertzen. Zehazki, materialen emisibitate infragorria neurtzen du Iñigok. Azaldu duenez, neurketa hauek gauzatzeko materialak tenperatura altuak jasan behar dituzte, garrantzitsuak baitira energia eraldaketa eraginkorragoa izateko. Baina adierazi du materialen emisibitate infragorria egoki neurtzea oso zaila dela, batez ere mikroestrukturen eta gainazalaren egoerarengatik. Momentuz, Iñigoren gairik garrantzitsuena aluminioaren errekuntza da, eta prozesu horren erradiazio termikoa ikertzen ari da, aluminioa bektore energetiko izan daitekeen aztertzeko. Ikertzaile honi eginiko elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean dago eskuragarri.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #416 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #422

Sat, 2022/11/19 - 09:00

Benetako eragin politikoa izan dezakeen ideologia batentzat arazo larria da falazietan oinarritzea. Ideologia hori ia erlijio bihurtzea ez da harritzekoa, bertako kideek ez bailukete ezagutza eta kultura zientifiko handirik izango. Hori gertatzen ari da gaur egun txikiagotzearen teoria deiturikoarekin. Jesus Zamorak bere oinarriak aztertzen ditu: The limits of degrowth

Soinu-serieak zentzuzko hitz bihurtzeko nolabait antolatu behar da burmuina. Langileen nominen arduradunek bezala konpontzen du: mundu guztiak fitxatzen du sartzean. Our brains “time-stamp” the order of incoming sounds

Disoluzio kimikan oso ohikoa den teknika bat, molekulak babestea eta babesgabe uztea komeni denean, gainazaleko sintesiari ere aplika dakioke. DIPCko jendeak erakutsi du hori grafenozko nanozintetako sigi-saga ertzetan. Protection/deprotection strategy to zigzag edge segments of nanographenes

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #422 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lurrazal ozeanikoaren lehen maparen historia

Fri, 2022/11/18 - 09:00

Gaur egun badakigu itsas hondoak itxura hori daukala. Eta hori, batez ere, emakume honi esker da. Marie Tharp du izena eta, garai hartako emakume gehienak bezala, bizitza konplikatua izan zuen.

Tharp, geologian eta matematikan graduatua, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, New Yorkera joan eta Lamon Laborategi Geologiko entzutetsuan lanean hasi zen. Abila zenez marrazten, mapen sailean jarri zuten lanean.

1953an, Tharpek fosa tektoniko bat aurkitu zuen. Et 60ko hamarkadan, Tharpek bere lankide Heezenekin sekula egin diren Ozeano Atlantikoaren eta Indiako Ozeanoaren mapa kartografiko handi eta xeheenak argitaratu zituzten.

‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Lurrazal ozeanikoaren lehen maparen historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak

Thu, 2022/11/17 - 09:00

Trantsizio-metalez eta oxigenoz osatutako egitura nanometrikoen (polioxometalatoak edo POMak) eta berauen aplikazio eremu zabalaren berri eman genuen aurreko lan baten. POMen aberastasun izugarria, ur disoluzioan aurkezten dituzten oreka kimiko dinamikoen emaitza dira. Alegia, beraien eraketa prozesuak ingurune azidotan gertatzen diren oxoanioien (MOxn-, non normalean M = VV, MoVI eta WVI) kondentsazio konplexuetan oinarrituta daude eta ondorioz, pH baldintza jakinetan zenbait metal-oxigeno kluster ezberdin daude orekan. Nahiz eta egitura aniztasun ikaragarria dimetalatoak bezalako anioi txikietatik proteinen tamaina duten 368 zentro metalikoz osatutako kluster konplexuetara joan (irudia), POMak bi talde nagusitan sailka daitezke konposizioaren arabera: iso- eta heteropolioxometalatoak.

PolioxometalatoakIrudia: POMen egitura esanguratsuenen adibideak. IsoPOMak (goian), heteroPOMak (erdian) eta POM ez-konbentzionalak (behean). Kolore kodea: {MOx} oktaedro grisak; {XOx} poliedro berdeak; {UO8} poliedro urdinak; Au, esfera arrosa; O, esfera gorria. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Lehenengoak metalez eta oxigenoz soilik osatutako espezieak dira, gehientsuenak, ertzak elkarbanatzen dituzten hamar {MO6} oktaedroz osatutako M10O28 dekametalato anioitik eratorriak. Galtzen diren oktaedro-kopuruaren arabera, zenbait topologia desberdin lortzen dira; besteak beste, oktametalatoak β-M8O26, heptametalatoak M7O24 eta Lindqvist izeneko hexametalatoak M6O19. Banadioaren kasuan, orto-banadato [VO4]3- anioia da disoluzio oso basikoetan egonkorra den bakarra, pHa arinki azidotzen denean metabanadato zikliko [V4O12]4– edo (VO3)nn− polimerikoak emateko kondentsatzen dena. Baldintza azidotan aldiz, banadioaren koordinazio zenbakiak 4-tik 6-ra egiten du gora, eta [HnV10O28](6-n)- dekabanadatoa (n, protonazio gradua, 1-5) da espezie egonkor bakarra. Molibdenoari dagokionez, heptamolibdato [Mo7O24]6– eta [Mo8O26]4– oktamolibdato anioiak dira nagusi ingurune azidoetan, pH baxuagoetan (7O24]6- (A parawolframato izenez ere ezaguna), B-parawolframatoarekin [H2W12O42]10− orekan dagoena; ii) metawolframatoa [H2W12O40]6- eta iii) [W10O32]4– dekawolframatoa, topologikoki Lindqvist egituratik eratorria. Aipatzekoa da, pHa azidotu ahala kondentsazio maila areagotu egiten dela kasu guztietan.

Bigarren taldean, heteropolioxometalatoak, metalaz eta oxigenoaz gain heteroatomo (X) izena duten elementu gehigarriak erakusten dituzten egiturak sailkatzen dira. Gehienak simetria altuko aitzindarietatik hasita lor daitezke oktaedroen gehiketa, galera edota zenbait blokeren biraketa erlatiboaren bidez. Hauen artean, Keggin izeneko klusterra da gehien aztertu dena. α-Keggin POMa hamabi {MO6} (M = WVI, MoVI) unitate oktaedriko eta [XO4] tetraedro bakar baten (adb. X = GeIV, SiIV, edo AsV) arteko kondentsazio azidotik dator. Kluster hau erdiguneko tetraedrora erpinak partekatuz elkartzen diren lau {M3O13} trimerok osatzen dute, bakoitza ertzak elkarbanatzen dituzten hiru {MO6} oktaedroz eratuta dagoena. Deskribatutako α-Keggin egituraz gain, klusterraren trimero bat (b), bi (g), hiru (d) edo lauren (e) 60°-ko biraketaren ondorioz ezagunak diren beste lau isomero (Baker-Figgis isomeroak) lortzen dira. Hauetaz gain, ingurunea basikotzean gertatzen den metalen erauzketak, ase gabeko posizioak dituzten “espezie lakunarioen” sorrera dakar (mono-, di- eta tri-lakunarioak, alegia). Espezie hauek elkar kondentsatu daitezke tamaina handiagoko klusterrak eratzeko. Adibidez, bi Keggin trilakunarioren kondentsazioaz {α-X2M18O62} (M = WVI, MoVI eta X = PV, AsV) Wells-Dawson anioia lortzen da.

Polioxometalatoen familiako lehen espezieak sintetizatu zirenetik, konposatu mota honen inguruko ikerketak esponentzialki egin du gora. POM arketipo tradizionalez gain, hain konbentzionalak ez diren familiak ere ezagutzen dira, besteak beste i) molibdato erraldoiak: molibdeno zentroek erredukzio partziala jasan ondoren, mihiztaketa prozesu konplexuak jasaten dituzte egitura erraldoiak eratuz; ii) uraniozko peroxo-klusterrak, aktinidoz osatutako metal-peroxo anioiak eta; iii) metal noblez, hala nola, paladioa, platinoa eta urrea bezalako katioi metalikoz, osatutako egiturak. Egun, ehundaka POM ezberdin ezagutzen diren arren eta kide berrien aurkikuntzak aurrera dihoan, ikerkuntza alde praktikoetara bideratzen ari da. Azken joera hau, bat dator gizarte modernoak zientziari egiten dizkion eskaerekin; izan ere, egunerako bizitzan berehalako eragina duten aurkikuntzak bilatzen dira eta horietara bideratzen dira dirulaguntza gehienak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak.
  • Laburpena: Polioxometalatoen (PoMen) konposizio eta egitura aniztasun ikaragarria ur disoluzioan aurkezten dituzten oreka kimiko dinamikoen emaitza da. Izan ere, haien eraketa prozesuak ingurune azidotan gertatzen diren oxoanioien kondentsazio konplexuetan oinarrituta daude, eta, ondorioz, pH baldintza jakinetan zenbait metal-oxigeno kluster daude orekan. Hortaz, PoMei dagozkien topologia garrantzitsuenen ikuspegi orokorra aurkezten da lan honetan, pH-aren arabera ur disoluzioan agertzen diren espezie nagusiei erreparatuz. Lehenik, ohiko iso- eta hetero-polioxobanadato, -polioxomolibdato eta -polioxowolframatoak aztertu dira, eta, bukatzeko, hain konbentzionalak ez diren PoM familietan jarri da arreta, hala nola molibdato erraldoietan, uranio peroxo-klusterretan eta metal noblez osatutako egituretan.
  • Egileak: Estibaliz Ruiz-Bilbao, Leticia Fernández-Navarro, Beñat Artetxe, Leire San Felices, Santiago Reinoso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 139-154
  • DOI: 10.1387/ekaia.23005
Egileez:

Estibaliz Ruiz-Bilbao, Leticia Fernández-Navarro, Beñat Artetxe eta Leire San Felices UPV/EHUko Zientzia eta Teknlogia Fakultateko Kimika Organikoa eta Kimika Ez-organikoa saileko ikertzaileak dira.

Santiago Reinoso Nafarroako Unibertsitate Publikoko InaMat-Institute for Advanced Materials and Mathematics eta Zientzia saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da

Wed, 2022/11/16 - 09:00

Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, ikertzaile talde batek Hiparkorena bide den izar mapa astronomiko baten pasartea aurkitu du.

Zorionekoak zenbaitetan irakasle batzuek jartzen dituzten atazak. Orain ezagutzera eman denez, une berezi horietako bat duela hamarkada bat gertatu zen: 2012an Cambridgeko Unibertsitateko Peter Williams Bibliaren ikertzaileak ikasleei udan eskuizkribu bat arakatzeko eskatu zien: Codex Climaci Rescriptus izeneko testu erlijiosoa zen.

Halakoetan gertatu ohi den bezala, eskuizkribuak istorio luzea zuen atzetik. 1895. urtean atera zen azalera, Sinaiko penintsulan (Egipto) dagoen Santa Katalina monasterioan urte luzez gordeta egon eta gero. V. eta VI. mendeen bueltan grezieraz eta arameraz idatzita, izaera erlijiosoa du; besteak beste, fededunak Jainkoaren grazia lortzeko egin behar dituen betebeharrak azaltzen dira.

Baina adituek jakin badakite askotan agiri horien atzean izugarrizko altxorrak aurkitu daitezkeela. Arrazoi sinple bat dago horren atzean: idazteko materialak eskasak eta garestiak ziren garai horietan, askotan pergamino zaharrak berrerabiltzen ziren, aurrean zegoen testua ezabatuz. Aurreko eskuizkribu bat marruskatuz ezabatu eta eduki berriekin erabiltzen ziren eskuizkribuei palinpsesto deitzen zaie. Gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, noski, izugarrizko triskantza gisa ikusten dugu hori, testu baliotsu asko galdu izana ekarri duelako.

mapa astronomikoa1. irudia: Hiparkoren testu astronomikoak zituen eskuizkribua jatorrian Santa Katalina monasterioan (Sinai, Egipto) gordeta egon zen. Argazkian, monasterio horretatik gauez ikusten den zerua izartsua. (Argazkia: A Maraka / Wikimedia Commons CC BY-SA 4.0)

Azken urteotan teknika berriek aukera ematen dute jatorrian zeuden testuak berreskuratzeko, eta halako testu zaharrak ikertzen dutenek beti dute palinpsesto horietan aurreko testuren bat topatzeko esperantza. Zorionekoak izan dira oraingoan.

Eta meritu guztia ez da izan, ez, teknologiarena. Giza adimenak zeresan handia du oraindik aurkikuntzen mundu zoragarrian. Adituen begi abilak, bai, nahitaezkoak dira halako kasuetan aurrera egiteko.

Kasu honetan, Jamie Klair gaztearen adimena izan da abiapuntua. Willliamsek botatako erronkari eutsi zioten ikasle horietako bat izan zen Klair. Eskuizkribua arakatzean, konturatu zen ezabatutako geruza horietan beste zerbait bitxia bazegoela. Jabetu zenez, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere baziren orrialde batzuetan. Gerora egiaztatu ahal izan zutenez, orri batzuk aurreko Biblia batenak ziren, baina beste batzuk Aratoren Fenomenoak izeneko astronomia poematik zetozen.

Filmetan ez bezala, aurkikuntzaren bideak motelak dira, eta 2017. urtera arte ez ziren egin halako gaiak ebazten saiatzeko oso baliagarriak diren azterketa teknikoak. Proba horietan, irudi multiespektralaz baliatu ziren. Izenak iradokitzen duen moduan, teknikak argi ikusgarrian ikusten dena infragorriekin eta X izpiekin konbinatzen ditu; zorte pixka batekin, konbinaketa horrek aukera ematen du zenbait izkriburen edo margolanen atzean dauden geruzak ikustarazteko.

Orrialde bakoitzeko argazkiak atera zituzten, uhin luzera desberdinetan. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko.

Makinen eta algoritmoen ostean, berriro giza adimenaren txanda izan zen. Oraingoan gainera, ezusteko faktore batek eragina izan zuen. 2021ean, konfinamendu betean, Williamsek berriro denbora izan zuen eskuizkribua arakatzeko. Antzineko grezieran aditua izan arren, konturatu zen ez zituela ulertzen segidan agertzen ziren grezierazko hiru hizki, notazio berezi batez idatzia zeudenak: μ̊ ν̅ ε̅.

mapa astronomikoa2. irudia: eskuizkribuaren zati bat, irudi multiespektralaren bidez aztertuta. Horrela errazago ikusten dira atzean dauden testuak. (Argazkia: Museum of the Bible/Early Manuscripts Electronic Library/Lazarus Project/University of Rochester)

Eureka une horietako batean, jabetu zen hizki horiek koordenada astronomikoak zirela. Susmo horiek kontrastatzeko, astronomiaren historian aditu diren Victor Gysembergh eta Emmanuel Zingg ikertzaileengana jo zuen.

Orain, Journal for the History of Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte urte hauetan guztietan zehar bildutako susmo eta ebidentziak, astronomiaren historian mugarri izan daitekeen proposamen batean. Ikertzaileen ustez, ezkutuan egon zen pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da. Hiparko greziar astronomiarena, hain zuzen.

Hiparko Kristo aurreko II. mendean bizi izan zen, eta hari egozten zaio modu sistematikoan zerua kartografiatzeko lehen saiakera egin izana. Aurretik ere hainbat zibilizaziotan izarren behaketak jasoak zituzten, noski, baina, ezagutzen dela, Hiparko izan zen aurrena gaur egun metodologia zientifikoaren parekotzat jo genezakeen jarrera batekin egin zuena. Kasurako, babiloniarrek finkatu zuten zenbait izarren kokapena zodiakoan —hots, ekliptikaren gainean, Lurretik ikusita Eguzkiak urtean zehar zeruan egiten duen ibilbidean—, baina Hiparko izan zen aurrera bi koordenadaren araberako kokalekuak deskribatzen, eta, uste denez, zeru osoa hartu zuen. Gainera, Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduak zehaztasun handiz aurreikusi zituen, baita haien aldeko distantzia ere. Modu berean, izarren distiraren eskala bat asmatzea era trigonometria garatzea egotzi zaio.

Plinio Zaharrak kontatutakoaren arabera, Kristo aurreko 134. urtean Hiparko konturatu zen ordura arte ortzian ez zegoen izar berri bat agertu zela, eta handik aurrera bere buruari galdetu zion ea izarrak mugitzen ote ziren. Behin hori egiaztatuta, horien mugimendua aurreikusten saiatu zen.

Uste da, hein handi batean, mende batzuk geroago bizi izan zen Klaudio Ptolomeo astronomoak bere katalogo handia egiteko Hiparkoren lanean oinarritu zela. Hiparkori buruz dagoen arazo da bere inguruan oso gutxi ezagutzen dela, eta hari buruzko erreferentzia urriak beti hirugarren pertsonen bitartezkoak izan direla. Gauzak hala izanik, nolatan ondorioztatu dute orduan testu hori Hiparkorena dela?

Kontua da palinpsestoan aurkitutako erreferentzia horrek Corona Borealis konstelazioaren tamaina gradutan adierazten duela, bai eta konstelazio horren muturretan dauden izarren koordenadak ere.

Ekinokzioen prezesioa fenomenoa dela eta —biraketa ardatzaren batean Lurrak apurka egiten duen mugimendua, 72 urtetan behin gradu ingurukoa—, izarren kokapena zeruan aldatuz doa mendeetan zehar. Eskuizkribuan jasotako koordenada horiek aintzat hartuta, ikertzaileek kalkulatu ahal izan dute noiz jaso zen informazio hori: Kristo aurreko 129. urtean gertatu zela ondorioztatu dute. Data bat dator Hiparko astronomo greziarra bizi zen denborarekin. Hain zuzen, Hiparko Kristo aurreko 190-120 urte tartean bizi izan zela uste da, eta bizitzaren azken urteak Rodas uhartean behaketa astronomikoak egiten eman zituen. Zehazki, uste da Hiparkok bertan jardun zuela Kristo aurreko 162. eta 127. urteen artean.

Aratus Latinus izeneko beste eskuizkribu batean hiru konstelaziori buruz jasota dauden koordenadak ere Hiparkori zor zaizkiola egiaztatu ahal izan dute: Ursa Major, Ursa Minor eta Draco.

Hiru mende geroago Ptolomeok egin zuen katalogoari erreparatuta, orain argitu ahal izan dute Ptolomeo ez zela mugatu Hiparkoren lana kopiatzera. Koordenada batzuk bat datozen arren, beste koordenadak ez datoz bat, eta horrek esan nahi du Ptolomeok beste iturri batzuk ere erabili zituela, edo bere behaketa propioak.

Bitxia bada ere, Ptolomeorenak baino zehatzagoak dira Hiparkoren oharrak, baina aintzat hartu behar da momentuz Hiparkorenean lau konstelazio baino ez daudela jasota, eta Ptolomeoren katalogoan mila izan baino gehiago agertzen direla.

Momentuz, bederen, koordenada bakar batzuekin konformatu beharko. Baina adituak sinetsita daude Hiparkoren jatorrizko katalogoak begi hutsez ikusi ahal diren izarren katalogo osoa hartzen zuela, eta espero dute etorkizunean halako ezusteko eder gehiago azalduko direla eskuizkribu gehiago aztertu eta teknikak hobetzen diren heinean. Codex Climaci Rescriptus horretan bertan badira oraindik deszifratu gabeko pasarteak, baina, modu berean, mundu osoko liburutegi eta artxibategietan ere badaude beste milaka eskuizkribu, harago doan begirada baten zain daudenak. Begirada eta teknologia zorroztea besterik ez dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gysembergh, Victor, Williams, Peter J., Zingg, Emanuel (2022). New Evidence for Hipparchus’ Star Catalogue Revealed by Multispectral Imaging. Journal for the History of Astronomy, 53 (4), 383–393. DOI: https://doi.org/10.1177/00218286221128289

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages