La unibertsalaren bila
Beste 30 urte igaro ziren Günther Christoph Schelhammerri pazienteen gortasuna diagnostikatzeko sardexka bat erabiltzea otu zitzaionetik, diapasoiak gaur egun duen itxura lortu arte. Hori gertatu zenean, ez zen otorrinoen kontua izan, tronpetista ingeles bati esker baizik.
XVIII. mende hasieran, barrokoko musika gune nagusietakoa bihurtu zen Londres. Han konposatu zituzten beren lan ospetsuenetako batzuk Henry Purcellek1 edo Georg Friedrich Händelek, besteak beste. Bitxia bada ere, biek hainbat partitura eskaini zizkioten Shore abizeneko musikari familia bati: Matthias Shore, William anaia eta John semea tronpeta jotzaileak ziren Londresko Errege Kaperan. Katherine Shore alaba abeslaria, aktorea eta klabe jotzailea ere izan zen. Guztiak izan ziren musikari aipagarriak, baina gainera, John Shore ospetsu egin zen bakarlaritzat zuen birtuosismoagatik, edo ahizpa Katherine eta garaiko beste abeslari batzuekin batera bikoteka jotzeagatik. Bere tronpetaren kontrola eta bizkortasuna apartekotzat hartzen ziren.

Dena kontzertu baten erruz aldatu zen. Dirudienez, Johnek gehiegizko esfortzua egin zuen tronpetarekin, eta tupustean ezpaina urratu egin zitzaion. Ezin izan zuten zauria konpondu, eta bakarlari ibilbidea utzi behar izan zuen Johnek. Zorionez, bertute handia izateaz gain, moldakorra ere bazen. Musika prestakuntza handia jaso zuen gaztetatik. Lautea jotzen zekien, baita instrumentuak konpontzen ere, eta berrikuntzak egitea eta teknika berriak ikastea gogoko zuen. Istripuaren ondoren, lautea jotzeari ekin zion buru-belarri, eta instrumentu hori tonuan jarri nahian, 1.711an diapasoiaren ideia otu zitzaion. Diotenez, geroztik, kontzertu bakoitzaren aurretik eta oso modu teatralean, metalezko urkila bitxi hori ateratzen zuen publikoaren aurrean eta zera errepikatzen zuen: «Ez noa inora nire diapasoirik gabe». Hura bai izan zela promozio kanpaina!
Diapasoia laster zabaldu zen Europa osoan zehar, baina ez nahitaez Shoreren esloganari esker. Ordura arte, musikariek egurrezko hodiak erabili zituzten erreferentzia tonal baten bila. Baina hodi horiek ez ziren oso fidagarriak, eta tenperatura eta hezetasun aldaketek asko eragiten zieten. Diapasoia, aldiz, maneiagarria eta sendoa zen, tonu konstantea mantentzen zuen giro baldintzak edozein zirela ere eta, gainera, oso tonu garbia sortzen du, ia harmonikorik gabea, identifikatzen oso erraza.
Händelen diapasoiaHändelek berak segituan hartu zuen asmakizuna. Dirudienez, John Shorek berak oparitu zion, eta gaur egun, bere diapasoia da kontserbatzen den zaharrena. Hala ere, norbaitek joko balu, alde handia nabarituko luke egungo batekin alderatuta. Hasteko, ez dutelako nota bera ematen: gaur egungo diapasoiek la ematen dute (A4402), eta Händelenak, berriz, do baten soinua zuen (C512 Hz). Baina gainera, do hori nahiko desafinatua irudituko litzaiguke, oraingoa (C523 Hz) baino tonu laurden bat baxuagoa baitu3.
Diapasoi horri esker, Händelek eta bere garaikideek lanak zer afinazio zehatzetan entzun nahi zituzten identifika dezakete musikologoek (diapasoien tonuak egonkor iraun du gaur arte). Baina, horrez gain, azken mendeetan soinu musikalek izan dituzten aldaketei buruzko arrastoak ematen dizkigu. 1880an, A. J. Ellis musika aditu ingelesak bidaia bat egin zuen Europa osoan zehar, eta XVI eta XIX. mendeen arteko 74 organo eta diapasoi aztertu zituen, besteak beste Händelen diapasoia eta Stein pianogilearena, zeinak Mozartentzat pianoak eraiki baitzituen Vienan. Aurkitu zuen 74 instrumentu horien arteko la notaren afinazioaren maiztasuna 374 eta 567 bibrazio bitartekoa zela: bostun tarte baten baliokidea edo, musika terminoetan, mordoa.
Hori da drama, istorio honen paradoxa: diapasoiak denboran zehar tonu egonkor eta etengabea sortzen lagun zezakeen arren, tonu horrek zein maiztasun izan behar zuen erabakitzea askoz ere konplikatuagoa izango zen. Horregatik, diapasoiak laster Europako musika zentro guztietan egon baziren ere, ez zen estandar komun bat egon handik denbora askora arte. Ordularien antzeko zerbait gertatu zitzaion asmakizun horri: gauza bat da denbora modu zehatz eta egonkorrean neurtzen ikastea, eta beste bat, oso bestelakoa, zer ordu den ados jartzea. Bigarren arazoa askoz ere zailagoa da, gizaki pila bat ados jartzea beharrezkoa baita. Erlojuaren kasuan, trenbidea izan zen ordua maparen puntu batetik bestera garraiatzeko eta bateratzeko gakoa; jendeak geltokira zein unetan iritsi jakin behar zuen, eta horretarako hiri eta herrialde ezberdinak estandar batekin ados jarri behar ziren. Diapasoiaren kasuan, la unibertsal bilatu hori bidaiarazi zuena irratia izan zen.
BBCren la unibertsala
Une hori baino lehen, estandarizazio saiakera batzuk egon ziren, baina bat berak ere ez zuen guztiz arrakasta izan. XIX. mendean, musika gero eta altuagoa bihurtu zen, tonuerdia gutxi gorabehera. Goranzko joera horrek musikariek beren artean soinu “distiratsuagoa” lortzeko lehiari erantzuten zion, baina arazoak sortzen zizkien abeslariei, ezin baitzituzten beren ahots kordak tenkatu mugarik gabe. 1859an, Frantziako gobernua egoera geldiarazten saiatu zen, eta agindu zuen une hartatik aurrera 435 Hz-ko la ezarriko zela herrialde osoan. Guztientzako la komuna ezartzeko lehen ahalegina izan zen, eta Frantziako mugetatik kanpo erabat gailentzea lortu ez bazuen ere (izan ere, “frantziar tonua” izena hartu zuen), musika doinuen gorako eskalada geldiarazi zuen. Mendearen amaieran, ingelesek 439 Hz-etan definitu zuten beren la (suposatzen dut frantsesen aurka egiteagatik, gehienbat).
Irratia agertzeak eta Europan eta Estatu Batuetan kontzertuak zabaltzeko erabiltzeak inoiz baino beharrezkoago bihurtu zuten benetan nazioartekoa zen estandar bat finkatzea. 1939ko maiatzean, Londresko konferentzia batek A440ko egungo estandarra adostu zuen. Zifra berri hori zehaztasun handiagoaren bila aukeratu zen, 439 zenbaki lehena baita eta elektronikoki sortzea zailagoa baitzen. A440 estandarra Britainiar Estandarren Institutuak onartu zuen 1939an, eta Estandarren Nazioarteko Erakundeak, 1955ean eta 1975ean. Une horretatik aurrera, 440 Hz-ko seinale bat transmititzen hasi zen BBC sintonizazio tonu gisa, lehen la benetan unibertsala.
Eta azkenean dena izan zen batasuna eta harmonia uhinen munduan… Edo ez? Izan ere, eta indarrean dagoen estandarra gorabehera, gaur egun Europako orkestra gehienek A442an afinatzen dute. Ez dugu erremediorik!
Oharrak:1Haren berri ez baduzu, honi belarri bat botatzea gomendatzen dizut.
2Afinazioa letra batekin izendatu ohi da, sistema anglo-saxoian eskala musikaleko notak izendatzeko balio duena, eta jarraian hertzetan duen maiztasuna. Kasu honetan, A la da; beraz, A440k esan nahi du la nota 440 Hz-tan afinatzen dela. C512k do notaren maiztasuna adierazten du.
3Händelen diapasoia afinatzeko erabiliko bagenu, la notak 430 Hz-ko soinua izango luke
Erreferentzia bibliografikoak:- Bickerton, R. C., eta G. S. Barr. “The origin of the tuning fork.” Journal of the Royal Society of Medicine, 50. bol., 1987, 771-773 or. DOI: 10.1177/014107688708001215
- Feldmann, H. (1997). History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum. Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398
- Ellis, A. J. (1880). The History of Musical Pitch. Nature 2150-54. DOI: 10.1038/021550a0
Egileaz:
Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 30ean: En busca del la universa.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post La unibertsalaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute
UPV/EHUko BIOMICS ikerketa-taldeak ikertu du RNA molekuletan —genomaren informazioa proteinetara transferitzen duten molekuletan— zer aldaketa ageri diren bularreko minbizia duten eta ez duten pertsonen artean, baita minbizi-azpimota bakoitzaren arabera zer aldaketa ageri diren ere. Emaitzen arabera, RNAren metilazioa gutxiago gertatzen da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino. Gainera, aldeak hauteman dituzte bularreko minbizian motaren arabera.
Minbizia faktore askoren mendeko gaixotasuna da, eta, gainera mota askotako minbiziak daude. Garrantzitsua da minbizia izateko arrisku-faktoreak zein diren identifikatzea: populazio-taldeak aztertzen dira, eta alderatu egiten dira minbizia dutenen eta ez dutenen ezaugarriak; hala, ondorioztatzen da minbizia daukaten pertsonek probabilitate handiagoa edo txikiagoa daukaten ezaugarri jakin bat edo beste izateko.

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICS ikerketa-taldeak RNA mezularian gertatu ohi den aldaketa ugarienetako bat aztertu dute: metilazioa (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako taldea sartzea RNA molekularen posizio jakin batean). Metilazio jakin baten ondorioz, N6-metiladenosina sortzen da (m6A). Ikerketa ugarik erakutsi dute RNAren metabolismoaren prozesu gehienen erregulazioan parte hartzen duela m6A-k. Baina oraindik ez da ezagutzen zer eragin duen aldaketa horrek gene-adierazpenaren erregulazioan, zer funtzio duen zeluletako prozesuetan eta zer eragin izan dezakeen gaitz batzuen, hala nola bularreko minbiziaren, garapenean eta aurrerapenean.
BIOMICs ikerketa-taldeak neurtu du zenbat m6A dagoen bularreko minbizian, etorkizunean itu terapeutiko berriak aurkitu ahal izateko. “m6A-ren metilazioak oso ohikoak dira, RNAren funtzioa erregulatzeko gertatzen baitira. Baina, minbizian, besteak beste, erregulazio hori galdu egiten da, eta begiratu nahi izan dugu nahasmendu horretan zer paper jokatzen duen RNAren metilazio horrek”, adierazi du Felix Olasagasti BIOMICs taldeko ikertzaileak.
Bidea luzea daEmaitzek erakutsi dutenez, “RNAren metilazioaren ehuneko globala txikiagoa da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino, eta bien arteko aldea esanguratsua da”, azaldu du Biokimika eta Biologia Molekularreko doktoreak. Gainera, bularreko minbiziaren azpimota desberdinek duten m6A-ren metilazio-profila deskribatu duen lehen ikerketa da hau: “Ikusi dugu minbizidun zeluletako metilazioan detektatutako aldea profil desberdinarekin azaltzen dela bularreko minbizi-mota bakoitzaren arabera. Bularreko minbiziak ezaugarri batzuen arabera sailkatuta daude. Guk ikusi dugu, sailkatzeko erabiltzen diren ezaugarri horiez gainera, RNAren metilazioan ere badagoela aldea mota batetik bestera”.
Ikertzaileak horren garrantzia azpimarratu du: “Zenbat eta hobeto jakin minbizi-azpimota bakoitza nolakoa den edo nola karakterizatu, aukera gehiago izango da azpimota horri aurre egiteko tratamendua lortzeko”. Nolanahi ere, ikertzaileak onartu du oraindik bidea luzea dela. “Ikerketa honetatik atera dugu metilazioaren gorabeherak eragina izan lezakeela RNA horietatik eratortzen diren proteinetan, eta horrek, azkenean, zelularen minbizi-izaeran eragin lezake”. Horixe da ikertzaileek darabilten hipotesia.
Ikerketan sekuentziazio masiboko teknika erabili dute. “Datu pila bat sortu dugu. Horiek xeheago begiratu beharra daukagu ondo ikusteko zein genetan gertatzen diren aldaketa horiek. Behin gene horiek ondo finkatuta, hurrengo pausoa litzateke ikustea proteinetan zenbaterainoko eragina daukan, eta, gero, horrek zer efektu izan lezakeen. Ikusita minbizi-zeluletan metilazioa gutxitua dagoela, pentsa daiteke metilazio hori azkartzeak zelula horiek bere onera eramaten lagundu lezakeela”. Olasagastik dioenez, pauso bakoitza ikerketa egitasmo bat izango litzateke. Bide horretan aurrera doaz, eta horren adierazgarri da Epigenetics aldizkarian argitaratu berri duten artikulua.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Kleinbielen, Tamara; Olasagasti, Felix; Azcarate, Daniel; Beristain, Elena; Viguri-Díaz, Amparo; Guerra-Merino, Isabel; García-Orad, África; Martínez de Pancorbo, Marian. (2022). In silico identification and in vitro expression analysis of breast cancer-related m6A-SNPs. Epigenetics. DOI: 10.1080/15592294.2022.2111137
The post Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #415
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Isabella Leitch XIX. mendeko nutrizionista feminista bat izan zen, eta ugaztun-jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen. Aberdeenen jaio zen, Eskozian, eta 1911n Matematikan eta Filosofia Naturalean graduatu zen ohoreekin. 1923an, aldi baterako liburuzain-lana aurkitu Rowett Ikerketa Institutuan, eta bertan haurren malnutrizioaren lehen sintomak zehaztu nahi izan zituen. Ondoren, 1950eko hamarkadaren hasieran, Medikuntza Obstetrikoko Ikerketa Unitatean egin zuen lan, eta ama-esneari eta edoskitzeari buruzko zenbait ikerketa bultzatu zituen. Horrela ikusi zuen oso lotura zehatza zegoela fetuaren eta amaren pisuaren artean, ehunka espezietan. Nutrition Abstracts and Reviews aldizkaria sortu zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Emakume zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.
PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa baten arabera dementzien prebalentzia % 30 jaitsi da AEBn, eta ikasketa-maila igotzearekin erlazionatu dute. Ondorio honetara iristeko 65 urtetik gorako 21.000 adineko baino gehiago aztertu dituzte hamabost urtez, eta beste 100.000 adinekoen datuak ere aintzat hartu dituzte. Dementziaren prebalentzia urteetan zehar jaitsi dela ikusi dute honela, eta jaitsiera honen aldagai esanguratsuena heziketa dela. Egileek iradoki dute erlazio hori kausala dela; hau da, heziketa-mailak eragin zuzena duela dementzia izateko arriskuan. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Klima-aldaketaKlima-aldaketaren eraginez permafrosteko zohikaztegiak desizozten ari dira Artikoan. 2019an eta 2020an ohi baino askoz sute gehiago izan ziren Artikoan, eta honek permafrosta bizkorrago desizoztea eragin du. 2020ko uda izan zen beroena lau hamarkadatan; 2019 eta 2020 artean 4,7 milioi hektarea erre ziren,eta 412,7 milioi tona CO2 isuri ziren. Zohikaztegi horietan karbono asko metatzen da, eta suteek karbono hori atmosferara igortzen dute. Gainera, orain arte izoztuta zeuden zohikaztegiak milioika urtez patogenoen hilobia izan dira, eta desizozteak birus eta bakterio horien askatzea eragin dezake. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaEHU Algaloop enpresaren bidez mikroalgak ekoizten hasi dira Asteasun. Organismo urtar txikienetakoak dira mikroalgak eta, orain arte, 5.000-10.000 espezie inguru deskribatu badira ere, beste milaka espezie ezezagun daude naturan. Sergio Seoane UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, etorkizun handia dute mikroalgek ekonomia berdean. Izan ere, elikagai gisa, proteina iturri dira, kosmetika munduan, zahartzea moteltzen dute, eta medikuntzan, tumoreen sorrera geldiarazteko eraginkorrak ote diren ikertzen ari dira. Honetaz gain, energia berriztagarrien alorrean edota nekazaritzan ere ikertzen ari dira mikroalgen erabilgarritasuna. Espero dute 2023an Euskal Herrian ekoitzitako mikroalgak saltzen hastea. Datuak Berrian: Mikroalgak: mikrotik makrora.
Kalmodulina gehienbat burmuinean eta bihotzean dagoen kaltzio-sentsore proteiko bat da. Kaltzio ioiek bizitza zelularraren ia alderdi guztietan eragiten dute, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Baina prozesu hauek gertatzeko, kalmodulina beharrezkoa da. Besteak beste, bihotzeko zelulen uzkurduran parte hartzen duten ioi-kanalak kalmodulinak erregulatzen ditu. Honen harira, azken urteetan hainbat mutazio identifikatu dira kalmodulina kodetzen duen genean, eta arritmia kardiakoarekin eta bihotz-geldialdiekin loturikoak. Alabaina, proteina honen interakzio-sarea oso zabala denez, zaila da zuzeneko loturak identifikatzea. Honen inguruko ezagutza sakona falta da, beraz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Gure bihotzeko Kalmodulina.
GenetikaIkerketa batek ikusi du ezaugarri genetiko gehienetan eskualde geografikoak eragin handiagoa duela familia arteko ezberdintasunek baino. Azterketan zehar, Europar jatorriko 254.387 pertsonaren gene-azterketak egin ziren 56 ezaugarri konplexuetarako. Emaitzek iradoki zutenez, ezaugarri horien aldakortasunaren % 5 jaiotze lekuak azaltzen zuen, eta aldakortasunaren % 14 egungo bizilekuak. Hau ikusita, ondoriozta daiteke eskualde aberats eta pobreen arteko ingurune-ezberdintasunek eragina dutela ezaugarri konplexuen gene-oinarrien ikerketan. Ikerketa honekin argi geratu da, bestalde, ezaugarri baten gene-oinarriak ikertzea beharrezkoa dela ezaugarri hori zehazten duten mekanismo biologikoak bilatzeko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean.
FarmakologiaNuria E. Campillo ikertzaileak Berriari azaldu dio zeintzuk diren sendagaiek botiketara ailegatu arte eman behar dituzten urrats nagusiak eta bidean dauden oztopoak. Azaldu dutenez, farmakoen garapen-tasa oso txikia da, gainditu behar dituzten hainbat oztoporengatik. Horietako bat eraginkortasuna da. Batzuetan eraginkorrak dira in vitro, baina gaixotasunaren eredua animalietara pasatzean eraginkortasun hori jaitsi edo gal daiteke. Dirua ere izan daiteke muga botiken garapenean. Azalpenak Berrian: «Saiakuntza klinikoan faseak gainjartzeak denborak laburtzen ditu».
AstronomiaUPV/EHUko ikertzaile-talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu. Supernoba masa handiko izar batzuen heriotzan gertatzen den leherketa erraldoia da. Bada, eztanda horrek eragindako talka uhina ikertuta, astrofisikariek jakin dezakete izarra zerez eginda zegoen eta nolakoa zen. Horixe egin dute ikertzaile hauek, duela 11.500 milioi urte lehertu zen supernoba baten irudiekin. Irudi horiek lortzeko supernoba baino askoz hurbilago dagoen galaxia bat erabili dute lente gisa. Galaxia honek deformatu egiten zuen espazio-denbora, eta horri esker askoz urrunago zegoen supernoba handituta ikusi ahal izan dute. Informazio gehiago Berrian.
Azaroak 8an eklipse oso bat izan zen ikusgai bi orduz Amerikan, Asian eta Ozeanian. Odol ilargia izan zen, ezohiko kolore gorrixka batekin ikusten baitzen Ilargia. Horrelako eklipseetan Lurraren itzalak erabat estaltzen du Ilargia, eta, beraz, eguzki izpiak Lurraren atmosfera zeharkatu ondoren iristen direla Ilargira. Lurraren atmosferak ordea, sakabanatu egiten du argi urdina, eta argi gorriak, laranjak eta horiak bakarrik heltzen dira Ilargiraino. Azalpenak Berrian: Odol ilargia Amerikan, Asian eta Ozeanian.
MatematikaPoincaréren aierua problema topologia aljebraikoan kokatzen da, eta Henri Poincaré (1854-1912) matematikari frantsesak frogatu zuen. Poincaréren arabera, esfera batean kurba itxi sinple bat hartzen badugu, era jarraituan deformatuz puntu batera eraman dezakegu. Honela, frogatu zuen esferak duen propietate hori bera duten gainazal itxi eta ertzik gabeko guztiak topologikoki baliokideak direla, hau da, deformazio jarraituen bidez esfera batera eraman daitezkeela. 2006ko Matematikarien Nazioarteko Biltzarrean Fields domina Grigori Perelmani eman nahi izan zioten Poincaréren aierua ebazteagatik, baina Perelman ez zen saria jasotzera joan, bere izendapenean egondako nahaste batzuk medio. Istorio honen inguruan gehiago irakur daiteke Zientzia Kaieran: Grigori Perelman ez zen agertu.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #415 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #421
Nola eragiten du gaitasun kognitiboan gaztetan garun erdia kendu behar izateak? Neuroplastizitateak egin dezakeena sinestezina da. Neuroplasticity: Word and face recognition with half a brain
Zehaztu beharreko ideia da planeta baten atmosferan oxigeno-kontzentrazio maila jakina bizi-zantzua izan daitekeen edo guztiz kontrakoa, Lurraren historiak gida gisa hartuz gero, behintzat Earth’s oxygen has varied dramatically over time – here’s how new data could help us spot alien life, Alex Krause eta Benjamin J. W. Mills-en eskutik.
Kimikako aurtengo Nobel saria klik kimikari eman zaio. Erreakzio kimiko horiek aukera ugari zabaldu dituzte polimero ziklikoen sintesian. DIPCko jendeak aukera teknologiko eta terapeutiko ugari biltzen dituen gai baten egoera aztertu du. Producing a large quantity of pure cyclic polymers
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #421 appeared first on Zientzia Kaiera.
Isabella Leitch, ugaztun jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen nutrizionista feminista
Isabella Leitch zientzialaria, besteak beste, giza nutrizioan zegoen espezializatuta, eta ekarpen nabarmenak egin zituen arlo horretan. Era berean, mugimendu sufragista eta ideia feministak sutsuki defendatu zituen bere bizitza osoan. Behin, mugimendu sufragistako buru Emmeline Pankhursten alabetako baten antza zuenez, hark Londresen egin behar zuen mitinetako batean parte hartu zuen, haren ordezko gisa, polizia despistatzeko, hizlaria atxilotu nahi bazuten. Azkenean, ez zen beharrezkoa izan, baina enkargu harekiko eta kausa feministarekiko konpromisoa ez zen ahuldu haren bizitza osoan.
Leitch 1890ean jaio zen Peterhead arrantzale-herrian, Aberdeenen, Eskozian. Aita herriko postaria zen eta familiak jarrera irekia eta aurrerakoia zuen emakumeen heziketaren inguruan; izan ere, Leitch eta haren hiru ahizpak eskolara eta gero unibertsitatera joan ziren, eta garai hartan oso emakume gutxik zuten aukera hori. Haurra zela, Peterheadeko haurrak oinutsik ikusten zituen kalean neguko hilabeteetan, pobrezia handia zegoelako; neurri batean horregatik, beti izan zuen desparekotasunaren eta injustizia sozialaren aurkako jarrera aktiboa, eta, esan bezala, feminista porrokatua ere bazen.

1911n, Matematikan eta Filosofia Naturalean graduatu zen ohoreekin (orain Fisikako karrera izango litzateke), Aberdeengo Unibertsitatean, eta 1914an Zoologiako titulua lortu zuen. Ikasketa horiek egiteaz gain, hainbat espezialitatetako ikasgaiak zituen: latina, ekonomia politikoa, filosofia morala, botanika, landare-fisiologia, giza fisiologia eta enbriologia, besteak beste.
Lehen Mundu Gerrako urteetan, Leitchek beka bat jaso zuen Kopenhagen hemoglobina ikertzeko; orduantxe sortu zitzaion genetikarekiko interesa, bizitza osorako. Aberdeenera itzultzen saiatu zen, baina ez zen erraza izan han ikertzaile-postu bat aurkitzea.
Txiroak ez dira merezi dutelako txiro1923an, aldi baterako liburuzain-lana aurkitu Rowett Ikerketa Institutuan, eta horrek nutrizioari buruz zuen ezagutza ia entziklopediko handiaren oinarriak ezartzen lagundu zion. Aldi berean, horri esker, John Boyd Orren zuzendariaren laguntzaile pertsonal izateko lanpostua lortu zuen, zeinak 1949an Bakearen Nobel Saria irabazi zuen, nutrizioaren arloan egindako ikerketengatik. Geroago azaldu zuenez, ezagutu zuenean, Orrek, bere fede eta heziketa kalbinistagatik, uste zuen txiroak merezi zutelako zirela txiro. Leitchek buruan sartu zion hori gezurra zela, gizarte-desparekotasunaren ondoriozko arrazoiak zeudela, eta ez zela gizabanako behartsuen errua. Azkenean, Orrek gaiari buruzko liburu bat idatzi zuen eta FAOko (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) lehen zuzendaria izan zen.
Institutuan egindako ikerketetako batean, haurren malnutrizioaren lehen sintomak zehaztu nahi izan zituen. 1930eko hamarkadan jadanik ezagutzen ziren nutrizio-gaixotasun zehatzen sintomak, esaterako, eskorbutoarenak eta errakitismoarenak, baina ez zegoen adostasunik desnutrizioak berak eragindakoei buruz; hala ere, horietako batzuen susmoa zuten: larruazalaren aldaketak, anemia, infekzio kopuru handiagoa eta gaueko ikusmen okerragoa, besteak beste. Leitchek zenbait iradokizun egin zituen, esaterako, haurren hanken luzera neurtzea haien altuera osoarekiko.
Datu-bilketa bat egin zuten baina Bigarren Mundu Gerrak eten zuen, eta emaitzak handik zenbait urtera argitaratu behar izan zituzten, 1952an. Leitchek berak argitaratutako ondorioetako baten arabera, hanka luzeagoak zituzten haurrek, oro har, hanka laburragoko haurrek baino bronkitis kasu gutxiago zituzten adin guztietan, eta horrek osasun- eta nutrizio-egoera hobea iradokitzen zuen.

1950eko hamarkadaren hasieran, Leitchek Medikuntza Obstetrikoko Ikerketa Unitatean egiten zuen lan. Han, ama-esneari eta edoskitzeari buruzko zenbait ikerketa bultzatu zituen, eta haurdunaldiaren fisiologiari buruzko lehen berrikusketa sistematikoan hartu zuen parte, zeinetan prozesu fisiologiko hori, neurri batean, nutrizio-prozesu gisa ulertzen zuten: fetua eta haren garapen-ingurunea eraikitzeko pieza kimiko batzuk lortzea eta, aldi berean, balio ez duten molekulak eta substantziak baztertzea. Prozesu horren inguruan gertatzen diren aldaketa metaboliko ugariak direla-eta, zaila zen egoera hori deskribatzea, eta informazio asko bildu eta antolatu behar zen lan hori argitaratzeko.
Leitchek lan egiten zuen unitateari gehien interesatzen zitzaion alderdietako bat haurtxoek jaiotzean zuten pisuarekin eta horretan eragiten zuten faktoreekin zegoen lotuta. Batzuetan, datuetatik abiatuta, ikerketek norabide harrigarriak hartzen zituzten. Horietako bat itsas ugaztunen eta lehorrekoen arteko pisu-desberdintasunekin lotuta zegoen. Garai hartan argitaratutako ikerketa baten arabera, uretako ugaztunen fetuak, erditzean, lehorreko ugaztunenak baino handiagoak ziren (uretakoenak, amaren pisuaren % 4-5 inguru pisatzen zuten; hartz eta lehoienak, berriz, amen pisuaren % 1 inguru).
Hala ere, hori ez zetorren bat gizakien kasuarekin; izan ere, haurtxoek amaren pisuaren % 5 edo % 6 inguru pisatzen dute jaiotzean. Hori ikusita, unitate horretako zientzialariek 114 ugaztun-espezietako jaioberrien pisuari buruzko datuak bildu zituzten, ikerketarako joera edo eredu interesgarrien bila. Ikusi zuten oso lotura zehatza dagoela fetuaren eta amaren pisuaren artean, ehunka espezietan (esaterako, saguzarretan eta baleatan).
Leitchek eragin handia izan zuen nutrizioaren arloan eta, besteak beste, Nutrition Abstracts and Reviews aldizkaria sortu zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Aldizkariak arrakasta izan zuen, neurri handi batean, Leitchek mundu osoko zientzialari askorekin zituen harreman onei, hainbat hizkuntza menderatzeari eta zuen adimen kritiko zorrotzari esker; izan ere, oso lehiatsua izan zitekeen lan batek bere aldizkarian argitaratzeko behar adinako kalitatea ez zuela uste zuenean.
Nola eta zertarako egiten da berrikusketa sistematikoa?
Ikerketa eta literatura zientifikoaren esparruan ere ikus daiteke Leitchen eragina; hain zuzen ere, asko gustatzen zitzaion ideia edo hipotesi jakin baten jatorrira jotzea, eta esperimentuak eta ebidentziak biltzea ideia horren sendotasuna ebaluatzeko. Haren review eta analisi sistematikoak (ondorio orokorrak ateratzeko gai berari buruz egiten diren azterketa zientifikoen bildumak, ebidentzia zientifikoa lortzeko modurik sendoena) zuhurrak, ulerterrazak eta oso zehatzak ziren.
Hori dela eta, 1959an, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak Washingtonen antolatutako Informazio Zientifikoko Nazioarteko Biltzarrean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Haren ekarpenak, «Berrikusketa kritiko eta analitikoen lekua garapen-bidean den edozein zientzia biologikotan eta ikerketan duen rola» izeneko artikuluak, aintzatespen handia eta aipamen asko izan zituen hainbat hamarkadaz. Lan horretan, hasteko, esaten du berrikusketa horiek egiteko datuak eta aurkikuntzak erabili behar direla, datu horiek atera dituzten egileen iritziak erabili beharrean.
Leitch 1980an hil zen, eta ondare handi bat utzi zuen, ez soilik nutrizioaren arloan, baita ikerketa zientifikoaren eta ikerketa hori kidekoen artean komunikatzearen arloetan ere.
Erreferentzia bibliografikoak:- Hytten, Frank (2010) Isabella Leitch’s contributions to the development of systematic reviews of research evidence, Journal of the Royal Society of Medicine 103(3) 114.–117. or. DOI: 10.1258/jrsm.2009.09k065
- Thomson, A. M. (2007), Obituary Notice Isabella Leitch (1890–1980), British Journal of Nutrition 45 (1) (1981) 1.-4. or., 2007ko martxoak 9a
- Pemberton, John (2001) Commentary: Isabella Leitch (1890–1980)— a personal memoir, International Journal of Epidemiology 30 (2) 216.-217. or., 2001eko apirilak 1
- John Boyd Orren, Wikipedia
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 19an: Isabella Leitch, la nutricionista feminista que estudió la relación entre el peso de los mamíferos recién nacidos y sus madres.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Isabella Leitch, ugaztun jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen nutrizionista feminista appeared first on Zientzia Kaiera.
Gure bihotzeko Kalmodulina
Kaltzio ioiek (Ca2+) bizitza zelularraren ia alderdi guztietan eragiten dute, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Prozesu hauetan parte hartzen duten proteina askok ioi honen kontzentrazioari erantzuteko kaltzio sentsore batekin, Kalmodulinarekin (CaM) alegia, elkarreragiten dute.
Kalmodulinak funtsezko zeregina du Ca2+ seinalea behar bezala deszifratzeko. Ca2+ bigarren mailako mezularia denez, ez da harritzekoa CaM-ak proteina kopuru handi batekin elkarreragitea. CaM izugarri kontserbatuta dagoen proteina da. Gainera, hiru gene ezberdinez kodetuta dago giza genoman. Proteinaren konformazioak plastikotasun handia erakusten du, eta, horri esker, itu-proteinek kalmodulinarekin interakzionatzeko eta erregulatzeko modu espezifikoak gara ditzakete. Ondorioz, CaM-ak zeluletako hainbat funtzio erregulatzen ditu, metabolismoa, adierazpen genetikoa, ugalketa, uzkurdura eta proteolisia barne (irudia). Ebolutiboki, ez dago kaltzio seinaleztapenean CaM bezain garrantzitsua den molekularik.

Zelulen seinaleztapenean CaM-ak duen papera hedatuta dagoen eta hainbat prozesu zelularretan ezinbesteko funtzioa duen arren, haren mutazioek bereziki bihotzari eragiten diote. Azken urteetan arritmia kardiakoa eragiten duten eta bihotz-geldialdiei loturiko hainbat mutazio identifikatu dira CaM kodetzen duen genean.
Mutazio hauek arritmia-mota nagusi bitan sailka daitezke. Alde batetik QT luzeko sindromea (ingelesezko LQTS) dago, birpolarizazioaren luzapenak ezaugarritzen duena eta hurrengo sintomak aurkezten dituena: palpitaziok, aire-falta edo mina bularrean, zorabioa eta, azkenik, bihotz-gelditzea. Bestalde, katekolaminek eragindako takikardia bentrikular polimorfikoak (ingelesezko CPVT) bihotzaren erritmo irregularra eragiten du. Kasu honetan ere sintoma ohikoenak zorabioak eta palpitazioak dira. Jarduera fisiko nekagarri batek eta estresa areagotzeak eragin ditzakete sintoma hauek. Nola sortzen dute CaM proteinaren mutazioek gaixotasun hauek bihotzean?
Bihotzeko zelulen uzkurduran parte hartzen duten ioi-kanalak CaM-ak erregulatzen ditu. Proteina honen mutazioek kanal horien erregulazioari eragin diezaiokete, eta, beraz, bihotzaren uzkurduraren funtzionamendu egokiari. Arritmia hauek kardiomiozitoen zitosoleko Ca2+-kontzentrazioa deserregulatzen delako gertatzen omen dira. Egoera hau Ca2+-a zelula kanpoaldetik gehiegi sartzen delako L-motako Ca2+ kanalen bidez, edota rianodina-hartzaile kardiakoen bidez erretikulu endoplasmatikotik gehiegi irteten delako izan daiteke.
CaM kodetzen duten sei aleloetako batean mutazio batek arritmia-sindrome larri hauek eragiteko behar diren mekanismoak oraindik argitu gabe daude. CaM-aren interakzio-sarea oso zabala denez, zaila da zuzeneko loturak identifikatzea kalmodulinak eragiten dituen gaixotasunak eta horietan dauden oinarri molekularren artean. Normalean, CaM-a haren itu-proteinei lotuta egoten denez, proteina hauetan agertzen diren mutazioek CaM eta haren itu-proteinaren arteko elkarreragina modula dezakete zelulan gertatzen diren prozesuak aldatuz. Hala ere, hipotesi horrek, berez, ezin du erabat azaldu adierazpen klinikoen kanalizazioa bi fenotipo nagusitan azaltzea, ezta mutazio berdinek fenotipo ezberdinak erakustea. Izan ere badaude mutazio batzuk CaM-aren Ca2+-arekiko lotura-afinitatea txikitzen dutenak.
Zenbait hipotesi formulatu diren arren, kalmodulinopatiaren, CaM-a kodetzen duten geneen mutazioek eragiten dituzten arritmiak, mekanismo molekular nagusien eta fenotipo kliniko larriak eragiten dituzten arrazoien ezagutza sakona falta da. Garapenean dauden teknika batzuek, optogenetikan eta CRISPR-en oinarrituta, mutazio patologikoen karakterizazioan eta farmako probetan lagunduko dute.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Gure bihotzeko kalmodulina.
- Laburpena: Kaltzioa seinalizazio unibertsaleko mezulari bat da, funtsezko prozesuetan parte hartzen duena, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Prozesu horietan parte hartzen duten proteina askok ioi honen kontzentrazioari erantzuteko kaltzio sentsore batekin, kalmodulinarekin (CaM), elkarreragin behar dute. Horrek ehunka proteinaren aktibitatea erregulatzen du bere N- eta C-lobuluen bidez, non EF-eskuak aurkezten dituen Ca2+-ari lotzeko. Zelulen seinalizazioan CaM-k duen papera hedatuta dagoen arren, haren mutazioek bereziki bihotzari eragiten diote. Izan ere, CaM proteina berdinak kodetzen dituzten hiru geneetako edozeinetan gaixotasunak eragiten dituzten mutazioek bihotz-disfuntzio larriak eragiten dituzte, eta horrek kitzikagarritasunaren erregulazioan duen garrantzia adierazten du. Beraz, esku hartzen duten mekanismoen ezagutzak aukera eman dezake adierazpen klinikoei modu kritikoan heltzeko eta kalmodulinopatietarako estrategia terapeutikoak garatzen laguntzeko.
- Egileak: Arantza Muguruza-Montero, Eider Nuñez, Ariane Araujo, Sara M-Alicante, Alvaro Villarroel, Janire Urrutia
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 173-191
- DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22935
Arantza Muguruza-Montero, Eider Nuñez, Ariane Araujo, Sara M-Alicante, Alvaro Villarroel, Janire Urrutia UPV/EHUko Biofisika Kanal Ionikoko ikertzaileak dira.
Arantza Muguruza-Montero eta Alvaro Villarroel UPV/EHU eta CSICeko Biofisika Institutuko ikertzaileak dira.
Eider Nuñez, Ariane Araujo eta Janire Urrutia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Gure bihotzeko Kalmodulina appeared first on Zientzia Kaiera.
Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean
Genetikaren helburuetako bat da aztertzea gene-osagaiek nola moldatzen dituzten ezaugarriak eta gaixotasunak. Hala, hainbat aldagai barneratu behar dira azterketa horiek behar bezala egiteko; adibidez, sexua eta adina. Baina eragina izan dezaketen faktore horiek ez dira beti hain agerikoak.
Hainbat mekanismo biologikoren ondorioz garatzen dira ezaugarriak eta gaixotasunak. Mekanismo horien jatorria genetikoa bada ere, ingurunearen arabera modu batera edo bestera gauzatuko dira. Ondorioz, geneen eta ingurunearen arteko korrelazioak gerta daitezke ezaugarriak eta gaixotasunak garatzeko. Korrelazio hauen jatorria izan daitezke populazioaren egituraketa, familien arteko gene/ingurune korrelazioak eta eskualde geografikoen arteko gene/ingurune korrelazioak.

Populazioaren egituraketaren ondorioz –hau da, gene-jatorri ezberdineko populazioak batera aztertzearen ondorioz–, desitxuratu egin daiteke aztertu nahi den ezaugarriaren gene-oinarria, gene-aldaeren banaketa jatorrizko populazioaren araberakoa izan daitekeelako. Gainera, gene-aldaeren banaketa horrek islatu egin ditzake jatorrizko populazio bakoitzean ingurunearekin izandako elkarrekintzak eta, ondorioz, gene/ingurune korrelazioak eragin. Populazioaren egiturak gene-analisietan sor ditzakeen arazoak saihesteari begira, norbanakoen arteko distantzia genetikoak erabili ohi dira zuzenketak egiteko.
Familien arteko ezberdintasunek gene/ingurune korrelazioak eragin ditzakete familietan, gene-aldaerez gain, egoera sozioekonomikoa ere transmiti daitekeelako. Hala, ikasketa-mailan –hau da, lortu den titulurik altuenean– eragina izan dezaketen gene-aldaerak nahas daitezke ezaugarri fisiko eta psikologikoen gene-aldaerekin, partekatzen dituzten ingurune-faktoreak direla eta. Ikertzaile batzuek efektu honi “hezkuntzaren natura” deitzen diote, gurasoek umeen hezkuntzan duten eragina dela eta; beste ikertzaile batzuek, aldiz, “efektu dinastikoak” deitzen diote, belaunaldiz belaunaldi pertsona horien egoera sozioekonomikoa metatzen joan delako.
Eskualde geografikoen kasuan, gene/ingurune korrelazioak gerta daitezke prozesu aktiboen eta pasiboen ondorioz. Prozesu aktiboetan, banakoek ingurune mesedegarriago batera migratzen dute eta, hala, haiek eta beren oinordekoek hobeto balia ditzakete dituzten gaitasun genetikoak. Efektu pasiboak gerta daitezke inguruneko aldaketa bat klase sozioekonomiko batek beste batek baino gehiago pairatzen duenean. Adibidez, politika-aldaketa bat balego eta intsulinaren prezioak gora egingo balu, bistan gera liteke egoera sozioekonomikoaren eta diabetesa ez tratatzearen ondorioen arteko gene-korrelazioa.

Ikerketa batek aztertu egin du eskualde geografikoek hainbat ezaugarriren gene-oinarrian duten eragina, Erresuma Batuko biobankuko datuak baliatuta.
Lehenengo, familiek eta geografiak eragindako gene/ingurune korrelazioak aztertu zituzten. Horretarako, 22.675 haurride bikoteren miloi bat gene-aldaera baino gehiago aztertu ziren 56 ezaugarri konplexutan; besteak beste, osasun fisiko eta mentalarekin, gorputzaren osaerarekin, eta ondorio emozional, kognitibo eta sozioekonomikoarekin lotutako ezaugarrietan. Eskualde geografikoak definitzeko, sozioekonomikoki homogeneoak diren eskualdeak erabili ziren, partaidearen egungo bizilekua oinarri hartuta. Aztertutako ezaugarrietan, antzeman egin zen familia arteko ezberdintasunek eragina zutela. Gainera, hamar ezaugarrietan eskualde geografikoen arteko ezberdintasunak antzeman ziren. Ezaugarri horien artean egon ziren gorputz-masaren indizea, gerri-zirkunferentzia, diru-sarrerak, telebista ikusten ematen den denbora, gorputz osoko gantz kantitatea eta ikasketa-maila. Izan ere, ezaugarri gehienetan eskualde geografikoak eragin handiagoa izan zuen familia arteko ezberdintasunek baino. Gainera, eskualde geografiko arteko ezberdintasunen eragina handiagoa izan zen eskualde barneko ezberdintasunen eragina baino. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten banaketa zabala zutela gene/ingurune korrelazio aktiboek.
Egin zen beste analisian, Europar jatorriko 254.387 pertsonaren gene-azterketak egin ziren aipatutako 56 ezaugarri konplexuetan geografiak zuen eragina aztertzeko asmoarekin. Hala, ikusi zuten ezaugarri horien aldakortasunaren % 5 jaiotze lekuak azaltzen zuela, eta aldakortasunaren % 14 egungo bizilekuak; eta geografiak bereziki azaltzen zituela etxeko diru-sarreretan ikusitako ezberdintasunak. Ikertzaileen aburuz, egungo bizilekuak jaiotze lekuak baino gehiago azaltzeak berretsiko luke jende aberats eta osasuntsua eskualde aberats eta osasuntsuetara joan izana. Gertaera hau ikusita, ikertzaileek gene-aldaeren eragina aztertu zuten geografia kontuan izan gabe eta kontuan izanda, eta konparatu ea heredagarritasuna –hau da, gene-informazioak duen eragina ezaugarri baten aldakortasunean– aldatzen ote zen, eta ea ikasketa-mailarekin eta diru-sarrerekin duten gene-korrelazioa aldatzen ote zen. Heredagarritasunean aldaketa handiena izan zuten ezaugarriak izan ziren diru-sarrera, ikasketa-maila, lehenengo erditzearen adina, telebista ikusten emandako denbora, osasun-egoera eta adimen bizkorra. Geografia kontuan hartzeak eragin zuen 41 ezaugarrik ikasketa-mailarekin duten gene-korrelazioa murriztea; besteak beste, altuera, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, alkohola edatearen maiztasuna eta telebista ikusten emandako denbora. Diru-sarrerekin 35 ezaugarrik murriztu zuten beren gene-korrelazioa; besteak beste, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, telebista ikusten emandako denbora, gorputzeko gantzen kantitatea eta gerriaren zirkunferentzia. Hainbat ezaugarrik, aldiz, beren gene-korrelazioa handitu zuten: zortzik ikasketa-mailarekin eta seik diru-sarrerekin.

Emaitza hauek ikusita, ondoriozta daiteke eskualde aberats eta pobreen arteko ingurune-ezberdintasunek eragina dutela ezaugarri konplexuen gene-oinarrien ikerketan. Hala, analisietan hainbat zuzenketa egin daitezke gene/ingurune korrelazioen eragina murrizteko, baina agian ez da posible izango guztiz ezabatzea ingurune sozioekonomikoaren eragina.
Hala ere, kontuan izan behar da lan hau Erresuma Batuko biobankuko datuetan oinarritu dela. Bertan parte hartu duten pertsonek populazio orokorra baino ikasketa-maila altuagoa eta osasun hobeagoa dute; eta garapen handiagoa duten eskualdekoak dira. Hortaz, ikerketa honetan ikusitako eraginak azpiestimazio bat izan daitezke eta handiagoa izan ingurune sozioekonomikoaren eragina.
Ezaugarri baten gene-oinarriak ikertzea beharrezkoa da ezaugarri hori zehazten duten mekanismo biologikoak –egotekotan– bilatzeko. Baina analisi horiek egiteko eredu estatistikoek, ikerketen diseinuek eta lortutako ondorioek tentu handiagorekin islatu behar dute gizartearen egitura soziala eta geografikoa. Zientzia ona egin nahi baldin badugu, behintzat.
Erreferentzia bibliografikoa:Abdellaoui, A., Dolan, C.V., Verweij, K.J.H. et al. (2022). Gene–environment correlations across geographic regions affect genome-wide association studies. Nature genetics, 54, 1345–1354. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-022-01158-0
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean appeared first on Zientzia Kaiera.
Grigori Perelman ez zen agertu
Madril, 2006ko abuztuaren 22a. Matematikarien Nazioarteko Biltzarra (International Congress of Mathematicians, ICM) hastear da. Inaugurazio-ekitaldi arranditsua prestatu dute eta Espainiako Errege Juan Karlos jarri dute mahaiburu. Beste zenbait agintari ditu alboan, Nazioarteko Matematika Elkartearen (IMU) presidentearekin batera.
Jende andana elkartu da, 3 500 lagunetik gora, lau urterik behin egiten den matematikarien biltzarrik handienean. Ikusmin aparta dago eta ez preseski politikarien protokolozko hitzaldiak entzuteko. Kongresu horietan ohi den bezala, lehen egunean sariak banatzen dira, eta haien artean ospetsuenak, Fields dominak. Horrek beti sortzen badu ikusmina, oraingoa berezia da. Galdera pare bat dabil airean eta laster jakingo dugu erantzuna: emango diote saria Grigori Perelmani? Hala bada, etorriko da jasotzera?

Halako batean, John Ball, IMUko lehendakaria eta Fields dominak esleitzeko batzordearen buru izan dena, atrilera hurbildu da sarituen izenak (bi eta lau artean izaten dira) eta haien merezimenduak aipatzera. Ordena alfabetikoz irakurri ditu izenak eta bigarrena izan da Grigori Perelman, “geometriari egindako ekarpenengatik eta Ricciren fluxuaren egitura analitiko eta geometrikoari buruzko ideia iraultzaileengatik”. Ez dirudi inor altxatu denik sariaren bila eta Ball jaunak berehala zapuztu du Grigori Perelman aretoan ikusteko esperantza, “uko egin dio sariari” esanaz. Baina, zer zen berezi Perelmanen inguruan?

2002ko azaroan, Perelmanek artikulu bat utzi zuen Arxiv gordailuan, eta beste bi 2003ko martxoan eta uztailean. Hirurek sariaren aipamenean agertzen den Ricciren fluxuaz dihardute eta esan daiteke bigarrenak eta hirugarrenak lehena argitzen eta osatzen dutela. Arxiv artikulu zientifikoen gordailu bat da, non egileek artikuluen testuak nahi duenaren eskura uzten dituzten. Hori bai, ez dute kalitate-kontrolik pasatzen eta ez dago bermerik edukia zuzena izango den edo ez.
Usu, egileak, gordailuan uzteaz gain, aldizkari batera bideratuko du artikulua eta han, aditu batek edo gehiagok aztertu ondoren, argitaratzeko baimena emango diote edo ez. Perelmanek ez zuen bide hori hartu eta gordailuan bertan egotea nahikoa zela iritzi zion. Kontua zen, zuzen egonez gero, matematikan irekita zegoen problema handi bat, Poincaréren aierua, ebatziko zuela. Adituen kontrola gainditu arte proposamena balidatu gabe zegoen eta, gainera, lan sakona zen, arloko adituen artean ere kontuz aztertu beharrekoa. Zenbait lekutan argibideak falta omen ziren, gainera. Perelmanek Estatu Batuetara joateko gonbidapena onartu zuen eta mintegi batzuk eman zituen, lanaren lerro nagusiak jendaurrean azalduz. Hala ere, 2006ko urte hasieran, Fields dominen irabazleak erabaki behar ziren sasoian, ez zegoen baieztatuta Poincaréren aieruaren froga.

Fields domina irabazteko baldintzetako bat da jaso behar den urtean hartzaileak gehienez 40 urte izatea. Azken aukera zen Perelmanentzat 2006koa. Saria ematea erabaki zutenean, gorago aipatu dugun esaldia erabili zuten merituak arrazoitzeko; ez zioten zehazki Poincaréren aieruaren froga onartu, badaezpada ere.
Gauzak areago nahasteko, Xiping Zhu eta Huaidong Cao txinatarrek Asian Journal of Mathematics aldizkarian artikulu bat argitaratu zuten, Poincaréren aieruaren froga osoa aldarrikatu eta Perelmanen lanak hutsuneak zituela iradokitzen zuena. Eztabaida handia sortu zuen horrek, Shingtung Yau ospetsuaren babesean lortu baitzuten argitaratzea, ohiko prozedura saihestuz. Nolabaiteko plagio salaketak jasan zituzten. Azkenean, atzera egin zuten aldarrikapenean eta Perelmani aitortu zioten meritu guztia.
Fields sariaren aipamenak Poincaréren aieruaren froga zuzena zela esaten ez bazuen ere, ordurako argi zegoen Perelmanen lana garrantzi handikoa zela. Madrileko ICMn bertan hitzaldi nagusi bat prestatu zuten “Special Lecture on the Poincaré conjecture” izenburupean, John Morgan irakasle ospetsuaren eskutik. Haren lehen hitzak hauek izan ziren: “Perelmanek Poincaréren aierua frogatu du”, eta txalo zaparrada bat entzun zen. Esan daiteke lehen aitorpen ofiziala izan zela.
Fields domina jaso behar dutenei aldez aurretik jakinarazten diete aukeratu dituztela, biltzarrera joan eta bertan saria jaso dezaten. Isilpean gordetzeko ere eskatzen diete. Perelmanek sariari uko egingo ziola esan zionean IMUri, John Ball presidentea San Petersburgora joan zen harekin zuzenean hitz egitera. Ezezkoari eutsi zion Perelmanek, eta ia hori besterik ez dakigu, John Ballek ez baititu inoiz harekin izan zuen solasaldi luzearen nondik norakoak azaldu. Argitu zuen ezezkoaren arrazoiak publikoki adierazteko aukera eman arren Perelmanek horri ere uko egin ziola. Ballek gaineratu zuen arrazoiak “konplexuak” zirela eta ezin zitezkeela esaldi labur batean bildu, eta haietariko bat zela Perelmanek ez zuela komunitate baten ikur modura ikusi nahi bere burua, ez baitzen komunitate horren parte sentitzen.
Nor da Grigori PerelmanGrigori Grisha Perelman 1966ko ekainaren 13an jaio zen Leningraden, gaur San Petersburgo, familia judu batean. Ama irakasle zen eta aita ingeniari elektrikoa. Aitak 1993an Israelera emigratu zuen. Eskolako lehen urteak pasatuta, 10 zituela, amak Sergei Rukshin maisuak zuzentzen zuen zirkulu matematikora eraman zuen. Umeak matematikan trebatzeko zentro bat zen eta, han nabarmendu zenez, Perelmanek 14 urterekin Lizeo 239 izeneko ikastetxe berezira sartzeko aukera izan zuen, matematika eta fisikako aparteko programa lantzera. 1982an Soviet Batasunak Nazioarteko Matematika Olinpiadara bidali zuen seiko taldean sartu zuten. Perelmanek urrezko domina lortu zuen. 119 partaide izan zituen urte hartako olinpiadako finalak eta 42 puntu posibletik 37 edo gehiago lortu zituzten hamarrek jaso zuten urrezko domina. Perelmanek 42 puntu lortu zituen, alegia, lor zitezkeen guztiak.
Arrakasta horrek judua izateagatik izan zezakeen oztopoa gainditzen lagundu zion eta Leningradeko unibertsitatean sartu zen matematika ikastera. Behin titulua lortuta, tesia ere bertan egin zuen eta 1990ean doktore bihurtu zen.
Perelmanen lorpenek Estatu Batuetako zenbait unibertsitate ospetsurako bidea ireki zioten eta han eman zituen urte batzuk, harik eta 1995ean San Petersburgoko Steklov Institutura itzuli zen arte, ikertzaile postu batera. Bitartean, arimaren aierua izenez ezagutzen zen problema irekia ebatzi zuen eta horrek ere unibertsitate handien eskaintzak zabaldu zizkion arren, etxera bueltatzea lehenetsi zuen. 1996an European Mathematical Society elkarteak gazteentzat ematen zituen sarietako bat Perelmani esleitzea erabaki zuen, baina uko egin zion eta ez zen hartzera joan.

San Petersburgoko urte horietan artikuluak idatzi eta aldizkarietan argitaratu zituen, ohiko bidetik. Baina 2002ko lanarekin bestela jokatu zuen eta, Arxiv gordailuan eskuragarri utzita, aldizkari batean ez argitaratzea erabaki zuen. Portaera ezohikoa gorabehera, laster zabaldu zen komunitate matematikoan lanaren garrantzia. 2005ekoa izan zen Perelmanen azken agerraldi publikoa eta urte horretako abenduan uko egin zion Steklov Institutuan zeukan lanpostuari. Matematika utziko zuela esan omen zuen, eta handik aurrera ez du lanpostu jakinik izan. Espekulazioak egon diren arren, amarekin bizi dela da ziurta daitekeen gauza bakarra.
Milioi bat dolarreko sariaClay Mathematical Institute izeneko elkartea 2000 urtean sortu zen. Hasiera entzutetsua egiteko, milioi bat dolarreko zazpi sari eskaini zituen, beste hainbeste problema hautaturen ebazpenen truke. Haietako bat Poincaréren aierua zen.
Saria lortzeko baldintza zen ebazpena aldizkari matematiko batean argitaratzea, adituen kontrola gaindituta, eta argitaratzetik urte biko epean hutsik ez aurkitzea (horrelakoak ere inoiz gertatzen baitira). Perelmanen soluzioa zuzena izanda ere, betetzen zituen ezarritako baldintza guztiak? Hura izan zen zazpi problema haietatik ebatzitako lehena (eta gaur arte, bakarra), eta Clay Institutuak baietz erabaki zuen, baldintzak betetzen zirela. Hori 2010ean izan zen eta Parisen jardunaldi bat antolatu zuten Poincaréren aieruaren inguruko zenbait hitzaldirekin. Hantxe emango zioten Perelmani milioi bat dolarreko saria. Baina Grigori Perelman ez zen agertu eta uko egin zion sariari, berriro ere. Oraingoan, ordea, dirutan sari mamitsua zen, Errusian lanik egin gabe urte luzez bizitzeko adinakoa, seguruenik. Dirudienez, Perelmanek erantzun zuen ez zela bidezkoa saria berari bakarrik ematea, Richard Hamiltonen ekarpena ere kontuan hartu behar zela eta berak beste meritu zuela. Hain zuzen ere, Hamilton izan zen 1980ko hamarkadan Ricciren fluxua aztertzeko bidea zabaldu zuena, Poincaréren aieruari begira. Programa horren azken urratsa Perelmanek burutu zuen.
Poincaréren aieruaHenri Poincaré (1854-1912) frantsesa matematikaren historiako izen handienetako bat da. Esaten da hura izan zela azken matematikari unibertsala, matematikaren alor guztiak ezagutzen zituela, alegia. Topologia aljebraikoa deritzon adarra berak sortu zuen nolabait, eta hor kokatzen da hizpide dugun problema.

Har dezagun dimentsio biko esfera bat, baloi baten azala, esaterako. (Hiru dimentsioko espazioan kokatzen dugun arren, gainazalak berak dimentsio bi ditu. Gogoratu Lurrean puntu bat lokalizatzeko longitudea eta latitudea behar direla, koordenatu bi, alegia.) Esferan kurba itxi sinple bat —puntu batetik bi aldiz pasatzen ez dena— hartzen badugu, era jarraituan deformatuz puntu batera eraman dezakegu. Era jarraituan egiteak esan nahi du ezin dezakegula apurtu. Dimentsio biko beste gainazal batzuek ere propietate hori bera dute, baina ez guztiek. Adibide bat emateko, har ezazue pneumatiko baten gainazala (toroa deitzen diogu matematikan). Irudian markatutako zirkunferentziak ezin dira apurtu barik puntu batera eraman. Poincarék frogatu zuen esferarako aipatu dugun propietate hori bera duten gainazal itxi eta ertzik gabeko guztiak topologikoki baliokideak direla, hau da, deformazio jarraituen bidez esfera batera eraman daitezkeela.

Behin dimentsio biko esferetarako ikusita, hiru dimentsiokoei ekin zien. Hiru dimentsioko esfera lau dimentsioko espazioan kokatu beharko genuke, eta ez dugu hori marrazki baten bidez erakusterik. Hala ere, zentzua du: lau dimentsioko espazioan puntu batetik distantzia finko batera dauden puntuek osatzen dute hiru dimentsioko esfera bat. Bada, hiru dimentsioko gainazaletarako (edo barietateetarako, ohiko termino matematikoa erabiliz) ere frogatu nahi izan zuen Poincarék propietate bera: kurba itxi sinpleak modu jarraituan puntu batera eramatea onartzen duten hiru dimentsioko barietate itxi eta ertzik gabeko guztiak esferaren baliokideak dira, hau da, deformazio jarraituen bitartez esfera bihur daitezke. Ez zuen lortu frogatzea eta problema modura geratu zen. Horixe da Poincaréren aierua, 1904tik zabalik egon zen problema.
Galdera dimentsio handiagoetarako ere egin daiteke, jakina. Pentsa zitekeen hiru dimentsiorako erantzunik gabe egonda zaila izango zela gorago joatea. Aitzitik, ez zen hala gertatu. 1960ko hamarkadan bost dimentsiotik gorako kasuetan aierua betetzen zela frogatu zuen Stephen Smale estatubatuarrak eta 1966ko ICMn Fields domina jaso zuen. Hogei bat urte geroago, Michael Freedman estatubatuarrak egiaztatu zuen emaitza lau dimentsioko barietateetan eta hark ere Fields domina irabazi zuen, 1986an. Horrenbestez, jatorrizko hiru dimentsioko galdera gertatu da zailena, uste orokorraren aurka. Beste hogei urte iragan ziren Perelmanek Richard Hamiltonek hasitako bidea burutu eta behin betiko ebatzita utzi zuen arte.

University of California)ICM 2022
2022 ere Matematikarien Nazioarteko Biltzarra egiteko urtea izan da. Biltzarra non egingo den lau urte lehenago erabakitzen da eta aurtengoa San Petersburgori esleitu zioten. Hara non ICM Perelmanen etxe albora joango zen. Aukera ezin hobea Perelman bera ICMra hurbiltzeko. Seguru asko inork ez zuen pentsatzen hala gertatuko zenik…

Nolanahi ere, ez da modurik izan egiaztatzeko gizona ezustekoa emateko prest ote zegoen. Munduko egoera politikoak horretan ere eragin du eta Ukrainako inbasioaren ondorioz, biltzarra ez da San Petersburgon izan. Han ez egiteko erabakia aurtengo otsailean hartu zenez, ez zegoen astirik beste egoitza batean antolatzeko. Varsovian 1982an egin behar zen biltzarra ere urtebete atzeratu zen, Poloniaren orduko egoera politikoagatik. Oraingoan, ordea, teknologiaren aurrerapenak beste aukera bat eman die antolatzaileei: kongresu birtuala izan da, hizlariek nork bere lekutik hitz egin dute eta edozeinek ikusi ahal izan ditu hitzaldiak etxeko gailuan. Sariak emateko ekitaldia zuzenean egin zen Helsinkin, irabazleak bertan zirela, uztailaren 5ean. Ez, ordea, ohikoa izaten den bezala biltzarkide guztiak aurrean izanda.
Beste lau matematikari batu zaizkie aurten Fields dominaren irabazleei: Hugo Dominil-Copin frantziarra, June Huh jatorri korearreko estatubatuarra, James Maynard britainiarra eta Maryna Viazovska ukrainarra. Azken hau izan da saria jaso duen bigarren emakumea. Ez dezala inork bilatu azken momentuko arrazoi politikorik sari horren atzean, duela lau urte ere denen ahotan baitzen Viazovskaren hautagaitza.

Ez dut diruan eta ospean interesik. Ez dut erakusleiho batean agertu nahi, zoo bateko animalia baten moduan. Ez naiz matematikako heroia. Ez naiz hain arrakastatsu ere, horregatik ez dut nahi denak niri begira egotea.
Ez nago ados matematikaren komunitate antolatuarekin; ez zaizkit gustatzen hartzen dituen erabakiak, bidegabeak iruditzen zaizkit.
Hitz horietan ikusten da Perelmanen jarrera, neurri batean, matematika ofizialaren kontrako erreakzioa zela. Hori guztia kontuan hartuta, batzuek txalotu egin zituzten haren erabakiak eta haren ospe eztabaidaezinean establishment-ari astindua emateko liderra ikusi zuten. Perelmanek, baina, ez du urratsik egin norabide horretan, ezkutatu egin da eta isilik mantendu. Utzi egin du matematikaren mundua, ez da saiatu ezer aldatzen. Ez dirudi haren bideak jarraitzaile asko dituenik ere.
Egileaz:Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.
The post Grigori Perelman ez zen agertu appeared first on Zientzia Kaiera.
Farmazia jasangarriago baterantz
Farmazia ekologikoago bat defendatzen du ikertzaile-talde batek Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek. UPV/EHUko Gorka Orive ikertzailea da sinatzaileetako bat. Artikuluan adierazi dute ezen, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible dela produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea.
Nazioarteko ikertzaile-talde batek Science aldizkari zientifiko entzutetsuan argitaratutako artikulu batean ohartarazi du kutsadura farmazeutikoa areagotu egin dela. Ikertzaile-talde horretakoak dira, besteak beste, Gorka Orive, UPV/EHUko NanoBioCel taldekoa, eta Unax Lertxundi, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kidea. “Gero eta froga gehiagok erakusten duten arren eragin potentzialki orokorrak dituela, kutsadura farmazeutikoak ez du jaso merezi duen arreta —diote ikertzaileek—. Aldaketaren bat egiten hasi direla dirudien arren, oraindik bide luzea dago egiteko”.

Artikulu horren arabera, gizakiek inoiz baino produktu farmazeutiko gehiago kontsumitzen dute; 2020an, 4,5 bilioi dosi erabili ziren mundu guztian, eta kontsumoak gora egiten jarraitzen du. Gainera, ganaduari eta etxeko animaliei ere ematen zaizkie farmakoak. Farmakoek onura handiak dituzte gizakien eta animalien osasunean, baina, aldi berean, areagotu egin da mundu guztiko ekosistemetako kutsadura farmazeutikoa.
UNESCOren arabera, gaur egun hondakin-uren % 80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ekosistemetara, eta tratatzen den ia % 20ak produktu farmazeutikoak eta patogeno iraitziak ditu. Horren ondorioz, produktu farmazeutikoak kontinente guztietako ingurune askotan daude, non irismen handiko inpaktu ekologikoak eragiten baitituzte, medikamentu gisa eraginkor bihurtzen dituen arrazoi beragatik: dosi oso txikietan ere aldaketa biologikoak eragiteko diseinatutako molekulak dira. Ikerketek erakutsi dutenez, uretako animalia basatiek produktu farmazeutikoak pilatu ditzakete, eta kutsatzaile farmazeutikoek organismoen portaera eta egokitasuna eta populazio, komunitate eta ekosistemen dinamika aldatzen dituzte.
Ikerketa, kontzientziazioa eta neurri berriakMedikamentuek mundu mailan eragiten duten kutsaduraren testuingurua aztertzeaz gainera, zenbait alderditan egindako ikerketak ere aztertu dituzte ikertzaileek (toxikotasuna, ezabatzea, inpaktu ekologikoak, kasuistika farmakologikoa…). Orobat, arazo hori konpontzeko zer ikerketa-eremu landu beharko diren adierazi dute.
Ikertzaileen ustez, sendagaien kutsaduraren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta ‘Osasun bakar bat’ helburua lortzeko, osasun- eta ingurumen-arazoak modu holistikoan konpontze aldera, prozesuaren iturrira eta amaierara zuzendutako neurri batzuk aplikatu behar dira. Industria farmazeutikoak eta haren bezeroek sendagaien bizi-zikloaren inguruko alderdi asko ebaluatu eta doitu behar dituzte. “Beharrezkoa da farmako ekologikoagoak, ingurumen-inpaktu txikiagokoak —esate baterako, biologikoki erreaktibotasun txikiagokoak edo ingurumenean errazago ezabatzen direnak—, diseinatzea eta formulatzea, eta farmakoak fabrikatzeko instalazioetan hobeto kudeatu behar dira hondakin-urak. Farmakoak zentzuz eta arduraz erabili behar dira, bai giza medikuntzan, bai albaitaritzan, eta, ahal denean, esku-hartze ez-farmakologikoak lehenetsi behar dira”, ikertzaileek diotenez. Haien esanean, funtsezkoa da, halaber, medikamentuen kutsaduraren inpaktuaren inguruan heztea osasun-arloko profesionalak.
Hala ere, adierazi dute garrantzitsua dela “farmakoterapiaren funtzio nagusia gogoan izatea, hau da, pazienteei haien bizitza hobetzen duten sendagaietarako sarbidea bermatzea. Sendagaien ingurumen-inpaktuari buruzko kontzientziazioak ezusteko eraginak izan ditzake gizartean; besteak beste, sendagaiak hartzeko erreparoa izatea, erruduntasun-sentimenduarekin hartzea eta industria farmazeutikoarekiko eta oro har farmakoterapiarekiko mesfidantza eta erresumina areagotzea”. Ohartarazi dute, bestalde, arriskua dagoela sendagai eraginkorretarako sarbidea murrizteko, “politika-aldaketen ondorioz edo ingurumen-inpaktua kontuan hartuta prezioetan izan daitezkeen aldaketen ondorioz. Dena den, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible da produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea. Farmakoterapia berdea egia bilakatzeko garaia da”, diote.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Farmazia jasangarriago baterantz
Erreferentzia bibliografikoa:Orive, Gorka; Lertxundi, Unax; Brodin, Tomas; Manning, Peter. (2022) Greening the pharmacy. Science Vol 377, Issue 6603 pp. 259-260. DOI: 10.1126/science.abp9554
The post Farmazia jasangarriago baterantz appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #414
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Climahealth izena du eta klima eta osasun publikoari buruzko plataforma global bat da. Meteorologiaren Mundu Erakundeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak elkarlanean sortua, xedea gai huen inguruko diziplinarteko informazioa eskaintzea da. Lau ataletan banatuko da plataforma: informatzea eta ulertzea, ekitea, ikastea eta konektatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaUrriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten. Animalia hori zifio bat zen, zetazeoen taldeko animalia ezezagunena. Animalia oso bitxiak dira zifioak. 13 metro luze eta 15 tona izatera irits daitezke, eta oro har, 1.000 metroko sakoneretan egon ohi diren arren, 3.000 metroan ere aurkitu izan dira. Sakonera hauetaraino urperatzeko, noski, moldapen txundigarriak dituzte. Inoiz erregistratu den urperatze luzeena zifio batek egin zuen 2017an, hiru ordu eta 45 minutuz ur azpian egon ondoren. Ekintza hau burutzeko, presio hidrostatikoari eta deskonpresioari aurre egiteko moldapenak dituzte zifioek. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua.
Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III) argitaratu du Eduardo Angulok Zientzia Kaieran. Oraingoan tomatearen etxekotzeari buruzko ikerketa berri bat azaldu du. Lan horretan 628 gene-sekuentzia aztertu dituzte, hiru espezie eta barietateetatik abiatuta. Azterketa honetatik hiru hipotesi proposatu dituzte ikertzaileek. Bi hipotesiren arabera tomate espezie eta barietateak Perutik eta Ekuadorretik iparralderantz mugitu ziren, Mexikora heldu arte. Hirugarren hipotesiak aldiz, proposatzen du cerasiforme barietatea iparralderantz igaro zela, gero Hego Amerikara itzuli zela handiagoa izanik, eta iparralderantz itzuli zela berriz etxekotzeko bidean.
GeologiaNazioarteko Geologia Zientzian Elkartearen 60. urteurrena ospatu zuten aurreko astean Zumaian, eta aitortza egin zieten geologia garatzeko ezinbestekoak izan diren munduko ehun lekuri. Leku horiek nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituzten inguruneak dira. Horietako bat Zumaiako flyscha izendatu zuten. Izan ere, flyschean inon ezagutzen ez den xehetasunarekin irakur daitezke lurraren historiaren pasarte batzuk, bereziki duela 70 eta 50 milioi urte artekoak. Orain, espero dute aitortza honek flyschari nolabaiteko babesa ematen laguntzea. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: “Gure zientzia eraikitzeko ezinbestekoak izan diren lekuei aitortza egin diegu”.
OsasunaGaixotasun arraroak 10.000 pertsonako 5 kasu baino gutxiagoko prebalentziarekin gertatzen direnak dira, eta farmazeutikentzat ez da errentagarria horientzat sendagaiak sortzea. Beraz, gaixotasun arraroen ikerketa elkarlanen bidez egiten da. Esaterako, Alagille Sindromea (behazun-bideen alterazioa) eta bere tratamendua ikertzeko, Alianza Alagille Global taldea sortu zen 1993an. Orain, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua eta Barakaldoko Gurutzetako Ospitalea batuko dira proiektu honetara. Talde honek gaixotasun arraro honentzat farmakoak eta saiakuntza klinikoak garatzea du helburu. Datuak Zientzia Kaieran: Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa.
TeknologiaJavier Garcia Martinez fisikako doktorea Bidebarrietako Liburutegian egon zen hitzaldia ematen. Urtarrilaz geroztik IUPAC Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko presidentea da bera, eta hondakinak baliabide bihurtuta klima-aldaketari aurre egiteko moduez aritu zen. Kimika zirkularra da honen oinarria, hau da, produktu bat sortzeko unean, diseinatzerakoan, berreskurapena aintzat hartzea. Kimika zirkularraren adibide dira, besteak beste, moztu daitezkeen loturak dituen plastikoa edota CO2 erregaiak egiteko erabiltzea. Javier Garciaren esanetan, zientzia eta teknologia irtenbideak eta aukerak ematen ari zaizkigu eredu ekonomikoa aldatzeko, baina beharrezkoa da borondate politikoa eta gizartearen presioa. Azalpenak Berrian: «Ekoizteko modu berri bat behar dugu, zientzia eta teknologia ardatz dituena».
AstronomiaTxinak burutu du Tiangong estazioa eraikitzeko lanen lehen fasea. Honela, esperimentu zientifikoak ahalmen osoz egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Mengtian esperimentuetarako bigarren modulua jaurti, eta Tianhe erdiko moduluan ongi akoplatu zuten hamahiru ordu baino gutxiagoan. 23 tonako masa du Mengtian moduluak, 4,2 metroko gehienezko diametroa eta 14,88 metroko luzera. Eguzki panelak irekita, ordea, 56 metro neurtzen ditu. Urte eta erdi baino gutxiago behar izan du Txinak 70 tonako espazio estazio iraunkor bat eraikitzeko, eta dagoeneko bederatzi pertsona bizi izan dira han. Datu guztiak Berrian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #414 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #420
Loperamida, Fortasec ala Imodium bezalako markapean merkaturatzen dena, besteak beste, espektro autistaren nahasmenduei aurre egiteko balio lezake? Espektro autistaren nahasteek sendabiderik ez dutelako oinarritik abiatzen bagara, zer dela-eta harrotu den hautsa? J.R. Alonsok xehetasunez azaltzen du Loperamide and autism.
Munduko xake txapeldunak beste jokalari bati tranpak egitea leporatu dio. Eta bere datuek hori horrela dela adierazten dutela esan du xake web orri ezagun batek. Nola adierazi dezake horrelakorik gordetako partiden mugimenduak ikuste hutsarekin? Chess: how to spot a potential cheat, Michael K. Cohen.
Bitxilore bat tintan murgiltzen baduzu, tintak bitxilore guztia tindatzen du. Hori nanopartikulen eraginpean dauden landareekin ere gerta daiteke, hala nola azken belaunaldiko ongarriekin edo ingurumen-kutsadurarekin. Baina neurtuz egiten da zientzia, ez bakarrik itxura aldaketak behatuz. DIPCko jendeak prozesuan dena txikitu gabe neurtzeko modua topatu du: In situ recording of in vivo analyte biodistribution using X-ray fluorescence imaging
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #420 appeared first on Zientzia Kaiera.
Iguanodonaren istorioa
Iguanodon dinosauroa Mary Ann Mantell eta Gideon Mantellek aurkitu zuten hortz bat topatuz XIX. mendearen hasieran. Hortza iguana baten hortzaren antza zeukanez, izena Iguanodon jarri zioten, baina… zelan irudikatu? Beste fosil gabe zaila jakitea dinosauro horien itxura.
Richard Owen paleontologo ospetsuak erabaki zuen krokodiloaren eta hipopotamoaren arteko nahasketa baten antza zeukala iguanodonak. Eta ez zen izan 1878ra arte, Belgikako meatzari talde batek hezur fosilen aztarnategi bat aurkitu zuen arte, iguanodonen fosil gehiago topatuz, hauen benetako irudiaren ideia zehatzago bat irudikatu ahal izan zela.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Iguanodonaren istorioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Laser-testurizazio prozesurako eredu matematikoa
Laser bidezko testurizazio-prozesua, ingelesetik datorren Laser Surface Texturing (LST), patroi zehatz bat sortzeko asmoz gainazaleko materiala egituratzean oinarritzen da. Fabrikazio-prozesu honen eginkizuna aurpegi baten testura edo gainazal-egituraketa zehatza lortzea da, oro har, pultsukako laser batez baliatuz. Pultsu motzekin lan egiten duten laser-iturriak energia-konzentrazio oso altua eskaintzen dute, modu horretan testurizatu nahi den aurpegiaren materialaren urtze eta lurruntzea gertatzen da. Horrela, interesekoa den eremu zehatz bateko materiala kentzea lortzen da.
Industria mailan laser-testurizazioaren lehen pausoak 90eko hamarkadaren erditik aurrera agertu ziren. Eta orduz geroztik, etengabeko garapenean dagoen fabrikazio-prozesua da. Izan ere, prozesu horrek dauzkan onurak nabarmenak dira. Alde batetik, laser bidezko prozesua izateak erreminta bakarrarekin geometria desberdinak lortzeko ahalmena eskaintzen dio. Gainera, laserraren azkartasunaz baliatuz fabrikazio prozesuen denbora murriztea lortu daiteke. Beste alde batetik, testurizazio prozesuaren malgutasunak edozein materialen gainazal egituratzea ahalbidetzen du, eragin termiko murriztu batekin. Oro har, gainazal eraldaketa-teknika ezagun eta erabiliena da laser bidezkoa, eta ez bakarrik duen fidagarritasunagatik. Baizik eta, fabrikazio prozesu hau ingurumenarakiko teknologia garbia delako.
Laser bidezko aurpegien testurizazio bidez lortzen den gainazalaren topografiak hainbat eginkizun bete ditzake, adibidez, LST zilindro-atorren leunketa arloan nahiko erabilia da. Orokorrean, gainazalak garrantzi handia duen arloetan laser-testurizazioa arazo askoren irtenbidea izan da. Alabaina, laser-testurizazioaren teknologiak oraindik ez du lortu heldutasun nahikoa eta bere erabilera oraindik ez dago oso zabaldua industria mailako zenbait sektoretan dituen kostu altu eta produktibitate baxuarengatik.
Gaur egun arte egindako ikerketen artean, laser mota desberdinekin egindako testurak aztertzea, testurizazio-prozesu esperimentalaren azterketa, egituratutako gainazalen portaera modelizatzea eta laser‑testurizazio prozesua bera modelizatzea aurkitzen dira. Prozesu honen modelizazioa aurrerapen garrantzitsua da, batez ere denbora aurrezteagatik, izan ere oraindik parametro egokiak lortzeko froga-hutsegite metodoa da erabiliena. Baina, egia da, aipatutako ereduaren diseinu optimoa sortzeak ebaluazio‑denbora eta konputazio-kostu altua daukate. Bestalde, ereduen garapenerako kostu altuak inbertsio bat dira, eta edozein proba esperimentalen aurretiko pausu garrantzitsuenetako bat bihurtu dira.
Kasu honetan, lengoaia matematikoko Matlab softwarearen bitartez laser-testurizazio prozesua simulatzen duen zenbakizko eredua garatzen da, betiere dagokion egiaztatze esperimentala duelarik. Ereduan, laserra bero‑iturri baten moduan simulatzen da. Gainera, laserrak berak beroa transmititzen duen fenomenoa ahalik eta errealen irudikatzeko, testurizazioan erabiltzen diren pultsu labur bezala sartzen da bero-iturria egituratu nahi den gainazalean. Ereduaren oinarri teorikoa, eremu termikoari dagokion eroapen iragankorreko bero‑transferentziaren problema ebaztea da horretarako egokiak diren ekuazio diferentzialak erabiliz.

Bai ereduan eta bat saiakuntza esperimentaletan erabili den materiala kobalto-oinarria duen Stellite 6a da. Zeina material ezaguna eta industriako zenbait sektoretan erabilia den dituen higadurarekiko, tenperatura altuekiko eta korrosioarekiko erresistentzia altuarengatik. Esterako, petrolio eta gasa, automozioa, aeronautika eta biomedikoa bezalako sektoreetan.
Simulatutako eta saiakuntza esperimentalen erabilitako parametroak berberak izan dira, emaitzak konparagarriak izan daitezen. Azpiko irudian saiakuntza esperimentaletan egindako kraterrak erakusten dira adibide gisa, eta aurretik simulatutakoak daude ikusgai.

Bukatzeko, lortutako emaitza guztiak aztertu dira, laserrak eragindako norabidearen eta abiaduraren arabera, azkenean eredua testurizazio-prozesua modelizatzeko gai dela egiaztatuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Laser-testurizazio prozesurako eredu matematikoa.
- Laburpena: Proiektu honetan laser-testurizazio prozesuaren zenbakizko eredua garatu da. Horretarako, lehendabizi laser-testurizazio prozesuaren informazioa bildu da, ondorengo programazioan errealitatearen hurbilpen egokia simulatu ahal izateko. Aurrez aipatutako fabrikazio-prozesu honen jakintza eskuratu ostean, ekintza berbera irudikatzen duen eredu matematikoa sortzeko beharrizana ikusi da. Horrela, lanaren metodologia hiru pausotan antolatu da: lehenik, laser-testurizazio prozesu baten eredu hurbildu bat sortu da; ondoren, prozesu errealaren saiakuntza esperimentalak egin dira; eta azkenik, lortutako emaitzen arteko alderaketaren bitartez eredua balioztatu da. Ereduaren garapena Matlab-eko PDE moduluaz baliatuz egin da eta pieza bateko gainazaleko puntu zehatzen lurruntzea simulatzeko gaitasuna dauka. Simulatutako ereduan sortzen diren kraterrak, nanosegundoko pultsuak igortzen dituen laser baten bitartez erreproduzitzeko saiakuntzak egiten dira. Laser-testurizazioa simulatzen duen eredua egiaztatu ahal izateko, simulazioetatik lortutako emaitzak saiakuntza esperimentaletan lortutakoekin alderatu dira eta emaitzen artean korrelazio oso ona lortu da: kraterren diametroan eta sakoneran 5 eta 0,5 mikretako erroreak lortuz, hurrenez hurren. Horrela, garatu den eredu matematikoa eta jarraitutako prozedura balioztatuta gelditu dira.
- Egileak: Oihane Murua, Jon Iñaki Arrizubieta, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz, Eneko Ukar
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 301-316
- DOI: 10.1387/ekaia.22926
Oihane Murua, Jon Iñaki Arrizubieta, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz, Eneko Ukar UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika saileko ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Laser-testurizazio prozesurako eredu matematikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua
Urriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten, itsasargi azpiko hondartza basati batean. Izurdea zirudien, baina dezente handiagoa. Nahiko deskonposatuta zegoen, hala ere, eta zaila zen identifikatzen. Ez zen izurde bat ordea, zifio bat baizik. Itsasoaren indarrak hondartza txiki horretara bultzatu zuen, jada hilik, eta horri esker, itsasoko ugaztun iheskorrenetako bat ikusi ahal izan zuten ibiltariek.
Ozeanoa hain sakon eta zabala izanik, gizakiarentzat oraindik eremu misteriotsua da zentzu askotan. Eta izaki misteriotsuak ditu; honen adibide dira zifioak. Inoiz entzun al duzu zifio izena? Ez da animalia ezaguna, egia esateko. Baina duen protagonismo falta ezin zaio tamaina apal bati egotzi, 13 metro luze eta 15 tona izatera irits baitaitezke. Zetazeoen taldeko familia bat osatzen dute zifioek. Talde ezezagunena dira zetazeo ospetsuen barruan, haien ekologia, dieta, populazio-egitura eta banaketaren inguruan oso gutxi ezagutzen baitugu. Gaur egunera arte, 24 zifio espezie deskribatu dira, baina horietatik hiru bat ezagutzen dira hoberen. Informazio falta honen arrazoia, animalia hauen berezko biologia da. Itsaso sakonean bizi dira, eta denboraren %8 soilik igarotzen dute itsas azalean. Oro har, 1.000 metroko sakoneretan egon ohi dira, baina 3.000 metroan ere aurkitu izan dira.

Dena da berezia animalia honetan. Zetazeoen barruan, odontozetoak dira, hau da, horzdun zetazeoak (besteak mistizetoak dira, eta hortzen ordez “bizarrak” dituzte), baina bitxiki, askok ez dute hortzik. Espezie gehienetan hortz pare bakarra izaten dute, baina arretan soilik irteten dira hortzoietatik. Emeek, beraz, ez dute hortz funtzionalik. Nola elikatzen dira, beraz, zifioak? Bada, animalia hauek zurrupatu egiten dituzte beren harrapakinak. Oro har, zefalopodoez elikatzen dira, sakonera handietan bizi diren olagarro, txipiroi eta halako organismoez. Azken urteetako ikerketa batzuek erakutsi dute, halere, itsas sakoneko arrain txikiak ere ehizatzeko gaitasuna dutela.
Baina oraindik ez dira bitxikeriak amaitu. Zifioek, ugaztunak izanik (zetazeoak ugaztun urtarrak dira), birikak dituzte, eta beraz, airea arnastu behar dute. Horrek esan nahi du noizbehinka itsas azalera igo behar dutela arnasa hartzeko, eta uretan murgilduta dauden bitartean arnasari eusten diotela. Bada, inoiz bildu den urperatze luzeena Cuvier zifio batek egin zuen 2017an. Itsas azalean arnasa hartu eta gero, hiru ordu eta 45 minutuz egon zen ur azpian. Gizaki batek apnean duen errekorra 24 minutukoa da, baina geldirik egonda eta oxigeno purua arnastu eta gero. Zifioek ordu erdiz egin dezakete igeri sakonera ikaragarrietara, bertan zefalopodoak edo arrainak ehizatu eta berriz gorantz igeri egin, hori dena presio hidrostatiko izugarrien kontra.
Agian buzeoaren zaleak direnei zalantza bat sortuko zitzaien jada zifioen murgiltze-gaitasunak ezaguturik: nola egiten diete aurre animalia hauek deskonpresioari? Zer da zehazki deskonpresioa? Labur azalduta, uretan geroz eta sakonago murgildu ahala, azken arnasaldian inhalatutako aireko nitrogenoa (airearen %78 nitrogenoa da eta %21 oxigenoa, gutxi gora behera) odolean disolbatzen da, presio altuaren ondorioz. Beraz, sakoneran egon ostean berriz itsas azalerantz igotzean, presioa gutxitzearekin odolean disolbatutako nitrogenoa gas bihurtzen da berriz. Presio ezberdinerako trantsizioa bizkorregi eginez gero, nitrogenoak biriketatik motel alde egin ordez, burbuilak sortzen ditu odol-hodietan eta gorputzeko zenbait ehunetan. Horrek kalte izugarriak sor ditzake ehun eta organo mailan. Hau da, hain zuzen ere, deskonpresio-gaitza.
Bada, zifioek deskonpresioari aurre egiteko hiru mekanismo ezberdin dituzte. Lehenik eta behin, zifio bat ur sakonera murgildu aurretik, birikak ia erabat kolapsatzen ditu. Horrela, nitrogenoaren gas-trukea asko murrizten dute, eta hura odolera kantitate txikian pasako da. Teoria berri batek iradoki duenez, gainera, zifioek odol-zirkulazioa aldatzen dute, eta gorputzeko odol gehiena kolapsatutako biriken inguruan biltzen dute; arnastu duten nitrogenoa gorputzeko beste organoetara joatea galarazten dute horrela. Azkenik, itsas azalera itzultzeko bidean, animaliak poliki-poliki birikak deskolapsatzen ditu, gradualki odola biriken eremu irekietara bideratzen du eta, horrela, odolean zegoen nitrogenoa kanporatzen da.
Gaur egunera arte dakigunagatik, beren bizimodura modu ikaragarri onean moldatutako animaliak dira zifioak, baina esan bezala, haien biologiaren azalpen asko falta dira oraindik zetazeo hau ongi ulertzeko. Itsas hondoko ehiztariak dira, uretan sakon murgiltzeko gaitasun paregabea duten ugaztunak, misteriotsu zein ederrak. Behin Jacques Cousteau esploratzaileak esan zuenari omen eginez, “Maitatzeko, ezagutu egin behar da”, eta zifioak horren adibide argia dira.
Erreferentzia bibliografikoak:Santos, M. B., Pierce, G. J., Herman, J., López, A., Guerra, A., Mente, E., & Clarke, M. R. (2001). Feeding ecology of Cuvier’s beaked whale (Ziphius cavirostris): a review with new information on the diet of this species. Journal of the Marine Biological Association of the United Kingdom. 81,687-694. DOI: 10.1017/S0025315401004386
B. MacKinnon (2021). An Entire Group of Whales Has Somehow Escaped Human Attention. The Atlantic, 2021eko martxoak 30
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua appeared first on Zientzia Kaiera.
Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III)
Tomate izeneko landareaz eta haren fruituaz ari gara; Solanum lycopersicum izen zientifikoa du. Espeziearen terminoa, lycopersicum, otso-melokotoi gisa itzul daiteke. Kondaira germaniarren arabera, sorgin eta aztiek belladonaren fruituak erabiltzen zituzten otso gizon bihurtzeko. Belladona solanazeoen familiakoa da, tomatea bezala.
Tomatea Europara iritsi zenean, haren fruituek belladonarenak ekartzen zituzten gogora eta, gainera, heldu gabe zeudenean, toxikoak ziren, tomatina alkaloidea zeukalako. Horregatik, otso-melokotoi esaten zitzaien. Fruituak gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu: mineralak, hala nola potasioa, fosforoa eta magnesioa; B eta C bitaminak; karotenoideak, esaterako, likopenoa eta beta-karotenoa; eta polifenolak.
Jose Blancak eta haren lankideek egin dute tomatearen etxekotzeari buruko azterketarik berriena. Beren lanean, 628 sekuentzia aztertu dituzte, aurreko sei azterlanetan argitaratutakoak barne. Hamid Razifarden ikerketan bezala, tartean dauden hiru espezie eta barietateetatik abiatu dira: Solanum pimpinellifolium, Solanum lycopersicum cerasiforme eta Solanum lycopersicum lycopersicum.

Hiru hipotesi azaldu dituzte: Jose Blancak eta haren lankideek 2012an argitaratutakoa; dagoeneko aipatu dugun Hamid Razifarden hipotesia; eta 2022ko azterketa horretan proposatutakoa.
Lehenengo biek proposatzen dutenez, espezie eta barietateak Perutik eta Ekuadorretik iparralderantz mugitu ziren, Erdialdeko Amerikan barrena Mexikora heldu arte. Lehenengo hipotesiaren arabera, cerasiforme barietatea soilik iritsi zen Mexikora; bigarrenari jarraikiz, berriz, tamaina txikiko cerasiforme bat iritsi zen; biek proposatzen dutenez, Mexikon bilakatu zen etxekotutako barietate. 2022ko hipotesian, Jose Blancak proposatzen du barietatea iparralderantz igaro zela, gero Hego Amerikara itzuli zela handiagoa izanik, eta iparralderantz itzuli zela, etxekotutako lycopersicum barietatea sortzeko.
Tomateari buruz dakiguna ospatzeko, dastatzea baino ezer hoberik ez dago; horretarako, Alfredo Juderiasen Cocina para pobres liburuko errezeta bat proposatzen dizuet. Pisto Carretillero izeneko errezeta da, atsotitz honen bidez argitua: «tomateak eta piperrak, beti lagunak eta beti nahasiak».
Eta tomateak kontserbatu nahi baditugu, Juan de Altamirasen 1767ko Nuevo Arte de la Cocina Española liburuan esandakoa bete dezakegu. Egilea fraide frantziskotarra zen, Aragoikoa jaiotzaz, eta gaur egun erortzear dagoen San Kristobal Komentuko sukaldaria, Zaragozako Tauste herriaren ondoan. Vicky Haywardek aurkezten digu errezeta, 2017an argitaratutako liburuan.
Erdi-gordinik daudenean, bota itzazu olio hotzean, eta urte osoan mantenduko dituzu, sasitik hartu berri izango balira bezala; baina eguzkia atera baino lehen hartu behar dituzu; eta olioak edozer egiteko balio du.Bitxikeria gisa, eta kontsumitzaileen gustuari buruzko azken joerak ezagutzeko, tomate saltsaren aldaerarik ezagunenetako eta erabilienetako bat aipatu behar da: ketchupa. Hiztegiaren arabera, ozpinaz, azukreaz eta zenbait espezia erabiliz ondua dago. Jatorriz Txinakoa da eta Henry Heinzek Estatu Batuetan merkaturatu zuen, 1878an. Tomatea, ura, azukrea, ozpina, fekula, gatza, espeziak, kontserbagarriak eta azidotzaileak ditu.
Egileaz:Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 23an: Ingredientes para la receta: El tomate
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Tomateari buruz idatzitako artikulu-sorta:
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I)
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (II)
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III)
The post Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III) appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa
Gaixotasun arraroak 10.000 pertsonako 5 kasu baino gutxiagoko prebalentziarekin gertatzen direnak dira. Kasu gehienak adin pediatrikoan agertzen dira, jatorri genetikoko gaixotasunen eta sortzetiko anomalien maiztasun handia dela eta. Industria farmazeutikoak ez du horrelako gaixotasunetan interesik; izan ere, ikerketa oso garestia da, eta bere produktuak lor ditzakeen xede-biztanleria txikia da; beraz, negozioa ez da errentagarria. Hori dela eta, ikertzaileek gabezia hori lankidetzen bidez eta diru publikoa erakarriz betetzeko joera dute, horiek pairatzen dituztenen bizi-itxaropena eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Gaixotasun horietako bat Alagille sindromea da. Herentziazko gaixotasun horren ezaugarria behazun-bideen alterazioa da, beste malformazio batzuekin lotuta, hala nola alterazio kardiologikoak, oftalmologikoak, giltzurrunetakoak eta ornoetakoak.
1993an, gaixotasun hori aztertzeko talde bat sortu zen Estatu Batuetan, Alianza Alagille Global. Talde horren zeregina baliabideak mobilizatzea, gaixotasuna aztertzeko nazioarteko konexioak erraztea eta Alagille Sindromea duten pertsonen bizitza hobetzeko tratamenduak sustatzea da. Azken urteotan, 67 zentro batu dira 29 herrialdetan, Ipar Amerikan, Europan eta Asian, gaixotasun horren historia naturala hobeto ezagutzeko eta diagnostikoan eta tratamenduan lehentasunak ezartzeko.

Era berean, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak (Luis Bujanda doktorea, UPV/EHUko ikertzailea eta Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna eta Jesús M. Bañales doktorea, Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko burua), Barakaldoko Gurutzetako Ospitaleak (Tamara doktorearekin), Vall d ‘Hebron Unibertsitate Ospitaleak eta Espluges de Llobregateko San Joan de Deu Ospitaleak (Molera-Busoms doktorearekin) indarrak batu nahi izan dituzte proiektu honekin.
Urteetan lan egin ondoren, sindrome hori duten 10 eta 18 urte bitarteko 1.433 haurren (batez beste 6 urtekoa izanik) ahalik eta informazio gehien biltzea lortu da. Azkura, bilirrubina-kumulu bidez gertatzen den lehen agerpena dela identifikatu du. Halaber, haurren erdiek gibeleko transplantea behar izaten dute helduaroan, eta hori oso lotuta dago bilirrubina-mailekin. Horrela, lehen urteetan bilirrubina altua duten haurren % 60k gibeleko transplantea behar izaten du. Gibeleko transplantearen ondorengo bilakaera oso ona da; izan ere, haurren % 88 bizirik daudelarik, transplantearen ondorenean 20 urtetara. Transplanterik egin ez duten haurren % 10 hil egiten da urteen buruan.
Lehen urteetan bilirrubina maila hazi ez zaien haurrek pronostiko hobea izaten dute urteetan zehar. Bizitzako lehen urteetan kolestasia (behazunaren fluxu normala gibeletik duodenoraino murriztea edo ez egotea, hain zuzen ere) hobetzen duten farmakoak eta saiakuntza klinikoak garatzea funtsezkoa da gaixo horien pronostikoa aldatzeko. Jaioberriaren lehen hilabeteetan bilirrubina-mailak zehaztea funtsezkoa da gaixotasun hori detektatzeko. Haurren % 17k bakarrik zuen bilirrubinaren determinazioa bizitzako lehen urtean, eta, beraz, kasu gehienetan diagnostikoa berantiarra da.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa
Erreferentzia bibliografikoa:M. Vandriel, S.; Li, L.; She, H.; Wang, J.; A. Gilbert, M.; Jankowska, I.; Czubkowski, P.; Gliwicz-Miedzińska, D.; M. Gonzales, E.; et al. (2022). Natural History of Liver Disease in a Large International Cohort of Children with Alagille syndrome: Results from The GALA Study. Hepatology. DOI: 10.1002/hep.32761
The post Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #413
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ikerketa berri batean, UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian taldeko ikertzaile batzuek ikusi dute pestiziden dosiak lurzoruaren ezaugarrietara egokitu behar direla. Ikertzaile hauek lau pestizidak zoruko bi organismo-motatan zer arrisku eragiten dituzten ikertu dute, Europaren iparraldean, erdialdean eta hegoaldean. Azaldu dutenez, lurzoruaren ezaugarriak eta ingurumen-aldagaiak aldatu egiten dira Europa zeharkatzen duen ardatz latitudinalaren arabera. Horregatik, lurzoruen ezaugarrien arabera toxikotasuna desberdina bada, ezin da aplikazio-dosi bakarra izan Europa osoan. Gehitu dute, gainera, garrantzitsua dela kontzentrazio horiek eragiten dituzten ondorio toxikoei erreparatzea. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran.
AZTI zentro teknologikoa Bizkaiko golkoko uretan plastikoen banaketa espaziala zehazteko ikerketa baten buru izan da. Lau urtez aritu da zaborren banaketa hau definitzen, eta emaitzek erakutsi dute Bizkaiko golkoa irteerarik gabeko eremua dela mikroplastikoentzako. Hain zuzen, mikroplastikoak aztertutako laginetan dagoen plastikoaren % 93 dira. Gainera, datuen arabera, Frantziako uretan Espainiako kostaldean baino bost aldiz plastiko gehiago dago. Oro har, km2-ko 739.395 eta 2.625.271 plastikozko pieza dago uretan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Bizkaiko golkoa “kale itsua da” mikroplastikoentzat.
Seabin Pasaia gailuak bi urte daramatza Pasai San Pedroko ontziralekutik hondakinak biltzen. Saskibaloiko baloi baten diametroa duen ahoa du gailuak, eta horren azpian, sare bat. Uraren gainazaletik jasotzen ditu zaborrak, eta Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa arduratzen da gero hondakinak aztertzeaz, eta baita aparatua kudeatzeaz ere. Astero jasotako hondakinen sailkapena egiteaz arduratzen dira, eta azaldu dutenez, bi urtean 181.196 hondakin zati bildu dituzte itsasotik, gehienak txiki-txikiak, hiru eta bost milimetro artekoak. Azalpenak Berrian: Itsasoko hondakinen ehiztari isila.
One Earth aldizkarian argitaratu dutenez, itsas eremu babestuek, bertako animalia eta landareentzat babesleku izateaz gain, eragin positiboa dute klima-aldaketan. Ondorio honetara iristeko, 241 itsas eremutan egin diren 22.403 ikerketa-lan berrikusi dituzte ikertzaileek. Jasotako datuekin ikertzaileek ikusi dute karbono-metaketa nabarmen handitzen dela babestutako eremuetan. Horrez gain, biodibertsitatea eta bertako bizidunen ugaltze-gaitasuna ere handitu egiten dira, eta baita arrantzaleen etekinak ere. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaEduardo Anguloren “Errezeta egiteko osagaiak: tomatea” artikulu-sortaren bigarren alea irakurgai dago Zientzia Kaieran. Oraingoan, tomatearen jatorri eta barietateez jardun du Angulok. Tomate landarea Mexikon etxekotu zen, hain zuzen ere, Maiek landatzen zuten XVI. Mendean. Dozena bat basa tomate espezie baino ez daude, baina bakar bat etxekotu zuten, Solanum lycopersicum izenekoa. Amerikaren konkistaren ondorioz tomatea mundu osora zabaldu zen ia, eta jatorrian zuen gene-aniztasunaren zati txiki bat baino ez zen hedatu. Hala ere, oraindik ez dago zientzialarien arteko adostasunik tomatearen bilakaeraren inguruan.
Harrigarria badirudi ere, animalietan barne-sistema kannabinoide bat deskribatu zen, sistema endokannabinoidea. Kannabinoideak kalamu landareak (Cannabis sativa L.) sintetizatutako metabolito sekundarioak dira, eta animaliok sustantzia hauekin erlazionatutako molekulak ditugu gure barnean. Besteak beste, ikusi da sistema kannabinoidea ugalkortasunean inplikatuta dagoela, eta jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako. Horregatik, kannabinoideak antzutasunaren diagnostiko posible gisa aztertzen hasi dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Sistema endokannabinoideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du.
GeologiaZumaiako flyscha munduan interes geologikoa duten ehun ondareen zerrendan sartu dute. Zerrenda honetan azaltzen diren tokiek ekarpen nabarmena egin diote denek jakintzari, haiei esker eraiki baitira geologia zientziak. Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradun zientifikoaren ustetan, Zumaia da munduan dagoen lekurik hoberena lurraren historiaren zati konkretu bat irakurtzeko eta ulertzeko.Aitortza horri esker, Zumaiako geoparkeko arduradunek espero dute tokian-tokian kontserbaziorako edo hezkuntzarako egitasmoak sustatzea. Azalpenak Berrian: Geologiaren sorlekuak.
PaleontologiaKantabriako Unibertsitateko zientzialari talde batek aurkitu du kantauriar eskualdeko neandertalak ehizaren atzetik joan zirela hegoalderantz. Espezie horren desagerpena mende oso batean zehar mantendu den misterioa da, baina egileek diote gero eta argiago dagoela prozesu hori Europako lurralde desberdinetan gertatu zela, eta seguru aski, arrazoi desberdinengatik. Iberiar penintsularen kasuan, egileek korrelazioa aurkitu dute garaiko ekosistemen eta neandertalen banaketaren artean. Mediterraneo aldean baldintza egonkorragoak aurkitu dituzte kantauriar eskualdean baino, eta tamaina ertain edo handiko belarjaleen biomasa ere handiagoa zela ondorioztatu dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ehizaren atzetik joan ziren neandertalak hegoalderantz.
OsasunaThe Lancet-en Atzerako kontaketa taldearen arabera, osasuna erregai fosilen mende dago. Erregai fosilek giza osasunaren eta ongizatearen oinarriei eragiten die, eta populazioa zaurgarriagoa egiten du aldi berean gertatzen diren osasun-mehatxuekiko. Energia garbira trantsizionatzeak klima-aldaketa apalduko luke, aireko partikulen heriotzak saihestuko lirateke, eta guzti honekin osasun-zerbitzuak gainezka ez egitea ekarriko luke. Etorkizunerako, beraz, osasunean oinarritutako erantzuna proposatu dute, hori baita, haien ustez, klima- eta energia-krisiei eta hilkortasunari batera aurre egiteko modurik onena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Duela 700 bat urte Yersinia pestis bakterioak sortutako izurrite bubonikoak oraindik ere eragina du gure osasunean, ikerketa berri batek ondorioztatu duenez. Izurriteak gogor astindu zituen Afrika, Asia eta Europa, eta bizirik jarraitu zuten horien artean botila-lepo ebolutiboa eragin zuen. Argitaratu berri den lanaren arabera, sistema immunologikoko proteinen ekoizpenean inplikatuta dauden lau generen aldaerek baldintzatu zuten izurritearen aurrean babestuta egotea edo bizitza galtzea. Horrela, aldaera “egokiak” zituzten pertsonak biziraun zuten, eta horiek gailendu dira gure genoman. Ikerlariek ikusi ahal izan dutenez alabaina, aldaera horiek gaur egun gaixotasun immunologikoekiko joera handiagoarekin lotzen dira. Informazio gehiago Berrian: Eboluzioaren ordaina.
PsikologiaRosa Mindegia Petrirena ikertzailea da ekarri du portadara Unibertsitatea.net atariak. UPV/EHUko Psikologia Fakultatean eta Herbehereetako Tilburg Unibertsitateko Giza Baliabideen ikerketen departamentuan dihardu. 2021eko maiatzean defendatu zuen bere tesia, erakunde bateko zuzendaritza-taldearen eta langileen arteko harremanean emozioek duten garrantziaren inguruan. Azaldu duenez, emozioak gu garenaren eta kanpora erakusten dugunaren zati handi bat dira, eta hauek lan-arloan aztertzea, beraz, ezinbestekoa da. Erakundeen eta lanaren testuinguruak intentsitate handiko emozio asko eragiten ditu, eta hau dela eta, lanean pertsonek duten portaera ulertzeak emozioak ulertzea ekartzen du. Lortu zituen emaitzen arabera, adimen emozional altuko lider taldeek hobe ulertzen dute beraien jarraitzaileek behar dutena, eta hauei hobe erantzuteko gai dira.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #413 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #419

Drake-ren ekuazioa ezaguna bihurtu zen publiko orokorrarentzat Carl Sagan zientzialariaren Cosmos telesailaren bidez. Ekuazioa Esne Bideko zibilizazio aurreratuen kopuruaren probabilitate-kalkulu bat da; bistan da zibilizazio aurreratu bat egoteko, lehenik bizitza existitu behar dela. Horregatik, ekuazioak barneratzen duen faktoreetako bat da planetak dituen izar bakoitzeko bizia izan lezaketen planeten proportzioa. Duela gutxiko aurkikuntza baten arabera, planeta kopuru hori nabarmen murrizten da: A major shift in the search for life on other planets.
Gauza bat da ardoa egitea eta beste bat modu eraginkorrean egitea. Azken horretarako, eredu matematikoak erabiltzen dira. Eredu horiek nahiko sinpleak egin daitezke (arrazoizko denboran ebatz daitezkeenak) edo oso konplexuak izan daitezke, aldagai biologikoak barne. Kontua da, merezi al du hain zehatzak egitea? BCAMeko ikertzaileek ardo zuriarentzako egin du bat eta kontuak atera dituzte: Fine-tuning wine fermentation processes.
Rashba efektua esku artetik ihes egiten ari da fisika kondentsatuaren arloan, eta berau Rashba efektuaren antzeko gauzen mundu bat bihurtzen ari da. Efektu hori spintronikaren jatorria bada, haren ondorengoak orbitronikoarenak izan daitezke. DIPCko ikertzaileek azken joerak berrikusi dituzte: The new world of Rashba-like physics: mechanisms, materials, effects.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #419 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: albedoa
Blanca Martinez geologoak latinezko albus (zuria) errotik datorren hitz bat izan du ahotan egunotan: albedoa. Albedoa gainazal bati eragiten dion argi-energiaren eta islatzen denaren artean dagoen proportzioa da.
Albedoa dimentsiorik ez duen propietate bat da, eta bere balioa 0 eta 1 arteko tartearen barruan adierazten da, edo % 0 eta % 100 arteko portzentajeen bidez. Hau da, energia gutxi islatzen duten gainazalek (ia erradiazio guztia xurgatzen dutenek) oso albedo txikia izango dute, 0 inguruko balioekin. Bestalde, iristen zaien erradiazio gehiena islatzen duten gainazalek, berriz, albedo balio handiak izango dituzte, % 100etik hurbil (edo 1etik).
Gainazal batek islatu dezakeen erradiazio kantitateari erreparatu dio gaurkoan Kiñu kirikiñoak eta honek zelan eragiten duen Lurreko kliman.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: albedoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Sistema endokannabinoideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du
Kannabinoideak kalamu landareak (Cannabis sativa L.) sintetizatutako metabolito sekundarioak dira. Bitxia badirudi ere, animalietan barne-sistema kannabinoide bat (sistema endokannabinoidea) deskribatu zen. Sistema hori honako hauek osatzen dute: kannabinoide-hartzaileek (CB1 eta CB2), barne-estekatzaileek (anandamida (AEA) eta 2-arakidonoilglizerol (2-AG) endokannabinoideak) eta sintesi- [N-arakidonoilfosfatidiletanolamina (NAPE-PLD), N-aziltransferasa (NAT) eta diazilglizerol lipasa (DAGL)] eta degradazio-entzimek [gantz-azidoen amida hidrolasa (FAAH) eta monoazilglizerol lipasaMAGL)].
Besteak beste, sistema kannabinoidea ugalkortasunean inplikatuta dagoela ikusi da: gametogenesian, ernalketan, enbrioiaren ezarpenean, plazentazioan, haurdunaldian eta erditzean eta sistema kannabinoidean parte hartzen duen makinaria guztia ugal-aparatuko organo, ehun eta zeluletan dagoela frogatu da. Gure taldeak, hala nola, sistema kannabinoidea bai giza obozitoetan eta granulosetan zein behien obozitoetan adierazten dela deskribatu du.

Jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako. Oro har, sistema endokannabinoidea kanpotik modulatzen denean, kannabinoideek HPO ardatzaren erregulazioa asaldatzen dute, ugaltze-sistema kaltetuz (adibidez, obulaziorik gabeko hilekoak izatea). Gainera, GnRH hormonaren jariaketa murrizten dute eta hormona horrek gonadotropinen (FSHa eta LHa) askapena ekiditen du, gonaden funtzioa erabat kaltetuz. Era berean, sistema endokannabinoidearen adierazpenean egon litezkeen kalteak antzutasunarekin erlazionatuta daude.
Sistema endokannabinoidearen edozein osagairen aktibazioak edo eraldaketek eragina duten bezala ugalketaren fisiologian, sistema endokannabinoidean egon daitezkeen gabeziak ere kaltegarriak dira. Saguekin egindako azterketa batzuek iradokitzen dutenez, obozitoetan kannabinoide-hartzaileen gabezia egoteak, ernalketaren ondorengo enbrioiaren garapenean akatsak eragiten ditu eta CB1 hartzailearentzako knockout genotipoko saguen % 40 inguruk haurdunaldiaren galera erakusten du. Are gehiago, gure emaitzek erakutsi zuten CB1 hartzailearen gabeziak efektu kaltegarriak zituela obarioaren morfologian, folikulugenesian eta obulatzen duten obozitoen kalitatean. Gainera, CB2 hartzailearen galerak aipatu berri ditugun prozesu horietan akats hain esanguratsuak sortzen ez dituen arren, kannabinoide-hartzaile biak ez egoteak areagotu egiten zuen kaltea, batez ere obulutegien tamaina txikiagoak eta folikulu kopuru gutxiago aurkituz; CB2 hartzaileak ere garrantzia zuela erakutsiz. Ez hori bakarrik, eCG hormonaren eraginkortasuna ere kaltetua ikusi da kannabinoide-hartzaile biak falta zaizkien animalietan. Horregatik, badirudi kannabinoide-hartzaileen faltak obulutegien bizitza funtzionala eta kalitatea okertzen dituela.
Hortaz, bai kannabinoideen gehiegizko esposizioa zein sistema endokannabinoidearen osagairen baten gabezia kaltegarriak izan daitezkeenez ugal-prozesuetan, ondoriozta genezake sistema endokannabinoideak prozesu horiek modulatzen dituela eta garrantzitsua dela barne kannabinoideen kontzentrazioa ondo erregulatua egotea. Horregatik, kannabinoideen erabilera aztertzen hasia da, antzutasunaren diagnostikoan biomarkatzaile posible gisa edota praktika klinikoan tratatzeko itu terapeutiko posible gisa. Esaterako, gure ikerketa-taldeak lerro interesgarri bat zabaldu du kannabinoideen erabilera terapeutikoa aztertuz obozitoen in vitro heltzeko (IVM) medioen eraginkortasuna hobetzeko. Posibletzat jotzen zen endokannabinoideen seinaleztapenak folikulugenesia eta obozitoen heltze-prozesuak modula zitzakeela, eta saguetan eta behietan egindako ikerketek frogatu dute lagunduriko ugalketa-tekniken eraginkortasuna hobetu daitekeela, teknika horietan erabiltzen diren hazkuntza-medioak kanabinoideekin aberastuz gero.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Sistema endokannabioideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du.
- Laburpena: Sistema kannabinideak ugal-sistemaren prozesu desberdinetan parte hartzen du, eta jakina da kannabinoide exogenoen kontsumo kroniko sistemikoa kaltegarria dela ugalketa-prozesuetarako; sistema endokannabinoidean izan daitezkeen gabeziak, halaber, ez dira mesedegarriak. Frogatu da sistema endokannabinoidearen edozein osagairen aktibazioak edo eraldaketek eragina izan dezaketela ugalketaren fase desberdinen erregulazioan eta bizitza berri baten hasiera arriskuan jar dezaketela. Horregatik, kannabinoideen erabilera lagungarria izan liteke, antzutasunaren diagnostikoan biomarkatzaile posible gisa edota praktika klinikoan tratatzeko itu terapeutiko posible bezala.
- Egileak: Lide Totorikaguena Iturriaga, Estibaliz Olabarrieta López, Naiara Agirregoitia Marcos, Ekaitz Agirregoitia Marcos
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 241-252
- DOI: 10.1387/ekaia.22702
Lide Totorikaguena Iturriaga, Estibaliz Olabarrieta López, Naiara Agirregoitia Marcos eta Ekaitz Agirregoitia Marcos UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Sistema endokannabinoideak emearen ugal-fisiologia modulatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.