Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak
Egun bizitzen ari garen pandemia tarteko, industria farmazeutikoa gogor ari da lanean COVID-19-aren tratamendua bilatu nahian. Momentu historiko honek inoiz ez bezala jarri du mahaiaren gainean bai industria farmazeutikoak zein jasangarritasunak gizartearen osasunean duten garrantzia.
Hori dela eta, lan honetan industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenean jarriz batez ere. Izan ere, industria farmazeutikoa, maneiatzen duen ekoizpen bolumenerako, gehien kutsatzen duen industriako sektoreen artean kokatzen da.

Lan hau, EHUren IKD i3 hezkuntza-ereduaren osagaia den iraunkortasuna aintzat hartuz, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatzen da, bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz. Lehenik, ekoizpen jasangarria bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. Ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Honen konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimiko kaltegarriak ezabatu ahal izateko.
Era berean, eta egungo klima-aldaketak ingurumenean duen eragina aintzat hartuz, berotegi efektua duten gasen igorpena murrizteko energia berriztagarrien erabilera sustatu eta erabiltzen den energia-eraginkortasunaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Honetaz gain, beste zenbait etapa ere badira, medikamentua sortzen denetik, medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, adibidez medikamentuen kutxatilen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-an gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa labur bat egiten da, baliabide eta teknologia hauek etorkizunean ekarri ditzaketen onurak azpimarratuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak.
- Laburpena: Industria farmazeutikoa, bere ekoizpen-bolumena kontuan izanda, gehien kutsatzen duten industriako sektoreen artean kokatzen da. Hori dela eta, lan honetan, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatuz, eta bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz, industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenari jarriz batez ere. Lehenik, ekoizpen iraunkorra bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Horren konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio-teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimikoak ezabatu ahal izateko. Horrez gain, eta egungo aldaketa klimatikoak ingurumenean duen inpaktua aintzat hartuz, berotegi-efektua duten gasen isurketa murrizteko energia berriztagarrien erabilera bultzatu eta erabiltzen den energiaren efizientziaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Horretaz gain, beste zenbait etapa ere dira, medikamentua sortzen denetik medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, medikamentuen kutxen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-n gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa txiki bat egiten da, baliabide eta teknologia horiek etorkizunean ekar ditzaketen onurak azpimarratuz.
- Egileak: Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández, Edorta Santos-Vizcaíno
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 49-71
- DOI: 10.1387/ekaia.22848
Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno UPV/EHUko Farmazia Fakultateko, Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Tximino garestiak gara
Gauza jakina da gizakiok gainerako ugaztunek baino entzefalo handiagoa dugula. Gure entzefaloa gure ahaide ebolutibo hurbilenena baino handiagoa da ere, tximino handiena baino handiagoa (bonoboak, txinpantzeak, gorilak eta orangutanak). Neurri batean arrazoi horregatik eta, beste batean, jarduera metaboliko handia izateagatik, gure entzefaloa organo garestia da. Izan ere, gutxieneko jarduera fisikoan gastatzen dugun energiaren % 20 inguru kontsumitzen baitu.
Ugalketaren gaineko kontrol artifizialik egiten ez den herrietan, gizakiek ume gehiago dituzte eta gainerako hominidoenak baino handiagoak dira. Urte gehiago ere bizi gara, 60 kg inguru dituen ugaztun batengandik espero zitekeena baino dezente gehiago eta gehiago bizitzeko, energia-baliabide gehiago erabili behar dira ehunak mantendu eta konpontzeko.

Gure digestio-sistema, digestio errazagoko elikagaien kontsumoari esker (haragia eta kozinatutako produktuak, batez ere), asko txikitu da gure arbasoenarekin alderatuta, eta askoz energia gutxiago gastatzen du horregatik. Gainera, beste hominido horiek baino modu eraginkorragoan mugitzen gara. Hala ere, faktore horiek ez dute behar adinako eraginik hainbesteko gastua duen entzefalo bat edukitzearen ondorioak konpentsatzeko, ez eta ugaltze-intentsitate handiagoari eta bizitza luzeagoari lotutako kostuak ere.
Metabolismoa izaki bizidun baten jardueren euskarri diren prozesu kimikoen multzoa da. Beraz, gastu metaboliko osoa jarduera bakoitzari dagokiona gehitzearen emaitza da. Batetik, bizi-sistemak mantentzeko helburua dutenak daude; horiei, basala deritzogun jarduera metabolikoaren maila dagokie. Bizirik irauteko behar dugun maila metaboliko minimoa da.
Bestalde, patogenoen aurkako defentsarekin zerikusia dutenak ditugu, immunitate-sistemak gauzatzen dituenak; zenbat eta gaixotasun infekzioso gehiago izan, orduan eta energia gehiago gastatu behar da gaixotasun horiei aurre egiteko. Beste batzuek konponketak egiteko balio dute. Hazkuntza eta ugalketa ere hor daude, ehun berriak sortzen dituzten jarduerak dira, eta hori dela eta nahiko garestiak dira, bereziki amentzat. Azkenik, baditugu ingurunean nolabaiteko eragina dutenak ere, esaterako, gure joan-etorria edo lana.
Hominidoen espezie desberdinen eguneroko gastu metaboliko osoa konparatzen denean, ikusten da gurea dela masa bereko ale tipo batentzat (gorputzeko gantza kenduta) energia-gastu handiena duena. Horren arrazoia da organoen eta ehunen metabolismo basala, oro har, beste hominido batzuen metabolismoa baino handiagoa dela (entzefaloa, digestio-sistema eta gibela gastu handia duten organoak dira). Eta, neurri txikiagoan bada ere, espezie horietako kideak baino aktiboagoak garela ere.
Gure espezieko gizabanakook gure hurbileko senide ebolutiboek baino energia gehiago gastatzen dugu bizirik mantentzeko, hazteko eta ugaltzeko. Aktiboagoak ere bagara, neurri batean gastu horri aurre egiteko behar dugun energia lortzeko. Eta horrek oso ezaguna ez den datu bat azaltzen du: gizakiek, batez ere emakumeek, gainerako tximinoek baino askoz koipe gehiago gordetzen dute. Bidezkoa da horrela izatea; izan ere, hainbeste gastatzen denean komeni da erreserba ugari izatea, lehenago edo geroago sasoi txar bat etorriko baita eta hori gertatzen denean bizirauteko beharrezkoak izango direlako. Eta horrek azaltzen du, neurri batean, zergatik gantz hori metatu ondoren hain zaila den kentzea.
Erreferentzia bibliografikoa:Pontzer, H., Brown, M., Raichlen, D. et al. (2016). Metabolic acceleration and the evolution of human brain size and life history. Nature, 533, 390–392. DOI: https://doi.org/10.1038/nature17654
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Tximino garestiak gara appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte
Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Ikertzaileek ziurtatu dute itsas krustazeo txikiek alga gorri ar eta emeen artean garraiatzen dituztela horien sexu-zelulak eta, ondorioz, lehorrean gertatzen den “polinizazio”aren antzeko kasua dugula.
Aurtengo uztailean argitaratu da aurkikuntza Science aldizkarian eta zalantza ere piztu du. Izan ere, bai alga gorriak, bai krustazeoak ere, lurreko landareak baino lehenago sortu ziren eboluzioaren historian, beraz, ernalketa modu hau lehenago garatu ote zen itsasoan lurrean baino ezbaian jarri du.
Adituen aburuz, landareak animalien bitartez polinizatzea duela 140 milioi urte baino gehiago garatu zen, oraindik erabateko adostasunera iritsi ez badira ere. Loredun landareen ernalketa-metodo ohikoena intsektuen bidezko polinizazioa da, eta gehienetan, loreetan elikagai bila dabiltzan animaliek ez-boluntarioki gauzatzen dute.

Ernalketa-prozesu sinbiotiko hau asko ikertu da lehorreko landare eta animalien artean, baina ez zen horrelakorik aurreikusten ur-ingurunetan. Zientzialariek betidanik pentsatu izan dute polinizazioa lehorreko kontua zela, eta itsasoan sexu-zelula arra uraren mugimenduaren bidez iristen zela emearengana. 2012. urtean, ordea, azterketa batek frogatu zuen itsas ornogabe batzuek Thalassia testudinum itsas landarearen polena garraiatzen zutela landare arretatik emeetara, landare haiez elikatzen ziren bitartean. Hura izan zen itsas ingurunean ikusi zen lehen polinizazio-prozesua.
Itsas landareak eta algak, ordea, ez dira organismo bera. Itsas landareak landare baskularrak dira, landare erreinuko organismo eboluzionatuenak. Haiek, lurreko landare baskularren moduan, sustraiak, zurtoina eta hostoak dituzte. Algak edo makroalgak, bestalde, organismo zelulanitzak dira, baina ez dute ehun baskularrik, ez eta landare baskularren atal-desberdintzapenik. Bi organismo mota hauek oso desberdinak dira ugalketa aldetik ere.
Lavaut eta bere kideek, beraz, ikusirik itsas landareetan animalien bidezko polinizazioa gertatzen zela, gauza bera frogatu nahi izan zuten algetan. Zehazki alga gorriak aukeratu zituzten, ugalketarako dituzten zailtasunengatik. Izan ere, alga gorrien gameto (sexu-zelula) emeak ez dira gorputzetik kanporatzen, eta gameto arrek ez dute beren kabuz mugitzeko gaitasunik. Hala, ernalketa gertatzeko, gameto arrak pasiboki iritsi behar dira gehienetan urruti dagoen alga emearen trikoginora (emeen ugalketarako egiturara). Orain arte, ikertzaileek uste zuten gameto arren garraio pasiboa ur korronteen bidez gertatzen zela, Idotea balthica itsas krustazeoak egia bestelakoa dela erakutsi dien arte.
Ustekabeko aurkikuntza izan zen. Sorbonako Unibertsitateko populazioen genetikari talde bat Gracilaria gracilis alga gorriaren genetika eta ugalketa ikertzen ari zen, eta horretarako, alga honen hainbat lagin itsasotik jaso eta laborategiko ur-tankeetan sartu zituzten. Egunak aurrera joan ahala, ikertzaileak ohartu ziren ehunka krustazeo txiki agertu zirela tankeetan, seguruenik algekin batera itsasotik garraiatuak. Gertaera honek pentsarazi zien animalia txiki hark nolabaiteko parte-hartzea izan zezakeela algaren ugalketan.

Beraz, krustazeo horrek nolabait G. gracilisen ernalketan eraginen bat ote zuen frogatzeko, ikertzaileek espezie honetako algen hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan I. balthica ere sartu zuten. Eta nola jakin zezaketen ikertzaileek ernalketa gertatzen ari zen ala ez? G. gracilis espeziearen ernalketa arrakastatsua denean, alga emeek burbuila itxurako egitura berri bat garatzen dute, zistokarpo deritzona. Horrela, zistokarpoak zenbatuz, ikertzaileek kalkulatu ahal izan zuten zenbat gameto ar iristen ziren emeen trikoginora, eta alderatu ahal izan zituzten I. balthica krustazeoa zuten tankeak ez zituztenekin.
Emaitzak argiak izan ziren. Krustazeoa zegoen tankeetan, ernalketa hogei aldiz arrakastatsuagoa zen I. balthica-rik ez zegoen tankeetan baino. Emaitzak are eta hobeto baieztatzeko, mikroskopio azpian begiratu zituzten krustazeo banako batzuk, eta, uste bezala, gorputza gametoz beteta zuten, polenez estalitako erleak bailiran. Beraz, ikertzaileek aho batez baieztatu ahal izan zuten, lehorrean bezala, itsasoan ere animalien bitarteko ernalketa gauzatzen dela, itsas landare eta alga-espezie batzuetan behintzat.
Hala eta guztiz ere, ur-korronteek ere lagun diezaiokete I. balthica-ri gametoak zabaltzen. Alabaina, naturan algen ernalketa normalean marea baxuko putzuetan gertatzen da, ura bare dagoenean, eta horrek krustazeo hauen ezinbesteko lana iradokitzen du ernalketa-prozesu honetan zehar. Hurrengo pausua, egileen esanetan, beste alga eta animalia batzuekin proba egitea izango da, elkarrekintza bera gertatzen ote den ikusteko.
Zientzialariek aspalditik dakite itsas landare eta algen ugalketa uraren mugimenduaren bidez gerta daitekeela, baina orain beste ernalketa-mekanismo bat ere erabiltzen dutela egiaztatu da. Animalien elikatze-mugimenduei esker ere ernaltzen dira itsas landare eta algak, eta horrek ikerketa-esparru berri eta erakargarria ireki du etorkizunerako. Gainera, aurkikuntza honek iradoki dezake algak izan zirela sexu-zelulak garraiatzeko animaliez baliatu ziren lehen organismoetako bat.
Erreferentzia bibliografikoak:Lavaut, E., Guillemin, M. L., Colin, S., Faure, A., Coudret, J., Destombe, C., & Valero, M. (2022). Pollinators of the sea: A discovery of animal-mediated fertilization in seaweed. Science, 377 (6605), 528–530. DOI: https://doi.org/10.1126/science.abo6661
Buehler, Jake (2022). Like bees of the sea, crustaceans “pollinate” seaweed, sciencenews.org, 2022ko uztailaren 28a.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.
Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa
Sudurreko odoljarioa —epistasia ere deitzen zaio— mundu osoko larrialdi otorrinolaringologiko ohikoenetako bat da. Kalkuluen arabera, munduko populazioaren % 60k gutxienez behin izango du epistasia, nahiz eta % 6tik % 10era bitartean soilik beharko duten laguntza medikoa. Hainbat metodo daude epistasia tratatzeko, eta metodo ezagunenetako bat, arrakasta handia duena, sudurra buxatzea da. Hala ere, sudur-tapoirik egokiena aukeratzea funtsezkoa da tratamenduaren emaitzarako. Sudurreko tapoi idealak hemostasia lagundu behar du —odoljarioak geldiarazteko mekanismo biologikoen multzoa—, eta gaixoarentzat erosoa izan behar du; eta, hala, sudurreko mukosaren kaltea gutxitu.
UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko tapoi bat garatu dute, ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina, sudurreko hemorragia edo epistasia tratatzeko. Gaur egun merkatuan dagoen tapoirik onenak baino ezaugarri hobeak ditu. Sudurreko tapoia elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz egin da, hala nola sojaren proteina eta txibiaren lumaren kitina. “Egiaztatu dugu elikagai-industriako azpiproduktuak biomaterialen iturri baliotsu eta jasangarria direla, eta horiek erabil daitezkeela propietate hemostatiko handiko sudur-tapoi seguru eta eraginkorrak fabrikatzeko”, adierazi du Edorta Santos Vizcainok, NanoBioCel taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

“Elikagai-industriako azpiproduktu naturaletatik abiatuta —soja-proteina eta kitina-proteina—, scaffold edo matrize harro bat garatu dugu. Honek oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak ditu: ur edo odol kantitate handiak xurgatzeko gai da, gainazal handia du barruan zelulak elkartu eta gordetzeko, ez du materialaren kontrako inolako erantzun okerrik eragiten eta, gainera, partzialki degradatzen da”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Kitina da egitura berri horren oinarria, hau da, material harroaren eskeletoa; soja-proteinak, berriz, egitura hori inguratzen du, materiala oso biobateragarria izan dadin eta, era berean, odol-kantitate handiak xurga ditzan.
Estrategia berde bat“Gizarteak gero eta behar handiagoa du ingurumena errespetatzeko —dio UPV/EHUko ikertzaileak—, eta, ondorioz, lan honetan ikertu dugu ea soja-proteinatik eta kitina-proteinatik sortutako materiala sudur-tapoi gisa erabil daitekeen epistasia tratatzeko. Gure materialak sudur-tapoi gisa duen potentziala ebaluatzeko, sudur-tapoi gisa duen erabilera aztertu dugu, material sintetikoekin egindako Merocel® izeneko gold standard-arekin alderatuz”.
“Arratoietan in vitro eta in vivo egindako saiakuntzek erakusten dute garatutako materialak mikroegitura porotsua duela, ura eta odola xurgatzeko ahalmen handikoa. Gure biomaterialak odolaren koagulazioa eraginkortasunez sustatzen duela egiaztatu zen, eta globulu gorriak eta plaketak lotzeko propietate bikainak dituela Merocel®-ekin alderatuta. Hori guztia osagai naturalen berezko propietate hemostatikoengatik da”, dio Edorta Santosek. Gainera, “ikusi genuen uretan pisua galtzeko eta egun gutxitan partzialki degradatzeko gai dela odolean murgilduta dagoenean, eta hori gero eta garrantzitsuagoa da sudur-tapoientzat, bestela tapoia erauzteko prozesu inbaditzailea suerta baitaiteke”, erantsi du ikertzaileak. Azken finean, “elikagaien industriako hondakinetatik sortutako materialak Merocel® tapoiak baino propietate mekaniko eta hemostatiko handiagoak erakutsi zituen”, dio Edorta Santosek.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Sudurreko hemorragia tratatzeko etorkizun handiko tapoi ekologikoa
Erreferentzia bibliografikoa:Jimenez-Martin, Jon; Las Heras, Kevin; Etxabide, Alaitz; Uranga, Jone; de la Caba, Koro; Guerrero, Pedro; Igartua, Manoli; Santos-Vizcaino, Edorta; Hernandez, Rosa Maria (2022). Green hemostatic sponge-like scaffold composed of soy protein and chitin for the treatment of epistaxis. Materials Today Bio 15. DOI: 10.1016/j.mtbio.2022.100273
The post Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #409
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak apirilean atera zuen klima-larrialdiaren egoerari buruzko azken txostena. Bertan, osasun ondorioei atal bat eskaini diote. Beste hainbat arazoren artean, klima-larrialdiak buruko osasunean eragiten duela ziurtatu dute. Ondorio hauek ikusita, adituek diote politika orotan lehenetsi behar da osasuna. Aline Chiabai, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikertzaileak, giza osasunaren ikuspegi gero eta osoago bat behar dela dio, eta “osasun bakarra” deituriko ikuskera hartu du ardatz bere ikerketan. Nafarroan jada ezartzen ari dira neurriak honen inguruan, LIFE-IP Nadapta-CC proiektuaren bidez. Egitasmo honetan, klima aldatzeak dakartzan ondorioak neurtu, eta horiek gizakien osasunari mehatxu egiten dietenean prebentzio neurriak proposatzen dituzte.
BiologiaLehen ornodun barailadunen fosilik zaharrenak aurkitu dituzte Txinako hegoaldean. Siluriarraren hasierako arrain-fosilen multzo bat da, 439 eta 436 milioi urte artekoak, eta, besteak beste, ezagutzen diren ornodun barailadun zaharrenak deskribatu dituzte; baita barailadun baten hortzik zaharrena ere. Batez ere, plakodermoak eta kondriktieak aurkitu dituzte; baita barailarik gabeko espezie bat ere. Orain arte ezagutzen zen arrain barailadun baten fosil zaharrena duela 425 milioi urtekoa zen. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
SoziologiaIkertzaile talde iparramerikar batek egindako ikerketa batek frogatu du ikerketa-taldeetako emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituztela dagokien lanen egiletza aitortzeko. Azaldu dutenez, arazoa ez da emakumeek ez dutela ekarpenik egiten, baizik eta ez dituztela errekonozitzen. Hau da, emakumeek gizonek baino askoz aukera gutxiago dituzte beren lanagatik aintzatespenak, sariak, sustapenak eta ikusgarritasuna jasotzeko. Desabantaila hauengatik, emakumeek beren buruarekiko duten konfiantza falta areagotu egiten da, beren ekarpenen aintzatespenik ez dagoela ikustean. Arazo hau konpontzen lagundu nahi du #BakeYourResearch mugimenduak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin.
TeknologiaUPV/EHUko “Materialak+Teknologia” ikerketa-taldeak 3D inprimaketa bidez zenbait almidoi-motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu. Artoa eta patata erabili dituzte lehengai gisa, eta honen almidoiaz baliatuz terapia pertsonalizatuak posible izatea dute helburu. Izan ere, medikamentu konbentzionalak helduen dosian oinarritzen dira, eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte. Konprimatu hauek, bestalde, farmakoa askatzeko modua doitzeko aukera ematen dutela ikusi dute ikertzaileek. Arto-almidoiarekin botika berehala askatzen da, gehienez 10 minutuan. Waxy arto-almidoiaren eta patata-almidoiaren kasuan, bestalde, botika modu jarraituagoan askatzen da. Azalpenak Zientzia Kaieran.
GeologiaBlanca Martinez geologoak Silent Hill filmean irudikatzen den giro goibelaren azalpen zientifikoa eman du Zientzia Kaieran. Herri fantasma hartan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe, eta guztia mantu grisaxka batek biltzen du. Bada, filma hau Pensilvaniako Centralian grabatu duten, 1960ko hamarkadan erabat erre zen herria. Herri honek meatze asko ditu inguruan, eta egun batean meategi horietako batek sua hartu zuen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen herrian. Izan ere, ikatza karbonoz osatuta dago nagusiki, eta txinparta batekin gaitasun handia du erretzeko.
PsikologiaRobin Dunbar britaniarrak gazteen harreman aldaketak aztertu ditu, zehazki batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian. Ikerketak ezagutarazi du ikasleen gizarte-sareko pertsonen % 40 berritu egin zela hilabete horietan zehar, eta normalean, harreman berriek galtzen ziren harremanen lekua hartzen zutela. Bestalde, unibertsitate aurreko harremanak mantentzeko, neskak elkarrizketak baliatzen zituztela ikusi zuten, bai aurrez aurre, bai telefono bidez. Mutilen kasuan, ordea, beste pertsonekin egiten ziren jarduerek zuten eragin gehien. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa.
Miren Berasategi Zeberio Komunikazioan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 2004an, eta Komunikazioan doktorea da 2020tik. Bere tesia antsietate matematikoaren inguruan egin zuen. Kontzeptu hau zera da, zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen den antsietatea. Antsietate mota honek ondorio zuzenen artean ditu halako egoerak saihesteko joera, eta errendimendu gutxitua. Antsietateak lan-memoria itsutuz eragiten du, emozio-egoera ezkorra eta honi lotutako pentsamendu intrusiboak sortzen direlako. Horregatik, Berasategik dio beharrezkoa dela trebatzearekin batera antsietatea ere kontuan izatea. Informazio gehiago Unibertsitatea.net webgunean: Miren Berasategi: “Antsietate matematikoa duten pertsonek gaitasun matematikoak erabiltzeko zailtasunak dituzte, eta eragina du errendimenduan”.
AstronomiaAsteroide bat bere orbitatik desbideratu du DART misioak. Misio honen azken xedea asteroideen orbita desbideratzeko sistema bat probatzea da, etorkizunean, Lurraren aurka jo dezaketen asteroide mehatxagarriekin erabiltzeko. Proba hau, beraz, arriskutsua ez zen objektu espazial batekin egin dute, Dimorphos asteroidearekin, hain zuzen. Helburua talkak asteroidetik askatuko duen materiala neurtzea izan da, horren araberakoa izango baita orbitaren desbideratzea. NASAk azaldu duenez, asteroidearen erditik 17 metrora jo dute, segundoko 6,6 kilometroko abiadan, eta kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Berri hau Elhuyar aldizkarian, Sustatun eta Berrian irakur daiteke.
IngurumenaSaioa Domingo ikertzaileak farmakoek ingurumenean duten inpaktuari buruz doktoretza tesia egin zuen. Farmakoak ezinbestekoak dira gizakiontzat, baina, ingurumenean agertzen direnean, eragina izan dezakete beste izaki bizidunetan eta ekosistemetan. Domingok azaldu duenez, Yorkeko Unibertsitateak ikerketa bat egin du orain arte ikertu gabeko 36 herrialdetako ibaietan, eta bertan frogatu dute farmakoen kutsadura arazo globala dela. Gainera, gaur egun, araztegiek ez dituzte guztiz ezabatzen farmakoak, eta naturara isurtzen dira, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna kaltetuz. Azalpenak Berrian.
Kutsadura handiko eremuetan, plastikoen degradazioak itsasoko uraren pHa 0,5 murriztea eragin dezake, Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko ikerketa-talde batek ikusi duenez. Ikerketa honek argitu du plastikoak degradatzean, uretara azido organikoak askatzen direla. Azido hauek polimero plastikoen eta gehitzen zaizkien gehigarrien osagaiak dira. Honetaz gain, frogatu dute eguzki-erradiazioak plastiko zaharkituak fotooxidatzen dituela, eta horren ondorioz sortzen den CO2-ak ere zuzenean eragiten du uraren pH-a murriztea. Hain zuzen, azidifikazio-maila hau CO2-aren igorpen-tasa ezkorrenetan, mende honen bukaerako eta ozeano zabalean aurreikusia dagoen maila bera da. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.
The post Asteon zientzia begi-bistan #409 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #415
Aukera izatekotan, itsua izatea aukeratuko zenuke horrek inteligenteago egingo bazintu? Ez da benetako aukera gaur egun, baina izan liteke etorkizunean. A blinding mutation that might increase intelligence por Rosa García-Verdugorena.
Patriarkatua gizateriaren organizazio naturala dela uste du jende askok. Ez da egia. How did the patriarchy start – and will evolution get rid of it? Ruth Macerena.
Irismen handikoak dira interakzio elektromagnetikoak eta bai atomoen edota molekulen formakuntzan zein tenperatura altuetan supereroankortasunaren agerpenean parte hartzen dute. Sistema kuantikoetan kontuan izatea, baina, ez da txikikeria. DIPCk: Quantum dots as analog simulators of long-range interactions
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #415 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: diapasoia
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Almudena Martin Castro fisikari eta musikariak diapasoia aurkeztu digu artikulu baten. Haren esanetan diapasoia gero eta gutxiago ikusten den gailu bat da. Kontzertuetan ea ez da erabiltzen afinagailu digitalak ditugunetik. Baina zer da diapasoia eta zein da bere historia?
Diapasoia sardexka forma duen altzairuzko gailu bat da. Berarekin soinua egiten denean, 440 Hz edo segundoko bibrazioak ematen ditu, nota arruntari dagozkionak, eta ahotsak eta musika-tresnak erregulatzeko erabiltzen dena.
Diapasoi baten tonua lima soil batekin doi daiteke. Besoen punta pixka bat gastatuz, masa txikitu egiten da eta tonua zorrotzago bihurtzen da. Aldiz, oinarria lixatzen bada (bi besoak kirtenarekin lotzen diren puntua), edo metala pixka bat berotzen bada, elastikotasuna aldatu egiten da eta tonua larriagoa bihurtzen da.
Diapasoiaren jatorria eta historiari begiratu dio Kiñu kirikiñoak eta hamaika datu interesgarri ditu.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: diapasoia appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin
Ondo dokumentatutako arrakala bat dago emakumeek eta gizonek zientzian ekoitzitako lan kopuruaren artean, eta horrek ez du oso ondorio onik emakumeak sustatzeko garaian. Pentsa liteke arrakala produktibitate desberdintasunengatik litzatekeela, baina duela gutxiko ikerketa baten emaitzak erakutsi du desberdintasun horiek emakumeen ekarpena ez onartzearen ondorio direla.
Ikertzaile talde iparramerikar batek egindako ikerketa batek (Ross et al., 2022) frogatu du ikerketa taldeetako emakumeek gizonek baino aukera gutxiago dituztela dagokien lanen egiletza aitortzeko. Aurkikuntzak hiru datu iturri oso ezberdinetan oinarritzen dira. Lehenengo iturriaren analisiak (ikerketa taldeei, taldearen ekoizpen zientifikoari eta egiletza aitortzeari buruzko eskala handiko datu administratiboak) erakusten du emakumeek probabilitate gutxiago dutela beren taldeak sortutako artikulu edo patente jakin batean izendatuak izateko, beren pareko gizonekin alderatuta.

Lanak aitortzean gizonen eta emakumeen arteko aldea arlo zientifiko gehienetan eta karreraren ia etapa guztietan dago. Bigarren iturriak, egileen inkesta zabal batek, antzeko moduan erakusten du emakumeen ekarpen zientifikoek, sistematikoki, errekonozituak izateko aukera gutxiago dutela. Hirugarren iturriak, erantzun kualitatiboenak, iradokitzen du emakumeak ez ezagutzeko arrazoia dela haien lana askotan ez dela ezagutzen, ez dela aintzat hartzen edo alde batera uzten dela. Beraz, kontua ez da emakumeek zientziari egindako ekarpenak gutxiago direnik, baizik eta ez direla haiek egindako ekarpenak errekonozitzen.
Ikerketa horren gakoa zera da: ekarpen zientifikoaren neurria gorabehera, eta argitaratzeko irizpideak estandarizatzeko ahaleginak egin arren, emakumeek gizonek baino askoz aukera gutxiago dituzte beren lanagatik aintzatespenak, sariak, sustapenak eta ikusgarritasuna jasotzeko. Emaitzak berdin mantentzen dira artikuluan bertan xehetasunez deskribatutako zehaztapen alternatiboen eta lagin murrizketen barietatearen aurrean.
Azterlanak argi uzten du arrakala ez dagoela hainbeste emakumeek zientziari egiten dioten ekarpenean, ekarpen horien aitorpenean baizik. Lotutako lan kualitatiboak iradokitzen du esleipen zientifikoa zehazten duten estandarrak ez direla ondo ezagutzen edo ulertzen alderdi guztiei dagokienez, eta askotan ez direla aintzat hartzen. Emaitzak erakusten duenez, emakumeak sistematikoki desabantailan daudela dirudi. Ikuspegia generoan jarri zen arren, arrakala horiek beste talde baztertu batzuek emandako erantzunetan ere ikusi ziren.
Adorerik eza emakumezko ikertzaile gazteen arteanEbidentzia bat dator zientzian generoen arteko ezberdintasunek beren burua indartu dezaketela dioen nozioarekin, Rosalind Franklinek eta beste batzuek izandako patuak adoregabetu egin zuela eta ikertzaile bikain asko zientziara sartzetik gogogabetu ditzakeela dioen nozioarekin. Irakasle postuetan dauden emakumeen ordezkaritza txikia ikertzaile gazteen artean izandako etsipen goiztiarraren ondorioa izan daiteke: beren buruarekiko konfiantza falta areagotu egiten da beren ekarpenen aintzatespenik ez badago, batez ere oinarrizko proiektu oso indartsuetan, eta ondorioz, frustragarria da beren karrerek gutxi egitea aurrera. Emakumeen ibilbide profesionalen aurrerabideari buruzko luzetarako lana datu horiek aztertuz susta daiteke. Datu horiek lotura enpirikoa ematen dute egiletza aitortzearen, emakumeen karrera zientifikoaren progresioaren eta ikertzaileen hasierako etapetako gogo galeraren artean. Aurkeztutako emaitzetatik haratago, azterlanak datuen azpiegitura berri eta aberats baterako jarraibideak ematen dizkigu; desberdintasunen kausak ezagutzea, konponbideak bilatzeko.
Zientzia zabaltzeko gozogintza egiteaEta gure ikerketaren emaitzak ikusarazteko sortzaileak bagina? Gure lanarekin lortutako lorpenetan inspiratutako pastel bat aurkeztuko bagenu?

Gozogintza eta zientzia lotzeko modu horrek izena du: #BakeYourResearch. Duela hilabete batzuk, mikologo batek karameluzko onddo hiperrealistak sortu zituen, enbor formako txokolatezko bizkotxo batetik hazten zirenak. Maisulan mikologiko hori ez da kasu isolatu bat; sare sozialetako zientzialariek irina eta azukrea erabiltzen dituzte kontzeptu konplexuak ilustratzeko. Denetarik dago: kakahuete gurinezko pastela erabiliz mitosiak nola funtzionatzen duen erakusten duten mikrobiologoetatik hasi eta hilerriak ingurumen eremu babestu bihurtzeko ikerketen eskemak erakusten dituzten mazapanezko maketetara arte. Gozo zientifiko batzuk adituek egiten dituzte; beste batzuk, berriz, etxean prestatutako asteburuko proiektuak dira. Baina horiek guztiek atentzioa emateko izugarrizko boterea dute.
Unibertsitate lehiaketek zein #BakeYourResearch eta halako traolek aukera ematen diete zientzialariei beren sormena probatzeko. Ikerketan oinarritutako eta zientziarekin ondutako hainbat labe produkturen bidez, dibulgazioa egin daiteke, eta agian, ikerketa ildo batean egindako aurrerapenen benetako egiletza aldarrikatu. Argi dago txantxa hori besterik ez dela, txantxa bat, eta gozoez hitz egiten badugu ere, zientziaren munduak aitortu gabeko emakume egileei egindako bidegabekeriak garratzak dira, eta premiazko neurri konpontzaileekin kitatu behar dira.
Bakteriozko pasteltxoak
Charlotte Roughton mikrobiologia arloko doktoregoko ikasleak dio: «Apirilean, Vic Burge lankideak eta biok Bake Your Research ekitaldia antolatu genuen Biozientzien Institutuko Gizarte Batzordearen barruan. Sormen pieza ugari ikusi genituen, hala nola galletazko mikroskopio bat, jengibre ogizko zebra arrainaren larbak eta profiterolezko organuluak».
Roughtonek eta Burgek pasteltxoak erabili zituzten Clostridioides difficile bakterioaren peptidoglikanozko digestio entzimen jardueraren eskema bat irudikatzeko. Superbakterio hori zabaldu egiten da, eta infekzioak eragiten ditu, espora izeneko zelula inaktiboak eratzean. Espora horiek sortzeko, bakterioak entzimak (Pacman urdinak eta arrosak) erabili behar ditu zelula pareta birmoldatzeko. Pareta hori peptidoglikano izeneko azukre sare batez (cupcakeak) eta aminoazidoz (broxeta formako gozokiak) osatuta dago.

Beste obra handi bat pastel misteriotsua izan zen: Australian, Tharika Liyanage Lur Zientzietako doktoregoko ikasleak biomolekula fosildu gisa kontserbatzen diren arroken erregistro geologikoko bizitza zelulabakarreko lehen arrastoak deskribatu zituen, biomarkatzaile izenekoak. Biomarkatzaile batzuk, hala nola cheilantaneak, ugariak eta nonahikoak dira Lurreko arroken erregistroan. Baina ez dira ezagutzen jatorrizko biomolekula aitzindariak edo horiek sortzen dituzten mikroorganismoak. Pastela cheilantaneak bezalakoa litzateke. Ikerketan, Tharikak arroketan egositako molekula fosilizatu sinplea aurkitu zuen, baina ez zekien nola sortu zen. Ez dakigu zein diren osagaiak. Ez zekien zein zen errezeta. Ezta cheilantaneek zein mikrobio egin zituzten ere; beraz, pastela epaileei aurkeztu zien, eta pastelaren zaporea, usaina, ehundura eta itxura erabiliz osagaiak eta errezeta aurkitu behar izan zituzten haiek. «Ezin izan zituzten osagai nagusiak aurkitu, baina oso dibertigarria izan zen. Misterio hau cheilantaneen iturri biologikoetan egin dudan aurrerapenaren antzekoa da!»

Nooshin Sheidaei dinamika zelularreko eta molekularreko doktoregoko ikasleak duela hilabete batzuk bere tarta labean egin zuen pandemiaren ondoren aurrez aurreko laborategiko lehen bilera ospatzeko. Kakahuete gurinezko pastel errezeta interesgarri bat aurkitu berri zuen sarean. Pastela egiten zuen bitartean, kakahuete osoak zituela gogoratu zitzaion, hornigai sinple baterako erabil zitezkeenak. Hona hemen gakoa: kakahueteek kromosomen antz handia dute. Pastela sorpresa atsegina izan zen bere laborategiko taldearentzat (bere taldearen ikerketa zelulen banaketan oinarritzen da). Lehen bilera ez-birtual hartan denei gustatu zitzaien tarta. Geroago, egun horretan, Twitterren partekatu zuen; jarraitzaile talde txiki bat zuen (agian 30 baino gutxiago), eta ez zuen inoiz pentsatu pastelak lortu zuen zabalkundea izango zuenik. Erantzuna ikaragarria izan zen, eta oso iruzkin laudagarriak jaso zituen. Zientziaren nerd neska bihurtu zen (batez ere biologiarena).
Artearen eta sormenaren hedapen honek guztiak balio badu beste batzuk zientziarekin liluratzeko, merezi dute gozogintzari eskainitako orduak. Bi zaporeko karameluan DNA helize bikoitzeko estalkia duten tartak egin behar baditugu, egin eta zabalduko ditugu. Hori bai, gozoaren eta aurkikuntza zientifikoaren egiletza aitortuz.
Erreferentzia bibliografikoak:- Ewbank, Anne (2022). How Scientists Are Using Cake to Share Their Research, atlasobscura.com, 2022ko abuztuaren 8a.
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 16an: Cómo hacer una tarta con los resultados de tu investigación.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Nola egin tarta bat zure ikerketaren emaitzekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa
Adiskidetasunak aldakorrak dira; uste duguna baino errazago indartzen edo ahultzen dira. Izan ere, ez da zaila bi pertsona lotzen dituen harreman bizia desagertu eta ezagunak besterik ez izatera igarotzea. Dena den, arau horrek baditu salbuespen batzuk: gaztaro goiztiarrean sortzen diren bizpahiru adiskideek denborak eta distantziak ekartzen dituzten hondamenei aurka egiten diete.

Robin Dunbar britainiarrak berriki zuzendu duen ikerketa batek neska-mutilen gizarte harremanen alderdi batzuk argitu ditu, baita batxilergoko ikasketen amaiera eta unibertsitate ikasketen hasiera barne hartzen dituen 18 hilabeteko aldian izaten dituzten gorabeherak ere. Adibidez, ikerketak ezagutarazi zuen ikasleen gizarte-sareko pertsonen % 40 berritu egin zela garai hori luzatu zen denboran; ehuneko horrek erakusten du adin tarte horretan gizarte-harremanek duten aldakortasuna. Ikerketa taldea harritu zuena zera izan zen: normalean harreman berriek galtzen ziren harremanen lekua hartzen zuten gizarte-sarearen barruan. Hau da, ordezkatutako lagunekin zuten kontaktu maiztasun bera zuten lagun berriekin. Zentzu horretan, pertsona bakoitzak arrasto sozial bereizgarri bat zuen.
Lagunak izatea, elkarrizketak eta jarduerak manteduzBestalde, neskek unibertsitate aurreko lagunak mantentzen laguntzen zuena elkarrizketak izaten zen, dela aurrez aurre, dela telefono bidez. Mutilen kasuan, ordea, elkarrizketek ez zuten inolako eraginik adiskidetasunari eusteko probabilitatean. Beste pertsonekin egiten ziren jarduerek zuten eragina: tabernetara joatea, kirolen bat egitea, mendira joatea edo beste batzuk. Horrek ez du esan nahi jarduera horiek ez zietela neskei ere laguntzen beren harremanei eusten; laguntzen zuten, baina gutxiago eragiten zieten. Mutilen eta nesken arteko beste alde bat telefono deiek irauten zuten denbora eta orduetan zehar zuten banaketa zen. Nesken deiek, batez beste, 150 s irauten zuten goizean, baina eguna amaitzean, 500 s-tara iristen ziren. Mutilenak, aldiz, 100 s ingurukoak ziren, eta ez zegoen alderik goizeko deien eta gauekoen artean.
Nahiz eta azterketan alde handiak ikusi zituzten monitorizatutako pertsonen ordutegi ohituretan, ondorioztatu zen ohitura horiek ez zirela aldatu azterlanaren 18 hilabeteetan. Hasieran goiz jaikitzen zirenek bukaeran ere hala jarraitu zuten, eta gauza bera gertatu zen berandu oheratzen zirenekin. Danimarkan unibertsitateko 1.000 ikaslerekin egindako beste ikerketa batean, egiaztatu zuten % 20 goiztiarrak zirela, beste % 20 berandu oheratzen zirela eta beste guztiek ez zutela ordu joera markaturik. Halaber, konturatu ziren goiztiarrek ez zituztela beren ohiturak zituzten adiskideak lehenesten, nahiz eta berandu oheratzen zirenek joera hori izan. Berandu oheratzen zirenek goiztiarrek baino sare sozial zabalagoak zituzten (35 vs. 28), baina, beharbada, logikoa denez, goiztiarren denbora gehiago ematen zuten telefono dei bakoitzean (112 s vs. 94 s.). Goiztiarren sareak sendoagoak ziren, egonkorragoak.
Dunbarren iritziz, gure gizarte harremanen izaerari buruzko datu ustekabekoena eta argigarriena egiturak duen konstantzia izan zen, osatzen dutenen identitate zehatza gorabehera. Gure adiskideak pertsona atseginak izatea nahi dugu, fidatzeko modukoak; haiekin ongi moldatu nahi dugu. Baina benetan axola duena ez da gure lagun taldea nork osatzen duen, baizik eta lagunak edukitzea.
Erreferentzia bibliografikoa:Dunbar, Robin (2021). Friendship-ology. New Scientist, 249 (3324), 36-40. DOI: https://doi.org/10.1016/S0262-4079(21)00379-1
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Laguna nor den baizik lagunak izatea da benetan garrantzizkoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Kriptako istorio geologikoak
Silent Hill bideo jokoen sagak berorren giroa du bereizgarri nagusi. Survival horror generoko bideo joko guztietan ohikoa den giro psikologikoki zapaltzaile hori sortzeko, hauetan, laino lodi batek estalitako herri batean galduta gaude, eta ezin dugu bereizi metro gutxira daukaguna telefono zutoin bat edo gu besarkatzeko asmorik ez duen izaki beldurgarri bat den. 2006an Silent Hill zinemara eraman zutenean, filma egin zuen talde teknikoak apur bat aldatu zuen jatorrizko istorioa; hala, protagonista herri fantasma batean galduta dago, baina oraingoan errauts euri mehe bat erortzen da etengabe eta guztia mantu grisaxka batez biltzen du. Filmean, benetako gertaeretan oinarritutako azalpen bat ematen diote horri eta, sinesgaitza dirudien arren, oinarri geologiko bat du, ezin zuen bestela izan.

Horretarako, Pennsylvaniako (Estatu Batuak) herri txiki bukoliko batera bidaiatu behar dugu, Centraliara. XIX. mendearen erdialdean sortu zen, inguru osoan hainbat ikatz hobi garrantzitsu aurkitu ondoren. Material hori erauzten zuen meatzaritza industria izan zen herriaren bultzada ekonomiko nagusia. Baina, 1960ko hamarkadaren hasieran, dena amesgaizto bihurtu zen, beldurrezko bideo jokoen sarreretan beti gertatu ohi den moduan. Meategi zaharretako batean sutea gertatu zen, ikatzaren gainazaleko zain batera heldu zen eta sua kontrolik gabe zabaldu zen hiriaren azpian zulatutako meatze guztietan. Zoruan zabaldutako pitzadurek harrapatzen zuten guztia irensten zuten, gasolindegiko lurrazpiko erregai deposituak hartutako tenperaturak eztanda izugarriak iragartzen zituen, eta gas toxikoak, kea eta hiri osoa estaltzen hasi zen errauts euri etengabe bat sortu ziren. Hainbatetan saiatu ziren sutea itzaltzen, baina ez zuten lortu; izan ere, lur azpian ikatza badago, sua kontrolaezina izango da hainbat hamarkadaz, baita hainbat mendez ere. Gaur egun, Centralia herri fantasma bat da, eta biztanle gutxi batzuk soilik bizi dira han.

Orain, kontinentez aldatuko gara, antzeko istorio nahiko tetriko bat ezagutzeko. Horretarako, Ingalaterrako Birmingham hirira joan behar dugu; Erresuma Batuko bigarren hiri jendetsuena da, eta hantxe sortu zen Industria Iraultza XVIII. mendearen erdialdean, ikatz metaketa ugariko eremu batean baitago. Hiriaren kanpoaldean muino txiki bat dago, eta haren gailurrean San Andrew Eliza eraiki zuten, baita hilerri bat ere, lurrean zulatutako hilobiz eta harrizko hilarriz josia. Muino horretako ikatza oso aberatsa da gas sukoietan, eta gasok ia gainazaleraino azaleratzen dira, hainbesteraino ezen tximista bat erortzeak sutea eragin baitezake. Eta errekuntzaren ondorioz sortzen diren gasak, kea eta sugarrak hilarrien artean ateratzen dira azalera. Jakina, Birminghameko duela pare bat mendeko biztanleek infernuko ateetan zeudela pentsatuko zuten, seguruenik, hori ikustean. Han, edo Resident Evil bideo jokoko Racoon City hirian.

Baina Estatu Batuetako eta Britainia Handiko ikatz metaketa horien arteko lotura ez da anekdota beldurgarri huts bat. Ikatza jatorri organikoko harri sedimentario bat da, zingira eta estuario inguruetan metatu edo lurperatu eta oxigenorik gabe deskonposatu diren landare hondakin kontinentalez osatua. Milioika urte igaro ondoren, eta lurperatzeak trinkotu duelako, materia organiko hori kontsolidatu egiten da, eta harri sedimentarioak sortzen dira. Harriok karbonoz osatuta daude nagusiki, eta gai dira energia sortzeko errekuntza bidez; horregatik, erregai fosil gisa erabiltzen dira duela milaka urtetatik. Paleozoikoaren amaieran, duela 359 eta 299 milioi urte bitarteko periodo geologiko batean, gure planetako zingira eta itsasertzetan bizi ziren landareen hondakinekin sortu dira ikatz biltegi nagusiak. Eta Britainia Handiko bi geologok eman zioten izena periodo horri, XIX. mendearen hasieran, beren lurraldean azaleratzen ziren harriak aztertuz. Hala, bestela izan ezin zuenez, Karbonifero deitu zioten, latinez, «ikatz eramailea». Izan ere, geologian guztia azpisailkatzeko dagoen tradizioarekin jarraituz, Estatu Batuetan bi zatitan banatu zuten periodo Karboniferoa eta, haren azken zatiari (duela 323 eta 299 milioi urte bitartean) Pennsylvaniar izena eman zioten, Pennsylvaniako estatuaren omenez, inguru horretako ikatz metaketa ugariagatik. Eta Birmingham eta Centralia hiriak are gehiago lotzeko, esan behar da periodo Karboniferoaren amaieran Ipar Amerika eta Britainiar Uharteak masa kontinental beraren parte zirela. Laurasia izeneko lurralde horretan, klima subtropikal batean, zingira zabalak inguratzen zituzten landare masa izugarriak sortu ziren eta, milioika urte geroago, bi herrialdeetan ustiatzen diren ikatz metaketak eragin zituzten.
Ez da beti erraza ikustea, baina geologiak erabateko eragina du gure joera kultural guztian, gauden garaia edozein dela ere. Hala, bitxikeria geologiko bat berdin bihurtu daiteke deabruzko kondaira bat zein bideo joko batean oinarritutako film baten beldurrezko girotzea egiteko inspirazioa. Horren guztiaren jatorri zientifikoa bilatzea da dibertigarriena.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 23an: Historias (geológicas) de la cripta
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Kriptako istorio geologikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Almidoiaren 3D inprimaketan oinarritutako botikak
3D inprimaketa bidez zenbait almidoi-motatan oinarritutako konprimatuak garatu ditu UPV/EHUko ‘Materialak+Teknologiak’ ikerketa-taldeak (GMT). Botika hauek terapia pertsonalizatuak dute helburu eta ikertzaileek berretsi dute farmakoa askatzeko modua doitu litekeela almidoi-mota egokia eta konprimatuaren forma optimizatuz.
Metodo tradizionalek parametro jakin batzuk dituzten sendagaiak sortzen dituzte, baina, kasu askotan, pazienteen banakako beharrak ase gabe. Izan ere, medikamentu konbentzionalak helduen dosian oinarritzen dira, eta, beraz, paziente pediatrikoek eta adinekoek beren adinerako egokiak diren dosiak behar dituzte. Horrez gain, zenbait paziente-taldek dosifikazio-forma espezifikoen alternatibak behar dituzte botikak ahotik errazago hartzeko. Ildo horretan, desintegrazio azkarreko konprimatuak aukera ona dira, berehala disolbatzen baitira mihian jartzean. Enpresa farmazeutikoek gainditu behar duten beste erronketako bat da botika denboran modu kontrolatuan askatzea; batez ere, farmakoak izaera hidrofoboa duenean, hau da, uretan disolbatzen zaila denean.

Arto- eta patata-almidoian oinarritutako konprimatuak
3D inprimaketa produktuak geruzaz geruza inprimatzean datzan teknologia da, non materialak metatzen baitira diseinu informatikoko softwareak diseinatutako eredu digitalaren arabera. Metodologia azkar eta erraz bati jarraituz, eta 3D inprimaketari esker, “gai izan gara hiru almidoi-motatan —bi arto-almidoi mota (arrunta eta waxya) eta patata-almidoi mota bat— oinarritutako konprimatuak prestatzeko, zenbait geometriarekin eta botika ez disolbagarri batez kargatuta”, adierazi du Kizkitza González ikertzaileak.
Sortzen den materiala xiringa batean sartu behar da inprimatu aurretik. Hala ere, lehenik eta behin, funtsezkoa da bermatzea materiala inprimagarria izango dela eta, inprimatu ondoren, bere formari eutsiko diola. Horretarako, azterketa erreologiko zehatza egin behar da. Hiru almidoi-motek propietate erreologiko egokiak erakutsi dituzte, nahiz eta patata-almidoiaren kasuan inprimatze-prozesua neketsuagoa izan, haren propietateak zirela eta.
Halaber, “ikusi dugu zer-nolako garrantzia duen almidoiaren jatorri botanikoak propietate ia guztietan, hala nola mikroegitura porotsuan, sare egonkor baten eraketan edo botikaren askapenean. Arto-almidoi arruntaren kasuan, botika berehala askatzen da, eta sendagaia erabat askatzen da 10 minutuan; waxy arto-almidoiaren eta patata-almidoiaren kasuan, bestalde, botika modu jarraituagoan askatzen da, eta 6 ordu behar izatera ere irits daiteke erabat askatzeko. Gainera, frogatu ahal izan dugu konprimatuaren geometriak garrantzia daukala farmakoaren askapenean”, dio Kizkitza Gonzálezek.
Azkenik, “almidoi-mota desberdinak konbinatzen zituzten konprimatuak ere inprimatu ziren. Kasu horretan, botika bi etapatan askatzea lortzen da. Adibidez, infekzio baten kasuan, lehenengo etapa batean, arto-almidoi arruntarekin berehala aska liteke sendagai bat mina arintzeko, eta, bigarren etapa batean, beste bi almidoietako edozeinekin, antibiotiko bat aska daiteke modu jarraituagoan”, esan du UPV/EHUko ikertzaileak.
Kizkitza Gonzálezek badaki lan hau prozesu luze baten lehen etapa baino ez dela, baina adierazi duenez, “almidoiaz 3Dn inprimatutako konprimatuek etorkizun handiko propietateak erakutsi dituzte botikak askatzeko etorkizuneko aplikazio pertsonalizatuak lortzeko”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Almidoiaren 3D inprimaketa, sendagai pertsonalizatuak garatzeko
Erreferentzia bibliografikoa:González, Kizkitza; Larraza, Izaskun; Berra, Garazi; Eceiza, Arantxa; Gabilondo, Nagore (2022). 3D printing of customized all-starch tablets with combined release kinetics. International Journal of Pharmaceutics 622 DOI: 10.1016/j.ijpharm.2022.121872
The post Almidoiaren 3D inprimaketan oinarritutako botikak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #408
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Belardiak gorrituta daude eta urtegiak usteko zorian. Idorraldia. Antonio Aretxabala geologoaren arabera, gero eta ohikoagoak eta gogorragoak izango dira muturreko fenomenoak. Haren esanetan, baliagarri dugun uraren %80 inguru nekazaritzan agortzen dugu, eta ekoizten denaren gehiengoa esportatu egiten da. Aretxabalaren ustetan, ahalegina egin beharko genuke nekazaritza eta abeltzaintza ereduak, eta baita ekonomia, hirigintza eta bestelako politikak oraingo egoerara egokitzeko. Datuak Berrian: «Ur faltaren auzia klima aldaketaz harago doa: tragedia politikoa da».
Zientzialariek zalantzan jarri dute hirietako zuhaitzek giza osasunean duten onura betetzen jarraitu ahal izango duten. Izan ere, egoera zaurgarrian daude hirietako zuhaitzak, klima-larrialdia dela eta. Munduko 164 hirietako 3.129 zuhaitz-espezie aztertu ondoren, ikertzaile-talde batek ikusi du % 56 beren tenperatura-margen segurutik kanpo dagoela jada, eta % 65 baita euri-margen segurutik kanpo ere. Horrek arriskuan jar dezake klima-egokitzapenerako adituek proposatu izan duten estrategietako bat, hain zuzen ere, hirietan zuhaitzak eta berdeguneak ugaritzea, tenperatura-sentsazioa murriztu eta giza ongizatea hobetzeko. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
ArkeologiaKlima-aldaketak eragindako fenomenoek ondare arkeologikoa kaltetu dezaketela pentsatzen dute ikertzaileek. Nahiz eta ikerketa gutxi egin diren gai honen inguruan, zientzialariek aurreikusten dute giroko baldintzen kontrasteek azkartu egingo lituzketela arrastoen higadura eta desagerpena. Diego Garate arkeologoak azaldu duenez, kontrolatu diren leize gutxitan, Pirinioetan, tenperatura igoera oso txikiak antzeman dira, 0,1-0,2 gradukoak. Halere, bariazio horiek nahikoa dira kalte kate bat abiarazteko. Informazio gehiago Berrian: Klima, aztarnak ezabatzen.
Duela bi mende Jean-François Champollion frantziarrak Rosetta harria deszifratzea lortu zuen. Rosetta harria Granodiorita arroka zati handi bat da, eta harriaren aurrealdean testu bera du hiru hizkuntzatan zizelkatua: antzinako egiptoerako hizkuntza hieroglifikoan (hamalau lerro) eta demotikoan (32 lerro), eta antzinako grekoan. Nilo ibaiaren mendebaldeko deltan aurkitu zuten, Rosetta hiritik gertu, 1799ko uztailean. Pieza preziatu honek antzinako Egiptoko hieroglifoak ulertzeko eta haien zibilizazioa hobeto ezagutzeko bidea zabaldu zuen ikertzaile frantziarrak. Datuak Berrian.
GenetikaAnalisi genetiko zabal batez baliatuz, zientzialari talde batek proposatu du indoeuroperaren jatorria Eurasiako estepetan ez baizik eta Asia mendebaldean dagoela. Besteak beste, Anatoliako lagin genetikoak aztertu dituzte lan honetan, eta berretsi dute Neolito aroko bertako biztanleen artean ez dagoela jamnarren arrasto genetikorik. Baina bai ikusi dute Anatoliako populazioek eragin genetiko esanguratsua izan zutela Mendebaldeko Asiatik. Horrek iradokitzen du anatoliar eta indoeuropar hizkuntzen atzean zegoen aurreko hizkuntzaren abiapuntua Mendebaldeko Asian egon zela, eta ez estepan. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke.
BiologiaTxernobylgo eremu babestuko igelak ingurukoak baino ilunagoak dira, melaninak erradiaziotik babesten baititu. Litekeena da istripua izan zenean, igel ilunek hobeto aurre egin izana erradiazioari, eta horiek ugaritu izana inguru horretan. Prozesu hau aztertzeko, 189 ekialdeko zuhaitz-igel (Hyla orientalis) aztertu zituzten, erradiazio-maila desberdineko 12 puntutan. Emaitzek erakutsi zuten eremu babestutik kanpo aurkitutako ia igel guztiak berde distiratsuak zirela, espezie horren ohiko kolorekoak. Aldiz, eremu babestuan nabarmen ilunagoak ziren, batzuk beltzak izateraino. Istripuaren garaian erradiazio gehien jaso zuten eremuetan zeuden gainera, igel ilunenak. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
HizkuntzalaritzaIkerketa baten arabera, 7 hilabeteko haurrek berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen ala ez. UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeko ikertzaileak lankidetzan aritu dira INCC zentroa, Vienako Unibertsitatea eta Paduako Unibertsitatearekin azterketa honetarako. Esperimentuan zehar, 7 hilabeteko haurtxoak egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean jarri zituzten, eta hauen berezko begirada-ereduak aztertu zituzten. Emaitza hauek iradokitzen dute haurrek txikitatik irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela. Datuak Zientzia Kaieran: Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute.
FisikaAlbedoa gainazal batek islatu dezakeen erradiazio kantitatea da. Energia gutxi islatzen duten gainazalek (hau da, erradiazio ia guztia xurgatzen dutenek) albedo oso baxua izango dute, et iristen zaien erradiazio gehiena islatzen duten gainazalek, berriz, albedo balio altuak izango dituzte. Planeta mailan, Lurrak 0,3ko albedo balioa du, gutxi gorabehera. Honek esan nahi du eguzki erradiazioaren ia % 30 islatzen duela, eta gainontzekoa xurgatu. Beraz, albedoak eragin zuzena du Lurrean dugun kliman, baina giza jarduerek ere eragin dezakete propietate fisiko horretan. Izan ere, Lurreko gainazala aldatuz, albedoa alda daiteke, eta ondorioz, Lurrak azalera horretan xurgatzen duen bero kantitatea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Eguzkia islatuz.
AstronomiaMIT Massachusetts Teknologia Instututuko astrofisikariek proposatu dute Saturnoren eraztunak ilargi baten desintegrazioak sortu zituela. Astrofisikari hauek planetaren eraztunen jatorria eta planetaren inklinazioa azaltzeko hipotesi berri bat argitaratu dute. Hipotesiaren arabera, duela 150 milioi urte inguru, Krisalida ilargiaren orbita desegonkortu egin zen, gehiegi gerturatu zen planetara eta desintegratu egin zen. Orduan, arrokek elkarren aurka jo zuten, zati txikiagoak sortu ziren, eta horiek osatzen dituzte oraingo Saturnoren eraztunak. Bestalde, astrofisikarien ustez, gertakari horrek berak eragin zuen Saturnok 26,7º-ko inklinazioa izatea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Neptunoren eraztunen argazkiak atera ditu James Webb teleskopioak. Eraztunak inoiz ez dira ikusi halako zehaztasunez, lehenbizikoz “Voyager 2” zundak irudikatu zituenetik. Planetatik 5.000 kilometrora egin zituen argazkiok lehen zundak, baina James Webb Lurretik gertu samar dago, eta Neptunotik 4.350 milioi kilometrora. James Webb ez da teleskopio optiko bat bezalakoa, eta ateratzen dituen irudiak moldatu egin behar dira gero. Berezitasun horri esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. Gainera, Neptunoren hamalau ilargitatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Azalpen guztiak Berrian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #408 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #414
Amestutakoak gogoratzeko gai zara? Pertsona kreatiboa zarela esan lezake horrek. J.R. Alonsok azaltzen du: Dream recall and creativity
Ezagutzen dugun proteinetan oinarritutako bizia baino, imajinatu plastikoetan oinarritutakoa. Gutxi falta da. BCMaterialsekoak dabiltza lanean. From protein design to materials design
Fase topologiko erdimetalikkodun materialak diseinatzeko prozedura orokorra topatu du DIPCk. A general procedure to design materials with topological semimetal phases
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #414 appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko kanalen historia
Giovanni Virginio Schiaparelli 1835ean jaio zen Italian. Arkitektura eta ingeniaritza ikasi zituen arren, astronomia zen benetan interesatzen zitzaiona. Denborarekin lan garrantzitsu ugari gauzatu zituen astronomia arloan baina bere ospea Marteko kanalei esker lortu zuen.
Ilusio optiko baten ondorioz kanal batzuk ikusi zituen Marten. Hauek izendatzeko orduan, itzulpen-akats baten ondoren, italierako «canali» hitzari «canals» ordaina eman zioten ingelesez eta “canals” modu artifizialean eraikitako kanalak dira. Hori dela eta, irakurleek planeta gorriak norbaitek egindako ubideak zeudela pentsatu zuten.
Gaur egun badakigu Marten ez dagoela ez kanalik, ez gizaki berderik, ezta grisik ere. Baina ezin dugu baztertu iraganean mikrobioak egon izana. Ez da Schiaparelliren “aurkikuntza” bezain ikusgarria, baina baieztatuko balitz, lurretik kanpoko izaki bizidunen lehenengo aztarna izango litzateke.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Marteko kanalen historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Indoeuropar hizkuntzen katebegi galduaren bila
Analisi genetiko zabal batean abiatuta, indoeuroperaren jatorria Eurasiako estepetan ez baizik eta Asia mendebaldean dagoela proposatu du zientzialari talde batek.
Mediterraneo ekialdeko, Anatoliako eta Ekialde Hurbileko iraganaren inguruan orain arte egin den ikerketa genomiko zabalena aurkeztu du ikertzaile talde batek Science aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu sorta batean.
Kuantitatiboki bederen, kopuru itzelak daude ikerketaren atzean: orotara 30 erakundetako 206 ikertzailek kolaboratu dute —horietako bat da Iñigo Olalde Ikerbasque zientzialaria—. Eremu geografiko zabal horretan aurkitutako 1.300 lagin baino gehiago aztertu dituzte; horietatik, 727 aurrenekoz berariaz sekuentziatu dituzte lan honetarako. Halako azterketetan ohikoa den moduan, batez ere herri desberdinen eta giza banakoen mugimenduen inguruko informazio zabala ondorioztatu ahal izan dute, horien artean egon daitezkeen ahaidetasun harremanak argitzen saiatu aldera.
Mapan marrazten duen irudiari helduta, ikertzaileek Hegoaldeko arku gisa definitu dute eremu hau. Europako hego-ekialdetik Ekialde Hurbilera doan eremu zabala da: Errumanian hasita, besteak beste Grezia, Turkia, Armenia, Azerbaijan, Iran, Libano eta Israel hartzen ditu lurraldeak. Bertan garatu dira mundua orraztu duten hainbat zibilizazio eta gertakari historiko garrantzitsu. Eremu geografikoa handia izateaz gain, denbora tartea ere oso zabala izan da: lehen nekazaritza zibilizazioetatik (duela 10.000 urte inguru) eta Otomandar Garairaino (XVII. mendearen inguruan).

Harvardeko Unibertsitateko David Reich genetistak eta Vienako Unibertsitateko Ron Pinhasi antropologoek gidatu dute ikerketa, eta antzinako genoman nazioarteko erreferentzia den Iosif Lazaridis da egile nagusia.
Reichen taldeak azken urteotan proposamen ugari jarri ditu arkeologoen eta historialarien mahai gainean, eta, kritikak kritika, horiei esker bereziki Neolitoari eta Antzinaroari buruzko teoria asko berritzen eta zehazten ari dira.
Horien artean, seguruenera nabarmenena hizkuntza indoeuroparren gaineko jatorriari buruzkoa da. Aintzat hartzen badugu 3.000 milioi lagun inguruk familia horretako bat dutela ama hizkuntzatzat, agerikoa da horien jatorria argitzeko aspalditik dagoen interesa.
Urte askoan bi hipotesi nagusi egon dira: lehenak zioen (aitzinindoeuropera) Anatoliatik etorri zela Europa mendebaldera, lehen nekazariekin batera. Bigarrenak Asiako estepetan kokatzen zuen hizkuntza familiaren jatorria: duela 5.000 urte inguru Europa osoan zehar hedatu zen Jamna herriak zabaldu zuen. Hori izan da, zalantzarik gabe, aldeko froga gehien izan dituen hipotesia.
2015ean Reichen taldeak egindako azterketa genetiko batek behin betiko bultzada eman zion hizkuntzalariek aspalditik zuten susmo horri: Jamnarrekin batera zabaldu zen hizkuntza hori Europan zehar, eta beste migrazioen bitartez Asian zehar ere zabaldu ziren hizkuntza horien ondorengoak. Hizkuntza ez ezik, etorri berriek izurria ere ekarri zutela —ekarri genuela, esan genezake— ondorioztatu dute beste ikertzaile batzuek.
Funtsean, Europa mendebaldeko biztanle gehienen ordezkapen genetiko bat egon zela ondorioztatu zuten aurreko ikerketek, batez ere leinu patrilinealen bitartez, eta, garaien erakusle, ondorio horrek ere zalaparta ugari ekarri zuen, batez ere hedabideetan. Funtsean, Jamna jatorrizko gizonezkoen leinu berriak nagusitu ziren Europako mendebalde gehienean, aurreko biztanleen artean emakumezkoen leinuak mantendu baziren arren. Ordezkapen horrek izan zuen bortizkeria maila da eztabaidagai dagoena adituen artean, oro har, arkeologiak ez dituelako erakusten beste zenbait garaietan ikusi ziren bortizkeria zantzu itzelak.
Bada, telesail txukunetan gertatzen den moduan, istorio honetan ere ezustekoak eta gidoiko birak ere agertzen dira. Izan ere, azken ikerketa honetan ikusi ahal izan dute jamnarrengana ez baizik eta atzerago joan daitekeela indoeuroperaren jatorria bilatzeko.
Gakoa, beste behin ere, Anatolian dago. Besteak beste, bertako lagin genetikoak aztertu dituzte azken lan honetan, eta berretsi dute Neolito aroko bertako biztanleen artean ez dagoela jamnarren arrasto genetikorik. Arazoa da garai horretan Anatolian hititera eta horren antzekoa zen luvitera hitz egiten zituztela: indoeuropar hizkuntzak. Hortaz, zaila dirudi hizkuntza horien jatorria Jamna kulturan egotea.
Aurretik hizkuntzalariek sumatzen zuten indoanatoliar hizkuntzen talde hau familia indoeuroparretik bereizi zen lehen adarretakoa izan zela, bereziki hizkuntza horietan gurpildun ibilgailuak izendatzeko erabilitako erroak ez datozelako bat indoeuroperarekin —gurdiei eta zaldiei lotutako norabaiteko oroimen komuna mantendu dute hizkuntza indoeuropar askok, eta uste da jamnarrek bidaiatzeko erabiltzen zituzten baliabideei lotuta dagoela hau—.

Oraingo azterketek berretsi dute ideia hori: genetikari jarraiki, jamnarrek eta anatoliarrek ez zuten ia-ia loturarik. Baina bai ikusi dute Anatoliako populazioek eragin genetiko esanguratsua izan zutela Mendebaldeko Asiatik.
Ageriko da ondorioa: “Horrek iradokitzen du anatoliar eta indoeuropar hizkuntzen atzean zegoen aurreko hizkuntzaren abiapuntua Mendebaldeko Asian egon zela, eta ez estepan”, adierazi dute ikertzaileek.
Arrazoinamendu horri jarraiki, proposatu dute “katebegi galdu” bat dagoela indoeuroperaren jatorrian, bai jamnarrei zein anatoliarrei hizkuntza eta ondare genetikoa transmititu zizkiena. Aurkitu beharreko kultura hori Kaukasoko mendietan eta Mendebaldeko Asian bilatu beharra dagoela diote. Iosif Lazaridisek *Haaretz* egunkariari iradoki dio agian Maikop kultura izan daitekeela hautagaietako bat; hain justu, Kaukasoko mendietan Jamna kulturaren parean egon zen herria.
Indoeuroperarena ez da, inolaz ere, atera duten irakaspen historiko bakarra. Askotarikoak dira ondorioak. Adibidez, gai honi lotuta, aspaldiko beste misterio batean argi pixka bat ere eman dute: greziarren jatorria.
Izan ere, eta jamnarrak Europa Mendebalde gehienean nagusitu baziren ere, Greziaren kasuan ez zen hala izan. Iritsi ziren, bai, baina beren eragin genetikoa askoz urriagoa izan zen Europa gehienean izan zuten eraginaren aldean. Historiako beste hainbat adibideri helduta, pentsa zitekeen jamnarrak elitera iritsi zirela, gutxiago izan arren. Halako fenomenoen adibideak badira historian. Kasurako, bisigodo germanikoak iberiar penintsula iritsi zirenekoa, edo ptolomeotarrek mende batzuetan Egipton izan zuten agintea.
Esteparen eragin genetikoa urria izatekotan, zergatik nagusitu zen ba hizkuntza indoeuroparra den greziera? Kasu honetan, egileek proposatu dute agian lingua franca baten funtzioa bete izan zuela. Baina aditu hauen azalpenak irakurtzean argi dago zuhurtzia lehenesten dutela, jakin badakitelako garai urrun baten inguruan gene apur batzuen argitara espekulatzen ari direla. Halako gauzak tentuz hartu behar direla argi izanda ere, zeinen polita den espekulatzea.
Erreferentzia bibliografikoa:Lazaridis et al. (2022). Ancient DNA from Mesopotamia suggests distinct Pre-Pottery and Pottery Neolithic migrations into Anatolia. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abq0762
Lazaridis et al. (2022). The genetic history of the Southern Arc: A bridge between West Asia and Europe. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abm4247
Lazaridis et al. (2022). A genetic probe into the ancient and medieval history of Southern Europe and West Asia. Science, 377, 6609. DOI: 10.1126/science.abq0755
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Indoeuropar hizkuntzen katebegi galduaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Eguzkia islatuz
Bero handiko udako egunotan, nire auto erabat beltzera sartzen naizen bakoitzean, kalean zenbait orduz aparkatuta eduki ondoren, efektu batez oroitzen naiz; ez da oso ezaguna, baina benetan garrantzitsua da klima aldaketarako. Abuztu hasieran ere etorri zitzaizkidan oroitzapen horiek, aurten lehen aldiz praka motzak jantzi eta nire zangoen azalaren tonuak nire izenari ohore egiten ziola ohartu nintzenean, hainbesteraino, non distira egiten zutela baitzirudien. Albedo efektuaz ari naiz.
Labur esanda, albedoa gainazal batek islatu dezakeen erradiazio kantitatea da, beragan eragiten duen energiaren guztizkoari dagokionez. Propietate horrek ez du dimentsiorik, eta 0 eta 1 arteko tartean adierazten da bere balioa, edo ehunekoetan. Energia gutxi islatzen duten gainazalek (hau da, haietan eragiten duen erradiazio ia guztia xurgatzen dutenek) albedo oso baxua izango dute, 0 inguruko balioa; iristen zaien erradiazio gehiena islatzen duten gainazalek, berriz, albedo balio altuak izango dituzte, % 100etik, edo 1etik, hurbil.
Albedoa, latinez, zuritasunaAlbedo hitza latinezko albus errotik dator, eta horrek zuria esan nahi du. Horrek arrasto bat ematen digu: gainazal bakoitzaren albedoaren balioa gehienbat zehazten duen ezaugarri fisikoa, kolorea. Zehazki, kolore argiagoko gainazalek albedo balio altuagoa dute, ia ez dutelako xurgatzen haietan eragiten duen erradiazioa, eta energia horren gehiengoa islatzen dute; kolore ilunagoek, berriz, albedo oso baxua dute, erradiazio hori xurgatzeko ahalmen handiagoa baitute.

Planeta mailan, Lurrak Eguzkiaren erradiazioa zuzenean jasotzen du eta, edozein gainazal bezala, gai da energiaren zati bat xurgatzeko eta aldi berean energia horren beste zatia islatu eta berriro espaziora bidaltzeko. Hortaz, planetak 0,3ko albedo balioa du, gutxi gorabehera; hau da, eguzki erradiazioaren ia % 30 islatzen du, eta gainerako % 70a xurgatzen du.
Baina, esan bezala, hau batezbestekoa da. Lurrean kolore ilunagoko gainazalak daude: tonalitate ia beltzeko arroka batzuk, baso berde iluneko masa hostotsuak edo kolore urdin grisaxkako zona ozeaniko handi sakonak. Albedo balio baxuak dituzte eguzki erradiazio handiagoa xurgatzen dutelako eta, beraz, errazago berotzen dira. Baina gure planetako beste zati batzuk argiak dira, baita zuriak ere, hala nola poloetatik gertu dauden gune izoztuak. Hemen, ia erradiazio guztia islatzen da eta, beraz, albedoa oso altua da, eta zona horietan tenperatura baxuagoa da. Gure planetaren albedoko bereizketa hori da zirkulazio atmosferikoa eta ekuatore eremuen eta eremu polarren arteko bero trukea kontrolatzen dituen mekanismo nagusietakoa. Hau da, albedoak eragin zuzena du Lurrean dugun kliman.
Baina giza jarduerek ere eragina izan dezakete gainazalen propietate fisiko horretan eta, beraz, klimaren bariazioak edo aldaketak eragin ditzakete, zuzenean eragiten digun denbora eskala batean. Ekintza zuzenenetako bat elurraren kolorea aldatu izana da, eta latitude altuko lekuetan pilatutako izotzak izango duen kolorean islatuko da. Zaila dirudi hori egitea, baina ez da hala, ez.
Zoritxarrez, Iberiar penintsulako leku askotan errauts iluna nola erortzen den ikusten ari gara, gure mendiak astintzen dituzten baso suteen ondorioz. Bada, gauza bera eragin genuen duela mende batzuk ikatza kontrolik gabe erretzen genuenean, eta praktika hori oraindik ere mantentzen da gure planetako zenbait tokitan. Atmosferan dagoen errauts horrek kolore ilunagoz tindatzen du elurra eta, izotz geruza hori latitude altuetan uzten denez, elurrik garbienak baino albedo balio txikiagoa izango du, eguzki erradiazioaren xurgapena eta tenperatura areagotuko du eta, aldi berean, urtze abiadura handituko da. Eta izotz hori urtzen denean, ur masak sortzen dira geruza izoztuen artean. Ur horrek ere izotz zurixkak baino albedo txikiagoa du eta, berriz ere, urtzea areagotzen du. Hau da, termorregulazio atmosferikoa apurtzen ari gara, eta masa izoztu polarrak desagertzeko abiadura handitzea eragiten dugu.

Esan dizuedan bezala, albedo efektua Lurreko klima baldintzatzen duten faktoreetako bat da, baina ez inola ere bakarra. Klima aldaketa oso kontzeptu konplexua da eta elkarren artean lotuta dauden aldagai asko sartzen dira bertan. Gaur egun aurre egin behar diogun arazoa hau da: giza jarduerak eragindako edozein alteraziok klima erantzuna eragiten du eta, askotan, erantzun hori ezin dugu prebenitu, ez baitugu erreferenterik edo antzekorik erregistro geologikoan. Batzuetan saiatzen gara gure ekintzak sumendi lehergarri handiek eragindako ondorioekin alderatzen, baina ezin dugu ziurtatu erantzun klimatikoa antzekoa denik.
Gainera, orain ziur ulertzen duzuela landan geologiako profesionalekin topatzen zaretenean zergatik eramaten ditugun normalean eguzkitako betaurrekoak, nahiz eta lainotuta egon. Ez da itxura hobea izateko, kolore argiko arrokek albedo altua dute eta ez dugu nahi lanean ari garen bitartean islak itsutu gaitzan.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abuztuaren 18an: Reflejando el sol
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Eguzkia islatuz appeared first on Zientzia Kaiera.
Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute
UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeko ikertzaileek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean 7 hilabeteko haurtxoek dituzten berezko begirada-ereduak aztertu dituzte. INCC zentroa, Vienako Unibertsitatea eta Paduako Unibertsitatearekin lankidetzan egindako ikerketaren emaitzen arabera, haur horiek berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen, iradokitzen duena irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela.

PLOS ONE aldizkarian berriki argitaratutako ikerketan erabilitako mosaikoak bi kategoriatako baldosa karratuz osatuta zeuden (A eta B), zeinak kolore-paletan eta barne-forman bereizten ziren. Baldosak egitura simetrikoko (adib., ABA, ABABA) edo asimetrikoko (adib., AAB, AABBA) mosaikoak eratuz ordenatzen ziren. Ikerketan egiaztatu dutenez, haurtxoek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak bereizi zituzten, eta sekuentziaren luzerak (3 edo 5 baldosa) edo simetria-mailak ez zuten nabarmen modulatzen haien portaera. Emaitza horiek adierazten dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura-simetria eredu bisual konplexuetan. “ Gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin…) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen”, adierazi du Irene de la Cruz-Pavíak ikertzaileak.
“Hizkuntza baten gramatika honen egitura eta arauen multzoa da. Ulertu nahi dut haurtxoek egiturak erauzteko, eta erregulartasunak hautemateko eta arauak ikasteko dituzten gaitasunak zenbateraino diren; hizkuntzarenak berariazkoak edo beste eremu batzuetakoak diren” dio de la Cruz-Pavíak. “Askoz galdera gehiago ditugu erantzuteko. Ikerketa honetan zehaztu ahal izan dugu haurtxoak gai direla egiturak berez eta azkar detektatzeko. Orain, ulertu nahi dugu gaitasun hori noiz hasten den, zenbaterainoko xehetasunez aztertzen duten egitura hori eta mosaikoen zer alderdik ematen dieten egitura hautemateko aukera (formak, koloreak, biek…)”.
UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldea aitzindaria da psikolinguistikaren esparruan; askotariko ikerketak egiten ditu hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den jakiteko, eta hizkuntzaren adierazpenaren eta prozesamenduaren ezaugarri unibertsalak zein diren jakiteko.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Zazpi hilabeteko haurtxoek badute simetria hautemateko sena
Erreferentzia bibliografikoa: De la Cruz-Pavía I, Westphal-Fitch G, Fitch WT, Gervain J. (2022). Seven-month-old infants detect symmetrical structures in multi-featured abstract visual patterns. PLoS ONE 17(5). DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0266938The post Zazpi hilabeteko haurrek simetria hautematen dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #407
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa, Ulan Batorren jaio zen, baina ez dakigu noiz zehazki. Geologia ikasi zuen eta haren aita unibertsitateko paleontologo bakarra zenez, hark zuzendu zuen alabaren prestakuntza lehen urteetan. 1996an, Gobi basamorturako espedizio batean parte hartu zuen sukaldari gisa, baina fosilak bilatzen ere aritu zen espedizioan zehar. Horrela, espedizioko buruek New Yorkeko City Universityn doktoregoa egin zezan iradoki zioten. Bolortsetsegek duela 145 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean bizi izandako dinosauroen eta ugaztunen hainbat fosil aurkitu ditu Gobi basamortuan, eta Mongoliar Dinosauroak Ikertzeko Institutua sortu zuen Mongolian. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
GenetikaKoldo Garcia Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzaileak minbiziaren genetika ikertzeak dituen zailtasunez idatzi du Zientzia Kaieran.Azaldu duenez, genetika erabilgarria izan da heredatzen diren minbiziak aztertzeko. Baina gene-aldaeren maiztasuna populazioen artean alda daitekeenez, zaila izan daiteke praktika klinikoan ereduok erabiltzea. Minbizi gehienak zoriz gertatzen dira, eta genetikak ezin ditu aurreikusi. Ondorioz, zaila da genetikaren ikuspuntutik ikertzea. Hau da, behin mutazio horiek gertatuta, gene-lanabesak erabili daitezke haiek ikertzeko, baina ez prebentziorako.
OsasunaAste honetan, Berria egunkariak aspirinari eta bere historiari eskaini dio artikulua bat. Duela 125 urte asmatu zen aspirina, eta urte luzez mina, sukarra eta hantura baretzeko erabilitako botika nagusia izan zen. XX. mendearen bigarren erdialdean ordea, beste botika batzuk agertu ziren, parazetamola eta ibuprofenoa, kasurako. Gaur egun, aspirina tratamendu eta prebentzio gisa erabiltzen da batzuetan, eta ikerketa batzuen arabera, kolon minbiziaren prebentziorako baliagarria izan daiteke etorkizunean. Azalpenak Berrian: Inon ez zen falta.
COVID-19aren kudeaketako akatsak salatu eta proposamenak egin ditu aditu-talde batek. Hauen esanetan, COVID-19aren kudeaketa txarraren ondorioz, eragotz zitezkeen milioika heriotza gertatu dira. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak motel eta zuhurregi jokatu omen zuen funtsezko hainbat auzitan, hala nola larrialdia ezartzean, maskarak gomendatzean edo aire bidez transmititzen zela onartzean. Bestalde, txertoen garapena azkarra izan zela onartu badute ere, jabetzan eta banaketan izan diren bidegabekeriak salatu dituzte.
EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikerketa-talde batek artoaren eta patataren almidoiarekin hidrogelak sortu ditu. Haietan botika bat txertatu du, eta 3D inprimagailuekin pilulak egin ditu. Botikaren dosiak egokitu ahal izan dituzte, eta ikusi dute botikaren askatze prozesua azkarragoa edo motelagoa dela erabilitako almidoiaren arabera. Gainera, ikusi dute hidrogelaren formak zenbat eta azalera handiagoa izan, orduan eta azkarrago askatzen duela botika. Datu guztiak Berrian: Botikak inprimatzen.
Klima-aldaketaUPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldeak lehendabizikoz iragarri du klima-aldaketaren ondorioz zer aldaketa gertatuko diren Iberiar penintsularen iparraldeko makroalgen komunitateetan. Ikerketa honen emaitzek erakutsi dute etorkizunean Iberiar Penintsulako iparraldeko populazioak hegoaldeko populazioaren antz handiagoa izan dezaketela. Iragarpen ezkorrenaren arabera, Galiziako makroalga-komunitateek ur hotzenetako espezieak babesten jarraituko dute, baina Kantauri itsasoaren erdiguneko eta ekialdeko multzoek Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute. Hau da, ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstronomiaLurretik, Ilargiaren gainazalaren alde bat bakarrik ikus dezakegu, “aurpegi hurbila” izenez ezagutzen duguna, hain zuzen. Beste aurpegia, “aurpegi ezkutua” ez genuen ikusterik izan 1959. urtera arte. Zientzialariak ohartu ziren bi aurpegi hauen artean alde handiak zeudela. Besteak beste, aurpegi hurbilean itsasoek (labaz estalitako lautadek) azaleraren heren bat inguru hartzen dute; aurpegi ezkutuan, aldiz, soilik ehuneko bat inguru. Bestalde, Ilargiko Aitken arroa dugu, ia 2.500 kilometroko diametroa eta 6tik gora kilometroko sakonera dauzkan inpaktu-krater erraldoia. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
40 exoplaneta baino gehiago aztertu ondoren, lehen aldiz frogatu dute badirela exoplaneta urtsuak, eta, gainera, ugariak direla. Baina ur hori ez dago azalean, baizik eta barnealdean, arrokekin nahasian, edo haien arteko biltegietan. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta azaldu dutenez, hurrengo pausoa exoplaneta horien barneko osaketa ikertzea izango da. Gau honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Dimorphos asteroidea joko du “DART” zundak irailaren 26an, eta horrek haren ibilbidea zenbat aldatu duen aztertuko dute. Dimorphos asteroidea ez dago Lurraren ibilbidean baina esperimentu interesgarria egingo dute etorkizunean Lurra nola defendatu ikertzeko. Zundak arazorik gabe egin du ia urtebeteko bidaia, eta bidali ditu helburuaren lehenengo argazkiak. Kolpe kinetikoaren teknika deiturikoaren lehenengo proba izango da: hau da, asteroide bat joko dute, haren orbitan aldaketa eragiteko. Datu guztiak Berrian: Gizakiek asteroide bat desbidera dezaketen jakingo da laster.
TeknologiaAztarna energetikoan eragiten duten faktoreak argitu dituzte, Errekaleor auzotik abiatuta. Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeek kalkulatu dutenez, auzo honetan bizi direnen aztarna energetikoa EAEkoa baino % 24 txikiagoa da. Horrela, ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murriztu dezakeela. Batez ere, kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energiak duen garrantziagatik. Horrez gain, adierazi dute berean familietan edo bizikideetan bildutako pertsonek % 33,5eko aztarna txikiagoa dutela bakarrik bizi diren pertsonek baino.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #407 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #413
Esperimentu asko laborategian egiten dira, industrian izango diren baldintzetatik oso urrun. Esperimentuak benetako erabilera baldintzetan egitearen garrantzia azpimarratzen du katalisiaren inguruko lan batek. DIPC-k The need for experiments in working conditions: the case of carbon monoxide oxidation.
Trantsizio metalen dikalkogenuroen supereroaletasunaren prozesuaren eredu teoriko esperimentala eman du DIPC-k, erabilera inplikazio interesgarriekin: The dominant role of many-body correlations in TMDs superconductivity.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #413 appeared first on Zientzia Kaiera.
Bolortsetseg Minjin, Tarbosaurus generoa aberriratu zuen paleontologoa
Kasualitatez aurkitu nuen Bolortsetseg Minjin izena, Elsa Panciroli eskoziar paleontologoaren Beasts before us liburuan aipatuta ikusi nuenean. Testuan, ugaztunen lehenengo arbasoen eta mota horretako lehenengo ordezkarien eboluzioa aztertzen da. Kontua da, laster ikusiko dugun moduan, Mongolian eta, zehazkiago, Gobi basamortuko Nemegt arroan fosil asko daudela; hori dela eta, duela mende batetik, paleontologiaren iturri handienetako bat dago han. UNESCOren arabera, munduko fosil gordailurik handiena da Gobi.
Hau ez da ohiko biografia zientifiko bat izango, arreta ez baitut protagonistaren ikerketen emaitzetan jarriko; aldiz, ikerketaz bestelako alderdi batzuk izango ditut hizpide, eta garrantzitsuak dira, era berean. Kontua testuinguruan jartzeko, ehun urte egin behar dugu atzera.

Mongoliako paleontologiaren historia duela zehazki mende bat hasi zen, New Yorkeko American Museum of Natural History (AMNH) museoak Roy Chapman Andrews zoologoa Erdialdeko Asiako hirugarren Espediziora bidali zuenean. Andrewsek paleontologo, geologo eta arkeologo talde bat eraman zuen Gobi basamortura. Han, ingurunearen itxura ikusgarriagatik Andrewsek berak Flaming Cliffs (labar kartsuak) izendatu zuen tokian, Mongoliako lehen dinosauroa aurkitu zuten: Protozeratopsa. Handik gutxira, 1925ean, Mongolia Sobietar Batasunaren mende geratu ondoren, ANHM museoak herrialde horretarako espedizioak eten zituen eta, horien ordez, ekialdeko blokearen ardurapean egindako espedizio garai bat hasi zuen.
1940ko hamarkadaren amaieran, Sobietar Batasuneko taldeak Tarbosaurus bataar tiranosauro erraldoia aurkitu zuen. Hirurogeiko hamarkadan, Zofia Kielan-Jaworowska poloniar paleontologoak Gobi basamortura egindako poloniar espedizioak zuzendu zituen, baita emaitza ikusgarriak izan ere; hain zuzen, hainbat fosil garrantzitsu aurkitu zituen, besteak beste, Deinocheirus handia (1965) eta dinosauro borrokalariak, hots, borrokan ari ziren Velociraptor baten eta Protozeratops baten hondakinak (1971).
Gure protagonista, Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa, Ulan Batorren jaio zen, Mongoliako hiriburuan, baina ez dakigu noiz. Haren ama maistra zen eta aita, unibertsitateko irakaslea. Aita, Minjin Chulum, paleontologoa zen, eta hori erabakigarria izan zen Bolor gazteak –hala deitzen diote paleontologiaren munduan– diziplina horrekiko interesa izateko. Haurra zenean, Mongolia Sobietar Batasunaren eragin politiko eta kulturalaren pean zegoen, ikusi dugun moduan; horregatik, eskuratu zitzakeen testuak, baita bere aitak idatzitakoak ere, errusieraz zeuden. Dinosauroei buruzko liburuak irakurtzeko ikasi zuen hizkuntza hori. Eta geologiako ikasketak egin zituen Mongoliako Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean; han, Geologiako gradua eta Ornogabeen Paleontologiako master bat egin zituen. Haren aita unibertsitateko paleontologo bakarra zenez, hark zuzendu zuen alabaren prestakuntza lehen urteetan.
Ustekabeko aurkikuntza bat Gobi basamortuanGerra Hotzaren amaierak AMNH Mongoliara itzultzea erraztu zuen. 1996an, Gobi basamorturako espedizio batean parte hartzeko gonbita egin zioten Minjin Chulum irakasleari. AMNH erakundeko kide Mike Novacek eta Mark Norell ikertzaileak ziren espedizioaren buru. Ez zen lan erraza izan, baina Minjinek bere alaba Bolortsetseg espedizioko sukaldari gisa onar zezaten konbentzitu zituen espedizioko mongoliar langileak.
Alabaina, gainerako espedizionarioentzat janaria prestatzen igarotzea ez zitzaion etorkizun oso erakargarria iruditu eta, seguruenik, fosilak bilatzen aritzea askoz ere probetxugarriagoa izango zela pentsatuko zuen, eta ardura eta abilezia handiz egin zuen lan hori. Begi bikaina eta trebetasun handia zituen, izan ere. Espedizioaren taldeko buru ziren mongoliarrei ez zitzaien batere gustatu Bolorren jarrera eta adierazi zuten ez zutela beste ezein espedizioetan sartuko. Baina Novaceken eta Norellen errespetua eta babesa irabazi zuen, eta doktoregoa AMNH erakundearen eta New Yorkeko City Universityren baterako programa baten esparruan egin zezan iradoki zioten. Michael Novacek izan zuen doktoregoko zuzendari. 2008an defendatu zuen Bolorrek bere doktorego tesia: «Description of three new specimens of cimolodontans and a phylogenetic study of the postcranial anatomy of Multituberculata (Mammalia, Synapsida)».

Bolortsetsegek duela 145 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean bizi izandako dinosauroen eta ugaztunen hainbat fosil aurkitu ditu Gobi basamortuan, eta inguru hartara egindako bi espediziotako buru izan da, bietan Mendi Harritsuen museoarekin (Montana, AEB) lankidetzan. Tesia amaitu ondoren, ikertzen jarraitu zuen, museoko ikertzaile Jack Hornerren zuzendaritzapean, Kretazeoko Psittacosaurus dinosauroaren paleobiologiari buruz.
Hala ere, doktorego tesia defendatu aurretik, ezagutza paleontologikoa zabaltzearekin, ezagutza hori bere herrialdeko prestakuntza programetan sartzearekin eta legez kanpo esportatutako fosilak Mongoliarako berreskuratzearekin lotutako beste jarduera batzuetan hartu zuen parte.
New Yorkera iritsi eta Amerikako Historia Naturaleko Museoa ezagutu zuenean, erabaki zuen Mongolian museo bat sortzen saiatu behar zuela, denboran zehar bere herrialdean aurkituko ziren fosilak hartan biltzeko. Berehala konturatu zen halako proiektu handi bat gauzatzea ez zela erraza izango; izan ere, han bertan egiaztatu ahal izan zuen hainbat arlotan espezializatutako langileek lan handia egin behar dutela jasotzen dituzten fosilekin.
Bestalde, Bolortsetseg Minjinek uste zuen ez zuela zentzurik paleontologiak ia presentziarik ez izatea munduko fosil aberastasunik handieneko herrialdeetako batean. Era berean, ez zen logikoa Mongoliako gaztetxoek ondare hori ez ezagutzea eta, are zentzugabeagoa, arlo horretan karrera zientifiko bat egiteko aukera planteatu ere ezin izatea. Bi helburu horiek betetze aldera, 2007an, Mongoliar Dinosauroak Ikertzeko Institutua (ISMD, ingeleseko siglen arabera) sortu zuen Mongolian, Jack Hornerren laguntzarekin; gobernuz kanpoko erakunde horren helburua zen paleontologia hezkuntzan sartu eta diziplina horretan karrera bat egiteko interesa zuten gazteei prestakuntza ematea. Orduz geroztik, ISMD lankidetzan aritzen da aipatutako Mendi Harritsuen museoarekin eta AMNH erakundearekin, zenbait programa garatzeko, hala AEBn, jatorri mongoliarreko neska-mutilentzat, nola Mongolian. 2016an, ISMDk irabazi asmorik gabeko erakunde gisa onartu zuten AEBn.
Tarbosaurus bataar, mongoliar heroi batMongoliara egindako espedizio paleontologikoei esker, herrialde hartako ondare paleontologiko aberatsa aurkitu eta zabaldu zen. Baina, aldi berean, dirutza handiak ordaintzeko prest zeuden bildumagileek fosilak erosteko merkatu bat sortu zen. Kontuan hartu behar da Gobi basamortuan kontserbatutako hondakinetako asko aparteko kalitatekoak direla. Mongolian, legez debekatuta dago fosilak esportatzea eta baimen ofizial berezi batzuk behar dira induskatzeko, baina, hala ere, legez kanpoko trafikoa egiten da.
“Mongoliako heroirik moderno eta zaharrena”, halaxe izendatu du Xurxo Mariñok, bere Tierra liburuan, herrialde hartako dinosaurorik mediatikoena. Halaxe izan da, hain zuzen ere, Estatu Batuetan legezko prozesu bat egin ondoren, jatorrizko herrialdera itzuli ahal izan dutelako. Bolortsetsegen esku hartzea funtsezkoa izan zen fosila aberriratzeko. Gaur egun, aipatutako heroia Mongoliako Dinosauroen Museo Nagusian dago, eta duela 70 milioi urte inguruko Tarbosaurus bataar baten fosila da. Tyrannosaurus rex ezagunaren ahaide hurbil bat da, eta haren oso antzekoa, gainera.

Mongoliako heroia legez kanpo esportatu zuten eta, trafikatzaileak, Floridan zuen garajean muntatu ondoren, 2012ko maiatzean New Yorken enkantean jarriko zuela iragarri zuen. Eta orduan esku hartu zuen Bolortsetsegek. Enkantean jartzekoak zirela jakin zuenean, Mongoliako Gobernuari jakinarazi zion eta hark berehala hartu zituen zegozkion legezko neurriak, fosila berreskuratzeko. Fosila milioi bat dolar baino gehixeagoren truke saldu zuten, baina Bolortsetsegen eta Mongoliako gobernuaren jokaera arduratsuari esker, alea zaintzapean zegoen auzia argitu arte. 2014an hartu zen azken erabakia, eta Mongoliari eman zioten arrazoia; beraz, azkenean, dinosauroa aberriratu ahal izan zuten. Prozesuari “United States vs. One Tyrannosaurus Bataar Skeleton” deitu zioten, oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta, besteak beste, iritzi publikoari jakinarazi zitzaion fosilen legez kanpoko trafikoa egiten zela eta aurkitu eta identifikatzen ziren fosilak aberriratu behar zirela.
Bolortsetsegek denbora asko igaro eta ahalegin handia egin du fosilak berreskuratzen eta aberriratzen. Hau da haren leloa: “Fosil bat herrialdetik ateratzen denean, ezagutzak ere alde egiten du”. New Yorkera doktorego tesia egitera iritsi zenetik bizi da AEBn, eta herrialde horretako hondakinak soilik kontuan hartuta, Mongoliatik legez kanpo ateratako 30 fosil baino gehiago aberriratzea lortu du. Litekeena da Tarbosaurus bataar dinosauroa Mongoliako heroirik zahar eta modernoena izatea, baina, zalantzarik gabe, badakigu zein den gure emakumezko heroia.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 8an: Bolortstseg Minjin, la paleontóloga que repatrió el Tarbosaurus
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Bolortsetseg Minjin, Tarbosaurus generoa aberriratu zuen paleontologoa appeared first on Zientzia Kaiera.