Ezjakintasunaren kartografia #309
Bihotza bezalako organo konplexu baten elektrofisiologiaren eredu matematikoa sortzea ez da erraza. Teknika batzuei esker, baina, lana erraztu dezakete. BCAMen Effective mathematical modelling of fractional-diffusion in cardiac electrophysiology
Alkoholaren kontsumoa justifikatzeko hainbat arrazoibide erabiltzen dira: egintza soziala, desinhibizioa… Orduan, zer dela eta mozkortzen dira nahita animalia batzuk? Rosa García -Verdugoren Why do (some) animals get tipsy?
Motor molekularrei esker hiru ikertzailek Nobel saria eskuratu zuten 2016an. Alor honetan ikerketak aurrera darraite eta DIPCkoek zera aurkezten dute: gainazal solido batean kontrolagarria den errotorea sortzeko bi molekula ezberdin zelan muntatu. Controlled molecular rotors mounted on a molecular platform on a gold substrate
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #309 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mintzamenaren abiapuntua txinpantzeetan bilatu dute
Iraganari begira jartzen garenean, argitzeko dagoen misterio handienetakoa da mintzamenaren agerpena. Espezialitatearen arabera bideratu dira gehienetan horren jatorria ebazteko ahaleginak. Paleoantropologoek hioide hezurrera eta lengoaiari lotutako garezurraren zirkunboluzioetara jo ohi dute, argi bila. Neurologoek gaur egungo garunean aplikatzen dituzte euren prospekzio teknikak, horren abiapuntuan egon daitezkeen eboluzioaren zantzuak aurkitzeko. Eta, beste modu batean bada ere, antropologoek eta hizkuntzalariek kultura eta hizkuntza desberdinen historiari erreparatzean ateratzen dituzten ondorioak ere lagungarriak izan daitezke zeregin horretan.

1. irudia: Bereziki garbiketa sozialean murgilduta daudenean egiten dituzte bokalizazioak txinpantzeek. Ikertzaileek uste dute gizakiok mintzatzeko egiten ditugun mugimenduen abiapuntuan egon daitezkeela. (Argazkia: Catherine Hobaiter)
Beste bide klasiko bat gure gertueneko ahaideetara jotzea da; gizaki ez diren primateetara, alegia. Hasiera batean bederen zaila dirudi horietan mintzamenari lotutako zantzuak aurkitzeak. Haien adimena eta komunikazio gaitasunak ikertzeko, normalean ikertzaileek tximuek berezkoak ez dituzten tresnetara jo ohi dute, eta zeinuen bidezko lengoaiak eta kodeak “asmatzen” saiatzen dira.
Baina ikertzaile batzuk aspalditik saiatzen ari dira tximuetan mintzamenari lotuta egon daitezkeen zantzuak aurkitzen, gizakietan ezaugarri horren agerpena nola izan zen asmatzen saiatzeko. Izan ere, ezagutzen da hainbat tximuk ahoa ireki eta ixten dutela oso ziklo azkarretan, eta ziklo horiek, gainera, gutxi gorabehera giza mintzamenaren erritmo berdina jarraitzen dutela. Horregatik uste da agian bide horretatik giza mintzairaren beraren bilakaerari buruzko zantzuak aurki daitezkeela.
Norabide horretan, Warwickeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek hipotesiaren aldeko argudio berriak jarri dituzte mahai gainean. Biology Letters aldizkarian jaso dute euren argudioa.
Babestu dutenez, txinpantzeek ezpainekin egiten dituzten kolpe txiki eta arinak bat datoz gizakiek hitz egitean egiten duten mugimenduarekin. Batez bestean, segundoko 4,15 ziklotan aritzen dira tximinoen ezpainak, hots, 4,15 Hz-etan; kopuru hori kokatzen da, hain justu, giza hizkuntza guztietan erabiltzen den frekuentzia tartean: 2-7 Hz.
Aurretik beste primate espezie batzuetan ikusita zegoen frekuentzia hau: adibidez, giboietan eta orangutanetan, baina arlo horretako ikerketatan ari zirenek Afrikako primatetan egiaztatu nahi zuten ezaugarri hau: txinpantzeetan, bonoboetan edota goriletan, esaterako. Ez da kapritxo kontua: kontinente horretako primateek gordetzen dute hurbiltasun handiena gizakiarekiko.
Oraingo ikerketa burutzeko, lau txinpantze populazioren gaineko behaketetan oinarritu dira. Horietatik, bi basatiak izan dira (Ugandan), eta, beste biak, itxian hazitakoak (Edinburgoko eta Leipzigeko zooetan). Guztietan bideo grabazioak egin dituzte, animalien portaerak ondo aztertu ahal izateko.

2. irudia: Txinpantzeek egiten dituzten ahoaren mugimenduak frekuentzia zehatz batzuetan izaten dira. Espezie honen kasuan, gizaki ez diren beste primateetan baino aldakortasun gehiago dago frekuentziotan. (Irudia: Irudia: Pereira / Biology Letters / moldatuta)
Bereziki tximinoak garbiketa sozialean ari direnean jarri dute arreta adituek, jardun horretan daudenean behatu direlako halako bokalizazioak. Beste hainbat animaliatan dagoen portaera izan arren, elkar garbitzea bereziki garrantzitsua da primateetan, hartu-eman sozialetarako aukera ematen duelako. Are gehiago, ikertzaile batzuek sumatzen dute elkarrekikotasunaren eta elkarren arteko konfiantzaren abiapuntuan dagoela garbiketaren “errituala”. Nik zure ilea txukunduko dut, baina, horren bueltan espero dut zuk ere hori egingo didazula gero, eta ondo egingo duzula, gainera. Batzuetan, faborea bueltatzen ez dutenak taldetik alboratuak izaten dira. Hortaz, alboko tximinoari zomorrotxoak kendu izanak Nazioarteko Espazio Estaziora eraman gaitu, suzirian sartzean, ipurdiaren azpian erregai mordoa duen astronauta batek konfiantza duelako tximino ingeniariek kalkuluak egiteko izan duten zintzotasunean.
Adriano Lameira psikologoak prentsa ohar batean adierazi duenez, eskuratutako emaitzek frogatzen dute “ahozko mintzaira gure arbasoen leinuan sartu zela beste primate eta hominidoetan eskura eta erabileran zeuden ‘osagaiak’ erabilita”. Haren ustetan, hain garrantzitsuak izan arren, oraindik ezjakintasun handia dugu horrelako portaeren inguruan.
Bestalde, harritu dira populazio horietan erritmo desberdinak ikusi izanagatik. Taldeen eta norbanakoen arabera, hertz bat eta bi hertzen arteko aldeak egiaztatu dituzte. “Horrek iradokitzen du ez direla gure lehengusu tximuei egotzi ohi dizkiegun seinale automatiko eta estereotipatuak”, ohartarazi du Lameirak. “Aldiz, gizakietan bezala, txinpantzeen arteko ‘solasaldi’ batean eragina izan ahal duten beste hainbat gauza kontuan hartzen hasi beharko genituzke, hala nola norbanakoen arteko aldeak, arau sozialak eta ingurumen faktoreak”.
Txinpantzeetan aurkitutako aldakortasun hau, gainera, beste espezieetan aurkitutakoa baino zabalagoa da. Zientzia artikuluan diotenez, beste tximuen artean gehienez hertz bateko aldea besterik ez dute aurkitu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pereira, A.S., Kavanagh, E., Hobaiter, C., Slocombe, K.E., Lameira, A.R., (2020). Chimpanzee lip-smacks confirm primate continuity for speech-rhythm evolution. Biology Letters, 16: 20200232. DOI: https://doi.org/10.1098/rsbl.2020.0232
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Mintzamenaren abiapuntua txinpantzeetan bilatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Simone Eizagirre, fisikaria: “Nire ustez, garrantzitsua da gizartea zientzia-gaietan jantzita egotea”
Gogoan du betitik gustatu izan zaiola zientzia. Batxilergoan, aukera izan zuen praktikak egiteko Polymat zentroan, eta han ezagutu zuen zer den benetan laborategi batean lana egitea: “Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta material polimerikoen ikerketa ere interesgarria iruditu zitzaidan”, adierazi du Eizagirrek.
Zientziaren barruan, ikusi zuen fisika eta kimika zirela gehien gustatzen zitzaizkion arloak. “Konturatu nintzen nanoteknologia oso gustuko nuela, fisikan eta kimikan, bietan dauden kontzeptuak baliatzen baititu”.

Irudia: Simone Eizagirre Baker laborategian.
Polymaten hiru udatan praktikak egiten igaro ondoren, eta jada unibertsitatean zela, Fisika Kimika ikasten, Edinburgoko Unibertsitatean, beste zerbait probatu behar zuela erabaki zuen, eta BC Materials zentrora jo zuen hurrengo udan. “Han materialen ezaugarriak aztertzen aritu nintzen, eta materialak sortzea baino interesgarriagoa iruditu zitzaidan”.
Gero, Eindhoven Unibertsitatean (Herbehereak) urtebete egiteko aukera sortu zitzaion, nanofotonikako talde batean. Batez ere, ikusi nahi zuen ikertzaile-lana gustatzen ote zitzaion, bizimodu gisa: “Gauza bat da praktikaldiak egitea, epe batean, eta beste bat zure egunerokoa hori izatea”. Bere bidea hori zela baieztatzeaz gain, nanofotonikan lan egin nahi zuela ohartu zen, argiaren eta materiaren arteko interakzioa ikertzen.
Edinburgora itzuli zenean masterra amaitu zuen, eta doktoretza bat egitea erabaki zuen. Erresuma Batuan badago aukera gai batean baino gehiagotan aritzeko urtebetez, eta, horren ondoren, aukeratzen da doktoretzaren gaia. “Doktoretzako prestakuntza zentroak dira, eta, nire ustez, aproposa da, funtsezkoa baita ondo jakitea zertan eta norekin arituko zaren hurrengo hiru urtetan”. Hala, nanoteknologiako ildo eta talde desberdinen lan egiteko moduak probatu ditu aurten. Besteak beste, perovskiten ezaugarri optikoak eta DNAren nanoteknologia ezagutu ditu.
Azkenean, doktoretzat fotonika kuantikoan egitea erabaki du, eta orain prestatzen ari da, Euskal Herriko etxean, hala egokitu baitzaio. Alde onak ere ikusten dizkio, han, seguru asko, laborategiko lanean murgilduta arituko bailitzateke, eta, orain, berriz, denbora du prestatzeko, dokumentatzeko, ikasteko eta planifikatzeko.
Dibulgatzaile-senaIkertzea ez ezik, dibulgazioa ere oso gustuko duela aitortu du Eizagirrek. Edinburgon, zientzia-aldizkarian idazten eta editatzen aritu zen, eta orain podcast bat egiten dabil. Haren esanean, “elkarrizketen bidez, helburua da jendeari erakustea, ez bakarrik zer lan egiten duten ikertzaileek, baizik eta nolakoa den esperientzia hori”.
Uste osoa du garrantzitsua dela gizartea jantzia egotea zientzian, erabaki politikoez jabetzeko eta haietan eragiteko. Gainera, zientzian egiten den inbertsioaren emaitzak eta onurak gizarteratzeko modua ere bada.
Orain, COVID-19an lanean dabiltzan ikertzaileak elkarrizketatzen ari da: “Ikaragarria da, gertatzen ari den une berean ari direlako ikertzen”, dio, grinatsu. Nabari zaio bi alderdiak maite dituela, beraz: ikertzea, eta ikerketa gizarteratzea.
Fitxa biografikoa:Simone Eizagirre Barker Errenterian jaioa da, 1996. Fisika kimika gradua eta masterra egin ditu Edinburgoko Unibertsitatean, eta orain Cambridgen dago, Nanozientzia eta nanoteknologiako masterra egiten eta doktoretzarako prestatzen, Cavendish laborategiko fisika atomikoa, mesoskopikoa eta optikoaren taldean. Lau urteko programa da, eta urrian hasiko du doktoretza.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Simone Eizagirre, fisikaria: “Nire ustez, garrantzitsua da gizartea zientzia-gaietan jantzita egotea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Emakume zientzialariak eta COVID-19a

Irudia: COVID-19a emakume zientzialariengan eragin handiagoa izaten ari da eta ikerketa-proiektu gutxiago abiarazi eta zientzia-argitalpen gutxiago egin ditzakete orain. (Argazkia: innerwhispers – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Lehen ikerketek erakutsi dute SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren garai hauetan emakumeek ikerketa gutxiago argitaratu dituztela eta ikerketa-proiektu berri gutxiago abiarazi dituztela haien kide gizonek baino. Ziur emakume batek baino gehiagok galdetu diola bere buruari nola den posible ume txiki bat etxean dabilen bitartean paper garrantzitsu bat idaztea. Koronabirusaren ondorioek irauten duten bitartean, etxeak lantoki, bizitoki eta eskola bihurtu dira eta ez da erraza guztia bateragarri egitea. Idealki, horrek modu berean eragin beharko luke gizonen eta emakumeen gaitasunean eta, idealki, argitalpen zientifiko kopuruan pandemiaren aurretik zeuden aldeak mantendu egingo ziren. Alabaina, errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela eta datuek erakusten dutena ukatzea ezinezkoa da. Datuak argiak dira: konfinamendua hasi zenetik, emakumezkoek argitaratzen dituzten zientzia-lanak pandemiaren eragin soilagatik espero zitekeena baino gutxiago dira.
Analisia bat dator gizon eta emakumeen arteko etxeko lanen eta haurren zaintzaren banaketarekin eta, ziur aski, desberdintasun hori handitu egin da konfinamenduarekin. Analisirako, bioRxiv eta arXiv biltegietan eskuragarri dauden dokumentuen sinatzaileak aztertu dira. Egile guztiak kontuan hartuta, martxoa eta apirila aztertuta, gizonen kopurua %6,4 handitu da 2019tik 2020ra, baina, emakumeen kopurua %2,7 bakarrik igo da -arXiv plataformaren kasuan-. BioRxiv plataforman aldiz, 2019tik 2020ra %26 igo da sinatzaile gizonezkoen kopurua martxoan eta apirilean. Emakumeen kopurua, aldiz, %24,2 igo da. Kasu horretan ere, igoera txikiagoa izan da. Lehen sinatzaile moduan dauden emakumeen kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Zientzia-argitalpenen lehen sinatzailea emakumea izatea kasuen %10 eta %30 artekoa izaten da -arXiv, bioRxiv, medRxiv eta EarthArxiv plataformak kontuan hartuta-. Pandemiak horri ez dio mesederik egin: COVID-19aren garaian, atzerapauso nabarmena eman da kasu gehienetan. Kontuan izan behar dugu datu horiek guztiak lortzeko 73.000 egile eta 36.500 ekarpen baino gehiago aztertu direla. Ez dira zenbaki txikiak joerak aztertzeko. Okerrena da ikerketa gehienek antzeko joerak erakusten dituztela.
Zientzia-argitalpenak alde batera utzita ere, antzeko eragina ikusi da ikerketa-proiektuen zuzendaritzan. Oro har, aztertutako ikerketa-proiektuen %30 izan dira ikertzaile nagusia emakumea dutenak. Hala ere, pandemia egoeran ere beherakada ikusi da aztertutako hiru datu-basetatik hirutan. COVID-19aren beraren ikerketan ere aldeak nabariak dira. Ideia bat emate aldera, jakina da zientzian argitaratzen diren ekarpenen %20 inguru emakumeek sinatutakoak direla. COVID-19ari buruzko ikerketen kasuan, aldiz, emakumeak % 12 bakarrik dira. Proposatu denez, pandemiaren ondorioz gertatu den etxeko arduren eta umeen zaintza gehigarriak zailago bilakatu du emakumeentzat ikerketa-arlo berrietan lanean hastea -egoera zailagoan, arriskutik hurrentzea aukeratzen dute, ikertzaileek aipatu dutenez-. Medikuntzaren arloko literaturan ere beherakada nabarmena ikusi da. Medikuntzaren arloko 40.000 argitalpen aztertu ondoren ikusi denez, COVID-19ari buruzko medikuntzaren arloko ekarpenetan emakume sinatzaileen kopurua %16 baxuagoa da -beste arloekin alderatuta-.
Fenomeno horri emandako azalpenen artean, emakumeek haurren eta edadetuen zainketan duten gainkarga aipatu da. Ez da hori emakumeen zientzia-ekoizpenean azpimarratu den arazo bakarra. Online ikaskuntzaren ondorioz, haurrek etxean laguntza gehiago behar izan dute eta kasu honetan ere, emakumeek ardura gehiago izan ohi dutela adierazi da. Horrek guztiak eragin handia izango du epe luzean; izan ere, egun emakumeek martxan jarri ezin izan dituzten ikerketek eta argitaratu ez dituzten zientzia-lanek hemendik hilabete askotara ere ondorioak ekarriko dituzte. Horrexegatik, zientziaren onerako, ezinbestekoa da akademian neurriak hartzea emakumeen zientzia-ekoizpena bultzatzeko. Hala ere, akademiaren mundutik kanpo ere aldaketak ezinbestekoak dira gizonek eta emakumeek zientzian aritzeko aukera berdinak izan ditzaten. Are gehiago COVID-19ak sortu duen egoera latz honetan. Ez dago galtzeko astirik edo zientziak galduko du.
Informazio gehiago:
- Are women publishing less during the pandemic? Here’s what the data say, Giuliana Viglione, nature.com, 2020
- The pandemic and the female academic, Alessandra Minello, nature.com, 2020
Erreferentzia bibliografikoa:
Andersen, J.P., Nielsen, M.W., Simone, N.L., Lewiss, R.E., Jagsi, R. (2020). Meta-Research: is Covid-19 amplifying the authorship gender gap in the medical literature? arXiv:2005.06303, arxiv.org (preprint).
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Emakume zientzialariak eta COVID-19a appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta plaka-tektonikaren aurretik, zer?
Planeta gehienentzat aktibitaterik gabeko estalkiaren eredua (stagnant lid tectonic mode) iradoki izan da (1. irudia). Barne-tenperatura oinarri harturik, bereizi egiten dira, fusiorik gabeko planeta hotzak edo jarduera bolkanikorik gabeko estalkiak (cold stagnant lid) eta, bestetik, jarduera bolkanikodun eta deformazio tektonikodun estalkiak edo planeta beroak. Planetaren barne-tenperatura zenbat eta handiagoa izan, bolkanismoa gero eta prozesu eraginkorragoa da bero-transferentziarako.
Planeta batean barnetik azalerako bero-transferentzia prozesu igneoen bitartez baino gertatzen ez denean, “bero tutu eredua” duela esan ohi da. Io-n, Jupiterreko satelitean, eredu hori nagusitzen dela dirudi, eta jatorrizko Lurraren zenbait ezaugarri geologiko azaltzeko ere erabil daiteke. Bero-tutuaren ereduan bolatilen desgasifikazioaren edo magmen igoera-prozesuen eraginez gara daitezke litosferaren azalean topografia eta deformazio tektonikoak.
Planetaren bero-transferentzian prozesu igneoen eragina murriztu ahala bero-tutuaren ereduak indarra galtzen du eta nagusitu egiten da geologikoki aktiboa den plaka-bakarreko eredua. Marte da horren adibidea, azalean bero-tutu ereduarekin azaldu ezin diren egitura bolkanikoak erakusten baititu. Marteko egitura bolkanikoen morfologia, anomalia grabimetrikoak eta topografia luma gorakorren ondorio direla dirudi. Eredu horrek deformazio-egiturak eta aldaketa topografikoak ere eragin ditzake, eta Lurraren hasierako eredu tektoniko bera izan daitekeela iradoki izan da.
Beste alde batetik, jatorrizko planeta bero batetik abiatuz gero, litosferaren hozketak deformazio tektonikoa eragin dezaketen kontrakzio termikoa eta esfortzu termikoak eragiten ditu. Horrela azaltzen dira, adibidez, Ilargian eta Merkurion identifikatutako zenbait egitura. Era horretako deformazio tektonikoak planeten lehendabiziko fase geologikoetan baino ezin dira agertu. Artizarrerako, aldiz, esfortzu tektoniko termikoak iradokitzen dira, planetaren azaleko aldakortasun termikoa hain baita handia (100°C-tik gora) non azaleko deformazio tektonikoa eragin dezakeen.

1. irudia: Mantuaren konbekzioari buruzko eredu numerikoen ondorioak (iso-tenperatura irudi gisa, tenperaturen zehar-ebaki gisa eta esfortzu baxuko (grisa) eremu eta esfortzuen pilaketa (horia) eremu gisa aurkeztuta). (Irudia: Lenardic 2018-tik eraldatuta)
Eredu horiek guztiak Lur planetan nolabaiteko eragina izan badute hasierako milioi urteetan zeuden baldintza fisiko-kimikoetan izango zen. Baina Lurrean plaka-tektonikoaren eredua nagusitu ahal izateko, gutxienez 1.500 Ma behar ziren, eta, tartean, Lurrak beste era batera jokatuko zuen. Tarte horretarako, bi dira gaur egun iradokitzen diren ereduak: estalki episodikoaren (episodic lid) eredua eta estalki oso motelarena (sluggish lid) (Lenardic, 2018). Estalki episodikoaren ereduan, ereduen arteko txandakapena gertatuko zen, aktibitaterik gabeko estalkia noizean behin apurtuko zen eta aktibitate tektonikodun sasoiak tartekatuko ziren (1. irudia). Bestetik, estalki oso motelaren ereduan, estalkiaren mugimenduak gaur egun plaka-tektonikarekin gertatzen direnak baino askoz txikiagoak izango ziren. Gainera, eredu horretan litosferaren mugimendua azpiko mantuaren konbekzioak gidatua egongo litzateke eta, plaka-tektonikaren ereduan, aldiz, plaken mugimendua plaketan bertan garatutako esfortzuen ondorio da.
Lurreko eredu tektoniko nagusiaren aldaketa: plaka-tektonikaren sorrera3.2 eta 2.5 Ga bitartean, plaka-tektonikaren aurreko eta plaka-tektonikaren eredu tektonikoen arteko aldaketa gertatu zen progresiboki; noizean behin subdukzio-prozesu lokalak zituen mugimendurik gabeko estalkiaren eredu episodikoa ordezkatu egin zuen konbergentzia, dibergentzia eta urratze-mugimenduetan oinarritutako plaka-tektonikaren ereduak. Segidan, deskribatu egingo dira aldaketaren arrazoiak eta aldaketa-prozesua azaltzeko orain arte iradokitako eredu fidagarriena (Cawood et al., 2018) (2. irudia).
Arkear berantiarrean gertatutako aldaketa guztiek mantuko tenperatura potentzialaren jaitsierarekin dute harremana, eta horrek mantuaren biskositatea eta litosferaren zurruntasuna aldatzea dakar. Era berean, mantuko tenperaturaren jaitsierak murriztu egiten du mantuko fusio partzialaren proportzioa eta, ondorioz, jaitsi egiten da litosferak duen magmen inpregnazio-maila. Aipatutako aldaketen eraginez, handitu egiten da mantuko konbekzioaren uhin-luzera, eta horrek aldaketak eragiten ditu Lurraren barneko bero-transferentzia prozesuetan. Lur gazte beroan, mugimendurik gabeko estalkiaren eredua nahiz beste ereduren bat nagusi izan, mantuko konbekzio indartsuagoa eta uhin-luzera txikiagokoa izan beharko luke, eta erlatiboki likatsuagoa behar luke gaineko estalkiak, luma gorakorrekin lotutako etengabeko jarduera igneoak guztiz inpregnatuko lukeelako (2. irudia).
Lurraren hasierako litologia bakarreko litosfera mafikoan, konposizio-aldaketak sortzen dira TTG motako (tonalita, trondhjemita eta granodiorita) plutoi sodikoen estreinako intrusioak agertzen hasten direnetik. Orduan abiatzen da dentsitate eta lodiera desberdineko ozeano- eta kontinente-lurrazalen arteko bereizketa. Litosfera Arkearra hoztu, deshidratatu eta fusio partziala jasan ahala, kontinente-litosferaren gero eta eremu zabalagoak egonkortzen dira. Horrek aldaketak eragiten ditu mantuko konbekzioan eta litosferan zehar esfortzuak hedatzea eta kratoi sortu berrien ertzetan deformazioa pilatzea dakar. Horrela garatu ziren lehendabiziko plaka litosferikoak eta subdukzio-eremuak (2. irudia). Beraz, biltegi geologikoan Arkear berantiarrerako erregistratzen diren aldaketa geologikoek eta mantuaren hozketak aldaketa eragin zuten, batetik, mugikortasunik gabeko edo mugikortasun eskaseko litosfera-estalkitik litosfera mugikorrera; eta, bestetik, uhin-luzera txikiko mantuko konbekziotik uhin-luzera handiko konbekziora. Plaka-tektonikaren eredua abiarazteko oinarrizko baldintzak sortu ziren progresiboki 500-700 Ma-tan zehar, orain dela 3.2 eta 2.5 Ga bitartean.

2. irudia: Litosferak denborarekin jasan duen bilakaeraren eskema. Lur gazteak (3.2 Ga aurretik) plaka-tektonika ez den eredua erakusten du; bertan TTGak (tonalita, trondhjemita eta granodiorita) eta greenstone gerrikoek osatutako elkarte bimodalak ezaugarritzen dute magmatismoa. Mantuko luma gorakorrak dira magmatismo mafikoaren eragile nagusiak. Lurrazalaren birziklapena delaminazioaren bidez gertatzen da eta konbekzioaren uhin-luzera erlatiboki txikia da. Subdukzioa noizbehinkakoa eta lokala da. 2.5 Ga urte ondoren guztiz operatibo dagoela dirudi plaka-tektonika, uhin-luzera handiko konbekzioarekin batera. Bi eredu tektoniko horien artean trantzisio-fase bat dago, non litosfera egonkortu, loditu eta uraren gainetik kokatzen den eta kontinente- eta ozeano-litosfera bereizten diren. (Irudia: Cawood et al. 2018-tik eraldatuta)
Erreferentzia bibliografikoak:
- Apraiz, A (2004). Plaka-tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Bilbo.
- Lenardic, A. (2018). The diversity of tectonic modes and thoughts about transitions between them. Philosophical Transactions of the Royal Society of London, 376 (2132), pii: 20170416. DOI: http:dx.doi.org/10.1098/rsta.2017.0416
- Cawood, P.A., Hawkesworth, C.J., Pisarevsky, S.A., Dhuime, B., Capitanio, F.A. eta Nebel, O. (2018). Geological archive of the onset of plate tectonics. Philosophical Transactions of the Royal Society of London, 376 (2132), pii:20170405. DOI: https://doi.org/10.1098/rsta.2017.0405
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
Arturo Apraizek geodinamikari buruz idatzitako artikulu-sorta:
- Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea.
- Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua.
- Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua.
- Nukleo eta mantuaren arteko muga: ilun zegoena argitzean…
- Lurralde igneo erraldoiak: Lurraren indar-erakustaldia.
- Superkontinenteen sorrera eta apurketa.
- Luma gorakorrei buruzko behin betiko froga?
- Noiz abiatzen da plaka-tektonika?
- Eta, plaka-tektonikaren aurretik zer?
The post Eta plaka-tektonikaren aurretik, zer? appeared first on Zientzia Kaiera.
Amonaren hipotesia

Irudia: Orkak, jauzika. Emeak 30 edo 40 urterekin uzten dio ugaltzeari, baina luze bizi da gero ere. (Argazkia: Robert Pittman – NOAA / Domeinu publikoko argazkia)
George C. Williams biologo estatubatuarrak 1957an egindako planteamenduaren arabera, baina, menopausia, berez, egokitzapen bat izango litzateke. Williamsen teoriaren arabera, ebolutiboki komenigarriagoa izango litzateke emeek euren ondorengoei laguntza eskaintzea seme-alabak izaten jarraitzea baino. Zahartuz goazen heinean, nabarmen areagotzen da hiltzeko probabilitatea, eta, beraz, emakume batek ondorengoak jada adinean oso aurrera egin eta gero izanez gero, ez litzateke harritzekoa azken seme-alabak bizirik irauteko gai ez izatea behin ama hil ondoren. Horrenbestez, emakume horrek azken seme-alabak aurrera ateratzen erabilitako ahalegina alferrikakoa litzateke, bere geneak ez bailirateke azken ondorengo horien bitartez erreplikatuko eta hurrengo belaunaldietara iritsiko. Bestalde, populazio batean ugaltzen ez diren indibiduoak izateak ez du inolako zentzurik ikuspegi ebolutibo hutsetik aztertuta, banako horiek beste batzuek euren ondorengoen mesedetan erabil zitzaketen baliabideak kontsumitzen baitituzte.
Arrazoi horiek oinarri hartuta, Williamsek proposatu zuen adineko emakumeek era eraginkorragoan laguntzen dutela beren geneak hurrengo belaunaldietara helarazten jada taldeko parte diren ondorengoei eskaintzen badizkiete beren ahaleginak, hau da, beren bilobei, jada zaharrak direnean seme-alaba gehiago izanda baino.
Williamsek egindako proposamena, zeina “amonaren hipotesia” bezala ezagutzen den, babesten duten froga enpirikoak aurki daitezke gure espeziean. Izan ere, bai gizatalde ehiztari-biltzaileetan bai industriaurreko gizarteetan frogatuta dago behin adinean aurrera egindakoan seme-alaba gehiago izaten ez dituzten amonek areagotu egiten dutela euren bilobek bizirik irauteko duten probabilitatea. Beste hitz batzuekin esanda, amonok taldeko kide izateak erraztu egiten du beren geneak –bilobengan daudenak– beren heriotzaren ondoren irautea, edota, Darwinen hizkera erabilita, beren egokitzapen edo arrakasta ebolutiboa (fitness) hobetu egiten da biloben zaintzan egindako ekarpenaren eskutik.
Izan badira adinean aurrera egindakoan ugaltzen jarraituagatik biloben biziraupena hobetzen laguntzen duten espezieak ere; Asiako elefantea, adibidez –ziurrenik baita Afrikakoa ere–. Baina, gizakia kenduta, orain artean ez zen “amonaren hipotesia” babesten zuten froga eztabaidaezinak ageri zituen beste animaliarik. Egoera, baina, orain dela aste batzuk aldatu da, orkekin –era desegokian “balea hiltzaile” deituak– egindako azterketa bat kaleratu denean. Izan ere, azterketan jasotako informazioaren arabera, behin adinean aurrera egindakoan ondorengo gehiago izaten ez duten amonek eragin onuragarria izaten dute biloben biziraupenean. Argitaratu berri den azterketa horrek ez du soilik efektu hori baieztatzen, beste zerbait ere erakusten du: ondorengoak izaten jarraitzen duten amonek ez dute orka menopausikoen laguntza bera eskaintzen.
Espezialisten arabera, gizakien eta orken artean izaten den menopausiaren osteko aro luzearen garrantziak bi espezieon bizitza luzatuko zuen ziur aski, urte gehigarri horietan biloben biziraupena areagotzeak argiki konpentsatuko baitzuen, termino ebolutiboetan, amonek ugaltzeari uztea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nattrass, Stuart et al. (2019). Postreproductive killer whale grandmothers improve the survival of their grandoffspring. Proceedings of the National Academy of Sciences, 116 (52) 26669-26673. DOI: 10.1073/pnas.1903844116.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Amonaren hipotesia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #304
Gutxinaka ematen ari dira aurrerapausoak COVID-19aren txertoa lortzeko. Moderna konpainia estatubatuarrak egindako ikerketaz gain, Txinako ikertzaileek ere abiatu dute ikerketa bat. Horrez gain, Oxford Unibertsitateak ere (Erresuma Batua) iragarri du prest duela bere hautagaia II. eta III. fasean probatzeko. Elhuyar aldizkarian xehetasunak.
COVID-19 izan da ikerketa askoren erdigune izurria hasi zenetik. Ionan Marigomezek, UPV/EHUko irakasleak eta PIEko zuzendariak, dio Berriak egin dion elkarrizketa honetan, pandemiari buruzkoak kenduta, zientzia ikerketak eten egin direla. Marigomezek itsas ingurumena ikertzen du duela 40 urtetik eta ingurumen zientziei egindako ekarpenengatik sari bat eman dio berriki SETAC Europe elkarteak. Egindako ikerketez, bere ibilbideaz eta COVID-19aren ondorioz, ikertzaileek bizi izan duten egoeraz mintzatu da honetan.
BotanikaBadakizue zein den “Orfeoren lorea” eta zergatik deitzen zaion horrela? Mitologikoa klasikoaren arabera, Orfeoren odol tantetatik sortu zen landarea da. Espezie guztiak kontinentearen hegoaldean daude (Greziako, Ipar Mazedoniako eta Bulgariako mendietan). Beste behin mitologiari keinu eginez, itxuraz, hil ondoren berriz bizitzeko gaitasun harrigarria du. Ez galdu artikulua!
GenetikaOrain arte jakin dugu SARS-CoV-2ak ACE2 hartzailea erabiltzen duela zeluletan sartzeko. Horretaz gain, badirudi ezberdintasunak daudela emakumeek eta gizonek COVID-19ari duten sentikortasunean. Horren harira, proposatu dute ACE2 hartzailea X kromosoman dagoenez, eta emakumeek bi X kromosoma dutenez eta gizonek bakarra, genearen adierazpena handiagoa dela. Baina Koldo Garciak azaltzen digu zergatik hori ez duen ez hanka ez bururik. Argi mintzo da: ez dago sexu araberako adierazpen ezberdintasunik ACE2 genean.
Testu honetan, azaldu digu nola giza-populazioak egokitu diren lekuetara eta horrek gene-materialean izan duen isla. Nola gertatzen da adaptazio lokal hori? Eta zer ezaugarritan dute eragina? Ez galdu eman dituen azalpenak.
Autismoaren espektroko nahasmenduen gene-oinarrian egindako ikerketekin oso kritiko agertu da ikertzaile talde bat. Argi dute lan horietan lortutako emaitzak ez direla esanguratsuak, hau da, ez dagoela ebidentzia nahikorik “autismoaren geneak” daudela esateko. Horren inguruan aritu da Garcia honetan.
AEBetan aztertu dute norbanakoen jarrera beren gene-informazioa uzteko orduan Edonolan irakur daitekeenez. Bideo bat jarri zuten gene-datuen erabilerari buruz. Horren ondotik, inkesta egin zitzaien. Emaitzak hauxek izan ziren: %12k esan zuen bere gene-datuak modu altruistan emateko prest zegoela; %50 diru kantitate baten truke saltzeko prest zeuden; eta %38 ez luke bere gene-daturik emango. Orokorrean zein da jendeak duen jarrera gene-datuen erabileraren inguruan? Eta zurea?
GnomAD proiektua giza aldaera genetikoen katalogo publikorik handiena da: 140.000 pertsonaren datuak jasotzen ditu. Gure genoman azaltzen den edozein mutaziok fisiologikoki zer ondorio eragin dezakeen aurreikustea da helburu nagusia. Ikertzaileen ustez, oinarri genetikoa duten gaixotasunen ebaluazioa hobetzeko aukera emango du. Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue informazio osagarria.
IngurumenaHarri-pilak egiteko ohiturak kalte egiten die leku horretan bizi diren hainbat animalia eta landare-espeziei, ikerketa baten arabera. Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, harri-pilak aldatu egiten du babesleku gisa harriak erabiltzen dituzten animalia- eta landare-espezieen habitata.
GeologiaEgun, ezagutzen da Lurrak dituen ezaugarri fisiko eta kimikoekin plaka-tektonikaren ereduak nola jokatzen duen. Baina iraganean, Lurraren tenperatura handiagoa zenean berdin jokatzen zuen? Testuan azaltzen digutenez, plaka-tektonikaren aurreko ereduei buruz hitz egiten denean, mugimendurik ez duen litosfera bat edo noizbehinka mugitzen dena aipatzen dira. Horren gainean dagoen eztabaida irakurgai duzue artikulu honetan.
BiologiaTestu honetan gure organismoak beroari nola erantzuten dion azaldu digute. Uda gertu dugunez, aholku bat eman digute: beroa irabaztea ekiditen eta beroa galtzen egin behar da ahalegina. Organismoak baditu bere mekanismoak beroa galtzeko: lehenengoa, ukitzen den material bati zuzenean transferitzea; bigarrena, erradiazio infragorrien emisioaizango litzateke, eta azkenik, lurruntzea izango genuke, beroa galtzeko modurik eraginkorrena.
Emakumeak zientzianGernu-zerrenda erreaktiboen asmatzailea dugu Helen Murray Free kimikaria. Haren senar Alfred Freerekin batera, murgiltze eta irakurketako lehen zerrenda erreaktiboak garatu zituen, joan den mendeko 50eko hamarkadan lehen aldiz merkaturatu zirenak. Bere asmakizunen artean, aipatzekoa da Clinitest-a, paziente diabetikoen gernuko glukosa-mailak neurtzen zuen tableta, hobetu zutela. Urte batzuk igarota, Acetest izenekoa garatu zuten eta hori oinarri hartuta, Clinistix asmatu zuten. Bere ingurukoak artikulu honetan.
AstrofisikaNASAko Goddard Institutuko bi ikertzailek aurkeztutako lan berrian Artizarraren iragan klimatikoa simulatu dute eta ikusi dute 3.000 milioi urtez sakontasun gutxiko urez osatutako ozeano zabal bat egoteko baldintzak mantendu zirela eta bizia garatzeko moduko baldintzak egon zitezkeela bertan. Egun, gogora dezagun, planeta hori infernu bat dela.
FisiologiaKaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa batek musikak eragiten dituen emozioak identifikatu eta mapa bat osatu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Txinako eta AEBko 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eta entzun duten musika estiloak hauexek izan dira: rocka, jazza, klasikoa, heavya, folcka, baita Txinako musika tradizionala ere.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #304 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #308
Gaixotasun kronikoa da eskizofrenia eta bere atzean dauden mekanismoak ez daude batere argi. Sistema inmunitarioak zerikusia duela izan liteke jarraitu beharreko pista. Rosa García-Verdugoren Could regulators of the immune system have a role in schizophrenia?
Tximeleta efektua ezagutzen duzu. Planetako punta batean tximeleta baten hegalen astintzeak planetako beste puntan urakana sortzen duela dioen hori. Imginatu tximeleta efektua eskala galaktikoan. Tomás Ruiz-Lararen Could the origin of our Solar System be related to the Sagittarius dwarf galaxy?
Aldiro-aldiro irakur daitekeen titularra da “nanopartikulak baliatuta eguzki energia modu eraginkorragoan biltzeko sistema garatu dute”. Oso ondo dago. Eta oso polita da. Baina gogoratu behar da gauza bat emaitza fisikoa dela eta beste bat horrekin, teknologikoki, zerbait erabilgarria lortzea. Adibidez, zelan eraiki daiteke nanopartikulen egitura makroskopikoa 3D inprimagailua erabilita nanopartikulak agregatu ez daitezen? Horretarako DIPC: Plasmonic nanocrystals-cellulose hybrid
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #308 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alboan noizbait mundu bizigarri bat egon zelako ametsa
Izugarrizko aurrerapenak egin ditugu azken hamarkadetan, baina, esplorazioari dagokienez, gure planetaren bi auzokideek erritmo guztiz desberdinak daramatzate: Martek pixkanaka haren misterioak azalerazten dituen bitartean, Artizarraren kasuan ez da berdina gertatzen; are gehiago, ez dirudi erraza izango denik aurrerantzean ere horietan sakontzea.

1. irudia: Atmosfera loditsu batek Artizarraren azala estaltzen du, baina radarreko irudiei esker hobeto ikusten da planetaren orografia. (Argazkia: NASA)
Planetas liburuan Francisco Anguita Virella eta Gabriel Castilla Cañamero adituek oso modu argigarrian azaltzen dute zertan den gaur egun Artizarrari buruz daukagun ezagutza. Edo, hobeto esanda, ezagutza eskasa. Kontua ez da inolaz ere zientzialariak saiatzen ez direnik: saiatu arren, zinez lan zaila dute. “Radarraren teknologiak aukera eman digu zientzia altxor hau kartografiatzeko, baina bidean are oztopo handiagoa azaldu zaigu: Artizarra arduratu da haren historiaren hasieraren %90 ezabatzeaz. Planetaren gainazalerako bidaia konplikatua izan bada, harriek geologoei denboran atzera joateko ahalbidetu dieten aukera ia ezinezkoa izan da. Azken 1.000 urteetako aztarna arkeologikoen laguntza soilarekin giza zibilizazioen iragan osoa berreraikitzearen parekoa litzateke hau”.
Erronka itzela, beraz, ikertzaileentzat: ia guztiz eraberritu den gainazal bat, etengabeko hodei geruza batez estalita. Tokian bertan ikertzea ere ez da lan erraza. Hara joan diren espazio ontzi apurrek gutxi iraun dute 450 ºC-ko tenperatura duen planeta batean.
Horregatik, irudimena piztu du Artizarrak. Zientzialari batzuen irudikoz, iragan urrun batean planetak bizigarria izateko baldintzak izan zituen. Aspaldi errotutako teoria da, baina ez da bakarra, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaile Itziar Garatek gogorarazi duenez. “Teoria baten arabera, Artizarrean inoiz ez zen bizigarritasun baldintzarik egon. Baina badira beste bi teoria kontrakoa proposatzen dutenak: planeta noizbait bizigarria izan zela, alegia”. Proposamen horiek Pioneer Venus misioak neurtu zituen deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioen neurketetan oinarritzen dira: datu horrek noizbait ura egon zelako hipotesia hauspotu zuen.
Lehen teoriaren arabera, bizigarritasun tarte laburra egon zen, planeta sortu eta gutxira; baina, ondoren, izarraren eboluzioagatik Eguzkiaren berotasuna handitzen joan zen heinean, Artizarra lehortu zen. Bigarren teoriak babesten du bizigarritasun hori luzaroan mantendu zela. Bada, azken teoria honen alde egiten duen ikerketa berria aurkeztu dute orain NASAko Goddard Institutuko bi ikertzailek Journal of Geophysical Research aldizkarian argitaratutako artikulu batean (hemen, irekian).
Zientzialari hauen irudikoz, 3.000 milioi urtez sakontasun gutxiko urez osatutako ozeano zabal bat egoteko baldintzak mantendu ziren Artizarrean, planetaren historiaren azken zatian (duela 300-700 milioi urte inguru) gauzek okerrera jo zuten arte. Garai horren bueltan, hainbat probintzia igneo erraldoi aldi berean azaleratu ziren, eta ordura arte klima epela zena gaur ezagutzen dugun infernua bilakatu zen. Batera izandako erupzio horiek guztiek (batera zentzu geologikoan, noski) karbono dioxido kopuru itzelak isuri zituzten, berotegi efektu erraldoia eraginez. Lurraren historian ere horrelako erupzio erraldoiak izan ziren arren, ez ziren aldi berean gertatu, eta horrek ahalbidetu zuen, hein handi batean, bizia mantentzea.

2. irudia: Gaur egun Artizarra infernu bat da, Lurrean ezagutzen ditugun estandarren arabera, baina zientzialariek oraindik ez dakite egoera hori noiz hasi zen. Irudian, planetaren irudikapen bat (Irudia: ESA)
Artizarraren kasuan, 3.000 milioi urtez mantendu zen egoera hori Lurrarena berarena baino egonkorragoa izan zela babestu dute ikertzaileek, eta horrek, noski, irudimena pizten duen proposamen horietako bat da. Hain tarte luzean, bizigarritasun horrekin batera bizia ere garatuko al zen? Are gehiago, bizi adimenduna? Artizartar zibilizaziorik? Hala izanik ere, ez dirudi inoiz aukera egongo denik horrelakorik frogatzeko, aurrean aipatu dugun bezala, planetaren gainazal gehiena guztiz birziklatuta dagoelako.
Dena dela, simulazio batean egindako ikerketa dela kontuan izan behar da. Zehazki, NASAren Rocke-3D eredu informatikoa baliatu dute Artizarraren paleoklimen simulazioak egiteko. Eta, Garatek ohartarazi duenez, kontuan izan behar da halako simulazioetan aukeratzen diren parametroen araberako emaitzak oso bestelakoak izan daitezkeela. “Honekin ez dut esan nahi ikerketari indarra kendu behar zaionik. Atera duten emaitza benetan interesgarria da, baina behaketa edo neurketa gehiago beharko genituzke bizigarritasunaren aukeraren alde egiteko”.
Kasu honetan, gainera, badira ezagutzen ez diren parametro asko, Garateren arabera. Esaterako, Artizarrak gaur egun duen inklinazio berdina izan zuela suposatu dute simulazioan, baina astrofisikariak nabarmendu du inklinazio hori noiztikoa dela ez dakigula. Berdina gertatzen da errotazio abiadurarekin.
Gauzak horrela, Artizarrari buruzko ezagutza handitzen jarraitzeko beharra aldarrikatu du adituak. Are gehiago, aurrean dauden erronka teknologikoak hein handi batean gainditzeko moduan egongo garelakoan dago Garate. Batez ere, tenperatura altuei denbora gehiagoz eusteko gai diren material berriak ditu gogoan.
“Garatzen ari diren material berri horiekin, bertaratutako robotek Artizarraren baldintzak jasan ahal izango dituzte hogei bat egunez. Egia da honek gutxi ematen duela, Marten urteak ematen dituzten gailuekin alderatuta, baina aurreko misioetan Artizarrean bi orduz iraun duten robotekin konparatuz gero, alde handia dago”.
Adituaren esanetan, Artizarrera bueltatzeak bide asko irekiko lituzke. Deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioa jarri du adibidetzat. “Datu hori behin baino ez genuen eskuratu, baina bizigarritasunaren inguruko proposamen guztiak horretan oinarritzen dira. Baina, horrez gain, badira ere ezagutzen ez ditugun beste gauza asko, Artizarra in situ gutxien behatu den planetetako bat delako”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Way, M. J., & Del Genio, A. D. ( 2020). Venusian habitable climate scenarios: Modeling Venus through time and applications to slowly rotating Venus‐like exoplanets. Journal of Geophysical Research: Planets, 125, e2019JE006276. DOI: https://doi.org/10.1029/2019JE006276
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Alboan noizbait mundu bizigarri bat egon zelako ametsa appeared first on Zientzia Kaiera.
Helen Murray Free (1923) eta proba diagnostikoen iraultza
Izan ere, hura izan zen zerrenda erreaktibo horien asmatzailea, eta gernuaren analisi-eremuan eta paziente diabetikoekin erabiltzen hasia zen autokonprobaketa-sistema ugaritan benetako iraultza ekarri zuen. Haren senar Alfred Freerekin batera, murgiltze eta irakurketako lehen zerrenda erreaktiboak garatu zituen, joan den mendeko 50eko hamarkadan lehen aldiz merkaturatu zirenak, hain zuzen ere.

1. irudia: Helen Murray Free eta Alfred Free lanean Miles Laborategian 1948. urtean. (Argazkia: ACS)
Helen 1923an jaio zen, Pittsburghen (Pennsylvania). Ingelesa eta latina irakasteko asmoa zuen baina 1941ean, Pearl Harborren aurkako erasoaren ondorioz, ez zuen beste aukerarik izan eta kimikaren bidetik jo zuen. Gertaera historiko hori izan zen asmoz aldatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, armadak gazte asko erreklutatu zituen; hori dela eta, emakumeak karrera zientifikoak hautatzera bultzatu zituzten. Hala, 1944an lizentziatu zen Wooster ikastetxean, eta, ondoren, Miles Laborategietan hasi zen lanean, bitamina osagaien kalitatea ebaluatzeko xedez. Geroago, Alfred Free biokimikariarekin batera jardun zuen, eta bi urteren buruan, harekin ezkondu zen. Hori horrela, zientziaren arloan ia perfektua izan zen sinbiosi bati hasiera eman zioten.
Asmakizun batetik besteraHelen Diagnostikoen Departamentuan aritu zen. Bertan, zehazki, glukosa, bilirrubina eta gernu eta odoleko beste analitoen gainean iristen ziren laborategi klinikoen probaz arduratzen zen. Bere jarduna, senarrarekin batera, egun ezagutu eta erabiltzen ditugun autodiagnostiko sistemak garatzea izan zen. Lankidetza hari esker, lan aitzindari ugari erdietsi zituzten. Lehenik eta behin, Clinitest-a, paziente diabetikoen gernuko glukosa-mailak neurtzen zuen tableta, hobetu zuten. Urte batzuk igarota, Acetest izenekoa garatu zuten, eta horren ondotik, Clinistix asmatu zuten, aurrekoa hobetu zuen sistema, alegia; 1956an merkaturatu ziren lehen zerrenda erreaktibo kolorimetrikoak. Era berean, beste gaixotasun batzuetarako funtsezko adierazle-mailak probatzeko zerrendak sortu zuen bikoteak. 1975. urterako, guztira, zazpi patente zituen Helenek. Urte horretan bertan, Urinanalysis in Laboratory Practice (Gernuaren analisia laborategian) liburua argitaratu zuten.
Miles Laborategian, beraz, kargu ezberdinak izan zituen; besteak beste, Hazkunde eta Garapen Departamentuan lan egin zuen 1969an, eta urte batzuk igarota, 1976an, Proba Berezien Sistemen zuzendari bihurtu zen. Kimikako lizentziaturaz gain, Medikuntza Arretarako masterra ikasi zuen Central Michigan Unibertsitatean, 1978an. Halaber, Ikerketa Produktuen Dibisiorako Marketin Zerbitzuen zuzendari izatera iritsi zen Bayer Diagnostics laborategi hori zuzentzen hasi zen momentuan.
Helenek 1982an hartu zuen erretiroa, baina ez zuen bere lana guztiz zokoratu. Egun konpainia hartako aholkularia da, baita hezitzaile eta dibulgatzaile zientifikoa ere. Kids and Chemistry eta Expanding your Horizons programen bidez laguntza eman ohi die emakume eta ikasle behartsuei.
Kimikari ospetsuaZientzialari gisa sari mordoa jaso du bere ibilbidean zehar. American Chemical Societyk, adibidez, dibulgazio sari bat sortu zuen haren omenez: Helen M. Free Award in Public Outreach izenekoa. Aipatzekoa da ere, 1993an, elkarte hartako lehendakari izendatu zutela. Era berean, Ameriketako Kimika Klinikoko Elkartea zuzendu zuen 1990ean, eta 2006an, jaso zuen saria. Horien artean, eta agian mediatikoena, AEBtako presidente ohiak, Barack Obamak, duela hamar urte eman zion Teknologia eta Berrikuntzako Domina Nazionala izan zen. Horretaz gain, Garvan-Olin domina (1980) eta Kilby Saria (1996) jaso zituen. Azkenik, National Inventors Hall of Fame zein National Women’s Hall of Fame-n lekua egin zioten.
Mark Twainek behin esan zuen: “Giza burmuinak berez ezin du ezer sortu; hasieratik dagoen materiala erabil dezakegu soilik”. Are pesimistagoa izan zen Estatu Batuetako Patente eta Marken Bulegoko arduradun bat. Elezahar baten arabera, 1899an dimisioa eman zuen gizonak eta bulegoa ixtea gomendatu zuen “asma zitekeen guztia jada asmaturik zegoelako”. Mito honetatik harago, zaila da imajinatzea nola hasi ohi den pertsona bat, edozein egunetan, gauzak asmatzen; eta, hala balitz, pentsatuko al luke asmatzeko ez dela ezer gelditzen? Nola hasi zen Helen bere jardunean? Ideia orok izan ohi du jatorri misteriotsua baita asmatzen duen pertsonarentzat ere.
Iturriak:
- Helen Murray Free, National Women’s Hall of Fame.
- Helen M. Free and Alfred Free, Science History Institute.
- Obama premia a la inventora de las primeras tiras reactivas para análisis de glucosa en orina, Infosalus, 2011ko urtarrilaren 12a.
- Helen M. Free, The University of Akron.
- Al and Helen Free and the Development of Diagnostic Test Strips, American Chemical Society National Historic Chemical Landmarks.
- Helen M. Free (b. 1923), American Chemical Society.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Helen Murray Free (1923) eta proba diagnostikoen iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.
Ramonda myconi landarea, berpiztearen sekretua gordetzen duen Pirinioetako altxorra

1. irudia: Ramonda myconi landarea, Iberiar penintsulako berpizkunde landare bakarra. (Argazkia: Ferran Turmo Gort – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)
Landare hori, gaur egun, “Orfeoren lorea” bezala ezagutzen da (Haberlea rhodopensis), eta Gesneriaceae familian sartzen diren Europako bost espezieetako bat da.
Espezie guztiak kontinentearen hegoaldean daude (Greziako, Ipar Mazedoniako eta Bulgariako mendietan), eta, mitologiak azaltzen duenez, itxuraz, hil ondoren berriz bizitzeko gaitasun harrigarria dute.
Landare mota horiei “berpizkunde landare” esaten zaie. Mundu osoan 300 berpizkunde landare inguru daude. Espezie gehienak tropikoan eta subtropikoan daude, Europako gesneriazeoak izan ezik.
Landare tropikal bat Pirinioetan galdutaPirinioetan, bai ipar isurialdean, bai hego isurialdean berpizkunde landare bakan horietako bat daukagu: Ramonda myconi enblematikoa. Iberiar penintsulan ezaugarri horiek dituen espezie bakarra da.
Ramonda generoaren izena Louis Ramond de Carbonnières botanikari eta esploratzaile frantsesari zor diogu. Egin zituen ekintza gogoangarrien artean, nabarmendu behar da bera izan zela ofizialki Monte Perdido mendia igo zuen lehena.

2. irudia: Ramonda myconi landarea. (Argazkia: Ferran Turmo Gort – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)
Berpizkunde landare izateagatik daukaten berezitasunaz gain, R. myconi espezieak eta Europako gainerako gesneriazeoek ezaugarri oso berezi bat daukate: jatorri tropikaleko landareak dira, garai askoz epelago bateko erlikiak. Horregatik esaten zaie, teknikoki, “landare paleotropikal”.
Landareen morfologiari eta itxurari erreparatuz gero, berehala ikusiko dugu haien ezaugarri tropikala, eta erraz lotuko dugu etxe barruko landare apaingarri batekin; bioleta afrikar ezagunarekin, alegia (Saintpaulia generokoa).
Espezie tropikala denez, harrigarria da hain ondo egokitu izana Europako klimara, eta, batik bat, Pirinioetako ingurune gogorrera. Altitude ertaineko kareharrizko amildegietan egon ohi da, batez ere, baina ia 2 500 metroko altueran ere aurkitu izan da Ordesako Parke Nazionalaren inguruan.
Hosto urtetsu eta iraunkorrak dituenez, goi mendian hain ondo egokitu izanak esan nahi du gai direla tenperatura oso baxuetan bizitzeko, eta hori ezaugarri oso deigarria da espezie paleotropikal baten kasuan.
Duela gutxi egiaztatu dugu bere hostoek zero azpiko tenperaturak jasaten dituztela, baita izotza ere beren barnean, eta, halere, ez dutela bueltarik gabeko kalterik izaten.
Berpizkunde landarea denez eta muturreko hotza oso ondo onartzen duenez, bai tenperatura baxuei, bai lehortzeari arazorik gabe aurre egiteko gai den landare bakanetako bat da. Zein da bere sekretua?
Lehortzea, izoztea, eta saialdian ez hiltzeaSeguru asko ez dago erantzun bakar bat. Hain justu kontrakoa; ezaugarri multzo bati esker da landarerik erresistenteena.
Intuizioaren kontrakoa dirudien arren, lehortzearen eta izoztearen ondorio biologikoak antzekoak dira funtsean. Horrek nolabait justifikatzen du lehorketara aurrez egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izan dela Pirinioetan bizirik irauteko.
Funtsean, landareak, zeluletako lesioak eragozteko, bere mintzak indartzen ditu, egiturazko eta oxidaziozko kalterik ez izateko. Baina babesa ez da maila zelularrera mugatu behar. Hostoak, deshidratatzen direnean, ongi zehaztutako eta ordenatutako patroi bati jarraituz tolestu behar dira, aterki bat ixten denean bezala.

3. irudia: Ramonda myconi landarearen hostoen tolestura. (Argazkia: Beatriz Fernández-Marín)
Horrela, lozorroan eta, itxuraz, heriotzan, ehunak ezkutuan geratzen dira, eta ez dute kalte konponezinik izaten. Beira egoerara ere hel daitezke; egoera horretan, molekulen mugikortasuna oso txikia da. Hala, ehunak ezkutuan gera daitezke, denbora askoan ia kalterik izan gabe.
Ura berriro eskura dagoenean, prozesu osoa leheneratu, eta hostoek egun gutxiren ostean hartzen dute euren itxurarik mardulena. Berpizte une hori da unerik delikatuena. Metabolismoa aktibatzeko hain beharrezkoa den sekuentzian akatsik egonez gero, heriotza eragin diezaioke landareari.

4. irudia: Ramonda myconi-aren itxura aldatu egiten da urtaroen arabera. (Argazkia: José Ignacio García Plazaola)
Gaur egun, munduko landareen fisiologiako laborategi onenetako batzuek aztergai dituzte berpizkunde landareak. Izan ere, bizitzara itzultzeko duten gaitasun ikusgarritik gauza baliagarri asko ikas ditzakegu, nekazaritza jasangarriagoa eta seguruagoa lortzeko eta landare ia suntsiezinak garatzeko.
Harritzekoa bada ere, Salvador Dalík horrelako zerbait pentsatu zuen. 1982an hilzorian egon zen, deshidratatzen saiatu baitzen. Uste zuen horrela hilezkortasuna lortuko zuela, ikusi baitzuen mikroorganismo lehorrak berriz bizi zitezkeela ur tanta txiki batekin.
Batek daki. Beharbada, Orfeoren odol tantak betiko bizitzaren sekretuak argitzeko baliagarriak izango zaizkigu.
———————————————————————————-
Egileez: José Ignacio García Plazaola, Landareen Fisiologiako irakaslea da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean eta Beatriz Fernández-Marín, Landareen Biologiako irakaslea Universidad de La Lagunako Unibertsitatean.
———————————————————————————-
Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2020ko otsailaren 16an: La oreja de oso, una joya del Pirineo que guarda el secreto de la resurrección.
The post Ramonda myconi landarea, berpiztearen sekretua gordetzen duen Pirinioetako altxorra appeared first on Zientzia Kaiera.
Noiz abiatzen da plaka-tektonika?

1. irudia: Plaka-tektonikak, besteak beste, azal dezake Himalaiaren garaiera, munduan gertatzen diren lurrikaren jatorria, Australiako martsupialen agerpena, arroka bolkanikoen ezaugarri kimikoak zein ozeanoen sakonera eta morfologia. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Hastapenetan Lurraren ezaugarri fisiko-kimikoak horren ezberdinak ezen plaketan oinarritu gabeko beste eredu tektonikoren bat izango baitzen nagusi. Plaketan oinarritu gabeko zenbait eredu tektoniko iradoki izan dira Eguzki-sistemako beste planetentzat zein Lur gaztearentzat (Lenardic, 2018). Oro har, plaka-tektonikaren aurreko ereduei buruz hitz egiten denean, mugimendurik ez duen litosfera bat edo noizbehinka mugitzen dena aipatzen dira (alegia, mugimendu gabeko estalkia edo estalki bakarra; stagnant-lid edo single-lid). Baldintza horietan Lurrak beroa askatzen du kondukzioz, mantuko lumekin lotutako prozesu igneoen bidez edo gertakizun katastrofikoen (meteoritoen kolisioak) eraginez litosfera desegin eta berria sortzen denean.
Plaka-tektonikaren aurreko ereduaren ezaugarrietan eta eredu tektonikoen arteko trantsizio-adinaren inguruan dauden zalantzen arrazoiak bi dira (Cawood et al., 2018). Alde batetik, urriegiak direla, Lurraren hastapeneko bilakaera ongi ulertzen lagundu ahal izateko, arroken-erregistroan gelditzen diren azaleramenduak. Bestetik, desadostasunak daudela plaka-tektonikaren agerpena ziurtatzeko erabilitako irizpideetan zein erabilitako datuen esanahiaren eta interpretazioaren inguruan. Ondoren, zalantza gutxi eragiten dituzten datu eta prozesu geologikoetan oinarrituta, plaka-tektonika noiz aktibatuko zatekeen aipatuko da.
Plaka-tektonika ezin da litosfera zurrunik gabe ulertu.Lur gaztean mantuak zuen tenperatura altuaren eraginez orduko litosfera magman inpregnatuta zegoen, eta ondorioz gaur egunekoak baino biskositate eta zurruntasun txikiagoa izan behar zuen. Horrela, esfortzuen transmisiorako egokia ez zen gorputza osatzen zuen. Litosfera zurrunaren hedapena adierazten duten ezaugarri geologikoak ondorengoak dira: kratoien egonkortzea, subsidentzia jasaten duten sustratu egonkorretan garatutako arro sedimentario handiak, haustura hauskorren agerpena eta kratoietan (kontinente-lurrazaleko oso ingurune zaharrak, sortu zirenetik deformaziorik jasan ez dutenak) intruitutako dike-sare lerrokarak. Ezaugarri horiek guztiak Meso-Arkearrean sortzen dira, ugaritu egiten dira Neo-Arkearrean eta nagusi dira Proterozoikoan (2. irudia).

2. irudia: Kratoi desberdinetan 3.2 eta 2.4 Ga bitartean gertatutako plutoien intrusioak, dike mafikoen kokapena, deformazio-fase orokorrak eta plaka-tektonikarekin lotutako sedimentazio-prozesuak. (Irudia: Cawood et al. 2018-tik eraldatuta)
Era berean, kratoi gehienetan ikusten da nola Na-tan aberatsak diren tonalita-trondhemita-granodiorita (TTG) konposizioko granitoideak ordezkatzen dituzten K-tan aberatsak diren granito metaluminiko eta peraluminikoek Arkear berantiarrean (3.0-2.5 Ga) (2. irudia). Aldaketa hori kontinente-litosfera zurrunean gertatutako lurrazalaren loditzearekin baino ezin da azaldu.
Plaken arteko mugetan baino garatu ezin diren sekuentzia sedimentarioak.Fanerozoikoan zehar plaken arteko mugetan baino garatu ez diren sekuentzia sedimentarioak Kanbriarraurrean aurkituko balira, ordurako plaka-tektonikaren eredua martxan egongo zela baieztatuko litzateke. Kontinenteetako ertz egonkorretan, adibidez, plaken apurketa eta urrunketaren eraginez sekuentzia bereizgarria garatzen da. Azpian, kontinente-riftaren fasean metatutako sedimentu klastikoak ageri dira, jatorri kontinental edo lakutarrekoak nagusiki; sarritan ebaporitak ere aurkitzen dira, eta bolkanismo bimodalaren aztarnak daude tartekatuta. Gainean, kontinente-plataforman metatutako sekuentzia siliziklastikoak edo karbonatatuak ageri dira. Horrelako sekuentzia bat aurkitzeak litosferaren bimodalitatea adieraziko luke, eta baieztatuko luke litosfera bloke kontinental eta ozeanikoetan banatuta dagoela. Mota horretako sekuentzia zaharrenak Ipar-Txina, Zinbabwe, Pilbara eta Kaapvaal kratoietan aurkitu dira eta 2750-2500 Ma artekoak dira. Antzeko esanahia izan dezaketen kareharriak era badira, eta, oro har, 2800 Ma baino gazteagoak dira.
Plaka-tektonikaren bereizgarri diren elkarte metamorfikoak.Munduan zehar datatutako arroka metamorfikoak hiru multzotan sailka daitezke adierazten duten gradiente metamorfikoaren arabera (3. irudia): dT/dP altuko, bitarteko eta baxuko gradiente geotermikoak bereizten dira. Gradiente geotermiko baxuko arrokak ozeano-litosfera hotzaren subdukzioarekin lotzen dira eta nagusiki 850 Ma baino gazteagoak dira. Bestalde, bitarteko gradiente geotermikoa eta gradiente altuko arrokak elkarren ondoan ageri dira gerriko metamorfiko bikoitzak eratuz eta, hurrenez hurren, subdukzio/kolisio eremuak eta tenperatura altuko arku-osteak adierazten dituzte. Gerriko metamorfiko bikoitzak plaka-tektonikaren eraginez baino sortu ezin diren egituratzat jotzen dira eta 2800 Ma-tik aurrera ugari dira ezagutzen diren adibideak (3. irudia).

3. irudia: (a) Ertz egonkor zahar eta modernoen adineko histograma. (b) Gradiente metamorfikoaren arabera antolatutako adin desberdineko 456 lurralde metamorfiko. (c) Zirkoietako Hf isotopoen proportzioetan oinarritutako kontinente lurrazalaren hazkuntza-eredua. (d) Itsasoko ur normalizatuaren 87Sr/86Sr kurba eta zirkoien analisiak versus U-Pb adinak. (Irudia: Cawood et al. 2018-tik eraldatuta)
Deformazio-egiturak.Akrezio- eta kolisio-orogeno luze eta lerrokarak arruntak dira Fanerozoikoan eta Proterozoikoan, plaken mugimendu horizontalaren adierazgarri. Gainera, mugimendu horizontalen eraginez garatutako toles zein zamalkadurek egitura luzangak eratzen dituzte. Kratoietan antzeko egitura lerrokarak bereiz daitezke, baina askoz laburragoak dira eta gehienetan geometria zirkularreko domo- eta gila-egituretan antolatuta daude. Egitura ekidimensional horiek gorputz granitikoen mugimendu diapiriko bertikalen eraginez sortzen direla onartzen da. Kratoietako domo- eta gila-egiturak modu mailakatuan ordezkatzen dira deformazio-egitura lerrokarez 3.1 Ga-tik aurrera (3. irudia), litosfera deformatzen duten mugimendu bertikalak mugimendu horizontalez ordezkatzen direla adieraziz.
Subdukzioaren jatorriari buruzko eztabaida.Subdukzioa da plaka-tektonikaren prozesu adierazgarrienetarikoa, ozeano-gandorretan sortutako ozeano-litosfera berriro mantuan desagertaraztea eragiten duena, Lurraren bolumena konstante mantenduz. Subdukzioak hainbat ezaugarri propio ditu, besteak beste, bertan sortutako arroka igneoen kimismoa, arroka metamorfikoen P-T baldintzak edo arroka horien deformazio-egiturak. Beraz, horrelako ezaugarriren bat aurkituko balitz plaka-tektonikoaren eredua martxan egon zitekeela adieraziko luke. Ugari dira Arkearrean nolabaiteko subdukzioa aktiboa zela adierazten duten froga geologikoak, eta Hadearrerako ere aurkitu dira. Froga horiek erabili dira plaka-tektonika Lurraren hasieratik aktiboa izan dela esateko. Baina azken ereduek erakusten dute Lur gaztean subdukzio-prozesu lokalak gerta zitezkeela, meteoritoen talken bitartez, edo mantuko lumek eragindako konpresio-esfortzu lokalen eraginez sortuak (Cawood et al., 2018). Horrelako subdukzio-eremuak espazioan mugatuak, denboran laburrak eta plaken mugimendua gidatzeko indarrik gabekoak dira, eta ez dute, gainera, zerikusirik plaka-tektonikarekin lotutako subdukzio-eremuekin.
Ondorioz, subdukzioaren frogak aurkitzea soilik ez da nahikoa plaka-tektonikoa aktiboa izan zela adierazteko.
Froga paleomagnetikoak.Paleomagnetismoaren bitartez denbora geologikoan zehar plakek izan dituzten mugimendu horizontalak zehatz daitezke. Gauza bera egin daiteke kratoiekin. Teknika paleomagnetikoak erabiliz neurtu diren kratoien arteko mugimendu horizontal zaharrenak eta, ondorioz, plaka-tektonikarekin harremana izan dezaketenak, 2.8-25 Ga ingurukoak dira (Cawood et al., 2006).
Arkearreko kontinente-litosferaren aldaketak.Kontinente-lurrazalak eta dagokion mantu litosferikoak aldaketa nabarmenak jasan zituzten Meso- eta Neo-Arkearrean zehar (3.2-2.5 Ga). Kontinente-lurrazalaren konposizioa batez ere mafikoa izatetik (MgO-tan %15eko edukia orain dela 3.0 Ga), konposizio andesitikora (MgO-tan %4ko edukia orain dela 2.5 Ga) eraldatu zen, gaur eguneko kontinente-lurrazalaren antzera (Tang et al., 2016). Hain aldaketa nabarmena ezin da soilik mantuko tenperatura jeitsiera batekin azaldu, aldaketak ere behar dira kontinente-lurrazaleko eraketa-prozesuetan.
Beste alde batetik, kratoien barne-uraren gainetik azaleratutako estreinako lurralde igneo erraldoia (LIP: Large Igneous Province) orain dela 3.0 Ga garatu zen. Harrez geroztik, kratoi guztietan garatu ziren antzeko egiturak Arkearra bukatu aurretik. Mota horretako prozesu bolkanikoak gertatu ahal izateko nahitaezkoa da kratoien epe luzeko loditzea eta egonkortzea.
Laburbilduz, Arkear berantiarrean izandako aldaketa guztiak, hau da, kontinente-lurrazalaren konposizio- eta lodiera-aldaketak, kontinente-lurrazalaren higadura eta birziklatze proportzio altuagoak, airepeko lurralde igneo erraldoien agerpena eta prozesu magmatikoen konposizio-aldaketak, denak, kratoien egonkortze orokorraren ondorio dira. Aldaketak ez dira simultaneoak kratoi guztietan, baina 3.2 eta 2.5 Ga bitartean kratoi guztietara hedatzen dira. Horregatik, gaur eguneko datuak erabiliz, plaka-tektonika 3.2 eta 2.5 Ga bitartean gertatutako aldaketa progresiboen ondorio dela baino ezin da baieztatu.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Apraiz, A. Plaka-tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), 2004, Bilbo.
- Cawood, P.A., Kröner, A. eta Pisarevsky, S.A. (2006). Precambrian plate tectonics: criteria and evidence. GSA Today, 16 (7), 4-10. DOI: https://doi.org/10.1130/GSAT01607.1
- Rost, Sebastian (2013). Core-mantle boundary landscapes. Nature Geoscience, 6, 89-90. DOI: https://doi.org/10.1038/ngeo1715
- Tang, M. Chen, K. Eta Rudnick, R.L. (2016). Archean upper crust transition from mafic to felsic marks the onset of plate tectonics. Science, 351 (6271), 372-375. DOI: https://doi.org/10.1126/science.aad5513
- Lenardic, A. (2018). The diversity of tectonic modes and thoughts about transitions between them. Philosophical Transactions of the Royal Society of London, 376 (2132), pii: 20170416. DOI: http:dx.doi.org/10.1098/rsta.2017.0416
- Cawood, P.A., Hawkesworth, C.J., Pisarevsky, S.A., Dhuime, B., Capitanio, F.A. eta Nebel, O. (2018). Geological archive of the onset of plate tectonics. Philosophical Transactions of the Royal Society of London, 376 (2132), pii:20170405. DOI: https://doi.org/10.1098/rsta.2017.0405
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Noiz abiatzen da plaka-tektonika? appeared first on Zientzia Kaiera.
Udan, ekidin beroa irabaztea, eta saiatu galtzen
Labur-labur esanda, udan, beroa irabaztea ekiditen eta beroa galtzen egin behar da ahalegina. Geure bero iturri nagusia metabolismoa bera denez (animalia endotermoak gara), zenbat eta jarduera gutxiago egin, orduan eta bero gutxiago ekoitziko dugu, eta, beraz, gutxiago berotuko gara. Horrenbestez, komeni da ariketarik fisikorik batere ez egitea. Erne: pentsatzea, irakurtzea eta ikastea ez dira jarduera fisikoak. Eta ingurunea geure bero iturri nagusia ez bada ere, ez da komeni ingurune berotan egotean, ur berotan bainatzea edo eguzkia hartzea. Bistan da, eguzkitan korrika egitea ez da egin daitekeen gauzarik onena.

Irudia: Haur bat uretako flotagailu batekin. (Argazkia: Arek Socha – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)
Organismoak hiru bide ditu beroa galtzeko. Bata, ukitzen den material bati zuzenean transferitzea. Eroapen deritzo objektu bati transferitzen zaionean, eta konbekzio, fluido bati transferitzean. Bide horretatik transferitzen den beroaren intentsitatea gorputzaren eta ukitzen duen materialaren arteko tenperatura aldearen mende dago. Zenbat eta alde handiagoa, orduan eta gehiago transferitzen da. Eta ur masa bati gehiago transferitzen zaio aire masa bati baino. Askoz ere freskagarriagoa da 17 ºC-tan dagoen uretan bainatzea tenperatura horretan uretatik kanpo, lehor eta biluzik egotea baino.
Beste transferentzia bide bat da erradiazio infragorrien emisioa (argi ikusgarriak baino luzera handiagoa duten uhin elektromagnetikoak). Tenperatura desberdinetan dauden objektuen artean gertatzen da, hotzenetik berora, eta alde termikoaren araberakoa da transferentzia intentsitatea. Udan, erradiazioa transferentzia modu gogaikarria da; izan ere, bero denean, normalean, gure inguru hurbileko objektuak eta materialak geure organismoa bezain bero edo, asko jota, zertxobait hotzago daude. Horrenbestez, ez da erraza era horretan beroa galtzea udan; ziur aski, irabazi egingo dugu.
Azkenik, lurruntzea geratzen zaigu. Hori da mekanismorik eraginkorrena beroa galtzeko. Organismotik lurruntzen den likidoa arnas bideetako hezetasunaz (perspirazioa) eta izerdiz (transpirazioa) osatuta dago. Perspirazioa ezin dezakete fisiologikoki kontrolatu gizakiek (txakurrek bai, hatsankaren bidez), bai ordea transpirazioa. Lurrunketa oso erabilgarria da freskatu egiten gaituelako, ingurunea geure gorputza baino beroago egon arren. Izan ere, lurrunketak bero ekarpen bat behar du; larruazalak galtzen du beroa, giroko airea baino hotzago egonda ere. Hozteko modu oso eraginkorra da, ur mililitro bat lurruntzeko 560 kaloria behar direlako, hots, bolumen hori bera 0 ºC-tik 100 ºC-ra berotzeko behar dena baino 5,6 aldiz gehiago.
Lurrunketak bi muga ditu. Lehena, ura edan behar dela izerdian galdutakoa birjartzeko, behar bada, gatzarekin. Horregatik da garrantzizkoa edatea, bero dagoenean. Eta bigarrena, lurrunketaren intentsitatea murriztu egiten dela inguruneko hezetasuna areagotu ahala; giro hezeak horregatik izaten dira itogarriak.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Udan, ekidin beroa irabaztea, eta saiatu galtzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #303
COVID-19ari aurre egiteko gizakietan probatu den lehen txertoak emaitza onak eman ditu lehen fasean: mRNA-1273 du izena. Lehen txertoak urte amaierarako edo 2021aren hasierarako prest izango lituzkete. Zertan datza txerto berria? Ez galdu Elhuyar aldizkariak eman dituen xehetasunak.
COVID-19 gaixotasun berri honekin kutsatutako pazienteek pairatzen dituzten sintomak dira, besteak beste, sukarra, eztul lehorra, aire falta eta arnas ezintasuna. Baina badirudi horiekin batera, beste batzuk ager daitezkeela, hala nola anosmia edo usaimenaren galera. Horretaz gain, larruazaleko sintomak ere antzeman dira British Journal of Dermatology aldizkariak aipatzen duen moduan. Miren Basarasek eman digu gaixotasun honen ezohiko sintomen berri.
Facebooken bidez egindako ikerketa batean ikusi dute gutxik dutela txertoaren kontrako jarrera baina horiek besteek baino interakzio gehiago dutela. Horretaz gain, Berriako testu honetan azaltzen digute Frantzian konfinamenduaren inguruan egindako galdeketa batean ikusi dute lau biztanletatik batek uko egingo liokeela COVID-19aren aurkako txertoari. Zein da munduaren jarrera txertaketaren inguruan?
Princeton Unibertsitatean egindako ikerketa batek jakinarazi du tokiko ezaugarri klimatikoek ez dutela eraginik izan pandemiaren lehen olatuan, hau da, hezetasunak eta tenperaturak ez dute eraginik izan izurriaren hedapenean. Ikertzaileen esanetan, birusaren hedapena ez da urtaroekin aldatuko, ez bada populazioren portaera aldatu egiten dela. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.
Zertaz hiltzen da jendea munduan? Datu interesgarriak bildu ditu Juan Ignacio Perez Iglesiasek: munduan urtean 56 bat milioi pertsona hiltzen dira. Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza arrazoi nagusia. Gaixotasun infekzioen ondorioz gertatzen diren heriotzak, heriotza guztien %19 dira. Haurrei dagokienez, ia %4 bost urte bete aurretik hiltzen da eta heriotza arrazoi nagusia arnas infekzioak dira.
GenetikaGoizean esnatzen gaituen edaria da kafea, ezin diogu hori edateari utzi, magikoa da. Koldo Garciak horri buruz hitz egin digu, zehazki, kafearen gene-ezaugarriak izan ditu mintzagai. Arabika kafea da gehien kontsumitzen duguna eta berriki haren genoma sekuentziatu duikertzaile talde batek. Kafe honen sekretua ezagutu nahi duzu? Benetan bitxia da. Ez galdu!
Genetikarekin jarraituz, Garciak artikulu honetan etxabereekin dugun harremanak gene-mailan duen eragina aztertu du. Horretarako, txerriak eta bere sahiets estrak izan ditu mintzagai. Baina horiek ez dira bakarrak. Badira euren gene-ezaugarriak moldatu dizkiegun animaliak. Etxabereen gene-ondarea gure beharretara moldatu dugula dio.
Gure genoman, gene-osagai kooperatiboak eta gene-osagai bizkarroiak daude. Lehenengoek funtzio biologikoak burutzeko elkarlanean lan egiten dute; besteek bere burua kopiatzea besterik ez dute egiten. Bigarren mota honen azalpenak aurkituko dituzue testuan.
Horretaz gain, Garciak mutazioak eta espezien kontserbazioa gaiari eta honetan oinarritu den ikerketa-lan bati heldu dio honetan.
Normaltasuna izan da artikulu honen erdigune. Garciak ez digu hitz egin normaltasun berria baizik eta estatistikan erabiltzen den kontzeptu batez, balioen banaketa bat izendatzeko erabiltzen denaz, alegia. Adibide batzuekin ulerterraza egin du azalpena.
Emakumeak zientzianUruguai eta munduko gainontzeko lurraldeak lotzen dituen zubi moduko bat da Ida Holz. 80ko hamarkadaren amaieran, bere herrialdeko posta elektronikoko lehen konexio egonkorra sortzea, eta, 1993an, Interneta Uruguai osoan zabaltzea erdietsi zuen. Internet Hall of Fame-n lekua egin zioten; horrela, lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen.
AstronomiaElhuyar aldizkariaren arabera, planeta baten jaiotza behatu dute. Azken urteotan, Europako Behatoki Australak (ESO) Auriga konstelazioan sortzen ari den izar-sistema baten zantzuak aztertu ditu. Ikertzaileen arabera, izarraren inguruko hautsezko eta gasezko disko trinkoan perturbazio txiki bat ikusi dute.
Kultura zientifikoaOsasun krisi honetan zehar, ikerketa zientifikoak asko ugaritu dira COVID-19aren inguruan. Normalean, aldizkari espezializatuek hilabeteak behar dituzte artikuluak zuzentzeko eta publikatzeko baina orain, askok prepint izenekoak hobetsi dituzte (aldizkarien oniritzia jaso bitartean, euren lanak igotzen dituzte). Berriako testu honetan “Informazio tsunamiari” buruz hausnartu dute eta tartean konponbideak ere proposatu dituzte.
Ildo horri jarraiki, hainbeste informazioren artean, ikertzaileek behar dituzten artikuluak eta dokumentuak bilatzen laguntzeko badira erramintak; horietako bat da Ixako ikertzaileek garatu duten neurona-sareetan oinarritutako sistema. Sistema horrek, dokumentu batzuk emanda, galdera baten erantzunik onena topatzen ikasten du dokumentu horietan.
Zertan desberdintzen dira zientzia eta sasizientzia? Faltsugarritasuna izan daiteke gakoa. Karl Popperren esanetan, zientzia faltsutu egin daiteke, alegia, posible da teoria jakin bat ezeztatzeko esperimentu bat diseinatzea. Testu honetan aipatzen den moduan, proposamen zientifikoek gezurtagarriak eta errepikagarriak izan behar dute.
BiologiaBangaloreko (India) Biologia-zientzien Zentro Nazionaleko ikertzaile talde batek, errealitate birtuala erabiliz, euliek nola hegan egiten duten aztertu du. Horretaz gain, ikusi dute intsektuek aire-fluxuak eta usaina ere erabiltzen dituztela erabakiak hartzeko. Artikulu honetan topatuko duzue informazio osagarria
TeknologiaTxatbotak, elkarrizketa-agente birtualak, euskaraz komunikatzeko gai izango dira. Honen gainean, Elhuyarreko I+Gko taldeak euskarazko txatboten teknologia sortzea helburu duen ikerketa abiatu zuen 2019an. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu honi buruzko xehetasunak.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #303 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #307
Berotegi efektuko iturri nagusitzat trafikoa hartu eta horretan zentratzen gara klima-aldaketari aurre egiteko. Baina ez da iturri bakarra. Industria kimikoa emisio iturri hanndia da eta bere bolumena produktu bat sintetizatzeko behar diren pausu kopuruarekin lotuta dago. 30 sintesi pausu baino gehiago izan ditzake botika batek, esaterako. Pausu kopurua murriztea, beraz, interes ekonomiko eta ingurugiro interesa du. Hona fotokatalizatzaile polinuklearren garrantzia: Polynuclear photocatalysts, a new generation? Daniel González-Muñozen eskutik.
Mutazio bakar batek eguna eta gaua banatu ditzake pertsona batengan. Rosa García-Verdugoren A mutation could protect from familiar Alzheimer’s cognitive decline.
Ingurunearekin elkarrekintza dela eta errelebantzia makroskopikoko egoera kuantikoak desagertzen direla topatzen dugu, ezta? Bada, ez beti. DIPCren High temperatures and strong random interactions need not destroy many-body quantum entanglement
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #307 appeared first on Zientzia Kaiera.
‘Matrix’ moduko mundu txikia sortu dute eulientzat, eta primeran moldatu dira
Bereziki uda eta beroa datozenean konturatzen gara euliak zinez izaki astunak direla. Ados, bai; zalantza barik, hori ikuspegi antropozentrikoa da. Eurentzat, seguruenera… gu bai astunak! Beti hegan egiteko eremuaren erdian gauden izaki erraldoi mugikorrak gara. Azukrez eta esne-gain goxoez betetako izozki horren bidean, erdi-erdian kokatzen diren oztopo gogaikarriak, hain justu.

1. irudia: Esperimentuan egiaztatu dute euliak gai direla sakonera bereizteko, paralaxia erabilita. Horretarako, hiru dimentsioko agertoki birtuala prestatu dute. (Argazkia: Shoot for Science / D. Kakara / D. Yadav / S. Olkar / P. Sil)
Baina, astunak izateaz gain, euliei aitortu behar zaie hegalari bikainak direla. Hain trebeak izanik, intsektu ñimiño horien hegaldia aztertzea zinez zaila da. Horretan lagungarri izango delakoan, Bangaloreko (India) Biologia-zientzien Zentro Nazionaleko ikertzaileek Matrix moduko mundua sortu dute eulientzat. Bai Matrix. Izan ere, kontua ez da soilik hiru dimentsioko mundu birtual txikia sortu dutela, zeru, mendi, belar, lore, zuhaitz eta guzti. Horrez gain, mundu errealean dauden beste zenbait ezaugarri txertatu dituzte, hala nola haizea irudikatzen duten aire-fluxuak edota usain-zutabeak. Funtsean, gezurrezko soro baten parekoa eskaini diete.
Paisaia, haizea, usainak… Alabaina, esperimentuan zehar intsektuak tramankulu berezi bati lotuta egon dira denbora osoan, laborategiaren barruan. Ez omen da erraza izan amarrua sortzea: hiru urte eman dituzte gailua prestatzen. Zientzialarien esanetan, haizearen eta usainen irudikapena izan da lanik latzena.
Ez dituzte jarri zomorrotxoak pilula urdinaren ala gorriaren artean aukeratzeko atakan, baina benetan interesgarria izango litzateke jakitea euli horiek haien mundu berri horretan zerbait arraro sumatzen ote duten. Printzipioz, badirudi ezetz. Izan ere, euliak ondo moldatu dira errealitate birtualeko simulagailuan, PNAS aldizkarian agertutako zientzia artikulu batean azaldu dutenaren arabera.
Helburua ez da izan, noski, euliekin jolas egitea, haien jokabideari buruz gauza gehiago ikastea baizik. Oro har, intsektu hegalariek duten perspektibaren ikuspuntua jaso nahi izan dute. Biologoek ondo ezagutzen dute intsektuak ederki asko moldatzen direla hegan, bai janaria zein bikotekidea aurkitzeko, baina zientzialariek oraindik ez dute ondo ulertzen intsektuek urruneko objektuak aurkitzeko paisaiaren zein ezaugarri erabiltzen dituzten, ezta estimulu horiek guztiak nola bateratzen dituzten ere. Horretan sakondu nahi izan dute oraingoan, intsektuek erabakiak hartzeko zer irizpide kontuan hartzen dituzten argitu aldera. Jasotako estimulu horiei erantzunez, intsektuak hegoak mugiten ditu, benetan hegan egiten ari balitz bezala, eta mugimendu horren arabera ere erantzuten du pantailak.
Simulagailuan Diptera ordenako lau espezierekin aritu diren arren, sakonen ikertu dutena sagarraren eulia (Rhagoletis pomonella) izan da. Horren aukeraketaren arrazoia izan da animalia espezialista dela: sagastiak baino ez ditu gogoko. Hortaz, ikertzaileei erraza egin zaie estimulua aukeratzea: sagasti usaindun goxoak.

2. irudia: Besteak beste, sagarraren eulia espeziea erabili dute esperimentuetan. Gailuari lotuta, hiru dimentsioko irudiak, aire-fluxuak eta usainak eskaini dizkiote. (Argazkia: Shoot for Science / D. Kakara / D. Yadav / S. Olkar / P. Sil)
Egiaztatu ahal izan dutenez, lau espezieak gai izan dira loreak zein zuhaitzak erraz aurkitzeko, euren eguneroko jardunetan gogokoen dituzten lekuak, hain zuzen (bertan ugaldu, elikatu eta arrautzak errun ohi dituzte). Hortaz, testuinguru konplexu batean, objektu birtualen tamaina eta distantzia hautemateko gai dira euliak.
Sagarraren euliak perspektiba eta mugimenduaren paralaxia baliatzen dituela frogatu dute ikertzaileek. Azaldu dutenez, tamaina bereko bi zuhaitz aurkeztu dizkiote euliari, baina horietara hurbildu ahala, zuhaitzetako bat gehiago handitu dute. Intsektuak handitutako bigarren zuhaitz horretara jotzen du, sakonera hautemateko paralaxia baliatuz.
Intsektuek aire-fluxuak zein usainak ere baliatzen dituzte, nabigazioan aurrera egin ahal izateko eta frutaren usaina ei duten inguru birtualetara hurbiltzeko. Haizeak bereziki bestelako estimulurik ez dagoenean du garrantzi gehien eulientzat. Usainaren kasuan, berriz, egileek ikusi dute euliari ez zaiola nahikoa janaria aurkitzeko, eta ikusmenaren beharra duela. Beraz, intsektu hauen nabigazioa bederen faktore hauen guztien batuketan hobetzen dela azaldu dute.
Biologiaren alorrean, lortutako emaitzak izurriteen kontrola, polinizazioa zein gaixotasunen bektoreen kudeaketan estrategia hobeak prestatzeko erabili ahal izango direlakoan daude egileak. Baina ondorioak ez dira biologia hutsera mugatzen. Adimen artifizialean, robotikan edota Interneteko bilaketa protokoloetan algoritmo eraginkorrak bilatzeko zantzuak eman baititzake lan honek, egileen arabera.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kumar, Kaushik, P., Renz, M., Olsson. S. B., (2020). Characterizing long-range search behavior in Diptera using complex 3D virtual environment. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS). DOI: 10.1073/pnas.1912124117.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post ‘Matrix’ moduko mundu txikia sortu dute eulientzat, eta primeran moldatu dira appeared first on Zientzia Kaiera.
Ida Holz Bard (1935) ingeniaria: Uruguaitik mundura
2013. urtean, bere ibilbide zientifikoko gailurrera iritsi zen ingeniaria, Internet Hall of Fame-n lekua egin zion Internet Societyk; horrela, lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen. “Eskualdeko norbaiti eman behar zitzaion saria, eta ni nintzen guztion artean zaharrena”, azaldu zion Redacción 180-ri. Esandakoak honakoa baieztatzen du: ingeniari bikaina bezain xumea dela gure protagonista.

1. irudia: Ida Holz ingeniaria 2018. urtean. (Argazkia: Richard Paiva / UCUR)
70eko hamarkadaren hasieran, Uruguaiko informatika-ikasleen aurreneko belaunaldietakoa izan zen Holz, Errepublikako Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean ikasi zuena. Esparru horretan sartzea lan neketsua izan zen; izan ere, berak elkarrizketa batean adierazi zuenez, “Uruguai oso herrialde kontserbadorea da, eta zaila da oso bertan aldaketak gauzatzea”.
Hala ere, 80ko hamarkadaren amaieran, bere herrialdeko posta elektronikoko lehen konexio egonkorra sortzea, eta, 1993an, Interneta Uruguai osoan zabaltzea erdietsi zuen. Gainera, Ceibal Egitasmoa bultzatu zuen, 2007an sortutako gizarte- eta hezkuntza- proiektua da, eskola-adineko haurrentzat eta eskola publikoko irakasleentzat eramangarrien erabilerak duen garrantzia islatzen duena, hain zuzen. Holzen ustetan, “ikastetxe pribatu bat ordaindu ezin duten” umeengana iristen den plana da eta halako tresna bat izatea beharrezkoa da, “haurrak ikertzaile txikiak direlako”.
Atzerritik UruguairaIda Holz 1935ean jaio zen, poloniar jatorriko familia judu batean. 18 eta 22 urte bitartean Israel izan zuen bizitoki. Bertan, armadan eta kibbutz batean -nekazaritza-etxalde kolektibo bat- lan egin zuen. Uruguaira itzuli zenean, arkitektura ikastea otu zitzaion baina laster batean uxatu zuen burutazio hori; egunean zehar lan eginda, ezinezkoa izango zitzaion ikastea. Horregatik, Artigas Irakasleen Institutuan ikastaro bat egitea erabaki zuen, matematikak irakasteko xedez. Orduko matematika-logika irakasleak Errepublikako Unibertsitateak eskaintzen zuen konputazio ikastaro baten berri eman, eta bertan izena ematea iradoki zion. Halaxe egin zuen.
1964an, Anhelo Hernández artistarekin ezkondu zen eta, 1976an, biek Mexikora alde egin zuten, Uruguain 1985era arte iraun zuen diktadura ezarri zenean. Denbora horretan, kargu ugari izan zituen: Politika Ekonomiko eta Sozialeko Zuzendaritza Nagusian lan egin zuen eta urte batzuk igarota, Estatistiken Institutu Nazionalean aritu zen, esaterako. Ildo horri jarraiki, Mexikoko Gobernuak bertako zuzendaritza eskaini zion, baina Holzek nahiago izan zuen bere jaioterrira itzuli. Gauzak horrela, 1986an, Errepublikako Unibertsitateko Informatika Zerbitzu Nagusiko (SeCIU) zuzendaritzara heldu zen; lanpostu horrek informatikan aurrera egiteko balio izan zion, besteak beste. Hori gutxi balitz bezala, 2005ean, Gobernu Elektronikoaren eta Informazio eta Jakintzaren Gizartearen Agentziako (AGESIC-Agencia de Gobierno Electrónico y Sociedad de la Información y del Conocimiento) Ohorezko Zuzendaritza Kontseiluko kide izendatu zuten.

2. irudia: 2015eko urriaren 21ean, Uruguaiko posta zerbitzuak, Pertsona Ospetsuen serieko bi zigilu kaleratu zituen, horietako bat Ida Holz ingeniariaren omenez izan zen. (Argazkia: Errepublikako Unibertsitatea)
Internet Hall of Famen sartzeaz gain, informatika arloan egindako lana islatzen duen sari mordoa irabazi du bere bizitzan zehar. 2009an, adibidez, LACNIC-ek ematen duen Ibilbidearen Saria lortu zuen. 2014an, “Moña de Honor” izenekoa irabazi ere egin zuen, eta, urtebete geroago, bere omenez, Correoseko Administrazio Nazionalak “Uruguaiko pertsona ospetsuak” serieko zigiluak jaulki zituen haren aurpegiarekin. Era berean, duela hiru urte, Ceibal Planaren urteurrenean, bere ibilbidea omentzeko saria jaso zuen. Proiektu horrek oraindik bizirik darrai baina haren ustez, “irakasleak gehiago eta hobeto prestatu behar dira jada existitzen den eta etorkizunean izango den mundu baterako”.
Sare akademiko esklusibo baten beharra85 urterekin, erretiroa hartuta, ez du bere karrera bukatutzat eman. Azken urteetan Uruguain ikerketarako sare esklusibo bat eratzen aritu da. Elkarrizketa batean azaldu zuen hori egitearen garrantzia: “Etxean darabilgun abiadura ez da egokia, sare akademiko aurreratuek zuntzaren zati esklusibo bat dute ikerketarako eta akademiarako, eta horiek ez dira mundu komertzialarekin lehiatzen”. Hala ere, badirudi Uruguaiko Telekomunikazioen Administrazio Nazionalak (Antel) oztopoak besterik ez dituela jartzen. Azaldu duenez, konpainia hori sektore publikoaren hornitzaile bakarra denez, “beti ikusi du sare akademikoa arerio gisa”.
Bere elkarrizketa batzuetan, Ida Holzek “aurrera egitearen eta akatsari beldurrik ez izatearen” garrantziaz mintzo da, “akatsetik asko ikasten baita“. Historian zehar zientziak erakutsi du huts egiteak aurrera eginarazten dizula ezinbestean. James Joyce idazleak zioen hanka sartzeak aurkikuntzaren atariak direla. Eta argi dago Holz horietako askotatik igaro dela.
Iturrirak:
- Ida Holz: “Hay que cambiar todo en la educación: desde las estructuras hasta las formas de conducción”, Otras voces en educación, 3 diciembre 2017
- Ida Holz, EcuRed
- Un homenaje para Ida Holz, El Observador, 22 julio 2013
- La uruguaya Ida Holz designada al Salón de la Fama de Internet, OEI
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Ida Holz Bard (1935) ingeniaria: Uruguaitik mundura appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia eta sasizientzia

1. irudia: Medikuntzaren arloan egiten ditu kalte gehien sasizientziak, ebidentzian oinarritzen ez diren tratamenduak sustatzen dituelako. (Argazkia: cenczi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Muga benetan lausoa da kasu askotan eta ez da erraza definizio zehatzak ematea. Arazo horretaz konturatuta, Karl Popper filosofoak muga hori ezarri nahi izan zuen: faltsugarritasuna. Zientziaren eta sasizientziaren arteko demarkazioa finkatzeko, Popperrek adierazi zuen zientzia faltsutu egin daitekeela, alegia, posible dela teoria jakin bat ezeztatzeko esperimentu bat diseinatzea. Sasizientzien kasuan, sarritan ezinezkoa da esperimentu bat diseinatzea haren oinarriak deuseztatzeko. Esaterako «ardi guztiak zuriak dira» faltsugarria da; izan ere, zuria ez den ardi bat bilatzea nahikoa litzateke «ardi guztiak zuriak dira» gezurra dela frogatzeko. Popperren arabera, sasizientzia gehienen printzipioak hain dira anbiguoak ezen ezinezkoa baita haiek gezurtatzea. Gezurtagarriak ez direnez, ezin da frogatu faltsuak diren edo ez. Horrexetan dago sasizientzien arrakasta. Ondorioz, sasizientziei aurre egiteko eszeptikoak izaten ikasi behar dugu.
Sasizientzia batzuk diotena horrela balitz, Fisikaz eta Kimikaz orain arte dakiguna zalantzan jarriko lukete. Esaterako, homeopatiaren oinarriak bateraezinak dira oinarrizko kontzeptu kimikoekin -Avogadroren zenbakia, esaterako-. Horrelako baieztapenak egiteko, jakina, ebidentzia asko eta oso sendoak beharko lirateke.
Proposamen zientifikoak gezurtagarriak eta errepikagarriak izan behar dute. Sasizientziak aldaezinak dira eta zientzia, aldiz, aldatu egiten da ebidentzia berriak dauden neurriak. Nolabait esateko, zientzia kritikoa da bere buruarekin eta ohiko jarduera da berrikuspen hori egitea. Informazio guztia aztertu behar da, metodo estatistiko egokiekin, eta ez bakarrik teoria jakin bat babesten duten esperimentuak aukeratu. Horretarako, metodo zientifikoak plangintza zehatzak eskatzen ditu esperimentuak diseinatzeko. Esperimentuak errepikagarriak izan behar dira munduko edozein laborategitan eta, oro har, baieztapen zientifikoak -medikuntzaren arloan, esaterako- nahiko zuhurrak izaten dira. Ez da ohikoa terapia batek edozein gaixori edozein gaixotasun sendatzeko baliagarria izatea, sasizientzia askok baieztatzen duten bezala.
Ebidentzian oinarritutako medikuntzaMedikuntza da sasizientziaren leku atseginenetakoa; izan ere, geure osasuna arriskuan dagoenean errazago joko dugu ahal dugun guztia egitera, ondo edo gaizki egon. Lehen arazoa definizioetan dugu. Medikuntza konbentzionala eta alternatiboa aipatzen direnean, badirudi alde batetik medikuntza tradizional, zahar bat dagoela eta beste aldetik medikuntza berri bat, aurrekoari kontrajarrita. Medikuntza integral edo osagarri ere baderitzo eta, sarri askotan, ez dago argi zertaz hitz egiten den. Hain zuzen ere, medikuntza alternatibo deitzen den horretan ebidentzia zientifikoan oinarritutako tratamendurik badago, ohiko medikuntzan sar daiteke arazorik gabe, hortaz, definizioak berak nahasgarriak dira oso. Munduko Osasun Erakundeak berak dio medikuntza osagarria onartu behar dela ebidentzia zientifikoan oinarritzen bada, baina, ebidentzia zientifikoan oinarritzen bada Medikuntza da, abizenik gabe.
Medikuntza bitan banatzen da: zientifikoa eta ez-zientifikoa. Medikuntza zientifikoa ebidentzian oinarritutako medikuntza da -konbentzionala edo alternatiboa izan- eta horrexek pasa ditu eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko frogak. Ebidentzian oinarritzen ez den medikuntza, aldiz, arriskutsua da. Arriskutsua da ekintzagatik -alegia, tratamendua osasunarentzat kaltegarria da- edo omisioagatik. Azken horiek arriskutsuak dira; izan ere, tratamendua kaltegarria ez bada ere –homeopatia, kasu-, tratamendu hori hartzeagatik beste bat bazter daiteke eta horrek kaltea eragin dezake: gaixotasuna areagotu egin daiteke eta benetako tratamendua hartzeko beranduegi izan daiteke.
Zergatik funtzionatzen dute orduan, zenbait kasutan, sasiterapiek? Bada, hasteko, gaixotasun asko ziklikoak dira eta ziklo horiek aldi hobeak eta aldi okerragoak dituzte. Sasimedikuntzan sinesten dutenek sarritan zikloen aldaketa horiek hartutako tratamenduekin lotzen dituzte, baina, hori pertzepzio pertsonala bakarrik izan daiteke. Beste kasu batzuetan gaixotasunak arinak dira, hau da, immunitate sistemak aurre egiten die eta denborarekin sendatzen dira. Alabaina, tarte horretan pilula homeopatikoak hartu badira, baliteke horri esleitzea gaixotasuna sendatu izana. Horrexegatik dira hain garrantzitsuak saiakuntza klinikoak, horiek baitira informazio fidagarria lortzeko modu bakarra. Bestalde, kasu batzuetan sasiterapiak eta terapiak batera hartzen dira eta, hortaz, sendatu ostean ezin da jakin zein izan den sendagaia. Azkenik, plazebo efektuaren eragina ere aski frogatuta dago: sendatuko zarela uste izateak berak senda zaitzake. Hala ere, sasiterapien alde egotea plazebo efektuarengatik bakarrik ez da zentzuzkoa. Plazebo efektuak sendatu baino gehiago mina arintzen laguntzen du. Mina arintzeko medikuntzak baditu hainbat tresna eta, gainera, plazeboa sendagaia bailitzan saltzea ez da bidezkoa, iruzur egitea da.
Nola bereizi zienzia eta sasizientzia?Zientzia eta sasizientzia bereiztea zaila da eta, gainera, askotan mugak oso lausoak dira. Alabaina, zenbait gomendio proposatu dira bereizketa hori egiten laguntzeko. Lehenik eta behin, aurkezten denaren helburua zein den aztertu behar da. Oro har, zientziak Unibertsoaren funtzionamendua azaldu nahi du, baina, sasizientziak ideologia bat hedatu nahi du, gehienetan, diru truke. Zientzia aldatu egin daiteke, hau da, ebidentziak frogatzen badu une jakin batera arte pentsatzen zena okerra dela, aldatu egiten da. Sasizientziak dogma gezurtaezinak ditu oinarri eta, hortaz, dogmak zalantzan jartzea eraso moduan hartzen da. Zientzia pixkanaka aldatzen doa eta, adibidez, medikuntza asko aldatu da azken mendeotan. Alabaina, sasizientziaren printzipioak oso gutxi aldatzen dira eta konstante mantentzen dira urteetan zehar. Zientzia dinamikoa da eta sasizientzia estatikoa izan ohi da. Hasieran azaldu bezala, proposamen zientifiko baten ezaugarri nagusiena faltsutzeko aukera egotea da. Nolabait, posible izan behar du ideia bat faltsua dela frogatzeko esperimentu bat diseinatzea. Sasizientzien kasuan, sarritan ezinezkoa da hori egitea.
Medikuntzaren kasuan, tratamendurik egokiena jasotzeko probabilitatea handitzen du ebidentzian oinarritzen bada, baina jakina, horrek ez du esan nahi medikuntzak huts egin ezin duenik. Argi izan behar dena zera da, Ben Goldacrek dioen moduan: hegazkin batek diseinu akats bat izateak ez du frogatzen alfonbra hegalarien existentzia. Medikuen erabakiak frogetan oinarritu behar dira eta ez antzinako ideiei diegun begirunean. Ezin dugu komeni dena bakarrik gogoratu eta, akatsak egiten ditugunez, horretarako daude saiakuntza klinikoak. Eraginkorra den edozein tratamendu ontzat ematen du, haren atzean edonor eta edozer egonda ere. Agian tratamenduak ez du azalpenik edo oso arraroa da. Isaac Asimovek esan zuen bezala, edozer gauza sinistu behar da, berdin du zenbaterainoko erokeria den edo barregarria ote den, baldin eta horretarako ebidentzia baldin badago. Zenbat eta erokeria handiagoa edo kontu barregarriagoa izan, orduan eta sendoagoa izan beharko du ebidentzia horrek. Hortaz, ebidentzia badago edozer izan daiteke tratamendu eraginkorra. Ebidentzia badago.
Informazio osagarria:
- Edzard Ernst, Simon Singh. Trick or Treatment: The Undeniable Facts about Alternative Medicine. Bantam Press, London, 2010.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Zientzia eta sasizientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Kafe bat lau gene-koskorrekin, mesedez
Kontsumitzen dugun kafe gehiena Arabika kafea da, Coffea arabica espeziea, hain zuzen ere. Munduko kafe-ekoizpenaren %70 landare horri dagokio eta, duen interes ekonomikoa dela eta, haren genoma sekuentziatu berri du ikertzaile talde batek. Baina Arabika kafearen genoma ez da nolanahikoa, bertan bi azpigenoma baitaude: batak Coffea canephora espeziean du jatorria –Robusta kafea delakoa, Arabika baino mikatzagoa eta ekoizten den beste espezie nagusia– eta beste azpigenomak Coffea eugeniodes espeziean. Arabikak bi azpigenoma horiek ditu, bi espezie horien gurutzaketaren ondorio delako, orain dela hamar mila eta 665 mila urte artean gertatu zen hibridazioaren ondorio, hain zuzen. Hau da, Arabika kafeak kromosoma bakoitzeko –11 kromosoma ditu– lau kopia ditu, baina kopia horiek ez dira guztiz parekoak.

1. irudia: Kafe bat kikaran. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Kromosomen egitura bitxi hori dela eta, azken finean bi espezie sekuentziatu behar baitira, ikertzaileek estrategia berezia erabili zuten genomaren sekuentzia lortzeko. Bourbon Vermelho barietateko ale baten gene-materiala eskuratu zuten eta bere genoma gene-pieza txikietan banatu zuten bi metodo ezberdinen bidez. Gainera, C. canephora eta C. eugeniodes espezieen genomak ere erabili zituzten, azpigenoma bakoitzaren erreferentzia bat izateko. Horrela, lortutako gene-pieza horiek erabilita eta beste espezieak gida moduan erabilita, sekuentzia luzeagoak lortu zituzten, puzzle bat egiten denean bezala. Hala ere, genoma osoa ezin izan zuten antolatu, hau da, ez zuten genomaren sekuentziaren jarraiera osoa berregin, eta hainbat zatitan banatutako sekuentzia lortu zuten. Hala ere, hori nahikoa izan zen kafearen hainbat gene-ezaugarri ezagutzeko.
Kafearen genoman 46.500 genetik gora daudela ondorioztatu zuten ikertzaileek: 21.000 inguru C. canephora-tik eratorritako azpigenoman kokatu zituzten; 23.000 inguru C. eugeniodes-tik eratorritakoan; eta 2.500 inguru kokatu gabe gelditu ziren. Gainera, ikusi zuten ez dela kromosometan berrantolaketa aipagarririk gertatu eta bi azpigenomen arteko gene-trukaketa bakarra detektatu zuten.

2. irudia: Kafe aleak. (Argazkia: Couleur – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Bourbon Vermelho barietateko ale horren genoma sekuentziatzeaz gain, beste 700 Arabika kafe-ale baino gehiagoren gene-aldaerak aztertu zituzten. Ia 500 ale Etiopian egindako hainbat ikerketatan jasotako barietateak izan ziren; 100 inguru Yemenen jasotako barietateak; 50 ale inguru Indiako eta Afrikako ekialdeko barietateak; eta Typica eta Bourbon barietateetako hainbat ale, Asian eta Latinoamerikan gehien landatzen diren barietateak, hain zuzen ere. Ale horiek guztiak aztertuta bermatu nahi zuten kafearen dibertsitatearen ordezkaritza zabala. Horrez gain, C. canephora espeziearen hainbat ale ere aztertu zituzten erreferentzia moduan, Brasilen landatzen den Conilon barietateko aleak eta munduan zehar landatzen den Robusta barietateko aleak, hain zuzen ere.
Ale horien guztien gene-aldaerak aztertuta, ondorioztatu zuten gene-dibertsitatea oso baxua zela Arabika kafean, C. canephora eta C. eugonioides espezieen dibertsitatea baino hamar aldiz txikiagoa. Izan ere, detektatu zituzten lau mutaziotik hiru ale batean bakarrik aurkitu zituzten eta, gainera, mutazio gehienak ez ziren jatorrizko espezieetan agertzen, hau da, Arabika kafeak berezkoak dituen gene-aldaerak ziren. Emaitza horiek kontuan hartuta, ikertzaileek iradokitzen dute oraingo Arabika kafearen zabalkuntza populazio oso txiki batetik abiatu zela. Hortaz, uste dute jatorrizko bi espezieen hibridazioa behin gertatu zela eta ordutik ez dela berriro jatorrizko espezieekin gurutzatu.
Gene-dibertsitatea baxua bada ere, nahikoa da aleak taldekatzeko. Gene-aldaeretan oinarrituta, ezberdinenak diren taldeak dira Etiopiako aleak eta Yemengo aleak, hala ere, harreman estua dute, Yemengo aleak Etiopiako aleetatik eratorri baitziren. Gainontzeko barietateei dagokiela, Yemengo aleekin batera taldekatu ziren. Hau da, Afrikako Ekialdetik Arabiako Penintsulara landatzen diren aleetan mailaketa bat badago ere, jarraiera bat dute, ez dago gene-etenik. C. canephora-n, ordea, gene-dibertsitatea askoz handiagoa izan zen; eta Brasilgo Conilon barietatea argiki banatzen zen gainontzeko barietateetatik. Analisi horretan ondoriztatu zuten Kongoko, Erdialdeko Afrikako eta Ugandako barietateak zirela Arabikako canephora azpigenomatik gertuen zeuden barietateak, hots, barietate horien aitzindaria izan zela Arabika sortzeko erabili zen barietatea.

3. irudia: Kafe-landarea. (Argazkia: vandelino dias Junior – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Aipatutako guztia ikusita, ikertzaileek nabarmentzen dute ezberdinak diren Etiopiako aleak erabilgarriak izan daitezkeela gainontzeko barietateak hobetzeko, bakoitzean ezaugarri desiragarriak sustatuz. Jardunbide hori ohikoa da hainbat labore hobetzeko, hau da, barietateak gurutzatzea desiragarriak diren ezaugarriak lortzeko. Horrez gain, ikertzaileak aipatzen dute, gene-dibertsitatea hain baxua izanda, Arabika kafearen kasuan hobetze horrek mugak izan ditzakeela. Hortaz, proposatzen dute irtenbide bat izan daitekeela jatorrizko espezieekin gurutzatzea, adibidez, Timor hibridoarekin egin zen bezala. Hau da, laboreak maneiatzeko estrategia tradizionalak erabilita ez direla emaitza eraginkorrak lortuko eta, hortaz, bide berriak aztertu behar direla kafearen maneiuan.
Laburbilduz, kafearen genoman bi genoma daude barneratuta, gene-aldakortasun oso txikia du eta, hortaz, haren kudeaketak, beste laboreekin alderatuta, ezberdina izan behar du. Goizetan, kikarari begira zaudela, kafea koilaratxoarekin mugitzen zaudela, agian zure neuronak ez daude prest kafearen gene-ezaugarri horiei erreparatzeko. Baina orain badakizu zerk egiten duen hain liluragarria kafea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Scalabrin S. et al. (2020). A single polyploidization event at the origin of the tetraploid genome of Coffea arabica is responsible for the extremely low genetic variation in wild and cultivated germplasm. Scientific Reports, 10, 4642. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-020-61216-7.
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Kafe bat lau gene-koskorrekin, mesedez appeared first on Zientzia Kaiera.
Zertaz hiltzen da jendea munduan?

Irudia: Kanposantua (Argazkia: Michael Schwarzenberger – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)
Gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak, gaur egun, heriotza guztien % 19 dira. Talde horretan daude, batik bat, arnas aparatuko gaitzak (2,56 milioi) eta digestio aparatukoak (2,38 milioi), beherakoak barne (1,6 milioi). Duela mende laurden, gaixotasun infekziosoen ondoriozko heriotzak % 33 ziren, eta, oro har, herrialde txiroetan ehuneko hori handiagoa zen. % 33tik % 19ra jaitsi badira, aurrerabideari esker izan da. Herrialde bat zenbat eta txiroagoa izan, orduan eta handiagoa da gaixotasun infekziosoen ondorioz duen heriotza kopurua. Kontrakoa gertatzen da infekziosoak ez diren gaixotasunekin. Beste heriotza kategoria handia kolpeen edo zaurien ondorioz gertatzen diren heriotzena da, baina horiek gutxi aldatzen dira denboran zehar: gaur egun, % 8 dira, eta % 9 ziren duela 25 urte.
Haurren ia % 4 bost urte bete aurretik hiltzen da. Bestela esanda, urtean 5,5 milioi haur hiltzen dira. Heriotza arrazoi nagusia arnas infekzioak dira (800.000 inguru). Izan ere, arrazoi horrengatik hiltzen diren hirutik bat 5 urtetik beherakoa da. 650.000 jaioberri (hilabete baino gutxiago dutenak) jaio ondorengo patologien edo konplikazioen ondorioz hiltzen dira. Beherakoak ere haur heriotzen kausa garrantzitsua dira: kopurua asko jaitsi bada ere, milioi erdi haur inguru hiltzen dira arrazoi hori dela eta. Oro har, gaixotasun horiek bizi urte asko galarazten dituzte. Heriotza asko eragiten dituzte, halaber, zirkulazio istripuek (1,2 milioi; horietatik, asko eta asko nerabeak eta gazteak) eta hartutako immunoeskasiaren sindromeak (hiesa); milioi bat pertsona hiltzen dira hiesaz (% 84k 50 urte baino gutxiago ditu). Urtero beren burua hiltzen duten 800.000 pertsonetatik 460.000 50 urtetik beherakoak dira.
Bestalde, dementziak, bere forma guztietan, 2,5 milioi heriotza eragiten ditu urtean. Kopuru hori nabarmen igo da, eta gora eta gora egingo du bizi itxaropena handitu ahala, batik bat, gaixotasun infekziosoen ondorioz izaten diren heriotzak gutxitu direlako. Alabaina, arrazoi horregatik beragatik, ez dakar bizi urte asko galtzea.
Badira hiru heriotza arrazoi kuantitatiboki nabarmenak ez direnak, baina bai, ordea, oihartzun mediatiko handikoak: hilketak, atentatu terroristak eta hondamendi naturalak. Hilketa dela kausa, urtean 400.000 pertsona hiltzen dira, eta 26.000, berriz, ekintza terroristetan. Hondamendi naturalek 9.600 heriotza baino ez dituzte eragiten.
Heriotza arrazoiak diogunean, horiek eragiten dituzten kausa gertukoei edo zuzenekoei buruz ari gara, heriotzak eragiten dituzten gaixotasunei buruz, baina jakinekoa da badirela zenbait faktore, tartean, gosea, bizimodua eta bizi ohiturak, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak hartzeko probabilitatea handitu edo gutxitu dezaketenak.
FAOren arabera, bost urtetik beherako 6 milioi haur hiltzen dira urtean gosearen ondorioz (ziur aski, kopuru osoa handiagoa da, baina 5 urtetik beherakoak dira gosearen ondorioekiko kalteberenak). Egiatan, heriotza horietatik gutxi dira gosearen ondorio zuzena direnak. Gehienak, luzaroan funtsezko behar beste elikagai eta mantenugairik gabe egon direlako dira: haurrak ahul daude, pisu gutxi dute eta kalteberak dira.
Bestalde, urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoarengatik, eta obesitatearengatik, berriz, 5 milioi; kasu batean eta bestean, hilen erdiak 70 urtez azpikoak dira. Alkoholarengatik 2,8 milioi hiltzen dira (horietatik 2 milioi, 70 urtez azpikoak).
Azkenik, ingurumen faktoreak aipatu behar dira; kutsadura atmosferikoak 3,4 milioi pertsona hiltzen ditu, eta etxekoak, 1,6 milioi. Baiki, kutsadura hilgarria da, eta atmosferikoa ere bai.
Oharra: Aurreko kopuru horietan ez dira sartu Covid-19aren ondorioz izandako heriotzak. Maiatzaren 17an, 311.588 heriotza egiaztatu ziren kausa horrengatik, baina egiazko zifra, ziur aski, askoz ere handiagoa da. Esaterako, Espainian, erregistro zibiletan jaso diren heriotzak, pandemia hasi zenetik beste urte batzuetan aldi horretan bertan egon ohi direnak baino % 56 gehiago dira. Pentsatzekoa da gehikuntza hori Covid-19aren eraginagatik dela; beraz, kausa hori dela medio gertatutako heriotzak ofizialki jakinarazitakoak baino % 30 gehiago dira.
Iturria: Our World in Data
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Zertaz hiltzen da jendea munduan? appeared first on Zientzia Kaiera.