Gogo basatiak
Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkigu Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta dago. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe.
Irudia: Gogo basatiak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. Animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala.
Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: “bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar”.
Marc D. Hauser (Cambridge 1959), psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzian, eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gainera, zientzia-alor horietan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jendartean. Gogo basatiak liburua ez ezik, beste bi ere nabarmendu behar dira: The Evolution of Communication (1997) eta Moral Minds: How Nature Designed Our Universal Sense of Right and Wrong (2006).
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Gogo basatiak
- Egilea: Hauser, Marc D.
- Itzultzailea: Irene Aldasoro
- ISBN: 978-84-9860-074-2
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2008
- Orrialdeak: 484 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Gogo basatiak
The post Gogo basatiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurreko “estralurtarrak”
Bioaniztasun-galera eta klima-aldaketa gaur egungo kezka-iturri nagusienetarikoak dira zientzialarien artean. Hala eta guztiz ere, halako kezkei irtenbideak aurkitzeko baliabide eskasak dituzte gaur egun, eta honen arrazoi nagusia da gizarteak lotura falta handia duela naturarekin. Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da, eta urruntze horren berri izan dezakegu azken mendean kulturak izan duen bilakaerari erreparatzen badiogu.
Modu batera edo bestera, gutako asko lotuago sentitzen gara gizakiak sortutako gailu edo espazioei, gertu ditugun gune edo esperientzia naturalei baino. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta leku itxiak, hiriak eta gailu elektronikoak gailendu dira pertsona askoren bizitza profesionalean eta aisian. Prozesu horri “gizakiaren naturarekiko deskonexioa” izena eman zaio, eta askotariko ondorioak ditu, bai osasun fisiko eta mentalean, baita prozesu sozialetan ere.
Naturarekiko deskonexioaren eragile nagusienetako bat nahiko argia da: pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Gaur egun, munduko populazioaren %56 (4.400 milioi biztanle) hirietan bizi da. Gehienok geroz eta gehiago eraldatutako eta gizakiak menderatutako inguruneetan bizi gara, non prozesu naturalak geroz eta urrunago eta ezkutuago topatzen ditugun. Urbanizazioak homogeneizatu egiten du inguruko bioaniztasuna, eta askotan bertakoak ez diren espezieak gailentzen dira, gainera. Horrek tokian tokiko landare- eta animalia- espezieen aniztasuna txirotzen du, eta haiekin dugun harremana hozten da, inguratzen gaituena “inpertsonala” bilakatzen baita. Horrela, deslotura esponentzial batean murgildu da gizakia, eta naturak aberastasuna galtzen duen heinean, guk harentzat dugun estimua galtzen dugu. Gurpil zoro horretan harrapaturik, alde askotatik jada ez dugu naturaren beharrik sentitzen, eta ezjakintasun kolektiboak axolagabekeria kolektibora garamatza.
Irudia: Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Deskonexio-sentsazio hori prozesu abstraktua da, psikologikoa eta kolektiboa, eta zaila da, beraz, enpirikoki neurtzen. 2014an, ordea, ikerketa talde bati modu bitxi bat otu zitzaion prozesu hori kuantitatiboki neurtzeko: pentsatu zuten Disney-ren marrazki bizidunetako filmek islatu zezaketela, nolabait, denboran zehar naturak gizartean izan duen pisua. Hala, 70 urtean zeharreko Disney-ren filmak aztertu zituzten, paisaia naturalen irudikapenek pelikuletan zuten garrantzia kuantifikatuz. Egileek ikusi zuten, hain zuzen ere, urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela, bioaniztasun gutxikoak, eta gizakiak eraldatutako edota sortutako agertokiak gailentzen zirela film berrienetan.
Antzeko ikerketa bat egin zuten Ingalaterran hiru urte geroago. Orduan, gizakiaren naturarekiko deskonexioa neurtu nahi izan zuten gizakiak sortutako produktu kulturalei erreparatuz. Zehazki, 20. mendetik aurrerako pop kultura ingeleseko produktuen berrikuspena egin zuten ikertzaileek. Horretarako, urte horietan zehar argitaraturako eleberriak, abestien letrak eta pelikulen tramak hartu zituzten aintzat. Izan ere, idazleek, musikariek edota zinema-zuzendariek beren sorkuntzetan natura geroz eta gutxiago aipatu bazuten, hiru arrazoirengatik izan zitekeen, ikertzaileen aburuz: kultura-sortzaileek esperientzia gutxiago bizi zituztela naturan, momentu horiek eragin lausoagoa zutela sortzaileengan, edo naturarekin lotutako gaiek erakargarritasuna galdu zutela haien ikuslerian. Eta, hain zuzen ere, produktu horietan naturari eginiko erreferentziak murriztu zirela egiaztatu zuten. 50eko hamarkadako abesti herrikoiek zituzten naturarekiko erreferentziekin alderatuz, adibidez, heren bat soilik aipatzen ziren ikerketaren urtean.
Aurkikuntza horiek ondorio bakarrera garamatzate: iraultza teknologikoak gizakiaren bizimodua aldatu du, eta horrekin batera, gure aisialdirako gustuak. Produktu kulturalen gai-aldaketak bat datoz telebistaren kolonizazioarekin, bai eta, denboran hurbilago, bideo-jokoen eta Interneten arrakastarekin. Baina egoera are aldrebesagoa da, jarraian ikusiko dugunez. Izan ere, hain da konplexua batzuetan gizakia, ezen etxe-barrua eta mundu birtualak naturagatik trukatzeaz gain, natura bera “erreplikatu” dugun birtualki, eta gainera, badirudi aukeran nahiago dugula “natura birtuala”.
Fenomeno horren gaur egungo bi adibide oso argi ditugu. Bata, ezin garaikideagoa, Avatar pelikulak. Film horiek ikusi ez dituenarentzat, hemen doa sinopsi labur bat. Etorkizunean, izakia Lurreko aberastasun guztia agortzeko zorian dago, eta Pandora delako planeta aurkitzen dute. Bertako eboluzioak Lur planetakoak iragan dituen pausu ia berdinak jarraitu ditu. Pandorak Lurraren gisako ozeanoa eta atmosfera ditu, bai eta landare eta animalia antzekoak ere, eta gizakiaren antz handia duten izaki urdin batzuk bizi dira bertan. Izaki hauek naturarekin lotura estuan bizi dira, eta dena da zoragarria planeta horretan. Bada, edonork esango luke Avatarren bi pelikulak natura fantastiko eta birtual bati buruzko dokumentalak direla, Pandorako bizitza goresteko filmak. Hausnarketa zera da: inoiz egon al da “blockbuster” izatera iritsi den animaliei buruzko dokumentalik?
Pokémon frankiziaren bideo-joko eta pelikulak dira beste adibidea. Pokémonen mundu birtualean jokalariek pokémon deritzen izaki fantastikoak biltzen dituzte, haiek entrenatu eta beste jokalarien aurka lehiatzeko. Tematika horren jarraitzaileek, gehienetan haur edo nerabeek, pokémon guztien izenak dakizkite, bai eta beren ahulezia, indargune eta beharrizanak ere. Bitxia zera da, Science aldizkarian argitaratu zenez, haurrek pokémon “espezie” gehiago ezagutzen dituztela Lurrean bizi diren eta errealak diren animalia-espezieak baino; eta are gutxiago ezagutzen dituzte animalia bakoitzaren biologia eta ezaugarriak.
Zergatik da erakargarriagoa mundu birtuala? Zergatik sortzen ditugu ingurune eta espezie berriak Lurrekoak alde batera utziz? Agian, besterik gabe, gizakiak sormena eta gaitasuna duelako atsegin duen hori eta adimena pizten dion hori sortzeko; agian inkonformista delako izatez. Agian natura bera ere aspergarria zaigu jada, zaharkitua, efektu berezi eta superbotererik gabea. Baina ez gara avatarrak, ezta pokémon-entrenatzaileak ere; gizakiak gara, Lurrean bizi gara eta natura paregabe batek inguratzen gaitu; natura hau bai da erreala, ikusteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu daitekeen natura berdingabea, landare zoragarriz eta animalia pentsaezinez betea. James Cameronek Lurrari buruzko pelikula bat egingo balu!
Erreferentzia bibliografikoak:Balmford, Andrew; Clegg, Lizzie; Coulson, Tim; Taylor, Jennie (2002). «Why Conservationists Should Heed Pokémon». Science 295, n.o 5564 2367-2367. https://doi.org/10.1126/science.295.5564.2367b
Kesebir, Selin; Kesebir, Pelin (2017). «A Growing Disconnection From Nature Is Evident in Cultural Products». Perspectives on Psychological Science 12, n.o 2 258-69. https://doi.org/10.1177/1745691616662473
Miller, James R. (2005). «Biodiversity Conservation and the Extinction of Experience». Trends in Ecology & Evolution 20, n.o 8 430-34. https://doi.org/10.1016/j.tree.2005.05.013
Prévot-Julliard, Anne-Caroline; Julliard, Romain; Clayton, Susan (2015). «Historical Evidence for Nature Disconnection in a 70-Year Time Series of Disney Animated Films». Public Understanding of Science 24, n.o 6 672-80. https://doi.org/10.1177/0963662513519042
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Lurreko “estralurtarrak” appeared first on Zientzia Kaiera.
Altruismorako arrazoiak
Gizakiok janaria eta bestelako ondasunak partekatzen ditugu. Ez dugu edonorekin egiten, ezta edozein egoeratan ere, baina ohiko portaera bat da. Horregatik normala iruditzen zaigu, nahiz eta eboluzio ikuspegitik harrigarria izan, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu.
Hiru arrazoi hartzen dira aintzakotzat janaria partekatzeak merezi izateko. Lehenengoa ahaidetasunaren araberako hautaketa da. Horri jarraikiz, onuragarria da geneen zati bat partekatzen duten pertsonekin (ahaideekin) altruista izatea, horrela ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua. Hori gertatzen da janaria duena hura monopolizatzeko gai ez denean janaria ez dutenek ezartzen dizkioten kostuengatik; horiek janaria partekatzera behartzen ez badute ere, ez partekatzea oso garestia gerta dakioke. Hirugarrena elkarrekikotasuna da. Baliteke gaur janaria duenak iraganean beste baten laguntza jaso izana edo etorkizunean laguntza behar izatea. Hau da, partekatzen duenarentzat onuragarria litzateke janaria partekatzea, etorkizunean elikagaia jasotzen duenaren elkarrekikotasuna onuragarria izango litzatekeelako.
Irudia: Desmodus rotundusa saguzarrak lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. (Argazkia: Uwe Schmidt – CC BY SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Gu ez gara janaria partekatzen duten primate bakarrak. Aurreko paragrafoan aipatutako hiru arrazoiak gizakion eta beste primateen (txinpantzeen, bonoboen, kaputxinoen eta tamarinoen) portaera eskuzabalaren oinarrian daudela dirudi. Eragin handiena duten bi arrazoiak bizkarroikeria onartua eta elkarrekikotasuna dira, eta ahaidetasunaren araberako hautaketarena, berriz, txikiagoa da.
Giza espeziean, populazioen artean horien kideen elkarrekikotasun mailan dauden aldeak eskuragarri dagoen elikagai kantitatearen iragarpen mailarekin lotuta daudela dirudi. Janaria aldizka izateko aukera zalantzagarriagoa den populazioetan, elkarrekikotasuna garrantzitsuagoa izaten da.
Altruismoa ez da primateengan soilik ematen. Desmodus rotundusa odolez elikatzen da; benetako banpiro bat da, hau da, saguzar hematofago bat. Gainera, lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. Bereziki diseinatutako esperimentuen bidez egiaztatu denez, odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin eta, ondorioz, elkarren artean janaria partekatzeko ohitura hartzen dute. Janaria partekatzen duten horiekin familiakoak izan daitezke edo ez, beraz, haien altruismoa ez dirudi ahaidetasunaren araberako hautaketaren ondorio denik. Era berean, odola partekatzeko era berezia dela eta (berrahoratzea), bizkarroikeria onartua ere ulertezina da.
Desmodus rotundusen artean elkarrekiko altruismoa izaten da. Banpiro batek bere elikagaia beste batekin partekatzen duenean eta horrekin lotura bat ezartzen duenean, biei egiten die mesede harremanak, batzuetan batak lortzen baitu elikagaia eta, besteetan, besteak. Horrela, elikadura lortzeko probabilitate ezezagunak dituzten lekuetan elikadura gabezia izateko aukerak murrizten dira bientzat. Kasu bakoitzean partekatzen den odol kantitate txiki hori ugaltzea edo ez ugaltzea, bizirik irautea edo hiltzea izan daiteke jasotzen duenarentzat. Ematen duenak, berriz, lortutakoaren zati bat baino ez du galtzen. Horregatik, altruismoak egokitze balio oso handia du animalia horientzat (gainera, sozialak dira): talde osoaren jarraitutasuna horren menpe dago.
Erreferentzia bibliografikoa:Carter, G. G., Wilkinson, G. S., (2015). Social benefits of non-kin food sharing by female vampire bats. Proc. R. Soc. B.282 20152524 20152524
Jaeggi, A. V. y Gurven, M., 2013, Reciprocity explains food sharing in humans and other primates independent of kin selection and tolerated scrounging: a phylogenetic meta-analysis. Proc. R. Soc. B.280 20131615 20131615
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Altruismorako arrazoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du
UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezakeela, kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energiak duen garrantzia dela eta. Zehazki, Errekaleor auzoko (Gasteiz) biztanleko energia-aztarna EAEkoa baino % 24 txikiagoa dela kalkulatu dute.
Energia-sistema berriztagarri, justu eta demokratikoak lortzeko eraldaketa globala gerta dadin, herritarren energia-beharrak identifikatu eta herritarrek dituzten bizimodu eta kontsumo-patroi desberdinak izan behar dira kontuan. “Egungo gizartearen kontsumo-eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada. Beraz, ukaezina da Iparralde Globaleko herrialdeen energia-kontsumoa murriztu beharra dagoela”, adierazi dute UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking ikerketa-taldeko kideek.
Murrizketa horiek lortzeko, nahitaezkoa da energia-kontsumoa neurtu eta konparatzeko adierazle edo baliabide egokiak erabiltzea. Energia-kontsumo globala eta herrialde baten energia-kontsumoa zenbatzeko, energia primarioaren hornidura totala kalkulatu ohi da, Energiaren Nazioarteko Agentziak emandako datuetatik abiatuta: herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) guztira kontsumitzen den energia primarioa. “Baina adierazle horrek ez ditu kontuan hartzen ezkutuko energia-fluxuak, alegia, beste herrialde batzuetatik ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia”, adierazi du Estitxu Villamor doktoreak.
Grafikoa: bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murriztu dezake. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Energia-aztarnak, ordea, herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan, hau da, “ondasuna beste herrialde batean kontsumitu arren herrialde ekoizle bati esleitu ohi zaion energia”, dio. Ikertzaileen arabera, adierazle hau funtsezkoa da “herrialde baten energia-kontsumoaren diagnostiko erreal bat egiteko, eta, beraz, gakoa da energia-trantsizioko politikak diseinatzeko”.
Metodologia berritzaileaUPV/EHUko ikertzaileek lehen aldiz erabili dute Input-Output metodologia eskualde mailako (EAEko) eta auzo mailako (Gasteizko Errekaleor auzoko) energia-aztarna kalkulatzeko —Euskal Herrian elektrikoki burujabe den komunitate handiena da Errekaleor—. Hala, frogatu dute, batetik, metodologia egokia dela auzo mailako, eskualde edo erkidego mailako edota estatuko energia-aztarnak kalkulatzeko; bestetik, gaur egungo garai globalizatuko energiaren kontsumo-patroien neurketa doiagoa ematen duela energia-aztarnak, eta, azkenik, bizimodu komunal alternatiboak energia-aztarna txikiagoa eragiten duela.
Emaitzen arabera, “Errekaleorreko biztanleen etxebizitzetako energia-kontsumoa (4,46 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta Espainiako biztanleena baino % 32 eta % 15 handiagoa den arren, Errekaleorreko biztanleen energia-aztarna (31,10 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta estatuko biztanleena baino % 14 eta % 24 txikiagoa da, hurrenez hurren”, dio Villamor doktoreak. Produktu eta zerbitzuetan txertatuta dagoen zeharkako energia-kontsumoak eragiten du alde hori: estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66.
Ikertzaileen iritziz, “horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialarekin lotuta daudela energia-aztarna baldintzatzen duten faktore nagusiak”. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarrak auzoko energia-aztarna totalaren % 0,6 baino ez duela eragiten. Azkenik, ikertzaileek ikusi dutenez, auzoan bertan “etxebizitza-mota ezberdinek alde handiak eragiten dituzte energia-aztarnan: familietan bildutako pertsonek bakarrik bizi direnek baino % 33,5 aztarna txikiagoa dute (biztanleko eta urteko 28,45 MWh eta 42,79 MWh, hurrenez hurren)”. Gainera, ikerketan ondorioztatu dute Errekaleorren bakarrik bizi diren pertsonek, batez beste, EAEko biztanleek baino energia-aztarna handiagoa dutela.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du
Erreferentzia bibliografikoa:Villamor, Estitxu; Akizu-Gardoki, Ortzi; Taneli Heinonen, Jukka; Bueno, Gorka (2022). Global Multi-Regional Input-Output methodology reveals lower energy footprint in an alternative community project. Sustainable Production and Consumption vol. 34 p. 65-77. DOI: 10.1016/j.spc.2022.09.003
The post Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #422
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
DemografiaMunduko biztanleriak 2080an joko du goia, 10.400 milioi biztanle izatera iristen garenean. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da. Bestalde, 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da. Datuak Zientzia Kaieran.
OsasunaTxinako bidaiarien sarrera kontrolatzea ez da eraginkorra, Ignacio López Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologiako katedradunaren arabera. Azaldu duenez, oraingoz ez dirudi munduan hedatuta dauden COVID-19aren aldaeretatik oso bestelako aldaerarik sortu denik Txinan, eta gainontzeko herrialdeak ondo babestuta gaude, beraz, Txinako aldaeratik. Bestela ere, Europako Batasunean ez dago mugarik, eta horrenbestez, alferrik da herrialde batek alde bakarreko erabakiak hartzea. Arrazoi hauengatik eta beste batzuengatik, López-Goñik ondorioztatu du kanpokoei neurriak ezartzea baino eraginkorragoa dela Espainian prebentzioa indartzea. Informazio Gehiago Elhuyar aldizkarian.
GenetikaDuela 2.600 milioi urteko CRISPR-Cas edizio genetikoko sistema berreraiki dute. Aurkikuntza hau CIC nanoGUNEko Rául Pérez-Jiménez ikertzailearen gidaritzapean egin du nazioarteko talde batek. Zehazki, CRISPR-Cas sistemen historia ebolutiboa berregitea lortu dute, eta behin antzinako sekuentzia horiek sintetizatuta, kultiboko giza zeluletan probatu dituzte. Horrela baieztatu ahal izan dute erabilgarriak direla edizio genetikoko tresna gisa. Antzinako CRISPR-Cas sistema sinpleagoa dela azaldu dute, eta horrek ba omen du abantaila bat, moldagarriagoa bihurtzen baitu aplikazio berrietarako. Datu guztiak Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitezke.
Hominoideen garunaren garapenean eta handitzean eragin zuzena izan zezaketen gene batzuk identifikatu dituzte. Zehazki 74 gene berri identifikatu dituzte hominoideen sekuentzia ez-kodetzaileetatik. DNAren sekuentzia asko, nahiz eta ez-kodetzaileak izan, transkribatzen dira RNA-ra. Baina RNA horiek ez badira nukleotik ateratzen, ezin dute proteinarik sortu. Horrela, berriki identifikatutako 74 gene horien RNA homologoak aurkitu dituzte makakoetan, baina horiek ez dira nukleotik ateratzen. Hominoideetan, aldiz, uneren batean sekuentzia horiek nukleotik ateratzeko seinaleak eskuratu zituzten, eta horri esker proteinak sortzen dira, makakoetan adibidez, sortzen ez direnak. Gainera, ikusi dute gene horietako bat adierazten denean, garun handiagoa garatzen dela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaLekanemab botikak alzheimerraren gaitza astirotu egiten omen du gaitzaren lehen faseetan. AEBen botikak baimentzen dituen FDA erakundeak laster erabakiko du sendagaiari oniritzia ematen dion edo ez. Hala ere, adituek diote tentuz hartzeko kontua dela. Berrian Miren Altuna neurologoa eta CITA Alzheimer zentroko ikertzaileari galdetu diote eta dioenez ez da izango gaixotasunari aurre egiteko bide bakarra. Haren ustetan medikazio honek mesede handiagoa izango du diagnostikorako planen aldaketan, tratamenduan bertan baino. “Datu guztiak Lekanemab, «tentuz» hartzeko esperantza alzheimerraren aurka” artikuluan.
Ilargiak ez du inongo eraginik gizakiaren osasunean, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen. Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan, eta ez hain urrun, 1995an, osasun mentaleko profesionalek inkesta batean argi utzi zuten haien % 43k uste zutela ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Alabaina, azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira efektu hau frogatzeko, eta oro har, ondorioa da ilargiak ez duela inolaz ere eragiten gizakiaren osasunean, eta eragiten badu, zoriz gertatuko litzatekeenaren berbera dela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen.
TeknologiaLagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko metodologia bat sortu du UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak. Hori lortzeko, neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili dituzte. Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa.
ArgitalpenakAste honetan Zientzia Kaierak ZIO bildumarekin batera eginiko atalean Formen matxinada liburuaz jardun dira. Liburu hori Jorge Wagensbergek fisikariak argitaratu zuen 2004an, eta bertan erakusten du forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Zientziaren metodoa oinarri hartuta mundua ulertzea du xede liburu horrek, eta ezer ez da berdina izango irakurri ostean. Jorge Wagensberg zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen, Cosmocaixa zientzia-museoaren buru eta “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #422 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #429
Asgardeko arkeek azal lezakete Lurreko bizimodu konplexu guztien jatorria. Filo honetako arkea batek aktinazko zitoeskeletoa eta zelula-egitura konplexua ditu, zelula eukariotoak bezala. Asgard archaea have an extensive cytoskeleton like eukaryotic cells
Ezaugarri elektronikoak ezartzerakoan, grafenoa bera bezain garrantzitsuak dira grafenozko monokapak metatzeko formak. Angelu oso zehatz batean biratutako bi geruzak supereroankortasuna sortzen dute. Eta zer gertatzen da bi geruza izan beharrean hiru badira? DIPCko jendeak kontuak atera ditu The stability of trilayer graphene
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #429 appeared first on Zientzia Kaiera.
Espazioko igogailuaren historia
Ezin da espaziora iristen den igogailurik egin. Edo bai? 1978an, Arthur C. Clarke zientzia-fikzioaren totemak Paradisuaren Iturburuak liburua argitaratu zuen. Eleberriak 36.000 metroko igogailu bat eraiki nahi duen ingeniari bikain baten istorioa kontatzen du.
Eta tramak irudimentsua badirudi ere, benetako proposamen zientifiko batean oinarrituta dago. Gaur egun, bai NASAk bai Europako Espazio Agentziak espazioko igogailuen proiektu bana dute. Tiradera batean gordeta daude, hori bai; oraingoz eginezinak direlako. Baina nork daki, baliteke etorkizunean gure planeta 20.000. solairutik ikusi ahal izatea.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Espazioko igogailuaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Formen matxinada
Formen matxinada (2004) liburuan, Jorge Wagensbergek fisikariak erakutsiko dizu -erakutsi, ez irakatsi- forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Liburu hau irakurriz gero, akabo ikusten ohituta zeunden mundua. Ezer ez da berdina izango; ez mundu bizigabea, ez bizidunena, ez zu zeu nahiz gainerako mundu-behatzaileak. Ikuspegia aldatuko zaizu, nahitaez. Eta ikusiari ere eragingo dio horrek, nolabait, ikuslea munduaren parte denez. Hori gutxi ez eta, izadiaren adreiluak diren forma horiek, ez izatearen aurka matxinatuz, nola errealitateratu diren ere azalduko dizu; eboluzioaren teoria, alegia, materia biziaren esparrutik besteetara ere hedatua: biziaren aurretik (materia bizigabea) eta ondotik (materia kultua).
Irudia: Formen matxinada liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Hala, solas eta jolas, materiazko bizi kultuaren ekoizpenak ere izango dira hizpide: sormena; artea, bereziki. Horien guztien atarian, konprenitzea (ulergarritasuna) zer den definituko du egileak, eta teoria-oinarri funtsezkoenak azalduko, estilo bizi-biziz betiere. Formen matxinada osoa da, bestalde, teoria horren praktika zorrotz bezain gozagarria. Horra, bada, metodoa: zientziarena, jakina; uste ez zenuen alderdi askotara ere zabaldua, ordea, oraingoan: fraktal bat bezala, oro kolonizatuz. Bai: mundua ulertzea du xede liburu honek, zuk bezala, eta ezin egotziko diozu huts egin duenik, huts egin dizunik.
Jorge Wagensberg (Bartzelona 1948 – Bartzelona 2018) fisikariak Prozesu Itzulezinen Teoriako irakasle giza aritu zen Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultatean, eta zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen. 1991tik Cosmocaixa zientzia-museoaren buru izan ondoren, “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria bihurtu zen. Ikertzaile gisa argitaratu zituen lanek guztiz esparru zabala hartzen dute, biofisikatik hasi eta museologiaraino. Kaleratu zituen azken liburuak: Izadia erantzuna bada, zein zen galdera?, Formen matxinada, Zenbat eta nola gehiago, orduan eta zergatik gutxiago eta Buru-gozamena.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Formen matxinada
- Egilea: Jorge Wagensberg
- Itzultzailea: Juan Garzia
- ISBN: 978-84-8373-989-1
- Formatua: 15,5 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2007
- Orrialdeak: 422 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Formen matxinada
The post Formen matxinada appeared first on Zientzia Kaiera.
Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen
Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da agerikoenak diren efektuez haratago –besteak beste itsasaldiak– ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan. Urruti geratu dira gizarteetan satelite horrekin lotutako jainkoak gurtzen zituzten garaiak, baina ilargi mistizismoak, hein batean, presente jarraitzen du gaur egun.
Horren aztarnak ikus ditzakegu, adibidez, gaztelaniako hainbat hitzetan. Esate baterako, «lunático» hitzaren definizio hauxe eman zuen Espainiako Errege Akademiak: «Eromena duela, ez jarraitua, baizik eta tarteka». Hitza latineko «lunatĭcus» terminotik dator, eta antzinatik erabiltzen zen (ustez) ilargiaren zikloengatik jokaera arraro eta alderraiak zituztenei buruz hitz egiteko. Izan ere, Hipokrates mediku ospetsuaren garaiko (aro arruntaren aurreko 400. urtea) agiriek zioten ilargi betea (ilbetea) zela norbanakoen bat-bateko jokaera arraroen erantzulea.
Ilargiak nahasmendu mentaletan duen eraginaren estigma albo batera utzita, egia da satelite horrek duen boterearen gaineko usteek gizakien osasunaren askotariko alderdiak barnean hartzen dituztela, eta osasun profesionalek horrelako iritziak dituzte ere: kolektibo horri egindako zenbait inkesten arabera, ehuneko handi batek uste du ilargiak askotariko alderdietan eragiten duela, besteak beste larrialdietako ospitaleratzeetan, krisi epileptikoetan edo bihotzeko infartuetan, eraso fisikoetan edo loaren nahasmenduan edo ziklo menstrualean. Ez dira gutxiengoa: 1995ean inkestari erantzun zioten osasun mentaleko profesionalen % 43k uste zuten ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Ideia hori hainbat herrialdeetako osasun langileek defendatzen dute gaur egun ere, espainiarrek barne.
Irudia: fisika oinarrizkoenak eta gizakien osasunaren askotariko alderdiei buruzko azterlan zientifikoek guztiz gezurtatzen dute ilargi betearen ustezko eragina. (Argazkia: JosepMonter – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Ba al dute babes zientifikorik ilargiak gizakien osasunean duen botereari buruzko usteek, edo milaka urte igaro badira ere desagertzen ez den engainu kolektibo bat al da? Azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira satelite horrek askotariko osasun alderdietan duen eginkizuna argitze aldera. Ikuspuntu orokorra, nagusiki azterlan zorrotzenetan, berbera da: ilargiak ez du inolaz ere eragiten, eta eragiten badu, efektua oso txikia da, eta zori hutsarengatik edo azterlanaren muga propioengatik (askok diseinuan edo estatistika analisian akats handiak dituzte) izango delakoan gaude. Maiz ilargiak gizakien gorputzean nolabaiteko efektuak sortzen dituela egiaztatzen duen azterlan bateko emaitzak errepikatzeko saioren bat egiten denean, emaitzok ez dira errepikatzen.
Zientzian orokorrean horixe gertatzen da ilargiak osasunean duen ustezko eraginari dagokionez:
- Ilargi beteak akats gehiago eragiten al ditu kirurgietan? Horren inguruko azterlan zorrotzenek ez dute astroaren efekturik aurkitu. Anesthesiology aldizkarian argitaratu zen ikerketa batek ez zuen ezberdintasun nabarmenik detektatu 1993 eta 2006 artean bypass koronario bat (bihotzaren baskularizazioa bermatzeko) egin zitzaien 18.000 paziente baino gehiagotan. Ilargiaren faseek ez zuten inolaz ere eragiten. Beste azterlan bat egin zen 12.000 paziente baino gehiagorekin, eta kirurgia ondoko mina eta tratamenduaren ondorio kaltegarriak ebaluatu zituzten. Bada, hor ere ez zen ilargiaren efekturik detektatu. Egileek artikuluaren bukaeran hauxe ondorioztatu zuten: «Beraz, ez dago arrazoirik pazienteek kirurgiak atzeratzeko edo egun jakin batean kirurgiari beldur berezirik izateko». Beste ikerketa batean 2.411 pazienteren biriketako minbiziaren kirurgien emaitzak aztertu zituzten, eta hor ere ez zuten detektatu ilargiaren inolako eraginik.
- Larrialdietan ospitaleratze gehiago izaten al dira ilbetean? Ikerketa serioen arabera, ez. American Journal of Emergency Medicine aldizkarian 1996an argitaratu zen azterlan batean ez zuten ezberdintasunik aurkitu ilargi beteko gauen eta gainerako gauen artean larrialdietara egindako bisiten 150.000 erregistro baino gehiago analizatu eta gero.
- Ilargi betea dagoenean nahasmendu mentalengatik larrialdietara edo kontsultetara bisita gehiago egiten al dira? Elkarrekin dozenaka mila paziente aztertu dituzten hainbat azterlanek egiaztatu dute ilargiaren zikloek ez dutela inolako eraginik pazienteengan.
- Krisi epileptiko gehiago gertatzen al dira ilbetea dagoenean? Horren inguruko azterlanek uste hori baztertu egiten dute. Ez da efekturik ikusi.
- Ziklo menstruala ilargiaren zikloarekin sinkronizatzen al da? Ez. Bi fenomenoek antzeko iraupena izateak (egiaz ziklo menstrualaren iraupena aldatu egiten da emakume batetik bestera) ez du esan nahi sinkronizatzen direnik. Azterlan batean 74 emakumeren ziklo menstruala aztertu zuten urtebetean eta ez zuten inolako loturarik ikusi ilargiaren faseekin. Beste ikerketa batean antisorgailu hormonalik erabiltzen ez zuten milioi bat eta erdi emakumeren datuak eta 7,5 milioi ziklo menstrual aztertu zituzten, eta ez zuten inolako sinkronizaziorik aurkitu ilargiarekin, ezta hor ere.
- Lo egiteko arazo gehiago izaten al dira ilargi beteko gauetan? Azterlan batzuetan melatonina mailekin lotuta (loan eragiten duen hormona) efektu arin batzuk ikusi dituzten arren, pertsona gehiago aztertu dituzten beste ikerketa handi batzuetan ez dute fenomeno hori detektatu.
Zergatik, nahiz eta ilargiaren efektuen aurkako ebidentzia zientifikoa erabatekoa izan, irauten dute uste horiek are osasun profesionalen artean ere? Fenomeno horren jatorria isuri kognitibo jakin bat da eta «berreste alderako isuria» deitzen da. Funtsean, norbaitek zerbaitetan sinesten duenean modu kontziente edo inkontzientean arreta gehiago jartzen die gauza horiei eta gehiago kontuan hartzen ditu bere usteak indartzen dituzten datuak, eta kontrakoak diren egitateak alboratzen edo baztertzen ditu. Azkenean, fenomeno horrek errealitatearen pertzepzioa aldatzen du. Gaur egun milaka fake news dauden honetan, Daniel Pazen binetak modu oso komiko batean azaltzen du fenomeno hori:
«-Ez, aita. Berri hori faltsua da… -Baina, nola izango da faltsua hain justu nik uste dudana esaten badu?»Ilargiak osasunean duen ustezko eraginaren kasuan, horretan sinesten dutenek adibidez arreta berezia jartzen dute jakiteko ea larrialdi gehiago edo psikiatriako bisiten kasu gehiago gertatzen direnean, zeruan ilargi betea dagoen gauetan gertatzen den. Horrela bada, beren sinesmenak indartzen dituzte eta hauxe pentsatzen dute: «Ilargi betea izango da». Eta aurreko guztia, nahiz eta zenbait gauetan, beste ilargi ziklo batzuekin, kasu kopuru berdina edo gehiago egon. Gainera, nork bere burua engainatzeko beste mekanismo bat da ilbeteko kasuen kopuruari gehiegizko garrantzia ematea eta pentsatzea ohikoa baino gehiago direla.
Egiaz, ilargiak gizakien gorputzean duen eraginaren inguruko sinesmenak asko esaten du nork bere burua engainatzean eta horretan jarraitzean eragiten duten mekanismo psikologiei buruz, eta ezer ez efektu fisiko errealei buruz: ez dago inolako fenomenorik satelite horrek osasunean duen eragina azaldu dezakeenik, gauetan izaten duen distiraz haratago. Izan ere, ilargi betearen ustezko eragin grabitatorioa –gutxienekoa dena pertsonengan– ilargi berriarekin ere gertatu beharko litzateke, orduan izaten direlako marea biziak eta ilargiaren eta Lur planetaren grabitate indarrak batzen direlako. Egitate fisiko horretatik haratago, bada oraindik agerikoagoa den beste bat: pertsona baten ondoan lo egiten duen beste pertsona baten grabitate eragina ilargiarena baino askoz ere handiagoa da. Azken finean, fisika oinarrizkoenak eta gizakien osasunaren askotariko alderdiei buruzko azterlan zientifikoek guztiz gezurtatzen dute ilargi betearen ustezko eragina.
Egileaz:Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.
The post Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Munduko biztanleriak 2080an joko du goia
Munduko populazioa haziz joan da gutxienez azken 12.000 urteetan zehar. Azken hamarkadetan izugarria izan da hazkunde hori eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. 60ko hamarkadan 3.000 milioi biztanle zeuzkan munduak eta, gaur egun, 8.000 milioi baino gehiago gara. Hala ere, adituek adierazi dutenez, hazkuntza geroz eta geldoagoa da eta jada data jarri diote goia joko dugun uneari: 2080aren bueltan iritsiko gara 10.400 milioi biztanle izatera. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke.
2022ko azaroaren 15ean munduko biztanleriak 8.000 milioiko langa gainditu zuen. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da eta adituek 2080. urtean goiko mugara iritsiko garela adierazi dute: 10.400 milioi biztanle izango ditu munduak une horretan. Aldaketa mantsoa izango da, jakina. 2050. urtean bederatzi mila milioi izatera iritsiko gara eta, horrela, hazkundea moteltzen joango da 2080an goia jo arte.
Beste ziklo baten aldaketa ere laster gertatuko da; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen 2022ko txostenaren arabera, 2023an Indiak biztanle gehiago izango ditu Txinak baino. Aipatutako txostenaren arabera, une honetan gizateria oso mantso ari da hazten -urtean %1eko hazkuntza-. Hazkuntza hau baino motelagorik ez da izan 1950. urtetik hona. Duela urte batzuk populazioaren gailurra hamaika mila milioian ezarri bazen ere, gaur egun 10.400 milioian ezarri da gehienezko muga. Mende amaieran munduko biztanleria murrizten hasi daitekeela pentsatzen dute adituek.
Irudia: 2020. urtearen bueltan munduko biztanleria ez da gehiago haziko eta baliteke populazioa murrizten hastea (Argazkia: Eak K. – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).Zein da, baina, hazkundearen desazelerazioaren atzean dagoen arrazoi nagusienetako bat? Ugalkortasuna, hain zuzen ere. Geroz eta seme-alaba gutxiago ekartzen dira mundura eta horrek, pixkanaka, hazkundea moteltzea dakar. Herrialde aberatsenek jaiotza-tasarik baxuenak dituzte eta, alderantziz, herrialderik pobreenetan izaten dira ondorengo gehien. Alde hori handia den arren, oro har, herrialde guztietan geroz eta ondorengo gutxiago sortzen dira. Demografoen arabera, emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba izatea litzateke populazioari egonkor eusteko ordezkapen-tasa. Une honetan, herrialde aberats gehienak tasa horren azpitik daude -esaterako, AEBn 1,7; Txinan 1,2-. Are gehiago, datozen urteetan munduko herrialde gehienak 2,1eko tasatik behera egongo dira. Horrekin lotuta, ugalkortasun-tasari buruzko irudikapen grafiko interesgarriak bildu ditu Scientific American aldizkarian Katie Peek kazetariak. Bertan ikus daitekeenez, 1960. urtean munduko herrialde gehienek 2,1 baino handiago zuten ugalkortasun-tasa. Une horretan, munduak 3.000 milioi biztanle besterik ez zituen. Gaur egungo egoera guztiz bestelakoa da etorkizunerako aurreikuspenekin alderatuta.
Desorekak beti egon dira munduan. 2050. urtera arte gertatuko den hazkuntzan ere desoreka izango da nagusi. Munduko populazioaren hazkuntzaren zatirik handiena zortzi herrialderi esker gertatuko da: Egipto, Etiopia, India, Filipinak, Nigeria, Pakistan, Kongo eta Tanzania. Argi dago populazioaren hazkundea muga bat dela garapen iraunkorrerako; izan ere, nekez bizi gaitezke mundu jasangarri batean geroz eta biztanle gehiago badaude mundu horretan. Ez da posible, gaur egun ditugun ereduen arabera, bederen. NBEren arabera, etorkizun egoki eta jasangarria izateko, ezinbestekoa da adin guztietako osasungintzan eta hezkuntzan inbertitzea. Hain zuzen ere, gaur egun lanean dagoen populazioaren zati handi bat, laster, ez da lanean egoteko moduan izango. 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da eta, une horretan, munduan 65 urtetik gorakoak 5 urte azpikoen bikoitza izango dira. Populazioaren zahartzea bizi-itxaropen geroz eta handiagorekin lotuta dago, noski. 2019an munduko biztanleriaren bizi-itxaropena 72,8 urtekoa zen, 1990ean baino ia bederatzi urte handiagoa. 2050ean bizi-itxaropena bost urte gehiago areagotzea espero da, nahiz eta herrialdeen artean dauden desoreken kausaz zifra hori estimazio hutsa den.
Laburtuz, ziurgabetasunez beteriko mundu honetan aurreikuspenak egitea zaila den arren, munduko biztanleriaren hazkundea jada joera-aldaketa batean murgilduta dago, demografo eta adituen arabera. Joera-aldaketa horren kausaz 2080. urtean bere goia joko du gizateriak eta bestelako gizarte baterantz garamatza horrek. Geroz eta zahar gehiago eta haur gutxiago egongo dira eta, gainera, zaharrak geroz eta zaharragoak izango dira -edo, gara-. Horrek aurreikuspenak oraintxe egitea eskatzen digu. Geroz eta zaharragoa den gizarte hori jasangarria izan dadin, ezinbestekoa da populazio horren beharrei erantzuteko sistema eraginkorrak izatea, osasun-sistema egokietatik hasita.
Informazio gehiago:- Nazio Batuen Erakunea (2022). Global Issues – Population, un.org.
- Roser, Max, Ritchie, Hannah, Ortiz-Espina, Esteban, Rodés-Guirao, Lucas (2019). World Population Growth, ourworldindata.org.
- Peek, Katie (2022). Global population growth is slowing down. Here’s one reason why, scientificamerican.com, 2022ko abenduaren 7a.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Munduko biztanleriak 2080an joko du goia appeared first on Zientzia Kaiera.
Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa
Neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili ditu UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak, lagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko. Erabilitako inprimatze-metodoak frogatu du teknologia mikrofluidiko horrek ekarpen handia egin diezaiokeela plasma bereizteko gailu biomedikoen merkatuari.
Lab-on-a-Chip motako gailuetan, laborategian berez egiten den funtzio bat edo batzuk integratzen dira tamaina milimetrikoko txip bakar batean. Esparru horretan, emaitza onak lortzen ari dira odoleko biomarkatzaileak detektatzeko diagnostiko-probetan. Mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan, oso lagin txikiekin lan egiten delako eta emaitza berak lortzen direlako.
3Dko inprimaketak eragin nabarmena izan du eremu horretan, baina erronka handia da oraindik osagai integratuak dituzten plataforma mikrofluidiko guztiz funtzionalak 3Dko inprimaketa bidez garatzea. UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterrak bere ekarpena egin du arlo horretan.
Irudia: mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Odol-zelulak oztopo izaten dira askotan biomarkatzaileen determinazioan, eta horrek okerreko kontzentrazio-balioak eragiten ditu. Beraz, plasma bereiztea urrats kritikoa da errendimendu analitikoa hobetzeko eta detekzio-sistema fidagarri eta zehatzak garatzeko. Polymers aldizkari zientifikoak argitaratutako ikerketa batean, neurrira egindako erretxina-formulazio bat erabili du Sandra García Rey UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterreko doktoretza-ikasleak, bereizmen handiko 3Dko inprimatze-metodologia batekin konbinatuta, plasma bereizteko modulu operatibo baten prototipoa azkar optimizatzeko.
Plasma bereizteko aurrerapena“Imajina ezazu bost edo hamar mikrometro inguruko kanal bat —azaldu du Fernando Benito López doktoreak (klusterreko ikertzaile nagusietako bat)—, errezeptorez funtzionalizatutako azalera duena, odoleko molekula edo biomarkatzaile jakin bat atzitzeko eta fluoreszentzia bidez analizatzeko. Globulu gorriek fluoreszentzia hori ikustea eragotziko lukete. Beraz, zulo moduko bat sortu dugu, globulu zuri eta gorriak grabitate bidez erauzteko; hala, kanaletik, plasma bakarrik igarotzen da, eta metodo optikoen bidez detektatzeko sistema integratuan eragin ditzaketen interferentziak ezabatzen dira. Hau da, modulu hau analisi-sistemaren aurretik jarriko litzateke”. Benito Lópezen iritziz, sistema berri honi esker prozesu osoa integratzen da gailu fluidikoaren barruan. Gainera, gailuak analisiaren kalitatea hobetzen du, “azkarragoa delako eta akats gutxiago sortzen direlako, gizakiaren esku-hartzea txikiagoa baita”.
Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak (argi ultramorearekiko sentikorra den erretxina likidoa erabiltzen duen laser-teknologia) aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. “Ohiko metodoak erabiliz (fotolitografia, adibidez) baino askoz azkarrago lor daiteke egitura fluidiko optimo bat”, dio Benito López doktoreak. Ikertzaileek diotenez, ikerketa honek aukera emango du plasma bereizteko osagai integratuak dituzten pieza bakarreko gailuak 3Dko inprimaketa bidez fabrikatu ahal izateko, odoleko biomarkatzaileak detektatzeko. Gainera, frogatu dute “erretxina desberdinekin lan egin daitekeela”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Odoleko plasma bereizteko gailu mikrometriko bat, bereizmen handiko 3D fabrikazio bidez
Erreferentzia bibliografikoa:Garcia Rey, Sandra; Nielsen, Jacob B.; Nordin, Gregory P.; Woolley, Adam T.; Basabe Desmonts, Lourdes; Benito Lopez, Fernando (2022). High-Resolution 3D Printing Fabrication of a Microfluidic Platform for Blood Plasma Separation. Polymers 14. DOI: 10.3390/polym14132537
The post Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #428
Zelula metastasikoak, minbizia beste organo batzuetara daramatenak, isolatuta mugitzen zirela uste zen orain arte. Ikerketa berri batek errealitate askoz ere ikaragarriagoa agerian utzi du: odol-fluxuan dabiltzan minbizi-zelulen superkumuluak. José R. Pinedaren Cancer cell clusters to foster metastatic spread.
Historian gehien aztertu den substantzietako bat da ura. Eta etengabe harritzen gaitu: berak, hari buruz dugun ezagutza areagotzeko erabiltzen diren teknikak, eta baita aurkitzen dena ere. Machine learning to understand water’s liquid phases
Sistema kuantiko jakin batzuk ebazgarriak dira (integragarriak, jargian) funtsezko egoerek baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Oso erabilgarria da sistema elektronikoak aztertzeko erabiltzen diren zenbakizko hurbilketetan, adibidez. The implications of ground-state correlations on the integrability of quantum many-body systems
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #428 appeared first on Zientzia Kaiera.
Norena da esaldia?
Urteko azken egun honetarako, ohi bezala,jolas bat proposatzen dizugu zientzialariei eta hauek egindako ekarpenei buruz dituzun ezagutzak probatzeko.
Emakume zientzialariek esandako hamabost esaldi zerrendatu ditugu. Esaldi horietan suma daiteke bakoitzak zer diziplina jorratu duen eta, agian, pixka bat ikertuz, aipuaren atzean nor dagoen asmatuko dugu.
Laguntza osagarri gisa, esaldien hamabost egileak agertzen dira irudian, baina ez nahitaez aipuen hurrenkera berberean ordenatuta.
Irudia: Aipuen egileak diren 15 zientzialariak. (Argazkiak: Wikimedia Commons)Zer egin behar da?Zientzialariak eta aipuak lotzea proposatzen dizugu. Esaguzu nork esan zuen esaldi bakoitza, mezu bat utziz artikuluaren azpian dagoen iruzkinen kutxatilan. Erronkari behar bezala erantzuten diotenen artean, zientziari buruzko liburu bat zozkatuko dugu. Urtarrilaren 9ra arteko epea duzu erantzunak uzteko. Urtarrilaren 10ean argitaratuko dugu esaldi bakoitza norena den eta baita nork jasoko duen saria ere.
Jokoari aurre egiteko, Zientzia Kaiera eta Mujeres con Ciencia blogak oso lagungarriak izan daitezke. Animatu zaitez!
Aipuak1. Matematikaren edertasuna jarraitzaile pazienteenei baino ez zaie erakusten.
2. Ez naiz ezer, ez dut ezer egin; naizena, dakidan guztia nebari zor diot. Berak moldatu zuen tresna bat besterik ez naiz; ondo entrenatutako txakurtxo batek ere gauza bera egingo zukeen.
3. Artemisia mina antzinako txinatar medikuntzaren oparia da. Baina ez da Txinako medikuntzaren jakinduriak fruituak eman dituen kasu bakarra.
4. Ikerketarik gabeko herrialdea garapenik gabeko herrialdea da.
5. Matematikaren ezagutzan sakontzeko aukerarik izan ez duenak aritmetikarekin nahasten ditu eta astuntzat hartzen du. Egia esan, irudimen handia eskatzen duen zientzia da.
6. Etxera bueltatu eta sukaltarrian plater pila bat aurkitzea baino zerbait okerragoa dago: laborategira ez joatea!
7. Deskonexio handia dago zientifikoki frogatu denaren eta jende gehienak uste duenaren artean.
8. Defenda ezazu pentsatzeko duzun eskubidea, hobe baita oker pentsatzea ez pentsatzea baino.
9. Ez izan zalantzarik, herritar pentsalari eta konprometitu talde txiki batek mundua alda dezake. Izan ere, lortu duten bakarrak dira.
10. Zuhaitzak landatzeko metodo praktiko horrekin, emakumeak konturatu dira ingurumena zaindu edo suntsitzeko benetako aukera dutela. Esperientzia horiek beren autoestimua garatzen laguntzen dute, eta ahalmen handiagoa ematen diete beren bizitzetan.
11. Behaketak gaixoaren egoeraren berri ematen du, hausnarketak zer egin behar den erakusten du, trebezia praktikoak nola egin behar den adierazten du. Prestakuntza eta esperientzia beharrezkoak dira jakiteko nola eta zer behatu; jakiteko nola eta zer pentsatu.
12. Ikusmena zertxobait galdu dut, entzumena, aldiz, asko. Hitzaldietan ez ditut ondo ikusten proiekzioak eta ez dut ondo entzuten. Baina orain hogei urte nituenean baino gehiago eta hobeto pentsatzen dut.
13. Ez didazu poesia filosofikorik eskainiko. Ordena aldatu! Emango didazu filosofia poetikoa, zientzia poetikoa?
14. Edertasun sinboliko bezain erreala dago hegaztien migrazioan, itsasgora eta itsasbeheran, udaberrirako prest dauden hosto eta lore-begien tolesturetan. Infinituki indarberritzen duen zerbait dago naturan behin eta berriz errepikatzen diren leloetan, egunsentia gauaren ondoren datorrela eta udaberria neguaren ondoren.
15. Zientzia ederra da, eta edertasun hori dela eta, lan egin behar dugu zientzian; eta, agian, noizbait erradioa bezalako aurkikuntza zientifiko bat gizateria osoarentzat onuragarria izan daiteke.
Egileez:Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Norena da esaldia? appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: txakurrak
Txakurrak, etxekotutako beste animalia batzuk bezala, gizakiarekin lotu ziren seguru aski komentsalismo harremanen bidez. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz gauzatu zen harreman hau, baina duela hamabost mila urte izan omen zen, gutxienez.
Txakur horietako batzuekin, gainera, gure arbasoek komentsalismotik haragoko harremanak sortu zituzten. Esaterako, hainbat txakur barietate ehiza, artzaintza edo zaintzarako entrenatu eta aukeratu ditugu. Animalia hauek bidelagunak ditugunez, hainbat ikerketa gauzatu dira elkar hobeto ezagutzeko eta baita ere hauen ezaugarri bereizgarrien nondik norakoak azaltzeko.
Ikerlanei erreparatu die gaurkoan Kiñuk, arrazaren arabera tamaina, forma eta ilaje desberdina duten kanido familiako ugaztun hauen bereizgarriak ezagutarazteko.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: txakurrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Zenbakirik gabe bizi
John Allen Paulos matematikariak egungo gizarteak matematika eguneroko bizimoduan ulertzeko dituen arazoak aurkezten ditu bere Zenbakirik gabe bizi (1988) liburuan. Bizi ote liteke inor letrarik gabe? Bai, jakina, baina bere izena du horrek: analfabetismoa. Zenbakirik gabe bizitzea, ongi begiratuz gero, are gogorragoa da, nahiz ez duen gure artean, eta sintomatikoa da hori, izen jakinik: bat behar eta, “matematika-ezjakintasuna” esaten zaio liburu honetan. Gabezia horren kalteak eta komeriak jorratzen ditu Paulosek saiakera zorrotz bezain jostagarri honetan.
Irudia: Zenbakirik gabe bizi liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)Izan ere, letra-ezjakintasunak ez du uzten gizakia hizkuntzaren tresnarik gabe, haren alderdi idatziari baino ez baitagokio, baina zenbaki-ezjakintasunak kalkulu-ahalmena bera oztopatzen du, eta hala uzten gaitu etorkizuna aurreikusteko eta begien aurrean duguna bera ongi ulertzeko baliabiderik gabe. Halako hutsen iturririk behinenak aurkezten dizkigu Paulosek, adibide hurbilez eta azalpen bixi-bixiz: portzentajeak, probabilitateak, joko-apostuak, zenbaki handiak, estatistikak, sineskeriak, inkestak, hauteskundeak…
Gutxieneko matematika-jakintzarik gabe, bada, egunkariko izenburuak taxuz irakurtzeko ere ez gara gauza. Eta eskolatzen ote gaitu eskolak alderdi horretatik ere? Ala, Paulosek aipatzen duen moduan, “matematika-larri” uzkur bat baino ez dio uzten askori, gehienoi, eta horrenbestez areagotzen -defentsa-erreakzioz edo- matematika bizitzarekin zerikusirik gabeko abstrakzio bihozgabe bat delako aurreiritzi arrunta?
Liburu txinpartatsu hau irakurtze hutsak ez dio inori sendatuko bertan salatzen den gaitza, baina bai begiak irekiko, irribarre kezkatiz, haren aurrean.
John Allen Paulos (Chicago 1945) matematika-irakasle dihardu Filadelfiako Temple unibertsitatean, eta zabalkunde handiko hedabideetan ere parte hartzen du sarri. Dibulgatzaile-kezka horren ildo berean, adierazgarri dira argitaratu dituen liburuen izenburuak: Matematika eta umorea, Pentsatzen dut; beraz, barre egiten dut, Matematikari bat egunkaria irakurtzen, Matematikari bat burtsan jokatzen… Arrakasta bero bezain zabala bildu zuen berehala Zenbakirik gabe bizi saiakerarekin, eta hari zor dio, batez ere, mundu guztian duen sona.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zenbakirik gabe bizi
- Egilea: Paulos, John Allen
- Itzultzailea: Josu Zabaleta
- ISBN: 84-8373-869-4
- Formatua: 16 x 24 cm
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2006
- Orrialdeak: 200 or.
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zenbakirik gabe bizi
The post Zenbakirik gabe bizi appeared first on Zientzia Kaiera.
Etorkizun biribila
1980 urteaz geroztik biziagotzen joan dira jarraitzen dugun eredu ekonomikoari buruzko eztabaidak. Izan ere, urte horretan aipatu zen lehen aldiz ekonomia zirkularra, gaur egungo ekonomia linealaren ondorengo jasangarria izango litzatekeena. Sistema ekonomiko bat errotik eraldatzeko, alabaina, hura osatzen duten elementu eta prozesu guztiak berrikusi behar dira. Ekoizpen-prozesuen ikuspuntutik, kimikak badu zeresana, haren prozesu eta produktuak eredu zirkularrera egokitzea urrats garrantzitsua baita. Ikuspuntu berritzaile horretatik jaio da, hain zuzen ere, kimika zirkularra.
Gizakiok, industrializazioaren hastapenetatik, modu linealean diseinatu genuen gure produktuen ekoizpena; baliabide finituak erabili ditugu materialak ekoizteko eta ondoren berrerabili ezin diren hondakinak sortu ditugu. Ibilbide hori krisi latzen kausa da: kutsadura kimiko eta atmosferikoa, klima-aldaketa, biodibertsitate-galera eta energiaren, ur gezaren eta elikagaien eskasia, besteak beste. Zorionez, jabetu gara ekoizpen-eredu horrek dakartzan arazo anitzez, eta gaia gori-goritan dago gaur egun. Sistema ekonomiko eta sozial zirkularraren ideiatik adarkatzen ari dira beste hainbat teoria eta ikuspuntu, eta horietako bat da kimika zirkularra.
Kimika zirkularrak, zehazki, eredu zirkularra jarraitzen duten prozesu kimikoak diseinatzea du helburu. Baliabideak eta hondakinak modu eraginkorrean eta jasangarrian kudeatzeaz gain, kimika zirkularrak erreakzio kimiko berriak diseinatzeko beharra azpimarratzen du, prozesu kimiko osoan zehar ahalik eta baliabide eta energia gutxien xahutzeko. Ez al da, bada, eredu hori naturak jarraitzen duena?
1. irudia: natura, funtsean, prozesu zirkularren multzoa da. Natura biribila da eta baita unibertsoa ere. (Argazkia: Siamlian Ngaihte – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Izan ere, natura, funtsean, prozesu zirkularren multzoa da. Natura biribila da. Eta baita unibertsoa ere. Zirkularra, esferikoa. Izarrak, planetak, atomoetako elektroien orbitalak, prozesu biologikoak… Grabitateak gidatutako unibertso batean bizi gara, eta esfera da indar horren ondoriozko forma geometriko nagusia, izar eta planetek erakusten diguten moduan. Elektroiek ibilbide zirkularrak marrazten dituzte nukleoaren inguruan, beren karga negatiboa etengabe dabilelako nukleoko protoiekin bat egiteko ahaleginean. Erakarpen-indar horrek mugimendu zirkular bat sortzen du. Bizitzak berak ere ikasi du, esperientziaren poderioz, eredu zirkularra jarraitzea dela jasangarriena: uraren zikloa, karbonoarena, fotosintesia, kate-trofikoak eta materia organikoaren berrerabilpen etengabea… prozesu zirkularrak dira baliabide finituko harri esferiko isolatu batean bizirauteko modu jakintsuena.
Gizakiok, ordea, kostata jabetu gara horretaz. Gaur egungo kimikaren arazo nagusietako bat materialen eta sortu nahi diren objektuen konplexutasuna da. Gaur egun erabiltzen diren produktu kimiko gehienak sintetikoak dira, baliabide berriztaezinetatik sortuak eta molekula eta objektu konplexuetan eraldatuak; plastikoa da eredu horren adibide argia. Gizakiaren asmakuntza onenetako bat da agian plastikoa; erabilera mugagabeak ditu eta erresistentzia paregabea. Hura asmatu zenean, ordea, ez zitzaion haren erabilpenari erreparatu eta, gaur egun, hura ekoizteko lehengai kantitate neurrigabeak behar izateaz gain (petrolioa da plastikoaren lehengaia nagusia), nonahiko hondakin suntsiezina bilakatu da. Material konplexu batzuk birziklatu daitezke, bai, baina prozesu horretan zehar ezinbestean materialen kalitatea eta erabilgarritasuna galtzen da, molekulen eta egituren konplexutasuna dela eta. Horrek, gainera, lehengaiak, toxikoak eta energia are gehiago erabiltzea dakar.
Objektuak (eta haien materialak) berrerabiltzea sustatu nahi bada, beraz, beharrezkoa da molekulen eta materialen konplexutasuna murriztea. Ekoizpen-prozesua zirkularra izan dadin, ezinbestekoa da amaierako produktuak eta haien konposaketa ahalik sinpleena izatea. Hori lortzeko, birziklapen-prozesu ezberdinak dituzten materialak nahastea ekidin behar dela argudiatzen du kimika zirkularrak, bai eta konposatu gehigarrien erabilera ere; toxikoak direnak, bereziki.
2. irudia: plastikoa asmatu zenean, ez zitzaion haren erabilpenari erreparatu eta, gaur egun, hura ekoizteko lehengai kantitate neurrigabeak behar izateaz gain, nonahiko hondakin suntsiezina bilakatu da. (Argazkia: Hans – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Bestalde, hondakinak lehengai moduan erabiltzea ere ezinbesteko aurrerapena da baliabideak eta energia aurrezteko bidean. Gaur egungo hondakin ezagunena CO2-a da; nagusiki, erregai fosilen konbustiotik sortua. Hura ere prozesu kimiko baten hondakintzat hartzen da, eta haren erabilera sustatu nahi da beste prozesu kimiko batzuen lehengai modura. Adibidez, CO2-a beste hainbat molekulatara eraldatu daiteke (metanotik hasi eta alkohol eta amidetaraino), eta horiek gero beste hainbat prozesutan parte har dezakete.
Hondakin metalikoak lehengai moduan erabili ahal izatea da beste erronka nagusienetako bat. Zientzialariek kalkulatzen dute metalen eskaria handitu egingo dela etorkizun hurbilean, industria kimikoaren eta CO2-aren isurketak murrizteko prozesuen beharrengatik. Digitalizazioaren ondoriozko tresna elektronikoen eskariak ere kalitate handiko metalak behar ditu. Kobrea, esaterako, ezinbesteko osagaia da hainbat produktu ekoizteko; kableak, aerosorgailuak, motor elektrikoak, sorgailuak, sentsoreak, aparailu elektrokoak… Denek behar dute kobrea beren ekoizpenerako. 20. mendetik kobrearen erauzketa eta ekoizpena %3.000 hazi da, eta metal honen beharra jaitsiko ez denez, lehentasuna da haren birziklapen-prozesua optimizatzea; batetik, lehengairik gabe geratzeko arriskuan gaudelako eta, horrez gain, metalen erauzketak ingurumen-inpaktu handia ere eragiten duelako. Beraz, hondakinak lehengai modura erabiltzeak ondorio positibo bikoitza du; batetik, lehengaiak xahutzea saihesten da, eta, bestetik, hondakin gehiegi sortzea eta metatzea galarazten da.
Kimika zirkularrak, beraz, ikuspuntu holistiko bat eskaintzen du, eta ongi eginez gero, ia mugagabea bihur daiteke gizakiok erabiltzen ditugun material guztien ekoizpena eta berrerabilpena. Horretan, esan bezala, ez baitago natura baino eredu hoberik. Lurrean bizitzeko modu eraginkor eta jasangarriena materia eta energiaren zirkulazio etengabea da, hasiera eta amaierarik gabea. Heriotzak bizia bilatzen du beste organismo batean, molekula batek zeregina du beste erreakzio batean, eta hondakina lehengai bilakatzen da. Naturaren bizikide izateko modurik onena natura bilakatzea da.
Erreferentzia bibliografikoak:Kümmerer, K., Clark, J. H., & Zuin, V. G. (2020). Rethinking chemistry for a circular economy. Science, 367(6476), 369–370. https://doi.org/10.1126/science.aba4979
Keijer, T., Bakker, V., & Slootweg, J. C. (2019). Circular chemistry to enable a circular economy. Nature Chemistry, 11(3), 190–195. https://doi.org/10.1038/s41557-019-0226-9
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Etorkizun biribila appeared first on Zientzia Kaiera.
Lissajous, afinatzaileen artean onena
Diapasoi baten tonua lima soil batekin zehaztu ahal da. Haren besoen punta gastatuz gero, masa gutxitu egingo da, eta tonua altuagoa izango da. Bestalde, haren oinarria (besoak heldulekuarekin lotzen direneko lekua) lixatuz gero edo metala pixka bat berotuz gero, bere elastikotasuna aldatu egingo da, eta tonua baxuagoa izango da.
John Shorek, gailuaren asmatzaileak, segur aski ezagutzen zituen printzipio horiek, modu erabat esperimental batean bazen ere. Tronpetariak bere asmakizun berria munduari aurkeztu eta mende bat geroago, diapasoiak jada bazeukan bere lekua musikaren historian afinatzaile unibertsal bezala. Eta, bere ospearen ondorioz, tresna bera zehaztasun osoz, modu estandarizatuan eta bizkor afinatzeko beharra agertu zen.
Horixe da Jules Lissajousek lortu nahi zuena 1854an, diapasoien afinazioa konparatzeko metodo berri bat garatu zuenean. Bere ideia sinplea zen, dotorea, eta, zergatik ez, ikaragarri ederra. Tresnaren besoen bibrazioak metodo optikoen bitartez bistaratzean zetzan. Ordura arte, diapasoiak “belarriz” afinatzen ziren besterik gabe. Diapasoi berri bakoitza jada afinatuta zegoen erreferentziazko beste batekin konparatzen zen eta haren besoak gastatzen ziren, harik eta soinuaren maiztasuna bat etorri arte. Horren ordez, Lissajous kandela baten argiaz baliatu zen maiztasunen arteko edozein ezberdintasun zuzenean aurkitu ahal izateko.
1. irudia: «Estudio óptico de los movimientos vibratorios por el método de M. Lissajous», ‘El mundo físico: gravedad, gravitación, luz, calor, electricidad, magnetismo, etc.’ liburuan agertzen den ilustrazioa. (Irudia: A. Guilleminen – domeinu piblikoko irudia. Iturria: Sevillako Unibertsitateko Antzinako Funtsa / Flickr)Berak azaldu zuen bere muntaketa 1857ko artikulu batean1:
Lehendabizi diapasoiekin aritu nintzen; bibratzen zuten objektuen artean, tresna txiki horiek ziren erabiltzeko errazenak […]. Diapasoi baten bibrazioaren mugimendua ikusi ahal izateko, adarretako baten muturra metalezko ispilu lau txiki baten alde konbexuaren gainean finkatu dut. Beste adarrak kontrapisu bat dauka; beraz, gainkarga berdina da bi adarretan.Kandela baten sugarra ispilu txiki horretan islatuz, Lissajousek diapasoiaren mugimendu ahula argi bilakatzea lortu zuen. Orain ikus zitekeen fenomeno bat zen. Ondoren, beste diapasoi bat jarri zuen, beste ispilu batekin, lehenarekiko norabide perpendikularrean. Alegia, lehen tresna horizontalki mugitzen bazen, bigarrenak bertikalki egiten zuen, eta alderantziz. Kandelaren argia horietako bakoitzaren kontra bata bestearen atzetik errebotatuaraziz, horien mugimenduak konbinatu zitzakeen, eta figura bakar bat sortu. Figura eder eta geometriko horiek Lissajousen figurak dira.
2. irudia: (monsieur) Lissajousen (1857) Mémoire sur l’étude optique des mouvements vibratoireseko ilustrazio originala. (Argazkia: Jeremy Norman Collection of Images – CC BY SA lizentziapean. Iturria: Historyofinformation.com)Gogoan dut fisikako fakultateko laborategian figura horietako bat ikusi nueneko lehen aldia. Osziloskopio bat erabiltzen genuen bi seinale elektriko sintonizatzeko eta pantailan agertzen ziren marrazkiak aztertu behar genituen haien maiztasunen arteko proportzioa eta haien arteko desfase posiblea kalkulatzeko. Irudiak dantzatzen ikustea zoragarria zen. Baina benetan ederrena zera da: Lissajousen figurak ixteko (eta, beraz, itxuraz, “geldi” geratzeko) era bakarra bi seinaleen maiztasunak berdin-berdinak izatea edo proportzio harmoniko zehatz bat edukitzea da (hau da, zenbaki osoz adieraz daitekeen proportzio bat). Bi uhinak berberak badira, zirkulu bat irudikatuko dute. Proportzioa 2:1ekoa bada, tximeleta baten antzeko zerbait trazatuko dute; ratioa 3:2 denean, emaitzak espiral bikoitz baten antza izango du2. Zenbat eta harmoniko gehiago, irudia orduan eta konplexuagoa izango da. Baina irudia gelditzeko baldintza beti da bera: figura ez da itxiko forma ematen dioten maiztasunak ez badatoz guztiz bat. Afinazio perfektua behar da.
XIX. mendearen bigarren erdian, zientziaren mundua benetan unibertsala izango zen unitate sistema bat sortzen saiatu zen. Garai horretan eratu zen Pisuen eta Neurrien Nazioarteko Bulegoa, metroa eta kilogramoa definitu ziren eta orain dela oso gutxira arte erreferentziatzat erabiltzen ziren patroiak eratu ziren. Musikaren munduan ere, la unibertsal bat definitzen saiatu ziren3, eta, hori neurtzeko, Lissajousek kontu handiz afinatutako diapasoi estandar bat sortu zuen. 435 Hz-etan bibratzen zuen, 15 °C-ko giro tenperaturan. Afinatzaileen artean onena bihurtzeko deitua izan zen, musikaren neurgailu unibertsala. Bere mugimenduarekin, planeta osoko kontzertu areto guztietan entzungo zen musikari forma eman zion.
Gutxienez, hori zen ideia. Jada ikusi dugun bezala, ez zuen luze iraun haren agintaldiak, egia esan. Gaur egun, afinazio estandarra 440 Hz-etan dago ezarrita eta hori ere ez da beti errespetatzen. Europan, ohikoa da 442 Hz-etan afinatzea. Lissajousen figurek, bestalde, bere ondare kultural propioa eduki zuten. Haien forma kurbatu, eder eta hipnotikoa erreferente bisual bihurtu ditu. Zinean agertu dira, gehienetan egoera futuristei edo zientzia-fikziokoei lotuta, ikusleak zorabiatu zituzten Vertigoren hasiera kredituetan eta, are gehiago, uste da logo komertzial ezagun bati forma ematen diotela. Alabaina, niri bere soinuzko jatorri musikala gogoratzea gustatzen zait. Figura horiek guztiek lotutako bi notaren harmonia propioa dute, eta bitarte kontsonante bat da, modu perfektuan afinatuta.
Erreferentzia bibliografikoak:1 Lissajous, Jules A. 1857. “Mémoire sur l’étude optique des mouvements vibratoires” Annales de chimie et de physique 3 (51): 147-232.
Oharrak:2 Maiztasunen arteko harreman horiek zortzidun (2:1) eta bostun (3:2) justuko bitarte musikalei dagozkie, hurrenez hurren.
3 1858an, gobernu frantsesak estandar hori ezartzeaz arduratuko zen komisio bat eratu zuen. Lissajous batzorde horretako kideetako bat izan zen. Hector Berlioz eta Gioachino Rossini konpositore ezagunak ziren beste kideetako batzuk.
Egileaz:Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko uztailaren 14ean: En busca del la universa.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Lissajous, afinatzaileen artean onena appeared first on Zientzia Kaiera.
Entzumen arazoak dituzten pertsonen komunikazioan aurrerapenak
Egindako ahaleginak gorabehera, entzumen arazoak dituzten pertsonek zailtasunak dauzkate interprete gabeko inguruetan komunikatzeko. Azkenaldian, hainbat ikuspuntu garatu dira arazo hori ebazten saiatzeko
UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikertalde bat argentinar zeinu hizkuntza identifikatzeko sistema bat garatu du. Sistemak bideoetatik ateratako eskuko erreferentzia puntuak erabiltzen ditu, zeinu desberdinen artean bereizteko. Zenbait esperimentu egin dituzte eta etorkizun handiko emaitzak lortu dira. Itsaso Rodríguez-Moreno, José María Martínez-Otzeta, Izaro Goienetxea eta Basilio Sierra ikertzaileek duela gutxi egindako ikerketa Plos One aldizkari zientifikoan argitaratu da.
Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, munduko herritarren % 5 baino gehiagok entzumen arazoak dituzte. Horrek esan nahi du 466 milioi pertsonak arazoak dituztela (432 milioi heldu eta 34 milioi ume) eta aurreikusten da kopuru horrek gora egingo duela. 2050erako espero da 700 milioi pertsona inguruk (hamar pertsonatik batek) entzumen urritasunak izatea. Pertsona horien artean, 70 milioi inguruk erabiltzen dute existitzen diren 300 zeinu hizkuntzetako bat lehenengo hizkuntza gisa.
Irudia: UPV/EHUko ikertalde bat argentinar zeinu hizkuntza identifikatzeko bideo sistema bat garatu du. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Zeinu hizkuntzen ezagutza ez dagoenez mundu osotik zabalduta, entzumen arazoak dituztenek zailtasunak izan ohi dituzte zenbait agertokitan, eta eguneroko bizitzako esku hartzeak zailagoak bihurtzen dira itzulpenarekin laguntzen dieten interpreterik ez dagoenean. “Arazo horiek konpontzeko, azken aldian, ikuspuntu ugari garatu dira zeinu hizkuntzaren ezagutza automatikoaren esparruan”, azaldu du Basilio Sierrak, Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedraduna. “Ikuspuntu horietako batzuk apur bat intrusiboak dira; izan ere, zeinu egileak (zeinu hizkuntza erabiltzen duen pertsona) gailuren bat erabili behar du, sistema esaten ari dena interpretatzeko gai izan dadin”.
“Zeinu hizkuntzek, ahozko hizkuntzek bezalaxe, euren egitura linguistikoak dituzte eta nahiko zailak dira ahozko hizkuntzetara itzultzeko, zenbait alderdi direla eta”, adierazi du doktoregoko ikasleak Itsaso Rodríguez. Zeinu hizkuntza bakoitza milaka zeinuk osatzen dute, eta, askotan, aldaketa txikiengatik bereizten dira. Adibidez, zeinu batzuek eskuen ezarpen berbera dute, baina orientazio desberdina. Gainera, batzuetan, zeinu baten esanahia erabiltzen den testuinguruaren edo esaldiaren arabera aldatu ahal da. Aurpegiera ere funtsezkoa da zenbait zeinu bereizteko, eta hori oso garrantzitsua da, adibidez, galde perpausak egitean. Hortaz, zenbait zeinu xehetasun txikiengatik bereizten dira, hala nola eskuaren ezarpena, mugimendua, kokapena, aurpegiera edo testuingurua.
Bideoan oinarritutaHala ere, gaineratu du Basilio Sierrak, zenbait zeinu oso antzekoak dira entzule ez aditu batek egoera bat deskribatzeko erabiliko lituzkeenekin. Eta, kasu gehienetan, zeinu-objektu harremana arbitrarioa da eta ez dauka inolako erreferentzia bisualik. “Zeinu hizkuntzaren beste ezaugarri batzuk, adibidez, honako hauek dira: hitzen ordena desberdina izan ahal da testuinguruaren arabera edo zenbait aditz ez dira zeinuz adierazten. Horrez gain, hatz ortografia aintzat hartu behar da; hitzak letreiatzen dira ez bada hitzaren zeinua ezagutzen. Hatz bidez egindako letreiatzea gehien bat izen bereziekin erabiltzen da. Beste zenbait ezaugarrik ere eragiten dute zeinu hizkuntza ezagutzea lan zaila izatea, ikerketan guztiak aipatzen ez ditugun arren”.
Hala, lan honetan bideoan oinarritutako zeinu hizkuntza ezagutzeko ikuspuntua aurkezten da. Prozesuaren lehen urrats gisa, seinale batzuk osatzen dira MediaPipek (aurpegiko detekzio ultralasterreko soluzioa) ateratako posizioekin. Seinale horiek zeinua egiten ari den eskuaren artikulazio multzo bat irudikatzen dute. Jarraian, seinale horiek Common Spatial Patterns algoritmoa (elektroentzefalograma seinaleetan maiz erabiltzen den algoritmoa, dimentsionaltasuna murrizteko) erabilita eraldatzen dira. Common Spatial Patterns elektrokardiografiaren, elektromiografiaren esparruan edo irudi astronomikoetan ere aplikatu da planetak detektatzeko, eta duela gutxi bideo bidez ekintzak ezagutzeko erabili da. Lortutako emaitzak oso onak izan dira. Ikuspuntu horrek aukera ematen du modu itxian kalkulua egiteko, eta, beraz, beharrezkoa da amaiera irizpideak erabakitzea. Hala gertatzen da modu zabalean aplikatutako iterazio metodoekin, adibidez, ikasketa sakonean gertatutako gradiente murrizketan.
Plos One aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluetan zeinu hizkuntza ezagutzeko ikuspuntua aurkezten da, non argentinar zeinu hizkuntzaren datu multzo bat erabiltzen den. “Bideo fotograma bakoitzean eskuaren zenbait erreferentzia puntu lortzen dira MediaPipe teknologiaren bidez. Eskuaren erreferentzia puntu horiek bideo bakoitzaren zeinu multzo bat sortzeko erabiltzen dira. Aipatutako Common Spatial Patterns algoritmoa seinale horiek eraldatzeko erabiltzen da, eta, seinale horien ezaugarri batzuk atera ondoren (bariantza balioak, maximoa, minimoa eta kuartil arteko tartea), sailkapena egiten da. Sailkapena egiteko, zenbait sailkatzaile erabili dira. Aipatu behar da aurkeztutako ikuspuntua ez dela intrusiboa, eta ez da beharrezkoa zeinu egileei gailurik jartzea; hortaz, sistema erosoagoa da haientzat. Lortutako emaitzak 0:90 eta 0:95 artean daude, eta zehaztasun balio altuagoak lortzen dira kolore tarte zuri-beltzera bihurtzean. Hortaz, sailkapenaren emaitzak itxaropentsuak dira”, esan du amaitzeko Itsaso Rodríguezek.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Entzumen arazoak dituzten pertsonen komunikazioa hobetzeko aurrerapenak
Erreferentzia bibliografikoa:Rodríguez-Moreno, I.; Martínez-Otzeta, JM.; Goienetxea, I.; Sierra, B. (2022). Sign language recognition by means of common spatial patterns: An analysis. PLoS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0276941
The post Entzumen arazoak dituzten pertsonen komunikazioan aurrerapenak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #421
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian1954an Natalia Sarsadskikh eta Larisa Popugaieva geologoek Zarnitsa meategia aurkitu zuten, Errusiako eta munduko diamante meategi handienetako bat. Alabaina, beste espedizio batek jaso zuen aurkikuntzaren ohorea eta Popugaievak 1970era arte itxaron behar izan zuen aurkikuntza eta erabili zuen prospekzio metodoaren egiletza aitortu zitzaizkion arte; Sarsadskikhek, berriz, hogeita hamasei urte. 1953an, Natalia Sarsadskikh geologoak gidatutako talde berezi bat Markha ibaiaren goi ibilguaren ertzetara iritsi zen diamante bila. Zientzialariak bi taldetan banatu zuen bere taldea, eta horietako bat Larisa Popugaievaren ardurapean geratu zen. 1954ko ekainean, bi hilabeteko bilaketa neketsuen ondoren, kimberlitazko gainazal bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hori Sobietar Batasunaren lurraldean egindako mota horretako lehena izan zen. Geroago, Zarnitsa meatzea izendatu zuten. Azalpenak Zientzia Kaieran: Larisa Popugaieva, diamante bila ibaiak arakatzen zituen geologoa.
Klima-aldaketaKlimaren beroketak zuhaitzetan duen eragina ez da erraz antzematen. Alabaina, iberiar penintsulan isurialde mediterraneoa iparralderantz hedatuko da tenperaturak igo eta euriteak aldatu ahala. Hala azaldu du Gilen Igoak, CNPFko teknikariak. CNPF oihan pribatuak kudeatzen dituen frantses erakunde publikoa da, eta Igoa Berriarekin hizketan aritu da gai honen inguruan. Basoen bilakaerari buruz galdetzean, Igoak argitu du pagoa desagertzea espero dela gure basoetatik, baina bertako beste espezie batzuk klima berrira egokituko direla. Adituen esanetan oraindik goizegi da klima-aldaketak euskal baso eta oihanetan izango duen ondorioez mintzatzeko, baina honezkero nabari daitezke eragin batzuk; besteak beste, suteen emendioa edota zuhaitzen hiltze edo ahultzea toki jakinetan. Datu guztiak Berrian: Beroa badator, pagoa badoa.
IngurumenaMendiko artzaintzak onura sozioekologikoak dakarzkio gizarteari, UPV/EHU buru duen SOSTEPASTO ikerketa-taldeak ondorioztatu duenez. Ikertzaileek azaldu dutenez, ikuspegi ekologikotik, mendiko artzaintza-sistemak lagungarriak izan daitezke larreen biodibertsitatea eta nutrizio-kalitate handia mantentzeko eta lurzoruaren CO2 fluxua murrizteko. Baina, onura ekologikoez gain, mendiko artzaintzako sistemek lanpostuak eta diru-sarrerak sor ditzakete bestelako aukera ekonomiko gutxi dituzten landa-eremuetan. Azterketak, bestalde, diziplinarteko metodologia partizipatibo bat proposatzen du, gai honen inguruan sor daitezkeen gatazkak kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Mendiko artzaintza eta bere onura sozioekologikoak.
TeknologiaItzulpen automatikoan genero-alborapena zuzentzeko teknika berritzaile bat sortu dute Oraiko ikertzaileek. Itzultzaile automatikoek algoritmoak erabiltzen dituzte, eta algoritmoek, era berean, adibideetatik ikasten dute. Horrela, sarrerako adibideetan dauden alborapen eta estereotipo sozialak errepikatzeko joera dute itzultzaile automatikoek. Arazo hau konpontzeko, proposatutako teknikak bi metodo uztartzen ditu: batetik, adibide orekatuetatik ikasiz alborapen hori zuzentzeko metodo bat, eta bestetik, generorik gabeko hizkuntzan genero-informazioa modu esplizituan txertatzeko metodo bat. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaCOVID iraunkorrari aurre egiteko Paxlovid antibirala probatzen ari da Standford Unibertsitatea. Antibiral hori jada onartuta dago SARS-CoV-2 infekzioaren lehen fasean hartzeko, baina ikerketa batzuek iradoki dute tratamendu horrek gainera txikitu egiten duela COVID iraunkorra izateko arriskua. Horrenbestez, saio klinikoan probatu nahi dute ea Paxlovid eraginkorra den COVID iraunkorra sendatzeko, edo, behintzat, sintomak apaltzeko. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Elena Muñoz Pérezek farmazia ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko NanoBioCel taldean ari da tesia egiten. Hesteetako hanturazko gaixotasuna tratatzeko terapia berri bat du tesian ikergai. Patologia kroniko bat da, kausa ezezagunak ditu, eta ondorioz, ez du sendabiderik oraindik. Munduan 6-8 milioi gaixok pairatzen dute gaixotasun hori eta sintoma ugariko koadro klinikoa sortzen du. Muñozek, bere tesian, gaixotasuna hobetzeko 3Dn inprimatutako hidrogelak erabiltzen ditu, eta hidrogelen eraginkortasuna hobetzeko zelula amak erabili nahi ditu. Oraingoz, tratamenduak laborategian aztertzen ari da. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Elena Muñoz: “Ikertzaileon erantzukizuna da pazienteen osasuna hobetzen duten aurrerapen biomedikoak partekatzea”.
Pseudomonas aeruginosa bakterioak sortzen duen toxina batek inguruko bakterioak nola hiltzen dituen argitu du ikerketa-talde batek. Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Jaume I Unibertsitateko eta Sevillako Unibertsitateko zientzialariek osatutako taldea izan da aurkikuntzaren erantzule. P. aeruginosa bakterioak pneumonia eragiten du, hilgarria den T6SS sekrezio-sistemaren bitartez. Bakerioak beste zelula batzuekin topo egitean, sekrezio-sistema horren bidez hainbat toxina injektatzen dizkie zelulei. Lan berri honetan argitu dute Tse5 toxina dela injektatzen dutena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaTxarto lo egiteak arazo fisiko eta mentalak eragin ditzake norberaren osasunean. Hala azaldu dio Berriari Ainhoa Alvarez Arabako ESI erakunde sanitario integratuko neurofisiologoak. Lo faltaren hazkundea nabaritu du Alvarezek Gasteizko Santiago ospitaleko Lo Unitatean, gehienbat 2020az geroztik. Azaldu duenez, lo ez egiteak bi ondorio sorrarazten ditu bereziki; bata fisikoa, eta bestea mentala. Alde batetik, ondo lo ez egiteak arazo kardiobaskularrak ekar ditzake; bestetik, memoria, kontzentrazio eta arreta arazoak. Bestalde, azpimarratu du garrantzitsua dela gure burmuinak ikastea ohea lo egiteko lekua besterik ez dela. Datu guztiak Berrian: «Oinarrizko premia delako sortzen digu estresa lo ez egiteak».
AstronomiaLuma gorakor erraldoia aurkitu dute Marteko Elysium Planitia lautadaren azpian. Denbora luzez uste izan da Marte geologikoki itzalita dagoen planeta dela, baina aurkikuntza honek uste horren kontra egiten du. Arizonako unibertsitateak zabaldu du prentsa ohar bat honakoa azalduz, eta argi utzi dute ebidentzia lerro asko daudela hipotesi honen alde. Argudiatu dute Marteko mantutik lurrazalera magma bideratzen duen luma horri leporatu ahal zaizkiola eskualde horretan atzemandako hainbat anomalia. Luma horrek 4.000 kilometro inguruko luzera duela kalkulatu dute gutxi gorabehera, eta haren burua 25 eta 200 kilometro arteko sakoneran dagoela. Berri honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Luma gorakor erraldoia aurkitu dute Marten.
GenetikaKoldo Garcia Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzaileak euskal populazioan digestio-aparatuko gaixotasunen inguruan egin dituzten gene-ikerketak azaldu ditu Zientzia Kaieran. Digestio-aparatuko gaixotasunek ospitaleratzeen %15 inguru eragiten dute, eta azken urteetan horietako biren gene-oinarriak aztertu dira euskal populazioan: hesteetako hanturazko gaixotasuna eta kolon eta ondesteko minbizia. Zehazki, gaixotasun bakoitzerako pertsona gaixoen eta osasuntsuen bost milioi gene-aldaera ingururen informazioa eskuratu dira eta aldaerok erkatu dira gaixotasunean gehiago zeintzuk agertzen ziren zehazteko. Garciak azaldu duenez, hesteetako hanturazko gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde detektatu dituzte; kolon eta ondesteko minbiziaren kasuan, berriz,hainbat gene-aldaera identifikatu dira, eta hainbat eredu garatu dira gene-arriskua kalkulatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Bi milioi urteko DNA berreskuratzea lortu dute Groenlandiako sedimentuetatik. Orain arteko DNArik zaharrenak milioi bat urte zituen. Lagin berri horren bidez ordura arteko fosilen eta polenen aztarnetan identifikatu ez zituzten espezie ugari identifikatu dituzte. Horien artean landare espezie asko, Pleistozenoko eta egungo animalien arbasoak (erbiak, mastodonteak, elur-oreinak, karraskariak eta antzarak, besteak beste), itsas espezieak (ferra-karramarroa eta alga berdeak, besteak beste) eta bakterioak eta onddoak. Ikertzaileek nabarmendu dute bioaniztasun horrek ez duela parekorik gaur egun. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakGiza gorputza lanean 1975ean argitaratu zen, eta John Lenihan fisikaria da haren egilea. Lenihanek gizakia makina bezala aurkezten du liburuan, atalka makina horren antolaketa eta funtzionamendua azaltzen ditu. Lenihan biomedikuntzako ingeniaritzan espezializatua zen, eta gaitasun berezia zuen medikuntzako eta zientziako gaiak argitasun erakargarriz jorratzeko. Atal hau Zientzia Kaierak Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean egin du, eta ZIO bildumatik lortu da.
Urteko zientzia-albisteakBerriak aurtengo zientzia-aurkikuntza eta albisteen bilduma egin du, alfabetikoki ordenatua. Aurrerapen garrantzitsuenen artean daude James Webb teleskopioak ateratako unibertsoaren irudirik sakonenak; Fusio errentagarriaren albistea ere izan dugu; Medikuntzan aurrerapenak egin dira transplanteetan, garunari kalte egiten dioten gaitzetan eta txertoetan, eta arkeologiak historia hobeki ulertzeko gakoak eskaini ditu. Bilduma hau irakur daiteke Berrian: Giza ikusmira zabaltzen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #421 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #427
Bizkarrezurraren estimulazio elektrikoak ibili ezin zuen jendeari nola lagun diezaiokeen ulertzen hasiak gara. Rosa García-Verdugoren Electrical stimulation allows nine paralysed patients to walk.
Zer egingo zenuke Marte modu eraginkorrean kolonizatzeko? Twitter erosi, erantzungo du baten batek. Ez, ezer baino lehen bakterioak bidaltzea da kontua. Cyanobacteria could help colonize the moon and Mars
Aspaldi, galaxia oso urrun batean, supererraldoi gorri batek eztanda egin zuen. Eta grabitazio-lenteen magiak balio izan zuen Hubblek fotomatoi baten argazki sortaren antzeko emaitzarekin argazkiak egiteko. DIPCko jendeak A red-supergiant supernova in a galaxy far, far away
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #427 appeared first on Zientzia Kaiera.