Asteon zientzia begi-bistan #412
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
GeografiaIsabella Bird esploratzaile, idazle eta naturalista Yorkshire-n jaio zen 1831n. 19 urte zituela bizkarreko tumore bat kendu zioten eta sendagileek itsas bidaia bat egitea gomendatu zioten. Lehen bidaia hartan bidalitako gutunez baliatu zen bere lehen liburua argitaratzeko, The Englishwoman in America. 1872an, berriz ere medikuak aginduta, Australiarantz jo zuen, baina bidean Hawaiin geratu zen, eta bere bigarren liburua idatzi zuen bertan. 57 urte zituela medikuntza ikasketak egitea erabaki zuen eta Indiako misio batera joan zen. Idazle ospetsua izan zen Europan eta Amerikan, eta Royal Photographic Society elkarteko bazkide ere izendatu zuten. Datu guztiak Maialen Muniozgurenen eskutik: Isabella Bird, XIX. mendeko benetako esploratzaile eta idazlea.
MedikuntzaBioNTech konpainiak zenbait minbiziren kontrako txertoak iragarri ditu, 2030 urterako gutxi gorabehera. Aditzera eman dutenez, RNA mezularian oinarritutako txertoen bidez lortuko da minbiziaren aurka egitea, baina horien garapenaren gaineko ikerketak ez dituzte argitaratu oraindik. Horregatik, tentuz erabili behar da informazioa, ez baita oraindik erabat ziurra. Arantxa Iraola kazetariak osasun arloko berrien tratamenduari so egiten dio eta jasotzen dugun informazioaren aurrean begi kritikoa landu behar dugula azaltzen du Berrian: Botikez, hitzak ondo neurtuta.
OsasunaUPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztertzeko ikerketa bat egin du unibertsitate berak. Langileen pisua, ezaugarri soziodemografikoak eta jarduera fisikoaren informazioa bildu zituzten, eta aldagai hauen arteko erlazioa aztertu dute. Emaitzen arabera, unibertsitateko langileen gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arteko konbinazioa biztanleria orokorrarena baino txikiagoa izan zen. Aipatzekoa da, bestalde, langile gizonezkoek adin goiztiarretan azaldu dutela pisu gehikuntzarako prebalentzia altuagoa, baina emakumeek pisuari ondo eusten diote. Loari dagokionez, lo-urritasuna zutenek 10.2 probabilitate handiagoa zuten gehiegizko pisua edo obesitatea izateko. Ikerketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
FisikaMaia Garcia-Vergniory fisikaria APS Fellow izendatu dute, material topologiko berriak identifikatzeko egin dituen ekarpen aitzindariengatik. Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikertzailea da, eta Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu du. Material topologikoak aldi berean bi motatako propietateak dituzten materialak dira: barnean isolatzaileak diren bitartean, ertzetan eroaleak dira. Portaera horri esker, aplikazio teknologiko askotarikoak dituzte. Nazioarteko materialen base erraldoi bateko material guztiak aztertu ditu Garcia-Vergnioryk EHUko zientzialari talde batekin elkarlanean, eta ondorioztatu dute, aztertutako materialen %88k gutxienez propietate topologiko bat dutela. Aurkikuntza honengatik jaso du, hain zuzen ere, merezitako izendapena. Datuak Berrian.
BiologiaEduardo Angulo biologoaren “Errezeta egiteko osagaiak” artikulu-sortaren lehen alea irakurgai dago Zientzia Kaieran. Bertan tomate landareaz eta fruituaz dihardu. Solanum lycopersicum, tomate landarearen izen zientifikoa da, eta lycopersicum otso-melokotoi gisa itzul daiteke. Izen arrunta ordea, antzinako mexikarren nahuatl hizkuntzako tomatl hitzetik dator. Europara Kolonekin iritsi zen 1523an, eta herbario batean kontserbatzen den tomaterik zaharrena 1551koa da. Fruitu honek gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu, hala nola, mineralak, B eta C bitaminak eta karotenoideak, esaterako. Fruitu honen inguruan gehiago jakiteko Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I) kontsultatu daiteke.
Esther Rebato EHUko Antropologia Fisikoko katedradunak Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso du. Obesitatea izan du ikergai nagusi, ingurunearen, genetikaren eta sexu dimorfismoaren ikuspegitik. Rebatok azaldu duenez, badaude gene batzuk obesitatea izatea bultzatzen dutenak; adibidez, FTO izenekoa. Obesitatea multifaktoriala dela dio, eta inguruak eragina duela geneen espresioan. Hau da, geneak hor daude, baina gene horiek espresatu egin behar dira obesitatea garatzeko. Informazio gehiago Berrian: «Gizarteak eta kulturak eragina daukate pertsonen biologian».
IngurumenaExeter Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek kaleko argiak LED argiekin ordezkatzeak ingurumenean duen eraginaz ohartarazi du. Gaueko argien espektroa aztertu dute, eta jakinarazi dute argi urdina asko ari dela hedatzen. Horrek ondorio kaltegarriak dakartza, bai gizakiontzat, bai beste bizidunentzat, melatoninaren zikloaren asaldura (loarekin lotuta dago) eragiten baitu. Izarren ikusgarritasuna ere okertzen du, eta intsektuen eta saguzarren portaera ere aldatzen dela ikusi da. Azken urteetan LED gehien jarri dituzten herrialdeen artean Italia eta Espainia daude. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
GenetikaIzurri beltzak gure immunitate-sistema eraldatu zuela argitaratu da Nature aldizkarian. Izurri honek munduko biztanleen % 30-50 hil zen bost urtean, baina horretaz gain, gaitz autoimmuneekiko sentikortasuna handitu zuen biztanlerian. Ikerketa honen arabera, Yersinia pestis bakterioaren infekzioari aurre egiten eraginkorrak ziren aldaera genetikoak hedatu ziren, izurria geldiarazten lagundu zutenak, baina albo-ondorioak ekarri zituen aldaera genetiko horien zabaltzeak. Beraz, izurri beltza gainditu izanak gaitz autoimmuneekiko zaurgarriagoak egin ditu gizakiak. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
PsikologiaIkerketa baten egileek ondorioztatu dute luxuzko ondasun eta zerbitzuak erostea gizabanakoek estatus handiagoa erakusteko erabiltzen dutela. Hau aztertzeko, Erresuma Batuko 32 008 entitatetan hamar hilabetez lan egin zuten 683 677 pertsonaren txartel bidezko transakzioak aztertu zituzten, luxuzko gastuaren jatorria zehaztu ahal izateko. Oro har, ikusi zuten zenbat eta handiagoa izan soldata, orduan eta handiagoa zela luxuzko objektu eta zerbitzuen gastua. Bestalde, soldata-berdintasuneko egoeran, enpresan estatus baxuagoa dutenek diru-sarreren proportzio handiagoa gastatzen dute luxuzko objektuetan. Honek, ikertzaileen esanetan, “estatusak eragindako antsietatearen hipotesia” berresten du. Datuak Zientzia Kaieran: Erakusteko kontsumoa.
TeknologiaNazioarteko ikertalde batek babes/babesgabetze estrategiak ezartzea lortu du grafeno nanoegituren sintesia zuzenean gainazaletan egin ahal izateko. Izan ere, nanoegitura hauek ez dute aireztatzea jasaten, eta dispositibo errealetan ezartzeko, manipulatu eta inguruz aldatu behar dira egitura hauek, materialak degradatzeko arriskuarekin. Arazo hau ikusirik, ikerketa honetan hidrogeno atomikoaren erabilpena frogatu dute, grafeno nanoegituratua atmosferaren efektu oxidatzaileetatik babesteko. Gainera, nanoegitura hauek beren jatorriko egiturara itzuli daitezkeela ikusi dute tratamendu termiko batekin deshidratatuz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Grafenotik eratorritako nanoegituren egonkortasun arazoak konpontzen.
Teknologia digitalen laborategi aurreratu bat zabaldu du Ikerlanek. Digilab izena eman diote laborategiari, eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoen gunerik aurreratuena da. Digitalizazio prozesuaren ondorioz, teknologia berrien inguruan gero eta beharrizan handiagoak dituzte enpresek, eta horri erantzun nahi dio Digilabek. Azpiegiturak balioko du, besteak beste, elkarlaneko robotikaren, zibersegurtasunaren edo adimen artifizialaren inguruan ikertzeko. Datuak Berrian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #412 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #418
Alzheimerren gaixotasunaren jatorriari buruzko hipotesi amiloidea hipotesi popularra da, baina oso urrun dago kontsentsu zientifikotik. Izan ere, zientzia bat dator aitortzerakoan ez dagoela ebidentzia argirik alzheimer ez-genetikoa zerk eragiten duen jakiteko. Kasu onenean, hipotesi amiloidea sostengatzen zuen oinarrizko artikulu zientifikoa isuri-bilduma bat zela jakiteak edo, bestela, fabrikatutako datu engainagarriak, umezurtz utzi ditu ikertzaileak eta industria farmazeutikoa, gogoko zuten hipotesirik gabe. Horrez gain, hipotesi amiloidearen alde egingo lukeen botika berri baten emaitzak muga-mugan daude, eta ez dago panorama asko aldatzeko moduan. Hala ere, bilaketa lanetan jarraitzen dute ikertzaileek, eta interesgarriak izan daitezkeen korrelazioak aurkitzen dira. Horixe aurkezten dute Andrea Sturchio, Kariem Ezzat eta Samir EL Andaloussik artikulu honetan: Alzheimer’s disease: Is amyloid beta 42 the answer?
Zabor elektronikoaren arazoa konponduko litzateke zirkuituak birziklagarriak balira. Hau da, erabili eta botatzeko “papertronikoak” balira: Disposable papertronics.
Zenbait angelutan errotutako bi dimentsio monoatomikoko materialen geruzek propietate harrigarriak dituzte. Ezaugarri horien artean, besteak beste, tenperatura altu samarretako supereroankortasuna. Propietate hauen agerpena geometria kuantikoak gobernatzen du. DIPCko ikertzaileek aztertu dute berori artikulu interesgarri honetan: How quantum geometry governs superconductivity in twisted multilayer systems
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #418 appeared first on Zientzia Kaiera.
Isabella Bird, XIX. mendeko benetako esploratzaile eta idazlea
Urrutiko lekuetan ibili zen, eta bera hazi zen Ingalaterra victoriarrekoak ez bezalako errealitateetan murgildu zen. Horrez gain, ibilera horietako bakoitza trebetasun handiz kontatu zuen mundu osoan zehar arrakasta izan duten liburuetan.
Isabella Birdi buruz ari gara. Yorkshire-n jaio zen 1831n. Txikitatik oso gogoko izan zituen botanika, natura eta irakurketa. Bird urte gutxirekin hasi zen idazten, eta, 16 urte baino ez zituen merkataritza askearen aldeko lehen panfleto bat idatzi zuenean. Harrezkero, artikuluak idazten hasi zen zenbait egunkarirentzat.
1. irudia: Isabella Bird esploratzaile eta idazle ingelesa. (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)Osasunak baldintzatu zizkion haurtzaroa eta nerabezaroa: bizkarreko mina, nerbio-krisiak, nekea eta insomnioa izan ohi zituen. Aire zabalera irteteak arintzen zioten mina, baina. Naturara gerturatu nahian, udan Edinburgora joaten hasi zen haren familia, eta han zaldiketa ikasi zuen Birdek.
19 urterekin, bizkarrezurreko tumore bat kendu zioten; horixe zen bizkarreko minaren erantzule. Ondoren, sendagileek «itsas bidaia» bat egitea gomendatu zioten, eta hala egin zuen 1852an. Aitak emandako ehun libera eskuan, lehengusuekin batera joan zen Kanadan bizi ziren senideak ezagutzera. Bisitaren ostean, Toronto, Boston, Cincinnati eta Chicago ezagutzeko baliatu zuen bidaia. Aurrerantzean, inoiz ez zion bidaiatzeari utzi, eta senide eta lagunei bidaltzen zizkien gutunen bidez kontatzen zuen ikusitakoa; dena den, beti itzultzen zen Edinburgo kutunera, haiekin egoteko.
Hawaii, Mendi Harritsuak eta JaponiaBehin etxean, lehen bidaia hartan bidalitako gutunak baliatu zituen bere lehen liburuan argitaratzeko The Englishwoman in America (1856).
1872an, berriz ere medikuak aginduta, Australiarantz jo zuen. Hala ere, bidean Sandwich irletan (Hawaii) geratu nahi izan zuen. Zazpi hilabetean zehar, sumendiak eskalatu eta labazko zelaiak zaldiz ibili zituen. Eroso sentitzeko, barruan galtzak zituen soineko bat asmatu zuen. Hiru urte geroago heldu zen bigarren liburua: The Hawaiian Archipelago. Bertan Hawaiin izandako esperientzia kontatu zuen.
2. irudia: A Lady’s Life in the Rocky Mountains liburuaren azala. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Urtebete geroago, itsasontziz San Frantziskora joan zen, eta handik Coloradora jo zuen. 200 000 km baino gehiago egin zituen zaldiz Mendi Harritsuetako parke naturalean zehar. Jim Nugent cowboy iheslaria izan zuen gidari; hartaz maitemindu eta txabola batean bizi izan ziren elkarrekin, Estes Park-en. Nugentek berarekin bizitzen gelditzeko eskatu arren, Birdek bideari heldu behar zion berriz, leku eta jende berriak ezagutzeko. Birdek alde egin eta zazpi hilabete geroago, Jim pistola-borroka batean hil zen, eta Birdek Coloradon izandako abenturak kontatu zituen A Lady´s Life in the Rocky Mountains liburuan. Laster best-seller bihurtu zen.
Hurrengo urtean Japoniara joan zen, eta ondoren Txina, Korea, Vietnam, Singapur eta Malaysiara. Lehen helmugan 4 500 km baino gehiago egin zituen helburu bakarrarekin: Japoniako kultura eta gizartea ulertzea eta Mendebaldean ezagutaraztea. 800 orrialde baino gehiagoko bi liburuki argitaratu zituen Unbeaten Tracks in Japan izenburupean, eta bere liburu ospetsuenetako bat bihurtuko zen.
Medikuntza eta misio bat Indian zeharAsko maite zuen arreba zendu zen, eta Bird John Bishop medikuarekin ezkondu zen, baina hura ere hil egin zen. Isabellak 55 urte zituen orduan; liburuei esker irabazitako dirutza eta senarraren jaraunspena zeukan, Edinburgon finkatzeko aski beraz, baina ez zuen hala egin. 57 urte zituela, zera erabaki zuen: medikuntza ikasketak egitea eta Indiako misio batera joatea. Han aholku medikoak eman eta botikak banatu zituen, eta Srinagar hirian, Bishop Memorial Hospital ospitalea sortu zuen senarra izan zuenaren omenez.
Geografia eta Argazkigintza Elkarteko kideaHamarkada askoan egunkari eta aldizkarietan idatzi eta hitzaldiak eman zituen, eta haren liburuak urtez urte berrargitaratu ziren. Idazle ospetsu bihurtu zen hala Europan nola Amerikan. Are gehiago, 1890ean, Royal Scottish Geographical Society elkarteko ohorezko kide izendatu zuten Bird, eta bi urte geroago, Royal Geographical Society elkartean onartutako lehen emakumea bihurtu zen.
Espedizionario, idazle edo mediku izatea aski ez nonbait, eta bere beste zaletasun handietako bat izango zena esploratzea erabaki zuen: argazkigintza. 1894an Ekialdera itzuli zen, Japonia eta Txinaren arteko gerra giro bete-betean. Yangzi eta Han (Txina eta Korea) ibaietan barrenako ibilbidearen argazkiak egin zituen, eta kronika handiak idatzi zituen landa-lanean egindako ikerketetan oinarrituta. Azken finean, Bird gerra erreportari aitzindari hutsa izan zen. Gainera, urte batzuk geroago, Royal Photographic Society elkarteko bazkide izendatu zuten.
Etzan eta goratu zuen minaXIX. mendearen amaierarako, Birdek bizkarreko min bizia zuen, baina horrek ez zuen geldiarazi, eta Marokora egin zuen azken bidaia. Zaldi gainera igo zen eskailera baten laguntzaz, eta tribu berbereak aztertu zituen. Bidaia hura egin eta hilabete batzuk geroago, Txinarako hurrengo bidaia prestatzen ari zela, ohetik jaiki ezinik geratu zen, eta, azkenean, bertan hil zen 1904an.
Bizkarreko minak izugarri sufriarazi zuten gaztaroan, eta areagotu egin zitzaion hilzorian zenean. Baina ez dakigu zer gertatuko zen Birdek horrelako minik izan ez balu: ez zukeen izango, agian, hain bizimodu abenturazale, esploratzaile eta aberasgarria.
Isabella urrutiko lekuetara iritsi zen, eta horiek behatuta, haien gaineko iritzia modu argi eta erakargarrian jaso eta kontatu zuen. Azken batean, idazle handia izan zen, eta jende askorentzat ezezagunak ziren errealitateak mundu osora zabaltzea lortu zuen.
Erreferentzia bibliografikoak:- Ruiz-Nicoli, Bruno (2020). Isabella Bird, la viajera que huía de los dolores de espalda, Traveller.es, 2020ko martxoaren 6a.
- Parks, Cara (2014). The Peripatetic Life of Isabella Bird, In Motion. The Appendix, 2 (4).
- Marchena, Domingo (2020). Una enferma de los viajes, La Vanguardia, 2020ko azaroaren 6a.
- Kanasaka, Kiyonori (2020). Los viajes de Isabella Bird por el Japón del siglo XIX, Nippon.com, 2020ko uztailaren 20a.
- Wikipedia, Isabella Bird
Maialen Muniozguren Puertas, UPV/EHUn Geologiako graduduna eta dibulgatzailea Zumaiako Flyschean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 23an: Isabella Bird, una auténtica exploradora y escritora del siglo XIX.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Isabella Bird, XIX. mendeko benetako esploratzaile eta idazlea appeared first on Zientzia Kaiera.
UPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztergai
Gaur egun, mundu mailan, gehiegizko pisuak eta obesitateak eragindako hilkortasun-tasak elikagai-faltak eraginikoak baino askoz handiagoak dira. Sedentarismoa ere munduko laugarren heriotza-kausa nagusia da, eta eragile hauen prebalentziak gorako joera dute. Gainera, garapen teknologiko handiko herrialdeetan, gero eta interes handiagoa dago loaren iraupenaren eta kalitatearen murrizketak obesitatearen jatorrian izan dezaketen eragina aztertzeko.
Lan-eremuan, detektatu daitezken osasun-arazoak, eskala txikiagoan, dagokion biztanleriaren arazoen isla dira. Horregatik esku hartzeko eremu interesgarri gisa aurkezten da, bai arriskuen prebentziorako, bai osasuna sustatzeko.
Testuinguru horretan UPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztertzeko ikerketa abiatu genuen. Langileen pisua, gorputz masa indizearen bidez (GMI), ezaugarri soziodemografikoak eta jarduera fisikoaren informazioa bildu ziren, eta aldagai hauen arteko erlazioa aztertzea izan genituen helburu.
Parte hartzea onartu zuten langile ia guztiek (% 89) goi mailako ikasketak zituzten. Nagusiki ikerketa eta irakaskuntzako pertsonalekoak (IIP) eta adin ertainekoak ziren (>44 urte), eta lanaldi estandarra zeukaten (35-45 ordu astean). Aztertutako aldagaiak sexuaren arabera erkatzean ezberdintasunak soilik aurkitu ziren adinean, loaren iraupenenean eta GMIan. Berriz, ez zen alderik aurkitu ondorengo aldagaietan: lanaldi motan, hezkuntza-mailan, familia-ekologian ezta jarduera fisikoaren mailan ere.
Unibertsitateko langileen gehiegizko pisuaren eta obesitatearen arteko konbinazioa biztanleria orokorrarena baino txikiagoa izan zen, nahiz eta %40tik gorako balioa hartu. Hau ondo deskribatuta dagoen maila sozioekonomikoarekin duen harremanak azal dezake, zehazkiago hezkuntza maila altuagoa izateak.
1. irudia: esperotako probabilitatea GMIaren 3 kategorietako bakoitzean egoteko. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Aldagaien erlazioak aztertzean, gainpisu eta obesitatearen prebalentzia (1. irudia), altuagoa izan zen 45 urtetik gorako gizonezkoetan, gizon zein emakume gazteenetan baino. II mailako gehiegizko pisua edo obesitatea (GMI ≥27 kg/m2) pairatzeko probabilitatea 24 bider handiagoa zen gizonetan emakumeetan baino 35 eta 44 urte bitartean, 30 bider 45-54 bitartean, eta antzera 8.6 bider ≥55 urteko emakumeetan 20 eta 34 urteko emakumeekin alderatuz. Pisuaren aldaketa adinarekin, batez ere gizonezkoetan jadanik literaturan islatuta dago. Baina aipagarria da langile gizonezkoek adin goiztiarretan azaldu dutela pisu gehikuntzarako prebalentzia altuagoa, emakumeek pisuari ondo eusten dioten bitartean, harik eta menopausian adinera arte.
Nahiz eta jarduera fisikoaren maila oso altua ez izan, langile ia guztiek (% 89) bete zituzten OMEren gomendioak, eta betetze-maila handiagoa izan zen estatu espainiarreko populazio orokorrarekin zein langileekin alderatuta.
Modu interesgarrian, gaueko loaren iraupenarekin lotutako erlazio adierazgarriak aurkitu genituen, bai jarduera fisikoa egokia praktikatzearekin, bai gorputz-pisu handiagoa izatearekin ere. Alde batetik, GMIaren balio normala eta gainpisua-obesitatea zutenak konparatzean: lo-urritasuna zutenek (.
Lo-orduen kopurua handitzeak, OMEren jarduera fisikoaren gomendioei ez atxikitzeko arriskua handitu zuen (2. Irudia). St-Onge eta lankideek (2016) ondoko azalpena proposatu dute: lo–ordu gutxiko indibiduo batzuk fisikoki aktiboagoak direla, denbora gehiago esna egoten direlako hain zuzen ere. Gaizki lo egiten dutenek, berriz, energia gutxiago eta aktibatzeko gaitasun gutxiago izango lukete.
2. irudia: jarduera fisikoaren esperotako probabilitatea OMEren gomendioak betetzeko. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Lan honetan agerian gelditu da unibertsitateko langileen gainpisua eta obesitatearen prebalentziak altuak direla, eta egoera hau nabari hobetzekoa dela, batez ere gizonetan. Azpimarratzekoa da ere loak duen garrantzia obesitatea eta ekintza fisikoa aztertzeko orduan, interakzio horiek bizi-kalitatearekin hertsiki lotuta baitaude.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Jarduera fisikoaren, obesitatearen eta ezaugarri soziodemografikoen arteko erlazioa unibertsitateko langileetan.
- Laburpena: Lan-ingurunean bizimodu osasungarriak sustatzea funtsezkoa da langileen osasuna eta autonomia ahalik eta ondoen mantentzeko. Gero eta interes handiagoa dago gehiegizko pisuaren, obesitatearen eta ohitura osasungarrien arteko erlazioa aztertzeko, bai eta jarduera fisikoa edo loaren iraupena eta kalitatea, lanaldiarekiko elkarreraginetan aztertzeko ere. Hala ere, ikerketa gutxik aztertu dituzte elkarreragin horiek unibertsitateko langileen artean. Helburua: gainpisuaren prebalentzia tasa eta Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Gomendioen betetze-maila estimatzea, eta, aldi berean, parametro horien eta faktore soziodemografikoen arteko loturak aztertzea izan dira helburuak. Metodoak: unibertsitateko 292 langileren datuak bildu ziren, lan-osasuneko azterketan. Aldagai prediktibo eta emaitza bakoitzaren arteko erlazioak aztertzeko khi karratuaren edo Fisher-en proba zehatzak erabili ziren eta hari lotutako ezaugarrien ebaluaziorako aldagai anitzeko ereduak. Emaitzak: gehiegizko pisuaren prebalentzia % 42koa izan zen. Sexuka, 35 eta 54 urte bitarteko gizonek eta ≥ 55 urteko emakumeek II. mailako gehiegizko pisua edo obesitatea izateko arrisku handiagoa izan zuten. Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Gomendioekiko atxikimendua % 89koa izan zen, eta 7 ordu / egun baino gutxiago lo egiteak atxikimendua betetzeko probabilitatea handitu egin zuen. Ondorioak: Gehiegizko pisuaren prebalentzia adin ertaineko langileengan areagotu egiten da, eta gizonetan emakumeetan baino lehenago agertzen da. Gainera, loa eta jarduera fisikoa elkarreraginean egon daitezke.
- Egileak: Itxazne Garcia-Ceciaga, Ana María Valle, Inmaculada Arostegui, Jaime Zubero, Begoña Marina Jugo, Elena Díaz-Ereño
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 207-225
- DOI: 10.1387/ekaia.22947
Itxazne Garcia-Ceciaga eta Elena Díaz-Ereño UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Ana María Valle eta Inmaculada Arostegui UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika saileko ikertzaileak dira.
Begoña Marina Jugo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko ikertzaileak dira.
Jaime Zubero UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza II saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post UPV/EHUko langileen osasun-ohiturak aztergai appeared first on Zientzia Kaiera.
Erakusteko kontsumoa
Pertsona baten diru-sarrerak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta handiagoa da luxuzko ondasunak erosteko erabiltzen dituen gastuen proportzioa. Horrela esanda, badirudi esandakoa huskeria bat dela; azken finean, oinarrizko premiak beteta dituztenek baliabideak dituzte beste ondasun batzuk eskuratzeko edo hain beharrezkoak ez diren zerbitzuez gozatzeko. Baina, egia esan, hau ez da hain kontu hutsala.
Gure diru-sarrerak ez dira baliabideez egiten dugun erabilera baldintzatzen duten bakarrak. Izan ere, lan egiten dugun erakundean dugun kokapen hierarkikoak edo mailak eta erakunde horren barruan dagoen soldata-desberdintasunaren graduak ere eragina dute hartzen ditugun gastu-erabakietan.
Irudia: luxuzko artikuluen kontsumoa handitu egiten da, hautemandako estatusa handitzea nahi duten norbanakoen artean. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ezaguna da desberdintasun ekonomiko handiko eskualdeetan luxuzko objektu gehiago erosten eta bilatzen direla Interneten, desberdintasun txikiagoko eskualdeetan baino. Baina ondorio horretara iristeko datu erantsiak erabili ziren, eta hauek ez zuten ahalbidetzen jakitea nortzuk ziren luxuzko ondasunetan gehien gastatzen zutenak.
Ikerketa-talde batek luxuzko gastuaren jatorria zehaztu ahal izateko, Erresuma Batuko 32 008 entitatetan hamar hilabetez lan egin duten 683 677 pertsonaren txartel bidezko transakzioak aztertu ditu. Erosketak (4 118 markaren ingurukoak) lau kategoria hauetako bati atxiki zitzaizkion: beharrezkoak (% 24), hautazkoak (% 54), luxuzkoak (% 10) eta ezezagunak (% 12). Arrazoi metodologikoengatik, gainerako kopuruetatik kanpo utzi zituzten kategoria ezezaguneko erosketak. Eta beste hirurei zuzendutako zenbatekoekin, bakoitzaren gastuaren ehunekoak kalkulatu zituzten: beharrezko zerbitzu eta produktuetan % 46koa izan zen; hautazkoetan, % 42koa; eta luxuzko ondasunetan, % 12koa.
Oro har, zenbat eta handiagoa izan soldata, orduan eta handiagoa zen luxuzko objektu eta zerbitzuen gastua. Halaber, gastua ere handiagoa zen lan egiten zuten entitateko soldata-aldeak zenbat eta zabalagoak izan. Hala ere, desberdintasunaren efektuak gehiago eragiten zien diru-sarrera gutxien zutenei. Gehien irabazten zutenentzat, enpresa barruko diru-sarreren desberdintasunak ia ez zuen eraginik luxuzko produktuak erostera bideratzen zuten portzentajean. Gainera, langileek beren enpresako soldata-eskalan zuten mailak ere eragina zuen luxuzko produktuak erosteko erabiltzen zuten gastuaren ehunekoan. Soldata bererako, kantitate absolutuetan, gehiago gastatzen zuten luxuzko objektu eta zerbitzuetan enpresan maila apalagoa zutenek.
Lanaren egileek ondorioztatu dute luxuzko ondasun eta zerbitzuetan egindako gastua gizabanakoek estatus handiagoa erakusteko erabiltzen duten seinalea dela. Aberatsenetan, gastu handiagoak benetako estatus altua islatzen du, baina gauzak konplexuagoak dira gutxien irabazten dutenetan. Ikerketaren egileen arabera, soldata-berdintasuneko egoeran, enpresan estatus baxuagoa dutenek diru-sarreren proportzio handiagoa gastatzen dute luxuzko objektuetan, eta honek “estatusak eragindako antsietatearen hipotesia” deritzona berresten du. Baldintza horrek (soldata-maila baxu bati dagokiona), objektu garestiagoak eskuratzeko baliabideekin konbinatuta – soldata handiagoa –, gastu erlatibo handiagoa ekarriko luke luxuzko ondasun eta zerbitzuetan.
Luxuzko objektuen gastua “erakusteko kontsumoa” deritzonera bideratzen da, estatus altua duela aditzera emateko egiten den kontsumoa. Estatus hori benetakoa izan daiteke, baina baliteke ez izatea ere. Gogoratu hurrengoan, urrezko lepoko bat edo gama altuko kirol-autoa ikusten duzunean.
Erreferentzia bibliografikoa:Muggleton, Naomi; Trendl, Anna; Walasek, Lukasz; Leake, David; Gathergood, John eta Stewart D., Neil (2022). Workplace inequality is associated with status-signaling expenditure. PNAS, 119 (15), e2115196119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2115196119
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Erakusteko kontsumoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I)
Tomate izeneko landareaz eta haren fruituaz ari gara; Solanum lycopersicum izen zientifikoa du. Espeziearen terminoa, lycopersicum, otso-melokotoi gisa itzul daiteke. Kondaira germaniarren arabera, sorgin eta aztiek belladonaren fruituak erabiltzen zituzten otso gizon bihurtzeko. Belladona solanazeoen familiakoa da, tomatea bezala.
Tomatea Europara iritsi zenean, haren fruituek belladonnarenak ekartzen zituzten gogora eta, gainera, heldu gabe zeudenean, toxikoak ziren, tomatina alkaloidea zeukalako. Horregatik, otso-melokotoi esaten zitzaien. Fruituak gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu: mineralak, hala nola potasioa, fosforoa eta magnesioa; B eta C bitaminak; karotenoideak, esaterako, likopenoa eta beta-karotenoa; eta polifenolak.
Patataren ondoren, bigarren baratze labore garrantzitsuena da. Asian ereiten da gehien eta, haren atzetik, Afrikan, Europan, Amerikan eta Ozeanian.
Jatorrizko espeziaren tomate loreak estilo luze bat du, lorezil konoa baino garaiagoa; horri esker, errazagoa da beste lore baten polenarekin, intsektuek edo haizeak lagunduta, ernalkuntza gurutzatua gertatzea. Denboraren poderioz, estilo laburreko eta nahitaezko autoernalkuntzako zenbait barietate agertu ziren.
Irudia: tomateak gaur egungo dietetarako ezin hobeak diren zenbait osagai ditu: mineralak, hala nola potasioa, fosforoa eta magnesioa; B eta C bitaminak; karotenoideak, esaterako, likopenoa eta beta-karotenoa; eta polifenolak. (Argazkia: LoggaWiggler – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Tomatearen izena antzinako mexikarren nahuatl hizkuntzako tomatl hitzetik dator. Haien dietaren zati garrantzitsu bat zen, Kolon iritsi aurretik. Eta ez soilik mexikarren dietan, baita Ameriketako tribu askoren dietan ere, esaterako, sioux eta apatxe herrien eta Peru eta Boliviako indigenen elikaduran. Tomateari buruz ezagutzen dugun erreferentziarik zaharrena Xochimilcoko Kodeetan agertzen da eta 1335 eta 1347 artean dago datatuta, Tlazocilhuapilli erreginaren agintaldian; hain zuzen ere, inguruneaz eta bere agindupekoen dietan interesa zuen. Besteak beste, plater hau asmatu zuen: tonalchillia edo txile horia tomatearekin; txile horia, tomatea eta iltzea daramatza.
Europara Kolonekin iritsi zen, 1523an, eta, uste denez, Pier Andrea Mattioli italiar mediku eta botanikariak egin zuen lehen aipamena, 1544an, edo Mathiolusek, urte berean (susmoa dut abizen bera dela, beste hizkuntza batera itzulita, agian, latinera). Mattiolik berenjena berritzat jotzen zuena deskribatu zuen. Gatza, piperbeltza eta olioa erabiliz prestatzea gomendatzen zuen. Frantzian, 1660an, landare apaingarri gisa ezagutzen zen, eta 1778 inguruan dietaren barruan zegoen, barazki gisa.
Herbario batean kontserbatzen den tomaterik zaharrena 1551koa da eta Bolonian dago, Italian, eta Ulisse Aldrovandik prestatu zuen. Tomatearen XVI. mendeko beste 17 ale daude Italian, Alemanian, Frantzian, Suitzan eta Herbehereetan dauden herbario batzuetan. Zortzi alek fruituak dituzte.
1580an jada, Francisco Hernandezen Libro Quinto de Plantas Medicinales (Sendabelarren bosgarren liburua) lanean, tomatea aipatzen da Pilar Iglesiasek argitaratutako testu batean; horri esker, tomatea, horren barietateak eta erabilera sendagarriak ezagutu ditzakegu.
Europan inprimatutako lehen tomate errezetak 1692an argitaratu ziren, Napolin. Antonio Latinik idatzi zituen eta errezetetako batean erregosi bat egiten zuen, galeperra, txahala, oilaskoa eta tomatea erabiliz. Bigarren errezeta tomate saltsa bat zen, espainiar estilokoa, haren hitzetan. Rudolf Grewek ingelesera itzuli zuen.
Egileaz:Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 23an: Ingredientes para la receta: El tomate
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Tomateari buruz idatzitako artikulu-sorta:
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I)
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (II)
- Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III)
The post Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Grafenotik eratorritako nanoegituren egonkortasun arazoak konpontzen
Kimikari, fisikari eta materialen zientzialariek osatutako nazioarteko talde batek babes/babesgabetze estrategiak ezartzea lortu du grafeno nanoegituren sintesia zuzenean gainazaletan egin ahal izateko. Lana Nature Chemistryn argitaratu berri da.
Azken hamarkadetan, material berriak lortzeko “gainazaleko sintesi” deritzon hurbilketa berria garatu da, disoluzio estandarrean eginiko kimikarekin alderatuz, oinarrizko desberdintasunak dituena. Disolbatzaileen espazio tridimensionala beharrean, ikuspegi berri honetan, erreaktiboen ingurua ondo definitutako bi dimentsioko gainazal solidoa da, hutseko balditzetan mantentzen dena.
Irudia: babes/babesgabetze estrategiak ezartzea lortu da grafeno nanoegituren sintesia zuzenean gainazaletan egin ahal izateko. (Argazkia: seagul – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Desberdintasun hauek, bide arruntetik lortu ezingo liratekeen egitura molekular ugariren sintesia ahalbidetu dute. Interes handiena sortzen ari diren egituren artean, sigi-saga moduko ertzak dituzten karbonozko nanoegiturak aurkitzen dira. Sigi-saga ertz hauek propietate elektroniko eta magnetiko oso bereziak ematen dizkiete material hauei, aplikazio askotarako erabilgarriak eginez, horien artean teknologia kuantikoetarako.
Hala ere, egonkortasun kimiko eza da material hauen desabantaila nabarmenetako bat, ez baitute aireratzea jasaten. Horregatik erabiltzen dira sintesia bermatzen duten hutsa bezalako inguruneak. Tamalez, dispositibo errealetan ezartzeko, manipulatu eta inguruz aldatu behar dira egitura hauek, materialak degradatzeko arriskuarekin, eta ondorioz, baita beren erabilpena ere. Ondorioz, dispositiboen fabrikazio-prozesuak hobetzeko estrategia berriak garatu beharra dago.
Nanoegituren babes/babesgabetze estrategiakDisoluzioan eginiko kimika arruntean, ohikoa da babes/babesgabetze estrategiak erabiltzea egonkortasun arazoak gainditzeko. Hala ere, frogatzear zegoen babes estrategia kimiko hauek “gainazal sintesian” erabilgarriak izango ote ziren edo ez.
Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako lan honetan, erakunde ezberdineko ikertzaileekin osatutako nazioarteko ikerketa taldeak sigi-saga ertz trinkoz osatutako grafenozko zintekin frogak egin ditu. Hauek dira ikerketa taldea osatzen duten erakundeek: DIPC eta CFM, CiQUS, Txekiako Zientzia Akademia, Palacký Unibertsitatea, Ikerbasque eta CINN.
Lanak elkarrekin lotutako eta osagarriak diren bi metodo aurkezten ditu. Babes/babesgabetze estrategia hauek erreaktiboak diren nanografenoen muturreko sigi-saga segmentuetan erabili dira.
Zehazki, hidrogeno atomikoaren erabilpena frogatu dute, grafeno nanoegituratua atmosferaren efektu oxidatzaileetatik babesteko. Ondoren, nanoegitura hauek beren jatorriko egiturara itzuli daitezkeela ikusi dute tratamendu termiko batekin deshidratatuz. Ikuspegi alternatibo bati esker gainera, kimikoki modifikatutako eta airean egonkortasuna erakusten duten grafenozko nanoegiturak eraldatu dituzte, eta zetona albo-taldeekin, intereseko molekula berreskuratu dute.
Karbonozko nanoegiturak gailuetan integratzeko aurrerapausoaEmaitza hauek irismen handikoak dira. Garatutako babes/babesgabetze estrategia beste grafenozko nanoegitura batzuekin erabilgarria izatea espero da. Horrela, ate berriak irekitzen ditu gailuetan karbonozko nanoegiturak txertatzeko metodologiak sortzeko, eta, beraz, ertzetako sigi-saga moduko ezaugarri bakarren ustiapenak aplikazio eskalagarrietatik pauso bat hurbilago eraman ditzake. Fisika, kimika, materialen zientzia eta ingeniaritza barne hartzen dituen erronka zientifiko handia da.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Grafenotik eratorritako nanoegituren egonkortasun arazoak konpontzen
Erreferentzia bibliografikoa:Lawrence, J.; Berdonces-Layunta, A.; Edalatmanesh, S; et al. (2022). Circumventing the stability problems of graphene nanoribbon zigzag edges. Nat. Chem. DOI: 10.1038/s41557-022-01042-8
The post Grafenotik eratorritako nanoegituren egonkortasun arazoak konpontzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #411
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AstronomiaNASAk baieztatu duenez, DART espazio-ontziak lortu du Dimorphos asteroidearen orbita aldatzea. Zundak emandako kolpearen eraginez, 32 minutu laburtu da asteroidearen orbita Didymos asteroide handiagoaren inguruan. Asteroide hau Lurretik 11 milioi kilometrora dago. NASAko zientzialariek espero zuten gutxienez 73 segundoan aldatzea orbita, baina, azkenean, 25 aldiz baino gehiago laburtu da. Hala, etorkizunean aski litzateke halako aldaketa bat, Lurraren bidean legokeen asteroide bat desbideratzeko. Informazio gehiago Berrian aurki daiteke.
TeknologiaAste honetan Zientzia Kaierako “Zientziaren historia” atalean lehen antibirusaren historia azaldu dute bideo labur baten bidez. Estatu Batuetako proiektu militar batek ARPANET sortu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ordenagailu gutxi batzuk elkarrekin lotzeko Interneten aurrekaria. Handik gutxira ordenagailu baterik bestera mezu bat pasatzen hasi zen, eta hau ezabatzeko, Reaper programa sortu zuten. Hau izan zen antibirusen lehen aurrekaria.
David del Riok Tecnunen ikasi zuen Telekomunikazio Ingeniaritza, eta bertan egin zuen doktorego-tesia. Gaur egun, komunikazioetarako elektronika diseinatzen eta fabrikatzen ditu, batez ere mikrotxipak. Davidek zuntzik behar ez duen haririk gabeko konexioa proposatu du, BiCMOS teknologia, hain zuzen. BiCMOS teknologia erabilita, ordura arteko teknologia garesti eta konplexuekin egiten ziren sistemak diseinatzea lortu du bere taldekideekin batera. Datuak bidaltzeko, sistema honek oso frekuentzia handiko uhinak erabiltzen ditu. Daviden esanetan, uhinaren propietate batzuk aldatuz gero, datuak oso abiadura azkarretan bidali daitezke honela. Datu guztiak Unibertsitatea.net webgunean.
EkologiaBasa bizitza gizakiak hazitako abereen gaixotasunetatik babesteko eskatu du zientzialari talde batek. Science aldizkariko editorialean argitaratu dute eskaera, eta adierazi dute estatuek hartu behar dutela beren gain basa bizitza gaixotasun antropogenikoez babesteko ardura. Gogorarazi dute haztegi industrialetan hazten diren abere-populazio erraldoiak direla arazoaren iturria. Urtero, 36.000 milioi hegazti, 953 milioi txerri eta 1.600 milioi behi hazten dira honelako tokietan. Abere-populazio erraldoi hauek merkataritzaren bidez konektatuta daude, eta gaitz infekziosoen mundu-mailako gordailu baten moduan jokatzen dute. Gaixotasun hauek haztegietatik atera eta basa bizitzan arazo ikaragarriak sor ditzakete. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaLurzoruaren biodibertsitatea kontserbatzeko puntu kritikoen mundu-mapa osatu dute, eta ikusi dute eremu horien % 70 baino gehiago babesik gabe dagoela gaur egun. Kontinente guztietako 615 lurzoru-laginetan aztertu dute haien biodibertsitatea (arkeoak, bakterioak, onddoak, protistak eta ornogabeak) eta funtzioak. Azterketaren egileek aldarrikatzen dute garaia dela lurzorua kudeatzeko eta kontserbatzeko lehentasunak ezartzeko. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Lurzoruaren puntu kritikoen gehiengoa babestu gabe dago.
Ingurumena“El Futuro es Clima” txostenaren emaitzen arabera, Espainiako gazteen % 97 kezkatuta dago klima-larrialdiarekin. Oro har, pentsatzen dute ondorio konponezinak izango dituela eurentzat eta hurrengo belaunaldientzat. Are gehiago, % 82,1ek ekoantsietatea sentitu du noizbait. Gazteen ustez, trantsizio eraginkor bati ekiteko giltzarriak egungo bizimoduaren dezelerazioa eta beste eredu bat sustatzea dira. Gehienak prest daude konpromisoak hartzeko eta trantsizio ekologikoan parte hartu nahi dute. Hala ere, uste dute trantsizio hori gobernuek abiatu eta gidatu behar luketela. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Gazteak oso kezkatuta daude klima-larrialdiarekin.
MedikuntzaEspainian, helduen % 25-35ek aldizkako loezina pairatzen du eta % 10-15ek, hau da, 4 milioi pertsona baino gehiagok, loezin kronikoa. Neurologiako Espainiar Batzordeak plazaratu ditu datu hauek. Loezina arintzeko neurri ez farmakologikoak edo/eta farmakoterapia erabiltzen dira. Farmakoen kasuan, erabilienak bentzodiazepinak eta Z-hipnotikoak dira, baina azken urteotan beste farmako ordezkoen erabilera asko handitu da; horien artean, melatoninarena. Melatonina guruin pinealak jariatutako hormona bat da, eta funtzio neurokonduktualen gutxitzea eta logura eragiten ditu. Oraindik bere erabilera ondo ikertuta ez badago ere, badirudi beste farmakoek baino arazo gutxiago eragiten dituztela.
Marisol Aymerich CIMA medikuntza ikerketa zentroko ikertzailea Parkinson gaitza ikertzen aritzen da bere taldearekin batera. Aymerichek dio oraindik gauza asko ez dakizkigula neurologiaren inguruan: ez dakigu nola komunikatzen diren neuronak, nola hiltzen diren gaixotasun neurodegeneratiboetan… Besteak beste, gaitz neurodegeneratiboak atzeratzea eta gelditzea dute erronka neurozientziek. Gainera, burmuinaren ikerketa teknologia berrien garapenari lotuta dago, eta teknologia berririk gabe zaila da neurozientzian aurrera egitea. Parkinson gaitzaren kasuan adibidez, oraindik ez dakigu zergatik hiltzen diren neuronak. Marisol eta bere taldekideak horretan dihardute, hau da, Parkinsonean hiltzen diren neurona horiek berreskuratzen. Datuak Berrian: «Soilik neuronen heriotza atzeratzea sekulako urratsa litzateke».
BiokimikaFuntzio bikoitza duen RNA mezularia aurkitu dute laborategiko organismo modelo batean. RNA molekula gehienak modu independentean sintetizatzen dira, baina funtzio bikoitza duen RNA mezulari bat aurkitu dute. Molekula hau proteina bat sortzeko edo kodetzailea ez den telomerasa RNA sortzeko erabili daiteke, ikertzaileen esanetan. Ustilago maydis izeneko onddoan aurkitu dute RNA mezulari berezi hau. Hau onddo patogeniko bat da, eta artaburuei eragiten die. Egileek espero dute aurkikuntza hau baliogarria izango dela telomerasa tresna gisa erabili ahal izateko. Alabaina, biogenesi bide honen atzean dagoen mekanismoa ulertzeko askoz gehiago ikertu behar dela ohartarazi dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
PsikologiaIngalaterran egindako ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira zaporeak bereizteko. Zehazki, 32 eta 36 aste bitarteko garapena duten fetuekin egin dute azterketa, eta bi zaporekin egin dituzte esperimentuak: azenarioarekin eta aza kizkurrarekin. Haurdun zeuden emakumeei elikagaiak eman ondoren, 4D ultrasoinu eskanerrak erabiliz ikertzaileek fetuen keinu eta aurpegierak aztertu zituzten. Oro har, azenarioa jan ostean, fetuen aurpegiak irribarretsuak ziren eta, aldiz, aza kizkurra jan ostean, aurpegierak negartiak ziren. Ikerketa honen inplikazioak zeintzuk diren jakiteko goizegi izan daitekeen arren, lehen aldia da fetu batean horrelako ebidentziak jasotzen direla. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Fetuak gai dira zaporeak bereizteko.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #411 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #417
Gaur egun oso iritzi zabaldua da, klase politikoko pertsona asko barne, ezagutza zientifikoa, lehenik, kulturala dela eta, bigarrenik, aurrekoarekin lotuta, iragankorra eta kontingentea. Behin segurutzat jotzen zena, orain jada ez da segurutzat jotzen, masa ezjakinak errepikatzen du. Ba al dago zientzian ziurra den gauzarik? Jarrera zientifikoez gain, esan nahi da. Should we really believe scientific facts will last forever? Peter Vickersen eskutik.
Ez baduzu irakurri, Aldous Huxleyren Mundu zoriontsu bat, honek ez zaitu hainbeste izutuko diktadura baten eskuetan izan ditzakeen ondorioengatik: First synthetic embryo with brain and beating heart independently produced twice
Gailu fotonikoetan argiaren hedapena kontrolatzeko, lehen mailako aplikazio topologikoak aurkitzen ari dira: adibidez, isolatzaile topologikoen hedapena hiru dimentsiotara. Baina, noski, 2 dimentsiotik 3ra zabalduz gero, eskalar batetik bektore batera pasako gara eta gauza zaildu egingo da. Horretarako dago DIPCko jendea: The vectorial features of the boundary-bulk correspondence in 3D Chern insulators
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #417 appeared first on Zientzia Kaiera.
Lehen antibirusaren historia
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ez zegoen Internetik. Baina, ordurako, bere aurrekaria martxan zen: ARPANET, ordenagailu gutxi batzuk elkarrekin lotzeko Estatu Batuetako proiektu militar bat.
ARPANET sortu eta gutxira gaur egun deitu genezaken lehen birusa agertu zen: Creeper programa ordenagailu horietan salto egiten baterik bestera mezu bat pasatzen zuen. Hilabete batzuk geroago Reaper programa agertu zen ARPANETen, baina honen helburua aurreko programa ezabatzea zuen helburu. Argi eta garbi komunikazioaren aroak aurrean izango zuen erronka nagusietako baten erakustaldi goiztiarra izan zen: mehatxu informatikoak.
‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Lehen antibirusaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Melatonina eraginkorra ote da loezina tratatzeko?
Neurologiako Espainar Batzordearen datuen arabera, helduen %25-35ek aldizkako loezina pairatzen du eta %10-15ek, hau da, 4 milioi pertsona baino gehiagok, loezin kronikoa. Gainera, kontuan hartu behar dugu COVID-19 pandemiaren ostean loezinaren eta antsietatearen prebalentzia handitu egin dela. Beraz, gaur egun ohiko gaixotasuna da; askotan, hilabeteetan zein urteetan zehar luza daitekeena.
Loezinak loak hartzeko edo mantentzeko zailtasunari, behar baino lehenago esnatzeari zein indarberritzailea ez den loari egiten dio erreferentzia. Sintoma horiek gutxienez hiru hilabetetan zehar astero hiru gauetan agertu behar dira. Gainera, lo-alterazioak edo biharamuneko nekeak hondatze kliniko esanguratsua eragin behar du. Loezinak erritmo zirkadianoaren lo-esnatzearen alterazioak (adibidez, loaldi atzeratuaren sindromea edo lan txandekin lotutako loezina) eta ez-REM loaren esnatze asaldurak (somnanbulismoa, gaueko ikarak edo amesgaiztoak, besteak beste) barnebiltzen ditu.
Irudia: helduen %25-35ek aldizkako loezina pairatzen du eta %10-15ek, hau da, 4 milioi pertsona baino gehiagok, loezin kronikoa. (Argazkia: Moondance – pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Loezina arintzeko neurri ez farmakologikoak (neurri higieniko dietetikoak eta terapia psikologikoak) eta, bestetik, farmakoterapia bereiz ditzakegu. Farmakorik erabilenak bentzodiazepinak eta Z-hipnotikoak dira, garuneko GABA hartzaileen bidez eragiten dutenak. Espainar Medikamentuen Agentziaren arabera, azken urteotan bentzodiatzepinen eta hipnotikoen kontsumoa asko handitu da eta gaur egun egunero 91 dosi 1.000 pertsonako izatera iritsi da. Epe luzera bentzodiatzepinen erabilera ez da gomendagarria eragin desiragaitz ugari dituztelako, hala nola, aurreranzko amnesia, menpekotasuna eta tolerantzia. Loezinerako erabil daitezkeen beste farmako talde batzuek (antihistaminikoak, antidepresiboak edo antipsikotikoak) ere eragin kaltegarriak dituzte eta pazienteen artean aldakortasun handia dago eraginkortasunari dagokionean. Hori dela eta, azken urteotan beste farmako alternatiboen erabilera asko handitu da; horien artean, melatoninarena.
Melatonina guruin pinealak jariatutako hormona bat da eta haren sintesia iluntasunak indartu eta argiak inhibitzen du. Hipofisi eta nukleo suprakiasmatikoko MT1 eta erretinako MT2 hartzaileak lotzen dituenez, neuronen inhibizioa, funtzio neurokonduktualen gutxitzea eta logura eragiten ditu. Hortaz, melatoninak lo-esnatze zikloa eta erritmo zirkadianoa erregulatzen ditu eta horregatik loezina tratatzeko farmako gisa erabiltzen hasi zen.
Melatonina 2011. urtean onartu zen farmako gisa eta 55 urtetik gorako pertsonengan lehen mailako loezina tratatzeko indikatuta dago, epe laburrean eta monoterapian. Hala ere, azken urteotan melatonina adin guztietako pazienteengan eta loezin arazo desberdinak tratatzeko erabilia izan da. Gaur egun, melatoninaren dosi desberdinak dituzten produktu ugari daude merkaturatuta eta horien salmenta biziki handitu da, nahiz eta argi ez dagoen erabilera zabal hori ebidentzian oinarrituta dagoen. Berrikusketa honen helburua da gaixotasunekin erlaziorik ez duen adin guztietako pazienteengan melatoninak loezina arintzeko duen eraginkortasuna aztertzea. Ikerketaren datuen arabera melatonina eraginkorra da 55 urtetik gorako pazienteengan lehen mailako loezina arintzeko, 2 mg-ko dosian eta 3 astetan zehar administratzen denean. Beste adineko pazienteengan, dosi baxuagotan edo loezin zehatzetan egiten den erabilera, aldiz, ez dago ebidentzia zientifikoetan oinarrituta.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Melatoninaren eraginkortasuna loezina arintzeko: saio klinikoen berrikusketa sistematikoa.
- Laburpena: Loezinak, loak hartzeko edo mantentzeko zailtasunari, behar baino lehenago esnatzeari zein indarberritzailea ez den loa edukitzeari egiten dio erreferentzia. Loezinak erritmo zirkadianoaren lo-esnatzearen alterazioak (adibidez, loaldi atzeratuaren sindromea edo lan txandekin lotutako loezina) eta ez-REM loaren esnatze asaldurak (somnanbulismoa, gaueko ikarak edo amesgaiztoak, besteak beste) barnebiltzen ditu. Loezinaren tratamendurako gehien erabiltzen diren farmakoek (bentzodiazepinek eta Z-hipnotikoek) eragin kaltegarri ugari dituzte eta epe luzera erabiltzeko ez dira gomendagarriak. Horregatik, loezina tratatzeko, ustez segurtasun hobea eta eraginkortasun bera duten alternatibak merkaturatu dira, adibidez, melatonina. Azken urteotan, melatoninaren erabilera asko handitu da eta adin guztietako pazienteengan loezin mota ugari arintzeko erabili izan da, baina ez dago argi erabilera hori ebidentzian oinarrituta dagoen. Horregatik, lan honen helburua gaixotasunekin erlaziorik ez zuen adin guztietako pazienteengan melatoninak loezina arintzeko duen eraginkortasuna aztertzea izan zen. Horretarako, plazeboarekin kontrolatutako entsegu klinikoen berrikusketa sistematikoa egin zen. Aztertutako saioen arabera, melatonina (2 mg-ko dosian, 3 astetan zehar) lehen mailako loezinarako eraginkorra da bai lo-latentzia laburtzeko bai lo-kalitatea eta pazienteen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Loezin mota zehatzetarako, aldiz, dauden ebidentziak urriak dira. Adinari dagokionez, melatonina 55 urtetik gorako pazienteengan loezina arintzeko eraginkorra dela frogatu da. 55 urtetik beherako pazienteengan, ostera, eraginkortasuna frogatu duen entsegu bakarra bildu da. Ondorio orokor gisa esan daiteke melatonina eraginkorra dela 55 urtetik gorako pazienteengan lehen mailako loezina arintzeko, 2 mg-ko dosian eta 3 astetan zehar administratzen denean. Beste adineko pazienteengan, dosi baxuagotan edota loezin zehatz batzuetan egiten den erabilera, aldiz, ez dago ebidentzian oinarrituta.
- Egileak: Ane Barreras, Irati Rodilla, Aitziber Mendiguren
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 25-47
- DOI: 10.1387/ekaia.22913
Ane Barreras, Irati Rodilla eta Aitziber Mendiguren UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Farmakologia saileko ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Melatonina eraginkorra ote da loezina tratatzeko? appeared first on Zientzia Kaiera.
Funtzio bikoitza duen RNA mezularia aurkitu dute
Laborategiko organismo modelo batean, proteina bat zein telomerasa sortzeko gai den RNA mezulari baten berri eman du ikertzaile talde batek.
Gutxitan jabetzen gara telomeroen luzerak duen garrantziaz. Horren jakitun izango bagina, agian gure hizkera ere aldatuko genuke. Modu horretan, “ez adarrik jo” esan beharrean, bizitza zoriontsu bat izatea oztopatzen diguten horiei esan beharko genieke, agian, “ez ukitu telomeroak”.
Faborez.
Kromosomen amaieran dauden egiturak dira telomeroak. Teknikoki, DNA nukleotidoen sekuentziak dira, baina sinplifikazioaren mundu zoragarria eutsita esango dugu kromosomen tapakiak direla. Arazoa da zelulak biderkatzen diren bakoitzean telomero horiek pixka bat murrizten direla, eta horrek, urteen poderioz, zahartzea dakarrela. Bizidun guztiek ezagutzen duten bizitzaren zikloa, hain justu.
1. irudia: RNA molekula baten irudikapen artistikoa —kasu honetan, RNA polimerasa—. Molekula honek DNAn bilduta dagoen informazioa eramaten du zeluletara, proteinak sortzeko. (Irudia: Maria Voigt and PDB-101 – CC-BY-4.o lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Zelula bat nahi beste biderkatzea ez da beti zertan zerbait ona izan behar, tamalez minbizi bat pairatzen duten askok dakiten moduan. Prozesu horretan telomerasa izeneko entzimak zeresan handia du. Zelula bitan zatitu eta gero, telomerasak DNA nukleotidoak gehitu ditzake telomeroetan. Normalean telomerasak ez du lanik egiten zelula gehienetan —zelula somatikoetan, hain zuzen ere—, baina bai aritzen da ugalketari lotutako zeluletan eta baita zelula ametan ere. Tamalez, minbizia sortzen denean, zelula horien inguruan ere telomerasa andana dago, zelulen errepikapen zoroa eta, ondorioz, tumoreen hedapena erraztuz.
Hortaz, telomerasa aho biko ezpata izan daiteke, eta, horregatik, batez ere azken urteotan ikertzaileek gertutik erreparatzen diote. Telomerasa kontrolatzeko ametsa dute. Batetik, entzima inhibituz minbiziari aurre egin ahal izateko. Bestetik, telomerasa baliatuz zahartzaroari lotutako bestelako gaitzetan irtenbide berriak lortzeko. Ohi bezala, oreka zail batean mantendu beharra dago, arma guztiak defentsarako edo erasorako erabili daitezkeelako.
Saiakera horietako baten berri eman dute PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean. Bertan, Arizonako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek ezagutarazi du funtzio bikoitza duen RNA mezulari bat aurkitu dutela organismo batean. “RNA molekula gehienak modu independentean sintetizatze dira, baina hemen funtzio bikoitza duen mRNA [RNA mezulari] bat aurkitu dugu; erabili daiteke proteina bat sortzeko edo kodetzailea ez den telomerasa RNA sortzeko; eta hau paregabea da”, adierazi du Julian Chen ikertzaileak prentsa ohar batean. Aurkikuntzak “paradigma aldaketa bat” suposatzen duela erantsi du.
RNA mezulariaren ardura da DNAtik dagoen informazioa zelularen nukleora eramatea, bertan proteinak sortzeko. Halere, RNA asko ez dira erabiltzen horretarako. Izan ere, giza genomaren %70 inguru RNA ez kodetzailea sortzeko erabiltzen da.
Proteinak sortzen ez dituzten RNAk izanda ere, beste zeregin batzuetarako erabiltzen dira. Adibidez, telomerasa entzima sortzeko. Ikusi dugun moduan, entzima hau nahitaezkoa da minbizi prozesuetan zelulak eskuratzen duten hilezkortasunerako, bai eta zelula amak sortzeko ere. Hortaz, agerikoa da oinarrizko ikerketa honek aukera txukunak ireki ditzakeela etorkizunean telomerasa tresna gisa erabiltzeko.
2. irudia: artoan sortzen den onddo batean aurkitu dute funtzio bikoitza duen RNA hau. Ez da kasualitatea: modelo organismo gisa erabili ohi da laborategietan. (Argazkia: H. Zell – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ustilago maydis izeneko onddoan aurkitu dute RNA mezulari berezi hau. Hau onddo patogeniko bat da: artaburuei eragiten die, eta, behin infektatuta, landareek kolore iluna hartzen dute. Horregatik, arto ikatz gisa ezagutzen da ere. Artoa ondoratu badezake ere, onddoak infektatutako landareei probetxua ateratzen diete Mexikon eta inguruetan, eta bertako gastronomiako produktuetako bat bilakatu da, platerei umami zaporea ematen dielako. Horrez gain, onddoa laborategietako modelo organismoa da ere, manipulazio genetikorako aukera onak ematen dituelako.
Manipulazio honetan daude jarrita itxaropen asko. Praktikari begira, kontua ez da soilik aurre egitea zahartzeari; prozesu hori azeleratzen duten zenbait gaitzei ere sendabidea aurkitu nahi dizkiote zientzialariek.
Horretarako, funtsezkoa izango da ondo apuntatzea sendabidean: helburua da soilik zelula ama helduetan estimulatzea telomerasa, eta ez gainerako zeluletan —zelula somatikoetan, hain zuzen—, azken hauetan eginez gero minbizia garatzeko arriskua handitu daitekeelako.
Beraz, egileek espero dute aurkikuntza hau baliogarria izango dela telomerasa tresna gisa erabili ahal izateko, baina jakitun dira oinarrizko zientziaren eremuan ari direla. “Hain ezohikoa den biogenesi bide honen atzean dagoen mekanismoa ulertzeko askoz gehiago ikertu behar dugu oraindik”, ohartarazi dute. Gogora ekarri dute orain arte RNA mezulariaren gaineko oinarrizko ikerketak aplikazio praktiko ugari ekarri dituela arlo klinikora. Horien artean, agian sonatuena da COVID-19aren aurkako txertoak garatzeko mRNA erabili izan dela.
Halako kasuetan, abantaila nabarmena da RNA erabiltzea txertoetarako. Behin beren funtzioa bete dutela, RNA molekulak degradatzen dira, eta gorputzak xurgatzen ditu. Egileen esanetan, DNA izango balitz, aldiz, arrisku potentziala izango lukete gainerako DNArekin batzeko. Horregatik, arreta berezia jarrita dute mezulari berezi horretan. Zortearekin, mezu positiboak eramango dituen molekula harrigarri horretan, hain zuzen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Logeswaran, D.; Li, Y.; Akhter, K.; Podlevsky, J.D.; Olson, T.L.; Forsberg, K.; Chen, J.J.-L. (2022). Biogenesis of telomerase RNA from a protein-coding mRNA precursor. PNAS 119 (41) DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2204636119
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Funtzio bikoitza duen RNA mezularia aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Fetuak gai dira zaporeak bereizteko
Ingalaterran egindako ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira zaporeak bereizteko. Hain zuzen ere, amak hartutako elikagai baten zaporearen aurrean modu batera joka dezakete eta beste zapore baten aurrean beste modu batera. Esperimentuak azenarioarekin eta aza kizkurrarekin soilik egin diren arren, emaitza hauek iradokitzen dute 32 eta 36 aste bitarteko garapena duten fetuak jada gai direla askotariko zaporeak bereizteko.
Irudia: azenarioa eta aza kizkurra izan dira fetuekin esperimentuak egiteko aukeratutako bi barazkiak (Argazkia: Rudy and Peter Skitterians – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).Durham-eko Unibertsitateko zientzialari talde batek argitaratu berri duen ikerketa baten emaitzen arabera, fetuak gai dira amak irentsitako elikagaien zaporeak bereizteko. Psychological Science aldizkarian argitaratutako lanean jakinarazi duten bezala, lehen aldiz lortu dute fetu batean horrelako ebidentziak jasotzea, hain zuzen ere, fetua gai dela amak hartutako elikagai bakoitzaren zaporearen arabera jokatzeko. 32 eta 36 aste bitarteko haurdunaldietako fetuak izan dira ikergai eta bi zaporekin egin dituzte esperimentuak: azenarioa eta aza kizkurra.
Horretarako, 4D ultrasoinu eskanerrak erabiliz haurdun zeuden ehun emakume aztertu zituzten. Emakumeei zenbait elikagaiak emanez -azenarioa edo aza kizkurra- fetuaren aurpegiaren irudiak aztertu zituzten. Kontrol gisa elikagairik jaso ez zuten emakumeen fetuen irudiak erabili zituzten. Emakumeei elikagaiak eman ondoren, ikertzaileek adi-adi aztertu zituzten fetuen keinu eta aurpegierak. Oro har, argiak dira Beyza Ustun eta bere lankideek aurkeztutako ondorioak: azenarioa jan ostean, fetuen aurpegiak irribarretsuak –laugther-face edo lip-corner puller- ziren eta, aldiz, aza kizkurra jan ostean, aurpegierak negartiak ziren –cry-face edo lip stretch-.
Egindako aurkikuntzak mota horretako lehenak izan dira; izan ere, jaio ostean bakarrik aztertu ahal izan da zentzumenekin lotutako garapena, egileek diotenez. Ikerketa hau, beraz, lehen pausoa izan daiteke fetuen zentzumen-gaitasun batzuk ulertzen hasteko ¾dastamena eta usaimena¾. Era berean, ikertzaileen aburuz amaren elikadurak eragina izan dezake fetuengan eta, hortaz, etorkizuneko haurren elikadura-lehentasunetan. Hori gakoa izan daiteke dieta osasungarriak sustatu ahal izateko. Ustunek aipatu duenez, orain arte ezaguna zen fetuak dastatzeko eta usaintzeko gai izan zitezkeela, baina proba guztiak fetua jaio ostekoak ziren. Kasu honetan, fetua umetokian dagoen bitartean egin ahal izan dira esperimentuak, eta areagotu egin da, horrela, emaitzen fidagarritasuna.
18 eta 40 urte bitarteko emakumeen fetuak aztertu zituzten eta 400 mg elikagai eman zieten –azenarioa edo aza kizkurra– eta 20 minutu itxaron zuten eskanerrak egin aurretik. Ikerketaren mugetan, ikertzaileek aipatzen dute zaporeak bereizteko faktore genetikoak ere egon daitezkeela -TAS2R38 genea aipatzen dute-, eta horien eragina ezin izan dutela guztiz kontrolatu. Zenbait hobekuntza proposatzen dituzte etorkizuneko lanei begira arlo horretan, baina 4D ultrasoinu-eskanerra mota honetako analisiak egiteko tresna eraginkorra dela frogatu dute.
Oraingoz ikerketa bakarra den arren, litekeena da etorkizunean beste batzuk gehitzea eta, horrela, pixkanaka giza garapenaren funtsa ulertzeko gakoa izango dugu. Litekeena da oraindik goizegi izatea ikerketa honen inplikazioak zeintzuk diren jakiteko edo haurdun dauden emakumeen elikadurak fetuetan izan dezakeen eragina zein den jakiteko, baina, edozein kasutan, ikerketa hau bide berri baten lehen pausoa izan daiteke. Oraingoz, eman diezaiogun denbora zientziari.
Informazio gehiago:Durham University (2022). First direct evidence that babies react to taste and smell in the womb, EurekAlert.org, 2022ko irailaren 21a.
Erreferentzia bibliografikoa:Ustun, B., Reissland, N., Covey, J., Schaal, B., Blissett, J. (2022). Flavor sensing in utero and emerging discriminative behaviors in the human fetus, Psychological Science, XX (X). DOI: 10.1177/09567976221105460
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Fetuak gai dira zaporeak bereizteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio
Euskal Herriko Unibertsitateko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-taldeak (OPIK) frogatu du Euskadin lan-prekarietateak, beste faktore ekonomiko batzuk alde batera utzita, eragin nabarmena duela langileen osasun mentalean; batez ere, soldata-mailak, oro har, eta zaurgarritasunak, emakumeen kasuan.
Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoa ikertzen duen Opik taldeak zer erlazio dagoen lan-prekarietatearen eta EAEko soldatapeko gizon eta emakumeen osasun mentalaren artean aztertu du dimentsioaniztuneko ikuspegi batetik. “Uste dugu beharrezkoa dela lan-prekarietateari ikuspegi dimentsioaniztun horretatik heltzea; bestela, kanpoan utz ditzakezu lan-prekarietate gisa har daitezkeen baina aztertzen ari ez diren gauza asko”, adierazi du Erika Valero Alzagak, taldeko ikertzaileak.
Irudia: prekarietateak ondorio negatibo oso garrantzitsuak ditu osasun mentalean. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Hala, dimentsio bakoitzaren garrantzi erlatiboa ezagutzeko, ikerketa lan-prekarietatearen EPRES eskalan oinarritu da. Eskala horrek sei dimentsio ditu: behin-behinekotasuna, soldatak, desahalduntzea, zaurgarritasuna, eskubideak, eta eskubideak erabiltzeko ahalmena. Horrela, dimentsio bakoitza bereizita aztertu da, osasunean eragin handiena izan dezaketenak identifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Osasun Inkestaren lagin bat oinarri hartuta.
Azterketaren emaitzen arabera, lan-prekarietatea nabarmen lotzen zaio osasun mental txarrari, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. “Ikusi dugu dimentsio batzuk eragin handiagoa dutela osasun mentalean beste batzuk baino“, adierazi du Valerok. Badirudi soldata-maila, bi sexuetan, eta zaurgarritasuna, emakumeen artean, osasun mental okerrago batekin lotuta daudela. “Bitxia bada ere, Espainiako lan-merkatuaren ezaugarri aipagarrienetako bat da behin-behinekotasuna, eta beste aldagai batzuen eragina neutralizatzen badugu (adibidez, ikasketa-maila edo egoera sozioekonomikoa), aldagai horrek, bere horretan, ez dirudi osasun mentalari eragiten dionik”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Baliteke hori horrela izatea gure testuinguruan behin-behinekotasun tasa handiak dituzten sektore batzuetan, hala nola sektore publikoan, behin-behinekotasunak ez duelako beti lan-jarraipenaren inguruko ziurgabetasun handirik; baina horrek ez du esan nahi langileak egonkortzeko ahaleginik egin behar ez denik”.
Enplegu duina eta soldata-maila egokiak izateko aukera bermatzeaAldaketa sozioekonomikoek eta politikoek “ekarri dute enpleguaren kalitatea nabarmen okertzea, eta nagusiengandik langileengana arriskuak eta segurtasunik eza transferitzea. Gainera, lan-prekarietatea ez da banatzen homogeneoki langileen artean”, dio Valerok. Emakumeek kalitate okerragoko lanpostuak betetzen dute, gizonek baino kontratu mugagabe gutxiago dituzte, soldata-maila txikiagoa dute eta lanaldi partzialetan gehien daudenak dira. Era berean, lan-prekarietatea handiagoa da gazteen eta egoera sozioekonomiko txarrean bizi direnen artean. “Prekarietateak ondorio negatibo oso garrantzitsuak ditu osasun mentalean, eta, beraz, lehentasun politiko bat izan beharko luke kontuan hartzea lanak oro har (ordainpeko lanak, eta zaintzako eta etxeko lanak) zenbateraino eragiten duen pertsonen bizitzan —jarraitu du Valerok—. Orain arte, kezka langabeziarekin amaitzea zen, ikusi baita osasunean eragin negatiboa duela; baina ez da soilik bermatu behar enplegua lortzea, baizik eta bermatu behar da enplegu duina eta soldata-maila egokiak izateko aukera”.
Ikertzailearen iritziz, “Euskadiko soldatapeko biztanleriaren lagin handi eta adierazgarri batean (3.345 pertsona guztira: 1.636 emakume eta 1.709 gizon) oinarritutako ikerketa honen emaitzak lagungarriak izan daitezke lan-prekarietateak osasun mentalerako dituen alderdi txarrenak identifikatzeko eta, hartara, abian jartzeko horiei aurre egiteko hainbat neurri soziopolitiko”. Hala ere, ikertzaileak onartzen du zeharkako ikerlan bat dela, “lan-prekarietatearen eta buru-osasunaren artean kausaltasun-printzipioa ezartzea eragozten duena”, eta ikerketa berriak bultzatzeko beharra nabarmendu du “EPRES eskala langile autonomoekin eta lan-kontraturik gabeko pertsonekin ere aztertu eta moldatzeko”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio
Erreferentzia bibliografikoa:Valero, Erika; Utzet, Mireia; Martín, Unai (2022). ¿Cómo afectan las distintas dimensiones de la precariedad laboral a la salud mental?. Gaceta Sanitaria v. 36, 5 DOI: 10.1016/j.gaceta.2021.11.006
The post Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #410
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaSvante Pääbo paleogenetikariak jasoko du Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria aurten. Sari honekin haren lanaren mugarriak aitortu nahi izan dizkiote, desagertutako hominidoen genomari eta giza eboluzioari buruz egin dituen aurkikuntzengatik. Besteak beste, neandertalen genomaren sekuentziazioa gauzatu zuen, eta lan hari esker jakin zen neandertalak sapiensen ahaideak zirela. Horrez gain, denisovarrak eman zituen ezagutzera, eta orain desagertuta dauden homininoetatik Homo sapiens-era gene-transferentzia gertatu zela ere frogatu zuen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Sustatun.
Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Esperimentu baten bidez, ikertzaileek alga gorri baten hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan Idotea balthica izeneko krustazeo espezie bat ere sartu zuten. Emaitzak argiak izan ziren. Krustazeoa zegoen tankeetan, ernalketa hogei aldiz arrakastatsuagoa zen I. balthicarik ez zegoen tankeetan baino. Gainera, aurkikuntza honek zalantzan jarri du ernalketa modu hau lehenago garatu ote zen itsasoan lurrean baino. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte.
Hegaluzeek non hibernatzen duten aurkitu du Aztiko ikerketa talde batek. Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko zonetan hibernatzen du hegaluzeak, Euskal Herritik urrun, eta sakonera handiko uretan murgildurik. Iñigo Onandia itsas ikertzaileak marka elektroniko bat ipini zion hegaluze bati duela bi urte, animaliak ondoko hilabeteetan eginen zuen ibilbidea erregistratzeko. Bada, orain dela zenbat hilabete hartu zuten arraina, Irlanda hegoaldean. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Berrian aurki daiteke.
Gizakiok gure hurbileko senide ebolutiboek baino energia gehiago gastatzen dugu bizirik mantentzeko, hazteko eta ugaltzeko. Hau, neurri batean, gure entzefaloaren tamainagatik gertatzen da. Izan ere, gutxieneko jarduera fisikoan gastatzen dugun energiaren % 20 inguru kontsumitzen du. Baina gure senide ebolutiboak baino aktiboagoak ere bagara, neurri batean gastu horri aurre egiteko behar dugun energia lortzeko. Arrazoi horregatik gizakiok, eta, bereziki emakumeek, gainerako tximinoek baino askoz koipe gehiago gordetzen dute, erreserba moduan izateko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Tximino garestiak gara.
Fisika2022ko Fisikako Nobel saria Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilingerrek jasoko dute. Hiru saridunek egiaztatu dute korapilatze kuantikoa erreala dela eta, are gehiago, teknologikoki ustiatzeko interes handiko fenomenoa dela. Korapilatze kuantikoa mekanika kuantikoaren oinarrizko fenomeno bat da. Honen arabera, bi oinarrizko partikula kuantikoki korapilatuta daudenean, bakarra balira bezala jokatzen dute, eta horregatik, partikula bakarraren bidez, urruti dagoen beste partikula bati informazioa transferitu dakioke, baita milaka km-ra egonda ere. Bada, hiru zientzialari hauek ezinbesteko ekarpenak egin dituzte korapilatze kuantikoaren inguruko esperimentuetan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
KimikaKimikako Nobel sariari dagokionez, Klik kimikaren asmatzaileei eta bizidunetara eraman dutenei egin diete aitortza. Carolyn R. Bertozzi, Morten Meldal eta K. Barry Sharpless izan dira sarituak. Lehenengo biak kimika modu funtzional bat asmatu zuten, klik kimika, hain zuzen. Haren bidez, eraikuntza-bloke molekularrak erraz eta modu eraginkorrean elkartzen dira. Bertozzyk, berriz, organismo bizidunetara eraman zuen klik kimika, eta minbizi-tratamendu zehatzagoak emateko erabiltzen dira gaur egun hark garatutako erreakzio bioortogonalak. Aipatzekoa da Sharplessek 2001ean ere jaso zuela Kimikako Nobel Saria, orduan katalisi kiralaren gainean egindako ikerketengatik. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
TeknologiaMaría Arnaiz González CIC energiGUNEko ikertzaileak Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen unibertsitatean, baina jada karrera hasi aurretik erregai-pilak eta halakoak gustuko zituela dio; alegia, orain egiten ari dena. Horrez gain, nabarmendu du atzerrira joatea oso aberasgarria izan zaiola, eta denei gomendatzen die esperientzia hori bizitzea. Bere ikerketa-eremua nahiko maskulinizatuta dagoela aipatu du, baina ez du nabari emakumea izateagatik zailtasun edo oztopo gehigarriak dituenik. Izatekotan, gaztea izateagatik sentitu da noizbait gutxietsita edo baztertuta. Azalpenak Zientzia Kaieran: María Arnaiz, ingeniari kimikoa: “Zure lanaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain garrantzitsua dela”.
UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko tapoi bat garatu dute, ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina. Tapoi honen helburua sudurreko hemorragia edo epistasia tratatzea da, eta oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak ditu. Izan ere, soja-proteina eta kitina-proteinarekin egin dute material berritzaile hau, eta odol kantitate handiak xurgatzeko gai da. Gainera, gainazal handia du barruan zelulak elkartu eta gordetzeko, ez du materialaren kontrako inolako erantzun okerrik eragiten eta, gainera, partzialki degradatzen da. Elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz egin dute. Datu gehiago Zientzia Kaieran: Sudurreko hemorragia tratatzeko tapoi ekologikoa.
Karbono konposite birprozesagarria, birziklagarria eta konpondu daitekeena garatu du Cidetec zentro teknologikoak, erretxinaren lotura kimiko dinamikoetan oinarrituta. Gominola itxurako erretxina mota bat da, eta moztu eta gero moztutako zatiak elkarren kontra jarriz, denbora gutxian berriro bat egiten dute. Alaitz Rekondo Cideteceko Polimeroen eta Konpositeen Unitateko arduradunak azaldu duenez, materialetan lotura kimiko itzulgarriak sartu eta propietate berriak ematen dizkiete, prozesu hau posible bilakatuz. Gaur egun, Cideteceko ikertzaileak lanean ari dira lotura itzulgarri hori aeronautikan, autogintzan, trenetan eta haize errotetan erabiltzeko. Azalpen guztiak Berrian: Atzera egin dezaketen karbono piezak.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #410 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #416
Ziklo katalitiko bat azaltzeko protoi baten (hidrogenoa) tunel efektua erabili behar diren aldi bakanetarikoa da hau. Gainera, hidrogeno iturri gisa izan litezkeen konposatu familia batean. DIPCk: First reported case of hydrosilane activation mediated by hydrogen quantum tunnelling.
Zelulek kanporatzen dituzten besikula txikiak dira exosomak eta komunikazio interzelularraren komunikazio sistema nagusiaren parte dira. Onerako eta txarrerako. How exosomes can promote leukemia generation and growth, Marta Irigoyenenena.
LSDa, koloretan haluzinatzea eragiteaz gain, memoria hobetu lezake. Rosa García-Verdugoren LSD potentiates brain plasticity, improving memory
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #416 appeared first on Zientzia Kaiera.
María Arnaiz, ingeniari kimikoa: “Zure lanaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain garrantzitsua dela”
María Arnaiz González CIC energiGUNEko ikertzaileak txikitatik izan da zientziazalea. Dioenez, seguru asko horretan eragina izan du bere familiak, aita fisikaria baita, eta ama, berriz, erizaina. “Aitak beti erakutsi dit interesa zientziekiko: lanera eramaten ninduen, familientzako irekitzen zutenean; parke teknologikoan ate irekiak egiten zirenean ere, elkarrekin joaten ginen…”, gogoratu du. Eskolan ere beti nahiago izan ditu zientziako ikasgaiak, letrak baino; eta, zientzien barruan, zenbakiak eta ekuazioak nahiago zituen, biologia baino.
Unibertsitateko ikasketak hautatzean, Ingeniaritza Kimikoaren alde egin zuen. “Baina hori ez neukan hain argi. Azken finean, zientzietako karrera pila bat daude, eta, batez ere, bi arrazoik bultzatuta aukeratu zuen: batetik, ingeniaritzek irteera asko dituztela, eta, bestetik, batxilergoan kimikako irakasle oso ona izan nuela. Dena dela, 17 urterekin pixka bat zoriz aukeratzen dugu, ez baitakigu ezer”, dio Arnaizek.
Irudia: María Arnaiz González, CIC energiGUNEko Prototipadoko taldean ikertzailea da. (Argazkia: CIC energiGUNE)Gustura egin zuen gradua, baina gerora ohartu da agian ez zela lehen lekuan aukeratuko zukeena. “Jada karrera hasi aurretik gustuko nituen erregai-pilak eta halakoak; alegia, orain egiten ari naizena. Aldiz, karreran ez nuen horrekin zerikusia duen ia ezer ikasi. Bukatutakoan, CIC energiGUNEra etorri nintzen praktikak egitera, eta ordutik bai, nahi nuen horretan nabil”.
Azken finean, karreran, gaitasunak edo konpetentziak lantzen direla uste dut Arnaizek, eta horretarako oso baliagarria izan zitzaizkion Ingeniaritza Kimikoko ikasketak: problemak nola ebatzi, talde-lana… Jarraian doktoretza egin zuen, eta argi utzi du benetan dela gogorra. “Baina amaieran, lana idatzita duzunean, sekulako poza eta harrotasuna sentitzen dituzu”.
Profesionalki eta pertsonalkiHorrez gain, nabarmendu du atzerrira joatea oso aberasgarria izan zaiola, eta denei gomendatzen die esperientzia hori bizitzea. Unibertsitateko ikasle zenean, Erasmusen bidez, Turinera joan zen (Italia), eta doktoretzan, berriz, Alemanian izan zen. Egonaldi horietan, profesionalki ez ezik, pertsonalki ere asko ikasi duela onartu du, eta orain ere beti dago prest bidaiatzeko. “Lanean aukera badago kanpora joateko, berehala jasotzen dut eskua, nire burua eskainiz”.
Bere ikerketa-eremua nahiko maskulinizatuta dagoela aipatu du. CIC energiGUNEn genero-oreka badago ere, atzerrira joaten denean edo bileretan, ohikoa da gizonak izatea gehiengoa. Baina ez du nabari emakumea izateagatik zailtasun edo oztopo gehigarriak dituenik. Izatekotan, generoagatik baino gehiago, gaztea izateagatik sentitu da noizbait gutxietsita edo baztertuta. “Azkenean, zure lanaren eta ahaleginaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain ozena eta garrantzitsua dela”, adierazi du.
Ildo horretatik, azaldu du lankide bat eta biak STEM sare batean daudela, eta Innobasqueren eskutik ikastetxe batera joan zirela, ikasleei erakustera badirela emakume ikertzaileak, baita energia-arloan ere. Horrelako ekimenak ugaritzen ari direla iruditzen zaio, eta, beraz, itxaropentsu azaltzen da etorkizunarekiko.
Maila pertsonalean, bere nahia ikertzen jarraitzea da, eta, zaila dela badakien arren, bere ametsa da lantzen ari den proiektuak aurrera ateratzea eta gizarteari ekarpena egitea.
Fitxa biografikoa:María Arnaiz González Gasteizen jaioa da, 1993an. Ingeniaritza Kimikoa egin zuen UPV/EHUn, eta, jarraian, masterra eta doktoretza egin ditu CIC energiGUNEn. Gaur egun ikertzaile elkartua da CIC energiGUNEko Prototipadoko taldean, eta, batez ere, kondentsadore hibridoen garapenean egiten du lana.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post María Arnaiz, ingeniari kimikoa: “Zure lanaren bidez erakusten duzu zure ahotsa haiena bezain garrantzitsua dela” appeared first on Zientzia Kaiera.
Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak
Egun bizitzen ari garen pandemia tarteko, industria farmazeutikoa gogor ari da lanean COVID-19-aren tratamendua bilatu nahian. Momentu historiko honek inoiz ez bezala jarri du mahaiaren gainean bai industria farmazeutikoak zein jasangarritasunak gizartearen osasunean duten garrantzia.
Hori dela eta, lan honetan industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenean jarriz batez ere. Izan ere, industria farmazeutikoa, maneiatzen duen ekoizpen bolumenerako, gehien kutsatzen duen industriako sektoreen artean kokatzen da.
Irudia: medikamentuen kutxa edo ontzien bizi-zikloaren etapak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Lan hau, EHUren IKD i3 hezkuntza-ereduaren osagaia den iraunkortasuna aintzat hartuz, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatzen da, bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz. Lehenik, ekoizpen jasangarria bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. Ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Honen konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimiko kaltegarriak ezabatu ahal izateko.
Era berean, eta egungo klima-aldaketak ingurumenean duen eragina aintzat hartuz, berotegi efektua duten gasen igorpena murrizteko energia berriztagarrien erabilera sustatu eta erabiltzen den energia-eraginkortasunaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Honetaz gain, beste zenbait etapa ere badira, medikamentua sortzen denetik, medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, adibidez medikamentuen kutxatilen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-an gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa labur bat egiten da, baliabide eta teknologia hauek etorkizunean ekarri ditzaketen onurak azpimarratuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak.
- Laburpena: Industria farmazeutikoa, bere ekoizpen-bolumena kontuan izanda, gehien kutsatzen duten industriako sektoreen artean kokatzen da. Hori dela eta, lan honetan, egun martxan dagoen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendarekin lerrokatuz, eta bertan aipatzen diren helburuak betetzeko asmoz, industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko hainbat estrategia aztertuko dira, arreta medikamentuen ekoizpenari jarriz batez ere. Lehenik, ekoizpen iraunkorra bultzatu nahian, disolbatzaile edo eszipiente organikoak fluido superkritiko eta likido ionikoen bidez ordezkatzea proposatuko da. ondoren, medikamentu edo materia organikoek ingurune urtarrean duten bilakaera aztertuko da. Horren konponbide gisa eta baliabide hidrikoen eraginkortasuna bultzatuz, oxidazio-teknika bidezko erreakzioen erabilera proposatuko da, ur-hondakinen tratamenduan konposatu kimikoak ezabatu ahal izateko. Horrez gain, eta egungo aldaketa klimatikoak ingurumenean duen inpaktua aintzat hartuz, berotegi-efektua duten gasen isurketa murrizteko energia berriztagarrien erabilera bultzatu eta erabiltzen den energiaren efizientziaren hobekuntzarako hainbat estrategia aipatuko dira. Horretaz gain, beste zenbait etapa ere dira, medikamentua sortzen denetik medikamentua birziklatua izan arte. Hortaz, ekoizpen eta kontsumo arduratsuago baten bila, etapa horietako inpaktua ere murriztea beharrezkoa litzateke, medikamentuen kutxen diseinua aldatuz, kutxa ekologikoagoak lortzeko eta garraiorako furgoneta ekologikoen erabilera bultzatuz, besteak beste. Amaitzeko, industria farmazeutikoa I+G+b-n gehien inbertitzen duen sektorea dela aintzat hartuz, hausnarketa txiki bat egiten da, baliabide eta teknologia horiek etorkizunean ekar ditzaketen onurak azpimarratuz.
- Egileak: Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández, Edorta Santos-Vizcaíno
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 49-71
- DOI: 10.1387/ekaia.22848
Maialen Matxain, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno UPV/EHUko Farmazia Fakultateko, Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Industria farmazeutikoak ingurumenean duen inpaktua murrizteko estrategiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Tximino garestiak gara
Gauza jakina da gizakiok gainerako ugaztunek baino entzefalo handiagoa dugula. Gure entzefaloa gure ahaide ebolutibo hurbilenena baino handiagoa da ere, tximino handiena baino handiagoa (bonoboak, txinpantzeak, gorilak eta orangutanak). Neurri batean arrazoi horregatik eta, beste batean, jarduera metaboliko handia izateagatik, gure entzefaloa organo garestia da. Izan ere, gutxieneko jarduera fisikoan gastatzen dugun energiaren % 20 inguru kontsumitzen baitu.
Ugalketaren gaineko kontrol artifizialik egiten ez den herrietan, gizakiek ume gehiago dituzte eta gainerako hominidoenak baino handiagoak dira. Urte gehiago ere bizi gara, 60 kg inguru dituen ugaztun batengandik espero zitekeena baino dezente gehiago eta gehiago bizitzeko, energia-baliabide gehiago erabili behar dira ehunak mantendu eta konpontzeko.
Irudia: gizakiak beste tximino bizidunengandik bereizten dira garun handiagoak dituztelako eta ohiz kanpoko bizitza-historia dutelako: ugalketa-errendimendu handia, haurren hazkunde motela eta bizitza-luzera apartak. (Argazkia: skalekar1992 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Gure digestio-sistema, digestio errazagoko elikagaien kontsumoari esker (haragia eta kozinatutako produktuak, batez ere), asko txikitu da gure arbasoenarekin alderatuta, eta askoz energia gutxiago gastatzen du horregatik. Gainera, beste hominido horiek baino modu eraginkorragoan mugitzen gara. Hala ere, faktore horiek ez dute behar adinako eraginik hainbesteko gastua duen entzefalo bat edukitzearen ondorioak konpentsatzeko, ez eta ugaltze-intentsitate handiagoari eta bizitza luzeagoari lotutako kostuak ere.
Metabolismoa izaki bizidun baten jardueren euskarri diren prozesu kimikoen multzoa da. Beraz, gastu metaboliko osoa jarduera bakoitzari dagokiona gehitzearen emaitza da. Batetik, bizi-sistemak mantentzeko helburua dutenak daude; horiei, basala deritzogun jarduera metabolikoaren maila dagokie. Bizirik irauteko behar dugun maila metaboliko minimoa da.
Bestalde, patogenoen aurkako defentsarekin zerikusia dutenak ditugu, immunitate-sistemak gauzatzen dituenak; zenbat eta gaixotasun infekzioso gehiago izan, orduan eta energia gehiago gastatu behar da gaixotasun horiei aurre egiteko. Beste batzuek konponketak egiteko balio dute. Hazkuntza eta ugalketa ere hor daude, ehun berriak sortzen dituzten jarduerak dira, eta hori dela eta nahiko garestiak dira, bereziki amentzat. Azkenik, baditugu ingurunean nolabaiteko eragina dutenak ere, esaterako, gure joan-etorria edo lana.
Hominidoen espezie desberdinen eguneroko gastu metaboliko osoa konparatzen denean, ikusten da gurea dela masa bereko ale tipo batentzat (gorputzeko gantza kenduta) energia-gastu handiena duena. Horren arrazoia da organoen eta ehunen metabolismo basala, oro har, beste hominido batzuen metabolismoa baino handiagoa dela (entzefaloa, digestio-sistema eta gibela gastu handia duten organoak dira). Eta, neurri txikiagoan bada ere, espezie horietako kideak baino aktiboagoak garela ere.
Gure espezieko gizabanakook gure hurbileko senide ebolutiboek baino energia gehiago gastatzen dugu bizirik mantentzeko, hazteko eta ugaltzeko. Aktiboagoak ere bagara, neurri batean gastu horri aurre egiteko behar dugun energia lortzeko. Eta horrek oso ezaguna ez den datu bat azaltzen du: gizakiek, batez ere emakumeek, gainerako tximinoek baino askoz koipe gehiago gordetzen dute. Bidezkoa da horrela izatea; izan ere, hainbeste gastatzen denean komeni da erreserba ugari izatea, lehenago edo geroago sasoi txar bat etorriko baita eta hori gertatzen denean bizirauteko beharrezkoak izango direlako. Eta horrek azaltzen du, neurri batean, zergatik gantz hori metatu ondoren hain zaila den kentzea.
Erreferentzia bibliografikoa:Pontzer, H., Brown, M., Raichlen, D. et al. (2016). Metabolic acceleration and the evolution of human brain size and life history. Nature, 533, 390–392. DOI: https://doi.org/10.1038/nature17654
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Tximino garestiak gara appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte
Emma Lavaut Sorbonako Unibertsitateko biologoak eta bere taldekideek lehen aldiz begiztatu dute animalien bitarteko algen polinizazioa. Ikertzaileek ziurtatu dute itsas krustazeo txikiek alga gorri ar eta emeen artean garraiatzen dituztela horien sexu-zelulak eta, ondorioz, lehorrean gertatzen den “polinizazio”aren antzeko kasua dugula.
Aurtengo uztailean argitaratu da aurkikuntza Science aldizkarian eta zalantza ere piztu du. Izan ere, bai alga gorriak, bai krustazeoak ere, lurreko landareak baino lehenago sortu ziren eboluzioaren historian, beraz, ernalketa modu hau lehenago garatu ote zen itsasoan lurrean baino ezbaian jarri du.
Adituen aburuz, landareak animalien bitartez polinizatzea duela 140 milioi urte baino gehiago garatu zen, oraindik erabateko adostasunera iritsi ez badira ere. Loredun landareen ernalketa-metodo ohikoena intsektuen bidezko polinizazioa da, eta gehienetan, loreetan elikagai bila dabiltzan animaliek ez-boluntarioki gauzatzen dute.
1. irudia: itsas ornogabe batzuek Thalassia testudinum itsas landarearen polena garraiatzen dute landare arretatik emeetara. (Argazkia: Wilfredor – CC0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Ernalketa-prozesu sinbiotiko hau asko ikertu da lehorreko landare eta animalien artean, baina ez zen horrelakorik aurreikusten ur-ingurunetan. Zientzialariek betidanik pentsatu izan dute polinizazioa lehorreko kontua zela, eta itsasoan sexu-zelula arra uraren mugimenduaren bidez iristen zela emearengana. 2012. urtean, ordea, azterketa batek frogatu zuen itsas ornogabe batzuek Thalassia testudinum itsas landarearen polena garraiatzen zutela landare arretatik emeetara, landare haiez elikatzen ziren bitartean. Hura izan zen itsas ingurunean ikusi zen lehen polinizazio-prozesua.
Itsas landareak eta algak, ordea, ez dira organismo bera. Itsas landareak landare baskularrak dira, landare erreinuko organismo eboluzionatuenak. Haiek, lurreko landare baskularren moduan, sustraiak, zurtoina eta hostoak dituzte. Algak edo makroalgak, bestalde, organismo zelulanitzak dira, baina ez dute ehun baskularrik, ez eta landare baskularren atal-desberdintzapenik. Bi organismo mota hauek oso desberdinak dira ugalketa aldetik ere.
Lavaut eta bere kideek, beraz, ikusirik itsas landareetan animalien bidezko polinizazioa gertatzen zela, gauza bera frogatu nahi izan zuten algetan. Zehazki alga gorriak aukeratu zituzten, ugalketarako dituzten zailtasunengatik. Izan ere, alga gorrien gameto (sexu-zelula) emeak ez dira gorputzetik kanporatzen, eta gameto arrek ez dute beren kabuz mugitzeko gaitasunik. Hala, ernalketa gertatzeko, gameto arrak pasiboki iritsi behar dira gehienetan urruti dagoen alga emearen trikoginora (emeen ugalketarako egiturara). Orain arte, ikertzaileek uste zuten gameto arren garraio pasiboa ur korronteen bidez gertatzen zela, Idotea balthica itsas krustazeoak egia bestelakoa dela erakutsi dien arte.
Ustekabeko aurkikuntza izan zen. Sorbonako Unibertsitateko populazioen genetikari talde bat Gracilaria gracilis alga gorriaren genetika eta ugalketa ikertzen ari zen, eta horretarako, alga honen hainbat lagin itsasotik jaso eta laborategiko ur-tankeetan sartu zituzten. Egunak aurrera joan ahala, ikertzaileak ohartu ziren ehunka krustazeo txiki agertu zirela tankeetan, seguruenik algekin batera itsasotik garraiatuak. Gertaera honek pentsarazi zien animalia txiki hark nolabaiteko parte-hartzea izan zezakeela algaren ugalketan.
2. irudia: I. balthica krustazeoak G. gracilis algaren ugalketan parte-hartzen du gametoak garraiatzen. (Argazkia: Mark Blaxter – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Beraz, krustazeo horrek nolabait G. gracilisen ernalketan eraginen bat ote zuen frogatzeko, ikertzaileek espezie honetako algen hainbat banako sartu zituzten ur-mugimendurik gabeko hainbat tanketan. Tanke horietako batzuetan I. balthica ere sartu zuten. Eta nola jakin zezaketen ikertzaileek ernalketa gertatzen ari zen ala ez? G. gracilis espeziearen ernalketa arrakastatsua denean, alga emeek burbuila itxurako egitura berri bat garatzen dute, zistokarpo deritzona. Horrela, zistokarpoak zenbatuz, ikertzaileek kalkulatu ahal izan zuten zenbat gameto ar iristen ziren emeen trikoginora, eta alderatu ahal izan zituzten I. balthica krustazeoa zuten tankeak ez zituztenekin.
Emaitzak argiak izan ziren. Krustazeoa zegoen tankeetan, ernalketa hogei aldiz arrakastatsuagoa zen I. balthica-rik ez zegoen tankeetan baino. Emaitzak are eta hobeto baieztatzeko, mikroskopio azpian begiratu zituzten krustazeo banako batzuk, eta, uste bezala, gorputza gametoz beteta zuten, polenez estalitako erleak bailiran. Beraz, ikertzaileek aho batez baieztatu ahal izan zuten, lehorrean bezala, itsasoan ere animalien bitarteko ernalketa gauzatzen dela, itsas landare eta alga-espezie batzuetan behintzat.
Hala eta guztiz ere, ur-korronteek ere lagun diezaiokete I. balthica-ri gametoak zabaltzen. Alabaina, naturan algen ernalketa normalean marea baxuko putzuetan gertatzen da, ura bare dagoenean, eta horrek krustazeo hauen ezinbesteko lana iradokitzen du ernalketa-prozesu honetan zehar. Hurrengo pausua, egileen esanetan, beste alga eta animalia batzuekin proba egitea izango da, elkarrekintza bera gertatzen ote den ikusteko.
Zientzialariek aspalditik dakite itsas landare eta algen ugalketa uraren mugimenduaren bidez gerta daitekeela, baina orain beste ernalketa-mekanismo bat ere erabiltzen dutela egiaztatu da. Animalien elikatze-mugimenduei esker ere ernaltzen dira itsas landare eta algak, eta horrek ikerketa-esparru berri eta erakargarria ireki du etorkizunerako. Gainera, aurkikuntza honek iradoki dezake algak izan zirela sexu-zelulak garraiatzeko animaliez baliatu ziren lehen organismoetako bat.
Erreferentzia bibliografikoak:Lavaut, E., Guillemin, M. L., Colin, S., Faure, A., Coudret, J., Destombe, C., & Valero, M. (2022). Pollinators of the sea: A discovery of animal-mediated fertilization in seaweed. Science, 377 (6605), 528–530. DOI: https://doi.org/10.1126/science.abo6661
Buehler, Jake (2022). Like bees of the sea, crustaceans “pollinate” seaweed, sciencenews.org, 2022ko uztailaren 28a.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Itsasoko polinizatzaileak: krustazeoek algak ernaltzen dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.