Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 2 min ago

Inoiz existitu ez zen planeta

Wed, 2022/04/27 - 09:00

2016an Arizonako Unibertsitateko Kevin Wagner astronomoak eta bere lankideek hiru eguzki zituen planeta baten aurkikuntzaren berri eman zuten Science aldizkarian. Sei urte beranduago eta beste talde baten behaketa luzeagoaren ondoren, jatorrizko ikerketa horretan akatsak egin zituztela onartu berri dute.

Kevin Wagner eta lantaldeak aurkitutako ustezko planeta hori ez zen planeta bat, urrutiago kokatutako izar baten argi-seinalea baizik. Gertakari hau, zalantzarik gabe, zientziaren metodoei buruz hausnartzeko baliagarria da.

planetaIrudia: Wagnerren taldeak behatutako planeta urrutiago kokatutako izar baten argia besterik ez zen. (Argazkia: ipicgr – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2016ko udan Wagnerrek eta bere lankideek planeta oso berezi baten aurkikuntzaren berri eman zuten. Ikerketaren emaitzak izen handikoa den Science aldizkarian argitaratu ziren. Hainbat hedabidek zabaldu zuten albistea eta NASAk berak ere HD 131399Ab planetaren aurkikuntzaren berri eman zuen. Aipatutako planeta oso planeta gaztea zen, 16 milioi urte besterik ez zituen -Lurrak 4.500 milioi urte ditu-. Jupiter baino lau aldiz handiagoa zen eta bertan urteak 5 mende irauten zituen. Centaurus konstelazioan kokatuta zegoen, Lurretik 340 argi-urtera. Aurkitutako exoplanetarik gazteenen artean sailkatzen zen. Hala ere, bazuen are bereziagoa egiten zuen beste ezaugarri bat: bere zeruan hiru eguzki zeuden.

Wagner eta bere lankideek azaldu zuten bezala, planeta horren urteak irauten dituen bost mendeetatik hirutan hiru eguzki ikus zitezkeen zeruan. Ikerketa Atakamako basamortuan dagoen VLT teleskopioari esker egin zuten. Teleskopioaren ardura duen ESO European Southern Observatory erakundeak ere 2016ko uztailean adierazi zuen planeta harrigarria zela HD 131399Ab izenekoa.

Orain arte kontatutakoa polita da oso. Are politagoa litzateke egia balitz. Alabaina, Arizonako Unibertsitateko Wagner ikertzaileak eta 2016ko lana sinatzen zuten gainontzeko ikertzaileek ikerketarekin atzera egiten dutela adierazi dute. Science aldizkari berean argitaratu dute oharra eta bertan argi diote zein den lanaren akatsa. Planeta hori ez da inoiz existitu: litekeena da positibo faltsu bat izatea. Akatsaren berri Nielsen astronomoak eta bere lankideek eman zuten The Astronomical Journal aldizkarian. Bigarren talde horrek teleskopio bera erabili zuen, baina, tarte luzeagoz behatu zuen ustezko planeta. Haien ikerketen arabera, emaitzak argiak dira eta ustezko HD 131399Ab planeta urrutiago dagoen izar baten argi-seinalea besterik ez da. Hiru eguzki dituen planeta harrigarri hori, beraz, ez da existitzen eta ez da inoiz bertan egon. Wagnerren taldeak Nielsenen hipotesia baieztatzen zuen beste ikerketa-lan bat argitaratu zuen 2022ko urtarrilean, beraz, badirudi bi taldeek egindako behaketek orain bai, norabide bereko emaitzen alde egiten dutela.

Planeta horrekin gertatutakoak zientziaren eta argitalpen-prozesuen zenbait argi-ilun agerian jarri ditu. Alde batetik, zientziak ondo funtzionatzen duela erakusten du; izan ere, faltsugarritasuna zientziaren beraren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da. Hain zuzen ere, teoria zientifiko batek esperimentu bidez bere aldeko edo kontrako datuak jasotzeko aukera eskaini behar du. Horixe da kasu honetan gertatu dena. Beste alde batetik, Wagnerren taldeak modu egokian jokatu du akatsaren berri izan ostean, izan ere, haien ikerketak ere egin dituzte eta Science aldizkarian bertan argi utzi dute hasierako lana bertan behera gelditu dela. Aldizkariaren jatorrizko ikerketan ere argi gelditzen da lanaren egoera zein den.

Alde positiboak alde batera utzita, badira aipatzeko modukoak diren beste kontu batzuk. Lehenik eta behin, sarean argitaratutako hainbat albistetan ez da adierazi zer den gertatu dena eta hiru eguzki dituen planeta existitzen dela pentsa dezake gehiago sakontzen ez duen edozein irakurlek. Zenbait hedabidetan horrela jokatzea ez da harrigarria, baina, aipatzekoa da NASAren edo ESOren webguneetan argitaratutako albisteetan ez dela eguneraketarik egin. Beste alde batetik, Wagnerren taldearen akatsa zientziaren argitalpen-prozesu eta lehiakortasunarekin ere lotu daiteke, ziurrenik.

Egungo zientzian sarritan ez dago astirik hausnarketa sakonak egiteko eta analisietan denbora-tarte luzeak hartzeko. Wagnerren taldeak 11 hilabeteko behaketa egin zuen eta adituen arabera, denbora-tarte hori oso laburra da distantzia horretara egon daitekeen planeta bat ikertzeko. Wagnerrek zituen datuen arabera planetaren hipotesia zuzena izan zitekeen arren, ziurrenik behaketa luzeago batekin ikusiko zuten planeta izar bat zela.

Informazio gehiago: Erreferentzia bibliografikoak:

Wagner, K., Apai, D., Kasper, M., Kratter, K., McClure, M., Massimo, R., Beuzit, J.-L. (2016). Direct imaging discovery of a Jovian exoplanet within a triple-star system, Science, 353(6300), 673-678. DOI: 10.1126/science.aaf9671

Nielsen, E.L. et al. (2017). Evidence that directly imaged planet HD 131399Ab is a background star, The Astronomical Journal, 154(6), 218. DOI: 10.3847/1538-3881/aa8a69

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Inoiz existitu ez zen planeta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua

Tue, 2022/04/26 - 09:00

Charles Dickens (1812-1870) lan oso ezagunen egilea izan zen: Oliver Twist, David Copperfield, Bi hiriren istorioa edo Eguberri kanta. Idazle ingelesak, asmakizunen zalea izaki, kode propio bat asmatu zuen brakigrafian oinarrituta. Kode horretaz baliatuta, oraindik deszifratu ez diren testu batzuk «idatzi» zituen. Dickensek askotan erabili zuen takigrafia parlamentuko txostenak egiteko, gutunak idazteko eta oharrak hartzeko, baina ez dakigu zein sistema erabili zuen.

Dickens Kodea proiektuak idazle ingelesaren dokumentu takigrafiatu horiek deszifratzea du helburu. Claire Wood Leicesterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Victoriar Literaturako irakasleak zuzentzen du proiektu hori, eta Hugo Bowles, Foggiako Unibertsitateko (Italia) Ingeleseko irakasleak ere parte hartzen du bertan.

Proiektu horretan ikertzen den testuetako bat «Tavistock gutuna» da, zeina New Yorkeko Morgan Liburutegi eta Museoan dagoen gordeta. Horrela deitzen zaio, Tavistock etxeko idazpurua duen paper batean idatzita zegoelako. Dickens eta bere familia 1851 eta 1860 artean etxe horretan bizi izan ziren.

dickens kodea1. irudia: ezkerretan, Charles Dickens (Iturria: Wikimedia Commons) eta eskuinean, «Tavistock gutuna». (Iturria: The Dickens Code)Dickens kodea Tavistock gutuna argitzeko

2021aren amaieran, Wood-ek eta Bowles-ek nazioarteko deia egin zuten gutun misteriotsu horren esanahia argitzen saiatzeko. Eskudirutan emandako sari bat eskaintzen zieten eskutitz horren esanahia erabat edo partzialki argitzen laguntzen zutenei. Izan ere, gutun horrek 150 urte baino gehiago zeramatzan gordeta museoan, eta inork ez zuen aurkitu bere gakoa. Munduko toki guztietako hainbat pertsonak erantzun zioten eskaera horri, eta jasotako ekarpenei esker, partzialki ebatzi da puzzlea. Eta puzzlea diot, edukiaren % 70 inguru pertsona bakoitzak bere aldetik ekarritako piezak elkartuz osatu baita. Hainbat «deszifratzaile amateurrek» testu zati itzuliak proposatu dituzte, eta horrela, ezkutuko esanahiak forma har dezan lagundu dute. «Tavistock gutunean» hainbat esamolde identifikatu dira: «igokunde-eguna», «datorren astean», «iragarkia», «baztertua», «itzulia», «faltsua eta bidegabea» edo «entzunaldi publikoan». Horiek guztiak apurka-apurka egokitzen joan diren pieza horietako batzuk dira, besteak beste, haiei esker aurkitu dira Dickensek aldizkari edo egunkariren batek baztertutako eskuizkriburen bat aipatzen zuen gutunaren data.

Hipotesi hori indartu egin da New Yorkeko museo batean Mowbray Morris The Times egunkariko gerenteak 1859an idatzitako gutun bat aurkitu ondoren. Gutun horretan, gerenteak barkamena eskatzen zion Dickensi, idazlearen iragarpenari uko egin zion langile baten erabakiagatik. Gerentea lege ondorioen beldur izango zen.

Iragarpen hori premiazkoa zen idazlearentzat, sozietate baten desegiteari buruzkoa baitzen: Dickens Household Words izeneko astekari baten jabekidea eta editorea zen. Idazlea haserretu egin zen Bradbury & Evans editoreekin, eta aldizkari berri bat sortzea erabaki zuen; bera izango zen jabe eta editore bakarra eta berak izango zuen kontrol osoa: All The Year Round. Dickensentzat lehentasunezkoa zen bi argitalpenen arteko trantsizioa ahalik eta azkarrena izatea, eta, jakina, aldi berean, Household Words astekariaren irakurleak erakarri nahi zituen bere proiektu berrira.

dickens kodea2. irudia: Household Words eta All The Year Round aldizkarietako azalak. (Iturria: Wikimedia Commons)

Enplegatuak emandako ezezkoarekin haserre, 1859ko maiatzaren 6an idazlea The Times egunkariko J.T. Delane editoreari zuzendu zitzaion, esku hartu zezan eskatzeko. Eta eskutitz horren kopia kriptiko bat gordeko zuen, lege arrazoiengatik beharbada: horixe da, hain zuzen, «Tavistock gutuna».

Delane-k Mowbray Morris-i pasatu zion Dickensen gutuna, eta hark hartu zuen gaizki-ulertuaren ardura; izan ere, bere langileei agindu zien iragarkiei uko egiteko, baldin eta nolabait gatazkatsuak zirela uste bazuten. Maiatzaren 9an, idazleari barkamena eskatzeko gutun bat idatzi zion, New Yorkeko museoan aurkitutakoa, eta Dickensen iragarkia argitaratzeko agindua eman zuen.

Gutun hori ulertzea, partzialki bada ere, lagungarria izan daiteke hobeto ulertzeko Dickensen metodo takigrafikoa, bere bizitza eta bere obra. Oraindik egilearen eskuizkribu zifratu asko daude itzultzeke. Detektibe lan hori zehaztasun matematikoz egin da, eta, ziurrenik, Akademiako pertsonen ikerketei eta aurkitzeko irrikaz dagoen boluntario baten lankidetzari esker egingo da.

«Tavistock gutunak» Dickensen tratu komertzialen berri ematen digu; gainerako eskuizkribuak Dickensen apaletako liburuen laburpenak, bat-bateko diskurtsoak edo ipuin ezezagunak izan daitezke.

Claire Wood

 

Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko otsailaren 16an: El proyecto «Código Dickens»: descifrando la «carta de Tavistock».

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Argipean lo egiteak osasun arazoak sorrarazi ditzake

Mon, 2022/04/25 - 09:00

Ikerketa baten arabera, lo egiten den bitartean logelan argia egonez gero, bihotz abiadura eta glukosa mailak handitzen dira, zenbait gaitz garatzeko arriskua handituz.

Gizakiak aspaldi irabazi zion borroka gauari, eta hori, zalantza barik, izugarrizko abantaila izan da espeziearen eboluzioan. Argi artifizialari esker, izugarri handitu dira gizateriaren aukerak. Sabanaren erdian lehoi bat uxatzeko aukera izan lehen une horretatik gaueko ordu txikietan liburu bat irakurtzeko aukera izateraino, iluntasunaren erdian eguna pizteak argia eman dio gizateriari, bai zentzu literalean zein modu alegorikoan.

logelan1. irudia: argi kopurua urria izanda ere, lo egiten den bitartean argi horrek ondorio fisiologikoak dituela ezagutarazi dute. (Argazkia: Shane – erabilera libreko argazkia. Iturria: Unsplash.com)

Ohi bezala, aho biko ezpata da hau, eta abantailak desabantailak baino askoz handiagoak izanda ere, bueltan dauden ondorioak ere ezagutu behar dira. Kasurako, O oráculo da noite liburuan Sidarta Ribeiro neurozientzialariak jasotakoa. Dioenez, argi artifizialaren hedaduraren ondorioz, 1910. urtean estatubatuarrek bederatzi ordu lo egiten zituzten batez bestean, baina 1975ean loaldiaren iraupena zazpi ordu eta erdira izatera pasa zen. Ernetasuna handitzeak, alabaina, ezinbestean prezio bat du bueltan.

Gutxiago lo egiteaz gain —horrek dakartzan ondorioekin—, arazoa are handiagoa da aintzat hartzen badugu lo gaudenean ere askotan argia ez dela guztiz desagertzen. Zientzialari talde batek horren ondorioak zeintzuk diren argitu nahi izan du, eta atera dituzten emaitzak arras esanguratsuak dira.

Logelan argi gutxi

Esperimentu batean, hogei lagun jarri dituzte lotan, lo laborategi batean, eta haien gaineko datuak eskuratu dituzte, zuzenean lo kalitatea neurtzeko zein odol analisia egiteko. Entzefalogramaz gain, zain barneko kateterra izan dute uneoro. Lehen gau batean, guztiek egin dute lo argi gutxiko gela baten —nahiko hitsa den 3 luxeko argiztapenarekin—. Bigarren gauean, berriz, hamarrek argi gutxiko loaldia errepikatu dute, eta beste hamarrek 100 luxeko argiztapena duen gela batean egon dira; hots, argi gehiagorekin lo egin dute. Esnatu direnean, glukosa eta intsulina mailak neurtu dizkiete guztiei.

PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean bildu dute esperimentu horretan ikasitakoa. Egileen esanetan, argiarekin lo egin dutenek osasun arazoak izateko joera gehiago izango dute.

“Ikerketa honen emaitzek erakusten dute logelan argiztapen moderatuarekiko esposizio gau bakar batek glukosari eta erregulazio kardiobaskularrari eragin diezaiekeela”, nabarmendu du prentsa ohar batean Northwesterngo Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Phyllis Zeek. Aldaketa horiek hainbat gaitz garatzeko arrisku faktore direla erantsi du, hala nola bihotzeko gaixotasunak, diabetesa eta sindrome metabolikoa. Horregatik, ohartarazi du, “garrantzitsua da lo egiten den bitartean argiarekiko esposizioa saihestea, edo hori ahalik eta txikiena izatea”.

logelan2. irudia: ikertzaileek ahalik eta argi gutxienarekin lo egiteko gomendatu dute, edota argi ahalik eta gorrienarekin. (Haley Truong – erabilera libreko argazkia. Iturria: Unsplash.com)

Egunean zehar argiarekiko esposizioak bihotz maitasuna handitzen duela ezagutzen dute zientzialariek. Mekanismo hori nerbio sistema sinpatikoaren bitartez kudeatzen da. Baina zientzialariek jakin nahi izan dute ea efektu berdina sortzen ote den lo egoten dugun bitartean. Printzipioz, lo egitean sistema parasinpatikoa arduratzen da gorputza kontrolatzeaz.

Logelan tonu gorrietako argia hobe

Aurreko beste ikerketa batek loaldian argiarekiko esposizioaren eta gehiegizko pisuaren arteko lotura zegoela ikusi zuen, emakumeen artean bederen. Ikertzaileek diote oraingo ikerketa honetan aurkitu dutela horren zioa.

Ikusi dutenez, argi gehiagorekin lo egitean, intsulinarekiko erresistentzia handitzen da hurrengo goizean —30 minutu inguru irauten du efektuak—. Hori gertatzen denean, zelulek ez dute intsulina behar bezala jasotzen, eta, ondorioz, energia eskuratzeko behar duten glukosa erabiltzeko moduan ez daude. Diabetikoek eta haien senideek ondo dakitenez, halako egoeratan pankreasa saiatzen da egoera bideratzen intsulina gehiago sortzen. Alabaina, odolean dagoen glukosa maila handitu egiten da.

Prentsa oharrean aipatu ez badute ere, emaitzek ez dute erakutsi argiak loaldi zatikatuagoak bihurtzen dituenik, ezta loa arautzen duen melatonina hormonaren mailetan aparteko eragina duenik. Modu berdinean, zientzia artikuluan onartu dute ezin dutela erabat frogatu argiak sistema sinpatikoa aktibatzen duenik, baina “emaitzek aukera hori sustengatzeko indar gehiago” ematen dutela ziurtatu dute.

Hortaz, ikerketa lerro honek bide polita ireki du argiak loan duen efektuaz gehiago ikasteko, eta, batez ere, aintzat hartzeko horrelako ohiturek izan ahal duten efektua. Badaezpada ere, egileek gomendatu dute ahalik eta argi gutxienarekin lo egiteko, edota begien aurrean jartzen den banda horietako bat erabiltzeko; eta, argia behar izatekotan, urdin koloretik aldendu eta ahalik eta tonu gorrienetara jotzeko gomendatu dute, horien efektua burmuinean arinagoa delakoan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mason, Ivy C. et al. (2022). Light exposure during sleep impairs cardiometabolic function. PNAS, 119 (12), e2113290119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2113290119

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Argipean lo egiteak osasun arazoak sorrarazi ditzake appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #390

Sun, 2022/04/24 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

burruntziak

Medikuntza

Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria izan zen. Hari esker ezagutzen dugu, hain zuzen, gorputzeko gantzak ugalkortasunarekin duen harremana. Leptina gantz-ehunean sortutako hormona da, eta funtsezko zeregina du gorputza erregulatzeko prozesuetan, hala nola, apetitu eta asetasun sentsazioa sortzen du, eta emakumeetan, obulazio zikloan ere egina du. Frischek erakutsi zuen gorputzeko gantz portzentaje txikiegiak ziklo hormonala eten eta emakumeen emankortasuna murriztu dezakeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Prostatako minbiziaren eta bakterioen artean lotura dagoela frogatu dute. European Urulogy Oncology aldizkarian argitaratu da lana, eta, argitu dutenez, ez dute frogatu bakterioek minbizia eragiten dutela. Hobeto esanda, ikusi da bost bakterio mota agertzen direla prostatako minbizia azkar garatzeko arrisku handiagoa duten gizonezkoetan. 600 gizonezkoren gernu laginak aztertu dituzte; batzuk prostatako minbizia zuten eta beste batzuk ez. Datu horiekin ikusi dute gernuan, prostatan edo tumoreetan espezie horietako bat edo gehiago zuten gizonek 2,6 arrisku handiagoa zutela gaitzaren fase larriagoetara heltzeko. Bakterio mota horiek, beraz, aukera eman dezakete minbizia aurreikusteko. Azalpenak Berrian.

EHUko, Gurutzetako ospitaleko eta CIC Bioguneko ikertzaile talde batek malkoak aztertu dituzte Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatzeko. Begietan gaixotasun batzuk atzeman daitezke, garunean gertatzen ari den aztarnak baitituzte batzuetan.  Hori kontuan izanik, ikerketa-talde honek Parkinsona duten 27 pertsonaren malkoetako proteinak alderatu dituzte kontrol taldeko beste 27 pertsonaren malkoetako proteinekin. Alderaketa egitean ikusi zuten sei proteina prozesu neurodegeneratiboei lotuta zeudela, eta parkinson gaixoek horietatik bost proteina gainadierazita zeuzkatela. Horrela, bost biomarkatzaile identifikatu dituzte gaixotasun hau malkoen bidez diagnostikatzeko. Jakes Goikoetxeak azaltzen du Berrian: Malkoak parkinsona ikusteko.

Klima-aldaketa

Kantauri itsasoak mediterraneoaren antza izango du hurrengo hamarkadetan. IPCCren 6. ebaluazio txosteneko bigarren atalak Europari buruzko ikerketak jaso ditu, eta hauen esanetan, munduaren berotzea hiru gradukoa balitz, Euskal Herriko klima ozeaniko epela klima mediterraneoa eta subtropikala bihurtuko litzateke. Honek, noski, ondorio larriak izango ditu lurraldean; itsas mailak gora egingo du, uretako ekosistemetan ondorio nabariak egongo dira, eta arrantzak ere sumatuko ditu zailtasunak. Euskal Herriko hondartzak ere txikitu egingo direla aurresan dute. Baina beste gisa bateko ondorioak ere eragingo ditu klima-aldaketak. Cristina Linares Espainiako Karlos III.a Osasun Institutuko zientzialari titularrak azaldu duenez, klima-larrialdiaren ondorioz etor daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoek zein lurraren berotzeak gizakiaren osasun fisiko eta psikikoan kalteak ekarriko ditu. Ebidentzia zientifikoak esaten du bero-boladak eta emozio- zein portaera-desorekak lotuta daudela. Horrez gain, pentsatzen da ingurune degradatuak estutasun psikiko eta estres existentzial mota bat eragingo duela gugan.

Tommaso Cancellario Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea da eta bere lana ur gezan ibiltzen diren odonatu espezieak (burruntziak eta sorgin orratzak) aztertzean datza. Bere ikerketaren emaitzen arabera, odonatuek garrantzi handia dute ur gezako ekosistemetako klima-aldaketaren indikatzaile gisa. Izan ere, odonatu helduak asko mugitzen dira espazioan, eta inguruko baldintzak egokiak ez direla ohartzen direnean, alde egiten dute. Cancellariok azaldu duenez, tenperatura igoeren eta prezipitazioen murrizketaren ondorioz, Mediterraneoko inguruetan odonatu espezie kopurua progresiboki jaitsiko da.  Azalpenak Berrian: Burruntziak, leku egokiaren bila.

Osasuna

Baliteke agente infekzioso bat egotea umeetan agertu den hepatitis kasuen atzean. Ingalaterran eman dira kasuak bereziki, 16 urtetik beherako adingabeen artean. Espainian ere agertu dira lehen kasuak Madrilen, Aragoin eta Gaztela Mantxan. Europako Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Erakundeak azaldu du hipotesi hau, eta, diotenez, ez dira agertu eritasuna eragiten duten ohiko birusak, hau da, A, B, C, D eta E hepatitisaren birusak. Erakundeak erantsi du analisi toxikologikoen arabera toxikoekiko esposizio batek sortuak izan daitezke infekzio hauek, baina ikerketekin jarraituko dute.

Journal of Clinical Oncology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du tratamendu onkologikoen albo-ondorioak larriagoak izaten direla emakumeetan. Emakumeetan, albo-ondorio larriak gizonetan baino % 34 ohikoagoak dira. Immunoterapian, bestalde, aldea are nabarmenagoa da, emakumeek albo-ondorioak % 49 gehiagotan izaten baitituzte. Ikerketa honek erakutsi du lehentasunezkoa dela ondorioak sexuaren arabera ikertzea. Bereziki, kontuan izanda immunoterapian dagoela alderik handiena, eta tratamendu hori gero eta ohikoagoa bilakatzen ari dela. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Bioaraba Institutuko zuzendari zientifiko Marian Garcia Fidalgo fisikariak erradioterapia erabiltzen du gaitzak atzeman eta sendatzeko. Ia-ia tumore irmo gehienetan erabiltzen da erradioterapia, baina Fidalgoren taldeak bereziki prostatako edo bularreko tumoreak tratatzen ditu. Erradioterapiak minbizi-zelulak hiltzen ditu, haien ugalketa saihestuz. Hala ere, argi utzi du erradiazioaren dosiak aurretiaz kalkulatzea oso garrantzitsua dela, gehiegi erabiliz gero, ehunak kaltetu baitaitezke. Azaldu deunez, bere pregoiaren mezua zientziaren rola aldarrikatzea izango da.

Genetika

Kolon eta ondesteko minbizia oso hedatua dagoen gaitza da eta hildako asko eragiten ditu. Minbizi honen inguruko hiru ikuspegi biologikoko ikerketa ekarri du Koldo Garciak:  gorotzetan aurkitzen diren bakterioak eta metabolitoak, eta pertsonaren gene-aldaerak. Ikusi ahal izan da pertsonaren gene-aldaera batzuk bakterio eta metabolito batzuen kopuruarekin harremana dutela. Bestalde, hiru datu-mota horiek erabiltzea osagarria dela azaldu du, nolabait, datu-mota bakoitzak kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukeren zati bat jasotzen baitu. Informazio gehiago Edonola blogean: Kolon eta ondesteko minbizia hiru ikuspegi biologikotatik.

Ingurumena

Plastikoen inguruko artikulua irakurri daiteke Zientzia Kaieran. Lehenengo plastiko sintetikoa, bakelita, 1907an agertu zen, telefono finkoen eta vintage irratien karkasa egiteko. Dakigunez, plastikoak oso iraunkorrak dira; plastikozko edalontzi batek 50 urte behar ditu degradatzeko, plastikozko botila batek 450 urte, arrantzatzeko sare batek 600 urte eta erabili eta botatzeko pixoihalek 450 urte. Baina zenbait adituk zalantzan jarri dute zifra horien zehaztasuna, plastikoen iraunkortasuna ingurunearen araberakoa delako. Hala ere, plastiko asko ez dira degradatzen edo denbora-tarte oso luzeak behar dituzte horretarako. Gainera, plastiko hondakin gehienak zati ñimiñoak dira eta itsasoaren azalaren azpitik zabaltzen dira, atmosferan, edo kostaldeko sedimentuetan, eta kutsadura hau oraindik ez dakigu nola erremediatu.

Antropologia

Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan, Suediako Karolinska Institutuko eta Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dutenez. Emaitzen arabera, pertsonek usainen inguruko zaletasun orokorrak partekatzen dituzte, beren jatorri kulturala edozein dela ere. Usain bat gogoko izatea edo gustuko ez izatea, batez ere, usain-molekularen egiturak zehazten du. Azterketa egiteko, mendebaldekoak ez diren 9 kulturatako pertsonak hartu ziren eta 10 usain ematen zitzaizkien usaintzeko. Banilla da gustukoen dugun usaia oro har, eta gazta garratza gutxiena gustatzen zaiguna.

Ekologia

Ehizan erabilitako berunezko munizioek Europako hegazti harraparien populazioak %6 urriagoak izatea eragiten dute. Beruna pozoitzaile indartsua da, eta batez ere nerbio sistema larriki kaltetu dezake gorputzean kontzentrazio jakin batzuetatik aurrera badago. Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaile talde batek Europan hilda aurkitu diren 3.000 hegaztiren baino gehiagoren laginak erabili ditu azterketarako. Hegazti hauen gibelean pilatutako berunaren datuak jaso dituzte eta espezieen arabera sailkatu. Horrela, ondorioztatu dute Europan berunak eragindako pozoitzeek 55.000 banako heldu akabatu dituztela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek?

Mikrobiologia

Europa mendebaldean izandako izurri bubonikoaren kasurik zaharrena aurkitu dute Arabako trikuharri batean. Izurri bubonikoa Yersinia pestis bakterioak sortzen du eta espezien genoma zaharrak aztertu dituzte Eurasian duela 5.000-2.500 urte bizi izan ziren 252 banakoren hortzetan. Banako horietako bat Arabako Errioxako El Sotillo trikuharrian hobiratuta zegoen, eta harena da penintsulan Yersinia pestis bakterioaren ebidentziarik zaharrena. Gehiago jakiteko, ikus Berrian eta Elhuyar aldizkarian argitaratutako artikuluak.

Arkeologia

Carolina Martinez irakasleak industria litikoaren sorrera azaldu du Zientzia Kaieran. Industria litikoa harrizko tresnen ekoizpenarena da eta esparru konplexu horretan, nabarmena da gaian adituak diren emakume zientzialarien parte hartzea. Mary Nicol Leakey arkeologo britainiarra izan zen lehena olduvai aldiko teknologia litikoa deskribatzen. Beste emakume batek, Mary Nicol Leakey antropologo britainiarrak esploratzaile natiboen talde batekin elkarlanean, ehunka harrizko tresna atera zituen Olduvaiko Arroiletik. Leakeyk berreskuratu zituen tresna horiek bi milioi urte inguru zituztela jo ziren, eta, beraz, garai hartan ezagutzen ziren tresnarik zaharrenak bihurtu ziren.

Geologia

Kleopatra Egiptoko erreginak txundituta utzi zuen behin Marko Antonio jeneral erromatarra. Biak zeuden festa batean ozpinaz bete zuen kopa bat erreginak eta bere belarritakoetan zuen perla handi bat bota zuen bertara. Perla hori desegin egin zen edalontzian, eta hori gertatzean, Kleopatrak ardoa edan zuen. Bada, erreakzio kimiko txundigarri honen zientzia azaldu du Blanca Martinezek Zientzia Kaieran: Perla ozpinduak.

Artikoko erregai-erauzketek permafrostean duten eragina ikertu dute Errusiako ikertzaile batzuek. Simulazioen bidez, azken 30 urteko jarduerari erreparatu diote eta Geoscience aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, eremu artikoko petrolio- eta gas-hobiak 100-500 metroko permafrost-geruza baten azpian daude eta hau zulatzen da hidrokarburoak lurrazalera ateratzeko. Azken hauek beroak ateratzen dira eta izotz zulatuan gora egin ahala, izotza berotu egiten da. Horren ondorioz, inguruko permafrosta desagertu egiten da. Frogatu dute 30 urtean, gas-putzu batek 10 metroko erradioan urtu dezakeela inguruko permafrosta. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Duela 252 milioi urte gure planetaren historiako azken 500 milioi urteetako iraungitze masiborik handiena gertatu zen: muga permo-triasiarraren iraungipena. Apokalipsi biotiko bat izan zen hura, eta bizitza forma ugari desagertu ziren. Iraungitzen honen inguruan hipotesi bat dago, “Orient-Expresseko Hilketaren Efektua” deiturikoa, Agatha Christieren eleberri handiaren omenez. Hipotesi honen aburuz, hainbat gertakariren konbinazioz gertatu zen iraungitze hain handi bat, ez kausa bakar bategatik: erupzio bolkanikoak, itsasoko uraren tenperatura igotzea, atmosferaren berotegi efektua, talka estralurtar bat, eta beste hainbat fenomeno bateraturen ondorioz. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Polizia eleberri baten tankerako iraungitzea.

Astronomia

Izarren leherketen mota berri bat hauteman dute. Mikronoba izena jarri diote eta izar nano zurien azalean gertatzen diren leherketak dira, ordu batzuetako iraupenekoak. Zehatzago esanda, izar nano zuri bi sistema bitar batean daudenean, hidrogenoaren fusioak eragindako leherketa txikiak gertatzen dira izar hauen poloetan. Hau gertatzeko, izar batek besteari hidrogenoa lapurtu behar dio. Nano zuriek eremu magnetiko indartsua dute, eta hidrogenoa poloetara bideratzen da. Hau, azkenik, berotu eta fusionatu egiten da, helioa sortuz. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Fisika

Banda lauko materialen munduko lehen katalogoa argitaratu dutela jaso dute Elhuyar aldizkarian. DIPCn eta Princetongo Unibertsitatean egindako lanari esker, baliteke hemendik aurrera errazagoa izatea propietate kuantiko exotikoak dituzten materialak sortzea. Ikertzaileek bilaketa sistematiko bat egin dute, 55.000 material dituen datu-base erraldoi batean. Hala, egun naturan ezagutzen diren banda lauko material guztiak aurkitu ditu taldeak, eta orain aurreikusitako materialekin lanean hasiko dira.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #390 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #396

Sat, 2022/04/23 - 09:00

Gure eskuak bortizkeriarako ere eboluzionatu balute? Premisa horretan oinarritzen da Eduardo Anguloren Our Murderous Ancestors, Julio Nicanor Ozoresek itzulita.

Leuzemia bezalako gaixotasunen tratamendu berritzaile eta eraginkorrak dira pertsonen sistema immunitarioa aprobetxatzen duten terapiak. Marta Irigoyenek estrategia esperantzagarrienak errepasatzen ditu: Immune-based therapies to fight leukemia.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #396 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itziar Hoyos: “Gazteen gehiengoak ez du osasun-ohitura onen inguruko gomendiorik betetzen” #Zientzialari (173)

Fri, 2022/04/22 - 09:00

Osasun-ohituren gainean hitz egitean ezin da dietari buruz soilik hitz egin, ariketa fisikoa eta ekintza multimediak ere kontuan izan behar dira. Horrez gain, ildo honekin lotutako ikerketak egiterako orduan, populazioaren ezaugarriak kontutan hartu behar dira, oso desberdinak izan daitezkeelako. 

Metodo ugari daude populazioaren osasun-ohiturak aztertzeko, baina bi talde nagusietan banatzen dira: metodo objektiboak eta metodo subjektiboak. Lehenengo multzoari erreparatuz gero, datuak gailu bidez lortzen dituzte eta pertsonen ohiturak ezagutzeko sailkapenak erabiltzen dituzte. Metodo honetan aurki daitekeen gailuetako bat bihotz maiztasuna neurtzeko aparatua da. Metodo subjektiboei dagokienez, pertsonen pertzepzioak, iritziak eta ikuspegiekin erlazionatutako alderdiak izaten dituzte kontuan. Baliatzen dituzten tresnen artean, besteak beste, inkestak edo talde-eztabaidak aurki daitezke. 

Osasun-ohituren inguruko gomendio zein errokak ezagutzeko, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Itziar Hoyos ikertzailearekin bildu gara.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Itziar Hoyos: “Gazteen gehiengoak ez du osasun-ohitura onen inguruko gomendiorik betetzen” #Zientzialari (173) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hidrogela: biomedikuntzako ate berrien giltza

Thu, 2022/04/21 - 09:00

Azkenengo urteotan garapen izugarria eman da biomedikuntzan; ate berriak etengabe ari dira zabaltzen. Ate hauetako batzuk zabaltzea ahalbidetuko duen giltza hidrogelena da. Baina, zer dira hidrogelak? Hidrogel izenari erreparatuz, bi hitz-gako aurkituko ditugu: hidro- (ura) eta -gel. Zehazki, hidrogelak ur kantitate handiak xurgatu eta kontserbatzeko gai diren hiru dimentsioko kate elkargurutzatu malguz osatutako sare polimerikoak dira.

Hidrogelen propietateak prestakuntzaren eta kanpo estimuluen menpe daude; horren arabera kitzikapenen aurrean erantzuteko gai diren material adimentsuak lor daitezke. Estimulu hauek fisikoak (argia, presioa, tenperatura…) zein kimikoak izan daitezke (pH-a, konposatu kimiko jakin baten presentzia…); eta esku-hartze zuzenik gabeko materialaren kontrola ahalbidetzen dute.

hidrogelaIrudia: Farmakoen Hornikuntzara Bideratutako Sistemak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Biomedikuntzara bideratutako materialetan hiru propietatek daukate berebiziko garrantzia; biobateragarritasunak, bioaktibitateak eta biodegradagarritasunak; giza-zelulen eta materialaren arteko elkarrekintza hobeezina bermatu ahal izateko. Hidrogelen kasuan, baldintza hauek betetzeko, naturan eskuragai dauden iturrietatik eratorritako lehengaietan zentratu da ikerkuntza, polimero naturaletan batik bat, hauek kate luzeak osatzen dituzten heinean hidrogelarentzako funtsezkoa den 3D-ko sarearen eraketa ahalbidetzen baitute. Hidrogelen garapenerako polisakaridoak dira interesgarrienak; degradazio entzimatikora bideratuta egoteaz gain, gelifikazio prozedurak aurrera eramateko gai direlako.

Iturri biologikoetatik sortuta egoteak propietate fisiko eta kimiko bikainak ematen dizkien arren, horrek askotan mugatu egiten du hauen erabilgarritasuna; esaterako polisakarido gehienak uretan disolbagarriak izateak. Zailtasun honi aurre egiteko elkar-gurutzaketa bermatzen duten teknikak garatu dira, polisakaridoen egitura egonkortuz eta uretan egituraren osotasuna bermatzeko. Honek materialaren (gelen) erabilera biomedikoetarako atea zabaldu du. Azken hamarkadetan Ikerketa ugari egin da polisakaridoetan oinarritutako hidrogelen gaiaren inguruan. Besteak beste, kitosanoa, almidoia, lignina, zelulosa eta karragenanoa izan dira material hau sortzeko ikertutako iturririk garrantzitsuenak.

Aplikazioei dagokienez, hidrogelak oso erabilgarriak dira biomedikuntzaren hainbat arlotan; baina bereziki baliagarriak dira Farmako Hornikuntzara Bideratutako Sistemetan (FHBS) eta ehun ingeniaritzan.

Farmako Horniketara Bideratutako Sistemena puri-purian dagoen arloa da; gel hauek botika, piluletan oinarritutako metodo tradizionaletan ez bezala, gure gorputzean modu kontrolatuago eta konstanteago batean hornitzea ahalbidetzen dutelako. Metodo tradizionalak farmakoaren kontzentrazioan ez-jarraitasunak eragiten ditu; eta maila konstantea mantendu nahi izanez gero pilula bakoitzaren farmako kontzentrazioa murriztu eta kontsumo maiztasuna areagotzea beharrezkoa da. Hidrogelak oso lagungarriak dira hori ekiditeko, farmakoa hidrogelean txertatu, eta behin giza gorputzean injektatzean, horniketa kontrolpean mantentzea ahalbidetzen dutelako. Horniketa kontrolatu honetan berebiziko garrantzia dauka estimuluen aurrean ematen den erantzunak, mota honetako gelei esker askapena jomuga zehatz batera zuzendu daitekeelako.

Ehun-ingeniaritzaren arloan, giza gorputzera moldatu eta honekin bat egin dezaketen materialak lortzea da gaur egungo biomedikuntzaren erronka garrantzitsuenetarikoa. Hidrogelen izaera porotsu, bioaktibo eta biodegradagarriari esker, giltzarri izan daitezke testuinguru honetan; giza-zelulen hazkuntza sustatzen duten matrize zelularrak eraikitzeko erabil daitezkeelako; pazientearen gorputzarekin guztiz bateragarriak diren hezur, kartilago zein muskulu ehunak garatzeko.

Arestian esan bezala, polisakaridoetan oinarritutako hidrogelek ate ugari zabaldu dituzte biomedikuntzaren arloan, Farmako Horniketara Bideratutako Sistemetatik hasi eta ehun-ingeniaritzara arte; 3D bioinprimaketa eta bioaposituen garapenetik igaroz. Gauzak horrela, ez litzateke harrigarria izango hemendik urte gutxira pilulak albo batera utzi eta farmakoa azalean injektatzea, edo istripu baten aurrean gure gorputzarekin guztiz bateragarria den inplantea fabrikatzea. Etorkizuna biomedikuntzara bizkor ari da hurbiltzen, eta atzo amets hutsa zena errealitate bihurtu da gaur; gure osasunaren onerako.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 39
  • Artikuluaren izena: Polisakaridoetan oinarritutako hidrogelak eta haien aplikazioak biomedikuntzan.
  • Laburpena: Biomaterial adimentsuen ikerketan azken urteotan eman den eboluzioak estimuluei erantzuteko gai diren polisakarido naturaletan oinarritutako hidrogelen garapena bultzatu du; izan ere, material horiek bio-bateragarritasuna eta biodegradagarritasuna izateaz gain, giza ehunen birsorkuntzan lagundu dezaketelako. Hidrogel horiek ura xurgatzeko gaitasuna dute eta baita estimulu elektriko, magnetiko, termiko eta kimikoen aurrean erantzuteko gaitasuna; hala, hidrogel polimerikoek zabalik dituzte aplikazio biomedikoetarako ateak.
  • Egileak: Mikel Mendibe, Ainhoa Lejardi, Jose-Ramon Sarasua
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 91-112
  • DOI: 10.1387/ekaia.21871

Egileez:

Mikel Mendibe, Ainhoa Lejardi eta Jose Ramon Sarasua UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Materialen Zientzia Saileko, Polymat eta ZIBIO ikertaldeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hidrogela: biomedikuntzako ate berrien giltza appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Plastikoak

Wed, 2022/04/20 - 09:00

Gaur egun pentsaezina dirudi munduan plastikorik ez izatea, nahiz eta, askotan aipatzen den bezala, ez den denbora luzea igaro horiek ekoizten eta eskala handian erabiltzen hasi ginenetik; joan den mendeko 50eko hamarkadaren inguruan izan zen. Gaur egungo bizitzan plastikoak nonahi daude eta ingurumenean oso zabalduta.

Plastikoen jatorri materiala eta historikoa oraindik argitu gabe daude, gehiegi sinplifikatzen dira eta ez dira ulertzen. Horren ondorioz, mito batzuk sortu dira. Washington Post egunkariko Rebecca Altman zientzia kazetariaren mitoen errepasoak horietako batzuk argitzen laguntzen du.

plastikoak1. irudia: urtero, plastikoen % 42 epe laburreko erabileretara bideratzen dira, gehien bat, ontziak egiteko. Errendimenduari begira diseinatuta, ez daude pentsatuta berrerabilpenerako edo biziraupen baliagarrirako. (Argazkia: Hamsterfreund – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Zenbait argitalpenen arabera, –National Geographic eta Nature, kasu–, plastikoen ekoizpen masiboa 1950ean hasi zen. Baina 1950a ekoizpen globaleko datuak bildu ziren lehenengo urtea izan zen. Hala dio Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Roland Geyer ikertzaileak eta haren kideek egindako azterlan batek. Lehenengo plastiko sintetikoa, bakelita, 1907an agertu zen eta oraindik erabiltzen da, telefono finkoen eta vintage irratien karkasa egiteko.

Bakelita izeneko lehenengo plastiko sintetikoaren ekoizpen komertziala Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen, 1910ean. AEBko Aduana Zergen Batzordeak 1921. urtean 1 milioi tona zenbatu zituen, 1931n zenbatekoa 15 milioira igo zen, eta, handik urte batzuetara, 60 milioitik gora.

Zenbat plastiko dago?

Roland Geyer ikertzailearen taldearen datuei esker, plastikoen ekoizpenarekin lotutako zifra batzuk kalkulatu daitezke. 2015era arte, munduko ekoizpen metatu osoa 8.300 milioi tonakoa izan zen. 2015. urte hartan, 1950etik botatako hondakin plastikoen kopuru osoa 6.300 milioi tonakoa zen; bakarrik % 9 birziklatu zen, % 12 erre eta % 79 zabortegietan edo ingurumenean metatu. Egileen kalkuluen arabera, 2050erako 12.000 milioi tona inguru zabor plastiko botako dira ingurumenera.

Geyerren datuek jendeari ekoitzitako plastikoen magnitudea ulertzen lagundu zioten: 1950ean gutxi gorabehera 2 milioi tona; gaur egungoarekin alderatuta, gutxi iruditzen zaigu. (2019an, munduko ekoizpena 368 milioi tonatara hurbildu zen).

Bigarren Mundu Gerrak are gehiago bizkortu zuen plastikoen hazkundea: gerra kontratuek ordu arteko plastikoetarako (adibidez, akrilikoak, fenolikoak, PVCa eta poliestirenoa) azpiegitura handitu zuten eta Armadak DuPont eta Union Carbide enpresei Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan garatutako polietilenoa ekoizten hasteko behar zituzten lizentziak lortzen lagundu zien (garai hartan, industria berria zen).

Ondorioz, 1940ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetako ekoizpena sei bider baino gehiago handitu zen. Hazkunde hori itsasoko sedimentuetan islatuta geratu da, Kaliforniako Unibertsitateko (San Diego) Jennifer Brandon ikertzailearen ikerlanaren arabera. Kaliforniako kostaldetik gertu hartutako laginek erakusten dutenez, plastikoak eta plastiko zuntzak gerraren aurreko sedimentu geruzetan ere agertzen dira, baina 1945aren ondoren erritmo bizkorragoan ugaldu ziren; 15 urtean behin kopurua bikoiztu egin zen, plastikoak kontsumitzaileengana iritsi ahala.

Plastikoak iraunkorrak dira, ez estatikoak

Argitalpen askotan, NOAAren bat barne, plastikoak degradatzeko zenbat denbora behar duen kalkulatzeko zailtasuna aipatzen dute. Diotenez, adibidez, plastikozko edalontzi batek 50 urte behar ditu, plastikozko botila batek 450 urte, arrantzatzeko sare batek 600 urte eta erabili eta botatzeko pixoihalek 450 urte.

2. irudia: plastikoa material moldaerraza da eta ia edonon erabiltzen da, ondorioz, erosten dugun ia edozein produktuk plastikoa du. (Argazkia: analogicus – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Zenbait adituk zalantzan jarri dute zifra horien zehaztasuna, plastikoen iraunkortasuna ingurunearen araberakoa delako. Ez da gauza bera itsasoaren azal gazi distiratsuan egotea, azido askoko heste baten barrualdean, lurreko paisaietako lurpeko geruzetan edo ur sakonetako fosa bateko hondo presurizatuan. Plastikoak askotariko kutsatzaileak dira eta nahasketa konplexuak barne hartzen dituzte –10.000 bat monomero, gehigarri eta prozesamendu laguntzaile ezberdinez osatuta daude–. Ondorioz, horien iraupena kalkulatzea zaila da, baina zenbait taldek –Ali Chamas eta haren Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) kideek eta Woods Hole Ozeanografia Institutuko Collin Ward eta Christopher Reddy ikertzaileek– denbora luzea daramate ikertzen eta behin betikotzat hartuta argitaratzen diren zifrak gehiago zehazteko eskatzen.

Agian zaila da guztiz baieztatzea New Orleanseko Tulane Unibertsitateko kide Bruce Gibb kimikariak artikulu batean idatzi duena, «plastikoak betirako» direla, alegia, baina batzuk sedimentuetan pilatuta daude eta dagoeneko aurkikuntza arkeologiko gisa berreskuratzen dira. Plastiko asko ez dira degradatzen, baina ez dira estatikoak: kolorea galtzen dute, lehortu egiten dira, pitzatu, hautsi eta aldaketa fisikoak dituzte; bereziki, mikro eskalako partikula bihurtzen dira, baita eskala nanometrikokoak ere. Hala, kutsatzaile iraunkor bihurtzen dira, bizitza luzekoak, mugikorrak, metatu egiten dira eta Lurreko sistema eta zikloetan sartzen dira. Zati horiek ere kimikoki aldatzen dira; lixibatuak eta degradazio produktuak askatzen dituzte eta horiek disruptore endrokinoak izan daitezke.

Bukatzeko, plastikoen kutsadura sistema teknologikoen erremediatze ahalmena baino harago doa, Ternua eta Labradorreko Unibertsitateko (Kanada) plastikoetako aditu Max Liboiron-ek idatzi duenez. Plastiko gehienak zati ñimiñoak dira eta itsasoaren azalaren azpitik zabaltzen dira, atmosferan, edo kostaldeko sedimentuetan edo hondarretan lurperatuta daude. Beste plastiko batzuk ur gezako sistemen bidez edo lurraren bidez hedatu dira. Aditu batzuen arabera –esaterako, Hans Peter Arp eta haren Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko (Trondheim) kideak–, baliteke zoruetan itsasoetan baino mikroplastiko kopuru handiagoak egotea. Plastikoez gain, horiekin lotutako kutsatzaileak ere –adibidez, ftalatoak eta bromoa duten sugar atzeratzaileak–, ingurune askotan daude. Horiek guztiek Lurrak bizitza aterpetzeko duen ahalmena oztopatu dezakete, Arpek eta haren kideek ondorioztatu dutenez.

Erreferentzia bibliografikoak:

Altman, R. (2022). Five myths about plastics. Washington Post, 2022ko urtarrilaren 14a. 

Arp, H.P.H. et al. (2021). Weathering plastics as a planetary boundary threat: Exposure, fate, and hazards. Environmental Science & Technology, 55 (11), 7246-7255. DOI: https://doi.org/10.1021/acs.est.1c01512

Brandon, J.A. et al. (2019). Multidecadal increase in plastic particles in coastal ocean sediments. Science Advances, 5 (9), eaax0587. DOI: 10.1126/sciadv.aax0587

Chamas, A. et al. (2020). Degradation rates of plastics in the environment. ACS Sustainable Chemistry & Engineering, 8 (9), 3494-3511. DOI: https://doi.org/10.1021/acssuschemeng.9b06635

Geyer, R. et al. (2017). Production, use, and fate of all plastics ever made. Science Advances, 3 (7), e1700872. DOI: DOI: 10.1126/sciadv.1700782

Gibb, B.C. (2019). Plastics are forever. Nature Chemistry, 11, 394-395. DOI: https://doi.org/10.1038/s41557-019-0260-7

Ward, C.P. &  Reddy, C.M. (2020). We need better data about the environmental persistence of plastic goods. PNAS, 117 (26), 14618-14621. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2008009117

Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

 

The post Plastikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Industria litikoaren sorrera

Tue, 2022/04/19 - 09:00

Prozesu ebolutiboan zehar, tresnak egiteko harriak edo mineralak manipulatzea giza jardueraren erakusgarri argitzat hartu da. Izan ere, harrizko tresnek gure arbasoen ohiturak aldatzen lagundu dute, eta pixkanaka-pixkanaka gizakia ingurune berri eta anitzetara egokitzea ahalbidetu dute. Esate baterako, tresnek aukera eman zuten dieta zabaltzeko eta dieta horretan landare gogorrak edo zuntzdunak sartzeko, edo gorpu abandonatuetatik haragia ateratzeko.

Harrizko tresnen ekoizpenaren hastapena, hau da, industria litikoa deiturikoarena, asko aztertu da, aztarnategi berri eta zaharretatik lanerako material gehiago lortu den heinean. Esparru konplexu horretan, nabarmena da gaian adituak diren emakume zientzialarien parte hartzea, haien ikerketen zorroztasuna eta interesa dela eta; hori garbi islatzen da emakume horiek egindako ekarpenen meritu ukaezinean.

industria litikoaren sorrera1. irudia: Zizelkatutako kantua (olduvai aldiko teknologia). (Argazkia: José-Manuel Benito Álvarez / Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionala – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia commons)

Historiaurrearen hainbat estadio bereiz daitezke, gero eta landuagoak diren tresna litikoak eraikitzeko baliatzen ziren teknika desberdinak oinarritzat hartuta. Duela urte gutxi arte, teknologiarik antzinakoena olduvai aldi edo 1 modua izenekoa zen. Lehen aldiz Mary Nicol Leakey arkeologo britainiarrak (1913-1996) deskribatu zuen teknologia hori. Gaur egun uste da Mary Nicol Leakey izan zela bere garaian gure iragan urruna fidagarritasun handienaz aztertu zuen pertsonetako bat.

Mary Nicol Leakey etengabeko azterketan

Mary Nicol Leakey, Kenyan jaiotako Louis Leakey antropologo britainiar ezagunarekin (1903-1972) ezkondua zegoena, independentzia eta autonomia handiko emakumea izan zen, pertsonalki zein profesionalki. 1935eko hamarkadaren erdialdera, senarrarekin batera iritsi zen Afrikara; ordutik, bere autobiografian aitortu zuenez, liluratuta sentitu zen inguru haiekin, eta Britainia Handira eta Estatu Batuetara egindako bidaia laburrak kenduta, Kenya eta Tanzania artean igaro zuen bizitza osoa.

1960tik aurrera, Mary Nicol Leakey luzaroan bizi izan zen Olduvaiko Arroilan «ondoen sentitzen nintzen lekuan», bere hitzetan. Leku hori aintzira bat izan zen garai batean, eta gaur egun 100 metroko sakonera duen amildegi higatu bat da. Hango labarretan fosil ugari eta harrizko erreminta pila bat daude. Testuinguru hori liluragarria iruditu zitzaion zientzialariari, eta etengabeko aztergai bihurtu zuen.

Eskualde hartan, Mary Nicol Leakeyk, esploratzaile natiboen talde batekin elkarlanean, ehunka harrizko tresna atera zituen lurpetik. Ordura arte, beste ezein arkeologok ez zuen halako erregistro luze eta jarraiturik osatu Harri Aroko Kulturei buruz. 1963tik aurrera, zientzialariak Nairobiko museoko Historiaurreko eta Paleontologiako Zentroan igaro zituen hurrengo bost urteak, eta bildutako tresnen bilduma zabala aztertu zuen.

Emaitzetan oinarrituta, bere obra klasikoa izango zena idatzi zuen (Olduvaiko Arroila: indusketak I. eta II. estratuetan, 3. Liburukia). Bertan, zehatz-mehatz aztertu zituen ateratako tresnen ezaugarri fisikoak, haien forma eta itxura deskribatu zituen, zein materialekin eginak zeuden, etab. Era berean, bere aurkikuntzek gizaki arkaikoen portaerari buruz iradokitzen zutenari buruzko eztabaida gauzatu zuen. Geroago, adituek aitortu dute lan horrek dimentsio berri eta esanguratsua eman ziola Paleolitoaren ikerketari.

industria litikoaren sorrera2. irudia: Mary eta Louis Lakey Olduvain Arroilan indusketa lanetan. (Argazkia: Smithsonian Institution – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia commons)Noiz egin ziren lehen tresnak?

Aipatzekoa da Mary N. Leakeyren lanaren aurretik, komunitate espezializatuak ziurtzat jotzen zuela aspaldi desagertu zela antzinako gizateriaren bizitzari edo jarduerari buruzko ebidentzia oro. Baina ikertzaile berezi honen indusketek hori ez zela horrela frogatu zuten. Aitzindaria izan zen harrien eta hezurren arteko lotura azpimarratzean, eta diziplinari giza portaera primitiboari buruzko lehen ikuspegia eman zion.

Mary Nicol Leakeyk Olduvain berreskuratu zituen tresnak bi milioi urte inguru zituztela jo ziren, eta, beraz, garai hartan ezagutzen ziren tresnarik zaharrenak bihurtu ziren. Tresna soilak ziren, harri koskorrak besterik ez, baina ertz ebakitzaile edo birrintzaile bat zuten, eta, hori lortzeko, mutur batean printza bat edo bi erauzi zitzaizkien perkusio bidez. Espezializatu gabeko pertsona bat ez litzateke gai izango harri horiek tresnatzat hartzeko, baina ikertzaile honek ongi antzeman zion zein zen haien benetako izaera. Haren aburuz, bistan zen zerbaitetarako moldatu zituztela, eta horregatik proposatu zuen industria berezi horri olduvai aldi deitzea.

Ikertzaile aitzindari honen behaketa arretatsuei esker ondorioztatu zen, ezen aztertutako materialean aurkitutako aldakortasun handiak argi eta garbi adierazten zuela homininoak harrizko tresnak egiten aritu izan zirela Olduvaira iritsi baino ehunka urte lehenagotik. Beste era batera esanda, duela bi milioi urteko lanabes horien konplexutasun mailak honako hau ematen zuen aditzera: fabrikazioari dagokionez, aurretik, etapa askoz primitiboagoak eta desantolatuagoak egon behar zutela.

Mary Nicol Leakeyren ikerketen ondoren, arroilan aurkitutako tresnak Olduvaiko Arroilan aurkitutako Homo habilis fosilekin lotu ziren; azken horiek 2,1 eta 1,5 milioi urte bitarteko antzinatasuna zuten. Mary Nicol Leakey-ren lan originalak eta arkeologiaren alorrean berritzeko zuen gaitasunak berekin ekarri zuen komunitate espezializatuak aitortzea haren emaitzek dimentsio berri bat eman ziotela arkeologia paleolitikoaren ikerketari. Era berean, olduvai aldiko kulturaren edo 1 moduaren aurkitzailetzat jo zen.

Usteetatik harago

Ordutik aurrera, eta hamarkadetan zehar, komunitate espezializatuak uste izan du gure arbasoak Homo generoaren sorrerarekin lotuta hasi zirela harriak zizelkatzen, eta garapen teknologiko hori zuzenean egon zela lotuta klima-aldaketarekin eta sabana erraldoiaren hedapenarekin. Premisa, beraz, honako hau zen: gure leinuak bakarrik egin zuen harriak kolpatzeko eta lauza zorrotzen zatiak erauzteko jauzi kognitiboa, eta jarduera hori izan zen gure arrakasta ebolutiboaren oinarria.

industria litikoaren sorrera3. irudia: 2015ean Sonia Harmand ikertzailearen lanaren ondorioz ezagutzera eman ziren harrizko tresna berrien irudiak. Datuen arabera, hauek Homo generoa baino zaharragoa zen espezie batek egindako erreminta zen. (Argazkia: Sonia Harmand – MPK-WTAP)

2010ean, Mary Leakeyk aurkikuntza hori egin eta urte askora, ikertalde batek argitaratu zuen Etiopiako Afar eskualdean dagoen Dikika aztarnategian ebidentzia batzuk aurkitu zituela, eta ebidentzia horiek erakusten zutela homininoak uste baino askoz lehenago hasi zirela harrizko tresnak erabiltzen. Aurkikuntza horretan, ebaketa edo urradura markak zituzten animalia hezurrak topatu zituzten, eta, harrigarria bada ere, hezur horiek 3,4 milioi urte zituzten. Antzinatasun horrek adierazten zuen marka horiek ezin izan zituztela Homo generoko kideek egin, eta, beraz, beste espezie zaharrago batek egin zituela onartu zen, Australopithecus afarensis espezieko kideek hain zuzen ere, garai hartan Dikika inguruan bizi izan ziren hominino ezagun bakarrak.

Albisteak eztabaida bizia piztu zuen, eta oraindik ez da amaitu. Izan ere, aditu askok begirada eszeptikoz adierazi zuten ustezko ebaketa marka horiek, benetan, animalien hankek hezurrak zanpatzean utzitako markak zirela; beste batzuek, berriz, krokodiloen haginkadek utzitako markak zirela iradoki zuten.

Bost urte geroago, 2015eko maiatzaren 21ean, beste artikulu berritzaile bat argitaratu zen Nature aldizkarian, antzinako homininoek harrizko tresnak egiteari buruzkoa. Berriz ere zalantzan jarri zen teknologia litikoa Homo generoko kideek asmatu zutela defendatzen zuen hipotesia. Aurkikuntza deigarri horrek gutxienez 700.000 urte atzeratzen zuen lehen tresnen antzinatasuna. Informazio horrek astindu egin zituen komunitate zientifikoa eta publiko interesduna.

Iturria:

Mujeres con Ciencia: Científicas en el nacimiento de la industria lítica

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Artikulua Mujeres con Ciencia blogean 2022ko urtarrilaren 18an argitaratu zen Científicas en el nacimiento de la industria lítica artikuluaren zati bat da.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Industria litikoaren sorrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Polizia eleberri baten tankerako iraungitzea

Mon, 2022/04/18 - 09:00

Duela 252 milioi urte gure planetaren historiako azken 500 milioi urteetako iraungitze masiborik handiena gertatu zen: muga permo-triasiarraren iraungipena. Milioi bat urtean baino gutxiagoan, Lurrean zeuden espezieen % 95 inguru desagertu ziren.

Itsaso eta ozeanoetan bizi ziren trilobite espezie guztiak desagertu ziren, baso zingiratsu erraldoiak osatzen zituzten iratze eta konifero erraldoien espezie ugari iraungi ziren, eta lur solidoan nagusi ziren narrasti eta sinapsido espezieen % 70 baino gehiago desagertu ziren; sinapsidoak egungo ugaztunen talde aitzindaria ziren. Horregatik, iraungipen horri “Iraungitze masiboa” deitzen zaio, eta planetaren eboluzioaren historian inflexio puntu hain garrantzitsutzat hartzen denez, gertakari horrek Paleozoikoaren amaiera eta Mesozoikoaren hasiera markatzen du.

Poetiko jarrita, ia esan genezake apokalipsi biotiko bat izan zela, eta haren ondoren, kontagailu ebolutiboa ia zeron jarri zela. Zorionez, bizitzak beti egiten du aurrera, eta, permo-triasiarreko iraungipena gainditu badu, aurretik jartzen zaion ia edozer jasan dezake.

iraungitze masiboa1. irudia: Sinapsido baten ilustrazioa. Sinapsidoak ugaztunen talde aitzindaria izan zen, Permiarraren amaierakoa eta espezieen % 70 baino gehiago desagertu ziren iraungitze masiboa zela eta. (Ilustrazioa: U. Kikutani)

Hainbat arrazoi aipatzen dira iraungitze biotiko hori azaltzen saiatzeko. Alde batetik, gaur egungo Siberian, sekulako metakin bolkaniko batzuk daude, siberiar trappak izenekoak; Permiarraren amaieran izandako segidako erupzioen ondorioz eratu ziren. Erupzio erraldoi horiek berotegi efektuko gas tonak askatu zituzten atmosferara, eta gas horiek berehala estali zuten mundu osoa; ondorioz, berotze global handia eragin zuten, eta berotze horrek Lurra benetan kiskali zuen.

Bestalde, itsaso eta ozeanoetan, uretan disolbatutako oxigeno mailaren jaitsiera orokorra gertatu zen, eta horrek baldintza anaerobioak eragin zituen hondoan. Ondorioz, hidrogeno sulfuro kantitate izugarriak askatu ziren atmosferara; gas hori kaltegarria da biotarentzat, eta, gainera, ozono geruzari erasateko gai da. Horrez gain, desizoztu egin ziren ozeano hondoetako sedimentuetan lurperatuta zeuden metano hidratoen biltegiak, eta horren ondorioz, berotegi efektuko gas horren tonak eta tonak askatu ziren atmosferara.

Azkenik, Antartikan krater meteoritiko bat aurkitu denez, berriki esaten da, Permiarraren amaieran gorputz estralurtar batek talka egin izan zezakeela; alabaina, hipotesi hori ikertzen ari dira oraindik, eta aurkikuntza horren denbora datazio zehatzagoa egin behar da.

Orient-Expresseko Hilketa eta iraungitze masiboa

Baina orain dator onena. Erne, spoiler batzuk egingo ditut. 1934an, Agatha Christie idazle britainiarrak bere lanik ospetsuenetako bat argitaratu zuen: Orient-Expresseko Hilketa. Eleberri honetan, mundu osoan gehien miresten den detektibe belgikarrak, Hércules Poirotek, tren ospetsu honen bidaia batean gertatutako hilketa argitu beharko du. Izan ere, bidaia horretan negozio gizon estatubatuar ezagun bat hil dute. Baina, elur jausi baten ondorioz, trenak ezin du aurrera jarraitu, eta erreskatatu arte itxaroten duten bitartean, detektibeak hiltzailea aurkitu beharko du.

Orain artikulu hau irakurtzeari utzi behar diozue, eleberria ezagutzen ez baduzue, amaiera kontatuko baitizuet. Poirotek deskubrituko du bidaiari guztiak direla hiltzaileak; izan ere, beren artean harreman bat dute, bai eta biktima akabatzeko arrazoi bat ere; hortaz, guztien artean hil zuten, banan-banan sastakatuta.

iraungitze masiboa2. irudia: Putoranako goi lautada, siberiar trappen barruan, arroka bolkanikoen pilaketaz osatua. (Argazkia: jxandreani – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Eta Permiarraren amaieran antzeko zerbait gertatu bide zen gure planetan. Arestian deskribatu dizkizuedan kausak, bakoitza bere aldetik, ez lirateke aski izango gure planetako espezieen % 95 inguru desagerrarazteko. Baina denak batera eta modu konbinatuan, bai. Erupzio bolkanikoek berotegi efektu orokorra eragingo lukete planeta osoan, eta, horren eraginez, igo egingo litzateke itsasoko uraren tenperatura; horrek berekin ekarriko luke itsas hondoan baldintza anoxikoak sortzea; ondorioz, hidrogeno sulfuroa sortuko litzateke, eta metano hidratoak desizoztu. Bi gas horiek, atmosferara askatu ondoren, berotegi efektua areagotuko lukete, eta, ondorioz, berotze globalerako baldintzak atzeraelikatu egingo lirateke. Talka estralurtarraren hipotesiak ere tokia izango luke joko horretan, kolpe horrek eragindako talka uhinek Siberiako bolkanismoa eragin izan baitzezaketen. Hipotesi horrek lotu egiten ditu permo-triasiarreko iraungipenaren balizko kausak, bata bestearen abiarazle gisa, eta hori dela eta, hipotesi horri “Orient-Expresseko Hilketaren Efektua” deitzen zaio, Agatha Christieren eleberri handiaren omenez.

Ikus dezakezuenez, geologian beti gustatu izan zaigu herri kulturari omenaldia egitea, eta, beraz, aurkitzen ditugun gauzei horrelako izenak jartzen dizkiegu. Eta hipotesi hori oraindik aztertzen ari diren arren, izena oso egokia da, berez azaltzen baitu gure planetan gertatu izan zitekeena duela 252 milioi urte, gure historiako krisi biotiko handienean.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Polizia eleberri baten tankerako iraungitzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #395

Sat, 2022/04/16 - 09:00

Lambda-CDM edo ΛCDM (ingeleseko siglak) eredua Big Bang eredu kosmologikoaren parametrizazioa da, estandarra kontsideratua. Proba asko gainditu ditu. Proba latza datorkio orain: The Hubble tension in perspective: A crisis in modern cosmology? Tomás Ruiz Lararena.

Ukrainiako inbasioa baino lehen egin zen klima-aldaketari dagokionez planetaren berrikusketa. Posible da ondorioak zaharkituta gelditu izana gerra dela eta.  What the invasion of Ukraine means for the IPCC’s latest climate change report Myles Allen eta Hugh Helferty.

Propietate elektroniko oso interesgarriak dituzten materialei bidea ireki diezaiekete piridinak sintentizatzeko modu berriek. DIPCk Open-shell organic systems that contain magnetically active transition metal ions.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #395 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria

Fri, 2022/04/15 - 09:00

Edertasunaren balio eta estandar gisa argaltasuna saritzen duen mundu batean, gorputzeko gantzaren aurka borrokatzea nahi izan ohi dute pertsona batzuek eta, neurri handiagoan, emakume batzuek. Obesitatearen epidemia gero eta handiago deneko sasoi honetan, gorputzaren parametro horren kontrolari eustea osasun pertsonaleko eta publikoko arazo hori kuantifikatzeko modu bat da. Hala ere, gorputzeko koipeak funtzio bat betetzen du gure organismoan, eta lotura estua du prozesu metaboliko eta ugalketa prozesu jakin batzuekin, batez ere emakumeenekin.

Harreman horretan protagonistetako bat leptina da. Leptina gantz-ehunean sortutako hormona da, eta funtsezko zeregina du gorputza erregulatzeko prozesuetan: apetitu eta asetasun sentsazioan, baina baita emakumeen obulazio zikloan ere. Hori da, hain zuzen ere, gorputzeko gantz portzentaje txikiegiak edo gantz hori nabarmen murrizteak ziklo hormonala eten eta emakumeen emankortasuna murriztu ahal izateko arrazoietako bat. Haurdunaldian, plazentak leptina ere sortzen du, eta amaren esnean leptina aurkitu da; horrek agerian uzten du, berriz ere, substantzia horrek eginkizun garrantzitsua duela ugaltze prozesu osoan.

Rose Frisch1. irudia: Rose Epstein Frisch biologoa. (Argazkia: The New York Times)

Rose Frischen lanari esker ezagutzen dugu, hain zuzen, leptina eta hark emakumeen ugalketa osasunean duen eginkizuna, bai eta gorputzeko gantzak ugalkortasunarekin duen harreman guztia ere. Rose Frisch zientzialaria aitzindaria izan zen emakumeen ugalkortasunaren ikerketan garai batean, Gerra Hotzaren hamarkadetan; orduan, zientzia esparrua ez zen oso harkorra emakumeentzat, ikertzaileak izan edo ikerketaren xede izan.

Bronx auzoko eskola publiko batetik bonba atomikoa garatzera

Frisch 1918ko uztailaren 7an jaio zen, New York hiriko Bronx auzoan. Errusiako etorkin juduen alaba izan zen, eta hiriko eskola publiko batera joan zen. Bere nebak hala aholkatuta eta unibertsitate bekak ematen zituen fundazio baten laguntza ekonomikoarekin, Smith Collegen ikasi zuen, eta bertan graduatu zen Arteetan, 1939an. Garai hartan, hitzordu itsu batean, David H. Frisch ezagutu zuen, Princetongo Unibertsitateko Fisikako unibertsitate ikaslea; harekin ezkonduko zen. Rose Frischek berak lortu zuen Zoologiako goi mailako titulua Columbia Unibertsitatean, 1940an, eta, ondoren, biak matrikulatu ziren Wisconsingo Unibertsitatean, eta, bertan, Genetikako doktoregoa lortu zuen Frischek, 1943an.

Alabaina, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, ikasketak bertan beherea utzi behar izan zituen. 1942aren hasieran, Mexiko Berriko Los Alamoseko laborategira eraman zituzten biak, sekretismoz. Han hasi zen lehen bonba atomikoa garatzeko karrera. Laborategi horretan, Frischek giza konputagailu gisa lan egin zuen, Richard Feynman fisikariarentzat, eta eragiketak kalkulatzen eta ekuazioak ebazten lagundu zion.

Japoniako Hiroshimako eta Nagasakiko hirietan bonbak garatu eta jaurti ondoren, eta, ondorioz, gatazkaren amaierarekin, Frisch Bostonera itzuli zen eta, bertan, azkenean, doktoregoa amaitu zuen. Urte horien ondoren, bikoteak hiru seme-alaba izan zituen, eta Frisch arduratu zen haiek zaintzeaz; aldi berean, bere senarraren bizitza sozialari eusten laguntzen eta bere ikasleei arreta ematen jardun zuen. 1960an, bere seme txikiak Lehen Hezkuntza amaitu zuenean, Frisch ikerketan murgildu zen, berriro.

Zertarako lansaria, senarraren soldatarekin bizitzea baduzu?

Bere lehen lana Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Zentroko ikertzaile elkartu gisa izan zen; bertan, nahiz eta doktorego bat izan, oso soldata baxua zuen; izan ere, bere nagusien arabera, senarraren soldatarekin nahikoa zuten bizitzeko. Frisch familiak gerora azaldu duenez, berak, lehenago eta geroago emakumezko beste zientzialari batzuek bezala, gizonen mespretxu horrek bi motatako eraginak izan zuen: batetik, egia zen bere ideien aurka jokatu ohi zutela gizonek, baina, bestetik, karrera bat –eta horri zegozkion maila igoerak– ezin zuenez lortu, askatasun handiagoa zuen bere interesei eta jakin-minari jarraitzeko, mailaz igo nahi zuten ikertzaileek zituzten presio akademikorik gabe, unibertsitateko liburutegian kalitatezko materiala –ikerketakoa eta estatistikoa– eskuratzeko aukera zuen bitartean.

Rose Frisch2. irudia: 2004. urtean Rose Frisch ikertzaileak argitaratu zuen liburuaren azala. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1974an, Frischek erdibana sinatu zuen azterlan bat; azterlan horretan zera frogatu zen, emakume baten hilekoaren zikloak eten egiten zirela, hark pisu handia jaisten bazuen. Nahiz eta zenbait animaliaren hazleek bazekiten gorputzeko gantz kopurua eta ugalkortasuna lotuta daudela, harrera txarra izan zuen ia erabat gizonezkoz osatutako hitzaldi eta biltzar haietan emakume batek –emakume zahar batek, gainera– hilekoaren zikloez hitz egiteak. Bere seme-alaben hitzetan, behin, hitzaldi batean, bertaratutako gizon batek modu oldarkorrean galdetu zion bere aurkikuntzei buruz, eta, hitzaldiaren ondoren, bere alabak, anorexia zuenak, haurdun geratzeko zenbateko pisua irabazi beharko lukeen galdetzera hurbildu zitzaion.

20 urte geroago egiaztatu zen hipotesia

Gaur egun, bi gauza horien arteko lotura oso ezaguna eta onartua da, eta horren arrazoia, leptina, 1994an aurkitu zen, baina, hori baino askoz lehenago, Frischek jada zehaztu zuen gantzean bazegoela osagai bat emakumeen ugalketa gaitasunari eusteko beharrezkoa zena.

Hipotesi hori oso intuizio zorrotzean oinarritutako analisi eta behaketa kliniko zehatz batetik abiatzen zen, esaterako, gehiegizko pisua duten neskak sarritan pubertarora argalagoak diren beste batzuk baino lehenago iristen direla, eta emakumeek, dieta zorrotza edo/eta kirol asko egiteagatik, askotan hilerokoa izateari erabat uzten diotela edo ziklo irregularrak izaten hasten direla, bereziki atletak eta gimnastak. Emakume horietako asko, txikitatik hasten baziren entrenatzen, ohi baino geroago iristen ziren pubertarora, eta gero haurdun geratzeko arazoak izan ohi zituzten, itxuraz osasuntsu egon arren.

Leptinaren aurkikuntzak Frischen hipotesia berretsi zuen bi hamarkada geroago, baina hark eragina izaten jarraitzen du gaur egun ere; izan ere, haren inplikazioak malnutrizioaren eta ugalkortasunaren arteko loturari buruzko eta gorputzeko gantzaren portzentaje baxuaren eta bularreko minbizia izateko arrisku txikiagoaren arteko loturari buruzko –estrogenoekiko esposizio txikiagoa izateagatik– azterlan eta ikerketa askoren atzean daude.

Frisch 2015eko urtarrilaren 30ean hil zen, 96 urterekin.

Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 23an: Rose Frisch, la científica que relacionó la grasa corporal con la fertilidad femenina ante la hostilidad de sus colegas.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Goi-mailako futbolari gazteen lesioen arrisku-faktoreak

Thu, 2022/04/14 - 09:00

Futbolariek lesio asko jasaten dituzte, eta hauek, ondorio negatiboak eragiten dituzte euren garapenean eta errendimenduan; are gehiago, epe luzean osasunean ondorio txarrak eragin ditzakete. Hori dela eta, lesioen agerpena bultzatu dezaketen arrisku-faktoreen identifikazioa ezinbestekoa da. Hazkundearen, heltzearen eta lesioen arteko harremana guztiz argi ez dagoen arren, bai batak eta bai besteak lesionatzeko arriskuan eragina dutela ikusi da.

futbolariIrudia: futbolari gazteek lesio ugari izaten dute, eta honek ondorio negatiboak ditu euren garapenean eta errendimenduan. (Argazkia: phillipkofler – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hazkunde prozesua gorputzeko dimentsioen handitzean datza eta, normalean, aldagai antropometrikoen bidez neurtzen da; hala nola, altuera, pisua edota gorputzeko segmentuen luzera. Hazkunde abiadura bizkorra arrisku-faktore moduan identifikatu da eta bereziki, hazkunde-lesioak jasateko arrisku-faktore moduan. Bestalde, ikusi izan da hanken luzeraren aldaketa bizkorra lesioen agerpenaren handiagotzearekin harremana duela bai lesio orokorrekin eta baita, zehazki, hazkunde lesioekin. Era berean, pisua irabaztea ere arrisku-faktore moduan identifikatu izan da.

Heltzea hazkundea baino kontzeptu konplexuagoa eta zalantzagarriagoa da. Izan ere, heltzea, heldua izan arte ematen den trantsizio prozesua deskribatzen duen terminoa dela esan dezakegu. Jokalari batek momentu zehatz batetan duen heltze mailari heltze egoera deritzogu. Hiru heltze momentu bereizten dira: PHV (peak-height velocity: altueraren puntako abiadura) aurreko fasea (pre-PHV), PHV inguruko fasea (circa-PHV) eta PHV osteko fasea (post-PHV). Bestalde, heltze momentuak heltzearen gertakari espezifikoak (PHV-a, menarkia…) noiz ematen diren aztertzen du; eta norbanakoak goiztiar, normal edo berantiar moduan sailkatzen ditu. Heltze abiadurak, ordea, pertsona jakin baten heltze egoeraren progresioa zein abiaduratan ematen den neurtzen du (fase batetik bestera ematen den progresioa). Heltze egoerak lesio arriskuan eragina duela ikusi izan da. Hala ere, heltze momentu, abiadura eta lesioen arteko harremana ez dago bat ere argi. Are zehatzago, circa-PHV fasean lesionatzeko arriskua altuagoa da. Ez hori bakarrik, heltze egoeraren arabera, futbolariek jasaten dituen lesio motak aldatzen dira. Pre-PHV eta circa-PHV faseetan hazkunde lesioak sarriago ematen dira, post-PHV fasean, ordea, lesio muskular eta artikularrak.

Artikulu honetan zehar hazkundeari eta heltzeari lotutako arrisku-faktoreak azaltzen dira. Aldagai hauen kontrola lesionatzeko arrisku handiagoa duten jokalariak identifikatzeko modua izan daiteke. Jokalariak, entrenatzaileak eta zerbitzu medikoetako kideak hazkundeari eta heltzeari buruz kontzientziatzea ezinbestekoa da entrenamenduak, prebentzio- eta errehabilitazio-estrategiak, eta kirolera bueltako programak diseinatzerako orduan. Izan ere, jokalarien garapenean parte hartzen duten profesional guztien parte-hartze aktiboa behar-beharrezkoa da jokalarien osasuna bermatu eta, horrela, lehenengo taldera heltzeko aukerak handitzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 38
  • Artikuluaren izena: Hazkundea, heltzea eta lesioak gizonezkoen goi-mailako futbolari gazteetan.
  • Laburpena: Lesioak oso ohikoak dira gizonezkoen goi-mailako futbol taldeetan, eta jokalarien garapenean eta osasunean ondorio negatiboak dituzte. Hori dela eta, futbolarien lesioetan eragina izan dezaketen arrisku-faktoreak identifikatzea ezinbestekoa da. Azken urteotan egindako ikerketen arabera, hazkundeak eta heltzeak lesioen agerpenarekin erlazioa dutela aztertu arren, eragina ez dago guztiz argi eta kontraesanak daude. Lan honetan, hazkundearen eta heltzearen kontzeptu nagusiak laburbildu eta horien eta lesioen arteko harreman posibleak azaltzen dira.
  • Egileak: Xabier Monasterio, Susana M.ª Gil, Jon Larruskain, Jose Antonio Lekue, Iraia Bidaurrazaga-Letona
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 117-128
  • DOI: 10.1387/ekaia.21651

Egileez:

Xabier Monasterio, Susana Gil eta Iraia Bidaurrazaga EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Jon Larruskain eta Jose Antonio Lekue Athletic Clubeko Zerbitzu Medikoko kideak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Goi-mailako futbolari gazteen lesioen arrisku-faktoreak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan

Wed, 2022/04/13 - 09:00

Mundu osoko pertsonek usainari buruzko pertzepzio bera duten, usain mota berberak gustatzen zaizkien edo hau kulturalki ikasten den aztertu du ikerketa zientifiko batek. Emaitzen arabera, pertsonek usainen inguruko zaletasun orokorrak partekatzen dituzte, beren jatorri kulturala edozein dela ere.

Usainen pertzepzioa tradizionalki zerbait kulturaltzat ikusi izan da, baina kulturak horrekin zerikusi gutxi duela ondorioztatu dute Current Biology aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Suediako Karolinska Institutuko eta Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek gauzatu dute ikerketa eta emaitzen arabera, usain bat gogoko izatea edo gustuko ez izatea, batez ere, usain-molekularen egiturak zehazten du. Molekulak erabakigarriak dira usain bat atsegin / desatsegin izendatzeko orduan eta ez gure kultura filiazioa.

pertzepzioaIrudia: usain bat atsegina edo desatsegina den antzematea ohikoa da kultura guztietan, antzeko gustuak partekatzen ditugu. Baina norbanakoen pertzepzioa usainaren egitura molekularraren eta norberaren gustuen araberakoa da. (Argazkia: Vic-B – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketan parte-hartu duen Artin Arshamian neurozientzialariaren esanetan: “Mundu osoko kulturek antzera sailkatzen dituzte usainak, nondik datozen kontuan hartu gabe, baina usain bat atsegiteko orduan agertzen dugun lehentasunak osagai pertsonala du, ez kulturala”.

Usainen pertzepzioa aztergai

Azterketa egiteko, mendebaldekoak ez diren 9 kulturatako pertsonak hartu ziren, Malaysiatik Ekuadorreraino. Ikertzaileek bizimodu ezberdinak ordezkatzen dituzten komunitateak aukeratu zituzten: lau ehiztari-biltzaile taldeak ziren, gainontzeko bostak nekazaritza eta arrantzara dedikatzen zirenak. Talde horietako batzuek oso kontaktu gutxi dute mendebaldeko elikagaiekin zein etxetresnekin. Horrez gain, Mexiko Hirian eta New Yorken bizi ziren bizilagunen lagin bat ere hartu zuten, hiritarrak. Beraz, guztira, 10 komunitateko ordezkariak  hartu zituzten partaide gisa. Hautatutako komunitate hauek “ingurune usaintsu” diferenteetan murgiltzen dira, esaterako, oihan tropikalean, kosta inguruetan, mendian eta hirian. Beraz, hainbat “usain-esperientzia” hartu ziren kontuan.

Parte-hartzaile guztiek gustuko zituzten usainak zein desatsegintzat jotzen zituztenak sailkatzeko eskatu zitzaien eskala baten bidez. 10 usain ematen zitzaizkien usaintzeko eta, guztien usaina hartu ondoren, ezkerretik eskuinera jartzen zituzten laginak atseginenetik desatseginenera. Emaitzek talde bakoitzaren barruan norbanakoen arteko diferentziak erakutsi zituzten. Hau da, batzuk usain bat zuten gogokoago beste batzuk baino, baina, taldeei osotasunean erreparatuz gero, emaitzen arabera usain bat atsegin edo desatsegin bezala izendatzeko orduan korrespondentzia globala erakusten zen taldeetan. Hau da, usainak sailkatzean gizabanakoen artean aldakortasun dagoen arren, usainen gaineko konnotazio positiboak eta negatiboak unibertsalak dira.

Banilla gustukoen, gazta garratza gutxien

Batez beste, denei gustatu zitzaien eta ez zitzaien usain bera gustatu. 4-hidroxi-3-metoxibentzaldehido molekula, beste era batera esanda, banilla, banilla-leken konposatu nagusia, izan zen azterlaneko molekula gogokoena. Subjektuek ere atsegintzat jotzen dute ere etil butiratoaren usaina, mango eta ananari bere usain bereizgarriak ematen dizkiona. Beste usain preziatuen artean, landare usaintsu askotan agertzen den linaloola zegoen, eta arrosetan, krabelinetan, laranja-lorean eta pinuan dagoen fenetil alkohola.

Usain txarrak ere unibertsalak dira. Parte hartzaileek, malasioek, mexikarrek eta ekuadortarrek, besteak beste, azido isobalerikoa izendatu zuten usainik txarrena bezala. Azido isobalerikoa giza izerdietan eta animalia eta landare gantzetan agertzen da. Parte-hartzaile gehienei ere ez zitzaien gustatu dietil disulfuroa, kipula helduegietan edo patata usteletan dagoen usaina. Azido kaprikoa edo ahuntz-azidoa ere ez zuten gogoko, hau modu naturalean agertzen da palma- eta koko-olioetan eta ugaztunen esnearen koipean.

Ikertzaileen esanetan, norbanakoek erakusten dituzten sailkapen-bariazioak, neurri handi batean, usainaren egitura molekularraren (% 41) eta norberaren gustu edo zaletasun pertsonalen (% 54) mende daude. Bigarren aldagaiaren kasuan, gustu pertsonalak ikasitako zerbait izan daitezke (hezkuntzatik datorkiguna) baina gure egitura genetikoaren emaitza ere izan liteke.

Usainen pertzepzioa sistema konplexu baten mende dago. Sistema horretan zerikusia dute sudurreko usain-mukosaren neuronek eta baita pertsona bakoitzak haurtzarotik hauteman dituen aromek ere. Zientzialari askok luzaroan uste izan dute usain onen edo txarren pertzepzioa, funtsean, pertsona bakoitzaren testuinguru kulturalaren araberakoa dela. Hala ere, ikerketa honek erakusten du, ikasitakoak ez digula eragiten pentsatzen zen neurrian usain zehatzak lehenesteko pertzepzioan.

Iturriak: Erreferentzia bibliografikoa:

Arshamian, Artin et al. (2022). Behavioral consistency in the digital age. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.02.062

Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

The post Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek?

Tue, 2022/04/12 - 09:00

Ehizan erabilitako berunezko munizioek Europako hegazti harraparien populazioetan duten eragina kalkulatu dute: batez bestean, pozoitzeek eragin dute hegazti horien populazioak %6 urriagoak izatea.

Esan ohi da gizakia dela leku batean bi aldiz irauli egiten den izaki bakarra, eta, berunaren kasuan bederen, agerikoa da hala dela. Metal hori aspalditik erabiltzen da objektu asko egiteko, erraz urtzen delako eta nahiko ugaria delako gure planetan. Pigmentuak egiteko ere oso erabilgarria izan da, Por qué los girasoles se marchitan liburuan Oskar Gonzalez kimikariak kontatzen duen moduan. Liburu berean Gonzalezek jasotzen du XVIII. mendetik aurrera berunezko perdigoiak egiteko prozesua nolakoa zen: dorre batetik, urtutako beruna botatzen zen zuloz beteriko xafla batetik pasarazita, eta, erortzean eta hoztean, berunezko tanta horiek itxura esferikoa hartzen zuten. Prozedura horren oroimena ondare arkitektonikoa geratu da, Watts dorre gisa.

Arazoa da beruna pozoitzaile indartsua dela, eta batez ere nerbio sisteman triskantza galantak eragiteko gai dela. Hala dela ezagututa ere, gaur egun perdigoi horiek erabiltzen dituzte ehiztariek, duela pare bat hamarkada berunezko gasolina erretzen zen lasaitasun berdinarekin.

beruna1. irudia: ehizan erabilitako perdigoiek beruna dute eta honen eragin nabarmena du ehizatzen ez diren espezieen artean ere, berunak eragindako pozoitzeak direla era (Argazkia: Mohammed Ouzzaoui – erabilera libreko argazkia. Iturria: Unsplash.com)

Perdigoiak ehizatutako animalien gorputzean sartzen direnean, animalia horien haragia jaten dutenek beruna hartu dezakete ere. Gizakien kasuan, noski, arriskua askoz txikiagoa da, kontsumitu aurretik piezak garbitzen direlako. Baina agerikoa da hegazti harrapariek ez dutela hori egiten, eta, ondorioz, pozoitzeko arrisku handia dutela.

Askotarikoak izan daitezke eraginak. Pozoi gehienetan bezala, dosiaren eta jasotzailearen gorputzaren tamainaren araberakoak izango dira ondorioak. Baita gorputzean pilatzen den pozoi kopuruaren araberakoak ere. Azken honen ondorio logikoa da urte gehiago bizi diren espezie edo norbanakoetan pilatuko dela berun gehien.

Kasu larrienetan, pozoitzeek animaliaren heriotza eragin dezakete. Dosi txikiagoak jaso direnean, berriz, animalien portaeran eta fisiologian aldaketak gerta daitezke.

Beruna eta haren arrastoak

Science of the Total Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batek zifretara eraman du arazoa. Orotara, Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaile talde batek Europan hilda aurkitu diren 3.000 hegaztiren baino gehiagoren laginetan oinarritu da egoeraren analisia egiteko. Horietan, gibelean pilatutako berunaren datuak jaso dituzte. Espezieen arabera, saiatu dira kuantifikatzen berunak ekarri dituen ondorio kaltegarriak hegazti harraparien populazioetan.

1970eko hamarkadatik hamahiru herrialdetan jasotako laginak baliatu dituzte ikerketan. Kilometro bakoitzeko dagoen ehiztarien dentsitatearen inguruko datuekin osatu dute eredua, ahalik eta ondorio zehatzena eskuratu aldera. Horrela, ehiztari dentsitate bakoitzeko zenbat hegazti pozoituak dauden jakin ahal izan dute, eta harreman hori baliatu dute, hain zuzen, pozoitutako hegaztien datuak ez dauden eskualdeetan dauden heriotzen inpaktuak kalkulatzeko (horietan, hain zuzen, ehiztarien dentsitatea ezaguna delako).

2. irudia: Euskal Herrian aurki daitezkeen espezieen artean, arrano beltza da kalte gehien jaso duena: horien kopurua %13 urriagoa omen da berunezko perdigoien erruz. (Argazkia: Mark Van Jaarsveld – unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ikerketan atera dituzten ondorioak esanguratsuak dira faunaren kontserbazioari dagokionez. Zifra nagusietara eramanda, kalkulatu dute Europan berunak eragindako pozoitzeek 55.000 banakotan murriztu dutela hegazti helduen kopurua.

Espeziez espezieko kalkuluak egin dituzte. Horien arabera, Euskal Herrian bizi ez den itsas arrano buztanzuria (Haliaeetus albicilla) da kalte gehien jaso duen espeziea: horien populazioa %14 txikiagoa da. Ondoren datoz arrano beltza (Aquila chrysaetos) —%13 gutxitu da— eta sai arrea (Gyps fulvus) —%12—. Maila txikiagoan daude aztorea (Accipiter gentilis) —%6— eta beste hainbat espezie.

Ikertzaileek zabaldutako prentsa oharrean zapelatz arrunta (Buteo buteo) berariaz nabarmendu nahi izan dute. Horien populazioak %1,5 gutxiago direla kalkulatu dute, baina, nahiko espezie zabaldua izanda, horrek suposatzen du 22.000 zapelatz gutxiago daudela Europan.

Ohar horretan azaldu dutenez, haien zenbatespenak nahiko kontserbadoreak dira, pozoitako harrapakarien inguruko informazioa eskuratzea ez baita erraza. Arazoa are handiagoa da oso ondo ezagutzen ez diren espezie arraroagoen kasuan.

Pozoiaren bideak

Duela gutxi egindako beste ikerketa batean zientzialari talde berak kalkulatu zuen Erresuma Batuan ehizatutako faisaien (Phasianus colchicus) %99 berunezko perdigoiekin akabatutakoak direla.

Normalean sarraskijaleek dute arrisku gehien —saiak, bereziki—, baina badira ere normalean sarraskijaleak ez izanda ere, arrastoren bat eskura dutenean horiek ere jaten dituzten espezieak. Horiek ere pozoitu daitezke, noski.

Bestetik, bizirik dauden harrapakinak baino jaten ez dituzten espeziak ere ez daude guztiz libre pozoitze mota horretarik. Izan ere, gerta daiteke hegazti batek perdigoi zati bat jasotzea, baina soilik zaurituta gertatzea. Belatz edo aztore batek harrapatuz gero, perdigoi zati hori harrapakari hauetara pasa daiteke ere.

Ikertzaileen arabera, hau ez da noizbehinkako arazoa: X izpien bitartez egindako analisiek diote Erresuma Batuan bizirik dauden basa ahateen laurden batek perdigoiak dituela gorputzean.

Europan, Danimarkan eta Herbehereetan baino ez dago galarazita munizio mota hau. Espainiaren kasuan, babestutako hezeguneetan ezin da erabili. Horren zioa ez da ehizatutako animalietan perdigoiak geratzen direla, perdigoi horiek aintzira eta laku txikien hondoratuta geratzen direla baizik. Bada, hegazti askok harri txikiak jaten dituzte, harritxo horiekin arandoian digestioa aiseago egiteko. Baina, kontuan izanda hondoratutako harritxoak eta perdigoiak bereizteko modurik ez dutela, berun horrekin ere kutsatzen dira.

Ikertzaileek gogora ekarri dute perdigoietan beruna ordezkatzeko alternatibak daudela merkatuan, baina, antza, orain arte Erresuma Batuan ehiztari elkarteek hori bultzatzeko egin dituzten kanpainek ez dute batere arrakastarik izan.

Ehiztari elkarte horiek 2025ean munizio mota hori erabat alboratzea nahi dute. “Tamalez, berunezko munizioa boluntarioki alboratzeko ahaleginak antzuak izan dira orain arte”, esan du ikerketa honen egile nagusi Rhys Greenek. Erantsi du populazioen halako jaitsiera batek erantzun “irmoak” beharko lituzkeela, legedian egindako aldaketak barne.

Bai Europako Batasunean zein Erresuma Batuan berunezko munizio oro debekatzea aztertzen ari dira, bai harrapakarietan zein giza osasunean —ehizatutako haragia kontsumitzeagatik— duen eragina dela eta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Green, R.E., Pain, D.J., Krone, O. (2022). The impact of lead poisoning from ammunition sources on raptor populations in Europe. Science of the Total Environment, 823, 154017. DOIA: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2022.154017

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Perla ozpinduak

Mon, 2022/04/11 - 09:00

Plinio Zaharrak, bere Historia Naturala obra handiko liburuetako batean, Kleopatra Egiptoko erreginaren eta Marko Antonio jeneral erromatar ospetsuenaren arteko pasadizo bitxi bat kontatzen du. Kontua da Kleopatrak Marko Antonio txunditu nahi zuela, bere aliatu militar eta politikoa izan zedin, eta, bide batez, baita bere maitale partikularra ere. Horretarako, erromatar jeneralarekin apustu bat egitea bururatu zitzaion; hala, haren bizitzako oturuntzarik dotore eta garestienera gonbidatuko zuela ziurtatu zion Marko Antoniori.

Ospakizun eguna iritsi zen, ordean, bertan gauzak ez zihoazen Kleopatrak espero bezala, ez baitzirudien erromatarra batere txunditu zenik eskaintzen ari zitzaizkionarekin. Are gehiago, Marko Antoniok, nolabaiteko sarkasmoz, aspertzen ari zela helarazi zion erregina egiptoarrari. Kleopatrak azkar erreakzionatu zuen, bereizgarri zuen oilarkeriaz. Bere esklaboetako bati kopa bat ardo ozpin ekartzeko eskatu zion, eta bere belarritakoak apaintzen zituzten perla handi haietako bat kendu zuen; perla hori edalontzian erortzen utzi zuen; segundo batzuk itxaron zuen perla desegin zedin eta, azkenean, edan egin zuen. Horrek bai, horrek benetako zirrara eragin zion Marko Antoniori, eta hil arte ez zen erregina egiptoarrarengandik bananduko.

Istorioa oso polita da, baina ikus dezagun zer dioen zientziak pasadizo horri buruz.

perla1. irudia: Kleopatraren oturuntza, Jan de Bray artistak 1652an egindako obra. (Iturria: The Royal Collection Trust)Perla bat arretaz begiratuta

Alde batetik, perla bat dugu. Perlak kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako egiturak dira; kaltzio karbonato hori aragonito izeneko mineral eran kristalizatuta dago; horrez gain, konkiolina izeneko proteina organiko bat izaten dute egitura horiek. Molusku bibalbio batzuek, ostrek adibidez, kanpotik partikularen bat sartzen zaienean, egitura horiek jariatzen dituzte beren gorputz bigunak babesteko, eta pixkanaka-pixkanaka, partikula hori karbonatotan biltzen dute, beren bizitzarako inolako arriskurik ez duela ziurtatu arte.

Bestalde, ardo ozpina dugu. Ozpina, funtsean, azido azetiko (CH3COOH) diluitua da; azido hori azido ahultzat jotzen da. Azken finean, base bat (perla) eta azido bat (ozpina) ditugu, eta nahastu egiten ditugu.

Institutuko kimika klaseak pixka bat gogoratuz gero ikusiko dugu erreakzio horretan gatz bat (solidoa), karbono dioxidoa (gasa) eta ura (likidoa) sortzen direla. Hau da, Kleopatraren perlak, azken batean, ozpinarekin erreakzionatuko luke, eta, ondorioz, substantzia solido karbonatatu bat eratuko litzateke, urarekin nahastuta, kopa burbuilatsu batean. Hori izango litzateke Egiptoko erreginak edan zuena. Baina bada kontuan hartu ez dugun zerbait: erreakzio hori segundo gutxi barru gertatuko al zen? Bada, hor sartzen da elezaharra. Azetikoa azido ahula izateak erreakzioaren denbora zehazten du. Perlaren kaltzio karbonatoa disolbatu ahal izateko, egun batzuk igaroko ziren, eta, gainera, tarteka ozpin gehiago gehitu beharko zen.

Alegia, bideraezina dirudiela Marko Antonio egun batzuk eserita geratzea erreakzioa noiz amaituko zain; beraz, istorio hau mito hutsa izan liteke. Edo bestela, Kleopatrak perla erraldoi bat irentsi zuen ardo ozpinaz lagunduta, kopa batean apar pixka bat sortu eta erromatarra engainatu ondoren; hori ere ez dut baztertzen.

Azido azetikoa geologian

Historiaz, kondairez eta kimikaz hitz egin dut honaino. Baina orain geologiaren txanda da. Izan ere, geologook, askotan, zenbait azido erabiltzen ditugu substantzia mineralekin modu kontrolatuan erreakziona dezaten; hala, lana errazten digute. Adibidez, fosilak kimikoki erauzteko mekanismo gisa erabiltzen dira paleontologiaren esparruan. Eta azido azetiko diluitua da arrokak eta sedimentu karbonatatuak disolbatzeko gehien erabiltzen den azidoetako bat, ornodunen hondar fosilak aztertzen ditugunean.

2. irudia: Ornodunen mikropaleontologiako lan prozesua, disoluzio kimiko bidezkoa. A: azido azetikoaren eta hondakin karbonatatuen arteko erreakzio kimikoa. B: erreakzio kimikoaren ondoren eratzen den materiala garbitzea, hezur hondar fosfatikoak kontzentratzeko. (Argazkiak: Oier Suarez Hernando)

Hezur hondarrek konposizio fosfatikoa dute, eta, beraz, kaltzio karbonatoz osatutako materialek baino askoz hobeto jasaten dute azido azetikoaren erasoa. Lan metodologia sinplea da: fosil fosfatikoak dituen matrize karbonatatuko lagina azido azetiko diluituan murgiltzen da, eta azidoari bere lana egiten uzten zaio hainbat orduz, baita hainbat egunez ere. Jarraian, ongi garbitzen da txorrotako urarekin, erreakzio kimikoaren ondorioz eratzen den konposatu karbonatatuaren zati handiena kendu arte. Ondoren, agerian lehortzen uzten da. Prozesu hori behin eta berriz errepikatu daiteke, aztertu nahi ditugun hezur hondarrak bakarrik ditugun arte.

Eta prozesu hau geldoa eta neketsua den arren, zorionez geologook Marko Antoniok baino pazientzia handiagoa dugu (eta hark baino gehixeago dakigu kimikari buruz).

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Perla ozpinduak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #389

Sun, 2022/04/10 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Biologia

Alicia Gascon Gubiedak UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan. Newcastlen egin zuen tesia Gasconek eta Euskal Herrira itzuli da berriz, zeluletan aldaketak eragiten dituzten PAR proteinak ikertzeko. Gorputzean zelula-mota asko ditugu, eta mota hauetako bakoitzak bere egitura edo atalak ditu. Bada, atal berezi hauek sortzeko, zelulek polaritate seinaleak erabiltzen dituzte eta PAR proteinek sortzen dituzte seinale hauek. Honen harira, Gasconek PAR proteinak eta aktomiosina-eskeletoaren arteko feedback mekanismoa azaltzea lortu du. Informazio horrekin, zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu du bere taldeak. Elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean aurki daiteke. Alicia Gascon: “Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu”.

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, giza genoma oso-osorik deskodetzea lortu dute. Giza genomaren zati txiki bat (% 8) oraindik guztiz ezezaguna zen. Orain, ordea, teknologia eta metodo berriak erabiliz, Telomere-to-Telomere (T2T) nazioarteko partzuergoak lortu du falta ziren hutsuneak betetzea. Zelula-lerro berezi bat erabili dute honetarako, amaren DNA errefusatu eta aitarena bikoiztu zuen enbrioi baten zelula-lerroa. Zelula horiek gene bakoitzaren bi kopia desberdin izan beharrean bi kopia berdin dituzte, eta horrek erraztu egin du zati ezezagunak deskodetzea. Azaldu dutenez, sekuentzia berri gehienak zentromerotan eta telomerotan daude.

Gure gorputzean metatutako gantzak uste baino funtzio gehiago betetzen ditu. Urte askoan pentsatu izan da ehun adiposoaren funtzio bakarra gorputzeko energia gordetzea zela. Gaur egun, ordea, badakigu ehun adiposoak beste organoen funtzioak erregulatzeko gai diren hainbat molekula garrantzitsu jariatzen dituela. Horrela, ehun honetan desorekak gertatzen direnean, obesitatea adibidez, funtzio biologikoak galdu eta gaixotasunak garatzen dira (diabetesa, hipertentsioa, aterosklerosia etab.). Baina oraindik ere badaude ehun honen inguruan ezagutzen ez ditugunak. Joan den martxoan bertan, gizakien eta saguen gorputzeko ehun adiposoaren atlas bat argitaratu da Nature aldizkarian, eta aurrez ezagutzen ez ziren zelula adiposo motak ere barne hartzen ditu. Azalpenak Berrian: Gorputzeko gantza: energia gordailua baino askoz gehiago.

Ingurumena

Euskal Herrian azterturiko ibai guztietan antibiotikoak topatu ditu Europako ikerketa batek. Aragoi, Arga, Aturri, Bidasoa eta Urumean hartu dituzte laginak eta denetan topatu dituzte botikak, batez ere herri eta abere haztegi handien inguruan. Kontzentrazio handienak Ebroren arroko ibaietan aurkitu dituzte, zerri eta hegazti haztegietan, esaterako. Hau arriskutsua da; izan ere, ingurunean hainbeste antibiotiko egoteak probableagoa bihurtzen du bakterioek hauekiko erresistentzia irabaztea. Eta bakterioak erresistentzia hau irabazten badute, ondoren botika horiek ezin dira erabili gaixotasunak sendatzeko. Honen harira, ura garbitzeko hiru teknologia aztertu dituzte, horietako bat fotokatalisia. Titanio oxidozko nanopartikulen bidezko fotokatalisiaren bidez, uretako konposatuak oxidatzen dira argiaren uhin luzera jakin batean, baita bakterioak ere. NILSA Nafarroako Tokiko Azpiegiturak Sozietate Anonimoko ikerketa-taldeak sistema bat sortu du fotokatalisiaren bidez ur zikinei antibiotikoak kentzeko ibaietara isuri aurretik. Praktikan erabiltzeko, ordea, hainbat faktore aintzat hartu behar dira. Eraginkortasuna eta prezioa, esaterako. Modu eraginkorrena sistema hau antibiotikoak isurtzen dituzten lekuetan ezartzea, ibaira isuri aurretik.

Psikologia

Kontzientzia edo onginahi soziala ebaluatu dute, ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoekin duen lotura maila aztertuz. Nazioarteko azterlan batean hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiago ebaluatu dira. Ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko kontzientzia sozialaren alderaketa egiten denean, lotura handia ikusten dela kontzientzia sozial horren eta ingurumen jardunaren indizearen artean. Ingurumen jardunaren indizeak herrialdeek ingurumen politikako helburuekiko duten hurbiltasun maila adierazten du. Gainerako faktoreen eragina arbuiagarria da faktore hori kontuan hartzen denean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Onginahi sozialak aurpegi bat baino gehiago ditu.

Bakoitzak erabilera-eredu propio bat du mugikorrean nabigatzen duenean. Emaitza hau da ikerketa berri batek aditzera eman duena eta horren ondorioz, gure mugikorreko aplikazioen erabilera patroiek nor garen esateko gai dira. Ikertzaileek 780 pertsonaren telefono adimendunen datuak aztertu zituzten. Lortutako datuekin estatistika-eredu bat sortu zuten eta eredu horrek ikasi egin zituen esperimentuko parte-hartzaileen erabilpen patroiak. Horrela, ereduak balizko erabiltzaileen 10 izenen zerrenda bat ematen zien eta erantzunen %75ean zerrendan aurkitzen zen erabiltzaile zuzena. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mugikor salatariak.

Osasuna

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Oxford Unibertsitateko ikerketa batek ez du erlaziorik aurkitu mugikorrak erabiltzearen eta buruko tumoreen artean. Ikerketa horretan Erresuma Batuan 1935-1950an jaiotako lau emakumeetatik batek parte hartzen du. 776.000 parte-hartzailek mugikorraren erabilerari buruzko galderak erantzun dituzte, lehenik 2001ean eta 2011n ondoren. Hamalau urte horietan zehar buruko tumoreak izan ote dituzten aztertu dute, eta ez dute inolako erlaziorik topatu mugikorrak erabiltzearen eta tumoreen artean.

Gizakiok, hainbat izaki bizidunek bezala, erritmo zirkadianoa dugu. Erritmo hori eguzkiak erregulatzen duen argi-iluntasun zikloak zuzentzen du 24 ordutan zehar. Bada, Tel Aviveko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikusi du ziklo horretan gertatzen diren aldaketek gainelikadura eta obesitatea ekar ditzaketela. Ikertzaileek boluntarioak bi taldetan banatu zituzten, eta denek kilokaloria kopuru berdina jaten bazuten ere, eguneko momentu ezberdinetan egiten zituzten otorduak. Ondorioztatu zutenez, ondo gosaltzeak eta arin afaltzeak pisua kontrolatzen laguntzen du. Are gehiago, ez gosaltzeak pisua handitzea eta gehiegizko pisua agertzea ekar dezake. Eduardo Angulok idatzi du Zientzia Kaieran: Jateko ordua.

Emakumeen osasunari buruzko ikerketek ugalketa-osasunean jartzen dute fokua. Osasunean eta medikuntzan espezializatutako aldizkarietan ugalketa-osasunari buruzko ikerketak dira ugarienak. Minbiziaren ingurukoak daude bigarren sailkapen horretan, baina emakumeei erasaten dieten gaitz nagusiei buruzkoak behar baino urriagoak dira. Gainera, sasoi ugalkorrean eta haurdunaldian jartzen dute arretarik handiena ikerketa gehienek, eta ia ez dira agertzen bizitzaren beste sasoiei buruzkoak. Minbiziei buruzko ikerketetan ere, bularrekoak eta umetoki-lepokoak dira ia denak, eta ez dira agertzen kalte handia eragiten duten beste batzuk, esaterako, biriketakoa eta kolon eta uzkikoa. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Emakundek plazaratutako txosten batek erakutsi du psikiatriako larrialdietan ere genero-alborapena dagoela. Psikiatriako larrialdietan egindako balorazioan, erabilitako proba osagarrietan, eta ezarritako tratamenduan genero-alderik badagoen aztertu nahi izan dute. Hala, emakumeetan asaldura-mota batzuk askoz ere ohikoagoak direla ikusi da. Hala nola, nahaste neurotikoak, nortasunaren nahasteak eta elikadurarekin eta beste disfuntzio fisiologiko batzuekin erlazionatutakoak ohikoagoak dira emakumeetan. Emaitza hauek ikusirik, azpimarratu dute lotura estua dagoela berezko biologiarekin, baina baita gizarte- eta ingurune-mailan ere; indarkeria eta laguntza sozialeko eta emozionaleko sare urria, besteak beste. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #389 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #394

Sat, 2022/04/09 - 09:00

Helduaroan ere neuronak sortzen dira. Jakin da oligoelementu batek, selenioak, efektua handitzen duela. Baina ez du modu isolatuan funtzionatzen. José R. Pinedak azaltzen du: Selenium supplement to reverse neurogenic decline in humans?

Zelan da posible planeta nano eta hiperhoztu batek bulkanismoa izatea eta horren berria eta arraroa izatea? David Rotheryk: Pluto: ‘recent’ volcanism raises puzzle – how can such a cold body power eruptions?

Zertarako egin esperimentuak materialen propietate elektronikoak ezagutzeko, DIPCkoek bilatzailea egin badute. A a powerful search engine for flatband stoichiometric materials

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #394 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ganix Esnaola: “Klima-aldaketak energia berriztagarriei eragingo die” #Zientzialari (172)

Fri, 2022/04/08 - 09:00

Energia berriztagarri mota ugari dago, adibidez haizetik eta olatuetatik lortzen duguna,  eta frogatuta dago ingurumenari kalte gutxiago egiten dietela. Baina jakin behar dugu energia mota hau ez dela bukaezina ezta suntsiezina, eta klima-aldaketak, esaterako, eragina izango duela hauengan.

Klima-aldaketa prozesu dinamiko bat bezala ulertu behar da, izan ere, aldagai asko dira aldaketan eragin dezaketenak. Haizearen kasuan, adibidez, hainbat aldagai aztertu eta neurtu behar dira. Izan ere, haizearen abiadura txikitzen ari dela esaten duten txostenak agerikoak dira. Horiek horrela, potentzia eolikoaren energia beherantz joango dela esan daiteke eta olatuekin antzerako zerbait gertatuko litzateke. Hala ere, klima-aldaketak zer nolako eragina izango duen jakiteko energia berriztagarrien gaineko ikerketa osorik garatu behar da. 

Hurrengo hamarkadetan energia berriztagarriekin zer gertatuko den aztertzen dabilen UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako eta EOLO ikerketa-taldeko Ganix Esnaola ikertzailearekin bildu gara.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ganix Esnaola: “Klima-aldaketak energia berriztagarriei eragingo die” #Zientzialari (172) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Antibiotikodun lipido solidozko nanopartikulak

Thu, 2022/04/07 - 09:00

Munduko Osasun Erakundeak argitaratu duenez, antibiotikoen aurkako erresistentzien gorakada osasun publikoa larriki mehatxatzen duen arazoa da, medikuntza modernoaren lorpenak zalantzan jartzen dituena. Izan ere, antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioek gaur egun infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezakete. Mehatxu horri aurre egiteko bi aukera ditugu: antibiotiko berrien aurkikuntza sustatzea edo eskuartean ditugun antibiotikoen ezaugarriak eta eraginkortasuna hobetzea. Lehenengo aukerari ekinez gero, bakterioek denbora igaro ahala lortuko lukete antibiotiko berrien aurkako erresistentzia mekanismoak ere garatzea. Beraz, irtenbide iraunkor bat lortu ahal izateko, batetik, bakterioen erresistentzia mekanismoak sorrarazten dituzten faktoreak murriztu behar ditugu eta bestetik, mekanismo hauek saihesten lagunduko diguten tresnak garatu behar ditugu.

Lipido Solidozko NanopartikulakIrudia: Lipido Solidozko Nanopartikulen egituraren eredu-eskema. Irudian lipido solidozko matrizea (horiz), molekula emultsionatzaileak (urdinez) eta koemultsionatzaileak (berdez) ageri dira. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Bakterioen erresistentzia mekanismoak saihesten lagun dezaketen tresna horietako bat nanopartikulak dira. Izan ere, hainbat ikerketek erakutsi dutenez, farmakoak garraio sistema egokietan txertatzen direnean hauen eraginkortasuna nabarmen handitu daiteke eta bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpenaren atzeratzea ekar dezakete. Farmakoen garraio sistema ezberdinen artean Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain toxizitatea murrizten laguntzen dutelako. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido bat eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Matrize lipidiko honek farmakoak harrapatu eta pixkanaka askatzen ditu, askapen zinetika sostengatuak lortzen direlarik, hau da, organismoan farmakoaren kontzentrazioa egonkor mantentzen laguntzen dute. Gauzak honela, Lipido Solidozko Nanopartikulak albo-kalte gutxiko nanogarraiatzaile itxaropentsuak dira gaur egungo antibiotikoen eraginkortasuna hobetzen laguntzeko.

Mundu mailako arazo larri honi irtenbide bat bilatzeko asmoz, beraz, farmakoen garraio sistema eraginkorrak garatzeko eta aztertzeko nanopartikulen ekoizpen eta karakterizazio metodologia egokiak ezinbestekoak dira. Izan ere, jakina da nanopartikulak osatzeko aukeratutako osagaiek eta ekoizteko erabilitako metodologiak eragin zuzena dutela nanopartikulen tamainan, forman eta gainazaleko ezaugarrietan. Gainera, guzti honek ondorio nabarmenak ditu nanopartikula eta zelulen arteko elkarrekintzetan eta azkenik farmakoaren eraginkortasunean. Ondorioz, erabilera bakoitzerako kontu handiz hautatu behar dira Lipido Solidozko Nanopartikulak ekoizteko prozesuaren urrats bakoitzeko ezaugarriak eta hautaketa egokia burutu dela ziurtatzeko karakterizazio teknika eta prozedurak ezinbestekoak dira. Lipido Solidozko Nanopartikulen karakterizazioa ondo burutzeko gutxienez ezagutu behar diren ezaugarriak ondorengoak dira: partikulen tamaina, gainazalaren zeta potentziala, morfologia, karga-gaitasuna, txertaketa-efizientzia, nanopartikularen matrizearen egoera fisikoa (kristal egituraren determinazioa), zitotoxizitatea, farmakoaren askapen-zinetika eta farmakoaren eraginkortasunaren hobekuntza. Guzti honetarako espektroskopia, mikroskopia, kalorimetria, kromatografia, zelulen hazkuntzaren azterketa eta antzeko teknikak erabil daitezke.

Orain arte argitaratutako lan esanguratsuenek aditzera eman dutenez, antibiotikodun Solido Lipidozko Nanopartikulek bakterioen aurkako tratamenduak hobe ditzakete. Izan ere, nanopartikula hauek antibiotikoaren efizientzia handitzen laguntzen dute antibiotikoen aurkako erresistentzia mekanismoak saihestuz. Bestetik, toxikotasuna murriztu dezaketela ere ikusi da, segurtasuna hobetzen dutelarik. Ezaugarri guzti hauei esker, Lipido Solidozko Nanopartikulek antibiotikoen eraginkortasuna hobe dezakete eta honela dosiaren murrizketa ahalbidetzen da. Antibiotikoak kontzentrazio eta maiztasun txikiagoarekin administratuz gero, bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpena atzeratzen lagun daiteke eta honela antibiotikoen eraginkortasunaren galerak dakarren mundu mailako osasun arazoa murriztu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Antibiotikodun Lipido Solidozko Nanopartikulak bakterioen aurkako eraginkortasuna hobetzeko.
  • Laburpena: Antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioak mundu-mailako osasun-arriskua dira gaur egun, infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezaketelako. Mehatxu horri aurre egiteko modu bat eskuartean ditugun farmakoak garraio-sistema egokietan txertatzea izan daiteke, eraginkortasunaren hobekuntza eta erresistentzien agerpenaren atzeratzea ekar dezaketelako. Farmakoen garraio-sistema ezberdinen artean, Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte, zeren eta, farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain, toxikotasuna murrizten laguntzen baitute. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido batez eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Dena den, farmakoen garraio-sistema efizienteen garapenak nanopartikulen eta sistema biologikoen arteko elkarrekintzen ezaguera eskatzen du, eta horretarako ezinbestekoak dira ekoizpen- eta karakterizazio-metodologia egokiak. Lan honetan, Lipido Solidozko Nanopartikulen osagaiak, haiek garatzeko metodologia eta haien ezaugarrien determinazioa burutzeko modua deskribatzen dira. Gainera, orain arte argitaratutako lanei buruzko berrikuspen bat egingo da antibiotikoak Solido Lipidozko Nanopartikuletan txertatzeak bakterioen aurkako terapien eraginkortasuna nola hobetu dezakeen azaltzeko.
  • Egileak: Mikel Roscales, Itziar Alkorta, Lide Arana
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 203-221
  • DOI: 10.1387/ekaia.21873

Egileez:

Mikel Roscales eta Itziar Alkorta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzaileak dira eta Lide Arana EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Antibiotikodun lipido solidozko nanopartikulak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages