Ezjakintasunaren kartografia #388
Galaxia sateliteen posizio erlatiboen behaketekin ez dator bat Big Bang teoriak. Ez dator bat unibertsoaren eskalan zuzen simulatu arte, noski. Tomás Ruiz-Lararen Are satellite galaxies “aligned” against the current cosmological paradigm?
Dinosauro guztiak ez ziren galdu. Dinosauro hegalarien oinordekoak dira egungo txoriak. Baina, zenbateraino da dinosauro txoria? What birds have inherited from dinosaurs Darla K. Zelenitsky, dinosauroak arrautza barruan zelan zeuden kokatuta deskribatu du lehenengoz.
Produktuak sintetizatzeko modu berriak behar dituzte material berriek. Karbono nanohariak, esaterako. DIPCren Highly ordered nanothread products using heteroatoms
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #388 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera
Mary Lee Woods ezaguna da, batik bat, Tim Berners-Lee ingeniariaren ama izan zelako, World Wide Web asmatu zuen programatzailearen ama hain zuzen; gaur egun Interneten erabilera nagusia oinarritzen den egitura. Mary Lee Woodsek berak izendatu zuen bere burua «webaren amona» bezala, semearen lorpenari buruzko aipamen umoretsu batean. Berners-Leek behin baino gehiagotan nabarmendu du amak nolako eragina izan duen bere lanean, ordenagailuek pertsonen bizitzari eman ziezaioketen ahalmena gogoko baitzuen Lee Woodsek:
Guretzat begi-bistakoa zen hazi ginenean zein zirraragarria zen hura, gailu berritzaile bat izateagatik ez ezik, harekin egin zenezakeena zure irudimenak soilik mugatu zezakeelako ere.
Baina Lee Woods “norbaiten ama” baino askoz gehiago izan zen.
1. irudia: Mary Lee Woods matematikaria 1954. urtean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Aitzindarietako bat izan zen lehen ordenagailuak erabiltzeko baliatu zen programazioaren eremuan. 1951n, maila komertzialean salduko zen lehen ordenagailua garatu zuen taldeko kide izan zen: Ferranti Mark I. Konpainia horretan –Ferranti–, gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna lortzeko ekimen bat jarri zuen abian, legeriak hala ezarri baino bi hamarkada lehenago. 50eko hamarkadaren erdialdean, seme-alabak izan eta etxetik aholkularitza informatikoa ematen hasi zen; hala, munduko lehen freelance programatzaileetako bat bihurtu zen.
Gurasoek ez zuten nahi alabaren helburu bakarra ezkontzea izan zedinLee Woods 1924ko martxoaren 12an jaio zen Birmingham hiriko Hall Green auzoan, Ingalaterran. Gurasoak maisu-maistrak ziren, eta ikastera animatu zuten alaba, hezkuntzarekin jarraitzera unibertsitateraino; garai hartan, hori ez zen oso ohikoa emakumeentzat. Emakumeen sufragioaren aldeko bilera batean ezagutu zuten elkar Lee Woodsen gurasoek; izan ere, emakumeek bizitzan ezkontzeko eta haurrak izateko aukera baino zerbait gehiago behar zutela zeritzoten. Laster matematika arloan nabarmendu zen Lee Woods, eta Birminghameko Unibertsitatean matematikako karrera ikasteko beka bat lortu zuen.
Izan ere, bertan hasi zen ikasten, baina Bigarren Mundu Gerra martxan egonik, unibertsitate bizitza eten egin behar izan zuen, bi urtez, gerra ahaleginean hasteko: bi urte eman zituen Malvern Telekomunikazioen Ikerketa gunean. 1947an, graduatu ondoren, Commonwealth-eko Behatokiko –Canberratik hurbil– (Australia) zuzendariari idatzi zion, Richard Woolleyri, hain zuzen; Wolleyk espektro elektromagnetikoaren ezaugarrien arabera izarrak sailkatzen lan egiteko kontratatu zuen. Lee Woods gustura bizi zen Australian, baina ez zegoen pozik, ordea, lan harekin, aspergarria eta errepikakorra iruditzen baitzitzaion, ez oso interesgarria.
2. irudia: Ferranti Mark I-en osagaiak. (Iturria: Wikimedia Commons)1951n Ingalaterrara itzuli zen, baina ez zuen astronomiaren alorrean lan egiten jarraitu nahi. Nature aldizkari zientifikoan argitaratuta ikusi zuen iragarki bati erantzun zion; iragarki horretan, Ferranti izeneko konpainia bat –ingeniaritza elektrikoaren alorrekoa eta Manchesterren kokatua– matematikarien bila zebilen, eta ordenagailu programazioko prestakuntza eskaintzen zien. Konpainia, izan ere, Ferranti Mark I –Manchester Mark I ordenagailuaren bertsio komertziala– merkaturatzeko prestatzen ari zen; Manchester Mark I, izan ere, 1949an jarri zen martxan Manchesterreko Unibertsitatean. Ferranti Mark I bi kabinaz osatuta zegoen; 5 metro luze, 1 metro zabal eta 2,4 metro garaiko bi kabina horiek hutseko 4 000 hodi, 2 500 transistore, 15 000 erresistentzia eta ia 10 kilometroko kablea zuten.
Alan Turingen eskuliburuari jarraikizPostu horretan, Alan Turingek idatzitako eskuliburuari jarraikiz ordenagailu programak idazten ikasi zuen taldeko kide izan zen Lee Woods; Alan Turing konputazio zientziaren eta informatika modernoaren aitzindaritzat jotzen da. Turingek sortutako kodea erabiliz, teklatu baten letrak eta sinboloak kartoi mehezko txartelen edo zinten gainean egindako zuloen patroi bihurtzen ziren, eta ordenagailuak horiek irakurri eta interpretatzeko gaitasuna zuen. Programatzaileek kontzentrazio handia behar zuten, ezinbestekoa baitzen oso zehaztasun handiz jokatzea; izan ere, programatzaileek esandakoa egingo zuen makinak, «baita nahi zutenaz bestelako zerbait esanda ere», kontatu zuen Lee Woodsek elkarrizketa batean, aurrerago.
Lee Woodsen lehen lanetako bat diagnostikorako programa bat garatzea izan zen, sistemaren funtzionamendua eteten zuten zulaketa horietan erroreak aurkitze aldera. Halaber, aldi berean dozenaka ekuazio ebatz zitzaketen programetan lan egin zuen; aeronautika eta karrera espazialaren arloan oso eskari handia zuten halako programek, eta lehen ordenagailu horiek –inolaz ere ez gaurkoak bezain fidagarriak– muturrera eraman ziren eginkizun hartan.
Lee Woods Ferrantin hasi eta gutxira, enpresan lanean ziharduten emakumeek jakin zuten denbora bererako eta lan bera egiteko kontratatutako gizonei baino gutxiago ordaintzen zitzaiela. Horregatik, egoeraren inguruan zuzendaritzarekin eztabaidatzea eta emakumeen eta gizonen soldata berdintasuna eskatzea erabaki zuen; eztabaida horrek emaitza positiboa izan zuen, emakumeek soldata igoera izan baitzuten berehala eta, horrenbestez, konpainian soldata diskriminazioa amaitu baitzen. Bi hamarkada geroago, Ingalaterrak Soldata Berdintasunaren Legea (Equal Pay Act) onartu zuen, horrelako egoerak debekatzen zituena.
3. irudia: Mary Lee Woods 2013. urtean. (Iturria: Wikipedia)1954an Conway Berners-Lee konpuntazio zientzialariarekin ezkondu zen; honek Ferrantin lan egiten zuen ere. 1955ean, lehen semea izan zuten, eta Lee Woods etxetik hasi zen programatzaile lanetan, beste enpresa edo erakunde batzuek azpikontratatuta. Besteak beste, Aire Ministerioarekin elkarlanean jardun zen, erakunde horrek iragarpen meteorologikoetan erabiltzen zituen aireko globoak programatzen, baita Londresko Garraio Bulegoarekin ere, autobusak kudeatzeko sistema garatzen. Aurrerago, matematikako irakaslea izan zen, eta, ondoren, programazioaren mundura itzuli zen, aholkularitza informatikoko negozio batekin, bere etxetik.
1987an behin betiko erretiroa hartu zuen, eta, 2017an, hil egin zen, 93 urte zituela.
Iturriak:- Wikipedia, Mary Lee Woods.
- The Guardian, Mary Lee Berners-Lee Obituary.
- Voices of Science, British Library: Mary Lee Berners-Lee.
- Sánchez, Cristina (2016). La increíble “abuela” de la Web: la madre de Berners-Lee también fue una pionera, ABC-XL Semanal. 2016ko uztailaren 16a.
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 16an: Mary Lee Woods, la matemática que se aburrió de clasificar estrellas y se convirtió en pionera de la programación.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera appeared first on Zientzia Kaiera.
Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri
Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute . Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz (GA) osatutako substantzia organikoak. GAk egitura hidrokarbonatuko kateak dira. Katearen hasierako muturrean karboxilo talde bat aurkezten dute, eta katearen amaieran, berriz, metilo talde bat. Kate horietan lotura bikoitzak gerta daitezke, eta GA asegabeak sortu. Lotura bikoitz horien kokapenaren arabera, GA ezberdinak sortzen dira, eta, horiek izendatzeko, metilo taldetik hasita lehenengo lotura bikoitzaren kokapena erabiltzen da. Zehazki, lotura bikoitza metilo taldetik hasita 3. eta 4. karbonoen artean daukaten gantzei omega-3 deritze; 6. eta 7. karbonoen artean daukaten gantzei omega-6, eta 9. eta 10. karbonoen artean daukatenei, berriz, omega-9. Omega-3 GA garrantzitsuenak kate luzekoak dira, 18 karbono atomo edo gehiago dituzten kateak, hain zuzen ere. Horien artean, azido α-linolenikoa (ALA, 18:3), azido eikosapentaenoikoa (EPA, 20:5) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA, 22:6) azpimarratzekoak dira.
Irudia: Omega-3 GAetan eskasa den dietan edo omega-6 ratio desegokia aurkezten duen dietaren ondorioak osasunean. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Omega-3 GAen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea (eikosanoideak, dokosanoideak) eta zelula-mintzen osagai izatea dira. DHA, erretinan eta garunean kantitate handitan ageri da. Bestalde, omega-3 GAk mintz zelularren osagai dira, eta horien fluidotasunean eragina dute. Mintzeko zelulak kitzikagarriak baldin badira, omega-3 GAek paper garrantzitsua jokatzen dute seinale-transdukzioan, mintzari lotuta dauden hartzaile, ioi-kanal eta entzimen aktibitatea egokia izaten ahalbidetuz. Funtzio horiek izateaz gain, omega-3 GAek kontrol genikoan ere parte hartzen dute peroxisoma proliferatzaileen bidez aktibatutako hartzaileei (PPAR) lotuz.
Ugaztunak elongazio eta asegabetasun prozesuen bidez GAk eraldatzeko gai dira. Hala ere, ugaztunek, omega-9-tik karboxilo muturreraino sor ditzakete soilik lotura asegabe horiek. Horren ondorioz, ALA nahitaezko GA da; hau da, dietaren bidez bereganatu behar da. ALA-tik abiatuta EPA eta DHA sor daitezke. Aitzitik, lortzen diren kantitateak oso txikiak dira; are gehiago, EPA ALAtik abiatuta sortzen bada, bitartekari gisa jokatuko du, eta, hortaz, ez ditu bere jatorrizko funtzioak beteko. Horrexegatik, ez ALA bakarrik, baizik eta gainerako omega-3 garrantzitsuenak ere dietaren bidez bereganatu behar dira.
Omega-3 GAk gorputzeko homeostasia mantentzeko beharrezkoak diren osagaiak dira. Hala ere, gaur egun jarraitzen ditugun dietek nekez betetzen dituzte omega-3-en inguruko beharrak, eta 2 motako diabetesa, obesitatea edo dislipemiak pairatzeko arriskua nabarmenagoa da (irudia). Berrikusketa honen helburua da omega-3 GAek hainbat gaixotasunetan terapia gisa erabilita eduki ditzaketen efektu onuragarriak aztertzea. Zehazki, berrikusketa honek biltzen ditu bihotz-hodietako gaixotasunetan, minbizian, neuroendekapenezko gaixotasunetan, alkoholismoan eta gainpisuan (oinarrizko ikerkuntzan zein ikerketa klinikoan) omega-3 GA gehigarriek dakartzaten efektu mesedegarriak edo onurak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 38
- Artikuluaren izena: Omega-3 gantz-azidoen propietate onuragarriak zenbait egoera klinikotan.
- Laburpena: Kate luzeko omega-3 mantenugaiak, azido α-linolenikoa (ALA), azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA), dietaren bitartez bereganatzen diren gantz-azido (GA) poliasegabeak dira. Propietate antioxidatzaileak barne hartzen dituzten hiru osagai horien elikagai-iturri nagusia arrain koipetsua (izokina, antxoa, hegalaburra…) eta horretatik eratorritako arrain-olioa dira batez ere. Omega-3 GA osagarriaz aberastutako dietak aldaketa molekular zein funtzional mesedegarriak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan, zenbait garun lesioren berreskurapenean parte hartuz. Gehigarri horrek mintz zelularraren fluidotasuna areagotzen du eta metabolismoaren erregulazioan parte hartzen du, seinaleztapen molekulen askapena sustatuz eta gene espresioan eraginez. Bi ekintza horien bidez seinaleztapen-bideak aktibatzen dira, ondoriozko garun plastikotasuna eta transmisio sinaptikoa suspertuz. Areago, omega-3 GAk zeluletan oro har, eta neuronetan bereziki, oxidazio-estresak eta inflamazioak eragindako kalteak murriztu ditzake. Hori guztiagatik, omega-3 osagarria hainbat patologietan prebentzioan edo tratamenduan erabili da. Berrikuspen honek kate luzeko omega-3 GA gehigarriek bihotz hodietako gaixotasunak, minbizia, neuroendekapenezko gaixotasunak (Alzheimer eta Parkinson), alkoholismoa eta gainpisua tratatzeko oinarrizko ikerkuntzan eta ikerketa klinikoan frogatu eta egiaztatu diren aurrerapen terapeutiko berriak laburbiltzen ditu; etorkizunera begira beste hainbat gaixotasunei aurrea hartzeko edo tratatzeko potentzialtasun handiko eta albo ondoriorik gabeko osagarri ez inbaditzaile aproposa izan daitekeela iradokiz.
- Egileak: Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri,
Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai, Pedro Grandes - Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 73-95
- DOI: 10.1387/ekaia.21840
Egileez:
Maitane Serrano, Irantzu Rico-Barrio, Leire Lekunberri, Almudena Ramos-Uriarte, Nagore Puente, Izaskun Elezgarai eta Pedro Grandes UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Neurozientziak Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri appeared first on Zientzia Kaiera.
Kolore gorriak ‘Aedes aegypti’ eltxoak erakartzen ditu
Urtero milioi bat lagun inguru hiltzen dira eltxoak bektoretzat dituzten gaitzak direla eta. Esaterako, dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero eta 30.000 hiltzen ditu. Aedes aegypti eltxo emeen ziztadek transmititzen dute dengea, zika edo sukar horia. Eltxoen ziztatzeko joera aztertu berri du ikerketa-talde batek eta emaitzek erakutsi dute Aedes aegypti espezieak gizakiak arnasa hartzean isurtzen duen CO2 detektatu ondoren, kolore gorrirantz abiatzen direla.
Aedes aegypti espezieko eltxoak ez dira zuzentzen bakarrik gure arnas hotsen karbono dioxidoarengatik. Juanma Gallego kazetariak azaltzen zuen bezala, odola aurkitzeko izerdian dauden azido laktikoak, beroa eta hezetasuna lirateke gida-faktoreak eta, horrez gain, ikusmena ere lagungarria omen zaie lan horretan.
Azken faktore honi dagokionez urrats berri bat eman du Washingtongo Unibertsitateko zientzialariek zuzendutako ikerketa batek. Ikerketak agerian utzi baitu Aedes aegypti eltxoek kolore espezifikoetarantz egiten dutela hegan. Kolore hauek gorria, laranja, beltza eta ziana dira eta egiaztatu dute ere eltxoek ez dituztela kontuan hartzen beste kolore batzuk, esaterako, berdea, morea, urdina eta zuria.
Irudia: Aedes aegypti eltxo eme bat odola xurgatzen. (Argazkia: Frank Hadley Collins / University of Notre Dame – domeinu publikoko irudia. Iturria: Flickr)Ikertzaileek aztertu dute eltxoaren usaimenaren zentzuak zelan eragiten duen elikagaiak eta ostalariak bilatzeko dituen portaera bisualetan. Hau da, seinale bisualen aurrean duten jokabideari erreparatu diote. Izan ere, eltxoek usainak erabiltzen dituzte gertu dagoena bereizten laguntzeko eta, adibidez, ostalari bat ziztatzeko.
Esperimentuak koloreekin eta usainekinIkerketa esperimentuen bidez gauzatu dute ikertzaileek. Taldeak 450 Aedes aegypti eltxo emeen hegaldiak aztertu zituzten (beraiek baitira ziztatu eta gaixotasunak transmititzen dituztenak) hainbat ale proba-kutxetan banaka sartuta. Guztira 1.300.000 hegaldi gainbegiratu zituzten.
Proba-kutxa hauek usain jakinekin busti zituzten, esaterako CO2, eta kolore-puntu zehatzak edo giza esku bat jartzen zuten eltxoentzako bertan. Kontuan izan behar da, giza larruazalak, bere pigmentazio tonua edozein izanda ere, gorri laranja koloreko “seinale” bizia igortzen duela intsektu hauentzako.
Esperimentuek erakutsi zutenez, proba-kutxa CO2-z busti ondoren, eltxoek muzin egiten zioten bertan jarritako kolore-puntuari puntu hori berdea, urdina edo morea izanez gero. Aldiz, puntua gorria, laranja, beltza edo ziana bazen, eltxoak harengana zihoazen hegan.
Bigarrenez errepikatu zuten esperimentua. Kasu honetan lantaldeak gizakion larruazalaren pigmentazio tonua zituzten txarteltxoak edo ikertzaile baten esku biluzia sartzen zituzten kutxetan. Honetan, eltxoek berriro hegan egin zuten ikusmen-estimulurantz baina bakarrik kutxa CO2-arekin busti ondoren. Ikertzaileek uhin-luzerako zabaleraren seinaleak ezabatzen bazituzten, edo ikertzailearen eskua eskularru berde, more, urdin edo zuriz janzten bazuten, orduan eltxoek ez zuten estimulurantz hegan egiten.
Ikerketa honek berretsi egin ditu aurretik egindako beste lan batzuen emaitzak eta erakutsi du ere:
- CO2 usaintzeak eltxo emeen jarduera-maila handitzen duela eta inguruan egon daitekeen ostalari baten bila hasten direla,
- CO2 bezalako konposatu espezifikoak usaintzen dituztenean, usain horiek begiak estimulatzen dituztela kolore espezifikoak bilatzeko.
CO2-a usaindu ondoren, eltxo horien begiek uhin-luzera batzuk nahiago dituzte espektro ikusgaian. Bereziki ostalari potentzial batekin lotuta dauden koloreak bilatu eta haiengana zuzentzeko. Hala ere, ikertzaileen ustetan geneek erabakitzen dute eme horiek kolore gorri laranja nahiago izatea. CO2-a usaintzeko beharrezkoa den gene baten kopiaren mutazioa duten eltxoek ez baitzuten kolorea lehenetsi probetan.
Ikerketa honek lagundu dezake eltxoak arrastoan sartzeko metodo hobeak diseinatzen eta baita euren ziztadak ekiditeko estrategiak garatzen.
Dena dela, ez da harritzekoa gizakiok eltxoen gogokoak izatea. Izan ere, intsektu hauek arnasterakoan botatzen dugun CO2-a usaintzeko gai dira, honek euren begiak estimulatzen ditu kolore gorria edo laranja bilatzera eta gure larruazalak kolore horietako seinaleak igortzen dituenez hauen begientzako, gizakiok eltxoen harrapakin errazak bihurtzen gara.
Iturria:Los mosquitos se sienten atraídos por el rojo.
Erreferentzia bibliografikoa:Alonso San Alberto, D., Rusch, C., Zhan, Y. et al. (2022). The olfactory gating of visual preferences to human skin and visible spectra in mosquitoes. Nature Communications 13, e555. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-28195-x
Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez
The post Kolore gorriak ‘Aedes aegypti’ eltxoak erakartzen ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Lorerik ez Trigona erleentzat
Ezagutzen ditugu denok erleak salbatzeko deiak. Zer demontre, nik neuk idatzi dut polinizatzaileen garrantziaz, ez bat, baizik eta bi artikulu. Agian, baina, ez dira sinestarazi diguten bezain babesgabeak. Erle sarraskijaleak baitaude.
1. irudia: Erle-zurgina (Xylocopa latipes) kolore askotariko erleak daude naturan: urdinak, berdeak, gorriak eta beltzak ere. (Irudia: Charles J. Sharp, Wikimedia Commons)Bai. Erle sarraskijaleak. Putre edo hienaren parekoa baina intsektu munduan. Beraz, baditugu alde batetik nektarra eta polena elikagai dituztenak eta, bestetik, sarraskia jaten dutenak. Eta gutxi balitz, dieta konbinatua dutenak ere badaude: polena, nektarra eta sarraskia, ezeri muzin egin barik.
Berez, erleak bizimodu begetarianora aldatutako liztorrak dira, zientzialariek azaltzen dutenez. Ziur aski, liztorren arbaso komuna fitofagoa (landarejalea) bazen ere, erleek polenaz elikatzea beranduago garatu zen. Eta nondik? Seguruenik polenaz eta nektarraz elikatzen ziren harrapakinez elikatzen ziren arbaso harrapakariengandik.
Bada, badirudi zenbait erlek atzerako bidea egin dutela eta bizimodu begetarianotik sarraskiaz elikatzera pasa direla, haien proteina iturri nagusia sarraskia bilakatuta. Meliponini (eztenik gabeko erleak) taldeko zenbait erle, zehazki.
Erleak vs liztorrakEntomologiari begira, Hymenoptera ordenean kokatzen diren intsektuak dira bai erleak bai liztorrak, inurriekin batera. Zelan ezberdintzen dira erleak eta liztorrak, baina?
Anatomikoki, eta besteren artean, liztorrek kortsea eramango balute bezalako gorputz forma izaten dute, erleek, aldiz potoloagoa (biologian ohikoa den moduan, ez denak, ez beti). Hortik etorriko da, agian, erdarazko cinturita de avispa delakoa. Erleak, gainera, iletsuak izaten dira, liztorrak ez bezala.
2. irudia: Liztorren (ezk.) eta erleen (esk.) arteko ezberdintasun anatomiko nagusia sabelaldean dago. (Irudia: WikipedianProlific liztorra eta erlea, Wikimedia Commons, eraldatuak)Eta, aprobetxatuz, ideia bat azpimarratu nahiko nuke: erle guztiak ez dira da burura etorri zaizun hori-beltz iletsu horren tankerakoa. Asko bai, badira hori-beltzak. Baina kolore askotarikoak daude naturan: badira urdinak, berdeak, gorriak ala beltzak. Baita marradunak. Eta distira metalikoa dutenak ere.
Horretaz gain, gutxi gorabehera 20 000 erle espezie daude eta gehienak ez dira erlauntzetan bizi. Erleen gehiengo zabalena (85 % baino gehiago) erle bakartiak dira eta %70 lurpean egiten dute habia. Baina gaitik desbideratzen ari naiz.
Putre-erleak, erle sarraskijaleakKontua da zenbait Meliponini erle sarraskijaleak direla. Eta aldaera ezberdinekoak daude, gainera. Batetik, nekrofago fakultatiboak daude: eskura animali gorpuak badituzte, elikagaitzat hartuko dituzte; bestela, polena eta nektarra bilatu eta baliatuko dute. Talde honetan daude T. pallens eta T. fulviventris, esaterako.
3. irudia: Trigona pallens erle eztengabeak nekrofago fakultatiboak dira, animali gorpuak eskura badituzte, elikagaitzat hartuko dute. (Irudia: Julio Pupim, Flickr)Bestetik, nekrofago hertsiak daude. Trigona espezian baino ez dira topatu, zehazki elkarrengandik oso hurbil dauden hiru espezietan: T. hypogea, T. necrophaga eta T. crassipes. Momentuz, behintzat.
Hiru espezie hauek sozialak dira, hau da, kolonietan bizi dira eta erlauntzak sortzen dituzte. Bi teoria nagusi daude erle nekrofago hauek sarraskia zelan baliatzen duten azaltzeko.
- Noll et al.-ek (1) Hypogea aztertu zuten. Sarraskia hartzen dute gorputik, koloniara eramaten dute eta han erlauntzeko gelaxkatan uzten dute, non eztiarekin nahasten den. Nahasketa hori 14 egunez ontzen da aminoazidoetan eta azukrean aberatsa den pasta moduko bat sortu arte.
- Roubik, Buchmann eta lankideek (2), bere aldetik, bestelako hipotesia dute: erle langile gazteek kontsumitutako sarraskia baliatzen dute sekrezio hipofaringeoak sortzeko, ezti-erleen antzera. Kasu honetan, sekrezio hori litzateke erlauntzaren gelaxketan gordeko litzatekeena.
Edozein dela, badirudi hiru espezie hauek erabat eman diotela bizkarra loreei. Lorez kanpoko nektarioengandik lortzen dituzte karbohidratoak eta ornodunen gorpuengandik proteinak. Noski, galdera bat izan dute zientzialariak polenaz elikatzetik sarraskiaz elikatzera pasa diren erle hauek aurkitu zirenean: zer-nolako papera izan du mikrobiomak?
Izan ere, aldaketa bortitzaz ari gara. Bada, Figueroa et al.-ek kontua aztertu dute eta aldaketa honek sinbionteen ordezkapena ala mikrobiomaren moldapena ekarri zuen argitu nahian, polena bakarrik jaten duten erleen, nekrofago fakultatiboen eta nekrofago hertsien arteko mikrobioma konparatu dituzte.
Eta zer aurkitu dute? Putre-erleek zenbait mikrobio galdu dituztela, beste batzuei heldu dietela eta mikrobio azidofilikoekin asoziazio berriak sortu direla. Sarraskian eta ingurumenean topa daitezkeen mikrobio azidofilikoak, hain zuzen. Erle sarraskijaleek hotzikarak sortzen badizkizute, albiste ona: euri-oihan tropikaletan bizi dira erle-putre hauek. Ikerketa honetakoak, Costa Rican, zehatz mehatz. Albiste txarra: Liztor asiarra ere Asian bizi zen….
Baina tira, laburbilduz, erleak begetariano bilakatutako liztorrak dira eta erle batzuk begetarianismoa alde batera utzi eta haragijale ala orojale barik, zuzenean sarraskijale bihurtu dira. Egun, erle sarraskijaleak eta erle begetarianoak aurkitu daitezke, beraz. Hau guztia gutxi balitz, bi erlastar espezie (Bombus terrestris eta Bombus ephippiatus) ere behatu izan dira sarraskiaz elikatzen.
Bibliografia:Figueroa, L. et al. (2021), Why Did the Bee Eat the Chicken? Symbiont Gain, Loss, and Retention in the Vulture Bee Microbiome. mBio. https://journals.asm.org/doi/10.1128/mBio.02317-21
(1) Noll, F. B., Zucchi, R., Jorge, J. A., & Mateus, S. (1996). Food collection and maturation in the necrophagous stingless bee, Trigona hypogea (Hymenoptera: Meliponinae). Journal of the Kansas Entomological Society, 69(4), 287–293.
(2) Gilliam, M., Buchmann, S. L., Lorenz, B. J., & Roubik, D. W. (1985). Microbiology of the larval provisions of the stingless bee, Trigona hypogea, an obligate necrophage. Biotropica 17:28–31. https://doi.org/10.2307/2388374
Camargo, J.M.F., Roubik, D.W. (1991). Systematics and bionomics of the apoid obligate necrophages: the Trigona hypogea group (Hymenoptera: Apidae; Meliponinae). Biological Journal of the Biological Journal of the Linnean Society, Vol. 44, Issue 1, , 13–39, https://doi.org/10.1111/j.1095-8312.1991.tb00604.x
Rasmussen C, Camargo JMF. (2008). A molecular phylogeny and the evolution of nest architecture and behavior in Trigona s.s. (Hymenoptera: Apidae: Meliponini). Apidologie 39:102–118.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
The post Lorerik ez Trigona erleentzat appeared first on Zientzia Kaiera.
Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte
EHUko ikertzaile talde batek eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat diseinatu du, berotegi efektuaz baliatzen diren egiturez osatuta.
Bi ahoko ezpata da berotegi efektua. Hari esker posiblea da bizia lurrean, behintzat gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Kalkulatzea zaila den arren, zabalduen dagoen kalkuluaren arabera eragin hori ez balego planetaren batez besteko tenperatura -18 °C-ren bueltan ibiliko litzateke. Oreka fin hori apurtu eta demaseko berotegi efektua gertatuz gero, arazoak kontrako norabidean hasi daitezke, klima-aldaketaren sorgin zoroa abiatuz, azken hamarkadetan soberan ikasi dugun moduan.
Eremu geografiko batean klima lagungarria ez denean ere aspalditik erabili izan da efektu hori, negutegien bitartez landareak garaiz kanpo hazteko, bai eta berez ez dagozkien latitudeetan ere. Alabaina, nekazaritza ez da aukeran dagoen erabilera bakarra, gaurkoan hona ekarriko dugun esperientziak agerian uzten duenez: EHUko ikertzaile talde batek berotegi efektuan oinarritutako sistema bat proposatu du eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko.
1. irudia: Iruñean dagoen eraikin bat hartu dute abiapuntutzat. Teilatuan irudikatu dira negutegiak liratekeen moduluak. (Irudia: Gainza-Barrencua et al.)Journal of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, eraikinetan berotegi efektua baliatzen duen egitura bat jartzeak modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien jokabide energetikoa.
Egileek babestu dute eraikinetako ezaugarri askok eragiten dutela beraien energia kontsumoan, baina, halere, normalean soilik klimatizatze sistemei eta eraikuntza materialei erreparatzen zaizkiela. Alabaina, aireztatzen sistemak ere “funtsezko eragina” duela nabarmendu dute.
Eta horri atera nahi izan diote probetxua, hain zuzen. Diotenez, aireztatze sistemek eraikinaren barruan erabilitako airea botatzean bero asko galtzen da. Faktore hau gero eta garrantzitsuagoa da, eraikin berriek isolatze hobea dutelako.
Bide honetan sakontzeko, negutegi baten prototipoa diseinatu dute. Eguzkitik jasotako erradiazioa harrapatuz, negutegi horren barruko airea “modu sinple, merke eta eraginkor batean” berotu nahi dute, EHUk argitaratutako prentsa ohar baten arabera.
Triangelu angeluzuzen baten itxura du proposatu duten negutegiak, eta hegoaldera zuzenduta dago, ahalik eta eguzki erradiazio gehien jasotzeko.
Modu berdinean, kristalak eguzkiarekiko zut egon daitezela saiatu behar dira. Baina hori ez da lan erraza, Eguzkiaren kokapena aldatuz doalako urtean zehar. Egoera horri egokitzeko, angelurik hoberena lortzen saiatu dira. Espainia gehienean tenperatura altuena lortzeko angelurik egokiena 55 gradukoa dela ondorioztatu dute. Alde praktikoari begira, eraikinaren estalduran kokatuta leudekeenez, kristaleria nahi den angeluan jarri daiteke, Eguzkiaren erradiazioa ahalik eta hoberen xurgatzeko.
Negutegi horiek soilik ez dira nahikoak, noski: konbinatu behar dira aireztapen mekanikoko sistema batekin, aire beroa eraikinaren barrura eraman ahal izateko.
Negutegiak prototipoEz pentsa teoria edo simulazio hutsetan geratu direnik: prototipo bat eraiki dute ere. Modularra izanik, zenbait konfigurazio ezberdin probatzeko moduan egon dira, klima desberdinetan duen jokabidea aztertu aldera. Ohartarazi dute aurrezkia zenbait faktoreren araberakoa dela. Logikoa denez, horien artean nabarmenena da eraikina kokatuta dagoen eremu geografikoaren klima bera da.
2. irudia: negutegiak osatzen duten sistemaren konfigurazioa probatzeko prototipo bat eraiki dute Donostian. Halako moduluez osatuta leudeke proposatu dituzten negutegiak. (Argazkia: Gainza-Barrencua et al.)Kokapenei dagokienez, Malaga, Valentzia, Bartzelona, Madril, Iruñea eta Burgos hiriak hartu dituzte erreferentziatzat. Horiek aintzat hartuta, ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte, eta, horretarako, prototipoan hartutako neurketak aintzat hartu dituzte. Simulazio hauen bitartez, eguraldi mota desberdinekin negutegi sistema honek duen portaera aztertzeko moduan egon dira, bai giro eguzkitsua dagoenean bai eta hodeiak daudenean ere.
Sistema hau jarriko litzatekeen tokiaren eta klimaren arabera sortuko zen aurrezki energetikoa aurreikusi dute. Berokuntza gutxi behar duten eremuetan negutegi hauen beharrik ez dagoela ondorioztatu dute, baina eskualderik hotzenetan abantaila nabarmena izan daitekeela babestu dute. Espainiako eremurik hotzenetan ─Burgosen─ urteko eta metro koadroko 38,48 kWh aurrezten direla kalkulatu dute, berokuntzan %58 aurreztuz ─beti ere, sistemaren konfiguraziorik onenaren kasuan─.
Zenbait aldaera edo hobekuntza ere proposatu dituzte, beharren arabera. Adibidez, iradoki dute probetxua atera dakiokeela ere eraikinetik ateratzen den aire kutsatuak duen beroari, hori berreskuratuz.
“Lortu ditugun emaitzek erakusten dute negutegiek modu nabarmenean hobetu ahal dutela eraikinen jardun portaera energetikoa”, laburbildu du Joseba Gainza-Barrencua EHUko ikertzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa:Gainza-Barrencua, M. Odriozola-Maritorena, Rufino Hernandez_Minguillon, I. Gomez-Arriaran (2021). Energy savings using sunspaces to preheat ventilation intake air: Experimental and simulation study. Journal of Building Engineering, 40, 102343. DOI: 10.1016/j.jobe.2021.10234
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #382
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
OsasunaWest eta BioRes ikerketa-taldeek zinta metriko berezi bat garatu dute, adingabeen gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen duena. Gorka Vallejo ikerketa-taldean parten hartzen duen erizaina da, eta bere esanetan, pisua jakitea oso garrantzitsua izan daiteke egoera batzuetan, besteak beste, sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko, eta baita larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar diren jakiteko ere. Bilbo 2019 Zinta izena jarri diote asmakuntzari, eta koloreen arabera antolatu dituzte neurri ezberdinak. Honek, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratzea ahalbidetuko du. Zintaren diseinu-industriala Patente eta Marken Espainiako Bulegoan erregistratu dute, eta zinta Elite Bags enpresak salgai ipini du jadanik. Unai Etxenausiak azaltzen du Berrian: Zinta metriko bat larrialdietarako.
Hegoafrikako ikertzaileek iragarri zuten COVID-19aren kontrako Modernaren txertoaren kopia egitea lortu zutela, Osasunaren Mundu Erakundearen babesarekin. British Medical Journal medikuntza-aldizkari espezializatuan salatu dute Biontech farmazia-konpainia egitasmo hori oztopatu nahian dabilela. Hegoafrikako bi laborategi daude egitasmo horretan: Afrigen eta Biovac. Hasiera batean, Modernaren txerto osoa (mRNA eta injektatzeko gainerako formulazioa) lortzea zen ikertzaile hegoafrikarren helburua, baina orain, formulazio desberdinak probatu nahi dituzte, txerto merkeagoak eta hainbesteko hotza behar ez dutenak lortzeko. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Afrikak COVID-19aren bere txertoa egitea oztopatu nahi du farmazia-industriak.
Maria Blasco biologo molekularra da eta minbizia ikerlerro duen CNIO zentroko zuzendaria da. Berriako Arantxa Iraola kazetariak hitz egin du ikertzailearekin Minbiziaren Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, gaitzari erreparatzeko. Minbizia da herrialde garatuetan gaixotasunek eragindako heriotzen bigarren kausa eta gure gorputzeko zelulen zahartzaroarekin lotuta dago, neurri handi batean. Baina baita ere gizakion zahartzaroarekin. Blascoren esanetan: “Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da, urteak betetzea. Horrez gain, kanpoko hainbat faktorek ere bizkortu dezakete prozesua: tabakoaren keak, kutsadurak… Beraz, zoriak eragina du minbizian, baina probabilitateak handitu egiten dira zaharragoa bazara eta kaltea egiten duten bizi ohiturak badituzu.”
IngurumenaAste honetan, Zientzia Kaierako “Zientzialari” atalean, Idoia Biurrun UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko ikertzailearekin bildu dira. Ikerketa-talde honek landare-komunitateak aztertzen ditu, hau da, landare elkarketak. Biurrunek azaldu duenez, landare-komunitate baten barnean antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareak aurki daitezke, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta dauden landareak. Honen harira, IKERLAND taldeak fitosoziologia metodologia erabiltzen du komunitate ezberdin hauek osatzen dituzten espezieak hobeto ezagutzeko. Sailkapena antzekotasun folistikoak kontuan hartuz egiten dute, hau da, landare-komunitate bat bizi den lurzoruaren materia organikoaren ezaugarrien arabera. Sailkapen hauek garrantzitsuak dira, besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko.
GenetikaOraindik gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz, baina larruazaleko marka hauen patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek. Honetarako, lehenik Han etniako ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu dute. Genoma osoko asoziazio-analisiei esker ondorioztatu dute genomako 18 eskualdeek parte har dezaketela hatz-marken patroi nagusien garapenean. Asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea, alabaina, 3. kromosoman kokatuta zegoen, eta asoziazio hori eragiten zuen gene-aldaera aztertu ondoren, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan. Hau jakinik, ikerketan zehar gizakien enbrioietako geneen aktibitatea aztertu zuten, eta ikusi ahal izan zuten haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoela hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. Astean, berriz, EVI1 genearen aktibitatea gorputz-adarren muturretan detektatu zen, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. Koldo Garcia genetistak azaldu du Zientzia Kaieran: Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen.
PaleontologiaEgiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren harrietan egitura borobil txikiak aurki daitezke. Inguru horietako herritarren legendak dio piramideak eraiki zituzten langileei eroritako dilistak direla. Azalpen zientifikoari entzuten badiogu ordea, argi dago egitura horiek foraminiferoak direla. Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak eta oskol karbonatatu bat dute. Organismoak hiltzen direnean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen dira, eta pixkanaka lurperatu egiten dira. Horrela, denborarekin fosil bihur litezke eta hauek dira, hain zuzen ere, Egiptoko piramideetako harriek dituzten egituratxoak, Nummulites generoko foraminiferoak, zehazki. Izatez, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du. Blanca Martinez geologoaren eskutik Zientzia Kaieran: Harrizko txanponak.
BiologiaZientziaren historian lehen aldiz, gizakiaren eta animalien artean elkarrizketa bat mantentzen saiatuko dira. CETI (Cetacean Translation Initiative) izena du proiektuak eta lehen komunikazio saiakerak kaxaloteekin egingo dituztela argitu dute ikertzaileek. Izan ere, animalia oso argiak dira kaxaloteak, baina horretaz gain, espezie honetako indibiduoek sortzen dituzten soinuak morse kodearen oso antzekoak dira, eta ikertzaileen ustetan, deszifratzeko errazak izan daitezke beste animalia batzuekin alderatuta. Bost urtez kaxaloteen hotsak entzun eta interpretatzen jardungo dute eta, bataz beste, ikerketarako 4 000 milioi “hitz” beharko dituztela kalkulatu dute. Ondoren, adimen artifiziala erabiliz, maiztasun handiz bata bestearen jarraian azaltzen diren “hitzak” erlazionatzen saiatuko dira, ondoren hauen esanahia ulertzeko. Irati Diezek kontatzen du Zientzia Kaieran: Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, maskaren degradazioak arrainen ugalkortasunean eragiten du. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) eta Cádizeko Unibertsitateak zebra arrainen bidez aztertu dute zein den maskara kirurgikoak degradatzerakoan sortzen diren konposatuen eragina. Ikusi ahal izan dutenez, konposatu horiek arrainen geneetan eragiten dute, bereziki, ugalketarekin lotutako geneei. Ugalkortasunari lotutako 40 genetan ikusi zituzten aldaketak. Zehazki, gametoen heltze-prozesuarekin, espermaren eta obuluaren arteko ezagutzarekin eta ernalketarekin erlazionatuta daude gene horiek. Ikertzaileek azaldu dute ugalkortasunaz gain, litekeena dela maskarek arrain-populazioei ere eragitea.
TeknologiaZientzia Kaieran hacking etikoa azaldu dute, eta baita zertarako balioa duen ere. Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara. Ekintza hau sisteman ahultasunak bilatzean datza, erasotzaile batek galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak eragin baino lehen. Horretarako teknika ohikoenak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Bigarrena, sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Hacking etikoak aukera ematen die enpresei eta erakundeei edozein motatako datuak modu seguruagoan kudeatzeko.
FisikaAlemaniako Max Planck Institutuan egindako esperimentu batean, historian lehen aldiz elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute. Dianhidrido perilentetrakarboxiliko molekula erabili da horretarako, eta hura urrezko azalera batean ezarrita, bi laser-pultsu igorri dizkiote. Zientziarako aurrerapen handi bat dela azaldu dute ikertzaileek. Molekuletan elektroien mugimendua jarraitu ahal izatea gakoa bailitzateke edozein erreakzio kimiko ulertu eta kontrolatu ahal izateko. Hala ere, orain arte ez da posible izan, elektroien mugimendua attosegundoen eskalan (segundo bat baino trilioi bat aldiz txikiagoa) ematen baita. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Elektroien mugimendua zuzenean ikustea lortu dute, lehenengo aldiz.
AstronomiaUrte bat doa NASAk bidalitako “Perseverance” rover ibilgailua Marten. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBEA ikerketa-taldea misioan parte hartzen ari da, ibilgailuak Lurrera bidaltzen duen informazioarekin Marteko harriak, geruzak eta hautsa ikertzen. Zehazki, Jezero kraterrean dago “Perseverance”, garai batean sumendia bat egon zen lekuan, baina orain laku bat dago eta bertako harri bolkaniko eta sedimentarioak ikertzen dihardute gaur egun. Argazkiak izaten dira neurketen abiapuntua. “Perseverance”-ko Mastcam-Z-k bereizmen handiko argazkiak ateratzen ditu, eta argazki horietan identifikatzen dituzte ikertzeko interesgarriak izan daitezkeen harriak, geruzak edo hautsak, hauen kimika ikertzeko. Datuak Berrian: Urtebeteko lorratza.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #382 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #387
Hiru dimentsiotako inpresioak orotariko aplikazioak ditu: arma baten piezak eta baita infartua izan duen bihotz batek onera ekartzeko behar duena. How to regenerate a functional heart using 3D printing por Marta Irigoyen.
Birusak berak sortutako heriotzak ez ezik, bestelako gaixotasunei eman ez zaien errekurtso faltagatik ere erantzule da covid-19. Tuberkulosi heriotzak, esaterako, igo egin ziren 2021ean, harmar urtez lehen aldiz. 2019an aurkeztutako txertoa atzeratu egin da. Txertoak inflexio puntua izan daitekeela aurreikusten du eredu batek. Model of new tuberculosis vaccine shows its potential impact and value in South Africa and India Matthew Quaife eta Finn McQuaid.
Material bidimentsionalak ez dira maneiatzen errazak. Zimurrak eta tolesturak oso erraz sortzen dira. Materialen propietate elektroniko izugarriak aldatu egiten dira tolestura eta zimurretan. Angelu magikoko bi geruzako grafenoan aztertu du DIPCk. Deformations of moiré patterns in twisted bilayer graphene
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #387 appeared first on Zientzia Kaiera.
Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169)
Ekologia eta natur zientzietan erabiltzen diren terminoen artean, landare-komunitateen kontzeptua aurki daiteke. Landare elkarteei egiten dio erreferentzia kontzeptuak eta antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareez osatuta daude, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta daudenak.
Landare-komunitateak sailkatzeko fitosoziologia deritzogun metodologia erabiltzen da. Tresna berria da eta bere helburua komunitate desberdinak ezagutzera ematea da, landare-komunitate zehatz bat osatzen duten espezieen identitateaz baliatuz. Komunitate horiek izendatzeko antzekotasun folistikoa (lurzoruaren material organikoa) hartzen da kontuan espezieak hainbat kategoriatan sailkatzeko. Fitosoziologiak espezieen osaeraren araberako antzekotasun maila diferenteak barneratzen ditu.
Sailkapen hauek egitea garrantzitsua da oinarrizko zientzian eta baita zientzia aplikatuetan. Besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko
Landare-komunitateen gaurkotasuna eta etorkizuna ezagutzeko, UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko Idoia Biurrun ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169) appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du?
Duela urte batzuk, zibersegurtasuna gutxi batzuek baino ez zuten kontuan hartzen. Teknologiaren aurrerapenak, mundu osoa uneoro konektatuta egotera ekartzearekin batera, zenbait arrisku ere ekarri ditu. Hainbestekoa da teknologiaren erabilera gaur egun edozein momentutan zibererasotuak izan gaitezkeela; gailu kopuruaren igoerarekin zibererasoen arriskua ere handiagoa izango delarik. Hala ere, komunikazio-sareen segurtasuna hasieratik existitzen den kontzeptu bat den arren, IoT delakoaren (Internet of Things, Gauzen Interneta) izugarrizko bilakaerarekin ezinbesteko tresna bihurtu da.
Irudia: Informazio-bilketa Nmap erraminta erabiliz. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Hacking kontzeptuari buruz asko eztabaidatu da. Ez da erraza denen gustuko definizioa aurkitzea. Batzuen ustez, jokabide maltzur batekin lotuta dago. Beste batzuentzat, ordea, portaera adimentsua eta dibertigarria da. Kontzeptu hau argitzeko Richard Stallmanen iritzia nabarmendu behar da:
“Zaila da hacking-a bezain askotarikoa den zerbaiten definizio soila ematea, baina uste dut jarduera horiek guztiek izaera dibertigarria, adimentsua eta esploratzeko gogoa dutela. Beraz, hacking-ak posible denaren mugak aztertzea esan nahi du, izpiritu dibertigarri eta adimentsu batekin”.
Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman aurkitutako ahultasunez baliatzen da sarbide hori eskuratzeko. Askotan, helburua ondo pasatzea da, erronka gainditzea eta ez dago asmo txarrik.
Sisteman sartzen denean asmo maltzurrekin, cracker kontzeptuari buruz hitz egiten ari gara. Sistemako fitxategiak ezabatzetik informazio sentikorra lapurtzera arte joan daitezke burutzen diren ekintzak. Hala ere, komunikazio-sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara.
Hacking etikoa erasotzaile batek topatu eta exekutatu ditzakeen erasoek sor ditzaketen galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak gertatu baino lehen, sare edo sistema baten mehatxuak, hau da, ahultasunak bilatzeko ekintza bat da.
Hacking etikoa aurrera eramateko, ohikoen diren teknikak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Sarbide-testa sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Bertan, sistemaren aurkako erasoak egiten dira sistemaren ahultasunak aurkitzeko. Teknika honek segurtasun erroreak eta hutsuneak konpontzeko balio du. Gainera, erasoetatik babesteko eta sistemaren ahalmena balioztatzeko ere balio du. Sisteman ahultasunak egotearen arrazoiak hurrengoak izan daitezke, esate baterako, diseinu erroreak, txarto babestutako sareko konexioak, gizakiak sortutako erroreak, pasahitzen erabilera txarra eta abar. Sarbide-testak fase desberdinez osatuta daude, erabiltzen den metodologiaren arabera. Horietako bat PTES (Penetration Testing Execution Standard) metodologia da. Zazpi atal bereizten ditu, eta edozein ingurunetan garatu daiteke, emaitza eraginkorrak lortuz.
Datuen segurtasuna lortu ahal izateko erasotzaileek erabiltzen dituzten metodo berdinak erabiltzea beharrezkoa da sarearen babesa bermatzeko. Hori dela eta, gero eta erakunde gehiagok hacking etikoaz jakitunak diren pertsonak kontratatzen dituzte, beraien segurtasuna ziurtatzeko. Sarbide-testen azkeneko txostenean aurkitutako ahultasun guztiak biltzen dira eta horietako bakoitza konpontzeko irizpideak zehazten dira.
Beraz, hacking etikoari esker, enpresek eta erakundeek edozein motatako datuak (pertsonalak, ekonomikoak,…) modu seguruagoan kudeatzeko aukera dute, eta, horrela, beren jardueraren etorkizuna bermatzeko behar-beharrezkoa den konfiantza irabazten dute. Gainera, beren eguneroko aktibitatea geldiaraz dezaketen zibererasoetatik babesten dira, horrek dakarren mota guztietako kostu handia saihestuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Zibererasoetatik babesteko, hacking etikoaren balioa.
- Laburpena: 2020an, teknologiak bultzatutako gizarte batean bizi gara, eta datuak komunikatzeko sistemak funtsezkoak bihurtu dira gure eguneroko bizitzaren alderdi guztietan. Covid19-k erakutsi digu ezagutzen ez dugunak agertoki eta bizimodu berrietara eraman gaitzakeela, duela hilabete batzuk imajinatu ere ezin genituen lekuetara. Gaur egun, pertsonen, enpresen eta erakundeen arteko harremanak inoiz baino gehiago oinarritzen dira telekomunikazio-sareetan, eta, beraz, zibersegurtasun sofistikatuaren beharra oso garrantzitsua bihurtzen ari da gero eta handiagoak diren zibererasoetatik babesteko. Enpresak eta erakundeak diru kopuru handiak inbertitzen ari dira beren segurtasun zibernetikoan. Egoera horretan, hacking etikoa ohiko tresna bihurtu da behar den segurtasun-maila zehazteko. Hacking etikoaren helburua da sare informatikoetan ahuleziak eta kalteberatasunak aurkitzea, hackerrek sareetan sartzeko eta softwarearen ahuleziak azaltzeko erabiltzen dituzten ezagutza eta tresna berberak erabiliz. Dibulgazio-artikulu honek hacking etikoa zer den, zer onura dituen eta zergatik den beharrezkoa azaltzen du. Hacking etikoari buruzko artearen egoera bat aurkezten du, eta erakusten du enpresek eta erakundeek nola inplementa lezaketen hacking etikoa, sarbide-testetan (Penetration Testing Execution Standard, PTES) oinarritutako metodologia erabiliz.
- Egileak: Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga, Maider Huarte
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 313-326
- DOI: 10.1387/ekaia.21939
Egileez:
Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga eta Maider Huarte EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du? appeared first on Zientzia Kaiera.
Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean
Diziplina anitzetako zientzialariak batu dira baleen hizkuntza deszifratzea helburu duela. Kriptografoak, robotikan adituak, biologoak, hizkuntzalariak…, mende honetako proiektu zientifiko esanguratsuenetako bat izan daitekeen egitasmo batean lan egiteko.
Lehenengo aldiz saiatuko dira zientzialariak gizakia beste espezie batekin elkarrizketa bat izaten, baina hau lortzeko, animaliaren hizkuntza ulertzeaz gain, beren hizkuntza imitatzeko gai izan behar dugu. CETI izena jarri diote proiektuari (Cetacean Translation Initiative) eta baleak aukeratu dituzte ikerketa-eredu modura.
CETI egitasmoak bost urtez kaxaloteen hotsak entzun eta interpretatzeko helburua du. Proiektuak SETI egitasmoa gogorarazten du izen honek, 60ko hamarkadan zibilizazio estralurtarrekin komunikatzeko saiakerak egin zituen proiektua. Kasu honetan Lurreko animalietan jarriko dute arreta, ordea. TED hitzaldi-plataformak finantzatzen du eta kolaboratzaile gisa MIT Massachusetts-eko Institutu Teknologikoa eta National Geographic Society ditu. Adimen artifizialaz baliatuko dira helburu hau lortzeko eta komunikazio-kanal bat eraikitzen saiatuko dira animalien eta gizakien artean, tresna gisa erabiliz ikasketa automatiko aurreratua, hizkuntza naturalaren prozesamendua eta datu-zientzia.
Irudia: CETI egitasmoaren helburua kaxaloteen ahotsak interpretatzea da teknologia aurreratuenen bidez. Ikertzailean Karibean ari dira lanean, Dominikako kostaldearen parean. (Argazkia: Martin Kraut – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Kaxaloteak eredu gisaKaxaloteak (Physeter macrocephalus) zetazeoen barneko odontozeto klasearen barnean sartzen dira; hau da, horzdun zetazeoak. Izatez, kaxaloteak ez dira baleak; zentzu hertsian, balenido ordenak (baleak) lau espezie soilik hartzen baititu barne, baina dena den, balea hitza modu zabalean erabiltzen da zetazeo handi guztiak izendatzeko. Animalia sentiberak dira kaxaloteak. Frogatu ahal izan da animalia hauek askotariko sentimenduak sumatu ditzaketela; besteak beste, errukia, besteekiko lotura edo eta atsekabea. Gizarte matriarkaletan bizi dira eta familia-lotura estuak dituzte beren artean. Gainera, animalia-erreinuko burmuinik handiena dute kaxaloteek, eta gizakion erako ezaugarri intelektual batzuk dituzte, besteak beste, pentsamendu kontzientea, plangintza-gaitasuna edo eta intuizioa.
Ez dago zalantzarik kaxaloteak animalia oso adimentsuak direla, baina zergatik ez aukeratu beste zetazeo bat ikerketarako? Izurdeak adibidez? Edo primateak? Erantzuna animalia hauen berezko bizimoduan eta komunikazio-tekniketan dago. Kaxaloteak distantzia oso handietatik komunikatzen dira bata besteekin ozeanoan, eta, beraz, gorputzeko edo aurpegiko keinuek beren hizkuntzan garrantzi gutxi dutela pentsatzen dute ikertzaileek. Beste animalia batzuetan, primateetan edo txakurretan adibidez, oso garrantzitsuak dira hurbileko komunikazio-mekanismoak. Honetaz aparte, kaxaloteak karraska bidez komunikatzen dira. Beste balea espezie batzuek soinu jarraiak igortzen dituzte, eta halakoek maneiatzeko zailagoak dirudite. Izurdeak, bestalde, soinu mota, doinu eta erritmo oso ezberdinak erabiltzeko gai dira, eta, horrela, hots oso anitz eta zaratatsuak sortzen dituzte. Beraz, hori komunikazio-estrategia konplexuegia da bertatik eredu argi bat lortzeko. Bada, hortaz, praktikotasun kontua ere, eta ezaugarri hauengatik guztiengatik, bereziki interesgarria da espezie hau proiektuaren helburuetarako.
Kaxaloteen hizkuntza ulertzeko lehen ideia Shafi Goldwasser matematikariak izan zuen, Berkeley Unibertsitateko Konputazioaren Teoriaren Institutuko zuzendariak. Behin, kaxaloteen karraskak entzun zituen grabaketa batean, eta morse kodearen antzekoa zela iruditu zitzaion. Ideia polita zela pentsatu zuen, baina konplexuegia agian. Hala ere, David Gruber New York City Unibertsitateko itsas biologoari aipatzeko modukoa iruditu zitzaion, eta azken honi ez zitzaion ideia erabat zentzugabea iruditu. Zentzugabea ez, baina bai oso zaila. Ados jarri ziren, edonola ere, historian lehen aldiz, gizakiak beharrezko erremintak izan zitzakeela beste animalia baten hizkuntza ulertzeko.
Honelako ekintza gogoangarri bat lortzeko, oso beharrezkoa da punta-puntako teknologia, eta baita datu-base ikaragarri bat edukitzea ere. Ikerketa honen lehen fasea, hain zuzen ere, datu-base nahikoa handi bat lortzea izango da. Batez beste, 4 000 milioi “hitz” behar dituztela kalkulatu dute, betiere kontuan izanda ez dakitela oraindik kaxalote baten “hitzak” nola defini daitezkeen. Bigarren fasean, neurona-sareen teknologian eta linguistikan izandako aurrerapenez baliatuta, “hizkuntza-eredu” bat sortzen saiatuko dira. Eredu hauen funtzionamendua haurrek ama-hizkuntza esfortzurik gabe ikastearekin aldera daiteke: nahikoa da ingurukoak entzutea gutxika hizkuntza ikasten joateko. Behin zetazeo hauen soinuekin eratutako datu-base aberats bat izanik, ereduak soinu hauek prozesatuko ditu eta bata bestearen jarraian maiztasun handiz doazen hotsak erlazionatuko ditu.
Arreta handia lortu du proiektu berritzaile honek mundu-mailan, baina denek ez dute partekatzen ilusio bera. Zientzialari batzuek zalantzan jartzen dute CETIk informazio interesgarria plazaratuko duenik. Steven Pinker hizkuntzalaria esperantza gutxirekin azaldu da gai honen inguruan; bere esanetan, jada badakigun jakintza besterik ez da eskuratuko, hau da, kaxaloteek zein diren adierazten dutela beren hotsekin, eta agian emozio- edo alerta-deiren bat noizean behin. Beste ikertzaile batzuek, bestalde, asko espero dute CETI proiektuan lortuko diren emaitzetatik. Georgetown Unibertsitateko Janet Mann ikertzaileak hamarkadak daramatza Australiako izurdeekin lanean, eta proiektu honekin basa-bizitzaren ikerketan urrats aitzindari bat ezarriko dela dio.
Horiek horrela, ez dago argi CETI proiektua arrakastatsua izango ote den, baina gutxienez bide berri bat zabaldu nahi du gainontzeko animaliekin dugun harremana estutzeko bidean. Gizakia ez den beste espezie bat ulertzeko gaitasuna lortzeak mundu-mailako mugimendu bat sortu ahal izango lukeela pentsatzen dute ikertzaileek, naturarekin galdu dugun konexio hori berreskuratzeko balio dezakeena. Baina zientzia-iraultza bat izateaz aparte, naturarengandik ikasten jarraitzeko modu zoragarria da, eta ziur pertsona bat baino gehiago ametsetan utziko duela, noizbait animaliekin hitz egiteko gai izango garen esperoan.
Iturriak:- Martins, Alejandra (2021). ¿Quiere ayudar a descifrar el lenguaje de las ballenas? BBC News, 2021eko azaroaren 30a.
- Martín, Azucena (2021). Hipertextual. Estos científicos están intentando aprender a hablar ‘balleno’. Hipertextual, 2021eko urriaren 27a.
- Sánchez, Carlos Manuel (2022ko). El reto de hablar con ballenas… y otros animales. ABC-XL Semanal. 2022ko urtarrilaren 9a.
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean appeared first on Zientzia Kaiera.
Harrizko txaponak
K.o. I. mendearen hasieran, Estrabon geografo eta historialari greziarrak Geografia bere obra handiaren XVII. liburukia idatzi zuen, eta horren zati handi bat Egipton zehar egindako bidaiari eskaini zion. Baina testu horrek paragrafo bitxi samar bat du:
Piramideen oinean, blokeetatik, horiek moztean, salto egiten zuten harrien zatiak daude, pilatuta. Harri zati horiek beste batzuk dituzte, txikiagoak, dilisten forma eta neurrikoak. Batzuek azalaren erdia kendu zaien garagar aleen forma dute bereizgarri. Diotenez, langileen janaritik geratzen zena harri bihurtu da, eta hori ez da gertagaitza. Izan ere, nire sorterrian, lautada batean, mendixka luze bat dago, dilista itxurako harriz, harri porotsuz, betea.
Estrabonek idatziz utzi zuen piramideak eraikitzeko erabili zituzten blokeetako batzuek zituzten marka biribilek sortu zioten harridura; bere jaioterrian –gaur egun Turkiako iparraldea dena– ikusitakoa gogorarazten zioten. Azalpen baten bila, inguruan bizi ziren egiptoar nekazariek kontatzen zuten istorio ezagun baten berri eman zuen. Piramideak eraiki zituzten langileek jaten zituzten dilistak zirela zioten; izan ere, lantzen ari ziren blokeen gainera erortzen zitzaizkienean, eguzki kiskalgarriak lehortu egiten zituen, eta harkaitzekin urtu egiten ziren.
1. irudia: Nummulites baten oskol fosilaren kanpoko itxura, Galea lurmuturra (Bizkaia). Eskala barra = 2,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)Zalantzarik gabe, legenda polita da, baina bada azalpen zientifiko bat Egiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren arroketan agertzen diren egitura biribildu horientzat. Kasu honetan, organismo oso berezi batzuen hondakin fosilak dira, foraminiferoenak.
Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak, eta ingurune ozeaniko guztiak kolonizatu dituzte, estuarioetatik hasi eta itsas eremu sakonetaraino. Gaur egun, planktonaren osagai nagusietako bat dira, baina badira bizi forma bentonikoa duten, hau da, itsas hondoaren sedimentuaren barnean nahiz gainean bizi direnen espezie asko ere.
2. irudia: Irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako zenbait Nummulites fosilen sekzio ekuatorialak (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) eta sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Bartzelona. Eskala barra = 0,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)Foraminiferoen berezitasun nagusietako bat da oskol karbonatatu bat dutela, beren zelularen nukleoa babesteko. Oskol hori handituz doa organismoa hazten den heinean eta modu berezi batean egiten du gainera, hots, ganbera berriak gehituz. Edo, beste modu batera esanda, alea hazten den bakoitzean espazio huts handiago bat garatzen du haren nukleoa estali ahal izateko. Espazio horri gela ganbera esaten zaio, eta gero eta lodiagoa den trenkada batek bereizten du aurrekotik, baina “foramen” izeneko poro edo zulo txiki batez konektatuta daude biak; hortik datorkio izena talde faunistiko osoari. Errazago azaltzeko, konparazio bat erabiliko dut. Demagun, jaiotzean, gure tamainara egokitutako gela bakar batean bizi garela. Hazten garenean, tamaina handiagoko gela berri bat eraikitzen dugu, gero eta horma lodiagoekin, baina aurreko gelarekin konektatuta beti irekita dagoen leiho txiki batetik. Gainera, agregazio bidezko ganberen hazkunde horren ondorioz, foraminiferoen oskolek askotariko formak hartzen dituzte, dela biribilak, dela luzangak. Eta organismoa hiltzen denean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen da, eta, pixkanaka lurperatu egiten da. Horrela, denbora igaro ondoren, fosil bihur liteke.
3. irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako Nummulites fosil baten sekzio ekuatorialaren (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) xehetasunaren argazkia, Bartzelona. Eskala barra = 0,25 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)Bada, Egiptoko piramideetako harkaitzetan jada desagertuta dagoen Nummulites generoko foraminifero batzuen fosilak daude. Mota honetako aleak oso ohikoak izan ziren Paleozenoaren amaieratik Oligozenoaren hasierara arte, orain dela 59 eta 30 milioi urte bitartean, Mediterraneo osoan garatu ziren itsaso bero eta ez oso sakonetan. Ezaugarri nagusietako bat da disko formako oskol bat garatu zutela, milimetro gutxi batzuetako neurria eta zenbait zentimetrotako diametroa zuena. Beraz, ez da harritzekoa antzinako egiptoarrek fosil horiek harri bihurtutako dilistekin nahastea. Estrabonek aipatutako garagar aleei dagokionez, arrokari eta, beraz, oskol fosilari ezartzen zaion ebakiduraren arabera, ganberen morfologia ikus daitekeelako da: forma azpiangeluzuzena sekzio ekuatorialean (ganberen biribiltze ardatzarekiko perpendikularra) eta forma azpitriangeluarra sekzio axialean (biribiltze ardatzarekiko paraleloa).
4. irudia: “Crema Marfil” arroka apaingarrian gordetako Nummulites baten fosilaren sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Valentzia. Eskala barra = 2 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)Eta antzekotasunekin amaitzeko, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du, generoaren izena bere disko formagatik eman baitzitzaion. Are gehiago, gaur egungo beduinoek “basamortuko dolar” esaten diete fosil horiei.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Harrizko txaponak appeared first on Zientzia Kaiera.
Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen
Jaiotzen garenetik gure hatzek larruazalean bereizgarriak diren tontor eta ildoen patroiak dituzte, hatz-markak deitzen ditugun patroiak, hain zuzen ere. Ez dira denborarekin aldatzen eta, horregatik, XIX. mendetik hatz-markak erabiltzen dira norbanakoak identifikatzeko. Proposatu egin da hatz-markak garatu zirela gauzei heltzen laguntzeko eta azaleren ehundurak sentitzeko. Baina gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz.
Hatz-markak haurdunaldiaren 10. astean hasten dira garatzen eta 14. asterako ezarri egiten da hatz-marken patroi nagusia. Hiru patroi handitan sailkatzen dira hatz-markak, duten formaren arabera: arku, begizta eta kiribil. Hiru patroi horien sorrera azaltzeko hainbat mekanismo proposatu badira ere –esate baterako, azalaren tentsio mekanikoa edo odol-hodiek edo nerbioek ezarritako patroia jarraitzea–, hatz-marken garapenean parte hartzen duten mekanismo biologikoak ez dira guztiz ezagunak. Mekanismo horiek ezagutzeko, hatz-marken patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek.
1. irudia: Hatz-marken patroiak gene-oinarria du. (Argazkia: Carlos Pereyra – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ikertzaileek egin zuten lehengo lana izan zen ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu, Han etniakoak, hain zuzen ere. Genoma osoko asoziazio-analisiak erabilita, ikertzaileek ondorioztatu zuten genomako 18 eskualdeek parte har zezaketela hatz-marken hiru patroi nagusien garapenean. Gero, beste ia lau mila pertsonetan egin zuten analisi berdina eta antzeko emaitzak izan zituzten: aipatutako 18 eskualde horietatik 17 eskualde baieztatu zituzten. Gainera, hatz-markekin erlazionatutako 66 ezaugarri aztertu zituzten eta analisi horietan detektatu zituzten gene-eskualde gehienak jatorrizko analisian detektatutako 18 eskualdeak izan ziren.
Horretaz gain, hatz-marken patroiek korrelazio handia dute ezkerreko eta eskuineko hatzak konparatzen direnean. Orobat, korrelazio handia dago erdiko hiru hatzen –hatz erakuslearen, hatz luzearen eta hatz nagiaren– hatz-marken patroian. Bada, ikertzaileek ondorioztatu zuten korrelazio horiek guztiek gene-oinarri sendoa dutela eta korrelazio horiek eragiten dituzten gene-eskualdeek arestian aipatutako gene-eskualdeekin bat egiten zutela.
2. irudia: Bakoitzak bere hatz-markak ditu. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Egindako analisietan hatz-marken patroiekin asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea 3. kromosoman kokatuta zegoen. Gene-eskualde horretan zehaztu zuten zein gene-aldaera zen asoziazio horren eragilea eta, hainbat metodo erabili ostean, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan.
Gene horrek hatz-marken garapenean duen funtzioa aztertzeko, saguen Evi1 genea aztertu zuten ikertzaileek. Gene horretan mutazio bat izateak eragin zuen saguen hatzen laburtze txikia, bai eta aldaketak hatz-markek dituzten tontorren agerpenean. Gainera, hainbat teknikari esker, ikusi zuten Evi1 genea aktibo zegoela saguaren enbrioiaren gorputz-adarren muturretan eta enbrioiaren garapena aurrera joan zen heinean murriztu egin zela gene horren aktibitatea, hatz-marken patroia definituta gelditzen zenean, hain zuzen ere.
Gizakien enbrioien kasuan antzeko emaitzak lortu zituzten. Haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoen hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. astean EVI1 genearen aktibitatea detektatu zen gorputz-adarren muturretan, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. 13. astean asko murriztu egiten da EVI1 genearen aktibitatea eta 16. astean ez du ia aktibitaterik. Gainera, ikertzaileek zehaztu zuten EVI1 geneak ez zuela inolako harremanik hatz-marketan gertatzen den larruazalaren tolesturekin.
3. irudia: Hatz-markak haurdunaldiaren hirugarren hilabetean garatzen dira. (Argazkia: SeppH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hatz-marken gene-oinarria hobeto ulertzeko ikerketa honetan Asiako ekialdeko eta Europako hainbat populazio ere aztertu zituzten. Guztira, hogeita hiru mila pertsonetan aztertu zuten hatz-marketan kiribilak izatea. Ikertzaileek ondorioztatu zuten 43 gene-eskualdetan kokatzen ziren 105 genek asoziazioren bat zutela hatz-marketan kiribilak izatearekin. 43 gene-eskualde horien eragina ez zen guztiz berdina izan Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan, baina gene-eskualde gehienak bietan detektatu ziren. Hori dela eta, ikertzaileek ondorioztatu zuten Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan oro har berdinak zirela hatz-markekin zerikusia duten geneak. Ikertzaileek aztertu egin zituzten gene horiek eta ikusi zuten gene gehienek gorputz-adarren garapenean parte hartzen zutela baina ez larruazalaren garapenean.
Azkenik, ikertzaileek hatz-marken eta eskuaren ezaugarrien arteko harremana aztertu zuten. Hala, ikusi zuten kiribil formako patroiaren maiztasunak harremana zuela hatz txikiaren luzera osoarekin; eta hatz erakuslearen eta luzearen muturren luzerarekin. Lanaren egileen aburuz, honek indartu egingo luke hatz-marken patroi nagusien ezarpena eta gorputz-adarren garapena mekanismo biologiko berdinen menpe daudelako ikuspegia.
Laburbilduz, hartz-marken patroi nagusia ezartzen duen mekanismo biologikoak harremana du gorputz-adarren garapenarekin, ez larruazalaren tolesturekin. Horren adibide argia da EVI1 genearen funtzioa eta funtzionamendua. Intuizioak esaten digu hatz-markek larruazalaren garapenarekin harremana dutela; baina badirudi gorputz-adarrak garatzeko erabiltzen diren mekanismo biologikoak direla hatz-marken patroiak ezartzen dituztenak. Beste behin ere, biologian ezer ez da dirudien bezain agerikoa eta, horregatik da bizia ikertzea hain liluragarria.
Iturria:Li, Jinxi et al. (2022). Limb development genes underlie variation in human fingerprint patterns. Cell, 185 (1), 95-112.e18. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2021.12.008
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #381
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak ZientzianOtsailak 11 Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna da. Berrian lau emakume zientzialariri elkarrizketa egin diete, eta hauek nabarmendu nahi izan dute oraindik asko falta dela berdintasuna eskuratzeko. Emakume zientzialariek aukera gutxiago dituzte, gutxiago aipatu eta aitortzen da egiten duten lana eta gizartean gutxiago ikusarazten dira. Olatz Arbelaitz, Elixabete Rezabal, Amaia Iturrospe eta Aitziber L. Kortajarena zientzialarien adierazpenak irakur daitezke Egun bakarra ez da aski artikuluan.
Zientzia Kaieran ere emakume zientzialarien nazioarteko egunari erreparatu diote eta apaltasun-araua delako fenomenoa izan dute hizpide. Arau honek neskatoei txikitatik erakusten die beren trebetasunez ez harrotzen, eta, aldiz, mutilei hori egitera animatzen zaie. Apaltasun-arauak etorkizunean ondorio handiak ditu, eta horietako bat da, hain zuzen ere, emakumeak zientziatik baztertzea.
Egunari lotuta Elhuyar aldizkarian ere azaltzen dute kargu garrantzitsuetan ere emakumeen presentzia oso urria dela eta, esaterako, IPCC klima-aldaketa ikertzeko nazioarteko taldeak, adibidez, emakumeen parte-hartzea areagotu behar dutela onartu duela.
MedikuntzaBerrian irakur daitekeenez, paraplegikoak lehen egunetik oinez jartzen dituen teknika bat aurkeztu dute. Suitzako Lausanako Eskola Politekniko Federaleko eta hiriko erietxeko ikertzaileek garatu dute teknika, eta izatez, Epiduralaren Estimulazio Elektrikoaren teknikaren hobekuntza bat da. Azaldu dutenez, beste ebakuntza-teknika batzuk zutabe dortsalerako pentsatuta zeuden elektrodo plakak ezartzen dituzte. Horiek, pultsu elektrikoak bidaltzen dituzte muinera, baina lesiotik beherago, hankak mugitzeko erabiltzen diren giharretara. Teknika berri honek, ordea, hanken eta enborraren mugimenduez arduratzen diren sustrai dortsal guztiak estimulatzen ditu elektrodoen bidez eta lehenengo egunean zutitzen eta ibiltzen hasten dira pazienteak.
SARS-CoV-2arekin nahita infektatu zirenen emaitzak argitaratu dituzte ikertzaile britaniar batzuek. Osasunaren Mundu Erakundeak proposatutako esperimentu bat izan zen, eta boluntario osasuntsuak nahita infektatu ziren SARS-CoV-2 birusarekin, bilakaera ezagutzeko eta ondorioak ateratzeko. Ikusi ahal izan dutenez, birus gutxi nahikoak dira infektatzeko; inkubazio-aldia lau egunekoa da; kasu asko asintomatikoak dira; karga birala altua da, baita asintomatikoetan ere; hasieran eztarrian erreplikatzen da, eta gero sudurrean; eta antigeno-probak bat datoz karga biralarekin. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.
BiologiaNew Jersey estatuko Passaic ibaiaren ertzetan hasi zen Estatu Batuetako iraultza industriala, eta ibai oso kutsatua zen. Ezaguna egin zen Passaic ibaia DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zirelako bertan. Kutsadura guzti hau ibaiaren arroan metatu zen, baina animalia batzuk substantzia kaltegarri hauen eraginpean bizitzeko gaitasuna lortu dute. Hortxe bizi dira, besteak beste, zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugari. Ornodunak ere badaude, Fundulus heteroclitus arraina, adibidez. Ingurune oso kutsatuetan bizitzeak gaitasun bereziak eman dizkio espezie honi. Datuak Zientzia Kaieran: Bizirik irauten dutenak.
Ozeano Artiko Zentrala Lurreko ozeanorik oligitrofikoena da, hau da, elikagai disolbatu gutxien duena. Hala ere, belaki-populazio handiak hazten dira bertan, 24 kg eta 1 m-ko belakiak. Planck Institutuko ikertzaile-talde batek belaki hauen elikadura aztertu du, eta ikusi ahal izan dute belaki hauen dieta jada desagertuta dagoen animalia-komunitate baten arrastoetan oinarritzen dela, fosiletan, hain zuzen. Elikadura-estrategia horrekin, bataz beste 300 urte bizi direla ikusi dute. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Iraganeko animaliez elikatzen diren belakiak aurkitu dituzte Ozeano Artikoan.
EkologiaAitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Lurraren % 30 babesteak desnutrizioa eragin lezake herrialde zaurgarrienetan, tokian tokiko ikuspegiaz egiten ez bada. Biodibertsitate-galera globala geldiarazteko neurri modura, Lurraren % 30 edo % 50 babestea proposatu da. Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek neurri hauen ondorioak ikertu dituzte, eta adierazi dute Asiako hegoaldean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan 200.000 heriotzatik gora eragingo lituzketela. Izan ere, balio ekologiko handiko lur asko gerriko subtropikalaren barruan kokatuta daude, eta, ondorioz, hango nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak murriztea ekarriko luke. Ikertzaileen arabera, biodibertsitatearen galerari hain modu globalean begiratzea herrialde aberatsentzat soilik da onuragarria. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa honetan, ikertzaileek ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa tokian tokiko aldagaiak eta baldintzapen sozialak kontuan hartzea.
GenetikaGure arbasoek utzitako ondore genetikoaz gain, gure bizimoduak ere badu eragina gure osasunean, eta hori ikertzen du, hain zuzen ere, epigenetikak. Bizitzako esperientziek eta ohiturek gure osasunean eragin dezakete: genetikoki gaixotasun bat garatzeko joera baldin badugu, genetikoa ez den kanpoko faktore batek gaixotasun honen garapena piztu dezake. Baina DNAn ematen diren aldaketa epigenetiko hauek itzulgarriak dira, eta beraz, ikertzaileek gaixotasun konkretuekin loturiko aldaketa epigenetikoak ikertzen ari dira; horietako bat, minbizia. Gaur egun, jada badaude merkaturatuta minbizi mota batzuen aurka epigenoman eragiten duten farmakoak, eta mekanismo berdinarekin beste hogei bat farmakoren eraginkortasuna fase klinikoan ebaluatzen ari da. Datuak Zientzia Kaieran: Epigenetika helburu duten sendagaiak.
Klima-aldaketaGure lurraldean uholdeak oso ohikoak dira, baina Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidroingurumeneko Prozesuak talde kontsolidatuko ikertzaileek azaldu dute, klima-aldaketak ohikoago egingo dituela, klima gero eta muturrekoagoa izango baita. Hala ere, gizakiak ibaiarenak ziren eremuak okupatu ditu, eta honek handitu egiten du uholdeak pairatzeko probabilitatea. Uholde lautadak, esaterako, urbanizatu egin dira, eta ubideak kanalizatu. Horren ondorioz, euri ura lurrera jaustean, askoz azkarrago mugitzen da, eta ubidean ur gehiago pilatzen da normalean baino azkarrago. Baina ibai arroez gain, Antiguedadek eta Zabaletak diote lurraldea bere osoan hartu behar dela kontuan, lurzoruak euriaren eraginaren erregulatzaile gisa egiten baitu, eta hau ere erabat okupatu dugu. Arazo hau gaur egun eta etorkizunean saihesteko, beraz, ibaiei beren espazioa itzuli beharko zaie. Azalpen guztiak Berrian: Urak bare direnean aurrea hartu.
IngurumenaEllen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak Coloradoko Estatu Unibertsitatean ikerketa bat jarri zuten abian, ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen zen egur kopurua kalkulatzeko asmoarekin. Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte orain arte lortutako emaitzak, eta, dirudienez, industrializazio aurreko erreketako egun hil kopurua askoz handiagoa zen. Balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara fenomeno ezberdinen bitartez, baina ikertzaileen ustetan, zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zen. Ibaiertzetan pilatutako material naturalek (enbor zatiak, orbelak eta adarrak) ibaiak eraldatzen dituzte, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badute ekosistemetan. Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dutela ikusi da, baina ikerketa asko falta da egur hilaren faltak itsas ekosistemetan duen eragina ezagutzeko. Datuak Zientzia Kaieran: Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe.
TeknologiaFusioa izarretan gertatzen den prozesua da, bi hidrogeno atomo batu eta helioa sortzean datza, hain zuzen. Erreakzio honek energia ikaragarria sortzen du eta zientzialariak aspalditik dabiltza prozesu hau komertzializatu nahian. Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, aste honetan marka erabakigarria lortu dute fusio energia sortzeko lasterketan. Oxfordeko JET laborategian bost segundoz eutsi diote fusio erreakzio bati, eta 11 megawatt energia sortu dute. Azaldu dutenez, JET laborategian duten erreaktorearen imanek ezin dute bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik kudeatu, baina erakutsi dute, saiakera erreaktore ahaltsuago batean eginez gero, emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Fisioak fusioak baino arrisku gutxiago ditu, ez duelako kate erreakziorik sortzen eta tritioa erabiliko dutenez erreaktibo gisa, erradioaktibitate maila apala izango du.
Zientzia esperimentalen irakaskuntzan lan praktikoak jarri behar dira erdigunean. Oro har, ikerketa askok ohartarazten dute eskoletako testuliburuetan dauden ariketek ikerketa-maila oso eskasa eskatzen dutela, eta, orokorrean, ikasleak laborategietan egiten dituzten praktiketan ez dago hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Ikasketa prozesu hau hobetzeko helburua du Arduino mikrokontrolagailua oinarri duen proposamen didaktiko batek. Proiektuak bigarren Batxilergoko Kimika du muinean, hain zuzen ere termokimikarekin lotutako eduki kontzeptualak. Ikasleek kalorimetro elektroniko bat eraiki beharko dute Arduino mikrokontrolagailua erabiliz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #381 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #386
Ektotermoak, haien tenperatura erregulatzeko ez diren animaliak, beroari erantzuna zentralizatzen dute. An ancient stress-related mechanism helps worms keep their cool por Rosa García-Verdugorena.
Zelan jakin dezakegu dinosauroetan dimorfismo sexualik zegoen? Estatistika baliatuta, noski, hutsala ez da, baina. Did male and female dinosaurs differ? A new statistical technique is helping answer the question Evan Thomas Saittaren lana.
LED argi arruntak, (ILED , inorganikoaren I hizkiarekin) oso ondo daude, baina produkzioa ez da jasangarria. Oinarri organikoa dutena, OLED oso garestiak dira aplikazio errealak izateko gauza oso garestiak kenduta (mugikorrak edo gama goi-ertaineko telebistak esaterako). Irtenbidea LED hibridoetan dago (HLED), baina zaila da kolore batzuk lortzea, gorri bizia, esaterako. Badirudi DIPCn molekula biologiko batean aurkitu dutela irtenbidea. Best performing deep-red bio-HLED reported to date
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #386 appeared first on Zientzia Kaiera.
Apaltasun-araua
Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna dugu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedran estereotipo jakin batzuek eragiten duten eraginari erreparatu diogu aurten. Estereotipo hauek neska-mutilek ikasketak aukeratzeko orduan duten efektuari.
“Urtebete geroago” artikuluan adierazten den bezala, diziplina zientifikoak batera hartuta, ez dago alde handirik zientzietako unibertsitate-ikasketak egiten dituzten gizonen eta emakumeen kopuruetan. Doktoretza egiten dutenen ehunekoak ere antzekoak dira. Hala ere, aldea dago mutilek eta neskek hobesten dituzten ikasketa zehatzei dagokienez. Garrantzitsuenak ingeniaritzakoak (askoz mutil gehiagorekin) eta osasun-zientzietakoak (askoz neska gehiagorekin) dira. Eta karrera zientifikoen barruan, emakume gutxiago daude fisikan eta gehiago biozientzietan.
Desberdintasun horien azpian dauden faktoreak ez dira nabarmenak, sotilak dira. Hala, oro har, neskek ez dituzte aukeratzen lehia handia eskatzen duten lanbideak (adibidez, artikulu honetan eta beste honetan dokumentatzen den bezala eta honakoan berrikusita, beste azterlan batzuekin batera). Faktore hori, estereotipo batzuen efektuarekin batera, adibidez, 2012an matematika-ikasketetan gertatu zen aldaketaren oinarrian egon daiteke. Ordura arte matematika ikastea gerora irakasle izatearekin lotzen zen; emakumeen artean ohikoa zen jarduera profesionala. Aldiz, 2012tik aurrera gora egin zuen matematikako profesionalen eskaerak, batez ere, teknologia- eta enpresa-arloko lanpostuetarako. Lan horiei lehiakortasun handiagoa egozten zaie eta matematika-ikasketek erakargarritasuna galdu zuten nesken artean. Erakargarritasun txikiagoa izatea genero-estereotipoen ondorioa litzateke, eta, gainera, indartu egingo lituzke.
Bestalde, badirudi graduondoko ikasketak aukeratzeko lehentasunak, generoaren arabera, ez datozela bat ikasketa zientifiko eta teknologikoak bereiziko lituzkeen balizko banalerro batekin, baizik eta beste faktore batzuen eraginarekin. Horien artean daude ikasketa batzuk eta besteak arrakastaz egiteko beharrezkotzat jotzen den bikaintasun-mailaren itxaropenak. Zenbat eta handiagoa izan ikasketak arrakastaz egiteko beharrezkotzat jotzen den bikaintasuna (hala egozten zaiolako), orduan eta txikiagoa da ikasketa horiek aukeratzen dituzten emakumeen ehunekoa. Eta litekeena da fenomeno hori bera gertatzea graduko ikasketak aukeratzeko orduan.
Dirudienez, hain pertsona “bikaina” izatea beharrezkoa ez den ikasketak hautatzeko nesken joera horrek, haurtzaroan du jatorria, sei urteren bueltan, gutxi gorabehera. Adin horretan, neskak zalantzan jartzen hasten dira mutilak bezain argiak ote diren. Orduan, pertsona “benetan azkarrei” dagozkien jarduerak saihesten hasten dira. Badirudi estereotipo horiek familia-ingurunean eratzen direla, eta haren sorreran «apaltasun-araua» deiturikoak eragiten duela. Arau horren bidez, neskatoei, umetatik, beren trebetasunez ez harrotzen irakasten zaie, eta, aldiz, mutilei hori egitera animatzen zaie. Beraz, oinarri kulturaleko efektua litzateke
Aurreko faktoreei gehitu behar zaie “rolen inkongruentzia” (role incongruity) eta “doitze falta” (lack of fit) deitutakoen eragina. Zientzialari ontzat hartzen diren pertsonen berezko ezaugarriak estereotipikoki maskulinoak diren ezaugarriekin identifikatzean datza (ekintzailetza, lehiakortasuna,…); emakumeei, berriz, ustez gutxiago “apaintzen” dituzten ezaugarriak ematen zaizkie, esaterako, izaera kooperatiboa (taldekoa), batez ere.
Laburbilduz, unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan, nesken hautaketan autopertzepzioari eta beren buruari ematen dioten gaitasunari lotutako estereotipoak jarduten dute. Emakume zientzialarien bizitza akademiko eta profesionaleko hainbat instantziatan jarduten dute, eta bizitza akademikoa garatzeko eta aurrera egiteko aukerak ahultzen laguntzen dute. Eragozpen horiek oztopatu egiten dute emakumeek zientzia- eta teknologia-ikasketa jakin batzuk egitea, eta, beraz, praktikan, ez dituzte gizonen aukera berberak.
Testu honekin batera doan “Apaltasun-araua” bideoak oztopo horien berri eman nahi du. Hauek sotilak badira ere, ez duelako esan nahi ez direla eraginkorrak. Izan ere, Kultura Zientifikoko Katedran uste dugu beharrezkoa dela nabarmentzea ikasketa jakin batzuetarako sarbidean emakumeak mugatzen dituzten faktoreak — horiek edo beste batzuk — daudela. Bakar-bakarrik, muga horiek ezagututa, hauek existitzeari utz diezaioten ekiteko moduan egongo gara. Gaur bideo honen bidez egiten dugu, eta urteko gainerako egunetan ere egiten dugu, Mujeres con Ciencia blogaren bidez. Izan ere, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat urteko egun guztiak baitira zientziaren arloko emakumearen eta neskatoaren egunak.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren argitalpenak:- Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala
- Ez da pertzepzio bat
- Nire alabak ingeniaria izan nahi du
- Nazioarteko egun baterako arrazoiak
- June Almeidaren istorioa
- Apaltasun-araua
The post Apaltasun-araua appeared first on Zientzia Kaiera.
Epigenetika helburu duten sendagaiak
Ezaguna da genetikak gaixotasunen garapenean paper garrantzitsua jokatzen duela. Gure herentzia genetikoak gaixotasun ezberdinak garatzera eraman ahal gaitu. Baina gure arbasoek utzitako ondoretasunaz gain, gure bizimoduak gure osasunean eragiten al du? Bai, noski. Gaixotasunen agerpena eragin dezake? Bai, bizitzako esperientziek eta ohiturek ere gure osasunean eragin dezakete. Herentzia genetikoa eta ingurune-faktoreen artean elkarrekintza ere gerta daiteke. Genetikoki gaixotasun bat garatzeko joera baldin badugu, kanpoko faktore batek (genetikoa ez dena) gaixotasun honen garapena piztu dezake. Nola? Zer gertatu behar da zelula mailan ingurune-faktore batek horrelako aztarna uzteko? Fenomeno epigenetikoa, epigenetika.
Epigenetika terminoa “epi” aurrizkiagatik osatuta dago, grekoz “gainetik” esan nahi duena. Hortaz, epigenetikak genetikaren gainean dagoenari erreferentzia egiten dio. Hau da, geneen eta inguruko faktoreen arteko erlazioari. Epigenetika gizabanako baten fenotipoa finkatzen duen prozesuetako bat da. Gizabanakoen DNA sekuentzia aldatu gabe, mutaziorik sortu gabe, ingurune-faktoreek edota esperientziak aldaketak eragin ditzakete. Aldaketa epigenetiko horiek geneen adierazpena alda dezakete, eta isilik dagoen gene baten adierazpena piztu edo alderantziz, gene baten adierazpena erreprimitu. Gehienetan, ez dugu gehiegi kezkatu behar, aldaketa epigenetikoak itzulgarriak baitira. Gainera, gure bizitzan zehar aldatzen dira eta nolabaiteko orekan mantentzen dira. Hala eta guztiz ere, momentu batean faktore ez-genetiko batek oreka apur dezake, eta eragindako aldaketa epigenetikoak erabakigarri bihur daitezke.
Irudia: Epigenetikak genetikaren gainean dagoenari erreferentzia egiten dio. Hau da, gizabanakoen DNA sekuentzia aldatu gabe, mutaziorik sortu gabe, ingurune-faktore edota esperientziak aldaketak eragin ditzake. (Argazkia: madartzgraphics – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)90ko hamarkadan, faktore ez-genetikoen eta gaixotasunen garapenaren arteko lehenengo erlazioa aurkitu zen. Herri bateko artxiboetan zeuden antzinako datuekin egindako ikerketa epidemiologikoak, gosete eta uzta txarrek biztanleen osasunean eragin iraunkorra zuela ondorioztatu zuen. Ikerketa horretatik aurrera, zientzialariak nutrizio-faktore horietaz gain, osasunean eragina izan ahal duten beste faktoreak eta eragiteko modua ebaluatzen hasi ziren. Ingurune-faktore garrantzitsuenen artean, egoera estresagarriak, drogen kontsumoa eta infekzio biralak daude. Faktore hauen eragina une konkretuetan bereziki garrantzitsua izango da: aldi fetalean, haurtzaro goiztiarrean eta nerabetasunean. Hau da, garatzen ari garenean. Adibidez, eskola-garai gogorra izan duten umeek alkoholismoa, drogen gehiegizko kontsumoa edota beste gaixotasun psikiatrikoak pairatzeko arrisku handiagoa izan ahal dute. Epigenetikak aspaldi ezaguna zen ingurune-faktore kaltegarrien eraginari oinarri biologikoa eman dio. Hori dela eta, mekanismo epigenetikoen inguruko ikerkuntza asko zabaldu egin da, eta gaixotasun konkretuekin loturiko aldaketa epigenetiko bereizgarriak identifikatzen dihardu. Honen adibiderik aipagarriena minbizian topatutako aldaketak dira, biomarkatzaile bezala postulatu direnak, gaixotasunaren diagnostiko zehatzean laguntzeko besteak beste. Baina ez hori bakarrik, minbizian aurkitutako aldaketa epigenetikoek mekanismo honetan oinarritutako farmakoen garapenari ateak ireki dizkiote.
Minbizi mota batzuen aurka epigenoman eragiten duten farmakoak merkatuan daude jada, eta mekanismo berdinean eragiten duten beste hogei bat farmakoren eraginkortasuna fase klinikoan ebaluatzen ari da. Gainera, minbizian aurkeztu duten eraginkortasunari esker, etiologia ezberdinetako gaixotasunen aurkako tratamendu bezala postulatu dira, hots, gaixotasun psikiatrikoen aurka. Bizi dugun osasun krisiari dagokionez, COVID-19aren aurkako borrokan ere epigenetika etorkizun handiko ikerkuntza arloa dirudi. Izan ere, COVID-19aren aurrean sentikorrago bihur gaitezkeen aldaketa epigenetiko batzuk identifikatu berri dira. Hau guztia dela eta, epigenetikaren inguruko ikerketak gero eta interes handiagoa hartzen ari dira, eta tratamendu berriak aurkituko direlako itxaropena piztu egin du.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 40
- Artikuluaren izena: Epigenetika helburu duten sendagaiak.
- Laburpena: Epigenetika hitzak DNA-sekuentzia aldatu gabe aktibitate genetikoan gertatzen den edozein aldaketari egiten dio erreferentzia. Faktore ez-genetikoek (hala nola, infekzioak eta farmakoak) aldaketa epigenetikoak eragin ditzakete, gure genoma osotik zein gene adieraziko diren eta zein ez erabakiz. Hortaz, epigenetika genetikaren eta inguruko faktoreen eta esperientzien arteko lokailua da. Garai erabakigarrietan (garapen fetalean, haurtzaro goiztiarrean eta nerabetasunean) eraginez, faktore ez-genetikoek gure epigenoma ezarriko lukete, deskribatu izan diren 3 mekanismoren bidez: DNAren metilazioa, histonen itzulpen osteko aldaketak eta RNA ez-kodetzaileen eragina. Azken hamarkadetan, epigenetikaren inguruko ikerketa ugari egin dira; gehien aztertu den mekanismo epigenetikoa itzulpen osteko histonen azetilazioa izan da. Azetilazio-asaldurak hainbat gaixotasunen garapenarekin erlazionatu dira. Horren adibiderik aipagarriena minbizia izan da. Horretan oinarrituz, histonen deazetilasen inhibitzaileak (HDACi) minbiziaren kontrako tratamendu gisa postulatu ziren. Gaur egun, lau HDACi daude onartuta minbizi-mota ezberdinen aurkako tratamendurako, eta 20 baino gehiago fase klinikoan ebaluatzen ari dira. HDACi-ek minbizian duten eraginkortasunak beste gaixotasun batzuetan aztertzeko aukera eman du. Gaixotasun neuroendeka- tzaile eta psikiatrikoen konplexutasuna eta tratamendu eraginkorren falta dela eta, HDACi-ak terapia potentzial interesgarri bihurtu dira. HDACi-ek eragile neurobabesle gisa joka dezaketenez, Huntingtonen eta Parkinsonen gaixotasunetan duten eraginkortasuna aztertzen ari da. Asaldura bipolarrean eta eskizofrenian ere aurrera doa HDACi-en ikerketa.
- Egileak: Oihane Martínez-Peula, Guadalupe Rivero Calera
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 11-31
- DOI: 10.1387/ekaia.22188
Oihane Martínez-Peula eta Guadalupe Rivero Calera UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
Guadalupe Rivero Calera Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea da
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Epigenetika helburu duten sendagaiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea
Zientzia esperimentalen irakaskuntza, tradizionalki, ez da esperimentazioan oinarritu azken hamarkadetan. Oro har, zientzialarientzat ohikoena den jarduera, esperimentazioa, eskolatik kanpo egin da eta eskolan egon den kasuetan, praktika-errezetetan oinarrituta egon da.
Praktika-errezeta diogunean, ikasleak pausoz pauso jarraitu beharreko laborategiko esperimentuez ari gara eta, jakina denez, lan egiteko modu hori ez da zientzialarien ohiko jarduna. Azken urteotan, praktika-errezeten bidez lan egiteko modu horretatik aldentzen diren estrategia metodologikoak proposatu dira zientzia-bokazioak pizteko gako gisa. Horien artean, Arduino edo antzeko mikrokontrolagailuen bidez egin daitezkeen lanak interesgarriak dira, bereziki Bigarren Hezkuntzan.
Irudia: Arduino eta Raspberry Pi mikrokontrolagailuak lan esperimentala egiteko baliagarriak izan daitezke. (Argazkia: christoph1703 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Zientzia esperimentalen irakaskuntzan lan praktikoak jarri behar dira erdigunean. Lan praktiko mota desberdinak sailkatzeko hainbat modu proposatu dira literaturan. Historikoki, esperientziak, lan praktikoak eta ikerkuntzak bereizten dira. Esperientziak fenomenoekiko pertzepzioak garatzeko erabilgarriak diren jarduerak dira; lan praktikoak gaitasun praktikoak eta teknikoak eskuratzeko jarduerak dira eta, azkenik, ikerkuntzak ikasleei problemak ebazterakoan zientzialari edo teknologoen gisara lan egiteko aukera ematen dieten jarduerak dira. Sailkapen eguneratuagoen arabera, lan esperimentala honela klasifikatzen da: esperientziak, esperimentu argitzaileak, jarduera praktikoak eta ikerkuntzak.
- Esperientziak, fenomeno fisiko eta kimikoekiko pertzepzioa erlazionatzeko erabiltzen dira.
- Esperimentu argitzaileak. Printzipio eta legeak ilustratzeko erabiltzen direnak dira, ikuspegi konstruktibista batetik fenomenoak interpretatzeko lagungarriak izango direnak. Esperimentu argitzailea irakasleak bakarrik egiten badu demostrazioak direla esaten da.
- Jarduera praktikoak: metodo eta tekniken ikaskuntza-irakaskuntzarako erabiltzen dira, eta baita propietateak neurtzeko ere.
- Ikerkuntzak: ezagutza eraikitzeko erabiltzen diren lan praktikoak dira, zientziaren prozesuak ulertuz eta ikertzen ikasiz.
Ikuspuntu didaktikotik, lau lan praktiko mota horiek interesgarriak eta erabilgarriak dira, baina, maila konplexu eta osatuenean kokatzen direnak praktikoak eta ikerkuntzak dira. Literaturan, bi horiek ikerkuntza txiki izenpean ere aurki daitezke. Jarduera praktikoak prozedura edo trebetasun espezifikoak ikasteko diseinatutako lan praktikoak dira. Oro har, nahiko orientatuta daude. Aldiz, ikerkuntza baten bidez ikasleari beste modu berritzaile batean aurkeztuko zaio egin beharreko lan esperimentala eta eta prozedurak berak planteatzeko moduan aurkeztuko da laborategiko saioa.
Ikerkuntza bat arazo teoriko edo praktiko bati irtenbidea emateko baliagarria izango den lan praktikoa da, zeinetan esperimentu bat edo esperimentu multzo bat diseinatu, garatu, aplikatu eta ebaluatuko den. Ikerkuntza gisa planteatutako lan praktikoen helburu nagusiak bi izaten dira, alde batetik, hipotesiak kontrastatzea, edota ezaugarri eta propietateak aztertzea marko teoriko baten baitan eta, bestetik, zientziaren prozedurak ulertzea.
Oro har, literaturan argitaratutako ikerketetan ohartarazten da testuliburuetan dauden ariketek ikerketa-maila oso eskasa eskatzen dutela, alegia, errezeta huts baten jarraipenean oinarritzen direla. Ikasleak laborategian dauden denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten, datuak deskribatzen eta tresneria erabiltzen ematen dute. Ez dago, aitzitik, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Teoriaren eta praktikaren arteko loturak ia ez dira aipatzen, eta ez da laborategia erabiltzen eduki kontzeptualen ikaskuntza esanguratsua lortzeko.
Ikerkuntza gidatuen bidezko ikaskuntza-irakaskuntzaren alorrean laborategian lan egiteko aukera baliabide aberasgarria da zientzien curriculumean zehaztutako prozedurazko eta jarrerazko edukiak barneratzeko. Hala ere, tradizionalki, laborategiko esperimentazioa praktika-errezetak egitea besterik ez da izan eta, horietan, ikasleak gidoi zorrotz batean idatzitako pausoak jarraitzen ditu zehatz-mehatz eta, hortaz, laborategia den baliabide didaktikoari ez zaio ia etekinik ateratzen. Argi dago zientziaren irakaskuntza derrigorrez esperimentazioari lotua egon behar dela; izan ere, zientzialarien aktibitate prototipikoa da behaketa eta esperimentazioa.
Ikasleek, bereziki Bigarren Hezkuntzan, ikasi behar dute zientzia ez dela egia absolutu aldaezinetan oinarritzen eta behaketa eta gogoeta sakonak behar izaten dira teoria zientifikoetara iristeko. Teoria zientifikoak ez dira irmoak eta, horregatik, teorien ebaluazioa, laborategiko tresna eta instrumentuen erabilpena eta idatzizko txostenen aurkezpen hutsa ez da nahikoa zientzialarien lan egiteko modua ulertzeko. Problemen ebazpen integrala bideratzeko benetako ikerkuntza lanak beharrezkoak dira eta horrela, irakasleak gidari lanak eginez, ikasleak bere ezagutzaren eraikuntza egingo du eta zientziaren ikuspegi tradizionaletik kanpo, lan esperimentalaren garrantzia bereganatuko dute.
Helburu horrekin, erreferentzia bibliografikoan aurkezten da Arduino mikrokontrolagailua oinarri duen proposamen didaktiko bat. Ikerkuntza gidatuan oinarritutako proposamen berritzaile horrek, literaturan aurki daitezkeen beste batzuekin batera, esperimentazioaren bidezko edukien ikaskuntza hobetzeko eta gaitasunen lorpena hobetzeko aurrerapauso bat eman nahi da. Praktika-errezeten egitura desegiteko bidean, azken txostena ez da izango datu esperimentalen bilduma hutsa. Ikerkuntza gidatuaren prozesu guzti horretan zehar ikasleak ikerkuntzaren prozesua zein den ezagutuko dute eta horren bidez zientziaren metodologia barneratu beharko dute.
Proiektuak bigarren Batxilergoko Kimika du muinean, hain zuzen ere termokimikarekin lotutako eduki kontzeptualak. Nagusiki, beroa eta tenperatura landuko dira; izan ere, bi kontzeptuok ikuspuntu zientifikoaren definiziotik ezagutzea ezinbestekoa da erreakzio kimikoetan gertatzen diren energia-trukaketak ulertzeko. Guzti hori egiteko, ikasleek kalorimetro elektroniko bat diseinatu eta eraiki beharko dute, proposatuko zaien arazoari aurre egin ahal izateko, alegia, hainbat erreakzio kimikoren energia-trukaketak determinatzea. Kalorimetro elektronikoa eraikitzeko Arduino mikrokontrolagailua erabili beharko dute. Azken urteotan aski frogatua dago Arduino hardware eta softwarea oso elementu motibagarria dela ikasleentzat eta pixkanaka eskoletan geroz eta gehiago erabiltzen ari dira mota oso desberdinetako gailu elektronikoak eraikitzeko.
Journal of Chemical Education aldizkarian argitaratu den lan honek Kimikako ezagutzen ekoizpenean esperimentazioak duen garrantzia azaleratu nahi da. Horrez gain, proposamen berritzaile bat egin nahi da laborategiko lan praktikoak ikerkuntza txiki moduan bideratzeko. Izan ere, teoriak ez dira sortzen behaketa hutsetik, baizik eta gertakariak deskribatzeko, azaltzeko, eta fenomeno behagarriak proposatzeko gaitasunetik.
Erreferentzia bibliografikoa:Lopez-Gazpio, J. Lopez-Gazpio, I. (2021). Constructing an electronic calorimeter that students can use to make thermochemical and analytical determinations during laboratory experiments, Journal of Chemical Education, 97 (12), 4355-4360. DOI: 10.1021/acs.jchemed.0c00281
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe
Ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen den egur kopurua kalkulatu du ikerketa batek. Egileek susmatzen dute industrializazio aurreko kopurua askoz handiagoa zela, eta horregatik fenomenoak ekosistemetan duen eragina ulertzeko beharraz ohartarazi dute.
Ez da sekretua arazo bat dugula naturaren pertzepzioarekin. Gustuko dugu baso garbiak ikustea, haien barrenean aise paseatzeko modukoak. Pinudiez osatutako baso laukidunak baldin badira, seguruenera artifizialtzat joko genituzke. Baina, bertoko espeziekin osaturiko basoak izanez gero, agerikoa egingo zaigu benetako baso batean gaudela. Egia da udazkenean orbelaren gainean ibiltzean belarrietan hautemandako karraska xume hori zentzumenentzako gozamena dela, baina berez hori ez da biodibertsitate baten bermea. Normalean, ahalik eta baso zikinena izanda, orduan eta naturalagoak izango dira. Bueltan, beste zenbait arazo izango dira guretzako; tartean, suteak izateko arriskua handituko da.
Antzeko zerbait gertatzen da ibaiekin. Badira bereziki itxura txukun eta bukolikoa dutenak, inguruan tarte garbi zabalak dituztenak. Ibaiertz garbi horiek itxura polita ematen diete ibaiei, eta gertu egon daitezkeen giza azpiegiturak uholdeetatik babesteko ezinbestekoak izan daitezke. Baina, oraingoan ere ez, ez dira ez bioaniztasun osasuntsu baten adierazle.
Ibaiertzetan pilatutako material horietako asko enbor zatiak, orbelak eta adarrak dira. Zientzialariek jakin badakite egur puska horiek ibaiak eraldatzen dituztela, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badutela ekosistemetan. Halere, orain arte, gutxitan erreparatu zaio kontu honi.
1. irudia: ibaietan pilatzen denean, egur hilak aldaketak eragiten ditu, bestelako materialen pilaketa abiatuz eta habitat txikiak sorraraziz. (Argazkia: Oscar Nilsson / Unsplash)Gai horretan fokua jarri nahi izan dute Ellen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak, egur horren mugimendua aztertuz. Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) zientzialari hauek mundu osoan ibaietara doan egur kopurua kalkulatzen saiatu dira, eta atera dituzte emaitzen berri eman dute Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.
Abiapuntu gisa, ibaietan zenbat enbor doazen erregistratzen duten herrialdeen datu baseetara jo dute, eta, datu horietan abiatuta, mundu mailako kalkuluak egin dituzte. Orotara, munduko 315 ibaitan dagoen egur emaria zenbatesten saiatu dira —horrelako fenomenoan garrantzi asko ez duten ibaien eragina ere aintzat hartu dute, beharrezko zuzenketak egiteko; kasurako, ia-ia egurrik ez daraman Nilo ibaiarena—.
Egin duten balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara, higadura, ekaitz eta bestelako fenomenoen bitartez. Dena dela, kalkuluetan ziurgabetasun handia dagoela zehaztu dute. Onartu dutenez, benetako kopurua oso tarte zabal batean egon liteke: urteko 316.000 eta 70.000.000 metro kubiko egur artean egon daiteke kopuru erreala.
Baina zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zela uste dute zientzialariek, eta hori arazo bat izan daitekeela ohartarazi dute. “Mende bat baino gehiagoz, gizakiok egur-jauzia eraldatu eta eten dugu”, azaldu du Wohlek prentsa ohar batean.
Hau publiko zabalean asko ezagutzen ez den arren, adituek aspalditik ezagutzen dute egurraren mugimenduak ekosistemetan duen balioa. Azaldu dutenez, 1970eko hamarkada baino lehen baso primarioetako egur hila zabortzat hartzen zen, baina hamarkada horren bueltan zientzialariak hasi ziren konturatzen fenomenoaren garrantziaz.
Askotarikoa da eragina. Adibidez, ibaietan egurra metatzen denean buxadurak sortzen dira, harea eta legar pilaketak abiatuz. Eta horiek, noski, eragin bat dute ibai ekosistemetan, batez ere landare eta animalientzako habitat txikiak sortzen dituztelako. Bestetik, jakina da ere egurra hein handi batean ekosistema askoren abiapuntu energetikoa dela, pixkanaka bertan jasota dagoen karbonoa askatzen delako.
2. irudia: itsasora iristen denean ere, egurrak eragin bat duela nabarmendu dute. Besteak beste, hondoratzean, zenbait organismoren garraioa ahalbidetzen du. (Argazkia: Andy Hutchinson / Unsplash)Ibaiertzetan ez ezik, antzeko zerbait gertatzen da hondartzetan ere. Baina horren eragina ez da hor gelditzen, eta itsas hondoetara iristen da ere. “Jitoan doan egurra urperatzen denean, koral uharri baten modukoa da”, adierazi du Wohlek, egur hori bizidun askorentzako aterpe dela azalduz. Bioaniztasun puntu beroak sortzen laguntzen dute.
Are gehiago, egin diren azterketa genetikoek erakutsi dute lotura bat dagoela itsas hondoan bizi diren muskuiluetako mikroorganismoen eta egurrean dauden ur gezako organismoen artean. “Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dute, eta horrek iradokitzen du hondoratutako egurra iturri horietako organismoen moldaera ebolutiborako akuilu izan dela”, argudiatu dute zientzia artikuluan, berariaz lotura hori ikertu duen beste artikulu bat aipatuz. Horrez gain, zenbait mikroorganismoren garraiobide gisa funtzionatzen du egurrak, bai ibaietatik itsasoraino zein itsasoaren azaletik hondoraino.
Gaur egun zenbat egur mugitzen den kalkulatzea zaila bada, are zailagoa da jakitea industrializazio aurreko garaietan zenbatekoa zen. Baina, hainbat faktore kontutan izanik, egileek uste dute askoz gutxiago dela oraingoa, hein handi batean gizakiok egur emari horiek eten ditugulako. Faktore horietako bat da mundu osoan barreiatuta dauden presek egur emari hori eragotzi dutela. Hasieran aipatu dugun ibaiertzen garbiketa ere beste arrazoietako bat da. Bestetik, deforestazioak zuhaitzen kopurua gutxitu duela diote. Azken honen inguruan datu esanguratsu bat bailatu dute: industrializazio aurretik lur masen %40 basoez beteta zeudela kalkulatzen da, baina orain kopuru hori %28 baino ez da.
Dena den, arazo nagusia bere horretan mantentzen da: herrialde askok ez dituzte urtegietatik erauzitako egur kopuruaren gaineko datuak, eta horrek inpaktuak kalkulatzea eragozten du. Datu hobeagoak lortze aldera, proposamen bat egin dute: egur zatiei irrati bidezko transmisoreak jartzea, horien jarraipena egin ahal izateko. Hain justu, biologoek zenbait animalia espezierekin baliatu ohi duten teknika bera erabiltzea. Modu horretan aukera izango lukete hildako egur horrek ibaietan zehar egiten duen ibilbidea zehazteko. Teledetekzioan egiten ari diren hobekuntzak ere lagungarriak izango direlakoan daude.
Dena dela, onartu dute haien ikerketaren helburuetako bat dela arazoaren inguruan arreta erakartzea, irtenbideak bilatu ahal izateko. Izan ere, ezagutzen ditugun arazoak arazo bat dira, baina ezagutzen ez ditugun arazoak are kezkagarriagoak izan daitezke.
Erreferentzia bibliografikoa:Wohl, Ellen & Iskin, Emily A. (2021). Damming the wood falls. Science Advances, 7 (50), eabj0988. DOI: 10.1126/sciadv.abj0988
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizirik irauten dutenak
New Jersey estatuko Paterson hirian hasi zen Estatu Batuetako garapen industriala, herrialdeak independentzia lortu eta gero. Passaic ibaiaren ertzean kokatu zen industria, hasiera-hasieratik oso kutsagarria izan dena, eta horren ura erabili zuen, baita emariaren heren bat ere zenbait momentutan.
Hasiera-hasieratik oso industria kutsagarriak izan dira Passaic ibaiertzekoak: galdategiak, pintura fabrikak, substantzia kimikoen fabrikak, enpresa farmazeutikoak eta zurrategiak, besteak beste. Helburu askotarako erabiltzen zituzten azido sulfurikoa, artsenikoa, berun azetatoa, kromoa, merkurio nitratoa eta, berrikiago, bifenilo polikloratuak, PCB ospetsuak.
1. irudia: Passaic ibaia. (Argazkia: Pixabay – Pixabay lizentziapean)Newark hiriko Diamond Alkali enpresaren lantegian jatorriz ongarriak ekoizten zituzten animalien hezurrak erabiliz. 1940an, DDTa ekoizten hasi zen, egun mundu osoan debekatuta dagoen intsektizida bat. Geroago, herbizidak ekoiztu zituen, artean hostoak galarazteko agente laranja ezagunaren 2,6 milioi litro. Ezaguna egin zen DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zituela Passaic ibaira. Lantegiaren ekoizpeneko hondakinen artean dioxinak zeuden, toxikotasun handiko substantzia batzuk. Cory Booker senatari estatubatuarren hitzetan, lantegi hori New Jerseyko krimen eszena handiena izan zen.
Passaic ibaian behera, Atlantikorako bidean, Arthur Killen, Newarkeko badiaren ostean dagoen marearteko itsasarte batean, New Jersey eta Staten Island (New York) artean, ehunka itsasontziren hondakinak daude. Horietako askok kosta horietako faunarentzat toxikoak diren substantziak dituzte oraindik zamategietan eta tangetan.
Industria jardueraren goreneko urteetan Passaic ibaiaren arroan metatu ziren substantzia kaltegarriek sortutako kutsaduraren eraginpean bizitzeko gai diren zenbait animalia badaude, hala ere. Han bizi diren zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugariak kutsagarriz beteta dauden sedimentuko partikula organikoez elikatzen dira. Karramarro urdinak ere badaude. Horietako bakoitzak dioxina kopuru nahikoa du jaten duenari minbizia eragiteko.
Fundulus heteroclitus arraina ere ondo bizi da kutsadurarekin, oro har ingurumen-baldintza zailak jasaten baititu. Gai da ur gezan eta gazian bizitzeko eta garatzeko, eta tenperatura-tarte zabal batera egokituta dago. Negua iristean eta tenperatura asko jaisten denean, lohian sartu eta baldintzak hobetu arte geratzen da atera gabe. NASAk espezie horretako arrainak bidali zituen espaziora, grabitate gabe igeri egiteko gai diren jakiteko. Eta badira gai. Are gehiago, gametoak askatu zituzten. Oso leku kutsatuetan bizi diren espezie horretako izakiek gainerako arrainek baino substantzia kutsatzaileen kontzentrazio handiagoak jasaten dituzte, Newarkeko badian kasu. Fundulusek duela hamarkada gutxi lortu dute oinarri genetikoa duen gaitasun hori. Biologook “eboluzio azkarra” deitzen duguna izan dute.
2. irudia: Fundulus heteroclitus arraina. (Argazkia: Brian.gratwicke – CC BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikipedia)Ez dago gizakiek bezala planeta hain sakonki eta erradikalki eraldatu duen beste espezierik. Mendiak lautu, ibaien ibilgua aldatu, haranak eta sakonuneak bete, kostaldearen lerroa eraldatu eta paisaia birmoldatu ez ezik, landareak eta animaliak ere aldatu ditugu beraiekin milioika pertsona elikatu ahal izateko. Gainera, erabateko hondamendi ekologikoak eragin ditugu, eta horiekin ekosistema osoak aldatu edo goitik behera suntsitu ditugu. Baina, harrigarria bada ere, espezie batzuek lortu dute giza ekintzaren efektuari aurre egitea, baldintza hilgarrietara egokitzea eta inor gutxik lortzen duen lekuetan bizitzea. Horiek dira edozertatik bizirik ateratzea lortzen duten bakarrak.
Iturria:Flyn, Cal (2021). Islands of Abandonment: Life in the Post-human Landscape. William Collins.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Bizirik irauten dutenak appeared first on Zientzia Kaiera.