Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 30 min 47 sec ago

Urpekarien gaitza

Thu, 2017/02/09 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Itsas ugaztunek oso ondo egiten dute urpean igeri. Baina salbuespenak dira ugaztunen artean, ugaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila baita. Ugaztunen birikek ezin dute uretatik oxigenorik erauzi, bistakoa da hori. Baina, horrez gain, oxigenoarekin zerikusirik ez duten bestelako arazoak ditugu ugaztunok urperatzen garenean. Horietako bati urpekarien gaitza deitzen zaio, eta horixe izango da, hain zuzen ere, ondoren azalduko dugun kontua.

Nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Oxigenoa erregarri gisa erabiltzen dugu metabolismoan eta arnas sistema erabiltzen dugu hura eskuratu ahal izateko. Nitrogenoa, berriz, geldoa da; ez dugu behar eta ez dugu ezertarako erabiltzen. Ohiko egoeran, arnasten dugun nitrogenoaren zati txiki bat bakarrik pasatzen da odolera, eta zati txiki hori disolbaturik igarotzen da. Baina urperatzean, presio atmosferikoaren ordez presio hidrostatikoak eragiten ditu gasen mugimenduak eta, horren ondorioz, presio handien pean daude biriketako barrunbean dauden gasak, sakoneraren arabera presioa handitu egiten baita: 10 metroko 1 atm handitu, izan ere. Beraz, itsas azalean dagoena (atmosferari dagokiona) 1 atm-koa bada, 2 atm-koa da 10 metroko sakoneran, eta neurri horren arabera handitzen da hortik behera.

Irudia: Urpekarien gaitza azkar azaleratzeagatik sortzen diren nitrogeno-burbuilek eragiten dute.

Ikus dezagun orain zein den urpekariek aurkitu dezaketen arazoa. Presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen [1] nitrogenoaren presio partziala ere handitzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Harturiko nitrogeno hori bertan geratzen da, odolean eta barne-fluidoetan disolbaturik. Baina urpekaria itsas azalera itzultzen denean, jaitsi egiten da presio hidrostatikoa eta, horrekin batera, baita biriketan dagoen gasen presio partziala ere. Odol eta barne-fluidoetan disolbaturik zegoen nitrogenoa biriken barrunbera itzultzen da jaiste horren ondorioz eta, gero, biriken barrunbetik kanporatzen da.

Arazo larriak sor daitezke, hala ere, urpekaria arinegi igotzen bada. Arinegi igoz gero, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera. Egoera horretan gas-nitrogenozko burbuilak sor daitezke gorputz-fluidoetan, eta kalte larriak eragin ditzakete. Izan ere, nitrogenozko burbuilek nerbioak estutu ditzakete, arteriak, zainak eta linfa-hodiak buxatu, eta, halaber, erreakzio kimiko kaltegarriak eragin odolean.

Esan bezala, urpekariei gerta dakiekeen arazo larria da hori, eta horretxegatik deitzen zaio “urpekariaren gaitza”. Baina itsas ugaztunei ez zaie horrelakorik gertatzen, nahiz eta oso arin urperatu eta azaleratu. Itsas ugaztunek urpekarien gaitza ez pairatzearen arrazoia ez dago guztiz argi, baina badirudi urperatu baino lehen birikak hustu egiten dituztela. Horrela jokatuz, biriken barrunbean ez da nitrogenorik geratzen (oxigenorik ere ez) eta, biriketan ez badago, ez da odolera iragaten, eta odolean ez dagoen nitrogenoak ezin burbuilarik sortu.

Itsas txakurrei dagokienez ez dago zalantzarik: frogaturik dago urperatu aurretik birikak husten dituztela. Baleen kasuan, berriz, ez dago horren argi, baina haien birikak oso txikiak dira eta argi dago urperatzean berehala kolapsatzen direla. Kolapsaturik egonik, ez da ezer geratzen birika-barrunbean.

Baina birikak hain arin kolapsatzen badira, nondik ateratzen dute itsas ugaztunek arnas egiteko behar duten oxigenoa? Hori, hurrengo atalean ikusiko dugu.

Oharrak:

[1] Arazo honi dagokionez, berdin da aire konprimituaz beteriko botilatik harturiko airea den edo biriken barrunbean dagoena den.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Urpekarien gaitza appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezin zigarroa erabat itzali

Wed, 2017/02/08 - 09:30
Amaia Portugal Hirugarren eskuko kea esaten zaio tabakoak altzari edo alfonbratan uzten duen poluzio arrastoari, eta haren albo kalteak ez dituzte gehiegi ikertu orain arte. Berkeley Laborategian egin duten lan batean ondorioztatu dutenez, kutsadura mota hori jasaten duten sagu jaioberriek ohi baino pisu txikiagoa dute, eta zelulen garapenean gorabehera handiak izaten dituzte, kasu honetan txikienek zein helduagoek.

Fabriketako tximinien eta autoen isuriak, ondoan dugun lagun erretzaileak botatzen dituenak… Bigarren eskuko kea deitzen zaie horiei guztiei, eta asko ikertu da osasunari egiten dioten kaltearen inguruan. Besteak beste tabakoaren albo kalte horiek direla medio, gaur egun, ezin da tabernatan erre, eta gero eta gehiago hedatzen ari da autoan erretzeko debekua, batez ere bidaideen artean haurrak baldin badaude.

Tabakoak baditu beste albo kalte batzuk, ordea: bigarrenarekin nahikoa ez, eta hirugarren eskuko kea ere oso kontuan izan behar dela iradokitzen dute gero eta ikerketa gehiagok. Zigarroa itzali eta gero hor jarraitzen duen kutsaduraz ari gara; esaterako, altzari edo alfonbratan geratzen den poluzio arrastoari buruz.

Saguekin egindako ikerketa batean, hirugarren eskuko keak ondorio txarrak badituela egiaztatu du Berkeley Laborategiko (Kalifornia, AEB) talde batek. Hiru astez hura jasaten duten sagu jaioberriek ohi baino askoz ere pisu txikiagoa hartzen dutela ikusi dute. Gainera, sagu gaztetxoenen zein helduagoen zelulen garapenak gorabehera handiak izaten ditu, tabako partikulak dituzten oihalez inguratuta egonez gero. Hala azaldu dute, Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

1. irudia: Pin Wang eta Antoine Snijders, lan honetako ikertzaileetako bi. (Argazkia: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory) | 1. irudia: Pin Wang eta Antoine Snijders, lan honetako ikertzaileetako bi. (Argazkia: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory)

Azken urteotan Berkeley Laborategian bertan egindako zenbait ikerketatan hasiak ziren hirugarren eskuko keari susmo txarra hartzen. Izan ere, airean dagoen ozonoarekin eta azido nitrosoarekin kontaktuan jarrita, nikotinak aerosol organiko oso meheak eta minbiziaren eragile izan daitezkeen konposatuak sor zitzakeela ikusi zuten ikerketa batean. Beste lan batean, aldiz, giza eta saguen zelulatako desoreka genetikoarekin lotu zuten hirugarren eskuko kea.

Kasu honetan saguekin, eta batez ere sagu jaioberriekin, egin dute lan, baina ateratako ondorioak gizakientzat ere baliagarriak izan daitezkeelakoan. “Susmoa genuen gazteenak zaurgarriagoak izango zirela, immunitate sistema heldu gabe dutelako, baina ez genuen hori frogatzeko ebidentzia garbirik. Hemen ikusi dugunez, sagu jaioberriek pisua har dezaten eragozten du hirugarren eskuko keak, baina ez du halako eraginik heldu gazteetan”, adierazi du Bo Hang artikuluaren egile nagusiak.

Zehazki, bi adin tartetako saguak baliatu dituzte esperimentu honetan: jaiotzetik hiru astera artekoak (jaioberriak) eta 12 eta 15 aste artekoak (heldu gazteak); arrak zein emeak, artikuluan azpimarratu dutenez. Tabakoz kutsatutako bost zentimetro karratuko oihal puskak jarri zituzten horietako batzuen bizilekuetan, eta beste batzuenean ezer ez, alderaketa egiteko. Gorputzaren pisuan eta sistema hematopoietikoan, hiru asteren buruan, saguek jasandako aldaketei erreparatu zieten bereziki.

2. irudia: Tabakoz kutsatutako oihal puskak jarri dizkiete saguei. (Argazkia; Sinadura: © 2010 The Regents of the University of California, through the Lawrence Berkeley National Laboratory)

Pisuari dagokionez, hirugarren eskuko kea hartu zuten sagu jaioberriak nabarmen arinagoak ziren, adin bera izan eta halako kutsadurarik jasan ez zutenekin alderatuta. Esperimentua bukatutakoan, aste gutxi batzuk aski izan zituzten zegokien pisua hartzeko. Sagu helduen kasuan, aldiz, ez zuten pisuarekin lotutako desberdintasunik antzeman kutsatuen eta ez kutsatuen artean.

Zelulen garapenari erreparatuta, ordea, hirugarren eskuko kearen kalteak askoz ere nabarmenagoak izan ziren, adin talde batean zein bestean. Esaterako, kutsatutako saguek ohi baino plaketa kopuru txikiagoa zuten, baina bolumen (plaketa bakoitzaren batez besteko tamaina) nabarmen handiagoa; infekzio batetik eratorritako hantura prozesuetan gertatzen da konbinazio hori, adibidez. Gainera, globulu zuri mota batzuetan kopuru oso handiak zituzten: eosinofiloetan, sagu jaioberrien kasuan; neutrofiloetan, eme helduei dagokienez; basofiloetan, ar helduek; eta B zeluletan, oro har.

Jian-Hua Mao ikerketaren arduradunak azaldu bezala, “globulu zuri mota horiek guztiek zerikusia dute hanturarekin eta alergia erreakzioekin. Eta ondorioek bere horretan jarraitu zuten, esposizioa bukatu eta gero ere. Aldaketek hamalau aste iraun zuten, gutxienez, sagu jaioberrien taldean, eta bi aste, helduei dagokienean”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bo Hang et al. Early exposure to thirdhand cigarette smoke affects body mass and the development of immunity in mice. Scientific Reports 7, article number: 41915 (2017). DOI:10.1038/srep41915.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ezin zigarroa erabat itzali appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ikur matematikoen jatorria

Tue, 2017/02/07 - 09:00
Raúl Ibáñez Hizkuntza matematikoa egunero elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntzaren parte diren letrek eta zenbakiek osatzen dute, baina, era berean, zientzia horrek berezko dituen ikur matematiko ugari ere badira. Ahalik eta sinpleen izan behar duten ikur horien helburua zera da: hizkuntza matematikoa hizkuntza jakin bati lotuta ez dagoen eta planetako edozein pertsonak uler dezakeen hizkuntza unibertsala bihurtzea, pertsona horiek hizkuntza edo bizilekua edozein izanda ere.

1. irudia: Alejandro Guijarro argazkilariaren irudia. Stanford 1 izenburua duena, 2012. urtean egina.

Ikur matematikoek, gure kulturako beste edozein osagaik bezala, historia propioa dute, gurea ere badena, hots, gizadiarena. Gaurko artikulu honetan, gure eguneroko hizkuntzaren parte diren oinarrizko ikur matematiko batzuen jatorria aztertuko dugu: lau eragiketa aritmetiko nagusiak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) eta “berdin” zeinua.

Harrisek ipuinari buruzko teoria bitxi bat zuen. Haren ustez, ipuina eragiketa aritmetiko bat baino ez zen. Ez zifren arteko eragiketa bat, jakina, maitasunaren, gorrotoaren, itxaropenaren, desiraren, ohorearen eta antzeko osagaien arteko batuketetan eta kenketetan oinarritutakoa baizik. Abraham eta Isaaken istorioa, adibidez, errukiaren eta aita-semeen arteko maitasunaren batuketa litzateke. Evarena, aldiz, kenketa argia izango litzateke: Jainkoarekiko maitasuna ken munduarekiko maitasuna. Horrez gain, Harrisen arabera, batuketek amaiera zoriontsua duten ipuinei bide eman ohi diete. Kenketetan oinarritutakoek, ordea, amaiera tragikoa izan ohi dute (Obabakoak, Bernardo Atxaga, 1988).

+ (batuketa) eta – (kenketa) ikurrak

+ (plus) eta – (minus) ikurrak liburu inprimatu batean erabili ziren lehendabiziko aldiz, Leipzigen 1489an argitaratutako Johannes Widman (1462-1498) matematikari alemaniarraren Mercantile Arithmetic, edo Behende und hubsche Rechenung au allen Kau manscha obran, hain zuzen. Hala ere, Widmanek ez zituen + eta – ikurrak batuketa eta kenketa eragiketa aritmetikoen sinbolo gisa erabiltzen, baizik eta testuan aztertzen diren merkataritzako praktiken testuinguruan, salgaien gehiegikeria edo gabezia adierazteko, adibidez, upelen pisuari zegokionez. Irudi honetan “4 + 5” (“4 centner + 5 pfund” esanahiarekin) edo “5 – 17” (“5 centner – 17 pfund” adierarekin) irakur daiteke, non “centner” eta “pfund” pisu-unitate alemaniarrak diren, eta “centner” bat 100 “pfund” diren eta, aldi berean, 50 kilogramori dagokien.

2. irudia: Johannes Widmanen Mercantile Arithmetic (1489) liburuan inprimatutako + eta – ikurren lehen agerraldia.

Van der Hoeke (XVI. mendea) matematikari herbeheretarraren aritmetikako liburua + eta – ikurrak eragiketa aljebraiko gisa ageri diren lehen argitalpen inprimatua dela esan ohi da, 1514ko obratzat jo izan delako, baina egiatan 1937an argitaratu zen (1514ko data 1944ko edizioarekin lotutako akats bat da). Florian Cajorik aipatzen duen bezala, ikur horien adiera aljebraikoa aintzat hartu zuen lehen argitalpen inprimatua Henricus Grammateus (1492-1525 inguruan) matematikari alemaniarraren Ayn new Kunstlich Beuch (1518) aljebra eta aritmetikako liburua da.

Hala ere, hura ez da + eta – ikurren lehen agerraldia, dagoeneko latinez eta alemanez idatzitako XV. mendeko azken hogei urteetako Alemaniako zenbait eskuizkributan topa daitezkeelako. Dresdeko Liburutegian bada eskuizkribu bilduma bat (MS C80), eta bertan, agian lehendabiziko aldiz, + eta – ikurrak ageri dira. Widmanek eta Grammateusek eskuizkribu horiek ezagutzen zituzten.

3. irudia: Dresdeko Liburutegiko 1486. urteko MS C80 latindar eskuizkribuetako 350. eta 352. orrialdeak, non plus eta minus ikurrak bi eragiketa aljebraikotan ageri diren.

+ ikurraren gurutze forma latindarra eskuizkribuetan “et” juntagailua, hots, “eta” konjuntzioa batuketa adierazteko erabiltzearen emaitza da; alde horretatik, gaur egun oraindik ere “bi eta bi lau dira” esaten dugu. + ikurra “et” juntagailuaren laburdura bat da, izan ere, ikertzaile batzuek testu latindarretan “et” terminoaren ehun laburduratik gora zerrendatu dituzte, eta haietako bat + gurutzea litzateke (“t” letraren idazkera irudikatu dezagun). 1417ko lehen eskuizkribu horietako batean + gurutze bat ageri da, baina marra bertikala atzerantz etzanda duela.

Baliteke Nikolas Oresmekoa (1323-1382) matematikariak 1356 eta 1361 urteen artean idatzitako Algorismus proportionum obra izatea + ikurra eskuizkribu batean agertu zen lehen aldia. Hala ere, litekeena da + ikurra jatorrizko obran egon ez eta beranduago kopiagile batek idatzi izana.

– ikurraren jatorria zalantzazkoagoa da; izan ere, badira hura azaltzen saiatzen diren teoria ezberdinak. Haietako batek planteatzen du jatorria hau izan daitekeela: merkatariek salgaien pisu osotik tara (denbora luzez “minus” esan zitzaiona), hots, produktuaren ontziaren pisua bereizteko erabiltzen zuten barra horizontala. “Minus” hitzaren laburdura ere izan daiteke. Beste teoria baten arabera, Diofano Alexandriakoa (III. mendea) matematikari greziarrak “minus” adierazteko erabili zuen ikurretik erator daiteke; jatorrian goiko partea moztuta duen alderantzizko psi bat zen, zeinuaren antzekoa, baina marra bertikal batek alboko bi lerroak zeharkatzen zituen, eta forma horretatik “t” larri moduko bat eratorriko zen, oina galtzean – ikurrari bide emango ziona. Egiptoko sinbolo hieratiko batean ere izan dezake jatorria.

XV. mendea baino lehen, Italian, beste leku askotan bezala, idatzizko hizkuntzan “plus” eta “minus” hitzak erabili ziren, eta laburduraren bidez “p” edo “m” letrak (baita gainean tilde bat edo segmentu bat zutenak ere) eratorri ziren batuketa eta kenketa adierazteko. laburdurak Luca Pacioli (1447-1517) matematikari italiarraren Summa de arithmetica, geometria, proportioni et proportionalita (1494) obran agertu ziren lehendabiziko aldiz, eta XV. eta XVI. mendeetan zehar erabili ziren. + eta – ikur alemaniarrak Italian erabiltzen hasi ziren XVII. mendean.

4. irudia: Luca Pacioliren Summa de arithmetica (1494) obrako orrialdea, non zeinuek, lehendabiziko aldiz, batuketa eta kenketa irudikatzen dituzten. Bertan, biderketaren ikurraren araua ere ageri da: plus bider plus beti da plus, minus bider minus beti da minus (gainera, italieraz “più” plus da, eta “meno”, minus).

Britainia Handian, + eta – ikurrak, “berdin” adierazten duen = zeinuarekin batera, The Whetstone of Witte liburuan erabili ziren lehendabiziko aldiz, 1557an. Espainian eta Frantzian + eta – ikur alemaniarrak, zein “p” eta “m” sinbolo italiarrak erabiltzen ziren.

Batuketa adierazten zuen + gurutzeak ere hainbat forma hartu zituen. Forma nagusia, gaur egun oraindik ere erabiltzen duguna, gurutze grekoa izan da beti. Baina gurutze latindarra ere erabili zen, maiz horizontalean ageriz (parterik luzeena eskuinean edo ezkerrean zuela). Eskandinavian San Jorgerena deritzon gurutzea, edo haren aldaera den Maltako gurutzea neurri txikiago batean erabili ziren.

5. irudia: Batuketaren ikur gisa erabili ziren gurutze mota ezberdinak. Gurutze grekoa, gurutze latindarra, San Jorgeren gurutzea eta Maltako gurutzea.

– kenketarako ikur sinplea izan arren, matematikari talde batek ÷ sinbolo konplexuarekin hura ordezkatzea erabaki zuen, eta harrezkero laurehun urtez erabilia izan zen, baita puntua goiko partean baino ez zuen aldaeraren modukoak ere txertatuta. Kenketaren ikur gisa, bi marra jarraitu “– –” edo hiru marra jarraitu “– – –” ere erabili ziren.

Jakina, horien aurretik batuketa eta kenketa adierazteko beste ikur batzuk baliatu ziren. Adibidez, babiloniarrek idazkera kuneiformean batuketarako ideograma bat erabiltzen zuten (“tab”, punta beherantz zuzenduta zuen triangelu isoszelea), eta beste bat kenketarako (“lal”, punta eskuinerantz zuzenduta zuen triangelu isoszelea). Ahmesen papiro egiptoarrean aurrerantz ibiltzen ari diren bi hanka erabiltzen dira batuketarako, eta atzerantz dabiltzan beste bi hanka kenketarako.

6. irudia: Ahmesen Papiroaren —edo Rhind Papiro matematikoaren— 28. ariketa, non batuketaren ikurra aurrerantz ibiltzen ari diren bi hankek, eta kenketaren ikurra atzerantz dabiltzan bi hankek irudikatzen dituzten. × eta · ikurrak (biderketa)

Florian Cajorik bere liburuan aipatzen duen moduan, hauek dira biderketa adierazteko ikur horien zenbait aurrekari. Babiloniarrek berriz ere ideograma bat erabili zuten, “a-du” izenekoa, biderketa irudikatzeko. Diofantok ez zuen inolako ikurrik erabiltzen. Indiako matematikari buruzko eskuizkriburik zaharrena den Bakhshiili manuscript lanean faktorea beste aldean kokatuta ageri da. Bhaskara Acharia (1114-1185) matematikari indiarrak “bhavita” (edo “bha” laburdura) idazten zuen faktoreen ondoren.

Zenbait matematikarik —Michael Stifel (1487-1567) matematikari alemaniarrak Deutsche Arithmetica (1545) obran, Simon Stevin (1548-1620) matematikari flandestarrak, edo René Descartes (1596-1650) filosofo eta matematikariak Géométrie (1637) lanean— M letra erabili zuten biderketa adierazteko, eta D letra zatiketarako. Esate baterako, Stevinek edo Stiefelek “3①Msec①Mter②” espresioa idatzi zuten, non “sec” bigarren aldaera edo kopuru ezezaguna eta “ter” hirugarrena diren, aurrean zenbaki bat duen zirkuluak aldaera horren berretura adierazten duen, eta M eta D letrak biderketa eta zatiketaren zeinuak diren. Guk hala adieraziko genuke: 3 x y z2. Era berean, haiek “5②Dsec①Mter②” idatzi zuten guk “5 x2 z2 / y” gisa irudikatuko genukeena adierazteko.

Bestalde, Francois Vieta (1540-1603) matematikari frantsesak “a b-ren barruan” espresioa erabiltzen zuen a eta b aldaeren emaitza adierazteko.

William Oughtred (1574-1660) matematikari ingelesaren Clavis Mathematicae (1631) obran erabili zen lehendabiziko aldiz San Andres gurutzea × biderketaren sinbolo gisa. Edward Wrightek 1618an John Napier (1550-1617) matematikari eskoziarraren Descriptio (1614) obraren itzulpenaren eranskin anonimo batean “x” letraren formarekin ageri bada ere, badirudi eranskina Oughtredek berak idatzi zuela.

7. irudia: William Oughtreden Clavis Mathematicae (1631) liburuko bi pasarte, non autoreak × ikurra biderketa adierazteko erabili zuen.

Oughtredek gurutze txiki bat —San Andres gurutzea— erabiltzen zuen; Adrien-Marie Legendre (1752-1833) matematikari frantsesak, aldiz, Elements de Gèomètrie (1794) lanean gurutze handi bat baliatu zuen. Biderketaren × ikurra gure egunetara iritsi da, nahiz eta haren erabilera ez den guztiz orokortu, funtsean matematikaren arloan erabiltzen den puntuaren ikurra ere badugulako.

Britainia Handian × ikurra oso zabalduta bazegoen ere, matematikari batzuek, hala nola Isaac Newton (1643-1727) matematikari ingelesarekin batera kalkuluaren asmatzailea izan zen Gottfried W. Leibniz (1646-1716) matematikari alemaniarrak, ez zuten sinbolo hori atsegin. Johann Bernoulli (1667-1748) matematikariari Basiletik (Suitza) bidalitako gutun batean hauxe esan zion: Ez dut × sinboloa gustuko biderketarako, “x” batekin nahastu daitekeelako (…) bi kopuru puntu baten bidez lotu eta biderketa RS·PQ adieraziz seinalatzen dut maiz.

Biderketa adierazteko puntua txertatu zuena Leibniz izan zela esan daitekeen arren, lehenago ere agertu zen. Adibidez, Thomas Harriotek Artis analyticae praxis (1631) lanean puntua darabil “aaa – 3 · bba = +2 · ccc” espresioan. Puntua, azkenik, matematikaren arloan XVIII. mendean onartuko zen biderketaren sinbolo gisa.

8. irudia: Leibnizek eskuz idatzitako orrialdea, non biren errorako seriezko garapenak ageri diren.

Emaitza adierazteko beste sinbolo batzuk izan ziren; esate baterako, Johann Rahn (1622-1676) matematikari suitzarrak Teutsche Algebra (1659) obran * izartxoa baliatu zuen, eta hasiera batean Leibnizek parte irekia beherantz kokatutako C etzan bat erabili zuen Dissertatio de arte combinatoria (1666) lanean.

9. irudia: John Rahnek idatzitako Teutsche Algebra (1659) liburuko orrialdea, non biderketaren ikurraren araua aipatzen den. : eta / ikurrak (zatiketa)

Aurreko ikurrekin ikusi dugun bezala, babiloniarrek, greziarrek edo Indiako matematikariek zatiketa irudikatzeko modu ezberdinak zituzten, baina kasu askotan ikur berbera erabiltzen zuten zatikietarako; hala ere, guk zatiketaren eragiketan erabili izan ziren sinbolo modernoagoak aztertuko ditugu.

Zatiketarako ikur moderno horietako bat “ilargi-ikurra” edo zenbakien artean kokatutako parentesia da. Hala, 24 zati 8 eragiketa adierazteko, “8)24” idazten zen. Ikur hori Michael Stifel matematikari alemaniarraren Arithmetica integra (1544) obran, edo Joseph Moxon (1627-1691) hidrografoak osatutako termino matematikoei buruzko ingelesezko lehen hiztegian topa dezakegu, non “D)A+B–C” idazten duen guk “(A + B – C) : D” irudikatuko genukeena adierazteko.

Bi “ilargi-ikur” edo parentesi ere erabili zituzten, beraz, “24 zati 8” eragiketa “8)24(” idatzita aurki daitekeen. Idazkera hori denbora luzez erabiltzen jarraitu zuten, zatiketaren emaitza eskuinean ere kokatuz, parentesiaren bestaldean; hala, “24 zati 8 berdin 3” eragiketa “8)24(3” adierazten zen.

10. irudia: Zatiketaren algoritmoaren azalpena John Hillen Arithmetick both in the theory and the practice (1716) liburuan: zatikizuna 12096 da; zatitzailea, 7; eta emaitza, hots, zatidura 1728 da. Zatiketaren inguruko ohar hori XIX. mendean AEBko testuliburuetan erabili zen.

Lehen aipatu dugun moduan, Michael Stiefel bera, Deutsche Arithmetica (1545) obran, M eta D letrak erabiltzen hasi zen biderketa adierazteko. D marka beste autore batzuek ere baliatu zuten, haietako zenbaitek alderantzizko D bat ere bai —J. E. Gallimard (1685-1771) frantsesak bezala—; beste batzuek, aldiz, “d” etzan bat idazten zuten —adibidez, J. A. da Cuhna (1744-1787) portugaldarrak—.

Gaur egun arte bizirik iraun duen zatiketaren ikurretako bat goiko eta beheko parteetan puntu bana dituen marra bat da. Sinbolo hori John Rahn matematikariak txertatu zuen lehendabiziko aldiz Teutsche Algebra (1659) obran.

11. irudia: John Rahnen Teutsche Algebra (1659) liburuko orrialdea, non ÷ ikurra lehendabiziko aldiz erabili zen zatiketa adierazteko.

Sinbolo hau mundu anglosaxoian (Britainia Handian eta AEBn) erabili zen, ez ordea europar kontinentean, eta gerora hura erabiltzeko ohitura galduz joan zen, nahiz eta oraindik ere ikur ezaguna den. Izan ere, horixe da kalkulagailuetan zatiketarako erabiltzen den sinboloa.

Gottfried W. Leibniz matematikari alemaniarrak, Dissertatio de arte combinatoria (1666) obran, parte irekia gorantz irudikatutako C etzan bat erabiltzen zuen zatiketa adierazteko. Baina beranduago, kalkulu infinitesimala aipatzen duen lehen lana bihurtuko zen “Nova Methodus pro maximis et minimis, itemque tangentibus, et singulare pro illis calculi genus” artikuluan (Acta eruditorum, 1684), idazkera hura baztertu eta, haren ordez, : bi puntuak erabiltzeari ekin zion. Leibnizek berak azaldu zuen, harrezkero, zatiketa adierazteko “x : y” espresioa erabiliko zuela, “x zati y” esan nahi duena.

Leibnizen arabera, testu batean bi puntuak erabiltzearen abantailetako bat da zatiketa lerro berean mantendu daitekeela eta, marra horizontalarekin idazten denean ez bezala, ez dagoela norabide bertikalean espazioa handitu beharrik, lerroak are gehiago bereiztea eskatuko zukeena, bide batez.

12. irudia: “Nova Methodus pro maximis et minimis…” (1684) artikuluko orrialdea, non Leibnizek : idazkera erabiltzen duen zatiketa adierazteko.

Leibnizek Johann Bernoulliri biderketaren inguruan idatzitako gutunaren aurreko aipamenak hala jarraitzen zuen: Arrazoia aipatzeko, puntu bakar baten ordez, bi erabiltzen ditut; eta ikur hori bera baliatzen dut zatiketarako. Horrela, zuk erabiltzen duzun “dy . x :: dt . a” espresioaren ordez, nik “dy : x = dt : a” idazten dut, hau da: dt a-rekiko den bezalakoa da dy x-ekiko; hots, dy zati x, eta dt zati a, berdina da.

Europar kontinentean, Leibnizek biderketarako (· puntua) eta zatiketarako (: bi puntuak) baliatu zituen idazkerak berehala onartuak izan ziren.

Era berean, Leibnizek, bi puntuak azaltzeko, zatikizuna eta zatitzailea marra horizontal baten gainean eta azpian idazten diren zatiketa-ikurraren erabilera aipatu zuen. Gaur egun ere arlo matematikoan eta hartatik kanpo oso erabilia den idazkera honek antzinatean du jatorria; hala iradokitzen du, behintzat, espresio konplexuak adierazteko erakusten duen moldakortasunak. Gauza jakina da marra horizontala arabiarrek txertatu zutela, nola izan zen edo nork egin zuen ez badakigu ere. Europan Fibonacci, Leonardo de Pisa (1180-1250) matematikaria izan zen marra horizontala lehendabiziko aldiz erabili zuena (izan ere, Fibonaccik Europara ekarri zituen gaur egun darabiltzagun zenbaki indoarabiarrak, arabiarrengandik jaso eta gero).

Bestalde, gaur egun zatiketa adierazteko hainbeste erabiltzen den marra etzana XVIII. mendeko liburu inprimatuetan zatiketari zegokion marra horizontala irudikatzeko baliabide tipografiko bat baino ez zen.

= ikurra (berdin)

= ikurra Robert Recordek baliatu zuen lehendabiziko aldiz The Whetstone of Witte (1557) aljebrako liburuan. Recordek zioen ez zegoela bi lerro paralelo baino gauza berdinagorik, eta, horregatik, = sinboloa erabili zuen bi gauzen arteko berdintasuna adierazteko. Hala ere, denbora luzea igaro zen = ikurraren erabilera zabaldu arte. 1618. urtera arte ez zen liburu inprimatu batean agertu, 61 urte igaro ondoren, hain justu. Ingalaterran 1631. urtetik aurrera hedatuko zen, urte hartan sinbolo hori agertzen zen hiru obra garrantzitsu argitaratu baitziren: Thomas Harrioten (1560-1621) Artis Analyticae Praxis, William Oughtreden Clavis Mathematicae, eta Richard Norwooden (1590-1675) Trigonometrie, or the Doctrine of Triangles.

13. irudia: Robert Recorderen The Whetstone of Witte (1557) liburuko orrialdea, non, lehendabiziko aldiz, = ikurra ageri den berdintasuna adierazteko.

Recordek = ikurra zabaldu aurreko liburu inprimatuetan, baita mende oso bat beranduago ere, “aequales”, “aequantur”, “esgale”, “faciunt” eta beste hainbat hitz erabili ziren bi gauza berdinak zirela adierazteko, “aeq.” laburdura barne. Ez zuten inolako sinbolorik erabiltzen berdintasuna adierazteko. Beraz, ikurraren ordez, aipatutako hitzak topatuko ditugu Kepler, Galileo, Torricelli, Cavalieri, Pascal, Napier, Briggs, Gregory St. Vincent edo Fermat matematikarien obretan.

Komunitate zientifikoak, batez ere matematikarien arlokoak, denbora asko behar izan zuen Recorderen ikurra onartzeko, eta, horrez gain, “=” ikurra jada beste esanahi batzuekin baliatzen zen. Vietak, adibidez, aldea, hots, bi kopururen arteko kenketa adierazteko baliatu zuen; hala, “9 = 6 aequale 3” idazten zuen. 1638an, Descartesek gaur egungo ± zeinuaren adiera berarekin erabili zuen (hau da, “x = ± 1” espresio bat da, non “x” letra “1 edo -1” izan daitekeen). Gauzen berdintasuna adierazteko beste ikur batzuk ezartzen saiatu baziren ere, XVIII. mendean Recordek proposatutako zeinua nagusitu zen argitalpen matematiko eta zientifikoetan.

Bestetik, berdintasun matematikoa irudikatzeari dagokionez, baziren = bi lerro paraleloekin lehian zeuden beste ikur batzuk. Zeinu askoren artean, haietako zenbait eskuineko kortxetea, bi lerro bertikal paraleloak || eta lerro bertikala | izan ziren.

14. irudia: Joannes Buteoren Logistica (1559) liburuko 190. eta 191. orrialdeak.

Aurreko irudian Joannes Buteo (1492-1572) matematikari frantsesaren Logistica quae & Arithmetica vulgò dicitur in libros quinque digesta … eiusdem ad locum Vitruuij corruptum restitutio, qui est de proportione lapidum mittendorum ad balistae foramen, libro décimo (1559) liburuko bi orrialde ikus daitezke. Bertan, besteak beste, “1 A,1/3 B,1/3 C[14” eta “3 A.3B.15C[120” espresioak ageri dira, Florian Cajoriren arabera, egungo idazkera matematiko modernoa baliatuta, hala adieraziko liratekeenak: y (batuketa, koma eta punturako idazkera ezberdinak ditugu).

15. irudia: René Descartesek 1619. eta 1621. urteen artean idatzitako Opuscules laneko orrialdea, non bi lerro bertikal ageri diren berdintasuna adierazteko.

Iturriak:

  1. Alejandro Guijarro, Momentum argazki-erakusketa (2010-2013), divulgamat webgunean ikus daitekeena.
  2. Florian Cajori, A history of mathematical notations (I. eta II. liburukiak), Dover, 1993 [The Open Court Company argitaletxeak 1928an argitaratutako jatorrizko edizioa doan kontsulta daiteke Internet Archive webgunean]
  3. Vicente Meavilla, Eso no estaba en mi libro de Matemáticas, Almuzara, 2012.
  4. Saxon State and University Library Dresden (SLUB)
  5. Jeff Miller, Earliest Uses of Various Mathematical Symbols
  6. Stephen Wolfram, Dropping In on Gottfried Leibniz
  7. Frank J. Swetz, Mathematical Treasure: Leibniz’s Papers on Calculus, Mathematical Association of America.
  8. René Descartes, Obras de René Descartes (Charles Adam eta Paul Tanneryren edizioa), 1905. Acceso libre en Wikisource
  9. Joannes Buteo, Logistica quae & Arithmetica vulgò dicitur in libros quinque digesta… eiusdem ad locum Vitruuij corruptum restitutio, qui est de proportione lapidum mittendorum ad balistae foramen, libro décimo (1559), Fondo Antiguo, Sevillako Unibertsitatea.

———————————————————————————-

Egileaz: Raúl Ibáñez UPV/EHUko Matematika Saileko irakaslea da, dibulgatzailea eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea.

———————————————————————————-

The post Ikur matematikoen jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bodil Schmidt-Nielsen (eta III): Giltzurrunaren misterioak argitzen

Mon, 2017/02/06 - 15:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Urearen irazteari buruzko ikerlanekin batera, beste gai batez aritu zen urte haietan zehar Schmidt-Nielsen doktorea. Bodil interesatuta zegoen ur gutxiko parajeetan bizi diren ugaztunek gernuaren bidez galtzen duten ur bolumena murrizteko mekanismoetan. Zehatzago adierazteko, berak jakin nahi zuen nola lor zitzaketen gernuan hain solutu-kontzentrazio garaiak. Azken batean, ur gutxi galdu ahal izateko, gernuko solutuen kontzentrazioa oso garaia behar da, eta hori ez da erraz lortzen.

Hori dela eta, beste zenbait lankiderekin batera aritu zen giltzurrun-hodien azpiatalak diren Henleren euskarria izeneko gailuen zeregina aztertzen. Ikerketa horiei esker jakin ahal izan zen zein ziren gernua kontzentratzeko mekanismoaren oinarriak.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoa 2003. urtean. (Argazkia: American Physiological Society)

Oraindik ez ditugu ezagutzen mekanismo horren zehetasun guztiak, baina badakigu Henleren euskarriak zeregin oso garrantzitsua betetzen duela kontzentrazio prozesu horretan. Bodil Schmidt-Nielsen eta bere lankideen lanek berebiziko garrantzia izan zuten oinarrian dauden osagai funtzionalak argitze aldera.

Duke Unibertsitatea utzi zuen 1964an eta Case Western Reverse Unibertsitatera joan zen katedradun postu bat betetzera. Bere saileko buru urtebete izan ondoren, katedrari uko egin zion eta Mount Desert Island Biological Laboratory-an izenekoan hasi zen lanean hango lehen ikertzaile finko gisa. Gogora dezagun ia 20 urte lehenago hasi zela laborategi horrekin elkarlanean, laborategiko buruaren bisita jaso ondoren. Berak aitortu bezala, ikerkuntza nahiago zuen administrazio-lana baino; horretxegatik hartu zuen beste lanpostua. Hala ere, 1971tik 1975era harreman formala mantendu zuen katedradun atxiki gisa, bai Case Western Reverse unibertsitatearekin, bai Brown unibertsitatearekin.

Bodilek jarraitu zuen zenbait animaliaren arteko fisiologia-erkaketak egiten 1971tik aurrera, Mount Desert Island Biological Laboratory izenekoan. Urte haietan, ur eta elektrolitoen trukeei eta gai nitrogenodunen iraizteari buruzko ikerketak egin zituen arrain, narrasti eta hegaztiekin. Hala ere, gernua kontzentratzeko ugaztunek erabiltzen duten mekanismoa izan zen bere ikerketa-gai nagusia eta alor horretan ekarpen handia egin zuen giltzurrun-pelbisaren uzkurtze peristaltikoek gernua kontzentratzeko prozesuan izan zezakeen eraginaren inguruan.

1986an Mount Desert Islandeko bere laborategia itxi egin zuen; 68 urte zituen. Horrela, bertan behera utzi zuen ikerkuntza aktiboa, baina ez zuen guztiz alboratu zientzia-jarduera. Han jarraitu zuen, uda sasoietan batez ere, mintegi eta zientzia-eztabaidetan parte hartzen. Bestalde, irakasle atxikiko izendapena egin zioten Floridako unibertsitatean aldi berean, eta han igaro zituen hurrengo urtetako neguak; 1997an irakasle emerituaren izendapena jaso zuen Floridan.

Honenbestez, Bodil Schmidt-Nielsen doktorearen ibilbidea. Ondoren, gure protagonistak jasotako aitortzak ekarriko ditut hona, bere bizitza zientifikoaren merituen adierazle gisa. Lehena, Bodwitch Award Lectureship izan zen (1957); gorago esan bezala, bera izan zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea. Zenbait elkarte eta akademiatako kide aukeratu zuten: New York Academy of Sciences (1958), American Association for the Advancement of Sciences (1959) eta American Academy of Arts and Sciences (1973). Aurrekoez gain, aipatzekoak dira hurrengo izendapenak hurrengo izendapenak aipa daitezke: Guggenheim Fellow (1953-1954), American Heart Association delakoaren Established Investigator (1954–1962) eta National Institutes of Health Career Awardee (1962–1964), Lewiston-go (Maine) Bates Collegeko Ohorezko Doktorea (1983), Danimarkako Aarhuseko Unibertsitateko Medikuntzan Ohorezko Doktorea (1997). American Physiological Society delakoaren presidentea aukeratu zuten 1975-1976 biurtekorako. Elkarte horren 48. presidentea izan zen eta kargu hori bete zuen lehen emakumea hain justu; 28 urte igaro ziren presidentetzarako hurrengo emakumea aukeratu arte. 1989an Ray G. Daggs Award (saria) eman zion American Physiological Society izenekoak elkartearen alde egindako lanagatik eta fisiologiari emandako ekarpenengatik. Azkenik, elkarte beraren (hau da American Physiological Society izenekoaren) Comparative Physiology Section izeneko atalak aukeratu zuen August Krogh Distinguished Lecturer gisa 1994an.

2015eko apirilaren 17an zendu zen; 96 urte zituen.

Iturriak:

Aurreko artikuluak:

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Bodil Schmidt-Nielsen (eta III): Giltzurrunaren misterioak argitzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Jarduera fisikoak gaixotasunen prebentzioan daukan garrantzia

Mon, 2017/02/06 - 09:00
UPV/EHUko ikerketa batek berretsi egin du zein onuragarria den jarduera fisikoa gaixo kronikoentzat. Irantzu Ibañez Lasurtegi, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileak egiaztatu du jarduera fisikoak berehalako hobekuntzak eragin dizkiela ariketa fisikoko programa bati atxikitako gaixo kronikoei. Horretarako, 2000 eta 2012 bitartean Mendizorrotzako Kirol Medikuntzako Zentroan Zunzunegui doktoreak egindako ariketa-programa terapeutikoaren atzera begirako azterketa bat egin du ikertzaileak.

Irudia: Jarduera fisikoa zenbait gaixotasun kronikoren sintomak hobetzea, arrisku-faktoreak murriztea, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea eta bizimodu osasuntsua edukitzea lortzen du

Zunzunegui doktoreak martxan jarritako ariketa-programa terapeutikoaren helburu nagusiak ziren zenbait gaixotasun kronikoren sintomak hobetzea —hala nola aparatu muskuloeskeletikoaren patologiak, II motako diabetesa, hipertentsioa eta obesitatea—, arrisku-faktoreak murriztea, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea eta bizimodu osasuntsu eta aktibo bat sustatzea. Programak bederatzi hilabeteko iraupena zuen: astean hirutan, ordubeteko saioak egiten ziren, ariketa aerobikoak, indar-ariketak eta malgutasun-ariketak konbinatuz. Azterketetan parte-hartzaileen altuera, pisua, gerriaren perimetroa, aldakaren perimetroa, enborreko muskulu hedatzaileen malgutasuna, tentsioa, bihotz-maiztasuna eta bihotz- eta arnas gaitasunak hatu zituen kontuan zituzten kontuan. Bestalde, galdetegi batzuk bete zituzten parte-hartzaileek, beren motibazioa eta programaren amaierako gogobetetzea neurtzeko.

Prebentzio-programak tratamenduak baino eraginkorragoak eta merkeagoak

Ariketen osteko tentsio-neurketek erakutsi zuten tentsio-maila zertxobait txikiagoak zituztela parte-hartzaileek, atsedenean egindako neurketekin alderatuta. Horrek frogatzen du jarduera fisikoak tentsioa txikitzeko berehalako eragina duela, eta agerian uzten, ariketa-aldi laburrek dituzten eragin onuragarriak.

Gutxieneko eraginak hauteman ziren gorputzaren konposizioarekin lotutako aldagai guztietan, baliteke ariketak egiteko estimulu gutxiegi izateagatik, programarekiko atxikimendu txikia izateagatik, dieta ez kontrolatzeagatik, gihar-masa handitu izanagatik, eta abar. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da tentsio-murrizketak ez zirela gorputzaren konposizioaren aldaketekin batera gertatu, eta horrek adierazten du zer garrantzitsua den jarduera fisikoa egitea pisua murriztu ez arren. Programak irauten zituen bederatzi hilabeteak igarota, 5 mmHg-ko murrizketak hauteman ziren tentsioan, eta horrek berresten du zer eragin positiboa duen jarduera fisikoak arrisku kardiobaskularra eta hilkortasuna murrizteari dagokionez. “Izen handiko ikerketetan frogatu dute murrizketa hori oso esanguratsua dela arrisku-faktoreak gutxitzeari dagokionez, batez ere hipertentsioa eta beste gaixotasun batzuk dituzten pazienteetan”, azaldu du Irantzu Ibañezek.

Bestalde, aldaketak txikiak detektatu zituzten bihotz- eta arnas gaitasunean, “nahiz eta garrantzitsuak izan litezkeena gaixotasun larriak dituzten pertsona batzuetan”, zehaztu du. Programa hasi eta hiru hilabetera, malgutasun-hobekuntzak hauteman ziren parte-hartzaileetan; “aldaketa garrantzitsua da hori, funtzionalitatea hobetzen laguntzeko urrats gisa”, adierazi du ikertzaileak.

“Programaren helburu nagusia zen jendeak ariketa fisikoak egitea eta ikastea eta ulertzea jarduera fisikoa oso tresna baliagarria dela haientzat, beren gaixotasuna kontrolatzeko”, azaldu du Ibañezek. Horretarako, programan, askotariko mintegiak antolatu zituzten parte-hartzaileei ariketa fisikoarekin, elikadurarekin eta abarrekin lotutako informazioa emateko. Parte-hartzaileek, halaber, “adierazten zuten oso pozik zeudela programarekin —erantsi du—, eta beren gaixotasunen sintomak eta bizi-kalitatea hobetu zirela“.

“Argi dago prebentzioa dela bidea —ondorioztatu du ikertzaileak—, eta gizarteak ulertu behar du hobe dela prebenitzea tratatzea baino, eta, gainera, merkeagoa. Ondo baino hobeto frogatuta dago epe luzean prebentzio-programak askoz ere eraginkorragoak eta merkeagoak direla tratamendua bera baino. Beraz, funtsezkoa da Zunzunegui doktore zenak martxan jarritako, eta bere garaian bertan behera utzitako, programa bezalakoak aktibatzea”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Jarduera fisikoak gaixo kronikoetan duen garrantzia berretsi du azterketa batek.

The post Jarduera fisikoak gaixotasunen prebentzioan daukan garrantzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #140

Sun, 2017/02/05 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno-kontzentrazioaren aldaketek zenbait espezieren banakoek lor dezaketen tamainarekin zerikusi zuzena dute. Karbonifero aldian, adibidez, zenbait animalia talderen gigantismoaren aroa izan zen, Lurraren historia osoan gertatu den oxigeno-kontzentraziorik altuena izan duena. Ez da batere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, intsektuen arnas aparatua trakea-sistema baita. Artikulu honetan aurkeztu dutena hipotesi bat da; halere, oinarri sendoak badituela erakutsi dute.

Tomatearen zaporea berreskuratzeko modua aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Dastamena azukreek eta azidoek aktibatzen dute; usaimena, aldiz, konposatu lurrunkorrek. Eta, hain justu ere, konposatu lurrunkorren baitan dago zapore onaren gakoa.

Matematika

Auto-ilarak saihesten laguntzen duen algoritmoa garatu dute Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Garraio sistema adimendunei aplikatzeko algoritmoa da. Bideetan dauden sentsoreek unean-unean jasotzen dituzte trafikoaren datuak, eta horietan oinarrituta, gidariei zer bide hartu aholkatzen die algoritmoak, pilaketetatik aldentzeko eta zirkulazioa arintzeko. Bi erronka gainditu behar izan dituzte. Alde batetik, ziurgabetasuna. Baliteke bildutako datuek erakusten duten agertokia ez izatea osatua, edo informazioa zehaztasuna galtzea hartzailearengana iritsi arteko tarte horretan. Bestalde, sentsoreek ematen duten informazioa aldakorra da eta algoritmoak asmatu behar du egokitzen. Beste elementu bat gehi diote honi: auto-ilarak aurreikus daitezke. Irakur ezazue Amaia Portugalen ekarri interesgarri hau!

Matematika ikasteko metodologia berri baten aldekoa da Ana Garcia. Jokoak eta denbora-pasak arlo horretan txertatzearen alde egiten du, hain zuzen ere. Irakasle erretiratua da Garcia, eta horrela mintzo da: “Hainbat eratako jokoak daude: klasean azaldutako edukiak indartzeko balio dute batzuek; beste batzuek, ikasleei zalantza batzuk eragiteko, kontzeptu matematiko batzuk uler ditzaten. Matematikako eduki asko dago modu batera edo bestera barneratu beharrekoa. Ariketak behin eta berriro errepikatzeak botatzen ditu atzera ikasleak; ariketa taula tradizionalek, alegia”.

Hilkortasun-tasak izan dira mintzagai artikulu honetan. Imanol Montoya Arroniz epidemiologoak hartu du hitza, duela gutxi amaitu duen bere doktorego-tesia azaltzeko Hilkortasunaren ekonomia eta gizarte-desberdintasunen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoaren zonalde txikietan-. “Oso garrantzitsua da Euskal Herriko hainbat tokitan hilkortasun-arrisku handia dagoela jakitea. Horrela, aukera izango dugu desberdintasun horien aurkako neurriak hartzeko edo politika jakin batzuk abian jartzeko.

Material berriak

Hidrogeno metalikoa lortu dutela iragarri dute Harvardeko Unibertsitateko (Cambridge, AEB) hainbat ikertzailek. Unibertsoan den elementurik sinpleena —protoi bat baino ez du nukleoan— gas eta likido modura ezagutu izan da orain arte. Duela 80 urte inguru, baina, fisikari teorikoek aurreikusi zuten presio handietan metal baten ezaugarriak hartu behar zituela hidrogenoak. Hidrogeno mota horrek, artikuluan Silverak azaltzen duen moduan, “ohiko tenperaturan supereroalea izan daitekeela aurreikusi izan da, hau da, erresistentzia elektrikorik gabeko metala da”. Supereroankortasuna fisikarien aspaldiko helburua da, gakoa baita elektrizitatea efizientzia handiarekin garraiatzeko. “Bestetik, kantitate handietan erabiliz gero, suzirien propultsatzailerik hoberena izan liteke”, gaineratzen du.

Arkitektura eta itsasoa

Jarduneko itsasargi batek, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakaslearen ustez, “soilik du balioa Industria Ondarearen osagai gisa”. Aspaldi izan dira bide-erakusle eta “bere kokapen inguruaren eta tokiko gizartearen memorian txertatuta dagoen multzo bat denez, bertako ekonomiaren mantentzeari lagundu dio. Ondorioz, Industria Ondarea zehazten duten kontzeptu guztiak betetzen ditu. Beitiak zuzentzen duen ikerketa taldeak ‘Ondare Balioa duten Espainiako Itsasargien Katalogoa’ osatu du. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Kulturako Estatu Idazkaritzaren mende dagoen Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren bitartez 2016an finantzatu duen lan honetan gai guzti horiek zehazten saiatu dira itsasargi bakoitzari dagokionean, eta fitxa bana osatu dute ondare balioa duen 130 itsasargi bakoitzerako.

Genetika

Mutazioak saihesteko mekanismo berria garatu dute. Ikerketaren arabera, mekanismo horri esker, bakterio patogeno batzuek antibiotikoekiko erresistentziak saihesten dituzte; tuberkulosiaren erantzule den Mycobacterium tuberculosis bakterioak, besteak beste. Aurkikuntza oso garrantzitsua da, batetik, antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko estrategiak garatzeko, eta, bestetik, prozesu bioteknologikoen emaitzak hobetzeko.

Emakumeak zientzian

Elisabete Alberdi Zelaia ikertzailea da. Matematika hautatu zuen ikasketa-bide eta lizentziatura bukatu ostean, Markina-Xemeinen irakasle-lanetan hasi zen. Batxilergoan, Prestakuntza Zikloan eta Ingeniaritzan eman zituen klaseak. Tesia egiteko abagunea izan zuen eta hala egin zuen. Ikerketan M2SI taldean dabil (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) eta talde horretako bi emakumeetako bat dela ere zehaztu du; bestea tesia egiten omen dabil, “Ekuazio Diferentzial Arruntak eta Deribatu Partzialeko Ekuazioak askatzeko zenbakizko metodoen garapenean”, azaldu du. Lea Artibaiko etapa amaitu eta UPV/EHUkoa hasi ondoren, ama izateko garaia ere izan zitekeela pentsatzen hasi zen. Ordurako 36 urte zituen, baina, pausoa eman aurretik, nahiago zuen hasitako ibilbidea sendotu. Izan ere, aitortu duenez, ez da erraza ikerketak eskatzen dituen erritmoa eta bizimodua (kongresuak, egonaldiak atzerrian…) bateratzea haur txiki batek behar duen zaintzarekin. “Hortaz, ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”.

Bodil Schimdt-Nielsen fisiologoaren beste kapitulu bat dakar Juan Ignacio Perezek. 1947an hasi zuen ur eta elektrolitoen balantzeari buruz egin zuen bere lehen ikerketa garrantzitsua. Ondoren, beste esperimentu batzuk jarri zituen abian. Oso lan ezaguna da, adibidez, urik edan gabe bizirik irauteko kanguru-arratoiak garatu dituen mekanismoak deskribatu zituen. Erabateko berrikuntza ekarri zuten animalien ingurumen-fisiologian mugarria izan ziren lan haiek. Gero, Saharako basamortuaren barrena abiatu ziren eta herrixka galdu batean ur-ekonomiari buruzko ikerketak egin zituzten gameluetan. Irakurri ikerketa hauen nondik norakoak artikulu interesgarri honetan!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #140 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #146

Sat, 2017/02/04 - 09:00

Egun ez dago marihuanaren erabilera medikoa babesten duen erabateko frogarik. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Medical marijuana. Really?

Sator-arratoi biluziak ez du suminik ezta minari lotutako portaerarik. Ezaugarri honek minari buruzko informazio iturri fisiologiko interesgarria bihurtzen du. Sergio Laínezek aurkezten du gaia: Pain lessons, by the Naked Mole Rat.

Raman espektroskopia asko erabiltzen da kimika analitikoan. DIPCko ikertzaileen analisi mekanokuantikoa Raman espektroskopiaren aldaera bat da eta, harago zerbait badagoela ematen du: Beyond the standard description of Raman scattering.
–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #146 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Elisabete Alberdi: “Ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”

Fri, 2017/02/03 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Elisabete Alberdi Zelaia ikertzailea da, baina, haren esanean, ez zen ohiko bidetik iritsi ikerketa-mundura. Matematika ikasi nahi zuela, berriz, txikitatik zuen argi. Betidanik moldatu da ondo zenbakiekin, eta, gaztetan, karrera aukeratzean, ez zuen zalantzarik egin, eta Matematika aukeratu zuen, zer ikasten zen garbi ez bazekien ere. Baina asmatu zuen, geroztik hor baitabil buru-belarri.

Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin zituen lizentziaturaren azken bi urteak, eta, bukatu orduko, aukera izan zuen bere jaioterrian, Markina-Xemeinen, irakasle-lanetan hasteko. Hala, Lea Artibai ikastetxean aritu zen klaseak ematen, Batxilergoan, Prestakuntza Zikloan eta Ingeniaritzan. Batxilergoan matematika irakasten zuen, eta Ingeniaritzan, kalkulua, aljebra, matematika aplikatua… Dioenez, esperientzia polita izan zen.

Irudia: Elisabet Alberdi Zelaia matematikaria.

Aldi berean, doktoretza-kurtsoak eta ikerketa nahikotasuna lortzeko aldia egin zituen, beti izan baitzuen ikerketan sartzeko asmoa. “Nahi nuen noizbait amaitu tesia; zaila zen, ordea, horretarako behar den denbora hartzea lanean ari zarela”, onartu du. Hala, Lea Artibain lanean ari zen azken bi urteetan, jardun murriztuan aritu zen, tesia amaitzeko denbora gehiago izateko.

Etapa baten amaiera, eta bestearen hasiera

“Horrela nenbilela, UPV/EHUn plaza bat atera zen, eta lortu egin nuen. Hortaz, Lea Artibai utzi, eta ordutik UPV/EHUko irakasle naiz. Tesia bukatu nuen, eta klaseak ematen ditut Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Meatze eta Herri Lanen Ingeniaritzako atalean, Matematika Aplikatua sailean”, kontatu du Alberdik. Ikerketan, berriz, M2SI taldean dabil (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) eta talde horretako bi emakumeetako bat dela ere zehaztu du; bestea tesia egiten omen dabil. “Ekuazio Diferentzial Arruntak eta Deribatu Partzialeko Ekuazioak askatzeko zenbakizko metodoen garapenean”, azaldu du.

Lea Artibaiko etapa amaitu eta UPV/EHUkoa hasi ondoren, ama izateko garaia ere izan zitekeela pentsatzen hasi zen. Ordurako 36 urte zituen, baina, pausoa eman aurretik, nahiago zuen hasitako ibilbidea sendotu, eta orain iritsi da unea. Izan ere, aitortu duenez, ez da erraza ikerketak eskatzen dituen erritmoa eta bizimodua (kongresuak, egonaldiak atzerrian…) bateratzea haur txiki batek behar duen zaintzarekin. “Hortaz, ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”. Nonbait, ez zebilen oker, orain konturatzen baita zer zaila izango zen ama izatea unibertsitatean hasi berria zen garaian.

Hala ere, egoerak eskatzen badu, gorputzak sekulako gaitasuna duela ere ohartu da: “Harrigarria da zenbat gauza egiteko gai zaren, ordu gutxi lo eginda ere“. Hala ere, haurdun zegoela, Txilen ikerketa-egonaldi bat egin zuen, eta aurretik, Kretan, Australian eta Saudi Arabian ere egin zituen egonaldiak, eta garbi dio: “Ume txiki batekin oso zaila izango zen”. Dena dela, ikertzen jarraitzeko asmoa du, eta kementsu begiratzen dio etorkizunari. “Aldi batean ezingo dut hilabetetako egonaldirik egin atzerrian, baina aurrerago baietz pentsatzen dut”.

Fitxa biografikoa:

Elisabete Alberdi Celaya (Markina-Xemein, 1975). Matematikan lizentziatua 1998an Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kudeaketarekin loturiko zenbait master egin ditu,  eta Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra, (Donostiako Informatika Fakultatean, UPV/EHU). Lea Artibai ikastetxean (Mondragon taldea) aritu zen lanean 1998-2011 epealdian. 2011tik, berriz, UPV/EHUko irakasle da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta UPV/EHUn lortu zuen doktoretza 2013an. Udako Euskal Unibertsitateko Matematikako sailburua ere bada. M2SI (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) ikerketa taldeko taldeko kide da, eta Kretan, Australian, Saudi Arabian eta Txilen egin ditu ikerketa egonaldiak.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Elisabete Alberdi: “Ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Erraldoiak

Thu, 2017/02/02 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Lurraren historian zehar asko aldatu da atmosferaren O2-kontzentrazioa. Hasieran ez zegoen oxigenorik. Gero, kontzentrazio baxuko eta kontzentrazio altuko aldiak izan dira, beste gasekin (CO2 eta CH4, esaterako) gertatu den bezala. Atmosferaren oxigeno-kontzentrazioa % 20’5ekoa da gaur egun, baina % 35ekoa izatera heldu zen iraganean eta % 15ekoa izan da metazooak agertu zirenez geroztik gertatu den O2-kontzentraziorik baxuena.

Lurraren historian zehar gertatu diren oxigeno-kontzentrazioaren aldaketak aipatu ditugu aldaketa horiek zerikusi zuzena dutelako, nonbait, zenbait espezieren banakoek lor dezaketen tamainarekin. Karbonifero izeneko aldia, zenbait animalia talderen gigantismoaren aroa izan zen. Erraldoi gehienak intsektu hegalariak ziren, baina artropleurido (artropodo iraungiak), milazango eta Labyrinthodontia (anfibio iraungiak) azpiklaseko espezie lehortar batzuk ere erraldoiak ziren.

Ikus ditzagun aipatu gigantismo horren hiru adibide: 0’7 metrokoa zen Protodonata ordenaren sorgin-orratz iraungi baten hegalen punten arteko zabalera; eta baziren metro bateko luzera zuten milazangoak eta 2 metroko arrabioak ere (pentsa ze sustoa hartuko genukeen holakoekin topo egingo bagenu!).

Irudia: Iraungita dagoen labyrinthodont anfibioa (Argazkia: Pavel.Riha.CB /Wikipedia CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Bada, Karboniferoa izan da Lurraren historia osoan oxigeno-kontzentrazio altuena gertatu den aldia. Espezie batean oxigenoa kanpo-mediotik ehunetara iristeko barreiatze-prozesuek garrantzia dutenean, arnas medioaren oxigeno-kontzentrazioak neurri handian baldintza dezake espezie horren tamaina. Izan ere, eguratsaren O2-kontzentrazioa % 35era iristen bada, % 67 altuagoa da O2-aren barreiatze-tasa. Igoera hori garrantzi handikoa da arnas sisteman barreiatzearen menpekotasun handia duten animalientzat. Horien artean daude larruazal-arnasketa erabiltzen duten anfibioak eta, noski, barreiatzearen guztiz menpekoak diren trakea-sistema dutenak ere. Hortaz, ez da batere harritzekoa gigantismo kasu gehienak erakutsi dituen taldea intsektuena izatea, intsektuen arnas aparatua trakea-sistema baita.

Arnas egiteko beste modu bat atalean azaldu dugun bezala, trakea-sistemaren ezaugarriak direla eta, intsektuen tamaina mugatua dago eta ezin daiteke oso handia izan. Baina oxigenoa barreiatzeko baldintzak aldatzen direnean (O2-kontzentrazioa aldatzen delako, adibidez), tamainaren muga ere aldatzen da; horixe da hemen ikusi ahal izan duguna. Gauza bera gertatzen da gaur egungo anfibio urodeloekin; larruazal-arnasketaren menpekoak direnez, euren tamaina ere mugatuta dago, eta horretxegatik heldu ahal izan ziren zenbait espezieren banakoak 2 metroko luzerara Karboniferoan.

Hemen aurkeztu duguna hipotesi bat baino ez da, baina oinarri sendoak dituen hipotesia. Alde du, gainera, Permiar aldian batera gertatu ziren O2-kontzentrazioaren jaistea eta espezie erraldoien iraungitzea. Gero, beste aldi batean, Kretazeoan, baldintza hiperoxikoak itzuli ziren eta, O2-kontzentrazioaren igoerarekin batera, intsektu erraldoiak sortu ziren berriro ere. Efemeropteroak ziren Kretazeoko intsektu erraldoiak, eguratsaren O2-eskuragarritasuna jaitsi zenean berriro desagertu zirenak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Erraldoiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Matematika bidelagun

Wed, 2017/02/01 - 09:00
Amaia Portugal Auto ilarak saihesten laguntzen duen algoritmoa garatu dute Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Errepideetan dauden sentsoreek unean-unean jasotzen dituzte trafikoaren datuak, eta horietan oinarrituta, gidariei nondik joan adierazten zaie, pilaketetatik aldendu eta zirkulazioa arintzeko.

Ohiko auto pilaketak Bilbo inguruan, trafiko geldoa A63an Baionan… Goizean irratia entzuten dutenek badakite zertaz ari garen, eta eguneroko ilara horiek jasan beste erremediorik ez dutenek, zer esanik ez. Hala ere, Euskal Herriko errepideetako txolopoteak txiki geratzen dira, munduko metropoli nagusietakoekin alderatuta. Sao Paulo, Mexiko Hiria, New Delhi… Los Angelesko herritarrek, esaterako, urtean 64 ordu baino gehiago galtzen omen dituzte alferrik, auto ilaratan kateatuta.

Madril ere ez da autoan ibiltzeko hiririk erosoena. Hain zuzen ere, bertako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile batzuek algoritmo bat garatu dute, auto ilarak saihesten laguntzeko. Garraio sistema adimendunei aplikatzeko algoritmoa da. Bideetan dauden sentsoreek unean-unean jasotzen dituzte trafikoaren datuak, eta horietan oinarrituta, gidariei zer bide hartu aholkatzen die algoritmoak, pilaketetatik aldentzeko eta zirkulazioa arintzeko. Journal of Sensors aldizkarian eman dute lanaren berri.

1. irudia: Algoritmoaren aplikazioak nola funtzionatuko lukeen irudikatzen duen agertokia.
(Argazkia: Universidad Politecnica de Madrid)

Algoritmo eraginkor bat garatzeko, bi erronka nagusiri egin behar izan diete aurre ikerketa honetan. Batetik, sistemara iristen den informazioaren inguruan egon daitekeen ziurgabetasunari: litekeena da bildutako datuek erakusten duten agertokia ez izatea osatua; edo informazioak zehaztasuna galtzea, prozesatu eta hartzailearengana iritsi arteko tarte horretan. Bigarren erronkari dagokionez, testuinguruari buruz sentsoreek ematen duten informazioa aldakorra da, eta algoritmoak asmatu egin behar du egokitzen, beraz.

Hori horrela, AHP (Analytic Hierarchy Process, edo Hierarkia Prozesu Analitikoa) izeneko algoritmoa hartu eta egokitu egin dute, haren bi aldaera fusionatuta: FAHP eta DAHP. FAHP algoritmoari esker, aipaturiko ziurgabetasun efektu hori aintzat hartzen da kalkuluak egitean. DAHP algoritmoari dagokionez, datu berriak sartzen diren bakoitzean neurriak eguneratu eta birkalkulatzeko aukera ematen du, eta hala, ingurunean etengabe dauden aldaketei erantzun diezaieke proposatutako metodo berri honek.

Horrez gain, ikertzaileek beste elementu bat gehitu diote algoritmoari: sentsoreek jasotako datuen historikoan oinarrituta, kalkuluak egitea ahalbidetzen duen prozedura objektiboa. Hala, algoritmoa autonomoa da eta egokitu egiten da, jasotzen dituen datuen arabera. Horrekin guztiarekin, auto ilarak aurreikus daitezke, eta beraz, erabakiak aldez aurretik hartu; hartara pilaketak saihestu, energia aurreztu eta mugikortasuna hobetzeko.

2. irudia: Auto pilaketek mugikortasun, ingurumen eta energia arazoak eragiten dituzte. (Argazkia: B137 / CC BY-SA 4.0)

Algoritmoaren egokitasuna egiaztatzeko, simulazio bat ere egin dute ikerketa honetan. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren sentsore sareak bildutako datuetan oinarrituta, egunero milaka auto hartzen dituen Madrilgo A3 errepidean egin dute proba. Lehenbizi algoritmo berriarekin egin dute simulazioa, eta gero, emaitza onak eman izan dituen TOPSIS algoritmoaren aldaera batekin, konparaketa egiteko.

Simulazioaren emaitzak kontuan hartuta, artikuluan ondorioztatu dutenez, algoritmo berriak zenbait abantaila ditu, TOPSISen aldaerarekin erkatuta. Trafikoaren banaketa hobeto orekatzen du askotariko bideen artean; ez ditu pilaketak lekualdatzen, ez du bide bateko zirkulazioa arintzen bestearen kaltetan. Gainera, hobeki egokitzen da trafikoan une bakoitzean izaten diren aldaketetara. Bestalde, bere emaitzen sendotasuna handia da, TOPSISen aldaerarena baino zertxobait txikiagoa izan arren, eta eraginkorragoa da, eragiketa gutxiago behar baititu funtzionatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

David Gomez et al. Development of a Decision Making Algorithm for Traffic Jams Reduction Applied to Intelligent Transportation Systems. Journal of Sensors. Volume 2016 http://dx.doi.org/10.1155/2016/9271986

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Matematika bidelagun appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zer dira hilkortasun-atlasak? Elkarrizketa Imanol Montoya epidemiologo eta estatistikoarekin

Tue, 2017/01/31 - 09:00
Ines Garmendia Bizimodua azkar eta sakon aldatu digute XXI. mende honen hasieran gertatzen ari diren teknologia-aurrerapenek. Horrela gertatu da herri garatuak deritzen hauetan, eta ohi ez bezalako abiadura bizian gainera. Hori guztia dela eta, nik uste dut une hau bereziki egokia dela Roseto efektuari buruz biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko. Imanol Montoya Arroniz (Gasteiz, 1977) epidemiologia eta estatistikan ari da lanean, eta duela gutxi aurkeztu du bere doktorego-tesia UPV/EHUn: “Hilkortasunaren ekonomia eta gizarte-desberdintasunen bilakaera Euskal Autonomia Elkargoaren zonalde txikietan”. Gaur berarekin hitz egingo dugu bere ikerketaren berri eman diezagun eta konta diezagun “hilkortasun-atlasak” direlako hauek nola egiten diren.

Irudia: Imanol Montoyak egindako ikerketak erakutsi du heriotza-tasan funtsezko ezberdintasunak daudela Euskal Herriko leku ezberdinen artean eta honen arrazoia, besteak beste, eremu geografiko bakoitzaren maila sozioekonomikoa dela. (Argazkia: www.naiz.eus)

Imanol elkarlanean aritu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta neurri handi batean elkarlan horretan oinarritzen da bere tesia. Hau guztia MEDEA egitasmoaren barruan egin da, espainiar estatu mailako osasun-ekimen batean. Egitasmo honek berrikuntza dakar, zeren eta aukera ematen baitu estatistika-azterketak populazio txikiko guneetan egiteko. Lupa honi esker, gure bizitokiari lotuta egon litezkeen ingurumen, gizarte eta ekonomia-eragile batzuk azter litezke, horiek guztiek osasunari eragiten diotelakoan.

Esan daiteke Imanolen ikerketa lanak lehenengo aldiz kuantifikatu duela desberdintasun hauek hilkortasunean duten eragina. Ondorio garbiak atera ditu: Elkargoaren zonalde txiroagoetan hilkortasun-tasa handiagoak daude. Ikus ditzagun kontu hauen zehaztapenak.

.- Imanol badakigu hilkortasuna, hau da, denbora tarte jakin batean gertatzen diren heriotzen kopurua oso desberdina dela batetik Afrikan eta bestetik Ingalaterran, Frantzian edo Espainian. Esaterako Afrikan malariak jota hiltzen da jendea, eta hemen ez da horrelakorik gertatzen. Zonalde handiak erkatzen ditugunean, oso nabarmenak dira desberdintasunak, baina egia ote da Euskal Herriko Hilkortasun Atlasak iradokitzen duena, hau da, desberdintasunik antzeman ote daiteke gure auzoen artean?

Tankera horietako desberdintasunik ote dagoen zehaztea izan dugu helburu, eta ikusi dugu egon badaudela, eta gainera desberdintasun oso garrantzitsuak direla. Zientzialariek susmatu egiten zuten errealitatea, baina lan hau burutu arte ez da kontua kuantifikatzeko modurik izan. Euskal Herriko Hilkortasun Atlasek 1996-2003 eperako estimazioak egin ditu, esparru geografiko eta zenbait kausaren arabera, eta sexuaren arabera ere.

.- Imanol, 18 heriotza-eragile nagusi ikus daitezke mapan, suizidioa, trafikoko istripuak eta diabetesa bezalako hainbat gaixotasun eta 17 minbizi mota barne. Eta denak ere auzoen arabera edo errolda-atalen arabera. Zer da errolda-atal bat? Zergatik da hain garrantzitsua kontu honetan?

Irizpide argien bidez zehazten dugu errolda-atala deitzen dugun hau: geografia-ezaugarriak (ibaiak, mendiak…), gizakiak egindako eraikin iraunkorrak eta bideak (kaleak, errepideak,…). Lan hau egiteko 2001. urteko Euskal Autonomia Elkargoko (EAE) 1.645 errolda-atal erabili ziren.

Errolda-atalak oso txikiak dira, 500 eta 3.500 biztanleren artean baitaude; adibidez Gasteizek 160 atal zeuzkan 2001ean. Hiri bateko auzoetan, 10-20 atal egon ohi dira.

Izan ere, ikusi izan da errolda-atala dela azalera geografiko egokiena espazioaren araberako osasun-aldaketak aztertzeko. Alde batetik, errolda-atal jakin bateko populazioa homogeneoa da bizimodu eta gizarte, ekonomia eta ingurumen-ezaugarri komunak dituztelako. Beste alde batetik, errolda-atalaren tamainak uxatu egiten ditu konfidentzialtasun arazoak. Gainera, lan hauek egiteko beharrezko gertatzen den informazioa era honetara antolatuta egon ohi da erakunde ofizialetan ere.

.- Beraz, ezaugarri komunak eta populazio homogeneoa. Atal batean enpresa bat badago, edo langabezia gehiago, agian hilkortasun tasa handiagoa ote dagoen begiratu beharko genuke. Aukerarik ematen du Atlasak horrelakoak aztertzeko? Nondik lortzen dituzue datuak?

Zenbait iturritatik. Alde batetik, gizarte eta ekonomia-adierazleak erabili dira auzo txiroenak zein diren zehazteko: langabezia, esku-langileak, aldi bateko langile soldatakoen batez bestekoa. Datu hauek guztiak eta oro har, errolda bera, 2001eko Populazio eta Etxebizitza Erroldatik lortu ditugu, eta era berean, Eustateko Populazio eta Etxebizitzen Datu Estatistikoetatik.

Bestetik, Eustatek biltzen ditu INErekin elkarlanean EAEko heriotza-datuak Heriotza Datu Estatistikoetan.

Atlaseko estatistika-metodologiaz baliatuta, Osasun Sailak beste harreman funtsezko bat aztertu du: zonalde txikietako heriotza-arriskuaren eta etxebizitzetatik hurbil dauden enpresa kutsatzaileen artekoa. Kutsadura Igorpen eta Iturrien erregistrotik lortu ziren enpresei buruzko datuak (EPER Euskadi / E-PRTR). Erregistro horrek jendeari informazioa ematen dio atmosferara, uretara eta lurrera egiten diren igorpenei buruz. Zehazkiago, informazioa ematen du kutsadurako gaiez eta hondakin-transferentziez, bereiziki industria nagusiei buruz eta zenbait iturriri buruz

.- Badirudi beraz osasunean desberdintasunak antzeman daitezkeela ataletan zehar. Zer egin dezakegu hori jakinda?

Oso garrantzitsua da Euskal Herriko hainbat tokitan hilkortasun-arrisku handia dagoela jakitea. Horrela, aukera izango dugu desberdintasun horien aurkako neurriak hartzeko edo politika jakin batzuk abian jartzeko.

Jakitea da edozein arazo konpontzeko lehenengo urratsa. Orain dela gutxi arte, esaten zen Euskal Autonomia Elkarteko osasuna bikaina zela bestelako zonaldeekin, adibidez Espainiarekin erkatuta. Hori egia zen neurri batean, baina ez zen kontuan hartzen Euskal Herriaren barruan desberdintasunak zeudela biztanleen artean. Adibidez, Bilboko Itsasadarreko eskuinaldean jaiotako norbaitek ia 9 urte gehiago dauzka bere bizi-itxaropenean, Bilbo Zaharrean jaio den batek baino. Zonalde beraren barruko desberdintasun hauek ez dira ez bidezkoak ez etikoak, eta behartuta gaude nonbait horren aurka zerbait egiteko.

.- Imanol, bukatu baino lehen, esaguzu non aurki ditzakegun Atlas gehiago.

Atlas hauek gero eta ugariagoak dira. Medea egitasmoa, espainiar hiri batzuk aztertzen ari da, eta ikerkuntza-lerro hau bizkor dabil horri esker Espainia eta Europan zehar. Europako atalak, Ineqcities izena dauka.

Espainian, badaude metodologia berbera erabili duten beste lan batzuk. Oro har, liburuak eta argitalpenak dira:

  • Espainiar hirietan: “Atlas de mortalidad en ciudades de España (1996-2003).”
  • Madrilen: “Atlas de mortalidad y desigualdades socio-económicas en la Comunidad de Madrid (2001-2007).”
  • Espainia osoan: “Atlas de mortalidad en municipios y unidades censales de España (1984-2004)”. Kasu honetan, udalak dira unitatea, ez errolda-atalak.
  • Europan ere badira, eta ziur aski hauxe da onena: The enviroment and health atlas for England and Wales.


Bideoa: Imanol Montoyak 2016ko urrian emandako hitzaldia, “Gizarte-ezberdintasunek hil egiten dute Euskadin? Bai, eta zifrak ere badaude

—————————————————–

Egileaz: Ines Garmendia (@inesgn) matematikaria eta estatistikaria da.

—————————————————–

—————————————————–

Itzultzailea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Oharra: Jatorrizko elkarrizketa Desayuno con Fotones blogean argitaratu zen 2016ko uztailaren 20an. Bertatik jaso dugu elkarrizketaren atal bat gurean argitaratzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu blogeko arduradunei zein egileei gurera ekartzeko baimena emateagatik.

The post Zer dira hilkortasun-atlasak? Elkarrizketa Imanol Montoya epidemiologo eta estatistikoarekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak

Mon, 2017/01/30 - 15:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Bodil Schimdt Nielsen fisiologoak 1947an hasi zuen ur eta elektrolitoen balantzeari buruz egin zuen bere lehen ikerketa garrantzitsua. Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan dagoen Arizonako hegoaldera abiatu zen bikotea eta han Dipodoys, Perognathus eta Neotoma karraskarien uraren metabolismoa ikertu zuten 1947 eta 1948ko udetan.

1. irudia: Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoa.

Esperimentu saio gehiago egin zituzten gero Swarthmore (Pensilvania) eta Stanford (Kalifornia) unibertsitateetan. Oraindik ere, oso lan ezaguna da urik edan gabe bizirik irauteko kanguru-arratoiak garatu dituen mekanismoak deskribatu zituena. Izan ere, erabateko berrikuntza ekarri zuten animalien ingurumen-fisiologian mugarria izan ziren lan haiek.Gero, Saharako basamortuaren barrena abiatu ziren eta herrixka galdu batean ur-ekonomiari buruzko ikerketak egin zituzten gameluetan. Ur-balantzeari buruzko lan horiei esker eman zioten Bodili “Bowditch Award Lecture” izeneko saria 1957an. Bera izan zen, hain zuzen ere, fisiologo gazteen lana aitortzeko sortua zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea.

Esan bezala, basamortuetako animalien ur-ekonomiari buruzko ikerketak izan ziren Schmidt-Nielsenen lehen lan garrantzitsuak. Lan horiek, bestalde, giltzurrunaren funtzionamenduari buruzko jakinguraren abiapuntua izan ziren, aski ezaguna baitzen ur-balantzean giltzurrunaren zereginak duen garrantzia. Giltzurrunak sortzen du gernua, eta sortzerakoan ur gehiago ala gutxiago erabil dezake, beti ere ur-beharren arabera. Beharrak handiak direnean gernu gutxi ekoizten dute animaliek, bestela deshidratatu egingo balirateke. Alderantziz gertatzen da ura soberan dutenean. Gainera, ez da ahaztu behar gernuaren bitartez hondar nitrogenodunak kanporatzen direla eta garrantzitsua dela zeregin horretarako animalia batzuek eta besteek erabiltzen duten eskrezio-molekula ere. Azido urikoa erabiltzen dute ura oso urria den medioetan bizi diren animaliek, baina ura mugagarria ez den lekuetan bizi direnek berriz, urea erabiltzera jotzen dute nagusiki. Hala da animalia lehortarren kasuan behintzat, gauzak oso desberdinak baitira uretako animalietan. Hori horrela izanik, kanguru-arratoiaren giltzurrunak urea nola iraizten duen hasi zen ikertzen Bodil 1951n, basamortuetako karraskarien ur-ekonomiari buruzko lanak bukatuta edo ia bukatuta zeudenean. Lanaren garrantziaz jabetu gaitezen, kontuan hartu behar da garai hartan giltzurrunaren fisiologiari buruzko iturri orokor bakar bat zegoela, alegia H W Smith adituak idatzitako liburu bat [1]. Ikerketa-lerro berriaren emaitzek sekulako eragina izan zuten XX. mendearen bigarren zatian zehar ugaztunen giltzurrun-funtzioaz izan dugun ezagutzan.

Bodil Scmidt-Nielsenen ekarpenen garrantzia ulertzeko, kontuan hartu behar da ugaztunen giltzurrunak nola egiten duen lan. Labur esanda, bi lan mota egiten ditu giltzurrunak. Plasma iragaztea da lehena: gernu primarioa deitzen duguna horrelaxe sortzen da, glomerulu izeneko giltzurrunaren atalean. Gero dator bigarren lana: gernu primario horren bolumen eta konposizioa aldatzea. Bodil lanean hasi baino lehen, fisiologoek uste zuten iragazita izan ondoren urea ez zela jariatzen odoletik giltzurrun-hodietara, baina litekeela pasiboki iragazia izatea -hau da, difusioz- birxurgatua giltzurrun-hodietatik odolera. Bodil Scmidt-Nielsenek ordea, aurkitu zuen zenbait karraskarietan bi prozesu horiek gerta daitezkeela eta biak modu aktiboan gainera. Hau da, berak frogatu zuen urea aktiboki iraitzia eta birxurgatua izan zitekeela giltzurrun-hodietan. Beraz, karraskari horiek kanporatzen zuten urea kantitatea ez zen halabeharrez glomeruluan iragatzen zen berbera, behar fisiologikoen arabera gehiago ala gutxiago izan zitekeelako.

Garai hartako aditu nagusienetakoa zen Homer Smithek bisita bat egin zion Bodili 1952an eta zertaz eta nola lan egiten arin zen ikusirik, konbitea luzatu zion Mount Desert Island Biological Laboratory izenekora joateko hurrengo udan berarekin lan egitera. Horrelaxe hasi zen urte asko luzatuko zen lankidetza. Han aurkitu zuen, esaterako, igelek glomerulutik iragazten dutena baino askoz ere urea gehiago iraizten dutela.

Alor horretako zientzialari gehienek ontzat eman zituzten igelei buruzko emaitzak, baina ez zituzten modu berean onartu ugaztunekin lorturikoak. Ez zuten ontzat eman ugaztunen giltzurrun-hodietan urearen garraio aktiboa (bi norantzetan) gerta zitekeela. Orain, berriz, badakigu Bodil Schmidt-Nielsenek arrazoi zuela, baina 30 urte igaro behar izan ziren zalantzarik gabeko emaitzak lortu arte eta bere proposamenak guztiz onartuak izan arte.

Oharrak:

[1] Homer W. Smith (1937): The Physiology of the Kidney; nahiz egile berak beste bat argitaratu zuen urte hartan: Homer W. Smith (1951): The Kidney: Structure and Function in Health and Disease.

Iturriak:

Aurreko artikulua:

Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsasargia, Antzinarotik bide-erakusle

Mon, 2017/01/30 - 09:00
Itsasargiak, Antzinarotik, segurtasuna eman dio nabigatzaileari, lehorrera iristeko bidea erakutsi dio. Egun, teknologia berriak egonagatik, beren eginkizuna betetzen jarraitzen dute eta horietako asko ondare balio handiko osagaiak dira. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakaslearen ustez, “jarduneko itsasargi batek soilik du balioa Industria Ondarearen osagai gisa. Printzipioz, berdin dio jarduneko itsasargiak azken belaunaldiko teknologia ala XIX. edo XX. mendetako teknologia erabiltzen duen. Jardunean egotea, bere zioa den eginkizuna betetzen jarraitzea da gakoa. Bere erabilerarengatik edo erabilgarritasunarengatik soilik izango da baloratua eta kontserbatua”.

Irudia:UPV/EHUko ikerketa talde batek egindako lanaren arabera, arkitekturaren, teknologiaren eta gizartearen ikuspegitik ondare balioren bat duten 130 itsasargi daude Espainiako kostaldetan, jardunean dauden 191 itsasargien artean.

Ondokoak dira itsasargi baten osagaiak: lanparak, leiarrak edo ispiluak, biratzeko eta distiratzeko makineria, eraikuntzak, dorreak eta etxebizitzak. Ur-tanga bat darama ere beti, bai eta biltegi gisa erabiltzen diren eraikuntza isolatu txikiak ere. “Bere kokapen inguruaren eta tokiko gizartearen memorian txertatuta dagoen multzo bat da, bertako ekonomiaren mantentzeari lagundu baitio. Ondorioz, Industria Ondarea zehazten duten kontzeptu guztiak betetzen ditu. Halere, Industria Ondare gisa hartzen ditugun beste osagai batzuengandik bereizten da, bere azalpena egin ahal izateko osagai teknologikoak, eraikuntza osagaiak eta gizartean izan duten eragina aintzat hartu beharra baitago, guzti hori jardunean eta errendimendu handienean. Lehenak XIX. mendeko hasieran egondako teknologia aurrerapenen ondorio dira eta indarrean diraute egun. Bigarrenak, askotan, egiazko arrandiak dira beren ausardiarengatik; itsasargia hartzen duen orubea, sarritan, egun ere eraikuntza zailtasun itzelak agertzen dituzten inguruetan kokatua dago. Ohikoa da mendi-hegalean, itsas mailatik 100 metrora dauden eta sarbide malkartsua duten itsasargiak aurkitzea.

Itsasargiak berebiziko eragina izan du Espainiako garapen ekonomikoan. Askotan, tokiko talde ezberdinek eskatuta eraikitzen ziren, portu bat, salgaiak trukatzeko leku bat seinaleztatu beharra zegoelako edo orografiaren gorabehera bat seinaleztatzeko nabigazioa errazteko xedearekin; honela, inguruko produktuen edo lehengaien -meatzaritza bereziki- esportazioa sustatzen zuten. Bestetan Europako herrialdeak ziren, Frantzia eta Ingalaterra bereziki, itsasargiak eraikitzea eskatzen zutenak, beren merkantzia ontziak Espainiako kostaldetan zehar egiten zituzten bidaietan babestu ahal izateko. Espainiako portuek eta nabigazioak herrialdearen ekonomian urtetan zehar izan duten eragina kuantifikatzea ahalbidetzen duten datu ekonomikoak daude eskuragarri”, azaldu du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakasleak.

Lehen itsasargien plana XIX. mendeko erdialdera egin zen, iragan mendeko amaieran Erresuma Batuan hasitako ‘Industria Iraultzaren’ iritsierarekin bat. “Garai hartako aurrerapen teknologikoek lehen makinen eraikuntza ahalbidetu zuten eta hauek bilakaera azkarra bizi izan zuten, beren ezaugarriak asko hobetuz. Itsasargiek teknologia berria barneratu eta itsasargi asko eraiki ziren. XIX. mendeko erdialdea baino lehen, portuak eta orografiaren gorabeherak seinaleztatzeko erabiltzen ziren dorreak aipatzen zituzten historia tratatuek. Dorre horiek suaz eta lanpara landu gabeez baliatzen ziren beren seinalea bidaltzeko. Nabigatzaileek eta kostaldeko herriek zuten behar hori industria iraultzaren hazkunde ekonomikoaren ondorioz biderkatua izan zen. Itsasargiaren beste ‘balio’ batekin egin dugu topo, horrenbestez: ekonomiaren garapenari eta, ondorioz, gizartearen ongizateari eman zion bultzada”, jarraitu du Sanchez Beitia irakasleak.

Itsasargi batek, baina, sistema osoa martxan jarriko zuen langile baten beharra zuen. “Aipatua, itsasargiaren osagai ordezkaezina zen. Bere lanpostuarekin zuen lotura erabatekoa zen, bertan bizi baitzen, inguruan gertatutako guztia pairatuz. Hondoratze, ekaitz handiak eta antzekoak azaltzerakoan farozainek jokatu zuten papera nabarmentzen duten idatzi asko daude. Foruzainak eta dorrezainak unitate bat osatzen zuten, zentzugabea zen bata bestea gabe. Itsasargien automatizazioaren ondorioz, ogibide hau desagertzeko zorian dago. Itsasargien historian zehar eta egun arte izan duten bilakaeran izan duten funtsezko paperaren oroitzapena, halere, betirako kontserbatuko da. Dorrezainaren, farozainaren edo seinale teknikariaren eginkizunetako bat zen, besteak beste, hiru ‘liburu’ ezberdin betetzea egunez egun: Zerbitzu Liburua, Komunikazio Liburua eta Agindu Liburua. Horietan, ondokoak idazten ziren eskuz: zerbitzuaren eguneroko gertakizunak, goi-mailako agintariekin partekatutako komunikazioen laburpen bat, itsasargian egindako ordezkapenak edo konponketak, bai eta eguraldiaren parte labur bat ere. Idatzizko dokumentu horiek arkitekturaren, teknologiaren eta gizartearen ikuspegitik duen balioari gehitzen zaion Balio Dokumentala osatzen dute”.

Itsasargien katalogoa

Santiago Sanchez Beitiak zuzentzen duen ikerketa taldeak ‘Ondare Balioa duten Espainiako Itsasargien Katalogoa’ osatu du. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Kulturako Estatu Idazkaritzaren mende dagoen Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren bitartez 2016an finantzatu duen lan honetan gai guzti horiek zehazten saiatu dira itsasargi bakoitzari dagokionean, eta fitxa bana osatu dute ondare balioa duen 130 itsasargi bakoitzerako. “Sustapen Ministerioko Estatuko Portuak erakundearen laguntza izan dugu gure lana egiteko. Arkitekturari dagokionean konposizio tipologia gutxi aurkitu ditugu eta XIX. mendeko erdialdera garaturiko hasierako teknologia hori gure kostaldetako itsasargi askotan oraindik erabiltzen dela ikusi ahal izan dugu.  Sortu dugun dokumentu fondoa mantendu beharko litzatekeen ondare bat kontserbatzeko eta zaharberritzeko programa bat garatzeko oinarria izan liteke”, gaineratu du amaitzeko.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itsasargi batek jardunean egonda soilik du ondare balioa.

The post Itsasargia, Antzinarotik bide-erakusle appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #139

Sun, 2017/01/29 - 10:45
Uxue Razkin

Biologia

Orkak menopausia igarotzen duten animaliak dira. Etxeterko Unibersitateak (Ingalaterra) gidatu duen nazioarteko ikerketa batean animalia horien bizimodua behatu dute eta menopausiak zer zentzu duen ulertzen ahalegindu dira. Sarritan amonaren hipotesia planteatu izan da. Amaia Portugalek azaltzen digu zertan datzan hori: adinean gora egin ahala, ugaltzeak gero eta ahalegin handiagoa dakarkio emeari, gero eta energia gastu nabarmenagoa. Bada, azken helburua geneen biziraupena denez gero, adin batetik aurrera, taldeko amonek beren kide gazteenak zainduz egiten dute horretarako ekarpena; eraginkorragoa omen da haien energia funtzio horietara bideratzea, kumeak izaten jarraitzea baino. Hala ere,  hipotesi hori ez da aski. Esaterako, elefante eme helduek antzeko rola betetzen dute haien taldean, baina ez diote kumeak izateari uzten. Horregatik, bigarren hari bati eutsi diote: ugaltze gatazkaren hipotesia. Horren arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten.

Intsektuek ez dute birikarik, trakea-sistema da euren arnas aparatua. Larruazalak sorturiko barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Arnasteko sistema azaldu digute honetan: trakearen ahotik sartzen da airea, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken hodixka txikienak. Azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko. Beste bi puntu garrantzitsu honetan: muskuluen mugimenduek eraginda nolabaiteko aireztapena egon daiteke zenbait espezietan. Bestetik, espirakulu izena duen estalki-egitura baten bidez trakeak ixteko ahalmena dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta, horrela, gehiegizko ura gal ez dadin.

Astronomia

Japoniako astronomo talde batek arku-formako egitura estazionario bat aurkitu du Artizarraren atmosferaren goialdean. Egiturak 10.000 km-ko hedapena du, distiratsua da eta ez da mugitzen Artizarraren atmosferaren behealdeko geruzekiko. Ikertzaileek uste dute behealdean sortutako grabitate-uhin baten emaitza dela, baina ez dute argitu nola sor eta heda daitekeen efektu hori Artizarraren gainazaleko baldintzetan. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Cassini zundak irailean amaituko du bere misioa, Saturnoren inguruan hamar urtez orbitatzen ibili ondoren. Misio hau abian jarri zen lehen aldiz Saturnoren eraztunen barnealdetik irudiak eta datuak jasotzeko.

Medikuntza

Tumore bat kendu ondoren tumore berriak haz ez daitezen estrategia berri bat probatu dute Estatu Batuetan; honetan, plaketak dira ardatz. Plaketek zaurietan odola koagulatzen laguntzen duten heinean, zauri-guneetarantz jotzeko joera dute, eta hori aprobetxatuz, tumore bat kirurgia bidez kendu eta gero, toki horretan gera daitezkeen minbizi-zelulen aurkako antigorputzak eramateko balio dezakete. Ez hori bakarrik, plaketak odolean dabiltzanez, odolera pasa diren eta metastasia eragin dezaketen minbizi-zelulak ere ezagut ditzakete. Estrategia berri hau saguetan eraginkorra dela ikusi dute.

Genetika

Salk Institutuko ikertzaileek onartu dute zaila egin zaiela gizakion eta txerrien zelulak nahastuta dituzten enbrioiak haztea, baina lortu egin dute. Bai, ondo irakurri duzue. Giza zelula amak txerrien enbrioietan –blastozistoetan– sartu eta hazi dituzte. Juan Carlos Izpisuak esan du zientzialariek hamarkadak daramatzatela zerbait gaizki egiten eta horregatik beste bide bat hartzea erabaki dutela: “Giza zelulak animalietan haztea pentsatu genuen, askoz ere emankorragoa delakoan”. Oraingoz, ondo doaz saioak: giza zelulek bizirik iraun dute txerrien enbrioietan. Enbrioi horiek txerri emeetan ezarri, eta hiru-lau aste bitartean garatzen utzi dituzte.

Ekologia

Badirudi kaltetutako ekosistemek uste baino denbora gehiago behar dutela bere onera etortzeko. Ikerketa berri batek aditzera eman du leheneratze ekologikoak ez duela berreskuratzen degradatutako ekosistemen bioaniztasun eta funtzionaltasun osoa. Ikertzaileek egiaztatu dute leheneratutako ekosistemetan landareen eta animalien erdiak daudela eta, horrez gain, karbono- eta nitrogeno- zikloak ere ez direla kaltetu aurreko egoerara itzultzen. Ekosistemen leheneratzeetan landare-espezieak berreskuratzeaz gain, organismoen arteko interakzioak ere leheneratu behar dira, eta kasu askotan, zenbait espezie edo interakzio berreskuratzeko mendeak beharko dira.

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Maria Teresa Toral kimikaria izan dugu protagonista. Bere aitak farmazia ikastea aholkatu zion, emakume batentzat egokiena baitzen haren aburuz. Baina, farmaziaz gain, aldi berean, kimika ikasketak gauzatu zituen. Moles kimikari famatuaren taldean sartu zen, bertan nitrobentzenoaren lurrun-faseko kurbak zehaztu zituen. Kimika arloko bere doktoretza-lanaren oinarriak, hain zuzen ere, CO2, O2, eta N2O arteko erlazio molekularrak eta karbono eta nitrogenoaren masa-atomikoak izan ziren. Londres zuen helmuga Mª Teresak, isotopia ikasketak egiteko beka bat lortu baitzuen, baina militarren altxamenduak ukatu egin zion ametsa 1936. urtean. Toral salatu egin zuten Nazioarteko Fisika eta Kimika Institutua baliatzeagatik errepublikanoen armen produkzioa bideratu ahal izateko. Epaiketa politikoa izan zen, jakina, eta hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoaren ibilbide eta lorpen zientifikoak jakitera eman ditu artikulu honetan Juan Ignacio Perezek. Zientzia eta matematiketan espezializatu zen. Kopenhageko Unibertsitateko Odontologia Fakultatean sartu zen ondoren. Ikasketetan zehar handitu egin zen fisiologiarako zeukan jakin-mina eta oraindik ikaslea zela, giza hortzetan gertatzen den kaltzio eta fosforoaren trukeei buruzko lehen ikerketa-lanak egin zituen. 1946an odontologiako titulua lortu zuen eta bera izan zen, izan ere, Kopenhageko Unibertsitatean titulu hori eskuratu zuen lehena. Ez galdu emakume zientifiko honen bizitza!

Neurozientzia

Cell aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, saguengan ehiza eta harraparitza arautzen dituen garunaren eremua identifikatzea lortu dute. Era berean, zientzialariak gai izan dira sen horren atzean dauden neuronak martxan jartzeko edo bertan behera uzteko. Optogenetika izeneko teknika erabili dute neuronak nahieran “piztu” eta “itzaltzeko”. Aukera berriak ireki ditu teknikak eta horren inguruan mintzatu da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile Raul Andero neurozientzialariak. “Laser baten bitartez, aukeratutako neurona zehatzak estimulatzen dira. Orain dela gutxira arte ezinezkoa zen hori. Neuronak botiken bitartez estimulatu beharra zegoen, baina dozenaka edo ehunka neuronari eragiten zien. Orain, nahi izanez gero, neurona bakar bat aukeratu ahal dugu, argiaren bidez hura gaituz edo ezgaituz, sortzen den ondorioa aztertu ahal izateko”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Arkitektura

Kontserbazio zientifikoaren alorrean, tratamendu berriak ikertzea alor garrantzitsuenetako bat da egun. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko ikertzaile batzuek konparazio-ikerketa bat garatu zuten Bizertako Gotorleku Espainiarrean (Tunisia). “Harria oso hondatuta dago han, materialaren mineral-konposizioa eta porositatea dela eta, gatz-lainoek eta aurreko birgaitze-lanetan erabilitako mortero desegokiek kaltetu egin baitute”, zehaztu du Ainara Zornozak. Materialaren egoeraren diagnostikoa egindakoan, sendotze-produktuak erabili eta alderatzeari ekin zioten. Produktu bakoitzaren eragina aztertzeko, ezaugarri asko neurtu zituzten: gainazalaren morfologia, mikroskopio elektronikoa erabiliz; sendotze-maila, besteak beste. Kasu bakoitzean, “aukeratu beharko litzateke produktu egokiena, bakoitzaren beharretara egokituta, azkeneko emaitza faktore askoren araberakoa baita”.

Hizkuntzalaritza

Hainbat ikerketak aztertu dute nola eragiten duen hizkuntzak pentsamenduko zenbait arlotan; bereziki aztertu dute nola eragiten dien hizkuntza jabekuntzak hartzen ditugun erabakiei. Adibidez, galera-egoera baten aurrean erabakiak hartzeko unean ausartagoak gara gure ama-hizkuntzan, bestelako hizkuntzetan baino. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragin desberdina dutela erabaki moralen aurrean. Ikerketa honetan, gaztelania eta ingeles-hiztun elebidunak aztertu zituzten ikusteko ea ama-hizkuntzak edota bigarren hizkuntzak eragina duten erabaki moralak hartzerakoan. Irakur ezazue artikulua emaitzak ezagutzeko, ez zarete damutuko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #139 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #145

Sat, 2017/01/28 - 09:00

Nanoporoak erabiliz egindako DNAren sekuentziazioa 2016. urteko mugarri zientifikoa izan da. Grafenoa beharrezkoak diren nanoporoak sortzeko material egokia izan liteke. Francisco R. Villatorok azaltzen digu: Graphene nanopore DNA sequencing.

Kognizio sistema osorik izan arren ikusmenean arazo larriak dituztenek haluzinazioak izan ditzakete, baina errealitatetik bereizteko gai dira. Egia esan, egun ez dago haluzinazio hauek prebenitzeko tratamendurik. Pablo Barrechegurenek azaltzen digu Visions for blind eyes: the Charles Bonnet syndrome artikuluan.

Farmakologian ezinbestekoa da molekulak sintetizatzeko egitura berri egokiak aurkitzea. DIPCk egitura egokia duten pirrolidinak (farmakologian garrantzi handikoak dira) lortzeko modu bat aurkitu du: A new path to enantioselective substituted pyrrolidines.

Partikulen fisika bezain arlo konplexuak zenbakizko erreminta berriak behar ditu ikerketari ekiteko eta baita ere, hauek maneiatzeko gai diren sistemak. Daniel Manzanok ematen dizkigu nondik norakoak: Simulating particle physics in a quantum computer.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #145 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

María Teresa Toral (1911-1994): Zientziak burdinen artetik ihes egin zuenekoa

Fri, 2017/01/27 - 09:00
Uxue Razkin Ia hilabete zeraman kartzelan frankistek 13 arrosak hil zituztenean. Torturak, fusilatzeak, negarrak, sufrimendua. Plater nazkagarrietan, dilistak; zomorroen bazka. Egunero beldurrak gainezka egiten zuen emakumeen biltegi –modu horretan definitu zuen Tomasa Cuevasek– ilun eta hotzean. Burdinen artean, bizitza jasangaitza egiten zitzaien bertan pilatuta zeuden emakumeei. Madrilgo Las Ventas kartzelan espetxeratu zuten Maria Teresa Toral kimikaria, infernu horren lekuko bilakatuz.

1. irudia: Teresa Toral lanean. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Gure protagonista Madrilen jaio zen 1911n. Bere aita, José Toral, notarioa zen. Bere amak, ordea, ezin izan zuen ikasi baina oso pertsona jantzia zen eta etxean txikitatik musikarekiko zaletasuna transmititu zion bere alabari, baita pinturari zion maitasuna ere. Mª Teresak eskola frantses batean ikasi zuen; guztira, bost hizkuntza menperatzera iritsi zen. Batxilergoan, nota bikainak erdietsi zituen eta orduantxe erabaki zuen zientziaren bidetik joko zuela. Bere aitak farmazia ikastea aholkatu zion, emakume batentzat egokiena baitzen haren aburuz. Baina Mª Teresak erronka zailagoak nahi zituen.

Hala, farmaziaz gain, aldi berean kimika ikasketak gauzatuko zituela esan zion aitari. Eta lortu ere: 1933. urtean bukatu zituen biak. Enrique Moles kimikaria berehala konturatu zen Toralen bikaintasunaz eta Fisika eta Kimikako Institutu Nazionalera (Rockefeller Institutua) joateko konbitea luzatu zion. Mundu mailan nahiko ezaguna egin zen Molesek zuzentzen zuen ikertzaile taldea, batez ere pisu molekular eta atomikoen zehaztasun fisiko-kimikoan erakutsitako doitasunagatik. Gainera, bere ikasleak euren neurketa aparatuak eraikitzeko gai izatea nahi zuen Molesek. Espainiako laborategien egoera onena ez zela ikusita, ez zen ideia txarra kimikariak planteatzen zuena. 1933an taldeak nitrobentzenoaren lurrun-faseko kurbak zehaztu zituen.

Kimika arloko bere doktoretza-lanaren oinarriak, hain zuzen ere, CO2, O2, eta N2O arteko erlazio molekularrak eta karbono eta nitrogenoaren masa-atomikoak izan ziren. Londres zuen helmuga Mª Teresak, isotopia ikasketak egiteko beka bat lortu baitzuen, baina militarren altxamenduak ukatu egin zion ametsa 1936. urtean.

2. irudia: Antonina Rodrigo historialariak 2012. urtean Teresa Torali buruz idatzitako liburua.

Toral salatu egin zuten Nazioarteko Fisika eta Kimika Institutua baliatzeagatik errepublikanoen armen produkzioa bideratu ahal izateko. Epaiketa politikoa izan zen, jakina, eta hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Espetxean, bere zientzia ezagutzak praktikan jarri zituen, barneko emakumeak laguntzen saiatuz. Bere zeregina presoak eta berauen seme-alabak zaintzea zen. Era berean, umeen adina faltsifikatzen zuen, bertako egoera ikusita, euren amekin denbora gehiago igaro zezaten.

1942an Las Ventasetik atera zenean, Madrilen bertan farmazia bat ireki zuen. Hura izan zen gerrillari antifrankisten bilgune. Klandestinitate giro hartan maitemindu zen baina bere bikotekideak traizionatu egin zuen. 1945ean berriz ere Las Ventasen espetxeratu zuten. Horren aurrean, milaka telegrama eta gutun iritsi ziren Toral libre uzteko eskatuz. Mundu mailan ezagunak zirenen bisita ugari izan zituen, hala nola, Irene Joliot-Curie, Kimikako Nobel sariduna. Azkenean, egindako presioaren kariaz, hogeita hamar urteko zigorra izango zena, bi urtekoa bilakatu zen. Segoviako emakumeen kartzelan sartu zuten.

Mexikoko giro artistikoan murgilduta

956an Mexikora ihes egitea lortu zuen Mª Teresak. Bertako Unibertsitate Autonomoan hasi zen lanean eta beste hainbat instituzio publikoetan ere, bere zientziari buruzko ezagutzak partekatuz. Horrez gain, artikuluak publikatu zituen eta beste autoreen testu zientifikoak itzultzen zituen ere. Argitaratzeaz gain, kimikako eta biokimikako klaseak eman eta tesi batzuk zuzendu zituen.

2. irudia: Maria Teresa Toralen “Hora cuasi sonámbula” lana (1965). (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Halere, zientzia ez zen izan bertan jorratu zuen arlo bakarra. Toralek grabatuaren teknikari ekin zion. Erakusketa asko egin zituen 1962tik aurrera hainbat tokitan: Chilen, AEBtan, Israelen… 1978an elkarrizketa batean esan zuen: “Artistaren ardura da bitarteko berriak topatzea eta bide berriak eraikitzea”. Zientziak bakarrik ez zuen asetzen eta artearen bidea ezagutu nahi zuela argitu zuen hitzokin. 1975ean Espainiara iritsi zen bere lana lehenengoz. 1994. urtean hil zen kimikaria.

Aipatzekoa da, 2013. urtean bere erakusketa bat, Regreso (Itzulera) deiturikoa, ekarri zutela Segoviako kartzelara. Edertasuna ezagutu zuten aurreneko aldiz, iraganean torturak, negarrak eta oihuak jasan zituzten hormek.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post María Teresa Toral (1911-1994): Zientziak burdinen artetik ihes egin zuenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Arnas egiteko beste modu bat

Thu, 2017/01/26 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Aristotelesek asko zekien animaliei buruz. Historiako lehen zoologotzat hartzen dugu eta zenbait konturi buruz hark azaldutakoa ez da kasik aldatu mendeetan zehar. Aristotelesek, bere Animaliei buruzko ikerketan (Historia Animalium, K.a. 486), honako hau dio arnasketari buruz:

«Animalia lehortarren arteko batzuek -gizakiek eta birikak dituzten gainerako lehorreko animalia guztiek- airea hartu eta kanporatu egiten dute (arnasgora eta arnasbehera izeneko prozesuak); beste batzuek, berriz, ez dute airea hartzen, baina lehorrean bizi eta elikatzen dira, liztorra, erlea eta gainerako intsektuak. Intsektu deitzen diet gorputzetan ―bizkarrean zein sabelean― lakainak erakusten dituzten animaliei.»

Aristotelesek intsektuen arnasketari buruz idatzitakoaz nahikoa arrazoi bazuen ere, ez zuen arrazoi osoa.

1. irudia: Intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta banako kopuruari dagokionez ere.

Intsektuek ez dute birikarik. Horixe da animalia talde horren ezaugarririk behinenetako bat. Trakea-sistema da intsektuen arnas aparatua. Larruazalak sorturiko inbaginazioen edo barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Trakearen ahotik sartzen da airea, eta barrurantz doa, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatzeak gertatzen dira barruranzko ibilbide horretan, eta adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira sortzen diren trakeaxkak. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken hodixka txikienak. Trakeaxkaren azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko.

Sistemaren deskribapena osatzeko, beste bi kontu aipatu behar ditugu hemen. Batetik ―eta hona Aristotelesek non ez zeukan arrazoirik―, muskuluen mugimenduek eraginda nolabaiteko aireztapena egon daiteke zenbait espezietan; hortaz, intsektuek bai izan dezakete arnasgora, nahiz guztietan holakorik ez gertatu. Bestetik, espirakulu izena duen estalki-egitura baten bidez trakeak ixteko ahalmena dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta, horrela, gehiegizko ura gal ez dadin.

2. irudia: Intsektuen ezaugarri nagusietako bat da ez dutela birikarik.

Zirkulazio-sistema ez dugu ezertarako aipatu orain arte, intsektuen zirkulazio-aparatuak ez baitu egiten arnasketarekin zerikusia duen inolako lanik. Hau da, bi sistema horiek aparte daude, ez dute eragin-trukerik, eta, horri dagokionez, salbuespen bat da intsektuen taldea organo bereiziak dituzten animalien artean. Hori bai, badirudi gogotik ordaindu behar izan dutela sistema hori, trakeen bidezko arnasketak muga nabarmenak ezartzen baitizkio intsektuek izan dezaketen tamainari. Izan ere, horrelako hodi-sistema baten bidez oxigenoa ezin izango litzateke zeluletaraino eraman tamaina jakin batetik gorako animalien kasuan.

Hortaz, ezintasun hori gabe mundua ez litzateke ezagutzen dugun bezalakoa izango. Irudika ote genezake gure tamainako intsektuez beteriko planeta bat? Zientzia fikziozko zenbait filmetan ikusi ditugu intsektu erraldoi horiek, liztor eta inurri erraldoiak, eta, egia esan, ez da batere ikuspegi lasaigarria.

Azter dezagun kontua beste alde batetik orain. Azaldu dugun istorio hau garrantzi gutxiko pasadizo bat izango litzateke, kontu batengatik ez balitz. Izan ere, intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta banako kopuruari dagokionez ere. Hau da, munduko animalia gehienak intsektuak dira eta, beraz, okertu gabe esan dezakegu munduko animalia gehienek ez dutela zirkulazio-sistemarik behar truke guztiak egin ahal izateko, gasen trukea egiteko ez baitute erabiltzen.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Arnas egiteko beste modu bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Orkak, menopausiaren argigarri

Wed, 2017/01/25 - 09:25
Amaia Portugal Espezie gehienetako emeak ia hil arte dira kumeak izateko gai; gizakiak eta orkak dira salbuespen bakanetako batzuk. Itsas ugaztun horiei erreparatuta, menopausiak zer zentzu duen ulertzen ahalegindu da nazioarteko ikerketa talde bat. Haien arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten, eta hala elkarren artean janariarengatik borroka ez daitezen.

Menopausia nahiko gertaera aparta da animalien artean. Gizakiok ez ezik, jakina da, esaterako, kalderoi hegalaburrek edo orkek ere igarotzen dutela prozesu hori, baina espezie gehienetako emeak ia hil arte dira kumeak izateko gai. Orduan, zer dela eta menopausia? Biologiaren ikuspuntutik, zer zentzu du hainbeste urtez ugaldu gabe bizitzeak? Galderari balizko erantzuna aurkitu diote, Exeterko Unibertsitateak (Ingalaterra) gidatu duen nazioarteko ikerketa batean, orken bizimoduari erreparatuta. Current Biology aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.

Orka arrak 30 bat urte bizitzen dira. Emeek, aldiz, 30 edo 40 urte ingururekin uzten diote ugaltzeari normalean, baino gero ere, hainbat hamarkada igarotzen dituzte bizi-bizi. Kasu bereziki harrigarriak ere badaude. Esaterako, orain dela egun gutxi jo dute ofizialki hiltzat Granny (amona), inoiz erregistratu den orka zaharrena: 105 urte ingururekin zendu dela kalkulatu dute adituek, eta ez du kumerik izan azken berrogei urteotan, baina bere orka taldeko burua izan da hil artean.

1. irudia: Orkak, jauzika. Emeak 30 edo 40 urterekin uzten dio ugaltzeari, baina luze bizi da gero ere. (Argazkia: Robert Pittman – NOAA / Public Domain)

Hain zuzen ere, sarritan amonaren hipotesia planteatu izan da, menopausiaren kausen bila. Hau da, adinean gora egin ahala, ugaltzeak gero eta ahalegin handiagoa dakarkio emeari, gero eta energia gastu nabarmenagoa. Bada, azken helburua geneen biziraupena denez gero, adin batetik aurrera, taldeko amonek beren kide gazteenak zainduz egiten dute horretarako ekarpena; eraginkorragoa omen da haien energia funtzio horietara bideratzea, kumeak izaten jarraitzea baino.

Hipotesi honek bat egiten du orkei buruz dakigunarekin. Izan ere, espezie honetako eme helduek haien esperientzia eta ezagutza partekatzen dute taldeko kide gazteagoekin, eta bereziki iaioak dira janaria aurkitzen, taldearen biziraupena bermatuz. Granny bera da horren erakusle. “Gaitasun harrigarria zuen beste orkei hots egiteko. Bere isatsarekin zartako indartsua ematen zuen uretan, eta hala, hainbat miliatara zeuden orkak itzuli eta haren ondora joaten ziren”, adierazi du Deborah Giles orken ikertzaileak.

Hala ere, amonaren hipotesia ez da aski menopausia azaltzeko. Esaterako, elefante eme helduek antzeko rola betetzen dute haien taldean, baina ez diote kumeak izateari uzten. Horregatik, bigarren hari bati eutsi diote artikulu honetan: ugaltze gatazkaren hipotesia. Horren arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten. Senitartekoen lehia saihestea litzateke helburua: orka taldeak elkarrekin bilatzen ditu jatekoak, eta amonak, bilobak edukitzeaz gain, kume berriak izaten luze jarraituko balu, ez litzateke guztientzako nahikoa elikagairik izango.

2. irudia: Lau laguneko orka taldea. Eme zaharrenek izaten dute denen elikaduraren ardura. (Argazkia: Christopher Michel / CC BY 2.0)

Hipotesi hori egiaztatzeko, AEBtako eta Kanadako mendebaldeko kostaldean bizi diren orken bi populaziori behatu diete ikerketa honetan, 43 urtetan bildutako datuak aztertuta. Batez ere, menopausian sartu aurreko azken urtetan zeuden orka emeei erreparatzea zen gakoa; bilobak izaten hasiak ziren baina oraindik ere kumeak edukitzen ari ziren aleei. Bada, datuon arabera, orka eme zaharraren kume berantiarrak gazte hiltzeko arrisku handia du, garai berean jaio den bilobak baino nabarmen handiagoa (lehenengoaren hilkortasun tasa bigarrenarena halako 1,7 da).

Aurreratu bezala, jatekoan dago gakoa. Orka amonek dute elikagaiak aurkitzeko ardura; talde osoaren erantzule izaten jarraitzen dute, haren kume zaharrenak dagoeneko helduak diren arren. Hala, lan zikina amonak egiten badu ere, bere alaba helduek eta bilobek ateratzen diote etekin handiena: haiek jaten dute gehien. Lehia honetan, amonaren kume berantiarrak irteten dira galtzaile, eta horregatik dute hiltzeko arrisku handiagoa, datuek iradokitzen dutenez. Kumeak izateari uzteko arrazoi sendoa dirudi.

Daniel Franks artikuluaren egileetako batek laburbildu bezala, “gure lan berriak erakusten duenez, orka eme zahar bat ugaltzen bada, bere bilobek lehiatik kanporatzen dute kume berantiarra. Horrez gain, kontuan hartzen badugu amonak ahaleginak eta bi egiten dituela bilobei laguntzen, horrek guztiak azal dezake menopausiaren bilakaera”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Darren P. Croft et al. Reproductive Conflict and the Evolution of Menopause in Killer Whales. Current Biology. Volume 27, Issue 2, p298–304, 23 January 2017. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.cub.2016.12.015

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Orkak, menopausiaren argigarri appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hizkuntzaren moraltasuna, erabaki zure ama-hizkuntzan

Tue, 2017/01/24 - 09:00
Luis Pastor Hizkuntza koloretan artikuluan erakutsi zen azkenengo urteetan mugimendu neowhorfarra berpiztu dela psikohizkuntzalaritzan. Steven Pinker (1994) ez zetorren bat ikerketa horren ondorioekin eta zentzugabekeria konbentzionaltzat jotzen zituen. Orain ordea, badirudi beste iritzi bat duela eta esaten du ez dela guztiz okerra hizkuntzak pentsamenduan eragina duelako ideia, modu asko baitaude hizkuntzak pentsamenduari eragiteko. Izan ere, jendeak joera handia du behaketa hutsalak baieztapen erradikaltzat hartzeko: adibidez, pentsatu ohi da erabiltzen dugun hizkuntzaren hitzek mugatzen dutela gure mundu-ikuskera (Pinker, 2007).

1. irudia: Steven Pinker psikologo kognitiboa eta hizkuntzalaria.

Hainbat ikerketak aztertu dute nola eragiten duen hizkuntzak pentsamenduko zenbait arlotan; bereziki aztertu dute nola eragiten dien hizkuntza jabekuntzak hartzen ditugun erabakiei. Adibidez, galera-egoera baten aurrean erabakiak hartzeko unean ausartagoak gara gure ama-hizkuntzan, bestelako hizkuntzetan baino (Keysar et al. 2012, Costa et al. 2014, Winskel et al. 2016). Hemen erabaki mota bati erreparatuko diogu, erabaki moralei, hain zuzen ere. Marc Hauserren (2006) iritziz, hizkuntzarekin gertatzen den bezala, gaitasun moral batekin jaiotzen gara eta honek ahalbidetzen du sistema moralen garapena. Beste modu batean esanda, hizkuntzak garatzeko softwarerekin jaiotzen garen moduan, sistema moralak garatzeko softwarerekin ere jaiotzen gara. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragin desberdina dutela erabaki moralen aurrean.

Costa eta kideek (2014) gaztelania eta ingeles-hiztun elebidunak aztertu zituzten ikusteko ea ama hizkuntzak edota bigarren hizkuntzak eragina duten erabaki moralak hartzerakoan. Gaztelania-elebidunek ingelesa zuten bigarren hizkuntza moduan, eta ingeles elebidunek aldiz, gaztelania. Esperimentuan, ikertzaileek Tranbia dilemaren bi aldaera aurkezten zieten paper batean idatzita: botoiaren aldaeran, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke botoi bat sakatuz edo ez; zubiaren aldaeran, berriz, bost gizaki ala gizaki bat salba daitezke gizon lodi bat zubitik botaz edo ez (ikusi 2. irudia). Partaideen erdiak dilemak bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Behin irakurrita, bietako bat aukeratu behar zuten. Emaitzek erakutsi zuten botoiaren aldaeran elebidun guztiek tranbia desbideratuko zutela, pertsona bat hilez bost salbatzearren. Baina zubiaren aldaeran desberdintasun bat topatu zuten: ama-hizkuntzan irakurri zutenen %18ak baizik ez zuen zubitik botako gizon lodia, hau da kopuru horrek bakarrik erailko zuen gizona, tranbia geldiarazteko; bigarren hizkuntzan irakurri zutenen kasuan aukera hori %44ra igotzen zen. Hori ikusita, Costa eta kideek ondorioztatu zuten ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragina zutela erabaki moral bat hartzerakoan. Hain zuzen ere, bost gizaki salbatzekotan, gizaki bat erailtzea moralagoa ikusten zuten bigarren hizkuntzan, ama-hizkuntzan baino.

2. irudia: Goiko testuan Tranbiaren dilemaren “botoia” aldaera agertzen da, eta behekoan “zubia” aldaera. (Costa et al., 2014)

Geipel eta kideek (2015a) antzeko esperimentu bat egin zuten alemaniar eta ingeles-elebidunekin. Ikusi nahi zuten ea zubiaren aldaeran topatutako desberdintasuna dilema pertsonala izatearen ondorio zen edo ez. Dilema pertsonaletan pertsona batek beste bati zuzenean zerbait egiten dio, dilema ezpertsonaletan, berriz, ekintza zeharkakoa da (ikusi, 3. irudia). Esperimentuan, partaideen erdiak dilema pertsonal eta ezpertsonala bere ama-hizkuntzan irakurtzen zituen eta beste erdiak bere bigarren hizkuntzan. Dilema pertsonalean erabaki behar zuten norberaren umea hiltzea ala ez soldadu etsaietatik bere burua eta beste herritarren bizitza salbatzeko. Dilema ezpertsonalean erabaki behar zuten kalean topatutako diru-zorro bat barruan duen diruarekin bueltatzea edo ez. Dilema biak behin irakurrita, dilemen onargarritasuna baloratu behar zuten 7 puntuko eskala baten bidez: puntu 1 guztiz onartezina bazen eta 7 puntu guztiz onargarria bazen. Dilemak ama-hizkuntzan irakurri zutenek desegokiagotzat hartu zuten umea hiltzea zein diruarekin geratzea, bigarren hizkuntzan irakurri zutenek baino. Beraz, berdin da dilema pertsonala edo ezpertsonala bada, moralki desegokiagotzat baloratzen dira dilemak ama hizkuntzan aurkezten direnean.

3. irudia: Goiko testuan dilema pertsonala agertzen da, eta behekoan dilema ezpertsonala. (Geipel et al., 2015a:14 [moldatua])

Geipel eta kideek (2015b) bigarren esperimentu bat egin zuten, baina honetan erabili zituzten dilema guztiak ezpertsonalak ziren (ikusi, 4. irudia). Aurreko esperimentuan bezala, erdiak ama-hizkuntzan irakurtzen zituen dilemak eta beste erdiak bigarren hizkuntzan; haien onargarritasuna neurtu behar zituzten 9 puntuko eskala baten bidez: 9 puntu guztiz onartezina bazen eta 0 puntu guztiz onargarria bazen. Ama-hizkuntzan irakurritako dilemak onartezinagotzat hartu ziren bigarren hizkuntzan irakurritakoen aldean.

4. irudia: Esperimentuan erabilitako dilema moralak. (Geipel et al., 2015b:10 [moldatua])

Laburbilduz, azaldutako ikerketek erakusten dute elebidunetan hizkuntza biek nolabaiteko eragin desberdina dutela erabaki moral bat hartzerakoan.

Ama-hizkuntzan pentsatzen denean gure erabakiak moralagoak izaten dira bigarren hizkuntza batean hartzen ditugunean baino. Eta zergatik gertatzen da desberdintasun moral hori? Ikertzaileek ez dakite ba oraindik oso ondo zein den arrazoia.

Ikertzaile batzuek (Gawinkowska et al. 2013) proposatzen dute ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino joera handiagoa duela gure arau moralak eta gizarte-arauak pizteko. Beste batzuen aburuz (Harris et al. 2003; Puntoni et al. 2009), ordea, ama-hizkuntzak bigarren hizkuntzak baino errazago erakartzen ditu emozioak (beldurra, maitasuna, tristura, poza, haserrea…); izan ere, gure ama-hizkuntzaz sentipen aberatseko esperientzien bidez jabetzen gara eta bigarren hizkuntzaz, berriz, sentipen gutxiko egoeretan (adib., ikasgeletan). Beraz, ama-hizkuntzaren emozionaltasun horrek bideratzen gaitu gizabanakoaren oinarrizko eskubideen alde egiten dituzten erabaki moralak (erabaki deontologikoak) hartzera. Bigarren hizkuntza ez da hain emozionala eta distantzia psikologiko bat sortzen du eta ongizate komunaren alde egiten dituzten erabaki moralak hartzera bideratzen gaitu, gizabanakoaren eskubideak bortxatzen ote dituen kontuan hartu gabe.

Erreferentzia bibliografiakoak:

  • Cipolletti, H., McFarlane, S., & Weissglass, C. (2015). The moral foreign-language effect. Philosophical Psychology, 29, 23–40.
  • Costa, A., Foucart, A., Arnon, I., Aparici, M., & Apesteguia, J. (2014). ‘Piensa’ twice: on the foreign language effect in decision making. Cognition, 130(2), 236–254.
  • Costa, A., Foucart, A., Hayakawa, S., Aparici, M., Apesteguia, J., Heafner, J., & Keysar, B. (2014). Your morals depend on language. PLoS One, 9(4), e94842.
  • Gawinkowska, M., Paradowski, M. B., & Bilewic, M. (2013). Second language as an exemptor from sociocultural norms. Emotion-related language choice revisited. PLoS ONE, 8, e81225.
  • Geipel J., Hadjichristidis C., & Surian L. (2015b). How foreign language shapes moral judgment. Journal of Experimental Social Psychology, 59, 8-17.
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2015a). The foreing language effect on moral judgment: the role of emotions and norms. PLoS One, 10(7), e0131529
  • Geipel, J., Hadjichristidis, C., & Surian, L. (2016). Foreign language affects the contribution of intentions and outcomes to moral judgment. Cognition, 154, 34–39.
  • Harris, C.L., Ayçiçeği, A., & Gleason, J. B. (2003). Taboo words and reprimands elicit greater autonomic reactivity in a first language than in a second language. Applied Psycholinguistcs, 24, 561–579.
  • Hauser, M. D. (2006). Moral Minds. New York: HarperCollins.
  • Hayakawa, S., Costa, A., Foucart, A., & Keysar, B. (in press). Using a Foreign Language Changes Our Choices. Trends in Cognitive Sciences.
  • Keysar, B. Hayakawa, S., & An, S. G. (2012). The foreign language effect: Thinking in a foreign tongue reduces decisión biases. Psychological Science, 23, 661-668.
  • Pinker, S. (1994): The Language Instinct. New York: Harper Perennial Modern Classics (P.S. edizioa, 2007). [euskaraz: Pinker, S. (2010): Hizkuntza-sena. Bilbo: ZIO bilduma]
  • Puntoni, S., De Langhe, B., & Van Osselaer, S. M. J. (2009). Bilingualism and the emotional intensity of advertising language. Journal of Consumer Research, 35, 1012-1025.
  • Winskel, H., Ratitamkul, T., Brambley V., Nagarachinda T., & Tiencharoen, S. (2016). Decision-making and the framing effect in a foreign and native language. Journal of Cognitive Psychology, 28(4), 427-436.

—————————————————–

Egileaz: Luis Pastor, (@aloxieusko) Euskal Filologian lizentziatua da. Egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko doktoregaia da eta psikolinguistika du ikerlerro UPV/EHU Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

—————————————————–

The post Hizkuntzaren moraltasuna, erabaki zure ama-hizkuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila

Mon, 2017/01/23 - 15:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Schmidt-Nielsen abizena irakurtzen dugunean, Knut izena etortzen zaigu burura gehienetan. Joan den mendeko fisiologo handienetako bat izan zen bera, animalien ingurumen-fisiologian aditu handiena ere, segur aski. Gutako askok berak idatzitako testuliburuarekin ikasi genuen fisiologiaz dakigunaren zati handi bat. Bazen, hala ere, Schmidt-Nielsen abizena zeukan beste fisiologo bat, emakumea, Knuten emaztea izandakoa hain zuzen ere. Bera ere fisiologo ospetsua izan zen, eta bere senarra bezain fisiologo handia, zalantzarik gabe, baina ez hain ezaguna haien lan esparruetatik kanpo. Artikulu honetan eta datozen asteotan plazaratuko ditugun beste bi lanetan ezagutzera eman nahi ditugu hain ezaguna ez den Schmidt-Nielsenen ibilbide eta lorpen zientifikoak, bereak ere handiak izan zirelako eta ezagunak izatea merezi dutelako.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen haren seme-alabekin. (Argazkia: AEBtako Smithsonian Institution Wikimedia Commons bidez)

Kopenhagen sortu zen Bodil Scmidt-Nielsen, 1918ko azaroaren 3an. August Krogh Nobel sariduna eta Marie Krogh ziren bere gurasoak, fisiologo oso ezagunak biak. Bikote horren lanari esker frogatuta geratu zen oxigenoa atmosferatik biriketako odol-kapilarretara pasiboki (energiarik erabili gabe) iragaten zela. Marie Kroghek “Zazpi deabru txikiak” izena eman zion lan bikain horren emaitzak plazaratzeko argitaratu zuten artikulu sortari, eta izen horrekin ezagunak dira geroztik fisiologiaren esparruan.

Zientzia-giroa zegoen etxean, gurasoen arteko fisiologiari eta lan esperimentalari buruzko elkarrizketak ohikoak baitziren. Holako giro batean haurrek gurasoen lana gorrotatzea gerta daiteke, edo alderantziz. Dirudienez, azken hau izan zen Bodilen kasua, zientziarekiko grina eta ez gorrotoa izan zelako garatu zuena.

Bere lehen ikaste-urteak -6tik 11ra- etxean eman zituen irakasle partikular batekin. 11 urte zituela sartu zen Kopenhageko Rysensteen Gymnasiumen eta 1937an bukatu zituen guk batxilerra deitzen ditugun ikasketak. Zientzia eta matematiketan espezializatu zen. Kopenhageko Unibertsitateko Odontologia Fakultatean sartu zen ondoren. Ikasketetan zehar handitu egin zen fisiologiarako zeukan jakin-mina eta oraindik ikaslea zela, giza hortzetan gertatzen den kaltzio eta fosforoaren trukeei buruzko lehen ikerketa-lanak egin zituen. Ikasketak bukatu baino lehen ezkondu zen 1939an Knut Schmidt-Nielsenekin [1]. Fisiologo norvegiarra zen Knut gaztea; Kroghtarren laborategian zebilen ikerketa munduan bere lehen urratsak ematen. Ikasketak amaitu eta berehala izan zuten lehen haurra. Hori dela eta, Medikuntzako ikasketak egin beharrean, ikerketa-jardueraren bidea hartu zuen Odontologiako Fakultatean. II Munduko Gerraren urteak ziren. Kaltzio eta fosforoaren metabolismoari buruzkoak izan ziren bere lehen lan haiek. 1946an odontologiako titulua lortu zuen eta bera izan zen, izan ere, Kopenhageko Unibertsitatean titulu hori eskuratu zuen lehena. Doktorego titulua 1955an lortu zuen unibertsitate berean.

Baina doktorego gradua lortu baino lehen, Bodil Scmidt-Nielsenek ibilbide luzea egin zuen Danimarkatik urrun, ur eta elektrolitoen balantzea ikertzen. 1946an Ameriketako Estatu Batuetako Swarthmore College delakoan lan egiteko konbitea hartu zuten Knut bere senarrak eta berak. Han egon ziren bi urte (1946-1948). Stanforden izan ziren gero (1948-1949), handik Cincinnatira egin zuten (1949-1952) eta, azkenean, Duke Unibertsitatera joan ziren. Leku horietan guztietan Research Associate postua eduki zuen, eta 1957tik 1964ra Associate Research Professor gisa jardun zuen Duken. Urte horietan zehar (1946-1964) egin zituen Bodilek bere ekarpen garrantzitsuenak ioi eta fluidoen balantzearen eta giltzurrun fisiologiaren esparruetan.

Bodil Schmidt-Nielsenen aita zen August Kroghen ustez, espezie desberdinak erabili behar ziren animalien fisiologia ikasteko, eta gaiaren edo argitu behar zen printzipioaren arabera aukeratu behar zen espezie bat ala bestea, beti ere egokitasunaren arabera. Badirudi Bodil ere, aitaren iritzi berekoa zela. Ez hori bakarrik, animalia espezieen arteko erkaketak ere egin zituen askotan. Izan ere, fisiologia konparatua deitzen dugunaren aitzindariak izan ziren Knut eta Bodil Schmidt-Nielsen. Bere bizitzan zehar anfibio, narrasti, hegazti zein ugaztunekin egin zuen lan Bodilek; izan ere, era guztietako ornodunak erabili zituen bere ikerketarako.

Oharrak:

[1] 1966an dibortziatu ziren eta Bodil 1968an R. G. Chagnonekin ezkondu zen, baina betiko mantendu zuen bere lehen senarraren abizena.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages