Asteon zientzia begi-bistan #133
Gero eta goizago hasten dira haurrak Internet erabiltzen, Net Children Go Mobileren ‘Interneteko arriskuak eta aukerak eta gailu mugikorren erabilera Espainiako adingabeen artean (2010-2015)” txostenaren arabera. Bertan, Espainiako 9 eta 16 urte bitarteko 500 Internet erabiltzaile adingaberi eta haien gurasoei egindako inkestako datuak islatzen dira. Honen helburua, gailu mugikorrak konbergentzia mediatikoaren testuinguruan nola erabiltzen diren aztertzen da, egiaztatzeko ea gailu horiek Internetera konektatzeko erabiltzeak arrisku gehiago edo gutxiago dakarzkien 9 eta 16 urte bitarteko Interneten erabiltzaileei. Jarraian agerian utzi dituzten zenbait datu: eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena; haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen -9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin-; azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte. UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa.
Gauzen Interneta (Internet of Things) eta Big Datari (Datu Handiak) buruz mintzo da liburu hau. Mario Tascón eta Arantza Coullaut kazetari eta Interneten adituek idatzi dute liburua; bertan, argibide interesgarriak ematen dizkigu termino horien inguruan. Hasteko, horien arteko desberdintasuna azaltzen dute. Adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema.
Genetika eta MedikuntzaTumoreen metastasiak gantzen metabolismoarekin zerikusia duela argitu du Bartzelonako ikerketa talde batek. Ikertzaileen arabera, minbizi zelulen ehuneko oso txiki batek baino ez du metastasia sortzeko ahalmena: % 1-% 5ek baino ez. Bada, orain jakin dutenez, haientzat gantza ezinbestekoa da. Ikerketak argitu du metastasia eragiteko ahalmena duten zeluletan besteetan baino askoz ere gehiago espresatzen dela CD36 izeneko genea. Bestalde, proteinak metastasiarekin duen erlazioa ere garbia dela frogatu dute, saguetan egindako esperimentuetan: tumoreari CD36 genea gehituz gero, gaiztoa bihurtzen da eta metastasia eragiten du; aldiz, inhibituz gero, metastasia ia desagertu egiten da.
Klima-aldaketaZiurrenik 2016 urterik beroena izango da. Bi ikerketek berretsi dute datu hori. Alde batetik, itsasoko izotzaren mapa egiten du Rasmus Tage Tonboek Danimarkako Meteorologia Institutuan. Hark ohartarazi du mundua azken hilabeteotan Artikoan gertatzen ari denaren inguruan. Urte luzeak darama datu horiek jasotzen, eta aurten, azkenean, lortu du prest izatea jendaurrean aurkezteko. “Aurten ohi baino askoz goizago apurtu zen izotza Artikoan, Baffingo badian eta Barents itsasoaren inguruan”, dio. “Izotzik gabeko ura asko berotu da udan, eta ohi baino askoz epelagoa egon da udan”, gehitu du. Horretaz gain, munduko klimaren orain arteko oreka amildegiaren ertzean dagoela ondorioztatu du Thomas Crowther Yale unibertsitateko (AEB) biologoak eta klima aldaketaren ekologian adituak. Bere ikerketa lanean esan duenaren arabera, planetaren tenperatura bi gradu igotzen bada, zorutik beste 55.000 milioi tona CO2 isuriko dira atmosferara 2050. urterako. Irakurri osorik artikulu interesgarri hau.
OsasunaHamaika ikerketa argitaratu dira tabakoaren inguruan. Batzuek pentsatzen dute gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela. Baina uste hori hankaz gora jarri du berriki ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino. Minbiziaren institutu Nazionalak (AEB)egin du ikerketa. AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela. Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa. Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia.
AstronomiaHelioskiametroa izan dute mintzagai artikulu honetan. Tresna horri esker jakin badakigu ez daudela berdinak diren bi egun. Bere egiturari dagokionez, helioskiametroak gnomon deritzon zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den. Artikuluak nola funtzionatzen duen azaltzen du eta informazio horrez gain, gertutik ezagutu nahi baduzue Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. Egun eguzkitsuak dira aproposenak bisita egiteko eta zuen kabuz ikusteko tresna honen nondik norakoa.
Astronomia arloari jarraiki, ALMA teleskopioaren bidez, bi planetaren jaiotza behatu dute Atacamako desertutik. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu gure galaxian, baina eguzki-sistematik kanpo sortzen ari direla, HD 163296 izarraren inguruko hautsezko eta gasezko diskoetan. HD 163296 izarrak bi Eguzkiren adinako masa du. Izar gaztea da –duela 5 milioi urte sortu zen–, eta hautsezko eta gasezko 3 diska handi ditu inguruan: gertukoena izarretik 60 unitate astronomikoetara dago (unitate astronomiko bat Eguzkitik Lurrerako distatziaren parekoa da), eta beste biak 100 eta 160 unitate astronomikoetara. Ikertzaileek argitu dute orain arte ez zutela uste izarretik hain distantzia handira planetak eratzea posible zenik. Gainera, sortzen ari diren exoplaneta biak handiak dira
Gaurkoan, Beulah Louise Henry asmatzailea izan dugu protagonista. 49 asmakizun patentatu zituen emakumea; hala ere, 110en egile dela uste da. Bere asmakizunen artean aurkitzen ditugu, izozkiak egiteko makina, poltsa bat tonu ezberdineko estalki trukagarriekin, oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa… Umeentzako ere asmatu zituen zenbait gauza. Hala nola, hitz egin zezaketen panpinak. Protografo bat ere asmatu zuen. Makina honetan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Objektuak asmatzeari dedikatu zion bizitza osoa Henryk. Ez galdu!
BiologiaTitikaka aintzirako uretan bizi den igelak ez du egiazko birikarik. Berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Igel honek larruazaletik hartzen du arnasa; hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra. Bitxia da bere larruazala, tolesdurez beteta dauka eta horiei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko. Titikakan bizi den animalia hau gertutik ezagutzeko aukera ederra duzue artikulu honetan.
Sagu helduetan zelulak birprogramatuz zahartzea moteltzea eta bizitza luzatzea lortu dute Kaliforniako Salk Institutuko ikertzaileek. Zelulak partzialki birprogramatuta genomako marka epigenetikoetan eragin dute, eta gakoa hor dagoela uste dute. Zahartze goiztiarra eragiten duen mutazio bat duten saguak erabili dituzte ikerketan. “Ez dugu zahartze goiztiarra eragiten duen mutazioa zuzendu, epigenoma aldatuz eragin dugu zahartzean. Horrek iradokitzen du zahartzea prozesu plastikoa dela”, argitu du ikerketa zuzendu duen Juan Carlos Izpisua Belmonte ikertzaileak. Lehenengo aldia da zelulak birprogramatuz animalia baten bizitza luzatzea lortzen dena.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #133 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #139
Rio de Janeiroko Guanabara badia, munduko badiarik kutsatuena ez bada ere, azken olinpiadetan bela probak bertan egin ondoren, gutxienez bada ezagunena. Gerardo Cebriánek badiago egoera errealaren berri ematen digu bertatik: Guanabara Bay: waiting for the return of the whales.
Egun inork (edo ia inork) ez badu onartzen neurketaren teoria adierazpena, haren teoremak oraindik erabilgarriak dira. Jesús Zamorak azaltzen digu bere artikulu-sortaren azken alean: The rise and fall of the representational theory of measurement (and 3).
Geruza monoatomikoen ezaugarri elektronikoak eta spintronikoak kontrolatzea oinarrizkoa izango da haren aplikazio erabilgarriak bilatzeko. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute tentsioak badirela hau lortzeko modua: Strains control electronic properties and magnetic ordering in an atomically-thin layer.
Azken urteotan immigrazioaren fenomenoak arreta asko bereganatu du, baina gaiaz idatzi denaren artean antza, datu objektiboak ez ezik, alde bateko edo besteko iritziak eta aurreiritziak ugariak dira. José Luis Ferreirak literatura akademiko nabarmenaren berrikusketa bat egiten du: The effects of immigrants in the host country.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #139 appeared first on Zientzia Kaiera.
Beulah Louise Henry (1887-1973): Edisonen pareko asmatzailea
Orain dela gutxi hasi gara asmatzaileen zerrenda hori puzten isilarazitako ahotsekin, eta hura betetzea xede izan dugunean, orduantxe gertatu zaigu gauzarik harrigarriena… gainezka egin digula orriak: Josephine Cochrane, Hedy Lamarr, Stephanie Kwolek, Sarah Mather, Ángela Ruiz Robles, Mary Anderson, Mary Phelps Jacob, Tabitha Babbitt, Marion O´Brien Donovan, Margaret Knight, Martha Coston, Melitta Bentz, Katherine Blodgett, besteak beste. Gogoan ditugu horiek guztiak, baina gaurkoan, Beulah Louise Henry izango dugu artikulu honen protagonista, 49 asmakizun patentatu zituen emakumea, 110en egile dela uste bada ere.
1. irudia: Beulah Louise Henry asmatzailea gaztaroan. Bizitzan zehar 100 asmakizun garatu zituela uste dute. Hainbat gauza asmatu zituen, bere sasoian “Lady Edison” ezizena jarri ziotela.
Henry autodidakta izan zen. Txikitatik diseinuak egiten zituen, oro har, etxean aurkitzen zituen objektu eta erremintenak. Oso goiz hasi zen patenteak lortzen. 1912an, adibidez, izozkiak egiteko makina bat asmatu zuen. Egitura isolatzaile batek inguratzen zuen izozkailu bat sortu zuen eta horrek ahalbidetzen zuen fabrikazio-prozesuaren azkartasuna, izotz gutxi erabiliz. Estatu Batuetan, Britania Handian eta Frantzian erregistratu zuen makina gozo hura. Urtebete beranduago, eta izozkiak alde batera utzira, poltsa edo zorroak deigarri gertatu zitzaizkion. Arropa desberdinekin batera janzteko, poltsa bat asmatu zuen tonu ezberdineko estalki trukagarriekin. Konpartimentu anitz zituen zorroak barruan, apaintzeko objektuez gain, idazketakoak ere sar zitezen. Oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa ere asmatu zuen. Objektu horrek, baina, sorpresa bat gordetzen zuen: heldulekua desmuntagarria zen eta makillaje estutxe gisa balio zuen. Britania Handiak eta Kanadak ez zuten segundo bat ere galdu asmakuntza hori berauen herrialdetan saltzen hasteko.
1919. urtean, New Yorkera joan zen bizitzera. Bere garunak ez zuen erretiroa hartu, asmatzen jarraitu zuen, argiaren etengailua inoiz itzali ez balitzaio bezala. 1921ean, Henry Umbrella & Parasol Company enpresa sortu zuen, eguzkitakoekin zerikusia zuten asmakizun horiek merkaturatzeko asmoz. Salmenta arrakastatsua izan zen: 50.000 dolar lortu zituen Henryk. Gerora lokal batean inbertituko zituen, laborategi bat sortzea baitzuen helburu. Langileak kontratatu zituen ere; mekanikoek, maketistek eta artisauek osatu zuten lan-taldea. Hain izan zen handia lorturiko arrakasta, ezen Scientific American aldizkari famatuak 1924ko asmatzaile esanguratsuen artean aipatu zuela.
2. irudia: Beulah Louise Henry 1927. urtean asmatutako panpinarekin, busti zitekeen lehen panpina, benetako haur baten antza izan zuen lehena. (Argazkia: Victoriana Magazine)
Eguzkitako eta aterkiez aparte, Henryk umeentzako jostailuak egin zituen ere. Adibidez, 1925ean, material-higienikoekin estalita zegoen panpina bat patentatu zuen, ura jasaten zuena, gainera. Barne egiturari dagokionez, malgukiek osatzen zuten panpina. Horri esker, jarrera desberdinak imitatzen ahal zituen, berriz hasierakora bueltatzeko. “Irrati-panpina” bat ere sortu zuen, jostailurik sofistikatuena une hartara arte; izan ere, umeei asko gustatzen zitzaien hitz egin zezaketen panpinak. Jostailuak sortzea oso gustuko zuen Henryk. Beste batzuk aipatzearren, behin uretan erabiltzeko jostailu bat sortu zuen, txakur baten antza zeukan aparatu puzgarri bat. Aipagarria da 1935. urtean begiak mugitzen zitzaizkion panpina bat sortu zuela. Asmakizun horren ostean, ‘Miss Illusion’ merkaturatzen hasi zen. Botoi bati sakatuz, begien eta ilearen kolorea aldatzen ahal zitzaion, soinekoa biratzeaz gain.
Umeen entretenimendua eta produktuen erosotasuna bilatzen zuen emakume asmatzaileak. Moda, jostailuak eta azkenik, bulegoen mundua. 1932 eta 1937 artean, “protógrafo” izeneko aparatua sortu zuen. Horri esker, makinan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Suitzan ere erregistratu zen. 1936an, josteko makina mota baten patentea lortu zuen. 1939an, Nicholas Machine Works Company enpresan kontratatu zuten eta 1955.urtera arte egon zen lanean bertan. Asmakizunik bitxiena, baina, hauxe izan zen: 60ko hamarkadan injekzio bidezko labe elektrikoa. Elikagaiek beraiek isurtzen zuten zukuarekin janaria prestatzean zetzan. 83 urterekin asmatu zuen azkena: gutun azalak modu desberdinean egiteko metodoa babestu zuen.
Objektuak asmatzeari dedikatu zion bere bizitza Beulah Louise Henryk, bere zerrendako kideek egin zuten bezalaxe: Elizabeth Arden, Hélène Dutrieu, Margarita Salas Falgueras, Ángela Ruiz Robles, Elsa Schiaparelli, Celia Sánchez-Ramos Roda, Elizabeth Magie Phillips, Maria Montessori, Ada Lovelace, Ida Tacke-Noddack…
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Beulah Louise Henry (1887-1973): Edisonen pareko asmatzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Titikaka aintzirako igela
———————————————————————————————————–
Irudia: Telmatobius Culeus igela, desagertzeko arriskuan dagoen Titikakako espezie endemikoa da. (Argazkia: Bolivian Amphibian Initiative)
Jakina da anfibioen arnasketan larruazalak zeregin garrantzitsua betetzen duela. Ez da hain ezaguna, ostera, hainbat anfibio taldetan, garrantzi hori zenbaterainokoa den. Titikaka aintzirako (3.812 m) uretan bizi den igelak (Telmatobius culeus) ez du egiazko birikarik, gasen trukerako egokiak ez diren biriken aztarnak baino ez ditu. Oso berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Ezagunak ditugun igel gehienak ez bezala, ez da uretatik irteten; horregatik ez du arnasa hartzeko balio duen egiazko birikarik. Izan ere, larruazaletik hartzen du arnasa. Hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra.
Kontuan hartu behar da, bestalde, 3.812 m-tan oxigeno gutxi dagoela eta horrek, berez, zaildu egiten duela arnasa hartzea. Hortaz, Telmatobius culeus-ek tolesturaz beterik du larruazala. Tolesturei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko eta, era horretara, oxigenoaren kanpo-kontzentrazioa ahalik eta altuen mantendu. Aurrekoaren osagarri modura, larruazalaren barnealdea odol-hodiz josita dago, eta, hori gutxi balitz, igel honen odola berezia da oso. Batetik, beste igelen odolak baino hemoglobina gehiago du eta, bestetik, globulu gorri gehiago edukitzeaz gain, txikiagoak dira eritrozito horiek; horrela, oxigenoa xurgatzeko azalera handiagoa du eritrozitoen multzo osoak. Faktore horiei guztiei esker, erraztu egiten da altuera horretan guztiz urria den oxigenoaren transferentzia.
Titikaka aintziran Telmatobius culeus igelaren irudiak erakusten dituen bideoa. (Irudiak: Bolivian Amphibian Initiative)
Telmatobius culeus igela estimu handian dute Titikaka aintziraren inguruko herritarrek. Estimu handia, baina, ez dagokio igelaren arnas fisiologia bereziari. Izan ere, ohiko janaria da inguruko jatetxeetan, eta hori nahikoa ez eta afrodisiakoa omen da igela. Hori dela eta, «igel-irabiakiak» prestatzen eta “edaten” dituzte bertako biztanleek. Viagra perutarra deitzen diote orain. Ez dakigu gordinik ala egosirik hartzen duten «irabiakia»; erabili ditugun iturriek ez digute hori argitu.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Titikaka aintzirako igela appeared first on Zientzia Kaiera.
Tabakismoak ez du bidezidorrik
Tabakoak hil egiten du. Ez da zigarro kaxatan irakur daitekeen mezu soila, egia borobila baizik. Dagoeneko makina bat ikerketa argitaratu dira, eta zalantza gutxi dago horren inguruan: biriketako eta eztarriko minbiziak eragiten dituela, arnasketa arazoak, gaitz kardiobaskularrak… Hala ere, oraindik badaude uste oker batzuk tabakoari buruz; esaterako, gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela pentsatzea. Bada, uste hori ere hankaz gora jarri berri du ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino.
Minbiziaren Institutu Nazionalak (AEB) egin du ikerketa. Orain arte ez zegoen propio intentsitate txikiko erretzaileei erreparatzen zien gisa honetako lanik, eta horretarako beharra bazegoela antzeman zuen erakunde honek. Izan ere, AEBtako erretzaileen artean, egunean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen dituzte gero eta gehiagok. Egunero bi kaxa agortzen zituztenei buruz asko esan da, eta joera berri honi behatzea erabaki dute orain. JAMA Internal Medicine aldizkarian eman dute emaitzen berri.
1. irudia: Egunean zigarro bat baino gutxiago erre arren, heriotza goiztiarra izateko arriskua badago. (Argazkia: Lindsay Fox / CC0 Public Domain )
AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Orain dela hamar urte, institutuak galdeketak bidali zizkion sei estatu eta bi hiritako 50 eta 71 urte arteko jendeari, norbere elikadura eta bizimoduaren inguruan. Milioi erdi bat lagunek baino gehiagok erantzun zuten galdeketa, eta zenbait ikerketa egin ahal izan dituzte informazio hori guztiari esker; intentsitate txikiko erretzaileei buruzko hau, tartean.
Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela.
Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa.
Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia. Beti egunean zigarro bat baino gutxiago erre dutenek bederatzi aldiz arrisku handiagoa dute gaitz honen ondorioz hiltzeko, zigarrorik probatzen ez dutenekin alderatuta, eta egunean 1-10 zigarroko tartean dabiltzanentzat hamabi aldiz handiagoa da arriskua.
Arnasketa arazoek eta gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotzei ere erreparatu diete ikertzaileek: egunean 1-10 zigarro errez gero, erretzen ez dutenek halako sei eta halako bat eta erdi da kausa horien erruz hiltzeko aukera, hurrenez hurren. Hori bai, erretzaile zirenean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen zituzten baina erretzeari utzi diotenen artean, pixkanaka murriztuz doaz arrisku horiek. Zenbat eta gazteago utzi, orduan eta gehiago.
2. irudia: Tabakoa zenbat eta gazteago utzi, orduan eta azkarrago murrizten da heriotza arriskua. (Argazkia: Hernan Piñera / CC BY-SA 2.0)
Maki Inoue-Choi ikerketaren egilea nagusiak adierazi bezala, “aurkikuntza hauek erakusten dutenez, zigarro gutxi erretzeak ere kalte nabarmena egiten dio osasunari. Gainera, erretzeari uztea erretzaile guztientzat ona dela ere egiaztatu dugu, kontsumitzen den kantitatea txikia izanda ere“.
Hala ere, ikerketa honek baditu gabezia batzuk. Esaterako, uste baino jende gutxiagok aitortu du batez beste zigarro bat baino gutxiago erretzeko ohitura duela, eta lagina txiki geratu zaie atal horretan. Gainera, egindako galdeketak ez du maiztasunaren auzia nahi bezain zehatz aztertzeko aukerarik ematen: esaterako, gauza bera al da ia egunero zigarroren bat erretzea, ala astegunetan batere probatu ez eta asteburutan soilik kontsumitzea?
Gainera, galdetegian parte hartu duten gehienak arraza zurikoak eta 60 eta 70 urte artekoak dira, eta horrenbestez, laginak ez du AEBtako populazio anitza behar bezainbeste ordezkatzen. Hori bereziki garrantzitsua da, historiari erreparatuta, gutxiengo etnikoen artean intentsitate txikiko erretzaile gehiago izan baitira, ikertzaileok diotenez. Hori dela eta, lagina beste adin eta arraza talde batzuetara hedatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Inoue-Choi M, Liao L, Reyes-Guzman C, Hartge P, Caporaso N, Freedman N. Association of long-term low-intensity smoking with all-cause and cause-specific mortality in the NIH-AARP Diet and Health Study. JAMA Internal Medicine. December 5, 2016. DOI:10.1001/jamainternmed.2016.7511
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Tabakismoak ez du bidezidorrik appeared first on Zientzia Kaiera.
Helioskiametroa, astronomia-efemerideen neurgailua
1. irudia: Helioskiametroaren irudi osoa, zodiakoaren ikurrak, sei koloretako abanikoa eta erdigunean kokatuta dauden bi marrekin. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU)
Eguzkiarekin dugun erlazioa aintzat hartuta denbora neurtzeak hainbat zereginetarako balio izan dio gizakiari: urtaroak, urtearen iraupena eta eguerdia zehazteko, lana antolatzeko: noiz erein, uzta bildu eta kimatzeko sasoia ezagutzeko edota eurite sasoia eta lehortea zehazteko. Denbora neurtzeko ez ezik egunez egun, Eguzkiak lurrazalen sortzen duen irudiaren mugimendua aztertu eta neurriak hartzen ditu Helioskiametroak eta horri esker, jakin badakigu, urtean zehar ez daudela berdinak diren bi egun.
Helioskiametroak gnomon deritzogun zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den.
Astronomia-efemerideak neurtzen lurrazaleko irudien bidezZoru gainean neurri batzuk irudikatzen dira, agerian uzteko, alde batetik, egunaren iraupena eta eguzkia nondik atera eta sartzen den, eta bestetik, eguzkiaren irudiaren mugimendua bi lerroren artean kokatzen dela beti: udako solstizioa (ekainaren 21) eta neguko solstizioaren artean (abenduaren 21).
Urte erdiko tarteak banantzen dituen bi lerro horien artean, Eguzkiak tarteko lerro diferente bat ibiltzen du egun bakoitzean. Eguzkiak zoru gainean duen ibilbide hau meridianoaren norabidean desplazatzen da, 10 m egunean gutxi gorabehera, solstizioetan izan ezik; azken horietan, hiru bat egunez, berbera da Eguzkiaren irudiak marrazten duen lerroa, geldirik egongo balitz bezala. Horixe da solstizio hitzak latinez esan nahi duena, “geldirik dagoen Eguzkia”.
Lerroak kurbadura aldatu eta zuzena bihurtzen da ekinozio egunetan (martxoaren 21 eta irailaren 21), eta urteko bi egun horietan bakarrik ateratzen da eguzkia ekialdetik eta ezkutatzen da mendebaletik; gainerako egunetan, edo iparralderago atera/sartzen da (udaberria-uda), edo hegoalderago (udazkena-negua). Eguzkia nondik ateratzen den (edo sartzen den) ikusita, urteko zer egunetan gauden jakin dezakegu, eta egun horretan zenbat argi ordu izango ditugun. Eguzkiaren irudia marraztu ditugun muga horietatik kanpo irtengo balitz, Lurraren errotazio ardatzaren inklinazioa aldatzen ari dela adieraziko luke.
Egun batzuek 15 minutu gehiago irauten dute eta beste batzuek, 15 minutu gutxiago, eta gainerako egunek tarteko iraupenak dituzte, egun batetik besterako aldakuntza tartea minutu erdi eta minutu bat baino zertxobait gehiago izanik. Horiek guztiak neurtu daitezke Helioskiametroarekin.
2. irudia: Urte erdiko tarteak banantzen dituen bi lerroak. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU) Sei koloretako marrazkia ardatz
Denboraren jaiotzaren ideia piktorikotik abiatuta, eguzki espektroaren oinarrizko 6 koloreak erabili dira sei eskualde argiztatzeko, horietako bakoitza hilabete bateko iraupenekoa izanik. Kolore beroak (gorria, laranja eta horia) udaberri eta udako hilabeteetarako; hotzak (berdea, urdina eta morea), udazken eta negukoetarako. Eguzkiak zutoinetik hurbilen sortzen duen lerroa ekainaren 21ekoa da; urrutien sortzen duena, abenduaren 21ekoa.
Eguzkiak egun jakin batean duen ibilbidea ikusirik, zer egunetan gauden jakin dezakegu: egun horien artean interpolatu besterik ez dugu. Data hauek ez dira zehatzak, zehatza ez den bezala urteak 365 egun izatea. Bisurteetan egutegiari egun bat gehitzeak egutegi zibileko egun horiek desplazatzen dizkigu.
Gailuaren lerro nagusia edo ardatza zutoinaren oinarritik igarotzen den meridianoa da, eta ipar-hego norabide lokala adierazten du. Lerro horretan, ezkerraldean, eguzki deklinazioa adierazten da (eguzkiaren izpien inklinazioa lur ekuatorearen planoari dagokionez). Aldiz, eskuinaldean, Eguzkiaren altuera lokala adierazten da; hots, egun horretan izpiek zoruaren gainean izango duten inklinazio maximoa, irudia meridianotik igarotzen denean. Gure latitudean, eguzkiaren izpiak inoiz ez dira lurrera iristen 70◦-tik gorako inklinazioarekin.
Bitxikeria gisa, irailaren 28tik martxoaren 15era, izpien inklinazioa inoiz ez da 45◦-tik gorakoa izaten, eta beraz, hilabete horietan, gure itzala gure altuera baino luzeagoa da egun osoan.
3. irudia: Orduak zehazten dituen atala. (Argazkia: Martin Rivas eta UPV/EHU)
Abaniko itxura duen erdiko irudiaren bidez, Eguzkiak egunez egun dituen irteera eta sartze norabideak ezagutu ditzakegu. Eguzkiak egun batean zer ibilbide duen badakigu, adibidez, eremu berdearen erditik doan ibilbidea egiten badu, eta abanikoaren zerrenda berdera jotzen badugu, zerrenda horren batez besteko norabidea zeruertzera luzatuz, egun horretan eguzkia nondik atera eta sartuko den ikusiko dugu. Gure latitudean, Eguzkiaren irteera eta sartze norabideek 66◦-ko aldaketa osoa dute zerumugan urte osoan.
Gailuaren alboko zerrendetan, eguzkia irteteko eta sartzeko ordu lokalak adierazita daude. Meridianotik igarotzen denean 12:00ak dira (ordu lokala). Ikuspuntu zibiletik eguzkia 14:15ean igarotzen bada meridianotik, 2:15 orduko alde hori gehitu beharko diegu adierazitako zenbakiei. Kontuan hartzekoa da udako solstizioan eguzkia 4:30etan atera eta 19:30etan sartzen dela, eta 15 argi ordu ditugula, beraz; neguko solstizioan, 9 ordu besterik ez ditugu.
Egunaren iraupena neurtzeko, Eguzkiak ondoz ondoko bi egunetan meridianotik igarotzeko behar duen denbora erabil dezakegu. Ia inoiz ez da 24 ordukoa izaten. Batzuetan luzeagoa da eta beste batzuetan, laburragoa. Zortzi forma duen kolore gorriko kurba –Analema izena duena- urte oso bati dagokion 24 orduko kurba da. Edozein egun aukeratuta marraz daiteke, eguzkiaren irudiaren erdigunearen posizioa markatuz eta 24 ordutik behin hurrengo irudiak marraztuz.
Zodiakoaren ikurrak bat datoz konstelazioen antzinako izenekin, eguzkiak une jakinetan izar finkoen hondoari dagokionez zeharkatzen zituen konstelazioekin, Zodiakoa sortu zenean, duela hiru mila urte baino gehiago. Haien balio historikoagatik mantendu dira Helioskiometroan, gaur egun konstelazio bat baino zertxobait gehiagoko desfasea badago ere, eta beste berri bat agertu bada ere: Ophiuus.
Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. 2016ko abenduaren 2an, gailua berriztu ondoren, bigarrenez inauguratu zen. Guztion eskura dagoen tresna astronomiko honek badu zer erakutsi Eguzkiaren itzalaren bidez. Egun eguzkitsu baten bisitan etorriz gero, ez zara damutuko.
———————————————————————————-
Egileaz: Martin Rivas UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakaslea da.
———————————————————————————-
The post Helioskiametroa, astronomia-efemerideen neurgailua appeared first on Zientzia Kaiera.
Big Data eta gauzen Interneta
Liburuak bost atal ditu:
- Zer dira Datu Handiak?
- Datuen ikusgarritasuna.
- Eremu eta industri eraldatuak.
- Gure eguneroko bizitzan duten eragina.
- Gauzen Internetaren ordua.
Datu Handiak edo makrodatuak, informazioaren teknologian eta komunikazioan erabiltzen den terminoa da, konplexutasun handiko datu multzoentzat ohiko sistema informatikoekin prozesatzea zaila denean. Datu Handiak lau ezaugarri nagusi dituzte:
- Abiadura: Datu Handiak abiadura handian sortu, prozesatu eta mugitzen dira.
- Aldaera: mota guztietako datuak aurkituko ditugu, besteak beste, testuak, bideoak, audioa eta lokalizazioak.
- Tamaina: administrazioek eta enpresak datu kopuru handiak dituzte.
- Bistaratzea: datuen emaitzak modu ulergarrian bistaratzea da Datu Handien beste ezaugarri bat. Bistaratzeak geroz eta garrantzi handiagoa hartu du. Datu Handiak zabalkunderako eta analisirako dira interesgarriak.
Datu Handiak eta gauzen Interneta (ingelesez Internet of Things, IoT) elkarren arteko lotura handia duten kontzeptuak dira. Konparaketa bat eginez, adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema. Gutako bakoitzak soinean edo gurekin daramazkigun sentsoreek etengabe informazioa jaso eta emititzen dute. Internet of Things terminoa, Kevin Ashton Massachusetts Teknologi Institutuko (MIT) ingeniariak sortu zuen 1999an, RFID (Radio Frequency Identification Device) irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, eta Interneten arteko loturaz hitz egiteko.
Irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, pegatina antzeko etiketa bat da eta leku askotan dago, adibidez erosten ditugun eta erabiltzen ditugun gauzetan, etxeko tresnetan, soinean egiten diren inplanteetan. Liburuan zehar gauzen Internetaren aurrerapausoak eta oztopoak ere azpimarratzen dira, amaierako hiztegiak asko laguntzen du kontzeptuak ondo ulertu eta sakontzeko.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Big Data y el Internet de las cosas: qué hay detrás y cómo nos va a cambiar
- Egileak: Mario Tascón eta Arantza Coullaut
- Argitaletxea: Los Libros de la Catarata, 2016
- Orrialdeak: 126
- Prezioa: 214 €
- ISBNa: 9788490970744
- Non eskuratu: Big Data y el Internet de las cosas eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostian Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian eta Basauriko Udal Liburutegian.
———————————————————————————-
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.
———————————————————————————-
The post Big Data eta gauzen Interneta appeared first on Zientzia Kaiera.
Gero eta goizago hasten dira haurrak Interneten erabiltzen
Irudia: Haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen. Ikerketak adierazten du, adibidez, 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi zirela Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.
UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa. Egindako lanak honako helburua nagusiak izan ditu:
- 9-16 urte bitarteko haurren artean Internet mugikorraren erabilerari buruzko ohitura berriak sailkatu erabilera, trebetasun eta parte-hartzearen arabera.
- Datu fidagarriak eta konparagarriak eman Internet mugikorrari lotutako arriskuen izaerari buruz, online arrisku orokorragoekin konparatuz.
- Haurren artean zeintzuk dauden bereziki arriskuan eta zergatik aditzera eman, ahulezi faktoreak aztertuz.
- Arriskuari aurre egiteko haurrek erabiltzen dituzten estrategiak ebaluatu, alfabetatze mediatikoa barne.
- Guraso, irakasle eta gizarte-langileen bitartekaritzaren eta sentsibilizazio estrategien motibazioak eta eraginkortasuna aztertu.
- Segurtasunaren aldeko ekimenak garatzeko gomendio egokiak identifikatu eta zabaldu.
Ikerketaren emaitzak islatu du haurrak etxean konektatzen direla Internetera eta eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena. Horrez gain, emaitzek erakusten dutenez, haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen: 9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin.
Azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte (batez beste, % 63k smartphone bat dute erabilera propiorako). Deigarria da smartphoneak gehienbat etxean erabiltzea (% 70), joan-etorrietan erabiltzeko gailu ohikoenak izan arren. 9 eta 10 urte arteko haurren % 50ek erabiltzen dute Internet egunero etxean, eta 15-16 urteko haurren % 90ek.
Eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena: batez beste, inkesta egin duten adingabeen % 15ek diote egunero erabiltzen dutela Internet eskolan. Eskolako erabilera, halaber, handitu egiten da adinaren arabera. Horrela, 9-10 urteko haurren artean, % 5 sartzen dira Internetera egunero, eta 15-16 urteko nerabeen artean, berriz, % 28. Alde izugarriak gorabehera, ez da ahaztu behar eskolek ahalmen handia dutela adingabeak sareko segurtasunaren inguruan hezteko, bereziki Internetik erabiltzen ez duten gurasoentzat. Gainera, eskolek berdinen arteko bitartekaritzarako aukera ere eman dezakete.
Sareko jarduera ohikoenen artean honako hauek daude: bideoklipak ikustea (% 85), eskolako lanak egitea (% 84), bat-bateko mezuak bidaltzea (% 68), beste pertsona batzuekin jolastea (% 48), partekatzeko edukiak argitaratzea (% 44), sare sozialetan ibiltzea (% 44) eta musika edo filmak deskargatzea (% 42). EU Kids Online (2010) inkestako datuei dagokienez, maiztasuna murriztu duten jarduera bakarrak sare sozialetarako bisitak eta musika edo filmen deskargak dira.
Deigarria da nola sare sozialen erabileraren maiztasuna eta intentsitatea murriztu diren eta nola bat-bateko mezuak ugaritu diren. Sare sozialen bidezko parekoen arteko eguneroko harremana areagotu egiten da adinarekin; nerabe helduenen % 17k erabiltzen dituzte egunero sare sozialak. Bat-bateko mezuen bidezko parekoen arteko kontaktua are handiagoa da: 13 urtetik aurrera, % 85ek baino gehiagok erabiltzen dituzte.
Tresnak erabiltzeko gaitasunaInterneteko gaitasunen balorazio zehatzagoa egiteko, haurren trebetasun instrumentalak, kritikoak, komunikatiboak eta segurtasunari dagozkionak aztertu dira. Batez beste, adingabeek adierazi dute proposaturiko 12 trebetasunetatik ia erdiak dituztela (5,6). Trebetasunen batez bestekoa aldatu egiten da adinarekin: 9-10 urteko haurretako batzuek esan dute bi trebetasun dituztela, eta nerabe helduenetako zenbaitek, berriz, bederatzi.
Azterturiko alderdi horiekin guztiekin lotuta, Internet mugikorraren erabiltzaileen datuek alde handiak dituzte konektatzeko smartphonerik edo tabletarik erabiltzen ez dituztenekin. Internet mugikorra erabiltzen dutenak sarriago konektatzen dira egunero etxetik (% 92-94, % 26ren aldean); egunero maizago konektatzen dira eskolatik ere (% 20-21, % 7ren aldean); sare sozialak eta partekatzeko plataformak gehiago erabiltzen dituzte; eta egunero gehiago jartzen dira harremanetan gurasoekin sare sozialetan eta bat-bateko mezuen bitartez. Horrez gain, trebetasun gehiago dituztela diote: smartphoneen erabiltzaileek, batez beste, 7; tableten erabiltzaileek 6; eta ez smartphonerik ez tabletarik erabiltzen ez dutenek, berriz, 3. Datu horiek guztiek “erabileraren hipotesia” berresten dute: haurrek zenbat eta gehiago erabili Internet, orduan eta aukera gehiago dauzkate eta orduan eta trebetasun gehiago garatzen dituzte.
Sarean pairatzen diren arriskuakAdingabeek Internet erabiltzean izan ohi duten arrisku ohikoena irudi sexualak online nahiz offline ikustea da; adingabeen erdiek baino gehiagok (% 52) baieztatu dute halako irudiak ikusi izan dituztela. Negatiboak izan daitezkeen irudiak ikustea ez ezik, nahiko ohikoa da erabiltzaileek sorturiko mezu sexualak jasotzea (gorrotoarekin, anorexiaren aldeko jarrerekin, autolesioarekin, droga kontsumoarekin edota suizidioarekin lotutakoak), ia hiru adingabetik batek (% 32k) esan baitute halako edukiak jaso izan dituztela.
Ildo horretatik, 9 eta 16 urte arteko umeen % 31k adierazi dute nolabaiteko jazarpena jasan dutela bai online bai offline. Alabaina, zertxobait txikiagoa da Interneten edota sakelako telefonoen bidez bullyinga jasan duten adingabeen kopurua: % 12.
Kontuan hartzekoa da, birusak eta datu pertsonalen erabilera okerra, adibidez, izan dituzten adingabeen datua: % 29. Adingabeen laurdenek baino pixka bat gehiagok (% 26) onartu dute Interneteko mendekotasunarekin lotutako bost jokabideetatik gutxienez bi esperimentatu dituztela.
Kalteari dagokionez, oro har adingabeen % 18k diote molestatu dituzten zerbait ikusi edo esperimentatu dutela Interneten. Bullyinga da, oraindik ere, jasaten dutenei (% 24) kalte handiena eragiten dien arriskua. Baina, nahiz eta nolabaiteko diskurtso sozial eta mediatikoa dagoen eta sare sozialek abusu egoerak areagotzeko aukerak ematen dituzten, oraindik bullying kasu askoz ere gehiago gertatzen dira aurrez aurre online baino, kaltetuen hitzetan.
Arrisku sexualak kalte eragileetan bigarrenak dira: online zein offline eduki sexualak ikusi dituzten bost haurretik ia bat minduta sentitu da.Hirugarrenik, mezu sexualak daude: adingabeen % 14k esan dute “oso” edo “zertxobait” haserre sentitu direla.
Gurasoen parte-hartzea erabileranDatuek erakusten dute gurasoek antzera parte hartzen dutela erabileraren bitartekaritza aktiboan (% 84), segurtasunaren bitartekaritza aktiboan (% 84) eta bitartekaritza murriztailean (% 83); askoz ere gutxiago esku hartzen dute bitartekaritza teknikoan (% 29). Datuok EU Kids Online (2010) txostenekoekin alderatuta, ikus daiteke nabarmen areagotu dela segurtasunaren bitartekaritza aktiboa (% 63tik % 84ra) –gurasoek aholku gehiago ematen dizkiete seme-alabei nabigazio seguruari buruz–; halaber, erabileraren bitartekaritza aktiboa hobetu da (% 71tik % 84ra) –haiekin batera nabigatzen dute edo jarduera gehiago partekatzen dituzte–, eta bitartekaritza teknikoa ere bai (% 16tik % 29ra).
Bitartekaritza murriztailea, bestalde, pixka bat gutxiagotu da (% 85etik % 83ra). Bitartekaritzako adinaren intzidentziari dagokionez, haur gazteenek gurasoen bitartekaritza handiagoa izan ohi dute, eta 13 urtetik gorakoek, berriz, bitartekaritza handiagoa jasotzen dute berdinengandik.
Laburbilduz, eta nahiz eta adingabeak jabetuago dauden jazarpenarekin edo gatazka eragin dezaketen beste egoera batzuekin lotuta dauden arriskuen gainean, oraindik ere beharrezkoa da komunikazio mugikorra seguruago eta ardura handiagoarekin erabiltzen dela sustatzea. Horretarako, besteak beste, gurasoek eta adingabeek kontzientzia handiagoa izan behar dute pribatutasunarekin lotutako hainbat alderdirekin; salatzeko edo blokeatzeko diseinaturiko aplikazioak erabiltzeko gaitasunak garatu behar dituzte; geolokalizazioa nola erabili jakin behar dute; eta sareko gatazketan batzuetan gertatzen diren truke eskaladarekin zerikusia duten arriskuen jakitun izan behar dute.
Azkenik, ikerketak erakutsi du oraindik ere nolabaiteko desberdintasunak daudela adingabeen Interneteko erabileran, haien maila sozioekonomikoa zein den; bereziki, gurasoen bitartekaritzari dagokionez. Datuen arabera, familia behartsuenetako umeek bitartekaritza gutxiago jasotzen dute gurasoengandik. Hori dela eta, adingabeen inklusio digitala sustatzen duten egitasmoek lehentasuna izan behar dute aurrerantzean ere.
Txostena:
Uso de internet de los menores en España (2010-2015)
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurrak 7 urterekin hasten dira Internet erabiltzen.
The post Gero eta goizago hasten dira haurrak Interneten erabiltzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #132
Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPCko) zenbait ikertzailek, Cambridgeko Unibertsitatearekin elkarlanean, munduko lenterik txikiena eraiki dute. Javier Aizpurua izan da argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea sortu duen ikerketaren alor teorikoen burua. Ikertzaileek azaltzen dutenez, eroankortasun altuko urrea erabili dute aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko. Barrunbe hau – ‘piko-barrunbe’ deitua – urrezko nano-egitura batean atomo bakarreko konkor batez osatuta dago, eta argia konfinatzen du metroaren mila milioirena baina neurri txikiagoetan. Irakurri artikulu osoa hemen:
IngeniaritzaR programarekin itsas energia nola irakasten den jakin dezakegu artikulu honen bitartez. Pakete batzuk daude, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituztenak, edo maps eta mapdatapaketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituztenak; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketeak; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDF paketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko. Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dute iturri gisa ere, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Azken finean, itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko gai da programa.
BiologiaIraia Muñoak irabazi du Txiotesia lehiaketako sarietako bat. Epigenetikaren inguruko tesia idazten ari da eta lan hori sei txiotara laburtzea lortu du. Ikertzaileak dio tesia egiteko lau urte dituztela eta denbora horretan “gauza asko” egiten direla. Beraz, “hori sei txiotara laburtzea zaila da”. Gaia erraz uler zedin, istorio txiki bat asmatu du: “Hori izan zen nire erronka, erraz ulertuko zen zerbait egitea”. Dibulgazio lanari dagokionez, Muñoak dio zientzia sare sozialetan gero eta gehiago lantzen dela: “Zientzia jendearengana eramaten lan handia egiten ari dira”.
IngurumenaKlima eta elikadura elkarri lotuta daude. Kutsaduraren eraginez, areagotzen ari da klima-aldaketak abereetan ala landaredian duen eragina. Berrian azaltzen digute afera: IPPC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, klimaren auziak eragin zuzena izango du osasunaren eta elikaduraren kalitatean. Nekazaritzari dagokionez, iragarri ezinezko ekintza izango da landatzen den uzta batuko den ala ez. Klimagatik ez, globalizazioaren eraginez aldatu da elikatzeko era. Eta kontsumoak sortutako kutsaduraren ondorioz, aldaketak izango dira nutrizioan. Unai Aranguren EHNE-Bizkaia sindikatuko kideak honakoa irizten dio: “Klima aldaketarekin aukera bat ikusi dute multinazionalek. Eta aurkitu dute horri aurre egiteko erantzuna: Klimatikoki inteligentea den nekazaritza (CSA) izenarekin bataiatu dute proposamena. Baserritarrei hazi “bereziak” eskaintzea du helburu CSAk. “Klima aldaketei aurre egiteko eta uzta bermatzeko gaitasuna duten haziak sortu dituzte”.
Sahara basamortu idor eta gogor bat bezala ezagutu dugu baina ez da horrela izan beti. Orain dela 5.000 urte inguru, gauzak okertzen hasi ziren, eta berde koloreko paradisuak hauskararantz jo zuen pixkanaka. Klima-aldaketa hori hobeto ulertzeko aukera izan dugu ikerketa baten bidez. Zehazki, Saharako hautsak azken milurtekoetan Ipar Afrikako prezipitazioetan zer rol bete duen aztertu dute adituek. Lortutako emaitzek diote duela 16.000 urte, azken Izotz Aroaren amaieran, inoiz baino hauts gehiago zegoen, gaur egun dagoena halako bi. Duela 11.000 eta 5.000 urte arteko aldian, berriz, gaur dagoen hautsaren erdia. Zeru oskarbiak eguzki argi gehiago pasatzeko bidea eman zuen, eta horrek, berriz, ozeanoaren tenperaturen gorakada ekarri zuen. Beroago egonda, ozeanoak ur lurrun gehiago sortu zuen, eta, horrekin batera, montzoi handiagoak izan ziren. Soka luze horren muturrean bizitzan blai eginda zegoen Sahara berdea topatu dute zientzialariek. Ondoren, hauts kopurua berriro igo eta basamortua nagusitu zen.
Geologia eta estratigrafiaGizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia identifikatu dutela uste dute Kanadako ikertzaile batzuek. Jordanian gertatu zen, orain dela zazpi mila urte, kobrearen erauzketaren ondorioz. Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldean topatu dute ibaia. Amaia Portugalek azaltzen digu ibaiak dagoeneko ez duela emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daudela. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak.
BiologiaIa 400 arrain-espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta, beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Gehienetan, uretako oxigeno-kontzentrazioa jaisten denean hasten dira airean arnasa hartzen. Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak kasu. Anguilla rostrata, esaterako, oxigeno-beharren % 60 larruazaletik hartuz asetzen du, eta ahotik gainerako % 40a. Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Badira, adibidez, urdaila erabiltzen duten arrain batzuk. Beste zenbaitek hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da airea igeri-puxika, urdail edo hesteraino, eta gero uzkitik kanporatzen dute.
GeodinamikaZer dira Mantuko luma gorakorrak? Testu honen bidez, horrekin lotutako hainbat kontzeptu historiko berrikusiko dira, eta hipotesia sortu zen zientzia-egoeraren berri emango da era berean. Plaka-tektonika, eta kontinenteen jitoa hedatu aurretik aipatu izan zen lurrazalaren azpian konbekzio-korronteak egon zitezkeela. Lehendabiziko aipamena William Hopkins matematikariak eign zuen baina Osmond Fisher izan zen mantuko konbekzioa egitura geologikoen eragile gisa erabiltzen lehena. Orduko teoria nagusiak esaten zuen Lurra hoztean gertatutako uzkurduraz sortzen zirela mendikateak; Fisherrek aldiz, iradoki zuen lurrazalaren azpitik geruza mehe likidoa zegoela eta gaineko lurrazalak mugitzean mendikateak sortuko zituela. Badaude aldiz plaken barne eremuetan zein plaken arteko mugetan gertatzen diren hainbat “prozesu magmatiko anomalo” (gandor aseismikoak, basalto-plataformak, dike sare-erraldoiak,…), ereduan azalpenik aurkitzen ez dutenak. Sortutako galderei irtenbideren bat emateko, luma gorakorren eredua plazaratu zen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!
HistoriaMarie Curieri buruzko bitxikeriak topatuko dituzu artikulu honetan. Argian kontatzen da Mariek koadernoetan jasotzen zituela lortzen zituen emaitza guztiak “modu obsesiboan”: Pierren alkandora egiteko erabilitako oihalaren prezioa dakigu koadernoei esker. Adibidez, Irène alaba zen Marieren etxeko aztergai kuttunetakoa. Alabaren buruko diametroa aldiro neurtzen zuen kurrikak erabiliz, eta emaitza txukun idatzi. Polonioa aurkeztu zuten hilabete hartan bertan, Irènek “gogli gogli go” esan zuen eta 1899ko urtarrilean hamabost hortz-hagin zituen. Sukaldea ere laborategia zen Nobel saridun bikoitzarentzat. 1898an bertan, andere-mahatsen jelea prestatu ondoren, errezeta/esperimentu hau idatzi zuen koaderno batean. Nobel saridunaren bitxikeria gehiago topatuko dituzu Marie Curieren lanbidearen ajeak artikuluan.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #132 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #138
Mapping Ignorance blogaren internazionalizazioa geldiezina da. Asteon Txinako ikertzaile baten lehenengo ekarpena argitaratu dute, Shu Ning ikertzailearen testu interesgarri bat. Artikuluak infartu baten ondoren ehun kardiakoak nola berreskuratu lantzen du: Regain the renewal capacity after myocardial ischemia? Pitx2 and its partners! Eduardo Oliver doktorea izan da artikulu-orraztailea.
Malariaren eltxoak antropofilikoak badira (gizakiei heltzea edo ziztatzea nahiago dute) eta gure gustuak erakartzen baditu, orduan gure zaporea alda beharko dugu, ezta? José Ramón Alonsok azaltzen digu: Change your flavor artikuluan.
Alde ilunak badu xarma. Eta argia eta materiaren arteko eraikuntza hibridoak diren polaritonetan, agian, xarma horren botereak erabiltzea mereziko du. DIPCko ikertzaileek azaltzen digute: Dark states can be much better excitation carrier.
Sergio Laínezek ioi-kanalak ikertu ditu hiru herrialdetan eta egun Bristolen ari da hau gauzatzen. Molecular Detectives: discovering new ion channels (I) artikuluan haren lanari buruz kontatzen ez direnak azaltzen dizkigu, ioi-kanal berrien aurkikuntzen atzean dagoen detektibe-lana.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #138 appeared first on Zientzia Kaiera.
Oskar González: “Material eta teknika berriak sortu dira artistek kimikari lana egin dutelako” #Zientzialari (62)
Margolari edo eskultore batek artelan bat egin behar duenean erabiliko dituen materialen ezaugarriak ezagutu behar ditu. Tenpera bat zer den, olio pinturaren konposaketa edota pigmentuen degradazio prozesua jakitea lagungarria da materialen artean sortuko diren elkarrekintzak aurreikusteko. Honetarako kimika ezagutzak izatea oso lagungarria da. Kimikan oinarritutako teknika analitikoen bidez, gainera, aspaldiko artelanen konposizioari buruzko edo artistak jarraitu duen estiloaren inguruko informazioa izan dezakegu.
Arteak eta kimikak duten lotura estuaz hitz egin digu Oskar González UPV/EHUko Kimikako irakasleak Zientzialariren azken atalean.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Oskar González: “Material eta teknika berriak sortu dira artistek kimikari lana egin dutelako” #Zientzialari (62) appeared first on Zientzia Kaiera.
Anfibio ezkatadun paradoxikoak
———————————————————————————————————–
In the mid-1800s, anatomists began to learn of mysterious living fish from the southern continents. One of the first was discovered by German anatomists working in South America. It looked like a normal fish, with fins and scales, but behind its throat were large vascular sacs: lungs. Yet the creature had scales and fins. So confused were the discoverers that they named the creature Lepidosiren paradoxa, “paradoxically scaled amphibian”. Other fish with lungs, aptly named lungfish, were soon found in Africa and Australia. African explorers brought one to Owen. Scientists such as Thomas Huxley and the anatomist Carl Gegenbaur found lungfish to be essentially a cross between an amphibian and a fish. Locals found them delicious.
«XIX. mendean, hegoaldeko kontinenteetan bizi ziren arrain misteriotsuen berri jakin zuten anatomistek. Lehenetako bat Hego Amerikan lan egiten zuten anatomista alemanek topatu zuten. Arrain arrunta zirudien, hegal eta ezkatekin, baina eztarriaren atzean, zorro baskular luzeak zituen: birikak. Izakiak, baina, bazituen ezkatak eta hegalak ere. Hain nahasiak zeuden aurkitzaileak, Lepidosiren paradoxa “anfibio ezkatadun paradoxikoa” izena eman zioten izakiari. Birikadun beste zenbait arrain aurkitu zituzten geroago Afrikan eta Australian, eta arrain birikadun izen egokia eman zieten. Afrikako esploratzaileek horietako bat eraman zioten Owen jaunari. Thomas Huxley zientzialariaren eta Carl Gegenbaur anatomistaren arabera, anfibio baten eta arrain baten arteko gurutzatze bat zen arrain birikaduna. Bertako jendearentzat, berriz, jateko gozo-gozoa.»
Aurreko paragrafoa, Your inner fish (468-473 or.) paleontologia-liburutik hartua dago, eta ederki azaltzen du zer-nolako harriduraz hartu zuten XIX. mendeko naturazaleek arrain birikadunen aurkikuntza.
1. irudia: Afrikan bizi den Protopterus espezieko arraina, birikadun arraina da. Lobulu biko birikak eta brankia oso txikiak ditu eta airea behar du. Izan ere, airerik gabe hil egiten dira. (Argazkia: Gőtehal. CC BY 2.5 lizentziapean, Wikimedia Commons bidez.)
Ia 400 arrain-espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta, beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Gehienetan, uretako oxigeno-kontzentrazioa jaisten denean hasten dira airean arnasa hartzen, eta tenperatura igotzen denean gehiago jotzen dute airean arnastera, metabolismoa tenperaturarekin batera igotzen baita. Hori bai, oxigenoa airetik hartzen badute ere, uretara ―brankietatik edo gorputz-azaletik― askatzen dute CO2.
Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak dira horren adibide bat. Erraztasun handiz irten daitezke uretatik hezetasuna handia bada; Anguilla rostrata-k, esaterako, oxigeno-beharren % 60 larruazaletik hartuz asetzen du, eta ahotik gainerako % 40a.
Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Zati hori espezializaturik dago, odol-hodi asko ditu, eta hormetan inbaginazio eta ebaginazio asko. Aingira elektrikoetan (Electrophorus electricus), adibidez, aho-barrunbea da airean arnasteko organoa, eta beste zenbait espezietan operkulu-barrunbea. Brankien gaineko barrunbe bereziak dituzte bagre (Heteropneustes) batzuek; burutik gorputzaren erdi alderaino luzatzen diren tutu-dibertikuluak dira bagre horien barrunbeak.
2. irudia: Aingira anguillidae familiako arraina da. Ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik baina erraz irten daitezke uretatik hezetasuna handia bada.
Baina badira bestelako bideak hartu dituzten arrainak ere. Adibidez, batzuek urdaila erabiltzen dute, eta Callichthyidae familiako beste bagre batzuek heste-hodiaren zati bat, oso baskularizatua hau ere. Beste zenbaitek, hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da airea igeri-puxika, urdail edo hesteraino, eta gero uzkitik kanporatzen dute.
Arrain hauek, oxigeno gutxiko uretan daudenean, brankietatik uretara oxigenoa galtzeko arriskua dute. Azken batean, aireko O2-aren presio partziala oso altua da gehienetan, baina egoera desberdinak suerta daitezke uretan, O2-kontzentrazioaren eta tenperaturaren arabera. Arrain hauek, uretara O2 ez galtzeko, mugatu egin dute brankietatik gasak trukatzeko ahalmena; zenbaitetan brankien aztarnak baino ez zaizkie geratzen, eta, askotan, zirkulazio-sisteman kortozirkuituak dauzkate, odol oxigenatua ez dadin handik igaro.
Airean arnasa hartzen dutenen artean, arrain birikadunak (6 espezie) izan dira ikertuenak. Egiazko birikak dituzte, azalera handikoak, barne-inbaginazio eta trenkada zein tontor ugaridunak. Noceratodus Australiakoak birika bakarra eta brankia funtzionalak ditu; bi medioetan har dezake arnasa. Afrikako Protopterus (lau espezie) eta Hegoamerikako Lepidosiren espezieek, berriz, lobulu biko birikak eta brankia oso txikiak dituzte. Airea behar dute, eta airerik gabe hil egiten dira.
Paleontologoek uste dute arrain horiek direla lehorreko ornodunak sortu ziren garaiko arrainen ondorengo zuzenak. Izaera bikoitza dute, airean eta uretan arnasa hartzeko modua baitute. Ez da batere harritzekoa, beraz, duela bi mendetako naturazaleak arrain misteriotsu hauen berri izaterakoan zur eta lur geratu izana. Arrazoi osoz izendatu zuten arrain horietako bat izendatu zuten bezala: anfibio ezkatadun paradoxikoa!
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Anfibio ezkatadun paradoxikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Industrian aitzindari, kutsaduran ere bai
Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldea da, Itsaso Hilaren azpian. Wadi hitzak ubidea edo bailara esan nahi du arabieraz. Hain zuzen ere, zonalde honetan aurkitu dute gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia. Edo, behintzat, orain arte topatutako gisa honetako poluzioaren arrasto zaharrenak, orain dela zazpi mila urtekoak baitira. Kanadako Waterlooko Unibertsitatean egin dute ikerketa lana, eta Science of the Total Environment aldizkarian eman dute haren berri.
Dagoeneko ez du emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daude lehortutako ibaiaren bidean zein ertzetan. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Arrastoek iradokitzen dutenez, pirometalurgiaren aitzindariak izan daitezke: konbustio bidez ateratzen zuten metala.
1. irudia: Wadi Faynan lurraldea, Jordanian. (Argazkia: Barqa Landscape Project / University of
Garai hartan, gizakia trantsizio betean zegoen, eta harrizko tresnak egitetik metalak baliatzera igarotzen ari zen. Kalkolitoa edo Kobre Aroa zen: Harri Arotik Brontze Arorako denbora tartea. Erdibideko aro horri buruzko datu berriak dakartza ikerketa honek, eta zantzuek erakusten dutenez, Ekialde Hurbileko inguru horietan, behintzat, hasiak ziren metala urtzeko metodoak ikasten eta garatzen.
Russell Adams Waterlooko Unibertsitateko Antropologia saileko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek adierazi bezala, “populazio horiek hasiak ziren suarekin saiakuntzak egiten; bai eta zeramikarekin eta kobre meekin ere. Berrikuntza teknologikoa eta metalen erabileraren hedapena gizartean: horixe da mundu modernoa hasi dela adierazten duen mugarria”.
Jendeak egur-ikatza eta inguruotan ugaria zen kobre mineral urdin-berdexka konbinatzen zituen garai honetan kobrea sortzeko, eta bi horiek nahasteko, sutan berotzen zituzten. Hastapenetan, kobreak funtzio sinbolikoa betetzen zuen nagusiki. Hura lortzeko prozesua konplexua eta neketsua zenez, luze jo zuen metal honen erabilera benetan gizarteratu zen arte, baina k.a. 2.600 urterako martxan zituzten meatzeak eta lantegiak, eta ordurako bai, kobrearen ekoizpena erabat hedatuta zegoen. “Munduko lehen industria iraultza hemen gertatu zen”, gaineratu du Adamsek.
2. irudia: Kobre minerala. (Argazkia: Daniel Stucht / CC BY-SA 3.0)
Industriak kutsadura dakar, ordea, eta badirudi Wadi Faynan aitzindaria izan zela horretan ere. Metala galdatzeak errefus kutsakor ugari dakartza: kobrea bera, beruna, zinka, kadmioa, bai eta artsenikoa, merkurioa eta talioa ere. Landareek metal horiek xurgatzen zituzten, eta ardiek landareok jaten zituztenez, azkenerako osagai toxiko horiek ingurumenean metatzen ziren.
Waterlooko Unibertsitateko ikertzaileok ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak, besteak beste. Hain zuzen, honi lotuta, Erromatar garaiko giza hezurretan ere kobre eta berun kantitate handiak aurkitu izan dituzte hainbat ikerketatan.
Erreferentzia bibliografikoa:
J.P. Grattan et al. The first polluted river? Repeated copper contamination of fluvial sediments associated with Late Neolithic human activity in southern Jordan. Science of The Total Environment, Volume 573, 15 December 2016, Pages 247–257. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.08.106
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Industrian aitzindari, kutsaduran ere bai appeared first on Zientzia Kaiera.
Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea
Jarraian, luma gorakorrekin lotutako hainbat kontzeptu historiko berrikusiko dira, eta hipotesia sortu zen zientzia-egoeraren berri emango da era berean. Ondoren, deskribatu egingo dira egun elkarren aurkakoak diren bi eredu-proposamen nagusiak: lumen eredua eta plaken eredua.
Luma gorakorren aurrekariak eta sorrera-uneaPlaka-tektonika, eta kontinenteen jitoa ere, hedatu aurretik aipatu izan zen lurrazalaren azpian konbekzio-korronteak egon zitezkeela. Lehendabiziko aipamena William Hopkins matematikariak egin zuen, baina Osmond Fisher (1878) izan zen mantuko konbekzioa egitura geologikoen eragile gisa erabiltzen lehena. Orduko teoria nagusiak esaten zuen Lurra hoztean gertatutako uzkurduraz sortzen zirela mendikateak; Fisherrek aldiz, iradoki zuen lurrazalaren azpitik geruza mehe likidoa zegoela eta gaineko lurrazalak mugitzean mendikateak sortuko zituela eremu horren gainetik horizontalki. Mugimenduen eragilea aurkitu nahirik, esan zuen agian ozeanoen azpitik kokatutako material beroa goratu eta kontinenteen azpitik kokatutako material hotza beheratu egingo zela, hau da, konbekzio-korronteak erabili zituen.
Konbekzio-mugimenduen ereduak bultzakada handia jaso zuen Arthur Holmesen lanei esker (1928, 1944). Aurretik, orduko zientzialari oso ezaguna zen Harold Jeffreysek esana zuen mantuaren biskositatea ez zela konbekziorako eragozpena, eta hortik abiatuta, mantuko material solidoak (Fisherrek aurretik likidoa zela esan zuen), Lurraren barneko beroaren ondorioz, konbekzio motela jasan zezakeela aipatu zuen. Holmesek aurkeztutako irudian mantuan zehar bertikalean igotzen den korrontea ikusten da, eta kontinentearen azpira heltzean bi noranzkoetan zabaldu eta kontinentearen apurketa eta ozeanoaren sorrera eragiten du (1. irudia). Sortutako korronte horizontal bakoitzak beste korronte bertikal batetik datozen korronte horizontalekin bat egitean beherantz desbideratu eta kontinenteak bertarantz bultzatzen dira.
1. irudia: Holmesek (1928) plaken mugimendua azaltzeko iradokitako mantuko konbekzioa. (Ilustrazioa: Arthur Holmesek, «Radioactivity and earth movements» liburuan argitaratutakoa. Transactions of the Geological Society of Glasgow, 1929. © Transactions of the Geological Society of Glasgow. Iturria: Planet Terre gunea)
Plaka-tektonikaren teoria plazaratu zenean, konbekzio-ereduak paradigma bihurtu ziren eta erabateko hedakuntza izan zuten. Plaka-tektonikaren lehendabiziko urteetan (1960-1970) ozeano-gandorren azpiko konbekzio-korronte gorakorrak eta subdukzio-eremuetako konbekzio-korronte beherakorrak erabili ziren plaken mugimendua azaltzeko (2. irudia).
Ereduak azalpen egokia eskaintzen du lurrazalean gertatzen diren prozesu magmatiko gehienetarako, eta plaken arteko mugetan gertatutakoetarako. Badaude aldiz plaken barne eremuetan zein plaken arteko mugetan gertatzen diren hainbat “prozesu magmatiko anomalo” (gandor aseismikoak, basalto-plataformak, dike sare-erraldoiak,…), ereduan azalpenik aurkitzen ez dutenak. Sortutako galderei irtenbideren bat emateko, luma gorakorren eredua plazaratu zen. Bertan, ozeano-gandorrak zabalik mantentzen dituen mantuko konbekzio nagusitzat jotzen dira, luma gorakorrak plaken barnean gertatzen diren prozesu bolkanikoak azaltzeaz gain.
2. irudia. Plaka-tektonikaren eredua azaltzeko erabili zen konbekzio-korronteen eredu zaharkitua, oraindino testu liburu askotan agertzen dena
Hala ere, hipotesia sortu zenetik, milaka argitalpen eragin dituen, eztabaida latza izan da luma gorakorren inguruan. Ikertzaile batzuek ez dute ikusten luma gorakorren beharrik “prozesu magmatiko anomaloen” azalpenerako.
Ikertzaile hauek litosferan bertan gertatzen diren aldaketetan oinarritutako beste eredu bat sortu dute: plaken eredua (plate model). Egia da hasierako luma gorakorren ereduak akats ugari zituela, baina jatorrizko kontzeptua aldatuz eredu berri baterantz bilakatzeko ahalmena izan du, eta hasierako kontzeptuarekin desberdintasun asko baditu ere, egun luma gorakorren eredua (plume model) aurrera doa.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
- Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movemwnts. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
- Holmes, A. (1944): Principles of physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
- Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
- Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
- Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
- Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
- Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
- Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsas energia irakasten R programarekin
Irudia: Gurean aintzat hartzeko moduko energia horietako bat itsasoarena da. Bat baino gehiagoren ustez, itsas energiari lotutako teknologiak europar ekonomia altxa baitezake hurrengo hamarkadetan.
R estatistikarako erabili ohi den eta komunitate zientifikoan berebiziko erabilgarritasuna lortzen ari den programazioa hizkuntza libre bat da. Objektuetan oinarritutako hizkuntza sinple eta intuitiboa da izan: aldagaiak, funtzioak, grafikoak, datuak, etab., memorian gordetzen dira izen zehatz batekin. Halatan, munduan barreiaturiko hamaika arlotako zientzialarik egindako zientoka pakete eskuragarri daude edozein unetan jaitsi eta aktibatuta arlo horri dagozkion kalkulu, grafiko eta irudikatze ohikoenak segituan egin ahal izateko. Hauei buruzko informazio zehatza programaren R-CRAN gordailuan topatu daiteke.
Pakete hauen artean lurreko nahiz itsasoko datuen manipulazio espazio-tenporalari dagokienekin aritu gara, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituen sp paketeaz; edo maps eta mapdata paketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituena; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketea; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDF paketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko.
3 edo 4 orduko iraupena duten 10 ariketa prestatu ditugu hauekin AEBen NOAAko (National Oceanic and Atmospheric Administration) ETOPO5 bezalako proiektuek eskainitako datuekin modu eraikitzaile batez kurtsoan aurreratu, eta R hizkuntza ikasi ahala, orduan eta datu tratamendu eta irudikatze geografiko konplikatuagoak gauzatu dira. Hemen TOPEX/Poseidon satelitearen datuak aurki daitezke, 1992an NASAk eta Frantziako Agentzia Espazialak gainazal ozeanikoa aztertzeko aireratutako misioarenak. Satelitearen radar altimetroa aitzindaria izan zen, eta itsas maila inoiz ez bezalako zehaztasunez neurtzeaz gain itsas korronte globalen mapak ere lehenengoz egiten ari dira.
Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dugu iturri gisa, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Halako puntu bakoitzean aldagai atmosferikoen balioak ematen ditu eredu honek denboran zehar. Hainbat neurketa aparatu erabiltzen dira lehenbizi atmosferako, lurrazaleko eta itsas-azaleko datuak eskuratzeko: radio-zundak, scatterometroa, itsas buiak, globoak, sateliteak, etab.; ondoren, ECMWF eredu konputazionalak datuok hartu eta sare-begi guztietara eramaten ditu espazialki.
Finean, R kalkulu estatistikorako programazio hizkuntzak datuen tratamendu espazio-tenporalerako baliabide aberatsa eskaintzen duela argi dago, GNU programa libre bat izatean eta hamaika arlotako hamaika zientzialariren ekarpenak etengabe metatzean, ikerketarako ez ezik hezkuntzarako ere tresna oso egokia da eta. Itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko ere gai gara honekin. Guzti honek problemetan oinarritutako ikasketarako, auto-ikaskuntzarako, eginaz ikasteko edota ikasketa kooperatiborako lan tresna aparta bihurtzen du R.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Itsas Energia irakasten R-rekin.
- Laburpena: Itsas Energia gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten ari da EHUn. Beronen irakasleek Itsas Energiaren garrantzia nabarmendu nahi dute hemen, eta horretaz gain, azaldu nahi dute nola erantzun zaion hezkuntza aitzindaritza honek dakarren erronkari. Halaz, ikas denboraren hiru laurden suposatu duen R analisi estatistikorako eta grafikorako programazio hizkuntza itsas baliabidearen analisi espazio-tenporalerako nola aplikatu den azalduko da ikasleek garatu dituzten ariketen bidez.
- Egileak: Alain Ulazia, Gabriel Ibarra
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 27-37
- DOI: 10.1387/ekaia.14245
—————————————————–
Egileez: Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Fluidoen Mekanikako Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Itsas energia irakasten R programarekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Munduko lenterik txikiena, optika atomikoari esker
Irudia: Nazioarteko ikertzaile talde batek, munduko lenterik txikiena sortu du; argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea.
Javier Aizpurua irakaslea, Materialen Fisika Zentroko eta DIPCko ikertzailea, izan da argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea sortu duen ikerketaren alor teorikoen burua. “Gure iragarpen teorikoek hori posible zela aditzera ematen zuten, orain egiaztatu den bezalaxe”, adierazi du Aizpuruak. Garapen teoriko hauei esker, horren eskala txikietan argiaren konfinamendua eta argiak molekulekin duen elkarrekintza ulertu ahal izan da.
Cambridgeko ikertzaile talde esperimentalak, Jeremy Baumberg irakaslearen gidaritzapean, eroankortasun altuko urrea erabili du aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko. Barrunbe hau – ‘piko-barrunbe’ izenaz deitua – urrezko nano-egitura batean atomo bakarreko konkor batez osatuta dago, eta argia konfinatzen du metroaren mila milioirena baina neurri txikiagoetan. Esperimentuan, barrunbe honen ondoan zenbait molekula aurkitzen dira, eta honek ahalbidetzen du argia eta materiaren arteko elkarrekintza ikertzeko modu berri bat. Emaitzak Science aldizkarian argitaratu dira.
Eskuan plektroa hartuta gitarraren sokak eragiten diren moduan, argiaren energiak molekula baten lotura kimiko jakin baten bibrazioak eragin ditzake. Fenomeno honi elkarrekintza optomekanikoa deritzo. Lan honetan, ikertzaileek lortu dutena izan da hain zuzen ere, piko-barrunbean fokuratuko argiak ondoko molekularen bibrazioak eragitea; munduko gitarrarik txikiena bezala imajina genezake, argiaren bidez jotzen den gitarra molekular ñimiñoa.
“Eskuartean duguna elkarrekintza optomekaniko bat da, eta eskala atomikoan seinale optikoa bihurtzeko erabili daiteke. Hau da, argiarekin gure “gitarra” molekularraren “nota” jakin batzuk jotzeko: argi mota batek zenbait nota joarazten ditu eta beste argi mota bat berriz ez da gai ezer jotzeko” azaltzen du Aizpuruak.
Nanoegiturak eraikitzea banakako atomoen zehaztasunarekin oso zaila da, eta urrezko atomo iheskorrak izoztu ahal izateko, gutxienez, -260°C tenperaturara laginak hoztea beharrezkoa izaten da (zero absolutua -273,15°C da). Urrezko nano-partikulak laserrarekin argiztatzean, isolatutako atomo gutxi batzuk mugitu egiten dira eta piko-barrunbea eratzen dute. Une horretan, piko-barrunbe horretan enfokatutako argiak ondoko molekularen bibrazioa eragiten du, prozesua denbora errealean monitorizatua delarik.
Urrezko atomoek, argia harrapatzen duten saski eroale ñimiñoak bezala jokatzen dute eta, argi bidez katalizatutako erreakzio kimikoen alorrean aukera eta bide berriak irekitzeko gaitasuna azaltzen dute. Piko-barrunbe hauek, osagai sinpleagoetatik habiatuz beste konplexu molekularrak osatzeko erabil litezke, baita gailu optomekaniko berriztagarriak garatu ahal izateko ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Single-molecule optomechanics in ‘pico-cavities’. Felix Benz, Mikolaj K. Schmidt, Alexander Dreismann, Rohit Chikkaraddy, Yao Zhang, Angela Demetriadou, Cloudy Carnegie, Hamid Ohadi, Bart de Nijs, Ruben Esteban, Javier Aizpurua, Jeremy J. Baumberg. Science 354, 725-728 (2016). DOI: 10.1126/science.aah5243
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Argia atomoetara iristen denean.
The post Munduko lenterik txikiena, optika atomikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #131
Landareentzat kaltegarriak diren onddo eta bakterio askok landareen hazkuntza sustatzen duten konposatuak igortzen dituzte, Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek frogatu dutenez. Nekazaritzan landareen errendimendua hobetzeko balio dezake aurkikuntzak, eta ohiko tratamendu kimikoen alternatiba gisa funtziona dezake. “Ikerketa honek lehenengo aldiz proposatzen du ‘Zomorro txarrak, langile onuragarriak’ kontzeptua” azaltzen du Javier Pozueta ikertzaileak. Jakina zen mikroorganismo onuragarriek konposatu hegazkorrak igortzen dituztela baina beste batzuek ere hori egiten dutela frogatu dute adibidez, bakterio eta onddo kaltegarriek.
Arkitektura eta ingurumenaEAEn eta Nafarroan erabilerarik gabeko trenbideak aztertu ditu Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Sailekoak ikertzaileak etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatze aldera. 150 km inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea hartu du ardatz eta oro har, “erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela”, dio ikertzaileak. Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek, egun, bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak eman du aditzera Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.
KimikaDimetil eterra (DME) konposatuak interesa piztu du azkenaldian. Izan ere, aplikazio anitzeko erregaia da, eta petrolioaren ordezko energia-iturrietatik (gas naturala, ikatza eta biomasa) ekoitzi daiteke. Ikerketa gutxi egin dira DME ekoizteko erabiltzen diren katalizatzaileen desaktibazioaren inguruan, eta zenbait alderdi argitu gabe geratzen dira. Artikuluan topatzen ahal ditugu azalpen horiek: Katalizatzailearen aktibitatea murriztu daiteke kokea deritzon karbonodun materiala funtzio metalikoan eta azidoan ezartzen delako, eta funtzio metalikoaren sinterizatzea (degradazio termikoa) gertatzen delako. Bestalde, erreakzio-ingurunean dagoen urak gune azidoen aktibitatea jaits dezake; izan ere, ura gune horietan adsorbatuta (atxikita) geratzen da, eta erreaktiboekin lehiatzen du. Artikulu honetan CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailearen desaktibazioaren izaera ikertu da. Horretarako, desaktibatutako katalizatzaileen funtzio metalikoak eta azidoak analizatu dira.
Matematika eta kirolaZein estrategia jarraitu behar dute jokalariek penalti bat sartzeko? Joko-teoriari esker, artikulu honetan emango digute erantzuna. John F.Nash zientzialaria da joko-teoriaren sortzailea. Bere teoremak penaltietan erabili ahal dira jokalariak zein atezainak erabaki berekoiak hartzen dituztelako. Penaltien Nash oreka zein den azaltzen digute jarraian. Jokalariak eta atezainak bi aukera baino ez dituzte, ezkerra edo eskuina. Horretaz gain, bi horiek alde bana aukeratzen dutenean baino ez dela gola lortzen. Jokalariak ezkerra edo eskuina aukeratuko du Nash orekan probabilitate erdiarekin; alegia, trukatu gabeko txanpon bat airera bota eta gurutzea ateratzen badu, ezkerrera botako du pilota; aurpegia ateraz gero, eskuinera. Atezainak, bestalde, beste txanpon bat erabiliko du (trukatu gabea hau ere) eta, gurutze ateratzen badu, eskuinera mugituko da eta, aurpegia ateraz gero, ezkerrera. Horrela, jokalariek (atezainak eta penalti-jaurtitzaileak) gol gutxiago sartuko ditu beste estrategia bat erabiliz gero.
Biologia eta teknologiaAmsterdamgo Medikuntza Zentro Akademikoan egiten ari diren proiektuari esker, giza enbrioiaren hiru dimentsiodun atlasa garatzen ari dira. Bertan, enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera zehatza definitu eta erakutsi dute. Gutxi gorabehera, 150 organo eta egitura identifikatu, sailkatu eta irudikatzea lortu dute. AEBtako Carnegie erakundeko giza enbrioien bilduma hartu dute izan dute oinarri. Zehazki, 34 giza enbrioiren sekzio bakoitzeko organo eta egiturak marraztu dituzte, hilabete erditik bi hilabetetarako fase guztiak banan-banan kontuan hartuta. Hala, 15.000 sekzioren argazki digitalak bildu dituzte guztira. Horietan oinarrituta, irudi interaktiboak sortu dituzte gero. Atlasa guztiontzat ago eskuragarri.
Elhuyar aldizkarian ere topatuko duzue honen inguruko informazioa: Giza enbrioien garapenaren mapa birtuala 3Dn.
Biologia
Bitxiak dira arrain marmartiak, uretatik kanpo erruten duten arrain bakarrak. Ilargi beteko eta ilargi berriko gauetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten txanpa baliatuz. Gero, ahalik gehien urruntzen da ur-ertzetik. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta emea hurrengo olatuaren zain geratzen da. Baina kanpoan dauden bitartean nola arnasten dute? Arrainek bezalaxe, hauek brankiak dituzte. Bada, uretatik kanpo dauden tarte horretan ez dute gasik trukatzen eta, beraz, hipoxia-egoeran daude.
GeofisikaLurrikaren inguruan aritu da Juanma Gallego Berrian. Adituak dira lurraren dardarak iragartzeko ahaleginetan dihardutenak. Antonio Aretxabala geologoak azaltzen du oraindik lurrikarak iragartzeko zereginean gutxi aurreratu dela. Halere, gehitzen du azken bost urteetan geofisikaren alorrean hori erdiesteko ahalegin handia egin da. Horren harira, aste honetan bertan Nature Communications aldizkarian aurkeztutako ikerketa bat ahalegin horien adibide da. Nazioarteko ikertzaile talde batek 2011n Japonian izandako lurrikara handian bildutako datuak baliatuz grabitatean izandako aldaketa ñimiñoak behatu dituzte. Aztertutakoa “oso seinale txikia” izan dela ohartarazi du adituak, baina lurrikarak iragartzeko baliagarria izango dela irizten dio.
Emakumeak zientzianAmaia Hernandezi errehabilitazio medikurako sistema protesikoen eta ortesikoen garapenean lan egitea gustatuko litzaioke, hori baitu gogokoen eta horretarako prestatu baita azken urteotan. Baina esparru nahi berria da eta aukerak ez dira oso anitzak. Lan bila ari den bitartean, bideo-jokoen inguruko ikastaro bat egiten ari da, gero errehabilitazioan aplikatzeko asmoarekin. Hasieratik zientziak gustuko izan zituen eta horrela iritsi zen Ingeniaritza Biomedikora. Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen ikasketak eta bertan, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuela dio: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”. Masterra gauzatu zuen geroxeago eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera. “Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen”, dio Hernandezek. Bertako giroa azpimarratzen du tartean: “erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi…”.
Astronautika
Espazioan gertatzen diren hutsak abiapuntu hartu ditu Edu Lartzangurenek testu honetan. Adibidetzat hartzen ditu, besteak beste, Errusiako Progress MS-04 kohetea, aireratu eta sei minutura lehertu egin zena. Urriaren 19an, Europako Espazio Agentziaren Schiaparelli zunda ere aipatu du tartean. Huts horiek zergatik gertatzen diren azaltzen digu kazetariak. Irakur ezazue, ez zarete damutuko!
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #131 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #136
Begiztaz libre dagoen korapilatze kuantikoaren esperimentua ez da behin bakarrik konpondu, baizik bitan. Daniel Manzanok azaltzen digu: The loophole-free quantum entanglement experiment (6): The Vienna Experiment (and now what?)
Radio-espektroa baliabide urria bihurtzen ari da. Horrez gain, segurtasun kameren kontrolerako erabiltzen bada, baliabideen kudeaketaren arazo baten aurrean aurkituko gara, eta, honek ondorio larriak izan ditzake. David Orden eta matematikak datoz erreskatera: Negotiating Wi-Fi channels to improve bandwidth in surveillance networks.
Substantzia batzuen mugimendu gaitasunaren gakoa ura da. Izan ere, uraren presentziak substantzia ez-organiko batzuk proteinak bezala mugiarazten ditu. Silvina Cervenyk (DIPC) eta Jan Swensonek (Chalmers University of Technology) azaltzen digute: Some non-biological materials move as proteins do: the role of water.
Japoniar artean origamiarekin gertatzen den bezala, material bat plegatu eta zabaltzeko moduak, aplikazio zenbatezinak izan ditzake. Izan ere, hainbat aplikazio izan ditzake ezaugarri mekaniko harrigarriak dituen egiturak fabrikatzeko orduan. Silvia Románek diosku Origami, the art of folding artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #136 appeared first on Zientzia Kaiera.
Amaia Hernández: “Benetan baloratzen dutena ahalegina da”
Orain arteko ibilbideaz galdatuta, badirudi hasieratik zuela oso garbi ingeniaritza biomedikoan espezializatuko zela. Argitu duenez, ordea, batxilergoan ez zekien ikasketa horiek zeudenik ere: “Betidanik gustatu zaizkit zientziak, orokorrean. Gustuko nuen biologia, baina baita matematika, fisika eta halakoak ere. Bi arloak batuko zituen ikasketa baten bila hasi nintzen Interneten, eta orduan izan nuen Ingeniaritza Biomedikoaren berri lehen aldiz. Berehala erabaki nuen hortik joko nuela”.
Irudia: Amaia Hernández ingeniari biomedikoa.
Hala, Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Lehen urtean, hala ere, ez zitzaion iruditu bete-betean asmatu zuenik. Batetik, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuen: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”, azaldu du Hernándezek. Bestetik, lehen mailako ikasgaiak orokorregiak iruditu zitzaizkion. “Gehien bat, masterrean izan nuen aukera nahi nuen adarrean sakontzeko”.
Bitartean, dena den, gustura aritu zen, eta Erasmus beka baten bidez Trondheimen (Norvegia) ikasteko aukera ere izan zuen. Gero, Ingeniaritza Biomedikoko masterrean jarraitu zituen ikasketak egin zuen, eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera.
“Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen. Estatu Batuetako beste bi lekutan ere egin nuen eskaera; haietatik, ordea, ez zidaten erantzun ere egin. Horrela bukatu nuen Kanadan. Hasiera batean gogorra egin bazitzaidan ere, hona itzultzean negar egin nuen”.
Autonomia eta babesaHan topatu zuen giroak ez zuen ordura arte ezagututakoaren antza handirik. “Hemen, praktikak egiten dituzunean, oso bideratuta zaude gehienetan. Han, berriz, erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi… Hasieran ardura eta kezka handia sortzen zidan horrek guztiak, baina gero konturatu nintzen hanka sartzeko aukera ere ematen dizutela, eta benetan baloratzen dutena ahalegina dela”, aitortu du.
Gainera, autonomiaz lan eginda, emaitzak are gehiago asetzen zaituela nabarmendu du, eta beti izan zuela lankideen babesa. Horrenbestez, ez du zalantzarik egiten Kanadako esperientzia baloratzean: “Erabat aberasgarria izan da, bai alde profesionaletik bai pertsonaletik”. Eta espero du, aurrerantzean ere, ibilbide profesionalak pertsonalki hazteko aukera emango diola.
Fitxa biografikoa:Amaia Hernández Puerta Zarautzen jaioa da, 1992an. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta, tartean, Norvegian izan zen, Erasmus egitasmoaren laguntzarekin. Ondoren, leku berean izen bereko masterra egin zuen, eta proiektua Kanadan garatu zuen, Otawako Ospitalean. Errehabilitazio mediku, protesiko eta ortesikoan, eta eransketa bidezko sistema biomedikoen garapenean espezializatuta dago.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Amaia Hernández: “Benetan baloratzen dutena ahalegina da” appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrain marmartiak
———————————————————————————————————–
Bitxi samarrak dira Leuresthes tenuis izen zientifikoa duten arrainak; arrain marmartia da espezie honen izen arrunta. Charles Bukowski idazle estatubatuarrak, arrain marmartia aipatzen du bere Mockingbird Wish Me Luck (1972) liburuko bi poematan. Horietako batean, “The hunt” (Ehiza) izenburukoan, honela dio:…
and the grunion ran again
through the oily sea
to plant eggs on shore and be caught
by unemployed drunks
with flopping canvas hats
and no woman at all.
(Eta marmartiak lasterka ekin zion berriz
itsaso koipetsuan zehar
arrautzak errutera urbazterrean
han harrapa zezaten langabetu mozkorrek
olanezko beren kapelu abailduak buruan
eta inolako emakumerik ez aldean.[1])
Ran, to run «lasterka egin» aditzaren iraganaldia erabili zuen Bukowskik poema horretan, arrain horrek harearen gainetik «lasterka» egiten duelako. Ez beti, ez baita hori haren ohiko bizimodua, baina poeman irakur daitekeen bezala, kostaldean errutera (to plant eggs on shore…) irteten da uretatik. Portaera harrigarria da, izan ere bera da uretatik kanpo erruten duen arrain bakarra.
1. irudia: Kaliforniako Laguna Beach itsasadarrean bizi diren Californian Grunion arrainak (Leuresthes tenuis). (Argazkia: Peter J. Bryant ©; Iturria: http://nathistoc.bio.uci.edu/)
Ilargi beteko eta ilargi berriko gauetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten txanpa baliatuz. Gero, ahalik gehien urruntzen da ur-ertzetik. Emeak, burua gora begira mantentzen duen artean, isatsarekin zulo bat egiten du harean. Harea bustita dagoenez, ez zaio gehiegi kostatzen zulatze-lana, eta bular-hegatsetaraino sartzen da egindako zuloan, eta arrautzak jartzen ditu barruan (azaletik 10 cm-ra); orduan hainbat ar ―zortzi ere izan daitezke― inguratzen zaizkio eta beren espermatozitoak bertan askatu. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta emea hurrengo olatuaren zain geratzen da; uhina iristean zulotik irten eta berau ere uretara itzultzen da. Bizkorren egiten duten arrainek, 30 segundotan burutzen dute eragiketa osoa, baina gerta daiteke uretatik kanpo minutu batzuk egotea.
2. irudia: Arrain marmartiaren (Leuresthes tenuis) arrautzak. (Argazkia: Peter J. Bryant ©; Iturria: http://nathistoc.bio.uci.edu/)
Gogoan izan arrainez ari garela, eta arrainek, arrain gehienek behintzat, hauek bezala, brankien bitartez hartzen dutela arnasa. Bada, uretatik kanpo dauden tarte horretan ez dute gasik trukatzen eta, beraz, hipoxia-egoeran daude. Oso denbora laburra dela pentsa liteke, baina arrain horientzat ez da laburra; txikiak dira eta metabolismo-tasa altua dute. Ez da harritzekoa, hortaz, uretatik ateratzearen ondorio diren hipoxia-egoerei aurre egiteko arrain marmartiek agertzen dituzten erantzun fisiologikoak oxigeno-ezak beste zenbait espezietan eragiten dituen erantzun berberak izatea. Ikus dezagun erantzun hori zein den.
Itsas ugaztunek, urperatzen direnean, oxigeno-biltegi moduko bi erabiltzen dituzte: odolaren globulu gorrien kopuru handia, batetik, eta muskuluko mioglobina-kontzentrazio altua, bestetik. Hala ere, urperatuta dauden artean, hipoxia egoeran daude, arnas gasak trukatzerik ez dutelako, eta, beraz, ez zaie komeni gordeta duten oxigenoa gehiegi baliatzea. Hortaz, itsas ugaztunek bi modutara aldarazten dute zirkulazio-sistemaren funtzionamendua. Batetik, bradikardiara jotzen dute; hau da, bihotz-taupadaren maiztasuna nabarmen jaistera. Bestetik, zirkulazio periferikoa murrizten dute, periferiako hainbat odol-hodi itxiz. Era horretara, bihotzak askoz lan gutxiago egiten du eta ez da oxigenorik bideratzen ezinbestekoak ez diren organoetara. Garunaren oxigeno-emaria bermatuta dago, jakina, bai eta igeri egiteko baliatzen diren muskuluena ere, baina, guztira, nabarmen jaisten da oxigeno-kontsumoa.
Bada, arrain marmartiak berdin jokatzen du uretatik irteten denean. Izan ere, airean egonik, hipoxia-egoeran dago, eta hipoxiari berdin egiten diote aurre batzuek eta besteek, hau da, lehorrekoek uretan sartzean eta urtarrek uretatik irtetean. Hortaz, arrain hegalariak ere berdin jokatzen du, baina uretatik kanpo askoz denbora laburrago egon ohi da, ezustekorik ez bada, noski.
Oharra:
[1] Juan Kruz Igerabide eta Juan Garziaren itzulpena.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Arrain marmartiak appeared first on Zientzia Kaiera.