Zientziaren historia poltsikoan
Unibertsoari neurria hartzea bezain zaila da zientziaren historia laburbiltzea. Biak ala biak lorpen gogoangarriak dira, zalantzarik gabe. Bada, bereziki bigarren ideiak meritua baduela uste dut. Bill Bryson idazleak hori erdietsi du; zientzia(k) Ia denaren historia labur bat liburuan sartzea, alegia.
Iraganean murgildu gaitu, unibertsoa eraiki zen istant hartan. Eta hortik aurrera dena. Edo ia dena. Besteak beste, astronomia, fisika, geologia, paleontologia, kimika eta genetika bezalako alorrak jorratu ditu honetan, eta oso fin, gainera. Lan zaila dirudien arren, historia ez baita egun batetik bestera eraikitzen (eta unibertsoa?), erraztasun handiz egiten du jauzi diziplina batetik bestera. Aurkikuntzak, eureka momentuak, eta horien inguruan orbitatu zuten zientzialarien biografia laburrak aurkituko ditu irakurleak. Eta anekdotak zein bitxikeriak ez dira faltako liburuan zehar, jakina; horrelako ugari tartekatzen baititu azalpenari arintasuna emateko asmoz. Alde horretatik, oso irakurketa atsegina da.
Esaterako, Robert Evans artzainaren begietatik izarren iragana ezagutuko dugu, Newtonen legeak behingoz argitzeko aukera izango dugu, baita Dimitri Ivanovich Mendeleyev kimikako elementuak nola ordenatzen hasi zen jakingo dugu ere. Era berean, oso garrantzitsuak diren kontzeptuak azalduko dizkigute: erlatibitatearen teoria, atomoak, plaken tektonika, eta genomak kasu. Etenik ez duen haria sortu du Brysonek.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Ia denaren historia labur bat
- Egilea: Bill Bryson
- Itzultzailea: Ixiar Iza Agirre
- Argitaletxea: Elhuyar edizioak
- Orrialdeak: 454
- ISBNa: 978-84-92457-08-3
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Zientziaren historia poltsikoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Klimaz (I)
Geografoak Antzinate Klasikotik zebiltzan eztabaidatzen klimaz eta kulturarekin zeukan loturaz. Tradizio horren iturria bilatzeko orduan, Hipokratesen aire, ur eta lekuei buruzko trataturaino egin genezake atzera; bertan, populazioaren izaera haizeari (airea), ur-horniduraren jatorriari (ura) eta lurrari berari zein bere kokapenari (lekuak) egozten zitzaien, baita dietari, higieneari, ohiko zereginei eta bestelakoei ere. Hain zen boteretsua ikuspuntu hipokratikoa, ezen Encyclopèdiearen editoreek Montesquieuri eskatu baitzioten bildumaren artikulu hori idazteko. Izan ere, bere De l’esprit des loix lanean gaiaz aritu eta gero (1748), zaila baitzen ezer eranstea halako gai ezagunez.

Irudia: Shikaribetsu laku izoztua, Japonian. Geografoak Antzinate Klasikoan klima kulturarekin lotura zeukala pentsatzen zuten. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com).
XVIII. mendearen azken laurdena baino lehen, geografiaren ibilbideak zerikusi gutxi zeukan meteorologiarekin. Geografoen meteorologiari buruzko baieztapenak beti izaten ziren oso orokorrak eta kualitatiboak, eta ez zieten atarramendurik ateratzen gero eta ugariagoak ziren behaketa meteorologiko egokiei. Bestalde, eta egungo irizpideei erreparatuta paradoxa iruditu dakigukeen arren, meteorologoek ez zeukaten inolako interesik kliman. Eguraldia aurreikusteko patroi errepikatuak eta nekazaritzan nahiz osasunean zer eragin zeukaten aurkitzea zen meteorologoen helburu nagusia.
XVIII. mendearen bukaeran, gero eta zehatzagoa zen tresneria, gailu asko sortu ziren elkarte zientifikoen bultzadarekin, eta datu meteorologiko fidagarri andana bildu zen horri esker. Meteorologoak, ordea, ez ziren horregatik hasi klima ulertzen: ez zituzten puntu askotako behaketa meteorologikoak erabili denboraldi- eta espazio-tarteetan zehar eguraldiak duen batasuna ulertzeko. Horri dagokionez, egokia izan daiteke Kant-ek bere garaiko zientzia naturalei egindako kritika aipatzea: «[zientzia naturalek objektuak] bata bestearen atzean pilatuta [jartzen dituzte], besterik gabe, gauzen izaera askotarikoa ondorioztatzeko osotasuna [kontuan izan beharrean]».
Paradoxa bada ere, tradizio hipokratiko handiak ekarri zuen, XVIII. mendearen bukaeran, hurbilketarik onena meteorologia, behaketa zehatzak eta geografia uztartu ahal izateko: medikuntza zen hurbilketa hori, edo, hobeto esanda, topografia medikoa. Frantzian topa dezakegu adibiderik egokiena. Bertan, Medikuntzaren Errege Elkarteak frantziar lurralde osoan zehar zeuden medikuei eskatu zien erresumako leku bakoitzeko ingurumenaren ezaugarriak izpiritu hipokratikoari jarraituz deskribatzeko. Partaideek, beraz, hiru oinarriak uztartzen zituzten: behaketa meteorologikoak, «aire, ur eta lekuen» deskribapenak eta herrietako biztanleriari buruzko informazioa. Horren helburua «Frantziako mapa topografikoa» argitaratzea zen. Ahalegin hura klimatologiaren lehen tratatua bihurtu aurretik, ordea, Iraultzak itxi egin zuen Errege Elkartea.
Edonola dela, benetako klimatologia ager zedin, zientzialariei zaila egiten zaien baldintza behar zen: filosofia-aldaketa, mundu-ikuskera berria. XIX. mendean heldu zen hori.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao
——————————————–
The post Klimaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (2): Kartak ordenatu
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bigarren ariketa: Kartak ordenatu.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématiqueatalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (2): Kartak ordenatu appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #313
Ba al zenekien ilea maiz garbitzeak ez duela eraginik ilearen osasunean? Artikulu honen bitartez jakin dugu xanpuek soilik ilearen itxura aldatu dezaketela baina ez haren osasuna. Dermatologia kontsultan sortzen diren ohiko zalantzak bildu ditu Ramon Grimalt medikuak. Esaterako, zein maiztasunekin garbitu behar dugu ilea? Edo zergatik erortzen zaigu hainbeste ilea? Ez galdu!
OsasunaPisua galtzearen harira, beti komeni da jakitea zeintzuk diren bakoitzak jarraitu behar dituen estrategiak. Ildo horri jarraiki, bost herrialdetako (Alemania, Estatu Batuak, Finlandia, Grezia eta Portugal) datuak biltzen dituzten 50 argitalpen zientifikoren emaitzak aztertu dituzte. Emaitzen arabera, pisua galtzeko eta ondoren mantentzeko gauzarik eraginkorrenak ariketa fisikoa egitea eta hartzen den energia eta koipea murriztea da.
SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoa bilatzeko bidean daude herrialde askotako ikertzaileak. Azken asteetan, hiru izan dira bereziki itxaropena piztu digutenak. Lehenengoa, Oxford Unibertsitatean ikertzen ari dira. Bigarrena, Txinan, eta hirugarrena, Estatu Batuetan. Txerto hautagai hauen inguruan aritu da Miren Basaras mikrobiologoa Berria egunkarian.
BiologiaIkerketa batean ondorioztatu dutenez, hartz batek 14 urte behar ditu gizakiekin batera lurraldea partekatzen ikasi ahal izateko. Guztira, 1979-2019 urte tartean, 2.669 hartzen bizimoduak aztertu dituzte. Faktore hauek izan dituzte kontuan: heriotza tasak, mugimenduak, habitataren erabilera eta demografia.
IngurumenaIkerketa batek aditzera eman duenez, hartz zuriak desagertuko dira klima-aldaketaren ondorioz. Berrian irakur daitekeen moduan, 2100. urterako galduko direla ondorioztatu dute ikertzaileek. Hain zuzen ere, argitaratu duten txostenean, planetaren berotzeak Artikoko izotza murriztea eragingo duela adierazi dute eta, horrekin batera, hartz zuriak galtzea ekarriko duela.
AstrofisikaDesagertutako kumulu globular baten arrastoak aurkitu dituzte, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Duela bi mila milioi urte Esne Bidearen grabitateak 62.000 argi-urtera zegoen kumulu globular bat birrindu zuen Fenix konstelazioan eta orain jakin dute egitura horrek izar-korronte baten itxura duela.
Asteon, NASAk Mars 2020 misioa abiatu du, Marten inoiz bizirik izan den aztertzeko asmoz. Perseverance ibilgailua bidali dute eta 2026. urtean itzuliko da Lurrera. Egitasmo honetan AVS euskal enpresak eta UPV/EHUk parte hartu dute. Berrian aurkituko dituzue xehetasun gehiago misio honen inguruan.
GeologiaGaur egun oraindik glaziazioen jatorria modu egokian azaltzen duen hipotesirik ez dagoen arren, Zientzia Kaierako testu honetan historian zehar egindako ikerlanez, aurkikuntzez, eta horien atzean egon ziren geologo eta naturalistez hitz egin digute. Ez galdu!
NekazaritzaIkerketa batean ikusi dute nekazaritza bertikala oparoagoa izan litekeela. Bertan, hamar geruzez osatutako laborantza bertikala irudikatu dute, eta baldintza guztiak kontuan hartu dituzte: argi artifiziala, tenperatura edota CO2 maila. Kalkulatu dutenez, baldintzen arabera, hektarea bakar batean 700-1.940 tona gari hazteko moduan egongo lirateke. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #313 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #317
Dena asmatuta dago eta. Txoriek hegan egiten dutela? Ba txorien moduan hegan egiten duen drona egiten dugu. Kolibria bezala, adibidez. Zer abantaila luke? Lau errotore dituen dronak horizontalki mugitzen geldirik baino energia gehiago behar du. Kolibriak ez. Javaan Chahlen Learning from nature: a new flapping drone can take off, hover and swoop like a bird
Esna ametsetan zaudenean, ezertan pentsatzen ez duzun momentuetan. Entzefaloaren egoera basalaren antzekoenak dira momentu horiek. Ametsak oso aktiboak dira, kontzientzia aktibo ez badago ere. Egoera horretan erresonantzia magnetiko funtzionalaren seinaleak baliatu daitezke entzefaloaren funtzionamendua ikertzeko. Eta baita arazo neurologikoak eta gaixotasun mentalak detektatzeko ere. Horretarako matematikak behar dira. BCAM-en The metaestable resting state dynamics of the brain
Helio atomoen dispertsioa azalera batean baliatu daiteke materialaren nondik-norakoak ezagutzeko. Hala frogatu dute DIPCn. Bi dimentsioetan eta zenbait materialentzat egina zen, orain dimentsioak eta konposatuak gehitu dira. Measuring electron-phonon interaction in multidimensional materials with helium atom scattering
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #317 appeared first on Zientzia Kaiera.
Hartzen eta gizakien erresumek topo egiten dutenekoa
Etxetik atera aurretik, ez ahaztu autoaren giltzak poltsikoratzeaz. Eta sakelako telefonoa eramateaz. Badakizu, kalera ateratzeko ahaztu behar ez diren gauzatxo horiek. Zorionez, gure ingurua ez da oso arriskutsua. Adibidez, inork ez du espero ataritik metro batzuetara basapizti batekin topo egitea. Baina gauzak bestelakoak dira Svalbard uhartedian. Bertan, kalera atera aurretik, elur-motorraren giltzak, sakelakoa, eta erriflea eraman beharra dago. Bai, erriflea. Izan ere, hartz polar batekin topo egiteko aukerak egon badaude, eta ustekabeko topaldia Disney-ko filmetan agertu ohi dena baino zertxobait problematikoagoa izan daiteke. Zorionez, normalean ez da erabili beharrik, baina, badaezpada, komeni da gertu edukitzea.
Artikoaren altzoan dagoen uhartedi horretakoa muturreko adibidea da, noski. Gizakiaren munduak eta mundu basatiak topo egiten duten horietakoa. Normalean eremuak oso ondo zehaztuta daude: gizakiona (munduko zatirik handiena) eta natura basatiarena (gero eta eremu urriagoa, hain justu). Mundu naturala behin betiko babestu ahal izateko, ekomodernismoak proposatu du bi eremu horiek, gizakiarena eta naturarena, banatzeko beharra; baina gure artean predikazio gutxi izan duen planteamendua da ekomodernismoarena, seguruenera errazagoa delako pentsatzea landa eremuaren despopulazioa arazo handi bat dela, eta aterabiderik ekologikoena dela lurralde osoa gure gain hartzen jarraitzea, sikiera natural-naturalak diren tomate ekologikoak mendiaren puntaren puntan ekoiztu ahal izateko. Zein izango da, ba, hain maltzurra etxe ondoko ortua lantzen pozik eta alai bizi nahi duten 7.000 milioi lagunei elikadura burujabetzaukatzeko?
Errealitatera bueltatuta, eta aterabide hobeagoen faltan, argi dago gaur egun zenbait eremutan bederen gizakiaren eta basapiztien arteko elkarbizitza kudeatu beharra dagoela. Gure artean, otsoaren inguruan piztu dira polemikak, batez ere Araban; eta Pirinio inguruetan ere hartzaren sarrerak eman du zer esatekorik. Halako egoeren kudeaketan aspaldi ari dira ere Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, eta, seguruenera, bertako lurraldeen tamaina oso desberdina izan arren, hortik ere egongo da zer ikasterik.

1. irudia: Gero eta gehiago, hartzek gizakiekin partekatu behar dituzte haien habitatak. Espero bezala, harreman horretan hartzak izan ohi dira galtzaile ateratzen direnak. (Argazkia: Paxson Woelber/Unsplash).
Bertan pixkanaka hartzak berreskuratzen ari dira, hein handi batean, harrapakari hauen gaineko kontrola helburu zuten gobernu kanpainak bertan behera uzten ari direlako. Baina, modu berean, ondo dakite harrapakari handien basa populazioek gora egiten duten heinean, elkarbizitza zaila izango dela, eta ezinbestean kudeatu beharra dagoela. Irtenbide bila, ideologiei ez baizik datuetara jo dute. PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean Columbia Britainiarrean eta probintziaren inguruan azken lau hamarkadetan hartzei buruz bildutako datuak aztertu dituzte. Zehazki, bertakoak diren Grizzly hartzei (Ursus arctos horribilis) erreparatu diete —izen zientifikoan bertan igartzen da nolakoa izan den historian zehar eurekiko izan den pertzepzioa—.
Guztira, 1979-2019 urte tartean, 2.669 hartzen bizimoduak aztertu dituzte, hainbat faktore kontuan hartuta: heriotza tasak, mugimenduak, habitataren erabilera eta demografia. Besteak beste, telemetria eta azterketa genetikoak ere baliatu dituzte ikerketa lanean.
Batez ere jakin nahi izan dute nola egokitzen ari diren hartzak, eta gizakiarekin lurraldea partekatzeak zer nolako ondorioak ekartzen dizkien. Eta, agerian utzi dutenez, esperientzia edukitzea hil ala biziko kontua izan daiteke, baita hartzentzat ere.
Ondorioztatu dute batez bestean hartzek 14 urte behar dituztela gizakiekin nola bizi ikasteko. Haatik, arazo da adin horretara iristea zaila dutela, gizakia jaun eta jabe den lurralde batean: soilik 30 hartzetik batek lortzen du adin horretara iristea. Giza presentzia txikiagoa den eremuetan berriz, 5tik batek lortuko du 14 urteren mugarri horretara iristea.

2. irudia: Aautoen harrapaketek kalte handia egiten diote faunari, baina, hartzen kasuan, arazoa handiagoa da: hildako animaliaren usainak erakartzen ditu errepide inguruetara. (Argazkia: Clayton T. Lamb).
Lau hamarkada mahai gainean izateak perspektiba eman die ikertzaileei. Horri esker, beste ondorio interesgarri bat ateratzeko moduan egon dira: hartzen jarduna, gero eta gehiago, gautarra da, iluntasuna nagusi den tarte horretan gizakien presentzia urriagoa delako. Progresiboki, adinean aurrera egiten duten heinean, horrek abantaila txikia ematen die hartzei. Esku artean izan dituzten kalkuluen arabera, harrapakari handi hauek hiru urte dituztenetik urte bakoitzeko %2-3 handitzen dute gaueko jarduna, eta, modu horretan, bizirik irauteko aukerak handitzen dituzte. Ikerketa hau hartzei soilik dagokien arren, beste ikerketa batean ondorioztatu zuten hartzak ez direla gauera egokitzen ari diren ugaztun bakarrak, eta ia prozesu orokorra dela esan daitekeela.
Egileek uste dute harrapakariarekiko “tolerantzia soziala” handitu beharra dagoela: eremu zehatz batzuetan animalia hauen presentzia onartzea ezinbestekotzat jotzen dute; modu berean, gizakiok eta hartzek bestelako bizitokiak ditugula kontuan hartzeko eskatu dute. Elkarbizitza hau sustatu aldera, hainbat irtenbide proposatu dituzte ikerketan. Horien artean, garrantzitsuenetako bat da hartzaren habitata zeharkatzen dituzten errepideetan zirkulazioa gutxitzea. Izan ere, urte bakoitzeko Kanadako probintzia horretan basapiztia handiekin 10.000 talka inguru gertatzen dira.
Talka horiek ekiditeko, animalientzako pasabideak eraikitzea proposatu dute. Horrez gain, hain ezagunak ez diren proposamenak ere landu dituzte. Horietako batek aurrean aipatutako arazoarekin du zerikusia: orain, errepideetako talken ondorioz hilda geratzen diren animalia asko bazterbidean edo inguruetan geratzen dira, eta horien usainak hartzak erakartzen ditu. Bada, horien kudeaketa egokia egiteko proposamena egin diote Kanadako Garraio Ministerioari: animalien zerraldoak hesiz babestutako toki berezietan lurperatzea. Dagoeneko, horri bideratutako hainbat azpiegitura martxan jarri dituzte, antza, emaitza positiboekin. Agian ez dira izango bi espezieen arteko elkarbizitza erraztuko duten aterabide magikoak, baina, behintzat, norabide horretan egindako pauso txikiak izan daitezke. Erriflea eraman behar izan gabe.
Erreferentzia bibliografikoa:
Clayton T. Lamb et al. “The ecology of human–carnivore coexistence”. PNAS. July 28, 2020 117 (30) 17876-17883 https://doi.org/10.1073/pnas.1922097117
- irudia: Gero eta gehiago, hartzek gizakiekin partekatu behar dituzte haien habitatak. Espero bezala, harreman horretan hartzak izan ohi dira galtzaile ateratzen direnak (Argazkia: Paxson Woelber/Unsplash)
- irudia: Aautoen harrapaketek kalte handia egiten diote faunari, baina, hartzen kasuan, arazoa handiagoa da: hildako animaliaren usainak erakartzen ditu errepide inguruetara. (Argazkia: Clayton T. Lamb).
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Hartzen eta gizakien erresumek topo egiten dutenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Peio Iñurrigarro: “Jupiterren fenomenoen ikerketak Lurrean gertatzen dena aztertzen lagun dezake” #Zientzialari (137)
2016an Juno misioa Jupiterrera heldu zen planetaren barne egitura sakona ikertzeko. Misio hau oinarritzat hartuta, Peio Iñurrigarro, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea, Jupiterren goi-atmosferan gertatzen diren fenomenoetan sakontzen ari da bere doktorego tesian.
Zehazki, Iñurrigarroren ikerketa-taldeak, Jupiterreko geruza meteorologikoan garatzen diren zenbait fenomeno atmosferiko ikertzen ditu. Taldekideei, Jupiterren garatzen diren ezegonkortasunak sorrarazten dituzten ekaitz konbektiboak eta hauen perturbazioak ikertzea interesatzen zaie, batez ere.
Jupiterren geruza meteorologikoaren eta bertan gertatzen diren fenomenoen inguruan gehiago jakiteko Peiorekin elkartu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Peio Iñurrigarro: “Jupiterren fenomenoen ikerketak Lurrean gertatzen dena aztertzen lagun dezake” #Zientzialari (137) appeared first on Zientzia Kaiera.
Glazioazioez
XIX. mendearen hasieran, geologia arloko ikerlan gehienak Europako ipar-mendebaldekoak ziren. Kokapen horretan buztin eta errekarri geruza lodi bat dago harri-ohea estaltzen, bai eta berez dagozkien estratuetatik kanpo baina ikusmenetik urrundu gabe dauden harritzarrak (bloke erratikoak), arrakala paraleloak dauzkaten harriak eta itsasoaren mailatik askoz goragoko hondartza-aztarnak ere. Froga horiek guztiek Izotz Aroaren hipotesiaren alde egiten zuten, baina inork ere ez zituen zantzu guztiak elkarrekin lotu, edo, hala egin bazuen, ez zen argitaratzera ausartu, ez Venetz, ez Charpentier, ez Saussure, ez Schimper, den-denak glaziarren ikertzaileak. Onartuta zegoen azalpena zen uholde handi batekin zetozela bat datu horiek denak.

Irudia: Allalin glaziarra, Suitza. (Argazkia: Thomas Hitz – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)
Artean, naturalista gehienek uste zuten Lurra oso gaztea zela (ikus “Lurraren adinaz” artikulua), eta antzinako testuak nahiz euren behaketa propioak hartzen zituzten aintzat hipotesiak eraikitzeko orduan. Uholde handiaren aipamena zegoen, esaterako, Metamorphoses lanean, non Publius Ovidius Naso-k historia mitologikoak biltzen zituen, baita Genesi biblikoan ere. Horrez gain, geologoak XIX. mendearen hasieratik sinetsita zeuden Lurra sortze garaitik aurrera hoztu baino ez zela egin; ikuspuntu horretatik, uholdea gertagarriagoa zen izotz aro bat baino.
Louis Agassiz aipatu berri ditugun glaziar-adituen lanetan oinarritu zen datuei interpretazio berria emateko eta Europako lurralde gehiena izotz geruza batek estali zuela argudiatzeko. Mende hartako 60ko hamarkadarako, geologo sinesgogorrenak ere, besteak beste Charles Lyell-ek, ideia hori onartu zuten, gogo txarrez izan bazen ere.
Agassiz-ek gertaera bat agerian jarri besterik ez zuen egin; inoiz ez zuen Izotz Aroaren jatorriari buruzko azalpenik eman. XIX. mendeko esplikaziorik onena James Croll izeneko eskoziar autodidakta batek atera zuen 1875ean, Climate and Time liburuan. Bertan, Croll-ek, gainerako planetekin izandako elkarrekintza grabitazionalak zirela medio Lurraren orbitaren bidea aldatu izan zenez, iradoki zuen eliptikotasunean gertaturiko aldaketek izotz aroak eragin zituztela, eta ez behin, behin eta berriz baizik. Hipotesi horren ondorioetako bat da hemisferio batean glaziazioak dauden bitartean bestean glaziazio arteko aldiak daudela.
Zientzialariak laster hasi ziren glaziazioak beste arazo batzuei konponbidea emateko baliatzen. Hala, esaterako, Baltikoaren itsasertzean ikus daitezkeen itsas mailaren aldaketa ezagunak azaldu zituzten itsasoko ura izotz egoeran harrapatzen zela esanez, edota izotzaren pisupean lurrazalaren depresioa gertatzen dela argudiatuz (ikus “Isostasiaz“). Era berean, gizakiok, Eurasiatik Ipar Amerikara iristeko, izotz-zubi bat zeharkatu genuela iradoki zuten, eta Afrikatik kanpoko giza historiaurrearen zati handi bat azaltzeko ere izotz-geruza eurasiarraren hego-mugako bizi baldintzetara egokitu beharra erabili zuten.
XX. mendeko hogeiko hamarkadarako, zenbait ondoriotara heldu ziren zientzialariak, United States Geological Survey-k bildutako datuek eta Europako ibaien legar-terrazen ikerketek bultzatuta. Lehenik, Izotz Aro Handiak, Agassiz-ek proposatutakoak, glaziazio-maila handiagoko eta txikiagoko lau fase izango zituela. Bigarrenik, lau fase horiek bi hemisferioetan ikus zitezkeela eta, hortaz, Croll-en hipotesia defendaezina zela.
Lurrak jasotzen zuen erradiazioak jarraitzen zuen glaziazioak azaltzeko lan-ildo nagusi. Milutin Milánkovich-ek kalkulatu egin zuen hemisferio bietan azken milioi urte erdiko zenbait unetan jasotako erradiazioa. Lurraren klima hobeto ezagutzeko balio izan zuten kalkulu horiek (intsolazioa, Milánkovich-en zikloak), baina ez zetozen guztiz bat ondorioztatuak ziren Izotz Aroaren lau aldiekin.
Bigarren Mundu Gerraren ostean itsas zoruen datu berriak aurrean zirela, baztertu egin behar izan zen, azkenean, lau fase horien ideia. Zoruen adinen, eratze-garaiko tenperaturen eta paleomagnetismoaren arteko korrelazioek historia konplexuagoa iradokitzen dute, eta badirudi datuek hobeto egingo luketela bat erradiazio-zikloekin. Edonola dela, gaur egun oraindik ez dago glaziazioen jatorria guztiz egokiro azaltzen duen hipotesirik.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao
——————————————–
The post Glazioazioez appeared first on Zientzia Kaiera.
Ilea maiz garbitzeak ez du eraginik ilearen osasunean
Xanpuek kanpotik dihardute eta, ondorioz, ez dute buruko ile larrua zeharkatzeko gaitasunik. Are gehiago, xanpuek buruko ile larrua zeharkatzea arriskutsua izango litzateke. Ez dagoenez sustraira iristen den xanpurik, xanpuek ezin dute ilearen osasuna aldatu. Ilearen itxura bai, baina haren osasuna ez.

Irudia: Xanpua edo ozpina? Ez batak ez besteak, ez garbitze-maiztasunak ez dute eraginik ilearen osasunean edo burusoiltasunean. (Argazkia: Licya Puleio – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)
Gure dermatologia kontsultetan ilearen osasunari buruzko kontsulta ugari jasotzen ditugu. Jarraian, kontsulta horietako ohikoenen erantzunak bildu ditugu.
Ileari buruzko ohiko zalantzak 1. Zein maiztasunekin garbitu behar dugu ilea?Ilea garbitzeko maiztasunak eta xanpu motak ez dute inolako eraginik ilearen osasunean. Estetika eta higienearen lotutako kontua da, jertsea noiz aldatu erabakitzea bezalaxe. Gure esku dago noiz garbitu ilea, baina larruazalaren –buruko ile larruaren– osasunean ez du eraginik haren maiztasunak.
Gantza kentzeko, zaharrak astean behin garbitu daitezke. Nerabeak, aldiz, askoz sarriago garbitu beharko dira, batez ere hormona eztanda handiko garai batean daudelako. Pubertaroa baino lehen ia ez dugunez gantzik buruan, haur gazteenak ere astean behin garbitu daitezke.
Hilekoa dutenean, emakumeek ez dute burua hain sarri garbitu beharrik izango, ez baitute hainbeste gantz sortuko.
2. Zergatik ez dute balio xanpuek, lozioek eta bitamina gehigarriek?Izan ere, ez xanpuak ez lozioak ez dute larruazala zeharkatzen eta, beraz, ez dira ilearen sustraira iristen. Gainera, xaboia azkar kentzen da urarekin.
Bitaminei dagokienez, berriz, alde batera utzita kanpotik aplikatzekoak ote diren edo ahotik hartzen ote diren, kontuan hartu behar da dieta askotarikoa duen pertsona osasuntsu batek ez duela bitamina gehigarririk behar. Alabaina, industria farmazeutikoak munduko biztanle guztiak erakarri nahi ditu, ez bakarrik gaixoak, osasuntsuak ere bai.
Gainera, ez dago alopezian eragina duen bitamina, xanpu edo loziorik: faktore genetikoen araberakoa da burusoiltasuna ia erabat. Are gehiago, bakean uzten badugu, gure gorputzak askoz hobeto funtzionatzen du.
3. Zergatik erortzen zaigu hainbeste ilea?Pertsonek ilea erortzearekin nahasi ohi dute ilea berritzea. Egia esan, ohikoena ilea berritzea da. Aspaldi, aire zabalean bizi ginenean, ileberritzeek zentzu handiagoa zuten, gorputzaren tenperatura erregulatzeko balio baitzuten. Izan ere, ugaztun askok sasoiko ileberritze sinkronizatua egiten jarraitzen dute, eta horrek esan nahi du urtean behin, garai berean, ilea berritzen dutela. Halako kasuetan, klimak arautzen du prozesu hori.
Gizakiok, ordea, galdu egin dugu sinkronizazio hori, berogailuak, berokiak, aire egokituak eta bestelako tenperatura erregulagailuak ditugulako, beti berdinak ez direnak eta organismoa asko desorientatzen dutenak. Hala ere, etengabe «ileberritzeak» egiteko joera mantentzen dugu.
Aprobetxa dezagun funtsezko zerbait argitzeko: ilea erortzea eta burusoila izatea gauza erabat desberdinak dira; askok uste dute ilea erortzen zaielako burusoil geratuko direla, baina hori ez da egia. Burusoiltze prozesu batzuek ez dakarte berekin ile gehiago erortzea, baizik eta sustraiak ez duela ondo lan egiten. Dutxa edo orrazia ilez betetzen badugu, ziur aski oso osasuntsu gauden seinale da hori; hots, ilea eraginkortasunez berritzen ari garela esan nahi du.
Maiztasunak ez du axolaLaburbilduz, gehien gustatzen zaigun xanpua erabil dezakegu eta nahi dugun maiztasunarekin garbitu gaitezke; izan ere, horrek ez du eraginik izango gure ilearen osasunean, gure itxuran eta higienean baino ez. Are gehiago, rastak dituelako hainbat urte ilea garbitu gabe eman duen norbaitek eta ilea egunean hiru aldiz garbitzen duen kirolari profesional batek burusoil geratzeko arrisku bera dute.
Gauza bera esan daiteke xanpuaren ordezko aukerei buruz, hala nola ozpinari edo koipegabetzeko beste substantzia batzuei buruz: horiek erabili eta eroso sentitzen bazara, jarraitu erabiltzen. Baina metodo «tradizionalak» nahiago baditugu, xanpua baliatzen jarrai dezakegu.
Zehazki, badirudi ozpinak orain nolabaiteko interesa piztu duela, baina gantz apur bat kentzeko funtzioa baino ez duela esan daiteke. Beraz, itxura atsegina eman diezaguke mota jakin batzuetako ilea badugu, baina, zalantzarik gabe, ile egokitzailea duen xanpu on batek askoz emaitza hobeak emango dizkigu estetikoki.
———————————————————————————-
Egileaz: Ramon Grimalt (@DrRamonGrimalt) dermatologoa da eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Medikuntza Departamentuko irakasle agregatua.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2020ko ekainaren 2an: ¿Champú o vinagre? Ni uno ni otro ni la frecuencia de lavado influyen en la salud capilar o la calvicie.
The post Ilea maiz garbitzeak ez du eraginik ilearen osasunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (1): Diru-trukea
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure lehen ariketa: Diru-trukea.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2020. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2020ko udarako (1): Diru-trukea appeared first on Zientzia Kaiera.
Pisua galtzeko, eta berriro ez hartzeko
Horretarako, bost herrialdetako (Alemania, Estatu Batuak, Finlandia, Grezia eta Portugal) datuak biltzen dituzten 50 argitalpen zientifikoren emaitzak aztertu dira. Datu horiek denbora luzez milaka pertsonari buruz egindako pisu erregistroetan oinarrituta lortu dira. Horrela, 51 estrategia pertsonalen eragina ebaluatu ahal izan dute, baita 30 ezaugarrik –psikologikoak, soziodemografikoak eta jokabidearekin loturikoak– pisu-galeraren zenbatekoan eta galera horrek irauten duen denboran izan dezaketen eragina ere. Azterlanean jasotako datuak gutxi gorabehera 20-30 kg galtzea lortu duten pertsonei dagozkie eta, kasu gehienetan, zenbait urtetako denbora tarteetan pisu egonkorra –75 kg ingurukoa– mantendu duten pertsonei.

Irudia: PubMed, Web of Science eta Scous datu-baseetan 2018ko azarora arte argitaratutako artikuluen bidez, pisu-galerari arrakastaz eusteari buruzko informazioaren lehen berrikuspen sistematikoa gauzatu dute. (Argazkia: Michal Jarmoluk – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)
Espero zen bezala, pisua galtzeko eta ondoren mantentzeko estrategiarik eraginkorrenak ariketa fisikoa egitea eta hartzen den energia eta koipea murriztea da. Beste jarduera onuragarri batzuek nolabaiteko planifikazioa dakarte eurekin, hala nola etxean elikagai osasungarriak izatea; beste batzuek, ordea, dietaren kalitatea hobetzea eskatzen dute, hala nola landare jatorriko elikagaien kontsumoa handitzea; are gehiago, bi portaera horiek bat datoz gida ofizialetan bilduriko gomendioekin. Eta literatura zientifikoa ez bada ere eztabaidaezina horri buruz, badirudi egunero gosaltzea ere lagungarria dela, baita proteina eta proteinatan aberatsak diren elikagai gehiago hartzea ere.
Pentsatzekoa zen bezala, emaitza onak izan ohi dituzte, halaber, errazio txikiagoak hartzeak, pisua maiz kontrolatzeak eta helburu zehatzak ezartzeak, bai elikagai kantitateari eta motari dagokienez, bai jarduera fisikoari dagokionez. Portaera horiek lagungarriak dira pisua galtzeko eta pisu horri luzaroan eusteko. Oro har, halako portaerei esker, pertsonak bere bilakaeraren gaineko nolabaiteko kontrola izan dezake eta bere jokabidea lortu nahi duen helburura egokitu dezake. Amore ez emateko, garrantzitsua da, gainera, helburuak – bai jaten denarekin lotuak, bai ariketa fisikoari buruzkoak– bakoitzaren ezaugarrietara egokituak eta errealistak izatea.
Tartean gomendio medikoak daudenean, galdutako pisua errazago mantentzen da denboran zehar, izan ere, ziurrenik, gomendio horiek jaso dituzten pertsonek gehiegizko pisuari egozten dizkiote beren osasun arazoak, eta motibazio berezia dute osasuna berreskuratzeko edo okerrera ez egiteko. Aitzitik, estimulu emozionalei erantzunez jaten dugunean, pisu gutxiago galtzen dugu, eta zailago egiten zaigu pisu hori luzaroan mantentzea. Eta, jakina, noizbehinkako oturuntza edo tripakadak ere ez dira lagungarriak.
Azkenik, interesgarria da egiaztatzea pertsona arduratsu eta arretatsuek gainerakoek baino errazago galtzen dutela pisua. Izan ere, hauek gaitasun handiagoa izan ohi baitute beren burua kontrolatzeko, eta, horrenbestez, gutxiago kostatzen zaie epe luzera pisua ahalik eta gehien galtzeko baliagarriak diren portaerak hartzea eta mantentzea.
Ziur asko, hemen esandakotik ezer ez edo ia ezer ez da berria izango, baina lagungarria da egiaztatzea ohiko gomendio dietetikoak eraginkorrak direla praktikan. Bai, behintzat, pixka bat gehiago jateko gogoarekin geratzeko jardun gogorrari ekiten diogunontzat.
Erreferentzia bibliografikoa:
Paixão, C., Dias, C.M., Jorge, R., et al. (2020). Successful weight loss maintenance: A systematic review of weight control registries. Obesity Reviews, 21 (5), e13003. DOI: 10.1111/obr.13003
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Pisua galtzeko, eta berriro ez hartzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #312
Hondartzara joaten garenean eguzkia hartzera ez dugu geneetan pentsatzen. Koldo Garcia genetistak bai, ordea. Artikulu honen bidez azaldu digu eguzkitan gaudenean zeintzuk diren aktibatzen diren geneak. Eta horretarako, orain dela lau urte egindako ikerketa bat izan du oinarri; bertan ikertzaileek aztertu zuten eguzkia jaso zuten eta jaso ez zuten azal-zatien geneen adierazpena.
KimikaZalantzarik gabe uda aipatzen dugunean, garagardoa datorkigu burura: terraza batean gustura edaten dugun edari alkoholduna da, kontsumituenetakoa, baina zientziaren ikuspuntutik, badakigu nola egiten den garagardoa? Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu artikulu honen bitartez haren prozesua. Ez galdu!
OsasunaBasamortuko hautsak Afrikako haurretan duen eragina aztertu dute eta emaitzak kezkagarriak dira: airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela ikusi dute. Hain zuzen ere, emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du. Juanma Gallego kazetariaren eskutik datu guztiak.
Emakumeak zientzianEloise Giblett zientzialariak egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: adenosina desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana. Uxue Razkin kazetariak hurbiltzen digu haren istorioa.
BiologiaIkerketa baten arabera, azeriek gizakiarekiko mantentzen duten komentsalismoak gutxienez 42.000 urte ditu. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ikertzaileek Alemaniako hego-ekialdean, Goi eta Erdi Paleolito aroetako aztarnategitan aurkitutako zenbait animaliaren arrastoetan bildutako karbono eta nitrogeno isotopoak alderatu dituzte.
AstronomiaEguzkiaren antzekoa den izar baten inguruan dauden bi planeta erraldoi behatu dituzte, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Planeta-sistemak TYC 8998-760-1 du izena eta Musca konstelazioan dago. Izarra Eguzkiaren antzekoa da baina gazteagoa: 17 milioi urte ditu. Planetei dagokienez, gasezkoak dira eta Eguzki-sisteman daudenekiko oso bestelakoak dira.
IngurumenaMikroplastikoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko kostako itsas hondotik gertu bizi diren marrazoetan. Lau marrazo espezie aztertu dituzte; guztira, 46 marrazoetatik %67k zuntz artifizialak eta mikroplastikoak dituzte urdailean eta digestio hodietan. Aurkikuntza honek agerian utzi du plastikoaren kutsaduraren arazoa. Xehetasun gehiago Berrian topatuko dituzue.
FisiologiaDukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak kirol proba ugaritako parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du, hala nola iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak aintzat hartu dituzte. Horretaz gain, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere kontuan hartu dute. Zeintzuk dira jarduera horiei dagozkien bitarte metabolikoak?
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #312 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #316
Autismoaz ari garenean, badirudi dena entzefalora eta haren funtzionamenduaren ondoriora mugatzen dela, hau da, portaerara. Hala ere, entzefaloak oraingoz ez dira elementu isolatuak, eta gorputz baten eta haren biologiaren parte dira. Horregatik da hain logikoa eta harrigarria immunitate-sistemaren eta autismoaren arteko harremana egotea. José Ramón Alonsok azaltzen digu Interleukin-35 and autism artikuluan.
Esan liteke garuna nonahiko organoa dela. Orain, bihotzak hiru dimentsiotan zer itxura duen jakin dezakegu Filadelfiako Thomas Jefferson Unibertsitateko ikertzaile-talde baten lanari esker. Rosa García-Verdugok kontatzen du For the first time, we have a 3D image of the heart’s brain artikuluan.
Materialen gainazalarekiko elkarrekintza kritikoa da elektroien edo spinen fluxuarentzat. Gainazal baten testura spintronikoa zeren mende dagoen ulertzea funtsezkoa da material berrien etorkizunerako, elektronikatik haratago mundu baterako (spintronikoa, valletronikoa). Rashba efektuak materialen gainazalen testura spintronikoa bereizten ditu. Gainazalek bi dimentsio dituzte, kuboek hiru. Eta zertara dator hau guztia? Ba, DIPCko ikertzaileek benetan bitxia den testura bat aurkitu dutelako: An exotic cubic Rashba mechanism.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #316 appeared first on Zientzia Kaiera.
Saharako hautsa: ederra, bizi emailea eta hiltzailea
Paisaia izugarri politak eskaintzen dizkigu hautsak. HDR edota iragazki berezirik behar izan gabe, ilunabar gorrixka dotoreak azaltzen dira argazkietan hautsa dagoenean. Euskal Herrian ez da oso ohikoa, baina, hegoalderantz joanez gero, aukera gehiago dago ikusteko. Saharatik gertu egonda, Kanariar Uharteetan ederki nabaritzen da hauts horren eragina. Aireportura iritsi bezain laster, eguraldi goibeletik ihesean doazen euskal bidaiari giriek berehala eskertzen dute hegazkinetik ateratzean aurpegira doakien aire beroko kolpea. Eta, berarekin batera, kalima famatua. Hasieran, Out of Africa filmean bezala sentituta, eskertzen da kalimak ematen duen exotikotasuna. Baina, denborarekin, hasierako xarma hori eztarrian eta birikietan nozitutako ondoeza bilakatzen da.
Fenomeno beraren bi aldeak dira, ona eta txarra. Turistaren ikuspegi hutsala alde batera utzita, eta mundu mailako eraginetara joanda, nabaritzen dira ere alde horiek. Alde positiboarekin hastearren, basamortuetan abiatzen diren hautsak funtsezkoak dira mundu osoko ekosistemak ongarritzeko. Eduardo Angulo biologoak artikulu honetan azaldu ditu hauts hodeiek betetzen duten funtzioetako batzuk.

1. irudia: Txaden kokatutako Bodele Sakonunean sortzen da munduko hauts gehiena, eta horrek eragin handia dauka osasunean, batez ere haurren artean. (Argazkia: George Steinmetz)
Hodei horiek basamortu askotatik abiatzen diren arren, Saharako basamortua da munduko hauts abiapunturik handiena. Hautsek batez ere Ozeano Atlantikoan zehar bidaiatzen dute, Ameriketara iritsita, satelite bidez ederki ikusten diren hodeietan. Batez ere udaberriaren amaieran eta udaren hasieran sortzen dira baldintzarik aproposenak horrelako hodeitzarrak sortzeko. Garai horren bueltan, hotzagoak diren ozeanoko aire masek atmosferan gora eramaten dute Saharako hautsa.
Besteak beste, horrelako hodeiek burdina eta fosforoa eramaten dituzte, eta elementu horiek funtsezkoak dira bai lurreko landareentzat zein ozeanoetako fitoplanktonarentzat. Lurreko landareen kasuan, bereziki Amazonian da lagungarria airez datorren ongarritze hau, bertako lurretan berez fosforo gutxiegi dagoelako horrenbeste bioaniztasun handiari eutsi ahal izateko.
Guztira, ehunka milioika tona hautsek zeharkatzen dute ozeanoa urtero, baina aurtengoa bereziki nabarmena izan da. 1979. urtetik —satelite bidezko behaketak egiten direnetik—, orain arteko trinkoena izan da, National Geographic-en jasotako informazioaren arabera. Bestetik, hain aire lehorra izanda, zientzialari batzuek susmatzen dute urakanen sorreraren aurkako eragina dutela, horrelako ekaitz handiek aire hezea behar dutelako euren makinaria meteorologiko itzelak elikatzeko, eta hauts hodeiek ez dute horretan laguntzen.
Sahara oso zabala izanda ere, hauts gehiena ez dator dunetatik, horiek osatzen duten hondar partikulak handiegiak direlako urrunegi joateko. Aldiz, basamortuko beste hainbat tokitan sortzen da hautsa, batez ere partikula txikiagoak biltzeko gai diren eremu baxuetan. Horien artean, Txadeko Bodele Sakonunea da handiena: are gehiago, munduan dagoen hauts sorrera gunerik garrantzitsuena da. Batez bestean, urtean 100 egunetan hauts ekaitzak daude bertan.
Bada, zientzialari talde batek sakonune horretan jarri du arreta, Afrikan izaten den aire kutsadura gehiago ulertu aldera. Duela bi urte egindako ikerketa batean ikertzaile hauek berretsi zuten airean dauden partikula ñimiñoek (PM2,5 partikulek, batez ere) heriotza ugari eragiten dituztela, bereziki txikienen artean: 2015eko datuak aintzat hartuta, urte horretan partikula hauekiko esposizioak 400.000 haurren heriotza eragin zuen.
Oraingoan, hautsaren eta heriotza horien arteko harremana aztertu dute. Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako emaitzak arreta emateko moduak dira. Saharaz hegoaldeko Afrikako 30 herrialdetan jasotako datuak erabilita, ikusi dute airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela.

2. irudia: Hauts hodeiak ozeanoa zeharkatzeko gai dira. Argazkian, ekainean Ipar Atlantikoaren gainean Suomi NPP sateliteak hartutako hodeia. (Argazkia: NASA/NOAA)
Azken 15 urteetan bildutako datuei erreparatuta, Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen diren hauts kontzentrazioak aztertu dituzte, eta informazio hori jaiotzen inguruko datuekin alderatu dute: milioi bat jaiotza kontuan hartu dituzte, eta baita satelite bitartez neurtutako partikula mailetan izandako aldaketak ere. Korrelazio argia ikusi dutela argudiatu dute. Emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du.
Bereziki bost urte baino gutxiago dituzten haurrak dira zaurgarriak airean dauden partikulen aurrean. Prentsa ohar batean nabarmendu dutenez, azken hamarkadetan Afrikan aurrerapauso handiak eman dira haur osasunaren alorrean, baina, halere, hainbat eskualdetan bereziki haurren heriotza tasek espero baino handiagoak izaten jarraitzen dute. Alde hori hautsari egotzi diote.
Nola ez, arlo honetan klima-aldaketaren eragina nolakoa izango den kuantifikatzen saiatu dira ikertzaileak. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago hautsaren eta klimaren arteko harremana konplexua dela. Hala, hautsak hesi baten funtzioa bete dezake. Egoeraren arabera, hesi hori eguzkiaren erradiazioa islatzeko gai da, hoztea eraginez, baina berotzea ere ekar dezake, lurreko beroa harrapatzen duenean. Mundu mailako klimari dagokionez, hautsak zeharka izan dezakeen eragina are handiagoa da, batez ere hauts honi esker izandako ongarritzeek fitoplankton eztandak bultzatzeko bidea ematen dutelako, eta horrek atmosferako karbono mailaren gutxitzea dakar.
Bada, Afrikako eraginari dagokionez, aditu hauek uste dute Bodele Sakonunean egongo diren baldintzen araberakoa izan daitekeela arazoaren garapena, Txadeko eremu horretan sortzen baita Afrikan —eta munduan— dagoen hauts gehiena. Sakonune horretako prezipitazioetan izango diren aldaketen arabera, ikertzaileek kalkulatu dute haurren heriotza tasa %12 handitu edo %13 gutxitu litekeela.
Harago joanda, proposamen ausarta egin dute, batez ere ingurumenari lotutako sektore askotan begi onez ikusten ez den horietakoa: eguzki energia erabilita, eskualdean dagoen lurpeko urarekin hondarra bustitzea, hauts gutxiago sor dadin. Eskala txikiagoan, Kaliforniako Owens bailaran antzeko proiektu bat egin dela argudiatu dute. Halako ureztatze batek urteko 37.000 haurren heriotza ekidingo zituela kalkulatu dute, hauts gutxiago sortuko litzatekeelako. Bizitza bakoitzaren “kostua” 24 dolarretan finkatu dute, eta, Afrikako gaur egungo egoera sozioekonomikoa kontuan izanda, aukeran egon daitezkeen beste irtenbideen aldean efizienteagoa eta errealistagoa izango litzatekeela babestu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Heft-Neal, S., Burney, J., Bendavid, E. et al. (2020). Dust pollution from the Sahara and African infant mortality. Nature Sustainability. DOI: 10.1038/s41893-020-0562-1
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Saharako hautsa: ederra, bizi emailea eta hiltzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Eloise Gibletten (1921-2009) ezagutza etengabea

1. irudia: Eloise Giblett. (Argazkia: NAS)
“Edertasun dastatzaileak zeinahi lekutan aurkituko du edertasuna”, idatzi zuen Marguerite Yourcenarrek Memorias de Adriano liburuan. Gibletteri antzeko zerbait gertatu zitzaion; txikitan musika maite zuen –bereziki oso fina zen biolinarekin–, baina baita mikrobiologia, genetika eta hematologia bezalako adar zientifikoak ere. Ildo horretatik, egindako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da hark aurkitu zuela immunoeskasiaren lehen gaixotasuna: Adenosina Desaminasaren (ADA) urritasuna. Immunoeskasia konbinatu larri bat (ICG) eragiten duen purinen metabolismoan desordena bat da. Halaber, haren lanen artean azpimarratzekoak dira odol-taldeko antigeno ugariren identifikazioa –horietako batek bere izena darama– eta globulu gorrien transfusio segurua lortzeko lana.
Odolaren bideaElo Giblett Tacoman (Washington) jaio zen, 1921ean. Beka bat lortu zuen Mills Collegen ikasteko; bertan, bi urte igaro zituen kimikako espezializazioa egiten. Ondoren, Washingtongo Unibertsitatean mikrobiologia hautatu, eta 1942an bukatu zuen gradua. Ikasketak amaitu ondoren, unibertsitateko Mikrobiologia Sailean irakasle izateko lanpostua eskaini zioten, baina Spokane-ra (Washington) itzultzea erabaki zuen.
Pearl Harbourren aurkako erasoaren ondoren, 1944an WAVESen izena eman zuen (ingelesez “Women Accepted for Volunteer Emergency Service”), soilik emakumez osatutako AEBtako Itsas Armadaren dibisioan, hain zuzen. San Diegoko Ospitaleko Itsas Unitatean hasi zen; munduko ospitalerik handienetakoan, eta han medikuntza-teknologiari buruz ikasteko abagunea izan zuen eta, gainera, odol-frotisaren bidez meningitisa detektatzeari buruzko artikulu bat idazteko. Gerraren ondoren, Giblettek berriro ekin zion bere ikasketei Washingtongo Unibertsitatean; 1947an bukatu zuen mikrobiologiako masterra.

2. irudia: Eloise Giblett (1955). (Argazkia: UW Medicine)
Arnasa hartzeko ia denborarik gabe, urte horretan bertan medikuntzan matrikulatu zen, unibertsitateak ireki zuen eskola berri batean. Lehenengo urtea amaituta, ikerketa-lanean murgildu zen Charles Evans Mikrobiologia Saileko zuzendariarekin batera. Evans larruazaleko mikrobiota bakterianoaren zahartzearen efektua aztertzen ari zen. Horren gainean bion artean egindako ikerlana 1950ean argitaratu zuten Journal of Investigative Dermatology delakoan.
Lanak pilatzen hasi ziren, liburuek mesanotxean egiten duten moduan. Honek, baina, ez zion trabarik egiten. Erresidentzia amaitu ondoren eta bi urteko hematologia ikerketa beka bati esker, Clement Finch hematologo ospetsuarekin lan egin zuen. Hark eritrozinetika ikertzen zuen, globulu gorrien ekoizpena eta suntsipenaren inguruko diziplina, alegia. Hori gutxi balitz bezala artikulu ugari argitaratu zituen eta horietako zenbaitetan lehen egile gisa ere sinatu zuen.
Ez ziren hemen bukatu Gibletten eta beste lankideen arteko harremanak. Arno Motulsky genetistarekin ere jardun zuen. Izan ere, 1960an, Motulskyk populazio ikerketa bat egin zuen Kongon eta ehunka odol lagin bidali zituen. Giblettek horiek aztertu zituen polimorfismoen bila. Hogeita hamar urte geroago ustekabeko emaitza batekin topo egin zuen: lagin horietako batean gizakietan Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) lehen arrastoa aurkitu zuen.
Ikertzailea izatetik, zuzendaria izateraHaren bizitzak beste norabide bat hartu zuen garai hartan King County Central Blood Bank (orain Puget Sound Blood Center) zuzendariarekin, Richard Czajkowskyrekin, elkartu zenean. Laborategian eskarmentua zuen norbait behar zuten eta Elo egokiena zen kargurako. Behin hautatu zutela, sei hilabete igaro zituen Ikerketa Medikoko Kontseiluaren odol-transfusioaren Ikerketa Unitatean, Londresen, punta puntako teknologiaz ikasteko asmoz. Horrela, Seattlera itzultzean, zentroaren zuzendarikidetza hartu ahal izango zuen Czajkowskyrekin batera. Han, laborategiaren arduradun bihurtu, eta globulu gorrien antigenoen genetika eta proteina serikoen aldaketa genetikoak ikertu zituen. Une horretan, odoleko edozein aldaketa genetiko transfusioen segurtasunerako garrantzitsua izan zitekeela jabetu zen. 1979an zuzendari bihurtu zen eta 1987an erretiroa hartu zuen.
Erretiroa hartu arte erronka handiak hartu behar izan zituen, hala nola 1981ean immunoeskasiari zuzenean lotutako gaixotasun berri bat agertu zenean. Une hartantxe ikusi zuten diagnostikatutako kasu mordoa gizon homosexualen artean gertatzen ari zela. Epidemiologoek odolaren bidez eta sexu bidez gaixotasuna transmiti zitekeelako susmoa zuten. Ideia horrek indarra hartu zuen odol-transfusioak erregulartasunez jaso zituzten zenbait hemofilikok HIESaren sintomak garatu zituztenean. Horren kariaz, Estatu Batuetako makina bat odol bankuk uko egin zion beste gizon batzuekin sexu harremanak zituzten gizonen odola jasotzeari. Elo krisi honi aurre egiten saiatu zen, zentroan odol emaileak detektatzeko politika berri bat garatuz.

3. irudia: Genetic markers in human blood, Eloise Gibletten liburua. (Irudia: Mujeres con ciencia)
Era berean, aipagarria da Dottie Thomas eta bere senarra Edward Donnall Thomas laguntzeko egin zuen lana. Bikotea hezur-muina transplantatzeko teknikan, eta leuzemia eta odol-arazo batzuk aztertzen aitzindaria izan zen. Elok odol-antigenoetan eta odol-zelulen entzimetan oinarritutako markatzaileak garatu zituen hartzailea emailearengandik bereizten laguntzeko. Gainera, ikerketa biomedikoan lagundu zuen; funtzio immunearen eta pirimidinen eta purinen metabolismoaren arteko lotura aurkitu baitzuen. Berrehun artikulu baino gehiago eta Marcadores genéticos en la sangre humano (1969) liburua ondu zituen, eta 1980an, Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide hautatu zuten.
Iturriak:
- Motulsky, Arno G. and Gartler, Stanley M. (2017). Eloise R. Giblett (1921–2009), Biographical Memoir, National Academy of Sciences.
- Mujeres con Ciencia: Eloise Giblett (1921-2009): el bombeo incesante de conocimiento.
- Wikipedia: Eloise Giblett.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Eloise Gibletten (1921-2009) ezagutza etengabea appeared first on Zientzia Kaiera.
Garagardoaren zientzia (I): Nola egiten da garagardoa?

1. irudia: Garagardoaren osagai nagusienak ura, alkohola eta karbohidratoak dira. (Argazkia: Alexas_Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Garagardoa eta ardoa bereizten hasiko gara. Bi edari alkoholdun horiek lehengai oso desberdinekin egiten dira. Ardoa egiteko mahatsak erabiltzen dira eta garagardoa egiteko, aldiz, garagarra -aurrerago ikusiko dugu hori ez dela aukera bakarra-. Bi lehengai horiek antzekotasunak dituzte, baina, baita desberdintasunak ere. Mahatsa fruta bat da eta bertan azukreak metatzen dira. Frutak gozoak izaten dira animaliei erakartzeko eta, horri esker, hazia urruti dauden lekuetara iritsi daiteke. Mahatsak azukre hartzigarriak dituenez, alkohola -etanola, hain zuzen ere- sortzeko ezinbestekoa den hartzidura prozesurako ez da beharrezkoa azukre horiek prestatzea. Garagardoaren kasuan, berriz, garagar-aleek –oro har, ale guztiek bezala– ez dituzte azukre hartzigarriak, almidoia baizik. Almidoia edo fekula, glukosa molekulez osatutako polimeroak dituen makromolekula bat da. Horrek zera esan nahi du: garagarraren kasuan, aleak prestatu egin behar dira azukre hartzigarriak lortzeko.
Almidoia azukre hartzigarrietan bihurtzeko prozesu hori da zerbeza ekoizteko prozesuaren lehen etapa. Ingelesez hitz berezi bat dute zerbeza egitea adierazteko: brewing. Ardoa egiteko, adibidez, horrelako hitzik ez dago. Hartzidura ulertzeko, jakin behar da prozesu hori izaki bizidunek egiten dutela, legamiek hain zuzen ere. Legamiak onddo mikroskopikoak dira eta ingurune anaerobioan –oxigenorik gabe, alegia– hartzidura alkoholikoa egiteko gai dira. Muztioan dauden azukre hartzigarrien -glukosa, nagusiki- hartziduraren ondorioz, karbono dioxidoa eta etanola lortuko dira. Karbono dioxidoari esker garagardoak gasa eta aparra izango du eta alkoholari esker, jakina, edari alkoholduna izatea.

2. irudia: Garagar-aleekin egindako malta da garagardoaren osagai garrantzitsuenetakoa. (Argazkia: Peggy Choucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Garagar-aleetan dagoen almidoi makromolekulak zatitu eta azukre hartzigarriak lortzeko hainbat modu daude, baina, gaur egun gehien erabiltzen dena maltatze prozesua da. Malta lortzeko, garagar-aleak uretan jartzen dira eta ernamuintzen uzten dira. Aleak uretan jartzen direnean garagarra hazten hasten da, baina, ernetzea hasi eta gutxira -zurtoinaren tamaina haziaren tamainaren berdina denean-, prozesua eten egiten da aire beroa erabiliz. Horrekin lortu dena zera da: garagar-aleetan dauden entzimek almidoi kateak zatitu eta glukosa molekulak -hartzigarriak direnak- aske egotea. Hortaz, garagar-aleak lehortzen direnean lortzen den produktua garagarraren malta da eta prozesuari maltatzea deritzo. Maltatzearen ondoren, azukreak legamiarentzat prest daude.
Gure antzinako arbasoek garagardoa edaten zutela ezaguna da eta, ebidentzien arabera, Egipton Babilonian eta Sumerian garagarra eta garia erabiliz garagardoa egiten zuten. Maltatze prozesua ezaguna zen haientzat: garagarraren ekoizpenaren herena edo erdia garagardoa egiteko gordetzen zuten. Gainera, garagardoak ogiarekin lotura asko dauka eta gure arbasoek malta laberatzen egia egiten zuten eta ogi hori uretan bustitzen zuten gero garagardoa egiteko. Esan behar da, bestalde, ogia egiteko eta garagardoa egiteko erabiltzen den legamia bera dela: Saccharomyces cerevisiae. Hala ere, legamia hori ez da garagardoa egiteko erabiltzen den legamia bakarra.
Malta lortu ondoren, eho egiten da, baina, ez gehiegi: ez da irina lortu behar. Malta ehotua urarekin nahasten da eta muztioa, garagardoaren aurrekaria, beratzen uzten da. Beratze prozesua maltatzearen jarraipena dela esan daiteke; izan ere, prozesu honetan zehar azukre hartzigarri gehiago lortzen dira garagarraren entzimek lanean jarraitzen dutelako. Muztioa beratu ostean, malta iragazi egiten da solidoak kentzeko. Horren ondoren, muztioa irakiteko prest dago. Irakitearen helburuetako bat likidoa esterilizatzea da, bertan egon daitezkeen mikroorganismoak hiltzeko. Bigarren helburua, muztioaren zapore gozoa orekatzea da eta, horretarako, lupulua gehitzen da etapa honetan. Lupulua marihuanaren familiako landare igokari baten kono erretxinatsuak dira eta zapore mikatza ematen diote garagardoari. Dakigunez, lupulua 900. urtearen bueltan hasi ziren erabiltzen Bavarian eta, egun ere, lupulua erabiltzen jarraitzen da. Lupulua egosketa fasearen etapa desberdinetan gehitu daiteke eta lupulu-mota desberdinak daude. Guzti horren arabera, garagardoak zapore eta mikaztasun desberdina izango du. Erreferentzia gisara, gehitzen den lupulu kantitatea litroko 0,5 eta 5 gramo artekoa izaten da. Lupuluak bi elementu bereizgarri ematen dizkio garagardoari: alfa azido fenolikoen mikaztasuna eta olio esentzialen aroma.
Muztioa egosi ondoren, lupuluaren azido disolbaezinak forma disolbagarri bihurtzen dira, mikaztasuna garatzen da eta garagarraren entzimak inaktibatu egiten dira. Jarraian, egosi berri den muztioa hoztu egiten da, jarraian legamia gehitu behar delako -tenperatura altuan legamia hil egin daiteke-. Hortaz, behin muztioa hoztuta legamia gehitzen da eta hartzidura prozesua hasten da. Oro har, bi legamia mota erabiltzen dira garagardoa egiteko eta legamiaren, lupulu mota eta kantitatearen, malta-motaren eta erabilitako uraren arabera, hainbat garagardo mota desberdin lortzen dira. Erabilitako legamiaren arabera -hemen beste xehetasun batzuk ere hartzen dira kontuan, hori bai-, garagardoak bi talde handitan banatzen dira: Ale eta Lager motakoak. Desberdintasun bakarra ez den arren, erabilitako legamian dago gakoa. Ale garagardoak -mikatzagoak, sendoagoak- Saccharomyces cerevisiae legamiarekin egiten dira eta lagerrak, aldiz, Saccharomyces carlsbergensis edo Saccharomyces uvarum legamiekin egiten dira. Azken horiek, arinagoak eta orekatuagoak dira. Tabernan hartuko genukeen kaña arrunta lagerra da, hain zuzen ere.
Hartzidura gertatzen den bitartean, muztioan zeuden azukre hartzigarriak karbono dioxido eta etanol bihurtzen dira eta garagardoak bere amaierako zaporea hartuko du, pixkanaka. Hartziduraren ostean, hortaz, garagardoa ia prest dago. Tarte batez garagardoa heltzen utzi daiteke -ardoaren antzera- eta jarraian, botilaratu egiten da. Azken etaparen amaieran, garagar-ale zaporegabeak likido azido, mikatz eta burbuiladuna lortzen da. Garagardoaren pH-a 4 ingurukoa da eta %90 inguru ura da. %1 eta %6 arteko alkohol kantitatea dauka normalean eta %2 eta %10 artean karbohidratoak dira. Osagai nagusi horietaz gainera, usaina eta zaporea ematen dioten beste ehundaka konposatu ditu garagardoak.
Pixkanaka, joango gara likido horretan gehiago murgiltzen…
Informazio gehiago:
- La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.
- Brewing science: A multidisciplinary approach, Michael Mosher eta Kenneth Tranthman, Springer, 2017.
- Cerveza para dummies, Marty Nachel eta Steve Ettlinger, Grupo Planeta, 2019.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Garagardoaren zientzia (I): Nola egiten da garagardoa? appeared first on Zientzia Kaiera.
Eguzkia maite duten geneak

1. irudia: Ez da erraza udarako gene-ariketak aurkitzea. (Argazkia: Arek Socha – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Jasotzen ditugun eguzki-izpiak inguruneko aldagai garrantzitsuak dira. Eguzki-izpiak onuragarriak izan daitezke –adibidez, D bitamina sortzeko beharrezkoak dira–; edo kaltegarriak –DNAn kalteak sor ditzaketelako, hots, mutazioak–. Hortaz, eguzki-izpien aurrean erantzuten duten geneak eta beren eboluzioa ezagutzea baliagarria da eta, horrela, gure espeziea ingurunera nola moldatu den ezagutu daiteke. Horretarako, orain dela lau urte egindako ikerketa bat ekarriko dugu hona.
Lan hartan, hasteko, ikertzaileek aztertu zuten eguzkia jaso zuten eta jaso ez zuten azal-zatien geneen adierazpena, hau da, gene horien aktibitatea ehun horietan. Horretarako, GTEx egitasmoko datuez baliatu ziren. Bertan daude giza ehun askoren datuak eskuragarri; horien artean 300 laginetik gora eguzkia jaso zuten azalei dagozkionak –hanken behealdeko azala–; eta 200 lagin inguru eguzkia jaso ez zuten azalei dagozkionak –pubiseko azala–. Guztira 37.000 generen adierazpena aztertu zuten eta horietatik heren bat inguruk aktibitate ezberdina izan zuen bi azal motak konparatuta. Hau da, eguzkiak azala laztantzeak 12.000 gene ingururen aktibitate-patroia aldatzen du. Aktibitate ezberdina zuten gene horietatik 500 gene inguruk bere aktibitatea bikoiztu zuen eguzkiaren presentzian edo gabezian. Oro har, gene horiek azalaren garapenarekin lotutako geneak izan ziren. Gainera, aurretik egindako lanak aztertu zituzten ikusteko ea aurkitu zituzten emaitzak errepikatzen ote ziren. Horrela, baieztatu zuten gene horien adierazpenak antzeko joera zuela izpi ultramoreen esposizioa izan duten azaletan ere; izpi ultramoreen esposizioa izan duten azaleko zeluletan ere; eta Europar nahiz Afrikar jatorriko pertsonetan ere. Aipatu beharra dago, gene-kopurua hain handia izanda, zaila dela ezberdintzea zenbat genek zuzenean eragiten duten eguzki-izpien aurreko erantzuna eta zenbatek moldatzen duten beren aktibitatea erantzun horren ondorioz, modu sekundarioan, alegia. Horrez gain, nabarmendu behar da horietako gene askotan xumeak izan zirela aktibitatearen aldaketa horiek.

2. irudia: Eguzki-izpien aurrean beren aktibitatea aldatzen dute hainbat genek (Argazkia: Tim Hill – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Zailtasun horiek direla eta, eguzkiaren ondorioz beren aktibitatea aldatzen duten gene horiek guztiak behin identifikatuta –eta emaitzak sendoak zirela baieztatuta– aztertu egin zituzten gene horien aktibitate-mailan eragin zezaketen gene-aldaerak. Modu horretara lor daiteke eguzki-izpien aurreko erantzuna eragiten zuten geneen zerrenda murriztea. Emaitza okerrak saihesteko, tentu handiz aukeratu zuten zein gene-aldaerak aztertu eta hainbat metodo ezberdin erabili zituzten emaitza sendoak lortzeko. Besteak beste, aztertu zuten ea gene-aldaerarik ote zegoen gene baten aktibitatearen aldaketan eragina zuena ehun batean bestean baino gehiago; edo gene-aldaerak genearen aktibitatean eragina ote zuen ehun batean baina ez bestean. Horrela, 10 gene-aldaera aurkitu zituzten geneen aktibitate-mailan eragina zutenak. Gene horien artean aurkitzen ziren azalaren garapenean eragina duten geneak, adibidez RASSF9 genea; edota izpi ultramoreen aurreko erantzunean parte hartzen duten geneak; adibidez, SLC45A2 genea, azalaren pigmentazioan eboluzioak nola jokatu duen azaltzeko erabiltzen den ohiko gene-adibidea, hain zuzen ere.
Azkenik, hamar gene-aldaera horiek aztertu zituzten jakiteko ea tokian tokiko moldaerak eragina ote zuen. Horretarako, gene-aldaera horiek giza populazio ezberdinetan duten maiztasuna aztertu zuten eta arakatu zuten ea harremanik zegoen giza populazio horiek jasotzen duten eguzki-erradiazioaren kantitatearekin, bai urte osoan zehar, bai uda eta negua banatuta. Horrela, ikusi zuten RASSF9 genearen funtzioan eragiten duen gene-aldaera lotuta zegoela neguan jasotzen den eguzki-erradiazioarekin. Gainera, ikusi zuten gene-aldaera horiek hautespena orain dela gutxi jaso dutela, hau da, tokian tokiko moldaerak izan daitezkeela, moldaera horien seinalea beste hautespen-prozesu batzuen seinalea baino ahulagoa bazen ere.

3. irudia: Eguzki-izpiekin kontuz ibili behar da, onuragarriak badira ere kalteak sor ditzakete. (Argazkia: Thomas Gerlach – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Laburbilduz, eguzkiaren ondorioz aktibatzen diren geneak genetikaren eta ingurunearen arteko elkarrekintzaren adibide ederra dira. Hainbat gene-aldaerak gene batzuen funtzionamenduan eragiten dute eta, tokiko ingurunera hobeto moldatu direnez, bertan bizi den populazioan gene-aldaera horien maiztasuna handitzen da. Horrela, uda honetan eguzkiaren izpiak jasotzen dituzun bitartean, Javiren ariketak egiten zaudela garagardo bat hartuz, badakizu zure azalean zer gertatzen ari den eta, agian, ingurune jakin batera moldatzearen ondorio dela. Edonola ere, ez ahaztu krema jartzeaz, DNAren mutazioak saihestu behar ditugulako gure geneek behar bezala funtziona dezaten. Uda ona izan, eta irailera arte!
Erreferentzia bibliografikoa:
Kita, R. & Fraser, H.B. (2016). Local Adaptation of Sun-Exposure- Dependent Gene Expression Regulation in Human Skin. PLoS Genetics, 12 (10), e1006382. DOI: 10.1371/journal.pgen.1006382
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Eguzkia maite duten geneak appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza jardueraren muga energetikoa
Dukeko Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzer irakaslearen lantaldeak parte hartzaileen gastu metabolikoa neurtu du kirol proba ugaritan, eta datu horiek bildu egin ditu. Proben artean iraupen lasterketak, maratoiak, egun bateko ultramaratoiak, hiru asteko txirrindularitza probak edo hiru hileko zeharkaldi polarrak daude. Eta datu horiek osatzeko, Estatu Batuetan zehar egindako 140 eguneko lasterketan (Race Across USA) parte hartutakoen gastu metaboliko maila ere neurtu zuten.

Irudia: Energiaren gastu maximo jarraituaren mugak ez daude argi, baina interesgarriak dira, ugalketa, termorregulazioa eta jarduera fisikoa mugatzen baitituzte. (Argazkia: pasja1000 – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)
Hogeita bost orduko ultramaratoi bati dagokion bitarte metabolikoa 9 da, hau da, lasterketa horietako batean gastatutako energia, atseden-egoeran dagoen lasterkari batek bederatzi aldiz gastatzen duen energia kantitatea da. Hamar eguneko iraupena duen batean, 6 edo 7 da. Frantziako Tourrean edo hiru asteko beste edozein txirrindularitza itzulitan bitarte metabolikoa 5 edo txikixeagoa da. Hiru hilabeteko Antartikako zeharkaldi batean, gutxi gorabehera, atsedenean erabilitako energia halako 3,5 gastatzen da. Eta AEBn zeharreko lasterketan, berriz, balio hori ia 3ra murrizten da.
Jarduera normaleko egoeran (gaur egungo Mendebaldeko estandarren arabera), gastu maila gutxienekoaren –alegia, atseden egoerari dagokiona– eta gutxienekoaren bikoitzaren artean egon ohi da. Beste hitz batzuekin esanda, gure ohiko bizitzan egiten ditugun jarduera guztiak aintzat hartuta, ez dugu gastatzen gure organismoak atsedenean erabiltzen duen energiaren bikoitza baino gehiago.
Bestalde, denbora tarte luzeei dagokien bitarte metabolikoa 2,5 da, jarduera mota edozein dela ere. Muga hori ez dago esku hartzen duten giharren eta ehunen motaren mende, ezta energia erabiltzeko duen ahalmenaren mende ere. Eta tenperaturaren mende ere ez dago; hortaz, ez du baldintzatzen, antza denez, jatorri metabolikoko beroa barreiatzeko ahalmenak. Dirudienez, elikagaiak irentsi, digeritu eta asimilatzeko gaitasunak jartzen du muga; hau da, giza organismoak ezin dio mugagabe eutsi atsedenean duena baino 2,5 handiagoko gastua dakarkion jarduera maila bati, elikagai eta digestio sistema ez delako gai horretarako beharko lukeen energia eskuratzeko.
Giza espeziea da anatomikoki eta fisiologikoki ondoen hornitutako primatea, jarduera bizia luzaroan egin ahal izateko. Gainerako hominidoekin alderatuta, arduratsuak eta langileak gara. Hainbesteraino gara, ezen jardueraren mugak energia eskuratzeko dugun sistemak ezartzen baititu, une batean ez bailuke gehiago emango. Eta muga horrek badu ondorio bat, agian ez horren ustekabekoa (amentzat): energiaren ikuspegitik, haurdun dagoen emakume bat eta fetua digestio sistemak eman dezakeenaren mugan bizi dira. Hori horrela da haurdun dagoen emakume baten bitarte metabolikoa gutxi gorabehera 2 delako, hau da, denbora asko luzatzen diren jardueretarako gehienez dagoena baino 0,5 gutxiago bakarrik. Bada, 0,5eko alde horrek ahalbidetzen du soberakin energetikoa gelditzea garatzen ari den fetua elikatzeko. Mugan jaio ginen eta horrela bizi gara, gure egunak amaitzen diren arte.
Erreferentzia bibliografikoa:
Thurber C. et al. (2019). Extreme events reveal an alimentary limit on sustained maximal human energy expenditure. Science Advances, 5 (6), eaaw0341. DOI: 10.1126/sciadv.aaw034
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Giza jardueraren muga energetikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #311

Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zundak Eguzkiari gertutik egindako irudietan fenomeno bat ikusi dute: izarra “su txikiz” osatuta dago eta zientzialarien arabera, horiek edonon daude: “Lurretik ikusten ditugun Eguzki erupzioen senide txikiak dira, halako milioi bat edo milaka milioi txikiagoak”. Lortutako lehen irudiei dagokienez, ez zuten halako emaitza onak hasieratik lortzea espero. Berrian dituzue irakurgai xehetasunak.
IngurumenaIkerketa batean kalkulatu dute urtero autoen jardunaren ondorioz sortutako ia 200.000 tona mikroplastiko iristen direla ozeanoetara eta bestelako ur ekosistematara. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, ozeanoetako mikroplastikoen %30 errepidean sortzen da eta horietatik gehienak pneumatikoen urraduraren ondorioz sortzen dira.
BiologiaOnon kukuari buruz hitz egin digu testu honetan Josu Lopez-Gazpiok. Ikertzaile talde batek jarritako lokalizagailuari esker ikusi dute kukuak 26.000 kilometroko bidaia egin zuela Mongoliatik Afrikako hegoalderaino, hau da, lurreko hegazti baten kasuan dokumentatu den bidaiarik luzeenetakoa. Eta gai honi jarraiki, testuan aukera izango duzue kukuen ezaugarriei eta ugalketari buruz irakurtzeko.
KimikaBadakizue zer den dopin teknologikoa? Ekipamenduak kirolari bati abantailak ematen dizkionean gertatzen da. Artikulu honetan, igeriketa hartu dute adibide gisa, hain zuzen, bainujantzien afera pasa den hamarkadan zalaparta handia sortu baitzuen Olinpiar Jokoetan. Nolakoa izan da jantzi honen bilakaera historikoa? Ez galdu!
OsasunaZer dakigu orain arte SARS-CoV-2 birusaren aurkako erantzun immune zelularrari buruz? Berriak kontatu digunez, azken ikerketek ohartarazi dute T zelulen garrantziaz koronabirusaren infekzioa kontrolatu ahal izateko. Adibidez, Suediako Karolinska Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute sintoma arinak dituztenek edo asintomatikoak direnek, nahiz eta antigorputzik ez izan, oroimeneko T zelulak detektagarriak dituztela.
Geofisika1928an Milanetik Italia izeneko baloi gidatu bat abiatu zen; Ipar Polora airez iristen bigarrena izatea zuen helburu. Espedizio hartatik itzultzean, baina, haizete indartsuek baloi gidatua eraman zuten eta 17 kide hil ziren. Ikertzaileek bidaia tragiko hori aztertu dute eta horren gainean esan dute afera honetan zeresan handia izan zuela espazio eguraldiak, euren esanetan, naufragoak irrati hutsune baten eraginpean egon ziren.
GenetikaNHGRI erakundeko zientzialariek giza kromosoma baten zehaztasun handiko sekuentzia osoa eskuratu dute, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Testuan agertzen den moduan, ikertzaileek iritzi diote lorpen honek “aro berria” ireki duela genomikan, orain arte kontuan hartu ez diren genomaren zatiak kontuan hartuko dituztelako hemendik aurrera.
BiokimikaKikunae Ikeda kimikako irakasleak 1909. urtean, umai-a (zaporea japonieraz) zapore berri gisa aurkeztu zuen artikulu batean. Umai-a Japonian hegaluze deshidratatuarekin eta konbuarekin egiten den saldaren (dashi) bereizgarria da. Azkenean, Umami gisa izendatu zuen zapore berria. Zein da bere jatorria eta oinarrian duen konposatua? Ez galdu!
Klima-aldaketaArtikoko kasko polarra murriztu da 40 urtean, Errusiako Rosgidroment hidrometeorologia agentziako zerbitzuburu Igor Shumakovek jakinarazi duenez. 1980an, 7,6 milioi kilometro koadro zeuden eta 2019an, berriz, 4,1. Horretaz gain, izotz geruza gero eta meharragoa da, eta neguan azkarrago urtzen da. Berriak eman dizkigu xehetasunak.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #311 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #315
Zer ezberdintasun eta zer antzekotasun dituzte autistak diren autisten amak eta autistak ez diren autisten amek? J.R. Alonsoren Maternity and autism
COVID-19aren inguruko ikerketa korrelazio bitxiak azaleratzen dabil: Genetic risk for Alzheimer’s also predisposes for COVID-19 infection Rosa García-Verdugoren eskutik.
Material nanofotoniko berri bat erabiltzeko zelan “funtzionatzen” duen jakin behar da. Material natural batek zelan egiten duen jakin du DIPCko jendeak. An accurate and predictive model for the infrared dielectric function of a van der Waals material
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu
The post Ezjakintasunaren kartografia #315 appeared first on Zientzia Kaiera.