Ezjakintasunaren kartografia #312
Umea jaiotzean bera eraman eta norbait berezi uzten duten izakiak daudela dio kondairak. J.R. Alonsoren The changelings: fairy tales about autism?
Korporazio baten aurrekontua zuzendaritzak egin beharrean, jendeak egiten badu, parte-hartuta eta bozkatuta, jendearen interesekin lerrokatuago egongo dira… Ezta? Annick Laruelleren Participatory budgeting, some issues
Neutrinoak euren antipartikula baldin badira, hau da, Majorana partikulak badira, unibertsoaren ulermenean pausu erraldoia emango genuke. Zelan detektatu da kontua. DIPCk aurrerapausua eman du: How to detect the daughter atom of a neutrinoless double beta decay
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu
The post Ezjakintasunaren kartografia #312 appeared first on Zientzia Kaiera.
Umeen sinesmenak elikatzen dituzten konspirazio txikiak
Hortzen Maitagarria, Perez Sagutxoa edo Mari Teiletako. Bizarzuri, Errege Magoak edo Olentzero. Aukera sorta zabala dago aukeratzeko, norberaren gustuen, usadioen edota asmo identitarioen arabera. Telebistan bezala, Nahieran. Are gehiago, aldatzen doan kontua da folklorearena; batzuetan nahita, besteetan, modu oharkabean. Beste garaietan pertsonaia batzuk asmatu ziren modu berean, helduok gai gara pertsonaia berriak eraikitzeko, eta aspaldiko arketipoak gaur egungo ideologiei egokitzeko ere. Sorgin maltzur tradizionala basoetako botikari askatzaile bihurtu zaigu, eta etxera garaiz bueltatzen ez ziren umeen gantzak hartzen zituen Sakamantekas beldurgarria justizia sozialaren alde egiten duen heroi inklusiboa izateko moduan legoke gaur egun.
Alabaina, norberaren mundu ikuspegiaren arabera helduok mundua salbatu nahian gabiltzan bitartean, umeek bestelako interesak dituzte. Badirudi beraientzat oparitxoa jasotzea edota jai batean aparra egotea dela garrantzitsuena. Baina, egia esanda, gutxi dakigu haien mundu ikuskeraz eta sinesmenez.

1. irudia: Zenbait pertsonaiari dagokienez, umeek argi daukate errealak ala irrealak ote diren, baina kulturaren baitan txertatutako pertsonaiekin arazo handiagoak dituzte. (Argazkia: Anthony Tran / Unsplash)
Zertan izan daiteke lagungarri umeen sinesmenak ikertzea? Ezagutza berria eskuratze soila merezi duela erantzun lezake baten batek, baino harago doa kontua. Gizartean duten eragin zuzena txikia izan arren, umeak gizartearen parte garrantzitsu dira. Zentzu honetan, The World Until Yesterday liburuan, Jared Diamond geografoak aldarrikapen polita egiten du: “Umeak gizarte baten erdira izatera irits daitezke. Gizarte baten erdia alboratzen duen soziologo batek ezin izango luke esan gizarte hori ulertzen duenik”.
Bada, helduen mundu ikuskeran erlijioak izugarrizko pisua duen modu berean, umeen jardunean ere garrantzi handia dute gurasoek sustatutako sinesmenek. Horietako asko gezur funtzionalen bidez transmititzen dira. Javier Pelaezek artikulu honetan azaltzen duen moduan, askotan gezur horiek tradizio desberdinak dituzten gizarteetan erabiltzen dira umeen portaeran nolabaiteko eragina izateko.
Mundu magiko horretan pertsonaia desberdinak egon daitezke, baina, helduen sinesmenetan bezala, pertsonaia horiek ez daude maila berean. Aurretik egindako ikerketengatik, adituek bazekiten gutxi gorabehera hiru urte dituztenetik umeak gai direla bereizteko zer den erreala eta zer ez, baina oraingoan jakin nahi izan dute zehazki mugak non kokatzen diren. Umeen panteoi horretan sakondu aldera, Australiako ikertzaile talde batek aztertu du umeek nola ebaluatzen duten hainbat pertsonaiaren egiazkotasuna. Horretarako, galdeketa bat abiatu dute. PLoS ONE aldizkarian azaldu dituzte emaitzak.
Orotara, bost kategoriatan sailkatu daitezkeen 13 pertsonaia erabili dituzte ikerketa abiatzeko. Pertsona errealak (umeak ezagutzen duen pertsona bat eta The Wiggles taldekoak – Australiako musika talde bat–), pertsonaia kulturalak (Bizarzuri, Pazko untxia eta Hortzen maitagarria), pertsonaia anbiguoak (dinosauroak eta estralurtarrak), pertsonaia mitikoak (adarbakarrak, mamuak eta dragoiak) eta fikziozko pertsonaiak (Frozen filmeko Elsa printzesa eta Peter Pan).
Bi eta hamaika urte artean dituzten 176 ume australiarri inkesta egin diete, eta galdetu diete zeintzuk diren pertsonaia errealak eta zeintzuk irrealak. Egiazkotasun hori zerotik zortzira arteko eskala batean kokatzeko eskatu diete umeei. 56 helduz osatutako beste talde batean aurkitutako emaitzekin alderatu dituzte datuak.
Emaitzak argigarriak izan dira. Egiaztatu dute gehienek jakin badakitela dinosauroak noizbait existitu zirela eta Peter Pan bezalako pertsonaiak fikziozkoak direla. Baina badira beste hainbat pertsonaia erdibidean mantentzen direnak. Zalantzazko eremu labainkor batean.
Umeen irudikoz, errealenak dinosauroak eta The Wiggles taldekoak izan dira (zazpi punturekin). Elsa printzesa eta Peter Pan pertsonaiek lau puntu izan dituzte. Baina Bizarzuri eta Hortzetako Maitagarria sei puntutan kokatu dira.
Hortaz, argi dago umeen artean mundu errealaren eta irrealaren arteko muga lausoa dela, nolabaiteko gradazio baten barruan. Egileen esanetan, asmatutako pertsonaia kulturalak, beraz, erdibideko “purgatorio” batean daudela ematen du.
Aurreikusi zitekeen bezala, helduen artean datuak oso bestelakoak izan dira. Hauek guztiek oso ondo bereizi dituzte fikziozko pertsonaiak (zerotik gertuko emaitzak). Bizarzuri eta dragoiek puntu batetik gertu egon dira. Mamuak eta estralurtarrak, berriz, bi eta lau puntu artean kokatu dira, helduen artean pertsonaia horien inguruan zalantza gehiago sortzen diren adierazle.

2. irudia: Gizarte osoaren laguntzarekin, gurasoek bultzatutako erritualek laguntzen dute umeen artean halako pertsonaien sinesgarritasuna txertatzen. (Argazkia: Juanma Gallego)
Oro har, emaitzen arabera, umeek lau taldetan banatzen dituzte pertsonaiak: errealak, kulturalak, anbiguoak eta fikziozkoak. Helduen artean, berriz, hiru multzora mugatzen da sailkapena: errealak, anbiguoak eta fikziozkoak. Hortaz, helduek oso argi daukate pertsonaia kulturalak usadioan besterik ez daudela.
Ikertzaileen hipotesiaren arabera, erritual kulturaletan parte hartzeak sustatzen du umeek errealtzat jotzea hainbat pertsonaia. Adibidez, inkestatutako umeen %40 inguruk dio Bizarzuri ikusi dutela bizitza errealean. Eguberri garaian merkataritza gune batera joatea edota telebistako albistegi bat ikustearekin nahikoa da egiaztatzeko Bizarzuri, Errege Magoak edota Olentzero benetako pertsonaiak direla.
Rohan Kapitany egile nagusiaren hitzetan, “erritualek sinesmena erraztu, sustatu eta lagundu egiten dute”. Eta gizarteak, noski, pertsonaia horien inguruko erritual asko eratzen ditu. Sinesmena sustatzen duten erritual horietan ezinbestekoak dira gurasoak. Izan ere, hauek hainbat lan egiten dituzte tradizioa elikatzeko, hala nola apaindutako zuhaitz bat etxera eramanda, burkoaren azpian txanpon distiratsu bat jarrita edo Eguberri eguneko goizean opariak eta Napo astoak erdi jandako azenario bat utzita.
“Tradizioan oinarritzen diren testigantzek sinesmena indartzen duten arren, gure argudioa da ez dela kasualitatea umeek errealtzat hartzen dituzten pertsonaia tradizionalak izatea umeei kulturaren arabera aritzeko eskatzen dieten berdinak”, idatzi dute artikuluan.
Umeen aldetik, zerbait arraroa gertatzen ari delako lehen susmoak hasten dira gurasoek halako pertsonaien inguruan darabilten hizkeragatik eta mintzaira patroiengatik. Scientific American aldizkariari Kapinatyk azaldu dionez, “Bizarzuri erreala dela” esaten zaie umeei, baina ez dago esan beharrik, adibidez, amona erreala denik. Portaera horiek lehen susmoak piztuko lituzkete haurren artean. Gauzak uste baino konplikatuagoak diren lehen seinaleak, hain justu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kapitany, R., Nelson, N., Burdett, E.R.R., Goldstein, T.R., (2020). The child’s pantheon: Children’s hierarchical belief structure in real and non-real figures. PLoS ONE, 15 (6), e0234142. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0234142
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Umeen sinesmenak elikatzen dituzten konspirazio txikiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Deborah Doniach (1912-2004): gure organismoaren autosuntsiketaren bila
Immunitate-sistemak gaixotasunen eta infekzioen aurka babesten gaitu, baina gaitz horietako bat izanez gero, sistemak erreakzionatu, eta akatsa batek jota bere organoen eta ehunen aurka egiten du. Azalpen metaforiko hark Las defensas liburua gogoratzera eraman ninduen, duela hiru urte Gabi Martínezek idatzi zuen obrara. Bertan, urteetan zehar ikertu zuen gaixotasun autoimmune baten ondorioz erotu zen neurologo baten benetako historia kontatzen da. Haritik tiraka, autosuntsiketa honen jatorrira iritsi nintzen, Deborah Doniach immunologo kliniko eta gaixotasun autoimmuneen arloan aitzindaria ezagutzera, hain zuzen ere.

Irudia: Deborah Doniach immunologoa. (Argazkia: Royal College of Physicians)
Tiroide guruina eta Hashimoto izeneko mediku batDeborah Doniach Parisen hazi zen eta medikuntza ikasi zuen Sorbonan. Dena dela, Sonny Doniachekin ezkondu bezain laster, ikasketak eten behar izan zituen, 1934an. Horren ondotik, Londresera joan zen bizitzera eta han bere karrera abiatu zuen berriro, Royal Free Medical Schoolen. Hiru urtez mediku lanetan aritu zen etxez etxe, baita zirujau moduan ere Londreseko Konderriko Kontseiluko zerbitzuaren esanetara. Ondoren, lau urte igaro zituen Middlesex Ospitalean, patologia kimikoko irakasle laguntzaile gisa. 1951n, Royal Freera itzuli zen eta bi urte beranduago, Middlesexen hasi zen berriro endokrinologo gisa; hemen aritu zen lanean erretiroa hartu zuen arte. 60ko hamarkadan, ospitale hartan sortu berria zen Immunologia Sailera batu zen; han lortu zuen lehen immunopatologoetako bat izatea, eta irakasle bihurtu zen 1974an.
Oro har, eritasun autoimmuneak izan zituen ikergai; izan ere, haren lan nekaezinak ekarri zuen horien gakoa Hashimotoren Tiroiditisean aurkitzea. Gaixotasun horrek tiroide guruina suntsitu egiten du eta hipotiroidismoa eta goloa sortzen ditu. Izen hori Hakaru Hashimoto mediku japoniarrari zor zaio, berak identifikatu eta deskribatu baitzuen lehen aldiz patologia hori. Afekzio hau tiroide guruinari eraso egiten dion immunitate-sistemak berak sortzen du, eta gure organismoak behar bezala funtzionatzeko hormona garrantzitsuak sortzea eragozten du, hau da, immunitate-sistemak berak hura suntsitzen duten antigorputzak sortzen ditu.
Modu honetan, Doniachek ikusi zuen odolean proteina immunitario maila altua zuten pazienteei tiroidea kirurgikoki kentzen bazitzaien, maila horiek normaltasunera itzultzen zirela. Era berean, ohartu zen guruin horrek zelula plasmatiko ugari zituela, -normalean infekzioen aurka borrokatzeko antigorputzak sortzen zituztenak ziren-, baina paziente horiengan tiroideen barruko estimulu bati erantzuten ziotela. Antigorputz gehiegi izatea tiroide guruinaren aurkako erreakzio autoimmunea zela ondorioztatu zuen, kanpoko infekzio baten aurkakoa izan beharrean.
Doniach ez zegoen bakarrik ikerlan honetan murgilduta, Ivan Roitt eta Peter Campbelllan zientzialariak izan zituen bidelagun. Hirurek, euren intuizioari jarraituz, ikusi zuten antigorputzek ez zietela aurre egingo kanpoko agenteei. Hipotesi hori berretsi egin zuten Hashimotoren gaixotasuna zutenen pazienteen serumak tiroide guruin arruntaren aterakinekin erreakzionatzen zuela frogatu zuten momentuan. 1956. urtea zen, autoimmunitateaz lehenengoz mintzatzen hasi zirenean.
Esan beharra dago zientzialari horien arteko lankidetza oso emankorra izan zela, tiroidearen osagaietako zeinek estimulatzen zuen erantzun immunea zehaztu baitzuen hirukoteak. Baina Doniachentzat hori ez zen izan landu zuen azterlan bakarra, gaixotasun autoimmune gehiago ikertu baitzituen, hala nola anemia perniziosoa, behazun-zirrosi primarioa eta 1 motako diabetesa. Haren lana funtsezkoa izan zen gaur egun erabiltzen den immunologiako diagnostiko klinikoaren metodologia finkatzeko.
Sariei dagokienez, Doniachek Van Meter saria jaso zuen American Goitre Association erakundearen eskutik (1957). Horrez gain, Gairdner saria (1964), Graduondoko Britainiar Federazioaren saria (1967) eta Emakume Zientifiko Amerikarren Elkartearen eskutik Urteko Emakume Zientifikoaren saria (1984) irabazi zituen. 70eko hamarkadan erretiroa hartu zuen arren, bere arloan lanean jarraitu zuen; immunologiari buruzko bere azken artikulua 2000. urtean idatzi zuen. Jakina da oraindik enigma modukoak direla gaixotasun autoimmuneak, baina Doniachek bere harri koskorra ekarri zuen.
Iturriak:
- Mujeres con ciencia. Deborah Doniach, inmunóloga clínica, Efemérides, 2019ko apirilaren 6a.
- Brostoff, Jonathan. Deborah Doniach. Outstanding pioneer of auto-immunology research, The Guardian, 2004ko urtarrilaren 15a.
- Richmond, Caroline (2004). Deborah Doniach, BMJ, 328 (7435), 351.
- Wright, Pearce (2004). Obituary: Deborah Doniach, The Lancet, 363, 995.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Deborah Doniach (1912-2004): gure organismoaren autosuntsiketaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik gustatzen zaigu azukrea?

1. irudia: Azukrearekiko zaletasunak arrazoi ebolutiboa izan dezake. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Robert Lustig, Laura Schmidt eta Claire Brindis ikertzaileek 2012an Nature aldizkarian argitaratutako hitzek zalaparta handia sortu zuten eta, oraindik ere, eztabaida bizia dago. Esan zutenez, azukreak eta alkoholak antzeko eragina dute osasunean eta azukrearen kontsumoa murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eztabaida piztuta dago eta, batzuek diotenez, azukrea ez da hain kaltegarria, obesitatea baizik. Besteek uste dutenez, aldiz, azukrea bera ia pozoitzat hartu beharko genuke. 2012ko artikuluak sortutako eztabaida baino lehen ere zientzialariek bazekiten azukrea ez dela ona osasunarentzat. Alabaina, azukrea erakargarriagoa da nutriente gehiago dituzten beste elikagai mota batzuk baino. Guretzat hain kaltegarria bada -azukreak kaloria hutsak besterik ez ditu-, zergatik gustatzen zaigu hainbeste?
Zientzialariak galdera horri erantzuna ematen saiatu dira behin baino gehiagotan, behatutako fenomenoetan oinarrituta. Lehen faktore nabaria hauxe da: heldu askok azukrea atsegin badute ere, ume gehienek –guztiek ez esateagatik– gozokiak eta jaki gozoak atsegin dituzte txikitatik. Bada, ikerketek berretsi dute hori horrela dela eta, gainera, haurrek elikagai gozoekiko duten lehenespena sortzetikoa dela. Ondorioztatu denez, gozoarekiko zaletasuna jaioberriek ere badute eta, bestalde, munduko kultura eta leku gehienetan errepikatzen den eredua da. Umeen kasuan, gainera, ez dago gozotasun mailaren mugarik. Hau da: helduen kasuan, edariekin frogatu da, esaterako, maila batetik gora edaria gozoegia dela eta ez dela hain gustukoa. Haurren kasuan, aldiz, mugarik ez dagoela ikusi da, alegia, edari batean posible den azukre guztia disolbatuta ere -disoluzioaren asetasun maila gaindituta- haurrek edaria atsegin dute.
Egia da azukrea, neurri batean, beharrezkoa dela; izan ere, energia-iturri gisa kaloria asko ditu. Energia hori beharrezkoa bada, azukreak eskaintzen ditu. Arazoa da behar baino kaloria gehiago hartzen badira azukrearen bidez. Haurren kasuan, baliteke azalpena hezurren hazkuntzan egotea. Hazten ari diren hezurrek hormonak jariatzen dituzte eta hormona horiek metabolismoan eragina izan dezakete. Beste hormona batzuek ere eragina dute, esaterako, jakina da intsulina eta leptina hormonek haurren garunean eragiten dutela jateko gogoari eraginez eta elikagai gozoak lehenetsiz.
Zein da, ordea, azukrea hainbeste maitatzeko arrazoia? Hasieran esan bezala, arrazoi ebolutiboetara jo behar da erantzuna aurkitzeko. Gizakion eboluzioaren lehen etapetan, kaloria gehien jaten zituzten gizabanakoek denbora luzeagoz bizirauteko aukera zuten eta, hortaz, haien geneak ondorengoei transmititzea probableagoa zen. Litekeena da frutaz elikatzen ziren gizakiak bizitza luzeagoa izatea barazkiez elikatzen zirenak baino; izan ere, frutek kaloria gehiago dituzte barazkiek baino. Frutak azukre kantitate handiagoak ditu eta, hortaz, barazkiak eta beste elikagai mota batzuk baino gozoagoak dira. Eboluzioaren, hautespen naturalaren eta denboraren poderioz, pixkanaka, elikagai gozoak lehenestea arrunta bilakatu zen: abantaila ebolutiboa zen.
Gaur egun ez gara bizi hasierako gizaki haien munduan eta, jakina, orain ez da abantaila ebolutiboa elikagai gozoak lehenestea. Hala ere, geneetan txertatuta daukagu ezaugarri hori eta, horrexegatik, sortzetiko ezaugarria da gozokiak jan nahi izatea. Gainera, askotan jaten dena ez da fruta -nutriente gehiago dituena-, azukre soila baizik -kaloria hutsak-. Egun ez dago arazorik kaloriak lortzeko eta, noski, gure bizitzak ez dauka zer ikusirik hasierako gizakien bizitzarekin: ez dauzkagu energia premia berak. Frutaren azukrea erauzten dugu, modu kontzentratuan beste elikagai batzuetan gehitzeko, hortaz, azukrea neurrigabe hartzeko arrisku handia dago. Arazo horri aurre egin behar diogu obesitate mailak -batez ere haurrena- murrizteko, baina, lehen pausoa azukre beharraren atzean dagoen kimika eta biologia ulertzea da.
Informazio gehiago:
- Why does sugar taste so god?, Sabrina Stierwalt, scientificamerican.com, 2020.
- La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.
- Azukrea, toxiko gozoa, Ana Galarraga, zientzia.eus, 2013.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Zergatik gustatzen zaigu azukrea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Argaltasunaren genetika
Pisuaren gene-oinarria aztertzen denean obesitatea da aztertu ohi dena. Horrela, hainbat gene proposatu dira gehiegizko pisuarekin lotura dutenak, adibidez, FTO genea. Gutxiago aztertu da kontrakoa, hau da, pisua irabaztea galarazi egiten duten geneak gutxitan aztertu dira. Ikerketa berri batek hori aztertu du eta, hortaz, argaltasunarekin lotura izan dezaketen geneak aztertu dituzte.

1. irudia: Pertsona batzuek ez dute pisurik irabazten jaten dutena jaten dutela. (Argazkia: Steve Buissinne – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Lehen pausoa izan zen Estoniako biobankua aztertzea. Biobanku horretako datuak arakatu zituzten eta gorputz-masaren indize txikiena zuten pertsonen gene-aldaerak aztertu zituzten. Talde horretatik kanpo gelditu ziren pisuan eragina izan dezaketen gaixotasunak edo nahasmenduak zituzten pertsonak. Gorputz-masa indize txikia zuten pertsonen gene-aldaerak erkatu zituzten gorputz-masa indize ohikoa duten pertsonen gene-aldaerekin genoma-osoko analisiaren bidez. Gene-aldaerak aztertu ostean bost gene-eskualde lotu zituzten argaltasunarekin; hau da, eskualde horietako gene-aldaera batzuk maiztasun handiagoarekin agertzen ziren gorputz-masaren indize txikia zuten pertsonetan. Gene-eskualde horietan eta gene-eskualde horien inguruan ia 40 gene zeuden kokatuta.
Bigarren pausoa izan zen ozpin-eulian gene horiek aztertzea. Ozpin-eulia genetikan asko erabiltzen den eredu-organismoa da, berarekin lan egiteko erraztasunagatik. Gizakietan aurkitutako 40 gene horien parekoak ziren geneak bilatu zituzten ozpin-eulian eta azter zitezkeenak hautatu zituzten, guztira 24 gene. Egin zutena izan zen gene horien funtzioa oztopatu eta gene bakoitzaren funtzioa oztopatzeak triglizerido-mailan zuen eragina aztertu. Ikertzaileek ikusi zuten bost generen funtzioa oztopatzerakoan modu esangarrian jaisten zela triglizeridoen metaketa ozpin-euliaren ehunetan. Bost gene horien artean Alk genea zegoen. Gene horren funtzioa oztopatzerakoan ikusi zuten triglizeridoen metaketa jaisten zela bai dieta arruntean, bai azukre asko zuen dietan. Nolabait Alk geneak babesa ematen ziela pisua irabaztearen aurrean, ozpin-euliek jaten zutena jaten zutela.
Gainera, aztertu zuten aurretik jakina ote zen bost gene horiek metabolismoaren ezaugarriekin edo neurriekin lotura ote zuten gizakietan. Horrela, ikusi zuten lehendik ALK genearen gene-eskualdea lotu izan dela gorputz-masa indizearekin, plasmako triglizerido-mailarekin edota glukosa-mailekin. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten ALK genea sakonago aztertu behar zutela.

2. irudia: Gorputz-masaren indizean eragina dute geneek. (Argazkia: Vidmir Raic – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Hirugarren pausoa izan zen saguetan Alk genea aztertzea. Horretarako, Alk genea ez zuten saguak sortu zituzten, geneen funtzioa zehazteko erabili ohi den prozedura, hain zuzen ere. Ikertzaileek ikusi zuten, oro har, Alk gabeko saguek ez zutela inolako ezberdintasunik sagu normalekin alderatuta antsietate-mailan, lokomozioan, koordinazioan, minaren pertzepzioan, ehunen itxuran, odol-osaketan edota serumeko kimikan. Ezberdintasuna izan zen 5. astetik aurrera Alk gabeko saguak argalagoak zirela, heldu aroan mantentzen zen ezaugarri bat, baina tamainan eraginik izan gabe. Gainera, ikusi zuten gantz-kantitatea txikiagoa zen bitartean gihar-kantitatea normala zela. Dieta aztertzerakoan, ikertzaileek ikusi zuten Alk gabeko saguek sagu normalek bezain beste jaten zutela eta beren hesteek sagu normalen hesteek bezala funtzionatzen zutela.
Gainera, Alk gabeko saguei loditzeko dieta bat eman bazitzaien ere, ez zuten pisurik irabazi; eta, lehen esan bezala, gantz-kantitatea baxua izan zen gihar-kantitatea normala zen bitartean. Zer gertatzen ari zen jakiteko, ikertzaileek saguen energia-gastua aztertu zuten eta ikusi zuten Alk gabeko saguek energia askoz gehiago gastatzen zutela eta, ondorioz, dietak eragindako obesitatearen aurrean babestuta zeudela.

3. irudia: ALK genearen aldaerek gantza metatzea galarazten egiten dute. (Argazkia: Shutterbug75 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Alk genea saguen zein ehunetan aktibo zegoen aztertu zutenean, ikusi zuten nerbio-sisteman aktibo zegoela, garuneko hipotalamoan batez ere. Hipotalamoko neuronek energia-gastua doitzeko gaitasuna dute gantza gordetzen den ehunak kontrolatzen dituztelako. Hortaz, badirudi Alk geneak garunaren eta gantz-ehunen arteko komunikazioan eragina duela, gantzen metabolismoa alda dezakeela eta, hortaz, pisuan eragin. Gizakiaren ALK genearekin gauza bera gertatzen dela pentsa daiteke, baina orain hori ikertu behar da.
Laburbilduz, badirudi ALK genearen aldaerek eragina dutela argal mantentzeko, jaten dena jaten dela. Hortaz, jaten duzuna zaintzen baduzu ere, edo ariketa fisikoa egiten baduzu ere, argaltzea lortzen ez baduzu, lasai hartu, ezin baituzu zure geneen aurka borrokatu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Orthofer, M., et al. (2020). Identification of ALK in thinness. Cell, 181 (6), 1246-1262.e22. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2020.04.034.
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Argaltasunaren genetika appeared first on Zientzia Kaiera.
Izotzean grabatutako historia
Baina badira analisi hori zehaztasun handiz egiteko modua ematen duten teknikak. Suitzako Colle Gnifetti glaziarrean egindako azterketa batean, adibidez, urtez urte metatuz joandako izotz geruzen kronologia zehaztu dute ikertzaileek, bereizmen handiko zenbaketa egin eta gero laserraren laguntzarekin. Egindako kalkulua oso zehatza da, data jakineko erreferentziekin alderatzeko aukera izan baitute, adibidez, zenbait sumendiren erupzioek izotzean utzitako aztarna kimikoarekin.

Irudia: Oraingo aroko 660. urte inguruan Melle herrian egindako penny baten aurkia eta ifrentzua. (Iturria: Loveluck et al. (2018).)
Ikertzaileek oraingo aroko VII. mendeko izotz geruzetako berun kontzentrazioa ere neurtu zuten, espektrometriako teknika aurreratua erabiliz. Ikertzaileek interes handia zuten zilarraren erauzketa eta galdaketa jardueretan, eta, horrenbestez, beruna erabili zuten adierazle gisa, zehazki, atmosferatik etorritako eta izotzean harrapatuta geratutako beruna. Garai batean zilarra galenatik lortzen zen (berun sulfuroa), non kontzentrazioa % 1 ingurukoa izatera hel daitekeen; bada, galena erauzteko meatzaritza lanek zein ondorengo galdaketa lanek atmosferara berun kantitate handiak askatzen zituzten, eta, azkenerako, berun horren zati bat ondoz ondoko izotz geruzetan jalkitzen zen.
Horrez gain, ikertzaileek matematikoki modelatu zuten zirkulazio atmosferikoa, aurkitutako berun aztarnak gutxi gorabehera zer meategitatik iritsitakoak ziren jakiteko. Ondorioztatu zutenez, ziurrenik Frantziako Melle herriko meategietatik ateratako beruna zen, hau da, glaziarraren mendebaldean, Charante ibaiaren zertxobait iparraldean, kokatutako gunetik. Lortutako datuak izotzaren laginketatik jasotako ingurumen erregistroekin alderatu zituzten, eta informazio numismatikoa, arkeologikoa eta idatzizko iturrietatik lortutakoa ere erabili zuten.
VII. mendean, Europako erdialdean eta ipar-mendebaldean erabat eraldatu zen sistema monetarioa. Mendearen bigarren erdialdean txanponak urrezkoak izatetik zilarrezkoak izatera igaro ziren, eta, Suitzako glaziarretik ateratako datuei esker, trantsizio hori nola izan zen askoz ere argiago jakin daiteke orain. Aldaketa bi fasetan izan zen. Lehena, lehendik ere ezaguna, 640. urte inguruan izan zen; garai horretan, txanponen urre kantitatea % 92-94tik % 30-60 bitartera jaitsi zen merovingiar erreinuetan. Eta aldaketa horretarako beharrezkoa zen zilar ekoizpenak arrastoa utzi zuen berun modura Colle Gnifetti glaziarrean.
Izotzetik ateratako datuen arabera, aldaketaren bigarren fasea 660. urte inguruan izan zen, txanponak soilik zilarrezkoak izatera igaro zirenean. Lehen, ustea zen aldaketa hori 675. eta 680. urteen artean izan zela, zilarrezko txanponen idatzizko lehen erreferentzia 682. urtekoa baita. Aldiz, glaziarreko erregistro izoztuko berunak adierazten du aldaketa hogei bat urte lehenago gertatu zela.
Erromatar Inperioa erori ondorengo bi mendeko gainbeheraren ondoren, Mantxako kanalaren bi aldeetan 680. urterako jada egonkortuta zeuden itsas portu garrantzitsuak. Bada, sistema monetarioaren aldaketaren kronologia berriak iradokitzen duenez, litekeena da Mantxako kanalean eta Ipar Itsasoan izandako itsas trafikoaren igoera eta Lundenwic (Londres) eta Quentovic portuen indarra hogei urte lehenago hasitako txanpon kopuruaren gorakadak eragindakoa izatea. Beste behin ere, ezagutzaren diziplinen arteko mugak lausotu egin dira, eta, horri esker, Mendebaldeko historiaren aro ilunenetako bat pixka bat argitzea lortu da.
Erreferentzia bibliografikoa:
Loveluck, Christopher P., et al. (2018). Alpine ice-core evidence for the transformation of the European monetary system, AD 640–670. Antiquity 92 (366), 1571-1585. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2018.110.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Izotzean grabatutako historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #307
Aldaera genetikoek COVID-19aren larritasunean eragina dutela baieztatu dute, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Egindako ikerketak islatu du, adibidez, O odol-taldekoek arrisku txikiagoa dutela arnasgailuak behar izateko (%35 txikiagoa); aldiz, A taldekoek, %50 arrisku handiagoa.
COVID-19aren txertoa lortze aldera, oraindik zailtasunak daude abiatu diren munduko ikerketetan. Badirudi hautagai aurreratuenak prest daudela saio klinikorako baina hori egin ahal izateko milaka boluntario behar dira. Horretaz gain, horiek infektatzeko arriskuan egon behar dute eta hori ez da erraza, saio klinikoak izurria aktibo dagoen lekuetan egitea komeni delako. Sciencealdizkariak argitaratutakoa bildu du Elhuyar aldizkariak honetan.
Tentuz ibili behar dugu distantzia fisikoarekin eta maskaren erabilpenarekin. Dakigunez, birus honen agerraldi ia guztiak jende asko pilatzen den leku itxietan gertatu dira. Horren ondorioz, badakigu birusa airean dagoela eta airetik transmititzen dela. Horretaz gain, arnasketa aktiboarekin zerikusia duen edozein jarduerak ere birusa transmititzeko arriskua areagotu dezake. Birusaren esposizioaren iraupenari dagokionez, zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa da kutsatzeko arriskua. Hau guztia Berrian duzue irakurgai.
Elgorriaren birusa uste zena baino askoz lehenago agertu zela kalkulatu du ikertzaile talde batek, alegia, K.a. lehen milurtekoan agertu zela, zehazki, K.a. 1.174. eta K.o. 165. urteen artean. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu honi buruzko xehetasunak hemen.
MikrobiologiaBillete eta txanponetan mikroorganismo ugari aurki daitezke, eta hori frogatzen duten ikerketa batzuk irakurgai dituzue artikulu honetan. Esaterako, 2017.urtean egindako ikerketa bateko emaitzen arabera, New York hiriko dolar bateko billeteetan ehunaka mikroorganismo desberdin aurkitu zituzten. Gainera, AEBtako diru-papearen %80ean kokaina arrastoak ere badaudela jakina da. Halaber, beste ikerketa batek Staphylococcus aureus, E. Coli eta Enterococcus feaecium bakterioen koloniak aztertu zituzten.
IngurumenaMundu osoko milaka hiri mapa aztertu dituzte, hirien barne konektibitatea eta herrialde batzuen eta besteen konektibitatearen arteko aldeak ebaluatzeko. Testuan azaltzen digutenaren arabera, erreferentziazko hiru hiri eredu identifikatu dituzte: sare itxurakoa, Erdi Arokoa eta “kale itsu” delakoa. Artikuluan, eredu horiei buruzko xehetasunak aurkituko dituzue. Zeintzuk dira kaleak hobekien konektatuta dauzkaten hiriak?
MatematikaMatematika tresna aproposa da epidemien bilakaera aurreikusteko tresnak ematen dituelako. Eredu matematikoak izan dira mintzagai artikulu honetan eta horien erabilerak zientzietan. Testu honetan, zehazki, SIR eredua azaldu digute. Bizitzen ari garen unea dela eta, beharrezkoa dugu ezagutzea zertan datzan. Ez galdu!
BiologiaKonfinamendu garaian, animalia asko ikusi ditugu hirietatik barna. Irudi horrek zur eta lur utzi gaitu baina Juan Ignacio Perez Iglesiasek dioen moduan ez da hain harrigarria, berez “hirietan animalia asko daudelako”. Horri buruz mintzatu zen aditua aurreko astean Animales urbanitasizeneko hitzaldian eta bertan esandakoa Juanma Gallego kazetariak bildu du artikulu honetan. Ugaztunak, hegaztiak,… zeintzuk dira hiriak kolonizatu dituzten animaliak? Ez galdu!
KimikaUtah-ko Unibertsitateko ikertzaileek ohartarazi dute mikroplastikoen euria euri azidoa baino larriagoa izan daitekeela. Jaso dituzten euri-laginen %98k zituen mikroplastiko-partikulak; partikula atmosferiko guztietatik %4 ziren polimero sintetikoak. Mikroplastiko-laginak jasotzeaz gain, ekaitz bakoitzaren jatorria ere aztertu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digu ikerketaren nondik norakoak hemen.
Adimen artifizialaGorka Azkune UPV/EHUko Informatika fakultateko irakasleak eta ikertzaileak neurona sare sakonei buruz hitz egin digu Berrian. 2012an AlexNet sareak 60 bat milioi parametro zituela argitaratu zela dio bertan. Azkuneren esanetan, horrek esan nahi du sarea osatzen duten neuronen artean 60 bat milioi konexio daudela. Eta galdera bat planteatzen du horren harira: nahikoa al da neurona-sare baten tamaina handitzea “boteretsuago” bilakatzeko?
GeologiaKuaternario garaiko hamabi kosta lerroren kokapena eta morfologia zehaztu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek euskal kostaldean, hiru dimentsioko mapen bidez. Euren helburua zen “ikustea eta ulertzea nolako eboluzioa izan duen gure lurraldeak azken 2,58 milioi urteetan: zelan dauzkagun paisaia hauek eta, batez ere, zelan sortu ziren”. Berriak jaso ditu ikertzaileen azalpenak.
GenetikaKoldo Garciak amaiera eman dio “Itxialdirako Genetika” atalari, konfinamenduan aspertzeko aukerarik eman ez duen bilduma interesgarriari, alegia. Hauexek izan dira bukaera borobildu duten pilulak:
- Gaixotasun infekziosoak ikertzeko datu biologiko masiboak aztertzen dituzten teknologiak eta maila omiko ezberdinen ekarpenak.
- Gene-arriskuak aurreikusten.
- Geneen aktibitatea aztergai izan dute ikerketa baten adibidea aurkeztu digu hemen.
eta, azkenik, zientzian hainbeste maite ditugun plot twistak irakurgai dituzue hemen. Kasu honetan, AB0 odol-sistema izan da protagonista. Zein da bere misterioa?
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #307 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #311
Istripu zerebrobaskularrek eragindako kalteak tratatzeko baliagarriak izan daitezke zelula amak. Arratoietan, momentuz. Rosa García-Verdugoren Induced pluripotent stem cells can help revert brain stroke damage in mice.
“Plaketa kontzentratuen iraungipen data eta patogenoen murrizketarako teknikak”. Zertan egin dezake lan honako titulua duen artikuluaren autoreak? Hain justu, matematikak. Mikel Lezaunen Pathogen reduction technologies and the shelf life of platelet concentrates
Mugikor batean ala auto batean erabil daiteke bateria elektrikoa. Fase bateria memoria kuantiko supereroalea fasez aldatzeko balio du. Hau arraroxeago da. Existitzen da hau, baina? Eta DIPCn esango dute: orain bai. The first Josephson phase-battery device
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu
The post Ezjakintasunaren kartografia #311 appeared first on Zientzia Kaiera.
Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak
Gora eta behera dabil gaur egungo gizaki hirikumea, eta, gehienetan, ez die erreparatzen alboan dituen bizidun bitxiei. Baina, egon, badaude; hasiera batean eman dezakeena baina kopuru handiagoan, gainera. Gaiaren harira aritu da EHUko fisiologia katedradun eta Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Juan Ignacio Perez Iglesias, 2020ko ekainaren 11n Bidebarrieta Zientifikoa ekimenaren barruan izandako Animales urbanitas hitzaldian.
Koronabirusaren krisiak eragindako konfinamenduan hirietan sartu diren animalien kasu ugari ezagutarazi diren arren, Perez Iglesiasek dio horrek irudi distortsionatua eman dezakeela, berez “hirietan animalia asko daudelako”. Landa eremuan bereziki, aspaldikoak dira hartu-emanak. Vega de Tirados (Salamanca) herrian izandako anekdota bat ekarri du gogora Perez Iglesiasek. Herriko tabernaren atzeko aldean arratsaldero azaltzen zen azeri bat, eta tabernako jabeak janari soberakinak ematen zizkion. Ez dira, gainera, familiatik gertu izandako halako esperientzia bakarrak. Londresen etxeko sukaldean agertutako azeri bat, esaterako, edota hiriko metroan ikusitako beste bat aipatu ditu.

1. irudia: Hiri batzuetan azeri-dentsitate oso altuak daude, gizakietatik gertu animalia hauek janaria aurkitzen dutelako. (Argazkia: Erik McLean / Unsplash)
Halako behaketak ez dira arraroak, Londresko datuei erreparatuz gero: 2006an 10.000 azeri inguru zeuden hirian, baina kopuru hori dezente handitu da. Erresuma Batu osoko datuak oso adierazgarriak dira: 1990ean, 33.000 ale zeuden. 2018rako, berriz, 150.000 ziren. Baina, halakoetan, dentsitate datuak dira agian argigarrienak: Londresen kilometro koadroko 20 azeri daude. Bournemouth bezalako hiri batean, 23 azeri kilometro koadroko; eta Bristolen 36 izatera iritsi ziren, gaixotasun batek kopuru hori txikitu zuen arte. “Hirietara sartzen ari dira bertan janaria dagoelako”, nabarmendu du Perez Iglesiasek. Ez da hurbiltze berria: Londresen kasuan, esaterako, 1940ko hamarkadan agertzen hasi ziren.
Testuinguruan sakontzeko, etxekotzearen historiara jo du adituak. Animalien etxekotzean hainbat bide aipatu zituen, horien artean komentsalismoan oinarritutako harremana. Komentsalismoaren emaitza da seguruenera gizakiok animalia askorekin izan dugun lotura sakona. Txakurren kasua da ezagunena: uste da hondakinen artean janaria eskuratzeko hurbildu zirela lehen otsoak giza taldeen inguruetara. Mendebaldeko herrietan maskotatzat hartzen ditugu, baina datu harrigarria eman du katedradunak: munduko txakurren %85 zabortegietako txakurrak dira, eta kalean elikatzen dira.
Geroago etxekotu ziren arren, litekeena da katuekiko harremana komentsalismo horretan abiatzea; eta berdin gertatu zen basurdeekin. Basurdeetatik txerrietarako aldaketan oso ondo ikusten dira, hain justu, fenomeno interesgarri baten ondorioetako batzuk: animalien tamainan aldaketak egon dira. Hasieran txikitu egin ziren, baina, janari gisa erabiliak izan direnez, gizakiak egindako hautaketekin pixkanaka tamainak berriro handitu zen. Entzefaloaren tamaina ere txikitu egin zen, eta, gainera, erantzun emozionalari dagokien eremuetan eman zen gutxitze hori.
Aldaketa horiek etxekotze sindromea edo etxekotze fenotipo gisa ezagutzen den fenomenoaren parte dira. Espeziaren arabera ezberdina izan arren, badira nahiko zabalduta dauden ezaugarri batzuk: muturra laburtzen da, eta belarriak jausten dira. Azalean agertzen den pigmentazioan ere islatzen da fenomenoa. Baina, itxuran ez ezik, portaeran ere azaltzen dira berezitasunak; estimuluen aurrean erantzute-atari handiagoa erakusten dute: basa animaliekin alderatuta, ez daude hain adi inguruan dituzten estimuluetara. Mantsotasun handiagoa erakusten dute, eta ez dute horrenbeste beldur erakusten, ez gizakiarekiko ez beste espezieekiko. Modu berean, ugalkorragoak dira.
Ezaugarri hauetako asko Dmitri Beliaiev genetista errusiarrak etxekotutako azerietan egiaztatu zituen esperimentu baten bidez. Siberian azeriak etxekotzen ibili zen, eta arrakasta handia izan zuen: hogei belaunaldiren ondoren, kumeen herena mantsoak izatea lortu zuen, horretarako joera gehien zuten animaliak aukeraketa soilarekin. Azken ikerketen arabera, enbrioi-garapenean zehar gandor neuraleko zeluletan izaten den defizit txikian legoke honen abiapuntu biologikoa, eta epigenetika ere tartean egon daitekeela uste dute ikertzaileek.
Bizilagun hegalariakUgaztunei ez ezik, hegaztiei ere erreparatu die Perez Iglesiasek. Horien artean, badira aspaldian gurekin dauden espezieak. Usoen kasua erdibidean dagoen horietako bat da: batzuetan gizakiek nahita hautatu eta erabili izan dituzte (mezuak bidaltzeko batez ere, baina batzuetan kontsumitzeko ere), baina, oro har, komentsalismo harreman horren barruan mantentzen dira. Kaxoi berean sartzen dira ere kurloiak, tabernen inguruan ogi puskak lapurtzen dituzten txikitxo lotsabako horiek. Baina, duda izpirik gabe, atrebentzia gehien erakusten dutenak kaioak dira. Tradizionalki arrantzaleen inguruan bildu izan dira, arrantza kaietara eramaten denean ahal dutena eskuratzen saiatzen direlarik. Baina, pixkanaka, zabortegietara ere egokitu dira. “Harrigarria da ikustea nola haztegietatik zabortegietara eguneroko migrazio txiki bat izaten den, non eta Madrilen!”, nabarmendu du adituak. Gure artean ere, kostaldetik barruko herrietara mugitzen ari direla azaldu du, eta Getxon edo Barakaldon, esaterako, hegazti horiek teilatuetatik uxatzeko kanpainak abiatu behar izan dituztela dio. “Oso erasokorrak dira, gainera, eta jendeari janaria kentzeraino iristen dira”.

2. irudia: Berez kaioak arrantza itsasontzien eta kaien inguruan biltzen ziren, bertan janaria lapurtzeko, baina orain hirietako zabortegietara ere ondo egokitu dira. (Argazkia: Thomas Park / Unsplash)
Korbidoen artean, berriz, mikak dira gure bazterretan gero eta gehiago zabalduta dauden hegaztiak. Parkeetan aise ikusten dira, eta, zenbait kasutan, kaioekin borrokatzen ikusi zaie. Oso argiak izan arren, momentuz, korbido hauek ez dira iritsi Japonian ikusi izan diren portaerak erakustera. Bertako belabeltzek nazioarteko ospea eskuratu dute, erakusten duten portaeragatik: intxaurrak hartu eta, semaforoa gorri dagoenean, zoruan uzten dituzte, autoek euren gurpilekin zapaldu eta oskolak apur ditzaten. “Are gehiago, hori egiten ikasteaz gain, gainerako kideei ere irakatsi diete teknika hori”.
Gurekin batera bizi bai baina etxekotuta ez dagoen beste espezie interesgarria da sorbeltza.”Bizitza osoa eman dezake lurra hartu gabe, eta soilik txitak elikatzen ari denean lotzen da hormei”. Gauez zeruan gora egiten du hegaztiak, haize lasterretan, eta, seguruenera, izurdeek egiten duten bezala, garunaren zati bat adi edukita lo egiten du. Kaioek bezala, inguru naturaletan labarretan habiak egiten dituzte, baina hirietako eraikinek betetzen dute orain labarren rola. Horrek beste ezaugarri biologiko interesgarri batera eramaten gaitu: aurretiko joera. Horren arabera, hainbat espeziek joera gehiago izango dute hiriak kolonizatzeko, horretarako ondo egokituak daudelako. Kramerren papagaia (Psittacula krameri) hegaztiaren zabalpena da beste adibide argigarri bat. Eremu beroetatik maskota gisa ekarria, espezie inbaditzailea bihurtu da orain. Kasu honetan, badirudi hirien inguruan sortzen diren bero uharteek erraztu dutela animaliaren hedapena.
Amaitzeko, ugaztunetara bueltatu da Perez Iglesias, gaur egun gertatzen ari den zenbait fenomeno bitxiren berri emaneko. Batetik, azaldu du duela gutxi Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitaratutako ikerketa batean alderatu dituztela Erresuma Batuko landa eremuko eta hiri eremuetako azerien garezurrak, eta ikusi dute hirietakoek baraila indartsuagoak eta mutur motzagoak dituztela. Buru txikiagoa eta borobilagoa dute ere: “finean, badirudi azeriak etxekotze prozesu batean daudela”. Bestetik, koioteak izan ditu hizpide, bereziki AEBetan beste kanido batekin gertatzen ari den hibridazio bat. Otsoekin batera ugaltzen ari dira koioteak, eta aldaera berriari Coywolf izena eman diete ingelesez. Gainera, badirudi kanidoen ménage à trois ebolutibo horretan txakurrak ere sartuta daudela.
Hortaz, aspaldiko bizilagunez gain, badirudi kide berriak etorriko direla, eta eboluzioaren garapenean fenomeno harrigarriak ikusten ikusteko moduan egongo garela. Baita hirietan ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Schilthuizen, Menno, (2019). Darwin viene a la ciudad. La evolución de las especies urbanas, Madrid, Editorial Turner.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Hain iritsi berriak ez diren auzokide basatiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Maia Garcia: “Metodo berritzaile bat garatu dugu material topologikoak aurkitzeko” #Zientzialari (134)
Hasiera batean, material topologikoak arruntak ziruditen fisikan, baina zenbait ikerketen ondorioz, haien barruan elektroiek era desberdinean jokatzen dutela frogatu zen. Aurkikuntza honetan oinarrituta, material hauen propietateek zientzian aplikazio ugari izan ditzaketela jakin zen.
Aplikazio berriak garatzeko ezinbestekoa da material topologikoen elektroiek sortzen dituzten korronteak topatzea eta ikertzea. Gakoa da jakitea non dauden korronte hauek, nola lor daitezkeen eta zein materialen propietateak handitzea lagun dezaketen. Baita material hauen identifikazioa ere.
Maia Garcia fisikaria Ikerbasque ikertzailea da DIPCn eta UPV/EHUko Fisika sailean, eta egun, material topologiko hauen aurkikuntzan murgilduta dago. Beraz, berarekin elkartu gara bilaketa honen zailtasunak ezagutzeko eta material hauen aplikazioei buruz gehiago jakiteko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Maia Garcia: “Metodo berritzaile bat garatu dugu material topologikoak aurkitzeko” #Zientzialari (134) appeared first on Zientzia Kaiera.
Diru Zikina

1. irudia: Billete gehienetan bakterioak aurkitu dira. (Argazkia: Mabel Amber – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
2017. urtean PLOS ONE aldizkarian argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, New York hiriko dolar bateko billeteetan ehunaka mikroorganismo desberdin aurkitu zituzten. Bide batez, horretaz aparte jakin badakigu AEBtako diru-paperaren %80ean kokaina arrastoak ere badaudela. Billeteetan dagoen kutsadura kantitatea gizarte horren higienearen isla izaten da, baina, ez da eragina duen efektu bakarra: diruak zirkulazioan egiten duen denbora -15 urtekoa izan daitekeena-, urteko sasoia, ingurugiro-baldintzak, billetearen materialak eta lekuko bakterio-florak, besteak beste, eragina dute. Oro har, bakterio Gram positiboak ohikoagoak dira diru-paperean, hori bai.
Hori guztia ikertzeko asmoz, Habip Gedik ikertzaileak eta bere lankideek Staphylococcus aureus, E. Coli eta Enterococcus feaecium bakterioen koloniak aztertu zituzten herrialde desberdinetako billeteetan. Jakina da herrialde bakoitzak material desberdinak erabiltzen dituela diru-papera egiteko eta horrek eragin garrantzitsua dauka bertan hazi -edo bizirik mantendu- daitezkeen mikroorganismoetan eta haien kopuruan. Europan erabiltzen diren euroen kasuan, nagusiki kotoia erabiliz eginda daude, beste hainbat osagaiez gain -baita plastikozko atalak ere-. Egun erabiltzen diren beste billete batzuk plastiko hutsez eginda ere egon daitezke. Plastikozkoen kasuan, bakterio gehiago aurki daitezke, plastikoan denbora luzeagoz iraun dezaketelako bizirik.
Gedik eta bere lankideen ikerketan jatorri desberdineko billeteak aztertu ziren. Horretarako, lehenik eta behin billeteak esterilizatu egin ziren izpi ultramoreak erabiliz eta ondoren bakterioak inokulatu zituzten, kantitate ezagunetan. Ikerketaren lehen zatian, 24 orduz bakterioak inkubatzen egon ziren eta, jarraian, billeteetan zeuden koloniak zenbat ziren hiru, sei eta hogeita lau ordu pasatakoan. Lehen zatian aztertutako billeteak Kroaziako kunak, dolar kanadarrak, dolar estatubatuarrak, Errumaniako leuak, errupia indiarrak, Marokoko dirhamak eta euroak izan ziren. Errumaniako leuetan hiru bakterioen hazkuntza gertatu zela ikusi zuten ikertzaileek eta Kroaziako kunetan, aldiz, bat bera ere ez. Errumaniakoa izan zen billete bakarra 24 ordu pasata mikroorganismoak mantentzen zituena. Euroen kasuan, hiru ordu pasata E. coli eta Enterococcus feaecium bakterioek bertan jarraitzen zuten eta sei ordu pasata E. coli arrastoak soilik detektatu ziren. Kasu honetan azpimarratu behar da ikerketan ez dela kontuan hartzen jatorrizko herrialdean egon daitekeen higiene-maila; izan ere, billeteak esterilizatu egin ziren esperimentuak egin aurretik. Azken batean, bakterio motak, denbora eta billetearen materiala dira aztertutako aldagaiak.
Ikerketaren bigarren zatian, Gedik eta bere taldeak bakterioen kutsatzea aztertu nahi izan zuen. Atal horretan Errumaniako leuak, euroak eta dolar estatubatuarrak bakarrik ikertu zituzten. Horretarako billeteak esterilizatu ziren eta bertan bakterioak inokulatu ziren. Billeteak lehortzen utzi ondoren, eskuak alkoholarekin desinfektatu zituzten hiru boluntariok billeteak ukitu zituzten 30 segundoz. Jarraian, hatzetan zeuden bakterioak aztertu ziren. Ikerketaren lehen zatitik espero zitekeen modura, Errumaniako leuen kasuan E. coli eta S. aureus bakterioen kutsadura gertatu zen billetetik boluntarioen hatzetara. Dolarren kasuan, kutsadura gertatu zen, baina, maila baxuagoan. Euroen kasuan, ez zen kutsadurarik gertatu.
Ikertzaileek ondorioetan aipatzen dutenez, diru-papera kotoi zuntzez eginda dago nagusiki -lihoa edo beste ehun-zuntzak ere izan ditzakete-. Zenbait kasutan, gainera, polibinil alkohola edo gelatina geruza bat izan dezakete gogortasuna handiago emateko. Bestalde, polimeroz egindako billeteak ere badaude egun. Errumaniako billeteen kasuan, horixe da ziur aski gertatu dena: billete errumaniarrek egitura polimerikoa dute eta bertan bakterioak errazago mantentzen dira, ikertzaileen arabera. Hortaz, polimeroetan oinarritutako billeteak dituzten herrialdeek ikerketa honen emaitzak kontuan hartu behar dituzte, ikertzaileek diotenez. Euroen kasuan, arriskua txikia da eta dolarren kasuan, aldiz, zertxobait handiagoa. Kroaziako kunen kasuan, ez zen behatu bakterioen hazkuntzarik, baina, ikertzaileek ez dute proposamen argirik hori azaltzeko.
Turkian 2017 eta 2018. urteen artean egindako beste ikerketa baten arabera, billeteen %81 bakterioz kutsatuta zegoen. Hamazazpi bakterio oso ohikoak ziren, horien artean Bacillus spp., S. aureus, estafilokokoak, enterokokoak, Enterobacter cloacae eta Acinetobacter bauumannii ugarienak izanik. Kasu horretan, zirkulazioan zeuden billeteen analisia egin zuten billeteak egoera errealean nola dauden jakiteko. Deigarria izan zen, bestalde, billeteen balioa zenbat eta handiagoa izan bakterio kopurua txikiagoa zela -balio gutxiko billeteak gehiago erabiltzen diren seinale-. Ikerketan aipatzen diren beste erreferentzien arabera, billeteen %70-97 bakterio eta birusez kutsatuta legoke eta, diotenez, jakina da kasu horretan ere polimeroz egindako billeteetan mikroorganismo gutxiago egon ohi direla -Gediken taldeak Errumaniako billeteetan aipatzen duen ondorioaren aurkakoa, bide batez-.
Turkiako ikerketaren egileek diotenez, billeteak gaixotasunen kutsadurarekin lotu daiteke eta horregatik ezinbestekoa da eskuak garbitzea billeteetan bakterioak ez metatzeko. Beste edozein gainazal ukitu ondoren gerta daitekeen bezala, higienea garrantzitsua da bakterioen zabaltzea saihesteko. SARS-CoV-2ari dagokionez, Europako Banku Zentralak esan du ez dagoela kutsadura arriskurik billeteen bitartez.
Gedik, Voss eta Voss-en ikerketari dagokionez, 2019ko Ekonomiako Ig Nobel saria irabazi zuten egindako lanarekin. Ig Nobel sariak Nobel sarien parodia modukoak dira, hasiera batean barregarriak diren ikerketei emandakoak, baina, gerora, asko pentsarazten duten ikerketak dira eta, noski, seriotasun osoa dute. Zientzia Kaieran Ig Nobel sarien beste adibide batzuk ere baditugu, ikerketei ikusgarritasuna emateko balio izaten dutenak. Batek daki Ig Nobel sariari esker billeteen osasun-segurtasuna hobetzeko metodoak garatuko ote diren.
Informazio gehiago:
Erreferentzia bibliografikoak:
Gedik, H., Voss, T.A., Voss, A., (2013). Money and transmission of bacteria Antimicrobial. Resistance and Infection Control, 2, 22. DOI: 10.1186/2047-2994-2-22
Demirci, M. et al., (2020). Should we leave the paper currency? A microbiological examination. Official Journal of the Spanish Society of Chemotherapy – Rev Esp Quimioter, 33(2), 94-102. DOI: 10.37201/req/085.2019
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Diru Zikina appeared first on Zientzia Kaiera.
SIR eredua: infekzioen hedapena matematikaren ikuspegitik
Eredu matematiko batek tresna matematikoak erabiltzen ditu bizitza errealeko fenomeno bat era abstraktu eta sinplifikatuan aztertzeko. Horretarako, fenomenoan agertzen diren magnitudeen arteko erlazioak formulazio matematiko baten bidez azaldu behar dira.
Eredu matematikoen erabilera eta arrakasta desberdina da zientzia batzuetan eta besteetan. Bistan da fisika oso matematizatuta dagoela, baina bizitzaren zientzien kasuan, aldiz, ez da izan hain agerikoa matematikaren presentzia. Batzuen ustez, biziari loturiko guztia konplexuegia da matematikaren eredu sinple eta abstraktuetara egokitzeko. Diotenez, matematika aplikatuaren XXI. mendeko erronketako bat horixe izango da: matematikaren erabilera handitzea biziaren zientzietan.
Hori esanda ere, aspaldi hasi ziren proposatzen zenbait eredu matematiko biologian, eta aurrerapen handiak egin dira azken aldian arlo horretan. Gaixotasun infekziosoetarako ereduak, esaterako, ez dira oraingoak eta hemen aipagai izango dugunak laster beteko ditu 100 urte: A Contribution to the Mathematical Theory of Epidemics artikulua 1927an plazaratu zen. William Ogilvy Kermack eta Anderson Gray McKendrick ziren egileak.

1. irudia: O. Kermack biokimikaria eta A. G. McKendrick epidemiologoa. (Iturriak: Royal Society eta University of Aberdeen, hurrenez hurren.)
SIR ereduaIzakien populazio bateko kideak hiru multzotan sailkatzen dira: kutsagaiak (S=susceptible), kutsatuak (I=infected) eta kutsaezinak (R=recovered). Kide bakoitza une bakoitzean talde horietako bakar batean dago. Baina batetik bestera igaro daiteke, norabide bakarrean, eskema honek erakusten duen moduan:
S → I → RBeraz, kutsagai bat kutsatu daiteke (S-tik I-ra pasatuko da) eta kutsatu bat senda daiteke edo hil (I-tik R-ra pasatuko da). Eredu horretan onartzen da immunitatea lortzen dela sendatu ondoren, eta ez dela berriro S-ra itzultzen.
Gaixotasunak hiltzen dituenak ere R multzoan sartu ditugunez, populazioa konstante mantentzen da orotara. Irakurlea konturatuko da ereduak sinplifikazio bat egiten duela, ez baititu kontuan hartzen jaiotzak, ez eta infekzioaz bestelako arrazoi bategatik hildakoak. Badaude kasu horiek ere kontuan izaten dituzten eredu konplexuagoak.
EkuazioakIzan bedi t denbora adierazten duen aldagaia eta S(t), I(t) eta R(t) multzo bakoitzean t unean dagoen kide kopurua. Aipatu ditugun arrazoiengatik, horien batura konstantea da. Izan bedi N populazioaren tamaina, hau da, S(t) + I(t) + R(t) = N da, t guztietarako. Ekuazioak idazteko, hiru funtzio horien aldaketaren abiadura formulatu behar da. Abiaduraren adierazpen matematikoa deribatua da.
Hauek dira SIR ereduaren ekuazioak:
Kutsagaiak eta kutsatuak elkartzen direnean, S taldeko batzuk kutsatu egingo dira. Kutsatzeko arriskua S eta I taldekoen elkartzeen araberakoa denez, SIR ereduaren hipotesia da haien topaketak S eta I-ren biderkaduraren proportzionalak direla. Eta bada faktore bat, transmisio-tasa, horrekin biderkatu behar dena, kutsagaien aldaketaren abiadura emateko. Tasa hori a/N idatziko dugu, eta horregatik agertzen da ekuazioetan gaia, horrek adierazten baitu S-tik I-ra igarotzeko abiadura. Prozesuan kutsagaiak gutxitu eta kutsatuak handitzen direnez, S’-rako negatiboa da eta I’-rako, berriz, positiboa.
Beste alde batetik, I-tik R-ra joango dira sendatu edo hiltzen direnak. Zenbat doazen neurtzeko, berreskuratze-tasa bat dugu eta hori kutsatu kopuruarekin biderkatu behar da. Horregatik dugu gaia ekuazioetan; negatiboa da I’-rako, kutsatuak gutxitzen dituelako, eta positiboa R’-rako, kutsaezinak handitzen dituelako.
Ekuazioak ebatzi ahal izateko, hasierako datuak behar dira, hau da, t = 0 unean talde bakoitzean dagoen kide kopurua. Pentsa dezakegu hasieran I(0) = 1 dela (zero pazientea), baina bat baino gehiago ere izan daiteke. Gainera, S(0) > 0 izango da, kutsagaiak behar baititugu infekzioa heda dadin.
Ekuazioen soluzioakEz dago ekuazioen soluzio zehatza kalkulatzerik. Hori, ordea, ez da arazoa, ordenagailuz soluzio hurbilduak eman baitaitezke. Baina ekuazio-sistema ebatzi barik ere, soluzioen zenbait propietate kualitatibo lortzeko tresnak ditu matematikak.
Horrela, ikusten da soluzioen portaera a/b zenbakiaren araberakoa dela. Hori da R0 zenbakia edo oinarrizko birsorkuntza-tasa, kasu honetan. Baldin R0 > 1 bada, infekzioa hedatzen hasiko da, eta R0 < 1 bada, aldiz, ez. Dena dela, oinarrizko balio horrek hasieran eragina badu ere, aurrerago hobe da birsorkuntza eraginkorraren tasa erabiltzea, aS(t)/Nb. Hasierako S(0) eta N ia berdinak direnez, R0-ren ia berdina da t = 0 denean, baina gero txikituz doa S-rekin batera.
Ekuazio formalak idaztea erraza den arren, arazo bat da hor sartu behar diren a eta b parametroen balioak ondo aukeratzea. Bigarrena, nolabait, gaixoek berreskuratzeko zenbat denbora behar duten aztertuta erabaki daiteke. Aitzitik, a-ren balioa ematea zailagoa da. Hutsetik abiatzen bagara, balio hori ezezaguna da eta behatu behar da zein den hasierako kutsatze-erritmoa. Batzuetan, beste lurralde bateko datuak edo beste garai batekoak erabiltzen dira, baina horiek informazio okerra eman dezakete. Gainera, eredu sinplifikatu honek a eta b konstante mantentzen ditu denboran zehar, baina praktikan neurriak har daitezke balio horiek aldatzeko.

2. irudia: SIR ereduaren soluzio posible bat: S berdez, I laranjaz, R urdinez. (Iturria: Wikipedia)
Edozein kasutan, ekuazioen ondorio bat da I(t) balioak 0-rantz jotzen duela denbora handitu ahala, hau da, kutsatuak desagertu egiten direla. Hain zuzen ere, ekuazioen azterketak erakusten du infekzioa hedatzeko atalase-balio bat dagoela. Kutsagaien kopurua balio horretatik behera badago, infekzioa ez da zabaltzen. Beraz, kutsatuak desagertuko dira, nahiz eta kutsagaiak geratu. Datu errealekin ez da ikusten atalase bat dagoenik, eta eredu matematikoa funtsezkoa izan zen halako ondorio batera heltzeko.
Beste alde batetik, I(t) funtzioa balio maximo batera heltzen da eta gero beherantz hasten da, berriro igo barik. Hau da, piko bakarra du. Berriro ere eredu matematikoak erakusten duen propietate bat da. Hala ere, kontuan izan eredua oso sinplea dela eta batzuetan errealitatea desberdina izan daitekeela.
Esku-hartze publikoaEreduak erakusten du infekzioaren hedapena moteldu daitekeela, birsorkuntza eraginkorraren tasaren gainean eraginda. Birusetarako, ekintza hauek aipa ditzakegu:
- Gutxitu gaixotasun-denbora botikekin.
- Gutxitu kutsagaiek kutsatuekin izan ditzaketen harremanak, isolamendu-neurrien bidez.
- Gutxitu transmisio-probabilitatea eskuak askotan garbituz eta maskarak erabiliz.
- Gutxitu hasierako S(0) balioa txertoen bitartez.
Ezagunak egiten zaizkigu, ezta? Irakurleak pentsa dezake Covid-19 gogoan idatzitako aholkuak direla horiek. Bada ez, 2013ko dibulgazio-artikulu batetik hartu ditut eta gripeaz ari da egilea. Ekuazio matematikoen soluzioen bilakaera du gogoan, birsorkuntza eraginkorraren tasa jaisteko moduak baitira a eta S(t) gutxitzea eta b handitzea.
Txertoen eraginaAurreko aholkuen artean zegoen txertoen aukera ere. Horrek hasierako kutsagaien kopurua gutxitzen du eta birsorkuntza eraginkorraren tasa a(1-p)/b bihurtzen du, non p den txertatuta dagoen populazio totalaren frakzioa, txertoaren eraginkortasuna ere kontuan hartuta. Adibidez, populazioaren % 70 txertatuta badago eta txertoak % 90eko eraginkortasuna badu, p = 0.63 izango da. Ezin izaten da populazio osoa txertatu eta, gainera, eraginkortasuna ez da % 100 izaten, beraz, p da.
Hortaz, a eta b parametroen balioen arabera, kalkula daiteke populazioaren zer proportzio txertatu behar den infekzioaren hedapena ekiditeko (edo asko apaltzeko). Helburua da kutsagaien kopurua lehen aipatu dugun atalase-baliotik behera egotea hasieratik. Hori eginez gero, talde-immunitatea lortu dela esaten da. Txertatu barik daudenentzat ere onuragarria da talde-immunitatea, eta horrek mesede egiten die txertoen aurka daudenei, noski. Aitzitik, populazioaren zati handi bat txertoen aurka badago, talde-immunitatea hasieratik lortzeko aukera galtzen da.
Beste eredu batzuk
“Eredu guztiak oker daude, baina batzuk erabilgarriak dira”, zioen George Box estatistikari britainiarrak. Errealitatea hainbeste sinplifikatzen denez, beti egongo da aldea matematikak aurresaten duenaren eta benetan gertatzen denaren artean. Garrantzitsuena, hala ere, Boxek aipatzen duen erabilgarritasuna da. Lan batzuek erakutsi dute SIR eredua, bere sinpletasunean, ondo egokitzen zaiela gertaturiko zenbait epidemiari. Hala ere, gertatu eta gero errazagoa izan daiteke egokitzapena, ekuazioen parametroak hobeto kontrolatzen direlako.
Dena dela, SIR eredua ez da bakarra, eta bertsio garatuagoetara jotzen da batzuetan. Talde gehiago sartu barik, aldaera hauek aipa ditzakegu:
- Dinamika bitala kontuan hartzea: jaioberriak S taldean sartzen dira; infekzioa ez den beste arrazoiengatik hildakoak gertatzen dira talde guztietan.
- SIS eredua: ez dago immunitaterik. Kutsatuak sendatu eta gero, berriro S taldera doaz.
- SIRS eredua: immunitatea denbora baterako da. R-tik berriro S-ra igarotzen dira, baina ez berehala.
Beste eredu batzuetan talde berri bat edo gehiago agertzen dira. Zehazki, hauek har daitezke kontuan:
- E (exposed): inkubazio-aldian dauden kideak. Kutsatuta daude, baina oraindik ez dute infekzioa transmititzen.
- M (maternally derived immunity): jaioberriak immuneak dira denbora baterako, amaren antigorputzei esker.
- D (deceased): infekzioak hildakoak. Hauek R taldetik ateratzen dira; R-n bakarrik geratzen dira gaixotasunetik bizirik irten direnak.

3. irudia: SEIRD eredu baten eskema. (Iturria: Comsol)
Horiek kontuan hartuta, era honetako ereduak proposatu dira: SEIR, SEIS, MSIR, SIRD, SEIRD, MSEIR, MSEIRS… Ereduen izenek argi erakusten dute bakoitzean zer talde sartzen diren eta zein diren talde batetik bestera igarotzeko bideak. Ekuazio gehiago eta beste zenbait parametro behar dira, noski.
Gehiago jakiteko:
Informazio ugari aurki daiteke sarean gaiari buruz. Hona hemen zenbait iturri:
- Compartmental models in epidemiology artikulua ingelesezko Wikipedian.
- Howard Weiss, The SIR model and the foundations of public health, MATerials MATemàtics, volum 2013, treball no. 3, UAB, Bartzelona.
- Herbert W. Hethcote, The mathematics of infectious diseases, SIAM Review, vol. 42, no. 4, (2000).
- Ridenhour, J. M. Kowalik eta D. K. Shay, El número reproductivo básico (R0): consideraciones para su aplicación en la salud pública, American Journal of Public Health, vol. 108, no. S6, (2018).
- Covid-19 gai duen artikulu bat: Ed Fontes, Modeling the Spread of COVID-19 with COMSOL Multiphysics, COMSOL blog, 2020-04-07.
——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.
——————————————-
The post SIR eredua: infekzioen hedapena matematikaren ikuspegitik appeared first on Zientzia Kaiera.
Hirian mugitzeko moduak

Irudia: Hiri bateko mapa. (Argazkia: S. Hermann & F. Richter – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Bestalde, erreferentziazko hiru hiri eredu identifikatu dituzte. Lehena sare itxurakoa da, geometria lerrozuzeneko sare batean antolatutako hirien bereizgarria; batez ere, Amerikan diseinatu ziren, auto partikularrak gorenera iritsi aurretik. Bigarrena Erdi Arokoa da. Kaleen antolamendua irregularra da, eta elkargune ugari ditu; elkargune horietan, perpendikularrak ez diren bideak elkartzen dira. Europako hiri historiko askoren bereizgarria da. Hirugarrena “kale itsu” (cul-de-sac) delako eredua da; bihurgune, lotura eta irteerarik gabeko bide asko ditu; XX. mendearen bigarren erdialdeko hirien diseinu bereizgarria da, batez ere Ipar Amerikan.
Sare itxurako ereduaren ezaugarri nagusia da nodo edo bidegurutze ugari dituela, eta nodo horietan bide mordoa elkartzen dela. Eredu horrek, oro har, konexio ugari ditu, eta irteerarik gabeko bide oso gutxi, kale itsuko hiriek ez bezala. Erdi Aroko ereduak ere bidegurutze asko ditu, baina ez dago nodo asko, eta ez dira bide asko elkartzen nodo horietan. Sakabanatze maila oso txikia da sare itxurako ereduan, zertxobait handiagoa Erdi Arokoan, eta dezente handiagoa kale itsukoan, barne konektibitate oso txikia baitu.
Kaleak hobekien konektatuta dauzkaten hiriak Hego Amerikakoak dira; sare itxurako hiri eredu asko daude, Espainiaren kolonizazioaren ondare. Uruguai, Paraguai eta Argentina dira sakabanatze maila txikiena duten herrialdeak. Japonian, Hego Korean, Europako zati handi batean eta Afrika iparraldean ere badaude hiri barneko lotura maila handi samarrak (Erdi Aroko ereduaren bereizgarri). Sakabanatze mailarik handiena Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Irlandan eta Norvegian ikusten da. Asiako hego-ekialdean eta hegoaldean ere badira hiri konektibitate txikia duten herrialdeak. Jakartan edo Manilan, esaterako, asko dira sarrera mugatua duten klase ertaineko auzoak, krimenaren beldur direlako, zerbitzu publikoak eraginkorrak ez direlako eta lurzoruaren erabileraren erregulazioak ahulak direlako. Ez dute sarbide librea ahalbidetzen, eta, hain zuzen ere, konektibitate urri hori estratifikazio soziala eta espazioen erabilera esklusiboa bilatzen duen estrategia baten parte da.
Hiri egiturak eragina du hirian zehar mugitzeko dugun moduan. Hiri baten barruan, zenbat eta handiagoa izan konektibitatea, orduan eta auto gutxiago egongo da etxe bakoitzean; halaber, jende gehiagok aukeratuko du oinez eta bizikletaz mugitzea. Biztanleriaren dentsitateak ere eragina du magnitude horietan: auto gehiago eta oinezko gutxiago daude dentsitate txikiagoko hirietan. Horregatik, horrelako azterlanek konektibitatea hobetzeko erabakiak hartzen lagundu dezakete, eta, horrela, ibilgailu partikularra alde batera uzteko aukera ematen duten joan-etorriak sustatu, eta kutsadurari, osasun publikoari eta trafiko segurtasunari mesede egin.
Erreferentzia bibliografikoa:
Barrington-Leigh, C,, Millard-Ball, A., (2019). A global assessment of street-network sprawl. PLOS ONE 14 (11), e0223078. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0223078
The post Hirian mugitzeko moduak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #306
Imperial Collegeko (Londres) ikertzaileek ondorioztatu dute pandemiaren eragina apaltzeko Europako hamaika herrialdetan hartutako neurriei esker 3,1 milioi heriotza eragotzi direla. Elhuyar aldizkariak kontatu digunez, Kaliforniakoa Unibertsitatean ere egin duten ikerketa batean antzeko ondoriora iritsi dira, hau da, neurri ez-farmazeutikoak eraginkorrak direla birusaren transmisioa eteteko.
COVID-19 gaitzari buruz datu batzuk badakizkigu jada, SARS-CoV-2 birusak duen itxura, kasu. Badakigu birusaren S proteinak gure ehunetako zelulekin lotu eta haiek infektatzeko behar dituen giltzak direla. Eta horrekin lotuta, ACE2 izeneko proteina aipatu beharko genuke, hori delako birusek gure zelulen gainazalean aurkitzen duten sarraila. Ildo honi jarraiki, ikerketa batek irtenbide bat proposatu du, izan ere ACE2 entzima Covid-19 gaixotasunaren sendabidearen giltza izan litekeela ondorioztatu da.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatuak azkar atzemateko eta kutsatuekin harremana izan dutenen jarraipena egiteko sistemak eta taldeak abiatu dituzte berriro. Nolakoak dira garatu dituzten estrategiak? Berrian aurkituko dituzue xehetasunak.
Zientzialariak txerto bat ikertzen hasten direnetik produktua merkaturatzen den arte gutxi gorabehera hamar urte igarotzen dira. Aldiz, SARS-CoV-2 birusaren aurkako txerto bat garatzeko prozesua askoz bizkorragoa izaten ari da. Artikulu honetan, herrialde ugari ikertzen hasi diren txerto motak azaldu dituzte. Berrian duzue informazio guztia irakurgai.
Aste honetan Espainiako Gobernuak argitaratu ditu Estatu mailan egindako bigarren txandako seroprebalentziaren datuak, Berrian irakur daitekeenez. Hego Euskal Herrian antigorputzen prebalentziaren batez bestekoa %5ekoa da. Hilkortasun-tasari dagokionez, populazio guztia kontuan hartuz, %1,3 ingurukoa omen da (gripearekin konparatuz, hamar aldiz altuagoa). Horretaz gain, ikusi da sintomarik gabekoen presentzia handia dela.
Bizialdia luzatzeko eta osasuntsu egoteko modurik eraginkorrena kaloriak murriztea da. Bada, ikerketa batek hori zalantzan jarri du kasu guztietan ez baita bi ezaugarri horiek aldi berean lortzen. Hau da, bizitza luzatzeak ez du zertan osasun hobea ekarri. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu ikerketaren nondik norakoak.
UPV/EHUko ikertzaileek elkarrekintza aurkitu dute birus-infekzioen eta I motako diabetesa garatzeko arriskua ematen duen gene ez-kodetzaile baten artean. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, hain zuzen, gene horrek eragina du intsulina ekoizten duten zeluletan, eta frogatu dute birus-infekzio batek zelula suntsitzera eraman ditzaketen prozesuak aktiba ditzakeela.
MaterialakIzurriaren kariaz, eskularruak gure egunerokotasunean erabiltzen hasi gara. Latexa eta nitriloa hitzak entzuten ari gara, baina badakigu zer diren material horiek? Noiz hasi zen eskularruen erabilera? Historian zehar eskularruek egin duten ibilbidea laburtuta duzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!
Emakumeak zientzianHelen Czerski fisikaria eta ozeanografoa da eta zientziaren dibulgazioan lanean dihardu. Londresko University Collegen (UCL) atmosferaren eta ozeanoaren arteko lotura du ikergai. Zientzia dibulgatzailea ere bada; Czerskik bere lanaren bidez erakutsi nahi du fisika guztion eskura dagoela eta, batez ere, alor hau inguratzen duten topikoekin amaitu nahi duela behin betiko. Ez galdu emakume honen ingurukoak!
ArkeologiaAntzinateko okre gorria oso preziatua zen. Greziarrek horri miltos deitzen zioten eta hain zuzen ere hori izan dute ikergai zenbait zientzialarik. Adibidez, ikusi dute laginetako batzuek berun kantitate handiak zituztela eta horrek azaltzen du, Kea uharteko okre gorria zergatik erabiltzen zen itsasontzietan. Halaber, landatutako landareetan gaixotasunak galarazteko ere erabiltzen zutela ikusi dute. Informazio guztia artikuluan.
BiologiaYellowstoneko (AEB) parke naturalean modu kontrolatuan sartu zuten hainbat otso ale 1995ean bertako ekosistema kontrolatzeko. Hori izan dute ikergai zientzialariek orain eta berretsi dute harrapakariek belarjaleen populazioen gainean egiten duten kontrolari esker, bertako zuhaitz zaurgarriak berreskuratzen ari direla. Gaia sakontasunean artikulu honetan.
FisiologiaHibernazioarekin lotura zuzena duten neurona-multzo bat identifikatu dute hipotalamoan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan, zientzialariek ikusi dute neurona horiek aktibatzean gorputz-tenperatura eta metabolismoa jaitsi egiten direla, eta hibernazioaren antzeko egoeran sartzen direla. Horrekin batera, beste ikerketa batek ezagutzera eman du hipotalamoko neurona-populazio batek erregulatzen duela hibernazioa saguetan.
GenetikaGeorge Floyd-en hilketaren ondorioz, AEBtan arrazismo estruktural eta instituzionalaren aurkako altxamendu bat gertatu da egunotan. Ildo horri jarraiki, melaninaz aritu zaigu honetan Koldo Garcia. Genetikariak azaltzen duenez, gizakiotan MC1R geneak ezartzen du zein melanina mota (argiagoa edo ilunagoa) ekoiztu behar den melanozitoetan.
Genetikak ikertzen duen lengoaiari heldu dio testu honetan, hau da, DNAri buruz mintzatu da. Badakizue zer den, zeintzuk diren bere osagaiak, eta zeintzuk bere berezitasunak eta ezaugarriak?
Gene-lengoaian lau hizki daudela badakigu jada baina ezagutzen al ditugu lau hizki horiekin sortzen diren patroiak eta egiturak? Eta bide batez, horiek nola interpretatzen dira? Testu bi hauetan, Garcia horri guztiari buruz mintzatu da. Ez galdu!
Gene-lengoaiaren alorrari amaiera emateko, azaldutako guzti hori biltzen duen testuinguru bat dugu: eboluzioa. Eta azken hori ulertu ahal izateko, beharrezkoa da gene-lengoaia ulertzea ezinbestean.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #306 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #310
Eta bakterio-komunitateek memoria balute? María Girbések asalten du Bacterial communities can store memories
Material berrien diseinuan, deskripzioan eta fabrikazioan modu guztiz kreatiboan baliatzen dituzte neutroiak BCMaterialsen. Publiko orokorrarentza guztiz ezezaguna den alor hau ezagutarazteko laburpena egin dute: Neutron sciences as an essential tool to develop ‘materials for a better life’
Tentsore txikiagoen sareetan tentsore handien faktorizazioak baino ez dira sare tentsorialak. Konputaziotik hasi eta linguistikara, disziplina askotan elkarrekin lotutako gorputz askoren sistemei heltzeko modua dira. Egoera solidoaren fisikan garrantzia hartzen ari da eta DIPCk horretan dabil lanean: Introducing fine-grained tensor network methods
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #310 appeared first on Zientzia Kaiera.
Otsoak dira partida honetako arbitro nagusiak
Zientzia harrigarria da ekologia, baina baita eremu labainkorra ere: ekologoek jakin badakite ekosistemak arras konplikatuak direla, eta askotan, horiek ulertzeko ezin daitekeela logika hutsa erabili. Gauza bat da errealitatean gertatzen denari buruzko eskema teoriko bat marraztea, eta, beste bat, benetan naturan bertan gertatzen dena ikustea. Modu horretan, askotan, gizakiek egindako esku-hartzeek aurreikusi ez diren ondorio latzak izan dituzte.

1. irudia: Otsoa harrapakari apikala da, eta, horren desagerpenak kate trofiko osoan eragin nabarmena izan dezake. Hala gertatu da Yellowstonen. (Argazkia: Michael Larosa / Unsplash)
Tartean harrapakari handiak badira, are tentu handiagoz ibili beharra dago. Yellowstoneko (AEB) parke natural ezagunean horrela ibili dira otsoaren kudeaketarekin. Duela mendebete inguru, jakin badakigu zer nolako kudeaketa zen ohikoena. Patari arriskutsutzat jotzen zen animalia, eta 1926an ehiztariek azken saldoa akabatu zuten. Baina, orduan, gauzak okertzen hasi ziren. Harrapakaririk gabe, oreinak (Cervus canadensis, batez ere) nagusitzen hasi ziren, eta landareek animalia hauen gainpopulazioaren eragina nozitu zuten. Otsoak hil izanagatik, gizakiak oreinak akabatzeari ekin behar izan zion. Kate trofikoaren oreka hauskorra birrinduta zegoen.
Denbora berrien adierazle, 1995ean berreskuratu zuten harrapakaria Yellowstonen, modu kontrolatuan parkean hainbat otso ale sartuz. Otsoa tartean dagoenean gertatu ohi den modura, polemika egon zen; baina, hala eta guztiz ere, parkeko arduradunek aurrera jotzea erabaki zuten. Orduan, gauzak pixkanaka berriro aldatzen hasi ziren. Asko idatzi eta hitz egin da esku-hartze horren inguruan, baina, funtsean, horrelakoa izan ziren lerro nagusiak: otsoen bueltatzeak oreinen populazioak aldarazi zituen, eta horiek belar eta zuhaitz hosto gutxiago jan zituzten. Landarediaren berreskurapenak ibaien inguruko ekosistemak aberastu zituen, bereziki ur hegaztien eta kastoreen mesedean. Koioteen populazioek ere behera jo zuten, eta horri ugaztun txikien onerako izan zen, eta baita ugaztun hauetaz elikatzen diren hegaztientzako ere.
Hasieran, otsoek lan erraza izan zuten, 50 urte inguruz harrapakaririk gabe egon gabe, oreinak ez zirelako izutzen otsoen aztarnak atzematean. Baina ikertzaileek ondorioztatu zuten ere oreinek arin ikasten zutela; adibidez, otsoek hildako kumeen amak askoz zuhurragoak bihurtzen ziren otsoen zantzuak sumatzean. Ohitu arren, otsoen eragina nabaria izan zen. Kalkulu baten arabera, otsoa sartu baino lehen 20.000 bat orein zeuden parkean, baina 2019an 5.000 inguru besterik ez zituzten zenbatu .
Dena dela, zuhur jokatu beharra dago. Askotan, ez baitago argi horrelako aldaketa handiak benetan horrelakoak diren ala pertzepzioen araberakoak ote diren. Izan ere, otsoen berreskurapenarena istorio polita da, hedabideetan eta dokumentaletan erraz zabaltzen den horietakoa. Horregatik, bereziki halako istorio mediatikoen inguruan aritzen direnean zientzialariek oso datu ziurrak behar dituzte.

2. irudia: Bisonteak eta oreinak bereziki udan biltzen dira landareak jateko. Belarra ez ezik, zuhaitzen hosto eta adaxkak jaten dituzte. (Argazkia: Luke Painter / Oregon State University)
Horixe egin berri dute oraingoan. Bide batez, kontserbazionisten artean zegoen aspaldiko eztabaidari amaiera eman nahi izan diote. Yellowstoneko iparraldeko zenbait lekutako ibaietan egon den aldaketa kuantifikatzen saiatu dira ikertzaileak. Egiaztatu ahal izan dutenez, West Blacktail Creek izeneko eskualdean ibai ertzeko hainbat espezie berreskuratu dira. Bereziki zumeak (Salix spp.) eta makalak (Populus spp.) dira hoberen berreskuratu diren zuhaitzak. Horien tamaina handitu da, duela hamarkada batzuk zeuden zuhaitzekin alderatuta, eta estaldura gehiago eskaintzen dute gehienetan. Oregongo Estatuko Unibertsitateko ikertzaileek berretsi dituzte aspaldiko susmoak, eta Ecosphere aldizkarian eman dute horren berri.
Besteak beste, Walking Shadow Ecology taldekoak ibili dira zeregin horretan. Sei urteko zenbaketa burutu dute parkeko erreken inguruan biltzen diren landareak zenbatzen. 14 espezietako 40.000 landare inguru jaso dituzte bertan, eta, parkean gora eta behera, orotara 6.000-8.000 kilometro inguru egin dituztela kalkulatu dute. Ordenagailu bidezko simulazioak jaun eta jabe diren garai batean, ez da, ba, lan makala egin dutena. Biologo askok eskatzen duten bota-biologiaren aldarrikapen ederra izan da.
Alde nabarmena aurkitu dute larre hezeetan hazitako eta erreken inguruetan hazitako zuhaitzen artean: larreetakoak beren horretan mantendu diren bitartean, erreken albokoak dezente handitu dira, bi metro baino gehiago hartuz.
Luke Painter ekologoak prentsa ohar baten bitartez adierazi duenez, zientzialarien arteko eztabaida egon da gaiaren bueltan, ez baitzegoen argi harremana norainokoa zen. Baina, oraingo datuak eskura, lotura frogatzeko moduan daudela uste dute. “Gure emaitzek erakusten dute azken bi hamarkadetan Yellowstoneko iparraldean oreinek egindako kimakaritzaren gutxitzeak ahalbidetu duela leku askotan zumeak gehiago haztea, klima beroa eta lehorra izan arren”, laburbildu du Painterrek. Ekosistemen lehenengoratze pasiboaren adibidetzat jarri dute urte hauetan guztietan gertatutakoa.
Beste leku batzuetan, berriz, zuhaitzak ez dira berreskuratu, bertan bisonteak (Bison bison) daudelako, eta horiek kimakari lanak egiten dituzte, zuhaitzen kaltetan. Belarjale askorik gabeko eremuetan zuhaitzek hiru edo lau metrora arteko garaiera hartu duten bitartean, bisonteak dauden lekuetan, berriz, 120 zentimetrotik behera mantendu diren zuhaixkak baino ez daude.
Ohartarazi dute oreinen kontrola ez dela soilik otsoen kontua izan, bestelako harrapakari eta ehiztariak ere jardun horretan ibili direlako, baina otsorik gabe hau ez zela gertatuko nabarmendu nahi izan dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Painter, L. E., Tercek, M. T., (2020). Tall willow thickets return to northern Yellowstone. Ecosphere, 11 (5), e03115. DOI: 10.1002/ecs2.3115
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Otsoak dira partida honetako arbitro nagusiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Helen Czerski (1978) eta fisikaren magia egunerokotasunean

Irudia: Helen Czerski fisikaria hitzaldia bat ematen. (Argazkia Benjamin Ellis – CC BY-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)
Helen Czerski fisikaria eta ozeanografoa da eta zientziaren dibulgazioan lanean dihardu, hots, fisika ere gure inguruan dagoela erakutsi nahi du. Haren esanetan, beharrezkoa da alor honi buruz dugun ikuspegia zeharo aldatzea; izan ere, eta hainbatetan azaldu duenez, “ideia zientifiko handiak inguruan ditugun objektu txikietan ezkutaturik daude“. Gainera, argudiatzen du gure etxean aurki dezakegun edozein objektuk balio duela esperimentuak egiten hasteko: arrautzak, te kikara bat edo mahaitik erortzen zaigun ogi txigortua, adibidez. Argi dago fisika eskura dugun zientzia dela eta harekin jolastea ezinbestekoa dugula hura ulertzeko.
Burbuilak eta ozeanoaZientzia dibulgatzailea izateaz gain, Czerski ikertzailea da Londresko University Collegen (UCL). Bertan, atmosferaren eta ozeanoaren arteko lotura du ikergai. Zehazki, ozeanoaren burbuilak eta euren optika eta akustika, eta itsasoaren eta airearen arteko gas transferentzia aztertzen ditu. Iaz, dozenaka zientzialarirekin batera, Artikora bidaiatu zuen, planeta zergatik gaixotzen ari den argitzeko xedez. Halaber, BBCk eskaintzen dituen zientzia-programa eta dokumental ugariren aurkezlea ere bada. Oro har, fisikari buruzkoak dira, zehazki, zientzia atmosferiko eta ozeanikoaren gainean aritzen da horietan.

2. irudia: Helen Czerski zientzialaria Londreseko University Collegeko bere bulegoan. (Argazkia: UCL Engineering – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr)
Czerski 1978an jaio zen, Altrincham hirian, Manchesterretik gertu. Txikitatik, matematikak eta, bereziki, fisika laket zitzaion. Haren familiak mundu hori arakatzeko beharrezkoa zuen jakin-mina piztu zion; bereziki, haren ama izan zen bultzatzaile nagusia, programatzailea izanda, inspirazio iturria izan zen bere alabarentzat. Cambridgeko Churchill Collegen lizentziatu zen ozeanografo ingelesa. Urtebete geroago, lehergai esperimentalei buruzko fisikako doktoretza ikasi zuen. Ikasketak amaitu ostean, egindako esperimentuak haren inguruan aplikatu ahal izateko ikerketa lerro bat bilatzen saiatu zen. Une hartatik aurrera, burbuila eta ozeanoak izan ziren haren ikerlanen erdigune. Lehenik, Ozeanografiako Scripps Erakundean hasi zen lanean (AEB). Hori gutxi balitz bezala, doktoretza-ondoko bat egin zuen, eta Erresuma Batura itzuli zenean, burbuila ozeanikoen fisikari buruzko ikerketa programa propio bat abiatu zuen, lehenik Southamptoneko Unibertsitatean, eta ondoren, University Collegen.
“Eta zertarako balio du horrek?”Czerskik, hitzaldi batean, fisikaren inguruan dugun pertzepzioa eta irudia ulertzeko balio duen anekdota bat kontatu zuen. Unibertsitatean zegoenean, haren amonaren etxean ikasteko ohitura zuen. Behin, mekanika kuantikoa ikasten ari zela, haren amonak txundituta begiratu eta honako hau bota zion: “Eta zertarako balio du horrek?”. Galdera horrek islatzen du gehienok pentsatuko genukeena fisikako artikulu edo azalpen-testu bat irakurtzean. Horregatik, Czerskik bere lanaren bidez erakutsi nahi du diziplina hau guztion eskura dagoela eta, batez ere, alor hau inguratzen duten topikoekin amaitu nahi duela behin betiko: fisika ez da ezinezkoa, fisika gure artean dago, eta ondo dago horren gaineko ikusmina izatea. Dibulgatzaile gisa egindako lanari dagokionez, ideia hori indartzen duten bi liburu argitaratu ditu: Storm in a Teacup (2016) eta ¿Por qué a los patos no se le enfrían los pies? (Paidos-2017). Lan horri esker, Kelvin saria irabazi zuen duela bi urte, gure egunerokotasunean fisikaren alde egiteagatik.
Oro har, fisikarekin jolastera eta hori esploratzera animatzen gaitu Czerskik. Aipaturiko liburuan, ¿Por qué a los patos no se le enfrían los pies?, argitzen du jolasean ari zela egindako aurkikuntzak izan direla pozgarrienak harentzat, hain justu zientzia egiten ari ez zen uneetan. “Fisikako oinarrizko ezagutza edukiz gero, jostailuen kutxa moduko bat bilakatzen da mundua”, dio.
Era berean, ikuspegi berri bat irakatsi nahi digu ikertzaileak: edertasunak badu lekua zientzian, ezagutzan eta egiten diren esperimentuetan. Hain zuzen, Richard Feynman fisikaria saiatu zen ideia hori bera azaltzen, 1981ean BBCn egindako elkarrizketa batean, Antonio Martínez Ron kazetariak artikulu honetan bildu duena, alegia. Feynmanek kontatzen duenez, bere lagun artista batek zioen berak lore baten edertasuna erraz ikus zezakeela, aldiz, zientzialari bat ez zela hori egiteko gai izango, “dena desmuntatu eta interesik gabeko gauza batean bihurtuko lukeelako ezinbestean”. Fisikariak gaineratu zuen ez zegoela ados ideia horrekin, ezagutzari esker askoz gauza gehiago ikus zitzakeelako, hala nola, lorearen zelulak imajinatu eta egingo lituzkeen ekintzak ulertu. Bukatu zuen esanez, zientziari esker objektuen edertasuna biderkatu egiten dela. Czerskik bat egiten du iritzi horrekin eta gaineratzen du zientzia dibertigarria ere badela, gure kabuz mundu fisikoa ikertzeko behingoz beldurra kentzen badugu, bederen.
Iturriak:
- Helen Czerski-nen webgunea
- Dr Helen Czerski: “We need to improve the attitude that society has about science and that science has about society”, The Scientific23
- Helen Czerski, What’s happening to our weather? The answers are hiding in Arctic air, The Observer, 2018ko irailaren 1a.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Helen Czerski (1978) eta fisikaren magia egunerokotasunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Covid-19 eta ACE2 proteina: Eta sarraila bera balitz sendabidearen giltza?
Munduko potentzia handienen egitura sozial, ekonomiko eta politikoak astindu dituen izaki mikroskopikoak daukan itxura dagoeneko denok ezagutzen dugu gutxi gorabehera. Haren senide diren beste koronabirusek bezala, SARS-CoV-2ak koroa itxura daukala esaten da, mintzean dauden galburu itxurako egiturak direla eta. Spike edo S proteina horiek birusak gure ehunetako zelulekin lotu eta haiek infektatzeko behar dituen giltzak dira. Munduan hainbat laborategi gogor ari dira lanean birusaren aurkako txertoa lortzeko, eta gehienek S proteina aukeratu dute itu gisa. Baina birusaren giltza neutralizatzea helburu duten ikerketez gain, mahai gainean jarri dira beste alternatiba osagarri batzuk.
Antzekoak dira gizakia eraso duten bi SARS-CoV birusak, alegia, mende honen hasieran Asiako ekialdean arnas sindrome akutu larriaren (SARS) epidemia eragin zuen SARS-CoV eta gaurko SARS-CoV-2. SARS-arekin dagoen esperientzia oso lagungarria izan da Covid-19 gaixotasuna ulertzeko. Bi birusen giltzek gure zelulen gainazalean aurkitzen duten sarraila ACE2 izeneko proteina da (Angiotensin-Converting Enzyme 2). Baina SARS-CoV-2aren giltza beraren senidearena baino hobeto sartzen da sarrailan, errazago zabaltzen ditu zelulen ateak eta, ondorioz, infekzio probabilitatea handitzen da eta birusa kutsakorrago bilakatzen da. Lehenengoak epidemia larria sortu zuen, bigarrenak pandemia eragin du, eta hau izan liteke arrazoietariko bat.
Gure ehunetan ACE2ak daukan kokapenak Covid-19 gaixotasunaren ezaugarriak ere ulertzen laguntzen digu. Biriketako albeoloak mahats-sortak bezala batzen dira biriketan, baina horrela ez dirudien arren, azalera handia daukate (75m2 inguru). Azalera horretan barreiatuta ACE2 topa daiteke eta horrek azaldu lezake zati batean birikek daukaten sentikortasuna birusaren inbasioarekiko eta horren ondorioekiko. ACE2 heste-mukosan ere aurkitzen da, azalera handia duen beste ehun bat, eta dakigunez, pazienteen herenak tripetako ondoeza eta beherakoak erakusten ditu. Giltzurrunek, odol-hodiek, nerbio-sistemak eta beste ehun batzuek ere ACE2 adierazten dute, horregatik izan litezke askotarikoak gaixoetan deskribatutako zeinu eta sintomak.

1. irudia: RASren eskema laburtua. RASko hormona ezagunena ACE entzimak ekoizten duen angiotensina II da. Hormona honek, odol-hodietako gihar leuneko AT1 hartzailearekin lotuz, basouzkurketa eragiten du eta tentsio arteriala igoarazten du. ACE/AngII/AT1 ardatzak (gorriz) hantura seinaleak handitzen ditu biriketan eta koagulazioa ere estimulatu lezakeela deskribatu da. ACE2ak AngII angiotensina 1-7ra eraldatzen du. ACE2/Ang1-7/Mas ardatzak (urdinez) aurreko ardatzaren kontrapisu gisa funtzionatzen du. Baldintza fisiologikoetan oreka dinamiko bat dago bi ardatzen artean. (Egilea: Gorka Larrinaga)
ACE2 errenina-angiotensina sistemako (renin-angiotensin system edo RAS) entzima garrantzitsua da. Betidanik, RAS gorputzak tentsio arteriala erregulatzeko behar duen hormona-sistema bezala deskribatu izan da. Baina RASek organo ezberdinetan tokiko beste ekintzak ere baditu. Adibidez, zelula-hazkundea, hantura eta hemostasia erregulatzen ditu. 1. Irudian ikus dezakegu nola RASan bi ardatz hormonal nagusi dauden, ACE eta ACE2arena. Baldintza fisiologikoetan bata bestearen osagarria dela esaten da. Adibidez, ACEaren ardatzak tentsio arteriala igotzea eragiten duen bezala, ACE2arenak tentsioak behera egitea eragiten du. Horregatik, hipertentsioa duten paziente askok ACE ardatzaren inhibitzaileak hartzen ditu egunero. Pandemiaren hasieran, hipertentsio aurkako farmako horiek hartzeak birusarekin kutsatzeko arrisku gehiago eragiten zuela espekulatu zen. Orain arte argitaratutako epidemiologia ikerketek hipotesi hau deuseztatu dute. Aitzitik, tratamendu hauek hartzeak Covid-19 gaixotasunaren sintoma larrienetik eta heriotzatik babestu dezaketela deskribatu da.
SARS eta Covid-19an ikus daitekeen biriketako hantura larria eta odol-hodietako tronboen ekoizpena RASaren desorekarekin erlazionatuta egon daiteke. ACEaren ardatzak hanturazko seinaleak bultzatu eta koagulazioa estimulatzen duen moduan, ACE2arenak kontrako eraginak dauzka. SARS gaixotasunean, birusak zeluletan sartzean, bai giltza eta bai sarraila, denak barneratzen direla ikusi zen. SARS-CoV-2arekin gauza berbera gertatzen dela uste da: alegia, infekzioak aurrera egin ahala ACE2aren adierazpena zelulen mintzetan murriztuz doala, galdu egiten baita zelulan barrena. Ondorioz, infekzioak RASaren desoreka nabarmena eragiten du ACE ardatzaren alde, eta handitu egiten da biriketako hantura larria eta sintoma tronbotikoak agertzeko arriskua (2. Irudia).

2. irudia: SARS-CoV-2aren S proteinak (giltza) ehunak infektatzen ditu zelulen mintzeko ACE2 proteinarekin (sarraila) lotuz. Gaixotasunak aurrera egin ahala, birioi berriak sortzen dira eta haiek ACE2 proteina gehiagorekin lotuz eta zelulan barneratuz doaz. Ziklo errepikatu honek ACE2aren adierazpena murriztu lezakeela adierazi da. Adierazpen-galera honek RASren desorekan eta gaixotasunaren larriagotzean eragingo luke. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Hau honela, ACE2 entzima Covid-19 gaixotasunaren sendabidearen giltza izan litekeela ondorioztatu da. Puntako ikerketa batek engainu joko bat proposatu du: ACE2 odolean ziztatuko bagenu, birusa zelulaz kanpoko likidoan flotatzen dauden sarrailekin lotuko litzateke eta ez gure zelulekin. Honela, birusa neutralizatuko genuke, infekzioaren progresioa etengo genuke eta, bide batez, RASren desoreka galaraziko genuke (3. Irudia).

3. irudia: Oinarrizko ikerketek giza ACE2 birkonbinatzaileak birusa neutralizatzen duela eta, ondorioz, infekzioa galarazten duela deskribatu dute. Entsegu klinikoek argituko dute gaixotasunaren progresioa murrizten duen ala ez. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Gaixotasun birikoen aurka egiteko terapia eredu berri honek emaitza onak erakutsi ditu organoide izeneko egitura zelular tridimentsionaletan, eta Covid-19 pazienteekin probatzen ari da entsegu kliniko batean, Europako zenbait herrialdetako ospitaleetan. Zorterik onena opa diezaiogun balizko sendabide berri honi.
Erreferentzia bibliografikoak:
Zhang, H., Penninger, J.M., Li, Y. et al. (2020). Angiotensin-converting enzyme 2 (ACE2) as a SARS-CoV-2 receptor: molecular mechanisms and potential therapeutic target. Intensive Care Med, 46, 586–590. DOI: https://doi.org/10.1007/s00134-020-05985-9
Verdecchia, P., Cavallini, C., Spanevello, A., Angeli, F. (2020). The pivotal link between ACE2 deficiency and SARS-CoV-2 infection. European Journal of Internal Medicine, 76, 14-20. DOI: 10.1016/j.ejim.2020.04.037
Monteil, V., Kwon, H., Prado, P., Hagelkrüys, A., Wimmer, R.A., Stahl. M., Leopoldi, A., Garreta, E., Hurtado Del Pozo, C., Prosper, F., Romero, J.P., Wirnsberger, G., Zhang, H., Slutsky, A.S., Conder, R., Montserrat, N., Mirazimi, A., Penninger, J.M. (2020). Inhibition of SARS-CoV-2 Infections in Engineered Human Tissues Using Clinical-Grade Soluble Human ACE2. Cell, 181 (4), 905-913.e7. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2020.04.004
———————————————————————————-
Egileaz: Gorka Larrinaga Enbeita UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————
The post Covid-19 eta ACE2 proteina: Eta sarraila bera balitz sendabidearen giltza? appeared first on Zientzia Kaiera.
Eskularruen historia bitxia

Irudia: Latexeko eskularruak. (Argazkia: Vesna Harni – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
William Halsted medikuak sustatu zuen eskularruen erabilera ebakuntza-geletan XIX. mende amaieran. 1913an Halstedek berak idatzitako artikulu batean azaltzen du ebakuntza-gelako erizain nagusiak, Caroline Hamptonek, dermatitisa zeukala eskuetan antiseptiko moduan erabiltzen ziren merkurio kloruro edo fenol disoluzioen eraginez. Hampton oso trebea zen eta, ebakuntza-gelan lan egiten jarrai zezan, Halstedek Goodyear enpresari, esperimentu bezala, kautxuzko bi eskularru mehe egiteko eskatu zion. Modu honetan, Hampton lehenengo pertsona bihurtu zen ebakuntzetan eskularruak erabiltzen. Aipatzekoa da eskularruak jaso eta gutxira Hampton eta Halsted ezkondu egin zirela; beraz, badirudi eskularruen sorkuntzan maitasunak ere zerikusia izan zuela.
Esan beharra dago babes-eskularruak benetan ez zituela Halstedek asmatu, 130 urte lehenago beste zenbait medikuk erabili baitzituzten, ez gaixoa babesteko, baizik eta medikuek eskuetan zauririk ez egiteko edo infekziorik ez harrapatzeko. Hala ere, Halstedi ukatu ezin zaiona da ebakuntza-gelak eraldatu izana.
Hasiera batean erizainek eta laguntzaileek soilik erabiltzen bazituzten ere, 1890ean zenbait mediku gazte ere eskularruak erabiltzen hasi ziren noizbehinka beraien eskuak babesteko. Zirujauek ez zuten ohiturarik eskularruak erabiltzeko; joera hau ordea aldatu egin zen Bloodgood medikuarekin. Ebakuntzetan eskularruak erabiltzeaz gain, 1899an eskularruen erabilerak infekzioetan zuen eragina aztertzen zuen txosten bat argitaratu zuen hark: 450 hernia-ebakuntzetan infekzioak % 100 jaitsi ziren eskularruen erabilerari esker.
XX. mendearen hasieran zirujau guztiek kautxuzko eskularru esterilak erabiltzen zituzten. Hasiera batean eskularruak latex deritzon materialaz eginak zeuden. Latexa kautxua sortzen duten zuhaitzetatik lortzen da: enborrean ebakidurak eginez latexa jariatzen da, hau da, kolore zuria duen likido itsaskorra, eta dagokion eraldaketa-prozesuen ondoren kautxua lortzen da. Kautxua polimero bat da; zehatzago esanda, polimero multzo bat, elastomeroak izatea duena ezaugarri nagusia; hau da, deformazio bat aplikatuz gero materiala luzatzeko gai izatea. Deformazio hori kentzean, ordea, hasierako egoerara itzultzen dira kautxua bezalako elastomeroak. Kautxuak dituen aplikazioak ugariak dira: batez ere auto-gurpilak egiteko erabiltzen da, edo oinetakogintzan edota eraikuntzan.
Latex mota desberdinak daude zuhaitz motaren arabera: esaterako, Hevea brasiliensis zuhaitzak cis-1,4-poliisopreno polimeroa sortzen du beste konposatu batzuekin batera: proteinak, konposatu ez-organikoak eta gantz azidoak. Hain zuzen ere, Hevea brasilensis da kautxu naturalaren iturri nagusia. Hala ere, halako materialen iturburu diren zuhaitz mota ugari daude eta beste kautxu mota batzuk sortzen dituzte; esaterako, Balata zuhaitzak trans-1,4-poliisoprenoa sortzen du, bestelako ezaugarriak dituen kautxua. Aipatzekoa da zenbait pertsonak alergia diotela latexari, eta, zehatzago, latexean dauden proteinei. Arazo honi aurre egiteko, beste material batzuk erabiltzen dira eskularruak egiteko; esaterako, neoprenoa, nitriloa edo polibinil kloruroa. Baina zer ote dira material hauek?
Neoprenoa polikloroprenoaren izen komertziala da. DuPont etxeak garatu zuen, 1930ean. Oliorekiko zein tenperaturarekiko erresistentzia altua daukan materiala da. Aplikazio ugari ditu; esaterako, ur-kiroletarako arropa edota oinetakoak egiteko erabiltzen da.
Nitrilo erako kautxua akrilonitrilo eta butadienoz osatutako kopolimero sintetikoa da. Material hau kautxu naturala baino iraunkorragoa da olio eta azidoekiko, erresistentzia handiagoa dauka eta, ondorioz, zulatzeko zailagoa da kautxu naturalarekin alderatuz. Ezaugarri hau garrantzitsua da orratzak zein bestelako objektu zorrotzak erabiltzen direnean. Hala ere, badauka desabantaila bat: malgutasun txikiagoa dauka. Eskularruez gain, batez ere kableak estaltzeko material gisa erabiltzen da edota larru sintetikoa egiteko.
Aipaturiko materialez gain, kautxua ez den polimero bat erabiltzen da eskularruak egiteko: polibinil kloruroa. Hau gehien erabiltzen den materiala da poliolefinen (polietilenoa eta polipropilenoa) ondoren. Zurruntasun handia duenez, plastifikatzaileak gehitzen zaizkio material malgua lortzeko. Era horretan material hau aplikazio ugaritan erabil daiteke; esaterako, leihoetan, zoruan, paretetan eta hoditerian.
Iturriak:
Barton, Marc (2018). The history of surgical gloves. Past medical history, 2018ko irailaren 19a.
Lathan, S.R. (2010). Caroline Hampton Halsted: the first to use rubber gloves in the operating room. Baylor University Medical Center Proceedings, 23 (4), 389-392. DOI: 10.1080/08998280.2010.11928658.
Schlich, T. (2015). Why were surgical gloves not used earlier? The Lancet, 386 (10000), 1234-1235. DOI: https://doi.org/10.1016/S0140-6736(15)00271-8.
Painter, P.C.; Coleman, M.M. (2008). Essentials of Polymer Science and Engineering. DEStech Publications, Inc. Pennsylvania.
———————————————————————————-
Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
———————————————————————————-
The post Eskularruen historia bitxia appeared first on Zientzia Kaiera.
Antzinateko okre gorria eta bere propietateen zergatia

Irudia: Zenbait miltos lagin. XVI. mendeko pieza otomandar bat da ‘e’ lagina, eta, ‘b’ lagina, berriz, oxido horiaren kontrol lagin bat. (Argazkia: Photos-Jones, E. et al. -2018-)
Greziarrek miltos deitzen zioten okre gorriaren barietateari propietate bikainak egozten zizkioten antzinate klasikoan, eta, ondorioz, oso preziatua zen. Itsasontziak egoera onean mantentzeko pigmentu gisa, nekazaritzan, kosmetikan eta baita medikuntzan ere erabiltzen zen. Miltos-a goethita (burdina oxido-hidroxidoaren forma minerala), hematite (burdina oxidoaren forma minerala) eta kaltzita (kaltzio karbonatoaren forma minerala) nahasketa bat da, eta partikula oso finez osatuta dago. Antzinate klasikoan erabiltzen zenak oso leku zehatzetan zuen jatorria, adibidez, Kea uhartean (Zikladeak), Lemnos uhartean (Egeo itsasoa) eta Sinope hirian (Kapadozia). Hori bai, oso litekeena da toki bakoitzean miltos-aren konposizioa bat izatea.
Mineralen propietateak, konposizio kimikotik eta egituratik harago, beren gainazalera atxikitako mikroorganismoen araberakoak izan daitezke. Objektu bat zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da bere azalera bolumenarekiko proportzioan. Bada, miltos-a osatzen duten partikulen tamaina hain da txikia –30 eta 700 nm arteko diametroa–, non, masa unitateko, azalera handia duen eta, ondorioz, mikrobio geruza aberatsa era daitekeen bere gainaldean. Bestalde, mikrobio komunitatearen konposizioa mineralaren propietate kimikoen araberakoa da, bereziki zenbait metal oso toxikoren kantitatearen araberakoa. Horregatik, beste izaki bizidunengan izan ditzakeen ondorioak ere ezaugarrion arabera aldatzen dira.
Hala, gogoeta horiek oinarri hartuta, arkeologoz, ingeniariz eta geologoz osatutako talde batek zenbait lekutako miltos laginak aztertu ditu, mineralari antzinate klasikoan egozten zitzaizkion propietateak zer ezaugarrik ematen zizkion identifikatzeko asmoz.
Laginetako batzuek zituzten berun kantitate handiak azaltzen du, adibidez, Kea uharteko okre gorria zergatik erabiltzen zen itsasontzietan. Erabilera horren arrazoia soilik apaintzeko zela uste bazen ere, litekeena da benetako arrazoia beste bat izatea: ontzien kroskoan okre gorria emateak eragotzi egingo zuen mikroorganismoak, algak eta zenbait animalia ornogabe kroskora atxikitzea eta nabigazioa oztopatzea. Beruna, miltos-ean aurki daitezkeen beste metal batzuk bezala, toxikoa da izaki bizidun askorentzat, eta, ondorioz, ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, berun kantitate handia zuten laginetan bakterio dibertsitatea txikia zen.
Bestalde, landatutako landareetan gaixotasunak galarazteko ere erabiltzen zuten miltos-a, bere gainazalera atxikitako zenbait metal eta substantzia organikoren akzio biozida baliatzeko. Ongarri gisa ere erabiltzen zen, ziurrenik okre gorrian nitrogenoa finkatzeko bakterioak daudelako. Biologikoki baliogabea den gas bat landareek, xurgatu, eta hazkunderako erabil dezaketen substantzia nitrogenatu bihurtzean datza nitrogenoaren finkapena. Ildo horretan, kontuan izan behar da bakterioen bidez egiten den finkatze horrekin lotutako entzima eta konposatu organikoen osagai garrantzitsua dela mineralaren burdina. Azkenik, toki batzuetako miltos-aren eragin antibiotikoari dagokionez, mineralaren konposizioan agertzen diren metal minoritario batzuekin lotuta dagoela ondoriozta daiteke, baita metalaren gainazalean gertatzen den mikroorganismo jakin batzuen partikulen ugalketarekin ere.
Miltos-ari egindako erreferentziak aurki daitezke orain dela 4.000 urte inguru Lineal B idazkeran idatzitako buztinezko taula mizenikoetan, eta autore klasikoek ere aipatu zuten: Teofrastok, Dioskoridesek eta Pliniok, besteak beste. Bada, orain, jakin dugu miltos-ari egozten zitzaizkion propietateak ez zirela miraritsuak. Hori bai, milaka urte igaro behar izan dira horretarako.
Erreferentzia bibliografikoa:
Photos-Jones, E., Knapp, C.W., Vernieri, D., Christidis, G.E., Elgy, C., Valsami-Jones, E., Gounaki, I., eta Andriopoulo, N.C., (2018). Greco-Roman mineral (litho)therapeutics and their relationship to their microbiome: The case of the red pigment miltos. Journal of Archaelogical Science, 22, 179-192. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jasrep.2018.07.017.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Antzinateko okre gorria eta bere propietateen zergatia appeared first on Zientzia Kaiera.