Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait”
“Interfaze horren bidez, garuneko eta muskuluetako seinaleak detektatzen ditugu, jakiteko zer mugimendu egin nahi duen, eta horren arabera paralizatuta dauzkan beso eta eskua mugitzen laguntzen diogu, exoeskeleto robotiko bat erabilita”, azaldu du Irastorzak.
Haren esanean, helburua ez da pazienteak une oro robot hori baliatzea mugitzeko, baizik eta iktusak kaltetu ez duen garuneko eremu batek, makina baliatuz egindako entrenamenduaren bidez, galdutako funtzioa ikastea, “garunaren eta gorputz-adarraren arteko lotura berregiteko, eta pazientea gai izateko bere kabuz mugitzeko”. Hau da, robota terapian erabiltzen badute ere, xedea da gero haren beharrik ez izatea, eta pazienteak autonomia berreskuratzea.

Irudia: Nerea Irastorza Landa neurozientzialaria eta ikertzailea.
Irastorzak onartu du horrek pazientearekin harreman zuzena eta sakona izatea ekartzen duela, eta hori oso aberasgarria iruditzen zaio, eta badu alderdi psikologiko eta emozionala ere. “Guk zorte handia izan dugu, pazienteak gogo handia jartzen duelako eta dena ematen duelako, eta, egia esan, eskertzen da”.
Diziplinartekotasuna da nabarmendu duen beste alderdietako bat: “Berez, Alemaniako unibertsitate bateko ikaslea naiz [Tübingeneko Unibertsitatea], han nabil tesia egiten, Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin. Ramosek hango unibertsitatean eta Tecnalian egiten du lan. Ikerketa proiektu honetan Tecnaliak, gehienbat, robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen deskodifikazioa, Berkeleyko Unibertsitatearekin batera. Horrez gain, UPV/EHUko Fisioterapiako taldea eta Bruselako Unibertsitatea daude; azken finean, elkarrekin egin behar dugu lana, robotarekin bakarrik ez da nahikoa. Eguneroko terapia Donostia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean burutzen dugu”.
Arlo desberdinetako jendea proiektu berean elkartzea benetan “motibagarria” da Irastorzarentzat: ingeniari elektronikoak, fisioterapeutak, biomedikoak, seinaleak prozesatzen dituztenak, neurologoak… Horrekin batera, oso gustuko du pazientearekin zuzenean egiten duen lana. “Eguneroko harreman hori oso berezia da”, dio. Bestalde, gustuko du baita ordenagailuz egiten duena ere, datuen analisia eta abar. “Ingeniaritza biomediko eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait. Azkenean, prozesu osoa ikertzen dugu, seinalearen deskodifikaziotik pazientearen terapiaraino. Lanaren aplikazio zuzen hori ikusteak asko betetzen nau”.
Esan beharrik ere ez dago: horrek baino are gehiago beteko luke ikusteak terapiak emaitza onak ematen dituela. Irastorzaren esanean, terapia-mota ugari daude, baita lesio-gradu desberdinak ere. Adibidez, paziente batzuk, lesio baten ondorioz paralisia izan arren, oraindik gordetzen dute funtzioa, neurri txiki batean bada ere. Horiekin, gordetzen dutena areagotzean oinarritzen da terapia. “Gure kasuan, aldiz, mugikortasuna erabat galduta duten pazienteetan saiatzen gara“.
Guztiz paralizatuta egotetik gutxieneko mugimendu bat lortzea da haien helburua. Gero, orain arte erabiltzen diren beste terapia batzuekin edo terapia berritzaileekin mugikortasuna hobetzen saiatuko lirateke, baina lehen pauso hori lortzea zaila da, eta horretan dabiltza Irastorza eta kideak.
Tesia amaitutakoan ere arlo berean jarraitzeko asmoa du. Hain zuzen, Tecnalian neuroteknologiako proiektuetan ikertzeko aukera du, eta gogoz helduko dio: “Batzuetan ematen du hemen ez dugula ezer, kanpoan dutenarekin alderatuta, baina hemen ere badira ikerketa-talde onak, gauza oso interesgarriak egiten, eta merezi du hemengoa aitortzea eta bultzatzea”.
Fitxa biografikoa:Nerea Irastorza Landa 1991. urtean jaio zen. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Tecnunen, eta, gero, “Errehabilitaziorako Sistema Mekatronikoak” masterra, Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean. Masterreko proiektua egitera, berriz, Tübingeneko Unibertsitateko Psikologia Mediko eta Portaeraren Neurobiologiako Institutura jo zuen (Alemania), Neuroprotesien taldera. Orain, doktoretza egiten ari da talde berean, Max Planck Ikerketa Institutuaren programaren barruan.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait” appeared first on Zientzia Kaiera.
Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna

Irudia: Nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.
Trenen seinalizaziorako komunikazio-sistemek eboluzio handia izan dute azken urteotan. Izan ere, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Europako trenen elkarteek kudeaketa-sistema bati buruzko ikerketa hasi zuten, eta horrela, ERTMS (European Rail Traffic Management) sistema sortu. Sistema hori trenen kontrolerako lurraldeetako estandar ezberdinak ordezkatzeko sortu zen.
Baina ERTMS sistema sortzeak industriarako eta bidaiarientzako onurak ekarri bazituen ere, hainbat erronka berri ere azaleratu zituen segurtasunaren aldetik. Hain zuzen, trenbideetako azpiegituren segurtasuna sistemen isolamenduan eta erabilitako teknologien ezagutzarik ezean oinarritzen zen ERTMS sortu arte. Printzipio horiek ez dira bateragarriak sistema berriaren sorrerarekin; ERTMS sistema irekietan eta protokolo zein teknologia ezagunen erabileran oinarritzen da.
Izatez, trena gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea da, baina hala ere, sistema kritiko kontsideratzen da, garraiatzen dituen bidaiari eta kargak direla eta. Horren ondorioz, trenbide-sistemen segurtasuna bermatzea oso garrantzitsua da.
Modu horretan, ERTMS sistemak hainbat segurtasun-ezaugarri finkatu behar ditu. Horien artean garrantzitsuena, datuen osotasuna bermatzea izango da. Segurtasun-mekanismo hori betetzearekin, trenek agindu faltsuak jasotzen ez dituztela ziurtatuko da.
Hori horrela izanik, komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina bi segurtasun-mekanismo horiek ahultasunak dituztela frogatu izan da.
A5/1 algoritmoa 1987. urtean sortu zen, eta hasiera batean segurua zela kontsideratzen bazen ere, hurrengo urteetan haren segurtasuna auzitan jarri zuten hainbat eraso argitaratu ziren. Izatez, gaur egun A5/1 algoritmoaz zifratutako mezuak deszifratzeko taulak eskuragarri daude Interneten. Ondorioz, erabat hautsita dago algoritmo honen segurtasuna.
Bestalde, EuroRadio protokoloaren segurtasuna ere zalantzan jarri da beraren ahultasunak deskribatzen dituzten hainbat ikerketa-lanen bitartez. Ahultasun horien artean, lehentasun handiko mezuak entitate ezberdinen arteko autentifikaziorik gabe sarean sartzeko aukera eta sesio hasteko fasean denbora-zigilurik (time-stamp) ez erabiltzea azaltzen dira, horien bitartez mezuak errepikatzea posible eginik.
Gainera, EuroRadioren ahultasunekin jarraituz, trenaren eta trenbideko gailuen arteko komunikazioan datuak zifratzeko erabiltzen den gakoaren kalkulurako kodea off-line banatzen da komunikazioa osatzen duten entitateen artean. Horren ondorioz, banaketan gizakien esku-hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, nahiz eta izatez, kode ezberdin bat erabili beharko litzatekeen bi entitateen komunikazio bakoitzerako, zenbait operadorek prozesua sinpletzea erabakitzen dute, komunikazio askotan kode berdina erabiliz. Hori eginda, handitu egiten da erasoren bat jasateko probabilitatea. Izan ere, kode hori lortzeko helburua duten erasoen bitartez, entitate ezberdinek kode bera izanda, sistema osoaren segurtasuna jartzen da arriskuan; erasotzaile batek beste tren baten identitatea hartu dezake.
Azaldutako segurtasun-arazo eta horien ondorioz gerta daitezkeen eraso larrien azterketa eginda, nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.
Hori horrela izanik, lan horiek garatzeko berrikuntza eta ikerkuntza proposatzen dira Europan. Shift2Rail elkartea 2009an sortu zuten, trenbide-sistemen erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Gainera, elkarte horrek Europan Ikerketa eta Berrikuntza bultzatzeko sortutako Horizon 2020 finantzaketaren parte izanik, trenbideetako segurtasuna bilatzen duten hainbat proiektu sustatzen ditu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna.
- Laburpena: Trenbide-sistemak asko aldatu dira azken urteotan komunikazio-teknologia berrien sorkuntzarekin batera. Europan, trenbide-sare bakarra izateko nahiarekin, ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen, elkarrekiko bateragarriak ez ziren Europako herrialdeetako kudeaketa-sistema estandar ezberdinak ordezteko. Baina sistema berria sortzearekin batera, segurtasunaren inguruko hainbat erronka berri ere sortu ziren; izan ere, ERTMS aurreko sistema itxi eta ezezagunak protokolo ireki eta teknologia ezagunez ordeztu ziren. Ondorioz, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere hutsune nabarmenak daude segurtasunaren arloan.
- Egileak: Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 211-223
- DOI: 10.1387/ekaia.19687
————————————————–
Egileez:
Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T Taldean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa
Munduan zoragarri diren gauzen artean, bada zirrara berezia sortzen duen gai bat: gure arbasoek zeruari buruz zuten ikuspuntua irudikatzea. Irudikatzea, bai; zeren gehienetan hori besterik ezin baita egin. Batzuetan, baina, ikuspegi horretara hurbiltzea badago, aztarna arkeologikoetan antzina idatzitako testuetan edota hizkuntzalaritzan ere zantzu batzuk agertzen direlako.
Harea mugikorrak dira gehienetan, eta aztarna horietatik oinarri askorik gabeko espekulazioak ere barra-barra zabaldu dira astronomia kulturala deitu izan den alorrean. Baina ekarpen sendoak ere badira, noizean behin. Orain, Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile talde batek diziplinan beste aurrerapauso txikia aurkeztu du. Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Espekulazio soiletik aldenduta, aipamen horiek eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan marraztutako froga fisikoekin babestu dituzte. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian azaldu dute ondorio horretara iristeko erabili duten prozesua, baina arXiv biltegian ere dago eskuragarri zientzia-artikulua, modu irekian.

1. irudia: Zenbaitetan aurorek hartzen duten kolore gorria bereziki atmosferan dagoen oxigenoarekiko elkarrekintzari zor zaio. (Argazkia: Tobias Billings / NASA)
Antzinako Mesopotamiako astrologoek zeruan behatutako fenomenoak erregistratzen zituzten, eta horien arabera erregeei augurioak egiten zizkieten. Zeruan idatzita zegoena jakinda, antzinako babiloniarrek uste zuten erritualen bitartez posiblea zela jainkoek ebatzitakoa modu batean edo bestean baldintzatzeko eta ohartarazpen negatibo horiek aurreikusten zutena arintzeko. Orain agerikoa iruditzen zaigu lehen astrologia horretan oinarrituta lurrean gertatu behar zena jakiteko modurik ez zeukatela, baina, horren ordainetan, fenomeno astronomikoak aurreikusteko trebezia garatu zuten; adibidez, Jupiterren ageriko mugimendua.
Gauzak horrela, ez dirudi zerua odolez beteta ikustea oso augurio lasaigarria zenik. Eta hori da, hain justu, duela 2700 urteko idazki kuneiformeetan aurkitu dutena. Zehazki, “gorriak zerua estali du” eta “distira gorria” aipatzen dira Babiloniako eta Niniveko oholtxoetan. Aipamen horren atzean aurora mota berezi bat zegoela uste dute adituek: aurora arku gorri egonkorra (SAR-arc bezala ezagututa). Aurora difuso bat da, iraunkorra eta ia monokromatikoa, eta planetaren erdiko latitudeetan agertzen da. Eguzki-ekaitzetan sortutako eremu magnetiko indartsuek oxigeno atomoak kitzikatzen dituztenean sortzen dira aurora horiek, gorriaren uhin-luzeran.
Aipu historiko horiek zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte. Analisi horretan oinarrituta, Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte. Analisi mota horretarako isotopoak balizatzen dira. Kasu honetan, karbono-14 isotopoaren kopuru handiagoak atzeman dituzte eraztunetan, eta gorakada horien atzean eguzki-ekaitzak daudela uste dute adituek.
Hau ez da lehen aldia zuhaitzetan isotopoen eta gertaera historikoen arteko harremana aurkitzen dena. 2012an ikertzaile talde berak gamma izpien eztanda bat identifikatu zuen, eta ondoren Alemaniako astronomoek izpi horien atzean VIII. mendean gertatutako supernoba baten eztanda egon zitekeela proposatu zuten. Oraingo ikerketa honetan, zientzialariek azaldu dute behaketa horien data zehatza zein den jakiterik ez dutela, baina hori nolabait zehaztu ahal izateko astrologo bakoitza lanean noiz egon zen kalkulatzen saiatu direla.

2. irudia: Rm211 izeneko idazkuna, Kristo aurreko 679-655 urteetan datatua, Issār-šumu-ēreš astrologoak eginda. Bertan “akukūtu” edo “distira gorri bat” aipatzen da. (Irudia: Hayakawa et al.)
Nola ikusiko dira, bada, aurorak, hain latitude baxuetan? Argi dago ez direla oso ohikoak, baina, noizean behin, fenomenoa eman ematen da, bereziki Eguzkitik koroa masaren eiekzioak ateratzen direnean. Ikertu duten eremuari dagokionez, 1870ean Kairon eta Bagdaden aurorak ikusi ziren, eta bi urte geroago fenomenoa errepikatu zen, oraingoan Kairon eta Alexandrian. Gugandik gertuago, ezagutzen da 1938ko urtarrilean Euskal Herritik bertatik halako aurora gorri bat ikusteko aukera izan zela, Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoenean, hain zuzen. Bestetik, ikertzaileek beraiek aipatu dute uste dela iraganean ipar polo magnetikoa Ekialde Hurbiletik gertuago zegoela, eta horrek ahalbidetuko zuela fenomeno hori arruntagoa izatea.
Zientzialariek argudiatu dute aurkikuntza berriak bidea ematen duela Eguzkiaren jarduerari buruz ditugun erregistro historikoetan atzera egiteko. Zehazki, aipatu dute erregistro hori mende bat atzeratzea lortu dutela. Modu horretan harrian zizelkatutako informazio hori gaur egungo joerak hobeto ezagutzeko orduan lagungarriak izango dira. Dena dela, eta ikerketa guztien kasuan etekin praktikoren bat aurkitzea zilegi bada ere, argi dago kasu honetan ezagutza bera eskuratze soila justifikazio nahikoa dela. Eta, zergatik ez, milaka urte aurrerago egindako lehen idazkun horien balioa aitortzeko modua ere. Issār-šumu-ēreš, Nabû-aḫḫē-erība eta Zākiru izan ziren hiru astrologo horiek. Gizaki gehienak bezala, seguruenera, hilezkortasunaren ametsa izango zuten. Bada, modu batean bederen lortu dute: haiek harridura handiz deskribatutako “distira gorri” horiek etorkizunean hizpide eta inspirazio iturri bihurtu dira. Ez da gutxi.
Erreferentzia bibliografikoa:
Hayakawa, Hisashi; Mitsuma, Yasuyuki; Ebihara, Yusuke; Miyake, Fusa, (2019). The Earliest Candidates of Auroral Observations in Assyrian Astrological Reports: Insights on Solar Activity around 660 BCE . The Astrophysical Journal , 884 (1): L18 DOI: https://dx.doi.org/10.3847/2041-8213/ab42e4
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka
Estatu mailan urtero elikagaiei loturiko 400ren bat agerraldi antzematen dira. Horietatik listeriosia ez da arruntena; badaude beste batzuk ohikoagoak direnak, Campylobacter, Escherichia coli edo Salmonella bakterioek sortuak.

1. irudia: Elikagietan Salmonella spp., Staphylococcus aureus, Campylobacter spp. eta Listeria monocytogenes bezalako patogenoak antzemateko tekniken garapena garrantzitsua da osasunarentzat. (Argazkia: Pontificia Universidad Católica de Chile / Wikimedia – CC BY-SA 2.0 lizentziapean)
Listeriosia noizbehinkako kasu moduan agertu ohi den gaixotasuna da, baina batzuetan kutsatze-agerraldiak agertzen dira, hainbat kasu-kopuru aldi berean gertaturik, eta oso kaltegarria da bereziki populazio arrisku talde batzuetan. Gaixotasun hau Listeria monocytogenes bakterioak sorrarazten du. Bakterio hau, beste batzuekin alderatuz, oso sentikorra da ingurune azidoetan eta gatz kontzentrazio altuetan. Gainera, tenperatura baxuetan bizi daiteke, bai eta hozteko tenperatura baino baxuagoetan ere. Horregatik, hozteko ganbaretan neurri bereziak hartu behar dira bakterioa haz ez dadin.
Bakterioa hainbat ingurunetan bizi daiteke modu naturalean: lurzoruan, uretan, bazkan… Hori dela eta, animaliak bakterioaren gordeleku garrantzitsuak dira haien digestio-hodiko mikrobiotaren partaidea baita bakterio hau. Gizaki osasuntsuen %1-2 ere bada bakterio honen gordelekua, gure digestio-hodiaren partaidea delako.
Gainera, bakterio honen ezaugarriak direla eta, gainazal ezberdinetan (poliester, altzairu, tefloi,…) biofilmak edo biogeruzak sortzeko gai da eta, horren ondorioz, denbora luzez bizi daiteke elikagaigintzaren askotariko instalazioetan.
Nola sartzen da bakterioa gizakiaren barnean?Bakterio honek transmititzeko erabiltzen duen mekanismo garrantzitsuena da elikagai kutsatuak jatearekin batera barneratzea: esnea, gazta biguna, elikagai prestatuak (esate baterako, patea), haragikiak xerratan, arrain ketua, landare kutsatua…
Badago bigarren transmisio-mekanismo bat ere: haurdun dagoen emakume kutsatu batek bere umekiari transmititzea, plazentaren bidez edo erditze unean.
Albaitariengan edo baserritarrengan ere larruazaleko infekzioak ikusi izan dira, kutsatutako materialaren ukipen zuzenaren ondorioz, nahiz eta gertaera hau oso bakana izan.
Europa mailan hainbat agerraldi egon dira azken urtean izokin ketuak eraginak (2. irudia).

2. irudia. Europako zenbait lurraldetan 2018an agertu izan ziren kasuak (ECDCtik hartua). Puntu gorri bakoitzaren tamainak adierazten du agerraldiaren garrantzia.
Gure Euskal Autonomi Erkidegoan ere listeriosi kasuak egon dira azken urteotan 3. irudian ikus daitekeenez, iturburu izan direlarik gazta biguna edo foie, besteak beste.

3. irudia: Listeriosien kasuak Euskal Autonomi Erkidegoan (Datuak Mikrobiologiako Informazio Sistematik SIMCAPV hartuak).
Listeriosia ez da elikagaiengatiko gaixotasun arrunta, baina mota honetako intoxikazioak sorrarazten dituzten patogenoetatik bada larrienetariko bat.
Salmonella, E. coli edo Campylobacter bakterioen kasuan nahikoa da mikroorganismoen kantitate txiki bat infekzioa agertzeko. Listeria bakterioaren kasuan, aldiz, mikroorganismo kantitate handia sartu behar da gorputzaren barruan gaixotasunaren sintomak ager daitezen. Badirudi infektatzeko gutxieneko dosia 102-108 bakterio artean dagoela, pazientearen arabera. Gainera, bakterio hau gure barnean sartzen denetik sintomak ageri arteko epea (inkubazio-epea deritzo) aldakorra da eta 3 egunetik 70era artekoa izan daiteke.
Pertsona osasuntsu gazte edo helduak infektatuz gero, infekzioa arina izaten da eta sintomak gripearen antzekoak izan daitezke (sukarra, buruko mina, gastroenteritisa segur aski), eta iraupena aste betekoa, gutxi gorabehera. Benetako arazoa dator bakterio hau odolera pasatzen denean, bakteriemia eragiten baitu. Eta hori arrisku altuko pazienteetan gertatzen da gehien, hala nola, aldez aurreko gaixotasun bat dutenak (zirrosia, diabetikoak, minbizia…) edo immunologikoki gutxipenak dituztenak, haurdunak, adineko pertsonak, jaioberriak… Hauetan guztietan gaixotasun larriak ager daitezke, hala nola, meningitisa, entzefalitisa, pneumonia, artritisa, eta abar. Emakume haurdunengan, bakterioak plazenta zeharkatu dezake eta, horren ondorioz, fetua kaltetu abortua edo sortzetiko infekzioak sorraraziz.
Gaixotasun hau tratatzeko antibiotikoak erabili behar dira. Gaixotasuna sendagarria da gehienetan. Erabilitako antibiotikoen artean penizilina bat (anpizilina izenekoa) aminoglukosido batekin (gentamizina izenekoa) ematea izaten da ohikoena. Tratamenduaren iraupena aldakorra izan daiteke infekzioaren larritasunaren arabera, baina sei asteko iraupena izatera ere iritsi daiteke. Alergien arabera antibiotiko horiek ere aldatu daitezke. Argi dagoena da sintomak agertu eta ahalik eta arinen hasi beharko dela tratamendua, eraginkorra izan dadin nahi bada.
Baina gaixotasun hau prebenitu al daiteke?Elikagaien higienea, kontrola eta segurtasuna funtsezko neurria izango da eta bete beharreko zenbait arau daude, bai elikagaien iturburuaren gainean (kontrol mikrobiologikoak egin behar dira ziurtatzeko patogenorik ez dagoela), bai ere elikagaien prozesamenduan zehar (kutsadura saihestuz). Elikagaien prozesamenduaren kate horretan kutsadura baldin badago, bakterioen kantitatea hasieran txikia izan arren ugaritzen joan daiteke, elikagai horretan proteina asko baldin badaude, bakterioak horietaz elikatu ahal direlako. Horrela, elikagaia kontsumorako prest dagoenean bakterio patogenoen kantitate altuak izango ditu.
- Ezinbestekoa da prozesamenduaren hasieran eta bukaeran mikroorganismoen kantitatea neurtzea patogenoengatiko kutsadurak saihesteko.
- Arrisku taldeek (haurdunak, immunogutxipenak dituztenak) guztiz egindako haragia, esneki pasteurizatuak edo janari soberakinak guztiz berotuak jan beharko dituzte. Gainera, kontsumorako prest dauden elikagaiak saihestu beharko lituzkete.
- Gordinik edo gutxi eginak jaten diren barazkiak modu egokian garbitu eta desinfektatu beharko lirateke jan aurretik.
- Beste gomendio bat da hozkailuaren garbiketa eta desinfekzioa sarri egitea.
Bukatzeko, eskuen higienea ezinbesteko neurria da beti (elikagai gordinak manipulatu ondoren, animaliak ukitu ondoren, eta abar), azken finean mikroorganismoen transmisioa murritzeko neurririk garrantzitsuena baita.
Iturriak:
- Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroa (ECDC).
- Informazio Mikrobiologiko Sistema (SIMCAPV).
———————————————————————————-
Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
———————————————————————————-
The post Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka appeared first on Zientzia Kaiera.
Karlomagnoren ondoregoak gara
Izan ere, hain atzera egin beharrik gabe, gure asaben kopurua eragiketa horien bidez kalkulatu dena baino askoz ere txikiagoa da. Arrazoia argi dago: gure asabetako asko adar genealogiko desberdinetatik ditugu senide. Hori gertatzeko aukera gutxiago dago arbasoak, denboraren aldetik, zenbat eta gertuagokoak izan, eta alderantziz.

Irudia: Akisgraneko (Alemania) katedralean bazaude eta jatorri europarrekoa bazara, entzun nahi duenari esan diezaiokezu bertan daudela hobiratuta zure aitona baten gorpuzkiak. (Karlsschrein / Wikimedia Commons CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
XIV. mendearen hasieran, 450 milioi pertsona zegoen munduan (70 bat milioi Europan); beraz, baliteke garai hartan gutako bakoitzaren 16 milioi asaba bizi ahal izatea. Baina orain dela mila urte 400 milioi bakarrik zeuden (50 bat Europan). Horrenbestez, ezinezkoa da garai hartan gure 16.000 milioi asaba bizi izatea.
Naturaltasun osoz mintzatzen gara «zuhaitz genealogikoaz», gure arbasoak zuhaitz baten eran irudikatzen baititugu; zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Ez dago zertan oso atzera egin adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko; are gehiago, oso aspaldiko belaunaldiei erreparatzen badiegu, adarrik batere ez dugu ikusiko. Areago irudituko zaigu adar genealogikoen mataza bat, edo, bestela esanda, gurutzatze asko dituen sare bat. Bestalde, belaunaldiz belaunaldi gertatzen da adarretako askok ondorengorik ez izatea. Denboran atzera egin ahala, sarea gero eta estuagoa bihurtzen da: Neolitoaren hastapenetan, orain dela 12.000 urte, munduan 4 milioi pertsona baino gutxiago bizi zirela zenbatesten da, 60 milioi inguru zirela aro homerikoan, eta mila milioi XIX. mendea hasi berritan.
Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived (Bizi izan diren guztien historia laburra) liburuan dioenez, jatorri europarra dugunok, aldez edo moldez, Karlomagnoren ondorengo gara. Guztiak gara, beraz, errege leinu batekoak. Ez da txantxa, baina kontu erabat hutsala da. Asaba europarren bat dugunok, Karlomagnoren ondorengo ez ezik, garai hartan –800. urte inguruan– bizi eta ondorengoak izan zituzten europar guztien ondorengo ere bagara, belaunaldiz belaunaldi XXI. mendera iritsi garenak. Zenbatespenen arabera, haien ondorengoen % 20 ez da iritsi.
Ez da denboran oso atzera egin behar gure adar genealogikoek bat egin zuten unea topatzeko. Europar guztiek dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena. Kalkulu hori gizateria osoari aplikatuta, esan liteke gizaki guztiek dugula duela 3.400 urte inguru bizi izan zen arbaso komun bat. Izan ere, sinesgaitza dirudien arren, ez da ezagutzen azken mendeetan erabat bakartuta egon den populaziorik bat ere.
Kontu nahasgarria da, baiki. Pentsatu horretan listu lagin bat sartu baduzu tututxo batean, eta esan badizute zure leinuan bat egiten dutela Errusiako estepako tribu borrokalariek, Europara kaosa eta hondamena ekarri zituzten bikingo suharrek eta piramideak eraiki zituzten egiptoarrek. Ziur aski horien ondorengoa zara. Ni ere hala naiz.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko irailaren 1ean: El legado de Carlomagno, eta bigarren bat The Conversation gunean urriaren 10ean: Usted es descendiente de Carlomagno; su vecino también.
The post Karlomagnoren ondoregoak gara appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #274
UPV/EHUko lantalde batek ekaitz polarrak aurkitu ditu Saturnon. Hainbat gauza frogatu dute ikerketan: desplazatu egiten dira abiadura desberdinetan, eta elkarrekin topo egin eta elkarren albotik igarotzen dira, elkarri eraginez eta perturbazio atmosferikoak sortuz. Azaldu dutenaren arabera, orain aurkitutako ekaitzak ipar hemisferioan topatu dituzte. Urtean 30 eta 60 inguru izaten dira, eta luzeak dira. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.
Eraztunen planetan segidan sorturiko bi enbata behatu, ikertu eta neurtu dituzte lehen aldiz. EHUko Planetologia Taldeko Jon Legarretak dio oraingo kasua “ezohikoa” izan dela: “Orain arte, ekaitz txikiagoak —1.000 kilometrokoak— behatu dituzte, beste latitude batzuetan, eta bakartuak”. Berrian irakur daiteke albistea.
BiologiaZimitzak, intsektu bizkarroiak, itzuli dira. Joan den mende erdialdean desagertutzat jo zituzten baina itzuli egin dira, eta ugaldu, gainera Berrian irakur daitekeenez. Etxebizitzetako altzarietan eta lurreko edo paretetako zirrikituetan ez ezik, geroz eta ugariagoak dira ostatuetan ere. Haien agerpenean bi faktorek izan dute eragina: globalizazioak eta turismoak.
Zergatik erakartzen du kolore gorriak? Artikulu honetan azaltzen digute hizkuntzen bilakaeran, une jakin batetik aurrera, gizartea kanpoko itxurari erreparatuta gauzak izendatzen hasi zela, gauza horiek izendatzean, zuriaz eta beltzaz gain, gorria zen erabiltzen zen lehena. Izan ere, giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz erabiltzen ditu: “argi”, “ilun” eta “gorri”. Kolore gorriaren sekretuak aurkituko dituzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!
Autofagia zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da. Oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen du zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan. Beraz, estres egoerak gertatzen direnean, autofagia maila handitu egiten da. Hiru autofagia mota daude: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia (hau da gehien ikertu dena). Artikulu honetan azaldu digute autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen dituela. Baina oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragiten dituen efektu guztiak.
Urriaren 12an Eliud Kipchogek maratoia 2 ordu baino denbora laburragoan amaitzea lortu zuen. Historiara pasako da kenyarra, izan ere gizakia 2 orduko langatik jaisteko gai izan baita lehen aldiz. Lasterketa honetan baina, zientziak berebiziko garrantzia dauka. Klima, tenperatura, altitudea, espazioa, erabilitako oinetakoen materiala… faktore hauek guztiek izan dute paper erabakigarria lasterketan. Zergatik? Jo ezazue artikulura erantzuna jakiteko.
OsasunaHondakin-uretako substantzia kimikoek eta dietaren adierazleek lotura zuzena dute maila sozioekonomikoarekin. Hala frogatu du behintzat Australian egindako ikerketa batek, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Ikertzaileek ikusi dute maila altuko jendea bizi den lekuetan kafe-, alkohol- eta bitamina-kontzentrazio altuak daudela. Maila baxukoak bizi diren eremuetako uretan, ordea, antidepresiboak eta opioideak dira nagusi.
IngurumenaArabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dute: lau lagunetik hiruk. Ecologistas en Accion taldeak egin dute ikerketa (urtero egin ohi dute azterketa) ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Emaitzak ikusita, Ebro ibaiaren kutsadura nabarmentzen dute ikertzaileek. Ozono troposferikoa lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. Informazio guztia Berrian.
KimikaElhuyar aldizkarian irakur daiteke Europako hondakin-uretan dauden droga-arrastoak neurtu dituztela nazioarteko ikerketa batean eta bertan ikusi dutela kokainaren kontsumoak gora egin duela nabarmen 2011 eta 2017 artean. Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia da kokaina. Ekialdeko herrialdeetan, berriz, metanfetamina da kontsumituena.
Aurreko astean irakurri genuen UPV/EHUko talde batek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu duela. Horrek plastikoak sortzen duen kutsadura konpon dezake, ez delako degradatzen prozesuan. Berriak jakinarazi du Ainara Sangroniz ikertzailea dagoela lan honen atzean. Berak sintetizatutako plastikoaren ezaugarririk interesgarriena behin eta berriz birzikla daitekeela da. Oraindik oso garestia da baina merkatu ahalko dutela uste dute.
GenetikaGene-ediziorako teknika berri bat sortu dute: Prime editing delakoa, CRISPR teknika oinarrian duena, alegia. David Liu Harvard eta MITeko ikertzailearen taldeak uste du gaixotasunei lotutako giza mutazio genetikoen % 89 zuzentzeko balio lezakeela. Elhuyar aldizkarian azaltzen diguten moduan, zientzialariek 175 ediziotik gora egin dute giza zeluletan, eta eraginkorra eta segurua dela azpimarratu dute ikertzaileek.
ArkeologiaErdialdeko Europako Brontze Aroko etxaldeetan desberdintasun sozialen frogak aurkitu dituzte ikertzaileek. Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egin dute ikerketa eta zehazki ikusi dute estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri direla aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak zirela. Hori ondorioztatu dute hilobietan aurkitutako objektuei esker. Ikerketaren xehetasunak artikulu honetan topatuko dituzue.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #274 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #281
Emergentziak eta horrelakoek ez diote analisiari eusten aukeramena justifikatzerakoan. Jesús Zamoraren arabera, behintzat: Why emergent levels will not save free will (& 2)
Film batetik aterata dirudi José Ramón Alonsok azaltzen duen istorio hau… Beldurrezko filma: The bodyguard
Ez dakigu oso ondo zergatik galaxia kumuluetako erdiko galaxiak diren disdiratsuenak. Argira dakar (kliska-kliska) gaia DIPCko ikerketa batek: A common formation mechanism for star clusters over all mass scales
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #281 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124)
Termodinamika eta ekonomia batzen dituen zientzia da termoekonomia eta, zehazki, energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak zientziaren arlo honek. Izan ere, energia ez da sekula galtzen, eraldatu baizik, eta degradazio horren kalitatea neurtzeko erabiltzen da termoekonomia.
Kontzeptu hau industriaren arloan sarritan erabili ohi izan da, baina UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak sailak lehen aldiz erabili du eraikinetan.
Ana Picallo Perez UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak saileko ikertzaile eta irakaslea da, eta berarekin hitz egin dugu termoekonomiaren inguruko xehetasunak eta erronkak ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124) appeared first on Zientzia Kaiera.
Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan

Irudia: Autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. (Irudia: Kam23lesh).
Autofagiari buruz hitz egiterakoan, hau apoptositik bereiztea komeni da. Orokorrean, autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia izango da aktibatzen dena, zelula deuseztatzeko.
Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru autofagia motetaik, makroautofagia (autofagia hemendik aurrera) da gehien ikertu den eta hobekien ulertzen den autofagia mota (gizakietan ematen diren zenbait gaixotasunetan duen garrantzia dela eta). Bere ezaugarri nagusia, zitosolaren zati bat autofagosoma izeneko mintz bikoitzeko besikula batek biltzen duela da. Jarraian, autofagosoma, lisosoma batekin elkartzen da (autolisosoma sortuz), eta edukiaren degradazioa ematen da.
Orokorrean autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu eta, ondorioz, honen asaldurak zelularen funtzionamendua kaxkartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Saguekin egindako ikerketek erakutsi dute neuronetan autofagia beharrezkoa dela hauek proteinen agregatuetatik garbi mantentzeko.
Honen arian, autofagiaren asaldurak neuroendekapenezko gaixotasunetan duen garrantzia azpimarratu da. Diabetesean berriz, autofagiaren aktibazioak β zelulen estres oxidatibo maila murrizten lagundu dezakeela proposatu da, β zelulak babestuz. Gibel gantzatsu ez alkoholikoari dagokionez, lipofagia bezala ezagutzen den autofagia mota batek gantz tanta handiak apurtzen (hauen erreketa faboratuz) eta gibela babesten duen papera nabarmendu da. Zahartze prozesuan ere autofagiak garrantzia duela ikusi da ikerlan ezberdinetan. Zahartzean zehar, autofagiak kaltetutako osagai-zelularrak deuseztatzen betetzen duen funtzioak, mitokondrioen metabolismo egoki bat mantentzea ahalbidetzen du, oxigenoaren espezie erreaktiboen (ROS) ekoizpena murriztuz. Hala ere, zenbait gaixotasun egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioak kalte egin dezake onura egin beharrean.
Prozesu honek osasun eta gaixotasun egoeratan duen garrantzia dela eta, azken urteetan asko ikertu da autofagia aktiba dezaketen modu eta konposatuen inguruan. Hauen artean kaloria murrizketa (eguneko energia ingestioaren %20-40-ko murrizketa, desnutrizioarik gabe), erresberatrola (mahats eta ardoan aurki daitekeen konposatu fenolikoa), metformina (2 motako diabetesa tratatzeko erabiltzen den farmakoa) eta rapamizina eta honen analogoak (minbizi ezberdinen tratamenduan erabiliak) dira aipagarrienak.
Nahiz eta autofagiaren aktibazioak osasunean onura ezberdinak sor ditzakeela ikusi den, gaur egun oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak. Izan ere, zenbait egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioa kaltegarria izan daitekeela proposatu da. Datozen urteetan egingo diren ikerketek (zelula eta animalietan nagusiki), etorkizunean autofagia gizakietan ematen diren zenbait gaixotasun eta egoera sendatzen edo hobetzen lagungarria izan daitekeen erakutsiko dute.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan.
- Laburpena: Autofagia zelula eukariotikoetan berez gertatzen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeretan dagoenean. Autofagiari buruz hitz egitean, apoptositik bereiztea komeni da. Oro har, autofagia babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzuntzat. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia aktibatuko da, zelula deuseztatzeko. Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru motek duten ezaugarri komuna da lisosoma bidez zitosoleko materialaren degradazioa gertatzen dela. Oro har, autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu, eta, ondorioz, horren asaldurak zelularen funtzionamendua kaskartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Autofagiak (edo haren asaldurak) zenbait gaixotasun eta egoeraren (neuroendekapenezko gaixotasunak, diabetesa, obesitatea, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa edo zahartzea) sorrera eta garapenarekin duen erlazioa dela eta, komunitate zientifikoa aspalditik dabil prozesu hau aktibatzen edo egoera normalera itzultzen duten molekula edo esku-hartzeen bila. Hala ere, gaur egun prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak oraindik ezagutzen ez direnez, beharrezkoa da gizakiekin ikerketa gehiago egitea mekanismo hau helburu terapeutikoekin erabili ahal izateko.
- Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 157-170
- DOI: 10.1387/ekaia.19621
————————————————–
Egileez:
Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan appeared first on Zientzia Kaiera.
Morrontzaren zantzuak, Brontze Arotik bertatik
“Iraganaren ikuspegi guztiz berria”. Zenbat aldiz entzun da esaldi hori arkeologiari buruzko dokumentaletan! Ikuslearen arreta erakartzeko maiz erabilitako amua da, bai. Eta, bide batez, abaguneari probetxua aterata, zientzia dibulgazio artikulu baterako amu aproposa ere izan daiteke. Hainbeste aldiz errepikatu izanagatik, badirudi esaldi horrek indarra galdu duela. Baina, gehienetan, badu oinarri bat atzean. Teknika berriak, eta, bereziki, teknika zahar eta berrien arteko elkarlana izugarrizko iraulia ekartzen ari dira gaur egungo ezagutzara.
Arkeologiaren eremuan, bereziki antzinako DNAren analisi genetikoa eta isotopoen azterketa dira indar biziaz sartu diren aurrerapenak, eta indusketa tradizionalari eta gorputzen azterketa antropologikoari gehitu zaizkie, hasieran aipatutako ikuspegi berria eskaintzeko. Besteak beste, modu horretan posible da zehaztea ehortzitako lagunak tokikoak ala atzerritarrak ziren, eta baita horien arteko lotura biologikorik ote zegoen.

1. irudia: Aztarnategietan hilobi-ostilamendu ugari aurkitu dituzte, eta horien arabera ikertzaileak gai izan dira ondorioztatzeko lagun bakoitzaren estatusa. (Argazkia: Ken Massy)
Hala egin dute Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egindako ikerketa batean. Kristo aurreko 2750 – 1300 urte tarteko aztarnategiak daude bertan, eta etxalde bakoitzaren alboan hilerriak daude. Horietan ehortzitako 104 lagunen genomak aztertu dituzte. Kasu honetan, landetxe txikietan batera bizi ziren lagunen ahaidetasuna eta egitura soziala ikertzeko antzinako DNAren azterketa erabili dute, eta atera duten emaitza harrigarria izan da: etxalde horietan etxe barruko desberdintasun sozialak zeudela ikusi dute. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Zehazki, estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri dira aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak ziren, arkeologoek hilobietan aurkitutako objektuei esker ondorioztatu ahal izan dutenez. Topatutako ondasunen artean armak eta harribitxiak daude, eta horien arabera oinarritu dira ikertzaileak norbanako bakoitzaren estatusa zehazteko.
Arakatu dituzten etxe ia gehienetan emakumezkoak eta gizonezkoak ez zeuden genetikoki erlazionatuta, andre gehienak kanpotik etorritakoak zirelako. Emakume horiek gutxienez 400 kilometroko distantziara zeuden herrietatik etorriak zirela uste dute ikertzaileek. Estatus altukoak zirela ondorioztatu dute ere. Jatorria zehaztu ahal izateko, isotopoen azterketa erabakigarria izan da: duela bi urte inguru isotopoetan oinarritutako ikerketa batean ondorioztatu zuten hori. Orduan iradoki zuten emakume horiek funtsezko rola bete izan zezaketela garaiko ezagutzen zabalpenean.
Beraz, datuetatik ondorioztatu dute egitura sozial konplexua zegoela, eta baita ahaidetasunean oinarritutako hierarkia soziala ere. Historiaurrean halakorik ikusten den lehen aldia litzateke hau, zientzialariek beraiek egin duten aldarrikapenaren arabera.
Philipp Stockhammer ikertzailearen hitzetan, “aberastasuna ahaidetasun biologikoari edo atzerriko jatorriari lotuta aurkitu dugu. Familia nuklearrak ondasunak eta estatusa transmititu zuen, belaunaldiz belaunaldi. Baina etxalde bakoitzean aurkitu ditugu ere tokiko jatorria zuten eta gaizki hornituta zeuden lagunak”.

Ken Massy)
2. irudia: Estatus altuko emakume ehorzketa baten jatorrizko kobrezko diskoa (ezkerrean) eta berreraikipena (eskuinean). Emakume hori bere garaiko pertsonarik aberatsenetako bat zen Alemaniako hegoaldean, baina ez zen bertokoa, Alpeetako iparraldekoa baizik. (Argazkia: Ken Massy)
Jakina da arkeologoen lana dela jakitea duela urte asko zer gertatu zen, aztarna gutxi batzuen laguntzarekin. Kasu honetan, puzzlea osatzen ari da pixkanaka. Urrundik etorritako emakume horiek egoteak iradoki dezake hitzartutako ezkontzak bazirela. Bada, beste pista batek susmo hori indartzen du: alaba heldurik ez dute aurkitu hilobietan. Horregatik uste dute emakumeak ezkongai gisa emanak izan zirela. DNAri esker, ehortzitako lagunen zuhaitz genealogikoak osatzeko gai izan dira, lauzpabost belaunaldietan zehar. Baina genealogia horietan leinu maskulinoak baino ez zeuden. Antza, heldutasunera iritsi orduko emakumezkoek herria uzten zuten. Lehenago aipatu bezala, amak kanpotik etorritakoak ziren. Goiko klasekoen artean, hilobietan soilik aurkitu dituzte neska nerabeak edo emakume helduak.
Ezin izan dute demostratu esklaboak zirenik, eta, are gehiago, zientzia artikuluan ez da horrelakorik aipatzen. Baina aukera hori planteatu dute prentsa oharrean. Bertan diote Antzinako Grezian eta Erroman ohikoa zela esklabotza, baina aurkikuntza berri honek erakusten duela “familia estrukturen barruko desberdintasunik eza” 1500 urte lehenago gertatu zirela orain Alemaniaren hegoaldea dagoen eremuan. Argi daukate, ordea, landetxe horiek aitengandik semeengana oinordetzan utziak izan zirela, eta sistema hau gutxienez 700 urtez luzatu zela, Neolitotik Brontze Arora.
Erdiko Europan Brontze Aroa Kristo aurreko 2200-800 urteetan kokatzen da. Garrantzi handiko aldaketak izan ziren garai horretan. Brontzea egiteko kobrea eta eztainua behar zirenez, lehengai horiek garraiatzeko ibilbideak eta merkataritza sareak sortu ziren, eta horietan ere arras lagungarria izan zen zaldiaren etxekotzea. Horrek, noski, Europako eta Anatoliako paisaia kulturalak guztiz aldarazi zituen. Funtsean, kontinente mailako lehen “globalizazioa” izan zen.
Orain arte, garai hura ikertzera bideratutako azterketa genetikoak bereziki giza populazioen mugimendu handiak ikertzeko erabili izan dira. Ikertutako garaian desberdintasun sozialak bazeudela ezaguna zen, baina orain argitu dute desberdintasun horiek etxebizitzen barruan ere izaten zirela, eta belaunaldiz belaunaldi mantendu izan zirela.
Erreferentzia bibliografikoa:
Mittnik et al., (2019). Kinship-based social inequality in Bronze Age Europe. Science, eaax6219. DOI: 10.1126/science.aax6219.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Morrontzaren zantzuak, Brontze Arotik bertatik appeared first on Zientzia Kaiera.
Jakin-mina programa, 4. DBHko ikasleei zuzendutako hitzaldiak
Jakiundek Jakin-mina programa antolatzen du DBHko 4. mailako ikasleentzat. Ikasturtez ikasturte egiten da programa. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra elkarlanean aritu da Jakiunderekin Jakin-mina sortu zenetik.
Ikastetxeetako zuzendaritzek hautatzen dituzte parte hartuko dituzten ikasleak, haien interesa eta motibazio akademikoa aintzat hartuta. Aukeratutako ikasleei askotariko gaiei buruzko bost hitzaldi ematen dizkiete lehen mailako profesionalek, zientzialariek eta irakasleek. Programa hau Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan garatzen da 2019ko azarotik 2020ko martxora arte.
Gai askotakoak dira hitzaldiak, eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez ematen dira. Hitzaldi bakoitzera 30 ikasle inguru joaten dira. Bost hitzalditako hamaika ziklo eskainiko dira guztira azaroan hasiko den aurtengo edizioan: hiru Bilbon, Durangon eta Arrasaten bana, hiru Donostian, bat Iruñean, Tuteran eta Gasteizen ere ziklo bana. Hitzaldi guztiak ostiraletan ematen dira arratsaldeko bost eta erdietan.
Hitzaldietara joateko interesa duten ikasleek, euren ikastetxeen bitartez tramitatu beharko dute izena ematea. Ikastetxeetako arduradunek, beren aldetik, hitzaldi zikloren batean parte hartu nahi duten ikasleen izena eta bi abizenak bidali behar dituzte honako helbide elektronikora: akademia@jakiunde.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara dei daiteke: 943225773.
Egitarauak IruñeaLekua: CIVICAN, Caja Navarra Fundazioa; Pío XII etorbidea, 2
2019ko azaroko 22a: Cuando la alimentación se convierte en una obsesión: trastornos del comportamiento; Marta Cuervo, Elikaduraren Zientziak eta Fisiologia Saila; Nafarroako Unibertsitatea.
2019ko abenduko 13a: ¿Cuál es el mejor sistema electoral?; Asunción de la Iglesia, Zuzenbide Publiko eta Erakunde Juridikoak Saila, Nafarroako Unibertsitatea.
2020ko urtarrileko 31a: Klima aldaketaren eragina Nafarroan; zer egin dezakegu “etxean”?; Iker Aranjuelo, Nekazaritza Jasangarria eta Klima-aldaketa Saila; Agrobioteknologiako Institutua (IdAB-CSIC).
2020ko otsaileko 28a: Inteligencia Artificial: Dónde estamos y a dónde vamos; Javier Fernández, Adimen Artifizial eta Arrazonamendu Hurbildua ikerketa-taldea, NUP.
2020ko martxoko 27a: La música coral: algo más que música; Igor Ijurra, Iruñako Orfeoiko Zuzendaria, JAKIUNDEko kidea.
TuteraLekua: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Prentsa-Aretoa, Tarazona etorbidea zg
2019ko azaroko 15a: What do we eat?; Nora Alonso, CEO Iden Biotechnology, JAKIUNDEko kidea.
2019ko abenduko 13a: Descubriendo la geotermia; Leyre Catalán, Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
2020ko urtarrileko 17a: Ciudades y edificios sostenibles. ¿Responsabilidad propia o ajena?; Ana Sánchez Ostiz, Arkitektura Eskola (ETSAUN), Nafarroako Unibertsitatea.
17 de febrero de 2020: Diversidad, Conocimiento y Diálogo entre Culturas; Justo Lacunza Balda, Pontificium Institutum Studiorum Arabicorum et Islamicorum (PISAI) delakoaren Errektore Emeritua; JAKIUNDEko kidea.
2020ko martxoko 13a: Historia y desafíos de la inteligencia artificial hoy; Humberto Bustince, Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialeko Katedraduna, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, JAKIUNDEko kidea.
Donostia 1Lekuak:
- Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), entzunaretoa, Tolosa etorbidea 72.
- Carlos Santamaria Zentroa (UPV/EHU), irakasleen tailerra, Elhuyar plaza 2.
- Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia, Europa plaza 2.
2019ko azaroko 15a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Human Rights in Global Supply Chains; Katerina Yiannibas, University of Deusto; Lecturer in Law, Columbia Law School, NY; Globernance Institute of Democratic Governance.
2019ko abenduko 13a (Carlos Santamaria Zentroa): Cómo cambiar el mundo a través de los datos; Leire Legarreta, Business Data Analytics graduaren koordinatzailea, Mondragon Unibertsitatea.
2020ko urtarrileko 24a (Musikene): Oletan Olgetan; Jabi Alonso, perkusionista, MUSIKENE.
2020ko otsaileko 28a (Joxe Mari Korta ikergunea): Apego y sexualidad en la construcción del proyecto personal; Javier Gómez Zapiain, irakasle ohia, Psicologiako Fakultatea, UPV/EHU.
2020ko martxoko 27a (Joxe Mari Korta ikergunea): Zibersegurtasunean ikertuz: aurkarien aurkako lasterketa; Urko Zurutuza, Elektronika eta Informatika Saila, Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea.
Donostia 2Lekuak:
- Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), Tolosa etorbidea 72
- Carlos Santamaria Zentroa (UPV/EHU), Elhuyar plaza 2
2019ko azaroko 22a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Oztoporik gabeko elektroi dantza: Supereroaleak!; Ion Errea, Materialen Fisikako Zentroa (CSIC-UPV/EHU).
2019ko abenduko 13a (Carlos Santamaria Zentroa): Cambios de conducta en enfermedades neurológicas; José Félix Martí Massó, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako Zerbitzuko buru ohia antiguo, Neurologiako katedratiko emeritua (UPV/EHU), JAKIUNDEko kidea.
2020ko urtarrileko 10a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Multiculturalidad y derecho: un complejo binomio; Juanjo Álvarez, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko Katedraduna (UPV/EHU), JAKIUNDEko kidea.
2020ko otsaileko 14a (Joxe Mari Korta zentroa): Eta zer da ba feminismoa?; Miren Aranguren, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea, Gure Genealogia Feministak liburuaren idazlea.
2020ko martxoko 6a (Joxe Mari Korta ikergunea): Looking at the dark side of the Universe; Silvia Bonoli, Ikerbasque Research Fellow, DIPC-Donostia International Physics Center.
Donostia 3Lekuak:
- Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), Tolosa etorbidea 72
- Ignacio María Barriola Zentroa (UPV/EHU), Plaza Elhuyar 1
- Tabakalera, Andre zigarrogileak plaza 1
2019ko azaroko 29a (Joxe Mari Korta ikergunea): La empresa con sentido; Ana Belén Juaristi, Engranajes Juaristi enpresako zuzendari gerentea; Adegiren lehendakariorde ohia eta Confebaskeko lehendakariorde ohia. Gipuzkoako enpresaburu 2016 saria.
2019ko abenduko 13a (Ignacio María Barriola zentroa): Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai; Jesus M. Ugalde; Kimika Fisikako katedraduna (UPV/EHU), JAKIUNDEko lehendakaria.
2020ko urtarrileko 31a (Joxe Mari Korta ikergunea): ¿Qué es el Mindfullness?; Edurne Maiz, PETRA ikerketa taldea, Psikologiako Fakultatea, UPV/EHU.
2020ko otsaileko 7a (Joxe Mari Korta ikergunea): You and Your Microbiome; José María Mato, Zuzendari Nagusia, CICBiogune eta CICBiomagune.
2020ko martxoko 27a (Zine aretoa, Tabakalera): Hacia dónde van los Festivales de Cine: Nuevos dispositivos electrónicos, plataformas de exhibición, festivales de todo el año…; José Luis Rebordinos, Zinemaldiaren Zuzendaria.
ArrasateLekua: Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea, Loramendi 4
2019ko azaroko 22a: La cocina y su evolución; Iñaki Alava, Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatea.
13 de diciembre de 2019ko abenduko 13a: Un mundo lleno de resonancias; Jaione Iriondo, Mekanika eta Industria Ekoizpena Saila, Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea.
2020ko urtarrileko 31: Kode-poesia: programazioa literaturara hurbilduz; Manex Garaio, Kode-poesia.eus-en sortzailea, puntuEUS Fundazioa.
2020ko otsaileko 28a: Genetically speaking, we are living mosaics: Ana Zubiaga, Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saila, UPV/EHU; JAKIUNDEko kidea.
2020ko martxoko 27a: Orkestra Sinfoniko handi baten sukaldean; Joxe Inazio Usabiaga, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoa.
GasteizLekua: Micaela Portilla ikergunea (UPV/EHU), Justo Vélez de Elorriaga 1
2019ko azaroko 15a: Pongamos cara a la acromegalia; Sonia Gaztambide, Endokrinologia eta Nutrizioa Zerbitzuko Burua, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; JAKIUNDEko kidea.
2019ko abenduko 13a: Gluten-Free, moda ala beharra?; Idoia Larretxi, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa-taldeko kidea, Farmazia Fakultatea, UPV/EHU.
2020ko urtarrileko 10a: Language Electrified; Adan Zawiszewski, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saila, UPV/EHU.
2020ko otsaileko 7a: Un laboratorio medioambiental en la palma de tu mano; Fernando Benito, Analytical Microsystems & Materials for Lab-on-a-Chip, Microfluidics Cluster taldeko sortzailea, UPV/EHU.
2020ko martxoko 6a: For ju bustana: XVII. mendeko euskaldunak islandiarrekin hizketan; Gidor Bilbao, Monumenta Linguae Vasconum, Letren Fakultatea, UPV/EHU.
Bilbo 1Lekua: 05 ikasgela, Deusto Business School-La Comercial, Deustuko Unibertsitatea, Hermanos Aguirre 2
2019ko azoroko 15a: Webs in Nature, from Neurons, to Spiderwebs, to Cities, to the Filaments Between Galaxies; Mark Neyrinck, Ikerbasque Fellow, Fisika Teorikoa Saila, UPV/EHU.
2019ko abenduko 13a: La ópera tras el telón: Aitziber Aretxederra, Egitarau Didaktikoaren Arduraduna, Operaren Labunen Bilboko Elkartea (OLBE Bilbao Opera).
2020ko urtarrileko 31a: Errehabilitazio NEUROpsikologikoa eta NEUROirudiak: Garunaren plastikotasuna ikertzen NEUROendekapenezko gaixotasunetan; Naroa Ibarretxe, Neuropsikologia Klinikoko Materraren Zuzendaria, Psikologiako Metodoak eta Oinarriak Saila, Psikologia eta Hezkuntzako Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea.
2020ko otsaileko 14a: La medición de la innovación: ¿una ciencia (in)exacta?; Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia, Lehiakortasuna eta Ekonomia-Garapena Saila, Deusto Business School.
2020ko martxoko 27a: Landareek estres egoerarik pairatzen al dute? Babesteko aukerarik ba al dute?; Usue Pérez López, Landare-Biologia eta Ekologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU.
Bilbo 2Lekua: Bizkaia Aretoa UPV/EHU, Abandoibarra 3
2019ko azaroko 22a (Oteiza aretoa): Zer da argia zientziaren ikuspegitik?; Jon Azkargorta, Fisika Aplikatua Saila, Bilboko Ingeniaritza Eskola, UPV/EHU.
2019ko abenduaren 13a (Baroja aretoa): Invadidos por la Computación y los Datos, ¿oportunidad y/o amenaza?; Diego López de Ipiña, MORElab/DEUSTEK, Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea; JAKIUNDEko kidea.
2020ko urtarrileko 17a (Arriaga aretoa): Los tiempos y el mundo cambian: ¿Cómo inciden estos cambios y avances en nuestros sistemas de valores?; Edurne Bartolomé, Nazioarteko Harremanak eta Humanitateak Saila, Gizarte eta Giza Zientzien Saila, Deustuko Unibertsitatea.
2020ko otsaileko 28a (Arriaga aretoa): Literaturak zertan laguntzen digun; Xabier Monasterio, idazlea eta itzultzailea.
27 de marzo de 2020 (Arriaga aretoa): Remote control of gene expression in neurons Jimena Baleriola, Ikerbasque Research Fellow, Achucarro-Basque Center for Neuroscience.
Bilbo 3Lekua: Bilboko Ingeniaritza Eskola, Gradu Aretoa, 1. solairua, A1 (P1A1). Torres Quevedo Ingeniaria Plaza 1
2019ko azaroko 29a: Pongamos cara a la acromegalia: Sonia Gaztambide, Endokrinologia eta Nutrizioa Zerbitzuko Burua, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; JAKIUNDEko kidea.
2019ko abenduaren 13a: Buruan daramazun ezkutuko hizkuntza: Itziar Laka, Gogo Elebiduna, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila, UPV/EHU, JAKIUNDEko kidea.
2020ko urtarrileko 24a: Evolution, disease and the colors of human skin; Santos Alonso, Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saila, UPV/EHU.
2020ko otsaileko 7a: Nuestra mente nos engaña; Helena Matute, Psikologia Esperimentaleko Katedraduna, Psikologia Esperimentaleko Laborategiko zuzendaria, Deustuko Unibertsitatea; JAKIUNDEko kidea.
2020ko martxoko 6a: Kantuetan dantzan, tradiziotik sorkuntzara; Iñaki Goirizelaia, Ingeniaritza Telematikoko katedraduna, UPV/EHUko errektore ohia, Amilotx dantza taldeko zuzendaria; JAKIUNDEko kidea.
DurangoLekua: Bizenta Mogel liburutegia, Komentukalea 8
2019ko azaroko 15a: Kalamuaren alde ilunak; Koldo Callado, Farmakologia Saila, UPV/EHU.
2019ko abenduko 13a: ¿…De qué hablamos cuando hablamos de Arte?; Arantza Lauzirika, Arte Ederretako Fakultateko dekanoa, UPV/EHU.
2020ko urtarrileko 31a: Cómo Somos y Dónde Estamos; Ander Gurrutxaga, Soziologiako Katedraduna, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, UPV/EHU; JAKIUNDEko kidea.
2020ko otsaileko 28a: Programatzaile berrien portaera ezagutu datuen analisiaren bidez; Mª Luz Guenaga, Deusto LearningLab, Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea.
2020ko martxoko 6a: From Haro to New York: A boat trip exploring the Earth´s subsurface through applied mathematics; David Pardo, BCAM-Basque Center for Applied Mathematics, UPV/EHU.
Izen-ematea:Ikastetxeetako arduradunek hitzaldietara joateko interesa duten ikasleen izena eta bi abizenak bidali behar dituzte honako helbide elektronikora: akademia@jakiunde.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara dei daiteke: 943225773.
The post Jakin-mina programa, 4. DBHko ikasleei zuzendutako hitzaldiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kipchogeren 2 orduz azpiko maratoiaren atzean dagoen zientzia
Kipchogek 14 maratoitan parte hartu du eta, bat izan ezik, guztiak irabazi ditu. Hain zuzen ere, munduko errekor ofiziala dauka (2h 1m 39s), 2018an Berlinen lortutakoa, kirol honetan duen nagusitasuna argi uzten duena. Hala ere, esan beharra dago maratoi hau 2 ordu baino denbora gutxiagoan osatu ahal izateko zeregin garrantzitsua izan duela zientziak.

1. irudia: Eliud Kipchoge korrikalaria. (Argazkia: Michiel Jelijs / Flickr.com, CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)
Hasteko, leku egokia aukeratu dute froga egiteko: Vienako Prater parkea. Parkea guztiz laua da eta, 42 Km-ko distantzia burutzeko, 4.4 bira eman behar izan dizkio. Horretaz gain, klimak berebiziko garrantzia dauka; hori dela eta aukeratu dute Viena. Urteko sasoi honetan aproposa da bertako tenperatura lasterketa honetarako: larunbatean 8-12 °C-ko tenperatura izan zuten. Adituen arabera maratoi bat egiteko tenperatua egokiena 10 °C ingurukoa da eta hezetasunak baxua izan behar du.
Altitudea ere garrantzitsua da: Kipchogek Kenyan entrenatzen du 2400 metroko altitudean. Airearen oxigeno ehunekoa konstantea da altitude desberdinetan (% 21ekoa), baina altitude altuagoetan presio atmosferikoa txikiagoa da, eta horrek oxigenoaren presio partziala murrizten du. Esaterako, 2400 metroko altitudean oxigeno kantitatea laurden bat murrizten da, oxigeno-kontzentrazio efektiboa % 16koa delarik. Viena itsasoaren mailan dagoenez, oxigeno gehiago dago eskuragarri eta abantaila da hori. Hain zuzen ere, altitude handietan entrenatzearen abantailak asko ikertu dira.
Haizea da kontuan hartu den beste faktore bat. Maratoian 41 erbik hartu dute parte Kipchoge haizetik babesteko. Ibilbidean zehar elkar txandakatzen zuten, Kipchogek 7 erbi eduki zitzan uneoro babesle. Haizearen abiadura eta norabidearen arabera erbiak posizio desberdinetan kokatu dira haizearen eragina murrizteko.
Horretaz gain, auto elektriko baten laguntza izan dute. Autoak laser batekin ibilbide eta abiadura egokia adierazi ditu zoruan eta korrikalariek aurreikusten ziren denborak bete dituzte uneoro. Autoak hesi gisa ere jokatu du haizea murriztuz.

2. irudia: Besteak beste, lekua, altitudea, haizea eta oinetakoak funtsezko elementuak izan dira Eliud Kipchoge kirolariak lortutako azken emaitza eskuratzeko. (Argazkia: SAM7682 – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Beste alderdi garrantzitsu bat erabilitako oinetakoak izan dira: Kipchogek proba honetan Nike ZoomX Vaporfly Next% oinetakoak erabili ditu. Oinetako hauen garapenean puntako teknologia eta materialak erabili ditu Nike etxeak. Zapatila hauek zenbait geruzaz osatuta daude eta bakoitza era egokian diseinatu da material aproposak erabiliz.
Oinetakoaren gainazala iragazkorra da oina lehor mantentzeko eta lokarriak desbideratuta daude oinaren goialdean presioa murrizteko. Orpoan aparrezko kuxin bat daukate poliuretanozkoa izan daitekeena, Akilesen tendoiari erosotasuna emateko. Tarteko zolan zenbait geruza daude zein bere materialez osatuak daudenak eta galera energetikoa murrizten dutenak: aparrezko geruza bat, karbonozko zuntzak dituen geruza eta material konpositez osaturiko beste geruza bat. Beheko zolak zirrikitu ugari ditu mugikortasuna handitzeko eta kautxuz egina dago. Zapatila hauekin oinak lurra jotzen duenean indarrak aipatutako geruzak zeharkatzen ditu oinetakoaren gainazal osoan banatuz. Horretaz gain, oinetako hauek oso arinak dira, bakoitzak 190 g inguru pisatzen baitu.
Gaur egun, marka honi ofizialtasunik onartu ez dioten arren, erronka honek argi utzi du Kipchoge atleta bikaina dela. Horretaz gain, argi gelditu da etorkizunean betekizun garrantzitsua izango dutela teknologiak eta zientziaren aurrerapenek lasterketetan markak hausteko orduan.
Iturriak:
- Ineos 1:59 Challenge.
- Wikipedia.
- Peacock, A.J. (1998). Oxygen at high altitude, BMJ, 317(7165), 1063–1066. DOI: 10.1136/bmj.317.7165.1063.
- Believe in the run.
———————————————————————————-
Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.
———————————————————————————-
The post Kipchogeren 2 orduz azpiko maratoiaren atzean dagoen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Gorri guztiak dira deigarriak

1. irudia: Arrosa gorria. (Argazkia: Peggy Choucair / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)
Zuria, beltza eta gorriaLinguistikoki, «gorri» lehena da, lehen hitz kromatikoa, gainerako koloreen senide nagusia.
Giza kultura batzuetan ez da hitzik sortu kolore batzuk izendatzeko; esaterako, «horia», «arrosa» edo «marroia». Aldiz, guztiek bereizten dituzte eguna eta gaua. Ikus daitekeena eta ezin daitekeena ikusi. Nolabait, giza hizkuntza guztietan bereizten dira «zuria» eta «beltza», «argia» eta «iluna». Baina hortik aurrera, kultura batzuek ez dute hitzik sortzeko beharrik sentitu zenbait kolore izendatzeko.
Hizkuntzen bilakaeran, ordea, une jakin batetik aurrera, gizarteak kanpoko itxurari (koloreei) erreparatuta izendatzen ditu gauzak. Eta, gauzak zer diren, ia beti, funtzio hori betetzeko sortzen den lehen hitza, zuriaz eta beltzaz gain, gorria da.
Hizkuntza antropologiari esker, badakigu giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz bakarrik erabiltzen baditu, hiru hitzok «argi», «ilun» eta «gorri» direla. Bistan da, psikologo kognitibo ororen arreta erakartzen du horrek. Koloreen artean berezia izan behar da gorria; izan ere, hizkuntzalaritzan bederen, ia beti da lehen kolorea. Edo, bestela esanda, izango du zerbait, bizitasun bereziren bat, beti egokitzen baitzaio lehena izatea, senide nagusia.
Koloreak atera zizkionLehen kolorea izanik, normala da hizkuntza batzuetan gorriak «kolore guztiak» edo «edozein kolore» adieraztea. Komantxez, esaterako, gorri eta kolore sinonimoak da. Greziera klasikoan ere, chroma hitzaren erroa chros da, giza larruazala ere izendatzen duena, edo, oro har, kanpoko itxura. Gainera, okre hitzak erro bera du; jatorrizko gorria.
Baina ez dago zertan hainbeste urrundu. Zer da, bada, «koloreak ateratzea», lotsagorritzea ez bada?

2. irudia: Txinan ohikoa da faroltxo gorriak zintzilikatzea Urte Berri txinatarrari ongietorria emateko. (Argazkia: Dileep Kaluaratchie / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)
Era berean, garatzeko denbora tarte handiena izan duen kolorea da. Beti esaten da inuitek hogeitaka hitz dituztela zuria izendatzeko, baina ez da hain ezaguna, esaterako, maoriek beste hainbeste hitz edo are gehiago dituztela gorriaren unibertso konplexua izendatzeko.
Fruituak gorri, hostoak berdeGorri guztiak dira deigarriak, baina nondik datorkie bizitasun berezi hori?
«Arrosa gorri bat oparitu zion, eta mutikoari, herabea bera, koloreak atera zizkion». Literatura erromantikoaren pintzelkadek gorritu dituzte amodioa, pasioa, erakarmena eta plazera. Loreen eta larruazalaren pigmentua da. Baina, baina, baina… natura ez da hain erromantikoa. Biologiari erreparatuta, gorria ez da amodioaren eta landareen emaitza, gosearena eta fruituena baizik.
Lehen kolorea izate horren azalpen ebolutiboa ederra da, baiki. Giza gorputzaren beste funtzio biologiko batzuen aldean, ikusmen trikromatikoa orain gutxi samarrekoa da; duela 30 edo 40 milioi urte eratu zen. Trikromatiko esaten zaio hiru ardatz dituelako: zuria/beltza ardatza, urdina/horia ardatza eta, azkenik, gorria/berdea ardatza. Hirugarren ardatz hori, garatu zen azkena, beste tximino trikromatiko batzuek ere badute. Gainerako animaliek (txoriek, arrainek, intsektuek, etab.) bestelako espektro kromatiko batzuk garatu dituzte.
Zer arrazoi ebolutiborengatik garatu zuten tximino jakin batzuek hirugarren ardatz hori (gorria/berdea)? Hona azalpen laburra: biltzaileak ginen. Aurrerapauso ebolutibo itzela izan zen kolore gorria ikusi ahal izatea berdearekin kontrastean. Hala, begi kolpe bakarrean hauteman genezakeen fruitu guri eta desiragarria hosto berde zaporegabeen artean.

3. irudia: Basamarrubiak. (Argazkia: Hagar Lotte Geyer / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)
Kolore gorria, beraz, tximu biltzaileek fruitu helduak hostoetatik bereizi ahal izateko garatu zuten ikusmen teknologiaren emaitza ebolutiboa da. Horregatik da urrunetik, begi kolpe bakarrean eta ahalegin berezirik gabe bereizten den kolorea.
Garapenaren aldetik, gorriak jatekoa esan nahi du, hala nola zaporetsua eta zuhaixka hostoek gordetako fruitua. Era berean, harrapakina esan nahi du; animalia belazean. Azken batean, udaberria sasoi betean iritsi dela esan nahi du.
Beti forma, inoiz ez hondoHorregatik, kolore gorriak nabarmen bereizten ditu forma eta hondoa. Gorria beti da forma, inoiz ez hondo.
Maiatzean, Gipuzkoako Campusean (UPV/EHU) kolore gorriari buruz egin zen erakusketa berezi batean, Manuel Bocanegra margolariak obra paradoxiko bat aurkeztu zuen. Gorriz margotutako marko huts bat.
Zergatik ez dira gorriz margotzen koadroen markoak? Marko gorri batek margolana hondora bultzatuko lukeelako, eta pareta bihurtuko litzatekeelako marko. Manuel Bocanegrak nahita utzi zuen hutsik markoak inguratutako espazioa, zernahi jarrita ere, edozer bihurtuko litzatekeelako paisaia; adibidez, markoari eusten dion pareta bera.

4. irudia: Manuel Bocanegraren “Etenaldia” artelana. (Egilea: Ekai Txapartegi)
Gorria aurre-aurrean ikusten dugu, eta gainerakoa hondora arrastatzen du. Horren adibide da sasi artean andere-mahatsak banan-banan biltzea; mekanikoki egiten dugu ia, begia eta eskua bat-batean koordinatuta. Andere-mahatsa ez dena, hondoa da, ikusi ere egiten ez den zer bat. Ez dago besterik, begiek aurre-aurrean ikusi duten gauza gorrira doa eskua.
Begira niri, hemen nago!Zerbait nabarmendu nahi baduzu, margotu gorriz. Esaterako, seinale garrantzitsuenak, zirkulaziokoak eta larrialdietakoak. Erresuma Batuan postontziak berdez margotzeko burutazio okerra izan zuten. Berriz margotu behar izan zituzten 1874. urtean, baina orduko hartan gorriz, oinezkoek tupust egiten baitzuten postontzi berdeekin. Psikologikoki, gorria da kolorerik deigarriena. Atentzioa gehien ematen duena.
Gorria da nagusi. Testuak zuzentzeko, adibidez, gorria erabiltzen da. Edo freskagarri pote ezagun hori; gure begientzako iman ahaltsu, kapitalismo instintiboenaren ikur.
Gorriz janzten bada, dardara eragiten du, berehala bihurtzen delako desiraren objektu. Naturak duela milioika urte ikasi zuen amarru hori, eta gorriz margotu zituen fruituak, baita gure gorputzaren alderdirik erotikoenak ere: ezpainak, bularra eta genitalak.
Funtsean, gorri guztiak dira deigarriak, eta ozen mintzo dira, lotsagabe: «Begira niri, hemen nago! Gainerakoa ez zaizu axola».
———————————————————————————-
Egileaz: Ekai Txapartegi (@ekainet) UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da.
———————————————————————————-
Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation gunean argitaratu zen 2019ko abuztuaren 12an: Todos los rojos son chillones.
The post Gorri guztiak dira deigarriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #273
Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute, zehazki, txori kantari bati abesti baten zatiak “irakatsi” dizkiote. Bai, ondo irakurri duzue. Zientzialariek Taeniopygia guttata espeziarekin egin dute esperimentua, garapenean gizakiak dituen antzeko ezaugarri batzuk komunean dituelako. Gizakiek hitz egiten ikasteko duten modua hobeto ezagutzen lagun dezake ikerketak, zientzialarien arabera. Ikerketaz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!
TeknologiaItzultzaile neuronal bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, adimen artifiziala oinarrian duena. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu. Aurrekoekin konparatuz gero, badirudi gailu berri hau hobeagoa dela. Jaurlaritzak argitu du itzultzaile honen izaera: ez du itzultzaileen lana ordezkatuko, laguntza gisa erabiltzeko da, besterik ez. Eta jakina, akatsak egin ditzake. Probako bertsioa saretu dute oraingoz, hemen duzue ikusgai: Euskadi.eus/itzultzailea.
Sustatu.eus-en irakur daitekeen moduan, urtebetean, hiru itzultzaile neuronal aurkeztu dituzte: orain saretu denaz gain, iaz, Modela.eus aurkeztu zuten eta aurten, Batua.eus-en berri eman dute. Artikulu honetan, gailuei buruzko xehetasunak aurkituko dituzue.
Puntueus Fundazioak proiektu oso poetiko bat abiatu du. Euren helburuetako bat da poesia sortzea programazio hizkuntzen sintaxia erabilita. Gainera, nahi duen orok ekarpenak egin ditzake kodepoesia.eus atarian. Kodeak eta poesiaren ezkontza gertatu da ikerlan honetan eta zerbait artistikoa egin du Manex Garaiok, proiektuaren sortzaileetako batek. Bere hitzak irakurtzeko aukera izango duzue Berrian argitaratu duten elkarrizketa honetan.
KimikaUPV/EHUko eta Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu dute. Gainera, azaldu dutenaren arabera, egun erabili ohi diren plastiko bilgarrien ordezkoak baino hobea da eta plastikoaren ekonomia zirkularra bultzatzen du. Ikertzaileek diote ez dela erraza polimero biodegradagarri onak lortzea. Ikerketa honetan lortu duten materiala ez da biodegradagarria baina kimikoki birzikla daiteke. Elhuyar aldizkarian topatuko duzue informazio gehiago.
Klima larrialdiaArtikoan dagoen permafrosta, urte osoan urtzen ez den lur izoztua, desizozten ari da pixkanaka. Ikertzaileen ustez, mende amaierarako zatirik handiena galdu egingo da ez badira neurri zorrotzak hartzen. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak duela bi aste argitaratu zuen aurtengo txostena eta datuak ez dira oso itxaropentsuak: “Horrek arriskuan jar dezake jendea, luiziak, elur-jausiak, lur-jausiak eta uholdeak eragin ditzakeelako, besteak beste”. Datuen arabera, 2100. urterako, gaur egungo gas igortzeak mantenduz gero, izotz masaren %80 galduko dute Europan, Afrika ekialdean, Andeetan eta Indonesian aztertu dituzten glaziarrek.
MJ Sexual and Reproductive Health aldizkarian esan dute klima larrialdiari aurre egiteko antisorgailuen erabilera aintzat hartu behar dela. Munduko gainpopulazioaren auzia kontuan izanik, antisorgailuak giltzarria izan daitekeela adierazi dute. Izan ere, urtero munduan desio ez diren 99 milioi haurdunaldi izaten da; haurdunaldi guztien % 44. Ez galdu Elhuyar aldizkariak gerturatu digun informazio hau.
AlbaitaritzaBadakizue zein den zebra marren funtzioa? Zientzialari batzuek zenbait hipotesi proposatu dituzte. Adibidez, kamuflatzeko, beroari aurre egiteko eta intsektuak uxatzeko balio dutela iradoki dute. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, oraingoan, ikerketa batek frogatu du intsektuen ziztadak saihesteko balio duela. Ikerketa Japonian egin dute eta emaitzak ikusita, ikertzaileek diote behiak marraz margotzea intsektizidak ordezkatzeko metodo egokia izan daitekeela.
OsasunaAnisakisa zer den badakizue? Itsas animalien nematodo parasitoak dira eta gure espezian anisakidosi izeneko gaixotasuna eragin dezakete. Gaixotasun horren lehen kasua 1876an ezagutu zen. Espainian, lehen anisakis infekzioa 1991n jazo zen, 41 urteko gizonezko bat infektatu zen, baina ez zuten zehaztu nola kutsatu zen nematodoarekin. Hortaz, arriskutsua da arraina gordinik edo gutxi eginda kontsumitzea, baita arrain gazitua edo ketua ere.
MatematikakArtikulu honetan azaltzen digutenez, konposizio metodoek Ekuazio Diferentzial Arruntak (EDAak) ebazteko oinarrizko zenbakizko integrazio-metodo bat modu egokian konposatuz emaitzak hobetzeko aukera ematen dute. Lan honetan bigarren ordenako zehaztasuna duen oinarrizko integratzaile simetriko bat erabiliz lortzen den konposizio metodo simetrikoei erreparatu diete.
AstrofisikaAsteon, Marcia Neugebauer geofisikaria izan dugu protagonista, berak argitu zuen eguzki-haizearen fenomenoa. Eguzkitik etengabe ateratzen den karga elektrikoa duten partikula korronte bat da eta ekaitz geomagnetikoen, auroren eta kometek askatzen duten gasen atzean dago. Marcia eguzki-haizearen neurketak egin zituen lehen ikertzailea izan zen. Gainera, fenomeno horren ezaugarriak (tenperatura eta abiadura, esaterako) aztertu zituen, baita eguzki-haizearen eta kometen arteko elkarreragina ere.
Exoplaneta batzuek Lurraren eta Marteren antzeko propietate geokimikoak dituztela ondorioztatu dute ikerketa batean. Elhuyar aldizkarian irakurtzeko aukera izan dugunez, exoplanetek nano zuri baten kontra talka egitean utzitako arrastoak, eta planeta haien oxidazio-mailak aztertu dituzte ikertzaileek.
GenetikaGiza enbrioien genomak editatzeko orduan alderdi batzuk hartu behar ditugu kontuan. Lehenik eta behin, giza enbrioietan gene-edizioen segurtasuna bermatu behar da. Horretaz gain, mosaizismoari erreparatu behar zaio. Koldo Garciak azaltzen digun moduan, uste zena baino ohikoagoa baita pertsona baten zelulen artean ezberdintasunak egotea gene-sekuentzian. Eta hori gene-edizioa egiteko arazo bat da. Saiakuntza klinikoei dagokienez, nolakoak izan behar dute? Eta azkenik, mundua prest al dago gene-edizioa erabiltzeko? Hausnarketarako artikulu interesgarria!
BiologiaIUCN erakundeak argitaratu berri duen ikerketa batean azaldu du Europako 454 zuhaitz espezieetatik %42 mehatxupean daudela. Zerrenda gorri horretan agertzen den espezietako bat eukaliptoa da. Txostena ez da “alarmista”, Jorge Curiel Ikerbasqueko irakaslearen aburuz: “Hau errealitatea da: Europako basoak sufritzen ari dira”. Euskal Herrian, adibidez, kezkatuta daude Pinus radiata landaketekin. Eta nork eragin du egoera hau? David Allen IUCNko Tokian Tokiko Bioaniztasun Azterketa taldeko kideak azaldu du giza ekintzen kalte zuzenak “dezenteko arazoa” diren arren, “mehatxu nagusia sarturiko espezie inbaditzaile eta kaltegarriak dira”.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #273 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #280
Bryan Caplan ekonomialariaren iritziz, ikasteak dirua eta denbora galtzea dakar. Jesus Zamora Bonilla irakaslea ez dator bat horrekin: Caplan’s ‘case against education’ (1).
Terminator etorkizuneko androidea izateaz gain, bere burua modu harrigarrian konpontzen duen polimeroa da. Mikel Irigoyenek kontatzen digu: Terminator: self-healing does no longer belongs to fiction only.
Masa txikia duten objektuek eragindako grabitazio-lentea efektua uhin grabitazionaletan, hurrengo finketa izan daiteke astronomiaren multimezularitzan. Honek aldagai kosmologikoak mugatzen lagunduko luke, besteak beste, neutrinoaren masa. DIPCko ikertzaileak horren garapen teorikoan parte hartu dute: Signatures of microlensing in gravitational waves.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #280 appeared first on Zientzia Kaiera.
Marcia Neugebauer geofisikaria eta eguzki-haizearen sekretuak

1. irudia: Eguzkiaren geruza ezberdinak erakusten dituen ilustrazioa. (Argazkia: NASA eta ZTH)
Urtetan zehar, eguzkiaren barne-jarduera ezezagunak zientzialari mordoa erakarri du. Ezin dugu ahantzi gure planetari eragiten dion elementua dela, zehazki, Lurra inguratzen duen eremu magnetikoari. Izan ere, Eguzkiak askatzen dituen energia “jaurtigaien” aurrean, magnetosfera da gure babesa.
Marcia Neugebauer geofisikariak argitu zuen eguzki-haizearen fenomenoa. Eguzkitik (eguzki korotik) etengabe ateratzen den karga elektrikoa duten partikula korronte bat da, heliosfera sortzen duena. Fenomeno hau ekaitz geomagnetikoen, auroren eta kometek askatzen duten gasen atzean dago. Gure protagonista eguzki-haizearen neurketak egin zituen lehen ikertzailea izan zen. Gainera, fenomeno horren ezaugarriak (tenperatura eta abiadura, esaterako) aztertu zituen, baita eguzki-haizearen eta kometen arteko elkarreragina ere.
Arrakastarik gabeko misioen ondoren, mirariaMarcia Neugebauer New Yorken jaio zen, 1932an. Fisikako ikasketak egin zituen, Cornell Unibertsitatean, 1954an. Graduondokoa ere egin zuen, Illinoiseko Unibertsitatean. Ikasten ari zen bitartean, David Lazarusen laborategian egin zuen lan. Bertan, metalen difusioa aztertu zuen. Lan hark ez zuen arrakasta handirik izan eta, gainera, gaia ez zuen oso gustuko, hortaz, beste ikerketa bat abiatu zuen: emultsio nuklearretan, partikula energetikoen ezohiko dispertsioa ikertzen hasi zen, Robert Hill zuzendari zuelarik.

2. irudia: Marcia Neugebauer 1962. urtean NASAko egoitzan lanean. (Argazkia: Jet Propulsion Laboratory / NASA. Iturria: Wikimedia Commons – Domeinu publiko irudia)
Halere, masterra bukatu zuenean, ikerketa-lerro hori utzi eta Kaliforniara joan zen. Han, unibertsitate garaian ezagutu zuen Gerry Neugebauer fisikariarekin ezkondu zen. Horren ondotik, Jet Propulsion Laborategian (JPL) hasi zen lanean, 1956an. NASArako espazio-ontzien eraikuntzaz eta bestelako lanez arduratzen zen dibisioa zen. Bertan, Marciak argitu behar zuen bideragarria ote zen kohete nuklearrak eraikitzea erreaktore nuklear batean gasa berotuz.
Armada izan zen proiektuaren babesle nagusia baina une hartan aireko indarrekin gatazkan sartuta zegoen eta horrek azkartu zuen proiektuaren amaiera. Gauzak horrela, Conway Snyderren taldeak beste ikergai bat bilatu zuen: gas ioidunak. Marciak eta Ray Newburnek lan oso garrantzitsu bat zuten esku artean: artikulu bat idatzi behar zuten argitu gabeko galdera zientifikoei buruz. Zerrendako lehenengo gaia eguzki-haizea eta kometak ziren.

3. irudia: Marcia Neugebauer geofisikaria Mariner 2 ontziaren ondoan, planeta baten inguruan hegan egin zuen lehen espazio-ontzia. Mariner 2 ontziak, eguzki-haizea partikula fluxu konstante bat zela baieztatu zuen erreminta diseinatu zuen taldeko partaidea zen Marcia. (Argazkia: NASA)
Urteak eta urteak eman zituzten lanean espazio-tresnak garatzen, eguzki-haizearen ezaugarriak ezagutzeko asmoz. Marcia espazio tresnen diseinu kontzeptualaz eta objektu horien bitartez lortutako informazioa analizatzeaz arduratzen zen. Eraikitako zunda batzuek huts egin zuten, jakina, Explorer 14 eta Ranger 1 eta 2-ak, kasu. Baina azkenean, miraria iritsi zen. 1962. urtean, Mariner 2 zunda jaurti zuten eta arrakastatsua izan zen. Izan ere, Venusera iritsi eta planetaren atmosferari buruz informazio nahikoa jaso zuen zundak. Esperimentuak lehen aldiz neurtu zituen eguzki-haizearen ezaugarriak; bere abiadura, tenperatura eta korronteen bidez gertatzen ziren aldaketak. Marciak ziurgabetasuna hil zuen horrela.
Fisika espazialean aitzindariMariner 2aren ondoren, bi misio zuzendu zituzten Snyderrek eta Marciak: OGO 5 deiturikoa (AEBk jaurti zituen sei sateliteetako bat izan zen, zeinak gure planetaren magnetosfera ikertzea zuen helburu) eta Apolo Programaren esperimentu zientifikoen ekipamendua (ALSEP ingelesez). Giotto misio espazialean ere parte hartu zuen Marciak. Misio honi esker ikertu zuten Halley kometaren konposizio kimikoa, eta plasmaren dinamikak eguzki-haizearen eta kometaren arteko interakzioan.
Eguzki-haizearen ikerketa egiteagatik hainbat sari jaso zituen. 2010ean, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak (NAS ingelesez) Arctowski Domina aitortu zion. Horretaz gain, eta urte berean, George Ellery Hale saria jaso zuen. NASAk ez zuen bere lana ahaztu eta hiru dominarekin saritu zuen. Marciak sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar, baina berak ez du inoiz ikusi bere burua fisika espazialeko aitzindari gisa. Harentzat bere misioen eta lanaren sona une eta toki egokian egotearen ondorioa da.
Iturriak:
- Marcia Neugebauer, Wikipedia
- Marcia Neugebauer, WITI Hall of Fame
- Marcia Neugebauer Receives Two Honors, The University of Arizona, 2010
- Marcia Neugebauer, Pioneers of space physics: A career in the solar wind, Journal of Geophysical Research (1997), 102 (A12), 26887-26894.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Marcia Neugebauer geofisikaria eta eguzki-haizearen sekretuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Integratzaile simetrikodun 10 ordenako konposizio metodo simetrikoen bilaketa

Irudia: Linealizazioko parte esanguratsua zehazteko prozesua.
Oinarrizko integratzaile gisa bigarren ordenako metodo simetrikoa darabilten konposizio metodo simetrikoei erreparatuko diegu. Konposizio metodoa simetrikoa izateak esan nahi du oinarrizko integratzailea simetrikoki konposatu dela. Honelako prozesuen helburua izaten da, oinarrizko metodoaren zenbait propietate mantenduz zehaztasun ordena altuagoko metodoak lortzea.
Simetria baldintzek konposizio metodoaren ordena bikoitia izatea ziurtatzen dute. Bestalde, konposizio metodo simetrikoa zehaztu dugun ordenakoa izan dadin, beharrezkoa da atal kopuru minimo bat izatea. Adibidez, 8 ordenako konposizio metodoak gutxienez s=15 atal izan behar ditu, eta 10 ordenakoak, gutxienez s=31 atal. Asko dira konposizio metodoen koefizienteak bilatzen jardun duten autoreak. Honela, ezaguna da aipaturiko eran lortutako 8 ordenako metodorik onenak 17 atal dituela, eta 10 ordenako eta 31, 33 eta 35 ataleko metodo oso onak ere lortu direla.
Lan honetan 10 ordenako eta 31 ataleko konposizio metodo simetrikoak lortzeko sortu ditugun bi teknika aurkezten dira. Atal kopuru minimoa duen konposizio metodoan, parametro kopurua eta murrizketa aljebraikoen kopurua bera da (10 ordenakoetan zehazki hamasei), eta Newton-en metodoa erabil daiteke soluzioak lortzeko, soluzioen hasierako hurbilpen egokiak izanez gero.
10 ordenako eta 31 ataleko metodo simetrikoen kasuan, milaka soluzio daude, eta horien artean, irizpideren baten arabera onena edo onenak hartzen dira. Hainbat autorek erabilitako irizpidea tarte osoan ibilitako distantzia minimizatzean datza eta guk ere irizpide horri jarraituko diogu. 10 ordenako eta 31 ataleko metodoen artean, Sofroniouk eta Spalettak proposatutakoa da egun ezagutzen den onena. 10 ordenako konposizio metodo simetrikoak hamasei ordena-baldintza bete behar ditu. Ordena-baldintzetako ekuazioak oso konplexuak dira, eta aipatutako autoreek, teknika eraginkor bat diseinatu beharrean, konputagailu ahaltsuen indarra erabili zuten beraien metodoa lortzeko.
Hemen, gure helburua izan da aipatutako metodoak sortzeko teknikak diseinatzea eta berauek probatzea. Sofroniouk eta Spalettak lortutako 10 ordenako eta 31 ataleko metodoa edota hobeak lortzea, guk diseinatutako teknikez baliatuz. Diseinatu ditugun teknika bietan, hamasei ordena-baldintzek osatzen duten sistemaren azpisistema bat ebatziz hasten dugu prozesua. Azpisistema hau 5 ekuaziok osatzen dute, eta ekuazio hauek betetzen dituzten emaitzen multzotik norma euklidearra lokalki minimizatzen duten puntuak aukeratzen ditugu. Ondoren, falta diren beste 11 ordena-baldintzak betearazteko bi bide proposatzen ditugu.
Teknika biak izan dira gai Sofroniouk eta Spalettak lortu zuten soluzioa lortzeko eta bigarren teknikak, beste soluzio batzuk ere eman dizkigu. Teknika hauek erabil daitezke ekuazio polinomikodun sistemak askatzeko (bereziki, ordena altuko zenbakizko integratzaileen sorreran ageri direnak askatzeko).
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Integratzaile simetrikodun 10 ordenako konposizio metodo simetrikoen bilaketa.
- Laburpena: Konposizio metodoek, Ekuazio Diferentzial Arruntak (EDAak) ebazteko oinarrizko zenbakizko integrazio-metodo bat modu egokian konposatuz emaitzak hobetzeko aukera ematen dute. Lan honetan erreparatuko diegu bigarren ordenako zehaztasuna duen oinarrizko integratzaile simetriko bat erabiliz lortzen den konposizio metodo simetrikoei. Simetrien erabilerak, ordena-baldintzak sinplifikatzeaz gain, ezezagunen kopurua gutxitzea eragiten du. Asko dira honelako metodoen koefizienteak bilatzen jardun duten autoreak. Honela, ezaguna da aipaturiko eran lortutako 8 ordenako metodorik onenak 17 atal dituela, eta 10 ordenako eta 31, 33 eta 35 ataleko metodo oso onak ere lortu direla. Lan honetan 10 ordenako eta 31 ataleko konposizio metodo simetrikoak lortzeko sortu ditugun bi teknika aurkezten dira.
- Egileak: Elisabete Alberdi Celaya, Joseba Makazaga Odria, Ander Murua Uria.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 99-121
- DOI: 10.1387/ekaia.19341
————————————————–
Egileez:
Elisabete Alberdi Celaya UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza eskolako Matematika Aplikatua Sailean dabil eta Joseba Makazaga Odria eta Ander Murua UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala sailean.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Integratzaile simetrikodun 10 ordenako konposizio metodo simetrikoen bilaketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute
Beste garai batean, abenduaren 28aren harira hedabideetan zabaltzen ziren inozentaden artean, bazegoen behin baino gehiagotan errepikatu egiten zen klasiko bat: nonbaiten, euskara ikasteko txip bat asmatua zuten, garunean txertatzeko modukoa. Munduko leku askotan zabaldu den txantxa da, noski; eta, hizkuntzekin ez ezik, beste hainbat jakintzarekin ere erabili da. Pentsa, akabo ikasketa arazoak! Baina, modu berean, akabo ikasketa prozesuaren plazera ere.

1. irudia: Ahozko bokalizazioaren bitartez garuna nola aritzen den ikertzen dute Todd Robertsen laborategian, eta horretarako txoriak baliatzen dituzte. (Argazkia: UTSW)
Zientzia fikzioaren alorrean ere behin baino gehiago erabili izan da gaia, normalean, gizateriak metatu duen ezagutza guztia txip batean bildurik irudikatuta. Beste modu batean bada ere, askok etorkizun urrun batean imajinatzen zuten tramankulu hori eskuratu ditugu gizaki gehienok. Eskuratu baino, sakelaratu: smartphone deitzen diogu, eta hari esker Guggenheim zelan idatzi behar den ahaztu zaigu gehienoi.
Baina zuzenean garunean eragiteko ahaleginak ez dira inolaz ere ahaztu. Esan beharrik ez dago garunaren gaineko kontrola intentzio txarrekin egiterik badagoela, baina, —irakurleek ondo dakite— guk Monty Python taldearen Always Look on the Bright Side of Life leloa dugu banderatzat.
Lerroetako bat da garunean gertatzen diren ikerketa prozesuak aztertzea, modu horretan arazoak daudenean prozesu horietan eragin ahal izateko. Norabide horretan, Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean aurrerapen esanguratsu bat azaldu dute. Funtsean, eta oso oinarrizko moduan izanda ere, txori kantari bati abesti baten zatiak irakatsi dizkiote, garuneko zenbait eremu zehatz piztuta.
Taeniopygia guttata espeziearekin lortu dute. Zientzialariek hegazti mota hau erabili dute, ahozko garapenean gizakiak dituen antzeko ezaugarri batzuk ere komunean dituelako. Hegazti kantaria da, eta txitek entzumenaren eta errepikapenaren bitartez ikasten dute abesten: lehen egunetatik entzuten dituzte gurasoen kantak, eta horiek oroimenean gordetzen dituzte. Ondoren, kantua imitatzen saiatzen dira, behin eta berriz errepikatzen. Funtsean, gizakiek ere hala ikasten dute hitz egiten, gurasoak entzundakoari adi eta hori errepikatzen.
Alabaina, eta oso zabalduta egon arren, ahozko bidezko ikasketa honen oinarria argitu gabeko misterioa da. Zehazki, argitzeke dago garunak gurasoak imitatzeko orduan darabiltzan memoriak nola kodifikatzen dituen. Prozesu horiek zehaztasunarekin ezagututa, aukera hobeagoa egongo litzateke gauzak ikertzen direnean aterabideak lortzeko. Ohi bezala, gizakian izaten diren prozesu horiek hobeto ulertzeko eredu animalietara jotzen da sarritan, eta, kasu honetan, Estrildidae ordenako hegazti hauek erabiltzen dira eredu gisa.

2. irudia: Txoriengan irakaspen hau “sortzeko”, euren garunean dauden neuronen jarduera manipulatu dute, optogenetika erabilita. (Argazkia: UTSW)
Lehenik eta behin, zientzialariek ikertu dute kantuaren ikasketa prozesuan parte hartzen duten neuronen sarea; eremu motor eta auditiboa lotzen dituen sarea, hain zuzen. Hauek ezagututa, ikertzaileak saiatu dira prozesuan esku hartzen, eta txori gazteei abesti bat irakasten, gurasoen parte-hartzea izan gabe. Den-dena kontrolpean izatea lortu ez badute ere, funtsean, prozesua abiatzea lortu dute.
Hori lortzeko, optogenetika baliatu dute. Teknika horren bitartez, hainbat zelula zehatz genetikoki eraldatzen dira, eta modu horretan posible da zelula horiek aktibatu edo desaktibatu nahieran, garunean ezarritako gailu batek igortzen duen argiaren bitartez. Kasu honetan, bokalizazioen ikasketa prozesuan zehar erabiltzen diren neuronak izan dira eraldatu dituztenak.
Gailua erabilita, argi bulkada bakoitzaren iraupena eta kantuaren silaba bakoitza berdin irautea lortu dute, eta modu horretan gai izan dira hegaztiaren kantua modulatzeko, kantua irakasteko modu berria lortuz. Finean, eta oso oinarrizko moduan bada ere, garunean ikasketa hori txertatzea lortu dute, oroimen faltsuen bitartez.
“Portaerara bideratutako memoriak kodetzen dituzten garuneko eremuak baieztatu ditugun lehenengo aldia da honakoa”, adierazi adierazi du prentsa ohar batean Texas Southwestern Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Todd Roberts-ek. “Norbait imitatu nahi dugunean erabiltzen ditugun memoriak dira hauek, bai hitz egiten ikasten dugunean zein pianoa jotzen ikasten dugunean ere”.
Momentuz silaben iraupena mendean hartzea lortu dute, iraupen hori argiaren bitartez kontrolatzea lortu dutelarik. Oraindik falta zaie, ordea, tonua edota notak abesteko ordenua kontrolatzea. “Beste ibilbide hauek aurkitzen baditugu, teorian gai izango ginateke hegazti bati haren kantua abestera bultzatzeko, gurasoarekiko inolako elkarrekintza izan gabe”, esan du Robertsek. Dena dela, hau oraindik ere urrun dagoela onartu du.
Ahozko ikasketan parte hartzen duten prozesuak ikertuta, ikertzaileek espero dute gizakiek hitz egiten ikasteko duten modua hobeto ezagutzea. Bereziki, prozesuan eragina duten geneak identifikatu nahi dituzte. Modu horretan, gene horiek gaizki espresatzen direnean, eta horren ondorioz ikasketa arazoak suertatzen direnean, medikuek tresna gehiago izango dute eskura sendabideak aurkitzeko. Arazo horien artean daude, besteak beste, autismo mota batzuk.
Lengoaiari dagokionez, gizakien eta hegaztien garunaren artean alde nabarmenak daudela ohartarazi dute; baina, halere, hegaztien kantu-prozesuaren sinpletasunean baliagarriak izango diren mekanismoak aurkitzea espero dute. Etorkizunari begira, txoriek bokalizazioa egiten nola ikasten duten argitu nahi dute; modu horretan, oroimenen txertatze prozesua txukutzeko gai izango direla espero dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Wenchan Zhao et al. (2019). Inception of memories that guide vocal learning in the songbird. Science, 366 (6461), 83-89. DOI: 10.1126/science.aaw4226.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (eta 2)

1. irudia: DNA editatzeak hainbat ertz ditu. (Argazkia: mcmurryjulie – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Zein edizio dira seguruak?Gene-edizioa perfekzionatzen bada eta lortzen bada DNA editatzea nahi den lekuan eta nahi den bezala, inolako nahi gabeko ediziorik gabe, argitu beharko da egindako aldaketa hori segurua den. Giza enbrioietan gene-edizioen segurtasuna bermatzeko, 2017. urtean zehaztu zuten nazioarteko erakundeek zein irizpide bete behar ziren. Horietako irizpide bi izan ziren sortutako DNA sekuentzia populazioan ohikoa izatea eta gaixotasunik ez sortzea.
Esate baterako, PCSK9 genearen aldaera bat lotuta dago kolesterol maila baxuagoekin eta, hortaz, bihotz-gaixotasunen arrisku baxuagoarekin. Ondorioz, gene hori proposatu da editatzeko hautagai moduan. Baina kolesterol maila altuetatik babesten duen aldaera hori ez da batere ohikoa populazioan. Eta, aldaera hori duten pertsonak osasuntsuak badira ere, ezezagunak dira aldaera horrek izan ditzakeen beste eragin batzuk.
Orain arte publikoa egin den enbrioien gene-edizio bakarrean CCR5 genea editatu da. Gene horrek sortzen duen hartzailea da GIB birusak erabiltzen duena zelulak infektatzeko. Haurrak GIBarekiko erresistenteak izan zitezen CCR5 genea editatu zitzaien, europar populazioan ezaguna den GIBarekiko erresistentea den gene-aldaera “idatzita”. Orain dela gutxi ikusi da, ordea, GIBarekiko erresistentzia ematen duen aldaera horrek bizitza labur dezakeela. Gainera, aldaera hori ez da batere ohikoa txinatar populazioan; eta, agian, horrek esan nahi du garrantzitsua dela CCR5 genea bere horretan izatea, Asian egon daitezkeen birusei aurre egiteko eraginkorragoa izan daiteke eta.
Izan ere, garrantzitsua da jakitea zein diren populazio bakoitzean agertzen diren gene-aldaerak eta haien funtzioa. Egin diren gene-ikerketa gehienak europar jatorriko populazioetan egin direnez, beste populazio batzuetan ezezaguna da gene-aldaera horiek zein eragin duten edo beste gene-aldaera batzuek eraginik ote duten. Hortaz, ez dago argi funtzionatuko ote duen edo segurua ote den gene-edizio jakin bat populazio ezberdinetan. Horretarako, lehenengo, beharrezkoa da europarrak ez diren populazioetan gene-ikerketak egitea.

2. irudia: Egindako gene-edizioa segurua dela ziurtatu behar da. (Argazkia: rawpixel – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Nola aurre egin mosaikoei?Izatez, gure gorputzeko zelula guztiek gene-sekuentzia berbera dute. Baina hori ez da guztiz horrela. Uste zena baino ohikoagoa da pertsona baten zelulen artean ezberdintasunak egotea gene-sekuentzian. Gertaera horri mosaizismo esaten zaio. Eta gene-edizioa egiteko arazo bat da.
Alde batetik, gaixotasuna sortzen duen mutazioa zelula gutxi batzuetan egon liteke, zelula gehienak osasuntsuak diren bitartean. Biopsia eta gene-testak egiteko hartzen diren zelulak mutazioa dutenak badira, modu okerrean ondoriozta daiteke enbrioi horretan gene-edizioa egin behar dela.
Bestetik, gerta liteke edizio-genomikoa enbrioiaren zelula guztietan ez gertatzea eta horrek editatutako eta editatu gabeko zelulen mosaiko bat sortzea. Ezezaguna da horrek enbrioiaren garapenean izan dezakeen eragina; eta zaila da zehaztea zenbat zelula editatu behar diren gaixotasuna saihesteko. Gainera, lehenago aipatu bezala, biopsiak egiteko enbrioiaren zelula gutxi batzuk hartzen direnez, ezin daiteke ziurtatu gene-edizioa enbrioiaren zenbat zelulatan gertatu den. Arazo hori konpontzeko, ikertzaile batzuek ikusi dute enbrioia zelula bakarra denean editatzeak mosaikoak sortzea saihesten duela. Baina oraindik ziurtatu behar da geroago mosaikorik ez dela sortzen.

3. irudia: DNA sekuentzian ezberdintasun txikiak dituzten zelulen mosaikoak izan gaitezke eta horrek gene-edizioa zailtzen du. (Argazkia: StockSnap – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Nolakoak izan behar dute saiakuntza klinikoek?Botika batek, merkaturatu aurretik, prozesu luzea gainditu behar du eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Prozesu horren baitan egiten diren azterketa eta saiakuntza multzoari saiakuntza klinikoa esaten zaio. Botiken kasuan prozesu horren nondik norakoak guztiz zehaztuta daude eta erakundeek zorrotz gainbegiratzen dute. Baina oraindik ez da ezarri nolakoa izan behar duen gene-edizioak gainditu beharreko kontrola. Eta egiten den aldaketa betirako denez, atzera bueltarik ez duenez, adituek uste dute oso zorrotza izan behar duela kontrol horrek.
Gehien hurbiltzen den aurrekaria mitokondrioen donazioa da. Teknika horren bidez, mitokondrioetan gaixotasunak sortzen dituen mutazioak ekiditeko, emaile osasuntsu baten mitokondrioak txertatzen dira enbrioian. Erresuma Batuko Giza-Ernalketa eta Enbriologia Agintaritzak 14 urte eman zituen datuak biltzen eta aztertzen baimen baldintzatua eman aurretik. Teknika hau debekatuta dago herrialde askotan, oraindik zalantzan dagoelako nahiko segurua ote den. CRISPR bidezko gene-edizioren inguruan ez dago hainbeste informaziorik oraindik eta, hortaz, itxaron beharko da informazio nahikoa lortu arte.
Gainera, zenbat denboraz aztertu behar dira editatutako haurrak teknika segurua dela ziurtatu arte? Editatutako haurren ondorengoak ere aztertu behar dira? Eztabaida korapilatsua da hau. Adituak oraindik eztabaidatzen ari dira irizpide argiak ezarri nahian. Agian, teknologiaren garapena baino motelago doan eztabaida da.

4. irudia: Nola aztertu gene-edizioak behar bezala funtzionatzen duela? (Argazkia: Michal Jarmoluk – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Mundua prest al dago?Zientziaz eta genetikaz haratago, nola kudeatu arazo etiko eta sozialak? Adituek ondorioztatu dute oraindik goiz dela gene-edizioa erabiltzeko eta arduragabekeria izan daitekeela gene-edizioa erabiltzea; mundu-mailako itxaronaldi bat eskatu dute gene-edizioa erabiltzen hasi aurretik eta hainbat zientzia-elkartek esan dute beharrezkoak direla adostasun zabalak edozein erabaki hartu baino lehenago. Gogoan izatea komeni da, bestalde, gene-edizioaren inguruan egindako gogoetak batez ere Mendebaldeko herrialdetan egin direla.
Tokian tokiko gizartearen arabera eta haurrak izateko presioa dela eta, etorkizunean gene-edizioaren eskaerak gora egin dezake. Momentuz gene-gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonen artean ez dago aldarri handirik gene-edizioa gauzatzearen alde. Hasierako beroaldia baretu ostean, balizko tratamenduak eskuragarri egoteak luze joko duela ikustean, gene-gaixotasunak transmiti ditzaketen gurasoak askietsi beste irtenbiderik ez dute enbrioietan mutazioak modu eraginkorrean detektatze hutsa.
Gene-edizioak gizartean duen onarpenaren inguruan, Erresuma Batuan egindako inkesta baten arabera, %83 gene-edizioaren alde agertu zen sendaezinak diren gene-gaixotasunei aurre egiteko; baina %60 gene-edizioa ezaugarriak “areagotzeko” erabiltzearen aurka agertu zen; adibidez, adimena handitzeko. Bereizketa hau argi badago ere, geneen eragina hain argia ez den gaixotasunetan adostasunera heltzea zailagoa izan daiteke. Hortaz, aditu batzuek proposatzen dute erregistro bat sortzea gene-ediziorako aproposak izan daitezkeen gaixotasunak bilduko dituena.

5. irudia: Zaila da aurresatea noizbait gure artean ikusiko ote ditugun geneak editatuta dituzten pertsonak. (Argazkia: Free-Photos – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Laburbilduz, behin arazo teknikoak gaindituta, ziurtatu behar da egindako edizioak seguruak direla eta enbrioiaren zelula guztietan gertatu direla, horiek frogatzeko prozedura oraindik zehaztu ez bada ere; eta oraindik arazo etiko guztiak konpondu ez badira ere. Gene-edizioa hobetzen joango da, eztabaidak jarraituko du eta ez dago argi noizbait mundua prest egongo ote den gene-ediziorako. Edonola delarik, ezin daiteke aurreikusi aldaketa handietara ohitzeko dugun gaitasuna noraino iritsiko den.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ledford, H. (2019). CRISPR babies: when will the world be ready? Nature, 570(7761), 293-296. DOI: 10.1038/d41586-019-01906-z
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
Enbrioien genomak editatzeari buruzko artikuluak:
- Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (eta 2)
The post Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (eta 2) appeared first on Zientzia Kaiera.
Anisakisa
1988an adituek egin zuten bileran ondorioztatu zutenez, anisakidosia Anisakidae familiako parasitoek eragindako gaixotasuna da; anisakiosia, ordea, Anisakis generoko parasitoek eragindako gaixotasuna da. Nematodoak, arrunki, «zizare biribil» edo «zizare zilindriko» izenez ezagutzen dira, zehar-ebaki bat eginez gero gorputz biribila dutelako. Nagusiki, uretako organismoak dira, baina lur-inguruneetan ere agertzen dira. Bizitza libreko itsas espezieak daude lurzoruan, bai eta landare eta animalien –gizakiak barne– espezie parasitoak ere. Elikagaien bidez kutsatzen diren gaixotasunak eragiten dituzte; besteak beste, trikinosia, filariasia eta anisakidosia. Nematodo espezie guztien kopurua kontuan hartuta, oso gutxi dira gizakia zuzenean parasitatzen duten espezieak.

1. irudia: Anisakisaren larbak, sardinzar batean. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Wikipedia)
Bibliografia zientifikoan dokumentatutako lehen anisakidosi kasua 1876an ezagutu zen, haur batek zizare bat bota zuenean ahotik. Baina deskribapen osoa 1960. urtean iritsi zen, Van Thiel-ek (Leidengo Medikuntza Tropikaleko Institutua, Herbehereak) parasitoa nematodo gisa identifikatu zuenean, eta haren fase larbarioa sardinzarrean, bakailaoan, legatzean eta berdelean aurkitu zen, eta fase heldua, marrazoan eta arraian. Van Thielen pazienteak sardinzar batekin batera jan zuen parasitoa. Horrez gain, bere artikuluan, antzeko sintomak zituzten eta 1955etik 1959ra bitartean diagnostikatu ziren beste hamar kasu aipatzen ditu.
Espainiako lehen anisakis infekzioa Juan José Arenalen taldeak argitaratu zuen, 1991n, Valladolideko Pío del Río Hortega ospitalean: 41 urteko gizonezko bat infektatu zen, baina ezin izan zuten zehaztu nola kutsatu zen nematodoarekin.
Anisakisak eragindako infekzioek sintomak eragiten dituzte digestio hodian, abdomeneko minekin eta erreakzio alergikoekin batera, eta apendizitis akutuko kasuak ere gertatu dira. Nematodo horiekiko sentiberak diren pertsonek erreakzio alergikoak bakarrik izan ditzakete, digestioan minik izan gabe. Espainian, anisakisarekiko erreakzio alergikoak deskribatu dira legatza, antxoa, bakailaoa, atuna, sardina, txokoa, berdela eta oilarra jan ondoren. Hain zuzen ere, Gasteizen, erreakzio alergikoak aurkitu dira legatza egina eta antxoak eginak zein gordinik jan ostean, eta Luis Fernández Corresen taldeak erreakzio alergikoen 100 kasu diagnostikatu ditu. Zifra hori nabarmena da parasitoari buruzko literatura medikoan.
Anisakisak eragindako kasuakMundu osoan urtero, gutxi gorabehera, 20.000 kasu detektatzen dira, eta horietatik % 90 baino gehiago Japonian gertatzen dira; bereziki, gizonengan eta kostaldean. Gainerako % 10 kasuak, batez ere, Europan diagnostikatu dira (Herbehereak, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Frantzia eta Espainia), baita Asian (Korea), Ipar Amerikan (Estatu Batuak eta Kanada), Hego Amerikako Ozeano Bareko herrialdeetan eta Zeelanda Berrian ere. Laburbilduz, kontinente eta ozeano guztietan.
Mendearen bigarren erdian, azken hogei urteetan zehazki, eta 2008an Audicanak (Santiago Ospitalea, Gasteiz) eta Kennedyk (Glasgowko Unibertsitatea) argitaratutako azterlanaren arabera, kasuak gehitu egin dira, gaixotasuna gaizki diagnostikatuta dagoelako; ingurune medikoetan ere informazioa falta da, eta detektatzeko metodo onak eta berriak behar ditu. Horrez gain, azken urteotako moda gastronomikoa arraina gordinik edo gutxi eginda jatea da, sukaldaritzan nagusitzen ari den joera baita arraina gehiegi ez kozinatzea. Edo, beste modu batean esanda, behar bezala ez kozinatzea. Zalantzarik gabe, dieta mediterraneoaren modaren ondorioz, kontsumitzaileek gero eta arrain gehiago eskatzen dute. Eta, halaber, parasitoak areagotu egin dira merkaturatzen diren arrain espezieetan.
Espainian, anisakisak eragindako parasitosiari buruzko lan batean –Zaida Herradorrek eta bere taldeak (Carlos III.a Osasun Institutua) argitaratu zuten 2018an–, 1977tik 2015era bitarteko ospitalizazio datuak aztertzen dira: anisakidosi sintomekin eta diagnostikoarekin ospitaleratutako 2.471 kasu. 2017. urtean, eta 2013ko datuekin, Miguel Baok Kantabria jarri zuen kasu kopuruen zerrendaren lehenengo postuan, eta haren atzetik, Euskadi.
Zaida Herradorren taldea ohartu zen kasuak etengabe areagotu zirela aztertutako 19 urteetan; bereziki, 2002an eta 2014an, non erpina oso altua den. Batez beste, milioi bat biztanleko 2,93 kasu daude, eta tasarik altuenak Madrilen –milioi bat biztanleko 9,17 kasu–, Gaztela eta Leonen eta Errioxan daude. Euskadiko tasa milioi bat biztanleko 4,62 kasu da. Egileen arabera, Espainian urtean diagnostikatzen ez diren gaixo kopurua 10.000 eta 20.000 artekoa da.

2. irudia: Anisakidosia Anisakidae familiako edozein kidek eragindako infekzioa da, eta anisakiasia, zizareren batek eragindako infekzioa; bereziki, Anisakis generokoak. (Ilustrazioa: Domeinu publikoko irudia – CDC/Alexander J. da Silva, PhD/Melanie Moser. Iturria: Wikipedia)
Anisakisa itsas espezietanKutsadura herrialde bakoitzak arraina kontsumitzeko duen kulturaren araberakoa da. Japonian, sushia eta sashimia dira arrain gordinaren iturririk handiena, baina sukaldari profesionalek erraz antzematen dituzte anisakisarekin infektatuta dauden arrainak. Hala ere, etxeetan kontsumitzen diren arrain eta zefalopodo batzuk ere infektatuta egon daitezke. Estatu Batuetan izokina da; Herbehereetan, sardinzar gazitua edo ketua; Hego Amerikan, cevichea, eta Espainian, antxoak.
Anisakisa duten itsas espezieak eta nematodoen gertuko espezieak mundu osoko itsasoetan daude. Parasito horiek eragiten duten osasun arazoa ulertzen hasteko adibide gisa, esan genezake Japoniako arrain merkatu batean, berdelen % 98k eta bakailaoen % 94k anisakisa duela. Espainiako merkatu batean, berdelen % 39,4k anisakisa dauka. Eta antzeko zifrak aurkitu dira Eskozian, Italian, Frantzian eta Estatu Batuetan. Zehazki, Espainian, anisakisaren larbak aurkitu dira ohiko kontsumoko 35 arrain espezietan. Legatzetan, aleen % 88k anisakisa dauka; bakaladetan, % 85ek; txitxarro arruntetan, % 60k; antxoetan, % 5,6k, eta sardinetan, % 9k. Badira aldaera bitxiak zeinen kausa ez den ezagutzen, eta, hala, Adroherren eta bere kideen arabera (Granadako Unibertsitatea), 1990ean, anisakisa zuen Kantauri itsasoko berdelaren % 49,5ek, Ozeano Atlantikokoaren % 36k eta Mediterraneokoaren % 6,3k.

3. irudia: Antxoa gordinak ozpinetan. (Argazkia: CC BY-SA 4.0 lizentziapean – Juan Emilio Prades – Wikipedia)
Babes neurriak eta sukaldaritzaren ohitura berriakAnisakidosiaren aurkako babesik onena da jendeari jakinaraztea arriskutsua dela arraina gordinik edo gutxi eginda kontsumitzea, baita arrain gazitua edo ketua ere. Hala ere, Ignacio Ferre-k (Cardenal Herrera Unibertsitatea-CEU, Valentzia) dioen moduan, zaila da elikadura ohiturak aldatzea arrain gordina kontsumitzeko kultura duten herrialdeetan; esaterako, Japonian, Perun (cevichea) eta Espainian (antxoak). Ahal den neurrian, prebentzio neurriak aplikatu behar dira, toki askotan, garabidean dauden herrialdeetan adibidez, kozinatzeko erregaiak eta izozkailuak lortu ezin diren luxuak baitira.
Horrez gain, larbak deuseztatzeko metodoak aplikatu behar dira arrainean. Minutu batez baino gehiagoz 60 ºC-tik gorako tenperaturan badaude, hil egiten dira (hobe 5-10 minutu artean uzten badira). Arrain ketuak tenperatura altuak behar ditu prozesuan, eta arrain gazituak gatz kontzentrazio oso handia behar du denbora luzez. Mikrouhin labean, 74 ºC edo gehiagotan kozinatu behar da, potentzia handienean, bi minutuz baino gehiagoz. Gordinik kontsumitu nahi den arrainaren kasuan, –20 ºC-tan izoztu behar da, 24 orduz gutxienez, eta hobe bi, hiru edo zazpi egunez bada.
Oro har, arraina gazitua, lehortua, marinatua, ozpindua edo ketua 40 ºC-tan prestatuta, patogeno batzuk esterilizatzen dira, baina anisakisa, ez. Hala, Pilar Puenteren taldeak (Unibertsitate Konplutentsea) ikusi zuen anisakis gehiago aurkitzen dela arraina gordinik edo gutxi eginda jan ohi duten kontsumitzaileengan, arraina prestatu baino lehen izoztu egiten duten kontsumitzaileengan baino.
Oscar Caballerok bere itsasoaren historia kulturalean aipatzen duenarekin azaldu daiteke anisakis kasuak areagotzearen eta sukaldaritza moda berrien arteko erlazioa. Parisen, 1965. urtean, alde bakoitza 15 segundoz bakarrik salteatutako izokin xerrak zerbitzatzen hasi ziren jatetxeetan. Ezaguna egin zen, halaber, lupia carpaccioa, hau da, lupia gordina. Caballerok zera dio: «Arrain gordina isilean sartu zen jatetxeetan, sashimiak eta cevicheak ustekabean sartu baino mende laurden bat lehenago». L’Arête jatetxea (Montparnasse) 1970. urte inguruan hasi zen arraina rosé à l’arête zerbitzatzen, haragi gorria hezurraren inguruan, hau da, arraina gutxi egina. Arrain ia gordina da, nouvelle cuisine delakoa, mundu osoan ezarriko den sukaldaritza mota.
Espainian, 80ko hamarkada hasieran, José Carlos Capelek aldarrikatzen zuen errekiak «gorri» egitea, Frantzian egiten zuten bezala; alegia, haragia gutxi egina, eta arrainaren hezurra, gorrixka: «teknika horrek elikagaien ezaugarri gastronomikoak errespetatzen ditu, eta, aldi berean, bere benetako kalitatea nabarmendu. Moda betiko izango dela iruditzen zaigu, itsasoko zapore bikainak guztiz kontserbatzeko balio duen metodo bakarra da eta». Argi dago nouvelle cuisine sukaldaritzak ahaztu egiten duela suak gure espeziearentzat betetzen duen funtzio garrantzitsuenetako bat: elikagaiak esterilizatzea eta parasitoak deuseztatzea; esaterako, anisakisa, bai eta arrainean egoten diren beste nematodo batzuk ere.
Eta, amaitzeko, sukaldaritzako aldaketa horien adibide batzuk emango ditugu. Amparo jatetxean, 1930. urtean, ordu erdiz kozinatzen zuten legatza. Urretxuko Baztartxo elkarte gastronomikoan, 1973. urtean, 45 minutuan prestatzen zuten. Baina 1976. urtean, Ana Maria Calerak gomendatzen zuen hamabost minutuz egitea; Argiñanok, 1996an, 10-12 minutuz; Arzakek, 6 minutuz, eta 2018an, Interneten, Pescanova elikagai enpresak lau minutuz besterik ez egitea gomendatzen du. Beraz, 90 urtean, ordu erditik 4 minutura igaro gara.
Erreferentzia bibliografikoak:
Arenal Vera, J.J. et al. (1991). Anisakiasis como causa de apendicitis aguda y cuadro reumatológico: primer caso en la literatura médica. Revista Española de Enfermedades Digestivas, 79: 355-358.
Puente, P. et al. (2008). Anisakis simplex: The high prevalence in Madrid (Spain) and its relation with fish consumption. Experimental Parasitology, 118(2), 271-274. DOI: 10.1016/j.exppara.2007.07.002 .
Hochberg, N.S. eta Hamer, D.H. (2010). Anisakidosis: Perils of the deep. Clinical Infectious Diseases, 51(7), 806-812. DOI: 10.1086/656238.
Herrador, Z. et al. (2018). Epidemiological scenario of anisakidosis in Spain base don associated hospitalizations: The tip of the iceberg. Clinical Infectious Diseases, 69(1), 69-76. DOI: 10.1093/cid/ciy853.
—————————————————–
Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktore, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta dibulgatzaile zientifikoa da. Zenbait liburu argitaratu ditu, eta La biología estupenda blogaren egilea da.
—————————————————–
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko ekainaren 17an: Anisakis.
The post Anisakisa appeared first on Zientzia Kaiera.