Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 1 hora 39 mins

Asteon zientzia begi-bistan #272

Dom, 2019/10/13 - 09:00
Uxue Razkin Astrofisika

Orain arte ezagutzen ez ziren beste hogei ilargi aurkitu dituzte Saturnoren inguruan. Emaitzak hauek jakinda, Saturnok Jupiterreri irabazi egin dio: ilargi gehien dituen eguzki-sistemako planeta bilakatu da. Astronomoek azaldu dute ez zirela planetarekin batera sortu; grabitazio-eremuak gerora harrapatutako gorputzak dira, eta eguzki-sistemaren sorrerari buruzko informazio interesgarria ematen dute. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Mikrobiologia

Eskuak lehortzeko metodo batzuk eta bakterioak murrizteko duten eraginkortasuna zehaztu omen dute Lorna K. P. Suen ikertzaileak eta bere lankideek. Josu Lopez-Gazpiok artikulu honen bitartez eman digu horren berri. Kontuz! Ondo lehortu behar dira eskuak! Izan ere, ondo lehortzen ez diren eskuekin probableagoa da mikroorganismoak transmititzea. Sei metodo deskribatu dituzte guztira, horien artean aipatzen dira, eskuak arroparekin lehortzea eta txorro motako esku-lehorgailuak erabiltzea. Badakizu zein de metodorik eraginkorrena eta zein okerrena? Erantzuna jakiteko, irakurri testua osorik!

Fisika

Berrian irakur daiteke historikoa izan daitekeen gertaera bat: Googlek zabaldu duenez, bere ordenagailu kuantiko bat lehen aldiz nagusitu zaio munduko konputagailu klasikorik indartsuenari. Zer dute, baina, “superordenagailu” hauek? Prozesagailu klasikoekin alderatuta (hauek bitarrak dira), kuantikoek beste modu batera funtzionatzen dute, artikuluan azaltzen digutenez: “Qubit edo bit kuantikoetan kodetzen dute informazioa, eta qubit bat egoera batean baino gehiagotan egon daiteke aldi berean”.

Klima larrialdia

Zientzialari talde batek, AEBtako Stanfordeko Unibertsitatearen gidaritzapean, planeta osoaren mapa interaktibo bat osatu eta horretan islatu dute naturak munduko eremu bakoitzean gizakiek zenbateko onura jasotzen duten naturak ekosistemen egonkortasunari egiten dion ekarpenari esker. Halaber, klima larrialdia dela eta, identifikatu dituzte zeintzuk diren naturaren ekarpena galtzeko arrisku handiena duten eremuak. Emaitzak ez dira itxaropentsuak: 5.500 milioi herritar egon daitezke arriskuan 2050 urterako.

Osasuna

Eltxoak dira artikulu honen muina. Timothy Winegard historialariaren The Mosquito: A Human History of Our Deadliest Predator liburuan agertzen diren zenbait istorio azaltzen ditu, denak gizakiaren eta eltxoen harreman estua islatuz. Adibidez, oso interesgarria da nazien inguruan irakur daitekeen testua. Badirudi naziek ikertu nahi zutela eltxoen erabilera belikoa, Hirugarren Reicheko etsaien aurka gerra kimiko eta bakteriologiko baten elementu gisa. Ez galdu artikulu interesgarri hau, halako istorio gehiago topatuko dituzu eta!

Biologia

Zientzialari talde batek proposatu du baldintzapen klasikoaren bidetik amebak portaera berriak ikasteko gai direla, estimuluen asoziazioan oinarrituta. Ikertzaileek proposatu dute gainera zelulak gai direla migrazio zelularrari lotutako portaera hauek ikasteko eta denbora luzean gogoan mantentzeko (45 minutuz mantentzeko gai dira).

Ingeniaritza

Hiri-hondakin solidoen (HHSn) kudeaketa kezka izaten ari da azken urteotan. Hori dela eta, artikulu honetan horren inguruko ikerketa-lan baten berri ematen da. Bertan, Arabako Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatzen dituen hiri-hondakin solidoen (HHSen) errefusa frakzioa karakterizatzeko proposaturiko metodologia eta lorturiko emaitza nagusiak jaso dira. 2035rako HHSen %65a birziklatu, ontzien %75a birziklatu, eta hondakin guztien hondakindegiko ezabatzea %10eko gehienekora murriztu beharko dira.

Nobel sariak

Urtero lez, iritsi da zientzako Nobel saridunak ezagutzeko eguna. Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da saridunen artean ez dagoela emakumerik (Ana Galarragak hitz egin digu honen inguruan, Berrian). Medikuntza arloari dagokionez, zelulak oxigeno-erabilgarritasunari nola egokitzen diren argitu dutenentzat izan da Nobela. William G. Kaelin, Sir Peter J. Ratcliffe eta Gregg L. Semenzak jasoko dute saria medikuntza molekularraren arloan egindako lanagatik. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Bestalde, Fisikakoa dugu. James Peebles, Michel Mayor eta Didier Queloz astrofisikariak izan dira saridunak, unibertsoaren eboluzioa ulertzeko ekarpenak egin dituzten ikertzaileak, alegia. Sariaren erdia Peeblesentzat izango da, fisika kosmologikoaren arloan unibertsoaren eboluzioa ulertzeko egindako aurkikuntzengatik; eta beste erdia, Michel Mayor eta Didier Quelozentzat, Eguzkiaren antzeko izar baten inguruan orbitatzen duen lehen planeta aurkitzeagatik. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Azkenik, 2019ko Kimikako Nobel saria Stanley Whittingham, John Goodenough eta Akira Yoshino ikertzaileek jasoko dute, litio-ioizko bateriak garatzeagatik. Nobel Fundazioak adierazi duenez, hiru ikertzaileok ekarpen handia egin diote gizarteari: “Mundu birkargagarri” bat sortu dute. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #272 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #279

Sáb, 2019/10/12 - 09:00

Egia izango da garagardo bat hartzearren sedentario bilakatu ginela? Did we settle down for beer? Pablo Ortizen eskutik.

CRISPR teknologiak emaitza garrantzitsuetarantz doa: Rosa García-Verdugoren CRISPR gene therapy against AIDS

Kristaletako akatsak, bereziki bidimentsionalak badira, kristala bera bezain garrantzitsua izan daitezke. Zuzen identifikatzeko tresna teoriko eta esperimentalak behar direla frogatzen dute DIPCkoek How to identify a point defect in 2D transition metal dichalcogenides

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #279 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Lur Epelde: “Lurzoruek ematen digute jaten dugunaren %95a” #Zientzialari (123)

Vie, 2019/10/11 - 09:00

Lurzoru osasuntsuak izatea benetan garrantzitsua da, izan ere, gizakiok jaten dugunaren gehiengoa horietatik dator, klima aldaketa arintzen laguntzen dute eta uraren zikloa erregulatzen dute. Lurzoruak sistema biziak dira, eta planetako biodibertsitate handiena dute, mikroorganismo ugari daudelako bertan.

Lurzoruetako Mikroorganismoen Ekologia taldeak mikroorganismoen azterketa du lan-ildo nagusi eta, hain zuzen ere, klima-aldaketek, lurzoru kutsatuek edota nekazal praktika desberdinek lurzoruan duten inpaktua aztertzen dute.

Neiker Tecnaliako Lurzoruetako Mikroorganismoen Ekologia taldeko kidea da Lur Epelde, eta berarekin hitz egin dugu lantaldeak jorratzen duen azterketaren nondik norakoak eta erronka nagusiak ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Lur Epelde: “Lurzoruek ematen digute jaten dugunaren %95a” #Zientzialari (123) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa

Jue, 2019/10/10 - 09:00
Daniel Zuazagoitia, Naiara Rojo, Arrate Santaolalla, Iñigo Zuazagoitia Hiri-hondakin solidoen (HHSn) kudeaketa kezka handiko gaia bihurtu da azken urteotan. Europa mailan, indarrean dagoen zuzentarauan finkatutako helburuak zorroztea berriki proposatu da; horren arabera, 2035rako HHSen %65a birziklatu, ontzien %75a birziklatu, eta hondakin guztien hondakindegiko ezabatzea %10eko gehienekora murriztu beharko dira.

Irudia: Karakterizatutako hiri hondakin solidoen batez besteko konposizioari dagokionez, materia organiko biodegradagarriak osatu du masa-portzentajerik handiena (% 49a).

Modu ez selektiboan biltzen diren HHSen (errefusa, zabor nahasia) konposizioa ezagutzea da gaur egun egiten den kudeaketa hobetzeko lehenengo pausua. Ildo horretan, Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatzen duen errefusa karakterizatu da, horren konposizio zehatza ezagutu ahal izateko (ze masa-portzentaje dagokio frakzio bakoitzari?). Modu horretan bakarrik diseinatu ahal izango dira legez ezarritako birziklatze-tasak lortzea ahalbidetuko duten ekintzak.

Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak Urkabustaiz, Zuia, Zigoitia, Legutio, Otxandio eta Oletako kontzejuko errefusa kudeatzen du, besteak beste. Udalerri horiek Gorbeialdeko Koadrilan kokatzen dira (Otxandio ezik), eta ikerketa-eremua osatu dute. Ikerketa lan honetan HHSen errefusaren konposizioan eragina duten bi aldagai aztertu dira: etxebizitza-egitura eta urtaroa. Etxebizitza-egiturari dagokionez, ikerketa-eremuan hiru multzo nagusi identifikatu dira: baserrialdea (baserriak), herrialdea (biztanle nukleo handiak), eta txaleten-ingurunea (lorategia duten bigarren etxebizitzak). Urtaroaren eragina ere aztertu da, eta horretarako laginak udan eta neguan hartu dira. Guztira, beraz, sei karakterizazio egin dira: hiru neguan, bat eremu bakoitzeko, eta beste hiru udan.

Laginketa bakoitzean, etxebizitza-egitura eta urtaro bakoitzari dagokion errefusa bildu, eta 250 kg-ko lagina karakterizatu da. Horretarako, hondakin-mota ezberdinak (beira, papera eta kartoia, ontzi arinak, materia organikoa, eta bestelako hondakinak) begi bistaz identifikatu, eta eskuz bereiztu dira. Azkenik, frakzio bakoitzaren masa determinatu eta masa totalaren konposizioa kalkulatu da, masa-portzentajean.

Karakterizatutako HHSen batez besteko konposizioari dagokionez, materia organiko biodegradagarriak osatu du masa-portzentajerik handiena (% 49a), ez da harritzekoa, izan ere frakzio honen bereizketa selektiboa ez da ematen eskualdean. Nahiz eta eremutik eremura desbiderapen txikiak antzeman, laginketa guztietan frakzio horrek masa totalaren erdia izan du (% 43-53), gutxi gorabehera. Beirari (% 2,1), ontzi birziklagarriei (% 7,2) eta papera eta kartoiari (% 6,8) dagozkion batez besteko portzentajeak baxuak izan dira. Datu hauek, frakzio hauen bereizketa selektiboa egokia dela mahai gaineratu du; beraz, hobekuntza tartea frakzio horietan txikia da. Beste hondakinen frakzioak (birziklatu eta konpostatu ezin diren horiek, alegia) masa totalaren % 35a osatu du (batez beste), hau da, benetan sortzen den errefus masa dagokion kontenedorean jasotzen dena baino askoz txikiagoa da (HHSen masa osoaren %65.6 izatetik %23.1ra izatera pasako litzateke bereizketa egokia izango balitz).

Urtaroak eta etxebizitza motak eragina izan dute azterturiko HHSen errefusaren konposizioan. Udan materia organiko biodegradagarriaren, beiraren, paper eta kartoiaren, eta ontzi birziklagarrien frakzioek gora egin dute aztertu diren hiru eremuetan. Etxebizitza motari dagokionez, txaleten-inguruneko HHSetan materia organiko biodegradagarriaren masa-portzentajerik handiena antzeman da (batez beste: txaleten-ingurunean % 53; herrialdean % 50, baserrialdean % 43), eta baserrialdean, aldiz, bestelako hondakinen frakzioren portzentajerik handiena (batez beste: baserrialdean % 43, herrialdean % 33, txaleten-ingurunean: % 30).

Azkenik, adierazi deigarria suertatu dela, baserrialdean eta txaleten-ingurunean, aztertutako bi urtaroetan, jasotako plastiko handien (normalean nekazaritzan erabiltzen direnak) masa-portzentajea, baita hildako animalien presentzia ere. Bi zona horietako materia organiko biodegradagarrian, janari-hondarrez gain, inausketa-hondakinen, lurraren, eta soropilaren presentzia nabaria izan da. Azken hondakin horiek udako laginketan negukoan baino ugariagoak izan dira.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa
  • Laburpena: Ikerketa-lan honetan Arabako Gorbeialdeako Hondakinen Partzuergoak kudeatzen dituen hiri-hondakin solidoen (HHSen) errefusa frakzioa karakterizatzeko proposaturiko metodologia eta lorturiko emaitza nagusiak jaso dira. Aztertu diren laginak osatzeko, bilketa kamioiek egin beharreko ibilbideak diseinatu dira, eta horretarako aldagai orokor bi kontuan hartu dira: sasoia (negua eta uda) eta etxebizitza-mota (herrialdea, baserrialdea eta txaletak). Egindako analisiek adierazi dute bi aldagai horiek eragina dutela errefusa frakzioaren konposizioan, eta batez ere errefusa osatzen duten bi frakzio nagusietan: materia organikoa eta bestelako hondakinak. Nabarmentzekoa da errefus masa totalaren %65 (gutxi gorabehera) birzikla edota berrerabil daitezkeen materialek osatzen dutela. Oro har, aztertutako lagin guztiek hobetzeko hein zabala dute materia organikoaren bilketa selektiboan.
  • Egileak: Daniel Zuazagoitia, Naiara Rojo, Arrate Santaolalla, Iñigo Zuazagoitia.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 225-242
  • DOI: 10.1387/ekaia.19068

————————————————–
Egileez:

Daniel Zuazagoitia UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean dabil; Naiara Rojo eta Arrate Santaolalla UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailean; Iñigo Zuazagoitia UPV/EHUko Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegian dabil.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Mundu mikroskopikoan ere ‘ikasten’ dela proposatu dute

Mié, 2019/10/09 - 09:00
Juanma Gallego Pavloven baldintzatze klasikoaren bitartez amebak ikasteko gai direla proposatu du ikertzaile talde batek. Minbizian gertatzen den metastasi prozesua hobeto ulertzeko baliagarria izango delakoan daude zientzialariak.

Txakur bat trebatzea eta software bat programatzea, funtsean, oso antzeko jardunak dira. Programazio batzuk oso sinpleak dira; baina badira kode gehiago behar duten programak, eta baita pazientzia gehiagoren beharra duten txakurrak. Beagle bat duten edo izan duten guztiek ondo dakite zeinen burugogorrak diren. Zoragarriak, baina temati hutsak.

1. irudia: Estimuluen asoziazioan oinarrituta, baldintzatze klasikoa ikerketa prozesu askoren abiapuntua da. Arlo askotan gertatzen den arren, txakurren trebatzean oso ondo ikusten da horren eraginkortasuna. (Argazkia: Wyatt Ryan / Unsplash)

Txuska halakoa zen ere. Bereziki lehen urteetan, ondo funtzionatzeko programa bakarra behar zuen:

> IF gaileta dago, THEN kasu egin; ELSE jaramonik ez.

Hau da, baldin eta gailetatxoa badago, orduan jarri arreta; bestela, ez du merezi.

Denborarekin, baina, eskua ixtea eta besoa altxatzea nahikoa zen Txuskaren arreta erakartzeko. “Tira, izan errealista eta utzi fantasiazko untxi hori bilatzeari: tipo horrek eskua altxatzen duen aldiro bertan gaileta bat dago!”. Txuskaren sistema eragilea mendean hartzeko programazio-estrategian, beraz, kodea zertxobait konplikatu zen.

> IF gaileta dago, OR besoa gora, THEN kasu egin; ELSE jaramonik ez.

Hainbeste aldiz teorian eta praktikan ikusita ere, oraindik liluragarria da guztiz egiaztatzea baldintzapen klasikoan oinarritutako ikasketa prozesuren atzean dauden sinpletasuna eta eraginkortasuna. Ivan Pavlov zientzialari famatuak landutako proposamenari jarraiki, gaileta estimulu ez-baldintzatua izango litzateke, eta besoa altxatuta, berriz, estimulu baldintzatua.

Asoziazioan oinarritzen den ikasketa hau nerbio sistema zentrala duten organismoetan gertatzen da; baina, egia esanda, norbaitek esango balizu hau ere organismo unizelularretan gertatzen dela, seguruenera zorotzat hartuko zenuke. Bada, aldatu txipa. Izan ere, eta hau benetan hala izan ala ez izan, modu oso serioan proposatu dute aukera hau Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ikerketa horretan, zientzialari talde batek proposatu du baldintzapen klasikoaren bidetik amebak portaera berriak ikasteko gai direla, estimuluen asoziazioan oinarrituta.

Jokabide hau zelula indibidualetan atzematen den lehen aldiz litzateke honakoa, ikerketa egin duten adituen arabera. Lehen aipatu bezala, orain arte soilik animalia konplexuetan ikusi izan den portaera da hau.

Kasu honetan, estimulu baldintzatu gisa eremu elektriko bat baliatu dute. Estimulu ez-baldintzatu gisa, berriz, konposatu kimiko espezifiko bat erabili dute (zehazki, peptido kimiotaktiko bat). Behin tresna hauek eskura izanda, 700 zelula baino gehiagoren ibilbideak aztertu dituzte. Bi espezie unizelular dira erabili dituztenak: Amoeba proteus eta Metamoeba leningradensis.

“Emaitzek erakusten dute zalantzarik gabe organismo unizelularrak gai izan zirela estimuluen asoziazioaren bitartez portaera berriak ikasteko”, azaldu du artikuluaren egile nagusi Idelfonso Martinez de la Fuentek.

2. irudia: Bi ameba espezie baliatu dituzte ikerketa egiteko. Horietako bat Amoeba proteus izan da –irudian–. (Argazkia: CBAS-CSIC)

Proposatu dutenaren arabera, zelulak gai dira migrazio zelularrari lotutako portaera hauek ikasteko eta denbora luzean gogoan mantentzeko: batez bestean, 45 minutuz mantendu da “oroimen” hau, 24 orduko ziklo batean. Ziklo horren ostean, oroimen hori galdu egiten dute.

Bai zelula libreen kasuan zein organismo plurizelularretako zeluletan ere, zelula-migrazioa funtsezko ezaugarria dela azaldu dute zientzialariek. Gizakien kasuan, migrazio horren adibide dira, esaterako, enbrioiaren garapenean zehar gertatzen den organoen eraketa, erantzun immunitarioa edota ehuntzen konponketa. Hain funtsezkoa izanik, prozesuan akatsak gertatuz gero ondorio larriak sor daitezke, besteak beste, adimen-atzeratasuna edota zenbait gaitz kardiobaskular. Minbiziaren garapenean ere garrantzitsua da zelulen mekanismo hau, funtsean, metastasia ere migrazio prozesu bat delako: tumore primario batetik beste tumore batera zelulek egiten duten bidea, hain justu.

Minbiziaren aurkako irakaspenak

Martinez de la Fuentek babestu du migrazio hori baldintzatzen duten prozesuak ezagututa aukera gehiago egongo direla “gaixotasun horri lotutako hilkortasuna nabarmenki gutxitzeko”. Are gehiago, eta mundu mikroskopikoan gertatzen den fenomeno hau ikertzen jarraituko duten arren, Martinez de la Fuentek aurreratu du haren ikerketa taldeak minbiziaren aurkako borrokan irekitzen den bidezidor hau urratzeari ere ekingo diola.

Zientzia artikuluan onartu dute momentuz fenomenoaren atzean dagoen prozesu molekularra ez dagoela azaltzerik, baina azalpenean epigenetikak pisu bat izan zezakeela proposatu dute: “Oraindik goizegi da zelulen baldintzapen asoziatibo hau azalduko duten prozesu molekularrak azaltzeko. Dena dela, memoria funtzional baten ebidentziak badira, eta prozesu epigenetikoetan gertatzen diren marka molekular egonkor askoren barruan kokatu daiteke memoria funtzional hori”, idatzi dute.

CSIC erakundeko hiru institutuko eta Ben-Gurion Unibertsitateko (Israel) ikertzaileekin batera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko eta EHUko zientzialariek ere parte hartu dute ikerketan.

Ikerketa berari dagokionez, sare metaboliko konplexuen ikerketan abiatu ziren, ordenagailu bidezko azterketak eginda. Zehazki, ikusi zuten sare horien atzean Hopfield motako dinamikak egon zitezkeela. Konputazio neuronalean erabiltzen den Hopfield eredua sare konplexuetan gertatzen diren harremanak sinplifikatzeko modu bat da, bide horretatik sistema hori analizatu eta ondorioak atera ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

De la Fuente, Ildefonso M. et al. (2019). Evidence of conditioned behavior in amoebae. Nature Communications, 10, 1; 3690. DOI: 10.1038/s41467-019-11677-w.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Mundu mikroskopikoan ere ‘ikasten’ dela proposatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nola lehortu behar dira eskuak?

Mar, 2019/10/08 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Eskuak ondo garbitzea geure higienearen ezinbesteko atala da eta, eskuak garbitzeko azken etapa ere behar den bezala egitea behar-beharrezkoa da: eskuak lehortzea, hain zuzen ere. Zientziak deskribatu ote ditu eskuak lehortzeko metodoak? Bada, bai, eta ondo deskribatu, gainera. Duela gutxi, Lorna K. P. Suen ikertzaileak eta haren lankideek Scientific Reports aldizkarian eskuak lehortzeko sei metodo desberdin deskribatu dituzte eta bakterioak murrizteko duten eraginkortasuna zehaztu dute. Ikus dezagun.

1. irudia: Eskuak lehortzeko gailuak ikertu dira eskuak lehortzeko tekniken artean. (Argazkia: Hans Braxmeier – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Suen eta bere lankideek Hong Kongen egindako lan esperimentalean, esan bezala, eskuak garbitu ondoren lehortzeko sei metodo deskribatu dituzte: norberaren arroparekin lehortzea, paperezko toalla bat erabiliz lehortzea, bi toalla erabiliz lehortzea, eskuak mugitu gabe aire epelezko lehorgailua erabiltzea, eskuak igurtziz aire epelezko lehorgailua erabiltzea eta jet edo txorro motako esku-lehorgailua erabiltzea -eskuak barrurantz sartzen diren potentzia handiko lehorgailu horietakoa, alegia-.

Ikerketaren muina honakoa da: ondo lehortzen ez diren eskuekin probableagoa da mikroorganismoak transmititzea guztiz lehorrak dauden eskuekin baino. Hortik abiatuta, eskuak modu eraginkorrean lehortzeko metodoak bilatzea ezinbestekoa da -ospitaletan segurtasun neurriak hartzeko, adibidez-. Oro har, Suen eta bere lankideek aurkezten duten berrikuspen bibliografikoan ez dira desberdintasun nabarmenak aipatzen eskuak lehortzeko metodo desberdinen artean. Alabaina, eskuak lehortzeko teknika bakoitzak eraginkortasun aldakorra du bere helburua betetzerakoan. Esaterako, aire beroko lehorgailuek 45 segundo behar izaten dituzte eskuetako hezetasuna %3ra murrizteko -hain zuzen, eskuak ondo lehortzeko metodorik motelenak dira–.

Zalantzak argitzeko, ikertzaileek Serratia marcescens erabili zuten markatzaile moduan, alegia, mikroorganismo patogenoek izan ditzaketen joerak aztertzeko aipatutako bakterio ez-patogenoak erabili zituzten. Bakterio horiek hazi ostean, 30 boluntarioz baliatu ziren lehortze metodo desberdinak probatzeko. Jakina, sei metodoak estandarizatu egin zituzten, hots, zehatz-mehatz deskribatu zuten eskuak nola eta zenbat denboraz garbitu behar ziren, gero konparaketa egokiak egin ahal izateko.

Ikerketaren ostean ikusi zenez, jet edo txorro motako esku-lehorgailuak eskuetako bakterioak kentzeko metodorik eraginkorrena zen eta okerrena, aldiz, eskuak arroparekin lehortzea. Hain zuzen ere, bakterioek erraz biziraun dezakete arropan lau orduz -baina, baita 24 ordu ere zenbait kasutan-. Oro har, aipatutako esku-lehorgailuekin 27,4 segundo behar dira eskuak guztiz lehortzeko eta aire-lehorgailu arruntekin boluntarioek 20 segundo inguru egoten ziren eskuak lehortzen. Azken horien kasuan, 20 segundo ez dira nahikoak hezetasuna ondo kentzeko -45 bat segundo behar direla jotzen da- eta, hortaz, eskuen lehortzea ez da egokia. Ondorioz, mikroorganismoak kutsatzeko aukerak handitu egiten dira.

Suen eta bere lankideen hitzetan, egindako ikerketak frogatzen du aire epeleko lehorgailuen kasuan beharrezkoa da eskuak guztiz lehortu direla ziurtatzea. Alabaina -eta azken puntu hau garrantzitsua da-, txorro motako lehorgailuak norberaren mikroorganismoak kentzeko oso eraginkorrak badira ere, duela bost urte egindako ikerketa batek lehorgailu horien eraginkortasuna zalantzan jar dezake. Hain zuzen ere, lehorgailu bortitz horiek ur tantak oso urrutira metro batera iritsi daitezke zabaltzen dituzte eta kutsadura gurutzatua gertatzeko aukerak handitzen dituzte.

Horrekin lotuta, Best eta bere lankideek 2014an ikerketa bat argitaratu zuten eskuak lehortzeko metodo desberdinek ingurunean zuten eragina aztertzeko -eta ez norberaren eskuaren mikroorganismo murrizketa-. Kasu horretan, emaitzak aurrez pentsa zitekeena baieztatu zuten: txorro motako lehorgailuek tantak asko sakabanatzen dituzte, aire epel edo beroko lehorgailuek gutxiago eta paperezko toallek oso gutxi -hain justu, norberarentzat eraginkorrena dena ingurukoentzat okerrena da-. Ikertzaileen kalkuluen arabera, txorro motako lehorgailuak hogeita sei aldiz bakterio gehiago zabaltzen ditu aerosolizazio bidez airezko lehorgailu arrunt batek baino.

Horrexegatik, airea erabiltzen duten lehorgailuak ez dira gomendatzen osasunarekin lotutako eraikinetan; izan ere, mikroorganismo gehiago zabal daitezke airearen bidez. Edozein kasutan, oso zaila den oreka bilatzea da gakoa: norbera garbitu, ingurua kutsatu gabe. Momentuz ez dago erantzun magikorik, baina, lasai, zientziak aurrera jarraitzen du eta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Suen, L. K. P., Lung, V. Y. T., Boost, M. V., Au-Yeung, C. H. eta Siu, G. K. H. (2019). Microbiological evaluation of different hand drying methods for removing bacteria from washed hands. Scientific Reports, 9. DOI: 10.1038/s41598-019-50239-4

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Nola lehortu behar dira eskuak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Eltxoen, eskoziarren, esklaboen eta nazien inguruko historia bat

Lun, 2019/10/07 - 09:00
Rocío Benavente Gutako gehienoi eltxoetan pentsatzean azkura eta ziztadak datozkigu burura. Udarekin lotzen dugun anekdota gogaikarria dira. Baina ia mundu osoan, historiaren zati handi batean, eltxoak hori baino gehiago izan dira; gizakientzako mehatxu handienetako bat dira, malaria, dengea, zika eta beste gaixotasun kutsakor batzuk transmititzen dituzte eta. Hain zuzen ere, esan daiteke gizakientzako eltxoak animaliarik arriskutsuena direla, baita lur edo itsas harrapari handiak baino arriskutsuagoa ere.

1. irudia: Anopheles gambiae familia osatzen duen sei espezietako eltxo bat. Eltxo hauek ziztada baten bitartez odola xurgatzeaz gain, listua sartzen dio gizakiari. Horrela, malaria sortzen duten protozooak gorputzean sartzen dira. Eltxo hauek malariaren bektore biologikok dira. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Wikipedia)

Beraz, horrek esan nahi du udako izerdi edo txosnako musika nekagarriak baino inpaktu handiagoa dutela. Izan ere, eltxoek, mendez mende, eragin handia izan dute biztanleriaren mugimenduetan eta gerrako emaitzetan. Horixe bera azaltzen du Timothy Winegard historialariaren The Mosquito: A Human History of Our Deadliest Predator liburuak. Hain zuzen, giza historia moldatu duen naturaren indar gisa deskribatzen ditu intsektu horiek.

Panamako eltxoak eta Eskoziaren independentzia

Winegardek, adibidez, The New Yorker aldizkariko artikulu honetan, historiako gertaera bat kontatzen du. 1698an, bost itsasontzi abiatu ziren Eskoziatik Mundu Berrira, kargamentu komertzial oso mamitsuarekin: ileordeak, artilezko galtzerdiak eta tapakiak, nakarrez egindako orraziak, bibliak eta larruzko zapatak. Horrez gain, inprimatzeko makina bat zeramaten itsasontzian, kolonoek, helmugara iristean, kontratuak, itunak eta hitzarmenak inprimatzeko asmoa baitzuten. Kargamentua sartu ahal izateko, janari errazioen erdia bakarrik eraman zuten.

Helmuga Panamako Darién eskualdea zen. Eskoziako Konpainiak merkataritza gune bat sortu nahi zuen, istmoaren bitartez harremanetarako bide bat egiteko eta, hala, Ozeano Pazifikoa eta Atlantikoa lotzeko. Horren bidez, beren herrialdeko ekonomia bultzatu nahi zuten; izan ere, hainbat urte zeramatzaten gerran Ingalaterraren aurka, eta defendatzen zuten independentzia arriskuan zegoen, gosete luze baten ondorioz. Ekimen hori ez zen bakarra izan: uste da garai hartan Eskozian mugitzen zen diruaren laurdena edo ia erdia Panamako merkataritzarekin lotuta zegoela.

Espedizioa erabateko porrota izan zen. Kolonoak gaixotu egin ziren, sukar horiak eta malariak jota, eta ez zutenez gaixotasun horien aurkako defentsarik, egun bakar batean hamar lagun hiltzera ere iritsi ziren. Kolonoen egunerokoetan askotan aipatzen dira eltxoak. Sei hilabete igaro ondoren, bizirik atera zirenak iparralderantz abiatu ziren, baina bidean ere hil egiten ziren, eta itsasora botatzen zituzten gorpuak.

2. irudia: 1690. urtearen bueltan Afrika eta Indiekin komertzioa gauzatzen zuen Eskoziako Merkataritza-etxearen banderaren erreprodukzioa. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Shadowxfox / Wikipedia)

Egin zuten ahalegin handi horren emaitza komertzialak benetan etsigarriak izan ziren. Eraman zituzten gauza guztietatik (orraziak, zapatak, etab.), inprimatzeko makina bakarrik iritsi zen helmugara. Baina, Winegardek bere liburuan kontatzen duen bezala, misioaren porrotak ezusteko emaitza izan zuen: bidaiak sortu zuen zorraren ondorioz –beste arrazoi batzuen artean–, eskoziarrek Ingalaterrarekin bateratzeko eskaintza onartu behar izan zuten. Eta horrela lagundu zuten Panamako eltxoek Britainia Handia sortzen.

Jakina, eltxoek (haien infekzioekin) eta gizakiek denbora luzez izan dute harreman estua, eta batzuentzat tamalgarria izan zen arren, beste batzuentzat, askoz lehenago, lagungarria izan zen. Eskoziarrak Panama konkistatzen saiatu baino hamabost mende lehenago, Erromako armadak Eskozia bereganatzeko egin zuen saiakera. Uste da, garai hartan, herrialde hori konkistatzeko helburuarekin joan ziren zortzi mila soldadu erromatarren erdiak hil zituela malariaren andui endemiko batek. Tokiko beste andui batzuek hildako asko eragin zituzten Hanibalen armada Italiatik igaro zenean; Gengis Khanen gudu taldeak Europako hegoaldera iritsi baino lehen geldiarazi zituzten, eta Europako gurutzatuei Lur Santua konkistatzea eragotzi zieten historiako beste une garrantzitsu batzuetan.

Gaixotasun zaharrak eta kontinente berriak

Eltxoek egiteko garrantzitsua izan zuten historiako gertakari horietan; bereziki, gaixotasun zaharrak kontinente berrietara iristen zirenetan. Kolon Amerikan lehorreratu zenean, kolonoek berekin eraman zituzten eltxoek ere gaixotasun berriak eraman zituzten. Baztangaz eta gripeaz gain, intsektu horrek eragindako gaixotasunen ondorioz, 95 milioi indigena hil ziren; hau da, europarrak bertara iritsi baino lehen zeuden biztanleen % 90 baino gehiago. Hortaz, inpaktu zuzena izan zuen bai lurraldearen konkistan bai biztanle taldeek orduan hasi eta mendeetan eta mendeetan izan zituzten harremanetan. Gehienbat balio izan zuen ia biztanlerik ez zuen lurralde zabal eta emankor baten ideiari forma emateko; lurraldea kolonoen zain zegoen, hari probetxu ateratzeko, jainkoaren deiera izango balitz bezala.

Dirudienez, gizakiek aitzakiak sobera dituzte haien kidekoekin krudel jokatzeko, eta, gainera, eltxoek, euren ziztadek eta euren gaixotasunek eragina izan zuten Atlantikoan zeharreko esklaboen merkatuaren garapenean eta bilakaeran. Afrikar jatorriko lehen esklaboak Amerikara iritsi zirenean, malariaren bertsio oso gogor bat iritsi zen, Plasmodium falciparum parasitoak eragindakoa eta eltxoek transmititutakoa.

Orduan, XVII. eta XVIII. mendeetan, esklaboek inportatutako gaixotasunekiko zuten kaltegarritasunak eragina zuen euren prezioetan: indigena batek gaixotasun horien ondorioz hiltzeko arrisku handia bazuen, ez zuen balio gaixotasunak jasan zitzakeela erakutsi zuen europar batek bezain beste, eta hark ere Afrikatik zuzenean eramandako pertsona batek baino gutxiago balio zuen. Garestienak afrikarrak ziren, Mundu Berrian denbora nahikoa eman baitzuten frogatzeko gai zirela lurralde bateko eta besteko gaixotasunak jasateko.

Eltxoak, nazien arma biologikoak

Beste garai batzuetan, intsektu hilgarri hori beren alde menderatzen eta baliatzen saiatu izan dira. Adibidez, Hitlerren Alemania nazian. 1942. urtean, SSetako komandante Heinrich Himmlerrek Entomologia Institutua sortu zuen Dachauko kontzentrazio esparruan. Institutuaren helburua eltxoen erabilera belikoa ikertzea zen, Hirugarren Reicheko etsaien aurka gerra kimiko eta bakteriologiko baten elementu gisa. Ideia hori ez zen ezerezetik sortu: hilabete batzuk lehenago, 1941. urteko Eguberrietan, Himmlerrek Ekialdeko Fronteko tropak bisitatu zituen, eta ikusi zuen soldaduak zorriek janda zeudela. Ongi zekien Lehen Mundu Gerran zorriek transmititutako tifusak hildako asko eragin zituela alemaniar tropetan, eta hierarka naziak berak ere fobia zien eltxoei. Horrela piztu zen intsektuak bere alde erabiltzeko ideia.

3. irudia: Himmlerren inspekzio bat Dachaun 1936ko maiatzean. (Argazkia: CC BY-SA 3.0 DE lizentziapean – Wikipedia)

Historialariek urte luzez pentsatu izan dute Himmlerren Entomologia Institutuko jarduerak intsektuen, haien bizi zikloen eta transmititzen zituzten gaixotasunen inguruan gehiago ikasteko eta Alemaniako tropak babesteko nola immunizatu ikertzeko zirela. Baina, 2014an, Klaus Reindhart entomologoak eskuragarri zegoen dokumentazioa berrikusi eta beste ondorio bat atera zuen; zirudienez, beste arrazoi bat edo behintzat beste arrazoi bat gehiago zegoen Himmlerrek intsektuekiko zuen interesaren atzean: etsaien aurka gerrako arma bezala erabiltzea.

Esperimentazioa Dachaun egin zen, SSek guztiz kontrolatzen zuten esparruan, hain zuzen. Bertan, gainera, presoekin esperimentu krudelenak egin ziren, eta horietako batzuk malariarekin lotuta zeuden. Horrez gain, institutua zuzentzeko Alemaniako beste aditu batzuk baztertu eta Eduard May aukeratu zuen, hala moduzko entomologoa baina guztiz antisemita. Horregatik guztiagatik, Reindhartek susmoa zuen Himmlerri interesatzen zitzaion bakarra ez zela eltxoen bizi zikloa. Mayren txosten batean (1944. urtekoa), iruzkin hau aurkitu zen Reindhartek: «malariaren parasitoak infekzio masibo artifizial bat eragitea posible zen argitzeko».

Giza historia hainbat faktoreren baldintzapean egon da beti, eta faktore horietako batzuk gure espeziearen kontroletik kanpo egon dira gainera. Horietako bat da, hain zuzen, espezie hau, orain baino ez baikara hasi hari aurre egiten ikasten, eta hala moduan bakarrik. Azken finean, gure onetik ateratzen gaituzte udako gauetan belarri ondoan haien burrunba entzuten dugunean. Pentsa ziztada bat dela eltxoek eragin dezaketen ondoriorik arinena. Bestela, esan diezaietela Eskoziako kolonoei…

Iturriak:

  • How Mosquitoes Helped Shape the Course of Human History – The Smithsonian Magazine
  • How mosquitos changed everything – The New Yorker
  • Los nazis investigaron con mosquitos infectados de malaria como armas biológicas – Materia
  • The Entomological Institute of the Waffen-SS: evidence for offensive biological warfare research in the third Reich – Endeavour

—————————————————–
Egileaz: Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
—————————————————–

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko abuztuaren 19an: Una historia de mosquitos, escoceses, esclavos y nazis.

The post Eltxoen, eskoziarren, esklaboen eta nazien inguruko historia bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #271

Dom, 2019/10/06 - 09:00
Uxue Razkin

Mikrobiologia

Josu Lopez-Gazpiok argi hitz egin digu honetan: sukaldean dugun espartzua da etxeko lekurik zikinenean dagoen gauzarik zikinena. Elikadurarekin lotutako gaixotasunen eta etxeko kutsadura iturrien arteko erlazioak aurkitu dira. Sukaldean baditugu kutsatuak dauden objektuak, hala nola trapuak eta espartzuak. Egin diren ikerketen arabera, horiek patogenoen transmititzaile potentzialak dira. Espartzuen desinfekziorako método eraginkorrena espartzuak mikrouhin labean edo ontzi-garbigailuan garbitzea da. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Astronomia

Ziurrenik asteon GJ3512b izeneko gasezko planeta bati buruzko informazioa jaso duzuela. Astronomo talde batek aurkitu du izar nano gorri baten inguruan orbitatzen. Ez da edonolako aurkikuntza. Izan ere, planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake. Zientzialariek azalpen berri bat proposatu dute: diskoaren ezegonkortasunaren eredua. Teoria honen arabera, posible litzateke arrokazko nukleorik gabeko planetak eratzea, orbita eta tenperatura egokian egonez gero, gasaren pilaketa soilean oinarrituta.

19 mila milioi argi urtera dagoen protokumulu bat aztertu du nazioarteko talde batek eta horren masa 32 bilioi eguzki-masa ingurukoa dela ondorioztatu du. Ikerketa talde horretan lanean ibili da Itziar Aretxaga astrofisikaria eta azaldu duenez, “grabitateak elkartutako milaka galaxiek sortutako egiturak dira kumuluak, Unibertsoan ezagutzen diren egitura handienak”. Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue informazio gehiago.

Eboluzioa

Gizakiak eboluzioan galdutako muskuluak enbrioietan ikusi dituzte. Kalitate handiko 3D irudiak erabilita, aztertu dituzte giza enbrioi eta fetuen gorputz-adarretako muskuluak. Elhuyar aldizkariak artikulu honetan azaltzen digunez, hainbat muskulu bestigial aurkitu dituzte, beste ugaztun batzuetan agertzen direnak baina pertsonetan normalean ez daudenak. Aurkikuntza honek argituko du gorputz-adarren eboluzioa.

Zoologia

Animalia basatien salerosketa uste zena baino handiagoa da. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, munduko ugaztunen bost espezietik ia bat saldu eta eros daiteke merkatu hartan. Ikertzaileek adierazi dute uste baino handiagoa dela salerosketak eragiten duen inpaktua munduko biodibertsitatean.

Osasuna

Pisua hartzea edo galtzea eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Baina ez da kontu hain erraza. Izan ere, zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak jan arren? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman digu erantzuna: genetika eta genetikak metabolismoan duen eragina.

Farmakologia

Gero eta joera handiagoa dago antioxidatzaileak diren konposatuetan aberastutako jakiak kontsumitzeko. Elikagai industrian erabiltzen diren konposatuen artean ezagunena E bitamina da. Zortzi isoformez osatutako nahasketa da baina sistema biologikoetan aurkitzen den isoformarik ugariena alfa-tokoferola da, E307 gehigarri antioxidatzaile bezala ezagutzen dena. Elikagaietan ez ezik, gehigarri dietetiko askotan ere agertzen da eta horrek iritzi kontrajarriak sortu ditu. Ildo horri jarraiki, ikerketa bat egin dute aztertzeko liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan L-alfa-tokoferolaren gehikuntzak lipidoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua. Emaitza guztiak artikuluan.

Ekologia

Lur azpiko urak egoera larrira iritsiko dira 2050rako, ikerketa batean azaldu dutenez. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri: gizakiok lur azpitik erauzten dugun ur-kantitatea hain handia denez, askotan ez da berreskuratzen akuiferoen ur-maila euriak eta errekek egindako birkargaz. Ondorioz, murriztu egiten da akuiferoetatik hezegunetara eta beste ekosistema urtarretara egiten den ur-ekarpena.

Teknologia

Euskarazko sare sozialetako mezuen polaritatea edo sentimendua (positiboa, neutroa ala negatiboa) hautemateko lehen sistema sortu du Elhuyarreko I+G unitateak. Lan aitzindaria da Iñaki San Vicente Roncal Elhuyarreko ikertzaileak garatu duena bere doktorego-tesian. Proiektu honetan eman diren pauso guztiak ezagutu nahi badituzu, irakur ezazu artikulua osorik!

Kimika

Guillermo Roa zientzia dibulgatzaileari egin diote elkarrizketa Berrian. Kimikako doktorea, musikazalea eta marrazkilaria da eta Zientzia eta teknologiaren inguruko Norteko Ferrokarrila irratsaioa gidatu du hamabost urtez Euskadi Irratian. Tesia egin ondoren aukera izan zuen atzerrira joateko baina berak azaltzen duen moduan, “ez nintzen ikertzaile ona, askoz hobeto kontatzen nuen, ikertu baino”. Hortaz, Elhuyarren hasi zen, dibulgazio-lanetan. Horren ondotik, irratira egin zuen jauzi.

Emakumeak zientzian

Lidia Arana biokimikaria elkarrizketatu dute honetan. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziatu ondoren, Biomedikuntza eta Biologia Molekularra Masterra egin zuen. Tesia egitea beti zaila egiten den arren, Aranak oroitzapen onak ditu eta batez ere, taldeko-lana azpimarratzen du: “Zientzia esperimentaletan talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”. Tesia amaitu baino lehen, irakasle-lanetan hasi zen. Ikertzaile eta irakasle izateko oreka mantendu nahian, azkenean, bigarrenak hartu zuen pisu handiagoa, halere onartu du ikerketaren falta sentitzen duela.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #271 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #278

Sáb, 2019/10/05 - 09:00

Bada aukeramena zaintzen tematzen denik. Arazoa da zenbait argumentu aztertzean ez diotela eusten. Jesús Zamora Bonillaren Why emergent levels will not save free will (1)

Parasito batek izakiekin egin dezakeena sinestezina da. Sinestezina aukeramenean sinesten baduzu, noski. José Ramón Alonsok Bad companies

Korrelazio egitura duen fenomeno fisikoa agertzen denean, tentsore sarea da probabilitaterik altuena, informazio teoriatik hasi eta unibertsoaren egituraraino. Román Orúsek berrikusketa egin du gaiari sarrera egiten diona. DIPCk: Tensor networks everywhere

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #278 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Lide Arana, biokimikaria: “Talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”

Vie, 2019/10/04 - 09:00
Ana Galarraga /Elhuyar Zientzia Lide Arana Urbieta biokimikariari, neurri batean, etxetik zetorkion zientzian aritzea: “Familian zientzialari pila bat ditut: fisikariak, biologoak, kimikariak… Gaztetan, nire lagun askok ez bezala, ez neukan garbi zer ikasi nahi nuen, baina, nahita edo nahi gabe, zientziara jo nuen, eta pentsatzen dut horretan izango zuela eraginen bat ingurukoak ere horretan ibiltzea. Hala, Kimika ikastea erabaki nuen, baina ez kimikari izateko, Biokimikara iristeko bide bat zelako baizik”.

Hala, Kimikatik Biokimikara jauzi egin, eta, azken urtean, Leioan ohikoa zen laborategiren batean sartzea. “Barne-ikasle deitzen zitzaion”, gogoratu du. “irakasle batek esan zigun bazegoela lekua bere laborategian, eta, gaia gustukoa nuenez, han hasi nintzen. Gerora, tesia ere bertan egin nuen”.

Azaldu duenez, lipido-mota berezi batekin (zeramida-1-fosfatoa) lan egiten zuten laborategian. Lehen, uste zuten lipido horrek ez zuela funtzio berezirik, egiturak osatzen lagundu baino ez zuela egiten. Gerora, ordea, ikusi dute funtzio biologiko asko erregulatzen dituela, eta arreta jarri diote, bereziki, gaixotasun kardiobaskularrekin duen harremanari.

Irudia: Lide Arana Urbieta biokimikaria eta UPV/EHUko irakaslea.

Horrenbestez, horren inguruan eman zituen Biokimikako azken urtea eta tesia. Tesia egitea zaila den arren, oroitzapen onak ditu, batez ere, laborategiko kideei buruz: “Denok antzeko gaietan genbiltzan, eta asko laguntzen genion elkar. Konturatu naiz laguntasun hori gako izan zela, oso momentu gogorrak igarotzen baitira. Ez dakit nola izango den beste arlo batzuetan, baina zientzia esperimentaletan talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki”.

Horrez gain, atzerrira joateko aukera ere eman zion tesiak: “Egonaldietan eta kongresuetarako bidaietan asko ikasi nuen. Oso aberasgarria da. Ikusten duzu nola egiten duten lan beste leku batzuetan, harremanak egiten dituzu, ideia berriak hartzen dituzu…”

Aranaren esanean, zortea izan zuen laborategian bazegoelako dirua, eta, beraz, ideia bat izanez gero, nahikoa zen zuzendariak ere ontzat jotzea, aurrera egiteko. Horri guztiari esker, aukera izan zuen askatasun handiz ikertzeko.

Ikertzaile eta irakasle: oreka bila

Tesia egiteko zeukan beka amaitu baino lehen, irakasle-lanetan hasi zen unibertsitatean. Hasieran, tesiarekin batera aritu zen, eta tesia aurkeztu zuenean, irakasle jarraitu zuen. Aldi berean, martxan zituen esperimentuak bukatu eta lan batzuk argitaratu zituen. Eta justu orduan, sail bereko beste laborategi batean ari zen beste ikertzaile batek lana utzi zuen, eta Aranari eskaini zioten.

“Aldatzeko momentua zela iruditu zitzaidan”. Lipidoetan ikertzen jarraitu zuen (eta jarraitzen du), baina beste era batekoak dira: “Lipido horiek erabiltzen ditugu egitura nanometriko batzuk osatzeko, eta helburua da nanoegitura horien bidez farmakoen administrazioa hobetzea”.

Hasieran doktoratu osteko ikertzaile gisa hasi zen, irakasle-ordu osagarri batzuekin. Denborarekin, ordea, ordezkapenak egin ahala, irakaskuntza pisu handiagoa hartzen joan da. Irakasle-lana oso gustuko duela onartu arren, ikerketaren falta sentitzen duela aitortu du: “Oraingoz irakasle jarraitzeko aukera daukat, eta atxiki-plaza bat lortzea gustatuko litzaidake. Ea zer gertatzen den, baina nire itxaropena da berriro ikerketara itzultzea, eta ikerketaren eta irakaskuntzaren areko oreka lortzea”.

Fitxa biografikoa:

Donostian jaio zen 1984an. Biokimika eta Biologia Molekularrean lizentziatu ondoren, Biomedikuntza eta Biologia Molekularra Masterra egin zuen, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (EHU). 2012an, Biokimikan doktoratu zen, eta doktoretza ondoko ikertzaile izan zen bi urtez. 2011tik EHUko irakaslea da.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Lide Arana, biokimikaria: “Talde bat izateak asko laguntzen dizu teknikoki eta emozionalki” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea?

Jue, 2019/10/03 - 09:00
Bárbara Nieva-Echevarría, Encarnación Goicoechea, María D. Guillén Azken bolada honetan, konposatu antioxidatzaileekin aberastutako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa zabaldu egin dira, osasunerako onuragarriak diren ustearekin. Izan ere, ezaguna da aktibitate antioxidatzailea duten konposatuek lipidoen oxidazioa atzera dezaketela, kaltegarriak diren konposatu batzuen sorrera mugatuz. Lipidoen degradazio-prozesu honek, zeluletan zein elikagaietan gertatzen dena, erradikal askeen eraketa dakar berekin. Beraz, osasun-maila hobetzeko helburuarekin, gero eta joera handiagoa dago antioxidatzaileak diren konposatuetan aberastutako jakiak kontsumitzeko.

Irudia: Alfa-tokoferola elikagaietan gehitzearen gainean iritzi kontrajarriak dituzte ikertzaileek.

Hainbat jaki aberasteko elikagai-industrian erabiltzen diren konposatuen artean, E bitamina dago. Konposatu hau zortzi isoformez osatutako nahasketa da, baina sistema biologikoetan aurkitzen den isoformarik ugariena eta indartsuena alfa-tokoferola da. Sintesi kimiko bidez sortutako alfa-tokoferola D- eta L- isomeroen nahasketa da eta legez onartutako E307 gehigarri antioxidatzaile bezala ezagutzen da. Oraingoz, legediak gehitutako alfa-tokoferolaren kontzentrazio maximo bat ezartzen ez duenez, muga hau zehaztea elikagai-industriaren erabakia da.

Elikagaietan ez ezik, alfa-tokoferola gehigarri dietetiko askotan ere aurkitzen da, kontsumitzaileek naturaltzat hartzen dutelarik. Hala ere, ikertzaileek alfa-tokoferolaren gehikuntzaren gainean iritzi kontrajarriak erakutsi dituzte. Ikerketa batzuek alfa-tokoferolaren aktibitate prooxidatzailea agerian utzi dute hainbat kondiziotan (kontzentrazio altuetan, esate baterako). Beste konposatu kimiko batzuen kasuan bezala, alfa-tokoferolak antioxidatzaile/prooxidatzaile dualtasuna dauka eta, lipidoen oxidazioa mugatu beharrean, kontrako efektua ere eragin dezake. Beste ikertzaile batzuek, berriz, alfa-tokoferolaren dualtasun hori ez dute nabaritu eta aktibitate antioxidatzaileari baino ez diote eutsi. Horregatik, elikagaien segurtasun eta osasunaren ikuspuntutik, alfa-tokoferolak prooxidatzaile bezala zein motatako kondiziotan joka dezakeen jakitea beharrezkoa da.

Lipidoen oxidazioa elikagaien prozesatzean eta biltegiratzean zehar gerta daitekeela aspalditik ezagutzen den arren, ikerketa berriek erakutsi dute elikagaien digestioan zehar ere oxidazio-erreakzioak ematen direla. Hori zenbait ikerketa-taldek frogatu dute animaliak erabiliz (in vivo kondiziotan), zein urdaileko eta hesteetako urinak simulatuz (in vitro kondiziotan). Digestio-kondiziotan alfa-tokoferolak duen eraginari dagokionez, orain arte oso lan gutxi egin da, eta gainera emaitza eztabaidagarriak lortuz.

Testuinguru honetan, ikerketa honen helburua liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan D,L-alfa-tokoferolaren gehikuntzak (200, 2000 eta 20000 ppm) lipidoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua aztertzea zen. Horretarako, olio-laginak (aberastu gabekoak eta aberastutakoak) prestatu eta urdail-hesteetako in vitro eredu estatiko baten bidez digeritu egin ziren. Ondoren, digeritutako laginen lipidoak erauzi ziren eta, hasierako olio laginekin batera, teknika aurreratu baten bidez aztertu ziren: Protoi Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (1H NMR). Laginen espektroetan agertzen ziren protoi seinaleak erabiliz, lipidoen hidrolisi-maila eta oxidazio-maila neurtu ziren.

Hidrolisiari dagokionez, olio lagin guztiek antzeko lipolisi-maila erakutsi zuten. Beraz, jatorri sintetikoko E bitamina honen gehikuntzak ez zuen inolako efekturik izan. Hala ere, oxidazioari dagokionez, alfa-tokoferolaren presentzian lipidoen oxidazioa areagotu zela ondorioztatu zen, dosi-menpeko modu batean. Izan ere, zenbat eta alfa-tokoferolaren kontzentrazioa handiagoa izan, orduan eta omega-3 poliasegabe kate gehiago degradatu ziren digestioan zehar. Horretaz aparte, aberastutako olio laginetan oxidazio-konposatu primario eta sekundario gehiago ere sortu ziren. Konposatu hauen artean, aldehidoak eta hidroxi edo keto taldeak dituzten dieno konjugatuak aipa daitezke.

Lortutako emaitzek alfa-tokoferolak digestio-kondiziotan prooxidatzaile bezala joka dezakeela baieztatu dute. Beraz, kontu handia izan behar da alfa-tokoferolaren gehikuntzarekin antioxidatzaile efektua lortzeko asmoz, kontzentrazio altutan erabiltzen denean espero den efektua kontrakoa izan daitekeelako, hau, da prooxidatzailea. Ikerketa gehiago behar da, emaitza hauek in vivo egiaztatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea?
  • Laburpena: Lan honen helburua liho-olioaren urdail-hesteetako in vitro digestioan d,l-alfa-tokoferolaren gehitzeak (200, 2000 eta 20000 ppm) konposatu lipidikoen hidrolisian eta oxidazioan duen efektua aztertzea zen. Horretarako, protoi erresonantzia magnetiko nuklearra (1H NMR) teknika erabili zen. Jatorri sintetikoko E bitamina honen gehikuntzak ez zuen efekturik izan lipolisian, baina oxidazioa areagotu zuen, dosi-mendeko modu batean. Hau kate poliasegabeen degradazioaren eta oxidazio-konposatuen sorreraren handipenek nabarmendu zuten. Ikerlan honen kondizioetan, alfa-tokoferolaren presentziak aldehidoen eta hidroxi edo keto taldeak dituzten dieno konjugatuen sorreran lagundu zuen.
  • Egileak: Bárbara Nieva-Echevarría, Encarnación Goicoechea, María D. Guillén.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 83-98
  • DOI: 10.1387/ekaia.19720

————————————————–
Egileez:

Bárbara Nieva-Echevarría, Encarnación Goicoechea, María D. Guillén. UPV/EHUko Farmazia fakultateko Elikagaien Teknologia Atalean dabiltza Lascaray Ikergunean.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Alfa-tokoferolaren gehikuntza urdail-hesteetako in vitro digestioan: efektu antioxidatzailea edo prooxidatzailea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

GJ3512b du izena, eta planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake

Mié, 2019/10/02 - 09:00
Juanma Gallego Izar nano gorri baten inguruan orbitatzen duen gasezko planeta erraldoi baten berri eman du astronomo talde batek. Dagoen tokian egonda, zientzialariek diote gaur egun onartuen dagoen teoriak ezin duela azaldu planeta horren existentzia.

Duela hamar bat urte gertatu zen. Kazetari honen alboan bizitzaren une onak eta ez hain onak elkarrekin bizitzea erabaki zuen laguna txantxa berdina egiten hasi zen. Sakelakoan edo tabletan jakinarazpen bat pizten zen aldiro besoak altxatzen zituen: “Hara, beste exoplaneta bat!”. Berdin zion dei galdu bat, SMS bat edo posta elektroniko bat ote zen. Ding horiek guztiak planeta berri bati leporatzen zizkion. Exoplaneta berri bat aurkitzen zenean jakinarazpen bat bidaltzen zuen aplikazio bat zen ding horien jatorria, eta planeta aurkitu berriari buruzko xehetasunak eskaintzen zituen. Gutxi ziren hasieran, baina denborarekin aplikazio horrek bere zentzua galdu zuen. Hain zen handia exoplaneta berrien jarioa ezen ez baitzegoen horiei guztiei arretaz erreparatzeko modurik.

Galaxia –eta unibertsoa, seguruenera- munduez beterik dagoela badakigu orain, eta dagoeneko soilik lurraren antzekoak izan daitezkeenak eta bizigarritasun eremuan daudenak dira atentzioa ematen dutenak. Jupiterren antzezko erraldoiek, adibidez, ez dute apenas arretarik erakartzen. Joan den astean aurkeztutako batek, berriz, bai. Atentzio eman ez ezik, hautsak harrotu ditu. Eta normala da: planeta hori aurkitu duten astronomoen arabera, aurkikuntzak orain arte ondo errotutako teoria bat kolokan jar lezakeelako. Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman dituzte xehetasun guztiak.

1. irudia: 30 argi urtera dagoen GJ3512 izarraren inguruan gutxienez bi planeta daudela ondorioztatu dute, eta horietako bat izarretik oso gertu dagoen gasezko erraldoi bat dela ikusi dute. (Irudia: ICE)

GJ3512b da planetaren izena, eta GJ3512 izarraren inguruan orbitatzen du. Bikotea 30 argi urtera dago. Hortaz, eskura ez; baina urrunegi ere ez. Izarra nano gorri bat da, eta gure eguzkiaren masaren hamarren bat izango du. Honaino, dena normala. Arazoa da alboan duen planeta hori gasezko erraldoi bat dela, Jupiterren tamainaren erdikoa edo, eta, izarretik nahiko gertu dagoela gainera.

Zientzialariek azaldu dute izarra Proxima Centauri ospetsuaren antzekoa dela, eta Teegarden zein TRAPPIST-1 izarrak baino zertxobait masiboagoa, baina horietan guztietan izarretik gertu daudenak arrokazko planetak direla, eta ez gasezko planeta erraldoiak.

Horregatik, hasiera batean pentsatu zuen izarraren gaineko eragina beste izar batetik zetorrela. IEEC Kataluniako Espazio Ikerketarako Institutuko Joan Oro teleskopioaren bitartez kalkulatu ahal izan dute sistemaren errotazio-periodoa, eta modu horretan baieztatu ahal izan dute planeta bat dela, eta ez beste izar bat.

Beste izar baten aukera alboratuta, planeta dela egiaztatu ahal izan dute. Zientzialariek uste dute planeta horren jatorria izarra oraindik gaztea zela gertatu zela. Izarraren inguruan sortutako disko ezegonkor baten zatiketatik sortu zelakoan daude. Baina planeta erraldoien eraketari buruz zabalduen dauden teoriek diote planeta horiek oso pixkanaka eratzen direla, nukleo solido baten inguruan gasa biltzen denean. Lehenik arrokazko nukleoak sortzen dira disko protoplanetarioan, baina masa kritiko batera iristean gasa ere biltzen hasten dira, eta hortik sortuko dira gasezko erraldoiak. Masa txikiko izarren kasuan, disko arinagoak izango lituzkete inguruan, eta, ondorioz, hor dagoen masa kopurua txikiagoa litzateke. Gasezko planeta erraldoi bat izar txiki batetik gertu dagoenez, horrek eskatzen du hasierako disko hori askoz dentsoagoa izatea edota orain arte kontuan hartu ez den mekanismo bat egotea atzean.

Zehazki, nukleoaren akrezioaren eredua da kolokan jarri dutena. Eredu horren bitartez azaldu daitezke gure eguzki sistemaren eraketa, eta baita txikiagoak diren izarren inguruan sortzen diren sistemenena. Baina, ikerketa hau egin duten zientzialarien irudikoz, ez du balio azaltzeko orain aurkitu berri duten planeta hau.

Orain artekoak balio ez badu, zer proposatu dute, bada? Diskoaren ezegonkortasunaren eredura jo dute, azalpen bat eman nahian. Eredu horren arabera, posible litzateke arrokazko nukleorik gabeko planetak eratzea, orbita eta tenperatura egokian egonez gero, gasaren pilaketa soilean oinarrituta. Baina momentuz hipotesi honek ez du babes askorik jaso, arlo teorikoan besterik ez zegoelako; eta, neurri handi batean, grabitazioaren inguruan ditugun ezagutzen arabera, intuizioaren kontra doalako. Orain arte, beraz, Ockhamen labana atera da nagusi, hipotesi errazenaren alde eginez. Azken aurkikuntza honek, ordea, eztabaida hauspotuko du seguruenera.

Infragorritik ikusita

Aurkikuntzan erabilitako bideari dagokienez, Doppler teknika baliatu dute. Teknika honen bidez, izar batek aurrera eta atzera egiten duen mugimendua neurtzen dute, mugimendu horrek inguruko planetek eragindakoa baita. Orotara 140 behaketa egin dituzte, eta horien bitartez egiaztatu ahal izan dute izarrak inguruan lagun bat izan behar zuela.

2. irudia: Calar Altoko behatokian (Almeria) CARMENES tresnaren bitartez egindako azterketetan oinarritu dira aurkikuntza egiteko, infragorriaren eremuan egindako espektrografia baliatuta. (Argazkia: Pedro Amado – Marco Azzaro / IAA-CSIC)

Detekzio mota honekin, ez da beharrezkoa planeta izarraren aurrean pasatzea horren existentziaz jabetzeko. Baina planetak izarrari eragindako mugimendu hori bereziki infragorrian ikusten da hoberen, eta horregatik kasu honetan erabakigarria izan da CARMENES izeneko tresnaren erabilpena. 2016. urtetik martxan dago nazioarteko kolaborazio hori, eta Calar Altoko behatokian (Almeria) kokatuta dago. Bertan duten espektrografoaren bitartez atzeman dute planeta, bi espektrotan: ikusgaian eta infragorrian.

Harrigarria bada ere, gaur egungo teoria kolokan jar dezakeen objektibo hau behaketen zerrendatik kanpo egotear egon zen, ikertzaileek aitortu dutenez. Horren arrazoia zen izarra ahulegia zela, eta CARMENES egitasmoan izar txiki baina argitsuak dituztela jomugan. Behaketarako laginean izar txiki nahiko ez zeudela jabetuta, azken orduan sartu zituzten halako izar batzuk, tartean GJ3512 bera.

Lehen behaketak hasita, izar horrek ikertzaileen arreta ekarri zuen, portaera bitxia zuelako. “Bere abiadura oso azkar aldatzen zen tresnaren bi kanaletan, eta horrek adierazten zuen oso masiboa zen lagun bat zuela alboan; izar nano gorri batean hau nahiko anomaloa da”, azaldu du prentsa ohar batean zientzia artikuluaren egile nagusi Juan Carlos Moralesek.

Bestetik, planetak duen orbita eszentrikoagatik ondorioztatu dute ere iraganean beste planeta erraldoi bat zegoela sistema horretan, baina botata izan zela, eta orain izarrik gabeko planeta alderraia izan daitekeela. Sisteman ondorioztatu duten bigarren planeta baten atzean ari dira orain, hori ere behar bezala ezaugarritzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Morales, J. C. et al. (2019). A giant exoplanet orbiting a very-low-mass star challenges planet formation models. Science, 365 (6460), 1441-1445. DOI: 10.1126/science.aax3198

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post GJ3512b du izena, eta planeten eraketari buruzko teoria kolokan jar lezake appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Espartzuak, bakterioak eta genero-rolak

Mar, 2019/10/01 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Hortxe argazkia. Ikusi. Zergatik nator gaurkoan espartzu batekin? Hor ere zientzia ote dago? Zientzia ez dakit, baina, zikinkeria bai, eta asko, gainera. Hain zuzen ere, sukaldea etxeko lekurik kutsatuena da -bakterioei dagokienez behintzat- eta espartzu horixe da etxeko lekurik zikinenean dagoen gauzarik zikinena. Hori jakinda, espartzuak hainbat zientzialariren ikergaiak izan dira eta, horien artean, aipatzekoa da Maastrichteko ikasleen etxeetan egindako lana. Bertako espartzuetan hainbat gauza berri aurkitu dira eta, harrigarria badirudi ere, gizartean tamalez gertatzen diren genero-rolen ondorioak ere espartzuetako bakterioetaraino iritsi dira. Nola da, baina, hori posible?

1. irudia: Sukaldeko espartzua etxeko objekturik kutsatuena izan ohi da. (Argazkia: fede13 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azken urteotan, elikadurarekin lotutako gaixotasunen eta etxeko kutsadura iturrien arteko erlazioak aurkitu dira. Oro har, jakina da elikagaien erabilpen okerrak eta higiene eskaseko ohiturek gaixotasunen eragileak izan daitezkeela. Horretaz gain, kozinatzen ari garenean kutsadura mikrobiologikoaren arriskuaren pertzepzio oso baxua dugu, baina, aldi berean, sukaldea da kutsadura maila altuena duen etxeko lekua -bainugelak berak baino gehiago-. Zehatzago, sukaldeko objekturik kutsatuena trapuak eta, bereziki, espartzuak dira. Horren ondorioz, espartzuek eta sukaldeko trapuek elikagaietan dauden patogenoen transmititzaile potentzialak dira, ikerketen arabera.

Espartzuak sarritan erabiltzen dira platerak eta sukaldeko beste tresnak garbitzeko, baina, horietaz gainera, hainbat gainazal -hozkailuak barne- garbitzeko erabiltzen dira. Guzti horrek elementu desberdinen arteko kutsadura gurutzatzeko arriskua sortzen du. Gainera, espartzuak objektu hobeezinak dira mikrobioen hazkuntzarako: azalera/bolumen erlazio handia dute -zulotxoz josita egoten baitira-, ia beti hezeak daude eta elikagaien hondakinak izaten dituzte. Oro har, ikerketa gehienek espartzuetan kutsadura mikrobiologiko handia dagoela identifikatu dute eta, besteak beste, Salmonella spp., Staphylococcus aureus, Campylobacter spp. eta Listeria monocytogenes patogenoak isolatu dira sukaldeko espartzuetatik.

Oinarri horietatik abiatuz, Stefania Marotta eta bere lankideek 2018 amaieran egindako ikerketak erakutsi zuenez, espartzuetan identifikatutako bakterio-kantitateak ez dira onargarriak sukaldean erabiliko den tresna batentzat. Aurkitutako kutsadura maila zinez arriskutsuegia zen, diotenez. Espartzuak mikrobioen kolonizaziorako objektu apartak dira eta, horrexegatik, ezinbestekoa da espartzuak sarritan aldatzea eta aldatzen ez diren bitartean modu egokian desinfektatzea.

Maastrichteko ikasleen espartzuak

Espartzuen hariari tiraka, Jovanovska eta bere lankideek Maastrichteko ikasleen etxebizitzetako espartzuetan dauden bakterioak eta etxean bizi diren kideen arteko loturak bilatu nahi izan zituzten. Horretarako 34 etxetan espartzu berriak jarri zituzten eta denbora jakin baten ostean, haietan zeuden bakterioak aztertu zituzten. Jakina denez, espartzuak dira etxebizitzetako objekturik kutsatuenak eta bakterio gehienak kaltegarriak ez diren arren Escherichia coli eta Salmonella bezalako bakterio patogenoak ere egon daitezkeela badakigu. Ikerketa egiteko etxebizitza-mota kutsatuenetara jo zuten; izan ere, etxe arrunt bateko sukaldeko trapu batean 3,1 milioi bakterio daude, baina, ikasleek partekatutako etxeetan 7,9 milioi bakterio daude, batez beste.

Esan bezala, Jovanovska eta bere lankideek 34 espartzu jarri zituzten hainbat ikasle bizi ziren etxebizitzetan eta, aste beteren buruan espartzuen bila itzuli ziren. Espartzu zatitxo bat hartu eta ur destilatutan jarri zuten eta, hortik, diluzio egokiak egin ondoren bakterioak hazi zituzten 2 orduz. Ikerketan bakterio kopuruak bakarrik hartu zituzten kontuan; izan ere, ikerketaren helburua ez zen bakterio-motak identifikatzea. Alabaina, bitxikeria moduan aipatzen dute zenbait espartzutan giza-gorotzetan aurki daitezkeen bakterioak identifikatu zituztela –litekeena da horren arrazoia eskuak gaizki garbitzea edo eulien bidezko kutsadura gurutzatua izatea-.

Datuak jasota, ikertzaileek ez zuten ikusi korrelaziorik etxebizitzako kideen eta espartzuko bakterio kopuruaren artean. Oro har, espartzuaren zentimetro kubiko bakoitzeko 150 kolonia zenbatu zituzten, batez beste –etxebizitzako kide kopuruarekiko loturarik gabe-. Hain zuzen, bakterio kopuru handiena -300 inguru- zuen espartzua bi kideko etxebizitza batekoa zen eta kopuru txikienekoa -50 inguru-, aldiz, bederatzi kideko etxe batekoa zen. Ikertzaileek emandako azalpenak hauek dira: alde batetik, espartzuak asetze puntu batera iristen direnean ezin dira bakterio gehiago hazi, nahiz eta etxe horretan kide gehiago egon. Bestetik, kide asko dauden etxebizitza batean espartzua maizago erabiltzen dela pentsa daiteke eta, hortaz, detergente gehiago erabiltzen dela.

Etxebizitzako kideen dietari dagokionez, ikertzaileek korrelazio altua aurkitu zuten, kasu horretan. Hain zuzen ere, kide begetariano/begano kopurua zenbat eta altuagoa izan, orduan eta baxuagoa da espartzuan dagoen bakterio kopurua. Begetariano/beganorik gabeko etxebizitzetan aurkitu ziren bakterio kopuru altuenak -espartzurik kutsatuena, 320 koloniekin, begetariano/beganorik gabeko etxe batekoa zen-. Horren azalpena elikagaien konposizioan legoke, hain zuzen ere, haragian bakterio asko egon ohi baitira.

2. irudia: Espartzuan dauden bakterioek etxe horretan bizi direnen informazio ugari gordetzen du: etxeko kide kopurua, dieta eta generoa, besteak beste. (Argazkia: Hans Braxmeier – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Generoari dagokionez, ikertzaileek aurkikuntza harrigarria egin zuten: etxebizitzako emakume kopuruaren eta espartzuan dagoen bakterio kopuruaren arteko korrelazio negatibo altua aurkitu zuten. Oro har, zenbat eta emakume gehiago egon etxean espartzuan bakterio gutxiago zeuden. Batez beste, emakumeak bakarrik dauden etxeetan espartzuak askoz garbiagoak zeuden gizonezkoak bakarrik dauden etxeetan baino. Zenbakitan adierazita, gizonezkoez bakarrik osatutako etxebizitza batean gizon bakoitza zentimetro kubikoko 150 bakterioren erantzulea da. Alabaina, emakumeak bakarrik dauden etxe batean emakume bakoitza 30 bakterioren erantzulea da soilik. Etxe mistoetan, aldiz, bigarrena errepikatzen da: kide bakoitza, gizon zein emakume, zentimetro kubikoko 30 bakterioren erantzulea da.

Horrek argi erakusten du, egileek diotenez, gizon eta emakumeen arteko higiene ohiturak desberdinak direla. Oro har, ikertzaileek zerrendatutako bibliografiaren arabera, garbiketa lanak gehien bat emakumeek egiten dituzte eta, egitekotan, gizonek erosketak egitea eta kozinatzea nahiago izaten dute arropak edo etxebizitza garbitzea baino. Bestalde, garbitasunaren arauak ez dira berdinak gizon eta emakumeentzat, izan ere, txikitatik emakumeek jasotzen dituzte garbiagoak izatera behartzeko argibideak -jantziak garbi izan, kanpoko kiroletan ez jolastu, eta abar-. Hortxe, bada, genero-estereotipoek ere badutela zerikusia espartzuan aurkitzen den bakterio kopuruarekin. Jovanovska eta bere lankideen arabera, ikerketa honek berresten du genero bakoitzaren higiene arauak ez direla berdinak eta, hortaz, espartzuetan dauden bakterio kopurua baxuagoa dela emakumeak dauden etxebizitzetan.

Desinfekzioa

Espartzuen desinfekziorako metodo eraginkorrenen artean, ikertzaileek hainbat proposamen egin dituzte. Metodorik eraginkorrenen artean, Marottaren taldeak espartzuak mikrouhin labean edo ontzi-garbigailuan garbitzea proposatzen du. Horietan tenperatuta altuak lortzen dira eta, hortaz, desinfekzioa nahiko arrakastatsua da. Beste ikerketa batek –Eliandra Rossik eta Eduardo Tondok sinatzen dutena– zehaztasun handiagoz ikertu zituen desinfekzio prozedurak- Ikusi zutenez, lixibak %99,9ko desinfekzioa lortzen zuen eta, irakite prozesuak, aldiz, %99,9999koa. Irakite prozesurako mikrouhin labea erabili zuten. Hain zuzen ere, espartzua botilatan sartzea proposatzen da, 300 ml ur gehituz. Ondoren mikrouhin labea martxan jarri behar da eta urak bost minutuz irakiten duela bermatu. Modu horretan, esan bezala, bakterioen portzentajea ia %100ean murrizten da.

Bestalde, ikasleen etxeetan garbiketa sakonagoak egitea beharrezkoa dela erakutsi dute ikerketek; izan ere, bakterio kantitate askoz ere handiagoak aurkitu ohi dira horrelako etxeetan. Elikagaiak modu egokian erabiltzea ere beharrezkoa da gaixotasunen transmisioa saihesteko. Genero-rolen zein estereotipoen kasuan, desinfekzioa egitea ez da erraza, baina, ziur asko -eta bide horretan egin behar dugu lan- desinfekzio-lan egokiekin egunen batean espartzuko bakterioen eta etxebizitzako kideen generoaren arteko korrelaziorik ez da egongo.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jovanovska, S., Quirant, L., Davidovijk, D. eta Popeijus, H. E. (2018). Invisible cohabitants: Investigating the microbial presence in the kitchen sponges of Maastricht. The Maastricht Journal of Liberal Arts, 10, 69-83. DOI: https://doi.org/10.26481/mjla.2018.v10.597

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Espartzuak, bakterioak eta genero-rolak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira

Lun, 2019/09/30 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Pisua hartzea edo galtzea, modu sinplean esanda, eskuratzen den energiaren eta gastatzen denaren arteko aldearen ondorio da. Organismoak irentsi den elikagaitik asimilatzen duena eskuratzen du. Eta jardunaren jardunez energia gastatzen du, beroa barreiatuz. Askotarikoak dira jarduerok: batzuk beharrezkoak dira sistema organikoek (bihotz jarduera, giltzurrunena, nerbioena, etab.) normal funtzionatzeko, esaterako, gorputz tenperaturari eustea; beste batzuk zelulak eta ehunak berritu eta konpontzeari lotuta daude; beste batzuk egitura berrien sintesiaz arduratzen dira; eta azkenik, ariketa fisikoari loturiko muskuluen jarduerak ere aipatu behar dira. Eskuratu den energia gastatu dena baino handiagoa bada, organismoak masa hartzen du. Kontrakoa gertatzen da gastatu dena eskuratu dena baino handiagoa bada.

Horrela esanda, kontu erraza dirudi. Alabaina, kontu horietan ezer ez da dirudien bezain erraza. Energia eskuratzearena termino aski sinplea da; bi faktore nagusi hartu behar dira kontuan, janari kantitatea eta haren osaera, energia edukiari eta digeritzeko eta asimilatzeko erraztasunari edo zailtasunari eragiten baitie. Energiaren gastua zailagoa da azaltzen, faktore anitz dagoelako tartean.

Irudia: Cambridgeko Unibertsitateko Fernando Riveros McKay ikertzaileak gidatu duen ikerketa batek, aztertu du zergatik batzuk ez duten inoiz pisurik hartzen edozer jaten badute ere. (Argazkia: Steve Buissinne / Pixabay)

Energia eskuratzeko eta gastatzeko elementuen determinatzaileak zein diren kontuan hartuz gero, inor ez da harrituko gainpisuak eta obesitateak egungo gizarteetan duten prebalentzia handiarekin. Janari asko dago, eta, gainera, nahiago izaten ditugu elikagai zaporetsuak, energia eduki handikoak eta absortzio errazekoak. Eskuratzen den energian eragiten du horrek. Gastuari dagokionez, sedentarismorako eta ariketa fisikorik ez egiteko joera handia dugu, eta konfort termiko handiko ingurunetan bizi ohi gara: nekez egongo gara organismoak gorputz tenperaturari eusteko energia asko gastatu behar duen egoeran. Esandakoa, kontu erraza dirudi. Halere, ez da horren kontu erraza.

Guztiok dugu ezagunen bat ez diona uko egiten jateko ezeri, eta beti dagoena argal. Loditzeko joera dugunok inbidiaz begiratzen diogu, ondo dakigulako zein zaila den buruari eustea jakiz oparo hornitu den mahai baten aurrean, ordu arteko mokaduei uko egitea edo gimnasioko bizikleta estatikoan heriosuhar pedalei eragitea. Kontrakoa gertatzen zaien ezagunak ere baditugu; ezer gutxi jaten dutela dirudien arren, lodiegi daude.

Zergatik gara batzuk argalagoak eta beste batzuk lodiagoak antzeko jarduera fisikoa egin eta elikagai kantitate berdintsuak ahoratu arren? Zerk eragiten ditu «inkongruentzia» metaboliko horiek? Batzuk kontuan hartu ez diren faktoreen ondorio izan daitezke. Baina bada beste faktore bat oso kontuan hartzekoa: genetika, eta genetikak metabolismoan duen eragina.

Konparaketa bat egin da (1.600 pertsona oso argal, 2.000 pertsona oso obeso eta pisu normalean dauden 10.400 pertsona) eta jada jakina zena frogatu da: obesitatea tasun heredagarria da neurri handi samar batean; alegia, kasuen % 32an. Argaltasuna ere hala da, baina neurri txikiagotzean (% 28). Ikertutako ezaugarriaren –obesitatea edo argaltasuna– aldakortasuna faktore hereditarioen bidez azal daitekeen kasuen proportzioa adierazten dute ehuneko horiek. Gainera, tasun bati loturiko aldagai genetikoen sorta bat identifikatu da; horietako batzuk jada ezagunak ziren, eta beste batzuk aurkakoari lotuta daude. Horrenbestez, obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira, neurri batean izan arren, baina hori ez dugu, batzuek bederen, kontsolamendu handia.

Erreferentzia bibliografikoa:

Riveros-McKay, Fernando et al. (2019). Genetic architecture of human thinness compared to severe obesity. PLOS Genetics, 24;15(1), e1007603. DOI: 10.1371/journal.pgen.1007603.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko ekainaren 9an: Obesidad y delgadez también se heredan.

The post Obesitatea eta argaltasuna ere heredatzen dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #270

Dom, 2019/09/29 - 09:00
Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Fridays for Future gazte mugimenduak nazioarteko greba antolatu zuen ostiral honetan; klima larrialdiaz ohartarazteko beste mugimendu bat izango genuke hauxe. NBE Nazio Batuen Erakundean hizpide dute aste honetan afera eta neurri zehatzak hartzea dute erronka. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, 2015ean baino “okerragoa” da egoera. Berrian xehetasun guztiak.

Klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den eraginaz ezkor mintzatu da Berrian Jose Maria Gorostiaga, biologian doktorea eta botanika irakaslea UPV/EHUn. Hark algak ikertzen ditu, horiek itsasoan gertatzen diren aldaketak ikusteko baliagarriak dira. Ohartarazi du hemengo alga gorria, aski ezaguna, eta “gure kostaldeko habitat eraikitzailerik onena” desagertzen ari dela ura berotzearen ondorioz. Irakur ezazue elkarrizketa osorik!

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak adierazi du berotegi efektua eragiten duten gas emisioak planeta berotzen ari direla, eta, ez dela bakarrik atmosferan nabaritu, baizik eta ozeanoetan eta izoztutako eremuetan ere eragin nabarmena izaten ari dela. Poloetako izotza urtzearen ondorioz, itsasoaren maila igotzen ari da. Horrela jarraituz gero, 2100. urterako metro bat baino gehiago igo liteke itsas maila, NBEren ikerketa taldearen arabera. Berriak azaldu dizkigu xehetasunak.

Mikrobiologia

Zer harreman dago mikroorganismoen eta minbiziaren artean? Artikulu zientifiko asko argitaratu dira horien arteko erlazioak azalduz: batzuek diote mikroorganismoek minbiziaren agerpena saihesten dutela eta besteek, berriz, minbizia eragin dezaketela. Izan ere, mikroorganismoek minbizi guztien % 17,8 eragiten dutela estimatu da. Orain arteko ikerketek azaldu dute horien eragina minbiziaren garapenean eta sustapenean. Hortaz, minbiziari aurre egiteko beharrezkoa izanen da harreman horretan sakontzea.

Genetika

Gene-edizioari buruz mintzo da Koldo Garcia honetan. CRISPR teknika agertu denetik, polemika etorri da, batez ere, gene-edizioak sortzen dituen gatazka-etikoak direla eta. Garciak azaltzen digunez, CRISPR teknikaren baitan Cas9 izenez ezagutzen den entzima erabiltzen da. Entzima horrek editatu nahi den gene-sekuentzia ezagutzen du eta genomaren toki hori moztuko du, gene-edizioa zehatz gauzatu eta mugatuz. Baina ikertzaileek ikusi dute editatu nahi den jomugaz gain genomako beste toki batzuetara lotzen dela Cas9 entzima. Hortaz, teknika horrek jomugatik kanpo egin ditzake gene-edizioak. Egun, ikertzaileak lanean ari dira CRISPR sistema berri bat garatzen, DNAren mozketarik behar ez duena.

Biologia

Zer azalpen zientifiko dago gizakiaren larruazalaren atzean? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaltzen digu larruazalean melanozitoak daudela, hau da, pigmentuak sortzen eta biltzen dituzten zelulak. Bi pigmentu mota daude, bata eumelanina da eta bestea, feomelanina. Larruazalaren kolorea bi pigmentuen kantitatearen eta proportzioaren araberakoa da, eta bereizgarri hori zenbait generen araberakoa da. Ondorio gisa, gaur egungo gizakien kolorea gertakari biologiko eta demografikoen sekuentzia konplexu baten emaitza da.

Alexander von Humboldt bide-urratzailea izan zen haren Essay on the Geography of the Plants liburuari esker. Bertan, Chimborazo sumendiaren estratifikazio biologikoari buruz idatzi zuen. Egun mendi ekosistemak ikertzen jarraitu dute ikertzaileek eta horiei esker, modua izan dute nabarmentzeko mendiek ekosistemei ekartzen dizkieten onurak, eta bereziki zergatik diren hain emankorrak. Bioaniztasun oparo hau azaltzeko hainbat proposamen daude mahai gainean. Testua osorik irakurtzeko, jo ezazue artikulura!

Arkeologia

Esne-hondarrak identifikatu dituzte hiru ontzitan, historiaurreko biberoiak izan zitezkeenetan. Bavarian aurkitu dituzte eta isotopo azterketari esker, animalia-jatorriko gantz-azidoak identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, zehazki, aurkitutako bi ontzi hausnarkarien esnearekin erabili zirela ondorioztatu dute, eta hirugarrenean hausnarkariena ez den esnea identifikatu dute.

Elikagaiak

Elikagaien kontserbazioa luzatzen duen makina bat asmatu du Maitane Alonso (Sodupe, Bizkaia, 2001) medikuntzako ikasleak. Barbakoei so eginda etorri zitzaion ideia, Berrian irakur daitekeenez. Asmakuntzak mikrobiologiako nazioarteko sari bat jaso du. Alonsoren helburua kontserbatzeko modu naturalago bat bilatzea zen, “iraupen luzeagokoa eta kontserbagarri kimikorik erabili gabe”. Hori lortzeko, sorgailu elektriko batekin airean dauden molekulak disoziatzen ditu: “Mikroorganismoak hil egiten dira, eta berriz elkartzen dira aurreko atmosfera bera sortuz”.

Medikuntza

Ahots-korden hiru dimentsioko eredu bat garatu dute Wisconsin Madisoneko Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyarren arabera. Ereduak giza ahots-korden mukosa eta tolesturak ditu eta ezaugarri hori garrantzia eman diote tolestura horiek direlako gure ahotsa sortzearen eta elikagaiak arnas-aparatura ez sartzearen arduradun nagusiak. Hiru dimentsioko eredu honek balio izango du ikertzeko nola sendatu tabakoak, alergenoek eta infekzioek eragindako kalteak.

Astronautika

NASAko ikertzaile Roger Wiens eta Samuel Clegg Marte esploratzen dabiltza Curiosity robotarekin. Euskal Herrian izan dira egunotan UPV/EHUrekin lankidetzan ibili direlako ‘Mars 2020’ robotak han erabiliko duen kamera egiteko. Kamera horri esker, bereizmen handiz aztertu ahal izango dute Marteko harrien osaketa, han bizitza izan ote den, eta etorkizuneko astronautentzat zer arrisku egon daitezkeen. Ez galdu Berriak bi ikertzaileei egindako elkarrizketa interesgarria!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #270 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #277

Sáb, 2019/09/28 - 09:00

Non sortzen da denbora? Zer zerikusi du masarekin? Daniel Fernándezen The road to quantum gravity (4): The flow of time for massive objects

Espazio misioei buruz hitz egitean jaurtiketak, azalera ailegatzeak eta emaitzek emozionatzen gaituzte. Oso gutxitan pentsatzen dugu ikuspuntu tekniko eta ekonomikoki misioa bideragarria izan dadin ibilbidea kalkulatzeko behar diren matematikak. BCAMen Calculating a spacecraft optimal trajectory

Orden garaiko isolatzaile topologikoak (HOTI) hainbat sistemetan egitea lortu da, baina ez zen HOTI elektronikorik existitzen. Orain arte. DIPC-en Topology as a parameter: an artificial electronic high-order topological insulator

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #277 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Jose Ramon Bilbao: “Gaixotasun zeliakoaren genetika oso konplexua da” #Zientzialari (122)

Vie, 2019/09/27 - 09:00

Azken urteetako ikerketen ondorioz, gaur egun badakigu gaixotasun zeliakoa genetikoa dela. Baina, oso gaixotasun konplexua da eta gene desberdinek zer-nolako eragina duten oraindik ikertzen ari dira gaur egun zientzialariak.

Gurutzeta Ospitaleko Zeliakiarekin lotutako Ikerketa Funtzionalak taldeak gaixotasun zeliakoaren genomika ikertzen du; hain zuzen ere, gaixotasunaren garapenean zein genek eragiten duten eta horietako bakoitzak nolako eragina duen jakiteko.

Jose Ramon Bilbao talde horretako ikertzailea izateaz gain, UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea da, eta berarekin hitz egin dugu gaixotasun honen berezitasunak ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jose Ramon Bilbao: “Gaixotasun zeliakoaren genetika oso konplexua da” #Zientzialari (122) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete?

Jue, 2019/09/26 - 09:00
Aitana Arbizu, Aitziber Antoran, Idoia Buldain, Aize Pellon, Xabier Guruceaga, Leire Martin-Souto, Leire Aparicio, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando, Andoni Ramirez-Garcia Ikerketa askok mikroorganismo eta minbizien arteko erlazioak aztertu dituzte, mikroorganismo batzuk minbiziaren agerpena saihesten dutela eta beste batzuk, aldiz, minbizia eragin dezaketela demostratuz. Hain zuzen ere, gero eta artikulu zientifiko gehiago argitaratzen ari dira mikroorganismoak minbiziaren sortzearekin, ezarpenarekin eta sakabanaketarekin erlazionatuz. Izan ere, mikroorganismoek minbizi guztien % 17,8 eragiten dutela estimatu da.

Irudia: Ezin izan da sakonean mikroorganismoek minbiziaren sorreran izan dezaketen zeregina ikasi.

Mikroorganismo guztien artean birusak ondo ikasitako minbizi eratzaileak dira. Orokorrean, datu kontserbadoreak kontuan hartuz, minbizi guztietatik % 12 birusek eragin omen dituzte, eta proportzioa handiagoa da garapen bidean dauden herrialdeak besterik ez baditugu kontuan hartzen. Ondorioz, minbizia sor dezaketen birusen mekanismo desberdin asko deskribatu dira.

Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak zortzi birus 1. mailako “gizakiontzat kartzinogeno”-tzat sailkatu ditu, haien artean giza papiloma birusa, bi herpesbirus eta bi hepatitisaren birus aurkitzen direlarik. Birus hauetako batzuek, papilomabirusa esaterako, eragin zuzena dute kartzinogenesian, beste batzuek, hepatitisaren birusek adibidez, eragin ez-zuzena daukate, batez ere infekzioaren kronifikazioa dela eta. Hala ere, beste mikroorganismoekin gertatzen den bezala, birusek egindako infekzio batzuk minbizia sortzeko beharrezkoak izan arren, berez ez dira nahikoak

Bakterioei dagokienez, minbizi-eragileen artean, Helicobacter pylori da gehien ikasi dena urdaileko minbiziarekin erlazionatuta. Bakterio honen presentzia gizakion urdailean oso ohikoa da, munduko populazioaren erdia H. pylorik urdailean infektatuta omen dagoelarik. Kasu gehienetan, sintomarik gabeko hantura kronikoa sortzen du, baina infektaturiko populazioaren % 10ek ultzera peptidikoa, % 1-3k urdaileko adenokartzinoma eta % 0,1ek mukosetako ehun linfoidearen linfoma garatuko du.

Bakterio honetaz gain, beste hainbat bakterio, hala nola Salmonella typhi, Chlamydia pneumoniae eta Streptococcus bovis minbiziarekin zuzenki erlazionatu dira. Minbizia eragiten duten bakterioen mekanismo nagusienak infekzioaren kronifikazioa eta ondoriozko hantura kronikoa, eta erantzun immunea ekiditea dira. Honekin batera, zenbait bakteriok zelulen zikloa aldarazten duten toxinak ekoitz ditzakete linfozitoen erreplikazio klonala ekidinez ala zelulen proliferazioa sustatuz

Onddoek daukaten minbiziarekiko erlazioa oso gutxi ikertu den arren, mikroorganismo hauek sortutako toxina batzuek, mikotoxinak deritzonak, minbizia eragin dezaketela frogatu da. Molekula hauek gizakiok kontsumitutako produktu ezberdinetan aurki daitezke, batez ere landareetatik eratorritako produktuetan, artoan besteak beste. Horrez gain, Candida albicans onddoak minbiziaren sorrera eta hedapena eragin dezakeen hainbat mekanismo deskribatu egin dira. Batez ere, Candida aho eta hestegorriko minbiziarekin erlazionatu egin da, baina baita metastasiak faboratzeko gaitasunarekin ere. Mekanismo kantzerigeno desberdin batzuk deskribatu dira, hala nola konposatu kartzinogenoak sortzea (nitrosaminak edo azetaldehidoa, esate baterako) eta hanturazko prozesua faboratzea.

Beraz, minbiziarekin erlazionatutako heriotza-tasa altua dela eta, orain arte, zientzialariek batez ere bere diagnostikoan eta tratamenduan fokatu dituzte haien ahaleginak eta, ondorioz, ezin izan dute sakonean mikroorganismoek minbiziaren sorreran izan dezaketen zeregina ikasi. Gaur egun, egindako ikerketek mikroorganismoek minbiziaren garapenean eta sustapenean daukaten eragina nabarian jarri dute. Hau dela eta, etorkizunean minbiziari aurre egiteko minbiziaren eta mikroorganismoen arteko erlazioan sakontzea ezinbestekoa da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete?
  • Laburpena: Ikerketa askok mikroorganismoen eta minbizien arteko erlazioak aztertu dituzte, eta erakutsi dute mikroorganismo batzuek minbiziaren agerpena saihesten dutela eta beste batzuek, aldiz, minbizia eragin dezaketela. Hain zuzen ere, gero eta artikulu zientifiko gehiago argitaratzen ari dira mikroorganismoak minbiziaren sortzearekin, ezarpenarekin eta sakabanaketarekin erlazionatuz. Izan ere, mikroorganismoek minbizi guztien % 17,8 eragiten dutela estimatu da. Minbizia sortzeko birusen gaitasuna da gehien ikertu dena eta, ondorioz, minbizia sor dezaketen mekanismo desberdin asko deskribatu dira. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak zortzi birus 1. mailako «gizakiontzat kartzinogeno»-tzat sailkatu ditu; haien artean, giza papiloma birusa, bi herpesbirus eta bi hepatitisaren birus aurkitzen dira. Bakterioei dagokienez, minbizi-eragileen artean, Helicobacter pylori da gehien ikertu dena urdaileko minbiziarekin erlazionatuta. Baina honetaz gain, beste hainbat bakterio, hala nola Salmonella typhi, Chlamydia pneumoniae eta Streptococcus bovis minbiziarekin zuzenki erlazionatu dira. Onddoek daukaten minbiziarekiko erlazioa oso gutxi ikertu den arren, mikroorganismo hauek sortutako toxina batzuek minbizia eragin dezaketela frogatu da. Horrez gain, Candida albicans onddoak minbiziaren sorrera eta hedapena eragin dezakeen hainbat mekanismo deskribatu dira. Orain arte egindako ikerketek mikroorganismoek minbiziaren garapenean eta sustapenean daukaten eragina agerrarazi dute. Hori dela eta, etorkizunean minbiziari aurre egiteko, minbiziaren eta mikroorganismoen arteko erlazioan sakontzea ezinbestekoa da.
  • Egileak: Aitana Arbizu, Aitziber Antoran, Idoia Buldain, Aize Pellon, Xabier Guruceaga, Leire Martin-Souto, Leire Aparicio, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando, Andoni Ramirez-Garcia.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 41-58
  • DOI: 10.1387/ekaia.19676

————————————————–
Egileez:

Aitana Arbizu, Aitziber Antoran, Idoia Buldain, Aize Pellon, Xabier Guruceaga, Leire Martin-Souto, Leire Aparicio, Aitor Rementeria, Fernando L. Hernando eta Andoni Ramirez-Garcia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko Onddo eta Bakterioen Biomika ikerketa taldean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Mendietan daude gordeta bioaniztasunaren gakoak

Mié, 2019/09/25 - 09:00
Juanma Gallego Alexander von Humboldt naturalistaren jaiotzaren 250. urteurrena baliatu dute berak hasitako bidea urratzeko, eta argitzeke mantentzen den misterio bati erantzun bat ematen saiatzeko: zergatik biltzen den horrenbeste bioaniztasun mendien inguruan.

Estratuak. Leku guztietan estratuak ikusten dituzte geologoek. Sare sozialen garaian, inoiz baino argiago ikusten da hori. Urtebetetzean prestatu dieten tarta, erosi berri duten poltsa hori edo Argiñanok telebistan erakutsitako lasagna bera ere; berdin zaie. Horietan guztietan ikusten dituzte estratuak, eta ziztu bizian partekatzen dute haien paranoia ordura arte zoriontsu bizi ziren gainerakoekin.

Baina geologoak ez dira edonon estruktura horiek ikusten dituzten zoro bakarrak. Zenbait arkeologoen artean ere ematen da fenomenoa. Euskal Herrian horren adibide batzuk badira: ez da kasualitatea, EHUn Arkeologiaren Arkitekturaren talde indartsua baitago. Hauek eraikin historikoetan erraz atzematen dituzte eraikuntza fase desberdinen ondorio diren estratu horiek, gainerakook horma bat besterik ikusten ez dugun horietan, hain justu.

1. irudia: Garaiaren arabera sortzen diren mikroklima desberdinek azalduko lukete neurri batean mendietan aurki daitekeen bioaniztasuna, baina beste hainbat faktore proposatu dituzte oraingoan. (Argazkia: Kalem Emsley / Unsplash)

Hain zabalduta ez badago ere, biologoek ere estratuak ikusten dituzte, bereziki ekosistemen edo biogeografiaren alorrean ari direnak. Zenbait mendietan ondo ikusten da “bioestratifikazio” hori. Garaieraren araberako klimatologia dago ezarrita mendi horietan, eta zuhaitz eta landare mota desberdinak bata bestearen gainean kokatzen dira, tontorreraino.

Ezaugarri horretan sakondu zuen lehen aditua Alexander von Humboldt (1769-1859) naturalista prusiarra izan zen. Haren Essay on the Geography of the Plants liburuan Chimborazo sumendiaren estratifikazio biologikoari buruz argitaratu zuen diagrama ospetsua egin da, batez ere garaiko marrazkigile bikote batek hain modu txukunean iruditara eraman zutelako.

1799an hasita, Humboldtek Latinoamerikan zehar bost urtez egindako esplorazio bidaia luzearen baitan egin zituen ikerketa horiek, eta Chimborazo sumendia ospetsuena bada ere, landarediaren estratifikazio horren lehen ideia bidaiaren hasieran bertan izan zuen, Kanariar uharteetako Teide sumendiaren aurrean liluratuta geratu zenean.

Humboldten jaiotzeren 250 urte bete diren honetan, naturalistak urratutako bideari ekin diete hainbat ikertzailek; eta, urteurrena baliatuta, Science aldizkarian artikulu sorta argitaratu dute. Mendiek ekosistemetan betetzen duten rola gertutik aztertu dute horietatik bitan (hemen, eta hemen). Omenaldi gisa edo, lanak gidatu dituzten Carsten Rahbek eta Michael K. Borregaard ikertzaileek diote Humboldt esploratzailearen bizkarrean aritu direla. Haren ikerketa gaia ez ezik, prusiarraren filosofia ere mantendu dute: Humboldtek diziplina ugaritako ezagutzak baliatu zituen modu berean, haiek ere diziplinartekotasunean oinarritu dira mendi ekosistemak ikertzeko. Besteak beste, ekologia, geologia edota biologia erabili dituzte. Horiei esker, modua izan dute nabarmentzeko mendiek ekosistemei ekartzen dizkieten onurak, eta bereziki zergatik diren hain emankorrak.

Izan ere, mendien kasuan, espazio txikian mikro-ekosistema asko biltzen dira, bereziki garaieraren arabera klima-egoera desberdinak eratzen direlako, eta horiek direlako azken finean bioaniztasunerako aterpe bikaina. Modu horretan, eta Humboldtek abiatutako geobotanikari jarraiki, altitudeak zehazten ditu landareen bizi-zikloan funtsezkoan diren hainbat aldagai: tenperatura, eguzki-orduen kopurua edota atmosferaren presioa, besteak beste. Baldintza horiek ez diete soilek landareei eragiten, noski, baina bereziki ekosistema batean dauden landareak funtsezkoak dira gainerako biotaren osaketa zehazterakoan.

2. irudia: Tropikoetan dago munduko anfibioen, hegaztien eta ugaztunen bioaniztasunik handiena, eta bereziki mendien inguruan biltzen dira, printzipioz espero dena baino kopuru handiagoan. (Irudia: Rahbek et al. / Science / Euskaratuta)

Hala izanik ere, printzipioz espero zena baino bioaniztasun gehiago dago bertan. Datu esanguratsu bat nabarmendu dute Science aldizkarian, adibide gisa: mendiek soilik lurrazalaren %25 okupatzen duten arren, anfibio, hegazti eta ugaztunen espezieen %85 bizi da bertan. Lehen zientzia artikuluan argitaratutako grafiko batean argi geratzen da bereziki anfibioen kasuan nabarmena dela bioaniztasun hori, eta ez da xehetasun hutsala: biologoen artean, anfibioak oso estimatuak dira, aldaketen aurrean oso sentikorrak direlako, eta, beraz, ekosistemetan ematen diren aldaketen indikatzaile bikainak direlako.

Gauzak horrela, bioaniztasun oparo hau azaltzeko hainbat proposamen agertu dituzte. Geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintzan abiatzen da azalpen horietako bat. Mendietan dauden lur asko aitzinean itsaspean egon ziren, eta plaka tektonikari esker orain dauden lekuetara iritsi ziren. Horregatik orain proposatu dute tropikoetako mendien kasuan horrek ere eragina izan dezakeela bioaniztasunean. Aurretiaz antzeko proposamenak egin badira ere, geologiaren eta biologiaren arteko elkarrekintza zehatz hau nahiko proposamen berria da zientziaren munduan. Mahai gainean jarri duten hipotesiaren arabera, itsaspeko ozeanoetako hondo harritsuan jatorria duen lurzoruaren ezaugarriek landareen aldaketa adaptatiboa ekarriko lukete. Ohikoak ez diren zoru hauetara egokitzeko landareek espeziazio jauziak eragingo lituzkete, espezie batetik bestera, animalietara iritsi arte.

Bestalde, eta azken mendeetako jardunari dagokionez, egileek proposatu dute gizakiak eremu horietara asko ez iristea izan daitekeela ere bioaniztasunaren kontserbazioaren gakoetako bat. Are gehiago, mendien inguruan atzeman dira planetan dauden espezie zaharrenetako batzuk, eta inguru horretan ere artean zientziarentzat ezezagunak ziren hainbat espezie ere aurkitu dira.

“Jendeak uste du mendietako klimak itzaltsuak eta gogorrak direla. Baina, esaterako, espezieei dagokienez munduan aberatsena den Iparraldeko Andeen eremuak jasotzen ditu munduko klimen erdia edo; beti ere nahiko txikia den eremu batean. Gertu dagoen Amazoniak jasotzen dituen klimak baino gahiago dira horiek, Amazonia 12 aldiz zabalagoa izanda ere”, azaldu du prentsa ohar batean Michael K. Borregaard ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Carsten Rahbek et al. (2019). Humboldt’s enigma: What causes global patterns of mountain biodiversity? Science, 365 (6458), 1108-1113. DOI: 10.1126/science.aax0149

Carsten Rahbek et al. (2019). Building mountain biodiversity: Geological and evolutionary processes. Science, 365 (6458), 1114-1119. DOI: 10.1126/science.aax0151

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Mendietan daude gordeta bioaniztasunaren gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (1)

Mar, 2019/09/24 - 09:00
Koldo Garcia Azken urteetan genetikan gairen batek hautsak harrotu baditu, gai hori, eztabaidarik gabe, gene-edizioa da. Ez da lehen aldia geneak editatzeko teknikak erabiltzen direla gene-gaixotasunak sendatzen saiatzeko. XX. mendeko bukaeran gene-terapiak probatzen hasi ziren baina alde batera utzi ziren eraginkortasun mugatua zutelako eta albo-ondorioak larriak zirelako. Orain dela urte gutxi batzuk aurkeztutako CRISPR deitutako teknikari esker puri-purian dago berriro gene-edizioa. Eta sortzen dituen gatazka etikoak ere bai.

2018. urteko bukaeran jakin genuen Txinan beren genoma editatuta zuten bi haur jaio zirela; eta zientzia-komunitatearen haserrea eragin zuen horrek. Polemikak polemika, egon badaude gene-edizioa erabiliko dutela dioten ikertzaileak. Hortaz, zientzia-komunitatea eta erakundeak aztertzen ari dira nola arautu gene-edizioa. Baina, zer falta da, zein hutsune daude, ohikotasunez genomak editatzeko? Nature aldizkari entzutetsuak galdera hori luze eta zabal landu zuen eta landutako gakoak aztertuko ditugu.

1. irudia: Prest al gaude genoma editatu zaien jaioberriak ikusteko? (Argazkia: Karen Warfel – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)

Zenbat nahi gabeko edizio dira gehiegi?

CRISPR teknikaren abantailarik handiena da, aurreko gene-ediziorako teknikekin alderatuta, soilik bere jomuga editatzeko duen espezifikotasuna. Baina teknika horren erabilera hedatu den heinean, ikertzaileak ohartu dira jomugaz gaineko gene-edizioak ere gertatzen direla.

CRISPR teknikaren baitan Cas9 izenez ezagutzen den entzima erabiltzen da. Entzima horrek editatu nahi den gene-sekuentzia ezagutzen du eta genomaren toki hori, eta bakarrik hori, moztuko du, gene-edizioa zehatz gauzatu eta mugatuz. Baina ikertzaileek ikusi dute editatu nahi den jomugaz gain genomako beste toki batzuetara lotzen dela Cas9 entzima, jomugaren antzeko sekuentzia duten tokietara hain zuzen ere. Nahi gabeko edizio horien ondorioz gene bat edo gehiago edita daitezke, beren funtzioan aldaketak eragin eta, ondorioz, nahi ez diren albo-kalteak sortu. Arazo hori saihesteko ikertzaileek Cas9 entzima aldatu dute eraginkorragoa izateko; edo beste entzima batzuk erabili dituzte Cas9 entzimaren funtzioa betetzeko. Baina oraindik saiakerak besterik ez dira.

Kontuan izan behar da, halaber, editatu nahi den sekuentziaren araberakoa dela nahi gabeko edizioen errore-tasa. Hau da, sekuentzia batzuk genoman askotan agertzen direnez, errazagoa da horiek nahastea eta jomugaz kanpo gene-edizioak gertatzea. Zelula-motaren arabera ere errore-tasa aldakorra da, ezaguna baita CRISPR teknika erabiltzeko zelula-mota batzuk egokiagoak direla beste batzuk baino. Baina enbrioi-zeluletan ez da guztiz ezaguna errore-tasa hori.

Aditu batzuen ustez errore-tasa honek ez du zertan zerokoa izan behar eta jomugaz gain gertatzen diren gene-edizio gutxi batzuk onargarriak izan litezke, batez ere gene-gaixotasun larrien kasuan. Agian jadanik nahi gabeko edizioen errore-tasa nahiko baxua da onargarria izateko, baina oraindik ez gara gai espezifikotasun hori behar bezala kudeatzeko.

2. irudia: CRISPR teknikak ez du beti asmatzen, eta jomugatik kanpo egin ditzake gene-edizioak (Argazkia: 15299 – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)

Zenbateko zehaztasuna da beharrezkoa?

Demagun gene-aldaketak nahi diren tokietan bakarrik egiten direla. Gerta liteke gene-aldaketa horiek ez izatea nahi zirenak, hau da, gene-sekuentzia aldatzea baina ez nahi zen bezala. Arazo honen jatorria da Cas9 entzimak DNA mozten duela eta zelularen gain gelditzen dela egindako mozketa hori konpontzea, hots, DNA zatiak lotzea. Momentuz, lotura hori nola egiten den ezin daiteke ez aurreikusi ezta kontrolatu ere.

Zelulek bi modutara konpon dezakete hutsune hori: zuzenean bi zatiak lotuta edo bi zatien artean DNA sekuentzia bat sartuta.

Zelulak zuzenean bi zatiak lotzen dituenean, moztu den DNA sekuentziaz gain, sekuentzian beste mozketa batzuk egin ditzake. Gene-edizioaren helburua gene baten funtzioa murriztea edo etetea bada, mozketa gehigarri horiek ez lukete arazorik sortuko. Baina mozketa berri horiek luzera ezberdina izan dezakete zelula bakoitzean, DNA sekuentzia ezberdinak sortuta enbrioi bateko zelula bakoitzean. Ezezaguna da horrek enbrioiaren garapenean izan dezakeen eragina.

Zatien artean DNA sekuentzia bat sartzen denean, ikertzaileek DNA sekuentzia bat jar dezakete eredu moduan. Horrela, geneak akatsak baditu, akats horiek konpon daitezke, arazorik ez duen DNA sekuentzia bat eredu bezala jarrita. Modu honetara, gene-edizioaren kontrola handiagoa da, baina gene-edizioaren arrakasta, hau da, gene-edizioa gertatzearen probabilitatea, txikiagoa da.

CRISPR teknikaren efizientzia eta zehaztasuna hobetu ahal izateko saguak erabiltzen dituzte ikertzaileek. Saguen umealdiak handiak direnez, ikertzaileek aukera gehiago dituzte nahi diren edizioak lortzeko, eta gainontzeko edizioak eta akatsak baztertzeko. Baina hori ez da aukera bat giza enbrioietan. Izan ere, ez dago argi giza enbrioiek nola gauzatzen duten DNAren konponketa. Ikerketa batek iradoki zuen enbrioiek ematen den DNA sekuentzia eredu bezala erabili beharrean, amaren DNA erabiltzen duela. Baina beste ikertzaile batzuek ez dute lortu emaitza horiek errepikatzea. Ondorioz, oraindik ez da guztiz ulertzen giza enbrioiek nola erantzuten dioten gene-edizioari.

Ikertzaileak konponbideak ari dira garatzen arazo horiei aurre egiteko. Alde batetik, CRISPR sistema berri bat garatzen dira ari dira, DNAren mozketarik behar ez duena. Horrela nahi den DNA sekuentzia genoman zuzenean txerta daiteke, zelularen konponketa nola gertatu den zain egon gabe. Bestetik, base-edizioa deitutako teknika dago. Teknika horretan Cas9 entzima jomuga bilatzeko bakarrik erabiltzen da, ez DNA mozteko. Behin jomugan kokaturik, zuzenean editatzen du DNAren posizio bat, DNA moztu gabe. Baina teknika horrek joera du genomaren beste lekuetan nahi gabeko edizioak egiteko eta, hortaz, oraindik ezin da erabili enbrioiak editatzeko.

3. irudia: DNA editatzerakoan nahi gabeko aldaketak gerta daitezke. (Argazkia: Steve Buissinne – Pixabay lizentzia. Iturria: Pixabay)

Laburbilduz, giza enbrioien genomak editatzea ez da gauzagarria oraingoz. Alde batetik, editatu nahi den gene-eremutik kanpo nahi gabeko aldaketak gertatzen direlako. Bestetik, gauzatzen diren aldaketak ez direlako guztiz zehatzak. Aipatutako muga hauek arazo teknikoak besterik ez dira. Denboraren poderioz ikertzaileek arazo hauek saihestuko dituzte eta CRISPR teknika askoz eraginkorragoa eta zehatzagoa izango da. Baina oraindik egon badaude aurre egin behar zaien beste alderdi batzuk. Alderdi horiek hurrengo atal batean aztertuko ditugu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ledford, H. (2019). CRISPR babies: when will the world be ready? Nature, 570(7761), 293-296. DOI: 10.1038/d41586-019-01906-z

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–

The post Prest al gaude giza enbrioien genomak editatzeko? (1) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas