Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 59 mins 30 segs

Asteon zientzia begi-bistan #487

Dom, 2024/05/26 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Gizonentzako antisorgailu

Emakumeak zientzian

Alice Lee matematikariak frogatu zuen garezurraren tamaina eta adimena ez zeudela erlazionatuta. Uste hori zabalduta zegoen orain dela gutxi arte, eta pentsatzen zen emakumeek garezur txikiagoak zituztela. Leek metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Alabaina, etnien arteko aldeak bazeudela argudiatzen zuen, eta aurreiritzi horiek indartu zituen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Biokimika

Antsietate-asaldura testosteronaren gabeziarekin lotu dute. EHUk parte hartu du ikerketan, eta ikusi dute erlazio esanguratsua dagoela antsietate-asalduren, TACR3 izena duen garuneko errezeptore baten, eta testosteronaren artean. Gizonezkoetan, testosterona maila baxua izateak antsietatea eragiten kasu batzuetan, batez ere hipogonadismoa dutenetan. Animalia ereduetan ikusi dute antsietate maila handia dutenek TACR3 errezeptorea eraldatuta dutela, eta horrek hormona sexualen produkzio txikia eragiten duela, testosterona barne. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Gizonentzako antisorgailu bat garatzeko molekula apropos bat topatu dute. Kinasa-inhibitzaile bat da molekula, eta STK33 proteina ongi garatzea eragozten du. Proteina hori ezinbestekoa ugalkortasunerako, saguetan zein gizakietan, eta haren gabeziak espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia gaizki garatzea eragiten du. Tratamenduak ez du bestelako ondoriorik sortzen, eta eragina itzulgarria da, hau da, denbora gutxira, berriro ugalkortasuna berreskuratzen da. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Giza enbrioiaren asimetria lehen zatiketatik hasten dela frogatu dute. in vitro ernalkuntza baten ostean jarraipena egin diote zigotoari teknika ez-inbaditzaileak erabilita. Egun bateko giza enbrioi bat bi zelulek soilik osatzen dute, eta ikusi dute gorputza sortuko duten zelula gehienak hasierako bi zelula horietako batetik sortzen direla. Ikertzaileen ustez, prozesu asimetriko hori gako da giza gorputza eratzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Phylopyr proiektua jarri dute martxan Aranzadi zientzia elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haren helburua Pirinioetako landare loredun guztien informazio genetikoa lortzea izango da. 4.000 espezie inguru daude, eta horien laginak hartuko dituzte analisi genetikoak egiteko, baita herbario bat eraikitzeko ere. Datu guztiak Berrian.

Neurologia

Loak eta anestesiak moteldu egiten dute garunaren garbiketa saguetan. Zabaldutako ideia zen loak garuneko toxinak garbitzen zituela, baina ikerketa berri batek kontrako prozesua behatu du. Baita anestesiarekin ere. Ikertzaileek emaitza horien garrantzia azpimarratu dute; izan ere, uste izatekoa da pertsonetan ere antzera gertatuko dela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ozeanografia

Ozeanoko tenperaturak hain egonkorra izateari utziko diola ondorioztatu du ikerketa batek. Ozeanoaren azaleko geruza gutxi gorabehera 50 metroraino heltzen da, eta geruza horretan inertzia termikoa dago, hau da, tenperatura oso gutxi aldatzen da. Hainbat ereduk erakutsi dute, ordea, inertzia termikoak behera egingo duela hurrengo urteetan, eta ozeano azaleko tenperatura gehiago aldatuko dela. Hainbat ondorio izango ditu prozesu horrek. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Paleontologia

Kuaternarioan zehar, alternantzia egon da glaziazioen eta garai interglaziarren artean. Baina horien barnean ere, momentu erlatiboki beroagoak eta momentu erlatiboko hotzagoak ere badaude. Horiek noiz gertatu ziren jakiteko, organismo txiki eta sinpleagoetara jo behar dugu, parametro ekologiko mugatuagoak dituztelako. Kantauri Itsasoan, aro hotzagoen seinalea ematen dute bi organismo txikik, Europaren iparraldetik zetozen ur polarren masak ekartzen baitzituzten. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Antropologia

Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak txerriak euskal kulturan duen konnotazioa ikertu du El cerdo en la historia de los vascos (Txerria euskal herritarren historian) liburuan. XVI. mendeko dokumentazio aberatsa jaso du, landa lana ere egin du, eta ikertu du etxekotu zutenetik txerriak zer bide egin duen euskal gizartean. Baserrian animalia oso garrantzitsua zela ondorioztatu du Azpiazuk, bai eta bale ehiztarien dietaren oinarri ere. Azalpenak Berrian.

Genetika

Lurreko Hologenomaren Egitasmoa aurkeztu du mundu-mailako lankidetza batek. Egitasmo horren helburua animalia basatien eta haiei lotutako mikroorganismoen datu hologenomikoak biltzea eta aztertzea da. Datu horiekin animalia basatien ekologia eta eboluzioa berraztertu nahi dute, oraingoan ostalari-mikrobiota elkarrekintzak kontuan izanda. Egitasmoaren koordinatzaileak azpimarratu du ez dela existitzen animalien eta mikroorganismoen arteko elkarrekintzak modu sistematikoan aztertzeko azpiegiturarik. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Eguzkiaren eremu magnetikoa azaletik gertu sortzen dela proposatu dute. Aurretik uste zenaren arabera, gutxienez 210.000 km-ko sakoneran sortzen zen, baina ikerketa berri baten arabera, 32.000 km-ko sakoneran sortzen da Eguzkiaren eremu magnetikoa. Gainera, datu ikerketan sortutako ereduek hobeto azaltzen dituzte eguzki-orbanak, eta, beraz, eguzki-ekaitzak ere hobeto aurreikusiko dituztela espero da. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Merkurion gatz glaziarrak aurkitu dituzte Planetary Science Instituteko zientzialariek. Planetaren ipar poloan daude, itzal iraunkorreko eskualdean, eta glaziar nagusiak bi kilometroko sakonera izan dezakeela kalkulatu dute. Gatz glaziarren sorrera izotzezkoenen antzekoa da, baina Nahum Mendez geologoak azaldu duenez, prozesua ez dago oso argi. Hala ere, teoria nagusiak iradokitzen du Merkurioren atmosferak zerikusia duela. Datu guztiak Berrian.

Argitalpenak

“Zientzialariak” komiki-sortak eskaini dio ale bat Marie Curie, fisikari eta kimikari poloniarrari. Seguruenik, emakume zientzialari ezagunena da. Varsovian jaio zen 1867an, eta bera eta bere familia beti egon ziren oso arro poloniarrak izateaz. Alabaina, bere herrialdean emakumeek goi-mailako ikasketak egiteko aukera gutxi zegoen, eta Parisen ikasi zuen, Sorbona Unibertsitatean. Geroago bere bikotea izango zen Pierre Curierekin hasi zen ikerketan, eta erradioaktibitatea deskribatu zuten. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #487 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #494

Sáb, 2024/05/25 - 09:00


Esadazu zerekin elikatu duzun eta esango dizut zer itxura duen. Horra superharra. A. sudhausi, the superworm, Ramón Muñoz-Muchpuli.

Datuak prozesatzeko modurik azkarrena ez da modu klasikoan bezala materialik erabiltzen, argia baizik. Parity-time symmetry for faster and stronger optical signal processing.

Dilema batzuk dagokion koinatuari galdetuz ebazten dira. TILKUT bineta bat: Great dilemmas of history.

2017an, kimika kuantiko topologikoaren oinarriak argitaratu zituzten Naturen, azalean. 2020an, material magnetikoetara zabaldu zuten, eta Naturen ere argitaratu zuten. Orain, DIPCko jendeak Sciencen argitaratzen du fonoi topologikoen lehen datu-basea. A Topological Phonon Database has been built

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #494 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Alice Lee: garezurraren tamaina eta adimena ez daude erlazionatuta

Vie, 2024/05/24 - 09:00

Garezur handiago batean burmuin handiago bat sartuko da, eta garezur txikiago batean burmuin txikiago bat. Eta burmuin handiagoa duena adimentsuagoa izango da burmuin txikiagoa duena baino. Logikoa da oso, ezta? Ageri-agerikoa da…

Aurreko paragrafoko silogismoak guztiz arrazoizkoak iruditu bazaizkizu, jakin ezazu oso atzean geratu zarela adostasun zientifikoaren aurrerapenarekiko; mende bat atzean, gutxi gorabehera. Baina lasai: ahaztu dezagun festara berandu iritsi zarela eta ospa dezagun hemen zaitugula, hori baita garrantzitsuena.

Alice Lee1. irudia: Alice Lee. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Zenbait hamarkadatan uste izan da burmuin handiagoa izateak berekin zekarrela gaitasun intelektual handiagoa izatea, eta argudio hori erabili da “azaltzeko” gizonek eta emakumeek jarduera desberdinak egin izanan historian zehar eta, azken buruan, diskriminazio sexista zientifikoki justifikatzeko. Baina egun badakigu argudio okerra dela. Gizonak ziren azkarrak, adimentsuak eta trebeak; eta emakumeak delikatuak, sentiberak eta amatiarrak. Eta, gainera, zientziak babesten zuen hori. Eta zientziak babesten badu, egia izango da, ezta?

Bada, Alice Leek frogatu zuen hori ez zela zuzena. Matematikariak metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Zelako sorpresa! Gloria Steinemek, 60ko hamarkadan emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik ezaguna izan zen aktibista eta kazetariak, Alice Lee hartu zuen XX. mende hasieran kraneologiaren lur-jotzearen sustatzailetzat, baina soilik neurri batean. Izan ere, sexuagatiko diskriminazioan hauteman zituen aurreiritziak ez zituen hauteman arrazagatiko diskriminazioan; are gehiago, azken kasuan, aurreiritzi horiek indartu egin zituen.

Matematiketan lizentziatutako lehen emakumea

Lee 1858ko ekainaren 28an jaio zen Dedhamen (Essex, Erresuma Batua). 1876an Bedford Collegen matrikulatu zen, herrialdean emakumeentzako hezkuntza eskaini zuen lehen ikastegian. Eta bertan jaso zuen emakumeei eskainitako matematika aurreratuen lehendabiziko eskola. Londresko Unibertsitatean (Bedford College haren baitan zegoen) graduatutako lehen emakumea ere izan zen. Unibertsitatean jarraitu zuen 1916ra arte. Hasiera batean, matematika eta fisikako irakasle gisa aritu zen, baita egoiliarren laguntzaile gisa ere. Horren truke doako ostatua eta mantenua jasotzen zuen. Eta, azken urteetan, latin eta grekoko eskoletako laguntzailea ere izan zen.

1895etik aurrera, Karl Pearson-en estatistika eskoletara joan zen. Pearson estatistikaria izateaz gain, teoria eugenesikoen defendatzailea ere bazen. Teoria horiek proposatzen dute gizakiek ezaugarri genetikoen hobekuntzan esku hartu behar dutela eta, beraz, hautatu behar dela ondorengoak nork eta norekin izan behar dituen, eta nork ez dituen izan behar. Hori entzun ondoren, Leeri interesgarria iruditu zitzaion metodo estatistikoak aplikatzea biologia ebolutiboaren azterketan. Pearsonen zuzendaritzapean, Leek gizakien garezur-edukieraren aldakortasuna eta horrek gaitasun intelektualarekin zuen zerikusia ikertu zuen.

Garai hartan, onartua zegoen gizonak emakumeak baino adimentsuagoak zirela zioen teoria, hala frogatzen baitzuen gizonen garezurren tamaina handiagoak. Eta horregatik, hain zuzen ere, izan zen hain eztabaidazkoa Leek 1901ean argitaratutako artikulua. Artikulu horretan hiru pertsona talde aztertu zituen: Bedford Collegeko emakumezko ikasleak, unibertsitateko irakasleak eta gizonezko anatomista ospetsuak. Formula estatistiko baten bidez, horien guztien garezur-edukiera kalkulatu zuen, garezurren kanpoko tamainatik abiatuta, eta neurriak handienetik txikienera ordenatu zituen talde bakoitzaren barruan, guztiak norbanakoaren izen osoaz identifikatuta.

Buru txikiko gizonak, buru handiko emakumeak

Ikerketaren ondorioek frogatu zuten ez zegoela korrelaziorik talde horietako pertsonen garezurraren tamainen eta adimenaren artean. Izan ere, horietako batzuk beren esparruetan aurkikuntza handiak eginikoak ziren eta ibilbide zientifiko bikaina zuten, baina buru txikia zuten, ez handia. Leeren meritu nagusia izan zen pertsona bizien garezurra neurtzearen bidez frogatu zuela, batetik, gizonen garezurren tamainan barietate handia dagoela, baita emakumeen garezurren tamainan ere, eta, bestetik, kasu askotan, neurriak gainjarri egiten zirela: garezur txikiagoak zituzten gizonak eta gizonenak baino garezur handiagoak zituzten emakumeak zeuden. “Ezinezkoa litzateke, beraz, korrelazio gradurik ezartzea garezur-edukieraren eta gaitasun intelektualen artean”, idatzi zuen Leek bere tesian.

Alice Lee2. irudia: 1901eko Leeren artikuluak (A first study of the correlation of the human skull) 35 anatomistaren garezur-edukiera estimatua jasotzen duen taula barne hartzen du. Neurri txikiena Julius Kollmannena da, Leeren arabera «bizirik dagoen antropologo trebeenetako bat». (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Artikuluak eztabaida piztu zuen oro har onartutako ideia bat zalantzan jartzen zuelako, eta ideia horrek garai hartako statu quo soziala eta zientifikoa ezartzen zuelako hein handi batean, zeinetan gizonak, zalantzarik gabe eta arrazoi zientifikoetan oinarrituta, emakumeak baino adimentsuagoak ziren. Baina, horrez gain, eztabaida piztu zen ere ikerketan Leeren tesiko ohargileetako bat azken lekuetan agertzen zelako garezur-edukieraren rankinean.

Halaber, kritika handiak jaso zituen eugenista batzuen aldetik; Leeren ikerketa zientifikoaren kalitatea eta orijinaltasuna zalantzan jarri zuten. Pearsonek esku hartu behar izan zuen merezi zuen doktoregoa eman ziezaioten. Eta, azkenean, 1901ean eskuratu zuen. Hala ere, ikerketaren eragina hain izan zen handia, ezen argitaratu eta hamarkada batean, kraneologiaren esparrua, hau da, garezurraren tamaina eta ezaugarriak eta horrek norbanakoaren gaitasunekin zuen erlazioa aztertzen zituen esparrua, zientziaren adar gisa desagertu zen eta sasizientzia izatera igaro zen.

Arrazagatiko diskriminazioa babesteko argudio zientifikoak

Nolanahi ere, Leek ekarpen handia egin bazuen ere emakumeen eta gizonen arteko gaitasun intelektualen aldeari buruzko aurreiritzia suntsiarazteko, ez zuen berdin jokatu etnia zuri europarra beste etnia guztiak baino adimentsuagoa zela zioen aurreiritzia suntsitzeko. Are gehiago, adierazitako ikerketaren amaitzean, Leek bere metodoak aplikatu zituen arraza ezberdineko taldeen garezur-edukiera aztertzeko, eta ondorioztatu zuen garezurraren neurketa sistematikoen bidez talde horiek eta beren gaitasun intelektualak bereiz zitezkeela. Eta teoria horiek itsasoz bestaldeko lurraldeetako herri indigenen kolonizazio britainiarra justifikatuko zuten.

Alice Lee3. irudia: Gizaki motak (Tipos de humanidad) laneko (1854) ilustrazioa. Aditzera ematen zen «beltzak» «grekoen» eta txinpantzeen artean sailkatzen zirela. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1909an, beste ikerlari bat Leeren generoagatiko diskriminazioaren aurkako argudioetan oinarritu zen arrazagatiko diskriminazioari aplikatutako materia bereko funsgabetasunak agerian jartzeko. Eta horrek behin betikoz kendu zion entzutea kraneologiari, Leek irekitako baina itxi gabe utzitako bidea.

Leek Pearsonen laborategi biometrikoan lan egin zuen 1892tik, hasieran boluntario gisa eta gero urtean 90 liberako soldata jasota astean hiru egun lan egiteagatik. Besteak beste, datuen bilketaz eta tratamenduaz arduratzen zen, baina laborategiko idazkariaren lanak ere egiten zituen, kudeaketa, logistika eta administrazioko zereginak ere baitzituen.

Leek Britainiako gerra esfortzuan parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Gobernuarentzat lan egin zuen garai hartan: 1916 eta 1918 artean, jaurtigaien ibilbideen kalkuluak egin eta mota guztietako munizio antiaereoen garapen eta asmakuntzari buruzko datuak bildu zituen. Horrez gain, konputazioari buruzko proiektu berezi batean ere lan egin zuen goi-agintari militarrarentzat.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 28an: Alice Lee: estadística para demostrar que un cráneo mayor no hace a los hombres más inteligentes que las mujeres.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alice Lee: garezurraren tamaina eta adimena ez daude erlazionatuta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Marie Curie: Radioaren aktibitatea

Jue, 2024/05/23 - 09:00

Marie Sklodowska, ezkondu osteko izenagatik ezagunagoa, Marie Curie, fisikari eta kimikari poloniarra izan zen. Seguruenik, emakume zientzialari ezagunena da.

Marie Curie1. irudia: “Marie Curie: Radioaren aktibitatea” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Varsovian jaio zen 1867an, eta, garai hartan, Poloniaren zati hori Errusiak okupatuta zegoen. Marie eta bere ahizpa Broniak unibertsitatera joan nahi zuten, baina horretarako, greziera eta latina jakin behar ziren, eta emakumeek ezin zuten halakorik ikasi Polonian. Hori hala izanik, erabaki argi bat hartu zuten: atzerrira joango ziren ikastera, txandaka, eta batek ikasten zuen bitartean, besteak lana egingo zuen ikasketak ordaintzeko.

Marie Curie2. irudia: Marie Curie eta bere senarrak fisikako Nobel saria irabazi zuten 1903an, baina hasiera batean ez zuten Marieren lana onartu nahi izan. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Parisen ikasi zuten bi ahizpek, Sorbona Unibertsitatean; lehenik Broniak, eta ondoren Mariak. Azken honek fisikako ikasketak amaituta tesia egitea erabaki zuen, eta lakide bila zebilen zientzialari bat ezagutu zuen: Pierre Curie. Elkarlanean, hainbat mineral aztertu zituzten, eta ordura arte ezezaguna zen prozesu bat deskribatu zuten, erradioaktibitatea, hain zuzen.

“Zientzialariak” komiki-sortaren ale honetan ikusiko dugu zelan aspalditik emakume zientzialariek zailtasunak izan dituzten beren ibilbide zientifikoa jarraitzeko. Marie Curierentzat, ordea, hori ez zen eragozpen izan, eta gogor egin zuen lan bere ikerketekin aurrera jarraitzeko.

“Marie Curie: Radioaren aktibitatea” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Marie Curie: Radioaren aktibitatea
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-16438-58-7

The post Marie Curie: Radioaren aktibitatea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Iparraldetik datozen hotzaren seinaleak

Mié, 2024/05/22 - 09:00

Gure planetaren historiaren azken aldiaren —Kuaternarioa— bereizgarririk nabarmena momentu klimatiko hotzagoen —glaziazioak— eta momentu beroagoen —interglaziarrak— arteko alternantzia ziklikoa da. Egun, duela 11.700 urte inguru hasi zen aldi interglaziar batean gaude, Holozenoan. Horren aurretik, duela 11.700 eta 70.000 urte inguru artean, azken glaziazioa gertatu zen, aurreko aldi interglaziarraren ondoren, duela 70.000 eta 130.000 urte artean izan zena. Eta hortxe geldituko naiz, ikuspegi orokorra ulertu duzuelakoan.

iparraldetik1. irudia: Ant Rozetsky / Unsplash

Kuaternarioko azaleratze geologikoekin lan egitean, ziklotasun klimatiko hori oso baliagarria izan daiteke materialen adina zein izan daitekeen jakiteko, datazio absolutu bat egin aurretik. Batez ere aurkitu dituzun fosilekin horiek bizi izan zuten giroaren berreraikuntza paleontologiko bat egiteko. Hau da, mamut edo errinozero iletsu baten hondarrak aurkitzen badituzu, glaziazio batekoak izango dira; baina, aitzitik, egungo lehoi, elefante edo hienen arbasoren baten fosilak aurkitzen badituzu, aldi interglaziar batekoak izango dira.

iparraldetik2. irudia: azken milioi urteetan Iparraldeko Atlantikoan izandako ziklotasun klimatikoa (eskalak —Ka BP— egungo garaia baino milaka urte lehenagokoari egiten dio erreferentzia) Laranjaz aldi interglaziarrak adierazi dira, eta urdinez glaziazioak daude markatuta. skepticalscience.com webgunetik hartutako jatorrizko irudia eraldatu egin da. Jatorrizkoa Lisiecki, L.E. eta Raymo, M.E.-ren datuetatik abiatuta egin zen (2005). A Pliocene-Pleistocene stack of 57 globally distributed benthic d18O records. Paleoceanography 20, PA1003.

Hala ere, Kuaternarioaren azken zatirako eginiko berreraikuntza klimatikoaren kurbari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu ez direla berotik hotzera igarotzen diren ondoz ondoko kurbak, marra jarraitu batez irudikatuta. Benetan, lerro irregular bat da, zerra-hortz asko dituena. Horrek adierazten du dozenaka mila urte dirauten joera klimatiko handi horien barruan —glaziarra eta interglaziarra—, momentu erlatiboki beroagoak eta momentu erlatiboko hotzagoak ere badaudela, askoz denbora gutxiago irauten dutenak. Zehazki, bero-hotz ziklo txiki horien aldizkakotasuna 1500 urte ingurukoa da.

Horiek horrela, adibide gisa jarri dugun aztarnategira itzultzen bagara, eta iraganean gertatutako aldaketa paleoanbientalen berreraikuntza oso xehatu bat egin nahi badugu, organismo handien fosilak aztertzeak ez digu hainbesteko zehaztasunik emango. Izan ere, oro har, animalia handiago eta konplexuagoek errekerimendu ekologiko zabalagoak izaten dituzte. Hau da, tenperatura, gazitasun, hezetasun eta abarren aldakortasun tarte handiagoetan bizitzeko gai dira. Horrenbestez, organismo txiki eta sinpleagoetara jo behar dugu, biologiari dagokionez, parametro ekologiko mugatuagoak dituztelako. Hortaz, aztarnategi kontinentaletan, karraskarien eta antzeko animalien fosilak bilatu beharko ditugu. Eta, hala ere, baliteke orduan ere azaleratze kontinental batean garai bero eta hotz guztiak zehaztasun osoz ezin detektatzea. Izan ere, bestelako faktoreak ere badaude jokoan, erregistroaren kontserbazioarekin berarekin zerikusia dutenak, hala nola sedimentazio tasak edo hondakin organikoak babesteko gaitasuna.

Itsas ingurunean, berriz, itxaropena handiagoa da. Ozeanoaren hondoan sedimentazio tasa oso altuak dituzten eremu gehiago aurki daitezke, non ia ez dagoen higadura prozesurik. Ondorioz, Kuaternarioko erregistro geologiko oso osatuak eta denbora aldetik zehaztasun handikoak gorde daitezke bertan. Gainera, itsasoan organismo txikien mota asko daude, sinpleak eta tarte ekologiko oso zehatzak dituztenak; eta horiei esker, xehetasun handiko berreraikuntza paleoanbientalak egin daitezke.

iparraldetik3. irudia: mikroskopio elektroniko eskaneatzaile batek eginiko argazkia: Neogloboquadrina pachyderma foroaminifero planktoniko ale baten (sinestrosa barietatea) oskola, duela 55.000 urte ingurukoa. Kantauri Itsasoan jasotako zundaketa sedimentario batean agertu zen. Eskala: 0,1 mm.

Adibide bat mila hitz baino argiagoa denez, nire bi fauna talde gogokoenetara joko dut: foroaminiferoak eta ostrakodoak. Eta bi espezie zehatz aurkeztuko dizkizuet, gogoratzeko oso izen errazak dituztenak: Neogloboquadrina pachyderma (sinestrosa barietatea), foroaminifero planktoniko bat; eta Acanthocythereis dunelmensis, ostrakodo bentoniko bat, Iparraldeko Atlantikoko eskualde zirkunpolarretan bizi dena, 0°C eta 6°C arteko uretan. Egun, Kantauri Itsasoan, ez dago A. dunelmensis-ik, baina N. pachyderma sin. modu anekdotikoan agertzen da, Bizkaiko golkoko eremu sakonenetatik datozen korronteek arrastan ekarrita. Hala ere, azken 130.000 urteetan jazotako aldi hotzenetan, bi espezie horiek dominante suertatu dira. Horrek esan nahi du, iraupen laburreko klima hotzeko momentu hauetan, Europaren iparraldetik datozen ur polarren masak sartzen direla Kantauri Itsasoan.

iparraldetik4. irudia: mikroskopio elektroniko eskaneatzaile batek eginiko argazkia: Acanthocythereis dunelmensis ostrakodoaren kusku baten kanpoaldea, duela 30.000 urtekoa. Kantauri Itsasoan jasotako zundaketa sedimentario batean agertu zen. Eskala: 0,1 mm.

Jazoera klimatikoak definitzeko seinale biologiko horiek hain dira argiak, non N. pachyderma sin. horren kopurua bat-batean areagotzen denean, aukera baliatzen den Iparraldeko Atlantikoko latitude ertain-baxuetan Kuaternarioko amaierarako biokronologia zehatz bat egiteko. Eta, ostrakodoei dagokienez, espezie polar horiek latitude baxuagoak kolonizatzen dituzte Europako Iparraldetik datozen ur oso hotzeko masak sartzearen eraginez arrastan datozenean; hori dela eta, “Iparraldeko gonbidatuak” izenaz ere ezagunak dira.

Friki bat naizenez, izen hori maite dut, ostrakodoak bikingoen antzera irudikatzen baititut Kantauri Itsasora iristen, gizakiak iritsi baino dozenaka mila urte lehenago. Baina benetan harrigarriena dena zera da: milimetro luze batera iristen ez diren mikroorganismo batzuk ehunka urte besterik iraun ez zuten jazoera klimatikoak identifikatzeko bezain informazio klimatiko zehatza emateko gai izatea. Eta iraganaren berreraikuntza hori oinarrizkoa da etorkizuneko klima-aldaketara egokitzeko, ikusi baitugu aldi hotz horiek aldian-aldian gertatzen direla. Hala ere, ostrakodoak burdinazko kaskoak eta ezkutu borobilak jantzita eta aizkora motzak eskuan imajinatzen jarraituko dut, gure kostaldeetara iristen konkistarako prest.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 28an: Las señales del frío que vienen del Norte.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Iparraldetik datozen hotzaren seinaleak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Azukre-mendiak ozeano amnesikoetan

Mar, 2024/05/21 - 09:00

Zer moduz zabiltzate memoriaz? Xehetasun guztiak gogoratzeko gai diren horietakoak zarete? Ala, ni bezala, duela bost minutu bazkaldu duzuena ere ahazten duzue? Egon lasai, ez goaz proba psikoteknikorik egitera; gaurko gaia amnesia delako galdetzen dut. Zehazki, ozeano amnesikoei buruz hitz egitera goaz. Edo hobe esanda, ozeano amnesikoei buruz idaztera noa eta zuek formal-formal artikulua osorik irakurtzera.

azukreIrudia: The Ocean Exploration Trust/E/V/Nautilus.

Erdal Telebistetan asteburuko bazkalosteko filmetako protagonisten antzera, bizitza zoragarria zuten ozeanoek, baina… drama dator, noski. Kontua da ozeanoak memoria galtzen ari direla.

Hasteko, ozeanoaren memoria zer den azaldu beharko dugu. Eta zer ez den. Ez baita ozeanoan dagoen eta egon den edozein konposatu/molekula/izaki eta haien propietateak gogoratzeko gaitasuna. Errepikatzen dut: ez da hori. Ozeanoak ez du bere baitan izan den molekula edo konposatu baten propietateak gordetzeko gaitasunik. Ezta urak ere.

Behin zer ez den argituta, goazen zer den ikustera. Ozeanoaren baldintzen iraunkortasuna da ozeanoaren memoria, Hui Shi-ren eta haren ikertzaile taldearen arabera. Beste barik. Tenperatura, egitura, korronteak eta kolorea bezalako ezaugarriak gordetzea. Bere horretan mantentzea.

Oso ondo, esango duzue. Badakigu ozeanoen memoria zer ez den, badakigu zer den eta badakigu galtzen ari dela. Eta…?

Ozeano amnesikoak, aurreikuspen zoroak

Gaian buru-belarri sartu baino lehen, ozeanoen ezaugarri bat azpimarratu behar da: ingurune egonkorrak dira. Atmosferarekin alderatuta, behintzat.

Eta zer esan nahi du horrek? Tenperatura bezalako faktoreak nahiko egonkorrak direla. Atzoko tenperatura, gaurkoa eta biharkoa oso antzekoak izango dira ozeanoan. Atmosferan ez bezala, uda honetan jasan ditugun bat-bateko beroaldiek erakusten duten moduan.

Adibidez, uztailaren 9an tenperatura kostaldean 23 gradu ingurukoa izan zen eta itsasoaren tenperatura 20 gradukoa. Bost egun geroago, uztailaren 14an, udako bigarren beroaldiaren erdian, atmosferaren tenperatura 30 gradu ingurukoa izan zen eta, itsasoarena, 22 gradukoa. Tenperatura, beraz, askoz egonkorragoa da uretan. Eta hori kostaldean, non aldaketak azkarrago gertatzen diren; pentsa ozeanoen erdian.

Orain bai, gaira. Tenperatura aztertu dute ozeanoaren azaleko geruzan, gutxi gorabehera 50 metroraino heltzen dena. Goiko ozeanoko geruza mistoa izena duena. Geruza honetan inertzia termikoa dago, hau da, tenperatura egonkor izateko joera.

Eta ereduak baliatuta, zera ondorioztatu dute: inertzia termikoak behera egingo duela. Tenperaturak ez du hain egonkor iraungo. Asomerkatzearen (asomeramiento/shoaling) efektuak, olatuek azaleko uretara ailegatzean izaten duten altuera-aldaketak, ur-nahasketa handiagoa eragingo du eta, ondorioz, goiko ozeano-geruza mistoaren mehetzea. Horrek, bere aldetik, gutxitu egingo luke inertzia termikoa eta tenperatura aldaketak areagotu.

Horrek eragin zuzena izango luke ozeanoetako populazioetan, noski. Baina aurreikuspen zehatzik ez da egin. Zientzialariek, ordea, iragarpenekin lotutako iragarpena egin dute. Inertzia termikoa eta memoria galduta, askoz zailagoa izango da ozeanoarekin lotutako aurreikuspenak egitea, direla montzoiak, direla itsaso-beroaldiak edota muturreko eguraldi-fenomenoak.

Azukre-mendietara adreilu horien bidetik

Ozeano amnesikoak ditugu eta zailagoa izango da, beraz, ozeanoetako dinamikak aurresatea. Baina, zelan ez zaituztedan zapore txarrarekin utzi nahi, berri gozoa ere badakart ozeanoei dagokienez: azukrea topatu dute ozeanoetan. Azukre kantitate ikaragarria, gainera.

Itsas larreek sakarosa gordetzen dutela jakin dute zientzialariek. Sakarosa zer den? Azukrea. Normalean erabiltzen den azukrea da, guk jaten duguna. Eta ozeano zoruan barra-barra omen dago.

Fotosintesian sortzen dute sakarosa itsas larreek eta azpian duten zorura askatzen dute. Zehazki, errizosferara, sustraiak dauden gunera. Egindako kalkuluen arabera, milioi tona baino gehiago azukre egon daiteke itsas larreen errizosferetan.

Eta jakin-minak jota, zera galdetu daiteke: zergatik sortzen dute? Metatuta badago, erabiltzen ez duten seinale, ezta? Zergatik sortu azukrea behar ez badute? Berez, haren beharra badutelako. Egoera normalean, sortzen duten azukrea landareek berek erabiltzen dute metabolismoan eta hazteko. Baina ohi baino argi gehiago dagoenean, erabili edota biltegiratu dezaketen baino azukre gehiago sortzen dute. Errizosferara doa orduan.

Alferrik galtzen da han azukrea orduan? Azukrea hain energetikoa izanik eta horrenbeste egonda, zelan ez dago errizosferako azukrea jaten duen izakirik? Egon, badaude. Kontua da itsas larreek, azukreaz gain, konposatu fenolikoak askatzen dituztela; “uxagarri” moduko bat.

Hala ere, badirudi mikroorganismo talde batek aktiboki baliatzen duela biltegiratutako sakarosa. Zientzialariek uste dute bueltan zerbait eskaini diezaiokeela itsas larreari, nutrienteren bat, adibidez, baina, oraingoz, proposamena baino ez da. Frogarik ez dago.

Eta nola hel gaitezke azukre horretaraino? Ba, agian, Oz-eko aztia filmeko Dorothy bezala, zapata gorriak jantzita eta bide horiari jarraituta. Izan ere, adreilu horiko bidea topatu dute zientzialariek itsaso hondoan. Edo hala dirudien zerbait.

Izatez, arroka bolkaniko normala da topatu dutena, baina apurketak eta pitzadurak ditu, adreiluz egindako bidea izatearen itxura eman diotenak. Egia esan, geologia bolkanikoaren adibide bat da. Hausturak erlazionatuta egon daitezke ertz errea duten erupzio anitzen berotzearekin eta hoztearekin, zientzialariek azaldu dutenez.

Aurreko artikuluan Tretxarekin eta Argirekin urpean ibilitakoa gutxi iruditu bazitzaizuen, Hawaii irletako iparraldean topatu daiteke Oz-eko bide horia, Liliʻuokalani gailurrean. Hawaiira joateko aitzakia bila bazenbiltzaten, hortxe duzue.

Erreferentzia bibliografikoak

Carly Cassella (2022). Scientists Follow a ‘Yellow Brick Road’ in a Never-Before-Seen Spot of The Pacific Ocean, Science alert, 2022ko maiatzaren 7a.

David Nield (2022). There Are Mountains of Sugar Hidden in The Ocean, And We’ve Only Just Found Out, Science alert, 2022ko maiatzaren 4a.

Hui Shi et al. (2022). Global decline in ocean memory over the 21st century. Science Advances, 8(18). DOI: 10.1126/sciadv.abm3468

Peter Dockrill (2022). The Ocean Is Starting to Lose Its Memory, Scientists Warn, Science alert, 2022ko maiatzaren 9a.

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko azaroan, 244. zenbakian.

The post Azukre-mendiak ozeano amnesikoetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Antsietate-asaldurak testosteronaren gabeziarekin lotu dute

Lun, 2024/05/20 - 09:00

Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu duen ikerketa berritzaile batek antsietate-asalduren eta TACR3 izena duen garuneko errezeptore baten eta testosteronaren artean lotura esanguratsua dagoela frogatu du. Molecular Psychiatry aldizkarian argitaratu dute lana.

Antsietatea da estresaren aurrean gertatzen den erantzun komuna, baina antsietate-asaldura jasaten dutenen kasuan, horrek oso inpaktu handia izan dezake eguneroko bizitzan. Ebidentzia klinikoak iradoki du testosterona maila txikien eta antsietatearen artean lotura estua dagoela, batez ere hipogonadismoa (baldintza horren ezaugarri nagusia sexu-funtzio murriztua da) duten gizonetan. Baina lotura horren ezaugarri zehatzak ez dira oso argi egon orain arte.

AntsietateIrudia: hipokanpoko geneen adierazpenaren analisia larritasun desberdineko portaerak dituzten arratoietan. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

UPV/EHUko taldeak parte hartu du ikerketan, eta aurkikuntza liluragarri batekin hasi zen: oso antsietate handia zuten animalia arrek TACR3 izeneko errezeptore espezifiko nabarmen gutxiago zituzten beren hipokanpoan. Hipokanpoa ikasketako eta oroimeneko prozesuekin lotura estua duen garuneko eremua da. TACR3, bestalde, takizinina errezeptoreak izenekoen familian sartuta dago eta neurokinina izena duen substantziari erantzuten dio. Datu horrek ikertzaileen jakin-mina piztu zuen, eta TACR3ren urritasunaren, hormona sexualen, antsietatearen eta plastikotasun sinaptikoaren arteko erlazioari buruzko ikerketa sakona egiteko oinarri bihurtu zen.

Animaliak beren portaeraren arabera sailkatu ziren antsietate maila neurtzeko erabiltzen den labirinto batean (handik ateratzeko irtenbidea topatzeko proba estandarra). Ondoren, haien hipokanpoak isolatu zituzten eta adierazpen genikoko azterketa egin zieten, antsietate oso txikia zuten animalien eta antsietate handia zutenen artean espresio diferentziala zuten geneak identifikatzeko. Gehien nabarmendu zen geneetako bat izan zen, hain zuzen ere, TACR3. Aurretik egindako ikerlanek agerian utzi zuten TACR3rekin lotutako geneetako mutazioek “sortzetiko hipogonadismoa” izeneko izaera eragiten zutela. Horrek hormona sexualen produkzio txikia (testosterona barne) eragiten du. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da testosterona maila txikiak dituzten gizonezko gazteek, askotan, sexu-garapen atzeratua izaten dutela eta, horrek batera, depresioa eta antsietate handia gertatzen direla. Aurkikuntza horrek TACR3ak antsietatearekin lotuta betetzen duen rola sakontzera eraman zituen ikerlariak.

Ikerlariek arrakastaz erabili zituzten azterketa egiteko laborategian sortutako bi tresna berritzaile. Lehenengoaren izena FORTIS da eta, neurona bizien barruan, AMPA errezeptoreetan aldaketak detektatzeko gaitasun handia du. FORTIS erabiltzean, TACR3ren inhibizioak zelulen azaleran AMPA errezeptoreetan gorakada handia eragiten zuela frogatu zuten. Horrek, era berean, epe luzera begira indartze sinaptikoaren (LTP izenekoa) aldi bereko prozesua eteten du.

Bigarren tresna berritzailea elektrodo anitzeko matrize-sistema baten barruan konektagarritasun neuronala neurtzeko korrelazio gurutzatua modu berritzailean aplikatzea izan zen. Tresna horrek funtsezko funtzioa bete zuen; izan ere, plastikotasun sinaptikoan, TACR3ren manipulazioen inpaktu sakona erakutsi zuen. Aurkikuntza garrantzitsuena honako hau izan zen: TACR3ren jarduera gabeziatik eratorritako urritasunak modu eraginkorrean zuzen zitezkeen testosterona emanda. Beste nolabait esanda, hori esperantzagarria da pauta terapeutiko berriak garatzeko eta testosteronaren urritasunarekin lotutako antsietatearekin zerikusia duten erronkei aurre egin ahal izateko.

Ikerketa honen arabera, TACR3 antsietatearen eta testosteronaren arteko loturari dagokionez funtsezko eragilea dela esan dezakegu. Ikerlariek antsietatearen atzean dauden mekanismo konplexuak argitu eta terapia berritzaileetarako bideak ireki dituzte. Horietako batzuk izan daitezke testosteronarekin egindako tratamenduak eta baliteke horiek sexu-garapeneko asaldurak, eta horiei lotutako antsietatea eta depresioa jasaten dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetu ahal izatea.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa batek antsietate-asaldurak testosteronaren eta garuneko TACR3 errezeptorearen gabeziarekin lotu ditu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wojtas, Magdalena Natalia; Diaz-González, Marta; Stavtseva, Nadezhda; Shoam, Yuval; Verma, Poonam; Buberman, Assaf; Izhak, Inbar; Geva, Aria; Basch, Roi; Ouro, Alberto; Perez-Benitez, Lucia; Levy, Uri; Borcel, Erika; Nuñez, Ángel; Venero, Cesar; Rotem-Dai, Noa; Veksler-Lublinsky, Isana; Knafo, Shira (2023). Interplay between hippocampal TACR3 and systemic testosterone in regulating anxiety-associated synaptic plasticity. Molecular Psychiatry. DOI: 10.1038/s41380-023-02361-z

The post Antsietate-asaldurak testosteronaren gabeziarekin lotu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #486

Dom, 2024/05/19 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bizigarriak

Emakumeak zientzian

Montse Casas-Cabanas ikertzailea CIC Energiguneko zuzendari zientifiko izendatu dute. Casas-Cabanas orain arte Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze arloko koordinazio lanetan ibili da, eta bere ikerketa arlo nagusia bateria kimikoei dagokie. Hainbat aitorpen jaso ditu dagoeneko Casas-Cabanasek, eta Munduko Ikertzaile Eraginkorrenen azken sailkapenean EAEko hamargarren postuan agertzen da. Datu guztiak Alea aldizkarian.

Zoologia

Lehen aldiz deskribatu da keinu sinboliko bat primatea ez den animalia batean. Kaskabeltz japoniarra da protagonista, eta ikusi dute espezie horretako emeek, gehienbat, hegoak azkar astinduta bikoteari adierazten diotela habian haien aurretik sartzeko. arrak hegoak astintzen dituenean edo emeak seinalerik egiten ez duenean, aldiz, emea sartu ohi da aurretik. Aurkikuntza horren inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Basoilar kantauriarra hibridatzea proposatu dute populazioak berreskuratzeko. Doñanako Estazio Biologikoak egin duen ikerketaren arabera, endogamia-tasa altuak ditu populazioak, aurreko mendean bereziki arrak ehizatu zirelako. Aniztasun genetikoa sustatzeko, beraz, beste basoilar populazioekin gurutzatzea proposatu dute. Orain arte ekintza hori aurrera eramatea ekidin da subespezietzat jotzen zelako, baina ikerketa berriak dio ez dagoela oinarri zientifikorik hori ziurtatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Neurologia

Giza garunaren milimetro kubiko baten 3D eredua egin dute, mikroskopia elektronikoko irudiak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabilita. Harvard Unibertsitateko eta Googleko ikertzaileek lortu dute eredua, eta bereizmen nanometrikorekin, gainera. Milimetro kubiko horretan, 57.000 zelula eta 150 milioi sinapsi sartu dira, eta datutan, berriz, 1.400 terabyte betetzen ditu. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Zubietako erraustegiak inguruko bizilagunen osasunean zer-nolako eragina izan duen aztertu du Osakidetzaren menpeko Biogipuzkoa osasun ikerketen institutuak. Kutsadura atmosferikoa, inguruko bizilagunen adierazle biologiko batzuk, eta lurzoruaren, esnearen eta arrautzen laginak aztertu dituzte. Emaitzen arabera, faktore horiek ez dira aldatu modu esanguratsuan erraustegia martxan jarri zutenetik. Beste ikerketa batzuen emaitzak ez datoz bat ondorio horiekin. Datuak Berrian.

Adimen artifiziala

Adimen artifizialean euskara sustatzeko egiten du lan Itziar Aldabe Hitz zentroko ikertzaileak. Latxa eredu linguistikoa garatzen ari da, beste proiektu batzuen artean. Aldabek azaldu duenez, azken urteetan lortu da hizkuntza modu sofistikatu batean errepresentatzea sare neuronalei esker. Horren ondorio dira Latxa bezalako elkarrizketa sistema automatikoak, eta orain, elkarrizketa horiek naturalagoak izatea lortu nahi dute. Haren iritziz, hizkuntza gutxitu batek bizirik iraun nahi badu, eremu digitalean ere egon behar du. Informazio gehiago Berrian.

Antropologia

Ehiztari-biltzaileek landare-jatorriko elikagai ugari jaten zutela frogatu dute. Marokoko Tarofalt kobazuloko aztarnategian egindako ikerketek ondorioztatu dute hori. Giza hortzetako esmaltearen zink- eta estrontzio-isotopoak aztertu dituzte, beste froga batzuekin batera, eta ikusi dute nekazaritza sortu aurretik ere ehiztari-biltzaile haien dietak landare mediterranear dezente zituela, baita haurrenak ere. Datuak Elhuyar aldizkarian. 

Argitalpenak

Newton: Grabitatea ekinean “Zientzialariak” komiki-sortaren aleetako bat da. Bertan, Isaac Newton fisikari, alkimista, filosofo eta matematikariaren bizitza azaltzen da. Newtonek optika eta gorputzen mugimendua ikertu zituen gehienbat, eta printzipio batzuk definitu zituen. Haien arabera, hiru legek gobernatzen zuten gorputzen mugimendua, eta baita unibertsoa ere. Komiki honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran. 

Astrofisika

Galaxien barnean, badaude toki egokiagoak eta ez egokiagoak planeta bizigarriak sortzeko. Guk ezagutzen dugun moduko bizitza sortzeko, baldintza oso zehatz batzuk bete behar dira, eta baldintza horiek izarren inguruan “eremu bizigarri” deritzen eremua osatzen dute. Ikerketa berrien arabera, izarren inguruko balditzez gain, galaxia baten barneko eremu ezberdinetan ere planetak modu ezberdinean sortzen dira, eta horrek eragina du bizigarritasunean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Kosmologia

Orain arte egin den unibertsoaren maparik osatuena sortu dute, hiru dimentsiotan. DESI kolaborazioak lortu du, unibertsoaren toki urrunenetatik argia jaso eta 5.000 puntutatik zuntz optiko bidez argia espektrografo batera eramanda. Hala, azken 11.000 milioi urteetan energia ilunak eragin duen efektua aztertu dute, eta frogatu dute bat datorrela zientzia komunitatean onartuen dagoen unibertsoaren Lambda-CDM ereduarekin. Baina desberdintasunak ere topatu dituzte eredu estandarrarekin alderatuta, eta energia ilunaren eboluzioa azalduko lukete. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #486 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #493

Sáb, 2024/05/18 - 09:00


Auto autonomo bat hilketa-makina bihurtu ez dadin argi gutxiko baldintzetan erabili nahi denean, lehenik eta behin beste ibilgailuak “ikusi” ahal izan behar ditu, eta, horretarako, pintura beltza erabiltzea baino gauza hoberik ez dago. LiDAR-detectable black for self-driving vehicles to see

Ez duzu frantsesa lehen hizkuntza, ez zara herrialde frankofono batean bizi, ez duzu frantsesa den bikotekiderik, eta ez duzu egun osoa frantsesez hitz egiten. Orduan, zergatik hitz egiten duzu zure ama-hizkuntzan frantses azentuarekin konturatu gabe? Accidentally foreign: The unseen challenges of Foreign Accent Syndrome, Nini Chrispeels & Lindsey Thomas eta Adrià Rofes.

Sumendi batek lurperatutako papiro bat irakurri ahal izatea zientzia-fikzioa da. Juan F. Trilloren Herculaneum Papyri talking from the ashes

Lotura kuantikoa dago. Eta entropia dago. Ondoren, azpisistema baten eta bere ingurunearen arteko lotura kuantikoaren entropia dago. DIPCko jendeak kontatzen dizu nola kalkula daitekeen How to calculate entanglement entropy using a Monte Carlo method

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #493 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Darwin eta herentzia

Vie, 2024/05/17 - 09:00

Beagleko bidaian, Charles Darwin konturatu zen animalia amerikarrek europarren antz handia zutela, baina ez zirela berdin-berdinak. Desberdintasun horiek inguruneak eragindako egokitzapenen ondorio izan zitezkeela pentsatu zuen. Agian, beren ingurunera ondoen egokitutako gaitasunak zituzten animaliak besteak baino gehiago bizi ziren. Eta hori hala izanda, gaitasun horiek transmititu ahal zizkieten ondorengoei, herentzia bitartez. Fenomeno horri izen bat jarri zion: hautespen naturala.

Gaur egun badakigu herentzia genetikoak ez duela horrela funtzionatzen, aldaketa genetikoak askoz motelagoak eta sotilagoak dira. Baina Darwinen ideiek hankaz gora garri zuten orduko ezagutza zientifikoa.



UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Darwin eta herentzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Newton: Grabitatea ekinean

Jue, 2024/05/16 - 09:00

Isaac Newton jakin-min handiko fisikoa, alkimista, filosofoa eta matematikaria izan zen. 1642ko Gabon Gauean jaio zen Erresuma Batuan, eta asko ikasi eta hainbat esperimentu egin ostean, ulertu zuen lege unibertsal bakar batek azaldu zezakeela unibertsoko mugimendua.

Oso gazte argia zen, eta Cambridgeko unibertsitatera bidali zuten ikastera. Ordea, matrikula osoa ordaindu ezin zuenez, zerbitzari aritu behar izan zuen.

Unibertsitatean ez zegoenean, bere kabuz esperimentuak egiten pasatzen zuen denbora, optika eta gorputzen mugimendua ikertzen, gehienbat. Hala, prisma batekin esperimentuak eginez,  frogatu zuen argi zuria gainontzeko kolore guztien baturaz osatua dagoela.

Newton1. irudia: “Newton: Grabitatea ekinean” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Bere lanik esanguratsuena gorputzen mugimenduari buruz egin zituen ikerketak izan ziren. Bere ondorioak Filosofia Naturalaren Printzipio Matematikoak liburuan argitaratu zituen, eta printzipio horietan proposatu zuen hiru legek gobernatzen dutela gorputzen mugimendua, eta baita unibertsoa ere.

Londreseko Txanpon-etxeako zuzendaria izan zen Newton, bai eta Royal Society-ko presidente ere.

Newton2. irudia: “Newton: Grabitatea ekinean” komikiaren orri bat, non azaltzen den Newton eta sagarraren pasadizo mitikoa. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Zientzialariak” komiki-sortaren ale honetan ikusiko dugu, zelan Isaac Newton zientziari erabat lotu zitzaion, eta ezagutuko dugu nola egin zituen aurkikuntza txundigarri horiek, gure unibertsoa hobeto ulertzen laguntzen digutenak, baita gaur egun ere.

“Newton: Grabitatea ekinean” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Newton: Grabitatea ekinean
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-16438-59-4

The post Newton: Grabitatea ekinean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Keinu sinboliko batez komunikatzen den txoria

Mié, 2024/05/15 - 09:00

Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batek lehen aldiz deskribatu du keinu sinboliko bat primateak ez diren animalietan. Kaskabeltz japoniarraren kasuan (Parus minor), bikotekideetako batek hegazkada arina egiten du besteari adierazteko habian bere aurretik sar dadila.

keinuIrudia: kaskabeltz japoniarra (Parus minor). (Argazkia: Alpsdake / Wikimedia Commons)

Anekdota oso ezaguna da; hainbat protagonista egotzi zaizkio eta askotariko irainak gehitu dizkiote. Horrela esaten du: bi gizonek topo egiten dute ate baten aurrean. “Ez dut ergel bat nire aurretik pasatzen utziko”, esaten du batek. “Nik bai, aurrera”, erantzuten dio besteak.

Eta azken horrek keinu bat egiten du eskuaz, hura aterantz zuzenduz. Seinalatzeko edo atentzioa leku zehatz batera zuzentzeko erabiltzen diren keinu horiei “deiktiko” esaten zaie. Horrez gain, gizakiok keinu sinbolikoak ere erabiltzen ditugu komunikatzeko. Azken horietan, ez dago ageriko harremanik keinuaren eta esanahiaren artean. Adibidez, eskua astintzea agur adierazteko, edo behatzak gora begira jartzea dena ondo doala esateko.

Animalia asko soinuen bidez komunikatzen dira eta, zenbait kasutan, baina askoz gutxiago, keinuen bidez. Fenomeno hori batez ere primateengan hauteman da, gurekin duten ahaidetasuna dela eta. Izan ere, txinpantzeetan 19 esanahi ezberdin dituzten 66 keinu arte deskribatu dira, hala nola hurbil zaitez, urrundu zaitez eta garbi nazazu. Keinu horiek batez ere deiktikoak dira; txinpantzeak lagunaren atentzioa erakarri eta seinalatu egiten du, bere asmoa komunikatzeko. Primateetatik haratago, keinu deiktiko batzuk deskribatu dira, halaber, mika eta beleetan, hala nola harrapakari bat nondik datorren adieraztekoak. Eta taldean ehizan ibiltzen diren koral arrainek (Plectropomus) ere harrapakina non ezkutatu den adierazteko seinale bat dute.

Baina primateetan ez ezik, ez da beste keinu sinboliko argirik deskribatu. Orain arte. Izan ere, kaskabeltz japoniarrak (Parus minor), gure kaskabeltz handiarengandik (Parus major) oso antzekoa denak, keinu berezi bat garatu du bikotekideari adierazteko habian bere aurretik sar dadila.

Baina hori ez da txoritxoak ekarri duen sorpresa bakarra. 2016an, bere kantuan konposizio sintaktikoaren ezohiko kasu bat deskribatu zen. Kaskabeltz japoniarrak lau nota nagusi ditu: A, B, C eta D. ABC konbinatzen dituenean, kideek alboetara begiratzen dute egon daitezkeen mehatxuak detektatzeko. Eta D nota errepikatzen duenean, gainerako kaskabeltzak taldean biltzen dira arrisku bati aurre egiteko. Bada, ABC-D deia entzutean (bozgorailu batean erreproduzituta),  kaskabeltzak alboetara begiratu eta bozgorailura doaz hegan; baina D-ABC deia eginez gero, txoriek ez dute erreakzionatzen. Hau da, bi mezuek sintaxi zehatz bat behar dute txoriek ulertzeko.

Oraingoan, kaskabeltz japoniarrak harrituta utzi gaitu berriro, sar zaitez zu aurretik esan nahi duen keinu sinbolikoa erabiltzean. Hegazti horiek sarbide estuak dituzten zuhaitz zuloetan edo habiak sortzeko kaxatan eraikitzen dituzte habiak. Bikotea habiara iristen denean txitentzako janarekin, bietako batek —oro har emeak—, hegoak astintzen ditu; eta seinale horren bidez adierazten dio harrari aurretik sar dadila habian. Harrak hegoak astintzen dituenean edo emeak seinalerik egiten ez duenean, aldiz, emea sartu ohi da aurretik. Bideo hauetan ikus daiteke portaera hori:





Txorietan gorputzaren mugimenduen bidezko portaera patroi estereotipatu asko hauteman izan dira aurretik gorteatzean. Baina behaketa berri honetan harrituta uzten gaituena da, ekintza sinplea dirudien arren, kaskabeltzek keinu sinboliko bat (hegoak astintzea) garatu dutela, esanahiarekin inolako harremanik ez duena: “zoaz aurretik. Horrek agerian jartzen du oso garrantzitsua dela animalien komunikazio mekanismoak ezagutzea hizkuntzen bilakaera ulertzeko, batez ere gurearen bilakaera, gizaki bihurtu gintuen berebiziko fenomenoa baita.

Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 8an: El pájaro que se comunica con un gesto simbólico.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Keinu sinboliko batez komunikatzen den txoria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Energia iluna arakatuz, unibertsoaren maparik osatuena lortu dute

Mar, 2024/05/14 - 09:00

DESI kolaborazioaren lehen datuak unibertsoaren zabalpenari buruz finkatuen dagoen teoriarekin bat datoz, baina hainbat desbideraketa txiki atzeman dituzte ere.

unibertsoaren1. irudia: hiru dimentsiotan eratu duten mapa orain arte egindako “osatuena” izan dela babestu dute zientzialariek. Espazioan ez ezik, denboran zehar energia ilunaren bilakaera neurtu dute. (Irudia: Claire Lamman / DESI)

Duela hainbat hamarkada zientzialariak konturatu ziren ez zutela ezer ulertzen. Kategorikoegia eman dezake baieztapenak, baina, hitz handitan berba eginda, horrelakoa zen egoera unibertsoaren eskalarik handienari zegokionez. Denborak aurrera egin ahala, astrofisikariek anabasa horretan ordena pixka bat jarri dute, baina, funtsean, gure ulermena nahiko eskasa da oraindik: jakin badakigu unibertsoaren %5 inguru baino ez dugula ezagutzen. Materia normala edo barionikoa da hori. Gainerakoari buruz, ezer gutxi dakigu.

Jakina denez, behatutako fenomenoetan abiatzen da errealitatea azaltzeko zientziak ematen duen azalpena, baina, aipatu bezala, kosmologiari dagokionez, behaketa horiek nahiko bitxiak izan dira azken hamarkadetan. Batetik, galaxietako izarren mugimenduari erreparatuta, astrofisikariak konturatu ziren uste baino askoz materia gehiago egon behar dela galaxia horietan; bestela, grabitazioaren kalkuluak ez datoz bat behatutako mugimenduekin. Hori azaltzeko, materia iluna kontzeptua asmatu zuten. Unibertsoaren %27 dela badakigu orain.

Baina unibertsoaren zabalpenari dagokionez ere, errealitatea ez dator bat ekuazioek aurreikusten dutenarekin. Kontrara, grabitatearen indarrari muzin egin eta unibertsoa zabaltzen ari da; gero eta azkarrago, gainera. Errealitate hori azaltzeko, momentuz, energia ilunaren kontzeptua sartu behar da kalkuluetan. Unibertsoaren %68 osatzen du. Ez da gutxi.

Osagai hauekin osatuta dago Lambda-CDM eredua, gaur egun unibertsoa azaltzeko onartuen dagoen eskema. Lambda terminoak energia ilunari egiten dio erreferentzia; CDMk, berriz, materia ilun hotzari (Cold Dark Matter). Bi indar horien arteko orekak baldintzatzen du unibertsoaren bilakaera.

Horretan sakontzeko bideak askotarikoak dira, eta orain nobedadeak daude ate-joka. Izan ere, energia ilun horri buruzko datu andana kaleratu berri dute. Sacramenton APS AEBetako Fisika Elkarteak egindako bilkura batean aurkeztu dituzte datuak. Zientzia artikuluak momentuz preprint egoeran daude; hots, oraindik ez dute igaro zientzia aldizkari batean agertu aurreko adituen ebaluazioa. Dena dela, hau nahiko ohikoa da datu garrantzitsu berriak zientzia komunitatean aurkeztu nahi direnean, gehienetan hirugarren batek antzeko datuak aurkezteko arriskua saihestu nahi delako. Distantziak distantzia, kazetaritzaren urrezko lege baten antzekoa da: ahalegindu behar zara informazio egokia eta zuzena ateratzen, ahalik eta arinen, beste inoren aurretik.

Kasu horietan, ikerketak plazaratzen dituen erakundearen prestigioaren arabera baloratu behar dira preprint horiek. Oraingo honetan ez dago zalantzarako tarte askorik: Lawrence Berkeley Laborategi Nazionalak gidatutako DESI kolaborazioak —70 erakundetako 900 zientzialari inguruk parte hartzen dute bertan— plazaratu ditu zientzia artikuluak. Energia Ilunerako Tresna Espektroskopikoa esan nahi du DESIk, eta Arizonako (AEB) Kitt Peak behatokian kokatuta dago. Unibertsoaren toki urrunenetatik argia jasotzen du, eta 5.000 puntutatik zuntz optiko bidez argia espektrografo batera eramaten du. Horren behaketa masiboa eginda, izugarrizko zenbakiak dituzte esku artean: oraindik martxan den behaketa bukatzen denerako, espero dute hiru milioi quasar eta 37 milioi galaxia jasoko dituztela. Hil bakoitzeko milioi bat galaxia gehitzen dituzte behatutakoen katalogoan, eta dagoeneko 450.000 quasar aztertu dituzte.

Bide horretatik, azken 11.000 milioi urteetan energia ilunaren efektuak aztertuz, DESI kolaborazioko ikertzaileek orain arte egin den unibertsoaren maparik osatuena sortu dute, hiru dimentsiotan. Modu horretan, astrofisikariek jakin nahi dute nolakoa zen unibertsoa hasierako garaietan, eta ondorengo eboluzioa ere ezagutu nahi dute. Iragarri dutenaren arabera, aurreneko aldia da unibertso gaztearen zabalpenaren historia neurtzeko prezisioa %1 baino gehiagokoa dela.

Emaitzei dagokienez, alde batetik, orain arte eskura dituzten datuek berretsi dute, funtsean, zientzia komunitatean onartuen dagoen unibertsoaren Lambda-CDM eredua. Bestetik, prentsa ohar batean iradoki dute aurkikuntza garrantzitsu bat egon daitekeela abian: “Unibertsoaren eredu estandarrekiko zenbait desbideraketa interesgarri erakusten dituzte gure emaitzek. Horiek babestu lezakete denboraren poderioz energia iluna eboluzionatzen ari dela”, adierazi du DESI kolaborazioko kide Ishak-Boushakik. Zuhurtzia erantsi du ondoren: “gero eta datu gehiago eskuratu, orduan eta hobeto jakin ahalko dugu ea aurkikuntza hau baliogarria den”. Dioenez, baieztatuz gero, lortutako emaitza argigarria izango da jakiteko zerk eragiten duen unibertsoaren zabalpen azeleratua, eta unibertsoaren eboluzioa ulertzeko “urrats handia” litzateke.

Momentuz, lehen urtean bildutako datuetan oinarritu dute analisia, baina dagoeneko hiru urte dituzte bilduta, bost urteko bizitza izango duen proiektu baten barruan. Logikoa denez, analisietan datu gehiago sartzen dituzten heinean, aztertu ahalko da ikusitako desberdintasun horiek gutxitzera ala handitzera jotzen duten, halako neurketetan desbideraketa estatistikoak gako izan ohi direlako.

Denboran zehar unibertsoak izan duen bilakaera aztertzeko, galaxien egituraketari erreparatu diote. Astrofisikariek susmatzen dute unibertsoaren lehen garaietan zegoen plasman izandako fluktuazio txikiek presio olatuak sortu zituztela, eta horiek gaur egun ere atzeman daitezkeela unibertsoan. Hau da, plasma horretan izandako hasierako “olatuak” gaur egun ikus ditzakegun egitura erraldoietan islatuta daude. Oszilazio akustiko barioniko deritze denboran isolatutako patroi horiei. Bada, burbuila horien itxurazko tamaina neurtuz, zientzialariek erregela bat bezala erabiltzen dituzte, eta horrek adierazten die unibertsoa nola ari den zabaltzen denboran zehar.

Distantzia jakin batera, ordea, oso urrun dauden galaxien argia ez da nahikoa kalkulu hauek egin ahal izateko, eta, horregatik, quasarren argia erabiltzen dute neurketetarako erreferentzia bezala.

Hidrogeno hodeiak

Behaketei esker, Lyman-alpha basoa izenekoa neurtzeko moduan egon dira, unibertsoaren iraganean 11.000 milioi urte atzera eginez. Unibertso osoan barreiaturik dauden hidrogenozko eremu zabalak dira Lyman-alpha basoa sortzen duten egiturak; izenaren arrazoia da baso batean sakabanatuta dauden zuhaitzen antzera zabaltzen direla, eta sare erraldoi bat osatzen dutela. Eremu horiek urruneko objektuen argia xurgatzen dute, argi horren espektroetan xurgatze lerroak uzten dituztelarik. Horrela, astrofisikariek ikusi dute urrunago dauden quasarren argia ohi baino Lyman-alpha hodei gehiagotik igaro dela, eta, horregatik, ondorioztatu dute hodei horiek askoz ugariagoak zirela unibertsoaren hasieran.

unibertsoaren2. irudia: behatokiaren funtzionamenduaren irudikapen artistikoa. Quasarren argiaren espektroen bidez, ondorioztatu ahal dute galaxien arteko gas hodeien egitura. (Irudia: NOIRLab/NSF/AURA/P. Marenfeld/DESI)

Modu horretan, DESIk osatutako maparen bitartez posible da ikustea unibertsoan dagoen egitura: batetik, galaxiek batera osatutako harizpiak argi azaltzen dira; bestetik, harizpi hauen artean, objektu gutxiago dituzten tarte huts zabalak ikusi daitezke ere.

Analisia egiteko modua bera ere nahiko adierazgarria izan da, ezein isuri kognitibo saihetsi aldera zientzialariek datuak modu itsuan aztertu dituztelako. Hala, eraldatutako datuekin egin dute lan, eta horietan abiatuta sortu dute datuak aztertzeko kode informatikoa. Behin kode hori gauzatuta, benetako datu originalak jarri dituzte analisia egiteko.

“Analisia egin dugun moduagatik, konfiantza dugu gure emaitzetan; bereziki, Lyman-alpha basoa unibertsoaren zabalpena ikertzeko tresna oso baliagarria dela erakutsi digu”, adierazi du Berkeley laborategiko ikertzaile Julien Guyk. Dioenez, egunotan aurkeztu duten hau, haren bizitza osoan egin duen “neurketarik zehatzena” izan da.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • DESI Collaboration et al., DESI 2024 III: Baryon Acoustic Oscillations from Galaxies and Quasars. DOI: 10.48550/arXiv.2404.0300
  • DESI Collaboration et al., DESI 2024 IV: Baryon Acoustic Oscillations from the Lyman Alpha Forest. DOI: 10.48550/arXiv.2404.03001
  • DESI Collaboration et al., DESI 2024 VI: Cosmological Constraints from the Measurements of Baryon Acoustic Oscillations. DOI: 10.48550/arXiv.2404.03002
Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Energia iluna arakatuz, unibertsoaren maparik osatuena lortu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Galaxian bizi berri bat hasteko auzorik onenak

Lun, 2024/05/13 - 09:00

Galaxian, gure kasuan Esne Bidean, badaude beste batzuk baino egokiagoak diren auzoak planeta bizigarriak sortzeko.

galaxian1. irudia: Kristina Armitage / Quanta Magazine.

Bizitza izateko ‑guk ezagutzen dugun bizitza behintzat‑, planeta batek izar lasai eta egonkor bat orbitatu behar du. Horrez gain, planetaren orbitak ia zirkularra izan behar du, planetak jasotzen duen beroa antzekoa izan dadin urte osoan zehar. Baina ezin du beroegi egon, gainazaleko urak ez irakiteko; ez eta hotzegi egon ere, ura izotz bihurtu ez dadin. Hau da, errekak eta itsasoak likido mantentzeko moduko tenperatura behar da.

Ezaugarri horiek dira izarren inguruan “eremu bizigarri” bat definitzen dutenak; eta horiek bilatu behar ditugu, beraz, exoplaneta bizigarrien esplorazioan. Baina zientzialariek gero eta gehiagotan jartzen dute galaxia osoa antzeko azterketa baten pean. Bestelako biosferak dituzten kontinenteek bestelako flora eta fauna dituzte; bada, era berean, galaxiako bestelako eremuek bestelako izar populazioak eta planetak izan ditzakete. Esne Bidearen historia turbulentua dela eta, badakigu galaxiaren txoko guztiak ez direla berdinak; eta, beraz, eremu galaktiko batzuk bakarrik izango lirateke egokiak bizitzeko moduko baldintzak izan ditzaketen planetak sortzeko.

Zientzialari exoplanetarioek bizitza estralurtarra zein lekutan bilatzeari buruzko ideiak lantzen ari dira, eta orain izarraren eta haren auzoaren jatorria ere kontuan dute; halaxe azaldu du Jesper Nielsenek, Kopenhageko Unibertsitateko astronomoak. Simulazio berriei esker, eta planetak bilatzen dituzten eta milioika izar monitorizatzen dituzten sateliteen behaketetan oinarrituta, ideia berri bat sortzen ari dira: auzo galaktiko ezberdinek (eta, agian, are galaxia ezberdinek ere bai) planetak modu ezberdinean sortuko lituzkete.

«Horrek, halaber, gure teleskopioak norantz bideratu hobeto ulertzen lagun diezaguke», esan du Nielsenek.

Geografia galaktikoa

Egun, Esne Bideak egitura konplikatua du. Haren zulo beltz supermasibo zentrala «erraboilak» inguratzen du, galaxiako herritar zaharrenetariko batzuk gordetzen dituen izarren masa lodi bat. Erraboila “disko meheak” inguratzen du, gau garbi eta ilunetan zeruan ikus dezakegun egitura bihurkaria. Izar gehienak, Eguzkia barne, disko mehearen espiral besoetan daude, zabalagoa den «disko lodi» batek inguratuta; azken horretan izar zaharragoak daude. Eta halo difuso eta gutxi gorabehera esferiko batek, materia ilunez, gas beroaz eta izar batzuez osatutakoak, arkitektura hori guztia inguratzen du.

galaxian2. irudia: zientzialariek jakin nahi dute ea Esne Bideko egitura batzuk besteak baino egokiagoak ote diren planeta bizigarriak sortzeko. (Argazkia: Merrill Sherman eta Samuel Velasco. Iturria: Quanta Magazine).

Gutxienez bi hamarkadetan zehar, zientzialariek planteatu dute ea baldintza bizigarriak ezberdinak diren egitura horien artean. Bizigarritasun galaktikoari buruzko lehendabiziko azterlana 2004koa da. Orduan, Charles Lineweaver, Yeshe Fenner eta Brad Gibson zientzialari australiarrek Esne Bidearen historia modelatu zuten, eta horretaz baliatu ziren eremu bizigarriak non aurki zitezkeen aztertzeko. Jakin nahi zuten ea zein izar anfitrioik zuten planeta arrokatsuak sortzeko nahikoa elementu astun (karbonoa eta burdina, adibidez), zein izar ziren nahikoa antzinakoak bizitza konplexua eboluzionatu ahal izateko, eta zein izar (eta orbitako edozein planeta) zegoen gertuko supernoben arriskutik kanpo. Azkenean, “eremu bizigarri galaktiko” bat definitu zuten, donut formako eremu bat, zeinen zuloa galaxiaren erdigunean kokatzen baitzen. Eremuaren barneko muga erdigune galaktikoaren 22.000 argi-urtera hasten da gutxi gorabehera, eta kanpoko muga 29.000 argi-urte ingurura.

Hurrengo bi hamarkadetan, astronomoek doitasun handiagoz definitu nahi izan dituzte galaxiaren barneko izarren zein planeten eboluzioa kontrolatzen duten aldagaiak; halaxe azaldu du Kevin Schlaufmanek, Johns Hopkins Unibertsitateko astronomoak. Eman dituen azalpenekin bat, planetak izar jaioberriak inguratzen dituzten hauts diskoetan jaiotzen dira, eta, hitz gutxitan, “disko protoplanetario batek arrokak sor ditzakeen material asko dauka; eta, beraz, planeta gehiago sortuko ditu”.

Galaxiaren eremu batzuetan planetak sortzeko osagai horien kopuru handiagoa dago, eta zientzialariak, egun, aztertzen ari dira ea zein neurritan eragiten duten auzo galaktikoek bertan dauden planetetan.

Hemen exoplanetak daude

Ezagutzen ditugun 4.000 exoplaneta inguru horien artean, orain arte arau gutxi daude zer planeta mota zer lekutan dagoen sailkatzeko; gainerako izar-sistemak ez dira gurearen antzekoak, eta gehienek ere ez dute antzekotasunik euren artean.

Nielsenek eta bere kideek jakin nahi zuten ea planetak modu ezberdin batean sor zitezkeen disko lodian, disko mehean eta Esne Bidearen haloan. Oro har, disko meheko izarrek disko lodikoek baino elementu astun gehiago dituzte. Horrek esan nahi du planetak sortzeko osagai gehiago izan ditzaketen hodeietatik sortu zirela. Europako Espazio Agentziaren izarren segimendua egiteko Gaia satelitearen datuak erabiliz, Nielsenek eta bere kideek, hasteko, izarrak bereizi zituzten, elementu jakin batzuen zer kopuru zuten aintzat hartuta. Eta, ondoren, populazio horien arteko planeten eraketa simulatu zuten.

Simulazio horiek urrian argitaratu ziren, eta horien bidez frogatu da planeta erraldoi gaseosoak eta superlurrak (hori da exoplaneta mota ohikoena) gehiago hazten direla disko mehean, seguruena (espero zen moduan) izar horiek eraikuntza material gehiago dutelako eskuragai. Halaber, deskubritu zuten elementu astunagoak dituzten izar gazteagoek planeta gehiago izan ohi dituztela, eta planeta erraldoiak ohikoagoak direla txikiagoak baino. Aitzitik, erraldoi gaseosoak ez dira ia existitzen disko lodian eta haloan.

Schlaufman-ek (hark ez zuen lanean parte hartu) komentatu du emaitzek zentzua dutela. Izarrak jaiotzen diren hautsaren eta gasaren konposizioa ezinbestekoa da izarrek planetak sortuko dituzten jakiteko. Eta konposizio hori kokalekuaren arabera alda daitekeen arren, adierazi du kokalekua ez dela azken emaitzaren erantzule bakarra, izar batek munduak eraikitzeko agertokia prestatu badezake ere.

Nielsenen simulazioak teorikoak dira, baina behaketa berri batzuek aurkikuntza horiek abalatu dituzte.

Ekainean, NASAren Kepler teleskopio espazialaren (planetan bilatzen ditu) datuak erabili zituen azterlan batek jaso zuen Esne Bidearen disko meheko izarrek planeta gehiago dituztela, ‑bereziki superlurrak eta subneptuno tamainako munduak‑ disko lodiko izarrek baino. Kaliforniako Teknologia Institutuko Jessie Christiansen zientzialari exoplanetarioaren eta azterlanaren egilekidearen iritziz, horretarako azalpena izan liteke disko lodiko izar zaharrak jaio zirela planetak sortzeko osagaiak eskasak zirenean, hilzorian zeuden izarren belaunaldiek kosmosa munduen oinarrizko osagaiez bete aurretik. Edo, beharbada, disko lodiko izarrak erradiazio handiko ingurune dentsoetan jaio ziren, non turbulentziak eragozten duen jaiotzen ari diren planetak fusionatzen amaitzea.

Planetei gehiago komeni zaie espazio irekietan egotea, aldirietan, eta ez hainbeste populazio handiko “hiriguneetan”, Christiansenen hitzetan. Gure eguzkia populazio gutxiko aldiri horietako batean dago.

Beste Lur batzuk

Christiansenen azterlanak eta Nielsenen simulazioak auzo galaktikoaren araberako planeten sorrera aztertu duten lehenengo lanen artean daude; Vedat Chandra, Astrofisikako Harvard-Smithsonian Zentroko astronomoa, pauso bat harago joateko prestatzen ari da. Zientzialariak aztertu nahi du ea Esne Bideak hazi ahala kontsumitu zituen beste galaxietako batzuetan planeten eraketa ezberdina izan zitekeen. Nielsenek espero du etorkizunean tresna eta azterlan perfekzionatuagoak egon daitezela, hala nola NASAren Nancy Grace Roman teleskopio espaziala, planeten eraketa ulertzen lagunduko digutenak, demografoek populazioak ulertzen dituzten modu berean. Aurreikus dezakegu zer motatako izarrek zer motatako planetak izango dituzten? Probableagoa da Lurrak auzo jakinetan sortzea? Eta, non begiratu baldin badakigu, zerbait aurkituko dugu gurera begira?

Badakigu eremu bizigarri batean bizi garela, izar lasai baten inguruan orbitatzen duen mundu batean. Baina, nola hasi zen bizitza Lurrean, eta zenbat eta zergatik; hori da zientziaren adar guztietako galderarik garrantzitsuena. Beharbada zientzialariek ere gure izarraren jatorriaren historia aztertu behar lukete, baita Esne Bidearen gure txokoari forma eman zioten izar arbasoen historia ere, duela mila milioi urte.

“Saihetsezina zen bizitza Lurrean? Berezia izan zen?”, galdetzen dio Chandrak bere buruari. «Irudi global hori sortu duzunean bakarrik has zaitezke horrelako galderei erantzuten».

Jatorrizko artikulua:

Rebecca Boyle (2024). The Best Neighborhoods for Starting a Life in the Galaxy, Quanta Magazine, 2024ko urtarrilaren 24a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Galaxian bizi berri bat hasteko auzorik onenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #485

Dom, 2024/05/12 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

gaixotasun infezkioso

Emakumeak zientzian

Mira Zore-Armanda Kroaziako ozeanografoa izan zen. Itsaso Adriatikoa ikertzen egon zen bere bizitzaren parte handi bat, eta aitzindaria izan zen klima-aldaketaren eta kutsaduraren eraginak aztertzen. Alabaina, zailtasunak izan zituen emakume izateagatik; 1962an, adibidez, itsas espedizio bateko zientzialaria zela, ez zioten itsasontzian igotzen utzi, urte horretan oraindik debekatuta baitzegoen emakumeak ontzietan joatea. Zore-Armandaren ekarpen handienetako bat izan zen klimaren parametroen, parametro ozeanografikoen eta ekoizpen primarioaren arteko lotura ezartzea. Datuak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Naturari eskubideak aitortzeak gizartean eragina du, Albert Noguera Konstituzio Zuzenbideko doktore eta Valentziako Unibertsitateko irakaslearen esanetan. Noguerak azaldu du naturari edo ekosistema jakin batzuei legez eskubideak aitortzen zaizkienean, alde juridikoa nabarmendu ohi dela. Alabaina, alde politikoak garrantzi handiagoa duela adierazi du. Ingurumen osasuntsu baterako eskubidearen aldean, naturaren eskubideek berdintasun egoera bat islatzen dute naturaren eta gizakien artean, eta eraldaketa kulturalak bultzatzen dituzte. Informazio gehiago Berrian.

Gizakiak eragindako aldaketa globalek gaixotasun infekziosoen transmisioa handitzen dute. Prozesu hori landareetan, animalietan eta gizakietan gertatzen dela ikusi dute, eta faktore nagusiak biodibertsitate-galera, kutsadura kimikoa, klima-aldaketa eta espezie inbaditzaileak direla ondorioztatu dute. Bestalde, urbanizazioak gaixotasunen transmisioa murrizten duela ere ikusi dute, seguruenik  saneamenduaren eta higienearen ondorioz. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Foresna-Zurgaia baso elkarteak Basoak. Zerbait gehiago jardunaldia antolatu berri du Iruñean. Bertan jorratu duten gai nagusia izan da basoek gizarteari zer ematen dioten. Ana Bretaña Nafarroako Ingurumen eta Landa Garapen zuzendari nagusia izan da hizlarietako bat, eta nabarmendu du basoak modu jasangarrian kudeatzeko beharra dugula. Izan ere, klima-larrialdiak suteak eta lehorteak areagotuko dituela azaldu du, eta kudeaketa jasangarria dela prebentziorako bide nagusia. Informazio gehiago Berrian.

Biologia

Landareetan oxido nitrikoa sortzeko lehenbiziko bide metabolikoa aurkitu dute. Peroxidasa izeneko entzimak erabiliz, landareek oxido nitrikoa sortzen dutela frogatu dute. Landare biologian hogei urte baino gehiago daramatzate aurkikuntza horren bila. Izan ere, espero da aurkikuntza horrek lagunduko duela landareek estres baldintzekiko duten tolerantzia hobetzen, edo landareen nutrizioa hobeto ulertzen. Bestalde, gaixotasun kardiobaskularren eta botika berrien diseinuan ere aplikazioak izatea espero da. Datuak Zientzia Kaieran.

 Physarum polycephalum onddo lirdingatsuak ikasteko gaitasuna du, eta ez du burmuinik. Ikertzaile batzuk oztopo-zirkuitu batean sartu zituzten espezie horretako onddoak, eta ikusi zuten, denboraren poderioz, onddoek ikasi egiten zutela janari bila joaten. Gainera, ondorioztatu zuten onddo batetik bestera ikasitakoa transmititu zezaketela, bi orduz pseudopodoak fusionatzen bazituzten. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Zoologia

Orangutan basati bat ikusi zuten landare batekin zauri bat tratatzen. Indonesiako Gunung Leuser Parke Nazionalean gertatu zen 2022ko ekainean, eta protagonista Rakus izeneko orangutan ar bat da. Ikertzaileek masailean zauri handi bat zuela ikusi zuten, seguruenik beste ar batzuekin borrokan aritu zelako. Handik egun batzuetara, Fibraurea tinctoria landarearen hostoak erabiltzen ikusi zuten zauria sendatzeko. Hostoak mastekatu, ateratako zukua zaurian eman eta hosto mastekatuekin estaltzen zauria. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Paleoantropologia

Maria Martinon-Torres paleoantropologoa da, eta medikuntza eta paleoantropologia uztartzen ditu izan diren gaixotasunen eskema zabal bat osatzeko. Medikuntza ebolutiboaren esparruan sartzen da ikerketa, eta Martinon-Torresek azaldu duenez, gaixotasun asko duela 50 mila urte hasi ziren zabaltzen batez ere birusen eta bakterioen zabaltzearekin batera. Ez da kasualitatea, Homo Sapiens-en zabaltzea ere garai horretan gertatu baitzen. Hortzetan oinarrituta egiten dituzte ikerketa horiek, gehienbat. Azalpenak Berrian.

Neurologia

C. elegans zizareak oroitzapenak mantentzeko gaitasuna du, baina bi ordu pasata, ahaztu egiten ditu. Ordea, hotzetan mantentzen bada, ez du oroimena galtzen, eta berdina gertatzen da zizareei litioa emanez gero. Bai hotzak bai litioak, diacilglicerol izeneko molekularen kontzentrazioa murrizten du, neuronen arteko komunikazioan parte hartzen duen konposatu bat. Badirudi murrizketa horrek ahanzturaren kontra funtzionatzen duela. Informazio gehiago Berrian.

Medikuntza

Minbiziari aurre egiteko gela sortu dute Arabako Campuseko Errektoreordetzan. Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta EHUk sinatutako lankidetza hitzarmenari esker abiatu dute proiektua, eta gaitzaren gaineko ikerketa eta dibulgazioa sustatzea izango da helburu nagusia. Jorratuko dituzten gaien artean, minbiziaren prebentzioari buruzko hezkuntza, bizi ohitura osasungarrien sustapena, eta pazienteentzako eta haien familientzako laguntza psikosoziala egongo dira, besteak beste. Azalpen guztiak Alea egunkarian.

Osasuna

Egunero A2A2 proteina duen jogurta jateak perimenopausiaren ondorioetan duen eragina ulertu nahi dute YoGoe4Life proiektuan. Luisa Villegas Gaztaren Institutuko ikertzaileak azaldu duenez, A2A2 proteina Brown Swiss izeneko behiek ekoizten dute, eta ikertu nahi dute ea zer garrantzi izan dezakeen proteina horrek perimenopausia garaian, besteak beste, hesteetako mikrobiotari eusteko. Datuak Berrian.

Goizean alarma atzeratzeko ohitura ez da kaltegarria. Tradizionalki, loaren adituak ekintza horren aurka azaldu dira, osasunerako txarra izan zitekeelakoan. Alabaina, ikerketa batek ez du halako ebidentziarik topatu. Goizean alarma asko erabiltzeko ohitura ez da uste bezain kaltegarria, eta, kasu batzuetan, onuragarria ere izan daiteke. Pertsonaren araberakoa dela adierazi dute ikertzaileek. Azalpen guztiak Berrian.

Energia

Pobrezia energetikoaren geografia generoaren arabera identifikatzeko metodo bat sortu dute. Master amaierako lan baten emaitza da, eta informazio publikoa erabili dute emaitzak lortzeko. Aurrez egindako ikerketek frogatu dute emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dutela energia eskuratzeko zailtasunak izateko, eta metodo berri hori tresna modura erabili ahalko da zaurgarritasun energetikoa murrizteko politikek genero-ikuspegia kontuan har dezaten. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Astrogeologia

Gatzezko glaziarrak ere existitzen dira, eta Merkurion badaude. Gatzak izotzaren antzera joka dezake baldintza jakin batzuetan, eta fluido likatsu bihurtu daiteke. Hala gertatu da Merkurioko Raditladi inpaktu arroan eta Borealis Chaos-en. Ikerketa berri batek iradoki du gatzezko glaziar horiek asteroideen inpaktuen ostean sortu zitezkeela, lurrunkorretan aberatsak ziren geruzak azaleratzearen ondorioz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Galileo: Izarren mezularia Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren parte da. Jordi Bayarri da egilea, eta bertan, italiar matematikari, fisikari eta astronomo ospetsu horren bizitzaren berri izan ahalko dugu. Galileok gogor lan egin zuen garaiko uste okerrak gizartean zabaltzen, eta garrantzia handiko hainbat ikerketa egin zituen; besteak beste, Ilargiak ere mendiak zituela ohartu zen, berak eraikitako teleskopioaren laguntzaz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #485 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #492

Sáb, 2024/05/11 - 09:00


Ikasgelan apunteak eskuz hartzea edo eskemak eta laburpenak eskuz egitea, zen normalena duela gutxira arte. Orain, ordenagailuan idazten da zuzenean, eta, agian, ordenagailuan azpimarratzen da. Gauza bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu, baina, ikasi nahi denean, zein da onena? Rosa Garcia-Verdugok Is handwriting better than typing for learning?

Peptido naturalen zuntxezkak konplexutasun handikoak izan daitezke. Teknika berri batek bistaratzeko aukera ematen du. A closer look at peptide fibril assemblies

Adimen artifiziala eta gerra jokoak, zer atera daiteke gaizki? The use of AI in war gaming could change military strategy

Gure sudurren aurrean zegoen eta inork ez zuen pentsatu. Uraren gainazalak askotariko fenomeno kuantikoak simulatzeko balio dezake. DIPC jendea Vortices and skyrmions in water surfaces

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #492 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Bidaia Adriatikoaren hondora Mira Zore-Armandaren eskutik

Vie, 2024/05/10 - 09:00

Kroaziako ozeanografo Mira Zore-Armandaren hitzetan, “aurrerapen teknologikoek ez dute giza aurrerapena ekarri”, eta Itsaso Adriatikoaren egungo egoera ikusiko balu, berretsi egingo luke baieztapen hori  ziurrenik. Bere bizitzaren zati handi bat eskaini zion kutsatutako eta gainustiatuko itsaso horri, eta aitzindarietako bat izan zen klima-aldaketaren eta kutsaduraren eraginak aztertzen Mediterraneoaren parte den itsaso horretan. 1960ko hamarkadan, Jean Jacques Cousteau famatu bihurtzen zen bitartean, Zore-Armandak arazoak zituen espedizioetan sartzeko emakume izate hutsagatik. Baina hori ez zen oztopo izan gerora ikertzaile emankor bihurtzeko. Izan ere, gaurkotasun handiko gai askoren bidea hark ireki zuen.

Mira Zore1. irudia: Mira Zore-Armanda eta Itsaso Adriatikoa hondoan. (Irudia: Irudi honetatik abiatuta sortua. Iturria: Mujeres Conciencia)

Zoe-Armanda Zagreben jaio zen 1930eko urtarrilaren 6an, Kroazia botere sobietarraren menpeko Jugoslaviaren parte zenean. 1952an geofisikaren adarrean graduatu zen bere hiriko unibertsitatean, eta han izan zuen irakasle Josip Goldberg fisikari ezaguna, herrialdean diziplina horren aitatzat hartzen dutena. Karrera amaitu bezain laster, Mira hidrografiako laguntzaile gisa hasi zen lanean Split hiriko Ozeanografia eta Arrantza Institutuan (IOF, ingelesezko siglengatik), kostalde dalmaziarrean. Bertan egin zuen lan 1989an erretiratu zen arte. Institutuan hasi eta hamarkada batera, 1963an, doktoregoa eskuratu zuen Parisko Sorbona Unibertsitatean.

IOFra iritsi zenean, ez zegoen apenas emakumerik. Gainera, Kroaziako ozeanografiak oso sinesgarritasun txikia zuen nazioartean; baina Zore-Armandak hori aldatuko zuen. Lehenengo urteetan, Mirak lanak egin zituen institutuko estazio iraunkorretan. Spliten eginiko egonaldi batean, Miljenko Buljan ezagutu zuen, Adriatikoaren propietate hidrografikoak ikertzen ari zen biologoa. Eta Buljan eta Goldbergek inplikatu zuten garrantzi handiko proiektu batean: Adriatikoko itsaslasterrak eta ur masak aztertzea aurreko urteetan eginiko espedizioetako datuetatik abiatuta. Proiektu horren emaitza Sorbonan aurkeztutako tesiaren eta bere lehen artikulu zientifikoaren gaia izan zen.

1956an, Norvegiako gobernuaren beka bati esker, bidaia handi bat egin ahal izan zuen Indiara. Itsaslasterrei buruzko bere lanak, ikuspegi teoriko eta enpirikoa zutenak, ezagunak egiten hasiak ziren jada. Hurrengo urtean, Nazioarteko Geofisikako Kongresuaren antolakuntza batzordeko kide izateaz gain, bere lehen ikerketa bidaia zuzendu zuen bere Adriatiko maitean. Ikerketa bidaia horiek oso aberatsak izan ziren ezagutza berriei dagokienez, baita ezagutza zientifikoez harago ere. Indiatik txundituta itzuli zen, edozer gauza esan eta inor ofenditzen ez zuela ikusita. Frantzian, berriz, tesia aurkezteaz gain, kulturari buruz ikasteko ere aprobetxatu zuen. Handik hiru urtera, Igor Armanda kimikariarekin ezkondu zen, eta abizen hori erabiltzen hasi zen bere zientzia lanetan; halaxe jarraitu zuen bizitza osoan.

Atlantisa eta emakumeak

Ia 20 urtetan, Mira Zore-Armanda izan zen Adriatikoaren fisika ikertzera dedikatu zen pertsona bakarra. Bere rola ezinbestekoa izan zen Massachussetseko (AEB) Woods Hole Instituterekin ikerketa bat antolatzeko. Haiekin espedizioak egin zituen Bios ontzi ozeanografikoan. Espedizioetan inplikatutako beste ontzi batean (Atlantis izenekoa) ez zioten igotzen utzi. Izan ere, 1962an, debekatuta zegoen oraindik emakumeak ontzietan joatea, ikertzaile ezagunak izanda ere.

Emaitza zientifiko asko erdietsi zituen, baina bereziki azpimarratzekoa da berak frogatu zuela Adriatikoko itsaslasterren fluxuko urtaroko aldaketen kausa: behatu zen iparraldea (ez oso sakona) gehiago berotzen zela udan eta gehiago hozten zela neguan hegoaldea baino, Po ibaiaren eta Italiako iparraldeko beste ibai batzuen eraginpean dagoelako. Urtaroaren arabera, ur hotzak edo ur beroak non sortzen ziren lokalizatu zuen, baina, horrez gain, horien zirkulazioa ere azaldu zuen: bertikalki nahasten ziren sakonera handietan. Ezagutza horiek aurrerago ere erabiliko zituen, biologoekin eginiko ikerketetan, arrantza ereduak definitzeko. Are gehiago, haren lanari esker, klimaren parametroen, parametro ozeanografikoen eta ekoizpen primarioaren arteko lotura ezarri zen.

Zientzialariaren beste ekarpen batek zerikusi handia du Ipar Atlantikoko baldintza meteorologikoek Mediterraneoan eta eremu adriatikoan duten eraginarekin. Mirak itsasoen arteko ur trukearen intentsitatea lotu zuen bertako mantenugaien eta gazitasunaren mailekin. Gainera, ondorioztatu zuen Ipar Atlantikoan dagoen izotza korrelazioan dagoela urruneko itsas eremuetako fenomeno jakin batzuekin. Ikuspegi hori ezinbestekoa da gaur egun, klima-aldaketaren ondoriozko Artikoaren urtzaldia dela eta. Itsasoaren eta atmosferaren arteko erlazioa ere aztertu zuen, eta Adriatikoaren lurrunketa mailak kalkulatu zituen.

Mira Zore2. irudia: Itsaso Adriatikoa. (Iturria: Mujeres Conciencia)

1970eko hamarkadan IOFk itsasoko kutsaduran interes fokua jarri zuenean, gure ozeanografoak dena eman zuen kostaldeko ikerketan. Isurien fluxuen eta korronteen eragina aztertu zuen, eta epe luzeko datuen analisi batean, frogatu egin zuen kostaldean eginiko isuriek zer-nolako eragina zuten itsas zabalean. Guztira, ingurumenari lotutako hamazortzi proiektu zuzendu zituen. Horien artean, zentral nuklear bati buruzko bat eta gas eta petrolio miaketei buruzko beste zenbait. Eta Adriatikoan gerta zitezkeen tsunamiei buruzko hipotesi bat ere aurkeztu zuen.

1976. eta 1978. urteen artean, Ozeanografia eta Arrantza Institutuko zuzendari izendatu zuten, baina lanpostuak ez zuen ase. Zientzia egiten jarraitzea nahiago zuen. Aurretik adierazi dugunez, oso karrera emankorra izan zuen. Horren erakusle dira hark idatzitako 64 zientzia artikuluak, kongresuetarako 38 komunikazioak, 81 artikulu profesionalak eta dibulgaziokoak, 5 liburuak eta konferentzietako apunteak. Hamarkada horretan, prestigiozko aditu gisa deitu zuten mundu osoko ekitaldietan (Unesco, NATO, Royal Society britainiarra…), eta bi aldiz izendatu zuten Nazioarteko Ozeanografia Fisikoko Batzordeko presidenteorde.

Dibulgatzaile handia

Ikertzaile gisa ekoizpen handia izan zuen, baina garrantzi handia eman zion, halaber, maite zuen diziplinaren prestakuntzari eta dibulgazioari. Buljanekin ozeanografiari eta itsas meteorologiari buruzko Bigarren Hezkuntzarako testu liburu bat argitaratu zuen, bokazioak sustatzeko helburuarekin. Itsas ikasketak egiten zituztenentzako apunteak ere idatzi zituen. Horrez gain, Itsas Fisikako irakasle ere izan zen Zagrebeko Unibertsitatean, eta udako ikastaroak ere ematen zituen bere herrialdean bertan eta atzerrian. 1976tik aurrera, IOFren Acta Adriatica argitalpeneko editore ere izan zen. Eta, esan beharra dago, bere zuzendaritzapean, ozeanografia mediterraneoari buruzko aldizkaria nazioartean ezaguna egin zela. Izan ere, 1989an erretiratu bazen ere, bertan artikuluak argitaratzen jarraitu zuen. Honela esan ohi zuen:

Ezin da bulegoko ozeanografoa izan; landa-lanak egin behar ditugu!

Bere herrialdean izandako aldaketa politikoen aurrean, Mirak defendatu zuen zientzia bazter utzi behar zela. “Urrun gera daitezela lobbieak. Haientzat dena da Adriatikoa babestea baino garrantzitsuagoa”, salatzen zuen. Kroaziako gerrak dezepzionatuta, 90eko hamarkadan etorkizunari begirako pesimismoa adierazi zuen, baina konfiantza zuen Kroazia independentea zenean Adriatikoaren aberastasuna ordura arte baino hobeto babestuko zela. Tamalez, ez da hala izan.

Senarra hil ondoren, Split utzi eta Opatijara lekualdatu zen bere ahizparekin. Eta han bizi izan zen bere azken urteetan, 2012ko apirilaren 8an zendu zen arte. Bere memorietan jasota utzi zuen hark idatzitako zientzia artikuluek etorkizunean izango zuten eraginari buruz pentsatzen zuena. Uste zuen artikulu asko idazten zirela, baina “gutxik irakurtzen zituztela hamar urte edo gehiago igarota”, ez baziren “goi-mailako jeinuek” idatzitakoak. “Nire karreraren amaieran, iruditzen zait idatzitako guztiak ez duela balio handirik, apenas ezer baino apur bat gehiago. Zenbat urtetan ahaztuko da?”, idatzi zuen. Hala ere, Miraren ikerketak gaur egun ere maiz aipatzen dira. Eta bere lanbidea sutsuki defendatzeagatik eta gazteekin izandako inplikazioagatik ere gogoratzen dugu.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan espezializatutako kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 16an: Viaje al fondo del Adriático con Mira Zore-Armanda.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Bidaia Adriatikoaren hondora Mira Zore-Armandaren eskutik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Galileo: Izarren mezularia

Jue, 2024/05/09 - 09:00

Galileo Galilei italiar matematikari, fisikari eta astronomoa izan zen. Pisan jaio zen 1564ean, eta gaztetatik interesa azaldu zuen zientziaren eta artearen esparru askotan.

Galileok Aristotelesek ezarritako hainbat ideia eta uste baliogabetu zituen fisikaren eta astronomiaren ingurukoak, besteak beste, zerua aldagaitza zenaren ustea.

Teleskopio bat eraiki zuen eta Ilargiaren behaketak egin zituen, bai eta Eguzki-sistemako planeta batzuenak ere. Hala ondorioztatu zuen Ilargiak mendiak zituela eta Jupiterren bueltan beste hainbat ilargik orbitatzen zutela. Saturnoren eraztunak ere ikusi zituen bere teleskopioarekin.

Galileo1. irudia: “Galileo: Izarren mezularia” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Hain zuzen ere, tresna berritzaile horrekin egindako lehen azterketen emaitzak eta ondorioak Sidereus Nuncius liburuan idatzi zituen, latin modernoz “Izarren mezularia”. 1633an elizak epaitu egin zuen heresia eta eskritura santuari aurka egitea leporatuta, eta etxean itxita bizitzera kondenatu zuten eta lan gehiago argitaratzea debekatu zioten. Hala ere, mugimenduari buruzko esperimentuekin jarraitu zuen.

Galileo2. irudia: “Galileo: Izarren mezularia” komikian Galileo Galilei matematikari, fisikari eta astronomoaren bizitzaren berri izango dugu. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Zientzialariak” komiki-sortaren ale honetan ikusiko dugu, zelan Galileok gogor lan egin zuen garaiko uste okerrak gizartean zabaltzen eta zientzia aurreiritzietatik aske izan behar dela aldarrikatzen.

“Galileo: Izarren mezularia” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren parte da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea dute helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere lotu nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Galileo: Izarren mezularia
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-16438-60-0

The post Galileo: Izarren mezularia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gatzezko glaziarrak Merkurion

Mié, 2024/05/08 - 09:00

Glaziarretan pentsatzen dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza klima polarra edo goi mendikoa da; horregatik, artikulu honen izenburua nahasgarria izan daiteke, nahasten dituelako, alde batetik, Merkurio planeta, Eguzkitik hurbilen dagoena, eta glaziar hitza. Egia da han ere izotza aurki dezakegula beti itzaletan dauden kraterretan, baina hori beste kontu bat da.

Gatzezko glaziarrak ez dira izotzezkoak bezain ohikoak, eta, agian, horregatik pasatzen dira oharkabean publiko ez espezialistarentzat. Baina horregatik ez diote uzten benetan fenomeno liluragarria izateari. Eta, hain zuzen ere, beste glaziarrekin duten sekulako antzagatik hartzen dute izen hori. Bide batez, ur izotzez osatzeaz gain, nitrogeno izotzez ere osa daitezke; halaxe gertatzen da, esate baterako, Plutonen.

Baina, zer dira benetan? Imajina dezagun izotzezko glaziar bat. Glaziarretan elurra poliki-poliki konpaktatzen doa eta  izotz bihurtzen da, eta, bere pisuak berak sortzen duen presioak eta eta grabitateak, izotz masa horiek poliki-poliki isurtzea eragiten du, ibai likatsu bat balitz bezala. Bada, gatzezko glaziarretan antzeko zerbait gertatzen da, baina gatzekin, eta ez izotzarekin.

gatzezko1. irudia: domoa eta gatzezko glaziarra Zargrosen, Iranen. Eskalaren ideia bat egin dezagun, alde luzeenetik —ipar-mendebaldetik hego-ekialdera doana— hamabost bat kilometro daude, eta horietan glaziar baten izotz fluxua gogorarazten diguten formak ikus ditzakegu. Sentinel 2 satelitearen irudia, Europar Batasuneko Copernicus Programaren eskaintza. (Irudia: NASA eta SVSrek eskainia)

Gatzak izotzaren modu antzekoan joka dezake, baldintza jakin batzuetan: Gatz estratuak beste harri geruza batzuen azpian lurperatuta geratzen direnean, jasaten dituen presio itzelen eta Lurraren sakonean dagoen tenperaturaren ondorioz, baliteke hori ere fluido likatsu bihurtzen hastea (eskala geologikoan) eta jariatzen hastea. Askotan egitura diapirikoak eratzen ditu, azalean gora egin behar duen gatz tanta erraldoi bat balitz bezala. Labazko lanparetan ikusten dugunaren antzekoa da, non parafina hondoraino iristen denean, berotu eta igotzen hasten den.

Gure planetan, gatzezko glaziarrak konposatu horien metaketa handiak dauden lekuetan agertzen dira. Beren testuinguru geologikoagatik, geruza horiek gorantz migratzera behartzen dituzte, batzuetan goiko harri estratuak hautsiz. Gatza lurrazalera iristen denean, jariatzen has daiteke, paisaia estaliz, eta zenbaitetan hainbat kilometrotako glaziarrak sortzen dira.

Merkuriorako azken misioek agerian utzi zuten sublimazio zeinuak adierazten zituzten forma batzuk zeudela azaleran–hau da, solido bat egoera gaseosora pasatzea likidotik igaro gabe–, eta horrek frogatuko luke planetan elementu lurrunkor ugari daudela. Duela hamarkada batzuk arte komunitate zientifikoak ez zuen halakorik planteatu ere egiten, Eguzkitik oso gertu zegoelako.

Azaroan The Planetary Science Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek glaziar horien presentzia aztertzen du, bi eremutan zentratuz: Raditladi inpaktu arroan eta Borealis Chaos-en, Merkurioren ipar poloaren inguruan… baina, nola sortu dira planeta horretan?

gatzezko2. irudia: Raditladi inpaktu arroaren hondoko sakonuneak, MESSENGER zundak behatuak. Eremu zuriak dira horiek eta uste da elementu lurrunkorren galeraren ondorioz sortu zirela. (Irudia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Carnegie Institution of Washington-ek eskainia)

Ikerketak iradokitzen duenez, asteroideen inpaktuak lurrunkorretan aberatsak ziren geruzak (VRL, ingelesezko terminologiaren arabera) azaleratu zituztenean sortu ziren glaziar horiek. Geruza horiek elementu lurrunkorrak sublimaziotik babesten zituen azaleko geruza baten azpian zeuden (adibidez, sumendien erupzioen labaz osatutako geruzak). Presioa askatu ondoren, geruza horietako materialek kanporantz jaria zitezkeen, gure planetako gatzezko glaziarrak bezala mugituz, une horretan Merkurioren gainazalean zeuden tenperaturen araberako denbora eskala batean.

Zer konposizio dute glaziar horiek? Ikerketako zientzialariek planteatzen dutenez, nagusiki halitaz osatuta egon litezke –gatz arrunta edo mahaikoa fabrikatzeko erabiltzen dugun minerala–. Izan ere, haien propietateek eta tenperaturen aurrean duten erreakzioak haien likatasuna eta erresistentzia baldintzatzen dute, eta Merkurion ikusten diren formak azal ditzakete.

Beste gai interesgarri bat ere jorratzen da lanean: Nondik ateratzen dira VRL horiek Merkurion? Planetako atmosferaren kondentsazio oso baten emaitza izan litezke? Jadanik ez duen jatorrizko atmosferaz ari gara, noski, planeta “jaio” (jaiotza sensu latoan ulertuta) ondorengo lehen une horietan sortua. Garai hartan, jarduera bolkanikoa hain indartsua zen, ezen sumendien bidezko degasifikazioak atmosfera iragankorra izateko aukera ematen baitzion Merkuriori. Eta faktore horri lurrunkorretan aberatsak ziren gorputzen talka gehituta, nolabaiteko indarra zuen atmosfera bat sortzea ere ahalbidetuko zen.

gatzezko3. irudia: lurrunkorrek utzitako sakonuneen edo hutsuneen beste perspektiba bat –orain koloretan– espaziora ihes egin ondoren, MESSENGER zundak behatuta. (Irudia: NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Carnegie Institution of Washington-ek eskainia)

Teorian, atmosfera hori Merkurioren gainean kondentsatzen hasi zen gau luzeetan (pentsatu behar da Merkurioren egunak 176 egun irauten duela), eta elementu lurrunkorrak gainazalean metatzea eragin zuen. Izan ere, tenperatura baxuak egongo lirateke, eta leku batzuk labazko isurketa berriek edo erregolitoaren eraketak berak estaliko zituzkete. Garrantzitsua da aipatzea gure planetan normalean halita jatorri sedimentarioko minerala dela, baina sumendiek ere bota dezaketela mineral hori. Hain zuzen ere, hori izango litzateke Merkurioko VRLetan dagoen halitaren jatorri probableena.

Kondentsazio atmosferikoko aldietan, litekeena da Merkurio gainean ur likidoko edo superkritikoko lakuak edo itsaso ez oso sakonak egotea, gatzak depositu horiek osa zitzala ahalbidetuko zuena. Harrigarria gerta dakiguke, Merkurio Eguzkitik hurbil dagoela pentsatzen badugu, baina, zalantzarik gabe, teoria interesgarria da ikusten duguna azaldu ahal izateko.

Azkenik, egileek geruza horien potentzial astrobiologikoa ere azpimarratzen dute. Izan ere, gure planetan eremu bizigarriak sortzeko gai dira, baita lekurik babesgabeenetan ere. Horrez gain, gure Eguzki Sisteman biomarkatzaileak babesteko duten potentziala ere aztertu beharko litzateke, etorkizunean egin beharreko misioei begira, baita gure Eguzki Sisteman ere.

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 13an: Un trocito de planeta dentro de otro planeta.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Gatzezko glaziarrak Merkurion appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Burmuinik gabe ikasten duten onddoak

Mar, 2024/05/07 - 09:00

Haur baten ideia burugabea dirudi, baina benetako esperimentua da; benetan bitxia. Eta esperimentuarekin lortutako emaitzak are bitxiagoak izan ziren. Oztopo-zirkuitu bat diseinatu zuten onddo lirdingatsu batentzat, eta zirkuitu horretan nola mugitzen zen ikusi zuten. Emaitzak ikusita, ikertzaileek ondorioztatu zuten onddo horrek ikasi egiten zuela, burmuinik izan gabe.

burmuinik1. irudia: Physarum polycephalum onddoa egoera naturalean. (Argazkia: Ken. Iturria: flickr)

Ikasteko gaitasuna inteligentziarekin lotzen da, eta ondorioz, nerbio-sistemaren garapenarekin eta burmuinaren konplexutasunarekin. Baina zerbait “ikastea” prozesu askoz ere sinpleagoa izan daiteke, eta hala frogatu zuen Physarum polycephalum onddo lirdingatsuak. Onddo hori bizidun zelulabakarra da, baina hainbat zentimetro karratuko azalera estali dezake pseudopodo izeneko egitura batzuen bidez. Pseudopodo horiekin mugitu egiten da onddoa, lau zentimetro orduko abiadura maximoan. Egitura horiek ematen die, hain zuzen ere, lirdingatsuaren izana eta izena.

Onddo txundigarria

Aipatutako esperimentuaren aurretik ere zientzialariak erabat txundituta zeuzkan onddo horrek. P. polycephalum-ek, bere pseudopodoak mugiaraziz, bidea topatu dezake labirinto batean zehar, nutrizio-erronka konplexuak konpondu ditzake, eta hainbat gertaera aurreikusteko gai ere bada. Antza, ez da beharrezkoa burmuinik izatea gaitasun horiek izateko. Baina onddo lirdingatsu horri ikusi zaion azken trebetasuna zera da: bi onddoren artean informazioa transmititzeko gaitasuna izan dezaketela. Pseudopodoak bi ordu inguruz fusionatzen badituzte, batek ikasitakoa besteari erakusteko gai direla uste da.

Esperimentuak, esan bezala, haurrentzako joko bat eman dezake, baina emaitzak ikusita, merezi du seriotasun pixka bat. P. polycephalum espezieko hainbat onddo esperimentazio eremu batean sartu zituzten, non zubi bat zegoen eta, zubiaren beste aldean, janaria. Hasiera batean, denek gurutzatzen zuten zubia jatera joateko. Baina gero, onddo horietako batzuei gatza bota zieten zubiaren gainean. Gatza uxagarria da onddo lirdingatsu horrentzat, baina izatez, ez dio kalterik egiten. Hala, hasieran ukatzen bazuten ere, denborarekin onddoak zubia gurutzatzen hasi ziren, gatzari jaramonik egin gabe.

burmuinik2. irudia: Physarum polycephalum onddoaren kultiboa. Olo-malutak jaten ari da pseudopodoen bitartez. (Argazkia: Tim Tim. Iturria: Wikimedia Commons)Fusionatu eta ikasi

Honaino aurkikuntzaren lehen atala, txundigarria bada ere, ez baita guztia. Esperimentuaren bigarren fasean, zubi gatzatua gurutzatu beharra izan zuten onddoei “esperientziarik gabeko” onddoekin erlazionatzen utzi zieten pseudopodoen bitartez. Eta batzuk fusionatu egin ziren. Gatzarekin ohitutako onddo batzuk ohitu gabeko beste batzuekin fusionatu ziren, baina talde berekoak zirenak ere fusionatu ziren beren artean. Gero, zubiaren proba jarri zieten berriro. Onddo ezberdinen jarrerak behatuta, ikertzaileek zera ikusi zuten: aurrez gatzarekin ohitutako indibiduo batekin fusionatu ziren esperientziarik gabeko onddoek denbora gutxiago behar zutela zubi gatzatua gurutzatzeko, esperientziarik gabeko bi onddoen fusiotik eratorritako onddoek baino.

Oraindik ez dakite zein den informazio-truke horren azalpen biologiko zehatza, baina zalantza hori alde batera utzita, Physarum polycephalum onddoak hainbat ideia berritzaile iradoki ditu: lehenik eta behin, onddoek ikasteko gaitasuna izan dezaketela; bestetik, ikasketa-mekanismoak nerbio-sistemen sorrera baino lehenagokoak izan daitezkeela; eta azkenik, burmuinik gabe ere ikasteko gaitasuna izan daitekeela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sun, Yahui. (2017). Physarum-inspired Network Optimization: A Review.

Vogel, D. & Dussutour A. (2016) Direct transfer of learned behaviour via cell fusion in non-neural organisms. Proceedings of the Royal Society B, 283. DOI: 10.1098/rspb.2016.2382

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Burmuinik gabe ikasten duten onddoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas