Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 56 mins 56 segs

Zirkularki polarizatutako argia igortzen duten molekula kiralak

Vie, 2024/08/30 - 09:00

Kiraltasuna nonahiko fenomenoa da naturan zein unibertsoan. Bizidunen organismorako ezinbestekoak diren hainbat biomolekula; hala nola, proteinak edo azido nukleikoak, kiralak dira, eta ezaugarri horrek hainbat prozesu fisiologikoetan parte hartzen du erantzun desberdinak sorraraziz enantiomeroaren arabera.

zirkularkiIrudia: (a) Dikroismo zirkularraren (DZ) eta (b) zirkularki polarizatutako lu-miniszentziaren (ZPL) oinarrizko fenomenoak molekula kiraletan, kuantifikazio-rako erabiltzen diren disimetria faktoreen kalkuluarekin batera (gabs eta glum, ab-sortzio eta igorpen prozesuetarako, hurrenez hurren). Laburdurak ekuazioetan: ɛ absortzio molarra da eta argia xurgatzeko ahalmena neurtzen du; I igorritako argi intentsitatea da. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Kiralak diren molekuletan, egitura bera eta bere ispilu irudia ezin dira gainezarri, eta beraien artean enantiomeroak dira. Bi egitura ezberdin dira eta bi portaera ezberdin dituzte argi polarizatuaren aurrean. Hori dela eta, molekula kiralak zirkularki polarizatutako argiaren aurrean aktiboak dira eta eskuinerantz edo ezkerrerantz bihurguneak eginez hedatzen diren izpiak bereizteko gai dira. Fenomeno horri dikroismo zirkularra (DZ) deritzo eta bere disimetria ahalmena kuantifikatzeko gabs terminoa erabiltzen da.

Zirkularki polarizatutako luminiszentzia

Horretaz gain, molekula kiral batzuk, zirkularki polarizatutako argia xurgatzeaz gain, zirkularki polarizatuta dagoen argia norabide zehatz batean igortzeko gai dira, eskuinerantz edo ezkerrerantz. Igorpen fenomeno horri zirkularki polarizatutako luminiszentzia (ZPL) deitzen zaio eta glum termino anisotropikoaren bidez kuantifikatzen da. Bi ezaugarri horien artean, ZPL fenomenoak arreta handia jaso du azkenaldian gailu fotoniko aurreratuak (hiru dimentsioko pantailak, argi igorle diodoak eta laser) garatzeko, telekomunikazioan informazioa gordetzeko eta prozesatzeko (spintronika), eta bioteknologian sentsore enantioselektibo moduan jarduteko. Horrexegatik, nanozientzietako eta kimikako baliabideak biziki aplikatzen ari dira ZPL-aktiboak diren molekula zein materiala kiralak garatzeko.

ZPL-a sortzeko estrategia desberdinak daude. Horien artean, egoera kitzikatuan kiralitatea eta luminiszentzia duten sistemak dira ohikoenak. Molekula hauen artean, lantanido konplexuak oso eraginkorrak dira glum balio handiak (10-1-10-2 inguru) erakusten dituztelako. Izan ere, lantanidoetan oinarritutako konposatu hauetan aktiboa den trantsizio elektronikoa, elektronikoki debekatuta baina magnetikoki baimenduta dago, eta horixe bera glum handiak lortzeko ezinbesteko baldintza da. Hala ere, azken ezaugarri horrek igorpen ahalmena nabarmen murrizten du. Ondorioz, lantanido konplexuen fluoreszentzia oso baxua da eta, beraz, bere ZPL distira (BZPL) eskasa.

ZPL distira hobetzeko tamaina txikiko molekula organikoak aproposak izan daitezke. Molekularen tamaina zirkularki polarizatuta dagoen argiaren helizearen bidea baino txikiagoa da, eta ondorioz, nahiz eta glum baxuagoa izan (10-3 inguru), fluoreszentzia igortzeko ahalmen handia izan dezake. Hala,  ZPL distira onak eman ditzake. Gainera, ez dira toxikoak, merkeak dira eta euren egitura molekularra erraz alda daiteke beharren arabera. Azken ezaugarri hori oso garrantzitsua da, molekularen ezaugarri fotofisikoak zein kiroptikoak erreakzio kimikoen bidez eraldatu baitaitezke. Hala ere, diseinu erronka handia da bi arrazoirengatik, nagusiki: batetik, glum eta fluoreszentzia eraginkortasuna (f) handitzeko behar diren baldintzak guztiz kontrakoak dira eta, bestetik, ZPL distira areagotzeko glum eta f-ren arteko oreka bat lortu behar da.

Kromoforoak, aukera posibleak

Gaur egun, ZPL konposatu ohikoenak BINOL (1-1´-binaftilo-2-2´-diol) eta helizeno (konposatu aromatiko poliziklikoak dira orto posizioaren bidez kondentsatuta daudenak) molekulen eratorriak dira. Biak atropoisomeroak dira, euren enantiomeroen arteko elkar bihurtze langa energetiko handia delako egitura molekularraren zurruntasuna dela eta. Baina hainbat desabantaila badituzte. Alde batetik, BINOLaren absortzioa eta igorpena ultramore zonaldean dago, eta aplikazio fotonikoetarako batez ere ikusgaiko alde gorrirantz optikoki aktiboak diren molekula kiralak behar dira. Bestetik, helizenoen kasuan, sintesia luzea, konplexua eta garestia da.

BOro-DIPYrrometenoan (BODIPY) oinarritutako kromoforoak hautagai egokiak izan daitezke aurreko arazoak gainditzeko. Bere sintesia erraza eta azkarra da. Gainera, hainbat erreakzioren bidez funtzio-talde ezberdinak erantsi daitezke, eta bide batzez  kromoforoa propietate fotoniko berriekin hornitu daiteke. Izatez, BODIPYa ez da kirala, dipirrometeno kromoforoa laua baita eta molekula simetria planoa baitu, baina aldaketa molekular aproposak eginda ZPL seinalea lortu daiteke.

Gure ikerketa-taldean, BINOL eta helizeno molekuletan oinarritu gara BODIPY kiralak garatzeko. Alde batetik, helizenoa abiapuntutzat hartuta, helikoBODIPYak sortu dira. Horiek eraikitzeko, bi BODIPY kromoforo elkartu dira difeniletilendiamina zubiaren bidez eta helize antzeko konformazioa inposatu da. HelikoBODIPYen zubian oztopo esterikoa areagotu ahala helizearen konformazioa hedatzen da eta gabs parametroa hamar aldiz handitzea lortu da, eta glum balioa bikoiztea ikusgai zonaldean (500-550 nm). Bestetik, BINOLa aitzindari kiral gisa ezagutzen denez, ikusgaiko zonalde gorrian fotoaktiboa den BODIPY molekulari boro zubiaren bidez erantsi zaio, BINOL-O-BODIPYak lortuz. Nahiz eta glum txikiagoa eduki, absortzio eta fluoreszentzia sendoagoak dituzte 800 nm-arte eta ZPL distira nahiko ona da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Argi polarizatu zirkularra igortzen duten molekula kiral adimendunak
  • Laburpena: Modu zirkularrean polarizatuta dagoen argia xurgatzeko eta batez ere igortzeko gai diren molekula zein material kiralen garapena egungo gaia da kimikan eta materialen zientzietan. Izan ere, biomolekula ugari kiralak dira eta haien portaera nabarmen aldatzen da molekularen konfigurazioaren arabera. Hori dela eta, argi polarizatua enantiomeroak bereizteko gai da, eta aldiz argi ez-polarizatuak ez du ahalmen hori. Kimika organikoaren inguruan egindako aurrerapenek kromoforo enantiomeriko puruak lortzea ahalbidetzen dute, bai eta haien oinarrizko egitura molekularraren birmoldaketa ere, dituzten ezaugarri fotonikoak hobetzeko. Segur aski, BINOLa eta helizenoa dira dikroismo zirkularra eta zirkularki polarizatutako luminiszentzia duten molekula kiral organiko ezagunenak. Hala ere, hainbat erronka gainditu behar dira haien portaera optikoa hobetzeko. Adibidez, interesgarria izango litzateke lan egiteko zona espektrala ultramoretik ikusgaiko alde gorrira eramatea eta molekula horien ahalmen fluoreszentea handitzea luminiszentzia polarizatuaren distira suspertzeko. Helburu horiek lortzeko, aproposak izan daitezke BODIPY izeneko koloratzaileak, duten kimika eta egitura aldakorrari esker aldaketak egin daitezkeelako egitura molekularrean eskaera kiroptikoen arabera. Hain zuzen ere, lan honetan BODIPY kromoforoan oinarrituta garatutako bi estrategia aurkezten dira kiraltasun moldagarria lortzeko; helikoBODIPYak eta BINOL-O- BODIPYak. Hurrengo lerroetan eztabaidatu egiten dira diseinu molekularraren motibazioa eta sistema optikoki aktibo gisa jarduteko dituen gaitasunak.
  • Egileak: Ainhoa Oliden-Sánchez, Natalia Casado, Edurne Avellanal-Zaballa, Rebeca Sola-Llano, Leire Gartzia-Rivero eta Jorge Bañuelos Prieto
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 191-207
  • DOI: 10.1387/ekaia.24861
Egileez:

Ainhoa Oliden-Sánchez, Natalia Casado, Edurne Avellanal-Zaballa, Rebeca Sola-Llano, Leire Gartzia-Rivero eta Jorge Bañuelos Prieto UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Zirkularki polarizatutako argia igortzen duten molekula kiralak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (4): hirukote bila

Mié, 2024/08/28 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure laugarren ariketa:

Aurkitu zenbaki arrunten (a, b, c) hirukote guztiak ekuazio hauek betetzen dituztenak:

ab + bc = 44,      ac + bc = 23

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

hirukote(Argazkia: Luisa Frassier – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (4): hirukote bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Arroparen garrantziaz pare bat apunte

Lun, 2024/08/26 - 09:00

Adi, udan gaude eta! Eta udan gaudela kontuan izanik, suposatzen dut topera ibiliko zaretela nekazalfitnessarekin. Ezta? Ez nuen gutxiago espero. Jakinda nahikoa kirol egiten ari zaretela eta garaiko barazkiak ekoitzi eta kontsumitzen ari zaretela, goazen gaurko gaira.

arroparen1. irudia: estimatzen da munduko kutsaduraren % 10 modari dagokiola. Arropa asko, kalitate baxukoa eta merkea kontsumitzen dugu. (Argazkia: stevepb – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Galdera: udara begira, armairu-aldaketa egin duzue? Neguko arropa lodi eta beroa gorde eta udako arropa freskoa atera? Zenbaitek egingo zenuten eta, beste batzuek, mahuka motzekoa armairuaren aurrealdean jarri eta mahuka luzekoa atzeko partera bidali baino ez.

Lasai, ez nator armairufitness edo horrelako ezer aholkatzera. Ez dizuet esango zer jantzi eta zer ez ere, lasai horrekin. Modaz ezer gutxi eta estilo eta glamourraz are gutxiago baitakit. Bestela… Tira, eta horretaz gain, atal honen gaia zientzia delako. Hortaz, zientziak arroparen inguruan egindako pare bat ikerketa dakartzat gaurkoan.

Eta, hasteko, goiko galderarekin lotura zuzena duen gaiari helduko diogu. Armairu-aldaketa egin behar izan duzue? Arropa andana duzuen seinale. Ez nator arropa asko duen jendea kritikatzera, e!

Kontua da moda azkarraren, fast fashion delakoaren, garaian bizi omen garela: arropa asko, kalitate baxukoa eta merkea kontsumitzen dugu. Eta horrek eragina du hainbat esparrutan, ekonomikotik hasi eta klima-aldaketaraino.

Izan ere, estimatzen da munduko kutsaduraren % 10 modari dagokiola. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek egindako artikuluaren arabera, 2000. urtetik biztanleria baino gehiago hazi da ehungintza industria: orain, marka arrakastatsuek merkaturatzen zituzten bildumen bikoitza merkaturatzen dute. Laburbilduz, arropa asko egin eta saltzen da eta horrek inpaktu handia du.

Zenbat eta 1.700 milioi tona CO2 baino gehiago sortzen du urtero modaren industriak. Eta ez hori bakarrik, 79 trilioi ur litro inguru kontsumitzen ditu. Geldiunetxoa hemen zifra hau ondo ulertzeko: 79 trilioi. Ez milioi, ez bilioi. Trilioi. Urtean.

Ur asko erabiltzen du, beraz. Gero eta eskasagoa den ura. Erabiltzeaz gain, uraren kutsadura industrialaren % 20 ere dagokio. Eta urarekin jarraituz, ozeanoetan metatzen den mikroplastikoaren herena inguru modaren jarduerari egotzi dakioke. 190.000 tona. Tona, bai, urtean.

Pentsa genezake arropa gutxiago erosita klima-aldaketaren aurkako gure harri-koxkorra jartzen gabiltzala. Eta bagabiltza. Daukagun arropa garbitu, garbitu behar dugu, baina. Eta, gehienok, garbigailua erabiltzen dugu. Atzean geratu baita ibaira jaitsi eta latsarriarekin garbitzeko garaia.

Beno, ba ez naiz ni pesimista eta ez dut gustuko kontu guztietan arazoak ikusten dituen jendea. Baina. Eta baina bat bazetorrela bazenekiten, ez dakit zertara datorren harridura aurpegia. Arropa garbitzeko kolpe eta mugimendu nahikotxo egiten ditu garbigailuak eta, horren ondorioz, arroparen mikroplastikoak askatzen dira. Ur-sistemaren bidez itsasoan bukatzen duten mikroplastikoak.

Eta pentsatuko duzue: zer egin behar dugu orduan? Biluzik ibili? Ba, nik, pertsonalki, ez dut arazorik biluztasunarekin. Hotza berriro datorrenean, komeriak, hori bai.

Kantitateari erreparatzeaz gain, arroparen nolakotasuna eta horren ondorioak ere aztertu ditu zientziak. Esperimentua egin dute Estatu Batuetan arropa motarekin lotuta eta emaitza bitxiak eman ditu. Ezetz asmatu zer argitu duten.

Eskatzeko, eman itxura beharrik ez duzula

Laguntzatxo bat: karitatearekin lotuta dago. Tira, ba: esperimentuan etxe gabeko jendearen alde dirua emateko jendeak duen prestutasuna neurtu nahi izan dute eta, horretarako, bi ahalegin egin dituzte: lehenengoan kamiseta eta bakeroak jantzita dituen pertsona jarri dute diru eske eta bigarrenean pertsona bera, baina trajea daramala.

arroparen2. irudia: ikerketa batean pertsona bera jarri zen dirua eskatzen kale jendetsuetan, batean trajez jantzita, eta beste behin kamiseta eta bakeroekin. (Argazkia: Callaghan, B. et al. (2022). Iturria: Frontiers in Psychology)

Zeinek uste duzue diru gehiago eskuratu duela? Lehen ere esan dut emaitza bitxia zela, baina, zer uste duzue gertatu dela? Tartekia laguntza handia da: oinezkoek diru gehiago eman diote trajedun pertsonari.

Bai. Bankuan kreditu bat eskatu nahi duzunean diru faltarik ez duzula erakutsi behar den bezala (hala dio txisteak), donazioak hartzeko ere, hala erakutsi behar omen da. Edo, agian, trajeari profesionaltasuna edo seriotasuna atxikitzen zaizkio. Batek daki.

Izan ere, eske ibili den pertsonak ez du berarentzat eskatu, etxe gabeko jendeari laguntzeko baizik. Bi hiritan egin dute esperimentua, New Yorken eta Chicagon. Bietan berdin: pertsona bera jarri zen eskatzen kale jendetsuetan, behin trajez jantzita eta beste behin kamiseta eta bakeroekin.

Beti emaitza bera jaso da: trajea daramala diru gehiago eskuratu du boluntarioak. Ezberdintasuna ez da txikia izan, gainera. Trajedunak diru bikoitza eskuratu du eta maizago ere eman diote dirua. Badirudi, dirua eskatzeko, elegante jantzi beharra dagoela.

Aurretik ere egin dira maila sozialari lotutako esperimentuak: zenbait ikerketak erakutsi dute gizarte-klaseari buruz ditugun pertzepzioek eragina izan dezaketela atzerritarrak ikusteko moduan. Pobrezia-zantzuek berotasun eta enpatia maila txikiagoak eragin ditzakete besteekiko. Gizaterian fedea edukitzeko modukoak ez dira aurkikuntza hauek, egia esan.

Bestelako esperimentuetan ere ikusi da estatus handiagoa dutenek laguntza gehiago jasotzen dutela, bai ekonomikoa, bai bestelakoa, maila apalagoa dutenek baino. Eta esperimentu honek ondorio beretara garamatza: ezberdintasun bakarra itxura izanik, dirua eskatzerakoan, diru gehiago eskuratzea dakar klase sozial altuagoari lotutako arropa erabiltzeak.

Noski, New Yorken eta Chicagon egindako esperimentuek ezin digute esan zer pentsatzen zuten oinezkoek dirua ematerakoan, baina aurreko esperimentuek bezala, iradokitzen dute klase sozialari erreparatzen zaiola eta horren arabera dirua emateko erraztasuna handiagoa edo txikiagoa izan daitekeela.

Eta, bukatzeko, ez zaituztet utziko esperimentuan zenbat diru eskuratu zen jakiteko gogoaz: trajea zeramala, hiru ordu eta erdian 54 dolar inguru lortu zituen boluntarioak. Eta kamiseta eta bakeroak jantzita lau ordu baino gehiago behar izan zuen 21 dolar biltzeko.

Etxegabetasuna bukatzeko funts gutxi, gizateriari buruz hausnartzeko asko.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko uztailean, 252. zenbakian.

The post Arroparen garrantziaz pare bat apunte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak, urari bidea irekitzeko tresnak

Vie, 2024/08/23 - 09:00

Uraren ziklo naturala urak naturan likido-, solido- edo gas-egoeran egiten duen zirkulazio-bide itxia da, non lurrunketaren, prezipitazioaren eta infiltrazioaren bidez, uraren zirkulazioaren oreka mantentzen baiten.

hiriIrudia: Hiri Drainatze Sistema Jasangarrien xede nagusia uraren ziklo naturala antzeratzea da. Mota askotako sistemak daude; adibidez, euri-urak biltzeko landare eta lurzoruzko geruzak dituzten teilatu berdeak. (Irudia: Chuttersnap – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Uraren lurruntze-prozesua itsasotik, aintziretatik edo ibaietatik gerta daiteke zuzenean, eta baita izaki bizidunetatik ere, transpirazioaren bidez. Ondoren, lurrunketaren bidez sortutako hodeiaren kondentsaziotik ura lurrazalera itzultzen da prezipitazioen bidez. Horrela, ura lur gainean (itsasoan, ibaietan, aintziretan, glaziarretan) nahiz lurpean metatzen da.

Garapen sozio-ekonomikoak eragindako urbanizatze-prozesuek, ordea, eragina dute ziklo naturalean. Izan ere, prozesu horiek paisaia naturala itxuraldatzen dute, iragazkorra den lurzorua iragazgaitzak diren gainazalekin (errepideak, asfaltoa…) ordezkatzen da, eta ondorioz, uraren lurzoruranzko bidea oztopatzen da. Gainazaleko uren gehiegizko pilaketak uholdeak gertatzeko arriskua areagotzen du, besteak beste.

Hirietako urak hobetzeko tresna

Azkenaldiko ikerketetan Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ) hirietako isurketa-uren bolumena murrizteko eta beren kalitatea hobetzeko tresna gisa aurkezten dira. Europan dagoeneko hasi dira sistema horien aldeko apustua egiten eta bide horretan EAE ere hasi da pausoak ematen. Sistema horien xede nagusia uraren ziklo naturala antzeratzea da, urari lurzoruranzko bidea irekiz. Mota askotako sistemak aipa daitezke: euri-urak biltzeko landare eta lurzoruzko geruzak dituzten teilatu berdeak, poroak edo hutsuneak dituzten hirietako zoladura iragazkorrak, ura bildu eta iragazteko urmaelak, eta abar [1].

Hirietako isurketa-uren kalitateari erreparatuz gero, kontuan izan behar da giza jardueraren eraginez kaleetan pilatzen den hauts edo sedimentuetan era askotako kutsatzaileak metatzen direla eta isurketa-urek kutsatzaile horiek garraiatzen dituztela. Sedimentu horien jatorria trafikoa, industria, zoladuraren eta lurzoruaren higadura, eta haizeak garraiatutako harea izaten da, besteak beste, eta kutsatzaile ohikoenak metal astunak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAH-ak) eta ongarriak izan ohi dira[2].

Kutsatzaile horiek uretan erabat disolbatuta edo suspentsioan dauden partikuletan adsorbatuta aurki daitezke eta garrantzitsua da hori kontuan hartu eta bi modutan dauden kutsatzaileak ezabatzeko metodoak garatzea. Horregatik, HDSJ-ak oro har bi prozesutan oinarritzen dira: alde batetik dekantazio-etapa izaten dute, partikula-faseko kutsatzaileak ezabatzeko, eta bestetik iragazketa-etapa, disolbatutako zein partikula-faseko kutsatzaileak ezabatzeko.

EAE-ri dagokionez, besteak beste, Legazpiko San Ignazio auzoko aparkalekuan zoladura iragazkorra eta ur-biltegi bat eraiki zituzten 2020an, Good Local Adapt izeneko proiektuaren bidez [3]. Era berean, Donostiako Txominenea auzoko aparkalekuan zoladura iragazkorra ipini zuen Donostiako Udalak, UPV/EHU-rekin lankidetza-proiektu baten bidez, 2018an. Zoladura iragazkor horiek material porotsu batez osatuta daude eta hori dela eta, gainazaleko ur-bolumena txikitzen dute eta ur horien kalitatea hobetu dezakete. Aipatutako guneek sistema horien eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen dute, HDSJ-ak zeharkatu aurreko eta ondorengo ur-laginen kalitatea alderatuz.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] CIRIA. (2015). The SuDS Manual, C75.

[2] Aryal, R., Vigneswaran, S., Kandasamy, J., Naidu, R. (2010). Urban stormwater quality and treatment. Korean Journal of Chemical Engineering ,27, 1343–1359.

[3] C-lab, https://goodlocaladapt.com (2023ko martxoan eskuratuta).

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ) eta haien eragina hirietako isurketa-uren kalitatean
  • Laburpena: Azken aldiko ikerketetan Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ) hirietako isurketa-uren bolumena murrizteko eta beren kalitatea hobetzeko tresnatzat aurkeztu dira. Funtzioaren arabera, lau multzo bereizten dira: jatorria kontrolatzen dutenak, abiadura moteltzen dutenak, biltegiratze-sistemak eta infiltrazio-sistemak. Artikulu honen helburua izan da HDSJ-ek isurketa-uren kalitatean izan dezaketen eragina ebaluatzen duten ikerketen gainbegiratu bibliografikoa egitea, eta, horrekin batera, EAEko egoera aztertzea. Isurketa-uretako kutsatzaile nagusien artean metal astunak, ongarriak eta konposatu organikoak daude. Hauek murrizteko metodoek dekantazio-etapak eta iragazketa-etapak izaten dituzte. Bi etapa horiek integratuta dituzten HDSJ-ek emaitza onak izan dituzte. Sistema ohikoenei dagokienez, zoladura iragazkorrek eraginkortasuna erakutsi dute metal astunak eta fosfatoak murrizteko, eta bioerretentzio-sistemak ere tresna interesgarriak izan daitezke, landaredia-geruzak isurketa-urak xurgatzen eta eraldatzen lagundu baitezake. Jasangarritasunaren aldeko proiektuen bidez, hainbat HDSJ ezarri dira Gipuzkoan. Esaterako, Legazpiko zein Donostiako Udalek zoladura iragazkorrak ipini dituzte zenbait aparkalekutan eta sistema horien eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematen dute, HDSJ-ak zeharkatu aurreko eta ondorengo ur-laginen kalitatea neurtu baitaiteke.
  • Egileak: Ainhoa Lekuona Orkaizagirre, Maite Meaurio Arrate, Ainara Gredilla Altonaga, Eneko Madrazo Uribeetxebarria eta Maddi Garmendia Antin
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 171-190
  • DOI: 10.1387/ekaia.24784
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak, urari bidea irekitzeko tresnak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (3): ezabatu zifra

Mié, 2024/08/21 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure hirugarren ariketa:

Zenbaki arrunt bati ezkerreko lehen zifra ezabatuta lortzen den zenbakia aurrerakoaren 29rena da (aurrekoa zati 29). Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

ezabatu(Argazkia: Anatol Rurac – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (3): ezabatu zifra appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Animaliak eta nekazalfitnessa

Lun, 2024/08/19 - 09:00

Udaberria heldu da eta goizean zer arropa jantzi asmatu ezinik gabiltzala, askori gorputza mugitzeko grina ere heldu zaigu. Eta hau lortzeko, landa eremuetan urtero-urtero modan jartzen den jarduera ere heldu da: agrofitness edo nekazalfitness delakoa. Bai, crossfita edota fitnessa bezalakoa, baina halterak erabili beharrean, aitzurra baliatuta.

nekazalfitnessaIrudia: baratzeak lantzeko garaian gaude, eta horrek ariketa fisikoa egitea (baratzearen tamainaren arabera, nahiko gogorra, gainera) eskatzen du. (Argazkia: Zoe Schaeffer – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash).

Udaberriarekin batera hasten baita baratze gehienen (neguko baratzea ere badela ezin da ahaztu) denboraldia. Ariketa fisiko sutsua aitzurrarekin: sorbaldak, bizkarra, iskiotibialak, besoak… Nekazalfitnessa, igeriketa bezala, gorputz osoa lantzeko baliagarria da.

Gizakiaz haratago

Eta pentsatuko duzue (edo ez, zeuen buruan ez bainago) gizakion kontua dela nekazaritza. Eta oker egongo zinatekete. Egia da aitzurra erabiltzen dugun bakarrak garela, hori bai. Baina zenbait animalia ere nekazaritzan ibiltzen dira.

Zein animalia pentsatzen duzue dela laboraria? Bota harrikada, ea. Bat baino gehiago dago, baina bat bereziki aipatzeko modukoa da. Gizakiak baino lehenago hasi baitzen nekazaritzan. Zein eta inurria. Bai, inurria. Eta aspalditik dabil: 50 milioi urte daramatza laborari lanetan. 50 milioi urte laborantzan. Eta artean traktorea asmatu barik.

Inurri hosto-ebakitzaileak dira, zehazki, nekazaritza baliatzen dutenak. Zelan moldatzen dira izaki ñimiño hauek landa zati bat landu eta inork laboreak ez lapurtzeko? Ba, lurpean eginda. Oso modu bitxian egiten dute, gainera. Jakingo duzuenez, eta ez badakizue hemen datua, lurpeko habiak egiten dituzte inurriok. Tira, ba, habi horietan garatzen dute haien eginkizun nekazaria.

Beno, egia esan habiatik kanpo hasten da prozesua. Kanpoan dauden landare batzuen hostoak ebakitzen dituzte (bai, hortik datorkie izena) eta hosto zati horiek habiara eramaten dituzte. Eta zer egiten dute orduan? Hosto zati horietan onddoak hazi. Inurriak eta haien larbak elikatzeko onddoak.

The last of us dela eta zeharka begiratzen diegu onddoei, baina, badirudi gure inurriek kontrolpean dutela kontua. Bakterio batzuk baitituzte tegumentuan (azalaren baliokidea inurrietan) eta bakterio horiek onddo-infekzioen aurkako substantziak sortzen dituzte. Aitzurrik eta traktorerik ez, baina sistema konplexua sortu dute 50 milioi urtean inurri hauek.

Ez dira nekazaritzan ibiltzen diren animalia bakarrak, dena den. Ezta lehenak ere. Hortxe ditugu kakalardoak. Ez kakalardo guztiak, noski. Kakalardo pilotagileek badakigu nekazaritzan baino gorotz artean ibiltzen direla. Bakoitzak berea. Badago nekazaritzan dabilen kakalardo mota bat, baina. Eta izen zoragarria du, gainera: anbrosia kakalardoa.

Hauek ere onddoak laboratzen dituzte; gainazalean kasu honetan, baina. Zuhaitzetan, hain zuzen. Enborra zulatu eta zuloan, haien arrautzekin batera, anbrosia onddoaren (bai, izen bera dute) esporak zabaltzen dituzte. Kasu honetan ere, bai helduek bai larbek jango dute onddoa.

Kakalardoen kasuen alde deigarriena, dena den, zera da: nekazaritza-praktika hauekin noiz hasi ziren. Izan ere, azken kalkuluen arabera, duela 100 milioi urte hasi ziren. Eta hauek ere lana errazago egingo duen lanabesik asmatu gabe.

Nekazalfitnessaren eragina

Eta artikuluaren hasierari begira pentsatuko duzue, zer zerikusi demontre dute nekazalfitness delakoak eta orain arte animalia nekazarien inguruan kontatutakoak? Bat ere ez, aitortu behar dut gaitik pixka bat desbideratu naizela, baina bazkalosterako gai polita eman dizuet. Ez horregatik!

Orain bai, nekazalfitnessean buru-belarri sartzera goaz. Hasieran esan bezala, baratzeak lantzeko garaian gaude eta horrek ariketa fisikoa egitea (baratzearen tamainaren arabera, nahiko gogorra, gainera) eskatzen du. Nahiz eta kakalardoek eta inurriek ez bezala, lana errazteko tresnak asmatu ditugun.

Denboraldi honetan egiten den ariketa fisiko kantitatea kontuan izanik, pentsa liteke baratzeetan dabiltzanak sasoi-sasoian egongo direla udarako (eta hondartzarako). Baina ez. Edo ez du zertan, behintzat. Batzuk egongo dira eta beste batzuk ez.

Eta zelan da hau posible? Ariketa gehiago egiteak kaloria gehiago erretzea dakar eta, beraz, sasoia hobetzea, ezta? Ba… Ez da hain erraza. Kenketa erraz moduan azaldu ohi dugu metabolismoa: sartzen diren kaloriei gastatutakoak kendu. Kenketak balio positiboa badu (kontsumitzen ditugun kaloriak gastatzen ditugunak baino gehiago badira) pisua irabaziko dugu eta kenketak balio negatiboa badu, pisua galdu.

Eta zein izaten da kaloriak gastatzeko bidea? Ariketa fisikoa egitea. Baliteke harremana hain zuzena ez izatea, baina. Azken ikerketen arabera, ariketa gehiago egiteak ez ditu kaloria gehiago erretzen. Egunero ariketa fisikoa egiten dutenek eta astean aldizka ariketa egiten dutenek kaloria kopuru berbera erretzen dutela ikusi da.

Hiru hipotesi daude hau azaltzeko, hirurak ere frogatu gabe. Batetik, pentsatzen da ariketa gehiago egiten dutenek gehiago jaten dutela, nahiz eta ez konturatu. Horrek pisuan izango luke eragina, baina ez erretako kaloria kopuruan.

Bestetik, proposatu da ariketa gehiago egiten duen jendeak egunean zehar gutxiago mugituz berdintzen duela gastua. Baina kirolean egiten den kaloria-gastua handiegia da gainerako mugimenduak murriztuta berdintzeko.

Azkenik, gorputzak kaloria-gastua modulatzen duela dioen hipotesia dugu. Haren arabera, kaloria-errekuntza maila batetik gora, gorputza moldatu egiten da eta harekin batera, kalorien gastua.

Arrazoiak arrazoi, bat datoz ikerketak azkenaldian: pisua galtzearen eta irabaztearen kontuan dietak garrantzi handiagoa du ariketa fisikoak baino. Adi hemen: horrek ez du esan nahi ariketarik egin behar ez denik, e!

Ariketa ez da pisua kontrolatzeko tresna. Edo ez soilik horretarako. Onura andana dakarkigu aktibo izateak: osasun orokorra suspertzen du, mugikortasuna eta garunaren funtzioa hobetzen ditu eta egoera kroniko askoren arriskua murrizten du, besteak beste.

Ikusitakoak ikusita, nekazalfitnessaren aldeko aldarria dakart. Gure osasunerako oinarrizkoak diren bi alderdi uztartzen baititu: aktibo mantentzen gaitu eta, gainera, dieta osasungarri ezinbestekoak diren sasoiko barazkiak eskuratzea ahalbidetzen digu. Badakizue, crossfitaren eta nekazalfitnessaren artean erabaki behar baduzue…

Erreferentzia bibliografikoak:

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia (2017). Inurri laborariak, Zientzia Kaiera, 2017ko uztailaren 6a.

Juanma Gallego (2021). Kakalardo nekazarien lan isilak milioika urte ditu, Zientzia Kaiera, 2021eko uztailaren 19a.

Teal Burrell (2019). Why doing more exercise won’t help you burn more calories, New Scientist, 2019ko urtarrilaren 16a.

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko maiatzean, 250. zenbakian.

The post Animaliak eta nekazalfitnessa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ikerketa biomedikoan animalia-ereduen erabilerari buruzko inkesta

Vie, 2024/08/16 - 09:00

Ikerketa biomedikoak gizakion osasunerako onurak sortzea du helburu. Hala ere, ikerketa-esperimentuetan gizakiak erabiltzea moralki onartezintzat jotzen da. Gainera, giza ikerketarako nazioarteko estandar etikoek diote gizakiek parte hartzen duten ikerketa medikoek animalien esperimentazioan lortutako aurreko emaitzetan oinarritu behar direla.

ikerketaIrudia: zientzialariek nahiago lukete genomikoki eraldatutako 10 tximinoren ordez genomikoki eraldatutako 1.000 sagu erabili nahasmendu neurologiko suntsitzaile baterako tratamendu baten bilaketan. (Irudia: tiburi – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

2013an, Espainiak 2010/63/EB europar zuzentaraua transposizionatu zuen bere lege-esparrura (RD53/2013). Ondorioz, helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animaliak babesteko Espainiako legedia ordezkatzean, murriztean eta fintzean oinarritzen da (3R). Printzipio horiek bultzatzen dute animaliak alternatiba ez-sentigarriekin ordezkatzea, animalien erabilera murriztea, eta esperimentuak fintzea, min eta atsekabe minimoak eragiteko moduan. Hala ere, animalien erabilera zientzia biomedikoan eztabaidagarria da oraindik.

Zer iritzi dute EHUko ikertzaileek?

Gizabanako baten animaliekiko kezka-maila, beraien kulturak, animaliekiko lehenagoko edo oraingo esperientziak eta animali espezie konkretuek eragiten dute. Ikerketa honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) laborategiko animaliekin lan egiten duten ikertzaileen iritzia jakin nahi genuen, ikerketa biomedikoetan saguen, txerrien, txakurren eta tximinoen erabileraz pentsatzen dutena ezagutzeko.

Ikerketa Helsinkiko Adierazpenak ezarritako jarraibideen arabera egin zen. Baimen informatuko prozedura eta protokolo guztiak onartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gizakiarekin Lotutako Ikerketarako Etika Batzordeak (CEISH); M10/2020/222, M10/2021/136 eta M10/2021/365. Galdeketak parte-hartzaileen informazio pertsonala biltzen zuen, generoa, adina eta hezkuntza maila.

Parte-hartzaileei honako baieztapenari erantzuteko eskatu zitzaien:

(1) Zientzialariei (saguak/txerriak/txakurrak/tximinoak) animaliei buruzko ikerketak egiten utzi behar zaie, baldin eta horrek giza osasun-arazoei buruzko informazio berria ematen badu?

(2) Zientzialariek genomikoki eraldatutako 10 tximinoren ordez genomikoki eraldatutako 1.000 sagu erabil baditzakete nahasmendu neurologiko suntsitzaile baterako tratamendu baten bilaketan, egin beharko lukete?

Erantzun posibleak: erabat ados; ados; ez ados, ez desados; desados, erabat desados, edo ez dakit.

Oro har, ados

Guztira 95 lagunek egin zuten inkesta, % 58.9 emakumetzat jotzen zuten bere burua, %28.4-k gizonezkotzat eta %12.7-k nahiago izan zuen ez definitzea. Ikasketei dagokienez partaideen %12.6 graduko ikasketak zituen, %45.3-k masterrekoak eta %42.1 doktoreak ziren (1. taula). Batezbesteko adina 31.9 ± 11.04 urtekoa izan zen.

Parte-hartzaileen %96.8 ados edo erabat ados zeuden saguen ikerketarekin, baldin eta giza osasun-arazoei buruzko informazio berria ematen bazuen, eta %1.1 desados. Txerrien ikerketari dagokionez, %87.3 ados edo erabat ados zegoen, eta %3.2 desados. Txakurren kasuan, %69.4 ados edo erabat ados zegoen, eta %18.9 desados edo erabat desados. Tximinoen kasuan partaideen %74.7 ados edo erabat ados zegoen, eta %13.7-k desados edo erabat desados. Bigarren galderari buruz, parte-hartzaileen %56-k ados edo erabat ados zeuden genomikoki eraldatutako 1.000 sagu erabiltzea genomikoki eraldatutako 10 tximinoen ordez, eta partaideen %20 desados edo erabat desados agertu zen.

Gure emaitzek agerian utzi zuten laborategiko animaliekin lan egiten duten ikertzaileak hauen erabileraren alde daudela, eta eskala filogenetikoa faktore garrantzitsua dela jendeak zenbait espezie ikerketan erabiltzeari buruz duen iritzietan. Txakurrak edo tximinoak erabiltzearen aurka zeudenen ehunekoa saguak edo txerriak erabiltzearen aurka zeudenena baino handiagoa zen. Gure aurkikuntzek iradokitzen dute moraltasun ezberdina dagoela tximuen eta saguen artean, bai eta lagun dituzten animalien (txakurrak) eta baserriko animalien (txerriak) artean ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Ikerketa biomedikoan animalia-ereduen erabilerari buruzko inkesta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileen artean
  • Laburpena: Animalien erabilera zientzia biomedikoan eztabaidagarria da oraindik. Gizabanako baten animaliekiko kezka-maila, bere kulturak, animaliekiko lehenagoko edo oraingo esperientziak eta animali espezie konkretuek eragiten dute. Ikerketa honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) laborategiko animaliekin lan egiten duten ikertzaileen iritzia jakin nahi izan zen ikerketa biomedikoetan sagua, txerria, txakurra eta tximinoa erabiltzeaz pentsatzen zutena ezagutzeko. Ikerketak 95 parte-hartzaile izan zituen guztira. Gure emaitzek agerian utzi zuten laborategiko animaliekin lan egiten duten ikertzaileek haien erabileraren alde daudela eta eskala filogenetikoa faktore garrantzitsua dela jendeak ikerkuntzan zenbait espezie erabiltzeari buruz dituen iritzietan. Txakurrak edo tximinoak erabiltzearen aurka zeudenen ehunekoa saguak edo txerriak erabiltzearen aurka zeudenena baino handiagoa zen. Gure aurkikuntzek iradokitzen dute moraltasun ezberdina dagoela tximinoen eta saguen artean, bai eta konpainia-animalien (txakurrak) eta baserriko animalien (txerriak) artean ere.
  • Egileak: Garikoitz Azkona Mendoza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 149-156
  • DOI: 10.1387/ekaia.24841
Egileez:

Garikoitz Azkona Mendoza UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Ikerketa biomedikoan animalia-ereduen erabilerari buruzko inkesta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (2): zuzenkia

Mié, 2024/08/14 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bigarren ariketa:

Irudiko zuzenki batzuen neurriak hauek dira: AB = 9 cm, BC = 14 cm, CD = 13 cm, DA = 12 cm eta BD = 15 cm. Zein da PQ zuzenkiaren neurria?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

zuzenkia

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (2): zuzenkia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Supergaizkileak, zonbiak eta sexua

Lun, 2024/08/12 - 09:00

Aurrekoan Batman eta Manbat izan genituen protagonista. Ba, oraingoan, zonbiekin ibiliko gara. The walking dead seriearekin gogoratu zarete? Are okerragoak dira dakartzadan zonbiak. Askoz okerragoak.

zonbiakIrudia: Euli ar bat, eme baten gorpuarekin elkartu nahian. Onddoa atzeko gorputz-segmentutik hazi da, eta esporak ateratzeko erabiltzen diren adabaki zuri handiak ikusten dira. (Argazkia: Filippo Castelucci. Iturria: Kopenhageneko Unibertsitatea).

Eta kontua da, berez ezin direla mugitu. Ikusi ere, zentzu hertsian, ez dute ikusten. Entzumena ez da haien gaitasunik indartsuena. Onddoak baitira. Onddoak, bai. Jaten ditugun boletusen ahaideak. Onddoak.

Beno, egia esan, haiek ez dira zonbiak, haiek dira besteak zonbiak bilakatzen dituztenak. Zonbi esklaboak sortzeko gaitasuna dute. Hori bai superboterea eta ez Manbaten ekokokapena. Nola ez izan gaizkile horrelako gaitasunarekin. Supergaizkile izan behar.

Goazen harira, baina. Gure protagonista Entomophthora muscae onddoa da eta ez pentsa supergaizkile estereotipikoa denik. Ez ditu zonbiak sortzen mundua erretzen ikusi nahi duelako. Begirik gabe ikustea zaila bailitzateke. Gure Muski onddoak ez du zonbifikazioa bere bihotzeko gaiztotasunagatik egiten. Bizirauteko estrategia du. Mundu zail eta oldarkor honetan aurrera egiteko aurkitu duen bidea da zonbiak sortzearena.

Eta gaiztotasuna ez du indiskriminatua ere, edozein ez baitu zonbifikatzen. Lasai hartu dezakegu arnasa, gizakiok salbu baikaude. Etxe-euliak dira hemen biktimak. Uda osoan inguruan dabiltzan eta neguan desagertzen diren euli horiek. Eta baten batek pozik hartuko du berria; nolabait ordaindu dezatela udan ematen duten kaparrada. Beno, epaitzeko ez gaude hemen. Baina, euliek ere beren funtzioa badute.

Kontuz, baina. Zonbifikazioa ez baita istorio honetan guztian deigarriena. Prest zaudete prozesuaren nondik norakoak ikasteko? Gure Muski onddoak egiten duena zera da: etxeko euli emeak kutsatu eta hil egiten ditu apurka-apurka. Zehazki, euli emea bere esporekin kutsatu duenean, ugaltzen hasten da Muski euli barruan eta, sei egunen buruan, intsektuaren portaera kontrola dezake. Honaino normala. Normala edo. Hau gutxi balitz, euliak, hil baino lehen, seinale kimiko jakin batzuk askatzen ditu, onddoak eraginda.

Eta ez dira edonolako seinale kimikoak. Zertarako diren ez zenukete asmatuko. Ea, bota harrikada. Prest? Seinale kimiko horiek euli arrak erakarri eta emearen gorpuarekin kopulatzera bultzatzen dituzte.

Bai. Irakurri duzuen bezala. Seinale nekrofilikoak dira onddoak euli emeari jariarazten dizkionak. Gustu arraroak gure Muskik. Eta pentsatuko duzue, lehen ez du ba esan (idatzi) bizirauteko estrategia dela zonbifikazioa? Zelan izango da euli-nekrofilia biziraupenerako bidea?

Kontua da, badela. Euli arrak emeekin kopulatzean, gure Muski euli arrari transferitzen zaio eta, teorian, zabaltzeko aukera gehiago ditu. Eta pentsa zenezakete, orduan euli arrak taxi moduan baliatzen ditu Muskik, kalterik egin barik. Eta, noski, oker egongo zinatekete.

Sexu-arrazoiengatik ez du inongo diskriminaziorik egiten Muskik eta, zorigaiztoko euli arra nekrofilian parte hartzeko engainatzeaz gain, infektatu eta hil egiten du. Konbo hirukoitza.

Xehetasun txiki batek, gainera, are latzago egiten du kontu hau: zenbat eta denbora gehiago eman gorpuak hilda, orduan eta erakargarriagoa iruditzen zaie arrei. Bai, benetan. Horra espero ez zenuten txiribuelta gidoian.

Egindako esperimentuek erakutsi dute prozesurako funtsezkoak direla seskiterpenoak. Euli emeen gorpuan sortzen dira mezulari kimiko hauek eta, hain justu, limurtzaile zeregina dute.

Zabaldu higiezintasunetik

Lazgarria benetan istorio hau guztia, baina hainbat galdera uzten ditu airean. Adibidez, nola heltzen da Muski lehen euli horretara? Zelan jarraitzen du hedatzen behin euli arra hiltzen denean? Zelan demontre garatu du honelako prozesua onddo batek?

Zientzialariak ez dira, beharbada, erantzun guztien jakitun, baina badute zenbait kontu argitzeko adina informazio. Esaterako, zonbiak, nekrofilia eta seskiterpenoak nahasten dituen metodo hau ez da Muskik ugaltzeko duen metodo bakarra. Lehen esan (idatzi) bezala, euli emea infektatzean ugaltzen hasten da gure Muski, eta intsektuaren portaera kontrola dezakeenez, ahalik eta punturik gorenera bidaltzen du (horma edo landare batera) hil aurretik. Behin toki altu batean kokatuta, onddoaren esporak euli hiletik askatzen dira, beste batean lurreratzeko esperantzarekin. Eta ez da askatze leuna: segundoko hamar metroko abiadura har dezakete esporek irtetean; 36 kilometro orduko abiaduran, alegia. Hirietan autoak baino bizkorrago mugitzen dira.

Metodo hau da lehendik ezagutzen zena, hain zuzen. Duela gutxi egindako esperimentu batean ikusi da, euli arra erakarrita, Muskik ziurta dezakeela beste ostalari bat izatea eta bere esporak urrun bidaiatzea eta zabaltzea.

Esperimentu berean neurtu dute, hain zuzen, zein momentutan den erakargarriago euli emearen gorpua arrarentzat. Eta adi: 3-8 orduz hilda egondako euli-gorpu emeek eulien % 15 erakartzen zutela frogatu zuten probek. Baina 25-30 orduz hilda egondako gorpuek, % 73. Ehuneko hirurogeita hamahiru. Zazpi, hiru.

Seskiterpenoak daude honen guztiaren atzean, esan bezala. Izan ere, denbora pasata askatutako seinale kimiko hauek, ahuldu barik, indartu egiten dira. Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta seinale kimiko gehiago askatzen ditu gorpuak. Muskik aginduta, noski.

Eta ikaragarria izan daiteke istorio hau guztia, baina, egia esan behar badut, inspiratzailea iruditzen zait niri: ikusi ezin dezakeen eta mugitu ezin daitekeen onddo ñimiño bat horrelakoak egiteko gai bada, gu ez gara gutxiago izango.

Erreferentzia bibliografikoak

David Nield (2022). This Horrifying Zombie Fungus Forces Males to Mate With The Dead. Now We Know How, Science alert, 2022ko uztailaren 24a.

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko martxoan, 248. zenbakian.

The post Supergaizkileak, zonbiak eta sexua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Euskal Herriko mendiko behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa

Vie, 2024/08/09 - 09:00

Hego Euskal Herrian ustiategi ugari daude moxal haragiaren ekoizpenera bideratutako Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako animaliak hazten dituztenak. Arraza hau desagertzeko arriskuan dagoen Euskal Herriko arraza autoktonoa da. Ustiategi hauetan gehien erabiltzen den ekoizpen-sistema estentsiboa da, eta zaldiek larreetan bazkatzen duten eta bertako baliabide naturalez elikatzen dira.

behorIrudia: Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako zaldi, behor eta moxalak Entziako mendikateko (Araba) larreetan bazkatzen. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Ikuspuntu ekologiko batetik, horrek hainbat onura dakartza: bioaniztasuna eta lurraren kalitatea hobetzen ditu, paisaia heterogeneoa mantentzen du, eta baso-suteak ekiditen laguntzen du, besteak beste. Gainera, zaldiak gai dira belarretik jasotako zenbait konposatu onuragarri beren ehunetan metatzeko, eta hala, ondoren haiengandik eratorritako produktuak (haragiak edota esneak, esaterako) kalitate onekoak dira.

Hala ere, moxal gehienak Kataluniako eta Balentziako gizendegietan hazten dira, pentsuekin gizentzen dira eta bertan hiltzen dira. Animalien mugimendu horren ondorioz, hemengo abeltzainek azken produktuaren salmentan esku-hartzea galtzen dute, eta gizentze prozesu horrekin batera sistema estentsiboan jasotako balio-erantsia galtzen da. Honek guztiak ondorio kaltegarriak dauzka ekidoen euskal abeltzaintzan. Horregatik, moxal haragiarekin batera behor esnearen ekoizpena dibertsifikazio aukera ona izan daiteke bai landa eremuen bai arraza autoktono honen sustapenerako.

Behor-produktuak dibertsifikatzeko beharra

Behor esnea giza esnearen antzekoenetarikoa den animalia-esnea da. Batez ere Asian kontsumitzen bada ere, azken hamarkadetan Europako iparraldera ere hedatu da. Behor esneak giza osasunarekin lotura estua izan du historikoki, izan ere, hainbat patologia tratatzeko erabili izan da, eta azken urteetan bere potentzial immunomodulatzailea, antimikrobianoa, diabetesaren aurkakoa eta minbizi zelulen proliferizazioaren aurkakoa ikertu dira. Halaber, behor esneak daukan alergenizitate baxuagatik, behi esnearen proteinei alergia dieten pazienteentzako egokia izan daitekeela ere proposatu da. Hala ere, gaur egun, bere propietate onuragarrien azterketa zientifikoa oso eskasa da oraindik.

Euskal Herriko Mendiko zaldia arrazako behor esneak gantz kopuru oso gutxi (% 0,1-0,7), proteina gutxi (% 1,4-2,9) eta laktosa ugari (% 5,6-7,4) dauzka behi esnearekin alderatuta (% 3,3-5,4 gantza, % 3,0-3,9 proteina eta % 4,4-5,6 laktosa). Ama esnearekin alderatuz gero (% 2,1-4,0 gantza, % 0,9-1,9 proteina eta % 6,3-7,0 laktosa), ordea, behor esneak gantz gutxi izaten jarraitzen du baina proteina eta laktosa edukiak antzekoak dira. Horregatik, behor esnea aukera interesgarria da, esaterako, bai ama esnea hartu ezin dezaketen jaioberrientzat bai kaloria urriko dieta jarraitzen duten pertsonentzat.

Belarretik jasotako nutrienteek esnearen kalitatean eragina daukatenez, larretan gutxi bazkatzen duten behorren esnean estraktu lehor ihar (gantza ez diren gainerako solidoak) gutxiago aurkitu da denbora luzez bazkatzen duten behorren esnean baino. Gainera, esnearen osaera edoskitzaroan zehar aldatuz doa. Izan ere, edoskitzaroak aurrera egin ahala, gantza eta proteina edukiak murriztu eta laktosa edukia handitzen dira. Ondorioz, bai esnearen jatorriak bai edoskitzaro garaiak esnearen kalitate nutrizionalean eragina daukate.

Euskal Herriko Mendiko Zaldiak kalitate nutrizional altuko esnea ekoiztu dezakeela ikusita, egungo ekoizpen sistemaren dibertsifikazioa alternatiba ona izan daiteke Euskal Herriko landa-eremuetako ekido ustiategien, zaldi arraza autoktonoaren eta, orokorrean, abeltzaintza (erdi)-estentsiboaren iraunkortasuna sustatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Ekoizpen sistema erdi-estentsibopean hazitako euskal herriko mendiko zaldia arrazako behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa
  • Laburpena: Hego Euskal Herrian giza kontsumora bideratzen diren ekidoen ustiategi ugari daude, batez ere ekoizpen-sistema estentsiboetan oinarritzen direnak. Maneiu-sistema horrek landa-eremuetan eta ingurunearen babesean dituen onurak kontuan izanda, sekula aztertu ez den Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako behor-esnearen ekoizpena proposatzen da dibertsifikazio modura. Hortaz, ikerketa honetan produktu horren kalitate nutrizionala aztertu da, eta konposizio orokorra (gantz, proteina, laktosa eta estraktu lehor koipegabe totalak) kuantifikatu da infragorri hurbilaren espektroskopia (NIR) teknika erabilita. Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako behor-esnean gantz kopuru bereziki baxua aurkitu zen; proteina eta laktosa kopurua, berriz, beste zaldi-arrazen esnetan aurkitutakoaren antzekoa zen. Ustiategi desberdinetako esneen arteko ezberdintasun estatistikoki esanguratsuak aurkitu ziren, eta larreetan denbora gutxien bazkatu zuten behorren esnea izan zen estraktu lehor koipegabearen edukian aberatsena. Beste animalia-jatorriko esneekin alderatuta, behor-esneak gantz- eta proteina-eduki urria baina laktosa-eduki altua dauzka, giza esnearen antzera. Ikerketa honetan ikusi da Euskal Herriko mendiko zaldia arrazak kalitate nutrizional altuko esnea eman dezakeela. Hortaz, egungo zaldien ekoizpen-sistema esnearen ekoizpenarekin dibertsifikatuz gero, bai arraza autoktono horren eta bai Euskal Herriko abeltzaintza estentsiboaren iraunkortasuna babestuko lirateke.
  • Egileak: Ana Blanco-Doval, Luis Javier R. Barron eta Noelia Aldai
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 113-126
  • DOI: 10.1387/ekaia.24776
Egileez:

Ana Blanco-Doval, Luis Javier R. Barron eta Noelia Aldai UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Laktiker taldeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskal Herriko mendiko behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (1): 100 euro

Mié, 2024/08/07 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero matematika-ariketa bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa:

Mahai-joko batean animaliak erosten dira. Behi batek 5 euro balio du, txerri batek 1 euro eta 20 txorik ere 1 euro. Gutxienez bakoitzetik bat erosita, 100 animalia erosi ditugu, 100 euro ordainduta. Zenbat txori erosi ditugu?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

euro(Argazkia: Roberto Nickson – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2024. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2024ko udarako (1): 100 euro appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III)

Lun, 2024/08/05 - 09:00

Artikulu-sorta honen aurreko ataletan airea kutsatzen duten substantzia nagusienak zeintzuk diren berrikusi genuen. Era berean, behin eta berriz azpimarratu dugu airearen kutsaduraren eta osasun-arazoen arteko lotura. Kalkulatzen da munduan, urtero, aire kutsatua arnasteagatik 9 milioi lagun hiltzen direla. Zeintzuk dira, baina, kutsaduraren iturri nagusienak?

airearenIrudia: Bruselak airearen kutsaduraren muga berriak ezarri ditu, 2030. urterako bete beharko direnak. (Argazkia: Peggycohucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Aurreko ataletan airearen kutsatzaile nagusienen gainbegiratua egin genuen, eta aipatu genuen garrantzitsuenak direla PMak -PM2,5 zein PM10 partikulak-, ozono troposferikoa, karbono monoxidoa, nitrogenoaren oxidoak -NOx -, sufrearen oxidoak -SOx-, eta metal astunak. Konposatu horien jatorriari dagokionez, airearen kutsaduraren iturri nagusienak hauexek dira: industria, energia-ekoizpenerako guneak -alegia, energia-ekoizpenarekin lotutako industria-, errekuntzako motorrak eta ibilgailuak -azken horiek erregai fosilen errekuntzarekin lotuak-. Neurri txikiagoan nekazaritza, gas-estazioak, garbiketa-produktuen erabilera, hondakinen errausketa eta iturri naturalak ditugu -bai, iturri naturalek ere kutsa dezakete, sumendiek eta suteek, kasu-.

Oro har, energia-ekoizpenarekin lotzen da kutsaduraren igorpen garrantzitsuena: bai etxebizitzen kontsumorako energia, bai industriarakoa. Zentral termikoek zein ikatza erretzen duten beste industriek kutsadura handia sortzen dute. Antza denez, gainera, ikatzaren errekuntzak ez du behera egingo epe motzean. Industriak sortzen duen aire-kutsadurarekin gainontzeko errekuntzak ere bilduko genituzke; are gehiago disolbatzaileak tarteko badaude.

Ibilgailuen kasuan, hainbat kutsatzaileren igorpenarekin lotzen dira; esaterako, karbono dioxido eta monoxidoa, nitrogenoaren oxidoak, materia partikulatua eta abar. Ibilgailuen garraioa gas kutsatzaileen igorpenaren eragile nagusiena da, eta baita osasun-arazo gehien eragiten dituen kutsadura-iturria ere. Nekazaritza eta abeltzaintza azaletik aipatu ditugun arren, negutegi-efektuko gasen igorpenaren eragileak dira -karbono dioxidoa eta metanoa, besteak beste- eta amoniako-igorpenak ere nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotzen dira. Hondakinek ere airearen kalitatea larriki kaltetzen dute, gehien bat hondakin horiek errausten badira. Mundu mailan ekoizten diren hondakinen %40k erraustuta amaitzen dutela kalkulatzen da. Errekuntza horren ondorioz dioxinak, furanoak, metanoa, materia partikulatua eta abar igortzen dira airera.

Airearen kutsadura murrizteko, ezinbestekoa da kutsatzaileei muga zorrotzak ezartzea, baina horrek bakarrik ez du askorik aldatuko. Muga horiek bete ahal izateko, ezinbestekoa da ibilgailuen erabilera murriztea eta industria-prozesuak aldatzea. Nagusiki, industria-ekoizpena, ibilgailuen erabilera eta energia-kontsumoa murriztearekin lortuko genuke airearen kalitatearen parametroak hobetzea. Hori idaztea errazagoa da egitea baino. Hirigune kutsatuen kasurako, badira zenbait konponbide; esaterako, blog honetan bertan Amaia Portugalek azaldutako aire-garbigailu erraldoiak erabiltzea. Bestalde, jakin badakigu hiriguneetan gune berdeak ugaritzea ona dela osasunerako. Hala ere, aipatutako horiek arazo global baten irtenbide puntualak besterik ez dira. Lan asko dago oraindik egiteko.

Airearen kutsadurari aurre egiteko lehen pausoa airearen kalitatearen kontrola egitea da, jakina. Euskadiko kasuan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak herritarron eskura ditu airearen kalitatea neurtzen duen sarearen datuak. Estazioek neurtu egiten dituzte, besteak beste, sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoak -NO eta NO2-, ozono troposferikoa, karbono monoxidoa, bentzenoa eta materia partikulatua -PM10 eta PM2.5-. Horretaz gain, beste hainbat parametro meteorologiko ere neurtzen dituzte; esate baterako, haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.

Estazioek neurtutako datuetara webgune honen bidez iritsi gaitezke eta datuak denbora ia errealean ikusi. Esaterako, hau idazten ari naizen bitartean, Durangoko estazioan goizeko 7:00etan neurtutako nitrogeno dioxido kontzentrazioa 35 mg/m3 izan da eta duela lau ordu -eskuragarri dagoen azken datua- 4 mg/m3 neurtzen ari zen. Aldiz, Tolosako estazioan goizeko 6:00etan PM10-en kontzentrazioa 12 mg/m3 izan da eta duela lau ordu 5 mg/m3. Datu horien irakurketak hainbat ondorio ekartzen ditu; esaterako, oso modu nabarmenean ikusten da nola lotzen diren zenbait kutsatzaile eta ibilgailuen garraioa -gora egiten dute biek goizeko lehen orduetan-. Horrek, zalantzarik gabe, tokian tokiko airearen kutsadura zein den ezagutzeko aukera ematen du. Azken batean, Bruselan hartzen diren erabakiak urrun dauden arren, norberak bere herrian duen airearen kalitatea ezagutzea interesgarria da urruti hartzen diren erabaki horien zergatia ulertzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manisaldis, Ioannis; Stavropoulou, Elisavet; Stavropoulos, Agathangelos; Bezirtzoglou, Eugenia (2020). Environmental and health impacts of air pollution: a review. Frontiers in Public Health, 8. DOI: 10.3389/fpubh.2020.00014

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Airearen kutsadurari gainbegirada (eta III) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Txertaketaren eragina infekzio inbaditzaile eta ez-inbaditzaileetan

Vie, 2024/08/02 - 09:00

Gaur egun, Streptococcus pneumoniae (neumokokoa) eta Haemophilus influenzae bakterio-espezieek eragindako infekzioek prebalentzia handia dute. Gaixotasun hauen forma inbaditzaileek koadro larriak dakartzate, hala nola pneumonia bakteriemikoa, septizemia eta meningitisa, besteak beste. Infekzio ez-inbaditzaileak aldiz, ohikoagoak izanik, larritasun gutxiago duten sintomak eragiten dituzte, hala nola sinusitisa, erdiko otitis akutua (EOA) eta pneumonia komunitario ez-bakteriemikoa. Koadro hauek arinagoak badira ere, karga asistentzial handia dakarte.

TxertaketarenIrudia: H. influenza-ren b serotipoak (Hib) 5 urtetik beherako haurrengan eragindako infekzio inbaditzailearen urteko intzidentzia estimatua altua izan zen 1980tik 1990era Amerikako Estatu Batuetan. (Irudia: gencat cat – Jabari publikoko irudia. Iturria: Flickr)

Gaixotasun hauen prebentziorako estrategia nagusia txertaketa da. Txerto pneumokozikoen kasuan, serotipo ezberdinen aurkako babesa ematen duten txerto formulazio ezberdinak garatuz joan dira, hau da, balentzia desberdinak dituzten txertoak; hala nola, 23 balentziadun txerto polisakaridiko pneumokozikoa (PPSV23; ingelesezko sigla), txerto pneumokoziko konjugatu heptabalentea (PCV7; ingelesezko sigla), dekabalentea (PCV10; ingelesezko sigla), tridekabalentea (PCV13; ingelesezko sigla), pentadekabalentea (PCV15; ingelesezko sigla) eta ikosabalentea (PCV20; ingelesezko sigla). Haemophilus influenzae-ren kasuan, b serotipoa (Hib) izanik birulentzia handien duen serotipoa, Hib-ren aurkako txerto konjugatua garatu izan da.

Txertaketaren garrantzia

Espainian, Hib-ren aurkako txerto konjugatua eta PCV13a haurren txertaketa-egutegian 1997an eta 2016ean ezarri ziren, hurrenez hurren. PPSV23a aldiz, 1999. urtetik erabilgarri dago. Txerto hau 65 urtetik gorakoak diren heldu guztietan erabiltzen da, baita infekzio pneumokozikoa edukitzeko edo infekzioa izanez gero konplikazio larriak garatzeko probabilitatea duten gainerako helduetan ere, eta 2 urtetik gorako haurretan ere erabiltzea gomendatzen da.

Txerto pneumokozikoen eta Hib-ren aurkako txerto konjugatuaren erabilpenarekin bat, bakterio hauek eragindako gaixotasunen intzidentzia eta hilkortasuna murriztu dira. Hala ere, txertoen parte ez diren beste neumokoko serotipoak eta H. influenzae ez-tipagarriaren anduiak gaixotasun inbaditzailearen eragile nagusi bilakatu dira. Ordezkapen andui horiek orokorrean 60 urtetik gorako helduak erasotzen dituzte batez ere. Ordezkapen anduien ugaritzeak ordea, orain arte ez du baliogabetu gaixotasun inbaditzailearen murrizketa globala. Beraz, agerian geratu da txertoak ezarri ostean serotipoen banaketan aldaketak gertatu izan direla. Bestetik, antimikrobianoekiko sentikortasun-profilean ere aldaketak hauteman izan dira, aldi berean terapia antimikrobiano ezberdinen eraginkortasuna baldintzatu dezakeena.

Guzti hori kontutan hartuta, ondoriozta genezake txerto pneumokozikoen eta Hib-ren aurkako txerto konjugatuaren ezarpena eta hauen estaldura mantentzea onuragarria eta hortaz, garrantzitsua dela; beti ere, horrekin batera gaixotasun pneumokozikoaren eta Hib-k eragindako gaixotasun inbaditzailearen zaintza epidemiologiko jarraitua gauzatzen bada. Zaintza epidemiologiko jarraitua etorkizunerako prebentzio-neurrien garapena edota txerto formulazio estrategia berriak ebaluatzeko aukera emango lukeen estrategia da; izan ere, txerto hauen inplementazioaren ondorioak ikertzeko edota jarraitzeko aukera emango luke, bai serotipoen ordezkapenei baita antimikrobianoekiko sentikortasun profilei dagokionez ere. Zaintza epidemiologikoak garrantzia berezia du neumokokoaren kasuan, balentzia desberdina duten txertoak erabilgarri daudela kontuan hartuta, eragina izan dezakeen aldagai bat baino gehiago baitago.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Streptococcus pneumoniae eta Haemophilus influenzae bakterioespezieek eragindako infekzio inbaditzaile eta ez-inbaditzaileak: txertaketaren eraginak
  • Laburpena: Streptococcus pneumoniae eta Haemophilus influenzae bakterio-espezieek eragindako infekzioek prebalentzia handia dute eta infekzio inbaditzaileek koadro larriak dakartzate. Prebentziorako estrategia nagusia txertaketa da. Txerto pneumokoziko konjugatuak (PCV; ingelesezko sigla) eta b motako H. influenzaeren (Hib) aurkako txertoak haurren txertaketa-egutegian ezarrita daude. Txerto polisakaridiko pneumokozikoa (PPSV23; ingelesezko sigla), aldiz, 65 urtetik gorakoak diren helduetan erabiltzen da, eta infekzio pneumokozikoa edukitzeko edo, infekzioa izanez gero, konplikazio larriak garatzeko probabilitatea duten gainerako helduetan eta 2 urtetik gorako haurretan erabiltzea gomendatzen da. Txerto hauen ondorioz mikroorganismo hauek eragindako infekzioen intzidentzia eta hilkortasuna murriztu da, hala ere, gaixotasun inbaditzaileak karga handia suposatzen du. Gainera, serotipoen banaketan eta antimikrobianoekiko sentikortasun-profilean ere aldaketak eragin izan dituzte. Txertoen ezarpena eta estaldura mantentzea garrantzitsua da, baina baita gaixotasun pneumokozikoaren eta Hib-k eragindako gaixotasun inbaditzailearen zaintza epidemiologiko jarraitua egitea ere, aldaketa epidemiologikoen monitorizazioa eta etorkizunerako prebentzio-neurrien eta txerto berrien garapenaren ebaluazioa ahalbidetzeko.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 71-92
  • DOI: 10.1387/ekaia.24033
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Txertaketaren eragina infekzio inbaditzaile eta ez-inbaditzaileetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nitroplastoa, endosinbiosi bidez sortutako organulu berria

Mié, 2024/07/31 - 09:00

Organismo eukariotoek, hau da, izaki bizidun guztiek prokariotoek salbu (bakterioak eta arkeoak), endosinbiosiari zor diote beren existentzia eta eboluzioa. Sinbiosia elkarrekiko onurarako organismoen asoziazioa da. Endosinbiosi deltzen zaio aldiz, organismo horietako bat bestearen barruan bizi eta ugaltzen denean.

Endosinbiosia erlatiboki maiz gertatzen da naturan. Adibide argiak izan daitezke gure hesteetako mikrobiotako bakterioak, edo koralen barruan bizi diren zooxantela fotosintetikoak; azken horiek mantenugaiak jasotzen dituzte koralengandik eta karbohidratoak ematen dizkiete trukean.

Lynn Margulis biologo handiak 1967. urtean proposatu zuen endosinbiosia zelula eukariotoen jatorriaren atzean dagoela. Biologoaren arabera, prokarioto zahar bat bakterio heterotrofoekin —materia organikoa oxidatzeko gai direnak— asoziatu zen. Eta asoziazio hori, duela 2000 milioi urte inguru gertatutakoa, trinkotu egin zen gerora. Hartara, bakterioek libre bizitzeko gaitasuna galdu zuten eta mitokondria bihurtu ziren, gure zelulek behar duten energia sortzen duten organuluak. Eta bigarren endosinbiosi prozesu batek, duela 1500 milioi urte, eurokarioto bat asoziatu zuen zianobakterio fotosintetikoekin, zeinak argiaren energia erabiliz materia organikoa sortzeko gai diren. Bakterio horiek organulu zelularrak osatu zituzten gero, kloroplastoak. Eta, horrela, algek eta landare berdeek konposatu organikoak sintetizatzeko argia erabiltzeko gaitasuna eskuratu zuten.

Bi gertakari ebolutibo horiek gertatu izan ez balira, ezin dugu imajinatu nolakoa izango litzatekeen gure planetako izaki bizidunen eboluzioa. Endosinbiosiaren bitartez organulu zelularrak sortzeak potentzial ebolutibo izugarria du, eta galde diezaiokegu gure buruari zergatik ez ote den gehiagotan gertatu. Ba errealitatea da gertatu izan dela, gutxienez beste bitan[1]. Aldi horietako batek —jarraian landuko duguna— ahalbidetu du, lehen aldiz, eukarioto batek nitrogeno atmosferikoa finkatzea.

Baina deskubrimendu zoragarri hori azaldu aurretik, argitu behar dugu ur gezako ameba xume bat, Paulinella chromatophora, fotosintetikoa bihurtu dela duela gutxiko endosinbiosi prozesu bati esker. Hori gertatu da denboraren poderioz (120 milioi urte inguru) kromatoforo izeneko organulu zelular bilakatu den zianobakterio batekin asoziazioa egin duelako. Berriro azpimarratu nahi dut organismo fotosintetikoen beste organismo batzuekiko asoziazio sinbiotikoa nahiko ohikoa dela; adibidez, aurretik adierazitako koralen kasua. Baina Paulinellaren kasua bestelakoa da. Organulu zelular baterako trantsizioak berekin dakar asoziatutako organismoak bizi askerako gaitasuna galdu eta bere zikloa ostalariarenari egokitu duela. Hartara, haren menpe dago, baita genetikoki ere, eta molekulak eta geneak ere trukatzen ditu ostalariarekin. Horixe bera da mitokondriekin, kloroplastoekin eta Paulinellaren kromatoforoekin gertatzen dena. Eta hori gertatzen da ere Braarudosphaera bigelowii izeneko alga zelulabakarrarekin. Organismo ñimiñoa da, baina nitrogeno atmosferikoa finkatzeko gai den lehen eukariotoa da.

Irudia: Braarudosphaera bigelowiik bilakaera ebolutibo luzea izan du, endosinbiosiko ondoz ondoko hiru ekitaldiren —horien antzinatasuna beherako zehazten da— ondoriozko organuluak edukitzera arte. Goiko ezkerraldean hiru organulu moten arteko trukeak eta horiek metabolismo zelularrari egiten dioten ekarpena azaltzen dira. (Irudia: Ramón Muñoz-Chápuli- irudi euskaratua. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gogoratu dezagun materia organikoa, batik bat, karbonoz, hidrogenoz eta oxigenoz osatzen dela. Proteinek, aminoazido-katez osatutakoak, nitrogenoa ere behar dute. Karbonoa, oxigenoa eta hidrogenoa airean daude eskuragarri (karbono dioxido gisa, besteak beste), baita uretan ere. Fotosintesia, hain zuzen ere, karbono atmosferikoa molekula organikoetan finkatzean datza. Eta, azaldu dugun moduan, landareek gaitasun hori dute endosinbiosiari esker. Nitrogeno ugari ere badago atmosferan, baina ez da oso erreaktiboa. Biosferan txertatzeko oxigenoa edo hidrogenoa bezalako beste atomo batzuekin konbinatu behar da. Eta lan hori bakterioen taldeko askok egin dezakete, hala nola lekaleen sustraietara asoziatzen direnek edo zianobakterioek beraiek. Baina eukariotoak ez dira gai lan garrantzitsu hori egiteko.

B. bigelowii alga txikiak ordea, nitrogenoa finkatu dezake. Zianobakteriotzat jotako organismo batekiko endosinbiosiari esker egin dezake hori: Atelocyanobacterium thalassa edo UCYN-A. Baina asoziazio horri buruzko ikerketa berri batek —Science aldizkariko azalean agertu dena—, erakutsi du UCYN-A horrek baldintza guztiak betetzen dituela organulu zelulartzat jotzeko, eta ez dela endosinbionte bat. Azpimarratu beharra dago Cell aldizkariko artikulu batean aurreikusi zutela jada, Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuko (CSIC) ikertzaile baten zuzendaritzapean.

Beste zianobakterio batzuena ez bezala, UCYN-Aren genoma oso murritza da (1.44 Mb) eta ez dauzka fotosintesirako edo Krebsen ziklorako ezinbestekoak diren geneak. Hortaz, ezin da independenteki bizi. Karbono konposatuak jasotzen ditu ostalariaren eskutik, eta, trukean, finkatutako nitrogenoa ematen dio. Bestetik, haren zikloa B. bigelowiiren ziklo zelularraren barruan txertatuta dago. Alga hori zatiketa zelular bidez ugaltzera doanean, lehendabizi mitokondriak zatitzen dira, ondoren UCYN-A bera eta, azkenik, nukleoa eta kloroplastoak. Horrez gain, ostalariaren geneek UCYN-Aren inportaziorako bereziki markatutako proteinak sintetizatzen ditu, ekarpen horren menpe baitago erabat.

Science aldizkariko artikuluko egileek proposatzen dute UCYN-A organulu berritzat hartzeko, zeinetarako nitroplasto izena proposatu duten. Nitroplastoa sorrarazi zuen endosinbiosi prozesua “soilik” duela 100 milioi urte inguru gertatu zen; hau da, mitokondriak eta kloroplastoak sorrarazi zituztenak baino duela askoz gutxiagokoa da. Halaber, etorkizunerako agertoki estimulatzailea ere proposatu dute. Alga arreak eta beste organismo batzuk bigarren mailako endosinbiosiaren ondorioz fotosintetiko bihurtu ziren modu berean, baliteke etorkizuneko eboluzioaren ondorioz, alga edo landare batzuek nitrogenoa finkatzeko gaitasuna garatu ahal izatea bigarren mailako sinbiosiaren bidez, B. bigelowii edo antzeko beste organismoren batekin. Beste aukera bat litzateke UCYN-A motako organuluak artifizialki ezarri ahal izatea nekazaritzaren alorrerako interesgarriak diren landareetan; horiek horrela, ez lukete ongarririk behar nitrogenoaren ekarpena jasotzeko.

Oharra:

[1] Lehen mailako endosinbiosiari buruz mintzatzen ari gara esklusiboki. Bigarren mailako endosinbiosi kasuak daude; hala nola, kloroplastoen eramaile diren alga gorriekin sinbiosia egin zuten alga arreak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Lhee, Duckhyun; Lee, JunMo; Ettahi, Khaoula; Cho, Chung Hyun; Ha, Ji-San; Chan, Ya-Fan; Zelzion, Udi; Stephens, Timothy G.; Price, Dana C.; Gabr, Arwa; Nowack, Eva C. M.; Bhattacharya, Debashish; Yoon, Hwan Su (2021). Amoeba Genome Reveals Dominant Host Contribution to Plastid Endosymbiosis. Molecular Biology and Evolution, 38(2), 344–357. DOI: 10.1093/molbev/msaa206

Coale, Tyler H.; Loconte, Valentina; Turk-Kubo, Kendra A.; Vanslembrouck, Bieke; Kwan, Wing; Mak, Esther; Cheung, Shunyan; Ekman, Axel; Chen, Jian-Hua; Hagino, Kyoko; Takano, Yoshihito; Nishimura, Tomohiro; Adachi, Masao; Le Gros, Mark; Larabell, Carolyn; Zehr, Jonathan P. (2024). Nitrogen-fixing organelle in a marine alga. Science, 384(6692), 217-222. DOI: 10.1126/science.adk1075

Cornejo-Castillo, Francisco M.; Inomura, Keisuke; Zehr, Jonathan P.; Follows, Michael J. (2024). Metabolic trade-offs constrain the cell size ratio in a nitrogen-fixing symbiosis. Cell, 187(7), 1762-1768. DOI: 10.1016/j.cell.2024.02.016

Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 6an: Nitroplasto, un nuevo orgánulo generado por endosimbiosis.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Nitroplastoa, endosinbiosi bidez sortutako organulu berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Airearen kutsadurari gainbegirada (II)

Mar, 2024/07/30 - 09:00

Artikulu-sorta honen lehen atalean aipatu genuen Europan 300.000 pertsona hiltzen direla urtero kutsaduraren eraginez, Europako Batzordearen arabera. Airearen kutsadurari dagokionez, Bruselak aire-kalitatearen mugak zorroztuko ditu 2030. urterako eta, gai horretan kokatuta egoteko, lan honen helburua da airearen kutsadurari gainbegirada orokorra ematea.

airearenIrudia: airea kutsatzen duten iturri garrantzitsuenak ibilgailuen garraioa eta industria dira. (Argazkia: jplenio – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Aurreko atalean aipatu genuen moduan, airean dauden kutsatzaile nagusienak sei dira. Lehena materia partikulatua -PM edo Particulate Matter delakoa- da. Kutsatzailerik arriskutsuenetakoa da eta airean esekita dauden partikulek osatzen dute. Materia partikulatua tamainaren arabera sailkatzen da, eta horrela, PM10 partikulak 10 mikra baino txikiagoak diren partikulak dira, eta PM2,5 partikulak, aldiz, 2,5 mikra baino txikiagoak direnak. Bereizketa hori egitea garrantzitsua da; izan ere, esekitako partikulak zenbat eta txikiagoak izan, are arriskutsuagoak dira. Labur esanda, partikula txikienak gai dira geure organismoan urrutiago iristeko eta, hortaz, eragiten duten osasun-kaltea handiagoa da. PMak tantatxo likidoak zein partikula solidoak izan daitezke eta horietako asko kutsatzaileen arteko erreakzioen ondorioz sortutakoak dira. Materia partikulatua errautsak, keak, hautsak, alergenoek eta abarrek osatzen dute, eta jatorri naturala zein antropogenikoa izan dezake.

Bigarren kutsatzailea lurzoru mailako ozonoa edo ozono troposferikoa da. Gauza jakina da ozonoa beharrezkoa dela –ozono-geruzan, esaterako-, baina kaltegarria da ozonoa lurzoru mailan egotea. Ozonoa ez da zuzenean airera isurtzen; hain zuzen ere, troposferako smog kutsatzailean sortzen da, beste kutsatzaileen arteko elkarrekintzari esker. Oro har, nitrogenoaren oxidoak eta konposatu organiko lurrunkorrak -VOCs edo Volatile Organic Compounds- dira ozonoaren sorkuntzaren erantzule nagusienak. Ozonoa kaltegarria da landareentzat, haien hazkuntza moteltzen duelako eta, gainera, oso handia da ozonoaren mugikortasuna; beraz, erraz joan daiteke airean barreiatuta alde batetik bestera.

Hirugarren lekuan karbono monoxidoa dago, erregai fosilen -nagusiki ikatzaren eta petrolioaren- errekuntza partzialaren kausaz sortzen dena. Karbono monoxidoa kaltegarria da osasunarentzat hemoglobinaren funtzio normala oztopatzen duelako, baina horretaz aparte, negutegi-efektuko gasa da eta klima-aldaketan eragiten ari da. Nitrogenoaren oxidoak ere, NOx direlakoak, kutsatzaile nagusiak dira eta lotura zuzena dute trafikoarekin. Ozonoaren eta beste hainbat kutsatzaileren aitzindariak dira, eta, beraz, nitrogenoaren oxidoen presentziak beste kutsatzaileak sortzea eragiten du. Bosgarren lekuan sufrearen oxidoak ditugu, SOx direlakoak. Nagusiena sufre dioxidoa da eta, oro har, industriarekin eta erregai fosilen errekuntzarekin lotzen da. Sufre dioxidoaren eta materia partikulatuaren arteko elkarrekintzatik beste hainbat kutsatzaile sor daitezke; besteak beste, euri azidoa sortzen duen azido sulfurikoa. Kutsatzaile nagusienen zerrenda itxiz, metal astunak ditugu, bereziki, beruna. Beruna baterietan, industrian, motorretan eta hondakinen errekuntzan aurki daiteke eta kalte handiak sortzen ditu ingurunean.

Euskadiko kasuan, kutsatzaile nagusienak jatorria zein sektoretan duten aztertu dute, eta horrela jakinarazi du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2030erako Euskadiko Airearen Kalitatearen Planarekin lotutako aurkezpenean. Datu horien iturri da, diotenez, Euskadiko partikulen, gas azidotzaileen eta ozono troposferikoaren aitzindarien emisioen inbentarioa (Ihobe, 2019). Emandako datuen arabera, NOX-en igorpena nagusiki ibilgailuen garraioarekin lotzen da -%55-. PM10 eta PM2,5 kutsatzaileen igorpena nagusiki industria-sektorearekin eta bizitegi-, merkataritza- eta erakunde-sektorearekin lotzen da -%33 eta %38, hurrenez hurren-. Karbono monoxidoaren igorpenaren zatirik garrantzitsuena industrian kokatzen da eta, azkenik, SOX-en igorpena energiaren sektorean dago. Datu positiboak emate aldera, esan behar da 2005. urtetik hona kutsatzaile nagusienen igorpena murriztu egin dela: PM2,5 %33, PM2,5 %37, CO %41, SO2 %60 eta NOx-ak %62.

Kutsatzaile nagusienen berrikuspen orokor hau baliagarria da Bruselatik etorriko diren irizpide berriak ulertzeko eta baita kutsatzaileen mapan modu egokiagoan kokatzeko. Behin gainbegiratu hau emanda, prest gaude kutsadura-iturri nagusiak zeintzuk diren aztertzeko, kutsadurari aurre egiteko bideak zeintzuk diren ulertzeko eta Euskadiko airearen kalitatearen egoera ezagutzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manisaldis, Ioannis; Stavropoulou, Elisavet; Stavropoulos, Agathangelos; Bezirtzoglou, Eugenia (2020). Environmental and health impacts of air pollution: a review. Frontiers in Public Health, 8. DOI: 10.3389/fpubh.2020.00014

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Airearen kutsadurari gainbegirada (II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Zaurgarritasun energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera

Lun, 2024/07/29 - 09:00

Zaurgarritasun energetikoa aztertzeko informazio publikoa erabiltzen duen metodologia bat garatu du UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketa talde batek beste ikertzaile batzuekin lankidetzan. Metodologia horrek aukera ematen du detektatzeko pobrezia energetikoa jasateko arriskua duten eremu geografikoak, eta generoak eremu bakoitzaren zaurgarritasun energetikoan duen eraginari buruzko informazioa ematen du.

zaurgarritasun1. irudia: Jon Terés Zubiaga UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea. (Argazkia: Mitxi. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Bazterketa energetikoari aurre egitea da gaur egungo erronka handienetako bat, pertsona askoren osasunari, ongizateari, gizarteratzeari eta bizi-kalitateari eragiten dien fenomenoa baita. Europar Batasunean, 36 milioi biztanlek zailtasunak dituzte beren oinarrizko behar energetikoak asetzeko, eta horren aurka borrokatzea erronka handia da administrazio publikoentzat. Administrazioek diagnostiko-tresnak behar dituzte, pobrezia energetikoa geografikoki nola banatzen den eta hainbat kolektibori nola eragiten dien jakiteko; izan ere, energia-zaurgarritasuna aldatu egiten da ezaugarri demografiko eta sozioekonomikoen arabera.

Horren adibide bat generoa da. Hainbat azterlanek frogatu dute emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dutela energia eskuratzeko zailtasunak izateko. Hala, energia-zaurgarritasuna murrizteko politikek genero-ikuspegia kontuan har dezaten, tresnak behar dira, aukera emango dutenak ebaluatzeko zer eragin duen generoak energia eskuratzeko orduan zeresana duten faktoreetan (adina, lan-egoera, familiako guraso-kopurua, etab.).

Energia-zaurgarritasuna neurtzeko tresna

Zeregin horretan laguntzeko asmoz, UPV/EHUko Energia Ingeniaritza Sailak aztertu du “nolako ahalmena duten sarbide publikoko datu demografiko eta sozioekonomikoek lurralde jakin bateko pobrezia energetikoaren banaketa espaziala identifikatzeko”, azaldu du proiektuko ikertzaile Jon Terés Zubiagak. Sarbide publikoko datu-baseetan eskuragarri dauden datuak izaten dira, hala nola udal-estatistikak, katastroak edo estatistikako erakunde autonomikoek eta nazionalek egindako inkesten bidez lortutako datuak.

Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuarekin eta Monseko Unibertsitatearekin (Belgika) batera, bereizita jasotzen diren datu geografiko publikoak aprobetxatzen dituen metodologia bat garatu da ikerketa honetan. Hau da, informazioa bereizita aurkezten da emakumeentzat eta gizonentzat. Horri esker, energetikoki zaurgarrienak diren eremuak aurkitzeko gai den metodo bat sortu dute, emakumeei eta gizonei espezifikoki nola eragiten dien adierazten duena. Horrenbestez, pobrezia energetikoa murrizteko neurriak hartzeko ardura duten administrazioek metodo hori erabil lezakete lekuaren erradiografia espezifikoagoa izateko, eta politika eta laguntza eraginkorragoak diseinatzeko.

zaurgarritasun2. irudia: generoaren araberako energia-zaurgarritasunaren banaketa geografikoa Madrilen. Ikusten da hegoaldean iparraldean baino zaurgarritasun-metaketa handiagoa dagoela. (Irudia: Capetillo-Ordaz et al., (2024) artikulutik ateratako irudi eraldatua. Iturria: Energy Research & Social Science)

UPV/EHUko irakasleak sarbide publikoko datuak erabiltzearen abantaila batzuk nabarmendu ditu: “Informazio-bilketa errazten du, eta, datu-base publikoak etengabe eguneratzen ari direnez, ebaluazioak aldian-aldian berrikusteko aukera ematen du. Hori baliagarria izan daiteke energia-zaurgarritasun alderdietan neurri zehatz batzuk ezarri dituen administrazio bat gai izan dadin neurri horiek eraginkorrak izaten ari diren aztertzeko”.

Terés Zubiagak azpimarratu du metodoa baliagarria dela aurretiazko diagnostiko bat egiteko. “Aukera ematen du lehen hurbilketa bat egiteko; lurralde baten barruan energia-zaurgarritasuneko puntu beroak detektatzeko. Eremu batean alarmak jotzen duenean, ebaluazioa zehatzagoa izan dadin, hurrengo urratsa izango litzateke egoera metodo intentsiboagoekin aztertzea, benetan neurri espezifikoak diseinatu ahal izateko”.

Askotariko aukerak eskaintzen dituen metodologia bisuala

Gainera, garatutako metodologiak bisualki erakusten ditu lortutako emaitzak. Informazio-sistema geografikoak erabiltzen ditu, eta datuak mapetan irudikatzen ditu. Horrek aukera ematen du aztertutako lurraldearen barruan espazio-patroi espezifikoak edo korrelazioak dauden identifikatzeko. Adibidez, Madrilen egin duten azterlanean ikusten da hegoaldean iparraldean baino zaurgarritasun-metaketa handiagoa dagoela. Eta eremuetako joerak zehatzago aztertuz, metodologiak lagundu dezake agertoki horiek ahalbidetzen dituzten aldagai posibleak identifikatzen.

Sarbide publikoko datuak erabiltzearen beste alderdi positibo bat da aukera ematen duela metodologia ingurune-mota guztietan aplikatzeko. Ikerketa-taldeak metodologiaren funtzionamendua Madrilen aztertu badu ere, egia esan, hainbat testuingurutan (hirikoak edo landakoak) aplika daiteke, eta eskala desberdinetan (auzoa, hiria, probintzia…). Ebaluazioak egiten dituztenen premien baitan dago dena.

Azkenik, nabarmendu behar da metodologia gai dela aurreko ebaluazioekin lortutako emaitzak gurutzatzeko eta aukera ematen duela genero-azterketa txertatzean ondorioak aldatzen diren ala ez egiaztatzeko.

Informazio osagarria:

Lan hau Hiri eta Komunitate Adimenduak Erasmus Mundus Masterraren (SMACCs) esparruan garatu da. Jon Terés Zubiaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako doktoreak eskolak ematen ditu titulazio horretan. Nayely B. Capetillo-Ordazen master amaierako lana da.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa batek lortu du pobrezia energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera identifikatzea datu publikoetatik abiatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Capetillo-Ordaz, Nayely B.; Martín-Consuegra, Fernando; Alonso, Carmen; Terés-Zubiaga, Jon; Koutra, Sesil (2024). Sesil Koutra Inclusivity in urban energy transitions: A methodological approach for mapping gendered energy vulnerability. Energy Research & Social Science, 109. DOI: 10.1016/j.erss.2024.103426

The post Zaurgarritasun energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #496

Dom, 2024/07/28 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kobaltoa

Ingurumena

Airearen kutsadurari gainbegirada eginfo dio Josu Lopez-Gazpiok hiru artikulutan. Lehenengoan azaldu duenez, industria-iraultzaz geroztik, airearen kutsadura osasun publikoko eta ingurumeneko arazo garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Sei dira kutsatzaile nagusienak eta bakoitzak modu ezberdinean eragiten du. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Kimika

Itsasoaren sakonean oxigenoa sortzen ari direla ondorioztatu dute zientzialariek. Ozeano Barean egin dute aurkikuntza, eta hipotesiaren arabera, metalez osaturiko nodulu batzuk dira erantzuleak. Nodulu horiek elektrolisia egingo lukete erreakzio kimiko batzuen bidez, eta ura hidrogenoan eta oxigenoan bananduko lukete. Datu guztiak Berrian.

Teknologia

Bateria jasangarriagoak lortzeko helburuarekin, kobaltoa nikelarekin ordezkatzen ari dira. Kobaltoa metal urria da, eta Kongon ekoizten da, sarri modu txarrean. Baterietako kobaltoaren parte handi bat nikelarekin ordezkatzen saiatzen ari da ikerketa talde bat eta, baieztatu dutenez, metal horrek ondo funtzionatu du ibilgailu elektrikoetarako baterietan. Azalpenak Berrian.

AZTI zentro teknologikoak euskal kostaldean bideometria kamerak ditu instalaturik. Helburu bikoitza dute kamera hauek. Alde batetik, euskal itsasertzeko informazioa jaso eta ikertzeko balio dute, eta klima-aldaketaren eraginak aztertzeko. Bestetik, herritarren egunerokora ere egokitu dituzte kamerak. Datu guztiak Berrian.

Osasuna

Alboko esklerosi amiotrofikoaren diagnostiko goiztiarrerako ezinbestekoa da biomarkatzaile espezifiko eta fidagarriak aurkitzea. Orain arte, fluido biologikoetan gehien aztertu diren biomarkatzaile molekularrak C9orf72 genetik eratorritako proteinak dira, eta hauek dira emaitzarik sendoenak eman dituztenak. Nolanahi ere, biomarkatzaile berriak aurkitzeko beharrean gaude. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Matematika

André Weilek matematikaren hiru arloren arteko itzulpenean jardun zuen. Hiru arlo horiek zenbakien teoria, geometria eta eremu finituen azterketa ziren. 1940. urtean, André kartzelan zegoela, gutun bat idatzi zion bere arreba Simoneri bere aurrerapenak azalduz. Weilek proposatzen zuen zubia eremu finituen azterketa zen. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Kamoʻoalewa Eguzkiaren bueltan orbitan dabilen kuasisatelite bat da. 2016ko apirilean topatu zuen Pan-STARRS teleskopioak, eta geroztik hura ezagutzeko ikerketak egin dira. Berriki proposatu denez, Kamoʻoalewa Ilargitik banandu zen zati bat izan daiteke, eta sateliteko Giordano Bruno kraterra izan liteke haren jatorria. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #496 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #503

Sáb, 2024/07/27 - 09:00


Etxera buetan ekarri behar zaituztenean bertan behera utz zaitzaten bezalakorik ez dago. NASA delays astronauts’ return to Earth. Again, TILKUTen bineta bat.

Atmosferaren fisikan funtsezko eginkizuna dute partikulek. Haien sorkuntzaren kimika irauli egin da sortzen diren moduei buruzko aurkikuntza batekin: A mechanism that produces a large portion of particles in Earth’s atmosphere

Ba al dago harremanik gure herentzia neandertalaren eta autismoaren artean? Artikulu liluragarria. J.R. Alonsoren Autism and Neanderthal genome.

Hormigoizko egiturak eguzkitan jarrita berotzen dira. Imajinatu beroketa hori elektrizitatea sortzeko baliatzea. DIPCko jendea ikertzen ari da. Dissipated heat into electrical energy using the thermoelectricity of concrete

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #503 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kiñuren begirada: garuna

Vie, 2024/07/26 - 09:00

Garunaren eta haren funtzionamenduaren inguruan zalantza asko daude oraindik, baina ziurtasunak ere baditugu.

Gaurkoan, Kiñu kirikinoak organo honi buruzko hainbat azalpen emango dizkigu.

Garuna nerbio-sistema zentralaren erdigunea da, eta guk bezala, animalia ornodun guztiek eta ornogabe askok dute. Baina giza garuna organo garestia da; gure gorputzak gastatzen duen energiaren %20 kontsumitzen du. Hala ere, glukosaz elikatzen da gehienbat.

Neuronak dira organo honetako zelula ezagunenak, baina beste hainbat zelula motak osatzen dute garuna, hala nola, glia zelulek.

garuna

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: garuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Biomarkatzaile molekularrak Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren diagnostikoan

Jue, 2024/07/25 - 09:00

Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) gaixotasun neurodegeneratibo sendaezina eta hilgarria da. AEAren egungo tratamendua eta laguntza-arreta pazienteen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daude eta, zoritxarrez, dauden tratamendu farmakologikoek ere ez dute gaixotasuna sendatzen.

biomarkatzaileIrudia: AEA gaixotasunak, batez ere, goiko eta beheko neurona motorrei eragiten die. Irudian adierazten den bezala, goiko neurona motorren axoiak bizkar-muinera proiektatzen dira beheranzko bide kortikoespinalaren bidez; ordea, bizkar-muineko beheko neurona motorrek proiekzio periferikoak ematen dituzte muskulu eskeletikoetara. (Irudia: https://getbodysmart.com webguneko irudietatik moldatua. Iturria: Ekaia aldizkaria)

AEAk gaixotasun desberdinak biltzen ditu, eta guztiek partekatzen dute mugikortasunaz arduratzen diren neuronetan kalte progresiboa izatea. AEAren ezaugarri bereizgarrienetako bat da neurona motorren heriotza eta endekapena. Kalteak erraboileko eta bizkar-muineko neurona motorrei (beheko neurona motorrei) zein garun-kortexeko eremu motor primarioko neuronei (goiko neurona motorrei) eragiten die.

Zelula horien endekapena ezaugarri duten gaixotasunen artean, AEA da ohikoena eta bere prebalentzia handitu egin da azken urteotan gure ingurunean, neurri batean diagnostikoa hobetu delako. Hala ere, diagnostikoan egindako aurrerapenak ez dira nahikoa izan AEA aldaerak identifikatzeko eta behar bezala sailkatzeko. Izan ere, adierazpen motorrak (hala nola atrofia muskularra eta ahultasun orokorra) kasu guztietan agertzen badira ere, gaixotasuna pairatzen duten pazienteen profila oso aldakorra da adierazpen klinikoak agertzeko denborari eta adierazpen horien larritasunari dagokienez.

Aldakortarun handia, ezagutza urria

Gaur egun, gaixotasuna AEA familiarra eta AEA esporadikoa deritzen bi kategoriatan sailkatzen da, baina bi kategoria horietako bakoitzaren barruan aldakortasun handia dago, ziurrenik bai familiako AEAk bai AEA esporadikoak entitate heterogeneoak biltzen dituztelako kausei dagokienez. Izan ere, garun-kortexeko eta bizkar-muineko neurona motorretan gertatzen den kaltea nahiko ondo karakterizatuta badago ere, kalte hori jatorri anitzekoa da, eta hainbat faktore genetikoen eta ingurumenekoen konbinazioen ondorioz gertatzen da.

AEAn inplikatutako mekanismo konplexuei buruz dagoen ezagutza eskasa da diagnostiko zehatzak egiteko tresnen garapena zailtzen duen faktore nagusietako bat. Gainera, AEAk nahasmendu degeneratiboekin (hala nola alboko esklerosi primarioarekin, errraboil-paralisi progresiboarekin edo muskulu-atrofia progresiboarekin) partekatzen dituen zeinuek eta sintomek diagnostikoan huts egitea eragin dezakete. Horren guztiaren ondorioz, AEAren diagnostikoa beranduegi egiten da gehienetan; hau da, kalte neuronala oso aurreratuta dagoenean. Horrek, era berean, murriztu egiten du berez baxua den terapia farmakologikoen eraginkortasuna. Izan ere, ELAren diagnostiko-eskalak eta larritasunaren jarraipena sintoma motorren eta zeinuen (gehienbat azterketa elektrofisiologikoen)  ebaluazioan oinarritzen dira, eta sintoma eta zeinu horiek kalte neuronala gertatu denean agertzen dira.

Bestalde, gaixotasuna eragiten duten mekanismoei buruzko ezjakintasuna dago, eta horren ondorioz ere, gaur egun ez dago AEA azpimota desberdinak zalantzarik gabe identifikatzeko irizpiderik. Ziurrenik, dauden aldaera guztiak ez dira ezagutzen oraindik. Zorionez, azken hamarkadetan, ikertzaile akademikoek eta klinikoek AEAren aldaerak diagnostikatzeko baliagarriak izan daitezkeen biomarkatzaile molekularrak aurkitu dituzte. Are gehiago, gene, proteina edo hantura-markatzaile erako markatzaile horiek erraz lortzeko moduko laginetan detekta daitezke, hala nola odolean edo epidermisean. Edonola ere, beharrezkoa da oinarrizko ikertzaileei eta ikertzaile klinikoei bitarteko gehiago ematea, AEA gaixotasunaren forma desberdinen kausak sakon ezagutzeko, diagnostiko diferentzial goiztiarra ahalbidetuko duten biomarkatzaile fidagarriak aurkitzeko, eta azkenfinean, terapia eraginkorrak garatzea ahalbidetzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Biomarkatzaile molekularrak Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren diagnostikoan
  • Laburpena: Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) gaixotasun neurodegeneratibo heterogeneo eta sendaezina da. Goiko eta beheko neurona motorren endekapena eta bizkar-muineko alboko kordoiaren esklerosia dira zigilu histopatologiko nagusiak. Egungo tratamenduek sintomatologia moteltzea dute helburu, eta dauden terapia farmakologikoak urriak eta eraginkortasun txikikoak dira, gehienbat diagnostikoa beranduegi egiten delako. Izan ere, AEA diagnostikatzeko eta gaixotasunaren larritasuna jarraitzeko erabiltzen diren eskalak sintomen eta zeinuen balorazioan oinarritzen dira, eta horiek kalte neuronala dagoeneko gertatu denean adierazten dira. Hortaz, premiazkoa da AEAren diagnostiko goiztiarrerako biomarkatzaile espezifiko eta fidagarriak aurkitzea. Orain arte, fluido biologikoetan gehien aztertu diren eta emaitzarik sendoenak eman dituzten biomarkatzaile molekularrak C9orf72 genetik eratorritako proteinak, TDP-43 proteinaren aldaerak eta neurofiruen azpiunitateak dira. Nolanahi ere, biomarkatzaile berriak aurkitzeko, ikerketa gehiago egin behar da gaixotasuna bera ulertzeko; izan ere, AEA interakzio-mekanismo ugariren emaitza da, eta urrun gaude etiopatogenia eta fisiopatologia beren osotasunean ulertzetik.
  • Egileak: Pilar Vivas Alvarez, Leire Borrega-Roman, Miquel Samumell-Esnaola, Imanol González-Burguera eta Gontzal García del Caño
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 35-50
  • DOI: 10.1387/ekaia.24470
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Biomarkatzaile molekularrak Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren diagnostikoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas