Elikagaien eskuragarritasunaren eragina giza ugalkortasuna
Giza espeziean, gainerako animalietan bezala, norbanakoek –gure espeziearen kasuan, emakumeek gehienbat– eskuragarri duten elikagai kopuruak eragin erabakigarria izango du ugalkortasunean. Hori, agerikoa dirudien arren, ez da erraza izan dokumentatzeko, batik bat egungo herrialde garatuetan bikoteek ugalketaren inguruko kontrol nahiko eraginkorra dutelako eta ugalketarekin lotutako erabakien atzean askotariko arrazoiak daudelako.
Irudia: Des ganeuses (Buruxkariak), Jean-François Millet (1857) . Olio pintura mihise gainean. (Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Zorionez, industriaurreko gizartearen inguruko informazio historikoa baliatu ahal izan da gai horien inguruan aztertzeko. Ikerketa talde batek parrokia erregistroetara jo du ikusteko ea erlaziorik baden, batetik, ugalkortasunaren eta, bestetik, estatus sozioekonomikoaren, elikagaien eskuragarritasunaren eta beste faktore batzuen artean. Horretarako, Finlandiako nekazaritza eremuetako parrokia erregistroak aztertu dituzte, 1649. eta 1900. urteen bitartekoak; horrez gain, zekale uztaren inguruko datuak baliatu ahal izan dituzte, hori aztertutako parrokien eremuetako zereal eta elikagai iturri nagusia izanik. Ikertzaileek jakin nahi zuten ea bikoteen nutrizio baldintzen adierazle egokia den ezkontzatik erditzera arte igarotako denbora tartea.
Ezkontzaren eta lehenengo umearen jaiotzaren artean igarotako batez besteko denbora 25,9 hilabetekoa zen, baina alde nabarmenak zeuden ikertzaileek zehaztutako hiru maila sozioekonomikoen artean: altua, ertaina eta baxua. Emakume txiroak aberatsak baino 2,6 hilabete geroago erditzen ziren lehenengo umeaz, eta maila ertainekoak baino 3,0 hilabete geroago. Bi maila horietako –ertainak eta altuak– emakumeen arteko desberdintasunak ez ziren esanguratsuak.
Nutrizio baldintzek –urte bakoitzeko pikor uztan ikus daitekeenaren arabera– eragina zuten ezkontzaren eta lehen erditzearen arteko denbora tartean, baina soilik maila ekonomiko baxuko emakumeen kasuan. Hortaz, ugalketarako gaitasunari dagokionez, emakume txiroengan zuen eragina elikagaien eskuragarritasun txikiagoa izateak. Maila ertaineko eta altuko emakumeek, berriz, uzta txarren eragina ekidin edo neutralizatu ahal izateko beste baliabide batzuk zituzten eskuragarri.
Azterketa honi esker, ikerketa taldea bere hasierako helburutik haratago joan ahal izan zen, ikusi ahal izan baitzuten ugalketarekin erlazionatutako bestelako aldagaiek lotura zutela ezkontzaren eta lehen erditzearen arteko denbora tartearekin. Bada, tarte hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta luzeagoa zen erreprodukzio bizitza, jaiotzen arteko tarteak, berriz, laburragoak eta, beraz, ugalketa arrakasta globala, handiagoa. Hori horrela izanik, baliabide gutxien zituzten emakumeek, geroago erditzeaz gain, urte gutxiagoko aldi batean izaten zituzten umeak, eta jaiotzen artean igarotako denbora tarteak luzeagoak ziren.
Ugalketa funtzioan eragin handia izango du eskuragarri izandako elikagai kopuruak edo eskuratu daitekeenak. Nutrizio baldintzek, ziklo menstrualean eragiteko adinako gogorrak ez direnean ere, hormona esteroide kopuruari eragiten diote. Horren ondorioz, kontzebitzeko aukerak murriztu egiten dira elikadura baldintzak txartzen direnean. Jaiotza tasa kontrolatzeko bitartekorik ez duten Afrikako nekazaritza herrietan, ugaltzeko adinean dauden emakumeen esteroide kopurua txikiagoa da uztaren aurretik, horren ondoren erregistratzen dena baino. Eta aldaketa horiek azaltzen dute herri horietako jaiotzei dagokien urte sasoiaren araberako eredua. Fenomeno horrek egokitze balio argia du, erreprodukzioa handitzen baitu uztaren ondorengo urteko sasoietan, hau da, energia balantzea positiboa denean eta garapen bidean dagoen umekiaren beharrak asetzeko adina baliabide daudenean.
Normalean ez da aztertzen elikagai kopuruaren inguruko aldaketa txikiek ugalkortasunean izan dezaketen eragina. Hobeto ezagutzan dira gosete handien ondorioak; horietan jaiotze tasaren beherakada handiak ikus daitezke, orokorrean, populazioan. Bereziki ondo ezagutzen dira Finlandiako 1866-1868 aldiko goseteen ondorioak, baita Holandako 1944-1945 aldikoak ere; horietan gizarte maila guztietako emakumeen ugalkortasunak beherakada handia izan zuen, baxuenetan eragin larriagoa izan arren.
Ikerketa honek eta antzekoek aldagai demografikoen eta faktore nutrizionalen arteko erlazioa erakusten dute. Eta erakusten dute, orobat, aldagaien arteko erlazioa muturreko egoeren –lehenago aipatutako goseteak– aurrean ez ezik, tamaina txikiagokoetan ere azaltzen dela. Komeni da gogoratzea hautespen naturala ugalketa arrakastaren aldeen eta desberdintasunen araberakoa dela; hori horrela izanik, mota honetako ikerketek gure espeziearen –bai, baita gure espeziaren ere– eboluzioan eragina izan duten eta oraindik ere baduten mekanismoak ezagutarazteko balio dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Nenko, Idona; Hayward, Adam D.; Lummaa, Virpi (2014). The effect of socio-economic status and food availability on first birth interval in a pre-industrial human population. Proceedings of the royal society B, 281. DOI: 10.1098/rspb.2013.2319
Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Elikagaien eskuragarritasunaren eragina giza ugalkortasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Unibertsoari buruzko aztarna berriak grabitazio-uhinen bidez
Munduko irrati-teleskopio handienetako batzuk erabiliz, urte batzuetatik hamarkadetara bitarteko periodoekin oszilatzen duten grabitazio-uhinen ebidentziak aurkitu dituzte nazioarteko hainbat lankidetza-taldetan aritu diren astrofisikariek. Gure galaxian erloju kosmiko batzuk (pulsarrak) zehatz-mehatz behatuta lortu ahal izan dituzte emaitza horiek, The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratutako artikulu-sorta batean xehatu dutenez.
Ipar Amerikako Grabitazio Uhinetarako Nanohertzetako Behatokiak (NANOGrav) — Physics Frontiers Center-ekoa (PFC)— 15 urtez hartutako datuak aztertuz, grabitazio-uhinen seinalea ikusi ahal izan dute. 190 zientzialarik baino gehiagok dihardute elkarlanean, gehienak AEBkoak eta Kanadakoak, AEBetako National Science Foundation-ek (NSF) finantzatuta. Pulsarrak, ardatzean oso azkar biratzen den neutroi-izar bat, biraketa bakoitzean ‘pultsu’ bat igortzen duena, erabiltzen dituzte grabitazio-uhinak identifikatzeko. Europan, Indian, Australian eta Txinan teleskopioak erabiltzen dituzten nazioarteko beste lankidetza batzuetan antzeko emaitzak lortu dituzte modu independentean.
Irudia: munduko irrati-teleskopio handienetako batzuk erabiliz, urte batzuetatik hamarkadetara bitarteko periodoekin oszilatzen duten grabitazio-uhinen ebidentziak aurkitu dituzte. (Argazkia: Igor Mashkov – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)NANOGrav-en aurreko emaitzetan, denborari lotutako seinale misteriotsu bat ikusi zuten behatutako pulsar guztietan, baina seinale hura ahulegia zen nondik zetorren argitzeko. Argitaratu berri dituzten datuek, 15 urteko behaketatik eratorritakoek, erakutsi dute seinalea bat datorrela gure galaxia zeharkatzen duten ondulazio moteleko grabitazio-uhinen presentziarekin. “Frekuentzia oso baxuetako grabitazio-uhinen ebidentzia gakoa da hori —Vanderbilt-eko Unibertsitateko Stephen Taylor doktorearen arabera, nazioarteko lankidetza horretako egungo ikertzaile nagusia—. Hainbat urteko lanaren ondoren, NANOGrav bide berri bat irekitzen ari da grabitazio-uhinen unibertsoan“.
Lurreko tresnen bidez, hala nola LIGO bidez (laser-interferometriaren bidezko grabitazio-uhinen behatokia), behatzen diren maiztasun handiko grabitazio-uhin iheskorrak ez bezala, Lurra baino askoz handiagoa den detektagailu batekin bakarrik hauteman daiteke behe-maiztasuneko seinale jarraitu hori. Horretarako, astronomoek grabitazio-uhinen antena erraldoi bihurtu zuten gure Esne Bidearen sektorea, pulsar deritzen izar exotikoak erabiliz. NANOGrav-ek 68 pulsarren datuak bildu ditu eta detektagailu bat sortu du datuok erabiliz: “Pulsarren sinkronizazio-multzoa” (Pulsar Timing Array, ingelesezko deskribapenean).
Supernoba-leherketa batean desagertu den izar masibo baten nukleoaren hondar ultradentsoa da pulsarra. Pulsarrek azkar biratzen dute, eta irrati-uhinen pultsuak igortzen dituzte. Pultsu horiek espazioan barreiatzen dira, kostako itsasargien argi-pultsuen antzera. Beraz, badirudi izar horiek “taupaka” ari direla Lurretik behatzean. Objektu horietako azkarrenek, milisegundotako pulsarrek, segundoan ehunka aldiz biratzen dute. Oso pultsu egonkorrak dituztenez, doitasun handiko erloju kosmiko gisa erabil daitezke.
Einsteinen Erlatibitate Orokorraren teoriak zehatz-mehatz iragartzen du nolako eragina izan beharko luketen grabitazio-uhinek pulsarren seinaleetan. Denbora-espazioaren egitura luzatu eta konprimatzen dutenez, grabitazio-uhinek pultsu bakoitzaren erritmoari eragiten diote, arin baina aurresateko moduan: pultsu batzuk atzeratu eta beste batzuk aurreratu egiten dira. Pultsuen desfase horiek korrelazioan daude pulsar-bikote guztietan; hain zuzen, bi izarren artean dagoen distantziaren araberakoa da. NANOGrav-ek lortutako datuak guztiz bateragarriak dira erlatibitatearen teoriak iragartzen duenarekin.
Iragarpen teoriko horiek berriki aurkeztutako datuekin alderatuz gero, ziurta dezakegu NANOGrav-en datu berrienek erakusten dutela zenbait urte eta zenbait hamarkada bitarteko periodoak dituzten grabitazio-uhinak badaudela. Uhin horiek unibertsoko zulo beltz masiboenetatik sor litezke: Eguzkia baino milaka milioi aldiz masiboagoak, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia baino tamaina handiagokoak. Seinale horren etorkizuneko azterketek leiho berri bat irekiko dute grabitazio-uhinen unibertsoan, eta informazioa emango dute urrutiko galaxien bihotzean barneratzen diren zulo beltz titanikoei buruz, besteak beste.
Jose Juan Blanco-Pillado UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailearen eta NANOGrav-eko kide elkartuaren hitzetan, “emaitza horiek mugarri bat dira grabitazio-uhinen detekzioaren historian, eta aukera ematen digute unibertsoa ikuspegi berri batetik behatzeko. Etorkizunean, espero dugu horrelako behaketek laguntzea prozesu astrofisiko ezagunak ulertzen eta orain arte ezkutuan egon diren beste fenomeno batzuk identifikatzen edo aurkitzen”.
“UPV/EHUn, zehazki, unibertso sortu berrian gertatu ziren prozesuak identifikatzen dihardugu, mota honetako grabitazio-uhinen behatokiek detektatzeko moduko seinalea eman dezaketen prozesuak. Horrelako seinaleak garbi detektatzeak oso informazio baliotsua emango liguke unibertsoak lehen uneetan izan zuen bilakaerari buruz”.
Mundu osoko astrofisikariak ibili dira grabitazio-uhinen seinale horren atzetik. Australiako Parkes Pulsar Timing Array, Txinako Pulsar Timing Array eta Europako Pulsar Timing Array/Indiako Pulsar Timing Array detektagailuekin jasotako datuetan seinale beraren zantzuak badaudela adierazten dute argitaratutako zenbait lanek. Nazioarteko Pulsar Timing Array partzuergoaren bidez, eskualde guztietako lantaldeak elkarlanean ari dira denen datuak konbinatzeko, eta, hala, seinalea hobeto karakterizatzeko eta seinale-iturri berriak bilatzeko. Izan ere, ziur daude nazioarteko taldeak lankidetzan jarduteko garrantziaz eta beharraz.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Izar exotikoak erabiliz, sinfonia kosmikoaren murmurioa sintonizatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Agazie, Gabriella et. al. (2023). The NANOGrav 15 yr Data Set: Evidence for a Gravitational-wave Background. The Astrophisical Journal Letters, 951, L8. DOI: 10.3847/2041-8213/acdac6
The post Unibertsoari buruzko aztarna berriak grabitazio-uhinen bidez appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #446
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngeniaritzaEnedina Alves, Brasilgo ingeniari beltza erreferentea izan zen ibaietako presa hidroelektriko handien eraikuntzan. Paranáko estatuan jaio zen Enedina, 1913ko urtarrilean, eta Ingeniari zibil gisa graduatu zen 1945ean. Hala, 32 urterekin Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza bihurtu zen. Graduatu ondoren, Paranáko Plan Hidroelektrikoan lan egitera destinatu zuten, eta bertan lanean zegoela eraiki zuen Usina Capivari-Cachoeira lurpeko hidroelektrikoa, herrialdearen hegoaldeko handiena. Enedina hil eta urte batzuk geroago haren hiriko kale garrantzitsu bat eskaini zioten, eta 2006an, Enedina Alves Marques Emakumeen Institutua sortu zuten, bere omenez. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltz aitzindaria.
AntropologiaKobre Aroan Iberian gizarte-estatus handiena zuena emakumezkoa zela ondorioztatu dute, pertsona baten hortzetako esmaltea aztertuta. Pertsona horren hondarrak Valentziako hilobi batean aurkitu zituzten, eta duela 3.200 eta 2.200 urte artean bizi izan zen. Bakarrik zegoen hilobiratua, eta objektu baliotsuz inguratua; horrek erakusten du estatus handia zuela pertsona horrek. Hasiera batean 17 eta 25 urte bitarteko gizonezkotzat hartu zuten, baina hortzetako esmalteko amelogenina peptidoak emakume bat zela frogatu du. Antzeko estatusa izan zezakeen beste kasu bat ere topatu zuten ehorzketa-eremu berean, eta hura ere emakumea zen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
ArkeologiaIkerketa arkeologikoetan momentuko aurreiritziek aurkikuntzen interpretazioa baldintzatzen dute. Horren adibide dira 2009an Modenan (Italia) topatu zituzten eskeletoak. Batera ehortzita zeuden, eskutik helduta, eta posizioagatik, asumitu zen harreman heterosexual bat irudikatzen zutela. 2019an, ordea, teknika berriei esker ezagutu zenean bi hilotzak gizonezkoak zirela, eta zuzenean baztertu zen haien arteko harreman erromantiko edo sexuala. Geroztik, neba, lehengusu edo batailan batera hildako bi soldadu zirela ere iradoki da. Aurreiritzi guzti horien gainetik, Mikel Herran eta Enrique Moral de Eusebio ikerlariek ‘Queer’ arkeologia aldarrikatu dute. Azalpen guztiak Berrian: Iraganeko ezagutza, orainak mugatuta.
TeknologiaUPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan. Datuak inkesta baten bidez lortu zituzten, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten. Emaitzen arabera, oro har, 4.0 Industriako teknologiak eragin positiboa du langileengan, eta enpresei eraginkorragoak eta lehiakorragoak izaten laguntzen die. Alabaina, arrisku berriak ere sortzen direla argudiatu dute, batez ere psikosozialak. Datuak Zientzia Kaieran: 4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean.
KimikaEtilenoa industria petrokimiko olefina arinen merkatuan liderra da, eta substantzi horren ohiko ekoizpen-prozesuak iturri fosiletan oinarritu da. Gaur egun, alabaina, etilenoaren bidez hidrokarburo likidoak ekoiztea sustatu da, energia berrizkagarri modura. Etilenoaren oligomerizazioaren bitartez hainbat produktu ekoitzi daitezke, hala nola, olefina astunak, erregaiak edota aromatikoak. Prozesu horretan lehengai modura erabiltzen den etilenoa iturri jasangarrietatik etorri daiteke, esate baterako CO2-aren balorizaziotik, eta beraz, energia-iturri jasangarri bat dela esan daiteke. Azalpenak Zientzia Kaieran: Hidrokarburo likidoen ekoizpena etilenoaren oligomerizazioaren bitartez.
OsasunaEsther Samper mediku eta doktoreak Zientzia Kaierako artikulu batean azaldu du ez dela egia urteekin metabolismo basal motelagoa izateak kiloak irabaztea eragiten duela. Zientzialariak aurkitu zuten metabolismo basala bizitzaren lau etapa oso zehatzetan aldatzen dela, baina 20 eta 60 urte bitartean kontsumo metabolikoa egonkorra da. Beraz, baieztapen horrek ez du inolako oinarri zientifikorik. Hala, urteak pasa ahala pisua irabaztea, normalean, bizitza sedentarioago batekin erlazionatzen da.
MikrobiologiaGizakiak hegazti-gripetik babesten dituen gene bat identifikatu dute gizakien goiko nahiz beheko arnasbideetan. BTN 3A3 izena du, eta ikusi dute gai dela hegazti-gripearen andui gehienen erreplikazioa blokeatzeko giza zeluletan. Alabaina, izan dira gizakian izurri bihurtu diren hegazti-gripeak, hala nola, 2013az geroztik, 1.500 pertsona baino gehiago kutsatu dituen H7N9 birusa. Birus hori ere aztertu dute, eta frogatu dute mutazio genetiko bat duela, BTN 3A3 genearen eragina saihesteko. Urtaroko giza gripearen birusak ere erresistenteak dira gene horren mekanismoaren aurka. Datuak Elhuyar aldizkarian: Gizakiak hegazti-gripetik babesten dituen gene bat identifikatu dute.
BiologiaHainbat ikerketak erakutsi dute kulturak gene-aldaera batzuen hautespenean eragin dezakeela. Prozesu horri gene-kultura koeboluzioa deritzo, eta populazioen eboluzioa eraldatzeko gai dela ikusi da. Horren adibide argia da giza-populazio batzuetako helduetan garatu den laktosarekiko tolerantzia, adibidez. Ugaztunak kumeak direnean esnearen laktosa digeritu dezakete, baina heldutasunean gaitasun hori galdu egiten da aldaketa genetiko batzuen ondorioz. Alabaina, historian zehar giza-populazio batzuk heldusunean ere laktosa digeritzeko gaitasuna mantendu zuten. Gene-kultura koeboluzioaren adibideak topatu daitezke beste animalia batzuetan ere, hala nola, orketan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan.
AstronomiaLehen aldiz, grabitazio-uhin indartsuenen seinalea detektatu dute LIGO behatokian. Grabitazio-uhinak denbora-espazioaren distortsioak dira, eta Einsteinek 1916an deskribatu bazituen ere, ez ziren baieztatu 100 urte geroagora arte. Orain, bi zulo beltzen arteko talkaren ondorioz sortu ziren grabitazio-uhinak detektatu dituzte pultsarren bidez. Zehazki, denbora-espazioaren luzatzeak eta uzkurtzeak pultsarren irrati-uhinetan sortzen duten aldaketa neurtu dute 15 urtetan zehar. Emaitzek iradoki dute distortsio handiak egon direla denbora-espazioan, eta horiek gertuko orbita batean dauden zulo beltz supermasiboek sortuak direla ondorioztatu dute. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #446 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #454
Zein da planeta baten bizigarritasunaren benetako muga? The edge of planet habitability
Gure gailu elektronikoetan prozesadoreak ditugu alde batetik, eta memoriak bestetik: autoak eta furgonetak. Karga-ahalmen handiko autoa izatea merkeagoa eta eraginkorragoa izango litzateke, ezta? Ba, hori: A resistive switching memory based on hafnium dioxide.
Geneak ala hazkuntza? Bada, galdera birformulatu beharko da hirugarren faktorea gehitzeko: zortea. Nature, nurture and randomness Kate Laskowskiren eskutik.
Torlojua tinkatzea dohainik dela zioen hark, zein torloju tinkatu behar den jakiteko zirela hogei duroak. DIPCko jendeak badaki elektroi bat non sartu: Emergence of superconductivity in a metallic single-layer by minute electron doping
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #454 appeared first on Zientzia Kaiera.
Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltz aitzindaria
Ikerketaren munduko emakumeen historia batzuk eleberri bat idazteko modukoak dira, eta hori da Enedina Alves Marquesen kasua, zeina Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza izan zen. Aurten 110 urte beteko lituzke. Halabeharrak, bere familiaren historiarekin zerikusirik ez zuenak, hala nahi izan zuen:
XX. mende hasierako mundu arrazista eta matxistan, Brasilen azalaren “zuriketa” politiken alde egiten zutenean gizarte zuri baino beltzago batean, Enedina erreferente bihurtu zen mendilerroak zeharkatzen dituzten ibaien gaineko presa hidroelektriko handien eraikuntzan.
Enedina Curitiban jaio zen, Paranáko estatuan, 1913ko urtarrilean, anai-arrebaz inguratuta. Haren gurasoak, Virgília Alves Marques latsaria, Dona Duca gisa ezaguna, eta Paulo Marques nekazaria, hiru urte lehenago iritsi ziren hirira, leku ezezagun batetik. Neskatoak zazpi urte zituenean, Dona Duca militar eta intelektual baten etxean hasi zen lanean, Domingos Nascimento Sobrinho maiorrarenean, zeinak Enedinaren adineko alaba bat baitzuen. Neskak lagun min bihurtu ziren, eta, are gehiago, militarrak bere zerbitzariaren alabaren –hark ere laguntzen zuen etxeko zereginetan– ikasketak ordaindu zituen biek batera jarrai zezaten.
1. irudia: Enedina Alves Marques (1913-1981) ingeniari brasildarra zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Barnealdeko hirietara joan ziren biak irakasle, 20 urte ere ez zituztenean. Enedina Curitibara itzuli zen 1935ean, eraikitzaile baten familiarekin bizitzera irakasle ikasketak egiten zituen bitartean. Baliteke horrek eragin izana gerora eraikuntzaren munduarekiko bokazioa deskubritzea. Hiru urte geroago, haren ikasteko grina aseezinak bultzatuta, aurreingeniaritza ikastaro bat egiten zuen, gaueko ordutegian, egunez lan egiten baitzuen. Izugarri erakarri zuen horrek, eta 1940an Paranáko Ingeniaritza Fakultatean hasi zen, nahiz eta hilean gutxieneko bi soldataren pareko kuota ordaindu behar izan. Ingeniari zibil gisa graduatu zen 1945ean, eta titulu horri esker Brasilgo lehen emakumezko ingeniari beltza bihurtu zen 32 urterekin. Haren promozioko kideak 32 gizon zuri izan ziren. Izan ere, hark baino lehenago bi gizon beltzek baino ez zuten halakorik lortu.
“Haren graduazioa markatu zuen, funtsean, egin zuen balentriak Curitibako gizartearen interesa piztu zuela, hegemonikoki gizonezko zuriena zen espazio bat gurutzatzea lortu zuelako”, esan du Jorge Luiz Santanak, Enedinaren biografoetako batek.
Diskriminazio bikoitza: generoa eta arrazakeriaUnibertsitateko etapa ez zen batere erraza izan harentzat. Generoagatik eta azal koloreagatik asko jazarri zuten bai kideek, bai irakasleek; irakasgaiak suspenditu nahi zizkioten gaitasunak gorabehera. Haren kideetako batek gertaera hauetako batzuk ekarri zituen gogora urte batzuk geroago: “batean, irakasle batek oso puntuazio baxua eman zion eta jendaurrean frogatu behar izan zion jarri zuen paragrafoa irakaslearen liburuan idatzita zegoenaren berbera zela”.
Graduatu ondoren, 32 urte zituela, ingeniari laguntzaile bihurtu zen gerora Brasilgo Uren eta Energia Elektrikoaren Estatu Idazkaritza izango zenean. Paranáko Plan Hidroelektrikoan lan egitera destinatu zuten, zehazki presen bidezko Capivari, Cachoeira eta Iguazú ibaietako uren aprobetxamenduan. Herrialdearen hegoaldeko lurpeko hidroelektrikorik handiena, Usina Capivari-Cachoeira, haren ingeniaritza lan nagusietako bat da. Inaugurazioa 1971n izan zen. Funtziona zezan, Capivari ibaitik Cachoeirara ura eraman behar izan zuten, eta horretarako tunel handi bat eraiki behar izan zuten, Paranáko kostaldeko lautadan amaitzen den Serra do Mar mendikatea zeharkatzen duena.
2. irudia: Enedina Alves Marques Usina Capivari-Cachoeira eraikitzen zen bitartean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Ingeniari izateko zailtasunak izan zituen eta, gainera, zaila egin zitzaion mendi eta oihanetako lan hartan bere burua errespetaraztea sektoreko gizonen artean, lankide edo langile izan. María Rita Asisek, haren beste biografoetako batek, idatzi zuenez, bizitza pertsonalean nahiko apaina izan arren, lanean beti eramaten zituen laneko mantalak, gainerako langileek bezala. Gainera, diotenez, arma bat eraman ohi zuen gerrian, eta behin baino gehiagotan egin omen zuen tiro airera errespetua bereganatzeko. “Energikoa eta zorrotza izan behar zuen emakumea eta beltza izateagatik bere burua errespetarazteko”, dio De Asisek.
Emakumeek ezkondu eta seme-alabak eduki beharko lituzketela pentsatzen zuen mundu batean, Enedinak ez zuen halakorik egin, baina emakume askorentzat pentsaezina zen bide bat ireki zuen. Alde batetik bestera bidaiatzen aritu zen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, zenbait ingeniaritza proiekturekin. Paranáko hidraulikako buru eta estatistika dibisioko eta ingeniaritza zerbitzuko buru izatera iritsi zen.
Hil ondorengo aitortzaUmetatik aitatzat izan zuen militarrak oinordeko izendatu zuen 1961ean, baina lanean jarraitu zuen 1962an erretiroa hartu zuen arte. Orduko Paranáko gobernadore Ney Bragak dekretu batean bermatu zituen Enedinak profesional gisa lortutako lorpen guztiak, eta epaile baten soldataren pareko erretiroa eskaini zion bere zerbitzuak eskertzeko.
Enedina 68 urterekin hil zen, 1981ean, bihotzekoak jota. Hilda aurkitu zuten haren Curitibako apartamentuan hil eta astebetera, ez baitzuen bere zaintzaz arduratuko zen gertuko seniderik. Tokiko prentsak gertaeraren berri eman zuenean ezezagun bati buruz ariko balira bezala, Enedinaren Paranáko Ingeniaritza Institutuko lankideak haserretu egin ziren, eta aitzindari handi haren merituak nabarmendu zituzten hainbat artikulutan. Azkenean, merezitako omenaldiak jaso zituen.
3. irudia: Enedina Alvesen omenezko Googleren doodlea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Urte batzuk geroago, haren hiriko kale garrantzitsu bat eskaini zioten eta haren izena Emakume Aitzindariaren Memorialean inskribatu zuten. Mende honetan, 2006an, Enedina Alves Marques Emakumeen Institutua sortu zuten, Maringán. Azken urteetan, haren bizitzaren inguruko ipuinak idatzi dituzte umeentzat, eta haren historiari buruzko dokumental bat ere proiektatu dute. Azken omenaldia pasa den urtarrilean izan zen, haren jaiotzaren 110. urteurrenean Googlek bere doodleetako bat dedikatu baitzion.
Iturriak:- Jorge Luiz Santana. (2021) Enedina Alves Marques: a trajetória da primeira engenheira do sul do país na Facultade de Engenharia do Paraná (1940-1945), Vernáculo aldizkaria 28, 2, 42-75
- Mariana Tokarnia. (2023, urtarrila) Primeira engenheira negra do Brasil completaria hoje 110 anos. Enedina Alves Marques formou-se na UFPR em 1945, Agencia Brasil
- Quem é Enedina Alves Marques, homenageada do Google nesta sexta (13), (2023ko urtarrilaren 12a). Diario Do Nordeste
- Juan Ignacio Lofredo. (2023) Quién fue Enedina Alves Marques, recordada por Google en el doodle de HOY. BolaVip
- Londrina. (2023). Enedina Alves Marques: conheça a primeira engenheira negra do Brasil. Globo
- Enedina Alves Marques, Wikipedia
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urtattilaren 24an: Marian Elliot Koshland, la inmunóloga que nos descubrió cómo eran nuestros anticuerpos
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Enedina Alves, Brasilgo ingeniari beltz aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Hidrokarburo likidoen ekoizpena etilenoaren oligomerizazioaren bitartez
Etilenoa industria petrokimiko olefina arinen merkatuan liderra da, urteko %3,4 gorakada zenbatesten duena. Produktu kimiko desberdinak ekoizteko lehengai garrantzitsuenetakoa da, adibidez, plastikoak, polimeroak edo bilgarriak. Horien artean, bere erabilera nagusiena plastikoen ekoizpena da, %63ko ekarpenarekin, bereziki, dentsitate altuko eta baxuko polietilenoaren ekoizpenerako (HDPE eta LDPE).
Etilenoaren ohiko ekoizpen-prozesuak iturri fosiletan oinarritzen dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira: ur-lurrun bidezko cracking termikoa (SC), cracking katalitikoa ohantze fluidizatuan (FCC) eta parafinen deshidrogenazioa (PDH). Gas naturalaren eskuragarritasuna handitzearen ondorioz, bereziki, eskisto gasarena, etanoaren prezioak beherakada nabarmena izan du, eta horrek SC teknologia bultzatu du, eta horrekin batera, etilenoaren ekoizpena handitzea. Hala ere, ohiko teknologia horien eragozpen handienetako bat ingurumenean duen eragina da. Energia eskakizuna altua da eta atmosferara CO2 kantitate handiak isurtzen dira. Ingurumen-lege gero eta murriztaileagoek eta iturri fosilen agortze eta menpekotasuna murrizteak, teknologia iraunkor eta berriztagarrien garapena bultzatu ditu. Hau horrela, etilenoaren balorizazioak oligomerizazioaren bitartez balio erantsiko produktuak ekoiztea ahalbidetzen du, hala nola, olefina astunak, erregaiak (gasolina, jet fuela eta diesela) edota aromatikoak; eta beraz, interesa piztu du bai gaur egungo findegietan zein industria petrokimikoetan.
Irudia: etilenoaren oligomerizaziotik eratorritako produktuak eta aplikazioak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Olefinen oligomerizaziorako dauden teknologia gehienek propilenoa edo butenoak erabiltzen dituzten arren lehengai gisa (EMOGAS, NexOctane), industrialki etilenoan aberatsak diren korronteetan oinarritutako hainbat teknologia eskuragarri daude (SHOP, MOGD). Prozesu hauetan katalizatzaile homogeneoak erabiltzen dira. Katalizatzailearen eta disolbatzailearen arteko banaketa zaila, garestia eta berrerabilpena mugatua denez, katalizatzaile heterogeneoak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Etilenoa oligomerizatzeko prozesu industrialetan Al Ziegler-Natta katalizatzailea, Ti konplexuak edo ZSM-5 zeolitak erabiltzen dira. Gaur egun, egitura desberdineko katalizatzaile heterogeneoen erabilera aztertzen ari dira, balio erantsi handiko konposatuen hautakortasuna handitzeko eta desaktibazioaren eragina arintzeko asmoz. Katalizatzaile hauek hiru familiatan sailkatzen dira: (1) silize-alumina amorfoak, (2) egitura ordenatuko material mesoporotsuak (OMM), eta (3) zeolitak/ zeotipoak.
Etilenoaren oligomerizazio teknologiaren bitartez 2030 Agendan zehazten diren garapen jasangarrirako helburu batzuei ekarpena egiten da: GJH 7,“Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea”eta GJH 13, “Klima babesteko ekintza”. Oligomerizazioan erabilitako etilenoa iturri jasangarrietatik baldin badator, esate baterako CO2-aren balorizaziotik, lortutako oligomerizazio-produktuek, bereziki erregaiek, ez dute sufrerik izango, ezta heteroatomorik; eta, beraz, toxikotasun-maila askoz baxuagoa erakutsiko dute eta jatorri fosiletik lortutako erregaiek baino eragin txikiagoa izango dute ingurumenean. Gainera, klima aldaketaren murrizketari laguntzen da, behar energetiko gutxiago dituzten teknologia garbiagoen erabilerarekin, alegia.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 43
- Artikuluaren izena: Hidrokarburo likidoen ekoizpena etilenoaren oligomerizazioaren bitartez
- Laburpena: Etilenoa industria petrokimikoko olefina arinen merkatuan liderra da, eta haren eskaria urtean % 3,4 igotzen da. Gas naturalaren eskuragarritasuna dela eta, etanoaren prezioak beherakada nabarmena izan du mundu-mailan eta horrek findegietan etanoaren ur-lurrun bidezko cracking termiko (SC) izeneko prozesuaren erabilera areagotu du, non etilenoa ekoizten den nagusiki. Horrek findegietan etilenoaren gaindikina izatea eragin du, eta areagotu egin du propilenoaren ekoizpenean dagoen defizita. Hori horrela, etilenoa oligomerizazioaren bitartez balorizatzeak balio erantsiko produktuak ekoiztea ahalbidetzen du, hala nola olefina astunak, erregaiak (gasolina, jet fuela eta diesela) edota aromatikoak; beraz, interesa piztu du gaur egungo findegietan zein industria petrokimikoetan. Izan ere, etilenoaren gaindikinari aurre egiteaz gain, oligomerizazioan erabilitako etilenoa iturri jasangarrietatik baldin badator, esate baterako CO2-aren balorizaziotik, lortutako oligomerizazio-produktuek, bereziki erregaiek, ez dute sufrerik izango, ezta heteroatomorik ere; beraz, toxikotasun-maila askoz baxuagoa izango dute, eta jatorri fosiletik lortutako erregaiek baino inpaktu txikiagoa ingurumenean. Artikulu honetan, lehendabizi etilenoaren erabilerak, ohiko teknologiak eta teknologia berriztagarriagoak laburki azaldu dira. Jarraian, etilenoaren oligomerizaziorako industrian ezarrita dauden teknologiak deskribatu dira, katalizatzaile motak, operazio-baldintzak (tenperatura eta presioa) eta erreakzio-mekanismoa aztertuz. Azkenik, etilenoaren oligomerizazioak eta garapen jasangarrirako helburuen (GJHen) arteko harremana erlazionatzen duten gakoak laburbildu dira.
- Egileak: Zuria Tabernilla, Asier Barredo, Josu García, Julen Garmendia, Ainara Ateka eta Eva Epelde
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 325-340
- DOI: 10.1387/ekaia.23766
Zuria Tabernilla, Asier Barredo, Josu García, Julen Garmendia, Ainara Ateka eta Eva Epelde UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hidrokarburo likidoen ekoizpena etilenoaren oligomerizazioaren bitartez appeared first on Zientzia Kaiera.
Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan
Aurreko artikulu batean kulturaz eta animaliez jardun ginen, eta ikusi genuen kultura nola identifikatzen den animalietan eta zein adibide ikertu diren jada. Gaur esku artean dugun artikuluan biologia eta kultura uztartzen dituen beste gai batean murgilduko gara; hain zuzen ere, kulturaren eta genetikaren arteko elkarrekintzan. Kultura, geneen antzera, belaunaldien artean informazioa transmititzeko sistema bat da, eta hainbat ikerketak erakutsi dute kulturak berak gene-aldaera batzuen hautespenean eragin dezakeela. Prozesu horri gene-kultura koeboluzioa deritzo.
Kultura al dute animaliek? Artikuluan ikusi genuenez, animalietan kideen artean irakasten diren jarreren multzoari deitzen zaio kultura. Jarreren multzo hori animalia talde baten berezkoa izan ohi da (zein landare jan eta zein ez, zein eremutan bizi inguruan harrapari gutxiago izateko, zein migrazio-ibilbide erabili…), eta banakoz banako eta belaunaldiz belaunaldi hedatzen da jarrera-multzo talde barnean. Horregatik esaten da, hain zuzen ere, kulturak horretan bat egiten duela genetikarekin: biak ala biak informazioa transmititzeko mekanismoak dira.
Irudia: kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Horren adibidea laktosaren tolerantziarena da. (Argazkia: Amelia Hallsworth – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)Hain zuzen, duela 40 bat urte hasi zen buruari bueltaka populazio-genetikaren adarreko teoriagile talde bat, genetikaren eta kulturaren artean erlazio bat egon zitekeela pentsatuz. Zientzialari horiek sinisten zuten bi herentzia-mekanismoek moduren batean elkarreragin behar zutela, eta ondorengoek beren aurrekoen ondare genetikoa eta kulturala jasotzen zutela. Ezaugarri genetikoek espezie edo animalia talde baten garapenean eragiten dute, eta ondorioz, bere ikasketan. Kulturalki transmititutako informazioak, bestalde, animalia talde horren jokabidea baldintzatzen du, eta hautespena gertatuko da kultura horretan bizitzeko egokiak zaizkion geneetan. Hala, genetikak taldearen gaitasun kulturala baldintzatzen du, eta taldearen kulturak bueltan geneak aldatuko ditu denboran zehar. Prozesu horri deitu zioten, hain zuzen ere, gene-kultura koeboluzioa.
Gaur egun, gene-kultura koeboluzioaren hainbat adibide identifikatu dira jada espezie ugaritan. Adibide ikertuenek, ordea, gizakia dute protagonista. Giza genomaren hainbat analisik erakutsi dute gizakiaren gene-aldaera batek baino gehiagok hautespen positiboa izan dutela berriki, eta gene horiek praktika kulturalekin erlazionatuta egon daitezkeela uste da. Kasu horietako ezagunena eta agian argiena laktosaren tolerantziarena da.
Laktosa digeritzeko gaitasuna laktasa proteinak ematen du, heste meharrean jariatzen den entzima batek. Haurtzaroan laktasa entzima sintetizatzeko gai izatea oso garrantzitsua da amaren esnea digeritu ahal izateko, baina kumea helduz joan ahala, laktasa sintetizatzeko gaitasuna galtzea da ohikoena ugaztunetan. Duela gutxira arte, zientzialariek uste zuten heldutasunean laktosarekiko tolerantzia izatea duela 9.000 urte inguru hasi zela hedatzen populazio eskandinaviarretan, eta abeltzaintzaren hedatzearekin ikusten zitzaion lotura.
Haatik, ikerketa berriek erakutsi dute tolerantziarako bidea ez zela hain zuzena izan. Ikerketa horien arabera, goseteetan egin zen bereziki abantailatsua laktosarekiko tolerantzia, jada esnea eta esnekiak kontsumitzen ziren populazioetan. Batetik, elikagai-iturri gehigarri bat zirelako, eta, horrez gain, besterik ez bazegoen, intoleranteak zirenei beherakoa eragiten zielako, eta nutrizio-egoera are gehiago okertzen zitzaien jada ahuldurik zeudenei. Bigarren hipotesi batek iradokitzen du laktosarekiko intolerantziak sortutako osasun arazo a priori garrantzirik gabekoek beste gaixotasun batzuen aurrean zaurgarriagoak egiten zituela laktosarekiko tolerantziarik ez zuten banakoak. Esnekiak kontsumitzeak, gainera, abereekin kontaktu zuzenagoa izatea zekarren, eta ondorioz, zoonosi-esposizio altuagoa.
Hala, heldutasunean laktosa digeritzeko gaitasuna aldaketa genetiko bati zor zaio, laktasa proteinaren sintesia erregulatzen duen gene batean gertatu zena. Aldaketa horren ondorioz, laktasa entzimaren sintesia ez zen eteten behin haurtzaroa amaituta; aitzitik, jarraitu egiten zuen heldutasunean ere. Munduko beste eremu batzuetan, ordea, ez zen geneen eta kulturaren arteko koeboluzio hori gertatu, eta horrek azaltzen du gaur egun ipar-europarren %5 soilik izatea laktosarekiko intolerantea, eta kontrara, Asia eta Afrikako zenbait komunitatetan biztanleriaren %90ek izatea intolerantzia hori.
Ikerketa askorekin gertatzen den moduan, gene-kultura koeboluzioa gizakietan ikertu da gehien. Animalia kulturalen inguruko artikuluan argi geratu zenez, alabaina, ez gara kultura dugun animalia bakarrak, eta, beraz, espero izatekoa da kulturaren eta geneen arteko elkarrekintza hau beste espezie kultural batzuetan ere gertatu izana. Orkaren kasua da gehien ikertu dena gaur egunera arte, jakina baita kultura konplexuak dituzten animaliak direla. Hain zuzen ere, gizakia eta laktasaren adibidean bezala, orketan ere digestio-entzimen sintesia ikertu da espezie horren populazio ezberdinetan, eta antzeko prozesuak hauteman dira. Esaterako, metioninaren zikloarekin (proteinen sintesiaren tarteko ziklo batekin) erlazionatutako geneak oso desberdinak zirela ikusi zuten arrainez elikatzen ziren edo ugaztunak ehizatzen zituzten orka populazioetan.
Laburbilduz, esan genezake “hautespen kulturalak” belaunaldiz belaunaldi geneetan aldaketak eragiteko gaitasuna duela frogatu dela. Gene-kultura koeboluzioaren ideiak erabateko iraultza ekarri du eboluzioa ulertzeko orduan, kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi baitu. Horrek, bere aldetik, esan nahi du gertaera estokastikoak eta kontrolatu ezin diren inguruneko baldintzak alde batera utzita, kultura duten animaliek beren eboluzio propioaren norabidea modula dezaketela.
Erreferentzia bibliografikoak:Evershed, P. Richard et al. (2022). Dairying, diseases and the evolution of lactase persistence in Europe. Nature, 608, 336–345. DOI: 10.1038/s41586-022-05010-7
Laland, Kevin N; Odling-Smee, John; Myles, Sean (2010). How culture shaped the human genome: Bringing genetics and the Human Sciences together. Nature Reviews Genetics, 11, 137–148. DOI: 10.1038/nrg2734
Whitehead, Hal; Laland, Kevin N.; Rendell, Luke; Thorogood, Rose; Whiten, Andrew (2019). The reach of gene–culture coevolution in Animals. Nature Communications, 10. DOI: 10.1038/s41467-019-10293-y
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez, metabolismo basal motelagoa ez da urteekin kiloak irabaztearen erruduna
Gainpisua eta obesitatea osasun publikoko bi arazo larri dira eta, zuzenean edo zeharka, urtean 130.000 heriotza inguru eragiten dituzte Espainian. Gaixotasun horiek osasunerako arrisku nagusietako bat dira, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, artikulazioen gaitzak, loaren apnea, gogo aldartearen nahasmenduak eta osasunaren arloko bestelako arazo batzuk izateko arriskua modu adierazgarrian areagotzen baita.
Duela hamarkada batzuetatik hona, gainpisuaren eta obesitatearen zifrak pixkana areagotuz joan dira, eta gaur egun Espainiako biztanleriaren % 25ek baino gehiagok gainpisua edo obesitatea dute. Hala, itxuraz, etorkizun hurbilean gorputzaren gehiegizko pisuaren kasuek gora egingo dute. Oraingo erritmoari eutsiz gero, Espainiako Kardiologiako Aldizkariak argitaratu duen azterketa baten arabera, emakumeen % 55 eta gizonen % 80 gizenak izango dira edo gainpisua izango dute 2030ean Espainian.
Irudia: mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. (Argazkia: Pixabay – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)Fenomeno horren atzean arrazoi anitz daude, denak ere elkarri lotuak. Fenomenoan laguntzen duen faktore garrantzitsua da Espainiako herritarren gero eta sedentarismo handiagoa. 2022ko Eurobarometroari jarraikiz, espainiarren % 58k ez dute inoiz egiten ariketa fisikorik edo kirolik edo oso gutxitan aritzen dira jardun horretan. Bestalde, Espainian gero eta okerrago jaten da: herritar gehienen dietak okerrera egiten du denborarekin, eta gero eta maizago erabiltzen dira elikagai ultraprozesatuak (kaloria asko dituztenak, azukre askokoak, gantz aseak dituztenak eta gatza), frutaren, barazkien eta egoskarien kaltetan.
Dena den, sedentarismoaren eta elikadura txarraren atzean, egiaz, hainbat faktore daude (osasuna baldintzatzen duten gizarteko faktoreak) jokabide horietan erortzera bultzatzen dutenak: baliabide ekonomikorik eza, erosketa egin eta janaria prestatzeko denbora mugatua, osasungarriak ez diren elikagaien publizitatea, gazteen artean pantailen aurreko aisia nagusi izatea…
Kasu gehienetan, gainpisua eta obesitatea ez dira egun batetik bestera bat-batean azaltzen. Prozesua motela da, eta kiloak pixkanaka hartzen dira urteetan zehar. Ildo horri eutsiz, mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. Hori horrela izanik, jarduera fisikoaren maila berari eta dieta berdinari eutsi arren, kiloak hartzea saihetsezina da. Egia al da?
Lehenik eta behin, metabolismo basala edo tasa metaboliko basala (TMB) da organismoak kontsumitzen duen energia oinarrizko bizi funtzioak egiteko, hala nola gorputzaren tenperatura mantentzeko, arnasteko, bihotza uzkurtzeko, hesteetako mugimendu peristaltikoetarako, burmuinaren jarduerarako, giltzurrunek gernua ekoizteko eta ehunak konpondu eta birsortzeko. Beste hitz batzuetan esanda, bizirik mantentzeko gutxieneko kalorien gastua baino ez da, jarduera fisikoa kontuan hartu gabe.
Orduan, nola aldatzen da TMBa bizitzan zehar? Berdin «erretzen» al dute haur batek, unibertsitate ikasle batek eta adineko pertsona batek? 2021ean Science aldizkarian argitaratu zen azterketa zabal bati esker, orain oso ondo ezagutzen dugu nola aldatzen den gure metabolismo basala urteak bete ahala. Ikerketa hartan 29 herrialdetako 6.400 pertsonaren eguneko gastu energetikoa aztertu zen, eta adinak 8 egunetik 95 urtera bitartekoak ziren. Gastu energetikoa ebaluatzeko, isotopo egonkor eta ez-erreaktiboetatik abiatuta, ura bitan markatu zen –metodo hori nahiko zehatza da horretarako–.
Zientzialariak aurkitu zuten pisuaren arabera doitutako metabolismo basala benetan bizitzan zehar asko alda daitekeela. Hala eta guztiz ere, bizitzaren lau etapatan gertatzen da bakarrik eta etapa horiek oso zehatzak dira. Jaioberriek helduen pareko kontsumo metabolikoa dute, baina bizitzaren lehenengo urtean beren metabolismoa asko bizkortzen da, eta helduena baino % 50 gehiago izatera iristen da. Lehenengo urtetik 20 urtera arte pixkana motelduz doa metabolismoa (urtean % 3 inguru). 20 eta 60 urte bitartean kontsumo metabolikoa egonkorra da, eta 60 urtetik aurrera urtean % 0,7 jaisten da. 95 urterekin gastua % 20 jaisten da. Gainera, ez dago desberdintasun argirik gizonen eta emakumeen metabolismoaren artean masa muskularra eta gorputzaren tamaina kontuan hartuta. Nolanahi ere, adinarekin esperotakoaren aldean, zenbait banakok gastu energetiko askoz handiagoa edo txikiagoa izan dezakete (% 25 handiagoa edo txikiagoa).
Beste hitz batzuetan esanda, metabolismo basal motelagoa ez da helduek 20 eta 60 urte bitartean pisua hartzen joatearen erruduna, etapa horretan metabolismoa ia ez baita aldatzen. Orduan, zergatik gizentzen da hainbeste jende heldutasunean? Normalean, pertsonek, urteak bete ahala, bizitza sedentarioagoa egiten dutelako berdin janda; beraz, ezinbestean, koipea metatzen dute denbora igaro ahala, guztizko gastu kalorikoa txikiagoa baita. Arrazoi horiek guztiak eta beste batzuk direla kausa, politikaren eta osasunaren arloko agintariek, asmo handiko ekimen askoren bitartez, Espainian ariketa fisikoa eta kirola egin dadin sustatu behar dute; hartara, aurrez aurre dugun gainpisuaren eta obesitatearen «epidemia» murrizteko.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 22an: No, un metabolismo basal más lento no es culpable de que ganes kilos con los años
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ez, metabolismo basal motelagoa ez da urteekin kiloak irabaztearen erruduna appeared first on Zientzia Kaiera.
4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean
UPV/EHUko ikerketa-talde batek egindako azterketa batek agerian utzi du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan. Arreta bereziz aztertu ditu teknologia horiek ezartzearen ondorioz sortzen diren arrisku berriak ere.
4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte: prozesatze-denborak eta beharrezko baliabide eta tresnak murrizten dituzte, eragiketen kudeaketa hobetzen dute, produktibitatea areagotzen dute… Horrek guztiak pertsonen laneko segurtasunean eta osasunean nola eragiten duen aztertzeko, UPV/EHUren Adimen teknologikoa gizartean enpresaren garapen ekonomiko jasangarria lortzeko ikerketa-taldeak inkesta bat diseinatu zuen, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten.
Irudia: 4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte. (Argazkia: Pavel Danilyuk – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)Inkestak erantzunda, ikerketa-taldeak integrazio teknologikoaren adibide esanguratsu diren proiektuak aukeratu zituen. Proiektuok sakon aztertzeko zortzi talde teknologikoak kontuak hartu zituzten: fabrikazio aditiboa, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, big data eta/edo analitika aurreratua, zibersegurtasuna, gauzen Internet, robotika eta errealitate birtuala eta areagotua. “37 elkarrizketa egin ondoren, beste informazio-iturri batzuk aztertu genituen, hala nola proiektu-txostenak eta txosten teknikoak” azaldu du Iker Laskurain Iturbek, ikerketa-taldeko kide eta lanaren egileetako bat.
Ikerketan ikusi denez, “oro har, aztertu diren 4.0 Industriako teknologiek eragin positiboa dute edozein enpresatako langileen segurtasunean eta osasunean”. Baina “arazo edo arrisku berriak ere sortzen dira —batez ere psikosozialak—. Azken horiek kontuan hartu behar dituzte enpresek, langileen konfiantza eta osasuna mantenduko badituzte. Sortzen ari diren arrisku berrien eraginak teknologia guztietan hauteman dira, gauzen Interneten kasuan izan ezik”, azpimarratu dute Germán Arana Landínek eta Mikel Iturratek.
Adibidez, “adimen artifizialari esker, bulegoetako kamerek zaintza proaktiboa egiten dute, eta, hala, plantillaren ergonomia hobetzen lagundu dezakete. Izan ere, kamerak in situ jasotzen du informazioa, langileen eta enplegatuen mugimenduak jasotzen ditu une oro. Beraz, jarduerak zuzentzeko gomendioak emateko informazioa atera daiteke”, adierazi du Beñat Landeta Manzanok. Hala ere, UPV/EHUko ikertzaileak erantsi duenez, “langileak zelatatuta senti daitezke ekintza horrekin, bai eta estresatuta ere”.
Antzeko zerbait gertatzen da robotak enpresaren jardueran sartzean. Robotak lan arriskutsuez ardura daitezke, eta, beraz, muntaketa-kate bateko lan errepikakor, estresagarri eta astunak arindu ditzakete langileentzat. Robotikak lanpostu berri asko sortuko ditu, eta, horrenbestez, lanik gabe gelditzen direnek trebetasun berriak ikasi beharko dituzte eta ziurgabetasun-egoera bati aurre egin beharko diote. Eta egoera horrek estresa eta antsietatea sor ditzake.
Ikertzaileek onartzen dute beren lan honek mugak dituela, batetik, enpresa gutxi aztertu dituztelako eta, bestetik, komeni delako 4.0 industriaren teknologiak industria-azpisektore askotarikoetan hedatzen diharduten eragile guztien iritziak biltzea. Beraz, etorkizuneko ikerketa-ildoek muga horiei erantzun beharko diete. Adibidez, teknologia bakoitzaren eragina lagin zabalago batekin aztertu beharko litzateke. Interesgarria litzateke, halaber, ikerketa hori industria-sektore desberdinetan egitea eta alderdi interesdun bakoitzaren ikuspegia izatea (langileak, zuzendariak, hornitzaileak…).
Hala eta guztiz ere, egileak ados daude “4.0 industriako teknologiek askoz aukera gehiago eskaintzen dituztela, eta enpresei eraginkorragoak eta lehiakorragoak izaten laguntzen dietela”. Teknologia horiek ezartzeko prozesuan, nahitaezkoak dira aldez aurreko komunikazioa eta prestakuntza laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko, hala murriztu egiten baitira sor daitezkeen arrisku berriak. Aldaketa-prozesuan edozein enpresatako langileak inplikatzeko modu bat dira”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: 4.0 Industriako teknologiek langileen segurtasuna eta laneko osasuna sustatzen dituzte.
Erreferentzia bibliografikoa:Arana-Landín, Germán; Laskurain-Iturbe, Iker; Iturrate, Mikel; Landeta-Manzano, Beñat (2023). Assessing the influence of Industry 4.0 technologies on occupational health and safety. Heliyon, 9, 3. DOI: 10.1016/j.heliyon.2023.e13720
The post 4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #445
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AntropologiaEmakumeek ere ehizatzen zuten gizarte ehiztari-biltzaileetan, ikerketa berri baten arabera. Ondorio horretara heldu dira mundu osoko 63 talde ehiztari-biltzaileren azken ehun urteko datuak aztertuta. Ikertzaileek ikusi dute talde horietatik 50etan emakumeek eta gizonek ehizatzen zutela, eta are gehiago, emakumeek gizonek baino estrategia eta arma-mota gehiago erabiltzen zituztela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaIkerketa-sorta batek ondorioztatu du diabetes-kasuak bikoiztu egingo direla hiru hamarkadatan. Ikertzaileek azaldu dutenez, gehienbat 2. motako diabetesak egingo du gora, eta horren arrazoi nagusia arrazismoa eta desberdintasun geografikoak dira. Izan ere, gaur egun ere eritasun horren ondoriozko heriotza-tasak bi aldiz handiagoak dira diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeetan, diru-sarrera handiak dituzten herrialdeekin alderatuta. Kalkuluen arabera, 2050erako 1.300 milioi pertsonek baino gehiagok izango dute diabetesa munduan, 2021ean erregistratutakoaren bikoitza baino gehiago. Datuak Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaIkerketa berri batek ondorioztatu duenez, Y kromosoma galtzeak minbizia oldarkorragoa izatea eragin dezake. Zahartzen garen heinean, zelula batzuek Y kromosoma galtzen dute, eta galera horren ondorioz, minbizi-zelulek organismoaren immunitate-sistema saihesteko gai dira. Dirudienez, Y kromosoma galtzean, T linfozitoak agortu egiten dira, eta ezin diete aurre egin minbizi-zelulei. Alabaina, Y kromosoma galdua dutenengan immunoterapia-tratamendua eraginkorragoa da, tratamenduak bere onera ekartzen baititu T linfozitoak. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
PsikologiaUPV/EHUko ikerketa batek erakutsi du adimen emozional handiagoa duten nerabeek ideiagintza suizidak izateko arrisku txikiagoa dutela. Ondorio horretara iristeko, Héctor Galindo eta Daniel Losada UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute zer eragin duten babes-mota ezberdinek ideiagintza suizidetan eta adimen emozionalean. Babes-mota horiek dira bitartekari eta moderatzaile duten berdinen arteko babesa, familiaren babesa eta irakasleen babesa. Azterketan 898 nerabek parte hartu dute, eta ikusi dute adimen emozionalak eragin zuzena duela ideiagintza suizidetan. Ikertzaileen esanetan, inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak gaitasun handiagoa dute babes-mota ezberdinak hautemateko, eta horrek emozionalki indartsuagoak egiten ditu. Azalpenak Zientzia Kaieran.
BotanikaEduardo Angulok mahatsondoaren eboluzioa eta etxekotzea azaldu du Zientzia Kaieran. Datuen arabera, Mediterraneo osoko landare indigena bat da mahatsondoa, baina eztabaida dago landare honen etxekotzea noiz eta nola gertatu zen. Ikerketa baten arabera, Kristo aurreko 5000. urtea baino lehen iritsi zen etxe mahatsondoa Anatoliatik Ekialde Hurbilera, eta duela 6.000 eta 8.000 urte bitartean etxekotu zen. Beste ikerketa berri batek iradoki du etxekotzea aldi berean gertatu zela duela 11.000 urte inguru Asiako Mendebaldean eta Kaukason. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa.
Zientzia-dibulgazioaJosu Lopez-Gazpiok zientziaren dibulgazioari artikulu-sorta bat eskaini dio Zientzia Kaieran, eta sorta honetan lehena dibulgazioa kokatzeko erabili du. Definizioz, dibulgatzea da jakintza edo arte bateko ezagutzak horretan aditu ez direnek ulertzeko moduko era errazean azaltzea. Hortaz, komunikazio mota hau zientzian aditu direnei zein ez direnei zuzenduta dago. Hemen, alabaina, beste bereizketa bat egin daitekeela azaldu du Lopez-Gazpiok, zientzia-kazetaritzaren eta zientzia-dibulgazioaren artean. Izatez, bi esparru ezberdin badira ere, estuki loturik daude. Alabaina, kazetariei askotan zientzian formakuntza falta zaie, eta zientzialariei, berriz, komunikazioan. Datuak Zientzia Kaieran: Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen.
KimikaAzken urteetan asko areagotu da biomasatik eratorriak diren konposatuen erabilera polimeroak sintetizatzeko. Helburu horretarako, bereziki interesgarriak dira talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak, sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Konposatu fenolikoen artean, eugenola da material desiragarriena bere propietateengatik. Konposatu hauek, oro har, industria askotan erabili daitezke, eta bereziki interesgarriak dira erregai fosilen kontsumoa ekiditeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia.
AstronomiaEsne Bidearen barrutik igorritako neutrinoak detektatu ditu IceCube neutrinoen behatokiak. Behatoki hori izotz antartikoaren sakonean eraikitako partikulen detektagailua bat da, eta 10 urtez bildu dituen datuak aztertuta egin dute aurkikuntza. Orain arte, gure galaxiaz kanpoko lekuetatik igorritako neutrinoak soilik detektatu izan dira. Aurkikuntza berri honekin ordea, frogatu da Esne Bidea energia handiko neutrinoen sorburua dela. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #445 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #453
Irudia: Andrea De Santis / Unsplash
Hizkuntzak gizaki bihurtu gintueneko ideia pellokeria da. Baina, egun adimen artifizial batek egin dezakeena kontuan izanda, inplikazioz josita dagoen baieztapena da. Language makes us human. Or not Egilea: Juan F. Lillo.
Termodinamikaren lehen printzipioaren baliokidea ekonomian eta finantzetan da ezer ez dela doan. Geologiari ere aplikatzen dio: Groundwater pumping alters Earth’s spin
Leku sinesgaitzenetan ere garatzen da bizia, baita oraindik sutan dauden basoetan ere. For some fire-loving insects, wildfires provide the best breeding grounds, Aaron Bell.
Etorkizuneko materialak diseinatzeko, sormen handiko kimika erabili behar da. DIPCko jendea A new way to rationally design anti-Kasha emitters
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #453 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: gatza
Mahaiko gatzak, sodio kloruroa (NaCl) izenekoak, gure zentzumenak pizten dituen zapore gazia du. Egunean 2-3 gramoko dosia gomendatzen da, eta 6 gramora iristea ariketa bizia egin ondoko egunean.
Baina mineral honen presentzia ez da gure sukaldeetara mugatzen, neguan ohikoa baita izotz eta elur errepideak garbitzeko erabiltzea. Gaurkoan, gure kirikiñoa, bere ikerketetan sakondu ahala, konturatu da ohitura horrek ondorio kezkagarriak dituela, bai ingurumenerako bai giza osasunerako.
Kiñuk gatzaren garrantzi ekonomiko eta sinbolikoari buruz ere ikasi du, historian zehar arkeologoek eta historialariek zehatz-mehatz aztertutako gaiak eta hamaika datu ekartzen dizkigu.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: gatza appeared first on Zientzia Kaiera.
Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia
Gaur egun plastikoen kontsumoa izugarri zabaldu da. Hori dela eta, material horiek birziklatzea eta berrerabiltzea funtsezkoa da plastikoen erabilera eta jatorri fosileko lehengaien kontsumoa murrizteko. Tamalez, aldaketa horiek ez dira nahikoak. 2050. urterako munduko birziklatze-tasa % 14tik % 55era igoko balitz ere, baliabide berriztagarrien kontsumoa bikoiztu egin beharko bailitzateke. Hortaz, erregai fosilak ordezkatzeko eta industria kimikoa garatzeko asmoz, ezinbestekoa da lehengai naturalen kontsumoa areagotzea.
Testuinguru honekin, hiru arrazoik eragin dute komunitate zientifikoak biomasatik datozen konposatu kimikoak erabiltzeko duen interesa nabarmen handitzea. Lehenengoa, karbono-isurietan eta hondakinen sorreran izan den gorakada. Hazkunde horiek jatorri antropogenikoa dute, hau da, batez ere gizakiarekin zerikusia duten jardueren ondorioak dira. Bigarrena gizartearen ingurumen-kontzientziaren handitzea izan da eta, horrekin batera, garatu diren araudi eta legedi zorrotzak. Hirugarren arrazoia, prezio-aldakortasuna eta erregai fosilen hornidura-arazoak eta eskasia da.
Irudia: talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Biomasatik eratorriak diren konposatuen bilaGizartearen aipatutako ingurumen-kontzientziak aldaketak eragin ditu gaur egun oso erabiliak diren material polimerikoen sintesi-prozesuetan. Alegia, areagotu egin da biomasatik eratorriak diren konposatuen erabilera polimeroak sintetizatzeko. Material polimeriko horiek bereziki interesgarriak dira dituzten propietateak direla eta. Izan ere, hainbat sektoretan aplika daitezke; esate baterako, energiaren sorkuntzan eta biltegiratze-prozesuetan, biomedikuntzan, elikagaien kontserbazioan edota industria kimikoan. Biomasa jatorri biologikoko produktu eta hondakinen frakzio biodegradagarria da; funtsean, energia-iturri gisa erabilitako materia organikoari deritzo. Erregai fosilak ordezkatzeko potentzial handia duen lehengaia da, baina baita hautagai ezin hobea ere mota desberdinetako polimeroak ekoizteko. Gainera, polimero horiek erregai fosiletatik lortutako polimeroekin alderatuz, produkzio energetiko eraginkorragoa dute, karbono-emisioak murrizten baitituzte.
Normalean, biomasatik eratorriak diren konposatu gehienak gantz-azidoak eta karbohidratoak dira. Horrez gain, polimero jasangarriagoak sintetizatzeko, karbohidratoak, gantz-azidoak, furanoak, terpenoak, aminoazidoak edota landare-olioak erabil daitezke. Sor daitezkeen polimero motak askotarikoak dira, hala nola poliesterrak, poliamidak, poliuretanoak (PU) edota polihidroxialkanatoak. Talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Beraz, oso aproposak izan daitezke aeronautikan, itsasgarri eta estaldura moduan edota isolatzaile gisa. Horrelako polimeroak sortzeko gehien erabiltzen diren lehengai naturalak, normalean, iltzea, lignina, anakardoak, kanela, albaka, piperrak, oreganoa, ezkaia, intxaur muskatua edota kimuak dira.
2. irudia: aitzindari natural eta fenoliko batzuen konparaketa zenbait baldintzaren arabera, bolumen-ekoizpena, funtzionalitatea, dentsitate aromatikoa eta kostu ekonomikoa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)2. irudian zenbait lehengai naturaletatik (lignina, iltzea eta anakardoa) lor daitezkeen konposatu natural fenolikoen (banillina, siringal-dehidoa, eugenola, azido ferulikoa, azido kafeikoa eta kardanola) konparaketa adierazi da zenbait baldintzaren arabera (konposatuen produkzio-bolumena, funtzionalitatea, dentsitate aromatikoa eta salneurriak). Iruditik argi ikus daiteke funtzionalitate, erreaktibitate eta propietate mekaniko-termiko onenak dituen konposatu fenolikoa eugenola dela.
Eugenola hainbat landaretan dagoen konposatu fenoliko naturala da. Bakterioen, onddoen eta parasitoen aurkako propietateak dituen iltze-olio esentzialaren osagai nagusietako bat da. Eugenol lehengai naturalaren potentziala denez, oso baliagarri bihurtu da biomasatik eratorriak diren polimeroak garatzeko. Batez ere, konposatu natural honek dituen propietate fisiko-kimiko eta mekanikoak baliatuz hainbat industria motatan aplika daitezkeen polimeroak sintetiza daitezkeelako, hala nola industria odontologikoan, aeroespazialean, biomedikuntzan eta kimikoan. Gainera, lehengai naturala izanik, erregai fosilen kontsumoa ekiditen da, eta, hala, polimero jasangarriagoak lortzen dira. Hortaz, esan daiteke eugenoletik abiatutako polimerizazio erreakzioen bidez lortutako polimeroek etorkizun oparoa izango dutela.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 43
- Artikuluaren izena: Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia
- Laburpena: Azken urteotan, gizartean ingurumenaren kalteaz dagoen kezkak bultzaturik, zientzia -komunitatean baliabide berriztagarrien interesa handitu egin da. Izan ere, karbono-emisioek eta haiek sortzen dituzten hondakinek lehengai jasangarriagoak bilatzera eraman dute. Hortaz, erregai fosilak lehengai naturaletatik ordezkatzea premiazko bihurtu da. Talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira, sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Lan honen bidez, eugenola deritzon lehengai naturalaren funtzionalitate bikainaz baliatuz garatu diren polimerizazioak bildu dira. Alde horretatik, erradikal bidezko polimerizazioa eta kationikoa, metatesi olefinikoa, polikondentsazioa, ene erreakzioak eta tiolene erreakzioak erabiliz, eugenol konposatuan oinarritutako polimeroen sintesia aztertu da.
- Egileak: Ane Araiz-Márquez, Julia Sánchez-Bodón, Antonio Veloso-Fernández, Leire Ruiz-Rubio, Isabel Moreno-Benítez eta José Luis Vilas-Vilela
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 27-40
- DOI: 10.1387/ekaia.23782
Ane Araiz-Márquez, Julia Sánchez-Bodón, Antonio Veloso-Fernández, Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko eta Kimika Makromolekularra ikerketa-taldeko (LABQUIMAC) ikertzaileak dira.
Isabel Moreno-Benítez UPV/EHUko Kimika Organikoa eta Ez-organikoa Saileko eta Kimika Makromolekularra ikerketa-taldeko (LABQUIMAC) ikertzailea da.
Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela BCMaterials zentroko (Basque Centre for Materials, Applications and Nanostructures) ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia appeared first on Zientzia Kaiera.
Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen
Zientziaren komunikazio egokia ezinbestekoa da zientzia bera ulertu ahal izateko. Komunikatzen ez dena ez da existitzen eta, horrexegatik, geroz eta ahalegin handiagoa egiten da zientzia komunikatzeko. Komunikazio horren barruan, dibulgazioa da, agian, atalik interesgarriena; izan ere, gizarte guztiari zuzendutako zientziaz ari gara dibulgazioaz ari garenean. Begirada bat dibulgazioari izeneko artikulu sortan zientzia-dibulgazioari buruzko nire hausnarketak partekatu nahi ditut hedabide honen irakurleekin.
1. irudia: komunikazioan kontuan hartu behar dira hartzailea, igorlea eta biek ezagutzen duten kodea. Ezagutza komunen arabera, zientzia-komunikazioa bi ataletan bereizten da: difusioa eta dibulgazioa. (Argazkia: Susanne Jutzeler – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)Zientzia-dibulgazioa zer den aztertzea da egin beharreko lehendabiziko lana. Esate baterako: Dibulgatzea da Farmakologia Elkartearen Biltzarrean hitzaldi bat ematea? Kazetari bati zure ikergaiari buruzko azalpenak ematea dibulgatzea da? Laborategiko lankideari azken esperimentuari buruzko azalpenak ematea dibulgatzea da? Lagunei edo senitartekoei zure lanaren berri ematea dibulgatzea da? Beno, galdera hauek erantzun ahal izateko, has gaitezen hasieratik.
Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera, dibulgatzea da jakintza edo arte bateko ezagutzak horretan aditu ez direnek ulertzeko moduko era errazean azaltzea. Definizioa oso zehatza eta egokia da, baina badira egin beharreko ñabardura batzuk. Ñabardura horiei esker, bereizi egin daitezke sarritan berdintzat hartzen diren esparru desberdinak. Zehaztasun horien abiapuntu interesgarria da Seguí Simarro, Poza Luján eta Mulet Salort adituek 2015. urtean argitaratutako Estrategias de divulgación científica izeneko liburua. Liburu horrek zientzia-dibulgaziorako hainbat estrategia azaltzen ditu, beti ere modu praktiko eta erabilgarrian. Benetan gomendagarria da dibulgatzen hasi nahi duten ikertzaileentzat.
Dibulgazioaren oinarrian kokatzeko, lehenik eta behin komunikazioa zer den azaldu behar da. Komunikatzea, definizioz, ezagutzaren transmisioarekin lotzen da eta, hortaz, zientzia-komunikazioa zientzia-ezagutzen transmisioa litzateke. Alabaina, zientzia-ezagutzak oso modu desberdinetara komunikatu daitezke eta hartzailearen eta igorlearen arteko ezagutza-desberdintasuna arazoa izan daiteke komunikazio eraginkor baterako. Hain zuzen ere, berriro ere Harluxetera jotzen badugu, kontuan hartu behar dugu komunikazioa igorleak hartzaileari, biek ezagutzen duten kodea erabiliz, mezu bat bidaltzeko ekintza dela.
Biek ezagutzen duten kode horretan jartzen badugu fokua, Seguí Simarro eta bere lankideek zientzia-komunikazioa delako multzo handi hori bitan banatzea proposatzen dute. Alde batetik, zientzia-difusioa legoke, zabalkundea edo hedapena ere deitua, eta, beste alde batetik, zientzia-dibulgazioa. Difusioa espezialisten edo zientzian diharduten profesionalen arteko komunikazioa da. Kasu horretan, jakintza arlo desberdinetako hartzaile eta igorleak izan badaitezke ere, oinarrizko ezagutza komunak dituzte eta, beraz, komunikazioa espezializatuagoa izan daiteke. Dibulgazioa, aldiz, gizarte guztiari zuzendutako zientzia-komunikazioa da. Hortaz, komunikazio mota hau zientzian aditu direnei zein ez direnei zuzendua da. Zientzia-dibulgazioa ulergarria izan behar da gizarteko kide guztientzat.
Zientzia-kazetaritza ere kontuan hartu beharreko beste atal garrantzitsu bat da, sarritan zientzia-komunikaziotik bereiztea zaila den arren. Oro har, esan daiteke zientzia-dibulgazioaren zeregina dela azaltzea nola funtzionatzen duten Naturak edo gizakiak Naturatik eratorritako gauzek eta zientzia-kazetaritzaren esparrua, aldiz, gizarteari gertatzen zaiona azaltzea dela. Hortaz, Seguí Simarro eta haren lankideen arabera, zientzia-dibulgazioa atenporala da eta zientzia-kazetaritza, aldiz, gizartean testuinguratutako zientzia da, bere eragina, egokitasuna, mugak eta abar kontuan hartzen dituena. Adibide bat jartze aldera, maiatz amaieran jakin berri dugu ume bat jaio dela umetokiko transplante bati esker. Bada, dibulgazio-lan batek umetokiko transplantearen nondik norakoak azalduko lituzke: umetokiaren funtzioa, transplante baten gorabeherak, medikuek jarraitzen duten prozesua, eta abar. Zientzia-kazetaritzako lan batek, aldiz, gertatutakoaren ikuspuntu etikoari buruzko eztabaida abiatu dezake, informazio horretaz baliatuz.
Nik neuk ez dut guztiz argi ikusten zientzia-kazetaritzaren eta zientzia-dibulgazioaren arteko muga hori -egileek ere aipatzen dute muga lausoa dela-, baina kazetaritza arloa gaurkotasunean kokatzen dut, albisteetan… eta ez hainbeste kontzeptu zientifikoen azalpenean. Zientzialariaren eta kazetariaren lan egiteko moduak, oro har, zeharo desberdinak dira eta formakuntzan ere desberdintasun nabarmenak dituzte. Zilegi dira bi kritika hauek: kazetariek ez dute (ia) formakuntzarik jasotzen zientzia-ezagutzetan eta zientzialariek ez dute (ia) formakuntzarik jasotzen komunikazioan. Alabaina, bi esparruek beste arloaren beharra dute. Sarritan, zientziaren azalpenak behar ditu gertakari batek, erabaki politiko batek zein arazo ekonomiko batek. Era berean, zientzialari baten eguneroko lana da bere emaitzen berri ematea -aldizkari espezializatu batean zein zientzia-biltzar batean-. Lehena zientzia-kazetariak egiten du eta bigarrena, berriz, zientzialariak. Nork du, beraz, zientzia-ezagutzak gizarteari komunikatzeko, hau da, dibulgatzeko, ardura eta erantzukizuna?
Jarraituko du…
Erreferentzia bibliografikoa:Seguí Simarro, J.M., Poza Luján, J.L., Mulet Salort, J.M. (2015). Estrategias de divulgación científica, Ed. Universitat Politècnica de València.
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa
Basamahatsak eta haztegiko mahatsak Bibliaren 72 kapitulutan aipatzen dira, eta Koraneko 12 kapitulutan. Noski, Noe gogora ekartzea baino ez dago, bere produktu eratorri ezagunena azaltzen baita, hain zuzen ere, alkohola, mahatsaren azukreak irakin osteko emaitza, eta ardoa (azken helburua). Horregatik, mahatsondoa da testu sakratuetan gehien aipatzen den landarea. Oxfordeko Unibertsitateko Stephen Harrisek ere aipatzen du mundua aldatu zuten 50 landare famatuenen artean.
Basamahatsondoak (Vitis sylvestris) Anatoliakoak eta Kaukasokoak dira. Bertan hasi zen mahastizaintza eta Mediterraneoan zehar zabaldu zen, Estatu Batuetako Purdue Unibertsitateko Jules Janicken arabera. Mahatsaren haziak aurkitu dira Europako historiaurreko aztarnategietan eta, zehazki, Grezian, Balkanetan, Italian, Suitzan, Alemanian eta Frantzian. Basamahatsondoa Portugaletik (mendebaldea) Turkmenistaneraino (ekialdea) eta Alemaniatik (iparraldea) Tunisiaraino (hegoaldea) banatzen da.
Irudia: basamahatsondoak Mediterraneoko arroan duen hedapena kontuan hartuta, baliteke etxe mahatsondoa eskualdeko toki batean baino gehiagotan sortu izana eta ez Ekialde Ertainean eta Kaukason bakarrik (Argazkia: Laura Stanley – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)
Beraz, Iberiar Penintsulan dago, iparraldean eta Pirinioetan izan ezik, Neolitikotik aurkitu diren haziek frogatzen dutenez. Pompeu Fabrako Unibertsitateko Ramón Buxóren esanetan, datuek baieztatzen dute mahatsondoa Mediterraneo osoko landare indigena bat dela eta haztegiko mahatsondoaren haziak Brontze Aroaz gero berreskuratu direla.
Eztabaida hau irekita dago oraindik: basamahatsondoak Mediterraneoko arroan duen hedapena kontuan hartuta, baliteke etxe mahatsondoa eskualdeko toki batean baino gehiagotan sortu izana eta ez Ekialde Ertainean eta Kaukason bakarrik. Rosa Arroyo-Garcíak eta Madrilgo Nekazaritza eta Elikaduraren Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionaleko lankideek banaketa eremu guztiko basamahatsondoaren eta etxe mahatsondoaren 1.201 laginen kloroplastoen DNA aztertu dute. Egileen arabera, emaitzek diote Iberiar Penintsulako laginen % 70etan kloroplastoak basamahatsondoaren mendebaldeko populazioetatik eratorritako materialarekin bakarrik bateragarriak direla.
Valladolideko Unibertsitateko José Carlos Santanaren taldeak egindako beste ikerketa batek barietate basatiei eta etxekoei dagozkien kloroplastoak aztertu ditu Gaztela Zaharreko lautadan, eta 121 genotipo desberdin bereizi ditu. Interesgarria da horietako askok gurutzatuta daudela basamahatsondo autoktonoaren eta Frantziako etxeko mahatsondoen artean. Egileen ustez azkenekoen barietateak Donejakue Bideko merkataritza gauzatzean iritsi ziren.
Etxe mahatsondoak, 8.000 urteKristo aurreko 5000. urtea baino lehen, etxe mahatsondoa (Vitis vinifera) Anatoliatik Ekialde Hurbilera iritsi zen. Kaukasoko hegoaldetik, Itsaso Beltzaren nahiz Karpiar itsasoaren eta Ilgora Emankorraren, Jordan haranaren eta Egiptoren artean, egin zuen. Hala adierazten du Cornell Unibertsitateko (Ithaca) Sean Mylesek eta bere lantaldeak argitaratu basamahatsondoen eta etxe mahatsondoen 1.000 laginen analisi genetikoak.
Etxeko bihurtu zen duela 6.000 eta 8.000 urte bitartean. Brontze Aroko mahats haziak daude Mesopotamian, Israelen, Sirian, Egipton, Egeon eta Suitzako aintziretan. Amerikan ere aurkitu dira. Gogora ekarri behar da Leif Erikson bikingoa Labradorreko kostaldeetara iritsi zenean herrialde hari Vinland (Ardoaren Herrialdea) deitu ziola, Vitis riparia espezieko basamahatsondo asko zeudelako –ohikoak dira Ipar Amerikan–.
Ardoa eta mahaspasak gordetzeko duela 4.000 urteko (Brontze Aroa) ontziak aurkitu dira. Israelgo Tel Kabriko aztarnategian, lokal batean, 40 ontzi berreskuratu ziren eta, horiek ardoaren ohiko osagaien aztarnak zituzten, hala nola azido tartarikoa, erretxinak, eztia eta zedro eta altzifre olioa. Estatu Batuetako Brandeis Unibertsitateko Andrew Kohren eta bere lankideen arabera, ardoz betetako ontziak gordetzeko gela bat zen; hau da, upategi bat, orain arte ezagutzen ditugunetako zaharrenetako bat, hain zuzen ere.
Yunnaneko Nekazaritza Unibertsitateko (Txina) Dongek zuzendu duen ikerketa bat (84 egile ditu) argitaratu berri da orain dela aste batzuk eta, horretan, planeta osoko basamahatsen eta haztegiko mahatsen 3.525 barietateren datu genetikoak aztertu dira. Emaitzek azaltzen dutenez, klimak (zehazki, glaziazioenek) ondorioak izan ditu populazio tamaina historikoetan, eta, ematen duenez, aldi berean etxekotu ziren ardoa eta mahaiko mahatsak eta etxekotzearen ezaugarriekin lotutako aldaerak identifikatzen dituzte, besteak beste, baiaren kolorea eta palatabilitatea.
Pleistozenoan baldintza klimatikoek basamahatsondoen ekotipoak aukeratzera bultzatu zuten; horretan, habitataren zatikatzeak ere lagundu zuen. Etxekotzea aldi berean gertatu zen duela 11.000 urte inguru Asiako Mendebaldean eta Kaukason, mahaiko frutetarako eta ardorako mahatsondoak ekoizteko. Lehenengo nekazariekin, Asiako Mendebaldean etxekotu zirenak Europan sakabanatu ziren, eta mendebaldeko ekotipo basati zaharrekin gurutzatu ziren. Gerora, Neolitikoaren amaieran, gizakien migrazioen laguntzaz, dibertsifikatu egin ziren.
Ordukoak dira Rovira i Virgili Unibertsitateko eta Atapuercako lantaldeko Eudald Carbonellek eta Cinta Bellmuntek, María Ángeles Torresen argazkiekin, aurkezten dizkiguten muskuiluak mahatsekin. Errezeta erraz eta azkar bat da, eta landan bazkari bat egiteko hasierako plater on bat ere.
Muskuiluak kostalde hurbileneko harkaitzetan bilduko ditugu, eta sutzarrean erreko ditugu harri baten gainean. Irekitzen direnean oskol bakoitzean mahats bana ipiniko dugu, eta batera jango ditugu muskuilua eta mahatsa.
Erreferentzia bibliografikoak:- Arroyo-García, R. et al. (2006). Multiple origins of cultivated grapevine (Vitis vinifera L. ssp. sativa) based on chloroplast DNA polymorphisms. Molecular Ecology 15, 3707-3714. DOI: 10.1111/j.1365-294X.2006.03049.x
- Dong, Y. et al. (2023). Dual domestications and origin of traits in grapevine evolution. Science 379, 892-901. DOI: 10.1126/science.add8655
- Janick, J. (2007). Fruits of the Bibles. HortScience 42, 1072-1076. DOI: 10.21273/HORTSCI.42.5.1072
- Koh, A. J. et al. (2014). Characterizing a Middle Bronze palatial wine cellar from Tel Kabri, Israel. PLOS One 9, e106406. DOI: 10.1371/journal.pone.0106406
- Myles, S. et al. (2011). Genetic structure and domestication history of the grape. Proceedings of the National Academy of Sciences USA 108, 3530-3535. DOI: 10.1073/pnas.1009363108
- Santana, J.C. et al. (2010). Genetic structure, origins, and relationships of grapevine cultivars from the Castilian Plateau of Spain. American Journal of Enology and Viticulture 61, 214-224. DOI: 10.5344/ajev.2010.61.2.214
- Zohary, Daniel; Spiegel-Roy, Pinhas (1975). Beginnings of fruit growing in the Old World. Science 187, 319-327. DOI: 10.1126/science.187.4174.319
- Buxó, R. (1997). Arqueología de las plantas. La explotación económica de las semillas y los frutos en el marco mediterráneo de la Península Ibérica. Crítica. Barcelona. 367 pp.
- Carbonell, E. et al. (2016). Recetas paleo. La dieta de nuestros orígenes para una vida saludable. Ed. Planeta. Barcelona. 143 pp.
- Harris, S. (2021). Plantas legendarias: 50 plantas que cambiaron el mundo. Rey Naranjo Eds. Barcelona. 358 pp.
- Payo, A. 2023. Los ciclos glaciares determinaron la domesticación de la uva y la aparición del vino. Boletín SiNC 2023ko martxoaren 2an
- Piqueras Haba, J. (2005). La filoxera en España y su difusión espacial: 1878-1926. Cuadernos de Geografía 77, 101-136.
- Wikipedia. Vino. 2023ko martxoaren 14an
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 28an: Ingredientes para la receta: la vid.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizarte-babesa eta adimen emozionala gazteen suizidioa prebenitzeko
Adimen emozional handiagoa duten nerabeek neurri handiagoan hautematen dute jasotzen duten gizarte-babesa. Horrek haien ideiagintza suizida murrizten laguntzen du. Kontrara, adimen emozional handia duten nerabeek, familia-babes urria badute, zailtasun handiak izango dituzte beren ideiagintza suizidak murrizteko. Hauek izan dira UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailak gizarte-babesak adimen emozionalaren eta ideiagintza suizidaren arteko erlazioan duen eraginari buruz egindako azterketaren emaitzak.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, 2020an, jokabide suizida izan zen nerabeen arteko munduko hirugarren heriotza-kausa. Kasu horien % 90ean jatorria maila sozioekonomiko apal eta ertaineko herrialdeetan zuten nerabeak ziren. Nerabeen ideiagintza eta jokabide suizida arazo publiko bihurtu dira, eta ahalegin handia eskatzen dute nola eta noiz prebenitu jakiteko. Nerabeen ideiagintza eta jokabide suizidaren aurkako babes-faktoreetako bat adimen emozionala da —pertsonek beren emozioak erabiltzeko eta emozioak hobeto identifikatu, erabili eta kudeatzeko abian jartzen dituzten trebetasunak—. Izan ere, estatistikoki esanguratsua den lotura bat hauteman da adimen emozional baxuaren eta nerabeen ideiagintza suizida altuaren artean.
Irudia: inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak neurri handiagoan direlako gai irakasleengandik, familiakoengandik eta ikaskideengandik jasotzen duten babesa hautemateko. (Argazkia: Askar Abayev – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)Héctor Galindo eta Daniel Losada UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute zer eragin bitartekari eta moderatzaile duten berdinen arteko babesak, familiaren babesak eta irakasleen babesak adimen emozionalaren eta nerabeen ideiagintza suizidaren arteko erlazioan. 898 neraberekin egindako ikerketak ondorioztatu duenez, “adimen emozionalak eragin zuzena du ideiagintza suizidan. Hori gertatzen da, neurri batean, inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak neurri handiagoan direlako gai irakasleengandik, familiakoengandik eta ikaskideengandik jasotzen duten babesa hautemateko. Eta horrek laguntzen die, hain zuzen ere, ideiagintza suizida murrizten: jasotzen ari diren babes hori behar bezala hautemateak”, azaldu dute.
Gizarte-babesaren garrantziaEra berean, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute familiaren babesak eragina duela adimen emozionalaren eta ideiagintza suizidaren arteko erlazioan. Ikertzaileen arabera, harreman hori aldatu egiten da pertsona batek jasotzen duen familiaren babesaren neurriaren arabera: “pertsona batek ez badu etxean familia-babesik, nahiz eta adimen emozional handia izan, horrek ez dio laguntzen bere ideiagintza suizida murrizten. Hala ere, familiaren babes ertaina edo handia izateak gehiago laguntzen dio bere ideiagintza suizida murrizten emozionalki adimentsua den pertsona bati, adimen emozional baxua duen pertsona bati baino”.
Halaber, emaitzek erakusten dute berdinen arteko babesak ideiagintza suizida murrizten laguntzen diola adimen emozionalari soilik babes hori adin handiagoko nerabeen artekoa bada: “nerabe batek 12 urte dituenean, berdinen arteko babesa ez da nerabe batek 15 edo 16 urte dituenean bezain garrantzitsua”. Eta irakasleen babesari dagokionez, azterlanak ondorioztatu duenez, “adimen emozional handia duen nerabe batek bere ideiagintza suizida asko murriztu ahal izango du, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere. Adimen emozional baxua duen pertsona batek, berriz, zailtasun handiak izango ditu ideiagintza suizida murrizteko, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere”.
Alde horretatik, Galindok eta Losadak azpimarratu dute adimen emozionala ikasgelan lantzea oso garrantzitsua dela, “baina are garrantzitsuagoa pertsona horiek gizarte-babes handia jasotzea. Hori dela eta, garrantzitsua da familiek ikasketa-prozesuetan parte hartzea eta berdinen arteko kalitate-harremanak sustatzea, nerabeen heriotza-kausa nagusietako bat murrizteko, hau da, jokabide suizida. Egiazki, irakasleok kontuan hartu eta sustatu behar dugu, ahal den neurrian, nerabe bat bere ingurunetik jasotzen ari den babes-maila; izan ere, pertsona hori gizarte-babes baxua jasotzen ari bada, gerta liteke, ikasgelan adimen emozionala zeharka edo diziplina gisa landu arren, espero diren ondorioak ez izatea nerabeen jokabide suizida murrizteko.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Gizarte-babesak adimen emozional handiko gazteen ideagintza suizida moderatzen du.
Erreferentzia bibliografikoa:Galindo Domínguez, Héctor; Losada Iglesias, Daniel (2023). Inteligencia emocional e ideación suicida en adolescentes: el rol mediador y moderador del apoyo social (Emotional intelligence and suicidal ideation in adolescents: The mediating and moderating role of social support). Revista de Psicodidáctica. DOI: 10.1016/j.psicod.2023.02.001
The post Gizarte-babesa eta adimen emozionala gazteen suizidioa prebenitzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #444
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaEltxoek nahiago dituzte usain zehatz bateko gizakiak, ikerketa berri batek frogatu duenez. Malaria Ikertzeko Institutuko zientzialari talde batek egin du ikerketa, eta egoera ahalik eta errealistena irudikatzeko helburuarekin, esperimentazio eremu zabal batean zortzi kanpin denda jarri zituzten barruan giza akuiluekin. Ondoko kaiola batean Anopheles gambiae eltxoak gorde zituzten, eta kanpin denda bakoitzeko usaina bertara bideratu zuten. Hala ikusi zuten eltxoen erasoak, eta sei gizakietatik, bereziki batek piztu zuela eltxoen gosea. Ondoren aztertu zutenez, pertsona horren azalean, besteak beste, azido karboxiliko lurrunkor gehiago aurkitu zuten, eta baita azetoina gehiago ere. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte.
Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek frogatu du tundrako biodibertsitatearen galera motelago ari da gertatzen herbiboro handiak dauden lekuetan. Ikertzaileek 15 urtez tundrako biodibertsitatearen jarraipena egin dute, eta ikusi dute 2002 eta 2017 bitartean tundrako biodibertsitateak behera egin duela. Alabaina, alde nabarmena nabaritu dute elur-oreina, idi musketaduna eta bestelako herbiboroak dauden eremuetan. Zehazki, ikusi dute herbibororik ez zegoen eremuetan biodibertsitatea bi aldiz azkarrago galdu zela. Gainera, herbiboroen aniztasuna ere garrantzitsua dela azaldu dute, espezie bakoitzak desberdin kimatzen baititu landareak. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
GenetikaKristobal Kolon nabigatzailearen jatorriari buruzko ikerketa genetikoak egiten ari da Joxe Mari Ertzilla historiazalea. Bere hipotesiaren arabera, nabigatzailea agota eta euskalduna zen. Kristobal Kolonen DNA geografikoari buruzko ikerketa batean bildu ditu bere hipotesia eta ateratako ondorioak, eta bere ikerketaren oinarria HLA-B27 antigenoa da. Agoten eta beste hainbat gizatalderen ohikoa zen antigeno hori, eta Ertzillaren ustez, Kristobal Kolonek HLA-B27 antigenoa izateak azaltzen ditu bizitzan izan zituen hainbat osasun arazo. Oraindik ez da gauzatu Kolon nabigatzailearen jatorria zehazteko azterketa genetikoa, lau hezur zati bakarrik baitaude, almendra baten neurrikoak, eta baldintza eskasean. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Berrian: Antigeno bat Kolonen bidaide.
MedikuntzaEndometriosia bakterio baten eraginez sor daitekeela iradoki du ikerketa berri batek. Zehazki, Fusobacterium generoko bakterio bati egotzi diote gaixotasun horren sorrera. Endometriosiak ugaltze-adinean dauden emakumeen %15ari eragiten dio, eta oso mingarria izan daiteke. Alabaina, oso gutxi ikertu den gaixotasuna da. Argitaratu berri den ikerketa batean, 155 emakume japoniar aztertu dituzte, eta endometriosia zutenen erdietan baino gehiagotan aurkitu dute Fusobacterium bakterioa. Horrez gain, sagu ereduetan ere frogatu dute bakterio hori inokulatuta endometriosiaren sintomak eta lesioak okertu egiten direla. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
BotanikaAlga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen indartzen dituela frogatu berri dute. UPV/EHU eta IFAPA institutua buru dituen SEAWINES proiektuaren barruan egin dute aurkikuntza hori. Mahastietan oso ohikoak dira mildiu eta oidio infekzioak, biak hala biak onddoek sortutakoak. Infekzio horien kontra ohikoena tratamendu kimikoak erabiltzea da. Ikerketa berritzaile horretan alternatiba bat topatzen saiatu dira, eta bi alga erabili dituzte horretarako: Ulva ohnoi eta Rugulopteryx okamurae. Azken hori, gainera, alga inbaditzailea da, eta ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero. Hala, egin dituzten probetan ikusi dute Rugulopteryx okamurae algatik erauzitako estraktu batekin landarea tratatzean areagotu egin zirela, besteak beste, landareko erresistentzia-geneen espresioa eta entzima antioxidatzaileen jarduera. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako.
GeologiaAste honetan Zientzia Kaieran Blanca Martinez mapa geologikoen inguruan jardun da. Mota honetako mapa eraikitzeko, mapa topografiko bat hartzen da oinarri, eta hura oinarri hartuta zelaian identifikatzen dira arrokak, egiturak eta prozesu geologikoak. Ondoren, elementu horiek guztiek ikurrekin identifikatzen dira eta duten adinaren arabera kolorez margotzen dira mapan. Ikur eta kolore horiek nazioartean ezarritako kode batzuei jarraiki aukeratzen dira, eta horrela, edozein mapa geologikoren historia berreraiki daiteke. Gainera, informazio hori guztia mapa geologikoaren ondoan jartzen den legenda batean idazten da. Azkenik, maparen eskala ezartzea ere oso garrantzitsua da, eta bi mota daude: zenbakizko eskalak, eta eskala grafikoak. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago.
Materialen zientziaBanbua aukera interesgarria da eraikuntzaren sektorerako. Material honek hainbat abantaila ditu beste material batzuekin alderatuz. Alde batetik, jasangarria da, hazkuntza azkarra baitu, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute denbora tarte berdinean. Bestetik, bere izaera tubularragatik, banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskaintzen ditu. UPV/EHU eta TECNALIAren arteko lankidetza batek banbuaren erabilera sustatzeko ikerketa bat egin du, eta material horren propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutu nahi izan dituzte. Hala ondorioztatu dute, kimikoki ezaugarri oso esanguratsurik ez duen arren, banbuak erresistentzia handiagoa daukala baina zurruntasun txikiagoa, pinu gorriarekin alderatuz. Azalpenak Zientzia Kaieran: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa.
ArkeologiaHatzez grabatutako horma-irudi batzuk neandertalek egindakoak direla baieztatu dute. Orain arte datatu diren grabatu zaharrenak dira, eta La Roche-Cotard haitzuloan daude (Erdialdea-Loira harana). Ikertzaileek azaldu dutenez, gutxienez 57000 urte dituzte, baina litekeena da 75000 urte ere izatea. Hatz-marken 3D ereduak erabiliz, frogatu dute, hain zuzen ere, irudiak hatzez eginda daudela, eta espazioa eta kokapena aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute nahita sortutakoak direla. Ikerketa honek frogatu du neandertalen portaera eta jarduerak sapiensenak bezain konplexuak izan zitezkeela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Adimen artifizialaIkertzaile batzuk ohartarazi dute adimen artifizial sortzaileko sistemek pertsonen sinesmenak eralda ditzaketela, informazio faltsua eta alborapenak transmitituz. Izan ere, adimen artifizialak segurtasun handia transmititzen du ematen dituen erantzunetan, eta gizakiak berezko joera du aditua dirudien batek emandako informazioa azkarrago eta gehiago barneratzeko. Sistema hauek, gainera, informazio faltsua edo ez-zuzena ematen dute batzuetan, eta ikertzaileek uste dute informazio hori jendearen sinesmenetan hedatzeko arrisku handia dagoela. Datuak Elhuyar aldizkarian: Adimen artifizial sortzaileak sinesmenak eralda ditzake.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #444 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartogragfia #452
Gaixotasun mentalak arazoak sortzen ditu, ez bakarrik sortzen den unean eta agertzen den bitartean, baizik eta epe luzean ere. A lifetime of mental illness accelerates ageing Rosa García-Verdugoren eskutik.
Beroarekin zerikusia duen guztiaren azalpena bibrazioak direla ez da erabat egia: Traditional understanding of heat transport, involving phonons, is not applicable to strong heat insulators
Boxer txakurretan aurkitutako parasito bat giza minbizi mota batzuen konponbidea izan daiteke: A dog parasite could help fight incurable cancers Arthur Battistoni eta Françoise Debierre-Grockiego.
Hubbleko irudien eta James Webb-eko irudien konbinazioak objektu astrofisikoen misterio asko argitzen lagunduko du, baina, oraingoz, misterio berriak aurkitzeko balio izan du. DIPC jendea New mysteries in the nuclear star cluster of the Phantom galaxy
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartogragfia #452 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kozinatzeak egin gintuen gizaki
Duela 7-8 milioi urte, txinpantze eta bonoboekin komunean genuen azken arbasoa izan genuen. Informazio horrek gizakiok izan ditugun aldaketak ulertzen laguntzen digu gure espezie hurbilenarekin konparatzean.
Nahiz eta tamaina bertsuko barne-organoak partekatzen ditugun tximino horiekin, hala nola bihotza, giltzurrunak eta gibela, gizakiok garun handiagoa eta heste txikiagoak ditugu beste primate batzuekin alderatuta.
Zergatik aldaketa hori? Noiztik kozinatzen du gure espeziea? Noiztik kontrolatzen du sua? Juan Ignacio Pérez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologiako katedradunak Kozinatzeak egin gintuen gizaki hitzaldian aldaketa hori eragin duten faktoreak azaltzen ditu. Antropologo ezberdinen teoria eta ikerketatik abiatuta, gure arbasoen elikaduraren aldaketak eta hauen zergatiak aurkezten ditu Pérez Iglesias-ek. Ezaugarri horiek guztiak aztertuta ulertu daiteke kozinatzeak giza eboluzioan izan duen eragina.
Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.
The post Kozinatzeak egin gintuen gizaki appeared first on Zientzia Kaiera.
Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa
Azken hamarkadetan, ikerketa-talde askok bideratu dute haien lana eraikuntzan eta elementu mekanikoetan material jasangarriagoak garatu eta sustatzera. Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da.
Banbua kontinente guztietan hazten da modu naturalean eta landare honek hainbat abantaila ditu. Besteak beste, banbuak azkar hazten dira, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute, Lurraren berotegi-efektua modu eraginkorrago batean aurre eginez, lurzoruaren higaduraren aurka babesten dute, eta transformazio-prozesuan material gutxiago galtzen da errefus moduan.
Banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskeintzen ditu. Egurrarekin alderatuz, erresistentzia handiagoa eta ura xurgatzeko ahalmen txikiagoak dauzka. Beste ohiko eraikuntza-materialen erresistentzia pisuarekin alderatuz gero, hala nola egurrezko konposatuak, hormigoia eta altzairua, garaile ateratzen da. Eta beste materialekin gertatzen den bezala, espeziearen eta erabileraren arabera ezaugarri mekanikoen taula konparatiboak sortzeko beharra dago. Lan honek, gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: Dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA).
Bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira (1. Irudia). Erabilitako laginen tamainak 1. taulan agertzen dira.
1. irudia: saiakuntza mekanikoen eskemak: ezkerrean, konpresio-proba; eskuinean, makurdura-proba. (Iturria: Ekaia aldizkaria)1. taula: saiakuntzetako dimentsioak, 1.irudiaren arabera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Literatura berrikusketan beste 35 banbu-espezieen osagai kimikoekin konparatu dira lortutako emaitzak eta baita ere ezagunagoa den pinu gorriaren osagaiekin, 2. taulan ikusi daitekeen bezala.
2. taula: DS, AA eta PA banbuen konposizio kimikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Hurrengo taulan berriz (3. taula) aztertutako hiru banbuen propietate mekanikoen laburpena aurkitu daiteke, eta bertan emaitzak pinu gorriaren propietate mekanikoekin alderatu daitezke.
3.taula: DS, AA eta PA banbu espezieen eta Pinu Gorriaren (PG) propietate mekanikoak eta dentsitatea. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Alde batetik, kimikoki, orokorrean, banbuak ez du desberdintasun handirik erakusten pinu gorriaren konposizioarekin konparatzen denean. Beste aldetik, propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da pinu gorriarekin alderatuta. Banbuak erresistentzia handiagoa dauka baina zurruntasun txikiagoa.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 43
- Artikuluaren izena: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa
- Laburpena: Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da. Hala ere, bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Lan honek gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA). Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira. Propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da.
- Egileak: A. Elejoste, G. Mondragon, J.L. Osa, A. Arevalillo, A. Eceiza, J.M. Abascal, A. Butron, C. Peña-Rodriguez
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 273-291
- DOI: 10.1387/ekaia.23049
- A. Elejoste, G. Mondragon, A. Eceiza eta C. Peña-Rodriguez UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Saila eta Materialak + Teknologiak ikerketa Taldeko (GMT) ikertzaileak dira
- J.L. Osa UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzailea da
- A. Arevalillo, J.M. Abascal eta A. Butron TECNALIAko ikertzaileak dira
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa appeared first on Zientzia Kaiera.