1772-1777 bitartean Kimika ikasketak egin zituen Parisen Hilaire-Marin Rouellerekin, Juan Joserekin batera. Hiru urtez Freiberg-en, Abraham Wernerekin ikasten ibili ostean, Bergarako Errege Seminarioan Mineralogia irakaskuntzaren kargua hartu zuen. Denbora tarte horretan, bere anaia Juan Joseri lagundu zion Wolframa isolatzeko ikerketetan, eta Chabaneau-rekin platinoa landu zuen. Berrikuntzak ikertzeko helburuz, berriz ere Freibergen amalgamazioaren inguruko esperientziak egin zituen (1787-1788), eta horien emaitzak Espainian eta Alemanian argitaratu ziren, metalurgiari buruzko hitzaldi sorta batean. 1786an Nueva Españako –gaur egungo Mexiko– Meategien Kidegoko zuzendari orokor izendatu zuten. 1821ean Amerika utzi eta Madrilera joan zen bizitzera, eta Meategietako zuzendari orokor lanetan ibili zen.