Urteroko dinamika da Laboratorium museoan gai jakin bati buruzko erakusketa eta gai horrekin lotutako unitate didaktikoa sortzea. Hala, emaitza ikasleekin lantzeko material bizia eta helduok bisitatu eta ikasteko moduko erakusketa izan ohi da. Ikasleek eskertzen dute ahalegina, eta ikastetxeekin elkarlanean zenbait gai garatu eta sakontzeko aukera izaten dute ikasturtero.

Luxuzko lankidetza izan dugu ‘Energia, guzti-guztiaren jatorria eta amaiera’ egitasmoan: Bartzelonako Unibertsitateko Carlota Oliver, Elies Molins eta Javier Tejada adituak izan dira komisario edo diseinatzaileak.

Zergatik aukeratu dugu Energia? Bada oso pil-pilean dagoen gaia delako, munduaren eta gure biziraupena baldintzatzen duelako. Eta, bestalde, energiatik sortu izan garelako. Hari asko ditu eta asko dauka lantzeko. Gainera, gazte zein helduentzat gai interesgarria delakoan gaude.

Egitasmo honek hiru adar nagusi ditu: batetik, erakusketa bera. Eta berau hiru atal nagusitan banatuta dago: 1. Unibertsitatea eta gizadia. (Energia zer den, unibertsoa…). 2. Gure ingurune energetikoa (Energia oso modu aldakorrean aurki daiteke). 3. Erregaiak eta energiaren sorkuntza.

Bestetik, energian aditua den Usurbilgo Lanbide Heziketako lantaldearekin sortutako unitate didaktikoa. Honen baitan dago maketa bat energia kontsumoak eta mikrosareak hobeto ezagutzeko.

Eta, azkenik, Felipe Uriarte eta Joxe Mari Rubio herritarrek sortu eta Udalari egindako lagapena, lurrun-makina ere bertan izango da, gaiarekin erabat lotuta dagoena.

Bada, gonbidapena egiten dizuegu erakusketa bisita dezazuen. Maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai.