Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 14 min 41 seg

Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau!

Og, 2018-05-24 15:00
Beñat Artetxe, Santiago Reinoso, Juan M. Gutiérrez-Zorrilla Juan José eta Fausto Elhuyar anaiek 1783. urtean wolframioa (W) lehen aldiz isolatzea lortu zuten. Ordutik hona, metal hau mundu guztian zehar erabiltzen da boligrafoen puntetan edo bonbilen filamentuetan. Ondorioz, Elhuyar anaien aurkikuntza Euskal Herrian zientziaren arloan egin den ekarpen unibertsalena dela baiezta genezake. Elementu berri bat aurkitzeaz gain, kimika ez-organikoaren alorrean garrantzi handia izango zuen arlo baten aitzindari izango ziren oharkabean: polioxometalatoen (POMen) kimika.

POMak metal eta oxigenoz osatutako kluster (atomo talde nanometrikoak) anionikoak dira [1]. Nazioartean, lehen aldiz POM bat sintetizatu zuen ikertzailea J. J. Berzelius izan zela esan ohi den arren, Elhuyar anaiek ia mende erdi lehenago prestatua zuten wolframioan oinarritutako (NH4)10[H2W12O42]·10H2O gatza, “hori koloreko konposatu mingots eta mina” bezala deskribatu zutena.

1. irudia: Polioxometalatoen egituren aniztasun ikaragarriaren isla. Kluster ohikoenen egitura molekularraren errepresentazio poliedrikoak eta berauen sailkapena iso- edo heteropolioxometalato bezala. Kolore kodea: MOx oktaedro grisak; XOx poliedro berdeak; espezie erraldoietako Mo atomo desberdinetako bakoitza kolore ezberdin batez adierazi da.

POMak oxidazio egoera altuenean dauden 5 eta 6. taldeetako trantsizio metalez (M) osaturik daude, ohikoenak banadioa, molibdenoa eta wolframioa izanik. Konposizioa aintzat hartuta, bi talde nagusitan bana daitezke: iso- (metal eta oxigenoz soilik osatuta daudenak) eta heteropolioxometalatoak (metal eta oxigenoaz gain, heteroatomo (X) izena duten elementu gehigarriak dituztenak).

Egiturari dagokionez, POMak MOx poliedroen kondentsazioaren ondorio dira, non oktaedrikoa (x = 6) geometria arruntena den. Unitate hauek erpinak edo ertzak partekatuz elkartu ohi dira 2 eta 368 zentro metaliko bitarteko egiturak eratuz. Laburbilduz, egituren aniztasun ikaragarria dimetalatoak bezalako anioi txikietatik proteinen tamaina duten kluster konplexuetara doala esan genezake (1.irudia).

Konposizio, egitura eta propietate elektronikoen aldetik erakusten duten aniztasun izugarriaren ondorioz, POMek aplikazio esparru zabala aurkitu dute besteak beste katalisian, materialen zientzian, nanoteknologian eta biomedikuntzan (2. irudia) [2]. Bereziki prozesu katalitikoetan erabiltzen dira POMak. Adibide azpimarragarria da berauen erabilera industriala etil azetatoa (tinta, farmako eta estalduren industrian oso arrunta) pauso bakarrean ekoizteko prozesuan.

2. irudia: Polioxometalatoen aplikazio eremu zabalaren inguruko zenbait adibide. Goialdean, uraren oxidazio fotokatalitikorako katalizatzaile heterogeneoa; erdialdean, material lumineszentea; behealdean, iman molekularra.

Teknologia honetan oinarrituta, British Petroleumek (BP) munduko etil azetato ekoizpen planta handiena eraiki zuen, 2011an Europan kontsumitu zen etil azetatoaren %56 suposatu zuelarik. Prozesu honek kontsumo energetikoaren %20 eta ekoiztutako hondakinen %35eko murrizketa suposatu zituen. Aplikazio katalitiko hutsetik haratago, POMek erlazioa dute gaur egungo energia iturri berriekin.

Erregai fosilen ordezkoa bilatu nahian, simulatu nahi den prozesuetako bat landareen fotosintesia da, non argi modura jasotzen den energia, energia kimiko bihurtzen den. Prozesu honetan, uraren disoziazioa POM bidezko erreakzio fotokatalitikoaz lor daiteke eguzki-argia erabiliz. Aipatutakoa, etorkizuneko erregaitza den H2 gasa lortzeko metodo garbi eta eraginkorrenetako bat litzateke, hauts erako katalizatzaile heterogeneoa uretan esekiduran mantentzea baino ez bailitzatekeelako behar.

Bestalde, lantanidoak (lur arraroak) dituzten POMak propietate oso interesgarriak aurkezten dute. Alde batetik, material hauek gai dira gizakiontzat ikusezina den argi ultramorea xurgatu eta argi ikuskorra igortzeko (fotolumineszentzia). Propietate hauek erabilera teknologiko anitzak aurki ditzakete, analisi biomedikoetan, zelula fotovoltaikoetan, transistore optikoetan, laserretan, edota LED diodoetan. Bestetik, ordenagailuetako disko gogorretan grabazio sistema magnetiko digitala erabiltzen da informazioa gordetzeko. Hauek domeinu magnetiko mikroskopikoez eratutako materialez osatuta daude. Muturreko kasua da iman molekularren erabilera. Izan ere, lantanido eta POMen arteko konbinazioa iman molekularrak (domeinu magnetiko ñimiñoena baino 1000 aldiz txikiagoa) prestatzeko bide ezin hobea dugu.

Sintesiak ematen dituen aukera mugagabeari esker, gaur egun ezagutzen diren aplikazioez gain, lan-esparru berriak ireki ditzakeela uste da. Izan ere, Elhuyar anaien ametsak oraindik ere bizirik dirau eta bizirik egoten jarraituko du datozen hamarkadetan ere.

Bibliografia:

[1] POPE, M.T. 1983. Heteropoly and Isopoly Oxometalates. Springer-Verlag, Berlin.

[2] SÉCHERESSE, F. Ed. 2013. Polyoxometalate Chemistry: Some Recent Trends. World Scientific, Singapur.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau!
  • Laburpena: Polioxometalatoak (POMak) kimika ez-organikoaren munduan ezagunak diren metalez eta oxigenoz osatutako kluster anionikoak dira. Azaldu ohi duten forma, konposizio eta propietate aniztasunaren ondorioz, POMek aplikazio ugari dituzte teknologiari, ekonomiari edo ingurugiroari lotutako arlo ezberdinetan. Nahiz eta aspaldidanik aplikazio katalitikoetan erabili, gaur egun etorkizunerako garrantzitsuak izango diren esparru oso ezberdinetarako ikertzen ari dira, besteak beste, hondakin-uren tratamenduan, medikuntzan, konputazio kuantikoan, energia-iturri berriztagarrietan edota sentsore kimiko lumineszenteetan. Horrengatik guztiagatik, polioxometalatoen kimika, etorkizun handiko kimika ez-organikoaren alorreko esparru dinamikoenetariko bat dela baiezta genezake.
  • Egileak: Beñat Artetxe, Santiago Reinoso, Juan M. Gutiérrez-Zorrilla
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 97-112
  • DOI: 10.1387/ekaia.17686

—————————————————–
Egileez: Beñat Artetxe eta Juan M. Gutiérrez-Zorrilla UPV/EHUko Zientzia eta Teknlogia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira. Santiago Reinoso, bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko InaMat-Institute for Advanced Materialsekoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau! appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bikote bitxi hori

Og, 2018-05-24 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Ceratias holboelli-ri arrain arrantzalea[1] esaten diote ingelesez, kanabera bezalako luzakin berezia ateratzen baitzaio buruaren goi aldetik. Lumineszentea da luzakinaren punta; horri esker erakartzen ditu ehizakiak. Apo-arrainaren antzera jokatzen du (ikus «Arrain arrantzalea» izenburuko atala), baina amu gisa argia erabiliz.

1922an, B. Saemundsson biologo islandiarrak 66 cm luzeko arrain arrantzale eme bat harrapatu zuen. Harrituta geratu zen arraina ikustean, beste bi arrain txiki ikusi baitzituen handiaren azalari itsatsita. Hasiera batean, arrain-kumeak zirela pentsatu zuen, baina oso itxura arraroa zuten, endekaturik baleude bezala. Gainera, hain zen estua arrain txikiek handiarekin zuten lotura, ezpainak handiaren larruazalarekin bat eginda zeudela baitzirudien.

Hiru urte geroago, C. Tate Regan iktiologo britainiarrak aurkitu zuen arraintxo haiek ez zirela kumeak, ar nanoak baizik. Hau da, ar helduak ziren, emeari betiko itsatsita. Izan ere, arrain handiaren eta txikiaren odol-hodien artean jarraikortasun osoa zegoela ikusi zuen Reganek. Orain badakigu erantsi ondoren arrak bizitza askeari uko egiten diola eta emearen guztiz menpeko bihurtzen dela. Izan ere, emerik aurkitzen ez duten arrek ez dute gonadarik garatzen eta ez omen dute biziraupen luzerik (hilabete gutxi batzuk bizi dira, besterik ez).

Zenbaiten ustez, bizkarroia da arrain arra; baina bizkarroia bada ere, guztiz bizkarroi berezia da, emeari espermatozitoak ematen baitizkio. Are gehiago, arrik itsatsita ez duten emeek ez omen dute gonada heldurik garatzen, eta behin betiko ar erantsirik gabe haien obozitoak ez omen dira inoiz ernaltzen. Beste zenbaiten ustez, berriz, arrain arrantzale arra zakil bat baino ez da, baina hori ez da zuzena. Egia da zenbait organo ⎯begiak, esaterako⎯ galdu dituela, baina brankiak, bihotza eta giltzurrunak mantendu ditu eta beren zereginak betetzen dituzte.

Aurkakoa pentsa badaiteke ere, Ceratias holboelli ez da salbuespen bat, Lophiiformes ordenaren beste kide askok erakusten baitituzte antzeko ezaugarriak. Mutur batean daude Ceratias holboelliren modukoak, baina talde bereko beste zenbait espezietako arrek eta emeek bizitza independentea dute. Erdiko formak ere badira.



Ur sakonetako arrainak izanik, oso baxua da haien dentsitatea eta, ondorioz, oso zaila da sexu desberdineko banakoek elkar aurkitzea. Beraz, ingurune berezi horretan bizitzeko moldaera da arra emeari itsatsita bizitzea, behin erantsiz gero betiko geratzen baitira elkarri lotuak.

Arrain hori bizi den ur sakonetan janaria aurkitzea ere oso zaila denez, lumineszentziaren trikimailua garatu dute orden bereko espezie askok. Eguzki-argia ez da iristen ur sakonetara, eta beraz, ilicium izeneko kanabera moduko luzakinaren puntan diren bakterio sinbionteek sortzen duten argia oso erakargarria egiten zaie eremu zabal batean dabiltzan balizko harrapakinei.

Elikatzeko moduagatik oso bereziak dira arrain hauek, bai, baina askoz bereziagoak dira duten ugaltze-estrategiagatik. Bizi diren ingurumenaren ezaugarri berezien pean bizitzeko moldaerak dira bai bata eta bai bestea.

[1] Anglerfish da ingelesezko izena.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Bikote bitxi hori appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Unibertsoa sortu eta “gutxira” kozinatu ziren lehen izarrak

Az, 2018-05-23 09:00
Juanma Gallego Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera jaiotako lehen izarren aztarna aurkitu dute astrofisikariek, ALMA eta VLT teleskopioen bitartez egindako behaketetan oinarrituz.

Galaxia urrun batean, unibertsoa jaio eta 500 milioi urtera sortutako oxigenoa antzemateko gai izan dira zientzialariak, baina behaketa horrek denboran are atzerago joateko bidea eman diete ere. Izan ere, oxigeno horri esker astrofisikariek kalkulatu dute galaxia horretako lehen izarrak Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera jaio zirela.

1. irudia: ALMA -irudian- eta VLT behatokiak erabili dituzte aurkikuntza egiteko, eta baita Spitzer eta Hubble espazio teleskopioak ere (Argazkia: ESO/ B. Tafreshi – twanight.org)

MACS1149-JD1 izeneko galaxiari begira jarri direnean egin dute aurkikuntza. Galaxia hori 2012an aurkitu zuten, Spitzer eta Hubble espazio teleskopioen bitartez, eta zinez urrun dago: 13.300 milioi argi urtera. Jakina denez, astronomian halako distantziatara begiratzeak denboran zehar atzera egitea ere esan nahi du, eta horrek unibertsoaren hasierako momentuak ikusteko parada ematen du.

Nature aldizkarian nazioarteko astronomo talde batek azaldu duenez (arxiv-en ere eskuragarri dago ikerketa artikulua), galaxia horretan oxigenoak igorritako distira ahul bat ikusi ahal izan dute. Lurrean detektatutako uhin luzera seinale hori sortu zenekoa baino hamar aldiz handiagoa izan da. ESO Europako Behatoki Australak zabaldutako ohar batean azaldu dute horren zioa: “unibertsoaren espantsioa dela eta, espazioan zehar bidaiatu ahala, argi infragorria lerratu egiten da”.

Datu horiek ikusita, zientzialariek kalkulagailua atera dute, eta ondorioztatu dute oxigenoaren seinalea duela 13.300 milioi urte inguru igorri zela, hots, unibertsoaren jaiotza izan eta 500 milioi urtera. Hortaz, orain arte urrunen antzemandako oxigenoa litzateke ikusitakoa.

Ikerketaren gakoa, hain zuzen, oxigeno horretan dago. Oxigenoa izarrak hiltzen direnean baino ez da askatzen, eta, horregatik, ezinbestean aurretik beste izar belaunaldiek jaio, bizi eta hil behar izan zuten. Modu horretan, lehen izarren jaiotza Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera izan zela ondorioztatu dute ikertzaileek.

2. irudia: MACS J1149.5+2223 izeneko galaxia multzoa; laukian, MACS1149-JD1 galaxia. (Argazkia: ALMA / Hubble/ Zheng JHU, Postman STScI, the CLASH Team, Hashimoto et al.)

Izan ere, unibertsoaren hasierako uneetan ez zen oxigenorik existitzen: elementurik sinpleenez osatutako mundua zen ordukoa, hau da, hidrogenoz eta helioz osatutakoa. Horiek baino astunagoak ziren elementuak lehen izarretan ekoitzi ziren, labe kosmiko erraldoietan gertatutako fusioen ondorioz. Izar hauek hiltzean askatu ziren elementu astunagoak, eztanda erraldoietan. Horregatik, ikertzaileek badakite 500 milioi urteko izar horiek ordurako helduak zirela, eta aurretik izan ziren izarren belaunaldiak irudikatzeko aukera izan dute horrela.

ALMA behatokiaren bitartez oxigenoaren berri izan duten modu berean, VLT teleskopioaren bitartez hidrogenoaren seinale bat antzeman dute; azken hau, are ahulagoa. Bigarren igorpen horri esker baieztatu ahal izan dute galaxiaren kokapena. Ondorioz, zientzialariek aldarrikatu dute modu ziurrean orain arte neurtutako galaxiarik urrunena litzatekeela hau.

Lehen izar horiek zehazki noiz sortu ziren jakin ahal izateko beste teleskopioen bitartez eskuratutako datuak baliatu dituzte. Zehazki, Hubble eta Spitzer espazio teleskopioek infragorrian hartutako datuak izan dituzte abiapuntu. Gogoratu beharra dago espazio teleskopioak ezinbestekoak direla zeregin horietan: Lurreko atmosferak argi infragorri gehiena xurgatzen duenez, argi espektro horretan behaketa zehatzak egiteko atmosferatik kanpo egon behar dute behatokiek.

Nature aldizkarian emaitza garrantzitsuak testuinguruan jartzeko argitaratzen den iruzkin horietako batean Leiden Unibertsitateko (Herbehereak) Rychard Bouwens astrofisikariak azaldu du funtsean ikertzaile talde honek galaxiaren gorriranzko lerrakuntzaren neurketa oso zehatza egin duela. “Argi iturri baten gorriranzko lerrakuntzak adierazten digu iturriak argi hori igorri zuenetik unibertsoak izan duen espantsio faktorea zein izan den, eta baita argia igorri izan zenean iturri hori zein distantziatara zegoen”.

Bideoa: Ordenagailuz egindako simulazio batek MACS1149-JD1 galaxian izarrak zelan sortu ziren erakusten du.

Lerrakuntza hori 9,11koa da. “4 baino gehiagoko gorriranzko lerrakuntza duten galaxiak ikertzeko ALMAk normalean ionizatutako karbono bakar batek sortutako igorpen lerroa erabiltzen du. Hashimotok eta haren kideek ionizatutako oxigeno bikoitzari lotutako lerro batean jarri dute konfiantza”.

Ikerketaren balioa aitortuta ere, orain aurkeztutako lanak izan ditzakeen mugak ere mahai gainean jarri ditu adituak. “MACS1149-JD1 galaxia bat besterik ez da, eta ez dago argi beste galaxietan ere izarrak hain goiz jaio zirenetz. Planck kolaborazioak burututako mikrouhinen hondo kosmikoaren behaketak erakusten du hasierako unibertsoan izan zen izarren jaiotza-tasa ikerketa honetan proposatzen dena baino txikiagoa izan zela”. Horrez gain, gaineratu du antzeko garaietan behatu izan ziren hainbat galaxiatan halako izarren eraketa prozesurik ez dela antzeman. Dena dela, aitortu du ere ikerketa honek iradokitzen duen izarren jaiotza-tasa altuak azal zezakeela unibertsoaren hasierako uneetan mikrouhinen hondo kosmikoaren erradiazioaren espektroan “aurten aurkitutako xurgatze-seinale handia“. Otsailean aurkeztu zuten seinale hori, unibertsoak izan zuen lehen hidrogenoaren adierazle.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hashimoto T. et al. (2018). The onset of star formation 250 million years after the Big Bang. Nature volume 557, pages 392–395. DOI:10.1038/s41586-018-0117-z

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Unibertsoa sortu eta “gutxira” kozinatu ziren lehen izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Erosi berri duzun arropa garbitu al duzu?

Ar, 2018-05-22 09:00
Josu Lopez Gazpio Arropa berria garbitu egin behar da. Hori dio zientziak. Dendan sartu eta arropa berria erostean burutik pasa dakigukeen azken gauza da ehunen artean gordeta mikroorganismo pila egon daitekeela, baina, izatez, halaxe da. Erosi dugun galtza berria hainbat bezeroek probatuko zuten eta berriro ere esekigailuan utziko zuten kolorea ez zutelako atsegin edo handiegia zelako. Bada, erosi dugun jantzi berria pentsa daitekeena baino jende gehiagok jarri du gainean eta, zientziak dioenez, garbiketa sakon bat beharrezkoa izango da mikroorganismoak kentzeko -edo, murrizteko behinik behin, izan ere, inoiz ez dira guztiz desagertu-.

1. irudia: Arropa bezero askok janzten badute mikroorganismoen trukaketa gertatzeko arriskua dago, nahiz eta arrisku hori altua ez izan. (Argazkia: markusspike – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Duela gutxi garbigailuetan gertatzen diren prozesu mikrobiologikoak aztertu bagenituen eta, ikusi genuenez, garbigailuan arroparen arteko mikroorganismo transferentziak gerta daitezkeela esan bagenuen, gaurkoan arropa berrian dauden mikrobioak izango dira aztergai. Philip Tierno New Yorkeko Unibertsitateko ikertzaileak eta bere lankideek frogatu ahal izan dutenez, erosi berria izan den arropan bakterioak eta birusak kantitate nabarmenean aurkitu dituzte, eta gorotz-germenen presentzia ere antzeman dute.

Egin dituzten ikerketetan hainbat arropa mota aztertu dituzte, esaterako, galtzak, jantziak, barruko arropa eta bainujantziak, eta guztietan aurkitu dituzte beste bezeroren batzuen aztarnak. Ikerketaren arabera, bezero batek arropa janzten duenean hiru bide nagusi daude mikroorganismoak zabaltzeko: arnas aparatutik -ahoa eta sudurra, nagusiki-, azaletik eta uzkitik. Germenak dituen arropa ukitu ondoren geure ahoa, begiak edo sudurra ukitzen baditugu, mikroorganismo patogenoak gorputzera sartzeko arriskua dago, nahiz eta Tierno eta haren lankideen arabera arrisku hori benetan murritza den. Arriskua areagotu egingo litzateke azalean ebakiak edo zauriak badaude; izan ere, agente patogenoak erraztasun handiagoz sar daitezke. Ikerketan ikusi zutenez, arropa gehienak beste bezero batean jatorria zuten mikroorganismoak aurkitu zituzten eta, adibidez, zetazko blusa batean baginako mikroorganismoak eta gorotz-germenak identifikatu zituzten. Jantzi batzuek, gainera, hainbat germen desberdin zituzten, dendan bezero askoren eskuen artean ibili zirela adieraziz.

2. irudia: (Argazkia: jarmoluk – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Mikroorganismoak denbora luzez egon daitezke jantzietan eta, arriskua txikia bada ere, Tierno eta bere lankideen arabera arriskua, egon, badago. Zentzu horretan, ikertzaileek erosi berria izan den arropa garbitzea aholkatzen dute bakterio eta birusen kopurua murrizteko. Era berean, dendan arropa probatu behar denean tartean beste jantziren bat egotea aholkatzen dute -azalaren eta dendako arroparen arteko kontaktua saihestuz-, eta baita arropa ukitu ondoren eskuak garbitzea ere. Oro har, arropa garbigailuan sartzean mikroorganismo kopurua murriztu egiten da, baina ez beti. Zentzu horretan, garbigarriek mikrobioen aurka duten efektuak ere ikertu ditu zientziak eta, esaterako, hala egin zuten Marlitt Honisch eta bere lankideek 2016an argitaratutako ikerketa batean. Diotenez, egunotan tenperatura baxuko garbiketak ohikoak dira eta beti ez da lortzen desinfekzio egokia. Ikertzaile talde berak bi urte lehenago argitaratutako ikerketa batean ere ohartarazi zuten garbiketa tenperaturaren murrizketak ondorio nabarmenak dituela lortutako desinfekzioan. Hala ere, adierazi zutenez higiene-kalitatearen murrizketa hori garbigarri egokien erabilpenarekin orekatu daiteke eta, hain zuzen ere, oxigeno aktibozko lixibek eta garbiketa denboraren luzapenak higienea egokia ziurtatzen dute, tenperatura hotzean ere.

Azkenik, arroparen ekoizpenean erabili diren produktuen arrastoak ere gera daitezke arropa berrian eta horrek zenbat alergia eta kontaktuzko dermatitis eragin ditzake. Horregatik guztiagatik, kontsumitzaileen elkarteek ere arropa berria garbitzea gomendatzen dute lehen aldiz erabili aurretik eta umetxoentzako arroparen kasuan garbiketa hori behar-beharrezkoa dela diote. Eta zuk, jantzi al duzu noizbait garbitu gabeko arropa berririk? Bada, orain badakizu zergatik komeni den pazientzia pixka bat izatea eta estreinatzeko hainbeste gogo duzun kamiseta hori jarri aurretik garbigailuan sartzea.

Erreferentzia bibliografikoak:

Marlitt Honisch, Britta Brands, Mirko Weide, Horst-Dieter Speckmann, Rainer Stamminger, and Dirk P. Bockmühl (2016). Antimicrobial Efficacy of Laundry Detergents with Regard to Time and Temperature in Domestic Washing Machines. Tenside Surfactants Detergents: Vol. 53, No. 6, pp. 547-552. DOI:doi.org/10.3139/113.110465

Callewaert Chris, Van Nevel Sam, Kerckhof Frederiek-Maarten, Granitsiotis Michael S., Boon Nico (2015). Bacterial Exchange in Household Washing Machines. Frontiers in Microbiology: Vol. 6, pp. 1387. DOI:10.3389/fmicb.2015.01381

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Erosi berri duzun arropa garbitu al duzu? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bi atomo-hodei ultrahotzen arteko korapilatze kuantikoa lortu dute

Al, 2018-05-21 09:00
Bose-Einstein kondentsatu deritzen eta espazialki bananduta zeuden bi atomo-multzo ultrahotzen artean korapilatze kuantikoa sortzea lortu dute. Honek aplikazioak izan ditzake algoritmo kuantikoak garatzen eta konputazio kuantikoa eskala handian gauzatzen. Science aldizkari ospetsuak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak.

Irudia: Fisikoki banandu zituzten bi hodeiak, elkarren artean tarte bat utzita, eta frogatu ahal izan zuten hala ere elkarrekin korapilatuta jarraitzen zutela.

Partikula-hodeien artean korapilatze kuantikoa sortzeko partikula-hodei inkoherente eta termikoak erabili dira orain arte, oraingo honetan, baina, Bose-Einstein kondentsatu deritzon egoeran zeuden atomo-hodeiak erabili dituzte.

Fisika klasikoan parekorik ez duen fenomeno kuantikoa da Schrödinger-ek aurkitutako korapilatze kuantikoa: korapilatuta dauden partikula-multzoek beren banakotasuna galtzen dute eta entitate bakar bat balira bezala aritzen dira. Partikuletako batean edozer aldaketa gertatzen bada, bestean ere berehalako erreakzioa gertatzen da, espazioan bananduta badaude ere. Korapilatze kuantikoa funtsezkoa da konputazio kuantikoan aplikatzeko, aukera ematen baitu ataza jakin batzuk konputazio klasikoan baino askoz azkarrago ebazteko.

Bose-Einstein kondentsatuak lortzeko oso tenperatura baxuetara hoztu behar dira atomoak, zero absolututik gertu. Tenperatura horretan atomo guztiak egoera kuantiko oso koherentean daude: nolabait, espazioan posizio berean daude guztiak eta korapilatze kuantikoa gertatzen da multzoko atomoen artean.

Multzo osoa bi atomo-hodeitan banatu zuten esperimentuan: fisikoki banandu zituzten bi hodeiak, elkarren artean tarte bat utzita, eta frogatu ahal izan zuten hala ere elkarrekin korapilatuta jarraitzen zutela.

Bose-Einstein kondentsatu egoeran dauden bi multzoren artean korapilatze kuantikoa sor daitekeela frogatu izanak bide eman dezake teknologia kuantikoa erabiltzen duten arlo asko hobetzeko, hala nola konputazio kuantikoa, simulazio kuantikoa eta metrologia kuantikoa.

Izan ere, partikula korapilatu multzo handiak behar izaten dituzte aplikazio horietan guztietan. Atomo hotzak erabiltzearen abantaila da aukera dagoela estuki korapilatutako egoerak sortzeko beste sistema fisiko batzuetan daudenak baino zenbait magnitude-ordena handiagoko partikula kopuruarekin eta hori eskala handiko konputazio kuantikoaren oinarria ere izan daiteke.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Sciencek korapilatze kuantikoari buruzko lan bat argitaratu du, UPV/EHU partaide izan duena

Erreferentzia bibliografikoa:

Karsten Lange, Jan Peise, Bernd Lücke, Ilka Kruse, Giuseppe Vitagliano, Iagoba Apellaniz, Matthias Kleinmann, Geza Toth, Carsten Klempt. Entanglement between two spatially separated atomic modes. Science (2018) DOI: 10.1126/science.aao2035.

The post Bi atomo-hodei ultrahotzen arteko korapilatze kuantikoa lortu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #203

Ig, 2018-05-20 09:00
Uxune Martinez

Biologia

Enaren kasu izango da behar bada gure inguruan esanguratsuena, euren presentzia urritu egin da gure artean. Ez da egoera hau pairatzen duen hegazti bakarra, baina Asier Sarasua biologoak alderantziko kasu bat ekarri digu asteon, eremua zabaldu duen okil beltzaren kasua. Asierrek kontatzen digunez, urte batzuk arte okil beltza (Dryocopus martius) mendi garaietako espeziea zen eta 2 populazio bereizi zitezkeen: Pirinioetakoa eta Europako mendietakoa eta orain egun batzuk Eibarren bertan aurkitu zuen txoria. Datu guztiak Eibartik blogean aurkituko dituzue: Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Aitziber Agirrek gauza bitxia ekarri digu asteon Elhuyar aldizkarian. Kaliforniako Unibertsitateko Biologia eta Fisiologia Integratzaile saileko ikertzaileek Aplysia californica itsas bareekin egin dituzte esperimentuak eta hauek agerian jarri dute oroimena gordetzeko mekanismo epigenetiko ez-sinaptiko bat egon daitekeela. Ikertzaileen lanak erakutsi du oroimenaren eredu sinaptikoa sinpleegia dela eta RNA ez-kodetzaileak eragindako aldaketa epigenetikoak ere, epe luzeko oroimen batzuen oinarrian egon daitezkeela iradoki du. Datu guztiak RNA-injekzio batez, barraskilo batetik bestera oroimena transferitzea lortu dute artikuluan.

Agian ez diguzu sinesten baina simaurra oso erabilgarria da…, animalia batzuentzat berebiziko betebeharra du satsak. Milaka animalia-espezie bizi dira simaurretik. Onthofagus generoko espezieek, esaterako, simaurra jaten dute, eta bi mila espezie baino gehiago ditu talde honek mundu osoan banatuta. Horietako bat seguru ezaguna egingo zaizuela: kakalardo pilotagilea. Kakalardo honek, esaterako, satsa erabiltzen du larbak elikatzeko eta larbak sortu aurretik egin dituen zuloetan sartzen du simaurra. Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoen eskutik datorkigu istorio bitxi hau: Handi izatearen aldekoak (baita txiki izatearenak ere).

Ekologia

Badira klima-aldaketari aurre egiteko energia berriztagarrien erabilera sustatzen dituzten herrialdeak. Esaterako, AEBn Kaliforniako estatuan azken urteotan inbertsio handiak egin dituzten eguzki-panelak ipintzeko etxebizitzetan, ondorioz, etxebizitzen %20ak dagoeneko eguzki-panelak ditu. Baina harago joanez bertako Gobernuak erabaki aitzindari bat hartu du: 2020. urtetik aurrera eraikitzen diren etxe berri guztietan eguzki-panelak ezarri beharko direla. Sustatu agerkarian eman digute honen berri.

Baina Kaliforniako Gobernuak hartutako erabakia ez da bakarra, egunotan tankera bertsuko erabakia hartu dute Costa Rican. Sustatun azaldu digutenez karbonorik gabeko herrialdea izateko erronka hartu dute bertan eta horretarako, 2020. urtetik aurrera debekatuta egongo dira erregai fosilak Costa Rican.

Genetika

Koldo Garcia ikertzaileak 10 gene ikertuenak zeintzuk diren plazaratu ditu azken asteotan. Behin zerrenda bukatuta galdera zehatz bat egiten digu genetistak: eta gainontzekoak zer? Izan ere, gizakiok 20.000 genetik gora ditugu eta oraindino ez dakigu zein den askoren funtzioa. Beraz, zerk eragiten du gene bat edo bestearen azterketa gauzatzea?

Ingeniaritza

Washingtongo Unibertsitateko ingeniariek intsektu baten tamaina duen robot hegalari bat garatu dute. RoboFly du izena eta laser-izpi batekin funtzionatzen duen haririk gabeko robota da. Zirkuitu txiki bati esker laser energia elektrizitatean bihurtzen du eta honi esker hegoak martxan jartzen ditu RoboFlyk. Ikertzaileen esanetan hainbat aplikazio izango lituzke robot hegalariak, adibidez, baserri handietako laboreen hazkuntzari jarraipena egin, gas-ihesak antzematea, eta abar. Xehetasun guztiak Sustatu agerkarian: RoboFly, intsektu baten neurriko lehenengo robot hegalaria.

Ingurumena

Turismoaren aztarna ekologikoa neurtu du nazioarteko ikertalde batek. Emaitza nabarmenak lortu dituzten ikerketarekin. Alde batetik, orain arte Lurraren berotzea dakarten gas isurien %2,5-%3 egozten zizkioten turismoari eta ikerketan kalkulatu dute %8 inguru eragiten dituela. Alegia, uste zena baino hiru aldiz gehiago. Bestalde, azpimarragarria da, hegaldiak direla turismoak kliman dakartzan ondorioen iturri nabarmenena. Etorkizunean areagotu egingo da eragin eta gizaldiaren erdi alderako gas isuri guztien %15 hegazkinek eragingo dituzte. Ikerketaren datuak eta hainbat informazioa Arantxa Iraola kazetariaren eskutik: Turismoa, ahantzi ezin den aldagaia.

Medikuntza eta osasuna

Zientziak ez du geldiunerik eta gure eguneroko zereginekin harreman duten hainbat kontuei ere so egiten dio. Esate baterako, arropak garbitzeko prozesuak aztertu dituzte zientzialariek eta Josu Lopez Gazpio kimikariak kontatu digunaren arabera, garbigailuan arroparen arteko mikroorganismo transferentziak gerta daitezke eta bakterio zein onddo patogenoen kopurua handitu egin daiteke arropa garbitu ondoren. Horrez gain argitu digu ere, garbigailu bera erabiltzen duten lagunen arteko mikroorganismo trukaketak ere gerta daitezkeela ikerketen arabera. Arropa garbitu aurretik komeni zaizu “Garbigailuen zikinkeria” artikulua tentuz irakurtzea.

Ziortza Guezuraga kazetariak Lucy Wills hematologoaren lana eta haren emaitzak ekarri dizkigu gogora asteon. Lucy Wills hematologoak faktore nutrizional bat aurkitu zuen legamian, haurdunaldian zeharreko anemia makrozitikoaren prebenitu eta lehengoratu egiten zuena. Baina legamiaren osagaietako batek anemia makrozitikoa sendatu eta prebenitzen zuela deskubritu zuen arren, Willsek ez zuen azido folikoa identifikatu. Xehetasun guztiak “Wills faktorea” artikuluan.

Teknologia

Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) ikertzaileek sare sozialetan zabaldutako milioika mezu aztertu dituzte eta azterketaren ondorioetako bat garbia da: eguraldiak eragina dauka gure gogo-aldartean. Ikertzaileek diote klimak gure burua adierazteko dugun modua mugatzen duela. Adibidez, tenperatura altuak eta baxuak, prezipitazioak, hezetasun handiagoa edota hodeien handitzea, guztiek gizakiaren sentimenduen adierazpenean eragina dute. Juanma Gallegok ekarri digu gaia: Ofiziala da honezkero: eguraldi eskasak marmarti egiten gaitu eta eguraldi onak, zoriontsuago.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #203 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjaintasunaren kartografia #216

La, 2018-05-19 09:00

Zergatik argitaratzen dituzte zientzialariek artikuluak elkarrekin eta ez bakoitzak berea? Galdera txoroa eman dezake, baina ez da. Jesús Zamora Bonilla: On scientific co-authorship (1): Why do scientists publish together?

Itxurak egiteko kontsumitzea ohikoa da. Eta azkenean… Conspicuous consumption: competitive vs monopolistic markets, José Luis Ferreiraren artikulua

Organismo bizi baten prozesu biokimiko normaletan eraginik ez duten erreakzioak bioortogonal deitzen dira. Hona DIPCko jendeak egiten duena: Bioorthogonal catalytic activation of anticancer metal complexes

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjaintasunaren kartografia #216 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Wills faktorea

Or, 2018-05-18 09:00
Ziortza Guezuraga Lucy Willsek egun ezinbestekoa den azido folikoa aurkitu zuen, haurdunaldian anemia makrozitikoa sendatu eta prebenitzeko nutrizio-osagaia.

1. irudia: Lucy Wills hematologoa lanean. (Argazkia: Wikipedia)

Haurdunaldian zeharreko anemia makrozitikoaren ikerketan Lucy Wills hematologoak faktore nutrizional bat aurkitu zuen legamian, anemia hori prebenitu ez ezik, lehengoratu egiten zuena.

Legamiaren osagaietako batek gaitz hori sendatu eta prebenitzen zuela deskubritu arren, Willsek ez zuen azido folikoa identifikatu, 1941. urtera arte isolatu ez zena. Hori dela eta, Wills Faktore izenarekin ezagutu zen 40ko hamarkadara arte eta, ordutik, folato modura, azido folikoaren forma naturala baita. Substantzia hori gaur egun ezinbesteko gehigarria da haurdun daudenentzat.

Cambridgen eta Royal Free Hospital School of Medicinen graduatu ostean, Indiako Tata Trusts erakundearen diru-laguntzari esker, ikertzailea britainiarrak Mumbaira bidaiatu zuen 1928an eta haurdunaldian zeharreko anemia makrozitikoaren arrazoia ikertzen hasi zen. Gaixotasun hori ikertzeko erabakia ez zen halabeharrezko kontua izan.

Margaret Balfour Mumbaiko Haffkine Institutuko Emakumeen Osasun Saileko burua zen. Hara jotzen zuten osasun arrunterako irisgarritasunik ez zuten emakumeek. Horrela, haurdunaldian zehar anemia mota baten prebalentzia handia zela hauteman zuen, emaitza larriekin.

Ez dago arrazoien inguruko xehetasunik, baina Balfour Lucy Willsekin jarri zen harremanetan eta horrela Wills Indiara zenbait bidaia egiten hasi zen elikagai-faktoreek orduan haurdunaldiko anemia kaltegarri izenarekin ezagutzen zenarekin zerikusirik ote zuten zehazten saiatzeko.

Ikerketa eta halabeharra

2. irudia: Azido folikoa.

Ikerketa horietan Willsek Mumbaiko gizarte-klase ezberdinetako emakumeen elikadura-azturak alderatu zituen eta nolabaiteko korrelazioa hauteman zuen elikadura-azturen eta haurdunaldian zehar anemia pairatzeko probabilitatearen artean.

Gainera, egiaztatu zuen emakume musulmanak zirela elikadura aldetik gabezia gehien zituztenak. Eta anemia pairatzeko aukera gehien zutenak ziren.

Garai hartan gaixotasuna haurdunaldiko anemia kaltegarri izenarekin ezagutzen bazen ere, Lucy Willsek frogatu zuen anemia kaltegarria eta anemia makrozitikoa egiaz bi gaixotasun ezberdin direla.

Izan ere, biek B12 bitamina falta badute ere, megaloblastoak dituzte, eta baita tamaina handiko globulu gorriak ere; haurdunaldian zeharreko anemia makrozitikoan ez dira anemia kaltegarrian ematen diren zenbait sintoma agertzen, esate baterako, aklorhidria (urdail-azidoa ekoizteko gaitasunik eza).

Are gehiago, anemia makrozitikoa pairatzen zuten pertsonek ez zuten erantzuten B12 bitamina puruaren bidezko tratamenduaren aurrean, anemia kaltegarria tratatzeko baliagarri zen ordea. Aitzitik, pazienteei B12 bitamina “gordina” ematean, hots, purifikatu gabea ematean, hobera egiten zuten.

Egindako behaketetan oinarrituta, hala haurdun zeuden emakumeen elikadura-azturei dagokienez, nola B12 bitamina bidezko tratamenduaren behaketei dagokienez, Willsek erabaki zuen beste elikadura-faktoreren batek ere egon behar zuela, B12 bitamina faltatik harago, gaixotasunarekin lotuta.

Esperimentuak egiten hasi zen sagu albinoekin, anemiaren gabeziak gainditzeko gehigarri bila. Ikerlaria, ordea, infekzio arrunt bat (Bartonella muris, saguetan anemia eragiten duena) animalien anemiarekin interakzioan sartuko ote zen kezkatzen zuen.

3. irudia: Marmite pasta oso ezaguna da Erresuma Batuan eta baita Australian ere. Herrialde hauetan gosarietan ohiko elikagaia da. (Argazkia: Sky News)

Horrenbestez, tximuekin ikertzen hasi zen. Ezagutzen ez diren arrazoiak direla medio, Willsek Marmite, legamiaren aterakin bidezko pasta jangarri merke bat, eman zion emaitza bereziki txarrak ematen ari zen primateetako bati. Eraginak ikusgarriak izan ziren.

Ondoren, haurdun zeuden emakumeetan proba egiten hasi zen substantzia ugarirekin eta legamiaren aterakina eraginkorra zela frogatu zuen. Ezin izan zuen zehaztu faktore erabakigarria zein ote zen eta Wills Faktore izena hartu zuen. 1941. urtean isolatu zen azido folikoa ziazerban.

Gaztaro viktoriarra

Lucy Wills Sutton Coldfielden (Birminghametik hurbil, Erresuma Batua) jaio zen 1888ko maiatzaren 10ean, ekonomia-egoera ona zuen familia batean. Cheltenham Ladies’ Collage izeneko zentroan egin zituen ikasketak. Zentro hura abangoardiazkoa zen, eta ordura arte soilik maskulinoak ziren ikaskuntzetan hezkuntza-estandar altuak eskaintzen zituen. Zentro horiek fenomeno viktoriarra ziren eta giro ekonomiko eta intelektual pribilegiatua zuten arren, muturreko eta aurrerakoitzat hartzen ziren.

1907. urtean Cambridgeko Newnham College delakoan ikasketak egiten hasi zen. Bertan Botanikan eta Geologian graduatu zen 1911n. Urte batzuk lehenago Annie Russell Maunderri gertatu bezala, Willsek ere ez zuen Cambridgeko gradudun titulua jaso.

1928an, Cambridge emakumeen artean tituluak banatzen hasi zenean, Lucy Willsek “lizentziatura titular” bat jaso zuen, unibertsitate horrek 1928 eta 1941 bitartean emakumeei ematen zien ziurtagiri eta lizentziatura arteko gradu moduko bat.

1915ean Medikuntzako ikasketak hasi zituen London Royal Free Hospital School of Medicine for Women izenekoan, eta bertan lizentziatu zen 1920an, 32 urterekin. Behin lizentziatu ostean, medikuntzan jardun beharrean, ikerketa eta irakaskuntzan murgiltzea erabaki zuen Londreseko zentro bereko Kimika Patologiako sailean. 1928. urtean Margaret Balfour berarekin harremanetan jarri zen arte.

Indian ibili ondotik, Lucy Wills Londreseko Royal Free ospitalera itzuli zen 1939an. Bertan patologo modura lan egin zuen eta, beranduago, patologiako buru modura, 1947an erretiroa hartu zuen arte. Erretiroan ez zuen alboratu zientzia, eta Hegoafrika eta Fijin aritu zen lanean elikadurak osasunean dituen eraginak ikertzen. Bere bizitzako azken hamar urtetan, 1964an zendu zen arte, tokiko gobernuko kide izan zen Chelseatik.

Erreferentziak:

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Wills faktorea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

MALDI-TOF masa-espektrometria ezagutzen

Og, 2018-05-17 09:00
Antonio Veloso Karas eta Hillenkamp eta Tanakaren taldeak, 1980ko hamarkadan garatu zuten Matrix Assisted Laser Desorption Ionization Time of Flight Mass Spectrometry (MALDI/TOF-MS) edo matrizez lagundutako laserraren bidezko desortzio-ionizazioa/hegaldi-denbora masa-espektrometria.

1. irudia: Proteinak, peptidoak, lipidoak eta farmakoak identifikatzeko edo polimeroak karakterizatzeko erabiltzen da MALDI-TOF teknika.

Teknika hau hainbat arlotan erabili da, hain zuzen ere proteinak, peptidoak, lipidoak eta farmakoak identifikatzeko edo polimeroak karakterizatzeko. Beste teknika analitiko batzuekin alderatuz, masa-espektrometriak informazio gehigarria ematen du, analito osoaren eta bere zatien masa molekularrak, esate baterako. Gainera, analisia egiteko laginaren oso kantitate txikia kontsumitzen da (mikrolitroak), denbora laburrean, eta lortzen diren masa molekularrak molekulen egiturarekiko independenteak dira.

Lan honetan, teknika honen oinarriak eta aplikazioak azaltzen eta aztertzen dira. Lehendabizi, ionizazioaren prozesua azalduko da eta ondoren, laginaren prestakuntza. Gero, masa-espektrometroaren atal guztien zereginak ikusiko dira (analizagailuak eta detektagailuak), eta ostean erakusten da zertan datzan Imaging Mass Spectrometry (IMS) edo masa-espektrometriaren bidezko irudia izeneko teknika.

Laburbilduz, teknika honetan, lagina matrizearekin nahasten da etaespektrometroko laserrak laginean dauden osagai guztiak ionizatu egiten ditu. Ondoren, ioien masak analizagailuan banatzen dira eta azkenik, ioiak detektagailura iristen dira eta espektro bat lortzen da. Laginean dagoen konposatu bakoitza, espektroan gailur bezala ikusiko da.

MALDI teknikan, urrats garrantzitsua da aztergai dugun laginetik ioiak sortzea. Orokorrean, laserraren irradiazioa analito molekulen desortzioa eta/edo ionizazioa eragiteko erabiltzen da; matrizea, aldiz, energia absortziorako bitartekari gisa erabiltzen da (1. irudia). Matrizearen aukera erabakigarria da MALDI MS analisirako. Matrize ezberdin asko eta haiek prestatzeko teknika ugari azaltzen dira bibliografian. Oinarri orokorren arabera, arau batzuk eman ahal dira matrizearen aukera egokia, eta horrela, lana sinplifikatzeko. Analitoaren azidotasun edo basikotasunari begiratuz, protoiarekiko afinitate edo gas fasearen basikotasun egokia duten matrizeak aukeratu daitezke.

2. irudia: MALDI ionizazio prozesuaren oinarri eskematikoa ionizatzeko modu positiboan.

Bestalde, egun, autorradiografia teknika erabili behar da ehun batean lipidoek edo farmakoek duten banaketa ezagutzeko, hau da, arriskutsuak diren isotopo erradioaktiboak erabili behar dira. MALDI Imaging Mass Spectrometry (IMS) edo masa-espektrometriaren bidezko irudiak izeneko teknikari esker, inolako isotopo erradioaktiborik erabili gabe lor daitezke irudiak. Teknika hau, beraz, oso garbia da. IMS teknika, teknika bikaina da ehun biologikoetan dauden molekulen banaketa aztertzeko. Izan ere, molekula mota ezberdinen identifikazioa eta kokapena ahalbidetzen du, konposatuaren edota familia kimikoaren aukera egin aurretik. MALDI IMS egiteko lehendabizi, matrizez estali behar da analizatu nahi den azalera. Matrizez ehunak estaltzeko zenbait teknika erabili dira: lainoztatzea sublimazioa, aerografoa, inprimatzailea… Guztiek dute helburu modura matrizez asetutako disoluzio bat erabilita analizatu nahi den azalera homogeneoki estaltzea. Egun, zenbait enpresak matrizez estaltzeko tresnak garatu dituzte.

3. irudian, ikus daitezke MALDI IMS bidez lortutako arratoien bizkarrezur-muineko lipido batzuen distribuzioen irudiak. Goiko aldean, ezkerraldean, ehun horren mikroskopio irudia erakusten da, materia grisa eta zuria ondo bereizita. Ondoko irudiak, IMS teknika erabilita lortu dira. Koloreen eskala alboan adierazten da, hots, kolore bizia dagoen lekuan (gorriz edo berdez), espeziearen gailurra intentsitate handikoa da, eta kolorea iluna bada (beltzez), espezie hori ez da izango inguru horretan. Ikusten den bezala, materia zurian (WM) barreiatuta daude PC34:1 (fosfatidilkolina), edo SMc24:1/d18:1 (esfingomielina) bezalako espezie batzuk. Materia grisean (GM) daude PC32:0 eta PC38:6 fosfatidilkolinak bezalako beste batzuk.

3. irudia: Arratoien bizkarrezur-muineko mikroskopio irudia (goiko aldean, -ezkerraldean) eta MALDI IMS teknika erabilita lortutako lipido espezie batzuen distribuzio-irudiak (gorriz eta berdez). 0etik 1erako lipido gailurren intentsitate-eskala agertzen da (beheko aldean, -ezkerraldean).

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: MALDI-TOF masa-espektrometria ezagutzen
  • Laburpena: Gaur egun, nahiko informazio ageria ematen dute biomolekulak eta materialak karakterizatzeko erabiltzen diren laborategi-teknika analitikoek, baina azaldu ezin diren efektuak edo emaitzak lortzen dira askotan. Horregatik, informazio hau lortzeko, hau da, molekulen mikroegiturak karakterizatzeko edota gertatu diren kutsadurak ezagutzeko ere, gero eta gehiago hedatzen ari da teknika bat, Matrix Assisted Laser Desorption-Ionization/Time of Flight Mass Spectrometry (MALDI/TOF-MS) izenekoa, edo laserraren bidezko desortzio-ionizazio matrizez lagundua/hegaldi-denbora masa-espektrometria teknika. Masa-espektrometria delako karakterizazio teknika hau hainbat alorretara hedatu da, masa molarra jakitea ahalbidetzen duelako inolako zatiketarik gabe eta, aldi berean, ehun edo material baten banaketaren berri ematen duelako Imaging Mass Spectrometry (IMS) edo masa-espektrometriaren bidezko irudia deritzon teknikari esker. Lan honek helburu hartuko du teknika berri honen oinarriak eta aplikazioak azaltzea eta aztertzea.
  • Egileak: Antonio Veloso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 83-96
  • DOI: 10.1387/ekaia.16965

—————————————————–
Egileez: Antonio Veloso Polymaten eta UPV/EHUn dabil.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post MALDI-TOF masa-espektrometria ezagutzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Handi izatearen aldekoak (baita txiki izatearenak ere)

Og, 2018-05-17 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Simaurra oso erabilgarria da. Milaka animalia-espezie bizi dira simaurretik. Onthofagus generoko espezieek, esaterako, simaurra jaten dute, eta bi mila espezie baino gehiago ditu talde honek mundu osoan banatuta.

Genero honetako espezieak dira kakalardo pilotagile izenaz ezagunak diren intsektu asko; hala ere, beste generoetako zenbait espeziek ere izen bera hartzen dute. Ingelesez duen izena, dung beetle (bekorotzaren kakalardoa), haren izaeraren adierazle zehatzagoa da seguru asko.

Espezie hauek dimorfismo sexuala dute. Arrek erasorako eta defentsarako erabiltzen duten adar bat daukate, eta espezieen arabera aldatzen da haren kokapen anatomikoa. Emeek, berriz, ez ohi dute adarrik. Arren garapenak bi ibilbide desberdin jarrai ditzake, bizi-zikloaren aldi kritiko batean ⎯larba heldu bihurtzen den unean, hain zuzen ere⎯ gertatzen denaren arabera. Hasteko, une horretan sexu-kromosoma egoteak edo ez egoteak baldintzatzen du heldu horren sexua zein izango den. Gero, ezagunak ez izan arren seguru asko, hormonen menpe dauden zenbait mekanismoren bidez baloratzen ditu ar horrek gertu dituen energia- eta egitura-baliabideak. Baldin eta baliabide horiek atalase jakin baten gainetik badaude, orduan tamaina handikoa izango da arra, eta, espeziearen arabera, adar bat edukiko du. Baina baliabideak atalase horren azpitik badaude, txikia izango da eta ez du adarrik edukiko.

Larbak zaintzea da emearen ardura nagusia. Larbak elikatzeko, satsa erabiltzen du, eta larbak sortu aurretik egin dituen zuloetan sartzen du simaurra. Arrak, bestalde, zuloaren sarrera zaintzen du, beste arrik sar ez dadin: horretarako erabiliko du adarra, beharrezkoa bada. Baina, lehenago esan bezala, ar adardun horiez gain, badira ar adargabe txikiagoak ere. Ar horiek ahulagoak dira, noski, baina baita maltzurragoak ere, hitz hori intsektu bati buruz hitz egiteko egokia bada. Izan ere, ar txikiek emeengana iristeko eta ernaltzeko beste zulo batzuk egiten dituzte. Adarrik gabeak dira, bai, ar txikiak, baina adarra oztopoa izango litzateke isilpeko modu horretan jokatu ahal izateko.

Oso ondo planifikaturiko eta eginiko esperimentuen emaitzetatik atera dira hemen aurkeztu ditugun ondorio horiek. Eboluzio-mekanismoei eta animalien garapen-biologiari buruzko ondorio interesgarriak dira, baina, horrez gain, tamainak eta ongizateak berak zenbaitetan jartzen dituen segadei buruzko irakaspenik ere atera daiteke.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Handi izatearen aldekoak (baita txiki izatearenak ere) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ofiziala da honezkero: eguraldi eskasak marmarti egiten gaitu eta eguraldi onak, zoriontsuago

Az, 2018-05-16 09:00
Juanma Gallego Sare sozialetan zabaldutako milioika mezu aztertuta, ondorio garbia atera dute ikertzaileek: eguraldiak eragina dauka gizakien gogo-aldartean.

Eguraldi ona egiten duenean zoriontsuagoak gara. Euria edo hotza egiten duenean, berriz, kexu mintzatuko gara igogailuan norbaitekin topo egitean. Zentzuduna dirudi, logikak agindutakoa, baina, jakina da: usteak, erdia ustel. Hortaz, gauzak frogatu beharra dago. Plos One aldizkarian argitaratutako ikerketa batean berretsi dute ustea. Eta “berretsi” diogu, ez beste aurreko ikerketa baten emaitzak baieztatu dituztelako, arras zabalduta dagoen sinesmen hori babestu dutelako baizik: eguraldi eskasak gizakiaren gogo-aldartea baldintzatzen du. Eguzkiak eta epeltasunak mezu positiboak zabaltzera garamatzate. Sare sozialetan argitaratutako mezuek, bederen, hori adierazten dute. Baina hotz edo bero gehiegi egiten duenean, edo euri asko dagoenean, mezu negatiboak barra-barra zabaltzen dira sare sozialetan.

1. irudia: Eguraldiak gogo-aldartean duen eraginari buruzko ikerketak aurretik egin badira ere, orain arte lotura hori ez zegoen argi frogatuta. (Argazkia: Osman Rana / Unsplash)

Ameriketako Estatu Batuetako 75 hiri-eremutan Twitter eta Facebook sareetan zabaldutako mezuen analisian oinarritu dute ikerketa: 2009-2016 urteen artean Facebooken argitaratutako 2.400 milioi mezu eta Twitterren zabaldutako 1.100 milioi mezu aztertu dituzte. Ikerketaren arduradunek zaldu dutenez, Facebooken lagina Twitterrena baino handiagoa izan da, uste baitute sare horrek AEBko gizartea hobeto ordezkatzen duela (Internet erabiltzen duten helduen %80 omen dago “F” erraldoian).

Argitalpenen izaera positiboa ala negatiboa ote den bereizteko gai den tresna bat baliatu dute, eta bide horretatik analisi estatistikoan erabiltzeko moduko datuak eskuratzeko aukera izan dute. Analisia hobeto egin ahal izateko, berariaz eguraldiari loturiko mezuak ere kontuan hartu dituzte. Funtsean, mezuetan erabilitako hitz “positiboak” eta “negatiboak” neurtu dituzte, eta, ondoren, toki bakoitzean eguraldiari buruzko datuekin alderatu dituzte.

Eguraldiak sortzen duen eragin hau ez da, gainera, edonolakoa. Hondamendi naturalek sare sozialetan eragiten duten gogo-aldarteen aldaketen parean jarri dute eguraldiaren eragina. 2014ko abuztuan Kalifornian izandako lurrikara eta 2015eko abenduan San Bernardinon (Kalifornia, AEB) izandako tiroketa jarri dituzte adibidetzat.

“Klimak gure burua adierazteko dugun modua mugatzen du”, azaldu du prentsa ohar batean Massachusettseko Teknologia Institutuko Hedabideetako Laborategiko ikertzaile Nick Obradovitx-ek. Tenperatura altuak eta baxuak, prezipitazioak, hezetasun handiagoa edota hodeien handitzea, horrek guztiak gizakiaren sentimenduen adierazpenean eragina duela azaldu du ikertzaileak.

2. irudia: Big dataren alorrean, eguraldiari buruzko datuak oso erraz eskura daitezke, lege arazorik gabe. Etorkizunean, seguruenera, erabili ahal izango diren datuen katalogoa asko handituko da. (Argazkia: Kid Circus / Unsplash)

Ikerketa txostenaren sarreran aipatzen dutenez, hasiera batean hain zentzuzkoa dirudien harreman honen inguruan aurretik egindako ikerketak ez dira ados jarri. Eguraldiaren eta gogo-aldartearen arteko lotura egon zitekeela iradoki dute ikerketa horiek, baina eguraldia eta emozio positibo edo negatiboak lotuta ote zeuden ez zegoen argi. Hots, bi aldagaien arteko korrelazioa ikusten zen, baina jakina da korrelazio hutsak berez ez duela kausalitatea frogatzen. Orain aurkeztu dituzten datu berriak, berriz, nahiko adierazgarriak dira, batez ere azterketarako erabili izan den datu-basea bereziki joria delako.

Ikerketa guztietan ohikoa da emaitzek etorkizunean izan dezaketen ekarpena azpimarratzea, bai ikerketa bera justifikatzeko zein zientziaren balioa gizarteratzeko; eta kasu honetan ere hori egin dute ikertzaileek: eguraldiak izango duen eragina aurreikustea edota hedabideek zein sakelako telefonoetako laguntzaile adimentsuek informazio horren arabera haien mezuak egokitzeko aukera dira aipatu dituzten ideietako batzuk.

Argi dago, baina, aipatutako arrazoi horiek baino harago doala kontua. Ikerketa hau ere datorrenaren adierazgarria da: big dataren erabilerak aukera paregabeak eskainiko ditu aldagaien arteko loturak bilatu eta berresteko. Estatistikan laginak funtsezkoak dira, baina laginek beti lagin izatearen leloa erantsita dute gainean: adierazgarriak izan behar dute laginek. Hain sinplea ez bada ere, zenbat eta lagin hobeagoak, orduan eta estatistika fidagarriagoa aterako da.

Eguraldiaren inguruko datuak lege arazotan sartu behar izan gabe eskura dauden datu ohikoenak dira, eta horregatik erraza da horiek eskuratzea. Baina bizimodua gero eta digitalagoa den honetan (liburuen, hedabideen edota musikaren kontsumoa, erosketak, ibilbideak, web bidezko kontsultak… eta abar luze bat), datu-meatzaritzak ezusteko asko emango ditu, zalantza izpirik gabe. Askok etorkizun iluna iragartzen dute, gizakiari buruz ia guztia dakiten makinen mendeko mundu batean. Baina badira ere edalontzia erdi beteta ikusten dutenak, eta big data baliatuz gizakia lagunduko duten ziber-lagun metaliko berriak irudikatzen dituzte. Terminator hiltzailea edo Interstellar filmean irudikatutako TARS bezalako aliatu fina, hortxe dago erabakia. Seguruenera, bigarrena aukeratzen duten gehienek eguraldi txarrari ere aurpegi ona jartzen jakingo dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Baylis P, Obradovich N, Kryvasheyeu Y, Chen H, Coviello L, Moro E, et al. (2018). Weather impacts expressed sentiment, PLoS ONE 13(4): e0195750. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0195750

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ofiziala da honezkero: eguraldi eskasak marmarti egiten gaitu eta eguraldi onak, zoriontsuago appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Garbigailuen zikinkeriak

Ar, 2018-05-15 09:00
Josu Lopez Gazpio Bakterioak erraz sartzen dira etxeetako garbigailuetan: arropa zikina, oheko maindireak, komuneko eskuoihalak, garbigailuak berak erabiltzen duen ura, eta abar, mikrobioen iturri amaiezinak dira. Arroparen garbiketa amaitzean, bisualki eta higienikoki garbia egotea espero da, baina, etxeko garbigailuek arropa garbitzen badute ere, ez dituzte jantziak esterilizatzen. Horrek, zenbait kasutan, garbigailuan garbitu berri den arropan mikroorganismoak egotea ekar dezake. Garbigailuetan gertatzen diren prozesu mikrobiologikoak aztertu dituzten ikerketen ondorioen arabera, garbigailuan arroparen arteko mikroorganismo transferentziak gerta daitezke eta bakterio zein onddo patogenoen kopurua handitu egin daiteke arropa garbitu ondoren. Era berean, garbigailu bera erabiltzen duten lagunen arteko mikroorganismo trukaketak ere gerta daitezkeela frogatu dute.

1. irudia: Garbigailuek arropa garbitzen dute, baina, ez dute esterilizatzen. Tenperatura hotzean garbitzen denean, gainera, mikrobio gutxiago kentzen dira. (Argazkia: RyanMcGuire – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Azken hamarkadetan arropa garbitzeko prozedurak asko aldatu dira ingurumenagatik eta arrazoi ekonomikoengatik. Egungo garbigailuetan ez dira tenperatu altuak erabiltzen, ur gutxiago kontsumitzen da eta entzimetan oinarritutako garbigarriak gehiago erabiltzen dira lixiban oinarritutakoak baino. Guzti horrek asko aldatu du garbiketa egiteko prozedura, baina, baita arroparen higiene-kalitatea ere. Europan, oro har, 30-40 ºC arteko tenperaturak erabiltzen dira ohiko garbiketak egiteko eta oso kasu gutxitan erabiltzen dira 60 ºC baino tenperatura altuagoak -AEBn, esaterako, garbiketen %5ak bakarrik gainditzen du tenperatura hori-. Hain zuzen ere, tenperatura horretatik gora hiltzen dira bakterio patogenoak. Frogatu denez, 60 ºC azpiko tenperaturatan bakterioek bizirik jarrai dezakete eta arroparen kutsadura gurutzatua gerta daiteke -arropa batean dauden mikroorganismoak beste jantzi batera igarotzea-. Esaterako, Staphylococcus aureus eta S. epidermis bakterio patogenoek bizirik jarrai dezakete 50 ºC azpitik egindako garbiketa prozesuen ondoren.

Oro har, 40 ºC azpiko tenperaturak erabiltzen badira lixiba erabili behar da desinfekzio eraginkorra lortzeko. Lixibak kloroan edo peroxidoan oinarrituta daude -sodio hipokloritoa, kasu-, eta egun ere arruntak dira ospitaletako arropa garbitzen denean desinfekzioa lortzeko. Aitzitik, etxeko garbigailuetan erabiltzen diren garbigarriek ez dira desinfekziorako erabiltzen eta, hortaz, zikinkeria kentzea helburu duten produktuak erabiltzen dira. Horren ondorioz, bizirik jarraitzen duten bakterioek biofilmak osatzen dituzten garbigailuetan eta oso erresistenteak bihurtzen dira. Gainera, egungo garbigailuek plastikozko atal asko dituzte eta horiek oso egokiak dira mikrobioez osatutako biofilmak mantentzeko -frogatu denez, komunean baino mikroorganismo patogeno gehiago egon ohi dira garbigailuan-.

2. irudia: irudia: Garbigailuetan dauden mikrobioak karakterizatzea garrantzitsua da haiek modu eraginkorragoan kendu ahal izateko. (Argazkia: stevepb – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Biofilmak garbigailuan

Biofilmak mikrobioen biziraupenerako bizileku egokienak dira: mikrobio multzo handia elkartzen da eta zelulakanpoko substantzia polimerikoak ekoizten dituzten babes moduan. Babes horri esker, biofilmak erresistenteagoak dira eraso kimiko, fisiko eta mekanikoekiko. Oro har, etxeko hainbat lekutan biofilmak aurkitu izan dira, esate baterako, ontzi- eta arropa-garbigailuak, dutxak eta bestelako etxeko gainazal asko. Biofilm horietan, gainera, hainbat mikroorganismo patogeno identifikatu ahal izan dira. Esan bezala, arropa-garbigailuak dira biofilmak eratzeko aukera ezin hobeak eskaintzen dituen gunea: ingurune hezea eta nutriente ekarpen amaigabea aurkitzen dute bertan bizi diren mikrobioek.

Oro har, mikroorganismoak arropa zikinarekin edo urarekin batera sartzen direla frogatu da, eta gero biofilmak osatzen dituzte. Hain zuzen ere, horiexek dira arroparen usain txarraren erantzule nagusienak. Arestian aipatu bezala, egun erabiltzen diren garbiketa prozesuek asko laguntzen diete biofilmei, nagusiki, tenperatura baxuagoen eta lixibarik gabeko garbigarrien erabilpena. Esan behar da, biofilmetan osasun arazoak sorraraz ditzaketen mikrobioak identifikatu direla, nagusiki kutsatze gurutzatuaren ondorioz gerta daitekeena. Esaterako, jantzi estuen erabilpenaren eta garbiketaren ondorioz bagina-kandidiasia kutsa daitekeela frogatu da.

Ilka D. Nix eta bere lankideek biofilmetan dauden mikroorganismoen karakterizazioa egin zutenean sailkapen garrantzitsu bat egitea lortu zuten: garbigailuak duen garbigarriak gehitzeko ontzitxoetan eta atearen gomazko junturetan daude mikroorganismo gehienak. Ontzitxoetan bakterioak dira nagusi -Rhizobium sp., Ochrobactum sp., Methylobacterium sp. eta Rhodotorula spp.eta gomazko junturetan, aldiz, onddoak -Acinetobacter spp., Pseudomonas spp. eta Cladosporium spp.-. Horren arrazoia zera da: onddoak tenperatura altuekiko erresistenteagoak dira bakterioak baino eta, hortaz, uraren tenperatura altuagoa jasan dezakete. Hala ere, zenbait bakterio eta onddo –Stenotrophomonas eta Rhizobium motakoak – bi lekuetan aurki daitezke.

Ikerketa horren ondoren, C. Callewaert eta bere lankideek antzeko analisia egin zuten etxeko arropa garbigailuetan gertatzen diren bakterio trukaketak aztertzeko. Haien ikerketaren arabera, Proteobacteria mota zen mikrobio mota ugariena eta Bacteroidetes zen bigarren multzorik garrantzitsuena. Bi horiek, ziur aski, garbigailura sartzen den urean zuten jatorria. Alabaina, kotoizko arropetan Actinobacteria eta Firmicutes motakoak ziren nagusi. Gainera, kotoizko arropa guztien kasuan, zikinak zeudenean detektatutako bakterio mota guztiak berriro detekta zitezkeen arropa garbian, alegia, garbiketa prozesuak ez du desinfekziorako balio. Are gehiago, zenbait bakterio kantitate handiagoan aurkitzen ziren garbiketaren ondoren. Antza, garbigailu barruan mikrobioen trukaketa gertatzen da arropa guztien artean eta horregatik bakterio mota gehiago aurki daitezke garbiketaren ondoren. Adibide moduan aipatzen dute Corynebacterium eta Staphylococcus sp. motakoak -besapean egon ohi direnak-, arropa guztira zabal daitezkeela garbiketaren ondoren.

3. irudia: Garbigailuen gomazko junturetan onddoak dira nagusi eta garbigarria jartzeko ontzitxoan, aldiz, bakterioak. (Argazkia: dawnsinclair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zer egin?

Biofilmen agerpenak hainbat arazo ekar ditzake, besteak beste, usain txarrak agertzea, garbigailua hondatzea eta azaleko gaixotasunak eragitea. Oro har, biofilmak kentzeko desinfekzio kimikoa -lixibak erabiliz-, fisikoa -gehiago zentrifugatuz, biofilma eskuz garbituz- edo termikoa -tenperatura altuagoan garbituz- egin beharko litzateke. Ikerketek erakutsi dutenez, garbiketa tenperaturak txikitzeko joerak desinfekzio prozesua oztopatzen du eta, horren aurrean, beste aukera garbiketa zikloen iraupena luzatzea da. Hala ere, ikerketetan aitortzen denez, ez dago argi tenperatura murrizketa guztiz oreka daitekeenik garbiketaren iraupena luzatuz. Lixiban oinarritutako garbigarriek desinfekzioa laguntzen dute, baina, arropari kalte egin diezaioke garbiketa sakonegiak. Beste aholkuen artean, gomendatzen da hilabetean behin tenperatura altuko garbiketa bat egitea, arroparik gabe eta lixiba erabiliz, garbigailua ahal den neurrian desinfekta dadin. Edozein kasutan, garbigailuetan dauden biofilmen azterketa gai berria da eta ikerketa gehiago beharrezkoak izango dira horien arriskuak ebaluatzeko eta, balizko osasun arriskuen aurrean irtenbideak bilatzen hasteko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Callewaert Chris, Van Nevel Sam, Kerckhof Frederiek-Maarten, Granitsiotis Michael S., Boon Nico., (2015). Bacterial Exchange in Household Washing Machines. Frontiers in Microbiology, 2015 (6), 1381. DOI:10.3389/fmicb.2015.01381

Nix Ilka D., Frontzek André, Bockmühl Dirk P., (2015). Characterization of Microbial Communities in Household Washing Machines. Tenside Surfactants Detergents 2015 (52), 6, 432-440. DOI:doi.org/10.3139/113.110394

Informazio osagarria:

The post Garbigailuen zikinkeriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pirinioetan bizi izan zen sirenio ugaztun berria aurkitu dute

Al, 2018-05-14 09:00
Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena da topatu dutena.

1. irudia: “Sobrarbesiren cardieli” sirenioaren eskeletoko ia hezur guztiak aurkitu dira: 3 buru-hezur, orno eta saihets ugari eta aurreko eta atzeko gorputz adarretako hezurrak.

Duela 42 milioi urte bizi izan zen sirenio itsas mamifero espezie berria deskribatu dute: “Sobrarbesiren cardieli”. Geoparque Mundial de la Unesco Sobrarbe-Pirineosen egin dute aurkikuntza, egungo Huescako Pirinioan Kantauri itsasora zabaldutako golkoko itsasertza zen garai hartan. Ugaztun primitibo honen 300 fosil baino gehiago aurkitu dira eta 6 indibiduo ezberdin direla ikusi da, haien artean banako jubenilak eta helduak.

Ezagutzen diren itsas ugaztun herbiboro bakarrak dira sirenioak, hori dela eta, “itsas-behi” ere deitzen zaie. Gaur egun, lau espezie baino ez daude, latitude tropikaletako ibai eta kostaldeetan bizi diren dugongoak eta manatiak.

Duela 50 milioi urte azaldu ziren lehendabiziko ugaztun itsastar hauek eta Afrikako ugaztun lehortar talde bat izan zen beraien arbasoa. Uretako bizimodura egokitzeko hainbat aldaketa pairatu zituen sirenioen gorputzak: ilea eta belarrien galera eta gorputz hidrodinamikoaren garapena, lepoa laburtuta eta gorputz adarretan aldaketa sakonak pairatuta.

Aurrealdeko gorputz adarrak hegats bilakatu ziren eta atzealdekoak desagertzeko joera erakutsi dute, pelbis eta femur bestigialetara murriztuta geratu arte. Bestalde, birika luzangak garatu zituzten, ia animaliaren gorputz osoa zeharkatzen dutenak. Honek, hegats itxurako isats lautuarekin eta hezur trinko eta lodien garapenarekin batera, sakonera txikiko igerilari motelak izateko ahalmena eman die eta hondoko itsas landarediaz elikatuta bizi dira.

2. irudia: Itsas ugaztun herbiboro bakarrak dira sirenioak,. Gaur egun, lau espezie baino ez daude, horien artean irudiko dugongoak eta baita manatiak.

Sirenioaren izena, “Sobrarbesiren cardieli”, Sobrarbe eskualdearen eta aztarnategiaren aurkitzailearen (Jesús Cardiel Lalueza) omenez jarri diote. Sirenioen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko garrantzitsua da espezie berri hau, izan ere, oraindik lau hankadun sirenioa da, atzealdeko gorputz adarrak funtzionalak zituen eta ingurune urtarrera guztiz egokituta ez zegoen.

Castejón de Sobrarbe aztarnategiko indusketa paleontologikoak 2009an hasi ziren eta ordutik Erdi Eozenoko (duela 42 milioi urte, gutxi gorabehera) aztarnategi honetan ornodunen 600 bat fosil berreskuratu dira, horietatik 300 baino gehiago sirenioenak. “Sobrarbesiren cardieli” sirenioaren eskeletoko ia hezur guztiak aurkitu dira: 3 buru-hezur, orno eta saihets ugari eta aurreko eta atzeko gorputz adarretako hezurrak, animalia hauetan atal garrantzitsuenak direnak barne (pelbisa, femurra eta fibula edo peronea).

Fibula, gainera, ezagutzen den zaharrena da. Dortoka, krokodilo, musker, marrazo eta ugaztun txikien fosilak eta baita ornogabe eta landare fosilak ere aurkitu dira aztarnategian. Fosil hauekin eta aztarnategiko ikerketa geologikoarekin batera, Sobrarbesiren sirenioa bizi zen paleoingurunea nolakoa zen jakin da. Sobrarbe eskualdeko gune hau Bizkaiko Golkora zabaltzen zen itsasertzeko eremu bat izango litzateke, landaretza eta klima tropikal bateko delta batean amaituko zena.

Fosilen kontserbazio ona eta ugaritasuna dela eta, Sobrarbeko sirenioak munduko Erdi Eozenoko sirenio fosil bildumarik onena da. Haien interesa are gehiago areagotzen da “Sobrarbesiren” Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa dela eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena dela kontutan hartuta. Aurkikuntza honek, Iberiar Penintsula eta batez ere Huesca probintzia ugaztun urtar hauen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko munduko gunerik garrantzitsu bihurtu du.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Duela 42 milioi urte Huesca-ko Pirinioetan bizi zen sirenio ugaztun berri bat aurkitu da

Erreferentzia bibliografikoa:

Díaz-Berenguer, Ester, Badiola, Ainara, Moreno-Azanza, Miguel, Canudo, José Ignacio First adequately-known quadrupedal sirenian from Eurasia (Eocene, Bay of Biscay, Huesca, northeastern Spain), Scientific Reports, DOI: 10.1038/s41598-018-23355-w.

The post Pirinioetan bizi izan zen sirenio ugaztun berria aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #202

Ig, 2018-05-13 09:00
Uxune Martinez

Biologia

The Cornell Lab of Ornithology New Yorken dagoen Cornell Universityren ikerketa gunea da. 1915. urtean sortua, ordutik hona hegaztien ikerketa eta kontserbazioa dute gidalerro. Zientzia erabiltzen dute mundua ulertzeko eta kontserbazioa bideragarria izan dadin bideak aurkitzeko. Asier Sarasua biologoak Sustatu agerkarian kontatu digu maiatzaren 5ean Global Big Day ekimena antolatu zutela. Helburua izan zen, munduko txorizaleak aktibatu eta txorien behaketa masiboa egin ondoren jasotako datuak eBird.org plataforman gehitzea. Emaitzak nabarmenak izan dira, munduan zehar 28.000 txorizalek jasotako datuak gehitu dira datu-basean, guztira 1,6 milioi txori behatu zituzten.

Kilometro askotako bidaiak egiten dituzten hegaztiak daude. Migrazio luzeak egiten ditu, esaterako, ipar-txenadak. Hegazti hau eskualde artiko eta azpiartikoetan bizi da eta urtero Antartikarako bidaia abiatzen du neguan. Migratzaile aparta eta miresgarria da, urtero ia 40.000 kilometro egiten dituen ipar-txenada (Sterna paradisiaea). Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoek azaldu digute, hori baino migrazio luzeagorik egiten duen animaliarik ez dela ezagutzen. Izan ere, ipar-txenadak bizitza osoan zehar, ilargira joan eta itzultzeko bidaiaren pareko distantzia egiten du! Zientzia Kaiera blogean, migratzaile aparta.

Zer gertatzen da animaliak drogaren mende suertatzen direnean? Josu Lopez-Gazpio kimikariak hainbat adibide plazaratu ditu asteon: 2016an Galesen marihuana landareen hondakinak jan zituen artaldeak pairatutako gaitza; drogak elefanteengan duen eragina ikertzeko erabili zuten elefantearen kasua edo substantzia psikoaktiboen eraginpean egonik hainbat forma eta tamaina desberdinetako sareak egin zituzten armiarmena. Kasu guztietan Josuk erakutsi digu drogek, gizakiengan gertatzen den bezalaxe, albo ondorioak dituztela animalietan ere. Besteak beste, desorientazioa, despertsonalizazioa, haluzinazioak edota paranoia eragin ditzakete. Datu guztiak “Animaliak drogatzen direnean” artikuluan.

Genetika

“Genomaren zaindaria” ezizenarekin ezagutzen da TP53 genea, berak sortzen baitu proteina garrantzitsu bat: p53 proteina. Gene honek beste 1.457 generekin elkarrekintzak ditu eta 112 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Bera da gene ikertuen artean ohorezko tokia duena, XXI. mendeko lehen hamarkadan piztu zen berarekiko interesa eta ordutik aurrera gehien ikertu den genea dela azaltzen digu Koldo Garcia ikertzaileak. TP53 geneak p53 tumore-proteina sortzeko aginduak ematen ditu eta p53 proteina oso garrantzitsua da, tumore-ezabatzaile gisa jarduten baitu. Proteina hau gorputz osoko zelulen nukleoan aurkitzen da eta ezinbestekoa da zelula-zatiketan erregulatzeko eta tumoreen sorrera prebenitzeko.

Ingurumena

Egia esan ozono geruzari eragiten dizkiogun kalteak aztertzerakoan gutxitan pentsatzen dugu gure smartphoneak edo on-lineako jarduerak ere baduela eragina. Izan ere, zenbateko kostu energetikoa dauka sare sozialetan egiten dugun jardunak? Zenbat CO2 isurtzen dugu sare sozialetako jardunagatik? Egin kontuak: txio batek 90 joule inguru kontsumitzen ditu, hau da, 0.02g CO2 emisioen baliokidea. Segundo bakoitzeko 8.000 txio inguru argitaratzen dira. Azkue Fundazioak eman ditu datu zehatzak Sustatu agerkarian asteon: Internetek eta sare sozialek sortutako karbono aztarna.

Sydneyko Unibertsitateko Arunima Malik ikertzaileak gidatu duen nazioarteko ikertalde batek turismoaren aztarna ekologiko osoa neurtu du. Ikerketaren emaitzak adierazi du turismoaren aztarna ekologia uste zena baino handiagoa dela. Elhuyar aldizkarian jakinarazi dutenez, turismoa karbono-igorpen globalaren % 8aren erantzulea da, orain arte %4era ez zela heltzen uste zen arren.

Fisika

Pedro Miguel Etxenike fisikaria elkarrizketatu zuen Berriako Arantxa Iraola kazetariak. Europako Fisika Elkarteko kide berria izendatu dute zientzialaria, egindako ibilbideari nazioarteko aitormena emanez. Haren ibilbideaz eta zientziak gizartean duen garrantziaz jardun du DIPCko presidenteak elkarrizketan. Etxenikeren esanetan zientzia gizarteratzeak onurak dakarzkio gizarteari: “zientifikoki ongi informatutako gizarte bat libreagoa da; kultuagoa izanda, presio taldeek manipulatua izateko arriskua txikiagoa da, eta ahalmen handiagoa du herritar modura erabakiak hartzeko”. Merezi du Berriak argitaratutako solasaldia osorik irakurtzea: «Gero eta etika dudazkoagoan biziko gara; zalantzan bizitzen ikasi beharko dugu».

Medikuntza

Batzuetan gauzak aldrebesak bihurtzen dira. Hori berori da egun gertatzen zaiguna, adibidez, antibiotikoekin. Juanma Gallego kazetariaren hitzetan, “antibiotikoak bi ahoko armak dira: akabatu nahi ditugun bakterioak akabatzen dituzte, eta, bide batez, akabatu nahi ez ditugunak ere”. Horrez gain, osasun arloan badugu beste arazo bat, bakterioek antibiotikoen aurrean garatu duten erresistentzia. Munduko Osasun Erakundearen esanetan, gizateriak hurrengo urteetan izango duen arazo nagusienetakoa izango da berori. Mutazio genetikoei esker bakterioak antibiotikoen aurrean erresistente bihurtzen dira, eta horrek armarik gabe uzten gaitu haien aurkako borrokan. Baina esperantzarako bideak ere ireki dira. Juanma Gallegok asteon argitu digu, ikertzaile talde batek aurkitu duela lurzoruan bizi diren hainbat bakteriok penizilina “jateko” erabiltzen duten estrategia zein den, eta horri esker antibiotiko hobeagoak lortzea espero da.

Ikertzaile talde batek lehen aldiz lortu du giza garun organoideak beste espezie batean txertatzea. Elhuyar aldizkarian jakinarazi du Aitziber Agirre kazetariak, AEBko Salk Institutuko ikertzaileek giza zelula ametan oinarritutako garun txikien antzeko egitura batzuk sortu ondoren saguetan transplantatu dituztela eta funtzional mantentzea lortu. Xehetasun guztiak “Giza garun txiki funtzionalak lortu dituzte, saguei transplantatuta” artikuluan.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #202 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #215

La, 2018-05-12 09:00

Emaitza interesgarriak ditu geometria konputazionaleko klasiko baten hedapenak. David Ordenen Down in the depths ‘on’ Carathéodory’s theorem

Substantzia erabilgarrien iturri gisa interesgarria izan daiteke zurezko hondakinen aprobetxamendurako metodo berri bat. Pablo Ortizen artikulua Chemicals and fuels from plant waste

Ikuspuntu klasikotik ikertu daitezkeen portaerak eragin ditzakete tamaina pikometrikoko barrunbeek. DIPCkoek The multiscale nature of picocavities: a classical view to a quantum effect

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #215 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Igor Leturia: “Azken urteotan lan handia egin da euskal corpusgintzaren arloan” #Zientzialari (94)

Or, 2018-05-11 09:00

Edozein hizkuntzak bezala, euskarak ere corpusen beharra du. Testu bilduma hauek hizkuntza-lagin errealak diren heinean, berebiziko garrantzia dute hizkuntza-teknologien munduan eta ezinbestekoak dira hizkuntzalaritza-ikerketetan.

Bilduma erraldoi hauek oso erabilgarriak izaten dira eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun hizkuntza-teknologietako tresnak garatzeko. Besteak beste, egungo testu-corpusak ortografia-zuzentzaileetan, itzulpen automatikoan eta ahots-ezagutzako sistemetan erabiltzen dira.

Baina, nolakoa da gaur egun euskal corpusgintzaren egoera? Nola erabili daiteke sarea euskarazko corpusak osatzeko? Gai honen inguruan sakontzeko Elhuyar Fundazioko Hizkuntza eta Teknologia saileko Igor Leturia ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, azken urteotan lan handia egin da gure hizkuntzaren corpusa hobetzeko asmoarekin.

‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Igor Leturia: “Azken urteotan lan handia egin da euskal corpusgintzaren arloan” #Zientzialari (94) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ama-esnea, gizadiaren bermea

Og, 2018-05-10 15:00
Amaia Maite Erdozain Fernández Gizatasunaren historiaren hasiera-hasieratik amek seme-alabei haien ugatzek ekoiztutako elikagai preziatua eskaini diete; ama-esneaz ari gara. Gizarte guztietan eta mendeetan zehar mantendu izan den edoskitzeak gizadiaren biziraupena ziurtatu du.

Irudia: Edoskitzeari esker, umeak arrisku gutxiago izango du heste-infekzioak, arnas-infekzioak eta erdiko otitisa garatzeko.

Gaur egun ere, zientziari eta teknologiari esker jaioberrientzako aproposak diren esne eratorriak ekoitzi arren, munduan zehar emakume askok haien umeak edoskitzen jarraitzen dute. Oro har, praktika honek onura ugari izango ditu bai haurra zein amarengan, eta horretan oinarritzen da Osasun Mundu Erakundea edoskitzea bultzatzeko.

Umea titi aurrean jartzea bezain sinplea dirudien praktika hau, hala ere, amaren gorputzean ematen den mekanismo konplexu eta oso fin batek bermatua dago. Umeak mihiarekin esnea hartzeko titi-puntak estimulatzen dituenean, horiek mezua jaso eta, zentzumen nerbioei esker, garunera transmitituko dute informazioa, hark dagokiona egin dezan. Garunetik, hipofisia izeneko garuneko atal batetik alegia, bi hormona jariatuko dira odol zirkulaziora, eta bihotz-taupada batzuen buruan ugatzetara iritsiko dira. Prolaktina da haietariko bat; honek ugatzetako guruin-unitateak martxan jarriko ditu esnea ekoitz dezaten. Oxitozinak, bestetik, eiekzio-ponpa aktibatuko du eta esnearen isuria ahalbidetu.

Haurraren hazkuntza eta ongizatea bermatuko duen esnearen konposaketarako errezeta gure kode genetikoan zehaztuta dator. Amaren odoletik zuzenean filtratuko dira ura, gatz mineralak, proteina txikiak, bitaminak… eta eraldaketarik gabe iritsiko dira haurrarengana. Gainera, ugatzean bertan esnearen propio diren konposatuak ekoizten dira, amaren elikaduran edo odolean agertzen ez direnak, baina lehengai ezberdinak eraldatuz sortzen direnak. Horien artean legoke esnearen azukrea edo laktosa, baita kaseinak deritzen proteinak eta esnearen gantz batzuk ere. Ama-esneak baditu ere funtzio ez-nutritiboak izango dituzten osagarriak, antigorputzak esaterako, umeari infekzioen aurkako babes sendoa eskaintzen diotenak.

Orohar edoskitzea osasun publikoko estrategia garrantzitsua da, bai haurren eta bai amen osasunerako onuragarria baita. Batetik, umeak arrisku gutxiago izango du heste infekzioak, arnas infekzioak eta erdiko otitisa garatzeko, esaterako. Eta badirudi epe luzera diabetesa, asma eta gizentasuna bezalako gaixotasunak garatzeko arriskua ere murrizten duela ama esneak. Bestetik, amarentzat ere baditu bere onurak edoskitze honek. Epe laburrean antzemango diren eraginak izango dira erditzearen ondoko hemorragia arriskua murriztea, estresa murriztea, obulazioaren atzerapena, odol presio murriztea, erditu ondoko depresioa garatzeko arriskua murriztea eta pisu galera handiagoa. Eta epe luzean amengan emango diren ondorio positiboak hurrengoak izango lirateke: bularreko eta obulutegiko minbizia, hipertentsioa, eta 2 motako diabetesa pairatzeko arriskua murriztea, besteak beste.

Onura guzti hauetan oinarritua, Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen du kasu mediku batzuetan salbu, ama guztiek gutxienez lehenengo egunetan ekoizten den kalostroa eman beharko lieketela haurrei. Ondorengo 6 hilabeteetan, haurrak esklusiboki ama-esnez elikatzea litzateke egokiena eta, bi urteak arte, ohiko elikaduraren osagarria litzateke ama-esnea.

Laburbilduz, edoskitzea prozesu fisiologiko fin baten menpe dago: haurrak edateko intentzioa erakutsiko dio amari titi-puntak estimulatuz, eta ondorioz amaren garunak beharrezko hormonak askatuko ditu ugatzek esnea ekoitzi eta jaria dezaten. Haurrak edango duen ama-esnea berarentzat propio ekoitzitako edaria izango da, bere bizi-momentu zehatz horretan dituen behar fisiologikoak asetzeko aproposa. Eta edoskitze hau haurra zein amaren osasunerako oso onuragarria izango da.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Ama-esnea, gizadiaren bermea
  • Laburpena: Gizarte guztietan eta mendeetan zehar mantendu izan den edoskitzeak gizadiaren biziraupena ziurtatu du. Gaur egun ere, emakume gehienek haien seme-alabei haien ugatzek ekoiztutako ama-esnea eskaintzen jarraitzen dute. Umea titi aurrean jartzea bezain sinplea dirudien praktika hau, hala ere, amaren gorputzean ematen den mekanismo konplexu eta oso fin batek bermatua dago. Testu honetan edoskitzearen fisiologia aztertuko dugu: nola ekoizten da esnea amaren ugatzean? Zein osagai ditu? Zerk eragiten du esnea bularretik irtenaraztea? Garunak ba al du zeresanik prozesu horretan? Eta behin prozesu honen fisiologia eta erregulazio konplexua azalduta, iritzi-artikulu honetan ama-esne honen onurak defendatuko dira, norbere haurrarentzat egokiena den elikagaia dela argudiatuz, eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioetan oinarrituz.
  • Egileak: Amaia Maite Erdozain Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 179-189
  • DOI: 10.1387/ekaia.17229

—————————————————–
Egileez: Amaia Maite Erdozain Fernández UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Farmakologia Sailekoa da.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ama-esnea, gizadiaren bermea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Migratzaile aparta

Og, 2018-05-10 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Migrazio luzeak egiten dituen hegazti batez aritu gara beste atal batean, erreginatxo marradunaren digestio-sistemari buruzko atalean, hain zuzen ere. Bada, Dendroica striata migratzaile handia bada ere, migratzaile are handiagoa da ipar-txenada (Sterna paradisiaea).

Irudia: Urtero ia 40.000 kilometro egiten dituzte ipar-txenadek.

Hegazti zirkunpolarra da. Europa, Asia eta Ipar Ameriketako eskualde artiko eta azpiartikoetan bizi da udan, ugaltze-sasoian. Ugaltzeko, koloniak osatzen ditu, eta oso erasokorra da habiak mehatxatzen dituzten animaliekin, bai eta animalia horiek gizakia bezain ugaztun handiak direnean ere. Beste itsas hegaztiak bezala, arrainez eta itsas ornogabeez elikatzen da. Biziraupen luzeko hegaztia da, erraz heltzen baita hogei urte izatera.

Baina, lehen esan bezala, migratze-ahalmen handia da ipar-txenadaren ezaugarririk behinena. Txitatze-aldia bukatzen denean, gurasoak beste hilabete batez egoten dira txitak zaintzen eta elikatzen, eta horren ostean, Antartikara abiatzen dira, kumeekin batera. Izan ere, uda batetik bestera joaten da Sterna paradisiaea eta, beraz, udan bizi da ia etengabe. Hori dela eta, ipar-txenada da argi-ordu gehien ikusten duen animalia.

Joan eta itzultzeko bidaiei dagozkien distantziak batuta, ia 40.000 km egiten dituzte urtero; hori baino migrazio luzeagorik ez da ezagutzen animalien artean. Begira zenbateraino diren luzeak egiten dituen hegaldiak, bizitza osoan zehar ilargira joan eta itzultzeko bidaiaren pareko distantzia egiten baitu!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Migratzaile aparta appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Antibiotikoa jateko gai diren bakterioen trikimailua

Az, 2018-05-09 09:00
Juanma Gallego Ikertzaile talde batek aurkitu du lurzoruan bizi diren hainbat bakteriok penizilina “jateko” erabiltzen duten estrategia; ezagutza hori antibiotiko hobeagoak lortzeko erabiltzea espero dute.

Ahalegin izugarriak, pazientzia andana eta burutazio mamitsuak. Horiek dira ezagutzaren bidean aurrera egiteko alboan eduki beharreko bidelagunak. Baina, noizean behin, buruan pizten den argitxo hori ere beharrezkoa ere bada. Pablo Picasso margolari ezagunak behin esan omen zuen inspirazioa egon bazegoela, baina lanean harrapatu behar zintuela. Arteaz harago, jarduera gehienetarako balio du irakaspen horrek, baita zientziarako ere. Inspirazio soila ez da nahikoa, laborategian harrapatu behar zaitu eta. Zientzian, baina, inspirazioaz gain, txiripak ere bideratu ditu aurkikuntza ugari: horrek ere lanean harrapatu behar zaituen horietako bat da.

1. irudia: Antibiotikoak bi ahoko armak dira: akabatu nahi ditugun bakterioak akabatzen dituzte, eta, bide batez, akabatu nahi ez ditugunak ere. (Argazkia: Jonathan Perez/Unsplash)

Halakoren bat gertatu zitzaion Alexander Fleming mediku ospetsuari. Istorio ezaguna da: 1928an, oporren bueltan zegoela, Fleming konturatu zen onddo batek hartua zuela bakterioak kultibatzeko erabiltzen zuen plaketako bat. Onddoak arrasto hilgarri bat utzi zuen inguruan, mikrobio asko akabatu zituelako. Modu horretan, txiripak penizilina erakutsi zion gizateriari. Handik hamabi urtera sustantzia topatu berria era masiboan sortzeko bidea aurkitu zuten, eta, bereziki, Bigarren Mundu Gerran funtsezkoa izan zen botika berria, soldadu askori bizia salbatu zielarik. Orduan jaio zen antibiotikoen aroa, eta, horiei esker, izugarri hobetu da azken hamarkadetako osasun egoera.

Halere, horien erabilpenaren inguruan gehiegikeria asko izan dira, eta horrek onuragarriak diren mikrobio askoren galera ekarri du, osasun arazoak biderkatuz. Bestetik, eta hau da larriena, antibiorresistentziaren arazoa handitzen ari da, etengabe. I Contain Multitudes liburuan Ed Yong dibulgatzaileak era honetan azaltzen du egoera: antibiotikoak arma astunen parekoak dira. Akabatu nahi ditugun bakterioak akabatzen dituzte, eta, bide batez, akabatu nahi ez ditugunak ere. Hiri batean arratoiak hiltzeko bonba nuklear bat erabiltzearen parekoa da hau”.

Dena dela, mikroorganismoen estrategiak ondo ezagutzea funtsezkoa izan daiteke gizakiok aukeratu behar ditugun estrategiak fintzeko. Norabide horretan lagungarri izango den aurkikuntza aurkeztu dute orain Nature Chemical Biology aldizkarian. Bertan deskribatu dute hainbat bakteriok penizilina jateko erabiltzen duten sistema.

Idatzitakoa ez da okerra: bakterio hauek penizilina jateko gai dira. Kutsatutako lurzoruetan aurki daitezke penizilinarekin batera bizitzeko gai diren mikroorganismoak. Halere, gauza bat da pozoia toleratzea, baina oso bestelako kontua da “pozoia” jatea. Ahalmen harrigarri hori dute zenbait bakteriok, eta horregatik mikroorganismo horiek jomugan izan dituzte zientzialariek.

Washingtongo Unibertsitateko (AEB) mikrobiologo Gautam Dantas-ek gidatutako ikerketan argitu dutenez, bakterioek beta-laktamasa izeneko entzima darabilte penizilina inaktibatzeko; antibiotikoekiko erresistentzia duten beste hainbat bakteriok estrategia berdina erabiltzen dute. Baina ikerketa honetan aztertu dituzten bakterioek entzima bereziak dituzte, desaktibatu berri duten penizilina hori zatitan banatu eta erregai gisa erabiltzeko ahalmena dutenak. Bakterioek hori egiteko erabiltzen dituzten entzimak identifikatzeaz gain, ikertzaileek ahalmen horrekin lotuta dauden zenbait gene ere aurkitu dituzte.

2. irudia: Ingurumenean barreiatutako antibiotikoek antibioerresistentzia indartzen dute, baina orain estrategia berrietarako aukera zabaldu da. (Irudia: Michael Worful)

Funtsean, “antibiotiko betalaktamikoaren katabolismoaren ebidentzia” aurkezten dutela diote ikertzaileek. Katabolismoaren bitartez, biomolekula konplexuak molekula bakun bilakatzen dira. Prozesu honetan oxidazioa eragiten da, eta horren bitartez sortzen den energia kimikoa gordetzen dute bakterioek. Ikerketan proposatu dute bakterioek antibiotiko betalaktamikoaren hidrolisia egiten dutela G penizilina lortzeko, eta gero azken konposatu hau ere txikitzen dutela.

Bakterio hauen jarduna nahiko harrigarria ematen badu ere, funtsean beste extremofiloek jarraitzen duten bide berdina darabilte: txoko ekologiko bakoitzak eskaintzen dituen aukerei probetxua ateratzen diete. “Antibiotiko gehienak produktu naturalak edo jatorri naturalekoak dira, lurzoruko bakteriotatik eratorrita. Lurzoruan jatorria dutenez, eta ingurumenean konposatu organiko hauen metaketa handirik ez dagoenez, normala da zenbait bakteriok karbono edo nitrogeno iturri gisa antibiotikoa jatea”, azaldu dute ikerketa artikuluan.

Ikerketaren jomugan dagoen azken helburua argi dago: mikrobioek penizilina eskuratzeko erabiltzen duten mekanismoa ezagututa, zientzialariek antibiotikoen aurrean erresistentzia erakusten duten mikroorganismoen aurkako estrategia berriak aurkitzea espero dute. Osasunaren komunitatean gero eta kezka handiagoa sortzen duen gaia dela gogoratu dute ikertzaileek. “Bakterio patogenoek antibiotikoekiko erresistentzia garatzen duten heinean, eta antibiotiko berriak sortzen ez direnez, antibiotikoen aurreko aro ilunera bueltatzeko arriskua dago”.

Horrez gain, ezagutza hori kutsatutako zoruak berreskuratzeko baliagarria izatea espero dute. “Mekanismo honen ezagutza erabili dugu E. coli bakterioaren andui bereziak diseinatzeko. Horiek gai dira penizilina eta haren degradazio mekanismoa karbono iturri bakar gisa katabolizatzeko. Ingeniaritza lan gehiago erabilita, andui hauek bioerremediazio tresna bezala garatu litezke, antibiotikoez kutsatutako zoru edo eremuak in situ garbitzeko; adibidez, botika fabriken inguruan dauden eremuak. Hauetan aise zabaltzen da antibioerresistentzia, eta, horiek garbituta, erresistentziaren hedapena prebenitzeko aukera egon daiteke”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Terence S. Crofts et al. Shared strategies for β-lactam catabolism in the soil microbiome. Nature Chemical Biology (2018). DOI:10.1038/s41589-018-0052-1

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Antibiotikoa jateko gai diren bakterioen trikimailua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Animaliak drogatzen direnean

Ar, 2018-05-08 09:00
Josu Lopez-Gazpio 2016ko maiatzean Galesko hegoaldean artalde batek zoramena eragin zuen Rhydypandy inguruan. Antza, artaldeak alde egin zuen eta legez kanpoko kannabis fabrika baten inguruan zeuden marihuana landareen hondakinak jan zituzten. Drogaren eraginpean, artaldeak beldurra eragin zuen inguruko herritarrengan eta ardi asko errepidean hil ziren, autoek harrapatuta. Portaera arraro horrek erakusten du animalietan ere eragina dituztela hainbat droga psikoaktibok eta, Galesko kasuan, ondorio psikotikoak izan zituzten ardi gaixoek. Jakina, hori ez da drogatutako animalien kasu bakarra, haiek ere drogen efektuan jasan ditzakete-eta.

1. irudia: Ardiek ere kannabisa kontsumitzearen albo ondorioak jasan ditzakete, Galesen artalde batek zoramena eragin zuenean bezala. (Argazkia: manfredrichter – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zenbait drogek gizakiongan dituzten antzeko efektu eta albo ondorioak izan ditzakete animalietan eta, kannabisaren kasuan, ondorio oso aldakorrak izan ditzakeen arren, oro har, desorientazioa, despertsonalizazioa, haluzinazioak eta paranoia eragin ditzake. Ezaguna denez, kannabisa -edo marihuana- kalamu landaretik erauzten den droga psikoaktiboa da. Kimikari dagokionez, THCa -tetrahidrokannabinola- da osagai psikoaktibo nagusiena. THCa garuneko errezeptoreekin lotzen da eta dopamina eta opioide endogenoen sintesia eragiten du. Dopamina da, hain zuzen ere, plazer sentsazioarekin lotzen den neurotransmisorea eta hortik kannabisaren albo ondorioen azalpen nagusia. Galesko ardiei gertatutakoa horixe izan zen, drogatuta zeuden.

Elefanteak eta LSDa

Zientzian aski ezaguna da substantzia psikoaktiboek animalietan ere ondorioak izan ditzaketela, esaterako, marihuanaren THCa bera, kafeina, LSDa, anfetaminak eta etanola, Espeziearen arabera ondorioak desberdinak dira eta animaliaren tamainak ere garrantzia du, jakina. Azken horri buruz, Zientzia Kaieran bertan artikulu bat argitaratu zen, elefanteengan LSDak izandako ondorioei buruz. Kontua da LSDaren ondorioak ikertzen ari ziren bi psikiatrek akats tamalgarri bat egin zutela. Lehen aldiz elefanteetan LSDak eragiten dituen ondorioak ikertzen ari zirenean, dosi arrunta zein zen jakiteko katuaren dosia erabili zutela erreferentzia moduan. Elefantearen masaren araberako proportzioa mantenduz, ordea, elefantearentzat hilgarria den dosia eman zioten -300 mg, 8 mg-ren ordez- eta 5 minututan elefantea hil egin zen.

2. irudia: LSDak elefanteengan duen eragina aztertzeko esperimentua egin zutenean, 3.000 gizakik droga psikodelikoaren eragina probatzeko bestekoa zen eta, tamalez, elefante gaixoa hil egin zen. (Argazkia: laurentmarx – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com

Animalia drogazaleak?

Armiarma-sareak ere ikergai interesgarria izan dira zientzian. Hain zuzen ere, ikusi da armiarmek forma eta tamaina desberdinetako sareak egiten dituztela substantzia psikoaktiboen eraginpean daudenean. Ikerketak egin dituzte kafeinarekin, marihuanarekin, LSDarekin eta abar. Armiarma-sareen argazkiak aztertuta, substantzia psikoaktiboak identifika daitezke, droga bakoitzak aldaketa espezifikoak eragiten baititu.

Armiarma horiek gizakiak drogatutako kasuak badira ere, badira naturan drogatzen diren animaliak. Esaterako, katuek menda-belar berezi bat oso gustuko dute –catnip izenez ezagutzen dena- eta haientzat oso erakargarria da. Katuek belarra usaindu, igurtzi edo jan egiten dute eta efektu kitzikagarria edo narkotikoa du. Katuaren menda-belarrak nepetalaktona delako substantzia du eta horrek asaldatzen ditu katuen neuronak.

Antzeko kasu bat Madagaskarreko lemurrek eta Hego Ameriketako tximu kaputxinoek duten ohitura bitxia da. Hain zuzen ere, zuhaitzetan dabiltzan milazangoak koskatzen dituzte eta gorputzean igurtzi egiten dituzte. Milazango horiek substantzia pozoitsuak dituzte azalean -haien artean, zianuroa-, baina, neurrian hartuta, tximuek efektu narkotikoa nabaritzen dute.

Izurdeak ere zenbait puxika arrainek azalean dituzten toxinekin drogatzen direla dokumentatu da, nahiz eta ez dagoen argi portaera hau zenbaterainoko arrunta den. Izurdeak trantze moduko egoera batean egoten dira toxina horiekin kontaktuan egon ondoren. Toxina hori tetrodotoxina da, zianuroa baino 1.200 aldiz hilgarriagoa den toxina, hain zuzen ere. Tetrodotoxinak neuronen arteko konexioa eteten du, kokainak duen antzeko akzio-mekanismoaren bidez, baina tetrodoxina 160.000 aldiz eraginkorragoa da kokaina baino.

Txakurren pozoiak

Alabaina, substantzia kimikoek beti ez dituzte izaten ondorio berdinak espezie guztiengan. Zenbait kasutan, fisiologia desberdina duten animaliek efektu desberdinak jasan ditzakete substantzia beraren aurrean. Kasu ezagunenetako bat txokolatearena da, txakurren eta katuen jabeek ondo jakin beharko luketen bezala; izan ere, txokolatea toxikoa da haientzat. Kontua da txokolatearen kakaoak teobromina alkaloidea duela eta gizakiok teobromina azkar metabolizatzeko gai bagara ere, txakurrek eta katuek ez dutela gaitasun hori. Hortaz, 10 kg-ko txakur batek intoxikazioa paira dezake 300 gramo inguru txokolate jaten baditu.

Txakurrentzat pozoitsuak diren substantziekin jarraituz, duela bi urte AEBko FDA agentziak ere ohartarazi zuen xylitola arriskutsua dela txakurrentzat. Xylitola edulkoratzaile bat da, azukrerik gabeko produktuetan gehitzen dena zapore gozoa izan dezaten, esaterako, azukrerik gabeko txikleetan. Gizakion kasuan, xylitolak ez du albo ondorio arriskutsurik, baina, txakurren fisiologiagatik haientzat oso toxikoa da. Odoleko azukre kontzentrazioa asko jaisten zaie eta hipogluzemiaz hil daitezke denbora-tarte laburrean. Kontuz, bada, azukrerik gabeko elikagaiak txakurrei ematen zaizkienean; izan ere, xylitola badute edulkoratzaile moduan, arriskutsuak izan daitezke.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Animaliak drogatzen direnean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak