Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 25 min

Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa

Og, 2018-04-19 15:00
Ekhiñe Unzalu Lerma Ospitaleratzea norbanakoarentzat zein inguruko familia-kideentzat eta gertuko senideentzat gertaera estresagarria suertatzen da. Familiak dituen berezko baliabideekin aurre egin ezin dioten egoera baten aurrean aurkitzen dira, zeinak estresa sortarazten die. Aztertua dago, gertaera are larriagoa izaten dela baldin eta ospitalizazioa zainketa intentsiboko unitatean izaten bada, non ingresatzen duten pazientearen egoera larriagoa dela pentsatzea eragiten duen.

Irudia: Zainketa intentsiboko unitatean bisitak mugatutak izatea da familiak okerren daramaten araua.

Zainketa intentsiboko unitatea, beste unitateekin alderatuz, ezberdintasun garrantzitsuena eta paziente zein familiarentzat txundigarriena barneratzen dituen arau bereziak dira, horien artean, bisitak mugatutak izatea da familiak okerren daraman araua. Familiak ingresoaren bitartean maitatuaren egoera eta eboluzioaren informazio falta sentitzen dute eta hauxe da zehazki azalarazten duten behar garrantzitsuena.

Zainketa intentsiboetako erizainek, gainontzekoak bezala, era holistiko batean jardun behar dute, beraz, familia pazientearen zainketa planean barneratzea beharrezkoa litzateke. Horrela izanik, ezinbestekoa da unitate honetan lan egiten duen edozein erizainek ingresatuta dagoen pazientearen senideek aurkezten dituzten beharrak ezagutzea, aurrera eramaten dituzten zainketak familiaren behar horietara zuzentzeko.

Beraz, lanaren helburua zainketa intentsiboetan ingresatuta dagoen paziente baten senideek ingresoaren bitartean pairatu ditzaketen estres egoera eta azalarazten dituzten beharrak identifikatu eta deskribatzea da.

Horretarako literaturaren berrikusketa bibliografioa egin da. Zehazki ondorengo datu baseak aztertu egin ziren: Embase, Cinhal, Medline, Psycinfo, Up to Date eta Cochrane Plus. Hauetan gako hitz ezberdinak erabiliz, eta AND eta OR konbinazioak erabilita, artikulu ezberdinak aukeratu egin ziren. Beraz, zainketa intentsiboetako unitateari eta pazienteei dagokionez “intensive care unit”, “intensive care” eta “ critically ill” gako hitzak erabili ziren. Unitate honetan ingresatuta dagoen pazienteen senideak bizitzen dituzten esperientzien eta beharren inguruan aritzen diren artikuluak bilatzeko “experience”, “personal experience”, “life change events”, “Personal experience”, “psychological assessment” eta “life experience” gako hitzak erabili ziren. Familiari erreferentzia egiteko, ordea, “family”, “family member”, “relative” eta “visitors to patients” gako hitzak erabili ziren. Hala ere, datu base hauetaz aparte, beste aldizkari zientifiko batzuk behatu ziren.

Behin artikuluak aukeratuta, hain zuzen zortzi izan ziren aukeratutakoak, hauen irakurketa kritikoa eta analisia burutu egin zen, emaitza, eztabaida eta ondorio ezberdinak lortuz.

Laburbilduz, lortutako emaitzek ondorengoa adierazten zuten batik bat: zainketa intentsiboko unitatean lan egiten duten erizainek familiak aurkezten dituen beharren identifikazio azkarra egitea, ahalik eta azkarren eta era pertsonalago eta familiari zuzendutako artatzea eskaintzeko. Bestetik, familiak informazio ulergarri eta zabala, beraien kexkak argitzen dituena eskatzen dute. Izan ere, familiaren ilusio edo itxaropena pazientearen errekuperazioa da. Gaixotasunaren pronostikorik ez edukitzea, hau da, maitatuaren gaixotasun prozesua zelan garatuko den ez jakiteak, emozio nahaste ugari pairatzea suposatzen du, ziurgabetasuna eta inpotentzia areagotuz. Honen aurrean, baliabide eragingarriena euskarri emozionala ematea komenigarria dela frogatu dute. Beraz, artikulu honen bitartez, zainketa intensiboetako unitatean familia artatuago sentitzeko jarduera ezberdinak eguneroko praktikan barneratu ahal direla berrikusi egin da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa.
  • Laburpena: Zainketa intentsiboetan ingresatzea bai ospitaleratutakoek bai familiek egoera estresagarri moduan hautematen dute. Egoera horrek shock egoera, antsietatea eta sinesgaiztasuna eragin ditzake. Beraz, artikuluaren helburua izango da ospitalera- tzeak irauten duen bitartean familiaren eta pazientearen beharrak ezagutzea.
  • Egileak: Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-20
  • DOI: 10.1387/ekaia.14764

—————————————————–
Egileez: Ekhiñe Unzalu Lerma Gasteizko Erizaintza Eskolakoa da.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko

Og, 2018-04-19 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Irudia: Hemoglobina da oxigenoa garraiatzeaz arduratzen dena.

Oxigeno gehiago garraiatu behar denean bi aukera dituzte animaliek. Odolean arnas pigmentuaren (hemoglobina, hemozianina edo beste baten) kontzentrazioa igotzea da aukera horietako bat. Oxigenoarekin konbinatzen dira arnas pigmentuak eta horri esker izugarri handitzen da oxigenoa hartzeko eta ehunetara eramateko odolak duen ahalmena. Animalia batzuek hemoglobina asko dute; horixe da, esaterako, zetazeoen kasua. Aurreko atal batean ikusi dugun bezala, horri esker egon daitezke oso denbora luzez urpean. Muga bateraino, bestalde, odolaren hemoglobinaren kontzentrazioa handitu egin daiteke epe ez oso luzean; horixe da, hain zuzen ere, kirolari batzuek egiten dutena goialdeetan entrenatzen direnean, ganbera hipobarikoetan lo egiten dutenean edo eritropoietina (EPO) txertatzen dutenean. Baina hemoglobinaren kontzentrazioak badu gainditu beharko ez lukeen mugarik ere, zeren eta altuegia bada (globulu gorri gehiegi badaude) odola dentsoegi geratzen baita eta kapilarretatik mugitzeko arazoak izan baititzake.

Bada oxigeno gehiago garraiatzeko beste bide bat, hemoglobinaren kontzentrazioa igotzeko beharrik gabe. Biriketan oxigeno-kantitate bera hartuta, bada gehiago garraiatzeko modurik baldin eta ehunetara heltzean hemoglobinaren funtsezko ezaugarri bat aldatzen bada. Hemoglobinak oxigenoarekin duen kidetasunaz ari gara. Oxigenoarekiko kidetasuna jaisten bada zeluletara heltzean, pigmentuak zelulei oxigeno gehiago emango die nahiz biriketan kopuru bera hartu. Hau da, biriketatik igarotzen denean, hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna altua da, baina jaitsi egiten da ehunetara heltzean. Animalia askoren ezaugarria da hori, eta «Bohr efektua» deitzen zaio.

Oxigenoarekiko kidetasunaren kontzeptua azaldu ondoren, Jean-Marie Lehn Nobel saridunak zuzentzen duen ikerketa-taldeak egin duen aurkikuntzaren berri emango dugu, oso aurkikuntza interesgarria eta seguru asko erabilgarria baita. Hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna neurri handian jaisten duen gai kimiko bat aurkitu du Lehnen taldeak, eta kidetasunaren jaiste horri esker nabarmen handitzen da pigmentuak zelulei ematen dien oxigeno kantitatea; hau da, neurri handian handitzen da oxigenoa garraiatzeko odolak duen ahalmena sustantzia horren eraginez. Gai kimiko horrek myoinositol trispirofosfato (ITPP) du izena; duen eragina izateko, hemoglobinarekin konbinatzen da. Uretan disolbatuta edanez har daiteke eta, beraz, edonork erabil dezake.

Bihotzean kalteren bat edukitzeagatik ahalegin fisikoak egiteko mugak dituen jendearengan pentsatuz garatu dute ikerketa hau. Izan ere, bihotza kaltetuta izan arren, ariketa fisiko normala egin daiteke botika honi esker, ITPParekin konbinatuta dagoen hemoglobinak oxigeno gehiago askatzen baitu ehunetara heltzean. Bistan da, bestalde, botika hau oso erabilgarria izango litzatekeela erresistentzia-kirolen arloan, baina oso erraz hauteman daiteke eta, beraz, ez du inolako erabilgarritasunik izango kirolarien errendimendua hobetzeko.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bihotz muskulu baten moduan aritzen den ehuna eraiki dute

Az, 2018-04-18 09:00
Juanma Gallego Zelula amatan abiatuta, ikertzaile talde batek giza bihotz muskulu baten antzera aritzen den ehuna sortzea lortu du. Aurrerapenak bide berriak ireki dezake bihotz ehun artifizialak sortzeko eta kardiologiari buruzko ikerketak egiteko.

Aurrerapen txikien bitartez zein hedabideetako titularrak hartzen dituzten aurkikuntza handien bidez. Modu horretan garatzen eta jakinarazten da zientzia. Eta bioteknologiaren alorrean, are gehiago gertatzen da hau. Bereziki, zelula amen aukera ireki zenetik hartu zuen bultzada izugarria bioteknologiak. Ordudanik, amets bat izan dute zientzialariek, eta baita osasun arazo larriak dituztenek ere: giza gorputzean dauden organoak sendatzeko edota birsortzeko aukera izatea. Horra bideratzen dira ikerketa gehienak, bai pixkanaka doazenak zein titular handiak hartzen dituztenak.

1. irudia: Ikertzaileek sortu duten ehuna. Gorriz bihotz muskulua agertzen da, eta berdez zeharkako tubuluak. Azken hauek, muskuluaren zuntzean sartzen diren muskulu zeluletako mintzak dira. (Argazkia: Gordana Vunjak-Novakovic/Columbia Engineering)

Osasunarekin erlazioa duten gauza guztiekin gertatzen den moduan, kontuz ibili beharra dago halako aurkikuntzen berri ematean. Izan ere, esperantza faltsuak pizteko arriskua oso handia da. Halere, horrek ez luke lausotu behar halako aurrerapenek sortzen duten ilusioa. Are gutxiago, ilusioa zutabe sendoetan oinarritzen den kasuetan.

Gaurkoan gurera dakarguna ilusioa pizten duen baina oihartzun handirik izan ez duen aurrerapen horietako bat da. Bioteknologiaren bitartez bihotz muskuluak sortzea lortu du Columbiako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek. Zelula ama pluripotente induzituetatik (ingelesezko iPSC akronimoarekin ezagutzen dira) eratorritako kardiomiozitoak baliatu dituzte karga elektrikoak jasotzean bihotz muskulu baten antzera funtzionatzen duen ehuna lortzeko. Nature aldizkarian eman dute aurrerapenaren berri.

Kardiomiozitoak bat-batean uzkurtzeko gaitasuna duten bihotz muskuluko zelulak dira. Horiekin osatutako ehuna lortzeko lau asteko kultiboa nahikoa izan dute ikertzaileek, haurtxo baten garapenean izaten diren bederatzi hilabeteak itxaron behar izan gabe. Ikerketa alor honetan egin ohi den moduan, biomimetikaren bidea jarraitu dute aurrerapena lortzeko: garapen natiboan zehar organismoa gertatzen diren prozesuetatik ikasita, prozesu horiek laborategian berreraikitzen saiatu dira.

Zehazki, odolean eskuratutako zelula amatan abiatuta, garapenaren lehen fasean dauden kardiomiozitoak lortu dituzte. Ondoren, kardiomiozitoak eta beste hainbat zelula kapsulatu dituzte, gel baten bitartez. Malguak diren bi euskarrien inguruan jarri dituzte, estruktura horretan abiatuta bihotz ehuna eraiki ahal izateko.

Egokitze elektromekanikoa baliatu dute bihotza “entrenatzeko”. Umekien kasuan, garatzen ari den bihotzaren ehuna pixkanaka eta emeki luzatzen da, baina ikertzaileek beste estrategia bat erabili dute bihotz ehun artifizial honen kasuan. Elektrizitatearen bitartez uzkurdurak eragin dituzte, eta horien maiztasuna handitu dute egunero. Modu horretan, bihotzak gero eta lan gehiago lan egin behar izan du. Finean, hau da gertatzen dena garapen bidean dagoen umekiaren bihotzaren kasuan. Ikertzaileek diotenez, modu horretan organoa azkar iritsi da heldutasun mailara. Aurrean esan bezala, lau aste besterik ez dituzte behar izan hori lortzeko.

2. irudia: Ikertzaileek sortutako estruktura, lanean. Bideo batean oinarritutako animazioa. (Irudia: Ronaldson-Bouchard eta Vunjak-Novakovic/Columbia Engineering)

Ikerketa taldeko buru Gordana Vunjak-Novakovic pozik azaldu da aurrean irekitzen den bidearekin: “Lortu dugun eredu hau garatuko du unibertsitateak. Bihotz muskulu heldua da hau, pazientearentzako berariaz prestatua; honi esker, bihotzaren garapena, fisiologia, gaixotasuna eta botiken aurrean izaten den erantzuna ikertu ahal izango dira”.

Uzkurduren ezaugarriak neurtzeko software berezia garatu dute. Modu honetan “taupada” hauen maiztasuna, anplitudea eta indarra zehaztasun handiarekin neurtzeko modua izan dute. Baita kaltzioaren seinalea (organismoan, “mezularitza lanak” egiten ditu kaltzioak) neurtzeko eta botikekiko erantzuna jasotzeko aukera izan dute ere.

Kacey Ronaldson-Bouchard izan da ikerketa artikuluaren egile nagusia. Haren esanetan, bide berria aukeratu dute arazoari heltzeko. “Orain arte erabili ohi den ikuspegia izan da hasierako kardiomiozitoak ahalik eta garatuen daudenean erabiltzea. Hala ere, konturatu gara hasierako fase batean dauden zelulek hobeto erantzuten dietela haien heltzea lortzeko ezartzen dizkiegun kanpo seinaleei, garapenerako plastikotasuna mantentzen dutelako”. Plastikotasun hau, beraz, gako izan da zelulak nahi den moduan bideratu ahal izateko. Ehuna abiatzeko norbereren zelulak erabil daitezkeela kontuan hartzen badugu, argi dago ehun artifizialen eta modu “naturalean” hazitako ehunen arteko mugak gero eta lausoagoak izango direla; hortaz, gorputza nahieran sendatzeko zabaltzen diren aukerak guztiz zirraragarriak dira. Aurkikuntza honek ez du hori lortuko noski, baina ezin uka bioteknologiaren Piramide Handian jarritako beste harritzar bat dela honakoa.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kacey Ronaldson-Bouchard et al. Advanced maturation of human cardiac tissue grown from pluripotent stem cells. Nature volume 556, 239–243 (2018). DOI:10.1038/s41586-018-0016-3

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bihotz muskulu baten moduan aritzen den ehuna eraiki dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kultura Zientifikoko Katedra: 2017ko memoria

Ar, 2018-04-17 15:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Jarraian, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 2017an izandako jardueraren berri ematen dugu. Jarduerak haien izaeraren arabera antolatu dira. Atal berezietan jaso ditugu beste erakunde batzuekin izandako kolaborazioak eta Katedrako zuzendariaren partaidetza izan duten aurkezpenak (hitzaldiak, mahai inguruak, solasaldiak etab.).

Argitalpen digitalak
  • Mapping Ignorance (https://mappingignorance.org). Maila handiko zientzia dibulgazioko artikuluak argitaratzen ditu ingelesez; beraz, gutxiengo publiko batengana iristen da, eta, gehienbat, zientziako profesionalengana. 2017an, 202 artikulu argitaratu zituen (2016an, 223), 197.773 bisita jaso zituen (2016an, 171.346), eta 251.375 orrialde kontsumitu ziren (2016an, 231.387). @MapIgnorance kontuan, 500 jarraitzaile berri bildu ditu 2017an (guztira, 3.545). Blogaren irakurle eta Twitter kontuaren jarraitzaile diren bost pertsonetatik ia lau (% 78) atzerritarrak dira. Blogak 500 harpidedun ditu, edukiaren jarraipena posta elektronikoaren bidez egiten dutenak.
  • Mujeres con ciencia (https://mujeresconciencia.com). Emakume zientzialariei eta zientziaren munduan emakumeek bizi duten egoerari buruzko artikuluak argitaratzen ditu. 2017ko maiatzean, hirugarren urtea bete zuen. 2017. urtean, 791 ohar argitaratu ditu guztira (2016an, 524); horien artetik, 354 artikuluak edo bideoak izan dira (2016an, 336), eta 437, berriz, efemerideak (2016an, 158), non emakume zientzialarien jaiotza eta zientzia eta teknologiaren arloetan egindako lana oroitzen baita. 654.409 bisita jaso ditu (2016an, 368.379), eta 955.757 orrialde zerbitzatu dira (2016an, 516.408). 450.502 bisitari izan ditu (2016, 257.125). Twitter-ean, @mujerconciencia kontuaren bidezko jarraipenak modu nabarmenean egin du gora: 23.400, 2017. urtearen amaieran (2016ko abenduan, 12.506). Blogari egindako bisiten % 40 atzerriko herrialdeetatik egiten dira (2016an, % 37).

  • Cuaderno de Cultura Científica (https://culturacientifica.com). Izaera orokorreko dibulgazio artikuluak argitaratzen ditu gaztelaniaz, egunero. urtean, 626 ohar argitaratu zituen guztira; horien artetik, 576 artikuluak izan ziren (2016an, 535), eta 50, informazio testuak hitzaldiei, jardunaldiei, ikastaroei eta antzekoei buruz (2016an, 49). Kontsumoak ere gora egin zuen: 1.834.926 bisita (2016an, 999.328), 2.392.528 orri ikusiak (2016an, 1.370.352), 1.331.818 erabiltzaile (2016an, 720.784). @CCCientifica Twitter kontuak 21.571 jarraitzaile zituen (5.760 berri). Koadernoari egindako bisiten % 54,34 atzerriko herrialdeetatik egiten dira (2016an, % 53,20). 2.000 erabiltzailek jarraipena egiten diote blogaren edukiari, posta elektroniko bidezko harpidetzaren bitartez.
  • Zientzia Kaiera (https://zientziakaiera.eus). Izaera orokorreko dibulgazio artikuluak argitaratzen ditu, euskaraz. 2017an, kaierak 447 ohar argitaratu zituen, guztira: 400 artikulu (2016an, 397), eta jardunaldi, ikastaro, hitzaldi eta antzekoei buruzko 47 informazio testu (2016an, 40). 30.000 bisitari izan ditu (2016an, 28.900). Guztira, 50.792 bisita jaso ditu (2016an, 45.000), eta 91.839 orrialde kontsumitu dira (2016an, 82.226). Bisiten % 80 EAEkoak dira, % 11, beste autonomia erkidego batzuetakoak, eta % 9, atzerrikoak. @zientzia_k Twitter kontua 1.557 jarraitzaile izatera iritsi zen, 2017. urtearen amaieran (2016ko abenduan baino 410 gehiago). Guztira, Zientzia Kaieran argitaratuko artikuluek 200 irakurle dituzte posta elektronikoaren bidezko harpidetzan.
  • zientzia.info (https://zientzia.info/). Atari honetan Katedrak egindako jardueren gaineko berritasunak jasotzen dira, eta gaurkotasun zientifikoari buruzko informazioa eskaintzen da gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Hortaz, egungo informazio zientifiko onena eskuratzeko plataforma bat da, egunero-egunero informazio interesgarriena aukeratzen baitu kalitatezko hedabide digitalen multzo batetik (egunero, astelehenetik ostiralera, batez beste 5 artikulu argitaratzen dira). Informazio zientifikoa eskuratzeko aukera osatzeko, zientzia artikuluen bi gehigarri daude, non astero artikuluak biltzen diren bi blog agregatzaileri esker (Science Seeker, ingelesez, eta Cienciasfera, gaztelaniaz) eta Zientzia Kaierari esker, non zientziari buruz sarean argitaratutako euskarazko lanak biltzen diren. Bestetik, Katedraren lau blogetan sartzeko estekak ematen ditu, baita Youtuben eta Vimeon dauden bideo kanaletan sartzekoak ere. Zientzia.info-ren erabiltzaileen % 58 Espainiako estatukoak dira, eta % 42, atzerrikoak.
Matematika buru geraezinentzat

Programa hau lankidetzan egiten da adimen gaitasun handiko seme-alabak dituzten familien (Aupatuz) elkartearekin eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroarekin. Solasaldi, hitzaldi eta tailer saio batzuk antolatzen dira, hamabost urte bitarteko neska-mutilentzat. Jarduerak bost saiotan egin ziren, data hauetan:

  • Familia osoarentzako tailerra: Curvas con rectas, hiloramas matemáticos (con materiales caseros. Aida Inmaculada Conejo (Brains Eskola). Otsailak 25, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa.
  • 9-11 urte bitarteko gazteentzako tailerra: Lógica-mente. Problemas y acertijos matemáticos para poner a prueba tu capacidad de pensamiento lógico. Pedro Alegría eta Raúl Ibáñez (UPV/EHU). Martxoak 18, Institute of Technology Eurepe-Bilbao (Digipen).
  • 12-15 urte bitarteko ikasleentzako tailerra: Dibujando videojuegos con funciones matemática. Naiara Espejo (Digipen). Martxoak 18, Institute of Technology Eurepe-Bilbao (Digipen).
  • 9-11 urte bitarteko gazteentzako tailerra: La calculadora, tu pequeña gran aliada. Goyo Lekuona (Zumarragako La Salle ikastetxea). Apirilak 1, Institute of Technology Eurepe-Bilbao (Digipen).
  • 12-15 urte bitarteko ikasleentzako tailerra: Simulación de físicas elementales aplicadas en los videojuegos. Naiara Espejo (Digipen). Apirilak 1, Institute of Technology Eurepe-Bilbao (Digipen).
  • 9-11 urte bitarteko gazteentzako tailerra: Nuevo taller de Estadística y Probabilidad. Alex Aginagalde (Laudio BHI). Apirilak 29, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa.
  • 12-15 urte bitarteko ikasleentzako tailerra: La calculadora, tu pequeña gran aliada. Irantzu Barrio eta Jone Lázaro (UPV/EHU). Apirilak 29, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa.
  • 9-11 urte bitarteko gazteentzako tailerra: La criptografía en casa. Alex Aginagalde (Laudio BHI). Maiatzak 20, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa.
  • 12-15 urte bitarteko ikasleentzako tailerra: Nuevo taller de Estadística y Probabilidad. Irantzu Barrio eta Jone Lázaro (UPV/EHU). Maiatzak 20, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa.
Mintegiak Hezkuntzaren probak

Mintegia martxoaren 17an egin zen, Bizkaia Aretoko Baroja aretoan, eta haren helburua izan zen hezkuntza arloan behin eta berriro modan jartzen diren jarduerak bermatzeko probak (edo probarik eza) aztertzea. Mintegia Marta Ferrerok zuzendu zuen, Psikologian doktoreak eta hezkuntzan adituak. Egitaraua honako hau izan zen:

  • Beronika Azpillaga eta Luis Lizasoain: Estudio de eficacia escolar en el País Vasco
  • Juan Cruz Ripoll: La ciencia perdida: los curiosos casos de los protocolos de TDAH y de leer.es
  • Albert Reverter: Del mito al hecho: Hemisferios, Gimnasia Cerebral y Estilos de Aprendizaje
  • Marta Ferrero: Las ideas erróneas sobre educación entre el profesorado: prevalencia, causas y soluciones
  • Gregorio Luri: A favor de la evaluación escolar objetiva
  • Mahai ingurua.
Producir o perecer: ciencia a presión

Martxoaren 31n egin zen, goiz eta arratsaldeko jardunaldi oso batean. Zientzialariek argitaratzeko eta komunikazioaren profesionalek (zehazki komunikazio zientifikokoek) inpaktu mediatikoa lortzeko jasaten duten presiotik eratorritako arazoak aztertu zituzten. Bereziki aztertu zen profesional batzuek nahiz besteek zintzotasunik gabe jokatzeko duten arriskua; hau da, etika profesionalaren aurkako portaeren arriskua, zientziaren xedea eta hura gizarteari helaraztearen xedea hutsaltzea barne.

Mintegia Komunikazio Zientifikoko Espainiako Elkartearekin batera antolatu zen, eta UPV/EHUko Bizkaiko Campusaren eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzaz. Egitaraua honako hau izan zen:

  • José M. López Nicolás (Murtziako Unibertsitatea): Científicos que avalan patrañas.
  • Mahai ingurua: Los propietarios del conocimiento. Julián de Juan (Estrategia π), Ignasi Labastida i Juan (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Javier de la Cueva, abokatua. Moderatzailea: Elena Lázaro (Kordobako Unibertsitateko UCC+i).
  • José A. Pérez Ledo (idazlea, gidoilaria, RTVko zuzendaria): Periodistas que avalan patrañas.
  • Mahai ingurua: Todo por el clic y por la audiencia. Eva Caballero (Radio Euskadi), Antonio Martínez Ron (Vozpópuli), Luis Alfonso Gámez (El Correo). Moderatzailea: Alex Fernández Muerza.
  • Joaquín Sevilla (Nafarroako Unibertsitate Publikoa): Ciencia patológica y patología editorial.
  • Eva Méndez (Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatea): Ciencia abierta vs. Ciencia cerrada.
  • Ángela Bernardo (Hipertextual): ¿Periodismo científico o periodismo de “papers”?
  • Ana Victoria Pérez Rodríguez (DiCYT agentzia): Darwin en la redacción: Evolución de la imagen de la ciencia en la prensa española.
“Se non è vero…” Egia ostea, gertaera alternatiboak eta spam informatiboa.

Mintegia ekainaren 13an egin zen, Bizkaia Aretoko Baroja aretoan. Egia ostea eta gertaera alternatiboak nozioei buruzko gogoeta egin nahi izan zen. Adierazpen horien bidez, egoera bat deskribatu nahi da, non iritzi publikoa eratzeko unean emozioek eta sinesmen pertsonalek eragin handiagoa duten gertaera objektiboek eta informazio kontrastatuek baino. Besteak beste, biologian, filosofian, zientzia politikoan eta soziologiaren arlo akademikoetan diharduten adituek parte hartu zuten.

Mintegia batera antolatu zuten ehuGunek eta Kultura Zientifikoko Katedrak, eta egitarau honen arabera egin zen:

  • Irekiera ekitaldia: Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea.
  • Joseba Agirreazkuenaga (UPV/EHU): Historian barrena: Pirrón (Elis, s. III a.C.), things and speech (Hobbes, s. XVII) y la skepsis en la era digital.
  • Mahai ingurua: Fundamentos, Xabier Aierdik moderatutakoa (ehuGune, UPV/EHU).
  • Juan Ignacio Pérez (UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedra, UPV/EHU): Cada ideología genera sus hechos alternativos
  • César Tomé López (Euskampus Fundazioa): Contra quién estamos perdiendo la guerra
  • Helena Matute (Deustuko Unibertsitatea): Dando sentido a la apariencia
  • Javier Echeverria (Ikerbasque): Las falsedades de la postverdad
  • Mahai ingurua: Post-verdad y corrección política, Joxerramon Bengoetxeak moderatua (ehuGune)
  • Pedro Ibarra (UPV/EHU): Las verdades de la post-política
  • Daniele Conversi (Ikerbasque, UPV/EHU): Nacionalismo y post-verdad en la era de Internet
  • Uxune Martinez (Euskampus Fundazioa): Las redes sociales reafirman tus creencias, incluso las erróneas
  • Xabier Aierdi (ehuGune): Pre- y post-verdad
  • Mahai ingurua: Hechos y relatos, Luis Mendizabalek moderatutakoa (ehuGuneko kolaboratzailea)
  • Juan Igartua (UPV/EHU): La verosimilitud: un insidioso disfraz de la post-verdad
  • Mari Luz Esteban (UPV/EHU): Hechos, relatos múltiples y reconceptualizaciones
  • Noe Cornago (UPV/EHU): Relaciones Internacionales/Relaciones Intertextuales
  • Esti León (Innobasque): Post-verdad: una nueva etapa para las Relaciones Públicas
Antolatutako hitzaldiak Darwinen eguna

Darwinen Eguna Círculo Escéptico elkartearen eta Bidebarrietako Liburutegiaren laguntzaz antolatzen da urtero, 2007. urteaz geroztik. Otsailaren 12an egin zen, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian, eta hitzaldi hauek eskaini ziren:

  • Jesús Zamora Bonilla (Filosofia Fakultatea, UNED): The survival of the loveliest: amor en perspectiva darwiniana.
  • Ana Aguirre Escobal (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU): Las mil y una caras de la epigenética
Zientziateka

Zientziateka programan, hainbat hitzaldi eta mahi inguru ematen dira Azkuna Zentroaren Bastida aretoan (euskaraz) eta Auditoriumean (gaztelaniaz), Bilbon. Eskuarki, UPV/EHUko ikertzaileek parte hartzen dute. Programa Azkuna Zentroaren lankidetzaz egiten da.

Zientzia eta Artea

TopArteren esparruan egindako arratseko lau saioek osatutako zikloaren izen generikoa Zientzia eta Artea da. TopArte, berriz, Guggenheim Bilbao Museoak hogeigarren urteurrena ospatzeko prestatu zuen programa da, eta horretarako Bilboko hainbat kultura erakunderen laguntza jaso zuen.

Zientzia eta Artea zikloan, izen handiko hainbat profesionalek –arte plastikoen, ilustrazioaren, filosofiaren eta zientzien esparrukoak– itxuraz oso urrun dauden arte plastikoen eta natura zientzien ezagutza moduren arteko harreman anitzak eta konplexuak aztertu zituzten, bakoitzak bere diziplinaren ikuspegitik.

Zientzia eta Artea Deborah García Bello kimikariak eta dibulgatzaileak zuzendu zuen, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan 2017ko apirilaren 6an eta 27an eta maiatzaren 11n eta 25ean egindako lau jardunaldietan. Saioen egitaraua honako hau izan zen:

  • “Gure ondare artistikoa biltzen eta erakusten duen zientzia”, Oskar González, Ainhoa Sanz López de Heredia eta Aitziber Velasco (Apirilak 6).
  • “Natur fenomenoen ezagutza eta irudikapena”, Xavier Durán, Clara Cerviño eta José Ramón Marcaida (Apirilak 27).
  • “Artearen eta zientziaren arteko analogiak ezaguera modu gisa”, Pau Alsina eta Juan Luis Moraza (Maiatzak 11).
  • “Zientzia arterako tresna”, Jacobo Castellano, Deborah García Bello eta Sergio Prego (Maiatzak 25).
Goienagusi

2017ko udaberrian, hitzaldien egitarau bat jarri genuen martxan, Goienagusi-Deba Goieneko Erretiratuen Elkartearen lankidetzarekin. Ekimenaren helburua da adineko herritarren artean gaurkotasun zientifikoko gaiak ezagutzera ematea eta kultura zientifikoa zabaltzen laguntzea. Hitzaldiak goizez ematen dira (10:00-12:00), egoitzak Bergara eta Arrasate artean txandakatuta. 2017an, guztira, 6 hitzaldi antolatu ziren:

  • Aitor Bergara (UPV/EHU): Grafeno, el material del futuro. Martxoaren 15a, Bergara.
  • Arantza Aranburu eta Arturo Apraiz (UPV/EHU): Euskal Herriko paisaia: zergatik ditugu lautada zabalak eta lurralde aldapatsuak? Martxoaren 22a, Arrasate.
  • Carmen Manzano (UPV/EHU): Nondik dator gizakia? Afrikako tximino arraro batzuk baino ez gara. Urriaren 16a, Arrasate.
  • Pablo Martínez-Lage (CITA Alzheimer Fundazioa): Prevenir y tratar la enfermedad de Alzheimer: una visión moderna. Urriaren 25a, Bergara.
  • Juan José Iruin (UPV/EHU): Desmitificando lo “natural”: el caso de los aditivos alimentarios (números E). Azaroaren 6a, Arrasate.
  • Oskar González (UPV/EHU): Arteak ezkutatzen duen zientzia. Azaroaren 13a, Bergara.
Udako ikastaroak Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatea: “Divulgación y cultura científica: diálogo Universidad-Sociedad”

Ekainaren 26tik 28ra, UIMPren Kantabriako egoitzan (Magdalena jauregia, Santander) topaketa bat egin zen, “Divulgación y cultura científica: diálogo Universidad-Sociedad” izenburupean. Unibertsitateetan arrakasta izan duten dibulgazio eta kultura zientifikoaren esperientziak eman ziren ezagutzera. Dibulgaziorako hainbat baliabide eta estrategiaren erabilera landu zen: blogak, sare sozialak, bakarrizketak, liburuak, podcast-ak, herritarrarentzako zientzia ekitaldiak, dibulgazioak ikastetxeetan, etab. Horrez gain, arlo horretan gizarteak dituen beharrak aztertu ziren, baita gizartearen egitekoa ere, gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeari begira.

Topaketa unibertsitateko kideei, oro har, unibertsitateetako Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateen arduradunei, ikerguneei eta komunikazio zientifikoaren profesionalei eskaini zitzaien. Ikastaroa batera antolatu zuten UIMPk, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT), eta Lilly Fundazioaren laguntza jaso zuen.Bestalde, Ignacio López-Goñik, Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak, eta Juan Ignacio Pérezek, UPV/EHUko Fisiologiako katedradunak eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak, zuzendu zuten topaketa.

Egitaraua honako hau izen zen:

Astelehena, hilak 26

  • Pedro Miguel Etxenike (DIPC; UPV/EHU): Ciencia: cultura y progreso.
  • Juan Ignacio Pérez (KZK; UPV/EHU): Cátedras de divulgación y cultura científica en la Universidad.

Kultura zientifikoaren esperientziak unibertsitatean.

  • Nora González (DIPC): Passion for knowledge
  • Gema Revuelta (Pompeu i Fabra U.): La formación universitaria en comunicación científica.
  • Joaquín Sevilla (NUP): Divulgación y docencia en la Universidad.
  • José Miguel Mulet (Valentziako U. Politeknikoa): Estrategias de divulgación científica en la Universidad.
  • Mahai ingurua: ¿Por qué divulgar ciencia en la universidad?

Asteartea, hilak 27

Zientzia eta dibulgazioa 2.0

  • José M López Nicolás (Murtziako U): ¿Por qué un profesor universitario tiene un blog de ciencia?
  • Ignacio López-Goñi (Nafarroako U.): ¿Se pueden usar las redes sociales para divulgar ciencia?

Dibulgazio zientifikoari lotutako beste esperientzia batzuk

  • Clara Grima (Sevillako U.): Ciencia en tu barrio y en tu cole.
  • José Ramón Alonso (Salamancako U.): Escribir en el país de los sabios ágrafos.
  • Helena Matute (Deustuko U.): El escepticismo como materia de investigación

Konta ezazu 10 minutuan: Zientzia bakarrizketak, honako hauen eskutik: José Ramón Alonso, Joaquín Sevilla, José Manuel López Nicolás, José Miguel Mulet, Clara Grima, Helena Matute, Juan Ignacio Pérez eta Ignacio López-Goñi.

Asteazkena, hilak 28

Kultura Zientifikoko Unitateak unibertsitateetan

  • César López (FECyT): Nacimiento, evolución y principales características y modalidades.
  • Elena Lázaro (UCC+i, Kordobako U.): UCC+i que realizan actividades de divulgación.
  • Francisco Javier Alonso (UCC+i, Karlos III.a Unibertsitatea, Madril): UCC+i que realizan comunicación de resultados de investigación

Zientzia, unibertsitatea eta gizartea

  • Gonzalo Remiro (FECyT): Presentación de resultados de la Encuesta de Percepción Social de la Ciencia 2016.
  • Digna Couso (Bartzelonako U. Autonomoa): Herramienta para la evaluación del impacto de la actividades de divulgación de la cultura científica.
  • Miguel Ángel Quintanilla (Salamancako U.): De la divulgación de la ciencia a las “3Os” (Open Innovation, Open Science, Open World).
  • Mahai ingurua: ¿Cómo valorar la actividad de divulgación y promoción de la ciencia en la carrera docente e investigadora?
Euskal Herriko Unibertsitatea: “Una aventura científica: de las partículas elementales al conocimiento”

Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egin zen, uztailaren 10etik 12ra. Bertan, diziplina anitzeko hurbilketa bat egin zen, ezagutzaren jabekuntzan eta eraketan inplikatutako prozesuak aztertzeko eta, hortik abiatuta, haien mugak identifikatzeko. Horretarako, giza sistema kognitiboa karakterizatu zen, beren harrera sistemak eta bitarteko nagusia –entzefaloa– aintzat hartuta. Kanpotik jasotzen ditugun seinaleen ibilbideari jarraitzen diogu haien transdukzio, transmisio eta prozesamendu neuronaleko mekanismoak birpasatuz, harik eta entzefaloak irudiak, soinuak, sentsazioak, emozioak eta ezagutzak sortzeko modura iritsi arte.

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ikerbasque Fundazioak bultzatutako ikastaroa egitarau honen arabera garatu zen:

Uztailaren 10a

  • Fernando Cossío (Kimika Fakultatea, UPV/EHU): Presentación: un viaje a través de la materia
  • Joaquín Sevilla (NUP): La naturaleza de la luz y del sonido
  • Xabier López (DIPC eta Kimika Fakultatea, UPV/EHU): La luz de tus ojos: la molécula receptora
  • Miren Bego Urrutia (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU): De los sentidos al cerebro: transductores

Uztailaren 11

  • Antonio Martínez Ron (Next, Vozpópuli): El viaje de la luz
  • José Ramón Alonso (Biologia Fakultatea, Salamancako U.): De moléculas flotantes a emociones incontroladas
  • Almudena Martín Castro (Zientzia Fakultatea, UNED; StyleSage): Música, física y significado
  • Clara Martin (BCBL, Ikerbasque): El cerebro eléctrico percibe el lenguaje

Uztailaren 12a

  • Itziar Laka (Letren Fakultatea, UPV/EHU): Condenados al sentido
  • Deborah García Bello (Dimetilsulfuro): Significancia de materiales en el arte contemporáneo
  • Luís Martínez (Alacanteko Neurozientzien Institutua, CSIC-Miguel Hernández Unibertsitatea): La mente recreadora
  • Juan Ignacio Pérez (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU): Los límites del conocimiento
Bizkaia Zientzia Plaza

Bizkaia Zientzia Plaza dibulgazio zientifikoko jaialdi bat da, jende guztiarentzat irekia. Iaz irailaren 14tik 24ra egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian eta UPV/EHUko Bizkaia aretoan, eta Bizkaiko lurraldeko hainbat herritara ere iritsi zen. Bilbao Ekintzaren (Bilboko Udala) babesa jaso zuen. Egitarau zabal batean, zazpi ekitaldi antolatu ziren, doan eta jende guztiarentzat irekiak, eta horien bidez jarduera zientifikoaren berri eman nahi zen era askotako erregistroak eta formatuak erabilita, hala nola hitzaldiak, ikuskizunak, bakarrizketak eta tailerrak. Egitarauan, ekimen hauek egin ziren:

Zientzia Showaren finala

Euskalduna Jauregiko Barria aretoan irailaren 14an egin zen Zientzia Showaren final handia, DBHko 3. maila eta Batxilergoko 2. maila arteko ikasle gazteek egindako bakarrizketa zientifikoen lehiaketa.

Bost finalistek beren bakarrizketak aurkeztu zituzten epaimahaiko kideen aurrean, zeinek haien edukia, aurkezpenen argitasuna eta bakarrizketa egileen karisma balioetsi baitzuten. Lehen saria Lauaxeta ikastolako DBHko 3. mailako Asier Fernándezek jaso zuen, “Limites tiene el que se los pone” bakarrizketari esker.

Aurrerago informazio gehiago ematen dugu lehiaketa horri buruz.

Naukas PRO

Irailaren 14an, Naukas PROren lehen edizioa egin zen, eta bertan ikergune, laborategi, enpresa edo lan taldeetan egindako lanaren berri eman zuten. Hizlariek hiru ordutik gora igaro zituzten beren lanaren xehetasunak ematen, 300 pertsonaren aurrean. Hala, produktuen ibilbidearen nondik norakoak azaldu zituzten, laborategian sortzen direnetik merkaturatzen diren arte. Modu horretan, zientziak gizartean duen eragina erakutsi nahi da, baita ikuspuntu sozioekonomikotik ere.

Hizlariak honako hauek izan ziren: Carlos Briones (Astrobiologia zentroa: CAB-INTA/CSIC), Leni Bascones (Madrilgo Materialen Zientziako Institutua, CSIC), Javier Burgos (Fundación de Investigación Biomédica de Andalucía Oriental, FIBAO), Julián Estévez (UPV/EHUko Adimen Konputazionaleko taldea), Manuel Collado (Minbizian eta Zahartzean dauden Zelula Amen Laborategia, IDIS-CHUS), Inma Estévez (Ikerbasque, Neiker-Tecnalia), Lluis Montoliu (Bioteknologiako Zentro Nazionala, CNB-CSIC), Lourdes Basabe Desmonts (Ikerbasque. UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterra) eta Amaia Zurutuza (Graphenea).

Naukas Bilbo

Irailaren 15ean eta 16an, zientzia dibulgatzeko Naukas Bilbo ekimena egin zen. Publiko guztiarentzat irekia den ekimen honetan, hamar minutuko hitzaldi soil eta informalak, zientziaren munduko pertsonaia garrantzitsuei egindako elkarrizketak, humorezko bakarrizketak, zuzeneko esperimentuak eta musika emanaldiak eskaintzen dira. Naukas Bilbok zientzia hurbildu nahi dio gizarteari, ikuspegi hurbil eta dibertigarri batez baliatuta, eta aldi berean, eszeptizismoa eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi ditu.

2017ko edizioan, Bilboko Euskalduna Jauregiaren Auditoriora iristeko erronkari ekin dio. Han, 2.000 pertsona inguru bildu ziren elkarren segidan egindako bi saioetan, eta horrela aurreko urteetan UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egindako Naukas Bilbon izandako asistentzia hiru aldiz gainditu zen.

Naukas Kids

Naukas Kids (irailaren 17a, goizez, Euskalduna Jauregian) ekimenean, hainbat jarduera eta hitzaldi antolatu ziren gazteenentzat. Egin ziren tailerretan, parte hartzaileek zientzia zientzia eginez ikasi zuten. Edukiera beteta egonda (800 parte hartzaile), neska-mutilek, adin taldetan banatuta (3-10 eta 13-16), esperimentatzeko aukera izan zuten, besteak beste, flotagarritasunarekin, dentsitatearekin, pigmentuekin eta hatz markekin.

Tailerrak amaitzean, ikuskizunak hasi ziren. Adin taldetan banatuta berriro ere (8-12 eta 13-17), bi ekitaldi egin ziren aldi berean. Alde batetik, Big Van taldeak txikienei zientzia erakusteko ikuskizun zientifikoa ekarri zuen. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako ikasleek hainbat diziplinatan diharduten bost zientzialariari galderak egin ahal izan zizkieten, Somos Científicos saioaren barruan. Horrela, zientzialarien eguneroko lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten, eta publikoaren galderei erantzun onenak eman zizkien zientzialaria saritu zuten.

Scenio

Irailaren 17an, egun osoan, Scenio ekimena egin zen Bizkaia Aretoaren instalazioetan, non sormena izan baitzen ardatz nagusia. Ekitaldiaren protagonistak zientzia dibulgatzeko formatu berriak erabiltzen dituzten dibulgatzaileak izan ziren, Scenio. Hartzaileak nagusiki gazteak izan ziren, eta ekitaldia bost multzotan banatu zen. Ikuskizun zientifikoak: bakarrizketak, antzerkia, magia eta musika. Ilustrazio zientifikoa: diseinatzaile eta marrazkilarien mahai inguruak, erakusketak eta tailer bat. Irratia: saio bat eman zen, zuzenean. Gamifikazioa: zientziari eta hezkuntzari aplikatutako bideojokoen erakustaldia. Youtube ikuskizuna: kuskizun bat zuzenean eman zen, Youtuberen bidez.

Science +

Irailaren 18an, 19an eta 20an, Science + kongresua egin zen Bizkaia Aretoan. Ekimen hori zientzia ikasketak egiten ari diren ikasleei, ikertzaileei eta zientziaren bestelako gazte profesionalei eskaintzen zaie. Kongresuaren helburua zen ikasketa zientifiko baten ondoren har daitezkeen bideen bitartez izan daitekeen esperientzia profesionala aurkeztea eta ezagutzera ematea, bereziki Europako esparruan.

Hiru jardunaldi horietan, ikerketa zientifikoaren egungo egoera orokorra azaldu zen, ikerketaren arloko finantzaketa eta lankidetza bideak erakutsi ziren, eta etorkizuneko estrategiak eta komunikazio zientifikoaren ardatzak aletu zituzten.

Hitzaldi, mahi inguru eta topaketez gainera, beste ekitaldi batzuk antolatu ziren, hala nola: enpresen aurkezpena, bilatzen dituzten profesionalen profilaren berri emateko; ikasketa zientifikoetan espezializatutako CVa sortzeko eta egokitzeko moduari buruzko workshopak eta, standak, non hamabost enpresak eta ikergunek baino gehiagok ikasketa zientifikoak eta teknologikoak egin dituzten gazteen curriculumak jaso baitzituzten.

Jakinduriek mundue erreko dau

Jakinduriek mudue erreko dau! izeneko jaialdian, bertsolariak eta zientzialariak elkartu, eta bertsolaritzaren tradizioa eta zientziari buruzko azalpen laburrak konbinatzen dira. Iaz, irailaren 21etik 24ra egin zen Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon. Ekimen honen hirugarren edizioan, jarduera gehiago programatu ziren; hala, Bilboko ekitaldi bakarretik, Bizkaiko hainbat lekutan egindako lau ekitalditara pasatu da. Saio guztiak Kike Amonarriz aurkezleak gidatu zituen, eta horiek aurrera eramateko laguntza eman zuten Ondarroa, Getxo eta Igorreko udalek, lekuan lekuko bertso eskolek eta hainbat kultur erakundek (Ondarroako Zientziaren Giltzak eta Bilboko Kafe Antzokia). Guztira, 12 ikertzaile eta 12 bertsolari igo ziren eszenatokira, ezagutza zientifikoak eta bertsoaren neurriak konbinatzeko.

  • Miren Amuriza, Amets Artzallus eta Andoni Egaña (bertsolariak), eta Oskar Gonzalez, Josu Lopez-Gazpio eta Leire Sangroniz (zientzialariak). Irailaren 21a, Ondarroa (Beikozini).
  • Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Amets Arzallus (bertsolariak), eta Oskar Gonzalez, Josu Lopez-Gazpio eta Ainara Sangroniz (zientzialariak). Irailaren 22a, Getxo (Musika Eskola).
  • Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio (bertsolariak), eta Jon Larruskain, Elena Lazkano eta Bittor Rodríguez (zientzialariak). Irailaren 23a, Igorre (Lasarte aretia).
  • Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Andoni Egaña (bertsolariak), eta Miren Basaras, Jone Uria eta Juan Ignacio Pérez (zientzialariak). Irailaren 24a, Bilbo (Kafe Antzokia).
Ikus-entzunezko baliabideak Hitzaldiak eta ekitaldiak, Internet bidez

Katedrak antolatzen dituen dibulgazio zientifikoko ekimen ia guztiak Internet bidez zuzenean eman eta grabatu egiten dira, gero euskarri digitaletan (unibertsitatearenak nahiz beste erakunde batzuenak) zabaltzeko. Hori guztia zeregin horiez arduratzen den EiTB euskal irrati-telebista publikoaren laguntzari esker egiten da.

Dibulgazioa irratian eta telebistan

Kultura Zientifikoko Katedraren eta Bilbo Hiria irratiaren elkarlanari esker, 20 minutuko dibulgazio zientifikoko saio bat egiten dute astero UPV/EHUko kideek. Irratsaioak “Zientzialari” du izena, eta hainbat diziplinatako espezialistek parte hartzen dute. 2017. urtean, 30 saio grabatu ziren guztira. Saio horiek Bilbo Hiria Irratian bertan eta irrati txikien Arrosa sarean ematen dira, eta gero Internetez zabaltzen, Bilbo Hiria Irratia webgunearen bidez.

Bestetik, katedraren koordinatzaileak 20 minutuko kolaborazio bat egiten du, hamabostean behin, Radio Euskadik ezagutzaren difusioari buruz eskaintzen duen “La mecánica del caracol” izeneko saioan. Maiztasun berberaz parte hartzen du Bizkaia Irratiko Lau Haizetara goizeko saioan, zientziari buruzko gaiez hitz egiteko. Horrez gainera, Katedrako kolaboratzaileek Arrosa Irrati Sareak ekoitzitako Zebrabidea saioan parte hartzen dute hilean behin, eta gaurkotasun zientifikoko gaiez hitz egiten dute 15 minutuz.

Azkenik, Katedrako koordinatzaileak hilero kolaboratzen du EiTBko Ahoz Aho saioan, interes zientifikoko hainbat gairi buruz hitz egiteko.

Zientzialari bilduma

Katedrak bost minutuko bideoak egiten ditu, eta horietan ikertzaileek (UPV/EHUkoek batez ere) haien ikergaiei buruzko azalpenak ematen dituzte kameren aurrean, euskaraz. Bideoak Zientzia Kaieran argitaratzen dira, hamabostean behin, abuztuan izan ezik. Horrez gain, Katedraren Youtubeko eta Vimeoko kanalean ikus daitezke. 2017. urtean, 22 bideo egin ziren, ikertzaileen lanaren berri emateko (zerrendan diziplina zehazten da):

  • Xabier Murelaga (Geologia), UPV/EHU.
  • Kepa Sarasola (Informatika), UPV/EHU.
  • Iraia Muñoa (Genetika), UPV/EHU.
  • Marian Iriarte (Kimika), UPV/EHU.
  • Gabriel Ibarra (Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika), UPV/EHU.
  • Leire Arantzamendi (Itsas Biologia), AZTI-Tecnalia.
  • Usue Pérez-López (Biologia), UPV/EHU.
  • Josu Lopez-Gazpio (Kimika), UPV/EHU.
  • Ibon Uriarte (Ekologia), UPV/EHU.
  • Edurne Simón (Elikadura eta Bromatologia), UPV/EHU.
  • Olaia Martínez (Elikagaien Teknologia), UPV/EHU.
  • Edorta Unamuno (Ornitologia), Urdaibai Bird Center.
  • Arantxa Isla (Farmazia), UPV/EHU.
  • Jone Uria (Matematikak), UPV/EHU.
  • Gorka Orive (Farmazia), UPV/EHU.
  • Elisabete Alberdi (Matematikak), UPV/EHU.
  • Nerea Osinalde (Biokimika), UPV/EHU.
  • Amaia Munarriz (Psikolinguistika), UPV/EHU.
  • Jon Larruskain (Kirolaren Zientziak), UPV/EHU.
  • Ion Errea (Fisika), UPV/EHU eta DIPC.
  • Manu Soto (Itsas Biologia), UPV/EHU.
  • Josean Rodríguez (Biologia Molekularra), UPV/EHU.
Kanalak Youtuben eta Vimeon

Katedrak bi bideo kanal ditu Youtuben eta bat Vimeon. Alde batetik, Katedrak YouTuben duen kanala dago.

Guztira 260 bideo (192 orain dela urtebete) ditu, 15 erreprodukzio zerrendatan banatuta, 9.355 harpidedun (6.731 ziren orain dela urtebete) eta 1.056.612 bisualizazio (679.441 joan den urtean).

Bestalde, Ciencia Clip dago, bigarren hezkuntzako ikasleentzako bideo lehiaketaren kanala (ikus 10. atala). Bertan, lehiaketa bultzatzeko bideoak argitaratzen dira, baita gazteei youtuber estiloko bideo bat edo animaziozko bideo bat egiten laguntzeko tutorialak ere. Era berean, lehiaketaren bi ediziotan parte hartu duten bideoak eta ekimenari lotutako bestelakoak biltzen dira. Kanal honek guztira 11 bideo propio ditu, 7 erreprodukzio zerrenda, 7.400 harpidedun (4.451 orain dela urtebete) eta 237.984 bisualizazio (129.276 orain dela urtebete).

Amaitzeko, Vimeoko Kultura Zientifikoko Katedra kanalean, Katedrak ekoitzitako 176 bideo daude (148 joan den urtean), eta guztira 91.250 bisualizazio zenbatu dira (80.635 orain dela urtebete).

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna (Otsailak 11)

Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan garatzen duten lana erakutsi nahi du. Horregatik argitaratzen dugu, hain zuzen, Mujeres con Ciencia. Lan horrez gainera, 2017an, bat egin dugu Nazio Batuen ekimenarekin, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta horren emaitza dira “Ese lugar” eta “Leku hori” bideoak. Horien bidez, gure gizartean oraindik dauden aurreiritziak ezagutzera eman eta salatu nahi izan dira, nesken eta gazteen aukerei eragiten baitiete beren ikasketak hautatzeko unean eta lanbide zientifikoetan aurrera egiteko aukeretan.

Catástrofe ultravioleta

urtean, Katedrak Catástrofe ultravioleta saioari buruzko podcastak ekoizteko laguntza ekonomikoa eman du, Euskampus Fundazioak 2014an eta 2015ean ekoitzitako 12 saioei emandako babesa ordezkatuta (2016. urtean ez ziren saio berriak egin). Catástrofe Ultravioleta Javier Álvarezek, Antonio Martínez Ronek eta Javier Álvarezek sortutako ekimen bat da. 2017. urtean, 10 saio egin zituzten. Catástrofe Ultravioletak saio, irrati edo on-line irrati plataforma onenari emandako 2017ko ondas saria eskuratu zuen.

Jakin Mina

Jakiundek antolatutako Jakin Mina programaren antolakuntzan laguntzen du Katedrak. DBHko 4. mailako ikasleentzako programa bat da, eta ikastetxeetako zuzendaritzek hautatzen dituzte parte hartzeko ikasleak, haien motibazio akademikoa aintzat hartuta. Aukeratutako ikasleei askotariko gaiei buruzko bost hitzaldi ematen dizkiete lehen mailako zientzialariek eta irakasleek. Programa hau Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan garatzen da. Katedra laguntza lanetan aritzen da, hizlariak hautatzen eta Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei ematen zaizkien hitzaldiak antolatzen. Hitzaldi bakoitzak 40 ikasle inguru izaten ditu. 2017. urtean, honako hitzaldi hauek koordinatu dira:

  • Deustuko Unibertsitatea:
    • Marta Barandiarán (UPV/EHU): No soy creativa ni nunca lo seré (Urtarrilak 13).
    • Unai Paskual (Ikerbasque; BC3): Klima aldaketaren gakoak eta erronkak (Otsailak 3)
    • Onintze Salazar (Euskalmet): Eguraldi iragarpenak, zergatik ez dira beti betetzen? (Martxoak 10).
  • Bizkaia Aretoa, UPV/EHU:
    • María Silvestre (Deustuko U.): Las encuestas de valores, qué preguntamos y por qué (Urtarrilak 13).
    • Patxi Juaristi (UPV/EHU): Zergatik asmatzen duten inkestek? (Urtarrilak 13).
    • Eva Navas (UPV/EHU): Tecnologías del habla, ¿de qué son capaces? (Urtarrilak 27).
    • César Coca (El Correo eta UPV/EHU): ¿Para qué hacen faltas periodistas si todo está en las redes sociales? (Urtarrilak 27).
    • María José Sainz (Ikerbasque; BC3): Climate Change: A global treat and a Global Opportunity Toward a Sustainable Development (Otsailak 10).
    • Andone Estonba (UPV/EHU): DNA ikerketa gizartera zabaltzen (Otsailak 17).
    • Ikerne del Valle (UPV/EHU): Natura baliabideen gorbernua (Martxoak 3).
    • Miguel Ángel Gutiérrez (UPV/EHU): La catálisis, tecnología clave para el control de la contaminación (Martxoak 10).
    • Idoia Ros (UPV/EHU): Hizkuntza gure baitan. Iraultza zientifiko baten historia (Martxoak 24).
Kristalizazioa eskolan

2015ean, Kristalizazio lehiaketa jarri zen martxan, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEn DBH eta Batxilerra egiten ari diren ikasleentzat sortutako lehiaketa honen helburua gazteengan interesa piztea da, esperimentu zientifiko bat egin eta uler dezaten, kristalen sorrera erabilita akuilu gisa. Horrela, kristalen edertasunaz eta haien sormen prozesuaz baliatuta, bigarren hezkuntzako ikasleen zientziarako interesa bultzatu nahi da. Lehiaketa UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko IMaCris/MaKrisil taldeak antolatzen du, Geobizirik elkartearen eta Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzaz.

Lehiaketaren bigarren edizioa 2016ko azaroan hasi, eta 2017ko maiatzean amaitu zen. Bigarren edizio horretan, 34 ikastetxek eman zuten izena (Arabatik, 5, Gipuzkoatik, 5, eta Bizkaitik, 29) eta guztira 1.200 ikaslek eta 52 irakaslek parte hartu zuten. Hala, abenduan, kristalen konposizioari buruzko prestakuntza jaso zuten.

2017ko urrian, lehiaketaren 3. edizioa jarri zen martxan, eta 2017ko azaroan hasi, eta 2018ko maiatzean amaituko da. Edizio honetan, EAEko 32 ikastetxetako (Gipuzkoako 6, Arabako 3 eta Bizkaiko 23) 1.250 ikasle ari dira beren proiektuak prestatzen. Horrez gainera, bigarren hezkuntzako 35 irakasle joan dira kristalografiari buruzko prestakuntza ikastaroetara.

Hirugarren edizio honen finala 2018ko maiatzaren 11n izango da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Areto Nagusian.

Ciencia Clip

Ciencia Clip lehiaketaren bigarren edizioa otsailaren 16tik irailaren 16ra egin zen. Bigarren data horretan egin zen sari banaketa. Bigarren Hezkuntzako 700 ikaslek parte hartu zuten, beste herrialde batzuetakoak barne (Alemania, Kanada, AEB eta Maroko). 529 bideo aurkeztu ziren guztira: 175 Latinoamerikako ediziokoak eta 354 Espainiako estatukoak. 354 bideo horietatik, 346 igaro ziren lehiaketa fasera: 94 animazio modalitatean eta 252 Youtuber modalitatean. Kategorien arabera, honela banatu ziren: DBH1 eta 2ko ikasleen 73 bideo; DBH3 eta 4ko ikasleen 119 bideo; eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleen 162 bideo.

Epaimahaiaren erabakiz, honako hauek izan ziren Ciencia Clip bideo lehiaketaren 2. edizioaren irabazleak:

Irailaren 16an, Naukas Bilbao 2017 ekitaldiaren barnean, sariak banatu eta bideo onenari ematen zaion sari bereziaren (bidaia Genevako CERN zentrora) irabazlearen izena jakinarazi zen: Elena Alcina (Excepciones de la suma). Abenduaren 1etik 3ra arteko asteburuan joan zen bidaian bere familiarekin.

Ciencia Show

CienciaShow lehiaketa bat da, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat sortua, 2017an hainbat autonomia erkidegotan egin zena. Programaren barnean egin ziren: Big Van taldearen ikuskizunak (bakarrizketagile zientifikoak), ikusle kopuru handi bat (aipatutako mailetako ikasleak) har zezakeen agertoki batean; irakasleentzako prestakuntza saioak; lehiaketa fasea (parte hartzaileek bideo labur bat grabatu zuten, irakasleen laguntzaz, antolakuntzari bidali ziotena). Hautatuek bakarrizketa aurkeztu zuten beren hirian zuzenean, eta finala Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen, irailaren 14an. 2017an, EAEko lehiaketa UPV/EHUren Bizkaia Aretoan egin zen, martxoaren 13, 14 eta 15ean. Saioetan, autonomia erkidegoko hainbat ikastetxetako 1.350 ikaslek parte hartu zuten.

Lehiaketaren finala irailaren 14an egin zen, Euskalduna Jauregiaren Barria Aretoan. Bost bakarrizketagile aritu ziren, epaimahaiaren eta publikoaren aurrean. Irabazlea Asier Fernandez izan zen, Lauaxeta Ikastolako ikaslea, eta CERN zentrora bidaia bat, senide batez lagunduta, irabazi zuen.

Katedra, aplikazioa

2017ko uztailean, Kultura Zientifikoko Katedrak Katedra argitaratu zuen, gailu mugikorren bidez albisteak, ekitaldiak, bideoak, podcast-ak eta haren eduki guztiak eskuratzeko aplikazioa. Aplikazioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez sortu da, eta Katedrak editatzen dituen lau blogen edukiak jasotzen ditu, Zientzia.info webguneko argitalpenekin batera. Edukietara harpidetzeko aukera ematen du, edukiak hautatuta hizkuntzen eta gaien arabera. CodeSyntax-ek sortu du eta Android nahiz iOS sistemekin erabil daiteke.

Lankidetzak Ikastetxeak

2017an, harremanak izan dira EAEko hainbat ikastetxerekin haien behar espezifikoei erantzuteko. Alde batetik, laguntza zientifikoa eman zitzaien Bilboko La Salle Ikastetxeko DBH3 eta DBH4 mailetako hiru ikasle talderi, aztergai zituzten gaiak garatzeko: drogak eta farmakoak, bakterioak eta onddoak, eta ingurumen ingeniaritza. UPV/EHUko lau irakaslek laguntza eman zieten ikasleei beren lan zientifikoetan: Leyre Urigüen eta Koldo Callado, Erizaintza eta Medikuntza Fakultateko Farmakologia saileko irakasleak; Josu Jugo, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika saileko irakaslea; eta María Jesús Sevilla, fakultate bereko Mikrobiologiako katedraduna.

Bestetik, Katedrak koordinatu egin zituen zientzialari gazteek Irungo Elatzeta Ikastetxean eta Iurretako Juan Orobiogoitia Institutuan emandako hitzaldiak, ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak piztu eta emakume zientzialariek egiten duten lana erakusteko helburua zutenak. Lau ikerlari hurbildu ziren ikastetxe horietara: Aizpea Basabe, informatikaria (Informatika Fakultatea, UPV/EHU); Edurne González, kimikaria (Materialen Fisikako Zentroa); Haizea Ziarrusta, kimikaria (Plentziako Itsas Estazioa) eta Vega Asensio, biologiako doktorea eta ilustratzaile zientifikoa.

Azkenik, apirilean, Zorrozako Ikastetxe Publikoaren kultura astearen barnean, Katedrak tailer bat antolatu zuen LH5 eta LH6ko ikasleentzat eta gurasoentzat, gazteen artean –neskengan bereziki– bokazio zientifikoak pizteko. Tailerra Heber elkartearekin koordinatu zen (berdintasunean hezteko helburua duen elkartea), eta Katedraren laguntzailea den Marta Machok eman zuen, matematikako irakasle eta Mujeres con Ciencia blogaren editoreak.

Famelab finalerdia

2017ko martxoaren 24an, Bilboko Azkuna Zentroaren auditorioan, Famelab lehiaketaren Espainiako bosgarren edizioko bi finalerdietatik lehena egin zen. Bakarrizketa zientifikoen nazioarteko lehiaketa bat da, Zientzia eta Teknologiako Espainiako Fundazioak (FECYT) eta British Council-ek antolatzen dutena; La Caixa Gizarte Ekintzaren laguntza jasotzen du. UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak finalerdiaren zabalkunde lana egin zuen.

Kosmologiari buruzko hitzaldia

Maiatzaren 22an, Kultura Zientifikoko Katedraren, UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailaren eta Bilboko Bidebarrieta Liburutegiaren eskutik, Alexander Vilenkin Tufts Unibertsitateko (AEB) Kosmologia Institutuko zuzendariak (munduko kosmologo ezagunenetakoa) Hodeiertzetik haratagoko beste unibertsoak izeneko hitzaldia eman zuen.

Akuikulturaren Eguna Bilbon

Surfrider Espainia erakundeak, Biologoen Elkargo Ofizialak, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak (Ekoetxea) eta Plentziako Itsas Estazioak, Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera, jardunaldi bat antolatu zuten Akuikulturaren Egunean (ekainaren 8a). Jardunaldi hori bosgarren urtez egin zen Bizkaia Aretoan, aztergai harturik, besteak beste, akuikulturaren potentzial ekonomikoa, egungo egoera, eta esparru honetako joera teknologikoak eta ikerketa alorrekoak. Saioaren programa hauxe izan zen:

  • Igone Palacios (Unesco-UPV/EHU katedra): Pasemos de ser actores a autores del cambio: clave para nuestro bienestar.
  • Amaia Orbea (PIE–UPV/EHU): Océanos, microplásticos y contaminantes persistentes.
  • Javier Franco (AZTI–TECNALIA): Plásticos en el mar: detección, distribución y gestión.
  • Maite Louzao (AZTI–TECNALIA): Efectos de los plásticos en los ecosistemas marinos.
  • Irene Ruiz (SURFRIDER Foundation Europe): Proyecto Life-Lema.
  • Enrique Franco (AMBAR Cetáceos): Tragando plástico 2.
Neurozientziari buruzko hitzaldia

Josep Dalmau (Bartzelonako San Joan de Déu Ospitalea): Cerebro, mente y autoinmunidad, Achucarro Forumean (lankidetza Achucarro Basque Center for Neuroscience zentrorekin). Urriaren 26a, Dock, Bilbo.

Katedraren zuzendariaren jarduera

Atal honetako jarduerak Katedraren koordinatzaileak egin ditu. Dibulgazio eginkizuna dute eta unibertsitateko gaiak edo zientziaren eta gizartearen arteko harremanari lotutako gaiak lantzen dituzte.

  • Hitzaldia: Cultura y evolución humana (Naukas Coruña). Otsailaren 25a, Rosalía de Castro Antzokia; Coruña.
  • Hitzaldia: Nacidos para correr. Martxoaren 23a, Zientzia Fakultatea, Coruñako Unibertsitatea; Coruña.
  • Hitzaldia: La tríada que activa la ciencia (Fundación Paideia; Programa: Conocimiento, saber y ciencia: Función, compromiso y responsabilidad del ciudadano). Martxoaren 23a, Coruña.
  • Hitzaldia: El sistema de la difusión social de la ciencia (Bionorth). Martxoaren 25a, Bilbo.
  • Hitzaldia: Korrika egiteko jaioak (programa: BANZientzia). Martxoaren 27a, Derio.
  • Hitzaldia: Ciencia y democracia (Zimatek). Apirilaren 26a; Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU, Leioa.
  • Mahai ingurua: Impacto social de la actividad investigadora: tomemos medidas. Ikerbasque/Unibasq. Maiatzaren 23a, Bilbo.
  • Ponentzia: Cada ideología genera sus hechos alternativos, Se non è vero…” post-verdad, hechos alternativos y spam informativo mintegian (EHUgune). Ekainaren 13a, Bilbo.
  • Ekainaren 26, 27 eta 28a: ikastaroa UIMPn
  • Hitzaldia: La Cátedra de Cultura Científica, Divulgación y cultura científica: diálogo Universidad-Sociedad uda ikastaroan (UIMP). Ekainaren 26a, Santander.
  • Bakarrizketa zientifikoa: Volar al cielo, Divulgación y cultura científica: diálogo Universidad-Sociedad uda ikastaroan (UIMP). Ekainaren 27a, Santander.
  • Hitzaldia: Los límites del conocimiento, Una aventura científica: de las partículas elementales al conocimiento uda ikastaroan (UPV/EHU). Uztailaren 11, Donostia.
  • Bakarrizketa: Siete pequeños diablos (Naukas Bilbao). Irailaren 15a, Bilbo.
  • Bakarrizketa: En el techo del mundo (Naukas Bilbao). Irailaren 16a, Bilbo.
  • Eztabaida: La sociedad en tiempos de posverdad, Antonio Rovira, UAMko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna, eta Alfonso Carlosena, UPNAko errektorea (UPNAren XXX. urteurrena). Urriaren 2a, Iruñea
  • Mahai ingurua: Evolución, vida, complejidad y conciencia (Mestizajeak / Literatura eta Zientziari buruzko nazioarteko 3. topaketa). Urriaren 24a, Donostia.
  • Hitzaldia: Ciencia para una vida mejor (Gaitasun Eskola; Bilbao Gaitasun Fundazioa). Urriaren 28a, Bilbo.
  • Ponentziak (3): ¿Qué es la ciencia?, El ecosistema de la divulgación científica eta La Cátedra de Cultura Científica de la Universidad del País Vasco (Ikastaroa: Komunikazio Zientifiko-Unibertsitate Aditu Espezializazioa; Vic-Eduscopi Unibertsitatea). Azaroaren 17a, Bartzelona.
  • Mahai ingurua (moderatzailea): ¡Cómo está el sector! (Zientziaren Komunikazio Sozialaren VI. Batzarra). Azaroaren 24a, Kordoba.
Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzaileak

Katedrak antolatzen dituen jardueretan, haren laguntzaile iraunkorrak diren Ana Arrieta, Marta Macho, Miren Bego Urrutia, Aitor Bergara eta Raúl Ibañez irakasleek parte hartzen dute, Juan Ignacio Pérez Iglesiasen koordinazio pean. Gainera, Eduardo Angulo irakasle erretiratuak ere laguntzen du. Ana Arrietak Gipuzkoako Campuseko jarduerak koordinatzen ditu; Marta Machok, Mujeres con Ciencia blogaren zuzendaria izateaz gainera, Cuaderno de Cultura Científica blogean eta Katedraren beste jarduera batzuetan ere parte hartzen du; Miren Bego Urrutiak eta Aitor Bergarak Zientziateka programan parte hartzen dute; Raúl Ibáñezek Matemáticas para mentes inquietas tailerra koordinatzen du, Diálogos en la Frontera programa zuzentzen du (programa hasi berria), Katedrak parte hartzen duen matematika zabaltzeko ekintzak koordinatzen ditu eta Cuaderno de Cultura Científica blogean parte hartzen du; Eduardo Angulok Cuaderno de Cultura Científica blogean parte hartzen du.

Marta Macho Stadlerrek 2016ko Berdintasunerako Emakunde Saria jaso zuen 2017ko apirilean.

Bestetik, Uxune Martínez, César Tomé eta Ziortza Gezuragak (azken hori aurtengo urtarriletik) edukiak sortu eta zabalkunde zientifikoko lanak ere egiten dituzte Katedraren programa batzuetan, Euskampus Fundazioaren UCC+i unitateko kide gisa (fundazio horren organigrama funtzionalean txertatuta dago Katedra). Uxune Martínezek bere gain hartzen du Katedrak esku hartzen duen UCC+i unitatearen zabalkunde zientifikoko jardueren koordinazioa, Zientzia Kaieraren edizioa barne; César Tomé Mapping Ignorance, Cuaderno de Cultura Científica eta Zientzia.info-ren editorea da, eta edukiak sortzen ditu hiru baliabide horietarako. Ziortza Gezuragak Katedrak esku hartzen duen UCC+i unitatearen zabalkunde zientifikoko jardueren antolakuntzan parte hartzen du, eta Interneteko sare sozialak kudeatzen ditu.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV//EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna da.

———————————————————————————-

The post Kultura Zientifikoko Katedra: 2017ko memoria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Harraskako uraren mugimendua eta Coriolis efektua

Ar, 2018-04-17 09:00
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Gizartean askok pentsatzen dute harraskako ura hemisferio bakoitzean noranzko batean mugitzen dela Coriolis efektuaren ondorioz. Egia ote da ordea efektu hau dela noranzkoaren eragile nagusia? Zer ote da gainera Coriolis efektua? Bada galdera horiei erantzuten saiatuko gara artikulu honetan.

Mugimenduan dagoen objektu bat errotatzen ari den erreferentzia puntu batetik aztertzean azaltzen da Coriolis efektua. Demagun hegazkin bat A puntutik B puntura doala. Lurrak ez balu bere ardatzaren inguruan birarik emango, hegazkinak lerro zuzen bat egingo luke puntu batetik bestera joateko. Lurra eten gabe errotatzen ari da ordea, eta beraz, desbideratu egingo litzateke eta C puntura iritsiko litzateke. Desbideraketa hori Coriolis efektuaren ondorioa da, eta beraz, hegaldietan kontutan izan behar dute efektu hau, helmugara iristeko.

1. irudia: Hegazkin batek A puntutik B puntura joateko ibilbide zuzen bat egiten badu, desbideratu eta C puntura iritsiko da, Coriolis efektua dela eta.

Fenomeno honek Gustave Gaspar Coriolis fisikari frantsesaren izena darama; izan ere, efektua aldez aurretik ezaguna bazen ere, Coriolisek 1835ean plazaratu zuen efektu hau azaltzen zuen adierazpide matematikoa.

Efektu fisiko hau garrantzitsua da distantzia luzeak edo denbora luzez mugitzen diren objektuetan: naturan haizeen mugimenduan edota ozeanoetako ur-korronteetan eragina dauka, airea edo ura eskala handietan mugitzen direlako. Haizearen kasuan, airea presio altuko eremu batetik presio baxuko eremu batera mugitzen da, baina aire-fluxu horrek ez du lerro zuzen bat egiten. Izan ere alde batetik lurra mugitzen ari da bere baitan eta bestetik biratze-abiadura ez da berdina poloetan edo ekuatorean; ekuatorean errotazio abiadura handiagoa da. Ipar hemisferioan antizikloietan haizea erlojuaren noranzkoan mugitzen da Coriolis efektuaren ondorioz, eta zikloietan berriz, erlojuaren aurkako noranzkoan. Hego hemisferioan haizearen mugimendua aurkako noranzkoan gertatzen da. Coriolis efektua mugitzen ari den objektuaren abiaduraren menpekoa da eta mugimendu hori gertatzen den latitudearen araberakoa; izan ere ekuatorean ez dago desbideraketarik.

Ozeanoetako korronteetan ere eragina dauka efektu honek. Ur korronteak sortzen dituzten faktoreen artean haizea, Coriolis efektua eta gatz kontzentrazio desberdinen ondorioz sortzen den dentsitate gradientea daude. Coriolis efektua eta presio altuko eremu baten inguruan gertatzen den fluxuaren ondorioz, ipar hemisferioan ur korronteak erlojuen noranzkoan biratzen dira, eta hego hemisferioan berriz erlojuaren zentzuaren aurka.

Ikusi dugunez, Coriolis efektuak eragina dauka aire eta ur-masa handien mugimenduan, baina harraskako uraren biraketaren noranzkoan eragiten ote du?

2. irudia: Coriolis efektuak ez du hustubideen noranzkoa zehazten.

Lehenik eta behin kontutan izan behar da urak harraskan egiten duen distantzia oso txikia dela, eta beraz Coriolis efektua oso txikia da bertan gertatzen diren beste efektuekin alderatuz.

Esaterako, uraren hondar-mugimendua ere oso efektu garrantzitsua da. Harraska betetzerakoan urak mugimendu jakin bat izango du eta denbora luzez itxaron beharko da ur horren mugimendua ia guztiz desagertu arte.

Horretaz gain, tapoia kentze hutsak, harraskaren inguruan gerta daitezkeen aire korronteak, tenperatura desberdintasunak edo harraska simetrikoa izateak edo ez uraren mugimendu txikiak eragin ditzake.

Beraz, etxeko harraska batean zaila da Coriolis efektuaren ondoriozko fluxua ikustea, gainontzeko efektuak indar hau baino handiagoak direlako, eta ondorioz horiek izango direlako uraren fluxuaren noranzkoaren eragile nagusi.

Laborategietan ordea, oso baldintza berezietan egin izan dira esperimentuak. Esaterako, 60ko hamarkadan Ascher Shapiro ikertzaileak horrelako esperimentu baten berri azaltzen zuen Nature aldizkarian. Esperimentua egiteko, tanke handi bat eraiki zuten eta urez bete zuten; hor, uraren mugimendua erlojuaren noranzkoan gertatzen zen. Ondoren 24 ordu itxaron zuten uraren hondar-mugimendua desager zedin. Tapoia kenduta, ikusi zuten ura erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan mugitzen zela; honek esan nahi zuen hasierako ur mugimendua guztiz desagertua zela, eta fluxuaren noranzkoa Coriolisen efektuaren ondorioz gertatzen zela.

Laburbilduz, baldintza arruntetan, hau da, gure etxeko harraskan Coriolis efektuak ez du erabakitzen uraren mugimenduaren noranzkoa. Izan ere, gainontzeko efektuak askoz ere sendoagoak dira.

Erreferentzia bibliografikoak:

.- Petersen, James F., Sack, Dorothy., Gabler, Robert E (2011). Fundamentals of physical geography. Boston: Cengage Learning.

.- Shapiro, Ascher H. Bath-Tub vortex, Nature (1962), 196, 1080-1081. DOI:10.1038/1961080b0

Iturriak:

The post Harraskako uraren mugimendua eta Coriolis efektua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

On Zientzia: Arrazak

Al, 2018-04-16 15:00
Naturaren osagaiak ikasteko, zientziak sailkapenak egin behar ditu. XVII. mendean, esplorazioaren aro kolonizatzailearekin batera, etnia ezberdinen giza taldeen sailkapena hasi zen eta arraza kontzeptua jaio. Arraza, taxonomikoki, espeziearen azpitik sailkatuta dago, ezaugarri fisiologiko batzuk komunean izateari deritzo.

Gizakiak zientifikoki sailkatzeko jaio zen taxonomia; garai hartan, ezaugarri fisikoak baliatuta, giza espeziea talde ezberdinetan sailkatzen hasi ziren. XVII. mendean etnia ezberdinen giza taldeen sailkapena hasi zen, gizatasuna talde ezberdinetan banatuta geratzen da eta arraza kontzeptua sortzen da.

Arrazaren mitoari esker, mendeetan zehar izan ditugun gudak, sarraskiak, bazterketa, justizia eza eta oinazea pairatu dira. “Arrazak” bideo honekin baldintza arbitrarioek ez dutela arraza bat mugatzen frogatzen du Unai Undak, On Zientzia lehiaketaren VII. edizioan euskarazko irabazlea izan zena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Arrazak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Haragi gorria jatearen eta kolon distaleko minbiziaren artean lotura aurkitu dute emakumeengan

Al, 2018-04-16 09:00
Kolon distaleko minbizia izateko arrisku txikiagoa dute haragi gorririk gabeko dieta egiten duten emakumeek, ikerketa baten arabera.

Irudia: Haragia jateak kolonaren eta ondestearen atal batzuetan eta besteetan desberdin eragin dezakeela ikusi dute ikerketan.

Ohiko dieta ereduen eta kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskuaren arteko lotura ikertu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren (UKWCS) datuak baliatuta lau dieta alderatu dira ikerketan: erregulartasunez haragi gorria, hegaztiak, arraina kontsumitzen dutenak eta dieta begetarianoak. Koloneko atal jakinetan minbizia garatzeko arriskuan dieta bakoitzak zer eragin duen ikertu dute eta, ikusi dutenez, haragi gorria sarri jaten dutenek kolon distaleko minbizi tasa handiagoa dute haragi gorririk jaten ez dutenek baino.

Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren (UKWCS) datuak erabili dituzte ikerketan: Ingalaterrako, Galesko eta Eskoziako 32.147 emakume biltzen dituena. Minbiziaren Mundu Ikerketaren funtsak emakume horiek bildu eta inkestatu zituen 1995 eta 1998 urteen artean eta ondoren, bataz beste, 17 urteko jarraipena egin zien.

Dieta ohiturak jasotzeaz gain, kolon eta ondesteko 462 kasu dokumentatu dira. 335 koloneko minbizi kasuetatik 119 kolon distaleko minbizi kasuak izan dira. Aztertutako lau dieta ereduen eta kolon eta ondesteko minbiziaren arteko lotura ikertzeaz gain, ondorengo miaketa analisi batean dietaren eta minbizia agertutako koloneko azpiatalen artekoa ere aztertu dute.

Haragi gorri ezberdinek eta dieta patroiek kolon eta ondesteko minbiziaren kokapenean zer eragin duten argitzea da dietaren eta ondesteko minbiziaren ikertzaileentzako erronka handienetako bat. Lotura horren bila dabilen ikerketa bakarretakoa da honakoa eta, nahiz eta azterketa gehiago eta ikerketa zabalagoak beharrezkoak izan, informazio baliagarria eskain liezaieke familian kolon eta ondesteko minbiziko aurrekariak dituztenei edo prebentzioan eta osasun plublikoan lanean ari direnei.

Iragarpenen arabera, 2030. urterako 2,2 milioi kolon eta ondesteko edo hesteetako minbizi kasu baino gehiago diagnostikatuko dira munduan. Emakumeei gehien diagnostikatzen zaien minbizietatik hirugarrena da Erresuma Batuan. Aurretik egindako zenbait ikerketak iradoki izan dute haragi gorri eta prozesatu asko jateak handitu egiten duela kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua eta, estimazioen arabera, Erresuma Batuko hesteetako bost minbizitatik bat halako haragia jateari lotuta dago. Hala ere, informazio gutxi dago dieta eredu jakinei eta minbiziak hestean izango duen kokapenari buruz.

Haragia jateak kolonaren eta ondestearen atal batzuetan eta besteetan desberdin eragin dezakeela argitzen laguntzeaz gain, ikerketak agerian utzi du zer garrantzitsua den pertsona talde handien dietari buruzko informazio fidagarria izatea. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketa eskura izanda, osasun publikoko joerak azaleratzeko eta dietak nola lagun dezakeen minbiziari aurre hartzen aztertzeko gai izan dira ikertzaileek.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Loturak haragi gorria jatearen eta kolon distaleko minbiziaren artean emakumeengan

Erreferentzia bibliografikoa:

Rada‐Fernandez de Jauregui, D. , Evans, C. E., Jones, P. , Greenwood, D. C., Hancock, N. and Cade, J. E. (2018), Common dietary patterns and risk of cancers of the colon and rectum: Analysis from the United Kingdom Women’s Cohort Study (UKWCS). Int. J. Cancer. . doi: 10.1002/ijc.31362

The post Haragi gorria jatearen eta kolon distaleko minbiziaren artean lotura aurkitu dute emakumeengan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #198

Ig, 2018-04-15 09:00
Uxue Razkin

Astronomia eta astrofisika

Esne Bidearen erdian eta Lurretik 25.000 argi-urtera dagoen zulo beltz erraldoiaren inguruan, dozena bat zulo beltz txiki detektatu ditu Columbiako Unibertsitateko (AEB) astronomo-talde batek. Ikertzaileek iradoki dute gure galaxiaren zulo beltz erraldoiaren inguruan beste 10.000-20.0000 zulo beltz txiki egon daitezkeela. Aurkitutako zulo beltz txikiak izar baten eta zulo beltz baten sistema binarioak direla ikusi dute. Hemendik aurrera, zulo beltz erraldoiaren eta txikiagoen arteko interakzioa aztertzeko aukera izango dute. Elhuyarrek azaldu digu. Ez galdu!

Juanma Gallego kazetariak ere eman digu albiste horren berri. X izpien analisiari esker egin dute aurkikuntza, hori izan da ikerketaren funtsa. Chandra espazio behatokiari esker lortu dituzte emaitzak, izan ere, X izpien isuriak zehaztasun handiarekin ikertzeko aukera dago orain. Zulo beltz bitarrak zulo beltz batek eta izar batek osatutako estrukturak dira. Zuloek izarren gasa xurgatzen dute, eta prozesuan izarrek X izpiak isurtzen dituzte. Hamabi zulo beltz antzematea lortu badute ere, euren banaketa aztertuta 300-500 zulo beltz bitar egon zitezkeela kalkulatu dute.

Merkurio planetako formazio geologiko batek euskarazko izena jaso du: Suge facula. Guztira, zazpi facula izendatu ditu Nazioarteko Astronomia Batasuneko nomenklatura batzordeak eta bakoitzari sugearen izena eman diote zazpi hizkuntzatan: somaliera, igbo, arabiera, afrikaans, Irlandako gaelikoa, galesa eta euskara. Faculak duela milaka milioi urte izandako bolkanismoaren ondorioa dira. Orduan bizitza bolkanikoa zuen planeta hark.

Inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du NASAren Hubble teleskopio espazialak: izar urdin erraldoia. “Ikaro” izena jarri diote. Izar berriaren identifikazioarekin batera, material ilunari buruzko teorietako bat bertan behera geratu da gainera, materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, alegia. Teleskopioak Ikaro ikusi ahal izan du fenomeno kosmiko bati esker: “Lente grabitazionala” deritzonari esker, hain zuzen.

Biologia

Iditarod da narra-lasterketarik ezagunena eta baita gogorrena ere. Hamasei txakurrek osatzen dute lasterketa-taldea: narratik tiratzen dutenak eta “musher” izeneko giza gidariak. Gogora dezagun, lasterketa hauetan parte hartzen duten txakurrak ugaztunen artean erresistentzia fisiko altuena dutenetakoak direla. Narra-txakurrek metabolismo altuenaren %50ean manten dezakete jarduera-maila egunetan zehar. Are gehiago, nekatu beharrean, erresistentzia gehiago erakusten dute lasterketa egunak igaro ahala. Gainera, Davis doktoreak aurkitu duen legez, lasterketan zehar giharraren energia-erreserbak ez omen dituzte agortzen, hau da, lasterketaren hasierako orduetan jaitsi egiten dira baina denbora aurrera joan ahala, berriz ere hasi aurretik zuten mailara hurbiltzen dira.

Ekologia

Azken ikerketaren arabera, uste zutena baino are handiagoa da plastikozko uhartea, Ozeano Barean, Kalifornia eta Hawaii artean. Zehazki, 1,6 milioi km2-ko azalera du. Tamaina argitze aldera, testuan adibide bat ematen digute: Euskal Herria baino 76 aldiz handiagoa da plastikozko uharte hori. Gainera, hori hazten ari dela esan dute ikertzaileek. Ocean Cleanup Fundazioak zuzendu du ikerketa eta datuak biltzeko 30 ontzi eta bi hegazkin erabili dituzte. Azaldu dutenez, bataz beste 10 kg plastiko daude km2-ko, eta masaren % 92 plastiko handiek osatzen dute. Emaitza horrek harritu egin ditu ikertzaileak, gehien bat mikroplastikoz osatuta zegoela uste baitzuten.

Fisika

Pedro Miguel Etxenike Materiaren Fisikan katedraduna UPV/EHUn eta Donostia International Physics Center-DIPCko zuzendaria Europako Fisika Elkarteko (EPS) ohorezko kide izendatu dute. Aitormen hori 20 pertsonak baino ez dute mundu osoan; tartean daude adibidez, Jocelyn Bell astrofisikaria eta zazpi Nobel saridun ere.

Genetika

Beste gene bat ekarri digu Koldo Garcia genetistak asteon. VEGFA du izena eta odol-hodiak sortzeko beharrezkoa da. Ehun askotan dago aktibo baina nabarmenki tiroideetan, prostatan, birikietan eta endometrioan dago. Minbizi prozesuan ere parte hartzen du. Tumoreak zelulak direnez oxigenoa eta elikagaiak behar dituzte hazten jarraitzeko, eta horretarako odol-hodiak behar dituzte. VEGFA askatzen dute hori lortzeko, hau da, iruzur egiten diote gure gorputzari, izan ere, VEFGA askatzen den lekuetan odol-hodiak sortzen baititu gure gorputzak. Minbizian daukan paperagatik ere bada interesgarria VEGFA.

Osasuna

Homeopatiaren egunean, Josu Lopez-Gazpio kimikariak gurera ekarri ditu arlo horren inguruko azken albisteak. CISen datuen arabera, homeopatiaren salmentak beherantz doaz. homeopatia Hahnemannek sortu zuen 1810ean eta kimikariak azaltzen digunez, bere ateraldietan oinarritzen da. Arau horiek, gainera, Kimikaren, Fisikaren, Biologiaren eta Medikuntzaren oinarrizko printzipioak urratzen eta ukatzen dituzte. 2011n esaten zenaren arabera, 10 milioi espainiarrek baino gehiagok erabiltzen zuten homeopatia. 2017ko datuek baina beste errealitate bat islatzen dute: 2 milioira jaitsi da homeopatia kontsumitzen dutenen kopurua. CISen arabera, sasi-zientzien artean, homeopatiak ez du “famarik onena”.

Haragi gorriaren eta minbiziaren arteko lotura berretsi dute. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Diego Rada Fernandez de Jauregi ikertzaileak gidatu du ikerketa. MOE Munduko Osasun Erakundeak 2015ean gaiari buruzko azterketa zabala egin zuen haragi gorrien eta prozesatuen inguruan eta lotura hori ondorioztatzeko arrazoi ugari zeudela adierazi zuen. Ikerketan, emakumezkoek izaten duten elikaduraren eta kolon distaleko minbiziaren artean egon daitekeen lotura argitu nahi izan dute. Ondorioztatu dute haragi gorri asko jaten duten emakumeek horrelako minbizi bat garatzeko aukera gehiago dutela.

Cannabis sativa landarean kannabinoide izeneko konposatuak daude, eta horiek propietate terapeutiko desberdinak aurkezten dituzte. Propietate psikotropikoak ez dituztenak ikertzen ari dira. Horien artean ezagunenak kannabidiola (CBD), Δ9-tetrahidrokannabibarina (THCV) eta kannabigerola (CBG) dira. Kannabinoide horiek nerbio-sistemako itu desberdinetan eragiten dute. CBDa da ikertuena. Gizakietan, bi dira horri egotzi zaizkion propietate nagusienak: eragin antiepileptikoa eta antsiolitikoa. Adibidez, THCV-aren kasuan, pertsona osasuntsuengan egindako saio klinikoren batek obesitatearen aurka erabilgarria izan daitekeela frogatu du eta gainera depresiorik eragiten ez duela.

Paleontologia

UPV/EHUko ikertzaileek, eta beste hainbat kide gazterekin batera, aste honetan Zarautzen Paleontologiako Ikertzaile Gazteen 16. Topaketa antolatu dute. Topaketak ikerketan hasi berriak diren gazteentzako bultzada izatea nahi du. Liburu batean argitaratuko dituzte ondoren kongresuan paleontologo gazteek argitaratzen dituzten ikerketak. Izan ere, argi dute zein den ikertzaile baten helburua: “Egindakoa argitara ematea”.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #198 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #211

La, 2018-04-14 09:00

Organismoaren punturen batean kontrolik gabeko zelulen hazkundea dela eta sortzen dira tumoreak. Bularren kasuan, estrogenoek eta estrogeno errezeptoreek hazkunde zelularrean duten kontrolaren akatsengatik gertatzen dira, ama zelulen diferentziazioan eragiten dutenak. Hori dela eta, ama zelula tumoralak diana terapeutiko bihurtu dira bularretako minbizi kasuan. NuRCaMein Cut the stem off to fight breast cancer arikuluan.

Zelan liteke zonalde natural bat babesteak berau andeatzea ekartzea? Manuel San Martínen When protection leads to degradation

Aldi berean transistore moduan eta galbahe molekular moduan aritzen den grafenoa lortzea ez da kontu xumea, baina erabilera anitz izan ditzake. DIPCko jendea How to synthesize a nanoporous graphene that is both transistor and molecular sieve artikuluan.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #211 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ester Zuza: “Biomaterialak gorputzean sartzen ditugu ehunen birsortze prozesuan laguntzeko” #Zientzialari (92)

Or, 2018-04-13 09:00

Jakintza-arlo desberdinetako profesionalen ikerketak ezinbestekoak izan dira azken mendean ehun-ingeniaritzaren arloan eman diren aurrerakuntzak errealitate bihurtzeko. Zientzia honen helburu nagusia ehunen eta organoen funtzioa berreskuratu, mantendu edo hobetzeko erabiltzen diren egitura biologikoak garatzea da.

Ehun-ingeniaritzan erabiltzen diren biomaterialak gorputzarekin elkarrekintzan jartzen dira ehun edo organoen eta inplanteen arteko interakzio egokia bermatzeko. Diseinatu nahi den inplantearen aplikazioaren arabera, propietate ezberdinetako biomaterial mota anitz ekoizten dira gaur egun.

Baina, zer nolako ezaugarriak dituzte biomaterialek? Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak ehun-ingeniaritzaren arloan? Galdera hauei erantzuna bilatzeko UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ester Zuza irakaslearekin izan gara.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ester Zuza: “Biomaterialak gorputzean sartzen ditugu ehunen birsortze prozesuan laguntzeko” #Zientzialari (92) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kannabinoide berriak: segurtasun eta eraginkortasun terapeutikoaren bila

Og, 2018-04-12 15:00
Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren Gizakiak antzinatik naturan aurkitu izan ditu bere gaixotasunen sendabidea. Beraz, ez da harritzekoa printzipio aktibo ezagunenak iturri naturaletan aurkitu izana, gehienak landaretan. Cannabis sativa landarean kannabinoide izeneko konposatuak daude, eta horiek propietate terapeutiko desberdinak aurkezten dituzte.

Irudia: Orain arte dauden ikerlanen arabera, kannabiseko CBDa erabilgarria izan liteke gaixotasun neuropsikiatrikoak tratatzeko. THCVa, obesitatea tratatzeko proposatu da eta CBGa, berriz, endekapenezko gaixotasunetarako.

Dena dela, kannabinoideak medikamentu gisa garatzeko oztopoetako bat dituzten propietate psikotropikoak dira, hau da, hartzaile kannabinoideak (CB) aktibatuz pertzepzioaren aldaketa eragitea. Hori dela eta, egungo terapeutikan kannabinoideen erabilera gaixotasun batzuetara mugatu izan da. Azken urteotan, eragin psikotropikorik ez duten kannabinoideek ikertzaileen arreta piztu dute. Izan ere, konposatu horiek esparru klinikoan erabiltzeko interesgarriagoak izango lirateke, oro har, hartzaile kannabinoideak zuzenean ez aktibatzeagatik segurtasun-profil hobea aurkezten dutelako. Gaur egun, kannabinoide ez-psikoaktibo ugari ikertzeko bidean badaude ere, ezagunenak honakoak dira: kannabidiola (CBD), Δ9-tetrahidrokannabibarina (THCV) eta kannabigerola (CBG). Kannabinoide horiek nerbio-sistemako itu desberdinetan eragiten dute.

CBDa kannabinoide ez-psikoaktiboen artean ikertuena da. In vitro ereduetan zein animalietan egindako ikerketek kannabinoide honek sistema serotonergikoa, sistema endokannabinoidea eta hanturan parte hartzen duen sistema erregulatzen dituela frogatu dute. Animalia-ereduei esker, posiblea izan da kannabinoide horrek dituen efektu antipsikotikoak, antidepresiboak, antsiolitikoak, antiepileptikoak, motoreak eta goitikaren kontrakoak frogatzea. Aipaturiko eragin horiek neurotransmisio-sistema desberdinen modulazioarekin erlazionatzen badira ere, ebidentzia gehien bildu dituena sistema serotonergikoa izan da eta, bereziki, 5-HT1A hartzailea. Gizakietan, bi dira CBDari egotzi zaizkion propietate nagusienak: eragin antiepileptikoa eta antsiolitikoa. Espainian 2010. urtetik aurrera osagai moduan CBDa duen eta esklerosi anizkoitzaren tratamendurako aproposa den medikamentu bat merkaturatuta dago, Sativex (CBD eta Δ9-THC konbinaketa) izenez ezagutzen dena.

Bestalde, THCVaren eta CBGaren efektuak oraindik ez dira ondo karakterizatu. Animalietan egindako ikerketek THCVak gosea inhibitzen duela frogatu dute. Bestetik, 5-HT1A hartzailearen aktibazioaren bidezko eragin antipsikotikoak ere deskribatu dira eta baita eragin antidepresiboak ere. Pertsona osasuntsuengan egindako saio klinikoren batek ere THCVa obesitatearen aurka erabilgarria izan daitekeela frogatu du eta gainera depresiorik eragiten ez duela. Izan ere, aurretik indikazio horretarako merkaturatu zen kannabinoide bat, Acomplia®, obesitatea tratatzeko erabilgarria zen baina egoera emozionalaren asaldura eragiten zuen. Azkenik, CBGaren ituak oraindik deskribatu gabe daude, eta are gutxiago haren efektu farmakologikoak. Ikerketaren batek eragin antidepresiboa duela iradoki badu ere, ebidentzia gehienek hanturaren inhibizioa frogatu dute. Eragin horri esker CBGak efektu neurobabesgarria izan dezakeela proposatu da, adibidez, Huntington gaixotasunean baina oraindik ez da eragin hori saio klinikoetan frogatu.

Laburbilduz, kannabinoide ez-psikoaktiboei buruz dauden ebidentziak itxaropentsuak izan arren, horien ituak, ezaugarri farmakologikoak eta eraginak sakonago ikertu behar dira. Orain arte dauden ikerlanen arabera, CBDa erabilgarria izan liteke gaixotasun neuropsikiatrikoak tratatzeko. THCVa, obesitatea tratatzeko proposatu da eta CBGa, berriz, endekapenezko gaixotasunetarako. Badirudi kannabinoide horien segurtasun-profil hobearen arrazoia, sistema kannabinoidea zeharka erregulatzea edota beste itu desberdinak modulatzea (adibidez, sistema serotonergikoa) dela. Beraz, hurrengo urteetan baliteke kannabinoide horien erabilera klinikoa hedatzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Kannabinoide berriak: segurtasun eta eraginkortasun terapeutikoaren bila.
  • Laburpena: Cannabis sativa landarean kannabidiola, kannabigerola edo Δ9-tetrahidrokannabibarina bezalako kannabinoide ez-psikoaktiboak aurki daitezke. Oro har, kannabinoide horiek kannabinoideen hartzaileekiko (CB) afinitate txikia dutenez, ez daukate kannabinoide klasikoek (bereziki Δ9-THCak) duten aktibitate psikoaktiboa. Gizakietan eta animalietan kannabinoide ez-psikoaktiboekin egindako lehenengo ikerketek horien propietate terapeutikoak frogatu dituzte. Efektu horiek azaltzeko itu eta mekanismo desberdinak proposatu dira, besteak beste, hartzaile serotonergikoen aktibazioa edota entzima desberdinen modulazioa.
  • Egileak: Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-20
  • DOI: 10.1387/ekaia.16320

—————————————————–
Egileez: Erik Aostri, Joseba Pineda eta Aitziber Mendiguren UPVEHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Kannabinoide berriak: segurtasun eta eraginkortasun terapeutikoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

«Iditarod» lasterketako txakurrak

Og, 2018-04-12 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Ospe handiko narra-lasterketak egiten dira Alaskan. «The Copper Basin 300» da horietako bat, horri buruz aritu gara aurreko atalean. Beste bat Iditarod izenekoa dugu; lasterketa ezagunena da eta; seguru asko, gogorrena ere bai.

Irudia: Iditarod lasterketa da, ziur aski, narra-txakurren lasterketarik gogorrena eta ezagunena. (Irudia: Frank Kovalchek)

Parte hartzaileek 1.161 milia (1.868 km) egin behar dituzte Willow-etik (Anchorage hiritik gertu) Nome-raino eta 9-15 egun ematen dituzte horretan. Hamasei txakurrek osatzen dute lasterketa-taldea: narratik tiratzen dutenak eta «musher» izeneko giza gidariak.

Aurreko ataletan esan dugun bezala, lasterketa horietan parte hartzen duten txakurrak oso gogorrak dira, ugaztunen artean erresistentzia fisiko altuena dutenetakoak seguru asko. Azken urteotan, gainera, zenbait musherrek egiaztatu dute uste zena baino erresistentzia eta ahalmen handiagoa dutela txakurrok. Izan ere, lehen 6 orduko lasterketa-aldiak eta beste 6 orduko atsedenaldiak txandakatzen zituzten, baina azken urteotan lasterketa aldi luzeagoak egiten hasi dira, eta emaitza hobeak lortu dituzte horrela. Lasterketaren azken egunetan astiroago badoaz ere, denbora luzeago egon daitezke gelditu gabe (bai eta 14 ordu ere).

Narra-txakurren ahalmen horrek Estatu Batuetako armadan interesa piztu du, soldaduentzat nahi lukete-eta txakurrek duten erresistentzia fisiko hori. Begi-bistakoa da interes horren arrazoia, ezta? Hori dela eta, Defentsarako Ikerketa Aurreratuko Egitasmoetarako Agentziak 1’4 M$-ko diru-laguntza eman dio Oklahoma Estatuko Unibertsitateko ikertzaile bati. Michael Davis doktorea da ikertzailea eta animalien ariketa fisikoa da haren lan-esparrua.

Narra-txakurrek metabolismo altuenaren %50ean manten dezakete jarduera-maila egunetan zehar. Ez hori bakarrik, musherrek diotenaren arabera, nekatu beharrean, erresistentzia gehiago erakusten dute lasterketa egunak igaro ahala. Davis doktoreak, bestalde, lasterketan zehar giharraren energia-erreserbak ez dituztela agortzen aurkitu du. Lasterketaren hasierako orduetan bai, jaitsi egiten dira, baina denbora igaro ahala lasterka hasi aurretik zuten mailara hurbiltzen dira erreserba-mailak berriro, batez ere glukogenoarenak. Azken egunetan bai, jaitsi egiten dira, baina oso astiro. Noski, txakurrak oso ondo elikatuta daude, proteinetan eta batez ere gantzetan oso aberatsa den janaria ematen baitzaie. Beraz, argi dago ariketa egiteko erabiltzen duten erregai gehiena janaritik ateratakoa dela edo giharrak ez diren beste organoetatik, proportzioan oso neurri txikian erabiltzen baitute giharretan gordeta dagoena.

Esan bezala, txakurrek oso neurri mugatuan erabiltzen dituzte giharraren glukogeno-erreserbak. Dirudienez, muskuluko triglizeridoak eta gorputzaren beste organoetan gordeta dauden lipidoak ere erabiltzen dituzte, baina gantzetan aberatsa den janaria emanez, janariaren gantz hori da erabiltzen duten energia-iturri nagusia, erreserbak gehiegi erabili beharrik gabe. Animalia gehienek, eta batez ere ahalegin luzeak egiten dituztenek, gantzak erabiltzen dituzte energia-emari nagusi gisa, baldin eta nahikoa bada eskuragarri dutena; eta eskuragarri egoteak esan nahi du muskuluan edo lipido-biltegietan egotea edo janariaren bitartez lortu ahal izatea.

Narra-txakurrek beste txakur-arrazek baino gihar-zuntz gorri gehiago dute. Ezaguna denez, mioglobinan eta mitokondrioetan aberatsak dira zuntz gorriak, oso ondo odoleztatuta daude eta lipidoak dira haien metabolismoaren substratu nagusiak. Ezaugarri horiei esker astiro uzkurtzen dira eta nekearekiko erresistentzia altua erakusten dute. Entrenamenduaren ondorioz, gainera, areagotu egiten dira ezaugarri horiek, ezaguna baita entrenamenduak katabolismo aerobikoaren etekina eta eraginkortasuna areagotu egiten dituela eta lipidoen erabilera ere handitu egiten duela. Hori dela eta, ariketa fisikoaren eta metabolismoaren mutur batean daude narra-txakurrak, erresistentzia fisiko altuenetakoa duten ugaztunak baitira.

Ezin esan nekaezinak direnik, baina sinesgaitza dirudi egiten duten ahalegina; oso handia da, metabolismo gorenaren erdiari baitagokio, eta luze irauten du, zortzi egunetik gorako lasterketak egiten baitituzte. Ez dakigu gizakiari aplikatzeko moduko kontuak diren ala ez, baina beharbada ez legoke gaizki gero eta lipido gehiago sartzea erresistentzia handiko kirolarien jakian, lipidoak baitira muskulu geldo nekagaitzek erabiltzen dituzten erregai nagusiak eta gihar horiek baitira narra-txakurrek gehien erabiltzen dituztenak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post «Iditarod» lasterketako txakurrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Galaxiaren erdialdean milaka zulo beltz daudela kalkulatu dute

Az, 2018-04-11 09:00
Juanma Gallego Hamabi zulo beltz bitar antzemateko gai izan dira astrofisikariak, estruktura horiek sortzen dituzten X izpien analisiari esker. Ondorioztatu dutenez, gure galaxiaren erdialdetik gertu milaka zulo beltz egon daitezke.

X izpien bidezko astronomiak izugarrizko aurrerapena egin du azken urteetan. Duela lauzpabost hamarkada, diziplina hori martxan jarri zenean, astrofisikariek izugarrizko trikimailuak egin behar zituzten espaziotik datorren argi espektroaren eremu hori behatu ahal izateko. Ikerketa arlo berriaren hastapenetan, batez ere globo estratosferikoak erabiltzen zituzten. Atmosferak (zorionez) X izpiak xurgatzen dituenez, ezinbestekoa da atmosferaren eraginetik kanpo egotea behaketak egin ahal izateko.

1. irudia: Chandra behatokiak eskuratutako datuei esker egin dute aurkikuntza. Irudian, galaxiaren erdialdeko Sagitarius A* eremua. (Argazkia: NASA/Chandra)

Gaiaren inguruan Walter Lewinek For the love of physics liburuan kontatutakoa zeharo argigarria da. Globoak oso garestiak ziren, eta Esne Bidearen erdialdean sortzen ziren X izpien isuriak antzemateko Hego Hemisferiora jo behar zuten -Lewinen kasuan, AEBetatik Australiara-. Globoei jarraipen etengabea egin behar zieten, batzuetan hegazkinez, eta gero lurrean onik berreskuratu behar zituzten. Ahalegin hauek guztiak egin ostean, gainera, batzuetan datuak betiko galtzen ziren.

Satelite artifizialen garapenak teknika izugarri erraztu zuen, eta denborarekin, gainera, X izpien jarraipena egiteko beren-beregi prestatutako behatoki bat martxan jarri zen: Chandra espazio behatokiari esker, X izpien isuriak zehaztasun handiarekin ikertzeko aukera dago orain.

Behatoki horren bitartez eskuratutako datuak erabili dituzte orain aurkikuntza nabarmena egiteko. Ikertzaile talde batek Nature aldizkarian proposatutakoaren arabera, Esne Bidearen erdialdean milaka zulo beltz egon daitezke. Aurkikuntza hori egiteko, X izpien ikerketa funtsezkoa izan da.

Modu teorikoan bada ere, aurretik ere zientzialariek aurreikusia zuten galaxia handien erdian dauden zulo beltz supermasiboen inguruan beste zulo beltz txikiagoak egon behar direla. Hala ere, orain arte ezinezkoa izan da horien antzematea.

Gure galaxiaren kasuan, erdialdeko zulo beltzak Sagittarius A* izena du. Berez, Esne Bidearen erdian kokatuta dagoen irrati iturria da hori, baina zientzialariek uste dute estruktura horren barruan zulo beltz supermasiboa dagoela. Orain, zulo horren inguruan beste hamabi zulo beltz bitar daudela ikusi dute, eta horrek bidea eman die ikertzaileei pentsatzeko 10.000 zulo beltz baino gehiago egon daitezkeela galaxiaren erdialdetik parsec bateko erradio batean (3,3 argi urte inguru).

Berez, zulo beltzek dentsitate infinitua duen puntu batean –singularitate batean, fisikarien esanetan- bilduta dute materia. Singularitate horren inguruan grabitatea hain da handia ezen argia ere ezin baitaiteke atera. Horregatik, inguruan duten materiaren arabera identifikatu ohi dira berez “ikusezinak” diren estruktura horiek. Normalean gasez eta hautsez osatutako diskoak dituzte inguruan biraka, eta materia hori zuloan erortzen den aldiro materia beroa edota erradiazioa ateratzen dira zulo beltzetik.

2. irudia: Galaxiaren erdialdea, X izpien bidezko behaketan. Gorriz, iturri termikoak agertzen dira; urdinez, iturri ez-termikoak. Azken hauek zulo beltzei dagozkienak dira. (Argazkia: Nature)

Zulo beltz bitarrak zulo beltz batek eta izar batek osatutako estrukturak dira. Zuloek izarren gasa xurgatzen dute, eta prozesuan izarrek X izpiak isurtzen dituzte. Zulo beltz bitarren eta ohiko zulo beltzen arteko balizko proportzio bat kontuan hartuta, astrofisikariek kalkulatu dute galaxiaren erdialdean egon daitekeen zulo beltzen kopurua.

Hamabi zulo beltz antzematea lortu badute ere, euren banaketa aztertuta 300-500 zulo beltz bitar egon zitezkeela kalkulatu dute. 100 zulotatik 5 zulo bitar direla kalkulatuz gero, orotara 6.000-10.000 zuloko kopurua ateratzen da.

Galaxien osaketari buruz zabalduen dagoen teoria berresteko aukera eman die aurkikuntzak. Teoria horren arabera, gure galaxia sortu zenetik, Sagittarius A* zulo supermasiboaren inguruan dagoen gasezko eta hautsezko haloak izar erraldoi ugari “elikatu” zituen, eta, behin haien erregaia bukatuta, izar horiek zulo beltz bihurtu ziren.

Ikerketaren erronka handienetako bat izan da bereiztea zulo beltzetatik datozen X izpiak eta beste iturrietatik datozenak; kasurako, izar nano zurietatik edo neutroi izarretatik. Kontuan izanda, gainera, galaxiaren erdiko aldea dentsitate handiko eremua dela, eta Lurretik distantzia itzeletara dagoela.

Columbiako Unibertsitateko (AEB) Charles Hailey astrofisikariak gidatu du ikerketa. Hala azaldu du lanaren ekarpena. “Zulo beltz supermasiboak zulo beltz txikiekin nola elkar eragiten duten ikertzeko Esne Bidea baino ez daukagu eskura. Izan ere, beste galaxietan elkarrekintza horiek ikusteko biderik ez dugu. Nolabait esateko, hau da fenomenoa ikertzeko daukagun laborategi bakarra”, azaldu du astrofisikariak ohar batean.

Etorkizunari begira, Haileyk berak aldarrikatu du orain egindako kalkulua baliagarria izan daitekeela urte gutxi barru gero eta modu finagoan garatzea espero den teknika bat hobetzeko: grabitazio uhinen bitartezko astronomia fintzeko, hain zuzen. “Ohiko galaxia batean dauden zulo beltzen kopurua jakinda, errazagoa izango da jakitea zenbat grabitazio uhin lotuta egon daitezke zulo beltzei”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Charles J. Hailey et al. A density cusp of quiescent X-ray binaries in the central parsec of the Galaxy. Nature 556, 70–73 (2018). DOI:10.1038/nature25029

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Galaxiaren erdialdean milaka zulo beltz daudela kalkulatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nanokomik#2, nanofikziozko komiki partehartzailea

Ar, 2018-04-10 15:00

Nanoteknologia gazteei hurbiltzea da nanoKOMIK egitasmoaren helburura. NanoKOMIK bi erakunderen eskutik sortzen da, CIC nanoGUNE eta Donostia International Phyiscis Center (DIPC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin. NanoKOMIK nanozientzia eta nanoteknologia alorrean ematen diren aurrerapenak ezagutarazteko tresna da, nanofikziozko komiki partehartzaile baten bidez.

2017an egitasmoaren bigarren edizioa gauzatu izan da eta bertan 240 partaidek nanobotereen mundura jauzia eman dute hainbat pertsonai aurkeztuz. Emaitzaren zati bat Nanokomik#2 komikian plazaratu da, non 2017ko helduen kategoriako erronkaren irabazleekin elkarlanean sortutako hiru komiki istorio berri jasotzen diren. Komikia euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskura daiteke www.nanokomik.com webgunean.

Irudia: NanoKOMIK#2 komikiaren azala.

Dibulgazio-komikiek erronkara aurkeztutako ideiarik originalenak bilduz, Aśka, Rubén Molina eta Jöse Sénder marrazkilariek, Amaia Arregi (DIPC) eta Itziar Otegui (nanoGUNE) proiektuaren koordinatzaileek eta komikietako egileek istorioak borobildu dituzte hiru hari berri sortuz: Munduaren domi(nano)zioa, Sugarra eta Landare Artean. Komikian zenbait pertsonaiaren gorabeherak kontatzen dira: politikari ustel bati nonahi aldi berean egoteko boterea ematen dion neuro-nano-zientzialariarena, zapuztear dagoen misio espazial bat salbatu nahi duen pertsona anonimoarena eta landareen fotosintesi-prozesua artifizialki erreproduzitzeko nanohibridoekin lanean ari den zientzialariarena.

Obra osoa creative commons lizentziapean eskura daiteke, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, paperean zein formatu digitalean www.nanokomik.com webgunean.

The post Nanokomik#2, nanofikziozko komiki partehartzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Homeopatiak alfonbra azpian ezkutatzen zuena

Ar, 2018-04-10 09:00
Josu Lopez-Gazpio Urtero bezala, gaurko egunez Homeopatiaren Eguna ospatzen dute homeopatia zaleek, Samuel Hahnemannen jaiotzaren 263. urteurrenean. Hahnemann kimikari eta mediku alemaniarra izan zen, hain zuzen ere, homeopatiaren asmatzailea. Aurten, gainera, ospakizuna egun aproposa da homeopatiari buruzko azken datuak eta berriak eguneratzeko; izan ere, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak otsaileko barometroan osasunari eta terapiei eskaini zien galdera-sorta bat eta horrek homeopatia zaleak aztoratu ditu.

CISen datuen arabera, homeopatiaren salmentak ere beherantz doaz eta, oro har, geroz eta argiago dago kontsumitzaileak homeopatian zuten fedea galtzen ari direla. Homeopatia diluitzen ari da, bai, baina oraindik badago lanik egiteko.

1. irudia: Apirilaren 10ean Homeopatiaren Eguna ospatzen dute homeopatiaren jarraitzaileek. (Argazkia: Bru-nO – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Homeopatia zertan den

Esan bezala, homeopatia Hahnemannek sortu zuen 1810ean eta bere ateraldietan oinarritzen da bakarrik. Besterik ez. Ez dago beste azalpenik homeopatiaren oinarriak azaltzen saiatzeko. Gainera, arau horiek Kimikaren, Fisikaren, Biologiaren eta Medikuntzaren oinarrizko printzipioak urratzen eta ukatzen dituzte. Alde batetik, antzekotasunaren legean oinarritzen da –similia similibus curantur delakoa- eta horren arabera, antzekoak antzekoa sendatzen du. Homeopaten ustez, substantzia toxiko batek pertsona osasuntsu bati eragiten dizkion sintomak substantzia horrekin berarekin senda daitezke. Bestetik, homeopatiaren gakoa dosi minimoen legea da. Lege horren arabera, sendagaiaren efektua bere kontzentrazioarekiko alderantziz proportzionala da, hau da, sendagai bat dosi txikiagoan hartzen bada, haren sendatzeko ahalmena handiagoa da. Bi printzipio xelebre horiek asmatu ondoren, eta bestelako inolako oinarririk gabe, Hahnemanek Organon der Rationellen Heilkunde liburua argitaratu zuen bere sinesmena fedea bailitzan zabaltzeko. Nolanahi ere, eta aski frogatuta dagoen moduan, homeopatia ez da plazebo efektua baino eraginkorragoa.

Ikerketa sakonak eta zorrotzak egin diren kasu guztietan frogatu da hori eta, hortaz, ondorioa ez da berria zientzia-komunitatean. Hainbat berrikuspen sakonek frogatu dute homeopatia ez dela eraginkorra aztertutako gaixotasun guztietan. Zientziaren arabera, eta orain arte ezagutzen denaren arabera, bi sendagai homeopatiko mota daude bakarrik: eraginkortasuna frogatu ez dutenak eta eraginkortasunik ez dutela frogatu dutenak. Nola liteke orduan homeopatia diotena bezain arrakastatsua izatea?

2. irudia: Pilula homeopatikoek ez dute printzipio aktiborik. (Argazkia: detcos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Puztutako datuak

2011n esaten zenaren arabera, 10 milioi espainiarrek baino gehiagok erabiltzen zuten homeopatia. Alabaina, 2017ko datuen arabera, 2 milioira jaitsi da homeopatia kontsumitzen dutenen kopurua. Jaitsiera nabarmena da, baina, baliteke duela 7 urteko datuak adierazgarriak ez izatea. Homeopatia zaleek askotan errepikatu izan dute 15.000 farmazietan saltzen dela, 10.000 mediku homeopata daudela, 15 milioi pertsonek kontsumitzen dutela eta kontsumitzaileen %82 pozik gelditzen dela homeopatia erabili ondoren. Hala ere, duela gutxi El Mundo-k jakinarazi duenez, datu horiek ez dira egokiak edo iturriak ez daude kontrastatuta, datu horiek lortzeko erabilitako laginak ez direlako adierazgarriak. Adibide modura aipatzen da 2011n homeopatiaren inguruko industriak egindako txostenean espainiarren %27k homeopatia maiz erabiltzen zuela esaten zen. 2014rako kopuru hori %18,3ra jaitsi zen, baina, orain CISen inkestaren arabera -interes sektorialik gabea- %5ak besterik ez du erabiltzen -sektoreko industriaren txostenak esaten zuena baino %70 gutxiago-. Aipatzekoa da, bestalde, CISen azken barometroaren arabera Espainiako populazioaren %51k badakiela homeopatiaren oinarria zein den, baina, sasi-zientzia guztien artean okerren baloratzen dena dela. Hain zuzen ere, homeopatia erabili dutenen artean 6,86 puntuko asebetetze maila lortzen du -akupunturak 7,03 eta terapia ayurvedikoek 8,89, esaterako-. Hortaz, sasi-zientzien artean ere homeopatiak ez du famarik onena.

Homeopatiaren arloko hiru enpresa nagusienen fakturazio datuak ere asko murriztu dira. 2014tik 2016ra 53 milioi euro fakturatzetik 43 milioi fakturatzera pasa dira. 15.000 farmaziak homeopatia saltzen dutela ez da datu fidagarria eta inork ez daki nola kalkulatu den. 10.000 mediku homeopata daudela errepikatzen dute homeopatia zaleek, baina, kopuru horren jatorria ere ez da ezagutzen. Ez dago iturri fidagarririk edo kontrastaturik hainbestetan errepikatzen diren mantra horien jatorria argitzeko. Horixe izan da homeopatiak oso ondo ezkutatu duen sekretua: datuak puztuz fidagarria eta arrakastatsua dela sinestaraztea.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Homeopatiak alfonbra azpian ezkutatzen zuena appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

On Zientzia: Teleskopioak

Al, 2018-04-09 15:00
Historian zehar zibilizazioek astroak begiratzeari eta ikertzeari ekin diote. Gizakia zeruko hainbat gertaeraz ohartu izan da: eguzki eta ilargi eklipseak, besteak beste. Teleskopioak baliatu izan dira horretarako.

1590an asmatu zuen teleskopioa Hans Lippershey-k. Hemeretzi urte geroago, 1609an, Galileo Galileik lehenengo teleskopio astronomikoa egin zuen eta horri esker lau satelite behatu zituen Jupiterren inguruan:

  1. Kalisto
  2. Ganimede
  3. Europa
  4. Io

XVII. mendearen hasieratik, teleskopioa gizakiari unibertsoa ekarri dion tresna izan da. “Teleskopioak” bideoan Mikel Ramirezek teleskopioaren funtzionamendua laburki azaltzen digu , On Zientzia lehiaketaren VI. edizioan euskarazko irabazlea izan zena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Teleskopioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du Hubble teleskopioak

Al, 2018-04-09 09:00
Distantzia errekor berria ezarri dute inoiz ikusi den banakako izarrik urrunenaren aurkikuntzaz eta, gainera, bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat.

Irudia: Eguzkitik gertuegi hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez eman diote Ikaro izena izarrari.

Hubble teleskopioa erabilita, nazioarteko lantalde batek inoiz ikusi den banakako izarrik urrunena identifikatu du: izar urdin erraldoia. “Ikaro” izena eman diote izarrari, Eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez. Izarraren izen ofiziala MACS J1149+2223 Lensed Star1 da.

Egoera normalean, teleskopiorik handienak erabilita ere, ezinezkoa litzateke fenomeno hau hautematea, baina izarraren distira ahula izugarri biderkatzea ahalbidetu duen naturaren fenomeno bati esker, NASAren Hubble teleskopio espaziala erabiltzen duten astronomoek izarra aurkitu eta distantzia errekor berri bat ezartzea lortu dute. Era berean, Ikaroren identifikazioarekin bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat.

Ikerketa honen emaitzek bazterrean utzi dute materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, izan ere, 13 urtez Hubble-ren laguntzaz monitorizatu diren hondoko izarren fluktuazio arinak beste era batera ikusiko ziratekeen tarteko hainbat zulo beltz baleude.

“Lente grabitazionala” deritzon fenomeno kosmikoa izan da izar hau bistaratzea ahalbidetu duena. Galaxia-kluster masibo baten grabitateak espazioan dagoen lente natural baten antzera funtzionatzen du, argia bikoiztuz eta areagotuz. Batzuetan, hondoko objektu bakar baten argia hainbat iruditan islatuta ager daiteke. Argia asko magnifika daiteke, distira arin-arina duten urruneko objektuei bistaratzeko moduko distira emanez.

Kasu honetan, Lurraren eta Ikaro finkatuta dagoen galaxiaren artean kokatutako MACS J1149 + 2223 izeneko galaxia-klusterrak “lupa” naturala sortu du. Lente grabitazional honen indarraren eta Hubble teleskopioaren bereizmen eta sentiberatasun apartaren kobinazioari esker, astronomoek Ikaro ikusi eta aztertzeko aukera izan dute, Lurretik ikusita, egiazko distira 2.000 aldiz biderkatu zaionean.

UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen taldea Hubble teleskopioa erabiltzen ari zen urruneko galaxia espiral bateko supernoba bat monitorizatzeko eta 2016an, ustekabean, argi puntu berri bat aurkitu zuten magnifikatutako supernobatik hurbil. Berotu edo lehertzen ez zenez gero, berehala konturatu ziren ez zela beste supernoba bat.

Objektu horretatik iritsitako argiaren koloreak aztertzean, izar urdin superrerraldoia dela konturatu dira. Honelako izarrak Eguzkia baino askoz handiagoak, askoz ere masa handiagokoak, beroagoak eta, seguruenik, ehunka mila aldiz distiratsuagoak dira, baina distantzia horretan urrunegi daude lente grabitazionalen laguntzarik gabe behatu ahal izateko.

Izarra galaxia espiral urrun-urrun batean kokatuta dago, eta horren argiak 9 mila milioi urte behar izan ditu Lurrera iristeko. Hortaz, galaxia hori unibertsoak oraingo adinaren %30 inguru zuenean sortu zela ondorioztatu dute.

Ikaro lente grabitazionalen bitartez aurkitu izanak bide berri bat ireki du astronomoek urruneko galaxietan dauden banakako izarrak iker ditzaten. Metodo honek egundo ez bezalako ikupegi zehatza eskaintzen du izarren bilakaera eta bereziki izarrik distiratsuenen bilakaera ulertzeko.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Hubble-k inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du

Erreferentzia bibliografikoa:

Kelly, Patrick L. et al. Extreme magnification of an individual star at redshift 1.5 by a galaxy-cluster lens. Nature Astronomy, volume 2, pages 334–342 (2018). DOI: 10.1038/s41550-018-0430-3

The post Inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du Hubble teleskopioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #197

Ig, 2018-04-08 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Euskaldunek harrapatzen zuten baleari euskaldunen balea esaten zioten. 60 tonako pisua zuten, 15-17 metrokoak ziren eta 270 balea-bizar zituzten. Europako merkatuan oso preziatua zen “sain” delakoa, baleen gantza, hain zuzen. Eraikinak argiztatzeko eta berotzeko erabiltzen zen. 1059.ekoak dira euskal balea-arrantzaleei buruzko lehen idatziak, Baionan eginak, eta zetazeo honen okelaren salmentari buruzkoak. Jakina denez, euskaldunek Ternuan bakailao eta baleak harrapatzen zituztela XVI. mendetik aurrera baina izan daiteke lehenagotik ere egitea. XVI. mende osoan zehar, 15-20 itsasontzi iristen ziren udan Ternuara, eta Euskal Herrira itzultzean, 9.000 barril ekartzen zituzten. Egun, zaila da zenbat gelditzen diren jakitea; euskaldunen balea nekez aurkitzen da Ipar Mendebaldeko Atlantikoan eta Ipar Amerikan, eta are urriagoa da Ipar Ekialdeko Atlantikoan.

Narra-txakurrek parte hartzen duten lasterketak “The Copper Basin 300” izena du; 490 km-ko distantzia egiten dute horretan eta 70 orduko iraupena du, atsedena barne. 7 km h-1-koa da txakurren batez besteko abiadura. Lasterketa -35 °C eta -10 °C tartean alda daitezkeen tenperaturetan burutzen da. Txakurrek eguneko 47.100 kJ-ko energia-gastua egiten dute lasterketa-egunetan. Narra-txakurren gastua hiru bider handiagoa da baldintza artikoetan aritzen diren soldadu eta Frantziako Tourrean aritzen diren ziklistekin alderatzen badugu!

Emakumeak zientzian

Itziar Urizarrek Biologia ikasi zuen hiru urtez, bi urte gehiago eman zituen Biokimikako adarrean; horrela lortu zuen lizentziatura. Ondoren, masterra eta orain tesia egiten dabil, bere bizitza bilakatu dena. Urizarrek dio: “Betidanik gustatu zaizkit natura, animaliak… eta uste dut asmatu nuela Biokimika aukeratzean”. Azken finean, ikertzea gustuko du, “galderei erantzuna ematen saiatzea”. Halere, etorkizuna ilun samar ikusten du: “Lehia handia dago gure artean, eta gutxi batzuk baino ez dute lortzen aurrera egitea. Horretarako, ezinbestekoa da curriculum ona izatea, eta hori lortzeko, edo kontratu bat duzu edo kanpora joan behar duzu. Hortaz, tesia bukatutakoan, agian atzerrira joan beharko dut”. Gaur gaurkoz, lagundutako ugalketan espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileen bila dabil lanean. Zehazki, hartzaile opioideen inplikazioa ikertzen du, giza espermatozoideen ahalmen ugalkorrean.

Ana Galarragari egin diote elkarrizketa eta bertan bere lanaz eta izanaz mintzatu da. Lanbidez, zientzia komunikatzailea da Elhuyarren; ikasketaz, berriz, albaitaritzan eta elikagaien zientzia eta teknologian lizentziatua da. Zientziak duen erakargarritasuna nabarmendu du tartean baina era berean gustatzen ez zaizkion gauzak aipatzen ditu: “Adibidez, ez zait gustatzen hierarkizatua dagoelako, neurri handi batean klasista delako eta matxista, gizarte guztia bezala. Asko gustatzen zait, ordea, ez delako dogmatikoa. Beste arteek ez bezala, mundua ulertzeko egia bilatzen du zientziak; mundua ulertzeko metodo bat dauka, eta metodo horren onena da ez dela norberarena. Zientzian bidea da garrantzitsuena, eta norbaitek erakusten badu aurrekoarena oker dagoela, atzera botatzen da; ez da erlijio bat. Hori gustatzen zait”.

Hizkuntzalaritza

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, bigarren edo hirugarren hizkuntzan jarduteko antsietatea txikiagoa dela ebatzi du Alaitz Santosek ‘Sorry about my English’ tesian. DREAM taldean ikertzaile dabil, eta irakaslea da Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia Fakultatean, Donostiako UPV/EHUko campusean. Hizkuntzak ikasteko prozesuan beharrezkoa da lotsa kentzea eta horietan mintzatzea. Izan ere, Santosek dio garrantzitsuena “komunikatzeko gaitasuna garatzea” dela. Hori egitera ausartzen ez direnak, ikertzailearen esanetan, “blokeatu egiten dira, eta isilik gelditzen dira, edo urduri jarri: hori komunikazio antsietateagatik da”. Generoak badu honetan zerikusia: “Ikusi dugu emakumeen jarrera hizkuntzen inguruan positiboagoa dela gizonezkoena baino, motibatuago sentitzen direla hizkuntzak ikasteko garaian; baina, aldi berean, antsietate maila handiagoa dute”.

Informatika

Gero eta ohikoagoa da Hezkuntza alorrean teknologian oinarritutako tresnak erabiltzea, hala nola Moodle moduko ikasketa kudeatzeko sistemak. Domeinu-modulua da Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako edozein tresnaren muina, hark adierazten baitu ikasleek ikasi beharreko ezagutza guztia. Hori sortzea, baina, ez da hain erraza. Lan honetan, LiDom Builder plataforma-informatikoa analizatu dute. Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du.

Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatuta doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea UPV/EHUko ikertzaileak. Bestalde, musika-piezak errepresentatzeko modu berri bat aurkitu du, eta horretan oinarrituta, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu. Proiektu honen inguruko xehetasunak PLOS ONE zientzia aldizkarian eman ditu.

Kimika

Juan Manuel Madariaga Kimika katedradunari egin dio elkarrizketa Berriak, izan ere, 2020an Martera joango den tresna baten eraikuntzan parte hartzen ari da UPV/EHUko IbeA kimika analitikoko ikerketa taldeko zuzendaria. Tramankulu txiki baten barruan mineral bat dago: kaltzita laranja bat. Horrelako materialak baliatuko dituzte planeta gorrian bizi aztarnak bilatuko dituen tresna kalibratzeko. Kimikariak azaltzen du: “Guztira, halako 24 lagin joango dira kalibrazio txartelean. Marte aztertzeko erabiliko den tresna multi-espektroskopikoak erreferentzia zehatzak behar ditu analisia egin baino lehen baldintzak nolakoak diren zehazteko. Lagin honek duen osaketa kimikoa ezaguna denez, horren arabera tresna kalibratu ahal izango dugu”. Horrek guztiak badauka helburu bat: bizi zantzuak bilatu nahi dituzte. “Besteak beste, oxalatoak bilatuko ditugu. Ez dago animalia jatorria ez duen oxalatorik. Beraz, Marten oxalatoak topatuz gero, bertan bizia egon den froga lortuko genuke”, azaltzen du Madariagak.

Ponpeiako aztarnategiko muralak hondatzen dituzten mikroorganismoen aurkako biozida natural bat patentatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Horretaz gain, degradazio biologikoarekiko erresistentea den berriztapen morteroa ere garatzen dabiltza. Ponpeiako etxeetan erabilitako materialak eta muraletan erabili ziren pigmentuak analizatu dituzte ikerketan. Helburu bat ere badute: jatorrizko erromatar formulazioan oinarritutako berriztapen mortero bat garatzea.

Medikuntza

Ikertzaile talde batek proposatu du zenbait haurdunalditan goragaleak eta oka asko egitea eragiten dituen hipermesiaren atzean GDF15 eta IGFBP7 geneak daudela. Goragaleek eta okek haurdun diren emakumeen %50-80ri eragiten diete. Gainera, sintoma desatsegin horiek arazo larri bilaka daitezke: hiperemesia izenaz ezagutzen da eta haurdunaldien %0,3-2tan nozitzen da. Gaixotasun horrek dakartzan ondorioak ez ditu bakarrik amak pairatzen, kasu batzuetan gaitza haurtxoarentzat kaltegarria izan daiteke. Besteak beste, erditze goiztiarra, garapen neurologikoaren atzerapena eta K bitamina faltak eragindako enbriopatia eragin ditzake. Orain, ikertzaileek genetikan aurkitu dute erantzuna: GDF15 eta IGFBP7 geneek eragiten dute hiperemasia.

Teknologia

Denok egin dugu noizbait gure familiaren zuhaitz genealogikoa. Teknologiak egun baditu aplikazio ugari hori egiteko. Ezagunena geni.com (My Heritage) da, 86 milioi erabiltzaile dituena. Zehazki erabiltzaile horien datuak elkarren artean lotu dituzte eta orain arte egin den zuhaitz genealogiko zabalena sortu dute. 5 milioi erabiltzaileren datuak jasotzen ditu eta 11 belaunalditako 13 milioi pertsona konektatzen dituen zuhaitz erraldoia da, 1.650tik 2.000. urtera bitarteko datuak biltzen dituena. Lortutako datuetatik hainbat ondorio atera dituzte, hala nola, ezkontza-ohiturak, bizi-itxaropena, eta abar. Heriotzei dagokienez, ondorioztatu dute genetikak baduela nolabaiteko eragina (familia-adar batzuetako itxaropena beste batzuena baino handiagoa izan da historian zehar), baina alde hori %15 ingurukoa besterik ez da. Gainontzeko ondorioak artikuluan dituzue irakurgai.

Zenbait proba egin dituzte eta aste honetan azkenean, Kalifornian erabat legezkoa izango da gidaririk gabeko auto bat errepideetara ateratzea, alboan gizakirik izan gabe (orain arte egin duten moduan). AEBko beste estatu batzuetan proba asko egin badituzte ere, Kalifornia izan da arautu duen lehenengoa.

Zientziaren historia

1689an Isaac Newton Erresuma Batuko Lorden Ganberako kide izendatu zuten. Zientzialariak parlamentuan esan zituen lehenengo hitzak gogoratu ditu Argiak. Izan ere, denbora asko egon zen bere eserlekuan isilik, baina egun batez altxa eta hitza eskatu zuen. Hitzaldi gogoangarria espero zutenek sorpresa handia eraman zuten: “Eskuineko leiho hori ixteko erregutzen dizuet, haize-laster izugarria sartzen baita”. Goi ganberan bistan da ezetz, baina laborategian ekarpen handiak egin zituen Newtonek.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #197 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #210

La, 2018-04-07 09:00

Helduak profesional (irakasle, mediku, abokatu, e.a.) diren familietan ume batek 6 adore adierazpen jasotzen ditu debeku bakoitzeko; gobernu diru laguntzen menpekoak diren familietan ume batek 2 debeku jasotzen ditu adore adierazpen bakoitzeko. “Katastrofe goiztiar” izena du honek. José Ramón Alonso Surviving ‘the early catastrophe’ artikuluan.

Adimen artifiziala, ondo. Konputazio kuantikoa, ados. Biak batu eta jaun berriei men egiteko prestatzen zara: The Rise of Quantum Robots, Daniel Manzanoren eskutik.

Hizkutzaren mugei, eguneroko esperientziei lotuta dagoena, egotzi zion Max Bornek mundu kuantikoa ez ulertzearen errua. Bada oso gaizki hartzen duenik. Ordinary experience vs. quantum experience , DIPC-ko jendeak.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #210 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itziar Urizar: “Apustu zaila da, baina bete egiten nau”

Or, 2018-04-06 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Itziar Urizar Arenaza mailaz maila iritsi da Biokimikan ikertzera: lehenik hiru urte Biologia ikasten, bi urte gehiago Biokimikako adarrean, lizentziatura lortu, ondoren masterra, eta orain, tesia. Hain zuzen, tesiaren azken txanpan dabil buru-belarri, eta hala aitortu du: “Nire bizitza tesia da orain”.

Hala ere, agerikoa da gustura dabilela, eta haren hitzek ere hala dela berretsi dute: “Betidanik gustatu zaizkit natura, animaliak… eta uste dut asmatu nuela Biokimika aukeratzean. Azken finean, hau da gustatzen zaidana: ikertzea, galderei erantzuna ematen saiatzea”.

Irudia: Itziar Urizar Arenaza biokimikaria (Argazkia: Teknopolis programa)

Etorkizunean, baina, ez daki horretan jarraitzerik izango ote duen: “Oso zaila dago dena. Azkenean, lehia handia dago gure artean, eta gutxi batzuk baino ez dute lortzen aurrera egitea. Horretarako, ezinbestekoa da curriculum ona izatea, eta hori lortzeko, edo kontratu bat duzu edo kanpora joan behar duzu. Hortaz, tesia bukatutakoan, agian atzerrira joan beharko dut”.

Bitartean, bere lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen da. “Horrek, batzuetan, sakrifizioak egin beharra ekartzen du, baina, bestalde, zerbait ondo ateratzen denean edo oztopo bat zuk bakarrik gainditu duzunean sentitzen duzun goraldia ez dizu beste ezerk ematen. Apustu zaila da, baina bete egiten nau”.

Urizarren esanean, tesia dela eta atzerrian egin dituen egonaldiak ere oso motibagarriak izan dira. Bitan izan da, bietan leku berean, Danimarkan, eta hango zuzendariak, “hemengoak bezala”, asko animatzen zuela gogoratu du. Azkenik, taldean lan egitea ere eskertzen du: “Asko laguntzen du jakiteak ez zaudela bakarrik; une zailetan, hor daude kideak, zurekin batera bilatzeko irtenbide egokiena”.

Espermatozoideak ikergai

Lagundutako ugalketan espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileen bila dabil lanean. Zehazki, hartzaile opioideen inplikazioa ikertzen du, giza espermatozoideen ahalmen ugalkorrean. Ikergaia dela eta, txantxa ugari entzun eta egiten ditu; lana serio egiten du, ordea: “Egia da laginen kontura adarra jotzen ibiltzen garela lagunartean, baina laborategian dena Etika Batzordearen irizpideen arabera egiten dugu”, azaldu du.

Ikertzaile-senarekin batera, badu Urizarrek beste ezaugarri bat: komunikatzaile ona da. Askorentzat, ez da erraza izaten zer ikertzen duten azaltzea ingurukoei. Urizar, aldiz, ondo moldatzen da, eta hala erakutsi du behin baino gehiagotan. Esate baterako, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Txiotesian, Elhuyarren Wolfram Deuna ekitaldian eta Teknopolis telebista-saioaren “Atariko proba” atalean: “Gustatzen zait jendeari azaltzea zertan nabilen, eta era barregarri edo erakargarrian eginez gero, errazagoa da arreta jartzea eta ulertzea”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Urizar Arenaza Bilbon jaioa da, 1989an. 2012an Biokimikan lizentziatu zen (UPV/EHU), eta jarraian Ikerketa Biomedikoa Masterra egin zuen. Geroztik tesia egiten dabil, UPV/EHUren beka batekin, Medikuntza eta Erizaintza fakultatean, Fisiologia Sailean. Tartean, bi egonaldi egin ditu atzerrian, Danimarka Hego-ekialdeko Unibertsitatean.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Itziar Urizar: “Apustu zaila da, baina bete egiten nau” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak