Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 20 min 53 seg

Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)

Og, 2018-06-28 15:00
Maialen Sagarna, Lauren Etxepare, Iñigo Lizundia, Eneko Jokin Uranga XXI. mendeko arkitekturan berrikuntza handiena ekarri zuen materiala da hormigoi armatua. Egurrak, harriak eta altzairuak ez zituzten propietateak eskaintzen zituen eta honek arkitektura egiteko modu berriak ekarri zituen.

Berez hormigoi armatua bezalako material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikoetan eskuraturiko datuak elkarren parean jarri dira eta kronologikoki aztertu dira garapen hau aztertzeko. Azterketa honi esker argi ikus daiteke hormigoiaren kalitatea aldakorra izan zela aldien arabera. Gainera, hormigoi armatuz Euskal Herrian XX. mende osoan eraikitako egitura batzuetan egindako saiakuntzen emaitzek frogatzen dute XX. mendeko 50. hamarkadaren inguruan erabili ziren hormigoiek akats nabarmenak zituztela, eta atzerapauso nabarmena ekarri zutela, aurreko hormigoiekiko.

Lehenbiziko hormigoi armatuek (1901-1939) konpresio-erresistentzia gero eta handiagoa izateko joera zuten. Izan ere, patenteen eskutik ez ezik, obrako prozedura zorrotz zaintzera zetozen teknikarien begipean egindakoak ziren. Erosiriko sistema bat zen, ardura teknologiko eta zibilarekin.

Gerraosteko murriztapenen aldian aldiz (1939-1960), hormigoiaren kalitateak oso behera egin zuen, erresistentziaren ikuspegitik ez ezik, baita homogeneotasunari, trinkotasunari eta hondamen-koadroei zegokienez ere. Honetan eragin nabarmena izan zuen legez ezarritako materialen murriztapenak sortu zuen merkatu beltzak.

Behin murriztapenen aldia igaro eta gero eraikuntzako materialen merkatu beltza indarra galduz joan zen, oinarrizko materialen eskaintza handitu eta eskuartze-organismoen eskumenak gutxitu ahala. EH-73 araudia indarrean jarri ostean, konpresio-erresistentzia horren balioa gorantz egiten hasi zen, eta 70eko hamarkadaren erdira iristerako, berreskuratuak zituen hormigoiak gerra aurretik erakutsitako erresistentzia-balioak. Ordutik aurrera, gero eta kontrol zorrotzagoak materialaren kalitate kontrastatua eta gaur arteko hobekuntza etengabea bermatu zituen.

Baina nolanahi ere, bai hastapeneko sistematan eta patenteetan, nola gerraostean eta baita 70eko hastapen urteetan ere, erresistentzia bereizgarrien arteko aldeak, garai bereko eta inguru geografiko beretsuko hormigoietan ere, handiak ziren, gorabeheratsuak. Izan ere, materialaren kalitatea kontrolatzen hasi zen garaia iritsi arte, ez zen hormigoiaren kalitatearen hobekuntza egonkortzen hasiko, ez eta erresistentziari buruzko datuak, antzekoak izaten hasiko; hala erakusten dute kontsultaturiko saiakuntza-datuek: EH-73 Araudia indarrean jarri zenez geroztik, konpresio-erresistentzia guztiz egonkortu zela.

Hortaz, emaitza horiek frogatzen dute ezinezkoa dela materialaren bilakaera linealki irakurtzea eta paradoxa honetara iristen gara: duela 100 urteko hormigoi baten erresistentzia eta gaur egun duen egoera izan daitezkeela duela 60 urteko hormigoi batenak baino askoz hobeak.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)
  • Laburpena: Material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Artikulu honek hori azaltzea du helburu, Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikotan eskuraturiko datuak elkarren parean jarriz eta kronologikoki aztertuz.
  • Egileak: Maialen Sagarna, Lauren Etxepare, Iñigo Lizundia, Eneko Jokin Uranga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 167-178
  • DOI: 10.1387/ekaia.17746

—————————————————–
Egileez:

  • Maialen Sagarna, Lauren Etxepare eta Iñigo Lizundia arkitekturan doktore dira eta Eneko Jokin Uranga arkitektoa. Denak dira irakasle UPV/EHUn, Donostian.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pinguino enperadorea berriro

Og, 2018-06-28 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Pinguinoak berriro aipatu ditugunez, uste dugu pinguinoen bizi-zikloak eta, zehazkiago, pinguinoen ugaltze-estrategiak merezi duela gogoeta labur bat. Ez baita erraz ulertzen hain baldintza gogorrei aurre egin behar izatea arrautza txitatzeko. Zergatik neguan? Zergatik urteko sasoirik gogorrenean? Gure ustez, horren arrazoiak zerikusia du txitak jaio ostean aurkituko dituen ingurune-baldintzekin.

Irudia: Neguko baldintza latzetan egiten du txitaldia pinguino enperadoreak. (Argazkia: Christopher Michel)

Txitaldia neguan egiten dutenez, uda izango da txita jaioberria itsasora heltzen denerako, eta animalia haragijale batentzat uda da sasoirik onena, orduan izaten baitira ugarien harrapakinak. Beraz, neguko txitaldi gogorraren ondoren, udaberrian jaiotzen da txita; udaberrian zehar gurasoek elikatzen dute, txita jaioberria ez baita bere kabuz elikatzeko gai. Gero, indartsuagoa denean eta igeri egiteko eta ehizatzeko ahalmena duenean, bere kabuz elikatuko da itsasoan; udarako egongo da horretarako prestatuta, baina udarako prestatuta egon ahal izateko, neguan izan behar txitaldiak.

Beraz, gurasoen lan astun eta arriskugarria, urte-sasoien aldaketaren testuinguru horretan kokatu behar da; bestela, nekez uler liteke.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Pinguino enperadorea berriro appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Biziaren arrastoa jarraitzeko, begiratu plaken tektonikari

Az, 2018-06-27 09:00
Juana Gallego Orain arte biologiaren ikuspuntutik arreta gutxi jaso du plaken tektonikak, baina azken ikerketek iradokitzen dute rol garrantzitsua jokatu duela biziaren garapenean; horregatik, espazioan ere horren bila ari dira.

Duela milioika urte, Artizarra planeta zirraragarria izateko abagunean egon zen. Ura bazegoen bertan, eta Eguzkiak planetaren lurrazala berotzen zuen. Baina, nonbait, zerbaitek huts egin zuen, eta gauzak behin betiko okertu ziren. Seguruenera, antzeko zerbait gertatu zen ere Marten. Garai urrun batean bertan izan ziren ozeanoek betiko galdu ziren, eta horien aztarnak baino ez dira geratzen orain.

Are gehiago, aspaldiko hipotesia da Lurrean errotuta dagoen bizitza eguzki sistemako beste nonbaitetik etorri izana: asteroideren batek Marteren kontra joz gero, adibidez, planeta gorrian zegoen balizko bizia irits liteke gurera (Marteko ezaugarriak dituzten hainbat meteorito aurkitu dira Lurrean). Artizarraren kasuan, ordea, karanbola hori ia ezinezkoa da, grabitazioaren legeak direla eta. Eguzkiaren indar grabitatorioak ez luke halakorik gertatzeko biderik emango.

1. irudia: Plaken tektonikari esker, litosferaren eta biosferaren arteko elkarrekintza sortzen da. Argazkian Hawaiiko Kilauea sumenditik isuritako laba, itsasora barneratzen ikus daiteke. (Argazkia: Mandy Beerley/ Unsplash)

Baina berdin dio. Bai kanpotik etorrita zein hementxe bertan sortuta, agerikoa da biziari ondo joan zaiola Lurrean. Bost iraungipen masiboei aurre egiteko gai izan da, eta, orain arte bederen, beti gailendu da hondamendien artetik. Atmosfera, Eguzkiarekiko bizigarritasun eremuan kokatuta egotea, eremu magnetiko babeslea… horiek guztiak lagungarri izan dira biziaren arrakastarako, eta unibertsoan bizi aztarnak bilatzen dituzten adituek ere horiek dituzte jomugan.

Baina bada orain arte arreta gutxi jaso duen faktore bat, agian hain agerikoa ez dena, eta, halere, garrantzitsua izan daitekeena: plaken tektonika. Hasiera batean ez dirudi biziarekin lotura asko izan dezakeenik; baina, antza, badu.

Lur-sisteman gertatu ohi den moduan, arrazoi nagusia hainbat faktoreren arteko elkarrekintzan datza. Ezaguna da plaken tektonikari esker lurrazala birziklatu egiten dela, eta horrek dezenteko eragina dauka bai atmosferan zein ozeanoetan. Elkarrekintza hain da garrantzitsua ezen “Bizigarritasun Irunea” terminoa asmatu baitute hainbat zientzialarik. Planeta baten bizigarritasuna bermatzen duten faktoreak adierazteko modua da hori: ura, atmosfera eta lurra osatzen dute “Irunea”.

Hainbat ikerketek elkarrekintza horretan sakondu dute. Horietako batzuk biziaren hasieran jarri dute arreta. Adibidez, 2015ean Australiako ikertzaileek egindako ikerketa batek lotura aurkitu zuen plaken tektonikaren eta Kanbriarreko leherketaren artean. Duela 542 milioi urte, eta denbora geologikoaren eskalan hitz egiten ari garela kontuan izanda, bizia bat-bateko “loraldia” izan zuen. Garai horretan, bizi forma konplexuak oso azkar garatu ziren.

Zientzialari hauek mundu osoko ozeanoetako lurzoruetan hartutako 300 inguru laginen azterketa zabala ezagutarazi zuten. Lagin horietan fosforoa eta beste hainbat elementuren aztarnak neurtu zituzten: kobrea, zinka, selenioa eta kobaltoa, besteak beste. Elementu horiek ezinbestekoak dira biziaren garapenerako. Ozeanoetan halako elementu asko daudenean, planktona izugarri garatzen da. Zientzialari horiek frogatu zuten halako elementuen hazkunde izugarria gertatu zela duela 560-550 milioi urte, eta biziaren “eztandarekin” lotu dute.

Antzeko ondorioetara iritsi dira duela gutxi Earth and Planetary Science Letters aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean. Lan horretan diote Eoi Arkaiko izeneko aroan (duela 4.000-2.500 milioi urte) plaken tektonika “martxan” jarri zen heinean, mantua hozten hasi zela, eta horrek ekarri zuela lurrazalean zegoen fosforo kontzentrazioaren handitzea. Atmosferan zegoen oxigeno mailarekin alderatu dituzte datuak, eta lotura dagoela iritzi diote.

2. irudia: Fenomenoak duen garrantzia ikusita, exobiologoak plaken tektonika beste munduetan bilatzen ari dira. Irudian, Europa ilargitik ikusgai egon litekeen paisaiaren irudikapena. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)

Bi elementu horiek funtsezkoak dira biziarentzat. Fosforoz eta oxigenoz osatuta dauden fosfatoak dira, hain zuzen, DNAren, RNAren eta zeluletako ehunen ezinbesteko osagaiak. Sinplifikatuz, eta ikertzaileek proposatu duten azalpenaren arabera, arroketan bildutako fosforo hori urarekin nahastu zenean biziari hauspoa eman zitzaion. Hots, fosforo hori “ongarri” baten modura aritu zen.

Ezaguna da ere tximinia hidrotermalen bitartez mantutik ateratzen direla bertako mineralak, eta egitura horien inguruan bizi forma bitxiak biltzen direla. Bizia Lurrean nola sortu zen azaltzen duten bi teoria nagusietatik, batek tximinia horietan kokatzen du jatorria (“klasikoagoa” den bigarren teoriak kostaldeko ur putzu txikietan kokatzen du biziaren jatorria).

Hau Lurrean gertatu zela ikusita, astrobiologoek hemen ikasitakoak aplikatu dituzte kanpo espazioan. Bizia eta geologia batu lituzketen hautagairik handienak planeta erraldoien ilargietan egon litezke. Entzelado, Titan… edo Europa, esaterako. Jupiterren inguruan orbitatzen duen Europan plaken tektonika egonez gero, bertan bizia garatzea errazagoa izango litzatekeela uste dute zientzialariek. Tektonika horrek biziarentzat hain garrantzitsua den beroa emango lioke ilargiari.

Ez da beharrezkoa, gainera, prozesua Lurraren parekoa izatea. Kontuan izan behar da Europan marea indarren menpe dagoela. Jupiterrek eta hirugarren ilargi baten arteko elkarrekintzaz sortzen dira indar horiek, eta ilargiaren lurrazala birrintzen dute (Jupiterretik gertuen dagoen Io ilargian indar hori hain da handia ezen sumendiz josita baitago).

Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian proposatu dutenez, Europan subdukzio prozesuak egoteko aukera badago. Aurreko ikerketan antzeko planteamenduak mahai gainean jarri izan dira, zenbait leku konkretutan izotzez betetako azalari halako prozesu geologikoak antzeman zaizkiolako: Lurreko ozeanoen erdialdean gertatu bezala, ilargiaren barrenetik ateratzen diren gandorrak diruditen estrukturak ikusten dira Europan. Eta jakina da Lurrean urazpiko gandor horietatik biziarentzat premiazkoak diren nutrienteak ateratzen direla. Bai espazioan zein Lurrean, beraz, arrokei erreparatu behar zaie, bertan egon daitezkeelako ere biziaren giltzarriak.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Brandon C. Johnson et al., (2017). Porosity and Salt Content Determine if Subduction Can Occur in Europa’s Ice Shell. Journal of Geophysical Research: Planets, 122(12), 2765-2778 DOI: https://doi.org/10.1002/2017JE005370
  • Grant M.Cox et al., (2018). Linking the rise of atmospheric oxygen to growth in the continental phosphorus inventory. Earth and Planetary Science Letters, 489(1), 28-36. DOI: https://doi.org/10.1016/j.epsl.2018.02.016
  • Ross R. Large et al., (2015). Cycles of nutrient trace elements in the Phanerozoic ocean. Gondwana Research, 28(4), 1282–1293. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gr.2015.06.004

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

  1. irudia: plaken tektonikari esker, litosferaren eta biosferaren arteko elkarrekintza sortzen da. Irudian: Hawaiiko Kilauea sumenditik isuritako laba, itsasora barneratzen. (Argazkia: Mandy Beerley/ Unsplash)
  1. irudia: fenomenoak duen garrantzia ikusita, exobiologoak plaken tektonika beste munduetan bilatzen ari dira. Irudian, Europa ilargitik ikusgai egon litekeen paisaiaren irudikapena. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)

The post Biziaren arrastoa jarraitzeko, begiratu plaken tektonikari appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

C bitamina eta hotzeria: mitoa hautsita

Ar, 2018-06-26 09:00
Eduardo Angulo Hotz egiten duenean, oso ohikoa da hotzeria, guztiok harrapatzen gaituen gaixotasun arin, desatsegin eta eguneroko hori: sudurra tantaka, burua astun… Ez dago sendatzeko modurik. Kasurik onenean, sintomak arindu besterik ez dugu lortzen. Hori dela eta, garrantzitsua da gaixotasuna nola saihetsi finkatzeko ikertzea. C bitamina, hau da, azido askorbikoak, hozkeriatik babesten omen gaitu, eta berari buruz asko ikertu eta idatzi da. Izan ere, egunero 80 mg azido askorbiko hartu beharko genuke. 2013.ean, Harri Hemilä eta Elizabeth Chalkerrek, Helsinkiko Herri Osasun sailean, bibliografia zabala bildu zuten C bitaminak eta hotzeriak elkarrekin dituzten harremanei buruz.

1. irudia: C bitamina hartzea gure osasunerako ona dela oso zabaldua badago ere, C bitaminaren dosi handiak hartzeak ez da hain ona eta ez ditu ematen dizkiogun onurak. (Argakia: pixel2013 / Pixabay)

Ikerkuntza lan jakin batzuk aukeratu zituzten: C bitaminaren eguneroko dosia 0.2 gr-tik gorakoa denean. Hortik abiatuta, hiru tarte finkatu zituzten: 0.1-1.0 g, 1.0-2.0 g eta 2.0 g-tik gorakoak. 1990-2012 tartean plazaratutako datuak aztertu ondoren, 56 argitalpen aukeratu zituzten. Bertan, kontrolpeko 29 saio zeuden, tartean 11306 gizaki aztergai. Gainera, kontuan hartu zituzten Linus Paulingen ikerketak. Izan ere, zientzialari honek eman zituen ezagutzera C bitaminaren propietateak, eta geroago hotzeriaren aurka dosi handiak hartzeko aholkua eman zuen.

Bide batez, esan beharrekoa da Linus Pauling kimikari eta biokimikoak, bakearen alde eta arma nuklearren aurka egin izan duela, eta irakaslea eta dibulgatzaile gisa ere aritu dela. Paulingek izugarrizko eragina izan du zientzian eta gizartean, batez ere XXI.mendeko bigarren zatian. 1901-1962 tartean bizi izan zen, eta bi Nobel Saria hartu dituzten lauretako bat da. Gainera, Marie Curie eta bera dira esparru desberdinetako Nobel Sariak dituzten bakarrak. Paulingek Kimikarena hartu zuen 1954.ean eta eta Bakearena 1962.ean. C bitaminaren alde aritu zen sutsuki, eta berak 3 gr hartzen zituen eguneko. Gogoan izan behar dugu 80 mg hartzeko aholkatzen dutela Osasun Erakundeek. Paulingek 2.3 gr-tik gorako dosia proposatu zuen eta 1974.ean, 4 gramoraino igo zuen proposamena. 80.eko hamarkadan, ikerketa batzuetan hartu zuen parte eta C bitamina eta minbiziaren arteko harremanak aztertu zituzten, bai eta burmuineko zaurien sendaketa eta bularreko angina.

2. irudia: Linus Pauling kimikariak C bitaminaren onurak aldarrikatu zituen sutsuki urteetan. (Argazkia: Oregon State University)

Hotzeriaren kontura itzulita, Harri Hemilären berrikustapenak ondorio modura atera zuen C bitaminak ez duela nabarmen hoztzeriaren arriskua jaisten, ez baldin bada indar fisiko handia egiten duten gizakietan. 11306 gizaki horiek hiru taldetan sailkatuta zeuden: maratoia egiten zutenak, oporretan eskiatzera zihoazen eskola-ikasle batzuk eta Artiko azpiko zonaldera maniobrak egitera zihoazen soldadu kanadar batzuk.

Dosia ertaina (gramo batekoa) delarik, C bitaminak ez du nabarmen eragiten. Hala ere, badirudi gaixotasunak ez duela hainbeste irauten, behin gaixoturik hartzen badugu dosi hori. Hurrenez hurren, 13,3% eta 8%-ean jaisten du gaixotasunaren iraupena umeetan eta nagusietan. Edonola, berrikustapen honek agerian utzi du bitaminak oso era irregularrean eragiten duela, agian gaixo bakoitzaren ingurua eta jokaeraren arabera: ez da gauza bera etxean geratzea edo eskolara edo lanera joatea, ez eta berogailua egotea ala ez egotea… Banako bakoitzaren genetikak ere eragina du, eta gainera, aurrerago ikusiko dugu emaitzen irakurketa nahiko alda dezakeela lanek beraiek aukeratu duten ikuspegiak.

Antzerako emaitzak lortu zituen G. Ritzel suitzarrak bere metaanalisian. Aspaldi egin zuen, 1961.ean, baina eskiatzera joan ziren umeen kasua hartu zuen kontuan. T.W. Anderson eta Torontoko Unibertsitateko talde batek antzerako metaanalisia eginda, aurkitu dute hobekuntza arin bat gertatzen dela, hotzeriaren une gorenean hartzen baldin bada C bitamina.

3. irudia: C bitamina gehigarri modura hartzeak ez du zentzurik, baldin eta gaixotasuna saihestea bada helburu. (Argazkia: Mojpe / Pixabay)

Clinical Therapeutics aldizkariaren argitaratzaile zuzendaria den Richard Shaderrek plazaratu ditu metodologia honek dituen akats batzuk. Esaterako, berak baieztatu du birus talde oso aldagarriak eragiten duela hotzeria. Birus horietako batzuk, ezezagunak dira oraindik: koronabirusak, errinobirusak eta arnas birus sintzitialak. Berdin azpimarratu behar da hozkeriak oso eragin desberdina duela urtez urte. Gainera, gehienetan aztertutako gizakiei ez zaie C bitamina estandarra ematen. Izan ere, hainbat toki desberdinetatik ateratzen da bitamina: artoa, auka gorriak, ahabiak, kloreilak, arkakaratsak… Dietan bertan hartzen den dosia ere ez da kontuan hartzen, eta gainera, C bitamina uretan disolbagarria da eta berehala kanporatzen da, kantitate handia hartzen bada. Horrela, nekez finka daiteke dosi handiek eragiten dutena.

Shaderrek laburpen bikaina eskaintzen digu, Hemilä eta Chalkerren testuetatik abiatuta:

“C bitaminak ez zuen inongo eraginik izan. Alegia, C bitamina gehigarri modura hartzeak ez du zentzurik, baldin eta gaixotasuna saihestea bada helburu. Hala ere, bitamina honek eragina du gaixotasunaren iraupenean eta larritasunean, eta beraz, komenigarria izan liteke eragina banan-banan probatzea dagoeneko gaixorik dagoen gizaki bakoitzarengan”.

Horrela bada, bakar-bakarrik luzapena laburtzeko balio lezake C bitaminak, baldin eta gaixotasun-garaiaren erdian hartzen bada, eta gaixoek ariketa handia egiten badute eta tenperatura hotzetan badaude.

Erreferentzia bibliografikoak:

—————————————————–

Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post C bitamina eta hotzeria: mitoa hautsita appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik

Al, 2018-06-25 09:00
Lekeitioko aztarnategi batean aurkitutako zeramikazko ontziak balea olioa gordetzeko erabili izan zirela eta, ziur aski, Balaenoptera generoko baleen olioa izatea ontzi horietan gorde zutena berretsi du lan batek.

Irudia: Lekeitioko aztarnategian topatutako tinetan Balaenoptera generoko baleen olioa izatea da litekeena. (Irudia: Salvatore Cerchio et al.)

Lekeitioko aztarnategi batean egindako indusketa batean XVI-XVII. mendeetako bodega bat aurkitu dute, balea olioaren salerosketarako eta biltegiratzeko erabiltzen zena. Aztarnategitik ateratako bost tinaren bost zati zeramiko analizatu dira ikerketan.

Lagin zeramiko bakoitzaren 1 g-ko eduki lipidikoa erauzi eta teknika kromatografiko bidez analizatu dute estraktua: masa-espektrometro batera akoplatutako gas-kromatografia (GC-MS) eta kuadrupolo bidezko hegaldi-denborako masa-espektrometro batera akoplatutako bereizmen handiko kromatografia likidoa (HPLC-ESI-QToF). Ekipamendu horiek kromatografikoki bereizten dituzte zeramiketan dauden konposatu organiko lipidikoak, konposatuak zatitzen dituzte eta zatiok masa-espektrometria bidez identifikatzen dituzte.

Identifikazioa zuzen egin ahal izateko eta balea koipea izan zutela berretsi ahal izateko balea espezie batzuen koipearen lau lagin fresko analizatu dituzte. Lagin arkeologikoak analizatzeko erabilitako prozedura bera aplikatu zaie lagin horiei, espezie bakoitzaren profil lipidiko bereizgarria ezartzeko eta, ondoren, zeramika arkeologikoetan lortutako emaitzekin alderatzeko.

Erreferentziako material gisa erabilitako lagin freskoen emaitzekin eduki lipidikoa balearen generoaren arabera sailka daiteke. Alegia, Balaenoptera generoko espezieek triglizeridoen eta gantz-azidoen profil antzekoa daukate; Megaptera eta Phocoena generoetako espezieen profilak, berriz, erabat desberdinak dira. Beraz, Lekeitioko tinetan gordetako eta haietatik erauzitako koipeari eta olioari zer balea genero dagokien jakin daiteke, erreferentziako profilekin konparatuta.

XVI-XVII. mendeetan Bizkaiko kostako jarduera produktiboenetako bat izan zen baleen arrantza. Euskal arrantzaleek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen zuten Ternua eta Labradorreraino (Kanada) eta balea bat arrantzatzen zutenean, haren koipea erauzten zuten. Zurezko upeletan sartu eta Euskal Herrira ekartzen zuten bueltan, Espainian eta Europan saltzeko. Salmentari ekin baino lehen, koipea zeramikazko tina handietan gordetzen zen euskal portuetako kaietan, banatzeko prest egon zedin.

Lagin arkeologikoak analizatuta, profil lipidikoak Balaenoptera generoko espezieekin bat egiten duela ikusi da. Nolanahi ere, artxibo historikoek diotenez, balea groenlandiarraren eta sarda balearen arrantza —Balaena eta Eubalaena generokoak, hurrenez hurren— zen ohikoena Kanadako eremu hartan. Beraz, funtsezkoa da genero horietako balea koipe freskoaren analisia egitea, lan honetan ikertutako espezieen profil lipidikoarekin alderatzeko eta, hala, haien diferentziak eta antzekotasunak aztertzeko.

Lagin arkeologikoetan aurkitutako hondakin organikoen analisiaren araberako ikerketari esker merkataritzarekin, elikadurarekin edota kultura-errituekin lotutako antzinako ohitura eta tradizioen berri izateko aukera dago. Zeramikazko ontziak dira batez ere aztarnategi eta indusketa arkeologikoetan aurkitzen diren materialak. Zeramiken matrize porotsua dela eta, material paregabeak dira elikagai edo material jakin batzuen, hala nola animalia edo landare koipeen konposatu espezifiko batzuk (biomarkatzaile esaten zaienak), ehunka edota milaka urtez mantentzeko. Ontzien zatiak aztertuta, agerian geratzen da antzina zer erabilera ematen zitzaien material horiei eta antzinako tradizioei buruzko informazio garrantzitsua lor daiteke.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik

Erreferentzia bibliografikoa

Laura Blanco-Zubiaguirre, Erika Ribechini, Ilaria Degano, Jacopo La Nasa, Jose Antonio Carrero, Javier Iñañez, Maitane Olivares, Kepa Castro.GC–MS and HPLC-ESI-QToF characterization of organic lipid residues from ceramic vessels used by Basque whalers from 16th to 17th centuries. Microchemical Journal (2018 March; vol. 137: 190-203)DOI: 10.1016/j.microc.2017.10.017

The post Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #208

Ig, 2018-06-24 09:00
Ziortza Guezuraga Emakumeak zientzian

Hil honetan, bat egiten dute lehen emakume kosmonauta eta astronauta lehen aldiz espaziora joan zireneko urteurrenak, hala kontatzen digute Berrian. Hain zuzen, ekainak 18 zituela eman zuen pauso hori Valentina Tereshkovak eta 16an Sally Ridek. Estatubatuarrek lehen emakumezko astronauta, Ride, espaziora bidali zutenerako, baina, baziren 20 urte errusiarrek lorpen hori eskuratu zutela Tereshkovari esker.

Osasuna

Garuneko hainbat asaldurak oinarri genetiko bera izan dezaketela azaltzen dute Elhuyar aldizkarian. Ikerketa batean ondorioztatu dute asaldura psikiatriko askok aldaera genetiko berak dituztela eta asaldura neurologikoak, berriz, desberdinagoak direla bai elkarrekiko eta bai asaldura psikiatrikoekiko ere, oinarri genetikoari dagokionez.

Biologia

Animaliak geroz eta nekezago ikusten dira egunez eta errua gizakiena: ahalik eta urrunen joaten saiatzen dira baina gizakiaren eraginik gabeko eremu gutxi geratzen dira eta egoera honetan animaliek iluntasunera eta gaueko babesera jotzen dutela azaltzen digute Euskal Naturan.

Eta Juanma Gallegok ere, gai berberari heldu dio eta azaldu digu gizakien presentziak animaliak uxatzen dituela ikusi dutela, antza, animaliek gizakiari beldurra diotelako. Arriskuak ekiditeko, ugaztunek gizakiekiko kontaktua alboratzen dute. Inguruan giza jarduera dagoenean animalien gaueko jarduera, batez bestean, %20 handitu dela ikusi dute ikerketa batean.

Behintzat bi hegaztiren kasuan esnea ekoizteko ahalmena aurkitu dela jakin dugu Animalien Aferak atalari esker. Pinguino enperadorea da horietako bat eta, kasu honetan, gainera,arrak sortzen du, arra baita arrautza txitatzen gelditzen dena. Pinguinoaren hestegorriak ekoizten duen esnea, beraz, esne berezia da, baina ugaztunen esneak betetzen duen zeregin bera betetzen du. Esnea sortzen duen beste hegaztia usoa da; kasu honetan papoak sortzen du esnea eta hori dela eta, «papo-esne» esaten zaio.

Kimika

Zainzuriak jan osteko pixan kimikaren eta biologiaren usaina izan ditu hizpide Josu Lopez-Gazpiok. Izan ere, gernuak zainzuriak jan osteko usaina du. Erantzulea zainzurietan dagoen molekula batek sortzen du: azido asparagusikoak. Jende guztia ez da gai pixan zainzurien usaina bereizteko, baina. Usaimenarekin lotutako zenbait genetan aldaketak dituztenek ez dute azido asparagusikoaren metabolitoak usaintzeko gaitasuna.

Genetika

Genetikan jendarte alfabetatua ikustea nahiko lukeela idatzi du Koldo Garciak. Alfabetatuak gaudela azaltzen du, baina ez dugula ulertzen irakurtzen eta ikusten duguna. Analfabeto funtzionalak garela uste du: irakurtzen duguna esateko gai gara baina ez dugu barneratzen.

Astronomia

Artizarreko azalaren eta atmosferaren arteko elkarrekintza agerian jarri dutela jakin dugu Elhuyar aldizkariari esker. Atmosferan behatutako hodei egitura misteriotsu baten izaera argitu dute: egitura hori egonkor azaltzen zen azalarekiko, harrigarria dena, atmosferak superrerrotazioa duelako. Bada, planetaren topografian dago gakoa: Artizarraren gainazal harritsuan dagoen mendien eta atmosferaren arteko elkarrekintzaren ondorioz sortzen da hodei egitura egonkor hori.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #208 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjaintasunaren kartografia #221

La, 2018-06-23 09:00

Elefantearen kurbaren arabera, aberatsek aberatsago dira, muga ekonomien eta ekonomia emergenteen hazkundeak errenta baxuenak izugarri igotzea dakarte eta, bitartean, herrialde garatuetako erdi mailako klaseak geratuta daude. Ezker eta eskuin populisten igoeraren, Brexit eta Donald Trump barne, arrazoi gisa ikusten dute askok. Baina, globalizazioa benetan da berdintasun ezaren kausa? Is globalization causing inequality?

Neurogenesirik gertatzen da helduengan, bai ala ez? Ezetzaren alde egiten duen eta Nature aldizkarian argitaratu den lana dakar Rosa García-Verdugok Human adult neurogenenesis, yes or no?

Dituen ezaugarri paregabeen artean, oso malgua da grafenoa. Dispositibo elektroniko malguak eraikitzeko, baina, malgu diren isolatzaileak ere behar dira. DIPCko jendeak lehen aldiz neurtu du malgutasuna konposatu bidimentsional isolatzaile batean: silizea. The flexibility of 2D silica

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjaintasunaren kartografia #221 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ibon Cancio: “Intersex fenomenoak feminizazioa eragiten du animalia arretan, normalean kutsaduraren eraginez” #Zientzialari (97)

Or, 2018-06-22 09:00

Ugalketa sexualaren bidez ugaltzen diren izaki dioikoetan, hots, arrak eta emeak dauden espezieetan, genero bereizketa sexu determinazio genetikoari esker gertatzen da (gizakien kasuan x eta y kromosomak). Hala ere, ingurunean gertatzen diren aldaketek genetikoki egokitutako sexua aldatzea eragin dezakete espezie dioiko batzuetan.

Korrokoien kasuan, adibidez, bizi diren uretan dauden zenbait sustantzia kutsatzailek Intersex izeneko fenomenoa eragiten dute. Horren ondorioz, arrek, espermatozoideak ekoiztu beharrean, obozitoak ekoizten dituzte beraien barrabiletan, hau da, feminizatu egiten dira.

Baina, zer suposatzen du Intersex fenomenoak? Nolako eragina du fenomeno honek euskal kostaldean? Gai honi buruz gehiago sakontzeko UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan irakasle eta ikertzaile lanetan dabilen Ibon Cancio biologoarekin elkartu gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ibon Cancio: “Intersex fenomenoak feminizazioa eragiten du animalia arretan, normalean kutsaduraren eraginez” #Zientzialari (97) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Azido hialuroniko nanogelak

Og, 2018-06-21 15:00
Sheila Maiz Fernández eta Leyre Pérez Álvarez Polimeroak, unitate molekular errepikakorrez osatuta dauden molekula erraldoiak dira. Makromolekula hauek sintetikoak edo naturalak izan daitezke. Polimero naturalen artean azido hialuronikoa bereizten da. Polimero hau, izaki bizidun guztietan aurkitzen da eta horregatik biobateragarritasun ona aurkezten du.

Irudia: Lubrikatzaile, tanpoi osmotiko eta betegarri modura matrize extrazelularretan, ehun bitreoetan, mintz sinobialetan eta dermisean aurkitzen dago azido hialuronikoa.

Gainera, urarekin itzelezko afinitatea dauka eta horregatik hidrofilikoa dela esaten da eta hidratatzeko ahalmen handia du. Azido hialuronikoa lubrikatzaile, tanpoi osmotiko eta betegarri modura matrize extrazelularretan, ehun bitreoetan, mintz sinobialetan eta dermisean aurkitzen da. Polimero naturalen artean aplikazio gehien dituenetariko bat da, batez ere, medikuntza arloan, kosmetika arloan, dermatologian, oftalmologian, aplikazio ortopedikoetan edota minbiziaren aurkako aplikazioetan. Hala ere, nahiz eta azido hialuronikoa ezaugarri eta aplikazio oparotsuak izan, kanpoko azido hialuronikoak gorputzaren barnean berez ez du denbora asko irauten, izan ere, kateen arteko loturen apurketa ematen da eta ondorioz bere funtzioak deuseztatzen dira. Zorionez hau inolako efektu sekundariorik eman gabe gertatzen da, azido hialuronikoa biodegradagarria baita.

Gorputzean duen iraunkortasunaren arazoa konpondu nahian, azido hialuroniko molekulen arteko gurutzamendua ikertzen ari da polimero hauen gelak sintetizatuz. Bestalde, gel hauen tamaina oso txikia izateak, birus baten bezain txikiak, hau da nanometrikoak, erabilera anitza ahalbidetzen du nanogelak gorputzetik erraz adsorbitu eta garraiatu daitezkelako. Nanogelak tamaina nanometrikoa duten sare hirudimentsional modura ezagutzen dira. Sare horiek eratzeko gehien erabiltzen den metodoa gurutzamendu kimikoa da, non azido hialuronikoa agente erretikulatzaile edo gurutzatzaile batekin erreakzionarazi du. Baina, eskala nanometrikoan dauden gelak eratzeko ezinbestekoa da tamainaren kontrola edukitzea sintesi metodoan zehar. Horretarako sintesi metodoan nanoerreaktoreak eratu daitezke, horiek agregatu esferikoak izaten dira eta haien barnean azido hialuronikoa eta agente erretikulatzailea erreakzionatu ahal dute. Horrela, nanoerreaktorean, azido hialuronikoaren gurutzamendua nano eskalan burutzen da gel nanometriko hirudimentsionalak eratuz.

Nanogelak, disolbatzaile egokitan makroskopikoki disolbagarriak dirudite baina mikroskopikoki, ordea, disolbaezinak dira. Beraz, urarekin kontaktuan jartzean puzten dira haien hasierako forma galdu gabe eta disoluzioan dauden konposatuak barneratuz. Gainera, azido hialuroniko nanogelak adimenduak dira, hau da, kanpo-kinada baten aurrean, kasu honetan pHa, nanogelen propietate fisiko-kimikoak, hala nola beraien puzteko gaitasuna, aldatzen dira. Honen argitan azido hialuroniko nanogelak sendagai garraiatzaile modura erabiltzen hasi dira askapen kontrolatutako dosifikaziorako. Egia esan, farmakoen dosifikaziorako baliogarriak diren sistema berrien garapena zientziaren erronka nagusia bilakatu da ohiko bideek hainbat muga dituztelako, hala nola, egonkortasun eza, plasmako mailen gorabeherak, edo intolerantzia. Gainera, azido hialuronikoa kanpo kinada bati erantzuteko gai denez, gaixotasun edota ehun motaren araberako farmakoen dosifikazio espezifikoa eta lokalizaturako aukera berriak eskaintzen ditu.

Lan honetan azido hialuroniko eta bere nanogelen sintesi metodoak, ezugarriak eta erabilerak laburki deskribatuko dira, nanogel hauen potentziala biomedikuntzaren arloan jakinarazteko asmotan.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Azido hialuroniko nanogelak
  • Laburpena: Azido hialuronikoa (AH) izaki bizidun guztien zelulaz kanpoko matrizean (ECM) aurkitzen den polisakarido lineala da. Naturan dauden polimeroen artean aplikazio gehien dituena da. Biobateragarria, ez-zitotoxikoa eta biodegradagarria den makromolekula honek eskala nanometrikoan sintetizatzen denean, ezaugarri ezin hobeak aurkezten dituzten nanogelak garatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Lan honetan azido hialuronikoaren eta bere nanogelen sintesi-metodoak, ezaugarriak eta erabilerak laburki deskribatuko dira, nanogel hauen potentziala biomedikuntzaren arloan jakinarazteko asmotan.
  • Egileak: Sheila Maiz Fernández eta Leyre Pérez Álvarez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 137-150
  • DOI: 10.1387/ekaia.17857

—————————————————–
Egileez:

  • Sheila Maiz Fernández eta Leyre Pérez Álvarez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Azido hialuroniko nanogelak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hegaztien esnea

Og, 2018-06-21 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Ugaztunon ezaugarri behinenetako bat, esnea ekoizteko ahalmena da. Balio handiko ezaugarri fisiologikoa da, kumeak elikatzea ez baita geratzen egunez eguneko janari-eskuragarritasunaren menpe.

Irudia: Bi hegaztiren kasuan aurkitu da esnea ekoizteko ahalmena eta pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Kasu honetan, baina, arrak sortzen du esnea. (Irudia: Sheilapic76).

Naturan, elikagai-gertutasuna aldakorra izan daiteke sasoi emankorretan ere. Hori dela eta, esnerik ekoizten ez duten animaliak aldagarritasun horren menpe daude kumeak elikatzeko orduan. Izan ere, janaririk gabeko aldiak luzeegiak izan daitezke zenbait kasutan. Jakina, irentsitako eta xurgatutako energia eta elikagaietatik dator esnea, baina baita lehendik pilaturiko erreserbetatik. Hortaz, gerta daitezkeen janari-gertutasunaren aldaketak nolabait leuntzea ahalbidetzen du esneak, eta hori, bistan da, ona da kumearen biziraupen-probabilitaterako.

Ugaztunak ez dira, baina, esnea ekoizten duten animalia bakarrak. Bi hegaztiren kasuan behintzat esnea ekoizteko ahalmena aurkitu da. Pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Gogora ekarri behar dugu beste atal batean pinguino enperadoreari buruz azaldu genuena: pinguino arrak arrautza txitatzen oso denbora luzea ematen du, emea, papoa beterik, itsasotik itzuli arte. Pinguino arrarentzat oso aldi gogorra da txitaldia, baraurik eta tenperatura hotzenen menpe egon behar baitu.

Emearentzat ere, abentura ez da nolanahikoa; itsasoraino joan behar du, itsasoan ahal duen guztia jan, eta gero arrarengana itzuli. Gogorra da bidaia eta, gainera, atzeratu egin daiteke zenbait kasutan. Bada, estualdietarako irtenbiderik ez balego, erabateko ondorioak izango lituzke atzerapenak. Txita arrautzatik irten ondoren pinguino emea beranduegi heltzen bada, txita hil egin daiteke, janari faltan. Hori horrela, garrantzi handikoa da egoera horretarako irtenbide bat izatea eta, kasu honetan, esnea da irtenbidea. Baina esnea, oraingo honetan, arrak sortzen du, arra baita arrautza txitatzen gelditzen dena. Pinguinoaren hestegorriak ekoizten duen esnea, beraz, esne berezia da, baina ugaztunen esneak betetzen duen zeregin bera betetzen du.

Pinguinoak ez dira, hala ere, esne mota hori sor dezaketen hegazti bakarrak: usoek ere egiten dute. Usoen kasuan, papoak sortzen du esnea eta hori dela eta, «papo-esne» esaten zaio. Usoen esnearen konposizioa eta ugaztunenarena, gainera, antzekoak dira. Bukatzeko, hona beste kontu bitxi bat: ugaztunen hormona berak eragiten du esnea ekoizten hastea, prolaktinak, alegia.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Hegaztien esnea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Iluntasuna da, gero eta gehiago, animalien ‘territorio libre’ bakarra

Az, 2018-06-20 09:00
Juanma Gallego Gizakiaren eragina dela eta, gaueko bizimodua indartzen ari da ugaztunen artean: animaliak giza jarduerarik gabeko eremuen bila joaten dira, baina hauek ere gero eta urriagoak dira, eta animaliek iluntasunean hartu behar dute aterpea.

Landa eremuan gauez autoa gidatu duen edozeinek ondo baino hobeto daki: ordu txikietan tentuz ibili beharra dago. Edozein momentuan atera baitaiteke errepide erdira animalia bat. Basurdea, azeria edo azkonarra izan liteke. Istripurik ez bada, sentsazio zirraragarria da zuzenean ikustea basapiztien munduak gizakiaren munduarekin bat egiten duen aldiune azkar hori.

1. irudia: Ugaztunek gizakiarengandik aldendu nahi dute, baina “espazioan” hori egitea gero eta zailagoa dute. “Denboran” alde egin behar dute, beraz. (Argazkia: Ray Hennessy / Unsplash)

Ez da kasualitatea. Aspalditik ikasi dugu ugaztun asko gauean aritzen direla hoberen. Iluntasunean bilatzen dute babesa harrapakariengandik. Dinosauroak desagertu zirenetik, hori izan omen da, hain zuzen, haien arrasta ebolutiboaren giltzarrietako bat. Guztiak ez dira, ordea, “gautxoriak”. Asko eta asko egunez aritzen dira.

Baina badirudi batez ere egunez aritzen diren animaliak aterpe horren bila gero eta gehiago ari direla, eta atzean zio naturalik ez dago. Hobeto esanda, zio naturala egon badago, gizakia ere ekosistemaren barruan dagoen aldagaia baita. Baina, onerako ala txarrerako, planeta osoa behin betiko aldatu duen eragilea da gizakia. Kasu honetan, gizakia da “zioa”.

Hori erakusten du, bederen, Science aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek. Ugaztunen ibilbidea jarraitu dute bertan, eta ondorioztatu dute animaliek gero eta jarduera gehiago egiten dutela gauez, antza, gizakiarekin topo egitea zailagoa baita halako orduetan.

Ikerketa zehatza baino, meta-analisia da aurkeztu dutena: orotara, ikertzaileek mundu osoko 62 ugaztun espezieren inguruan egin diren 76 azterketa berrikusi dituzte. Beraz, animaliak jarraitu baino, beste hainbat zientzialariek egindako lana jarraitu dute. Ondo eginda egonez gero, halako ikerketek ikusmira zabalagoa eskaintzen dute, arlo batean egiten den zientziaren adierazgarri baita.

Berrikusitako azterketa horietan, animaliei jarraipena egiteko GPS bidezko jarraipen gailuak eta mugimendua dagoenean automatikoki abiarazten diren kamerak baliatu dituzte. Gailu horiei esker, zientzialariak gai izan dira espezie bakoitzak gauez izan duen jarduera neurtzeko eta alderatzeko. Baina betidanik naturalistek erabili izan dituzten zuzenezko behaketak ere baliatu dituzte.

Datuak ere giza jarduerarekin alderatu dituzte, hala nola sasoi bakoitzean dagoen ehiza, inguruan dauden mendizaleak edota eremuan egiten den nekazaritza jarduera. Gizakien presentziak animaliak uxatzen dituela ikusi dute, antza, animaliek gizakiari beldurra diotelako. Arriskuak ekiditeko, ugaztunek gizakiekiko kontaktua alboratzen dute. Batez ere gizakirik gabeko eremuetan bilatu dute aterpea, baina eremu horiek ere gero eta urriagoak dira. Gizakiak lurreko eremuen %75 bere gain hartu dituela kalkulatzen dute adituek. Horregatik, eta “espazioan” alde egitea gero eta zailagoa zaienez, “denboran” alde egin behar izaten dute: gauean, hain zuzen.

2. irudia: Animalia batzuk gizakiaz profitatzeko gai dira, baina batez ere gauez egiten dute. Irudian, basurde talde bat (Sus scrofa) Bartzelonan, zaborren inguruan janaria bilatzen. (Argazkia: Laurent Geslin)

Behin datu guztiak begiztatuta, ikertzaileek ondorioztatu dute inguruan giza jarduera dagoenean animalien gaueko jarduera, batez bestean, %20 handitu dela. Ohituren aldaketa horrek animalen fisiologian eragin dezakeela ohartarazi dute, eta demografian zein kate ekologikoetan ere ondorioak izan daitezkeela erantsi dute. Modu honetan laburbildu dute arazoa ikerketa artikuluan: “Harrapakari-harrapakin sistema naturaletan gertatu ohi den moduan, arriskuak ekiditeko joera horrek hilgarri ez diren baina garrantzitsuak diren ondorioak izan ditzake animalien fisiologian eta gaitasun biologikoan; horrek demografiari eragiten dio, eta jauzi trofikoak aktibatzen ditu”.

Aferaren alde positiboa aurkitu aldera, planteatu dute gauez ibiltzeak animaliei aukera emango diela gizakiekin elkarrekin bizitzeko. Halere, arriskuak kontuan hartzekoak dira. Horregatik, kontserbazioa sustatzeko egiten diren plangintzetan ondorio hauek kontuan hartzeko beharra babestu dute. Izan ere, orain plangintza horietako askok arlo “espaziala” besterik ez dute lantzen, “denborari” dagokion arloa kontuan hartu gabe.

Ikerketa artikuluarekin batera argitaratu duten iruzkin batean, Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaile Ana Benitez-Lopezek ikerketaren originaltasuna azpimarratu du. “Denbora luzez, gizakiek animalietan eragindako espazio aldaketak aztertu dituzte ikertzaileek, baina animalien jardueran dauden denbora aldaketei arreta gutxiago eskaini zaie”.

Datuetako batzuk bereziki azpimarratu ditu Benitez-Lopezek. “Gizakien eraginari aurre egiteko ugaztunengan identifikatu dituzten 141 erantzunen %83 gautartasunaren handitzeari lotuta daude”. Joera hau bereziki ugaztun handiengan zabalagoa izan dela dio, animalia handiek dutelako ehizatuak izateko arrisku handiagoa, eta, hortaz, “alde egiteko” premia biziagoa.

Joera hori, hala ere, mantentzen da mota askotako ugaztunetan: txikienetatik hasita eta handienetara, eta berdin ematen da belarjaleetan zein haragijaleetan. Gainera, animaliei berdin zaie gizakiaren presentzia zuzenezko arrisku bat suposatzea hala ez: jarduera edozein izanda ere, animaliek gizakia uxatzen dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gaynor K. M. et al. The influence of human disturbance on wildlife nocturnality, Science (2018), Vol 360, issue 6394, pp. 1232-1235. DOI: 10.1126/science.aar7121

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Iluntasuna da, gero eta gehiago, animalien ‘territorio libre’ bakarra appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zainzuriak jan osteko pixaren kimika

Ar, 2018-06-19 09:00
Josu Lopez-Gazpio Asko jakinaren gainean egongo dira jada, baina, horrela ez bada, norberak etxean egin dezake esperimentu hau: pixa egin eta usaindu, zainzuriak jan, ordu erdi itxaron eta berriz pixa egin eta usaindu. Desberdintasunik antzematen al duzu? Litekeena gernuaren usainean aldaketa bat nabaritu izana. Pixak usain berezi eta desatsegina duela konturatzen bazara, zure ezaugarri genetikoei esker zainzurien azido jakin bat metabolizatzeko gai zarela esan nahi du, eta baita azido horren metabolitoak usaintzeko gai zarela ere.

1. irudia: Zainzuriak jan ondoren gernuak usain bereizgarria du azido asparagusikoa metabolitzatzearen ondorioz agertzen diren hondakin-produktuengatik. (Argazkia: Sarah_Loetscher – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Agian zu ez zara gai pixaren usain berezi hori antzemateko -genetika kontua-, baina, zure gernuak zainzuriak jan osteko usaina du. Kasu horretan, usain hori detektatzeko gai den boluntarioren bat aurkitu beharko duzu etxean egindako esperimentuaren datuak jasotzeko. Hurrengo bazkariko entsaladan zainzuriak badaude, zientziarekin lotutako hizketagaia izango duzu, zainzuriak jan osteko pixan kimikaren eta biologiaren usaina hartuko duzu eta.

Oro har, zainzuriak jan eta 15 bat minutu pasatzen direnean, organismoa hondakin-produktuak kanporatzen hasten da. Pixa egitean gernuak duen usain desberdin eta bereizgarri hori metabolismoaren ondorioz agertzen diren hondakinei zor diegu. Usainaren erantzulea zainzurietan dagoen molekula batek sortzen du, azido asparagusikoak. Azido asparagusikoak sufrea du eta metabolizatzen dugunean hainbat hondakin lurrunkorretan bihurtzen da, besteak beste, metanotiola, dimetilsulfoxidoa, dimetilsulfuroa, dimetildisulfuroa eta dimetilsulfona. Metabolito horiek dira, hain zuzen ere, gernuari usain bereizgarria ematen diotenak. Bide batez, substantzia horiek mofetaren jariakinetan ere aurkitzen direla esan behar da.

Gakoa, genetikan

Guztiok ez gara gai pixan zainzurien usaina bereizteko. Usaimenarekin lotutako zenbait genetan aldaketak dituztenek ez dute azido asparagusikoaren metabolitoak usaintzeko gaitasuna. Hori argitzeko helburuarekin, Sarah Markt eta bere lankideek ikertu zuten zainzurien pixaren usainaren genetika 2016an. Ikerketan 6.909 gizon eta emakume aukeratu zituzten eta ikusi zuten %40a bakarrik zela gai zainzuriak gernuan detektatzeko. Gaitasun hori partehartzaileen ezaugarri genetikoekin alderatu zuten eta ikusi zuten usaimenarekin lotutako geneetan 871 aldakuntza zeudela zainzurien pixa usaintzeko gaitasunarekin -edo hobeto esanda, gaitasun ezarekin- lotuta.

Aipatutako ikerketaren ondorioak medikuntzako BMJ aldizkarian argitaratu ziren 2016an eta beste datu garrantzitsu bat azaleratzeko balio izan zuen: zainzurien metabolitoak usaintzeko gaitasun eza -anosmia- gizonezkoen %58ari eragiten dio eta emakumezkoen kasuan, aldiz, %61,5ari. Hori ez da oso ohikoa; izan ere, normalean emakumeak usain gehiago detektatzeko gai dira eta, gainera, gizonek baino zehaztasun gehiagorekin usaintzen dute.

2. irudia: Esparrago entsalada bat jan ondoren, 15 bat minutu nahikoak dira gernuan zainzurien metabolismoaren hondakin-produktuak agertzeko. Metabolitoen ekoizpen eta metabolito horiek usaintzeko gaitasuna faktore genetikoen araberako da. (Argazkia: RitaE – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hortaz, zainzuriak jan ondoren agertzen diren metabolitoak usaintzeko gaitasuna genetikaren araberakoa da. Bitxikeriak ez dira hor bukatzen; izan ere, metabolito horiek berak sortzeko gai izatea ere kontu genetikoa dela dirudi. Pertsona batzuk ez dira gai azido asparagusikoa metabolizatzeko eta, ondorioz, haien gernuak ez du usain bereizgarri hori. Agian metabolitoak usaintzeko gai dira, baina, ez dute jakingo beste norbaiten gernua usaintzen ez badute. Nolanahi ere, oraindik ez dago guztiz argi metabolitoak ekoizteko gaitasuna genetikoa den edo ez, eta baliteke beste faktore batzuen menpekoa izatea -esaterako, hesteetan dauden bakterioen araberakoa-.

Nolanahi ere, usain kontuak alde batera utzita -zorionekoak genetikarengatik zainzurien hondakin-produktuak usaintzeko gai ez direnak-, zainzuriak jatearen onurak askotarikoak dira. Zinka, burdina, potasioa, azido folikoa eta A, B6 eta C bitamina dute, besteak beste, eta proteina eduki altuko barazkia da. Hortaz, zainzuriak jateko arazorik ez dago, gernuak izango duen usain -edo kirats- bereizgarri horretaz gainera. Etxerako lanak ere badituzu. Sarreran azaldutako esperimentua egin eta aztertu genetikak zainzurien azido asparagusikoaren metabolitoen lurrina antzemateko gaitasuna eman dizun edo ez.

Erreferentzia bibliografikoa:

Markt Sarah C, Nuttall Elizabeth, TurmanConstance, Sinnott Jennifer, Rimm Eric B, EcsedyEthan et al., (2016). Sniffing out significant “Pee values”: genome wide association study of asparagus anosmia, BMJ 2016; 355 :i6071. DOI: https://doi.org/10.1136/bmj.i6071

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zainzuriak jan osteko pixaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2 emisioetan

Al, 2018-06-18 09:00
Aldizkako ibaiek, erreka idor izenez ere ezagunak, karbonoaren zikloan duten eragin globala aztertu du lehenengoz ikerketa batek. Emaitzen arabera, aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2 emisioetan.

Aldizkako ibaiek, zenbaitetan urik izaten ez dutenak eta erabat lehortzera ere hel daitezkeenak, CO2 emisioetan ekarpen esanguratsua dutela egiaztatu du ikerketak. Ibai mota hauek ura etengabe isurtzen duten ibaiak baino askoz gutxiago ikertzen badira ere, munduko ibai sarearen erdia ere izan daitezke eta klima aldaketaren eta etengabeko ur eskariaren eraginez, nagusi izatera irits litezke zenbait eskualdetako paisaian.

Eguneko CO2 isurien zenbatespenak %7 eta %152 artean areagotu litezkeela adierazten dute lortutako emaitzek, aldizkako ibaien datuak gehituko balira dagoeneko existitzen diren ibai iraunkorren datuetara. Umeltze unean sortzen den CO2 isuri pultsuak %10 handiarazten du areagotze hori.

Ibaietan urik ez dabilenean, lurreko orbela, aldameneko inguruneko hostoez eta egurrez osatuta gehienetan, ibai lehor horietako ibilgura erori eta bertan pilatzen da. Klimaren, landarediaren, ibaiaren ibilguaren zabaleraren, lehorte aldiaren iraupenaren eta ibai isuriaren araberakoa da orbel mota.

Munduko 212 ibaien ibilgu lehorretan pilatutako orbela aztertu eta ibai horietan berriro ere ura dabilenean eta orbela berriro umeltzean arnasketa, hau da, CO2 isuria, da ikerketan neurtu dena. Orbela berriro ere bustitzen den une hori une beroa da, ibaian latente dauden hainbat mekanismo biologiko berraktibatzen baitira. Urak komunitate biologikoak berpizten ditu, batik bat bakterioak, baina baita onddoak ere. Denbora luzez latente egon direnez, oso azkar azeleratzen dira eta tasa altutan arnasten hasten dira. Aktibitate desorekatua duen unea da, non aktibitate biologikoa ikaragarri handia den.

Arnasketa (CO2 isuria) neurtzeko orbela berriro ere umeltzen hasten den une hori simulatu dute ikerketan. Izan ere, in situ egitea oso konplexua da, besteak beste, zaila delako jakitea noiz itzuliko den ura berriro ere aldizkako ibai batera. Neurtutako arnasketa tasa altuek mikrobio komunitateen suspertzea islatzen dute eta horregatik da hain handia atmosferara isurtzen den CO2 kopurua.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Aldizkako ibaiek karbonoaren zikloan duten eragin globala aztertu dute lehenengoz.

Erreferentzia bibliografikoa

Datry T, Foulquier A, Corti R, von Schiller D, Tockner k et al. A global analysis of terrestrial plant litter dynamics in non-perennial waterways. Nature Geoscience (2018). DOI: 10.1038/s41561-018-0134-4

The post Aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2 emisioetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #207

Ig, 2018-06-17 09:00
Ziortza Guezuraga Klima-aldaketa

Berotegi gas isuriak murrizteko Parisko Akordioak zenbait helburu ezarri zituenetik energiaren mundua trantsizioan dagoela irakur daiteke Berrian. Iturri berriztagarriak eta efizientzia oinarri izango dituen eredu berriara trantsizioan. Hainbat faktore daude atzean, baina arrazoi oso indartsua ekonomikoa da: energia berriztagarrien arrakasta. Izan ere, hamar urtean, eguzki energiaren prezioa %85 murriztu da, eta eolikoetatik datorrena, %50-60 inguru.

Eta trantsizio energetikoarekin jarraituz, erregai fosilen gaia jorratu dute Berrian. Azaltzen dutenez, beroketa globala mugatu nahi bada, erregai fosilen erreserben ia bi heren erre gabe utzi behar dira. Hau da, lur azpian utzi beharko da petrolio erreserben %35, gas naturalaren %52 eta ikatzaren %88.

25 urtetan Antartikan hiru mila milioi tona izotz urtu direla eta azken bost urteetan hirukoiztu egin dela urtze tasa jakin dugu Elhuyar aldizkariari esker. Horrek itsas maila ia zortzi milimetro igotzea eragin du, zortzi milimetro horietatik hiru azken bost urteetan igo direlarik.

Osasuna

Dislexiaren eta elebitasunaren arteko harremana ikertu du Marie Lallier, BCBLko ikertzailea eta elkarrizketa egin diote Berrian. Ikerketaren arabera, idazten den bezala ahoskatzen den hizkuntza bat (gardena) eta letrako soinu ugari izan ditzakeen beste hizkuntza bat (opakua) batera ikasten dituzten haur dislexikoek alterazio gutxiago dituzte irakurtzean. Hartara, ingelesez irakurtzen lagun diezaioke euskarak ume dislexikoari.

Ikertzaile talde bat ajearen ondorioak murrizteko antidotoa bilatzen ari dela azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok asteon eta, bide batez, ajearen sintomak eta zergatiak azaldu. Irakur daitekeenez, ikerketa baten emaitzen arabera, organismoak berak dituen entzimak dituzten nanokapsulak erabiliz asko edatearen ondorioz agertzen diren sintomak nabarmenki murriztu daitezke.

Behar bezala txertatu gabeko zerbitzua dira zaintza aringarriak osasun sistema gehienetan oraindik eta alorreko profesionalek sarri askotan adierazten dute arrangura hori. Haien artean Eduardo Bruera medikua, Berrian egindako elkarrizketa honetan irakur daitekeen bezala. Medikuaren arabera, gainera, pronostiko txar bat atzeman orduko, zaintza aringarrien garaia da.

Biologia

Gizakiak gainerako primateengandik zerk bereizten duen aztertu duen ikerketa baten ingurukoak irakur daitezke Berrian. Gizakietan, txinpantzeetan eta Rhesus makakoetan zelan erregulatzen diren garunekko geneak da aztertu dutena eta zera topatu dute: aztertutako 3.356 geneetatik soilik %12aren aktibitatea da ezberdina primateen eta gizakien artean. Ezberdintasun nabarmenena tirosina hidroxilasa kodetzen duen genean aurkitu dute, gizakiongan askoz aktiboagoa dena.

Gailu elektronikoren batean entzutean norberaren ahotsa gustuko ez izatea oso ohikoa da. Hitz egitean entzuten den ahotsa grabeagoa da eta soinu harmoniko gehiago dauzka. Ahotsaren doinu aniztasunaren kausa garezurra dela azaltzen dute Euskalnaturan: hitz egiterakoan laringetik airea pasatzean eta ahots korden bibrazioa eragitean, garezurreko hezurretatik zehar garraiatzen da barne belarriraino; hezurren bidez transmititzeagatik gertatzen da ezberdintasuna, haien dentsitateak eragina duelako soinuan.

Hubard basoiloaren kasuan arraren erakargarritasunaren garrantziaz idatzi dute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutiak. Zehazki, gorteiatze erakustaldia garrantzi handikoa dela hegazti hauetan azaltzen dute. Baita gorteiatze erakustaldiaren ikusgarritasunari eta «kalitateari» dagokionez desberdintasun handiak daudela arren artean. Azaltzen dutenez, onartuta dago erakustaldiaren kalitatea arraren «kalitatearen» adierazle egokia dela.

Teknologia

Arlo forentseko adituek aurpegiak ezagutzeko duten abilezia neurtzen saiatu dira ikerketa batean, Juanma Gallegok kontatu digunez eta adimen artifizialaren “abileziarekin” alderatu. Orain arte zeregin horretan gizakiak duen trebezia ezin izan du gainditu teknologiak, antzeko emaitzak lortu dituzte oraingoan, hala ere. Ikertetan ez dute ondorioztatu gizakiak ala makinak hobeagoak direnik, biak batera lan egitean doitasun handiagoa lortzen dutela baizik.

Hurrengo gauza handia, The next big thing, izango da biltegiratze elektrikoa. Hala azaldu dute Berrian. Euskal Herria, CIC Energiguneren bitartez besteak beste, lehiakide da lasterketa teknologiko horretan. Erronka berrien artean daude egoera solidoko baterien teknologiak, katodoa eta anodoa lotzeko elektrolitoa likidoa izan beharrean solidoa izango duten bateriak dabiltza ikertzen, eta, gainera, munduko onenetakoak dira. Elektrolito solido polimerikoetan, Europako zentrorik onenetan bosgarrena dira eta zeramikoetan, lehena.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #207 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjaintasunaren kartografia #220

La, 2018-06-16 09:00

Erabilgarria izan daiteke errealitate areagotua autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzat? JR Alonsok ikertzen du Augmented reality and autism

Botika berrien ikerketan bere horretan aplikatzen ez diren arauak badaude. Isabel Pérez Castroren Putting the “rule of five” of drug research in context

Dentsitatearen funtzionalaren teoriak (DTF) erantzun zehatzak ematen ditu, baina energia trukaketaren funtziorako hurbilketak egin behar dira. DFT kalkulu baten funtsezko egoeratik funtzio espektrala ateratzeko metodoa proposatzen dute DIPCkoek How to extract the interacting spectral function from a ground state DFT calculation

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjaintasunaren kartografia #220 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Selma Huxley ikertzailea, balea eta euskal arrantzaleei so

Or, 2018-06-15 09:00
Eduardo Angulo

Julián de Zulueta y Cebrián Madrilen jaio zen 1918.ean, eta lan-bizitzaren parte handi bat eman zuen malariaren aurka borrokatzen, nazioarteko erakundeetan mediku gisa arituz. Antonio de Zuluetaren iloba zen. Antonio de Zulueta zoologoa izan zen Darwinek 1921ean plazaratu zuen On the origin of Species gaztelaniara hobekien itzuli duena. Juan de Zulueta 1952.ean Nazioarteko Osasun Erakundean sartu eta 1977.era arte, malariaren aurkako kanpaina guztien erantzule izan zen. Herrialde askotan egon zen, eta Eulitxoen jauna esaten zioten.

Gainera, Julián de Zuluetak historia-zaletasun handia zuen, eta batez ere, itsas kontuen zalea zen. Society for Nautical Research izenekoaren kidea zen, eta elkartearen aldizkariaren 2000.eko alean, artikulu bat argitaratu zuen Euskal Herriko baleazaleei buruz eta beren abenturei buruz. Ternuan egin zituztenak jorratzen ditu artikuluan, eta bertan azaltzen da Selma Huxley:

“Selma Huxley Barkhamek egin zituen arrantza-lekuei eta balea harrapatzeari buruzko ikerlan nabarmenenak, 1972.ean hasita. Izan ere, oso garrantzitsuak izan dira berak egindako lanak. Udal, eskualde eta nazio-artxiboetan ibil izan da ikerkuntza lanean Kanadako ipar ekialdean. Horri esker, ondo ezagutzen ditugu arrantza-lekuen antolakuntza, eta euskal baleen arrantza. Kanadako itsas aldean hainbat toki interesgarri aurkitu dira. Hor, gantz-balea lortzen zen eta bakalaoa lehortzen zen XVI. eta XVII. mendeetan”.

1. irudia: Selma Huxley, 2014.ean “Lagun Onari” saria hartzen ari zelarik

Selma Huxley Londresen jaio zen, 1927.ean. Michael Huxley zuen aita, eta hau, Aldous Huxleyren eta Julian Huxley biologoaren lehengusua zen. Thomas Henry Huxley zuen aitona. Tomas Henry Huxley Darwinen jarraitzaile sutsua izan zen eta Darwinen bulldog txakurra zela esan ohi zen. Horrela ba, Selma Huxleyren senitartea, intelektualek eta zientzialariek osatua zegoen.

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Selma Huxleyk Paris eta Londresko unibertsitateetan ikasi zuen, eta bere familia zela eta, Kanadara joan zen. Azkenean, bertan geratu zen bizitzen, eta irakasle eta bibliotekari egon zen MacGill Unibertsitateko Ipar Amerikako Institutu Artikoan.

1953.ean, ingeles arkitekto gazte bat ezagutu zuen. Brian Karkham zeritzon, eta ondo ezagutzen zuen Euskal Herria. Urte batzuk beranduago, ezkondu egin ziren biak. Barkhanm, 1950.ean atera zen Ingalaterratik Andaluziara bidean. Bertako nekazaritza-arkitektura aztertzeko asmotan zebilen. Euskal Herrian gelditu zen ordea, eta euskal baserria aztertu zuen bere tesia egiteko. Izugarri gustatu zitzaion Euskal Herria eta 1951n etorri zen berriz hona.

Selma Huxleyk Kanadan ez zekien nola aldatuko zitzaion hurrengo urteetan bizitza. Ezkondu berritan, Otawara, hau da, Kanadako hiriburura bizitzera joan ziren. Bertan, Barkhamek arkitektura-estudio bat jarri zuen eta familia bat eratu zuten. 1956.ean, Euskal Herrira etorri ziren, eta bertako lagun batek, Pío de Montoya apaizak, euskaldunek Kanadan egindakoaren berri eman zien.

2. irudia: Historiagileak erabilitako dokumentuak. “Selma Huxley historiagilea, euskal arrantzaleen bila” dokumentalaren irudia. (Argazkia: © EITB)

1964.ean, hil egin zen Brian Barkham, minbizi batek jota. Horrela, alargun geratu zen Selma Huxley 37 urte zituela. 10 urtetik beherako lau ume hazi behar zituen eta Kanadako gobernuan lan egin zuen, historia-garrantzia zuten toki batzuen azterketan eta eraberritzean. Arreta jarri zuen gainera Kanadako kostara iritsi ziren europarrengan eta bereziki euskaldunengan, hango eskualdearekin zuten harremanagatik.

Egitasmo bat aurkeztu zion gobernuari: Frantzia eta Espainiako fitxategietan aztertu nahi zituen euskaldunek XVI. eta XVII. mendeetan Kanadara egindako espedizioak. Mexikora joan zen gaztelania ikasteko, eta hiru urte beranduago, egitasmoari ekiteko diru-laguntza eskatu zion gobernuari 1972.ean.

Kanadako Fitxategi Publikoetarako lehenengo lanari ekin zion, eta artxibo espainiarretan aritu zen Kanadari buruzko dokumentuak aurkitzen eta mikrofilmatzen. Hasiera batean, Burgoseko Kontsulatuko Artxiboan izan zen, baina laster aurkitu zituen euskal kostaldeari buruzko zehaztapenak, eta Bizkaia eta Gipuzkoara jo zuen.

1972an bertan, zama-itsasontzi batean iritsi zen Bilbora bere seme-alabekin batera. Bere umeen artean txikienak 11 urte zeuzkan garai hartan. Ingeles-eskolak eman zituen dirua lortzeko, eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen. Ia dirurik gabe ekin zion ikerkuntza bati eta beranduago hartu zuen izenik gabeko emaile baten diru-laguntza. Horrela, artxiboetara joaten hasi zen. Bere lehenengo artikulua argitaratu arte ez zuen inongo laguntzarik jaso. Huxleyk esaten du bere hasierako osteratxoetan apaizak eta mojak besterik ez zuela aurkitzen, eta bere ustez bera bezain txiroak zirela haiek guztiak.

1973.ean Oñatira bizitzera joan zen, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan aritzeko. Gune horretan dago Oñatiko Unibertsitateko artxiboa eta biblioteka, bai eta Azpeitia, Bergara, eta Donostiako notario-dokumentuak.

Garai hartan, berrogei bat artxibo aztertu zituen parrokia, udal, notario-bulego eta epaitegietan. Hiri askotan egin zuen hori: Tolosa, Bilbo, Burgos, Valladolid, Madril, Sevilla eta Lisboa. XVI. eta XVII. mendeetako milaka eskuizkribu aurkitu zituen. Gaztelania zaharrean idatzita zeuden eta Ternuan egondako euskaldunak zituzten hizpide: polizak, aseguruak, epaiak, testamentuak, pleitatzeko kartak, tripulanteentzako kontratuak, apareju-zerrendak eta probisioak.

Dokumentazio honi esker, jakin zuen euskaldunak oso bakailao kala ona ezarri zutela Kanadako itsasalde atlantikoan, eta XVI. mendean, nolabait esateagatik industri mailan aritu zirela baleak harrapatzen. Arrantza-leku horien ezaugarri asko zehaztu zituen: tamaina eta bilakaera, antolakuntza eta finantziazioa, espedizioak eta itsasontzi motak, ibilbideak eta helmugak, arrantzaldiak, naufragioak, marinelen lana eta heriotza, elikagaiak eta jantziak, amerindiarrekiko harremanak, merkatuak eta abar.

3. irudia: Donibane txaluparen hondakinak, Red Bay izenekoan Robert Grenierrek aurkituak. (Argazkia: © Canadian Register of Historic Places)

Euskaldunek bakailaoa ere arrantzatzen zuten Kanadan, Ternua aldean, Bahia Handia izeneko toki batean. Huxleyk jakin zuen egun Belle Ille esaten zaiola toki horri. Ternua eta Labradorren artean dago. Euskaldunak, toki horren iparraldean zeuden eta Labradorren hegoaldean.

Identifikatu egin zituen garai hartako balea-portuak eta egun tokiek dituzten izenak. Horrela, Gradun, egungo Middle Bay portua da, Puerto Bretón egungo Carrol Coce izenekoari dagokio. Buttes izan zen garrantzitsuena, egungo Red Bay izenekoaren aldean.

Kanadan egindako testu zibili zaharrenetakoak aurkitu zituen, euskaldunek eginak: 1572ko txalupa-salmenta bat, eta 1577 eta 1584.eko testamentu bi.

Froga arkeologikoak bilatu zituen. 1977.ean, espedizio bat egin zuen, James Tuck arkeologoarekin batera. Kanadako Errege Erakunde Geografikoak lagundu zuen. Labrador hegoaldera joan ziren. Hainbat portu aztertu zituen eta batez ere Red Bay horretan aurkitu zituen hondakin garrantzitsuenak, bere Europako dokumentazio-lanak baieztatu zituztenak.

Eskuizkribu horietako batzuetan, esaten da nola hondoratu ziren XVI. mendean euskal itsasontzi baleontzi batzuk Badia Handian: bat Pasaiakoa 1563.ean hondoratu zen Los Hornos, gaur egun Pinware Bay izenekoan hain zuzen; Madalena Mutrikukoa, 1565.ean hondoratu zen, eta Maria Donostiakoa, 1572.ean, Chateon, egun Chatea Bay deritzon horretan; bukatzeko, San Juan Pasaiakoa, 1565.ean hondoratu zen eta Madalena de Burdeos Biarritzekoa 1574.ean, Les Buttesen, egun deritzon horretan.

1978.ean, Kanadako Parkeak erakundeko urpeko arkeologoen talde batek, Robert Grenierrek zuzendua, aztergai hartu zituen Selma Huxleyren datuak eta Red Bay eta Chateau Bay esploratu zituzten. Portu bakoitzean, ontzi-aztarna bat aurkitu zuten: XVI. mendeko baleontziak ziren.

Beranduagoko kanpainetan, Selma Huxleyk, Tuck eta Greneirrekin batera, jarraitu zuten euskal baleontzien inguruko aurkikuntzak egiten, eta azkenean Red Bay Kanadako Toki Historiko modura izendatu zen 1979.ean. Egun badago bertan museo bat, badiaren hondoan aurkitutako ontzi-aztarna batzuk, balea-gantza erauzteko labeen hondakin batzuk, trena asko, eta bestelako hondarrak. Euskal teila batzuk ere badaude. Museoak 10.000 bisitari hartzen ditu urtero.

Selma Huxleyren semeak, Michael Barkhamek, 1959.ean jaioa zelarik, Cambridgeko unibertsitatean aurkeztu zuen bere tesia, Shipowning, Shipbuilding and Trans-Atlantic fishing in Spanish Basque portos, 1560-1630: a case study of Motrico and Zumaya izenekoa. Euskal Herriko eta Kanadako itsas historian espezializatu zen, eta baleontziak eta bakailao-ontziak ere aztertu zituen Ternuan. Amaren bide zientifikoa jarraitu zuen beraz. 2014.ean, Urkullu lehendakari jaunak Selma Huxleyri Lagun Onari golardoa eman zion, bertan bere bi Seme Michael eta Serena Barkham zeudela.

1987.ean, Iñaki Zumalde historialariak bat egin zuen Julián de Zuluetak esandakoarekin eta hauxe baieztatu zuen:

“aurrerantzean euskal baleontzien historiaz aritzean, ezinbestean aipatu beharko da Selma Huxley”.

Hitz horiek emango diote bukaera ikertzaile honi buruzko testuari.

—————————————————–

Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Selma Huxley ikertzailea, balea eta euskal arrantzaleei so appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fluordun konposatuak gure kostaldeko bizidunetan

Og, 2018-06-14 15:00
Itsaso Zabaleta,Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto, Olatz Zuloaga Iaz albiste kezkagarria argitaratu zuen Greenpeacek zenbait etxe komertzial ezagunetako mendirako arropa eta osagarrietan konposatu perfluoratu (PFCs) toxikoak daudela esan zuenean [1]. Izan ere, konposatu per- eta polifluoratuak (PFAS-ak) gure eguneroko bizitzan erabiltzen diren material eta tresna ugaritan aurki ditzakegu euren egiturak ematen dizkien propietate bereziei esker [2].

Irudia: Lazun (Chelon labrosus) eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira kutsaduraren balorazio bat egin ahal izateko. (Irudia: Roberto Pillon).

Alde batetik, fluoro atomoz guztiz (per-) edo partzialki (poli-) ordezkaturiko kate hidrofobikoa dute, zeinak ura aldaratzeko propietatea ematen dien. Bestalde, kate hidrofobiko horri lotuta buru hidrofilikoa dute, neutro edo positiboki edo negatiboki kargatuta egon daitekeena. Buru hidrofiliko horrek koipea aldaratzeko gaitasuna ematen die. Egitura berezi horrek konposatu tentso-aktiboak bihurtzen ditu eta egun izan ditzaketen erabileren artean, aipatzekoa da babesgarri bezala duten erabilera anitza; hala nola, alfonbretan, kirol-arropetan, jakiak ontziratzeko materialetan eta sukaldeko tresnetan aurki daitezke. Era berean, konposatu kimiko bezala ere erabiltzen dira sua itzaltzeko aparretan, xanpuetan, tintetan eta margoetan, besteak beste [3,4].

PFAS-en presentzia ingurumenean oso nabaria izaten ari da azken urteotan eta horien agerpena iturri antropologikoei egozten zaie batez ere. Organismo itsastarrak bizi diren ur-sistemako kutsaduraren oso bioadierazle egokiak dira, bertan biometatzen baitira uretan dauden kutsatzaileak. Ostrak, muskuiluekin batera, sarri erabili dira ohiko kutsatzaileen monitorizazioa burutzeko ur-sistemetan [5]. Bestalde, PFAS-en kasuan, kate trofikoan gora kutsatzaile horien kontzentrazio altuagoak aurkitzen direla ikusi da zenbait ikerketa lanetan [6]. PFAS-en ezaugarriak direla-eta (hidrofobikoak izateaz gain lipofobikoak ere direnez gero), gantz asko duten ehunetan metatu beharrean, proteinetan aberatsak diren ehunetan metatzeko joera dute, hala nola, odolean, gibelean edo giltzurrunean. Ildo horri jarraituz, ondoko lanean Frantziako, Euskal Herriko, Espainiako eta Portugaleko kostaldean arrantzatutako lazun (Chelon labrosus) eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira, gure ingurumenaren kutsaduraren balorazio bat egin ahal izateko.

Lazunen gibelen kasuan, azido perfluorooktanosulfonikoa (PFOS), azido perfluorodekanoikoa (PFDA) eta perfluorooktanosulfonamida (PFOSA) izan dira lagin-biltze puntu guztietan (Gernika, Arriluze, Plentzia eta Pasaia) detektatutako PFAS-ak. PFOS izan da lagin-biltze puntu guztietan gailendu den konposatua eta Gernikako puntuan detektatutako kontzentrazio-mailek (443-1.214 ng/g) zer pentsa handia eman beharko luteke. Izan ere, lazunak arrantzatu diren puntutik oso gertu araztegia aurkitzen da, zeinek uraren tratamendu primarioa egin ondoren, emaria berriro itsasadarrera isurtzen duen. Era berean, Gernikan hainbat industria dago, hala nola, metalurgia, automozioa, eta plastiko industria. Hori dela-eta, industria guzti horien hondakinak zenbait kutsatzaileren balio altuen adierazgarri izan daitezke. Azkenik, aipatzekoa da lagin-biltze puntutik gertu suhiltzaileen parkea dagoela, non erabiltzen diren sua-itzaltzeko aparrak PFOS-en iturri izan daitezkeen. Gainontzeko lagin-biltze puntuetan lortutako PFOS kontzentrazioak Gernikan aurkitutakoak baino baxuagoak badira ere, Arriluzen 9,0-37,6 ng/g, Plentzian 3,8-11,7 ng/g eta Pasaian 5,9-6,7 ng/g, gure kostaldean PFASs iturriak badirela argi dago.

Lan honetan bildu diren ostrak Frantziako (Arcachon eta La Rochelle), Euskal Herriko (Urdaibai), Espainiako (Ostranor) eta Portugaleko (Sado eta Aveiro) kostaldean dute jatorria. Kasu honetan PFOS eta PFOSA izan dira detektatutako fluordun konposatu bakarrak, betiere gibelean lortutako kontzentrazioak baino baxuagoak lortuz (gehienez, 1.7 ng/g PFOS Arcachonen). Frantziako Kostaldeko eta Urdaibaiko ostretan bakarrik aurkitu dira aipatutako konposatuak.

Ostren kasuan, gibelak baino PFAS-ak metatzeko gaitasun baxuagoa dutela ikusi da, PFAS-ek organismoen proteinetara lotzeko joera berretsi daitekeelarik. Lan honekin, esan liteke konposatu hauen azterketa ur-sistemetan egiteko arrainen gibela bioadierazle egokia dela.

BIBLIOGRAFIA

[1] EDU LARTZANGUREN. 2016. «Mendiko arropa garbitzen». Berria Egunkaria. http://www.berria.eus/paperekoa/1835/038/001/2016-01-29/mendiko_arropa_garbitzen.htm (2016 ko urtarrilaren 29an), (2016).

[2] RICHARDSON S.D. 2012. «Environmental Mass Spectrometry: Emerging Contaminants and Current Issues». Anal. Chem. 84, 747–778.

[3] JAHNKE A. eta BERGER U. 2009. «Trace analysis of per- and polyfluorinated alkyl substances in various matrices—How do current methods perform? », J. Chromatogr. A. 1216, 410–421.

[4] HERZKE D., OLSSON E. eta POSNER S. 2012. «Perfluoroalkyl and polyfluoroalkyl substances (PFASs) in consumer products in Norway – A pilot study». Chemosphere. 88, 980–987.

[5] SARKAR A., RAY D., SHRIVASTAVA A.N. eta SARKER S. 2006. «Molecular Biomarkers: Their significance and application in marine pollution monitoring». Ecotoxicology. 15, 333–340.

[6] KELLY B.C., IKONOMOU M.G., BLAIR J.D., SURRIDGE B., HOOVER D., GRACE R. eta GOBAS F.A.P.C., «Perfluoroalkyl Contaminants in an Arctic Marine Food Web: Trophic Magnification and Wildlife Exposure». Environ. Sci. Technol. 43 (2009) 4037–4043.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Fluordun konposatuak gure kostaldeko bizidunetan
  • Laburpena: Egun, konposatu per- eta polifluoratuek (PFAS-ek) gure eguneroko bizitzan dituzten erabilera anitzak direla eta, ingurunean gero eta nabariagoa da euren presentzia. Ur-ekosistemen egoera aztertzea helburu, organismo itsastarrak kutsaduraren adierazle ezin hobeak dira. Ildo horretan, lan honetan Frantziako, Euskal Herriko, Espainiako eta Portugaleko kostaldeetako lazunen (Chelon labrosus-en) gibelak eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira. Gibelen kasuan, azido perfluorooktanosulfonikoa (PFOS), azido perfluorodekanoikoa (PFDA) eta perfluorooktanosulfonamida (PFOSA) izan dira laginak biltzeko puntu guztietan detektatutako PFAS-ak. Aipatzekoa da Urdaibaiko Erreserba Naturalean kokatuta dagoen Gernikako itsasadarrean aurkitutako PFOS-aren kontzentrazioak (443-1214 ng/g), araztegiaren edota industriaren eragina nabarmenduz. Ostren kasuan, PFOS eta PFOSA izan dira detektatutako kutsatzaileak, betiere gibelean lortutako kontzentrazioak baino baxuagoak.
  • Egileak: Itsaso Zabaleta,Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto, Olatz Zuloaga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 51-66
  • DOI: 10.1387/ekaia.17830

—————————————————–
Egileez:

  • Itsaso Zabaleta,Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto eta Olatz Zuloaga UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fluordun konposatuak gure kostaldeko bizidunetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arraren erakargarritasunaren garrantzia

Og, 2018-06-14 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Hubard basoiloa (Chlamydotis undulata) toki lehorretan bizi da eta banako gutxi gelditzen diren arren, oso zabala da espeziearen banaketa geografikoa (Kanariar Uharteetan, Afrikako iparraldean, Arabian eta Pakistanen oraindik populazio zenbait gelditzen dira).

Irudia: Hubard basoiloa (Chlamydotis undulata) arriskuan dagoen hegaztia da. (Irudia: Frank Vassen).

Arriskuan dagoen hegaztia da eta, horregatik, berreskuratzeko programa bereziak daude indarrean, bai Marokon, bai eta Pakistanen ere. Berreskuratze-programek intseminazio artifiziala baliatzen dute gatibu mantenduriko hegaztiak ugaltzeko. Orain arte, baina, berreskuratze-programek ez dute arrakasta handiegirik lortu, batez ere gutxi direlako aurrera ateratzen diren txitak.

Programaren ardura duten biologoek zenbait aukera ebaluatu dituzte eta horien artean, pentsatu dute intseminazio artifizialak gabeziak izan ditzakeela. Azken batean intseminazio artifizialean arrak ez du esku hartzen, ez modu zuzenean behintzat, eta kontuan hartu behar da arraren gorteiatze-erakustaldia garrantzi handikoa dela hegazti hauetan. Hortaz, gorteiatze-erakustaldi horrek errutearen kalitatea baldintzatu dezakeela pentsatu zuten eta, ondorioz, espresuki diseinaturiko esperimentua egin zuten hipotesi hori egiaztatzeko. Ezaguna zen gorteiatze-erakustaldiaren ikusgarritasunari eta «kalitateari» dagokionez desberdintasun handiak daudela arren artean, eta onartuta dago erakustaldiaren kalitatea arraren «kalitatearen» adierazle egokia dela. Beraz, arraren erakustaldiaren kalitatea izan zen diseinaturiko esperimentuan aztertutako aldagaietako bat.

Aski ezaguna da ama batek kumeei bideratzen dizkien baliabideen kantitateak eragin handia duela kumeen kopuruan edo kalitatean. Bestalde, amak ugalketan inbestitzen dituen baliabideak zenbait faktoreren menpe daude, eta horien artean arraren erakargarritasuna dago. Zentzuzkoa da hori, aurreikuspen teorikoen arabera behintzat. Ugaltzea garestia denez, amek egiten duten ahaleginak «egokituta» egon beharko luke ugaltzetik espero dezaketen etekinaren arabera. «Etekin» diogunean, ikuspuntu ebolutibotik ulertu behar dugu hori; hau da, «arrakasta» edo «fitness» bezala ulertu behar dugu. Beste era batera esanda: banako berri asko edo kalitate handikoak lortzeko probabilitatea handia denean, zentzuzkoa da ahalegin handiagoa egitea. Aintzat hartu behar da, bestalde, ugaltze-aldi batean gastatzen diren baliabideak ez direla hurrengo ugaltze-aldirako gelditzen; hortaz, une batean gastatzen denak etorkizunean gastatu ahal izango dena baldintzatzen du.

Arraren erakargarritasunak (kasu honetan gorteiatze-erakustaldiaren bitartez adierazten denak) geneen kalitatearen neurria adierazten duela onartu behar da; hori horrela ez balitz, erakustaldi horiek ez lukete inolako zentzurik. Hau da, eme batek ar erakargarria aukeratzen badu ar horrek arrakasta ebolutibo handiagoa eskain dezakeelako aukeratzen du. Horrela ez balitz, erakargarritasunak (eta beraz, erakustaldiak) ez luke inolako zeregin biologikorik beteko. Laburbilduz, onartu behar dugu erakargarritasuna kalitate genetikoaren adierazlea dela eta horregatik aukeratu dela espeziearen eboluzioan.

Kontu ezaguna da bikotekidearen erakargarritasunak ugaltze-jardueretara bideratzen diren baliabide-kantitatea baldintzatzen duela, baina horretan parte hartzen duten mekanismoak ez dira ezagutzen. Ar erakargarriekin parekatzen direnean, emeek arrautza gehiago erruten dute, testosterona gehiago bideratzen diete arrautzei, txita gehiago jaio eta txita gehiago ateratzen dira aurrera. Bestalde, arrautzan den androgenoen (testosterona eta aitzindariak) kantitateak txiten garapena baldintzatzen du, bai txitak jaio aurretik bai eta jaio ondoren ere. Baina, esan bezala, mekanismoa ezezaguna da.

Chlamydotis undulataren berreskuratze-programa testuinguru oso egokia da azaldutako ideia eta hipotesiak esperimentuen bidez egiaztatzeko eta, gainera, ondorio erabilgarriak atera daitezke esperimentuotatik, lehen esan bezala. Eme ugaltzaileak hiru taldetan banatu zituzten. Lehen taldekoei kalitate handiko gorteiatze-erakustaldia egiten zuten arrak jarri zizkieten ikusgai; bigarren taldekoei, berriz, kalitate apaleko erakustaldia egiten zuten arrak; eta hirugarren taldekoei ez zieten basoilo arrik ikusteko aukerarik eman. Erakustaldian lepo eta buruko lumak tente jartzen dituzte, korrikaldiak, eta soinu bereziak egiten dituzte arrek. Erakustaldien maiztasunak adierazten du gorteiatzearen kalitatea.

Emaitzek baieztatu egin zituzten esperimentuen hasierako hipotesiak. Kalitate handiko erakustaldiak ikusten zituzten emeek baliabide gehiago bideratu zituzten arrautzetara. Arrautzak ernaltzeari dagokionez, arrakasta handiagoa izan zuten eme horiek; txitatzeak ere, emaitza hobeak izan zituen, txita gehiago jaio zirelako; altuagoa izan zen eme horien arrautzen eta, gero, txiten testosterona-kontzentrazioa; txiten hazkunde-tasa ere handiagoa izan zen. Hori guztia ikusmen-kinada soilen ondorioz gertatu zen.

Interes handiko emaitzak izan ziren bi ikuspuntutatik begiratuta. Batetik, ikuspuntu praktikoari dagokionez, argi dago badela zer hobeturik intseminazio artifizialaren emaitzei begira, «kalitate handiko» arren erakustaldiak ikusten utzi behar baitzaie emeei ugaltze-sasoian. Bestetik, garrantzi handikoa da ikuspuntu teorikoa ere, emaitza hauek baieztatu egin baitute espero daitekeen etekinaren arabera egokitzen dela ugaltze-ahalegina. Ez dugu ahaztu behar espero daitekeen etekin horren adierazlea erakargarritasuna dela. Hortaz, hegazti batekin egin bada ere, nolabaiteko egonezina sortzen du lan honek, jokabide hau unibertsala izan daitekeela pentsatzen hasten bagara.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Arraren erakargarritasunaren garrantzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Aurpegiak ezagutzeko orduan, hobe gizakia eta makinak batera

Az, 2018-06-13 09:00
Juanma Gallego Arlo forentseko adituek aurpegiak ezagutzeko duten abilezia neurtzen saiatu dira ikerketa batean, eta adimen artifizialaren “abileziarekin” ere alderatu dute. Ondorio garbia atera dute: gizakiak eta adimen artifizialak batera emaitza hoberenak lortzen dituzte.

Gero eta zabalduago dago aurpegiak identifikatzeko teknologia, eta horren zabalpen azkarrak polemika piztu du behin baino gehiagotan. Modu automatikoan argazki digital batean nor ageri den jakiteak aukera paregabeak eskaintzen dituen arren, teknologia horretaz egin daitekeen erabilpen desegokiak ere kezka eragin du.

Facebooken inguruan dagoen polemika da ezagunena. Enpresa pribatu batek ehunka milioiren lagunen aurpegiak eta datuak batera izateak zalantzak areagotu ditu, are gehiago sare sozial horrek pribatutasunaren alorrean izan dituen segurtasun akats nabarmenen berri izan denetik. Facebookek adimen artifizialean oinarritutako aurpegi ezagutza martxan jartzeko erabilitako argudioa segurtasunean oinarritu da: modu horretan, erabiltzaileak aukera izango luke beste norbaitek haren irudiaz egin lezakeen erabilpen desegokia kontrolatzeko.

1. irudia: Esperimentuan, parte-hartzaile bakoitzari aurpegien 20 irudi pare eskaini dizkiote, eta horiek lagun berarenak ote diren asmatu behar izan dute. (Argazkia: J. Stoughton/NIST)

Sare sozial batean tamaina horretako ezarpena txertatzeko aitzakia segurtasunean oinarritzea argudio makala dirudien arren, segurtasunari dagozkion beste hainbat arlotan aspalditik ari dira frogatzen pertsonen irudiak lantzeko antzeko teknologiak. Polizia ikerketaren alorrean bereziki software bereziak darabiltzate erretratu robotak egiteko, baina irudi batean nor agertzen den ezagutzea askoz konplexuagoa da, eta pertsonak artifizialki gazteago edo zaharrago irudikatzeko Photoshop bezalako tresna orokorrak edota eskuz egindako marrazkiak egiten direla aitortu diote kazetari honi hainbat polizia adituk.

Hau hala izanda ere, gero eta zabalduago dago aurpegiak atzemateko adimen artifiziala baliatzen duen teknologia; baina orain arte zeregin horretan gizakiak duen trebezia ezin izan du gainditu teknologiak. Argi dago datu masiboekin lan egiteko orduan teknologia oso baliagarria dela, baina lagun bakar bat identifikatzeko orduan, oraindik ere gizakiaren parte-hartzea ezinbestekoa da. Baina egoera aldatzeko zorian egon daiteke.

Hau arlo forentsean bereziki garrantzitsua izan daiteke gauzak txukun egitea. Eremu horretan, aditu batek egindako aurpegi baten identifikazioaren arabera ebatzi dezake epaileak auzi batean kartzela, askatasuna edo bestelako epaia egin behar duen. Zeregin horretan aritzen diren adituek urte askotako esperientzian oinarritu ohi dute haien jarduna, eta baita finkatutako hainbat arauetan ere. Adibidez, aurpegi baten oinarririk sendoena begien eta kokotsaren artean sortzen den hirukian dagoela diote adituek. Horiek eraldatzea edo “mozorrotzea” askoz zailagoa denez gero, gune horretan jartzen dute arreta gehien. Baina teoriak dioena eta praktikan izaten diren baldintzak oso bestelakoak izaten dira. Auzietan erabili ohi diren irudien kalitatea nahiko kaskarra da normalean, eta segurtasun kamerek gehienek goiko aldetik hartzen dituzte irudiak; ondorioz, irudiaren angelua dela eta, aurpegia desitxuratu egiten da.

Eskarmentuan oinarritutako abilezia gako izanda ere, teknologiaren laguntza ezinbestekoa da, eta etorkizunean are premiazkoagoa izango dela dirudi. AEBetako NIST Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionaleko eta hiru unibertsitatetako ikertzaileek berriki zabaldutako ikerketa batek hala erakusten du. Adituen trebezia neurtu dute, eta gero adimen artifizialaren laguntza eskaini diete. Aldea nabarmena izan da.

PNAS aldizkarian zehaztu dituzte 184 lagunekin egindako esperimentuaren nondik-norakoak. Hiru multzotan banandu dituzte parte-hartzaileak: aurpegiaren ezagutzan trebatutako analista forentseak (87), aurpegiak identifikatzeko berezko trebetasuna duten lagunak (13) eta hain trebatuta ez zeudenak (84). Azken hauen artean hatz-marken analisian espezializatutako profesionalak edota ikasleak egon dira.

2 irudia: Erabili dituzten irudietako batzuk. Goiko aldeko argazkiak bi neska desberdinenak dira. Beheko aldeko argazkiak, berriz, mutil berarenak dira. (Argazkia: PNAS/moldatua)

Modu honetan garatu dute esperimentua: parte-hartzaile bakoitzari aurpegien 20 irudi pare eskaini dizkiote. Aurpegia lagun berarena ote den galdetu diete, eta parte-hartzaileek batetik zazpira doan eskala baten arabera eman behar izan dute erantzuna. Esperimentua egiteko, noski, nahita argiztapen kaskarrekin ateratako argazkiak erabili dituzte, identifikazioa zaildu aldera.

2015. eta 2017. urteen artean aurpegiak ezagutzeko garatutako azken lau algoritmoak probatu dituzte esperimentuan. Diotenez, garatuen dagoen algoritmoak adituen aditurik trebeenek eskuratutako marken parekoak lortu ditu. Halere, talde bakoitzaren barruan egin diren asmatze mailetan aldakortasun dezente aurkitu dutela nabarmendu dute. Parte-hartzaile batzuek oso ondo egin duten bitartean, beste batzuek bietatik batean baino ez dute asmatu. Epaitegietan normalean peritu bakar bat erabili ohi dela kontuan hartuta, egoera kezkatzeko modukoa dela iradoki dute ikertzaileek.

NISTeko ingeniari Jonathon Phillips-en esanetan, “mundu errealean izan ohi diren baldintzetan jardunez, analista forentse profesionalek aurpegiak identifikatzeko duten trebezia neurtzeko egiten den lehenengo ikerketa da”.

Bestetik, profesionalentzat lagungarriagoak diren algoritmoak aurkitu nahi izan dutela diote, beti ere, identifikazio zehatzagoak egin ditzaten. Baina, uste daitekeenaren kontra, ez dute ondorioztatu gizakiak ala makinak hobeagoak direnik, biak batera lan egitean doitasun handiagoa lortzen dutela baizik. Adimen artifizialean erabilitako algoritmoek profesionalei zehatzago izaten laguntzen omen die. Are gehiago, haragi-hezurrezko kide bat alboan edukitzea baino, emaitzek diote hobe dutela alboan adimen artifizial bat izatea.

Beti esan ohi da ikerketa gehiago behar direla, baina kasu honetan inoiz baino beharrezkoa da hori aipatzea. Izan ere, adimen artifizialak sortzen duen abantaila zergatik gertatzen den ez dute argitu ikerketa honetan. Hots, behaketan oinarritutako ikerketa izan da, baina horren atzean dauden zergatiak argitzeke daude. Emaitzek berehalako erabilpen praktikoa izan arren (agerikoena da adimen artifizialaren sarrera erraztea auzietan adituek aurkezten dituzten txostenetan), zioetan sakontzeak emango du seguruenera etorkizunean lanabes gehiago diseinatzeko modua. Bestalde, gizakien eta adimen artifizialaren arteko elkarlanak emaitza hobeagoak izatea itxaropena pizten du ere: elkarlana tresna indartsua izango dela dirudi. Lanabes horrek izan ditzakeen ondorio negatiboak edo positiboak, noski, gizakiak egindako erabilpenaren araberakoak izango dira. Gizakiari baino ezin baitzaio leporatu tresna horren erabilpena egokia den ala ez. Momentuz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jonathon Phillips et al. Face recognition accuracy of forensic examiners, superrecognizers, and face recognition algorithms, PNAS (2018) May 29, 201721355. DOI: https://www.pnas.org/cgi/doi/10.1073/pnas.1721355115

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Aurpegiak ezagutzeko orduan, hobe gizakia eta makinak batera appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asko edateak ajea eragingo ez balu…

Ar, 2018-06-12 09:00
Josu Lopez-Gazpio Guztiok -edo ia guztiok- ezagutu ditugu alkohol asko edatearen ajearen ondorioak. Buruko mina, deshidratazioa, nekea, goragalea, botagura eta antzeko sintomak izan ohi ditu larunbataren biharamunak, tamalez. Alabaina, jakina da alkohol kontsumoa ez dela ona eta frogatuta dago ez dagoela onuragarria edo gomendagarria den alkohol kontsumo mailarik, baina, oraingoaren ere alkoholaren ajearen zergatia kimikan dago.

1. irudia: Edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoak ajea eragiten du biharamunean. Alkoholaren ajeak hainbat sintoma ekar ditzake, eta etanolaren metabolismoaren ondorio dira. (Argazkia: SocialButterflyMMG – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kimika oinarri hartuta, era berean, Duo Xuo eta bere kolaboratzaileek ajearen ondorioak murrizteko antidotoa bilatzen ari dira. Lehen pausoak ere eman dituzte. Argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, organismoak berak dituen entzimak dituzten nanokapsulak erabiliz asko edatearen ondorioz agertzen diren sintomak nabarmenki murriztu daitezke. Oraingoz, saguetan bakarrik egin dira lehen saiakuntzak, baina, diotenez, etorkizun oparoa izan dezaketen emaitzak lortzen ari dira.

Zer da, baina, alkoholaren ajea?

Ikuspuntu kimiko zuzenetik, edari alkoholdunek duten alkohola etanola da -CH3CH2OH formula molekularra duena-. Edari batek duen etanol edukia kalkulatzeko, jakin behar da botilan «alc. %6 vol» jartzen badu edariaren 100 mL-tan 6 mL etanol putu daudela. Kalkuluak behar bezala eginez, edandako bolumena eta alkohol-maila ezagututa, guztira irentsi dugun etanol kantitatea kalkula dezakegu. Etanolak hainbat eragin ditu organismoan, esaterako, deshidratazioa, lo falta, sistema endokrinoaren asaldura eta sistema kardiobaskularrean aldaketak.

Etanola gibelean metabolizatzen da alkohol deshidrogenasa deritzon entzimari esker. Alkohol deshidrogenasari esker, etanoletik azetaldehidoa ekoizten da. Azetaldehidoa konposatu toxikoa da eta alkohol kontsumoaren albo ondorio gehienen erantzulea da. Era berean, aldehido deshidrogenasa -ALDH- entzimak azetaldehidoa metabolizatzen du, gorputzeko zelulak kaltetu ez daitezen. ALDHri esker, azetaldehidoa desagertu eta azetatoa agertzen da. Azken horren toxikotasuna baxuagoa da eta, hortaz, kalte gutxiago eragiten ditu.

2. irudia: Ajea ezin da guztiz desagerrarazi, baina, ajea arintzeko modu eraginkorren bila ari dira ikertzaileak. (Argazkia: Bridgesward – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Jakina, azetaldehidoa ez da edari alkoholdunak edatearen kausaz organismoan agertzen den molekula kaltegarri bakarra. Edariek hainbat eta hainbat konposatu dituzte, alkoholaren kideko deiturikoak. Horien kontzentrazioak eragin garrantzitsua du hurrengo eguneko ajean. Era berean, kideko horiek dira alkohol kantitate bera duten edari desberdinek aje handiagoa edo txikiagoa eragitearen erantzuleak. Garagardoak, adibidez, aje arinak eragin ohi ditu likoreekin alderatuz gero -alkohol kantitate berarentzat doituta ere-.

Ba al dago ajearentzat antidotorik?

Erantzun azkarra: ez. Ez dago modurik asko edatearen ajea guztiz desagerrarazteko. Igandean ez baduzu bezperako afari luzearen ondoriorik izan nahi, ez edan alkohola. Gorputzak eskertuko dizu. Alabaina, badira ikertzen ari diren zenbait alternatiba. Oro har, ALDH entzimaren jarduna azkartzea da ajearen ondorioak murrizteko modua. Ikusi denez, gorputzak duen berezko mekanismoa askatuz arintzen dira albo ondorioak. Esan bezala, alkohol deshidrogenasak etanola azetaldehido bihurtzen du -etanola baino toxikoagoa dena- eta, ondoren, ALDHk azetaldehidoa azetato bihurtzen du -toxikotasun baxukoa-. Prozesu horren abiadura zenbat eta azkarragoa izan, orduan eta tarte laburragoz egongo da azetaldehidoa odolean kalteak eragiten.

Duo Xu eta bere lankideek pauso garrantzitsu bat eman dute gehiegizko alkohol kontsumoaren albo ondorioak murrizteko irtenbidea bilatzeko ikerketetan. Haien helburua, jakina, ez da neurririk gabe edari alkoholdunak kontsumitzeko aukera ematea -edo hori ez da behintzat ikerketaren motibazioa-. Esaterako, baliagarria izan daiteke alkohol gaindosia jasan duten gaixoak tratatzeko. Erabili duten prozedura, oro har, erraza da azaltzen -egitea, beste kontu bat da-. Ikertzaileek organismoak berak dituen entzimak gibeleraino garraiatzeko modua aurkitu dute nanokapsulak erabiliz. Hiru entzima kapsulatu dituzte -azetaldehido deshidrogenasa, katalasa eta alkohol oxidasa- eta horien funtzioa etanol eta azetaldehido kontzentrazioa murriztea da.

Nanokapsulak saguen odolean injektatuz, lortu dute entzimak modu eraginkorrean gibelera iristea eta bertan haien lana egitea. Frogatu dutenez, odoleko alkohol maila %45 murriztu zen sagu horietan eta azetaldehido kontzentrazioa maila oso baxuan mantentzea lortu zuten. Bi konposatu toxiko horien kontzentrazioa murriztuz, etanolaren ondorioak arinagoak ziren eta saguak azkarrago esnatzen ziren mozkorraldiaren ondoren. Une honetan ikerketak aurrera jarraitzen du eta nanokapsulek gizakiongan izan ditzaketen eraginak aztertzen ari dira. Ikertzaileek espero dituzten emaitzak lortzen badira, edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoak eragindako ajearen aurkako antidoto benetan eraginkorra izango genuke. Baita alkohol gaindosia tratatzeko modu eraginkorragoa ere. Bien bitartean, etanola neurriz hartzen jarraitu beharko da. Hobe beharrez.

Erreferentzia bibliografikoa:

D. Xu eta al., (2018). A Hepatocyte‐Mimicking Antidote for Alcohol Intoxication, Adavanced Materials, Vol. 30, No. 22, 1707443. DOI: https://doi.org/10.1002/adma.201707443

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Asko edateak ajea eragingo ez balu… appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak