Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko

Irudia: Giro zaratatsuak ez dira oztopo hizkuntzak ikasteko.
Posible da atzerriko hizkuntza bat ikastea nahiz eta ikasketa hori inguru zaratarekin egin, ama hizkuntzak ikasterakoan dauzkagun baldintza berdinak errepikatzen baitira. Hala frogatu du ikerketa batek.
Atzerriko hizkuntza bat ikasi duten ikasle gehienek zailtasun handiak sentitu dituzte, sarritan, aipatu hizkuntza ikasgelatik at ulertzeko. Eguneroko bizitzan, solasaldiak zarata iturri asko eta aldi berean hizketan dauden hiztun ugari dituzten tabernak edo jatetxeak, tren geltokiak edo trafiko handia duten kaleak bezalako leku zaratatsuetan garatzen ohi dira. Testuinguru horietan, hizkuntza ikasleek zailtasun handiagoak dituzte atzerriko hizkuntza ulertzeko.
Ume txikiek ama hizkuntza ikasten dutenean hiztun askorekin eta egoera eta ingurune oso ezberdinetan egiten dute, zarata eta beste nahaste batzuekin, hori baita ohikoa mundu errealean. Ondorioz, hizkuntza egoera horietan ulertu ahal izateko beharrezkoak dituzten estrategiak garatzen dituzte.
Atzerriko soinuen entrenamenduan inguru zarata txertatzea hizkuntzaren ulermenerako erabilgarria izan zitekeela planteatu dute ikerketan. Beste aukera ere bazegoen: inguru zarata txertatzea kaltegarria izatea, gehitutako zailtasunaren ondorioz.
Egindako ikerketak, ordea, zalantzak uxatu ditu: atzerriko soinuak inguru zaratarekin irakastea ez da inolaz ere kaltegarria, ingurune isil batean ikasten diren bezalaxe ikasten baitira. Eta, gainera, atzerriko hizkuntza hobeto ulertzen da zarata duten egoera eta lekuetan.
Ikerketak euskara eta gaztelania hitz egiten duten 88 lagun elebidun aztertu ditu. Ingelesaren kontsonanteak ikasteko 10 saioko entrenamendua egin dira bi talderekin: inguru zaratarekin bata, inolako zaratarik gabe bestea. Bost astez, ingelesaren kontsonante bakoitzaren 200 adibide landu dituzte; 4.800 itemetik gora, guztira. Alderaketa egiteko, hiru kontrol talde erabili dira: bokalak zaratarekin eta zaratarik gabe ikasi dituzten talde bana eta ingelesera ama hizkuntza duen hirugarren taldea.
Emaitzek frogatzen dutenez, zaratarekin eginiko entrenamendua eraginkorra da, zaratak ez du kalterik egiten. Are gehiago, zaratarekin lan egin zutenek emaitza zertxobait hobeak lortu dituzte kontsonanteak identifikatzerakoan.
Ikerketak frogatu du garrantzitsua dela baldintza naturalak erreproduzitzea atzerriko hizkuntz bat ikasterakoan, hiztun anitzak eta era ezberdineko inguru zaratak txertatuz, laborategi baldintza aseptikoetan eginiko irakaskuntzaren aurrean. Zaratarekin eginiko ikaskuntzak nola funtzionatzen duen jakitea da hurrengo pausoa. Ikerketa taldeak esku artean dituen hipotesietako bat da soinuak zaratarekin entzuten dituzten entzuleek arreta handiagoa eskaintzen dietela, zarata bakoitzaren ezaugarri ezberdinen artean, nahasteen aurrean sendoago agertzen zaizkigun horiei.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cooke, Martin, García, Maria Luisa, (2018). Effects of exposure to noise during perceptual training of non-native language sounds, The Journal of the Acoustical Society of America 143:5, 2602-2610. DOI: 10.1121/1.5035080
The post Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #214

Txankletak oker erabili ohi direla irakur daiteke Berrian. Almudena Rebollo podologoaren arabera txankletak ez dira ibiltzeko oinetakoak, ez dutelako batere eusten. Horrek desoreka eragiten du gorputzean, eta gainkarga, gihar lesioak eta ondoeza dira horren ondorioak.
Kafea ondo hartzeko algoritmoaren ingurukoak azaldu ditu Josu Lopez-Gazpiok. Izan ere, algoritmo baten bidez kafeina dosiak hartzeko estrategiak optimizatzea lortu dute. Egunean zehar hartutako kafeina dosia optimizatu daiteke errendimendu jakin bat ahalik eta kafeina kantitate txikienarekin lortzeko, edota kantitate jakin bat kontsumituta errendimendu onena lortzeko.
Klima-aldaketaBerriak eman du albistea: berotegi gasen atmosferako metaketa inoizko handiena da, 2017an %2 handituta. Orain arteko hirugarren urterik beroena izan zen 2017a. Haren aurretik beste bi beroenak, 2015 eta 2016a. Klimaren egoerari buruzko 2017ko txostena argitaratu dute AEBetako ozeanoaren eta atmosferaren jarraipenaz arduratzen den NOAA agentzia federalak eta Ameriketako Meteorologia Elkarteak, eta ez du baikortasunerako aukera handirik utzi.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #214 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila
Argitaratu berri den ikerketa batek helburu horixe izan du: kafea kontsumitzeko modu eraginkorrena bilatzea. Bilatu eta, aurkitu ere egin dute: algoritmo baten bidez kafeina dosiak hartzeko estrategiak optimizatzea lortu dute.

1. irudia: Kafe katilu batean 100 mg inguru kafeina dago. (Argazkia: pixel2013 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Kafeinaren kimikaKafeina, edo 1,3,5-trimetilxantina, substantzia estimulatzailea da eta, hortaz, nekea eta logalea murrizten ditu eta zenbait lan mota egiteko gaitasuna handitzen du. Dosi handiegian albo ondorio kaltegarriak eragin baditzake ere, neurrian hartuta nekeari aurre egiteko baliagarria da. Kafea hartu ondoren, kafeina 15-45 minututan iristen da odol-kontzentrazio handienean egotera eta 3 orduren baitan erdira jaisten da kontzentrazio hori. Kafeina adenosina hartzailearen antagonista eta horrek azaltzen ditu bere efektuak. Kafeinak adenosina seinaleak blokeatzen ditu eta adenosina da, hain zuzen ere, zelulen energia-iturri garrantzitsuenaren albo produktua: adenosin trifosfatoa. Adenosinak, hortaz, neuronen kitzikapen-maila moteltzen du eta, ondorioz, sinapsien transmisioa moteltzen du. Kafeina adenosinaren antagonista denez, adenosinaren eragina oztopatzen du, alegia, sinapsia gutxitzeko prozesua eteten du -logalea eta nekea murriztuz-.

2. irudia: Kafeinaren egitura kimikoa. (Argazkia: icey – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)
Zentzu horretan, frogatu ahal izan da goizean goiz hartutako kafeina dosi baxu eta ertainek modu eraginkorrenean blokeatzen dutela adenosina eta, hortaz, horixe da kafea hartzeko unerik aproposena. Antza, ziklo zirkadianoaren une horretan alerta maila baxua da eta lo egiteko presio homeostatikoa handia. Bi faktore horien ondorioz goiza da kafeinak modu eraginkorrenean eragiten duen unea, baina, egun guztia zehar kafeinaren efektuen pean egon nahi bada, zein kantitatetan eta zenbatean behin hartu behar da kafeina?
Kafeina kontsumoa hobetzenVital-Lopez eta bere lankideek argitaratu duten ikerketa baten emaitzen arabera, egunean zehar hartutako kafeina dosia optimizatu daiteke errendimendu jakin bat ahalik eta kafeina kantitate txikienarekin lortzeko, edota kantitate jakin bat kontsumituta errendimendu onena lortzeko. Esaterako, ikerketan proposatutako algoritmoak %64 hobetzen du kafeinak eragiten duen alerta-egoera. Era berean kafeina kontsumoa %65 murriztu daiteke eta errendimendu bera lortu ikerketan proposatutako moduan kontsumitzen bada. Epe luzera, sakelako telefonoetan eraman ahal izango den aplikazioa garatu nahi dute, kafea noiz eta nola hartu behar den jakiteko. Garatutako algoritmoari jaramon eginez, kafeina kontsumo optimoa nola egin jakin ahal izango da eta bilatzen diren efektuak modurik eraginkorrenean jasango dira.
Ikerketan lo faltak eta odoleko kafeina kontzentrazioak zeregin psikomotorretan duen eragina lotzen dituen eredu matematikoa erabili zuten. Eredu matematiko hori gai da aipatutako aldagaien arabera garapen motorraren aurreikuspenak egiteko eta horri esker, kafeina kontsumo desberdinen simulazioak egin ahal izan dituzte. Lortutako emaitzetan, dosi kontrolatuen bidez kafeina modu seguruagoan kontsumitzeko moduak proposatu dituzte; izan ere, kafeina kantitate handiak kontsumitzen badira lo gutxi egiten den hainbat egunetan zehar, organismoaren berreskurapena zaildu egiten da. Azken batean, kafeinaren efektuen abusuak epe luzera muga bat du. Dosifikazio estrategiei esker kafeinak organismoaren berreskurapenean dituen eragin kaltegarriak modu nabarmenean murriztu daitezke.

3. irudia: Sarritan esan da gabeko loezinak edo insomnioak, kasu askotan, kafeinaren kontsumoarekin harremana izan zezakeela. (Ilustrazioa: Fanette – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Ikertzaileek algoritmoak mugak dituela ohartarazi dute eta hortik ikerketak egiten jarraitzeko beharra. Garatutako algoritmoak ez du kontuan hartzen kafeina kontsumoak loaren kalitatea murriztu dezakeela zenbait kasutan eta, beraz, hurrengo egunean nekea handiagoa izan daitekeela. Beste muga garrantzitsua erabilitako emaitza da: zeregin psikomotor sinpleak bakarrik aurreikusi ditzake eredu matematikoak eta, hortaz, kafeina kontsumitzearen efektua ez da kontuan hartu zeregin konplexuagoen kasuan. Era berean, kafeinaren eragin estimulatzaileak murriztu egiten dira 5 orduz bakarrik lo egiten bada 4 egunetan zehar. Nolabait, kafeina kontsumoak puntu bateraino lagun dezake, baina, lo falta eta nekea metatzen joaten badira efektu txikiagoa lortuko da. Bestalde, ereduan ez dira kontuan hartzen organismo bakoitzaren berezitasunak eta aldagarritasun genetikoa. Jakina da kafeina metabolizatzen duen P-450 entzima kodetzen duten geneetan daude polimorfismo genetikoek arautzen dutela pertsona bakoitzean kafeinak duen eragina.
Laburtuz, Marylandeko ikertzaileek kafeina modu seguruan eta eraginkorrean kontsumitzeko algoritmoa garatzea lortu dute eta, frogatu dutenez, %65 inguruko hobekuntzak lortu dituzte -kafeina gutxiago kontsumituz lo gabeziari modu hobean aurre eginez-. Diotenez, hurrengo pausoa algoritmoa bera hobetzea izango da, mugei aurre egin ahal izateko eta agian, noizbait, sakelako telefonoan eramango dugun aplikazioa garatu ahal izateko.
Pip pip. Ebakia hartzeko momentu perfektua.
Erreferentzia bibliografikoak:
Vital-Lopez Francisco G. et al., (2018). Caffeine dosing strategies to optimize alertness during sleep loss. Journal of Sleep Research, e12711. DOI: https://doi.org/10.1111/jsr.12711
Pajcin M. et al., (2018). Effects of strategic early-morning caffeine gum administration on association between salivary alpha-amylase and neurobehavioural performance during 50 h of sleep deprivation. Accident Analysis & Prevention. DOI: https://doi.org/10.1016/j.aap.2018.01.026
Informazio osagarria:
- New algorithm determines ideal caffeine dosage and timing for alertness, sciencedaily.com, 2018.
- Kafeina: behar bihur daitekeen plazera, L.F. Callado Hernando et al., aldizkaria.elhuyar.eus, 2004.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (1): Zenbaki arruntaren balioaren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure lehenengo ariketa: B zenbaki arruntaren balioaren bila.———————————————————————————-
Ariketak Frantziako CNRSren blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik daude hartuta.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (1): Zenbaki arruntaren balioaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Burmuinaren immunitate sistema ahulgunea da onddo baten aurrean

Irudia: Mikrogliak erantzun eskasa du L prolificans onddoaren aurrean.
Mikroorganismoak eta ehun hondarrak suntsitzen dituzten immunitate sistemako zelulak dira makrofagoak. Ehun mota bakoitzean bizi dira makrofagoak, baina ehun bakoitzean elkarrengandik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte. Alegia, ez dira berdinak burmuineko makrofagoak (mikrogliak) hesteetakoak edo biriketakoak. Ikertzaileen ustez ezberdintasun horietan datza mikroglia eraginkorra ez izatearen arrazoia eta onddoak burmuina erraz infektatzearen arrazoia.
Hala ere, L. prolificansen biologiak berezitasunen bat ere izan dezakeela uste dute, izan ere, antzeko beste mikrobio batzuekin konparatu dute eta agerian geratu da onddoak bereziki gogor egiten diola fagozitazioari.
Erresistentzia anitzekoa da egun L. prolificans antifungikoen kontra. Infekzio oso larriak eragin diezazkieke gaitzen bat (fibrosi kistikoa, esaterako) duten pazienteei edo immunitate sistema ahuldua dutenei, adibidez, minbiziren bat izateagatik kimioterapia tratamenduan dauden pazienteei, organo transplante bat izan duten pazienteei edo GIB bidez Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (HIESa) dutenei. Gainera, %50-%100eko hilkortasuna eragiten du immunitate sistema ahulduta duten pazienteetan.
Onddo harikara da Lomentospora prolificans, arrunki lizun deitutakoen multzokoa (galdutako janarian hazten ikus daitezke talde hauetako batzuk). Ohikoa izaten da hiri edo industrialdeetako lurretan eta kontaktuan egon arren, ez du gaitzik sortzen pertsona osasuntsuetan, immunitate sistemari esker.
Aurreko ikerketa batean ordura arte ezezaguna zen erresistentzia mekanismoa topatu zuten.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Burmuinaren immunitate sistema, ahulgunea % 100eko hilkortasuna eragiten duen onddo baten aurrean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pellon Aize, et al., (2018).Microglial immune response is impaired against the neurotropic fungus Lomentospora prolificans, Cellular Microbiology, 20:e12847. DOI: 10.1111/cmi.12847
The post Burmuinaren immunitate sistema ahulgunea da onddo baten aurrean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #213
Ur likidoa aurkitu dute Marten, izotz geruzen azpian. Hala irakur daiteke Berrian, Argian eta baita Elhuyar Aldizkarian ere. Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrak aurkitu du, planetako hego poloan. Ura 1,5 kilometroko sakoneran dago, 20 kilometro zabal den laku batean.
Mende honetako ilargi eklipserik luzeena ikusi ahal izan da ostiralean eta Berriak eman du albistea. Euskal Herriko txoko guztietatik ikusgai izan zen, 21:30ean hasi, ilargia ostartetik agertzean, eta 00:18an amaitu. Hainbat jarduera antolatu ziren gau berezia xehetasun guztiekin bizitzeko.
BiologiaHegazti harrapakari batzuek nahita hedatzen dituztela sute batzuk kontatu dute Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Dirudienez, banako batzuek baizik ez dute horrelakorik ikasten, baina normalean egoera jakin batzuetan egiten dute hau: sutea barrera batean geldirik dagoenean, edo sutea suhiltzaileek itzali dituztenean.
Bergmannen araua izan dute hizpide Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Honen arabera, «iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Honen zergatiaren hainbat zio eta baita salbuespen aurkezten dira. Esaterako, elefanteak,lur gaineko ugaztunik handienak eskualde beroetan bizi da.
EkologiaInoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, Juanma Gallegok azaldu duenez. Itsaso Baltikoko oxigeno mailak azken 1.500 urtetako txikienak izan dira, ikerketa baten arabera. Arrazoien artean, nekazaritzaren jardueran eta hirietako ur zikinetan sortzen diren nutrienteak aipatu dituzte zientzialariek.
PaleontologiaMendaroko Agerre haitzuloan paleolitoko zintzilikario bat eta labarretako margoak topatu dituztela azaldu dute Elhuyar Aldizkarian. Orein-adarrean grabatutako zintzilikario bat eta paretetan egindako animalia-irudien hainbat zati dira aurkitutakoak.
Ogia, nekazaritza sortu aurretik izan zeneko aztarnak topatu dituztela irakur daiteke Berrian. Duela 14.400 urteko ogi arrastoak aurkitu dituzte, orain arteko zaharrenak. Ikerlanak nekazaritzaren sorreraren teoria berriak atera ditu mahai gainera.
Osasuna‘Osagaiz’ osasun zientzien aldizkariak urtebete egin duela jakinarazi du Berriak. Iazko ekainean aurkeztu zuten kazeta, zientzia artikuluak eta ikerketa taldeen lanak argitaratzea helburu duena. Urtero bi ale arrunt argitaratzen dituzte. Horrez gain, ale berezi bat osatzen dute OEEk urtean behin egiten duen biltzarrean aurkezturiko testuekin.
Sendabelarren inguruko uda kurtsoa antolatu du UEUk. Gorka Menendez Baceta ikastaroa eman du bertan eta Argiak elkarrizketa egin dio. “Zientzia ala superstizioa?” galderak tranpa duela dio etnobotanikoak, superstizioa zientzia delako ere bai, plazeboaz ari garenean.
TeknologiaSketchfab 3D biltegi digitalari buruz irakur daiteke Sustatun. 3D modelo digitalen biltegia da Sketchfab. Era guztietako proiektuak ikusten dira bertan: arkitekturako elementuak, diseinu industrialak, artelanak… Baina baita ere zientzialariek kargatutakoak. Horien artean antzinako gizakien artelan eta tresnen aztarnak bereziki ikusgarri geratzen dira.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #213 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #226
Geometriak berebiziko garratnzia du nanopartikula baten ezaugarri fisiko eta kimikoetan. Korrelazio eta kasualitate benetan interesgarrien bila dabil jendea. Roberto D’Agostaren Geometric control of noble-metal nanoparticles
Printzipioz bateraezinak diren metalen eta polimeroen ezaugarriak batzeko gai diren material izugarriak dira beira metalikoak. Saiakuntza-akats metodoa baliatuta aurkitzen ziren orain arte, baina makina ikasketa prozesua erreboluzionatzen dabil. Silvia Románek azaltzen du Using machine learning to discover new metallic glasses
Teknologikoki oso garrantzitsuak dira gainazal metalikoetan gasen adsortzio eredu fisiko-kimikoak. Egi ez direnak ontzat ematen dituzte, baina. Prozesuak adiabatikoak, itzulgarriak eta ia idealak direla, esaterako. Tenperaturaren arabera bibratzen duten molekulek idealitatea asaldatzen dute. Baina benetan emaitza ona lortzeko bestelako faktoreak kontuan hartu behar direla jakin du DIPCko jendeak. The microscopic mechanism behind the vibrational relaxation of adsorbates on metal surfaces
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #226 appeared first on Zientzia Kaiera.
Naiara Barrado: “Asko ikasten dugu Lurraren atmosferari buruz beste planetak laborategi gisa erabilita” #Zientzialari (99)
Eguzki Sistema osatzen duten beste planetak ikertzeak Lurra eta bertan gertatzen diren zenbait zirkunstantzia hobeto ulertzen lagundu dezake. Adibidez, Artizarrean dagoen berotegi-efektua edo Marten gertatzen diren hauts-ekaitzak gure planetan ere izaten ari direnez, haiek aztertuta informazio baliagarria batu daiteke Lurreko egoerari buruz.
Lan horretan dihardute UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldean, non Eguzki Sistemako beste planetetako atmosferak eta haietan gertatzen diren fenomenoak ikertzen dituzten gurean gertatzen direnekin konparatzeko. Bizilagun diren planeta ezberdinen atmosferen berezitasunei buruz gehiago jakiteko, talde horretako kide den Naiara Barrado fisikariarekin elkartu gara.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Naiara Barrado: “Asko ikasten dugu Lurraren atmosferari buruz beste planetak laborategi gisa erabilita” #Zientzialari (99) appeared first on Zientzia Kaiera.
Hegazkin supersonikoak eta biskositatearen madarikazioa

1. irudia: Soinuaren abiadura gainditzean, atmosferan presio-perturbazio itzela sortarazten dute eta oso kaltegarria izan daiteke.
2003. urtean, Concorde hegazkin supersonikoak azken aldiz egin zuen New York eta Londres arteko bidaia. Istripuak eta arazo ekonomikoak zirela medio, bere erabilera eten egin zen. Baina beste kausa batek ere influentzia handia izan zuen erabaki hartan. Izan ere, ontzi horiek, soinuaren abiadura gainditzean, atmosferan presio-perturbazio itzela sortarazten dute, airearen lekualdatzeak eta euste aerodinamikoak eraginda. Fenomeno hori bi danbada jarrai balira bezala antzematen dugu eta, bai gizakiontzat, bai eraikinentzat, oso kaltegarria izan daiteke.
Hortaz, azken hamarkadetan aeronautika-ikerketan izandako ardurarik handienetariko bat zarata hori kontrolatzea eta murriztea izan da, hori baita garraio zibil supersonikoak berriz garatu ahal izateko giltzetako bat. SSBD proiektuak hegazkinen forma eraldatuz helburu hori lortzea posible dela ziurtatu zuen. Hala eta guztiz ere, gainontzeko frogek neurrigabeko kostua izan ez dezaten, beste erremintak behar dira, zenbakizko analisian oinarritutako simulazio konputazionala nagusia izanik.
Soinu-eztandaren hedapenaren ereduen artean, Burgersen ekuazio handitua hartu ohi da. Horrek atmosferaren presio-banaketaren perturbazioa, hedapenaren distantzia eta perturbazioaren iraupena erlazionatzen ditu. Izpi-hodiaren azalera eta atmosferako beste zenbait baldintza (hain zuzen ere, dentsitatea, soinuaren abiadura, termo-biskositatea eta lasaikuntza molekularrak) ere kontuan hartzen dira.

2. irudia: Hegazkin supersonikoek hainbat eremutan dute eragina.
Esparru horretan, beraz, badakigu hegazkinak sortzen duen (eta neur daitekeen) soinu-sinadura teorikoki nola hedatzen den atmosferatik. Ezaguna da ere hain kaltegarriak ez diren uhinen itxura.
Beraz, honetan datza soinu-eztandaren minimizazioaren problema: hegaldiaren altitudea eta lurzoruan lortu nahi den soinu-sinadura emanik, hobeto erreproduzitzen duen hegazkinaren eremu hurbileko soinu-sinadura berreskuratu.
Kontuan izan behar da denbora-eskalak oso ezberdinak direla: presioaren perturbazioa segundoerdi baino gutxiago batean gertatzen den bitartean, uhinaren hedapenak ia minutu oso bat iraun
dezake. Horregatik, tratamendu konputazionalerako zenbakizko eskemak denbora-tarte luzeetan ondo portatzea ezinbestekoa da.
Problema mota horietan agertzen diren arazoen errudun nagusia biskositatea da. Burgersen ekuazio handituaren ez-linealtasunak, presioaren gorabeherak pilatuz, jauzi handiak sortzen ditu soluzioan. Hauek ondo kudeatu ahal izateko, zenbakizko biskositatea erabiltzea ezinbestekoa da. Baina, gehiegi erabiliz gero, soluzioaren denbora-tarte luzeko portaera guztiz aldatzen da. Horretan datza, beraz, biskositatearen madarikazioa: beharrezkoa da soluzioaren jauziak ondo hurbiltzeko baina, aldi berean, soluzioaren propietate garrantzitsu bat aldatzen du.
Arazo hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, optimizazio arazoetan eragin handia izan dezake. Batzuetan begi-bistakoak izango dira ondorioak (oszilazioak soluzioan, adibidez), baina beste askotan (konbergentzia abiaduran, esate baterako) normala dirudien portaera baten atzean ezkutaturik egongo dira. Artikuluan zehar, egoera horiek ekiditzeko gakoak ematen ditugu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia. 2018
- Artikuluaren izena: Zenbakizko biskositateak eragindako soinu-eztandaren simulazioaren zailtasunak
- Laburpena: Hegazkin supersonikoek eragindako soinu-eztandaren hedapena eremu hurbiletik lurreraino zehatz-mehatz simulatzea ez da erraza. Ereduaren denbora-tarte handietarako propietateak babesten dituzten zenbakizko metodoak behar dira. Artikulu honetan, soinu-eztandaren minimizazioarekin erlazionaturik dagoen optimizazio eta alderantzizko diseinu-problema ikertu dugu. Bereziki, bere soluzioaren hurbilketen eraginkortasuna mantentzeko gakoak ematen ditugu.
- Egilea: Alejandro Pozo Pazos
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 21-36
- DOI: 10.1387/ekaia.17898
————————————————–
Egileaz:
BCAM-Basque Center for Applied Mathematics zentroan landu de tesia Alejandro Pozo Pazosek.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hegazkin supersonikoak eta biskositatearen madarikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Bergmann-en araua
———————————————————————————————————–
«Iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Karl Bergmann biologo alemaniarrak idatzi zuen hori 1847 urtean.
Irudia: Bergman arauaren salbuespena da elefantea, izan ere, nahiz eta klima epelean bizi tamaina handikoa da.
Honako beste bi hauek ere idatzi zituen: «Bi animalia-espezie bereiziko lituzkeen ezaugarri bakarra tamaina izango bada, bi espezie horien banaketa geografikoa baldintzatzen duen ezaugarria tamaina izango da» eta «Baldin eta genero jakin bateko espezieak bereizten dituen ezaugarri bakarra tamaina bada, klima beroagoan biziko da tamaina txikiagoko espeziea». Esaldi horien bitartez adierazi zuen Bergmannek geroztik haren izenez ezagutu den araua, Bergmannen araua alegia. Animalia endotermoak dira, nagusiki, arauaren menpe daudenak.
Bergmannen arauaren azpian dauden faktoreak ez daude oso argi, baina orain arte eraentze termikoa eta animalien tamainaren artean dagoen harremana izan da araua azaltzeko erabili den zioa. Argudio horren arabera, eskualde hotzetan ugaztun eta hegazti txikiek handiek baino zailtasun handiagoak dituzte. Izan ere, eta liburu honetan adierazi dugun bezala, animalia handien gorputzek animalia txikien gorputzek baino masa-unitateko azalera txikiagoa dute. Hori dela eta, animalia txikiek handiek baino beroa galtzeko joera handiagoa dute, eta, ondorioz, lan metaboliko handiagoa egin behar dute barne-tenperatura konstante mantentzeko. Ez dezagun ahaztu lan metaboliko handiago hori egiteko energia gehiago behar dutela eta energia-baliabide gehiago lortu behar dituztela, ondorioz. Hori horrela, zentzuzkoa dirudi eskualde hotzetan animalia txiki gutxiago egoteak.
Kontuak, hala ere, ez daude oso argi. Batetik, badira arauaren salbuespen nabariak. Esaterako, errepara diezaiogun elefanteari, lur gaineko ugaztunik handienari. Eskualde beroetan bizi da, nahiz egia izan hori dela hain belarri handiak behar izateko arrazoia. Bestalde, salbuespenik bada ere, animalia poikilotermoetan ere behatu izan da joera bertsua. Izan ere, poikilotermoetan beroa galtzeko arriskuaren kontuak ez luke inolako zentzurik izango, poikilotermoek ez baitute beroa galtzea saihestu behar.
2010eko otsailean argitaratu den ikerketa baten emaitzek azalpen berria eman diote Bergmannen arauari. Azalpen horren arabera, latitude altuko landareak aberatsagoak dira, hazkurritsuagoak, eta horrek ahalbidetzen du landare horiek jaten dituzten animaliak handiagoak izatea. Laborategian goi-latitude eta behe-latitudeetako landareez elikatu dituzte espezie desberdineko animaliak, eta esperimentu horien bitartez heldu dira lehenago azaldu dugun ondoriora. Egia da hasiera batean belarjaleen banaketa azaltzeko balio dezaketela esperimentu horiek, baina zer gertatzen da haragijaleekin? Bada, ikertzaileen ustez, toki hotzetako animalia karniboroek ere profitatzen dute landare elikagarriagoen eragina, harrapakin handiagoak jaten dituztelako.
Lanaren egileek uste dute hori ez dela Bergmannen araua azaltzeko hipotesi bakartzat hartu behar. Haien aburuz, kontuan hartu behar da faktore metabolikoen garrantzia. Izan ere, Bergmannen arauaren oinarrian faktore bat baino gehiago dagoela proposatzen dute ikertzaileek.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Bergmann-en araua appeared first on Zientzia Kaiera.
Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, eta nekazaritzarena omen da errua
Eremu hilak, eutrofizazio eremuak edo itsaspeko basamortuak. Termino horiek guztiak erabiltzen dira fenomeno bera deskribatzeko. Ekosistema baten barruan nutriente gehiegi sartzen direnean sortzen da eutrofizazioa. Ozeanoen kasuan, normalean ekosistemetara nitrogeno eta fosforo gehiegi isurtzen direnean biderkatzen dira arazoak. Elementu horiek batez ere nekazaritzan erabilitako ongarrietatik datoz, eta, logikoa denez, kostaldeetatik gertu egon ohi dira.

1. irudia: Suediaren eta Finlandiaren artean kokatuta dagoen Uhartediaren itsasoan egin dute ikerketa, Itsaso Baltikoan. (Argazkia: Kari Mattila /The Archipelago Research Institute)
Mundu osoan izaten den arazoa da, baina tokian tokiko ikerketak oso baliagarriak dira arazoaren funtsaren ideiaren bat izateko. Itsaso Baltikoan egindako azken ikerketa batek ondo erakusten du hori. Gainera, itsaso honetan bereziki larria da arazoa, arrazoi asko direla eta: Ipar itsasoarekin lotuta egon arren, bertako urek denbora asko behar dute berritzeko. Bestalde, iparraldeko ohiko klima du, eta, horregatik, oso lurrunketa gutxi dago bertan. Modu berean, ibai askok isurtzen dute bertan haien emaria. Horrek guztiak eragiten du ere bertako ura gazikara izatea. Inguruetan, industria eta nekazaritza garatua dituzten herrialdeak ditu: hortaz, itsasoratzen diren urekin batera hain gardenak ez diren isuriak doaz ere.
Ondorioz, ingurumen zientziak lantzen dituzten ikertzaileek arreta berezia jarrita dute itsaso horretan. Orain, zientzialari talde batek ondorioztatu du itsaso honek azken 1.500 urteetako oxigeno mailarik baxuena duela, eta egoera hori giza jarduerari leporatu diote.
Finlandiako eta Alemaniako ikertzaileek parte hartu dute Biogeosciences aldizkarian argitaratutako ikerketa artikuluan. Bertan aipatu dutenez, aurretik egindako beste hainbat ikerketek erakutsi dute Baltikoak iraganean hipoxiarako joera izan duela, baina atzera begirako datu-serie luzeak faltan zirela erantsi dute. Ondorioz, hor zentratu dute ikerketa.
Egin duten berreraikipenaren arabera, aurkitu dute mende askotan zehar klimaren aldakortasunak modulatu duela itsas hondoan gertatzen den materiaren deposizioa, baina azken urteetan gertatutakoak “aurrekaririk ez duela” nabarmendu dute.
Suedia eta Finlandiaren artean dagoen Uhartediaren itsasoaren hondoko bi lagin hartu dituzte, bakoitza lau metrokoa luzeran. Halakoetan egin ohi den moduan, lagin horietan bildutako sedimentuak aztertu dituzte, iraganean “atzera joateko”. Arreta berezia jarri dute fosiletan, antzinako bizidunen arrastoak garai bakoitzeko ekosistema nolakoa zen jakiteko indikatzaile bikainak direlako.

2. irudia: azken 1.500 urteak berreraiki dituzte, itsas hondoko laginen bitartez. Irudian, azken mendeko sedimentuak biltzen dituen lagin bat. (Argazkia: Sami Jokinen)
Sedimentuak aztertzeari ekin diotenean, duela ehun urteko geruzan ikusi dute aldaketarik argiena. Garai horri dagokion estratuan bibalbioen eta anelidoen zantzuak aurkitu dituzte. Ez dituzte topatu, ordea, gorago dauden sedimentuetan. Orain arte uste zen batez ere 1950eko hamarkadan hasi zela oxigeno mailaren jaitsiera, Bigarren Mundu Gerraren ondoren abiatu zen garapen ekonomikoarekin batera; baina datu berriek mende erdi atzeratu dute fenomenoa. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, horrek erakusten du ekosistemak uste baino are sentikorragoak direla.
Kaltetutakoa ez da eremu txikia. Ozeano Baltikoan dagoen eremu hilak 70.000 kilometro koadro inguru hartzen ditu (hiru Euskal Herri eta erdi sartuko lirateke halako azalera batean). Halere, ez da eremu finkoa, urtaroaren arabera aldatzen baita.
Ekologiaren alorrean gertatzen diren kontu gehienetan bezala, oraingoan ere hainbat organismo eta prozesu lotzen dituen kate batean oinarritzen da fenomeno hau. Itsasoaren goiko aldeetan nutriente gehiegi daudenez, algak asko ugaritzen dira, eta horiek hiltzen direnean itsasoan hondoratzen dira. Algek goian izandako banketea behean errepikatzen da orain, baina kasu honetan bakterioak dira algen hilotzak jaten dituztenak. Janaria deskonposatzeko, ordea, bakterioek oxigeno asko kontsumitzen dute, eta, modu horretan, oxigenorik gabeko eremua sortzen da.
Oxigenoaren urritzeak, gainera, bestelako kate-erreakzioak eragin ditzake. Agian nabarmenena, zianobakterio toxikoen bat-bateko ugaltzea da. Zianobakterioek fotosintesia egiten duten bakterioak dira, eta, askotan, haien presentzia eutrofizazioaren seinaletzat jotzen da. Oxigenoa kontsumitzen ez duten bakterio hauek sortzen dituzten toxinek ingurua “pozoitzen” dute, eta bertako landareak eta animaliak akabatzen dituzte. Gurpil zoroa martxan da berriro. Kasu honetan, beste behin ere, oxigenoa baliatzen duten bakterioen onerako da hau.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jokinen, S. A. et al. (2018). A 1500-year multiproxy record of coastal hypoxia from the northern Baltic Sea indicates unprecedented deoxygenation over the 20th century. Biogeosciences, 15, 3975-4001. DOI: https://doi.org/10.5194/bg-15-3975-2018.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, eta nekazaritzarena omen da errua appeared first on Zientzia Kaiera.
Prometeoren hegaztiak
Txori kantariek, adibidez, ahots-ahalmen oso bereziak dituzte, ahalmen bikainak batzuetan. Agian kasurik deigarriena da urtero emea gorteiatzeko urtero soinu berri bat ikasten duten arren espeziearena. Pergolagile arrek, oso pergola konplexuak eraikitzen dituzte, kolore anitzeko egiturak beraiek; hauek ere bere bikotea liluratzeko egiten dute. Beste hegazti batzuek kakoak bezalako tresnak egiten dituzte, adibidez kakoak, gauzak toki estuetatik gauzak ateratzeko. Bele batzuek gizakiak errekonozitzen dituzte, eta luzaro gogoratzen dituzte, batez ere beldur badabiltza gizaki horiekin. Badira jolastu egiten duten hegaztiak ere. Ezaguna da gainera batzuek migratu egiten dutela, eta beren migrazioetako batzuk izugarriak dira ikuspegi fisikotik zein kognizioaren ikuspegitik ere. Bukatzeko, badakigu txori batzuk gai direla berehalako saria baztertu eta sari hobearen zain geratzeko.

1. irudia: Miru beltza (Milvus migrans).
Beste zehaztapen bat, aspaldi eztabaidatua eta azkenean egia modura egiaztatzeko bidean dagoena: hegazti harrapakari batzuek nahita hedatzen dituzte sute batzuk. Suhiltzaile batzuek baieztatu dute ikusiak dituztela hainbat hegazti kontrol pean zeuden suteak berpizten. Joan den mendeko 80.eko hamarkadan egin ziren horrelako baieztapenetako batzuk, baina garai hartan suhiltzaile gehienak ezezkoan zeuden, eta pentsatzen zen zorizko gertaerak izango zirela. Hala ere, badirudi zalantzak uxatzen joan direla.
Izan ere, egiazkotzat jo izan dira baieztapen berri batzuk, ornitologo eta suhiltzaile batzuek lekuko batzuei entzunda. Hegazti harrapari batzuek zinez hedatzen dituzte nahita suteak. Journal of Ethnobiology aldizkarian plazaratu dituzte ikerkuntzaren emaitzak.
Hauek hartu dituzte aztergai Australiako Ipar sabanetan: Milvus migrans (miru beltza), Haliastur sphenurus (miru txistularia) eta Falco berigora (belatz berigora). Dena dela, ikertzaileek baieztatua dute Australiako beste zonalde batzuetan ere berdin gertatzen dela. Izatez, mokoan edo hanketan eramaten dituzte sutan dauden adaxkak, oraindik sutea iritsi ez den zonaldeetara. Batzuetan banaka jokatzen dute, baina batzuetan elkarlanean. Ez dute beti bere helburua lortzen, baina oso maiz, salbu zeuden tokietara eramaten dute sutea. Dirudienez, banako batzuek baizik ez dute horrelakorik ikasten, baina normalean egoera jakin batzuetan egiten dute hau: sutea barrera batean geldirik dagoenean, edo sutea suhiltzaileek itzali dituztenean.

2. irudia: Miru beltzak, agian, eurek eragindako sutearen gainetik hegan egiten. (Argazkiak: Bob Gosdorf)
Bagenekien hegazti batzuk suteez baliatzen direla harrapakinak eskuratzeko, baina oraingo honetan ikusi da era aktiboan hartzen dutela parte miruek eta belatzek. Hau, oso kognizio maila handikoa da.
Pentsatu ohi dugu hegaztiak ez direla oso adimentsuak, besteak beste buru txikikoak direlako. Ez da ordea hori egia: eboluzioan bere entzefaloa gainerako gorputza baino askoz ere gutxiago txikitu zen, aitzindari zituzten dinosauroen aldean.
Beren entzefaloa, gainera, ez da oso ezezaguna guretzat, eta agian ez gara gauza hegaztien burmuina ebaluatzen, hain zuzen ere gure burmuinetik oso urrun dagoelako. Prometeok jainko-jainkosei sua lapurtu zien eta gizaki hilkorroi eman zigun, baina baliteke hegazkin harrapakari hilkorrei ere eman izana.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 6an: Las aves de Prometeo.
The post Prometeoren hegaztiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Molekula gako bat Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko

Irudia: Mikroglia zelulak garunaren zaindari dira, baina Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboan hondatze neurologikoa eragiten due hantura kronikoaren eragile nagusiak dira. (Irudia: GerryShaw).
Zelula mikroglialetan P2X4 izeneko errezeptorea identifikatzea lortu da, hanturaren kontrako indarra areagotzen duena. Ondorioz, Esklerosi Anizkoitzaren kaltea murriztu eta, batez ere, organismoaren berezko erantzun erreparatzaileak sustatzen ditu.
Esperimentua egiteko gaixotasunaren animalia ereduak erabili dira eta frogatu ahal izan da errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzen dituztela, nerbio-ehuna erreparatzen laguntzen baitute.
Esklerosi Anizkoitza gaixotasun autoimmunea da eta mielina geruza deritzon egitura erasotu eta hondatzen du. Ezinbestekoa mielina geruza osorik izatea garunak eta bizkar-muinak behar bezala funtzionatzeko.
Sistema immunologikoaren jarduera modulatzean datza Esklerosi Anizkoitzaren egungo tratamendua eta horren zelulak nerbio-sistema zentralera iristea ekiditea. Terapia horiek eraginkorrak dira gaixotasunaren hasierako faseetan, baina ez dute gaixotasunak aurrera egitea eta hondatze funtzionala ekiditen.
Gaixotasunaren fase progresiboan garunaren zelula mikroglialak dira hondatze neurologikoa eragiten duen hantura kronikoaren eragile nagusiak. Zelula mikroglialak garunaren zaintzaileak dira eta berau kaltetu edo infektatzen bada erreakzionatzen dute. Erreakzio hori hasiera batean onuragarria da baina kaltegarri bihurtzen da denboran luzatzen bada, hantura kroniko bilakatzen bada.
Aurkikuntza honek Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboaren tratamenduaren garapen farmakologikorako bide berria irekitzen du eta Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eskaini.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Molekula-gako bat aurkitu dute, Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Domercq, María, et al., (2018). P2X4 receptor controls microglia activation and favors remyelination in autoimmune encephalitis. EMBO Molecular Medicine, e8743. DOI: 10.15252/emmm.201708743
The post Molekula gako bat Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #212
Berriak eman du albistea: Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso du Teresa del Valle antropologoak. Gizartearen zuztarrak ulertzeko egindako makina bat ahalegin goraipatzeko ekitaldia izan da eta analisietan ikuspegi feminista txertatzeko lanean erreferente ezinbestekoa izan da Teresa del Valle. Argiak ere albisteari erreferentzia egin dio.
PaleontologiaDuela 14.000 urteko ogi-hondarrak aurkitu dituztela Jordanian kontatzen du Elhuyar Aldizkariak. Ogia nekazaritzarekin batera sortu zela uste zen arren, aurkikuntza honek erakusten du lehenagokoa dela ogia, izan ere, aztarna hauek nekazaritza hasi baino 4.000 urte lehenagokoak dira.
Eta Elhuyar Adizkariak gizakien hastapenen inguruko beste albiste bat dakar: Neandertalek sua pizten zutela iradokitzen duten aztarnak aurkitu dituzte. Neandertalek sua erabiltzen zutela frogatuta dagoen arren, pizteko gai ote ziren oso eztabaidatua izan da azken urteotan. Bada, harrizko tresnak erabiliz sua pizten zutela iradokitzen duten lehen aztarnen berri eman dute.
AstronomiaMarteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitzaren ingurukoak azaltzen dituzte Naiara Barrado eta Itziar Garate fisikariak. Irakur daitekeenez, egun zientzialariek oraindik ez dute ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik.
AstrofisikaJuanma Gallegok azaldu du aurrenekoz energia altuko neutrino baten jatorria argitu dutela astrofisikariek: 3.700 milioi argi urtera dagoen galaxia batean sortutakoa da. Neutrinoa topatu eta minutu batera zabaldutako alarmak erantzun ona izan zuen: mundu osoko astronomia behatokietan egindako lanari esker baieztatu ahal izan dute IC170922A izendatu duten gertaera horrek TXS 0506+056 blazarrean jatorria duela.
OsasunaGoiz afaltzeak bularreko eta prostatako minbizi arriskua txikitzen duela irakur daiteke Berrian. International Journal of cancer aldizkari zienfikoan argitaratutako ikerketaren arabera afaldu ondoren komeni da bi ordu itxarotea lotara joan aurretik. Minbizi mota horiek izateko arriskua %20 jaisten da goiz afaldu edo afaldu ondoren bi orduko tartea hartzen bada lotara joan aurretik.
BiologiaArrainen joan-etorrien ingurukoak izan dituzte hizpide Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Azaltzen dutenez, «katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei eta «anadromo» kontrako bidea egiten dituztenei. Kokalekuari dagokionez, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin.
Landareak ez direla izaki pasiboak, elikagai eta lorategietako apaingarri izateko soilik balio dutenak azaltzen dute Euskalnaturan. Hala, defentsa mekanismoak dituzte eta moldapen eta polinizazio estrategia oso bereziak garatu dituzte landareek eboluzioan zehar. Esaterako, landare bat erasotua denean konposatu organiko hegakor batzuk (karbonoz osatuak) kanporatzen dituela eta hauek mezulari lana betetzen dute.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #212 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #225
Zer egiten du garunak entzuten ari den bitartean erantzuna prestatzeko? Nicola Molinaroren Brain mechanisms beneath prediction during speech perception
Eredu estandarra oso itsusia da. Benetan itsusia. Harritzera arte eraginkorra, gizadiaren lorpen handia, bai, baina estetikoki beldurgarria. Eta, hala ere, badira bere garaian Einstein edo Dirac bezala, matematiken dotoretasun eta edertasuna egi fisikoa lotzen dutela pentsatzen duten fisikariak. Jesús Zamora Bonilla: Has theoretical physics become a sleeping beauty?
Andui patogenoko bakteriak pilien bidez atxikitzen dira ehunetara. DIPCkoek “ile” hauetako egitura argitu dute indar atomikoko mikroskopioa erabilita. Infekzioei aurre egiteko antibiotikoei bide alternatiboa eskain dezake honek The mechanochemistry of E. coli type 1 pilus
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #225 appeared first on Zientzia Kaiera.
Genero berdintasunaren paradoxa zientzian eta teknologian

1. irudia: Herrialde bateko genero berdintasuna handitu ahala, emakume gutxiago graduatzen dira STEM alorretan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan neska eta emakume gutxi egotea mundu mailako fenomenoa da. Herrialde guztietan gertatzen da, baina, zenbait herrialdetan joerak nabariagoak dira. Joera horiek aldatzeko ahaleginak egin izan badira ere, STEM alorretan emakumeen presentzia egonkor mantendu da azken hamarkadetan. Desberdintasun horien egonkortzeak argi adierazten du orain arte hartu diren neurriak ez direla behar bezalakoak izan. Stoet eta Geary ikertzaileek emakumeen aukeraketa hori -STEM alorretara ez jotzea- bultzatzen duten testuinguru-faktoreak aztertu dituzte eta ondorioak hasiera batean espero ez direnak izan dira. Aurkitu dutenez, genero berdintasun handia duten herrialdeetan gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena nabari da zientzia eta teknologiaren inguruko unibertsitate-graduetan eta Bigarren Hezkuntzan.
Hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa izena jarri diote fenomeno horri eta hura argitzen ahalegindu dira ikertzaileak. Paradoxa ulertzeko adibide argigarri bat: Finlandian genero berdintasun maila handia dago –Munduko Ekonomia Foroaren arabera- eta nerabeen artean neskek mutilek baino gaitasun gehiago dute zientzian aritzeko –OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera-. Alabaina, Finlandian mundu mailako gizonen eta emakumeen arteko alderik ia handiena dago STEM alorreko unibertsitate-graduetan. Suedian eta Norvegian ere antzekoa gertatzen da -STEM graduatuen %25 bakarrik dira emakumeak-. Aljerian, Tunisian edo Turkian, aldiz, emakume gehiagok lortzen dute STEM graduatua, %35-40 artean. Joera horiek mundu mailan errepikatzen direla ikusi da eta horixe da, hain zuzen ere, hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa.
Nola aukeratzen dira unibertsitateko ikasketak?Genero berdintasunaren paradoxa bi prozesuk gidatzen dute, dirudienez. Alde batetik, ikasleek beraiek aukeratzen dute zer ikasi nahi duten eta horretarako gaitasun akademikoetan oinarritzen dira. Beste aldetik, testuinguru-faktoreetan -esaterako, ikasketak amaitzean espero den soldatan- oinarritzen dira aukeraketa egiteko. Ikertzaileen arabera, faktore horrek eragin handiena du unibertsitate-graduaren aukeraketan eta, aztertu dutenez, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian.

2. irudia: Unibertsitateko ibilbide akademikoa aukeratzerakoan hainbat faktorek eragiten dute, nagusiki, norbanakoaren aukerak eta testuinguruaren eragina. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Testuinguru faktoreei dagokienez, herrialdearen garapen ekonomikoa eta arrisku ekonomikoak kontuan hartu behar dira. Horren arabera, egoera ekonomiko okerragoan dauden herrialdeetan STEM alorreko lanbideak erakargarriagoak dira soldata altuagokoak izan ohi direlako eta emakume gehiagok jotzen dute zientzia eta teknologia ikastera. Frogatu denez, egoera ekonomiko zailetan norbanakoaren interesak eta gaitasunak gehiago eragiten du ibilbide akademikoaren aukeraketan.
Ikerketaren muinaHezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa ikertzeko 67 herrialdetako 475.000 nerabe aztertu dituzte Missouriko Unibertsitatean. Ikerketan PISAko datuak erabili dituzte gaitasunak neurtzeko: zientzia-alfabetatzea, irakurmen gaitasuna eta matematiketarako gaitasuna aztertu dira. STEM alorrak definitzeko UNESCOren sailkapena erabili dute, eta talde horretan sailkatu dituzte natura-zientziak, matematika, estatistika, informazio eta komunikazio teknologiak, ingeniaritzak, fabrikazioa eta eraikuntza. Erabilitako datuen arabera, STEM graduatuen emakumeen portzentajea %12,4tik -Macaon- %40,7ra -Aljerian- mugatzen da. Generoen arteko aldea balioesteko Munduko Ekonomia Foroaren GGGI indizea –Global Gender Gap Index- erabili da. Indize horrek 14 indikatzaile hartzen ditu kontuan eta aztertutako 67 herrialdeei dagokienez, indizerik baxuena Arabiar Emirerri Batuetan dago, 0,593 eta altuena, aldiz, Islandian, 0,881.
Emaitzak gaika aztertuta, Stoet eta Gearyren ikerketak dio zientzia-alfabetatzean ez dagoela desberdintasun adierazgarririk nesken eta mutilen artean -neskek emaitza zertxobait hobeak lortzen dituzte, hala ere-. Horrek, gainera, ez dauka loturarik generoen arteko aldea neurtzen duen GGGI indizearekin. Indargune akademiko intraindibidualei dagokienez, aldiz, mutilak zientzian hobeak dira beste alorretan baino. Neskak, berriz, gaitasun intraindibidual erlatibo handiago dute irakurketan zientzian edo matematikan baino. Hain zuzen ere, nesken %51ak du irakurketa gaitasuna indargune akademikoa bezala. Esandakoaren arabera, neskek eta mutilek zientziarako antzeko gaitasuna dutela ondorioztatu da. Alabaina, mutilek beste alorretan gaitasun baxuagoa dutenez, STEM alorretan gaitasun erlatibo handiagoa dutela nabari dute eta horren eraginez mutilek joera handiago dute STEM alorrak aukeratzeko. Nolabait, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian -haien indargune moduan ikusten dutelako–, nahiz eta balio absolutuetan, oro har, neskek eta mutilek antzeko gaitasuna duten.
Zientziarekiko jarrerei dagokienez, autoeraginkortasuna, interesa eta zientziarekiko gozamena ebaluatu dituzte ikerketan. Paradoxikoki, aztertutako herrialde guztietan hiru jarrera horietan mutilek neskek baino balio altuagoak ematen dituzte. Herrialdeen %58an mutilek zientziarekiko autoeraginkortasun altuagoa dute, %76an mutilek zientziarekiko interes handiagoa dute eta herrialdeen %43an mutilek neskek baino gehiago gozatzen dute zientziaz aritzean -beste herrialdeetan antzeko jarrerak dituzte-. Berriro ere paradoxikoa badirudi ere, herrialdearen berdintasun indizea zenbat eta handiagoa izan mutilek zientziarekiko jarreretan puntuazio hobeak lortzen dituzte neskek baino. Bestalde, bitxia da aipatzea herrialdeen %49an mutilek zientzian dituzten gaitasunak gehiegi estimatzen dituztela, alegia, uste dutena baino gaitasun baxuagoa dute. Nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik uste du benetan duena baino gaitasun gehiago duela. Hala eta guztiz ere, jarrerak eta gaitasunak bakarrik aztertu neska eta emakume gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM alorreko unibertsitate-ikasketak. Zergatik gertatzen da hori? Zein da arrazoia emakume askok zientzia eta teknologiaren alorrari uko egiteko?
Paradoxaren balizko azalpenaren bilaGenero berdintasunaren paradoxaren erantzulea herrialdearen egoera ekonomikoa eta ongizate-maila izan daitekeela proposatu da. Berdintasun indize altuagoa duten herrialdeak aberatsagoak izan ohi dira eta arrisku ekonomikoak murritzagoak dira. Biztanleriak segurtasun handiagoa du eta bizi baldintzak hobeak dira. Testuinguru horretan, etorkizun ekonomiko oparoagoa eskaintzen duten STEM alorreko ikasketak ez dira hain erakargarriak. Ikerketan frogatu dutenez, bizi kalitate okerragoa izatea espero denean neskek pizgarri gehiago dituzte zientzian eta teknologian aritzeko eta arlo horretako unibertsitate-ikasketak egiteko.
Zentzu horretan, mutilak hobeak dira zientzian beste alorretan baino, nahiz eta neskak mutilak baino hobeak diren alor guztietan. Nesken artean, aldiz, irakurketan gaitasun altuagoa dute zientzian baino eta, hortaz, neskek ez dute STEM alorra haien indargune bezala ikusten. Hortaz, testuinguru sozioekonomiko erosoan -horiek ere berdintasun maila handiagoa duten herrialdeak izanik-, neskek ez dute zientzia eta teknologiara jotzen. Horixe da hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxaren azalpena, ikertzaileen aburuz.

3. irudia: irudia: Espero baino emakume gutxiago dago STEM alorrekin lotutako unibertsitate-graduetan. (Argazkia: skeeze – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Paradoxa arazo bat den edo ez eztabaidatzeko kontua da. Alde batetik, esan behar da gizarte berdinzaleena ez dela izango alor guztietan nesken eta mutilen banaketa berdin-berdina duena. Beste aldetik, ikerketa hau edo antzekoak ezin dira erabili berdintasun politiken aurkako argudio moduan. Unibertsitate-ikasketetan %50-%50 banaketa lortzea ez da helburua, baina, bai genero kontuengatik bidean inor ez galtzea. Ikerketaren arabera, neska gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM arloko graduak; izan ere, alde handia dago zientzia eta teknologian graduatzen diren emakumeen eta modu arrakastatsuan STEM alorrean graduatu ahalko liratekeen emakumeen artean. Alde hori murrizten joateko, behar-beharrezkoak dira gertatzen dena azaltzen lagunduko duten ikerketak, irtenbide egokienak bilatze aldera. Hala ere, ikertzaileen arabera, argi dago alde hori ez dela murriztuko berdintasun politikekin bakarrik edo nesken zientzia-hezkuntza hobetzen bakarrik. Irtenbide integral eta eraginkorrak bilatzen diren bitartean kontuan izan behar da agian, besterik gabe, segurtasun ekonomikoa duten neskek nahiago dutela STEM arloak ez diren beste ikasketak egitea. Olga Khazan idazleak dioenez, lana interes ekonomikoengatik bakarrik aukeratu beharrean, haien gaitasun anitzetan oinarrituta egiten dute aukeraketa eta hori izan daiteke, hain zuzen ere, genero berdintasunaren paradoxaren erantzulea. Hortaz, baliteke lortutako emaitza korrelazio baten ondorio izatea, baina, benetako kausa-efektua oraindik aurkitu ez izana. Hala ere, hausnartzen jarraitzeko datua lortu dute Missouriko ikertzaileek: mutilen erdiek uste dute benetan dutena baino gaitasun handiagoa dutela zientziarako eta nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik pentsatzen du hori. Ikerketa gehiagoren beharrean, oraingoz, eztabaida irekita dago.
Erreferentzia bibliografikoa:
Stoet G, Geary D. C., (2018). The Gender-Equality paradox in Science, Technology, Engineering, and Mathematics education. Psychological Science, 29(4), 581-593. DOI: https://doi.org/10.1177/0956797617741719
Informazio osagarria:
- Fewer women want to be scientists in wealthy, equal countries, A. Erickson, washingtonpost.com, 2018.
- ¿Qué es la paradoja de la igualdad de género? J. Scaliter, quo.es, 2018.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Genero berdintasunaren paradoxa zientzian eta teknologian appeared first on Zientzia Kaiera.
Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna

Irudia: Intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu dituzte.
Mikrokapsularatze prozesua substantzia aktibo bat mintz batez inguratzean datza, kanpoaldearekin kontaktu zuzena saihestuz, eta ondoren, askapen kontrolatu bat eskainiz. Mikrokapsularatze prozesua burutzeko kapsulatuko diren substantzien eta agente kapsulatzaileen propietate fisiko- kimikoak, mikrokapsularatze produktuaren amaierako aplikazioa, partikula tamaina, askapen- mekanismoa eta prozesuaren kostua kontuan izan behar dira.
Gure ikerkuntza taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu hauek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenerako zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.
Mikrokapsularatutako intsektiziden, fungiziden eta sinergisten familiako biozidak dira. Beste aldetik, oddoetatik eratorritako bioerakarle naturalak alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola, ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze- metodoak. Osagai aktiboak mikrokapsularatuta izanda, amaierako produktuaren egiaztapenari zein karakterizazioari dagozkien ikerketak burutu dira teknika analitiko ezberdinak erabiliz. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta ostean, inguruko tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.
Mikrokapsularatze prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen- osasunean dauden ingurumen- arazoak ebazteko. Alde batetik, intsektiziden kapsulazioak langilearen eta printzipio aktiboaren arteko kontaktu zuzena saihesten du, lanpostuan giza- osasunarentzako arriskua ekidituz.
Gainera, likidoak zein likatsuak diren zenbait pestizida mikrokapsularatze prozesuak solido bilakatzen dituzte, maneiatzeko erraztasuna lortuz. Era berean, produktuaren nahi gabeko isurketen aurrean, portaera eta erremediazioa errazten du. Kapsulatuta egotean pestiziden mugimendua ingurunera moteltzen da eta ondorioz erremediazio metodoen aplikazioentzako erantzun- denbora handitu egiten da. Nolanahi ere, sortutako eragina txikiagoa eta ingurunerantzako onargarriagoa izango litzateke.
Gainera, mikrokapsularatutako produktua uretan burutzen da eta disolbatzaile organikoak ez dira erabiltzen, daukaten toxikotasun- maila eta kostu altua saihestuz. Beste aldetik, eratuko litzatekeen produktuak inpaktu ekologikoa murrizten lagundu lezake. Mikrokapsularatze prozesuak agente kapsulatzaile biodegradagarriak erabiltzen dituenez, pestizida babestu eta maskaratzen dute. Azkenik, aipagarria da pestizida pixkanaka- pixkanaka askatuz joango dela eta modu honetan aplikazio puntuetan ez dira produktuaren kantitate handiak erabili behar. Hau da, prozesu honek pestiziden denboraldiko dosifikazioa ahalbidetzen du eta, beraz, bere ingurunerako dispertsioak kontaminazio zehatzen prozesuak saihesten ditu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna
- Laburpena: XXI. mendeko erronken artean, ingurumen-osasunean kalte egin dezaketen arazoei aurre egiteko metodo alternatiboen bilaketa aurkitzen da. Arlo honetan, mikrokapsularatzearen abantaila anitzek arazo horiei aurre egiteko baliozko aukera bat erakusten dute. Abantaila garrantzitsu horien artean aurkitzen dira ingurumenean eta ugaztunetan toxikotasuna murriztea, langileen zein bezeroen manipulazioan segurtasuna hobetzea eta uretan disolbagarritasun baxua duten konposatuen sintesia uretan ahalbidetzea. Horrela, ura disolbatzaile gisa erabiliz, disolbatzaile organiko toxikoen eta garestien erabilpena ekiditen da.Gure ikerkuntza-taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu horiek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenarentzat zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.Mikrokapsularatutako biozidak sinergisten familiako pestizidak dira. Adibide ezagun bat piperonilo butoxidoa da. Biozidek intsektiziden, (piretroideak, nikotinoideak, karbamatoak…), fungiziden (tebukonazola) zein pestiziden gaitasuna areagotzeko gaitasuna dute. Bioerakarle naturalak, berriz, alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze-metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze-metodoak. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko, metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta buruguneko gas-kromatografia / masa-espektrometria detektoreko (Headspace Gas Chromatography-Mass Spectrometry, HS-GC/MS) teknika erabiliz giro-tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.Mikrokapsularatze-prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen-osasunean dauden ingurumen-arazoak ebazteko.
- Egileak: Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 125-136
- DOI: 10.1387/ekaia.17023
————————————————–
Egileaz:
Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral Biofisika Institutukoak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko kideak dira.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainen joan-etorriak
———————————————————————————————————–
«Diadromo» izena ematen zaie itsasotik ibaira edo ibaitik itsasora migratzen duten arrainei. Horietako batzuk ―izokinak― ikusi ditugu dagoeneko, haien biologia berezi samarra baita. Beste arrain diadromo bat, aingira, preziatu samarra da gure artean. Aingira esan dugu, baina benetan preziatua dena ez da aingira bera, aingiraren larba baizik.
Irudia: Ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera eta itsasoan sortzen dira angulak.
Jakina denez, ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera, eta itsasoan sortzen dira guztiz preziatuak diren angulak, aingiren larbak. «Katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei.
Izokinek alderantzizko bidaia egiten dute. Ibaietan jaio eta ibaietan ematen dituzte beren bizitzaren lehen aldiak. Gero itsasora joaten dira gizentzera, eta, gizendu ondoren, ibaietara itzuli, ugaltzera. «Anadromo» izena ematen zaie era horretako bidaiak egiten dituzten arrain diadromoei.
Joan-etorri horiek egitea kontu bitxia bada ere, are bitxiagoa da espezie batzuek noranzko bateko bidaia egitea eta beste batzuek aurkakoa. Ez da erraz ulertzen zergatik egiten duten batzuek besteek egiten dutenaren aurkakoa, eta horixe da hemen aztertuko dugun kontua.
Hainbat adituren ustez, ibaien eta itsasoaren emankortasunei dagokie jokabide desberdin horien arrazoia. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin. Bestalde, ibai eta itsasoaren emankortasuna latitudearekin batera aldatzen da, eta aldaketa hori aurkakoa da kasu bakoitzean. Hau da, ekuatoretik hurbil dauden ibaiak emankorragoak dira poloetatik hurbil daudenak baino, baita latitude berean dauden itsasoak baino. Alderantziz, poloetatik hurbilago dauden itsasoak latitude bereko ibaiak baino aberatsagoak dira, baita ekuatore aldera dauden itsasoak baino ere. Beraz ―eta hauxe da gakoa―, latitudearen arabera aldatzen dira uretako animaliak gizentzeko egokiagoak diren ur-ingurumenak.
Katadromoak itsas arraintzat hartu behar dira, baina ibaiek eskaintzen dituzten ekoizpen- baldintza egokiak direla eta, latitude bereko ibaietara jotzen dute gizentze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin. Era berean, ur gezetako arraintzat hartu behar dira anadromoak, baina ibaietatik itsasora joaten dira itsasoak eskaintzen dituen janari-baliabide egokiez baliatzera. Hala ere, naturan ikus daitezkeen beste hainbat gertaerarekin bezala, bada salbuespenik, eta, urrutira joan gabe, gure itsaso eta ibaietan batera ikus ditzakegu bai aingirak, bai izokinak ere, hots, bai arrain anadromoak bai katadromoak.
Hala eta guztiz ere, salbuespenak egon arren, portaera horiek azaltzeko hipotesi egokia dirudi hemen aurkeztu dugunak. Bi espezie horiek orain batera egoteak ez digu esaten egoera horretara iritsi arte bakoitzak jarraitu duen bidea zein izan den, eta seguru asko, hor egongo da paradoxa honen azalpena. Azken batean, nekez uler litezke horren jokabide berezi eta neketsuak etekinik ateratzeko modukoak izango ez balira.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrainen joan-etorriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian
2017ko irailaren 22an mundua ohiko arazoetan murgilduta zegoen. Iazko udazkenaren lehen egun horretan, Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk brexit-erako bi urteko luzapena eskatu zuen, eta Kataluniako krisia puri-purian zegoen. Atlantikoaren beste aldean ez zeuden negoziaketa askorako tenorean: lurrikara ikaragarri batek Mexiko astindu berri zuen; alboan are okerrago zeuden: urakan batek Dominikar Errepublika jo berria zuen. Asiara joanda, Ipar Koreako erregimenak Ozeano Barean H motako bonba bat lehertzeko mehatxu egin zuen.
Telebistako pantailetan samina besterik agertzen ez zen egun horretan, gauza xume bezain garrantzitsua gertatu zen munduaren txoko urrun batean: Antartidan kokatutako IceCube izeneko behatokian, zientzialariek “ikusezina” zen partikula baten arrastoa “ikusi” ahal izan zuten: energia altuko neutrino bat. Film batean bezala, adituen artean mundu mailako alarma piztu zuten, eta izarretan burua duten “txoriburu” asko partikula horren jatorriari begira lerrotu zituzten euren tramankuluak.

1. irudia: 3.700 milioi argi urtera kokatuta dagoen galaxia batean du jatorria atzemandako neutrinoak. Irudian, neutrinoak eta gamma izpiak isurtzen dituen blazarraren irudikapen artistikoa. (Argazkia: IceCube/NASA)
Hego Poloan kokatuta dago IceCube neutrino behatokia, Amundsen-Scott estazioan, eta partikula horiek detektatzeko berariaz eraikitakoa da. Bertan egindako behaketari esker, astrofisikariek ondorioztatu dute neutrinoak blazarretan sortzen direla, hau da, zenbait galaxiaren erdiguneetan. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, bi artikulutan.
Drexel unibertsitateko (AEB) ikertzaile Naoko Kurahashi Neilson-en esanetan, “jende askok susmatzen zuen blazarrek neutrinoak jaurtitzen dituztela, baina, orain arte, inork ez du prozesu hori ikusi”.
Hasieran esan bezala, ordea, iazko irailean prozesu hori “ikusi” ahal izan zuten. Neutrinoa topatu eta minutu batera zabaldutako alarmak erantzun ona izan zuen: mundu osoko astronomia behatokietan egindako lanari esker baieztatu ahal izan dute IC170922A izendatu duten gertaera horrek TXS 0506+056 blazarrean jatorria duela. Lurretik ikusita, Orion konstelazioan dago estruktura hori; zehazki, ehiztariaren ezkerreko “sorbaldan”. Lurretik 3.700 milioi argi urtera kokatuta dago.
Espektro elektromagnetiko osoan behaketak egin dira, baina, batez ere, gamma izpien isurien analisia izan da garrantzitsuena. Bereziki NASAren Fermi espazio teleskopioa eta La Palma uhartean dagoen MAGIC izeneko gamma izpien teleskopioa erabakigarriak izan dira iturria zehaztu ahal izateko.
Zaila zen kasualitatea izatea, baina, bazitekeen. Horregatik, ikertzaileek aurreko urteetan gordetako erregistroak arreta handiz aztertu dituzte, modu horretan jakin ahal izateko ea aurretik norabide horretatik etorritako beste neutrino isuririk ote zegoen. Ia hamarkada bat atzera egitea lortu dute, eta blazar horretatik bertatik beste neutrino jaurtiketa handiak izan zireneko ebidentzia haina bildu dutela ziurtatu dute. 2014ko eta 2015eko datuetara joanda, konturatu dira jatorri bereko dozena bat neutrino erregistratuta zeudela.

2. irudia: DOM izeneko sentsoreak daude izotzaren barruan, IceCube behatokiaren azpian, neutrinoak atzeman ahal izateko. (Argazkia: IceCube/NSF)
Neutrinoak partikula subatomikoak dira. Aspalditik ezagutzen dira, baina, orain arte, ez zegoen argi zein zen haien jatorri zehatza. Orain bederen, zientzialariek badakite blazarrak neutrinoen iturrietako bat direla. Are gehiago, aurkikuntzak beste arrasto garrantzitsua eman du: blazarretan ere egon litezke izpi kosmikoen jatorrietako bat.
Neutrinoek zuzen-zuzen bidaiatzen dute unibertsoan zehar, eta galaxiak, izarrak edo aurrean duten edozein gauza zeharkatzeko gai dira. Neutrinoek ez bezala, izpi kosmikoek karga elektrikoa dute, eta, beraz, eremu magnetikoek haien ibilbidea desbideratzen dute. Horregatik, Lurretik jasotzen diren izpi kosmikoak aztertzea ez da nahikoa jakiteko zein den horien jatorria. Behatokiak detektatzen dituen neutrino gehienak energia baxukoak dira, baina horiek atmosferan bertan izan ohi dute jatorria, izpi kosmikoek goi atmosferako partikulekin talka egiten dutenean. Baina zientzialariek badakite izpi kosmikoek gasarekin edo fotoiekin talka egitean sortzen direla energia altuko neutrinoak. Beraz, litekeena da orain aurkitu duten neutrino iturri hori izpi kosmikoen jatorri izatea ere.
Ohi bezala, partikula hauen existentzia zeharka ondorioztatu zen. Wolfgang Pauli fisikaria izan zen 1930ean neutrinoa aurrenekoz proposatu zuena. Nukleo batean beta motako desintegrazioa izaten denean, nukleotik ateratzen diren elektroien energia zinetikoa ez da nukleoan dagoen energiaren arabera espero daitekeenaren parekoa. Elektroi horiek, berriz, energia espektro zabala dute. Energien arteko alde hori azaltzeko, neutrinoaren existentzia proposatu zuen Paulik.
Oso masa txikiko eta energia neutroko partikula da neutrinoa. Materiarekin gutxitan elkarri eragiten dute. Ezaugarri horiek azaltzen duten zergatik den hain zaila partikula hori detektatzea. Hori 1956an lortu zen aurrenekoz, baina oraindik ere, gaur egun arras zaila da partikula horiek atzematea, eta tresna oso bereziak behar dira: tamaina handiko behatokiak, normalean likido asko duten biltegiak, eta inguruan erradiazio detektagailuak dituztenak. Halako azpiegitura handien bitartez, neutrinoek materiarekin talka egiten dutenean sortzen den erradiazio txikia neurtzen saiatzen dira zientzialariak. IceCube behatokiaren kasuan, izotz kilometro kubo baten eremuan dauden milaka detektagailu txiki baliatzen dira.
Orain aurkeztutakoa kanal anitzeko behaketak egiteko baliagarria izatea espero dute astrofisikariek. Modan jarri da, honezkero, astronomia multi-mezulariaren kontzeptua. “Argiaz aparte bestelako bideak erabiltzen dituen astronomia egiten hasiak gara, behaketa elektromagnetikoa -argia- eta bestelako neurketak bateratzen dituen astronomia multi-mezularia egiten, hain zuzen”, azaldu du Alabamako Unibertsitateko (AEB) Marcos Santander astrofisikariak. Funtsean, unibertsoari begiratzeko bide berria ireki dela nabarmendu dute ikertzaileek.
Astrofisikariek espero dute etorkizunean neutrinoak lagungarri izango direla unibertsoa sakonki aztertzeko. Orain arte, astronomia guztia fotoietan edo “argian” oinarritu da, baina pixkanaka egoera aldatzen ari da, eta unibertsora hurbiltzeko bide berriak zabaltzen ari dira. Iaz grabitazio uhinen lehen detekzioarekin gertatu zen modu beran, oraingo aurkikuntzak gure unibertsoaren pertzepzioa fintzen lagundu dezake. Munduko arazoek berdin jarraituko dute, baina, eskerrak, ezagutzaren abenturak zirrarara zabaltzen jarraitzen du.
Erreferentzia bibliografikoa:
The IceCube Collaboration, Fermi-LAT, MAGIC, AGILE, ASAS-SN, HAWC, H.E.S.S., INTEGRAL, Kanata, Kiso, Kapteyn, Liverpool Telescope, Subaru, Swift/NuSTAR, VERITAS, VLA/17B-403 teams, (2018). Multimessenger observations of a flaring blazar coincident with high-energy neutrino IceCube-170922A. Science , 361(6398), eaat1378. DOI: 10.1126/science.aat1378
IceCube Collaboration, (2018). Neutrino emission from the direction of the blazar TXS 0506+056 prior to the IceCube-170922A alert. Science, 361(6398, pp. 147-151. DOI: 10.1126/science.aat2890
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza
Lurrean ere badaude hauts-ekaitzak edo hondar-ekaitzak, basamortuetan, batez ere. Baina Lurreko baldintzak ezberdinak dira, eta Lurreko ekaitzak ez dira Marten bezain beste zabaltzen. Planeta gorria Eguzkitik gertuen dagoenean, hego-hemisferioan udaberria edo uda denean, atmosfera berotu egiten da eta gainazalean sortzen diren tenperatura-kontrasteek eragindako haizeek gainazalean pausatuta dagoen hautsa mugiarazten dute. Gainera, neguan izoztutako CO2 kasko polarra lurruntzen hasten da garai honetan. Horrek atmosfera loditu, eta ondorioz trinkoago egiten du. Horrela, hautsa airean geratzea ahalbidetzen da. Hautsa, 60km-raino igo daiteke atmosferan barrena. Halere, normalean, ekaitza txiki mantentzen da, ez da oraingoa bezain handia bilakatzen (ekaitza tokikoa, ez orokorra, dela diogu kasu honetan) eta astebete inguru irauten du.
Gaur egun zientzialariok oraindik ez dugu ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez, eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik. Zorionez, inoiz izan dugun aukerarik onena dugu orain. Curiosity izeneko bertan baita, ekaitzean guztiz murgilduta (ikus 1. irudia).

1. irudia: Curiosityren Mastcam kamerak ateratako bi argazki hauetan Marteko Gale kraterraren barrualdea ikus dezakegu bi egun ezberdinetan; ezkerraldean ekainaren 7ko argazkia eta eskuinaldean hiru egun beranduagokoa. Bertan, atmosferako hauts kantitatea nabarmenki handitu dela ikus daiteke. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Bestalde egun, 3 orbitadore baino gehiago daude Marteren inguruan biraka. Beraz, hauts-ekaitza bertatik aztertuz, Marteko eguraldi eta klimari buruzko aurkikuntza berriak egiteko beta paregabea dugu.

2. irudia: Ekaitzaren bilakaera ikus daiteke NASAren Mars Reconnaissance Orbiter izenekoaren MARs Color Imager (MARCI) kamerak hartutako irudiez osatuta. (Argazkiak: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Opportunity roverra ere Marten da, planetaren beste aldean. Honek ordea eguzki panelen bidez lortzen du energia, eta ekaitzak dirauen bitartean gainazalera iristen den eguzki-argia ez da nahikoa Opportunity aktibo mantentzeko. Lotan da beraz. Espero dezagun ekaitzak luze ez irautea, Opportunityren bateria hotzez hil ez dadin, 2010ean Spirit izeneko bere rover bikiari gertatu zitzaion moduan. Zorionez, Curiosityren bateria, energia nuklearraz elikatzen da eta, beraz, ez du eguzki-argirik behar. Gau eta egun egin dezake lan. Baina kaltetu ahal dezake hauts berak roverra edo bertako instrumenturen bat? Ingeniarien ustetan, ez. Misioaren prestaketetatik roverraren gainean pilatutako hautsa nola kendu pentsatua eta planeatua dute. Hala ere, zientziaren zati bat egiteko lan-modua aldatu edo egokitu behar da. Adibidez, argi gutxiago dagoenez, kamerek denbora luzeagoan izan behar dute objektiboa irekita.
Esan bezala, hauts-ekaitz honen aurretik azkena 2007koa izan zen. Urte hartako ekaitza oraingoa baino handiagoa izan zen, baina arinagoa. Ekaitz haren opakotasuna 5,5ekoa izan zen, eta oraingo ekaitzarena 10,8 da, ia bikoitza. 2007ko ekaitza orokorra izan bazen ere, ez zen behatutako handiena izan. Izan ere, sumendi garaienen gailurrak izan ezik, planeta osoa ilundu zuten 1971-1972an Mariner 9 misioak behatutako hauts-ekaitzak edo 2001ean Mars Global Surveyor-ek behatutakoak (ikus 3. irudia).

3. irudia: NASAko Mars Global Surveyor orbitadorearen Mars Orbiter Camerak 2001eko hauts-ekaitz erraldoiari hartutako bi argazki. Planetak jasandako erabateko itxura-aldaketa hilabeteko tartean gertatu zen. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Ez dirudi oraingo hauts-ekaitz hau planeta osoa estaltzera iritsiko denik, baina nork daki… adi jarraitu beharko!
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.
—————————————————–
The post Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza appeared first on Zientzia Kaiera.