Ezjakintasunaren kartografia #198
Nerbio sistema zentraleko sistema inmunitarioaren zelulek, mikrogliek, paper garrantzitsua dute autismoan. JR Alonso, Microglia and autism
Familia batzea oso ondo dago eta oso polita da. Familia eredu estandarra denean izan ezik. Mario Reigek azaltzen digu Family unification (1) artikuluan.
Gutxien espero den tokian ezusteko aurkikuntzak dakartza natura imitatzen saiatzen diren nanoegituren ikerketak. DIPCk Unexpected molecular core level shifts in nanoarchitectures.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #198 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elisa Sainz de Murieta: “Klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka da” #Zientzialari (86)
Planetaren batez besteko tenperaturaren igoera edo bioaniztasunaren galera klima-aldaketaren adierazle orokorrak dira. Hala ere, klima-aldaketak ekar ditzakeen arriskuak eta kalteak oso desberdinak izan daitezke lekuaren arabera.
Euskal Herriak jasango duen klima-aldaketaren inpaktu garrantzitsuenetariko bat itsas mailaren igoera izango da. Izan ere, igoera honek gure hondartzen atzerakada edo marea altueran dauden eremu batzuen ureztatzea ekar ditzake.
Baina, zenbat igoko da itsas maila Euskal Herrian? Zeintzuk dira inpaktuei aurre egiteko hartu beharreko neurriak? Gai honen inguruan sakontzeko BC3 zentroko Elisa Sainz de Murieta ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka bat da eta arazo orokorra den heinean, herri bakoitzak inpaktuei nola aurre egin jakitea oso garrantzitsua da.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Elisa Sainz de Murieta: “Klima-aldaketa Euskal Herri osoari dagokion erronka da” #Zientzialari (86) appeared first on Zientzia Kaiera.
Kakalardo bonba-jaurtitzailea

———————————————————————————————————–
Carabidae familiakoak ditugu beren babes kimikorako mekanismoa dela eta izen xelebre hau hartzen duten 500 intsektu-espezietik gorako taldeko kideak. Zerbaitek, normalean apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egingo diela antzematen dutenean, kakalardo hauek narritagarria den esprai kimikoa jaurtitzen diote etsaiari. Babes-modua bera deigarria bada ere, are harrigarriagoa da jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa izatea; beraz, oso arma indartsua da ia edozein harraparirentzat.Kakalardo bonba-jaurtitzaileak 100ºC-tik gorako esprai kimikoa jaurtitzen du mehatxatuta dagoenean. Iturria: KQED San Francisco telebista publikoa.
Nola ekoizten dute horren kaltegarria izan daitekeen konposatu hori? Eta nola lortu dute eurei kalterik ez eragitea?
Kontua oso konplexua da, eta horrexegatik erabili izan dute adibide modura kreazionismoaren eta diseinu adimendunaren aldekoek, horren konplexua den zerbait hautespen naturalez ezin gara daitekeela azaltzeko. Utz ditzagun funts zientifikorik gabeko kontu hauek alde batera eta azter dezagun eraso kimiko honen oinarrian dagoena.
Kakalardo hauen sabelaren atzealdeko muturrean kokatzen diren guruin berezietan ekoizten da aerosol babesgarria. Espraia jaurtitzen dutenean, laino bat bezala ikus daiteke, eta leherketak hots berezia eta entzuteko modukoa sortzen du.
Bi ganbarek osatzen dituzte sekrezio-guruin berezi hauek: ganbara handienean, barrurago kokatzen dena, animaliaren bi guruin berezitutan ekoitzitako hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa nahasten dira; kanporago kokatzen den ganbara txikiagoan, berriz, epitelioko zelulek jariatzen dituzten katalasaz eta peroxidasaz osatutako nahaste entzimatiko bat dago. Hidrokinona intsektu askoren metabolismoaren produktuetako bat da, kitinaren sintesian erabiltzen dena, eta hidrogeno peroxidoa, bestalde, denok ezaguna dugun ur oxigenatua da.
Intsektu hauek mehatxua hautematen dutenean, zenbait muskulu uzkurtuz ganbara handiko likidoa ganbara txikiagoan sarrarazten dute, eta orduan gertatzen da leherketa, hidrogeno peroxidoa bat-batean hidrolizatzen hasten delako eta hidrokinonak oxidatzen, oso erreakzio bortitza eraginez, non bero kantitate handiak askatzen diren. Sortutako gasen presioaren eraginez, alde batetik ganbara handiko balbula itxita mantentzen da, eta horrela babestuta gelditzen, eta bestetik nahaste erasotzailea esprai fin bat bezala kanporatzen da beste balbula batetik. Ateratzen den benzokinona eta lurrunaren nahasteak erre egiten du, uraren irakite-puntuaren tenperaturaren ingurura heltzen baita, eta normalean harrapariak uxatu egiten ditu.
Kakalardoek hainbat aldiz erakuts dezakete babes-erantzun hau eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezaketela ikusi da, harrapariaren mugimenduen arabera eraso kimikoaren norabidea aldatuz. Afrikako zenbait kakalardo bonba-jaurtitzailek 270 graduko errotazio-ahalmena dute, eta, beraz, guruinaren irekitze-gunea ia edonorantz bideratu dezakete.
Animalia hauek erabiltzen duten lehertze-mekanismoa hain da eraginkorra, ezen 2004 urtean Leeds-eko Unibertsitatean 135.000 liberako finantziazioa jaso zuen proiektu bat abiatu baitzen, animalia hauen konbustio-mekanismoak industria aeronautikoan izan ditzakeen aplikazioak aztertuko dituena. «Learning from controlled explotions in nature: modelling the catalytic explosion device of bombardier beetles» da ikerketa-lanaren izena, eta gero eta gehiago garatzen ari den biomimetikaren arloan sakonduko du.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Kakalardo bonba-jaurtitzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Kodetu al daiteke Historia? Kliodinamika baiezkoan dago
Historia ezagutu beharra dago, behin egindako akatsak berriro ez errepikatzeko. Mendetan zehar errepikatu izan den mantra da. Ideia horren atzean dagoen filosofia da, nonbait, iragana ezagututa etorkizuna aurreikus daitekeela. Halere, ia hori bezain zaharra da beste galdera bat: zientzia al da Historia?

1. irudia: Historiaren izaera dinamikoa izanda ere, datuetan oinarritutako emaitza zientifikoak lor daitezkeela aldarrikatzen dute Kliodinamika babesten dutenek. (Argazkia: Juanma Gallego)
Ezetz esango dute gehienek, eta arrazoia izango dute, seguruenera. Baina ondorengo galderek erantzun zailagoa dute. Metodo zientifikoa erabil al daiteke Historia lantzerakoan? Humanitateak horrela aztertu ahal dira? Kasu honetan, zalantza gehiago agertzen dira. Bereziki arkeologoek aldarrikatzen dute haien jardunaren balio zientifikoa. Objektuak aztertu, eta sailkatu egiten dituztelako, txukuntasun zientifikoarekin. Halere, jakina da askoz harago doala arkeologia, “trastelogia” izan nahi ez badu bederen. Traste horien interpretazioa egin behar da, eta, askoren ustez, horretan dago diziplina horren funtsa: “Arkeologia antropologia da edo ez da ezer”, Gordon Willey eta Philip Phillips arkeologoen esanetan. Interpretazio horretan, beraz gauzak zaildu egiten dira.
Zientziak aldagaiak kodetzea gustuko du. “Ezaugarritzea” da zientzialarien aitagurean gehien aipatzen den hitzetako bat. Fenomenoak behatzea, ezaugarritzea, sailkatzea, eta aldagaien arteko loturak bilatzea; finean, errealitatea azaltzeko gai den teoria bat osatzeko. Ez edonolako teoria, gainera. Beste edonork, antzeko baldintzatan, errepikatu ahal izango duen teoria bat baizik. Jakinda, gainera, teoria hori kolokan jartzea dela beste zientzialarien beharra. Horrela urratzen baita zientziaren bidezidorra. Baina hau ia ezinezkoa da Historiaren alorrean. Ala agian bai?
Seshat “Historia globalaren datu-basea” izeneko tresnaren atzean dauden ikertzaileek baietz uste dute. Gizarteek dituzten konplexutasunak kodetzeak zaila badirudi ere, egile hauek lanari ekin diote. Planteamendu filosofikoetan murgiltzeari baino, praktikari ekin diote, gizarte desberdinak kodetzen dituen datu-basea sortuz eta elikatuz.
Egiptoko jainkosa baten izena du martxan jarri duten datu-baseak. Liburutegien eta idazketaren jainkosa da Seshat. Egiptoko mitologiaren arabera, iraganean gertatutakoari buruz, eta, era berean, etorkizunean gertatu behar zenari buruz idazten zuen Seshatek. Izen ezin aproposagoa, beraz, Historiari buruzko teoriak garatzea helburu duen tresna baterako.
70 adituk baino gehiagok parte hartu dute historia eta arkeologiari buruzko datuak biltzen dituen tresnaren sorreran. Azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara. Egileen esanetan, orain arte gaiari buruz munduan garatu den datu-baserik osatuena da.
Mundua 10 eremutan bereizi dituzte, eta, horietako eremu bakoitzean hiru lokalizazio hautatu dituzte, “eremu geografiko natural” izenaren pean. Hiru lokalizazio horiek gizarteen garapen mailaren adierazgarri dira: hasierako gizarteak, erdikoak eta, azkenik, zentralizazio politikoa duten gizarteak. “Gure helburua da iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza biltzea, baita informazioa ziurra ez denean eta adituen arteko desadostasunak daudenean ere”, zehaztu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Analisirako unitatea gisa “polity”-a ezarri dute (gobernua edo estatua esan nahi du, ingelesez). Unitate horrek maila guztietako batasun independenteak biltzen ditu; berdin maila lokalean aritzen diren komunitate independenteak, zein etnia anitz biltzen dituzten inperio hedakorrak. Eremu geografiko natural bakoitzean, denbora 100 urteko tarteetan banandu dute. Horrela, toki eta une bakoitzean adierazgarria den “polity”-a identifikatu dute, analisia egin ahal izateko (adibidez, hemen, Erresuma Ostrogotikoaren “polity”-aren fitxa).
Konplexutasun sozialaren adierazle desberdinak kontuan hartu ahal izateko, 51 aldagai ezarri dituzte. Aldagai horiek bederatzi multzotan bildu dituzte.
- Populazioa
- Lurraldea
- Hiriburua
- Hierarkia adierazten duten aldagaiak (erabakitze guneak, erlijioa…)
- Gobernua
- Azpiegiturak
- Informazio sistemak
- Literatura
- Garapen ekonomikoa
Aldagai hauek kontuan hartuta, datuen analisi estatistikoa egin dute. Besteak beste, eta horrenbeste aldagaien artean korrelazioak bilatu ahal izateko, osagai nagusien analisia baliatu dute. Hasierako hiru multzoen arteko korrelazioa aurkitzea espero zuten -populazioa, lurraldea, eta hiriburua-, eta hala izan da, baina gainerako aldagaien artean ere harremana aurkitu dute. Diotenez, aldagai batzuk ezagututa, posible da beste aldagaiak aurreikustea. Bereziki populazioaren aldagaia da besteekin harreman gehien omen duena. “Emaitza honek berresten du hipotesietako bat: konplexutasun soziala neurketa bakar baten bitartez adieraz daitekeela”, diote zientzia artikuluan.

2. irudia: Ikertzaileek munduan zehar aukeratu dituzten 30 eremuak. Puntuetako lodierak gizarteen antzinatasuna adierazten du. (Irudia: PNAS)
Horrez gain, berretsi dute ere kontinente desberdinetan dauden gizarteek bidea ematen dutela konparaketak egiteko. Europarren eta amerikarren arteko talka jarri dute adibidetzat. “PC1an [populazioa azaltzen duen aldagaia] dauden desberdintasunek adierazten dute Ameriketako gizarteak ez zirela Eurasiako gizarteak bezain konplexuak gizarte hauek kontaktuan jarri zirenean. Horrek lagun dezake azaltzen zergatik Europako gizarteak gai izan ziren Amerika inbaditu eta kolonizatzeko”.
Bestalde, zenbait gizarte txikik beste handiagoen ohiturak berenganatzen dituzte gizarte horiekin harremanetan egoteko, baina horrek ez dakarkie aldaketarik beste arloetan. Diruaren eta idazketaren adibidea jarri dute. “Hautapen selektibo horrek ez du esan nahi halabeharrez beste ezaugarri konplexuak garatuko dituztenik”.
Kliodinamika, historia eta matematikaEgileek argudiatu dutenez, iraganeko gizarteei buruz dagoen ezagutza kolektiboa “historialarien garunetan gordeta edota ohar eta argitalpen heterogeneotan sakabanatuta” dago. Era berean egileek diote ezagutza potentzial honi guztiari etekinik ez zaiola atera, eta, hortaz, ezin izan direla erabili garapen politikoaren edota ekonomikoaren inguruko teoriak osatzeko.
Exeterreko Unibertsitateak (Erresuma Batua) zabaldutako prentsa ohar batean, Thomas Currie antropologoak nabarmendu du “azaleko desberdintasunen gainetik, gizarteek duten eboluzionatzeko moduan oinarrizko antzekotasunak” badirela. Gizarte guztiek antzeko egiturak dituztela uste dute ikertzaileek, ez du axola garatu diren espazioa edo garaia zein den.
Ikerketan egile askok parte hartu badute ere, Peter Turchin Connecticuteko Unibertsitateko (AEB) biologoa da egile nagusia. Matematika eta zientzia sozialak uztartzeko egin dituen ahaleginei esker ezaguna da Turchin. Kliodinamika metodoaren sortzailea da. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. (Isaac Asimoven Foundation liburua irakurri dutenei, berehala etorriko zaie burura psikohistoria izeneko diziplina).
2017. urtearen hasieran Turchinen ikerketa batek oihartzun mediatiko handia izan zuen. Bertan babesten zuen munduan eliteak handitzen ari direla, eta gero eta lagun gehiago jasaten ari direla baldintza ekonomikoen txirotze bat. Horrek gero era biolentzia gehiago ekarriko duela proposatu zuen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Turchin et alia. Quantitative historical analysis uncovers a single dimension of complexity that structures global variation in human social organization. PNAS 2017:1708800115v1-201708800. DOI: 10.1073/pnas.1708800115
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Kodetu al daiteke Historia? Kliodinamika baiezkoan dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizakia izarretara bidean
Breakthrough Starshot proiektuan lan egiten dutenen ustean, bai. Horien artean dira Mark Zuckerberg (Facebook-en sortzailea) moduko enpresariak, alde batetik, eta Stephen Hawking moduko zientzialariak, bestetik. Unibertsoaren inguruan garrantzi handiko galderak erantzun nahirik ari diren Breakthrough Initiatives izeneko egitasmoetako bat da Startshot. Gizakia izarretara joan daitekeen ala ez jakin nahi du.

1. irudia: Breakthrough Starshot proiektuaren baitan garatzen ari diren nano-ontziak Lurretik jaurtitako laser batez bultzatuko dira Alpha Centauri izarrerantz 200 milioi km/h-ko abiaduran. (Argazkia: Breakthrough Initiatives )
Espazio-agentzia batek izarretara joateko misio bat mahaigaineratu ahal izateko, halako bidaia bat egitea posible dela frogatu behar da lehenengo. Hau da, horretarako gai dela gaur egun dugun teknologia, edo epe laburrean garatu dezakegun teknologia. Hori da Starshoten helburu nagusia, izar batera joan ahal izateko teknologia garatzea.
Alpha Centauri da gertuen dugun izar-sistema. Centaurus konstelazioan kokatua (ikus 2. irudia), gugandik 4,36 argi-urtera edo 41 bilioi kilometrora dago. Egungo espazio-ontzietan ehunka mila urte beharko genituzke bertara iristeko. Gehiegi. Abiadura handiagoa behar da, askoz handiagoa. Argiaren abiaduran (1080 milioi km/h) edo ia abiadura horretan joan beharko genuke urte kopuru ez oso handi batean Alpha Centaurira iristeko.

2. irudia: Alpha Centauri izar-sitema Centaurus konstelazioan topatzen da. (Argazkia: Wikipedia / Jabego publikoko argazkia)
Halere, espazioaren esplorazioan ohikoa den moduan, gizakia nonbaitera joan aurretik robotak bidaltzen ditugu, espazio-ontziak. Kasu honetan, nano-ontziak. Milaka nano-ontzi.
Gaurko espazio-ontziak handiegiak, edo hobe esanda, pisutsuegiak dira halako abiadura hartzeko. Baina Breakthrough Starshot proiektuko partaideek uste dute potentzia handiko izpi-jaurtigailu batekin nano-ontziak bultzatu eta argiaren abiaduraren %15-20ko abiaduran (gutxi gorabehera 200 milioi km/h) jarri ahalko genituzkeela, gramo gutxi batzuetako espazio-ontziak sortzeko gai bagina. Honela, Alpha Centaurirako bidaia 20 urtera murriztuko litzateke. Hori bai, ezin dugu ahaztu 20 urte horiei beste 4,36 urte gehitu beharko genizkiekeela bertako informazioa (argazki edo datu zientifiko) gugana itzultzeko. Nano-ontziari bidali nahiko geniokeen edozein motatako informazioak bertara heltzeko ere denbora hori beharko luke.
Jaurtiketa2036an jaurti nahi dituzte lehen nano-ontziak, mila nano-ontzi batera. Ontzi handiago baten barnean jaurtiko lirateke Lurretik, eta, ondoren, espazioan direla, banan-banan aterako lirateke ontzi-nagusitik. Bestalde, Lurrean, potentzia handiko izpi-jaurtigailu bat eraikiko litzateke laser multzo handi batez osatuta (ikus animazioa). Jaurtigailu horrek nano-ontzi bakoitzaren bela (“haize”-oihala) jo eta ontzia norabide zuzenean azeleratuko luke.
Erronka handiak dira hauek, ordea. Bai espazio-ontzi hain txikiak egitea, bai izpi-jaurtigailu indartsua egitea.
Nano-ontzi bakoitzak izango duen oihalak, adibidez, 4 metroko zabalera izan beharko du, Lurretik laserrak ondo lerrokatu ahal izateko. Ezin du ordea ia masarik izan, nano-ontziaren osoko masa handiegia ez izateko. Bestalde, nano-ontziek Alpha Centaurira iritsitakoan, zientzia egin behar dute, hau da, irudiren bat hartu, adibidez. Horretarako, gutxienez kamera bat eraman behar dute. Kamera hori hornituko duen energia-iturria ere eraman behar dute. Ondoren, irudi hori Lurrera bueltan bidaltzea nahi dute, eta beraz, telekomunikazio-sistema bat ere eraman behar dute. Eta abar, eta abar. Dena gramo gutxi batzuetan, zentimetro gutxi batzuetan.
Izpi-jaurtigailuak potentzia handia izan beharko du nano-ontziak 200 milioi km/h-ko abiadurara arte azeleratzeko. Hori dela eta, izpiaren uhin-luzera eta fasea oso garrantzitsuak izango dira, ahalik eta erradiazio gehien iris dadin espaziora eta, ondorioz, nano-ontziek jasotako bultzada ahalik eta handien izan dadin. Eta garrantzitsuena, laser guztiak lerrokatuta eta sinkronizatuta egon beharko dira. Izpi-jaurtigailua non eraiki ere ondo pentsatu behar da. Izan ere, alde batetik, atmosferak erradiazio asko xurgatzen du, espaziora iristen den energia gutxiagotzen delarik. Bestetik, atmosferaren turbulentziak izpiaren sekzioa zabal dezake. Beraz, jaurtigailua altuera handitan kokatzea komeni da, izpiak atmosfera gutxiago zeharka dezan.
Alpha CentauriAlpha Centauri izarra aukeratu da Starshot egitasmorako. Izatez, izar-sistema bat da. Alpha Centauri A eta Alpa Centauri B izarrak elkarri lotuta daude grabitate indarragatik. Biek masa-zentro beraren inguruan biratzen dute, 80 urteko orbita eliptikoetan. Lehenengoa Eguzkia baino apur bat handiagoa eta distiratsuagoa da, eta bigarrena Eguzkia baino apur bat txikiagoa eta apalagoa. Baina bada hirugarren izar bat, Proxima Centauri nano gorria, beste bien inguruan biraka egon daitekeena. Hala balitz, bere orbita ehunka urtekoa izango litzateke.
Proxima Centauri izarra da, hain zuzen, gugandik gertuen dagoen izarra. Eta badu beste ezaugarri interesgarri bat gainera, Proxima Centauri b exoplaneta. 2016ko abuztuan aurkitua, Lurra-moduko (Earth-like) exoplaneten artean sailkatzen da. Lurraren masa eta erradio oso antzekoak izan ditzakeela uste da, eta izarrarekiko duen distantzia egokia da exoplanetaren gainazalean ur likidoa egon dadin. Halere, Proxima Centauri izarrak haize bortitzak jaurti ditzakeela uste da, eta horrek zaila egingo luke planetaren inguruan atmosfera bat mantentzea. Beraz, bizia baldin bada Proxima Centauri b-n, gainazalaren azpian izan beharko da.

3. irudia: Artista batek eginiko Proxima Centauri b exoplanetaren ilustrazioa. Orbitatzen duen Proxima Centauri nano gorria eta izar-sistema bereko Alpha Centauri izar binarioa ikus daitezke urrunean. (Argazkia: ESO – Euopean Southern Observatory/M. Kornmesser)
Izugarrizko suertea da gertuen dugun izarra izar-sistema baten parte izatea eta, gainera, “Earth-like” exoplaneta bat izatea. Ikaragarria litzateke nano-ontzi bakar batek lortuko balu Alpha Centaurira iritsi, bertan argazki bat atera (edota bestelako datu zientifikoren bat hartzea) eta informazio hori Lurrera bidaltzea. Teknologia aldetik sekulako garrantzia luke lorpenak, baina zientzia aldetik ez luke parekorik izango izar-sistema bat eta exoplaneta bat gertutik ikertu ahal izateak.
Antza, gauza bera uste dute Breakthrough Starshot egitasmokoek ere.
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.
—————————————————–
The post Gizakia izarretara bidean appeared first on Zientzia Kaiera.
Ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen materiala

1. irudia: UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko hiru ikertzailek enpresa bat sortu dute ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen material metal-organiko porotsu berri baten aplikazioak garatzeko, automozioaren industriarekin, ingurugiroarekin eta energiarekin lotutako esparruetan.
Daniel Vallejo, Garikoitz Beobide eta Oscar Castillo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak dira eta baita ere Kimika Ez-organiko Saileko ikertzaileak. Daniel Vallejoren “Coordination compounds of organosulfur ligands as precursors of nanoestructured materials’ (Estekatzaile organosufreztatuekin koordinatzeko konposatuak, material nanoegituratuen aitzindari gisa) doktorego-tesian oinarria duen material metal-organiko porotsu, nano-egituratu, ultrarin eta erdieroale berri bat patentatu dute ikertzaileek eta Poretune enpresa sortu dute materialaren aplikazioak garatzeko.
Material patentatua aerogel metal-organikoa da, eta material mota horretan aldi berean agertu ohi ez diren propietateak ditu: porotsua eta izugarri arina da, egonkortasun termikoa eta mekanikoa du, jokabide plastikoa du, molekula organikoak zein metal astunak harrapatzeko gai da eta erdieroalea da. “Materiala, izan ditzakeen aplikazio ugariak kontuan harturik, etorkizun handiko plataforma teknologikoa da. Alabaina, proiektu honen hasierako fasean, inpaktu ekonomiko handiena izan dezaketen aplikazio esparruak baino ez ditugu jorratu: automozioa eta energia”, azaldu du Oscar Castillo ikertzaileak.

2. irudia: Aerogela hain arina da lore baten gainean pausatu daitekeela. (Argazkia: UPV/EHU)
Aerogelak geletan oinarrituta daude; gel horiek sistema koloidalak dira eta jateko gelatinen antzera, euren formari eusteko gai dira, solidoak bezala, baina likidoen antzeko dentsitatearekin. Partikula txiki-txikiek osatzen dituzte aerogelak; partikulok modu aleatorioan gurutzatzen dira elkarren artean, eta hiru dimentsioko eskeleto bat osatzen dute. Material hori prestatzeko erabiltzen den disolbatzailea han geratzen da harrapatuta, eta horrek bolumen osoaren % 95etik gora hartzen du.
“Gela airean edo hutsean lehortzen denean jatorrizko materialak kontrakzioa jasaten du eta material dentso bat sortzen da, zeinak balio gutxi izaten duen. Baina, prozesu jakin batzuk aplikatuz gero, disolbatzailea ezabatu daiteke kontrakzio hori gertatu gabe. Horrela, aerogela lortzen da; solido izugarri arina da (ura baino 50-100 aldiz arinagoa), eta oso porotsua (bolumen osoaren % 90-99 hutsik dauka). Gure kasuan, aerogelak ohiz kanpoko propietateak ditu: egonkortasun kimikoa du, elektrizitatea eroan dezake eta giza ile bat baino 10.000 aldiz meheagoak diren zuntzek osatzen dute. Bada, zuntz horiek elkarrekin gurutzatzen dira, material hau osatzen duen hiru dimentsioko sarea eratzeko”, adierazi du Daniel Vallejok, tesiaren egileak eta Poretune enpresaren sortzaileetako batek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Aerogel metal-organikoak: enpresa bihurtu den doktorego-tesi bat.
The post Ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen materiala appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #184
Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa batek misterioa argitu du eta gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri du. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte Artizarraren gaueko aldea ikertzerakoan. Zientzia Kaieran hurbildu dizkigute xehetasun guztiak: Gaua Artizarrean.
Benetan bitxia Juanma Gallegok asteon Zientzia Kaiera blogean landu duen gaia. Kazetariak azaldu du onddoek egindako “sukalde lanari” esker garatu ahal izan zirela landareak. Hau da, oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Izan ere, onddoek eboluzioan izan duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daitekeela uste dute ikertzaileek.
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoek Taricha generoko arrabioen larruazal pozoitsuari erreparatu diote. Taricha granulosa arrabioa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri, baita ere Thamnophis sirtalis izeneko sugeak, bera baita arrabioaren harrapari bakarra. Sugea eta arrabioaren inguruko istorio osoa Zientzia Kaieran ekarri digute: Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea.
FisikaMpemba efektua du izena eta fenomeno bitxi bat deskribatzen du. Izan ere, intuizioaren kontra doan fenomeno fisikoa bat du oinarrian: ur beroa ur hotza baino arinago izozten dela. Aristotelesen garaitik ezaguna da eta antza, filosofoak esaten omen zuen: “Jakina da aire zabalean jartzen badugu likido bat hau izozteko asmoz, arinago leituko da beroa bada”. Azalpen ezagunik ez duen efektu honen zergatira hurbildu berri du Madrilgo Carlos III, Extremadurako eta Sevillako Unibertsitateetako ikertzaileez osatutako talde batek. Efektu interesgarri honen nondik norakoak ederto bildu dituzte Sustatun: Ur beroa lehenago izozten da ur hotza baino (bai, ondo irakurri duzu).
Kultura ZientifikoaJosu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu mitoak edo uste okerrak oso ohikoak direla egun eta zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezkeela. Izatez, egia da zenbaitetan mitoen atzean badela zentzuzko arrazoirik, baina, oro har, zientziak aurrera egin ahala, usteak besterik ez zirela frogatu da. Mito hauei buruzko informazioa: Usteak erdi ustel (I).
NeurozientziaGlia nerbio-sistemako zelula ez-neuronalak dira eta Ben Barres neurozientzialariak frogatu zuen gliako zelulek ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela, eta aintzat hartu behar zirela garuna ezagutzeko eta harekin erlazionatutako gaitzak ulertzeko. Elhuyar aldizkarian jakinarazi dute Ben Barres ikertzailea 2017ko abenduren 27an hil zela, 63 urterekin, pankrea-minbiziak jota: Ben Barres neurozientzialari iraultzailea hil da.
OsasunaGanteko Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek doktoregaiak izan ditu ikerlerro. 3.600 doktoregairen buru-osasunaren 12 adierazle neurtu dituzte. Besteak beste, presiopean sentitzea etengabe, goibel eta deprimituta egotea, loa galtzea, zailtasunak gainditzeko ezintasuna, ez gozatzea eguneroko jarduerekin, konfiantza galtzea, kontzentratzeko arazoak izatea edota erabakiak hartzeko ezindura. Emaitzek erakutsi dutenez, doktoretza egiten ari direnen artean, hirutik batek gaixotasun psikiatriko bat pairatzeko arriskua du. Xehetasun guztiak eskaintzen dizkigu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Zaintzaren beharra, ikerketa-munduan ere.
RobotikaTeknologiaren alorrean robotikak hainbat aurrerapauso eman ditu azken urteotan. Duela aste batzuk Juanma Gallego kazetariak Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak aurkeztu zizkigun. Asteon, berriz, Sustatun manta-arraia bionikoa aurkeztu digute. EvoLogics enpresa Bionic Observation and Survey System proiektuan lanean ibili da azken 4 urteotan eta aurkeztu berri du lortutako emaitza: BOSS Manta-arraia, itsaspeko ibilgailu autonomoa eta bionikoa.
2017ko zientziaz mintzo130 milioi argi urtera zeuden bi neutroi izarren arteko talka antzeman zuten 2017an. Unibertsoaren taupada hauek biziaren adreiluak izan zitezkeen, geneak editatzeko CRISPR-Cas9 teknikaren aldaera berriak bezala. Biziaren adreilu berri hauez gain energia iturriak berriak ere bideratu ziren iaz, izan ere, Txinatik jakinarazi zutenez, itsaspean gordeta dauden metano hidratoetatik gasa erauztea lortu dutela. Eta itsaspean sekretuak badaude ere, Eguzki Sistematik kanpo ere hamaika gordeleku ditugu, bai, 3.500 exoplaneta inguru ezagutzen diren arren askoz gehiago daude esperoan. Eta Cassini zundak ez ditu antzemango mundu berri hauek, erretiroa hartu baitzuen joan zaigun 2017an. Istorio osoa Berrian Juanma Gallegoren eskutik: Dragoietan emandako urtea eta Sustatun ere zientziak iaz eman ziguna laburtua: 2017ko aurkikuntza zientifiko handienak, 4 minutuko bideoan laburbilduta.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #184 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #197
Makrofagoak immunitate-sistemaren zelulak dira eta agente arrotzak irensten dituzte. Baina makrofago guztiak ez dira berdinak. Esaterako, bareko makrofagoek odoleko gauza arraroak garbitzen dituzte. Eta, honen kanpoko hegaleko makrofagoek proteina batera lotzen dute beraien funtzionamendua, LXR proteinara. Mapping Ignorance blogean ematen dizkigute xehetasun guztiak: Marginal macrophages and LXR: living on the edge.
Ikerketa batzuk hainbeste zentratzen dira aplikazioetan, oinarrizko zientziaren funtsezko alde bat ahaztu egiten dela. Miguel Gilaren itsaspekoaren berdin antzeko kasuak dira: “kolorez ondo, baina ez da ur gainean irauteko gai”. Adrian Matencio eta Jose Manuel Lopez Nicolas ikertzaileen taldeak adibide harrigarri batekin egin zuen topo eta beraiek azaltzen digute: When we forget basic science. An example concerning solubility.
Plasmoi izeneko kuasipartikulak, fotonikan eta plasmonikan hainbesteko etorkizun eransten zaienei, desagertu egiten dira gutxien komeni zaizunean. Esaterako, grafenoaren kasuan hori gertatzen da ezaugarri interesgarriak ematen dituzten atomoak gehitzen direnean. Orain DIPCko ikertzaileek hau zergatik gertatzen den azaltzen digute: How dopants induce plasmon decay in graphene.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #197 appeared first on Zientzia Kaiera.
Maddi Ibarbia: “Parte-hartzaileekin harremana dut, eta hortik ere asko ikasten dut”
Hain zuzen, betitik erakartzen zuen medikuntzak eta giza gorputza ezagutzeak, eta, batxilergoko bigarren mailan zegoela, Ingeniaritza Biomedikoa gradua ezagutzeko ate irekien jardunaldia zegoela ikusi zuen. Gradu berria zen, beraz, ordura arte ez zuen hori ikasteko asmorik izan, baina berehala pentsatu zuen beretzat egokia izan zitekeela. Baita asmatu ere! Hala dio Ibarbiak: “Orain ikasten hasi beharko banu, berriro aukeratuko nuke Ingeniaritza Biomedikoa, inolako zalantzarik gabe”.

Irudia: Maddi Ibarbia Garate, ingeniari biomedikoa.
Gradua ikasi ondoren, Datu Biomedikoen Analisiaren masterra egin zuen, eta segidan sortu zitzaion BCBLn (Basque Center on Cognition, Brain and Lenguage) tesia egiteko aukera. Orain, tesiaren lehen urtean dago, eta, horraino etenik gabe iritsi bada ere, sumatzen du aldea hasi aurretik egin dituen ikasketen eta oraingo lanaren artean: “Ikasten ari zarela, egiten dituzu praktikak ere, baina horietan dena bideratuta dago. Zuk egin bakarrik egin behar duzu. Aldiz, orain, nik diseinatu behar ditut esperimentuak, egin ere neuk egiten ditut, eta ardura nirea da”.
Ez du damurik, dena den, horixe baitzen nahi zuena. “Gradua ikasten hasi nintzenetik, argi neukan tesia egin nahi nuela; batetik, formazioan sakontzeko, eta, bestetik, lan-mundurako ateak irekitzeko balioko zidala uste nuelako. Eta hala izan da”, baieztatu du Ibarbiak.
Erresonantzia magnetikoko metodo desberdinetatik ahalik eta onura gehien lortzea da Ibarbiaren helburua. Azaldu duenez, datuen analisi estatistikoko metodo berri batekin ari da lanean: “Orain arteko metodoek aldagai bakarra onartzen zuten, eta ni aldagai bat baino gehiago har dezakeen metodo batekin ari naiz lanean. Horri esker, garunaren analisi estatistikoa osotasunean egin dezakegu, garuneko zatitxo bakoitza banan-banan aztertu beharrean”.
Sormena, ikerketa gaiLan guztia, ordea, ez du ordenagailu aurrean eta zenbakiekin egiten; pertsonekin ere aritzen da, aurrez aurre: “Orain, sormen-prozesua aztertzeko esperimentu batean nabil lanean, eta parte-hartzaileak Mugaritz jatetxeko sukaldariak dira. Zehazki, erresonantzia magnetikoan aztertzen ditugu haien garunak, sormen-prozesuaren aurretik eta ondoren, ikusteko aldaketarik ba ote dagoen”.
Horrez gain, chefentzako beste esperimentu bat ere prestatzen ari dira. “Kasu horretan, erresonantzia magnetikoko proba egin bitartean, sormen-ariketa bat egin beharko dute. Horrela, zer eremu aktibatzen diren aztertu nahi dugu”. Eta BCBLko beste ikertzaile batzuei laguntzen ere badabil, memoriari buruzko azterketa batean.
Ibarbiaren esanean, jendearekin zuzeneko harremana izateak asko asetzen du, eta oso gustuko du bere lanaren alderdi hori: “Beste ikerketa zentro batzuetan, zenbakiekin bakarrik egiten dute lana; baina nik hemen aukera dut esperimentua diseinatu eta parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko; erresonantzia magnetikoko probak ere hemen bertan egiten dizkiegu. Beste leku askotan, datu-baseetatik ateratzen dituzte datuak, eta haien analisia baino ez dute egiten; nik, berriz, beste gertutasun bat dut parte-hartzaileekin, eta horretatik ere asko ikasten dut”.
Atzerrian egindako egonaldiak ere oso esperientzia baliagarriak izan direla adierazi du Ibarbiak: “Tesiarekin, badut kanpora joateko asmoa. Lehen ere izan naiz, eta oso aberasgarria izan da. Erasmus bekarekin Belgikan izan nintzen, Lovainan, eta masterreko proiektua egiten, berriz, Berlinen”.
Oraingoz ez du etorkizun urrunerako planik, momentuz “nahikoa” du tesiarekin, baina, zailtasunak zailtasun, gustura ari onartu dut: “Zortea dut, benetan gustatzen baitzait egiten ari naizena”.
Fitxa biografikoa:Maddi Ibarbia Garate Orion jaio zen, 1991ean urtean. Nafarroako Unibertsitatean graduatu zen, Ingeniaritza Biomedikoa graduan, eta gero, unibertsitate berean, Ingeniaritza Biomedikoko masterra egin eta datu biomedikoen analisian espezializatu zen. Micro Discovery GmbH enpresan (Berlin) masterreko tesina egin ondoren, BCBLn (Basque Center on Cognition, Brain and Lenguage) doktoretza egiten ari da, MINECO bekarekin.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Maddi Ibarbia: “Parte-hartzaileekin harremana dut, eta hortik ere asko ikasten dut” appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea

———————————————————————————————————–
Behin, edanda zegoen Estatu Batuetako Oregongo 29 urteko gazte batek, Taricha granulosa arrabioaren banako bat irentsi zuen erronka baten erruz. Gaztearen bizitza salbatzeko egin ziren ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren, eta egun berean joan zen bestaldera. Taricha generoko arrabioen larruazala pozoitsua da oso, eta T. granulosa da genero horren kide ezagunenetako bat. Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean dauden estatuetan oso ezaguna da arrabio hori, eta mundu guztiak du haren pozoiaren berri.
1. irudia: Taricha granulosa arrabioaren azala toxikoa da.
Puxika-arrainaren pozoia eta Taricha granulosarena berbera da: tetrodotoxina (TTX) neurotoxiko ezaguna da bi kasuetan. Hortaz, puxika-arraina ez da, ikus daitekeenez, salbuespen bat. Ekarpen honen protagonista, hala ere, ez da arrabioa izango, ez protagonista bakarra, behintzat. Izan ere, arrabioarekin batera Thamnophis sirtalis izeneko suge bat ekarri nahi dugu hona, bera baita arrabioaren harrapari bakarra.

2. irudia: Thamnophis sirtalis sugea da Taricha granulosa arrabioaren harrapari bakarra.
Thamnophis sirtalis sugea arrabioaren toxina eramateko gai izan daiteke, eta tolerantzia-maila aldagarria da banakoen arabera eta, batez ere, populazioen arabera. Hau da, sugearen populazioen arteko aldagarritasun handia dago tetrodotoxinarekiko jasankortasunari dagokionez. Izan ere, zenbait populazioren banakoen tolerantzia, beste zenbaitena baino ehun bider handiagoa izatera hel daiteke. Populazio berean ere desberdintasun nabarmenak daude banakoen artean eta, bestalde, heredagarria da tolerantzia hori. Kontua da tolerantziaren aldagarritasuna bat datorrela harrapakinaren larruaren toxizitatearekin; hau da, arrabio denek ez dute toxizitate-maila bera eta oso pozoitsuak direnak bizi diren tokietan tolerantzia altuagoa dute bertan bizi diren sugeek. Hortaz, batera aztertzen eta baloratzen badira denboran zehar behaturiko jasankortasun-aldaketak, kokapen geografikoaren araberakoak, eta populazio-barneko aldagarritasuna, koeboluzio kasu baten aurrean gaudela ondorioztatu behar da. Hau da, naturan horrenbeste gertatzen diren armen lasterketa horietako bat dugu sugearen eta arrabioaren artekoa. Arrabioaren pozoiari erresistentziarekin edo jasankortasunarekin erantzun dio sugeak eta erantzuna, gainera, mehatxu-mailaren araberakoa izan da.
Zertan oinarritzen da, baina, sugearen tolerantzia? Ezaguna denez, tentsioaren menpekoak diren sodio-kanalak daude bai neuronetan, bai eta muskulu-zeluletan ere. Kontua argitu duten esperimentuetan muskulu-zelulen sodio-kanalen jokabidea izan da aztertu dutena, eta hau aurkitu dute: kanal horien TTX-arekiko sentikortasuna aldatzen dela banakoen arabera. Eta, horrez gainera, toxinarekiko jasankortasun handiagoa duten sugeek sentikortasun apalagoko sodio-kanalak dituzte.
Hemen azaldutakoa interesgarria da, eta, eboluzio-ikasketei dagokienez, baita eredugarria ere. Moldatze-balioa duen ezaugarri baten aldagarritasuna dagoela aurkitu da, batetik; aldagarria den ingurune-faktore batekin erlazionatua dagoela ikusi da, bestetik; eta, azkenik, ezaugarri horren oinarrizko mekanismoa ezagutu ahal izan da. Gaur egun abian den eboluzio-gertaera dugu hau.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrabio pozoitsuak jan ditzakeen sugea appeared first on Zientzia Kaiera.
Onddoei esker ere eratu zen gaurko atmosfera
Gainerako bizidunekin alderatuz, zeharo xumeak dira onddoak, baina biosferaren eboluzioan bete duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke. Hori aldarrikatu dute, bederen, Leedseko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek Royal Society elkarteko Philosophical Transactions aldizkarian kaleratutako ikerketa batean.

1. irudia: Onddoek eboluzioan izan duten rola uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke, zenbait ikerlariren ustetan. (Argazkia: Juanma Gallego)
Paleozoikoko ekosistemetan izan ziren baldintzak errepikatu dituzte hainbat esperimentutan. Horretako, garai horretan zegoen atmosfera mota batean hezi dituzte bai onddoak zein landareak. Ondoren, ordenagailu bidezko ereduak baliatu dituzte datuak prozesatzeko. Azterketa horien bitartez ondorioztatu dute oxigeno ugariko atmosfera sortzeko orduan onddoek funtsezko rola bete izan zutela. Oxigeno maila horiek behar-beharrezkoak izan ziren ugaztunen garapenerako, eta, finean, gaur egun Lurrean den biosferaren eraketarako.
Duela 500-400 milioi urte inguru handitu zen oxigenoaren kopurua Lurrean, batez ere, landareen garapenari esker. Alabaina, oxigeno hori askoz lehenago abiatu zen: duela 2.400 milioi urte inguru, oxidazio handia gisa ezagutzen den fenomenoa izan zen. Orduan, zianobakterioek garaiko atmosfera oxigenoarekin “pozoitu” zuten, ordura arte zeuden joko-arauak betiko aldatuz.
Halere, eta oxigenoa bazegoen arren, paleozoiko garaiko (duela 541-250 milioi urte) lehen landareak garatu zireneko atmosfera oso bestelakoa zen, gaur egungo atmosferarekin alderatuz. Garaiko karbono dioxidoko kontzentrazioa milioiko 1.000 parterena baino gehiagorena zen. Berotegi efektuaren inguruko albisteak direla eta, gaur egun aski ezaguna da atmosferan dagoen karbono dioxidoaren kontzentrazioa milioiko 400 parteren bueltan dagoela.
Fosforoa erauzizGarai horretan, lehen landareek egindako fotosintesiak ahalbidetu zuen atmosferan zegoen karbono kopurua jaistea, eta, pixkanaka, oxigeno mailak handitzea. Orain arte egin diren ikerketa gehienek prozesu geologikoetan jarri dute arreta, baina ikerketa honen egileen irudikoz, onddoen eraginean ez da jarri behar bezalako arretarik.
Ikerketa berri honetan nabarmendu dutenez, onddoek ere zeregina izan zuten prozesuan. Izan ere, harkaitzetan txertatutako fosforoa erauzi eta landareen esku utzi zuten fotosintesirako ezinbestekoa den elementu hau. Landareek fosforoa behar dute hazteko: zehazki, fotosintesian eta energiaren transferentzian da garrantzitsua. Gaur egun nekazaritzan erabiltzen diren ongarriek, esaterako, fosforoa, potasioa eta nitrogenoa dituzte haien formulazioan.

2. irudia: Rhynia Gwynne-vaughanii landarearen zurtoinaren zeharkako ebaketa. Rhynie Chert, aztarnategian topatutako fosila. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 2.0 uk)
Sustraiak erabilita, gaur egun landare gehienak gai dira lurretik zuzenean elikagaiak eskuratzeko, baina aztertutako garaian bizi ziren lehen landaren egoera oso bestelakoa zen. Sustrairik ez zuten, eta ez ziren baskularrak; hau da, ez zuten biderik ura gordetzeko, ezta euren organismoaren barruan ura mugiarazteko ere.
Garai horretan zegoen lurzorua minerala baino ez zen, eta materia organikoa falta zitzaion. Horregatik, onddoak funtsezkoak izan ziren landareen garapenerako. Eskoziako Rhynie Chert izeneko aztarnategian aurkitutako fosilek erakusten dutenez, Paleozoikoan garatu ziren hasierako landareek onddoak zituzten, sinbiosian.
Harkaitzetik mineralak erauzten dituzte onddoek, meteorizazio biologikoa deritzon prozesuan. Arrokak txikitzeko gai diren azido organikoak askatzen dituzte, eta azido horiek arrokaren disoluzioa ahalbidetzen dute. Sinbiosi harreman honetan landareei “laguntza” ematen dietenean, onddoek bueltan lortzen dute karbono dioxidoan abiatuta landareek ekoizten duten karbonoa.
Gaur egun, zenbait onddo bereziki trebeak dira horretan. Adibidez, Talaromyces flavos espeziea harkaitzetako burdinaz elikatzen da. Gainera, hifa izeneko harizpien bitartez (onddoen “sustraiak” dira hifak) arroka apurtzen du, burdin gehiago eskuratu aldera. Modu horretan ere, lurzoruaren meteorizazioa handiagotzen dute.
Laburbilduz, eta ordenagailu bidezko simulazioen ostean zientzialariek ondorioztatu dutenez, Paleozoikoko atmosferan onddoek fosforoaren eta karbonoaren zikloetan izan zuten eragina “potentzialki dramatikoa” izan zitekeen, Katie Field ikertzailearen hitzetan.
Benjamin Mills egile nagusiak azalpen horretan sakondu du: “Fotosintesiaren bidez, Lurreko landareek planetan dagoen oxigenoaren erdia ekoizten dute; prozesu horrek fosforoaren beharra du; baina, momentuz, ez dugu ondo ulertzen landareetara doan elikagaia honen hornidurak nola funtzionatzen duen”. Gaineratu duenez, aurkeztutako zientzia artikuluak “argi eta garbi erakusten du atmosferaren sorreran onddoek izaten duten garrantzia”.
Funtsean, artikuluan babestu dutenez, landareak karbonoaren, fosforoaren eta oxigenoaren ziklo geokimikoetan giltzarri dira, baina onddoekin izandako sinbiosiaren bitartez landaretako eragin hau are handiagoa izan da. Izan ere, mundu txikienetan arreta jartzen atera daitezke halako ondorioak. Sarah Batterman ikertzaileak laburbildu duenez, “onddoak bezalako organismo ñimiñoek eragin handiak izan ditzakete mundu mailako ingurumenean”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Mills et al. Nutrient acquisition by symbiotic fungi governs Palaeozoic climate transition. Phil. Trans. R. Soc. B 2018 373 20160503; 18 December 2017. DOI: 10.1098/rstb.2016.0503
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Onddoei esker ere eratu zen gaurko atmosfera appeared first on Zientzia Kaiera.
Usteak erdia ustel (I): antioxidatzaileen kalteak eta dilisten bromuroa
Gezurrak eta gezurrak. Mitoak. Errealitatean inongo oinarririk ez duten usteak. Modu batera edo bestera deitu, baina, horrelakoxeak dira aurreko paragrafoan egindako baieztapen guztiak. Bat bera ere ez da zuzena eta, tamalez, horietako asko oso zabalduta daude. Mitoak edo uste okerrak oso ohikoak dira eta zenbait kasutan, arriskutsuak ere izan daitezke. Izatez, egia da zenbaitetan mitoen atzean badela zentzuzko arrazoirik -agian, noizbait egia zela pentsatu izan zen edo frogak aurkitu ziren arte egiatzat har zitekeen, batek daki-, baina, oro har, zientziak aurrera egin ahala, usteak besterik ez zirela frogatu da. Hala ere, mito horiek desagerraraztea zaila izaten da, batzuk guztiz errotuta geratzen direlako gizartearen pentsamenduan. Beste zenbait uste okerrek ez dute kalterik eragiten eta bitxikeriak besterik ez dira, baina, horiek ere ondo azaltzea beharrezkoa da.

1. irudia: Artikulu honen lehen paragrafoko baieztapenek eta unikornio honek oinarri zientifiko bera dute. (Argazkia: cocoparisienne – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Nolanahi ere, beldurrari, interes ekonomikoei eta sasi-zientziari esker bizirik dirauten mitoen aurka egitea edo, hobeto esanda, uste horiek zergatik diren okerrak azaltzea zientzialarien erantzukizuna da -baina, ez zientzialariena bakarrik-. Zenbait kasutan lan neketsua da, baina, egin beharrekoa da. Zientzialariek uste okerrak ez zabaltzearen ardura haien gain hartu behar dute eta, hortaz, uste okerrak zabaltzen hasten direnean azalpenak eman behar dituzte, edonola eta edonon, errealitatean eta zientzian oinarririk ez duten usteei aurre egiteko.
Elikaduran antioxidatzaileak hartzea ona al da?XX. mendearen erdi aldera Denham Harman kimikariak lehen aldiz proposatu zuen erradikal askeak gizakion zahartze prozesuen –ageing delakoaren- erantzuleak izan zitezkeela. Erradikal askeak gizakion metabolismoaren ondorioz sortutako bigarren mailako produktuak dira eta, zioenez, zahartzea eragiten duten kalte zelularrak eragiteko gai dira. Erradikal askeen teoriari jarraituz, zientzialariek ikerketak egin zituzten eta hasiera batean pentsatu zenez, antioxidatzaileak gai dira erradikal askeak neutralizatzeko. Hortaz, antioxidatzaileak kontsumituz zahartze prozesua gelditu -edo, gutxienez moteldu- daiteke.
1990eko hamarkadatik aurrera, antioxidatzaileen kontsumoa moda kontua izan da, baina, zientziak aurrerapausoak eman dituen neurrian jakin denez, erradikal aske eta antioxidatzaileen teoria ez da zuzena. 2000. urtean lehen aldiz frogatu zen erradikal aske kopuru handiagoa ekoizteko genetikoki eraldatutako arratoiak ez direla arruntak baino azkarrago zahartzen. Esperimentu horren ondoren, antioxidatzaileen onurak zalantzan jartzen zituzten beste hainbat ikerketen emaitzak argitaratu ziren. Hala ere, antioxidatzaileen kontsumoa onuragarria dela pentsatzea oso errotuta dago -2020rako antioxidatzaileen merkatuak 3,1 bilioi dolar fakturatuko dituela espero da, bide batez-.
Egun, zahartze prozesuak aztertzen dituzten zientzialariak frogatu dute erradikal askeek kalte zelularrak eragiten dituztela. Hori zuzena da, bai, baina, hori gorputzaren estres arruntaren ondorioa da eta ez dago argi antioxidatzaileak gai ote diren erradikal aske horiek neutralizatuz zahartzea moteltzeko. Alabaina, zenbait erradikal askek onurak ekartzen dituztela frogatu da eta antioxidatzaile gehiegi hartzea ere kaltegarria izan daiteke.

2. irudia: Zahartzea prozesu arrunt eta naturala da, denboraren poderioz gertatzen dena eta nekez saihestu daitekeena. Ez behintzat antioxidatzaileak kontsumituta. (Argazkia: annca – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Bromuroa botatzen al zuten soldaduskako dilistetan?Bromuroarena, mito unibertsala. Guztiok entzun dugu noizbait soldaduskan, seminarioetan, eskolako jangelan edo nerabe asko zegoen tokian bromuroa botatzen zela janarian haiek lasaitzeko asmoz-edo. Normalean, gainera, mitoak dio dilistetan jartzen zela bromuroa. Hormonak edo libidoa kontrolatzeko gehitzen omen zen, nolabait, sexu-grina murrizteko, baina, benetan eraginkorra da bromuroa? Bada, mito unibertsala den arren, mito bat besterik ez da. Bitxia da, gainera, uste horrek forma desberdinak hartzen dituela herrialdeen arabera. Bigarren Mundu Gerran esaten zen armada britaniarrean potasio bromuroa botatzen zutela tean. Frantzian, aldiz, soldaduen ardoan botatzen zuten; Polonian, kafean; Alemanian: ioduroa kafean; Errusian, edarietan. Estatu Batuetako armadan, soldaduskan saltpeter delakoa -potasio nitratoa- botatzen zutela esaten zen.
Mitoan bromuroa aipatzearen arrazoia izan daiteke potasio bromuroa substantzia lasaigarria dela. Oro har, potasio, sodio, litio, kaltzio, estrontzio eta amonio bromuroak medikuntzan asko erabili ziren, eta ziurrenik hortik dator mitoa. Medikuntzan sifilisaren tratamenduan erabiltzen hasi ziren potasio bromuroa, baina ez zen eraginkorra. XIX. mendearen bukaera aldea ikusi zuten efektu lasaigarria zuela eta epilepsiaren sintomen aurka erabiltzen hasi ziren. Bromuroak XIX. eta XX. mendeetan erabili ziren lasaigarri moduan: epilepsiaren sintomak arintzeko, baina baita beste gaixotasun arinagoen kasuan. Gramo heren bat eta bi gramo arteko dosia ematen zen, egunean hainbat aldiz. Buruko mina eta alkoholaren ajearen aurkako sendagaiak bazeuden bromoan oinarrituta “Bromo-seltzer” delakoa, esaterako, 1975ean merkatutik atera zena toxikoa zelako. Hain zuzen ere, bromuroak nahiko toxikoak dira ¾buruko minak, indarra galtzea¾, eta beste osagaiekin ordezkatu ziren medikuntzan -adibidez, fenobarbitala edo bentzodiazepinak-. Esandakotik dator ziurrenik bromuroaren mitoa. Gainera, adituen arabera soldaduek aitzakia hori jartzen zuten sexuan kale eginez gero. Jeff Schogol adituaren arabera, mitoaren jatorria izan daiteke soldaduen libidoa jaitsi egiten dela entrenamendu militarren ondorioz, estres handiko eta neke izugarria eragiten duten egoerak izaten dira ¾baliteke, beraz, soldaduek bromuroa aitzakia moduan erabili izana¾. Beraz, potasio bromuroak baregarri edo lasaigarri efektua badu, baina ez da sexu-grina edo libidoa murrizteko substantzia espezifikoa. Beraz, soldaduak edo gazteak lokartzeko sistema izango zen, izatekotan. Edozein kasutan, arriskutsua izango zen substantzia horiek janarian gehitzea.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Usteak erdia ustel (I): antioxidatzaileen kalteak eta dilisten bromuroa appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaua Artizarrean

1. irudia:Irudia: Artizarraren superrotazio atmosferikoaren eskema, goiko lainoetan. Superrotazioa uniformeagoa da Artizarraren eguneko aldean (eskuinean, Akatsuki ontziak ateratako argazkia), eta gaueko aldean kaotikoagoa da eta ezin da aurreikusi (ezkerrean, Venus Expressek ateratako argazkia). (Argakiza: ESA-JAXA-UPV/EHU).
Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa lan honi esker gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri da. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte planetako gaueko aldea ikertzean.
Lurrean atmosferak planetaren beraren antzeko erritmoan biratzen du. Artizarrean, aldiz, atmosferak lau egunetan ematen dio bira planetari eta planetak 243 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko. Atmosferaren errotazio azkar horri “superrotazio” deritzo. Fenomeno hau eragiten duten mekanismo fisikoak ezezagunak dira oraindik. Artizarreko atmosferak superrotazio hori izateko energia nondik ateratzen duen misterioa da eta eredu numerikoek ez dute planetaren simulazio errealistarik lortu.
Global Circulation Modelsen, Artizarraren atmosferaren jokaera eta zirkulazio ereduen, arabera superrotazioa antzeko moduan gertatzen da planetaren eguneko aldean zein gaueko aldean. Ikerketa honek, baina, ezeztatu egiten du aurreikuspen hori: superrotazioa irregularragoa eta kaotikoa dirudi gaueko aldean.
Artizarreko eguneko aldeko zirkulazio atmosferikoa ikertu izan da orain arte, argi ultramorean egindako irudien behaketei esker zehaztasunez neurtu ahal izan baitira lainoen mugimenduak. Datu horietan oinarritutako ereduek ez dira gai izan superrotazioa erreproduzitzeko, baina. Hartara, datu gehiagoren bila aztertu dute gaueko aldea.
Behaketa berriak70 kilometroko altueran daude Artizarreko lainorik altuenak eta bertan gertatzen da, hain justu, superrotaziorik indartsuena. Haien emisio termikoari esker ikus daitezke laino horiek gaueko aldean, baina behar bezalako behaketak egitea zaila izan da orain arte, irudi infragorrien kontrastea nahikoa ez zelako xehetasunak ikusteko.
ESA Europako Agentzia Espazialak Artizarrera egindako lehen misio espaziala, Venus Express, 2005etik 2014ra arte orbitatu zuen planeta. Espazio-ontzian, beste tresnen artean, VIRTIS espektrometroa zegoen eta tresnak egindako behaketen analisia izan da ikerketaren oinarria. Hawaiin dagoen NASAren IRTF teleskopioa erabilita beste ikertzaile talde batek egindako behaketa independenteak gehitu zitzaizkien.
Irudiak prozesatzeko teknika berriak ere baliatu dituzte Japonia, Espainia, Alemania eta Italiako ikerlariek osatutako ikerketa taldeak Artizarreko gaueko aldea aztertzeko.
Iturria:
UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Gaua Artizarrean: haize-boladak ezin dira aurreikusi, uhin mugiezinak ditu eta laino aldakorrak
Erreferentzia bibliografikoa:
J. Peralta, R. Hueso, A. Sánchez-Lavega, Y. J. Lee, A. García-Muñoz, T. Kouyama, H. Sawada, T. M. Sato, G. Piccioni, S. Tellmann, T. Imamura, T. Satoh “Stationary waves and slowly moving features in the night upper clouds of Venus“ Nature Astronomy DOI: 10.1038/s41550-017-0187.
The post Gaua Artizarrean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #183
Urriaren 19an aurkitu zuten Marteren eta Lurraren arteko orbitan, ziztu bizian mugitzen zen eta adituek antzeman zuten ez zetorrela eguzki sistematik. Itxura eta errotazio bitxiak dituen arroka da, iraungitako kometen artean kokatu daitekeela uste dute adituek. Luzanga da, 400 metroko luzera eta 40 metroko zabalera du eta ‘Oumuamua izenarekin bataiatu dute astronomoek (hawaiieraz, “mezularia”). Juanma Gallego kazetariak aurkeztu digu objektu astronomiko hau Berrian: Izarrarteko opari bitxia. Eta Gorka Zozaia kimikariak ere xehetasunak eskaini dizkigu Gaur 8 gehigarrian: Lehenik heldu zen mezularia.
BiologiaFicus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Erlijio batzuetan sakratua da zuhaitz hau, madarikatua beste batzuetan. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena. Gure pikondo arruntek Agaonidade familiako liztor espezie jakin batekin koeboluzionatu dute. Asoziazio horiek gutxienez duela 80 miloi urte hasi ziren: liztorrak pikondoko loreak polinizatzen ditu, eta pikuek liztorrei babesteko tokia eskaintzen die. Xehetasun guztiak Juan Ignacio Pérez biologoaren eskutik: Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua.
«Fugu jan nahi dut, baina ez dut hil nahi»: abesti japoniar zahar baten hitzak dira. Fugu, Europan puxika arraina izenez ezagutzen dugunari deitzen diote eta japoniarrek. Ondo baino hobeto dakite japoniarrek fugu arraina jatea oso arriskutsua dela. Fuguren ehunetan dagoen toxina bat da honen errudun, tetrodotoxina (TTX) du izena eta gizakietan hilkorra da intoxikazio sintomak agertzen diren kasu guztien %60an. Hala ere, japoniar gehienek (eta guk geuk ere ez) ez dakite zein garrantzitsua izan den tetrodotoxina neurozientzien alorrean. Garrantzi honen zergatia azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Beto Urrutia biologoek: ‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’.
Gure garuna 85.000 neuronaz osatutako organoa da. Egunero berritzen da neurona berriak ekoiztuz hil direnak ordezkatzeko. Gutxi gorabehera 1.400 neurona berri ditugu egunero baina ekoizpen-abiadura mantsotu egiten da adinak aurrera egin ahala. Garunak ez du atsedenik hartzen, ezta lotan gaudenean, izan ere, hari kateatuta gaude, beharrezkoa baitugu berau bizitzeko. Josu Lopez-Gazpio kimikariak argi azaltzen digu Tolosaldeko atarian: Zurentzat, inoiz irakurriko ez baduzu ere.
FisikaRuth Lazkoz fisikaria da eta egun energia iluna aztertzen dihardu UPV/EHUko Fisika Teoriko sailean. Unai Brea kazetariak elkarrizketatu du Argia aldizkarirako haren ikerketaz jakiteko. Izan ere, Einsteinen ekuazioak berridazten ari da ikertzailea, hortik aterako den eredu berriarekin energia iluna ondo ezkontzen ote den ikusteko. Horrez gain, bestelako arloez ere mintzatu da ikertzailea, esaterako, zientzialariei egiten zientzialarien lana ebaluatzeko moduaz. Elkarrizketa osoa Argian: “Zerbait ez ulertzea da zientzia egiteko behar den lehenbiziko gauza”.
NeurozientziaSinestuna zara ala fedegabea? Lehena baldin bazara, ba al dakizu zergatik sinesten duzun? Zerk darama gizakia sinesmen erlijiosoa garatzera? Zientzia abiapuntutzat hartuta, Juan Ignacio Pérez biologoak esaten digu bi lerro garatu direla galderoi azalpen bat emateko. Batek dioenez, erlijioren bat edo beste izatea, edo batere ez izatea, heziketa jasotzen dugun inguruaren araberakoa izango da. Besteak, aldiz, uste du sinesmen erlijiosoak eta erlijioak existitzearen arrazoia dela gizakioi denboran zehar biziraun eta betikotzen lagundu digutela. Eta bi azalpenak kontuan izanda, orain, esaguzue: Sinestekoa jaioak al gara?
PaleontologiaDinosauroek egun guretzako ezagunak diren bizkarroiak izan zituzten ere, odola zurrupatzen zieten akaroak: kaparrak. Ondorio hori jakinarazi du Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileekin osatutako ikertalde batek. Birmanian aurkitutako anbar fosil batean kapar bat eta dinosauro baten luma batera ageri dira, duela 100 mila urte akaroen eta dinosauroen artean izandako parasitismoaren adibide. Bigarren ale batean odola xurgatu berri zuen kaparra ageri da ere. Aurkikuntza honen datu guztiak Juanma Gallegoren eskutik: Dinosauroek ere kaparrak zituzten.
TeknologiaOinarri genetikoa duen asaldura da daltonismoa eta X kromosoma akastun batez bitartez jasotzen dute, batez ere gizonek. Horren eraginez daltonikoek ezin dituzte koloreak besteok bezala antzeman. Egun, kalkuluen arabera, Europan gizonezkoen %8ak ditu ikusmenarekin arazoak eta andrazkoen %1ak. Baina, harrigarria badirudi, askok ez dakite arazo horiek dituztenik ere. Daltonismoa bezalako arazoei aurre egiteko Samsung etxeak SeeColors aplikazioa garatu du. Aplikazioak kolorea antzemateko arazoak diagnostikatzen ditu eta QLED (Quantum Dot Light Emitting Diode) telebisten koloreak egokitzen ditu erabiltzaile bakoitzaren beharretara. Aplikazioaren nondik norakoak Sustatun eman dizkigute asteon: Daltonikoentzat APP bat garatu du Samsungek, telebista euren ikusmenera egokitzeko.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #183 appeared first on Zientzia Kaiera.
Sinesteko jaioak al gara?

Irudia: Gauza bat da zergatik sinesten duen edo ez duen sinesten jendeak jainkoarengan, eta beste gauza bat da sinesmen hori benetakoa ala faltsua den.
Galdera horiei ondo bereizitako bi erantzun eman izan zaizkie, baina defendatzaile batzuen arabera, ez dira elkarren aurkakoak. Batzuek diote gizakiok naturaz gaindiko izakietan sinesteko aldez aurretiko joera bat dugula; existitzen den guztiak helburu eta diseinu bat duela eta jainkotasun bat (edo gehiago) badela sinestekoa, alegia. Tesi hori hainbat azterketaren emaitzetan oinarritzen da, bereziki, haur txikiekin egindakoetan. Horiek erakusten dute hainbat estimulu eta galderari emandako erantzunen arabera, osagai horiek dituzten “sorta” moduko bat daukagula buruan. Antza denez, “sorta” hori oso lotuta dago kausa-eragin harremanen zentzu bereziki garatu batekin. Erlijioren bat edo beste izatea, edo batere ez izatea, heziketa jasotzen dugun inguruaren araberakoa izango da. Tesi hori sustatzen dutenen arabera, sinesmen erlijiosoak gure burmuinaren funtzionatzeko moduaren azpiproduktu bat izango lirateke. Hau da, beste sinesmen mota batzuk ahalbidetzen dituzten isuri kognitiboekin gertatzen denaren antzeko fenomeno bat da. Horrela izanik, espezie gisa hain arrakasta handia lortzera eraman gaituzten gaitasun kognitiboetako batzuek naturaz gaindiko pentsamendurako joera izaten lagunduko lukete.
Beste argudioaren arabera, sinesmen erlijiosoak eta erlijioak existitzearen arrazoia zera da: gizakioi denboran zehar biziraun eta betikotzen lagundu digutela. Hau da, egokitzen laguntzeko balio izan dutela. Hori gerta daiteke, esaterako, erlijio batean partekatutako balio sistemak taldea kohesionatuago mantentzen laguntzen duelako, eta horrek epe luzera arrakasta izatea eta irautea dakarrelako. Ideia horren defendatzaile batzuek uste dute horizontalki (belaunaldi bereko kideen artean) zein bertikalki (belaunaldi batetik bestera, gizarte batean) transmititzen diren elementu kulturalak direla sinesmen-sistemak [1].
Hasieran esan bezala, pentsamendu-ildo biak ez dira zertan elkarren aurkakotzat hartu behar. Uste hori dutenen arabera, bereizi beharra dago: batetik, berehalako arrazoia, hau da, sinesmen erlijiosoetarako (beste ezaugarri kognitibo batzuen azpiproduktuak izan arren) oinarri neurologiko bat egotea (hard-wired); eta, bestetik, egokitzeko balioarekin erlazionatutako arrazoia. Beste era batera esanda, erlijioak arrazoi batengatik sortuko ziren, baina beste arrazoi batengatik izan dute arrakasta, iraun dute eta hedatu dira. David S. Wilson eta Richard Dawkins eboluzio-biologoek eta Robin Dunbar antropologak esaterako, uste dute ikuspuntu biak guztiz bateragarriak direla.
Eta, noski, gauza bat da zergatik sinesten duen edo ez duen sinesten jendeak jainkoarengan, eta beste gauza bat da sinesmen hori benetakoa ala faltsua den. Bi gai independente dira, ematen ez badu ere.
Oharrak:
[1] Coventry eta Oxfordeko unibertsitateetako (Erresuma Batua) neurologoek eta filosofoek egindako ikerketa berri baten emaitzak adierazi dute erlijio sinesmenak ez daudela intuizioari edo pentsamendu arrazionalari lotuta. Ikertzaileen arabera, sinesten duguna batez ere hezkuntza eta gizarte faktoreetan oinarritzen da, eta ez pentsamendu intuitibo edo analitiko bezalako estilo kognitiboetan. Xehetasun gehiago: Ez omen gara sinisteko jaioak artikuluan.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Sinesteko jaioak al gara? appeared first on Zientzia Kaiera.
Josean Rodriguez: “Egun tumoreak sailkatzen dira ere genoman dituzten mutazio molekularren arabera” #Zientzialari (85)
Tumore baten garapenean zerikusi zuzena dute geneen mutazioek. Tumore bat garatzen den heinean mutazioak ere metatu egiten dira. Eta, bitxia badirudi ere, mutazio hauek abantailak eman diezaiekete proteinei. Esaterako, mutazioek proteinen funtzioa aldatu eta gainontzekoei baino hazteko abantaila gehiago eman ahal dizkiete tumore-zelulei.
Nola egin aurre honako mutazioei? Zer nolako terapiak erabiltzen dira tumoreak desagerrarazteko asmoz? Galdera hauei erantzun bat emateko UPV/EHUko Medikuntza eta Fakultateko Josean Rodriguez irakaslearengana hurbildu gara. Josean Rodriguez Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldeko kidea da eta hauen ikerketa-lerroa minbiziaren aurkako terapia zuzenduen arloan kokatzen da. Itu terapeutiko berriak aurkitzea, eta beraien funtzioa hobeto ulertzea ezinbestekoa da tumoreen aurkako terapia zuzenduen arloan. Horretarako, minbiziaren sorreran parte hartzen duten prozesu molekularrak ezagutzea eta aztertzea beharrezkoa da.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Josean Rodriguez: “Egun tumoreak sailkatzen dira ere genoman dituzten mutazio molekularren arabera” #Zientzialari (85) appeared first on Zientzia Kaiera.
‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’

———————————————————————————————————–
«Hiru lagun hil ziren atzo, muskulu-paralisi orokorraren ondorioz. Etxean “fugu” plater bat jan ondoren gertatu zen ezbeharra».Hori bezalako prentsa titularra askotan irakur daiteke Japoniako egunkarietan. Ez dira gutxi (100 eta 200 artean zenbait neurketa kontserbadoreren arabera) urtero elikatze-intoxikazio bitxi baten ondorioz hiltzen diren japoniarrak.

1. irudia: Puxika arraina jateagatik 100-200 pertsona hitzen dira urtero Japonian.
Intoxikazioa sortzen duen janaria ez dago egoera txarrean, eta ez dagokio marea gorrien moduko gertaera bati. Hau desberdina da; errua ez da janari ustelduarena ez eta mikroalga pozoitsu batena ere. Intoxikazioaren errua arrain bitxi bat da, Europan puxika-arraina izenaz ezagutzen dugun arraina, eta japoniarrek fugu deitzen dutena hain justu.
Puxika-arrainaren toxizitatea ekialdeko herrietan betidanik ezagutu badute ere, James Cook kapitain britainiarrak eman zuen lehen erreferentzietako bat Mendebaldeko jendearentzat, 1744an. Kaledonia Berrian ainguratua zegoelarik, puxika-arrain bat eraman zuten itsasontzira eta eskifaiako naturalistari eman zioten aztertu eta deskriba zezan. Hainbeste denbora eman zuen arraina aztertzen, ezin izan baitzuten arrain osoa afari baterako prestatu; baina gibelaren zati txiki bat geratu zitzaien. Cookek, gibela jateagatik gertatu zitzaiena idatzi zuen:
About three to four o’clock in the morning we were seized with most extraordinary weakness in all our limbs attended with numbness of sensation… We each took a vomit and after that a sweat gave great relief. In the morning one of the pigs which had eaten the entrails was found dead.
«Goizeko hirurak edo laurak aldera, ahulezia ikaragarri batek harrapatu gintuen, gorputz-adar guztiak ahuldu zizkiguna… Goitik botaka hasi ginen denak, eta horren ondoren, izerdi hotz batek arintze ederra eman zigun. Egunsentian, erraiak jan zituen txerrietako bat hilik aurkitu zuten.»
Egoera normalean, puxika-arrainak ez du itxura berezirik, baina mehatxupean dagoenean puztu egiten da eta itxura esferikoa hartzen. Handiagoa dela dirudi, eta horrela beldurtu nahi ditu hurbiltzen zaizkion harrapariak. Horregatik du izen hori, puxika baten antza hartzen duelako.

2. irudia: ‘Arothron meleagris‘ puxika arraina.
Baina hori ez da puxika-arrainak duen defentsarako jokabide edo modu bakarra. Izan ere, ezusteko galantarekin topa daitezke puxika-arrainaren itxuragatik beldurtu ez diren animaliak. Halaxe da, bai, zeren ehunetan daukan toxina batek muskulu-paralisia eragiten baitio zorigaiztoko harrapariari: hil egiten du, izan ere. Toxina hiltzaile horrek tetrodotoxina (TTX) izena du eta gizakietan heriotza dakar intoxikazio-sintomak agertzen diren kasu guztien %60an.
Baina, nola liteke horren arriskutsua den arraina jatea? Edonork egiten du galdera hori. Eta erantzuna bistakoa da: japoniarrentzat puxika-arraina oso gozoa da, dagoen janaririk preziatuena seguru asko ere. Urtero 10.000 tona saltzen dira Japonian, eta janaririk garestienetakoa da. Horren arriskutsua da puxika-arraina jatea, non Japoniako historiaren zenbait alditan debekaturik egon baita; halaxe gertatu zen Erdi Aroan, Tokugawa Shogun aldian, bai eta Meiji aldian (1868-1912) ere. Eta gaur hertsiki arautua dago puxika-arrainaren kontsumoa; baimen berezia duten 1.500 jatetxetan bakarrik jan daiteke, eta jatetxe horietan prestakuntza berezia duten sukaldari batzuek prestatu behar dute. Prestatu ahal izateko baimena lortzeko, proba bat gainditu behar dute sukaldariek, baina proba egitera aurkezten direnen % 25ek baino ez du gainditzen. Oso zaila da, beraz, puxika-arraina prestatu ahal izateko baimena lortzea.

3. irudia: Fugu sashimi platerra.
Jatetxeetan sukaldari gaituek prestatzen dute, baina Japonian kontsumitzen den puxika-arrainaren zati handi bat herritarren etxeetan kontsumitzen da, eta herritarrak eurak dira arraina prestatzen dutenak. Gainera, hainbat jatetxetan bezero “bereziei” debekaturiko organoak ere prestatu eta zerbitzatzen dizkiete. “Japoniako Altxorra” izeneko tituluaren jabea zen Mitsugoro Bando VIII aktore ospetsua hil egin zen 1975ean puxika-arrainaren lau platerkada gibel jan ondoren. Zeresanik ez dago gibela zerbitzatzea guztiz galarazita dagoela, tetrodotoxinaren kontzentrazioa oso altua baita organo horretan. Izatez, gibela, emearen gonada eta larruazala dira toxinaren kontzentrazio altuenak dituzten organoak.
Tetrodotoxinak nerbio-sisteman du eragina, neuronak nerbio-bulkada hedatzeko ezgaitzen baititu. Zelulen mintza elektrikoki polarizatuta dago, karga elektrikoa duten ioi jakin batzuen kontzentrazioak desberdinak direlako kanpoko eta barneko aldeetan. Bada, neuronaren punta batetik bestera hedatzen den polaritate horren aldaketa da nerbio-bulkada, eta mintzean zehar gertatzen diren sodio- eta potasio-mugimenduek sortzen dute aldaketa hori. Sodio- eta potasio-ioiak kanalen bitartez igaro daitezke mintzaren alde batetik bestera. Eta hortxe du tetrodotoxinak eragina, sodio-kanala blokeatuz, ioi horren mugimendua ezintzen baitu. Ioi-mugimendurik gabe ezin daiteke mintzaren polaritate elektrikoa aldatu eta, beraz, nerbio-bulkada gelditu egiten da.
Dirudienez, arrainaren ehunetan bizi diren bakterio sinbiontikoek sortzen dute tetrodotoxina; hau da, ez dute arrainaren ehunek ekoizten. Eta, noski, toxinak ez du inolako eraginik puxika-arrainaren neuronetan, neurona horien sodio-kanalak ez baitira blokeatzen tetrodotoxinaren eraginez.
Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii «fugu jan nahi dut, baina ez dut hil nahi»: abesti japoniar zahar baten hitzak dira. Ondo dakite japoniarrek fugua jatea zein arriskutsua den, baina, seguru asko, japoniar gehienek ez dakite zein garrantzitsua izan den tetrodotoxina neurozientzien alorrean. Bestelako teknikekin batera, tetrodotoxinaren erabilerari esker dakigu nerbio-bulkadaren oinarriei buruz dakigunaren zati esanguratsu bat. Izan ere, kanal jakin batzuk blokeatzen dituzten toxinak erabiliz aztertu ahal izan dira mintzean zehar gertatzen diren ioi-mugimenduak eta ioi-mugimendu horien ondorioz gertatzen diren polaritate-aldaketak. Beraz, neurozientziek aurrera egin dute eragin hilgarria duen gai toxiko natural bati esker. Eta denok dakigu zein garrantzitsuak diren neurozientziei buruzko jakintzak giza osasun eta ongizaterako. Zelako paradoxa!
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post ‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’ appeared first on Zientzia Kaiera.
Dinosauroek ere kaparrak zituzten
Ezagunak dira hainbat ikastetxetan eta erakundetan prestatzen dituzten denbora kapsulak. Horietan, garaiko objektuak sartzen dira, etorkizunean ezusteko opari hori aurkitzen dutenek iraganari buruzko informazioa izan dezaten. Naturak gutxitan uzten ditu halakoak; baina, noizean behin, zortea badago, eta fosilak modu paregabean babestuta mantentzen dira, milioika urtetan zehar.
Zuhaitzetako erretxina fosilduan abiapuntu duen anbara naturak eskainitako kapsula horietako bat da. Tamainagatik, ordea, gauza gutxi lor daiteke bertan. Intsektuak, askoz jota. Hala eta guztiz ere, hori gertatzen denean, naturaren benetako mirari baten parekoa izaten da. Txiripak gidatzen ditu halakoak, eta, batzuetan, txiripa hori biderkatzen da. Halakoa da ikertzailek talde batek aztertzeko aukera izan duen anbar zatiaren kasua. Bertan, kapar bat ageri da, baina ez hori bakarrik. Aspaldiko krimen baten aztarna balitz bezala, kaparrarekin batera dinosauro baten luma ere agertu da. Biak batera, gaizkilea eta haren “biktimaren” aztarna.

1. irudia: Deinocroton draculi kaparrak dinosauro baten gainean erakusten dituen irudikapen artistikoa. (Ilustrazioa: Nature Communications)
Myanmarren aurkitutako anbar batean agertu da zoriak betiko izoztutako eszena hori. Baina ez da aztertu duten bakarra. Duela 99 milioi urte inguruko beste anbar batzuk aztertu dituzte, horiek ere barruan kaparrak dituztelarik. Zientzialariek egindako azterketa sakonaren emaitzak Nature Communications aldizkarian aurkeztu dituzte.
Luma hori zehazki zein dinosaurorena den ezin izan dute argitu, baina jakin badakite Theropoda azpiordenako dinosauro batena izan zela. Beste aukerarik ez dago, garai horretan hegaztiak ez zirelako agertu. Teropodo lumadunak dira, zantzu guztien arabera, gaur egungo hegaztien arbasoak. Are gehiago, paleontologo askok gustuko dute esatea dinosauro guztiak ez direla desagertu, eta jende askok afaltzen dituela dinosauro bularkiak. Zaila da Tyrannosaurus rex eta oilasko baten arteko lotura irudikatzea, baina, zentzu ebolutiboan, badago.
Teropodoak duela 225-70 milioi urte bizi izan ziren; dinosauroen artean, hoberen ezagutzen direnak dira, bi hanken gainean ibiltzen ziren dinosauro horiek arrasto ugari utzi dituztelako mundu osoan. Esaterako, Jurassic Park filmean agertzen diren velocirraptor zitalak teropodoak ziren, eta Michael Crichton idazleak eta Steven Spielberg zinemagileak garai horretan ez bazekiten ere, lumadunak ziren. Lumadun dinosauroak irudikatzean, beraz, hobe burua kentzea burua ezkutatzen duen ostruka beldurtiaren irudi hori.
Dinosauro mota horri lotutako bizkarroia antzematen den lehenengo aldia da honakoa. Zehazki gaur egin iraungita dagoen Cornupalpatum burmanicum espeziekoa da lumarekin batera harrapatutako kaparra. Zientzialariek, noski, naturak emandako opari hori goitik behera aztertu dute.
Zientzia artikuluan egileek azpimarratu dutenez, “aurkikuntza hauek kaparraren hasierako eboluzioaren eta ekologiaren inguruan argibide gehiago ematen digute, eta argitzen dute orain arte gutxi ezagutzen den artropodoen eta ornodunen arteko harremanak nolakoak ziren, eta nola izan zitekeen gaixotasunen zabaltzea Mesozoikoan”.

2. irudia: Myanmarreko anbarean topatu dituzte dinosauroaren luma eta kaparra. (Irudia: Nature Communications)
Horrez gain, aztertutako beste hiru anbar aleetan kaparra gehiago zeuden. Horietako bat, odolez handituta. Azterketa sakon baten ostean ondorioztatu dute espezie berria dela, eta Deinocroton draculi izena eman diote, Bran Stokerrek sortutako pertsonaia odoltsuaren omenez. Kasu honetan, kapar horren eta dinosauro ostalariaren arteko lotutarik ez dute atzeman. Barruan zuen odola ikertzea ere ezinezkoa izan da, kaparra erretxinan guztiz txertatuta ez zegoelako eta, ondorioz, inguruko mineralen lagatzeak lagin hori kutsatu zuen. Halere, kapar horren hanketan kakalardo larben ileak agertu dira. Ikertzaileek iradoki dute agian kakalardoa, kaparrak eta dinosauroa espazio komun batean zeudela. Gaur egun, antzeko azaleko kakalardoak (Dersmestidae familiakoak) habietan bizi daitezke ere, eta bertan eskuratzen dituzte elikatzeko erabiltzen dituzten lumak, ileak eta azaleko zatiak.
Egileek diotenez, bi parasito batera harrapatuta agertu izana guztiz harrigarria da, eta errazago azaltzen da aintzat hartzen bada kapar horiek hobi batean zeudela. Gaur egun hala izaten omen da, bai habian bertan edo habiaren inguruan.
Jurassic Park-en bezala, odol horretatik informazio genetikoa atera al liteke? Azken urteotan antzinako DNAren teknologiak aurrerapauso itzelak eman baditu ere, oraindik orain ez da lortu halakorik, eta ez dirudi erraza izango denik. IGME Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko ikertzaile Enrique Peñalverrek aurkikuntzari buruzko argibideak eman ditu Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioan, eta gaiari ere heldu dio.
“Tamalez DNA oso azkar txikitzen da, eta anbarean ez da kontserbatzen. Zenbaitetan uste izan da lortua dela DNA puskak berreskuratzea, baina ondoren ikusi izan da gaur egungo DNAk eragindako kutsadurak zirela eta”. Adituak nabarmendu du “bikaina” izango litzatekeela horrelakorik topatzea. “Ez klonatzeko, zeren horretarako dinosauroen obuluak beharko baikenituzke, baizik eta dinosauroen eboluzioari buruzko informazio asko eman zezaketen geneak ikertzeko”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Peñalver, E. et al. The paper Ticks parasitised feathered dinosaurs as revealed by Cretaceous amber assemblages. Nature Communications 8, Article number: 1924 (2017). DOI:10.1038/s41467-017-01550-z
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Dinosauroek ere kaparrak zituzten appeared first on Zientzia Kaiera.
Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua
Ficus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena.

1. irudia: Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, pikondoa da Morazeoen familiako zuhaitz edo zuhaixka hosto erorkorra, azal griseko enbor lodi eta motza, hosto palmatilobatu handi, larrukara eta biribilduak eta udare-formako errezeptakulu mamitsuen baitan dauden lore unisexualak dituenak. Haren fruitua pikua da (Ficus carica).
Generoari ere Ficus deritzo eta bere barruan 800 espezie daude. Gure pikondo arrunta, Ficus carica da. Espezie horien artean gehienek, Agaonidade familiako liztor espezie jakin batekin koeboluzionatu dute. Asoziazio horiek gutxienez duela 80 miloi urte hasi ziren: liztorrak pikondoko loreak polinizatzen ditu, eta pikuek liztorrei babesteko tokia eskaintzen die.
Liztor eme txiki batek, 2 mm-ko luzera duelarik ere, polena eta ehunka arrautza ernaldu garraiatzen ditu. Piku batean jaio da eta ostiolo izeneko irekigune txiki batetik ateratzen da. 48 ordu ditu espezie bereko beste pikondo bat aurkitzeko. Hamarka kilometrora egon daiteke pikondo hori. Hala ere, esan beharrekoa da pikondoak erraztu egin diola liztorrari bere lana, intsektuak erraz detektatzen dituen substantzia kimiko batzuk botatzen dituelako atmosferara. Behin piku berrira sartuta, erantsita daraman polen berria barreiatzen doa barrunbe zentralerako bidean. Arrautza bana erruten du lore femenino bakoitzean; liztorra langile ona bada, berrehun arrautza errun ditzake. Horren ostean, hil egiten da akiturik.

2. irudia: Agoanidade espezieko liztorrak piku batean.
Arrautza ernalduak hazten doaz eta hezietatik elikatuz bere garapena burutzen dute azkenean. Arrak lehenago ateratzen dira, ernaltzeko emeen bila. Masail handiak dituzte, hegogabeak dira eta ia itsuak. Emeak ernaldu ostean hil egiten dira. Ar gutxi batzuk, habiatik ateratzen dira, baina bizitza laburra eta ezbehartsua pairatzen dute. Emeak hegaka doaz aske eta azkar, pikondo berri baten bila, prozesuari berriz hasiera emateko.
Behin liztorrak aterata, pikuak handitu egiten dira, kolore gorria hartzen dute eta azukrez betetzen dira. Elikagai gustagarri bilakatzen dira beraz. Ficus generoaren espeziearen arabera, saguzarrek, hegaztiek, tximinoek edo bestelako animaliek jango dituzte pikuak. Animaliek sabela husten dutenean, barreiatu egingo dituzte haziak, ernatu ostean beste pikondo batzuk sortuko dituztenak.

3. irudia: Piku heldua.
Zonalde epeletan, bizpahiru uzta ematen dituzte pikondoek, landarearen sexuaren arabera. Tropikoetan ordea, urte osoan daude piku “helduak”, eta beste edozein fruitu baino gehiago, mila hegazti eta ugaztun-espezieren elikagai dira. Hau guztia oso garrantzitsua da ekologian, zeren pikurik gabe animali espezie asko desagertu ere egin balitezke, elikagai ezagatik. Animalia horiek hilda, beste landare-espezieek ere kaltea pairatuko lukete, ez luketelako hainbeste polinizatzailerik izango.
Pikondoa bitxia da, eta bitxia da bere fruitua, sasizko fruitua delako. Hala ere, elikagai garrantzitsua izan da gizakiontzat eta beste animalia askorentzat. Hori dela eta, mundua oso desberdina izango litzateke pikondorik gabe.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua appeared first on Zientzia Kaiera.
Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinentzat prest ez

Irudia: Europa hegoaldeko herrialdeetako eraikingintzaren egoera aztertu dute UPV/EHUko ikertzaileek.
Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak (nZEB, Nearly Zero Energy Building) eraikitzeko legezko konpromisoa hartu dute Europako herrialdeek, datozen urteetarako eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzeko. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikin publiko guztiek nZEB izan beharko dira, 31/2010/EU direktibak finkatutako daten arabera, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egiten den eraikin oro izan beharko da nZEB.
Europako hegoaldeko zazpi herrialderen (Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainia) eraikingintzaren egoera aztertu dute honako ikerketan. Herrialde bakoitzak ñabardurak ditu definizio teknikoetan eta horrek zaildu egiten du nZEB eraikinak bultzatzeko araudiak eta programak zuzenean konparatu ahal izatea, baina metodologia bateratua adostu dute ikertzaileek alderaketak egin ahal izateko.
Barrera sozial eta teknologikoaknZEB eraikinak garatzeko dauden barrera sozial eta teknologikoen azterketa konparatiboa izan da ikerketaren ardatza, bai eraikuntza berriaren bai higiezinen birgaitzearen ikuspegitik. Egindako ikerketa askok egoera ekonomikoari egotzi diote hegoaldearen eta iparraldearen arteko ezberdintasunak.
Bestelako oztopoak badirela ere frogatu du lan honek, barrera soziologikoak eta herrialde bakoitzeko klima, besteak beste, asko baldintzatzen dute ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen helburuak lortzea. Horretaz gain, eragile ia guztien trebakuntza oso eskasa dela ikusi da, administraziotik eta eraikingintzako langileetatik hasi eta herritarretaraino nZEB eraikinak zehazki zer diren eta nola lor daitezkeen ez dakien giza kate oso luzea osatzen dutela.
Era berean, errazagoa dela nZEB eraikin berri bat eraikitzea kontzeptu hori birgaikuntzara eramatea baino uste du Juan Maria Hidalgo-Betanzos ikertzaileak. Eraikin berriak egitean, kokapena eta orientazioa aukera daitezke eta baita material berriak eta diseinuan integratutako teknologiak erabili. Birgaitze lanetan, aldiz, malgutasuna txikiagoa da eta kostuak handitzen dira.
Eraikinen diseinua xehetasun gehiagorekin aztertu behar dela, neguko eta udako urtaro aldaketei irtenbidea aurkitzeko ondorioztatu daiteke ikerketaren emaitzetatik. Barrera horiek konpondu ezean, oso litekeena da benetako emaitzarekin gustura ez gelditzea. Arazoak sor litezke konfort termikoarekin, gehiegizko berokuntzarekin, alferrikako eraikuntza gainkostuekin, e.a.
Euskal Herria oso proba banku aproposa izan daitekeela uste du ikertzaileak, ikerketan landutako ia klimatologia guztiak baititu. Oso lurralde txikia izan arren, diseinu-irizpide oso desberdinak aplikatu behar direla kostaldean, mendialdean, hegoaldean… azaltzen du.
Lehen konpromisoaren epea amaitzeko urtebete falta denean herrialde asko urrun daude eraikinetako energia eraginkortasun mailatik, Europako erdialdeko eta hegoaldeko herrialdeak daude aurreratuen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Shady Attia, Polyvios Eleftheriou, Flouris Xeni, Rodolphe Morlot, Christophe Menézo, Vasilis Kostopoulos, Maria Betsi, Iakovos Kalaitzoglou, Lorenzo Pagliano, Maurizio Cellura, Manuela Almeida, Marco Ferreira, Tudor Baracu, Viorel Badescu, Ruxandra Crutescu, Juan Maria Hidalgo-Betanzos. “Overview and future challenges of nearly zero energy buildings (nZEB) design in Southern Europe” Energy and Buildings. Vol. 155. November 2017. Pages 439-458.
Iturria:
UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak: erronka zaila, Europako hegoalderako.
The post Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinentzat prest ez appeared first on Zientzia Kaiera.