Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? VI. Arnas aparatua eta bere patologiak

1. irudia: Ohiko ariketa fisiko aerobikoaren eraginez arnas muskuluek indarra eta erresistentzia irabazten dute.
Ariketa fisiko errepikatuak arnas sisteman eragina badu ere, bertan sortzen dituen aldaketak ez dira bihotza eta odol hodietan sortzen dituenen parekoak. Goi mailako kirolariek biriken bolumen eta bizi-ahalmen handiagoa dute. Halere, bereziki lantzen ez badira, biriketako parametro hauek ez dira asko aldatzen, nahiz eta pertsona batek ariketa fisiko jarraitua egin. Ohiko ariketa fisiko aerobikoak arnas sisteman sortzen duen moldaketarik garrantzitsuena da intentsitate jakin batean jarduera bat egiteko biriketako aireztapena murriztea (hau da, minutuko sartzen eta ateratzen den aire kopurua murriztea ). Horrela, gorputza ariketari moldatzen joan ahala, ariketa bera egiteko arnas sistemak lan gutxiago egin beharko du, gizakiak nabaritzen duen sentsazioa hobea izanik. Arnas muskuluek ere indarra eta batez ere erresistentzia irabazten dute, eta horrela jardueraren zeharreko aire-sarrera eta irteera erraztu egiten dira.
Arnas patologia kronikoren bat duten gizakiek (asma, bronkitisa, e.a), eragozpenak dituzte jarduera fisikoan zehar gas-elkartrukearen behar handituari modu egokian erantzuteko. Hau dela eta, jarduera fisiko gutxiago egiten dute, egoera fisikoa okertzen zaie, jarduera egitean zailtasun handiagoak dituzte eta gero eta jarduera gutxiago egiten dute. Gurpil zoro honen ondorioz, gaitasun fisikoa asko murriztu daiteke, bai bihotz eta arnasketaren funtzionaltasunean eta baita muskuluen indarrean ere. Izan ere, ariketa fisikoa egin ezean, etengabe behera egingo du bere gaitasun fisikoak, eta azkenean autonomiaren galera eta menpekotasuna eragingo da. Gurpil zoroa apurtzeko, ezinbestekoa da ariketa fisikoko programa egokituak gauzatzea.
Kontuan izan behar da era berean jarduera fisiko gutxiago egiten bada birikek egunean zehar mobilizatuko duten aire bolumena urriagoa izango dela eta honek garrantzia izan dezakeela muki-jariatze handiagotua duten arnas gaixotasunetan: izan ere, gertaera honek mukien kanporaketa zailagoa egingo du. Birikietan pilatutako mukiek arazo larriak sor ditzakete, hala nola odolaren oxigeno-difusio maila gutxiagotzea edo arnasa-infekzio arriskua areagotzea.

2. irudia: Birikietako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) da arnas gaixotasun ohikoenetarikoa. Gaixotasun hau duten pazienteentzat egokiak dira ibiltzea eta bizikleta estatikoa praktikatzea.
Programen ezaugarriak gaixo bakoitzaren egoerari egokitu behar dira, baina hala ere gomendio orokorrak eman daitezke.
- Edozein ariketatan hasi aurretik gaixotasunak kontrolpean egon beharko luke (arnas aparatuko infekzioa, bronkoespasmoa, etabar.)
- Ingurune hotz eta lehorrak ekidin beharko lirateke
- Medikazioa eskuragarri egon beharko litzateke
- Ariketa tartekatua oso luze eta jarraitua baino errazagoa izan daiteke
Ume eta gazteen kasuan asma da arnasa-patologiarik ugariena. Hauek beste umeekin batera egin beharko lukete ariketa, beti ere aldez aurretik esan duguna kontuan hartuz. Hasieran, ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez dutenentzat batez ere, komenigarria da asma sortzen duten faktoreetatik babesteko, jarduera igerilekuetan edo leku itxietan egitea.
Nagusietan gertatzen den arnas gaixotasunik ohikoena biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa (BGBK) da. Gaixo hauek eragozpenak dituzte populazio orokorrentzako gomendioak jarraitzeko, baina jarduera fisikorik ez egiteak lehen esan dugun gurpil zoroan sartzea dakar. Are gehiago, BGBK duten gaixoengan ariketa fisikoaren ezarekin zerikusia duten komorbilitateak ugariak dira (hipertentsioa eta bihotzeko arterien gaixotasuna).
Astero 3 egunean 15 minutuko ariketa aerobiko ertaina da osasun-onurak lortzeko gaixo hauek egin beharko luketen helburua. Iraupena eta maiztasuna pixkanaka handitu beharko litzateke, bere adineko populazio orokorrentzako gomendagarriak diren mailak lortu arte (150 minutu/aste ariketa ertain). Intentsitatea monitorizatzeko arnas zailtasuna (hitz egiteko zailtasuna) oso egokia da, BGBK duteengan oso parametro nabaria baita. Azkenik, ariketa motari dagokionez ibiltzea eta bizikleta estatikoa izaten dira gomendatuenak.
Gaixo hauek muskuluaren funtzionaltasunaren galera ere dutenez, indarra landu beharko lukete, astean bi aldiz, muskulu talde nagusien ariketen 10-12 errepikapen eginez.
Ariketa fisikoak ez ditu BGBKak eragindako egitura eta funtzio-asaldurak bere onera eramaten, baina ongizatea hobetzen du. Izan ere, eguneroko jarduerak arnas zailtasun gutxiagorekin egitea ahalbideratzen da eta lehen aipatu den gurpil zoroa apurtu dezake. Halaber, BGBKrekin batera gertatzen diren komorbilitateak kontrolatzeko balio du.

3. irudia: Biriketako gaixotasun burtxatzaile kronikoa dutenek jarduera fisikoa oxigeno gehigarria erabiliz egin dezakete. (Argazkia: U.S. Air Force/Tech Sgt. Andy Bellamy)
Programa hasi baino lehen, gaixo hauengan bereziki komenigarria da azterketa medikoa egitea, egon daitezkeen arriskuak baloratzeko eta intentsitate egokia agintzeko. Lehenengo asteetan terapeuta baten ikuskaritzapean egitea komeni da. Ondoren, ariketa fisikoa bere ohiko bizimoduan integratzea da ohikoena.
BGBKko gaixoetan azpimarratu egin beharrekoa da jarduera egiteari utzi egin behar zaiola, bularrean, lepoan edo besoan bat-bateko mina, goragalea, buruko mina edo zorabioak sentitzen badira. Disnea, edo arnas egiteko zailtasuna gertatzen bada, erritmoa jaitsi egin beharko litzateke. Halere, sintoma honek jarraitzen badu, gelditu eta atsedena hartu behar da.
Arnas muskuluen entrenamendu espezifikoa arnas patologiak dituztenengan edo toraxeko kirurgia bat jasan duteengan ohiz erabiltzen den tratamendua da, oso erabilgarria baita gaixoen funtzionalitatea eta bizi–kalitatea mantentzeko eta arnasa-infekzioak saihesteko. Gaur egun, ikusi da arnas muskuluen entrenamenduak onuragarriak direla beste patologietan, bihotz patologietan edo pertsona gizenetan ere. Are gehiago, kirol-errendimendua hobetzeko erabil daitekeela iradokitzen duten lanak gero eta ugariagoak dira.
Laburbilduz esan dezakegu ariketa fisikoak edozein jarduerak eskatzen duen aireztapenaren handitzea murrizten laguntzen duela, arnas sistemaren egituran eta funtzioan eragin oso nabariak ez baditu ere. Hau bereziki garrantzitsua da arnasa-patologia kronikoak dituzten gaixoengan. Arnas muskuluen entrenamendua medikuntzan eta kirolean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.
Informazio gehiago:
- Donald C McKenzie. Respiratory physiology: adaptations to high-level exercise. British Journal Sports Medicine 2012 May;46(6):381-4. doi: 10.1136/bjsports-2011-090824
- Exercise for Persons with Chronic Obstructive Pulmonary Disease. American College of Sports Medicine (ACSM) current comment.
—————————————————–
Egileez: Jon Irazusta Astiazaran, (@irazusta_jon) UPV/EHUko Fisiologiako irakaslea da eta Ana Rodriguez Larrad UPV/EHUko Fisioterapia irakaslea da eta arnas-fisioterapian aditua.
—————————————————–
Ariketa fisikoari buruzko artikulu-sorta:
- Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? I. Oinarriak.
- Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? II. Bihotz eta odol-hodien sistema.
- Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola.
- Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? IV. Giharrak eta hezurrak.
- Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? V. Odoleko glukosaren kontrola eta diabetesa.
The post Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? VI. Arnas aparatua eta bere patologiak appeared first on Zientzia Kaiera.
3.000 urtez gurutzatu ziren Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin

Europako neolitikoko gizakiak Anatoliatik etorritako nekazarien ondorengo zuzenak zirela eta ehiztari-biltzaile lokalekin nahasketa eskasa izan zutela da orain arteko ikerketek ezarri dutena. 3.000 urtez elkarrekin gurutzatu zirela frogatu du ikerketa honek, uste horren kontra.
Jakina zen mesolitoko ehiztariak eta nekazariak genetikoki ezberdinak zirela, baina ordezkapen prozesu horren tokiko dinamikak ia ezezagunak ziren orain arte. Ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izatera pasatzeak (neolitizazioa) trantsizio demografikorik handiena suposatu zuen gizakiarentzat milioika urtean. Orain dela 10.000 urte inguru sortu zen nekazaritza Ekialde Hurbilean eta Europara zabaldu. Nekazari taldeak mesolitikoko ehiztariak ordezkatu zituen milaka urte gutxi batzuren ostean.
Europako hiru eskualde ezberdinetako (Hungaria, Alemania eta Espainia) lagin genomikoak sekuentziatu eta aztertu dituzte ikerketan; Espainiako 38 lagineko datu genomikoak erabili dira, horietatik 17 ezezagunak izan dira orain arte eta bai Burgoseko eta baita Arabako aztarnategietako laginak erabili dira. Sekuentziazioari esker jakin ahal izan da lehen nekazarien etorreraren ostean tokiko ehiztariekin gurutzatu zirela zenbait mendetan zehar hiru kasuetan.
Dibertsitate genetikoa prozesu lokalen ondorio izan zirela utzi du agerian ikerketak, aztertutako hiru zonaldeetan ehiztari-biltzaile leinu iturri eta proportzio ezberdinak daudela. 2006an La Braña-Arintero (Leon) ehiztari mesolitikoa aurkitu zuten eta duela apenas hiru urte sekuentziatu zuten bere genoma. Bada, Iberiar penintsulako neolitiko ertaineko, azken neolitikoko eta kalkolitikoko nekazarien genomek La Brañako ehiztarietatik jasotako %25eko osagai genetikoa agertzen dutela aurkitu du ikerketa honek. Europa erdiko genomek, bere aldetik, inguru hartako ehiztariekiko antza agertzen dute.
Zenbait kasutan, Europa erdian gehienbat, arbaso mistoak dituzten norbanakoak aurkitu dira, baita nekazarien artean bizi eta lurperatuak izan ziren ehiztariak ere. Neolitizazio prozesua uste zena baino konplexuagoa izan zela irudikatu du ikerketak, nekazarien migrazio hutsa edo prozesu demografiko uniformea ez zela izan frogatzen baitu.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Neolitikoko biztanleria europarraren eraldatzea
Erreferentzia bibliografikoa
Mark Lipson et al (2017) ‘Parallel palaeogenomic transects reveal complex genetic history of early European farmers’. Nature doi: 10.1038/nature24476.
The post 3.000 urtez gurutzatu ziren Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #176

Goi mailako lanpostuetan gizonezkoak dira nagusi. Adituek hori irauli behar dela iritzi diote. “Hainbat ikerketak diotenez, 6 urterekin neskek uste dute azkarrak diren pertsonak mutilak direla. Hau da, 6 urte besterik ez dituztenean, neskek desberdin ikusten dituzte beren buruak; eta beti txarrerako”, azaldu du Maria Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko ingeniariak. Horri buelta emateko badira ekimenak, Inspira bezala, neskak zientziari eta teknologiari lotutako hezkuntzara gerturatzea dute helburu. Artikuluan planteatzen den arazoari dagokionez, hezkuntza ereduan sakontzea funtsezkoa dela uste du Itziar Zubillaga DNA Data enpresako Kalitate zuzendariak.
Ingeniaritza eta teknologiaIlargiko erregolitoak –alteratutako eta kontsolidatu gabeko geruza da, arroka solidoaren gainean kokatzen dena eta arroka zatiz eta mineral pikorrez osatzen dena–, baliatuz ura eta oxigenoa lortzeko teknika garatu du ikertzaile talde batek. Zientzialari asko aritu dira arlo horretan, hau da, astronautak bertan bizirik mantentzeko beharrezkoak diren ura eta oxigenoaren ekoizpena lortzeko bidean. Esan bezala, oraingoan, Ilargiko arrokak baliatuta teknika bat garatu dute. Hau da praktikan jartzen den lehenbiziko aldia. Proposatutako makina Ilargian aritzeko tamaina egokia du ingeniarien esanetan: 400 kiloko gailua da, eta orduko 25 kilogramo erregolito prozesatzeko aukera dauka.
BiologiaZeroiek urperatzeko eta sakonera handiko uretara iristeko ahalmena baliatzen dute ur sakonetan bizi diren txibiak harrapatzeko. Hortzak dituzten animalia handienak dira. Baina beheko masailezurrean dituzte soilik. Dauzkaten hortzak ez dira zorrotzak. Hori horrela, kaxaloteek ez dituzte harrapakinak zatitzen, horiek zurrupatuz irensten dituzte, ia osorik. Duela gutxi, gaur egungo zeroien antzeko tamaina duen espezie baten aztarna fosilduak aurkitu dituzte Peruko basamortuan; aztarnek 12-13 milioi urteko antzinatasuna dute.
ElikagaiakHainbat elikagaien publizitateak dakarren iruzurra azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok entzute handiko adibide bat gurera ekarriz: E identifikazio-kodea duten elikagaien osagaiak kaltegarriak dira osasunarentzat. Kimikariak dio E markadun osagai askok minbizia eragin zezaketela entzun zuela behin baina “orain badakit E markak sailkapen kodeak besterik ez direla, konposatu hori aztertua izan dela adierazteko eta haren identifikazioa eta erabilpen arauak errazteko. Izatez, E markak ez du adierazten konposatua ona edotxarra den, ezta naturala edo artifiziala den ere”. Eta nondik dator orduan osagai horiek minbizia eragiten dutela dioen uste oker hori? Galdera horren erantzuna ezagutzeko, jo ezazu artikulu honetara.
Medikuntza eta osasunaTony Wiss-Coray Standford Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute gazteen odolaren transfusioak eraginkorrak direla zahartzaroarekin lotutako asaldurak apaltzeko. Saguekin frogatu ondoren, entsegu kliniko bat egiteko baimena eskatu zuten. Dena den, lehen emaitzek ez dute hobekuntza nabarmenik erakutsi. Baina egia da boluntarioetako batzuk lehen baino hobeto moldatu zirela eguneroko jarduera jakin batzuetan, hala nola erosketak egiten eta janaria prestatzen. Berria egunkarian irakurtzeko ere aukera badago.
Osasunari dagokionez, milioi bat eta erdi medikuntza-ikerketa aztertuta, ondorioztatu dute medikuntza-ikerketetan gehiago hartzen direla kontuan generoa eta sexua, ikertzaileak emakumeak direnean. Sexua eta generoa faktore garrantzitsuak dira medikuntzan, baina, hala ere, medikuntza-ikerketa gehienak arrekin egiten dira, bai animalietan, bai pertsonetan. 2008tik 2015era argitaratutako artikulu zientifikoak izan dituzten kontuan eta horietan generoaren eta sexuaren araberako azterketarik egin den edo ez, eta zein den ikertzaileen generoa aztertu dute.
PaleontologiaLan batek argitu du Europako neolitizazio-prozesuan zehar, ehiztari-biltzaile europarrak behin eta berriz nahastu zirela Ekialde Hurbiletik etorritako nekazariekin. Orain arte egin diren ikerketek kontrakoa aditzera eman dute, hau da, europar gizaki neolitikoak Anatoliatik etorritako nekazari horien ondorengo zuzenak zirela eta ez zirela horiekin nahastu. Aipatutako ikerketak, Bostoneko Harvard Medical Schoolek gidatutakoa, ordea, 3.000 urtez elkar gurutzatzen aritu zirela frogatu du.
FisikaEsku pilotan erabilitako piloten arteko diferentziak kuantifikatzeko metodo bat proposatzen du bere Gradu Amaierako Lanean Sara Ruizek. Bere helburua: Talkaren elastikotasuna adierazten duen itzultze koefizientea neurtzean oinarritutako sailkapen-metodo bat diseinatzea. Bi esperimentu egin ziren: alde batetik, pilota bertikalki jaurti zen 10 metroko altuerara arte, erortzen zenean bote bakoitzaren altuera neurtzeko eta bestetik, pilota horizontalki jaurti zen frontoiko frontisaren kontra, pilotak sailkatzeko erabili ohi den jaurtiketa-mota. Bigarren honetan lortu ziren emaitzak argigarriagoak izan ziren. Itzultze koefiziente guztiak alderatzean, adinaren arabera sailkatzeko modua aurkitu zen pilota-mota bakoitzarentzat
Klima aldaketaSalvador Samitier Generalitateko klima aldaketaren Kataluniako Bulegoko Zuzendaria da eta Miarritzen egin den klima aldaketaren inguruko nazioarteko kongresuan izan denez, Berriak elkarrizketa bat egin dio. Tenperaturaren igoera aipatu du lehendabizi: “Egiaztatu dugun fenomeno bat da: 0,3 gradu igo da hamarkada batetik bestera Katalunian, eta hau ez da Pirinioetako ezaugarrietako bat, beste mendietan ere gertatzen baita”. Horretaz gain, hitzaldian, klima aldaketa osasunarekin lotu du eta horren harira esan ditu kontu interesgarriak. Besteak beste, tenperatura igotzen denean, kolektibo batzuk, adineko jendea, haur txikiak, eta oro har arnasketa arazoak dituztenak kaltetuak dira. Modu berean dio, klima aldaketaren kontra jarraitu behar dugula.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #176 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #190
Gauza guztiek kontzientzia duteneko ideia ez da berria, zenbait erlijiotan dago. Eta inork ezin du ukatu erakargarria denik, hortxe “Star Wars”en ‘indarra’ adibide modura. Horren inguruan hausnartuko dugu Jesús Zamoraren eskutik? Panpsychism: Is mind everywhere?
Berebiziko garrantzia dute neurexinak sinapsi neuronalak ezartzerako orduan. Baliteke autismoa haiekin harremana izatea. 2013. urtean Nobel saria irabazi zuen Thomas C. Südhofek gai honi buruz egindako lana dakar José Ramón Alonsok Neurexins and autism
Molekula bateko elektroien interakzioa bezalako arazo konplexu bati irtenbidea bilatzerakoan argi dabil DIPCko jendea, Introducing a new global method to calculate electron correlations, adibidez.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #190 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jon Larruskain: “Ez da lortu kirolari batek lesio bat pairatzeko daukan probabilitatea aurreikustea” #Zientzialari (82)
Ariketa fisikoa egitea osasuntsua dela diote adituek, hala ere, epe luzera ondorio kaltegarriak ere ekarri ditzake eta haien artean ohikoenak lesioak dira. Bihurrituak, hausturak, kolpeak…era askotako lesioak gertatzen dira eta epe motzean eragiten duten minaz gain, are kezkagarriagoak diren epe luzerako osasun arazoak ere sortzen dituzte, gure bizi kalitatea jeitsiz. Zeintzuk dira, ordea, ondorio hauek? Zein dira lesio hauek eragiten dituzten arrisku faktore nagusiak? Nola saihestu daitezke?
Galdera hauei erantzuna bilatzeko, Jon Larruskain, UPV/EHUko Sport Genomics taldeko ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, indarra, malgutasuna, oreka eta koordinazioa bezalako gaitasunak lantzeko ariketa programek lesioen ehuneko handi bat prebenitzen laguntzen dute.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Jon Larruskain: “Ez da lortu kirolari batek lesio bat pairatzeko daukan probabilitatea aurreikustea” #Zientzialari (82) appeared first on Zientzia Kaiera.
Haginkadarik handiena

———————————————————————————————————–

1. irudia: Txibia erraldoia eta zeroiaren arteko borrokaren murala Houston Museum of Natural Sciencen (eteeren irudia).
Planetako harrapari handienak dira gaur egungo zeroiak (Physeter macrocephalus). Zefalopodoak omen dira haien harrapakin nagusiak; zeroiek urperatzeko eta sakonera handiko uretara iristeko ahalmena baliatzen dute ur sakonetan bizi diren txibiak harrapatzeko. Txibia erraldoien garroen markak ikusi izan dira zeroien larruazaletan, eta marka horiek oso erraz pizten dute gure irudimena, ur sakonetako bi kolosoen arteko talkak iradokitzen baitituzte. Gustukoa dugu txibia erraldoi eta zeroien arteko borrokak irudikatzea. Borroka horiek, baina, ez omen dira hain ugariak. Batetik, zeroiak oso ur sakonetara iritsi behar dira txibia erraldoiak harrapatu ahal izateko; bestetik, txibia erraldoiek kalte handia egin diezaiekete zeroiei (markak dira horren froga argiena); azkenik, badira zeroiek errazago harrapa ditzaketen beste txibia batzuk, Humboldt txibia edo horren antzekoak, esaterako.
Zeroiak, esana dago, harrapariak dira, baina harraparien artean nahiko bereziak: hortzak dituzte eta. Izan ere, hortzak dituzten animalia handienak dira. Baina beheko masailezurrean dituzte soilik, ez baitute goiko hortz-lerrorik. Gainera, hortzak ez dira batere zorrotzak. Hori dela eta, kaxaloteek ez dituzte harrapakinak zatitzen, ez dituzte tarratatzen, haien hortzak ez baitira horretarako egokiak. Harrapakinak zurrupatuz irensten dituzte, osorik edo ia osorik, eta hortzak, dirudienez, elkarren arteko borroketan erabiltzen dituzte bakarrik.

2. irudia: Zeroiaren eta gizakiaren tamaina alderaketa. (Chris Huhen irudia).
Duela gutxi, gaur egungo zeroien antzeko tamaina duen[1] espezie baten aztarna fosilduak aurkitu dituzte Peruko basamortuan. Zientziarentzat espezie berria da, baina aztarnek 12-13 milioi urteko antzinatasuna dute. Hortzeria da, izan ere, oraingo zeroien eta aurkitutako espezie berri horren artean dagoen desberdintasunik handiena. Oraingo orkek dituzten hortz zorrotzak zituzten espezie aurkitu berriko zeroiek, zorrotzak eta bi masailezurretan gainera; hortaz, orain arte ezagutu den haginkadarik handiena da zeroi fosildu horiena. Hori dela eta, aurkikuntza egin duten paleontologoek uste dute baleak zirela haien harrapakin nagusiak, ez balea handienak beharbada, baina ez eta zetazeo txikienak ere.
Bukatzeko, azken kontu bat: Leviathan melvillei izena jarri diote espezie berri horri. Izen ederra, benetan!
Oharrak:
[1] Paleontologoek 13’5-17’5 metroko luzera proposatu dute burezurraren tamainan oinarrituta; gaur egungo zeroi handienak 20 metroko luzerakoak izan daitezke.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Haginkadarik handiena appeared first on Zientzia Kaiera.
Ilargian alkimia egiteko errezeta
Azken urteotan ipuinetako Errauskine izan da ilargia. Martek bereganatu du arreta gehiena, baina planeta gorrira joateko ametsa, hamarkadaz hamarkada, atzeratu egin da. Gizateriak espazioan izan duen benetako bataioa, ordea, 1969ko uztailaren 20an gertatu zen, Neil Armstrongek Ilargiaren zorua lehenbizikoz zapaldu zuenean. Eskura dago Ilargia, eta, gainera, bertan egotea arras lagungarria izan daiteke, bai bertatik beste objektuetara espedizioak prestatzeko zein satelitean dauden baliabide mineralak ustiatzeko ere.
Gainera, Guda Hotzaren garaiko espazio lasterketan ez bezala, oraingoan ez daude soilik Ameriketako Estatu Batuak eta garaiko Sobietar Batasuna -funtsean, oraingo Errusia-, baizik eta Txina, India edota Europa. Horrez gain, enpresa pribatuak ere buru-belarri ari dira lehia berrian: Elon Musken SpaceX edo Jeff Bezosen Blue Origin dira, horietatik, ezagunenak. Bestetik, Googlek sustatutako Lunar X Prize lehiaketan ere nazioarteko talde asko ari dira Ilargira robot bat bidali nahian. AEBk eta Errusiak ere Ilargiaren inguruan orbitatuko duen espazio estazio bat eraikitzeko elkarlana iragarri dute. Laburbilduz, denek Ilargira joan nahi dute.

1. irudia: Duela 48 urte joan zen gizakia Ilargira aurrenekoz, eta bertara itzultzeko proiektuak biderkatu dira azken urteetan. Horretarako, Ilargian ura eta oxigenoa ekoiztea premiazkoa izan daiteke. (Argazkia: Matthew Niemi/Unsplash)
Hara bueltatzeko, ordea, bidean dauden garapen teknologiko asko findu behar dira oraindik. Horietako bat, garrantzitsuena agian, astronautak bertan bizirik mantentzeko beharrezkoak diren ura eta oxigenoaren ekoizpena da. Zientzialari asko arlo horretan ari dira, eta lehen emaitzak kaleratzen hasi dira. Oraingoan, Ilargiko arrokak baliatuta, ura eta oxigenoak lortzeko teknika garatu du Thorsten Denk ingeniariak.
Irailean Txilen burutu den SolarPACES 23. konferentzian aurkeztu dute teknika berria. Nazioarteko sare kooperatibo honen misioa kontzentrazio bidezko eguzki-energia ikertzea eta garatzea da. Energia mota honetan, eguzkitik datozen izpiak jaso eta ispiluen bitartez puntu zehatz batean biltzen dira, beroa lortzeko. Bero hori erabilita, normalean turbina bat martxan jartzen da, eta, horri esker, argindarra ekoizten da. Kasu honetan, 950 graduko tenperatura erregolitoa berotzeko eta eraldatzeko erabiltzen da.
2017an, sei hilabeteko proba egin dute CIEMAT Espainiako Energia, Ingurumen, eta Teknologiaren Ikerketa Zentroak kudeatzen duen Almeriako Eguzki Plataforman. Bertan lan egiten du Denkek, eta hamar urte eman ditu erregolitoa baliatzeko proiektua eraikitzen. Proiektuan Aurelio-Gonzalez Pardo, Inmaculada Cañadas eta Alfonso Vidal ikertzaileek ere parte hartu dute.
6-8 astronautentzatErregolitotik ura eta oxigenoa erauztea aspaldiko ideia bada ere, hau da praktikan jartzen den lehenbiziko aldia. Beti ere, noski, Lurrean egindako probei buruz hitz egiten ari gara.
Alabaina, Ilargian makina hori lanean hasi baino lehen, lehengai gisa erabiliko den erregolitoa aldez aurretik landu beharra dago, tramankuluan erabiltzeko moduko tamaina eta itxura eman ahal izateko. Kontuan hartu behar da, Lurrean ez bezala, Ilargian ia ez dagoela higadurarik. Beraz, erregolitoa osatzen duten partikulek ertz zorrotzak dituzte, eta horiek leuntzea beharrezkoa da partikulek makinan jarraitu beharreko bidea ondo egin dezaten.

2. irudia: Kontzentrazio bidezko eguzki-energia baliatuz erregolitotik ura eta oxigenoa erauzteko teknika aurkeztu dute. (Argazkia: Thorsten Denk)
Ikertzaileek proposatu dute tresna berriak Ilargian aritzeko tamaina egokia duela, eta 6-8 astronautek kontsumituko lituzketen oxigenoa eta ura ekoizteko gai izango dela. 400 kiloko gailua da, eta orduko 25 kilogramo erregolito prozesatzeko aukera dauka.
Prozesuaren abiapuntuan ilmenita izeneko minerala dago, gure satelitean dauden eremu ilunetan ohikoa den burdin oxidoa (FeTiO3). Prozesua abiatzeko, alta, hidrogeno kopuru txiki bat beharrezkoa izango dela ohartarazi dute adituek, eta hori Lurretik eraman beharko da. Halere, oso elementu arina denez, hidrogenoa hara eramatea pena mereziko duela esan dute.
Erreakzioa abiatzeko eguzki energia baliatuko dute. Horrela, ilmenita berotu eta hidrogenoarekin nahasten dute (FeTiO3 + H2). Era horretan, burdina (Fe), titanio oxidoa (TiO2) eta ura (H2O) lortzen dituzte. Behin ura edukita, erraza da elektrolisiaren bitartez bertatik oxigenoa erauztea.
Egileek argudiatzen dute Ilargia eguzki energia baliatzeko leku aproposa dela. Urte bakoitzean, metro koadroko 6.000 kWh eguzki irradiazioa jasotzen du Ilargiak. Gainera, hidrogenoa eta oxigenoa banatzeko beharrezkoak diren erreakzio kimikoek tenperatura altuak behar dituzte. Gure satelite naturalean eguzkia 354 orduz jasotzen da jarraian; hau da, bi aste inguruz “eguna” da bertan.
Zergatik, ordea, horrenbesteko ahalegin Ilargian ura sortzeko? Ez al da errazagoa Lurretik bertara eramatea? Kopuru txikitan, bai, baina kopuru handiagotan zinez zaildu egiten da kontua. Izan ere, oso garestia da zamak espaziora eramatea. Lurraren grabitazio putzua ekiditeko, gainera, erregai asko behar da. Gero eta zama handiagoa eramanda, orduan eta erregai gehiago behar da, eta erregai horrek ere pisu gehiago suposatzen du: gurpil zoro baten eskema da, funtsean. Hurrengo hamarkadetan burutuko diren espazio misioetan, beraz, funtsezkoa izan daiteke ura eta oxigenoa espazioan bertan sortzea, erregaiak Lurretik kanpo ekoiztu ahal izateko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Denk, T. et al. Design and Test of a Concentrated Solar Powered Fluidized Bed Reactor for Ilmenite Reduction. 23rd Annual SolarPACES Conference in Chile.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ilargian alkimia egiteko errezeta appeared first on Zientzia Kaiera.
Villejuifeko Ospitaleak inoiz esan ez zuena

1. irudia: Limoiak azido zitrikoa du, E 330 identifikazio-kodea duena. (Argazkia: Buntysmum/Pixabay.com)
Duela 15 bat urte-edo entzun nuen lehen aldiz E markadun osagaiak kaltegarriak zirela. Ez hori bakarrik, askok minbizia eragin zezaketela ere esaten zen. E-dun osagai horiek elikagaien etiketan agertzen ziren eta, ziotenez, E kodearekin adierazitako zenbat eta osagai gehiago, produktu hori are toxikoagoa zen. Zenbait urtetan zehar pentsatu nuen hori horrela zela, baina, orain badakit E markak sailkapen kodeak besterik ez direla, konposatu hori aztertua izan dela adierazteko eta haren identifikazioa eta erabilpen arauak errazteko. Izatez, E markak ez du adierazten konposatua ona edo txarra den, ezta naturala edo artifiziala den ere. Identifikazio-kode bat besterik ez da —hain zuzen, E hizkiak Europa adierazten du—. Kodeek adierazten dute osagai hori koloratzailea, kontserbagarria, antioxidatzailea, erregulatzailea, eta abar den eta modu horretan errazagoa da haien sailkapena eta erregulazioa. Nondik dator, bada, E zenbakidun osagaiak minbizia eragiten dutela pentsatzeko uste oker hori?
Villejuifeko panfletoa1976ko udaberrian, elikagaietan zeuden zenbait osagai arriskutsu zerrendatzen zituzten esku-orriak zabaltzen hasi ziren Frantzian. Esku-orrian E zenbakiak sailkatzen ziren, batzuk minbizi sortzaileak eta beste batzuk toxikoak zirela esanez. Panfletoa idazmakinaz idatzita zegoen, nahiko modu traketsean, eta osagai horiek erabiltzen zituzten konpainiak ere aipatzen ziren: Coca Cola eta Schweppes tartean ziren, besteak beste. Bertan zioten konpainia horien produktuetan minbizi sortzaileak ziren osagaiak zeudela, naiz eta osagaiok Frantzian onartuta egon. Panfletoaren lehen bertsioetan, zerrenda hori Pariseko ospitale batetik zetorrela besterik ez zen argitzen. Esku-orrian, osagai eta konpainia horiei boikota egitera deitzen zen.

2. irudia: Esku-orriaren bertsio honetan agertu zen Villejuifeko ospitalearen aipamena eta E marka duten osagaien sailkapena. Ikus daitekeenez, toxikoena azido zitrikoa, E 330, dela dio panfletoak (Argazkia: Wikiwand.com)
Pixkanaka, panfletoaren beste bertsio batzuk ere zabaltzen hasi ziren. Guztietan toxikotasunaren araberako ustezko sailkapen bera egiten zen, baina, Parisko ospitale hori Villejuifeko ospitalea zela aipatzen zen —minbiziaren ikerkuntzan ospea zuen ospitalea—. Villejuifeko ospitaleak behin eta berriz errepikatu zuen ez zuela zerikusirik E markadun osagaien sailkapen horrekin eta, era berean, toxikologoak eta ikertzaileak azkar konturatu ziren zerrenda hura iruzur hutsa zela. Konposatu horiek ez zuten osasunarentzat inongo arriskurik eta araudi guztiak betetzen zituzten. Esate baterako, E 330 konposaturik toxikoena zela esaten zen Villejuifeko zerrenda hartan, baina, E 330 limoietan dagoen azido zitrikoa besterik ez da.
Adituak hasieratik panfletoaren aurka egon baziren ere, oso azkar zabaldu zen eta 10 urte baino gehiagotan egon zen panfletoa esku batetik bestera mugitzen. 1996ko ikerketa baten arabera, Frantziako kontsumitzaileen erdiek zurrumurrua entzun zuten noizbait. Ziotenez, Villejuifeko panfletoarena garai hartako zurrumurrurik zabalduenetakoa izan zen eta Frantziatik abiada bizian zabaldu zen Britainia Handira, Alemaniara, Italiara eta Europako beste hainbat herrialdetara —eta hortik Ekialde Hurbilera eta Afrikara—. Antza, Villejuifeko zerrendako jatorria freskagarri konpainia batekin gertatutako lan arazoak izan ziren eta konpainia kaltetzeko asmotan hasi ziren zabaltzen osagaien ustezko toxikotasun hori, baina, egiari zor, inoiz ez da argitu dokumentua nork edo nortzuk idatzi zuten.
Gezurren hanka luzeakVillejuifeko zerrenda zabaltzearen erantzuleetako bat zurrumurru haren aurka egindako ahalegin eskasak izan ziren. Tartean sartuta zeuden konpainiek hasiera batean ez zuten erantzunik eman, eta kontsumitzaileen elkarteen, Frantziako Osasun Ministerioaren eta adituen mezuak eskasak izan ziren. Hain zuzen ere, horretan datza zientzia-komunikazioaren beste zereginetako bat: zurrumurru, gezur edo zientziaren aurka doazen ekintzak gizarteari azaltzea, bide eta neurri posible guztiak erabiliz.
Alarma faltsuen arriskua ez da desagertu eta, are gehiago, orain zurrumurruek bide askoz hobe eta azkarragoak dituzte zabaltzeko. Adibide bat jartzearren, duela urte bete inguru Dalsy sendagaiaren kasuak alarma handia eragin zuen inongo zentzurik gabeko informazio batetik abiatuta. Kasu hartan E 110 koloratzailea izan zen erruduna, Zientzia Kaieran azaldu nuen moduan. Kalkulu sinpleen bitartez ikus zitekeenez, albo ondorioak pairatzeko egunean 3 botila edan behar ziren, hortaz, sendagaiaren erabilpen arruntean ez zegoen inongo osasun arriskurik. Zurrumurruek, ordea, hanka luzeak izaten dituzte eta, pentsa, Villejuifeko ospitalearen kasuan bezala, 40 urte baino gehiago pasa diren arren oraindik entzun behar izaten dela E markadun gehigarriek minbizia eragiten dutela.
Informazio osagarria:
- Contemporary legend: A reader, G. Bennett eta P. Smith, Garland Publishing, 1996.
- Tract de Villejuif, Wikiwand.com
- La lista del hospital de Villejuif, una historia de aditivos, directoalpaladar.com
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Villejuifeko Ospitaleak inoiz esan ez zuena appeared first on Zientzia Kaiera.
Itzultze koefizientea esku pilotan

1. irudia: Itzultze koefizientea baliatuta esku pilotan erabiltzen diren pilotak kuantifikatzeko metodologia bilatzen du lan honek. (Vanbasten 23ren irudia).
Euskal pilotan eskuz egiten dira pilotak oraindik ere eta artisau bakoitzak teknika ezberdina erabiltzen du. Ondorioz, ez dira beste kirol batzuetan bezain homogeneoak eta estandarizatuak. Bi pilota berdin ez daudela esan daiteke. Berdin-berdinak ez badira ere, antzeko ezaugarriak (masa, diametroa edo nukleoaren diametroa) dituzten multzotan sailkatzen dira.
Pilota bakoitzaren kalitatea ziurtatzeko eta bere multzoko ezaugarriak betetzen dituela ebaluatzeko, federazio bakoitzak erabakitako probak egiten dira. Aukeraketa hori, orokorrean, pilotaren portaera aztertuta egiten da. Pilotari profesional batek pilota jaurtitzen du eta errebotean zer portaera duen begiratzen du. Bere esperientzia baliatuta erabakitzen du zein pilota den baliokoa eta zein ez. Talkaren elastikotasuna adierazten duen itzultze koefizientea neurtzean oinarritutako sailkapen-metodo bat diseinatzea izan da lanaren helburua.
Bi esperimentuItzultze koefizientea hainbat faktoreren menpe dago: abiadura, tenperatura, marruskadura, errotazioa edota baita pilotaren antzinatasuna ere. Hala ere, adierazle honi esker pilotaren boteari buruzko informazioa lor daiteke.
Bi esperimentu diseinatu ziren lanerako:
- Pilota bertikalki jaurti zen 10 metroko altuerara arte, erortzen zenean bote bakoitzaren altuera neurtzeko.
- Pilota horizontalki jaurti zen frontoiko frontisaren kontra, pilotak sailkatzeko erabili ohi den jaurtiketa-mota.
Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako Endika Basañez eta Iker Gardoki pilotari profesionalen laguntzarekin egin ziren esperimentuak. Pilotariek egin zituzten jaurtiketak, neurketak behar bezala egin ahal izateko inolako efekturik eman gabe.
Bideoan grabatu ziren jaurtiketak eta ondoren “measure Dynamics” programarekin aztertu pilotaren portaera. Pilotaren mugimenduen analisi automatikoa egiten du programak eta Excel tauletan eta diagrametan irudikatu. Softwarearen laguntzaz jaurtiketaren unean pilota bakoitzak zuen posizioa, abiadura eta azelerazioa lortu ziren.
Jaurtiketa horizontaletan ez zegoen pilotak zuzen sailkatzen lagunduko duen diferentzia nabarmenik itzultze koefizientean. Neurketen emaitza, neurri handian, pilotaren hasierako abiaduraren menpekoa baita. Metodoa hobetu daitekeela uste du egileak, irudiak hartzeko abiadura handiko kamera eta pilotak jaurtitzeko makina automatikoa erabilita, jaurtiketaren angelua nahiz abiadura kontrolatu ahal izateko.
Jaurtiketa bertikalarekin lortutako emaitzak, aldiz, argigarriagoak izan ziren. Pilota 3 metroko altuera baino baxuagoan jaurtitzen zenean, itzultze-koefizientearen balioa ia berbera zen. Baina 10 metroko altuerako jaurtiketetan ezberdintasun esanguratsuak zeuden. Itzultze koefiziente guztiak alderatzean, adinaren arabera sailkatzeko modua aurkitu zen pilota-mota bakoitzarentzat (Toke, Mista eta Goxua) eta lortutakoak arauek determinatutako gogortasunaren sailkapenarekin bat ez etorri arren, neurri batean doitzen da.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Itzultze-koefizientea esku pilotan
The post Itzultze koefizientea esku pilotan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #175
Interneten aurki dezakegun informazio kopurua handia da eta horrek arriskua dakar, ezinbestean. Josu Lopez-Gazpiok eman dizkigu aholku batzuk horren harira. Lehenik, informazio fidagarria aurkitzeko bidean, aztertu nahi dugun gaia osotasunean ezagutu behar dugula dio. Hau da, iturri anitzetik hartutako informazio gureganatu eta ziurtatu afera ulertzen dugula. Bigarrenik, aipatzen du kimikariak, irakurtzen duguna fidagarria dela bermatu behar dugu. Lopez-Gazpiok adibide batzuk ematen ditu: “Zientziari buruz irakurri nahi badugu Science, Nature edo arloan izen ona duten antzeko aldizkarietara joko dugu; osasunari buruzko informazioa nahi badugu WebMD edo Cochrane eskuragarri ditugu, edo minbizian espezializatuta dauden Cancer Research UK edo American Cancer Society erakundeen webguneak”. Topatzen ditugun artikuluei dagokienez, irakurleak kontuan hartu behar du ere informazio hori primarioa ala bigarren mailakoa den. “Informazio primario hori ikertzaileek zuzenean argitaratzen dituzten artikuluak dira”. Horrez gain, aditu euskaldunak bilatzeko, esaterako, ematen digu tresna interesgarri bat: inguma.eus bilatzailea.
Emakumeak zientzianAlaitz Etxabide izan da aste honetako protagonista Emakumeak Zientzian atalean. Industria Kimikaren Ingeniaritza ikasi zuen eta Biomat ikerketa-taldean egin zuen gradu-amaierako proiektua. Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zuen ondoren eta amaierako lana berriro Biomaten egin zuen. Horren ondotik, tesia egiteko aukera sortu zitzaion eta ez zuen zalantzarik izan. Pozik dago eta emaitza oso onak izaten ari dira: “Hasieran, elikagaiak ontziratzeko material bat ikertzea zen asmoa, baina gero ikusi genuen ikertutako gelatinak aplikazio aunitz izan zitzakeela medikuntzan”. Garatutako materialek ingurumenean kalterik ez sortzea du helburu ere: “Badugu irtenbide bat plastikoek sortzen duten arazoa gainditzeko”. Horren harira, gehitzen du industrian ematen ari diren pausoak ez direla nahikoak egoera aldatzeko. “Adibidez, lehengai berriztagarriak erabiltzen ari dira, baina ez dira biodegradagarriak; orduan, arazoa ez da konpontzen”.
BiologiaBernhard Kegel biologo alemaniarrak idatzitako Der Rote “Gorria” zientzia-fikziozko eleberrian ageri da txibia erraldoien ezaugarri bitxia. Architeuthis generoan sartu dituzte orain arte aurkitu diren txibia erraldoi guztiak. Guztira, zortzi espezie deskribatu dira. Bai txibia erraldoiak, bai kolosalak ere, biak bizi dira ozeanoetako ur abisaletan. Bi txibia-espezie horiek gigantismo abisal edo ur sakonetako gigantismo izenez ezagutzen den gertaera baten adibide ezin hobeak dira. Horren zergatia azaltzeko bi hipotesi planteatzen dira ur-sakoneko gigantismoaren inguruan.
GenetikaAsmaren, errinitis alergikoaren eta ekzemen oinarri genetikoa zehaztu dute. Guztira 136 faktore identifikatu dituzte, erdiak baino gehiago ezezagunak. Aldaera genetiko horiek 132 generi eragiten diete. Immunitate sistemarekin zerikusia duten geneak dira. Eraginkorrak izan litezkeen botika batzuk ere proposatu dituzte ikerketa hori gauzatu ostean. Bestalde, ikertzaileek ikusi dute ingurumen-faktoreek ere handitu dezaketela gaitzak garatzeko arriskua, aldaketa epigenetikoak eraginez.
Broad Institutuko (Massachusetts, AEB) ikertzaileek genoma editatzeko tresna berriak aurkeztu dituzte: ABE eta REPAIR dira, CRISPR-Cas9 tresna ezagunaren aldaera berriak. Lehenengoari dagokionez, DNA osatzen duten base nitrogenatuetako atomoak aldatzeko gai den tresna molekularra eratu dute. Artikulu honetan argi azaltzen zaigu mekanismoa: “Proteinetan oinarritutako makina txikiak dira, eta base baten atomoak lekuz aldatzeko gai dira, beste base bat osatzeko”. Bigarrenak RNA du jomuga eta aukera emango luke hainbat gaixotasunen atzean dauden mutazio genetikoak konpontzeko. Teknika horiek, bada, baditu desabantailak. Javier Novok azaltzen du: “Teknika, berez, oso ondo dago, RNA aldatzea lortzen duzulako. Baina eritasunaren abiapuntua den mutazioa DNAn mantenduko da, bere horretan”.
AstronomiaHaumea planeta txikiak eraztuna du. Aurkikuntza oso interesgarria izan da, batez ere, duela gutxira arte pentsatzen zelako planeta erraldoien inguruan bakarrik zeudela eraztunak. Eguzkiaren inguruan biratzen da Haumea, 248 urte behar dituen orbita eliptikoan eta 3,9 orduan osatzen du errotazioa. Abiadura dela eta, deformatu eta errugbi baloi baten antzeko forma hartzen du. Hainbat arrazoi posible daude eraztuna nola sortu zen azaltzeko: beste objektu batekin talka egitearen ondorioz sortu izana edo Haumearen errotazio bizkorrak gainazaleko material zati bat askatu zuelako sortu izana, esaterako.
NutrizioaElikaduraren kontrola eta ebaluazioa egiteko lehen aplikazio elebiduna garatu dute: Elika. Elikaduraren kontrola egiteko elikagaien erregistroa baliatzen du aplikazioak eta horretaz gain, dieta osasuntsu baten adibideak eskaini. Adibidez, aplikazioan ezin dira janari prozesatuak erregistratu, janari prozesatu gabeen kontsumoa bultzatu nahi da horrela. Android nahiz iOS sistemadun mugikorretarako dago eskuragarri, doan.
Klima-aldaketaHainbat zientzialarik antzinako ozeanoak orain arte uste zena baino askoz hotzagoak zirela adierazi dute. Ondorioz, gaur egun izaten ari den klima aldaketak ez omen du parekorik azken 100 miloi urteetan. Frantziako eta Suitzako ikertzaileek azaltzen dutenez, azken 50 hamarkadetan oinarritzat hartu den kontzeptu bat okerra izan daiteke. Oinarri hori foraminiferoetan –uretan bizi diren eta oskola nimiñoak sortzen dituzten protistak– aurkitutako isotopo batean datza. Bada, zientzialariek diote isotopo hori ez dela iraunkorra eta, ondorioz, antzinako termometro gisa duten balioa hutsaren hurrengoa izan daitekeela.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #175 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #189
Garunaren modelatzean zenbakien ikasketak eta haien erabilera matematikoak zer neurritan duen eragina eta honen egiturak zer neurritan duen eragina da kognizio numerikoak ikertzen duena. Kontua da, nabariagoa da harreman hau umeengan? José Ramón Alonso Numerical cognition: numbers and brain plasticity artikuluan.
Animaliak sufriarazi zientziaren izenean? Zergatik ez erabili pedofiloak, hiltzaileak edota bortxatzaileak? José V. Torres-Pérez Prisoners for science? artikuluan.
Zeinek esan zuen ezin direla metalean adsorbitutako grafenoaren Raman espektroak egin? DIPCkoek posible dela frogatzen dute Raman spectra of graphene on strongly interacting metal surfaces
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #189 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alaitz Etxabide: “Ikertzaile bat aunitz mugitu behar da”
Hala, Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra egin zuen, eta amaierako lana berriro Biomaten egin zuen, eta, tesia egiteko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik izan haiekin jarraitzeko. Hiru urte eta erdi eman ditu tesia egiten, eta duela gutxi aurkeztu du. Pozik badago ere, aitortzen du tesia egitea ez dela erreza, besteak beste, presio eta lehia handia baitago epe mugatu batean lanak argitaratzeko, atzerrian egonaldiak egiteko, biltzar-zientifikoetara joateko, diru-laguntzak lortzeko… “Azkenean, ikertzaile bat aunitz mugitu behar da, gai jakin bat ikertzeaz gain”.

Irudia: Alaitz Etxabide Etxeberria, ingeniari kimikoa.
Horrek harritu egin zuen. Hala ere, tesian zehar “hagitz kontent” ibili dela dio: gaiagatik, lankideengatik, giroagatik… Eta emaitzak ere oso onak izan dira: “Aplikazio desberdinetara zabaldu dugu. Hasieran, elikagaiak ontziratzeko material bat ikertzea zen asmoa, baina gero ikusi genuen ikertutako gelatinak aplikazio aunitz izan zitzakeela medikuntzan”. Beste talde batzuekin harremanetan jarri ziren, eta, elkarlanean, medikuntzarako material aproposa garatu dute.
Ingurumenaren mesedetanGaratutako materialek medikuntzan aplikazioa izateak asko gogobetetzen du Etxabide, baina garrantzi handia ematen dio baita ingurumenean kalterik ez eragiteri ere: “Guztiz biodegradagarriak dira, eta azken fasean, konpost-fasean, ez dute inolako eragin kaltegarririk. Hortaz, badugu irtenbide bat plastikoek sortzen duten arazoa gainditzeko”.
Irtenbidea izanda industriak horren alde apusturik ez egiteak “amorrua” ematen dio Etxabideri: “Nik laborategian egin dut lan, baina erabili ditudan teknikak industrian jada badaude, ez dute inbertsio handirik egin behar. Zer gertatzen da? Lege-aldetik ez dutela presiorik horrelako aldaketa egiteko, eta ez dutela inongo interesik”. Edonola ere, ez du etsitzen: “Nik uste dut, pixkanaka bada ere, aldaketa gertatuko dela”.
Oraingoz, iruditzen zaio industrian ematen ari diren pausoak ez direla nahikoak ez egokiak benetan aldatzeko. “Adibidez, lehengai berriztagarriak erabiltzen ari dira, baina ez dira biodegradagarriak; orduan, arazoa ez da konpontzen. Biopolietilenoa, esaterako, artotik lortzen dute, baina geroko produktua ez da biodegradagarria. Eta horren inguruan ez da informaziorik ematen. Jendeak botatzen ditu plastikoak birziklatzera, baina ez daki zati handi bat ezin dela birziklatu”.
Hasitako bidean jarraitzea gustatuko litzaioke eta ez du atzerrira bidaiatzeko aterik ixten. Doktorego-tesia egiten ari zela, Bordeleko Unibertsitatean (Frantzia) eta Newcastleko Unibertsitatean (Erresuma Batua) egonaldiak egin zituen. “Han ikasi nuen munduko toki ezberdinetik etorritako jende batekin batera lan egiten, beste kultura batzuk ezagutu nituen, eta hori aberasgarria da bai lanerako bai norberarentzako”.
Bukatzeko, euskarak ere zientzian lekua izan behar duela eta baduela aldarrikatu du Etxabidek. Hala, lan handia eman zion arren, euskaraz idatzi zuen tesia, eta euskara erabili du bere lana azaltzeko bai biltzarretan (Ikergazte, Materialen Zientzia eta Teknologia), bai aldizkaritan (Ekaia).
Fitxa biografikoa:Alaitz Etxabide Etxeberriak (Lesaka, 1990) Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eta Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra ikasi ditu UPV/EHUn, eta toki berean aurkeztu du nazioarteko tesia: “Saretze erreakzioaren kontrola proteinazko filmen eta biokonpositeen propietateak egokitzeko”. 16 artikulu zientifiko argitaratu ditu; haietako bi euskaraz, Ekaia aldizkarian. Biltzarretan ere euskaraz zein ingelesez aritzeko aukera izan du. 2016an, PhD ikasle zela, hitzaldi onenaren saria jaso zuen, Elsevier aldizkariaren eskutik.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Alaitz Etxabide: “Ikertzaile bat aunitz mugitu behar da” appeared first on Zientzia Kaiera.
Erraldoi abisalak

———————————————————————————————————–
Der Rote «Gorria» zientzia-fikziozko eleberri bat da. Bernhard Kegel biologo alemaniarra da idazlea. Eleberriaren literatura-kalitatea, apalegia izan gabe ere, ez da beste munduko gauza. Ondo idatzita dago, hori bai, eta, gainera, bistakoa da idazlea zientzialaria dela eta idazten duenaz badakiela. «Technothriller» kategorian sailkatu den eleberri horren El rojo izenez argitaratutako itzulpeneko pasartea (141. or.) da honako hau:«Noizean behin, larruazal leun eta garbi haien gainetik pasatzen zuen mihia. Baina bakarrik itxura fresko eta osasungarria zuten animalietan, nazka ikaragarria ematen baitzion. Ehunek amoniakoa ote zeukaten jakin nahi zuen: animaliek amoniako usainik ez zutenez, eta berak laborategirik ez zuenez, gustu-zentzumenera jo behar zuen egiaztatzeko. Haien ehunetan amoniako asko duten txibiek flota dezakete, grabitatearen eraginpean egongo ez balira bezala; txibia handiek ere ―txibia erraldoiek barne― flota dezakete horri esker. Jon Deaver-ek erakutsi zion amarrua, baina erakutsi aurretik, bakarrik gourmet eta zefalopodomanoei gomendatzeko modukoa zela esan zion, eta barregura sarkastiko bat azaldu zuen aldi berean. Orain Hermann-ek bazekien bere adiskide australiarrak zer adierazi nahi zion.»
Bideoa: Japoneko Toyama badian 2015eko abenduan ikusitako txibia erraldoia. (Grabazioa: AP – Associated Press)Eleberriko pasarteak ederki azaltzen du txibia erraldoien ezaugarri bitxi hori. Izan ere, Asturiaseko kostaldeko uretan harrapatu dituzten txibiei buruz horixe azpimarratu izan dute egunkarietako kroniketan, amoniako asko eta oso haragi gogorra dutela. Jakina, txibia erraldoiak jateko egokiak ote diren izaten da egunkariek aipatzen duten kontua, eta jateko modukoak ez izateko bi horiek dira ematen diren arrazoiak. Gizakiok ezin ditzakegu jan, ez, baina zeroiek ez dute jateko inolako eragozpenik; izan ere, kaxaloteen harrapakinak dira txibia erraldoiak [1].
Architeuthis generoan sartu dituzte orain arte aurkitu diren txibia erraldoi guztiak. Zortzi espezie deskribatu dira, baina litekeena da egiazko kopurua txikiagoa izatea. Izenak berak dioenez, tamaina handikoak dira, ornogabe handienak, zalantzarik gabe. Eme handienak 13 metro luze dira hegal kaudalaren puntatik bi garro luzeenetako puntetara, eta 10 metroko luzera dute ar handienek. Garroak kenduta, 5 metro dute luzean, gutxi gorabehera. Gutxi da animalia hauei buruz dakiguna; izan ere, bizirik eta haien medioan zebiltzan Architeuthis generoko txibien lehen argazkiak 2004 urtean atera zituzten eta 2006ko abenduan egin zieten lehen filmaketa.

Irudia: Txibia erraldoia.
Txibien artean eta, oro har, ornogabeen artean ere, luzeena da Architeuthis. Ez da, baina, masa handiena duena. Masari erreparatuz gero, txibia kolosala da ezagutzen den ornogabe – eta txibia – handiena. Izen zientifikoa Mesonychoteuthis hamiltoni du, eta kolosal horri buruz txibia erraldoiaz baino gutxiago dakigu. Izan ere, oso banako gutxi harrapatu izan dira. Txibia kolosal handiena, 2007ko otsailean harrapatu zuten Zeelanda Berriko uretan. Ia 500 kg-ko pisua zuen eta 10 metroko luzera. Hala ere, adituek uste dute 12-14 metroko luzera dutela espezie honetako banako handienek.
Bai txibia erraldoiak, bai kolosalak ere, biak bizi dira ozeanoetako ur abisaletan. Ehunetan duten amoniakoari esker, uraren dentsitate berbera lortzen dute, eta horrek flotatzeko ahalmen handia ematen die. Harrapariak dira, baina, aldi berean, baita harrapakinak ere. Lehen esan bezala, kaxaloteen harrapakinak dira. Izan ere, kaxaloteen urdailetan aurkituriko aztarnak oso garrantzitsuak izan dira ur sakonetako zefalopodo horien ezaugarri anatomikoak ezagutzeko.
Bi txibia-espezie horiek gigantismo abisal edo ur sakonetako gigantismo izenez ezagutzen den gertaera baten adibide ezin hobeak dira. Ur sakonetan bizi diren ornogabe asko eta asko oso handiak dira, sakonera txikiko uretan bizi diren beren taldeetako kide hurbilenak baino askoz ere handiagoak. Isopodo erraldoia (Bathynomus giganteus), txangurru japoniarra (Macrocheira kaempferi), sardinzarren erregea (Regalecus glesne), zazpi besoko olagarroa (Haliphron atlanticus) eta beste txibia zenbait dira gigantismo abisal horren beste adibideak.
Ur sakonetako gigantismoaren zergatia azaltzeko bi hipotesi nagusi erabili dira: bizi-zikloen teoriaren araberakoa da bata, eta oinarri metabolikokoa bestea. Lehen hipotesiaren arabera, baliabideak urriak direnean eta banako handienak bizirik irauteko probabilitatea banako txikienena baino handiagoa denean, hazkunde somatikoari ematen zaio lehentasuna eta, beraz, atzeratu egiten da ugaltzea. Banako helduen tamaina handia izaten da horren ondorioz, oso handia zenbait kasutan. Metabolismoaren eta tamainaren artean dagoen erlazioan du oinarria bigarren hipotesiak. Horren arabera, handia izateak abantaila nabarmenak ditu baliabideak oso urriak diren tokietan, energetikoki animalia handiak txikiak baino askoz ere eraginkorragoak baitira. Gogora ezazu, irakurle, «Elefantea eta basasagua» izenburuko atalean idatzi duguna; hantxe azaldu dugu metabolismoaren eta tamainaren artean dagoen erlazioa.
Oharrak:
[1] Kaxaloteen harrapakin nagusiak ez diren arren, askotan esaten edo idazten denaren aurka. Izan ere, oso gutxi dira zeroien urdailetan aurkituriko txibia erraldoien aztarnak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Erraldoi abisalak appeared first on Zientzia Kaiera.
Oskolez osatutako termometroa, ezbaian

1. irudia: Ozeanoak eguzkitik datorren energia gordetzeko gai dira eta mundu osoko klima zehazteko garrantzi handia dute. (Irudia: Juanma Gallego)
Ozeanoek garrantzi handia dute kliman. Lurraren bi herenak hartzen dituzte ur masa zabalek. Datu horrek soilik agerian uzten du lur-sisteman ozeanoek duten garrantzia. Baina harago doa kontua. Izan ere, uraren ezaugarri fisiko eta kimikoak direla eta, ozeanoek eragin nabarmena dute klima globalaren nondik-norakoak zehazterakoan. Ura bero-metagailu bikaina da, hain zuzen, bertara heltzen den bero gehiena ur molekulak lotzen dituzten hidrogeno loturak apurtzeko erabiltzen baita.
Bestalde, planetan dauden 1.360 milioi kilometro kubo urek Eguzkitik datorren energiaren erdia baino gehiago xurgatzen dutela kalkulatzen da. Energia honen banaketan, gainera, funtsezko rola dute ere urek. Hala, ozeanoek ekuatorearen inguruan jasotzen den energia munduan zehar barreiatzen dute, itsasoetako ur-lasterren bitartez. Gugandik gertuko adibidera joanda, ezaguna da Golkoko ur-lasterrak Europako erdialdean eta iparraldean duen eragina. Ipar Atlantikora heltzen denean, ur-laster horrek Frantzian, Erresuma Batuan, Norvegian edota Islandian dagoen klima beharko lukeena baino epelagoa bihurtzen du. Horregatik, Ozeano Atlantikoaren beste aldean, antzeko latitudetan dauden Ipar Amerikako kostaldeak askoz hotzagoak dira.
Berotegi efektuaren eragile nagusi den karbono dioxidoa ere bertan gordetzen da, hein handi batean. Horregatik, klimatologoek arreta handiarekin ikertzen dute ozeanoek kliman duten eragina, eta, batez ere, etorkizunean izango duten rola. Klima globalak izango duen portaera argitzen saiatzeko ere antzinako klima ereduak ikertzen dituzte.
Hainbat estrategia darabiltzate horretarako. Besteak beste, aintziretako sedimentuak, izotzetik erauzitako haize burbuilak edota fosilak ikertzen dituzte. Baina azken metodo honetan arazo bat dagoela ohartarazi berri dute zenbait zientzialarik. Eta atera duten ondorioa ez da lasaitzeko modukoa. Antzinako ozeanoak orain arte uste zena baino askoz hotzagoak ziren, eta, ondorioz, gaur egun izaten ari den klima aldaketak ez omen du parekorik azken 100 miloi urteetan. Orain arte, paleoklimatologoek uste izan dute duela 100 miloi urteko ozeanoak oraingoak baino 15 gradu beroagoak zirela, batez bestean.
Nature Commnications aldizkarian eman dute ikerketaren berri Frantziako eta Suitzako ikertzaileek. Egileek azaltzen dutenez, azken 50 hamarkadetan oinarritzat hartu den kontzeptu bat okerra izan daiteke. Oinarri hori foraminiferoetan aurkitutako isotopo batean datza. Edo zetzan, orain mahai gainean jarri duten hipotesia baieztatzen bada, bederen.
Foraminiferoak uretan bizi diren eta oskola nimiñoak sortzen dituzten protistak dira. Oskola horiei esker, aspaldi bizi ziren izakien aztarnak mundu osoko sedimentuetan gordeta mantendu dira, eta, horregatik, zientzialarientzat benetako harribitxiak dira. Erakutsi ohi zuen umore finaz lagunduta, Lynn Margulis biologo ospetsuak zioen foraminiferoen bila ibiltzen zirela bai bera bezalako txoriburuak… zein petrolioa aurkitu nahi zutenak ere. Urre beltza non dagoen jakiteko erabiltzeaz gain, besteren artean, iraganean ozeanoetan zeuden tenperaturak igartzeko erabili izan dira foraminiferoak. Oskola horietan gordeta mantendu den oxigeno-18 isotopoaren arabera kalkulatu dira tenperatura horiek. Animalia hauek bizi izan ziren garaietan, inguruko uraren tenperaturaren araberakoa omen da oskoletan mantendu den isotopoaren kopurua.

2. irudia: Foraminiferoak ozeanoetako paleotenperaturak kalkulatzeko erabiltzen dira. (Irudia: Nature Communications)
Baina ikerketa berri hau plazaratu duten zientzialariek diote isotopo hori ez dela iraunkorra eta, ondorioz, antzinako termometro gisa duten balioa hutsaren hurrengoa izan daitekeela. “Arrazoia badugu, gure ikerketa honek hamarkadatan zehar egin den ikerketa paleoklimatikoa” aldatzen duela esan du Lausanneko Unibertsitateko (Suitza) ikerlari Anders Meibonek, prentsa ohar batean.
Termometro natural horien fidagarritasuna frogatzeko, oxigeno-18 isotopoa baino ez duen uretan sartu dituzte foraminiferoak. NanoSIMS izeneko masa espektrometro baten bitartez, oskoletan zenbat oxigeno-18 sartzen den zenbatu dute. Egiaztatu dutenez, isotopoa erraz sar daiteke oskoletan, ageriko aldaketak eragin gabe. Ondorioz, isotopo hori milioika urtez aldatu gabe berdin mantendu izanaren ideia alboratu dute zientzialari hauek.
Gakoa berroreka izeneko prozesu batean datza. Egin duten interpretazioaren arabera, azken 100 milioi urte hauetan ez da egon tenperaturen beherakada gradual bat eta oskoletan gordeta dagoen isotopoaren kopurua sedimentazio prozesuan gertatutako aldaketei zor zaio. Sedimentazio hori gertatzean tenperaturek 20-30 gradu igotzen omen dira eta, ozeanoetako tenperatura islatu beharrean, fosilek une horretan jasandako tenperaturen gorakadaren isla erakutsiko lukete.
Denboran zehar oso ondo mantendu diren fosilak badirudite ere, errealitatea bestelakoa dela esan du CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean lan egiten duen Sylvain Bernard zientzialariak.
Ordenagailu bidezko simulazioetan ikusi dute ozeanoetako tenperaturak uste baino hotzagoak izan litezkeela eta orain ozeanoetan izaten ari den tenperaturen gorakadak parekorik ez duela azken 100 milioi urteetan. Ondorioz, antzinako klimak zehazteko erabiltzen diren ereduetan sedimentazio prozesuetan izandako beroketa horiek kontuan hartu behar direla diote.
Maibomek azaldu du ideia hori: “Ozeanoetako paleotenperaturak berrikusteko, orain berroreka hori tentu handiz kalkulatu behar dugu, denbora asko egon baikara hori kontutan hartu gabe”. Zentzu horretan, beste motatako itsas organismoak ikertu behar direla diote, denbora geologikoan zehar sedimentuetan gertatutakoa argitu ahal izateko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bernard S. et al. Burial-induced oxygen-isotope re-equilibration of fossil foraminifera explains ocean paleotemperature paradoxes, Nature Communications, 26 October 2017. DOI:10.1038/s41467-017-01225-9
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Oskolez osatutako termometroa, ezbaian appeared first on Zientzia Kaiera.
Elikaduraz jabetzeko aplikazioa
Norberaren elikadura osasuntsua den edo ez ezagutzeko aplikazioa da Elika. Elikaduraren kontrola egiteko elikagaien erregistroa baliatzen du aplikazioak eta baita gomendatutako dieta osasuntsuarekin alderatzeko aukera eskaini.
SENCek gomendatutako errazioetan oinarritzen da aplikazioaren dieta osasuntsua, gehiengo zabal batentzako erabilgarria dena. Elikagaien oreka pertsona guztientzat da berdina. Kantitateak aldatzen direla, baina elikagaiaen banaketa berbera dela azaldu du Bittor Rodriguez elikagaien teknologoak.

1. irudia: SENCek 2016an argitaratutako elikadura piramidea.
Nutrizio eta Bromatologia Saileko ikertaldeak garatutako elikadura erregistroan dago oinarrituta aplikazioa. Norberak kontsumitzen dituen elikagaiak aplikazioan erregistratzen dira eta, honela bi gauza lortzen dira:
- Jabekuntza. Dietaren erregistroa egitearekin batera, erabiltzaileak kontsumitzen dituen elikagaien kontzientzia hartzen du. Bittor Rodriguezek esaten duen moduan: “Askotan esaten da ‘denetarik jaten dut nik’, baina erregistroa egiterakoan horrela ez dela ikusten da”.
- Alderaketa. Bakoitzaren dieta eta dieta osasuntsua zuzenean alderatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, hutsuneak topatu eta zuzendu ahal izateko.
Dieta osasuntsua bultzatzeko helburua ere badu aplikazioak. Hartara, janari prozesatuak ezin dira erregistratu aplikazioan, nahita ez dira jasotzen. Janari prozesatu gabeen kontsumoa bultzatu nahi da honela: kontsumitutako elikagaiak aplikazioan erregistratzerik ez badago, prozesatu gabeko elikagaiak kontsumitzea sustatuko duelakoan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldearekin (CIBERobn ISCIII) eta Dietetikako eta Nutrizioko Espainiako Elkarte Zientifikoa (SEDYN) erakunde zientifikoak garatutako aplikazioa da, Gasteizko Udalaren eta Elika erakunde publikoaren laguntzarekin.
Android nahiz iOS sistemadun mugikorretarako dago eskuragarri aplikazioa, erabat dohainik deskargatu daiteke bai Play Storen bai Apple Storen.
Norberaren elikadura osasuntsua den ala ez ezagutzeko modu erraza da aplikazioa. Hautaketa-pantaila sinple baten bidez egunero kontsumitutako elikagaien erregistroa eraman eta eguneko txosten bat sortzen du aplikazioak. Bertan, dieta osasungarri eta orekatu batekin alderatzen du eta hobetzeko gomendioak eskainitzen ditu. Zazpi egunean behin, gainera, asteko txostena sortzen du.
.Ez da, hala ere, elikaduraren harira egin den ekimen bakarra. Elikadura osasungarriaren aldeko ekimenak aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, elikadura osasungarria denon eskura izateko helburua duena. Horretarako, bost ildo estrategiko eta 18 prestatu dira. Proiektuen artean aplikazio baten garapena dago: “Elikadura osasungarriaren liga”. Gazteen artean ohitura osasungarriak sustatzeko app ludiko-pedagogikoa da. Lehia sanoa sustatzen duen sailkapena baliatuta, fruta eta barazki kontsumoa handitzea da helburua, jolas eta sari sistema baten bidez gazteak bizimodu osasungarrira atxikitzeko.
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.
——————————————————————
The post Elikaduraz jabetzeko aplikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Haumea planeta ñimiñoak eraztuna du

1. irudia: Haumearen eta bere eraztunaren kontzepzio artistikoa, proportzioak gordeta. (Instituto de Astrofísica de Andalucía, IAA-CSICren irudia)
Neptunoren orbitatik haratago izotzez eta arrokaz osaturiko objektu gerriko bat dago, Kuiper. Besteren artean, lau planeta ñimiño daude han: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Azken hau da guztien artean ezezagunena. Mundu mailako kanpaina egin da planeta behatzeko, haren ezaugarri fisiko nagusiak zehazteko asmoz. Izar estaltze bati esker zehaztu ahal izan dira gerriko transneptunotarreko Haumea planeta ñimiñoaren ezaugarri fisiko nagusiak.
Haumearen inguruan eraztun bat dagoela jakitea izan da ikerketaren aurkikuntza interesgarri eta ustekabekoenetako bat. Duela gutxira arte, planeta erraldoien inguruan bakarrik ezagutzen ziren eraztunak. Eraztun trinkoak aurkitu ziren orain dela oso gutxi zentauroak deituriko objektuen familiakoak bi gorputz txikitan (Chariklo, 2014. urtean eta Chiron 2015. urtean bi ikerketa taldek aurkitu zuten MIT eta Alikanteko Unibertsitateak).
Eguzkiaren inguruan biratzen da Haumea, 248 urte behar dituen orbita eliptikoan eta 3,9 orduan osatzen du errotazioa, Eguzki Sistema osoko ehun kilometrotik gorako beste edozein gorputzek baino askoz ere azkarrago. Abiadura dela eta, deformatu eta errugbi baloi baten antzeko forma elipsoidala hartzen du planetak. Alderdirik luzeenean Haumeak 2.320 kilometro inguru neurtzen duela (ia-ia Plutonek bezainbeste), baina ez daukala Plutonen antzeko atmosfera globalik jakin da egindako behaketari esker. Haumearen eraztuna ekuatore planoan dago eta 3:1eko erresonantzia du planetaren errotazioarekiko, hau da, planeta hiru aldiz biratzen den denboran eraztuna osatzen duten partikula izoztuek bira bat ematen diote planetari.
Ikerketa konplexuaOso zaila da objektu transneptunotarrak ikertzea: txiki-txikiak direlako, ia distirarik ez daukatelako eta oso-oso urrun daudelako. Oso eraginkorra baina korapilatsua den metodoa dago: izar estaltzeak aztertzea. Objektuak hondoko izarren aurretik igarotzen direneko aldiari behatzean datza izar estalketa (eklipse txiki moduko bat).
Objektuaren ezaugarri fisiko nagusiak identifika daitezke (tamaina, forma, dentsitatea) modu honetan. Eris eta Makemake planeta txikiekin ere erabili izan da eta baita emaitza bikainak lortu ere.
2017ko urtarrilaren 21ean Haumea izar baten aurretik igaroko zela aurreikusi zen eta, hartara, Europako hamar behatokitako hamabi teleskopiok fenomenoari behatu zioten. Zehaztasun handiarekin berritu ahal izan dira Haumea planeta ñimiñoaren forma eta tamaina. Emaitza harrigarria lortu da, gainera, uste zena baino dezente handiagoa baita eta ez da uste zen bezain islatzailea. Horretaz gain, pentsatzen zena baino askoz ere dentsitate txikiagoa du.
Planetaren inguruan eraztun bat dagoela aurkitzea izan da, aurkikuntza nagusia. Hainbat arrazoi posible daude eraztuna nola sortu zen azaltzeko. Beste objektu batekin talka egitearen ondorioz sortu izana edo Haumearen errotazio bizkorrak gainazaleko material zati bat askatu zuelako sortu izana, esaterako. Objektu transneptunotar baten inguruan eraztun bat aurkitzen den aurreneko aldia da eta Eguzki Sisteman nola beste planeta sistema batzuetan uste zena baino eraztun gehiago egon litezkeela erakusten du.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Haumeak, Plutonen kideetako bitxienak, eraztuna du
Erreferentzia bibliografikoa
J. L. Ortiz, Santos-Sanz et al.. The size, shape, density and ring of the dwarf planet Haumea from a stellar occultation”.. Nature, (2017). DOI: 10.1038/nature24051.
The post Haumea planeta ñimiñoak eraztuna du appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #174
Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago. Ikerketa lan honetan parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Rico eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek. Glaziarren egungo azalera kalkulatzeko 2016ko satelite-irudiak erabili dituzte. Guztira 19 glaziar topatu dituzte. Hortaz, 1850etik 2016ra, 52 glaziar izatetik 19 izatera pasa dira. Ikertzaileek badute aurreikuspen bat: “Litekeena da Pirinioetako glaziarrak XXI. mendearen erdirako desagertzea”.
AnimaliakIntsektuen munduan murgildu gara aste honetan. Ezagutzen diren bizidunen artean, talderik anitzena da. Biomasari dagokionez, lurreko ekosistemetan garaile ateratzen dira ere: biomasarik handiena osatzen dute. Baina hori arriskuan dago ikerketa batek berretsi duenez. Azken 27 urteetan Alemaniako intsektuen biomasa %75 baino gehiago gutxitu dela ohartarazi du Radboudeko Unibertsitateko (Herbehereak) Caspar Hallmaninek zuzendutako ikerketa talde batek. Ikertzaileek diote: “Emaitzek iradokitzen dute azken urteetan intsektu hegalarien komunitate osoan triskantza izan dela”. Ildo horri jarraiki, azaldu dute beherakadak ez duela zerikusirik habitat motarekin, eguraldian izandako aldaketekin edota lurraren erabilerarekin. Horregatik, iradoki dute eskala handiagoko beste faktore batzuk daudela tartean. Klima eta nekazaritza aztertu behar direla diote.
Pilotu-izurde hegalaburrak 500-1.000 metroraino urperatzen dira harrapakinen bila. Urperatze-denbora 20 minutukoa da. Bere ehizatzeko modua aztertu dute artikulu honetan: “Urperatze sakonak egiten dituztenean, esprint azkar batean heltzen dira tokirik sakoneneraino eta une horretantxe egiten dute burrunba bat”. Ehizatzeko modu hori, baina, arrisku handiko jokabidea da. Izan ere, egiten dituzten saioen erdia bakarrik da arrakastatsua. Jokabide hau ezezaguna zen; horregatik egin dute ikerketa bat beste zetazeoen portaerak ikusteko eta dirudienez, zifioen urperatzeak luzeagoak dira baina zifioen elikatze-portaera ez da “arrisku handiko/etekin handikoa”, askoz era kontserbadoreagoan jokatzen dutelako. Hortaz, ezberdinak dira pilotu-izurde hegalaburren eta zifioen taktikak, baina biak dira emankorrak, testuan adierazten den legez.
GenetikaGiza geneak gorputzeko ehun desberdinetan nola espresatzen diren marrazten duen atlasa argitaratu du nazioarteko ikerketa talde batek; orain arte argitaratu den katalogorik osatuena da. Gainera, jasotako datuak Interneten ipini dituzte, guztion eskura. Atlas horretan zer azaltzen da, bada? Funtsean, gorputzeko organoetan gene bakoitzaren jarduera nola arautzen den ikus daiteke. Hortaz, gene bakoitzak proteinak sortzeko duen gaitasuna jakiteko modua izan dute ikertzaileek. Izan ere, RNAk mezulari edo bitartekari lanak egiten ditu: horri esker, geneetan dagoen informazioa proteinak sortzeko erabil daiteke. Hainbat gaixotasunen jatorri genetikoa hobeto ulertzeko bidea emango du tresna horrek.
Genoma eraldatzeko teknika berri bana aurkeztu dute. Broad Institutuko (Harvard Unibertsitatea) eta MITeko ikertzaileek parte hartu dute bietan eta horietan gaitzak eragiten dituzten mutazio molekular txikiak zuzentzea dute helburu. Teknika biek CRISPR/Cas9 sistema dute oinarri, Lehengoari ABE (Adenine Base Editor) deitu diote, bigarrenak REPAIR (RNA Editing for Programmable A to I Replacement) du izena. Bai ABE bai REPAIR laborategian probatu dituzte, giza zeluletan. ABE erabilita, hematokromatosi heredagarriaren mutazioa konpondu dute, eta REPAIRen bidez, berriz, Fanconi anemiarena.
NanoteknologiaMetal likidoak erabilita material bidimentsionalak sintetizatzea lortu dute Australiako RMIT Unibertsitateko ikertzaileek. Duela hamarkada bat baino gehiago konturatu ziren fisikariak erabat aldatzen direla konposatuen ezaugarriak, materialak xafla fin-finetan antolatzen direnean; hau da, sendoak, ultramalguak edo supereroaleak izan zitezkeen. Lehena, Grafenoa izan zen. Orain, lortu dute HfO2, Gd2O3 eta Al2O3 bidimentsionalak sortzea. Gainera, metodo berria taula periodikoaren elementuen herenarekin erabilgarri izan daitekeela aurreikusi dute.
GeologiaIkertzaileek uste dute Lurraren historian beste bi superkontinente garatu direla gutxienez: Columbia edo Nuna eta Kenorland deitutakoak. Horretaz gain, eta testuan azaltzen den moduan, superkontinenteen sorrera-prozesuaren arabera bi superkontinente mota bereiz daitezke: alde batetik, aurreko superkontinentearen apurketan zehar sortutako “barne-ozeanoen” ixtearen ondorioz garatutakoak, eta bestetik, superkontinentea inguratzen duen “kanpo-ozeanoaren” ixtearen ondorioz garatutakoak. Eta apurketa-prozesu horiek azaltzeko bi dira sortu diren ereduak: luma gorakorrik erabiltzen ez dutenak eta luma gorakorrak erabiltzen dituztenak. Egin dituzten azken ikerketek erakutsi dute luma gorakorren eta superkontinenteen apurketaren arteko harremana. Modu berean, ikertzaileek iradoki dute jatorri magmatikoko edo hidrotermaleko superkontinenteen zikloak harreman zuzena izan lezakeela sistema-mineralekin. Hau da, luma gorakorren ondorio diren kontinente-rift sistema erraldoiak hobi-mineralen fabrikatzat jotzen dira.
Fisika kuantikoaEnergia edo partikula fluxu bat behatzeak fluxuaren noranzkoa alda dezakeela frogatu du UPV/EHUko ikerketa batek. Hasiera batean akats bat zela pentsatu zuten baina ikusi zuten korrontearen noranzko aldaketak modu kontrolatuan egin zitezkeela. Sisteman behatzaile bat sartzeak oztopo egiten duela da gakoa, ura daraman hoditeria batean erretena ixtea bezala. Ikuspuntu teorikoan oinarrituta egin dute ikerketa hau. Prozesua esperimentalki egitea, ordea, beste kontua da. Adibidez, behatzaileak diseinatzeko mugak daude.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #174 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #188
Portaeran oinarritutako teoria ekonomiko guztien oinarrian erantzun kontzeptua dago. Erantzun hau zelakoa den araberako errepasoa egin du José Luis Ferreirak Towards a theory of behavioral economics artikuluan.
Albo-ondorio ezesgarri asko dituzte anestesikoek. Justu behar den tokian eragina duen minaren kontrako lasaigarria litzateke ideala. Sergio Laínez Novel strategies to selectively reduce pain artikuluan.
Noizbait espintronika dispositibo komertzial batean gauzatzen bada, nahitaezko ezaugarria izango da isolatzaile topologikodun interfazearen parte izatea orden magnetikoa duen materiala. Honek ez du nahitaez egoera topologikoaren galera eragin behar DIPCko ikertzaileek jakin dutenez. Eta orden kontua da. Modified adsorption geometry preserves the topological surface state
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #188 appeared first on Zientzia Kaiera.
Amaia Munarriz: “Hizkuntzaren erabilera da afasiaren tratamenduan aldagairik garrantzitsuena” #Zientzialari (81)
Burmuinean gertatutako lesio baten ondorioz mintzaira gabeziak agertzeari afasia deritzogu. Buruan jasotako kolpeak eta iktusak izaten dira gaitz honen kausa nagusiak eta hizkuntzaren ahozko zein idatzizko ekoizpen eta ulermenari eragin diezaieke. Afasia ez da modu berean agertzen heri guztietan, izan ere, lesioaren larritasuna, kokagunea edota pazientearen adina bezalako faktoreei lotuta egoten da. Zer gertatzen da ordea, pertsona elebidunen kasuan? Berdin eragiten al du afasiak hizkuntza bietan? Nola gertatzen da berreskurapena kasu hauetan?
Afasiari buruz gehiago jakiteko, Amaia Munarriz UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslearekin izan gara. Bere ustez, hizkuntza bat entrenatu egin daiteke eta, horregatik, erabilera bera da berreskurapenean eragiten duen aldagai nagusienetako bat.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Amaia Munarriz: “Hizkuntzaren erabilera da afasiaren tratamenduan aldagairik garrantzitsuena” #Zientzialari (81) appeared first on Zientzia Kaiera.
Ur sakonetako gepardoa

———————————————————————————————————–
Behin baino gehiagotan aritu izan gara hemen ugaztun urpekariez. Ugaztunak izanik, egurats-oxigenoa arnastu behar dute eta, beraz, itsas azalera igo behar dute arnasa hartzeko. Baina horietako zenbait ur sakonetan elikatzen dira: zeroiek, esaterako, 1.000 metrotik beherako uretaraino jaitsi behar izaten dute harrapakin bila. Antzekoa da pilotu-izurde hegalaburraren jokabidea, horren sakon urperatzen ez den arren.
1. irudia: 6 metroko luzera eta 4.000 kg-ko masa edukitzera irits daiteke Globicephala macrorhynchus (Cayamberen irudia).
Globicephala macrorhynchus izen zientifikoa duen pilotu-izurde hegalaburra Delphinidae familiako kidea da. Izurde mota bat da, beraz, baina nahikoa handia: 6 metroko luzera eta 4.000 kg-ko masa edukitzera irits daiteke. Duela gutxi izurde horiei buruzko ikerketa bat egin du nazioarteko talde batek Tenerifeko uretan; 23 izurderen mugimenduak eta egindako “klaskak” erregistratu zituzten pilotu-izurdeei erantsi zizkieten DTAG izeneko marka digitalen bitartez.
Jasotako erregistroen arabera, pilotu-izurde hegalaburrak 500-1.000 metroraino urperatzen dira ehizan ari direnean, eta urperatze-denbora 20 minutu ingurukoa da. Ur sakonetarantz zuzentzen diren artean, (balizko harrapakinen) ekolokalizaziorako klaska-segida luzeak sortzen dituzte, eta, noizean behin, klaska-segiden artean, burrunbak ere egiten dituzte. Burrunbak, dirudienez, harrapakinak ehizatzeko saioekin loturik daude.
Urperatze sakonak egiten dituztenean, esprint azkar batean heltzen dira tokirik sakoneneraino eta une horretantxe egiten dute burrunba bat. Horixe da pilotu-izurde hegalaburren ehizatzeko modua. Urperatzen hasten direnean, ez dira oso laster mugitzen, baina esprintatzen dutenean, 9 m s−1-ko lastertasunez egiten dute; izugarria da abiadura hori uretan mugitzen den ugaztun batentzat. 20-80 segundoko iraupena dute esprint horiek, eta oso garesti ateratzen zaie pilotu-izurdeei. Esprinterako behar duten energiaz ari gara, noski. Ehizarako urperatze sakon hauen lokomozio-kostu osoaren % 10-36 dagokio esprintari, nahiz denboraren % 2-8 baino ez eman esprintean.
Arrisku handiko jokabidea da. Izan ere, egiten dituzten saioen erdia bakarrik da arrakastatsua; beste erdian ez dute asmatzen. Kontuan hartzen badugu ehizaren kostua oso altua dela, bistan da handiak izan behar dutela harrapakinek ere; bestela jokabide hori ez litzateke emankorra izango, eta ez lukete erabiliko. Orain arte ezezaguna zen «arrisku handiko/etekin handiko» taktika hori zetazeoen artean. Lehorrean horrela jokatzen dutenak badira: lehorreko ugaztunen artean gepardoa da taktika horren adibiderik argiena.
Lehen esan dugunez, zetazeoen artean ezezaguna zen pilotu-izurde hegalaburrek erakusten duten ehiza-portaera. Hortaz, ikerketa talde berak beste zetazeo batzuen (esaterako, zifioen)[1] jokabidea aztertu du El Hierro uharteko uretan, eta, dirudienez, oso bestelako jokabidea dute. Zifioen urperatzeak luzeagoak dira, ordu eta erdi iraun baitezakete. Jakina, urperatzeak luzeak badira, nekez gorde dezakete esprintatzeko oxigeno nahikorik. Baina zifioen elikatze-portaera ez da “arrisku handiko/etekin handikoa”, askoz era kontserbadoreagoan jokatzen dute. Urperatze bakoitzeko 30 bat harrapakin lortzen dituzte; hori bai, txikiak, mugitzeko ahalmen urrikoak eta energia-eduki apaleko harrapakinak dira zifioenak. Hala ere, lokomozio-kostuak apalak direnez, denbora luze egon daitezke urpean, harrapakinen bila.
Ezberdinak dira pilotu-izurde hegalaburren eta zifioen taktikak, baina biak emankorrak.
[1] Ziphiidae familiako zetazeoak dira zifioak. Mutur luzea eta mehea da haien ezaugarri berezkoena. Izurdeen antza dute.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Ur sakonetako gepardoa appeared first on Zientzia Kaiera.