Geneen sekretua argitzeko, 42 geruzatako mapa
Ezagutzaren zuhaitzera hurbiltzeagatik Jainkoak gizateria paradisutik bota zuenetik, gizakiak ikasi du bere gorputzaren barrenean daudela argitu beharreko sekretuak. Horretan ari dira genetistak, zeluletan ezkutatuta dauden kodeak deszifratu nahian, batez ere gaixotasunei hobeto aurre egin ahal izateko.
Berriki, norabide horretan beste aurrerapauso garrantzitsua izan da. Nazioarteko ikerketa talde batek giza gorputzeko geneen erregulazioa azaltzen duen atlasa sortu du; orain arte argitaratu den katalogorik osatuena da. Datuen katalogoa Interneten argitaratu dute, nahi duen orok kontsultatzeko moduan. Era horretan, mundu osoko ikertzaileek tresna hobeagoa eskura izan dezakete, gaitzen atzean egon daitezkeen zio genetikoak hobeto ulertzeko. Datu horietan oinarritzen diren lehen artikulu zientifikoak ere argitaratu ditu Nature aldizkariak.
Funtsean, gorputzeko organoetan gene bakoitzaren jarduera nola arautzen den azaltzen du atlasak. Zelula guztiek komuneko genoma badute ere, ehun bakoitzean gene desberdinak espresatzen dira. Espresio horri esker, hain zuzen, geneek proteinak sortzeko ahalmena dute, eta horietan oinarritzen dira gure biologiaren aldamio guztia.

1. irudia: Geneek proteinak sortzeko ahalmena dute, eta horietan oinarritzen dira gure biologiaren aldamio guztia (Argazkia: James J. Caras/National Science Foundation)
Guztira, 449 emaileren 7.000 laginak hartu dituzte zientzialariek, gorputzeko 42 ehunetan sailkatuta; lagin horietan gene bakoitzak sortzen duen RNA kopurua neurtu dute. Horrela, gene bakoitzak proteinak sortzeko duen gaitasuna jakiteko modua izan dute ikertzaileek. Izan ere, RNAk mezulari edo bitartekari lanak egiten ditu: horri esker, geneetan dagoen informazioa proteinak sortzeko erabil daiteke.
GTEx izeneko partzuergoaren bitartez ehunetako gene guztien jarduera normalaren argazki erraldoi hau lortu da. “Normaltasuna” zein den jakinda, egoera horretatik aldentzen diren egoera guztiak errazago atzemango dira hemendik aurrera. 201oean hasi zen GTEx proiektua. NHI Osasunerako Institutu Nazionalen eta 11 herrialdetako beste hainbat erakunderen elkarlanean abiatuta.
Aldaera arraroakNaturen argitaratutako lehen ikerketa artikuluan, zientzialariek datu-base hori erabili dute bertatik ondorio garrantzitsua erauzteko. Aldaera genetikoak ia gene guztien espresioan eragiten duela argitu dute. Gainera, aldaera horiek kilobase jakin batzuetan kokatuta daudela ikusi dute.
Beste artikulu batean egileak saiatu dira oso ohikoak ez diren aldaeren eta gene espresioaren arteko lotura argitzen. Gaixotasunak aztertzean normalean kontuan hartzen ez diren gene aldaerak dira horiek, baina egileek uste dute horiek ezagutzea garrantzitsua izan daitekeela medikuntzan. Hori landu ahal izateko tresna estatistikoa aurkeztu dute.
Azkenik, beste bi artikulutan, datu horiek guztiek RNA editatzeko prozesuan eta X kromosomaren desaktibazioan izan dezaketen rola aztertu dute. Azken fenomeno honi esker, emeek bikoiztuta duten X kromosometako bat “bertan-behera” gelditzen dute, bakarrarekin aski dutelako.
RNA editatzeko prozesuari buruz kaleratu diren datu horiek, gainera, garrantzi berezia izan dezakete, zientzialariek CRISPR teknikaren bitartez RNA manipulatzeko bidea aurkitu dutelako.
Egileek diotenez, proteinak kodetzen dituzten geneetan ez ezik, proteinak kodetzen ez diren genomaren eremuetan ere gizabanakoen arteko aldeak zehazteko ahalmena duten geneak daude. Eremu horietan geneak nola eta noiz espresatu behar duten erabakitzen da.

2. irudia: Gorputzeko 42 ehunetan geneak nola espresatzen diren argitu dute zientzialariek (Irudia: Nature)
Emaitzak aurkezteko ikerketa horiekin batera argitaratutako iruzkin batean, Michelle C. Ward eta Yoav Gilad ikertzaileek nabarmendu dute azken bi hamarkadetan aurrerapauso handiak egin direla. “Gizabanakoen artean dauden alde genetikoek bereizgarri zehatzetan eragiten dute, besteak beste, gaixotasunak garatzeko joeretan. Horiek ulertu eta aurreikustea erronka nabarmena da”.
Mundu osoko ikertzaileek tresna hobeagoa izango dute eskura hemendik aurrera. Biodonostia Institutuko Koldo Garcia ikertzaileak azaldu duenez, orain atera dutena aurreko lan baten eguneraketa handi bat izan da. 2015ean lehen datuak argitaratu bazituzten ere, orain askoz ere lagin gehiago aurkeztu dituzte, eta horrek tresna indartsua bilakatu du datu-base hau. Bestetik, aldaera arraroak hobeto ezagutzeko izango duen garrantzia ere azpimarratu du. “Geneen espresioa aztertu ostean, aldaera genetikoekin harremanetan jarri dute. Ez soilik, gainera, lagun gehienek dituzten aldaerekin, lagun gutxi batzuetan agertzen diren aldaerekin ere alderatu dituzte”. Garciaren ustez, hori da ikerketa honek dakarren berrikuntzarik handiena.
Adituak azaldu duenez, tresna honek asko erraztuko die jarduna gaixotasunen inguruko ikerketak egiten ari direnei. “Normalean aldaera genetikoak eta gaixotasun zehatz bat lotzen dugu, baina ez goaz hori baino aurrerago. Baina hemendik aurrera errazago izango dugu aldaera zehatz bat ikusi eta une bakoitzean zein generi eragiten dion ikusteko. Horrek sakontasun handiagoa emango die ikerketei, bai irekita daudenei zein etorkizunean burutuko direnei. Emaitzak hobeto interpretatzeko aukera izango dugu”.
Hau guztiagatik, Garciak “mugarritzat” jo du GTExek kaleratutako tresna. Bere baliagarritasuna irudikatzeko, Google Maps-en adibidea ekarri du gogora. “Demagun mapa digital hori aurrean dugula, bizpahiru geruzez osatuta. Hemendik aurrera, ikerlariok 42 geruza dituen mapa bat izango dugu eskura, geruza bat ehun bakoitzeko, hain zuzen”.
Erreferentzia bibliografikoa:
The GTEx Consortium. Genetic effects on gene expression across human tissues. Nature 550, 204–213 (2017). DOI:10.1038/nature24277
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Geneen sekretua argitzeko, 42 geruzatako mapa appeared first on Zientzia Kaiera.
Superkontinenteen sorrera eta apurketa
Zenbat eta denboran atzerago egin, argi dago zailagoa dela bilakaera geologikoaren aztarna adierazgarriak bilatzea; hala ere, ikertzaileek uste dute Lurraren historian beste bi superkontinente garatu direla gutxienez: Columbia edo Nuna (1.4 Ga inguru) eta Kenorland (2.3 Ga inguru) izenekoak.
Aldiz, zalantza ugari daude 2.5 Ga baino superkontinente zaharragoen agerpenari buruz ez dagoelako argi plaka-tektonikaren eredua orduko baldintzetan balizkoa izango ote zen ere. Bestalde, plaka-tektonikak etorkizunean garatuko duen superkontinenteari buruz zalantza gutxi daude; izan ere, nola sortuko den aurreikusita dago eta izena ere jarri zaio jada, Amasia (Amerika eta Asiaren arteko batura adierazteko) (1. irudia).
Kontinenteen batzea eta aldentzea, “superkontinenteen zikloa” (Condie, 2001) bezala da ezaguna, eta badirudi gertaera honek berebiziko garrantzia izan dezakeela Lurreko bilakaera geologiko, klimatiko eta biogeokimikoan. Aitzitik, zalantza ugari daude superkontinenteen elkarketa-moduari eta apurketen arrazoiei buruz. Superkontinenteen sorrerari dagokionez, Wilsonen (1966) hasierako oinarrizko proposamenean ozeano bakarraren zabaltzea eta ixtea baizik ez zen aipatzen (“Wilsonen zikloa”), baina beranduago baieztatu da eredua nabarmen konplexuagoa dela eta iradoki da harreman zuzena egon daitekeela mantuko konbekzio-ereduaren eta superkontinenteen zikloaren artean. Bestetik, superkontinenteen apurketa eta sakabanaketarako hainbat eredu iradoki izan dira, baina gaur egun nagusiak dira oraindik luma gorakorrak erabiltzen dituzten ereduak.

1. irudia: Yale unibertsitateko ikertzaileek iradokitako etorkizunerako superkontinentearen geometria eta kokapena.
Superkontinenteen sorrera-prozesuaren arabera bi superkontinente mota bereiz daitezke: alde batetik, aurreko superkontinentearen apurketan zehar sortutako “barne-ozeanoen” ixtearen ondorioz garatutako superkontinenteak eta, bestetik, superkontinentea inguratzen duen “kanpo-ozeanoaren” ixtearen ondorioz garatutako superkontinenteak. Lehenengo prozesurako introbertsio terminoa erabiltzen da eta bigarrenerako extrobertsio terminoa (Murphy eta Nance, 2003). Hasiera batean, eredu gehienek extrobertsio bidez sortutako superkontinenteak hobesten zituzten, baina introbertsioz sortua da gehien ezagutzen den Pangea superkontinentea, Iapetus eta Rheic “barne-ozeanoen” ixtearen ondorioa. Azken ikerketek iradokitzen dute superkontinenteen sorrerarako bi ereduak balizkoak izan daitezkeela eta baliteke, bata eta bestea txandakatuak izatea. Jakin badakigu Rodinia extrobertsio bidez sortu zela, eta Pangea introbertsio bidez; eredu hedatuenaren arabera, Amasia extrobertsio bidez sortuko da.
Bi multzotan sailka daitezke superkontinenteen apurketa-prozesua azaltzeko garatu izan diren ereduak: luma gorakorrik erabiltzen ez dutenak (plaken eredua) eta luma gorakorrak erabiltzen dituztenak (lumen eredua).
Lehenengokoek esaten dute superkontinentearen azpiko mantua, subdukzio-eremuetatik urrun dagoenez, termikoki isolatuta gelditzen dela, subdukzio-eremuek eragiten duten hozketatik salbu. Eta baldintza horietan bertan pilatutako elementu erradioaktiboen bero erradiogenikoa nahiko izan litekeela goi-mantuaren fusioa eragiteko eta ondorioz superkontinenteen apurketa abiarazteko (2a irudia).

2. irudia: Superkontinenteen apurketa eragiteko iradoki diren zenbait eredu: a) elementu erradiogenikoen eta superkontinenteak eragindako isolamendu termikoaren ondorioz mantuaren berotzea eta superkontinentearen apurketa gertatzen dira; b) superkontinentearen apurketa nukleo eta mantuaren arteko mugatik abiatutako superluma edo LLSVPren ondorioa da; c) superkontinentearen apurketa eragiten duen luma gorakorra mantuko trantsizio-eremuan garatzen da, subdukzioak bertan sortutako kutsaduraren ondorioz. (Pirajno eta Santosh, 2015)
Azken ikerketei esker, aldiz, baieztatu dute luma gorakorren eta superkontinenteen apurketaren arteko harremana (Ernst, 2014). Nukleo eta manturen arteko mugaraino hondoratutako ozeano-litosferaren ezpalek, superlumen garapena baldintzatuko lukete, eta mantuaren trantsizio-eremura iritsita, bigarren mailako luma gorakorrak gara litezke, superkontinenteen apurketa eragin dezaketenak (2b irudia). Tomografia sismiko eta eredu numerikoei egiaztatu ahal izan da benetakoak direla nukleo eta mantuaren arteko mugan sortutako superluma termokimikoen (edo LLVSP) agerpena eta mantuko trantsizio-eremuan abiatzen diren eskala txikiagoko lumak (ikus nukleo eta mantuaren arteko mugari buruzko lana).
Beste eredu batek iradokitzen du mantuko trantsizio-eremuan sortutako luma gorakorrek eragiten dutela superkontinenteen apurketa, baina luma gorakorrak superlumen ondorio izan beharrean subdukzio-prozesuekin lotzen ditu (Kawai et al., 2013). Horrela, kontinente-lurrazaleko zein ozeano-litosferako konposizio desberdineko materialez kutsatuko lukete inguru osoa subdukzio-eremuetan mantuan barneratu eta trantsizio-eremuan pilatutako litosfera-ezpalek. Konposizio-heterogeneotasuna eta elementu erradiogenikoen pilaketa tenperaturaren gehikuntza, fusio partziala eta luma gorakorren sorrera eragiteko baldintza nahiko izan litezke (2c irudia). Eredua balizkoa litzateke superluma edo LLSVPtik urrun gerta daitezkeen kontinenteen barneko riftak eta eskala txikiko kontinenteen apurketak azaltzeko, gaur egun baieztatuta baitago LLSVPren (superluma termokimikoak) eta luma gorakorren arteko harremana.
Superkontinenteek mantuko konbekzio-ereduan aldaketak eragiteko gaitasuna dute, baina nola gerta daitezke? Superkontinentea sortu ondoren subdukzio-eremu aktibo bakarrak superkontinentearen inguruan baino ezin dira kokatu. Baieztatu den bezala, behe-mantuan konposizio eta dentsitate desberdineko eremuren bat badago (LLSVP), hondoratutako ozeano-ezpalen bultzada eta desplazamendua jasango du, alde batetik, superkontinentearen azpira eta, bestetik, ozeano bakarraren azpira, bi LLSVP berri sortuz (3. irudia). Superkontinentearen zabalera beti ozeano bakarrarena baino mugatuagoa denez, azpitik pilatutako LLSVPa eremu estuagoan garatuko da, eta konbekzio-korronte indartsuagoen eraginpean sortutako luma gorakorrak superkontinentearen apurketa eta bereizketa ahalbidetuko dute. Beraz, Pangea sortu zenean superkontinentearen azpian garatutako LLSVPa gaur egun Afrikaren azpian dagoena litzateke eta Panthalassaren azpian sortutakoa ozeano Pazifikoaren azpian dagoena litzateke. Pangeatik datozen kontinenteak zabaldu ahala Afrikako LLSVPk gero eta hedapen zabalagoa izango du, eraginkortasuna galduz, eta Ozeano Barean dagoenak, aldiz, gero eta mugatuagoa (3. irudia).
Beraz, superkontinenteen zikloak harreman zuzena du luma gorakorrekin. Superkontinenteak konbekzio korronte beherakorren gainetik pilatzen dira eta nukleo eta mantuaren arteko mugaraino hondoratutako ozeano-litosferaren ezpalek baldintzatu egiten dituzte LLSVPko kokapenak. Superkontinentearen azpian pilatutako LLSVPa mugatuagoa denez, konbekzio-korronte indartsuagoen eraginpean mantuan gorago igotzeko ahalmena izango du, superkontinentearen apurketa abiaraziko duen anomalia termikoa areagotuz. Luma gorakorrak litosferaren azpira heltzen direnean, lurralde igneo erraldoien garapena, kontinente-litosferaren gorakada, rift-sistema erraldoien sorrera eta kontinente-blokeen bereizketa eragiten dute.

3. irudia: Azkeneko 200 ma-etan mantuan gertatutako aldaketen zergatia azaltzen duen eredua.
Era berean, iradoki da jatorri magmatikoko edo hidrotermaleko superkontinenteen zikloak harreman zuzena izan lezakeela sistema-mineralekin. Horrela, luma gorakorren ondorio diren kontinente-rift sistema erraldoiak, ozeano baten sorrera eragin edo ez, hobi-mineralen fabrikatzat jotzen dira; ondorioz, leku aproposenenak dira oraindik ezagutzen ez diren hobi mineralak aurkitzeko. Ikuspegi biogeokimikotik iradoki da ere, Neoproterozoikoaren amaierako Rodinia superkontinentearen apurketan zehar gertatutako kontinente-lurrazalaren gorakadari esker, honek bultzatutako rifting prozesuari eta orduko subdukzio-eremuekin lotutako nutriente-sistemei esker, gure planetako bizitza modernoaren sorrera eragin zezakeen baldintzak lortu zitezkeela (Santosh et al., 2014).
Erreferentzia bibliografikoak:
- Condie, K.C. (2011): Mantle plumes and their record in Earth history. Cambridge University Press, 306 or.
- Ernst, R.E. (2014): Large Igneous Provinces. Cambridge University Press, 653 or.
- Kawai, K., Yamamoto, S., Tsuchuya, T. eta Maruyama, S. (2013): The second continent: existence of granitic continental material around the bottom of the mantle transition zone. Geoscience Frontiers, 4: 1-6.
- Murphy, J. B. eta Nance, R.D. (2003): Do supercontinents introvert or extrovert?: Sm-Nd isotopic evidence. Geology, 31, 873-876.
- Santosh, M., Maruyama, S., Sawaki, Y. eta Meert, J.G. (2014): The Cambrian explosion: plume-driven birth of the second ecosystem on Earth. Gondwana Research, 25: 945-965.
- Pirajno, F. eta Santosh, M. (2015): Mantle plumes, supercontinents, intracontinental rifting and mineral systems. Precambrian Research, 259: 243-261.
- Wilson, J.T. (1966): Did the Atlantic close and then reopen? Nature, 211: 676-681.
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Superkontinenteen sorrera eta apurketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Energia «fluxuaren kontra» ibilarazten eskala kuantikoan
Gorputz beroenetik hotzenera joaten da bero-korrontea eta potentzial handienetik txikienera elektrizitatea sistema termodinamiko klasikoetan. Sistema kuantikoetan ere berdin gertatzen da, kasu honetan, baina, egoera aldatu daiteke eta energia eta partikula fluxua alderantzikatu behatzaile kuantiko bat sartuta. Hala frogatu du ikerketak.
Hasiera batean, akats bat zela pentsatu zuten ikertzaileek. Aldaketak aurkitzea espero zuten, baita garraioa eten zitekeela pentsatu, baina ez zuten uste fluxua erabat aldatuko zenik. Korrontearen noranzko aldaketak modu kontrolatuan egin daitezke. Behatzailea sistemaren zein lekutan sartzen den, fluxua aldatzea lortzen da. Gailuaren eremu jakin batzuetan, hala ere, noranzkoa ez da aldatzen behatzailea sartuta ere.
Objektu makroskopikoetan (ur-korrontea, esaterako) korrontea behatzeak ez dio uraren fluxuari inola ere eragiten eta termodinamika klasikoaren legeei jarraiki, alderik garaienetik baxuenera joango da. Gauza bera gertatzen da tenperatura-fluxuekin, gorputz beroenetik hotzenera ibiltzen da. Baita sistema elektrikoetan ere, potentzial handienetik txikienera joango da fluxua. Gailu kuantikoetan, alabaina, behatze-prozesuak, begiratzeak, sistemaren egoera aldatzen du eta korrontea noranzko batean ala bestean mugiarazteko joera handiagoa izan dezan eragin.
Sisteman behatzaile bat sartzeak oztopo egiten duela da gakoa, ura daraman hoditeria batean erretena ixtea bezala. Karga pilatzen hasten da eta, azkenean, beste noranzkoan joango da ura. Behatzaile kuantikoak sistemaren egoera aldatzen du eta, egoeraren arabera, korrontea edo energia kontrako noranzkoetan transmiti ditzake sistemak. Fisikaren funtsezko teoremarik ez da urratzen, beraz, ezta ezerezetik energiarik sortu ere.
Esperimentalki, zailaTermoelektrizitatean, espintronikan, fotonikan eta detekzioan, besteak beste, erabilgarriak izan daitezkeen korronte injekzioaren noranzkoa kontrolatzeko aukera ematen duten garraio gailu kuantikoak diseinatzeko bidea eman dezake beroa eta partikulen korrontea kontrolatu ahal izateak. Urrun ikusten ditu aplikazio horiek Ángel Rubio ikertzaileak.
Ikuspuntu teorikoan oinarrituta egin dute ikerketa hau, non eredu xaloa proposatu eta teoria erraz frogatu daitekeen, energia eta entropia fluxu guztiak kontserbatzen baitira. Prozesua esperimentalki egitea, ordea, beste kontua da. Behatzaileak diseinatzeko mugak daude. Diseinatu beharko litzatekeen gailu mota egon badago eta egingarria litzateke, baina gaur egun ez dago modu kontrolatuan egiterik.
Egoera horretan, antzeko ideiak arakatzen dabiltza ikertzaileak, esperimentalki inplementatzeko aukera errealistak dituen beste mekanismo batzuen bila, behatzaile kuantikoen ordez erabili eta antzeko efektua lortzeko.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Energia «fluxuaren kontra» ibilarazi dute eskala kuantikoan, fisikaren legeekin kontraesanean erori gabe.
Erreferentzia bibliografikoa: R. Biele, C. A. Rodríguez-Rosario, T. Frauenheim, A. Rubio. Controlling heat and particle currents in nanodevices by quantum observation. npj Quantum Materials 2, article number: 38 (2017). doi:10.1038/s41535-017-0043-6
The post Energia «fluxuaren kontra» ibilarazten eskala kuantikoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #173
Neutroi izarren talka batek sortutako grabitazio uhinak eta argia batera neurtu dituzte lehenengoz Ameriketako Estatu Batuetako LIGO eta Italiako Virgo grabitazio uhinen behatokietan. 130 milioi argi urtera dagoen NGC 4993 izeneko galaxian gertatu da. Lehenengo aldia da grabitazio uhinen bidez atzemandako gertaera bat teleskopioaren bitartez berresten dutena. Aurkikuntza honek astrofisika arloa aro berri bat ireki duela diote adituek.
Elhuyarrek ere eman du informazio honen berri. Guztira lau aldiz behatu dituzte eta beti zulo beltzen talken ondorioz sortutakoak izan dira. Oraingo seinalea, ordea, uhin elektromagnetikoekin batera iritsi da, eta, beraz, ezin zen zulo beltzek sortutakoa izan, zulo beltzek ez baitute erradiazio elektromagnetikorik igortzen. Jasotako seinalea aurrekoetatik desberdina zen.
BiologiaAEBtako ekologoek egindako ikerketa batek dio itsasoetako babes guneen kudeaketa egokia eginez gero arrantzaleak ere garaile aterako direla. Ikerketa horren bitartez, ondorioztatu dute babes guneetan arrainak hobeto hazten direla. Horrez gain, arrainak zein planktona babes gune horietatik kanpora ateratzen direla ere, arrantzaleen onurako. Adituen aburuz, gakoa da arreta ekosistemetan jarri behar dela eta ez espezie zehatzetan, egin ohi den bezala.
AnimaliakKomodoko herensugea ez da egiazko herensugea, musker bat baizik. Hiru metroko luzera izan dezake eta 80 kg-ko pisua (zenbait iturriren arabera, 140 kg-tara hel daiteke). Desagertzeko arriskuan omen dago. Harraparia da; kosk egitean zauritu egiten du eta, harrapakinak alde egin arren, denbora laburrera hiltzen da. Orduan, aztarnak jarraituz, ia beti aurkitzen du harrapakinaren gorpua. Horretaz gain, oso hortz zorrotzak ditu baina ez omen du indar askorik egiten masailezurrekin. Odola ez gatzatzeko entzimak eta bakterio toxikoen multzo bat txertatzen dizkio harrapakinari kosk egiterakoan. Bakterioen eragina bat-batekoa ez denez, denbora igaro behar da infekzioa hedatu eta, ondorioz, heriotza gertatu arte.
Legenda eta zientzia uztartu ditu autoreak testu honetan. Diomedes heroi greziarra eta albatrostak dira kontakizun honen protagonistak. Hegaztien Diomedeidae familian, albatrosak daude. Albatros izen arrunta portugesezko alcatraz izenetik dator. Diomedes izan zen Ulisesekin batera Aquilesen bila joan eta bueltan ekarri zutena. Ulises eta Diomedes bihotzezko harremana izango zuten eta elkarri emango zioten laguntza gertaera guztietan. Sinbiosia zuten, albatrostek beste animaliekin duten antzera. Beste datu bitxi bat: albatrosak monogamoak dira bizitza osoan. Bietako bat hiltzen bada, bestea urteak luza daiteke beste bikote bat osatu eta ugaltzeko.
Emakumeak zientzianNobel Sariekin bueltaka, Argia aldizkariak kalkulu azkar bat egin du: 1901ean banatzen hasi zirenetik, ia 50 emakumek jaso dute Nobel saria. Guztira 900 saritu inguru izan dira eta horrek esan nahi du emakumeen portzentajea %6 ingurukoa dela. Marie Curie izan zen lehena eta bi aldiz lortu zuen gainera. Horren ondotik, sari gehienak literaturan, bakean eta medikuntzan jaso dituzte emakumeek, eta 2009a izan zen haientzat urterik “onena”: lehenengoz emakumezkoa izan zen ekonomian saritua, Elinor Ostrom, eta guztira bost emakume –eta zortzi gizon– zeuden sarituen zerrendan. Azken bi urteetan, ordea, ez da emakumerik ageri palmaresean.
Jennifer Doudna eta Emmanuel Charpentier izan ditugu aste honetako protagonistak. Ez dute Nobel Saririk lortu baina garatutako erramintak merezi zuen dudarik gabe. Zertaz ari garen? CRISPR/Cas9 teknikaz, hain zuzen. Modu eraginkor eta azkar batean genoma editatzeko aukera eskaintzen du aurkikuntza horrek, “bisturi molekular” bat bailitzan. 2015ean Zientzia eta Teknologiako Asturiasko Printzesa Saria lortu zuten bi zientzialariek teknika berritzaile hori garatzeagatik. Edizio genomiko honek aplikazio ugari ekarri ditu gainera. Zeluletan dauden geneen funtzioa ezagutzeko balio du, adibidez. Horretaz gain, geneen sekuentzia berrantolatzeko, gaixotasun larriek eragindako mutazio genetikoak zuzentzeko edota farmakologia alorrean aplikatzeko balio du.
GenetikaGiza geneen erregulazioaren atlasa sortu dute. Ehunez ehun, gene bakoitzaren espresio-maila aztertu dute (20.000 gene ingururena). Ehunetik ehunera dauden desberdintasunez gain, pertsonatik pertsonara daudenak ere aztertu dituzte. Gainera, geneen espresioan eragina duten DNA-zatiak ere identifikatu eta jaso dituzte atlasean. Geneen espresio-ereduak ehunez ehun ezagutzeak patologiak identifikatzeko balioko duela aurreikusi dute ikertzaileek.
IngurumenaBero uhartearen fenomenoari aurre egiteko neurriak hartzen ari dira zenbait hiri: material islatzaileak erabiltzea, zuhaitzak landatzea, garraioari lotutako moldaketak… Euskal Herrian halako efekturik ez dagoen arren, adituek ezinbestekotzat dute estrategiak globalki lantzea. Los Angelesen (AEB), adibidez, hainbat kaletako zoru beltzak zuri-grisaxkaz margotzen ari dira. Teknika berriarekin, hogei urtean batez besteko tenperatura bi gradu gutxitu nahi du bertako alkateak. Bero uhartearen fenomenoa ez da berria, baina, neurririk hartu ezean, 2100. urtean hirietako tenperaturak 7-8 gradu beroagoak izan daitezke.
Medikuntza eta osasunaAzti ikerketa zentroak egin duen ikerketa baten arabera, kimioterapia jaso duten 151 lagunetatik %76k gustuan nahasmenduren bat jasan du, %63k aho lehortasuna du, %40k metal zaporea hartzen dio janariari, eta %35ek hotzarekiko sentiberatasun berezia du. Eta horrek guztiak eragin zuzena du apetituan, alegia, apetitu faltan. Gauzak horrela, egitasmo bat abiatu dute pazienteen “zentzumen nahasmendu” horiek antzemateko. Hortaz, minbizia dutenen “nutrizio desfasea” zehaztuko dute eta, ze motatako elikagaiak garatzea komeni den landu ere.
Mahatsetan eta ahabietan aurki daitezkeen konposatu fenolikoak dira resveratrola eta pterostilbenoa eta gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete. Ana Gracia Jadraqueren tesi ikerketa honek aztertu du de novo lipogenesian (dietarekin hartzen diren karbohidratoak gantz-azido bihurtzeko bide metabolikoa) esku hartzen duten entzimetako batean metilazio-mailan aldaketak eragiten ditu pterostilbenoak. Resveratrolak ez du de novo lipogenesiaren asaldura hori sortzen, baina gantz ehun zurian hainbat mikroRNAen erregulazioan aldaketak eragiten ditu.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #173 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #187
Zelai lursaguek orain arte gizakiek bakarrik zituztela uste zen zenbait jarrera sozial dituzte. Liluragarria izateaz gain, guri buruz gehiago ikasteko eredu bihurtzen ditu honek. Isabel Pérez Castro Voles and the chemistry of love artikuluan.
Influentzia genetikoaren adibiderik harrigarrienak erakusten dute Nancy Segalek biki berdinekin egindako ikerketek. Ignacio Amigok elkarrizketatzen du Between science and fascination: An interview with Dr. Nancy Segal artikuluan.
Fotoi bakar batek molekula andanaren erreakzioa eragin dezan modua bada. Bai, Stark-Einsteinen legearen aurka doa, baina halakoa da DIPCko jendea. Polaritonic chemistry: One photon to rule them all.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #187 appeared first on Zientzia Kaiera.
Jennifer Doudna eta Emmanuel Charpentier: DNA editatzeko guraizeen sortzaileak

Irudia: Emmanuelle Charpentier eta Jennifer Doudna ikertzaileak. (Aragazkia: ©FPA)
Bada, nondik datorkio izena sistema horri? Bi zientzialariak mikroorganismo jakin batzuk (zenbait bakteriok adibidez) agente genetiko arrotzen erasoei aurre egiteko erabiltzen dituzten mekanismoak ezagutzeko lanean ari ziren. Hori dela eta, bakterioen erresistentzia sistemaren mekanismo molekularrak izan zituzten aztergai. Ikusi zuten mikroorganismo jakin batzuek (arkeobakterioak eta bakterio batzuk) bakteriofagoengandik (bakterioak infektatzen dituzten birusak dira; bakterioen zelula egituran sartu eta erreplikatzeko erabiltzen dute) babesteko sistema bat erabiltzen zutela. Prozesu horretan, birusaren DNA zati bat txertatzen da bakterioan eta hori horrela, sortzen zen hurrengo bakterio belaunaldia gai da birus horri aurre egiteko. Hau da, sistema horrek nolabaiteko erresistentzia moduko bat ematen ziola bakterioari. Hala, bakterio horien jokabidea aztertzean, ikertzaileak ohartu ziren horrek erabilera anitzak ekar zitzakeela ingeniaritza molekularrean aplikatuz gero.
Horrela jaio zen erreminta hori, CRISPR (Clustered Regularlly Interspaced Short Palindormic Repeats-Errepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak)/Cas9 teknika gisa izendatutakoa. Bi biokimikariak, elkarlanean, ohartu ziren Cas izeneko proteinak gai zirela DNAren zati txiki bat hartzeko, eraldatzeko eta CRISPR sekuentzian txertatzeko. Hau da, Cas hori gai da mozketak egiteko genoma baten edozein sekuentzian. Garatutako metodoan, “patroi” moduko bat erabiltzen dute; aldaketa ez delako ausazkoa. Horretarako, RNA gidariak daude. Esan moduan, Cas proteina batek DNAren zati bat moztu eta aldatzen duenean, “patroiari” egingo dio so, proteinaren ondoan bidaiatzen duen RNA gidariari (sortzen erraza dena), hain zuzen. Moztu, aldatu eta itsasi.
Mundu berri batEdizio genomiko honek aplikazio ugari ekarri ditu. Doudnak eta Charpentierrek elkarrizketa batean azaldu zuten moduan, zeluletan dauden geneen funtzioa ezagutzeko balio du, adibidez. Horretaz gain, geneen sekuentzia berrantolatzeko, gaixotasun larriek eragindako mutazio genetikoak zuzentzeko edota farmakologia alorrean aplikatzeko balio du. Teknologia berri honek dakarren oztopoei dagokienez, Charpentierrek zioen erremintaren zehaztasunean dagoela gakoa. Ikerketa honekin hasi zirenean, kontatzen du, adibidez, aldatu beharreko DNAren zatiaz gain, genomaren DNA aldatzen zuela teknika horrek. Halere, horren harira, azaldu zuen sistema jakin horrek moldaketa batzuk jasan dituela ikertzen hasi zenetik eta doitasun hori hobetuz joan dela.
Etika da teknika horrek dakarren beste oztopoetako bat. Izan ere, jakin badakigu herentziazko gaixotasunak neutralizatu daitezkeela edizio genomiko hori erabiliz eta mutazio horiek zuzenduz. Baina, modu berean, posiblea da teknika hori erabiltzea gizakien genoma aldatzeko, ezaugarri jakin batzuk garatze aldera. Arrisku horren aurrean argi mintzatu zen Charpentier. Garatutako erremintak baditu helburu jakin batzuk: ebakuntza prebentiboak edo terapeutikoak biomedikuntza alorrean garatzea eta, horretaz gain, pazienteak tratatu eta estrategia berriak topatu medikamentu berriak sortzeko. “Teknika hori ez da beste gauza baterako”, gehitu zuen ikertzaileak.
LaburreanJennifer Doudna (Washington DC, 1964) aitzindaria da zientzia alorrean. Harvard Medical Schoolen egin zuen doktoretza, Jack Szostak irakaslearen –Medikuntzako Nobela lortu zuen 2009an– zuzendaritzapean. Tesian, erribozimen ikasketan murgildu zen. Azken hauek erreakzio biokimiko batzuk azeleratzeko gai diren molekulak dira. Gau gaurkoz, Californiako Unibertsitatean dabil ikerlari gisa. Beste aldetik, Emmanuel Charpentier (Juvisy-sur-Orge, Frantzia; 1968) dugu, Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean (UPMC) ikasi zituen biokimika, mikrobiologia eta genetika. 1995ean doktoretza egin zuen Pasteur Institutuan. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen horren ondotik. Bertan, unibertsitate eta ospitale anitzetan lan egin zuen. Bost urte han igarota, Europara itzuli zen, Vienara, lehendabizi, eta ondoren Suediara, non ikerketa-zuzendariaren kargua lortu zuen Molecular Infection Medicine Sweden-en (MIMS). 2015ean, Berlinen dagoen Infekzioaren Biologia Max Planck Institutua zuzentzeko eskaintza onartu zuen.
Sariei dagokienez, Jennifer Doudnarekin batera jaso dituenak anitzak dira, hala nola Ikerketa Biomedikoko Dr. Paul Janssen Saria (2014), Genetikako Gruber Saria (2015), Teknologia Transgenikoen Nazioarteko Elkarteko Saria (2015), eta duela gutxi jaso zuen Ezagutzaren Mugak BBVA Fundazioa Saria, biomedikuntza kategorian, Doudna eta Francisco M. Mojicarekin batera (2016). Horiek dira, beste askoren artean, aipagarrienak.
Informazio gehiago:
- Jennifer Doudna y Emmanuelle Charpentier, premiadas por el “bisturí molecular”.
- Ignacio López-Goñi: Bakterioen defentsa-sistema da genoma-editore onena.
- Zientzialari (47) – Koldo Garcia: “Lehen genoma irakurtzeko gai ginen, baina orain eraldatu dezakegu”.
- “Ningún premio podrá sustituir las sensaciones vividas con mi equipo al desarrollar CRISPR Cas9”.
- Entrevista a Jennifer Doudna, Premio Princesa de Asturias 2015.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Jennifer Doudna eta Emmanuel Charpentier: DNA editatzeko guraizeen sortzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.
Komodoko herensugearen ehizatzeko modua

———————————————————————————————————–
Animalia mitikoa da Komodoko herensugea (Varanus komodoensis). Ez da egiazko herensugea, Varanidae familiako muskerra baino, den muskerrik handiena. Hiru metroko luzera izan dezake eta 80 kg-ko pisua (zenbait iturriren arabera, 140 kg-tara hel daiteke). Desagertzeko arriskuan omen dago eta Indonesiako lau uharte hauetan bizi da: Komodo, Rinca, Gili Motang eta Flores[1].
Irudia: Komodoko herensugeak (Varanus komodoensis) 3 metroko luzera izan dezake eta 80 kg-ko pisua (140 kg-tara hel daiteke).
Animalia sarraskijalea da, baina harraparia ere izan daiteke. Hala ere, Komodoko herensugeak ez du ohiko harrapariek bezala egiten; beste era batera jokatzen du. Izan ere, «eseri-eta-itxaron» harraparien jokabidea du, eta horrela jokatzean, ez du harrapakina kosk egitean hiltzen. Kosk egitean zauritu egiten du eta, harrapakinak alde egin arren, denbora laburrera hiltzen da. Orduan Komodoko herensugeak harrapakinaren aztarnari jarraitu behar dio, eta ia beti aurkitzen du harrapakinaren gorpua.
Naturari buruzko dokumentaletan askotan ateratzen dute Komodoko herensugea, eta hau da hari buruz ematen duten azalpena: Varanus komodoensisek hortz zorrotzak ditu, oso zorrotzak, baina ez du indar handiegirik egiten masailezurrekin. Horregatik alde egiten dute harrapakinek hasieran, herensugearen indarra ez omen baita harrapakina geldiarazteko nahikoa. Dokumental horien arabera, odola ez gatzatzeko entzimak eta bakterio toxikoen multzo bat txertatzen dizkio harrapakinari kosk egiterakoan. Bakterioen eragina bat-batekoa ez denez, denbora igaro behar da infekzioa hedatu eta, ondorioz, heriotza gertatu arte. Horrelaxe aurkezten dute dokumentalek Komodoko herensugearen elikatze-jokabidea, eta ezaugarri horiei egotzi diete haren ehizatze-estrategiaren arrakasta.
Gauzak, baina, ez omen dira horrela gertatzen. 2009ko maiatzean jakitera eman den ikerketa baten arabera, arruntagoak dira; izan ere, pozoia da, eta ez bakterio toxikoen multzoa, harrapakina hiltzen duena.
Lana egin duten ikertzaileek hildako banako baten burezurraren anatomia aztertu zuten, eta orduan ikusi pozoi-guruinak zituela. Gero, gainera, pozoi-guruinak kendu zizkioten hiltzear zegoen beste banako bati, eta horrela pozoiaren ezaugarriak aztertu ahal izan zituzten. Beraz, Komodoko herensugea animalia mitikoa da, bai, baina ez da uste zen bezain misteriotsua, ehizatzeko moduari dagokionez behintzat narrasti arrunta baita.
Oharra:
[1] Flores-eko gizakiaren uharte bera.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Komodoko herensugearen ehizatzeko modua appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasoetako babes guneak arrantza ziurtatzeko gakoak
Ameriketako Estatu Batuen presidentetza uzteko hilabete batzuk baino falta ez zirenean, bat-batean, Barack Obama presidente zenak ezusteko mugimendua egin zuen. 2016ko abuztuan, Hawaiiko Papahanaumokuakea Monumentu Nazionala izeneko itsas babes gunearen zabalera nabarmenki handitu zuen: eremua 360.000 km karratu izatetik 1.510.000 km karratu izatera igaro zen; munduko handienetakoa, hain zuzen, Antartikan dagoen Ross itsasoarekin batera.
Halako erabakiak, ordea, ez dira beti ongi etorriak sektore guztietan. Kasu horretan, Hawaiiko arrantzaleak kexu azaldu ziren, erabakiak haien interesen kontra jotzen zuelakoan. Aspalditik errepikatzen den prozesua da, kontserbazioaren eta ustiapen ekonomikoaren arteko oreka mantentzea inoiz ez baita erraza.
Ekologo talde batek egindako eredu teoriko baten arabera, ordea, babes gune hauen kudeaketa egokia eginez gero, arrantzaleek ere onura gehiago eskuratuko lituzkete. Ekologian erabiltzen diren eredu matematikoak baliatu dituzte arrainen kopurua, mugimenduak, jaiotze-tasak eta bestelako adierazleak kalkulatzeko. Besteak beste, ondorioztatu dute babes guneetan arrainak hobeto hazten direla. Horrez gain, arrainak zein planktona babes gune horietatik kanpora ateratzen direla ere, arrantzaleen onurako. Arazoari ekiteko eredu hau, arrantzaren kudeaketan erabiltzen diren beste ereduak baino egokiagoak omen dira. Abuztuan argitaratu dute ikerketa, PNAS aldizkarian.

1. irudia: Ekologoek diote babes eremuak eraginkorrak direla onura ekonomikoak eta ekologikoak aldi berean eskuratzeko. (Argazkia: Matt Alaniz/Unsplash)
Artikuluan zehaztu dutenez, orain arte arrantzaren kudeaketan “lorpenak eta akatsak” tartekatu dira. Akatsei dagokienean, “zientziaren, politikaren eta kudeaketaren mugak” agerian gelditu direla diote. Adituen aburuz, arreta gehiegi jarri ohi da espezie zehatzetan, ekosistemetan jarri beharrean. Ekologoek arreta berezia jarri dute arrain bazterkinen arazoan, “arrantzaren kudeaketak aurrean duen erronkarik handienetakoa”, zehaztu dutenez.
Arrantzaleek eskuratzen dituzten arrain guztiak ez dira portuetara heltzen, sareetan harrapatutakoaren zati bat ez delako kontsumorako egokia. Fenomeno horri arrain bazterkina deitzen zaio. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen estimazioen arabera, arrantzan harrapatutako biomasaren %8 betiko galtzen da.
Hamarretik bat, alferrikBatez bestean, FAOk kalkulatu du 7,3 milioi tona galtzen direla urtero. Beste balioespen batzuek zifra handiagoak kalkulatzen dituzte, eta baztertutako biomasa ia 10 milioi tona direla diote. Kopuru handia izanda ere, duela hainbat hamarkada askoz handiagoa zen. 1989an puntu gorenera heldu zen. Urte horretan, arrantzaleek 18,8 milioi tona arrain kareletik behera bota zituzten.
Bazterkinen erdia inguru izkiren eta, oro har, itsas ondoan bizi diren arrainen arrantzan gertatzen da. Kasu hauetan, orokortuta dago arraste arrantza. Ekologistek askotan kritikatu dute arrantza mota hau, itsas hondoan dagoen guztia akabatzen duela argudiatuz.

2. irudia: Gobernuek kuotak erabili ohi dituzte arrantza arautzeko eta espezieak babesteko. (CC BY-3.0-ES 2012 / EJ-GV / Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola)
Arazo honi aurre egiteko, gobernuek kupoen politika martxan jarri ohi dute. Horren bitartez, orotara arrantzaleek eskuratu ahal dituzten arrainen kopurua gutxitu egiten da, egoera onean zein egoera kaxkarrean dauden espezieak bereizi gabe. Ondorioz, egoera onean dauden espezieen harrapaketak ere gutxitzen dira, eta horrek arrantzaleei kalte ekonomikoa eragiten die.
Ekologoek 2000ko hamarkadaren hasieran AEBtako mendebaldeko kostan gertatutakoa ekarri dute gogora. Orduan, itsas hondoko arrantza ahitu zen, eta arrantzaleek beren harrapaketak asko gutxitu behar izan zituzten, gehiegi ustiatutako espezieek berreskuratzeko aukera izan zezaten.
Ondo diseinatutako babesguneak, espezie ahulen aterpeaEgoera honen aurrean aterabide bat proposatu dute: itsas eremuak erabiltzea espezierik ahulenak babesteko. “Eredu honen arabera, denak garaile ateratzen dira”, laburbildu du Alan Hastings ekologoak, artikuluaren egile nagusia. UC Davis Unibertsitateko (AEB) aditu honen esanetan, era honetan aukera egongo litzateke arrantzaleek eskuratu nahi dituzten espezieak jasotzeko eta, aldi berean “populazio ahulenak babesteko”.
Arrantza tasa altuegiak nozitu behar dituzten espezie asko bizi iraupen luzea dute, eta ugaltzeko denbora dezente behar dute. Hau, batez ere, garrantzitsua da itsas hondoan bizi diren espezieen kasuan. Egileek ondorioztatu dute itsas eremu babestuetan espezie guztiak, bai ahulak zein indartsuak, askoz hobeto hazten direla, eta, ondorioz, biomasa gehiago sortzen dela.
Ikerketan hainbat espezie hartu dituzte eredutzat. Batetik, arrantzaleek kopuru handitan ustiatzen duten mihi-arraina (Microstomus pacificus), egoera onean dagoen espezie gisa. Bestetik, egoera ez hain onean dauden beste espezieak ikertu dituzte. Hauei gehiegizko arrantzak kalte egin diete: Sebastes alutus, Sebastes crameri, Sebastes paucispinis eta Sebastes ruberrimus espezieak. Guztiak itsas hondoetan bizi diren arrainak dira.
Adituek diote babestutako eremuek laguntzen dutela mihi-arrainaren arrantza mantentzen eta, aldi berean, ahulagoak diren espezien berreskurapena ahalbidetzen. Horrela, babes eremuen kudeaketa egokia eginez, onura ekonomiko eta ekologikoak bateratzeko bidea zabaltzen dela diote: “orokorrean, eta espezie asko tartean dauden inguruetan, ikusi dugu ondo diseinatutako babes eremuen erabilerarekin eta horietatik kanpo arrantzaren kudeaketa arretatsuarekin onura ekologikoak eta ekonomikoak lortzen direla“, laburbildu dute artikuluan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Alan Hastings, Steven D. Gaines, and Christopher Costello. Marine reserves solve an important bycatch problem in fisheries. PNAS 2017 114 (34) 8927-8934; published ahead of print August 9, 2017, DOI:10.1073/pnas.1705169114
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Itsasoetako babes guneak arrantza ziurtatzeko gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Diomedes eta albatrosak

1. irudia: Diomedea epomophora albatrosa. (Argazkia: JJ Harrison)
Gaurkoak, berriz uztartzen ditu biologia eta mitologia, legenda eta zientzia, fabula eta nomenklatura, antzinako greziar itsasgizonak eta egungo hegaztiak. Aurkez ditzagun pertsonaia nagusiak. Kontakizuna ez da luzea izango, baina betiko geldituko da gure buruan, estuki lotuta baitago gure planetan oso ezaguna den hegazti baten izenari.
Diomedes heroi greziarra, Etioliako errege Tideoren semea zen. Zonalde menditsu hori, Korintoko Golkoaren ipar kostaldean zegoen. Diomedesen ama, Deípile zen, Argoseko printzesa. Egungo istorietan lobak eta izebak sexu-harremanak dituztenean, intzestoa gaurko gauza dela pentsatzen dugu baina ez da hala: Diomedes, bere izeba Egialearekin ezkondu zen. Ipuinaren beste bertsio batzuetan Egialea lehengusina zela ikus daiteke. Edonola, heroi honen abenturak ondo bildu zituen Homerok bere Iliadan, eta Ovidio bere “Metamorfosiak” lanean. Denak ziren bidaiak, epika eta gerrak.
Zer dela eta Diomedes hona ekarri? Jo dezagun bizidunen nomenklaturara. Bertan, maiz aurki daitezke jainkoen, munstroen edo heroien izenak, eta Diomedes ere azaltzen da. Hegaztien Diomedeidae familian, albatrosak daude, planetan ditugun hegaztirik miresgarrienetakoak. Familia horren barruan, lau genero daude eta taxonomia-irizpideen arabera, 13-22 espezie ikusten dira bertan.

2. irudia: Diomedea generoko zenbait espezie.
Naturaren Kontserbaziorako Erakundeak 22 espezie onartzen ditu egun. Albatros izen arrunta, portugesezko alcatraz izenetik dator. Izen hau erabiltzen da Morus genero osoa izendatzeko. Bistan da izen bereko espetxeak eta irlak nondik hartu duten izena: dakigun bezala, irlak ere Alcatraz izena dauka, eta izen bera daukate irla batek eta bertan dagoen espetxeak.
Juan Manuel esploratzaileak eman zion izena uharteari 1775ean, bertan zeuden hegaztiengatik, noski. “Alcatraz” bere aldetik, arabierazko al-câdous edo al-gattas direlakoetatik dator. Azken hauek “pelikano” edo “buzeatzaile” izena daukate. Agian ez da jendearentzat oso erraza itsas hegaztiak elkarrengandik zehatz bereiztea, baina edonola, aitzinan Fregata generoko hegazti eder batzuei ematen zitzaien alcatraz izena. Fragata izena ere hartzen zuten hegaztiok, kolore beltza eta paparo gorria zuten. Ziur aski albus sartu zen tartean, alcatraz albatros bihurtzeko. Izan ere, fragatak beltzak dira, eta albatrosak zuriak. Diomedea exulans albatros bidaiaria da lehenengoz deskribatu zena, eta bide batez handiena dena Carl Von Linneok deskribatu zuen 1758.ean.

3. irudia: Fragata hegaztia.
Albatrosak oso hegalariak dira eta hego-luzera handienetako hegaztiak dira gure planetan. Bere garaiera 1.30era iritsi daiteke, eta 2.5 eta 3.5 tarteko hego-luzera. Espeziearen balio ertaina 3.1 da.

4. irudia: 2,8 metroko hego-luzera duen albatrosa. (The Meteor Expedition. Argazkia: F. Spiess)
Hegazti zoragarri hauek ozeano guztietan bizi dira. D. exulans hego hemisferioko ozeanoetan dago. Arraina eta mariskoa jaten du eta beraz, ur handitan ibiltzen da.
Heroiaren izenaDiomedes berriz hizpide hartuta, heroi honek zenbait gerratan hartu zuen parte, Eneo aitonaren ondoan, Calidonen defentsan. Bere aitaren ondoan ere borrokatu zen Tebasen konkistan. Bere ospea ordea, askoz ere gerra ezagunagoan gauzatu zen: Troiako gerra. Diomedes izan zen Ulisesekin batera Aquilesen bila joan eta bueltan ekarri zutena. Itsasontzi asko eskaini zizkion armadari, eta Aquilesekin batera borrokatu zen. Istorio honen protagonistetako bat izan zen, eta milaka konspiraziotan hartu zuen parte, tartean Agamenon, Príamo, Menelao eta Filoctetes zeudelarik. Troiako zaldiaren barruan sartu zen hirira, eta bertako soldadu asko hil zituen.
Homerok Iliadan esaten duenaren arabera, Diomedes borrokalari gogorra zen eta Troiako soldadu onenetako birekin borrakatu zelarik, garaile atera zen. Afrodita jainkosa ere, zauritu egin zuen borroka batean, eta Apolo tartean sartu zelako utzi zituen bizirik jainkosa eta troiatarrak. Borroka hartan, Ares beldurgarriaren aurka ere aritu zen, eta Atenea laguntzaile zuelarik, zauritu egin zuen. Gorputzean egin zion zauria zela eta, jainkoa Olinpora itzuli zen. Ordutik aurrera Zeusek debekatua geratu zen jainko-jainkosek gizakien guduetan parte hartzea. Dantek idatzitako Divina Comedia lanean, Diomedes eta Ulises infernuan kondenatuta daude, besteak beste Troiakoa egiteagatik, eta Aquiles gerrara bultzatzeagatik. Izan ere, Diomedesek eta Ulisesek bazekiten gerra horretan hilko zela Aquiles.
Beti ere Divina Comedia horretan, Diomedes eta Ulises bi bizkari ziren, eta azkenean infernura joan ziren egindako bekatu ugarirengatik.
Ulises eta Diomedes bihotzezko harremana izango zuten, eta elkarri emango zioten laguntza gertaera guztietan. Sinbiosia zuten, biologiako termino bat erabilita. Bitxia bada ere, gure albatrosak sinbiosi-harremanak ditu beste animalia batzuekin, hau da, bientzat onuragarriak diren harremanak. Horrela osatutako “bikoteak” harrigarri samarrak dira batzuetan. Ilargi-arrainak nahiko handiak izan daitezke, baina oso sentikorrak dira parasitoekiko. Lasaynen kusi izan da albatrosak arrain hauen atzetik dabiltzala arrainetan dauden krustazeoak erauzi eta jateko. Horrela, janaria lortzen du Diomedes hegaztiak, eta parasito-garbiketa Ulises arrainak.

5. irudia: Ilargi arraina (Mola mola)
Gure Diomedes hegaztia, hots, Diomedea exulans, bidaiaria eta alderraia da eta lumaje zuria du nagusia denean; luma primario beltzak ditu, ordea. Bere mokoa luzea da eta horixka edo arrosakara, eta bere hankak palmeatuak dira. Emeak txikiagoak dira, eta bere lumetako batzuk kafe kolorekoak dira. Txitek oro har lumaje arreagoa dute. Diomedes heroia ez zaigu zehatz deskribatuta iritsi, baina irudika dezakegu gizon sendo gisa, itxura oneko gizona. Esan ohi da bere babestzaile Atenea ausartzia eta adorea eman zizkiola, eta eragin zuela Diomedesen kasko eta ezkututik sugar etengabe bat ateratzea. Udazkeneko eguzkiaren antzerakoa omen zen sugar hura.
Monogamia bai, baina bereziaBesteak beste, esan beharrekoa da albatrosak monogamoak direla bizitza osoan. Hau ez da hain bitxia hegaztietan, baina hegaztien artean ere bitxia da albatrosaren monogamia. Bietako bat hiltzen bada, bestea urteak luza daiteke beste bikote bat osatu eta ugaltzeko. Bi urtean behin ugaltzen dira, eta 10 bat urte betetzen dituenean heltzen zaie sexu-heldutasuna. Uharteetan egiten dute habia, lumak, goroldioa eta gorotzak erabilita. Habien artean 20 m baino gehiago daude. Emeak arrauza bakarra erruten du, eta bi gurasoek zaintzen dute ardura handiz. Arrautza 80 egun beranduago irekitzen da. Oso ohikoa da geroagoko estaltzea eta errutea habia berberean egitea bizitza osoan zehar.

6. irudia: 80 egunen ostean erruten dira albatrosen arrautzak.
Diomedes ere fidela izan omen zen Egialea bere emaztearekiko, hainbeste bidai egin arren, eta etxetik kanpo hainbeste denbora eman arren. Emaztearekin bi seme izan zituen: Diomedes eta Amphinomus. Ospe txarragoa iritsi zaigu ordea emaztearengandik. Izan ere, ez da ezohikoa testuetan emaztea gaizkiago tratatua izatea, eta gizonen ezbeharren errudun bezala azaltzea. Kasu honetan ere, Diomedes onik atera da testuetan, eta emaztea azaltzen da gaizkile. Esan ohi da Diomedes Libiara iritsi zela, ekaitz batetik ihesi. Bertan kapturatua gertatu zen, eta Aresi sakrifikatua izateko zorian egon zen, beti ere Lycus erregearen esku zegoela. Erregearen alaba Callirhoe, Diomedesekin liluratua zegoen, eta ihes egiten lagundu zion, horrela heroiaren maitasuna lortuko zuelakoan. Diomedesek ordea ez zuen bere emaztea engainatu nahi izan, eta Callirhoe bakarrik utzi, eta alde egin zuen. Neskatoak, erabat etsita, bere buruaz beste egin zuen.
Kontakizun batzuen arabera, Egialearen fideltasuna urratuezinezkoa zen, albatrosen arteko fideltasunaren antzera. Hala ere, Afroditak Diomedesek eragindako zaurien mendeku hartu nahi izan zuen eta Diomedesen emaztea sorginduz, beste gizon batzuenganako pasioa piztu zuen bere bihotzean. Diomedes Troiako guduetan ari zelarik, emazteak azkenenean zenbait gizonekin izan zituen harremanak. Afrodita urrunago joan zen, lortu baitzuen emazteak herri guztia Diomedesen aurka jartzea, eta hala ikusi zuen Diomedesek, Argosera itzuli zenean. Tenplu baten babespera ere jo behar izan zuen eraila ez gertatzeko.
Afrodita tartean egonda ala egon gabe, emaztea da gaizkile istorio honetan, eta Diomedes senar gaixoa omen zen. Itzul gaitezen baina albatrosenera, haien artean fideltasun eza ez baita ezohikoa. Zer dela eta aipatu dugu orduan monogamia? Bikote bakoitzak ardura hartzen du habiako txitak zaintzeko, eta hori bada monogamia tankerako zerbait; hala ere erraz gerta daiteke txita horiek arrarenak ez izatea. Izan ere, ikasketa baten emaitzek aditzera eman dute habiarekin zerikusirik ez duten arrek sortua dela albatros txitoen 10%a. Beste ikerketa baten arabera, eme batzuek 40 arrekin izan zituzten sexu-harremanak zazpi asteko epean. Beti ikerketa horren arabera, arrek ere antzera jokatzen dute.
Ez da inoiz Diomedes eta homosexualitatea uztartu, baina hegaztien artean, eta zehazki albatrosen artean, ohikoa da sexu bereko bikoteak osatzea. Oahu uhartean, ikusi zen eme-eme bikote zela bertan zeuden bikoteen %30a. Ar-ar bikoteak askoz ere gutxiago ziren, baina gogoan izan behar da emeak elkartuta, txitak hobeto zaindu daitezkeela bi nagusi (eme) izanda. Kultur tradizioak beti aurkeztu du Diomedes bikaina, fidela, zintzoa, nahiko azkarra eta zuhurra…bertutez gainezka alegia. Bertute horien artean badaude gudurako gaitasunak, balentria handia, gudu-taktikak, lidergo-ahalmena, umiltasuna eta autokontrola… eta gainera Atenearen babesa eta kontseilua izan zituen.

7. irudia: Oso usaimen ona dute albatrosek, hegaztietan ezohikoa dena (Argazkia: JJ Harrison)
Era berean, mundu errealeko gure albatrosak ere hegazti bikainak dira. Orden bereko beste narrastiek ez bezala, mokoaren ondoan bi narina dituzte eta hori esker, oso usaimen handia dute; hau ez da oso ohikoa hegaztietan. Beste itsas hegazti batzuek bezala, gatza pilatzen zaie gorputzean, ura edaten dutelako jaten ari diren bitarten; jaitsi egin behar dute gatz-kontzentrazio hori eta horretarako, gatz-guruina dute, bere begien gainean. Guruinak sudur-zuloetan isurtzen du bere ekoizkina. Hankak ere beste hegaztienak ez bezalakoak dira, ez baitute atzeko partean atzamar oposatu bat, eta aurreko hiru atzamar elkarrekin guztiz batuta daude atzamarren arteko mintz baten bidez. Mintz honek ahalbidetzen die igeri egitea, lurreratzea edo uretatik aireratzea. Beren hankak oso indartsuak dira, lehorrean ondo ibili ahal izateko. Izan ere, gogoan izan behar da 10 kg-tik gorako pisua dutela.
Gizon-hegaztiBaina zergatik darama taxoi honek mitologiako heroiaren izena? Diomedesen heriotza dela eta, hainbat kontakizun aurki daitezke. Horietako batean, esaten da heroia ez zela inoiz Argosera itzuli, beren laguntzaileak itsasontzian itsas hegazti bihurtu zirelako eta eragotzi egin zietelako itzulera. Afroditak eragin zuen aldaketa hau, sorgin txar bihurtuta eta beti ere pairatutako zaurien mendeku bila. Garbi dago albatros bihurtu zirela gizon horiek: hegazti handiak, Diomedes zigortzeko gizonengandik sortuak.
Politagoa da ordea beste bukaera bat. Tremiti artxipelagoko San Nicola irlan, Diomedesen hilobia izeneko bat dago. Horren harira, esaten da Afrodita azkenean damutu egin zela Diomedesen heriotzagatik beren lagunak negarrez ikusten, eta albatros bihurtu zituela, hilobia zaindu zezaten. Federico Fellinik egindako 8½ filmean, kardinalak istorio hau kontatzen dio Marcelo Mastroianiri. Itsasgizonek pentsatzen dute albatrosek zorte ona iragartzen dutela, eta hegazti horietako bat zauritzeak edo hiltzeak ezbehar handiak ekar ditzakeela, uste baita itsasgizon haien arimak daudela albatrosen barruan.
Bukaera politenean, Diomedesek bizitza luzea izan zuen, heroi modura edo errege modura. Hala ere, ez dakigu zein adinetan hil zen. Albatrosak harrigarriak dira honetan ere, 2013.ean plazaratu baitzen 63 urteko eme batek oraindik arrautzak errun eta txitak hazten zituela. Izan ere, 60-70 urtera iristen direla pentsatzen da.

8. irudia: Bizi itxaropen luzea dute albatrosek, 60-70 urtekoa.
Greziarrez gain, beste kultura batzuek ere gogoan dituzte albatrosak. Maoriek animalion hegoen hezurrak erabiltzen zituzten zeremonietako tatuaiak egiteko eta flautak tailatzeko. Gure gertuko kulturan, albatrosak aipatzen dira Rime of the Ancient Mariner olerkian (Itsasgizon zaharraren baladan). Samuel Taylor Coleridgek egin zuen lan hori. Bestetik, Charles Baudelairek ere Albatrosa izeneko olerki bat egin zuen, baina hala eta guztiz, albatrosak ez dira giza jardueretatik salbu ibili. Polinesiarrek ehizatu egin zituzten, Pascuako Irla bezalako tokietan desagerrarazi arte. Europar itsasgizonek ere jan egiten zituzten albatrosak, oso erakargarri gertatzen baitzitzaizkien batez ere goseteetan. Are txarrago, denbora-pasan edo lumak lortzeko ere ehizatzen zituzten, eta honen guztiaren ondorioz, hiru albatros-espezie desagertzeko zorian daude: Amsterdameko albatrosa (Diomedea amsterdamensis), Tristanen albatrosa (Diomedea dabbeneta) eta Galapagoetako albatrosa (Phoebastria irrorata). Lehenengo biak, idazlan honetan hartu dugun hizpide nagusiari dagokion generokoak dira, baina azkenekoa Phoebastria generokoa da, beti ere mitologiatik gertu.
Phoebastria generoak lau espezie ditu: Galapagoetakoa, buztan laburreko albatrosa (P.albatrus), hanka beltzeko albatrosa (P.nigripes) eta Laysaneko albatrosa (P-immutabilis). Phoebetria generoa ere badago (beti ere Phoebe ederra gogoan), bi espeziez osatua: albatros iluna (P. Fusca) eta albatros tiznatua (P.palpebrata).

9. irudia: Thalassarche chlororhynchos espezieko albatrosa. (Argazkia: Vincent Legendre)
Eta oraindik aipatu gabe dugun azken generoak ere, hau da, Talassarche generoak mitologiatik hartu du izena. Aitzinako itsas jainkosa bat zen Talasa edo Thalasa, Éter eta Hemeraren alaba, eta Mediterraneo itsasoaren pertsonifikazioa. Izan ere, latinezko baliokidea Mare zen. Genero honetan bost espezie daude: albatros klororrinkoa (T. chlorhyncos), buru griseko albatrosa (T. chrysostoma), Bullerren albatrosa (T. bulerri), albatros betazpitsua (T. melanophris), eta bekoki zuriko albatrosa (T. cauta).
Diomedes heroi greziarra oso ospetsua da eta mito eta legendetan agertzen delarik, ohore handia eman zaio animali taxonomian ere. Dena dela, esandako guztia ikusita, gauza asko izan zitekeen Diomedes: heroi greziarra, Argoseko erregea, Troyako Helenaren ezkon-nahia, bere izebaren senarra, edo Phoebe printzesaren senarra, bere lankideen lagun ona, jainkoen etsaia… Diomedes aurretik ere, badago mitologian munstro bat Diomedes izenekoa: Aresen seme izugarria, lau zaldi gizaki-jale zituena; Hérculesek harrapatu zituen azkenean zaldiak. Berdin dio: aitzakia ona hartu dugu mitologian, hegazti hauei buruz hitz egiteko: kaio erraldoiak, beti gure inguruko natura ederraren ikur. Egun, ez dago heroirik baina bai oraingoz hegazti hauek, zeruan zehar zoragarriro hegaz egiten.
Oharra: Rhetenor izan zuen Diomedesek lagun bere bidaietan eta abenturetan, eta izen hori ere armiarma saltiziden genero bat izendatzeko erabili da, baina hori, beste post biomitologiko batean jorratuko dugu.
Egileaz: Carlos Lobato (@BiogeoCarlos), Bigarren Hezkuntzako geologia eta biologiako irakaslea da eta Naukaseko partaidea.
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
The post Diomedes eta albatrosak appeared first on Zientzia Kaiera.
Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz metaketa prebenitzen dute
Mahatsetan eta ahabietan aurki daitezkeen konposatu fenolikoak dira resveratrola eta ptrostilbenoa eta gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete. Gantz metaketan efektua duten DNAren metilazioan (metilo taldea gehitzea) eta mikroRNAetan aldaketak eragiten dituzte molekula hauek.
Bi alor aztertu ditu ikerketak:
- Gantz ehunean triglizeridoen metaketan DNA metilazioan resveratrolak eta pterostilbenoak izan dezaketen eragina.
- Gantz hepatikoaren metaketaren eta gantz ehunaren mikroRNA bidezko erregulazio post-transkripzionalean resveratrolak duen parte-hartzea zehaztea.
De novo lipogenesian (dietarekin hartzen diren karbohidratoak gantz-azido bihurtzeko bide metabolikoa) esku hartzen duten entzimetako batean metilazio-mailan aldaketak eragiten ditu pterostilbenoak. Metilazioa mekanismo epigenetikoa da, hau da, DNA aldatu barik bere aktibitatea aldatzeko mekanismoa da. Pterostilbenoak, beraz, enzimaren metilazioan eragiten du eta enzima horrek gantzen metaketan.
Resveratrolak ez du de novo lipogenesiaren asaldura hori sortzen, baina gantz ehun zurian hainbat mikroRNAen erregulazioan aldaketak eragiten ditu. Aldatutako mikroRNA horietako batzuk lotura dute triglizeridoen metabolismoaren geneekin eta horietako batzuk zeharkako erregulazioa eragiten dute gantz-azidoen sorreran.
Gibelean egindako azterketaren emaitzen arabera, organo honetan nabarmen adierazten diren mikroRNAen adierazpena murrizten du resveratrolak. Horren ondorioz, ikusi ahal izan da gantz-azidoen β-oxidazioan (gantz-azidoak degradatu eta energia sortzen duen ibilbide metabolikoan) esku hartzen duen entzima baten adierazpena eta jarduera areagotzen bada, resveratrolaren bidez mikroRNAren adierazpena modulatzeagatik izan daitekeela.
Aurretik egindako azterlanetan aditzera eman zuten resveratrol eta pterostilbeno bezalako hainbat konposatu fenoliko gantz ase eta azukre sinpleko dieten ondoriozko obesitatea prebenitzeko ahalmena dutela animalietan. Ana Gracia Jadraqueren tesi ikerketa honek, resveratrolak eta pterostilbenoak DNAren metilazioan eta mikroRNAetan eragiten dituzten aldaketak direla eta, gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezaketela frogatu du.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Resveratrol eta pterostilbeno konposatuek gorputzean gantza metatzea prebenitzen dute.
The post Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz metaketa prebenitzen dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #172
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko kideek Haumea –Neptunoren orbitatik haragoko gerrikoan dauden lau planeta nanoetatik ezezagunena– aztertzeko parada izan dute. Hori egin ahal izateko izar-estaltze bat aprobetxatu dute. Behatze horrek jakitera eman ditu planeta nanoaren forma, tamaina eta bestelakoak. Adibidez, uste zutena baino handiagoa dela frogatu dute, eta ez hain trinkoa. Eguzkiaren inguruan orbita bat osatzeko 248 ordu behar dituela ikusi dute, eta errotazio-abiadura izugarri handia duela: lau ordu. Halere, harrigarriena honakoa da: eraztun bat du.
AstronomiaKorresen (Araba) dagoen Izkiko parke naturalean astronomia behatoki berri bat abian jarri dute. Bertan, asteroideak eta exoplanetak ikertzeko aukera izango dute. “Lurretik gertu igarotzen diren objektuei jarraipena egiteko aukera emango digu behatokiak”, azaldu du Mikel Martinezek. “Laster Minor Planet Centerrek ematen duen nazioarteko behatzaile kreditazioa lortzea espero dugu”, gehitzen du astronomiazaleak.
Ig NobelakIg Nobel sariek bi baldintza bete behar dituzte: batetik, barrea eragin behar dute, eta, bestetik, pentsarazi egin behar dute. Esaterako, Izan ote daitezke katuak solidoak bezain likidoak? lehen ikerketaren izenburua da eta Fisikako kategorian jaso du saria. Ekonomiari dagokionez, beste ikerketa bat aipatzen da testuan: ur gaziko krokodilo bat besoetan izatearen eragina neurtu zuten ikertzaile batzuek; zertan, eta txanpon-makina batean jokatutako diruan. Beste hainbat ikerketa harrigarriak daude. Ez galdu!
Klima-aldaketaEuskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan. Lehenengo ideiari dagokionez, Aingeru Martinez ikertzailearen arabera, ur-eskasia “gero eta handiagoa izaten ari da, eta gero eta gehiago irauten du”. Jarraitze du esaten: “Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da”. Eukalipto plantazioaren arazori jarraiki, kontatzen du nola izaten den fenomenoa. “Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, gehitzen du.
BiologiaBi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Artikulu honetan azaltzen diguten moduan, erradiazio infragorria da hori. Gizakiok, baina, ez gara gai ikusteko; bai ordea bero-transferentzia senti dezakegula. Esan bezala, gizakiok ez dugu ahalmenik ikusteko baina badira izpi horiek ikusten dituzten animaliak: kriskitin-sugeak –pozoitsuak dira–, kasu. Eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen ditu suge horiek. Horregatik harrapatzen ahal dituzten bakarrik odol beroko animaliak, aurpegian dituzten zulo batzuei esker.
HizkuntzalaritzaOzeano Barean erabiltzen diren hizkuntzen analisi batean oinarrituta, ikertzaileek ondorioztatu dute gramatika hiztegia baino ezegonkorragoa dela. Orain arte hizkuntzalariek uste zuten gramatikak egitura sendoa, trinkoa zela, eta lexikoa, berriz, oso aldakorra zela. Atera duten beste ondorio bat da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan.
GeologiaBi lurrikara bortitz izan dira Mexikon bi astetan, Tehuantepecen eta Pueblan, hain zuzen ere. Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira lurrikarak, eta sumendi erupzioak. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa. Plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortzen da. Eta nolakoak dira lurrikara mota horiek? Irakurri artikulu osoa erantzuna ezagutzeko!
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #172 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #186
Autismoaren oinarri genetikoak apurka-apurka eta zailtasun handiz argitzen ari dira. Agian zailtasun hau ematen ari da oinarri genetiko horiek ez daudelako ohikoa den tokian. Jose Ramon Alonsok azaltzen digu: Postzygotic mutations in autism.
Eguzki-babesleak disruptore endokrinoak izan daitezkeen frogak pilatzen ari dira. Eta ez ditugu soilik gure gorputzean erabiltzen, ingurumenarekin partekatzen ditugu. Sergio Lainezek argitzen digu guztiau: Sunscreens, health and environment: a dangerous cocktail?
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #186 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80)
Angelman izenez ezagutzen den sindromea gene batean emandako alterazio baten ondorioz sortzen den gaitz neurologiko kronikoa da. Gaixotasun arraroen multzoan sailkatua dago, izan ere, 20.000 pertsonatik 1ek pairatzen duela uste da eta buruko atzerapena, egoki mintzatzeko ezintasuna, oreka arazoak eta krisi epileptikoak bezalako asaldurak eragiten ditu, besteak beste. Sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena, ordea, beraien izaera alai eta irribarretsua da.
Sindrome honi buruz gehiago jakiteko, Nerea Osinalde UPV/EHUko Biokimikako irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, gaitzaren aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu badira ere, bidea dago oraindik egiteko.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Nerea Osinalde: “Angelman sindromearen aurkako borrokan emaitza itxaropentsuak lortu dira” #Zientzialari (80) appeared first on Zientzia Kaiera.
Beroa ikusten duten sugeak

———————————————————————————————————–
Neguko egunetan, kanpoan hotza egiten duenean, eskua leiho batera hurbiltzen badugu, hoztu egiten dela sumatuko dugu. Leihoaren eta eskuaren artean dagoen airea, ordea, ez dago hotz, gelako airea baita. Beraz, leihora hurbildu arte ez badugu eskuan hotzik sumatu, horrek esan nahi du ez dela airea izan eskugaina hoztu duena. Hau da, eskuak beroa galdu du, baina ez du konbekzioz galdu, erradiazioz baino.Erradiazioa gertakari fisikoa dugu, elkar ukitzen ez duten bi gorputzen artean gertatzen den fenomenoa. Bi gorputzen tenperaturak desberdinak direnean, erradiazio elektromagnetiko bat sortzen da beroago dagoen gorputzetik hotzago dagoen gorputzera. Erradiazio infragorria da, hau da, gorri koloreari dagokiona baino uhin luzera luzeagokoa, eta, beraz, maiztasun baxuagoko erradiazioa.
Guk, gizakiok, ez dugu erradiazio infragorria ikusteko ahalmenik. Sortzen duen bero-transferentzia bai sumatzen dugu, baina gorputz beroek bidaltzen dizkiguten izpiak ezin ditzakegu argi-izpiak ikusten ditugun moduan ikusi.

Irudia: Kriskitin-sugeak beroa hauteman dezake eta horri esker, odol beroko harrapakinak aurkitu ditzake egunez eta gauez.
Badira, baina, izpi infragorriak hauteman ditzaketen animaliak, Crotalus eta Sistrurus generoetako suge pozoitsuak diren kriskitin-sugeak hain justu. Badirudi eraso egiten dutenean harrapakinaren beroak gidatzen dituela kriskitin-sugeak. Horregatik harrapatzen dituzte bakarrik odol beroko animaliak; odol hotzeko animalien (poikilotermoen) gorputzeko tenperatura ingurukoaren berdina denez, ez dute berorik igortzen, eta sugeek ez dute horiek hautemateko modurik. Horregatik, aspaldi hildako animaliak ere ezin dituzte hauteman. Baina hildako arratoi batek oraindik inguruak baino bero gehiago gordetzen badu, orduan sugeak hauteman egingo du eta harrapatu, baita begiak estalita baditu ere.
Alde bakoitzeko sudur-zuloaren eta begiaren artean badute beste zulo bat, aurpegi-zuloa izenekoa, eta, dirudienez, aurpegi-zulo horiek dira izpi infragorrien hautemaileak. Izan ere, zulo horietatik garunera doazen nerbioen jarduera ikertu denean, kinada termikoak izan dira aktibitate elektrikoa sortu dutenak. Soinu, bibrazio edo argi-kinadek ez dute erantzunik sortu, baina bai ingurua baino beroago dauden objektuek, aurpegi aurrean jarri zaizkionean.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Beroa ikusten duten sugeak appeared first on Zientzia Kaiera.
Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke
Hizkuntzen jatorria eta bilakaera ikertzerakoan, hizkuntzalari gehienek premisa batetik abiatu ohi dira: lexikoa azkar aldatzen da, baina atzean dagoen gramatikaren egitura askoz egonkorragoa da. Hilaren hasieran PNAS aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera, ordea, planteamendu hau okerra izan daiteke; edo, bederen, ez du beti horrela izan behar.
Alemaniako Max Planck Giza Historiarako Zientzia Institutuko, Australiako Unibertsitate Nazionaleko eta Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek ordenagailu bidezko analisiak baliatu dituzte Ozeano Barearen eremuan mintzatzen diren 81 hizkuntza alderatzeko.
Hizkuntzen garapenari hurbiltzeko bide berri honekin denborak ezarritako mugak apurtu nahi izan dituzte. Artikuluan azaldu dute zergatik ekin dioten azterketari: “Hizkuntzalaritza historikoaren ikuspuntu ortodoxoaren arabera, behin 6.000-10.000 urte igarota, parekotasunak eta maileguak bereiztea arras zaila da, eta horregatik hizkuntzaren historia sakona aztertzeko biderik ez dago”. Denborak ezartzen duen muga honen aurrean, zenbaitetan hizkuntzalariek egitura gramatikaletara jo dute erreferentzia sendoagoen bila. Izan ere, lexikoarekin edo fonologiarekin alderatuz, gramatikak izaera abstraktuagoa duela uste dute adituek, eta, era berean, trinkoagoa ere omen da. Arrazoinamendu hori jarraiki, logikoagoa dirudi hizkuntza baten historia ebolutiboa arakatzeko gramatikan arreta jartzea.

1. irudia: Austronesiako 81 hizkuntza erabili dituzte ikerketa burutzeko, tartean Trobriandar Uhartetako Kilivila hizkuntza. (Irudia: PNAS)
Datu base zabalak erabili dituzte hizkuntzak alderatzeko. Hiztegia ABVD Austronesiar Oinarrizko Hiztegiaren Datu Basetik eskuratu dute. Datu gramatikalak, berriz, Pioners of Island Melanesia izeneko datu basetik hartu dituzte. Oinarrizko 210 kontzeptu 1.526 hizkuntzatan nola esaten diren biltzen du ABVD datu baseak. Orain arte, guztira, 293.846 item agertzen dira bertan. Oinarrizko hitz hauek bereziki egonkorrak direlako aukeratu dituzte. Zerrenda horretan daude aditz eta izen sinpleak, koloreak, zenbakiak, gorputzeko atalak eta familiari loturiko hitzak.
Iragana argitzeko“Ezusteko aurkikuntza da hau, zeren orain arte askok uste izan baitute hizkuntzaren iragana zehazteko gramatikaren analisiarekin hiztegiaren analisiarekin baino sakonago joan gintezkeela”, esan du Max Planck institutuko ikertzaile Stephen Levinsonek. Adituak gaineratu du argi dagoela aldaketa gramatikalak eta lexikoak ez dutela halabeharrez batera joan behar.
Russell Gray ikertzailearen arabera, azterketa baliagarria da irudikatzeko hizkuntza desberdinetako hiztunak iraganean noiz eta non jarri ziren harremanetan. Egileek aitortu dutenez, hizkuntza horiek guztiak eremu berekoak izatea oso lagungarria izan da bilakaeraren nondik norakoak aztertzeko. Antzeko hizkuntzak izateak emaitzetan nolabaiteko alborapena izan zezakeela aitortu dute. Halere, idatzizko testigantza gutxi duten hizkuntza horien historia berreraikitzeko tresna egokia dela uste dute.
Datuetatik erauzi duten beste ondorioa da gramatika eta lexikoa guztiz desberdinak diren prozesuen arabera moldatuak izan direla. Hizkuntza berriak jaiotzen direnean bereziki lexikoa aldatzen da, baina beste hizkuntza batekin kontaktuan egotean gramatika da gehien aldatzen den elementua.

2. irudia: Gramatikaren eta hiztegiaren araberako analisian oinarrituta, ikertzaileek zuhaitz hau ondorioztatu dute. (Irudia: PNAS)
Bestetik, ekarpen berri honek ere kolokan jar dezake hizkuntzalaritzan urte luzetan zehar ospe handia izan duen teoria bat. Kapitalismoaren inguruko gogoetak direla eta ezaguna da Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarra, baina adituen artean bereziki Gramatika Unibertsalaren teoriaren bultzatzailea izateagatik ezaguna da Chomsky. 1970eko hamarkadan mamitu zen teoria horren arabera, gramatika jaiotzetik sustraituta dago haurtxoaren garunean. Ez, noski, gramatika osoa, baizik eta oinarrizko hainbat printzipio. Hortik omen dator hizkuntzan trebatzeko orduan umetxoek erakutsi ohi duten erraztasuna. Alemaniako ikertzaileek egindako azken proposamenarekin, berriz, zaila da irudikatzea hain jaiotzatikoa omen den gramatika hori hiztegia baino errazago aldatu izana.
Jaio zenetik, gramatika unibertsalaren teoria polemika iturri izan bada ere, azken urteotan bereziki kritika gogorrak jaso ditu. Horren aurka, erabileran oinarritutako jabetzearen teoria indartu da. Horren arabera, umetxoek ez dute hain erraz ikasten buruan gramatikaren oinarriak “zizelkatuta” dituztelako, inguruko solasaldiak entzutean erabilera arauak susmatzeko gaitasun paregabea dutelako baizik.
Erabilitako metodologiari dagokionean, azken urteotan horrelako ikerketak asko ugaritu direla nabarmendu beharra dago. Azterketa horietan, hizkuntza askotako hitzen eta ezaugarrien datu base handiak erabili dituzte analisi estatistikoak egin ahal izateko. Analisi horiek hizkuntzalariek erabiltzen dituzten ohiko metodoekin zerikusirik ez dute, eta bi diziplinetako adituen arteko polemika sonatuak izan dira. Adibidez, mendebaldeko gizarteetan mintzatzen diren hizkuntza gehienen arbasoa den indoeuroparraren jatorria argitzeko bi teoria nagusi daude: batak duela 6.000 urte inguru kokatzen du bere jatorria, Itsaso Beltzaren iparraldean; besteak Anatolian kokatzen du abiapuntua, duela 8.500 urte inguru. Bigarren teoria indartzeko analisi estatistikoak baliatu ditu Quentin Atkinson biologoak, baina hizkuntzalari asko horren aurka azaldu dira. Kasu honetan ere, ikusteko dago planteamendu berriak hautsak harrotuko ote dituen hizkuntzalarien artean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Simon J. Greenhilla et al. Evolutionary dynamics of language systems. PNAS 2017 ; published ahead of print October 4. DOI: 10.1073/pnas.1700388114
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Hizkuntzalariek urtetan zehar erabilitako irizpidea okerra izan daiteke appeared first on Zientzia Kaiera.
Mexikoko dardara
Rivera eta Cocos izeneko bi plaka ozeanikoen mugimenduaren ondorio dira bai lurrikarak, baita sumendi erupzioak ere.

1. irudia: Rivera eta Cocos plakak Mexikoko kostaldean daude. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).
Rivera eta Cocos plaka ozeanikoak subdukzio izeneko prozesuan dabiltza. Zehazki, Ipar Amerikako eta Karibeko plakekin. Plaka ozeanikoa beste plaka baten (ozeanikoa ala kontinentala izan daitekeena) azpitik sartzen denean gertatzen da subdukzioa.

2. irudia: Subdukzio prozesuan plaka ozeanikoa beste plakaren azpian sartzen da beheranzko mugimenduarekin. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).
Kasu honetan, plaka ozeanikoa plaka kontinentalaren azpitik sartzen da, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak, baina, beherantz doan plakari eragiten dio, plaka luzatzen apurketa puntura arte. Apurketa gertatzen denean plakan bildutako tentsioa askatzen da eta intraslab izeneko lurrikara sortu. Mexikon aurten izandako bi lurrikarak, irailaren 8koa eta irailaren 19koa (8.1 eta 7.1 magnitudekoak, hurrenez hurren) mota honetakoak izan ziren, Cocos plakan gertatutako apurketen ondorioz.

3. irudia: Plaka ozeanikoa plaka beheranzko mugimendua du beste plakaren azpitik, marruskadura dela eta mugimendua gelditzen den arte. Grabitateak plakari eragiten jarraitzen du eta tentsioa batzen da apurketa puntura arte (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).
Hain denbora gutxian izandako fenomenoak izanik, bigarrena lehenaren erreplika dela pentsa liteke. Apurketaren ostean zonalde horretan gertatzen den Lurraren barrenaren doiketa dira erreplikak. Kasu honetan, baina, 600 km. baino gehiago daude bi puntuen artean, bata bestearen erreplika kontsideratzeko gehiegi. Honek ez du esan nahi, hala ere, bien artean harremanik ez dagoenik: bi lurrikarak Cocos plakan izan dira, sakontasun berdintsura (40-80 Km.) eta lehen gertaerak nahikoa indarra izan zuen plakan eragiten duten indarretan aldaketak eragiteko.
1985eko lurrikara, ezberdinaIrailaren 19an bi lurrikara sendo jasan ditu Mexikok, bata 2017an eta 1985ean bestea. Data, baina, kointzidentzia baino ez da. 1985eko lurrikara Mexikok inoiz jasan duen lurrikararik suntsigarriena izan da eta, datu zehatzik ez badago ere, Munduko Bankuak egindako txostenak 9.500 hildako aipatzen ditu. Heriotza gehienak Mexiko Hirian izan ziren, lurrikararen epizentroa izan zen Michoacánetik 450 kilometrora.
Sismologian mugarria izan zen 1985eko lurrikara. Ordura arte sismologoek ez zekiten Mexikoko kostaldeko zonalde hori (Michoacán) lurrikarak sortzeko gaitasuna zuen ala ez. Datu historikoek ez zuten aktibitate seismikorik erakusten, hutsune seismiko gisa kontsideratzen zen. Michoacáneko bretxa aseismikotzat jotzen zen, lurrikara handiak sortu ezin zezakeena. 1985ean 8.1 magnitudeko lurrikara sortu zuen arte.
Aurtengo bi lurrikarak ez bezala, 1985eko lurrikara ez zen intraslab motakoa izan, interplate (plaken artekoa) baizik. Kasu honetan ere subdukzioan gertatzen den fenomenoa da eta batutako tentsioa apurketa bidez askatzean du oinarria, plaka baten baitan sakoneran gertatu beharrean bi plaken arteko mugan gertatzen dela da ezberdintasuna.

4. irudia: Intraslab lurrikarak ez bezala, bi plaken arteko mugan gertatzen dira interplate lurrikarak. (Ziortza Guezuragak eraldatutako irudia).
Lurrikaretan hiru uhin sismiko mota nagusi sortzen dira: P(-rima) eta S(-econda) lurraren barruan higitzen diren bitartean eta azaleko uhinak lurrazalera heltzen direnean. Interplate gertakizun hauek uhin-trenak sortzen dituzte, azaletik hurbil bidaiatzen direnak eta Mexikoko Haranean, non izugarri anplifikatzen diren, harrapatuta geratzen diren uhin-trenak. Bi arrazoi daude anplifikaziorako:
- Interplate apurketak luzeak eta azalekoak dira, kontaktu puntu berean ziklikoki irristatzearen ondorioz. Apurketa luze hauek periodo luzeko azaleko uhinak sortzen dituzte.
- Mexiko Harana laku baten arroa da. Bertako sedimentuak urez saturatutako buztinak dira, uhin seismikoen eraginpean gelatina bezalako portaera dutenak.
Lurrikaren kontra prebentzioa lantzeko erabakigarria izan zen 1985eko lurrikara: eraikin-kodea eguneratzea eta bai Babes Zibilaren eta baita SASMEX lurrikara alerta sistemaren sorrera ekarri zituen. Urtero, gainera, lurrikara simulazioa egiten dute irailaren 19an (aurten lurrikara baino bi ordu lehenago bukatu zena), zeinari esker hainbat bizitza salbatu dira pertsonen entrenamenduari zor.
Aurten izan diren bi lurrikarak oso bestelakoak izan dira. Intraslab motatakoak izanik, beheranzko bidean dagoen plakan gertatu dira, non arrokak plaken arteko mugan baino sendoagoak diren. Hauek, hortaz, energia gehiago behar dute apurtzeko eta apurketak motzagoak eta gogorragoak dira. Intraslab lurrikarak interplateak baino txikiagoak izaten dira, proportzionalki energia gehiago askatzen badute ere. P eta S uhin seismikoek, azaleko uhinak baino periodo motzagoa dutenak, daramate energia hori.
Aurtengo lurrikarak bezala, sakonean gertatzen diren fenomenoak erronka dira abisu eta alerta sistementzat. Justu kontinentearen azpian gertatzen dira eta lehenengo uhinak (energetikoenak) zuzenean igotzen dira jendea bizi den zonaldeetara. Bestela esanda, ez daude uhin gogorrak ailegatu baino lehen uhin ahulik, abisu seinalerik.
Etorkizunean zer gertatuko den jakiterik ez dago. Hala ere, intraslab lurrikarak interplate fenomeno handien aurretiko gertakariak izatea da subdukzio zonaldeetan dagoen ziklo seismiko komuna. Aurtengo bi lurrikarak Tehuantepec eta Guerrero bretxa seismikoetan gertatu dira eta hauetan ez da interplate gertakaririk izan azken mendean.
Iturria: What´s going on beneath Mexico?
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.
——————————————————————
The post Mexikoko dardara appeared first on Zientzia Kaiera.
Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du

Irudia: UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan.
Euskal Herriko Unibertsitatean garatu den ikerketa batek erakutsi du ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dutela mundu mailan, sistema horien metabolismoa aldatzen dutela.
Aingeru Martinez ekologoak azaldu duenez, “ikusten ari gara ur-eskasia gero eta handiagoa izaten ari dela, eta gero eta gehiago irauten duela. Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da. Hemen, esaterako. Garrantzitsua da jakitea horrek zer eragin duen ur-ekosistemetan”.
Azterketak kontuan hartzen du, munduan gehien landatzen den zuhaitz-espezieetako baten, Eucalyptus grandis espeziearen monolaborantza-plantazioen eragina ur-ekosistemetan. Eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara (infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait) eta hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, “oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira”, azaltzen du Aingeru Martinez ikertzaileak. “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bi alderdi horiek elkartzea: batetik, zer eragin izan dezakeen ur-eskasiak, eta, bestetik, ur-sistemak eukalipto-plantazioz inguratuta egoteak”, gehitu du.
Ibaietako eta urtegietako harrietako lirdingak (biofilma) jasotzen dituen eraginak ere aztertu dituzte. Biofilma kate trofikoen oinarrizko osagaietako bat da eta “funtsezkoa da, bai materia organiko disolbatuaren ziklo biogeokimikoan, bai materia, nutrienteak eta energia goragoko maila trofikoetara transferitzeari dagokionez. Hala, biofilmaren metabolismoaren aldaketek erreakzio-kate bat ekar lezakete, eta ur gezatako ekosistemen funtzionamenduari eragin“, baieztatu du Aingeru Martinezek.
Biofilmak ur gezatako sistemetan duen garrantzia dela eta, “esan liteke ur gutxiko garaiek eta eukalipto-plantazio estentsiboek aldatu egiten dutela, mundu mailan, ur gezatako sistemen metabolismoa eta, beraz, haien funtzionamendua ere”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Martínez A, Kominoski JS & Larrañaga A, (2017). “Leaf-litter leachate concentration promotes heterotrophy in freshwater biofilms: Understanding consequences of water scarcity”. Science of the Total Environment. Vol. 599–600. Pages 1677–1684. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2017.05.043.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Giza jarduerak nutrienteen zikloak asaldatzen ditu.
The post Ur-eskasiak ur gezatako sistemen metabolismoa asaldatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi bistan #171
Aste honetan banatu dira Kimika, Medikuntza eta Fisikako Nobel sariak eta horien berri Elhuyarrek eman digu. Kimikakoari dagokionez, JacquesDubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariak saritu ditu 2017an, biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egin duten lanagatik. Izan ere, haiek garatutako kriomikroskopia elektronikoak izoztu egiten ditu erdi-mugimenduan dauden molekulak eta ikusgai bihurtzen ditu.
Fisika alorrean, garaile izan dira Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne, LIGO behatokia garatu eta grabitazio-uhinen behaketa posible egiteagatik. Elhuyarren azaltzen digutenez, grabitazio-uhinak Lurrera iristen direnerako oso ahulak dira. Einsteinek ez zuen uste inoiz detektatu ahalko zirenik. Bada, Kip Thorne eta Rainer Weissek uste zuten posible zela grabitazio-uhinak detektatzea. Eta, horretarako, laserrean oinarritutako interferometro bat diseinatu zuten. Barry Barish 1994ean LIGO proiektuaren zuzendari bilakatu zen eta milaka parte-hartzaileko nazioarteko lankidetza bihurtu zuen 40 kideren taldea.
Azkenik, Medikuntza alorrean, Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jasoko dute Nobela. Karolinska Institutuak “erritmo zirkadianoa kontrolatzen duten mekanismo molekularren gaineko aurkikuntzengatik” hautatu ditu.
Berriak ere eman digu zientzia Nobel sarien berri. Baina horretaz gain, beste datu bat agerian utzi du egunkariak: aurten saridun guztiak gizonak izan dira. Arantxa Iraola kazetariak honakoa azpimarratzen du artikuluan: “XX. gizaldi hasieran sariak banatzen hasi zirenetik, 920 pertsonari eman diete saria, eta horien artean 49 emakume bakarrik daude”.
Emakumeak zientzianAinhoa Iñiguez Goizuetari beti iruditu zaio entretenigarria matematika. UPV/EHUn arlo hori ikasten hasi zen ikasten eta emaitza onak lortu zituen baina uztea erabaki zuen. Ondoren, arkitekturan hasi zen baina ez zuen ikasturte osoa iraun. Au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”. Tesiarekin ari zela, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso zuen. Han egon zen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, “azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten”. Bidea egiten jarraitu zuen: arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiten hasi zen, Cambridgen.
Manuela Gutierrez Esguerrak (Bogota, 1987) ikertu du olio palmondoaren monolaborantza Kolonbian sortzen ari den eragina. Laborantza horrek ingurumenean duen eragina eta sortzen dituen kalteak azaltzen ditu antropologoak elkarrizketa honetan, besteak beste. Esguerrak dio: “Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak. Indonesia eta Malaysiako oihanean sarraskia egin ondoren, Amazoniakoan ari dira orain. Desertifikazio prozesua dakar, palmondoek ur behar handia baitute: egunean bederatzi eta hamar litro inguru”.
IngurumenaNicolas Olea, Granadako Unibertsitateko Erradiologiako katedradunari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, hormona nahasle diren substantzia kimikoez aritu da. Hark azaltzen duen moduan, horiek plastikoetan daude batez ere. Milaka produktu kutsagarri kimiko daudela dio, zehazki Europako Batasunaren zerrenda ofizialak 144.000 ditu jasota. “Baina horien artean talde batek badu jokatzeko modu berezi bat: behin gorputzera sartzen direnean, gure hormonak aldatzen dituzte”, azaltzen du. Baina non daude substantzia horiek? Adituak argitzen digu: “Batez ere plastikoen osagaiak dira, baita parabeneak eta benzofenolak… Seguruenik ikusiko zenuten supermerkatuetan parabenerik gabeko gelak saltzen hasi direla. Kosmetikan erabiltzen diren substantziak dira”. Oraindik argitu ez duten arren, badirudi substantzia horiek hautsaren bidez barneratzen ditugula edo “etxe barruan arnasten duguna ere bada”.
Argiak ere eman du honen berri.
NeurozientziaMaitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Ikerketa baten bidez, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du eta ildo horretatik, ikertzaileek ikusi dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean.
BiologiaPitoia izan dugu asteko protagonista. Animalia horrek ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Gauzak horrela, denbora luzea egon daiteke jan gabe. Hortaz, erreginatxo marradunaren hegaztiaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da. Hau da, jan gabe egonik, ez du digestio-sistema lanean jartzen, eta beraz, ez du energia xahutzen. Baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galtzen du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Hortaz, etekinik atera ezin duenean, “itzali” egiten du digestio-sistema. Portaera zentzuzkoa pitoiarena.
Natacha Aguilar zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean. Naukasen izan zen ikerlaria eta bertan azaldu zuen nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak eta tartean kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen.
AntropologiaArabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko. Alde handiak ikusi dira leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan. Horren aurrean, bi interpretazio planteatu dira. Lehenengoa, Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Bigarrena, maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea. Horren inguruko ikerketa berriak planteatzen ari dira jada.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi bistan #171 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #185
Material genetikoaren funtzionamenduaren eta egituraren oinarri-oinarrizko ezaugarriak ari gara ezagutzen oraindik ere. Kromosomen oinarri substantzia den kromatinaren egitura, esaterako. Artikulu hau prestatzeko, alor honetako bi ikertzaile garrantzitsuenekin izan zuen elkarrizketa Dani Morenok: How is chromatin structured?
Loreek usaina dute. Landareek, orokorrean, usaina dute. Zelan askatzen dute, baina, usain hori? Dirudien baino konplexuagoa da. Daniel Marinok azaltzen du How do flowers release their perfume? artikuluan.
Elektroi libreen gasaren eredua oso ondo dago eta oso polita da. Ez den arte. DIPCkoek Breakdown of the free electron gas concept for electronic stopping
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #185 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen”
Beraz, Matematikaz gain, irakastea ere gogoko du. Horregatik, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaionean, zalantza izan zuen: “Matematika eta irakaskuntza ez ezik, kirola ere gustatzen zait. Eta Euskal Filologia ikastea ere pasa zitzaidan burutik. Azkenean, Matematikaren alde egin nuen”.
Hala, UPV/EHUn hasi zen ikasten, baita emaitza bikainak lortu ere. Eta hala eta guztiz ere, lehen urtea amaitutakoan, utzi egin zuen: “Erraz eta ondo nenbilen, baina duda sortu zitzaidan: hau al da guztia? Gehiago espero nuen; ez nengoen ziur, eta aukera oker egin nuela pentsatu nuen. Zerbait aplikatua probatzea erabaki nuen, eta Arkitekturan sartu nintzen. Baina ez nuen ikasturte osoa iraun”, gogoratu du.

Irudia: Ainhoa Iñiguez matematikaria.
Hurrengo ikasturtea hasteko geratzen ziren hilabeteetan au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”.
Horrenbestez, Matematikako ikasketetara bueltatu zen. Aurrena, urtebete egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta gero UPV/EHUra itzuli zen, amaitzera. Aitortu du, ikasketetan aurrera egin ahala, gero eta interes handiagoa zuela, “seguru asko, aukeratzen joan nintzen gaiak gustuko nituelako. Hala, bosgarren urtean benetan gozatu nuen gai batzuekin”.
Bere bidea egin nahianEz zitzaion hori gertatu, ordea, tesiarekin. “Bosgarren mailan, unibertsitatean lankidetza-proiektu bat egiteko aukera izan nuen. Horretan ari nintzela, doktoretza-ikasle batek aipatu zidan Oxforden izan zela egonaldi bat egiten, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela han tesia egitea. Egia esan, berez ez nuen ikertzeko grina, baina banekien, unibertsitatean irakatsi nahi banuen, bide hori egin beharra nuela. Horrela sartu nintzen, baina ez da batere erraza izan: aukeratutako problema uste baino konplexua gertatu da eta tesi-zuzendariaren gidaritza edo laguntzaren faltan beste kolaborazio batzuk bilatu behar izan ditut…”.
Dena den, tesiarekin ari zela ere, topatu zuen bere bidea egiteko modua. “Han arraunak indar handia du, eta, ni ere arraunean ibilia nintzenez, saiatu nintzen loturak bilatzen. Biomekanikaren inguruan lan egiteko gogoz nengoen, eta behin eta berriro saiatuta eta mezu elektroniko askoren ondoren, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso nuen, eta hara joan nintzen. Han aritu nintzen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten.”
Horrek ateak zabaldu zizkion arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiteko, Cambridgen; eta, horrela, iaztik Espainiako Arraunketako Federazioaren Berrikuntza eta Teknologia batzordearen kide ere bada. Azaldu duenez, “horrela lortu nuen zubia egitea tesia eta kirolaren artean. Batean aljebra hutsa lantzen nuen, eta, bestean, datuen analisia”.
Tesia amaitutakoan, ordezkapen bat egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta iaz Mondragon Unibertsitatean aritu zen. Alabaina, bere aurreikuspenak ez ziren ase, eta ez jarraitzea erabaki zuen. Kirol esparruan ere, Euskadi Irratian Kirol Tertulia saio bitan parte hartzeko aukera izan du pasa den uda honetan.
Aurtengo ikasturtean Bilboko Ingeniaritza fakultatean ariko da irakasle-lanetan, eta, bestetik, ikerketa-lerro berrietan barneratzen ari da, DIPCko fisikari baten eskutik. “Gogoz nengoen gai berriren batean lanean hasteko, eta aukera berriaz disfrutatzen ari naiz. Dena den irakaskuntzan disfrutatzen dut gehien, eta bien arteko oreka egokia topatzea dut helburu aurtengoan”.
Fitxa biografikoa:Ainhoa Iñiguez Goizueta Donostian jaio zen, 1985ean. UPV/EHUn Matematikako lizentziatura amaitu ostean, 2010 urtean Oxfordeko Unibertsitatera jo zuen talde teorian tesia egitera. Aldi berean, arraunketako biomekanikan lan egiteko aukera izan du maila internazionaleko talde eta prestatzaileekin. Gaur egun Espainiako Selekzioko Berrikuntza eta Teknologia batzorde kide da. Matematika eta zientziaren dibulgazioa bultzatzeko Matematika Txokoa elkarteko lehendakaria ere bada.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ainhoa Iñiguez Goizueta: “Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen” appeared first on Zientzia Kaiera.